ANAITASUNA

224. zenb.

1971.eko Abenduaren 15 ekoa

Jardin Txikerra, 1. BILBAO-12

Tel. 43 18 37


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari: Anjel Zelaieta.

Zuzentzaile: Imanol Berriatua.

Idazkola eta banakolaren buru: Josu Torre.

Bulegoak: Jardin Txikerra 1, Bilbao-12.

Inprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35, Bilbao-9.

Irarle: RALI, Particular de Costa 12-14, Bilbao-10.

XX. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Komunikabideak erraztu?

«Hegoaldeko irtenbidea» geldirik

«Hegoaldeko irtenbidea» edo «Solución Sur» dalakoa geldirik dago aspaldion Bilbon. Irtenbide hau eginez gero, asko arinduko litzateke Bilbo Haundiko auto eta kamioien mugimendua. Baina bide hori, hasi Burtzeñatik eta Basauriraino, Bilbon bertan sartu barik, hiriaren hegoaldetik doana, geldirik dago, eta ez dakigu, obrak noiz hasiko diren berriro. Bitartean, izugarrizko kotxe eta kamioi hilarak formatzen dira Bilbotik Barakaldorako bidean, bederatzi kilometro egin ahal izateko, ordu bi eta gehiago behar izaten dira eta. Horrela, Bilbo aldeko industria ikaragarriro geldi arazten da, eta ez dakigu, zertarako izango dan Portu berri eta haundi hori, ganorezko* biderik ez badago.

Ez dakigu, bide hori egitea noren zeregina dan, ala Estaduarena ala Bilboko Udalarena* ala Bizkaiko Diputazioarena. Dana dala, Madril inguruan ba dira autopista onak, zubiak eta lurpeko bideak, telebisioak sarritan* aipatzen deuskunez. Han, egiten dira gauzak; hemen, ostera,* ez hainbeste. Eta ez dogu uste, lan guztiok Madrileko Udalak bere poltsikoko diruarekin egingo dituanik.

Bestalde, Bilbo Haundiko enpresa gizonak prest dira, diruz laguntzeko. Baina, Zornotzatik Durangorainoko autopista zatia inauguratu zanean ere, «Obras Públicas»eko ministroa ez zan hara inondik agertu, bildurrez nonbait, hegoaldeko irtenbidearen arazoa han aipatuko eutsoela eta.

Autopista berriak Euskal Herrian

«III Plan de Desarrollo» dalakoan irakurtzen danez, Euskal Herrian autopista berri batzuk egiteko asmoa dau Madrileko gobernuak. Bat, Bilbotik Mirandaraino, gero, hemen, Logroñotik Zaragozara, Leridara eta Barcelonaraino egingo danarekin bat egiteko. Beste autopista bat, Eibar ondoko Maltzagatik Gasteizeraino, Mondragoetik zehar. Hirugarrena, nafar lurraldeetan: Olitetik Iruinera eta Iruinetik Irurtzunera (Oliten, Logroñotik Barcelonara doanarekin bat eginik).

Autopista honeek, III. Planaren epe barruan egitekoak dira. Bilbotik Behobirakoa, ostera,* jadanik* egina da Bilbotik Durangoraino, eta III. Planaren bukaera baino lehenago amaituta egon behar ei* dau.


Herriz herri

Bilbo

Neure lantokitik

Santurtze eta euskara

Santurtzen ez da euskararik egiten, ez eta inguruetan ere. Baina Santurtzen 40.000 pertsona inguru bizi dira, eta hauei euskara bizi dela erakutsi behar zaie.

Horregatik, abenduaren 19an, Euskararen Eguna egingo dute Santurtzen. Ez dago programa berezirik. Goizeko hamaiketan, «Hermanas de la Cruz» komentuaren aurrean elkartuko dira euskaldunak, eta kalerik kale ibiliko dira, euskaraz mintzatzen. Eguerdian, goian aipaturiko komentuan izango da bazkaria, nork bere etxetik eraman duenarekin.

Bizkaitarrak, eta Bilboko euskaldunak batez ere: guztiok Santurtzera!

Umeentzako jaialdia bilbon

Abenduaren 26an, goizeko hamabietan, umeentzako jaialdi bat izango da «Santiago Apóstol» ikastetxeko teatroan.

Han ikusiko ditugu: ume txikiak berak, kantari, txistulari eta dantzari; Jon Enbeita, lehen mailako kantaria, txiki eta handien gozagarri; eta, jaia amaitzeko, ikaragarrizko «saltsa» batean, guztiok saltoka jarriko gaituzten Leon eta Maurizia.

A! Eta ANAITASUNA ere han izango da, Josu Torreren bozean eta... bizarretan.

Deustuko Trinitariak

Serora* Trinitariak komentu bat dute Deustun.

Gaur, hazilaren* 4ean, eguerdian,... nire etxeko atea jo dute. Zabaldu, eta serora zahar bat ikusten dut. Berarekin, 14 urteko neskatila bat. Serorak tarjeta bat ematen daut, diru eske. Osorik erdaraz idatzita dago.

— Egiten duzue zerbait euskaraz? galdetzen diot.

— Euskaraz? Ez.

— Ba, orduan, ez dautzut ezer emango.

Serorak berriro:

— Euskaldun neskak ere hartzen ditugu.

Baina nik ostera* ere:

— Eta nola egiten duzue euskaldun neskatilekin, euskaraz ala erdaraz?

— Erdaraz.

— Ba, ez, ez dautzut ezer emango. Euskara erabiltzen duzuenean, esan iezadazue, eta orduan lagunduko dautzuet.

Eta serorak, «qué gracioso» esan ondoren, lepoa ematen daut.

Neskatilak, ordea,* begirada adiskidekor batez, «agur» diost. Eta nik, neure begiekin, laztan bat bidaltzen diot.

Baina, gero, neure odola kiskailtzen sentitu dut, serora «unibertsalista» hark neskatila, eskutik hartuta, berarekin eraman duenean.

Gotzain erdalduna

Bizkaira gotzain berri bat ekarri nahi dutela entzun dut. Baina erdalduna ei* da.

Ez ote dago gotzain euskaldunik misioetan? Edo ez ote dugu berton apaiz euskaldunik, gotzain izateko gai denik?

«Euskerazaleak» Elkartea

Noizean behin irakurtzen dut, «Euskerazaleak» elkarteak eginiko zerbait.

Euskararen alde zeredozer egiten duenak, guztion txaloak merezi ditu. Baina gaur euskaraz argitaratzen den ia ia guztia —ehuneko laurogei eta hamabosta— euskara batuan bada, zertan dago elkarte hori, euskararen batasunari lepoa emanik? Ez ote da ordua, guztiok bat eginda, Euskaltzaindiaren gidaritzapean ibiltzeko?

Ikastoletako fitxak

Ikastoletan fitxak erabiltzen dituzte, umeen heziketaren laguntzaile.

Orain arte, irakasle bakoitzak egin behar izaten zituen bere ikasleenak, lan horretan ordu ederrak emanik. Hemendik aurrera, kendu egingo zaie lan nekagarri hori. Fitxak multikopiaz egingo dira. Euskara batuan egingo dituzte Bizkaiko ikastola elkartuek.

Jose Luis Bengoa Zubizarreta

Gizon langile hau, Bilboko «La Gaceta del Norte» egunkarian hasi da idazten, erdaraz, euskal folkloreari buruz. Bere lehenengo lanetan, euskaraz ere egin du zerbait. Ondo, Jose Luis!

Baina, noizko, Bilboko egunkarietan, euskarazko lan osoak? Noizko, Bilboko irratietan, euskara? Noizko, Magisterio Eskolan, euskarazko katedra bat?

XABIER GEREÑO

Santurtze

Euskararen eguna. Ihaz Sestaon, aurten Santurtzen. Prest gaude hemengo euskaldunok* geure herriaren alde lan egiteko, geure herria euskalduntzeko.

Egun hori abenduaren 19an ospatuko dogu. Goizeko hamaiketan, «Colegio de las Hermanas de la Cruz» delakoaren aurrean bilduko gara, eta handik alaitasunez beterik irtengo gara, herriko kaleetan zehar euskaraz mintzatzen. Gero, kolejio horretan bertan jango dugu. Nork bere jatekoa eraman beharko dugu, eta berdin platerak, edalontziak eta gainerakoak.

Ez da kanta saiorik izango, Sestaokoei bezala guri ere, baimena lortzea ezinezkoa gertatzen zaikulako. Hala ere, «Oskorri» taldekoak eta etorri gura izango duten talde eta kantari guztiak, gurekin batera ibiliko dira kalerik kale, batzuk kantatzen eta besteak euskaraz mintzatzen. Bertsolari batzuk ere etorriko direlakoan gaude. Ea zenbat euskaldun datozen! Ordu biak eta erdiak arte edo ibiliko gara kalez kale, eta, gero, esan dudan kolejioan jango dugu.

Santurtzera guztiok! Etor zaitezte, mesedez, gure herri hau euskalduntzera, gure etorkizuna gure eskuetan dago eta.

ANDOLIN EGUZKITZA

Tolosa

Zorionak «Inmaculada» kolejiokoei

Aurrekoan eman genituen berrien artean, «Inmaculada» kolejioko serorek* alfabetatze kanpaina ez zutela ontzat hartu adierazi genuen. Orain, berriz, pozik aipa dezakegu, kanpaina hari eskerrak, kolejio horretako nagusiak kontuan hartu duela euskal alfabetatzearen inportantzia. Ez omen* zuen kanpaina horren garrantziaren berririk; eta kolejioko ateak erabat* zabaldu dauzkigu, lehengo ezetza ez zela ongi pentsatua izan, jabetu denean. Rektifikatzeko, arima zabala behar bada, ez du hori edozeinek izaten; eta guk hemendik zorionak eman nahi dizkiogu «Frantsesetako» nagusiari.

Euskal alfabetatzea

Euskararen alde zerbaitetan ari diren taldeek, udaberri aldera euskal aste bikain bat eratzeko asmoa dute. Egiteak asmoak bezain sendoak gertatzen badira, ez da xantxetakoa izanen huraxe!

Berehala, Eguberrietarako, alfabetatzearen bidez euskara ikasten ari direnentzat, idaz lehiaketa bat antolatuko da, sariekin eta guzti, ikasleek beren aurrerapenak ager ditzaten. Hurrengoan emanen dugu berri zehatzagorik.

