ANAITASUNA

219. zenb.

1971.eko Irailaren 30ekoa

Jardin Txikerra, 1. BILBAO-12

Tel. 43 18 37


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari: Anjel Zelaieta.

Zuzentzaile: Imanol Berriatua.

Idazkola eta banakolaren buru: Josu Torre.

Bulegoak: Jardin Txikerra 1, Bilbao-12.

Inprimatzaile: AMADO, Mazarredo 35, Bilbao-9.

Irarle: RALI, Particular de Costa 12-14, Bilbao-10.

XX. urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Filatelia (2)

Bilduma bat osotzeko

Aurreko lanean esaten genuen zein den kolekzio edo bilduma on bat egiteko erarik egokiena:

1. «Novedades» edo «nouveautés»etara harpidetu, hau da, seilo berri guztiak filateli denda edo elkarteren baten bidez erosi.

2. Seilo zaharrak trukearen bidez lortu, edo erosi.

Filatelizale on batentzat, trukea da bere bilduma osatzeko biderik egokiena. Ahal dela, trukea kanpokoekin egitea komeni da. Baina, horretarako, hizkuntzak jakin behar dira.

Adibidez, Europako filatelizaleekin kartaz harremanak izateko, gaztelaniak ez du balio, eta frantsesak ez asko gehiago. Alemanez idatzi beharko duzu, ez Alemaniara bertara bakarrik, baizik eta Eskandinavia osora, Holanda, Austria, Txekoslovakia, Hungria, Jugoslavia, Rumania, Polonia eta Bulgariara. Horrela izan ezik, inglesez ere egin zenezake, eta zerbait lortuko duzu. Hala hola ulertuko dautzue, batez ere Eskandinavian, eta zerbait frantsesez Holandan. Txekoslovakian nahikoak dira gaztelaniaz ere dakitenak; eta, suerte onarekin, euskaraz dakien norbait ere aurki zenezake (nik behin hiru karta euskaraz jaso nituen txeko filatelizaleengandik).

Beste puntu bat, katalogoena da. Dakizuenez, trukerako, katalogo baten balorazioak hartu behar dira oinarri bezala. Hemen «Yvert» erabiltzen dugu; baina, aipatu ditugun Europako lurraldeetan, ezezaguna da. Adibidez, Munich-en ez da dendetan saltzen, eta biblioteketan ere ez da aurkitzen. Denek «Michel» erabiltzen dute, eta banaka batzuek «Philex» (Austrian) edo «Zumstein» (Suizan). Kasu hauetan hauxe da onena: utzi alde batekoari kontuak egitea, eta besteak onartu hark egiten duena.

Eta amaitzeko, hona hemen euskal filatelizaleekin truk egin nahi dutenen zuzenbide batzuk. Erraztasuna emateagatik, hizkuntza bat baino gehiago dakitenak aukeratu ditut:

1. Oscar Senvicky

Klostermannova 3

CHOMUTOV (Checoslovaquia)

2. Kaj Hellman

Tky 11 k 137

02150 OTANIEMEI (Finlandia)

3. Felix Müller

prakt. Arzt

8491 MILFACH 98/Ndb (Alemania Federal)

4. Richard Hauser

Rohrbacher Strasse 17

A-2620 NEUNKIRCHEN (Austria)

5. Peter Mouritzen

Vestkaers Alle 28

Dk-2650 HVIDOVRE (Dinamarca)

6. Ludovic Pap

B. Delavrancea 12/2

BAIA MARE (Rumania)

7. Henryk Giemula

ul. Okrzei 12

TARNOWSKIE Gory (Polonia)

Hauek guztiekin tratuak ditut, eta jende ona da. Idatz diezakeezue beldurrik gabe.

XABIER GEREÑO


Herriz-herri

Bilbo

Luis Torre hil da

Beste emigrante askoren antzera, Luis Torre gaztetan irten* zen. Logroñotik Bizkaira, lan bila; eta Altos Hornos lantegian behargin* bezala jardun zuen, jubilatu arte.

Euskal folkloreak ikutu zuen bihotzean, eta txistua ikasi zuen. Gero, bere bizitzan zehar, ehun bat txistulari berri sortarazi zituen Bizkaiko herri industrializatuetan, eta dantza talde bat Lutxanan; txisturako doinu berriak idatzi zituen eta hainbat jaitan jo.

Gaueko zortzirak dira. Iluna da. Hiri* handi baten itxura duen Barakaldoko kaleetan zehar noa San Bizente plazara. Han, lau mila pertsona daude zeredozeren zain. Asko, galegoak dira; beste batzuk andaluziarrak edo nork daki nondik etorriak. Beste asko, euskaldunak.

Ba dator karroza, eta txistulari talde handi batek hileta doinua jotzen du. Atauta* elizan sartzen dute, eta hiru koloretako koroez estaltzen. Neska-mutil bi, euskal dantzari jantziekin, kutxa ondoan jartzen dira.

Luis Torrek, heriotzeko orduan, txistua eskatu zuen, azken doinua jotzeko. Haren alaba Amaiak eraman zion, eta «Gernikako Arbola» jo zuen.

Honelako gizon bati azken agurra emateko, 4.000 lagun elkartu ginen, eta haren gorpuaren aurrean geure txapelak kendu genituen.

«Comisión Presbiterial» delakoa

Orain dela bospasei hilabete, Bizkaiko «Comisión Presbiterial» delakoari eskatu nion kartaz, Bizkaia Burgoseko artzobispadutik irten* eta Iruinekoari lotzeko.

Jarraian erantzun zeutaten, kartaz haiek ere, nire eskaria aztertuko zutela.

Hainbat hilabete iragan* da, eta dena dago berdin.

Komentarioak alferrik daude. Nik galde soil* hau egiten dut: Zergatik Elizak ez du onartu nahi Euskal Herriaren batasuna eta nortasuna? Noizko Euskal Konferentzia Episkopala, Kataluniak eta Galiziak duten bezala.

XABIER GEREÑO

Galdakano

Jaien programa

Ohitura dan legez,* aurten ere, 106 orrialdeko liburuxka bat prestatu dabe Udaletxekoek,* jaien programarekin batera, herriko denda, bankuetxe, taberna, kafetegi... eta horrelakoen izen eta propaganda dakarrena. Jaien programa, alkatearen* agurra eta etxe guztien propaganda txartelak erdaraz datoz.

Kaleen izenak

Galdakanoko herria asko hasi eta handitu dalarik, zenbait* kale berriri, legezkoa dan bezala, izen propioak ipini deutsoez. Kale berri honeei, gehienetan, gizon ospetsu batzuen izenak ezarri deutseez, kasurako: Pintor Zuloaga, Obispo Gúrpide, Miguel de Cervantes, Ramón y Cajal, Pintor Velázquez... Euskaldunen artean, ostera,* eta gure uste apalez, etxe berriei nahiz kale berriei, tokiak agintzen dauan izena ipintzea izaten da legezkoena. Kasurako, erreka ondoan etxe berri bat egiten bada, «Errekalde», edo eta, kale bat bihurrean badago, «Kaleokerra», eta abar.

Galdakanon berton ere, aurtengo martxoaren 1ean, herri osoa distrito bitan banatzea erabaki zanean, batari «Behekoa» eta besteari «Goikoa» deitu jakon. «Beheko» distritoko kaleei edo auzuneei, berriz, honetaraxe deitu jaken, aurretiaz tokiak agintzen eban legez:* «Aperribai», «Agirre», «Bengoetxe», «Zuatzo», eta abar. Alkate jaunak bere agurrean dinoan bezala, Galdakanoko herria «un pueblo de arraigadas y sanas costumbres» dalarik, herriko ohitura guztiak jagon* beharrekoak dira, gure ustez.

Obra berriak

Aipatu* jaien programari jarraiturik, Galdakanoko herrian, Udalaren* zuzendaritza eta babespean, obra handiak egiten ari dira. Kasurako, Plazakoetxeko parkea eta Elexaldeko deporte tokiak: «mayores y grandes metas», alkateak bere agurrean dinoskun bezala.

Euskal Astea

ANAITASUNA hau irakurleen eskuetan daneko, Euskal Astea bukatu xamarra izango da. Beraz, hurrengoan emango dogu berri zehatzagorik.

BEKELARRE

Elgoibar

Zergatik eta zertarako?

Gure artean sortzen diren euskal aldizkari guztietara izena eman edo harpidedun egin beharra izaten dugu, eta beti helburu bakar batek zirikatuta, alegia,* euskarari laguntzeak.

Baina, euskarari laguntza eskaintze horretan, bereizketa bat egin beharra dugula uste dut. Ba da zenbait* aldizkaritan zozokeria ugari; baina oraintsu irakurriak atera erazi dauzkit lerro hauk.

Idazlantxo horren egileak isekatu* egiten ditu Euskaltzaindia, bera osatzen duten jaunak eta Euskaltzaindia errespetatzen duten guztiak.

Jaun horrek ez du guk hainbat ordu pasa, ikastolak zuzentzen; ez ditu bertako kezka, zalantza* eta nahigabeak ezagutzen. Ba du bere «euskaratxoa» eta gozaro bizi da; ez du ipuinak esateaz beste problemarik. Batasun aldera ez du pausorik eman, ez eta emango ere, eta eman duten guztiei etiketa jartzen die. Eskerrak Euskaltzaindian sotanadunak ere ditugun; bestela, ez dakigu zer etiketa mota asmatuko lukeen.

Horregatik diot, horrelako lan nazkagarri dakarren aldizkariari laguntzea, euskarari laguntzea ote? Bereizketa egin beharra dago, euskararen onagatik.

Hori bai, «gizon» bezala jokatu du, bere izena izkutatuz.

MARISABEL

Tolosa

Gaztetxoak mozkor

Hemen, beste zenbait* lekutan bezala, ba dira jaitoki edo «sala de fiestas» deritzenak. Jendea biltzeko asmoz, bakoitzak ahal duena egiten du; eta ahalegin hoietako bat dateke,* sarrera ordainduz gero, barruan nahi haina* ardo edo cuba-libre ematea.

Ez da hori guztia. Legearen kontra, batzuetan gaztetxoei sartzen uzten diete; eta 15-16 urtetako neska-muttikoak mozkor mozkor eginda irteten ikusiak izan dira.

Aldizkari askotan ikusten dugu drogaren kontrako zenbait izkribu. Euskal Herrian ez ote da alkoholismoa garrantzi haundiagoko problema?

COU kursoa

Makina bat gorabehera izan eta gero, emanen da azkenean COU kursoa Tolosan. Eta ez omen* da uste zen haina* ordaindu beharko.

Hau dena, eskolapioen lan jatorragatik izan da. Hemendikan ematen dizkiegu, ikasleen partez, eskerrik beroenak.

Trafikoa

Trafiko kontuan beti ibiltzen gara gaizki, lehengo kamino zaharrak hestuak gelditu baitira; baina, turismoak ekarri duen boladarekin, ezin etsia etorri zaiku. Turismo hori ekartzea gauza ona da, dudarik gabe; baina bideak preparatu ondoren. Bertokook ere bizi egin beharko dugu, noski!*

IRAETA

Durangoaldea

Izurtzako jaiak

Lau edo bost urtetan gogoaz kontrako deskantsua euki ondoren, berriz ere Izurtzako gazteek euren gain hartu dabe jaiak antolatzeko ardura.*

Jaien programa beste herrietan bezala: dantzari, berbena, meza, pelota joko, eta abar. Baina gauza berri bat entzun dabe aurten Izurtzarrok. Herriko gazteen «konbertsioaren» alde otoitz egiteko esan deutsee sermoi batean. Horrelakorik!

