ANAITASUNA

230. zenb.

1972.eko Martxoaren 15ekoa

Jardin Txikerra, 1. BILBAO-12

Tel. 43 18 37


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari: Anjel Zelaieta.

Zuzentzaile: Imanol Berriatua.

Idazkola eta banakolaren buru: Josu Torre.

Bulegoak: Jardin Txikerra 1, Bilbao-12.

Inprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35, Bilbao-9.

Irarle: RALI, Particular de Costa 12-14, Bilbao-10.

XX. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


1971. urteko euskarazko liburuak

JUAN SAN MARTIN

 Euskarazko liburuak, 1963.ean lehen aldiz lortu zen hilabetean bi argitaratzea. Zenbaki hau 1966.ean hirura heldu zen eta 1970.ean laura. Beraz, azken bi urte hauetan, batez beste, asteroko liburu batera heltzen da euskarazko liburuen produzioa. 1970.ean 56 liburu argitaratu ziren, eta 1971.ean beste hainbeste.

1970.eko liburuen lista ANAITASUNAren 204. zenbakian eman genuen (1971.eko urtarrilaren* 30ekoan). Urtero gertatzen zaikun bezala, beti gelditzen zaizkigu aipatzeke* zenbait titulu, aurreko urtean berandu zabaldu zirenak, hain zuzen; eta 1970.eko zerrenda hari beste titulu hauk* gaineratu behar dizkiogu, 56 liburuen lista osoa ager dadin:

 Arrotza, Albert Camus (J. M. Agirrek euskaratua). Irakur sail. Donostia.

 Bertso mordoxka, Manuel Lasarte. Auspoa. Tolosa.

 Goiznabar (Olerki bilduma, 1929-1950), Aita Onaindia. Bilbao.

 Gure Lur osoaren Lutelestia, E. J. Werner (N. Etxanizek itzulia). «Margo Ederdun Enziklopedia». Timun Mas, S. A. Barcelona.

 Harrizko herri hau, Gabriel Aresti. Lur. Donostia.

 Lurraren kondaira, Salbador Garmendia. Irakur sail. Donostia.

 «Semeno de Lazkano», A. Arrinda Albisu. «Anes Lazkauko». Zarautz.

Iragan* den urtean, 1971.ean, editorial berri bat agertu zaiku, «Etor» izenez. Bestalde, Ediciones Gaisa, S. L. delakoak euskarazko sail bati ekin dio, Walt Disney-ren kolezioak argitaratuz. Baina ba dirudi, Timun Mas, S.A.k bere «Margo Ederdun Enziklopedia» bukatutzat eman duela. Beste batzuek argitalpenak urritu dituzte, eta Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, S.A.k ale bat bakarrik ere ez du agertu euskarazkorik. Dena dela, 1971. urteak 1970.ean hartu zen goimailari eutsi dio, 56 liburu argitaratzean. Hona hemen liburuen zerrenda:

1971

 Ajea du Urturik, Anjel Lertxundi. Etor. Bilbao.

 Amazonetako indioak, Lur Editoriala. Donostia.

 Animalien bizitza izkutua, Guiuseppe Zanini (Jokin Apalategik euskaratua). Col. Walt Disney, Ediciones Gaisa, S. L. Valencia-Donostia.

 Antxitxarburu-ko buhamiak, Jean Barbier. Collection Ikas. Baiona.

 Atsotitzak eta Neurtitzak, Oihenarte. Irakur sail. Donostia.

 Bai mundu berria, Aldous Huxley (X. Amurizak euskaratua). Lur. Donostia.

 Balearen arrantza, Lur Editoriala. Donostia.

 Breve guía montañera - Menditar artezari laburra, Josu Altuna «Basajaun». Bilbao.

 Cuentos del Bidasoa - Bidasoako kondairak, Luis de Uranzu (Hernandorena eta Irigarayk euskaratua). Donostia.

 Egaztien mundua, J. Dorst (J. M. Aranaldek euskaratua). «Margo Ederdun Enziklopedia». Timun Mas, S. A. Barcelona.

 Ekai-arauketa dialektikorrari buruz, Iulen Madariaga. Herbestean.

 Eskaldunac, J. M. Hiribarren. (Bigarren argitalpena). Auñamendi. Donostia.

 Euskal aditza. Batua? ...baturakoa, Patxi Altuna. Etor. Bilbao.

 Euskal erria eta ikastola, Jose Lasa Apalategi. Donostia.

 Euskal Herriaren Historia, Federiko Zabala («Jakin» taldeak euskaratua, J. Intxaustiren zuzendaritzapean). Jakin eta Etor. Bilbao.

 Euskalerriaren Yakintza (IV.tomoaren bigarren argitalpena), R. M. Azkue. Espasa-Calpe, S. A. Madrid.

 Euskal Herriko Ekonomiaz (1955-1967), Gurutz Ansola. Etor. Bilbao.

 Euskal Herriko Historiaren laburpena, F. Zabala eta J. A. Iglesias. Donostia.

 Euskal idazleak - Juan de Tartas, J. A. Etxebarria. Zarautz.

 Euskal Kulturaren Historia, Lasalletarrak. Bilbao.

 Euskal Literaturaren Historia, Ibon Sarasola. Lur. Donostia.

 Euskara gaur, Gaur, S.C.I. Lur. Donostia.

 Hegatsez (Hitz-lauzko bilduma), S. Basauri eta J. San Martin. «Kuliska Sorta». Itxaropena. Zarautz.

 Hitz berdeak, Joxe Azurmendi. Editorial Franciscana Aránzazu. Oñate.

 Hizkuntza, etnia eta marxismoa, Joxe Azurmendi. Euskal Elkargoa. Baiona.

 Industriaketa aundiak, Espezialista askoren artean egina L. Dorronsorok euskaratua). «Margo Ederdun Enziklopedia». Timun Mas, S. A. Barcelona.

 Isolottoko katekima. Etor. Bilbao.

 Itsasoko gauza harrigarriak, Frank de Graaf (Gexan Lantzirik euskaratua). Col. Walt Disney. Ediciones Gaisa, S. L. Valencia-Donostia.

 Izatearen malura, Xabier Azurmendi. Etor. Bilbao.

 Jainkoaren billa, Nikolas Ormaetxea «Orixe». Etor. Bilbao.

 Jendeak eta bizilekuak, Jane Werner Watson (Larresorok euskaratua). Col. Walt Disney. Ediciones Gaisa, S. L. Valencia-Donostia.

 Kaniko eta Beitxitina, Jakes Oihenarte. Lur. Donostia.

 Kristoren Eliza, Aita J. A. Goiria. Bilbao.

 Kultura eta Fedea, P. Agirrebalzategi, P. M. Zabaleta, A. Sagarna, J. M. Torrealday, I. Bereziartua, J. M. Díez-Alegría. Jakin. Oñati.

 Lan alokatua eta kapitala. Alokairua, prezioa eta irabazia, Karl Marx (X. Kintanak euskaratua). Lur. Donostia.

 Langileria historian zehar, Mikel Ugalde. Etor. Bilbao.

 Lau gartzelak, Nazim Hikmet (G. Arestik euskaratua). Lur. Donostia.

 Larre gorrian, Obras Musicales del Padre Donostia. Archivo P. Donostia. Lekaroz.

 Lehen gizarteak, Benantxio Otaegi. Etor. Bilbao.

 Lehen urratsak. Euskaldunen alfabetatzea - 1. Lur. Donostia.

 Linguistika orain arte, Xabier Kintana. Lur. Donostia.

 Marxen marxismoa, Gotzon M. Garate. Etor. Bilbao.

 Marx eta erlijioa, Imanol Pagola. Irakur sail. Donostia.

 Mendi-gañetik, Jose Inazio Etxeberria. Auspoa. Tolosa.

 Mintzaira, aurpegia: Gizon!, Jean Hiriart-Urruty. Jakin. Oñati.

 Oihaneko gauza harrigarriak, Georges Sherman (F. Mendizabalek euskaratua). Col. Walt Disney. Ediciones Gaisa, S. L. Valencia-Donostia.

 Pastor Izuela (1780-1837). - Ezkioko ta Segurako itxuak, A. Zavala. Auspoa. Tolosa.

 Perretxikoak - Setas, Iñaki Linazasoro. Gipuzkoako Aurrezki Kutxa Probintzialak. Zarautz-Donostia.

 Poema bilduma, Mikel Lasa eta Amaia Lasa, Irakur sail. Donostia.

 Rikardo Arregi, R. Arregi, Alfabetatze batzordea, Joseba Arregi, Joan M.ª Torrealday. Jakin sorta. Arantzazu. Oñati.

 Seksu-ezibidea, Sergio Bigatello (J. Gaztañaga eta J. Goikoetxeak euskaratua). Etor. Bilbao.

 Sozialismoaren frogantzak, Maurice Dobb (A. Urretavizcayak itzulia). Lur. Donostia.

 Txirritaren bertsoak (I eta II tomoak), A. Zavala. Auspoa. Tolosa.

 «Umeen deia», Aita Felipe Murietaren bilduma. Iruña.

 Xabiertxo, Lopez-Mendizabal (A. Onaindiak bizkaieratua). Amorebieta.

 Zepai bertsolaria, A. Zavala. Auspoa. Tolosa.


Euskal estudiantearen eginkizuna gaur

Sarritan entzuten dut, Euskal Herriaren indarberritzean estudianteek ezer guti egiten dutela, eta hobe litzatekeela, gure herriaren funtsezko* iraultzan,* estudianteak alde batera uztea. Dirudienez, euskal estudianteok ezin genezake, estudiante gisa,* ezer interesgarririk egin herriaren alde: eguneroko esperientziak horrenbesteraino egiaztu bide* du gure ahulezia.*

Nik neuk, estudiante naizenez gero, neure herriarekin estudiante bezala konprometaturik* sentitzen dut neure burua; eta, ene ustez, ikaslegoak* —euskal gizartearekiko duen errespontsabilitateaz jabetuz gero— zeregin haundia du gure herriaren nortasungintzan. Eta errespontsabilitate honen kontzientzia sortzea ez dut hain inposible ikusten. Horrexegatik egiten dut gure estudiante egoeraren azterketa xume* hau, estudiantegoaren kontzientzia batzeko eta indartzeko lagun eta akuilu izan dadin.

Estudianteak gizartean duen egitekoa

Estudiantea, beste edozein pertsona bezala, gizarteak bere aurrerabidean dituen eginkizunetan konprometaturik* dago. Bestalde, gizarteak bere giza mailetan ba du diferentziatze eta berezitasunik, denak elkarren osagarri, nahiz eta desberdin. Giza maila hoietako batetan ipin dezakegu ikaslegoa.

