ANAITASUNA

223. zenb.

1971.eko Hazilaren 30ekoa

Jardin Txikerra, 1. BILBAO-12

Tel. 43 18 37


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari: Anjel Zelaieta.

Zuzentzaile: Imanol Berriatua.

Idazkola eta banakolaren buru: Josu Torre.

Bulegoak: Jardin Txikerra 1, Bilbao-12.

Inprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35, Bilbao-9.

Irarle: RALI, Particular de Costa 12-14, Bilbao-10.

XX. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Politika ala metafisika?

Artikulu honetan gai sakon bat aipatu nahi nuke. Garrantzi haundia duena eta, ene ustez, oso garbi ikusten ez dena. Hots,* politikaren adierazpena. Zer da politika egitea? Zer da politika?

Esanen dautazue, nahiko garbi ikusten duzuela. Hala ere, goazen aztertzera.

Politikari buruz, gizonak eritzi asko izaten du. Ekar ditzagun batzuk.

Batzuek —apolitikoak deitzen zaie, eta herri bakoitzean gehien gehienak izaten dira— honela diote: "Ni politikan ez naiz sartzen... Huelga* hori ondo dago, baina berehala politika sartzen dute, eta..."

Tendentzia honetakoek beren bizitzaren problemekin zerikusirik ez duen arazo* bat bezala ikusten dute politika. Beste batzuen kezka bezala. Beren bizitzaren problemekin (heziketa,* bizimodua, ekonomia, eta abar) zerikusirik ez duena.

Jakina, nahiko erraza da, planteamendu hau zeharo faltsua dela ikustea. Ekonomia, heziketa, bizimodua eta hirigintza,* problema politikoak direla ikusteko, ez da asko beharrik. Nahiko garbi dago, politikarekin duten zerikusia.

Planteamendu hau sarri* askotan egiten da. Toki guztietan, sentsibilitate guttiko gizonek egiten baitute planteamendu hau. Baina beste postura bat ere gertatzen da sarritan. Postura honek, politika eta agitazioa gauza berdintzat hartzen ditu. Ez ditu bereizten gizarte bakoitzak dituen baldintza eta problema berarizkoak.* Postura hau hartzen dutenentzat politika eta agitazioa gauza bera direnez gero, agitazioa egitea politika denez gero, Bolivian eraman litekeen politika edo Algerian eraman zutena eta Euskal Herrian egin behar dena, berdinak dira.

Bai kasualitatea! Orain ohartzen* gara, bai batzuek (apolitikoek) eta bai besteek (gauchistek) planteamendu berdina egiten dutela. Politika, errealitatearekin zerikusirik ez duen gauza bat bilakatu* zaiku. Politika, metafisika bihurtu da.

Euskal Herrian ere, planteamendu hauk* egiten dira. Toki guztietan bezala, ba ditugu apolitikoak eta gauchistak ere bai.

Euskal Herrian egiten ari* den politika ere, metafisika bihurtu da. Problema errealak baztertu ditu, eta hodeietan (hirugarren eta laugarren mailako problemetan, alegia*) finkatu da.

Gure egoera ekonomikoa

Hona hemen, Euskal Herriko egoera ekonomikoan nabari* diren errealitate batzuk: deskapitalizazioa, industriaren ahulezia,* gure produktibitatearen egoera, plangintza baten falta, kontsumo bortxatua, eta abar.

Sasi-marxista batzuek gure problema ekonomiko honetaz konturatu nahi ez badute ere, jendea, zorionez, ba dirudi gero eta gehiago ohartzen* ari dela problema honen garrantziaz eta gero eta nabarmenago diren ondorioetaz.

Problema honi buruz, benetako problema honi buruz politika egitea zera izango litzateke: geure produkzio indarrek kanpora alde egiten nola ez permiti, eta haien kontrola nola eduki.

Hala ere, ikusten dugunez, hemen Euskal Herrian "politika" egiten ari* direnek ahaztu egiten dute hau dena. Esate baterako, orain dela gutti, "Telefónica"k Donostiako telefono zerbitzua erosi du. (Hemengo indar produktibo baten jabegoa galdu dugu). Honen truke, mila milioi pezeta ordaindu zen. Normalena zen, diru hori industria berrietan, infrastrukturan edo holakoetan inbertitzea: baina ez zen hori gertatu, eta, horren ordez, hiru monopoliotan inbertitu zen: "Iberduero", "Telefónica" eta "Hidroeléctrica Española"n. Ederki! Jokoa ikaragarria zen: kontrola eta dirua, kanpora.

Beste kasu bat. Orain dela gutti, "Crédito Navarro" bankua "Banco Central"ek hartu du. Jakina, "Crédito Navarro"k inbertituko lukeen dirua, Euskal Herriko dirua, Nafarroara ordez, kanpora joanen da.

Beste kasu bat. "Astilleros Españoles, S.A." formatu denez geroztik, oso nabari* da, Euskal Herriko barkugintza, industria sekundario bihurtzen ari dela. Hau ere komentariorik gabe.

Gure jendea zer ari da egiten? Edo ez ote da hau benetako problema bat? Zer ari gara egiten? Zer politika ari gara egiten? Politika ala metafisika?

Ikastolen arazoa

Goazen orain, beste adibide bat ekartzera. Gure problema ikaragarrienetako bat: ikastolen arazoa.*

Batzuentzat, ikastolen problemak honako hauk bakarrik dira: H jar ala ez, eta gurutze santua egin ala ez. Horretan omen datza* gure ikastolen problema.

Ez, jaunak, ez. Horretan bakarrik ez datza ikastolen problema, ez. Beste problema batzuk ere ba dira, eta hoik* baino inportanteagoak: Heziketa,* plangintza baten falta, andereñoak, liburuak, inbertsio berrientzako dirua, eta abar. Problema askoz ere sakonagoak.

Baina beti egiten dugu gauza berdina: benetako problemak baztertu, errealitatetik urrundu, eta hodeietan finkatu geure politika.

Gure politika, metafisika hutsa da. Hauen antzeko exenpluak, milaka jar genitzake.

Noiz arte? Politika ala metafisika?

AURTIZ

dautazue, deustazue, didazue

diote, dinoe

ditzagun, daiguzan

genitzake, geinkez

zaie, jake

zaiku, jaku, zaigu


Herriz herri

Bermeo

Lebazaleen eboluzioa

Maiatzean bokartaren kosterarekin jazo* izan jakena, horrexen antzeko zerbait jazo izan jake orain Bermeoko ontzi txikiei —lebazaleei*— atunaren kosteragaz. Kostera hau laster amaituko zalakoan egon ziren irailean,* eta hazilaren* lehenengo egunetan ere ez da oraindino amaitu.

Ontzi handiak —zazpi edo zortzi izan ezik beste guztiak— Afrikatik dabiltzan bitartean, ontzi txikiok hegaluzeari* ekin deutsoe sendo, gehienek behintzat. Urriko eguraldi ederrei esker, Kantauri itsasoa batetik bestera azterkatu dabe, frutu estimagarriak lortuaz.* Santandere,* Avilés eta La Coruña bertara ere sartu dira batzuk, euren arraina saltzera.

Guzti honek argi erakusten deusku, zelako aldakuntza hartu daben ontzi lebazaleek, euren antolamentua hobeagotuz, batez ere motor indartsuagoak ipinita. Honek askatasun gehiago emoten deutse, autonomia gehiago, itsasoan harantz honantz luzaroago ibiltzeko, eta, beraz, errendimentu ekonomiko hobea eta seguruagoa lortzeko. Esan geinke, ontzidi hau eboluzio etapa probetxugarri bat pasatzen dagoela.

Atunzale handiak

Canariastik datozen berriek dinoskuenez, gauzak ez doaz guztiz txarto atunzale* handientzat. Haginzorrotz* gorri* ugariak aurkitu ditue, eta eguraldi onak daukez handik ere. Baina portura heldutakoan hasten dira, ihaz bezala, nekeak eta amorruak. Ez Arrecife-n eta ez Las Palmas-en, ez dago arraintza ugari bat hartzeko beste* industriarik. Prezioa guztiz behera joan da, eta, horrez gainera, kaltegarriagoa dana, ontziek sei eta zortzi egun itxaron* behar izaten dabe portuan, jela hartu ahal izateko.

Hortik aparte, laneko akzidente penagarri batean, 39 urteko patroi gazte bat hil jaku. Ezkondua zan, eta alarguna eta hiru ume txiki utzi ditu. Goian bego Juan Olondo, arraintzale jatorra!

Lagun elkarteak

Azken denboraldi honetan, lagun elkarte edo klub antzekoak sortzen hasi dira gure herrian. Horretarako, tokitxu bat antolatzen dabe, bertan ardo apur bat edateko, sukaldean jaki edo beste atondu, karta jokoan jardun, periodikoa irakurri —ANAITASUNA ere ikusi dot— eta horrela lagunen artean denbora emateko. Ez dakit, soziedade honeek zerikusirik ote dauken Asoziazionismo Legeagaz; baina niri oso ona iruditzen jat ideia, tabernaria ez naizenez gero. Gipuzkoan, batez ere Donostian, ugariak direla uste dot honelako elkarteak, eta batzuk guztiz famatuak gainera.

Beharbada, gizon bakarren arteko elkarte zaletasun hau aintzinatik datorkigu euskaldunoi. Harri harotik* datorkigun atabismo bat izan leiteke ohitura hau. Eta honegaz ez neuke inor mindu gura, ez eta gutxiagorik ere. Alderantziz,* euskal nortasuna hobeto ezagutzeko euki leiken interes zientifikoagatik dinot, nahiz eta beste herri batzuetan ere (Alemanian, esate baterako) ezagunak izan holako elkarteak.

Hain zuzen, gizonak ihiztariak* ziren haro luze haretan (harri haroa esan gura dot), batasun edo elkartasun berezi bat sortu zan, halabeharrez, klan edo tribuetako gizonezkoen artean, kazarako danen indarrak hobeto prestatzeko. Hauxe dino Desmond Morris zoologoak bere «The naked ape» («Tximino* biluzia») liburu irakurrian (eta diskutituan). Gaur egun ere, Hego Amerikan, Afrikan eta Australian ikusi geinke, zelan gizonek euren «etxe haundia» dauken, beste etxe arruntetatik* aparte, eurentzat bakarrik, eta zelan andrazkorik ezin leiteken bertan sartu ezelan ere. Harritzekoa da, gure klub edo elkarte modernoek ere kondizio berau oso osorik betetzen dabela, egun seinalatu bat edo beste izan ezik.

Dana dala, orain moda hau Bermeora heldu jaku. Izan dadila ondo etorria. Herritar bezala, ez dot galtzen esperantza, inoiz soziedade interesgarri horreek eginkizun altuagoetara ere joko dabela. Ba dakit, batzuk biblioteka on bat egiteko asmotan dabiltzala. Aurrera, ba!

A. P. B.

Deba

Itziar ikustera

Jakinean geunden, oso zail izango zitzaikula Itziar espetxean ikustea; baina ahaleginak egin gabe ez genuen etsi* nahi, eta han izan ginen, Alcalá-n.

Espetxera sartu eta geure asmoak azaldu bezain laster, kopeta ilunez adierazi zeukuten, gure taldean ziren Itziarren senideek bakarrik ikus zezaketela.