Eguberri kantak

Azken uste hauetan ugaritu egin dira, gure kaleetan Eguberri kantak erdaraz abestuz irteten diren muttikoak. Hala ere, euskaldunok geure kanta zaharrekin aurrera jarraitu nahi genuke, euskara plazatik kanpora bidaliko daukuten bildur baikara.

IRAETA

Mungia

Gazteentzako tokia

Beste kronika batean, Mungiko udaletxea* berriztatu egingo ebela esan genduan. Berriztatze honetan, gaztetxoak ere kontuan hartu ditue, eta hareentzako toki berezi bat egin ere bai. «Club Juvenil» deritxon toki horrek ondo betetzen dau bere izena, jolas gelak eta biblioteka eder bat ditu eta. Ea, azken gela hau jendez eta liburuz beterik ikusten dogun.

Santa Barbara eguna

Urtero legez,* eta «Artetxe» lantegiak antolatuta, abenduaren 4ean ospatu izan da Santa Barbara eguna. Urtean behin lan eta arazoak alde batera utzirik, jolas eta humorez beteriko eguna izan zan. Goizean pelota partiduak izan ziren, bai eta txirrindularien* desafioa ere. Eguerdian bazkaria, eta arratsaldean dantza soltua eta baltzeoa gauerarte. «Artetxe» lantegiak 300 bat langile ditu, danak euskaldunak.

Ikastolaren jaialdia

Azken urteotan egin dan legez,* Gabon inguruan, ikastolaren alde jaialdi bat izango da, Mungiko «Ibaigane» zinetokian. Ez dugu oraindino programarik ikusi, baina, antza, nahasteren batzuk dagokez,* ez andereñoek eta ez gurasoek, jaialdi hau eratzean, parterik hartzen ez dabelako. Berriz ere, goitik jarritako zerbait izatea gura* dabe batzuek.

Euskarazko ikastaldiak

Lehengo urtean, euskarazko klase batzuk izan ziren Institutoan. Aurten, ez dakigu zergatik, debekatuak izan dira. Hori dala eta, gazte talde bat jo eta ke dabil, egunero euskara ikasten. Horrez gainera, aurrera doa, euskaraz dakienentzat larunbat* arratsaldeetan egiten dan alfabetatzea. Geldi geldika sartzen ari da, herriko jendearen artean, euskara idatziaren batasuna.

JOSU

Santutxu

Auzo honetan, hamar urtetik hona, ikaragarrizko aldaketa izan da.

Alde batetik, etxe larregi egin dute, etxe bizitzak baino erlauntzak diruditenak. Haurrek eta zaharrek ez dute leku berezirik, jostatzen nahiz paseatzen ibiltzeko. Bestalde, auzo hau ondo horniturik dago edantegi eta zinetokiz.

Auzotarrok, etxetik irtendakoan, inertziaren indarrez eta beste zerik ez dugulako, edantegietan sartzen gara, sarri askotan geure kalterako. Egoera hau gehien sufritzen duena, gazteria da, eta ez bakarrik alkoholagatik, bai eta moralaren aldetik izan litezkeen kalteakatik ere.

Hala ere, bizi garen memento honetan, auzoko apaiz eta fraile gehienak beren elizak txukuntzen saiatu izan dira, bai eta eliza handiak egiten ere.

Eta gu galdezka: zertarako horrenbeste eliza haundi, zer helbururekin* horrelako egintzak, lehen aipatu ditugun beharrizanak* bete gabe?

Nori egiten zaio zerbitzurik era horretara? Esperientziak dioskunez, Herriari ez, orain arte behintzat.

Ez litzateke hobe izanen, eliza haundi hoik* egin beharrean, jolastoki eta ibiltokiak eginen balituzte?

Fededun izan arren, zalantzan* bizi gara, Herriaren alde jokatu nahi dugulako.

TALDE BAT

Munitibar

Jose Antonio «Errota»

Orain dira hiru urte, Jose Antonio «Errota» Amsterdameko portuan hil zala, bera lanean ebilen petroleroak su harturik.

Hiru urte ba dituk, bai; baina gure gomutan ez haiz hilgo, gu bizi garen bitartean. Hi hintzen bezalako gizon jator eta mesede egile baten gomuta ez jukuk hain arin ahaztuko.

Herriko parrokiak

Munitibarko eliztarrok ez dugu, aurtengo neguan elizan hotzik pasatzeko bildurrik, kalefazio estreinatu berria dugulako. Gerrikaiztarrek, hala ere, oraindino elizkizun hotz samarrak izango ditue. Gerrikaiz eta Munitibarko parrokietako zerbitzua apaiz batek egitea, ba dakigu, Gerrikaiztarren kaltetan dala. Oraingo kasu honek agertzen deuskun bezala.

Gerrikaizerako izendatua izan zan apaiza, erdalduna zan, eta, eliztar guztiak euskaldun hutsak zirela ikusi arren, ez eban handik joan gura izan.

Obispaduak laster konpondu eban arazoa: aurrerantzean Munitibarko apaizak egingo eban parrokia bietakoa. Gerrikaiztarrek ba dakie, zeintzuk diren jokabide horren ondorioak.

ERRAMUN GERRIKAGOITIA

Sondika

Lezama eta Mungiko trena

Hiru bat urte dira, Mungiko eta Lezamako trena Ciudad Jardín-era baino heltzen ez dala. Lehen, Begoñako bideraino joaten zan; baina, trenbide zati bat jausi zanetik hona, Ciudad Jardín-en gelditzen da.

Hau dala eta, Mungi, Lezama eta albo herrietako jendea barragarriro ibiltzen da tren batetik bestera aldatzen, edo eta Ciudad Jardín-etik Bilbo erdiraino oinez etortzen. Gainera, tren geltokira dagoen aldapa konpontzen ez bada, ez gara ondo ibiliko, orain arte makina bat jende jausi da eta. Gure ustez, azken hiru urteotan euki dabe astirik, zerbait konpontzen hasteko.

ROSI IBARRONDO


Demostenes abertzalea

Atenasko Demostenesen izena entzutean, gehienetan hizlari ospetsu baten ideia datorkigu burura. Demostenes hizlari bikaina izan zen, hori bai; baina, era berean, politikalari tematsua* ere bai. Politikagintzan ihardun zuen bere bizitza osoan; eta politikan gizon bati inoiz jazo* behar ez zitzaiona gertatu zitzaion: galtzea. Dena dela, haren heriotzaren ondoren, Atenastarrek honako berba hauk ezar erazi zituzten haren hilarrian:

«Zeure espirituaren hainako* boterea

izan bazenu, Demostenes, ez zuketen

sekula Mazedoniarrek Atenas menperatuko».

Zenbait* jenderentzat, aurrez galdurik ikusten zen politika bat defenditzen zuen Demostenesek, Hiri-Estaduaren alde jokatuz, Mazedoniako Filipok ekar zezakeen Inperio-Estaduaren kontra. Beste zenbaiten ustez, ostera,* Demostenes benetako abertzalea da, bere Herria kanpoko indar zapaltzaileen kontra defendituz.

Atenasen politikazko egoera

350. urtean bizi gara, Atenasen. Lehentxoago, Atenas hiriak izugarrizko indarra izan du, Periklesen garaian. Baina hori mende* bat lehenago izan zen. Orain, ostera, Atenas beherantza doa. Periklesen ondotik, Greziako hiriak ez dira elkar biltzen, eta bai elkar burrukatzen, hegemonia irabazi nahiz. Bestalde, Atenasek, berez,* ez du aberastasunik. Haren aberastasuna —eta era berean pobretasuna— Mediterraneo aldeko merkatalgoaren bitarteko izatean datza.* Eta bitartekotasun horren jabe izan gura* dute bai Persia eta bai Mazedoniakoek, beren egoera indartzeko.

Hori dela eta, Mazedoniarrek, Filipo erregearen gidaritzapean, Atenas eta Grezia osoa menperatu gura dute. Mazedoniak —oraingo Greziaren iparraldean— gobernu monarkiko bat du, eta hango herritarrak monarkia horren gerizpean oso elkartuta bizi dira. Greziakoak, ostera, askoz ere gutiago elkarturik daude. Atenasko merkatari haundiek, bestalde, ez dute ezelako* nahigaberik Filipotarrekin elkartzeko, eta elkartasun hori oso ondo ikusten dute. Merkatarion asmoen alde ateratzen dira Isokrates eta Eskines hizlariak. Demokraziaren aldekoek, ordea,* Atenasen askatasuna defenditzen dute. Ororen* gainetik abertzaleak dira, nahiz eta politikazko irtenbide* onik ez duten. Hauen zirikatzaile nagusi Demostenes haundia agertzen da, bere mintzaldi sutsuekin politikamolde hori proposatuz. Atenastarrek ez dute dirutza haundirik, ez gudaloste* onik, ez koloniarik, ez aliadurik. Aristofante da haien buruzagi politikoa.

Baina, esan dugunez, dirudun handiek ez zuten Atenasen «handitasunean» larregirik* sinesten, eta etorkizun baketsua, segurua, maiteago zuten. Ebulo zen hauen politikazko burua, Eskinesen mintzo indartsuak lagundurik.

Demostenesen politikazko hitzaldiak

Demostenesen berbaldietan* jainkoei deiak eta eskariak noiz behinka agertu arren, ez zen hura* erlijioaz larregirik arduratzen.* Era berean, ez zituen maite, edo ez zituen bere mintzaldietan erabiltzen, bere garaiko beste pentsalari batzuek hain gogoko zituzten problema metafisikoak. Demostenesek, lege konkretu batzuei zegozkien arazoak aipatzen zituen beti. Filipo erregearen politikazko jokaeraz arduratzen zen batez ere. Bere hiriaren askatasuna defenditu nahiz, bere herritarrak bizkortu eta arduratu nahi zituen, Filiporen eta haren Atenasko adiskideen asmoei buru egiteko. Egia esan, Demostenes etxe onekoa zen, dirujabe sendoa; baina bere berbaldietan, diru horretazko ardura haina,* bere hiriari zion maitasuna erakusten zuen. Politikazko problema abstraktuez arduratu gabe, Demostenesek estrategia egoki bat atondu* gura* du, bere hiria defenditu ahal izateko. Haren mintzaldiak, haren arrazoiak, ez dira Platonek aipatutako Estadu zerukoian oinarritzen, memento konkretu batean baizik, zerbait konkreturik egin ahal izateko, gure ikastetxe nagusietako zenbait* ikaslek egunen batean jakin lezaketen bezala.