Estudiantea, ikaslana bere berezitasun bezala harturik, bere burua prestatzen ari da, herriak dituen problemak aztertzeko eta herri hori aurrerabidean jartzeko kapaz egunen batean izan dadin. Hau honela izanik, estudiantea ezin daiteke zokoratuta geldi, herriak bere nortasungintzan eta bere giza moldean eraberritzean duen dinamikan.

Euskal estudiantea Euskal Herrian

Edozein estudiantek gizartearekiko duen egitekoa Euskal Herriko estudianteari aplikatuz gero, hau nabaritzen* da: euskal estudianteok geure herriarekiko dugun erantzunkizunaren kontzientziatze baten behar larria dugula, eta guztiz argi konprenitu behar dugula, Euskal Herriak duen nortasun eskubidea hizkuntza eta etnia propio baten jabe izatean datzala.* Euskal kontzientzia honek euskaldun izatearen giza dohain* edo galezineko zenbait* berezitasunen aitortze eta baieztea eskatzen du, hor baitago gure herri izatearen arrazoia. Ez da erraz, euskaldun izatea zertan datzan zehazki mugatzea. Dena den, ezin uka, hizkuntza bat dugula eta arbasoengandik herri kontzientzia bat jaso* dugula: odolez, ohituraz eta historiaz egindako kontzientzia.

Gure gizartea euskal gizartea da lehenik, eta gure gizona euskaldun. Estudianteok, ezin ahantz* dezakegu inola ere errealitate hau: gure ikasketen zentzu osoa euskaldun gizon honengan dagoela.

Estudiantea kulturan eta politikan

Euskal Herriak gaur planteaturik daduzkan arazo nagusietarik bi, hauk* dirateke: kulturgintza eta politikagintza.

Euskal Herriaren kultur egoera larria, denoi zaiku sobera* ezagun. Kultura, lehen lehenik, gizonak bere inguruko beharrei historian zehar ematen dien erantzuna da, hots,* erantzun horrek eskatzen duen giza konportamenduen azalpen eta prozesoen bilduma.* Eta era honetan euskal gizonak ba du bere kultura.

Gaur guri alor* zenbaitetan* tokatzen zaikuna zera da, kultur kontenidu hoik* fijatu eta tinkatu, betiko gal ez daitezen. Kultur kontenidu hoien fijatze, interpretatze eta desarroilatze lanetarako jendea behar da, jende gaitua eta lanerako gogoa duena.

Euskal estudianteok erabat* konprometaturik egon behar dugu lan izugarri honetan, gogoan izanik, eginkizun hau, geuk izan ezik, ez duela beste inork egingo.

Politikagintza ezin dugu azterkatu hemen; baina garbi dago, eginbehar hori, hain garrantzitsua izanik, gizarte osoaren gain bezala gure gain ere erortzen* dela. Hala ere, puntu honetan ezin isil dezakegu, euskal sozialismo baten sorketa derrigorrezko ikusten dugula.

Euskal estudiantearen ekintza posibilitateak

Lehenik, euskal estudianteak, herriaren alde zerbait egiteko gaitua egon nahi badu, haren hizkuntza, historia eta literaturaren ezagupena beharrezko du, bai eta, kulturaz landa,* gure gizarte maila guztietan egiten denarena ere.

Gaur euskal estudiantearen posibilitateak asko direla esan beharrik ez dago. Hona hemen hiru posibilitate, kulturgintzari bakarrik lotuak:

- euskal estudianteak hementxe, Euskal Herrian, behar luke aplikatu bere ikasketen espezializazioa. Hauxe da haren ekintzarik bereziena. Bereziena diot, hark bakarrik egin dezakeelako. Pentsa dezagun, zenbaterainoko langaia eman diezakeen gure herriak linguistikari, historia, ekonomia, soziologia, sikologia, etnologia eta beste ikasketei, eta zenbateraino beharrezko ditugun gizon espezializatuak zientzia hoietan.

- estudiantearen egitekoa izan daiteke ere herriaren egoera ausnartzea eta salatzea, kritikalarien falta ikusiz gero. Zeregin honetarako estudianteak ba ditu informazio bideak —ikasketak emanak gehienbat— eta astia ere bai, beste gizarte mailek baino gehiago.

- beste posibilitate oso zabal bat ere ba dugu estudianteok, herriaren kultur egoera hain behartsu dagoelarik: ikasten ari garen gaien zabaltzea, dibulgatzea. Hemen aipa genitzake alfabetatze kanpainak, euskal maisuen prestaketa, herrietan barrena ikastaldeen sortzea, eta abar.

Nire lan honek manifestu baten antz zerbait ba duela dirudi («euskal estudianteok, elkar gaitezen!»), estudianteok guztia konpon dezakegulakoan. Dena den, geure herrigintzan estudianteok zeregina franko ba dugula azaldu nahi izan dut, horretarako egiazko posibilitateak ditugula, eta herria benetan horren eske dagoela.

J. ZULAIKA

daduzka, daukaz, dauzka

dezagun, daigunke

dezake, daike

dezakegu, daikegu

die, dautse

diezakee, deiskioe, dezaie

genezake, geinke

genitzake, geinkez

zaiku, jaku, zaigu


Fedea eta ideologia (1)

Sinestea, gure biziaren azken hitza eta erabateko* apostua da. Beraz, kristau fedea, Kristogan beragan biziaren esannahirik sakonena aurkitzea izango da, ANAITASUNAren 219. zenbakian esaten genuenez.

Definizio hau, Tillich teologoak emandakoa da. Haren «Fedearen Dinamika» liburutik hartua dugu. Beste liburu batzuetan ere ideia berari ekiten dio Tillich jaunak, behin eta berriz.

Ingelesez fedea «ultimate concerne» dela dio, hau da, «ukitzen gaituen azken axola». Eta alemanez, «was uns unbedingt angeht», hots,* «erabat* kezkarazten gaituen zerbait».

Baina, Tillichen definizio hau aurrerago eramaten ez badugu, oker batean eror* gaitezke, fedea zerbait subjetibo besterik ez dela susmatuz.

Fedea ez da bakarrik norbaiten barneko gertaera edo jarrera,* zerbait objetibo baizik, errealitateari benetan heltzen diona. Are* gehiago, fedea, pertsonaren kontzientzian badago ere, gizarteko gertaera bat da, beste aldetik. Fededuna, aitorle eta burrukalari bat da.

Izan ere, Eliza, fede komunitate bat dugu; eta Kristorengan sinesteak, Elizan daduka bere agerpenik handiena.

Baina fedearen gizartekotasun honetatik dator, hain zuzen ere, istilurik nagusiena. Gizon bakoitzaren barne muinetan baino ez balego, fedeak ez luke batere problemarik sortuko.

Ordea, fedearen gizarteko problemak hamaika aurpegi du, zein baino zein zailagoa.

Erraza da, adibidez, fedea kristau bakoitzaren Kristorekin berarekin aurkitze esistentzial bat dela esatea. Baina, orduan, sinestun bakoitzaren fedea nola egokitzen da beste sinestunen fedearekin?

Kristau bakoitzarengan obratzen den Kristoren aurkitze horrek esannahi berbera izanen ote du? Kredoa esaten dugunean, hitzak modu berberean ulertzen ditugu kristau guztiok?

Ez dut uste. Bakoitzak, bere kultura eta bere barne giroaren arauera,* irudipen berezi bat moldatzen du bere baitan. Bakoitzarentzat fede irudipenak desberdinak dira, nahi eta nahiez, eta erlijio esperientziak ere. Kontzientzi pluralismo hau ez du inork ukatuko.

Bestalde, sinestuna sinesgabekoen artean bizi da, gaurko egunotan batez ere, aintzinako «gizarte kristaua» ez baitago gehiago. Kristau fedea nola egokituko da kultura eta zibilizazio mugimenduarekin? Zientzia, politika eta ideologien aldakuntzak nola ikusiko ditu fededunak? Mugimendu horretatik kanpo geldituko ote da? Edo Elizaren irakaskintza eta aginduen zain egongo?

Sail honetan arrisku handia dugu, fedea ideologia bat bezala erabiltzea, alegia.* Zeren* fedea ez baita, inolaz ere, kristau ideologia bat. Sinestunak ez dira «kristianista» partidu baten osatzaileak!

Gai hau —fede/ideologia— garbitzeko. beharrezkoa dugu lehenik, galdera bat geure buruei egitea. Hauxe da: ideologia hitzari zer esannahi ezarri diogu artikulu honetan?

Ideologia hitzak esannahi asko izan dezake, eta izan du, XIX eta XX. mendeetan.* Hemen, Louis Althusser-ek emandakoa erabiliko dugu, Marxenarekin oso loturik dagoena: «Irupiden, mito, ideia, kontzeptu, balore eta errepresentazioen sistema, gizarte determinatu batean funtzionatzen duena».

Kristau naizen aldetik, nik ez dut batere eragozpenik, definizio hau onartzeko. Gizarte guztiek mentalitate bat, filosofia bat, kultura eta zibilizazio bat sortzen dute nahi eta nahiez. Nork ukatuko du, morala eta erlijioa oso loturik daudela ideologiarekin?

Baina marxistek, edo marxista gehienek behintzat, erlijioa eta morala ideologia burgesaren zati bat direla diote, besterik ez. Haientzat, klase gizarte batean, ideologia, klase dominantearen sorkari* bat da. Gizarte burgesak sortutako ideologiak, estali egiten ditu egiazko problemak, produzio harremanetan daudenak. Erlijioa eta fedea, alde honetatik, alienaziotzat hartzen dituzte marxistek.

Gure hemengo problema ez da marxismoa eztabaidatzea; eta ez gara orain honelako sasitartean sartuko. Baina, interpretazio hori alde batera utzita, ez dugu batere eragozpenik, berriz ere diogu, Althusser-en definizioa onarturik, «fedea eta ideologia» gaia aztertzeko.

Gizarte baten ideologiak eta kristau fedeak ba ote dute zerikusirik? Esan daiteke, Elizak berak, gizarte denez gero, ideologia bat duela? Eta, horrela baldin bada, ideologia horrek nola jokatzen du fedearen aldetik?

Beste batzuen artean, hauk* dira hurrengo artikulu batean erabiliko ditugun problemak.

