ANAITASUNA

233. zenb.

1972.eko Apirilaren 30ekoa

Encarnación, 19. (Artetxu) - BILBAO-6

Teléfono 33 19 97 - Apartado 495


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari: Anjel Zelaieta.

Zuzentzaile: Imanol Berriatua.

Idazkola eta banakolaren buru: Josu Torre.

Bulegoak: Encarnación 19, Bilbao-6.

Inprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35, Bilbao-9.

Irarle: RALI, Particular de Costa 12-14, Bilbao-10.

XX. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Maiatzaren lehena

Maiatzaren lehena dela eta, ba dirudi, langilegoari buruz ezer esan gabe gelditzea ez dela legezko. Bestalde, langilegoaz era askotara berba egin daiteke. Dena dela, oraingo honetan gauza sinple batzuk baino ez ditugu esango.

Kalkulu zehatzik esku artean ez dugun arren, populazioaren 100eko 80 bat lanetik bizi dela esan genezake. Lanetik diogunean, lansaria baino beste irabazpiderik ez dutela esan nahi dugu. Hau da, ez akziorik, ez lurralderik, ez ezelako* errentarik. Bestalde, egiten duten lana ez da, asko pagatzen den hoietarikoa: piontza lana da. Denok dakikegunez,* «peón ordinario, peón especialista, oficial de tercera» delakoak, guti asko, piontza sailean ezar daitezke. Azken hauk* dirateke populazioaren 100eko 80 bat.

Jende hoien artean gehien irabazten dutenek, batez beste 9.000 pezeta eskuratzen dituzte hilabetero, ordu extraordinarioak, plurienpleguak eta abar kontatuz. Honetaz oharturik, sarritan pentsatu izan dugu, nolako mirariak egiten dituen jendeak, bizi ahal izateko.

Baina ez dugu jendearen errukia eragiterik nahi. Inoiz aldizkari honetan esan dugunez, aipatu dugun egoera honek langileen burrukaldiak gogoratzera eramaten gaitu. Eta horixe baino ez dugu aditzera eman nahi maiatzaren lehen egun honetan. Izan ere, langileen egoera latza ez du errukiak ez borondate onak aldatuko, buruz eta zientziaz jokatuz, langileen beren ekintzak baizik.

ANAITASUNA


Herriz herri

Durangoaldea

Ihaz* bezala aurten ere, lorretako Goiuri hauzunean, eskualdeko* Umeen II. Eguna ospatuko da. Gerediaga elkargoaren* babespean eta herriko gazteek antolaturik, 300dik gora bilduko dira, euren dantza, jolas, kantu eta abar agertzeko. Eginkizunari bederatziak eta erdietan emango jako hasiera, lorretan danak elkartuz. Hamarrak eta erdietan, umeek zuzendutako meza. Gero dantza saioak eta bazkaria. Jatekoa eroaten dabenei, salda eta kafea eskainiko dautseez herriko gazteek. Arratsaldean jolas, kantu, antzerki eta abar ikusi ahal izango dira, seirak arte. Hauzune honetan, jan-edantoki antzerako bat zabalduko ei dabe.

Elorrion, Abadinon, Durangon, lorretan eta Bernan, euskal alfabetatze ikastaroak hasi dira. Berritzen, Otxandianon eta Zaldibarren ere hasteko ei dira.

Eskualdeko txistulariek Bolibarren ospatu nahi izan eben San Jose eguna, herria apur bat alaitu nahiz. Baina Bolibarko noredonor iratzartuko ote ebela eta, Otxandianora bidalduak izan ziren. Azken orduan, harako ere ezetza etorri jaken.

Durangoko «Tabira Mendi» elkarteak, maiatzaren 21-erako, ostera* bat antolatu da'u Aiako haitzetara.

Egun honeetan mila kritika entzun dira Durangon, zuhaitzen* adar mozketa dela eta. Zuhaitz ederrak enbor huts bihurtu ditue, adar berriak sorterazi nahiz.

Durangon bertan kafetegi berri bat ireki dabe, eta beste hiru irekiko dira.

Durangoko «Astarloa» zineman, «Anexa» ballet taldeak ihardun izan dau apirilaren 19an. Donostiako talde honek, beste batzuen artean, Guridiren «Diez Melodías Vascas» dantzatu eban.

Matienatik Abadinora eta Durangotik Orozketara doazen bideak konpontzen ari dira. Ba dago beharrizana, Durangotik Matienara doana zabaltzeko ere.

JOAN

Ataun

Zenbat garen

Gure herrian zenbat bizi diren azalduko dut oraingoan: San Martinen 1.423, San Gregorion 711, eta Aian 240. Ataunek hiru hauzo, hamaika hauzune, 2.374 bizilagun eta 18 km2. ditu. Herri handi xamarra, ez da?

Santimamiñera

Apirileko egun batetan, Santimamiñeko kobak ikustera joan ginen gaztetxo sail bat, Jose Miguel Barandiaran jaunarekin. Gauza asko ikasi eta ikusi ondoren, ilunabarrean itzuli ginen etxera.

Pelota jokoa

Pelota partiduak egingo dira San Gregorion. Parte hartzaileak Ataungo 12-15 urteko gaztetxoak izango omen dira. «Arnasa Berri» gaztetxo taldeak eraturiko txapelketa da. Ekintza polita. Ea, bada, nortzuk ateratzen diren txapeldun.

TRIKUARRIETA

Santutxu

Gauza ona da alaitasuna eta poza. Horixe, hain zuzen ere, izan genuen geure hauzoko bi jaialditan.

Lehen jaialdia, Berri-Otxoa ikastetxean eta hauzoko haur guztientzat izan zen. Hona hemen egitaraua:* Apirilaren 7an, ostiralez,* kuadro pintatzaileen lehiaketa ageria. Horrez gainera, haurrek antzerki txiki batzuk jokatu zituzten. Apirilaren 8an, larunbatez,* pintatzaile zeingehiagokaren epaiketa. Bitartean, haurrentzako jolasak eratu ziren. sokatira, lasterketak, eta abar. Apirilaren 9an, igandez, Abril mendira ibilaldi neurtua. Gero eguerdian sarien banaketa.

Bigarren jaialdia Mallonako zelaian izan zen, apirilaren 15ean. Ikastolaren alde laguntza zerbait lortzearren, partidu bat eratu zen, «Athletic» eta «Real Sociedad» taldeetako jokalari zaharrek parte hartzen zutelarik. Partidu ona izan zen; bai eta atsegingarria ere. Arratsean, afari bat eskaini zitzaien futbolariei, eta afalondoan bertso batzuk kantatu zizkien bertsolari gazte batek. Bertsoen gaia anaitasuna izan zen, eta norberekeria eta etsaikeriaren utzi beharra. Gero jaitxoa luzatu egin zen, inguruetatik ibiliz eta kantatuz.

BEZI

Munitibar

Eskola batzeak

Bizkaian ere ba dabiltza, eskualde* bakoitzeko eskolen biltzea egiten. Gure Markinaldean ere bai. Munitibarreri dagokionez, oraindik ez dakigu, hemengo umeak nora joango diren. Lehen esaten zanez, Lekeitiora edo Markinara; baina azken sasoi honetan dinoenez, Markinara edo Gernikara.

Eskolako umeen gurasoen eritziak bildu ondoren, erdiz erdi irten* da, baterako eta besterako nahia daukenen gogoa. Ez dogu ahanztu behar, Munitibar beti, eta orain ere bai, Markinaldea izan dala, eta ez Gernikaldea.

Ba egoen lehen beste plan bat: Aulestikoak eta Munitibarrekoak herri batean edo bestean batzea. Baina plan hori herri bakoitzaren norberekeriagatik hondatu zan.

Aste Santuko prozesioak

Aurten arte, Aste Santuko elizkizunak Gerrikaizko eta Munitibarreko parrokia bietan egiten ziren, eliza batetik bestera prozesioa eginez. Elizkizun erdia batean eta beste erdia bestean, batean hasi eta bestean amaitu. Aurten, ostera,* prozesioak kendu eta Ostegun* Santuko elizkizuna Munitibarren egin da eta Ostirale* Santukoa Gerrikaizen.

Pelotari eskolak

Bilboko «Club Deportivo»k eratuta eta herriko Ondamendiko Xabier irakasle dalarik, zesta puntaz jokatzen ikasi nahi daben guztientzat, pelotari eskolak hasi jakuz.

Portugaleteko nautika eskolan ikasketak eginez batera, laster Gerrikaizko Txorieneko Juan Karlos Bilboko frontoian palaz jokatzen hasiko dalako zurrumurrua heldu jaku.

Herriko jaiak

Laster datorkiguz herriko jaiak ere; eta, dagoeneko, arduradunak zer egin ahal dan pentsatzen hasita egongo direla uste dogu. Guk ezertan Bilbotik lagundu ahal badautzuegu, prest gagoz zuen alde zerbait egiteko.

ERRAMUN GERRIKAGOITIA


Fedea eta ideologia (2)

Kristau fedea eta ideologiazko fedea gauza guztiz desberdinak dira, noski.*

Ideologia, definizioz, zerbait erlatiboa da eta iheskorra. Gizarte konkretu bati loturik dagoena.

Kristau fedea, berriz, absolutoaren eskaintza da eta agintza. Nahiz eta misteriozko eta izkutuzko moduz izan, kristau fedeak esannahi absoluto bat ezartzen dio gure biziari.

Kristogan sinesteak, ideologi sailetik kanpoan jartzen nau, hasieratik. «Nire erregetza ez da mundu honetakoa» esanez, historia eta ideologien erreinua baino beste erreinu sakonago eta iraunkorrago bat erakusten dauku Kristoren hitzak.

Honek ez du esan nahi, hala eta guztiz ere, kristau fedeak ideologien balorea ezeztatzen duenik. Zorakeria izanen litzateke, kristauak ideologi gabeko mundu batean bizi nahi izatea, gorputz gabeko fantasma bat bezala.

Gizon bezala esistitzeko, ideologia bat (hau da, hizkuntza bat, irudipen, ideia, balore eta errepresentazioen sistema bat) behar du gizonak. Ideologiarik gabe ez dago egiazko giza bizitzerik. Althuser-ek berak, klase gabeko gizarteak ere ideologia bat izango duela uste du.

Gorputza da gizonaren lehen kondizionamendua. Neure gorputzetik ez dut eskapatzerik, heriotzearen bidez ez bada behintzat. Baina gure bigarren kondizionamendua, ideologia da. Eta hemendik ere ez omen* dut eskapatzerik.

Egia osoa, hau izango ote da? Ez dut uste. Kristau fedearen arauera,* ba dago zerbait, gaurko eta betiko gizonaren barnean, ideologia guztien gain dagoena. Gizona ez dago, beraz, ideologiaren sailean guztiz murgildurik.

Kristauok, zerbait horri «izpiritu» izena ezarriko genioke.

Gauzak asko —bai eta gehiegi ere— sinplifikatzen uzten bazaiku, bi formula emango genituzke gizonarekikoak:* bata marxista eta bestea kristaua.

Formula hauetan, gorputz hitza esannahi zabal batez erabiltzen dugu, jakina.

Biologiako eta fisikako mugatze guztiak, behar materialak, subkontzientziaren jokoa eta abar, gorputz izenpean jartzen ditugu.

Gauza bera esango dugu ideologia hitzari buruz. Ideologiaren izenpean, arrazoia, zientzia, teknika eta gizarteko harremanetatik datozen jakintza eta asmazio guztiak ipintzen ditugu.

