ANAITASUNA

232. zenb.

1972.eko Apirilaren 15ekoa

Encarnación, 19. BILBAO-6

Apartado 495


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari: Anjel Zelaieta.

Zuzentzaile: Imanol Berriatua.

Idazkola eta banakolaren buru: Josu Torre.

Bulegoak: Encarnación 19, Bilbao-6.

Inprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35, Bilbao-9.

Irarle: RALI, Particular de Costa 12-14, Bilbao-10.

XX. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Elkar hizketa. "Iratzeder"

Gure irakurleek ba dakite nonbait, Xabier Diharce «Iratzeder» nor den: euskal idazle, poeta bikain eta Belokeko fraile. Iragan* martxoan, San Benito egunean, monasterio hartako Abade benedikatu zuten. Egun hartan hainbeste jende bildu zen Belokera, Euskal Herriko zazpi herrialdeetarik. Guk hemen atseginez argitaratzen dugu, Luis Haranburu-Altunak Abade berriarekin egin zuen elkar hizketa.

— Gure artean eztabaida haundia dago, euskara batua nola egin, eta abar. Honetaz zer eritzi duzu?

— Niri lehengo denboretan bezala iduritzen zait batasuna, denek erabiltzen baitzuten Lapurdiko euskara. Orain probintzialismoa nagusitu zaiku, eta idazle bakoitzak bere tokiko euskara nahi du erabili.

— Hegoaldean mugimendu bat sortu da euskararen batasunari buruz, euskararen alde lan egiteko. Orduan lapurtarrek, zuberotarrek eta baxenabartarrek zer jarrera dute batasun horri buruz?

— Zen esan nahi duzu?

— Hau esan nahi dut: Gauza jakina da, euskal kulturak, euskara oinarritzat harturik, bere zilborra nolabait hegoaldean duela. Orduan iparraldekoek, mugimendu horren aurrean nolabait desplazatuak edo sentitzen zaretenez gero, ba duzue zeresanik honetaz.

— Iparraldean ba dugu «Herria» astekaria, eta astekari horrek denoi ematen dauku euskara bera. Ez dugu guk, zuek bezala, herriaren euskara eta idazleen euskara. Beraz, harreman asko izan da beti idazleen eta herriaren artean. Eta horrengatik erabiltzen du herriak euskara batuagoa. Liturgiak ere asko egiten du. Liturgia euskara batuan ematen da; orduan herriak hartzen du. Eta, bertzalde, idazle guziek eginahala egiten dute, euskara batua erabiltzeko.

— Euskara batuari buruz ba dago eztabaida bat, dela gipuzkarazko aditza deia lapurtarazkoa. Zuk zein aukeratuko zenuke? Aurrerantz begira, zeinen aldekoa zinateke?

— Nik neure euskara erabiltzen dut. Euskaltzaindiak zerbait esaten badu, orduan euskara batuagorat lerratuko* naiz. Nik ba dakit, ene euskara, lapurtarra izan arren, euskaldun gehienek ulertzen dutela.

— Baina zein zaitzu gogokoen, euskara literario bat osatzerakoan: Lapurdiko aditza ala Gipuzkoakoa?

— Ez dut arrazoi historiko bat ikusten, lapurtarraren aldetik jotzeko. Galdetu diot Lafitteri, eta Lapurdiko aditza hartuko dutela hobeki. Zain nago zer egin nahi duten.

— Gaur Hego Euskal Herrian errazoi teknikoak batez ere erabiltzen dira, aditz bata edo bestea aukeratzeko. Baina agian egokien izanen litzateke, tradizio literarioari begiratuz, lapurtarra hartzea.

— Bi arrazoiak berdin ikusi behar dituzu. Nik ez dut ideia haundirik. Ni ez naiz gizon literarioa.

— Joan den astean, hain zuzen, Anjel Lertxundirekin egon nintzen hitz egiten. Hark zioenez, teknikoek hitz haundia dute esateko euskararen batasunari buruz, baina ez haiek bakarrik; idazleek ere ba dute beren hitza arlo honetan, zeren eta euskara horrek literarioa izan behar baitu batik bat, literatur mairan batua.

— Niretzat euskara, bizia da. Euskarari atxikiak* izan behar dugu, ez teoriaz bakarrik, bai eta gizonki ere. Lohitzunen* sortu nintzen, eta etxeko leihotik ikusten nituen kanpotar jendeak pasatzen. Gero ikusi nituen Gipuzkoatik «Aitzol» eta gazte guziak etortzen. Pentsaketak egin nituen, zer egin behar nuen. Hamabi urteko nintzen eta gauza ezberdin asko ikusten nituen.

Lehenik pentsatu nuen militar egingo nintzela, gerra egin eta Euskal Herria salbatzeko. Bainan gero pentsatu nuen, gerra irabazleek eta hoiek dutela dena galtzen. Gero pentsatu nuen politikan sartuko nintzela eta deputatu eginen. Bainan ohartu nintzen, politikak bazter guziak nahasten dituela eta ez dela hor gauza onik. Eta azkenean pentsatu nuen: «Apez egingo naiz, erretore*», eta joan nintzen aitarengana esanez: «Apez egingo naiz». Haren erantzuna hau izan zen: «Hi apez? Ez dakik euskararik ere». Gaizki hartu nuen eta egun hartan berean hasi nintzen euskara hobeki ikasten amarekin, galdetuz hitz bakoitza nola esan behar zen euskaraz.

Egun batez kantu bat euskaraz egin nahi ukan* nuen, kantika bat, jende guziek kantatzeko. Eta ez nekien ondo euskara, bertsorik ere ez nekien egiten; bainan hasi nintzen. Gero, hamalau urte nituela, Isaak Lopez Mendizabalek ene bertso batzuk* argitarazi zituen orduko egunkari batean. Uztaritzen sartu nintzen eta han Lafitte aurkitu nuen. Espainiako gerra hasi zen, eta jende guzia gipuzkoarren kontra zen. Francoren alde guziak. Bi ginen bakarrik guzien kontra: aita Charritton eta ni. Esaten zuten, Charritton zentzua zela eta ni bihotza. Biok guzien kontra ari ginen.

Egunero egunero hogei eta hamar euskal hitz ikasten nituen. Ba nekizkien orduan berrehun euskal kantu, beti ikasten, ikasten; eta azkenean gaixotu egin nintzen. Lan gehiegi egiten nuen. Etsaminak pasatu behar ziren, eta osoki eritu* nintzen. Sei hilabete egon nintzen etzanik. Egun guzia pasatzen nuen «Gure Herria» irakurtzen eta kantuak ikasten. Hala bildu dut euskal kultura pixka bat.

Sartu nintzen Seminario Haundian, eta pentsatu nuen neure barruko bizia euskaraz eman behar nuela. Horrela ikasi dut neure barruko zerak euskaraz esaten. Horretaz esan nahi dautzut, nik ez dudala teoriaz euskara maite, neure biziaz baizik.

Gero «Aintzina» sortu zen, Lafittek egin zuen agerkari bat, Espainiako gerra denboran hil zena. 1940.ean Charrittonekin hasi nintzen berriz pizten; eta ohartu nintzen, neure apez bizitza guzian beti kezkatua ibiliko nintzela: alde batetik herriko maitasuna tiraka, bertze aldetik Jainkoaren maitasuna. Gerra izan zen, eta Pauerat igorri* gintuzten. Han matematika irakasten hasi nintzen. Hango apezak soldadu joan ziren. Seminario Haundian sartu nintzen berriz ondoko urtean; eta esan nion nagusiari, erretore* izatea ez zela aski,* baizik eta bertze zerbait egin behar nuela. Hau ihardetsi* zeutan: «Izan zaitez lehenik apezgai ona; bertze hori gero ikusiko da». Urtea pasatu nuen, eta bakantzetan Belokerat etorri nintzen. Ikusi nuen ez nuela han sartzea baino deus* hoberik egiten ahalko; eta, gain honetan neure bizia Jainkoari emanez, eginahala eginen nuela, Euskal Herria salbatzeko.

Pentsatu nuen akabo zirela ene euskarazko lanak; eta nobiziaduan sartu orduko eskatu zeutaten. aita Lertxundiri laguntzeko kantikak egiten. Sekulako kantikak egin ditut. Eta urtero urtero beti gehiago euskal lanetan ibili naiz.

— Euskara batuaren arazoarekin bukatzeko, han gipuzkararen alde jartzen den arrazoirik funtsezkoena,* niretzat arrazoi soziologiko bat da, hots, Euskal Herriaren gunik sakonena eta zabalena, herririk burrukalariena gipuzkoarra dela; eta, beraz, euskararik indartsuena eta herrikoiena hangoa dela, eta hura hartu behar dela tipotzat, eta haren gain osatu euskara batua. Zuk lehen esan duzu, euskara nolabait zerbait bizia dela. Orduan Gipuzkoako bizi hori ez ote litzateke gauza bera?

— Ba liteke, Gipuzkoa dela Euskal Herriaren bihotza; bainan ez naiz segur. Niri iduritzen zait, erdi Gipuzkoa erdi Lapurdi litzatekeela Euskal Herriaren bihotza. Lapurdik indar ttipia du; bainan uste dut, euskal gogoa asko atxiki* duela. Euskal kantuetan hori ageri da. Hegoaldean baino gehiago gorde da noski.*

— Kantikak egiten jarri zinela esan duzu. Baina «Iratzeder», euskal letretan, poeta bezala batik* bat ezagutzen da. Orduan, zer da zuretzat poesigintza hori? Zer suposatzen du zuretzat?

— Nik ez dut maite poesia eta ez dut gogotik irakurtzen poesia. Olerki* bat egiten dudanean, neure bihotza husteko, neure bihotza agertzeko egiten dut. Sentimendu azkar* bat dudanean, esateko beharra sentitzen dut. Ondo egina den ala gaizki egina den nik ez dakit; bertzeek esan dezatela. Oraintxe bukatu dut neure laugarren liburua.

— Euskal poesiaren historian, non ikusten duzu zeure poesia? Noski, zure poesia oso loturik dago kantuari; eta gure poesiarik jatorrena ere, koplari eta bertsolariena alegia,* musikari lotua dagoela ikusten da. Beharbada, hor ezarriko litzateke zure poesia.