Dana dala, ez da harritzekoa, Durango inguruek lehendik ere ba dauke hereje oinarri bat eta. Lehen bezala, su eta garra herejeakaz!

Feria Nagusiak

Aurtengo «Feria Nagusiak» zaratatsuak izan ditugu. Oilategiko airean lumak eta dana ikusi ziren; oilar buru batzuk ere agertu ziren. Azeria errudun?

Baina goazen harira.

Gazteen egunean, «Ponpoxos» banda umoretsua, lau pieza enparantzan jo ondoren, gau guztirako isildu zan, esanez, «gazteen jokabidearen aurka ezin leiteke ezer ere egin». Bai ba, gazteak kalerik kale ebiltzan, eguneko programari lepoa emanda.

Feria Nagusi honetan maiz* erabilitako berba batzuk:

BOIKOT:

- «Ez dok Amairu» taldekoei, ateo edo antzeko usaina daroe eta.

- Euskarazko antzerkiari, antolatzaileak eurak ere eliz zaleak ez ei* direlako.

- Jaiegun batzuei, errubako gazte batzuk atzemanak eta... izan zirelako.

DEBEKATU:

- Xabier Leteri kantatzea, esplikaziorik gabe.

- Astelehen eta astearte gauean txistua jotzea, nahiz eta orkestina jarraitu.

BANBELU ETA UMORE:

- Gazteen jokabideari buruz jendearen ikusmolde desberdinak.

Umeen Eguna

Irailaren* 12an ospatu zan Umeen Eguna. Eskualdeko* 400 bat ume bildu ziren.

Goizean goizetik eguna euritsu agertu zan, eta halaxe jarraitu eban, egun guztia alferrik galduz. Organizazio aldetik ere nahiko huts egon zan.

Esperientzia ederra aurtengoa, jendearen balioa neurtzeko. Bertan neurtu dira langileak, hitz husdunak, alferrak, euskaldunak, zaratatsuak, euskal arerioak, eta abar.

Noiz behinka holako zerbait ondo etortzen da.

Sarobe auspo jotzailea

Hainbat bider hemen aipatutako L. M. Sarobe auspo jotzaileak Jugoslaviara joan nahi dau txapelketa batera. Langile izanik, diru laguntza eskaxa! Eta pentsa, gaur berton Ezkurdiko frontoian harek behar dituan 50 mila Pezeta baino askozaz gehiago, batek baino gehiagok botako dituala!

«Geroa» antzerki taldea

«Geroa» antzerki taldekoek Bertol Bretch-en «La excepción y la regla» antzeztu dabe Durangon eta Ermuan. Antzerki hau zortzi hilabetean ibili dira prestatzen, eta agertzeko orduan beti egon izan da eragozpenen bat: jendea joan, gaixotu, eta abar. Antzeztu dabe azkenean. Zorionak, eta jarrai!

Beste berri batzuk

Durangoko «Tabira Mendi» elkarteak urriaren 3a aukeratu dau, Dimako Bargondia auzunean dagozen Baltzolako kobetara ostera bat egiteko.

Garai eta Izurtzarako, alkate berriak izan dira izendatuak.

Hau irakurtzen dozuenerako, ospatuak izanen dira lorretako San Migelak, hilabete honen 29an baitira; baina urriaren 3an dozue errepetizioa.

Urriaren lehenengo igandean*. Elorrioko «errenbonbilloak» ikusteko aukera izango dozue. Eta 10etik 17ra, Durangon San Fausto jaiak ospatuko dira.

JOAN

Busturia

Aldizkari honen 218. zenbakian, «Herriz Herri» orrialdean, Busturiko jaiak aipatu genduzan, bereziki Altamira auzunekoak.

Orain arte, geure gorabeherakaz, polito batean antolatu ditugu auzoko jaiak. Baina horra hor, Altamirako jaia, ia guztiz gertuta geunkan jaia, ez genduan ospatu. Zer dala eta? Baimenak, udaletxekoak*... izango ote ziren? Ez. Egia esan, horretan ez dogu akatsik izan.

Gain gainetik ikusita, hona hemen arrazoiak: Herri meza bat egin nahi izan genduan txistulariakaz eta guzti. Jo batera eta bestera, eta azkenean apaizek ez euskuen eman baietza. Jakina, horrek ez dauka jaietarako inportantzia haundirik; baina beharbada argi eta garbi adierazten deusku, Busturin oraindino molde zaharreko eta Trento denborako Elizak oso osorik menperatzen gaituala. Noiz arte? Dana dala, utzi daigun alde batera betiko soinu hau, eta esan daigun beste arrazpia.

Auzoan partikular batzuk gazteen kontra jarri ziren. Orduan, jaia ospatzekotan, gazteok txarto ibiliko ginen jaia ordaintzeko, ze* partikular horreek ezereztu egingo euskuen gure dirubidea (tabernan), eta eurak aberastuko ziren inoren lepotik. Hori dala eta, gure aldetik behintzat, jairik ez antolatzea erabaki genduan, eta holan auzoa eta herria konturatu egingo ziren, zelako arazoetan genbiltzan batzuekin.

Guk ez ditugu jaiak antolatu nahi, batzuk gure lepotik eta herriarenetik aberastu daitezen. Geure jaiak eta jokaerak herriaren nortasuna zuzentzeko eta osotzeko gura* ditugu, folklorekeria alienatzailea gaindituz. Hala eta guztiz ere, Busturiko gazte batzuek behintzat kultur lanean eta herriaren alde jokatzen jarraituko dogu; eta, neguan batez ere, sail horretan zeredozer eratu gura dogu, jendeak neguan kultur arloa lantzeko denbora gehiago euki ohi dau eta.

BUSTURIKO KULTUR TALDEA

Munitibar

Apainketak

Lehen inoiz, hemen ANAITASUNAn, aipatu ditugun herriko apainketak, amaitu dira. Markinaldeko herririk apainena eta txukunena geldituko jaku Munitibar. Paregabeko plaza eta jardin politak eliza inguru guztian. Hori dala eta, agintariak eta herria bera harro eta pozarren dagoz. Zorionak, bada, agintariei holako gauza ederragatik.

Ganbeko bidea

Gailaraiganetik Munitibarrerako bidea barriztatu behar dabe. Horretara, Bilbora joan-etorriak asko irabaziko dabe, eta jendea erosoago* ibiliko da.

Totorika, Gerrika eta Aldaka

Aurten kalean gastatu dan beste* diru, datorren urtean auzoetarako bideak konpontzen erabili behar litzatekela dinoe askok eta askok.

Totorika, Gerrika eta Aldakarako bideek galipot kapa baten beharra dauke, neguan alferrik hondatuak izatea nahi ez badogu.

Horko auzoetan bizi direnek, besteek bezala kontribuzioak pagatzen dituenez gero, arrazoi guztiz eskatzen dabe zor jaken laguntasuna. Ez da gustura entzuten halako herri txikietan, gutxiagora doazela. Baserrietarako bideak egiteko eta konpontzeko dirurik ematen ez badabe, luzaroan entzun beharko ditue holako eritziak.

Dolumina

Herrian hain entzutetsu izan dan «Txato» Goikoetxebarrikoaren heriotzearen berriak tristetu egin gaitu. Gizon jator bat joan jaku. Familiaren doluminetan parte hartzen dogu.

ERRAMUN GERRIKAGOITIA

Larrabetzua

Santi Maminako kobak eta euskara

Hamasei gaztetxorekin heldu ginen koba honetara. Erakustaileak, ea euskaraz ala erdaraz hitz egingo eban galdetu euskun. «Erdaraz» erantzun eban mordo txiki batek. Erakustaileak erdaraz egin eban. Irteeran, gaztetxo mordo honek zera esan euskun: «Erdaraz» esan dogu, gutariko hiru lagun erdaldunak direlako».

Problema hau sinplifikatuko bagendu, betiko topikoak irtengo* lirateke: Euskal Herrian gagozela, gure hizkuntza euskara dala, eta abar. Hemen aukerabide doble bat dago: Alde batetik, minoriek eskubideak daukez; beste aldetik, euskararen egoera tamalgarri honetan ez dago tokirik euskaldunontzat.

Halan eta guztiz ere, eskerrak eman gura deutsaguz erakustaileari, euskara eta erdara maila berean ipini euskuzalako.

Ikastola

Ostera* ere, Larrabetzuko ikastola berbiztu egingo da. Lehengo ikastola hitxi zanetik hona, hiru urte iragan* dira. Gurasoek berriz zabaltzeko asmoa dauke. Urte bitik lau urterarteko 30 haur inguru joango dira.

Ohartxo bat

ANAITASUNAn agertzen dan euskarari buruz, zerbait esan gura geunke. Gai honetan geure makaltasuna oso osoan aitortzen dogu. «A» organiko batzuk txarto ipinita ikusten ditugu, bai eta euskarazko kostruzio batzuk ere. ANAITASUNAren zuzentzailearen eskupetik zelan pasa leitekez huts honeek?

Kili-Kili

Larrabetzuko haurretatik gehienak Kili-Kili barruan dagoz. 120 dira. Honeetatik ia erdiak erdaldunak. Danok dakigu, erdaldunen integratzea oso zaila dala. Hauxe berau ikusi genduan Kili-Kiliko eskursioan, eta jotak erdaldun eta euskaldunei batera erakustean ere bai. Integratze honen kontrako arrazoi sozial edo sikikoak zeintzuk ote dira?

KO eta KA

Arratia

Arratiarrak oso pozik gagoz, euki ditugun jaiakaz; baina herri danetan ez da berdin izan.

Zeanurin, Igorren eta Areatzan* oso ederto egon dira jaiak, eta euskal kutsu haundi bat euki dabe, batez ere Zeanurin eta Areatzan. Honetan aurrerantza goaz. Baina Arteagan jazo da jazotzekoa: bertako txistulariak, mutiko gaztetxoak danak, herriko jai egun batean txistua jotzen irten* egin ziren herrian zehar, eta, halako batean, kontzejal batek txistuak kendu eutsezan eta solo* batera jaurtiki. Hau jazo zanean, mutiko batek bere txistua emateko esan eutsan, baina kontzejalak jo egin eban, gainera, horregatik. Zer da hau? Non bizi gara? Zibilizatuta gagoz ala ez?

Arratiarrek itxaroten izan doguna, euskal kantaldi bat izan da. Herri guztietan gura* izan dabe antolatu, eta ez dabe utzi batetan ere. Zergatik? Hemen daukaguz Patxo eta «Arratiako Oihartzunak», eta ezelan ere ezin ditugu entzun geure herrietan, uzten ez dabelako. Zer jazotzen da Arratian, holako jai bat ezin antolatzeko? Patxo ikusi dogu inoiz Arratian kantatzen, baina «Arratiako Oihartzunak» sekula ere ez. Noiz etorriko da eguna, honeei ere entzuteko?

XIRI

Mungia

Ikastola

Hasi da laugarren ikastaroa. Lehenengoa 1968.eko urtarrilean* hasi zan, 60 ume eta andereño bategaz, behar ziren baimenak lortu barik.* Aurten, 150 ume eta lau andereñorekin eman jako hasiera, San Pedro kolejioko toki batzuk harturik eta baimen guztiak lortuta. Ikastola honen akatsik nabariena:* bakarrik jardutea, beste ikastolekin harremanik euki barik. Batez ere andereñoentzat ondo legoke elkarte berezi batetan sartzea, metodologia eta abar gaurkotzeko.

