ANAITASUNA

226. zenb.

1972.eko Urtarrila 15ekoa

Jardin Txikerra, 1. BILBAO-12

Tel. 43 18 37


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari: Anjel Zelaieta.

Zuzentzaile: Imanol Berriatua.

Idazkola eta banakolaren buru: Josu Torre.

Bulegoak: Jardin Txikerra 1, Bilbao-12.

Inprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35, Bilbao-9.

Irarle: RALI, Particular de Costa 12-14, Bilbao-10.

XX. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Elkar-hizketa. Debako arte lantegia

Bere garaian aipatu nuen bezala, Arrasateko* euskal liburu eta diskoen azokan,* stand-ik interesgarriena, Debako arte lantegikoek muntatu zutena izan zen. Honengatik, eta lantegi horretaz lehendik ere zerbait entzun nuelako, stand-aren antolatzaile batengana hurreratu nintzen. Haren izena Koldo Aspiazu. Biok batera ikusi genituen hango lanak: fundizio, egur grabatuak, harri eta egur lanak, eta abar. Gehiago gabe, galdezka hasten natzaio:

Noiz eta nola hasiak zarate lantegi horretan?

— Orain dela bi urte eman zitzaion hasiera. Egia esan, ba zegoen, orain 20 urte, artista batzuk batzeko asmoa. Hau dela eta, «Artes y Oficios» eskola ireki zen, baina arteari bereziki* jarraitzeko posibletasunik gabe.

Non dago lantoki hori?

— Orain dela 40 bat urte, eta Debako semea zen amerikano batek emandako diruarekin, etxe haundi bat eraiki zen. Etxe hau errepublika denborako agintariek bahitu* egin zuten. Gaur herriak, bere indarrez eta ekinez, bere esku du berriz.

Diru laguntzarik ba ote duzue?

— Lehen aipatu* amerikano horrek utzitako diruarekin, «Asociación para el Fomento de la Enseñanza y la Cultura» deritzan elkartea sortu zen. Elkarte honek urtero uzten du diru mordo bat gure esku.

Bestalde, zer harreman duzue elkarte horrekin?

— Ez dugu harreman berezirik. Elkartekoen ordezkari bat dugu lantegian, Patxi Aldebaldetreku hain zuzen, eta honekin dira tratu guztiak.

Nork eginak dira, hemen agertzen diren lanak?

— Eskola edo lantegian dauden guztiek, ikasle eta irakasleek, egiten dituzte lanak.

Nortzuk dira irakasleak?

— Ez dago, preseski,* irakasle talderik. Gehien laguntzen daukutenak, Oteiza, Ibarrola, Zabaleta, Ziriako Andonegi, Iñaki Sodupe, Iñaki Arrate, Larramendi eta beste batzuk dira.

Aipa itzazu lantegi horretako lanik berezienak.

— Orain bi urte, haurrekin hasi ginen; eta lan honi izen berezi bat jarri genion, hots,* «Heziketa,* arte biziaren bidez». Horretarako, buztina,* zura,* harria, musika eta abar erabiliz gainera, jinasia berri bat sortarazten ari ginen, bai eta ideia berriak moldatzeko bideak erakusten ere.

Zer da zuentzat jinasia berria?

— Paradoja bezala hartuko duzu; baina jinasia berria osatzen dutenak, Euskal Herriko kirola* zaharrak dira: harri jasotzea, haizkora, dantzak, sokatira eta abar. Kirola hauk,* neurriz hartuz gero, oso egokiak dira haurrentzat.

Eta zer da, ideia berriak moldatzea?

— Arte bizi honen bidez —fotografia, zinema, liburu, maketa, arkitektura, hirigintza* eta abar erabiliz—, imajinazioa indartu egiten da, praktiko bihurtzen da. Bestalde, lan guztiok taldeka nahiz pertsonalki egiten dira.

Zeintzuk dira zuen asmorik behinenak?*

— Ahal den herri guztietan honelako lantegiak sortaraztea.

Zer esan nahi duzu horrekin?

— Lehen bai lehen Deban berton ikastaro bat antolatzeko asmoa dugu. Ikastaro horretatik monitore batzuk aterako dira, beste zenbait* herritan lan egiteko. Hasieran, lantegi berri hoiei geuk emango genieke babesa edo eta laguntza, harik eta bakarrik jarraitzeko indarra har lezaten arte.

Zer irakatsiko duzue ikastaro horretan?

— Lehendabizi, Txillida anaiak, Larrea, Mendiburu, Sistiaga, Zumetak eta beste batzuek duten dokumentazioa bilduko dugu, honekin eta guk geuk egindako lanarekin prehistoriatik gaurdainoko dokumentazio argi bat edukitzeko. Hau egin eta gero, gure lanetan sartuko lirateke, ideia argi bat hartzeko.

Non erakutsi dituzue zeuen lanak?

— Oraino oso leku gutitan: Barakaldon, Eibarren, eta orain Arrasaten. Erakusketa hauk* ere, saio bezala egin dira.

Zer lortu edo bete nahi duzue honekin?

— Hutsune nabarmen bat bete nahi dugu batik* bat. Gaur egun, fundizio artistikoak, liburu moldaketak, inprimeriarako zurezko* grabatuak edo beste zerbait egiteko, hemendik kanpora joan bear izaten dugu, sarritan* Madrileraino. Euskal Herrian honelako lantegi batzuk irekiz gero, lan guztiok berton egin litezke, industri mailan gainera. Lehen lantegia Iruinean izanen da, bertan ematen duten laguntzagatik batez ere. Hango esperientzia ikusi eta gero, beste zenbait herritara joango gara.

Zerbait gehiago ANAITASUNAren irakurleentzat?

— Bai, gauza bat argi utzi nahi nuke, alegia,* arteak pedagogian duen garrantzia. Irudimena bizkor eraziz, ideiak sortzen irakasten du; eta, horretarako, euskal arte berezia erabiltzea komeni dela, ez dago zer esanik ere.

Horrela bada, jarrai bideari!

JOSU TORRE

daukute, dauskue, digute

itzazu, eizuz

genieke, geunskioe

genion, geuntsan

lezaten, leien

litezke, leitekez

natzaio, natxako

zitzaion, jakon


Herriz herri

Bilbo

Umeen jaialdia

Ume jaialdi eder bat egin zen, Gabonetan, «Santiago Apóstol» ikastetxeko teatroan. Ihaz* baino jende gehiago. Baina ez zen bete saloia. Ea datorren urtean lortzen dugun hori.

Umeak teatro egiten, kantatzen, dantzatzen eta txistua jotzen; eta haiekin Maurizia eta Leon alboka eta pandero jotzaileak eta Jon Enbeita kantaria. Azken honek egiazki frogatu* zuen, gaurko euskal kantaririk hoberenetarikoa dela, bai hitzen edertasunez eta bai kantatzeko teknikaz.

Prozesatua

«Orden Público» delakoaren aginduz, tribunalek prozesatu egin dute Gabriel Aresti, orain urte bete inguru argitaratu zuen «Harrizko Herri Hau» liburuagatik.

Irakurria dut akusazioa: separatismora bultzatzen duela eta hemen bizi diren erdaldunak atzerritar bezala tratatzen dituela.

Gogora dezagun, liburu hori «Harri eta Herri»ren jarraipena dela, eta hark «Premio Nacional de Literatura» irabazi zuela.

Liburu berria

Erreford, eta nolakoa!

Liburuaren titulua, «Bai mundu berria». Egilea, Aldous Huxley. Euskaratzailea, Xabier Amuriza, Zamorako gartzelan dagoen apaiza. Editoriala, LUR.

Liburu honen kategoriak ongi frogatzen* du, nola doan aurrera euskal literatura.

Mundu utopiko bat azaltzen dauku, eta azken orrialderarte tentsioan dago irakurlea. Baina Basatiaren burruka eta harenganako inkonprentsioa ez dira hain utopikoak, gaur gaurkoak baizik.

«Zorionak»

Aurreko urteetan baino gehiago eta handiago dira, dendariek jarri dituzten «Zorionak» letreroak. Has «El Corte Inglés»etik eta azken tabernaraino, Bilbo osoa bete dute zorioneko «Zorionekin».

Gu benetan pozten gara, dendarien egintza horrek argiro adierazten baitu, euskararen kotizazioa gorantz doala.

Erregaluak

Familia askotan, aurten, Errege eguneko erregaluak Gabonetara aurreratu dira, ikastolen eskariari kasu eginez.

Aldakuntza honek, zuzena eta zentzuzkoa izanik, harrera ona izan du.

Olentzero

Ohitura zahar hau galduta zegoen Bizkaian; baina gazte talde batzuek ahaleginak egin dituzte, berriz berpizteko.

Dakigunez, Olentzero bi atera dira Bilbon Gabon egunean: Deustun eta Santutxun.

Bertsolariak

Zer gertatzen da bertsolariekin? Hauen jaialdi gehienak debekatuak izaten dira; eta horrek arrisku bat dakar: gure kulturako landarerik baliotsuenetariko batek fruturik ez ematea, behar den moduan hazteko aukerarik ematen ez zaiolako.

Euskal diskoak

Euskal diskoak ihaz baino gehiago saldu dira aurten Bilbon. Jon Enbeitarena izan da gehien saldu dena: 1.100 ale hamabost egunetan.

XABIER GEREÑO

Mungia

«Artetxe» lantegia

Orain dala hilabete, «Artetxe» lantegia aipatu genduan lerro honeetan, hango «Santa Barbara» jaien berri emanez. Gaur, berriro aipatzea merezi dauala uste dogu, bere zilarrezko* ezteiak* ospatu ditu eta. Abenduaren 29a, egun ederra izan zan lantegi horretako langileentzat. Izan ere, egun horretatik gora, zahartzarorako eta gaixoaldietarako laguntza on batzuk izango ditue. Ba dabe non ikasi Mungi aldeko beste lantegiek!

Euskal jaialdia

Urtarrilaren* 2an, ikastolaren laguntzarako ospatu zan Mungian jaialdi bat. Jaiak ez eban gauza berririk izan. Txistulari eta dantzariak lehendik ikusiak genduzan. Ez zan ez ikastolarik ez gure arazo berezirik aipatu. Zorionen «Polita zarela», Estitxuren «Bakarrik», Josu Zabalondoren «Josepa Erramona» eta beste hainbat kantuk ez dauskue alderdi horretatik ezer ere esaten. Mungiko Jon Ormaetxe izan zan presentadorea. Asko poztu ginen bera ikusteaz, aspaldion plaza gizon legez* agertu barik egoen eta. Ondo bete eban bere eginkizuna, nahiz eta lehen aipaturiko huts berean jausi.