Konbenio hauekin nire bi formulak honako hauk* izanen lirateke:

Gizona = Gorputza + Ideologia

Gizona = Gorputza + Ideologia + Izpiritua

Lehen terminoak, gorputzak alegia,* beharraren munduan jartzen gaitu, izaki* materialak garelako. Bigarren terminoak, ideologiak alegia, zientzia, deretxo, Estadu eta gizarteko munduan jartzen gaitu; eta hau ondo dago, izaki sozialak garelako.

Hirugarren terminoak, izpirituak alegia, beste mundu batean jartzen gaitu; eta hau ere ondo dago, beste bi termino haiekin gizona ez baitago oraindik osaturik* Egiazko libertatea, fedea eta itxaropena eta biziaren azken esannahia ez baitira agertzen ideologi sailean.

Sobera* dakit, ideologoek izpiritua, pertsona, misterioa, absolutoa eta abar mitologiatzat hartzen dituztela, zientzia eta ideologia besterik ez baitute onartzen.

Izpiriturik gabe, ordea, egiazko libertaterik ez da esistitzen, gizona gizartearen zati bat besterik ez denez gero.

Fedea ez da, beraz, ideologiaren elemento bat. Fedea ez da ideologia bat. Ez eta zientzia bat ere. Alde honetatik, fedearen erreinua ez dela mundu hoietakoa esan dezakegu.

Izpiritu deitu dugun hirugarren maila ukatzen badugu eta geure biziaren erabateko* esannahia guztiz ukatzen badugu, gizonaren bizia absurdo bat bihurtzen da. Eta gizonok «una procesión de fantasmas que van de la nada a la nada» besterik ez gara, Unamunok esaten zuen bezala.

Giza biziaren helburutzat* gizarte burruka ematea, ez zait iruditzen posible. Zertarako izanen litzateke gizarte burruka, gizonik, egiazko gizonik ez bada esistitzen? Zertarako hainbeste min, hainbeste sufrimendu? Dena alferrik! Eta gizonaren bizia absurdorik haundiena!

Absurdoaren aurrean bi jarrera har daitezke. Bata esistentzialista, bestea kristau fedearena. Edo absurdoan bertan bizi eta hil, edo absurdoaren kontra burrukatzea.

Bigarren hau da fedearen jarrera. Sinestea, absurdoa ukatzea da. Absurdoaren ukazioa.

KARLOS SANTAMARIA

dauku, dausku, digu

dezakegu, daikegu

dio, dautso

genioke, geunskio

genituzke, geunkez

zaiku, jaku, zaigu

zait, jat


Literatura eta gizartea historian

Grezia. Hasierak eta Homeroren haroa (1)

Hasierak eta Homeroren haroa (1)

Greziako lehen poesia, garai primitibo guztietako poesia bezala, formula magiko, erregu, otoitz eta gudu eta lan kantaz osatzen da. Poesia hauek alde komun bat dute: talde poesia rituala direla. Garaiko kreatzaileen poesia, anonimoa zen eta herri osoari zuzendua. Guztienak ziren ideiak eta sentimenduak adierazten zituen. Poemak taldeka kantatzen ziren, eta ez bakarka. Arte komunitario hau, ia klase diferentziarik ez duten gizarte primitiboen karakteristika da.

K. a. XVI. mendearen* inguruan, herri gerlari batek, akeoak, Grezia inbaditzen duenean, poesiaren funtzio soziala eta poetaren egoera soziala zeharo aldatzen dira. Akeoek, harmaz hartu zituzten lurraldeetako herriak domeinatuz eta hauen aberastasunaz baliatuz, aristokrazia gerlari bat osatu zuten. Aristokrazia honek munduari buruz zuen eritzi profano eta indibidualistak, mami berri bat ematen dio poesiari, poetari gai berriak proposatuz. Poeta ez da jadanik* anonimoa. Poesiak, lehen zuen karakter ritual kolektiboa galtzen du. Haro* honetako «heroeak», akeotar errege eta nobleak, ohoin* eta pirata ziren, «hiri sakeatzaile», beren buruez zioten bezala. Haien kantak profanoak dira; eta Troiako leienda famatua, haien bidegabekerien glorifikazio poetikoa besterik ez da. Bizitzeaz zuten ideia libre eta irreberentea, haien ofizio gerlariaren, erdiesten* zituzten garaipenen eta sufritzen zuten kultur aldaketa etengabeen ondorioa da. Hau ikusirik, beren asaben erlijioa uzten dute; baina bentzutu duten herriarena ez dute bereganatzen, hain zuzen herri bentzutu batena delako. Egoera osoak, tradizio eta eskubide guztiak ukatzen dituen indibidualismo gogor baterantz bultzatzen du jende hau, dena gorputzaren indarraz lortzen* dela uste duen jende gerlari hau.

Eboluzio honen arauera,* akeoen poesia ez da jadanik herrikoia, ez talde baten lirika, destino indibidualari buruzko kanta indibidual bat baizik. Poesiaren eginbeharra ez da jadanik lan edo burruka egin eraztea, baizik heroeak atsegintzea, haien izena goratzea, haien gloria eta ospea aditzera ematea eta mendez mende iraun dezan lortzea. Gainerako helburu* guztiak bigarren mailakoak dira. Poesiaren gaiak ez dira zirimonia magikoak, gudu irabaziak eta harrapakin* konkistatuak baizik. Poemek lirikotasuna galtzen dute, epiko bihurtuz. Alde honetatik, hau da Europan ezagutzen dugun poesia profano zaharrena.

Poema hauk* gudu gertakarien kronika bilakatzen* dira. Baina kronika hauk erdi historia erdi leienda dira, eta, elementu epikoekin batera, lirikoak eta dramatikoak azaltzen dira. Poema hauek osatzen dute Homeroren epopeietako lehen oinarria.

Lehen esan dugunez, poema heroikoa pertsona bakar batez ari da, eta gainera pertsona bakar batek kantatzen du. Ba dirudi, hasieran gudulari berberak direla poetak eta kantariak. Horrela, poesia berriaren kreatzaileak, publikoa bezala, klase agintarikoak dira. Baina berehala kantari profesionalek lehen garaietako afizionatuak baztertzen dituzte. Kantari profesional hauk, bardoak dira. Bardoek molde landuago eta artistikoago batez hornitzen dituzte poemok; erregeren kortekoak dira, eta heroeek beren paretzat hartzen dituzte. Baina gizarte aristokratikoko bardo hauen ondoan, ba dirudi, ba zirela beste batzuk ere, arloteak, azoketan* ihardukitzen zutenak, gertakari ez hain heroikoak kantatuz.

IBON SARASOLA

dezan, daian

zioten, inoen, esaten zuten

dio, dautso


Egiazko askabidea

Orain duela bi hilabete edo, ANAITASUNAn idazlan jakingarri bat idatzi zuen Jenar Garatek.

Idazlan hartan zioena, hau zen: Ekonomian ez dugula hauzia zintzoki aztertzen; zezenari ez diogula adarretatik heltzen; ekonomia aurrera doala, nolabait ere, eta horrekin pozten garela. «Ba diabilak, mutilak!» esaten diogu elkarri eta horrekin bakean gelditzen gara.

Baina nora doa ekonomia? Hara, guttitan galdetzen duguna. Ekonomiaren gurdian gabiltzanok, ez ote gara azkenean amiltegian,* gurdi eta guzti, hankaz gora eta zilipurdika eroriko?* Gure ekonomia honek ba ote du irtenbiderik?* Horra hor, aidean zintzilikaturik harat honat dabiltzan galderak.

Zoritxarrez, holako makalkeriak* ez zaizkigu ekonomi alorrean* bakarrik gertatzen. Beste arazo askotan ere, galdera-malderetan, erdipurdikerietan ibiltzen gara, lasai asko ibili ere.

Hara non dadukagun kulturaren hauzia. Euskara bizi omen* da, ikastolak aurrera omen doaz, liburuak ugariago argitaratzen omen dira. Eta kito! Besterik gabe, denak pozik eta lo.

Ez dugu kemenik, geure egoera negargarria erro errotik aztertzeko, geure hutsune eta larrialdiei pizkor oldartzeko.* Erabaki sendo bat hartzen ez badugu —eta ez ahantz,* erabaki ebakitik datorrela—, ez ote gara guztiok, ikastolak eta guzti, erdal erresuman* buruz behera jausiko?*

Orain arte lortu* dugunaren usain goxoaz ez gaitzala loak har. Ikastolak ez bitez lobelarra bihur. Hori hasiera hasiera besterik ez da. Euskal Herri osoan euskara sartu arte, batxileratoa eta Unibertsitatea euskaldundu arte, kinka larrian gaude. Geure egoera negargarritik irteteko,* ezagutu egin behar dugu geure burua, eta, ezagutzeko, aztertu.

Euskal ekonomistei ekonomiaren azterketa sakon bat eskatzen diegu; eta euskaltzale jakintsuei, euskal kulturaren makalaldirako benetako sendagaia aurkitzea. Adabakirik* ez dugu nahi. Horretarako, estudia, ikas eta egia bildurrik gabe esan.

JONDONI ZABALBURU

bitez, beitez

diabilak (jabilk, zebilek), dabil

diegu, dautsegu, diotegu

diogu, dautsagu

gaitzala, gaizala

gaude, gagoz

zaizkigu, jakuz

zioen, inoan, esaten zuen


[Euskaldungoa]

Zamalloa apaiza Durangora

Jose Antonio Zamalloa apaiza Durangoko serora* karmeldarren kapellau izendatu berri dabe.

Jose Ramon Longarte txirrindularia hil da

Jose Ramon Longarte, bizkaitar txirrindulari* gaztea, 20 urte beteberri zituala hil da. Joan dan hazilaren* 21ean bide istripu* bat izan eban, eta harrezkero 135 egunetan konorta* galdurik egon da.

Ingalaterrara haurrak galtzera

Espainako ginekologoen artean eskribu bat zabaldu berri da, zera dinoana: «Espainiako medikuei aditzera ematen jake, gurekin, Ingalaterrako medikuekin akort jartzeko, abortoak egin nahi dituenean. Irabazien honenbesteko bat emango jake, haurra galdu gura* dauan emakumea guregana bidaltzen dauskuenei». Berri hau Bilboko «El Correo Español-El Pueblo Vasco» egunkarian agertu zan apirilaren 4ean.

Notizia hau agertzeaz batera, abortoaren gaia darabilan «El derecho a la vida» izeneko pelikula ematen ari ziren Bilbon. Umea galtzea —bai gobernuaren eta bai Elizaren aginduz debekaturik dagoena— jendearen ahoetan dabil, eta itxuraz egiteetan ere bai.

Aita Mokoroa lanean

Pena haundiz genekusan,* nola aita Justo Mari Mokoroa eskolapioak, hainbat urtetan, Euskal Herri osoan zehar* bilduriko esaerak, horretarako biderik ezaz, argitara eman gabe gelditzen ziren. Baina zorionean eskolapioen nagusiek, lan horri beste gabe ekin dakion, gainerako beste zeregin guztietatik askatu dute; eta, dakigunez, jo eta ke ari zaiku aita Justo Mari esaera lan honetan, bere hirurogei eta hamar urte gorabehera.*

Zenbait* pertsonak diru laguntasuna eskaini diote; baina beste askoren bultzada ez letorkeo inola ere gaizki. Ea, bada, euskal mezenok! Hor duzue, bihotzez laguntzea merezi duen obra bat. Zuena da erantzuna.