«Elkartasuna» taldea

Inoiz eman izan da ANAITASUNAn talde honen berri. Epea bete ondoren, zuzendaritza berri bat izendatu da. Talde honek gazteen artean ohi dan dinamismoa agertu dau sortu zanez geroztik: disko klub dalakoa, hitzaldiak, jai antolaketak, larunbat* arratsaldeetan gazteentzako dantza, eta abar. Aldizkaritxo bat ere atera dabe bazkideentzat, erdaraz eta euskaraz, herriko arazoak eta euskal kultur gaiak dakazana. Azken zenbakian, herrian 60 bat pertsonari egindako inkesta* baten berri dakar, batez ere Mungiko gazteen problemak, joera eta etorkizuna azterturik. Zuzendaritza berriaren lanik behinena,* gaurkoz, biblioteka bat osotzea da.

Jaiak

Amaitu dira Mungiko eta Mungi inguruko jaiak. Azterketa txiki bat eginez, honetaraxe egin geinke kritika.

Alderdi onak: Auzuneetan eta albo herrietan gazteen batasuna. Jaiak eurek antolatuak izan dira; bai eta huriburuan ere batzuk. Bizpahiru programa euskaraz (% 10 inguru). Euskal kantari saio batzuk izan dira, euskal kutsurik gehien euki dabenak.

Alderdi txarra: Gazteen batasun hori urtean behin baino ez da ikusten. Huriburuko jaietan, gazteek ez dabe «Sukaldi eguna» baino besterik egin. Euskaraz egindako programek, bai hitzen aldetik eta bai ortografiaren aldetik, anarkia eta ezjakintasunaz besterik ez dabe azaldu. Ez ote dago nork eginik? Besterik ez bada, hor dagoz lehengo urtean alfabetatuak. Kantari saioak direla eta, programatze on bat eskatu neuke, beti kantari berak ikusten ibili barik. Azkenez, Udaletxeak* ez dau ezetan pitin bat ere lagundu.

Alfabetatzea

Aurtengo ikastaroa, urriaren larunbat* 9an, arratsaldeko zortzirak eta erdietan hasiko da. Euskaraz idazten eta irakurtzen ikasi gura* dabenak, etorri daitezela «Eusko Amets» taldearen tokira, Santa Maria elizaren ondoan.

JOSU

Ordizia

Herriko jaiak

Santa Ana jaiak zirela eta, jaialdi batzuk izan genituen herrian. Jaialdi hauk beharrezkoak ote dira? Ohitura hutsa ote dira? Ohitura zahar hauk agertzea mesedegarri ote da?

Gauza batzuk ondo daude. Herritar batzuk geureganatzen ditugu.

Beste gauza batzuen artean, jarraiko hauk izan genituen:

Euskal Herriko zazpi probintzietako argazki lehiaketa,* tanborrada, txistulariak, pelota partiduak, haurrentzako karrozak, «Laguntasuna» taldekoen kanta saioa.

Txirrindularien lehiaketa. 30.000 pezeta lehenarentzat. Hauxe da dirua herritik kanpora bidaltzeko «kontua».

«Santa Ana» antzinako esku dantza. Hau ohitura zahar bat da nonbait, ostentazio bat beharbada. Ez dauka herri jatortasunik. Urte barruan ezkondutako ordiziatarrek, kalez kale, dantzan egiten dute, eskuz esku heldurik. Ez zaio ordiziatarren aldetik behar bezalako erantzunik eman, eta beharrik ere ez, nire ustez.

«Oldarra» Biarritzeko dantza taldearen jardunketa. Ikusleek emandako dirua ikastolarentzat izan zen.

Jakintza Astea

«Ez dok Amairu» taldekoen «Baga, Biga, Higa» sentikaria. «Ez dok Amairu» taldekoek diru mordo bat behar dutela... ondo zabaldua izango dela uste dugu!

Bertsolari gazteen txapelketa eta karrozak.

Gaujaiak, «Enbor» eta «Egan» taldeekin.

Alfonso Sastre teatrogilearen «Denok isildu egiten gara» antzerkia, Asteasuko «Kukute» taldeak jokaturik.

Hitzaldiak: «Euskal ekonomia», Muniategi jaunak; «Emigranteen arazoa», Olazabal jaunak; «Euskara batua».

Euskal jaia eta euskal liburu eta diskoen azoka.

Azken eritzia

Zenbait gauza esan genezake, baina Ordizian sortzen hasi diren asmoak pare gabekorik direla uste dugu.

Herrikoi gehienak, kezkatuak daude. Elkarte eta taldeek gogor ekiten diote lanari. Ordizia euskalduntzea ez da gauza erraza, oztopo asko dugu eta. Gaur hauxe bakarrik esango dut: Ez dugu teoria askorik behar; ekintzaileak behar ditugu, alde batekoak eta bestekoak; burruka eskatzen dugu herriko arazo honetan, burruka danontzako eta maila guztietan.

Orduan bizkortuko gara, burruka gogor eta jator batean ibiltzen bagara. Guk ez dugu ihes egingo ez eta ekintzarik ukatuko. Burruka onartzen dugu. Euskaldun sortu ginen, euskaldun heziketa eman zeukuten ttipitatik, eta euskalduntasun hori aurrera eramateko prest gaude.

Hemen agertzen diren jaialdiak eta kultur ekintzak, ez dira egiten egite hutsagatik, burruka bide bat delako baizik.

Ordizian 10.000 bizilagun gara, eta beste egunen batetan agertuko dugu gehiago. Agur.

I. OTEGI

Zestona

Urriaren bostean, Zestonako gazteen batzokian, alfabetatze saioei hasiera emango diegu. Euskaraz irak eta idazten ikasi nahi dutenak, ager daitezela arratsaldeko 8,30etan.


Kristogan sinestea

ANAITASUNAren zuzendari jaunak galdetegi bat bidaldu zeutan, bizpahiru hilabete direla, benetan garrantziduna eta interesgarria.

Galdera guziek giharrean jotzen zuten, zuzen zuzen. Eskoletan erlijioa erakatsi behar da? Euskal apaizen jokabideari zer deritzazu? Apaizek burgesia eta sinesmena ez ote dute batean* defenditu nahi? Kristau demokraziari buruz zer uste duzu? Baldin, egunen batez, Aita Santu hautatua bazina, zer egingo zenuke, teorian behintzat? Eta abar.

Hamazazpi galdera ziren. Eta zer galderak? Erantzunak emanez gero, bakoitzeko liburu oso bat beharko litzateke. Esate baterako, honako hau zen lehenengoa: «Zer esan nahi du zuretzat 'Kristogan sinesten dut' esaerak»?

Aldizkari honen artikulu bakoitzak batez beste mila hitz baditu, hirurogei hitzetan eman behar zitzaion erantzuna galdera bakoitzari. Baina nola egin, Kristogan fedea hirurogei hitzetan erakusteko, neure pentsaera bera trahitu gabe? Eta ia gauza bera zen beste erantzunetaz.

Zuzendariak proposatutako lehenengo gaiak nahiko garrantzia duela pentsatu dut, artikulu oso bat berari ezartzeko. Gainerako galderak bana banaka erantzungo ditugu gero, Jainkoak eta zuzendariak nahi badute.

Eta goazen orain harira. «Kristogan sinesten dut» esanbidea erabiltzen dudanean, zer esan nahi dut?

Agiri da, norbaitek horrelako hitzak esan dituelarik, sinesmen sailean jartzen dela, ez zientzi sailean. Sinesmodu asko dira munduan, erlijiokoak nahiz erlijiogabekoak, eta guziek —zenbait saihetsetatik behintzat— dinamika bera dute.

Sinestea biziaren azkeneko hitza da. Apostu antzekoa da, sinestean geure bizi osoa bahitzen* dugulako. Fede batek bereganatu egiten gaitu sinestean.

Baina bereganatze hori ez ote da desarrazoizkorik izango? Ez dut uste. Batere sinesterik gabe bizitzea, berriz, absurduan bizitzea delakoan nago.

Sinestea, absurdua ezeztatzea da, Jean Lacroix pentsalariak dioen bezala. Zorionekoak, beren bizirako, helburu erabateko* bat aurkitzen dutenak!

Nik esandakoa alde zabal zabal batetik har ezazue, mesedez; lehen esan dudan bezala, sinesmolde asko bait dago munduan.

Adibide bat emateko, egiazko marxistak fede bat daduka, burrukara deitzen diona, eta haren biziari esannahiren bat ematen diona. Erabateko burrukalari bat den aldetik, sinesle bat da marxista hori. Ez da munduan zehar jomugarik* gabe ibiltzen. Beretzat marxismoa ez da bakarrik historiaren zientzia bat, historiako sineste bat baizik. Zientzi itxura baino zerbait gehiago ba du marxismoak, jendeak milioika bereganatzen dituelako. Zerbait hau, sineste bat dela esan dezakegu.

Besteak, hots*, batere federik gabe bizi direnak, helbururik gabe bizi omen* dira, nahiz eta ahaldunak izan eta aberatsak. Pascal-en «divertissement» delakoan bizi dira.

Nik ez dut esango —inolaz ere— nire ustez fede edo sineste guziak berdinak direnik, gizonaren aldetik zerbait analogia dutela baizik.

Ikus dezagun orain, nire Kristogan sinestea nolakoa den.

Niretzat Kristogan sinestea, Kristogan beragan biziaren esannahi azkenekoa aurkitzea da. Heriotzearen absurdua ukatzea, berarekin. Beragan azkeneko apostua egitea.

Ba dakit, teologoek makina bat gauza idatzi dutela fedeari buruz. Ni, ordea, teologo edo «teometra» ez naizen aldetik, ez naiz sartuko sasitarte horretan. Neronen kristau esperientziaz mintzatzen naiz, besterik ez.

Izan ere, Kristogan fedea gauza guziz pertsonala da, Kristorekin berarekin topatze pertsonal bat delako. Hau ere hamaika bider esan da. Baina egia da. Nire ustez, kristau bakoitzaren fedea «species» bakarra da. Besteak ez dira ibili, nire ibili naizen bidetatik. Ez dituzte nozitu*, nik nozitu ditudan minak. Ez dituzte ikusi, nik ikusi ditudan argiak. Ez dira bizi izan, ni bizi naizen ilunpetan. Nola jarriko nuke, beraz, neure fedea jenero edo kontzeptu baten pean, gauza guziz objetiboa balitz bezala?

Unamuno handiak, «ni, Miguel de Unamuno, espezie bakarra naiz» esan ohi zuen. «Thou art thyself, though not a Montagu». «Zu, zerori zara, eta ez Montesco bat», esaten dio Julietak Romeori, Shakespeare-ren antzerkian.

Eta marxista batek, Adam Schaff jaunak, honako hau idatzi du, bere «Marxismoa eta indibidua» liburuan: «Indibidua, estruktura osoa eta bakarra den aldetik, beregango mundu bat da, «un monde en soi», heriotzearekin ezereztatzen dena».

Nik, biziaren ilunpe honetan murgildurik nagoen honek, Kristorekin espero dut neronen baitako mundu hau ez dela ezereztatuko heriotzean. Nik, neuregango mundu bat naizen aldetik, neure apostua egina dut, eta beste sinesterik, Kristogan dudanaren ordez, ez dut aurkitu, eta ez dut uste aurkituko dudanik.