«Jose Luis Costa» futbol zelaia

Abenduaren 12tik hona, zelai berri baten jabe dira Mungiko futbolariak. Zelai hau egiteko, herri osoaren laguntza jaso* zan, eta Bizkaiko futbol federazioak ere diru mordo bat eman eban. Orain arte, zelai honek «Legarda» izena jarrita eukan; baina, azken orduan, federaziori herriaren esker ona erakustearren, haren presidentea izan zan Jose Luis Costaren izena hartu dau. Federazioak emandako diru hori, urte batzuk barru ordaindu beharrekoa da.

«San Antontxu» jaia

Hilabete honen 18an ospatuko da Mungian «San Antontxu» jaia. Jai honetako aipagarrienak, Txerriki Sariketa eta pelota partiduak. Tabernarientzako egun berezia.

JOSU

Arratia

Arantzazuko antzerki taldea

Arantzazun, antzerki talde bat sortu berri da; eta lehenengo agertaldia abenduaren 11ko arratsaldean egin eban herriko elizan, «Gabonetako ikuskizuna» eskainiz.

Hauxe da gure lehenengo teatro lana, 1759. urte inguruan Pedro Barrutiak edo idatzia. Egun honetatik aurrera, Arratiko beste herri batzuetan ere egingo dabe teatro hau; eta Arratitik kanpora ateratzeko asmoa ere ba dauke.

Areatzako kaleak

Areatzan,* kaleak konpontzen hasi dira; eta ederto, gainera. Gauzak eginez gero ikusten da, zelan herri honetako agintari gazte eta gogotsuak lan egiten dauan.

Parroko berria Arteagan

Arteagan parroko berria izendatu dabe. Arratian oso ezaguna da bere lan zaletasunagatik. Jaun honen izena Joan Jose Azurmendi da (sakramentinoa bera); eta orain herri bi daroaz: Arteaga eta Arantzazu.

«Oihartzunak» taldearentzat

Azkenez gauza bat baino ez, eta berau «Arratiko Oihartzunak» taldearentzat. Irakurri eizue, Aurtiz-ek ANAITASUNAren 224. zenbakian idatzitako «Bide berrien bila» artikulua. Mesedegarri izango jatzue.

XIRI

Deba

Lotsagarria

Jakin dugunez, «Asociación para el Fomento de la Enseñanza y la Cultura» elkartean gauza harrigarria gertatzen da. Alegia,* batzarretara erdiak inguru joaten direla. Elkarte honek duen eginkizuna eta diruaren aldetik laster izango duen erraztasuna ikusirik, tamalgarriaz* gainera, lotsagarria iruditzen zait jokaera hau.

Batzordekoa* denak, dei egiten zaionean, han izatea du bere lehenengo betebeharra; eta han azaldu behar ditu bere eritziak, bertan airen arazoei buruz.

Beraz, ez joatea erabakitzen duenak, nortasun argala adierazten du; eta bere ezpainetan darabiltzan aberria, erlijioa, politika, askatasuna eta abarreko hitzak, ez lirateke haintzat hartu behar.

Alfabetatzea Itziarren

Bertako gazteek eraturik eta Debako «Asociación para el Fomento» elkartearen babesean, hazilean* hasiak dira, Itziarren, euskara batuzko ikastaldiak. Harrera ona izan dute jendearen artean, 25 bat lagun biltzen baitira zintzo zintzo. Ezagutzen ditugu buruzagiak; eta, ekintza laudagarri honetan, denok lagundu behar diegu. Pozik izan daitezke Itziartarrak, beren herrian holako gazte talde jatorra edukitzeaz.

IDIAKEZ


Bilboko gotzain berria

Añoveros Ataun jauna dugu Bilboko diosesi gazte honetako hirugarren gotzaina. Lehena, Casimiro Morcillo madrildarra izan zen. Bigarrena, Paulo Gurpide nafarra. Azken hau hil zanetik, Jose Maria Zirarda jauna izan da aministradore apostolikoa, baina ez gotzain titularra. Añoveros dugu, beraz, Bizkaiko eliztarren hirugarren gotzaina.

«Ondo etorria, Jaunaren izenean datorrena»

Añoveros jaunaren izendatzeari, hala ere, ez dio jende guztiak harrera berdina egin. Hona hemen, goi mailakoen izenean egin zaion ongietorria:

«Egun batzuk barru, Bilboko gotzain berria helduko zaiku... Bizkaiko herriak —sinesmen sendokoa berau— ba daki, gotzain berria apostoluen ondorengoa dela, Jainkoaren herriaren zerbitzaria dela, eta Aita Santuak berberak izendaturik datorkigula... 'Ondo etorria, Jaunaren izenean datorrena'» (El Correo Español, 71-XII-26).

Apaizen ongietorria

Bizkaiko apaizik gehientsuek ba zekiten, egunkarietan berri hori agertu baino lehentxoagotik, Añoveros Bilbora zetorrela, eta. era berean, Zirarda Cordobara zihoala. Honen eta beste arazo batzuen eraginez, hainbat bizkaitar apaiz bildu ziren, gertaera horri eta beste zenbaiti* zer erantzun eman deliberatzeko. Beraz, egunkarietan berri hori agertu zenean, ba zuten apaizek esku artean, eritzi bat emateko estudio eta erabakirik nahiko.

Eta horrela izan zen. 196 apaizek izenpeturik, agiri bat zabaldu zen herritarren artean, euskaraz eta erdaraz, «Gotzain berria datorrela eta, Herriari Agiria» izenburuarekin. Agiri honek, funtsean,* hiru alderdi ditu:

- gotzain hau ez du Bizkaiko kristau herriak hautatu.

- gotzain honek ez du Euskal Herria ezagutzen, azken hogei urteotan gugandik urrun bizi izan baita.

- gotzain honek, agintarien alde zin* egin duelarik, nolabait eskuak loturik ditu.

Hori dela eta, 196 apaizok agiri horretan beren jarrera* ezaguterazten dute gotzain berriari buruz. Haietarik:

- 77k, gogo txarrez baina, hartzen dute.

- 84ek, gogo txarrez hartuz gainera, zenbait kondizio jarriko diote.

- 35ek agerian eta betiko alboratuko dute.

Nola izendatzen diren gotzainak

Kristau herriaren gotzainak nola izenda, Erromako Elizaren eta Espainiako Estaduaren arteko tratu batek seinalatzen du. Tratu edo konkordatu horren arauera,* Espainiako «Ministro de Relaciones Exteriores» delakoak eta Aita Santuaren Nuntzio Apostolikoak, biek elkar harturik, sei elizgizon seinalatzen dituzte gotzangai bezala. Sei hoietarik, Aita Santuak hiru aukeratzen ditu. Eta, azkenik, hiru hauetarik, Espainiako lehen buruzagiak bat —edo bat ere ez— hautatzen du. (Inor ere hautatzen ez badu, joko berdina egin behar da berriro). Gero, aukeratua izan den gotzainak, Estaduaganako zintzotasunezko zina* egiten du, konkordatuak agintzen duen arauera.

Bi gotzain laguntzaile eta Euskal Eliz Eskualdea

Bizkaiko 196 apaizekin batera, Kontseilu Presbiterial delakoak ere ez ditu onartzen, Bilborako gotzain izendatze horretan jarraitu diren bideak. Horrela, Bizkaiko apaizik gehientsuak —goi mailakoak ere barne— ez daude bide hoiekin konforme, eta bai kexu, Aita Santuari bidali dioten karta batean aditzera eman duten bezala. Hori guti bailitzen, ba dago eliztarren artean halako ondoez larri bat.

Nuntzio jaunak berba eman ei* du, hala ere, gotzain laguntzaile bi izango dituela Añoveros jaunak. (Gotzain laguntzaileak izendatzeko, ez dira jarraitu behar, aipaturiko konkordatuak seinalatzen dituen pausoak). Gotzain laguntzaile hoik,* Bizkaia errotik ezagutzen dutenak izango lirateke, Bizkaiko apaizen eskabideei jaramonik egiten bazaie behintzat.

Era berean, Nuntzio jaunak berba eman ei du, euskaldunek Eliz Eskualde* bat bakarra osotuko dutela. (Gaur egun, Bizkaia eta Araba alde batetik. daude, Burgosko artzobispaduari lotuak; eta bestetik, Gipuzkoa eta Nafarroa). Euskaldun guztiak batera bilduko lituzkeen eliz probintzia bat atonduz* gero, Elizak Euskal Herria ba dela aitortuko luke, eta egiaz errespetatu eta babestuko.

A. Z. GISASOLA

daude, dagoz

dio, dautso

diote, dautsoe

zaie, jake

zaiku, jaku

zaio, jako

zekiten, ekien

zihoan, joian


Euskaldungoa

Euskal kantarien jaialdia Santutxun

Bilboko Santutxun, «El Carmelo» fraile etxean, euskal kantarien jaialdi bat ospatu zan, abenduaren 18an. Kantaldi horretan batu zan dirua, auzo haretan egiten dan alfabetatze kanpainaren premiak ordaintzeko izan zan. Goienaga mutikoak, «Elaiak» hirukoteak, «San Anton» orfeoiak eta «Oskorri» taldeak jardun eben.

Pérez Ollo, «Olentzaro» zer dan azaltzen

Pérez Ollo nafar kazetalaria* «Olentzaro»ri buruz mintzatu zan Altsatsuan, abenduaren 22an. Euskal mitologiako pertsonaia horren sorrera, joan-etorriak eta abar aipatu zituan.

Linazasoro jaunaren mintzaldia Zumarragan

«La Navidad en Euskalerria» gaiari buruz mintzatu zan Iñaki Linazasoro jauna Zumarragan, abenduaren 21ean. Gabon jaiek literaturan, esaeretan eta herriko ohituretan daben zerikusia aipatu eban.

Manuel Estonba apaiza, «Garitaonaindia'tar Gotzon» sariaren irabazle

Manuel Estonba apaizak irabazi dau, «Eusko Arranoa» eleberriarekin,* «Garitaonaindia'tar Gotzon» nobela sariketa, AGUR aldizkariak antolatua. Lehenengo sari hau 25.000 pezetakoa izan da. Bigarren saria, 5.000 pezetakoa, Urruzola'tar Estanis («Uxola») jaunak irabazi dau, «Ezpalak» izeneko nobelarekin.

Laugarren saria Mikel Zarate apaiz gazteak irabazi dau. Beronen idazlanari buruz, hauxe dino AGUR aldizkariak: «Oitura eleberria, oso gaurkoa. Eleberri hau ez zan sariketaren arauetan sartzen, baiña lan egiteko oñarri on bat izan leiteke». Zarate jaunak esan dauskunez, bere eleberriak ezin eiken sariketa horretan parterik hartu, bizpahiru H baiteroiazan,* eta sariketaren arauek ez baitzituen letra horrekin idatzitako lanik onartzen.

