ANAITASUNA

217. zenb.

1971.eko Abuztuaren 30ekoa

Jardin Txikerra, 1. BILBAO-12

Tel. 43 18 37


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari: Anjel Zelaieta.

Zuzentzaile: Imanol Berriatua.

Idazkola ta banakola: Jardin Txikerra, 1. Bilbao (12).

Inprimatzaile: Juan José García de Mardones, Joaquín Jáuregui, Luis María Tafalla eta Gabriel García de Andoin, AMADO inprimerian, Bilbon.

Irarle: Gil Díez eta Manuel Barrera, RALI etxean, Bilbon.

XIX urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Euskaldunaren espillu

GABRIEL ARESTI

Guti izanen dira, euskaldunen artean, Xabier Amuriza apaiz bertsolariaren berri ez dakienik, batez ere orain sufritzen duen gatibitatearen arrazoiz. Haren kondena horren zuzenbideak eta okerbideak alde batetara utzirik (ez baikara gu nor, tribuna honetatik geure buruak inoren jueztzat onar arazitzekotz), har dezagun bakarrik kontuan hau, Gaztelako mahain* goretan* pairatzen* duen bakartatea nola sufritu behar duen plaza gizonaren bihotzak (ez dezagun ahatz*, Xabier Amuriza bertsolaria denik), bere herriarekin lokarri eta harreman guztiak apurturik ikusita.

Hala ere, Xabierrek ez du Euskal Herriarekin dadukan komunioa hautsi nahi ukan, eta guri, LUR editorialekooi jo zeukun, harreman frutukor baten zubi izan gintezen; eta, euskaldunek beren buruak begiratzeko espillu bat izan zedin, Aldous Huxley-ren «Brave New World» nobela argia, gaztelaniaz «Un Mundu Feliz» izenarekin argitaratu dena, enkargatu genion itzultzea.

Denbora iragan* da, eta hona non eta noiz ailegatu zaikun nobela hori, Amurizaren eskutik euskaraturik, presoindegiko zentsore jaunak bere eskuz eta firmaz zilegiztatu* eta autorizatua. Hala, eta Xabier Kintanak adizki* batzuk eta Z edo S edo H batzuk korrejitu ondoren (hori baita Amurizaren deseoa), inprentara bidaltzen dugu.

Hemen eskatzen duen euskal-erdal hiztegia alde batetara utz dezagun, oraingotz. Gure eritzian, askozaz interesanteagoa baita euskal hiztegi bat. Ahalegin guztiak egiten ditugu, nahiz eta gure arteko aberatsek bat ere menezasgoarik eskaintzen ez badaukute ere, «Batasunaren Kutxa»ren edizio berri eta gehitu (guztiz gehitu) bat ahalik eta lasterren argitaratzeko.

Batasunaren zeregin honetan diziplina handia behar da. Euskaltzaindiak ezer eginen ez zuela zirudienean, euskal idazleok konpromiso batetara etorri ginen, eta konpromiso hori beteko genuela zin* egin ere egin genuen. Batzuon asmoa zen, Jainkoagatik zin egin behar zutela (fededunek behintzat), federik ez zutenek beren ohoreagatik zin egin zezaten kondizioarekin. Baina fededunek (apaizek batez ere) ez zuten hala juratu nahi ukan, eta beren ohoreagatik (orain ikusten dugu zein merke saltzen den euskaldun askoren ohorea) juratu zuten.

Dirudienez, guztiok ahaztu dugu geure zin hori.

Bakarrik dago bat, zin hori ahaztu ez duena, eta gainera zin egiteko posibilitate materialik eduki ez zuen bat.

Xabier Amuriza.

Ikusazue:


Herriz-herri

Baztan

Baztandarren Biltzarra

Aurten Santiago ondoko igandean ospatu dugu Zortzigarren Baztandarren Biltzarra, eguraldiak ere ederki lagundu gaituela. Goiz goizetik zerua garbi garbia agertu zitzaikun, eguzkiak bortizki* berotzen zuela. Gero eguerdi aldera goibeldu zuen, Ipar haizea nagusiturik, baina batere euriaren beldurrik gabe, ongi baitakigu, ipar lainoak zerua mukutzen* duelarik, ez duela aise* erasaten*. Hortaz, bada, arratsalde goxo bat izan genuen, eta besta egiteko izaten ahal den hoberena.

Aurten, behin ere ez bezalako arrakasta* izan du Baztandar Bilkura honek, Elizondon bildu baitira Euskal Herriko zazpi herrialdeetako* jendeak. Hemen ikusi ditugu Gasteizkoak, Bizkaitarrak, Gipuzkoar hainitz* eta Nafarroatik ere ikaragarrizko jendeketa, hoien artean Iruinarrak, Lesakarrak, Beratarrak, Bidaso-Bertizaranakoak, Malderrekarrak, Ultzamarrak eta Baztan guztia. Bai eta mugaz beste aldeko anaiak ere ikusi genituen, denak gure artera etorriak egun goxo bat iragaiteko* nahikariarekin eta denbora berean zazpi haurrideen* arteko lokarriak azkartzera*, hoik behin ere urra ez daitezen.

Goizean meza ederra, euskarazko kantu, otoitz eta soinuekin, baztandar apaiz jaun batek bestari buruz prediku hunkigarria* eginik. Meza guztiz ederra.

Urtero bezala, meza ondoan karrozen ibilaldia Elizondoko karriketan* barna. Besteetan bezala, Haraneko ikurrina Maurizio eta Pelix txistulariekin denen aintzinean*; hoien ondotik, karrozak, txistulariak, dantzari taldeak, trikiti-joileak, neska-mutil gazteak jauzi* eta dantza; eta, denen gibeletik*, Iturengo joare-joile famatuak, beren bulunba* haundiekin bazter guztiak iharrosten* zituztela.

Eguerdi aldean, plaza zaharrean, Hazparneko dantzariak aritu ziren; eta, hoien ondotik eta goizeko besta bururatzeko, baztandar gazte eta zaharrek mutil-dantza eder bat dantzatu zuten.

Gero, merkatuko plazan, bazkaria 1.500 bazkaltiarrekin. Bazkalondoan, nahiko soinu, dantza eta kanta. Hor ari izanak dira: Maurizio eta Pelix txistulariak, Lesakarrak, Etxarritarrak, Zangotzatarrak*; Silbestre Almandoz auspo-soinu joilea, Azparneko kantari xarmantak*, Irungo trikiti-joileak, Elizondoko Ikastolako haurrak kantari eta beste zenbait* gehoago ere. Bestaren zuzendari eta erakustaile Iñaki Beobide izan genuen. Zer mutil-dantzak, fandango, arin-arin eta biribilketak, ehunka gazte jauzi* eta irrintzi.

Arratsaldean, Elizondoko karrika* eta ostatuetan, izigarrizko umorearekin gazte euskaldunak kantari, Euskal Herriaren aldeko kantak ederki goraipatzen zituztela.

Ilunabarrean, «Oskarbi» deitutako kantariak eta Tolosako «Udaberri» deritzan dantzari taldea aritu ziren, hemen ere Iñaki Beobide «mikroan» erakustaile. Jende hainitz* bildu zen, eta denak loriaturik*. «Oskarbi» taldearen kantak izigarri politak eta arras* ongi moldatuak; eta dantzarien ekinaldia ere, aski* ederra. Zorionak «Oskarbi» eta «Udaberri» taldeei, eta bai bestaren zuzendariari ere.

Aurtengo Baztandarren Biltzarra ongi joan da, eta Baztan izena Euskal Herri osoan entzuna izan da. Ehun txistulari, dantzari talde hainitz eta euskaldun gazteria bozkario* sanoa agertzen zuelarik, egun guztian kantari eta jauzi* «Gurea da Euskal Herria».

Eguna joan da. Arrabotsaren* ondotik bakea. Baztango mendietan beheiti* ipar lainoak. Ez du erasanen* Bestak joan dira, «bakea eta bi sos*».

M. IZETA

Bilbo

Euskal ikastaro bat debekatua

Hainbat Bilbotar, ikastoletako andereño eta maisu, gertu zeuden Iruinera joateko, han eginen zen udako ikastaroan parte hartzeko. Baina debekatua izan da.

Entzun dugunez, debekatze horretan euskaldun batzuek parte hartu dute. Hauek, euskara eta Euskal Herriaren interesen gainetik, beren ideologia partikularra ipintzen dute, oraingoan gure semeen heziketaren* kaltetan.

Gaixorik

Euskal folklorean oso ezagunak diren hiru hauk gaixorik daude: Segundo Olaeta, Joakin Landaluze eta Luis Torre.

Lehenengoak ballet arloan, bigarrenak txistugintzan eta hirugarrenak txistularien irakasle bezala, izugarrizko lana egin dute berrogeitamar urte baino gehiagotan.

Bilboko Herri Irratia

Oraindio erdara hutsean ari da.

Artekaleko dendariak

Hainbat autobus ikusi dukezue* Bilboko kaleetan zehar, letrero bitxi honekin: «Artekalen ozo merke erostenda».

Zein taldetxoren euskara da hau? Eta gero, euskarak batasun beharrik ez duela esanen daukute!

Merkatu bat

Merkatu hau Olabarri kalean dago, eta akzioak eta obligazioak salerosten dira.

«Hona jantzita sartu behar da», esan zeutan atezainak.

Begiratu nien neure fraka luze eta «niki» garbiei. Eta atezainak, konpreniturik, «traje eta gorbatarekin esan nahi dut» gaineratu zeutan.

Ikusten denez, kapitalistek ondo gorde gura dituzte itxurak.

Baina Boltsa lehendik ikusia nuen: ajenteak erdian dehadarka, tituluen kotizazioak oihukatzen. Inguruan, haien enplegatuak eta jendea, guztitara ehunen bat. Sarrerak 5 pezeta balio du, eta ateak goizeko hamarretan zabaltzen dira. Merezi du ikustea.

Beste merkatu bat

Merkatu hau Cortes kalean dago. Hemen ez dira itxurak gordetzen, eta ez da gorbataren beharrik.

80 bat kabaret, hiru mila bat lagun, ia guztiak gizonezkoak (% 95, hogei urteko gazteak). Nahiz gaueko ordu biak izan, kalea autoz eta jendez gainezka. Kolore guztietako neon argiak. Ateak zabalik eta eskaileretatik mugimendu haundia.

Honek ere merezi du ikustea, batez ere Euskal Herriari beste biderik ukatzen diotenen aldetik.

XABIER GEREÑO

Arratia

Aurten, abuztuko hilabetea oso ederra izango da Arratiako hiru herrirentzat, azkenean beste herri batzuetan jazoten* hasi dana gertatzen ez bada.

