ANAITASUNA

228. zenb.

1972.eko Otsailaren 15ekoa

Jardin Txikerra, 1. BILBAO-12

Tel. 43 18 37


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari: Anjel Zelaieta.

Zuzentzaile: Imanol Berriatua.

Idazkola eta banakolaren buru: Josu Torre.

Bulegoak: Jardin Txikerra 1, Bilbao-12.

Inprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35, Bilbao-9.

Irarle: RALI, Particular de Costa 12-14, Bilbao-10.

XX. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Beltza, joan hadi etxera!

Orain dela 12 bat urte inguru, Bizkaitar injinadore* bat Afrika aldeko lurraldeetara joan zen, Nigeriako egur enpresa batean lan egitera. Urruneko paraje haietan, gure injinadore azkarrak lagunen premia sentitzen zuen. Lan egiten ari zen enpresa hartan hainbeste gizon zebiltzan, eta, pixkana pixkana, guztiak ezagutu zituen. Haietariko batekin, horregatio,* aparteko adiskidetasuna hartuaz joan zen. Gizon hori beltza zen, lantegi hartako besteak bezala, eta hogei urte beteberriak zituen. Gure mutil gazte beltza, tantai baten parekoa izateaz gainera, oso humil eta bihotz bera zen. Injinadorearekin gero eta adiskidetasun gehiago eginaz zihoan, eta, azken batean, injinadorea eta biok elkarrekin bizitzen plantatu ziren, etxe berean. Injinadorearentzat izugarrizko lagun on gertatzen zen. Gure beltza borondate on hutsezko gizona zitzaion, beltzen ohituren berri ematen zion, jatekoa atondu,* kotxea garbitu, eta, mekanikazko ondoezik bazuen, konpondu egiten zion.

Halaxe elkarrekin hamar urte pasatu ondoren, gure injinadoreari bere jaioterrira berriz etortzea otu* zitzaion, bere anaiak ere egur negozio bat muntatu baitzuen Bizkai aldean eta lan leku egokia eskaintzen baitzion, Afrikatik etortzen zeneko.

Injinadoreak, hala ere, ez zuen etxera etorri nahi, bere laguntzaile beltza ere ekarri barik.* Eta, honetara, biok elkarrekin etortzeko proposamendua egin zion lagunari. Beltz gazteak, Bizkai alde honetan Afrikan baino diru gehiago irabazteko asmoz, eta bere lagun injinadorearen itzalpean lanean jarraitu nahiz, baietza eman zion. Hala agertu ziren, biok elkarrekin, Bizkai aldera, orain dela urte bi eta erdi inguru.

Anaiaren negozioa ondo bai ondo zihoan. Zerratoki moderno eta handi bat zedukan, eta hainbat pinudi han eta hemen erosirik. Orain, injinadorearen zientziari esker, egur industria ez zen oholak* egiteko bakarrik izango; kimikaren bidez, egurretik beste produktu batzuk ere aterako dituzte, papera batez ere.

Injinadorea ostatu batera joan zen bizitzera. Beltz gazteari bizileku egoki bat atondu* zioten ugazabaren etxean. Honetara, jabeen laguntzaile hur hurrekoa gertatuko zen.

Zerratoki eta pinudien ugazaba ezkondurik bizi da. Seme bi ditu, 25 urteko mutila bata eta 16 urteko neskatila bestea. Mutilak, «ingeniero de montes» izateko ikasketak bukatu xamarrean ditu, eta neskatila batxileratoa ikasten ari da Bilboko institutoan.

Gure neskatila bere adineko* neskatilen antzerakoa da. Ikasketak egiten ari izan arren, ez du horretarako premia handirik sentitzen. Eskola lagunekin jai tokietara joatea asko gustatzen zaio; baina ez diote holakorik egiten uzten bere gurasoek. Neskatilaren ustez, bere gurasoak diruzale amorratuak dira. Ez diote uzten, bere begien aurrean zabaltzen den bizitza berria gogoz eta bihotzez maitatzen.

Beltz gaztea bere etxean bizitzen hasi zenean, lehen egunetan mutil estrainu eta molestu xamartzat jo* bazuen ere, laster hasi zen neskatila beltzaren naturalitate eta samurtasuna haintzat hartzen. Izan ere, beltz gazteak ez zuen ezeren aurreritzirik,* ez zen erlijiozko itxurazalekerien menpeko, ez diruaren morroi, ez eta esamesen* beldur ere. Bestalde, beltz gazteak arretaz* eta oneritziz* egiten zekien, hark agintzen zion guztia, eta, emakumeek ezer baino gehiago estimatzen dutena, berba xamur eta hunkigarriak* eten barik eta graziaz jaurtikitzen zizkion.

Beltz gazteak lanerako esku ona zuen. Ez zuen inoiz ere beharrerako* nagitasunik agertzen. Zerratokiko kotxe, kamioi eta makina guztiak garbi eta prest edukitzen zituen, inork hori egiteko agindu beharrik ukan* gabe. Jabeak oso pozik zeuden berarekin, agertzen zuen ardura* eta ahaleginagatik. Hitz batean, etxekotzat hartzen zuten. Egia esan, lansari dexente xamarra ematen zio-ten. Lansari horren hirutik bata eskura ematen zioten, eta gainetikoa, 15.000 pezeta, bankuan sartzen, noizbait Afrika aldera itzultzekotan, zerbaitekin joan zedin.

Beltz gaztea, langilea izateaz gainera, emakumeenganako jokera handikoa zen. Inon deneko maitezalea agertu zitzaikun. Eta etxeko neskatila gosetiarekin gero eta kutunako izatera heldu zen.

Baina ez ziren amaren begiak lo egon. Gurasoak, alaba eta beltzarekiko erlazioez arduratzen* hasi ziren. Gauzak ez zihoazen ondo, mutila eta neskatila gero eta elkarrengandik hurbilago* baitzebiltzan. Eta hori ezin zitekeen permiti. Neskatoari bere mailako bat tokatzen zitzaion. Beltz gaztea, borondate handiko gizona izan arren, eskolagabea, hondasungabea eta negozioetarako malezia gutikoa zela uste zuten.

Orduan, bien arteko maitasuna aurrerago joan ez zedin, mutila berriro Afrikara bidaltzea komeni zen. Hori hainbat arinen egin behar zuten. Izan ere, neskatilaren ohorea eta hondasunen segurantzia gauza guztien gainetik gorde behar ziren.

Injinadorearekin arazo hau garbitu ondoren, ajentzia batera joan ziren, eta, besterik gabe, billete bat agindu zuten, pasajero bat Afrikako Nigeriara bidaltzeko.

Era berean, injinadoreak beltz gaztearekin berba egin zuen. Azalera sentimendu handiak agertuz, emeki emeki esan zion beltz lagunari:

«Gurekin bizi izan zaren urte bi hauetan pozik izan gara zurekin. Guretzat aparteko mutil bat izan zara. Bestalde, hainbat diru aurreratu duzu. 120 mila pezeta inguru dituzkezu* bankuan. Honetara, ez dugu uste, berriro Afrika aldera itzultzeko beldurrik izan behar duzunik.»

ANJEL ZELAIETA

diote, dautsoe

zaio, jako

zedukan, eukan, zeukan

zekien, ekian

zeuden, egozen

zihoan, joian

zihoazen, joiazen

zion, eutson

zioten, eutsoen

zitekeen eiteken

zitzaikun, jakun, zitzaigun

zitzaion, jakon

zizkion, eutsozan


Herriz herri

Ataun

Hitzaldiak

1971.eko abenduan, hitzaldi interesgarriak izan ditugu Ataunen. San Gregorion lau hizlari: Imanol Laspiur, Patxi Meabe, Joxe Migel Barandiaran eta Josu Aranburu. Imanolek bi hitzaldi eman zituen, Patxik hiru, Joxe Migelek bat eta Josuk lau.

Barandiaranen hitzaldia guztientzat izan zen; haren gaia, «giza-emakumeak lehengo euskal gizartean». Besteen hitzaldiak, adinen* arabera* banatuak zeuden. Laspiurren gaia, «giza-emakumeak gaurko euskal gizartean». Meabek erlijioaz hitz egin zuen. Aranburu osasunez mintzatu zen, eta, honen atala denez, seksu harremanez.

Hitzaldi hauek ondoren ederrak ekarri dituzte. Hauetako bat hau da: gaztetxoekin talde bi egitea, adina kontuan harturik, noski.* Talde hauen berri beste batetan emanen dautzuegu hobeto.

Hitzaldi hauk* herri honetako «Guraso Elkarteak» eratuak izan dira. Elkarte hau lan asko egiten ari zaigu; esate baterako, udan alfabetatze ikastaro bat antolatu zuen, beren ikastetxeetan ikasteko aukerarik ez zutenentzat. Beraz, eskerrak eman behar dizkiogu.

Hitzaldi hauetaz gainera, San Martinen beste hiru antolatu zituzten, Juan San Martin, Karlos Santamaria eta Ramon Gorostidi hizlari zirela. Hitzaldi hauk, «Oargi-Troskaeta»k eratuak ziren.