Kargu berriak Bilboko diosesian

Abenduko «Boletín Oficial del Obispado de Bilbao» aldizkariak dinoanez, kargu berri honeek eman izan dira* Bilboko diosesian:

Ignacio María Lledó, Barakaldoko «Nuestra Señora de la Esperanza» parrokian lan egiten dauan apaiz taldearen buru; José Pascual eta Martin Tirapu talde horretako lankide. Ventura García, José Ródenas eta Eugenio de Diego Sanz, Barakaldoko «San Ignacio de Loyola» parrokiako lankide. Xabier Aginako eta Fermin Astrain, Barakaldoko «Nuestra Señora del Carmen» parrokiako laguntzaile. Ignacio A. Arrastio, José Antonio Fernández eta Pedro Fuentes, San Salvador del Valle-ko «La Transfiguración del Señor» parrokiako arduradun. Rafael García, Lekeitioko serora* dominikanoen kapellau. Jose Migel Uria, Lejonako San Juan Bautista elizako diakono.

Eskualdeak eta Estaduaren aurrerakuntza

Eskualdeen* desarroiloa dala eta, berbarik asko egin da azken urteotan. Gai honi buruz, 216 orrialdeko liburu bat publikatu berri dau José Luis Meilán, Santiago de Compostelako Unibertsidadean deretxo aministratiboa irakasten dauan katedratikoak. Honela dino bere liburuan: «Es evidente que los objetivos del desarrollo regional deben adaptarse al estadio actual del sistema económico y deben ser coherentes con las aspiraciones nacionales dominantes... El dilema básico para nuestro país no consiste en elegir entre política de desarrollo regional o de desarrollo nacional, sino en como combinar estos dos procesos separados, pero complementarios, en un marco unificador de ordenación del territorio». Meilán jaunaren liburuan, eskualdea ez da lurralde soil bat baizik. Baina eskualdeak bere kondaira, hizkuntza eta ohitura bereziak izaten ditu. Ipar Amerikaren kasua aipatzen dau, bere ideiak frogatzeko.* Baina, Ipar Amerikan, Estadu Federal batek gidatzen ditu eskualdeen joan-etorriak, azken honeek autonomia handi baten jabe direlarik. Meilán jaunak, jatorriz galegoa izan arren, Madrildarren zentralizazio ikusmoldeekin begiratzen ditu gai honeek.

Eskatzekotan: «España 71. El territorio, protagonista del desarrollo». José Luis Meilán. Ediciones del Consejo Superior de las Cámaras de Comercio, Industria y Navegación. Madrid, 1971.

Soldadutzara

Urtarril* honetan uzten gaitue denboraldi baterako, Bizkai eta Gipuzkoa aldean euskal alfabetatzearen arduradun diren Patxi Elgezabal eta Jose Bernardo Jauregi, gazte jatorrek. Lehenengo hiru hilabeteak behintzat Gasteizen iraganen* ditue, gero beste tokiren batera joateko. Berton gelditzen diren ordezkari jatorrei esker, alfabetatze lanak lehen bezala jarraituko dira.

Bideak eskasak Bilbo aldean

Fernando Rodríguez Pérez, «Junta del Puerto y de la Ría de Bilbao» dalakoaren injinadore zuzendariak, abenduaren 27an, aditzera eman zituan kazetalari eta berriemaileen aurrean, 1971. urtean Bilboko portuak izan dituan joan-etorriak eta gorabeherak. Segidan, telebisioak eta egunkariek haren deklarazioen berri zehatz eta luze eman eben.

Bilboko «La Gaceta del Norte» egunkarian, honela inoan Rafael Osa Etxaburu jaunak: «Laburkiro esateko, ez da urte zoragarria izan, baina bai dexente xamarra... Egin diren obra berriei eta laster bukatuko direnei esker, Cartagena eta Santa Cruz de Tenerifeko portuak baino haundiagoa izango da Bilbokoa... Baina, haren inguruan bide ganorezko* batzuk ez baditugu, eta infrastrukturazko beharrizanak betetzen ez badira, gure etorkizuna beltz samarra izaten jarraituko da... Portuaren handitze eta gaurkotzearen alde egin diren lan eta ahaleginek oihuka eskatzen ditue bide berri eta zabalak.»

«Oskorri Gaitz» teatro kantatua Larrabetzuan

«Oskorri Gaitz» izeneko teatro kantatua jokatu eben Bilboko «Oskorri» taldekoek Larrabetzuan, abenduaren 31 n. Teatro kantatu honetako hitzak Gabriel Arestik egin ditu, eta irudiak Agustin Ibarrola pintatzaileak. Hauxe izan da, teatro berezi honekin egin daben lehenengo jardunaldia.

«T.U.» aldizkariaren mailukada guztiak untze berean

Mondragoeko «T. U.» aldizkariaren 131. aleak untze* berberaren gain jotzen ditu bere mailukada guztiak: gure industrien gaurkotze, indartze eta geureganatzean, alegia.* Han esaten danez, ahalegin guztiak egin behar ditugu, gaur eguneko industriarik aurreratuenak Euskal Herrian izan daiguzan. Hala ez izatearen arrazoiak bi ei* dira: Ez dogu geure esku, geure Herriaren alderako antolaketa burutsu bat egiterik; eta inbestigazioaren sailean egin ahal dogun apurra egiteko ere, ezer gutxi inbertitzen dabe gure industrien jabeek.

«T. U.» aldizkariak seinalatutako hutsuneak eta proposaturiko antolaketak zeharo arrazoikotzat jotzen ditugu. Beharbada, ez da ahanztu beharko, gizarte arazoak ezin daitekezela guztiz konpondu Euskal Herriaren etorkizunaren izenean.

Araba eta Gipuzkoaren etorkizuna «Actualidad Económica» aldizkariaren ustez

«Actualidad Económica» aldizkariaren 718. alean, Araba eta Gipuzkoako ekonomiaren egoera eta etorkizunari buruzko estudio bat agertzen da. Egileak, joan dan urtea probintzia biontzat nahiko epela izan dala azaldu ondoren, etorkizunari begira zer bide hartu leiteken aipatzen dau.

Jose Felix Azurmendi kazetalari berria

Jose Felix Azurmendik bukatu berriak ditu kazetalari* ikasketak. Markinan jaio zan, orain dala 30 urte. Hamabi urtegaz Derioko seminariora sartu zan, apaiz izateko asmoz. Lau urtegarrenean, utzi egin eutson apaizgaitzari, eta Gernikara aldatu zan bere familiarekin. Politikazko arazoakatik, ihesi joan zan Hego Amerikara. Han, Colombian hain zuzen ere, kazetalaritza bukatu berri dau. «Licenciatura» dalakoa lortzeko idazlanean, «Burgosko Epaiketa» famatua hartu dau gaitzat.

Azurmendi jauna ezkondurik dago, eta seme-alaba biren aita da.

«Goizaldi» dantza taldearen ekinaldia

Donostiako «Goizaldi» dantza taldeak, hiri* haretako «Teatro Principal»ean jardun izan eban, abenduaren 26an. Ignacio de Iztueta zanaren «Gipuzkoako Dantzak» liburuan agertzen direnak dantzatu zituen. Aiako trikitilariek ere parte hartu eben. Amaitzerakoan, «Sorgin Dantza» jokatu zan. Azken dantza hau ez dator Iztuetaren liburuan; Alberto Orotegi jaunak 1968. urtean Oriako auzunean ikusi eta ikasia da.

Iparraldeko berriak

«Nork hil du Oihanalde» antzerkia Itsasun

«Nork hil du Oihanalde», Larzabal apaizaren antzerkia eman izan dabe Lapurdiko Itsasun, Eguberri* egunean.

Euskal kanta jaialdia Baigorrin

Euskal kantaldi bat eman eben, Nafarroa Behereko Baigorrin, Etxamendi, Larralde, Borda, Sarasola, Carrere, Ospital, Etxegoin eta Martikorena kantariek, abenduaren 26an.

HERRIA komunisten kontra

Baionako HERRIA astekariaren 1.115. alean, hau dino «Hego-alde» saila daroanak: «Gu (euskaldunok), geure aldetik, hala eskuintiar nola ezkertiar diktaduraren kontra gira. Denak tupin* berean ezartzen ditugu». Gero, honetara amaitzen dau: «Komunistak bentzutzeko molderik hoberena, ez da haik belztea,* baina obraz erakustea, guk eskaintzen dugun bidea, haiena baino hobea dela».

Ipar euskaldunak eta turismoa

Guy Petit, Biarritzeko alkate jaunak luzaro hitz egin berri dau frantses telebisioan, 1972. urtean Euskal Herriko turismoari laguntza gehiago emateko eskatuz. Egia esan, euskaldun aberats banaka batzuk bakarrik dagoz turismoaren alde; jende xehea, ostera,* industrializatzearen alde.

Baionako «Gran Hôtel» hitxi egin dabe

«Grand Hôtel, Baionako Thiers kalean dagoena, hitxi egin dabe haren jabeek, irabazirik baino galtzerik gehiago ekarrelako. 80 gela ditu, restaurante eta kafetegi batez gainera. Hain ospetsua zan ostatu honen hixteak aditzera ematen dau, Iparraldeko turismoa gora baino gehiago beherantz doala.

Euskal Herriko bideak oraindik ere gaizki

«Bilbotik Behobirako autobidea egiten danean, eta, «III Plan de Desarrollo» dalakoaren barruan, Nafarroa aldeko autobideak eta Maltzagatik Gasteizera eta Bilbotik Santander aldera eta Mirandara doazenak egiten direnean, bideberri onak izango ditugu. Baina. hala ere, gure eskualdeko* infrastruktura nahiko eskasa izango da» (Bilboko La Gaceta del Norte, 71-XII-26).

Liburu eta diskoen azoka Gasteizen

Euskal liburu eta diskoen azoka ospatu izan da Gasteizen, «Excursionista Manuel Iradier» elkartearen ardurapean, abenduaren 24, 25 eta 26an.

«Egia» kirol taldeko zuzendariaren bihotz-beratasuna

Abenduaren 26an, Donostiako «Egia» eta Madrileko «Atlético de Madrid» ekipoek jokatu eben, erdaraz «balón-mano» deritxon jokoa. Donostiarrak garaile atera zirelarik, telebisioko gizonek elkarrizketa bat izan eben ekipoaren zuzendariarekin. Gabonak zirela eta, ea ezer esan nahi eban itaundu* eutsoenean, oso osoan erantzun eban: «Espainiako buruzagi nagusiari eskatzen dautsat, Gabon jaietan gagozenez gero, espetxeraturiko politikalari guztientzat barkamena eman daiala». Hori da bihotz-bera izatea!

