ANAITASUNA

225. zenb.

1971.eko Abenduaren 30 ekoa

Jardin Txikerra, 1. BILBAO-12

Tel. 43 18 37


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari: Anjel Zelaieta.

Zuzentzaile: Imanol Berriatua.

Idazkola eta banakolaren buru: Josu Torre.

Bulegoak: Jardin Txikerra 1, Bilbao-12.

Inprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35, Bilbao-9.

Irarle: RALI, Particular de Costa 12-14, Bilbao-10.

XX. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Zu, Euskal herri!

Zu, Euskal Herri, ez zara handia, ez boteretsua.*

Zure gudalosteen durundioak ez du inoiz mundua dardaraz jarri.

Zure historiak ez du garrantzirik izan, eta ez duzu mundua gidatu.

Zure semeak ez dira milioika kontatzen, eta zure hizkuntzak ez ditu zure mugak gainditzen.

Zuk ez duzu herri eguzkitsuen distirarik, ez iparraldeko lurralde elurtsuen majestaterik.

Zurean, batzuek ukatu egiten dute Jainkoa, eta besteek elkar arbuiatu.* Batzuek aberastasuna dute, eta besteek morrointza.

Eta, hori guztia egia delarik, nik ezin zintzaket maita.*

Baina ukatua zarelako, baztertua eta oinpean erabilia...

Izena eta izana kendu nahi dauzkizutelako...

Zure semeak zutaz ahanzten* eta lotsatzen direlako...

Munduko herririk madarikatuena eta irainduena* zarelako, horregatik maite zaitut.

Barka iezadazu, gai tipi eta humil batez idazten badut; baina gaur sentimental sentitzen dut neure bihotza.

Horregatik, neure txapela kendu dut, belauniko jarri naiz, eta, burua beheratuz, zure lur zikindu honetan musu bat ezarri dut.

Eta lau hitz esan dauzkizut. Ez munduko hizkuntzarik indartsuenean, ez zabalduenean, ez ederrenean. Ez. Lau hitz hauk, neure hizkuntzan, euskaraz soilik esan dauzkizut: Euskal Herri, maite zaitut!

XABIER GEREÑO

dauzkizute, dautzuez, dizkizute

iezadazu, eidazu, ezaidazu

dauzkizut, dautzudaz, dizkizut

zintzaket, zindeikedaz


Herriz herri

Bilbo

Deustuko ikastolan

Ohitura da, urtero gurasoentzat afari hotz bat antolatzea; eta aurtengoa oraintsu egin dugu.

Andreek eraman zituzten janariak. Gizonek, berriz, edariak; eta mahaiak atondu* ere. Eta, afaria hotza izan arren, giroa bero bero zegoen.

Ikastolan, egunero elkartzen dira gure seme-alabak. Gu, gurasook, hitzaldietan eta urteroko afari eta ibilaldietan. Guztiz beharrezkoa, elkarren artean berotu eta euskararen aldeko burruka aurrera eramateko.

Nafarroako anaiei

Neure dolumina adierazi nahi diet nafar anaiei. Almeriako bat etorri berri zaie artzobispo. Nafar euskaldunak erdi umezurtz geratu dira.

Eta gero kexaz esango dute batzuek, euskal gazteria marxismora doala!

Unibertsitatea

Hau idazten dudan egunean, abenduaren 17an, hiru fakultatek hitxi dituzte ateak Bilboko Unibertsitatean. Ikasleak urduri* daude. Protestaka ibili dira hiriko* kaleetan.

Hainbat gauza dira Bilboko Unibertsitatean aldatu beharrak: Aula batean 500 bat ikasle omen* daude; matrikulatzea ikastaroaren hasieran egin behar da; hirietatik Unibertsitaterako bideak ez dira egokiak; eta abar, eta abar.

Laster datoz Gabonak. Lortuko* ote dute jai hoiek, gizonen buruetan zentzu apur bat sartzea?

«Los Ríos» aldizkaria

Gaur, «Los Ríos» izeneko aldizkaria irakurri dut. Hogei orrialde ditu, baina bat bakarra euskaraz; eta bakar hori ez dago Euskal Akademiak agindutako ortografiaz idatzita.

Bereiztu egin nahi ditut Eliza eta elizgizonak. Hauetariko askok onartu dute, bidezko den bezala, Euskaltzaindiak proposaturiko ortografia; baina Elizak ez. Zergatik? Ez dut ezagutzen, Elizak ofizialki argitaraturiko paper bat ere, euskal ortografia batuan idatzita dagoenik. Eta berriro galdetzen dut: Zergatik?

Elizak ez du onartzen Euskal Herriaren batasuna, ez baititugu oraino euskal gotzainen konferentzia episkopalik eta euskal artzobispadurik. Era berean, Elizak ez du onartzen euskararen batasuna. Zergatik? Noiz arte horrela?

Euskal liburuak

Askok esaten dute, idazle batzuek zail idazten dutela. Beharbada, irakurle guztientzako liburuak egin behar dira: batzuk irakurle eskolatuentzat eta beste batzuk hain jakitun ez direnentzat. Baina ugariago behar genituzke liburu irakur errazak, hain kritikatuak diren ikastoletan euskal kulturdun asko eta asko sortu arte behintzat.

Euskaraz nola idatzi behar den exenplu bezala, orain esku artean dudan liburua ipini nahi dut: Xalbador Garmendiaren Lurraren Kondaira, «Irakur Sail» argitarazleak zabaldua. Gai sakona, euskara apain eta errazean eskainia.

«Jakin» argitarazlea

«Jakin» editorialak (zuzenbidea: Santuario de Aránzazu, Oñate, Guipúzcoa) datorren urterako programazioa egin du. Liburu oso interesgarriak argitaratuko ditu.

Hauen berri gura* duenak, idatz beza goian emandako zuzenbidera.

Liburu guztiak euskara batuan izango dira, eta prezio merkean.

Ikastolen kontra

Ezkerreko «ultra» delakoek, ikastolak «burgesak» direla esaten dute. Hauei hau itaundu* nahi diet: Nolakoa izan liteke heziketa osoa (ez ikastoletakoa bakarrik) burges sistema baten barruan? Nola ordainduko diegu irakasleei, gurasoen diru laguntzarekin izan ezik?

Eta, eskuineko puntan, hor ari da Blas Piñar «euskalduna» ikastolen kontrako lanean, berak kontrolatzen duen aldizkaritik.

Alde bietakoei hau esan gura* diet: Kontrako kritika egitea, gauza erraza da; baina soluzioak ematea, ez hainbeste. Eta, gaur, ikastolek laguntza behar dute, alferrikako eztabaiden ordez.

«Príncipe de Viana» aldizkaria

«Príncipe de Viana» izeneko euskal aldizkaria Iruinean argitaratzen da; eta, gaur heldu zaikun alean, eraberritze pozgarri bat ikusi dugu: gazte talde bat hasi da idazten, aldizkariari «saltsa» emanez.

Eta, «saltsa» aipatu dugunez gero, Dorrauko apaizaren artikuluak emango duena ez da tipia izango. Nire esku balego, jaun hori Afrikako misioetara bidalduko nuke, bai horixe!

Gotzain berria

Urduritasuna* kalean. Ba dugu gotzain berria: Añoveros Ataun jauna. Jatorriz nafarra da (eta, beraz, etxekoa), baina hizkuntzaz erdalduna da.

Bizkaiko kristau euskaldunok (berrehun milatik gora) ez dugu ondo ikusi, euskaraz ez dakien bat gure gotzain izatea. Ehundik gora apaiz eta fraile, askoz gehiagoren izenean, Derioko Seminario Nagusian bildu dira, eta euskaldunon protestarekin ados daudela adierazi dute.

Gaurko egunkarietan bederatzi apaiz eta frailek (beraz, beste haien aldean, lau katu) orrialde osoko nota bat publikatu dute euskaldunen kontra.

Komisio Presbiteriala

Ahal den arinen, Bizkai eta Arabako Komisio Presbiterialek argi eta garbi eskatu behar lukete, gure diosesiak Burgoseko artzobispadutik atera eta Iruinekoari lotzea.

Hori garaiz gertatu balitz, ez genuke oraingo egoera: bost gotzain Euskal Herrian eta haietarik lau erdaldun (Baiona, Gasteiz, Iruine eta Bilbokoa). Honen konpondu beharra dago oinarritik beretik. Jar bedi Euskal Herri osoa Iruineko artzobispaduaren pean.

Ohar bat

Deustuko ikastolako zuzendaritzakoa den Kepa Albizu jaunak ohar bat jartzeko eskatzen dauku: «Kepa Albizu» firmarekin AGUR aldizkarian argitaratu diren lanak ez direla berak idatziak, eta ez duela baimenik eman, bere firma aldizkari horretako lanetan ipintzeko.

Beraz, argi eta garbi gera* bedi, Deustun bizi den Kepa Albizu euskaldun sutsu eta langile zintzoak ez duela aldizkari horretako lanekin zerikusirik.

XABIER GEREÑO

Gernika

Iturri bertsolariari omenaldia

Urriko azken igandea. Gernikako frontoia gainezka egoen. Iturri bertsolaria, min hartu ondoren, ibili ezinik dago. Bere oinez ez da baliatzen, ez eta eskuz ere. Eta emaztea eta hiru seme-alaba mantendu behar.

Laguntza bezala, omenaldi bat egin jako; eta frontoia bete. Hemen ziren indartsu, pultsulari, Aretxa, Txikito de Mallabia, Cabrejas, Yurrebaso, Isla, Beitia, eta abar.

Jendeak ekinaldi guztiak txalotu zituan. Baina kezka bat, kezka sakon eta mingarri bat egoen herriaren ahotan: Bertsolari baten omenaldian bertsolaririk ez egotea. Egon, ba egoen bertsolari mordo bat; baina jarduteko baimenik ez. Ez ote da lotsagarria, ezbeharrean dagoen bati laguntzeko, permisua eskatu beharra? Eta, gainera, eman ez? Ez dauka erantzunik.

Omenaldi tristea, batez ere Iturrirentzat. Aurrerantzean ez dadila inoiz eta inon horrelakorik gerta!

ABEL

Ataun

Herri honetako auzune batek San Martin du izena; eta bertako jaiak egun horretan, San Martin egunean alegia,* ospatzen dira. Dakigunez, egun hori hazilaren* 11 n izaten da. Hori dela eta, auzokoek jai ederrak eratu zituzten. «Lazkao Txiki» bertsolaria aurkezle zelarik, han ziren albokariak, kantariak, antzerkilariak, bertsolariak, haizkolariak, korrikalariak, eta abar.