Nire Kristogan fedea nirea da, eta ez diot utziko batere teometrari nire barnean, nire barneko eremuan* sartzen. Baina honek ez du esan nahi, niretzat fedea zerbait guziz subjetiboa denik. Ni munduan bizi naiz eta nire fedea nirekin munduan dago. Nire besteekiko harremanak sakonagoak eta ugariagoak bihurtzen dira, fedeari esker. Niretzat fedeak ez du batere zerikusirik indibidualismoarekin. Neure lagunaren pertsonan sinesten laguntzen daut fedeak.

«Zeruetan dagoen» Aitaz oroitzeko agintzen daut Kristok, baina batean* Zeruetako Erreinua gure artean dagoela erakusten. Beste bizian sinesteak, bizi honetan sakonagoki tinkatzen nau. Nire fedea guziz soziala da.

Egia da, Kristogan sinestea hamaika mitoz eta formulaz jazten dugula. Egiazko fedea, ordea, berez gorria eta soila da, gau izugarri bat bezalakoa. Fedea burruka bat da. Niretzat ez da posible fedean instalaturik egotea.

KARLOS SANTAMARIA

daut, deust, dit

dezagun, daigun

dezakegu, daikegu

dio, deutso

zeutan, eustan, zidan

zitzaion, jakon


Euskaldungoa

Ikastola berriak

Ipar Euskal Herrian, hiru ikastola dagoz: Arrangoitzen, Baionan eta Donibane Lohitzunen. Urte honetan beste batzuk zabaldu dira: Saran, Hazparnen, Donapaleun, Hendaian eta Ziburun.

Apaizak gutxitzen

Baionako seminario nagusian zazpi edo zortzi apaizgai euskaldun baino ez dagoz. Orain dala lau bat urte, 37 apaizgai egozen ikastetxe horretan.

«Historia del Pueblo Vasco» liburu berria

«Historia del Pueblo Vasco» izenburuarekin argitara eman berri dau «Auñamendi» etxeak, Federico de Zabala jaunak egindako liburua. Orain argitara eman dan liburu honetan —eta berdin izango da, agertuko diren beste batzuetan— Federico de Zabala jaunak «de la economía rural», «de la economía mercantilista» eta «de la economía capitalista» gaiei buruz jarduten dau. Liburu berri hau begi onez irakurriko dala uste dogu. Kritikoen eritzien zain gelditzen gara, dana dala.

Liburu hau, erdaraz idatzia izan arren, euskaraz eta erdaraz, batera, argitaratu da. Euskaraz argitaratzea, ETOR eta JAKINen elkar lanari zor jako.

Pierre Lafitteren mintzaldia, debekatua Donostian

Pierre Lafitte euskaltzain eta HERRIA astekariaren* buruzagiak mintzaldi bat eman behar eban Donostian, «Fiestas Euskaras» dalako horretan, irailaren* 6an. Azken orduan adierazi jako, ez dauala horretarako behar dan baimenik izan. Jendearen ustez, berak zuzentzen dauan astekari horretan Gipuzkoako gobernadorearen alde barik* kontra idatzi dalako hartu dau ezetz hori.

Aldizkari bat galzorian

Argentinako Buenos Airesen argitaratzen dan «Eusko Lurra» («Tierra Vasca») hilabetekaria galzorian aurkitzen da. Hona hemen zer dinoen, gehiena erdaraz datorren aldizkari horretan:

«Ohar garrantzitsua: Diru laguntza hoberik jasotzen ez badogu, batez ere Estadu Batuetatik, Venezuela, Mexiko, Kanada, Australia, Filipinas, Uruguay eta Mar de Platatik, utzi egin beharko deutsagu «Eusko Lurra»ren argitaratzeari. Buenos Airesen, 1971.eko abuztuan.»

Lauroko euskal kolejioa

Bilboko 120 bat euskaltzalek elkarte edo kooperatiba bat biribildu dabe, Lauron (Lujuan) euskal kolejio handi bat egin ahal izateko. Euren lehendakaria Josu Beldarrain gizon prestua da. Bizkaiko bankuetxeek prestatu* diruarekin lurralde zabal batzuk erosi ditue Lauron. Ondoren, legeak agintzen dituan plano eta behar diren gauza guztiak Madrilera bidaldu ditue. Ministerio de Educación y Ciencia-k ahalegin horreek ontzat eman ondoren, Ministerio de la Vivienda-k, Banco de la Construcción dalakoaren bidez, 10 milioi pezeta eman deutsez, kolejio hori egin ahal izateko: milioi bat, hogei urteren buruan berriz ordaintzeko, eta beste 9ak dohan*.

Kolejio hau egin daitenean, mila umerentzako tokia izango dau. Orain, amets hori aurrera eroan* ahal izateko, Bilboko Udalaren* baimena behar da, Lujua Bilbo barruan sartzen baita.

Sangotzako lore jokoak

Sangotzako* IV. Lore Jokoak irailaren* 13an izan dira, «Enrique de Labrit» etxean. Erdarazko lanentzako lehen saria Damian Iribarren aita kaputxinoak irabazi eban. Euskarazkoentzako lehen saria, Leitzako Patxi Zabaletak; bigarrena, Ondarrabiko Manuel Lasartek.

USAko euskal artzainentzako apaiz berria

Iparraldeko euskaldun asko joaten izan da aspalditik Ipar Amerikara, artzaintza lanetan jarduteko. Copentipy apaiza izan dabe erlijio gauzetan laguntzaile. Orain, bera etxeratu ondoren, Sallaberremborde, Muskuldiko apaiza, joan da euskal artzainongana.

Beheretxe pelotariari omenaldia Bidarten

Beheretxe pelotari zanari omenaldi bat egin izan jako Lapurdiko Bidarte herrian, irailaren* 12an. Bidarteko frontoian bildu zan jendearen begietara, pelotari zanaren omenez egindako oroitarri bat agertu eban alkate jaunak.

Jose Maria Mujika apaiz berria

Aizarnako Jose Maria Mujika gazteari apaizgoa eman eutsan Gipuzkoako obispo jaunak, irailaren 12an, herriko elizan bertan. Jose Maria Mujikak aurten amaitu ditu apaiz ikasketak, Donostian, beste 10 gazterekin batera.

«Jornadas Internacionales de Folklore», Donostian

«Jornadas Internacionales de Folklore» jardunaldiak ospatu izan dira Donostian, joan dan irailean. «Junta de Cooperación Cultural de la Diputación de Guipúzcoa» elkarteak antoladu ditu, «Euskal Dantzarien Biltzarra»ren laguntzarekin. Euskal Herrikoez gainera, Inglaterra, Israel, Bulgaria, Suiza eta Austriakoak bildu dira. Hona hemen programa:

Ostegun* 16an: «Significado, función y propósito del folklore», Lucille Armstrong andreak; «Sentido reverencial de las danzas de Alava», Joaquín Jiménez jaunak. Eta, Trinidadeko Plazan, Araba eta Zuberoko dantzen erakusketa.

Ostirale* 17an, goizean: «La tradition dans la danse populaire», Rayna Katzarova Bulgariarrak. Eguerditan, «Danzas rituales de Vizcaya», Iñaki Irigoien jaunak. Arratsaldean, «Tradition et création dans les danses folkloriques d'Israel», Gurit Kadman Israeldarrak. Iluntzean, «Danzas de Navarra», Francisco Arraras jaunak.

Larunbat* 18an, goizean: «Tiroler Wolkstänze», Karl Horak jaun Austriarrak. Eguerditan, «El calendario festivo vasco», Julio Caro Baroja jaunak. Arratsaldean, «Quelques observations sur le Psaltérion (Tympanon) populaire suisse nommé Hackbrett», Helène Cherbuliez Suizarrak. Eta Juan Antonio Urbeltz jaunak «Aspecto religioso de las danzas de Otxagabia», eta Iñaki Urtizbera jaunak «Mascaradas de Zuberoa».

Tarteka egindako dantza erakusketak, «Argia» dantza taldearen ardurapean izan ziren.

Tafallako ikastolarentzat toki berria

Ba da Tafallan ikastola bat, Gotzone Eizmendi andereñoaren ardurapean. Aurten arte, Aita Eskolapioen gela batzuetan jardun izan dabe haurrok. Baina, orain, euren gela propioak izango ditue, Higuera kaleko etxe batean.

Gazteek ez ei* dabe euskara aberastuko

«Gure gazteak euskerarik ez dute aberastuko» izenburuarekin, hamar bertso argitara eman berri ditu Jose Manuel Arriola jaunak, «Aránzazu» aldizkarian. Hona zer dinoan lehenak:

«Ala bearrez gure

lurrean ainbeste

euskaldunengandikan

sortutako gazte!

Ez dakit eurak ala

dutenikan uste,

baina izkuntzarekin

zorrak ba dituzte.»

Gazteek euskara aberastuko ez badabe, nork aberastuko ote dau, Jose Manuel Arriola jauna?

«Euskara gaur» liburu berria

«Euskara gaur» izenburuarekin argitaratu dabe GAUR elkartekoek liburu berri bat. GAUR-ekoek «taulak ia soilki* azaltzen dituzte, hauk ateratzeko erabili duten metodologia xehetasun* guztiarekin esplikatuz. Datoen interpretazioa irakurleak egin beharko du... Uste dugu, lana interesgarria dela... non garen jakiteko, horrela euskararen aldeko lanean biderik egokiena aukera dezagun», dinoe hitzaurrean.

LUR editorialaren liburu berriak

LUR etxeak laster argitaratuko dituen liburuen zerrenda:

«Kaniko eta Beltxikin», zuberotar pastorala.

«Kandido», nobela (Voltaire).

«Mundu zoriontsua», nobela (Huxley).

«Lan hautatuak» (Euskal klasiko Etxeberri Sarakoa).

«Lan alokatua eta kapitala, alokairua, prezioa eta irabazia» (Marx).

«Sozialismoaren frogantzak» (M. Dobb).

«Lehen euskal gizona» (J. M. Barandiaran).

«Lehen euskal hiztegi bateratua» (hirugarren prestaera, 20.000 hitz).

«Artea eta gizartea historian» (A. Urretavizcaya).

«Balearen arrantza», ipuina.

«Amazonetako indioak», ipuina.

«Iparburuaren konkista», ipuina.

«Zientzien sorrera», ipuina.

«Niloren iturriak», ipuina.

«Euskal Herriko bajura arrantza».

«Wikingoak», ipuina.

«Euskal Herriko sorgin eta koba zuloak», ipuina.

Iruineko «ciudadela» dala eta

Iruina gero eta haundiago eginez doa: ertzik punterengoenak ere etxe berriak egin ahal izateko aprobetxatzen dira. «Ciudadela» dalakoak, horregatio*, suerte ona izan dau, jendearen ustez eta eskariz behinik behin. Inkesta* bat egin izan da, ea «ciudadela» horrekin zer egin behar dan jendeari galdetuz. 400 erantzunen artean, % 42,4ek eskatzen dabe, parke bat egiteko eta «ciudadela» berriztaturik bertan uzteko. Iruineko «Diario de Navarra» egunkariaren bidez, gogor jardun izan dau erabaki horren alde Jose M. Iriberri jaunak.

Aralarreko hostatua berriztatzen

Aralarreko San Migel, Euskal Herriaren Zaindariak, eliza eta hostatua berriztaturik ikusiko ditu laster batean. Eliza barrua guztiz berriztaturik dago: harria agerian gelditu da, eta badaezpadako* samar ziren apaingarri guztiak kendu egin izan dira. Eliza biak, bata bestearen barruan, garbi garbi gelditu dira.