«Unai» hirukotea, saritua

Azkoitiko «Unai» hirukoteak irabazi eban Iruinean ospaturiko «Gabon kanta lehiaketa». Bigarren saria, Xabier Madina gaztearentzat izan zan.

Eibarko «Orbea» enpresarentzat diru laguntza

Eibarko «Orbea» enpresak 23.875.000 pezetako laguntza jaso* dau «Fondo Nacional de Protección al Trabajo» dalakotik. «Orbea» etxeak lantoki berriak eraikiko ei* ditu, erosi berri dituan lurralde batzuetan, eta, diru laguntza horri esker, lantoki berriok tresna modernoekin hornituko.

Arraras jaunaren berbaldia Iruinean

Arraras jaun folklorezaleak berbaldi bi eman berri ditu Iruineko Aurrezki* Kutxaren saloian. «El folklore en Navarra» eta «El folklore en la Ribera Navarra» gaien inguruan jardun eban. Filmina batzuk erakutsi zituan, eta elkarrizketa batekin amaitu ziren mintzaldi biok.

Analfabetismoa Euskal Herrian

«Dirección general de la enseñanza primaria» erakundeak* dinoanez, 1967. urtean, 15etik 60 urterarteko gizonen eta 15etik 50 urterarteko emakumeen artean, honexenbeste analfabetu egozen Euskal Herrian:

%

Araban 0,19

Bizkaian 1,42

Gipuzkoan 0,61

Nafarroan 1,61

Espainiako hirietan:* Madrilen % 1,33, eta Cádizen % 12,67.

«Amazonetako Indioak», liburuxka berria

Hona hemen LUR editorialak argitaratu dauan bigarren ipuinaren izena. Ipuin hau, bai presentazioz bai eta idazkeraz ere, «Balearen arrantza» izeneko lehen ipuina baino hobeto dator. Lehenengo harek bezala, bigarren honek ere harrera ona izango dauala uste dogu, batez ere zortzitik hamabi urterako gazteñoen artean. Eskatzekotan: Editorial LUR. Villa «Zutik». Paseo Arbola. San Sebastián.

«Langileria historian zehar», liburu berria

ETOR editorialak argitaraturik, agertu berria da «Langileria historian zehar» liburua. Egilea, Mikel Ugalde. Europan zehar sarturik, Frantziako iraultza,* Inglaterrako industri aldakuntzak, Marx eta Engelsen teoriak eta abar aztertzen ditu. Azken alderdian, Euskal Herria XVI, XVII eta XVIII. mendeetan,* Zamakolada, Matxinada, lehen eta bigarren karlistada eta abar estudiatzen ditu, bibliografia batekin bukatuz. Hizkuntza aldetik, nahiko pauso ona ematen dau euskara baturantz. Bestalde, azaleko G. Zumetaren marrazkiak* presentazio berezi bat ematen dautso liburuari. Eskatzekotan: «Ediciones Mensajero». Apartado 73. Bilbao.


Euskal kultura mahai biribilean

Abenduaren 18 eta 19an ospatu zen Mondragoen «Euskal Disko eta Liburuen Azoka». Berebiziko* une honetaz baliaturik, euskal kulturaren inguruan «mahai biribila» eratu zuten antolatzaileek. 150 bat entzule bildu ginen, udaletxeko* gela handi batean, Franco, Gernikako Arbola eta publiko arruntarentzat* ezezagun ziren jaun biren irudien gerizapean. Presidentzian, mahai luze batean, erreskadan,* «mahai biribileko» hizlariak: Jose Luis Lizundia moderatzaile, Andoni Lekuona giputz apaiza, Jose Maria Satrustegi nafar apaiza, Juan San Martin eibartar idazlea eta Ibon Sarasola donostiar literatoa.

Entzuleen artean, era guztietarikoak geunden: 20tik 30 urterartekoak, beharbada, gehientsuak, eta itxuraz behintzat, ikasleak edo enplegatuak.

Jose Luis Lizundia hasi zen hizlariei galderak egiten.

— (San Martini). Zeintzuk gai aipatzen dituzte, gaur egun, euskal idazleek?

— Astero, euskal liburu bat inguru ateratzen da. Aurten, ihaz* baino lau bat liburu gutiago agertuko dira. Sarrien* aipatzen diren gaiak, «orokorrak* direlako hoik* ditugu; gero, erlijioarekikoak.

— (Satrustegiri). Nafarroako Diputazioak laguntza handia ematen ei* dio euskal kulturari. Zer dago horretaz?

— Egia da, bai. Azken urteotan, Nafarroako Diputazioak aparteko laguntasuna ematen ari da, bereziki «Fontes Linguae Vasconum» eta «Cuadernos de Etnografía y Filología» agerkariak atera ahal izateko. Aldizkari bi hauetan, puntarengo jakintsuek idazten dute, euskal kulturari inon deneko kategoria emanez. Idazleoi 100 pezeta ordaintzen zaizkie orrialde bakoitzeko. Bistan da, aldizkari bi hauk* jakintsuentzako direla.

— (Entzule batek Satrustegiri). Zergatik egiten dute hain guti euskaraz aldizkari bi hoietan?

— Hori, idazleen esku dago. Artikulu guztiak, datozen hizkuntzan argitaratzen dira: frantsesez, euskaraz, gaztelaniaz, inglesez, eta abar.

— (Iboni). Zer egoeratan aurkitzen da euskal literatura?

— Literatura alderdi bitan banatuko nuke nik. Bata kreatzailea, eta bestea osterantzekoa.* Kreatze aldetik, orain dela urte bi jo genuen gailurra. Harrez gero, beherantz goaz. Egungo* denboretan, jendearen alfabetatzea eta euskararen batasuna dira idazlerik gehienen ardura* nagusia.

— (Lekuonari). Zer dioskuzu ahozko literaturari buruz?

— Ahozko literaturaren edizio guti argitaratzen dira. Zeregin hau, Aita Zabala jesuitaren esku dago. Ba ditu hutsune batzuk* gaiaren aldetik; baina lan ona egiten ari da.

Une honetara heldutakoan, entzuleak bakarrik hasi ziren galdeak* egiten.

— (Iboni). Zergatik izan da literatura kreatzaile horren beherakada hori? Ez duzu uste, aurtengo zenbait* poesi liburuk, onak izan arren —hor dituzu «Hitz berdeak», «Izadiaren malurra», kasurako—, ez dutela izan, hala ere, harrera onik kritikaren aldetik? Beraz, ez ote da hobe esatea «kritikalarien beherakada», «literatura kreatzailearena» baino?

— Kritikalarien eskasia ba dagoela uste dut nik ere. Ez baita behar bezalako kritikarik egiten. Hori, aldizkariek bete behar duten zeregina da. Baina, hala ere, kreatze lanak beherantz doazela uste dut.

— (Iboni). Zeintzuk gai dira, bada, gaur egun falta direnak, kreatze honen aldetik?

—Orain, kasurako, ez da nobelarik egiten, edo, gutienez, ez dira argitaratzen. Ez eta poesi libururik ere. Azurmendiren poesiak, orain agertu izan arren, zaharrak dira, aspaldi eginak. Publikorik eza dugu gaur egungo koskarik gogorrena, eta, honekin batera, hizkuntza batuaren falta. Bestalde, aldizkarietan ere ez dago giro onik. Haietan egiten diren kritikak arnegu hitzak edo zurikeriak izaten dira, erizpen* labur eta txar batzuk* ez direnean.

— (Iboni). Ez duzu uste, idazleek ez dutela kreatzeko prestutasunik, ez direla kreatzeko kapaz?

(Ibonek). Prestutasunik ez edukitzea ez da kasualitate bat. Idazleek ere aparteko giro bat izan behar dute inguruan.

 (San Martinek). Nik uste dut, gainera, idazleak herria baino aurrerago doazela, autoreak irakurlea baino aintzinago.* Nik ba dakit, zenbait poesi lan argitara eman gabe direla, nork publika ez dutelako. Eta nork argitara ez badago, nork irakur ez dagoelako da. Kasurako, Martin Garin poetarenak.

 (Lekuonak). Ene ustez, poesiaren gutitasunak literatura infradesarroilatu bat salatzen du.

 (San Martinek). Poesiaren eskasia ez da bakarra. Nobelarekin ere berdin gertatzen da. Hor dago D. Peillen nobelistaren eleberri* bat, nork argitara ez duelarik.

— (Iboni). Euskal Idazleen Elkarteak zergatik ez du indar gehiagorik?

— Galdera horri beste norbaitek hobeto erantzungo lioke, beharbada. Euskal Idazleen Elkartea «batasun» arazoari begira sortu zen, ez preseski* literatura bera jorratzeko. Gainera, ez dut larregirik* sinesten holako elkarteetan, literatura kreatzailea sendotu nahi badugu, behintzat.

— (Iboni). Zergatik ezin lezake LUR-ek eginkizun hori bete?

— LUR-ek, datorkiona publikatzen du. Ezin dezakegu nahi duguna publika, ez baitira inon, nahi genituzkeen kreatzaile hoik.* Editorialek ere, orain bi urte jo zuten gailurra. Gaur, gorabehera haundiak dituzte. Zergatik?

 (San Martinek). Finantziazio arazoa dago guzti horren oinarrian. Nahiz eta produkzioaren kurbatura gorantz joan.

 (Ibonek). Suskritoreen arauera* dira gauzak. Editorialak, euskara hutsean dihardutenak, suskritoreen emaitzekin bizi dira.

— (Lekuonari). Bertsolaritza agorturik ote dago?

— Ez dut uste. Gainera, ba dira beste ahozko literatur molde batzuk ere, bildu beharrean direnak: ipuinak, esaerak, gai barregarriak... Bertsolaritzak berak ere aldatu egin behar du, hori bai. Industriatzeak erakarri duen bizimolde berria kontuan eduki behar du. Bestalde, bertsolari gazteak zaharrekin «txertatu»* behar dira. Lehen, hori sagardotegietan egiten zen. Orain?

 (Satrustegik). Bertsolariak berentzat bakarrik aldizkari bat lortu* nahian dabiltza. Dudan ibili izan dira, ala berri bat atera ala jadanik* direnetan aparteko leku bat eduki. Laster, zerbait agertuko omen* dute.

Diskoen salmentaren ugaritzeak ez ote du literaturaren beherakada bizkortu eta haunditu? Disko berri bat erosten duenak, ez duke libururik erosten.

(San Martinek). Diskoen letrak, gehienetan, negargarriak izaten dira.

 (Lekuonak). Letrak onak direnean —Leteren kasuan—, literaturaren alde ateratzen dira.

— Nola gaude antzerkiaren aldetik?

