ANAITASUNA

235. zenb.

1972.eko Maiatzaren 30ekoa

Encarnación, 19. (Artetxu) - BILBAO-6

Teléfono 33 19 97 - Apartado 495


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari: Anjel Zelaieta.

Zuzentzaile: Imanol Berriatua.

Idazkola eta banakolaren buru: Josu Torre.

Bulegoak: Encarnación 19, Bilbao-6.

Inprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35, Bilbao-9.

Irarle: RALI, Particular de Costa 12-14, Bilbao-10.

XX. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Benito Lertxundi Bilbon

Maiatzaren 19an, Benito Lertxundi oriotar kantaria Bilboko Injinadoreen Eskolan izan genuen, eskola honetako gazteek eratutako kantaldi batean.

500 bat entzule bildu ginen eskolako teatro txikian. Estudianteek eskupaper batzuk eman zeuzkiguten, Lertxundiren letrak euskaraz eta erdaraz zituztenak. Sarrera eta paperak bostna duroz ordaindu genituen. Hasiera ordua 8 orenetarako* iragarrita* egon arren, horrelako etxe batean barka ezin daitekeena, mikrofonoak gertu ez zeudelako, Benitok uste zen baino ordu erdi beranduago ekin zion bere ihardunaldiari.

Benito, gorputzez lirain, jantziz txukun, amerikano tabako gorriaren koloreko bizarrarekin, eskukitarra bi eta musukitarra batekin agertu zitzaikun. Ez zeukun inork presentatu. Berak presentatu zituen kanta batzuk, oso laburkiro eta euskara hutsean.

Fokoen efektua lortzearren,* argi gabe gelditu ginen entzuleok; eta jendeak, euskalzale eta musikazale baina euskara gutti zekienak, ezin izan zion letrari jarraitu.

Benitok gusto handiz, segurtasun gehiagoz, komentzimendu sakonez ihardun zuen. Boza, pixka bat zakartua, tonu altuetan ahul* agertzen zen; baina, moduak ondo gordetzen zituelarik, benetan entzungarri ihardun zuen.

Bai esku- eta bai musukitarra ondo menperaturik zeduzkala ikusten zen. Kantak ondo preparaturik dituenaren gisa, profesional baten itxuran ihardun zuen.

Aintzinako kantak ziren Benitoren errepertorioko kantarik gehienak, bereziki* gizon-emakumeen arteko amodioa gaitzat dutenak. Ba dirudi, Benitok gai hori besteak baino sarriago* erabiltzeko arrazoi pertsonalen bat duela, zentsurarena ez bada behintzat. Xenpelarren «Itsasoan ari dira» eta antzerakoak jendeak ezin disimulatuzko atseginez entzun bazituen ere, politikazko intentzioa agertzen zuten kantak amaitzerakoan, jendea zutik jartzen zen txaloka, «Detroit» delakoarekin gertatu zen bezala. Gure ustez, «Txori txikia» izenekoa da, Benitok trebeen eta hunkigarrien* ateratzen duena.

Ez dakigu, progresu eta dezisio indarren errepresentatzaile puntarengoak izango diren gazte hoiek zer uste konkretu izan zuten; baina Benitoren kantaldia, uste dugu, teknikalari hoien gogoetan geldituko dela.

DONAGARAI

genituen, genduzan

zeduzkan, eukazan, zeuzkan

zeuden, egozen

zeukun, euskun, zigun

zeuzkiguten, euskuezan, zizkiguten

zion, eutson

zitzaikun, jakun, zitzaigun


Haurren lehen jaunhartzea Bilbon edo erligioa gizon osoarekin bat egitea

Bilboko «Resurrección María de Azkue» izeneko ikastolan bereziki* eta berdin beste ikastola batzuetan ere ari diren haurrek, Bilboko hamabi elizatan egin izan dute beren lehen jaunhartzea. Jaunhartze hori euskaraz era-tutako elizkizunetan izan da, horretarako bai gurasoek eta bai ikastoletako zuzendariek eginahalak eta sarritan* burrukaldiak egin ondoren. Izan ere, Bilboko eliza asko erdaldunegiak dira, besterik gabe euskarazko elizkizunak onhartzeko.

Anejako elizan 15 haurrek egin zuten. Haietariko 10 R.M.A. ikastolakoak ziren eta 5 parrokia hartako eliztarrak.

Karmengo elizan 17k, guztiok R.M.A. ikastolan ari direnak.

San Bizente elizan 5ek, aipatu ikastolakoak hauk ere.

San Frantzisko Xabier elizan ikastola bereko 7k. (Elizkizuna euskaraz izan zedin, burruka latzak egin ondoren).

San Anton elizan 11k, 3 R.M.A. ikastolan dabiltzanak eta 8 Begoñazpikoan ari direnak.

Andre Mari Pilarrekoan R.M.A.ko 12k.

Deustuko Pasiotarren elizan 18k, guztiok hango ikastolakoak.

Begoñazpiko elizan 30ek, guztiok Karmeloko ikastolakoak.

San Fernando elizan 10ek, R.M.A. ikastolakoak guztiak.

Asisko San Frantzisko elizan R.M.A. ikastolako 11k.

Corpus Christi izeneko parrokian 23k, guztiak R.M.A. ikastolan ari direnak.

Aurtengoz, haurtzaroa utzi eta «arrazoiaren» munduan sartzeko epe horretan dauden neskato-mutikoen «lehen jaunhartzea» euskarazko elizkizun batean egitea lortu* da. Hurrengo urterako, hala ere, ikastoletan ez dabiltzan haur euskaldunek ere horrelako elizkizunetan parte hartu ahal izan dezaten, behar den tertzioan* apaizek iragar* dezatela nahi da, euskal liturgia hori zein egun eta zein ordutan izango den.

BIDAURRE


Filatelia. Aurtengo seilu berriak

Filatelari batentzat beti da interesgarri, argitaratuko diren postatinbre edo seiluen berri jakitea.

Espainian, aurten, 45 seilu berri daude planifikatuak, eta hauen balioa 293 pezeta izango da.

Hona hemen, hemendik eta 1972.a amaitu* arteraino argitaratuko diren seilu berriak:

Ekainaren* 16an, «Día Mundial del Sello», seilu bat, balioa 2 pta.

Ekainaren 22an, «Castillos 1972», bost seilu, balioa 21 pta.

Abuztuaren 26an, «Olimpiada de Munich», lau seilu, balioa 16 pta.

Irailaren* 14ean, «Fauna 1972», bost seilu, balioa 18 pta.

Urriaren 12an, «Puerto Rico», lau seilu, balioa 16 pta.

Urriaren 26an, «Avila», hiru seilu. balioa 25 pta.

Hazilaren* 2an, «Navidad 1972», bi seilu, balioa 10 pta.

Eta, orain, hona hemen trukatzeko, kanpotar filatelari batzuen izen eta bizilekuak:

Magda Motz - Marienstrasse 41 - 495 Minden/Westf.

Paul Bischofberger - Wildalphoschstrasse 8 - 8 München 82.

Kathe Stading - Mellinghofstrasse 40 - 433 Mülheim-Ruhr.

Albert Ziechaus - 8431 Sindlbach/Opf. Nr. 78.

Max Schulz - Keplerstrasse 111 - 43 Essen.

Dr. Rich Pauli - Medizinalrat - 8229 Laufen/obb.

Hauk guztiak Alemania Federalekoak dira.

XABIER GEREÑO


[Herriz herri]

Lekeitio

Itsas kooperatibak

Urte batzuk direla, arraintzaleen artean huelga* bat izan zen, soldatak zirela eta. Estaduak, huelga hauk isil erazteko, arraintzaleen kooperatibak sortzea erabaki zuen. Horrela, tostartekoak* berak ere ontzijabe bihurtuko ziren. Soldata arazoa nolabait konponduta gelditu zen. Guttienez hori pentsatzen zen edo hori nahi zen.

Zenbait firma batzea nahikoa zen, prestamu batzuk lortzeko.* Dena zen erraztasuna; eragozpenik batere ez.

Berbaz, 10 urtetako epea eman zitzaien, Estaduari ordaintzeko; eta, ezin izanez gero, 15 edo 20 urtetakoa. (Baina estatutoetan 5 urtetakoa bakarrik ematen zitzaien).

Kooperatiba hauen harturendun* nagusia Estadua izan arren, beste harturendun asko zeuden; eta lehenik hauei ordaintzea erabaki zen. Baina Estaduak, bere prestamuekin zer egiten den ikusirik, gogortu egin du bere jarrera*; eta arraintzaleek ezin dute ordaindu. Madrileko erantzuna, Estaduak itsasontziak subastatu egingo dituela izan da. Baina itsasontziok aurrera jarraituko direla esan liteke, zeren* Estaduak subastarekin ez bailuke diru askorik hartuko, gaur egunean itsasontziok balio haundirik ez dutelako.

Bokartaren arraintza

Arraintzaleen arazoak* ikutu ditugunez gero, aurtengo bokartaren kanpaina, guztia* beharrean hasi dela esan behar dugu. Arraina urrun dabila. Bestalde, eguraldi txarrak ere ageri dira arraintzarako.

Ba dago, hala ere, bereziki* interesgarri den zerbait. Apirilaren 27an, orain arteko neurri guztiak gainditu* ziren bokartaren salmentan: 57 pezeta kiloko.

Irakaskintza

Lekeitioko institutoan, lanak aurrera doaz. Dirudienez, ez legoke (etxearen aldetik behinik behin) datorren urrian hasteko eragozpenik. Hala ere, ez dakigu, honetaz ezer garbirik dagpenik. Interes gutti? Ala gehiegi?

Lekeition bi akademia daude, irakaskintzaren bigarren mailan ari direnak.

Mendexako antzezlariak

Apirilaren 9an, bertako gazteak antzezlari zirela, Begiristainen «Apaiz, langile eta mediku» antzerkia jokatu zen Mendexan. Antzerki hau ez da, Mendexarrek egiten duten lehena. Gainera, prest daude, beste nonbaitera joateko ere.

LURDEX

Galdakano

Parke berria dela eta

Herritar guztiek halako poz eta harrokeria bat sentitzen dabe, parke berri baten jabe direla ikusirik. Dana dala, ba ditu parke horrek zenbait* hutsune, jendeak dinoanez. Kasurako, Bilbotik Donostiarako autobidearen eta Ibaizabal hibaiaren bitartean egoteak, bertara doazenentzat, haurrentzat batez ere, arriskua sortzen dauala. Bestalde, parke berri horren egitura edo estiloa ez ei da modernoen tartekoa, antigualekoa baino. Azkenez, Barakaldon gertatu dan legez,* hemen ere, ea parkea egitea ala eskola berriak egitea premiatsuagoa dan eztabaidatzen da.


Euskal Unibertsitatea, noizko?

Maiatzaren 12an, arratseko zortziretan, Julio Urkixo jaunaren jaiotzatiko 100 urteak betetzen zirelarik, Bizkaiko Diputazioaren bibliotekan, Luis Mitxelena, Jean Haritschelhar eta Urkixoko kondea hitzaldi bana egiten aritu* ziren, Julio Urkixoren bizitza eta obra goraipatuz.

Mitxelena jaunak, bere hitzaldiaren amaieran, Diputazioko presidentearen eta Bilboko alkatesaren aurrean, argi eta garbi esan zuen, Euskal Estudioak aurrera eramateko, nahi eta nahiezkoa dela Euskal Unibertsitate bat lehen bai lehen sortzea. Entzule guztiek biziki xalotu zioten Mitxelena irakasleari eskabide hori, horren premia guztiok aspaldidanik baikenuen.

Premia hor dago, bai eta erremedioaren izena ere, hots, Euskal Unibertsitatea. Ba dakigu, aspaldion Extremadurako Unibertsitateaz tinta asko isuri dela. Ez ote da jadanik, guk ere Euskal Unibertsitate baten alde geure deiak jaurtikitzeko ordua?

Behar hainako* fakultaterik berton ez dugun artean, irakaskintza ez da segur aski egonen gehientsuon eskuetan; eta hainbat ikasle, estudiatzeko ahalmena eta talenturik falta ez duenik, kanpora joan eta bertan bizitzeko biderik ezaz, dirurik ezaz, estudiatu gabe geldituko da. Quousque tandem? Noiz arte egongo gara euskaldunok, geure hizkuntza eta kulturaren aurreramendurako hain beharrezko zaikun Unibertsitate bat gabe? Noiz arte ikusi beharko dugu praktikan diruzko apartheid hori irakaskintzan?