Zeanurin eta Igorren* 15ean eta Areatzan* 24ean, jaiak izango dira; eta jaiok antolatzeko, gazteek euki dabe eskubide osoa. Hiru herri honeetako gazteak zintzotasun guztiagaz dabiltza, jai horreek atontzen*; eta ez gazteak bakarrik, bai eta herriko gehienak ere edozein gauzatan laguntzeko gertu dagoz. Hori da, jaiak eratzea eta herri legez lan egitea! Noiz ikusiko da horrelakorik Arratiako beste herrietan? Aurten behintzat, gazteek ez dabe eskubiderik, jaiak antolatzen parte hartzeko.

Hasi zan, «Peña Pelotazale Villaro II» elkarteak antolaturiko txapelketa komarkala. Eta zelako pelotariakaz! Melenadunak eta guzti presentatu dira. Ez badozue sinesten, joan frontoira, «Pirras»ek jokatzen dauanean. Txarto dagoen gauza bat, apuntatuta dagozen pelotariak ez etortzea da. Mesedez, hori ez egin.

Zer jazoten da Areatzan? Asiloa eta monjen ikastetxea hitxi egiten ditue. Nora joango dira han dagozen atsotxoak eta han ikasten daben hainbeste neskatilla? Areatzan eta Arratiako gazteakaz hainbeste lan egin daben monjak azkenean ba doakiguz. Gero, Areatzan ez dagoela problemarik esaten dabe; baina hori ez da holan. Areatzan batzuek loditu egin ditue problemak, konpondu beharrean. Begitu, bestela, zer jazo dan Irupagoko kaminoagaz ere: amaitu dira obrak, eta kaminoa hondatuta utzi dabe. Zergatik? Gauzak, bakoitzak berari komeni jakozen legez egiten dituelako. Herriarena izan kaminoa, eta azkenean kamino barik gelditu da herria.

XIRI

Sondika

Zaharren ohorez

Abuztuaren 8an eta gazte batzuek egindako lanari eskerrak, ibilaldi zoragarri bat izan eben herriko zaharrek, urtero bezala. Ikustekoa izaten da, egun horretan atso-aguretxoei egiten jaken abegi ederra. Bihotzez opa deutsuet, urte askotan holaxe jarraitu daizuela.

Hurigintza

Azken hamar urteotan Sondika etxez eta jendez asko gehitu da. Esan leiteke, urbanizatze ederra egin dala. Baina ez ote da, hurigintza horretan, hain modan dagoen «zona verde» edo zelairen bat sartzeko tokirik izango? Ez umeek ez nagusiek ez dakie nora joan, eguraldi ona danean.

Neguriko hondartza

Bilbo edo Bilbo aldeko hondartza zale gehienak (autorik ez dabenak behintzat) Neguriko hondartzan ikusten ditugu. Jende larregi. Oinak behean ipintzeko ere tokirik ez. Baina berdin da. Sekula onartuko ez doguna, hondartzako zikinkeria da: satsa. Noiz arte?

ROSI IBARRONDO

Tolosa

Loiolako irratitik maiz* entzuten da euskara; eta ez gara gu inor, faltak ateratzen hasteko lan hoietan ari direnei. Bakarrik adierazi nahi genuke, anuntzio batean «Herrero» kalea esaten dutenean, Errementari kalea esan behar luketela.

Ibon Sarasolak euskal literaturaz idatzitako liburuan, idazlarien artean ez dugu aipatua ikusi Estanis Urruzola, tolosar antzerkilari trebea. Jakin nahi genuke zergatik.

Lehengo egunean azaldu zen telebistan, buruhausketa saio batean («Premio al ingenio» programan), tolosar izenarekin, hemengo guardia zibil puestuko kabo dena, Acedo Panizo jauna. Kabo Panizo oso ezaguna da herri guztian.

Lehen Preu zena orain Cou-ra aldatu dutenez, Tolosako ikastetxeak eroturik dabiltza, Ministerioak ipinitako aginduak betetzeko. Denak elkartuta ere, ez dakite oraindikan, datorren urtean Cou ematerik izango ote den; eta, nola edo hala, ia hiru mila pezetatik gora ordaindu beharko omen* dute ikasleek. Alde ona, langileen semeak Unibersidadera irixteko*.

IRAETA

Elgoibar

Aspaldian isilik egon ondoren, berriro natorkizue, gure herriko zenbait berri azaldu nahirik. Gure taldea ezereztu zaikunez, ez dautzuet interesgarririk asko eskainiko: asmo ona besterik ez.

Liburutegia dela eta

Egun hauetan, liburutegia dela eta, eritzi asko entzun ahal izan ditugu. Entzun dudanez, Juventud Elgoibarresa-ko gazteek, lehen erdi hilean zedukaten liburutegiari bizi berria emateko asmoa zuten; baina, dirua ugari ukan ezik, nahiarekin bakarrik ez baitira gauza hauk lortzen, udaletxeak* duen Herriko Liburutegiaren zuzendariengana azaldu ziren.

Bilera batzuk egin ondoren, asmo hauekin gelditu dira, alegia*, Ongarri, Morkaiko, Elgoibarko Izarra eta Juventud Elgoibarresa-ko lehendakariek zuzendaritzan parte har dezatela. Era horretan, Herriko Liburutegiak zabaltasun haundiagoa izango duen itxaropenarekin gelditzen gara euskaldunok, orain arte ez gaituzte kontuan hartu eta.

Zubia noiz amaituko?

San Roke aldeko etxeak B. Ezenarro kalearekin elkartzen dituen zubia laster amaitzeko itxuraz dabiltza. Egia esan, ez dakit inoiz amaituko duten, zeren* hiru edo lau aldiz hasiak baitira obragintzan. Luzaroan irauten badute, zerbait egin beharko dugu, alde horretan bizi garenok, kalera zapata garbiekin joan nahi badugu.

Morkaiko elkartea

Morkaiko elkartekoak udaletxearen laguntzarekin, San Pedro txukuntzeko asmoz ei* dabiltza, mahai berriak eta abar eginez. Ez dago gaizki.

MARISABEL


Isilak eta Isilduak

Azken bolada* honetan asko idazten da multzo isil delako horri buruz. Dakigunetik, berau pertsona bakezale eta arduragabeek osotzen dute, «politika politikalarientzat» esaten dutenek. Berauen ustez, norberak jateko, edateko, janzteko eta ondo bizitzeko beste dadukan artean, ez da protestarik bat ere egin behar, hauzoak hain ongi ez badaude ere.

Postura hau erosoena* izaten da, konpromezurik nahi ez duena, arriskurik gura ez duena, guztiz oportunista eta beti jarritako ordena (edo Rikardo Arregi lagunak esan bezala, jarritako desordena), isilik bederen*, ontzat hartzen duena. Eskuin aldeko fatzismoak egindako zapalkuntzak, zein ezker aldeko komunismo batzuek sorterazitako injustiziak, zuzenik ez dagozkion artean, ez baleude bezala dirateke multzo isil horrentzat. Beren gainean dituztenean bakarrik hasten dira deihadarka; orduan jotzen ohi dute protestaren tronpeta. Baina anartean* ez dute deus* egin, halako injustiziarik gerta ez zedin, beren lanaz Herriaren politikan eta problemetan parte aktibo bat hartuaz. Gero keixa! Hiritar hoien portaera antisozialtzat kondenagarria da, eta ez dut uste inola justifika daitekeenik.

Baina sarri askotan multzo isil horren zaleek gauzak nahasi egiten dauzkigute. Batzuetan ez da jendea berez isila, isildua eta isilerazia baizik. Kasu hauk* penagarriagoak dira; eta are* gehiago, isiltzaileek beren posturaren zuzentasuna justifikatu nahi dutenean berek isildutako multzoekin.

Ba dira, bai, eta herri askotan zoritxarrez, bortxaz eta beste erremedio gabe politikaz arduratzen ez direnak, zeren* alferrekoa bailizateke egitea, horretarako biderik ez dagoenean.

Legeen arauez okerrak ezin zuzen* daitezkeenean, protestarik ezin atera daitekeenean, bide bi gelditzen dira. Bata da isilik egotea. Erosoena*. bai, baina askotan gainetik obratzen duen gogorkeriak nolabait justifikatua. Berau da multzo isildua, nahiz eta nahi ez, beldurrez, mutu izatera kondenatua. Beste bat mutu gelditzera esten* ez dutenen taldea da, gogorkeriari gogortasuna oposatzen diotenena. Hauk kontestatarioak izaten dira, gerrilleroak.

Pentsa dezagun, ipin ahal dezakegun exenplo bat ipintzeko, judizio famatu bat,... Leningradokoa.

Sobietar Herria isilik egon da. Zergatik, borondatez ote? Nahiz eta nahi ez isildua izan da. Ba dakigu. Hego Ameriketan zer pasatzen den guztiok dakigu. Beste exenplo bat ere aipa genezake Europan bertan... Polonia, bai eta Irlanda ere. Polonian jendeak ez du etsi* nahi ukan, eta atera egin da kalera injustiziaren kontra. Hilak egon dira. Herri adoretsua benetan polakoa. Kaletar matxinada hoien kausaz gobernua aldatua izan da Polonian. Zoritxarrez beste leku askotan ez da horrela gertatzen. Vietnameko arazoa aski* klar dago hor.

Goikoen gogorkeriaren kontra joateagatik, gogortasuna erabiltzen duten asko hiltzen dira, hiltzen dituzte (Palestina...), azkenez bat ere ez lortzeko; sakrifizio penagarriak egiaz. Eta berau da, hain zuzen, multzo isila bere mututasunean mantenerazten duena. Zertarako ahoa ireki? diote.

Beste askok ere honela esaten dukete*: «Ni horretan ibiltzeagatik poliziari eraman naraukote* eta bertan zihortua izan naiz. Bitartean mundu guztia ixilik. Ez dut hura* berriz probatu nahi». Eta aditzekoa da, batez ere Grezia edo Brasil moduko gobernu batzuetan.

Noiz arte honela? Ba dakigu, munduko gogorgoa* bitara obratzen dela: gogorkeriaz eta gogortasunaz. Camilo Torres apaiz iraultzaileak* bere bizitza propioa emateraino predikatu zuen, oraino lizunkeriaren kontra garbitasuna predikatzen den bezalaxe, gogorkeriaren kontra gogortasuna. Odolezko hazia ereina da, noiz uzta* emanen? Noiz guztiok geure koikeriei uko eginen? Noiz bozatuta* dauden ahoak libreki mintzatuko? Izan bedi 1971. urtea, guztiok ekarriko dauzkiguna.

XABIER KINTANA


Euskaldungoa

Aldizkari zabal baten beharra

Honako hau irakurri dugu, J. M. Satrustegi euskaltzain jaunak izenpeturik, uztail-abuztuko «Príncipe de Viana» aldizkarian:

Euskal aldizkarietaz nahi nuke mintzatu. Zenbat dira? Ez dakit. Ugaritasunaren neurriko nortasuna bagenu! Nik ikusten ditudanak:

a) Herrietan, teila azpiko eliz txoriak.

b) Ibar* eta eskualde* osorako birigarroak

c) Euskalki* bateko oilogorrak.