Jaien programa, liburuxka batean agertu zuten. Liburuxka horretan, ordea,* akats ikaragarriak, bildurgarriak zeuden. Akatsetako bat, joskera* itsusia zen. Begira zer zioen propaganda orrietako batek: Iñaki Aierdi'ren gizonezko ille mozketa ta apainketa etxean egin zazu. Beste era honetara esan beharrean: Gizonezko! Ille mozketa eta apainketa Iñaki Aierdiren etxean egin zazu. Beste orri batek honela zioen: Eulogio Aldasoro Arrandegia itxas janan presko eta merkeak. Ez ote litzateke hobeto egongo honela: Itxas janak presko eta merke Eulogio Aldasororen Arrandegian?

Joskera akatsez gainera, deklinabide akatsez josia zen liburuxka. Hona hemen, hoietako akats batzuk: Euskal liburu eta diskaren zabaltzea saloian. Ez ote litzateke, «diskaren» ordez, «disken» izan behar? H hizkia* ere, zenbait* lekutan gaizki jarria zegoen. Nori bururatzen zaio «umehen» idaztea? Eta hitz hori lau edo bost aldiz idatzita agertzen zen, eta denetan berdin.

Egia esan, pena ematen zuen hura irakurtzeak. Akatsak edozeinek ditu, neronek ere asko. Baina, gauza bat argitaratu behar denean, hori egiteko gai ez denak, gauza horretaz ulertzen duen batengana joan behar duela uste dut. Gainera, ba dago Goiherrian euskal alfabetatze batzorde* bat. Zertarako dira, bada, batzordeak, horrelako ezjakinkerietan hitzik ez badute.

Beharbada, nire eritzi hau gogor xamarra izanen da, eta barka. Baina programa hura ere oso gogorra zen; hitz batean esanda: lotsagarria.

Saia gaitezen, bada, alfabetatze klaseetara azaltzen; idazten eta irakurtzen ikasteko behintzat. Esate baterako, aurreko udan, guraso elkarteak alfabetatze ikastaro bat eratu zuen Ataun herri honetan. Denetara, berrogeiren bat gaztetxo ibiliko ziren; adinekoek, ordea, itxura denez, ez dute ikasi beharrik.

AGAUNTZA


Gizona gizonarentzat otso

Azken urteotan, enpresa batera lanera sartu ahal izateko, aurrez examina bat, edo bat baino gehiago, gainditu* behar izaten da. Enpresa batean injinadore berri baten premia dagoenean, agerkarietatik* edo dei bat egiten da. Orduan, 20 edo 40 edo 60 injinadore biltzen dira lantegi horren deira. Examina zehatza egiten diete, eta injinadore egokiena hautatzen dute. Jarraian, haren lanerako prestutasunarekin salerosketan, tratuan, jartzen dira enpresa jabeak. Hau da, injinadoreak honenbeste eskatzen du bere lanaren truke, eta enpresa jabeak honenbeste eskaintzen du. Gerra osteko urteetan hain ahalguztidun izan baziren ere, orain injinadoreak soldata meheekin hasten dira lanean. Ni, zoritxarrez, ez naiz injinadore, eta, beraz, ez noa injinadoreen egoeraz errukitzera, haien kasua aipatuz, injinadore ez garenok norainoko egoera hestuagoan aurkitzen garen esatera baizik.

Lan eskasia eta langile hoberenen hautatzea

Gaur egun, lanerako prest direnak edo lan bila dabiltzanak askoz ere gehiago dira, lanerako eskaintzen diren tokiak baino. Hau da, lan eskabidearen kurbatura askoz ere goragotik dabil, lan eskaintzarena baino. Honen arrazoirik behinenak,* hauk* dirateke:* teknika modernoek urritu egin dute eskulanaren premia, demografia ugaritu egin da (gerra ostean* gure artera kanpotik etorritako jende gaztearen semeak, lanerako sasoikoak dira orain), eta, Euskal Herrian bereziki,* lantegi berririk ez da sortu demografiaren arauera.*

Gauzak honela direlarik, enpresa jabeek ugari dute non hauta,* eta, bidezkoa dena, hoberenak hautatzen dituzte. "Bidezkoa" esaten dugunean, kapitalist sistemaren kategoriei gagozkie.

Indartsuak nagusi

Era honetan, amaren sabeletik listotasuna dakartenek, aitaren poltsikotik jakituria erosi ahal dutenek, egunaren orduak, beren buruaren prezioa altxatzeko, berenak eta berentzat dituztenek... honako hauek irabazten dituzte lanmodurik eta lansaririk* hoberenak. Besteak, lan txarragoa bakarrik ezeze, lan gehiago eta lansari urriago edukitzera kondenaturik gelditzen dira, gizamaila luze bat osotuz. Indartsuak, buruz bizkorrak eta fisikoki (diruz, norberekeriaz...) azkarrak ateratzen dira garaile.

Guztiok salerosketan

Baina indartsuenok, eta hain indartsu ez direnek, guztiok, saldu egiten dute beren lanerako indarra. Hau da, lanaren truke, soldata bat jasotzen* dute. Edo, beste era batera esanez, enpresa jabeek erosi egiten dute lanindarra, materia primak, argi indarra eta abar erosten dituzten legez.* Eta, jakina, erostera doazen materia guztiak bezala, lanindarra ere ahalik eta merkeen erosi nahi izaten dute, haien helburua* beren dirutza loditzea baita. Edo, kasurik onenean, konpetentziari buru egin ahal izatea. Beraz, inorentzat lan egiten dutenek, beren lanindarra saltzen dute, lansari baten ordez. Jakina den bezala, lansari hori ez da eginaren parrekoa, zati bat baizik.

Ezin dugu anaiak izan

Gauzak honela izanik, eta ezin daitezke bestela izan kapitalist sistemaren barnean, jabeak jornaleroen etsai* gertatzen dira, eta alderantziz.* Era berean, guztiok guztion artean zapaltzaile gerta beharrean aurkitzen gara, jabeak konpententziarengatik, eta jornaleroak "indartsuenaren legeagatik". Nahiz eta jabeak, jornaleroen aurrez aurre, beren interesak defenditu ahal izateko, nolabait bateratzen diren, eta berdin jornaleroek, jabeen aurrez aurre, guti asko, bat egiten duten.

Beraz, ezin dugu elkarren anaiak izan. Honetarako, hots, anaiak izan ahal izateko, borondate ona eta erlijioaren deia eta arrazoiak izaten ditu gizarteak. Baina arrazoi hoien gainetik —nahiz eta egiazkoak eta sarritan mesedegarriak izan— ba dira "de facto" beste lege indartsuago batzuk, kasurik gehienetan bata bestearen arerio* izatera eramaten gaituztenak. Edo, lehenagoko pentsalariak esan zuen bezala, "homo homini lupus", gizona gizonarentzat otso.

ANJEL ZELAIETA


Euskaldungoa

Apaizgaiak Bizkaian 1971. urtean

Apaiztu direnak 11

Batxileratoan dagozenak 252

Filosofia eta teologia ikasten 82

Ihaz* seminariorako bilduriko dirua 2.313.683 pezeta

Batxileratoa egiten diharduenak, egia esan, batzuk* apaizgaiak dira; baina beste batzuk ez dira apaiz izateko ikasketak egiten ari, nahiz eta horretarako giro batean bizi. Batxileratoa ikasten ari direnok, ihaz baino 46 gehiago dira. Eta filosofia eta teologia ikasten diharduenak, eta, okerrik ez bada, apaiz egingo direnak, joan dan ikastaroan baino 8 gutxiago dira.

1970. urtean, aurrekoan baino 1.200.000 pezeta gutxiago bildu ziren. Derioko apaizgai etxea, Gurpide zanaren agindupean egina, haundiegia gertatzen da gaur egun, hain pertsona gutxirentzat. Ikastetxe hau, seminario dan bitartean, Elizarena da; baina, inoiz hala ez balitz, berriro ere Bizkaiko Diputazioarena izango litzateke. «Bizkaiko Elizak, apaizgaiei dagokioenez, ba ditu zenbait* kezka eta arazo, esan dau Zirarda jaunak, eta beste euskal Elizekin batera bide berri eta egokiak bilatzen dihardugu».

Ikastolen alde Billabonan eta Donostian

Billabonako ikastolaren alde, kantuzko jaialdi bat ospatu izan da herri haretako «Gurea» zinetokian, abenduaren 11n. Antxon Valverde, Maritxelar, «Erlak» bikotea eta «Enbor» taldea izan ziren parte hartzaileak. Presentadore zereginak «Pello Kirten» jaunak egin zituan.

Donostiako Santa Mariako ikastolaren alde, jaialdi bat ospatu zan hiri haretako «Teatro Principal»ean, abenduaren 12an. Parte hartu ebenak: «Oskarbi» taldea, «Gaztelupe» zortzikotea, «Kresala» dantza taldea, Pepe Yanci soinularia, «Donosti Eresti» korala, Donostiako «Schola Cantorum» eta Hazparneko dantza taldea. Jaialdi hau «Orixe» taldeak antolatu eban, Donostiako «Centro de Atracción y Turismo» dalakoaren babespean.

Euskal ekonomiari buruzko mintzaldiak Donostian

Donostiako Aurrezki* Kutxaren «Sala de Cultura»n, euskal ekonomiari buruzko berbaldi batzuk* eman izan ditue ekonomilari batzuek. Genaro Garate, Angel Genua, Rafael Ossa Etxaburu, Dorao Lanzagorta, Juan José Rodríguez eta «Fagor» kooperatibako ordezkari batek jardun eben, euskal ekonomiaren egoera larri xamarrari argi egin nahiz. Euskal ekonomiaren etorkizuna aipatzean, Enpresa Jabeen eginbeharra ikutu eben.

Euskal festa Aiherran

Abenduaren 12an, jaialdi eder bat izan da Nafarroa Behereko Aiherran. Arratsaldean, 4 orenetan,* Baigorri, Hazparne eta Aiherrako kantariak. Gero afaria, Hazparneko musika bandarekin. Bertsolariak, Arrossagaray, Hirigaray, Larre eta Alkhat.

Gabriel Aresti poeta zigorpean

Gabriel Aresti bilbotar poetak aditzera eman daukunez, eta ale honetan argitaratzen dugun bere poesian dioskunez, «Harrizko Herri Hau» bere liburuagatik epaitua izango ei* da. Liburu hori «Código Penal» delakoaren 165-bis-b artikuluaren kontra doake.

«IV Semana Intelectual de Zarauz» ikastaroa

«IV Semana Intelectual de Zarauz» ikastaroa ospatu izan da Zarautzen, abenduaren 6tik 11rarte. Lehendabizikoz, Joseba Intxausti frantziskotarra mintzatu zan «Euskara batua gaur» gaiari buruz. Gero beste gai honeek azaldu ziren: «Las drogas», Jesús Martínez jaunak. «Situación del subnormal en Guipúzcoa», Concepción Lejarretak. «Integración de la mujer en la sociedad», Pilar de Cuadrak. «Charla informativa sobre la Universidad de Guipúzcoa», Manuel Querol-ek. Ikastaro hau «Club Deportivo de Zarauz» elkarteak eratu eban, udaletxearen* babespean.