Egia esan, Demostenes bere sasoiko arazo sozialetaz ere ez da arduratzen. Atenasen etorkizunak, edo, hobeto esan, hegemoniak kexatzen* du. Demostenes aberriaren oihua da, estranjeri aldetik datorren nagusigoa uxatu gura duena.

Azken batean, burgesia nagusia izan ezik, Demostenes eta Atenastarrak Filiporen soldaduekin aurrez aurre aurkitzen dira, Keronean, 338. urtean. Udaberria da; baina, Demostenesentzat eta Atenasko demokraziarentzat, negu beltz bihurtzen da. Filiporen gudariek gehiago egiten dute, eta Demostenesen ideiak bertan behera jausten* dira, ezpata-lantzen menpean.

Izan ere, ba ote zuen beste irtenbiderik* Demostenesen politikak? Guk baietz uste dugu. Zuk, irakurle, hala deritzazu? Baina zein zen irtenbide hori?

ANJEL ZELAIETA

daude, dagoz

lezakete, leikee

zezakeen, eiken

zion, eutson

zitzaion, jakon


Euskaldungoa

Euskal jaia Errezilen

Motrikuko «Txairo» bikoteak eta Ondarroako Argoitia neba-arrebek kantaldi bat eman eben Gipuzkoako Errezilen, hazilaren* 24ean. Azpillaga eta Lopategi bizkaitar bertsolariek ere parte hartu eben euskal jai horretan.

La Gaceta del Norte-n euskaraz

Bilboko La Gaceta del Norte egunkarian euskarazko artikulu batzuk hasi dira agertzen. Berauen arduraduna Jose Luis Bengoa Zubizarreta jauna dugu, euskal folklore gaietan biziki ezagutua bera, bai eta irratiz ematen dituen programengatik ere. Kazeta horretan agertu denez, euskal sail hori noizik behinean irtengo* da, asteazken-igandeetan, dirudienez, bertan gure herriko berriak emateko.

Nafarroa eta Gipuzkoako beste egunkarietan, euskal sail hoik* aspaldikoak dira. Orain Bilbokoei etorri bide zaie xanda. Zorionak La Gaceta-ko zuzendariari, eta izan bekie besteei imitagarri eredu polit hau.

Goti jaunaren hitzaldia Deustun

Jose Luis Goti Iturriaga, doktor medikua, aski* ezaguna da euskaldunon artean, bai eta mundu osoan ere. Bilboko osagilerik ospetsuenetako bat izateaz gainera, ba du jaun honek zenbait estudio sakon euskal odolaren Rh(-)ari buruz. Honez gainera, euskaltzale zintzoa dugu; eta berari esker eratu eta mugitu dira Bilboko Euskal Antropologi Aste biak eta, antza denez, bai hurrengoak ere.

Abenduaren 7an, arratsaldeko 8 eta erdietan, hitzaldi interesgarri bat eskaini zeukun Deustun Bilbon bizi diren euskaldunei buruz. Deustuko hitzaldi lekuan jende ugari egon zen, ikasleak gehienak. Goti jaunak jakin erazi zeukunez, oraintsu eta partzialki egin diren inkesta batzuen arauera, % 43 familiatan ba dago euskaraz dakienik bat gutienez (% 22 gurasoak, % 9 semeak, % 30 etxeko guztiak). Erdaldunen artean euskara ikasi nahi luketenak, % 45 dira; % 35ek ezetz erantzun dute, eta besteei berdin zaie. Egunero irakurtzen duten aldizkarian euskarazko orri bat begi onez ikusiko ote luketeneko galderari, inkestatuek honela ihardetsi dute: % 67k baietz, % 11k ezetz, eta besteei berdin zaie.

Hitzaldia oso ongi egon zen; eta, zifra hauk absolutuak ez badira ere, guti gora behera ideia bat ematen daukute, jendeak euskaraz zer pentsatzen duen jakiteko. Zorionak Goti jaunari, eta aurrera!

José de Arteche eskritoreari omenaldia

José de Arteche eskritoreari hilondoko omenaldi bat eskaini deutso, Donostian, «Asociación Guipuzcoana de Escritores» elkarteak, hiri* haretako Aurrezki* Kutxaren «Sala de Actualidades» biltokian.

Eibarreko ur presa Mallabian?

Eibar eta Elgoibarreko herriek ur ona eta nahikoa euki daien, Eibar inguruan presa haundi bat egiteko asmoa dago. Presa honek 2,5 hektometro kubiko hartuko ditu, eta haren barradera* edo nasa 27,5 metro altu eta 106 metro luze izango da. 87 milioi pezeta inguru kostatuko da, eta % 35 Estaduak ordainduko dau. Oraindino ez da gauza segurua, presa hau non egingo dan; baina Mallabiko «Hanbre» deritxon taberna inguruan izango ote dan entzuten da.

Huelga Iruineko hospitalean

Iruineko hospitalean, 105 bat neska enplegatu huelgan* jarri izan ziren, hazilaren* 27an. Eurak ere hospitaleko nominan eta plantillan sartzeko eskatzen eben, lan arriskugarriak egiten dituenentzako sari bereziak, ofizio fijoak eta lan orduetatik kanpo libre egotea. Jarritako epean ez eben ezelako erantzunik jaso Nafarroako Diputazioagandik, eta orduan huelgara jo eben.

Luis Amilibia Lapurdin

Luis Amilibia kantariak, Luis Mariano zanaren eskolakoak, zenbait kantu xaramelatu* zituan Bidarteko «Etxola»n, hazilaren* 20an.

Euskal etnologia eta etnografiazko aldizkaria

«Cuadernos de etnología y etnografía de Navarra» aldizkariak zortzigarren aldiz ikusi dau egunaren argia, bere bizitzako hirugarren urtean. Oraingo honetan, gai honeek aztertzen dira: Símbolos culturales en la torre de Iturrioz, Jose Maria Satrustegik. Estudio etnográfico de Amézcoa, Luciano Lapuentek. Danzas de Navarra, F. Arrarasek. Noticia de dieciocho estelas discoideas en los términos de Lizoain, Arriasgoiti y Urroz», R. M. Urrutiak.

Kuaderno honetako artikulurik polemikagarriena, Arraras jaunarena dateke.* Arraras jaunak Donostian irakurri eban lan hau, hiri* haretan «Jornadas Internacionales de Folklore» ospatu zirenean; eta J. A. Urbeltz eta haren eskolakoak ez etozen bat Arraras jaunaren ideia eta usteakaz.

«El testamento de Carlos III de Navarra», liburu berria

Gaurko jakitunek dinoenez, Nafarroako herrialdean,* oraingo erdara mintzatu baino lehen, ez zan euskara hutsa egiten. Mitxelenaren ustez, berdin gertatzen zan Erromanoen denboran ere. Erdi Haroan,* berriz, hiru hizkuntza mintzatzen ei* ziren: euskara, probentzala eta Nafarroa-Aragoiko erromantzea.

Orain, Carmen Saralegi andereñoak bere «El testamento de Carlos III de Navarra» liburuan dino, errege horrek 1412. urtean egindako testamentuan, Aragoiko erromantzearen influentzia gehiago ikusten dala, beste erromantzeena baino.

Carmen Saralegik «Filosofía y Letras» dalakoa amaitu dau, eta lizentziatura lortzeko egin dau lan hori.

Bilboko «Ciencias Económicas» ikastetxea hitxita

Hazilaren* 25ean, hitxi egin dabe Bilboko «Ciencias Económicas» ikastetxe nagusia. Eskola honetako zenbait irakaslek % 40 inguru ikasle suspenditzen izan ditue. Ikasleak, horrako maisu horreek baztertu ahal izateko, bihurritu egin dira, ikastetxea hitxi erazi arte. Ikasleek dinoenez, teknikorik larregi* dago, Bilbo aldeko lantegi jabeek dituen premietarako; eta, suspentsoen bidez, mehazketa* bat egin nahi dabe irakasleek, estudiante moduzkoenak eta itxurazkoenak bakarrik bizirik utzi arte.

Luis Goti midikuaren berbaldia Bilbon

Luis Goti midikua Bilbon mintzatu izan da, «Aportación al conocimiento antropológico de la población vascófona» gaiari buruz, hazilaren* 26an.

Lantoki bat gutxiago Baionan

«Laboratoires Richelet» izeneko enpresak hitxi egin ditu bere ateak Baionan. Ehun bat langile ebiltzan bertan.

Gazteen barrasbaskeriak Bilbo hegalean

Hazilaren* 27an, Bilboko «La Gaceta del Norte» egunkarian, Zurbaran auzuneko Gurasoen Elkarteak idazki luze eta moralzale bat argitara eman eban, «aumentan las bandas juveniles, los robos, la violencia y la inmoralidad pública» izenburuarekin.

Gurasoek dinoenez, holako kasuak sarritan* gertatzen dira aspaldion Zurbaran auzunean, eta gazte taldeak dira barrabaskeriok egiten dituenak. Egoera hori salatu ondoren, gurasoek dei bat egiten deutsee agintariei eta borondate oneko gizonei, aparteko ahalegina egin daien, gaizkileak bide zuzenera ekartzeko.

Baina, Bilbo hegaletan, pobretasunaren eta jornal urrien menpean hainbeste gazte dagozen bitartean, holako nabarmenkeriak gero eta gehiago izango dira, hain errepresio latzak nonbaitetik iztanda* egin behar dau eta.

«II. Andima Ibinagabeitia Saria»

«II. Andima Ibinagabeitia Saria» honela izan da banatua: Luis Egia Rezola jaunari 1.000 dolarreko saria, haren «Neurriztia» (Geometria) lanagatik. B. Otaegi jaunari ohorezko aipamena eta 20.000 pezetako sari berezia, haren «Giza Jakintza» (Antropologia) lanagatik.

Bertsolariak Lesakan

Mitxelena eta «Lexoti» bertsolariek jardun izan eben Lesakan, hazilaren* 25ean.

Klaudio Sagarzazu («Satarka») hil da

Klaudio Sagarzazu («Satarka») idazlea 1895. urtean jaio zan Ondarrabian. Erromantiko kutsuzko poeta honek «Txinpartak» (1922.ean) eta «Intza Begietan» (1957.ean) argitara eman zituan. Euskaltzaina* zan. Goian bego!

Asteasuko antzerkilariak Berastegin

«Denok isildu egiten gera» antzerkia jokatu izan dabe Asteasuko gazteek Gipuzkoako Berastegin, joan dan hazilaren* 20an. Amaieran, Ezeiza anaiek eta Iñaki Eizmendik jardun eben kantuz. Bilduriko dirua ikastolarentzat izan zan.