Ez genuen horregatik etsi* geure nahian, eta une batean ikusteko modua egin genuen. Beti bezalako polit eta apaindua zegoen Itziar, ez ahuldua* eta menperatua, hainbat une larri iragan* ondoren. Oso bizkor eta aurrerakoi aurkitu genuen, bere herriko gorabeherak jakin nahiz, batez ere euskal kutsuzkoak.

Asko alegratzen gara Itziar horrela aurkituaz. Horrek garbi adierazten dauku zer neurritako nortasuna duen.

IDIAKEZ

Zornotza

Liburu bat

Eskuetan daukat, Madrilen inprimatutako «Huellas» izeneko liburua. Haren egilea Kepa Derteano da, gerra denborako abertzalea. Zornotzan jaio eta orain herbestean Venezuelan bizi dana.

Hamabi ipuinekin osatua dator. «El pelotari» deritxon ipuinean, bere gaztaroko giro eta pertsonaiak* hartzen ditu oinarritzat. Gainerakoetan ere, era guztietakoak izan arren, sarri* agertzen dira euskarazko hitzak eta euskal kutsuzko zerbait.

Aipatutako liburua, honelako kasuetan ohitura dan bezala, erdaraz datorkigu.

Kaleen izenak

Azken urteotan egindako kale berriei, izenak ipini deutseez. Nire etxe ondoko kalea, betidanik «Izer» izan dana. orain «Pintor Velázquez» bihurtu da. Ipinitako beste izen batzuk jatorragoak izan dira, zorionez.

«Zelaieta» parkea

Lemonara doan bidea zabaltzeko asmoz, zuhaitz* mozketa bat egin dabe parkean. Argiago geratu dira inguruak; baina orain, asfaltozko uharte* bat bezala, hiru bide artean kokatua* geldituko jaku parkea.

LEUNGANE


Nora doa Irlanda?

Ingles egunkarietan, hiru problema dira nabarmenenak egun honeetan: Irlanda, Merkatu Komuna eta Sexoa.

Lehenengoa, dudarik gabe, gero eta gehiago haundituz, puztuz eta nahastuz doa inglesentzat.

Ez da egun bat ere pasatzen heriotzarik gabe. Irlandako mugan ingles soldaduen postu baten leher* arazteak, gizon biren heriotzarekin, oihartzun* haundia euki izan eban; baina ez dau txikiagoa euki poliziako buruzagi baten heriotzak, haren lantokia bonba baten durundioak behera bota dauanean. Bestalde, egunero dira frankotiratzaileak kaleetan; egunero tiroak eta burrukak taberna, bar eta dantzalekuetan.

Espainiako pasaportea daukan batentzat, harritzekoa da, gerra antzeko giro burrukatzaile honetan gertatzen dana. Torturatzen ote dabe ingles soldaduek? Galde honi era askotara erantzuten da ingles egunkarietan, erantzuna ematen dauan egunkariaren pentsaera politikoa zelakoa dan. Hartu eskuindarrak, Daily Telegraph, Observer eta abar, eta sarri* askotan entzungo dozu, irlandarrek gezurra baino ez darabilela, hiltzaile hutsak direla, eta I.R.A. dalakoaren gain legearen pisu guztia bota behar dala. Adibidez, egunkari horreetariko batean, barre eragiteko pasadizu hau agertzen zan. Inglesek zaindutako auzo batean, etxe barruan ezkutaturik,* I.R.A.ko gazte talde bat ikusten da, inglesen kontra akusazioak asmatu ezinik. Gazte batek hatzamarraren* puntan zauri txiki bat erakusten dau, eta beste batek hauxe esaten deutso taldeari: «Hurrengoan hobeto gertatu behar ditugu geure ekintzak, gaurkoan John-en hatzamar txikiaren puntatxoa zauritzea baino ez dogu lortu* eta».

Ezkertiarrago diren egunkari batzuek, ostera,*, The Guardian-ek esate baterako, argitasun gehiago eskatzen dabe. Torturen kontra dagoz, eta ingles soldaduek Irlandatik alde egiteko eskatzen dabe. Baina, azken orduan, lehengo galdea erantzunik gabe geratzen da: ba dago torturarik ala ez?

Nik neuk, torturak ba direla uste dot, baina oso kontrolatuak, eta sekula ere ez Grezian eta beste zenbait* tokitan izaten diren hainakoak.*

Ingles soldaduen kontra mutiltxo gazteak ere tiroka eta bonbaka hasi direla esan dau inglesen buruzagiak; eta, honetara jarraitzen badabe, soldaduek ere era berean erantzungo dabela. Honelako berriak eurrez* agertzen dira eskuindar egunkarietan, eta askoz gutxiago ezkertiar eta erdialdekoetan.

Bitartean, Kennedyren deklarazioak beste bonba bat legez* jausi* izan dira: Inglaterra beste Vietnam berri bat bihurtzen ari dala, eta Irlanda biek estadu bakar bat egin behar leukeela. Deklarazio gogorrak benetan, batez ere Inglaterrako eskuindarrentzat.

Guzti hau ikusi ondoren, hauxe etorri jat burura: Zer inportantzia dauka, gerra batean torturatzen dan ala ez jakiteak, edozein gerraren kondizioa heriotza eta sufrimentua direlarik? Zer ardura* deutso, kartzelan dagoen I.R.A.ko baten zauriak, detenitu aurreko ala osteko diren jakiteak? Zertarako dira amaibako diskusio honeek?

Gerra honetan, egia esan, tiroak ez dira asko, ez eta heriotzak ere, baina berbak ugariak dira. Batzuen ustez, propagandak hartu izan dau gerra honetan inoiz ez bezalako garrantzia, eta, beharbada, kaleetako tiro eta bonbak propaganda horri laguntzeko dira, eta ez gerra irabazteko.

Burrukabide hau egokia dan ala ez esatea oso gaitza da; baina, gerra ireki baten posibilitatea eskasa danez gero, I.R.A.koek behinik behin Inglaterra hestualdi batean jartzea lortzen dabe gutxienez.

ANTON


Euskaldungoa

«Literatur Saiaera» saria Ibon Sarasolarentzat?

Bizkaiko Aurrezki* Kutxaren babespean Euskaltzaindiak eratutako «Literatur Saiaera» saria, Ibon Sarasolak irabaziko ote dauan zabal entzuten da Bilbo aldean. Sari honetako epaimahaikoak, Jean Haritschelhar, Gabriel Aresti eta Alfonso Irigoien euskaltzainak dira. Hiru lan presentatu dira lehiaketa* honetara. Hareetariko bat, Ibon Sarasolaren «Euskal Literaturaren Historia» izatea suertatu da, eta hoberentzat jo izan da. Hala ere, epaimahaiko batek ei* dino, lanek ineditoak izan behar dabela, lehiaketa horren eratzaileek baldintza* hori eskatu ez arren. «Hala izaten da beti», esan ei dau; eta Ibonen lana, nahiz eta epaile harentzat ere hoberena izan, lehiaketa hau bukatu baino lehen argitaratua izan da. Saria, 100.000 pezetakoa da.

Nafarroako ekonomiari buruz, liburu berria

Nafarroako «Consejo Sindical Económico» dalakoak argitara eman berri dau «Estructura y perspectivas de desarrollo económico en la provincia de Navarra» liburua. Jarraiko aurkibide hau dakar: Introducción general, Análisis del medio natural, Estructura y posibilidades de desarrollo económico, Desarrollo económico de la provincia a corto plazo, Perspectivas de desarrollo económico de la provincia a medio plazo, Selección de problemas, Objetivos y recomendaciones.

Migrazioa Bizkaian

Bizkaiko «Caritas» erakundeak* aditzera eman dauan legez,* 2.249 bizkaitarrek alde egin izan dabe herbestera, joan dan 1970. urtean. Era berean, 11.610 herbesteko heldu izan dira Bizkaira.

Mikel Laboa eta Etxamendi-Larralde Parisen

Mikel Laboa eta Etxamendi-Larralde euskal kantariek Parisen jardun izan dabe, hazilaren* 7an. Hareekin batera, Gilles Servant bretainiarra, C. Marti okzitaniarra eta Luis Llach katalana izan ziren.

Dei bat

Euskal liburu, disko eta agerkarien argitarazleei eskatzen deutsegu, bidaldu deiskuezala, arren, publikazio bakoitzeko ale bat, ANAITASUNA honetan haren berri eman daigun.

Pío de Montoya jaunaren liburu berria

Pío de Montoya jaunak, «La intervención del clero vasco en las contiendas civiles (1820-1823)» liburua argitaratu berri dau. Liburu horretan jarraiko gai honeek agertzen dira: Jalones enunciativos y enunciación de temas. La guerra civil en Alava. Rebelión en Labastida. Rebelión en Salvatierra. Guerra civil en Guipúzcoa. Guerra civil en Navarra. Guerra civil en Vizcaya. Clero y picaresca. La represión política. Los realistas contra el clero de la «ilustración». Represión política contra los eclesiásticos. «El trapense». Conclusiones.

Liburu honetan, «gudua maite duten jendeak sakabana itzazu», 67. salmoaren irakatsia eman nahi jaku. Eskatzekotan: «Txertoa», Plaza de las Armerías, 4. San Sebastián.

Banco de Vizcaya-ren ahaleginak

Oraindik oraintsu aditzera eman izan dau Banco de Vizcaya-k, ahaleginak egingo dituala, bere bezeroak* beste nazio batzuetako komertzilariekin harremanetan jartzeko. Izan ere —dino Banco de Vizcaya-k— mundu zabaleko komertzilaritza zabalduz eta gizenduz doa; bestalde, gure arteko komertzilari batzuek kanpoko komertzilariekin harremanetan hasteko premia haundia sentitzen dabe. Hau dala eta, Banco de Vizcaya-k «Servicio de contactos comerciales con el exterior» izeneko bulego* bat muntatu dau, bere lehengo «Departamento central del extranjero» dalakoan. Ez dakigu, joko honetan saldu ala erosi gehiago egingo dan.

«Araba» kanta taldearen disko berria

Gasteizko «Araba» kantari taldeak disko handi bat jarri dau salgai, Donostiako «Hegosa» disko etxearen bidez. Sabin Salaberri jaunaren zuzendaritzapean, jarraiko kanta honeek grabatu izan dira: Agur, zaharra. Zugana nahiez. Aita San Juanen bezpera. Gure da. Gora, Araba! Mendizaleak. Kitolis. Amaren poema. Bonba bat. Amets. Kantatuaz. Ator, ator.

«Andra Mari» dantzari taldearen pauso berriak

Urte honetako abuztuan, Galdakanoko «Andra Mari» dantzari taldekoek dei bat zabaldu dabe herritarren artean eta Euskal Herrian zehar, Sabino Larrea idazkariak izenpeturik.