Hostalaren kanpo aldea, harrizkoa, guztiz amaiturik dago. Logelak pertsona birentzat dira, bainu edo dutxa, komun eta guzti. Oraindino, kalefazioa, pintaketa eta horrelakoak amaitu barik* aurkitzen dira. Elizaraino egin izan dan kaminoarekin eta hain hostatu txukunarekin, jende asko izango da aurrerantzean Aralar gainean. Mendietako bakartadea galdu izan bada, erraztasunez eta gozotasunez irabazi da.


Dinoe

«Alderdi» gaztetu

Zonbait hilabete hautan, «Alderdi», eskual abertzale zaharren hilabetekaria, mamiz eta azalez gaztetua agertzen zaiku.

Gure ustez, atsegingarriago da hola.

Noiz ote, elgarren ganik hurbil diren taldeek bederen, muntatuko dute eskuz esku lan egiteko antolaketa bat? Holako baten behar gorrian girela, nork ez du nabaritzen?

Baionako HERRIA

(1971.eko abuztuaren 12koa)

Mitoloji barria

Lengo mito asko kentzen asi garan alde onetan, beste barri batzuk sortzen dauzkuez. Lagun batek bialduta, talde bateko aldizkaria artu dogu. Euskerazko lanen artean, h'ez jositako ildako idazle baten lana agertzen dabe.

Ez goaz, ez da gure oiturea-ta, ildako baten lanagaz sartzen. Goian Bego. Baina lan ori «an» sartu dauan «jauntxoaren» maltzurkeria bai salatzen dogu.

«Mito» barrien sortzailleak, iñoren lumakin jantzi nai! Eta lumarik ez ba'leukee? Billozik geratu bear. Batzuk «h» ikurtzat; beste batzuk izki baliotsu ori besteen eskuetan ez lagatzearren be... sartu. Danok konsigna baten morroi. Barriro be guk, Hhhhtxis doministikun! esan bearko... eta zuzendariak ankaz gora.

Bilboko AGUR

(1971.eko abuztuaren 30ekoa)


Zarauzko Euskal Jaia dela eta

Egun honi buruz langile klasearen interesak zeintzuk diren azaltzeko asmotan idazten dugu horri hau.

Aspalditik Zarauzko herriak, bere euskal zaletasuna eta euskal nortasuna azaltzeko, urtearen barruan egun hau du aukeratua.

Zer esanik ez dago —hasieran batez ere— zahar eta gazte, denok, urte guztian egun honetara irixteko* zain egoten ginela, aho batez, pozik, geure barruan genituen sentimentu eta nahi guztiak azaltzeko.

Azkenengo urteetan ikusten ari gara, Euskal Jaiak beste bide batzuetara jo duela. Eta horregatik argitu nahi ditugu puntu batzuk.

Euskal abertzale burgesek aurpegi onez ikusten dute egun hau, herri guztiarekin «bat» eginez, beren euskal sentimentua azalduz, urte guztian lantokietan eta langile klasearen artean dagoen borroka ahaztu nahian. Euskaldun garenez, oligarkia eta faxismoaren menpean gaudelako, gure anaia bezala azaltzen dira.

Ezjakinean jokatu dugulako batetik, eta gure langile kontzientzia gure barruan ondo oinarritu gabe dagoelako bestetik, burgesen jokoan erori* gara.

Egun honetan «denok» euskaldun sentitzen gara, eta geure etsaiaz* konturatu gabe, haundi eta txikiekin bat egiten dugu.

Hau ikusirik, erreflesio txiki bat egin dezagun, eta, behin betikoz, koraje pixka batekin pentsa eta joka dezagun, geure ideiak eta interesak bere lekuan jarriz:

Gure etsaiek benetako borroka ezkutatu* nahi daukute. Urte guztian bi klaseen artean (Berak nagusiak, Gu langileak) borrokak dabiltzala ikusten badugu, ez gaitezen ez egun honetan eta ez sekula ere haien jokoan eror. Askatasuna nahi badugu, egunetik egunera garbiago utzi behar dugu geure postura. Langileok eratutako bidetatik jokatuta lortuko dugu askatasuna; eta bera izango da mundu guztiko langile eta herri zapalduentzat laguntza. Gure interesak, zapalduta dauden guztien interesak baitira.

Burgesek bide konformista bat proposatzen duten bezala, guk, langileok, ez dugu bide hori onartzen.

Gure bidea borroka da.

Zuzendaritzaren oharra: Euskal zaletasunaren izenean, langileek eta ugazabek bat eginik, klaseen borroka ahanzten* dela egiatzat jotzen dugu. Baina ez da ahantzi behar, beste aldetik, euskal burgesiak berak ere zerbait onik defenditzen duela «baten baten» kontra, eta «zerbait» hori Herri osoarentzat mesedegarri dela.


Literatura

Pundu batzuk argitzen. Gipuzkoaren ekonomia eta XVIII. Mendeko literatura

Ibon Sarasolaren Euskal Literaturaren Historiari egin nion kritikan, pundu asko arin utzi nituen, bestela ere aski* luzea irteten zitzaitalako. Baina batez ere ohar labur batean zintzilirik utzi nuen gure literaturaren kondairan oso inportantea den une bat: hamazortzigarren mendea* Gipuzkoan.

Denok dakigunez, Larramendi jartzen dugu Bidasoaz hemendiko literaturaren lehen eragile bezala; eta hala da izan ere, neurri handi batean behintzat. Eta Sarasolak, Compañía Guipuzcoana de Caracas-ek ekarri zuen aberastasunaren ondorio bezala hartzen du; eta pundu honi buruz, neure kritikaren lehen partean, ANAITASUNAren 216. zenbakiaren 16. orrialdean, hau nioen soilik*: «Compañía Guipuzcoana de Caracas-ek, ez dugu dudarik jartzen, bere garrantzia izango zuela XVIII. mendean, euskal literatura Gipuzkoan hasi eta gehitzen. Baina hobeto aztertu beharko litzateke, gorakunde hori Sarasolak dioen neurrietaraino den; zeren* mende erditik aurrera ilustrazioa ezagutzen zuen euskal teatro zaharrak, Sor Luisa eta Muniberen lanak lekuko*, eta beste herrietan ere ezagutu zen goratzeak, normalena zen gurean ere bere influentzia agertzea. Bestalde, XIX.ak berak erakusten dauku, Compañía Guipuzcoana de Caracas ez zenez gero.»

Nire oharrok, hain hutsik, gauza gutti esango dute beharbada. Baina adierazpen zehatzago batek artikulu oso bat eskatzen du; eta gaurko honekin zuritu nahi nuke neure esannahi hura.

Hemendik ikusiko dugu, inoiz moda batak indar ekonomikoak haina* ahal duela.

Jakina da, batez ere ekonomiak mugitzen dituela artea eta literatura beren aberastasun handiago batera. Honetaz ez dut zalantzarik*. Baina hau hola izatetik, Gipuzkoa XVIII. menderarte pobrea zela uste izatea, ezker aldeko alderdi politiko batzuek uste duten bezala, huts handi bat da. Gure historia behar bezala ez ezagutzetik datorren hutsa, noski*. Historia azaletik ezagutzeak, mende bakoitzeko egoera ekonomikoa ere azaletik ezagutzea dakar; eta gai honetaz hainbeste arduratzen* diren askoren ustea da, Real Compañía Guipuzcoana de Caracas sortu arte, probintzia oso pobrea zela. Hau da egungo historigileen huts handietako bat.

Beste gabe, noan hildoz* hildo pundurik aipagarrienen berri ematera. Ba dakigu, erromatarrek Euskal Herriko meategiak* explotatu zituztena; baina ola*-zaharren lehen agiriak zehazki IX. mendekoak ditugu. Nafarroako erregeak Donostiari eman zion fueroan (1150), aipatzen da burdinaren eskubidea ere. Geroago, Mondragoe eta Segurako «carta-puebla»etan ere, ola-zaharrak aipatzen dira, eta hoietan ziren eskubideak. Fuero de ferrerías de Oyarzun e Irún (1338) delakoa dugu inportanteenetakoa. Hauen berri ematen du Karmelo Etxegaraikoak bere Compendio de las Instituciones Forales de Guipúzcoa-ren zortzigarren kapituluan. XIV eta XV. mendeetan, Elgoibarren agertzen denez, ola-zaharrak ezezik, egur ikatza explotatzeko basoak* moztea eta arbola berriak sartzea nola kontrolatu behar diren ere legeetan jartzen da (ikus Villamayor de Marquina [Elgoibar], 1946.ean herri honetan argitaratua). Bizkaian bertan ere oso ezagunak dira burdin meatzetako* legeak eta hauei buruz hartutako erabakiak, Orozkon eta Enkartazioetan (1440).

Berri hauk* ateratzea niretzat ez da izan hain zaila, zeren* neronek egina bait dut Euskal Herriko industriaren sorrerari buruzko lan bat, 1962.ean Eibarko Armeri Eskolak bere urre eztaietan argitaratu zuen liburu berezian agertua.

Arestian* jartzen ditudan oharretatik ikus genezake, XIV eta XV. mendeetan hainitz* desarrollaturik zeudela ola-zaharrak, eta beren probetxu handiagorako legeak jartzera ere behartu zirela. Literatura esatekorik ez da inondik ageri, ez euskaraz eta ez erdaraz (Gipuzkoari dagokionez behintzat); baina artean abantaila handiak nabari* dira, eta ageri askoren artean hor ditugu Mondragoeko parrokia, Donostiako San Bizente, Debako parrokia, Errenderikoa, Getarikoa, eta abar, monumentu handienen artean. Elgoibarko Olaso galdu zen, eta bere ageritzat eliza gotiko haren atea gelditu zaiku, Azkoitian eta Aretxabaletan erromaniko garaiko ateak bezala, gaur egun hilerriko* atetzat. Eta Zumaiako San Pedroko pinturak ez dira guttiagorako.

Hoik* ditugu Gipuzkoaren aberastasunaren ageriak, eta egoera horretan aurkitzen zen Amerika deskubritu zenean. Amerikak merkatu berriak ireki zizkion, eta aberastasuna gorago joan zen. Hain zuzen, XVI. mendean eta XVI.aren hasieran ezagutzen du Gipuzkoak artearen aldetik aberastasunik handiena, bere zabalera guztian ugaritasunez nabari* den errenazimenduaren garaian, M. A. Arrazolaren El Renacimiento de Guipúzcoa liburuetan argi eta garbi agertzen dena. Eibarren bertan ere, Gregorio Fernández-ek egin zuen Isasiko San Estebango erretaula; eta Juan de Isasik eskultore hau kontratatzeko Valladolid-en zuen osaba fraide batekin izan zituen eskutitzezko harremanetatik ikusten dugu, G. Fernández hemengo eskultoreak bezain merkea edo merkeagoa zela, bere famarik handienaren garaian (G. Mujikak Monografía de la villa de Eibar-en jasotzen ditu eskutitz hoik*). Beraz, hemengo bizitza nibela oso altua zela adierazten dauku. Baina literaturarik ez zen inondik ageri.

N. de Soraluzek, bere azken lerroetan (hilburuko* bezala argitaratuan), XVI eta XVII. mendeak aberats agertzen dauzkigu, XVII. honetan beherakada nabari delarik; eta, beherakada honegatik, XVIII. mendearen hasieran Real Compañía Guipuzcoana de Caracas sortu zela dio, komerzializazioari indarra emanez, probintziako langintzak indarberritzeko.

Beraz, arrazoi ekonomiko soilak ez dira aski*, gure literaturaren kondaira estudiatzeko.