KARLOS SANTAMARIA ANSA

daduka, dauka

daude, dagoz

dezake, daike

dio, dautso

diogu, dautsagu; dinogu

diote, dinoe


Liburu berriak

Arestiren liburuxka berria Axular idazleari buruz

«Flexiones verbales empleadas por Pedro de Axular en su obra Gero» izenburuarekin argitara eman dau Gabriel Arestik artikulu bat, Iruineko «Fontes Linguae Vasconum eta Documenta» aldizkarian. Artikulu hori «separata» batean publikatu dau, aipatu* aldizkaria argitaratzen dauan «Aranzadi» editorial etxeak. Separata honen 25 orrialdeetan Arestik aditzera ematen dauan bezala, Axularrek 682 aditz forma diferente erabiltzen ditu.

«Kandido», Voltaire-Sarasola, LUR

Azken unada* honetan liburu tekniko nahiko jaso ditugularik, nobelagintza alde batera utzita egoela uste genduan. Voltaire filosofoaren «Kandido» honekin, berriz agertzen jaku nobela saila, itzulpen bat baino ez bada ere. Itzulpena Ibon Sarasolak egin dau, eta hizaurrean berak dinoanez, «hitzez hitz euskaratu dut, eta itzulpen mekaniko bat ez egiten ahalegindu banaiz ere, 'orijinala hobetzeko' tentazioan erortzetik* ahal bezainbat* begiratu naiz. Hau da, hain zuzen, ezagutzen ditudan gaztelaniazko hiru itzulpenek ene ustez duten hutsik larriena». Nobela hau gertatzen dan tokia eta aldia gaurkoa izan ez arren, interesgarria da beti klasiko haundi honen lanak irakurtzea. Eskatzekotan: LUR editoriala, Villa Zutik, Paseo Arbola, San Sebastián.

«Hizkuntza eta Pentsaera», Larresoro, ETOR

Berriro gure artean Larresororen luma zorrotz eta langilearen lana. Azken liburu honetan jarraiko gai honeek azaltzen ditu: Euskara estrukturalismo klasikoaren argitan, Whorf-en erlatibitate oinarria, Levi Strauss etnologoaren eritzi nagusiak, Lacan psikanalista bide beretik, Afasiaren erakaspenak eta Estrukturalismoaz zenbait hitz. Nahiz eta filosofiko samar izan, 141 orrialdeko liburu interesgarria. Eskatzekotan: ETOR, Apartado 73, Bilbao.


Euskaldungoa

Frantzisko Elgezabal, parroko berria

Frantzisko Elgezabal jauna izendatu berri dabe, joan dan otsailean,* Deustuko Ibarrekolandan dagoen elizako parroko.

Bilboko euskarazko mezak

Aurreko zenbakiren batean esan genduan, Bilbon larunbat* arratsaldeetan bost meza esaten direla euskaraz. Baina, konturatu barik, huts bat egin genduan. Ez dira bost meza, sei baino. Seigarren hau Begoñazpin ematen da, arratsaldeko seirak eta erdietan.

Espainiako bankuetxerik dirudunenak

Efektorik gehien jaso* izan daben Espainiako bost bankuetxeak, jarraiko honeexek izan dira, joan dan abenduaren 31n:

Banco Español de Creditok 197.132 milioi pezeta

Banco Hispano Americanok 180.462 »

Banco Centralek 168.320 »

Banco de Bilbaok 145.642 »

Banco de Vizcayak 107.246 »

Xavier Diarce, «Iratzeder», Belokeko abade berria

Xavier Diarce, «Iratzeder», izendatu berri izan da Belokeko beneditanoen abade. Iratzeder Donibane Lohitzunen jaio zan, orain dala 51 urte. Euskaltzain dan beneditano honek, euskal aldizkaririk gehienetan idatzi izan dau, zenbait* liburuxka argitaratu ditu, eta Euskal Herriko poeta hoberenetarikoa da.

Haren pertsonalidadea eta kristautasuna azaltzeko, haren bizitzako gertakari bat dakargu jendearen gogoetara: Behin, hegoaldeko hiru mutil heldu ziren Belokeko monasteriora, gordeleku eske. Aita Iratzederren lagun egin ziren, eta, ilunabar batez, berarekin ibilaldi bat egiteko eskatu eutsen harek. Kanposantura eroan zituan, gurutze bat atera eban kolkotik, eta esan eutsen: «Zuek Kristo barik zabiltze, eta ez zoaze bide zuzenetik. Gazte denboran, euskal gudarien kapitain izateko amets egin neban. Baina, Kristoren kapitain izanez, Euskal Herriaren alde gehiago egingo nebala konturatu nintzen. Kristo da, izan ere, gure benetako kapitain eta salbatzaile».

Bastida jaunari omenaldia

Bastida musikalariari omenaldi bat eskaini eutsoen Donostiako «Astoria» zinetokian, joan dan otsailaren* 27an. Modesto Escobosa eta J. M. Arozamena jaunek hitzaldi bana eman eben. «Easo» abesbatzak kantaldi bat, eta «Anexa» ballet taldeak bere artearen erakusketa labur bat.

Argitasunak «Marchas a Javier» dalakoei buruz

1971. urtean «Marchas a Javier» dalakoek izan dituen diru gorabeheren berri eman izan dabe ibilaldi famatu horren antolatzaileek. Egin izan diren gastuak 251.724 pezeta izan dira; eta batu izan dan dirua, ostera, 206.173 pezeta. Egindako zorra, beraz, 45.551 pezetakoa izan da.

Estitxu langile

Estitxu kantaria bi diskorekin agertzen jaku. Lehen diskoa txikia da, eta «Agur, Maria» eta «Kattalin» kantuak dakarz. Bigarren diskoa haundia da, eta bertan hainbeste kantu —«Ilun beti», «Ezin» eta beste batzuk— agertzen dira. Ba dogu non aukera, geure «urretxindorra»ren boza entzun ahal izateko. Disko hau «Columbia» etxeak argitaratu dau. Jarrai lanean, Estitxu!

Manuel Lekuonaren mintzaldia Andoainen

Manuel Lekuona jaunak berbaldi bat eman berri dau Zuloaga pintoreari buruz, Andoainen, joan dan otsailaren* 26an.

«Goiznabar», Aita Onaindiaren liburu berria

Aita Onaindia, Zornotzan bizi dan karmelitarrak, 242 orrialdetan 149 poema argitara eman ditu, Bilboko «Gráficas Bilbao» etxearen bidez. Poema horreek jainkozkoak, aberrikoiak, gudu aldikoak, eta abar dira.

Maite Idirin kantariaren ihardunaldiak

Maite Idirin han eta hemen kantatzen ari da Frantzian. Hilabete honetan, martxoan, Pariseko «Cité Internationale Universitaire» dalakoan, Boulogne herrian eta Fresnes-ko «Maison des Jeunes et de la Culture» etxean ihardungo dau.

Literatur sariketa Lexonan

Lexonako «Itxasalde» taldeak, Udalaren diru laguntzaz, Ipuin eta Saiaera* Sariketa bat antolatu dau. Ipuinek itsasoa euki behar dabe gaitzat, eta saioek Lexonan Unibertsidadea jartzeak ekarri leikezan onura* eta kalteak. Lan honeek euskaraz nahiz erdaraz izan leitekez. Ipuinetan 2.000 pezetako saria izango da, eta saioetan 3.000 pezetakoa. Lanak presentatzeko epea hilabete honen 19an bukatzen da, eta lan sarituak antolatzaileen esku geldituko dira.

Juanjo Munduate hil da

Juanjo Munduate, Basauriko txistulari eta herri ekintzaile jatorra hil da, oraindik mende* laurden bete berri ebalarik.


Euskaldundu eta askatu

Helburu hurbila eta azken helburua elkarrekin joan behar

Zientziaren mami eta helburu hurbilak* eta gizonaren azken helburuak elkartzea bekatu astuna da, bizitza departamendutan zatikatu nahi duten zientifikoentzat.

Izan ere, eskola klasikoak beste modutara ohitu gaitu. Filosofiaren eta zientziaren arteko amiltegia* aintzinatik dator. Ongi berezi behar ziren bataren eta bestearen sailak eta betebeharrak. Gizonaren azken helburuen estudioa filosofiari zegokion. Bizitzaren esperientziaren pean sartzen diren datoen estudioa, berriz, zientziari. Filosofiak guztizko autonomia zuen bere sailean, bai eta zientziak ere berean.

Mendebaldeko* pentsakera, Descartes filosofoaz geroztik batez ere, ideia garbi eta mugatuena izan da. Mendebaldeko pentsamoldeak, esistentziaren sakontasun iluna baino izatearen klasifikazio argia maiteago izan du. Hortik sortu dira bi munduak, filosofiarena eta zientziarena. Egiaren kaltetan. Egia errealitatea baita. Eta, errealitatean, filosofiari dagokiona (azken helburuak) eta zientziari dagokiona (esperientziako datoak eta hauen arrazoi hurbilak) batera ematen dira.

Erdibitze horrek ba du ondorio makurrik. Bakoitza bere bidetik doan heinean,* ez filosofiak eta ez zientziak ez dukete eragin iraultzailerik* gizartearen baitan.* Filosofia errealitatetik kanpo mugitzen den zerbait bezala hartzen da. Ameslarien, alferren eta utopisten zeregina da. Ametsaren eta fantasiaren maila horretan, eztenik gabea da, eta ezin diezakeo gaurko gizarte ordenari kalterik egin.

Zientzia, berriz, gizon praktikoen lana da. «Oraingoari eta hemengoari» ekiten dio. Baina honek ere ezingo du gizarte ordenarik irauli, hurbileko arrazoietan geratzen baita, arrazoien azken arrazoietara jo gabe.

Pentsamolde dualista, zahartu eta loerazle honen kontra gero eta uhin* haundiagoak jaikiaz doaz. Marcuse zaharra dugu korronte honen eragileetako bat: «Zientziak berak egin du posible azken helburuak zientziaren sailera eramatea» (Dimensio bakarreko gizona, 261. orr.). Mendez* mende sendotuz etorri zaizkigun eskema klasikoak hankaz gora doaz. Uste izan dugu, gizonaren azken helburuen gorabehera etikaren eta, zenbaitetan, erlijioaren sailekoa bakarrik zela.

Gaur ezin dezakegu ikuspegi hau onar. Etika eta erlijio hutsaren arlotik atera egin behar dugu giza helburuen planteamendua eta zientziaren mailara ere eraman. Gizonaren azken helburuen problema, problema zientifikoa eta, areago,* problema teknikoa da, dio Marcusek.