Zerebroen ihesa, peoien trukez

Bilboko «Cámara de Comercio» dalakoak argitaratzen dauan boletinean, gauza interesgarriak aipatzen ditue Lascurain eta Velasco jaunek. Beste batzuen artean, migrazioa aztertzen dabe. Peoiak milaka etorri izan dira Bizkaira, Espainiako probintzietatik. Enpresa gizon, tekniko eta horrelakoak, ostera,* gehiago dira joan doazenak, datozenak baino. Eta gure arteko zerebroek, Bizkaian lan egokirik aurkitzen ez dabelako ihes egiten dabe gehien batean. Gauzak honetara jarraitzekotan, bistan dago, Bizkaia, probintzia bezala, pobretuaz doala.

Gipuzkoa, Unibertsidade baten premia gorrian

Gonzalez Labusta eta Luis Cervero jaunek prestaturiko «Agenda Estadística» liburuxkan aipatzen dan bezala, Gipuzkoak behar beharrezkoa dau Unibertsidade bat, giputz gazteek ikasketa nagusiak moduz egin ahal izateko. Begira giputz unibertsitarioen proporzio lotsagarria:

Lehen mailakoak 79.854

Batxileratokoak 29.931

Magisterio eta peritajekoak 2.853

Unibertsitarioak 645

Baina zelan jazo* daiteke, Gipuzkoan Unibertsidaderik ez izatea? Edo, orain diren Unibertsidade antzeko eskolak, ordaindu beharrekoak izatea, horrela pribilejiatu banaka batzuei bakarrik batxileratotik gora pasatzea

Basabe jauna euskal antropologiari buruz

Jose Maria Basabek, Barcelonako Unibertsidadeko irakasleak, lau hitzaldi eman izan ditu Donostian, «Raíces prehistóricas de la actual población guipuzcoana» gaiari buruz, «Forum Larramendi» biltokian.

«Askatasunaren pausoak tinkatzen ari», disko berria

«Askatasunaren pausoak tinkatzen ari» izenburu soilarekin, argitara agertu ba disko berri bat. Lau kanta ditu. 1. Zuek hil zineten. Aide patetiko eta tremendista batekin kantatzen ditu bizitza honetako tristura eta nekeak. 2. Beti esan digute. Kapitalismoa kritikatzen dau, kristau erlijioaren predikatzaileen zenbait* ideia gutxiesten ditu, eta, geroko bizitzarako paradisu baten ordez, lur honetarako bat iragartzen* dau. 3. Xabier anaia hil dute. «Hala ere, guk lasai jarraitzen dugularik, beste asko ere hilgo dituzte», dino. 4. Galtzairua. Gaurko Europako politika moduaren inguruan bertso berri batzuk, euskal bertsolarien doinuen kutsuarekin. utzirik?

«Ez dok Amairu» taldea Oñatin

«Ez dok Amairu» kantari taldeak bere «Baga, Biga, Higa» sentikaria jokatu izan dau Oñatin, «San Lorenzo» ikastetxean, «Club Oñatz» elkartearen ardurapean, hazilaren* 25ean.

Bertsolariak Getarian

Arozamena eta Etxeberria bertsolariek Getarian jardun izan eben bertsotan, Askizu auzunean, Itziarko «Txankarta»ren omenez ospaturiko jaialdi batean.

Amerikano bikoitzak

Bizkaiko Sestaon dagoen «General Eléctrica Española» enpresan, bai jestioko eta bai zuzendaritzako tekniko bakoitzak amerikano bikoitz bana dauka. Hau da, tekniko kargu bakoitzean gizon bi ari dira lan bat eta bera egiten, bata hemengoa eta bestea amerikanoa. Arrazoiz, hemengo teknikoak hasarre bizian jarri dira, euren eginkizuna besteen gerizpean ikusirik. Lantegi honen patentea amerikanoa da, bai eta kapital erdia ere.

«Biotz Alai» kantari taldearen disko berria

Agertu berria da, «Columbia» etxeak argitaratuta, Algortako «Biotz Alai» kantari taldearen disko berria. Atzeko atalean, taldearen historia labur bat agertzen da. Aurrekoan, Algortako portu zaharraren argazkia. Argazki hau, kolorez beterik egon arren, ez da ateratzen orainarteko moldeetatik. Beste hainbeste esan geinke kantakatik. Betiko kantak dira: Maite, Boga boga, Matsaren orpotik dator, Ara nun diran, Gernikako arbola, eta beste batzuk, nonnahi entzunak ditugunak. Edozelan ere, euskal musika zaharrak ba dauka disko honekin beste indar berri bat.

Ez dago argi

Joan dan hazilaren* 25ean, lau euskaldun abertzale hildakoren alde meza bat izan zan Bilboko San Anton elizan. Mezaemoileak, entzule mordo handi baten aurrean, zera esan eban, beste gauza batzuen artean: «Nahiago dot Euskal Herri zapaldua baina fededuna, Euskal Herri askatua baina gorria baino». Jendea isilik gelditu zan, elizetan ere ezin baitabe entzuleek hitzik egin.


Literatura

Ideia batzuk W. Benjamin idazleari buruz

Nor da Walter Benjamin? Alemaniako idazle bat. Guti ezagutua gure artean eta Europako herri askotan ere bai.

1892.eko uztailaren* 15ean jaio zen Berlinen, judu familia baten barrenean. Bere haurtzaroko giro hitsaren* ondorio bezala, tenperamentu triste baten jabe egin zen. Honen berri, «Berlingo haurtzaroa XIX. mendean*» deritzan lan batean ematen du.

Harren entseiu* eta itzulketa lanak oso ezagunak dira Alemanian. Orain dela guti, lan hoik* frantsesera itzuliak izan dira; eta ba dirudi, herri horretan oihartzun* haundia izan dutela.

Walter Benjaminek, oso gazte zenez geroztik, Alemaniako mugimendu antiburges estremistetan parte hartu zuen. Komunismo ortodoxoaren kontra altxatu izan zen beti, eta pertsonalki haren postura politikoa anarkiko bezala agertu da gehienbat.

Berlinen eta Friburgon hasi zituen bere ikasketak. Gero, ikasketa nagusiak egitera, Frankfurt-era abiatu zen, eta, Unibertsitatean sartzeko, lan bat presentatu zuen: «Alemaniako tragediaren hastapenak*». Lan honek betiko hitxi zizkion Unibertsitateko ateak. Gaur, ordea,* lan bitxi horri inportantzia handia ematen zaio. Ba dirudi, gaur egunean ere ez direla gauzak aldatu, Unibertsitatean sartzeko, pertsonalitatea eta imaginazioa sarri* askotan kualitate kaltegarriak izan ohi dira eta.

1914. urtean, Unibertsitateari buruz lan izugarri interesante bat egin zuen. Lan horretan esaten zuen, Unibertsitateko irakaslea muuu! egiten duen behi bat dela; eta kritika gisan salatzen zituen ikasketa eta bizitzaren arteko banaketa, filosofia eta mundu konkretuaren separazioa eta, azkenik, irakasle eta ikaslearen arteko komunikaziorik eza.

Unibertsitateko ateak erabat* hitxita ikusi ondoren, entseiu eta itzulketa lanetara jo zuen behin betikoz. Bere izkribuetan, giro ilun, irreal, ameslari eta sorginkeriaz betetako mundua eskaintzen dauku. Gizon bitxi hau Brecht-en adiskide haundia izan zen, eta oso lan garrantzitsua egin zuen antzerkilari honi buruz.

Alemaniako eboluzio politikoak erabat* desengainatu zuen Walter Benjamin. Judu baitzen, herri honetan ez zen ondo ikusia, ez eta haren izkribuak ere. Horregatik, igesi joan behar izan zuen Parisera. Gero, Frantziatik Espainiarantz abiatu zen, eta Pirinioetako mugan, minez beteta, bere burua hil zuen.

Walter Benjamini buruz hitz egiten denean, beste gauza batzuen artean, beti aipatzen da gizon honen bizi ezina, hots,* errealitatea aurrez aurre hartzeko indarrik ez zuela. Ene ustez, ba zuen indar hori; baina ez zen kapaz izan, bere errealitate bitxi hura onartzeko. Ametsa, mundu irreala, inkonkrezioa, sorginkeria eta iluntasuna ziren bere baitan bizitzen zituen errealitateak, burruka bizian erabaki bat ezin aurkiturik.

Walter Benjaminen gaitza, zera izan zen: sorginkeria, irrealitatea eta mundu iluna errealitatearen zatiak direla ez ulertzea, eta, bere mundu bitxi haren eta beragandik kanpo zegoen munduaren artean, muga eta lotura batzuk ez sortzea.

AMAIA LASA

dauku, deusku, digu

zaio, jako

zizkion, eutsozan


Kultura

Errealitatea eta Fikzioa

Zientzia fikzioak inportantzia haundia du gaurko literaturan, eta horregatik idazle askok idazten dute gai horretaz. Baina idazleentzat, imaginazioarekin idazten dutenez, edozein gauza da posible. Horrela, sarritan,* errealitatea eta fikzioa nahastu egiten dituzte. Beraz, errealitate eta fikzioaren arteko mugak ezagutzea komeni zaiku.

Beste horrenbeste jazotzen* da deskubrimendu harrigarriekin. Berri emaileek, deskubrimenduaren garrantziaz jabeturik, ahal duten informazio guztia zabaltzen dute aldizkarietan. Eta orduan, irakurlearen buruan, izugarrizko nahaste-borrastea sortzen da. Hau dela eta, noizean behin, ideia berri hoik* ordenatu egin behar ditugu, geure posizioa ezagutu ahal izateko.

Gaur, rusoek lortutako antimateriaren berri zehatza ematen saiatuko* gara.

Dakikegunez,* partikula eta antipartikularen arteko desberdintasuna, karga elektrikoan datza.* Zer egin dute rusoek? Antipartikulak batuz, antiheliozko atomoak «kreatu». Bana ez pentsa, hala ere, kantitate haundirik —kilo batzuk, esate baterako— lortu dutenik, ez. Egin dutena, hauxe da: Mila bider inguru, berek kreatutako partikula batzuen traiektoriak fotografiatu dituzte, eta gero, argazkiak interpretatzean, antiheliozkoak direla konturatu dira. Hau entzunez gero, deskubrimendua ez da harrigarria izango askorentzat. Baina kontuan hartu behar dugu, nola edo hala antimateria lortu* dutela, eta hau guztiz da harrigarria. Gainera, orain, argi eta garbi ikusten dugu antimateriaren posibletasuna.