Kantari berriak zahartzen ari ote?

Ezker eta eskuin, kantaldiz kantaldi ibili ondoan, berriz ere ba nago, gure kantari berriak ez ote zaizkigun doi bat «zahartzen» ari.*

Euskal Herri osoan ezagutuak diren gure kantari berriek, baitezpadatuki,* behartuki,* behar lituzkete, orai toki askotan agertzen ari diren kantari berriak berekin kantaldietan kantuz ari arazi. Bestenaz,* luza* gabe, beti eta orotan* kantari berak eta kantu berdintsuak direla eta, euskal kantua uzten ari diren gazteen nonbrea* goratuz joanen da.

Horretaz bestalde, damugarri, zinez* damugarri da, mugaz bestaldean hain ezagutuak diren kantari gazteak gure kantaldietan ez ikustea, hala nola Lertxundi bat, Mikel Laboa, Oskorri, Unai ahizpak eta beste zenbait. Zorionez, noiztenka* bederen* Oskarbiren entzuteko parada* ba dugu.

Bigarren zer bat, urrats* bat, gure kantari berriek luza gabe bete behar luketena, hauxe dela iduritzen zait:

Agian* luzaz* oraino ikusiko ahal ditugu herri ttipietako kantaldi herrikoiak, tokian tokiko gisara* emanak direnak; bainan ere, agian luza gabe, hiri eta herri gotorrenetako* saletan, antzerki bat bezala apailatu* kantaldi-ikusgarriak ere ikusiko ahal ditugu, gure euskal kantu berria gero eta gorago joan dadin eta herritarren gogo-bihotzetan gero eta barnago sar.

G. L.


Jainkoa eta gizona

Eliza —edo, hobeto esan, sinesmena —dela eta, ba dira gaur egun, eta bereziki Euskal Herrian, eztabaidak, burrukaldiak eta samintasunak.

Gorabehera horren ezagugarririk agerienak hauk dira: elizak hustea, apaizgaiak urritzea eta apaiz direnek apaizgoa baztertzea. Pasatu den garizuman, esaterako, eliz ihardunaldietara aurreko urteetan baino jende guttiago joan izan da; eta joan direnetarik gehienak, ez dira gazteen artekoak izan, zaharren eta emakumezkoen artekoak baizik.

Dena dela, ezagugarri hoik azalezkoak dira batik bat, eta ez funtsezkoak. Baina ezin uka, hor daudenik.

Era askotariko arrazoiak jartzen dira, beherakada hori azaldu nahiz. Sarritan, batez ere zaharzaleek, arrazoi bakar eta sinpleak bilatu nahi izaten dituzte. Gure ustez, hala ere, molde askotarikoak dira: eta guztiak banan banan aztertzea, luzeegi izateaz gainera, lan astuna litzateke eta soziologoek egin beharrezkoa.

Arrazoi guztien artean bat aipatu gura genuke; eta ez azken azalpen biribil bat eman nahiz, jendearen gogora erakartzeko ustez baizik. Azken azalpena «Elizaren doktoreek» eman beharko lukete.

Fede arazo hau marxistek ekarri dute jendearen buruetara, eta politikazko zenbait ekintzailek bereziki Euskal Herrira. Izan ere, fededunak «Jainkoarekin erlazionaturik» maitatzen ditu gauzak, gizonak eta kosmoa, «haiek beren izatez dituzten egia, konsistentzia eta ontasunagatik (ikus Gaudium et Spes, 36)». Era berean, Jainkoaren aginduz, dominatu eta irabazi ahi ditu Naturaren indarrak, teknika eta zientziaren bidez. Jainkorik gabe, gizonaren izatea absurdo bat da: ez hasieraren ez amaieraren berri ez duelarik, ez daki nora doan, ez zer nahi duen.

Marxistek, ostera, gauza guztiak haien balio hutsagatik maitatzen dituzte. Hots, ez dute Absolutoaren premiarik sentitzen, mundu honetako joan-etorria egiteko. Jainkoa onhartzean, diote, gizona pobretu egiten da, inoren menpean bizitzera kondenatzen baita. Ba dakite, Jainkorik gabe zenbait gauza esplikatu gabe gelditzen direla, adibidez, zein den Bizitzaren hasiera eta bukaera; baina nahiago dute, beren indarrez azalpen hoien bila ihardutea, Prometeoren gisa, inork emandako segurantziak ezin baitira frogatu.

Problema hau luzea da, eta, gaurkoz, pentsakizun bezala soil soilik* proposatzen dugu.


Euskaldungoa

Telefonoak Espainian

Espainia osoan 5.129.501 telefono egozen, joan dan 1971.eko abenduan. Horreetarik 4.236,701, automatikoak dira. Gehien dauken probintziak, jarraiko honeek dira:

1. Madrile 1.130.523

2. Barcelona 912253

3. Valencia 198.061

4. Bizkaia 197.029

5. Sevilla 118.768

6. Gipuzkoa 102.169

14. Nafarroa 60.530

16. Araba 58.340

«Oskorri» Santurtzen

Joan dan apirilaren azkenetan, «Oskorri» bilbotar kantari taldeak ihardunaldi bat eskaini eban Santurtzen «Caja Laboral Popular» dalakoan dirua dabenen aurrean. Entzuleak —guztitara 1.500 bat— Bilbo eta Bilbo inguruko herri guztietarikoak ziren.

Disko berriak

«Columbia» etxeak, disko handi batean, hainbat ipuin argitaratu ditu euskaraz. Entzungarriak benetan.

«Belter» etxeak hiru disko berri argitaratu ditu, «I. Kanta Berri» sariketako kantu hoberenekin. Kantariak, Donato, Joxe Mari eta Amaya dira, «Unai» hirukotearen laguntzarekin. Disko oso onak eta interesgarriak.

Jaunhartzeak

Maiatzean, Bilboko ikastoletako hainbat ikaslek egin dituzte lehen jaunhartzeak. Elizkizun ederrak izan dira, euskaraz, batez ere San Anton, San Bizente eta San Felizisimo elizetan. Salbuespen* bat: Espartero kaleko San Frantzisko Xabier elizako apaizek, hainbat eragozpen ezarri ondoren, alboko aldare bat eskaini zuten, eta ez zuten parterik hartu elizkizunean.

«Orixe»ren EUSKALDUNAK, berriro argitaratua

«Orixe» zanak egindako Euskaldunak poema liburuaren bigarren edizioa argitara eman berri dau «Auñamendi» etxeak. Edizio berri honek 1.200 pezeta balio dau. Prezio hori dala eta, gure adiskide batek esan eban: «Hobeto! Horrela, pobreek ez dabe berriz irakurriko!» Hain maitekiro eta metrika ondo gorderik egindako liburu honi buruz, honako hitz honeek esan zituan Jose Azurmendik: «Eta guk, bakan* ezagutu eta sekula bizi ez dugun Euskal Herri bukolikoa (maliziarik gabe esanda) nekez konpreni genezake. Euskaldunak poema, esate baterako, gure zoritxarrerako izango da; baina, egia aitor-tuko badugu, beharko dugu esan... kasik Txina bezain urruti egiten zaikula askori. Gehienoi, nik uste. Ez dut halako ezkon-festarik ez herri jairik ezagutu, ez apaizik hain begirune sakratuz defenditurik, ez irule* bat, ez balankaririk gure jaietan... 'Gure herria osorik poema horretan duzu' entzuten badut, ... derrigor harrituko gara» (Mitxelenaren poesiak, Jakin Sorta II, 37-38. orri.).

San Inazioren ejerzizioak gaur egun

«San Inazioren gogo ihardunek ba ote dabe baliorik gaur egun» gaiari buruz, mintzaldi bat eman eban Iparragirre aita jesuitak, maiatzaren 4ean, Azpeitiko Loiolan.

Enkarna Verdes Elorriaga hil da

Enkarna Verdes, bere bizitzako 75 urte luzeetan euskal semeen alde hainbeste lan eta ahalegin egin dituana, joan dan maiatzaren 19an hil zan Bilbon.

Pintur sariketa eta mendigoizaleen eguna Ordizian

Maiatzaren 6an, hamalau urtepekoentzat pintur sariketa bat izan zen Ordizian.* Hiri* honen inguruko herrietatik etorritako 734 gaztetxok parte hartu zuten.

Maiatzaren igande 7an, mendizaleek ibilaldi neurtu bat izan zuten. Hamaika ordutako ibilaldi honetan, 36 talde atera ziren, eta F. Garmendia, X. Aranzabe eta X. Ezkurdia Billabonatarrak gertatu ziren txapeldun.

Maiatzaren 11n, mendizaleen eguna ospatu zen. Goizeko zortziretan jende talde bat atera zen mendirantz. Hamaiketan meza, eta ondoren medailen ezartzea izan zen. Gazte eta zahar elkartu ginen, egun hau ospatzeko. (SUAR).

«Euskaros» taldearen disko berria

Donostiako «Herri Gogoa»k, Iñaki Beobideren zuzendaritzapean, «Euskaros» deitu* taldearen disko bat atera berri du. «Dena polita udaran», «Edurne», «Zure begiak» eta «Maite min» dira, disko hau osatzen duten kantak. Eskatzeko: Iñaki Beobide, Ferrerías, 1. San Sebastián.

Santutxuko euskal jaia

Aurtengoa debekatua izan da.

Mitxelena jaunaren hitzaldia Deustuan

Maiatzaren 13an, goizeko 12etan, Deustuko Euskal Kultur Mintegiak eraturik, Luis Mitxelena jaunak, Salamancako katedradunak, hitzaldi bat egin zuen jesuiten Unibertsitatean. Erabili zuen gaia, gaurko euskal kultur problematika izan zen. Bertara entzule asko bildu ziren. gazte jendea gehienak, bai hizlaria eta orobat* gaia ere erakargarriak zirelako. Mitxelena jaunak esan zeukunez, euskaldunok, geure Herriaren onerako, elkarrengandik urruntzen gaituzten puntuak alde batera utzirik, guztiok elkarrengana biltzen gaituztenetan batera jokatzen ikasi behar genuke, nork bere arloan, ahalik eta gehien eginez. Euskara eta Euskal Herria salbatuko badira, kultur bidetik abiaturik egingo dira. Biziki interesgarri iruditu zitzaikun haren eritziak entzutea.

Maiatzaren lehena, langileen eguna

Maiatzaren lehena langileen eguna da, jakina dan bezala. Begira, zer inoan egun honi buruz, Donostiako «La Voz de España» egunkarian, Beasaingo kronikak egiten dituan López jaunak: «La villa, bajo un sirimiri que poco dice en favor del mes más florido y hermoso del año, según el refranero, vio transcurrir el día de ayer con escasa animación. Tranquilidad y retorno de los excursionistas de cuatro días de fiesta. El comienzo de mayo nos ha defraudado: Que se mejore». Gizajoa!

Eibarko «Umeen Euskal Jaia»

«Umeen Euskal Jaia» ospatu izan da Eibarren, maiatzaren 20tik 28rarte, «Sociedad Cultural Recreativa Arrate» erakundearen* arduraz* eta «Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa» diruetxearen babespean. Jaialdi hori dala eta, «Concurso infantil de música vasca», «Concurso infantil de trabajos manuales», haurrentzako euskal liburu eta diskoen erakusketa, haurren antzerkiak eta abar izan dira. Era berean, jarraiko mintzaldi honeek eman izan dira: «Euskal kulturaren historia literaturaren bidez» Ibon Sarasolak, «Euskal hizkuntza eta kultura gaur» Eusebio Osak, «Euskal kulturaren bideak gaur» Luis Haranburu-Altunak, «Euskal antzerkia euskaraz» Anjel Lertxundik.

Eibarko «Umeen Euskal Jaia», ospatzen direnetatik indartsuena izateaz gainera, guztien artean aurrerazaleenetarikoa da.

Caro Barojak hitzaldi batzuk Deustuan

Maiatzaren 18, 19 eta 20an, Julio Caro Baroja jaunak, Pio Barojaren loba eta ethnologo ezagunak, hiru hitzaldi eskaini zeuzkigun Euskal Historia aztertzeko bide berriez. Hara joan ginenok, biziki poztuta eta antsiaturik utzi gintuen azterlari famatu honek, euskal historiaren haria biltzeko seinalatu zituen bide batzuk, zeharo berri, prometagarri eta harritzekoak baitira.