Eta amaitzeko, esan dezagun, aita Mokoroak 1936. urtean Ibar ezizenaz argitaraturiko «Genio y Lengua» liburu bikaina, honetan azal berriaz, berriz agertu dela salgai dendetan.* Egiaz irakurtzea merezi duen obra bat dela uste dugu, inori kalterik eginen ez diona.

Deustuko erretorearen erantzuna

Jakin dugunez, Deustuko Filosofia-Letretako estudianteek erretoreari egindako eskabidea —hurrengo programa berrian, euskara, euskal linguistika, -historia, -artea eta abar jar dadinekoa— nolabait erantzuna izan da.

Erretoreak emandako arrapostuan,* oro* har, ihesbideak eta aitzakia ugari nabari* daitezke; baina euskara irakasteari —berau eskolako eta ez Unibertsitate bateko arazoa dela aipatuz— egiten dion ihardespena* ez dugu uste zuzena denik.

Eskolak egindako hutsuneak, hain zuzen ere, Unibertsitateak bete behar ditu, beteko badira. Gainera, hizkuntza bat «hasieratik» irakastea ba da Unibertsitatearen zeregina, arabe, frantses, aleman, ingeles eta beste hizkuntzekin Deustuan bertan egiten den bezalaxe. Euskara beste hizkuntza modernoen parean ipintzeko eskatu bazen, zertara dator aitzakia hori?

Dena dela, eta erresultatuak ikusi arte honek kontsolatzen gaitu, ba dio erretoreak, ahalik eta gehien eginen duela. Hala biz,* eta ez bada... orduan ordukoak.

ANAITASUNAren irakurle bati

Gure lagun zintzo horrek, jakin ezazu, Bizkaiko «bainak» Gipuzkoako «lekak» direla.

Esfinge berriaren igarkizuna

Mikroherriko mikrolagunen arteko mikromultitaldeen mikroindarren mikroeragina gero eta mikroagoa da; eta makromonotaldearen makroindarraren makroeragina gero eta makroagoa. Noiz konturatuko dira mikroherriko mikrolagunen arteko mikromultitaldeak, beren mikroindarren mikroeragina monomakrotu behar dutela, makroindar bat lor* dezaten?

Enrike Zelaia soinularia Lizarran

Enrike Zelaia ausposoinulariak ihardunaldi bat eskaini eban Nafarroako Lizarran,* apirilaren 13an.

Juan San Martin euskaltzainaren mintzaldia Elgoibarren

Juan San Martin euskaltzaina* «la literatura vasca desde el periodo romántico hasta hoy» gaiari buruz mintzatu zan Elgoibarren, joan dan martxoan, «Centro Uribitarte» etxean.

Futbolariak ikastolaren alde

Apirilaren 15ean, Bilboko «Athletic» eta Donostiako «Real Sociedad»eko futbolariek partidu bat jokatu eben Bilboko Santutxu hauzuneko ikastolaren alderako. 1.500 pertsona (umeak kontuan harturik) izan ziren ikusle, eta 200.000 pezeta inguru jaso ditu Santutxuko ikastolak. 5 eta 1 nagusitu jakezen Bilbotarrak Donostiarrei; baina jokalari guztiek hainbat puntu irabazi zituen egintza honekin. Zorionak!

A. Ibarrolaren hitzaldia, debekatua

Asteazken* guztietan egiten denari jarraituz, apirilaren 19an A. Ibarrolaren hitzaldi bat antolatu zen Bilboko Landatxuetan. Hitzaldi hauk* etxekoandreentzat izaten dira gehienbat, dekorazioa eta holako gaiak erabiliz. Antolatzaileek ez dute orain arte eragozpenik izan; baina, oraingoan, zain zegoen jendetzari, hitzaldia debekatua izan zela esan behar.

Euskal jaialdia Hernaniko ikastolaren alde

Euskal jaialdi bat ospatu berri da Hernaniko ikastolaren alde, Donostiako Aurrezki Kutxaren babespean eta «Urumea» elkartearen ardurapean. Lopategi eta Azpillaga bertsolariek, Lurdes Iriondo eta Benito Lertxundi kantariek ihardun izan eben, Jose Maria Aranalde apaizaren gidaritzapean.

Nafarroako jotak diskotan

Julio Sánchez eta Jesus Ramírez jaunek Nafarroako jotak disko batean grabatu berri ditue Iruinean. Jota honeen hitzak, berriak dira.

Amarako ikastolaren alde

Apirilaren 15ean, Amarako ikastolaren alde jaialdi bat ospatu izan dau, Donostian, hiri haretako «Donosti Berri» erakundeak.* «Oskarbi» taldeak, «Erlak» bikoteak, Patxi Maritxelar kantariak, eta Azpillaga eta Lopategi bertsolariek ihardun izan eben.

Aralarreko Aingeruaren irudia Iruinean

Ohitura dan bezala, Aralarreko Aingeruaren irudia Iruinera eroan izan dabe, joan dan apirilaren 12an: lehenik Diputaziora, gero «Audiencia Territorial» dalakora. hemendik «Delegación de Hacienda»ra. Eta, holako bisitaldi batzuk egin ondoren, berriz ere Aralarreko mendira eraman eben.

Linazasoro jaunaren mintzaldia Elgoibarren

Linazasoro jauna mintzatu berri da Elgoibarren «literatura vasca sobre el humor» gaiari buruz, «Centro Uribitarte» etxean. Noren lepotik barre eragin ote eban?

Jose Maria Muñoa jaunaren berbaldia Pasaian

Jose Maria Muñoa jaunak hitzaldi bat eman eban «mensaje fundamental del Nuevo Testamento y su realización» gaiari buruz, apirilaren 11n, Gipuzkoako Pasaian.

Benito Lertxundi Oñatiko ikastolaren alde

Benito Lertxundi kantari ospetsuak ihardunaldi bat eskaini eban Oñatiko ikastolaren alde, iragan* apirilaren 8an, «Instituto Nacional» ikastetxean. Benito Lertxundi, jakina dan legez.* kantari profesional bihurtu zan, orain dala urte bete inguru.

Mugaldeko langileak gero eta txarrago

Espainiako partean bizi baina egunero Frantzialdera lan egitera joaten diren beharginei,* «mugaldeko langileak» deitzen jake. Aspaldion, Bidasoaz bestaldean lan gutxi dagoela eta, gauzak txarto doakioez, eta asken asteotan hainbat gelditu izan dira lanlekurik gabe.

«Euskal Kultur Mintegi»aren oharra

Jaun euskaltzain* batzuei «Euskal Kultur Mintegi»aren izenez inkesta* bat egin omen zaielarik, eta horri buruz hoietariko zenbaitek* argitasunak eskaturik, Euskal Kultur Mintegiko batzorde zuzendariak argi eta garbi jakin erazten du, ez duela batere zerikusirik haiekin, eta, beraz, ez direla erakunde* honek antolatutako zerbait bezala hartu behar.

Arkitekto talde batek urbanismoaz mintzatzeko baimenik ez

Bilboko arkitekto talde bat mintzaldi bat ematekotan zan Bizkaiko Ermua herrian; baina ezin izan eben horrelakorik egin, ez baiteben horretarako behar dan baimenik lortu izan. Berbaldia hirigintzari* buruzkoa zan.

Donibane Lohitzunek zer du beharrago?

Donibane* Lohitzunek zer du beharrago: udaportu edo plazerportu bat ala arraintzako itsasportu berri eta haundi bat? Galde horri, hona nola jendeak ihardetsi* dion: % 97,76k arraintzako portu berria, % 2,02k udaportua.

Donibane Lohitzuneko jende gehienak, ez esateko guztiak, arraintzako itsasportu berri bat nahi du. Baina 70 bat udabarku kokatuko* dituen plazerportu berri bat egiten ari dira!

AGUR, asteroko bihurtu da

Bilboko AGUR, asteroko bihurtu berri da. Etapa berri honi hasiera emateko, bazkari bat egin eben Gipuzkoako Elgetan, martxoaren 25ean. Aldizkari honetako idazlerik behinenetarikoa* dan Martin Olazar apaizak honetara laburtzen dau egun haretako joan-etorria:

«Geuk uste genduan baiño geiago alkartu giñan: eun eta ogei ta amabi. Jan aurrean, berbaldi labur eta mamintsu baten, alkartzearen garrantzia azaldu euskuen. Gero, bazkaria, ez jatun atsegin-zaleak egiten daben lakoa, gosea kentzeko bestekoa eta gaiñera pozaren ezaugarri diran akeita ta abar. Batzarkideen urteai begira jarten ba'giñan, guztietarikoak egozan. Izkuntzeari begiratu ezkero, alde guztietan euskerea entzuten zan, geiena gipuzkoerea ta bizkaierea. Izkuntza-aldetiko eretxiak konturatu ezkero, guztiak, uste dot, erri-bide-zaleak zirala».

Dudarik ez dago: AGURen «Bere Betiko Benetakoak» langile ari dira.

«Alderdi» aldizkariaren irakatsiak

«Alderdi» aldizkariaren 272. zenbakian, artikulu interesgarri bi agertu dira. Bata «Bangla Desh y Yugoslavia» izenekoa, eta bestea «La descentralización a debate». Lehen artikuluan, marxistek «nazio arazoei» ematen dautseezan soluzioak dilindan jartzen dira, baina era eta itxura onez, anatematizatzen ihardun gabe. Bigarrenean, gaurko egoeran ere zerbait egin leitekela uste da, «descentralización» dalakoaren arazo horretan; eta, horretarako, 1917 eta 1931. urteetan gertatuak gogoratzen dira.

Gotzon Garate jesuitaren berbaldia Zizurkilen

Gotzon Garate jesuitak, Deustuko Unibertsitatean irakasle danak, hitzaldi bat eman eban «zer dan marxismoa» gaiari buruz, Zizurkilgo Elbarrena hauzoan, joan dan Aste Santuan.

Xabier Gereño liburu berri bat prestatzen

Xabier Gereño bilbotarra liburu berri bat prestatzen ari da, bide onetik jakin dogunez. Liburu hau euskal ohiturei buruzkoa ei* da, eta fotografia eta irudi ugarirekin ei dator.

«Oskorri» taldea bere kantak grabatzen

«Oskorri» bilbotar kantari taldeak «zinta» dalako horreetan grabatu izan ditu bere kantak. Baina noiz diskoetan?

Sakabi eta Egañazpiri omenaldia Usurbilen

Hirurogei bat trikitilari eta pandero joilek eta frontoia betetzen zuen jendetzak omenaldi bat eskaini zioten Sakabi eta Egañazpi trikitilari famatuei, apirilaren 16an. Egun osoko jaia izan zen: trikiti soinua nonnahi, «Elgeta» zenaren piezak, magnetofonoz hartuak, zikiro* jatea eta abar. Trikitiaren musika alaia gorabehera,* ez zen jendea dantzan aritu.* Musika hau, itxura denez, entzuteko bakarrik gelditu da.

«Newsletter» aldizkari berria

Ipar Amerikan, «Newsletter» izenburuarekin agertu berri da aldizkari bat, euskal gaiei buruz. Hamar orrialdeko aldizkari hau ingelesez dator, eta William A. Douglass jaunaren zuzendaritzapean agertzen da.