Deskubrimenduarekin batera, ondorio posible batzuk susmatzen dira. Ondorio hauk* ikusten saiatuko naiz orain.

Antimateriazko munduak

Izan daitezke antimateriazko munduak? Bai, dudarik gabe. Ikus dezagun. Gaur, izarrak nolakoak diren jakiteko, haiek bidalitako argia analizatzen dugu. Edozein atomok, ekzitatuta dagoenean, argi mota berezi bat jaurtikitzen du. Bestalde, izarretan tenperatura haundiak direnez, atomo guztiak ekzitatuta daude; beraz, argi izpiak bidaltzen dauzkigute. Baina, masa eta energiaren aldetik, materia eta antimateria berdinak direnez gero, materiak eta antimateriak bidalitako argiak ere berdinak dira. Beste era batera esanda, argia bakarrik analizatuz, ezin dezakegu bereiz materia antimateriatik. Beraz, zeruan ikusten ditugun izar batzuk antimateriazkoak izan daitezke.

Beste puntu bat ukituko dugu. Zer jazoko* litzateke, materia eta antimateria elkarrekin jarriko bagenitu? Ba... ezereztu egingo liratekeela. Baina deseginketa hau ez litzateke totala izango, sarritan entzuten dugun bezala. Ikus dezagun nondik datorren ekiboko hau.

Egia da, elektroia eta antielektroia elkarrekin jartzen direnean, guztiz desegiten direla, masa gabeko izpi bat —gamma izenekoa— sorturik. Baina masa haundiagoko partikula-antipartikulak desegitean, gamma izpiekin batera, partikula tipiago batzuk ere sortzen dira. Partikula tipi hauk, energia haundiz irteten* direnez, izpi bezala kontsideratzen dira; baina, zehatzago mintzatuz, ez dira izpiak, partikulak baizik.

Dena dela, materia eta antimateria elkarrekin jartzean, izugarrizko bonba baten ondorioak izango lirateke. Hala ere, oraingoz ez gara horren bildurrik izan behar, gaurko teknologia ez baita behar den beste* aurreraturik. Bestalde, nola bildurtuko gara bonba berri baten posibletasunaz, bonba atomikoaren ondorioak ikusi eta gero?

J. R. ETXEBARRIA


Bigarren pausoa dela eta

ANAITASUNAren azken zenbakietan, batasunerako gomendatzen ditugun norma batzuk agertu dira. Irakurle batzuek, haik irakurri ondoren, ANAITASUNA aldizkariak atzeranzko pauso bat eman nahi duela pentsatu dute; eta ez dago, inondik ere, honelakorik. Baina, hori dela eta, uste izan dugu, komenigarri litzatekeela gauzak argitan jartzea.

1. ANAITASUNAk, beste euskaldun kontziente guztien arauera, euskara batua helburutzat hartzen du, eta horretarako —harrokeriarik batere gabe— beste inork baino ahalegin gehiago egiten duela esan dezake, aldizkarien artean behintzat.

2. Dena dela, ANAITASUNAk, batasunaren arlo honetan nolabait aintzindari eta gidari den aldetik, lan honetan duen erantzunkizuna birkontsideratu du, eta, daraman bideari zuzena baderitzo ere, beharbada lasterregi dabilala uste du. Horregatik, helburuari inolako ukorik egin gabe, daraman martxa apur bat astiroagotzea erabaki du epe batean. Honen bidez, lexiko batu eta oinarrizko ortografi arauak finka daitezen.

3. Hala ere, ANAITASUNAn, orain arte bezala, «ereduzko» euskara batuan agertzen segituko dira artikuluak, beste idazleek norabide bat izan dezaten.

4. Bigarren etapa hau bete ondoren, hirugarren pauso bat emango dugu, euskara batuari are lotuago jarraiturik.

5. Emandako erregela hoik, Bizkaiko eta Gipuzkoako euskalkiaren oinarrian idazten duten idazleentzat eman izan dira, gehien gehienik.

6. Idazle guztiei erraztasuna eskatzen zaie, bai lexikoan —oinarrizko lexiko batu standard eta ezagun bat finka erazteko— eta bai sintaxian ere.

7. ANAITASUNAk, batasuna guztion arazoa delarik, beste aldizkariei dei bat egin nahi die hemendik, beraietan ere, epeka eta pausoka, Euskaltzaindiak emandako ortografi eta morfologi arauak bederen, beteaz eta konpli eraziaz joan daitezen. Lan koordinatu horren bitartez, guztiok arinago joan ahal izango ginateke, eta Herria aterako litzateke irabazle bakarra.

8. Beraz, ez dezala inork pentsa, beldurrez edo eta dudatan gabiltzanik. Herriaren eskutik goaz, eta Herria, komunika- eta kulturbiderik aski ematen ez zaionez gero, ez dabila hain arin. Bidegintzan eta gidaritzan ari gara literatur batasunaren arazoan, eta alde biak hartu behar ditugu kontuan. Hori da dena.

ZUZENDARITZA


Hizkuntza

"Linguistika orain arte"ren inguruko oharrak

Duela hilabete, Larresorok ene liburuaz artikulu bat egin zuen ANAITASUNAn. Mila esker eman behar dizkiot hain xalo gaizki mereziengatik; baina lan hura* ez zen hainbesterako. Gehien gehienik borondate oneko saiotxo bat dateke,* Unibertsitatean harturiko oharrekin eta beste liburu batzuetatiko apuntez osatua, zenbait* tokitan ikusmira pertsonalezko eritziaz hornitua. Hori besterik ez. Hasierak ez ohi dira onena, ba dakigu.

Eta goazen harira. Larresorok arrazoiz dio, f-arekiko arazoaz ez dudala exenplorik ematen. Honetan, laburki bederen,* zerbait aipatuko dut.

Hasierako f-aren galtzea

Irakurleak dakikeenez,* M. Pidal jaunak, gaztelaniak euskal sustrai sakonak zituela —euskaldunek hitz egindako latin mota bat zela zioen— frogatzeko,* beti aipatzen zuen hasierako f- horren galtzea, gaztelaniak euskaratik harturiko zerbait bezala. Bide honetatik abiaturik, hispanista famatu horren jarraitzaileek ba zioten, euskaldunok ez dukegula deus ere galtzen, euskara utzirik, gaztelaniaz mintzatzean, erdara hori, hain zuzen ere, haiena bezain gurea delako. Horrelakoxe ironiak ditu bizitzak.

Ni neu beti izan naiz —eta naiz— eritzi horren beldur, linguistikazko baino politikazko kutsu handiago bat duela susmaturik. Ba dirudi, horrekin nolabait frogatu nahi dela, zein parte handia ukan* dugun euskaldunok, gaztelania egiteko edo sortzeko «entrepresa» komunean.

Baina harrigarria da, nola hasierako f- galtze hoik,* gehien gehienik, euskaraz Bizkaian gertatzen diren, hau da, Gaztelaren ondoenik dagoen lurraldean, beste euskalkietan, aldiz,* kontserbatuaz, edo p- edo b- bilakatuaz.* Esate batez, iko (B), piko (B,G,L,NG), phiko (NB, Z), biko (NG), fiko (L); inkatu (B), finkatu (G,L,NB); orma (B,G), horma, borma (NB, Z).

Bestalde, ba dira euskalki guztietan, latinezko f- batetik etorri eta gaztelaniatik h- izan arren, euskaraz f-, p- edo b- direnak. Hona hemen batzuk: latinezko filum-etik firu (B), biru (L,NG,NB); latinezko fagus-etik pago, fago, bago; erdaraz hilo eta haya diren artean. Eta ez ditzagun ahatz* bortitz (latinezko fortis), festa, besta, berme, fermu, Forua, fits, fadura, padura, eta abar.

Gainera, are* harrigarriagoa dateke* f-aren kasua, kontuan hartzen badugu, hots,* euskarak gaztelaniarekin baino harreman zuzenago eta ugariagoak zituela nafar erromantzearekin; eta, dakigunetik, nafar erromantzeak ez zuen f-aren galtzerik. Nola esplika daiteke hau? Ba dakit, Bearnoko eta Gaskuinako erdaretan ere gauza bera gertatzen dela; baina ez dakusat neronek, zergatik bota behar zaion euskarari, beragan oso neurri ttiki batetan gertatzen den fenomeno baten kausa eta iturria.

«Etxapare» izena eta ahaideen izenak

Larresorok bi dual bezala Lapurdin ere erabiltzen zela aipatzen daut. Hainbat hobeki, noski,* ene usterako. Oihenartek berak ere berdin xamar dakar bi hori. Baina beldur naiz, ez ote duen beronek kultismo hutsez egiten, ehun zenbakiarekin bezala. Etxepare, lehen euskal idazleari dagokionez, ba dirudi, hala gabe,* Etxa-pare zela, hau da, Etxe-kapare (etxe noble, zaldunen etxea), azken estudioen arauera.* Ba liteke, hala ere, iturri ezberdineko deiturkidetasun bat gertatzea, eta Etxe-pare ere egotea. Ez dakit. Dena dela, eskerrik asko dato horregatik.

Biziki interesgarri iruditu zait aitona-osabaren arazoa;* baina nik neuk, soluzio horrekin zeharo konforme egon arren, oraino ez dakusat zergatik, osaba-aitonaren kategoriarako, bi izen dauden (aitona modernoa dela bistan egon arren), eta lobarenerako, ordea, bat bakarra. Agian,* hizkuntzaren eboluzioa ez da aurrerago joan.

Azentu ortografikoa

Azentuari dagokionez, arrazoirik ez du falta Larresorok. Honetaz esplikazio bat eman beharrez nagokio.

Gauza jakina den bezala, euskaraz ongi berezten dira mugagabea eta mugatua: mendi/mendia, buru/burua, etxe/etxea, asto/astoa; baina hitz bat -a batez amaitzen denean, ez da horrela gertatzen: alaba/alaba, meza/meza...

Bizkaian problema hori -ea bukaeraz konpontzen da (alabea, mezea...), baina ez beti (egia/egia, tontakeria/tontakeria...); eta, gainera, beronek arrisku bat dakar, hots,* sustraia iluntzea, hitza a-z ala e-z bukatzen den ez baitakigu.

Leizarragak Lapurdin, eta Larramendik, Arruek eta Lardizabalek Gipuzkoan, beste batzuen artean, mugatua berezteko, azentudunaz idazten zuten: alaba/alabá, meza/mezá, ezpataz/ezpatáz. Nik neuk, oso praktiko deritzot sistema honi, eta beronetaz baliatu izan naiz liburu horretan; ez beti, esaldia bestela ilun xamar gelditzen zen kasuren baterako baizik. Agian,* beti erabili behar litzateke.