Ilustrazioaren eraginak alde askotara zabaldu zuen literaturgintza, eta Sor Luisa eta Muniberen antzerkietan nahikoa klaru dago ilustrazioaren influentzia. Garai bereko P. Barrutiaren antzerkiak beste molde batzuk ditu; bere egiteko erak ez dira ilustrazioko literaturaren erak, batez ere adierazpenetan.

Ez da gauza segurua, Xabier Maria de Munibek zer neurritaraino eskua sartu zuen Sor Luisaren teatroan. Honek ba ditu herri kantak (koblakari zahar bati jasoak, dioenez) eta herri kanta moldez egindako bertsoak tarteka-marteka, Muniberen El borracho burlado-n aurkituko ez duguna; baina nolabait kutsatu zuen, bien obrak ilustrazioaren moldeekin kutsaturik diren bezala. Muniberen obra, Real Sociedad Bascongada de los Amigos del País-en sorreraren denbora berekoa dugu, 1764; eta Justo Garatek urte hori jartzen du Euskal Herrian ilustrazioaren sorreratzat, Xabier Maria Muniberekin, honen semearen ibilerei buruz egin zuen estudio batean, semea ilustrazioaren jarraitzaile jarri nahi zuelarik. Ikus Ramón Munibe en la Viena de la ilustración, 1772-1773 (Boletín de Estudios Germánicos de la Universidad de Cuyo, 1969). Eta ilustrazioaren hasiera bezala aipatzen duena, 7. orrialdean agertzen da.

J. Garatek baino aurrerago jarriko nuke nik ilustrazioaren influentzia behinik behin, zeren* Larramendik hamar urte lehenago egin zuen Coreografía-k berak hor ditu bere sustraiak. Gauzak, bat batean baino, bata bestearen ondorean maizago* etortzen direlako.

Eta, ekonomiaren alorrean, Compañía Guipuzcoana de Caracas-ek berak ere aurreragoko emaitzetan ditu bere iturburuak. Desarrollo baten kontsekuentzia besterik ez zen.

JUAN SAN MARTIN

dauku, deusku, digu

dauzkigu, deuskuz, dizkigu

genezake, geinke

nioen, ninoan, esaten nuen

nion, neutsan

zaiku, jaku, zaigu

zeuden, egozen

zion, eutson

zitzaitan, jatan, zitzaidan

zizkion, eutsozan


Iritziak

Badaezpadakoak eta seguruak

Eibarren bizi izan nintzen denboran, afalondoan kafe etxe batetan nengoen egun batez, xiste* hau kontatu zeutaten. Biharamunean, astero bezala, San Martinen etxean suertatu nintzen afaltzen (San Martin, erdal deitura* eduki arren, guztiz euskalduna da, Alvarez, Quintana, Lafitte, Villasante, Sabino Alonso, Fernando Aire, Julen Calzada, Jazinto Carrasquedo, Jazinto Setién, Jean Louis Davant, Isaak López, T. Monzón, eta beste asko bezala. Baina, dirudienez, Holandan bere arrastoak utzi zituen Hitler-en dominazioak; ez bedi hemen egiazta gure erran zaharra: Zozoak beleari ipurbeltz), eta xiste hau berau kontatu zeutan. Bietan kortesiaz egin nuen barre. Baina Eibarrera tardantzaz heltzen dira gauzak Bilbaotik, zeren*, niri lehenez kontatu zeutatenean, ene amak jinekoloagana joan behar ukan baitzuen, nik sabel barrenetik ematen nizkion ostikoen poderioz. Xistea hau da:

Behin bi eibartar huergan* joan ziren, edo, Bizkai aldean diogun bezala, andretan. Erdi mozkorturik zeudenean, galazko afari batetara gomitaturik zeudela oroitu ziren, eta, beste gabe, alokairuan* hartu zituzten bi hetairekin* abiatu ziren jaialdi hartara, eta bertako ataltzainak* edo giltzariak sarrera eragotzi zien:

 «Baina zergatik», galdatu zioten.

«Hortxe dakazkizuen andreok badaezpadakoak* direlakotz».

«Ez, jauna!», erantzun zion hordi batek. «Badaezpadakoak barrenean daude. Hauk seguruak dira!»

Hala gertatzen da euskaldun faszistekin. Hortik dabiltza kamuflaturik, demokrata eta sozialista maskararen pean desgisaturik. Milaka daude gure alorrean*; eta maltzurrek, azeri madarikatuek, Herriaren desalienazioari traba eta oztopo handiak jartzen dizkiote, produzio bideak sozializa daitezen debekatzen duten sozialista hoiek, jabetza pribatuaren kontsekrazioa benedikatzen duten sozialista hoiek, herrien autodeterminazioa ukatzen duten demokrata hoiek, oligarkiaren botereak eternaldu nahi dituzten demokrata hoiek... Bai... badaezpadako faszista hoiek.

Gure artean faszista seguru bakar bat dago. Hori, Jon Mirande. Eta bere egiaztitasunagatik, bere prestutasunagatik miresten dut. Bai, hain poeta handia eta eskritore trebea delakotz (edo izan delakotz) miresten dut. Baina urte honetan, 1971. urte honetan, edozein bekatu batere lotsarik* gabe aitor ahal daitekeenean (edozeinek erran* ahal dezake «pederasta naiz» edo «lapurra naiz», eta ez da ezer gertatzen), baina faszismoaren bekatua guztiek ezkutatzen* eta ukatzen dutenean, Mirande, faszista dela aitortzen duenean, mirestekoa da.

Ongi egin du, beraz, Mirandek, ANAITASUNA hau paper ontzira botatzearekin. Baina, mesedez, ANAITASUNA hau paper ontzira botatzen duten guztiek aitor bezate, Mirandek bezala: «Gu faszistak gara».

Honela, guk, lanaren semeok, euskaldun proletariook, ederki jakinen dugu, zeinek kentzen daukun ogia ahotik, zeinek kentzen daukun euskara gogotik.

ARESTIAR

dakazkizue, dakazuez

daude, dagoz

dauku, deusku, digu

dezake, daike

dizkiote, deutsoez

nizkion, neutsazan

zeuden, egozen

zeutan, eustan, zidan

zeutaten, eusten, zidaten

zien, eutsen

zion, eutson

zioten eutsoen


Irakaskintza

Iruineko gertakarien haria

(Lan hau, beranduxe izan arren ere, argitara ematen dugu, ofizialtasun berezi bat duelako)

Lehena

Denok dakizuenez, ihaz* Loiolan udako gure ikastaldia amaitu zenean, eta berdin bigarrena amaitu zenean ere, hitz emanik gelditu ziren Jesuitak, hurrengo udako (uda honetako) uztailean,* San Inazio aurretiko egunetan gure kursiloak han egiteko lekua eta gainekoari buruz. Hala ere, zehazkiago elkarren berri jakiteko, Eguberri ondoan azaltzeko esan zitzaikun. Esan bezala, urtarrilean* joan ginen eta Jesuiten Ministroarekin hitz egin. Aurten zenbait* kondizio ezarriko zeuzkigula adierazi zeukun, baina onez hartuak izan ginen.

Bidezko den bezala, monjetara ere egin genuen bisita. Hango zuzendariak, ordea, besterik ere esan zeukun: «Hara, Don Jose Lasa da bai ikastolen buruzagia, eta, haren bidez ez bazatozte, guk ezin dugu hitzik eman».

Horrela, bada, martxoaren 22an Loiolako Aita Ministroaren karta bat, adieraziaz: «Loyola'ko Etxean ez dezute tokirik izango, dalako ikastaro ori ospatzeko». Arrazoinak: «Iruditzen zaigu ez dala bidezko eta egoki, Elizako Ikastola-Elkartea'k ontzat artzen ez duen andereño ikastaro bat Loyola'n ospatzea».

Ondoren, Arantzazun ere tanteatu genuen, baina, giro handirik ez genuenez, ez eskatu ez eta ukatu, hortxe berean geratu zen hangoa.

Oinatiko Laterandarretara jo genuen hurrena, eta hemen baietza eman zeukuten; baina guztientzat ez zen behar hainbat ontzi eta ohe, lekua bikaina izan arren. Iruineko «Verbo Divino»koen Seminarioan berebat* gertatu zitzaikun. Azkenik, Iruineko Seminario Handian jo genituen ateak, eta erosotasun guztiz zabaldu ere zeuzkiguten zabaldu.

Orain gertatuaren berri

Bitartean, bete betean ari ginen gu kursiloen antolaketan. Halatan, beraz, duela hamabost bat egun, berriro gintuen susmo gaiztoak hartu. Zer dela eta? Gipuzkoar apaiz talde bat «lau apaiz» joan zirela Iruineko Apezpikuarengana. Beste zenbait xehetasunen artean, han eta hemen zer nola ukatu zitzaikun lekua adierazi zioten, eta beraz kasu emateko honi. Hala ere, Apezpikuak, behin hitza emanez gero, konplitzea gustatzen zitzaiola erantzun zuen.

Joan den ostegunean,* uztailaren* 8an, Gobernadoreak Apezpikuari telefonatuz esan zion, ez zela delako gure kursiloa egiteko baimenik.

Baimenik ez dugu inoiz eskatu, 7-8 urteotan egin ditugun kursiloetarik bakarrean ere. Aurtengorako, Euskaltzaindiaren babesa genuen.

Ondoren, bada, izkribuz eskabidea presentatzeko denborarik ez zenez gero, pertsona egoki batzuren batzuk aurkitzea zen xuxenena, baimena lortu ahal izateko.

Egun bi harat hunat ibili ondoan, lortu da jaun bat Gobernadorearengana hel dadin, baina honek berriro ezezkoa. Oso gogor hartu omen zuen gure mandatari hau. «Ez da deus* egiterik» esanez etorri zaiku, eta ez dela tartean politika arazorik, eta lekua Gipuzkoan ere ukatu egin zaikula esaten omen* zuen.

Honetan heldu da ikastaldia hasi behar den egun hau. Goizetik, joan gara berriro Apezpikuarengana. Entzun dugu berak dakienaren berri, eta axolaz* galde egin dauku gure berri ere. Ikusi dugu bien arteko harremanak ez direla guztiz herstuak,* eta, honen eta guztiaren ondorioz, ikastaldia ez egitearen etsipena hartu dugu funtsean.

Ahal den jenderik gehienari eman diogu aditzera, prestaturik zen kursiloa ebaki egin dela esanez; baina, bakoitzari bana banaka adieraztea posiblea ez denez, egunaren buruan jende asko bildu baita, Seminarioan gaua emateko aterpea ukanen genuela uste ukan dugu. Apezpikuak nahiz Seminarioko zuzendariak hitz eman daukute eta guztiz gogoz hitz eman ere, gaurko gaua hemen emateko. Hauen jokabidea, honetan bezalaxe, beste zernahi harremanetan ere jatorra izan denez, guztiz eskertzeko modukoa dugu.

Dena dela, azken orduan Gobernadoreak berriro Apezpikuari deitu eta gaua Seminarioan emateko baimenik ere ez zela esan du. Horra gure aurtengo ikastaldia zertan amaitu den.

Berrehun eta laurogei irakasle ziren izena emanik; eta, guztiak ez badira Iruinera heldu ere, gauerako multzo handia heldu denez gero, lanik asko ukan dugu handik aurrera, guztientzat lolekua bila ezinik.

