ANAITASUNA

236. zenb.

1972.eko Ekainaren 15ekoa

Encarnación, 19. (Artetxu) - BILBAO-6

Teléfono 33 19 97 - Apartado 495


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari: Anjel Zelaieta.

Zuzentzaile: Imanol Berriatua.

Idazkola eta banakolaren buru: Josu Torre.

Bulegoak: Encarnación 19, Bilbao-6.

Inprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35, Bilbao-9.

Irarle: RALI, Particular de Costa 12-14, Bilbao-10.

XX. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Mattin Treku. Kanta dezagun bertsua

«Ahal dena», edo Mattin bertsolariaren bertsoak

Mattin Treku bertsolaria Lapurdiko Ahetze herrian eta Harrieta baserriari sortu zan mundura 1916.eko urriaren 11n. Mari Olondegirekin seme bakar bat izan dau: Jean Pierre.

Liburu honetan, Mattinek paperetan emandako bertsoak eta jendearen aurrean kantatuak datoz. Bera baserritarra da: laborantzan lan egiten dau. Lapurdiko laborariek, zoritxarrez, ez dabe etorkizun handirik, eta irabazpen nahiko laburrak izaten ditue. Gazterik gehienek, guztiek ez esatearren, baserritik ihes egiten dabe.

Mattinek, dana dala, ironiazko begiradaz ikusten dau egoera hori, eta giza izaera osoa ere berdin. Egia esan, egoera hori ez dau, zuzenkiro behintzat, aipatu ere egiten, eta bertso guztiak aire pozkor batez kantatzen ditu. Baionako HERRIA astekariak (1963.eko martxoaren 21ean) hauxe inoan bertsolari honi buruz: «Urrundik so-egin eta, gizon ttipitto lodi bat duzu ikusiko. Bainan hurbiltzearekin, haren begiak dira bakarrik ageri: begi batzu dena malezia, halako irri maltzur batekin. Haren begiek ere ikusi zaituzte: ohartu dira berehala nun dukezun lotkia,* pertsu baten botatzeko».

Argitarazlea, Auspoa. Prezioa, 50 pezeta.

DONAGARAI


Herriz herri

Durango

Jaiak

Apirilaren 14ean, Durango aldeko Umeen Eguna geroago ospatzeko gelditu jakun, euriaren erruz. Herri batzuetakoak txalupetan edo potinetan* edo batek ba daki zelan etorri ziren; baina alferrik, beste egun baterako utzi da eta.

Behin edo behin Durangon San Antonioetan danok egonak izan zaree nonbait; baina beharbada ez dakizue oraindik, Santuaren egun hau lapurtua izan dala. Santu honek Urkiolan dauka bere eliza, Abadianoko lurraldeetan; baina Durangarrak beti izan gara jai zaleak, eta hau ere geureganatu egin dogu.

Dinoenez, ezkongaientzako aparteko zerbait dauka santu honek; baina ez dakit ba, fede gutxiegiz eskatu ohi dogulako edo, aurten ere Urkiolan ekainaren* 13ean betikook elkar ikusiko dogula uste dot.

Ekainaren azken hamabostaldian, gure eskualdean* ba dago, jaiak non aukeratu. 24ean San Joan, Garain, Berrizko Murgoition eta Elorrioko Aldape hauzunean.

Etxeak

Asko izaten dira, behin zahartzaroa helduz gero, eurentzako irekita dagozen etxeetara joan behar izaten dabenak, etxean nahi ez eta. Durangon ba daukagu horreetariko etxe bat. Abadianon egoena hitxi egin eben, eta beste herri batean ere berdin.

Aspaldidanik egoen asmoa, Mankomunidadearen barrutian eskualde* guztirako etxe on bat jasotzeko; eta, egunotan jakin dogunez, asmoa aurrera doa. Etxe hau Durangoko San Roke hauzunean jasoko ei da. Lehenengotan ba zirudian, Goiuri aldean jasoko zala, eguzkibegian; baina, antza,* asmoak aldatu egin dira.

Egiptoko piramideak urte askoren buruan jaso ziren; baina nik ba dakit, antzera xamar ibiliko dan etxe baten berri. Durangoko Gizarte Etxea, jakin leiteke norena dan? Lehen uste genduan, herriarena zala; baina, antza, Elizak, Estaduak eta besteren batzuek ere ba dauke zeredozer esatekorik. Dana dala, premiazkoena da, dagoen geldiunetik irten dadila. Jubilatuentzako egonlekua ere egiten hasi ziren; baina hori ere geldi dago. Bitartean, etxetik irten nahi dauana, Elizpeko eta Ezkurdiko haize freskoa hartzera doa. Osasunerako hobe.

Ezkurdi enparantza

Urte bete izango da, Durangoko Ezkurdi enparantza* berriztatu ebela. Bizkaiko politenetarikoa geratu dan arren, oraindik politago egiteko asmo guztiak ez dira bete. Egunotan, Txillida artistaren lan bat bertan jartzeko erabakiari, Udaleko* ordezkariek, batek izan ezik, baietza eman dautsoe, eta milioi bat eta ehun mila pezetako presupostua onhartu ere bai.

Txillida ezagutzen ez dozuenok —geure herritarrokin hain buru gogorrak gara eta— jakin eizue, gaur egun munduan dagozen artisteratik famatuenetariko bat dala, bere lanak burdinan batez ere baina harrian ere egiten dituala, eta munduan zehar zabaldurik dagozela.

Umeen eguna

Ekainaren* 29an, Durangoko «Txoritxu Alai»koek antolatuta, Umeen enuna ospatuko da. Aurten, jai hau Euskal Kultur Astearen bukaeran izango da.

Aste horretan, Ondarroatarrek «Mariñela» antzerkia jokatuko dabe. Eskualdeari* buruzko hitzaldiak egongo dira. Euskal doinu-tresnak entzun, ikusi eta ikasteko aukera izango dozue. San Pedro bezperan, umeen tanborrada izango da; eta, lehen esan dogun bezala, 29an Umeen Jaia. Euskal Herri guztiko dantza taldeak jendearen pozgarri izango dira.

Dantzariak

Iorreta eta Berrizko dantzariak igande atsedentsuak hartzera behartuak izan dira. Sestaon eta Bilboko Zurbaran hauzunean dantzan egiteko baimenik ez eben lortu, nahiz eta beste talde batzuek dantzan egin.

Besteek zer dauke, ba, zuek ez daukazuena? Gehienok mutil helduak eta umoak zareenez gero, loditzera erraz emanak, beste bide batzuk jorratzen hasi beharko dozue, gimnasia, sauna, masaje eta antzekoak eginez, zuen gorputzek orain arteko liraintasuna gorde daien «Ia gureak egin du» kantatu barik, egin deportea, eta gainerakoa Urkiolako San Antoniori utzi, itxaropena baita azkenen galdu behar dogun gauza.

Mendizaleak

Ekainaren 25ean, Durangoko «Tabira Mendi» elkarteak antolaturik. ibilketa neurtu bat egingo da. Batzorde berria aukeratu zanez geroztik, elkarte honek hartutako abiada sinestu ezinezkoa da.

Euskal irakaskintza

Durangoko serora* komentu batean jazorikoa.* Ihaz, euskara hasi ziren irakasten, bigarren hizkuntza bezala.

Guraso batzuek horregatik zeredozer esan behar izan eben, baina indar handi barik. Ingelesezko irakasleak, berriz, ingelesa irakasteko eskaini zan; eta euskara ematen ebilanak —ez dakigu zergatik eta nola— euskara emateari utzi egin eutson, eta orain ingelesa irakasten ari dira.

JOAN

Iurreta

Jaiak

Maiatzaren 3 eta 7an izan dira Goiuri hauzunean Santikurutz jaiak. Meza, dantzariak, bertsolariak, gizon probak eta abar.

Maiatzaren 14ean, toki berean, Gerediaga elkartearen babespean egiteko zen II. Gaztetxo Eguna, euritan ito zitzaikun. Hala ere, hainbat ume eta gaztetxo batu zen lurretako plazan, eta bertan iragan behar izan zuten nola edo hala eguna.

Alfabetatzea

Alfabetatzea hiru tokitan egiteko zen. Oromiñon, esan daukutenez, hiruzpalau bakarrik batu zirenez gero, hasi gabe geratu zen.

lurretan talde bitan ari dira. Hamarren bat gazte eta hogeitabost bat gaztetxo. Azken hauk gehiagotuz doaz.

Arriandin, seroren* etxean ari dira. Zortzi gaztek eman zituzten izenak, eta beste sei neska, seroretakoak, gehitu zaizkie. Hamabi edo dira han dihardutenak, ikasteko gogo handiz gainera.

Serora hauek ihaz ere utzi zeukuten tokia. Lehen pauso txalogarria, benetan. Urte barruko ikastaroan ere euskara sartuko balute, ez lukete txarto egingo.

Ikastola

«Parvulario Goyuria» delakoak baimen ofiziala lortu du. Baina oraino ez du irakaslerik datorren urterako.

Eskolak

Arriandin, Amezketan, orain berrogei urte inguru egin zituzten eskolak. Baina, dakigunez, oraino urik gabe daude.

Oromiñon, datorren urterako ez ei dago maistrarik.

Iurretan, amaitzera doan ikastaro honetan, leku faltaz, hainbat ume gelditu da kalean. Eskola berriak egitekotan dira, baina ez dira oraino hasi.

HIRU


Portugal aukera batean aurrean

Guztiok dakigu non dagoen Portugal; baina, nahiz eta Euskal Herritik urrun ez badago ere, euskaldun guti egon dira bertan, Beraz, bidezko da, beste ezer baino lehenago, lurralde horri buruz zertxobait esatea.

Kontrastedun lurraldea

1970.ean egindako zenbaketaren arauera,* hango bizilagunak 8.400.000 dira. Hiri handienak: Lisboa (milioi bat bizitzaile inguru) eta Oporto (350.000). Ez dago beste hiririk, ehun milatik gora duenik.

superpopulazio ikaragarri bat dago, eta behean hiri urritasun itzela.* Erdian mendiak bigundu egiten dira, eta Lisboak bereganatzen du nazioko populazioaren ehuneko hamabia, bere inguruan, Espainiako mugaraino, eremu huts bat duelarik.

Kontraste hau beste honetan ere nabari* da. Behin batean, Portugalen barna nindoalarik, Castelo Brancon merkatu eguna ikusi nuen. Portugal erdiko herririk handienetarikoa da berau, eta plaza zabal bat daduka, inguruko etxeak zuriz pintaturik dituena. Etxeen zuritasunak kontraste handia egiten zuen plaza barruko beltzarekin; eta kolore beltz hau jendearenetik zetorkion, pertsona guztiak beltzez jantzirik baitzeuden.

Castelo Brancotik Lisboara, 150 kilometrotan, ez dago herri handirik, Santarem izan ezik; baina hau ere ez da hiri mailara heltzen.

Afrika eta ekonomia

Portugalek Europako errenta per capita beherena daduka (600 dolar pertsonako), baina presupostu militarrik gorenetarikoa (Estaduaren presupostuaren % 42a). Nazioaren errenta osoaren % 7,5a, gastu militarretarako erabiltzen da.

Hain zuzen, hementxe datza* Portugaleko problemarik garratzena. Afrikako kolonietako guduak dirutza ikaragarria eramaten du, eta ez dago diru nahikorik nazioaren industrializaziorako. Eta honek beste ondorio bat dakar: Afrikan astero hamar portuges hiltzen dira beltz abertzaleekiko burrukan, eta metropoliko gazteak lau urteko zerbitzu militarra egin beharrean aurkitzen dira. Bizkitartean, milioi bat portuges Europara joan dira, peoin bezala lan egitera.

Beraz, argi dago, hamar urtetako gudua gehiegi dela Portugal bezalako nazio batentzat (Angola eta Mozambiquen 1961.etik eta Guinean 1963.etik hona).