Beste horrenbeste egin beharko litzateke, nik uste, singular aktibo (mutila-k) eta plural pasibo (mutil-ak) berezteko; aditza esaldiaren azkenean gelditzen denean, zentzua, esaldi osoa irakurri arte, erraz ulertzerik ez dagoelako. Bai beste kasu batzuetan ere: gizonak hil ditu mutilak. Horretarako, aski* genuke, singularra azentu batez idatziko bagenu (mutilák), plurala beti azentu gabe utzirik (mutilak). Lehen aipaturiko esaldi hori, honen arauez,* bi zentzutan adi* zitekeen, ortografia nolakoa den: gizonák (batek) hil ditu mutilak (asko), eta gizonak (asko) hil ditu mutilák (batek).

Azkenez, on litzateke, errelatiboa markatzeko —iraganean* soilki*—, azken bokal gainean azentu grabe bat jar bageneza, seinale ortografiko huts bat bezala: etorri ziren mutilak (mutilak etorri ziren), eta etorri zirèn mutilak (etorritako mutilak). Guzti hau eritzi partikular bat da, baina beharbada probetxagarria, nonbait.

XABIER KINTANA

bageneza, bagengi

daude, dagoz

daut, deust, dit

ditzagun, daiguzan

dizkiot, deutsadaz

zaio, jako

zait, jat

zioen, inoan, esaten zuen

zioten, inoen, esaten zuten

zitekeen, eiteken


Dinoe

Lan gabezia Euskal Herrian

HERRIA Baionako euskal astekarian M. E. jaunak dioenez, Ipar Euskal Herrian lana urrituz doa. Ez da lantegirik gehitzen. Eta berriak zabaldu baino gehiago, lehengoak hetsi* egiten dira.

Turismoak, ostera,* ez du irtenbide* onik. Gizon banaka batzuk baino ez ditu gizentzen. Eta haietarik asko ez dira euskaldunak. Turismoak denboraldi baterako lana baino ez dakar; eta gauza erraza da, kontratu fijorik gabe jarduten duten langileen ordez, beste batzuk jartzea. Turismoak, herriaren industrializatzea atzeratu baino ez du egiten. Jakina, gauza ona da turismoa, baina ez industriaren ordezkoa izatekotan.

Gero, azkenean, hauxe dio (sintasia eta zenbait* berba, hemengo erara jarri ditugu):

«Gure langileek eta gure gazteek ez ote dute deretxorik, lana sorlekuan izateko, denen kaltetan herriak hustu orde?

Gure gidarien lana da, gure gazte hoientzat ofizio bat ikasteko erraztasuna gobernamendutik ardiestea,* gero ofizio horretan lanean aritzeko* lekua hoiei emateko.

Oraino ba dira Euskal Herrian lantegiak, nahiz eta ttipituak diren; baina lan eskas horrek beldurra ekartzen die gure langileei, merezi luketen deretxo zenbait eskatzeko. Horra nola ikusten ditugun ainitz* jornal ttipi, lan orduak, aldiz, gehiago.

Sindikatoek ere ez dituzte, beste zenbait tokitan bezala, eskuak libro, zenbait kondizio on galdatzeko.*

Nagusia azkar;* langilea humil, eskale.

Horretaz ohartuak dira P.S.U.koak, bai eta ezkertiar anarkista talde batzuk ere. Hitz ematen daukute, guri laguntzea. Baina hoiekin kasu geroari!

Zuei dagokizue, gure diputatu eta auzapezoi,* indar egitea, lana gure eskualdera* ekartzeko.

Zerbait gaizki doalarik, gure aldean izan zaitezten nahi dugu, gure ondoan Pariseko nagusi handietaz beldurrik gabe; bozka* eskatzean, hitz eman duzuen bezala.

Segur naiz, emeki* emeki, lanari buruz eskuz esku saiatzen bazarete, ekarriko duzuela lana Euskal Herrira...

Ba liteke Euskal Herrian denentzat lekua, lana ekar arazten baduzue. Turismoaren lekua ere ba da; baina hau ez dadila planta, orain bezala, industriaren kontra.

Ezin dezakezue onar,* familiak grinatuak* izan daitezen lan eskasaren beldurrez, ez eta ere gazteak beste nonbaitera joatera obligatuak.

Ez duzue onartu behar, Euskal Herria gerta dadin bakarrik milionario batzuen bakantzetako zoko xarmangarri* bat.

Edo, hoien alderdia baldin baduzue, esan hori garbiki, geure langileak eta gazteak humil humil igor* ditzagun hirietara,* besteek egin nahi ez dituzten lan txar guztiak egitera».

daukute, deuskue, digute

dezakezue, daikezue

die, deutse, diote

ditzagun, daiguzan


Dinoe

Krudelak gara

Negar egin dut, neure maiteagatik eta neronegatik. Lotuak gintuzun biok, baina zer edo zerk aldendu egin nahi gaitu. Krudela da mundu hau, eta krudel bihurtzen gaitu, bihotz gabe egiten gaitu.

Ez nuen inoiz sinestuko. Egin dudana egiteko kapaz izango nintzenik, ez nuen sinetsiko. Baina erori* naiz ni ere. Ez naiz besteak ez bezalakoa. Haik* bezain hezur-haragizkoa naiz, haik bezain interesatua, haik bezain lotua, haik bezain askatasun gabea.

Gure hartuemanen memento* batean, guztiaren gainetik geundela uste izatera heldu nintzen, heldu ginen. Bide horretatik barna abiatu ginen. Ez genuen loturarik. Pixkanan pixkanan, ordea,* loturazko bizitzaren eta loturagabeko hartueman hauen artean zatiketa bat ari izan da sortzen, ia ia gu erdibitzeraino. Ezina zen horrela jarraitzea. Entseiu* bat egin genuen, eta frakasuak jo du, frakasuak jo gaitu. Errealitatera itzuli gara, errealitate ezarrira. Amets mundu batean bizitzen saiatu* ginen, baina lurreratu beharrean gertatu gara. Okerrena da, onartzen ez dugun lur batera lurreratu beharrean aurkitu garela.

Askoz bikainago,* askoz gardenago,* askoz desinteresatuago iruditzen zitzaizkidan, iruditzen zaizkit, nire lagun horren eta bion arteko hartuemanak. Zergatik, bada, moztu edo erdi moztu ditugu? Lehenik eta batez ere, kultura baten seme gaituzulako, eta kultura horrek dirauen artean, berorren seme izaten jarraitzen dugulako. Kultura horrek ere, agian,* guk diraugun artean iraungo du; baina gaur behintzat biok gara oraindik bizirik: inguratzen gaituen kultura gaizto hori, eta gu kulturatuok. Agian, honengatik mugatu ditut neure maitearekiko hartuemanak: kultura gaizto horrek maitasunerako astirik uzten ez dautalako, kultura horren seme-alabak direnek gure erlazioak konprenitzen ez dituztelako.

Hau guzti hau, ordea,* gertatu denaren eta gertatzen denaren esplikazio eman nahi bat besterik ez da. Samina hor barnean gelditzen da, eta nik negar egiten jarraitzen dut, gizonezkooi negar ez egiten irakatsi zaikun arren.

Krudela da mundua. Eta gizon-emakumeok, mundua krudela dela esatean baizen krudel ez gara inoiz, krudeltasun hori sustantibizatu egiten baitugu eta berorren sustraiak gonbatitzea ezinezkotzat uzten.

OIHARBIDE

daut, deust, dit

gaituzu, gara

geunden, gengozen

gintuzun, ginen

zaiku, jaku, zaigu

zaizkit, jataz

zitzaizkidan, jatazen


Marxismoa eta pertsona

Bere «Manifeste au service du personnalisme» delakoan, honako hitzok idatzi zituen Emmanuel Mounier idazleak, 1936. urtean: «La lacune essentielle du marxisme est d'avoir méconnu la réalité intime de l'homme, celle de la vie personnelle (marxismoaren hutsik handiena, gizonaren barneko errealitatea, hots,* pertsona biziaren errealitatea ez ezagutzea da)».

Eta pixka bat aurrerago: «L'optimisme que le marxisme professe sur l'avenir de l'homme est un optimisme de l'homme collectif recouvrant un pessimisme radical de la personne (marxismoak agertzen duen gizonaren etorkizunarekiko optimismoa, gizon kolektiboarekiko optimismoa da, pertsonari buruz erabateko* pesimismoa estaltzen duena)».

Mounier-en hitzok idatzi zirenez geroztik, gertaera asko izan da, izan ere, munduan. Alferrik izango lizateke, hainbeste gudu, hainbeste matxinada* eta iraultza* oroitarazi nahi izatea. Stalinen heriotza, Hungriako matxinada eta Chinako iraultza, esate baterako. Baina guztion gogoan dago historio luze hau.

Mounier-en hitzok kontuan harturik, ni, azken bi urteotan, Marxen gizonarekiko pentsaera ezagutzen saiatu naiz, jo eta ke. Marxen beraren lan asko irakurri dut asmo honekin, eta batez ere, jakina, haren gaztaroko izkribuak.

Nire xedea,* berriz ere esango dut, galdera hauei erantzuna bilatzea izan da: «Zer dio Marxek gizon konkretuari buruz, mami eta hezurrezko gizonari buruz? Zein da giza barnearekiko Marxen pentsaera? Zer da, biziaren, heriotzaren eta giza tragediaren gainean Marxek esan duena?

Marxen liburuak ezezik, marxista handi batzuen eritziak ere aztertu ditut. Gai hau modan dagoela esan daiteke, asko sámar baitira, marxismoaren sailean, gai horretaz ihardukitzen duten idazleak.

Adam Schaff aipatuko dugu lehenengo. Poloniako idazlari honek, 1966. urtean, «Marxismus und das menschliche Individuum (marxismoa eta giza indibidua)» argitaratu zuen, eta, hori dela eta, istilurik nahikoa izan zen marxisten artean. Hala ere, ez zuten Schaff kondenatu, «Nowe Orogi» aldizkariak antolatutako eztabaida handi baten ondoren.

Schaff jaunak, marxismoaren sailean bertan, indibiduaren teoria bat eratzea posible dela dio.

Lucien Sève frantses komunistak ere horrelako posibilitatea defenditzen du, 1969. urtean argitaratu zuen «Marxisme et théorie de la personnalité» liburuan.