Gero talde batekin bilkura* bat egin da, eta, uztaila ikastaldietarako seinalaturik dugunez, ballaraka edo ikaslanetarako hartzea erabaki da; gehienbat Iruinerako izendaturik ziren hiru gai nagusietan finkaturik, datorren kursorako programa antolatu ahal izateko.

Gainera, delako bilkura hoietan lehenik egin behar den gauza bezala, gertakarien informazio zehatz eta soil bat idatziz hartu eta kritikatu egin behar delako erabakia hartu da: hots,* ikastaldia ebakitzearen alde onak eta txarrak ikusi eta sustrai sustraiko arrazoin zergatia bilatzen ahalegindu ondoren, erabaki batzuk hartzera hel gaitezela.

Oharra

Hainbeste andereño ikastaldirik gabe uzterik ez zegoela ikusirik, zerbait egitea pentsatu zen, eta zerbait egitera heldu ere bai.

Toki bakar batetan ezin bildu eta, hiru tokitan zatiturik ikastaldia eratu ahal izan dugu: Bizkaian, Goiherrin eta Donostian. Bizkaian 60 andereño, Goiherrin 88 eta Donostian 80. Aste betez egin dugu lan. Iruinerako preparatu genuen guztia ematerik izan ez bada ere, aski* lan egin da, eman diren gaiak ondo sakonduak izan dira, eta, gelditu diren hutsuneak betetzeko, ikastaroaren hasieran edo, beste ikastaldi labur bat eratzekotan gelditu gara.

IRAKASLEEN ELKARTEA

dauku, deusku, digu

daukute, deuskue, digute

diogu, deutsagu

gintuen, ginduzan

zaiku, jaku

zeukun, euskun, zigun

zeukuten, euskuen, ziguten

zeuzkigun, euskuzan, zizkigun

zion, eutson

zioten, eutsoen

zitzaikun, jakun, zitzaigun

zitzaion, jakon


Ahozko literatura

Bertsolari gazteen txapelketa

Ordiziako euskal jakintza astean, Goiherri eskualdeko* bertsolari gazteen txapelketa ukan genuen.

Txapelketa, bi saiotan eratu zen: lehenengoa igandean* (irailak* 5) eta bigarrena asteazkenean* (irailak 8).

Lehenengo saioan, juraduak nahi baitzituen puntuazioak bigarrengorako gorde, ez zuen erabaki zeintzuek abestu behar zuten asteazkenean. Hau da: ez zuen klasifikaziorik egin. Beraz, denek hartu zuten parte bigarrengo ekinaldian ere.

Igandean, entzule bezala, oso jende gutti izan zen. Asteazkenean zertxobait gehiago. Jakina, asteazkenean azoka eguna zen, eta jendeak bide batez entzule izateko era ukan zuen.

Izalgo Goiburu izan zen txapeldun. Beste guztiei ez zitzaien klasifikazio mailarik eman.

Saria denei berdin zatitu zitzaien; irabazleak, gainera, txapela zuelarik.

Bertsolariei buruz, zenbait pundu zehatz agertu nahi nuke:

Goiherriko bertsolari gehienek hartu zuten parte, eta gogo biziz gainera. Hara zeintzuk ziren: Goiburu, Iraola, Barandiaran, Etxaluze, Zeberio, Igarzabal, Zendoia, Muñoa eta Ibarbia.

Entzule gutti bildu zen. Bertsoetan asko aipatu zuten gertaera hau eta mindurik zeudela nabari* zen. Jendeak haien jarduna guttietsi* egiten zuela izan zitekeen haien burutapena. Hala ere, gure bertsolariak ez ziren atzera gelditu.

Izan ere, gure herrian nola baloratzen ote da bertsoa? Bertsolariek nola baloratzen ote dute, herriaren perspektiba ikusirik? Hau horrela izanik, bertsolariek zer egin behar dute: aurrera jarrai ala ez? Bertsolariak behar ote ditugu? Behar baldin baditugu, egiten diegun laguntza nahikoa ote dute? Haien balore naturalak efektibo bihur daitezen, osatzen ote ditugu posibilitatez, heziketaz, animuz...?

Beste taktikaren bat bilatu beharko dugu, haien bertsoak eta baloreak herritarren kultura, informazio eta atsegingarri bihur daitezen, edo eta beste zerbitzuren baterako: hots,* oraingoan ikastolak laguntza apur bat ateratzea pentsatu duen bezala, esate baterako.

Balore natural bat denez gero (ez baitugu nahi genukeen guztiok bertsoetarako ahalmena edukitzen), aprobetxatzea merezi duen etekina* dela deritzat.

Begira egon zen jendeak honela zioen: «Mutilak, bertsolari hauek inolako lotsarik* ez zeukatek», eta neronek ere baieztu bide* izan nuen. Bertsolariak seguru xamarrak zirela esan beharra dut, eta etorri* ederra zeukatela dudarik ez; nahiz oso gutti bertsoetan jardun. Noski,* zenbat eta gehiago bertsoetan jardun, hainbat eta errazago jaulkitzen* zaizkie bertsoak. Baina zer bertso botako dituzte, kantatzeko posibilitatea taberna zuloan bakarrik baldin badute? Sasian ezin liteke porrurik alda.

Ez nuke gelditu nahi, haien ideia edo pentsakeraz mintzatu gabe. Esan beharra dut, mihigainean oztopo gutti dutela bederen.* Gure herrian darabilgun zenbait pentsamendu beren bertsoetan agertzen asko saiatzen ziren. Esan zitekeen, herri heziketan batzuk hainbat preparatuak ba zeudela ere. Gure herriko iraultzaren* osagarri izan daitezkeela esanen nuke.

Baten batek esan gura* izanen du, bertsolariek, bertsoetan herri ideietaz mintzatzen direnean, ez dutela egiten, herrian, beraren beharra ikusten duten legez,* bertsoak horrela kantatuz eta herriaren txaloak ikusirik hobeak direla iruditzen zaielako baino. Noski, herriak berak hori eskatzen du, bai eta bertsolariek ere; herriaren atarian finkaturik dauden bertsoak botatzera (nahi baduzue, inkontzienteki) behartuak daude. Halaber,* horrela egiazta liteke bertsolaritzako pertsonaien izakera. Baina esan beharko genuke, herriak bertsoen funtsa zer den ez dakiela ere.

Hitz batean: Bertsolariek jarraitu behar badute, beharrezkoa ikusten dut, maila handiagoko bertsolariekin egin diren zenbait txapelketa bezalakoak haiekin ere egitea. Euskal Herri mailan, alegia.* Horretarako, batzuen babesa guttienez beharko dute herri guztiarenarekin batean. Babeslari berezi hoik arduratuko* balira...

M. USABIAGA


Kanta zaharrak

Xoriñuak kaiolan [Abestia]

Xoriñuak kaiolan

tristerik du kantatzen

duelarik han zer jan, zer edan,

kanpua du desiratzen.

 Zeren* zeren?

Libertatia zoinen* eder den!

Hik, kanpoko xoria,

so'giok* kaiolari;

ahal balin bahendi,

hartarik begir'adi.*

 Zeren, zeren?

Libertatia zoinen eder den!

Barda* amets egin dut,

maitia ikusirik;

ikus eta ezin mintza,

ez dea* pena handia

eta ezinbestia?

Desiratzen nuke hiltzia!


Kanta zaharrak

Axuri beltxa [Abestia]

Axuri beltxa ona da, bainan

 hobeago da xuria:

Dantzan ikasi nahi duten jendeek

 guri bezate begira.

Tra la la...

Arno gorria ona da, bainan

 hobeago da xuria:

Burua xuxen, zangoak airean,

 ez egon uzkur* dantzara.

Ogi komuna ona da, bainan

 hobeago da xuria:

Dantzan artzeko* jende gantzadunak*

 hainitz* trabatuak dira.

Andre gorria eder da, bainan

 ederrago da xuria:

Dantzari onak, polliki dantzatuz,

 ba duke haren irria.


Europa batua (3)

Ikusi genuen lehengoan, monopolioek parte handia izan dutela E.E.E.a sortzean; eta esan genezake beldur gabe, Europan azken urteotan gertatu den nabarmenena, monopolioen hedatzea eta indartzea izan dela.

Ekonomista askok (nahiz marxista nahiz burjes) aurrez esan bezala, hiru kalte nagusi ekarri du joera honek:

1. Inbersioak, gehien behar ziren lekuetan ez egitea.

2. Eskualdeen arteko desberdintasunak haunditzea.

3. Nekazaritzaren kinka larria.

Lehenbiziko kalte horren azalpenak, ugariak dira. Amerikatarrek Europan dadukate beren herritik kanpora merkaturik egokiena, eta ahaleginak egiten dituzte noski, Europan inbersioak gehitzeko (bost urtetan bi bider haundiagoak egin dituzte). Europarrek, beraz, lehiatu beharra dadukate beren inbersioak haunditzen, atzera ez badute gelditu nahi.

Autogintzan, adibidez, Ford-ek lau urtetan bost bider haunditu du produzio ahalmena; eta General Motors-ek, berriz, denbora berdinean hiru bider. Europako autogileek, burruka honetan garaile irteteko asmoz, 8 milioi t'erdi auto egiteko ahalmena erdietsi dute; baina saltzeko posibilidadeak 5 milioi t'erdikoak besterik ez dira. Berdintsu gertatu zaie, fibra sintetikoak, neumatikoak eta laborantzarako makinak egiten dituztenei; eta horrela sortu da leku askotan langabezia era fabrikak herstea.

Bigarrengo kaltea ere aski nabarmena da. Erromako Trataduak, «ekilibrioa» nahi duela azaltzen badu ere, merkatuaren legeen uztarpean uzten du xede hori; eta, bakoitza irabazi haundienaren ondoren saiatuz, nazio eta eskualdeen artean lan banaketarik egokiena sortuko dela espero du.

Hirugarren puntuak beste artikulu batetarako haina mami ba duela uste dut, eta oraingoz utzi egiten dut.

A. SAGARNA


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartxo bategaz agertzen diren berbak

AHANTZI, ahaztu.

AIPATU, aipatutako.

AITALEHEN, antepasado.

ALEGIA, a saber, c'est à dire.

ALKATE, auzapez.

ALOKAIRU, aloger, alquiler, location.

ALOR, arlo.

ARDURA, axola.

ARDURATU, axolatu, artatu.

AREATZA, Villaro.

ARESTIAN, oraintsu, berrikitan.

ARRAS, guztiz, oso.

ARTZEKO, aritzeko, ari izateko.

ASKI, nahiko.

ASTEAZKEN, eguasten.

ASTEKARI, asteroko, semanario.

ATALTZAIN, atari zain.

ATAUT, ataúd, cercueil.

AUSART, atrevido, arriesgado.

BADAEZPADAKO, dudoso, inseguro.

BAHITU, empeñar, mettre en gage.

BARDA, bart.

BARIK, gabe.

BASO, oihan.

BATEAN, a la vez, simultáneamente.

BATTO, bat hitzaren diminutiboa.

BEDEREN, behinik behin.

BEGIRATU, precaverse.

BEHARGIN, langile.

BEHINEN, primario, principal.

BEREBAT, igualmente.

BESTE, haina, bezainbat.

BIDE, nonbait, agian, seguramente.

BILKURA, bilera, reunión.

DATEKE, da nonbait.

DEA, da + a. (Azken «a» galdeetan ezartzen zaio aditzari).

DEITURA, abizen, apellido.

DEUS, ezer.

DOHAN, gratis.

EI, omen.

ENDELEGU, adimendu, intelecto.

ERABATEKO, total.

EREDU, modelo.