(Ibonek). Antzerki berririk guti dago. Itzulpen banaka batzuk egiten dira. Talde guti daude, eta daudenek ezin dezakete gauza askorik egin. Horren arrazoia politikazkoa da. Biltzeko libertaterik ez dagoelarik, ezin daiteke antzerkiarentzat giro egokirik egon.

Une honetantxe jo zen, lehen aldiz, hondoa. Izan ere, edukazio politika baten kakoa dago euskal literaturaren barrenean.

ANJEL ZELAIETA

daude, dagoz

dezakegu, daikegu

dezakete, daikee

gaude, gagoz

genituzke, geunkez

geunden, gengozen

lezake, leike

lioke, leuskio

zaizkie, jakez


Euskal teatro zaharrak San Antongo elizan

Euskal mundu guztiak ongi dakien bezala, Ibaizabal ondoko San Antongo eliza zaharrak halako tradizio luze bat du euskal gaietan. Euskal literaturaren iturburuetan beretan aurkituko dugu, harro eta ozen,* haren izena. Mikoleta zaharra, euskaldun eskritoreetatik zaharrenetatiko hura,* gaur egunean Don Klaudio Gallastegi bezala, eliza horretan egon zen parroko. Beraz, ez da gauza berria, Bilbao zaharrean euskara landurik ikustea. Lastima da, diferentzia xipi bat egon dela denbora zaharretatik gaurkoetara, ordukoetan eliza herriaren zerbitzuan jartzen zen bezala, oraingoetan herria elizaren zerbitzuan jarri nahi izan delako. Huts handi honetaz konturaturik, euskal teatroak honenbeste oztopo aurkitzen duen tenoreon,* San Antongo parroko handiak (handi gorputzez, bozez eta, nola duda, arimaz) bere parrokiako paret zahar eta santuak eskaindu nahi ukan dizkio gure kultura eta dramaturgiaren lantzeari; eta, desinteres honen frutu, joan den Eguberri* egunaren iluntzean, gure komediarik zaharrena estrainaldiz ikusteko egokiera eta zoriona eduki dugu.

Eta ba dirudi, eta egia hutsa irudi gainera, teatro klase batzuetarako eszenarik egokiena eliza dela, batez ere eliza zaharrak, harri landuzko elizak, burdineria mailuztatuzko elizak. Horregatik, halako leku aproposik duten parroko jaun guztiei, Bazterretxe eta gaurko gure Barrutia eta euskal batu batetara itzulitako zenbait* zuberotar pastoral erlijioso errepresenta erazitzeko zerbitzua erregutuko nieke. Don Klaudiok egindako esperientziak halako erantzuna merezi du.

Barrutia, zorionez, paper hautseztatuetako agoniatik irten* da. Lehenez, Abeletxek «euskaratu» zuen (ezen* Barrutiak erabili zuen hizkuntzak, eneak bezala, euskararen izenik ez baitu merezi), eta bere pezetatxoak irabazi zituen. Gero, nik esplikatu nituen Barrutiaren balore literarioak, eta palo ederrak errezibitu nituen atzekaldean. Orain, Arratiko Arantzazutar neska-mutilen bertutearen poderioz, komedia zahar honek bere teatrotasun betea lortu* du.

Argi eta garbi ikusten zen, hala ere, esperientzia handiren jabe ez zirela. Hala ere. antzezlariek ederki jokatu zituzten beren ofizioak. Oztopo handi bi garaitu behar ukan* zituzten: dekorazio falta eta textoaren gaiztasuna, batez ere azken kasu honetan, kantatuak izateko bertsoak kantatu gabe primeran errezitatu zituztelako. Beste zenbait bertsori jarritako musika guztiz egoki egon zen, nahiz eta teknika italiar modernoegi batetan moldaturik egon.

Publikoaren artean, jende progresista gazterik ez genuen sobera* ikusi. Jende debot gehiegi gure gustorako. Estudianterik eta intelektualik ez genuen ikusi. Zer galdu zuten ez dakite.

Beste alde batetatik, euskaltzale kontserbadore ia guztiak ikusi genituen. Ez dugu uste, sobera gusto hartu zutenik, Barrutiaren erdarakadak entzutean. Are* gutiago, Barrutiaren h-ak entzutean.

Hitz batetan: Euskal kulturarako jornada pobre baina prometagarri bat.

GABRIEL ARESTI

 Zuzendaritzaren oharra. Bizkaitar sinestedun aurrerazale eta kontzientziatu batzuek esan daukutenez, Arratiko antzerki talde honek eman duen Barrutiaren teatro hori, nahiz eta beronen literatur baloreak onartuak izan, ez da, inolaz ere, euskal kristauek gaur egun eskatzen duten teatro modu bat.

daukute, dauskue, digute

dizkio, dautsoz

nieke, neuskioe


Bangla Desheko herbesteratuak

Bangla Desh, gaurdaino Pakistanen menpean egon den herri bat dugu. Bangla Desheko herriak, «Awami» elkartearen eskabideak onarturik, gudaketa baten bitartez defenditu behar izan du, eskabide haiek zeramaten errealitatea. Elekzioetan, parlamentuko bi aulki izan ezik, beste guztiak irabazi zituzten autodeterminazioaren alde zeudenek. Yahya Khan-ek eta haren jarraitzaileek, Bangla Desheko herriaren pentsaerari kasurik egin gabe, beren asmoak bakarrik haintzat hartzen zituzten. Jokaera honen ondorioa, Mendebalde* eta Ekialdeko* Pakistanen artean sortu zen istilua dugu.

Mendebaldeko Pakistanek, martxoaren 25ean, ikaragarrizko odolketa baten ondoren, bukaera eman zion Bangla Deshen askatasun egunari. Alde batetik milaka hilak, eta bestetik hamar milioi herbesteratuak, oraintsuko gudaketa sorterazi dutenak. Zapalketa hura, gertatu zen baino askoz haundiagoa izan zitekeen. Baina ez zen komeni haundiegia izatea, lehendik ere lurralde hartan hainbat giza problema zeudelako. Bangla Desh bezalako herri baten hondamendiak izugarrizko situazio latzak sorteraz zitzakeen, batez ere kapitalismoa hain ahul* aurkitzen den Asiako lurralde haietan.

Sortu ziren istilu guztien artean, herbesteratuen arazoa batez ere azaldu da egunkarietan. Egia esan, herbesteratuak izan dira funtsean,* India eta Pakistanen artean azken gudaketa hau berpiztu dutenak. Baina arrazoiak ez dira, egunkarietan agertzen direnak bakarrik.

Nazio infradesarroilatu bat izanik, Indiak ezin zitzakeen manteni, lanik gabe eta goserik zeuden hamar milioi herbesteratuok. Nazio haietan, Indian eta Pakistanen, ekonomiaren estabilitatea oso kaxkarra da; baina, hala ere, herri barnean dauden kontradizioek eta aintzinako erlijio klasismoak etsiturik* eduki dute jendea orain arte.

Bangla Desheko herbesteratuei bide bat bakarrik gelditzen zitzaien, egoera larri hartatik ateratzeko: burruka. Azken gudaketak ez du lehengoaren antzik ere izan. «Awami» elkartearen xedeak* ez dituzte denek onartzen. Egia esan, Mujibar Rahman-en izen hutsak dardaraz jartzen du herriaren bihotza. Baina «Mukti Bahini» askatasun mugimendukoek gehiago nahi dute. Haien helburuak,* «Awami» elkartekoenak baino askoz ere radikalagoak dira. Haiek diotenez, Bangla Desheko herriak, zeinen eskuetan eror,* halako gobernua izango du. Adibidez. «Mukti Bahini» mugimendukoek banatu egiten dituzte lurrak herritarren artean; «Awami» elkartekoek, ostera,* ez dute horrelakorik egiten.

Indiari interesgarri zaio, lehen bai lehen herbesteratuen arazoa konpontzea, etxekalte bihurtzen hasi zaio eta. Horregatik, Indira Gandhik libre utzi nahi du Bangla Desh ahalik eta lasterren; baina boterea «Awami» elkartearen eskuetan jarri gura* du, honela errepublika berria, salerosketa kontuan, Indiaren morroi leiala izan dadin. Orain arte. Indiak harmak eman dizkie «Mukti Bahini»ko iraultzaileei*; baina, seguru asko, desarmatuak eta hondatuak izango dira, askatasun osoa datorrenean.

Nazio boteretsuak, hamar milioi herbesteratuak atxakiatzat harturik, hor ari dira zerbait egin nahian. Dirudienez, beren asmo inperialistak bakarrik defenditzen dituzte, hainbeste eta hainbeste pertsona behartsu jokoan direlarik. Hori dela eta, ez da erraza izango, iraultza garaile ateratzea.

OKERRA

daude, dagoz

dizkie, dautsez

zaio, iako

zeramaten eroien, eramaten zuten

zeuden, egozen

zion, eutson

zitekeen, eiteken

zitzaien, jaken

zitzakeen, eikezan


Literatura

Ibon Sarasolarekin

Joan den uda honetan Ibon Sarasolak argitaratu duen «Euskal Literaturaren Historia» liburuak hizpide* ugari sorterazi du. Eritzi eta kritika franko izan du. Tenore* honetan, burua hotz eta estraineko zarrasta ahazturik, berarengana jo dut galdezka. Donostian gara, eta gaur berton jakina du, Euskaltzaindiaren saria bere liburuak jaso duela. Beti legez* aurkitu dut, zimel eta apal. Arras* eta prestuki erantzuten die ene galderei.

— Ez ote duk, gero, liburu hau sobera* presaka egin?

— Liburu hau gertatzen, bi urte pasa ditiat. Argitara eman dudan redakzio hau, bigarrena duk. Lehenik beste bat egin nian; baina, hura* aztertu ondoren, bigarren hau taxutu diat. «Euskal Literaturaren Historia» idatzi aurretik, geure literatura guztia irakurri diat. Ez, ez duk presaka eginikako liburua.

— Zer deritzak, hire liburuari egin zaion kritika ugariari?

— Nik, edo laudorio merkeak edo arnegu alferrak espero nitian; baina oker nienbilaan. Kritika konstruktiboak egin direla uste diat. Liburuaren funtsari hauteman ziaiok. Dato berri asko agertu duk. Kritikak, leialak eta seriosak izan dituk.

— Azurmendiren kritika, oso aipagarritzat jotzen diat. Zabal eta luzaro iharduki dik garbizalekeriaren inguru. Purismoa dela eta, hire zenbait* eritzi hauzitan jarri dik.