«Euskal Jakintza Astea» Bergaran

«Euskal Jakintza Astea» ospatu da Bergaran, «Escuela de Maestría» etxean, «Patronato Irigoyen» erakundearen* ardurapean. Ikastaro hau jarraiko era honetara egin zan: Donato Unanue eta Anbrosio Zatarainek «La economía del Pueblo Vasco» gaiari buruz jardun eben. Kintana eta Altuna jaunek «Euskara» arazoa ikutu eben. Eta Joseba Intxausti «Historia del Pueblo Vasco» gai luzearen inguruan mintzatu zan. Ikastaro honetan parte hartu eben entzuleetariko bakoitzak 75 pezeta ordaindu zituan.

Antxon Valverderen disko berria

Agertu berria da Antxon Valverde Donostiako kantariaren hirugarren diskoa. Aurreko biak nahiko entzunak izan dira jendearen artean; eta hirugarren honek, gai berdin xamarrekin dagoenez gero, harrera ona izango dau hurrean.* Lau kanta dakaz: Hura (Antonio Valverde «Ayalde»ren letra, eta Antxonen doinua), Garia saltzen, Abenduaren zazpian eta Iruñako ferietan. Azalean «Ayalde»ren marrazki* bi.

Antzerkia Mondragoen

Inazio Begiristain jaunaren «Apaiza, langile eta gizon» antzerkia jokatu izan dabe Lazkanotarrek Mondragoen, «Gurea» zinetokian, joan dan hazilean.*

Luis Villasanteren mintzaldia Zumarragan

Aita Luis Villasante euskaltzainburuak* mintzaldi bat eman eban «la unificación del euskera literario» gaiari buruz, Zumarragan, «Escuelas Legazpi» ikastetxean, iragan* hazilaren* 30ean.

Bilkura inportante bat Maulen

Abenduaren 3an, Zuberoko Maulen, bilkura* bat eginik izan da herriko etxean, bertako alkate eta kontseilari zenbaitekin, kontseilari jeneralarekin, diputadu jaunarekin eta Mauleko lantegi zenbaiteko nagusiekin.

Mauleko lantegietan lana ba dela, eta lana gehituaz doala, denek ikusi dute. Bi mila langile ba dira Mauleko lantegietan, hoietan 335 arrotz (portuges eta beste).

Baina kalte handia dute, orotarik* urrun izanez, behar dituzten gauzak ekar erazteko eta beren obrak sal lekuetara helerazteko. Horretarako, inportantzia handia Maulera heltzen diren bideek.

Gero, arratsaldean, Zuberoko alkateak ere juntatu zaizkie bilkuran parte hartzaileei, eta hor aipatu dira eskualdean* egin behar diren lanak.

Arkitektoak Euskal Herrian

1971. urtean, 274 arkitekto izan dira, Euskal Herrian lanean ari izan direnak:

Araban 16

Bizkaian 126

Gipuzkoan 75

Nafarroan 57

Guztitara 274

«Colegio Oficial de Arquitectos Vasco-Navarro» dalakoaren lehendakaria Francisco Garráus Miqueo da, eta idazkaria Javier Fontán Gamarra. Arabako delegazioaren lehendakaria, Enrique Narimón Alava; Bizkaikoarena, Rufino Basañez Villalabeitia; Gipuzkoakoarena, Vicente Guibert Azcue; Nafarroakoarena, Fernando Redón Huici.

Akordeoi soinua disko haundi batean

«Orquesta de Acordeones» izenburuarekin, eta Josu Loroñoren zuzendaritzapean, disko nagusi bat atera berri dau «Columbia» etxeak. Jarraiko kantuen doinuak dakarz: El caserío, Guridirena. Euzkotarrak, Arruerena. Maitechu mía, Alonsorena. Nere Erria, Loroñorena. Gure Txomin, Alberdirena. Gernikako Arbola, Iparragirrerena. Amaya, Guridirena. Kukua ta amillotxa, Loroñorena. Goizeko Izarra, Loroñorena. El Roble y el Ombú, García Arceluz-ena. Boga Boga, Iparragirrerena. Ya vienen los blusas, Bastidarena.

Euskal jaia Donibane Lohitzunen

Euskal jai bat ospatu izan da Lapurdiko Donibanen, abenduaren 8an, ikastolaren alde dirua bildu ahal izateko. Carrère eta Ospital kantariek, Bilboko albokariek, «Begiraleak» dantza taldeak, Xanpun eta Esponde bertsolariek eta Estitxuk jardun izan eben.

«Herri Zapalduen Kantua» dala eta

Joan dan hazilaren* 7an, Pariseko «La Mutualité» etxean, «Herri Zapalduen Kantua» izenarekin ospatutako jaialdia dala eta, jarraiko karta hau jaso* izan dogu Parisetik:

Zenbait euskal agerkaritan* aditzera eman izan da «Herri Zapalduen Kantua» delako jaialdiaren gertaera. Baina nahiko faltsuturik ikusi izan dugu. Euskal Herriaren izenean, Mikel Laboa, Eñaut Etxamendi eta Ellande Larraldek kantatu zutela esan da. Maite Idirin kantariaren izena, ordea,* aipatu gabe gelditu da.

Festibal hau, Euskal Herriari zegokion arloan, Donibane Lohitzuneko elkarte batek prestatzen zuen, eta Maite Idirin ez zen hautatua izan. Baina batzordeko beste herrien errepresentatzaileak, harritasun handiz, euskal kantariak zeintzuk ziren ikusirik, kexatu egin ziren. Euskal kantarien berri zehatzagoa jakin zuten, eta Maite Idirin onartu beharrekoa zela ikusi ere. Hala ere, Maite Idirini ez zitzaion propagandarik egin, azken unean batzordekoek ateratako zertxobait aparte. Oraindik gehiago: festibala bukatu eta gero, Donibane Lohitzuneko elkarte horretakoek Maite Idirini idatzi diote, esanez, bere gastuak (eta bere laguntzaileenak: kitarrista eta abar) ordaintzeko, ez zutela dirurik, beste euskal kantarien joan-etorria, hoteletako gastuak eta ordaindu ondoren.

Azkenez, hazilaren 15eko «La Cause du Peuple» frantses maoisten aldizkariak, Sartre-ren babespean ateratzen denak, azken orria osoki dedikatzen dio festibalari, eta hiru kantari bakarrik aipatzen ditu: Maite Idirin (haren kantuen bi letra emanez), Luis Llach katalana eta Marti okzitaniarra.

Besterik gabe, aurrez eskerrak emanez, zuen lagun,

J.

Atzera ala aurrera?

Bizkaian «La Gaceta del Norte» egunkariak eta Gipuzkoan «La Voz de España» izenekoak, euskal hizkuntzaz baliaturik ematen dute zenbait berri. Baina ez euskara hutsez, notizia berbera, gauza handirik aldatu gabe, erdaraz eta euskaraz baizik.

Jokabide hau norainoko mesedegarri izan lekikeo euskal hizkuntzari? Gure egunkari handi eta hedatuetan* euskara agertzea, zeharo mesedegarritzat jotzen dugu euskararentzat. Baina, texto berbera bi hizkuntzetan datorkigularik, beldur gara, euskaldunik gehienek erdarazkora joko duketela.* Erdaldunek, ostera, euskal textoa alferrikakotzat emango dute, dudarik gabe.

Bestalde, euskara hutsez argitara ematen ditugun notiziek ezin dezakete indar handirik izan, irakurleek askozaz ere lehenago asetuko baitute notizien egarria erdal egunkarietan. Eta, diru infrastrukturarik gabe, informabiderako hain teknika pobreak ditugun bitartean, ezin dugu gauza entzungarri askorik egin, euskararen aldeko burruka honetan.

Dena dela, egunkari handietan euskara agertzeari onuragarri* deritzagu, lehen pauso bezala. Baina, euskara hutsez zerbait agertzekotan, bokabulario edo honelako lagungarri batzuekin egin behar litzateke, Nafarroako «Diario de Navarra»k egiten duen legez.* Bestela, ez dakit aurrera ala atzera egingo dugun euskal hizkuntzaren arloan.

Txistu kantak disko nagusian

Markinako Ansola anaia txistulariek disko nagusi berri bat grabatu izan dabe, Madrileko «Columbia» etxearen bidez. Hona hemen disko honek dakarzan kantuen izenburuak. Alborada en cuatro tiempos, Bonifazio Laskurainena. Urrundik, Aita Emilianorena. Oxinetik bidebarrira, Bastidarena. Iru Damatxo, Urteagarena. Tocata y Fuga en Re Menor, Bach-ena, Aita Emilianok moldatua. Or konpon, Aita Emilianorena.

Kardaberazen omenez liburu berria

Jaso berria dogu «Kardaberazi omenaldi» liburu berria. Donostiako Kardaberaz Bazkunak argitaratu dau, Aita Agustin Kardaberazen heriotzaren 200. urteurrena ospatuz.

Liburu honetan, Kardaberazen bizitza eta haren izena daroan Bazkunaren historia eta lanak agertzen dira. Ez da liburu honetan batasunera pauso txikienik ere eman izan. Parte hartu daben idazleak, honeek dira: Manuel Lekuona, Santi Onaindia, Jokin Arostegi, Joan Goikoetxea, Txomin Irigoien, Pedro Berrondo, Luis Larrañaga, Anastasio Arrinda, Manuel Estonba, Paben Loidi eta beste batzuk. Eskatzekotan: Kardaberaz Bazkuna, San Martin, 57. San Sebastián.


Aurrera jo beharra

Atzean gelditu zaikun urtea ez da, inolaz ere, ona izan ekonomiarentzat. Mendebalde* guztian, ikaraldiak eta gorabeherak ugari izan dira; eta hainbat bider sartu zaiku bide hestuetatik merkatu libreko ekonomia hau.

Krisi kutsuzko egoera jeneral honetan, Estadu bakoitzeko ekonomiak bere berezitasunak agertu izan ditu. Espainol teknokraten gidaritzapean doan ekonomia, bizkortasun eta erreaktibazio bila ari* izan da, iragan* urteetako moteltasunetik irten* nahiz. 1970.eko azken hilabeteetan hasi ziren enpresarioak neurri bizkortzaileen eske, inflazioaren kontra lehen hartutako neurriak kentzeko proposatuz.