Zientziatik eta metodu zientifikoetatik aparte gelditu beharrean, orain arte metafisikak bere aldetik tratatu dituen gizonaren askatasun problemak zientziaren eskutan erori behar dira. (Honek ez du esan nahi, zientziaren ikuspegi erromantiko batera itzuli behar dugunik).

Honela bakarrik iritxiko* gara, beti batera joan behar zuena bateratzera. Justizia, askatasuna, gizatasuna, bakea eta beste hainbat giza eta gizarte balore ez ditugu lur ideal eta ametsezko batetan landuko. Aitzitik,* gizonaren eguneroko behar konkretuetara lotuko ditugu. Honela, ogiarekin, ardoarekin, autopistekin eta lantegiekin zerikusirik izango du gizonaren azken helburuak edo egiazko askatasunak. Teknikaren frutu hoietan finkatua joango da askatasungintza.

Baina honek ondorio astun bat dakar eta zera da: Orduan zientzia politika bilakatzen* dela, kontzientzia zientifikoa kontzientzia politikoz janzten dela, eta lan zientifikoa lan politiko bihurtzen. Orduan zientziak «neutralitate» goxoa galdu du. Orduan zientzia ez da sortzez eta ibiltzez garbia. Eta zientifikoak eskuak zikindu behar hori...!

Bestalde, ez dut uste denbora gehiegirik eman be-harrik dagoenik, neutralitaterik ezin daitekeela gorde egiaztatzen. Lehen, nazio neutralak ere ba zirela pentsatzen genuen. Gaur edonork daki, hori kontu hutsa dela. Zientzi, teknika eta kultur sailean ere gauzak berdin gertatzen dira. Ez dago teknika neutralik. Ez dago hizkera, ariketa,* gramatika, hiztegi neutralik.

Marcusek dio: «Sintaxia, gramatika, hiztegia, moralezko eta politikazko ekintza bihurtzen dira» (Opus citatum, 224. orr.). «Gaur eguraldi hotza egiten du», «xoriak kantari dabiltza»: esaldi hauek kontenidu moral eta politiko bat ba dute, testoinguru baten barnean. Ez, noski,* esaten dutenagatik, esan behar eta esan gabe uzten dutenagatik baizik.

Marcusek liburu berean: «Zientzia eta teknologia, beren asmoen kontra eta beren neutralitatearen kulpaz, tresna politikoak bezala maneiatuak izan dira. Metodu gisa zeregin politiko bat bezala organizatuko balira, ez lukete politikaren menpean jarraituko» (262. orr.).

Beste hitzez: Delako neutralitaterik ez du gorde ahal izan, ez zientziak eta ez teknologiak. Beti politika baten menpeko dira. Finkaturik dagoen politikaren menpeko eta politika honen euskarri.* Hori dela eta, zientzia eta teknika politizatu beharra dago, politikagile izan daitezen, eta ez ezarria dagoenaren morroi. Izan ere, bitatik bat: Zientziak politika egingo du, edo bestela politika bat sufrituko du.

Euskararen irakaskintzari gagozkiolarik, bi helburuok, hurbila eta azkena, batera organizatu behar ditugu. Euskarazko klasearen nahiz euskal alfabetatzearen helburu hurbila, euskara irakastea da. Baina azken helburua gizona askatzea, hor ere. Euskaraz ez dakien edo eta euskaraz irakurtzen eta idazten ez dakien pertsona eta zapaldurik bizi dena, bat eta bera da. Nor ez da gizarte estrukturen eta sikologi estrukturen morroi?

Hori dela eta, pertsona euskara gabea edo erdalduna eta pertsona kateatua identitate berdinekoak direlarik, euskararekin batera kateen berri ere eman behar zaio. Gure kateen berri izatea baita askatasunerako lehen urratsa.* Alfabetatzea, euskara irakurtzen eta idazten ikasteko soilik izan behar dela esatea, oso jarrera* atzerakoia eta primitiboa dela uste dut. Zientziaren positibismoan erortzen gara hor ere.

Helburuak ongi organizatuz hautsiko du gizonak bere morrointza.

Ondorena garbi dagoela uste dut: Euskararen irakaskintzan —irakaskintzaren gurpilean berean esan nahi dut, horretarako darabiltzagun hitz eta esaldietan, testoetan, alegia— politikagile ez bagara, politikaren morroi gara. Geure borondatezko morrointzaz, gainera. Eta borondatezko morroia agintariaren kolaboradore dela esan beharrik ote dago?

EUSEBIO OSA

dezakegu, daikegu

diezakeo, deiskio, dezaioke

zaizkigu, jakuz


Kristau sinesmena eta klaseen burruka

Kristau asko, lantoki eta bulegoetan,* industri eta laborantza* lekuetan gizonaren alderako burrukan ari direnak, problema berrien aurrean aurkitzen dira. Lehen, oraindik aspaldikoak ez diren garaietan, arazo sozialak laster konpontzen ziren, «Elizak hau dio» esanez. Baina, gaur egun, ez gara kontent gelditzen, «Elizak hau dio edo hori kondenatzen du» entzunik. Geuk ere arazoen konpontzaile izan nahi dugu, eguneroko bizitzarekin eskuz esku geure problemak garbituz.

Hoietariko bat, «kristau sinesmena eta klaseen burruka» da.

Orain arte, klaseen arteko burruka erabateko* gaiztakeria izan da, kristau anaitasun eta maitasunaren kontrako zerbait.

Hala ere, kristau gizona, kontzientziadun edozein gizon bezala, eguneroko errealitatean murgildurik bizi da. Errealitate hori, berriz, oso bizirik presentatzen zaio, eta klaseen arteko burruka batean jokatzera behartzen du.

Izan ere, gizartean nagusigoa* duen taldeak ez ditu bere pribilejioak bertan behera utziko, aldez aurretik burrukan bere burua azpiraturik ikusten ez badu. Bitartean, gizon banaka batzuk aberastasunez gainezka bizi direlarik, beste guztiek harrastaka eta makurka bizi beharko dute. Beraz, klaseen burruka hor dago, geure artean dugu, eta Eliza ere ezin daiteke hartatik aparte bizi.

Ez da harritzekoa, beraz, kristau ekintzaileek «kristau sinesmena eta klaseen burruka» gaiari buruz erreflesioak egitea, eta gaur egun inoiz baino premiatsuago.

Horrela, «Frères du monde» izeneko aldizkariaren inguruan biltzen diren kristauek, aldizkari horren 69. zenbaki osoa hartu dute, «munduko klaseen burruka» gaiari buruz idazteko. Era berean, 72 eta 73. aleetan ere, «kristau sinesmena eta klaseen burruka» estudiatu dute. Haien artikuluen tituluetatik laster uler daiteke, zeintzuk arazo jorratu nahian dabiltzan: «Jesukristogan sinestea eta klaseen arteko ekintza», Domenergue frantziskanoak; «Berboak klase burruketan haragia hartzen du», Cardonnel dominikanoak; «Klaseen burruka, moralaren oinarri», Blaise frantziskanoak.

Kezka hauen ezagugarririk berriena, Rouen hirian 600 bat gaztek egindako bilera* da. Gazte hoik* Frantziako eta beste zenbait* naziotako kristau mugimenduetakoak dira, eta «kristautasuna eta klaseen burruka» gaiari buruz elkarrekin estudiatzen eta mintzatzen ari izan dira.

Era berean, egun hauetan argitaratuko du frantziskanoen editorial etxe batek, Girardi ospetsuak prestaturiko liburu bat. Girardik «kristautasuna, giza liberazioa eta klaseen burruka» aztertzen du, eta argi eta garbi dio, gaur egunean oinarrizko arazoez teologoak ere arduratzen hasi direla.

Nondik ote dator gaur egungo ardura eta kezka hau? Ez dut uste, oportunismo batetik datorrenik. Ene eritziz, problema hauk eguneroko bizitzan nabaritzen* dituztenak, gaia aztertzen eta estudiatzen hasi dira, errealitateak berak bultzaturik. Eta hortixek dator, kredo ezberdinetako gizonak elkarrengandik hurbilago* eta elkar laguntzaren behartsuago izatea.

Gaur egun gu gizonok gehien elkartzen edo banatzen gaituena, ez da sinesten dugun kredoa edo praktikatzen dugun ekintza politikoa, bizi garen talde soziala baino. Hori jakiteko, nahikoa da galdetzea, zein taldetan gauden, zapaltzaileen ala zapalduenean.

J. M. A.


"Marx eta Nazioa" liburuaren inguruan. Gotzon Garaterekin hizketan

Liburu inportante baten aurrean aurkitzen garela uste dut. Haren egilea, Elgoibartar gazte bat dugu: Gotzon Garate. Oraingo honetan lan serio bat eskaini dauku, zientzi lan bikaina. Bi aletan aterako da ETOR editorialean. Lehena, irakurria dugu. Bigarrena, ez dakigu noiz agertuko den.

Gaia, sakona eta guztiz interesgarria gaurko egunean. Liburu horri dagokion azterketa egitea ez da erraza. Gainera, oso luze joango litzaiguke. Biderik zuzenena, haren mamiaz jabetzeko, liburua hartu eta irakurtzea da. Baina, beste aldetik, interesgarria iruditzen zait, egilearekin izandako elkar hizketa baten laburpena ematea. Ez da erraza, hark esandako dena laburtzea. Dena dela, hona hemen gure solasaren* berri.

— Orain dela guti, honen antzeko beste liburu bat ere ikusia dugu: Jose Azurmendiren «Hizkuntza, Etnia eta Marxismoa». Elkarren artean ba dute zerikusirik?

— Oraindik, osorik irakurtzeko betarik* ez dut izan. Baina, orain arte ikusi dudanez, oso liburu interesgarria da. Gaiari buruz, nirea baino askoz zabalagoa. Nik Marx bakarrik estudiatzen dut. Azurmendik, ostera, bai Marx, bai Lenin... Problema bera ere, nik ikutzen dudana baino askoz zabalagoa da. Nik Marxengan azaltzen den nazio ideia aztertzen dut.

Beste aldetik, Azurmendi, idazle eta pentsalari bezala, oso ona iruditzen zait. Uste dut, gaur eguneko pentsalaririk onenetakoa dugula, nortasun haundiko gizona.

— Zure liburua gai polemikagarria gertatuko dela uste dut. Zer espero duzu, beraz, zeure liburu horretatik?

