ANAITASUNA

239. zenb.

1972.eko Abustuaren 15ekoa

Encarnación, 19. (Artetxu) - BILBAO-6

Teléfono 33 19 97 - Apartado 495


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari: Anjel Zelaieta.

Zuzentzaile: Imanol Berriatua.

Idazkola eta banakolaren buru: Josu Torre.

Bulegoak: Encarnación 19, Bilbao-6.

Inprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35, Bilbao-9.

Irarle: RALI, Particular de Costa 12-14, Bilbao-10.

XX. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Ezpatadantza berri bat

Kontzertu baten kronika

Ni bilbotarra banintz eta ene errentak haundiak balira, edo eta familia oneko nagusi edo seme banintz, gogoan hartuko nuke atsotitz* hura: «Esan iezadak non eta norekin habilan, eta esango dauat zein klasetakoa haizen». Horregatik, ez ninduke inork San Mameseko jeneralean ikusiko, tribunan baizik; eta mozkorra, parte zaharreko taberna zuloetan harrapatu beharrean, kafetegi dotoreetan harrapatuko nuke. Eta, jakina, kontzertuetara joango nintzateke.

Beethoven, Mozart, Brahms... Guridi bera lasai eta patxadan entzungo nituzke, biolinen goxotasuna eta pianoaren soinu fina neure lagunen konpainian dastatuz.*

Eta halako batean, ekainaren* 23an adibidez, autore berri batek (kasu honetan J. A. Larraurik) «Ezpatadantza» izeneko obra bat estreinatuko balu, ni ez nintzateke* «Buenos Aires» antzokian* faltako.

Baina obra hau, zenbait* hots arraroz (hoien artean Lezotik ekarritako txalapartarena), nota desafinatu eta garrasiz osatua gertatzen bada, baten batek adarra jotzen ari zaitala, euskal musikari burla egin nahi diotela eta hori ez dela inolaz ere musika pentsatu eta oihukatuko nuke.

Eta autoreak, egiturak hautsiz (bai musikan eta bai beste arloetan, batez ere beste arloetan), aurrerapena eta progresua horrela datorrela esango baleut, ez nioke batere kasurik egingo.

Eta autoreak zera esango balu: «Musika beti berbera da. Musika egitea, zirko bat eraikitzea bezala da. Behar beharrezkoak, tantaiak bakarrik dira; zeren* hoiek uzten duten tartea, batzuetan lonaz, besteetan plastikoz eta beste batzuetan berriz aluminioz bete eta estaliko baita. Musikan ere, tantaiak (mina, zoriona, larritasuna, atsedena, ikara, eta abar) beti berberak dira; eta aldatzen den gauza bakarra, forma da. Lehenago lona erabiltzen zen (hots,* do, re, mi, fa... eta beste noten sistema), eta orain plastikoa erabili nahi dugu, denbora hauetarako egokiagoa iruditzen zaikulako, noski», hori esango balu, nik ez nioke sinestuko.

Eta hitzen egileari (kasu honetan E. Erkiaga euskaltzainari*), «jeiki, jeiki, gizaldi berria, beti» koruari esan erazten dionean, nik ez dudala gazterian sinesten erantzungo nioke.

Baina, azkenez, zera pentsatuko nuke: kontzertuek beti izan duten patxada galtzea txarra izan arren, okerragoa izango litzatekeela nire bakearentzat, adibidez telebisio guztiak betiko funditzea; ezaguna baita, zein jende gutiri iritxi* izan zaion musika kultural hau gizarte honen barruan, eta zein garrantzi guti duen musika mota honetan egindako iraultza ttipiak.

BERNARDO ATXAGA

baleut, baleust, balit

dauat, dauat, diat

dio, dautso

diote, dautsoe

iezadak, eidak, ezaidak

nioke, neuskio

zaiku, jaku, zaigu

zaio, jako

zait, jat


Frantziako herrialdekatzearen txarkeriak

Ba dakizue noski, oraintsu Frantziak bere herrialdeen* eraketa berri bat onhartu duela. Lehen, referendum baten bidez ezetza eman zen; baina hori, De Gaulle jeneralaren kontra joateagatik izan zen batez ere.

Gu ez goaz orain, herrialdekatze horren indarra, alde ona eta txarra aztertzera. Gure xede* bakarra, herrialdeak nola finkatu diren analizatzea da, llabur llabur.

Hasteko, ba dira hiru lurralde txiki, beste naziotasun bat dutenak, eta gutienez —herrialde handi bat egiterik ez bazegoen ere— Italiak Val d'Aosta-ri eman zion berjabetasun bereziaren antzeko bat behar zutenak. Hauk* dira: Ipar Euskal Herria (Lapurdi, Nafarroa Beherea eta Zuberoa), Ipar Catalunya (Rosselló, Conflent, Vallespir, Capcir eta Cerdanya) eta Flandes. Hori egin beharrean, lehenengoa Akitania deitutako herrialdean sartu dute; bigarrena, Languedoc deitutakoan; eta hirugarrena, Nord deitutakoan, besteen handitasunean itorik.

Bretainiari —hau lurralde handi bat, bere naziotasun berezia duena—bere bost departamenduetarik bat kendu diote, Loire Atlantique deitua eta Nantes hiriburutzat duena. Bretoinek aspaldian dihardute erabaki honen kontra; baina Parisek entzungor egiten du.

Loire Atlantique horrekin, Anjou eta Maine aintzinako herrialdeekin eta Poitou herrialdearen La Vandée departamenduarekin, mangatik ateratako Loire hibaiaren izeneko herrialde barregarri bat asmatu dute. Hobe izango zen, Anjou-Maine izeneko bat jartzea, Angers hiriburu zelarik, eta bretoinak eta Poitou-arrak zatitu gabe uztea.

Gero, Poitou-Charente izeneko bat datorkigu. Poitou-ren hiru departamenduetarik bik (besteari lehen aipatu dugu zer gertatu zaion), eta Aunis, Saintonge eta Angoumois izeneko herrialde zaharrek (gaurko Charente eta Charente Maritime departamenduek) osatzen dute herrialde berri hau.

Centre deitutakoak, Orleanais, Turena eta Berry herrialde zaharrak hartzen ditu guti gorabehera.

Champagne, Franc-Comptois eta Bourgogne herrialdeak nahiko ongi finkatu dituzte. Seguru asko, haien frantsestasunaren arriskurik ez zelako izango.

Normandia bi herrialdetan banatu dute, goikoa eta behekoa. Normandiar batzuek ez dute zatiketa hau onhartu eta beren protesta agertu dute: adibidez, Eure izeneko normandiar departamenduak.

Pikardia izenekoa, herrialde horren eta Artois behinola* deitutakoaren artean osatu dute gehienbat. Nord deitutakoan, Artois-en beste zatitxo batekin, Flandes eta Hainaut-ekin beste herrialde bat asmatu dute, geografi puntu baten izen aldrebesa jarriz.

Altsazia ondo utzi dute. Lorena biak, frantses hizkuntzakoa eta aleman hizkuntzakoa, herrialde batean sartu dituzte.

Okzitania, behinolako nazio eder hori, ez dute ongi banatu bere zazpi herrialdeetan. Fontan-ek egiten duen zatiketatik Parisek egin duenera ba dago alde makala!

Rhône-Alpes izeneko herrialde bat asmatu dute, bertan Lyonnais, Savoia, Dauphiné (bai frantsesa eta bai okzitanoa) eta Languedoc-en goiko zati bat nahasiz, dena Lyon frantses hiriaren hiriburutasuna handitzeko.

Auvernia, Limousin eta Proventza ez dituzte hain gaizki finkatu, baina bai Akitania, Languedoc eta Midi-Pyrenees deitutakoak. Nondik atera dute Midi-Pyrénées hori? Akitanian, Guyena eta Gaskoinia nahasiak daude. Languedoc-en zati bat katalana da; beste bere benetako zati bat, lehen esan bezala, Rhône-Alpes herrialdean sartu dute; eta bere hiriburu zaharra, Tolosa, Midi-Pyrénées delakoaren hiriburu jarri dute.

Amaitzeko, hauxe esan behar dugu. Apropos hasita ere, txartoago ezin egin. Herrialde berriak gaizki eginak dira gehienak; besteak, ezjakintasunean edo eta naziotasunaren eta historiaren mesprezurik nabarmenenarekin. Herrialdekatze hori beheratxoago etorriko balitz —eta sasi-teknokraten asmo batzuk inoiz agertu dira—, gauza hoberik ez litzateke egingo.

J. L. LIZUNDIA


Euskaldungoa

Jose Maria Ayneto, Lesakako lehiaketan nagusi

Jose Maria Ayneto mutikoak irabazi dau, Lesakan ospatu dan «Euskal Idatz Lehiaketa», beste 40 neskato-mutikoren aurretik. Mariano Izeta euskalzalea, Jose Maria Azpiroz parroko jauna eta Kati Oiarbide andereñoa izan dira epaimahaikoak.

Jokin Zaitegi berriz ere gure artean

Jokin Zaitegi apaiza, «Eusko Gogoa» (1950-1959) aldizkariaren sortzaile eta zuzendari izana eta euskal liburu askoren egilea, azken urteotan herbestean bizi izan ondoren (Guatemalan, hain zuzen ere), orain berriro gure artean espiritu hutsez ezezik gorputzez ere egoteko etorri da. Zaitegi jaunak, hizkuntz arazoetan ideia puristen defendatzaileak, Euskal Herri honen azken urteotako bolada ausart eta bide berrien urratzaile hau ez duela ezagutzen iruditu zaiku. Dena den, bera ezagutzen dugunok ba dakigu, inteligentziaz oso azkarra dela, euskara bere ondasunak galdu arte defendatu duela, eta berriz ere abiada bizkorrean doan gurdi honetara igan eta makinista trebea gertatuko zaikula. Ongi etorria! (T. M.)

Ekonomiazko mintzaldiak Motrikun eta Elgoibarren

Ekonomiazko ikerketak* egiten dituan «Gaur» taldekoak diren Ramon Saizarbitoria eta Jose Antonio Agirre jaunak hitzaldi bana eman berri dabe: lehenengoak, «La pesca de superficie en Guipúzcoa y Vizcaya», Motrikun; eta bigarrenak, «Qué es el estudio socio-económico», Elgoibarren.

Patrizio Etxeberriak 90 urte

Legazpiko «Patricio Echeverria» enpresaren jabea eta nagusia dan Patrizio Etxeberria kondeak 90 urte bete ditu joan dan uztailaren* 9an. Hots,* Franco jeneralak baino 11 urte gehiago.

Estaduaren diru laguntza euskal industriei

Laudioko* «Tubacex» enpresak 7.500.000 pezeta jaso* ditu Estaduagandik, eta bosna milioi pezeta Mondragoeko «Fagor» eta Eskoriatzako «Industrias Copreci» fabrikek. Izatez, ez da laguntza haundia, garai berean hamabost milioi pezetatik gorako prestamoak jaso baititue beste enpresa batzuek.