Izan ere, inportazioa geldi erazteko, gobernuak "depósito previo" delakoa esijitu zuen, eta, diruaren garestitasunagatik, bankoak diruz bete ziren. Bankoak diruz gainezka egon arren, ez zuen inork diru hori eskatzen, inbertitzeko. Egoera honen ondorioz, ekonomia osoa moteldu zen. Altzairuaren produkzioa gutitu egin da ihazkoaren* aldean, eta autoen merkatua asetu; hori dela eta, produkzioa ez doa gorantz, itxaroten* zen abiadan.* Berdin xamarra da, zementu, argi indar eta beste hainbat gauzarekin jazo* izan dena.

Egoera hau zuzendu guraz,* "depósito previo" hori kendu egin du gobernuak, eta dirua ere merketu, inoiz baino "tipo de interés" tipiago bat ezarriz. Baina dena izan da alferrik. Neurri hauen ahulezia* ikusirik, azkenean, inork itxaroten ez zituen erabakiak hartu dira, fisko aldetik bereziki.* Izan ere, inpostu asko kendu dira (adibidez, "impuesto de sociedades" deritzana), inbertsioetarako nahia bizkortzeko. Erabaki hauekin batera, hauxe guti gorabehera esan die gobernuak enpresa jabeei: Hor duzue zenbatnahi erraztasun. Zer gehiago nahi duzue?

Enpresa gizonen erantzuna, beste honako hau izan da, guti goitibeheiti: Hartu diren erabaki guztiok ondo ikusten ditugu, baina apurtxo bat berandu etorri dira. Arintxoago izan balira...

Neurri bizkortzaileak, edo, hobeto esan, bizkortasuna eta inflazioa, elkarrekin dabiltzan lagunak dira. Ihaz,* inflazio galant batekin amaitu genuen urtea.

Honez gainera, inflazioa haunditzen duten neurriak hartzen badira, denok susmatzen dugu zer etorriko zaikun gero: inflazioak balioa mozten dio diruari; eta horrek dakarren ezbeharra, langileen gain jausten* da batez ere. Langileek, beren soldata mozturik ikusiko dutenean, burrukara joko dute, bistan diren argumenduekin. Bestalde, ekonomi agintariek ezin dezakete, inolaz ere, neurriz kanpo dagoen inflaziorik onar,* ekonomia guztia hondamendira joango litzateke eta. Orduan, enpresa gizon askoren susmoa hauxe da: Inbertitzeko erraztasunik ba dugu, bai; baina ba liteke, hemendik sei edo zazpi hilabetera, inflazioaren ondorio gaizto guztiak bat batean ebaki gura izatea, eta enpresak hestualdi batean erortzea.*

Hemen dabilan joko guztia aztertzean, ekonomi agintariengan konfiantza galdu dela nabaritzen* da; eta konfiantza hori beharrezkoa da, Estadu baten ekonomia aurrera atera ahal izateko.

ANTON AZKONA

dezakete, daikee

die, dautse

dio, dautso

zaiku, jaku, zaigu


Hitz sakratuenak topiko bihurtzen direnean

Nik ez dakit zer gertatzen zaikun; baina askotan egon izan naiz pentsatzen zenbait* hitzen esannahiaren aldaketaz. Ba dirudi, hitz bat zenbat eta sarriago* erabiltzen den, hainbat gehiago aldatzen dela.

Hala ere, txarrena ez da hitzen esannahiaren aldatzea. Hizkuntzaren barren barreneko legea baita. Txarrena ez da hori. Askoz okerrago deritzat beste honi: gaur erabiltzen —eta gehiegi erabili ere— ditugun zenbait hitz oso anbiguo gertatzen zaizkigula. Denok erabiltzen ditugu; baina ez dugu jakiten askotan, zer esan nahi duten.

Hitz hoik,* hartzen dituzten igurtzi* haundiengatik, hutsak, esannahi garbirik gabeak bilakatzen* dira. Eta honi, mende* honetako fenomenorik grabeenetakoa deritzat.

Geure bizitza hizkuntzaren bitartez adierazten eta, neurri batean behintzat, egiten badugu, ez ote gara esku hutsik geldituko? Ez ote gara ari,* geure bizitza husten? Eta, azkenean, ez ote gara izaki* abstraktu batzuk bihurtuko? Topikoz betetako izaki abstraktuak?

Kasu konkretu bat

Azter dezagun, adibidez, ospe haundia duen HERRIA hitza. Berez,* esannahi zehatza izan behar luke. Baina, zoritxarrez, herria aipatzerakoan, bakoitzak gauza desberdina ulertzen duela dirudi. Bakoitzak bere alde erabiltzen duela ez gara konturatzen. Baina konturatu beharra dugu. Pozik egongo nintzateke, nire artikuluxka honek norbaiti lagunduko balio.

Inoiz entzun izan dugu, herriaren mitoak galerazi behar direla. Eta orduan ba dirudi, honela mintzatzen direnak herriaren kontzientzia bihurtu direla. Une horretan, ez dakit ohartzen diren, beraik ere herritik sortu direla, «mitoz eta sinbolo faltsuz betetako» herri horretatik. Eta ez dakit nik, zeren pribilejioz bihurtu diren herri horren gezurraren epaile.* Herria dutela helburu,* diote; baina hori esatea erraza da. Egiaz zer den jakitea, beste kontu bat.

Beren hitz hoik* erabiltzean, ahoa betetzen zaie; eta gehiegi sakondu gabe botatzen dituzte beren anatemak. Herriaren alde, baina herriaren zenbait mitoren kontra.

Errazegia da, bat batean anatemak burutik behera botatzea. Errazegia da, bai eta ere, zenbait topikoren bitartez jendea pozik uztea. Baina topikoek azterketa bat eskatzen dute. Azterketa hori egiten ez bada, eta jendea engainatzen, atzipetzen* badugu, gure jokoa ez da garbia izango. Eta honela jokatzen dutenen erantzunkizuna, benetan da haundia herriaren aurrean. Eta, batez ere une larri honetan, geure interesei bakarrik begiratuz, arinkeriazko joko hori egiten badugu, ez dugu merezi euskaldun izenik, ez eta gizon izenik ere.

Errespetua

Nire arrazoiketa honen helburua, jendeari kontzientzi apur bat eskatzea da. Behar beharrezkoa dugu borondate onez jokatzea.

Askotan ikusi dugu HERRIA, edozeinen ahotan nor bere asmo partikularrei begira erabilia. Herriaren izenean bidegabe asko egin direla ere ikusi da inoiz. Eta hau dena, hitz hori nork bere erara ulertzen duelako da. Herria gora eta behera, herria helburutzat.herriaren zerbitzura egon... Baina, gutien uste dugunean, herriaren bideetatik aldentzen gara.

Beraz, gauza bakarra eskatu nahi nuke: hitz batek esannahi sakona eta errespetagarria berez* duenean, dagokion errespetuz hitz hori erabiltzea. HERRIA hitzaren mamia bilatu behar dugu, eta ez, gehiegi aztertu gabe, zer esaten dugun ere jakin gabe, arinkeriaz erabili.

Itzul diezegun hitzei beren esannahia; eta saia gaitezen, behar den moduan erabiltzen. Bestela, ulertu ezezik, elkarren arteko burrukan sartuko gara. Horregatik, bideak ondo neurtu behar dira. Momentu batetako garaipen eta irriparrak ez gaitzala lilura.* Arazoa nahiko garrantzizkoa da, alditxo batetako exituaren* truke, etorkizuna arriskuan jartzeko.

Nahi duenak uler beza.

HORMAETXE

balio, baleutso

beza, bei

dezagun, daigun

diezegun, deioegun, dezaiegun

diote, dinoe

gaitzala, gaizala

zaie, jake

zaiku, jaku, zaigu

zaizkigu, jakuz


Sozialismoaren dialektika

Teoria marxistak, ofizialak, esaten duen bezala, klase burrukak, zientifikoki azterturik, lehengo estamentu zaharraren gainditzea dakar eta sistema hobeago baten etorrera. Hau hola gertatu da historian zehar.* Ba dirudi, Mendebaldea* eta Ekialdea* ere bide horretatik doazela; baina fase batzuk eliminatuz, hau da, jeneralki pasatzen diren fase batzuk iragan* gabe. Hor daduzkagu China eta Rusia, feudalismotik sozialismora pasatu direnak.

Gainditze honen sustraia gizarteko kontradizioetan dago. Denboran zehar kontradizio hauk* gogortu egiten dira; eta azkenik alderdi iraultzaileak irabazle ateratzen dira, beren etsaiak* zanpatuz eta baztertuz eta beren sistema inposatuz.

Kapitalismoaren haroko* kontradizioak langileriaren eta kapitalisten artekoak ziren; eta langileria, Estaduko aparatuaren jabe egiten denean, kontradizio hauk gainditzeko moduan egoten da eta lehen bere etsaia zena zapaltzeko moduan. Hau hola egiten ez badu, kapitalismoa berriz berpiztuko da eta berriro Estaduaren jabe egingo da, bai buruzagiak sobornatuz, bai buruzagiak bortxaren* bitartez menperatuz.

Langileria Estaduaren gainean finkatzen bada, sozialismoan aurkitzen gara, eta kontradizio material guztiak gainditurik geratuko dira. Hau da, lehengo sistema sozialetako kontradizioak jabeen eta beharginen* arteko kontradizioak ziren; orain, denak berdinak direnez gero, era horretako kontradiziorik ez dago.

Lehengo sistemetan kontradizio materialak nahi eta nahiezkoak ziren, gizarteak aurreratu nahi bazuen. Baina, orain, sozialismoaren barruan, zerk aurreratuko du sistema osoa, egintza, pentsamoldea, eta abar? Ba dirudi, sistema honek ez duela aurrerapenik izango. Baina ez da hola gertatzen; eta sistema honek ere ba ditu bere kontradizioak, eta, lehen materialak ziren bezala, orain intelektuak dira.

Sistema honetan, batzuk* atzeratuak geratuko dira, gizarteko egintza guztietarako edo batzuetarako behintzat; eta beste batzuek aurrera jarraituko dute, zientziak erakusten duen bezala. Eta hemen ikusiko da, batzuen eta besteen artean kontradizioak daudela; eta, kontradizio hoik* gainditzeko, kritika eta autokritika datoz.

Hau hola planteaturik, garbi ikusten da, zenbateko garrantzia dadukaten dialektikaren bi faktore hauek, eta gure artean nola aplikatzen diren.

Geure buruari bira bat ematen badiogu, laster ikusiko dugu, nola alderdi eta mugimenduek erabiltzen dituzten htz hauk, batik* bat beren burua sozialistatzat edo komunistatzat jotzen dutenek; eta segituan konturatuko gara, hitz hutsak besterik ez direla. Honi buruz denak mintzatzen dira, autokritika eta kritika beharrezkoak direla; baina praktikan nork onartzen ditu, burokraziako piramidearen gainean dagoenean?