— Beharbada bai, beharbada ez. Olerki batzuk* kanturik gabe ere egiten ditut. Hitzek berek behar dute beren kantua. Bainan ni ez naiz bertsolaria. Nik, landuz egiten ditut neure bertsoak. Bertzalde, ez dut astirik egiteko. Batzuetan kopla bat egiten dut, bertze batzuetan bertze bat. Bainan olerki onena, bizia. Ene biziak zerbait balio badu, orduan esan dezakezu olerkari ona naizela.

— Ezagutzen dituzu noski gerraz gerozko, 1960.az gerozko poeta gazteak. Zer uste duzu horretaz?

— Guti ezagutzen ditut.

— Entzuna dut eta ene lagun askok esan dautate, apez batek ezin dezakeela poesia jatorrik egin; zeren* eta apeza ez baita bere espirituan aske,* nahi duena esateko, sentitzen duena ager erazteko.

— Hori gezurra da. Apez bat oso aske da. Aske izateko, behar da aukeratu, Apezak barrutik aukeratzen ditu bere eginbeharrak eta bere bideak, eta orduan guziz aske izan daiteke.

— Batzuk beharbada. Ibon Sarasolak bere historiazko liburuan esaten duenez, euskal literaturaren pobrezia eta urritasuna nolabait honetan oinarrituko litzateke: hain zuzen, apezak izan direla euskal literatura horren eragile eta pertsonaiak;* orduan haiek egin dutela batik bat literatura erlijioso bat.

— Apezetan batzuk olerkari txarrak izan dira, ez baitzituzten beren sentimendu egiazkoak ematen eta sofistikatuak baitziren. Aske ez zirelako edo ez zirelako egiaz mintzo. Lafittek esan du hori Barbier Senperekoari buruz: bertso asko egin zituela, bainan bere sentimendu egiazkoak, bere bihotzeko zerak ez zituela beti esaten.

— Galdera hau honengatik egin dautzut: Poesia sorketa bat da batez ere, zerbaiten kreatzaile; eta kreatzaileak libre izan behar du, ez du mugaketarik ukan behar. Apez batek, ordea, ba dituzke* zenbait mugaketa, bereziki pentsamenduaren aldetik; eta ba ditu zenbait sentimendu, ezin adieraz ditzakeenak.

— Oso gezurra da. Berriz ere diotsut, guziz libre dela apeza. Batzuek uste dute, libre izateko, ez dela aukeratu behar; eta beren nortasuna galtzen dute. Norbaitek egiazko nortasuna nahi badu, behar du aukeratu. Neurri batzuk behar ditu bere nortasunean. Apezak uko egin diote beheko gauzei.

— Apezak ba du orduan zerbait ezin esana.

— Esan nahi ez duena. Bere nahiz nahi ez duen gizona, aske da.

— Herriak ez du gaitzetsiko* hori?

— Herriak onartu behar du, apeza apez izan dadin. Apeza apez eta ez bertze zerbait. Apezak bere frutu guziak eman nahi baditu, behar du osoki bizi izan. Eta, zerbait izateko, behar da ez garen horri uko egin. Nahi baduzu zerbait izan, behar duzu ez zaren horri uko egin. Eta lehen esaten nuena: gaizki ote dago beti Donostian ez ibiltzea Euskaltzaindiko biltzarretan? Ni ezin naiteke bietan bizi, komentuan eta kanpoan. Behar dut aukeratu.

— Eta orain Euskaltzaindiko zeure ekintza nolabait aldatuko duzu?

— Ez dakit. Ahal dudana eginen dut. Ahal badut, joango naiz. Bainan ene eginbideak* eskatzen badaut komentuan bizitzeko, hemen egongo naiz. Ba dakit, sakrifizioak eginez, opari* hori eginez, ongi eginen diodala Euskal Herriari.

— Nik azken galdera egingo neukezu. Lehenago esan duzu, zeure bizitzan zehar, nola heldu zaren pentsakera honetara, hain zuzen zera pentsaturik, euskarari zerbitzurik egokiena zuk hemendik Beloketik, euskara landuz eta euskararen alde zeure bizia eskainiz, herriari emango diozula zeure ondasunik eta nortasunaren alderdirik onena. Hau honela izanik zure baitan,* nik uste dut, gaur Euskal Herriko zenbait* gaztek ez dutela beharbada jarrera* hau onartuko edo eta ez dutela behar hainbat konprenituko.

— Jarrera profetiko bat delako. Jarrera hau ez da guziei eskatua. Bainan niri Jainkoak eskatu daut, neure burua osoki emateko: Euskal Herriaren onerako, bainan Jainkoari.

— Gero, Belokeko komentua bere osotasunean harturik, hemen ikusten dugu zer bizi daramazuen zuek; hemengo isiltasuna, hemengo espirituzko baloreak, lana, otoitza, eta abar. Honek zer balio du gaur Euskal Herriarekiko?

— Bertzeek esan behar dute; bainan guk ba dakigu, Jainkoari emana ez dela galdua. Sinesten dugu, mundu honetako salbatzaile bakarra Jesukristo dela. Beraz, Euskal Herria ere ez du bertze nehork* salbatuko. Euskal Herria Jesukristok salbatuko du.

Gero gaitz haundia, Euskal Herrian euskaldunek ez dutela elkar onartzen. Gu hemen gara gizon batzuk* oso ezberdinak, egunero elkarrekin bizi garenak, elkarri osoki emanak. Hori, gauza haundia da Euskal Herriarentzat, noski: gizonak honela, beren nahiz eta Jainkoaren maitez, elkarrekin bizitzea.

— Zuk esan duzu Kristo izanen dela Euskal Herriaren salbatzaile, inor izatekotan. Bestetik, Gabriel Arestiren bertso batzuk gogoratzen zaizkit. Han esaten du: «Ez, aita batek / ezin dezake / gurutze batetik / bizitzerik / eman». Hemen ikusten ditugu, nolabait, bi ikuspegi desberdin Euskal Herriari buruz. Zer deritzazu desberdintasun honi? Mesedegarri ote da gure herriarentzat? Zerbait onik aterako dea* hemendik?

— Guk esan eta erakutsi behar dugu, zeruan ba dela aski* argi, ifernurat bila joan gabe; ez dela kristau izatetik urrundu behar; bainan bai apezek bai fraideek bai guziek behar dugula kristauago izan.

— Orduan, Euskal Herriarekin nola konpon daiteke eztabaida hori?

— Nik ba dakit eta sinesten dut, Jesukristo dela salbatzailea; bainan gizonen eskuz salbatuko du: Jesukristok gizonekin. Jesukristo gabe ez dugu ezer eginen. Bizi guziaz hori esaten dut. Ez dut nehor* bortxatuko, hori pentsatzera; bainan nik hiltzeraino hori esango dut.

— Besterik ez. Ezkerrak.

LUIS HARANBURU-ALTUNA

daramazue, daroazue

dauku, dausku, digu

daut, daust, dit

dautate, dauste, didate

dautzut, dizut

dezake, daike

dezakezu, daikezu

dezatela, daiela

diot, dautsat

diote, die, dautse

diotsut, dinotsut, esaten dautzut

diozu, dautsazu

ditzake, daikez

nekizkien, nekizan

neukezu, neuskizu (neuskezu), nizuke

nion, neutsan

zaiku, jaku, zaigu

zait, jat

zaitzu, jatzu, zaizu

zaizkit, jataz

zeutan, eustan, zidan

zeutaten, eusten, zidaten

zioen, inoan, esaten zuen


Euskara batua, lapurtada klasikoaren alde (3)

ZERUKO ARGIAn publikaturiko artikuluan Larresoro jaunak batasunaren problema tratatu zuelarik, aditzaren arazoa tratatuaz bestalde, ortografiaren eta fonetikaren problema batzuk* ere ikutzen ditu.

Euskara klasikoan —eta beste forma idatzietan ere— euskarak eduki ukan* duen kontsonanteen estrukturatze orijinala utzi behar dela Baionan erabaki izan zela diosku Larresoro jaunak. Baionan zer tratatu ukan zuten ez dakit, zeren* eta han egon ez bainintzen, eta, beste tokietan ere tratatzen zenaren alde edo kontra mintzatzeko, motibo extralinguistikoen kausa zela, ezin joan nintekeelako. Baina hizkuntza baten batasuna ez da egiten tratularien trukez, «nik zuri bost h ematen dauzkizut, eta zuk niri hauk* kentzen dauzkidazu» esateaz.

Euskararen estrukturek, euskaraz idazten denetik, hiru maila zuten, grekoz eta Kaukasoko hizkuntzetan bezala, hots,* media, tenue eta aspirata:

g k kh

d t th

b p ph

 T eta th, k eta kh, p eta ph letra diferenteak dira, ez baita th = t + h, edo kh = k + h. Kh, th edo ph soinu bat bezala ahozkatzen* dira. Gero, grekoz bezalaxerik, euskaraz ere r aspiratu bat dago. Hizkuntza bati egin lekikeon kalte handiena, hain zuzen ere, estruktura fonetikoetan egin litekeena da.

Hizkuntza baten estrukturak, hizkuntzak daduzkan oinarriak dira; oinarri hauetan fonetikazko estrukturak, intimoenak dira. Euskal Herrian garbizaleak eduki ukan ditugu; baina orain arte gure artean zegoen tendentzia hau, ez zegoen garbitasunaren alde, garbikeriaren alde baizik. Hitzak, janaria bezalakoxeak dira: jaten asimilatzen dira, eta ez jaurtikitzen. Biologiaren exenplu batez: hitzak, oroimen indibidualean RNA azidoaren bidez lotzen den oroimena dira. Baina estrukturak, hizkuntzaren oroimen genetikoan lotzen den esperientzia direla esan daiteke, DNA azidokoa, alegia.*

Gure garbizaleek janzkiak garbitzen zituzten, baina ez gorputza; parabola batez, hitzak janzkiak direla esan daiteke, eta estrukturak gorputza.

Geroago, hitzen ortografiaren probleman, fonetikaren problema honetaz trata genezake. Hemen ere gauzak berezi behar ditugu. Hizkuntza guztietan bezala, euskaran ere ba dira mota askotako hitzak; eta ortografiaren itaun-karia* ez da berdina guztientzat. Euskaran daduzkagun jatorrizko hitzak eta hitz asimilatuak alde batetan ezar* ditzakegu (asimilaturiko hitzei lehnwörter esaten zaie alemanez). Gero, asimilatu gabe diren hitzak leudeke (Fremwörter). Lehen taldeko hitzen problematika ez dago euskaran, zeren eta hitz hauk ahozkeraren* arauera* eskribatzen baitira. Beharbada hemen palatalezko d beti dd eskribatu behar zela esan genezake; baina hau ez da orain egiazko problematika.