Langile baten heriotza Errenterian

Manuel Sánchez, 29 urtekoa, ezkondua eta peoia, Errenteriko ur depositua handitzeko obretan iharduala, luperia* batek azpian harturik, arnasa egin ezinik, itota hil da. Kasu triste honekin, langileen beste horrelako heriotza guztiak gogoratu nahi ditugu.

Turismoa Nafarroa aldean

Nafarroako Diputazioak, USAko dirudun talde batekin eta «Etudesa» enpresarekin elkar hizketa batzuk izan ditu Iruinean, Jose Maria Irazoki diputaduaren zuzendaritzapean, Isaba aldean aurkitzen dan Belagua izeneko toki ederra turismorako apaintzeko eta esplotatzeko. Poztuko ginateke, toki zoragarri hori jendearen gozamenerako oraindik erosoago* eta egokiago jartzearekin. Baina honetan ere amerikanoen morroi gelditu behar ote dogu? Non dago euskal dirua? Zeinen onerako gelditzen dira gure izerdi eta nekeak?

«Montañas guipuzcoanas» liburua, berriro argitaratua

1936. urtean, Tolosako «Gráficas Laborde y Labayen» etxean, L. Peña Basurtok erdaraz emandako «Montañas guipuzcoanas» liburua, orain berriz agertu da, hobeturik eta handiturik, «Itxaropena» etxearen bidez. Esku mapa edo plano zabal bat dakar, eta Gipuzkoako mendi guztiak aipatzen ditu 173 orrialdetan. Juan San Martin jaunaren laguntza izan dauala dino egileak. Azaleko argazkia, oso polita, Luis Pedro Peñarena da. Autoreak hitzaurrean dinoanez, eguneroko bizitzan lortu ezin danaren bila doanaren iheskeria bat litzateke mendizaletasuna: «La montaña es la gran educadora de las virtudes, porque en su sano y bello marco la vida social que se practica es completamente opuesta a la habitual; en ella todos somos camaradas prestos a servir al prójimo». Liburu honek aipatzen dauan «vida social habitual» hori, jarraiko beste honek dakar:

«Mariñelak» antzerkia Azpeitian eta Ondarrabian

Ondarroako «Kresala» taldeko kantari eta artistek «Mariñelak» antzerkia jokatu izan dabe Ondarrabian uztailaren 24ean eta Azpeitian 29an. Antzerki honen doinuegilea Jose Maria Altuna da, eta letren jartzailea Agustin Zubikarai. Taldearen zuzendaria, Imanol Oruemazaga berriztar apaiz langile, herrizale ondo probatua eta musikalari fina.

«Industri herri baten azterketa», ekonomiazko estudioa

«Siadeco» donostiar tekniko taldeak, «Industri herri baten azterketa (Arrasate* eta bere etorkizuna)» izeneko liburu bat prestatu izan dausku, eta Bilboko «Mensajero» argitarazleak ETOR sailean argitaratu. «Arrasateri buruzko azterketa zehatza, nahiz dibulgazio mailan egina. Liburu sail honetan gai berezi hau sartzeko, arrazoin sakonik izan dugu. Bizi dugun industri giroak, aldaketa handiak sortu ditu gure herrian: jendetza, ekonomi, gizarte, hirigintza eta lur baliakuntza aldetik. Horregatik, Arrasateren aztertzeak, neurri handian, Euskal Herriaren aztertzea esan nahi du. Bestalde, erabili den metodoari guztiz interesgarri deritzagu. Gainerako zokoak aztertzeko, bide zehatza urratzen du liburuak. Gure galdekizuna, etorkizuna da. Pauso handia, liburu honek ematen duena» (liburuaren kontraportadatik). Azala eta hirigintzako alderdiak Xabier Unzurrunzagak, eta grafikoak Karmele Urteagak egin ditue. Liburuaren prezioa 175 pezeta.

Beste liburu batzuk

1. «Euskal Hiztegia» (euskara-frantses), «Aize Garbia», Hendaia. 18.000 hitz.

2. «Bayonne d'hier à aujourd'hui: les noms des rues», Rene Cuzaq.

3. «Setas-perretxikos», Iñaki Linazasoro. C. de A. P. de Guipúzcoa. San Sebastián.

4. «Fantasía y realidad», Arturo Campión. Diario de Navarra, Pamplona.

Nork zer nortaz

Artikulu bat irakurtzen dogunean, nork zer eta nortaz esaten dauan fijatzen gara. Hiru erreferentzia horreetatik gauzak begiratuta, eskribu miragarri bi irakurri izan ditugu oraingo uda beroan. Lehenengoan, «Bosgarren batzarrekoak» deitutako mutilek, euren agerkariaren 63. alean, hona zer dinoen Jose Luis Alvarez injinadoreari buruz; «Langileriaren bide iraultzaileari trabak jartzen dizkiote. Berriketa ugari, baina ezer guti egiten dutela, kapitalista «abertzaleen» kontura bizi dira, euskal langileria zapalduz, beren buruak garbitu nahian. Gizon hauk,* politika mailan aztertzen ari gara. Kulturakoan, berriz, batzuek lana egiten dute, Larresorok eta abarrek bezala».

Bigarren eskribu miresgarrian, Ignacio Eizmendik («Basarrik») beste hau esaten eban Bilboko «Oskorri» kantari taldeagatik, joan dan uztailaren 12ko «La Voz de España» egunkarian: «Ori da («Oskorri» taldearen jokabidea) egitazko bide bakarra, zerbait izan nahi duanarentzat... Arrera ona egiten zaio alde guztietan, eta txalorik beroenak irabazten ditu».

Euskal polilinguismoa

Gure adiskide Zamudiotar bat Lapurdiko Biarritzen bizi da, hemendik ihesi joanik. Haren semea Arrangoitzeko ikastolan dabil; haurraren ama Biarriztarra da, eta ikastolako maistra Elizondotarra. Beraz, haur horrek ikas daikezan euskal dialektuak hiru honeek dira: aitaren bizkaiera, amaren eta bizi dan tokiko lapurtarra, eta maistraren nafartarra.

Serapio Mujika, aita jesuita, berriz ere hiztegia prestatzen

Aita Serapio Mujika, «Diccionario Castellano-Vasco» handiaren egilea, beste «Diccionario Vasco-Castellano» luze bat prestatzen ari da aspaldion. Baina ordenako nagusien aginduz, bereziki «El Mensajero del Sagrado Corazón» editorialaren programazioaren esijentziaz, lehengo «Diccionario Castellano-Vasco» dalakoaren laburpen bat argitaratuko dau, aurtengo gabonetarako edo. Dana dala, aipatu dogun «Diccionario Vasco-Castellano» luze hori ere denbora gutxi barru publikatuko ei* dau, bukatu xamarra dauka eta.

«Oskorri» taldeari dirua ostu

«Oskorri» taldekoei, kantaldietan irabazitako 16.000 pezeta ostu izan dautseez joan dan uztailaren* 18an. Zorionez, aurreko egunean pagatu izan zituen 50.000 pezeta, lehentxoako erositako musika tresna berri batzuekatik.

Euskal kantariak joan dan uztailean

Benito Lertxundi, Xabier Lete, Lurdes Iriondo eta Gorka Knörr Gasteizen. B. Lertxundi eta «Oleskariak» zortzikotea Orion. Mikel Laboa eta Jose Maria Zabala Antiguon. L. Iriondo, X. Lete eta M. Laboa Zumarragan. «Oskorri» taldea Alegian,* Lujuan eta Berangon.

Aita Santi Onaindiaren «Euskal Literaturaren Historia», lan erraldoia*

 Prezio garestitan erosi ditugun notiziek dinoskuenez, Aita Santi Onaindia karmeldarra «Euskal Literaturaren Historia» erraldoi bat prestatzen ari da. Aurtengo gabon inguruetarako agertuko ei* dan obra honek tomo bi izango omen* ditu, eta orain artekoen hutsuneak betetzeko asmo ausartarekin* ei dator.

Nafarroako ikastolen jaialdia Orreagan

Nafarroako ikastoletako haurrek jaialdi bat izan dabe Orreagan,* uztailaren 1ean. Jakina dan legez,* Nafarroan 13 ikastola dagoz: Bi Iruinean, eta bana Aoiz, Olague, Lizarra, Tafalla, Olazti, Altsatsu, Burlada, Etxarri Aranaz, Lakuntza, Lekunberri, Elizondo eta Leitzan.

Juan Vergara hil da

Juan Vergara, «makila» egile ospetsua, Lapurdiko Larresoron hil da, uztailaren* 20an. De Gaulle jeneralak erabiltzen eban makila, Vergarak egina zan.

Logroñoko Aurrezki Kutxari eskerrak

Orain dela urte erdi inguru, gutun* bat idatzi nion Logroñoko Diputazioari, Errioxako mapa bat eskatuz, Bilbon ez bainuen lortzeko posibilitaterik izan. Errioxa Euskal Herriko parte bat dela kontsideratuz, euskaraz egin nuen eskaria. Oraino ez dut erantzunik jaso.

Aurtengo ekainean* Errioxa bisitatu nuenean, berriz, itzarri* egin zitzaidan lehengo ametsa. Oraingoan, ordea, Logroñoko Aurrezki Kutxari zuzendu diot eskari bera, eta egun guttiren barruan mapa eder bat jaso dut. Harekin batera xartel bat zatorren, nire gutunari erantzungo zaiola adierazten zuena. Eskerrik asko. (E.G.).

Maria Angeles Larreak euskal tesis berri bat

Maria Angeles Larreak, J. L. Goti doktorearen andreak, «Bizkaiko bideak XVIII. mendean»* izenaz, tesis doktoral bat presentatu du Madrilen; eta horren bitartez doktorego maila lortu, kalifikazioa, gainera, «sobresaliente cum laude» delarik. Maria Angeles Larrea andrea Deustuko Unibertsitateko Filosofia-Letretako fakultatean Bizkaiko Historiaren irakaslea dugu.

Bere tesis horretan, Bizkaiko oinestruktura* modernoaren historia aztertzen du, Bizkaitik Gaztelara joateko bide posible guztiak estudiatuz (Gasteiz, Orduña eta Balmaseda); eta Orduñatikoa zergatik hobetsi zen arakatzen* dauku ezin hobeki. Ondoren, bide horren egiteak ekonomi eta sozial alorrera ekarri zituen eraginak erakusten ditu, azkenez, XVIII. mendeko bidegintzaren problematika teknikoa ia ia gaurkoa bera dela agertuz.

Tesis honetarako, Simancas, Madrile eta Bizkaiko artxiboetatik ateratako paper eta dokumentu argitara gabeez baliatu izan da historilari bipil* hau; eta bere azterketa hoietan aurkitu dituen hirigintz* eta topografi plano oso interesgarri batzuk* erakusten dauzkigu.

Zorionak bihotz bihotzez Maria Angeles Larrea Gotiri, eta segi dadila bide horretatik urte askotan. Izan ere, gure Euskal Historiaren planteamenduak egiteko orduan, horrelako lanok eduki beharko ditugu oinharritzat, hots,* urte askotako lanen ondorio direnok, eta ez inolako apriorismorik.