Egileen aldetik, berriz:

d) Elkargo ofizial batengandik datozenak.

e) Ekintza edo talde bereizi bati lotuak.

f) Jauntxokerien lokarrietan galduak.

 Bakoitzak berea egin duela ezin da ukatu. Besterik ez genuen garaian, aberasgarri izanak dira. Gure herria euskaraz irakurtzen hasia dela ikusi baizik ez da. Baina haurra bat batean haunditu zaiku eta jantzi guztiak labur eta barregarri gelditzen ari zaizkio. Gure gaurko giroaren mailako aldizkari zabal baten beharretan gara: Euskal Herri osoari dagokion aldizkaria.

Mari Lascauret emakumeak 102 urte

Lapurdiko Angelu herrian bizi da Mari Lascauret izeneko emakume bat, eta 102 urte bete ditu joan dan uztailean*. Esaten dan bezala, «ez dauka hiltzeko lotsarik».

Bat bakarra eta bera galdu

Lapurdiko Luhoso herrian fabrika txiki bakar bat egoen. Fabrika horretan zeramikazko gauzak egiten ziren. Azken urteotan, 15 langile baino ez ebiltzan bertan. Eta, orain, ateak hitxi ditue, eta Ipar Euskal Herriko industrializatzeari «beste kandela bat amatatu* jako.

Txistua aurpegira

Pilarin Urrestillako neskatilla bat da, bere familiarekin Bilbora lanera etorria. Orain 18 urte ditu, gazte bezain neketsuak. Bilbo honetan, bizi baino gehiago lan egiten dau. Aberats baten etxean dabil lanean, zerbitzuan: komunak garbitzen ditu, janariak prestatu, haurrak jagon eta asko sufritu. Pilarinen zeregina lan egitea da, eten gabe, esperantzarik gabe. Bere nagusiaren lau semeak, harrak dira guztiak. Eta haur honeek ere, ez dakigu nondik ikasita, ala euren gurasoengandik ala gizarte osoagandik ala telebistatik, Pilarin neskamea benetako neskametzat dauke: euren menpeko dauke oso osoan. Neskameak, ostera*, haurrak zerbitu behar ditu edozetan. Kasurako, jaterakoan. Mutikoetarik batek mizkinkeria* haundiak agertzen ditu jaterakoan. Pilarinek ahaleginak egin behar izaten ditu, mutiko horrek jan daian. Halako batetan, gurasoak kanpotik zirela, eztabaidan hasi ziren biak, haurrak mizkinkeriak zitaltsu erakutsiz eta neskameak haurra janaritu nahiz. Haurrak, azkenean, bere nagusigoaren azken ondorenak atera zituan, eta txistua bota eutsan aurpegira bere zerbitzariari.

Euskal kantarien jaialdia Bilbo hegalean

Bolueta Bilboko auzune bat da, huriaren* hegalean, Basauri aldera dagoena. Mila eta mila gizon asko bizi dira bertan. Santiago jaietan, euskal kantariek jaialdi bat eskaini izan dabe. Sarrera dohan* izan zan. Ehun entzule baino ez ziren bildu Boluetako zineman, dohako euskal kantariei entzutera. Gehienak gazteak ziren. Bilbotik beste barik* etorritako polizia batek arretaz* entzuten zituan kantarien jardunaldiak, abestien hitzak ekarzan paper bat eskuetan ebalarik. Zinematik ateratzerakoan, neskame heldu eta euskara «garbijaren» aldeko batek, haserre biziz esan eutsen kantariei: «Horretara, Euskal Herriari kalte baino ez deutsazue egiten. Faltsoa, kontra, eliza... hori erdera da!»

Diruarekin erosi nahi

Ba ebiltzan andereño bi lanean, ikastola batean, Donostian. Zoritxarrez, ez euken soldata haundirik. Baina pozik ari ziren, haurrak eskolatzen. Honetan, uda heldu zanean, eta eskola eta kolejioetako maisu-maistren aldaketak egiten direnean, jesuiten kolejio aberats batek —jesuitak ez dira aberatsak, jesuiten kolejiora doazen haurren gurasoak baino; eta, jakina, jesuiten kolejio horretako jesuiten komunidadea ere ez da pobrea— monja baten eskuetan utzi eban haurrei eskolak emateko zeregina. Monja ha, bestalde, maistra ikasten ari direnen irakaslea da. Horregatik ezagutzen ditu, aipatu dogun ikastola horretan soldata merkearen truke lanean ari diren andereñoak; eta ba daki, aparteko zer bat daukela. Monja horrek, intentzio onez bada zoritxarrez, eta intentzio txarrez bada bekatu astunez, soldata doblea eskaintzen deutse andereño biei, jesuiten kolejio horretan eskolak —erdaraz— emateko, noizean Behin euskal gauzatxoak irakatsiz. Andereño biok, tentazio asko gainditu ondoren, etxekoen eta zenbait lagunen kontseilu diruzaleei uko eginez, ikastolan gelditzea erabakitzen dabe.

Azken lerrokada hau idazterakoan, ez dakigu seguru, gertakari hau non jazo* izan dan; baina Bilbon edo Donostian, biotarik batean, izan da.

Elizondoko euskal kanta saioa debekatua

Nafarroako Baztanen, Elizondo herrian, ezin izan dabe «Ez dok Amairu» taldeko kantariek euren «Baga, Biga, Higa» sentikaria jokatu, joan dan uztailaren* 24ean, ez baita horretarako behar dan baimenik eman izan.

Garaiko eliz jaialdia debekatua

Bizkaian, Garai izeneko herritxoan, eliza bi dira: bata San Migelena eta bestea San Joan Bataiatzailearena. Ohitura zaharrari jarraituz, Santiago egunean, uztailaren 25ean, Santiagoren irudi bat eramaten* da San Migel elizatik San Joan elizara, biharamunean ere tokira ekartzeko. Eliza batetik bestera 500 pauso dira, eta, bide hori eginaz, Santiagoren irudia lau gizonek daroela, herriko agintariak, elizgizonak, herritarrak, txistulariak eta dantzariak joaten dira. Bide erdia egin ondoren eta prozesioa bukatu ostean* batez ere, euskal soinu eta dantzak izaten dira. Aurten ezin izan da horrelakorik ezer egin, ez baita lortu izan horretarako behar dan baimenik. Eta Santiagoren egurrezko irudia han gelditu zan San Migelen elizan, zaldi zuriaren gainean, aldare kontran, bizpahiru kandela zuri aurreko aldean, bere aurpegi serioarekin, baina inor atakatzeko planta* barik.

Baionan euskaldun ekonomista bat behar dute

Baionatik anuntzio hau bidali daukute:

Baionan dagoen Ekonomiaz arta* hartzen duen Batasun batek, bilatzen du, Hego Euskal Herrian, ordezkari bat. Bilboko T.A. etxeak aukeratuko du gizon hori, beren erantzuna ematen duten ekonomista guztien artean.

Hortakotz, irailaren* 2ko eta 5eko «La Voz de España», «Gaceta del Norte» eta «Pensamiento Navarro» kazetek agertuko dute ageri bat, holako gizon bat eskatuz. Honen lana izanen da, bi aldeetako harreman ekonomikoen ugaritzea eta kudeatzea*. Agian*, euskaldun zintzo askok emango dute erantzun bat.

Euskaldunentzako ikastaroa

Urriaren 7an hasita, 22 egunetako ikastaro bat egonen da (Gabonak arte), astearte eta ostiraleetan, Deustuko Unibertsitatean, bertako Euskal Kultur Mintegiak eraturik.

Ordua, arratseko 7 eta erdietan izanen da.

Prezioa 300 pezeta.

Ikastaldi hau euskaraz dakitenentzat eratuko da, eta helburuak hauk dira:

1. Ikasleek irakurketa eta idazketa ondo menderatzea.

2. Euskal gramatikaren hastapenak, praktika biziaren bidez ikasleari ematea eta adieraztea.

3. Ikaslea hitz eta esaera jator ugariagoz jaberaztea.

4. Euskararen estrukturak eta itzulpenetako lehen pausoak azaltzea.

Argitasun gehiagorako, hona idatz dezakezue:

Euskal Kultur Mintegia

Universidad de Deusto

Apartado 1

Bilbao

Academia de la Lengua Vasca

Ribera, 6

Bilbao

Tel. 21 47 45

Bakoitzari berea

 Elgoibarko Ikastolako Batzordeak* ohar hau bidaldu deusku, aldizkari honetan agerturiko berri bat argitu nahiz:

ANAITASUNAn eta Elgoibarko atalean, oraintsu irakurriari buruz zerbait esan beharra dugu, gauzak zuzen eta garbi agertuaz, bakoitzari berea emateko.

Gure herriko parrokiak Ikastolari gela bat ukatu diola zioenean, hori ez da egia osoa. Egia da, bai, Ikastolak behar beharreko duen gela hori dela eta, eztabaidak izan ditugula; gela horren ezetza, beste nonbaiten emango daukutela esanaz izan bada ere.

Beraz, ezetz «hutsik» ez daukute behin ere eman.

Azkenez, eskatzen genuen gela hori ere utzi daukute, eta parrokiak utzi dauzkigunetatik seigarren gela dugu hori.

Beraz, ezin daiteke esan, parrokian ez daukutela gelarik eman.

Akilino Izagirre «Zepai» bertsolari hil da

Akilino Izagirre, Errezilgo «Zepai» baserrian jaio zan, orain dala 62 urte. Idiazabalen taberna bat eukan, eta herri horretantxe bota ditu bere biziko urterik gehienak.


Europa batua (1)

Jende askoren ametsa izan da eta da Europaren batasuna, eta euskaldun askorentzat gure herriaren irtenbide seguruena dateke*.

Zertxobait aurreratu ere egin da bide honetan; baina ez da ahaztu behar, orain arte egin dena, kapitalismoaren —edo neokapitalismoaren— barrenean egin dela; eta, Fédération Générale du Travail de Belgique-ren azkeneko batzarrean esaten zuten bezala, neokapitalismoa funtsez XIX. mendeko* kapitalismoaren antzekoa da, «kontsumoan eta kontsumoaren bitartez masa esplotatzea» baita haren helburua*.

Hau ikusirik, galdera hau egin daiteke: irekitzen hasi den bide honek ez ahal gaitzake oraingo gaitzetan gehiago murgil? Begiratu batetan pozgarri agertzen zaikuna, ez ote da gauzak okerrago ipintzea, kapitalismoaren atzaparretan gehiago sartzea? Edo eta langileriak zer egin dezake, Europa batu sozialista bat lortzeko?

Gaur hasten dugun artikulu sail honetan, erantzun zehatz batzuk aurkitzea ez badugu pentsatu ere egiten, galdera hauk sakonago egiten saiatuko* gara bederen*.

Zerbait adieraztekotan, Europa batua ez dela besterik gabe onartu behar den gauza bat izanen da.