Nori gabeko eskutitzak (6)

Indautxutik, 1972.eko apirilaren 30ean.

Egun batzuetan gauzak halaxe gertatzen ditun, Kristina. Krisizko eta ahuleria* moralezko egun luze askoren ondoren, ustegabeko une batetan argia azaltzen dun zoragarriro.

Joan den astean bertan gertatu zunan, Bilboko Unibertsitatean, Nik ez ninan ezagutzen. Mutil gazte bat zunan, beste grado batetakoa. Eskolarte batez hizketan geundelarik, bera etorri zitzaigunan, ene lagun baten adiskidea baitzen. Halako batean, bertan zeuden estudianteetatik batek, haren aspaldiko ezaguna nonbait, honela esan zionan erdaraz:

 «Zer, aurten ere poesi sariak irabazten ari haiz?». Hark, ordea, serioski, erantzuera hau eman zionan: «Ez. Hori lehen zuan. Honez gero. aspertu nauk latin itsasora agertzeaz. Hemendik aurrera euskaraz idazteko asmo finkoa* diadukaat». Besteak, zeharo harriturik: «Baina hik ez dakik euskaraz!». «Ez niekian. Baina udan ikastaro intentsibo batzuk egin ditiat, eta orain, guztiz ondo ez bada ere, zerbait egiten hasi nauk. Geroago eta hobeki, noski».

Bistan ziegonan ez zitzaiola larregi gustatu beste mutilari beronen erantzuera, behin baino gehiagotan «euskaraz idaztea tontakeria bat zela» esan baitzion, bai eta «oso guttik ulertuko haute» ere.

Neronek, mutil euskaldun berri hura* nor zen jakin guraz,* neure adiskide Karlosi galde egin nionean, beronek hura erdal poesian behin baino gehiagotan saritua izana zela kontatu zieutanan, eta Madrileko errebista batzuetan publikatuak ere ba zituela.

Atzo, hain zuzen ere, lagun horren poesia batzuk ikusteko okasioa ukan* ninan. Ez din oraindik hizkuntza behar bezala menperatzen; bistan diagon. Baina, urte bete eskas batean egin duena ikusirik, ez dinat dudarik egiten, egunen batean euskal poeta bikain bat izanen zaikula. Izena Jon din. Gogoan har ezan izen hau. Bertso batzuk* jartzen dauzkinat, hark eginak, Irlandari buruz.

Egun* da San Patrizio,

Bihar azken judizio;

Egun honetan berdin dirade

Bertutea ta bizio.

Anaia O'Casey maitea,

Zihoakigun urtea.

Pena honekin bihotz erdia

Oinazez daukat betea.

Gorrotoz erdi bestea,

Piztua berriz hestea.

Irlandan zehar zaldun bi doaz:

Gosea eta pestea.

Neguko garitza errea,

Erdian gure hasarrea,

O'in arte zutik egon delako

Okerbidezko dorrea.

Laster jausiko* da habea,

Hilko du bere jabea.

Herri guztiok apur dezagun

Mundu honetako katea.

Zer deritzen? Oraintsuko euskaldun berri batek eginak izateko, harrigarriak ditun; are* gehiago, Bizkaiko poesia zaharraren kutsua eman diela kontuan hartuz gero, nik uste.

Bistan diagon, aspalditxoan Euskal Herrian kulturaren balantzan, beste zenbait* gauzatan bezala, dinamika euskararen alde iragana* dagoela, egun pasatu batean Unamuno eta beste halakoen kausaz kultur pisua erdararen alde egon zen bezalaxe.

Agian,* oraingoz ez duken aski,* euskal kultura hasi berri honek eman duena; baina, duda gabe, askoz ere gutiago dun, bertoko erdal kultura ematen ari dena. Mitxelenak, honetaz, arrazoi osoa zinan Bilboko I. Antropologi Astean, euskal kultura, zerbait egin eta osotu gabe, egiteko eta oraindik loratzeko zerbait zela esan zuenean. Lehen loreak azaltzen hasi ditun. Agian, udaberri miragarri bat etorriko ziaion gure Herriari oraindio. Hala bedi.

XABIER

Noketazko aditz formak

diagon, dago

din, du

dinat, dut

ditun, dira

duken, dateke

dun, da

ninan, nuen, neban

ziaion, zaio, jako

ziegonan, zegoen, egoen

zieutanan, zeutan, eustan, zidan

zinan, zuen, eban

zionan, zion, eutson

zitzaigunan, zitzaikun, jakun, zitzaigun

zunan, zen, zan

Toketazko aditz formak

diadukaat, dadukat, daukat

ditiak, ditut

nauk, naiz

niekian, nekien

zuan, zen, zan

Osterantzeko aditz formak

dauzkinat, daunadaz, dizkinat

dezagun, daigun

die, dautse, diote

ezan, ein

geunden, gengozen

haute, habe

nion, neutson

zaiku, jaku, zaigu

zeuden, egozen

zihoakigun, joaten zitzaikun, joaten jakun

zion, eutson

zitzaion, jakon


Euskera teknikoa dela eta

Noizean behin, deskantsuren bat behar izaten dugu geure bidean, gero aurrerantz jarraiki ahal izateko. Bate-tik, egin dugunaren perspektiba jartzen dugu begien aurrean; eta bestetik, emandako pausoen gorabeherak azterturik, gerorako plana prestatzen dugu.

Euskara teknikoaren arloan ere, berdin agertzen zaiku behar hau. Euskararen beharra sentitzen dugunok, euskararen balioaz arduratzen* gara, eta euskara erabilgarri bihurtu nahi dugu. Eta hau jakintzaren arlo guztietan lortu gura* dugu.

Orain artean pauso batzuk emanak ditugu, eta, pauso hauen esannahia aztertuz gero, aurreranzko plana antolatu behar dugu.

Lehenik, nortzuk dira euskara teknikoaren problema konpontzen saiatu behar dutenak? Bistan da, ez dela nahikoa euskara menperatzea, gai tekniko eta zientifikoak ere menperatu behar baitira. Beraz, dei bat zabaldu behar dugu geure Eskola eta Unibertsitateetan, euskara teknikoaren alde mugimendu bat osa dadin. Eskatu egin behar diegu geure unibertsitariei, Herriari ZOR dioten mesedea.

Bigarenik, zein izanen litzateke bidea? Nik neuk ez dakit zein izanen litzatekeen hoberena; baina, ezer hoberik agertzen ez den bitartean, jadanik* askok praktikan jarri duena proposatuko nuke.

Nork bere arloan, edo berak ondoenik erabiltzen dituen gaietan, euskaraz presta ditzake bere lantxoak (apunteak eta abar). Jokamolde honek bere alderdi on eta xarrak ditu. Xarrak, zeren*, gure Herria oraino gordinegi egonik goimailako ikasketak euskaraz bereganatzeko, gutti batzuek baino ez bailituzkete lan hauk* irakurriko. Eta alderdi onak ere bai, zeren, era honetan, erraztasun haundia lortuko baikenuke euskara erabiltzen. Kontuan har, ez dugula geurez trebetasun hau, baizik eta geure egintzaz lortu behar dugula.

Honela, lehenik euskara teknikoa erabiltzen saiatu behar dugu, eta hau entrenamendu baten antzekoa izango litzateke. Hau da oraingoz medio bezala egin behar duguna, nahiz eta geroagorako helburua izan.

Hala ere, urrats* hau emanik, hor geratuko bagina, urrats alfer, urrats antzua* izanen litzateke. Esan dugunaren arauera,* pauso hori gure euskal kulturaren hutsunea betetzeko baino ez da; eta gero pauso horrek emankor izan behar du. Kultura Herri baten agerpena da, beraz Herriak sortua. Eta Historiak (hainbat kausa direla eta) eginbide* batetan jarri gaitu: geure Herriaren kulturaren berpiztaile eta sortzaile izan behar dugula, alegia.*

Goazen aurrerantz. Euskara teknikoa egiterakoan, ezin dezakegu orga* idien aurrean jar, hau da, ezin dezakegu etxea teilatutik has, oinarri eta zimentarrietatik baizik. Euskara teknikoaren saila, basik landu gabea, oso zabala da eta horregatik astiro joan behar dugu, behar diren pausoak emanez.

Nondik has? Goi mailako lanak utzi gabe, behe mailako liburuak prestatu behar ditugu. Haurrentzat liburutegi aberats bat zertu behar dugu. Liburu hauk gertatzean, hiztegi teknikoa sortuz joanen da, eta hiztegi hori hobetu eginen da eguneroko praktikaz.

Horregatik, dei bat zabaldu behar dugu geure ikasle eta irakasleen artean, denen artean planifikazio hau aurrerantz eramateko. Asmo onik ez da falta. Orain, egintzak erakutsiko dauku xede* hauen egiatasuna.

J. R. ETXEBARRIA

dauku, dausku, digu

dezakegu, daikegu

diegu, dautsegu, diotegu

diote, dautsoe

ditzake, daikez

zaiku, jaku, zaigu


Turkiako azken gertaerak

Mediterraneoko urek laztantzen dituzten lurraldeak, eguzkialdean dute muga, Europa amaitu eta Asia hasten den tokian. Historiaz kargaturiko lurrak, zibilizazio indartsuen sorburu.

Han dago Turkia (767.000 km2. eta 32 milioi bizilagun), zatiño bat Europan eta beste guztia Asian, Otomano inperioren azken adierazpen. Lehengo harrotasun eta boterea, gaur Istanbuleko museoetan dago gorderik. Kalean ez da horrelakorik nabaritzen,* pobrezia eta urritasuna baizik.

1971.eko martxoaren 11n, militarrek Nihat Erim jartzen dute Gobernuaren buru. Ordurako, ezkertar komandoak lanean ari ziren, batez ere amerikanoen baseetako militarren kontra.

Gerrilleroak, gazte unibertsitariak dira gehienbat; eta «Dec Genc» izeneko taldea osatzen dute, «Turkiar Gazteria Iraultzailea» delakotik sortua, azken hau desegin zenean.

1971.eko maiatzaren 17an, Ephraim Elrom Israelgo kontsula bahitzen* dute Istanbulen. Hau askatzeko, bahitzaileek gartzelatuen libertatea jartzen dute kondiziotzat. Gobernuaren erantzuna hau da: «Ez dugu inola. ere amore emango; eta erakutsi egingo dugu munduaren aurrean, Turkia benetako Estadu bat dela».

Eta erakutsia laster etorri zen. Biharamunean, 540 pertsona arrestatuak dira; hurrengo egunean, milatik gora. Istanbulen Gobernuak, 15 ordutan, trafiko osoa geldi erazten du, bai itsasoz, bai trenez, bai kalez eta bidez. «Turkiar Estaduak ez du bandidoekin tratatzen» dio Gobernuak berriro. Eta maiatzaren 23an, Israelgo kontsula hilik agertzen da.

Urriaren 9an, 18 gazte iraultzaile epaituak dira. Akusazioa, martxoaren 4ean lau militar amerikano bahitu zituztela. Lau egun bahiturik egon ondoren, libertatea lortu zuten; baina militar epailariek hiltzera kondenatzen dituzte 18 gazteok.

Eta, kalean, jendeak zera galdetzen du:. «Zer egingo dute orain «Dev Genc» taldekoek, 18 gazteak heriotzetik libratzeko?»