«Zeleta» jaunaren urrezko ezteiak

Joan dan maiatzaren 6an ospatu izan ditu Jon Garmendia («Zeleta») idazleak bere ezkontzako urrezko ezteiak.

Ikastoletarako liburu berriak

Hemen aipatzen ditugun lau liburuok —beste behin aipatu genuen «ESKOLETAKO ALDIZKARIAK» liburuarekin— «Ikastoletako Liburutegia» osatzen dute. Gisa honetako beste liburu ugari ere bidean omen dira. Prezioak ezin merkeagoak dira. Liburu hauen banatzaile bakarra Iñaki Beobide da. Hemen seinalaturiko prezioek, ikastolen bidez erosiz gero balio dute.

1. «OGIA»

Jazinto Setien jaunaren ardurapean. «Gauza harrigarriak» liburu sortan argitaratu da. Irakasleen Elkarteak eraginik. Bilduma* honetan beste hiru liburuxka ere agertu dira: «ERLEAK eta EZTIA», «OLENTZARO» eta «ONDDOAK». Denak Jazinto Setienen arduraz hedatuak* izan dira. Bakoitzak 15 pezeta.

2. «PRINTZE TXIKIA»

Salbador Garmendiak itzulpen miresgarri bat hedatu du. Saint-Exupéry idazlearen liburu sonatua ere «Gauza harrigarriak» sortan egokitua izan da. 75 pezeta.

3. «IKASTOLAKO HIZTEGIA»

Liburu hau Irakasleen Elkarteak hedatu eta argitaratu du. Liburu hau premia inportante bat betetzera dator. Hiztegi teknikoa aurkitzen dugu batik bat liburu honetan. 50 pezeta.

4. «SIKOMOTRIZITATE-HEZIKETA»

Irakasleen Elkarteak argitaratua. «Rosa Sensat» Barcelonako sikopedagogi bulegoak* hedatua eta Jazinto Setienek euskaratua. 25 pezeta.

«Mi negocio es el prójimo», edo Hobbes berriak

Batxileratuan ari diren mutiko guztiek ikasten ditue, Hobbes (15881679) ingeles pentsalariak esandako hitz lodi bezain ikaragarri honeek: «Homo homini lupus» (gizona gizonarentzat otso*). Hobbesen dotrina hori —hobeto esan, Hobbesek bere garaian salatutako giza egoera hori— orain M. K. Rustomji amerikano finantzeroak atondu, Isabel Gortazar emakumeak erdaratu, eta Bilboko gure kapitalisten zerbitzuan eta pentzuan* diharduan «Ediciones Deusto» etxeak Mi negocio es el prójimo izenburuarekin argitara eman dau.

Apaiz karguen aldaketak Galdakanon

Bide onez jakin dogu, azken urteotan Galdakanoko erretore dan Juan Maria Arrinda Aretara* bidalduko dabela, eta haren laguntzaileetariko bat, Jose Luis Zallo, Zuatzora, «Explosivos de Río Tinto, S. A.» enpresak Galdakanoko hauzo horretan daukan elizaren kargudun izatera. Bi honeen hutsunea betetzeko, Jon Onaindia eta Anjel Mari Santiso apaizak etorriko ei* dira Galdakanoko parrokiara, bertoko Jose Beaskoetxea eta Xabier Agirremalloarekin talde bat osotu daien. Horrela, laukote herrizale honek, talde bezala izango dau Galdakanoko parrokia nagusiaren ardura.

Alfredo Lahuerta kantaria hil da

A. Lahuerta kantaria, «Txiki» gotizenaz ezagutuagoa, auto istripu* batean hil da Arabako Espejon, uztailaren 3an. «Txiki» kantaria «Los Xei» taldekoa zan, euren musika folklorista eta erromantikoagatik, euren aire alai, tankera akonpasatu eta enpaste finagatik hain popularrak egin ziren hareetarikoa.

Lea ibarreko gazteak, Nafarroako Abarzuzara

Munitibarren hasi eta Lekeition itsasoratzen dan hibaiari, Lea deritzo. Ibar honetako zenbait gaztek, uda honetan egun batzuk elkarrekin iragan behar zituela pentsaturik, Nafarroako Abarzuza herrian dagoen Irantzu aldera joatea erabaki dabe. Beraz, Munitibar, Aulestia, Gizaburuaga, Amoroto eta Mendexako neska-mutilak, abuztuaren 7tik 19ra, Irantzura joango jakuz. Ongi ibili, gazteak!

Aita Madina hil da

Aita Madina kanonigo laterandarra, euskal musikagintzan, otxoteen ezagutaraztean eta euskarazko liturgia berriaren sortzean hainbeste lan egin dauana, Oñatin hil zan uztailaren 2an. Haren musika lanetarik «Aita gurea» da gure artean ezagunena, Aste Santoan abesten diren eliz kanta batzuen tankerakoa.


"Los Baroja", edo Julio Caro Baroja biluzik

Han eta hemen, familia indartsu bat balitz bezala, mende* honen lehen erdialdea ikutzen eta markatzen duten «Los Baroja» jaun-andreak, orain, Julio Caro Barojaren luma puntatik agertzen zaizkigu, berebiziko* ezenario batean. Baina liburu honen muina eta linea nagusia Julioren beraren eta «bereen» —Barojatarren— bizitza da, bere gurasoak Carmen Baroja eta Rafael Caro editorea, bere osaba Pio eta Ricardo nobelagileak, bere amaren aldetiko aitona Serafin... boz altuz aipatzen dauzkigularik.

Artikulu honen izenburuan seinalatzen dugun legez,* liburu honetan, Julio —beronen zientziaren agerpen zabalak dilindan jarriz, Bilboko Jesuiten Unibertsitatean Historia irakasten duen apaiz batek, «quien mucho abarca, poco aprieta» esan zuen— biluztu egiten zaiku, bere barne izaera kezkatsua aurrez aurre agertzen daukularik. Eta hunkigarria* benetan, hain talentu sakon eta espiritu fineko pertsona bat, bat batean eta inolako indarkeriarik gabe ezagutzea.

1957. urtean hasi omen* zen liburu hau prestatzen. Memento hartan, haren espiritua bizirik baino gehiago hilik ei* zegoen. Haren inguruko, haren familiako, «Baroja» arteko hainbat heriotzaren iluntasunak erdi menperaturik ei zedukan haren afektibitatea. Intelektual kuriositate —ez du lotsarik, bere burges pentsakera azaltzeko— mehe bat baino ez ei zitzaion gelditzen.

Bere bizitzako urterik gehienak, beti erdi makalik, gaixo antzera eroan* ditu. Gaztedanik urdaileko gaitzak eta orain azukre eritasunak* jota, ez dio osasunak bete betean lan egiteko laguntzarik inoiz prestatu.

Liburu hau hasterakoan, gaixoak jotako gorputz urritu bat duelarik, zahartzaroaren atarian sartzen dela konturatzen da, eta bereen zenbait batbateko heriotzaren hutsune astuna sufritzen du. Adiskide zahar batzuk, zenbait emakume lagun eta bere anaia gelditzen zaizkio. «Heriotza hurbil* antzean ba datorrela sentituko banu, oso trankil joango nintzateke neureengana», dio Juliok. Antropologo ospetsu honek, bizi ahal izateko, «bereak» inguruan izatea eskatzen duen honek, harloza lodiaren azpian, bereekin batera eternitatean bizitzeko asmoa azaltzen dauku, kritikalari hertsien* eta bere intelijentziaren esijentzia burlatuz.

«Orrialde hauk idazten hasi nintzenean —dio Juliok—, mutil zahar 'grafologo' bat baino ez nintzen». Eta, egia esan, mutil zahar, kasikan nahi eta nahi ez, izan garenok, ezingo dugu ukatu Julioren aitormenen garraztasuna; eta ez genuke, besterik gabe, Ebanjelioak dioen hura* —«seipsos castraverunt propter regnum caelorum»— ontzat hartu behar, gizonak bizitza berria sortzea bigarren guraritzat* baitugu, amodioa jokatzea bezala.

«Ba dakit —dio jarraian Juliok— Stendhal ere honetara bizi izan zela; baina ez nuen ilusiorik egiterik nahi».

Julioren ustez eta asmoz, liburu honek ez du beste helbururik, batzuek —oso gutik— mende honen hasiera eta jarraiko urteak gogora ditzaten baino. Asmo hau ez genuke guk batere onhartuko, hori ez, ez baitu inolako baliorik «masokismo historiko» horrek. Baina, «bereengan» eternitatea eskuratu nahi lukeen gizon honek beretarren bizitza kontatzean, ba dakigu, horrela baino aberastasun gehiagorik dakarkigula. Ba dakigu, «Los Vascos» liburu bikainaren egile honek masokismo hutsa litzatekeen baino dato eta interpretazio askoz ere jatorragorik emango daukula. Ba dakigu, bai, bere hitzaurrean hala aitortzen baitu, Julio antropologoa «bereekin» zeharo bihotzbera gertatzen den neurrian —bereak, gaur egun, bere bi lobatxo dira, bere anaiaren semetxo bi, bere mutilzahartasunari nolabait bizitza berriaren esperantzarekiko lotkia* ematen diotenak—, bere inguruko gizartea inolako kupidarik* eta urrikirik gabe zirikatzen, makilatzen eta madarikatzen duela. Honetan soziologo bilakatzen* da. Baina, gorago ere zerbait aipatu dugun bezala, Julio ez dator ez 17.eko urriko iraultzatik, ez Larrazabal baserriko behe sukaldetik. Julio Madrilen jaio zen 1914: urtean, eta antropologo, etnologo, folklorista... da; eta inoiz ez du agertu, bere zientziaren bidez jasotako* datoekin politizatzeko ez filosofatzeko asmorik.

«Los Baroja», autor Julio Caro Baroja, editorial Taurus, Madrid: liburu polit bat, dokumentu hobeago bat, eta Pio Barojarentzako omenaldi interesgarri bat, haren ehunurteurrenean.

AHOZTAR Z. Z.

dauku, dausku

dauzkigu, dauskuz, dizkigu

dio, dautso

diote, dautsoe

zaiku, jaku, zaigu

zaizkigu, jakuz

zaizkio, jakoz

zedukan, eukan, zeukan

zitzaion, jakon


Udara

Lana uzten dugunean

Aurreko egun batez, neska batekin mintzatzen nintzela, hau esaten zeutan: «Diruarengatik izan ezik, inork ez luke lanik egingo». Esan nahi zuen hark, lanerako suztagarririk* jeneralki ez dela lanean bertan aurkitzen, lanetik at* baizik. Gure herrian, Zumaian, langile guztiok biltzen gaituen inkesta* bat beharko litzateke egin, lanera zergatik joaten garen ikusteko. Orduan agertuko litzateke agian,* lanagatik beragatik bezainbat* edo areago,* bizitzeko beste erremediorik ez dugulako joaten garela, diruaren edo prestijioaren grinaz ez denean.

Denbora librea zertan?