Hitzaldiok Deustuko Unibertsitateko Euskal Kultur Mintegiak eratuak izan ziren; eta jendeak ezin hobeki erantzun duela esan dezakegu, hoietara matrikulatu ziren 110 pertsonak lekuko.* Agian Filosofiako estudiante guttiegi nabari* zen bertan; baina, orain arte Deustuan estudioak eraman direneko joera kontuan harturik, ez dateke* hain harrigarri, zenbait estudiante eta irakasle Europako ethnologorik onenetariko baten hitzaldietara ez etortzea.

Baina ba dakusagu,* bestetik, Euskal Kultur Mintegiko unibertsitari gazteak kultur arloan lan biziki interesgarri bat egiten ari direla; eta hau zeharo xalogarria da. Izan ere, euskal kulturaren birpizte eta indartze bat etorriko bada —eta gu horretan gaude—, unibertsitariengandik etorriko da oso neurri haundi batetan.


Kristoren Ezkerra

Izen honekintxe liburu bat argitaratua da frantsesez. Ez dut liburu hori oraindik ikusi. Baina ba dakit, ezker aldetik jotzen duten kristauen politika hautapenaren* azterketa dela.

Kristoren ezkerraz baino Jainkoaren eskuinaz sarriagotan* mintzatu gara kristauok. Eskuin hori aipatuz eta aupatuz, eskuindar bilakatzeraino.*

Ezker bat ba dagoela, ba dakigu orain. Ez dago gehiago pentsatzerik, fededun guztiek alderdi bakar batean egon behar dutenik. Fede bat berak politikabide desberdinak hautatzea* libre uzten duela ikusi eta ikasi dugu. Ba zen ordua.

Sozialismoaren hautapena

Roy kardinalari egindako eskutitz famatuan, mogimendu sozialistetan sartzea zilegi* zaiela kristauei esan zuen Paulo VI.ak. Aita Santu batek lehendabizikoz esaten du hori.

Baina, Aita Santuak esan orduko, bide horretatik ondo abiaturik zihoazen kristau asko. Sozialista, fedegaberen sinonimotzat hartzen zen garaiak, joanak dira. Iraultzaile* eta kristau, ez dira ezkon ezinak. Teologian bezala, politika joeretan zailtasun hori gainditutzat* ematen da.

Kristauen artean, sozialismoaren hautapena gero eta hedatuagoa* da. Eta hau maila guztietan.

Hautapen honen arrazoiak, hala ere, ez datoz bat.

Batzuek, hautapena, fedearen izenean egiten dute.

Beste batzuek, hautapen hori, politikazko efikaziaren izenean.

Bigarrenek, ordea, lehenengoek bezala, sozialismoaren hautapen hori beren fedea ukatu gabe egin dute. Eta hau, gertakari berria da.

Kristauen joerazko politikagintza

Kristauok, Eliza bat utzi eta beste batean sartzen omen* gara beti. Alegia,* kristau Eliza baztertzen dugunean, Alderdi Komunistara jotzen dugula. Hauxe esaten zeutan behin, euskal politikan oso sartua dagoen adiskide batek. Ez nengoen konforme, eta gaur ere ez nago. (Fede bat utzi eta beste bat hartzen dugula esan baleut, baietz erantzungo niokeen, zoritxarrez hala dela sarritan).

Nire ustez, ezkertiar politikan ari diren kristauek, politikazko «Elizarik» ez dute gehiegi maite izaten. Frantzian egin diren inkestetan* ikusi besterik ez dago. Alderdi Komunistan ez dago kristau askorik. Gehiago, askoz gehiago, biltzen ditu Alderdi Sozialistak. Eta oraindik gehiago, mila bider gehiago, P.S.U. eta gainerako ezkertiar berrien mugimenduek. P.S.U.ko zuzendari batek dioenez, Alderdi honetako bi hirurdenak kristauak dira; eta azken bolada* honetan datozenetatik % 80. Bestalde, politika-ikusle baten eritziz, «maoista» deitu* joeretako mugimenduetan % 80 edo 90, kristau jatorrikoak dira.

Kristau gazteriak «antolaketa» handiak, «organizazioak», «aparatoak» arbuiatu* egiten ditu. Berdin taktikak eta erdibideak. Hau guzti hau zergatik?

Bateko,* idealismoagatik, Absolutoaren egarri horregatik, profetismo zaletasunagatik, sortzailetasunaren maitasunagatik. Hau dena, alderdi positiboa da, politikazko erakundeei* bizitasuna emanez, inertziak oro* baztertzeko.

Eta besteko,* politikazko «errealismoaren» zentzurik ezagatik. Ez da aski,* ideial-deiak entzutea eta mezu* ederrak aldarrikatzea;* sozio-politikazko analisiak ere egin beharra dago. Eta hori, eta berdin politika ekintza, ikasi egin behar dira. Huts egiten dugula sarritan* hemen salatzen daukute. Eta egia delakoan nago.

JOAN MARI TORREALDAY

baleut, baleust, balit

daukute, dauskue, digute

niokeen, neuskion

zaie, jake, zaiote

zeutan, eustan, zidan

 zihoazen, joiazen, zoatzin


Liburu berriak

«Mitxelenaren idazlan hautatuak», ETORen

Luis Mitxelena jauna gure artean ezaguna bada, bereziki* batasunaren arazoagatik* izan dela esan dezakegu, horretan linguista gisa parte haundia hartu baitu. Baina, egia esan, zoritxarrez, idazle bezala inor guttik ezagutzen zuen publiko haundiaren artean, agian* bere lan gehienak EGANen eta gisa* honetako aldizkari tirada guttikoetan agertuak zituelako.

Hori zuzendu nahirik, haren jarraitzaile porrokatua den aita Patxi Altunak antologia moduko bat bildu dauku, Mitxelenaren prosa euskara batu idatziaren ispilurik garbiena bezala erakusteko asmotan, lehen artikuluetan haren esaldiak ia hitzez hitz analisi gramatikal batez aztertuz.

Biziro interesgarri deritzogu obra mardul honi, oso ongi presentatua bestalde —prezioz ere garestitxoa izan arren—, Mitxelenaren lan ezezagun baina irakurgarriak eskuratu dauzkigulako. Gaiak oso ugariak dira: saioak, kritikak, biografiak, eta abar. Oso prosa ederra du, beti zehatz, zenbaitetan sintaxiagatik gaitz eta zail gertatu arren. Errenteriako katedradunaren eritziak, bestalde, gehientsuetan zentzuz beterikoak iruditu zaizkigu, beti zintzoak, baina batzuetan, liburuaren azken parteko hitzatzean* batez ere, garratz xamarrak. Egilearen pentsamoldea eta ideiologia argiro finkatuak utzi dira ulertu nahi diokeenarentzat,* zeren* «ulertzaile onari, hitz gutti». Liburu ausarta,* ausartegia agian.

Lehen aipatu dugun arren, obra honen moldatzean eta presentatzean, aita Altuna jesuitak hartu duen lana xit xalogarria dela uste dugu, eta berorren meritua berriz adieraztea merezi delakoan gaude; ez baita izan, zenbaitek pentsa lezakeenez, inondik ere ttikia.

Liburu hau eskatzeko: «Ediciones Mensajero», Apartado 73, Bilbao.

«Zezenak Errepublikan», J. Hiriart-Urrutyren artikulu hautatuz moldatua, eta «Iraultzaren hildotik», Joseba Intxaustirena, JAKINen

Liburu biotan Frantziako III. Errepublikaren inguruko problemak aztertzen dira, sasoi hartako apaiz jator baina integrista baten ikusmiratik eta oraingo azterlari moderno baten bidetik. Honetan ere, ideiologia gorabehera,* Hiriart-Urruty hizkuntzaren maisu agertzen zaiku, euskal prosa modernorako ezin utzizkoa. Duda gabe, honelako lan hauk* berriz argitaratzean, eskerrak eman behar dizkiogu bai J. Intxausti langileari eta bai JAKIN talde adoretsu osoari ere. Honela argituko da, eta ez bestela, gure Herriaren iragan* erdi ahantzi* baina garrantzitsua. Eskatzeko: JAKIN, Oñate (Aránzazu), Guipúzcoa.

Beste zenbait liburu berri

 «Cartas boca arriba», Jose Luis Merinok. Bilbon. 100 pezeta.

 «La vida de Pío Baroja», Angel Pérez-ek. Madrilen. 100 pezeta.

 «El mundo en la mente popular vasca, II», Barandiaranek. «Auñamendi». 125 pezeta.

 «Geografía del País Vasco, II», Sollubek. «Auñamendi». 125 pezeta.

 «Ezkontzeko sakramentu berria», Lazkanoko Aita Beneditanoek.

 «Estudios Vizcaínos, III», «Real Sociedad de Amigos del País» elkarteak argitaratua. 150 pezeta.


Nori gabeko eskutitzak

Bilbotik, 1972.eko maiatzaren 29an.

Adiskide on:

Hemengo jaunhartzeak —eta ez gaizki pentsa— honez gero amaituak* dituk gurean. Lasaiago giabiltzak orain, eta, larunbat* honi denbora pixka bat kendurik, idaztera saiatuko natzaik.

Esaten heutanez, ez liegokek, ez, gaizki, euskal idazle gazteok literatur manifestu bat egitea, nolabait geure eskola berriaren oinharriak adierazteko. Nik neuk ez dieritzoat xarto manifestu horri, agian,* bestela ezinik, euskal idazleok nonbait manifestazio publiko bat egin behar genukeelako; baina, horretarako, oraindik goizegi dela esanen nikek.

Manifestu bat egin aurretik, idazleok bildu beharko genikek eta guztiok ditugun literatur jokabidearen ezagugarri komun, berri eta nabariak* zeintzuk diren, denon artean argitu eta finkatu. Egia duk, ba dagoela —teorian behintzat— Euskal Idazleen Elkarte bat; baina berau idazleon problemarik haundiena konpontzeko sortu eta bildu zuan, alegia,* Arantzazun harturiko bideari segida emanez, aditza batzeko. Horretarako zenbait* bilera egin genian Baionan; baina geroago, aditzaren batasuna Euskaltzaindiak bere gain ofizialki hartu zuen gauza bat bihurtu zenetik, Idazleen Elkarte hura* ez duk berriro bildu.

Penagarri duk, noski,* Euskal Idazleen Elkarte bat aditza batzeko eta horrelako gauzetarako besterik ez egotea, horren egiazko zeregina gure literaturaren bide berriak seinalatzeko eta hortixek abiada hartzeko izan behar bailitzateke. Baina deus* guti egin zezakeagu oraindik estilistikaz eta eskolaz, oraino idazteko tresna —hizkuntza eredu* batua, alegia*— guztiz moldaturik ez badugu.

Bestetik, eskola eta tankera* nabari bat egon dadin, asko eta ongi idatzi behar duk; eta, hiztegigintzan ari garen artean, ez dikeagu astirik ukanen* beste horretarako. Idazleok, zorigaiztoz, sartuegi giabiltzak aspalditxuon gramatika arloan* tresna gaitzen* eta zorrozten, batera* obra bikainik sortzeko.

Dena dela, egia aitortu behar dauat, eta neronek ba diakusaat gaurko idazleon zenbait ezagugarri nabari, nolabait oraingo euskal belaunaldiaren* karakteristikatzat ager daitekeenik.

Eskola gehienetan bezala, gurean ere ba dituk zenbait gidari. Bata prosan (Txillardegi) eta bestea poesian (Aresti). Berauen inguruan hainbat idazle eta poeta gazte bildu dituk; eta oker edo zuzen, batzuk ontzat hartzeko eta beste batzuk, gaitzetsirik,* bide berrien bila joateko, gaurko euskal idazle gazte guztiok Txillardegiren eta Arestiren eraginpekoak izan garela aitortu beharko lukek.

Beroiekin batera, noski,* Mirande, Peillen, Loidi, San Martin, Etxaide eta beste zenbait idazle independente diaudek; baina, eragin uka ezinezko bat ukan* arren, ezin esan diaitekek, beren inguruan eskola edo talde berezirik utzi daukutenik, nik uste.