Ismet Inonu Turkiako presidente ohiak* zigorraren gogortasunagatik protestatzen du, eta ez da bakarra protestatzen. Luzapenak datoz, azterketa berriak; eta, azkenik, aurtengo martxoaren 17an, indultoa 15 gazterentzat. Beste hirurek (Deniz Gezenis, Yusuf Aslan eta Huseyin Inan) heriotze kondenaren konfirmazioa dute, eta orduan dator «Dev Genc»koen erantzuna: martxoaren 26an, komando batek bi ingeles eta kanadiano bat bahitzen ditu, Unye-ko radar estazio militarrean lanean ari zirenak. Hauk* askatzeko, baldintza bat jartzen dute: heriotzera kondenatuen libratzea.

Baina Gobernuak «ez du bandidoekin tratatu nahi», eta 10.000 polizgizon hasten dira haien bila. Martxoaren 30ean, Kizildere herrian aurkitzen dituzte, alkatearen etxean. Polizgizonek inguratzen dituzte, erasotzen* diete eta etxe barruan zeudenetarik 13 pertsona hiltzen dira (hiru bahituak eta hamar iraultzaile).

Nola hil diren? Gauzak nahasi daude. Agentzia ofizialak lehen mementoan esan zuenez, bahitzaileek berek zartarazi* zuketen* etxea, nahiago baitzuketen beren buruak hil, poliziaren eskuetan jausi* baino. Dirudienez, konturatu egin zen gero Gobernua, berri horrekin herriaren aurrean iraultzaileak heroe batzuk bezala agertuko zirela; eta aldatu egin zuen lehen esana. Bigarren informazioaren arauera*, iraultzaileek hil zituzketen bahituak. eta gero haiek heriotzea aurkitu zuketen polizgizonekin izandako tirokatzean. Dena dela, inguruan zeuden kazetariek, zarata haundi bat entzun zela esan dute.

Hauxe da orain arte gertatua. Eta gero zer? Etorriko diren egunek emango daukute erantzuna.

XABIER GEREÑO

daude, dagoz

daukute, dauskue, digute

diete, dautsee

zeuden, egozen


Euskararen etorkizunak Euskal Herrian

Irakurri berri dut Xabier Gereñoren «Irlandaren alderdi ezezagun bat» artikulua; eta, «euskal pedagogoek eta irakasleek dutela hitza» dioenez, hona hemen eritzi labur labur bat.

Lehenik, argia dela uste dut, erantzun gisa* Ibon Sarasolak bere «Euskal Literaturaren Historia» liburuaren 95. orrialdean dioena:

«Dena dela, ez da ahaztu behar problema guzti hauen sustrai nagusiak literaturatik at* daudela. Gure esistentzia taxutzen duen produkzio molde kapitalistak, gauzetatik benefizio ahalik eta haundiena lortzea* du helburutzat.* Ikuspegi alienatzaile eta utilitarista honen pean, euskararen eta euskal kulturaren etorkizuna arrisku etengabean aurkitzen da. Egoera gaizto hau, funtsean,* produkzio molde bestelako batek balore hierarkia bidezkoago bat ezarri ez dueino,* ez da aldatuko. Euskal literaturak estrategia orokar* baten esijentzietara makurtu behar du halabeharrez.»

Euskararen problema (hitzez ez baina egitez egiten dugun) folklorearen mailatik sozial mailara (beraz, politika mailara) jasotzen ez dugun bitartean, euskararenganako nigarra ez ote da alferrikakoa? Zergatik gure enpresa gizon euskaldunek ez dute administrazioa euskaraz eramaten? Zergatik ez dute eramango?

Bitartean, nola fruturik eman, ikastoletan eta alfabetatze ikastaldietan sartzen diren orduek? Euskal pedagogo eta irakasleek bakarrik ez dute hitza; Euskal Herriaren etorkizun berriaren alde dihardugun guztiok dugu hitza. Euskaraz Euskal Herrian egiten da, eta euskara Euskal Herriaren parte batek erabiltzen du. Euskararen problema eta Euskal Herriarena, etxe berekoak dira.

J. J.


Hizkuntza

Euskara batua, lapurtar klasikoaren alde (4)

Azken puntuan Larresorok gipuzkera Nafarroan hitz egiten dela dio. Dudarik gabe, herri batzuetan; baina Gipuzkoan nafarreraz eta bizkaieraz ere hitz egiten da, eremu* are* handiagoan gainera. Eta Nafarroan hitz egiten diren euskalkiak,* euskal dialektogoen eritziz, lapurteraren subdialektoak dira. Honela esaten dute Bonaparte printzeak eta bestek. Hauen aburuz,* Baztango dialektoa lapurtera da; beraz, Nafarroan lapurtera gipuzkera baino hobeki ulertzen da.

Baina, Larresororen argumentu honen aurka, kontra-argumentu handiena Larresorok berak ematen dauku bere «Eibartarrari» egindako gutunean:* «Guganainoko Euskal Herria gauza bat izan da; eta gugandikakoa, nahi-ta-ez, beste gauza bat izango da: etendura* ondokoa. Negar egin daiteke, ala farre; baina hori horrela da. Etendura hori ezin da ezabatu.* Zuk ongi dazkizun arrazoinengatik horretara heldu gara, eta ez-ikusia egiterik ez dago. Gauza bat adierazten du honek: jatorrizko euskalkien urteak ahitu* direla... Euskalkien amaia begien aurrean dugu... Baina ikastola berrietan ikusten ditugu (haurrak) alai, Otsagabian eta Bilbon, Donapaleu eta Gastehizen, Arrangoitzen eta Tudelan, gero eta euskara batuagoan ari...».

Beraz, zergatik etortzen zaiku Larresoro jauna, Iparraldean ikastolak ez dauden lekuetan euskara orain ahitzen dela aipatzera? Gauza berdina gertatua da Gipuzkoan eta Bizkaian; bai eta oraingo kondizio hauetan ere gertatzen da. Etorkizuneko euskara, beste hizkuntzetan bezala, ikastoletan ikasten den hizkuntza izenen bada, ez ote da izanen Euskal Herrian ere irakastegietan irakats dezakegun hizkuntza? Eta literatur hizkuntza batuak ez ote dira beti hizkuntza eskribatuak? Eta hizkuntza eskribatuak ez direa* beti sortzen literatur tradizio baten bidez? Eta euskaran dugun literatur tradizio hau ez da ala* lapurtera klasikoarena?

Beraz, gauzak hitz bitan laburtzen baditugu, Larresoro jaunari esan diezakeogu, eskolaren bidez bizirik iraun eraz dezakegun euskara, lapurtera klasikoa izan daitekeela.

a) Lapurtera klasikoa, aditzaren batasunean gipuzkera baino hobea da.

b) Euskara klasikoak erabiltzen zituen forma batzuk, gaurko lapurteraren ikuspuntutik, batzuetan arkaismoak dira; baina arkaismo hauk,* oraingo bizkaieraren eta gipuzkeraren barnean bizirik dauden formak dira. Beraz, arkaismo hauk lapurtera klasikoaren alde mintzo* dira, eta ez kontra.

 Fonetika ikuspuntutik: Ahozkera* batua beti ikastoletan irakasten da herri guztietan; beraz, euskararen estruktura fonetiko orijinalak ikastea, euskararen bizia iraun eraztea da. Ahozkera batua beti ikastekoa izanen da, eta haurrek beti ikas ditzakete ahozkatze estruktura guztiak.

 Kultur hitzen ikuspuntutik: Kultur hitzak, hizkuntza unibertsaletan dadukaten formaz erabili behar dira, hemen baitago erraztasuna. Gaztelaniaz edo italieraz kultur hitzek daduzkaten forma nazionalak ez dira erraztasuna, difikultatea baizik, kulturaren alorrean* ari izan behar dutenentzat.

H. GARAIGORTA

dadukate, daukate, dauke

dauzkate, dauzkate, daukez

daude, dagoz

dauku, dausku, digu

dazkizu, dakizkizu, dakizuz

diezakeogu, deiskiogu (deiskeogu), dezaiokegu

ditzakete, daikeez

zaiku, jaku, zaigu


Feltrinelli-ren herioa

Oraindik denbora gutti dela, ajentziek beste berri triste bat eman zeukuten: Feltrinelliren gorpua,* dinamitazko karga batek leher egin ziolarik, (fisikaren hastapenen* arauera,* ez oso modu logiko batez berau) guztiz zatikaturik aurkitua izan dela, alegia.* Kazetetako artikulu-buruak era honetakoak ziren, egun hoietan, gutti gorabehera: «Milango inguruetan argindarraren poste bat leher eraztera zihoala, kargaren birrintzearekin bere burua hil du...».

Nor zen S. Feltrinelli?

Feltrinelli, Italiako editore progresisten artean progresistena baino zerbait ilunago eta positiboagoa zen. Beharbada militanteak ez bestek konpreni dezakeen norbait, beharbada egiazko Erreboluzioaren gristasunean, betiko ilun ezezagunen artean diharduen norbait. Egungo* Italiako editatze kojuntura ezaguturik, Feltrinelli Italian, Frantzian Maspero bezala, bere bizitzaren luzera osoan dudatzeko nortasuna edo ahalmena ukan* zuen norbait zela esan dezakegu. Bere «hondo» bibliografikoan atera zituen liburuek, beren desberdintasunean, intelektual erreboluziogile baten nortasuna azaltzen daukute: Egiaren edo egia osoaren jabe sentitzen ez delarik, bere indarren neurrian eta jabe den harma guztiekin, mundu libreago baten alde burrukatzen zuen norbaiten ideia, alegia.

Fidel Castrok «Che» Guevararen egunkaria —CIAk eta Boliviako gobernuak bere artxiboetan segurtzat ematen zutena— italieraz argitara zezan, Feltrinelliri eman zionean (eta hau, Cubako gobernu erreboluziogileak indar guztiez Hego Amerikako liberazio mugimendu guztien laguntzaile zelarik gertatu zela kontuan harturik), konfidantza hura* aurretiagoko ekintza iraultzaile garbi batetan oinarritzen zela pentsatu beharrez gaude, logikoak baldin bagara behintzat.

Fidelek Feltrinelliri Cubako Herriak gehien maite zuen dokumentu haren konfidantza egitea, haren lan «legala» alde batera utzita ere, guk geure konfidantza botoa emateko aski* zatekeelakoan gaude.

Beti pentsatu dut, Feltrinelli gure garaiko europar tipoa izan zela: bere izatez kontradizio bat, bere mementoan* eta bere leku konkretuan bizitzen zekiena eta, horregatik hain zuzen ere, errealitatea bera bezala, kontradizio konstante batetan bizi izan zena.

Kontradizio horrek ez zizkion, ordea, edozein zalantzarako edo Boliviako zelai goietako nekazarientzat bere ideiak eta etxeko ateak irekiak edukitzea galerazten. Zeren,* Cuban entrenamenduak egin ondoren, CIAk zabalduriko sare hertsitik* bere burua libratzeko, ferryz, autoz eta aeroplanoz munduko punta batetik bestera hamar bide komertzial ibiliz, egun konkretu batetan, ordu konkretu batetan bere herriko erreboluzioaren laguntzaile bat behar zuenak, halakoak Feltrinellirengan zuen beti, La Paz, Caracas edo Medellín-era zeharka eta ezkutatuz itzultzeko edo atseden segur bat edukitzeko laguntza.