— Bere kritikan, Azurmendik zenbait purismo desberdin nahasten ditik. Purismoak, Europako burjesia eta razional mugimenduaren frutu bezala ikuspegitzen ditik. Euskal garbizalekeriaren kasua ere, honela esplikatzen dik. Baina, ene ustez, euskal garbizalekeriak berezitasun inportanteak ditik: batetik, euskara ez duk hizkuntza indoeuropeo bat; bestetik, eta kulturalki hartuz, ez duk oso zabala. Hizkuntza ama batetik ez ditik euskarak bere hitz berriak hartzen, bere kultural ingurutikan baizik. Frantses, italiano eta beste hizkuntza erromanikoek ba diate garbizalekeri kontu honetan muga jakin bat: latina. Euskarak ez, ordea;* euskarak ez dik muga jakinik. Euskal purismoa erdaraz egin duk. Euskaldunek, erdaraz idatziz esan diate, zein hitz «garbi» erabili behar ziren.

— Baina euskal burjesiak zerikusirik izan ote du, garbizalekeriari dagokionez?

— Euskal burjesia ezin diaitekek, garbizalekeriari dagokionez, Europako beste burjesiekin konpara: euskal burjesiak ez baitu tradizio hain sakon eta zabalik. Adibidez, Lizardi burjesa zuan, sozial mailari zegokionez (fabrikako jerente); baina pentsamoldez eta jatorriz nekazaria zuan. Beraz, ezin diaitekek esan, pentsamoldez eta ideologiaz Lizardi burjesa zenik. Errazago burjesten duk nor bere bizimoldean, bere pentsamoldean baino; honetarako, denbora gehiago behar duk. Burjes-nekazari kontradizio honetatik ikuspegi diaitekek euskal garbizalekeriaren arazo berezia.

— Besteen purismoa honetan dagoela esaten duk: hizkuntzak «ama» bat ba dik, eta ama honengana hurbiltzeak* diakarrek garbizalekeria.

— Ez diat nik hori esaten, baizik eta purismo kontuan hizkuntza hoiek muga jakin bat ba dutela. Adibidez, frantsesak garbi litzakek bere hizkeran dituen zenbait hitz arrotz, hitz jatorrak sorteraz litzakek; baina, horretarako, latinera jo beharko dik.

— Garbizalekeriaren arrazoinak eta kausak linguistika alorrekoak* ote dira soil soilik?

— Garbizalekeria guztiak egoera berdintsuetan finkatzen dituk. Sentimendu nazionalaren sortzearekin batera diatozek. Frantzian, Alemanian, Katalunian eta halaber* hemen ere, sentimendu honen sortzeak zerikusi handia dik garbizalekeri kontuan. Nik uste diat, azken finean, arrazoin politiko eta sozialek eragiten dutela garbizalekeriaren sena. Garbizalekeria egiteko tenorean* sortzen dituk arazo teknikoak. Garbizalekeriaren moduan sortzen dituk arazo linguistikoak. Arazo linguistikoak bereziki planteatzen dituk hizkuntza bakoitzean.

— Klerikalismoa dela eta, susmoak hartuak ditiat. Ez ote duk klerikalismoa eskema orokor* bat bezala erabiltzen? Ez dea* hori tesikeria bat?

—Nik ezetz uste diat. Bestela, ez nikean erabiliko. Gainera, liburuak hari bat behar zian. Baina, dena dela, ez diat funtzionaltasun honen bizkarretik objetibitaterik saldu; zeren* eta klerikalismoaren arazoa objetiboki aztertzen baitut. Ahalik eta objetiboen azaltzen saiatu nauk.

— Historia bat idazteak arrisku bat dik, eta hauxe duk: buruan den tesi bat frogatzeko* edo, honen arauera* kondaira ikuspegitzea.

— Nire kasuan, lan egin arau* iritxi* nauk tesira.

— Baina egin ote daiteke, gero, historia neutro bat?

— Historian ere zientifikoki lan egin diaitekek. Baldin datoei hitz egiten uzten bazaie, historia objetibo bat egin diaitekek. Errealitateari bere esangura esaten utziz gero, zuzena izanen duk errealitate horren azterketa. Arriskua diagok: dato guztiak gogoan ez edukitzea. Edozein zientziatan aurkitzen diagu arrisku hori, baina giza jakintzetan batik* bat.

— Zer asmo duk aurrerantzerako?

— Orain, gerraz gerozko poesiaren antologia bat prestatzen ari nauk. Textoen analisiaren bidez, euskal poesiaren egiturara* ailegatu nahi diat; influentzien jokoa nolatan egituratzen den ikusi, eta abar. Nobelari buruz ere, hasia nauk lanean. Bai eta euskal literatura zaharraren antologia bat ere prestatzeko asmoa diat. Antologia honek hiztegi bat, textoen analisia eta literatur mugidaren azterketa soil bat ere izanen litizkek.

 — Heure liburuaren azken partean zenbait idazleren izenak eta lanak aipatzen dituk. Ba duk bat baino gehiago zapuztu dena, bere izena agertzen ez delako.

— Begira! Batetik, motza* izan behar'zian izen zerrenda honek; eta bestetik, zenbait lanek ez diate tokirik merezi euskal literaturan. Gauza bat duk euskaltzale izatea, eta beste bat idazle aipagarri izatea. Bizpahiru artikulu egin dituen edonor, ez duk hargatik literaturaren historiara pasatuko. Lehen, edozein zukean euskal literaturaren historian toki bat izateko gai; baina, zorionez, egun,* aukera bat egiteko baldintza ba diagu. Honek zera esan nahi dik: gure literatura ugaritzen eta hobeagotzen ari dela.

LUIS HARANBURU-ALTUNA

Hiketazko formak

diagok, dago

diagu, dugu

diaitekek, daiteke

diakarrek, dakar

diat, dut

diate, dute

diatozek, datoz

dik, du

ditiat, ditut

ditik, ditu

dituk, dira

duk, da

litizkek, lituzke, leukez

litzakek, litzake, leikez

nauk, naiz

nian, nuen

nienbilaan, nenbilan

nikean, nukeen, neuken

nitian, nituen

ziaiok, zaio, jako

zian, zuen

zuan, zen

zukean, zatekeen

Osterantzeko formak

die, dautse

zaie, jake

zaio, jako


Marxen izkribuak euskaraz

MARX, Karl: Lan alokatua eta Kapitala - Alokairua, prezioa eta irabazia. LUR editoriala, Xabier Kintanak itzuliak.

LUR editorialak beste liburu interesgarri bat eman dauku: Marxen bi idazlan: Lan alokatua eta kapitala eta Alokairua, prezioa eta irabazia.

Pozgarria da Marxen lanak euskaraz irakurri ahal izatea. Irakurle askok ez du astirik izango, Kapitala osoa irakurtzeko; horretarako, pazientzia handia eta ekonomiazko jakinduria behar baitira.

Bi lan hauetan, berriz, Marxek, erraz eta guztiek ulertzeko moduan, bere ekonomi teoriazko pundurik garrantzitsuenak azaltzen dauzkigu: plusbalioa, prezioen determinazioa, alokairuaren* gorabeherak, eta abar.

Marxen ekonomi alorretan* sartzeko, bide laua* eta egokia izango du irakurleak bi idazlan hauetan.

Euskal itzulpena Xabier Kintanak egina da. Jatorrizko textua hartu ondoren, astiro euskal itzulpena aztertu dut, biak alderatuz.4

Itzulpen oso bikaina iruditzen zait. Alde batetik, euskara joria* eta arina da. Itzultzaileak ongi dioen bezala, ez da gauza erraza, zientziazko kontzeptuak eta ideiak euskaraz ematea. Azken denboran, aurrerapen handiak egin ditugu, noski;* baina, hala ere, oraindik ere hastapenetan* gaude.

Dena dela, irakurleak ikusiko du, Kintana gauza izan dela, Marxen idazlanak euskaraz zintzo emateko. Ongi jokatu duela uste dut, Axularren eritzia baino Leizarragarena kontuan izan duelako: hots,* ahalik eta zintzoen egilearen esana ematea.

Marxen idazlanak ez dira olerkia* edo nobela. Zientziazko itzulpenetan —gai hauetan sarturik gabiltzanok garbi ikusten dugu egunero— idazlearen esanak borobiltzen eta hobeagotzen iharduteak kalte eta oker galantak ekartzen ditu. Orduan inoiz baino egiazkoago: «Traduttore, traditore».

Jatorrizko textua ikusi ondoren, esan ez bakarrik, Leizarragaren kontseilua bete duela ere aitortu beharko du irakurleak.

Garrantzi gabeko oker guti batzuk irristatu* dira. Horrela, 21. orrialdean «harreman politikoak» irakurtzen dugun tokian, alemanez «ökonomische Verhältnisse» agertzen da.

Liburu bikaina eskaini dauku LUR editorialak. Eta itxaropen dugu, Marxen beste liburuak ere euskaraz irakurtzeko aukera* eta atsegina izango dugula. Ba da eginbeharra oraindikan!

GOTZON GARATE

dauku, dausku, digu

dauzkigu, dauskuz, dizkigu

gaude, gagoz

zait, jat


Kontsumoko gizartea

1929. urteaz geroztik munduak eman duen aldaketa, ikaragarria izan da. Urte honetan hasi zen krisiak, erabat* alda erazi zituen beren teorietan garai hartako ekonomistak, Berehala onartu zituzten enpresetako nagusiek forma berriak; eta Estaduetako agintariak izan ziren batik* bat, kontrol berri baten premia ikusi zutenak, beste horrelako zerbait gerta ez zedin.

Ordurarte uste zen, zenbat eta gehiago produzitu enpresek, hainbat eta errazago kontsumituko zuela gizarteak. Eta horrela, azkenean, ezinbesteko egoera batetara iritxi* zen: izugarrizko «stock»ak egin ziren, eta enpresak nora jo ez zekitela gelditu ziren. Horregatik izan da, orduz geroko Estaduen parte hartze bete betekoa barreneko ekonomi gaietan. Eta 1939.eko gerra mundiala ere 1929.eko krisi ekonomikoari ezartzen zaio.

Esan genezake ere, garai horretatik inoiz baino nabarmen eta indartsuago hasten dela kontsumoko gizartea, hots,* kontrol eta manipulaziozko gizartea.

Kontsumoko gizarte hau oso zabala da, eta era guztietako giza ekintzak kontrolatzen ditu: patata nahiz xaboi marka batetatik has eta, toki batzuetan, Estaduetako buruzagiak hautatzeraino.

Manipulazio hau gizarteko maila guztietan aurkitzen da. Sistema honek gauza berri bat eros erazteko dauden metoduak maneiatzen ditu, eta gero, beste maila batean, gizarte eta politikako ekintzak zuzentzen ditu.