Problematika, beste alor* batetan dago. Latin eta grekotik onarturiko kultur hitzak nola idatz?* Lehen lehenik hitz hauk optikoak direla jakin behar dugu, hitz asimilatuak hitz akustikoak diren bezala. Beraz, kulturazko hitzak begien bidez irakurtzen dira, haien forma optikoa gure informabidea delarik. Ez genuke ahantzi* behar, kultur hitzak ia hitz optikoak direla soil soilik.

Eta kultur hitzen inportantzia zertan datza?* Greko eta latinetiko kultur hitzak ez dira bakarrik hizkuntza baten propietatea, Europako kultur Herri guztiena baizik. Kultur hitzak hizkuntza guztietan lexikon espezialak dira; dudarik gabe eguneroko mintzairan sartzen dira, baina haien alorra liburuetan dago. Europako hizkuntza inportanteenek problematika hau ezagutu ukan dute; eta Europan orain dauden bi hizkuntza unibertsaletan, ingelesean eta alemanean (errusoa, duen ortografia bereziagatik, alde batera utzirik), kontserbatu egiten da kultur hitzek dadukaten ortografia orijinala.

Guretzat problematika hau askoz inportanteagoa da, zeren* guk, nahi eta ez, orain eta gero, geure kultura handiagotzeko eta heda* erazteko, beste hizkuntzetan idatziriko liburuak irakurri behar baititugu; eta guk euskararen bidez ikasten dituzkegun kultur hitz berriek hizkuntza unibertsaletan topatzen ditugun formak badituzte, guretzat hau erraztasuna izanen da.

Kultur hitzen forma optikoa honela edo hala ikasiko dugu, baina beti ikasi egin behar da. Ikasi behar ukanez gero, hizkuntza unibertsalek dadukaten formak ikasi behar genituzke: honetan datza erraztasuna. Ez da errazago, Psykhologia ikasi beharrean, Sikolojia ikastea, ez eta Fisika, Physika-ren ordez, ez eta Matematika edo Filosofia, Mathematika eta Philosophia baino.

Zein izanen da gero, geure kultura hedatu* beharrez, aurkituko dugun forma, grekozko eta latinezko ortografia duten hitzak ala gaztelaniazko ortografiaz moldaturiko hitzak? Gusta lekikegu edo ez, baina gaztelania eta italiara ez dira gaurko Europako hizkuntza unibertsalak, eta frantsesa bera ere ez. Molièreren hizkuntza ez da hizkuntza erdi-unibertsala baizik. Eskola espezializatu askotan irakasten duten profesore frantsesik askok, irakasteko bide bezala, ingelesez eta alemanez idatziriko textuak enplegatu behar dituzte.

Orain euskaraz ikasten ditugun kultur hitzak, geroago beste hizkuntzetan datozen textuetan begien bidez ikusiko ditugu. Beraz, hemen zaindu behar dena forma optikoa da; eta eginkizuna errazago izanen zaiku, baldin eta forma optiko hau hizkuntza unibertsaletan dagoen antzekoa bada. Espainoletik eta italiaratik kultur hizkuntza batera textu espezializatu bat itzultzeko premia ukan dutenek ba dakite, batzuetan gaztelaniazko eta italiarazko forma «erraxek» eta «herrikoiek» zenbat eta zenbat nahasmendu eta difikultate ekartzen duten!

H. GARAIGORTA

daude, dagoz

dauzkidazu, daustazuz, dizkidazu

dauzkizut, dautzudaz, dizkizut

ditzakegu, daikeguz

genezake, geinke

lekikegu, leitekigu, lekiguke

lekikeo, leitekio, lekioke

leudeke, legokez

zaie, jake

zaiku, jaku, zaigu


Gurea gu guztiontzat

Aspalditxo honetan hainbat pentsamolde indartsu agertu izan da gure Herrian, gazteriaren artean batez ere. Ez dute guztiek hedadura* berdina lortu izan; baina bakoitzak bere jarraitzaile eta defenditzaileak ditu. Gorabehera guztion artean, gure zaharrak, gure gurasoak, gure Herriko «gutar» jabeak, gure dirudunak izan dira, kalterik gehien sufritu izan dutenak. Baina, nahiz eta zenbait kalte jasan,* batez ere ideologiaren eta jarraitzaileen aldetik, jabegoa, osoa ez baina, gure artean gutarrek ahal duten behinenetarikoa,* beren esku dute, eta beste mugimenduetako ekintzaileen ahaleginak irribarre errukitsuz begiratzen* dituzte. Eta, azken batean, «beste bandako» hoiek, apurka apurka, haiengana etortzea baino beste biderik ez dagoela ikusten dute.

Dena dela, aipatu* pentsamoldeok hor dabiltza, hor ari dira, zerbait egin nahian, indarrik eta frutu aberatsik lortu* ez arren, arrazoia dutelako esperantzan. Eta guztion helbururik* behinenak bi direla esango genuke. Alde batetik, gureak guretzako izan behar duela defenditzen da, «guretzako» horri berebiziko* garrantzia emanez. Era berean, gu guztiontzako banaketa horri, dadukan inportantzia ezarriz.

Arazoaren kakoa, guzti hori nork, noiz eta nola egin planteatzean sortzen da. Guk ere ez dugu horren erabakirik emango; baina bai esanen: «Gurea gu guztiontzat».


"Txomin Agirre" nobela saria. Sariketaren oinarriak

1. Euskaraz, Euskaltzaindiak Arantzazuko bileran erabaki zuenaren arauera.*

2. Egileak bere kabuz egina izan behar du; eta ez da ontzat hartzen ez itzulpenik eta ez besteetatik egindako antolamenik.

3. Lanaren neurria, 150 orri gutienez, alde batetik makinaz idatziak, lerroune bat zuri utzirik, folio edo DIN A-4 paper neurrian.

4. Sari bakarra, Bizkaiko Aurrezki Kutxak jarritako 25.000 pezetakoa, zatitu ezina.

5. Saria, gabe* geldi daiteke, epaimahaikoei iruditzen bazaie.

6. Lanek argitaragabeak izan behar dute; eta hiru kopia bidali behar dira Euskaltzaindiaren etxera (Academia de la Lengua Vasca, Ribera, 6. Bilbao-5), 1972-eko uztailaren* 26rako. Bidal bedi lan bakoitza lema batekin izenpetua, eta lanarekin batera lemaren giltza estalia.

7. Epaimahaia Euskaltzaindiak izendatuko du.

8. Saria, urriaren 31n, Aurrezki Kutxen egunean emango da, Bizkaiko Aurrezki Kutxaren etxean egingo den jaialdian.

9. Arau hauk* interpretatzean sortzen diren arazo guztiak, Euskaltzaindiak izendatzen duen epaimahaiak erabakiko ditu. Eta erabakiaren kontra inora joaterik ez dago.


Euskaldungoa

Mikel Agirre-Arantxa Santamaria ezkondu dira

Arantxa Santamaria-Amurrio, Bizkaiko andereñoen arduraduna, ikastolen alde hainbat lan egin eta egiten duena, eta Mikel Agirre mutil jatorra, martxoaren 25ean, Gerediagako Salbadore izeneko ermitan ezkondu dira, J. Gallastegi apaizak kristau testigantza egin zuela. Zorionak ezkonberriei, eta segi dakizkiola orain arteko bide zintzoari.

Pedro Berrioategortua apaiza giltzaperatua

Pedro Berrioategortua, apaiz zereginez gainera, Zornotzan Kas edariaren banakatze lanean ari dana, giltzapera eraman dabe joan dan Aste Santuan, urte birako kondenamendua bete daian.

Xabier Lete eta Joxe Antton Artza Bilbon

Xabier Lete eta Joxe Antton Artza, «Ez dok Amairu» taldeko poeta gazteek, euskal poesiaren erakusketa bat eman eben Deustuko Unibertsitatean, martxoaren 18an. Honako erakusketak beste hiru edo lau tokitan ere eman izan ditue; eta esperientzia berri hau gogo onez egiten ari direla esan dauskue, batez ere publikoaren erantzun jatorra ikusi ondoren.

Carlos Valverde jaunaren mintzaldia Tolosan

Carlos Valverde jauna, «El evolucionismo cósmico, segun Teilhard de Chardin» gaiari buruz mintzatu zan Tolosan, martxoaren 20an. Teilhard de Chardin, Elizak azken urteotan izan dauan jakintsurik handienetarikoa izan da.

Antonio Maria Yarza, Lazkanoko parroko berria

Lazkanoko parroko izendatu izan dabe Antonio Maria Yarza jauna. Orain arte, Ordiziako* hospitaleko kapellaua zan.

Euskarazko beste meza bat Iruinean

Apirilaren lehen igandetik* aurrera, euskarazko beste meza bat ematen hasi dira Iruinean, «Damas Apostólicas» deitutako seroren* etxean, arratsaldeko zortzirak eta erdietan. Orain arte, beste meza bi ematen izan dira, bata serora karmeldarrenean, eta bestea Burladako San Martin elizan.

«Festara» kantari taldea Parisen

Mauleko* «Festara» kantari taldeak Pariseko «Adyar» teatroan ihardun eban, apirilaren 1ean.

Euskal kantarien jaialdia Zuberoan

Euskal kantarien jaialdi bat ospatu berria da Zuberoko Gotañe-Irabarnen, Idiart apaizaren gidaritzapean, joan dan martxoaren 27an. Kantaldian parte hartu ebenak: Mauleko* «Festara» taldea, «Ortzadarra» zuberotar taldea, Etxahun jauna, Etxekopare eta Girexe emakumeak, Ospital eta Carrère bikotea, Etxamendi eta Larralde bikotea, «Unai» hirukotea, Sarasola eta bere taldea, «Oskarbi» taldea, eta Aren albokaria.

«Bai ala ez» antzerkia Parisen

Daniel Landart gaztearen «Bai ala ez» antzerkia Parisen jokatuko dabe apirilaren 23an, Euskal Etxea izeneko biltokian.

Sinestedunen hitzaldiak Bilbon

Aste Santuko une egokiaz baliatuz, berbaldi entzungarriak eman izan ditue Bilbon. Kristauak munduaren berriztatze lanean, Kristau bizitzaren toki berezia mundu hau da, Bekataria rebelde bezala, Jainkoak berarekin eskuz esku ibiltzera deitzen gaitu, Antonio Villarejo jaunak. Sinesmena eta salbamen kondaira, Jose Goitiak. Sinesmenaren azterketa gaurko mundu honetan, Eugenio Agirretxek. Bekatuaren egiazko indarra, Dionisio Borobiok. Gizonaren askatasuna Karl Marxen eritziz, Askatasuna eta salbazioa Kristogan, Eukaristia edo gizon guztion Kristogan biltzea, Rafael Muñoz jaunak.