Althuser-ek, berriz, beste eritzi bat erakusten du. Haren ustez, teoriaren aldetik, marxismoa antihumanismo bat bezala hartu behar da, Marxen «Das Kapital» liburuan agertzen denez, Historiaren egilerik nagusiena gizona ez delako, estrukturak, ekonomiaren indarrak eta gainerakoak baizik. Hori teoriaren aldetik. Baina, ideologiaren sailean, oraingo mementoan gizonaren gaia sartzea posible eta egokia dela dio Althuser-ek.

Garaudy eta Sève ez datoz bat eritzi horrekin. Lehenengoa, guztiz humanismozale agertzen da. Bigarrena, antropologia marxista bat eraikitzen saiatzen da.

Arrazoia dute, ene ustez, Marxen gizonarekiko ideia, materialismo arrunta* edo biologismo hutsa ez dela esaten dutenek.

Baina, bestaldetik, ni ez naiz akort, «marxismo pertsonalista» baten posibilitateaz mintzatzen direnekin, Jules Girardi-rekin, esate baterako. Niretzat, planteamendu hau «zirkuluaren kuadratura» berri bat da, «pertsona» eta «sujeto» kontzeptuak, kristauok erabiltzen ditugunak, Marxek ez baititu onartzen.

Indibidua eta pertsona bi gauza oso desberdinak dira, hain zuzen ere. Problema honen mamian sartzerik ez daukagu hemen, ageri denez. Ez da problema erraza, Marxen egiazko pentsaera errespetatu nahi badugu. Baina ba liteke, egunen batean, gai gori gori honi buruz liburu bat egitea.

KARLOS SANTAMARIA


Kritika

Bide berrien bila

«Oskarbi»k eta A. Valverdek Algortan emandako kantaldi zoragarriak zerbait idaztera bultzatu nau.

Euskal kanta berri deritzana, garai larri bat pasatzen ari da. Une gorri bat pasatzen ari da, Herria bezala. Hau normala da. Zeren* eta, kantua errealitatearen espresioa baldin bada, Euskal Herria sufritzen ari den krisia kantuan ere nabarituko* baita.

Beraz, apurtxo bat baino ez bada ere, kantuaren adierazpenean sakondu nahi nuke.

Kantua, arte denez gero, gai baten espresio estetikoa da. Forma batzuen bidez. Alegia,* poesia eta musikaren bidez. Mamia, eta mami horren espresioa. Kantuak mamia eduki behar du, hots, gizon bakoitzak bere prismatik ikusten duen errealitatearen espresioa izan behar du. Beraz, ezer esaten ez duena, ezeren espresioa ez dena, ez da arte izanen. Nahiz eta oso polita izan, ez da artea izanen. Kalkomania bat izanen da.

Zoritxarrez, halako «kantak» nahiko entzuten ditugu. Kantua, ordea,* gizona bere konplejotasunean agertzeko bide bat da. Artistak, gizon denez gero, gizonaren mila arazoak agertu behar ditu. Bere ikusmiratik, baina Herriak dituen arazoak erabili behar ditu. Benetako artistak eguneroko kezkak agertzen ditu. Artistaren sentsibilitateak ikuspegi berezi bat emanen dio kantuari, baina honek mami bat eduki behar du. Hau, nahi eta nahiezkoa da.

Baina artea eta, beraz, kantua, mami horren espresioa da. Espresio berezia, espresio estetikoa. Poesia eta musika, mami baten, gai baten espresioak dira. Bi bide, mami bat agertzeko. Errealitatearen espresio bi.

Poesian, mamia garbiago agertzen da. Musikan, ordea, gaia ulertzea zailago izaten da. Sentsibilitatea falta zaiku nonbait, musika ere gai baten espresioa baita.

Gai baten espresioa direnez gero, poesiak eta musikak elkarturik joan behar dute kantuan. Beraz, askok bestela uste izan arren, poesia bati «musika bat jartzea» ez da kantua egitea. Mamia ondo ulertu gabe, ondo «erortzen» den musika bat eginez gero, artista bihurtzen omen* dira. Dudarik gabe, beste edozer izanen dira, baina artistak ez. Gaiak eta espresioak elkarturik joan behar dutelako. Musika eta poesia gai baten espresioa direlako. Kantuaren bidez bizitza agertu behar delako.

Nire adiskide poeta batek esaten duen bezala:

«Nire poesia kasualitatea ez da,

ni kasualitatea ez naizen bezala».

Era honetan, sarritan, saialdi nazkagarri batzuk entzuten ditugu. «Spiritual», «country», «blues» eta abarren kutsu nabarmena duten doinu batzuekin, Euskal Herriko egoera agertu gura duten saialdiak. Letra baldar eta makal batzuekin (erdal kutsu duten poesiekin) gure gaurko Euskal Herriko egoera adierazi nahian. Hau dena, Euskal Herriko egoeraren espresio bezala. (Nahiko ondo dakigu, zeren espresio diren eta zer paper objetibo jokatzen duten).

«Spiritual», «country» eta abar, garai konkretu baten, egoera konkretu baten, kultura konkretu baten espresioak dira. Beraz, atzerriko doinu hoiekin gure kantariek ezin dituzte espresioa eta gaia elkartu. Gauza desberdinak esaten ari direlako.

Baina gure gaurko egoeran, Euskal Herriari buruzko ezjakintasun honetan, geure nortasuna galtzeko arrisku haundi honetan, gure nahaste-borraste honetan, nola aurki* espresio forma euskaldun batzuk? Nola kanta euskaraz, gure heziketa erdaraz denez gero? Jakina, arazoak kutsu politikoa du.

Problema hau, ene ustez, hemen datza,* alegia,* bide berriak bilatu behar direla. Euskal Herriko egoera konkretua agertzeko, euskaldun espresio bide estetiko berriak bilatu behar dira.

Orain dela guti, Joxan Arzak, ZERUKO ARGIAn egindako solasaldi batean, gauza berbera esaten zeukun. «Gure eritziz, espresio guziak euskaldunak izan behar ziran. Ez zitzaigun aski,* euskeraz kantatzea. Poesia eta musika egiteko, 'euskal era' bilatu nahi genduan. Horretarako, kantu zaharretan oinarritzea pentsatu zan».

«Oskarbi»k eta A. Valverdek ere problema hau nabaritu* dute, eta eman zeukuten saialdia da frogantzarik* onena. Hauek ere, euskal kanta berria, alegia,* euskal problematika agertzeko espresio bide bat bilatu behar dela esan zeukuten. Horretarako, kanta zaharrak aztertzen eta kantatzen ari dira. Beraiek esan duten bezala, HARIA hartzeko. Euskal kanta zaharren haria hartu behar dela, euskal kanta berri bat egiteko.

Jakina, euskal kanta zaharrak, historian zehar,* egoera konkretu batzuen espresioa izan dira. Egoera desberdinak eta, beraz, espresio desberdinak. Baina euskal kanta zahar hoietan konstante bat dago, hots,* euskal gizonak egin dituela, euskal mentalitateak egin dituela, euskaraz egin direla (hizkuntzak duen adierazpen osoarekin), euskal gizonaren konplejitate bereziaren espresioa izan direla.

Lan hau interesgarria da, eta «Oskarbi» eta A. Valverderen maila artistikoaren frogantza iruditzen zait.

Jarrai ezazue bide horretatik! Ba duzue nahiko lan. Maila askotan egin behar da lan, Herri batek bere buruaren jabe izatea lortzeko.* Ea noiz lortzen duzuen hari horri heltzea. Ea noiz lortzen duzuen zeuen errepika* ospetsua: «Eskuan haria hartu, hartu eskuan haria», zeren* eta,

«Herri bat ez da urratzen, ez mila urtean

ez, gogor eusten bada arbasoen* haria.

Milioi ta mila ilargi da gure argia».

AURTIZ

dio, deutso

ezazue, eizue

zaiku, jaku, zaigu

zait, jat

zeukun, euskun, zigun

zeukuten, euskuen, ziguten

zitzaigun, jakun, zitzaikun


Ikas zeure hizkuntza

I. Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartxo bategaz agertzen diren berbak

ADI, aditu, entender, comprender (potentzialetan).

ADIN, edade.

AGIAN, nonbait, probablemente.

AHATZ (ahantz), ahaztu, ahantzi (sujuntiboetan).

AHULEZIA, makaltasun.

AINITZ, asko.

AITZITIK, al contrario.

ALDIZ, berriz, ordea, ostera.

ALEGIA, esto es, es decir.

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARAUERA, arabera, según, conforme.

ARAUEZ, según, conforme.

ARAZO, asunto, problema.

ARBASO, antepasado.

ARDIETSI, erdietsi, lortu.

ARDURA, axola, arta.

ARDURATU, axolatu, artatu.

ARE, oraindino, todavía, encore.

ARITU, ari izan, jardun.

ARRUNT, común, corriente, ordinario.

ASKI, nahiko.

AT, kanpo, fuera.

ATONDU, antolatu.

AURKI, aurkitu (sujuntiboetan eta aditz laguntzaile gabeko galdeetan).

AURREZKI, ahorro, épargne.

AUZAPEZ, alkate.

AZKAR, sendo, indartsu.

BARRADERA, nasa, dique.

BEDEREN, gutxienez, behinik behin.

BEHAR, beharrizan, necesidad.

BEKAIZTI, envidioso.

BERBALDI, hitzaldi, mintzaldi.

BEREZ, berenaz.

BESTE, haina, bezainbat.

BIKAIN, excelente.

BILAKA, bilakatu, bihurtu (potentzialetan).

BILAKATU, bihurtu.

BOZKA, voto electivo, votación.

DAGOKEZ, dago nonbait (aurki, hurrean).

DAKIKE, daki nonbait.

DATEKE, da nonbait.

DATZA, yace, consiste. (Etzan aditzaren forma).

DEUS, ezer.

EGUBERRI, Gabon.

EI, omen.

EKIALDE, eguzki alde, oriente, Este.

EKOIZPEN, fruto, resultado, efecto.

EMEKI, geldiro.

ENTSEIU, saio, ensayo, esfuerzo, experiencia.

ERABAT, guztiz, completamente.

ERABATEKO, completo, total.

ERDEINATZAILE, despreciador.

ERORI, jausi.

ERREPIKA, estribillo.

ESKAKIZUN, exigencia.

ESKUALDE, comarca, región.

ESTEKATU, lotu.

EUSKALTZAIN, académico del euskera.

EUSKALTZAINBURU, presidente de la academia vasca.