Lana nekosoa eta luzea denean, denbora librea atsedenerako eta indarberritzeko ematen da, batez ere. Lana aspergarria denean, denbora librea lanean aurkitzen ez diren suztagarrien bila ematen da (nahiz eta sarritan, suztagarriak nork berak sortu beharrean, aurrez egindako estimulagarriei erantzun besterik ez egin). Lanak langilearen nortasuna aberasten eta osatzen ez duenean, denbora librea, onenean, nortasunaren desarroilorako ihardunetan ematen da. Honelatsu mintzatzen zaiku Dumazedier eta harekin beste zenbait* «oziologo».

Denbora libreaz —lan-denbora lotuari oposatzen zaiolako deitzen da honela, ez benetan libre delako— beste enplegu bat ere egin ohi da. Nekosoa, luzea eta gaizki ordaindua den lana, arinagoa, laburragoa eta hobeki ordaindua dadin arduratzen direnek egiten duten enplegua. Aspergarria den lana, hain aspergarri ez dadin burrukatzen direnena. Eta, osatzaile ordez, zapaltzaile den lana, osatzaile eta aberasgarri dadin saiatzen direnen enplegua.

Eta Zumaian?

Hemen ere, inguruko beste herri askotan bezala, ba dugu, duen denbora libre apurrari enplegu indarberritzailea ematen dionik. Baserritarren eta zenbait langile «ordusartzaileen» kasuan gaude. Inork bai eta hauek dute, ohearen, aste bukaeretako txuleten eta beren ritmo gogorrean eutsiko dieten «kirol basatien» (harrijasotze, estropada eta abarren) beharra. Gaurko bertsolarien entzule onak dira, eta, zenbait herritako erromeria traketsetara bezala, dantzaleku traketsagoetara ohitzen dira. Dena da har, entzun, ikus, egon. Horretarako ordaintzen dute.

Ba dira Zumaian, eta agian hauk* dirateke gehienak, beren lanean —irabazitik at— inolako suztagarririk ezean, dibertsio arazoa biziki sentitzen dutenak. Beren bizitzan estimulagarririk ezean, sarritan jotzen dute hauek fantasiazko mundu batetara. Zineko pertsonaiekin identifikatzeko kapazitate haundia dute, fotonobelen eta komik merkeen irakurle amorratuak dira, irrati entzule leialak eta telebisio ikusle iaioak.* Noiz edo beste, premia kanpotik sortzen zaienean, libururen bat ere irakurtzen dute. Hondartza —eguzkiaren errainu beltxarantzaileak, uraren freskotasuna eta zenbait jolas erraz juntatzen direlarik— amets egiteko leku polita zaie. Turismo arruntaren* dirdiraz itsutzen dira.

Ba dira Zumaian, denbora librea ezezik lana bera ere aberasgarri bihurtu nahi luketenak. Hauen eritziz, lanean lotua dena ezin daiteke lanetik at aske izan. Dibertsio askatzaileak laneko loturetatik ere askatu egin behar du langilea (ez hainbeste, lanetik bertatik). Eta laneko loturetatik askatzeko bide bakarra, lanindarra saldu beharrean ez aurkitzea da. Lansari bategatik lanindarra saltzean —saldu beharra izatean— baitago laneko kateen sustraia.

Geure lanindarra «birrerosi» beharrean aurkitzen gara. Lantokietan, ikastokietan, oziotokietan (beti ere estratejia teoriko-praktikoak eskatzen duen gisa). Mugitzen garen toki guztietan birrerosi behar dugu geure lanindarra. Horregatik esan dugu lehen, laneko loturetatik ere askatu egin behar gaituela dibertsio askatzaileak. Baina ez lantegikoetatik bakarrik. Adibidez, zinea ere beste industria bat da. Eta industria horretan produzitzen den kontsumitzaile, gehienak gara. Beraz, industria hori hankazpiratu beharrean aurkitzen gara.

Beste gauza askotaz zer?

Zer esan Zumaiako irrati entzuleez eta telebisio ikusleez?

Lehenik, irratiaz eta telebisioaz beharko litzateke zerbait esan; areago,* jende askok hautakizun haundirik ez duela ikusita. Langilegoarenak ez diren difusiobide deseuskaldun eta sarritan antiestetiko hoiek, ordea, komentario guti merezi dute; eta, idazteko lekuz urri gabiltzanean, gutiago.

Zer Zumaiako kiroletaz?

«Kirolak gizon-emakumearentzat behar du izan, eta ez alderantziz», dio herritar batek. Hala ote da hori gure artean? Ezezkoan gaude. Ba da gure artean kirolaren alde lan ugari egin duenik; baina kirola gizonarentzako ordez gizona kirolarentzat ikuspegitzen ote den susmo fundatuak ditugu. (Emakumerik ez dugu tartean sartu, gauza jakina den bezala, Euskal Herriko eta Zumaiako kirolak gizonezkoenak baitira, batez ere. Ez da hau, kiroletan bakarrik gertatzen den fenomenoa. Denbora librearen aurrean emakumeak hartzen duen jarrera, nahiko berezia da. Baina berau, Jon eta Klaudiok ANAITASUNAren orrietan aztertzeko uzten dugu).

Zer dantzarietaz?

Haur sail bat ari da dantzan ikasten, irakasle iaio* batzuei esker. Handiagook ez ote dugu ikasteko premiarik? «Sala de fiestas»etara joateko ez noski, ez du merezi, han ez baita lekurik, ez giro egokirik. Hala ere, dantzaren balioa ez du inork ukatuko, ez arte den alderditik, ez barne sentipenak agertzeko adierazpide den alderditik.

Zer Zumaiako turismoaz?

Kanpotik gure artera datozenak sarri hartzen ditugu sexual objeto bezala eta beti dirua irabazteko bide bezala. Eta, geu kanpora joaten garenean, beste horrenbestexe egiten dute gurekin ere, goazen lekutara goazela.

Turismoaz ari garenez, esan dezagun, guti dela gure artean, Euskal Herria eta bertoko jende, kultura eta gauza ederrak ezagutzen dituenik. «Oargi» elkarteak antolatzen dituen irteera batzuk kenduta, Euskal Herriko bazterrak, kultura eta jendea ezagutzeko grina guti azaltzen da. Zer ezaguturik ez dago nonbait! Jakina da, ordea, gure herriko zenbait belarrik frekuentzia jakin bateko ez diren ondetarako sentsibilitatea galdua duela.

Zer esan, Zuloaga eta Beobideren sehaska izan den herri honetako pintura eta eskulturaz?

Apeztegi jaunaren hitzez esateko, «egoera tamalgarrian* aurkitzen da». Erdiko klasemailatik irtenda,* gora nahian dabiltzan sasi artista batzuk besterik ez dugu. Ez arte eskolarik... Hala ere, ez da falta artista bakartirik; eta hoik* dira gure esperantza, bakarti izateari uzten badiote.

Zer esan Zumaiako irakurlegoaz?

Aldizkari euskaldunei dagokienez, ANAITASUNAk bezala ba ditu hemen ZERUKO ARGIAk eta azkenik AGURek ere irakurleak. Azkeneko hau, dohan* irixten zaio zenbaiti. Dena den, irakurle guti dute Zumaian euskal aldizkariek; eta, ugari daitezen, kanpainaren batetan pentsatzen hasi beharrean gara.

Euskal liburuei dagokienez, panorama ez da batere hobea. Alfabetatzeak jarraipen kaxkarra du gure artean.

Dato faltaz nolabait burutu dudan lantxo honek, espekulatiboa izatetik aparte, hutsune asko du. Emakumeek denbora libreaz egin ohi duten enplegu bereziaz ez da deus* esan. Kanpotik etorriek eta berton jaioek denbora libreari buruz dituzten jarrera* desberdinak ez dira aztertu. Aipatu ere egin ez dugun beste zenbait alderdi ere ba da: dela bertsolaritza, dela musika, dela antzerkia, direla mendirako irteerak, dela ehiza* (dibertsio bezala, noski. Guti da gaur gure artean ehizatik bizi denik!), dela tabernetan ematen dugun denbora...

OIHARBIDE

diete, dautsee

dio, dautso

diote, dautsoe

gaude, gagoz

zaie, jake, zaiote

zaiku, jaku, zaigu

zaio, jako

zeutan, eustan, zidan


"Andima Ibinagabeitia" saria. Sari araudia

1. Azken urteetan bezala, aurten ere, Euskera Lagunen Elkarteak, izenburu honekin, urteroko saria eratzen du euskal idazle eta jakintsuentzat, euskararen indarberritze, sakontze eta batasuna helburutzat hartuz.

2. Elkarteak sortua denez gero, bere ardurapean hartzen ditu sari honen antolatze, zabaltze, epaitze eta ematea.

3. Saria bakarra eta eman beharrekoa izango da, 1972.eko hazilaren 1ean, Andima zenaren heriotz urte mugan, haren zenbatasuna USAko 1.000 dolarrekoa izango delarik.

4. Gaitzat Euskal ikastoletako Textoak hartzen dira, hamar urtetatik hamabost urtetarako ikas mailak osatzeko bereziki.

5. Texto horretan edozer gai erabil daiteke: Fisika, Kimika, Historia, Geografia, Matematika, Teknologia, Biologia, Fisiologia, Linguistika, eta abar, edozernahi gairi buru emanez. (Enziklopedia, Botanika, Geometria eta Antropologia izan ezik).

6. Lanaren luzeak, 32/22 zentimetroko orrian eta bi lerro unez, 200 orrialdez goranzkoa beharko du izan, marrazki edo apaingarriak kontuan hartu gabe.

7. Lan hoik, originalak edo euskaratuak izan daitezke.

8. E.L.E.ren gogoa da, lana Euskara Batuan idatzia izan dadin. Hala ere, edozein euskalkitan egindakoak onhartuak izanen dira.

9. Urte beteko epea ematen zaio egileari, lan saritua argitaratzeko. Horrela izan ezik, E.L.E.k bereganatuko ditu lanaren gaineko eskubide osoak. Hartzen diren beste lan guztiak antolatzaileen eskuetan geldituko dira.

10. Lanak abuztuaren 30erako postan ipiniak beharko dira izan E.L.E.ren zuzenbidera: Apartado 51.730. Sabana Grande. Caracas (Venezuela), «Andima Ibinagabeitia Saria» aurrez idatziz. Lanak lema batekin izenpetuak izango dira, haren giltza beste sobre batean («Andima Ibinagabeitia Saria»: Giltza) argi jarriz eta zuzenbide berdinera igorriz.

11. Araudi hau aurrera eramateko nolanahiko eragozpenik sortuko balitz, E.L.E.ren zuzendaritzak erabakiko luke.


Euskal irakasle titulua. Euskaltzaindiaren euskal irakasle titulua lortzeko eskatuko dena

A. Lehen maila

1. Ortografiazko arauak. Arantzazun eman zirenak. Diktatu baten bidez eskatuko zaizkio kandidatuari.

 2. Morfologia. Izenjokoa, sufijazioa, aditza.

3. Analisia. Morfologiari eta sintasiari buruzkoa. Morfologiazkoan, lehen aipaturikoak sartuko lirateke. Sintasizkoan, galdegaia, esaldien azterketa (kausalak, relatibozkoak, noizkoak, kondizionalak, kontzesiboak, konparatiboak eta abar), -la eta -n noiz, nola eta zergatik erabiltzen diren.