Ba diagok, baina, beste talde berriago bat, haiengandikoa, urte gutiagokoez osatua: 64.eko belaunaldia, alegia. Talde hau ZERUKO ARGIAko «Gazte Naiz» delako orrian hasi zuan idazten; eta, ideiologiaz eta tankeraz erabateko batasunik eduki ez arren, talde horrexen barnean, ene eritziz, literatur ezagugarriok nabari diaitezkek:

1. Talde bezela, hizkuntza berriztapen bat ekartzea: hots,* euskal literaturari euskara batua eskaintzea. Hau, ene ustez, aski* dukek, talde hau belaunaldi berezitzat hartzen hasteko.

2. Hiztegian ez dituk puristak. Hasiera batez mordoilo xamarrak baziren ere —ez ahantz,* gehienak kaletarrak edo euskaldun berriak direnik—, gero eta hobeki ikasi diate joskera* erabiltzen. Lexikoan, idazle klasikoak —hain zuzen ere, aurreko belaunaldiek mespreziatu zituztenak— kontuan harturik, ez diate alferreko erdal hitzik erabiltzen, teknikan eta zientzian joera unibertsalekoak izan arren.

3. Gaien aldetik, Euskal Herritik kanpoko arazoak tratatzen ditiate; beti euskaraz, ordea.

4. Agian* beste ezagugarri bat, azken urteotan nabaritzen* hasi zaikuna, hauxe dukek: hikaren birbaloratzea. Dakianez, gerra aurreko idazleengan hika idaztea oso gaizki ikusia izaten zuan, berau ijitoen* hizketa zela eta. Gaur, ordea, hika —euskarak maskulinoa eta femeninoa markatzeko beste erarik ez duenez gero— estilistikazko baliabide ezin ederragotzat jotzen diagu, erdarak ez duen informazioa ematen baitauku.

Eta besterik ez. Noski, ba dituk bestelako eraginak, nobelari dagokionez, kasu, Hego Amerikakoak batez ere; baina hori hurrengo baterako utzi beharko diagu. Hiri ere beste zenbait puntu burura* dakizkikek, nik uste.

Agian datorren hilabetean ostera* bat eginen diat hortik. Goraintziak «Kakarraldo»ri.

XABIER

Toketazko aditz formak

diagok, dago

diagu, dugu

diaitekek, daiteke

diaitezkek, daitezke, daitekez

diakusaat, dakusat, ikusten dut

diate, dute

diaudek, daude, dagoz

dieritzoat (dieritzaat), deritzot (deritzat)

dikeagu, dukegu, dugu nonbait

ditiate, dituzte

dituk, dira

duk, da

dukek, dateke, da nonbait

genian, genuen

genikek, genuke

giabiltzak, gabiltza

liegokek, legoke

lukek, litzateke

nikek, nuke

zezakeagu, dezakegu, daikegu

zuan, zen

Osterantzeko aditz formak

dakizkikek, dakikezak (daitekizak), dakizkiake

dauat, dauat, diat

dauku, dausku, digu

daukute, dauskue, digute

heutan, heustan, hidan

natzaik, natxak

zaiku, jaku, zaigu


Osaba Martinen kontuak

Basajauna

Atzo Enekok bere lehen jaunhartzea egin eban. Horregatik erregalu* asko hartu zituan eta horreen artean munduko herrialde urrunetako bizimodua kontatzen dauan liburu bat. Liburu horrexetan irakurri eban, Tibet aldean, Himalayako mendi elurreztatuetan, «yeti» izeneko gizon iletsu* bat bizi dala, inork ikusi ez arren, haren oinhatzak nonnahi ikusiak direlarik. Osaba Martin bere lanetik etorri bezain agudo,* Enekok, liburua eskuan, horren berri galdetu dautso.

Osaba, beti irribarretsu eta pazientzia haundiaz, bere zapatak erantzi eta etxerako abarketa bigunak jantzirik, pipa piztu ondoren, erantzuten hasi jako.

— Bai, «yeti» edo «elurretako gizon ikaragarria» dalako piztia edo gizon hori, hain urrun joan barik ere, euskaldunon artean ere ezagun ezaguna dogu.

— Ez da hori egia izango, osaba! Eta non bizi da, ba*?

—Bizi, bizi... Pirinioetan, esaten danez. Basajauna deitzen dabe Nafarroa eta Zuberoko artzainek. Guztiz iletsua ei* da, eta oihanen* sakontasunean bizi da.

— Eta gaiztoa da?

— Ez. Artzainek behintzat laguntzat dauke basajauna. Udazkeneko gau hotzetan, artaldeetara otso* gaiztoak etortzen zirenean, basajauna oihuka etortzen ei zan; eta otsoek, ikaraturik, handik ihes egiten eben. Ardiek, gainera, gauean basajauna ingurutik dabilala sentitzen dabenean, ezkilak eta arranak* oso modu aparteko batez eragiten ei ditue, guztiek batera halako soinu berezi bat joaz. Artzainek soinu horrexetan igartzen dabe, basajauna handik dabilala.

— Eta basajaunak, danak gizonezkoak dira?

— Ez, noski. Emakumezkoak ere ba ei dira, eta basandereak edo basandreak esaten dautsee.

— Osaba, nondik uste dozu etor daitekela basajaunen kontu hori? Ze... hori ipuina izango da, ez da?

— Bai, noski. Ipuinetako pertsonaiak dira zuretzat eta niretzat, baina ez hareengan sinesten daben artzainentzat. Ipuin hori nondik datorren asmatzea, bestalde, ez da hain erraz; baina, dana dala, nik neuk uste dot, basajaunen jatorria, beharbada, honexetan dagoela.

Hara! Zuk ba dakizu, eskolan irakatsita, gaurko gizonezkook aintzinako animalia batzuengandik gatozela; gutti gorabehera, ximino antza euken eta guztiz iletsu ziren batzuengandik.

— Bai, ba dakit hori. Horri eboluzioaren teoria esaten jako, eta Darwin ingeles jakintsuak asmatu eban.

— Ederto, ederto. Ba dakusat,* nik zure urteak nituanean baino gehiago dakizula. Oso ondo.

— Eta, gure aurretik ere, Neanderthal-go eta Crô Magnon-go gizonak bizi izan ziren munduon. Eta, lehenago, Pekin-go gizona eta Pithekanthropoak.

— Kontxo, kontxo! Nahikoa da, txotxo! Asko pozten naiz, zuk horrenbeste jakiteaz, bene benetan. Hara! Ba dakikezu* orduan, lehengo denbora hareetan, gizon espezi aurreratuago bat sortu bezain agudo,* beronek beste gizon atzeratuak hil egiten zituala, eta honetara, lehengo arraza garbiturik, bera nagusi gelditzen zala, beste gizon oraindik aurreratuago batek lekua kendu arte.

— Bai, hori da bizitzaren aldeko burruka, maisuak esan dauskunez.

— Oso ondo, bai. Baina ba dirudi, gizon aurreratuek ez zituela behingoan* eta zeharo garbitu mundutik beste gizon atzeratu guztiak. Horretara, Europako leku gehienetan Crô Magnondarrak bizi zirenean, ba ei ziren oraindik toki batzuetan, erdi ezkutuan* bizirik, lehenagoko Neanderthaldarren tribu batzuk; baina geroago, Crômagnondarrak bertara ere heltzearekin batera, hil egin zituen, eta arraza ha* guztiz desagertu zan lurretik.

Baina ba leiteke —zergatik ez— oihan eta baso sakon batzuetan, toki menditsuetan, oraindio halako gizon atzeratu batzuek bizirik irautea. Kaukasoko errepubliketan, esate batez, artzain askok aitortu dabe, «almasty» izeneko giza ximino bat ikusi dabela, hain zuzen ere, sobietar jakintsu batzuen eritziz, beharbada aintzinako «pithekanthropo»en moduko bat gerta* daitekena.

— Orduan, Euskal Herrian ere holakoak egon daitekez, osaba?

— Ez dakizut, ba.* Dana dala, kontuan hartzekoa dogu, basajaunaren istorioak non kontatzen diren, ale-gia,* Nafarroa-Zuberoko mendietan; eta ba dakizu, bertan Iratiko oihan haundia dagoela, Europako baso haundienetariko bat, hain zuzen. Ba leiteke, honez gero batere basajaunik ez egotea; baina nork dinosku, aintzinan, Erdi Haroan* edo eta orain dala bi mila urte, bertan halako basagizon atzeratu batzuk ez zirela bizi? Ba leiteke, hareek ezagutu zituen euskaldunengandik basajaunaren istorio hori gugana etortzea. Ez deritzozu?

— Bai, osaba. Eta zergatik ez goaz gu udan bertara, ea horrelako bat aurkitzen dogun, e?

— Ba... ba... bai, beharbada bai, Eneko. Gaurko mutikook!

TRAUKO

dabe, dute

dauke, dadukate, daukate

dautsee, diete

dautso, dio

eban, zuen

euken, zedukaten, zeukaten

jako, zaio


Santiago Aizarna eta Aizarnazaleei hiz bi

Beste behin ere (ikus ANAITASUNA, 229. zenbakia) Santiago Aizarnaz zertxobait idatzia dut, eta berriz ere horretarako asmotan naiz. Nik beti izan diet bildur —eta bildur latza gainera— «txapeldun» erdalzaleei. Hauetako erdalzaleak eskolatuak direnean, berriz, —erdaldunki eskolatuak, jakina— benetan gogaikarri zaizkit. Hau da, erdaldunki eskolatuak, «beren» herriaren hizkuntzaz baliatu ahal izateko talentudun izanik, hartaz baliatzen ez direnak eta baliatzeko ere asmorik ez dutenak. Hauk* jotzen ditut nik euskaldungoaren Euskal Herrian barneko mehatxurik* seriosena. Eta Santiago Aizarnak ba dirudi horrelakoxeen buruzagigoa edo nahi lukeela. Nik behintzat inpresio hori ateratzen dut, apirilak 12, Donostiako «Unidad» arrats egunkarian publikatu zuen artikuluari banagokio. Zeren bila dabila erdal idazle hau? Zer justifikatu nahi du?

Haren artikuluaren mamia, ene ustez, honetara muga daiteke:

- Sari berri bat, handiagoa, eratzea.

- Euskaltzaindiak bere diruaz nahi duena egin dezake.

- Norma berriak (euskara batua, alegia*) euskararentzat mehatxu.

- Norma berriak ikastea lan gogorra dela.

- Euskaltzaindi berri bat sortu behar luketela.

- «Porque nuestra lengua... Porque nuestra lengua...»

Eta orain zuka hasiko natzaitzu. 25.000 pezetako «Domingo Agirre» nobela saria ridikulua iruditzen zaitzu. Ba dakizu, diruaren balorea oso relatiboa dela. Baina asmo txalogarria deritzat, zuk hogei mila duroko beste bat eraikitzeari. Eta hogei eta hamar milakoa balitz, hobe.

Bigarren puntuaz ez nator zurekin ados.* Euskaltzaindiak ezin dezake bere diruaz nahi duena egin, diru hori herriarena baita, jendearena, gu guztiona, Euskaltzaindia bera bezalaxe. Guztiok behar genuke ardura* ukan diru horretaz.

Nondik atera duzu, norma berriak euskararentzat mehatxu direla? Horrelakorik! Hau ere zuk idatzi behar zenuen! Zer eta mehatxu! Eta zure erdal zaletasuna?

Norma berriak ikastea lan gogorra izanen litzaikezula? Honetan oso sinesten dautzut. Niretzat, berriz, oso erraza izan da normatxo berri hauen ikastea. Erraz eta atsegingarri. Zu baino intelijenteagoa naizelako? Ez, eta mila bider ez. Baina bai, nik euskararen beharra sentitzen dudalako. Zuk gaztelania bezala behar dut nik euskara. Euskararekiko zure sentipenak oso pobreak dira, hutsak, harroak, kaltegarriak. Euskarak gaur, irakatsia eta ikasia izan dadin behar du, gogotik ikasia eta gogotikago bere beharra sentitzea. Ezer kosta gabe ikasi ote zenuen hain «ederki» maneiatzen duzun gaztelania?

Euskararen eraileak* —zuk diozunez— indar gehiegi ari dira hartzen. Eraile hauek Euskaltzaindiaren babesa bera dute. Hau guztia gehiegizkoa da. Zergatik ez beste Euskaltzaindi bat antola? Nik oraintxetik bertotik ematen dautzut neure botoa, Euskaltzaindi berriaren lehendakari izan zaitezen. Nor zeu baino hoberik? Sari aberatsak eratuko dituzu, euskara batere kosta gabe ikasteko normak ezarriko dauzkiguzu; eta hori guztia, agian,* gaztelaniaz idatziz lortuko zenuke, hots,* «euskara herrikoiaz» idatziz. Oraintxe ezin dut konprenitu, zergatik darabilagun hainbat buruhauste, batua dela eta ez dela. Ea lehenbailehen eratzen duzu(e)n Euskaltzaindi zismatikoa.