— Gauza hauetan, jakina, lehen xedea* gizon baten pentsakera aztertzea da. Marxi buruz gai honetan ez da asko idatzi. Gaur politikan kontzientziatuta daudenek, marxismoa eta nazionalismoari buruz beren artean dituzten polemiketan, Marxen beraren eritzia baino Lenin edo Stalinena erabiltzen dute gehiago. Lenin eta Stalinek zuzen zuzenean ikutu zuten gai hau, baina Marxen eritziak sakabanatuta daude. Marxek ez du biribildu bere pentsakera gai honetaz. Horregatik, oso interesgarria da, Marxek zer pentsatzen zuen jakitea.

Beste aldetik, ba dakigu ongi, Euskal Herrian problema hau bizi bizia dela. Eta geurea dugun problematika honetan argi pixka bat ere eskaini nahi izan dut. Nire bidea, Marxek zer esaten duen ematea da.

— Marxen eta Engelsen joera oso ezberdina da —zure liburua lekuko*— Poloniari buruz, esate baterako, eta beste herri tipiei buruz. Hau zergatik?

— Marx, beti, oso zintzoa izan zen bere buruarekin. Haren asmoa, gizarte on bat sortzea zen, gizarte komunista bat. Horregatik, gizarte horren alde ari ziren lan guztiak oso begiko zituen. Beraz, nazio baten jokabidea iraultza* horren aldeko zela ikusten zuenean, eta klase burruka azkeneraino eramateko prest zegoela, haren alde jartzen zen.

Baina eslabo herri batzuen joera iraultzaren kontrakoa zela iruditzen zitzaion. Hauek Rusiaren alde eta Hungariaren kontra jokatzen zutela ikusten zuen. Polonia, ostera, nazio inportante bat bezala ikusten zuen, Rusiaren indarra desegiteko gauza zena. Kontuan eduki behar da, Rusia erreakzionariotzat hartzen zuela. Beraz, Poloniaren alde egitea, Rusia eta Prusiaren indarrak ahultzea* zela ikusten zuen. Marxen leloa* eta erregela gidaria, iraultza zen. Hau izango da azken norma. Eta, honela, pertsonalitatea zuten herriak beregain* izan zitezkeen; baina besteak ez, ahulak* eta gizajoak zirelako.

— Zergatik, beraz, Marxen mesfidantza herrien eskubideei buruz?

— Ba dakizu, Marxentzat, beti, eskubidea superestrukturan, goiestrukturan dago; eta, beti, burgesen aldekoa izaten da eskubide hori. Horregatik, nazio problema eskubideen aldetik planteatzea oso susmo txarreko gauza da Marxentzat.

— Nola konpontzen du Marxek indibiduo-gizarte bikoiztasuna?

— Begira, komunist gizartean gizabakoitzaren* ona eta gizartearena bat izango dira. Burges gizartean, ostera, kapitalistek ez dute beren ona besterik bilatzen. Horregatik —hau da Marxen eritzia— burgesek ardietsi* nahi duten askatasuna berekoikeriazkoa* da. Gizarte ustel bat lortu nahi dute.

— Eta, orain, liburuaren mamitik atera gaitezen. Zuk ETOR-en beste liburu bat ere atera zenuen: «Marxen Marxismoa». Liburu horri singleago eta ulerterrazago deritzat; baina zure bigarren liburu hau behar bezala ulertuko ote du irakurleak?

— Galdera, interesgarria da. Nire etxekoek, esate baterako, zaila aurkitzen dute. Gogoan izan behar dugu, ikasi dugun euskara etxean ikasi dugula, eta honelako liburuak, nobelak edo ez diren bitartean, minoria batentzat izaten direla. Horregatik, nahiz eta euskara ederra izan, jendeari zail egingo zaio. Baina bidea ireki behar dugu. Niretzat oso inportantea da euskara ona ematea. Nahiz eta zaila izan, denborarekin gauzak errazago egiten zaizkigu.

— Ohitura problema dela esan gura* duzu?

— Jakina. Kontuan eduki behar da, euskal kulturan eta hizkuntzan, oro* har, oso hasieran gaudela. Problema, haundia da. Horregatik, ene eritziz, nobelak eta irakurgai errazak idaztea behar beharrezkoa dugu. Hemen dugun hutsunea, ikaragarria da. Zu joan zaitez liburu denda batera, eta, zientzi liburu bakoitzeko, hamar nobela gutienez aurkituko dituzkezu* erdaraz. Baina guri alderantziz* gertatzen zaiku. Nobela errazak bagenitu...

— Zer asmo duzu etorkizunerako?

— Hemen, Unibertsitatean, eskolak ematen jarraituko dudala uste dut. Nire asmoa, eskolak euskaraz ematea izango litzateke; baina ikasleen aldetik dago batez ere problema. Ikasle denek euskaraz balekite, bihar bertan hasiko nintzateke. Gaurko giroan eta gaurko legeen arauera,* ikasle denak euskaldun ez diren bitartean, erdaraz egitera behartuta aurkitzen gara.

Dena dela, nire asmoa, Unibertsitatean bertan, euskal giroa sendotzea da: ikasleen artean euskararen alde lan egiten dutenei lagundu, irakasleen artean ere —ahal den neurrian— euskal giro bat sortu, eta idazten jarraitu: nobelaren bat edo... Gero, ba dut asmoa, filosofiazko hiztegi bat egiteko. Lenin eta Maori buruz ere ba nabil beste zerbait prestatzen. Euskal antropologiari buruz ere ari naiz, kulturazio problemari buruz, eta abar.

— Unibertsitateko irakasle zarenez gero, nola ikusten duzu gure kulturaren etorkizuna?

— Problema eta oztopo gogorrak daude. Baina baikor, optimista nago. Euskararen garrantziaz konturatu garela, gazteak batez ere, ikusten dut. Eta honek poz haundia ematen daut. Izan ere, zaharren artean, nahiz eta oso euskalzaleak izan, oraindik kutsatuta daudela ikusten dut. Hau leku guztietan gertatu izan da: Txekoslovakian, esate baterako. Urratsak* egiten dira, etapak; eta lehen urratsa hizkuntzaren alde egitea izaten da, baina menperatzaileen hizkuntzaz baliatuz. Gaurko gure gazteek, ordea, euskaraz baliatu nahi dute.

Egia da, gazteen artean euskara ez dela hain biribila, hain goxoa, beste giro batean bizi izan direlako. Baina gazteak gogo haundiz datoz, asko ikasten dute, eta denborarekin...

— Baina, konkretuki, zer deritzazu Unibertsitatera datorren euskal gazteriari?

— Dudarik gabe, Euskal Herriaren esperantzarik haundienetakoa —hori soziologo guztiek garbi ikusten dute— ikasleak dira. Datozen urte hauetan aldaketa ikaragarria ikusiko dugu puntu honetan. Jakina, nire gogoa langileak ere etortzea litzateke; baina orain, «factum» honetan, errealitate honetan, Unibertsitatean aurkitzen diren euskaldun hauek ba dute, benetan, eginkizun berezi bat: Euskal Herriaren kultura aberastea. Eginkizun hau Herri osoari dagokio: langileei, nekazariei, eta abar. Baina unibertsitario hauen betebehar berezia, Herri osoaren oihartzuna* jasotzea* eta Herri horren zerbitzari izatea da. Horregatik, lagundu egin behar diegu euskal ikasle hauei, ahal dugun neurrian.

Eta batez ere gizonari buruzko zientzietan —«humanidades» deituetan —egin behar dugu ahalegina.

— Benetan, ba dago zereginik euskal alorrean*!

— Hala da. Gai hauetan dugun deficit ikaragarri hori bete egin behar dugu. Eta, ene ustez, lehen esan bezala, unibertsitarioen betebeharra ez da txantxetakoa. Hortik dator gure esperantza. Eta gero, hori bai, denok elkartuta lan egin behar dugu.

Eta hemen ematen diogu amaia geure elkar hizketa honi. Ene ustez, gaiak merezi zuen honelako aipamen bat. Liburuak harrera ona izango duelakoan nago. Ea, polliki polliki, geure Herriaren kultur maila goratzen dugun. Langileak ba dira euskal zelaian. Ez ahal dira agortuko!

HORMAETXE

Bilbotik, 1972.eko otsailaren* 24ean

bagenitu, bagenduz

daude, dagoz

dauku, dausku, digu

daut, daust, dit

diegu, dautsegu

diogu, dautsagu

gaude, gagoz

litzaiguke, litzakigu

zaiku, jaku, zaigu

zaio, jako

zait, jat

zaizkigu, jakuz

zitezkeen, eitekezen

zitzaion, jakon


Nori gabeko eskutitzak

Bilbotik, 1972.eko martxoaren 12an Kaixo, adiskide!

Barkatuko dautak, orain arte ez erantzutea. Bai, hartu nian hirea; baina sinets ezak, lehenago idatzi ez badauat, ez dela izan alferkeriagatik, astirik ezaz baizik. Gaur, igandea dela kontuan harturik, behingoan* hasi nauk idaztera; holaxe ibili behar.

Ahaztu aurretik zera esan nahi dauat, Patxi, Antonen anaia, irten berria dela kalera. Gaixoa, ikusten* bahu nolako itxura xarrez azaldu zaikun! Argal argalik eta ia ia non dagoen ez dakielarik. Zainetatik, bestalde, ez omen* diabilak ongi. Zer eginen dogu!? Guztiok, hori bai, ahalegina egin behar diagu, bizitza berrira ahalik eta lasterrenik ohi* dadin. Arropaz ez diagok batere horniturik; eta hemen guztiok ahal duguntxoa egin diagu, zerbait emateko. Heuk ere bidal iezok zerbait, ahal baduk. Sarri askotan jendeak halakoak miresten* ditik; baina ez ziaiok inoiz laguntzea bururatzen.*

Beste arlora pasatuz, gure oraingo literatur krisiaz mintzatzen hintzaitan lehengoan. Arrazoia duk oso. Nik ere ezin garbiago diakusaat zein egoeratan gauden. Aspaldiko gure literatura, ahula* duk, arinegi egina, estilo eta ardura berezirik gabe moldatua. Dioana, bestalde, egia duk, alegia,* argumentuak eta gaiak, bai idazleengan eta bai geure inguruko giroan, ezin ugariagoak eta bikainagoak ditugula, literatura on bat egiten saiatzeko. Zergatik ez da, ba, puntarengo obrarik agertzen? Denborarik ez, nik uste.

Arraultzak* kontserbatzen baditugu, ez duk xitarik aterako; eta, xitak sor daitezen, arraultzak galdu egin behar. Beste hitzetan esanik, euskararen literatur batasuna moldatu, ala, oinarrizko lana finkatu gabe, literaturgintzan hasi?