Euskarazko lanen balioa

Urtarrilaren* 6ko «Diario Vasco» egunkarian, «Kifi» delakoaren kronika irakurri nuen. Bertan, Ordiziako hirugarren literatur lehiaketaz* hitz egiten zuen. Han agertzen zenez, sari klase bi zeuden. Erdarazko lanentzako sariak hauk* ziren: Lehenarentzat 3.000 pezeta, bigarrenarentzat 2.000, hirugarrenarentzat 1.000. Euskaraz egindako lanek, ordea, itxura denez, guttiago merezi zuten, sariak hauk baitziren: Lehen saria 1.000 pezeta, bigarrena 750, hirugarrena 300, laugarrena 200. Zuzengabekeria hau nola gerta daiteke Euskal Herrian? Guttien guttienez, berdinak izan behar zuketen sariek, ene ustez.

Jauntxokeria

Arratsalde batean, autobusean nentorren neure lagun batzuekin, eta gure ondoan zutik emakume bat. Honek, jaitsi behar zuen tokira heltzean, «te molestaré un poco» esan zion mutil bati, eta mutilak «nola esan dezu?» erantzun. Orduan emakumeak, barre eginez, «pixka bat molestatuko zaitudala»; eta mutilak «bai, bai, lehen ez dizut entenditu eta». Hori entzun zuenean, ondotik beste emakume batek: «Entenditu ez da esaten, ulertu baizik». Bitartean, emakume hau bestearekin erdaraz hitz egiten etorria zen. Hamaika horrelako jauntxokeria ba dago gure artean!

TRIKUARRIETA

Bermeo

Arraintzaleen negua

Behin haginzorrotzaren* kostera amaituta, Gabon aurrean etorri ziren ontzi haundiak Canarias eta Algeciras-eko uretatik.

Orain, neguko debekaldia bukatu ondoren, otsailaren* 1ean hasiko da bokartaren* arraintza ofizialki, arraintzaleen akorduari jarraituz. Bitartean arraintzaleek atseden merezia hartzen dabe, bai eta zenbait* lan egin ere, ontziak garbitzen eta berriro itsasorako atontzen.*

Ontzi txikiek, legatz- eta besiguzaleek, arraintzan dihardue, ahal dabenean, hau da, eguraldiak uzten dautsenean. Urtarril* hotz eta haizetsu honetan, hiru itsasorate bakarrik egin ditue. Irabazirik batere ez, beraz.

Kale berriak

Azken urteotan, Bermeo zabalduaz joan da, eta kale berriak sortu dira, lehen soloak* egon diren lekuetan. Kale berrioi zer izen ipini? Ez da burukomin makala!

Udalak,* herriaren historia txikia ondo azterturik, kontseilarien eritziak eskatu eta behar diren baimenak lortuta, nahiko egoki bete dau, ene eritziz, arazo arriskutsu hau. Hona hemen izen berri batzuk: «Contramaestre Acurio», Bermeotar itsas gizona, Elkanoren kontramaisua, munduari lehenengo itzulia eman jakonean. «Don José de Garavilla», errepublika aurreko alkatea; haren agindupean herrirako urbidea egin zan, beste obra batzuen artean. «Don Teodoro de Anasagasti», Bermeotar arkitekto moderno famatua; «Espasa» bilduman* irakurri zeinkee haren bizitza. Beste izen batzuk: «Señorío de Vizcaya», «Iparraguirre», «Miramar», «Morondo», «Avenida de Machichaco», «Chibichiaga». Huts larri bat: «La Cruz» izena ipini jako, herri guztiak «Kurtzio» bezala ezagutzen dauan kaleari eta hauzo txikiari. Ba dago beste huts bat ere, orain baino lehenagotik: «Atalde» deitzen zan tokian sortu dan kaleari, «Artalde» ipini dautsoe.

Heriotza

Urtarrilaren* 14ean, 86 urtegaz, Kosme Ibarluzea, herriko seme bikaina, hil jaku. Arraintzalea izan zan. Patroi ausarta,* trebea eta gartsua izan ere, besterik izan bada. Naufragio batzuetan, egitada sinesgaitzak egin zituan, bere burua behin eta berriro arriskutan jarriz, itotzeko zorian egozen danak salbatu arte. Honegatik, aipamen handiak merezi zituan; eta haren izeneko kale bat dogu Bermeon, haren bihotz handia gogoratzeko. Hala ere, haren enterrura ez zan herri agintaririk joan. Haren anaia Serapio, gazteagoa, «Bizkaia» ezizenagaz ezagutua, aste batzuk lehenago hil da. Patroi kapaza eta famatua hau ere.

Alfabetatzea

Alfabetatze kanpaina bat eratu dau Bermeon Euskaltzaindiak. Hogeitazortzi ikasle edo ei* dabiltza kursoa egiten, Santa Eufemia parrokiak utzi dautsen gela batean.

A. P. B.

Uharte Arakil

Urtarrilaren* 16an, gipuzkoar batzuek eskurtsio bat egin genuen mendirantz, hots,* San Donatora. Eguraldi zakarrak bertara igotzea galerazirik, Uharte Arakilen bota genuen egun osoa.

Euripean izanik ere, herriko kaleak ikusi ondoren, elkartean bazkaldu genuen, bertakoekin lagunarte mamian.* Berehala jo genuen elkarteko liburutegira, eta ez zen makala izan gure tristura, liburu bat baino euskaraz ez ikustean: Oto eta Pototo.

Geroxeago, ordea,* bertako zuzendariak zera esan zeukun, elkartean ikastola bat jartzeko asmotan dabiltzala. Biba Uharte Arakildarrak! Uharte Arakilen 30 urtez beherakoek gaztelaniaz bakarrik egiten dute, eta gorako askok, berriz, euskara jatorrean. Tamalgarria* benetan, Euskal Herriaren bihotz bihotzean horrelakorik gertatzea!

AKAITZ

Tolosa

Kantariak

Lehengo egunean, Oargin ginela, Irigarai kantaria azaldu zen bertara. Elkar hizketa, noski,* Larraizko akelarreaz eta «Ez dok Amairu» kantari taldearen gorabeherez izan zen.

«Medios de información» direlakoek botatzen dituztenak, egunero irakurri, entzun eta ikusiko ez bagenitu, gu ere harriturik egongo ginateke, akelarre horri buruz esan diren zorakeriekin. Eginahalak egin ondoren, kantari prefabrikatuak besterik sortzen ez dituztenak nola ez inbidiaz erre, «Baga, Biga, Higa» sentikariaren aurrean!

Euskal astea

Maiatzaren 6an hasiko den euskal astea garrantzi haundikoa izango dela uste dut, gure herriko kantak, bertso, dantza, antzerki, poesia eta abar azalduko baitira. Baserritarrak ere kontuan harturik, ba da pelikula bat itzultzeko asmoa, Europako herri aurreratuenetako soro,* baratze* eta batez ere nekazarien lanak ikus ditzagun.

Euskarazko agerkaria

«Lizardi» taldeak, Oargik eta A. Uzturrek, hirurak elkarturik, hilabeteroko orri bat argitaratu nahi dute, beren asmo eta egiteak azalduz. Hain zuzen, orri hori euskaraz idatzia izango omen da.

J. IRAETA

Donostia

Joan den udan, Donostiako «La Salle» ikastetxera etortzeko dei bat izan nuen. Zorionez, ikastetxe horretako arduradunei euskal giro berri bat sorteraztea bururatu* zitzaien. Nik ez nuen ekintza horretan esperientzia haundirik, eta preparazio zerbait lortu nahi nuen. Xabier Kintanarekin izan nintzen Bilbon; baina, egia esan, ez nuen esperantza haundirik jaso:* gauza zaila zela batxileratoko programaren barruan euskara irakastea, astero ordu bete emanez ezer guti egingo nuela, eta abar.

Dena dela, iragan* diren hiru hilabete hauetan zerbait egin dugu. «Enseñanza General Básica» delakoan aurkitzen diren umetxoei ordu beteko saioa ematen diegu astero. Batxileratokoei —lehen eta bigarren kursoko mutikoei— Euskal Herriaren historia eta euskara irakasten diegu.

Oñatibia jaunaren «El euskera radiofónico», eta Lasalletarrek Federiko Zabalaren «La Historia del Pueblo Vasco» liburutik antolatu duten laburpen bat erabiltzen ditugu.

Hainbat problema sortzen zaizkigu irakaskintzan: ikasleen arteko desberdintasuna (mutiko batzuek ba dakite zerbait, beste batzuek ezer ere ez), irakur liburuen beharra, eta abar.

Hala ere, poliki xamar ari gara lanean, eta, gauzak oraingo bidetik badoaz, lan ona egingo dela uste dut.

XABIER ENSUNZA

Bilbo

Euskarazko meza bat gehiago

Indautxuko Jesuitetan meza bat jarri dute euskaraz, larunbat* arratsaldeetako zazpirak eta erdietan.

Horrekin, Bilbon larunbat arratsaldeetan dauden euskarazko mezak hauk* dira:

5etan, Deustuko Pasionistetan, umeentzat.

6retan, Indautxuko Karmen elizan.

6,30etan, Iralabarriko Frantziskanoetan.

7,30etan, Indautxuko Jesuitetan.

8,15etan, Zurbarango Sakramentinoetan.

Bilboko planoari begirada bat ematen badiogu, nabari* da, euskaldun asko bizi diren hauzo batzuk, euskarazko mezarik gabe daudela larunbat arratsaldeetan, esate baterako, Zazpi Kaleak, Abando eta Santutxu. Hauzo hoiek, Abando izan ezik, ba dute igandeetan. Ea noiz izaten duten larunbatetan ere.