Bestalde, goitik behera datorren kritika onartu beharra egoten da; eta behean dagoenak konfesio publiko bat egin behar du, zutik jarraitu nahi badu behintzat, nahiz fariseoek bezalako damua eduki.

Goi mailako burokratei kritika egiten zaienean, haien aldekoa izan behar du hori egiten duenak; bestela gaizki dabil.

Hau hola izanik, zer itxaropen eduki behar du gizarte sozialistak, aurrera joateko? Zer esperantza, gaur, sozialismotik hurbil* egon arren, gure zuzendari burokratek kritikarik onartzen ez badute? Nola jarraituko die jendeak, beste diktadura baten oinarriak gaurtik ipintzen ari badira, eta jende hori horretaz konturatzen bada?

Gauzak hola gertatzen direlarik, Engelsen esaera tristea —baina egia haundia— datorkit burura: «Historiaren ironia da, boterea* doktrinarioen eskuetan erortzen* denean, hoiek jeneralki beren eskolako dotrinak esaten duena alde batera uzten dutela».

B. BAKAIKOA

dadukate, dauke, daukate

daduzkagu, daukaguz, dauzkagu

daude, dagoz

die, dautse

diogu, dautsagu

zaie, jake


Hau duk humorea!

Agure zuhurra

— Nola heldu haiz hainbeste urte bizitzera?

— Heriotzea, lapur bat bezala, gutien pentsatzen dugunean etorriko dela esan zian Kristok. Eta ni beti niagok heriotzeaz pentsatzen!

Patuaren* indarra

Euskaldun iraultzailea* zen.

Halabeharrez, Ezkerra Iraeta ziren haren abizenak.*

Antimateria

Zientziak frogatu* duenez, antimateriazko mundurik ba ei* dago nonbait. Antieuskara ere esistitzen denik, ez dago orain dudarik.

Zer ikus, hura ikas

 Semeak: Aita, zer da manifestazioa?

 Aitak: Jendetza haundi bat, inori zeredozer adierazi nahiz, kalerik kale dabilana: horixe duk manifestazioa, ene semetxo.

 Semeak: Aaaa, bai. Enterru* bat!

ANTTON


Arrasateko liburu eta diskoen azoka

«Danok» elkartea

«S. D. Mondragón» eta herri honetako udaletxearen* laguntzarekin, «Danok» elkartea izan da bereziki* azoka* honen antolatzailea. Urtean zehar* hainbat ekintza izan ditu bere esku, azkena Santo Tomas jaien antolaketa dalarik. Talde honen berri zehatzagoak hurrengo zenbakiren batean emango ditugu, A. Elorza taldearen zuzendariarekin egindako elkar hizketa baten bidez.

Euskal liburu eta diskoen azoka

Abenduaren 18an, arratsaldeko 6retan eman jakon hasiera azokari, hitzaldi batekin. J. San Martin, J. M. Satrustegi, J. M. Lekuona eta Ibon Sarasolak gaurko euskal literaturaren egoera azaldu eben: euskal edizioak, Nafarroako idatziak, euskarazko literaturaren gorabeherak, euskal olerki* eta bertso idatziak. Azoka honetan, zelan edo halan, euskal editorial guztiak izan ziren.

Debako arte lantegia

Azokako aipagarrientzat Debako arte lantegia jo geinke. Bera izan zan jendeentzako deigarriena. Erakusketa honetan, burdin, egur eta harri lan batzuk agertu ziren, Debako arte lantegi horretan diharduen irakasle eta ikasleek eginak.

«Euskal ereskin zaharren erakusaldia»

«Danok» elkarteak antolatuta, «Euskal Ereskin* Zaharren Erakusaldia» izan zan azoka honetako beste ekintza bat. Berean agertu ziren txalaparta, sunpriñu, tobera, alboka, pandero, dultzaina, xirolarru, salterio edo ttunttuna, txirula, soinu txikia, txistua eta musukitarraren joileak. Aurretik, programa batean, tresna horreen historia labur bat agertu eben.

Argazkien erakusketa

«Besaide» mendi taldeak, Arrasateko udaletxeak eta «Itxas Aldeko» mendi taldeak lagundurik, antolatutako sariketara agertu diren argazkien* erakusketa jarri eben, udaletxeko gela batean. Argazkien gaia, mendia zan. Epai mahaikoak, «Gipuzkoa Argazki» elkarteko bost jaun. 116 lan presentatu ziren, eta honela gelditu ziren sariak: lehen irabazle, Jesus Murumendiaraz; bigarren, Antonio Unzetabarrenetxea. Biak «C. D. Eibar»ekoak. Argazkien gaia, «Cordada» eta «Regreso». Beste hiru sari ere banatu ziren.

Alfabetatzearen arduradunen batzarra

Abenduaren 18an, arratsaldeko hirurak eta erdietan, Mondragoeko frantziskanoetan, herrialde* guztietako euskal alfabetatzearen arduradunak bildu ziren, Aingeru Irigarai, J. M. Satrustegi, Salbador Garmendia, J. San Martin eta Jose Luis Lizundia euskaltzainekin. Informe batzuk emanez hasi zan batzarra. Informatzaileak Donostia aldetik J. B. Jauregi, Bizkaitik P. Elgezabal, Urola aldetik Etxebarria jauna, Tolosatik Iraeta, Goiherritik Sarriegi, Zarauztik Zulaika, Eibarretik S. Basauri eta Errenderi aldetik Txomin Izagirre. Informe honeen kopiak J. L. Lizundiak jaso zituan, Euskaltzaindiko artxiboan jartzeko. Jarraian, Aingeru Irigarai euskaltzain jaunak hartu eban hitza, alfabetatze kanpainak (textuak, ortografia, hitzaldiak eta abar) nola izan leitekezen txosten* bat irakurriz. Ondoren, J. L. Lizundia mintzatu zan kanpainen antolaketari buruz.

Azkenik, norma batzuk eman ziren, herrialdeetako arduradunek Euskaltzaindiarekin harreman gehiago izateko. Batzar honetako aipagarriena, lehengo kezkak ahazturik, aurrera begira jokatzea.

JOSU TORRE


Baina ez apirilik... [Olerkia]

Eguberriaren bezpera

hauetan

guztiz pobre gelditu

naiz...

Jesuiten kontua ezin pagatu ukan

dut,

eta

ez kotxea ez telebista ez dautate

enbargatu:

Batak bere ibiltzeaz ukatu

du,

eta besteak

ez du argitu

nahi.

Gabon hauetan ez dugu

indi-oilaskorik

janen

gurean

(egia da ez dugula sekula jan)

eta, asko kariotzen ez bada,

oilasko batekin

(Euskal Herriko oilasko miserable batekin)

kontentatuko

gara.

Eta, gainera,

ene haurren gandik sei urteko

ausentziaren

mehatxua...

 Si estás lejos de tus hijas,

  Aresti,

 tu corazón está triste;

 son el poema más bello,

  Aresti,

 que tú jamás escribiste.

Ene haurtzaroko egunetan

gose handiak

sufritu nituen,

eta horregatik

egin nuen zina,

ene haurrei ez zitzaiela

faltako,

nik eduki ez

nuena.

Eta hala nola

gose hargatik

madarikatu nuen

lur hau,

ez nuke madarikatu nahi ukanen

hizkuntza hau

neure alaben gasea

gatik...

GABRIEL ARESTI


Euskal herriaren mugak

Euskaldun jende xeheek, Euskal Herrian bizi direla jakin arren, ez dute jakiten beren Herriaren mugak non diren. Euskaldunen berri ez dakien bati hau esango bagenio, Euskal Herria lurralde guztiz haundia dela pentsatuko luke, muga ezagunik ez dituela eta.

Egia, ostera,* besterik da, gaur Euskal Herritzat hartzen ditugun zazpi probintzietako bi herririk urrunenen artean ez baitira 300 km. baino askoz gehiago izango.

Hain kultur maila apalean bizi den jendeak horrela pentsatzea ez da haritzekoa. Zeharo harritzen gaitu, ostera, zerbait ikasitako pertsonen inorantziak. Eta, txarragoa dena, sarritan* jende «ikasia» herria bera baino inoranteagoa izaten da puntu honetan.

Gure herriko gorabeheretan sarturik daudenek edo sentimenduz behintzat haietan parte hartzen dutenek, behin eta betiko jakin behar lukete, Euskal Herria ez dela, zazpi probintziak bakarrik hartzen dituen lurra. Hortik aparte ere, ba dira euskaldun diren lurraldeak: Errioxa, Jaka, Bearnoko pusketa bat, eta beste. Gaur probintziaka partiturik ditugun mugak ez ditugu kasu askotan aproposenak.

Honelako gaietan hain aditua dugun Lizundia jaunak egindako «Horizontes Riojanos» liburuaren kritika irakurri ondoren, liburu hori irakurtzeko gogoa sortu zitzaitan; eta horrela egin dut, ezeren damurik ez dudala. Liburu honi egindako kritikari ona deritzat; baina nik orain irakurleari liburuaren inportantzia berriz gogoratzen badiot, ez diot liburuari ez Lizundiari ezer kenduko.

Lerro hauetatik, Alfredo Gil del Río idazleari eta liburuaren kritika egileari, euskaldunen zorionik gartsuenak eman nahi dizkiet: batari, egindako lan aipagarriaren esker onez; eta ANAITASUNAko idazle prestuari, hari egin zion aipamen baliotsuagatik.

Liburua eskatzekotan. Librería Isidoro Ochoa. Hnos. Moroy, 1. Logroño.

ERRAMON GERRIKAGOITIA

bagenio, bageuntso

daude, dagoz

diot, dautsat

dizkiet, dautsedaz

zion, eutson

zitzaltan, jatan


Literatura

"SATARKA" olerkariaren heriotzean

Hazilaren* 23an hil zen Klaudio Sagartzazu «Satarka» olerkaria* Ondarrabian. Herri berean jaioa zen 1895. urtean.

Gazte denboran ainitz* sari eraman zuen. 1918 eta 1920.ean, Donostiako olerki* sariak jaso zituen, eta garai berean mugazandiko Iholdin ere bai. Sari ongi mereziak noski,* zeren,* dudarik gabe, «Satarka» lirikaren lehen urratzaileetakoa baitugu euskarazko literaturan. Luis Jauregi «Jautarkol» baino lehenagokoa, eta, honekin batean eta Aitzolen inguruan, 1930.ean «Euskaltzaleak» izeneko olerki berrizte mugimenduaren eragileetako bat noski.

Agiri zehatzagorik ematen ez bada, «Satarka» jarriko nuke garai haren hasieran. Saritutakoei beste zenbait* poema gehituaz, Victor Hugo eta Heine-gandik itzuliak ere tartean direla, liburu polit bat burutu zuen, 1922.ean Donostian Txinpartak izenez agertu zena.