«Situazioa» lehen bezala

1968. urtean Salazar hil zenean, Marcelo Caetanok hartu zuen agintea. Liberala omen* zen; eta oposiziokoek uste zuten, harekin «situazioak» (honela deitzen dute hango «errejimena») aldakuntza nabari bat ukanen* zuela. Baina ez da horrela gertatu, beharbada eskuindar porrokatuen eta militarren presioagatik, beharbada «situazioa» —salazarismoaren 40 urteko epearen ondotik— ohiturazko bihurtu delako; eta eskuindarrak beldurtiak dira berez, ezer berri garrantzitsurik aurrera eramateko.

Portugesek ahal haundia dute sakrifiziorako. Laket* zaie beren zortea,* edo behinik behin ondo jasaten* dakite. Ageriko adierazpen bezala ipin genitzake haien kantak, haien «saudade» delakoa.

Lisboako gobernuan teknokrata batzuk sartu dira. Polizia, itxuraz behintzat, bigundu egin da. Herbesteratu batzuk (hala nola Dom Gomes, Oportoko gotzain* famatua) berriro itzuli dira. Prentsa lege berri bat moldatuko ei* da. Baina kontrastedun nazio batetan gaude, eta gartzelan dauden politikalariak, 1970.etik hona, lehen baino bi aldiz gehiago dira.

Eboluzio politikoak hobekuntza ekonomikoa eskatzen du aurretik. Baina hau ezina da Portugalen, Afrikako guduak irauten duen bitartean. Hona hemen Portugalek bere aurrean dadukan gurutz bidea.

Nazioaren ohorea

Eskuindarrek ez dituzte Afrikako koloniak abandonatu nahi, Portugalen ohoreak han irautea eskatzen ei duelako. Baina zer da ohorea? Non arriskatzen da Portugalen ohorea? Beltz abertzaleekin burrukatzen den Afrikako oihanetan,* ala milioi bat portuges gizonkiago bizitzearren beharrean* ari diren Europako lantegietan?

XABIER DEUSTUA

daude, dagoz

gaude, gagoz

genitzake, geinkez

nindoan, ninoian, joaten nintzen

zaie, jake, zaiote

zeuden, egozen


Euskaldungoa

ANAITASUNAren multa dala eta

Aldizkari honi etorri jakon multari* erantzunez, legeak eskaintzen dauskun «recurso» dalakoa bidali dautsagu «Información y Turismo»ko ministro jaunari, 25.000 pezetaren depositua egin ondoren.

Kantarien jaialdia Bilboko Zurbaran hauzunean

Kantarien jaialdi bat ospatu zan Bilboko Zurbaran hauzunean, Torre Lledó irrati hizlariaren zuzendaritzapean. Bertan ihardun ebenak: «Egiak» eta «Niebla» taldeak, «Joseba eta Jaione» bikotea, eta «Oskorri» bilbotar kantari taldea.

Torre Lledó hizlariak, badaezpadako* txiste batzuk bota ondoren, eta «Los ojos de la española» izeneko kantua berak kantatu aurretik, zera esan eban, erdaraz kantatzea zuritu nahirik edo: «Nik ez dakit euskaraz, egunon edo holakoren bat izan ezik. Dana dala, gaztelania da munduan gehien berba egiten dan hizkuntza..., txinoa eta ingelesaren ondoren esan gura dot».

Gero, «Oskorri» taldekoek, euren ihardunaldiari hasiera eman aurretik, Torre Lledóri erantzuteko eta noraezean* joian jaialdiari gurpilada* jatorrago bat emateko, argi eta garbi esan eben:

«Gutariko batzuek ere lehen ez genkian euskaraz. Baina, ukondoak mahai gainean ezarri eta euskara ikasten ordu asko bota ondoren, lehenago egunon baino esaten ez genkianok, orain euskaraz berba egiten dogu. Ba dakigu, euskara ez dala munduko lehen hizkuntza; baina gurea da. Eta ba dakigu, dagoen baino egoera hobeagoan egon dadin, zer eragozpenak gainditu behar ditugun».

Torre Lledók, ondoren, «Oskorri» taldekoen kantatzeko manera berebizikoaz* eta jomuga taxutuaz* karguturik, berriro ekin eutson:

«Talde honek diskoetxe askoren eskaintza eduki dau, bere kantak grabatzeko; baina «arrazoi partikular» batzuengatik ez dau bat ere ontzat hartu».

Gero entzun genduanez, «Oskorri» taldea prest egon da orain arte ere, disko txikiak grabatzeko, 50 pezetatan merkatuan salgai jartzekotan. Baina ez da agertu, ekintza partikular hori aurrera eramateko etxerik.

Itziar kantaria zauriturik

Itziar kantariak eta haren ezkongai Pedrok izugarrizko auto istripu* bat izan eben, iragan* maiatzaren 21ean. Kotxea zeharo haustuta gelditu zan arren, barruko bi ibiltariek zauri txiki batzuk baino ez zituen hartu.

«Behin batean», Kintanaren liburu berria

«Behin batean» izenburuarekin argitara eman berri dau Xabier Kintana gazteak beste liburu bat, LUR etxearen bidez. Hurrengo ANAITASUNAn mintzatuko gara luzeago liburu honetaz.

Luzio Amuriza hil da

Luzio Amuriza, Xabier Amuriza idazle eta bertsolariaren aita, 64 urtetan euskal lurrak labratzen ihardun ondoren, minbiziaren* gaixoak jota hil izan da Bilbon, ekainaren* 2an. Haren seme Xabier, apaiza, 12 urtetarako giltzaperatzearekin zigorturik dagoena, Zamorako gartzelatik ekarri eben Bilboko hospitalera, aitaren gorpua* ikustera. Baina ez eban baimenik izan, Etxanoko herrian hari egin jakon azken elizkizuna eta agurra egitera joateko. Bere etxekoen gogoetan bizi bedi!

Lehen Saria. Joxe Azurmendiren "Hizkuntza, etnia eta marxismoa" liburuari

Maiatzean, Bergaran, herri honetako «Juventudes Parroquiales» delakoak antolaturik, Euskal Liburu eta Diskoen Feria egin zen; eta antolatzaileek, 1971. urtean euskaraz nahiz erdaraz argitaratu zen saiakerazko libururik hoberena sariztatzea erabaki zuten. Egileak, Euskal Herrian sortua edo bertan bizi dena izan behar zuen, eta liburuak 1971.ean lehen aldiz argitaratua.

Epai-mahaikoek, maioriaz, Joxe Azurmendiren Hizkuntza, etnia eta marxismoa izeneko liburuari eman zioten lehen saria.

Honetarako hautatu ziren liburuen artean, beste hauk ere zeuden: I. Sarasolaren Euskal Literaturaren Historia, G. Ansolaren Euskal Herriko Ekonomiaz (1955-1967), Gaur S.C.I.ren Euskara gaur, Gotzon M. Garateren Marxen marxismoa, zenbait egileren artean eginiko Kultura eta Fedea, Lasalletarren Euskal Kulturaren Historia, Joxe Lasaren Euskalerria eta ikastola, eta abar, euskarazkoetatik. Aportación a la Historia Social y Política de Vizcaya (s. XVI a XIX), A. Lafargarena; Inquisición, brujería, criptojudaísmo, J. Caro Barojarena; Estudios de Historia de Navarra, J. M. Lakarrarena; La intervención del clero vasco en las contiendas civiles (1820-1823), P. Montoyarena; Historiografía de Vizcaya desde Lope García de Salazar a Labayru, A. Mañarikuarena; Noticias y viejos textos de la «Lingua Navarrorum», A. Irigarayrena; La Encrucijada, M. Pelay Orozcorena, eta abar, erdarazkoen artetik.

Jaun hauek osatzen zuten epai-mahaia: J. Haritschelhar, X. Kintana, M. Lasa, L. Mitxelena, J. San Martin eta C. Santamariak.

Agerian dago, azken urte hauetan, gure herrian euskaraz egiten diren liburuek ez dietela erdarazkoei zorrik. Abantail* handia egin dute, bereziki saiakera gaietan.

Zorionak Joxe Azurmendi idazle trebe eta jakitunari.

 Hizkuntza, etnia eta marxismoa, Baionako «Euskal Elkargoa» delakoak argitaratua da. Jaso duen saria, zilarrezko plaka bat.

«Argia» dantza taldea Galdakanon

Donostiako «Argia» dantza taldeak ihardunaldi bat eskaini eban, maiatzaren 28an, «Firestone Hispania, S.A.» enpresak Galdakanon daukan hauzunean. Entzun dogunez, hasiera batean antolatzaileek Galdakanoko «Andra Mari» taldeari deitzeko asmoa eben; baina, jaiari inportantzia gehiago emateko edo, azkenean donostiar dantzari ospetsuak ikusteko abagadunea* prestatu euskuen.

Kantarien lehiaketa Nafarroako Sangotzan

Maiatzaren 28an ospatu izan da Sangotzan* Nafarroako zortzikote berrien lehen txapelketa, «Juventud de San Antonio» elkarteak eratua. Hainbeste kantari talde bildu ziren bertara, eta Etxarri-Aranaztarrak atera ziren txapeldun.

Aeroportu berria dala eta, etxeak lurrera

Bilboko aeroportu berria —hobeto esan, berriztatua— dala eta, Lojuko «Vera Cruz» ikastetxea (orain urte bi dala egina), «Colegio Italiano» dalakoa eta «Elotxelerri» izeneko etxeak lurrera bota beharko ditue.

Euskal ikastaroa Durango aldeko estudianteentzat

Durangoko jesuiten ikastetxean, Gerediaga elkarteak antolaturik, estudianteentzako ikastaro bat izango da.

Ikastaro hau uztailaren* 3an hasi eta hilabetearen azkenerarte izango da, astelehen, asteazken eta ostirale* guztietan, arratsaldeko 7 eta erdietatik 9 eta erdiak arte.

Aukera ona Durango aldeko estudianteentzat, hain beharrezko dituzten euskal gaiak (hizkuntza, literatura, historia, geografia eta abar) aztertzeko eta euskal kulturaren alde zerbait egiten hasteko.

Etorri gura dutenek, idatziz nahiz dei eginez, bidal dezakete beren izena bi zuzenbide hauetariko batera: «Asociación Guerediaga», Astola-Abadiano; Iñaki Bastida, Mallabia, teléfono central.

Debako gizarte eskolaren ekintza

Gizarte arazoak gai direla, hitzaldi eta klase batzuk izan dira herriko gazteen artean, urtero egiten den bezala. Aurten sindikalismoa, politika, Opus Dei eta kapitalismoa aztertu dituzte. Holako ekintzek asko pozten gaituzte, kezkatuen nortasuna gehitzeko biderik egokiena baitira. (Idiakez.)

Irune eta Andoni Argoitia neba-arreben disko berria

Orain arte Bilboko «Cinsa» etxean lau disko atera dituen bikote entzun honek, bostgarren bat atera dauku. Azken hau «Herri Gogoa» etxean. Lehengoak, gazteria osoak hainbat bider kantatuak izan dira. Ea oraingoek ere («Nekane», Gure gaztedia», «Arribedertxi, Mirentxu» eta «Amona eta aitona») beste horrenbeste lortzen duten. Eskatzerakoan: Iñaki Beobide, Ferrerías, 1. San Sebastián.

30.000 leku 70.000 ikaslerentzat

Datorren irailean,* ikastaro berriaren hasieran, 70.000 gaztek sartu nahi izango dabe Espainiako Unibertsitateetara, kalkulu ofizialek dinoskuenez. 70.000 horreetarik 60.000 inguru COU dalakoa egin dabenak izango dira, 5.000 PREUtik datozenak eta beste 5.000 inguru ikastaroa berriro egin behar dabenak. Baina, 30.000 ikasleku baino ez dagozenez gero, inork ez daki zer egingo daben, leku barik geratuko diren beste 40.000 gazteok.