EREMU, extensión de una jurisdicción.

ERIDEN, idoro, aurkitu.

EROAN, eraman.

ERORI, jausi.

EROSO, cómodo.

ERRAN, esan.

ERRATU, errante, errático.

ESKUALDE, comarca.

ETEKIN, producto.

ETORRI, inspiración.

ETSAI, arerio, enemigo.

EZKUTATU, esconder, cacher.

FOROGATU, frogatu, probar, demostrar.

GANTZADUN, lodi.

GARAUZKIO, gaitu hari.

GURA, nahi.

GUTTIETSI, subestimar, tener en poco.

HAINA, beste, bezainbat.

HAINITZ, asko.

HALABER, igualmente, así mismo.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo).

HERSTU, hestu.

HETAIRA, emagaldu.

HILBURUKO, testamento.

HILDO, surco, sillon.

HILERRI, hil herri, kanposantu.

HIRI, huri, ciudad.

HITANO, tuteo.

HITZ-BIDE MEHAR, sentido estricto.

HOIK, horreek. (Hoiek aktibo, hoik pasibo).

HORREGATIO, hala ere.

HOTS, a saber, esto es, es decir.

HUERGA, festatzar, juerga.

IGANDE, domeka.

IHAZ, igaz, jaz.

INKESTA, encuesta.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAIL, septiembre.

IRAULTZA, revolución.

IRETXO, duende, spectre.

IRITXI, heldu.

IRTEN, urten, atera, jalgi.

ISEKATU, burla egin.

JAGON, zaindu.

JAULKI, salir, caer.

JOMUGA, helburu.

KOMUNZTADURA, concordancia (Etxeberri Sarakoa).

KOMUNZTATU, concordar (Etxeberri Sarakoa).

LARUNBAT, zapatu.

LEGEZ, lez, bezala.

LEHIAKETA, competición.

LEKUKO, testigu.

LORTU, ardietsi, erdietsi.

LOTSA, ahalge.

MAIZ, sarri.

MEATEGI, meatza, mina.

MEATZA, mina.

MENDE, siglo.

MUGATU, determinado.

NABARI, patente, evidente, notorio.

NOKA, tuteando (a hembras).

NOZITU, sufritu.

OLA, ferrería.

OMEN, ei.

OSTEGUN, eguen.

OSTERA, berriz.

OSTIRALE, bariku.

PRESTATU, prestatutako.

SANGOTZA, Sangüesa.

SO EGIN, behatu, begiratu.

SOIL, mero, simple.

SOILIK, bakarrik, sencillamente, meramente.

SOILKI, bakarrik.

SOLO, soro.

TOKA, tuteando (a machos).

UDAL, ayuntamiento, commune.

UDALETXE, herriko etxe, casa consistorial.

URTARRIL, enero, janvier.

UZKUR, remolon, poltrón, rétif.

UZTAIL, julio.

XEHETASUN, detalle.

XISTE, irri solas.

ZALANTZA, duda.

ZE, zeren, pues.

ZENBAIT, batzuk.

ZEREN, ze, pues.

ZIN, juramento.

ZOINEN, zein.


Hizkuntza

Guti eta gaizki dakigunok

Ba dabila hortik (zeren* halako izaki erratuak* ezin egon baitaitezke geldirik) iretxo* burlagarri bat, gizon serio eta prestutasundun baten maskararen pean ezkutatzen* dena, bere karguan gure euskara «hain» garbiaren zuzendaritza hartu duena. Dirudienez, hizkuntzak, kristauak bezala, bi partetan berezten eta partitzen dira: Arima eta gorputza (edo, hark erranen* lukeen bezala, soina eta gogoa, kontuan eduki gabe soina gorputzaren eta gogoa arimaren zati bat dela). Euskal gaietan, askotan ekarri dauku aipamenera Hipokrates famatuaren zina* (ez dirudi, mendian zauriturik gaiso bat hiltzen utzi duen batek, medikuntzaren exertzizio sakratuarekin begiramendu gehiegirik dadukanik). Eta Hamleten aitaren arima penatu honek, euskararen batzearekin gabiltzanok ezjakintsutzat salatu garauzkio* Euskal Herriari. Eta, behingotz behintzat, zuzen dago.

Amuriza apaiz bertsolariak «Mundu berri eta bikain» nobelari jarritako hitzaurrea irakurri eta gero, pentsamendu honetara etorria naiz. Zeren*, euskaltzaleen artean batto* baldin badago «guti eta gaizki dakidana», ni nauzue hori. Kontzientzia honetara heldu naiz, beti bezala, ausarta* naizelakotz. Eta, behin honetan, ausartzia handi bat hartu dut: dakidana ez dakidanarekin konparatu dut. Eta, egia erran, hainbeste eta hainbeste ordu enplegatu baldin badut euskararen ikaskintzan, hau aurkitzen dut: dakidan euskara eskas eta trakets honek ezin adieraz dezakeela neure gogoak belarrira diostan guztia; enetzat ene aitalehenen* hizkuntza ez dela lanabes gai eta kapable bat.

Eta zergatik? Zergatik? Galdatzen diot neure buruari. Eta erantzun bat erideten* dut bakarrik. «Asko eta ongi dakitenak» daudelakotz. Gizon zuhurrak daudelakotz gure artean, ausartziarik hartzen ez dutenak. Hoiek ez dute konparatzen dakitena eta ez dakitena; eta hori gertatzen zaie, zeren*, baldin eta ongi badakite zer dakiten, zer ez dakiten ez baitakite. Eta, orduan, asko eta ongi dakite... dakitena. Guk, berriz, zer ez dakigun dakigunok, guti eta gaizki dakigula dakigu.

Jar dezadan exenplu bat: Kamiñazpi jaunak, ongi eta asko dakienak, euskararen bazter-ezkutu, itzul-inguru eta bidagurutz guztiak irakatsi zizkion ama bat eduki zuenak, bere azken artikulu batetan forogatzen* dauku, «batetan» gaizki dagoela eta «batean» erran behar dela. Nik, erdaldun ama bat dadukadanak, ederki foroga ahal diezakeot «batetan» eta «batean» bi gauza diferente direla, eta haien artean dagoen alderdia mugatutik mugatugabera doan alderdia dela; eta hala nola pasiborakotz gauza bat den «bat» eta beste bat «bata», hala, deklinazioaren gainerako kasu guztietan ere, gauza bat dira batek, bati, batez, batetan, batetatik, batetako (erdaraz «uno», «a uno», «de uno», etc), eta beste bat batak, batari, bataren, bataz, batean, batera, batetik, bateko. Munduko hizkuntza askok egiten duen berezkuntza da hau, eta bai geure autore zaharrek erabilitakoa. Kamiñazpik ez. Zergatik? Kamiñazpik ez dakielakotz zer ez dakien.

Beste kasu bat. Zergatik gaztelaniazko «mi», frantsesezko «mon», ingelesezko «my» edo alemanezko «mein» erratekotz, euskaraz hiru hitz dagoen. Hori ez nekien, eta, ez nekielakotz, neure ahalegin guztiak egin nituen ikastekotz. Ene enkarguz, Xabier Kintana adiskide maiteak artikulu eder batetan esplikatu zuen «Fontes Linguae Vasconum» aldizkarian, eta, ene enkargurik gabe, Jose Luis Alvarezek bere «Sustrai Bila» liburuan.

Zer erran nahi dudan, irakurleek ideia zehatz bat lortu* dutela uste dut. Baina, artikulu hau bukatu baino lehen, beste exenplu bat atera nahi dut argitara. Hau gauza berri bat da, edo hauzi zahar bati epai berri bat, euskararen «egiazko garbitasuna» maite dutenek benetan preziatuko dautatena. Nola erran behar da: «Hiru gizon ikusi dut» ala «hiru gizon ikusi ditut»; «lau andre etorri da» ala «lau andre etorri dira»? Kasu hauetan, askok aditza pluralean konjugatzen du (bidezkoena iruditzen baitzaio, «hiru» eta «lau» ezin ukatuzko pluralak direla); baina, hala ere, Zuberoan eta Nafarroa Beherean (gutienez) singularrean konjugatzen da aditza. Zenbait lorik gabeko gau kostatu daut egiteko honek, baina azken arrazoi batetan finkatu naizela uste dut. Esplika dezadan:

Mitxelenaren irakaskintza da, euskaraz sexorik ez dadukan izakia maskulinotzat hartu behar dela. Hitz-bide* mehar batetan, norbaitekin mintzatzen baldin bagara, norbait horrek sexo bat eduki behar du, zeren sexorik ez dadukanak ez baitu endelegurik*, eta endelegatzen ez gaituenarekin mintzatzeak erokeria baitirudi. Beraz, toka* mintzatu behar gatzaizkio arrei eta noka* emeei. Baina, hitz-bide zabalago batetan, ez da ikusten zergatik ezin mintza litekeen mendi batekin edo aingeru batekin, edo sexorik ez dadukan beste edozein izakirekin, adibidez, hermafrodita batekin. Orduan, euskal garbiz, hitanoz* mintzatu behar baldin bagatzaizkio halakoari, toka mintzatu behar gatzaizkio, arra balitz bezala.

Euskarak bi deklinazio arras* diferente du, mugatua* eta mugatugabea. Lehena (orain kontuan hartu gabe, hurbila ala urruna den) plurala edo singularra izan ahal daiteke, eta batere dudarik gabe komunztatzen* dira aditzaren konjugazioarekin. Baina bigarrenean, mugatugabean, ez dago ez singularrik ez pluralik; baina, hala ere, nolabait komunztatu behar da konjugazioarekin. Eta nola egiten dute? Ahal duten bezala, gehienetan erdararen ereduak* harturik. Erdaraz «han venido dos hombres» erraten da, eta euskaraz «bi gizon etorri dira» diote asko eta ongi dakitenek. Hala ere, Zuberoan, han ere guti eta gaizki dakitelakotz (hau baitzen Urkixo zorionekoaren eritzia ere), «bi gizon etorri da» erraten da (dialektal forma alde batetara utzirik). Zergatik? Euskal garbiz, jenerorik ez dagoenean maskulino enplegatzen den bezala, numerorik ez dagoenean ere singularra enplegatu behar baita. Beraz, «bi gizon etorri dira» gabe, «bi gizon etorri da» erran behar da. Gainera, oso utilitate handikoa da erregela hau, aktibozko komunztaduran* batez ere; zeren, erregela hau errespetatzen ez badugu, «bi gizonek ekarri dute» diogunean, ez baitakigu zer diogun ere, «dos hombres lo han traido» edo «los dos hombres lo han traido». Euskal gaiztoz mintzatzen gara. Baina, erregela hau errespetatzen baldin badugu, lehen kasuan «bi gizonek ekarri du» eta bigarrenean «bi gizonek ekarri dute» erranen dugu, eta euskal garbiz, ideiak nahasten ez dituen hizkuntza noble batez mintzatuko gara.

Zorionez, gauza hauetaz «guti eta gaizki dakigunok» konturatzen gara. Zeren «asko eta ongi dakitenek» nahikoa dute bere zilborra kontenplatzeaz. Zorionez, euskararen etorkizuna, ez hoien, baina gure eskuetan dago.

GABRIEL ARESTI

daitezke, daitekez

daude, dagoz

dauku, deusku, digu

dautate, deuste, didate

dezadan, daidan

dezake, daike

diezakeot, deiskiot, dezaioket

diost, dinost, esaten dit

diot, deutsat

zaie, jake

zaio, jako

gatzaizkio, gatxakoz

zizkion, eutsozan