4. Gaztelaniatik euskarara itzulpena.

5. Oinharrizko hiztegia (Mitxelenak aurrenik proposatu zuena) ezagutzea.

 6. Gai batez mintzatzea. Aukeran hiru gai eman, esaterako, eta ikasleek hautatuko luketenaz ordu laurdenean hitz egin.

7. Metodologia. Zer da hizkuntza irakastea? Nola irakats?

8. Egungo eguneko autoreen ezagutza. Irakurtzeko erraztasuna izan, autore hoietako batzuen berri jakin, eta abar.

9. Euskara batuaren teoria. Hartan idatziriko puska eman, eta haren xehetasunik nabarmenenen berri eman. Batasunerako proposatzen diren aditz sistemen berri jakin.

B. Bigarren maila

Lehengoez gainera:

1. Dialektologi pixka bat. Bateko eta besteko puskak emanik, bakoitzaren berezitasunak aditzera eman. Zer euskalkitako den, noizkoa den, norena den asma edo hurreman bederen.

2. Literatura. Oraingo idazleez gainera, klasikoak ere ezagutu beharko ditu eta bakoitzaren berri jakin: Axular, Etxepare, Mogel, Agirre, eta abar.

3. Euskararen historia eta bizitza. Zer da euskara?

4. Estilistika pixka bat. Testua emanik, haren berezitasunik nabarmenenak aditzera eman: esaldiak osatzeko tankera, izena eta izenlaguna erabiltzeko era, joskera, esaldi bakoitzaren tolestapena, eta abar.

5. Lan monografikoa. Literaturari nahiz pedagogiari buruzkoa. Bai eta autoreren baten idazlanaren azterketa ere. Hamabost edo hogei orrialdetakoa.

6. Praktika luze samarra. Lehendik irakasten aritua beharko luke izan maila honetako titulu bila letorkeenak.

C. Gorengo maila

Nolabait esateko, Filosofiako karrera duen mailakoa beharko luke izan maila honek. Goregi erizten balio norbaitek, profesionalistena bederen, hots, euskaraz irakasten bizimodua atera eta gehienbat hartan arituko liratekeenena. Ez bekigu ahantz, euskal IRAKASLE tituluaz ari garela.

Lehengo bi mailatan eskatuaz gainera, honetan bereziki besteok eskatuko dira:

1. Euskal jakintzaz gainera, linguistikaz ikasia beharko luke izan. Linguistika zer den, joerarik eta eskolarik ezagunenak zein diren, fonetikako arauak zer diren, euskarak dituen berezitasunak zeintzuk diren, fonologia zer den, eta abar. Hitz batez, Mitxelenaren Euskal Fonetikaz ongi jabetua beharko luke izan.

Linguistikako teoriarik ezagunenak jakin beharko lituzke: estrukturalismoa eta konparatibismoa zer diren; Chomskyren berri ere bai.

2. Euskal literatura osoaz gainera, beste herrietako literaturaz ere jakin beharko luke zenbait gauza; ezin baitaiteke gure zenbait autoreren berri eta gure obra batzuen balioa zenbaterainokoa den ongi jakin, inguruko literaturaren berri jakin gabe. Beraz, esaterako, romantizismoa zer izan zen, kostunbrismoa zer den, tragedia bat eta komedia bat zertan bereizten diren, poesia nolakoa eta zenbat eratakoa eta garairik handienetan zer joeratakoa izan den eta abar jakin gabe, ezin lezake inork maila honetako titulurik eskura.

3. Euskararen jatorriari buruz eta beste zenbait hizkuntzarekin omen duen antzari eta aldeari buruz ere ezagutu beharko lituzke bataren eta bestearen eritziak. Uhlenbeck, Schuhardt, Bouda, Lafon, Tovar eta beste zenbait hizkuntzalarik euskarari buruz esanak jakin beharko ditu. Kaukasoko hizkuntzekin, iberikoarekin eta abarrekin zer antz eta zer alde dituen. Latinetik hartu dituenak, zer esanik ez.

Argitasun gehiagorako, Euskaltzaindira bertara dei daiteke: Ribera 6, Bilbao. Tel. 212745.


Mundua mundu

Ez dago aukera haundirik

«Angela, zergatik zara komunista?» Izenburu honekin ANAITASUNAren 236. zenbakian agertu den artikulua irakurri dut. «Emakume beltz, intelektual, eder» honen prozesoari buruz.

Angela, erreboluziogile, F.B.I.ko bilatuenen listan hirugarren egon dena; kapitalista, zapaltzaile eta razista den Estatu Batuetako sistema nazkagarria suntsitu* nahi duena. Horrexegatik esan daukute nonbait, hau ez dela «prozeso normal bat, prozeso politiko bat baizik». Itxura batean, ezin beldurgarriagoa Angelaren egoera. Eta zer gertatu da prozeso anormal politiko honetan? Zera, Angela bahitegitik* etxeratu dutela. Angela, haren izenak dioen bezala, aingeru hutsa dela. Horrela erabaki dute, epaimahaia osatzen zuten hamabi epaikideek (zuriak denak, herri kapitalista eta razista batekoak). Horra nondik gaurkoz xamurragoa dirudien USAn erreboltalari izatea nonnahi baino.

Arazo honi buruz, BBCek jakin erazia dakit soilki.* Londreseko kazetak* oro,* Daily Worker izan ezik, txunditurik* gelditu ziren aho batezko epai taldearen eritziarekin. Eta komentatzen zuten, beren garairako egoki izanen zirela horrelako epai taldeak, baina gaur egun desfasatu eta atzerakoi bezala beharko zirela ikusi. Angela, libre utzi dutenean, honela mintzatu da: «Ez dut batere sinesten USAko justizian. Ni ez nau USAko justiziak kaleratu, mahaia osatzen zutenek baizik». Eta iraultzaile jarraituko zela era guztietako gizon zapalduen alde. Londreseko kazeten komentarioa: Ba zuela lan aski* Cuban, Rusian, beronen sateliteetan eta Afrikan.

Bidenabar.* Angelak, USAko kapitalismoa suntsiturik ere, ez ditu zuzenduko Harlem eta beste inguru askotan gizonak hartu dituen joera kaxkarrak. Orain dela guti, URSSko Alderdi Komunistak batzar arduratsu* bat izan du larri eta kezkatsu, herrian gero eta errazago zabaltzen ari den alkoholismoari buruz neurri hertsiak* hartzeko asmotan. Lehen uste genuen, alkoholismoa, prostituzioa bezala, kapitalismoaren ondorio zantar bat zela. Gaur ezin hainbeste.

Beste kasu bat. Hau ere BBCko aleman irrati saioan jasoa.* Sarajo jaunak —Rusiak lehendabizi lortu eta leher erazi zuen bonba atomikoaren egileetariko bat dugu berau— memorandum berri bat igorri* die agintariei, ihazkoari kasurik egin ez ziotela ikusirik. Alderdiaren jokabidea salatzen du. Alegia,* dogmatikoki defenditzen duela bere ideologi egoera. Ez direla giza eskubideak haintzat hartzen. Herrian apatia, hipokrisia (sik) besterik ez dela ikusten. Arrotz irratiak entzuteko eskubidea nahi litzatekeela, bai eta beste nonnahiko herrietara ateratzeko eskubidea ere. Presondegi politikoak irekitzea, eta abar. Hala ere, Sarajo jauna ez dute hatzeman.* Klase gabeko gizartean ere, ba dira oraindik klaseak. Hala hobe, diot nik, protesta egiteko beharra dagoenean.

Nire gogoeta: USAn dirudun batzuen eskuetan daude egunkari eta aldizkariak. Bai, jauna. Eta komeni zaiena bakarrik aldarrikatzen* omen* dute. Bai, jauna. Eta non ez? Hor Burundin 200 bat mila hil dituzte. Bai heriotze isilak! Zein guti kezkatu diren nonnahiko kazetak hango egoera nigargarriaz! Han ez kazetalari ez telebistarik lekuko,* beste herrialde askotan bezalaxe. Baina nik herri hauetan gertatzen diren eta jakingaitz direnak nahi ditut jaso,* eta ez takigrafoak dituzten herrietakoak. Burundik eta Sarajok, orkesta guti; Angelak, bateria leherzorian. Eta hor dago koxka. Hor datza* eta hori da «prozeso politikoa, batere normala ez dena»: Informatika politizatua, manipulatzailea, zapalkuntza beti disimulatua.

Nire ondorioa: Batzuek URSS, besteek USA. Ez dago aukera haundirik. Gehiegi hazi dira biak eta gehiegi agintzen dute. Biak menperatzaile, erdi munstro, akats beldurgarriekin: horrela ikusten ditut nik. Erditze* haroan omen gaude; eta nik, pentsamolde zaharrak utzirik, Zesarismo gabeko aldia nahi nuke, eta hori honela edo horrela helduko dela sinestu nahi dut.

ASKAIN

daude, dagoz

daukute, dauskue, digute

die, dautse, diote

gaude, gagoz

zaie, jake, zaiote

zioten, eutsoen


Orain Italian

Egun hauetan, Italiako kale gehienetan azaltzen da Calabresi komisarioaren heriotzeari buruzko kartelen bat. Bi eratakoak dira kartelok. Batzuk (Hiru koloretako Batzar Nazionalak sinatuak*) «Aski da biolentzia gorriaz!» sloganarekin agertzen dira, eta errepresio bortitz* baten alde mintzatzen, manifestazioak, bonbak, hots,* biolentzia gorria behin betiko buka dadin. Besteek, ezkerretako zenbait talde politikok sinatuek, populazioari poliziaren engainu eta gezurren aurrean erne egon dadin eskatzen diote, batez ere azken denbora honetan gertatzen diren heriotze estrainioen aurrean, edo —hobeto esan— Italiako giro politikoan agertzen diren erailketen* aurrean, hala nola Feltrinellirena.

Zergatik Calabresi komisarioa?

Paretak lekuko* fidel bat badira, aldizkariek eta mobilizatu diren poliziek argi azaltzen diote arrotzari, nolako garrantzia izan duen Calabresiren hauziak Italiako politikan.

Calabresi Erroman jaio zen 1937.ean, eta 1966.ean legegizon egin zen. Hasieratik Milanera izan zen bidalia, eta 1969.eko ekainaren* 25ean Milango azokan* bonba bat lehertu zenez geroztik, anarkismoaren zeretara dedikatu zela esan daiteke. Alor honetan, laster hasi zen, bere egite eta jokaeraz, izen haundia lortzen. Bonba haren esplosioagatik detenituen kontra egindako judizioan, lekukoak sobornatu nahi izan zituzkeelako salatu zuten Calabresi.

Zenbait hilabete geroago, 1969.eko abenduan, Banco Agricola-ren aurkako atentatua argitzera deitua izan zen. Gertakari honetan, 18 hil eta zenbait zauritu gertatu ziren.