Ba dakizue, batasun bide honetan zer egin den orain arte.

Sei Estaduk, Alemania, Belgika, Frantzia, Holanda, Italia eta Luxemburgok, Europako Ekonomi Elkartea (E.E.E.) sortu dute, hots*. beren arteko ekonomi harremanak eragozten* zituzten aduana hesiak hautsi dituzte eta beren ekonomiak batzeko lanean dihardute.

Politika gauzetan ez da oraindik deus* ere egin: asmo hutsa da. Baina, orain arte egin den lan horretan, ez dute Estaduek bakarrik hartu parte; industria handiek, monopolioek ere beren elkargoak egin dituzte; amerikanoak ere, nola ez, tartean daude.

Gaurkoz, nondik joko dugun, gaia zein izanen den ikustea besterik ez nuen nahi. Beste artikulu batzuetan patxada gehiagoz aztertuko ditugu, gaur axaletik ukitu* ditugun galdera hauk eta beste batzuk.

A. SAGARNA


Aldous Huxley-ren «Brave new world» nobelaren itzulpenari buruz

Irakurleari nekez kostako zaio nobela hau irakurtzea, niri itzultzea kosta zaitan aina*. Ba dakit neure ezjakintasunaren kontua dela zerbait, jakiteak ez baitu lorrik*. Baina ez dut nahi apaltasun faltsoz benetako gaitza estaltzerik. Nire ezjakitasuna baino oztopo latzagorik eta desesperagarriagorik aurkitu dut: hizkuntzaren beraren ezintasuna. Eta honek erretzen daukit gibelak, zeren* ezjakintasuna ikasiaz konpontzen baita; baina euskaraz zer da ikasi behar dudana eta zer ahaztu behar dudana?

Euskal literaturan Txomin Agirre, Orixe, Lizardi eta abar ditugula eta euskara «plazara jalkitzeko*» moduan dagoela uste dutenek, har bezate Huxley edo honelako beste zenbait* idazle, eta gero eginen dugu hitz. Norbaitek esan dezake, lehenago ere egin direla itzulpenak. Hala da, bai. Neuk ere aisa* egin nezakeen Huxley-ren itzulpena neure buruarentzat, edo linguistentzat edo agian* «euskaltzaleentzat». Baina nik herriarentzat idatzi nahi dut, eta hementxe dago kakoa, alegia*, nahi eta ere ezin dudala herriarentzat idatzi, neurri haundi batean behintzat. Eta, «herria» esatean, ba dakit zer diodan: ez euskaraz dakiten guztiak, oraindik zoritxarrez minoria diren euskaldun alfabetatuak baino. Eta bildur naiz, minoria horrexentzat ere ezin dudala idatzi. Ahalik eta konprenierrezen itzultzen saiatu* naiz, baina ba dakit askori gehiegi kostako zaiola.

Non dago koska? Hizkuntzan bertan. Alferreko deritzat afirmazio hau oinarritzen hasteari. «Intelligenti pauca». Askok beste gabe konprenituko du zer nahi dudan esan, eta beste asko mila arrazoiz ere ez da konbentzituko. Ez dezala inork uste, hitz hauek euskararenganako gaitzespenik* edo gutiespenik* estaltzen dutenik. Ez horixe. Baina bai esan behar dut, euskararen ezintasun horrek geure ezintasuna eta geldotasuna* salatzen dituela; geuk dadukagula euskararen egoeraren errurik gehiena. Eta honekin nator nahi nuen harira. Batasunaren auzira.

Ez da hau lekua —eta nahi ere ez dut horretan denbora galtzerik— Batasunari buruz betiko topikoak esaten jarduteko. Ahalik eta bortitzen* esan nahi dudana zera da, alegia*, Batasuna urriki gabe aurrera eraman behar dela. Hauxe ere topiko gerta daiteke, baina niretzat guztiz konkretoa da bidea.

Batasunaren mugimenduak eman du pauso haundi bat: «Batasunaren Kutxa» Mitxelenaren promesaren pean. Bi gauza ikusten ditut bertan, zein baino zein inportanteagoak: liburua bera, alegia, ortografia, deklinazioa, aditza eta hiztegi bateratua. Eta bigarrena, lehenengoa bezain inportantea, batasuna aurrera eramateko zin* egin duten idazleen zerrenda. Zerrenda horretan beste izen haundi bat sartu beharko litzateke: Herria.

Batasunaren auzia, beraz, oso konkretoa da niretzat. Utz polemikak alde batera, utz behingoz «denok bat egiteko» amets utopiko eta iheskoia. Talde haundi batek bide bat badakusa, berama* aurrera urriki gabe. Batasunaren konplejidadeaz eta zailtasunaz ez kargutzeko bezain inozentea ez naiz. Baina uste dut, eragozpen teknikoez aparte, ausartziaren* gorabehera dela gehiago. Erabaki bat hartzerakoan, gaiaren beraren zailtasunari baino bildur gehiago izan ohi zaio sarritan, ondoren sortuko den iskanbila eta nahasketari. Gaitz hau euskararen tradizioan patologikoa dugu zoritxarrez.

Baina pausoak azkar eman beharra dago. «Gauzek beren denbora behar dutela» atxakiaz denbora pasatzen uzteak ez du beste ondoriorik, denbora alferrik galdu dugula konturatzea baizik. Eta bildur naiz, askok, ohartuz edo oharkabez, hizkuntzaren auziak sekulorun sekulotan segi dezala nahi ez ote lukeen, kausa bikain bati zerbitzen diolakoan. Baina ba dugu hizkuntzaz beste zereginik ugari eta aurreragokorik ere.

Eta honez gero proposamendu konkreto bat egitera nator, behar beharrezko eta luza ezineko deritzadana. Lehen bai lehen erdaratik euskararako hiztegi elemental bat behar dugu. Elementalak ez du xikia esan nahi. Uste dut, milaka batzuk hitz hartzeko, ez dela askorik nekatu behar. Hiztegi horretan euskal hitz jatorrak letozke, bai eta zenbait hitz arrotz ere (eta askok uste baino askoz gehiago izanen dira). Hitzak banaka ez ezik hitzen familiak ere ondo osatzeari beharrezko deritzat. Esaterako, inork ez du dudan jarriko, erdarazko ver euskaraz ikusi dela. Baina vista, visión, vidente, visible, invisible, visiblemente eta abar esan behar ditugu euskaraz. Beste adibide bat jartzeko, hor dugu jan, denok erabilia, bai herriak eta bai idazle guztiek. Baina comestible, incomestible, comedor eta abar ere esan behar dira. Eta horra herririk gehienak komedore esaten duela. Eta ondo egiten du gainera, edo ez dezake besterik egin, zeren, hiztegira edo idazleengana badoa, sei-zazpi hitz aurkituko baititu: jantoki, jangela, jangu, janleku, jantegi, bazkalgu, bazkaldegi, eta abar. Alferrik da esatea, hitz hauk elkarren antzekoak direla eta beraz aberastasun bat dela. Hitz hauk antzekoak badira ere, beti izanen dira diferenteak; eta ugaritasun hau aberastasuntzat jotzea, neurri gabeko disparatea da, linguistikarik elementalenean. Ez dut uste, beste inongo hizkuntzatan honelakorik gertatzen denik, geurean eta geurearen antzera daudenetan izan ezik.

Beste hitz asko, dudarik gabe, kanpotik hartu beharra dago. Eta hauk ere izendatu egin behar dira. Eta izendatzeko eta fijatzeko, ez dago beste bide egokirik hiztegi bat baizik. Hitz hauexetan ere, familien problema dago. Har dezagun, adibidez, aborto. Hitz hau denok onartzea, pauso haundi bat izanik, ez da nahikoa, hortxe baitaude abortivo, abortable, abortante, inabortable, antiabortivo, eta abar. Honekin ez dut esan nahi, erdararen plagiorik edo itzulpenik egin behar dugunik. Gauza askotan ez dago paralelismorik. Neuk ere eginak ditut neure lanak honetaz, Mitxelenaren esku jarri ditudanak. Lan haietan disparaterik franko egonen dela ere ba dakit. Horrexegatik jarri ditut gizon konpetenteen eskuetan, ezjakintasuna sarriegi* eta ozenegi* mintzo baita euskal tradizioan. Bost axola* zait gainera, lan haiek askorik balio ez badute ere, lan haik* egitera bultzatu ninduten asmoak betetzen baldin badira.

Hiztegi hori idazleok beharrezko dugu, txitean* pitean darabiltzagun hitzak era berdinez esan ditzagun. Baina hiztegi hori ikasleek dute batez ere beharrezko. Eta idazleok ere neurri haundi batean ikasle gara. Zer egin behar du ikasle batek, Mujikaren Hiztegira joanda? Zer hartu eta zer utzi behar du? Mujikaren hiztegia guztiz ona da, baina ez ikasleentzat, ikasientzat baizik, kriterio ondo eginak dituenarentzat. Baina urriki* dut, ikasi nahiz, Mujikaren hiztegira doana, eta urrikiago oraindik Mendizabalenera jotzen duena. Eta nork ez du hiztegi hoietara mila aldiz jotzen? Dagoenera jo behar, besterik ez den bitartean. Eta nork ez du hainbeste hitz eta neologismo alferrik ikasi?

Erdaratik euskararako hiztegia urjentea dugu, jaunak. Galde, bestela, herriari. Zaila dela? «Batasunaren Kutxa»n datorren aditza onartu dugunok ez ahal genuke honelako hiztegi bat ere koplarik gabe onartuko, han datorren euskal hiztegi bateratuaz batera? Batasunak bere esigentziak ditu, eta berdintsu ikusten dugunok ez dezakegu atzera edo albora begira eta luzamenduetan denborarik gal. Aditza beti jo izan da eragozpenik haundienetarikotzat. Eta benetan ere harriturik geratu* nintzen, baturik lehenengoz ikusi nuenean; baina pozez harriturik. Denak edo asko ez daudela konforme? Eta zer axola* du horrek, konforme gaudenok ere asko bagara? Inork aditzean galtzerik edukitzekotan, bizkaitarrok dadukagu. Hala ere, dudarik gabe eta ondo etorrika hartu dut, zeren askozaz lehenago baita niretzat «euskaldun» izatea, «bizkaialdun» edo «gipuzkaldun» izatea baino.

Aditz batuari bezain urjente deritzat nik, eta are* gehiago beharbada, erdal-euskal hiztegi bati ere. Hitz asko utzi egin beharko litzateke oraingoz. Baina, milaka batzuk biltzeko, ez da bururik apurtu behar. Oinarri hori ez litzateke pauso makala, bai idazleontzat eta bai herriarentzat batez ere, hala hitzen fijaziorako, nola hainitz* neologismo oker behingoz desterratzeko. Eta seguru egon, herriak ikasiko duela, lehen ere hamaika gauza alferreko eta prejuizio inozente sartu diogu eta.