Txistularien batzarra

Urtarrilaren* 30ean, Donostian, txistularien elkarteko batzar nagusia egin zen. Hainbat jende joan ginen Bilbotik.

Batzar lekua bete beterik zegoen, Euskal Herriko puntu guztietarik joandako txistulariekin.

Urteko gorabehera guztiak aztertu ziren giro bizi batean, eta txistulari askok berba egin zuten. Honek ederki adierazten du, norainokoak diren elkartearen indarra eta posibilitateak.

Hona hemen, zenbat diren Euskal Herriko txistulariak:

Araban 152

Bizkaian 737

Gipuzkoan 498

Nafarroan 203

Kanpoan 55

Guztitara 1.645

Seguru asko, zuk, irakurle, galdera bat egingo duzu, estatistika hau irakurtzean: Eta zenbat txistulari daude Ipar Euskal Herrian?

Nik ere galdera horixe berori egin nien batzarreko mahaikoei, hurrengoan Ipar Euskal Herriko txistulariak «kanpokoekin» ez sartzeko eskatuz. Horixe eskatzen du gure euskal kontzientziak, bai eta txistuaren historiarako behar den informazioak ere.

XABIER GEREÑO


Nori gabeko eskutitzak

Bilbotik, 1972.eko otsailaren* 13an.

Adiskide maite hori:

Hirea orain bi egun hartu nian. Ez neuan dena argiro esan; baina bistan diagok, herorrek beste batean igarri dioala ene asmoari.

Aspaldi honetan euskaldunon arteko krisisaldia ezin nabariago bihurtu duk, eta beronen iturburua guztiok susmatzen diagu nolabait. Zer esanik ez, eskertu behar dauat heure informazio hori, azken denborotan informazio falta baita, hain zuzen ere, gure krisis honen eragileetarik bat. Bigarren akatsa, ene eritziz, hauxe lukek, gure problema konkretuen planteamendua, ideiologiaren mailan gabe, pertsonalkeriarik zitalenaren mailan erabiltzea.

Elkar hizketarako ateak hertsi* ditiagu, bai eta geure buruari aurrerazale dei egiten diogunen artean ere. Etiketak jartzea euskaldunon kirolarik* ohituena bihurtu duk. Toki askotan, ideiologia bati gabe, pertsona konkretu batzuei hersten ziaizkiek ateak, holakoak edo halakoak omen* direlako. Difamazioa, askoren lan ezkutu eta publikoa bihurtu dela ikusten diagu.

Maiz* esan diat, eta oraingoan hiri esaten dauat, lehengo liberalismo hura ez dela aspaldion inondikan ikusten. Aski diagu orain pertsona bat honekin edo horrekin dabilala ikustea, berehalaxe honelakoen edo horrelakoen artean klasifikatzeko, nahi eta nahi ez talde konkretu bati lotua egon behar balu bezala.

Ondoegi dakik ez zaidala inoiz gehiegi gustatu ene herrikide Unamunoren hitzak aipatzea; baina orain, behingoz bederen,* harekin batera niatork: «Ez nazazue klasifika, ez nauk ni partidu gizona, gizon osoa baizik». Duda gabe, denbora larrioi erantzunkizun serio bat diagokiek guztion aldetik, hots,* nonbait eta zerbaiten alde egotea; baina taldeak —agian,* behar den moduko informazio baten faltaz— nahi genukeen bezain «argi eta garbi» ez daudeneon, zuhurrena jarrera* eklektikoak dituzkek, hots, zenbait puntutan talde batekin konforme egon, baina beste batzuetan beste talde batekin, eta beharbada beste batzuetan hirugarren batekin.

Noski,* talde guztietan ba dituk guttienezko puntu komun batzuk; baina, dakusadanez, euskaldunok aspaldion, elkarrekin guztiok konforme zertan gauden ikusi beharrean —eta horrexetan bildu beharrean—, zertan ez gauden akort ikusten diagu maizenik,* guztion xarrerako.

Talde bakoitzak pertsonen eta erakundeen* kontrol oso eta esklusiboa nahi dik, inolako aniztasunik* gabe; agian,* berak ez bestek egia oso, bakar eta absolutua dadukalakoan. Fatzismo eta fanatismo berriak ikusteko giaudek.

Noski, ongi esaten heutan, jarrera eklektikoek guztien hasarreak eta gaizki ikusiak erakartzen dituztela maiz. Ongiegi diakiat, zorixarrez; baina denen aurretik inportanteena norbere buruaz zintzo izatea duk, edo izan duk orain arte, euskaldunon artean bederen.*

Ez dauat gehiago heure denbora gal erazi nahi; nik lan handia egiteko diat oraino, eta, uste dudanez, hik ere bai. Beraz, hurrengorarte.

Goraintziak emazkiok* heure anaia Patxiri, hara hoanean. Bisita bat egitera pozik joango nindukek; baina ba dakik, etxeko ez garenoi ez daukutela sartzen uzten.

Hire lagun

XABIER

Hiketazko formak

diagok, dago

diagokiek, dagokie

diagu, dugu

diakiat, dakit

diat, dut

dik, du

ditiagu, ditugu

dituk, dira

dituzkek, dirateke

duk, da

giaudek, gaude, gagoz

lukek, litzateke

nauk, naiz

nian, nuen, neban

niatork, nator

nindukek, nintzateke

ziaizkiek, zaizkie, jakez

Osterantzeko formak

daduka, dauka

dakusat, ikusten dut

dauat, bizkaieraz ere dauat, gipuzkeraz diat

daude, dagoz

daukute, dauskue, digute

diogu, dautsagu

diok, dautsak

gaude, gagoz

heutan, heustan, hidan

nazazue, naizue

neuan, bizkaieraz ere neuan, gipuzkeraz nian

zait, jat


Neure lantokitik

Langileak eta kotxedunak

Goizeko 8etan, fabrikara sartzeko nengoenean, atean langile talde bat zegoen egunkaria irakurtzen. Agurtu naute. Hurreratu natzaie. Lehen orrialdea irakurki* zeuden. Abadiano eta Ermuko berriak irakurtzen? galdetu diet. Irribarre batekin erantzun dautate.

Geroxeago, kanpora irten behar izan dut. Kalean, hamairu auto kontatu ditut, «Anaitasuna» letreroa daramatenak. Oraindik ba dira hamairu kementsu, eta honek poztu egin nau. Eta, nahiz eta holako mila gizon hobe, hamairu euskaldun sutsu hauek ausartzia* nahikoa ukan* dute, gaurko alferkeria, beldurra, egoismoa eta trankilkeria ukatzeko. Honelakoei esker eraikiko dugu Euskal Herri berri bat.

Maiteminduak

Berriro fabrikara nentorrela, Gran Vía kalean, semaforo baten aurrean geratu* naiz.

Alde batera begiratu dut, eta bikote maitemindu* bat zetorren, hestu hestu elkarren ondoan. Mutilak neskaren burua bereganatu du, eta bien ezpainak musu batean elkartu dira.

Jaun batek hasarre begiratu die. Nik, alboan nuen jarleku hutsari behatu* diot, eta alferrik bilatu ditut neure emaztearen ezpainak.

Zergak

Ordinatoreaz baliaturik, programa berezi bat bota dugu: esku langileek ordaindu behar duten «impuesto de utilidades» delakoa.

1971. urtean 100 mila pezeta kobratu dutenak urduri* dabiltza. Aurrerantzean, hortik gora irabazten dutenagatik % 9a ordaindu behar izango baitute zergatan.*

Ihaz,* gutiagogatik, iskanbilak zortu ziren. Zer gertatuko da aurten?

Ordinatoreak

Europako Ekonomi Komunitatearen boletina irakurtzera eman dautate. Zuentzat, estatistika interesgarri bat kopiatuko dut. Hona hemen, 1969.eko ekainean* zenbait* naziotan zeuden ordinatoreak:

Beneluxen 1.964

Frantzian 4.663

Alemanian 5.600

Italian 1.644

Komunitateko sei nazioetan 13.871

USAn 59.779

Urterik urtera, ordinatoreak gehiagotuaz doaz. 1975. urtean, 59.900 ordinatore izango ei* dira Europako Komunitatean, 1969.ean baino lau aldiz gehiago.

Argitu baino lehen

Goizeko zazpirak eta erdietan jaikitzen naiz, eta goiztiarra naizela uste izaten dut.

Bulegoa* garbitzen daukun andreak esan daut, egunero bostak eta erdietan jaikitzen dela, lanera etortzeko. Lotsatu* egin naiz, eta ez diot esan, ni zer ordutan jaikitzen naizen.

Zahar eta gazteak

Jaun bat etorri da, «papel continuo» delakoan egindako inpresoak eskaintzera. Hirurogei bat urte ematen zuen. Berritsua zen, eta luzaro egin dugu berba. Harrituta utzi ninduten haren eritziek. Hainbat gazte baino gazteagoa zen.

Eta urteek ez dituztela zahar eta gazteak bereizten pentsatu dut. Muga, norberaren espirituaren bizitasunean dago.