Euskal historiazko liburu berria

«Un documento de la Inquisición sobre la brujería en Navarra» izenburuarekin, 195 orrialdeko liburu bat argitaratu dau F. Idoatek Nafarroako sorginei buruz. Konkretuki, 1610.eko hazilaren* 8an Logroñon egin zan «auto de fe» dalakoa aztertzen dau idazleak. Jakina dan bezala, epaiketa honen ondoren, Zugarramurdi inguruko 12 sorgin bizirik erre zituen. Lehenago J. Caro Barojak trataturiko gai hau, berriro estudiatzen dau Nafarroako artxiboaren zuzendari dan Idoate jaunak.

«Orfeón San Antón» disko berriak grabatzen

«Orfeón San Antón» deituriko bilbotar kantari taldeak euskarazko disko berri handi bi argitara emango ditu laster, «Columbia» etxearen bidez. Disko biok A. Arregiren zuzendaritzapean grabatuko dira, eta batak gabon kantak izango ditu eta besteak osterantzekoak.


Tolosako euskal hamabostaldia

Iragan* den Euskal Hamabostaldiak azterketa berezi bat merezi duelarik, atseginez ekiten natzaio lan honi.

Tratatu diren gaiak, hona hemen banakaturik:

«Euskal Liburu eta Diskoen Azoka». Interesgarria benetan, euskaraz bakarrik idatzitako liburuak azaldu zirelako, eta standetara jende franko hurbildu zelako. Gainera, liburu asko saldu zen.

Aipagarriak guztiz, Debako Arte Eskolako gazteak, beren pintur erakusketagatik. Ume koxkor ugari ikusi genuen, artista izateko bidean, bai eta... jantziak garbitzeko premian ere.

San Martin eta Mirande jaunen hitzaldiak galeraziak izan ziren. Hala ere, Lertxundi eta Intxausti jaunak poesiari buruz mintzatu ziren. Antton Valverde eta Zarauzko gaztetto batek (ez gara haren izenaz gogoratzen, baina laster oso ezaguna izanen dela uste dugu) bertsoak musikaturik kantatu zeuzkiguten, hala nola Lizardi, Orixe, Salbatore Mitxelena, Joxe Azurmendi, Lasa, Aresti, Lete eta beste zenbaitenak. Esan beharrik ez, guzti hoik* zertxobait ezagutzeko aukera izan genuela.

Debako Arte Eskolakoa den Larramendi jaunak mintzaldi sakon bat eman zeukun, artearen bide berrieri buruz batez ere, adierazpen artistikoaren eta gizarte arazoen arteko erlazioak aztertuz. Azkenean elkar hizketa, luze xamarra.

Baserriari buruz mintzatu zitzaikun Zabalegiko maisu den Andoni Lekuona. Oso baserritar gutti agertu zen, ordea, hitzaldia entzutera.

Aho zabalik egon ginen, berriz, Barandiaran jaunaren berbaldiaren entzuleok. Mutilak, hori bai dela, jakinduria latza erraztasun haundiz agertzea! Neure ezjakintasunean Barandiaran jaunaz mintzatzea ere lotsagabekeria iruditzen zait.

Bi kanta saio izan ziren, eta kantarien artean Xabier Lete, Lurdes Iriondo, Pantxoa eta Peio, eta Oskarbi eta Guk taldeak. Hegoaldekoak nahiko ezagunak genituen, baina ez hala iparraldekoak, eta hauekin tolosarrak guztiz harriturik geratu ziren.

Ezin hamabostaldi honetan bertsolaririk falta. Han izan ziren Lazkaotxiki, Garmendia, Gorrotxategi eta Lasarte. Joxe Mari Iriondok jarritako gaiei laster ematen zieten buelta!

 Pelotari eta Ama Lur pelikulak asko gustatu zitzaizkigun. Larruquet eta Bazterretxea jaunek beren zinema lanari bukaerarik ez diotela eman uste dugu, eta bide horretatik jarraitu behar dutela bai hoiek eta bai beste zenbait euskal artistak ere.

Euskal dantzen aldetik, Erketz taldeak oso saio jatorra eskaini zeukun. Gainera, maiatzaren 14ean Euskal Herri guztitik etorritako dantzariak bildu ziren gure herrian. Bazkari herrikoi batetan elkartu ginen 600 bat lagun. Ez dakigu oraindik, Veleta elkarteko gazteak nola arraio konpondu ziren, denoi jaten emateko. Jaiari hasiera emateko, herri meza, oso ederra, Joxe Ramon Garikanok eratua.

Zabalaren jauregian, euskal artisten erakusketa. Han ziren gure herriko artistarik hoberenak, banaka batzuk ezik. Jendea harriturik geratu zen, maila honetako lanak ez baitira sarritan elkarturik ikusten.

Honela joan da Tolosako I. Euskal Hamabostaldia. Beronek gauza asko irakatsi dauku. Guretzat datorik inportanteena, zera izan da: Ikusi egin dugula, herri honetan euskaraz eta euskara hutsean ere maila honetako gauzak antolatzeko modurik ba dagoela.

Ez dut, gainera, izan ditugun laguntzaileei eskerrik eman beharrik, bide honetako lanei ekitea guztiok egin beharrekoa baita.

Adibidez, Lizardi elkarteak bi sari antolatu ditu datorren urterako, ikastoletarako texto liburuei begira. Sari hoietarik lehena 40.000 pezetako izanen da, eta bigarrena 15.000koa.

IRAETA


Nori gabeko eskutitzak

Euskal Herritik, 1972.eko ekainaren* 12an. Neure jaun maitea:

Joan zatzaizkit lurretik, baina ez gogotik, ez eta bihotzetik ere. Honela hasi behar dizut gutun* hau, zeren* iruditzen baitzait oraino bizi zarela, begien aitzinean* zaitudala; eta halatan,* hala bazintut bezala, mintzatu nahi dautzut, azkenez eskutitza nora bidaliko dudan ez badakit ere. Zeure hilobiaren azpitik agian* entzuten nauzu; ni neu esperantza horretan ari* nauzu idazten behintzat.

Mende* luzeak pasatu dituzu harez gero Euskal Herrian; baina iraganaldetik zure boza, zure hitza, guregana heltzen duzu. Zu izan zara, eta izanen zara, euskaldunen ohorea, habea, jabea, sostengua eta kantabres fina, naturala eta egiazkoa. Zure boza gugan birpiztu egiten duzu, eta berarekin batera zeu ere birpizten zara gure artean. Arrazoia dikezu honetan ere aita Joxemielek,* euskaldunon artean senitartekotasuna, oraingo biziez gainera, lehengo hilez ere osatzen dela dioskunean. Baina senidetasun horren partaideak, zoritxarrez, ez dituzu agertzen —hil ondoren— berez irauteko gai, gelditzen diren bizien bitartez ez bada. Hilak biziok bizi erazten ditizugu, haik* gogoratzen eta kontuan hartzen ditugun artean. Horrela, joanak joan, hilen balentriak eta egitada haundiak ezereztu egiten ziaizkiguzu memoriatik pixkana pixkana. Predikaria presentekoei xoilki mintzo ziaiezu; eskribatzailea presentekoei eta etorkizunekoei. Idazlea hilik ere, eskribua bizi duzu.

Teoriaz horrela duzu, baina praktikan ez. Hil guztien eskribuak ez dituzu beti kontuan hartzen, hoberenenak baizik. Hainbat lerro diaudezu idatzirik, sekulan argia berriz ikusiko ez dutenak. Guti zarete, noski, menderen* mendetan behin eta berriz —klasiko izenaz— moldiztegira* eramanak izanen zaretenak. Ohore hori ez dizute askok lortuko. Zuk, aldiz, lortu egin zenuen; eta horregatik oraingo —eta segur aski* geroko— euskaldunek meritu hori aitortu behar dautzugu, eta horrexegatik ikastoletan eta Unibertsitateetan —noizbaitekoetan bederen*— eredu* gisa erakutsia izanen zara. Hizkuntza idatziaren oinharritzat ezarririk, hainbat eta hainbat haur eta gazte zure iturrietara joanen dituzu, bertan beren egarria zertaz ase edukiko baitute. Betiko ezaguna izanen zara; hilezina, hitz batez.

Zure mendeko eta geroagoko gehienek ez dikezute, ordea, grazia bera erdietsiko.* Haiek ere lan bat egin zizuten, bikaina agian; baina, erlijio gaiak erabili zituztelako, aspergarri zirelako, edo eta, erlijio gaiak izanaz gainera, berauk gogaikarriki moldatu zituztelako, ez dituzkezu euskaldunontzat literatura onaren ispilu ez eredu inoiz izanen. Euskal Literaturaren Historietan fosilduta agertuko dituzu, inor inoiz berriro irakurtzera saiatu gabe. Idazleak izan zituzun; baina haien esana, iraun arren, hila eta eragin gabea izanen duzu. Zurea, aldiz, gugan betiko biziko duzu.

Horregatik, zor zaitzun eta zor dautzugun ohore, meritu eta maila —herri gaixoaren kaltetan, kategoria hitza aipatzea bekatu larria bihurtu baitzaiku— zenbaitek* haintzat hartu nahi ez dautzutelako, neronek protesta egiten dizut eta neure boza* ematen dautzut, arrazoia eta justizia egunen batez —bai gurean ere— nagusituko direlakoan.

Ba diakizut, hemendik aurrera —eta guztion zoritxarrerako, noski— tour de force moduko bat sortuko dela, jadanik* sortua ez bada. Sokatira gisako indarketa honetan, hala ere, segur niagozu, zu eta zure mailako beste klasikoak gurekin egonen zaretela; bai halaber,* azken batean, lehenago edo geroago, balantzaren noranzkoa zuengana makurtuko dela erremedio gabeki; eta hori horrela izanen dukezu, konpainia on batean zeudenek bestela baderitzote ere.

Eskerrak, zure hitzekin, honetaz eman eta ematen daukuzun, daukuzuen, adoreagatik.* Zuen alde nagoela argi eta garbi esan nahi dizut guztien artean, eta zuri —zuei hobe— neure agurrik beroena bidaltzen dautzut. Har ezazu, bada, goraintzi, bake eta osagarri zeure zerbitzaririk ttipiena eta obligatuena nauzun

XABIERRENGANDIK

Zuketazko aditz formak

diakizut, dakit

diaudezu, daude, dagoz

dikezu, duke (du nonbait)

dikezute, dukete (dute nonbait)

ditizugu, ditugu

dituzkezu, dirateke (dira nonbait)

dituzu, dira

dizut, dut

dizute, dute

dukezu, dateke (da nonbait)

duzu, da

niagozu, nago

nauzu, naiz

ziaiezu, zaie, jake, zaiote

ziaizkiguzu, zaizkigu, jakuz

zituzun, ziren

zizuten, zuten, eben

Osterantzeko aditz formak

daukuzu, dauskuzu, diguzu

daukuzue, dauskuzue, diguzue

dautzugu, dautzugu, dizugu

dautzut, dautzut, dizut

ezazu, eizu

nauzu, nozu

zaiku, jaku, zaigu

zait, jat

zaitzu, jatzu, zaizu

zatzaizkit, zatxataz


Fedea gaur

Kristauak sozialismo bidean

Denborarekin Elizaren aurpegia guztiz aldatuko duen mugimendu bat sortzen ari da bazterretan: kristau sozialisten mugimendua. Kristau sozialisten posibilitatea bera ukatzen zen orain arte. Hoien esistentzia zabalduz doa gaur.

Kontuz, ez kristau sozialismorik gero! Mugimendu eta partidu konfesionalen ordua pasatuxe* dago. Sozialismo soilaren ondoan kristau sozialismoren bat sortzeko asmorik ez da ageri. Sozialismoak ez du ur bedeinkatu beharrik!

Hauxe da bakarrik (baina asko da): sozialismo bidean, beste askorekin batera, konprometatu* diren kristauen jaiotza eta elkartea.

Baina sozialismo hitzak hain du esangura zabala, gehiago konkretatzen ez badugu, ezer esan gabe gelditzeko arriskua dugu. Kristau ugari ba da gure artean, eta aintzinatik gainera, bere burua sozialistatzat duena, nahiz eta gero beste edozer izan. Sozialismo zuri zuritik gorri gorrira ba dago alde ederra. Sozialismoa bedeinkatu ondoren, marxismo guztiak infernura botatzen dituenik ere ez da falta gure artean eta...