«Vuelta a España» lehiaketa* Gandarias edo Lasa txirrindularientzat

«Vuelta a España» lehiaketa Lasa giputzak edo Gandarias bizkaitarrak irabaziko dauala dinoe adituek. Hori, asko eta asko, Roman Knorr jaunaren esku dago.

Euskal kantaldia Bidarrain

Euskal kantarien jaialdi polit bat ospatu izan da Nafarroa Behereko Bidarrain, joan dan martxoaren 19an. Etxamendi eta Larralde bikoteak, Sarasolak bere lagunekin, Carrere eta Ospital bikoteak eta Martikorena kantariak ihardun izan eben.

Jose Luis Zamalloa apaizaren mintzaldia Bilbon

Joan dan martxoaren 3an, Jose Luis Zamalloa apaizak mintzaldi bat eman eban Bilboko Santutxun, «El Carmelo»ko ikastolan, Iglesia Crítica gaiari buruz, gau eskolako 200 ikasle entzule zitualarik.

Berrizko hirigintzari* buruz

Txema Basañez, Anton Agirregoitia, Juan A. Aretxabaleta eta Juan M. Uriarte arkitekto gazteek hitzaldi bat ematekotan ziren Berrizen, «Berriz inguruko hirigintza» gaiari buruz. Baina ez eben horretarako behar dan baimenik lortu ahal izan, eta berbaldia ezin izan zan eman.

Eugenio Coseriu irakaslea Bilbon

Martxoaren 9tik 11ra, Eugenio Coseriu errumaniarrak, Alemaniako Tübingen-eko Unibertsidadean irakasle danak, mintzaldi batzuk* eman berri ditu Bilbon Deustuko Unibertsidadean. Martxoaren 14eko «El Correo Español - El Pueblo Vasco» egunkarian haren berba honeek agertu ziren: «Nadie tiene que temer por la desaparición de la lengua vasca. Durante siglos, casi desde la época romana, ha sido utilizada por una población bilingüe que, además del euskera, ha sabido otra lengua. El que para algunas relaciones el vasco tenga que recurrir al castellano, no significa que esté perdiendo su lengua».

Dana dala, baserri eta itsaserrietan, inon baino euskara gehiago egiten izan dan tokietan, haurrek erdaraz egiten dabe gehienbat, eta han eta hemen euskara ikasten ari direnek, haur eta gazteek, eguneroko bizitzan erdaraz egiten jarraitzen dabe.

Migel Gallastegi pelotariari omenaldia Eibarren

Miguel Gallastegi eibartar pelotariari omenaldi bat eskaini dautsoe «Kerizpe» taldekoek, apirilaren 7an. Migel Gallastegi jaunak, oraindik pelotari ona zalarik utzi eutson pelotariatzari, transporte eta zinema negozioei lotzeko. «Kerizpe» taldekoek, oraindik denbora asko ez dala, «Urtain» ukabilkariari egin eutsoen beste omenaldi bat.

«Caja Laboral Popular», Euskal Herriaren alde

«Caja Laboral Popular» izeneko diru etxea, bere indar eta alkantzuak gogortu nahian, zabalkunde eta propaganda handia egiten ari da. Interes altua eta garantiarik hoberena eskaintzeaz gainera, «gure eskualdearen* etorkizuna zaindu gura* dauala» aditzera ematen dau. Izan ere, ahalegin sutsuak egiten ditu, beherantz doakegun* gure ekonomia hau gogortzen.

Euskarazko meza Xabierren

Xabierren, Nafarroan, martxoaren hasieran egiten dan «Novena de la Gracia» eta «Marcha a Javier» edo «Javierada» direla eta, aurten, martxoaren 11n, meza bat euskara hutsean izan da. Antolatzaileek aditzera eman daben bezala, Iruineko ikastoletako haurrei eta gurasoei ere euskarazko meza honen berri eman izan jake.

Venancio Otaegi jaunaren hitzaldia Zizurkilen

Venancio Otaegi jaunak mintzaldi bat eman eban Gipuzkoako Zizurkilen, martxoaren 8an, jarraiko txosten hau aztertuz: «Merezi ote dau bizitzeak? Zeintzuk dira, gizona benetan gizon egiten daben helburu* eta ekintzak? Gizon izan eta gizon bezala iharduteko, ba ote dago erlijioaren premiarik? Gizonak izan ahal du gizon Jainko gabe»?

P. Zumarraga sikologoaren mintzaldiak Legazpian

P. Zumarraga sikologoak mintzaldi bi eman berri ditu Gipuzkoako Legazpian, «Libertad del niño y su educación» gaiari buruz, ikastolako haurren gurasoak entzule zitualarik, joan dan martxoaren 9 eta 10ean, elizako gela batean.

Bilboko euskarazko mezak

Larunbat* arratsaldeetan, hainbat meza ematen dira Bilbon euskaraz. Aurrerago argitaratu genuen zerrendari, beste meza hau gehitu behar zaio: 6,45etan, Begoñako basilikan ematen dena.

Euskal antzerkia Nafarroan

Nafarroan guti ezagutua da oraindik euskal antzerkia; eta Gipuzkoako talde bat joan da hara, saio batzuk ematera. Lazkanoko «Oargi»koek «Apaiz, langile eta gizon» deritzan obra antzeztu dute, eta jendea oso pozik gelditu da.

Ibilaldi hau, «Príncipe de Viana» elkarteak babesturik, herriko gazteen laguntzaz egin ahal izan da. Bildutako dirua Nafarroako ikastolentzako izanen da.

Lehendabiziko agerpenak Bidasoako Beran apirilaren larunbat* 8an eta Lesakan apirilaren igande* 9an izan dira.

Mikel Arbea kantariaren disko berria

«Herri Gogoa» etxeak Mikel Arbea gaztearen disko bat argitaratu berri dau. Bertan lau kantu agertzen dira: Euskal mendietan, Bakardadea, Herri maitea eta Ereiten duana.

«Juegos y deportes vascos», liburu berria

«Juegos y deportes vascos» izenburuarekin argitara eman berri dau Rafael Agirre gazteak, 700 orrialde eta 1.682 fotografia dituan liburu bat, «Auñamendi» etxearen bidez. Rafael Agirre, Donostiako «Centro de Atracción y Turismo» erakundeko* sekretaria* da.

Joxe Antton Artza, liburu berri bat prestatzen

Joxe Antton Artza, usurbildar olerkaria,* liburu berri bat prestatzen ari da, eta laster batean argitaratuko dau. Lan honetan, Amaia Lasa getariar olerkariak laguntzen dautso.

Jose Maria Busca Isusi jaunaren mintzaldia Oñatin

Jose Maria Busca Isusi gastronomoak mintzaldi bat eman eban «Alimentación de los bachilleres» gaiari buruz, Oñatin, martxoaren 24ean.

Lapurketa sakrilegoak Nafarroan

Nafarroako Altzuza eta Ballariaingo elizetan, balore artistiko handiko irudiak ostu* izan ditue, joan dan martxoaren azken egunetan. Herri biotako elizak abandonatu antzean aurkitzen dira.

Telefono automatikoa Nafarroako Lesakan

Nafarroako herri industriatsu honetan, telefono automatikoa jarri izan dabe, joan dan martxoaren 11n. Aurrerakuntza hau lortzeko,* bultzada handiak egin izan ditu «Laminaciones de Lesaca, S. A.» etxeak.

Joakin Maria Aginaga, Bilboko Injinadore Eskolako zuzendari

Nafarroako Altsasuan jaioa dan Joakin Maria Aginaga izendatu dabe Bilboko «Escuela Superior de Ingenieros Industriales» ikastetxeko zuzendari.

Jesus Gaztelu Arrastia, goldalari txapeldun

Garexeko* Jesus Gaztelu Arrastia gazteak irabazi eban, martxoaren 25ean Nafarroako Oliten jokatu zan golde* lehiaketa.* Traktoreekin egindako goldaketa horretan 17 gaztek parte hartu eben, eta 100 x 20ko lur-sail bana eman izan jaken goldatzeko.

Jean Iriartek seme berria

Baionako «Foyer des Jeunes Travailleurs»ko arduraduna den Jean Iriarteren andreak, martxoaren 24ean, seme bat izan berri du. Izena, Oier jarri diote. Iriart jaunak lan handia egiten dihardu Iparraldeko ikastolen alde. Gure zorionak gurasoei.

Bertsolariak Aiherran

Apirilaren 5ean, Nafarroa Behereko Aiherran, bertsotan ihardun izan dabe Mattin Aheztarrak, Xanpun Urruñarrak eta Esponde Angeluarrak, «Eskualzaleen Biltzarra» erakundearen* zuzendaritzapean.

Bizkaiko Obispaduaren agerkari berria

Beharbada, ANAITASUNA hau argitara irten* orduko, Bilboko Obispadua agerkari berri bat publikatzen hasi izan da, euskaraz eta erdaraz, kristau talde baten zuzendaritzapean.

«Herri Ekintza» J. L. Davant-en alde

Harritu gira jakitean Baionako tribunalaren erabakia: Jean Louis Davant kondenatu du hiru hilabete presondegiz (sursiarekin*) eta mila libera* amandaz.*

Jean Louis Davant, gure «Herri Ekintza» batasuneko president izanik zazpi urtez, beti bulegoan* da.

Batere ez gira akort jujamendu horrekin. Guk untsa* ezagutzen dugu Jean Louis Davant; eta ez du harek «inspecteur»ik jo, are* gutiago kolpatu*...

Ez dugu onartzen ahal, jaun Prefetak Jean Louis Davant hobendun* ekar dezan, jujatua izan gabe. Manera horietan, zertako da justizia?

Eta holako kargudun batek norbeit hobendun ekarri-eta, arrunt* libro* dea* justizia?

«Herri Ekintza»ko Bulegoa

Deustuko Unibertsitatean apirilean emango diren mintzaldiak

Deustuko Unibertsitateko Euskal Kultur Mintegiak eraturik, hilabete honetan mintzaldi hauk* emango dira ikastetxe hartan:

- apirilaren 13an, ostegunez,* Iñaki Larrañagak «Euskal Herriaren soziologiaz». Hurrengo hitzaldiaren gaia: «Esperientzia konkretu bat: Goiherri».