XABIER GEREÑO

dauku, dausku, digu

daut, daust, dit

dautate, dauste, didate

die, dautse

diet, dautset

diot, dautsat

natzaie, natxake

zeuden, egozen


Aditzaren batasunaz gauzak argiro (3)

Gipuzkeraren literatur jaiotza XVIII. mendean* obratu zen; eta zinez* esan daiteke, haren aitabitxia Larramendi Andoaindar handi hura* izan zela. Baina, aita Larramendik bere obra osoa erdaraz egin zuela eta, ezin jar zitekeen Larramendi prosamaisu eredutzat,* Mendibururen liburuari egin zion hitzaurreagatik euskaraz egiazko maisu zela nabariro* egon arren; eta horrexegatik Larramendiren maisutasuna teorikoagoa izan zen praktikoa baino.

Honetara, gipuzkera «idatziaren»—ez «teorikoaren»— gurasoak Kardaberaz eta Mendiburu izan ziren, inondikan ere Larramendiren kategoriakoak ez zirenak.

Larramendiren euskal eskribuetatik bistan dago, hark zedukan lapurtar zaletasuna; baina, libururik utzi ez zuelako, haren ideiak ez ziren behar bezala mamitu, eta Larramendiren literatur joera oso neurri ttipitan iragan* zen —lapurterari zegokionez— haren jarraitzaileengana.

Bestalde, ez Larramendik, ez Kardaberazek, ez Mendiburuk ez zuten lortu gipuzkera alde honetako literatur euskera bakartzat jartzea, eta, egia esan, ez zuten horretarako batere ahaleginik egin. Ubillos, gainera, giputza izan arren, lapurtar literaturaganako joera nabariaz* ari zaiku; eta honetan, Kardaberazen eta batez ere Mendibururengan bezala, ez dago harritzekorik batere, lapurterak berrehun urtetako historia idatzi bat zuela kontuan hartzen badugu, beraz eredu imitagarri bat.

Gipuzkoar eskolaren aldamenean bizkaitarrena sortu zen, Añibarro, Mogel eta Frai Bartolomerekin. Peru Abarkarekin, gainera, bizkaierak gipuzkerari aurrea hartu zion, geroago, ordea, utziko ziona.

Baina Larramendiren jarraitzailerik inportanteena Astarloa bizkaitarra izan zen. Beronek ere, maisuaren antzera, bere obra guztiak erdaraz egin zituen.

Astarloaren eragina are* indartsuagoa izan zen Larramendirena baino, agian* filosofiazko kutsu gehiagoz apaindua zebilalako. Beronen dizipuluen artean, aita Mateo Zabala Bilbotarra dugu. Aita Zabalaren gramatikazko teoriek Lardizabal gipuzkoarrarengan hartu zuten lurra; baina guztiotan Larramendiren kutsua dago gorderik edo agerian. Astarloaren beste jarraitzaile bat Gregorio Arruebarrena gipuzkoar itzultzailea gertatu zen; baina honengan beste inorengan baino gehiago aurki dezakegu, Astarloaren ideien «bizkaitartasuna» norainokoa zen. Ihaz*, hain zuzen ere, Arruebarrenaren loba* batek bere aitonaren eskueskribu bat eskaini zion Euskaltzaindiari. Obra hori euskal aditzaz egindako saio interesgarri bat da, zoritxarrez erdaraz moldatua; dena dela, interesgarria dateke* haren eritzia aditz kontu honetan. Honela dio liburu horren hasieran:

«No sin grande estudio y premeditación hemos adoptado para la demostración práctica de las 206 conjugaciones del verbo vascongado el dialecto vizcaíno; pues éste es el que entre los otros cuatro conocidos en España y Francia tiene raíces más filosóficas, más ordenadas y regulares, y la conjugación más ajustada y arreglada a ellas sin discrepar en ningún punto». Tokitan* zegoen orduan gipuzkeraren literatur nagusigoa!

Astarloaren jarraitzailerik inportanteena eta duda gabe Euskal Herriaren historian garrantzi gehien ukan* duena, Sabino Arana Goiri izan zen, zenbait* gauzatan harekin konforme egon ez arren, guttienez, euskaldun guztiok errespeto batez begiratu beharko genukeena.

Arana Goirirekin bizkaitar literaturaren garaipena dator, hark fundaturiko alderdi politikoaren eta aldizkarien bitartez Euskal Herri osotik zabaldu zena. Sasoi hartako jelkide* guztiak, «nahiz eta gipuzkoarrak izan», bizkaieraren tankeraz* idazten saiatzen ziren, hitz asko eta ortografia bera toki guztietatik hedatuz*. Non zegoen sasoi hartan gipuzkeraren «nagusitasun» hori? Inon ere ez.

Egia esan, dena esan behar baita, Txomin Agirrek bere lehen nobela bizkaieraz egin arren (Kresala), bigarrena gipuzkeraz egin zuen (Garoa); baina nolabait Agirre, karlista izanez, ez dut uste eredu egokiena denik, orduko «soziologia» nolakoxea zen antzemateko.*

XABIER KINTANA

dezakegu, daikegu

zaiku, jaku, zaigu

zedukan, eukan, zeukan

zion, eutson

zitekeen, eiteken


Munduko blokeak

Asko aipatzen den gaia dugu hau, batez ere China ONU elkartean sartua eta Nixon errepublika hartara joatekoa denez geroztik.

Lehen, mundua bi bloke ekonomikotan zatikaturik zegoela esaten zen. Alde batean USA, mundu guztian kontrolatzen duen kapitalist merkatuarekin; eta beste aldean Rusia, bere barnean eta sozialist lurraldeetan duen jabetzarekin.

Orain, ostera,* joko honetara beste bloke haundi bat etorri dela esaten da, eta beronen indar eta influentzia gero eta gehiago zabalduz doala. 850 milioik osatzen duten eta orain arte ahanztuta egon den hirugarren bloke hau, Chinako nazio haundia dugu.

Entzun ere egiten izan da, hiru potentzia hauek —USA, Rusia eta Chinak— merkatu propioa egin nahi dutela eta batak bestearen antz handia dadukatela, hirurek nahi baitute zabaldu beren inperioa.

Hala ere, gure eritziz, hiru bloke hauen artean desberdintasun handia dago, eta erabat* diferenteak dira haien asmo eta ekintzak.

Ipar Amerika

USA munduko aurrenengo potentzia izatera nola heldu den jakiteko, jarraiko puntu hauk* behar ditugu kontuan eduki. Ipar Amerikak aberastasun haundiak ditu bere barnean (minak, petrolio, eta abar). Mende* honetan izan diren bi gerra nagusiak haren lurretatik urrun gertatu dira, eta horregatik irabazi izugarriak izan ditu. Aurreko mendetik hasita, bere lurrak lantzeko, tresna berri eta onak asmatu eta egin beharrean aurkitu da.

Barneko ekonomi estrukturari dagokionez, molde zaharreko Sozietate Anonimoak gutituz doazela ikusten dugu, eta tekniko talde batek kontrolatzen dituela enpresa osoa eta haren harreman guztiak.

1970.ean, 100 enpresa handik ateratzen zuten nazioaren produkzio erdia. Teknikoen lana, merkatuen estudiotik hasi, eta sindikato eta Gobernuarekin behar dituzten harremanetara heltzen da.

Bai eta irakaskintzako programa eta eredu* guztiak ere, enpresa handi hoien beharrak asetzeko antolatzen dira. Honela, irakaskintza, enpresak eta Gobernua bat eginik daude beren programetan. Hots,* ideologia, ekonomia eta politika, kapital handiaren zerbitzurako jarrita daude.

Honela gehitu eta pilakatutako kapital honen bidez, inongo estaduk ezinezko dituen enbertsioak egiten ditu USAk munduan zehar,* bere produktoak beste estaduetan sar eraziz, hango enpresetako jabetza hartuz eta estaduetako nagusigora helduz.

Bere inperioa honela zabaltzen du, eta gero eta gehiago lotzen ditu beste estaduak, bere kapitalaren segurantzarako base militarrak jarriz, eta berak nahi duen neurrian inbertsioak eginez.

Gainera, erraz ordaintzen ditu bere inbertsio berriak lehengo lekuetako irabazi hutsekin. Honela, merkatu seguru eta arrisku gutiko dirurekin jokatzen du.

Rusia

Erabat* harrituak utzi ditu Rusiak intelektuak eta ekonomista asko, 50 azken urte hauetan eman duen aldaketagatik.

1914. urtean miseria hutsa zegoen, zar-ek gobernatzen zuten estadu zabal eta handi hartan. Oraindik nabarmenak ziren feudalismoaren ondorioak: kapital dena industrietarako zen, eta lan gabezia bazter guztietan aurkitzen zen.

1970.ean, USAren produzioaren % 45era iritxi* da, eta zenbait* egituratan aurrerago dago. Rusiako agintariek diotenez, 1980.ean USA baino errenta handiagora iritxiko dira.

Nola egin dute aldaketa handi hau?

Erreboluzioaren bidez agintaritzara iritxitako partiduak, lurrak bereganatzea izan zuen lehen lana. Eta, batera, industria eta komertzio handiak eta bankuak. 1929. urteaz geroztik, «plan kinkenaletan» biltzen zituen bere aurreramenduzko asmoak, eta honela joan da lur kooperatibak antolatuaz eta industriaren hedadura* bazter guztietara heleraziaz.

Bigarren gerra nagusian, beherakada gogorra izan zuen (20 milioi ruso hil ziren); baina bere sozialist sistema beste zenbait estadutan finkatu ere bai, hala nola Rumanian, Polonian, Hungrian eta Chinan (honek, bere erreboluzio garaian, laguntza handia izan zuen Rusiaren aldetik).