Hemen dago gakoa*: gaur egun, sozialismo zuri eta lainoetakoak alde batera utzirik, Marxen bidean barna ere urruti joan daitekeela ikusten dute kristau askok (kristau hoik* marxistak diratekeen ala ez, teoria alferretan denbora galdu gabe, noski!).

Kristau askok bai; baina Elizak zer? galdetuko du zenbaitek.* Eliza ere pixka bat mugitzen hasi ote den nago; Eliza ofiziala esan nahi dut. Eliza ofizialaren mugimendua ikusteko, ikusmen zorrotza behar den arren! Oraingoan Frantziatik datorkigu mugimendu horren oihartzuna.* Zenbait gotzain* dabila tartean. Konkretuki: langile munduaren komisio episkopaleko gotzainak, Maziers Bordeleko apezpikua buru dela. Komisio honek Dokumentu bat eman du argitara, izenburu honekin: «Sozialismoaren alde hautapena* egin duten kristau militanteekin langile munduaren komisio episkopalak duen elkar hizketaren lehen etapako zenbait gogoeta*».

Hau urrats* haundia da, benetan. Egia da, Eliza aspalditik dabilala «gizarte gorabeheretan» murgildurik, nola edo hala. Langileen alde hitz ederrik asko esan du. Antologia galanta osa daiteke hitz hoiekin. Baina komisio hau urrutiago iritxi* da. Kristauak ere langile sozialistak izateko posibilitatea eta komenientzia ikusten du. Eta ez edozein sozialismoz, marxismoz markaturik dagoenaz baizik. Hurrengoan presentatuko dut Dokumentuaren zenbait zati, TEMOIGNAGE CHRETIENek dakartzanak behintzat bai, eta ikusiko dugu noraino irixten den marxismo bide horretan zehar.

Egia da, Frantziako gotzain komisio baten lana dela, eta, Frantziako gotzain gehienak eta Eliza osoa bide horretatik abiatu orduko, urte luzeak iraganen* diratekeela. Dena dela, gauzak asko aldatu dira. Orain arte Elizak kapitalismoaren «abusuak» kondenatu izan ditu. Sozialismo marxista, berriz, oso osorik kondenatu izan du. Orain, Elizaren zenbait hegal ofizialetan, bestera gertatzen hasiak dira gauzak: kapitalismoa oso osorik kondenatzen dute, eta sozialismoaren «abusuak» bakarrik. Eta hori, ez oportunismoz, ebanjelioaren beraren esijentziaz baizik.

Izan ere, Elizako ohitura, lege eta interes ekonomikoen gainetik, profetak eta ebanjelioak eskuan hartzen badira, duda guti gelditzen dela uste dut. Ba dut esperantza, Eliza berri bat ikusiko dugula, sortuko dugula, kapitalist sisteman integratzetik ihes eginez eta Kristoren egia hutsaren esaneko jarriz.

Gaurko sarrera gisako artikulu honetan, Frantzia Chilerekin lotu nahi dut. Aspaldion asko zuzentzen ditugu geure begiak Chile aldera. Han gerta daitekeenak garrantzi haundia du munduarentzat. Kristau mugimenduen aldetik ere, Hego Amerikako Meka dela esan daiteke, hango gizarte giroak eta gobernuak berak ematen duen erraztasunagatik, noski.

Berriki,* sozialismoaren bidetik abiatu diren kristauen bilkura* bat izan da Chilen. Gotzain bakar bat ere ba zen: Mexikoko Cuernavacako Méndez Arceo jauna. Aspaldidanik du erakutsia, gotzain jaun honek, bere irekitasuna.* Girardi teologo hain ezaguna ere han izan zen, eta, bertan ikusiaz eta entzunaz, oso artikulu interesgarria eskaini dauku LE MONDEn, maiatzaren 7-8an. (ZERUKO ARGIAk ere, 482. zenbakian, artikulu berori eman dauku, Irastortzak izenpeturik).

Medellín eta Santiago elkarren ondoan ipintzen ditu Girardik, eta bien arteko diferentziak apuntatzen ditu. Medellínen, 1968.ean, Hego Amerikako bigarren Konferentzia Episkopala bildu zen. Santiagon, apirilaren 23tik 30era, «kristauak sozialismo bidean» lema gidaritzat harturik, Hego Amerikako kristau militante talde bat bildu da. Eta Girardik diosku:

«Medellínek kristau soluzio bat proposatu nahi zuen. Kapitalismo liberalaren eta marxismoaren artean «hirugarren bide bat». Santiagon bildu direnek ez dute kristau soluziorik eskaintzerik pentsatu, eta «hirugarren bidea» delakoaren frakasua biziki salatu dute. Eta uste izan dute, kristauak beste militanteek bezalaxe konprometatu* behar duela, triunfalismorik gabe eta konplexorik gabe, kontinentearen liberazio prozesuan.

«Medellínek bortizki salatu zituen kontinenteko injustiziak, ezberdintasunak eta zanpaketak. Santiagokoek errealitate horren estrukturazko kausez galdetzen dute... Medellínekoek uste izan zuten, kristau maitasunaren ugaritzeak, denen arteko kolaborazioak eta batez ere gidarien jokabide zuzenak ekarriko duela problemen soluzioa. Santiagokoek garbi esan dute, kristau maitasunak ez duela indar historikorik izango, klase burrukan hezurmamitzen ez bada. Izan ere, esperientziak zera esaten dauku: gizonen eta herrien askatasuna ez duela inork onean eta bere borondatez ematen. Burgesia nazionalek eta Ipar Amerikaren inperialismoak ez dute beren agintea utziko, herriak kentzen ez badie».

Hau garbi ikusi da, Chileko Santiagon bertan eta garai berean bildu den CNUCED delakoan. Konferentzia honetan, erresuma* pobreek aberatsen hondarrekin bakarrik gelditu behar izan dute. Frakasu hutsa izan da. LE MONDEko editorialistak honela bukatzen du, maiatzaren 23an: «Gogorrenak, eta beste batzuk* hoien atzetik, konklusio honetara irixten dira, hori ikusi ondoren: eskubide berriak negoziatu ezin direla egin, konkistatu egin behar direla».

«Medellínekoek —dio Girardik— kezka haundia izan zuten, marxismoak kristau bidea ezertan kutsa ez zezan, ez teori mailan eta ez praktikan. Santiagokoek espresuki metodo marxistak onhartu dituzte, errealitate berdinak analizatzeko orduan; eta ikusi egin dute, marxistek eta kristauek aliatu estrategikoak izan behar dutela (ez taktikoak bakarrik), gero eta gehiago, kontinente maila osoan. (Hala ere, puntu honetan, delegazio batzuek beren erresumetako partidu komunisten erreformismoa salatu zuten)».

Joera ausart* hauk Euskal Herritik begi onez ikusten direla esango nuke, eskuineko muturra salbu. Begi onez, beste hemisferio batzuetan ematen direnean behintzat. Baina, mugimendu hoik* ate joka hemen berton hasten direnean...

SAKONE

dakartza, dakarz (dakaz), dakarzki

dauku, dausku, digu

die, dautse, diote

zezan, eian


Mundua mundu

Angela, zergatik zara komunista?

Angela Davis-en aurkako judizioa hasia da.

Ez gara luzatuko, informazio ajentziek eskribatu dutena berriro kontatzen. Angela, Haley juezaren heriotzean eta ihes lehiaketan parte hartzaile bezala dago akusaturik.

Californian, Ipar Amerikako Estatu guztietan bezala, legeak errespontsabilitate berdina eskatzen die hiltzaileei nola laguntzaileei.

Hala eta guztiz ere, Angela Davis ez zegoen present, dudarik gabe, hauzitegian, abuztuaren 7an, Haley juezaren heriotzea kausatu zuten gertakarien egunean. «Nik, tribunal honen eta mundu guztiaren aurrean, akusaturik nagoen heriotze horretan errugabea naizela adierazi nahi dut» deklaratuko zuen urtarrilaren* 5ean, juezetara lehendabiziko aldiz presentatu zenean.

Heriotze batetan laguntzaile bezala akusatua izateko, bi elementu hauk* dira beharrezkoenak: eraileen* asmoen berri izatea eta akzioan parte hartu nahi izatea. Angelaren parte hartzearen froga* bakarra, ordea, hau da: Jonathan Jackson-ek hauzitegian enplegatu zituen harmak, Angelak erosiak izan zirela, eta, Californiako legeak eskatzen duen bezala, haren izenean ofizialki inskribatuak.

Beste dato garrantzitsu bat: Angelarekin batera, Kuchell Magee —gertakarien egunean, lau gartzelatuetatik bizirik atera zen bakarra— prozesatzen dute, jueza hil zuen tiroa bota omen* zuelako. Baina karguetan ez da ezertarako ere mediku informatzailearen hitzik azaltzen. Honen deklarazioen arauera,* Haleyk bi tiro jaso zituen, eta heriotzea bietako edozeinek kausa ziezakeon. Bi tiroetako bat ehiza-fusil* batekin egindakoa izan omen zen, bestea karabina edo errebolber batekin. Jakingarria da, Estatuak ez duela balistika gaietako espertoen eritzirik eskatu. Sumarioan ez da agertzen, tiroak egin zituen harma identifika zezakeen frogarik. Frogatua* den gauza bakarra zera da, judizioa bijilatzen zuten poliziak errebolber, karabina eta ehiza-fusilez harmaturik zeudela.

Printzipio juridiko bat da kausa kriminal guztietan, Estatuak, froga baten jabe izanik, froga hori presentatzen ez badu, akusazioaren aurka bihurtzen dela froga hori, eta, logikoki, defentsaren alde itzultzen. Hau da, Estatuak balistikako esperto bati deitu ez badio, Angela Davisen defentsak eskubidea du suposatzeko, Haley jueza hil zuten tiroak ez zituela Magee-k bota, legea errespetarazteko zeuden poliziek baizik.

Emakume beltz, intelektual, eder honen prozesoa, prozeso normal bat balitz, makurkeria edo irregularitate hauk kontuan izanik, ez litzateke harritzekoa izanen, bi prozesatuak libertate probisionalez ateratzea. Baina ez da hau prozeso normal bat, prozeso politiko bat baizik.

Ez gaitezen, hala ere, igarleetara josta.* Judizioak berak, judizioaren desarroilatzeak berak esanen dauku, zer gertatzen den frogekin, eta batez ere froga ezarekin.

Angela Davis, poliziaren indar-zabalketa haundienetakoa «merezi» izan duen pertsona dugu, Estatu Batuen historian F.B.I. delakoaren hamar pertsona bilatuenen listan sartu den hirugarren emakumea. Emakume beltz, erreboluziogile eta eder hau gartzelatu zuten mementoan, Muhammed Speaks-eko periodistek Harlem-go karrika* guztiak korritzen ibili ziren, sozial kondizio guztietako emakume eta gizaseme beltz guztiei itaunduz,* ea zein zen, Angela Davisi egiteko, gehien gustatuko zitzaien galdera. Era honetan, hamabost galdera sortu ziren; baina gehienek eskatzen zutena, herri beltzak une honetan duen problematika konprenitzeko lagungarri izan daitekeen honako hau izan zen: Zergatik zara zu komunista?

Muhammed Speaks-eko periodistek Margaret Burnkam abokatuenera jo zuten, eta honek gartzelan Angelaren erantzuna grabatu zuen. Erantzun hau mundu guztian zabaldu zen, Life, New Yor Times eta New Week-en eskribatu ziren gezurrak salatuz.

«Gauza guztien aurretik beltza naiz. Neure herri beltzaren liberazio burrukari eskaini diot neure bizia, neure herri beltz, esklabizatu eta gartzelatuari.