Beti pentsatu dut, bai, Feltrinellirengan; askatasunaren alde diren burruka guztien joan-etorri logikoen arauera,* zalantza logikoak sentitu bazituen ere, bere eskema «garbi», «orokor», «erreboluziogile» guztien gainetik, ekintzan aritzen zenari errespetoa ziolako...; beharbada Parisen metroko xartela ateratzeko gauza ez izanik ere, metraileta eskuetan, burrukaren mailarik gorena defendatzen dutenen zerrendan sartzeko kapaz zen gizonari, bere konfidantza botoa ematen jakin zuelako.

Nora eskriba* diezakeagu, Feltrinelli? Beharbada Milango peoi baten etxera, Ataungo nekazari batenera, edo, beharbada, Mozambiquera FROLIMOko baten amaren etxera?

Ez da martiri bat egiteko mementoa, ez eta heroe bat egitekoa ere. Bai, ordea, bere printzipio aurrerakoietatik geldi! hitza betiko desterratu zuelako, bere efikazia (efikazia dudatua) bide delarik, erreakzioaren indarrek hiltzera kondenatu dutela pentsatzeko ordua. Zeren,* arazoa hauxe baita, Feltrinellik, egiten zuelako edo egin nahi zuelako, ez duela gehiago zalantzarik edukiko.

AINHOA

daukute, dauskue, digute

dezake, daike

dezakegu, daikegu

diezakeagu (hiri), deiskiagu, dezaiakegu

gaude, gagoz

zeukuten, euskuen, ziguten

zezan, eian

zihoan, joian, zoan

zion, eutson

zizkion, eutsozan, ziozkan


Osaba Martinen kontuak

Sorginak

Enekok, «Ayala» zinetokitik etortzerakoan, «Akelarre» izeneko kafetegi bat ikusi dau, atean sorgin beltz batzuk dituana. Etxera etorrita, amari irudi animatuen pelikula kontatu ondoren, osaba Martin gaixoari akelarre zer dan itaundu* dautso.

Osaba Martin, beretzat Job Santuak gurako* eban pazientzia batez, —norbera irakurtzen ari danean, inork enbarazu egitera etortzea baino gauza hasarregarriagorik ez dago eta— esku artean eukan liburua utzi eta arnasa sakon bat egin ondoren, erantzutera gertu* dago.

— Akelarrea, sorginek ilargi betea egoten zanean mendietan egiten eben batzarre bat zan, bertan deabrua adoratzeko asmoz.

 — Eta bertan deabrua egoten zan ala? —Enekok susmo txarrez.

— Ez horixe! Baina sorginek aker bat eroaten* ei* eben hara, eta, adarrak eta eukazanez, haxe* deabrua bailitzan adoratzen eben. Hortik etorri ei jake batzarre horreei akelarre izena, hau da, akerraren larrea edo zelaia. Euskaratiko izen hau hizkuntza askotara pasatu da gainera, Euskal Herriko sorginen batzarre honeek Europa osoan guztiz famatuak izan zirelako.

— Non egiten zituen batzarreok?

— Zugarramurdin, Nafarroa eta Lapurdi artean dagoen zelai batean. Bertara joateko, sorginek halako ungentu* batez igortzen eben gorputza, eta, berba magiko batzuk esanez, isats* edo inarren* gainean jarrita hegaz joaten ei ziren airetik, bai eta animalien lepo edo bizkarrean ere.

— Eta zeintzuk hitz magiko ziren horreek, osaba?

— Honeexek ziren, oker ez banago: «Sasi guztien gainetik eta hodei guztien azpitik». Baina kontuz ibili behar da magiaz, ze,* esaten danez, ba ei zan behin morroi bat, sorginen berba horreek entzun ondoren, berak oker esan zituana, honetara: «sasi guztien azpitik eta hodei guztien gainetik», eta, dirudianez, gorputzaren zati batzuk gora eta beste batzuk behera joan jakozen gaixoari, holan zeharo zati zati eginda geraturik.*

— Eta non bizi ziren sorgin horreek, ba?

— Sorginak ez ziren aparte bizi. Herri guztietan ei ziren, eta ez emakumezkoen artean bakarrik, bai eta gizonezkoetan ere. Batzuek dinoenez, gainera, apaiz gaiztoren bat ere haraxe joaten ei zan akelarreetara, bertan dantzan eta.edaten ibiltzeko. Mozkortu ondoren, sorginek gero ikusgarri asko ikusten ebela esaten eben. Egia esateko baina, sorginak ez ziren hain pertsona gaiztoak; baina jendeari, hareek egiaz egiten ebena baino gehiago sinestea gustatzen jakon, eta horregatik batzuetan sutan erretzera kondenatzen zituen sorginak.

— Kondenatzaileak bai zirela gaiztoak, osaba, eta ez sorginak. Pertsonak gezurrez hiltzera kondenatzea ere!

— Arrazoi osoa daukazu, Eneko, bai. Eta orain, zergatik ez zoaz «Gauza Harrigarriak» irakurtzera, eta niri Joannes Etxeberriren «Lan Hautatuak» bakean irakurtzen uzten, e?

— Bai, osaba, bai. Ez zaitez hasarratu, egon trankil, ba noa eta.

TRAUKO

dautso, dio

eban, zuen

eben, zuten

eukan, zedukan, zeukan

eukazan, zeduzkan, zeuzkan

jake, zaie, zaiote

jakon, zitzaion

jakozen, zitzaizkion


Elizarik behar ote dugu?

Gizarte honetako ereduak* eta eraikidurak* bestelakatu* behar direla eta, kristau ekintzaileak atrebitu dira klaseen burrukan sartzerat. Fedeak bultzaturik eta talde sozialen azterketa funtsezko* baten ondotik, hautua* egiten dute zapalduen alde: izan ere, fedeak beti ekartzen gaitu gizarte gunerat,* asko gisatarat* alienatuak direnen gunerat. Horrela, han eta hemen, kristau taldeak sortu eta ugaritzen* dira. Ohartu bide* dira laster, Eliza ofizialak jartzen dizkien traba eta eragozpenez: erreformismo aldetik jokatzen duela, iraultza* eragin behar litzatekeelarik. Eta galdera hauk* sortu zaizkie: Elizarik behar ote da? Baietzean, nolako Eliza?

Galdera hauen inguruan eta funtsetik, Boquen-eko batasunak* biltzarre bat apailatzen* du Rennes-en (Frantzian), apirilaren 29tik maiatzaren 1erarte. Deituak dira oinarriko komunitate kritikoetan eta talde informaletan barne diren kristau ekintzaileak, gizarte honetan ebanjelio biziera berri batez axolatuak* diren guztiak. Biltzarrearen xedea* da: esperientzia diferenteak ezagutaraztea eta konfrontatzea; taldeka, elkar hizketaz, puntu batzuk* aztertzea, hala nola:

- Nolako fedea aitor dezakegu gizonen artean?

- Nolako eretan fedea gaur ager dezakegu?

- Zertarat fedeak behartzen gaitu, batez ere politika zeretan?

- Nolako kristau elkarretaratzeak asma ditzakegu, beharrordu berriei ihardukitzeko?*

Oso galdera premiatsuak, alferkeriaz edo ezaxolkeriaz* bazterrerat ezin utz ditzakegunak. Euskal Herriko kristau ekintzaileok ezagutzen dugu, guk ere, galdera hauen ikertzeko* eta argitzeko premia, euskal gizarte hobeago eta zuzenago bat nahi baldin badugu bederen.*

M. ERDOZAINCY-ETCHART

dezakegu, daikegu

ditzakegu, daikeguz

dizkie, dautsez, diozkate

zaizkie, jakez, zaizkote


Erlijioa

Erlijioa aitzaki

Zalantzarik* gabe. Bai eta ez-ik gabe. Bai baina-rik gabe. Aho batez baiezta* daiteke. Eta nik, daukakedan* indar eta ahalmenez, baietz diot: Gaur egun ere, gaur egun oraino, erlijioa aitzaki dugu. Eta zeren aitzaki? Hobeagoren aitzakirik ez dut ezagutzen; ez da ohi izan. Ilargikeria horixe.

Ortega Gasset espainiarra zen; eta maite zuen bere aberria. Ez zen nonbait (nor harrituko?) berak nahi bezain gozagarri, eta horregatik zioen: «Mingarri zait Espainia hau». Horixe berori esanen dugu, Eliza maite dugunok eta erlijioa bizitzarako bizia dela aitortzen dugunok. Aitzaki bezala ez gero, beragan bizi osoa duen indar pozgarri bat bezala baino.

Gorrotoa hain gorrotogarri ez balitz; izanez izenez bezain itsusi ez balitz, gorrotogarri zaizkidala esanen nuke erlijioa aitzakitzat darabilatenak. Eta ez dira gutti. Beharbada, uste gabean, ez gara hain bakanak.*

Noski,* hau ez da gaurko gaitza. Kristo aurretik ere, erlijioa zen nahasketa gehientsuen aitzakia. Eta, Kristoren sinesmena munduan hedatzen* hasi zenetik geroz, zer esan? Gogortxoa ez balitz, pozik esango nuke, eta... zer lasaitasuna!: Kristauentzat erlijioa ez da aitzaki; aitzaki dute erlijioa bihurtu. Hiru urte edo hogeitamar urte edo ehun urteko gudua egin nahi dute? Aitzaki polita: erlijioa salbatu behar dugu. Ezin agertu gudua aitzaki bezala; erlijioa dute aitzaki; gudua dute erlijioa.

Urrutira joan ote naiz? Ez, noski, ahazturik ditudalako hurbilagoko* guduak eta haien arrastoa daramaten manifestazio batzuk. Bai, bai. Gaur oraintxe, hor eta hemen, zuri eta hain zuri ez direnen artean; baina oso zuri direnen artean batez ere.

Ez dakit aski argi ote dagoen esan dudana, edo esan nahi nuena. Gogora datorkit ANAITASUNAren azken alean Luis Haranburu-Altunak Iratzederri zioena: «Apezak ba du orduan zerbait ezin esana?». Zorioneko zu (edo zoritxarreko?), Haranburu jauna, ez baldin baduzu ezer ezin esanik.

MARKOX AMUNDARAIN

darabilate, darabile, darabilte

daramate, daroe

zait, jat

zaizkit, jataz

zioen, inoan, esaten zuen


Ez gal zeuen odol beroa!

Harri beltzezko teilatu grisak, etxeko ormak* ilunskak, zelai berde, distiratsu eta eder, Pirinioetako tontor elurreztatuen petik. Herritxoetan elizdorre hirukoitzak, eta mende* askotako historia hilarri biribil goroldiotsuetan.* Behi gorri begi malenkoniatsu, eta bortuetan* artalde zuriak. Gizon isil, xapel haundi, baserri bakartietan. Eta iragan* denboretako gaztelu eta jauregi huntzorriz* beteriko haien peko ibarretan, edertasun miserablea, kanporabidea, etorkizunik eza, hilobian bizitzea. Holaxe duzu, irakurle, Zuberoa ederra, politta eta xarmagarria, bertako bizilagunen zoritxarrerako.

Bertan ez dago lanik zuberotarrentzat. Urteko hainbat gazte iheska doaz beren gurasoen lurretatik Paris aldera lan bila, bertan deseuskalduntzeko eta sarri askotan bizimodu nigargarrian aritzeko.* Baserrietan gelditzen direnak, berriz, donado,* mutil zahar, gelditzen dira, baserrietara neskek ezkontzerik nahi ez dutelako.