Eta, azkenik, kontseilu bat emanen dautzut. Zure euskaltasuna erabat* erromantikoa, amets hutsa, nagia, engainagarria eta beraz kaltegarria dela oharturik; «zure» herriaren subdesarroilo kulturala orain arte hain bikain-eta gartsuki zerbitzatu duzula eta zerbitzatzen segitzeko oso prest zaudela oharturik, ez zaitezela «zeure» euskararen arazoetan gehiago sar. Ez dautzut borondate txarrik ikusi nahi, ez sugearen gibel* asmorik. Halaz ere, errealitatean, zure txapelaundikeriari, sugearen mihiztoari* bezain kaltegarri deritzat. Herria subdesarroilo kulturaletik jaso* egin behar da, eta ez barra barra subdesarroilo horretan areago* finkatu, hain zuzen, zuk egiten duzuna.

Eta, zure aipatu* artikulua irakurri ondoren, «Unidad»-eko orrialde bereko zure beste artikulua irakurri nuen, «Espejo Cóncavo» sailekoa. Eta berehalaxe, barne muinetaraino mindurik, «zertan gabiltza» galdetu nion neure buruari.

AKAITZ

ZUZENDARITZAREN OHARRA. Bigarren puntuari buruz hauxe gera bedi argi. Nobela sariketa Euskaltzaindiak eratzen badu ere, babesa Bizkaiko Aurrezki Kutxak ematen du, eta beronena da dirua. 25.000 pezetako saria asko ez bada ere, guk dakigularik, Euskal Herriko Kutxek ematen dutenetarik handiena da.

dautzut, dautzut, dizut

dauzkiguzu, dauskuzuz, dizkiguzu

dezake, daike

diet, dautset, diotet

litzaikezu, litzakizu, litzaizuke

natzaitzu, natxatzu, natzaizu

nion, neutsan

zaitzu, jatzu, zaizu

zaizkit. jataz

zaude, zagoz


Mitologiak

Euskara goxoa

«Hizkuntza usain gozodun,

txukun eta argia,

biraorikan ez duen

hizketa garbia».

Zera uste dute batzuek: Euskara emakumezkoa dela eta gainera ama. Sarriegi* entzun ohi dira honelakoak:

- «Neure amarengandik jaso* nuen euskara».

- «Bularreko esnea bezala xurgatu* dut euskara».

- «Euskara gozoa maite dut».

Bihozkadaz jokatzen dugu euskararekin. Afektuzko edo sexual ikuspegiak ditugu euskararekiko. Eta agian* hau oztopo genuke, hizkuntzari teknikoki ekitean. Euskararen batasunari buruzko eztabaidak, kasikan burrukak, Euskal Herriari buruzko eztabaidak izan dira. Eztabaida hau dela eta, bi gizarte molde eta zibilizazio oposatu dira. Alderdi bakoitzak, Euskal Herriaz duen asmoa defendatu du. Batzuek esaten dute, euskara bere «onetatik» atera nahi izan dela. Eta egia handia diote halakoek, zeren* euskara bere «onetatik», bere erroetatik atera beharrezkoa baitugu. Zazpi giltzaz gorderiko birtute, ahalge* eta zahar usaina lapurtu behar diogu.

Esnea bezala

Esnea legez,* amaren bularretatik xurgatu dugu euskara. Euskara berezko zerbait dugu. Amarengandik (naturarengandik) jaso dugu. Bestalde, euskara bera ere Ama dugu, eta gu euskal-dunok (euskara-dugunok) euskararen seme gara. Gure izatearen mugaketa euskararengandik datorkigu.

Beraz, euskararen amatza kontu honetan, bi eratako amatza bereiztu behar dugu. Batzuetan esaten dugu, euskara gure ama dela; eta besteetan, euskara amarengandik ikasi eta jaso dugula, hots,* berezko hizkuntza dugula, Bereizketa honi klaroa deritzat; baina agian, gure egungo mitologia honetan, bi zentzu hauk* bateratsu datoz. Bi esangura hauk loturik aurkitzen dira, ama-euskara esaten dugunean. Ama-euskara esatean, nork bere ama du gogoan.

Ama eta emea dugu, beraz, euskara. Ama-euskara esatean, beste zenbait* kontzeptu ere gogoratzen zaizkigu: lurra, natura, odola, eta abar. Ama hitzari loturik ernetzen dira gure baitan.* Beste kontzeptu hauk ere ama-euskararen buru-eskema berdinean jaurtikitzen ditugu.

 Ama, natura, lurra... hitzek hezatasuna* gogoratzen daukute. Hezea* adierazten dute: «esnea bezala... euskara».

«Gozoa» idorra* da, baina «goxoa» leguna* eta hezea da. Ardoa ere «goxoa» da. Ardo-goxoa, ardo garbia, soila,* kutsurik gabekoa da. Beraz, euskara-goxoa ama eta hezea dugu. Odola eta ardoaren mitologiarekin ba du zerikusirik.

Edipo eta euskara

Irakurle, ba dakizu noski nor zen Edipo, mutiko greko hura.* Mutil hark haragizko maitasunaz ukan* nahi zuen bere ama. Eta lortu* ere lortu zuen, bere amarenganako zuen gutizia* bortitz* hura; baina, hartarako, lehenik bere aita hil egin behar izan zuen.

Mito hau dela eta, psikanalistek, Ediporen konplejoa deritzan egitura psikikoa hauteman* zuten. Konplejo hau onetan datza*: Haur orok* bere amarenganako gutizia nabarmena du; baina, bere gutizia hori lortzeko, bere aitak enbarazu egiten dio. Orduan, haurrak bere aita hiltzerainoko amorrazioa eta ezineramana sentitzen du. Oharturik edo oharkabean, guztiok iragan* gara trantze larri honetatik. Batzuek garaitu dute konplejo hau, baina beste batzuek, ez.

Konplejo hau Herri mailan ere eduki daiteke. Hala diote behintzat zenbait etnologo eta soziologo seriosek.

Ene ustez, euskaldunok ez dugu oraino behintzat Ediporen konplejoa Herri mailan gailendu.* Geure ama-euskara maite dugu, baina platonikoki. Bortxarik gabeko maitasuna da gurea. Ez gara ausartzen zinez* eta haragiz geure ama maitatzera, beldur garelako.

Beldur gara, uste baitugu, geure ama-euskara haragiz eta errealki maitatzen baldin badugu, euskarak bere amatasuna galduko duela. Hots, euskara maitatzen badugu, gure euskara hau estrainio eta arrotz izanen da gure mitologiazko irudimenekin. Bestalde, ez dugu geure euskara maitatu (eraz aldatu) nahi, Aitaren (erdararen) beldur garelako. Euskara eraz aldatzen badugu, bere goxotasuna galduko du.

Baina hil edo bizikoa dugu hau: geure ama-euskara bortxatu behar dugu. Odol berria eman behar diogu, bizi berri batez has dadin. Gure maitasun honek ez du platoniko izan behar, tekniko baizik. Aldaketa honen etsai* denak, ez du euskara maitatzen, euskararengan dagoen ama baizik; eta hori desosatua* izatearen seinale da. Halakoak ez du oraino Ediporen konplejoa garaitu; eta hori gaitza da, oso gaitza.

Intzestuaren debekatzea omen* da zibilizazioaren oin-harria. Hala dio Levy-Strauss-ek. Ama-euskara errespetatzen dugun artean, euskarak gordeko du bere goxotasuna, euskarak izanen du bake eta sosegurik, zibilizatuki portatuko gara euskararekin. Baina hona hemen nire galdera: Komeni ote zaio euskarari eta Euskal Herriari egungo* «bake», «sosegu» eta «goxotasun» hau?

Euskararen goxoa, karamelo batenaren goxoa litzateke agian,* mihizka eta mihizka gastatuz doana. Azkenean zera gerta daiteke: ez euskararik eta ez goxorik. Gure euskararen goxo hau une* bateko atsegin iheskorra litzateke. Azken orduko sufrimenduaren plazer masokista. Euskara indartsu egin nahi badugu, bortxaz egin beharko dugu. Mantxatuz, agian.

LUIS HARANBURU-ALTUNA

dio, dautso

diogu, dautsagu

zaio, jako

zaizkigu, jakuz


Kritika

"Bai mundu berria" (lehen partea)

Aldous Huxley-Xabier Amurizak LURen

 O wonder!

 O brave new world!

(Shakespeare)

 «Bai Mundu Berria asmakizun goibel* bat da. Utopia izigarri bat. Ausarta* behar du izan horrelako igarleak».* Honela zioen André Maurois idazleak, Huxleyren liburua irakurtzean. Profezia beldurgarria dugu, Amurizak itzuli duen liburua.

Geroaren historia egiten du Huxleyk, eta beldur da. Oso kezkati agertzen zaiku etorkizunari buruz; eta beraren kezka hori egungo* gizarte eta giza moldeari itsatsia* datza.* Pesimismo larri* batek eragin zion liburu hau idaztean, liburu goibela. Bere garaiko kontradizioetan katibu, ametsari ekin zitzaion, bide berrien bila, mundu berriaren bila. Baina haren pesimismoa ez da erabatekoa.* Esperantzarik ba du. Bestalde, haren liburua ez zen utopia bat izanen. Huxleyren itxaropena irakurlearengan finkatzen da, zeren* eta irakurleak alda bailezake historiaren abiadura. Eta honetan esperantza zuelako idatzi zuen bere liburua. Hori du bere ausartziaren* kausa.

Irakurlea iratzar* dadin, gizonok esna* gaitezen, mundu berri bat proposatzen dauku Huxleyk. Baina mundu berri hori itsusia eta beldurgarria da. Huxleyk erreakzio bat espero du irakurlearengan; eta horregatik oposatzen dio mundu absurdo bat, irakurleak abisu eta ikara har dezan. Beraz, balizko* amets hau ez da utopia bat, anti-utopia bat baizik. Liburu guztia ironiaz blaituta* datza. Liburuaren hitz eta lerroen tartean, Huxleyren barre tristeari antzematen zaio.

«Mundu berri» xelebre eta estrainio honetan, haurrak fabriketan jaiotzen dira. Gurasorik ez da. Maitasuna, gimnasia mekaniko bat besterik ez da. Ama, Jainko, poesia eta sentimenduari pornografia deritze.* Zientzia da nagusi eta Jainko. Eta Huxleyren baitan* zientziatik datorke,* agian,* gure munduaren azkena eta hondamendia.

Baina Huxleyk ez du zientzia arbuiatzen,* aurrerapenaren iturburua delako, aurrerapen horren bidegabeagatik baizik. Huxleyk gogoko du zientzia; baina beldur da progresuaren jomuga* eta helburuaz.* Haren beldurra, larritasun eta nazka bilakatzen* da irakurlearengan. Honela dio Amurizak, hitzaurrean:

«Nobela hau irakurri ala,* mundu berri hau munstro bat dela kargutzen* da bat, munstro ikaragarria. Munstro hau zer den konprenitu ala, nazka, higuin, itomena, goragalea,* larritasuna eta honelako sentimenduak datozkio bati» (14).

Irakurlea aztoraturik* gerta dadila nahi du Huxleyk. Ikara litzateke, agian, aldaketaren hastapena.* Eta honela anti-utopia, utopiko bilakatzen* da.

Literatur egitura*

Liburu hau, nobela dugu. Baina utopiak, nobela ez du beharrezkoa. Ordea, nobela dugunez, idazlea kondizionaturik gertatzen da. Utopiaren mandatua* pertsonaia batzuen bitartez adierazten zaiku; eta gisa* beronek mezua kutsatzen du. Mundu berri hau asmatua da, eta halaber* mundu honetako pertsonaiak. Utopiaren indarra asmaketan datza; pertsonaiek, ordea, zinezkoak* izan behar dute, baldin haien ideiek benetakoak nahi badute izan. Oso zaila eta bortitza* da, beraz, Huxleyk egin nahi duena, hots,* «mundu berriaren» asmaketa eta pertsonaien errealitatea batzea eta lotzea. Eta hau lortu* ere ez du erabat* lortzen. Pertsonaiek ez dute hainbesteko garrik; eta nobelaren haria ere ez datza fermuki eta klarki eramana. Beraz, Huxleyk Utopia on bat eman dauku nobela txar baten barruan. Baina ez dut uste, kontradizio honi axola* handiegirik eman behar diogunik. Zeren* eta batez ere haren ideiak zaizkigu axola eta ez haren pertsonaien nolabaiteko egitura.