»Komunista naiz, miseria hutsean bizitzera kondenatzen gaituen arrazoia, Amerikako bizimodu mailarik bajuena izatera kondenatzen gaituen arrazoia, kapitalismoaren naturarekin zuzen zuzenik loturik datorrelako. Noizbait, lotzen gaituen opresio honetatik libratzeko, geure miseria honetatik ateratzeko, polizia arrazisten gorrotoaren menpetik salbatzeko, sistema kapitalista desegitea beharrezkoa izanen zaikulako.

»Beharrezkoa izanen da, aberats gutti batzuei, herriaren eta batez ere beltzen bizkar gero eta aberastasun gehiago pilatzeko eskubidea ematen dien sistema desegitea.

»Komunista naiz, uste dudalako, herri beltzak eskubidea duela, bere izerdi eta odolarekin jaso diren Estatu hauen aberastasunetatik, Hugh, Rockefeller, Kennedy eta beste kapitalista boteretsuen eskuetan dauden aberastasun hoietatik parte bat izateko.

»Pentsatzen dudalako, beltzak ez liratekeela Vietnamen gerla arrazista eta inperialista bat egitera beharturik egon behar. Gu geu itotzeko erabilia izan den indar itsua, Vietnameko lurraldeetan ere hango herria menperatzeko, bere nortasuna deuseztatzeko,* eta bere etorkizunaren jabetasuna bortxatzeko enplegatzen ari delako.

»Klase kapitalista eta berarekin batera bere opresio bide eta tresna guztiak deseginez erakarri ahal izanen dugu beltzen liberazioa. Horrexegatik hartu dut neure erabaki hau.

»Che-Lumumba taldeak beltzak organizatu nahi ditu. beren xede* hurbilenak* eta premiazkoenak lor* ditzaten; baina, era berean, gure etsaiak menperatuko dituen askatasunaren aldeko harmada* osatzea ahantzi* gabe. Ba dakigu, azken xede hau erdietsi* ahal izateko, Amerikako arraza zuriko elementu progresistekin batu beharrean garela».

AINHOA

 Oharra: Egunkarietan agertu denez, hilabete honen 4ean, 12 pertsona zurik osatutako juraduak errugabe deklaratu du Angela.

daude, dagoz

dauku, dausku, digu

die, dautse, diote

dio, dautso

diot, dautsat

ditzaten, daiezan

zaiku, jaku, zaigu

zeuden, egozen

zezakeen, eiken

ziezakeon, eiskion, zezaiokeen

zitzaien, jaken


Osaba Martinen kontuak

Iratxoak

Igandea oso ondo argitua zan egunsentian;* baina eguerdirako, itsasaldetik hodei beltz beltzak agertzen hasi ziren, eta, trumoi ikaragarri baten ondoren, euri zaparrada gogorrak jausi* ziren. Enekok eta osaba Martinek, burua kazeta zati banaz gordetzen ebela, arineketan joanez, mendi hegalean, pinadi baten ondoan egoen baserri abandonatu batean hartu eben aterpe, euritatik iheska. Euria gogor ari zan eta luzaro. Non jezarri ez eukela, osaba baserri huts haretako atera joan zan, eta, berau zabalik topaturik, Enekori eskaratzera* sartzeko esan eutson.

Sukaldetik eskailera zahar beltz bat igoten zan goiko ganbarara, eta, atertu arte, bertako mailetan jezarri ziren osaba-lobak. Enekok, denbora emateko, osabari eskaratz zikin haretan gelditzen ziren gauzen izenak itauntzen* eutsozan; eta Martinek, banan banan esan ere bai.

— Eta beheko suaren gainean dindilizka dagoen kate hori, zer da, osaba?

— Hori laratza da, txotxo; eta hortixek esekitzen* dira galdarak eta ontziak, janariak berotzeko.

Halako batean, goiko ganbaran ohol batzuen krakadak entzuten dira eta zarata* ttiki bat ere, handixek norbait bailebilan.* Mutikoak, hotsak entzutean, begi handi biribil batzuk* zabaldu ditu, eta boz apalez osabari honela dinotso:

— O... osaba..., entzun... entzun dozu zuk ere hori?

— Zer hori? Goiko zarata? Ganbarakoa? Bai. Bildur zara ala?*

— Ez. Baina ba dirudi, hor baten bat dabilala. Ez dozu uste?

— Bai, iratxoren* bat, antza.* Zera izango da, seguru asko, arratoiren batzuk edo eta katu bat. Batek jakin!

— Hobe horrela. Baina zer esan dozu, hasieran, izango zala?

— Iratxo bat.

— Eta zer da iratxo bat, osaba?

— Ba... iratxoa... iratxoa... ume gaizto moduko espiritu bat ei* da, gauean ibiltzen dana.

— A! Beste pertsonaia mitologiko bat orduan, ez da?

— Bai, horrelako zerbait edo. Iratxoek, etxera berandu etortzen zirenei, bideetatik gaiztakeriatxoak egiten ei eutseezan. Sasietara jaurtiki, orratzekin zirikatu, eta honeetarikoak. Noiz edo behin, bai eta errekara bota ere.

— Bai ote?

— Kontuan hartu, Eneko maitea, honelako gauzak gauez berandu ibiltzen diren pertsonek kontatzen dituela, hau da, tabernatik ederto edanda eta pixka bat mozkorturik etxera etortzen direnek. Eta, jakina, mozkortiek sekula ez dabe egiazko bidea topatzen, etxera bihurtzeko; eta, sasi artean sarturik, handik urraturik eta minduta irteten* badira, edanda etozela ez aitortzearren, nahiago izaten dabe, bertara iratxoek bultz egin eutseela esatea. Gainera, beti egoten dira herri guztietan halako barraban* batzuk, gauean, iluntasunean gordeta, jendea oihuz eta zarataz ikara erazten dabenak. Horreei esker bizi izan dira, gure egunak arte, iratxoen ipuinak.

— Eta zelakoak ei dira iratxoak?

— Eritzi asko dagoz horretaz. Batzuek esaten dabe, ume edo mutiko gaizto aurpegia daukela eta gorriz jantzita dagozela. Hortik dator, beharbada, «prakagorri» edo «galtzagorri» deitzea, herri batzuetan esaten dautseenez. Ba dago beste izen bat, «familiarrak» edo «famerialak»; hau ere nahikoa ezaguna.

Askok uste eben, iratxoak orraztoki batean gordeta euki eitekezela, eta, orraztoki hori pisu baten gainean ipiniz gero, karga hori errazago eroan* daitekela. Ba dira oraindik, bestela* baitakoan, idi probetan narras eroan behar daben harriaren gainean orraztoki bat ipintzen daben itzain* eta probalari batzuk, horrela irabaziko dabelakoan.

— Eta nola sartzen ditue bertara iratxoak, ba?

— Iratxoak edo prakagorriak berez sartzen ei dira orraztokira, berau Donibane gauean mendian zabalik jartzen bada.

— Laster izango da, ba, Donibane gaua. Hilabete honen 23an. Neuk ere horixe egingo dot, osaba. Eta ikusi ahal izango ditut barruan iratxo horreek?

— Ez dot uste. Gainera, orraztokia zabalduz gero, bertatik ihes egingo leukee, eta zu batere barik* geldituko zinateke.

— Bo, bo, bo! Ez dakit, baina guzti hori kontu hutsa dala uste dot. Ez da, osaba?

— Ba leiteke, bai. Baina, hala ere, lehengo euskaldunek iratxoak ondo gogoan eukezan, esaera zaharretan ere agertzen jakuzelako. Hona hemen bat: «Gaiztoto* irabazia, iratxoen da irazia*».

— Eta zer esan gura dau?

— Modu txarrean, gaizki edo tranpaz irabazitakoa iratxoek gastatzen edo alferrik hondatzen dabela.

— Ondo, ondo dago, osaba. Baina, begira! Hor goian, ganbaran, berriz ere entzuten dira zaratotsak, eta kanpoan aterri da. Nik neuk behintzat, hemendik joatea nahiago neuke.

— Ea, ba! Goazen orduan. Iratxoei buruz ere, «direnik ez da sinetsi behar, baina ez direnik ez da esan behar».

TRAUKO

dabe, dute

dauke, dadukate, daukate

dautsee, diete

eben, zuten

eitekezen, zitezkeen

etozen, zetozen

euken, zedukaten, zeukaten

eukezan, zeduzkaten, zeuzkaten

eutseen, zieten

eutseezan, zizkieten

eutson, zion

eutsozan, zizkion, ziozkan

jakuz, zaizkigu

leukee, lukete


Kritika

"Bai mundu berria" (bigarren partea)

Aldous Huxley-Xabier Amurizak LURen

 O wonder!

 O brave new world!

(Shakespeare)

Mundu berriaren egitura

«Soma»ren birtutez, mundu berrian ez da ez nekerik eta ez penarik. Droga baten gisa hartzen dute soma mundu horretako gizonek. Baina droga hori ez dute bizioz eta ezkutuan* hartzen. Soma, instituzio politiko dugu; bizia, askatasun eta atsedenaren iturburu. Soma dela eta, «gogoak ematen dion guztian har ditzake batek bakazioak errealitatetik, eta buruko minik eta mitologiarik bat ere gabe itzul berriro»... hots,* alienazio ttipi guztiak ahantz* eraziko dituen alienazio printzipala.

Mundu berrian denak zoriontsu dira, denak konforme eta beren zortea* baiezturik. Nehork* ez du norbera izateko gogorik. Bestalde, hori heterodoxoa litzateke, eta heterodoxia mundu berriaren mehatxurik* handiena da. Heterodoxia bera ere, somak ezerezten du. Hona hemen somaren birruteak: «kristautasunaren eta alkoholaren on guztiak, eta haien txarrik bat ere ez» (84).

Gizarte berri honetako bekatu bakarra zera da: bakartatea. Masatikan at* ez dago zorionik.

Mendekio* izigarri baten pean bizi dira gizon hauk;* baina horren aurka matxinatzeko* kapaz ez dira, ez baitute beren mendekioaren kontzientziarik. Beren mendekioa eta zoriontasuna, beren kontzientziarik ezan datza.*

Klase burrukarik ezin daiteke izan gizarte mota honetan, klaseak naturalki (biologikoki?) bereziak direnez gero. Alpha-tarrak ohartzen dira kondizionamendu honetaz; baina beharrezkotzat jotzen dute, eta laket* zaie beren patua.*

Denak zoriontsu dira; baina nehork* ez du zorion pertsonalik, besteen zoriontasunean parte hartzen du. «Community, Identity, Stability»; hori mundu berriaren lema; eta moral guztia hiru balore hauen arauera* egituraturik* datza. Morala ere ez da pertsonala, politikoa baizik. Eta, politikoa denez, ideologiarekin bat egiten du; hots,* mundu berri honetako morala, ideologia bera da.

Zentzu honetan, ba dirudi, mundu berri hau ezin hilezko dela; ezin daitekeela deusezta;* eta honetan datza bere zorigaitza. Mundu berri honetako gizonak preso dira beren zorionaren pean. Gatibu, bakearen lurrean. Zeren* eta ez baitute zorigabe izateko eskubiderik. Anti-utopia honen funts guztia, Mr. Basati-ren garrasi bortitz* honetan agertzen zaiku:

«Nik ez dut aisetasunik* nahi.

Nik Jainkoa nahi dut,

Poesia nahi dut,

Benetako arriskua nahi dut,

Ona nahi dut,

Bekatua nahi dut» (316).

Amurizaren itzulpena

Itzulpen hau egiten, zenbat ordu iragan* ote ditu Xabier Amurizak, Zamorako bere itzal ezkutuan? Dudarik gabe, asko eta neketsuak. Batetik Huxleyren textoa zaila delako, eta bestetik euskara bera bortxatu beharra izan duelako. Amurizak berak esaten dauku hau bere hitzaurrean: «Irakurleari nekez kostako zaio nobela hau irakurtzea, niri itzultzea kosta zaitan haina*... Nire ezjakintasuna baino oztopo latzagorik eta desesperagarriagorik aurkitu dut: hizkuntzaren beraren ezintasuna».