Gaztaroko poema hoik* aberrikoi sutsuak dira maiz,* eta, Bidasoa aldeko artistek berezko duten bezala, Naturaren laudoriozkoak maizago. Baroja nobelista handiari ere, beste eskualde* batzuetako abertzaleek garai haietan uxatzen zutelarik, hitz ederrik eskaini zion gorazarrez,* haren ospeari begirapen onez:

Yauregi eder

Antziñakoan,

Gizon txit yakintsu bat bizi da.

Bidasoa'ko

Txapelaundia,

Edestizundari* ezaguna.

Udaberriko

Arratsaldean,

Bera'ko urira* naiz etorri,

Ta leku alai

Au ikusirik,

Agur dagiot gaur Baroja'ri.

Bidasoako txapelaundi jakintsua, beraz, ez zen euskaltzale eta abertzaleen artean ezezaguna eta maitagabea.

Baina lehen liburu hartako poemarik ezagunena, seguru asko, «Aurtxoa seaskan» izango dugu noski.* Poematxo hau, sehaska kanta, Olaizolak musika jarri zionetik, oso ezaguna baita Euskal Herri guztian, haren hasierako eta amaierako* bertsoak behinik behin. Ama askok beren haurtxoei ehundaka aldiz kantatua noski:

Aurtxo polita

Seaskan dago,

Zapi zuritan

Txit bero...

Amonak dio:

Ene potxolo,

Arren egin, ba,

Lolo, lo...

Txakur aundia

Etorriko da,

Zuk ez ba'dezu

Eiten lo.

Orregatik, ba,

Ene potxolo,

Egin aguro*

Lolo, lo...

Beharbada, ez da izango hain pedagogikoa; baina, besterik ez zegoen garaian, zerbitzu ederrik eman zien ama euskaldunei, semetxoak lotara baretzeko. Praktikarako baliatu ziren, eta ez da guti.

Haren bigarren liburua, Intza begietan, Donostian argitaratu zen 1957.ean, Manuel Lekuonaren hitzaurrearekin eta Antonio Valverderen irudiekin. Liburu atsegina. Beharbada, atzean gelditu zen poesi era batean moldatua; baina, etorri zen garaian, ez zen erraz besterik egitea. Bai euskara bera eta bai poesi hizkuntza, gaztaroko Txinpartak liburukoak baino landuagoak ditu. Poemarik gehienak, liburua agertu zen urtea baino askozaz lehenagokoak dira.

Bi liburuak agortuak badira ere, bigarrena, oraintsuagokoa denez, ezagunagoa da.

Euskarazko literatura murritzean* bere toki berezia merezi duen poeta dugu, eta samurki* begiratzeko merezimenduak dituena. Honegatik nahi izan dugu, haren oroitzapena orri hauetara ekartzea.

Hark kunplitu zuen bere herriarekin, eta denek ezin dezakete horrenbesterik esan.

JUAN SAN MARTIN

dagiot, egiten deutsat, egiten diot

dezakete, daikee

dio, diotso (diotsa)

zien, eutsen

zion, eutson


Kultura

Erradioaktibitatea

Artikulu honekin, erradioaktibitatearen misterioak azalduko dauzkigun sail bati eman nahi diogu hasiera. Artikulu hoietan, erradioaktibitatea zer den eta zer aplikazioak dituen aztertuko dugu, eta, gainera, bera maneiatzean agertzen diren problemak ikusiko. Gaurko artikulu hau, deskubrimendua eta lehen pausoak ikustera dedikatuko dugu.

Deskubrimendua

Deskubrimendu askotan bezala, hemen ere parte haundia izan zuen kasualitateak. Deskubritzailea Antoine Henri Becquerel izan zen; eta kontatuko dugun gertaera hau, 1896. urtean jazo* zen.

Ez dakit zergatik; baina, zerbait inportante jazotzen denean, berehala sortzen da anekdota entzungarriren bat. Newton-en sagar famatua dugu lekuko.* Oraingo kasu honetan ere, eta, beharbada, deskubrimenduak merezi zuelako, anekdota bat behar zen. Ikus dezagun, bada, gure gizonari jazo zitzaiona.

Garaiko zientifikoek X izpiak* ezagutu berriak zituzten, eta oraino pixka bat harrituta zeuden. Hala ere, berehala hasi ziren, bide berriak topatu nahiz, hauxe baita zientifikoen betebeharra. Honela, han zegoen gure gizona, fluorezentzia eta X izpien arteko erlazioaren bila. Horretarako, beste tresna batzuen artean, fotografi plakak erabiltzen zituen. Gau batean, kasualki, plaka bat utzi zuen paper beltzez estalirik, argi izpiez bela* ez zedin. Goizean, rebelatuz gero, guztiz belaturik zegoela konturatu zen. Bere erruz* izanen zela pentsatu zuen. Baina, biharamunean berdin jazo zitzaionean, ulertu ezinik geratu* zen.

Gero, beste zenbait* esperimenduren bidez, fenomeno haren kausa aurkitu zuen: uraniozko gatz bat zen errudun. Eta nola aurkitu zuen kausa hau? Hara: esperimendu batzuk* egin zituen kondizio desberdinetan, eta gero logikaz interpretatu zituen ondorioak. Lehenik ez zuen ezer jarri; gero uraniozko gatza ipini zuen alboan; azkenik, objeto sinpleak kolokatu zituen uraniozko gatza eta plakaren artean, eta, era honetan, objetoaren imajina agertzen zen plakan. Fenomeno hau esplikatzeko, aukera bakarra zegoen: uraniozko gatzak izpi ezezagun batzuk botatzen zituen, eta fotografi plakak izpi hauek belatzen zituzten. Gainera, izpiok ez zuten indar penetratzaile haundirik, eta, horregatik, bitartean objetoren bat jartzen zenean, haren silueta agertzen zen, objetoaren direkziozko izpiak absorbiturik geratzen zirelako. Izpi hauk,* fenomeno erradioaktiboen ezagugarriak dira.

Lehen pausoak

Lehen pausoa emanez gero, zientifikoak kezkatzen hasi ziren deskubrimendu berriaz. Beste askoren artean, Pierre eta Marie Curie senar-emazteak ditugu.

Ikusi dugunez, deskubrimendua uraniozko gatzen bidez zertu zen. Baina irradiazioak oso motelak, oso ahulak* ziren; eta, ikertze* sakonago bat egiteko, irradiazio bortitzagoak* behar ziren.

1897. urtean, Curie senar-emazteek aislatu egin zuten uranioa. Gero polonioa ere bai. (Polonioa, uranioa baino laurehun aldiz aktiboagoa da). Eta, 1898.ean, radioa aislatu zuten. (Hau, uranioa baino milioi bat bider aktiboagoa).

Irradiazio motak

Puntu honetara ailegaturik, zientifikoak irradiazioen propietateak estudiatzera saiatu ziren. Deskubrimendu berriekin, irradiazio ugari zuten, lan egiteko; eta, kondizio hauetan, prest zeuden, lana aurrera eramateko.

1899.ean, Ernest Rutherford-ek bi irradiazio klase bereizi zituen, Alfa eta Beta izenekoak. Alfa izpiak, penetrantzia gutien zutenak ziren, eta, karga elektrikoaren aldetik, positiboak. Beta izpiak, aldiz,* negatiboak. Izatez, izpi mota hauk* ez dira benetako izpiak, partikulak baizik. Baina, masa oso tipia eta abiada* izugarri haundia dutelarik, izpi bezala kontsidera daitezke.

Gero, 1900. urtean, P. Villard-ek karga elektriko gabeko izpi batzuk* (benetako izpiak) aurkitu zituen, Gamma izpiak. Izpi hauek askoz ere botere* gehiago dute, gorputzen barnera joateko, beste biek baino. Beste irradiazio batzuk ere ba dira, baina hiru aipatuak dira inportanteenak.

J. R. ETXEBARRIA

daitezke, daitekez

dauzkigu, dauskuz, dizkigu

dezagun, daigun

diogu, dautsagu

zedin, eiten

zeuden, egozen

zitzaion, jakon


Ekonomia

Artikulu hau egin eta gero, USAko gobernuak kendu egin ditu lehen jarritako neurriak, eta dolarra debaluatu. Hala ere, interesgarri deritzagu artikulu honen argitaratzeari, USAko ekonomiaren egoera eta gorabeherak jakin erazteko.

ZUZENDARITZAK

Dolarraren krisia

Egoki iruditu zaiku, USAk azken aldi honetan hartu dituen ekonomi neurriak aztertzea, neurri hoik* zer diren eta zer ondorio dakarten geure irakurleei jakin erazteko.

Neurri garrantzitsuenak, hauk* izan dira: USAko gobernuak ehunetik hamarreko tasa edo inpostua erantsi die kanpotik erosten diren produktuei; diruaren kanbioa aidean edo "flotante" utzi du mundu kapitalista osoan; eta, bere dirua (dolarra) debaluatu gabe, beste zenbait naziok berena rebalua edo garesti dezaten nahi du.

Baina, azterketa hau funtsezkoa izan dadin, ezagutu egin behar ditugu, lehenik USA barneko ekonomiaren egoera, ondoren beste Estaduetako gorabeherak, eta azkenik nazioen arteko harremanak. Denok dakikegunez,* USAko aministrazioa "deficit" handiarekin dabil aspaldion; eta "deficit" hau urtean baino urtean haundiago eginaz joan da. Beste Estaduekiko zor haundi hauek eginbide edo obligazio handiak sorterazten zizkioten USAri; eta, horregatik, kontrol berri baten beharrean aurkitzen zen.

Bestalde, Estadu hartzedunak* ondo konturatu ziren, USAri egiten zizkioten eskabideei ezin ziezakeela hark osoki erantzun. Honetaz lehenengo konturatu zena, De Gaulle izan zen.

Delako "deficit" honek inflazio gogor batera eramaten zuen USAko ekonomia, eta lan eskasia izugarria agertu zen.

Horrez gainera, ba da zerbait gehiago ere dolarraren krisi honetan, hots,* USAko urre erreserben urritzea eta hango kutxaren hutsik gelditzea.

Zenbait* urte dela, kapitalist sistemaren premiaz edo beren interesengatik, USAk eta Inglaterrak hartu zuten sistema honen kontrola, diru papera urrearekin trukatzeko boterea beren gain ipiniz. Bien artean (dolarra eta libraren artean), denok dakigu, dolarra erabili dela azken urteotan diru trukatzaile bakar bezala. Handik aurrera, edozein Estaduk, dolar erreserbak zituenean, USAko Gobernu Federalarekin hitz egin eta berehala urrearekin truk egin zezakeen diru hori. Horregatik, dolarra bezain diru seguru eta hobeagorik ez zegoen; eta, bestalde, horra hor USAren indar izugarria, bere jabetza eta inperioa mundu guztira zabaltzeko.