1960. urtetik honanzkoak dira, Rusiak hirugarren munduan egin dituen inbertsioak; eta horregatik esan dezakegu, inperio berri bat sorterazi duela sozialismoaren izenean. Izan ere, lurralde hoietan egin dituen inbertsioek ez dute, USAk egiten dituenekin diferentziarik; bere ekonomiari laguntzearren egiten baititu, gero irabaziak jasotzeko* asmoz.

Barruan, egiturak handitzeko, kapitalist sistemak erabiltzen dituen prima eta bultzagarriak izaten dituzte Rusiako langileek.

Orduan, zer diferentzia daduka Rusiak USArekin? Egia da, Rusia ere inperialista bihurtu dela; baina haren jokabidea ez da USArenaren berdina.

Deskolonizazioaren alde burrukatzen du, bere laguntza osoa eskainiz. Rusiako gazteek eskubide osoa dute beren ikasketak eta heziketa* lanak egiteko. Errenta hobeto zabaldua dago, eta enpresa handiak nazionalizatuak daude, irabaziak estaduaren segurantzarako izan daitezen.

Honela, Rusia benetako sozialismora irixteko* bidean doa, eta, gaur egunean pixka bat okertua egon arren, erreforma hutsen bidez hel daiteke helburu* horretara.

China

Chinaren egoeraren berri oso guti ematen daukute liburuek, eta, seguru aski,* oraindik estrukturazio oso bat egin gabe dagoelako izanen da. 1921etik hasi eta 1949. urtean askatasuna lortu zuen arte, Chinak iraultza* gogorra izan zuen, eta, pixkana pixkana, Maok zuzendutako partidu komunistak orientatu zuen askatasun burruka hori.

1947.ean, 47 dolarreko errenta per capita omen zuen Chinak. Ehundik hamarrek bakarrik zekiten irakurtzen eta idazten; eta lurrak jabe gutiren menpean zeuden, feudal garaiko tresnekin landuak.

Egoera honetan beharrezkoak ziren lur langintza erreformatzea, industria berritzea eta potentzia militar bat sorteraztea.

«Lurra nekazarientzako» proposatuz, komunistek bereganatu egin zituzten lurrak eta kooperatibak zabaldu. 1958.ean, 26.500 kooperatiba zeuden, % 90 nekazari biltzen zituztenak.

Rusian bezala, industria eta komertzio handiak eta bankuak nazionalizatu egin ziren, bai eta plan kinkenalak bideratu ere.

Bigarren planerako, industrializazio eta egitura handiak egiteko asmoa zuten, Rusiak baino denbora laburragoan gainera. Asmo hauk* trabatuak izan ziren, 1960. ean Rusiak Chinari laguntza ukatu eta USArekin «koesistentzia pazifikoa» firmatu zuenean. Hain zuzen ere, China Afrikako nazioei laguntzen ari zen, eta Rusiak laguntza hori bere inbertsioetarako kaltegarri izanen zela uste zuen.

Orduz geroztik, benetan ezberdinak izan dira Rusia eta Chinaren jokabideak, bai barneko eta bai kanpoko politikan.

Chinako nekazarien artean jabetza pribaturik ez dagoela esan daiteke, eta hau erreboluzio kulturalaren bidez lortu da.

Kanpora begira, Chinak ez du orain arte interes definiturik erakutsi bere laguntzetan, eta, batzuek diotenez, benetako sozialismoaren bideak markatzen ari da.

Gure ustez, berezitasun handiak dituzte hiru potentzia handiok. Geroak esanen du, zeinena den biderik onena, edo eta hirurak ez ote diren okerrak.

J. ARRIZABALAGA

daude, dagoz

daukute, dauskue, digute

dezagun, daigun

ditzagun, daiguzan

dezakegu, daikegu

zeuden, egozen


[Euskaldungoa]

Donostia eta Loiolako herri irratien deia

«Euskal Kulturaren Bideetatik» irrati saioa dela eta, Donostia eta Loiolako herri irratiek dei bat luzatzen dautzue gure herrietako ikastoletaz ardura duzuen guztioi.

Ba dugu saio bat, arratsaldeko zazpiretan egiten duguna; eta saio hau, hain zuzen ere, ikastolek egiten duten saio bat da. Berehalaxe hastekoak gara. Hobeto esan, zuek hau irakurri orduko, hasiak izango gara ikastolaz ikastola joaten, umeen idazlan, ipuin, kantu, musika saioak, antzerkitxoak grabatzeko.

Ikastolen ardura duzuenok, pentsa ezazue, arren, zer mesede ekar lezakeen irratiak umeon heziketarako; eta gerta itzazue zeuen umeak, beren lanak irratiz eskain ditzaten: idazlanak, bertsoak, kantuak, soinu saioak, antzerkitxoak eta beste zenbait lan.

Dei egiguzue, eta horra joango gatzaizkizue grabatzera, gero irratiz eskaintzeko. Horretara, gure herrietako ikastolek elkarren berri izango dute, eta gure umeak, elkarren lanak ezagutuz, gure kulturaz apainago jantziko dira.

«Antología de instrumentos vascos», disko berria

Hona hemen, «Columbia» etxeak argitaratu duen disko berriaren izena. Disko horretan agertzen diren tresnak, hauk* dira: txalaparta, txistua, adarra, trikitia, txirula, tobera, alboka, dultzaina. Disko honek, euskal doinu jatorrak entzuteko era berezia eskaintzen dauku.


Euskaldundu eta askatu

Hitz hilak eta hitz pentsarazleak

Goikoen interesak zerbitzeko, gezurra esan beharrik ez dago. Aski* da, norberaren zientzia eta teknikatik kanpo dagoen egia kontuan ez hartzea.

Hitzaren zientzia eta hitzaren teknika, kontenitu baten inguruaz arduratu gabe erabiltzen direnean, berriketa huts bilakatzen dira, alienatzaile dira.

Luis Haranburu-Altunak, ZERUKO ARGIAko bere Euskal Mitologia sailean, 1971.eko maiatzaren 30ean, hitz laburretan egia asko eta sakonik esan zuen. «Hitza» kontzeptuaren mitoaz ari dela, begira zer dioen: «Argi alderditu behar ditugu «hitza» kontzeptuaren muina eta azala. Agian,* euskaraz mintzatzean, ardura* eta interes desberdinez saiatzen gara, eta ezin genezake elkar konpreni. Zeren,* azal berdinaz, muin, funts* eta esannahi ugari adieraz bailiteke. Denok euskaraz mintzatu arren, ez dugu errealitate berdina hitz egiten. Batzuek HERRIA «hitz» egiten dute, eta besteek beren interesa dute «hitz» egiten. Beraz, euskalduna, HERRIA eta Haren interesa hitz eta errealitate bihurtzen, lantzen eta egiten duena da. «Hitz» hori ez da ahoko hortzetik* zintzilik dagoen zerbait, kalean eta fabrikan osatzen den gauza bat baizik».

Lehengo batean, euskal kantaldi batean izan nintzen. «Askatasuna», «Libertatea zein ederra den», «Euskaldunak gara» eta abar entzunik, jendearen txaloak ez ziren nolanahikoak izan. Han bildu zen zenbait jende prestuk eguneroko bizitzan askatasuna eta euskalduntasuna nola maneiatzen dituen ikusirik, ohartu nintzen ohartu, mitoaren erreinuaren kolko kolkoan bizi dela oraino gure herria.

Sentimenduaren eta txaloaren mailara iritxi* gara; aintzina iritxi ginen. Baina sentimendu hutsaren eta txaloaren mundua, mundu irrazionala da. Herri guztietako faxismo guztiak, eskuindarrak nahiz ezkertarrak, oso interesatuak izan dira beti, mitoak lantzearen alde, mitoen pean ezartzen den herria, indarraren pean ezartzea oso erraza baita. Herria anestesiatzeko bide asko du burjesiak. Eta bat, oso ona, hizkera anestesiatzea da.

Bizimoldeak berdinak ez direnean, kontrakoak baizik, ezin daiteke hizkera berdinik erabil. Hizkera hori ez litzateke autentikoa, egiazkoa izango, abstrakzio hutsa, neutralitate faltsua, berbakeria baizik.

Bi mundu ezberdinetan bizi den jendeak bi hizkera ezberdin erabiltzea, derrigorrezkoa da, hizkera bizitzaren espresiobide bada behintzat. Jakina da, hitz berdinak ere erabili beharko ditugula. Janariak, jantziak, gauzak izendatzeko, hitz zerrenda berdina izango dugu. Bai eta esaldietan ere: «Leihoa zabala da», «nik liburua dut», eta abar. Maila honetan denok bat gatoz. Esaldi hoik* esateko, ahoa ireki besterik ez dago. Esaldi hoiek gure mihingaina* bakarrik konprometitzen dute. Kapitalista haundienak eta langile zapalduenak, mihingain berdintsua dutenez gero, esaldi berdintsuak esateko gai dira.

Baina hori hizkeraren azala besterik ez da. Mihingainaren habilitatea ezezik, bizimoldearen gorabehera eta burruka adieraziko duten hitzak eta esaldiak hautatu* behar ditugu. Bestela, ihesbidean sartzen gara. Bestela, alienatu egiten dugu jendea.