Hitzaurre beronetan klarki agertzen dauzkigu Amurizak, euskarak dituen behar gorriak; batik* bat hiztegi elemental baten beharra dakusa.* «Hiztegi honen aldeko arrazoiak ematen ekiteaz ere lotsatu egiten naiz ia. Eguerdiko hamabietan eguzkia behar dugula defenditzen ihardutea bezalatsu deritzat nik kontu honi». Bai eta ere esaten dauku Amurizak, nola harrokeriak eta garbizaletasunkeriak aldaratu* behar ditugun, baldin hiztegi elemental hori ahalik eta lasterren eskuratu nahi badugu.

Bidegurutze ugari topatu du euskarak bere historian zehar; baina bidegurutze hauetarik bortitzenetakoa egungo* hau dugu. Hiztegiari dagokionez, Axularrek eta Leizarragak aukera desberdinak egin zituzten. Leizarraga ausartki* ekin zitzaion neologismoari; eta, agian,* gu ere bide horri ekin beharrean gara, baina bortizki eta lehiatuki. Amurizak bideberri bat urratzen du zentzu honetan, eta jarraigarri deritzat bide berri honi.

LUIS HARANBURU-ALTUNA

dauku, dausku, digu

dauzkigu, dauskuz, dizkigu

dio, dautso

ditzake, daikez

zaie, jake, zaiote

zaiku, jaku, zaigu

zaio, jako

zait, jat

zitzaion, jakon


Asmoak hitzen azpian galtzen direnean edo kritikazaleei ohar bat

Azterketa sakon bat alde batera utzirik, guztiok dakigu, lengoaiak hiru funtzio edo helburu dituela:

- komunikabidea.

- adierazpidea.

- estetika.

Gure irakurleei eta kritikazaleei hiru puntu hauk* jakin eraztea komeni dela uste dut.

1. Gizonak lengoaia du, beste gizonekin harremanetan sartzeko. Batez ere, beste bati zeredozer esateko erabiltzen dugu lengoaia, hizkuntza baten bitartez, errealizazio konkretu bat bezala. Bere kolkorako baino mintzatzen ez den gizona, gizarte guztietan barregarria izaten da.

2. Gizona, lengoaiak agertzen du gizon. Gizonak, bere asmoei, araudi* berezi baten bitartez —hizkuntzaren bitartez— ematen die izatea. Alde horretatik, hizkuntza barruan ez dugu bakarrik besteekin harremanetan sartzeko tresna bat, baizik eta geure barruko bizitza erakusteko bide bat ere. Eta hizkuntza, adierazpidea izanez, gizonak bere ideiak eta sentimendu guztiak (poza, pena, kezkak, eta abar) azaltzeko erabiltzen du.

3. Azkenez, hizlari nahiz idazle batek (hemen ez dugu azalduko, ahozko hizkuntzaren eta idatzitako hizkuntzaren arteko diferentziak zeintzuk diren) hizkuntza barruan bere hitzak aukeratu behar ditu, edertasunari begiratuz. Bistan da, azken funtzio hau literatur arloan agertzen dela bereziki,* nahiz eta geure mintzairan ere hitzak aukeratu behar baditugu ere.

Hau dela eta, lehen funtzioa betetzen ez bada, inork ez luke esaten duguna ulertuko; eta horrek esango luke, «araudi horretatik» at* gaudela. Alderantziz,* esaten duguna ulertzen baldin bada, dudarik gabe, hizkuntza ongi erabili dugula pentsatu behar da. Adibidez, pedagogiari begiratuz, edozein hizkuntza ikasten nahiz irakasten denean, lehen helburutzat* bi hauk ukan behar ditugu: elkar ulertzea eta adieraztea. Hirugarren funtzioa —estetika— beranduago ikas liteke.

Goazen harira. Gure herrian sarriegi entzuten da: honek ondo egiten du euskaraz, beste horrek txarto, eta abar. Gure artean, edozeinetaz eritzi bat ematea derrigorrezkoa legez* ikusten ohituak gaude; eta, geure lanari begiratu beharrean, beste baten balioa neurtzen ari gara maiz* aski.* Gauzak horrela direlarik, hizkuntzaren arloan gertatzen ari dena larri larria da.

Zoritxarrez, entzuten ditugun kritika asko, «hizketagatik», «mintzairagatik» izaten dira. Gure herritarrek, antza,* itxurari ematen diote garrantzirik handiena. ZERtasunari baino gehiago, NOLAtasunari begiratzen diote. Asmoek baino gehiago, hitzek kezkarazten gaituzte. Horregatik gogorarazi nahi izan dut hau: hizkuntzak, komunikabide eta adierazpide izan behar duelarik, ideiarik eroaten* ez badu, kulturaren alde ez du ezer egiten; eta, alderantziz, hizkuntzaren bitartez (dela pobre, dela aberats) komunikazio hori lortzen bada, nahikoa da askotan. Besteei kultur pixka bat eroaten badiegu, ez da kontuan eduki behar —premiazkoena bezala— hizkuntzaren bikaintasuna. Geure helburua lortuz gero, gure lana ez dela alferrikakoa izango uste dut. Gure herri hau pobrea da, ideiaz pobre, oso kultura exkaxa dugulako.

Alfabetatze kanpainan herriari laguntzeko ematen diren «hitzaldiei» buruz, bi bide bereiztu behar direla uste dut.

a) Azalpen batzuk* ematea, batez ere, helburutzat duten hitzaldiak. Hauetan, problema eta gaiak adierazteko eta entzuleekin elkar hiketa sortzeko asmoz erabili beharko da hizkuntza. Gehienbat argitasuna lortzen saiatu beharko da hizlaria. Ideiei bide erraz bat eman behar zaie, besteek uler ditzaten. Mintzaldi hauk, ene ustez, «hitzaldiak» gabe, «ikastaldiak» edo deitu behar genituzke.

b) Euskarak lengoaiaren edertasuna erakusteko dituen bideak helburutzat hartzen baldin badira, hizkuntza bera askotaz gehiago zaindu beharko da, noski. Hauxek izango lirateke, ene eritziz, «hitzaldiak».

Kritikarako orduan, lehen jokoan (ikastaldietan), zein den mamia (ZER) kontuan eduki behar da. Bigarrenean (hitzaldietan), horretaz gainera, mintzaira (NOLA) ere neurtu behar da.

Beste hizkuntzetan, dena nahasirik, egiten duten bereiztasuna (conferencia, lección; conférence, topo, cours; lecture, lesson, explanation), guri bost axola! Gehiago esango nuke: kritika egiten duten asko, gaiari buruz gauza haundirik ez dakitelako edo, ez dira mamian sartzen. Mailarik errazenean (herriarentzat interesgarriena ez den hartan) hasten eta bukatzen dute beren kritika: azalean, «hizkuntza ona», «hizkuntza pobrea» esanez.

Kultur arloan, asmoa eta ideien azterketak... NOIZKO?

KARMELE ERROTAETXE

die, dautse, diote

diegu, dautsegu, diotegu

diote, dautsoe

ditzaten, daiezan

gaude, gagoz

genituzke, geunkez

zaie, jake, zaiote


Neure lantokitik

Prezioak

Gauzen prezioak gorantz doaz. Bilboko egunkariek esan dutenez, andreek manifestaldiak egin dituzte Bilbo, Sestao eta Portugaleteko karriketan.*

Gorapen hauk,* gehienetan, partikularren arteko harremanetan sortzen dira; baina ba daude batzuren batzuk, ofizialtasuna edo erdi ofizialtasuna dutenak.

Adibide bat ekarriko dut. Ereagako hondartzara joan nintzen iragan* igandean, eta, autoa aparkatzeagatik, 10 pezeta ordaindu behar izan nituen. Ihaz 5 pezeta. Beraz, ehunetik ehuneko gorapena.

«Etorki» Ameriketan

Philippe Oyhamburuk zuzentzen duen «Etorki» euskal dantza eta ballet taldea, bederatzi hilabeterako, Ameriketara joan da. Buenos Airesen 16 egun egin ditu Coliseo teatroan, eta gero Argentinako beste hiri askotan eskaini ditu bere agerketak (Bahía Blanca, Mar del Plata, Rosario, Mendozan...). Jende asko bildu da Argentinan, euskal dantzariak ikusteko; eta egunkariek kritika oso onak egin dizkiete, batez ere Pompeyo Camps-ek, Argentinako kritikalari famatuenak. Memento honetan Chilen daude.

Jubilatuak

Lan egiten dudan bulegoko* lankide bat berriki* jubilatu da, bertan 32 urte luzetan lan egin ondoren.

Gaur esan daut zein den kobratzen duen pentsioa: 3.800 pezeta hilabetero. Gaitz erdi, enpresak, borondatez, gehigarri bat ematen diola.

Beti pentsatu dut, lan egiten dugunok baino egoera askotaz txarragoan daudela jubilatuak; eta hemen duzue egiazko exenplu bat.

Ene ustez, jubilatuen problemak ANAITASUNAko lehen orrialde bat merezi du, Ibarrolaren pintura eta Arestiren poesia hunkigarri* batez hornitua.

Nobel saria

Emateko dagoen literatur Nobel saria, Salvador Espriu katalan poetak eramango ei* du. Ni biziki alegeratzen naiz,* ofizialtasun gabeko hizkuntza bateko idazle batek irabaziko balu, hizkuntza hauen egoera tristea agerian azalduko bailitzateke.

Gogora dezagun, Salvador Espriuk katalan literaturaren lehen saria irabazi berri duela (500.000 pezeta), eta diru guzti hau katalan hizkuntza irakasteko metodo berri bat egiteko eskaini duela.

Beraz, katalanek zorionak merezi dituzte. Baina guztia esan behar da, eta ondo merezia dutela aitortu behar. Egia esan, katalanak oso atxikiak* dira beren hizkuntzari. Hizkuntza batu egin zuten, eta zabal eta sakon landu dute literaturaren arlo guztietan.

Gu, euskaldunok, lehen urratsetan* gaude. Euskararen batasuna aitzina* doan heinean,* gure literaturak aurrera eginen du; eta, bide horri jarraituz, noizbait gure idazleek munduaren aurrean agertzeko eretia* ukanen dute, literatura unibertsalari zerbait eskainiz.

«Behin batean»

Ez dakit, ZERUKO ARGIAn hain gogoz irakurtzen dudan Amatiñoren orrialdean, nolako kritika egingo zaion Xabier Kintanaren azken liburuari. Nik neuk behintzat —eta oraino lehen ipuin biak bakarrik irakurri ditut— «Behin Batean» oso liburu ona dela susmatzen dut.

Irakurritako ipuin bietarik, «Sisyfo» oso ona da literatur baloreengatik, bai eta haren esangura sakonengatik ere. Balio unibertsal bat du gaiaren aldetik, bai tokian eta bai denboran; zeren,* Sisyforen trajediak eta haren inguruan sortzen diren pertsonaiek, hainbat toki eta denboratara aldatuz, mezu* bat agertzen baitute bere baliotasun osoan.

Bigarren ipuinak («Amore Maite») ene lagun on baten oroipena gogora erazten daut. Ene ustez, Kintanak hura* ohoratu nahi izan du; eta nik ere ohoratzen dut, aipamen hau eginez. «Eta espantabera faltsu eta hipokrita guztiak eskandaliza bitez».

XABIER GEREÑO


Literatura eta gizartea historian

Grezia, demokrazia eta trajedia (1)

K. a. V. mendean* ezarri zen Atenasen demokrazia, gero gertatu diren gobernu demokratiko guztien aintzindari* eta arautzat* hartua izan dena. Baina, «demokrazia» hitzaren zentzu modernoa erabiliz gero, agiri dago, Atenasko demokrazia ez zela hain «demokratiko»a izan.

Ez tiranoek ez herriak, ez zuten aristokraziaren nagusigoa apurtzea lortu. Kastak eta handikien taldeak Estaduaren gidaritzatik urrunduak izan ziren, eta erakunde* demokratiko oinharrizkoenak ezarri ziren, formaz bederen.* Baina, hala ere, aristokraziaren influentzia eta itzalak iraun egin zuen. Hiritarren izenean bazen ere, aristokraziaren espirituaz gobernatzen zen. Demokraziaren garaitia* politiko gehienak, etorkiz aristokrata ziren gizonek erdietsi* zituzten: Milziades, Temistokles, Perikles handia bera, noblezia zaharreko familietako seme ziren.