Dei horretan, aurrerantzean eman nahi dituen pausoak aipatzen dira: Musika eskola bat sortu, Elizaren babespean tiple* talde bat eratuaz; berorrekin batera, musika irakasleen taldea bildu,* premiazko diren liburu eta tresnak eskuratu, eta guzti horretarako behar diren gela edo toki batzuk erosi. Toki edo gela horreen erostea, apaintzea eta mantentzea, bi milioi pezeta kostatuko litzakioez. Dirutza hau bildu ahal izateko, euren jardunaldietan eta nondik edo handik etorri leitekena aparte, herritarren eskuzabaltasunetik itxaroten* dabe. Horretarako, bazkideak egiten ari dira Euskal Herrian zehar, eta bereziki* Galdakanon bertan. Bazkide bakoitzak 100 pezeta emango ditu urtero. Eta beste 250 pezeta, gela berriok erosi ahal izateko laguntza eman nahi bada. Guzti horrekin, «Andra Mari» taldekoek euren erakundeari* infrastruktura sendo bat eman gura deutsoe, euren lan kulturala emankorragoa izan dadin.

I. Urtizberea eta K. Zabala dantzariek esana

Iñaki Urtizberea eta Koldo Zabala Biarritzeko «Oldarra» dantza taldekoak dira. Oraindik oraintsu, Iruinean jardun izan dabe, eta, zenbait kazetalariren* itaunei* erantzunez, zera esan dabe:.

«Gaur egungo folklore bizia, ba leiteke, 50 urte barru, dantza klasikoa izatea... Estranjeri aldera geure folklorea daroagun dantza taldeok, geure aberriaren enbajadore bezala agertzen gara... Dantza modu batzuk dantzatu ahal izateko, teknika on baten jabe izan behar da. Horregatik, guk dantza eskola bat dogu... Beste talde batzuek. Donostiako «Argiak» kasurako, dantzen jatorriaz arduratzen dira gehiago, eta ez hainbeste teknikaz... Folklore berririk ez da batere sortzen, gaur egun, Euskal Herrian. Dantza sozial bakarra Zuberoko maskaradak dira, eurek, Zuberotarrek, publikoaren premia gabe dantzatzen dituenak».

Beharbada, hauxe da euskal dantzen arriskurik haundiena: ez dala dantza berririk sortzen, ez direla industri garaiaren agerpide.

Hiru apaiz Cartagenako presondegira

Orain arte Zamorako presondegian izan diren Jon Etxabe Altzolatarra, Alberto Gabikagoxeaskoa Lekeitiarra eta Jesus Naberan Gautegiztarra, Cartagenako presondegira eramanak izan dira.

Apaiz berri eta kargu berriak Bizkaiko diosesian

Hona hemen, Bilboko Zirarda gotzain jaunagandik apaizgoa jaso beri dabenak: Tomás García, Bilbokoa, José María Aizarna, Zeanurikoa, José Antonio Fernández, San Salvador del Valle-koa, Jesús Martín, Basaurikoa, Trinitario Alvarez, Portugaletekoa, Miguel González, Sopuertakoa, Javier Makua, Bilbokoa, eta Carlos Trevilla, Villaverde de Trucíos-koa.

Era berean, kargu beri honeek eman izan dira: Otxarkoagako parrokiak, Diego Berguices, José Luis Atxotegi, Jesús María Martínez, Antonio Escartín eta Tomás García apaizen kargupean gelditzen dira. Trinitario Alvarez, Somorrostroko laguntzaile. Carlos Gómez, Bilboko «San Adrián» parrokiako laguntzaile. Adrián Merino, Barakaldoko «Hijas de la Cruz» ikastetxeko kapellau.

Fernando Alkorta, Bilboko «Nuestra Señora del Pilar» parrokiako laguntzaile eta Derioko seminarioko irakasle. Veriano Sobral, Karrantzako laguntzaile. José Antonio Fernández, San Salvador del Valle-ko laguntzaile. Jesús Martín, Las Carreras-ko laguntzaile. José Luis Jauregi, Bediako parroko. Javier Makua, Gordexolako laguntzaile. Carlos Trevilla, Bilboko «San Rafael» parrokiako laguntzaile.

José Cruz Goitisolo, Basauriko «San Ignacio de Loyola» elizako laguntzaile. José García, Bilboko «Cristo Rey» elizako laguntzaile. Félix Moratalla, Bilboko «San Francisco de Asís» parrokiako laguntzaile. Juan Iraeta, Gamiz eta Arrietako kargudun. Valentín Zabalo, Gamiz eta Arrietako laguntzaile. Luis Kortazar, Bilboko «San Miguel Arcángel» elizako laguntzaile.

Luciano Urrunzuno, Berriatuko parroko. José Miguel González, Barakaldoko «Santa Teresa» parrokiako laguntzaile. Enrique Freijo, Derioko seminarioko «Gabinete de Psicología y Psicotecnia» dalakoaren zuzendari. José Luis Erezkano, Lemonako laguntzaile. Juan José Núñez, Gaztelu Elexabeitiko parroko. José María Aizarna, Zeberioko laguntzaile. Juan Zumalde, Santurtzeko Mamarigako laguntzaile. Pablo López, Gallartako laguntzaile.

Leireko monasterioa bere buruaren jabe

Leireko monasterioak, legezko eban askatasuna lortu* dau. Orain arte, Silos-ko monasterioaren menpean egon da. Oraindik aurrera, bere buruaren jabe izango da. Horrela, Leireko fraileen lepora askatasun gehiago eta errespontsabilidade gehiago jausten* da, Euskal Herriari begira batez ere. «Monasterio bakoitzak —esan dau Pablo Hurtado priore jaunak— jokaera berezi bat izan behar dau».

Jakina dan bezala, monasterio honen bidez batez ere sartu zan kristau erlijioa Euskal Herrian; eta abadia honetako fraile beneditanoek zerikusi haundia izan eben Nafarroako erreinuaren joan-etorrietan, erregetza Jainkoaren dohai eta gurari* bat zala irakatsiz.

Jorge Cortes Itzal jaunaren esanak

Jorge Cortes Itzal Iruinean bizi da. Gorputzez zimel, ile zuri, begi urdin, 40 urte inguru izango ditu. Iruine aldean diren tendentzia aurrerazaleko ikastolak aurrera eroaten, ahalegin biziak egiten ditu. Era guztietako jendeek, inon diren madarikazioak bota izan ditue haren kontra; baina, hala ere, Jorge Cortes Itzal jaunak, tematsu, aurrera egin dau. Orain, Euskaltzaindiak Iruinean dauan ordezkaritzaz arduratzen da, eta era berean euskal alfabetatzea aurrera eroaten biziki saiatzen da. Kazetalarien* itaunei* erantzunez, zera esan dau berriki:* «Berrehun bat pertsona nagusi ari* dira, gaur egun euskara ikasten Iruinean, taldeka banaturik. Gero eta gehiago dira, laster hasiko direnak. Diputazioak ere zerbait laguntzen dau, diruz. Dana dala, Nafarroako udaletxeak* oso gutxi arduratzen* dira arazo* honetaz».


Kritika

Gabriel Arestiren Harriak (Bigarren partea)

Oso lotua dago Arestiren poesia beste zenbait* espresio bideri. Adibidez, ez deritzat harrigarri, Arestiren olerkiekin* hainbeste kantu osatu bada. Arestiren poesiak ritmo bereizirik ba du. Ritmoa ez datza* bakarrik hitz neurtuetan. Halako barne doinu bat ba du Arestiren olerkiak. Dantzarekin ere ba du zerikusirik. Ondorio honetara irixten* gara, haren poesiaren funtzio estetiko eta plastikoei so* eginez gero. Baina Arestiren poesiak, literatur alor* hesituan ere ba du funtzio bereizirik. Haren olerkigintzaren funtzio literario nagusiak, hauk* lirateke laburzki:

Funtzio espresiboa

Poesiaren funtsa ez datza hitz neurtuetan. Ez eta hitz neurtu oro* ez da poesia. Poesia espresio molde berezi batean datza. Aintzina, poesia kantuari lotua zegoen. Poemagintza honen agerpiderik argiena bertsolarien poesi moldea dugu. Agian,* gure lehen poetek kantatuz konpontzen zituzten beren poemak. Gure literaturan, Etxepare da poesia eta kantua bereizi dituena; eta bera da, beraz,* lehen poeta modernoa. Beste literaturetan, aintzinago bereiztu ziren poesia eta kantua. Poesiaren espresio bideak kantua eta dantza ziren lehen. Gero, poetek ideia unibertsalak kantatzen zituzten: Maitasuna, Jainkoa, Heriotza... Poeten espresibitatea, gai nagusi hauen kantatzean agortzen zen. Erromantikoek, ordea,* gai nagusi edo «topiko» hoik* bereiztu eta konkretuki landu zituzten. Olerkariak ez zuen gehiago Maitasuna edo beste edozein ideia unibertsal aditzera ematen; aitzitik,* bere maitasuna edo berak zituen esperientzia konkretuak agertzen zituen. Lamartine, Musset et bestek hildo* horretatik jo zuten, poesiari espresio bide berriak irekiz. Egun,* poetak zientziaz beste den ezagupide bat monstratzen dauku, baina beronen osagarri dena. Poetaren ezagupidea, irrazionala, subjetiboa eta irudimenez kutsatua da. Eta hemen nator, Arestiren poesiari eustera.

Poeta, ilunaren zelatan* dago. Ezezagunaren bortxatzea du bere ardura;* baina, ezezagun hori aditzera emateko, hizkuntza berri bat prestatu beharrean da.

Arestiren hizkuntzari, «koine» gisa bat deritza Juan San Martinek. Ez dakit nik, daitekeen zuzenena ote den delako «koine» hitz aipatua; baina guztiok nabaritzen* dugu, Arestiren hizkera bereizia eta aparta dela. Arestiren hizkera hau, funtzio konkretu baten arauera* sortua da. Funtzio berri hau, Arestiren espresibitate bide eta -gisari berari dagokio. Arestik bere gisara esaten du mundua, euskal mundua. Gisa hori poetikoa da; eta haren hizkera zubi bat da, ezagunetik ezezagunera doana. Beraz,* Arestiren elerti* saiaera, hizkuntz saiaera bat da. Haren hitzen esangura,* bigarren mailakoa da; lehenik eta bere hitz-azal arruntaz,* funtzio fonetiko bat osatzen du. Eta funtzio honek semantikaren alorrera* garamazki (semiologiaren alorrera, hobeto), metaforaren funtziora hain zuzen.

Arestiren hizkera, ohi den hizkuntzaren bortxaketa da; espresio molde berri baten bilaketak eraginik, delako «koine» horretara heldu da. Esangura asko atz-aurre jazartzen ditu, mundu berri bat, objetibitate berri bat aditzera eman nahirik. Stalinen tesiari musin egiten diot hemen, eta esanen dut, Arestik frogatu duen hizkuntza berria, euskal errealitate berri baten kontzientzia eta agerpide dela. Beraz, batasunaren burruka ez da bakarrik burruka linguistiko bat; Euskal Herriaz osatu diren bi proiektu desberdinen arteko burruka da. HARRI ETA HERRI lehen urrats* bat izan zen, jaio bide zen kontzientzia berri baten espresio bide lehena.

Arestik, HARRIZKO HERRI HAU liburuan euskal hitza lehertu ondorean, erdaraz mintzatzen denean, ez pentsa, ez, arrozkeriaz jokatzen duenik, zeren* erdal hitz hoiek ere euskal kontextu batean aurkitzen baitute beren esangura. Arestik mundu berri bat aditzera ematen dauku; zurezko* Euskal Herri honek duen sitsa* salatzen du. Euskaldunon dilema, kontradizio eta bikoiztasunaren lekuko* dugu Aresti.