Hauxe zen, azken neurriak hartu aurretik, USAk zeukan egoera. Orain ikus ditzagun ondorioak.

Ehunetik hamarreko tasa honek kanpotik gutiago erostera behartu du USAko jendea. Orain, merkeago eskaintzen dira barneko produktuak, eta dirua han bertan gasta erazten zaio jendeari. Barneko produktuen kontsumo handiago honekin eta jendearen eskabide berri honekin, lan gehiago egingo da, eta soluzionatzeko bidean jarriko da lan eskasia.

Honekin problema bat datorkio USAri, eta hauxe da: Inportazioari trabak jarriz, ez du berak ere kanpora saltzeko modurik izango, eta, horrela, autarkia batera hel daiteke, eta, soluzionatu ezezik, okerrago ipiniko zaio krisia.

Horregatik, krisia ondo konpontzeko, interes haundia du USAk, beste Estadu indartsuek beren dirua rebalua dezaten; eta hona hemen, hori lortzeko, gaur egunean Ipar Amerikak egiten dituen ahalegin guztien funtsa.

Orduan, krisi hau diru trukearen konponketa bat baino ez ote da? Ez. Esan dezatela, bestela, Estadu behartsuek, haiei etortzen baitzaizkie krisiaren ondorioak.

Ekonomia aurreratua duten Estaduek, debaluazio nahiz rebaluazioaren bidez, harremanetan jarraitzeko modua izango dute. Estadu behartsuek, ordea,* lurgintzako produktuak dituzte gehienbat esportaziorako, egiten dituzten inbertsio industrialak ordaintzeko. Eta, industrializazioaren beharra dutelarik, garestiago erosi beharko dute, eta, konpetentziak bortxaturik,* merkeago beren produktuak saldu, delako tasa horrekin prezio ona izango badute. Beti bezala, Estadu behartsuek ordaindu beharko dute kapital indartsuaren krisia.

Azkenik, nola soluzionatuko dute urrearen problema? Gorago aipatu dugun, dolarrak urrearekin trukatzeko duen kualitate hori, ez dakigu zenbateraino erabilia izan den. Zeren,* azken urteotan, Estaduetako "deficit-superavit"ak likidatu ordez, irteten* ziren saldoak urtean urtean hurrengo saldoari eransten baitzitzaizkion. Noiz arte honela? Itxura denez, egituren* hazkuntzak eta kapitalen haunditzeak gero eta diru mugimendu gogorragoak eskatzen dituzte; eta, berehala, erreserben faltara erraz ailega liteke.

Esan dezakegu, urre erreserbazko kapitalist sistema hau azkenetan dagoela.

Zer soluzio emango ote zaio problema honi?

Ekonomista asko izan dira, azken urteotan, gai honetaz mintzatu direnak; eta dolarraren krisi honek oraindik ere gaizkiago jartzen du urre erreserbazko sistema hau.

Gaur egunean eman nahi zaion soluzioa, hau da: Urrearen trukatzaile bakarrak USA eta Inglaterra izan ordez, "hamar Estadu indartsuak" izango dira; eta hamar hoiek eramango dute laster mundu guztian kapitalist ekonomiaren zuzendaritza.

Baina noiz arte horrela? Kapitalismoa bere kontradizioengatik eroriko* zela esan zuen Marxek. Krisi hau ote dugu erorketa horren seinale?

J. ARRIZABALAGA

dezaten, daien

dezakegu, daikegu

ditzagun, daiguzan

die, dautse

zaiku, jaku, zaigu

zaio, jako

zaizkie, jakez

zezakeen, eiken

ziezakeen, eiskioen

zitzaizkion, jakozen

zizkioten, eutsoezan


Liburua

"Bai mundu berria"

Argitaratu berria da, Aldous Huxley ingles idazlearen «Brave New World» nobela famatua, Xabier Amurizak euskarara itzulia. Atseginez jartzen dugu hemen, itzultzaileak egin dion hitzaurrearen laburpen bat.

ZUZENDARITZAK

Zenbaitek* galde dezake beharbada, zergatik hautatu* dudan nobela hau, bat euskaratzen hasterakoan. Esanen diot, ez dudala neuk hautatu. Ezertan hasi baino lehen, LUR editorialarekin harremanean jartzea pentsatu nuen, eta ea zer itzultzea nahi zuten. Nobela hauxe zitzaiela urjenteen, erantzun zeutaten, eta honexekin has nendila.

Ez dut asmorik, nobela honi kritika sistematikorik eta ideiologikorik, ez eta teknikari buruzkorik ere egiteko, nahiz eta xit interesgarri litzatekeela diritzadan. Bihoaz hitz hauk,* nobela hau konprenitzen laguntzeko bakarrik, zeren* erraza baita, arreta* haundiz ibili ezik, erdi despistaturik irakurtzea, zertaz ari den gabi konturatu gabe, bi arrazoigatik batez ere:

a) Nobela bera oso teknikoa eta gaiez guztiz orijinala delako. Zer mundu klase den igarri orduko, orri asko pasatuko dira beharbada. Neuri ere, lehenengo irakurraldian, honelako zerbaitsu gertatu zitzaitan. Baina, fraseka itzuliaz joan naizenean, orduan kargutu naiz ondo nobela honen balioaz.

b) Bigarren arrazoia ez da xikiagoa. alegia,* hizkuntza bera izanen zaiola askori eragozpenik aski,* ez baikaude honelako gauzak euskaraz irakurtzera ohituak. Bizkaian, adibidez, aditzarekin bakarrik ere nahikoa komeria izanen duke* askok.

Dena dela, ez dut uste hain zaila denik nobela hau hasieratik ondo konprenitzea, hasieratik konprenitzen baldin bada, «mundu berri» hau guztiz diferente dela mundu errealetik, nahiz eta beronen kritika errukigabea izan.

Ez pentsa, hala ere, beste zenbait nobelatan bezalako jenero komertzial eta merkea hemen aurkitzerik. «Saltsa» horren bila doanak, desengainio ederra hartuko du.

Zein dira, orduan, artea, Jainkoa, egia, libertatea, zahartza, zorikabea, grinak, iniziatiba pertsonala, sentimenduak... abolitu dituen mundu berri honetako oinarriak? Produkzioa, kontsumoa eta, denen gainetik, estabilitatea. Produzitu egiten da, kontsumatu egiten da, pertsonak berak ere fabrikatu egiten dira; baina inork ez du galdetzen zergatik edo zertarako. Mundu honetan ez da posible errebelde, iraultzaile,* libre izatea. Ez dira kapaz, obratzen dutenaz bestera obratzeko. Zergatik? Halaxe fabrikatu dituztelako. Eta nora doa honelako gizartea? Inora ere ez. Iritxi* da irixteko lekura, iritxi da estabilitate sozialera, eta, beraz, nahi eta ezko zorionera.

Mundu zoriontsu honek, ordea,* irtenbiderik* gabeko laberintoa dirudi. Hain hertsiki* kontrolaturik eta determinaturik dago dena, eta, batez ere, gizonak berak hain dira ezteus,* hain dira nor-ez, non ez baitira kapaz, libre eta gizon izatea zer denik ere asmatzeko. Lortu* da gizona «fabrikatzea» eta nahi den modukoa: gizon esklaboa berez,* bere izatez, ia ia makina bat. Honelako gizonekin mundu honek ez du irtenbiderik. Horixe da kapitalismoak pozik hartuko lukeen pertsona klasea, alegia,* bere esklabotasunez zoriontsu den gizona. Horrela, ez litzateke errepresiorik behar; eta pentsa, nolako abantail ekonomikoa letorkeen hortik.

Huxleyk hemen agertzen daukun mundu absurdoa eta izugarria posible ote da, gertatuko ote da inoiz? Aitor dezagun, arriskua ba dagoela, eta Huxleyk puntu neuralgikora, leku lekura jaurtiki duela harrikada.

Eroriko* ote da gizateria arrisku honetan? Zapalkuntza eta esplotazioa eguneroko ogia izan arren ere, ez dut inola uste, mundu hori inoiz gertatuko denik, zeren* inoiz baino gehiago eta indartsuago baitatoz gizonen eta herrien aldeko eta esplotazioaren kontrako mugimendu iraultzaileak.* Itxaropena ere, beraz, inoiz baino gehiago eduki behar dugu, baina itxaropen erreala, ez utopikoa. Etorkizuna errazegi dakusatenei Huxleyk esanen die nobela honetan, zer etsai* klase izugarri eta indartsu menderatu beharra dagoen.

XABIER AMURIZA

bihoaz, beloaz

dakusate, dakuste, ikusten dute

dauku, dausku, digu

dezagun, daigun

dezake, daike

die, dautse

dio, dautso

diot, dautsat

gaude, gagoz

zaio, jako

zeutaten, eusten, zidaten

zitzaien, jaken

zitzaitan, jatan


Ikas zeure hizkuntza

I. Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartxo bategaz agertzen diren berbak

ABIADA, velocidad.

ABIZEN, deitura, apellido.

AGERKARI, publicación.

AGURO, agudo, arin, laster.

AHANTZI, ahanztu, ahaztu.

AHUL, makal.

AHULEZIA, makaltasun.

AINITZ, asko.

AINTZIRA, laguna, lacune.

AITZITIK, al contrario.

ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

ALEGIA, esto es, es decir, a saber.

AMAIERA, bukaera, fin, término.

ARAUERA, arabera, según, conforme.

ARBUIATU, despreciar.

ARERIO, etsai, enemigo.

ARGAZKI, retrato, portrait.

ARI IZAN, aritu, jardun, ihardun.

ARRETA, atención, detenimiento.

ASKI, nahiko.

ATONDU, disponer, arreglar.

ATZIPETU, engañar, defraudar.

AURKEZLE, presentador.

AURREZKI, ahorro, épargne.

AZOKA, feria.

BARRUTI, territorio jurisdiccional.

BATIK BAT, batez ere, bereziki.

BATZORDE, comisión.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEHARGIN, langile, proletario.

BEHINEN, primario, principal.

BELA, belatu, velar (sujuntiboetan).

BEREZ, berenaz.

BEREZIKI, batez ere.

BILAKATU, bihurtu.

BILKURA, bilara, batzar.

BODEGA, xai, soto, arnotegi.

BORTITZ, indartsu, boteretsu.

BORTXA, fuerza, coacción.

BORTXATU, forzar, coaccionar.

BOTERE, indar, podere.

BOTERETSU, indartsu, poderoso.

DAKIKEGU, dakigu nonbait.

DATZA, yace, consiste. (Etzan aditzaren forma).

DIRATEKE, dira nonbait.

DUKE, du nonbait.

DUKETE (joko duketela), irán probablemente, vayan.