Mendearen azken laurdenean soilik heltzen dira erdiko klasekoak, egiteko publikoen gidaritzara. Baina Estaduaren nagusigoa aristokraziaren eskutan jarraikitzen da. Burgesiaren aurrean aristokraziak etengabe amore eman behar bazuen ere, lortua zen demokrazia politikoa ez zen inoiz demokrazia ekonomiko bihurtu. Gehienera, leinuan* eta etorkian oinharritzen zen aristokrazia baten ordez, diruan oinharritzen den beste bat agertzen dela esan daiteke. Bestalde, Atenaskoa demokrazia inperialista zen. Gerla politikaren abantailez* kapitalistak eta hiritar libreak probetxatzen dira, eta ez esklaboak eta gerlaren irabazietatik apartaturik dauden klaseak. Kasurik hoberenean, demokraziaren aurrerabideak errentadunen klasearen hedadura* bat adierazten du.

Poetek eta filosofoek ez dute begi onez ikusten burgesia aberatsa, ez eta burgesia pobrea ere. Etorkiz burgesak direnek ere aristokraziari eusten* diote. V. eta IV. mendeetako pertsonaia inportante guztiak, sofistak eta Euripides ezik, aristokraziaren eta erreakzioaren aldekoak dira. Pindaro, Eskilo, Heraklito, Parmenides, Enpedokles, Tuzidides, Herodoto, aristokratak dira. Sofokles eta Platon etorkiz burgesak dira, baina aristokraziarekin bat egiten dira. Bestalde, nahiz komedia funtsez* jenero demokratiko bat den, garaiko komedigileek ere ideia erreakzionarioak dituzte. Ezer ez egokiagorik, Atenasko egoera egiazkoa aditzera emateko, Aristofanes, demokraziaren etsai* hura* zela, lehen sariak irabaziaz gainera, publikoaren aldetik arrakasta* handiena lortzen zuena ikustea baino.

Atenasko demokraziaren emankizun artistiko bereizgarriena, trajedia da. Han mostratzen dira hobekien, aipatu ditugun estruktura sozialaren antagonismoak eta burrukak: trajediaren azaleko itxura (hots,* jendaurrean egiten den ikuskaria) demokratikoa da; trajediaren gaiak (leienda heroikoa eta bizitzeari buruzko sentimendu heroiko-trajikoa), aldiz, aristokratikoak. Alde batetik, trajedia publiko zabalago eta heterogeneoago bati zuzentzen zaio; beste aldetik, bertute aristokratikoez mintzo* da. Dena dela, ezin daiteke pentsa, trajediaren publikoa «Atenasko herria» zenik. Trajedia, publiko hautatu* baten aurrean ari da; kasurik hoberenean, publiko hori hiritar libreen multzoa biltzen duen publikoa da.

Teatro ofiziala gidatzen duen espiritua, haren publikoa baino ez-herrikoiagoa da. Errepresentatu behar diren obren aukeran eta sarien banaketan ez du populuak eskurik. Hori, hiritar aberatsei dagokie; hauek pagatzen dituzte errepresentazioaren gastuak eta epai-mahaia. Sariketako epai-mahai hori, haien bozemailea besterik ez da; eta, sariak banatzeko orduan, batez ere obren alde politikoari behatzen* zaio.

Atenasko teatroan sarrera, libre zen; eta, gainera, publikoari ordaindu egiten zitzaion teatroan pasatzen zen denbora. Abantail hauk,* demokraziaren garaitia gorena bezala hartu izan dira. Baina berauk izan ziren, hain zuzen ere, populuak teatroan influentziarik ukan* zezan eragotzi zutenak, sarreren prezioaz sostengatzen den teatroa bakarrik izan baitaiteke teatro herrikoi. Garaiko benetako teatro herrikoia, mimoa da. Mimoak ez zuen diru laguntzarik hartzen, eta, beraz, ez eta konsignarik ere.

IBON SARASOLA

daude, dagoz

diote, dautsoe

zezan, eian

zaio, jako

zitzaion, jakon


Gurutzegrama 8


«Tolosa Saria». Sariketaren oinharriak

1. Tolosa Saria, bertako kultur elkarteek eratzen dute eta euskarazko lanak saritzeko sortzen da.

2. 1973.eko Tolosa Saria, ikastoletarako behar diren testu liburu berrientzat jartzen da.

3. Gaia: 1973.ean hamar-hamalau urtetako haurrentzako testuak sarituko dira, hau da, urte hoietan legez behar diren eskola liburuak.

Edozein gai izan daiteke (Matematika, Geografia, Gramatika, eta abar).

4. Luzera: Foliotan idatzia bidaliko da (DIN A-4 paper neurrian), lerroune bat zuri utzirik, eta ikastaro edo kurso oso bat betetzeko lain* ikasgai eman beharko du gutienik lanak.

5. Euskara: Lanak, euskara batuan idatzia izan behar du, Arantzazuko Bileran Euskaltzaindiak erabakitakoari jarraituz (ikus Euskera XIII, 1968.ekoa. 250. orrialdean), eta harez gero 1972. urtearen azkenerarte Euskaltzaindiak kontseila nahiz erabaki ditzakeen arauak haintzakotzat hartuz.

6. Epea: 1973.eko martxoaren 31rartean jasoko dira lanak. Saria, urte bereko Euskal Kultur Hamabostaldian emango da.

7. Dirusaria: Tolosa Sariak bi saritu izango ditu: lehenari, 40.000 pezetakoa emango zaio; bigarrenari, berriz, 10.000 pezetakoa.

8. Lanak presentatzean, ondorengo baldintza hauk bete beharko dira:

a) Euskaraz argitaragabea izan behar du lanak, saritua izatean.

b) Edozein erdaratatik itzulia ere izan daiteke, eta, komeni litzatekeen neurrian, euskal girora jarria,

c) Gainerako merezimenduak berdinak dituztenetan, nahiago da jatorriz euskaraz egindakoa.

d) Izenordeko batekin bidaliko da lana, egilearen egiazko izen-zuzenbideak beste eskutitz azal batean datozela.

e) Hiru kopiatan bidaliko da lana; besterik ezean, lanak eraman ditzakeen apaingarriak orijinalarekin datozela.

9. Eratzaileek izendatuko dute epai mahainburua, eta mahainburukoen erabakia behinbetirakoa eta aldaezina izanen da. Hemen ematen diren arauen interpretapena ere mahainburu honi bakarrik dagokio.

10. Sariketara presentatuen artean lan sarigarririk aurkituko ez balitz, emangabe eta beste batetarako utz litezke sariak.

11. Sarituak izan diren lanen lehen eta bigarren argitalpenetarako legezko eskubidea, Sari antolatzaileen esku gelditzen da.

12. Lanak zuzenbide honetara bidaliko dira: Sociedad Cultural Lizardi. Zumalacárregui, 15. Tolosa. Guipúzcoa.


Ikas zeure hizkuntza

I. Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartxo batekin agertzen diren berbak

ABAGADUNE, aukera, era, ereti, parada, ocasión.

ABANTAIL, ventaja.

ADIN, edade.

ADION, acomodado, proporcionado, regular.

ADORE, ánimo.

AGIAN, nonbait, beharbada, seguramente.

AHANTZ, ahantzi, ahanztu, ahaztu.

AHANTZI, ahanztu, ahaztu.

AHANZTU, ahantzi, ahaztu.

AISETASUN, comodidad, facilidad.

AINTZINDARI, precursor, corifeo.

AITZINA, aurrera.

AITZINEAN, aurrean.

ALA, o qué?

ALDARATU, remover, alejar, éloigner, écarter.

ALDERANTZIZ, al revés, al contrario.

ALEGIA, desde luego, por supuesto; a saber, es decir, esto es.

ALOKAIRU, aloger, jornal, sueldo.

ALTXOR, tesoro.

ANTZA, antza denez, dirudienez.

ARAU, regla, norma.

ARAUDI, código, code.

ARAUERA, según, conforme.

ARDURA, axola.

ARI IZAN, aritu, ihardun.

ARRAKASTA, éxito, succès.

ARRUNT, ordinario, corriente, común.

ASKI, nahiko.

AT, landa, kanpo, lekora, fuera.

ATXIKI, fiel, entregado.

AUSART, valiente, intrépido, osado.

AUSARTKI, valientemente, intrépidamente.

AXOLA, ardura.

AZKAR, zalu, bipil, bizkor, arin, laster.

BA, bada, pues, donc.

BADAEZPADAKO, de calidad dudosa.

BAILEBILAN, balebila bezala.

BAITAN, -gan.

BARIK, gabe.

BARRABAN, pícaro, coquin.

BATIK BAT, batez ere, bereziki.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEDEREN, gutienez, behintzat, behinik behin.

BEHAR, lan.

BEHATU, begiratu.

BEREBIZIKO, pintiparado, de perlas, à propos, choisi.

BEREZIKI, batez ere, batik bat.

BERRIKI, arestian, aurtemein, oraindik orain.

BESTELA BAITAKOAN, disimuladamente.

BIDE, nonbait.

BIDENABAR, bide batez.

BILAKATU, bihurtu.

BILKURA, bilera, concentración.

BORTITZ, fuerte, violento, vigoroso.

BORTIZKI, fuertemente, vigorosamente.

BOZ, voto.

BULEGO, oficina, bureau.

DAKUSA, ikusten du.

DATZA, yace, consiste. (Etzan aditzaren forma).

DESERROTU, desarraigado, déraciné.

DEUSEZTA, deuseztatu, ezereztatu (potentzialetan).

DEUSEZTATU, ezereztu.

DITEN, daitezen.

DUKEGU, dugu nonbait.

EGITURATU, estructurar.

EGOSKAITZ, egosteko gogor, menperatzeko gaitz.

EGUN, gaur.

EGUNSENTI, aurora.

EHIZA-FUSIL, fusil de caza.

EI, omen.

EKAIN, junio.

ELTZE, lapiko.

ENPARANTZA, plaza.

ERAILE, hiltzaile.

ERAKUNDE, organismo, institución.

ERANSKIN, eraskin, añadidura, addition.

ERDIETSI, ardietsi, lortu.

EREDU, modelo.

EREMU, espacio, terreno.

ERETI, abagadune, era, aukera, parada, ocasión.

ERGEL, fatuo, imbécil.

EROAN, eraman.

ERORI, jausi.

ERRESUMA, erreinu, estatu.

ESEKI, esegi, eskegi, colgar, pendre.

ESKARATZ, sukaldeko sala.

ESKUALDE, comarca.

ETSAI, arerio, enemigo.

EUTSI, sostengatu.

EZKUTU, oculto, caché.

FROGA, prueba, demostración.

FROGATU, probar, demostrar.

FUNTS, fondo, sustancia.

GAILENDU, gainditu, superar.

GAIZTOTO, gaiztoki.

GAKO, kako, clave.

GARAITIA, triunfo, victoria.

GOGOETA, reflexión.

GOITI, goititu, goratu (sujuntiboetan).

GORPU, cadáver.

GOTZAIN, apezpiku.

GUNE, región.

GUNEKATZE, regionalización.

GURPILADA, toque, impulso.

GUTUN, eskutitz.

HAIK, hareek. (Haiek aktibo, haik pasibo).

HAINA, beste, bezainbat.

HALABER, igualmente, así mismo.

HALATAN, hala.

HARMADA, ejército.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAUTAPEN, opción.

HAUTATU, aukeratu, elegir.

HAZIL, noviembre.

HEDADURA, extensión, expansión.

HEDATU, zabaldu, extender.

HEIN, grado, medida.

HELBURU, fin, objetivo.

HERTSI, hestu.

HEZIKETA, educación.

HOIK, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HUNKI, hunkitu, hartu, percibir.