Hiregatik

munduko bekaturik haundiena

kometitu behar

dinat:

gramatikari

ganibetkada bat

eman behar

dut. (140)

Hitz hauk* esatean, Arestik ez du soilik* bihotza edo afektuaren bentura bat jasaten.* Hizkuntzaren gailurra ikutzen du. Ikutu eta urratu.

Ez dut esanen, Arestiren funtzio espresibo honek haren olerkigintza oro* argitzen duenik. Ba du komunikazio funtzio bat ere; baina, denik ere, bigarren mailakoa deritzat honi. Arestiren poesia ez da subjetibitate bakartian finkatzen.

Inork ez du aditzen

ene mintzaera. (102)

Hori esaten badu ere, Arestiren olerkiak —Herriaren baitan batik* bat— izan duen harrera onaren lekuko* gara denok.

Funtzio metaforikoa

Parabolen denbora sinbolista

iraganda diagok. (136)

Ezaguera izan nahi lukeen ikuspegi baten agerpide jatorra da metafora. Arestiren poemagintza metaforaz asko baliatzen da. Ordea*, parabolen denbora iragana* da.

Olerkiak ezagupide izan nahi luke, ezezagunaren ikusmira. Olerkia, ohi den ezagueratik misteriora doan ezagupidea da: zubi bat, mundu desberdinen artean zabaldutako bide zidorra. Ezezagunarekin dugun harreman oro* hitz berri batez adierazten dugu, eta hitz honi metafora deritzagu. Arestik hain sarri aipaturiko HARRIA, metafora bat dugu. Fonetikoki oso hurbil* dira bi hitz hauk:* HARRI, HERRI; baina haien esangurak* oso dira desberdinak. Esannahi desberdin hoien arteko kontrastean finkatzen da, HARRIA hitz zaharrak izan zezakeen esangura berria. Kontrakoak (semiologikoki) eta auzokoak (fonetikoki) izatean, bi hitz hauen artean Arestik lotura metaforiko bat osatzen du; eta horrela bai Harria eta bai Herria beste argi berri batez agertzen zaizkigu.

Hizkera poetikoa ez da zinezkoa edo gezurrezkoa.

Egia edo gezurra poesiatik at* jartzen dira. Hitz poetikoak, baliorik ba du edo ez du: horixe da poesia ororen dilema. Eta balioa bere funtziotik datorkio. Eta funtzio oro behar baten erantzuna da.

Arestiren hizkera berriak, hizkera metaforikoak, funtzio politiko bat osatzen du. Agian* euskaldunok eta Euskal Herria, azken finean, hitz berri baten beharrean aurkitzen ginen; eta hitz hori Arestik esan zuen 1964. urtean, bere HARRI ETA HERRI liburuan. Baina ez zen Aresti bakarrik izan hitz honen frogatzailea. Gogoan hartu behar dugu, Bilbaok, 1960.eko urte mugan gutti gora-behera, bizi zuen egoera eta han sortu zen mugimendua. Mugimendu hark azterketa berri bat burutu zuen euskal errealitateaz. Baina agian,* mugimendu honek ez zuen hitz egokirik, azterketa hori esateko; eta Aresti izan zen hitz berria sortu zuena. Hitz hura metaforikoki esana izan zen. HARRI ETA HERRIk beregan uztartu zuen kezka baten etena, errealitate baten gogorra. HARRIA hitzarekin esan zuen Arestik errealitate haren bortitza.*

Geroztik, Arestik hitz asko egin du. Baina, beti legez,* Aresti ez da sorketa soil baten lekuko; aitzitik,* inguru baten lekuko* eta hiztun aparta da. Honekin hau bakarra esan nahi dut: Aresti, lur, Herri, burruka, saiaera... penatu baten adierazle apartekoa dela. Arestik, bakarrik eta, nahi bada, basamortuan bezala sortuko du; baina —ez gaitezen ahantz— haren sorketak gai bat du, eta gai horrek, errealitate horrek bere ingurua du, gu gaitu, Euskal Herria du.

Noski,* Arestiren poesia ez da gizarte baten adierazle izatean agortzen. Arestik ba du sen* poetiko pertsonala; bere baitaren lekuko miresgarria eta sakona da Aresti. Poesi gisa honen metarik aipagarriena, Rikardo Arregiri eskaintzen dion poema da. Eta halaber,* bere «Neskato Ilun» alabatxoari kantatzen dion oroitzapen unkigarria;* Lizardiren «Xabiertxoren Eriotza» eta Unamunok «Haur Eriaz» egindako poemak gaindituak ditu bere poema zoragarri honetan.

Arestik dioenez, HARRI ETA HERRI «ene espiritu pobreziaren, ene koaiten* eta kobardekerien agerpide da. Liburu soil bat, liburu xipi bat, liburu karikatura bat». Baina Arestiren harriak, herri baten harma ere ba dira. Arestiren harriek Herri baten hatsa atzematen dute. Herri pobre baten pauso nagia bortizki* presatzen dute. Herriak bere egin ditu, Arestik bihurtu dizkiolako.

LUIS HARANBURU-ALTUNA

dauku, deusku, digu

diagok, jagok, dago.

dinat, jonat, dut

dio, deutso

diot, deutsat

dizkio, deutsoz

garamazki, garamatza, garoaz

zaizkigu, jakuz


Eritziak

Fernando Mendizabali erantzunaz

Hazilaren* 15ean ANAITASUNA izenaz argitaratu zen dinamitontzi hartan, bi artikulu egin ziren ene pertsonaz eta lanez. Haietan, gainera, galdera batzuk egiten ziren, neronek oraingo honetan eta hurrengoan erantzuten saiatuko* naizenak.

Gaurkoz, Fernando Mendizabal jaunaren artikulua hautatu* dut, «Batasunaren Kutxa»ren moldatzaileoi buruz egina. Hasieran ba diosku, hurrengo hiztegia zuzen dezagun egiten daukula kritika hori.

Eskertzekoa da, duda gabe, borondate on hori; eta bide batez bihoaz hemendik geure eskerrik beroenak, «Batasunaren Kutxa»z, pertsonalki eta arakatze* lan sakon baten ondoren, beren kritika positibo eta zuzentzailea bidali daukuten guztiei. Ez dira, ez, guti izan. Denen eritziak pentsatuak eta kontuan hartuak izan dira; eta hoiei esker, gainera, uste dugu, hurrengo edizioa biziki hobatua izanen dela.

Noakion orain Mendizabalen kritikari.

1. Egia da, zenbait* hitz falta daitezkeela; ba dakigu, eta hurrengo edizioan gehituak eta ugalduak izanen dira. Denbora gutiz egin zen hiztegi hori, Herriak zuen premia bat betetzeko (zeharo agortua da honez gero!); eta, noski,* gauza denak egin ziren presaka. Ardura* ez zen falta izan, baina giza lan guztietan...

2. Liburua batasunaren kutxa zen, eta ez bitasunaren edo hirutasunarena. Kriterio bakar batez egin zen, batasunerako erizpideaz.* Aitu, ahitu eta akitu artean BAT hautatu* beharra zegoen; eta guk, literatur usadioari so* eginaz, ahitu hobetsi* genuen. Eta berdin beste hitzetan ere. Ba liteke, zenbait kasutan, hautaketa hori oso egokia ez izatea; baina berauk, batere dudarik gabe, gutienak dira.

3. «Batasunaren Kutxa» Euskal Idazleen Elkartekook egin genuen, eta bertan geure eritzia, hau da, H-dun eritzi bat azaldua dugu. Forma biak ontzat hartuak zirenez gero, guk, eskubide osoaz, batzuk hobetsi ditugu. Zergatik bota behar daukuzu hori aurpegira? Ez ote duzu oraino ulertu, forma biak edo hirurak onartzetik etorri dela, hain zuzen ere, orain arteko batasun falta hau? Eta guk batasuna (eta batasun konkretu bat) genuen maite. Lana geure lepora hartu genuenez gero, geure eritziaren arauera* egin dugu. Zerorrek egin bazenu, nahiago zenukeenera egin zenezakeen, noski,* zeure gramatika hori egin zenuen bezalaxerik.

4. TX/X bikoiztasunari buruz ere BAT hautatu genuen, eta berau Mitxelenaren ustea entzun ondoren. Ez dago munduan hiztegi normal bat, hitzak horrela dakartzanik: (t)xori, (t)xukun, (t)xirla, (t)ximist; ez eta TX- eta X-aren zerrendan birritan hitzak berak dakartzanik ere. Hemen ere BAT hautatu beharra zegoen.

Eta besterik ez. Zenbait puntutan ados egon ez arren, eskertzekoak dira beti honelako kritikok, agian,* artikuluz gabe,* eskutitz partikularrez egokiagoak badira ere.

Ohar bezala, jakizu, hurrengo hiztegian literaturan asko usatu diren era dialektalak ere sartuko ditugula; esangura,* ordea,* batutzat hartzen dugun hitzean ez bestetan jarriaz, besteetan hara joatea seinalatuaz.

XABIER KINTANA

bihoaz, beioaz, joan bitez

dakartza, dakaz, dakarzki

dauku, deusku, digu

daukute, deuskue, digute

daukuzu, deuskuzu, diguzu

diosku, dinosku, esaten dauku

zenezakeen, zeinken


Eritziak

Eritzi bat

«Iruineko Gertakarien Haria» artikulua irakurri dudanez geroztik, ezinbesteko kezka sortu zait barnean. Hau dela eta, ez dakit zer arrazoi erabili duten artikulu hori egin dutenek; baina garbi dago, benetako ezer ez dutela esaten.

Seguru aski,* artikulua irakurri duten askok ez dute ezer aterako, Irakasle Elkartean sarturik ez badaude behintzat. Ene ustez, gertaera baten haria azaldu behar denean, gertaera hori zergatik jazo* den ere esan behar da. Baina ba dirudi, gure irakasle jaunek, haurtxoekin erabiltzen duten pedagogia, herriarekin erabiltzean, karkaba zulo batetan ahazturik utzi dutela.

Gertaera batzuen haria kontatzeko aukera izaten denean, gertaera hoien historia kontatu behar dutenek kontuan eduki behar dute, ez dela aski gertaeren haria soil* soilik azaltzea; zeren,* gertaera hoik* historia direnez, eta historiaren errealitatea hainbat klaseren interes bereziek egiten dutenez, beharrezkoa baita, gertaera hoietan izan diren interes desberdinak argitaratzea.

Artikulu honetan, gertaerak ematen direnez, batzuen joko maltzurra arrunt* argi azaltzen zaiku, eta kito. Baina, artikulu hori norentzat idatzia da? Herriarentzat bada, ene ustez, gauzak ez dira zuzen azaldu. Gaur egun, herriak informazio fase hutsa erabat* gainditu du; beraz, gertaera hoien interes bultzatzailea nondik datorren herriari erakusteko garaian gaude. Herria ez da berehala kontzientziatzen; herria ikusi eta ikasiaz batera esnatzen* ari izango da. Baina hemen dago koxka: ikasteko materialik eta tresnarik ez badu, gaur egungo informazioak bihar nahaste-borraste izanen dira.