Gero, oso eragilea da Huxleyk aukeratu duen literatur egitura, batez ere haren utopiazko mezua anti-utopia bat delako.

Dirudienez, Mister Basati-ren ahotik hitz egiten dauku Huxleyk. Eta pertsonaia hau dugu anti-utopiaren sostengu. Baina Bernard Marxek ere garrantzi handia du, Huxleyren pentsakera hatzemateko.* Bernard Marx, judu deserrotu* bat dugu (Th. Adornoren baitan). Bernard deserroturik aurkitzen da; eta honek berebiziko* kontzientzia ematen dio eta sistema gailentzeko* gai da.

Mister Basati eta Bernard Marx, biak ditugu pertsonaia nagusi, eta bi ikuspegi desberdinetatik agertzen daukute Huxleyren pentsakera.

L. H. A.

dauku, dausku, digu

dezan, daian

dio, dautso; dino

daukute, dauskue, digute

diogu, dautsagu

lezake, leike

zaiku, jaku, zaigu

zaio, jako

zaizkigu, jakuz

zioen, inoan, esaten zuen

zion, eutson

zitzaion, jakon


Euskara teknikoa dela eta (2)

Azken aste honetan hitzaldi interesgarri bat entzutera bildu ginen. Gaia, «Marxismoa eta Hizkuntza»; hizlaria, Roman Garate. Hitzaldi honen laburpen bat egin nahi nuke, beste ideia batzuk ere sarturik, euskaldunontzat interesgarri izango delakoan.

Mintzaldian hiru puntu aztertzen ziren:

- ez dago ideiarik ez zientziarik, lengoaia* gaberik.

- ez dago kontzientziarik lengoaia gaberik.

- edozein lengoaia, talde baten adierazpen eta adierazpide da.

Eskema hau harturik, ideia hauk aztertuko ditugu.

Pertsonen kasuan, bi multzotan bana* genitzake lengoaiak. Batetik lengoaia mintzatua edo hizkuntza; bestetik, kulturaren beste lengoaiak: pintura, musika, eta abar. Geure analisia egiteko, hizkuntza aukeratuko dugu.

Edozein ideia geureganatzeko, geure hizkuntza erabiltzen dugu geure adimenean. Beharrezkoa zaiku hizkuntza, ideiak ordenatu nahi baditugu, gauzen ezagupena lortu gura badugu.

Goazen aurrera. Ideia bat adierazteko, hizkuntza bakoitzak bere tresnak erabiltzen ditu. Tresna hauk* haren egiturak* dira. Egiturek osatzen dute hizkuntza horren gorputza. Hau, inoiz itzulpen bat egin dugunok ondo baino hobeto dakigu. Texto bat itzultzean, ezin ditzakegu ideiak zehazki itzul, eta, gehienbat, antza edo analogia ematen diogu textoari. Zergatik datorkigu zailtasun hori? Hizkuntzen egituren desberdintasunaren kausaz, ideiak gorputz batetik beste gorputz desberdin batera pasa erazi behar ditugulako.

Baten batek alderdi negatiboa baino ez dioke* ikusiko, azaldu dudan zailtasunari; baina, horrela pentsatuko balu, oker egongo litzateke. Ene ustez, hementxe datza,* beste puntu batzuekin batera, hizkuntza desberdinen garrantzia.

Hizkuntza baten egiturek, ideiak ordenatzen eta kreatzen laguntzen gaituzte. Egiturok, beren alderdi onak eta txarrak dituzte; baina, dudarik ez, egokitasun aparteko bat dute, bakoitzak bere arloan. Entzun dudanez, eskimalen hizkuntzan hogei eta hamar elur mota bereizten dira. Zergatik? Beren egituretan, beren bizitzan, beharrezko dutelako bereiztasun hori. Hori dela eta, eskimalek, Herri bezala, egokitu egin dute hizkuntza beren pentsamolde eta bizitzarako.

Gertaera honetatik, bi ondorio aterako ditugu.

a) Gauza berriak sortzeko, aurkikunde berriak egiteko, tresna beharrezkoa dugu hizkuntza. Aurkikundeak, ideia berriak, mundua ikusteko molde berriak eta abar, horretarako egokia den, hots,* estruktura aproposak dituen hizkuntzaz lortzen* dira.

Esan dugunak ez du hizkuntza baten ez besteren alde jokatzen, aurkituko dena inork ez dakike* eta. Horregatik, hizkuntza eta kultura guztiak dira baliagarri eta errespetagarriak.

b) Hizkuntza, Herri baten egintza da. Hizkuntzak ezin lezake pertsona bakar batengan iraun, Herri batengan baizik. Komunikaziorik ez badago, hizkuntzak ez du zentzurik. Hizkuntza, Herri baten komunikazioaren esistentziaren frogarik* ederrena da. Horrexegatik, hizkuntzak Herriaren pentsamoldea edo mentalitatea darama.*

Euskara teknikoa dela eta, ez nuke aipatu gabe utzi nahi, ANAITASUNAko azken aleetan Garaigortak azaldu dituen eritziak.

Bi puntutan zeharo ados* nator harekin:

- hitz teknikoen bereganatze optikoan.

- egituren balioan (bereziki euskal egiturenean).

Grekotik hartzen ditugun hitzak, kultur hitzak direnez gero, ez ditugu hizkera arruntean* erabiltzen; eta horrexegatik ikasi behar izaten ditugu eskola eta liburuetan. Baina gaur egun, zientziaren adarrak hainbat direlarik, hizkuntza batez ezin ditugu adar guzti hauk landu; eta askotan, kontsultatzeko, beste hizkuntzetara jo behar dugu. Eta horregatik hitz hauk unibertsalak bihurtu behar direlakoan nago.

Bestalde, ideiak egituretan daude bereziki.* Eta, orain, euskal aditzaren forma subjetiboa (dateke, dagoke, duke, dituzke, eta abar) aipatu nahi dut. Fisika gaietan sartuta gaudenok bat gatozke Garaigortaren eritzian. Fisika berriak egitura berriak behar ditu, izari* ttipien munduko gertaerak azaltzeko. Mendebaldeko* hizkuntzek erabili ukan dituzten aditz eta egitur moldeak, aldatu behar izan dira, gertaera hauen ezagupena ukan* ahal izateko. Garaigortak dioen bezala, euskarak dituen egiturak, Fisikari aplikaturik, Natura hobeki entelegatzeko* bidea lirateke.

J. R. ETXEBARRIA

daude, dagoz

ditzakegu, daikeguz

gaude, gagoz

genitzake, geinkez

lezake, leike

zaiku, jaku, zaigu


Neure lantegitik

Oztopoak gainditzeko

Neure bizitzan zehar* hainbat batzarretan parte hartzeko aukera izan dut, eta irakaskizun batzuk lortu* ditut.

Taldeei dagokienez, lan positibo bat egin nahi bada, taldeak txikia izan behar du. Talde handiak talde txikiari orientazioa emango dio eta haren informeak entzungo ditu, egiten denaren kontrola eramateko.

Pertsonei dagokienez, taldea homogeneoa denean, hau da, joera berekoa, ez da problema handirik izaten. Baina eritzi edo interes desberdinak daudenean, orduan eztabaida gogorren arriskua dator eta taldearen lana eztabaida luze eta mingarrietan galtzen da.

Eztabaida sortzen denean, pertsona klase bi nabarmentzen* dira: Karakter handikoak, oztopoaren gainetik salto egin gura dutenak; eta diplomatikoak, aurrera joan ahal izateko, oztopoak kentzen saiatzen direnak.

Ezker aldekoak ere inperialistak

Egunkarietan irakurri dugunez, Tito Zagreb-en egon berri da, eta garbiketa handi bat egin ei* du Kroaziako Alderdi Komunistan. Alderdiko buruzagien artean hainbat izan dira baztertuak; eta kultur eta folklore elkarteak, deseginak. Hauen bekatua zera izan da, kroaziar separatismoa bultzatzen zebiltzala.

Munduko boltsen mugimendua

«El Economista» aldizkarian, 1971. urtean munduko Boltsetan egin diren diru mugimenduen konparazio bat irakurri dut.

New Yorkeko Boltsan, Madrilekoan baino 15.000 aldiz gehiago operatu da.

Hiru joera politiko Espainian

Girón-ek Valladolid-en egindako hitzaldiari garrantzi handia eman izan zaio, eta ba du, izan ere. Etorkizunerako, hiru joera politiko handi ikusten ditu jaun horrek Espainian: kontserbadorea, erdikoa eta aurrerazalea (ezkertarra).

Neure ikuspegitik, gizon hauk* ikusten ditut hiru joera hoien buru: Blas Piñar, Fraga Iribarne eta Girón de Velasco.

Euskal Unibertsitatea

Gaur egun, Unibertsitate hauk ditugu Euskal Herrian: Iruinekoa Nafarroan, Deustukoa Bilbon, Bilboko Unibertsitate Autonomoa eta Donostiako Fakultateak (Valladolid-eko Unibertsitatearen menpean). Baina, hauk edukirik ere, ba ote dugu Euskal Unibertsitaterik?

«Príncipe de Viana» euskaldun aldizkarian irakurria dut, Iruinean dagoen Unibertsitatea ez dela «Nafarroako Unibertsitatea», «Nafarroan dagoen Unibertsitate bat» baizik.

Eta, Bilbokoari buruz, Luis Mitxelenak bere dudak ditu. Bestela, ez zeukegun hain hitz gogorrez atzo esanen, «Euskal Unibertsitate bat behar dugula». Eta «atzo» hau maiatzaren 12a izan zen, eta berba hauk Bilbon esanak, Julio Urkixori egin zitzaion omenaldian, Bizkaiko Diputazioaren bibliotekan, Bilboko alkatesa eta Diputazioko presidentea bertan zirelarik.

Joan-etorri harrigarria

«Patricia» itsas ontziak Bilbotik Liverpool-era egiten ditu joan-etorriak, hilabetero bi aldiz. Ontzi honetan, orain arte, turistek egin izaten dituzte bidaia hauk, bai eta hainbat negozio gizonek ere.

Baina iragan* asteko joan-etorria, ez turista ez negozio gizon diren 60 lagunek egin dute. Hirurogei lagunok «despedida de soltero» delako bat antolatu dute, eta non eta «Patricia»n. Han sartu dira ezkongaia eta haren 59 lagunak, hauk guztiok jadanik* ezkonduak. «Patricia»koei agur egiteko, autobus bitan, 59 ezkonduen emazteak Santurtzera joan dira. Gero gizonek bakarrik hartu dute Liverpoolerako bidea. Han sei ordu egon dira lehorrean, eta berriro Bilbora.

Mus txapelketa bat egin dute, whisky tegia hustu, eta abar. Berba batez, «fenomeno» ibili ei* dira.

Madrileko metroa

Telebistan entzun dut, gobernuak 5.000 milioi pezeta eralgiko* dituela, Madrileko metroa handitzeko. Eta noiz Bilborako metro bat?

Atzo Mitxelenaren berbaldira ordu erdi beranduago heldu nintzen, kaleetako trafikoa kaos handi bat zelako.

Metroa behar dugu Bilbon, ez hiria* luzeegia delako, baizik eta, kaleetako trafikoa biguntzeko, beste soluziorik ez dagoelako.

Zientzia fikzioa

Arlo* hau ez da asko erabilia izan euskal literaturan.

Antzerkian, ezagutzen dudan idazlan bakarra «Eneko Bizkai» da, eta haren egilea Telesforo Monzon, euskal idazleen artean gorenetakoa, euskararen dotoretasun eta gaien sakontasunagatik.

Nobelan, Xabier Kintana da, hutsune honetaz konturaturik, gai hauetaz gehien idatzi duena.

Nik neuk, honelako nobela bat idatzi dut eta editorial bati argitaratzeko eskaini diot.