EDESTIZUNDARI, nobelista.

EGITURA, estructura.

EI, omen.

EKIALDE, eguzki alde, Este.

EKOIZPEN, fruto, resultado, efecto.

ENTERRU, ehorzketa.

EPAILE, juez, juge.

ERAKUNDE, institución.

ERESKIN, instrumento músico.

ERORI, jausi.

ERREMOLATXA, betarraba.

ERRU, hoben.

ESKUALDE, comarca, región.

ETSAI, arerio, enemigo.

EXITU, arrakasta, succès.

EZTEUS, ezerez.

FROGATU, probar, demostrar.

GAINDITU, superar.

GERATU, gelditu.

GORAZARRE, alabanza, elogio.

GUDALOSTE, ejército, armée.

GURA, nahi, gogo.

HARO, época, período, edad.

HARTZEDUN, acreedor, créancier.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAUTA, hautatu (aditz laguntzaile gabeko interrogazio indirektuetan).

HAUTATU, aukeratu, elegir.

HAZIL, noviembre.

HEDATU, zabaldu.

HELBURU, fin, objetivo.

HERRIALDE, provincia.

HERTSIKI, hestuki.

HIRI, huri, ciudad, villa.

HIZKI, letra.

HOIK, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).

HOTS, a saber, esto es.

HURBIL, hur, gertu.

HURREAN, nonbait, aurki.

IGURTZI, igortzi, frottement.

IHAZ, igaz, jaz.

IKERTU, aztertu.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAINDU, ultrajar, injuriar.

IRAULTZAILE, revolucionario.

IRITXI, heldu.

IRTEN, urten, atera, ateratu, jalgi.

IRTENBIDE, urtenbide, jalgibide.

ITAUNDU, galdetu, preguntar.

ITXARON, igurikatu.

IZAKI, ser, creatura.

IZPI, rayo.

JASAN, soportar, sufrir.

JASO, altxatu; errezibitu.

JAZO, gertatu.

JAUSI, erori.

JOSKERA, sintaxis.

LABORE, cereal.

LANSARI, aloger, alokairu, salario, jornal.

LEGEZ, lez, bezala.

LEHIAKETA, competición.

LEKUKO, testigu.

LILURA, liluratu, fascinar, deslumbrar (sujuntiboetan).

LORTU, erdietsi, ardietsi.

MAITA, maitatu (potentzialetan).

MAIZ, sarri.

MARRAZKI, dibujo, dessin.

MENDE, siglo.

MENDEBALDE, mendebal alde, occidente.

MURRITZ, corto de dimensión.

NABARITU, advertir, notar.

NOSKI, naski, ciertamente.

OLERKARI, poeta.

OLERKI, poesía.

OMEN, ei.

ONAR, onartu (potentzialetan).

ONURAGARRI, provechoso.

ORDEA, ostera, berriz, aldiz.

OREN, ordu.

ORO, guzti.

ORTU, baratze.

ORTUARI, barazki, hortaliza, legumbre, légume.

OSTEAN, ondoan, ondoren.

OSTERA, ordea, berriz, aldiz.

PATU, hado, destino.

SAMURKI, samurkiro, avec tendresse.

SARRIAGO, maizago.

SARRITAN, maizetan.

SORO, solo.

TXOSTEN, informe, comunicado.

UDAL, ayuntamiento, commune.

UDALETXE, herriko etxe.

URDURI, artega, kexu, inquieto.

URDURITASUN, artegatasun, kexamendu, inquietud.

URI, huri, hiri, ciudad, villa.

ZEHAR, gaindi.

ZENBAIT, batzuk.

ZEREN, ze, pues.

ZERGA, contribución, impuesto.


Ikas zeure hizkuntza

II. Lexiko batua

XABIER KINTANAK

Zenbait hitzetan ba dago kutsu berezi bat, beste batzuetan ez dagoena. Hitz biak euskarazkoak dira, bai; eta horregatik erabili beharrekoak. Baina noiz bata eta noiz bestea jakin behar da. Hona hemen horrelako batzuk:

ANAIA (mutil batena)

HARAGI (bizia)

ORRI (paperezkoa eta belarrena)

UME (gizonarena eta animaliena)

NEBA (neska batena)

OKELA (hilik salgai dagoena)

HOSTO (luzea gabe biribila, arbolena)

HAUR (gizonarena bakarrik)


Ezagutu geure Herria

Arabako Errioxa (1)

Non eta zenbat

Hamazortzi herritan sakabanaturik dago eskualde* hau. Gaur Arabarena da. Lehenago Nafarroarena zan; hain zuzen ere, "Sonsierra de Navarra" zan haren izen historiko zaharra. Baina harremanez, geografiaz eta ekonomiaz Errioxarena da, hots,* Logroño hiriburutzat dauan probintziarena.

324,01 km2. eta 10.653 bizilagun ditu guztitara.

Mendebaldetik* Ekialdera,* honeexek dira udalak:* Salinillas de Buradón, Bastida, Samainego, Baños de Ebro, Villabuena, Leza, Nabarida, Zieko (Elciego), Biaisteri (Laguardia), La Puebla de Labarca, Elvillar, Kiripan (Cripán), Lantziego, Iekora, Oion, Moreta, Orrubusu (Barriobusto) eta Labraza.

Sonsierrakoak ziren herri bi, Abalos eta San Vicente de la Sonsierra (izenak ere salatzen dau), feudo arrazoi batzuekatik ez dira gaur eskualde honetakoak, nahiz eta Ebroren ezkerraldean egon eta Bastida eta Samainegoren artean bitarte bat egin.

Eskualde honek, Iparraldetik Kantabria izeneko mendikatea dauka, Hegoaldetik Ebro ibaia, Ekialdetik Nafarroako Lizarra merindadea, eta Mendebaldetik Haroko barrutia.*

Historia labur

Hamargarren mendeko* San Millan monasterioko kartularioan, Arabako herri zerrendan ez da agertzen eskualde honetako herri bat ere. Ez da harritzekoa, eskualde hau ez baitzan oraindik Arabakoa. Nire ustez, eskualde hau Naxerako barrutian egongo zan garai haretan. Nafarroakoa zala esatea ez da nahikoa, denbora haretan Araba bera ere Iruineko erreinukoa zan eta.

Arabak Gaztelarekin bat egin eta gero ere, eskualde hau Nafarroarena izaten jarraitu eban, lehen aipatu dogun "Sonsierra" izenarekin, 1367. urterarte. Urte horretan Gaztela jabetzen da lurralde honetaz; baina 1430.ean berriro itzultzen da Nafarroara. 1461, urtean berriz Gaztelara bihurtzen da, eta 1486.ean Arabako anaiarteetan sartzen da.

Eskualdearen hiriburua, Biaisteri (Laguardia), hiri* bezala, Nafarroako Santzio Jakintsuak fundatu eban, hain zuzen ere Donostia eta Gasteiz sortu zituanak; baina herria ba ei* egoen Santzio Abarkaren garaian ere. Oraingo herria, elizaz, Iruinekoa izan zan, joan dan menderarte.

Lurra

Lurra 390etik 700 metrora aurkitzen da itsasoaren nibeletik. Lur lehorra. Haren ibai bakarra Ebro da, beste errekatxoak agortuta egoten baitira hilabete askotan edo oso ur gutxirekin. Errekaren bat aipatzekotan, San Ginés izenekoa aipatuko geunke, Elvillar eta Biaisteri mugatzen dituana. Aintzira* batzuk ere ba dagoz.

Hotza neguan eta beroa udan, udaberri laburra eta udazken luze eta epela. Euri neurria 450etik 490 milimetrorakoa izaten da batez beste.

Lur honek ardoa, olioa, ortuariak,* patata, erremolatxa,* laborea* eta arbola frutuak ematen ditu. Banco de Vizcaya-ren estudioak dinoanez, 6.500 Ha. dira mahasti, 14.500 Ha. labrantza lur, eta gainerakoak ortu,* larre eta baso. Olibadi asko ziren lehenago; baina orain geroago eta gutxiago gelditzen dira.

Hogei hektareaz gorako labrantza lur gutxi dago, eta bai asko bost hektareaz beherakoak. Orain ba dihardue soro* elkartze edo "concentración parcelaria" dalakoa egiten; eta horrek mesede handia egingo dautso eskualde honi. Kapital gutxi eta teknika askorik ez: horixe da nabarmen agertzen dana.

Baina eskualde honen aberastasun eta ospea ardoan dago.

Ardoa

Hain zuzen ere, "Rioja Alavesa"ko saldak ospe handikoak dira mundu zabalean, eta, zer esanik ere ez, gure artean, bereziki* Bizkaian eta Gipuzkoan. Probintzia bi honeetatik hainbeste jende hara joaten bada, ez da izaten haize ona hartzeko bakarrik.

1969. urtean, 14.507.828 litro ardo hartu ziren eskualde honetako mahastietatik, eta era honetara zabaldu: 6.574.165 litro Bizkaira, 4.281.558 Logroñoko probintziara (seguru asko, ez bertarako, bertako bodegetan* ondu eta gero zabaltzeko baino), 1.814.761 Gipuzkoara, 35.258 Nafarroara, 1.221.314 Espainiako probintzietara. Estranjeriara 580.772 litro esportatu ziren; esportatzaile ofizial bakarra Ziekoko "Riscal" bodega famatua.

Eskualde honetako ardangeletatik makinatxo bat ardo ateratzen da. Beharbada, ardangela txikiak gehiegi dira, eta Riscal-en antzeko bodega berriak gutxiegi.

Ardo kooperatibak ere ba dira: Oionen "Cooperativa Agrovinícola", Iekoran "Cooperativa San Sixto", Kiripanen "Cooperativa San Tirso", Elvillar-en "Cooperativa San Roque", Bastidan "Cooperativa Nuestra Señora de Toloño", Samainegon "Cooperativa Nuestra Señora del Valle", Lantziegon "Cooperativa Nuestra Señora del Campo". Sortu berria da "Coviria" edo "Cooperativa Vinícola de la Rioja Alavesa". Kooperatiba honen zeregina herrietako kooperatiben elkartzea da, eta ardoaren elaboratze, tipifikatze eta komerzializatzea. Kooperatiba honek aurrerapen handia emango dautso eskualdeari.

Beste ardo etxe nagusiak honeek dira: "Marquesa del Cororro" Villabuenan, "Hijos de Justo San Miguel", "Félix Preciado" eta "Bodegas Santiago" Bastidan, "Bodegas Palacio" Biaisterin.

Beharbada, ardo ekonomia honen egiturak* ez dira hain zuzenak. Handiki batzuen eskuetan dagoz; eta mahasti txikien jabeek ez dabe orain arte komerzializatze egokirik egiteko modurik izan.

J. L. LIZUNDIA