Esanak esanda ere, nik ere ez dut erabili proposatu dudan bidea. Baina nola egin nezake bestetara, Elizako, Ikastola Elkartearen eta Irakasle Elkartearen interes bereziak ezagutzen ez baditut? Hain konprometitua ote da, «zergatik» hitzari, behar zaion erantzuna ematea? Oraindik ez zaitzue iritxi,* posturak hartzeko garaia? Artikulu hau azaltzen duzuen eran, ez zait erraz konklusiorik ateratzea; proletalgoaren interesak nork defenditzen dituen ezin jakin daiteke eta.

T. OKERRA


Euskal editorial gazteez

 Jakin-ek markatu zuen hasiera. Liburu polit batzuk atera zituen, errebista gisa* eta aparteko liburuz; baina, aldizkari bezala, goitik behera erori* zen, horretarako behar zituen baimen faltaz. Liburu sail bezala, ordea, lan bikain bat egiten ari da, titulu guti atera arren.

Geroago, ia batera, Lur eta Irakur Sail sortu ziren, biak liburu interesgarriekin. Zoritxarrez, Irakur Sail-ek ezin eutsi* ukan* zion hasierako ritmoari; eta ba dirudi, honez gero ikastoletarako textu liburuetan espezializatzera doala. Hau ere oso beharrezkoa da, eta guztion xaloak merezi ditu.

 Lur da, beraz, hasierako editorial guztietatik sendoenik eta zintzoenik dirauena. Jakin-ek ireki zuen euskal liburuen suskripzio bidea; eta bidezkoa da hori aitortzea, geroago, ekonomi eta lege oztopoengatik euskal liburuen merkatu sortu berri horri eutsi* ezinik ibili arren.

Ondoren Lur eta Irakur Sail hasi ziren, propaganda ugari baten bidez, euskal liburuaren merkatua zabaltzen eta hedatzen,* eta guztion oinarrian, ohi ez bezalako garrantzi batez, Alfabetatze Kanpaina.

Uzta* nahiko hazirik zegoenean, beste hirugarren editorial bat agertu zen azkenean: Etor. Egia esan, harrigarria zen, jesuitak hain beranduarte itxaroten egotea. Barneko problemen eragozpenez ala merkatuaren arloa* hobeki jorratua eta landua ikusi arte itxaron* duten ez dakigu.

Egia esan, —eta batere faltsukeriarik gabe esan dezaket berau— Etor-en agertze hau begi onez ikusi nuen, honela, konpetentziaren bidez, editorial guztiek are* ardura* eta arta* handiago jarri beharko zuketelako, bai liburuen presentazioan, bai mamian eta bai prezioan ere.

Editorial gazteen karakteristika nagusia —oraingo gaiezkoak izateaz gainera— den denak euskara batuan jarrita egotea zen, edo eta horretara jotzea. Honetan, bai Jakin-ek, bai Lur-ek eta bai Irakur Sail-ek lan on bat egin dutenik ezin uka; literatur euskara finkatzen ahalegintzean, batasunari ohi ez bezalako bultzada eman baitiote.

 Etor-ekin, ordea,* gauza kurioso bat gertatu zen. Argitara eman zuen lehen liburua («Jainkoaren billa») ez zegoen beste editorialen bidean, ez gaiari dagokionez —ez baiteritzogu mistikari oso gai aproposa editorial gazte batetarako— ez eta euskararen aldetik ere, Orixeren euskara batua ez delako.

Baina bigarrenarekin («Marxen marxismoa»), Gotzon Garatek euskara baturako borondatea nabari* erakusten zuen. Hirugarrena, Patxi Altuna jaunarena, euskaraz eta erdaraz atera zen, aditzari buruz, bai, eta Mitxelena jaunak partzialki ikusirik —horrekin, BAINA, Mitxelenak ontzat hartua zela esan nahi gaberik—. (Aditzaren problemaz, hain zuzen, ba dirudi, Altuna jaunak gauzak erdizka esateko joeratxoa duela, bere opilari bero ematen ez dion ikatza aipa gabe utziaz). Liburu hori, gipuzkeraren oinarri gainean bazegoen ere, baturako bidean zegoela osotoro onar* daiteke.

Hemendik aurrera, Gurutz Ansolaren eta Lertxundiren liburu interesgarriak alde batera utzirik, ez dira inondikan ere euskara batuz eginak. Are* harrigarriagoa dateke,* «Seksu ezibidea» (sic) izenaz atera berri den liburua. Sexual hezibidea* argitzen dituzten irudiak penagarriro jarri dira, hain egoki eta inondik ere batu ez den euskara baten ondoan.

Bestetik ere, deskontrol handia nabari* da ortografian, eta hitzen literatur formetan anarkia oso bat (gorbutz, eudi...), Etor-en liburuetan. Ohorezko salbuespena* «Euskal Herriaren Historia (I)» da, hain zuzen Etor-en ekipoak moldatu ez duen liburu bakarra.

Editorialezko anarkia eta jokabide ilun honen aurrean, neronek galdera bat egiten dut: ea zertarako sortu den Etor, euskal liburugintza eta batasunaren onerako ala gauzak —kriterio segur baten faltaz— nahasiago jartzeko? Zergatik editorialaren beraren oharrak (liburuen atzeko partean) beti datoz batu gabeko euskara batez? Hau xeheriatxo bat dateke,* baina biziro sintomatikoa.

Nola kontsenti daiteke honez gero horrelako egoera kaotiko bat, izenez eta tituluz progresista izan nahi omen* duen editorial batetan? Zergatik ez doaz izana eta izena batera?

XABIER KINTANA


Zuzenbideak

Bigarren pausoari jarraituz (Bigarren partea)

D. Argitasunaren beharra

1. Sarri askotan, herriak ez gaitu ulertzen, geure erruz ilun idazten dugulako. Idazle onak, gaia berez ulergaitza izan arren, aparteko habilitatea izaten du, gauzak argiro azaltzeko.

2. Lehenengo eta behin, irakurleek ondo uler gaitzaten, sakonki ezagutu behar dugu euskara eta haren sintasia, eta ez erabili inoiz, euskaldun jatorren belarriei min egin liezekeen esaerarik.

3. Baina euskara ondo jakitea ez da nahikoa. Horrez gainera, argiro idatzi behar dugu. Gaur egun, zailtasuna eta iluntasuna dira euskal idazleen bekaturik haundiena. Horregatik, ahal dugun guztia egin behar dugu, geure burua irakurle arrunten mailara beheratzeko, errazki eta aseginez konpreni gaitzaten eta gure idazlanetaz asper eta gogait ez daitezen.

4. Uler errazak izateko erregela berezirik ez dago. Habilitate hori nork berak lortu behar du. Hala ere, ona izango da, hemen orientazio batzuk ematea:

a) ahal dela, erabil bitez sententzia edo esaldi laburrak.

b) ez luza sententziak, klausula subordinatu askorekin.

c) aditz nagusiak konplementu asko dituenean, eta euskal sintasiak premititzen duenean, ez bitez jar konplementu guztiak aditzaren aurrean.

d) idazleak, gaia ondo ezagutzen ez duenean, ez beza gai horretaz idatz.

e) aukera bitez, euskaldunentzat interesa duten mila gairen artean, zailegiak ez direnak.

f) jar bitez komak, behar diren kasu guztietan.

E. Komak jartzeko erregela batzuk

Sententzia konposatuetan, komenigarri da koma bat jartzea:

a) edozein klausula nahiz fraseren atzean, hurrengo klausula nahiz frasearen konplementu nagusia ez direnean. (Klausula deitzen zaio, sententzia konposatu baten barruan, aditz finitiboa [jokatua] duen hitz multzoari. Frase, berriz, aditz infinitiboa duenari).

b) klausula printzipalaren atzean, komaren ordez EZEN edo ZE (erdaraz QUE) partikula erabil litekeenean.

c) edozein klausula, hitz nahiz hitz multzoren atzean, hurrengo klausula nahiz fraseko hitzekin nahasmendurik sor ez dadin, eta irakurleak, idazlearen esangura zehatza ulerturik, sententzia osoa korrektuki irakur ahal dezan.

Adibidez: Alkate jaunak, bere asmoak aurrera eramateko, ahal den laguntzarik haundiena behar duela ikusirik, dei bat egin dauku herritar guztioi, herriaren alde zerbait egiten lagun diezogun.

Horregatik, alkatea hona datorrenean, esan egin behar zaio zalantzarik gabe, hemen bildu garenok, berak nahi duen guztia egiteko prest gaudela, denek jakin dezaten, herri honetan oraindik gizon zintzoak bizi direla, oso pobreak izan arren.

F. Hiketa-zuketa

1. Gure artean, batez ere Bizkaiko euskalkian, ez da erabiltzen leku askotan hitanoa. Eta beharbada, ez da inon entzuten zuketa deritzan berbeta modua. Horregatik, norberaren euskalkiko hitanoa ere zail egiten zaie irakurle askori, eta zailago oraindik euskara batuko hiketa-zuketa.

2. Hau kontuan harturik, ez da komeni une honetan, hiketa-zuketazko artikulu luzerik idaztea. Irakurleek berbeta modu hori geldi geldika ikas dezaten, nahikoa litzateke, hiketa-zuketazko esaldiak nahiz artikulu laburrak noizean behin argitaratzea.

G. Beste hizkuntzak

1. Idazle batzuk, batere beldur gabe, irakurlerik gehienek ezagutzen ez dituzten hizkuntzetako esaldiak sartzen dituzte beren idazlanetan.

2. Hori inoiz egitekotan, jar bedi alboan euskarazko itzulpena.

H. Artikuluen luzera

1. Artikuluak luzeak direnean, irakurlea aspertu egiten da, edo irakurtzen ere ez da hasten, nahiz eta aurrean duen idazlana oso interesantea izan.

2. Horregatik, artikuluak

- izan bitez gehienetan laburrak.

- luzeak direnean, ez dezatela inoiz orrialde oso bat pasa.

- laburrak ez direnean, jar bitez beti subtituluak.

- izan bitez beti makinaz eta lerro biko tarteaz idatziak.

I. Inprimeriako letren neurria

Idazlan guztiak letra handiz inprimatuko dira, haien irakurtzea erosoago eta atsegingarriago gerta dadin.

ZUZENDARITZA


Maisuaren orkatila (Bigarren partea)

Hirugarren pausoa

Biharamunean, arratsaldean, ba goaz mendira. Udaletxeko,* Ziriako, basozaina dugu gidari. Alboan, hizkuntzalari biak eta hiru ikasle. Hirurok maisuen atzetik goaz, maldagora.* Bata fisikari. Besteak hizkuntza sailekoak. Aurrean, makinek ebakitako buztinbide zabala. Ezker-eskuin, pinu eta zaborra ugari. Isaban, pago sastrakari* diritzate zaborra. Nonnahi, goroldio,* ezpela,* intsusa,* urritza* eta hagina:* baso usain ukigabea.* Isaba eta Ezka behean gelditu dira. Mendi hegalak, egutera* nahiz laihotz,* zabalduz doaz. Batetik bestera, izai* tantaiak nabari dira, berde ilunez jantziak; eta, gure inguruan, arratsaldeko eguzkiaren urretan jaikiz doa hilobitik, ezpatadantza bat bailitzen, nafar erregeen harrizko koroa: Ezkaurre, Lakora, Lakartxela, Xamantxoia...