Baina guk ez diagu honetan aukerarik. Bi biak behar beharrezkoak ditiagu, eta horregatik arlo bietan lan egin behar diagu. Noski,* oinarrizko lana ongi egin behar duk, zimentu sendo bat geldi* dadin; eta, horregatik, literatura eta kreazio lana duk abandonatuenik dagoena. Adreiluak* egiten ari gaituk, eta etxea bera ere bai, biak batera. Gure aurrekoek guri utzi ez zeukutena behintzat, geure ondorengoei eginik utzi behar zieagu guk oraingoan.

Barka, baina ni ez nauk hain maleziati. Hik esandakoa, alegia,* «egin behar zena egiteko bildu ondoren, ez zuan ezer egin, ez ziaten ezer egin, hobeki esan; eta oraingook beraiek egin ez zutena egin nahi dugulako, gure egite honekin haien ezegite hura* nabariegi* geldituko litzatekeelako edo, eten gabeko boikota egiten saiatzen ziaizkiguk gazteoi jo eta ke». Ez diat uste, hik dioan borondate xar horrekin egiten dutenik, euskararen onean zerbait egiten dutelakoan baizik. Adin* ezberdinekoen artean elkar ulertzea ez duk beti erraza; baina, bestearengan borondate gaiztoa aurrerizten* badugu, are* zailago bihur* diaitekek elkar hizketa.

Nonbait irakurri nian, ez diakiat inoiz esan dauadan, Historiari oztopoak jartzen saiatzen dena, Historiak berak alboratzen eta irensten duela; eta, berau egia bada ere, halakoek, dirauten* artean, ezin uka kalte galanta egiten daukutenik. Noski, baratzainaren* zakurraren gisa ari dituk: haiek ezer egin ez, eta inori egiten utzi ere ez. Hainbat xarrago, Historiak eginen dien judizioa.

Horregatik, uste diat, batasun lanak ia guztiz bukatu arte, ez dugula astirik ukanen euskaldunok, behar den patxadako literatur lanak egiteko. Materiala egin, planoak moldatu. oraingo burruka hau irabazi eta ondoren, etxea eta lorategia eraiki.

Irakurlegoari liburuak eskaini behar ziaizkiok: irakurgai batzuk, noski, ahalik eta kalitate hoberenekoak; baina, ba dakik, gerran gosea ez duk beti ogi zuriz asetzen. Besterik ez dagoenean, ogi beltza ere gozoa izaten duk.

Itzulpenen premiaz, obra klasikoenenaz bederen,* enekin hagoela diakusaat. Ikusten denez, ia dena egiteko diagu oraino.

Eta, beste gabe, besarkada bat hire lagun

XABIERRENGANDIK

Toketazko aditz formak

diabilak, dabila, dabil

diagok, dago

diagu, dugu

diaitekek, daiteke

diakiat, dakit

diakusaat, dakusat, ikusten dut

diat, dut

ditiagu, ditugu

ditik, ditu

dituk, dira

duk, da

gaituk, gara

nauk, naiz

nian, nuen

ziaiok, zaio, jako

ziaizkiguk, zaizkigu, jakuz

ziaizkiok, zaizkio, jakoz

ziaten, zuten

zieagu, diegu, dautsegu

zuan, zen, zan

Osterantzeko aditz formak

dauat, dauat, diat

daukute, dauskue, digute

dautak, daustak, didak

die, dautse

diok, dinok

ezak, eik

hintzaitan, hintxatan, hintzaidan

iezok, eiok

gaude, gagoz

zaiku, jaku, zaigu

zeukuten, euskuen, ziguten


Japon, imperio berri bat?

Azken hamar urte hauetan Japonek bere produzioan egin duen gorakada, harrigarria izan da, beste inongo estaduk egin ez duen bezalakoa.

1964.ean munduko potentzien artean seigarren tokian aurkitzen zen Japon, USA, Rusia, Inglaterra, Frantzia eta Italiaren ondoren.

1969.ean, berriz, hango errenta nazionala 167.000 milioi dolarretara iritxi* zen; eta USA eta Rusia ziren bakarrik, Japonek baino errenta handiagoa zutenak, batak 932.00 milioi eta 400.000 milioi besteak.

Azken hamar urte hauetako hazkuntzak jarraitzen badu, Japon, 1983.erako, Rusia baino produzio handiagora ailega daiteke, eta XXI. mendean* munduko aurrenengo mailan egonen da.

Gaur egunean, 369.767 km2.tan, 103 milioi bizilagun daude (278 bizilagun km2.ko); eta, lur hoietarik % 20 bakarrik bizitzeko kondizioetan direnez gero, japones gehienak pilaturik bizi dira hiri* handietan.

Jendea hirietan pilakatzen den eran, enpresak ere «trust» modura elkartzen dira, Enpresa hauen handitasuna zenbaterainokoa den ikusteko, kontuan hartzekoa da, mundu guztiko 100 enpresa handienetan Japongo 19 sartzen direla.

Nola heldu da Japon horrenbesteko potentzia izatera?

Ba ditu Japonek berezitasun ugari, eta hauk* dira garrantzitsuenak:

Inon ez bezalako inbertsioak egin dira aspaldian. Produktu nazionaletik % 34eko hazkuntzan jarraitu du azken hamar urteotan, eta Europako nazioak ez dira % 25era irixten.

Kanpoko teknikalari asko ekarri dute eta beren enpresetan lanean ipini. Bertako estudianteak, ordea, atzerrira bidali dituzte, heziketa* tekniko hobea lor* dezaten.

Estranjeriako makinen patenteak erosita, makina berak hobeagotu egin dituzte, eta beste inork baino merkeago saldu.

Baina alderdirik garrantzitsuena esku lanaren egoera da. Bigarren gerra nagusiaz geroztik, zapalketa handia egiten ari dira amerikano inbertsionistak langileen artean. Alokairuak oso tipiak dira, eta gauza normala da egunean hamar ordutan lan egitea.

Dato hauk* kontuan harturik, ez dago dudarik, Japonek inbertsioak egiteko kondizio ezin hobeak ematen dituela, eta nazio atzeratuen inguruan egoteak asko laguntzen diola, bere merkatua zabaltzeko. Hala ere, eta hauxe da gogorrena, Europa eta USAn egin dituen salmentak* Asian egindakoak baino handiagoak izan dira.

Zerbait gehiago esan behar dugu. Japon potentzia ekonomikoa izatera heldu dela esan dugu. Baina, gaur egunean, potentzia hori oso ergel gelditzen da, militar aldetik sendotzen ez bada. Eta hona hemen, Japonek potentzia politikoa izateko dadukan eragozpenik handiena: Lehen aipatu dugun USAren zapalketa ekonomikoa dela eta, haren kolonia sendo bat izango da Japon; eta, lotura hoietarik askatzen ez den bitartean, bere enpresak eta gobernua USAren inperioko dominioak izango dira.

Horregatik, oraintsuko dolarraren krisialdian, USAk markatu zion yen-en (bertako monedaren) rebaluazioa egin zuen eran, aurrerantzean ere amerikanoen diruarekin muntaturiko enpresa hoiek ematen dituzten aginduei jarraitu beharko die Japongo gobernuak.

J. ARRIZABALAGA

daude, dagoz

dezaten, daien

dio, dautso

zion, eutson


Euskara batua, lapurtara klasikoaren alde (1)

Zuzendaritzaren oharpena. Artikulu hau eta honen ondoren etorriko direnak, lapurtara klasikoaz idatzirik heldu zaizkigu, hau da, ortografia etimologiko batez eta kontsonante aspiratuez. Idazlearen baimenaz, aldizkari honetan segitzen den ohizko ortografiara aldatu dugu, kontsonante ondoko h-ak kenduz.

Euskararen batasunaren problemak tratatzen direnean, arrazoi extralinguistikoak ekartzen dira. Batzuetan honela fede onez gertatzen da, zeren* eta hizkuntza baten batasun problema itaunkari* linguistikoa huts hutsik ez baita. Hala ere, beste batzuetan ekartzen diren argumentu extralinguistikoak ez dira politikoak, politikeriazkoak baizik. Eta hemen fede tzarra dela esan behar dugu orduan.

Batasunaren problematika honetan, honez gainera, ezin daitezke argumentu guztiak kolpe batez aldera.*

Beraz, problematikan sartzen diren argumentu gizartelogikoak* eta politikoak, faltsukeria gabe tratatu behar genituzke, euskararen batasunaren problema gure hizkuntzarentzat hil-ala-biziko itaunkaria denez gero. Hau gertatu behar litzateke, behintzat, euskara maite dugunon artean.

Gipuzkarazalea den «Larresoro» jaunak ZERUKO ARGIAn bi artikulu idatzi zituen, duela zenbait* aste: Eibartarrari gutun* agiria eta Bide bat behar. Problematika orain lapurtara (klasikoaren edo ez klasikoaren) eta gipuzkararen artean baitago, jazargoa* argitzeko oinarritzat har ditzakegu.

Larresorok bide bat behar dela diosku..., eta, bidea bezala, gipuzkara (beharbada donostiara) osotua proposatzen dauku.

Lapurtara klasikoaren kontra, berau hizkuntza «arkaikoa dela eta kausa honengatik utzi behar dela» esatea, lapurtara klasikoa zer den ez jakitea da, zeren* eta gehienetan lapurtara klasikoak lapurtara berriaren aldean daduzkan diferentziak, Bizkaian, Gipuzkoan eta Nafarroan hobeki uler daitezkeen formetan baitaude. Hala ere, lapurtara klasikoaren eta berriaren arteko diferentziak hain ttipiak direlarik, haiei buruz bi literatur dialekto bailiren bezala mintzatzea, dudarik gabe, gehiegikeria da. Lapurtararen diferentziak, modalitateak edo estiluak direla esan genezake.

Lapurtara klasikoak nendin, nengoen, liteke eta abar ditu; eta forma hauk* nindadin, nindagoen eta litake baino hobeki ulertzen dira Bizkaian. Hauez gainera, lapurtaraz enplegatzen diren forma batzuk, Bizkaian gipuzkarazko formak baino hobeki entelegatzen* dira. Honela, lapurtarazko zaiku (bizk. ddaku, jaku, gip. zaigu), datorku (bizk. ddatorku, jatorku, gip. datorkigu), dagoko (bizk. ddagoko, jagoko, gip. dagokio) eta beste formarik asko, gipuzkara ez den dialektoentzat ulerterrazagoak dira.