Paulo Freire-k hamazazpi hitz nagusi hautatu zituen laborarien alfabetatze lanerako. Haien eguneroko errealitatea azaltzen zuten hamazazpi hitz. Gizartean okupatzen zuten tokia ikusaraziko zieten hamazazpi hitz. Hona: Suburbioa, euria, lurra, janaria, herri dantza, putzuak, bizikleta, lana, lansaria, lanbidea, gobernamendua, zingiradia,* azukre kanaberaren landatzea, haitzurra, adreilua*, aberastasuna.

Gure inguru giroa besterik da. Gizarte industrializatu batean bizi gara. Etni problema ere ba dugu. Gizarte horri dagokion hitz nagusi zerrenda bat bilatu beharko genuke. Eta hortik hasi, metodu eta teknikak moldatzen. Beti begien aurrean beharko duguna, zera da: gure helburua* gizona liberatzea dela.

Freirek bi modutako hitzak bereizten ditu: hitz hilak eta hitz pentsarazleak. Edo eta, berdin dena, esaldi hilak eta esaldi pentsarazleak. Gauza eta gertaera estatikoz, geldiz, problema gabekoz ari diren esaldiak, esaldi hilak dira. Esaterako, gorago ipini ditudan adibideak. Munduaren transformazioa adierazten dutenak, opzioak egitera bultzatzen gaituztenak, hoik* ditugu esaldi pentsarazleak.

Freireren alfabetatze garaian, ikasle batek, sei hilabete baino lehenago esaldi pentsarazle bat idatzi behar zuela esan zuen, eta, ortografiazko huts batzuk* gorabehera, bai honela idatzi ere: «Jakinaren gainean botoa emanez emango die herriak irtenbidea Brasileko problemei».

Esaldi hilez, berbakeria sortarazten dugu. Esaldi pentsarazlez, hitza sortzen da. Hitzak bizitzaren haria, bizitzaren problematika adierazten du. Berriketa, berriz, hitz hutsaren zilborra* kontenplatuz bizi da.

Metodu eta irakaskintza baten kontenitu bezala, hitza jarri beharrean, berbakeria jartzea, ez da jokabide serioa. Bizi garen mundu larrian, honelako arinkeriarik ezin daiteke permiti.

Azkenik, hizkuntzak ez du bere zilborra kontenplatuz ibili behar. Zientzia bat eta teknika bat, beren soiltasunean, ez dira inoiz azken kriterio.

EUSEBIO OSA

die, dautse

zieten, eutseen

genezake, geinke


Kultura

Erradio-Isotopoak

Goazen gaurko artikulu honetan, beste pauso bat ematera erradio-aktibitatearen alorrean.* Zein da erradiazioen kausa? Nondik eta nola sortzen dira izpi* erradioi-aktiboak?

Dakikegunez,* materia ez da kontinuo, zati tipi batzuez osatzen baita. Honelako zati bakoitza dugu atomoa. Nahiz eta hainbat materi klase izan, ez pentsa milaka direla atomo ezberdinak. Atomoak, beste hainbeste gauza bezala, klasifikatu egiten dira, kriterio bati jarraituz. Puntu honetan erabiltzen den kriterioa hauxe da: kimikoki berdin portatzen diren atomoei izen bat ematen zaie, eta izen bakoitzeko atomoek, multzo bezala, elementu bat osatzen dute.

Zehazkiago begiraturik, elementuen berezitasuna protoi-kopuruan* datza.* Atomoa planeten sistema legez* kontsidera genezake, eta, konparazio horretan, eguzkia nukleoa (guna) izango litzateke. Nukleoak protoiak eta neutroiak ditu. Lehen esan dugunez, protoi-kopuru berdineko atomoek elementuak osatzen dituzte.

Hala are, elementu baten barnean bizpahiru atomo mota desberdin aurkitzen ditugu. Mota hauek, protoi-kopuru berdina ukan* arren, neutroi-kopuru diferenteak dituzte. Honelako kasuetan, atomo hoik* isotopoak direla diogu.

Zer diren eta nola lortzen diren erradio-isotopoak

Erradio-isotopoak, izenak berak aditzera ematen daukun bezala, isotopo irradiatzaile baino ez dira. Erradio-isotopo guti batzuk Naturak berak prestatzen dauzkigu; baina gehienak artifizialki sorterazten ditugu. Zientziak darabiltzan tresna tekniko bortitzek*, mila erradio-isotopo inguru sorteraztera lagundu daukute. Konparazio gisa, kontuan hartu behar dugu, 104 elementu baino ez direla Naturan. Erradio-isotopo hoietarik gehienak kantitate ttipiegietan lortzen dira, eta praktikoki ehun eta berrogei eta hamar inguru geratzen* zaizkigu erabiltzeko modukoak.

Nola ardiets* daitezke erradio-isotopoak? Galdera honi erantzuteko, erradio-aktibitatearen sustraiak ezagutu behar ditugu. Erradio-aktibitatea hitz arrunten* bidez azaldu nahi bagenu, nukleoaren inestabilitatearen frutua dela esan beharko genuke. Nukleoa, berari ez dagokion energia baten jabe baldin bada, irradiatuz askatzen da; izpiak* jaurtikiz baretzen du bere egonezina.

Arrazonamendu logiko batez, atomoa inestabilitatean sar erazi behar dugula dakusagu: inestabilitate konkretu batean, nukleo-inestabilitatean, alegia.* Zer medioz?

Pentsa dezagun, atomoaren nukleoak bola baten antza duela. Bola bat eragiteko metodorik errazena txokea da. Horregatik txokeak sorterazi behar ditugu, beste bola batzuk* nukleoaren kontra jaurtikiz.

Teknikak ematen dauzkigu, honetarako behar ditugun tresnak eta makinak. Partikula-azeleratzaileek (ziklotroi, sinkrotroi...) eta erreaktoreek, energia haundia emanez, nukleoen kontra botatzen dituzte partikulak. Erabiltzen diren partikulak, protoi, deutoi eta neutroiak dira bereziki.*

Erradio-isotopoen abantailen sustraia

Erradio isotopoak geroago eta gehiago erabiltzen dira industri sailean, bai eta biologia eta medikuntzan ere. Beren usadioaren gorakada hau, beren ezagugarri bereziei zor diete.

Kimikoki erraz separa daitezke elementu ezberdinak. Baina zer gertatzen da isotopoekin, bai estableekin eta bai irradiatzaileekin? Zera, analisis kimikoak ezin ditzake separa totalki isotopoak, berarentzat berdinak direlako. Baina, bestalde, erradio-isotopoek, izpiak botatzen dituztenez, beren presentzia salatzen daukute, eta era honetan espiak bezala dihardute. Ez naiz espien fabore jartzen; baina kasu honetan ez da dudarik, abantail haundiak sortzen direla situazio honetatik.

Baina aplikazio eta abantail zehatzak hurrengo baterako utziko ditugu.

J. R. ETXEBARRIA

daitezke, daitekez

dauku, dausku, digu

daukute, dauskue, digute

dauzkigu, dauskuz, dizkigu

dezagun, daigun

diete, dautsee

ditzake, daikez

genezake, geinke

zaie, jake

zaizkigu, jakuz


Gurutzegrama-I


Liburu berriak

«Kultura eta Fedea», JAKIN sorta

Denbora guti dela, JAKIN argitarazleak 1972. urterako egin duen programazioa ikusi genuen. «Kultura eta Fedea» izenburuarekin argitaratu berri duen liburu honek erlijioa du gaitzat, eta, berorren ondoren, beste bat agertuko da, «Erlijioa hauzipean» alegia, gai bera aztertuko duena. Aski* salatua izan da euskal literatura, erlijiozko liburu larregi* dituelako; baina aipatu ditugunok lehenagokoen moldeetarik irteten* dira, kultura eta fedearen azterketa eginez, historian eta gaurko gizartean haiek duten zerikusia azaltzen baitute. Idazleak: Agirrebalzategi, Zabaleta, Sagarna, Torrealdai, Bereziartua eta Díez Alegría. Eskatzekotan: Editorial Franciscana, Oñate-Aránzazu, Guipúzcoa.

«Sozialismoaren Frogantzak», LUR

LUR editorialak, «Hastapenak» sailean, bere hamabigarren liburua argitaratu du berriki.* Haren izena, «Sozialismoaren Frogantzak». Egilea, Maurice Dobb. Sail honetan atera diren besteak bezala, liburu hau dibulgazio gisan egina denez gero, herri xeheari hainbat puntu argitzen zaizkio, «zergatik kapitalismoa», «zergatik kapitalismoa ez», «zergatik sozialismoa» eta abar azalduz. Hizkuntza aldetik, Arantxa Urretavizcayaren itzulpena zailtasun gabea da, edozeinek ulertzekoa. LUR editoriala, Villa Zutik, Paseo Arbola, San Sebastián.

«Lehen Gizarteak», ETOR

Emankor ari zaiku ETOR editoriala ere. «Lehen Gizarteak» liburuan, Benantxio Otaegik euskal prehistoriaren azalpen bat egiten du. Barandiaran, Arantzadi, Eguren eta beste batzuen lanetan oinarritua izan arren, egileak nabariro* agertzen du gai honetaz duen jakinduria. Hitz batez, liburu egokia, gure historia aintzinako gizarteetan nolakoa zen jakin nahi dutenentzat. Ediciones «Mensajero», apartado 73, Bilbao.