XABIER GEREÑO

daude, dagoz

dio, dautso

diot, dautsat

zaio, jako

zeukegun, euskigun, zigukeen

zitzaion, jakon


Literatura eta gizartea historian

Lirika arkaikoa

K. a. 700. urtearen inguruan, Asia Xipiko Jonia jadanik* hiritartu denean, hasten dira Grezian bertan ere bizitze molde nekazariak bizitze molde hiritar bihurtzen. Merkatalgoa hedatzen* eta zabaltzen hasten da, eta hiriak* aberasten. Etapa berri honen hasieran, lehenago ikusi dugun aristokrazia nekazaria da klase gidaria. VII eta VI. mendeetan* aristokrazia oraindik oso aberatsa da, eta estaduaren jabegoa bere eskuetan du. Baina bere nagusigo politiko eta ekonomikoa mehatxatua* ikusten du, formatu berri den burjesia hiritar indartsua dela kausa. Beti bezala egoera kritiko honetan aurkitzen denean hasten da aristokrazia bere esentziaz jabetzen. Burjesia aurrerazale hark burruka ekonomikoan hartu zion abantailari,* aristokraziak bere tasun* eta karakteristika propioak kontrajarri zizkion: leinutik* eta etorkitik datorren ohorea, tradiziozko baloreak, diziplinaren eta moderazioaren ideia, liberaltasun eta handitasunaren bertute nobleak.

Jonian sortu ziren epopeiak Greziara heltzen direnean, harrera on bat egiten zaie; eta dudarik gabe arrakasta* handi bat izan zuten poema homerikoek han ere. Baina heriotzeko arriskuan aurkitzen den aristokraziari atsegingarriago zaio lirika berria, mementoko* problemez arduratzen* dena. Liriko hauk* (Simonides, Pindaro eta beste zenbait*) hasieratik bertatik nobleziarengana zuzentzen dira, baina ez istorio dibertiturekin eta kanta atseginekin, baizik kontseiluz eta oharrez, irakaspen moral zorrotzez. Haien poesian, sentimendu pertsonalak, propaganda politikoa eta filosofia morala nahasten dira. Poetak, orain, hezitzaile* eta espirituaren gidari dira. Haien betebeharra ez da, lehenago bezala, hiritarrak eta noblezia atsegintzea eta alaitzea, baizik aristokraziari bere nagusigo eta handitasunaren oroitzapena gogoraraztea. Poeta hauek guztiz arbuiatzen* dute plutokrazia berria eta haren espiritu ekonomiko arrunta.* Baina moneda ekonomiak sortu duen egoera berriak, aristokraziaren sistema moral osoa kordokatzen* du. Krisi hau da Pindaro handiaren poesiaren sortiturria, eta, funtsean,* zenbait aldaketaren ondoren, bai eta trajediarena ere.

Pindarok nobleziarentzat eskribitzen du oraindik. Haren bizibidea poemagintza da. Baina, bere lanetan adierazten duena irakurriz, ba dirudi afizionatutzat hartzen duela bere burua, ez dabilala soldata bila, eta poemak bere eta nobleen plazerrerako egiten dituela, denborapasa atsegin bezala. Honekin, dirudienez, literatoen profesionaltasuna atzera doa. Baina, egiatan, orain ematen du profesionaltasunak urratsik* dezisiboena: enkarguzko poemagintza hasten da. Ordurarte rapsoda poemaren egilea eta kantatzailea zen. Hemendik aurrera poeta ez da jadanik* kantari, ez eta kantaria ere poeta. Lanaren banaketa egiazkoa gertatu da. Poetak saldu egiten dizkio bere lanak erosi nahi dituenari. Erosleak kantariak dira, beren ofizioa ondo ezagutzen duten gizonak, poetaren obra interpretatzeko inolako behaztopo teknikorik ez dutenak.

Bizitze hiritarraren moldeak desarroilatzen direnean, harreman komertzialak areagotzen* direnean, konpetentziaren ideia nagusitzen denean, ikusmolde indibidualistak hartzen du lehentasuna kulturaren alor* guztietan. Indibidualismo ekonomikoaren hasierarekin, epopeiaren konpilazioa bukatzen da. Lirikoekin subjektibismoa hasten zaio nagusitzen poesiari. Lirikaren gaiak epopeiarenak baino pertsonalagoak dira; eta, bestalde, orain hasten da poetaren autore bezala azaltzeko nahia. Epopeialarien, hau da, rapsoden poesia, obra kolektibo bat zen, taldearen jabego komuna: ezein* rapsodak ez zuen bere burua, kantatzen zuen poemaren egiletzat hartzen. Haro* honetako poeta guztiek, berriz, lehen pertsonaz hitz egiten diote entzuleari. Egilea zuzenki mintzatzen zaio bere publikoari.

Baina jokaera honek, batez ere dorioen artean, aristokraziaren kontrarekin egin zuen topo. Aristokraziak, berez, joera antiindibidualista du bere abantailak* talde osoaren tasunetan* oinharritzen baititu. Heroeak gloria bilatzen du; merkatariak irabazia: bata eta bestea indibidualistak dira. Baina, garaiko aristokrazia nekazariarentzat, alde batetik aintzinako balore heroikoek ez dute jadanik baliorik, eta bestetik ekonomia merkataria oportunitate bat baino areago* arrisku bat da harentzat. Ulergarri da, beraz, aristokrazia bere klasearen tradizioan defenda* zedin eta indibidualismoaren aurrerapenak eragozten saia zedin.

Burruka honetan, VII. mendearen bukaeran Jonian eta gero Grezia osoan boterera heltzen den tiraniak, indibidualismoaren garantia dakar. Alde honetatik, nahiz tirania berez antidemokratikoa den, aristokraziaren kontra hartzen dituen neurriengatik, demokraziaren etorrera prestatzen du. Boterea eskuratzeko, tiranoak oligarkiaren eta nekazarien arteko burrukez probetxatzen dira, beren aberastasunaz baliaturik. Tiranoak printze* merkatariak dira, arte gaietan adituak, Errenazimenduko printzeen aintzindariak.* Beren agintegoaren zilegitasun* eza ahantz* arazteko, arteaz baliatzen dira. Tiranoentzat artea gloria erdiesteko* bide bat da, propaganda tresna bat, eta, gainera, menpekoak liluratzeko* opio bat. Tiranoen korteak, garaiko kultur zentro inportanteenak dira. Garaiko poeta famatuenak haien zerbitzupean daude: Pindaro, Epimarko eta Eskilo Sirakusan; Simonides Atenasen; Anakreonte Samosen; Arion Korinton.

IBON SARASOLA

daude, dagoz

diote, dautsoe

dizkio, dautsoz, diozka

zaie, jake, zaiote

zaio, jako

zion, eutson

zizkion, eutsozan, ziozkan

OHARRA: Irakurle bati erantzunez, Ibon Sarasolaren lan hauek Arnoul Houser-en "Historia Social de la Literatura y el Arte" liburuarekin baliatuz eginak direla, esanen dugu.


Gurutzegrama (7)


Idazle marjinatu baten defentsa

«Zu izan zara, eta izanen zara, Pariseko euskal idazleen ohorea, habea,* jabea, sostengua eta kantabres* fina, naturala eta egiazkoa».

Egungo* euskal kultura idatziaren berpiztea urrun zegoelarik, Hego Euskal Herria 1936.eko gerla ondoko zurrumiloan* lokarturik zen une beltzean, hutsune hori gutti bederen* betetzen entseiatu* zen hoietarikoa dugu bera.

Giro haretan ezertan hastea estimatzekoa bada, are* giroari ez zegozkion lanak egin dituztenak oneriztea ere merezikoa dela deritzagu. Tamainu honetako izanik ere, gure defentsaren beharrean ikusirik, hori diogun gizon hau Dominique Peillen deitzen da.

Erdizka euskaldun berri, 1948 hurbilean* ekiten dio produkzioari: lehendabizikoz Eusko Gogoa-n, eta segidan Gernika-n, Egan-en eta Gure Herria-n parte hartzen du. Duela hamar urte, «Igela», humorezko, antiklerikal eta erotiko aldizkari zalapartatsua sortu zuen. Haren nobela argitaratu beharrak, «Gauez ibiltzen dena» delakoak, Euskaltzaindiko nobela saria irabazi zuen 1964.ean.

Batetik, Dominique Peillen, euskaltzaletasun klasikoaren itsaso barean lokartuak esnatzera* joan da. Bestetik, ordea, haren tematika eta ideiak hein* batetan arrotz gertatu zaizkio gazteria politizatuari. Hasiera beretik, garaiko euskal idazle kontatuen literatur mundu hertsitik* at* abiatzen da. Probokazio taktika honekin («Igela»rekin adibidez) sinpatia gutti eta etsai* gogorrak bereganatu zituen. Honelatan, beraz. Dominique Peillen publikorik gabe gelditu zen eta dago oraindik.

Hortik, Euskal Herrian zehar sakabanaturik edo eta haren etxe zokoan gorderik aurkitzen den ezkribu zenbait: 1966.ean Euskaltzaindiko saria ukan zuen «Itzal gorria», mentura nobela; «Tximinoak», zientzia fikzionekoa; «Gatu beltza», humore beltzekoa eta beste. Eta eskuartean, liburu bat Greziako mitologiaz, eta hiztegi saio haundi bat anatomiaz. Dominique Peillenek, lau urte honetan gauza berririk idatzi ezezik, gehiago ez izkiriatzeko erabaki bide* du. Dezisio honen arrazoi bakarra: bere lanen argitarapen ezina.

Hainbat lanen ondoren, jendartera agertu ez den autore honek legezkoa duen ohorea izan dezan, lagunarteko orri hau argitara ematea hartu dugu gogo, Editorialei dei bat eginez, lehia* daitezen Dominique Peillenen lanak argitaratzera.

PARISEKO EUSKARAZALE BATZUK

dezan, daian

dio, dautso

zegoen, egoen

zaizkio, jakoz


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartxo batekin agertzen diren berbak

ABANTAIL, ventaja.

ADIN, edade.

ADORE, ánimo.

ADOS, acorde, conforme.

AGIAN, nonbait, eiki, aurki, hurrean, seguramente; ojalá, Dios quiera.

AGUDO, laster, arin.

AHALGE, vergüenza, timidez, pudor.

AHANTZ, ahantzi, ahanztu, ahaztu (inperatiboetan).

AHANTZI, ahanztu, ahaztu.

AHANTZ ARAZI, ahanztu (ahaztu) erazi.

AHUL, makal, débil.

AINTZINDARI, precursor.

AIPATU, aipatutako, aipaturiko.

AITZINEAN, aurrean.

ALA, arau. a medida que.

ALEGIA, noski; a saber, es decir, esto es.

ALDARRIKATU, oihukatu, proclamar.

ALOR, arlo.

AMAITU, bukatu, bururatu.

APAILATU, apailatutako, apailaturiko.

ARAZO, problema, quehacer, asunto.

ARBUIATU, despreciar.

ARDURA, axola, arta

ARDURATU, arta hartu.

ARE, oraindik, aún, encore.

AREAGO, oraindik gehiago.

AREAGOTU, oraindik gehiagotu.

ARI IZAN, aritu, ihardun.

ARITU, ari izan, ihardun.

ARLO, alor

ARRAKASTA, éxito, succes.

ARRAN, cencerro, clochette.

ARRUNT, ordinario, corriente, de inferior calidad.

ARTERIO, arte.

ASKI, nahiko.

AT, campo, fuera.

AUSART, valiente, intrépido, osado.

AUSARTZIA, valentía, osadía, atrevimiento.

AXOLA, ardura.

 AZTORATU, azorarse, asustarse, s'effrayer.

BA, bada, pues, donc.

BAITAN, -gan.

BAITEZPADATUKI, derrigorrez.

BAKAN, bakanki, rara vez.

BALIZKO, balizkako, hipotético, imaginario.

BANA, banatu (potentzialetan).

BATEKO, alde batetik.

BATERA, a la vez, al mismo tiempo.

BEDEREN, gutienez, behintzat, behinik behin.

BEHARTUKI, derrigorrez.

BEHINGOAN, berehala.

BELAUNALDI, generación.

BEREBIZIKO, pintiparado, de perlas, a propos, choisi.

BEREZIKI, batez ere, batik bat.

BERTSOSKA, versito.

BESTEKO, beste aldetik.

BESTENAZ, bestela.

BIDE, nonbait, beharbada.

BILAKATU, bihurtu.

BLAITU, calado, trempé.

BORRATU, ezabatu, effacer.

BOLADA, unada, temporada, período de tiempo.

BORTITZ, fuerte, violento.

BOZ, voto.