HUNKIGARRI, conmovedor, impresionante, emocionante.

HUPATU, goratu.

HURA, ha.

HURBIL, hur, cercano, próximo, inmediato.

HURBILDU, hurreratu.

IHARDUKI, tratar, hablar, discutir.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAIL, septiembre.

IRAINDU, injuriar.

IRATXO, duende, petit fantôme.

IRAZI, iragazi, gastatu, xahutu.

IREKITASUN, apertura de miras.

IRITXI, heldu.

IRTEN, urten, atera, jalgi.

ISLATU, reflejar.

ISTRIPU, accidente.

ITAUNDU, galdetu.

ITZAIN, boyero, bouvier.

ITZEL, gaitz, eskerga, enorme.

IZADI, creación, universo.

JADANIK, ya.

JASAN, soportar, aguantar.

JASO, altxatu; recibir.

JAZO, gertatu.

JAUSI, erori.

JOSTA, jostatu, jolastu (sujuntiboetan).

JOXEMIEL, Jose Migel Barandiaran.

KARRIKA, kale.

KOKATU, situarse.

KONPROMETATU, engaiatu, comprometerse, s'engager.

KONPROMEZU, engaiamendu, compromiso, engagement.

LAIN, haina, beste, bezainbat.

LAKET, atsegin.

LANDA, at, kanpo, fuera; landatu, implantar.

LEGEZ, lez, bezala.

LEINU, linaje, extraction.

LEKORA, at, kanpo, fuera.

LEKUKO, testigu.

LELO, cantinela.

LILURAGARRI, fascinante, encantador.

LOR, lortu, erdietsi (sujuntiboetan).

LOTKIA, asidero, agarradero.

MAIZ, sarri.

MATXINATU, rebelarse, se rebeller.

MEHARTU, hestutu.

MEHATXU, amenazu.

MEMENTO, momentu.

MENDE, siglo.

MENDEKIO, venganza.

MEZU, mensaje, message.

MINBIZI, cáncer.

MINTZO IZAN, mintzatu, berba egin.

MOLDIZTEGI, imprenta, imprimerie.

MOTZ-ARAU, moztu ala, a medida (según) se cortan.

MULTA, amanda.

MUSKILDU, retoñar, bourgeonner.

NABARI, evidente, patente.

NEHOR, inor.

NORAEZEAN, sin rumbo.

OIHAN, baso.

OIHARTZUN, eco.

OMEN, ei.

OPARO, abundante.

ORO, guzti.

OSTIRALE, bariku.

PASATUXE, apur bat pasaturik.

PATU, zorte, zori, destino, hado, sino.

POTIN, txalupa mota bat.

SANANDERE, Santander.

SANGOTZA, Sangüesa.

SERORA, sor, monja.

SOBERA, gehiegi, larregi.

SO EGIN, begiratu, behatu.

TAXUTU, bien determinado.

TENORE, ocasión, tiempo, hora.

UDAL, municipio.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

URRATS, pauso.

URTARRIL, enero, janvier.

UZTAIL, julio.

XEDE, helburu, asmo.

XERTATU, injertar, greffer.

XUT, erguido.

ZAMA, pisu, karga.

ZARATA, arrabots.

ZELAKO, nolako.

ZENBAIT, batzuk.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZERIEN, erioten zitzaien, les manaba.

ZORTE, zori, patu, destino, suerte.


Ikas zeure hizkuntza

II. Euskara batua

Euskara batuan idazten dugunean, hegoaldeko idazleontzat gauzarik zailenetariko bat, ene ustez, sustrai-infinitiboaren erabiltzea da.

Gogora dezagun berriro, ikusi, esate baterako, ez dela infinitibo, partizipio baizik. Aditz horren infinitiboa, ikus da. Ikus = ver, voir. Ikusi = visto, vu.

Infinitiboaren aditz laguntzaileak edin eta ezan dira. Laguntzaile hauk erabiltzen ditugunean, ba dakigu besterik gabe, haiekin batera infinitiboa erabili behar dugula. Kasu hau inperatibo, sujuntibo eta potentzialetan gertatzen da. Adibidez, «gerta dadin, gerta daiteke; etor hadi, etor gaitezen; ikus dezagun, ikus genezake».

Baina beste zenbait kasutan, infinitiboak ez du laguntzailerik hartzen; eta orduan gehienok ez dugu ondo idazten, infinitiboaren ordez, partizipioa jartzen dugu eta. Adibidez, «non ezar?, nora itzul?, ez dakigu nola joka, esan iezozu zer ekar» idatzi beharrean, «non ezarri?, nora itzuli?, ez dakigu nola jokatu, esan iezozu zer ekarri» idazten dugu.

 Ikus Baionako HERRIA astekarian, aurtengo maiatzaren 11koan, SO EGILEAk zein ongi erabiltzen duen infinitiboa, «Gunekatzea*» delako artikuluan:

«Frantzia egina da, Parisen inguruan Ile de France-ko printzeak emeki hupatzen* zirela errege alkirat, eta bertze gunetako* printzeak beren zerbitzari ezartzen: hemen lepo bat sobera* xuta,* motz; han jauregi bat sobera zabala, erre; denetan zergak hunki* eta landa.*

Pompidou jaunaren xedea,* de Gaulle jeneralaren xedea bezala, huntan dago:

Elgarretarat bil departamenduak, oraiko ekonomiak nahi duen bezala, bainan ostika desberdinkeriak, ez diten* goiti,* motz-arau* muskiltzen* diren nortasun madarikatuak».

Asko ikasi behar dugu arlo honetan iparraldeko euskaldunengandik.

IMANOL BERRIATUA


Euskal asto-lasterrak

7.

Zeinbat bidar presentatu dautate itsasaldeko gaztelau bat, rapsodaren ofizio estrainioa exertzitzen duena. Haren izena Pío Fernández Cueto dela baldin badiot, ez dut haren izena aipatuko.

Bilbaoko Elkartate Artistikoan behin batez, beste leku eta tenore* askotan bezala, berriz ere presentatu zeutaten, eta ni euskaraz eskribatzen dudan poeta nintzela esan zioten. Orduan berak bere unibertsalismoa iraindurik* ikusi zuen, eta honela hasi zen ene kontra:

«Euskaraz poesia! Hori inposible da! Egiazko euskaldunek erdaraz eman diote munduari beren frutua. Gernikako arbolak ere erdaraz eman zuen munduan frutua (gaisoak ez bide* zekien, haritzaren frutua ezkurra dela). Unamunok eta Barojak, Basterrak eta Oterok erdara unibertsal batez eskribatu zituzten beren obrak», eta abar, eta abar, betiko lelo* ergelak* eta astakeria liluragarriak.*

«Eta ez dakizu zuk, hain dialekto ilunean eskribatzen duzun horrek, munduak inoiz sortu duen poetarik handiena Bilbao honek sortu duela? Haren izena, alegia*!, ez duzu inoiz entzun; baina hain gorentasun gorenera ez da euskaraz ailegatu, gaztelaniaz baizik!»

Joane Larrea nor den ba nekien, eta honela esan nion; baina gaztelauaren arrazoiak ezin-amilduak iruditzen ziren. Harrezkero zeinbat urte iragan* dira; batzuren artean (Mirande, Etxaide, Alvarez), euskara nobletu dugu. Ni, neure aldetik, zentzuz, jakituriaz eta zuhurtziaz handitu naiz, eta beste gauza askoren artean, hau ere ikasi dut, Joane Larreak ez zuela gaztelaniaz eskribatu, FRANTSESEZ baizik!!!, hizkuntza hau gaztelania baino hobea, «más dúctil y más matizado» zelako.

Eta neure denboran ez naiz ahaztuko, Bilbaoko «Gran Vía» kalean lekuko* izan nintzen mirariaz; ez naiz inoiz ahaztuko, behin xori bati entzun niola arrantzaka. «Ay, Pío, Pío, que vas de vuelo, y qué pájaro estás hecho...»

8.

Mundu guztiak dakienez, bertsolariren bat ezagutzen baldin bada Euskal Herrian, hori Xenpelar izanen litzateke, Errenteriako Petrirena famatua, goitizena bere baserriaren izenetik hartu zuena: Senpere-larre. Baserri pobre bat despopulatu baldin bada Euskal Herrian, hori Senpere-larre baserria izan da, eta da Errenteri aldean. Duda handirik gabe, euskal gizarteak ez zion gure Petrirenari baserri hori eman, gure bertsolaririk bikainena izan zelako.

Euskaldunen bizitze-nibela (nibela, ez nobela), iganez joan den bitartean, halako baserri nekosoak husten eta abandonatzen dira: eta, beste asko bezala, Senpere-larre ere hutsik eta abandonaturik dago gaur eta egun.

Eguneroko janaria aseguraturik dadukan euskaltzale batek liburu bat eskribatu zuen, orain zenbait urte, Xenpelar-ez. Eta baserriaz ari zaikunean, honela diosku, hain bertsolari handiaren jaiotetxea hutsik ikustea lastimagarri dela. Lehen, lau familia erdaldun bizi izan dela bertan; eta hutsik egotea triste baldin bada, tristeago izanen zela erdaldunez beterik ikustea, hain paret zahar eta beneragarriei erdara zeriela.*

Senpere-larre Errenterian dago; bestela, pizka bat gorago egon balitz, konparazio baterako Oiartzunen, erantzun bortitza* emanen zion gure jaun horri, jesuita ongi pagatuaren bizimolde adiona* utzirik, joan ledin bera hain baserri pobrera, bere kopetako izerdiaz eta giltzurrunetako nekeaz familia euskaldun bat edo lau familia erdaldun mantentzera.

9.

Nik samoyedozko edo guaranizko (bat ere ezagumendurik edukitzen ez dudan hizkuntzak baitira) hiztegi bat eginen banu, asto bat nintzateke. Gainera, hiztegi hori publikatuko banu, orduan elefante baten tamainiako astoa nintzateke. Baina neure hiztegi edo dikzionario hori samoyedoen edo guaranien artean salduko banu, izena hartzea merezituko niokeen animaliarik ez legoke Euskal Herrian; baina bai samoyedo herriak edo guarani herriak asta-herriaren izena merezituko lukete.

Gure artean Urkixo batek eta Montiano batek, euskaraz ez dakitelarik, euskal-erdal dikzionario bat egin dute, eta gainera publikatu eta gainera primeran saldu egin dute. Gauza bat galdetzera bakarrik ausartzen naiz: Azio miragarri horretatik, zer herri klaseren izena merezi du gure Euskal Herriak?

10.

Bilbaoko sei kale biltzen den lekuan, Zabalburu izeneko plaza bat dago (Bilbaoko plazak enparantza izatera ez dira heltzen), gaur egunean bi itur-argi duena. Orain ez hainbeste, baina lehen automobil- eta kamioi-trafiko gehiena handik iragaten* zen. Trafiko honi erraztasuna emateagatik, Bilbaoko Aiuntamenduak alde batetik bestera oinezkoetzako, pietoientzako lurpeko iragaitza bat konstruitzea erabaki zuen. Gure Aiuntamenduak, orain gure alkatesa maitagarri eta paradisutarraren zuzendaritzapean, tekniko burutsu eta frogatuak* ditu alokairuan,* eta estudio sakonak egiteko zituzten, antza,* obrari hasiera eman baino lehen. Eta hala hasi zuten obreroek Iralabarri aldetik lurpean zulatzen eta ebakitzen, baina bakarrik Sanandereko* trenbidearekin topo egin zuten arte. Ez dakigu zeinbat langile hartu zuen lokomotibak bere arroden pean, edo bat ere hartu zuenik; baina tunel bat zulatzeko tunela proiektatu zuen injinadorea, ez zen belarri-motza izan. Ez, ez zen izan belarri laburretakoa.

MALGIZON ARESTIAR

dautate, dauste, didate

diote, dautsoe

ledin, leiten (ledin)

nioke, neuskio

nion, neutsan

zaiku, jaku, zaigu

zeutaten, eusten, zidaten

zion, eutson

zioten, eutsoen