Ipuina

Harri salda

Ene aitita* bizkaitarra zan, marinela; baina ez itsasotso horreetakoa, ez. Bilboko hibaian ibiltzen zan bere gabarra eta erremolkadoreekin. «Ur gozotako marinela» esaten geuntson batzuetan txantxetan. Bermeo eta Lekeitio aldetik oso ezaguna zan arrantzaleen artean Luis Urtiaga, «Reberte» ezizenez.

Gaur haren gogorapena ekarri gura* neuke orrialde honeetara. Aititak guttitan kontatzen eustan ipuinik; baina behin egin eban baterako, ondo gogoan gorde neban, bai horixe. Ipuina hauxe zan: Harri saldarena.

Antza danez, gerra denboran, soldadu bi frentetik urrun egozen mendi baten ondoan, ea handik areriorik* etortzen zan ikusteko. Euken misioa, hau da, bertan zain egotea, ez zan, egia esateko, beste mundukoa; eta gerra egoenik ere ez ziren konturatzen, ha* oso leku baketsua zalako. Baina intendentziakoei ere, misio ha inportantea ez zala eta, askotan ahaztu egiten jaken hareei janariak eroatea.*

Egun bitan ezer jan gabe pasatu ondoren, soldaduetarik batak honela esan eutson lagunari: —Hara, Txomin, ezin bizi gaituk honetara luzaroago. Zerbait egin behar dogula uste joat.

— Zer baina? —erantzun eutson besteak.

— Hor behean, erreka ondoan, baserri bat jagok. Dakianez, neska zahar bi bizi dituk berton, eta horreengandik zerbait atera behar joagu.

— Bai, horretan egon! Ez dituk ondo ezagutzen, txo! —erantzun eutson besteak—. Harri batek gehiago emango leuskik, mutxurdin* horreek baino.

— Hi hago isilik, eta utzi eistak niri egiten.

Etxe haretara joan, eta atea eskuaz jo eben. Neska zaharrek, soldaduek ezer eskatu aurretik ere, ez eukela emateko ezer erantzun eutseen baina.

— Ez, ez, guk ez dogu jatekorik nahi. Lapiko* bat besterik ez dogu behar, eta sua, bertan harri salda egiteko.

Neska zahar batak, besteari begiratu eutson. Zer ote zan harri salda ha?

— Bai, harri salda —esan eban berriro ere soldaduak—. Ez dakizue, hori zer dan ala?* Hara! Erreka honetan arrain asko dagoz, bai eta karramarroak* eta aingirak ere. Horreen gustua hondoko harrietan gelditzen da, eta harri horreekin salda gozo gozo bat egin daiteke.

Neska zaharrek, eurek ere salda misterioso ha* zelan egiten zan jakin guran,* etxera sartzen utzi eutseen, bai eta lapikoa eta sua eman ere.

Soldadu bietarik batak errekatik harri biribiltxo batzuk ekarri zituan, eta, uretan ondo garbitu ondoren, lapikora sartu, gero uraz ondo betetzeko. Irakiten hasteko egoenean, Txominek besteari honela itaundu* eutson:

— Gatza ekarri dok?

— Ez! Kontxo, han goian, mendiaren puntan utzi joat. Eta bertaraino ez joateagatik ere!

Neska zahar batak, besteari keinu bat eginez, eta salda ha zelan egiten zan ondo ikustearren, esan egin eutsen:

— Ez arduratu. Gatzagatik besterik ez bada, geuk emango dautzuegu, horrenbeste ba daukagu eta.

Eta eman egin eutsen. Handik lasterrera, beste soldaduak esan eban: —Lastima dok. Ogi sikua ere ahaztu jatak. Ematen dautson gustutxoagaz ere!

Eta neska zaharrek ogi siku batzuk eman eutseezan, saldatara bota eiezan. Geroxeago piper apurtxo bategaz askoz ere gozoago izango litzatekeela eta, horixe ere eman. Ondoren, salda probatu eta gero, penagarria zala urdai eta olio pixka bat ez eukitzea. Haxe ere eman neska zahar biek.

Saldaren itxura, hobea zan oraingoan. Baina, betiko baina, txorizo* apur batekin, behar zan puntua lortuko eban. Eta neska zaharrek ganbaratik txorizotxo apur bi ere ekarri.

Salda, primeran egoen orain. Soldaduek, tiki-taka tiki-taka, azken tantaraino jan eben. Euken goseaz! Dana amaitu ebenean, mutxurdin batak esan eutsen: —E! eta harriak?

Soldaduek eskuaz lapikoaren hondotik atera eta leihotik errekara jaurtiki zituen, esanez: — Harriak berriz ere errekara bota behar dira, arrainen gustu ona berriz ere hartu daien. Eta zuei mila esker lapikoagatik, andreak.

Menditik gora igon zirenean, ez eben barre makalik egin soldadu biek, neska zahar zikoitz hareen lepotik. Salda harek urdaila bero bero jarri eutsen behintzat, eta inoren kontura gainera!

TRAUKO

Hiketazko formak

dituk = dira

gaituk = gara

jagok, diagok = dago

jatak, ziaidak = zait, jat

joagu, diagu = dugu

joat, diat = dut

Osterantzeko formak

daien, dezaten

dautso, dio

egozen, zeuden

eiezan, zitzaten

eistak (eidak), iedazak

euken, zedukaten, zeukaten

eustan, zeutan, zidan

eutseen, zieten

eutseezan, zizkieten

eutsen, zien

eutson, zion

geuntson, genion

jaken, zitzaien

leuskik (leuskek), leukek


Ikas zeure hizkuntza

I. Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartxo batekin agertzen diren berbak

ADIN, edade.

ADREILU, ladrillo, brique.

AGIAN, beharbada, seguramente, según parece.

AITITA, aitona, gurasoen aita.

ALA, o qué?

ALEGIA, a saber, es decir, esto es.

ALFERTU, allanar, alisar, aplanir.

ALOR, arlo.

ANIZTASUN, pluralismo.

ANTZEMAN, calcular.

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARDIETS, ardietsi, lortu (potentzialetan).

ARDURA, axola.

ARDURATU, axolatu.

ARE, todavia, aún, encore.

ARERIO, etsai, enemigo.

ARITU, ari izan, ihardun.

ARRETA, atención, cuidado.

ARRUNT, ordinario, común, corriente.

ASKI, nahiko.

ATONDU, preparar, arreglar.

AURRERITZI, prejuicio, préjugé.

AUSART, valiente, intrépido.

AUSARTZIA, valentía, osadía.

BARATZE, ortu.

BARIK, gabe.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEDEREN, behintzat, behinik behin, gutienez.

BEHAR, lan.

BEHATU, begiratu.

BEREZIKI, batez ere.

BERRIKI, oraintsu, arestian, aurtemein.

BILDUMA, colección.

BOKART, antxoba.

BORTITZ, indartsu.

BULEGO, oficina, bureau.

BURURATU, gogoratu.

DAKIKEGU, dakigu nonbait.

DATEKE, da nonbait.

DATZA, yace, consiste. (Etzan aditzaren forma).

DITUZKEZU, dituzu nonbait, izango dituzu.

EI, omen.

EKAIN, junio.

EMAZKIOK, eman ietzok, emon eiozak.

ERABAT, guztiz, zeharo.

ERAKUNDE, institución, estructura.

EREDU, modelo.

EROAN, eraman.

ESAMESA, habladuría, commérage.

FUNTS, fondo, substancia.

GERATU, gelditu.

GURA, nahi, gogo.

HA, hura.

HAGINZORROTZ, atun mota, rayado, listado.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAUTATU, aukeratu, elegir.

HEDADURA, extensión, expansión.

HEDATU, zabaldu.

HELBURU, fin, objetivo.

HERTSI, hetsi, hitxi.

HESI, seto, valla, clôture en haie.

HEZIKETA, educación.

HITXI, hetsi, hertsi, cerrado, fermé.

HOIK, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).

HORREGATIO, hala ere.

HORTZ, hagin.

HOTS, esto es, es decir, a saber.

HUNKIGARRI, emotivo, conmovedor.

HURA, ha.

HURBIL, hur.

IHAZ, igaz, jaz.

INJINADORE, ingeniero.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAKURKI, irakurtzen.

IRAULTZA, revolución.

IRITXI, heldu.

IRTEN, urten, atera, jalgi.

ITAUNDU, galde egin, galdetu.

IZPI, rayo.

JARAMON, kasu.

JARRERA, jarpen, postura.

JASO, altxatu.

JELKIDE, Sabino Aranaren alderdiko.

JO, considerar.

KARRAMARRO, cangrejo, crabe.

KIROLA, deporte.

KOPURU, zenbatasun, kantitate, número total.

LAPIKO, eltze.

LARREGI, gehiegi, sobera.

LARUNBAT, zapatu.

LEGEZ, lez, bezala.

LEHIAKETA, competición, concurso.

LOBA, nieto, petit-fils.

LOTSATU, ahalgetu.

MAITEMINDU, enamorado, amoureux.

MAIZ, sarri.

MAIZENIK, sarrienik.

MAMI, íntimo.

MENDE, siglo.

MIHINGAIN, mihi, mihin.

MUTXURDIN, neska zahar, solterona.

NABARI, evidente, patente, notorio.

NABARIRO, argiro.

NOSKI, naski, claro está, desde luego, ciertamente.