BURURA, bururatu, burura etorri (potentzialetan).

DAKIKE, daki nonbait.

DAKIKEZU, dakizu nonbait.

DAKUSAGU, ikusten dugu.

DAKUSAT, ikusten dut.

DARAMA, daroa.

DATEKE, da nonbait.

DATORKE, dator nonbait.

DATZA, yace, consiste. (Etzan aditzaren forma).

DEFENDA, defendatu, defenditu (sujuntiboetan).

DEITU, deitutako, deituriko.

DERITZE, erizten zaie, se les considera.

DESERROTU, desarraigar, déraciner.

DESOSATU, incompleto.

DEUS, ezer.

DIOKE, dio nonbait, dautso hurrean.

DUKEGU, dugu nonbait.

EGITURA, estructura.

EGUN, gaur.

EI, omen.

EKAIN, junio.

ELTZE, lapiko.

ENDELEGU, inteligencia.

ENTELEGATU, endelegatu. konprenitu, ulertu.

ENTERATU, jabetu, enterarse, informarse.

ENTSEIATU, saiatu.

ENTZULERIA, auditorio.

ERABAT, guztiz, oso, zeharo.

ERABATEKO, completo, total.

ERAILE, hiltzaile.

ERAKUNDE, organismo, institución.

ERALGI, gastatu.

ERDIETSI, ardietsi, lortu.

EREDU, modelo.

ERREGALU, cadeau.

ESNA, esnatu, itzarri, itzartu (sujuntiboetan).

ESNATU, iratzarri, despertar, enemigo.

ETSITU, desesperar.

EZEIN, alguno. (Ezezko esaldietan, ninguno).

EZKUTU, oculto, caché.

FILOSOFOSKO, filosofillo.

FROGA, prueba, demostración.

FROGATU, probar, demostrar.

FUNTS, fondo, sustancia.

GAILENDU, gainditu, garaitu, superar, vencer, sobreponerse a.

GAINDITU, superar.

GAITU, capacitar.

GAITZETSI, desaprobar, condenar.

GALDAMIZ, Bizkaiko Galdames.

GERATU, gelditu.

GERTA, gertatu, resultar (potentzialetan).

GIBEL, atze.

GISA, era, modu.

GOGAITU, hastiarse, aburrirse, s'ennuyer.

GOGO, nahi, gura.

GOIBEL, triste.

GORABEHERA, a pesar, malgré.

GORAGALE, náusea.

GORPU, cadáver.

GOTOR, fuerte, pujante, crecido.

GURA, nahi, gogo.

GUTIZIA, deseo, ansia.

GUZTIA BEHARREAN, con gran escasez.

HA, hura.

HABE, columna, pilar.

HAIK, hareek. (Haiek aktibo, haik pasibo).

HAINAKO, besteko, bezainbateko.

HALABER, igualmente, así mismo.

HARO, época, periodo, edad.

HARTURENDUN, hartzedun, acreedor, creancier.

HASTAPEN, hasiera.

HATZEMAN, captar.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAUTAPEN, aukera, hautu, opción.

HAUTATU, aukeratu, elegir, optar por.

HAUTEMAN, averiguar, examinar, observar.

HAZAÑA, proeza, prouesse.

HAZIL, noviembre.

HEDATU, zabaldu.

HEIN, medida, grado.

HELBURU, xede, fin, objetivo.

HERRESTAZ, harrastaka.

HERTSI, hestu.

HEZATASUN, humedad.

HEZE, húmedo.

HEZITZAILE, educador.

HIRI, huri, villa, ciudad.

HIRURDEN, tercio, tercera parte.

HITZATZE, epílogo.

HOIK, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HUELGA, greba.

HUNKIGARRI, expresivo, conmovedor.

HURA, ha.

HURBIL, cercano, próximo.

IDOR, lehor, seco.

IGARLE, profeta.

IHAZ, igaz, jaz.

IJITO, buhame, gitano.

ILETSU, uletsu.

ILTZE, untze, itze (cierta medida de longitud, certaine mesure de longueur).

INKESTA, encuesta.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAGARRI, anunciar.

IRAIL, septiembre.

IRATZAR, iratzarri. Iratzartu, despertar, éveiller (sujuntiboetan).

IRAULTZAILE, revolucionario.

IRULE, hilandera, fileuse.

ITAUNDU, galdetu.

ITSATSI, adherir, juntar.

IZARI, neurri.

JADANIK, ya.

JARRERA, postura, actitud.

JASO, altxatu, recibir.

JOMUGA, helburu, fin, objetivo.

JOSKERA, sintaxis.

KANTABRES, euskaldun.

KARGUTU, konturatu, ohartu.

KORDOKATU, bambolear, ébranler.

LARUNBAT, zapatu.

LARRI, handi, garrantzitsu, grave.

LEGEZ, lez, bezala.

LEGUN, suave, dulce.

LEHIA, lehiatu, apresurarse, se hâter (sujuntiboetan).

LEINU, linaje, extraction.

LEKUKO, testigu.

LENGOAIA, lenguaje.

LILURAGARRI, fascinante, encantador.

LILURATU, fascinar, encantar, deslumbrar.

LORTU, ardietsi, erdietsi.

LUZA GABE, antes de mucho tiempo.

LUZAZ, luzaro.

MAIZ, sarri.

MANDATU, mezu, mensaje, message.

MEHATXATU, amenazar.

MEHATXU, amenaza.

MEMENTO, momentu.

MENDE, siglo.

MENDEBALDE, mendebal alde, occidente.

MEZU, mensaje, message.

MIHIZTO, ezten.

NABARI, evidente, patente, notorio, visible.

NABARITU, percibir, notar.

NABARMENDU, distinguirse, destacarse.

NOIZTENKA, noizean behin.

NONBRE, número.

NOSKI, naski, ciertamente, claro está, desde luego.

OIHAN, baso.

OMEN, ei.

ORDIZIA, Villafranca de Oria.

OREN, ordu.

ORO, guzti.

OROBAT, igualmente, así mismo.

OROTAN, leku guztietan.

OSTERA, aldiz, berriz, ordea, viaje, voyage.

OTSO, lobo, loup.

PARADA, era, abagadune, ereti, aukera, ocasión.

PRINTZE, príncipe.

SALBUESPEN, excepción.

SARRI, maiz.

SOIL, puro.

SOILIK, bakarrik, meramente.

TANKERA, estilo.

TASUN, característica, cualidad.

TERTZIO, hora oportuna, tiempo oportuno.

TOSTARTEKO, ontzijabe ez den arraintzale.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

UNE, memento, momentu.

URRATS, pauso.

XURGATU, mamar, sucer à la mamelle.

ZE, zeren, pues.

ZEHAR, gaindi.

ZENBAIT, batzuk.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZILEGI, lícito.

ZILEGITASUN, licitud.

ZINEZ, benetan.

ZINEZKO, benetako.

ZURRUMILO, torbellino, tourbillon.


Euskal asto-lasterrak

1.

Urte gehiegi ez dela, proba batzuk izan ziren Markina aldeko herriska batetan, harriarekin. Izenik aipatuko ez diodan baserritar indartsu batek (antiojuak apur ez dietzadan, nor den isilduko dut), asto baten kontra (honen izena ere ezkutuan* gordeko dut, ostikoz ez nazan jo); gizonak irabazi zuen, alegia!* Ez dakit zenbat iltze* atera zizkion bentaja, eta gainera, bukatu ondoren, astoa eta astoaren harria bizkar gainean harturik, geratzen* ziren iltzeak estaldu arte eraman zituen biak herrestaz.* Bizkai aldean ere irakurtzen den astekari humorista batek, Euskal Herriko astorik astoenaren tituluaz galardonatu zuen gure baserritarra. Baina, guk uste, titulu hori jokoan jarri behar da, eta hona hemen zenbait* aspirante berri, zenbait xapeldungai berri (nahiz ez dakigun nola jantz ahal litekeen xapel bat belarri luze biren artean).

2.

Izenik aipatu behar ez diodan erdal eskritore batek (nik ume denboratik ezagutzen ditut haren hazañak*), Iparragirre ahotan hartzen duen bakoitzean (eta guztiz maiz,* maizegi, hartzen du), bertsolari dela diosku. Edozein euskaldunek dakien bezala, Iparragirrek ez zion Xenpelarri Errenterian bisitarik egin... bertsolari ez zela arrazoi sinpleagatik. Beharbada, Gernikako beste arbola bati kantatu zion beste Iparragirre batez mintzatzen zaiku, antza, angulero hori.

3.

Galdamizko* Montellanora baldin bazoazte, Antonio Truebari jarritako monumenta ikus ahal ukanen* duzu. Guztiz polita da, eta, zenbait euskal gurutze zahar erdi borraturik* badago ere, gustatuko zaitzu. Baina gauza batek ekarriko dauzkizu irriak hortzetara, bertan baitago erdal eskribu bat, guti gorabehera honela hasten dena: «Etxe honetan jaio zon Trueba...» Eta monumenta belardi ferde ferde eta gozo eta gizen baten erdian dago, eskribua jar erazi zuenarentzat oso bazkaleku egokia.

4.

Giputz kantari bati honela entzun genion erdaraz esplikatzen, erdal entzuleriaren* aurrean egindako kanta saio batetan: «Orain adituko dituzuen euskal kanta hauen erdal itzulpenik ez dautzuet emanen... tontakeria batzuk ez baitira!»

5.

Portugaleteko Aiuntamenduak eta «La Gran Enciclopedia Vasca» erdal editorialak «Puente Colgante» izeneko nobela sari bat konbokatu dute. Hemen bi astakeria dugu. Lehena: Hain borondate frogatuz* eta hain kuraje eta balentia handiz Erromako Elizama Santuaren etsaietatik* euskara «defenditzen» duen euskal astekari baten zuzendariak, Bizkaian eta bizkaitarren diruarekin pagatuko den sariketa batetatik Bizkaiko hizkuntza desterratzea. Bigarrena: Portugaleteko hiriarekin* zerikusirik duen zerbait gogora ekarri nahi ukan* baldin bada jarri izan zaion izenarekin, kontuan eduki bezate, Ibaizabal hibaiaren itsasora-lekuan dagoen hirian ez dagoela orain, eta ez dela inoiz egon, «zintzilikako zubirik». Bertan dagoena, «transbordatzaile» huts bat da. Bilbaon bai, zintzilikako zubiak izan dira, eta ez bat bakarra, hiruzpalau baizik, epoka diferentetan, Martzanatik Riberara. Hala dio erdal kantak: «No hay en el mundo puente colgante más elegante que el de Bilbao...» Eta Portugalete, oraingoz, ez da Bilbao. Ba dakizu, Murube jauna.

6.

Abertzaletasun gaizki gidatuak, batzuetan, endelegurik* prestuenak ere itsutzen ditu. Exenplu polita eman zeukun ihaz,* erdaratik euskarara itzulpen gehiegi argitaratzen duen editorial batek, Aldous Huxley-ren «New Brave World» nobela ederra publikatu zuenean, autorearen eta translatzailearen ezagumendurik gabe izenez aldatu baitzuen. Iparragirre poeta eskasaren eta bertsolari deseatuaren bertsoska* baten zati batez aldatu zuten Shakespeare-n «The Tempest» komedia liluragarritik* hartutako titulu deliziosoa. Arrazoia hauxe izan zen: Euskaldunaren arimarekin eta kulturarekin ez datorrela ados* ingeles espiritua eta kultura, Avon-go poetaren arterioak* emanikakoa, behintzat. Frantsesera «Le meilleur des mondes» izenarekin translatatu edo itzuli izan zela nobela hori, frantses espirituarekin eta kulturarekin adosago datorren izena. Lastima da, munduko filosofo, filosofosko* eta filosofogai guztiek dakiten bezala, Jainkoari posibleen artean mundurik hoberena sor erazi ziona, ez zela izan frantsesa, latinez eskribatzen zuen alemana baizik. Editorial horren kontseilarien artean lau filosofi estudiante badago ere, ez dira oraindik enteratu,* Leibniz Leipzig-en jaio zela.

ARESTIAR

bezate, beie

dautzuet, dautzuet, dizuet

dauzkizu, dautzuz, dizkizu

dietzadan, deistazan, ditzaidan

diot, dautsat

genion, geuntsan

zaiku, jaku, zaigu

zaio, jako

zaitzu, jatzu, zaizu

zeukun, euskun, zigun

zion, eutson

zizkion, eutsozan

nazan, naian