- apirilaren 24etik 29ra (aste osoa), Julio Caro Barojak, erdaraz, «perspectivas para la investigación de la Historia Vasca» gaiari buruz.

Ordua: arratsaldeko 7,15. Lekua: Deustuko Unibertsitatea.

Matrikula (200 pezeta ordaindu behar dira) Euskal Kultur Mintegian eskura daiteke, apirilaren 10etik aurrera, goizeko 11tatik ordu 1tara, eta arratsaldeko 4tatik 8tara.

«Lan hautatuak», Joannes Etxeberrik, LURren

Lur editorialak, Joanes Etxeberri Sarako medikuaren lan hautatuekin* liburu bat agertu berri dauku, Xabier Kintana eratzaile delarik. 300 orrialdetako liburu mamitsu bat da berau, eta «Eskuararen etorkia» (euskararen apologia bat), latin ikasteko hastapenen* zati batzuk eta «Gomendiozko karta» daduzka. Lapurdiko euskara klasiko eta ederrean egina da, eta literatur eredu* bezala beti interesgarria.

Prezioa, suskritoreentzat 100 pezetakoa da; baina, duen lodiera eta mamia kontuan harturik, ez deritzogu inondik ere garesti liburu honi. Eskatzekotan: LUR editoriala, Villa Zutik, Paseo de Arbola, San Sebastián.

Ohar bat

Aurreko zenbakian, Xabier Mendigurenen «Europako ezker berria» delako liburua, inprentako huts bategatik, zein editorialek eman duen argitara ez zen agertu. Hura zuzendu nahirik, liburu hori ETOR editorialak publikatua dela jakin erazten dugu.


Nori gabeko eskutitzak

Deustutik, 1972.eko apirilaren 13an

Erramon erdi-pirata horri, agur:

Ez nauk batere harritu horko berriekin. Ez diakiat zergatik den; baina Madrilen Euskal Herriari buruz dagoen pentsaera ba zirudik leku guztietan berdin berdina dela. Hots,* euskaldunok halako pertsona «zintzo», ardozale, tripaundi eta futboltzale garela, buruan xapela, izatez isilak —baten bat izan ezik—, baina beti langile porrokatuak; zeharo bedeinkatuak eta goraipuz* beteak, ahoa irekitzen ez dugun artean, edo eta, egitekotan, gastronomiaz edo futbolaz mintzatzen garenean.

Baina, hiri gertatu zaian bezala, beste askok ere antzeko zerbait esan diautatek, alegia,* euskararen problematika aipatu bezain agudo,* giroa zeharo beltz ipintzen dela, eta abar eta abar.

Euskal Herriaren edo eta euskararen aldeko aipamenik ttipienak berehalaxe diakark lelo* bera, hots, hori ez dela bidezko, hori separatismoa dela eta honen gisakoak.

Ez diate problema ulertzen, esaten duk jeneralki; baina hori esatea erraza duk, oso erraza. Askotan nik neuk batzuengatik, ez zaiela problema ulertzea interesatzen esango nikek behintzat. Noski,* gaur egun euskarak duen ofizialtasunik ezak gaztelauen* alde obratzen dik soil soilik, euskaldunon kaltetan. Baldin eta euskara ofizialtasun maila berera helduko balitz, orain arte guk haiei eman behar ukan diegun gauza askotan, guri ere amore ematen ikasi beharko likeate, eta berau, noski, ez ziaiek laket.*

Benetan harrigarri dena, bestalde, egiaz esaten dauat, hauxe duk enetzat: pertsona zahar eta kontserbadoreen artean gabe, euskaraganako ezinikusi hori zenbait* estudiante «aurrerazale» eta «marxistaren» artean ere zabaldurik egotea; zeren,* beti entzun dugunez, halakoen artean demokrazia eta eskubide-berdintasuna beti ontzat hartuak izan baitira. Ez ote duk gaizki entzun? Honela izanez gero, ez diakusaat zein moduz bana* ditzakegun eskuin eta ezkerra, arazo batzuetan eritzi berekoak baldin badira.

Bai, noski,* Katalunian gauzak hobeto aditzen dituk; baina problema bera bizitzeak asko esan nahi dik honetan.

Beti predikatu zaikun bezala, pazientzia eduki beharko diagu honetan ere euskaldunok; eta, orain arte bezalaxerik, entzungor egiten duten askori, berriro ere, jo eta ke, geure problemak —emeki eta gizabide onean, inoiz eskandalurik eta oihurik atera gabe, hobe ez!— esplikatzen saiatu beharko dikeagu. Espero diat, egunen batez kasu eginen daukutela. Xarrena, askotan esan dauat baina, zera duk, beharbada ordurako bai euskara eta bai euskaldun guztiok lurpean egonen garela.

Gaurkoz, besterik ez. Postaz* bidaliko dauzkiat, eskatu heuzkidan 30 gramatikak. Pozgarria duk behintzat, hor Madrileko Unibertsitate horretan, euskaldunok hizkuntza ikasteko gogo biziaz egotea. Ez ahantz* dirua lehen bai lehen bidaltzeaz, nedukan guztia liburutegian utzi diat eta.

Hurrengorarte.

XABIER

Toketazko aditz formak

diagu dugu

diakark, dakar

diakiat, dakit

diakusaat, dakusat, ikusten dut

diat, dut

diate, dute

diautatek, dautate, dauste, didate

dik, du

dikeagu, dukegu, dugu nonbait

dituk, dira

duk, da

likeate, lukete

nauk, naiz

nikek, nuke

ziaiek, zaie, jake

zirudik, dirudi

Osterantzeko aditz formak

dauat, dauat, diat

daukute, dauskue, digute

dauzkiat, dauadaz, dizkiat

diegu, dautsegu

duk, dok, dek

heuzkidan, heustazan, hizkidan

zaie, jake

zaik, jak

zaiku, jaku, zaigu


Prehistoriako hezur zaharren adina

Santimaminako kobara joaten direnak, harriturik geratzen* dira, hango gidariaren azalpenak entzuten dituztenean. Aho zabalik gelditzen dira, hark esaten dienean, gizona haitzulo hartan orain duela hogei mila urte bizi izan zela.

Nola jakin daiteke, hogei mila urte direla? Artikulu honetan, prehistoriako hezur zaharren edadea neurtzeko metodoa jakin erazten saiatuko naiz.

Lehen urratsak*

1911. urtean, izpi* kosmikoak aurkitu ziren. Izpi hauk* izarretatik datozen izpiak dira, eta izugarrizko energia dute. Energia hau hain haundia izanik, ondorio bereziak ukan behar zituztela pentsatu zen. Gero, esperientzia batzuek frogatu* zuten, izpi kosmikoek neutroiak kreatzen zituztela atmosferan.

Lehen ondorio hau ezagutu eta gero, neutroien efektuak aztertzen saiatu ziren. Horretarako, neutroi eta atmosferaren artean gertatzen zen erlazioa estudiatu zuten laboratorioan. Era honetan, karbono irradiatzailea formatzen zela ikusi zuten.

Urrats* hau eman ondoren, jarraiko errazonamendua egin zuten: Laboratorioan gertatzen dena, atmosferan ere berdin gertatzen dateke.* Hurrengo esperientzia batzuek egiaztu egin zuten suposamendu hau.

Goazen orain aurrera, eta ikus dezagun, karbono irradiatzaile honekin (karbono 14 delakoarekin) zer jazotzen* den.

Karbono 14 delakoaren zikloa

Atmosferan, 13 kilometro inguruko alturan, karbonozko atomoak sortzen dira, eta, handik laster, atmosferan dagoen oxigenoarekin konbinatzen dira, anhidrido karbonikoa (CO2) sortuz. Anhidrido karbonikoa, airea baino astunagoa izanik, beherantz doa; eta astiro astiro C02 irradiatzailea, C02 establearekin nahasten da.

Anhidrido karbonikoa lurrera jaisten denean, landareek bereganatu egiten dute anhidrido hori. Gero, animalietara pasatzen da, hauek landareok jaten dituztenean; eta geroago, bai landareetatik eta bai animalietatik, gizonarengana ailegatzen da. Gizonak, azkenez, bere arnasan atmosferara bidaltzen du berriro.

Zer ondorio ateratzen da hemendik Ziklo hau amaitzen denean, beste berri bat hasten da; eta honela, azkenean, ekilibrio bat lortzen* da. Frogatu* denez, ekilibrio honetan bizidun guztiek karbono irradiatzailearen proportzio berdina dute. Beste era batera esplikatuz, karbono biak, irradiatzailea eta establea, erregularki nahasturik agertzen dira.

Hau honela da, biziduna bizi den artean; zeren,* orduan, bereganatzen eta galtzen dituen karbonoak ekilibrioan baitaude. Baina zer gertatzen da, bizidun hori hiltzen denean? Orduan ez du karbonorik bereganatzen, eta duen karbono irradiatzailea galduz doa astiro astiro; karbono establea, aldiz,* berdin kontserbatzen da. Beraz, karbono irradiatzailearen portzentua gutituz doa.

Hezur zaharren edadea ezagutzeko metodoa

Orain arte esan dugunarekin, erraz ulertuko dugu metodoa. Biziduna hiltzen denetik, karbono irradiatzailearen portzentua gutituz doa. Portzentu hori neurtzen badugu, noiz hil den jakin ahal izanen dugu. Nola neurtzen da portzentua? Irradiazioak neurturik. Honetarako tresna aproposak ditugu: irradiazio zenbatzaileak.

Metodo honek, 50.000 urte ingururarte, erresultadu onak ematen ditu. Hortik gora, beste metodo batzuk behar dira, metodo honen fideltasuna galdu egiten baita.

J. R. ETXEBARRIA

daude, dagoz

dezagun, daigun

die, dautse, diote


Kolonialismoa eta alienazioa

Parisen, Maspero editorialak liburu berri bat atera du. Liburu horretan, Renate Zaharak Frantz Fanon-en asmoak ikertzen* ditu: kolonialismoa (bereziki* Ipar Afrikan), haren ondorioak, askatasuna lortzeko iraultza,* eta abar. Artikuluxka honetan, kolonialismoari eta herrien alienazioari buruzko gaien laburpen bat egitera noa.