OHOL, tabla, planche.

OMEN, ei.

ONERITZI, deferencia.

ORDEA, ostera, aldiz, berriz.

ORMA, paret. (HORMA, izotz, hielo, glace).

OSTERA, aldiz, berriz, ordea.

OTSAIL, febrero.

OTU, ocurrir, venir à l'esprit.

SOLO, soro.

SORO, solo.

TAMALGARRI, penagarri.

TANKERA, taxu, estilo.

TOKITAN, lekutan.

TXORIZO, lukainka.

UDAL, municipio.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

URDURI, artega, kexu, inquieto, preocupado.

URTARRIL, enero, janvier.

ZEHAR, gaindi.

ZENBAIT, batzuk.

ZEREN, ze, pues.

ZERGA, impuesto.

ZILBOR, ombligo, nombril.

ZINEZ, benetan.

ZINGIRADI, pantano, barrizal, bourbier, marécage.

ZOKOR, terrón, motte de terre.


Ikas zeure hizkuntza

II. Euskara batua. Galdeak eta erantzunak (1)

- ANAITASUNAren 226. zenbakian Xabier Kintanak dio, gipuzkerazko esaldi hau oso iluna dela: «Ez diat esan, baina hori askotan esan diat». Eta, euskara batuan, lapurtarrek —eta, kasu honetan, bai bizkaitarrek eta zuberotarrek ere— esaten duten bezala idatzi behar litzatekeela: «Ez dauat esan, baina hori askotan esan diat» (bizkaieraz: «ez dauat esan, baina hori askotan esan joat»), Ezin zenezakete jar beste exenplu luzeago bat, iluntasun horri hobeto ohartzeko?

- Hona hemen exenplua. «Agur, adiskide. Oraino ez diat (dut ala dauat?) bukatu etxearen planoa. Baina laster bidaliko diat (dut ala dauat?) Bilbora, hik ezagutzen dituan arkitektoek azter dezaten. Entzun dudanez, haietariko batek zerbait esan dik (du ala dauk?) nire kontra.

Hori horrela baldin bada, behar beharrezko diat (dut) hire bitartekotasuna. Mila esker, eta ongi izan».

Eta hiketan gertatzen dena, zuketan ere berdin jazo liteke: «Agur, jauna. Oraino ez dizut (dut ala dautzut?) bukatu etxearen planoa. Baina laster bidaliko dizut (dut ala dautzut?) Bilbora, zuk ezagutzen dituzun arkitektoek azter dezaten. Entzun dudanez, haietariko batek zerbait esan dizu (du ala dautzu?) nire kontra. Hori horrela baldin bada, behar beharrezko dizut (dut) zure bitartekotasuna. Mila esker, eta ongi izan».

Garrantzizko arrazoi honegatik bereizten ditugu ANAITASUNAn diat/dauat, nian/neuan (dizut/dautzut, nizun/neutzun), gipuzkera beste euskalkietako aberastasunekin osatu nahirik.


Euskal idazle-irakurleen zirkulua. Autokritika antzera

Orain, luma eskuetan hartuta nagoela, ez dakit asmatuko dudan neure asmoa behar bezala azaltzen. Autokritika izena eman diot. Baina nire gaurko idazlan honek, idazteari buruzko kritika edo arrazoiketa bat izan nahi du. Beraz, idazte kontu hauetan ni oraindik gehiegi aritu* gabea naizenez gero, ba dirudi nire autokritika hau ez dela hain «auto» izango. Beharbada, nire kritika honek beste idazleak harrapatuko ditu bere azpian.

Norbaiti errazegia irudituko zaio holako kritika bat egitea. Besteak kritikatzen primerakoak gara. Dena dela, idazle izena haundiegi badatorkit ere, hona hemen nire autokritika edo... antzekoa. «Norentzat idazten dugu?» galdetzen badut, bat edo beste bildur daiteke. Ez ikara! Ahalegina egingo dut, neurea bezala ikusten dudan arazoa ager erazten. Baina neurea izateak ez du esan nahi, neure probleman mugatuko naizenik. Nire problema, zerbait idazten saiatzen den gizon batena da. Eta gizon honek begi bi dituenez gero, bere problema ez da berea bakarrik. Ingurukoa ere bai, noski.*

Idazle bakoitzak bere kontzientzia du, eta bere jokabidea kontzientzia horrekin egokitu behar du. Neuk ere horixe besterik ez dut nahi. Neure jokabidearen sustrai zuzenak aurkitu nahi ditut.

Eta goazen lehen galderarekin.

Nork irakurtzen du euskaraz?

Nonbait irakurri dut, Euskal Herrian irakurlerik onena idazlea bera dela. Egia. Eta problema honek biziro larritu behar gaitu.

Herri tipi bat izateak ba ditu bere oztopoak. Hemen ere geure euskal zelaia nahiko mugatua ikusten dut. Eta, jakina, grabeena ez da euskaldunak guti izatea, baizik eta, talde tipi horren barnean, zerbait irakurtzen dutenena oraino tipiagoa izatea.

Honek duen arriskua, geure artean zirkulu hitxi* bat egitea da. Beti berdinak irakurleak eta idazleak.

Ikusi besterik ez dago, nortzuek irakurtzen dituzten gure aldizkariak, nortzuek irakurtzen dituzten, gure artean hain ederki lanean ari zaizkigun editorial gazteetako liburuak, eta abar. Suskrizio bidez saltzen dira liburu eta aldizkari hoik* gehienak. Eta honek duen arriskua garbi dago.

Zirkulu hitxi hori zabaldu egin behar da. Herria aipatzen dugu sarritan. Herriarentzat idazten omen* dugu. Baina herria ez gara, idazten eta irakurtzen dugunok bakar bakarrik. Gehienak zirkulu tipi horretatik kanpo gelditzen dira, zoritxarrez.

Batzuetan pentsatu izan dut, idazterakoan ez diogula jaramon* gehiegirik egiten eta behar bezala begiratzen irakurri behar duenari. Askotan geure barrena kanporatzen dugu, eta lasai gelditzen gara.

Zer behar da idatzi?

Goazen orain arazo honetara: Zer behar dugu idatzi? Benetan, ez da erraza galdera honi erantzutea. Irakurleari begiratu behar zaio. Geure barruko kezkak azaltzearekin bakarrik ez dugu ezer egiten. Askotan interesgarri izango da hau ere. Beti izaten baitzaiku interesgarri, beste norbaitek pentsatzen eta sentitzen duena ezagutzea. Baina, hemen, irakurleak du hitza.

Idazle baten helburua* izan daiteke, euskara edozertarako gai egitea. Oso ederki iruditzen zait. Eta horretara iritxi* behar dugu. Baina idazle horrek norentzat idazten duen ahaztu egiten badu, beharbada edozer gauzaz hitz egingo du; baina oso gutik irakurriko dute, hark hain ederki idatzi duena.

Hemen dago hesia,* lehenengo orma:* Ba ote dakigu zer nahi dugun, edo zer den benetan interesatzen zaikuna? Geure Herriari gagozkiola, honela formula genezake geure galdera: Euskaldunoi gaur zer da interesatzen zaikuna?

Edozein irakurlek, gutienez, ulertzea nahi du. Ez zaio inori gustatzen uler ezinezko irakurgairik. Hau alde batetik.

Beste alde batetik, berriz, kontuan eduki behar da, irakurle mota asko dagoela, eta denen gustoa egitea ez dela erraza. Baina, benetan herriaren kultura jaso nahi baldin badugu, ahalegina egin behar dugu, ahal dugun irakurle gehienengana irixteko. Eta, beharbada, «goimailako jakintzaz» egindako idazlanak irakurtzeko ahalmenik ez dutenek izango dute premia haundiena. Gure gaurko literatura guztia aztertzen badugu, jaramonik gutiena Herri horri egiten diogu. Nola ailega hoiengana?

Egoera, zaila dela uste dut. Oraingoari ezetz esatea errazegia litzateke. Orain artekoa ondo dago. Baina gure zirkulu horretatik kanpo gelditzen direnengana ere ailegatu behar dugu nola edo hala. Geure herriaren kultur maila ikusita, ezin gaitezke lo geldi. Alfabetatze kanpainak beharrezkoak dira eta oso ondo daude, baina hori oso guti da.

Estiloaren problema

Idazlan batetik bestera izugarrizko aldea egoten da sarritan. «Idazle bati irakur edo beste bati irakur, ba dago aldea! esaten zeutan batek. Idazlan batzuk irakurtzea, alfertutako* soro* batean aurrera ibiltzea bezala da. Baina beste batzuk irakurtzea, zokor* artean ibiltzea bezala». Hau nahiko garbi dago. Beti gertatu den gauza bada ere, ezin ditzakegu begiak tapa. Zirkulua zabaldu nahi baldin badugu, idazle onak behar ditugu.

Behar bezalako idazleak sorterazteko bideak aurkitu behar ditugu. Bide seguru eta egokiak. Zirkulu horretatik kanpo gelditzen diren hoiengana ailegatzeko bideak. Beste herriek dutena, geuk ere lortu behar dugu. Bestela ez dago ezer egiterik.

HORMAETXE

daude, dagoz

diogu, dautsagu

diot, dautsat

zaiku, jaku, zaigu

zaio, jako

zait, jat

zaizkigu, jakuz

zeutan, eustan, zidan