Sistema honek ez dauku uzten, geure astiunetaz* behar den moduan baliatzen, geure burua hezi* eta diziplinatzeko, edo eta komeni zaizkigun ikasketak egiteko. Horren ordez, lasaikeriazko bere produktu traketsak eskaintzen dauzkigu, gure bizitzaren zentzu bakarra hor edo nonnahi sistema horrek agertzen duen hura* egitea edo hartzea balitz bezala.

Horregatik, sistema honen lehen zeregina ez da, gauza bat edo beste kontsumi eraztea edo gauza hoien ontasun eta berezitasunak agertzea, baizik eta gure pentsamolde osoa aldatzea eta hark nahi duen erara joka eraztea.

Edozein produktu berri, bai xaboi, tabako eta abar, merkatura ateratzerakoan, gizon prestu eta bizkor bat nabarmentzen zaiku gauza hori erosten, bere prestutasuna eta zoriona zigarro marka hori erretzen duelako dela adieraziz.

Jendeari sartu nahi dioten produktu hori, gehienetan, emakume gazte baten bidez eta leku eder batean agertuko daukute; eta gizonezkoa emakume artean azalduko da eta ongi hartua izenen da, zigarro hori erre edo paitar hori edaten duelako.

Eta, kontsumo hutsetik aparte, gizarte mailan, ikus ditzagun kontsumo honen adarrak.

«Oposizioa», hizpide* asko ematen duen gaia da; baina, gaur egun, oposizioa ez da lehen bezala ulertzen. Gaur, zuzendariek finkatutako erregeletan sartzen da oposizioa. Baina gauza batean parte hartu gabe gelditzea ez da oposizioa, zerbait gogorragoa baizik.

«Askatasuna», goitik behera ipinitako norma batzuetan sartzen den zerbait egiteko eskubidea da; baina, ez, beste batzuek eta gehienek pentsatu, sentitu edo nahi dutenaren kontra zerbait eskatzea edo egitea. Horrek beste izen bat du.

Eta oraindik ere gehiago.

XIX. mendean* 12 edo 14 orduko lanak gizona erabat* itotzen zuen bezala, orain sistema honek kontsumoko amarrukerien bidez lotu egiten gaitu osoki.

Langileak pozik edukitzeko ere, gaur egun psikologi tratamenduak daude, enpresa haundietan batik* bat, neokapitalismoaren teknikak onar ditzaten eta, jakina, egiturak* goraipa.*

Gizartearen kontrolatzaileok astiuneak ere zuzendu nahi dituzte. Lan hori ideologi mailakoa da. Honek beronek zapalketa gogorra adierazten du. Lantokietan ezezik, egun guztian ere zer egin behar dugun kontrolatu nahi daukute.

Eta hau ez da gure herrietakoa bakarrik. Kontsumoko gizarte hau oraindik ere indartsuago nabaritzen* da, gaur demokrata eta sozialista izena duten Estadu askotan. Gizarte hoietan, bizilagun bakoitzaren errenta altxatzeko, ainitz* kontsumitzea behar dutelarik, kontsumoko ereduetan* osorik sartuak daude.

Hau honela ikusita, adimena lurrera erortzen* da. Dudarik gabe, gauza zaila da, bere askatasuna lortzeko* duen premia gizonari agertzea eta askatasun horretarako heziketa* on bat ematea. Hau oso luze eta gogorra da.

Baina, gizarteko beste maila guztien gainetik, langileriari dagokio gizarte molde hau aldatzea, zeren* beste denak kapitalari lotuak baitaude eta kontsumoko gizarte hori behar baitute, irabazten irauteko.

J. ARRIZABALAGA

daude, dagoz

dauku, dausku, digu

daukute, dauskue, digute

dauzkigu, dauskuz, dizkigu

ditzagun, daiguzan

ditzaten, daiezan

genezake, geinke

zaiku, jaku, zaigu

zaio, jako

zaizkigu, jakuz


Gaurko gure egoera ekonomikoari buruz

Beste egunean esaten genuen bezala, Euskal Herrian benetako garrantzia duen arazoetako bat, gure egoera ekonomikoa da. Problema hau gero eta sarriago agertzen da aldizkari eta hitzaldietan (aldizkari eta hitzaldi batzuetan, jakina),

Arazo honetaz lan oso interesgarri batzuk argitaratu badira ere, esan beharrean gaude, oraindik azterketaren hasieran gaudela. Ba dirudi, hala ere, jendea ohartzen ari dela problema honetaz, eta, beraz, etorkizunak emanen dauzkigula lan hoien ekoizpenak.*

Lantxo honetan, eritzi batzuk eman nahi nituzke problema honi buruz. Uste baitut (edo sinestu nahi baitut), sinpleak izan arren, irakurlea zerbait pentsatzera bultzatuko dutela. Beraz, ez dut eman nahi lantxo honetan teoria oso bat. Nire asmoa hori baino mila bider apalagoa da.

Gure problema ekonomikoa zertan datzan esateko, sistema aztertu behar dugu. Sistema horrek sortarazi baititu, gure ekonomiak gaur egun jasaten* dituen oztopoak.

Hasi behar dugu, beraz, nahi eta nahi ez, indar produktiboak aztertzen. Gaur irrazionalki mugitzen ari diren indar produktiboak aztertu behar ditugu, eta desarroiloaren oztopoak salatu. Egoera bakoitzak oztopo bereziak ditu. Beraz, ez dugu azterketa xinple batean erori* behar. Gure azterketak sakona behar du izan.

Azterketak emanen dauku gure errealitatearen egoera: alde batetik, indar produktiboen maila, kontrola eta egoera, eta bestetik, indar hoik* sufritzen ari diren oztopoak eta kontradizioak.

Gizonaren eta, beraz, politikalarien eginkizunak, indar produktiboen desarroiloa zuzentzea izan behar du. Desarroiloak, gizonaren osotasunera zuzendua izan behar du. Hau dena, tendentzia bat bezala. Osotasun hori noiz lortuko den ez dakigu; baina ba dakigu, behintzat, gure helburua* hori dela.

Desarroiloa zuzentzeko, desarroilo horren jabegoa, kontrola, eduki behar da. Alegia,* indar produktiboak zuzentzeko, indar produktiboen kontrola eduki behar da.

Politikalarien lanak, beraz, indar produktiboen kontrola gero eta gehiago edukitzea izan behar du. Gu, aitzitik,* geure indar produktiboen kontrol hori galtzen ari gara.

Goazen orain, geure egoera ekonomikoa gaingiroki aztertzera. Ekar ditzagun haren problemak.

Deskapitaltzea

Bueltatzen ez diren zergak* ez dira deskapitaltzearen iturri bakarra. Ba dira beste iturri batzuk ere: banketxeak, aurrezki* kutxak, seguritate soziala, eta abar.

Esate baterako, seguritate sozialak jasotzen* duen diruarekin zera gertatzen da: gehien bat kanpoan inbertitzen dela.

Industria berririk ez

Jakina, inbertitzeko dirurik ez badago, eta batez ere autofinantzazioaz jarraitzen badugu, ezin daiteke industria berririk sortaraz. (Industria berriak, aurreratuak, desarroiloaren maila ematen dutenak: petrokimika, elektronika, tresneria fina, eta abar). Industria hauek diru asko eskatzen baitute.

Hemendik atera litekeen lehenbiziko ondorioa hau da: lansariak* ez direla haziko. Lansaria ez da kasualitatez sortzen; aitzitik,* indar produktiboen mailak fijatzen du. Ekonomia batek teknikorik behar ez badu, ez du teknikoen mailako lansaria emanen. Lansariek peoien mailan jarraituko dute.

Beste ondorio bat hau da: Industria berririk ez badugu, teknikaren maila hazten ez bada, ezin izanen dugu konpetentzi bidean jarraitu. Beraz, beste ekonomien azpian geldituko gara, kontrola herritik kanpora joanen baita.

Produktibitatearen egoera

Gero eta gehiago, produktibitatearen bidetik abiatu dira ekonomia aurreratuak. Produktibitatearen hazkuntza industria berriek ematen dutenez gero, gure produktibitatea ez da haziko. Gure hazkuntza gero eta urriago bihurtuz joanen da.

Gure industriaren ahulezia*

Estadu barnean, gero eta garrantzi guttiago du gure industriak. Metalurgiaren kasua guztiz nabarmena da. Hemengo industria indartsuena izan arren, Estadu barnean gero eta garrantzi guttiago du.

Barkugintza industriarekin ere berdin gertatzen da.

Kontsumo bortxatua

Estaduak ordaindu beharrean, Herriak ordaintzen duena adierazi nahi dut honekin. Adibidez, ikastolak: diru hau ez da gordetzen, eta, beraz, ez da inbertitzen.

Era honetan jarraitzen badugu, ez da zaila, gure etorkizuna zer izango den asmatzea: subdesarroilo bidean sartuko gara, beste ekonomia guztien azpian eroriz*.

AURTIZ

dauku, deusku, digu

dauzkigu, deuskuz, dizkigu

gaude, gagoz


Ikas zeure hizkuntza

I. Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartxo batekin agertzen diren berbak

AHAIDE, pariente.

AHUL, makal.

AHULEZIA, makaltasun.

AINITZ, asko.

AINTZINAGO, aurrerago.

AIPATU, aipatutako, aipaturiko.

AITZITIK, al contrario.

ALBAITERU, veterinario.

ALDAPATSU, patartsu.

ALDERANTZIZ, al revés.

ALDERATU, konparatu.

ALDIZ, ordea, ostera, berriz.

ALEGIA, esto es, es decir, a saber.

ALOKAIRU, aloger, salario.

ALOR, arlo, sail.

ARAU, ala, según, conforme.

ARAUERA, según, conforme, en proporción.

ARDURA, axola, arta.

ARDURADUN, axoladun, artadun.

ARDURATU, axolatu, artatu.

ARE, oraindik, aún, encore.

AREATZA, Villaro.

ARRAS, guztiz, zeharo.

ARRASATE, Mondragoe.

ARRUNT, común, ordinario, corriente; completamente.

ASKI, nahiko.

ASTIUNE, ocio, loisir.

ATONDU, eratu, antolatu.

BAHITU, embargar, requisar.

BAITEROIAZAN, baitzeramatzan, eramaten baitzituen.

BARAZKI, ortuari, hortaliza, legumbre, légume.

BATIK BAT, batez ere, bereziki.

BATZORDE, comisión.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEHARRIZAN, behar, necesidad.

BEHINEN, primario, principal.

BELZTU, baltzitu, denigrar.

BEREBIZIKO, apropiado, pintiparado, choisi.

BEREZIKI, batez ere, batik bat.

BIAISTERI, Laguardia.

BILDUMA, colección.

BILERA, batzar.

BORTITZ, sendo, indartsu.

BULEGO, oficina, bureau.