H. GARAIGORTA

daduzka, daukaz, dauzka

daitezke, daitekez

daude, dagoz

dauku, dausku, digu

ditzakegu, daikeguz

genezake, geinke

genituzke, geunkez

zaizkigu, jakuz


Bihar eguzki ala euri?

Nor ez da inoiz urduri* egon, biharamunean egingo duen eguraldia dela eta? Jai egunerako planak (mendirako irteerak*, esate baterako) prestatzen ditugunean, beti izaten gara eguraldiaren beldur. Hala ere, eguna noiz etorriko den zain gaudelarik, ba dugu eguraldi onaren esperantza, eta profeziak botatzen ditugu geure optimismo edo pesimismoaren arauera.* Horretarako, geure esperientziaz baliatzen gara, haizea, zeruaren iluntasuna eta abar interpretatuz.

Ba dira, horretan oso habilak direnak (Upo mendiko artzaina, adibidez), eta jendearen aurrean ospe haundia izaten dute. Egia esan, nahiz eta tresna arruntak* erabiltzen dituzten, pertsona hauen jakinduria haintzat hartzekoa da, zientifikoki betetzen baitute beren lana.

Zer egiten dute pertsona hauek? Lehenik, esperientzia aberats baten jabe dira, urte asko eman baitute zerua azterkatzen, han gertatzen diren fenomeno atmosferikoei kasu emanez. Era honetan, fenomenoen arteko erlazioak biltzen* dituzte; eta, honela, zer hau jazotzen* denean, biharamunean beste zer hori gertatuko dela jakiten dute. Gainera, beren aurresanak egiazkoak diren ala ez egunero konprobatzen dute, eta horrela probabilitate haundiko iragarpenak egin ditzakete.

Ba ote da hau lan zientifikoa? Bai, hauxe besterik ez baita zientzigizonek erabiltzen duten metodoa. Non da, bada, diferentzia? Askori arraro irudituko bazaio ere, diferentzia bakar bat dago: artzainaren esperientzia berea baino ez da; zientzigizonek, aldiz,* munduko beste jakintsuen —hil nahiz bizi direnen— lanak hartzen dituzte oinarritzat. Beraz, tresnen diferentziaz gainera, lankide-tasunean datza aldea.

Utz dezagun artzainaren kasua, eta dakusagun meteorologiaren kuriositate bat. Ba da telebistan programa labur bat, askori interesatzen zaiona, eta egunero telegunkariaren* ondoren ematen dena. Emanaldi horretan, meteorologo bat «igarle» jokoetan aritzen* da; baina hark esaten duenak, ez du profeziaren kutsurik, logika eta esperientziarena baizik.

Han agertzen diren irudiei esker, eta ohituraren ohituraz, denok dakigu, presio atmosferikoa haundia denean, antizikloia formatzen dela, eta, tipia denean, aldiz,* zikloia. Baina, beharbada, ez gara konturatu, fletxa batzuek haizearen zentzua seinalatzen dutela. Telebehatzaileen* artean, guti dira nonbait, fletxa hoien berri zehatzik dutenak.

Alabaina,* presio berdineko puntuak seinalatzeko, isobaro deritzen* arraia batzuk egoten dira, Baina ukan* duzue inoiz kontuan fletxen direkzioa? Gaur berton errazki konproba dezakezuenez, fletxa hoiek erloju orratzaren zentzua seinalatzen dute antizikloi inguruetan, eta erloju orratzaren kontrakoa zikloi inguruetan.

Ba dugu lehen informazio bat. Goazen orain Hego Hemisferiora, Argentinara, eta ikus dezagun hango eguraldi mapa bat. Euskal Herriko logikaren arauera,* Argentinarrek alderantziz* egiten dituzte beren mapak: antizikloi inguruetan haizea kontraerlojuzko zentzuan mugitzen da, eta zikloi inguruetan, berriz, erlojuzkoan.

Gertaera bitxi hauek lurraren errotazioan dute beren kausa. Fisikan ikusten denez, Ipar Hemisferioan mugitzen den partikula oro* eskuinetarantz desbidatzen da, eta Hego Hemisferioan ezkerretarantz.

Kausa beragatik, Ipar Hemisferioan, hibaiek erosio gehiago izaten dute eskuineko ertzean,* ezkerrekoan baino. Berdin gertatzen da bide bikoitzeko trenetan ere. Trena beti zentzu berean joanik, eskuin aldeko burdina gehiago gastatzen da. Eta, amaitzeko, soldadutzan egon direnek ba dakite, proiektilak eskuin aldera desbidatzen direla.

Hego Hemisferioan, mugimenduek ezkerretarantz jotzen dute, eta, aipatu ditugun kasuetan, gauzak alderantziz* jazotzen dira. Beharbada, horregatik, Hego Hemisferioko iraultzek* ezkerretara jotzen dute.

J. R. ETXEBARRIA

dakusagun, ikus dezagun

dezagun, daigun

dezakezue, daikezue

ditzakete, daikeez

gaude, gagoz

zaio, jako


Gurutzegrama (3)


Logroñoko ikastola

Azken urteotan Euskal Herrian jazo* diren gertakariei begiratuz, ba dugu zertaz alegera eta zertaz triste egon. Dena dela, hobe dukegu* izarrei eta ez gau beltzari kasu gehiago egitea.

Ikastolei dagokienez, ba dugu zertaz pozarren* egon, izan dituzten oztopo guztiak gorabehera, bizirik dirautela ikusirik.

Teoriaz behintzat, denok onartzen dugu, zazpi probintzietarik aparte ba ditugula beste lurralde batzuk ere, Euskal Herria direnak. Hoietarik inportanteena, ene ustez, Errioxa aldea da. Eta zergatik ez dugu ikastolen usain gozoa alderdi horretan nabaritzen?* Esaterako,* Logroñon zergatik ez dugu oraino ikastolarik?

Gasteiz* eta Tafallarekin konparatuko dut Logroño, puntu askotan hirurak berdin direla pentsatuz. Gasteizen eta Tafallan ez dut uste Logroñon baino euskaltasun haundiagorik dagoenik. Zenbaitek* pentsa lezake, Gasteizko azken urteotako euskaltasuna, Bizkai eta Gipuzkoatik hara joan direnetarik datorrela. Baina, hauen influentzia ukatu gabe, benetan esan dezakegu, ikastolaren pisua Arabarren bizkarrek jaso* dutela, hizkuntza galdurik zutenen izerdi eta diruarekin.

Tafallako berri zehatzik ez dakit, baina berdintsu gertatuko dela uste dut. Datorren ikastarorako ba dakit Muskariarrek* ere ikastola berri bat zabaldu nahi dutela.

Logroñon ez ote dugu horrenbesteko posibilitaterik? Nik baietz uste dut. Baina gertatzen zaikuna zera da, ez dugula egiazko kontzientziarik, Errioxa gure herriaren zati bat dela.

Ikastola asko 15 haurrekin hasten zaizkigu. Ez ote da posible, Logroño bezalako hiri haundi batean horrenbeste haurrik biltzea? Bai, jaunak, bai!

Errioxarrak, zeuek zarate dei honi erantzun behar diozuenak. Geure laguntza eta adiskidetasuna ez dautzuegu ukatuko.

ERRAMUN GERRIKAGOITIA


[Herriz herri]

Tolosa

Iragan da ikasleen gurasoek eraturiko astea. Erabili diren gaietatik gehientsuak edukazioari buruzkoak izan dira. Gure herriak edo, hobeki esan, herrikook dugun makina bat problema ikusi ahal izan dugu. Ezbeharrak agirian jartzea ongi dago. Hoik* soluzionatzeko, ordea, zer egiten dugu?

San Ageda egunaren bezperan kalera atera ziren mutiko taldeak, haren ohorez kanta zaharrak berrituz.

Ikastolari diruz laguntzeko, jaialdi polita egin da. Parte hartu dutenen artean, «Oskarbi», Xabier Lete eta Benito Lertxundi aipagarrienak.

Gazteriak aurten ihauterietan parte hartzea erabaki zuen, eta, alafede, festa bikainak izan dira. Festazaleen artean, J. Lope, Garikano, Urruzola, Bello eta beste asko ere ikusi ditugu.

Tolosa, egunetik egunera, Aurrezki Kutxa eta Bankuetxez betetzen ari zaikunik ezin uka. Nonbait ere, ba da dirurik herri honetan. Gure zerbitzurako daudela diote, eta emplegatu asko ez da herritarra. Euskaraz ez dakitenetatik ere ikusi ditugu. Gure diruak ere kanpotarrek maneiatzen dituztelarik, ez dugu berehalakoan etxea gobernatzen ikasiko, ez modu horretan, alajaina!

IRAETA


Ikas zeure hizkuntza

I. Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartxo batekin agertzen diren berbak

ADIN, edade.

ADREILU, ladrillo, brique.

AGIRI, documento.

AHANTZ, ahantzi, ahanztu (potentzialetan).

AHUL, makal.

AHULEZIA, makaltasun.

AIPATU, aipatutako, aipaturiko.

AIPATZEKE, aipatu gabe.

AITZITIK, al contrario.

ALABAINA, en efecto, en effet.

ALDERA, alderatu, konparatu (potentzialetan).

ALDERANTZIZ, al revés.

ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

ALEGIA, a saber, es decir, esto es.

ALOR, arlo, sail.

AMILTEGI, precipicio.

ANTZA, antza danez, al parecer, por lo visto.

ARAUERA, según, conforme.

ARDIETSI, erdietsi, lortu.

ARE, oraindik, aún, encore.

AREAGO, oraindik gehiago.

ARIKETA, ihardunketa.

ARITU, ari izan, ihardun.

ARRAULTZA, arrautza.

ARRUNT, corriente, ordinario.

AURRERITZI, prejuzgar.

BAITAN, -gan.

BAKAN, raro.

BARATZAIN, jardinero, hortelano.

BARRUTI, jurisdicción.

BEDEREN, gutienez, behinik behin, behintzat

BEHINGOAN, berehala.

BEREGAIN, independiente.

BEREKOIKERIA, egoismo.

BETA, asti.

BEZAINBAT, beste, haina.

BIDE, antza, nonbait, agian.

BIHUR, bihurtu (potentzialetan).

BILAKATU, bihurtu.

BILDU, batu.

BILDUMA, colección.

BILERA, bilkura, concentración, encuentro.

BULEGO, oficina, bureau.

BURURATU, burura etorri.