Hiru egun geroago, Pinelli anarkistari itaunketak* egiten ari zelarik, honen laguna zen Valpeda Erroman deteniturik zegoela eta «guztia aitortu zuela» esan omen* zion komisarioak. Calabresiren bulegoan* zeuden, eta, beronek geroago aitortu zuenez, hitz hoik* entzutean, Pinelli lur jota geratu* omen zen, eta, etsiturik,* sinatu egin zuen bere aitorpena. Deklarazioa sinatu ondoren, Calabresi bulegotik atera omen zen, Pinelli bakarrik (?) utzirik; eta memento honetan, anarkistak, istorioa behin eta berriz errepikatuz, leihotik kalera bota omen zuen bere burua, eta lurraren kontra hil omen zen.

Esplikazio honek ez zituen, noski, inoiz komentzitu Pinelliren lagunak; eta haiek, 1970.ean, tribunaletara eraman nahi izan zuten Calabresi, arrakastarik* gabe. Garai hartan, judizio bat eskatu zuen Calabresik, Parlamentuz kanpoko ezkerraren «Lotta Continua» izeneko egunkariaren kontra. Egunkari honetan erailetzat salatzen zuten, ia hitzez hitz, Calabresi komisarioa.

Azkenik, 1971.eko irailaren* 14ean, Prokuradore Jeneralak nahi gabeko erailketaz salatu zuen Calabresi; baina hauzi hori bukatu baino lehen bukatu zen Calabresi komisarioaren historia. Maiatzeko 17an, 9,45 orenetan,* zenbait tirokada egin zioten. San Carlo hospitalera ailegatzerakoan hil zen.

AINHOA

diote,dautsoe

zeuden,egozen

zion, eutson

zioten, eutsoen


Errioxaren euskalduntasunaz berriro

Lehen aipatu genuen hemen berton Alfredo Gil del Río jaunaren «Horizontes Riojanos» izeneko liburu interesgarria. Orain errioxar idazle hau berriz datorkigu beste liburu batekin. Lehengoa baino haundiagoa eta hobea da. Haren izena, «La Rioja desde sus albores...»

500 orrialdetan, Errioxaren hasiera, jatorria, bideak, foruak, folklorea, ekonomia eta abar aztertzen ditu egileak; eta denetan jartzen du bere uste osoa, Errioxa Euskal Herria dela eta ez Gaztela.

Nafarroako erregeen Naxerako gortea, Kalagurriko* eliz barrutia eta haren euskalduntasuna, Errioxak Bizkaiko Jaurerriarekin* izan zituen harremanak, euskarak berak herrialde hartan utzi dituen lorratzak eta abar estudiatzen ditu, batzuetan sakon eta besteetan arinki, baina beti borondaterik hoberenarekin.

Lehen ere beste liburuagatik aipatu genuen; baina berriz ere esan behar dugu. Errioxara joaten diren euskaldun guztiek irakurri behar lukete liburu hau, Logroñoko edozein liburutegitan aurkituko dutena; eta gainerakoentzat ere ez litzateke gauza txarra izango.

Zozo batzuek euskaltasuna chauvinismotzat jotzen duten bitartean, Gil del Río jaunaren errioxartasun eta euskaltasuna, rejionalismoaren barruan bada ere, irakaspen ederra da. Honen rejionalismoa, beste hoien sasi-internazionalismoa baino hobeagotzat dugu, bai horixe.

Zorionak egileari, eta ea beste errioxar askorentzat iratzargarri izaten den liburu hori!

J. L. LIZUNDIA


Kritika

Neure eritzia azaldu naiz

Ihazko maiatzean Eibarko Haurren Euskal Jaia zela eta, «S.C.R. Arrate»ko saloian Bilbaoko Oskorri kantari taldeak eman zuen saioari, S. Basaurik kritika bat egin zion, esanez: «Oskorri taldearen saioa oso xalotua izan zen, baina bai forma eta bai mami aldetik ere merke samarra». Kritika hau guztiz aldekoia eta subjetiboa dela oharturik, eta aurten «Amaya» teatroan talde honek eman zuen saioa ikusi ondoren, neure eritzia nahi dut azaldu.

Lehenik, artearen eginkizuna problematika jeneral baten barruan nahiko nuke garbi azaldu, gizartearen historian zehar bi klase eta, ondorioz, bi ideologia desberdin egon direla kontuan hartuz. Bata, menperatzaileen ideologia menperatzailea; eta bestea, menperatuen ideologia. Hau onhartuz, artearen bide guztiak —ez bakarrik, musikalak, guztiak baizik— bi ideologia hauen artean aurkitu behar ditugu. Ideologia baten alde jokatzen duenean eta bestearen aurka jartzen denean, orduan bakarrik esan dezakegu, adierazpide hori aurrerakoia ala reakzionarioa den. Ez dago beste irtenbiderik.* Hirugarren irtenbidea menperatzaileen ideologian sartzea besterik ez da. Ez daudela ez bata ez bestearen alde esaten dutenak, burruka horretatik kanpo daudelako, ideologia menperatzaile horretan zeharo murgildurik daude. Holako esaldiak —«ba du gizonak nahiko buruhauste; saia gaitezen, ahantz* dezan»— ez dira menperatzaileen ideologiaren zatiak besterik, menperatuen aurka ezarritakoak.

Oskorri taldekoek ongi dakite errealitate hau, eta orduan menperatuei bizi diren egoera ikus arazteko nahi diete kantatu. Lortuko dute edo ez, hutsuneak ukanen* dituzte edo ez, arazo batzuetan oker ibiliko dira; baina, hala eta guztiz, alderdi aurrerakoi hori dute. Hots, ideologia garbi baten jabeak dira, eta Euskal Herriko langileei ez diete metaforetan kantatzen, ez eta abstraktuan ere, zuzen zuzenki baizik. Noski metaforetan kantatuko balute, eta esaldi huts batzuen atzean beren esannahia utziko balute, ez litzateke inor haien aurka jarriko, ez litzateke nehor* haien saioetatik haserreturik irtengo.*

Gizarteari mami bat ulertarazteko, artistak erabiltzen duen bidea forma dela onhartzen badugu, ene ustez, Oskorrikoek erraztasun handiz betetzen dute eginkizun hori. Lehenik, garbi utzi nahi dut, ez naizela jakitun bat musikan. Ez ditudala ez piano ez solfeoko ikasketak egin; baina, egia esan, zapaldu bat naizela, hots,* langile bat naizela. Eta beldur gabe esan dezaket, oso ondo ulertu nuela, Oskorrik bere musikaren bitartez esan nahi zeukuna.

Konponketak, bozak, kantak, hitzak, musika tresnak eta abar guztiz osatuak ziren; eta, nahiz eta kanta gehienak gure folkloretik ateratakoak izan, hitzek gaurkotasun handia zuten, Gabriel Arestiren lanari esker.

Ez dut uste oker ibiliko naizenik, Oskorri taldea beste talde famatuen parean ibil daitekeela esaten badut. Musika tresnen artean, azken urte hauetan bazterturik ziren gure tresna batzuk aukeratu dituzte, eta besteek gure musikan inoiz ez dituztenak erabili dira. Hauk* dira: xistua, trikitia, flauta, kitarra, kontrabajoa eta pandereta. Eta horrela talde moderno bat lortu dute, gaurko musikaren sailean erraz sar daitekeena. Konponketak oso ondo; eta uste dut, Natxorenak —taldeko batenak— direla.

Azkenik, ba dakite nola egon, kantatzen dutenean; eta bai Ibarrolaren irudia ere oso ondo gelditzen zen ezenan.

EIBARKO IÑAKI

balute, balebe

daude, dagoz

dezakegu, daikegu

dezaket, daiket

dezan, daian

diete, dautsee

zeukun, euskun, zigun

zion, eutson


Rikardo Arregiren gomutan

Urte bi da, Rikardo Arregi hil zela. Eta urte bi, bere azken artikulutxoa idatzi zuela. Artikulu hura,* haren jaioterriari eskainia izan zen, herriko festak zirela eta.

«Andoaindarra naiz» zeraman izenez, eta bertan honelatsu zioen: «Ba da gure herrian jende apala, jende langilea, eguneroko burrukan isil isilik diharduena. Haien izenak ez dira inoiz kondaira liburuetan azalduko; baina, alafede! berauek eginen dute posible herriaren jarraitzea, herritarren nahi izatea. Bai, nola ahaztuko zaituztegu, Joxe Ramon, Juan Martin, Patxi, Iñaki eta beste?». Honaino haren hitzak.

Bai, nola ahaztuko dugu, arestian* aipatutako mutil hoietako bakar bat ere ez dela bizi gaur gure herrian?

Hauetariko inor ere ez herrian, zer dela eta? Andoaindar garenok, ez dakit inoiz para* garen, honen zergatikoa aztertzera. Denbora pasa arau,* gauzak, gertakariak, beste hoztasun batez ikusi ohi dira. Bestalde, bizitza etengabeko prozesoa da, dinamika da; eta eboluzio horrek zabaldu eta aberastu egiten du gure pentsaera, gure ikusmoldea.

Gaur neure kolkoari hau diotsat: Guk geuk bortxaz, indarrez jaurtiki ditugula herritik kanpora. Garai hartan —lehentxoago, Rikardoren hitzez baliaturik, langile zirela esan dugu—, lan-egile zirenez gero, pausoz pauso aurrerantz zihoazen. Honek planteamendu berri, estudio sakon, zenbait* gauzaren haustea eskatzen zuen: hots,* nor ginen, nor behar genuen eta behar dugun izan. Orduan, inolako azterketarik eta analisi zehatz-mehatzik egin gabe, geureak ez genituen interes batzuen izenean, berauen defendatzaile agertu ginen, gureak ez izan arren.

Gaur errudun naizela senti arazten daut jarrera hark, hobendun* naizela eta ene moduz beste zenbait; baina hau ez dadila ene buruaren xuritze soila izan.

Orain gertakari berdina bizitzea gertatu zaiku. Protagonistak aldatu egin dira. Orain beste batzuk ditugu. Miren Maria Jexux, Marikarmen, Xabier, Martin, Jexux, Joxemari, hauen izenak. Funtsean izen kontuak axola guttiena du. Garrantzia beste honetan datza:* hauek ere, besteek bezalaxe, bizitzak bortxaturik lan egin nahi dutela. Hauek ere ba doaz herritik, bertako batzuen gustuko ez direlako, zenbaiten interes ustelentzat oztopo direlako.

Irakurle, Andoaingoa izan nahiz ez izan, egizu eginahala, gure herriko ikastolan gertatuaren berri jakiten. Nola nahi ere, uste dut, gertatua ikastolaren prozesoaren beraren sintoma dela. Urte batzuen esperientzia eta esperientzia horren ondorioa.

Ez dadila, berriro ere, kulpabilitate horren pean erortzea* gerta, atzoko, gaurko eta etzidamukoaren gatik.

MERTXE GARIN

daut, daust, dit

diotsat, dinotsat, esaten diot

zaiku, jaku, zaigu

zaituztegu, zaituegu

zeraman, eroian

zihoazen, joiazen, zoatzin

zioen, inoan, esaten zuen


Gurutzegrama (10)


Osaba Martinen kontuak

Aralarko herensugea

 — Osaba, osaba! —sartu da Eneko deika liburutegian.