Fisikariak, ihiztari* izanik, basurde bidea darakuskigu. Baina hizkuntzalariak ez dira ihiztatzera* etorri. Luma eta papera eskuan, pauso bakoitzeko, galdera bat zuzentzen diote basozainari: «Nola deritzazu gauza honi, horri eta hari?» Fisikako ikasle argiak, txantxetan, zorakeria deritza hainbat galdera usteli. Zertarako dira, egun* bizi ditugun problema sakonetarako? Filosofia bai, ongi dago filosofia eta hizkuntza. Baina toponimia? Zertarako dugu toponimia? Zertarako ardura* izan toponimiaz, hilik diren herrien izenaz?

Coromines-ek ez du nahi fisikari landuaren erantzunik. Katalan jakintsuak herrigizon eskolagabearen erantzuna nahi du, eta honen mihinetik zientzia eta zibilizazioak ukigabeko* hitza jaso. Herri arruntaren* hitza. In situ.

Eguzkia beheraka doa. Nire argazki tresnak 60 diafragma seinalatzen du. Berruetako kaskoan gaude. Bidean artzain mutil bat batu zaiku zakurrarekin. Eskuan transistorea. Ogia eta latako sardina eskaintzen dauku zahato* ardoarekin. Arratsa heldu da. Isabatik urrunegi.

Laugarren pausoa

Bihurtu gara herrirantz. Ekin diogu maldabeherari. Goreneko aldapa xokoetan, nabari dira oraindik, gaur belardi bilakaturik,* urte gutti barruko larrainak.* Ba goaz beheraka. Gaua dugu gainean. Jaitsi* gara Belabartzeko errekara. Hemen dena da baso, dena harri, dena sasi, dena ilun, dena isil. Berandu da. Nekaturik gaude. Adinean* aurrera doazen gizonentzat, katedra gailenetan, aulki bigunetan esertzeko jaun irakasle direnentzat hauk* ez dira lekuak, ez orduak, ez ibilerak. Hori bai: herri xehearen, nekazari eta artzainen bideak hauk dira!

Herriratzeko, kilometro bi falta zaiku. Biderik laburrena Parategarriko urbidea dugu. Urbidean, oin bat eta erdi zabal den ertzaren* gainean, gaueko bederatziak eta erdietan, ximist argitan eta euripean gizatalde bat doa Isabara. Artzainak? Nekazariak? Kontrabandistak? Gerrileroak? Lapurrak? Edonor izan gintezkeen. Sekula ez naiz hain egoera xelebrean aurkitu. Luze eta hertsia* zen urbidearen ertza. Bat batean, bildur nintzena gertatu zen: Coromines jauna eskuinetara erori* zen, kanaleko uretara. Zorionez izua haundiagoa izan zen mina baino. Besteak, ordea,* ba zuen minik: Koldo ezkerretara amildu* zitzaikun. Ezkerreko harkaitzarte zulora. Gauaren errai ilunetatik, ai ene! triste bat entzun genuen. Hura ezin ikus. Hain zegoen ilun, hain beltz. Une larria guztiontzat. Jaitsi ginen, begiratu genion, jaso genuen. Bizi zen.

Euri eta izerdi hotzez bustia, jartzen dugu etzanik bidearen gainean. Gidaria eta biok ba goaz herrira. Linterna bi eta angaila* eskutan, han gatoz ostera,* hiru mutil bulartsurekin. Hauetatik bat fisikaria, gu baino lehenago etxeratua. Koldok, egonaren egonez, hotzikara du gorputzaren muinean. «Whisky! Whiskyrik ekarri dautazue?» Koldok ba daki, nik ezagun dudala bere gutizia.* Pena dut. «Ez, Koldo. Ez zait bururatu ere!» Haren ordez, hartzen du zigarro bat ezpainetan, eta, lau gazteren eskutan, angailaren gainean doa gizona Isaban barrena, gau tamalgarri* eta itxuragabe hartan. Oraindik halako ibilaldi barregarririk! «Eskerrik asko guztioi. Ez kezka nitaz. Ondo nago».

Baina laster du ohearen alboan Isabako sendagilea. Gauza nabarmena da. Koldok orkatila* du hautsia.

Hemen bukatu zen Erronkariko ibarrari buruzko lana: ekinaldia eta ibilia.

Bostgarren pausoa

Hurrengo goizean, halabeharrak bortxaturik, etxerantz abiatu behar izan genuen, ezer askorik egin gabe, Euskal Herriko mugak dauden daudenean utzirik. Bidean honela galdetu nion Coromines jakintsuari: «Nola aurkitu duzu Erronkariko egungo* gizonaren mintzaera?» Eta hark erantzun: «Pobre, guztiz pobre!»

Oraindaino, futbolistek hautsi ohi zuten orkatila. Gaurtik, futbolistak bezala inor adoratu gabe, herri behartsuaren bide neketsu eta ilunetan orkatila puskatu duen eta puska dezakeen maisu guztiri, errespetuz, xapela eranzten diot. Neure xapel... beltza.

Seigarren pausoa

Maisua zango igeltsatuaz dabil. Ibili dabil.

IÑAKI USABIAGA

dauku, deusku, digu

dautazue, deustazue, didazue

diot, deutsat

diote, deutsoe

genion, geuntsan

gintezkeen, geintekezen

nion, neutsan

zaiku, jaku, zaigu

zait, jat

zitzaikun, jakun


Neure lantokitik

Goizeko zortzirak dira. Eguna sortu berria da, hazileko* goiz euritsu eta ilun honetan. Fabrikarako bidean, neure autoari argiak biztu dizkiot.

Nerbion ibaiari begira, fabrikak zerrendan daude, bata bestearen alboan. Langileak, gizonak eta andreak, multzoka sartzen dira, Ibarrolaren pinturetan ikusten diren bezala, gris, amorfo, triste, gaurko eguraldiarekin osorik ados.*

Burtzeña

Leihoratzen naiz neure langelan. Ordinadoreak lan egiten duen bitartean, oharkabean* leihoratzen naiz, baina berehala barruratzen naiz berriro. Ez dago zer ikusirik, kanpoko ikuskizun hori mila bider ikusia dut eta: aurrean, beste fabrika baten orma* luzeak. Behean, estrata* baketsu bat. Albo batean, bidearen eta ibaiaren zati txiki bat. Urrunago, Burtzeñarako bidean, beti bezala, auto eta kamioi erreskada* ikaragarria.

Gaurko egunkarian irakurria dut, milioi bat pezeta balio duela Burtzeñan egunero alferrik gastatzen den gasolinak.

Zazpi ikurrin

Orain gogoratzen naiz, nola Aiuntamentuak, Printzea etorri zenean, farol bakoitzean zazpi bandera ipini zituela, ni bizi naizen kalean.

Itxaropena

Hamabiak eta erdiak dira. Atea zabaltzen da eta Montserrat sartzen. Ez da luzea, ez tipiegia. Galanta da. Egunero bezala, «egun on» esanez agurtzen nau.

Begiratzen diot: zapata beltz altuak, minigona, ile luzea.

Ni nagoen bulegoko* tresna baten aurrean jartzen da, eta lanean hasi. Bitartean, berba egiten du.

Goizeko zazpiretan ateratzen da Barakaldotik, eta 8retan hasten da lanean fabrikan, behargin* bezala. Hamabietan, etxetik ekarritako bazkaria jaten du; eta hamabiak eta erdietan nire gelara dator, lehen aipatu dudan bulego tresnaren erabilketa ikastera. Gero, ordu bietan, berriro lanera, behera, fabrikara, seirak arte; eta zazpiretan heltzen da etxera. Beraz, goizeko zazpiretarik arratsaldeko zazpiretara, hamabi ordu fabrikari eskainiak.

Baina Montserratek itxaropena du, eta 16 urte. Horregatik etortzen da nire bulegora, gehiago ikastera. Ikasten duenean, beharbada, haren lan orduak guttitu eta erraztu egingo dira, fabrikako lana eta bulegokoa ez baitira berdinak.

Fabrikako bat ezagutu dut. Bere problemak kontatu dauzkit. Nortzuk dira beste 600 langileak? Zeintzuk haien problemak?

Alboan dudan neskatilak itxaropena du. Ba ote dute besteek esperantzarik?

Kobraketan

Eskaileretan gizon batek galdetzen daut:

— Non dago kobratzeko tokia?

— Hor goian.

Nekez igotzen da. 70 urte ematen ditu. Urez hondatuta dago.

Igotzen den bitartean, karpeta txiki batetik, errezibo bat atera nahian dabil.

Jubilatu bat da antza.* Izan ere. pentsioak txikiak dira, eta lagungarriren bat bilatu behar.

Ikastolan

Atzo esan zeutaten, nire semeen ikastolan lapitzak kutxa komun batean daudela, eta, lanerako, ikasleek edozein hartzen dutela.

Nire eskola denboran, bakoitzak genuen geurea, eta sakel haizto* batekin geure izen-abizenen lehen letrak ezartzen genizkion, gure propietatea nabarmen ager zedin (lurrei mugarriak ipintzen zaizkien legez*).

Beltzak

Bostehun bat arabiar (Marroko eta Algeriakoak batez ere) ei* dabiltza lanean Bizkaian. Gure fabrikan ere ba dira. Arabez mintzatzen dira.

Norbaiti entzun diot, euskara burgesen hizkuntza dela, eta gaztelania proletarioena. Baina, orain, ez dela horrela pentsatzen dut, zeren* beltz hoiek lan gogorrenak egiten baitituzte, eta, hala ere, arabez mintzatu. Dena dela, nire nagusi guztiak erdaldunak dira, baina proletario direnik ezin nezake esan.

Igandearen zain

Bihar igandea!

Zergatik gaude guztiok igandearen* zain?

Hauxe esan dautate hainbeste lagunek.

Zergatik igandearen zain? Monotoniatik irteteagatik?* Geure orduen jabe izateagatik?

Eta asteak pasatzen dira, eta hilabeteak, eta urteak. Gure buruko ileak zuritzen hasten dira, gure seme-alabak gorantz doaz. Esperantza batek bizi arazten gaitu. Beti gaude zerbaiten zain. Gabonetako loteria? Datorren hilabeteko jornal igoera?

Eta gure bizitza deseginez doa, kandela biztu bat urtzen den bezala.

Eta ez gara ezertaz konturatzen, kontsumoko gizarteak gure pentsatzeko ahalmena bera ere kontsumitu daukulako.

XABIER GEREÑO

dauku, deusku, digu

daut, deust, dit

dautate, deuste, didate

dauzkit, deustaz, dizkit

diot, deutsat

dizkiot, deutsadaz, diozkat

nezake, neike

zaizkie, jakez

zeutaten, eusten, zidaten


Euskal kultura eta irratia

Loiola eta Donostiako herri irratiak berri batekin datozkigu. Hazilaren* 15ean, saio berri batekin hasi dira. Saioaren izena: Euskal Kulturaren Bideetatik. Ordu erdikoa da, eta arratsaldeko zazpiretan hasten da. Saio berri hau, egunero, astelehenetik ostiralera* bitartean egiten da.

Entzuleek osorik egiten duten saioa da. Sariekin eta herri musikarekin osatzen da ordu erdia.

Honako lau parte hauk* ditu:

1. Sarrera gisa,* galdera bat egingo da, Euskal Herriaren kultura gai dela. Galdera honi erantzungo diotenak, ikastolako umeak izango dira, 6 urtetik 10 urtera bitarteko umeak. Baina beren senide eta andereñoen laguntza izan dezakete, erantzuteko.