Karl Marxek zioenez, langilea, bere lanaren jabe zenean, ez zen alienatua. Egiten ari zen lana, bere berea zen. Ez zen, gaur diogun bezala, «langilea», hots,* zapaldua. Aldiz,* gaurko sistema kapitalistan produkzio bideak eta egilea partituak izanik, berea ez den produktuaren aurrean aurkitzen da langilea. Egiazko iraultza egiteko, sufritzen duen alienazioaren kontzientzia hartu behar du langilegoak.

Iker dezagun orain, herri zapaldu bati nola datorkion alienazio hau. Lehenik, «pobre» deitutako herrien aurrerapen ekonomikoak aztertu behar ditugu. Herri hoik* koloniak izan dira (edo dira oraindik). Egia esan, menperatuak izan gabe, pobreak izan diren herri guti ezagutzen ditugu. Kolonialismorik gabeko herri pobreak, «bizimodu atzeratukoak» deitu behar genituzkeela esan zuen Bettelheim-ek.

Horrelako herriek kolonialismoaren ezagugarririk ez daukute erakusten. Munduko merkatuetatik aparte zeuden, besterik ez. Industriarik gabe izan arren, ongi antolatuak ziren haien egitura* ekonomikoak. Gainera, ez zegoen konkurrentziarik. Beste estatu baten menpean erori* zirenez geroztik sartu zaie sistema kapitalista eta irauli zaizkie lehengo egitura ekonomikoak. Ordutik aurrera, koloniako gizonak proletariak bihurtu dira. Kapitalistek dirua daramate, bertako lehen* gaiak ateratzeko asmoarekin. Baserritarrei lurrak kentzen zaizkie, etxalde zabalagoak egiteko...

Hori gertatu zen Algerian, Frantziaren menpean zegoenean. Metropolitik datozen industriek, bertakoei dirua gal erazi diete. Metropolian baino lanik gabeko jende gehiago dago kolonietan; lurra gaizkiago erabiltzen da; lehen gaiak beti metropolira ekartzen dira...

Horrela, kolonia batean aurrerapen ekonomikorik ezin egon daitekeela aitortu behar dugu. Gainera, agintariek metropoliko legeen arauera* erabakitzen dutelarik, bertako jendeek ezin dezakete ardiets* aurrera joateko baimenik.

XANTI LAFITTE

daramate, daroe

daukute, dauskue, digute

dezagun, datgun

dezakete, daikee

diete, dautsee

genituzke, geunkez

zaie, jake, zaiote

zaizkie, jakez, zaizkiote

zeuden, egozen

zioen, inoan, esaten zuen


Osaba Martinen kontuak

Ost

Eguzkia diz diz dago zeruan. Ba zan sasoia! Izan ere, euria eta etengabeko zaparradak besterik ez da ikusi aspaldion. Igande goizean, meza entzun ondoren, osaba Martin eta Eneko Artxandara* joan dira oinez, aldatsetik* gora, pixka bat egurasteko,* ibiliz.

Pinadi baten ondoko iturri batean gelditu dira. Bertan, biek amak prestaturiko hamarretakoa jaten diharduen artean, Enekok, beti jakin gurarik,* bere osabari honela dinotso:

— Osaba, atzo maisuak erromatarren aintzinako jainkoak zeintzuk ziren kontatu euskun. Bat Jupiter zan, zeruetako jainkoa; beste bat Saturno, denborakoa; beste bat Neptuno, itsasokoa; Marte, gerrakoa...

— Eta ba ote dakizu, Euskal Herriko aintzinako jainkoak zeintzuk ziren?

— Ez. Holakorik ez dauskue eskolan irakasten.

— Nik oso ederto deritzot kanpoko gauzen berri jakiteari; baina inoren gauzen aurretik norberenak ezagutzea ez dator inoiz gaizki. Grekoek esaten ebenez, «ezagutu eizu lehen zeure burua».

— Eta nortzuk ziren bertoko jainkoak, osaba? Nik ez dot inoiz horreen izenik entzun, ba.

— Jakina ezetz. Oraingo euskaldunok kristauak gara, eta garai zaharretako jainko hareek ahaztuta daukaguz, Europako beste herrietan jazotzen dan bezala. Hala ere, ba ziren Euskal Herrian halako jainko xelebre batzuk,* erromatarrenen gisakoak.

— Eta zer izen euken, ba?

— Hara! Gaur holako jainko baten berri emango dautzut. Ost-ena.

— Ost-ena? Nor zan Ost dalako hori?

 — Ost edo Ortze, euskara zaharrean, zerua esateko izena zan; eta zerua ezeze, bai eta bertan bizi ei* zan jainkoarena. Beraz, Ost, gutxi gorabehera, grekoen Zeus edo erromatarren Jupiter lakoxea zan, hau da, zeruetan bizi zan jainkoa, haizea, euria, ekaitzak, tximistak eta trumoiak ekartzen ei zituana.

Aintzinako germaniarrek ere ba euken antzeko jainko bat, Thor esaten eutsoena.

— Nortzuk ziren germaniarrak, osaba?

— Germaniarrak gaurko ingelesen, alemanen eta eskandinabiarren asaba zaharrak ziren, Europako erdi- eta iparraldean bizi zirenak.

— Orduan, erromatarren Jupiter, grekoen Zeus, germaniarren Thor eta euskaldun zaharren Ost, izen erberdinaz, jainko bera ote zan?

— Ia ia bai, gaur dakigunez. Begira, gainera, non agertzen dan izen hori hizkuntza horreetan: Erdaraz Jueves izena latinezko Jovis dies-etik dator, Jupiterren eguna esan gura dauanetik. Ingelesez Thursday, hau da, Thor-en eguna.

— Eta euskaraz, berriz, Osteguna, Osten eguna; egia da, osaba. Begira nondik ia egunero erabiltzen neban nik izen hori, nondik etorren jakin barik.* Eta nork esan dau, aintzina euskaraz jainko horri holantxe deitzen jakonik?

— Euskaraz izen hori lehen lehenik esan ebana, antza danez, Aimery Picaud izeneko frantses bat izan zan, orain 800 urte inguru, Santiagora pelegrino legez* joateko, Euskal Herritik ibili zana.

— Eta Aimery Picaud horrek ba ote ekian euskararik, frantsesa izanik?

— Ez. Baina liburu bat egin eban latinez, eta bertan Deum vocant Urcia dinosku, alegia,* euskaldunek Jainkoari Urtzia edo antzeko zerbait esaten eutsoela. Ba dakizu, Frantzia aldeko euskaldunek ez dabela gure modura osteguna esaten, ortzeguna baino. Harek Ortzea entzungo eban nonbait* eta bere erara idatzi eban. Dana dala, frantses horrek oso gauza txarrak kontatzen ditu orduko euskaldunengatik; ez zituan batere begi onez ikusten, antza danez.

Eta ez dago gaurko euskaran Ost jainko horren beste arrastorik?

— Bai horixe. Hortxe dozu Ostadar edo Ostargi —eta, beharbada, Txori* Herriko Ustruku— euriaren ondoren eguzkiak zeruan agertzen dauan kolorezko zubia; Ostotsa, Osten zarata, toki batzuetan trumoiari esaten dautsoena; Oskarbi, zeru garbi; Oskorri, zeru gorri; Ostondo, zeruaren sakontasuna...

 — Osaba, osaba! Begira zelako* hodei beltzak datozen handik. Hobe dogu, ahalbait arinen etxeranzko bidea hartzea; bestela, ba leiteke zorioneko Ost hori hasarratzea, eta gero gu blai eginda utziko gaitu.

—Arrazoia dozu, Eneko. Goazen, goazen agudo.*

TRAUKO

dabe, dute

dauskue, daukute, digute

dautsoe, diote

dautzut, dizut

eban, zuen, zuan

eben, zuten

eizu (egizu), ezazu

ekian, zekien, zekian

etorren, zetorren

euken, zedukaten, zeukaten

euskun, zeukun, zigun

eutsoen, zioten

jakon, zitzaion

neban, nuen, nuan


Europa

Irlandaren alderdi ezezagun bat

Mutiko nintzelarik, 1936.eko udan Araban nengoen. Espainiako gudua hasia zen, eta lurralde haik* hasieratik Francotarrek azpiratu zituzten. Gogoratzen naiz nola zetozten irlandarrak haien alde burrukatzera eta nola Irlandak janariak bidaltzen zituen laguntza gisa.

Orain, egunkarietan, Ulster-eko berriak irakurtzen ditugu: katoliko eta protestanteak aurrez aurre burruka gogor batean. Eta katoliko hoik,* irlandar abertzaleak dira.

Adiskide bati deitzeko, telefonoa hartu nuenean, Irlandaz eta hango arazoez oso kezkaturik nengoen. Adiskide hori luzaroan bizi izan da Irlandan; eta pentsatu nuen ez zela inor egokiagorik izanen, Irlandari buruz egiazko zerbait jakin erazteko. Markatu nuen haren numeroa, eta bostetarako geratu* ginen.

Bostak dira. Adiskide bezala hartzen nau. Neure asmoa azaltzen diot. Hango gertakarien berri pozik emango dautala diost, baina ez duela nahi bere izena agertzerik.

Nola deitzen diote irlandarrek beren hizkuntzari?

Ingelesez «gaelic», gaelikoz «gade ilge».

Irlanda: 84.000 km2. eta 4.240.000 bizilagun (Eire-k 2.815.000, Ulster-ek 1.425.000). Konparazioz, Euskal Herriak 3.000.000 inguru.

Hiriak: Dublin (700.000), Belfast (511.000), Cork (115.000), Limerick (52.000), Derry (50.000), Galway (23.000).

Lerroz markatutakoan, gaelikoz egiten da.

Aitortu behar dut, bezperan liburu bat irakurri nuela, Irlandaz hitz egiten zuena: Larousse-ren geografia handia. Irlandako Errepublikak (Eire-k) 1921. urtean lortu* zuen bere* askatasuna; eta jakin gura* nuen, gaeliko hizkuntza nola sendotu eta zabaldu den azken 51 urte hauetan. Honengatik, neure adiskideari galdetzen diot:

Nola dago gaeliko hizkuntza?

Ene adiskideak lapitz bat hartzen du, eta maisuki, birpentsatu gabe, Irlandaren mapa bat zirriborratzen du. Lerroz markatutako alderdietan gaelikoz hitz egiten da. Besteetan, galdua dago.

Baina ene galdera zutik dago, gehiagoren zain; eta ene adiskideak jarraitzen du:

Dublinen gaeliko hizkuntza, Bilbon euskara baino egoera txarragoan dago. Kalean ez da tutik egiten. Hori hemen ere gertatzen da euskararekin. Baina Bilbon, etxeetan, familia askok egiten dugu euskaraz, eta Dublinen ez hainbeste.