Hiztegi honen aldeko arrazoiak ematen ekiteaz ere lotsatu* egiten naz ia. Eguerdiko hamabietan eguzkia behar dugula defenditzen jardutea bezalatsu deritzat nik kontu honi.

Beste zenbait auzirik ere ba da euskaran, lehendik garbi ikusi arren, itzulpen honek askozaz garbiago ikusarazi dautana. Hala, adibidez, «euskal kutsua» delakoaren egia eta gezurra, sintaxia, euskal frasearen lotutasuna eta moldagaiztasuna, beste hizkuntzetako prosaren ondoan; abstraziorako edo hitz abstraktoetarako zer guti landurik dagoen oraindik gure hizkuntza, eta abar eta abar. Eta zein ateka zabaldu behar zaizkion, nire ustez, euskararen barruti hestuari, munduko prosaren plazara jalkiko baldin bada. Baina hauk, kontu luzeak lirateke. Gainera, beste asko ere ohartu da gauza hauetaz, eta zenbait idazlek benetako ahaleginak egiten dihardu, ideia hauk burutik lumara pasatzeko.

Bukatzeko, hiztegi hori zaila dela? Ez dugu askorik balio orduan. Ez dela aurrera aterako, edo ez dela onartua izanen? «Batasunaren Kutxa»ko firmak gezurrak ez baldin badira, bai. Honegatik, horregatik edo besteagatik oraindik ezineko dela? EGIN DEZAGUN APROBA.

XABIER AMURIZA

bezate, beie

daude, dagoz

daukute, deuskue, digute

dauzkit, deustaz, dizkit

dezagun, daigun

dezake, daike

dezala, daiala

dio, deutso

diogu, deutsagu

ditzagun, daiguzan

gaude, gagoz

genion, geuntsan

letozke, letorkez

nezakeen, neiken

zaiku, jaku, zaigu

zaio, jako

zait, jat

zaizkio, jakoz

zeukun, euskun, zigun

zezaten, eien


Euskal Herriaren mugak

Euskaldunon artean ohiturak berehalaxe kontsakratzen dira. Asko da azken bi urteetan gauza bera egitea, hirugarrenean horrexeri «tradizional» deitzeko. Gerra ondoren herriko jaietan egiten diren zeremonia batzuek, honelako tradizio luze eta zaharra dute behintzat.

Antzeko zerbait gertatzen da beste puntu askotan ere. Atzokoa tradizionaltzat hartzen dugu maiz*, herenegungoa* ahaztu egiten dugun artean.

 Zazpirak bat tradizionalak dira, beste batzuentzat laurak bat edo hirurak bat bezain tradizional, hau da, bat ere tradizio funtsezkorik* gabekoak. Euskal Herriaren mugak, noski*, euskal hizkuntzaren eta etniaren muga historikoak baldin badira, ba dirudi oso ahaztua dugula geure historia arlo honetan.

Gauza jakina da, esate batez, Burgosko ekialdean*. Belorado aldean, Oka mendietaraino, euskaraz egin zela, Vasconcelos, Villaváscones eta gisa honetako izenek frogatzen* dutenez.

Errioxan, gainera, gure hizkuntza Arabako parte haundi batetan zeharo galdua zegoenean ere, bertan euskara zen jende xeheen mintzaira bakarra, halako puntutaraino, non hauzietan euskaraz hitz egiteko eskubidea baitzuten errioxarrek. Oxakastroko haranean* dauden toki izenak berak asko dira, bertako hizkuntza zein zen argiro ikusteko. Ohargarria da, bestalde, nola San Millan-en topatu diren euskarazko lehen eskueskribuak glosa batzuetan: bertakoek euskara ongi zekitelako frogantza* bitxia. Gonzalo de Berzeo bera ere, nafar erdaraz idatzi arren, euskaraz ere mintzatzen zela dirudi; bere eskribuetan jartzen zituen euskal hitzek, horixe pentsa erazten daukute behintzat.

Naxeran daude, gainera, Nafarroako erregeen hilobiak, lurralde hori Pirinioetako erresuma* zaharraren parte bat izan zelako testigantza mutu bezala.

Eta zer esanen dugu Jaka aldeaz? Nor ausartuko da, hori ere ez zela Euskal Herria izan esatera? Aski* da Aragoi erresumako legeak eta ordenantzak ikustea, bertan merkatuetan arabez, hebreoz eta euskaraz mintzatzen nola galerazten zen ikusteko. Noski*, euskara ere egiten zelako. Ordenantza hoik ez baleude ere, toponimia bera hor dago, ikusteko eta pentsatzeko gogoa dukeenarentzat*.

Iparraldean Bearno dugu, Nafarroako azken erregeen gordelekua. Honetaz aspaldian dira mintzatuak Txillardegi eta Krutwig jaunak; baina hoiengan nolabait intuizio edo bihotzaldi bat besterik ez zenak, argitasun haundiagoa hartu du, Jean Haritschelhar jaunak, Baionako Euskal Museoaren zuzendariak Etxahun-ez publikatu duen liburuan azaltzen dituen dato kuriosoez. Hauen arauera*, ederki aski ikus daiteke nola Eskiula inguruko herri askotan XIX. mendearen* hasieran hainbat eta hainbat jende zegoen euskaraz besterik ez zekiena. Horixe frogatzen* dauku behintzat, bertako apaizak ordenamenduz derrigor euskaldunak izan beharrak.

Ez legoke gaizki, euskal lurralde zahar guztiokin berriz ere harremanetan ibiltzea, beren iraganaren* kontzientzia berriro ere emateko. Ba dakigu, Baionako Herria astekarian irakurririk, Bearnoko eta ipar Euskal Herriko folklore taldeek batasun bat egin dutela. Zerbait da behintzat. Antzeko zerbait egin beharko litzateke Hego aldeon beste leku hoietakoekin. Baina, egia esan, etxea oraino konpontzeko dagoenean, lorategia ere laboratzea amets huts bat dateke*.

Dena dela, Euskal Herriaren mapa historiko eta etnikoak, dakusagunez, frantses eta espainol mugei lotuegiak daude, historiak besterik erakusten baitu. Jakingarria da, bestalde, azken bolada* honetako karlistek nola beren mapetan Errioxa beti Euskal Herriaren barnean jartzen duten ikustea. Honetan bederen*, ezin uka daiteke, beste batzuek baino jatorrago jokatzen dutenik.

Hitz gutitan, oraingo mugak ez ditugu tradiziozkotzat hartu behar, zerbait artifizial eta konbentzional bezala baizik; guti gora behera, muga guztien antzera. Zeren*, Rodríguez de la Fuente jaunak dioena dioela, animalien artean mugak, bizi- eta ehizaleku* ezin ikutuzkotzat harturik, odolez eta gorrotoz zaintzen baldin badira ere, euskaldunon kasuan, mugak kanpokoari ongi etorria non esan behar diogun jakiteko besterik ez baitira. Animalien artean lege eta bidezko dena, ez da, biologo guztiok gora behera, inola ere zilegi* pertsonen artean.

Patxi Urtiaga

baleude, balegoz

dakusagu, ikusten dugu

daude, dagoz

daukute, deuskue, digute

diogu, deutsagu

zekiten, ekien


Euskararen zuzperraldia dela eta

Azken aspaldi honetan euskara hartzen ari den zuzperraldi* nabarmena ezin ukatzekoa da. Gertaera hau Euskal Herriko eskualde* guztietan agiri da, Gipuzkoan bezala Nafarroan, Bizkaian bezala Lapurdin eta abar.

Beharbada egun* ez da orain 25 urte aina* mintzatuko, zeren* garai hartan herriko gehienak bertokoak baitziren, eta orain berriz, estadistikek diotenez, leku askotan ehuneko 50 kanpokoak baitira, bizitza eta abantail erosoago* batzuen bila, bizibide hobe baten bila etorriak.

Jazoera honen iturburua, gure herrian nagusi den kapitalismoan bilatu behar dugu. Honek bultzaturik, honek eraginda etorri baitzaiku uholde bat bezala jende arrotz hori.

Jende hauen jokabidea, ene ustez, ez da batere gaitzestekoa*. Osoro bidezkotzat jotzen dut, gizon batek bere sorlekutik alde egin nahi izatea; eta gizona teoriaz behintzat libre denez, eskubide osoa du, edo izan behar du gutienez, beste lurralde batera joateko, kontuan izanik, gero bertakoen mintzaira, izakera eta ohiturak onartu behar dituela. Aitzitik*, ez zait batere bidezko iruditzen, ardura* ekonomiko huts batzuengatik herriaren bizkar aberastu nahi izatea, batez ere herri txiki baten nortasun, hizkuntza, izakera eta abar galbidean jartzen baldin badira.

Egungo* egoerak ekarri dauzkigun ondorioak denok dakizkigu; ikusmenean daude. Herri euskaldun soil asko arrotz egin zaizkigu eta erdaldun huts bihurtu. Hala ere, eta agian* egoera larri honek bultzaturik, goian aipatzen dugun bezala, euskara berriz ere indarberritzen hasia zaiku, egun* ainako* libururik ez da sekula euskaraz idatzi, egun ainako batasun kezkarik* ere ez dugu inoiz ukan. Gazteria urduri* bati esker, alfabetatze saioak, ikastolak, hitzaldiak eta abar eratu dira; eta, honela, gure herriaren benetako kultura beste maila batera igonen da, eta gure herri kontzientzia ahula bizkortu ere.

Baina guzti hau herriaren bizkar izan da beti, ez du herri agintariengandik ia laguntasunik ukan*, agintariek itxuraz ez dute herri xehearen jatorrizko hizkuntza onartzen, ez dute nahi.

Zer egiten du, esaterako, Arabako Diputazioak euskararen alde? Uste ote du, 5 mila pezeta Euskaltzaindiari ematearekin, hizkuntza Araban asko heda* eta zabal daitekeenik? Orain zenbait* hilabete, Diputazioko jakintza sailak agindu bezala onartu zuen, euskararen alde «Olabide» taldea eratzea. Baina, oker ez banago, hori ezerezean gelditu da, eta geroztik, nahiz eta inguruko agerkariek horretaz idatzi, ez dute jaramonik* egin eta entzungor eta itsuarena egin dute.

Arabako ohitura eta lege zaharrak hainbeste zaintzen dituen erakunderik* jatorrenak zer egiten du, orain arte bizirik irauten duen, herri, herrixka eta hauzo batzuetako euskara indarberritzeko? Ene ustez, bitxi* bat bezala gorde behar genuke Aramaiona, Legutiano eta beste zenbait lekutako euskara, kontuan izanik, hau gabe Arabako euskal nortasun makala askozaz urriagoa izanen litzatekeela.

Beharbada, alferrik izanen da hau idaztea, eta agian* gaur arte bezala jarraituko gara: eskutik utzita, zokoratuta, eskale bezala, laguntza eske. Balinba* ez!