2. Bigarren partean ere ikastolako umeek idatziko dute. Gai bat emango zaie, eta umeek idazlantxo bat egingo dute eta irratira bidali.

3. Hirugarren parteak bi zati ditu: Ikastolako umeek eta Lizeoko edo 11 urtetik 16 urtera bitarteko gazteek idatziko baitute. Idatzi behar dutena, ipuin, ateraldi edo zenbait* gertaera xelebre izango da. Horregatik, idazten dutenek beren adina* adierazi behar dute, 6tik 10era bitartekoa ala 11 tik 16ra bitartekoa den jakin dezagun.

4. Laugarren parteak ere bi zati ditu: 11 urtetik 16ra bitartekoek eta 16 urtetik gorakoek idatziko baitute. Gai bat emango da, eta idazten duenak bere adina adieraziko du, 11tik 16ra bitartekoa ala 16tik gorakoa den jakin dezagun.

Parte eta zatiei dagokienez, sei sari jarriko dira. Ahaleginak egiten ari gara, sari ederrak izan daitezen.

Idazlanen neurria: Folio bat alde batetik, makinaz idazten bada; eta bi aldetatik folio bat, eskuz idazten bada. Honekin esan nahi dugu, folio bat baino gehiago ez dagoela idazterik; guttiago bai noski.*

Euskaldun jator guztioi gure deia: Har ezazue parte saio honetan, denon onerako izango delakoan baikaude.

LOIOLA ETA DONOSTIAKO HERRI IRRATIAK


Herrigintza

Euskara "mantxatua" behar dogu

Milaka gazte hasiak dira, aurtengo ikastaro honetan ere, euskara ikasten Euskal Herri osoan zehar. Edonork du honen berri. Irakasle falta izugarria ikusten da nonnahi, nahiz eta denbora laburrean hauk* asko ugaritu diren.

Patxi Altunaren metodoa («Euskara Hire Laguna») barra barra saltzen da. Pozgarri da guzti hau. Euskararen ikaste bakarrak ere indar iraultzaile* bat ba duela uste dut, gaurko gure Herriaren egoera honetan. Galdu ondoren berriz ikastea hain zail den hizkuntzaren errekuperatze lanak frutu onak ekarriko dituela, dudarik ez dago.

Hala ere, argi eta garbi esan nahi nuke, nire eritziz, euskara irakastea ez dela aski.* Konkretuago: Euskara irakasten diharduenak, bere irakaskintzan euskara euskara den aldetik bakarrik ez duela hartu behar kontutan. Astakeria bat eta denbora galtze negargarri bat egiten ari* gara, euskalduntzearekin batera pertsonagintza egiten ere ahalegintzen ez bagara.

Ba dakit, zientzia bakoitzak bere autonomia esijitzen duela, bere teknikak ba dituela, espontaneismoan ez garela erori* behar, sail bakoitzean jende espezializatua behar dugula, eta abar, eta abar.

Horretaz ez dut dudarik egiten. Hori dela eta, oso ongi ikusten dut, exenpluz, Euskaltzaindiak emanikako karnet baten jabe izan beharra, zentro ofizialetan euskara irakatsi ahal izateko. Euskara sailean egungo* anarkiari mugaren bat ipini beharra nornahik ikus dezake.

Baina besterik da, euskara aseptiko, apolitiko eta forma hautsezko bat irakatsi nahi izatea. Mihingaina* jazteaz konforme dira batzuk.* Pertsona (ez gorputza) biluzik uzteak ez ditu kezkatzen. Euskararen konzepzio mekanizista eta magiko batek eraginik edo, euskarakeria batetan, hizkuntzaren absolutizazio merke batetan erortzen dira.

Mihingaina hizkuntza berri batez aberastea, mihingaina aberastea bakarrik ez dela ba dakit, batipat* hizkuntza hori norberarena denean. Hizkera, pertsonaren estrukturari berari dagokion zerbait da. Baina uste dut, gizon bat pertsona libre eta errespontsable izatera eramateko hizkuntza irakasteaz batera, beste zerbait ere egin behar dela. Euskara huts eta formalez, mentalitate zahar eta eskaseko euskaldunak mentalitate zahar eta eskasez jarraituko du, burges mentalitatea duenak burges mentalitatez, zapaltzaileak zapaltzaile.

Gabriel Arestik zera dio, «Kaniko eta Belxitina» liburuaren atariko bere ele* saminetan, 13. orrialdean: «Batere dudarik gabe, bai, zuzen zegoen, orduan (Urkixoren denboran) oraindik euskara mantxarik gabeko hizkuntza sakratua baitzen, ezergatik zikindu behar ez zena. Seguru asko gaur egunean ere, berdin gertatuko litzateke, eta liburu honen argitaratzearekin mundu guztia kontentatuko ez dela ustean gaude».

Arestik hor egoki salatzen duen euskara garbi eta sakratuaren mantxa eta zikina, sexo eta sensualitate mailakoa da. Gaur egun superatu samarra ikusten dut, gehienen artean behintzat, euskara sakratua lizunkeriaz mantxatzeko beldur hori.

Uste dut, orain beste mantxa batzuei zaiela beldur gehiago, gizarte klase baten aldetik behintzat. Kontradizioz eta zapalketaz beteriko Herri honetan, euskara sakratua mantxarik gabeko neutralitatearen erreinuan erein nahi da. Aingerukeria eta ihesbidea ez ote zaio deitzen horri?

Orain hain modan dagoen (hitzez behintzat) Paulo Freire pedagogoak Brasilen alfabetatze lanean erabili zituen printzipio pedagogikoak eta metodoak gure kasuan ere aplikatu behar direlakoan nago, ahal den neurrian eta taktikaz. «L'éducation: pratique de la liberté» liburuan, 108. orrialdean, honela dio:

«Egiaz, egun osoa lanpean iragan* eta gero, edo eta egun osoa lanik gabe pasatu eta gero, oso pazientzia haundia behar da, modu honetako fraseak eraman ahal izateko: 'Kepak burua ikusten du, burua, animaliaren burua', edo eta, inoiz saloirik ikusi ez duen eta inoiz xaboirik erabili ez duen jendeari saloiaz eta xaboiaz hitz egiten entzuteko. Guk buruan dugun alfabetatze lana ekintza kreatzaile bat da berez, beste ekintza kreatzaile batzuk erakartzeko kapaz izango dena. Gizona, gauza hil baten pasibotasunetik aterata, reibindikazioaren, asmaketaren eta bilaketaren karakteristikak diren ezinegonaz eta bizitasunez jantziko duen alfabetatze lana».

Paulo Freirek honela definitzen du gizonaren zentzu kritikoa: «Gauzak eta gertakariak beren konkretasunean eta beren erlazio logiko eta zirkunstantzialetan ikustea». Eta zentzu kritiko hori da alfabetatzeak lortu behar duena.

1964.ean Brasilen diktadura finkatu aurreko urteetan egin zuen Freirek alfabetatze lan hori. Zazpi urte iragan dira ordutik. Eta gu hemen gabiltza oraindik, inori minik emango ez dion eta ikaslearen burua aldatuko ez duen esaldi neutral (neutral?), «unibertsal» eta politez euskara irakasten.

Eta «euskara hutsa» irakatsi nahi ez dutenak, euskara mantxatua baizik, «ikonoklastak» omen dira, ZERUKO ARGIAn irakurri dugunez. Baina nor ikonoklastago, pertsona konkretuaren situazioa baztertuz, gizona hizkuntza bat depositatzeko almazen bihurtzen duena baino?

Nire eritziz, pertsonaz eta herriaz ikusmolde atomista bat dugulako gaude egoera honetan. Baina hau beste artikulu baterako gaia litzateke.

EUSEBIO OSA

dezake, daike

gaude, gagoz

zaie, jake

zaio, jako


Ikas zeure hizkuntza

I. Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartxo bategaz agertzen diren berbak

ADIN, edade.

ADOS, akort, konforme.

AGIAN, beharbada, nonbait, seguramente.

AHULDU, makaldu.

AHULEZIA, makaltasun.

AINITZ, asko.

AITZITIK, al contrario.

ALDERANTZIZ, al revés.

ALEGIA, a saber, esto es, es decir.

ALOR, arlo, sail, eremu.

AMILDU, precipitarse.

ANGAILA, parihuelas, civière.

ANTZA, nonbait, agian, aurki, urrean, beharbada.

ARAKATU, aztertu, ikertu.

ARAUERA, arabera, según, conforme.

ARAZO, problema, quehacer.

ARDIETSI, erdietsi, lortu.

ARDURA, axola, arta.

ARDURATU, axolatu, artatu.

ARE, oraindik.

ARI IZAN, aritu, jardun.

ARITU, ari izan, jardun.

ARLO, alor.

ARRUNT, ordinario, corriente; completamente.

ARTA, axola, ardura.

ASKI, nahiko.

AT, kanpo, landa, fuera.

ATUNZALE, barco atunero.

AURREZKI, ahorro, épargne.

AUZAPEZ, alkate.

AZKAR, sendo, indartsu.

BALDINTZA, condición.

BATIK BAT, batez ere, bereziki.

BATIPAT, batik bat, batez ere, bereziki.

BATZUK, zenbait. (Batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEHARGIN, langile.

BERARIZKO, especial, característico.

BERAZ, por consiguiente.

BEREZIKI, batez ere.

BERRIKI, berrikitan, oraintsu.

BESTE, haina, bezainbat.

BEZERO, cliente.

BIDE, nonbait, beharbada.

BILAKATU, bihurtu.

BILDU, batu.

BIZIEN, cáncer.

BORTITZ, sendo, indartsu.

BORTIZKI, sendoki.

BOZKA, elección.

BULEGO, oficina, bureau.

DAKIKEGU, dakigu nonbait.

DATEKE, da nonbait.

DATZA, yace, consiste. (Etzan aditzaren forma).

DOHAN, gratis.

EGITEZ GERO, egitekotan.

EGUN, gaur.

EGUTERA, sitio soleado, lieu ensoleillé.

EI, omen.

ELE, hitz, berba.

ELERTI, arte literario.

EMEKI, geldiro.

ENTSEIU, ensayo.

ERABAT, guztiz, completamente.

ERAKUNDE, institución, entidad.

ERIZPIDE, criterio.

ERORI, jausi.

ERRESKADA, fila.

ERRU, hobeñ.

ERTZ, hegi.

ESANGURA, esannahi.

ESKUALDE, comarca, región.

ESNATU, itzarri, itzartu.

ESTRATA, hesiz edo paretez inguraturiko bide.

ETSI, resignarse, perder la esperanza, cejar.

EURREZ, erruz, abundantemente. (Hobe litzateke, euskara batuan, erruz hitzaren ordez Bizkaiko eurrez erabiltzea).

EUTSI, asir, saisir.

EZKUTATU, ostendu, gorde, cacher.

EZPEL, boj, buis.

GABE, en vez, au lieu.

GALDATU, eskatu.

GISA, modu.

GORRI, banco de peces.

GOROLDIO, musgo, mousse.

GRINATU, kezkatu.

GURARI, desira, nahi.

GUTIZIA, gurari, desira.

HAGIN, tejo, if.

HAGINZORROTZ, atun klase bat, listado erdaraz.