— Zer jazotzen* jatzu, mutil?

— Ba dakizu? Bihar aitak Nafarroara eroango* gaitu guztiok, eguna pasatzera. Aralarrera. Oso leku polita ei* da.

— Bai, zoragarri benetan. Gainera, bertan dago jaun Done Mikelen eliza, herensugea erori* zaneko zuloa eta apurtu ziren kateak barruan daukazala.

— Zer da herensuge eta kateen kontu hori, osaba?

— Hori ere ez dakizu? Ai ene!

— Zelan* gura dozu jakin daidan, inork kontatu ez badaust inoiz? Zuk ere baten batek kontaturik edo nonbait irakurrita jakingo dozu, ez da?

— Bai, Eneko, arrazoia dozu; eta ba noa, bada, kontatzera. Aintzina, Nafarroa erreinu eder bat zanean, Iruinean Teodosio Goñi izeneko zaldun noble bat bizi zan. Jaun hau, gurutzadetako gerretan luzaro egon ondoren Jerusalem aldean, bere etxera bihurtu zan gau batean, eta, bere gelan pertsona bi bere ohean ikusitakoan, gaizki pentsaturik, bere ezpataz hil egin zituan. Hareen oihuetara, beste gela batetik bere andrea etorri jakon, hilak haren gurasoak zirela esanez, bera gerrara joan zanetik gela haretan lo egiten ebenak.

Teodosio Goñi zalduna, ikaraz, egin eban bekatu izugarriaz konturaturik, apaiz batengana joan zan aitortzera berehalaxe. Apaizak esan eutson, hain bekatu haundi haundiaren barkamena* lortzeko, Aralar mendira joan behar ebala bizitzera, zakuz jantzita, oinetan burdinazko zapatak eta kate gogorrak jarririk; eta kateak, mendian ibiltzeaz, apurtuko jakozanean, orduan lortuko ebala Jainkoagandiko barkamena.

Bere bekatuaz guztiz damuturik, honelaxe egin eban Teodosiok, eta Aralar mendira joan zan bizitzera, basoan bakar bakarrik egonez, ezkurrak eta mazuztak jaten zituala. Egun batean, ermitau bat ikusi ei eban mendian, eta beronek esan eutson, burdinazko zapata hareek ardien gorotzez igorzten bazituan, arinago ustelduko jakozala kateak eta bere bekatua lasterrago barkatua izango. Esan eta egin. Baina, kateak barik,* zapaten zoruak* usteldu jakozan; eta orduan konturatu zan, ermitau ha deabrua izan zala, fraile jantziaz agertu jakona. Harez gero, zapatarik gabe, nekezago eta guttiago ibili eitekeen Teodosio Goñi Aralar menditik, eta ia ia pentsatzen hasi zan, ez zituala sekula kateak apurtuko.

Egun batean, gaur jaun Done Mikelen eliza dagoen lekuan, zulo haundi baten ondoan, neskatila gazte bat ikusi eban. Zertan egoen itaundu* eutsonean, neskatilak azaldu eutson, zulo haretan herensuge bat bizi zala, dragoi bat, eta kalte itzelak* egiten eutsezala inguruko baserritarrei, ardiak, behiak, uztak,* lurrak eta etxeak irentsiz eta apurtuz. Herensugearen hasarreak biguntzeko, herritarrek egunero haren zulo ondora lagun bat bidaltzea erabaki eben, berau zozketan aukeratua, ha jan eta besteak bakean utzi eizan. Eta egun haretan neskatxa gaixo hari jazo* jakon hara joan beharra.

Teodosiok, zaldun noble bat izanik, neskatilari handik herrira joateko agindu eutson eta haren lekuan bera gelditu zan. Handik laster, herensuge beldurgarria irten* zan zulotik eta Teodosioren oinetako kateak jaten hasi. Baina orduan beronek Mikel arkanjeluari laguntasuna eskatu eutson, eta aingerua zaldi zuri baten gainean agertu zan, bere ezpataz piztiaren burua moztu eban eta kolpeaz beraz Teodosioren kateak ere hautsita gelditu ziren. Herensugea amildu* zaneko zuloa eta Teodosio Goñiren kateak oraindik ere ikusi daitekez, orduan egiten hasi zan eta oraino Aralarren dagoen elizaren barruan.

— Hori bai izan dala istorio polita, osaba. Neuk ere ikusi egin behar ditut guztiok, eskolako beste umeei kontatzeko besterik ez bada ere, bai horixe!

TRAUKO

daidan, dezadan

daitekez, daitezke

daust, daut, dit

eban, zuen

eben, zuten

eitekeen, zitekeen

eizan, zitzan

eutsezan, zizkien, ziozkaten

eutson, zion

jakon, zitzaion

jakozan, zitzaizkion

jatzu, zaitzu, zaizu


Euskaldunaren hazia [Olerkia]

Istiletan* gelditutako ura

sarri usteltzen da.

Gizonaren haziak

hamar mila urte

behar du

lur-pean,

har-zuloetan,

kobetan...

Gero.

lur-gainera jalgirik,*

beste bir-milatan

dirau

kutsaturik...

eritasunean...

Hala gertatu da

euskaldunaren hazi

ahularekin,*

Basondotik*

Lumora*...

Arestiarron leinuan

hainbeste biktima inozent

bereganatu

duena:

Ene amona gaizkoatuak,*

izeba liluratuak,*

haurride ezinduak,*

alaba urrikariak...

Oro* da kemena, bizitasun

bortitza;*

eta besterik gabe

barrenetik jotzen gaitu

mailuak...

Ehuneko honenbeste ikaragarri

honek

ikaratzen nauenaren

ikararen

ikara!

Kromosoma eriak,*

jene kiratsak,*

hazi ustela,

odol kutsatua!

Maradikatua izan bedi

unibertsal-negatibotasun

hau,

eta hura sublimatu nahi

duten

ero

etoiak!*

Gabriel ARESTI


Heziketaren oinharriak

Gizonak, gizonago izateko, beti heziketan* ihardun behar du, beti ibilian dabilan ibiltariaren antzera. Heziketa hori leku askotatik etor dakioke: familiatik, bizi den girotik, telebistatik, erlijiotik, bizi den mundu horrek dituen hainbat ikuspegi diferentetatik.

Baina heziketa eratuari gagozkiola, zerbait esan nahi genuke, eskoletan, Unibertsitateetan eta beste erakundeetan* ematen denari buruz. Heziketa instituzionatu honek, beste edozerk bezala, bere oinharriak ditu, aldatu ezinezkoak.

Gizonaren heziketak, tokian tokiko izanik, ba ditu leku eta herri bakoitzean bere bereizketak. Baina zeintzuk dira, edozein lekutan izanik ere, heziketan bazter ezin daitezkeen puntuak eta oinharriak? Ez bakarrik lekuz, ez eta denboraz ere urterik urte alda ezin daitezkeenak?

Hona hemen: Batasuna, unibertsal izatea, mailakatua izatea, ikaslea ezagutzea, ikaslea errespetatzea, eta apurka apurka ikasleari karguen ardura har eraztea.

1. Batasuna. Ez da gauza txarragorik, heziketan diharduen batentzat, irakasleen artean burrukak eta eritzi desberdinak ikustea baino. Hemen oinharritzen da, familiak ikastolarekin duen inportantzia.

 2. Unibertsala. Edozein denbora eta lekutako gizonez ari garenez gero, argi ikusten da, irakaskintzak unibertsala izan behar duela. Esan nahi dugu, gizonaren helburuarekin batean ez badoa, txarra dela.

3. Mailakatua. Irakasten diren gai diferenteek, denek dute beren inportantzia; baina beti denek elkarri lotuak joan behar dute, bakoitzari dagokion inportantzia eta printzipaltasuna emanez.

4. Ikaslea ezagutu beharra. Gauza bat ikasteko, gauza asko dira beharrezko; baina denetan printzipalena, ikaslearen borondatea, ikasi nahi izatea. Eta haren borondatearen berri jakiteko, hor ikusten dugu haur psikologiaren premia.

5. Ikaslea errespetatu beharra. Umearen psikologia ez dugu ikasi behar, haurra errazago maneiatzeko eta engainuz geuk nahi dugun bideetatik eramateko. Zeren haurrari, haurra izan arren, errespetua zor baitiogu, pertsona bat delako. Eta guk kristauok areago,* Jainkoaren irudira egina izanik, Jaunaren egoitza delako.

6. Ikaslearen nortasuna. Haurra gizongai bat duzu, gizartera datorkiguna, eta gizon izateko heziketa behar duena. Beraz, ez da zaila ikustea, haurra ez dugula beti berdin tratatu behar, baizik eta bere urteen arauera* bere kabuz* ibiltzera utzi behar dugula.

Dudan naiz, leku guztietan irakaskintzak puntu hauk* betetzen dituenentz. Geure Euskal Herriari begiratuz, zer esan genezake?

ERRAMUN GERRIKAGOITIA


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUA

Ale honetan izartxo batekin agertzen diren berbak

AGIAN, nonbait, aurki, eiki, hurrean, beharbada.

AHANTZ, ahantzi, ahanztu, ahaztu (sujuntiboetan).

AHUL, makal.

AIPATU, aipatutako, aipaturiko, aipaturikako.

AITZITIK, al contrario.

ALA, o qué?

ALDARRIKATU, oihukatu, vocear, publicar.

ALEGIA, Gipuzkoako Alegría de Oria.

ALEGIA, a saber, es decir, esto es.

AMILDU, precipitarse.

ANTZOKI, teatro.

ARAKATU, aztertu, ikertu.

ARAU, ala, según, conforme, a medida que. (Euskara batuan, ene ustez, Iparraldekoek egiten duten bezala, beti erabili behar genuke arau eta ez ala).

ARAUERA, según, conforme.

ARDURATSU, axolatsu.

AREAGO, oraindik gehiago.

ARESTIAN, oraintsu.

ARITU, ari izan, ihardun.

ARRAKASTA, éxito, succès.

ARRASATE, Gipuzkoako Mondragoe.

ARRUNT, común, ordinario, corriente.

ASKI, nahiko.

AT, kanpo, landa, lekora, fuera.

ATSOTITZ, proverbio.

AUSART, valiente, intrépido, osado.

AZOKA, feria.

BAHITEGI, gartzela.

BARIK, gabe: en vez de, au lieu de.

BASONDO, Santimaminako kobak dauden tokia.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEHINOLA, en otro tiempo, autrefois.

BEREBIZIKO, apropiado, pintiparado, apropósito.

BEREZIKI, batez ere, batik bat.

BEZAINBAT, beste, haina.

BIDENABAR, bide batez.

BILAKATU, bihurtu.

BILDUMA, colección.

BIPIL, vivo, valiente, resuelto.

BORDELE, Burdeos.

BORTITZ, vigoroso, fuerte.

BULEGO, oficina, bureau.

DASTATU, saborear, degustar.