HARRIOLA

dakizkigu, dakiguz

dauzkigu, deuskuz, dizkigu

zaiku, jaku, zaigu

zaizkigu, jakuz


"Horizontes Riojanos". Euskal Herrialde bat ezagutzeko liburu egokia

Liburu denden eskaparateak* begiratzeko zaletasuna dadukagu, eta, geografi gaiak badira, gehiago. Hala, lehengo egun batean, Logroñon «Horizontes Riojanos» izenburuko liburua eskuratu dugu. Egilea Alfredo Gil del Río, eta argitarazlea «Centro Riojano de Madrid».

Askok aho betean esaten dute, Euskal Herriak zazpi herrialde* dituela, hain aspaldiko leloari jarraituz. Ez dugu sinesten, barruti horretan aurkitzen direnak zazpi bakarrik direnik. Hoiez gainera, ba dira lurraldeak, Pirinioen honandian ere, behinola euskaldun izanak: Arago, Sobrarbe, Erribagortza, Bureba, Oka-Mendialdea eta Errioxa. Azkenengoa kenduz gero, ez dugu uste, besteak berriz gure alorrera ekartzeko ahaltasun handirik dagoenik, zeren* ekonomi sailean ere gurekin harremanik ez baitute, Bureba izan ezik; baina azkena, Errioxa, bai.

Errepublika garaian, Lizarrako* estatutoa onartu zenean, Logroñoko Diputazioaren proposamendu bat egon zen, bostgarren probintzia bezala beste laurekin elkartzeko. Hemengo zabarkeriagatik, hangoek arduratu* behar orduan ere.

Orain bi urte, karlistek, beren barne egituran*, hemengo Euskal Herria bost herrialdeko Herritzat hartzen zuten: Nafarroa, Bizkaia, Gipuzkoa, Araba eta Errioxa; eta erabaki hori, haien erregegaia bertan zela, Errioxako Zaindariaren, Valbanerako Andre Mariaren santutegian hartua izan zen. Irakatsi ederra, alderdi batekoa izan eta euskaltasunaren esklusiba dutela uste dutenentzat

Gaur, errioxar batek, Madrilen bizi denak gainera, erakusten dauku herrialde horren euskaltasuna. Berak dioen bezala, euskaltasun hori argi eta garbi ikusten eta sentitzeri da hango etnian, hizkuntzan, folklorean, jantzian, ekonomi arazoan, komunikabide eta beste puntu askotan.

Prehistorian hasi, bisigodoekin jarraitu eta Iruineko euskal erresuman* amaitu, historian izan ditugun harreman eta batasunak, punturik puntu eta fetxarik fetxa, aztertzen ditu. Herri, mendi eta ibaien izen euskaldunak argiro jartzen ditu.

«Horizontes Riojanos» ez da liburu lehor eta astun bat, dibulgazio liburu arin bat baino, edonork erraz irakurtzekoa. Hemendik Errioxara doazen hainbeste euskaldunek, bertako haize ederra hartu eta ardo ona edatetik kanpo, liburu hau erosi eta irakurtzea probetxuzkoa izango lukete.

J. L. LIZUNDIA


Benetan ote dezentralizazio bat?

Otsailaren* azken aste bi hauetan, Madrilen «Consejo Nacional del Movimiento» delakoak aztertu dituen nazioko arazo bizi eta garrantzitsuen berri eman daukute sendo erdal aldizkariek.

Harrigarrizko hitzak eman dauzkigute, mahai gainean jarriak eta aztertuak izan bide* diren problema hoien ondoriotzat: «...la intensidad, la profundidad, el ambiente y la altura de las intenciones» esaten da toki batetan; ... intenso en significado, de un cierto dramatismo inicial». Eta «...una segunda parte, la más extensa, pero de serenidad, de sosiego y responsabilidad» eta horrelakoak geroago.

Azterturiko puntu nagusienetakoen artean, «descentralización» eta «regionalismo» hitzen zentzuaren inguruan zenbait* gorabehera izan omen* da.

Kontseilari nazional askok aipatu dituzte hitz hoiek eta berei dagozkien problemak. Bai eta «regionalismo» eta «separatismo» hitz bi hoien artean legokeen ezberdintasuna ere. Garitano Goñi, Gibernau, Aznar Gerner, Fernández Cuesta, García Hernández, Cervia, Aizpurua, Muller eta de Abadal jaunek batez ere, hitz hoiei buruzko problemak aipaturik, erremedio gisan liratekeen beren uste eta eritziak eman dituzte. Nazio batasuna bai, separatismoa ez; baina regionalismo eta dezentralizazio zintzo batzuk bai.

Eskualde edo regio bakoitzaren berezitasunak lagundu egin behar direla esaten dute: hizkuntza, kultura, folklore edo bestelako berezitasun bitxiak errespetatu eta ez burrukatu, konprenitu baizik; ezberdintasun guzti hoien elkartasunak ekartzen baitu nazioaren benetako batasuna. Adibidez, Muller y de Abadal jaunaren hitzek hau diote: «...la incomprensión de esas peculiaridades que no otra cosa son que resultantes históricas y, por tanto, irreversibles, puesto que no dependen de la voluntad humana, sino que emanan de designios de la Providencia que hemos de respetar y amar».

Aznar Gerner-ek: «Una verdadera descentralización administrativa ayudaría a resolver estos problemas». Gibernau jaunak: «La región no es un considerando artificial y discutible; es un resultado, como hecho probado por la propia historia; ... la variedad regional nos da fuerza y ha de ser nuestro mejor orgullo». Fernández Cuesta jaunak: «...es táctica equivocada atacar expresiones de las peculiaridades regionales». Garitano Goñi jaunak, «administración local, regionalismo y orden público» eta «elaboración de una nueva ley de Régimen Local» eskatu ditu.

Luze joango ginateke, argitaratu den guztia berriz orain agertu nahi bagenu. Baina bai benetan serioak direla arazo hauek, benetan eta serioki aurrera eraman nahi baldin badira.

Gauza asko esan da, eta ba dirudi, zehaztasunik ez dela ikusten, edo zerbait airean gelditzen ote den. Eskualdeetan, eta batez ere Euskal Herri hain berezi eta nortasundun honetan, bizi garenontzat, garrantzi haundia dute hitz hoiek. Benetan dezentralizazio zintzo eta regionalismo batetara eramaten gaituzte? Zergatik gara, edo, ni nerau behintzat, zergatik naiz horren ukakor edo pesimista? Hainbeste urtetan dena galdua izan dugulako, alegia*? Edo ta azken foru ttiki haien galerak izan lezakeen argi izpi zimelenik ere inon ikusten ez dugulako?

Dena dela, asko aldatu beharko du giroak, Euskal Herriak, ehunka urteetan berea izanik, galdua duen zerbait berriz eskura dezan. García Hernández kontseilari nazionalak esana: «...hay que dar a las autonomías de carácter regional toda la importancia que merecen desde el punto de vista administrativo y cultural, evitando todo motivo que pueda herir sentimientos regionales, conseguidos por la vía de la tradición y de la herencia».

Baina, esan direnak esan arren, ez al da aipatu ere egin, 1937. urte hartan Gipuzkoak eta Bizkaiak galdu zuten azken foru haien hondakina? Ez ote zaio bati ere otu* eta bururatu eta esateko gogoan jarri, foru haiek «por la vía de la tradición y de la herencia» genituela?

Gipuzkoako bi hiritako* Udaletxeek* (ez ote Tolosa eta Hernani?) urte oso gutti dela Espainiako Gobernuari egin zioten eskaria gogoan dugu euskaldunok. 1937.ean gure bi probintzia hauek galdu zituzten foru haiek eraberritzea eskatzen zeri, hain zuzen. Nafarroako Diputazioak berak, pozarren* txalotu egin zuen eskari hori. Baina gogoan dugu ere, orduan «Ministro de Asuntos Exteriores»en Fraga Iribarne jaunaren erantzuna: «La historia es irreversible». Eta harria bezain hotz gelditu ziren gipuzkoar «eskale» haiek. Ez al zuen Gipuzkoako Diputazioak berak ere eskari hori egin? Ez ote zen errespetuz eta aski* ofizial zen bidez eskatu?

Baina ezetza zen erantzuna, eta Fraga Iribarne jaunaren hitzak tinko gelditu zitzaizkigun buruan. Foru haiek ez ziren inork emanak eta erregalatuak, mendez* mende eta sortzapenik ezagutzen ez dugularik, guttituaz guttituaz bada ere, 1937. urteraino gugana helduak. Beraz*, zer tradizio haundiagorik? Zer eskualde- edo regiotasun hoberik? Zer dezentralizazio garbiagorik? Ez da ezer asma beharrik eta inbenta beharrik: lehengoa gaurkotasunez eraberritu eta, hor, esanen eta hitzen gainez gurea zena egitan jarri.

Horregatik, ez dugu uste, benetako eskualdetasunik etorriko ote zaikunik, Madrilen izan den Kontseilu aipatu horretatik. Bai ote? Gure baserritar harek bezala esango nuke: oxala baietz!

Gauza, nondik begiratzen den izaten da askotan. Euskal Herriari dagokionez, gurea zena berriz eraberritu eta kito. Gaur egun horren konpongaitz diren zenbat eta zenbat problema konponduak liratekeen!

IMANOL LASPIUR

daukute, deuskue, digute

dauzkigute, deuskuez, dizkigute

diote, dinoe

genituen, genduzan

lezake, leike

zaio, jako

zioten, entsoen

zitzaizkigun, jakuzen


Filatelia

Hastapenak

Gaurtik hasita, Filatelia gaia ukituko dugu, kontuan harturik, hainbat direla gure artean, zaletasun hau dutenak.

Horrezaz gainera, filateliaren bitartez kultura hartzen da, eta, seiloen trukea medio dela, nazio desberdinetako gizonek elkar ezagutzeko aukera dute. Beraz, puntu bi hauk kontuan harturik, hasiera emango diogu geure lanari.

Filatelian hiztegi tekniko bat erabiltzen dugu, eta euskaldunok gaztelaniaz eta frantsesez dugu hiztegi hau. Beraz, gure lehen lana izanen da, euskal hiztegi tekniko bat lortzea. Euskaltzaindiari proposatuko diogu, bakoitza bere aldetik ibili gabe, guztiok hiztegi bat erabil dezagun.

Mundu guztiko seiloen kolezioa egitea, gaur ezina da: Rotschild-en dirutza beharko genuke, seilo guztiak lortzeko. Beraz, derrigorrezkoa dugu, Estadu batzuk nahiz sail batzuk (loreak, abereak, literatura...) aukeratzea.

Beharbada, zuek ba dituzue zeuen kolezioak hasita, zeuen aukera eginda. Dena dela, nik Estadu bi hauk proposatzen dauzkizuet: Noruega eta Holanda. Arrazoia argi dago. Har ezazue edozein katalogo, eta ikus Estadu bi hauetako seiloen prezioak: guztiak lortu ahal dituzue.