HAINAKO, besteko, bezainbateko.

HAIZTO, cuchillo, couteau.

HALABER, igualmente, así mismo.

HARO, época, edad.

HARPIDEDUN, suscritor, abonné.

HASTAPEN, hasiera.

HATZAMAR, dedo, doigt.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HAUTATU, aukeratu, elegir.

HAZIL, noviembre.

HEDATU, zabaldu, extender.

HEGALUZE, bonito, germon.

HERTSI, hestu.

HETSI, hertsi, hitxi.

HEZIBIDE, educación.

HEZIKETA, educación.

HILDO, surco, sillon.

HIRI, huri, ciudad.

HIRIGINTZA, planificación urbana.

HITS, triste.

HOBETSI, considerar, mejor, preferir.

HOIK, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).

HOTS, es decir, esto es, a saber.

HUELGA, greba.

HURBIL, hur.

IGANDE, domeka.

IGOR, igorri, bidali (sujuntiboetan).

IHIZTARI, cazador, chasseur.

IHIZTATU, cazar, chasser.

INTSUSA, sauco, sureau.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAIL, septiembre.

IRAULTZAILE, revolucionario.

IRITXI, heldu.

IRRIKA, deseo ardiente.

IRTEN, urten, atera, ateratu, jalgi.

IRTENBIDE, urtenbide, jalgibide.

ITAUN, galde, galdera, pregunta.

ITXARON, igurikatu.

IZAI, abeto, sapin.

JAITSI, bajar, descender.

JASAN, sufrir, soportar, experimentar.

JAUSI, erori

JAZO, gertatu.

KALONJE, canónigo.

KAZETALARI, periodista.

KOAITA, cuita, ansiedad.

KOKATU, colocar, situar.

LAIHOTZ, sitio sombrío, lieu sombre.

LARRAIN, era, aire.

LEBAZALE, legatz zale, barco merlucero.

LEGEZ, lez, bezala.

LEHER ARAZI, hacer explotar.

LEHIAKETA, competición, concurso.

LEKUKO, testigu.

LORTU, ardietsi, erdietsi.

MALDAGORA, aldazgora.

MENDE, siglo.

MIHINGAIN, mihin, mihi.

NABARI, evidente, patente.

NABARITU, percibir, notar.

OHARKABEAN, konturatu gabe.

OHARTU, konturatu.

OIHARTZUN, eco.

OLERKI, poesía.

OMEN, ei.

ONAR, onartu (potentzialetan).

ORDEA, berriz, aldiz, en cambio.

ORKATILA, xongatila, tobillo, cheville du pied.

ORMA, paret.

ORO, guzti.

OSTERA, berriz, aldiz, ordea.

OSTIRALE, ostiral, bariku.

PERTSONAIA, personaje.

SAIATU, entseiatu, bermatu.

SALBUESPEN, excepción.

SANTANDERE, Santander. (Bermeon Sandere esaten da).

SARRI, maiz.

SASTRAKA, matorral, broussaille.

SEN, instinto, sentido. (Alemanaz Sinne).

SITS, polilla, teigne.

SO EGIN, behatu, begiratu.

SOIL, mero, simple.

SOILIK, solamente, meramente.

TAMALGARRI, lastimagarri.

TIPLE, soprano.

TOKITAN, lekutan.

TXIMINO, mono, singe.

UDALETXE, herriko etxe.

UHARTE, isla.

UKAN, izan (aktibo).

UKIGABE, ikutu gabe.

UNKIGARRI, conmovedor.

URRATS, pauso.

URRITZ, avellano, coudrier.

UZTA, mies, moisson.

UZTAIL, julio.

XAHUTU, gastatu, eralgi.

XARMANGARRI, zoragarri.

ZAHATO, zahagito, bota, petite outre.

ZELATAN, al acecho, à l'affût.

ZENBAIT, batzuk.

ZEREN, ze, pues.

ZUHAITZ, arbola.

ZUR, egur.


Ikas zeure hizkuntza

II. Lexiko batua

XABIER KINTANAK

Hitz hauk sustrai berekoak dira, baina ez dira guztiz berdin esaten toki guztietan. Ikas ezazu era batua.

EUSKARA BATUA

BERDIN

ELUR

BELAR

ILAR

ZILAR

ERA DIALEKTALAK

BARDIN

EDUR, ERUR

BEDAR, BERAR

IDAR, IRAR

ZIDAR, ZIRAR


"Kaniko eta Belxitina"

Argia ikusi berri du liburu berri batek. Liburu berria; mamia, zaharra. LUR editorialak irakurleei liburu on bat eskaini nahi zan die. Baina gauza bat da nahi izatea, eta beste bat, benetan lortzea.*

Nire eritziz, liburu on bat izan zitekeen Jakes Oihenarte-ren «Kaniko eta Belxitina». Ba dirudi, euskaldunok geure aintzinako literatura ezagutzeko gose garela. Jende gazteak batez ere, gure literatura ezagutzeko irrika* sentitzen du. Literatura hori urria eta zenbait kasutan oso mugatua izan arren, jendeak, herriak, geure geure dugun literatura hori zer eta zelakoa* zen jakin nahi du.

Bestalde, herritar gehienontzat aski* misterioso gertatzen da literatura horren zenbait* alderdi. Hauxe da Zuberoko pastoralekin gertatzen dena. Euskaldun gehienok ez dugu behar bezala ezagutzen sail hori. Gure ezagutza ezaren errua,* beharbada, euskaldun jakintsu batzuek izango dute. Hitzaurre egileak, esaterako, Urkixoren betebeharra ez du leku onean uzten. Guretzat ulergarri da zenbait alditako euskaldunen erizpidea,* batez ere morala eta literaturari buruz beren epaia eman behar izan zutenean. Beren garaiko seme baitziren. Baina ulergarri izateak ez du esan nahi, inola ere, erizpide zuzena zenik. Ez du esan nahi, justifika daitekeenik besterik gabe.

Gaur giroa aldatu bide* da, bestelakotu. Zenbait gaitara ohituago gaude. Horregatik, ez dut uste, jendea hainbeste eskandalizatuko denik, «Kaniko eta Belxitina»ren «berde kutsuaren» aurrean. Ez eta kalonje* teokratarik ere. Oraindik gehiago esango nuke: inor ez dela harrituko liburu horren gordinkeriaz. Zergatik? la inork ez duelako irakurriko. Beharbada, filologoren batek, gauza bitxitzat harturik, bere gozamenerako gai polita izango du. Baina herritar gehienek irakurri gabe utziko dute. Eta, irakurtzen badute ere, ez dute ezer askorik ulertuko.

Hitzaurreak dioenez, «pastoral honen argitarazioarekin LUR editorialeak beste zerbitzu bat errendatu nahi ukan* dio euskal Herri xehearen kultura propioari, ea nolabait kultura mezpretxatu horrek, euskal edo pseudo-euskal oligarkiak eta burjesiak hain zapaldu horrek, bere gauzatze eta bururatze osoari bide bat aurkitzen dion» (azentu guztiak Aresti jaunak jarriak dira; ez dakit, hori nondik aterea duen, baina).

Hemen ere, tokitan* gelditu zaiku editorialaren nahia! Herri xeheak lehen bezain zapaldu eta kulturgabe jarraituko du; «Kaniko eta Belxitina» liburuaren argitaratzeak ez baitio ezer ematen, «oligarkiak eta burjesiak hain zapaldua» den herri horri. Herriak bere nortasuna aurrera eraman eta atera nahi du; baina gutti lagun diezakeo, ulertzen ez duen liburu batek.

Zen izan da, beraz, liburuaren argitaratzearen helburua? Ez zuten, nonbait, sinbolo soil bat eskaintzea nahi izango. Ondo daude sinboloak; baina sinbolo hutsekin ez goaz inora. Gainera, merezi ote du, liburuaren erosleak (LUR-en harpidedunak,* kasu honetan) gastatu duena gastatzea, sinbolo batek besterik gabe argia ikus dezan, horrela Aresti jaunaren edo beste edonoren kontzentziari pisu astun bat gainetik kenduz? Nik neuk ez diot beste ezer ikusten liburu horri, Herri xeheak —eta hain xehea ez den Herriak— jasaten* duen opresioak berdin jarraituko baitu. Baina hor geldituko da liburutegiko bazter batetan, gero eta hauts gehiago duela gainean. Hor egongo da lotan Herri zapalduaren errebeldiaren sinboloa.

Baina irakurle xeheak, bere eguneko hogeitalau orduetan tartetxo bat nekez aurkitzen duenak, gure literaturaren sail berezi eta interesgarri bat zertxobait ezagutzeko asmoz, aipatzen ari garen liburu horretara joko balu, ez luke asko aterako. Burua nekatu, bai. Ulertu, gutti. Eta Zuberoko pastorala ezagutu, are* guttiago. Irakurleari besterik gabe ematen bazaio textua, irents dezan, irentsi ezezik, ito ere egingo da. Adibidez, begira honako textu honi:

Jaouna, ezkutuzu

jiten espiunatzera,

bena bai zerbait karitate

badukegunez jakitera. (34)

Beharbada, estrofarik errazenetakoa aukeratu dut. Irakurleari ez baldin bazaio zenbait hitz eta aditz formen esannahia adierazten, alferrik da irakurketan hastea.

Beraz, zer esan liburu honen argitaratzearen aurrean? Hau bakarrik: Gauza, egin den bezala egitez* gero, hobe ez egitea. Ezer ez ateratzez gero, garestiegia da liburu horretan xahutzen* den dirua eta astia. Sarrera gisa,* pastoral jeneroari buruzko dato batzuk eman izan balira, eta textua ohartxo batzuen bidez argitu izan balitz, orduan oso liburu interesgarria litzateke. Nik ez dut esaten, Jon Etxaidek bere «Etxahunen bertsoak gipuzkeraz» deritzan liburua prestatzen hartu zuen lan ikaragarri eta baliotsua inork egin dezan. Hobe, egingo balitz. Baina gauza bera gertatu zen Aresti jaunak berak «prestatu» zeukun «Euskal protestantismoa zer zen» liburuarekin. Dirudienez, liburuaren prestatzaileak ez du nahi izan lan serio bat egiterik. Eta, bere ideia pertsonalak hitzaurrean bota ondoren, horrekin konformatu da.

Liburu horren zain zegoenak guttien nahi zuena, seguru asko, sermoe bat zen. Baina hitzaurre horrek sermoe kutsua ere ba du, Euskal Herriko kalonje* teokrata guztiak aipatzen dituelarik. Irakurleak ez du sermoerik nahi, eta, beharbada, zenbait eratako sermoerik oraindik guttiago.

Lehen ere aski* ditugu entzunak. Liburu bategatik herriak dirua ordaintzen duenean, zerbait aurkitu nahi izaten du, eta zerbait hori guttitan izaten da sermoea. Gainera, elizetan ematen direnak dohan* ematen zaizkio entzuleari.

Hitz guttitan esanda, «Kaniko eta Belxitina» liburuak, LUR editorialak atera duen bezala, ezer guttirako balio du, gehienentzat behintzat.

HORMAETXE

dezan, daian

die, deutse

diezakeo, deiskio, dezaioke

dio, deutso

gaude, gagoz

zaiku, jaku, zaigu

zaio, jako

zaizkio, jakoz

zeukun, euskun, zigun