DATZA, yace, consiste, está. (Etzan aditzaren forma).

DEUS, ezer.

DIREA, dira + a. (Azken letra, galdeetan ezartzen zaio aditzari).

DOHAN, gratis.

EGUN, gaur.

EHIZA, caza, chasse.

EI, omen.

EKAIN, junio.

ENTSEIATU, saiatu, bermatu.

ERAILKETA, asesinato.

ERAITSI, hacer bajar, faire descendre. (JAITSI, bajar, descendre).

ERAKUNDE, organismo, institución.

ERDITZE, parto, enfantement.

ERI, gaixo.

ERITASUN, gaixotasun.

EROAN, eraman.

ERORI, jausi.

EROSO, cómodo.

ERRALDOI, gigante, géant.

ETOI, felon.

ETSAI, arerio, enemigo, adversario.

ETSITU, desesperarse.

EUSKALTZAIN, académico del euskera.

EZINDU, imposibilitado.

FUNTS, sustancia, meollo.

GAIZKOATU, desfallecido.

GERATU, gelditu.

GEREZI, keriza.

GOGOETA, reflexión.

GURA, nahi, gogo.

GURARI, nahikari, desira.

GUTUN, eskutitz, carta, lettre.

HA, hura.

HAIK, hareek. (Haiek aktibo, haik pasibo).

HALABER, igualmente, así mismo.

HARO, época, período.

HATZEMAN, detener, arrestar.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAUTAPEN, opción.

HAXE, huraxe.

HEDATU, zabaldu.

HERRIALDE, región.

HERTSI, hestu, estricto.

HEZIKETA, educación.

HIRIGINTZ, hirigintza, ordenación urbana (hitz elkarteetan).

HITXI, hetsi, hertsi, cerrar, fermer.

HOBENDUN, errudun.

HOIK, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HUNKIGARRI, emocionante, conmovedor.

HURA, ha.

HURBIL, hur.

IAIO, bikain, excelente.

IGORRI, bidali.

IHARDESPEN, erantzun.

IJITO, buhame, gitano.

IKERKETA, investigación.

INKESTA, encuesta.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAIL, septiembre.

IRITXI, heldu.

IRTEN, urten, atera, jalgi.

IRTENBIDE, urtenbide, jalgibide.

ISTIL, fango, cieno.

ISTRIPU, accidente.

ITAUNDU, galdetu.

ITAUNKETA, interrogatorio.

ITXARON, igurikatu.

ITZARRI, esnatu, despertarse, s'éveiller. (IRATZARRI, esnarazi, despertar, éveiller).

ITZEL, gaitz, eskerga, enorme.

IZKUTU, oculto, caché.

JALGI, irten, urten, atera.

JARRERA, postura, actitud.

JASO, altxatu, hartu.

JAURERRI, señorío.

JAZO, gertatu.

KABU, buru, iniciativa.

KALAGURRI, Errioxako Calahorra.

KAZETA, agerkari, periódico.

KIRATS, fétido.

KUPIDA, urriki, erruki.

LAUDIO, Arabako Llodio.

LEGEZ, lez, bezala.

LEKUKO, testigu.

LEMA, timón.

LILURATU, arrebatado.

LOTKIA, asidero, agarradero, anse, manche.

LUMO, Luno, Gernikako hauzoa. Bertan aurkitzen da euskaldunon arbola famatua.

LUPERIA, corrimiento de tierras.

MEHAR, medar, hestu.

MENDE, siglo.

MOKO, pico, bec.

NEHOR, inor.

OIHAN, baso.

OIHARTZUN, eco.

OINESTRUKTURA, infraestructura.

OMEN, ei.

OREN, ordu.

ORMA, paret. (HORMA, hielo, glace).

ORO, guzti.

ORREAGA, Roncesvalles.

ORTUTSIK, ortosik, oinhutsik.

OTSO, lobo, loup.

PARA, ikus Larresororen «Sustrai Bila», 100.

PARADA, aukera, era, ereti, abagadune, ocasión.

PENTZU, cuidado, patrocinio, confianza.

SINATU, izenpetu, firmar, signer.

SOILKI, meramente, simplemente, solamente.

SORO, solo.

SUNTSITU, hondatu, destruir.

SUZTAGARRI, aliciente, estímulo.

TAMALGARRI, lastimagarri.

TXUNDITU, harritu.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

URRATS, pauso.

UZTA, mies, cosecha, moisson, récolte.

XEDE, asmo, helburu.

ZELAN, zela, nola.

ZENBAIT, batzuk.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZORU, zola, suela, semelle.

ZUR, egur.


Heziketa askatzailea

Kontzientzia postprimarioa

«Heziketa ausart* bat behar zen —dio Freirek—. Transformazio faseari zegokion heziketa.* Herria gogoeta* bidean sar araz, denbora nola bete behar duen irakats, arduradun izaten lagun-Bai eta ere, berarengan dituen ahalmenez ohartaraz, egiazko hautapenak* egitera eraman».

Eta jarraitzen da, esanez: «Heziketa honek, brasildar herriaren kontzientzi maila diferenteak kontuan izan behar zituen».

Aurreko artikuluan, kontzientzia primarioaz aritu* nintzen. Postprimarioaren deskribatzea egingo dut oraingo honetan.

Eta hasteko, aipa dezadan primariotik bereizten duen zenbait* diferentzia. Bigarren etapa honetan, zibilizazioa eta teknika sartu dira. Halabeharrean edo destinoan, indar izkutuetan* eta holakoetan ez du sinesten jendeak.

Primarioan gizona ilunpe girotan bizi zen, «gauezko esistentziaz». Teknikaren eta zientziaren bidez, inguru mundua azterkatzeko ahala pizkortzen zaio. Ez du magiazko irtenbiderik* bilatzen. Interesen eta kezken mundua zabalagotu egiten zaio. Itzarriz* doalako seinale da.

Baina, itzarri ondoren ere, lehen urratsak* primario haroko* ezagugarriz bete samarrak doaz. Zeintzuk dira ezagugarri hoik?*

a) Mundutik kanpoko eta halabeharrezko indarrik ez da onhartzen; baina goitik beherako beste indar batzuk agertzen dira: buruzagia, propaganda, sloganak, herriak parte hartu gabe. Elitekeria sortzen da. Eta jendeak uste du, soluzioek goitik behera eta bakar batzuengandik etorri behar dutela.

Herriko jende xehea, langile soila, esku lanez bizi dena, oinharriko mugimendua ez dira baloratzen.

Hots,* indar misteriotsuen desmitifikazioa ez da azkeneraino eraman. Indarren mito zerutarrak, zaharrak eta sakratuak desegin dira, baina mito profano eta berriak sortu ere bai. Historiaren lema* goimailako jende pribilejiatu baten eskutan uzten da.

b) Hitz magiko berriak sortzen dira: herria, askatasuna, bakea, demokrazia, ordena. Zergatik dira magikoak hitz hoik? Analizatzen ez direlako, arrazoinaren kontrolpean jartzen ez direlako, sentimendu itsu eta irrazional bihurtzen direlako.

Hitz magikook, beraz, herriaren ahalmen kritikoa lehortuz, arrazoinaren lekua hartzen dute, eta konbentzio sozial irrazional bihurtzen dira. Eta behin sartu eta indartu diren hitz magikoei kritika egitea, gero eta zailago da. Berehalaxe hartzen dute ebidentziaren itxura guztia. Jendea ebidentziaren segurtasunez bizi da, baina segurantza hoien oinharria ez da arrazoinketa.

Horrela sortzen da «hitzen tirania» delakoa —magia, tirania baita—. Gizonek agindu beharrean, hitzek agintzen dute. Orduan, hitz magiko tirano hoik* ez dira elkar hizketa lotzeko erabiltzen, batek besteri harrika egiteko baino.

Hitzak analizatu, tripak atera eta barnean duten funtsa* ikusi beharrean, oso osoan hartu eta besteren kontra jaurtikitzeko erabili ohi dira gehienbat. Eta tripak hitzei atera ordez (horrela desmagiatuz), batek besteri ateratzen dizkio.

c) Arrazoina baino sentimendua indartsuagoa da. Arrazoinketa ahulez* eta afektibitate haundiz ari da jendea. Ideiek baino gehiago sentimenduek, beldurrek, eskarmentuek, grinek, minek, maitasun eta gorrotoek gidatzen dute herria. Hitz batez; zentzu postprimarioa duen herriak, su haundia du, baina argi xipia.

d) Polemika gehiago erabiltzen da elkar hizketa baino, orain arte esan dugunagatik, hain zuzen ere. Hitz magiko tiranoez eta sentimendu itsuez ezin daiteke jos elkar hizketarik.

e) Kontzientzia postprimarioaren beste ezagugarri bat: pentsakera alternatibista. Pentsakera alternatibistak honela dio lehen lehenetik: Bai ala ez. Hots, baietz biribila ala ezetz biribila, hasiera hasieratik, zer baieztatzen den eta zer ezeztatzen den jakin gabe.

Pentsakera kritikoak ez du esango bai ala ez, baizik eta nola bai eta nola ez, nolakoa bai eta nolakoa ez. Nolako kristautasuna bai eta nolakoa ez, nolako marxismoa bai eta nolakoa ez, nolako Euskal Herria bai eta nolakoa ez, eta abar. Hots, lehenik azterka. Gero, azkenean, afirma nahiz uka. Mentalitate alternatibistak, berriz, afirmatu eta ukatu egiten du soilik, zer afirmatzen duen eta zer ukatzen, zehazki ez dakielarik ere.

f) Kontzientzia postprimarioak pentsatu baino sinetsi gehiago egiten du. Munduko gorabeherak pentsagarri baino sinesgarri gehiago ditu. Omen* edo ei* asko erabiltzen da hizketan: «Hau omen da, bestea omen da». Kredozalea da jendea.

 Esaten denagatik judikatzen da pertsona, eta ez ezagutzen denagatik. Situazioak, analizatu baino sinetsi gehiago egiten dira.

g) Pertsonez mitoak egiten dira. Hondarrezko gazteluak, oinharririk gabeko pertsonaiak sortzen dira. Mugimendu pendularrak ematen dira. Memento batean, zirkunstantzia batzurengatik, munduko onena izango zara. Beste memento batean, beste zirkunstantzia batzurengatik, munduko xarrena. Aingeru izatetik deabru izatera distantzia laburra dago.

Erdiak kandelekin eta beste erdiak makilekin dabiltza pertsonaiaren atzetik. Ez batzuk ez besteak arrazoinarekin eta elkar hizketarekin. Batzuek adora eta besteek pertsegi, baina inork ez ezagun.

Guzti honen ondorenez, masifikazioa, fanatismoa, sektakeria, asistentzialismoa eta aitakeria ematen da ugari.

Aski* da honetaz. Aplikaziotarako tokirik ez zaiku gelditu. Hurrengoan ikusiko dugu, Euskal Herria noraino dagoen amildurik* kontzientzia postprimario honetan.

EUSEBIO OSA

dezadan, daidan

dizkio, dautsoz

zaiku, jaku, zaigu

zaio, jako