Nola egin kolezio bat? Bide egokiena hauxe da: aukeratutako Estadu nahiz saileko «novedades» edo «nouveautés» aldizkarietara abonatzea. Honela, seilo berri guztiak lortu ahal izango dituzue, gehiago gabe; eta zuen lana izanen da, zaharrak lortzea trukearen bidez. Trukatzeko, filatelizaleen elkarteak daude. Baina nik beste hau proposatzen dautzuet: kanpoko aldizkarietan anuntzioak jartzea. Ordaintza, bankuetxeren baten txekeaz egin liteke.

Hona hemen filateli aldizkari batzuen zuzenbideak:

DBZ — Postfach 309 — 5427 BAD EMS — Deutche Bundesrepublik.

Filatelle — Hybernska ul. 5 — PRAHA (1) — Ceskoslovensko.

Venezuela Filatélica — Unión Filatélica Venezolana — CARACAS.

Guatemala Filatélica — Apartado postal 39 — GUATEMALA.

Schweizer Briefmarken-Zeitung — Postfach Egghölzll — BERN (24).

Nik lehenengo biak aukeratuko nituzke. Proba egina dut; eta segur nago, bakoitzetik ehunetik gora karta lortuko dituzuela. Gainera, anuntzioen prezioa ez da garestia: 150 pezeta inguru.

XABIER GEREÑO


Euskaltzaindia

Euskaltzaindiaren batzarra

Abuztuaren 4ean, arratsaldeko 4etan, Euskaltzaindiak bere hilabeteroko batzarra egin zuen Donostian, Gipuzkoako Diputazioaren jauregian*.

Hona hemen batzarrean erabili ziren gaiak:

Euskaltzaindiko laguntzaile zen Jose Maria Iribarren jaunaren heriotzearen berri eman zuen euskaltzainburu jaunak. Iribarren jauna, «Vocabulario Navarro» eta beste zenbait* lan aipagarriren egile da.

Jose Maria Lizundia idazkari* ordeak, Eusebio Erkiaga diruzainaren izenean, txosten bat irakurri zuen, apiril-maiatz eta ekaineko* diru gorabeheren berri emanez.

Juan San Martin, Euskaltzaindiko idazkariak, Deustuko Unibersidadearen eske bat irakurri zuen. Eske horretan hauxe dator: euskal irakasle izateko gaitasuna frogatuko* duen agiria* Euskaltzaindiak eman dezala. Aita Altunak, Anaia Berriotxoaren laguntasunaz, azter* beza arazo hau. Berebat*, Kintana jaunak beste txosten bat ekarriko du, euskaraz irakasteko gaitasuna zer nolako azterketen bidez egizta* daitekeen erakutsiz.

Idazkari jaun berberak, Antonio Zabala euskaltzainaren lan bat irakurri zuen. Bertsolarien txapelketak era berri batez antolatzeko zer nolako urratsak* eman diren azaltzen du.

Ondoren, euskaltzainburuak Idatzarauetazko batzordeak* prestatu duen txostena irakurri zuen: «Loturik ala bereiz idatzi behar diren hitz, aurrizki* eta atzizkiak*». Luze jardun zuen batzarrak, txosten hau aztertzen. Batzarra gehiegi ez luzatzeagatik, punturik zailenak hurrengorako utzi ziren, eta gainerakoak onartuak izan ziren.

Jose Maria Lojendio euskaltzain jaunak, Araudia berriztatzeko batzordeak egindako lanen berri eman zuen.

Luis Mitxelena euskaltzain jaunak Aditz Batuaren batzordeak Baionan abuztuaren 3an egin duen bilkura* eta lanaren berriak eman zituen.

Juan San Martin idazkari jaunak Etxegintza Hiztegia prestatzeko batzordearen lanen berri eman zuen.

Idazkari jaun berberak, Gaur-ekoek Euskaltzaindiaren aginduz euskararen egoeraz egin duten lanaren berri eman zuen. Elgoibar, Errenteria eta Pasaiari* buruz da oraingo lan hau, gero Euskal Herri osoan egingo dutenaren aurrerapen gisa. Lan honetatik lerro batzuk kentzeko Gaur-ekoei eskatzea erabaki zuen batzarrak.

Ruiz Urrestarazu laguntzaile jaunak, xehetasunak* eman zituen, Euskaltzaindiak irailaren* 5ean Aramaionan egingo duen batzar agirikoari buruz.

«Andima Ibinagabeitia Saria»rako deia berriz hartu dela, eta sari honen xehetasunak eta oinarriak, idazkari jaunak jakin arazten ditu. Sari hau Caracasko Euskera Lagunen Elkarteak jartzen du.

Azkenik, Literatur Sarirako lanak hartzeko epea bete dela iragartzen du euskaltzainburu jaunak. Sariketa hau, Euskaltzaindiak berak Bizkaiko Aurrezki Kutxaren laguntasunaz jarria da. Batzarrak, Orduan, lanok aztertzeko mahaia hautatu zuen. Haritschelhar, Irigoien eta Aresti jaunak izan ziren izendatuak.

(Euskaltzaindiko Prentsa Bulegoaren agiria)


Euskaltzaindia

Euskara irakasleentzat karnetak

Euskaltzaindiak, alde askotatik dituen eskariei erantzunez, euskara irakasleentzako karnetak sortuko ditu. Batez ere Deustuko Unibersidadeko Euskal Kultur Mintegiaren eskari garrantzitsuari ihardetsiz*, zeren* Unibersidade horretan eta Bilboko Santiago Ikastetxean aurtengo irailetik* asignatura bezala irakatsiko baita euskara.

Hauen eskariz eta kunplimenduz, eta hauengandik aparte Euskal Herrian zehar lehendik euskara irakasten ari direnei emango zaizkie karnetak. Deustuko Unibersidadean eta Santiago Kolejioan irakasle egingo dutenei esaminak jarriko zaizkie, eta, hortik kanpora, nonnahi euskara irakasten ari direnei, idazkiz bidaltzen duten curriculum vitae baten bidez. Geroago, datorren urtetik, karneta hartu nahi duten guztiak esaminatik pasatu beharko dira. Karnetak lehen mailako edo bigarren mailako izango dira, bakoitzaren ahalmena eta lana aztertu ondoren erabakiko den bezala.

Beraz, nahi duten guztiek bidal dezatela beren curriculum vitae, idazkiz, zuzenbide honetara: Euskaltzaindia. Ribera, 6. Bilbao-5.

Idazkiz bidaliko den curriculum vitae horretan, baldintza hauk bete beharko dira:

1. Euskaldun berria den ala ez.

2. Non ikasi duen eta zer metodurekin.

3. Non eta noiztik ematen dituen klaseak.

4. Zer metodu erabiltzen duen.

5. Zenbat ikasle dituen.

6. Astero zenbat orduko klaseak ematen dituen.

7. Euskaraz idatzi baldin badu, zer eta non idatzi duen.

8. Eta, jarritako puntu hauei, nahi dituen oharrak gaineratu. Azkenik, idazkiaren azpiko aldean, eskaria egiten duenaren izen-deiturak* eta zuzenbidea jarri.

EUSKALTZAINDIKO IDAZKARIA


Ikas zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartxo batekin agertzen diren berbak

ABANTAIL, ventaja.

ABEGI, harrera, acogida, accueil.

ADIZKI, flexión del verbo.

ADORETSU, kartsu.

AGERKARI, publicación.

AGIAN, nonbait, seguramente, probablemente.

AGIRI, documento.

AHAIDE, pariente.

AHATZ, ahaztu, ahantzi (sujuntiboetan).

AINA, beste, bezainbat.

AINTZINDARI, aurrelari.

AINTZINEAN, aurrean.

AISA, aise, erraz.

AISE, aisa, erraz.

AITZITIK, al contrario.

ALDIZ, ordea, ostera, en cambio.

ALEGIA, a saber.

AMATATU, itzali, iraungi.

ANARTEAN, bitartean.

ARAUERA, según.

ARDURA, arta, soin, application.

ARDURATU, grinatu, arta hartu.

ARE, oraindik, oraino, todavía, encore.

AREATZA, Villaro.

ARITU, ari izan, jardun.

ARRABOTS, zarata.

ARRAKASTA, éxito, succès.

ARRAS, guztiz, oso.

ARRETA, atención, detenimiento.

ARRUNT, corriente, ordinario.

ARTA, ardura.

ASKI, nahiko.

AT, kanpo.

ATONDU, antolatu.

ATZIZKI, sufijo.

AURRIZKI, prefijo.

AUSART, valiente.

AUSARTZIA, valentía.

AUSNAR, ausnartu, rumiar, ruminer (potentzialetan).

AXOLA, ardura.

AZKARTU, sendotu.

AZTARNA, aztarren, vestigio.

AZTER, aztertu, ikertu (inperatiboetan).

BALDINTZA, condición.

BALINBA, ojalá.

BARIK, gabe.

BATIK BAT, batez ere, bereziki.

BATZORDE, comisión.

BEDEREN, behinik behin, gutienez.

BEHEITI, behera.

BERAMA, eraman beza, eroan bei.

BEREBAT, orobat, así mismo, igualmente.

BEREIZKUNDE, característica.

BILKURA, bilera, reunión.

BITXI, joya, bijou.

BOLADA, unada, época, período.

BORTITZ, fuerte.

BORTIZKI, sendo.

BOZATU, amordazar, clore la bouche.

BOZKARIO, poz.

BULUNBA, cencerro, clochette.

BURUTU, llevar a cabo, mener à bon fin.

DAKIKE, daki nonbait.

DATEKE, da nonbait.

DEITURA, abizen, apellido.

DEUS, ezer.

DOHAN, gratis.

DUKE, du nonbait, tenga.

DUKEGU, dugu nonbait.

DUKETE, dute nonbait.

DUKEZUE, duzue nonbait.

EGITADA, egintza.

EGITURA, estructura.

EGIZTA, egiztatu, verificar, comprobar (potentzialetan).

EGUN, gaur.

EHIZALEKU, ihizileku, lugar de caza, endroit de chasse.

EI, omen.

EITE, lanbide.

EKAIN, junio.

EKIALDE, eguzki alde, Este.

ENDELEGATU, ulertu. comprender.

ERAGOTZI, impedir, empêcher.

ERAKUNDE, institución.

ERAMAN, eroan.

ERANTSI, ezarri, añadir, ajouter.

ERASAN, llover, pleuvoir.

ERORI, jausi.

EROSO, cómodo.

ERRESUMA, erreinu.

ERRU, kulpa, hoben.

ESKAPARATE, erakustoki.

ESKUBI, eskoi, eskuin, eskuma.

ESKUALDE, comarca.

ESKUMATAR, eskoitar, eskuindar.

ETSI, resignarse.

EUSKALKI, dialecto vasco.

EUSKARRI, apoyo, sostén.

FIERKI, intrépidamente, resueltamente.

FROGANTZA, prueba, demostración.

FROGATU, probar, demostrar.

FUNTS, sustancia, fondo.