EZELAKO, inolako neholazko.

FROGANTZA, prueba, demostración.

FROGATU, probar, demostrar.

GABE, ordez.

GALDATU, eskatu.

GANORE, ganora, kanore, fundamento.

GARDEN, puro, claro, transparente.

GRINATU, kezkatu.

GUDALOSTE, ejército, armée.

GURA, nahi, gogo.

HAIK, hareek. (Haiek aktibo, haik pasibo).

HAINA, beste, bezainbat.

HAINAKO, besteko, bezainbateko.

HARO, época, edad.

HASTAPEN, hasiera.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAZIL, noviembre.

HELBURU, fin, objetivo.

HERIO, heriotza.

HERRIALDE, probintzia.

HETSI, hertsi, hitxi.

HEZI, educar.

HEZIKETA, educación.

HIRI, huri, ciudad.

HITS, triste.

HOIK, horreek. (Hoiek aktibo, hoik paslbo).

HOSTO, orri.

HOTS, es decir, esto es, a saber.

HUELGA, greba.

HURA, da.

HURBILDU, hurreratu.

IGOR, igorri, bidali, bidaldu (sujuntiboetan).

IHAR, igar.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAGARRI, anunciar.

IRAULTZA, revolución.

IRTEN, urten, atera, jalgi.

IRTENBIDE, urtenbide, jalgibide.

IZTANDA EGIN, leher egin, reventar.

JADANIK, ya.

JAITS, jaitsi, descender (potentzialetan).

JARAMON, kasu.

JASAN, soportar, sufrir.

JASO, levantar, lever.

JAUSI, erori.

JAZO, gertatu.

JOSTAILU, jostagailu, juguete.

KEXATU, urduritu, artegatu, inquietar.

KONPROMISO, engaiamendu.

KOROA, koroe, korona.

LANSARI, aloger, salario, jornal.

LARUNBAT, zapatu.

LARREGI, gehiegi, sobera.

LEGEZ, lez, bezala.

LEPO, idun, sama, cuello.

LORTU, ardietsi, erdietsi.

MATXINADA, motín, levantamiento.

MEHAZKETA, selección.

MENDE, siglo.

MEMENTO, momentu.

NABARITU, notar, advertir.

NAHASI, nahastu.

NOSKI, naski, ciertamente.

OHARKABEAN, konturatu gabe.

OIHARTZUN, eco.

OKILDU, acoquinarse, se décourager.

OMEN, ei.

ONAR, onartu (potentzialetan).

OPARI, erregalu, cadeau.

ORDEA, berriz, aldiz, ostera.

ORO, guzti.

OSPAKETA, celebración.

OSTERA, berriz, aldiz, ordea.

SAIATU, entseiatu, bermatu.

SARRI, maiz.

SARRITAN, maizetan.

SERORA, sor, monja.

SOILKI, solamente.

TEMATSU, obstinado.

TXIRRINDULARI, ciclista.

UDAL, ayuntamiento, commune.

UDALETXE, herriko etxe.

UKAN, izan (aktibo).

UZTAIL, julio.

XARAMELATU, cantar con arte.

XEDE, asmo.

ZALANTZA, duda.

ZEHAR, gaindi.

ZENBAIT, batzuk.

ZENBATGURA, zentbatnahi.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZERGA, contribución, impuesto.

ZERRALDO, féretro, cercueil.

ZOMORRO, mozorro, máscara, espantajo, fantasma.


Ikas zeure hizkuntza

II. Lexiko batua

XABIER KINTANAK

Guztiok dakigu, Euskal Herrian ba direla hitz batzuk, esangura berekoak izan arren, elkarrekin ezberdinak direnak. Hitz hauk sinonimoak dira. Liburuetan elkarren ondoan azaltzen direlarik, eta euskaldun askok ongi ulertzen ez dituztelako, zerrenda batzuk jarriko ditugu hemendik aurrera. Hitz hauk batuak dira berez, eta bai bata eta bai bestea berdin xamar erabil daitezke.

ASKO = ainitz

BEZALA = legez

ERANTZUN = ihardetsi

ERORI = jausi

HAUR = ume

HITZ = berba

IRTEN = jalgi

LORTU = ardietsi

NAGUSI = ugazaba

NAHI = gura


Irakaskintza

Erregeetako kanpaina

Urtearen bukaera datorkigularik, Erregeetako kanpainari buruz zertxobait esan nahirik gatozkizue. Dakizuen bezala, lan honi lehengo urtean eman zitzaion hasiera. Aurten, jarraitzea besterik ez zaiku tokatzen. Garai egokia, beraz, bai gurasoek eta bai irakasleok elkarrekiko lan bat egiteko.

Esan bezala, lan honi buruz dugun eritzia eta aurrerabidea agertzea besterik ez dugu egingo.

Haurra egizale

Haurra egian hazi, egian hezi,* eta harekin egiaz jokatzea da guztion nahia. Hitz ederrak hauk,* ahotan erabiltzeko. Ez hain ederrak, ez hain errazak, ordea,* geure eguneroko ekintzetan betetzeko.

Geure haurrak egibidean hezi nahi baditugu, ezin hainbeste xelebrekeria eginez jarrai. Ipuin bihurturik agertzen dizkiogun egia guztiek, haurraren irudimena nahasi* besterik ez dute egiten.

Haurrarekin egiazki behar dugu jokatu. Hona hemen, lanean hasteko une egokia, hurbiltzen* ari den Hiru Erregeetako garaia. Lehenik, ezin dezakegu inola ere onar,* jostailuak* Erregeek ekarri dituztela esaterik. Horren ordez, egibide bat bilatu eta aurkitu behar dugu. Hain garratza ote da, gure haurrak egiarekin aurrez aurre aurki* daitezen? Hain penagarria ote da, gure haurrek zera jakin dezaten, Jesu Haurtxoari Belengo artzainek eta ekialdeko* Erregeek egin zizkioten oparien* oroimenez, guk gaur, adiskidetasunezko giro batean eta bakoitzak ahal duen neurrian, elkarri erregaluak egiten dizkiogula? Jakina, egiaren azalpena, haur bakoitzak duen adina* kontuan izanez behar da egin. Baina gezurrik inondik inora ere ez.

Egiaz jokatzen badugu, haurrak gauza asko ulertu ahal izango ditu. Esate baterako, etxeko familiaren egoera, kidekoak direla uste dutenen arteko diferentziak. Laster konturatzen da, bai, batzuek, eskatzen dutena eta gehiago lortzen* dutela; besteak, berriz, eskatutako apurra ere eskuratu ezinik dabiltzala. Haurrari egiazko heziketa* ematearekin, errealitatearen aurrean jartzea besterik ez dugu egiten.

Beraz, haurrarentzat hain inportante den garaian, ezin diezakeogu egiarik uka. Ohiturazko bihurtu diren ospaketak* ere ezin ditzakegu onar, haurraren zerbitzuan ez badira. Eta, besteek hala egiten dutela eta, ezin ditzakegu geure ekintza guztiak justifika, inguruaren arabera* jokaturik.

Propagandaren eragina

Egia da, urteko jai guztiak propagandaren esanera moldatzen ditugula. Gaurko komertzioaren ardatza baitira.

Hurbiltzen ari zaikun Erregeetako garaian, bai haurrak eta bai gazte eta zaharrak ere ilusio eta itxaropen handiz egon ohi dira erregaluen zain.

Gaur egunean, irratiak eta telebistak esaten daukute, zernolako jostailuak erosi behar ditugun: urrezkoak, zilarrezkoak edo kuerda emate hutsarekin ibiltzen direnak.

Gure artean honelakoak gertatzen direlarik, garbi ikusten da, opariaren zentzua guztiz galdurik dugula. Urtean behin ugaritasun haundienaz haurra pozik jarri, eta kito! Urte osoan behar du haurrak materiala, zeren urte osoan baita haurra haur; beraz noiznahi eta zenbatgura* jolastu behar du, eskulan, ipuin liburu eta zenbait* material gehiago ere berarekin duela.

Egia esateak bezala, zer jostailu eskaini behar dugun jakiteak ere garrantzi haundia du. Lehenik, ongi ezagutu behar ditugu haurraren premiak, eta, hauetan oinarriturik, jostailuak erosten hasi. Baina kontuan eduki behar dugu, edozein jostailu ez dela ona, helburu* hori bete ahal izateko, eta egokienak bilatu behar ditugula, propagandari jaramon* larregi* egin gabe.

Haurraren premiak

Haurrak, adin eta egoera bakoitzean, behar* ezberdinak dituenez gero, benetako ahalegina egin behar genuke, behar handienari erantzuteko. Haurraren grinak, zailtasunak, jakin mina eta eskakizunak* oso kontuan eduki behar genituzke.

Guri oso atsegin zaizkigun jostailuak izan arren, haurrari ezer esaten ez badiote, jostailu hoiek ez diete haren beharrei erantzuten. Beraz, gai honek inportantzia haundia du, eta arazo honetan kontuz jokatu behar genuke.

Bestalde, beharrezkoa da haurrarentzat, opor garai osoan zeregina eduki dezan. Zeren* Eguberrietan* egiten diren oporrak ez baitira haurraren eskakizunari* erantzuteko eginak, baizik eta, programan eraturik dagoen bezala, ohitura moduan ematen diren jaiak.

Zalantzaz* beterik Erregeen egunari begira, haurrek galtzen duten hamabostaldi honek, garrantzi haundia du haien bizitzan. Beraz, ba da garia, azal itxurazko ospaketa hauk hausteko eta benetasun batez jokatzeko.

Honela, Gabon gauean edo jostailuak eskainiz gero, haurrak jostailuekin zenbait esperientzia berri egiten ariko dira. Opor egun hauetan eginaren berri azaltzeko gogo handia izango dute beren adiskideen artean. Elkarrekin lana, elkarrekin jostailuak, eta ez bakoitza berearen gordetzaile eta besteenaren bekaizti* edo erdeinatzaile.* Honela, besterik gabe eta oharkabean,* kidetasunaren oinarri den elkarrekiko lanean hezitzen* ari dira, eta gizarte bizitzarako prestatzen.

ARANTZA ALLUR

daukute, deuskue, digute

dezan, daian

dezaten, daien

diete, deutsee

diezakeogu, deiskiogu, dezaiokegu

diote, deutsoe

ditzakegu, daikeguz

dizkiogu, deutsaguz

zaiku, jaku, zaigu

zaizkigu, jakuz

zitzaion, jakon

zizkioten, eutsoezan