BUZTIN, arcilla, argile.

DATZA, yace, consiste. (Etzan aditzaren forma).

DEA, da + a. (Azken letra hau aditzari ezartzen zaio galdeetan).

DENDA, saltoki.

DUKE, du nonbait.

EGITURA, estructura.

EGUBERRI, Gabon.

EGUN, gaur.

EI, omen.

EKAIN, junio.

EKIALDE, eguzki alde, oriente, Este.

EKOIZPEN, fruto, producto, resultado, efecto.

ELEBERRI, nobela.

EMEKI, geldiro.

ERABAT, guztiz, zeharo.

ERAKUNDE, estructura, institución.

EREDU, modelo.

ERIZPEN, crítica, recensión.

ERORI, jausi.

ERREPIKATU, repetir.

ERRESKADA, fila.

ERTZ, hegi.

ESKUALDE, comarca, región.

ETSITU, resignado.

EUSKALKI, dialecto vasco.

EUSKALTZAIN, académico del euskera.

EZEN, ze, pues.

EZTEI, eztegu, boda, noces.

FROGANTZA, prueba, demostración.

FROGATU, probar, demostrar.

FUNTS, fondo, substancia, esencia.

GAITZETSI, reprobar.

GALDE, galdera, itaun.

GANORE, ganora, kanore, fundamento.

GORAIPATU, goratu, elogiar.

GURA, nahi, gogo.

HALABER, igualmente, así mismo.

HASTAPEN, haste, hasiera.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAZIL, noviembre.

HEDATUKI, extensamente.

HELBURU, fin, objetivo.

HERTSI, hestu.

HETSI, hitxi, hertsi.

HEZI, educar.

HEZIKETA, educación.

HIRI, huri, ciudad, villa.

HIRIGINTZA, ordenación urbana.

HIZPIDE, discusión, conversación.

HOIK, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).

HOTS, a saber, esto es, es decir.

HURA, ha.

HURBIL, hur.

HURBILDU, hurreratu.

IGANALDI, igonaldi.

IHAZ, igaz, jaz.

IHIZI, caza, chasse.

IKUSPEGI, punto de vista.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAULTZA, revolución.

IRAULTZAILE, revolucionario.

IRITXI, heldu.

IRRISTATU, resbalar, glisser.

IRTEN, urten, atera, jalgi.

ITAUNDU, galdetu.

IZADI, creación.

JADANIK, ya.

JARRERA, postura, actitud.

JASAN, soportar, sufrir.

JASO, altxatu.

JAZO, gertatu.

JO, considerar.

JORI, ugari, aberats.

KAZETALARI, periodista, journaliste.

KIROLA, deporte.

KONPROMISU, engaiamendu, engagement.

LANSARI, aloger, alokairu, salario, jornal.

LARREGI, gehiegi, sobera.

LARREGITASUN, gehiegitasun.

LAU, laño, llano.

LAUDIO, Llodio.

LAUTADA, ordoki, llanada, planicie.

LEGEZ, lez, bezala.

LORTU, ardietsi, erdietsi.

MAISTER, inquilino, arrendatario, locataire.

MAIXEATU, gehiegi erabili.

MAIZ, sarri.

MARRAZKI, dibujo, dessin.

MENDE, siglo.

MENDEBALDE, mendebal alde, occidente.

MOTZ, corto, romo.

MUBLE, mueble.

NABARI IZAN, nabaritu, advertirse, notarse.

NABARITU, advertir, percibir, notar.

NOLATASUN, calidad.

NORAEZEAN, a la fuerza.

NOSKI, naski, ciertamente.

OLA, fabrika.

OLERKI, poesia.

OMEN, ei.

ORDEA, ostera, aldiz, berriz.

OROKOR, general.

OSAGILE, sendagile, mediku.

OSTERA, ordea, aldiz, berriz.

OSTERANTZEKO, distinto.

OZEN, sonoro.

PISO, estaia.

PRESESKI, precisamente.

SAL, saldu (aditz laguntzaile gabeko galdeetan).

SALMENTA, saltze, venta.

SARRI, maiz.

SARRITAN, maizetan.

SERORA, sor, monja.

SOBERA, gehiegi, larregi.

TAMALGARRI, lastimagarri.

TANKERA, estilo.

TENORE, ordu, aldi.

TUPIN, lapiko, eltze.

TXERTATU, injertar, greffer.

UDALETXE, herriko etxe.

UKAN, izan. (Ukan aktibo, izan pasibo).

UNADA, bolada, denboraldi.

UNTZE, iltze, itze, clou.

URTARRIL, enero, janvier.

XEDE, asmo, helburu.

XIPI, txipi, txiki.

ZENBAIT, batzuk.

ZENBATASUN, cantidad.

ZEHAR, gaindi.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZERGA, contribución, impuesto.

ZIEKO, Elciego.

ZILAR, zidar, urrezuri.

ZIN, juramento.

ZUR, egur.


Ikas zeure hizkuntza

II. Lexiko batua

ZUZENDARITZAK

Azkenaurreko orrialdeak libre uzten daukun toki honetan, hitz egin nahi genuke geure irakurleekin, ANAITASUNAn erabiltzen dugun euskara batuari buruz.

Horrela, geldiro geldiro ikas lezakete irakurleek, zer eta zertarako den euskara batua, nola idatzi behar den, zertan gauden denok akort, eta zer gelditzen den oraino erabaki gabe.

Hauzi hau euskaldun guztiona da. Nola edo hala, denok hartu behar dugu hartan parte. Horretarako, gauza ona litzatekeela uste izan dugu, irakurleekin elkar hizketan aritzea. Haiek galdeak egin, eta ANAITASUNA taldekook erantzun.

Arren eskatzen diegu irakurle guztiei, batez ere euskara irakasten ari direnei, galdeak bidal dietzagutela. Mila esker aldez aurre.


Hizkuntza

Aditzaren batasunaz gauzak argiro (1)

Aditz batuari buruzko artikulu harrigarri bat agertu da urtarrilaren* 2ko ZERUKO ARGIAn, Larresoro gipuzkoar idazle ezagunak izenpetua. Harrigarri esan dut, zeren,* hark 1968.eko Euskera aldizkarian egindako lana eta Sustrai Bila irakurri ondoren, bai eta horretaz harekin pertsonalki mintzatu ondoren, berak aditz batuaz uste zuena zeharo ezberdina zela pentsatzen bainuen.

Dena dela, artikulu mamitsu bat denez gero, eta batasunaren arlo aspergarri eta mila bider maixeaturiko* hau behin betiko alde batera uzteko esperantzaz, uste dut ba direla zenbait puntu, argitan betiko jarri behar direnak.

Erabat* aho zabalik utzi nau, lehengo eta behin, Euskaltzaindiak aditz baturako izendatu duen batzordea* geldi dagoela esateak, hori inondikan ere egia ez delako. Horretaz bi bilera* eginak dira, bata Baionan, joan zen udan, eta bestea oraintsu, Donostian, abenduaren azken egunetan. Bilera biotan pauso interesgarri asko eman izan dira; eta gehien gehienik erabiltzen diren formetan eta guztiok zeharo edo ia zeharo konforme gaudenetan, akordio oso batetara helduak gara.

Forma hauk* oso ugariak dira, eta, euskaltzain* guztien artean zabaldu ondoren eta berauen zuzenketa, ohar eta eritziak jaso eta gero, martxorako edo, Euskaltzaindiaren batzarre nagusian ofizialki ontzat hartuak izanen dira. Beraz, nik dakidanez, gauzak ez daude hain geldi.

Punturik errazenak, beraz, aurrenik garbitu nahi ditugu, gaitzenak azkenerako uzteko.

Eta goazen orain, lapurtera/gipuzkera arteko aukera zail delako horretan murgiltzera.

Baina, honetan sartu aurretik ere, neronek argi eta garbi utzi nahi nuke, oposizio edo kontrastasun hori ez dela osoa, alegia,* lapurtera modernoa ontzat hartuz gero —dakidanez, lapurtera klasikoaren aldeko proposamendu bortitzegirik* ez baitago—, beronen % 85 forma, gutien gutienez, gipuzkerazkoak BEZALAKOXEAK diratekeela, hots,* liburu normal batetan, ehun formatatik laurogei eta bost berdin berdinak direla, bai gipuzkeraz eta bai lapurtera modernoaz. Gu, lapurtera zaharra gabe, modernoa hartzera bultzatu gaituzten arrazoi sendoenetako bat, hain zuzen ere, horixe izan da, gipuzkerarekin duen antza.

Beraz, lapurtera aipatzen dudanean, argi eta garbi geldi bedi, ez naizela mintzatzen, gipuzkeraren kontrako den zerbaitez, gipuzkeraren «osagarri» den euskalki* batez baizik, hots, lapurtera «gipuzkoarrizatu» batez.

Mundu guztiak dakikeen bezala, gipuzkera puntu askotan bizkaiera baino aberatsago, goxoago eta egokiago dela aitortzen dudan bezala, lapurtera are* bizkaiera eta gipuzkera baino osoago eta aberatsago dela aitortu beharrez nago; eta, berau frogatzeko,* aski* dateke ondoko esaldi hau gipuzkeraz nola ematen den ikustea (besterik ez jartzeagatik): Ez dauat esan, baina hori askotan esan diat. Gipuzkeraz: Ez diat esan, baina hori askotan esan diat (!?), hau da, beti ilun, argitasunik eta zehaztasunik gabe, lapurterak —eta honetan bai bizkaierak eta zuberoerak ere— gauza biak ezin garbiago adierazten dauzkigun artean.

Beraz, begien bistan dagoen egia hau ikusi nahi ez dukeen zenbait idazle alde batera utzita. argiro dago, hizkuntz kalitatez edo nolakotasunez, lapurtar eta gipuzkera ez direla bi sistema baliokide, eta bai, aldiz,* lehena puntu batzuetan bigarrena baino aberatsagoa dela.

Baina berau Larresorok berak ere ez dauku dudan ipintzen. Aldea, ostera,* aberastasun horren balorazioan dagoke. Diferentzia hori enetzat estilistikazko baliabide ezin ederragoa den artean, harentzat, noski, balio gabea dateke. Nekez etor gaitezke batera arazo honetan, egia, arrazonamendu luzeek gabe, lumak eta obrek ez bestek frogatu behar daukutelako. Horregatik, lapurteraren duda gabeko abantailen balioa norainokoa den eztabaidatzen ibili gabe, beste puntu batetatik abiatuko naiz.

Baina berau, hobe dateke hurrengo artikulurako uztea.

XABIER KINTANA

daude, dagoz

dauku, dausku, digu

daukute, dauskue, digute

dauzkigu, dauskuz, dizkigu

gaude, gagoz