Beraz, askatasuna lortu eta 51 urte geroago, Eire-ko hiriburuan ingelesak jarraitzen du nagusi.

Eta eskoletan? Ez dago gure ikastolen antzekorik?

Eire-n, heziketa osoa, 18 urterarte, dohan ematen da. Gaelikoa, derrigorrezko ikasgai bezala irakasten da. Heziketa ingelesez egiten da; gaelikoa, esan dugunez, ikasgai bezala ematen da. Baina hau ez da beti gertatzen. Ba daude gure ikastolen antzekoak, eta hauetan gaelikoz egiten da heziketa.

Eta telebista, irratiak, egunkariak?

Bi hizkuntzetan, baina ingelesez gehiago.

Unibertsitateetan?

Galway-n, gaelikoz asko. Cork-en, zerbait. Dublinen guti.

Eta, puntu honetara heldutakoan, euskal ikastola askotan jazotzen* dena dadukat gogoan. Batez ere erdara nagusi den hirietan, ikastoletara doazen ikasle asko erdaldunak dira. Irakasleak euskara irakasten saiatzen dira; baina, bai jolasaldietan eta bai gero kalean, ikastolako ikasleek erdaraz egiten dute beren artean; euskaldunek ere bai, erdaldunen eraginez. Ez ote da berberau Irlandan gertatzen? Nola, 51 urte duela askatasuna lortu ondoren, ez du gaelikoak burua jaso,* agintariak batetik eta heziketa bestetik haren alde izanik?

Eta berriro datoz nire aintzinako kezkak. Zer da Irlandan jazotzen dena? Irlandako burruka, noraino izan da erlijiozkoa, noraino abertzalea, noraino soziala? Gaeliko hizkuntzaren ahuleziak* ez ote du salatzen irlandarren abertzaletasunaren urritasuna? Edo okerraren sustraia ez ote dago heziketaren planteamendu desegoki batean?

Galdera hau egiten diot neure adiskideari, eta honela erantzuten daut:

Gaur egun, Ulster-en, katolikoek eta protestanteek ez dute elkar burrukatzen, katoliko eta protestante diren aldetik, Erlijio gerrak zentzugabeak dira gaur egun Europan. Eta zure galderaren bigarren zatiari erantzunez, ene ustez, gaeliko hizkuntzaren egoera larria esplikatzeko, heziketara joan beharko genuke. Literatura zahar eta aberatsa edukirik, literatura da gehien irakasten dena, hizkuntza praktikoari lekua kenduz. Beraz, ikasleak ez dira beti hizkuntzaz jabetzen. Har ezazu kontuan, irlandarrak oso berritsuak direla. Ordu luzeak ematen dituzte berriketan, mamitsu eta sakon. Hor daude, exenplu bezala, irlandar idazle handiak: Yeats, Joice, Bernard Shaw, O'Casey, Behan. Eta, gaelikoan tresna egokirik bilatu ezinean, ingelesera jotzen dute.

Irlandari buruz nahiko da gaurkoz. Kezka batzuk uxaturik eta beste bat barnean dudalarik geratzen* nahiz. Gure ikastoletako ume asko zergatik ez dira euskaraz jabetzen? Guk lortzen ez duguna, irlandarrek lortu ez dutena, nola lortu da Txekoslobakian? Kafka-ren Praga alemana, nola bihurtu da txeko hizkuntzaren hiriburua?

Euskal pedagogo eta irakasleek dute hitza. ANAITASUNAren irakurleek gogoz irakurriko lukete haien eritzia. Eta, beharbada, Pragatik zerbait esango dauku Norbert Tauer adiskideak.

Garrantzizko gaia, hemen baitatza euskararen etorkizuna.

XABIER GEREÑO

daude, dagoz

dauku, dausku, digu

diote, dautsoe

daut, daust, dit

diost, dinost, esaten daut

diot, dautsat


Gurutzegrama (5)


"Kili-kili"ri eskutitz irekia (Ataunetik)

Kaixo, lankide:

Ez haut ezagutzen; baina gure etxera heldu dituk, hik bidalitako kuadernoa eta egutegia. Hori dela bide, eskutitz bat hiri zuzentzea pentsatu diat. Ez nauk oraindik gai, horrelako gauzei kritika sakon bat egiteko; baina neure eritzi eta eskabidea agertuko dauat.

Iñaki Goikoetxea, Xabier Peña, Lander Gallastegi eta hire osaba apaizak moldaturiko «Lan eta Lan» kuadernoaz zerbait esanen dauat. Bertan dakusadanez, hire helburua zera duk: haurrek euskaraz idazten eta irakurtzen ikas dezatela, horretarako sariketa bat antolatuz. Ez diagok gaizki. Lan xalogarria duk. Zorionak! Baina ez duk euskara batua erabiltzen. «Batasuna» hitzak gure ahotik irteteko zulo bat bilatzen dik; baina ez diagu esku artean erabiltzen. Hitz eder hori alor guztietan landu behar diagu: hizkuntzan eta abar.

Zergatik hizkuntzan? Ene eritziz, arrazoi honengatik: hizkuntza Herri baten sinboloa delako, hots,* herrikideen sinboloa. Beraz, gu euskaldunon sinboloa euskara duk. Gainera, herriaren nortasunaren zati bat. Horregatik, euskara gorde egin behar diagu; baina ez kolkoan, bihotzean eta bizitzan baizik, ondo eta sakon landuz. Baina, euskarari bizia emateko, batu egin behar diagu, euskara bat behar diagu.

Gaur lan hori egiten zenbait* jaun ari dituk, eta ba diaudek makina bat erregela; eta erregela hoik* errespetatu egin behar ditiagu. Beraz, euskara batuan idatzi behar diagu (hitz egiten zaila ziaiguk hasieran), batez ere haurrei euskara irakatsi nahi diegunean. Haurrengan baitago batik* bat Euskal Herriaren etorkizuna.

Beraz, nire eskaria hau duk: Kuaderno bat idazteko, euskara batuaz balia zaiteztela.

TRIKUARRIETA

Toketazko aditz formak

diagok, dago

diagu, dugu

diat, dut

diaudek, daude, dagoz

dik, du

ditiagu, ditugu

dituk, dira

duk, da

nauk, naiz

ziaiguk, zaiku, jaku, zaigu

Osterantzeko aditz formak

dakusat, ikusten dut

dauat, (B) dauat, (G) diat

dezatela, daiela

diegu, dautsegu

duk, dok, dek


Ikas zeure hizkuntza

I. Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartzo batekin agertzen diren berbak

AGIAN, seguramente, al parecer.

AGUDO, arin, laster.

AHANTZ, ahantzi, ahanztu, ahaztu (inperatiboetan).

AHANTZI, ahanztu, ahaztu.

AHOZKATU, pronunciar.

AHOZKERA, pronunciación.

AHULEZIA, makaltasun.

AIPATU, aipatutako, aipaturiko.

ALDATS, aldapa, patar.

ALDIZ, berriz, ostera, ordea.

ALEGIA, a saber, es decir, esto es.

ALOR, arlo.

AMANDA, multa, amande.

ARAUERA, según, conforme.

ARDIETSI, erdietsi, lortu (potentzialetan).

ARE, oraindik, aún, encore.

ARRUNT, guztiz, erabat.

ARTXANDA, Bilbo ondoko mendixka.

ASKE, libre, libro.

ASKI, nahiko.

ATXIKI, fiel, adherido; conservar.

AZKAR, indartsu, sendo.

BAITAN, -gan.

BANA, banatu (potentzialetan).

BARIK, gabe.

BATIK BAT, batez ere, bereziki.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEGIRATU, behatu, regarder.

BEHINEN, principal.

BERARIZKO, especial.

BEREBIZIKO, especial.

BEREZIKI, batez ere, batik bat.

BLAI, completamente mojado, trempé jusqu'aux os.

BULEGO, oficina, bureau.

DATEKE, da nonbait.

DATZA, yace, consiste. (Etzan aditzaren forma).

DEA, da + a. (Azken letra aditzari ezartzen zaio galderetan).

DEUS, ezer.

DIRATEKE, dira nonbait.

DITUZKE, ditu nonbait.

DOAKEGU, doakigu nonbait.

DOHAN, gratis.

EGINBIDE, obligación.

EGITURA, estructura.

EGURASTU, orearse, tomar aire.

EI, omen.

ERAKUNDE, organismo, institución.

EREDU, modelo.

ERITU, gaixotu.

ERORI, jausi.

ERRETORE, cura.

ESKUALDE, comarca, región.

FROGATU, probar, demostrar.

FUNTSEZKO, sólido, serio.

GABE, desierto, desprovisto.

GAITZETSI, desaprobar, condenar.

GANORE, ganora, kanore, fundamento.

GAREX, Nafarroako Puente la Reina.

GAZTELAU, castellano.

GERATU, gelditu.

GOLDE, arado.

GORAIPU, alabantza, laudorio.

GUN, núcleo, meollo.

GURA, nahi, gogo.

HAIK, hareek. (Haiek aktibo, haik pasibo).

HASTAPEN, principio, rudimento.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAUTATU, elegido, escogido.

HAZIL, noviembre.

HEDADURA, extensión, alcance.

HEDA ERAZI, hedatu erazi, zabaldu erazi.

HELBURU, fin, objetivo.

HIRIGINTZA, planificación urbana.

HOBENDUN, errudun.

HOIK, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HURA, ha.

HURBILDU, hurreratu.

IDATZ, idatzi (aditz laguntzaile gabeko galderetan).

IGANDE, domeka.

IGORRI, bidali, bidaldu.

IHARDETSI, erantzun.

IKERTU, aztertu.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAULTZA, revolución.

IRTEN, urten, atera, jalgi.

ITAUNKARI, cuestión, problema.

IZPI, rayo.

JARRERA, postura, actitud.

JASAN, jaso, sufritu.

JASO, altxatu.

JAZO, gertatu.

KOLPATU, zauritu, herir.

LAKET IZAN, gustatu.

LARUNBAT, zapatu.

LEGEZ, lez, bezala.

LEHEN GAI, materia prima.

LEHIAKETA, competición.

LELO, cantinela, estribillo, ritournelle, refrain.

LERRATU, deslizar, glisser.

LIBERA, franco.

LIBRO, libre, aske.

LOHITZUNE, Donibane Lohitzune, San Juan de Luz.