DATZA, yace, consiste. (Etzan aditzaren forma).

DENDA, saltoki.

DERITZE, erizten zaie, deitzen zaie.

DIRATEKE, dira nonbait.

DIRAUTE, irauten dute.

DITUZKEZU, dituzu nonbait.

DOHAIN, dohai, don.

DUKEGU, dugu nonbait.

EHIZTARI, ihiztari, cazador, chasseur.

EI, omen.

ENTELEGATU, ulertu.

ERABAT, incondicionalmente, irremisiblemente, totalmente.

ERABATEKO, completo, total, incondicional.

EROR, erori, jausi (potentzialetan).

ERORI, jausi.

ERREMATA, subasta, vente aux enchères.

ERRESUMA, erreinu.

ERTZ, hegi.

ESATERAKO, esate baterako, adibidez.

ESKUALDE, comarca.

EUSKARRI, apoyo, sostén.

FUNTS, fondo, substancia.

GASTEIZ, Vitoria.

GELDI, gelditu (sujuntiboetan).

GISA, legez, bezala.

GIZABAKOITZ, individuo.

GIZARTELOGIKO, soziologiko.

GURA, nahi, gogo.

GURARI, nahi, gogo.

GUTUN, eskutitz, karta.

HARRESI, muralla.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HEIN, media, grado, proporción.

HEZI, educar.

HEZIKETA, educación.

HIRI, huri, ciudad.

HOIK, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).

HOTS, a saber, es decir, esto es.

HURA, ha.

HURBIL, cercano, próximo.

IGERTOKI, piscina.

IKASLEGO, estudiantado.

IKUSTEN BAHU, ikusiko bahu, ikusiko baheu.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAULTZA, revolución, transformación.

IRAULTZAILE, revolucionario, transformador.

IRITXI, heldu, ailegatu.

IRTEERA, urteera, jalgitze.

ITAUNKARI, cuestión, problema.

JARRERA, jarpen, postura, actitud.

JASO, altxatu.

JAZARGO, contradicción.

JAZO, gertatu.

KONPROMETATU, engaiatu, s'engager.

LABORANTZA, labrantza.

LANDA, kanpo, fuera.

LARUNBAT, zapatu.

LEKUKO, testigu.

LELO, cantinela, estribillo, ritournelle, refrán.

LOR, lortu, erdietsi (sujuntiboetan).

MENDE, siglo.

MENDEBALDE, mendebal alde, occidente.

MIRETSI, admirar.

MUSKARIA, Tudela.

MUSTIO, beruin, mosto, moût.

NABARI, evidente, notorio, patente.

NABARITU, percibir, sentir.

NAGUSIGO, nagusitasun.

NOSKI, naski, ciertamente, claro está, desde luego.

OHI, ohitu, (sujuntiboetan).

OIHARTZUN, eco.

OMEN, ei.

ONURA, provecho, ventaja.

ORO, guzti.

ORO HAR, guztia harturik, en conjunto.

OTSAIL, febrero.

POZARREN, pozik.

SAIAERA, ensayo, essai.

SALMENTA, salketa, venta.

SOBERA, gehiegi, larregi.

SOLAS, conversación.

SOLO, soro.

SORKARI, creación, cosa creada.

TANKERA, estilo.

TELEBEHATZAILE, telespectador.

TELEGUNKARI, telediario.

UDAL, municipio.

UDALETXE, herriko etxe.

UHIN, olatu, ola, vague.

UNADA, bolada, denboraldi.

URDURI, artega, kexu.

URRATS, pauso.

URTARRIL, enero, janvier.

XEDE, helburu, asmo, fin, objetivo.

XUME, tipi, txiki.

ZENBAIT, batzuk.

ZEREN (ETA), ze, pues.


Ikas zeure hizkuntza

II. Euskara batua. Galdeak eta erantzunak (2)

— Aspaldion, aditz forma batzuei azentu ortografiko bat jartzen diezue. Adibidez, atzo etorri zèn gizona. Zertarako da azentu hori?

— Azentu hori, fraseari argitasuna emateko da. Esate baterako, zuk aipatu duzun frasea (atzo etorri zen gizona), berez, bi modutara uler daiteke: atzo etorritako gizona eta gizona atzo etorri zen. Hau da, batzuetan aditza erlatiboa da, beste batzuetan ez.

Zenbait* kasutan, ez beti, zail xamar izaten da, berehalaxe bederen,* noiz den erlatiboa eta noiz ez den jakitea. Kasu hoietan, ANAITASUNAn azentu grabe bat ezartzen diogu aditz erlatiboari, eta horrela frasea oso argi geratzen da.

Ez pentsa, hala ere, idazkera hau berrikeria bat denik. Azkuek berak, azentuaren ordez, marratto bat jartzen zuen erlatiboaren eta hurrengo berbaren artean. Adibidez, atzo etorri-zen gizona. Dena dela, markaren bat jartzeari beharrezko deritzagu.

Hona hemen bi exenplu:

Leku askotan ibili ondoren, gure etxera sartu ziren lapurrak, testiguek esan zutenez, oso gazteak ziren.

Ekonomistek dioskutenez, Bilboko industriak XIX. mendean hartu zuen indarra, oztopo guztiak gainditurik, Bizkaiko bazter guztietara zabaldu da.


Ezagutu geure Herria

Arabako Errioxa (3)

Biaisteri

81,441 km2 eta 1.696 bizilagun. Eskualde* honen hiriburua, agiri* zaharretan «La Guardia de Navarra» deitua, hain zuzen ere Nafarroaren ateak gordetzen zitualako. Haren barrutian* herrixka bi dagoz, Paganos eta Laserna izenekoak. Harresiz* inguratua eta tontor batean jarria, urrunetik ikusten da, eta bai benetan dala eskualdearen buru. Bi eliza ditu; bata Erregeen Andre Mariarena, X. mendean* eraikitzen hasia, tankera* gotikozkoa (lehen esan genduan bezala), eta XVIII. mendean* berriztatua; eta bestea San Joan Bataiatzailearena. Folklore arloan, Biaisterik dantza bereziak ditu; honeen artean Katximorro izenekoa da entzutetsuena, San Joan bezperan herriko ikurrinarekin egiten dana. Industri pixka bat ere ba dauka: ogitegi bi, harrobi bat, zeramikagintzarako lantegi bat, eta ardogintzarako bi, bata «Bodegas Palacio», mustio* entzutetsua egiten dauana, eta «Rojas y Cía.», Savin ardoa egiten dauana.

Salinillas de Buradón

11,350 km2. eta 108 bizilagun. Orain berrogei urte, 487 bizilagun zituan; eta orain hamar urte, 275. Buradon izeneko mendiaren ondoan dagoelako daroa izen hori. Inoiz herri honen izena euskaratzekotan, Burandongo Gatzaga edo eroan beharko leuke. Herri honek ere ba ditu oraindik harresi zati batzuk, eta dorre ate batetik sartzen da bertara. Katalan ume batzuk etortzen dira, uda pasatzera. Hemengoek ez dakie, Buradon non dagoen ere. Herritto hau bide nagusitik oso hurbil* dago, eta han ba dauka taberna bat, ia Ebro hibaiaren ertzean.* Ebro eta bide ondora jaitsiko balitz, etorkizun hobea eukiko leuke.

Bastida

27,137 km2. eta 1.059 bizilagun. Herri honek, orain hamar urte, 928 bizilagun zituan; beraz, apurtxo bat gora egin dau. Nafarroako erregeek fundatu eben, Bastida izena jarriz, erresumaren* mugan egoelako, iparraldean, Nafarroa Beherearen goiko mugan beste Bastida bat dagoen antzera. Lehen, fraile frantziskanoek komentu bat euken hemen, eta hain zuzen ere Muga izena eban. Ez dago garrantziko industriarik, baina bai turismo nahikoa. Bizkai eta Gipuzkoa aldetik jende asko joaten da bertara; eta horretarako ba ditu herri honek txalet politak, igertoki* eta abar. Euskara aspaldian galdua bada ere, bai hemen eta bai eskualdeko beste herrietan ere toponimi lan batzuk egingo bagenduz, laster agertuko litzateke aspitik gure hizkuntza. Behin batean herri honetan gengozen, bertako udaletxe* ederreko atarian etxe baten eta haren soloen* erremata* irakurri genduan; eta hara zeintzuk izen agertzen ziren: Atxalde, Legutxa, Iskorta, Mondiate, Maranalde, Marralde. Eta gero gure aldeko euskaldunen batek solo horreetan txaleten bat egiten badau, «Toki Polita» edo jarriko dautso izena, bertako euskal toponimia zaharra jarri beharrean.

Samainego

10,812 km2. eta 274 bizilagun. Ardo herria, Biaisterirako bidean, bertan jarri berria da, aurreragokoan aipatu genduan «Coviria» edo «Cooperativa Vinícola de la Rioja Alavesa», eskualdeko ardoak landu eta tipifikatzeko. Samainego eta Bastidaren artean, Abalos eta San Vicente de la Sonsierra aurkitzen dira, lehen Arabakoak eta gaur Logroñokoak direnak.

Villabuena

8,556 km2. eta 364 bizilagun. Lehen, herri honen izena Villa Eskuerna zan. Bizkar baten behe aldean dago, Samainego, Zieko eta Baños-en bitartean. Beherantz doan herritto hau, ardotik bizi da gehienbat.

Baños de Ebro

9,387 km2. eta 372 bizilagun. Ebro hibaitik oso hurbil,* horregatik daroa orain izen hori; lehen, Baños bakarrik deitzen zan. Herri honen euskal izenik ez da ezagutzen; beharbada euskara galduta egoen, herria sortu zanean. Ardo herri hau ere, besteen antzera.

Leza

9,731 km2. eta 250 bizilagun. Tuberkulosi gaixoa dabenentzako sanatorioagatik ezagutzen da batez ere herri hau. Toki ederra eta haize ona dauka horretarako. Herri honen izena euskarazkoa danik ezin geinke uka.

Nabarida

9,050 km2. eta 259 bizilagun. Lehen Nabarida bi ziren, bata Goikoa eta bestea Behekoa, «de Suso y de Yuso»; eta horregatik, gaur herri bat izan arren, pluraleko s letrarekin agertzen da. Leza eta Zieko bitartean aurkitzen da. Baserri herria, besteen tankerakoa.

J. L. LIZUNDIA

dagoz, daude

daroa, darama

egoen, zegoen

eban, zuen

euken, zedukaten, zeukaten

geinke, genezake

gengozen, geunden