Ez, gazteak ez doaz herbestera gogoz, bortxaz baizik. Baina Frantziak ez die industriarik jartzen bertan, eta lekuen edertasunak ez du jatekorik ematen. Batzuei bai, noski,* ostalariei eta turismotik bizi direnei; baina hauk* gutienak dira.

Herriak urtero odol galtze izugarri bat jasan* eta pairatu* behar du hoiengatik. Bai, zenbait* apaiz zaharrek eta erromantiko erok* ez lukete industriarik ekarri nahi. Baina halakoek ez bide* dute pentsatzen, antza,* berek Zuberoa garbi eta xoragarri bat ikustearen prezioa Pariseko euskal nesken prostituzioa dela; eta berau entzutea, ba dakigu, ez zaie gustatzen.

Euskara bera ere galduz doa, egia. Gazteria gero eta ezjakinago dago bere hizkuntzan; baina ez dugu uste, horretaz hainbat nigar isuri irudi egiten duen zenbait apaizteriak* euskarazko elizkizunetan laguntasun handirik eman duenik. Zuberoko herri batzuetan euskarazko mezarik ez dago, baina bai portugesezkoak.

Iparraldeko gazteek, aspaldion isil eta geldi egon arren, alde batera utzi dute gainetiko apaltasun galgarri hori. Ez, diotena diotela, ez beza* inork pentsa, ipar euskaldunak horrelakoxeak izan direla betidanik. Orain berrehun urte inguru Joannes Etxeberrik ba zioen «...zeren* gazteak, eta bereziki euskaldunak, bere baitharik* emanak baitira gudura eta gathazkara*»; orduan gaur bezalakoak ez zirelako seinalea, hala fede!

Zergatik azken urteotako gelditasuna? Agian* apaizkeria* gerakor* eta atzerakoi* baten ondorioz? Ez dugu uste, injustiziaren aurrean kristauaren portaera jatorra eta egokiena gelditasuna denik. Baina, dirudienez, eta honek biziki pozten gaitu, ba dago gutaz gainera Zuberoan horrela uste duenik.

Matalasen garaietan iraultzarako* deia entzun zen Zuberoan; baina uste genuen, orduko su hura* iraungia* eta itzalia zela aspaldian, hots,* Zuberoko eta iparraldeko gazteek bihotza eta odola hoztua zutela. Baina pozik aitortu behar dugu, oker geundela. Matalasek bizirik dirau,* eta joan den hilabetean halaxe agertu zen Maulen.*

Haltzak* ez du bihotzik, baina Zuberoak bai, eta ederra gainera. Zorionak, zuberotarrok! Aurrera, gazteok! Ibiltzen hasiak zarete, bai eta pauso sendo batzuk eman ere. Segi horrela. Arrazoia duzue protestatzeko. Jarraiki gogor bideari, etorkizuna zuena baita, lagunok. Eta bihoakizue, Bizkaitik esanik, zuen kanta jator hau: «Ez, otoi, gal zeuen odol beroa, bizi dadin gure Zuberoa».

XABIER KINTANA

beza, bei

bihoakizue, beioakizue

die, dautse, diote

geunden, gengozen

zaie, jake, zaiote

zioen, inoan, esaten zuen


Gurutzegrama (6)


Gizon zapaldua eta kultura

Populu baten egoera zapaltzerakoan, bi soluzio agertzen dira inperialisten jokabidean: asimilazioa, frantsesek Ipar Afrikan egin zuten bezala (hangoei Europan bertan ere egiten zaiela ahantzi* gabe) edo ingelesek egindako segregazioa.

Nahiz eta Frantziak bere politikan arrazismorik agertzen ez duen, kolonietako jende eskolatuei ahantzi egin zaie beren kultura propioa, hala nola Algeriako Kateb Yacin idazleari. Munduan «zerbait» izateko, inperialisten kultura ikasi behar dutela sinesten dute edo sinestarazten zaie.

Gizon zapalduaren alienazioa ikertzen* du Frantz Fanon-ek (ikus «L'oeuvre de Frantz Fanon», Renate Zahar, Petite collection Maspero). Hark dioenez, gizon guztiek, alienazioaren menpean daudelarik, beren baitan* ondorio desberdinak sufritzen dituzte. Langileak, beste kultura baten menpean egonik, hura* berea baino hobea dela sinesten du, eta alienatu egiten da; haren baitan «complexe de frustration» delakoa sortzen da, eta, ekonomian gertatzen dena gaizki ulertzen duelarik, ez zaio sortzen gudukatzeko kontzientzia.

Zapalduta egon baino lehen, bere legeak eta biltzarreak zeduzkan herriak; erakunde* hauk kolonialismoarekin ezabatu* egiten dira. Bertako historia eta hizkuntza, inperialisten eskoletan irakasten ez direlarik, ahantzi egiten dira; herriko ohiturak, kantuak, dantzak... galtzen ari dira. Askatasunerako gerraren garaian, aldiz,* ohitura hoik* berpizten hasten dira.

Aurrerapen eta zientzia berriek ere, inperialistenak izanik, gehitu egiten dute herriaren alienazioa, diskriminazio eta humiliazioaren bidez sar erazten baitira.

Gehienetan bertako hizkuntza administrazioan erabiltzen ez delako, goi mailako ogibide bat lortu nahi duten jendeek, zapaltzaileen mintzairaz egin behar dituzte beren ikasketa guztiak. Iraultzaren* denboran, berriz, haien egoera aldatu egin zen frantses hizkuntzaren aurrean: FLNko irratiak, berriak emateko, arabe, bereber eta frantsesa erabiltzen zituen.

Frantz Fanon-en eritziek, nahiz eta haren obretan bereziki* Ipar Afrikako kolonialismoa ikertzen den, asko balio dute, mundu guztiko herri zapalduen egoera ezagutzeko.

XANTI LAFITTE

daude, dagoz

zaie, jake, zaiote

zaio, jako

zeduzkan, eukazan, zeuzkan


Ikas zeure hizkuntza

I. Hiztegia

Ale honetan izartxo batekin agertzen diren berbak

ABURU, eritzi, uste.

ADABAKI, remiendo, petacho, pièce rapportée.

AGIAN, beharbada, nonbait, seguramente.

AHANTZ, ahantzi, ahanztu, ahaztu (inperatiboetan).

AHANTZI, ahanztu, ahaztu.

AHITU, amaitu, bukatu, extinguir.

AHOZKERA, pronunciación.

AHULERIA, ahulezia, makaltasun.

ALA, o qué?

ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

ALEGIA, a saber, es decir, esto es.

ALOR, arlo.

AMILTEGI, precipicio.

ANTZA, dirudienez, al parecer, por lo visto.

ANTZU, estéril.

APAILATU, antolatu.

APAIZKERIA, clericalismo.

APAIZTERIA, clerecía, clérigos.

ARAUERA, según, conforme.

ARDURA, arta.

ARDURATU, axolatu, arta hartu.

ARE, oraindik, aún, encore.

AREATZA, Villaro.

ARITU, ari izan, ihardun.

ARRAPOSTU, erantzun, ihardespen.

ASKI, nahiko.

ASTEAZKEN, eguasten.

AT, kanpo, fuera.

ATZERAKOI, gibelkoi, retardatario.

AXOLATU, arduratu.

BAHITU, secuestrar.

BAIEZTA, baieztatu, afirmar (potentzialetan).

BAITAN, -gan.

BAITHARIK, baitarik, -gandik.

BAKAN, raro, poco numeroso.

BATASUN, elkargo, elkarte.

BATZUK, zenbait, batzu. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEDEREN, gutienez, behintzat, behinik behin.

BEHARGIN, langile.

BEHINEN, principal.

BEREZIKI, batez ere, batik bat.

BESTELAKATU, aldatu, transformar.

BIDE, nonbait, agian.

BIZ, izan bedi.

BORTU, paraje montañoso y desierto.

DAKIKEGU, dakigu nonbait.

DAUKAKET (dadukaket), yo tenga.

DENDA, saltoki.

DIRAU, irauten du.

DIREA, dira + a. (Azken letra aditzari ezartzen zaio galdeetan).

DONADO, mutil zahar, soltero.

DONIBANE LOHITZUNE, San Juan de Luz.

DUEINO, dueno, duen bitartean.

EGINBIDE, obligación.

EGITARAU, programa.

EGUN, gaur.

EI, omen.

ELE, berba, hitz.

ELKARGO, elkarte, batasun.

ERABATEKO, completo, total.

ERAIKIDURA, estructura.

ERAKUNDE, estructura, organismo, organización.

ERASO, atacar.

EREDU, modelo.

EREMU, extensión, territorio.

ERO, zoro.

EROAN, eraman.

ERORI, jausi.

ERRESUMA, erreinu.

ESKRIBA, eskribatu, idatzi (potentzialetan).

ESKUALDE, comarca.

ETENDURA, ruptura, corte.

EUSKALKI, dialecto vasco.

EUSKALTZAIN, académico del euskera.

EZABATU, borrar, anular, desaparecer.

EZAXOLKERIA, arduragabekeria.

EZELAKO, inolako.

FINKO, sendo, firme.

FUNTS, fondo, esencia.

FUNTSEZKO, serio, profundo.

GATHAZKA, gatazka, riña, pelea.

GENEKUSAN, ikusten genuen.

GERAKOR, inmovilista.

GERATU, gelditu.

GERTU, prest.

GISA, era, modu.

GIZONAREKIKO, gizonari buruzko.

GORABEHERA, a pesar, malgré.

GOROLDIO, musgo, mousse.

GORPU, cadáver.

GUNE, une, alor, arlo, terreno.

GURA, nahi, gogo.

GUTUN, eskutitz, karta.

HALTZ, aliso (árbol), aune.

HASTAPEN, principio.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAUTU, aukera, opción.

HAXE, huraxe.

HAZIL, noviembre.

HEDATU, zabaldu.

HELBURU, fin, objetivo.

HERRI-HIZKUNTZA, lengua popular.

HERRIKOI, popularista.

HERTSI, hestu.

HIRIGINTZA, urbanismo, planificación urbana.

HOIK, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).

HORREGATIO, hala ere.

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HUNTZORRI, huntzosto, yedra, lierre

HURA, ha.

HURBIL, cercano, próximo.

IHARDESPEN, erantzun.

IHARDETSI, erantzun.

IHARDUKI, responder, replicar, resistir.

IHAZ, igaz, jaz.

IKERTU, aztertu.

INARRA, brezo, bruyère (escoba, balai).

INKESTA, encuesta.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAULTZA, revolución, transformación radical.

IRAUNGI, itzali, amatatu.

IRTEN, urten, atera, jalgi.

IRTENBIDE, urtenbide, jalgibide.

ISATS, retama, genêt (escoba, balai).

ISTRIPU, accidente.

ITAUNDU, galdetu.

IZAKI, ser, creatura.

JADANIK, ya.

JARAMON, kasu.

JASAN, aguantar, soportar.

JAUSI, erori.

KOKATU, contener, emplazar.

KONORT, sentido, conocimiento.

LANDA, kanpo, fuera.

LEGEZ, lez, bezala.

LEKUKO, testigu.

LIZARRA, Estella.

LOR, lortu, ardietsi (sujuntiboetan).

LORTU, ardietsi, erdietsi.

MAKALKERIA, ahuleria.

MAULE, Zuberoko, Mauléon.

MEMENTO, momentu.

MENDE, siglo.

MINTZO IZAN, mintzatu, berba egin.

NABARI, nabaritu (potentzialetan); patente, notorio.