LORTU, ardietsi, erdietsi.

MAULE, Zuberoko Mauléon.

MEMENTO, momentu.

NABARITU, percibir, notar.

NEHOR, inor.

NONBAIT, agian, aurki, eiki, hurrean, probablemente.

NOSKI, ciertamente, claro está.

OLERKI, poesía.

OLERKARI, poeta.

OPARI, ofrenda.

ORDIZIA, Villafranca de Oria.

ORO HAR, oro (guztia) harturik.

OSTEGUN, eguen.

OSTU, ebatsi.

PERTSONAIA, personaje.

POSTA, correo, poste.

SEKRETARI, secretario.

SERORA, sor, monja.

SURSI, sobreseimiento, sursis.

SUZTATU, berotu, animar.

TXORI HERRI, Bilbo ondoko eskualdea.*

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

UNTSA, ondo, ongi.

URRATS, pauso.

UZTAIL, julio.

ZEHAR, gaindi.

ZELAKO, nolako.

ZENBAIT, batzuk.

ZEREN (ETA), ze, pues.


Ikas zeure hizkuntza

II. Euskara batua. Galderak eta erantzunak (4)

Euskaran bi infinitibo daude: bata sustrai-infinitiboa, eta bestea izen-infinitiboa.

Sustrai-infinitiboak mugarik gabe adierazten du aditzaren esannahia. Ez daduka atzizkirik, eta aditzaren guna dela esan liteke. Adibidez: Ikus, ekar, ager sinets, eta abar.

Izen-infinitiboa, aditzaren sustantiboa da; eta, beste sustantiboen antzera, deklinatu egiten da. Adibidez: Ikuste, ekartze, agertze, sineste, eta abar.

Sustrai-infinitiboa —laguntzailearekin nahiz laguntzailerik gabe— hurrengo kasuetan erabiltzen da:

1. Inperatiboetan. Adibidez: Itzul hadi; igor ezazu. Etor etxera; zeuk ikus.

2. Potentzialetan. Adibidez: Etor daiteke; ikus genezake. Aseak gosea ezin ikus; belar gaiztoa ezin gal; ele esana eta ur isuria ezin bil.

 3. Aditz laguntzaile gabeko galderetan. Adibidez: (zuzenki) Non ezar? Nora itzul?; (zeharka) Ez dakigu nola joka; esan iezozu zer ekar.

4. Esaeretan. Adibidez: Gizonak asma, Jainkoak xeda (el hombre propone y Dios dispone; l'homme propose et Dieu dispose); artzainak haserretu direnean, gaztaiak ager; arrainak joan eta sareak heda; non fida, han gal, eta abar.

Beste kasuak hurrengo zenbakian ikusiko ditugu.


Elkar hizketa

Euskal liburuak plazan

Martxoaren 18tik 25era, Bilboko «Galería del Libro» delakoan (Ercilla kaleko 35ean) euskal liburuaren erakusketa bat izan dugu. Azken egunean agertu ginen handik. Erakusketa honen antolatzaile, arduradun eta biziemaile den Varela jaunari hurbiltzen* natzaio. Erakusketari begirada bat eman ondoren, handik ateratzen gara; eta, bar batean txikito bana hartzen dugularik, elkar hizketari hasiera ematen diogu. Varela jauna oso pozik agertzen da, harentzat liburuak bizi osoa baitira.

— Zer arrazoi berezi izan duzu, erakusketa hau antolatzeko?

— Ba ditut zenbait* arrazoi honetarako. Lehenik, neure interes pertsonala jarriko nuke. Ni liburuzale naiz, euskal liburuena bereziki.* Zaletasun honetan «Libros del País» saila da nire espezialitatea. Azkenez, ireki berri dudan h'burutegi hau (oraindik urte bete du) jendeari ezaguterazi nahi izan diot.

— Orain arte izan duzu beste holakoren bat?

— Bai. Mexikoko liburuaren erakusketa bat egin nuen.

— Ba ote zuen erakusketa hark gurekin zerikusirik?

— Berarizko* zerikusirik ez; baina Hego Amerikako literatura, modan egonez gainera, gorapen haundia ematen ari da. Erakusketa hura,* batez ere neure liburutegiaren presentazio gisan egin nuen. Holakorik asko egin gura* nuke, baina beti euskal liburua maila berezi batetan jarriz.

— Izan duzu laguntzarik?

— Zoritxarrez, arinegi antolatutako gauza izan delako, ez dugu laguntzarik izan, eskatu ere ez baitugu egin. Hurrengoa egiterakoan, uste dut ez zaikula laguntza hori faltako, batez ere editorialen aldetik, ekintza hau denon onerako baita. Bestalde, Diputazioek, Aurrezki Kutxek eta holako erakundeek* ere, ez dut uste beren laguntza ukatuko daukutenik. Laguntza hori morala izanen da batik* bat, ekonomi alorra* ez baitugu sekula helburutzat* hartzen. Oraingoan, pertsona batzuek beren liburuak ekarri dauzkigute, erakusketa honetan ager erazteko. Hauxe izan da, orain arte izan dugun laguntza bakarra.

— Ireki baino bizpahiru egun lehenagorarte ez nuen nik erakusketa honen berri. Ez dakit nola egin den propaganda. Konturatu ote da jendea? Izan duzue ikuslerik?

— Bilboko egunkarietan ohartxo bat jarri genuen. Beste era batzuetara ere egin zen propaganda; baina ez behar haina,* lehen esan dudanez, arinegi ibili baikinen. Hainbat jende etorri da. Ene ustez, 40 bat pertsona eguneko. Ez dakit, denak liburuak ikustera etorri zirenentz. Horrek ez daut axola.* Etorri direnek behintzat giro on bat sortu dute, eta erakusketa osoki onartu ere. Horixe izan da gehienbat nik lortu nahi izan dudana.

— Salketa?

— Erakusketa hauk* ez dira saltzeko eginak. Liburu bat nahi duenak, behar duen mementoan* erosten du, holako egun baten zain egon gabe. Hala eta guztiz ere, egun hauetan saldu diren liburuetarik % 30 euskal liburuak izan dira. Numeroei begiratuz, oso guti.

— Zure ustez, zer nahi du euskal irakurleak?

— Nahi haina* euskara ez dakidalarik, ezin diezakezut galdera horri erantzun, liburuetan dabiltzan gaiak ez baititut ezagutzen. Bestalde, ba ote dago euskal irakurlerik? Gure heziketa gaztelaniaz egin da gehienbat. Honek esan nahi du, guti batzuk ezik, beste denok geure hizkuntzan analfabeto hutsak garela. Dena dela, euskaraz ikasi dutenek gehiago irakurtzen dute. Zer irakurtzen duten ez dakit.

— Euskaldun gazte asko alfabetatzen ari dira. Zure ustez, hoik* izanen dira irakurle berriak?

— Zaila erantzutea. Neure gogoaren kontra pesimista jartzen natzaitzu horretaz. Hoiek duten heziketa ere, ez da euskaraz izan; eta horregatik zail eginen zaie asko irakurtzea. Ene esperantza, beste askorena bezala, ikastoletan da. Gaztetxo hoik bai izanen dira irakurleak!

— Euskalzaleak euskara dakitenak baino gehiago izanik, zenbait euskal gai erdaraz erabiltzen dira. Zez deritzazu horri?

—Hori ez da soluzioa. Ene ustez, euskarak izan behar du euskal literaturaren oinarria. Nolanahi ere, holako libururik gehienak liburubiltzaileen eskuetara joaten dira.

— Zein da, zure ustez, euskal liburutegiaren egoera?

— Euskal liburu asko ditugu. Ene ustez, 1.300 bat dirateke.* Azken 40 urteotan ari naiz lan honetan, eta une batean 800 bat lortu nituen. Ba dago literatura; eta aspaldion, Juan San Martinek dioen bezala, batez beste liburu bat argitaratzen da astero. Oraindik, ganorezko* kontrol bat egitera ez naiz heldu.

— Gaurko arazo bat: euskara batua. Zer uste duzu horretaz?

—Euskara oso guti dakidanez gero, ezin diezakezut horretaz eritzirik eman. Gaur arteko liburuak, denak behar ditugu; baina, hemendik aurrera eta literaturaren onerako, euskara batuan idatzi beharko da.

— Oro* har, zer esperientzia jaso* duzu erakusketa honetatik?

— Lehenik, jendeak ontzat hartu duela. Sinpatia, laguntzeko nahia nabaritu* dut jendearen artean. Hainbat gauzatarako suztatu* naute.

Zeintzuk dira gauza hoik?

— Asmoak ugari ditut. Zer lortzen den beste kontu bat da. Neure bizitza guztia liburu artean iragan* dut. Ene bizia liburua da, Euskal liburua bereziki.* Santander aldean jaioa izan arren, 16 urterekin hasi nintzen euskaraz ikasten. Gero, oso lanpeturik, utzi egin behar izan nion. Gaur, zertxobait ulertzen dut; baina, irakurtzeko, hiztegi batez baliatu behar. Honekin esan nahi dut, lehen lehenik euskaraz ikasi behar dudala. Liburu alorrean ditudan asmoak hauk dira: Uda honetan euskal liburu guztien fitxategi on bat egin, honekin batera neure liburutegia ahal den neurrian sendotu, eta hazilean* funtsezko erakusketa bat egin. Bilboko euskal liburutegia izan ledin nahi nuke.

— Liburutegitik kanpo?

—Liburutegitik kanpo baina liburu alorrean, asmo handiak ditut. Adibidez, «información bibliográfica» edo holako zer baten hutsune nabarmena ikusten dut. Hutsune hori bete nahi nuke, nahiz eta horretarako euskal intelektual eta euskal editorial guztien laguntza beharko nukeen. Hiru hilabetero liburuxka bat publika liteke, atera diren liburuak eta editorialen asmoak jakin eraziz. Ez dakit noiz eginen den; baina egingo dela uste dut.

— Beste txikito bat?

— Ez. Birekin aski* dut.

— Ez nauzu ez intelektual ez editorial jabe; baina ene laguntza izanen duzu. Agur.

JOSU TORRE

daukute, dauskue, digute

daut, daust, dit

dauzkigute, dauskuez, dizkigute

diezakezut, deiskizut, dezaizuket

diogu, dautsagu

diot, dautsat

ledin, leiten (ledin)

natzaio, natxako

natzaitzu, natxatzu, natzaizu

naute, nabe

nion, neutsan

zaie, jake, zaiote

zaiku, jaku, zaigu