NABARITU, notar, percibir.

NOSKI, naski, ciertamente, claro está, desde luego.

OHI, ex-. (Presidente ohia, expresidente).

OLDARTU, atacar, hacer frente.

OMEN, ei.

ORGA, gurdi, burdi.

ORMA, paret. (HORMA, izotz, hielo, glace).

ORO HAR, oro (guztia) harturik, en conjunto.

OROKAR, general.

OSATU, completar.

OSTEGUN, eguen.

OSTERA, aldiz, ordea, berriz; ibilaldi.

OSTIRALE, bariku.

PAIRATU, sufritu.

SERORA, sor, monja.

SOBERA, gehiegi, larregi.

TXIRRINDULARI, ciclista.

XEDE, asmo, helburu.

UDALETXE, herriko etxe.

UGARITZER, a punto de proliferar.

UGAZABA, nagusi.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

UNGENTU, okendu, ukendu, ungüento, onguent.

URRATS, pauso.

ZALANTZA, duda.

ZARTARAZI, hacer explotar.

ZE, zeren, pues.

ZEHAR, gaindi.

ZENBAIT, batzuk.

ZEREN, ze, pues.

ZIKIRO, carnero, mouton.

ZUHAITZ, arbola.

ZUKETEN, zuten nonbait, habrían, auraient. (Aditz forma honi, kazetarien kondizionala deitzen zaio. Ikus Lafitteren «Grammaire Basque», 383).


Ikas zeure hizkuntza

II. Euskara batua

Sustrai-infinitiboa —laguntzailearekin nahiz laguntzailerik gabe— beste kasu hauetan ere erabiltzen da:

1. SUJUNTIBOETAN. Zera adierazi nahi denean:

- helburua. Adibidez. Ikus dezan; etor dadin.

- nahia, agindua. Adibidez: Ez dadila ager; ikus dezala.

- suposamendua. Adibidez: Etor baledi; ikus baleza. Gaur etor dadin edo bihar, gu haren zain egongo gara. Medikuek nahiz sorginek senda, guri berdin zaiku. Egia esan (badezat), pozik joango naiz; oro har (badadi), liburu hau oso ona da; oro konta (badezagu), lan asko egin dugu.

- kontzesioa. Adibidez: Zer gerta ere (suceda lo que suceda, quoi qu'il arrive); zernahi kosta (cueste lo que cueste, coûte que coûte).

- itxaropena. Adibidez: Horrela zaude deus egin gabe, eritasunak har, heriotzea etor eta ifernura joan.

- zenbait aditzen konplementua. Adibidez: Begira hadi (cuídate) gurditik eror; beldur zen, etsaiak berriz ere itzul; gu beldur, antolamendu horretan geure nortasuna gal; apostu egin zuten, Baionatik Hazparnera zein lasterrago sar.

2. IZEN-INFINITIBOAREN ORDEZ. Adibidez: Eror eta xuti gabiltza geure bizitza guztian (erortzen eta xutitzen). Bati lurra ken, besteari eman, katu gizenari buztana motz, katu meheari buztana lot: horrela ez da ezer konpontzen (kentzen, ematen, mozten, lotzen zaiolarik).


Haritik landa

Gutti edo asko, neurri ttipiagoan edo handiagoan, noizbait eta nonbait, guztiok gara haritik landa* ibiliak. Hau da, gaitik irtenda.* Bertsolarientzat garrantzi handikoa da gaiari ondo lotzea.

Gabriel Aresti adiskideak ere honelako zerbait egin zeutan ANAITASUNAko orrialdeetan, nik Ibon Sarasolari egin nion kritika bide, berak egin zeutan arrapostu* antzerako batean. Herri hizkuntza euskara bateratuarekin bereiztu nahirik, bateratuarentzat «koine» hitza erabiltzen nuelarik eta bestearentzat herri-hizkuntza;* hizkuntza herrikoia* ez erabiltzearren. Zeren,* nik dakidanez, literatur arazoetan, herri-literatura, herri-ipuina, herri-kantak eta abar gehiago eta lehenagotik erabiltzen baita, literatura herrikoia baino; eta, gainera, herrikoi kanta inoiz ere ez da erabiltzen.

Huskeria horregatik ez nion jaramonik* egin nahi. Baina, ikusten denez, batzuetan, jaramonik ezak bere ondoreak dakarzki; eta hauetako bat dela dirudi, Aresti adiskideak Kaniko eta Belxitina-ren hitzaurre gisako «Zenbait ele samin»en jarri duenak. Eta isilik utzi ezinezkoa dut, batez ere, haritik landa doan hitzaurre horretan, niretzat jarri dituen aburu* faltsuez gainera, beste oinarrizko muga batzuk urratzen dituelako, eta ez jokaerarik zintzoenarekin.

Julio Urkixokoari bere ehungarren urteburuan egin nion (eta ANAITASUNA honetan argitaratu zen) gorespeneko artikuluan, batez ere Julio Urkixok RIEV aldizkarian erabili zuen jokabide zientifikoa goratzen nuen, eta, bestalde, zer euskara mota zuen atseginezko adierazi. Hogeitasei urtetan RIEV delakoaren ardura* bere bizkarrean eraman zuen gizonak horrenbeste merezi zuela uste bainuen. Hutsak ere ba zituen; nola ez. Baina haren huts egiteak oso txikiak izan ziren, haren erakutsien ondoan. Burgesa zen ala ez, ez nuen aipatzen. Hori, J. Urkixo hizkuntzalariaren ekintzatik landa* zegoen eta beste alderdi batetik begiratzekoa zen. Eta, nire arazoa ez zenez, ez nintzen sartzen haren irabazpideak estudiatzen. Bi gauzak elkarrekin nahastu baino lehen estudiatuko nuke ea Euskal Herriko gainerako burgesek euskal kulturaren alde zer egin duten. Eta bai eta ere, estadu sozialista batzuek ea zergatik gose diren herriei harmazko laguntza ematen dieten, ogizkoa eman beharrean. Baina, bide honetatik, Arestiren bekatu berean eroriko* nintzateke, haritik landa.

J. Urkixok Zuberoko pastoralei buruz zioena, egia esan, ez nuen ezagutzen. Eta aitor dezadan, puntu horretan ez nagoela harekin bat. Bat ez nentorren bezala, Maulen* Salaberriren ohorezko jaialdiaren ondorean Zuberoko kantak gustatu ez zitzaizkion G. Arestirekin. Nire ustean, Kaniko eta Belxitina pastoraleko poemak baino askozaz hobeak zirenak (eta nire aldetik ez diot ezer kentzen Jakes Oihenarteren pastoral honi; eta bai esan beharrez naiz, asko ere asko gustatu zaidala). Lekukoak* ditut, han bertan nola izan genuen elkarren arteko eztabaida, ni herri-kanta haien alde, eta Aresti isilerazi nahirik, aspergarriak zirela eta.

Beraz, ni ez nago, Zuberoko pastoralen kontra mintzatu zen Urkixorekin, Zuberoko herri-kanten kontra mintzatu zen Arestirekin ere ez nagoen bezala.

Baina ba da besterik ere. Urkixok pastoralei buruz bere eritzi merkeak bazituen ere, Arestik berak aitortzen du, hura G. Hérelle-rekin batean hasi zela pastoralen katalogogintzan. Baina garrantzizkoagoa da oraindik, Urkixok pastoralei buruz G. Hérelle-ri RIEV aldizkarian eman zion tokia. Gaur egun, pastoralei buruzko jakintza batekin hornitzeko, behar beharrezkoa zaiku estudio hauetara jotzea. Hobeto esan, Urkixoren zuzendaritzapean atera zen RIEV-era. Aldizkari honen lehen urtetik gainera. Eta, estudio hauetan oinarriturik, hobe zuen Arestik, J. Oihenarteren Kaniko eta Belxitina izeneko pastoralari behar bezalako hitzaurre bat egin bazion, irakurlearen argibiderako. 1907tik 1926ra bitartean, hamar aldiz eman zituen Hérellek pastoralei buruzko lanak aldizkari hartan.

Bestalde, bai eta ere esan beharra dut, bi lanetan bildu zituela lanok, La représentation des Pastorales á sujets tragiques (Paris, 1923) eta Les Pastorales á sujet tragique, considérées litterairement (Paris, 1926), nik dakidanez.

Hemen pastoralei buruz gutti dakigunok, liburuaren funtsa behar bezala ulertzen lagunduko zeukun hitzaurre bat gehiago estimatuko genuen. Zeren* Arestiren hitzaurre gisako hori ez baita liburuaren lagungarri. Gauza handiak esan nahi ditu pastoralen alde; baina, ezer argitzen ez duenez (hainbeste, haritik landa ihardunez), irakurleak ez daude seguru obra hain ona denik, eta guttiago pastorala bere funtsean* zer den.

Niri asko gustatu zitzaidala esan dut, eta hau Vinson-en Le Folk-Lore du Pays Basque-ren seigarren kapituluari esker; zeren,* Kaniko eta Belxitina liburuaren irakurketan hain ilun nenbilalarik, bertara jo bainuen argiaren bila. Hemen, geure inguruko giroan, horrelako argibide bereizi batzuk* behar baititugu, pastorala bat batean ulertzeko.

Beraz, Arestiren hitzaurreak ez dio lagundu obra horri.

Aresti adiskideak, berak jakingo du zergatik egin duen horrela, bata eta bestearen kontra ikaragarriak esatetik aparte, beste gauza batzuk ere alderantziz ager eraziz. Arestirentzat ez ezik, besterentzat ere ba da hor «zenbait ele* samin».

Hala, pena da hitzaurre hori osorik ez egotea. Lehen partean eten bat somatzen da, eta orrien numeroetan ere hori nabari* da. Honegatik, Arestiren «errealitate» kontu hori ezin dugu ongi ulertu; eta, ulertzen den partean, ba dirudi errealitatea den bezala ez dagoela, edo, hobeto esan, adierazi behar zuela bera Eibarren soldatapean egon zen lantegi hartako ugazaba* ez zela ez eibartarra, ez euskalduna, eta bai Arestik ongi dakien alderdi jakin batekoa, aberastu zen arte. Eta hau ere munduko errealitatea zen, Arestik berak salatzen dituenez gainera, ahaztu ezinezkoa. Baina ttikikeria hoietan galdu egingo ginateke, eta hobe alde batera uztea.

Dena dela, Arestik ez du egokitasunez agertu bere hitzaurre hori. Bere barneko problematikan ez zaio faltako zer esanik, eta arrazoirik aski* ere izango du; baina liburu horren hitzaurreari ez deritzagu, gauza hoik* esateko tokirik egokiena.

Bukatzeko, hau ere esan beharra dut (geure artean aproposak baikara, gauzak oker hartzen): nire esan hauk* gorabehera,* lehen bezala estimatzen dudala Aresti; eta poeta bezala Harri eta Herri-ren hitzaurreetan esanak, diren berean gelditzen direla. Artikulu hau irakurri ondo-rean, inork besterik uste badu, haritik landa doa.

JUAN SAN MARTIN

dakarzki, dakarz, dakaz

daude, dagoz

dezadan, daidan

diete, dautsee

dio, dautso

diot, dautsat

nion, neutsan

zaiku, jaku, zaigu

zaio, jako

zait, jat

zeukun, euskun, zigun

zeutan, eustan, zidan

zioen, inoan, esaten zuen

zion, eutsan

zitzaidan, jatan

zitzaizkion, jakozen