GAITZESPEN, condena, desaprobación.

GAITZETSI, ez onartu, desaprobar.

GELDOTASUN, falta de energía.

GERATU, gelditu.

GIBELETIK, atzetik.

GOGORGO, gogortasuna.

GORA, garai, altu.

GUTIESPEN, subestimación.

HAIK, hareek. (Haiek aktibo, haik pasibo).

HAINITZ, asko.

HALABER, igualmente.

HARAN, valle.

HARO, época, edad.

HATS, espíritu, hálito.

HAUK, honeek. (Hauek aktibo, hauk pasibo)

HAURRIDE, anaia.

HEDA, hedatu, zabaldu (potentzialetan).

HELBURU, fin, objetivo.

HERENEGUN, hareinegun, anteayer.

HERRIALDE, probintzia.

HERTS, hetsi, hitxi.

HESI, valla, valladar, barrière.

HEZIKETA, educación.

HOTS, es decir, esto es.

HUNKIGARRI, sarkor, emotivo, touchant.

HURA, ha.

HURBILDU, hurreratu.

HURI, hiri, villa, ciudad.

IBAR, vega, vallée.

IDAZKARI, secretario.

IGORRE, Yurre.

IHARDETSl, erantzun.

IHARROSI, sacudir, secouer, ébranier.

IHAZ, igaz, jaz.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAIL, septiembre.

IRAULTZAILE, revolucionario.

IRITXI, heldu.

IRTEN, urten, jalgi, atera.

JADANIK, ya.

JALKI, jalgi, atera, irten.

JARAMON, kasu.

JASAN, soportar, aguantar.

JAUREGI, palazio.

JAUZI, salto.

JAZO, gertatu.

KARRIKA, kale.

KEINU, gesto, señal.

KEZKA, grina, inquietud.

KOINE, Greziako dialektoetatik sortutako hizkuntza batua.

KOLOKAN, kilikolo.

KUDEATU, dirigir (un negocio).

LIZARRA, Estella.

LOR, neke.

LORIATU, gloriatu, encantarse.

LORTU, ardietsi, erdietsi.

LOTSATU, ahalge izan.

MAHAIN, mahai, meseta, plateau.

MAIZ, sarri.

MAIZTASUN, sarritasun, frecuencia.

MENDE, siglo.

MENDEBALDE, mendebal alde, occidente.

MIZKINKERIA, melekeria, melindre.

MUKUTU, encapotarse (el cielo), s'obscurcir (le ciel).

NABARI, evidente, notorio.

NARAUKOTE, haiek ni hari (eraman) naute.

NOSKI, naski, seguramente, ciertamente.

OMEN, ei.

OPARO, jori, abundante, rico.

ORDEA, ostera, berriz, aldiz, en cambio.

ORO, guzti.

OROIT, oroitu, recordar.

OROKOR, universal, general.

OSTEAN, ondoren, ondoan.

OSTERA, ordea, berriz, aldiz.

OZEN, sonoro.

PAIRATU, sufritu.

PASAIA, Pasajes.

PLANTA, ademán, gesto.

SAIATU, entseatu, bermatu.

SARRI, maiz.

SO EGIN, behatu, begiratu.

SOIL, mero, simple.

SOS, moneda, sou.

TAMALGARRI, lastimagarri.

TENORE, aldi, denbora.

TESISKERIA, presupuesto ideológico.

TOPO, contén, barrera.

TXITEAN PITEAN, a cada momento, à chaque moment.

UDALETXE, herriko etxe, casa consistorial.

UKAN, izan (aktiboa).

UKITU, ikutu.

URDURI, inquieto, activo.

URRATS, pauso.

URRIKI, erruki.

UZTA, mies, moisson.

UZTAIL, julio.

XARMANT, zoragarri.

XEHETASUN, detalle.

ZALANTZA, duda.

ZANGOTZA, Sangüesa.

ZELAKO, nolako.

ZENBAIT, batzuk.

ZEREN, ze, pues.

ZILEGI, lícito, permitido.

ZILEGIZTATU, dar por lícito, permitir.

ZIN EGIN, jurar.

ZUZEN, zuzendu (potentzialetan).

ZUZPERRALDI, resurgimiento, reviviscencia.


Liburu bat, hiru eritzi

Ibon Sarasola: Euskal Literaturaren Historia

(AURREKO ZENBAKIAN AGERTU ZEN KRITIKA SOLASAREN JARRAIPENA)

Herri literaturak ere, bere tokitxo bat hartuko zuen liburu honetan. Pasturalak ezezik, Lafittek Bourges-en Gonzalve edo Ostatu betea antzerki itzulpenaren hitzaurrean jartzen dituen herriz herrizko teatro tipien oharrak ere aipagarriak dira, beharbada Barrutia, Sor Luisa eta Muniberen lanak hobeto ezagutzeko ere bai. Kritika solas honen lehen partean aipatu dugun Etxahun, herri bertsolaritzaz kutsatutako poeta, hain antiklerikalak, zenbait bertsotan lizunkeria gordinak eta inoz eztenkada zorrotzen behartsuaren alde, «Oi! laborari gaxua»n nekazarien alde. Elizanburu berak ere, nekazariak ongi defenditzen ditu «Lehen eta orain»en. Baina, batez ere herri kanta zaharrak dira garai bakoitzeko giroa, literatur egintzaz, aski* ongi betetzen dutenak (dakigun arren, hoien klasifikazio zehatza ez dela erraz); eta honetaz lehen forma emate bat aurkituko dugu Leizaolaren (La «Crónica» en la poesía popular vasca eta 1808-1814 en la poesía popular vasca bi liburuetan batez ere. Langileriaren problematikak ere bilatuko ditugu, horretara beharturik, gure literatura herrikoian, Juan Jose Sarasolaren bertsoek, esate baterako, Lexo bertsolaria liburuan («Auspoa»), 1894, 1903 eta 1904.eko bertsogintzan. Eibarren bertan, Amuategi izan bazan ere, hizlari euskaldun bezala, sozialismoaren apostolua, garaiko euskaldun langileen giroa ederki adierazten du «Forjarien kantak» (ikus ANAITASUNA, 212. zenb., 14. or.). Hoiez gainera, ez da gauza erraza izanen orduko eskuz-eskuzko propaganda euskaldunak eta maiatzaren lehen eguneko kanta euskarazko bera aurkitzea. Beraz, guzti hau ere ba zen euskaraz gure mende* honen hasieran.

Eskubi* aldekoek, kontserbadoreek, euskara monopolitzatzea ez zen P.N.V.ren programaren ondorioa, ez. Orduko ezkertiarrek, I. Sarasolak ez badaki ere, ezin bestean joten zuten euskarara. Mendiburuk bere Jesusen Bihotzaren Devocioa-ren hitzaurrean duen arrazoi beragatik, euskaldun hutsak zirenentzat, Ibonen liburu honen 45. orrialdean jartzen den bezala. Zeren*, hain internazionalista sentitzen zirenez, orduko ezkertiarrek munduan hizkuntza bakar bat predikatzen zuten, esperanto eskolak jartzeri zituzten. (Esperantoaren galera, sozialistak nagusitu ziren nazioetan hizkuntza berri hau ofizial ez jartzetik dator: ez ofizial jarri eta ez bigarren hizkuntza bezala irakatsi, lehenago berek hainbeste predikatu ondorean). Eta, jakituriaz jantzigabeko langilearentzat esperanto ikastea nekeza zenez, errazera jo zuten, urrutiagoko homogeneismo edo monolinguismo utopiko baterako bidea hartuaz; edo, garbiago esanda, bide errazagoa zen gazteleratik ikusten zuten eta abstraktoki predikatzen zuten. Inoiz ez zuten erreflexionatu, ez zuten barne gogoetarik egin, internazionalismoa herri ororen* artean hornitzen zela, mundua bere naturalezaz zela era orokorrez* bere natura izatean, ideiak bat egin zitzakeela bakoitzak bere izateari utzi gabe, eta abar..., orduan ez zituzten ez ikusten ez ulertzen, hain ideia xinpleak izanik ere. Orduango ezkertiarrek, beren asmo onekin ere, estadu-nazio kontzeptu atzerakoia defenditu zuten eta zentralismoari indarra eman, berek igarri gabe, beren herriko kultura marjinatzen laguntzeko. Eta herri baten kultura marjinatzea anti-internazionalista da.

Katalunian ez zen hola gertatu, lehendik beren hizkuntza jatorrizko kulturarekin eta egungoarekin finkatuago zutelako. Arrazoizkoa haien bidea hartzea izango zen, hemengo ezkerrentzat ere, baina, kultur faltaz eta kanpotiko zuzendaritzapean beren alderdiak zituztelarik, abertzale eskubitarrei euskararen monopolio kulpak jaurtikitzea errazena da, beren eskuak garbitzeko, garaiz behar zen lekuan eta behar zen bezala konpetentzia sortu beharrean.

Lehengo ezkertiarren joera hori hola zela argi adierazten du egungo egoerak berak ere. Ezkertiar berria sortu behar izan da, gure herriaren egoera tamalgarri* hura zuzentzeko. Bitartean, zenbat denbora eta zenbat terreno galdu duen gure kulturak eta gure hizkuntzak! Jokabide harek, historian zehar luze irauten lagundu dio euskal kulturaren marjinalismoari.

Liburu honetan, 60. orrialdean, egileak modelotzat jarri nahi duen girotik aparte daude Lauaxetaren «Mendigoizalearena» eta Lizardiren «Xabiertxoren eriotza». Ez dakit, baina beharbada ez ditu irakurri edo bestela ez ditu ulertu. Lehenengoa, ekintza mugimendu bati eskainia da, eta bigarrena hildako seme bati poeta intimista batek egina. Bietan, sinbolu bereziek jokatzen dute. Lizardiren seme hura Gabon egunez hil omen* zen. Bi poemok aparte, gainerakoan, ez dut ukatzen egileak salatzen duen giro hura.

69. orrialdean esan beharra dago, euskaraz idazteak zelako* eragozpenak zituen garai hartan. Harritzekoa bada ere, euskaraz idazteak bere peligruak zituen garaiak ere izan baitira gure historia tristean, delito ikaragarri bat balitz bezala.

86. orrialde inguruan, euskara idazkerak hartu dituen bideak aztertzean, Arestiren herri-euskaraz ere mintzo da. Baina Arestiren euskarak herririk ez duela esango nuke nik. Bere alde eta hobeto esateko, herri orotarik* eta literatura zaharretik atera duen koine* antzeko batera hurbiltzen* dela esango nuke.

Oraingo gazteen ezkerralderako joerak ere ba du bestelako arrazoirik. Euskal kultura eta euskal literaturaren mugimenduan ari diren gazte ezkertiarrak, eskumatarren* semeak dira gehienak; seminarioetatik irtenak* ez direnean. Eliz jerarkia eta estadu poderetsua elkarturiko urte askotako egoera itsuaren ondorioz sortutako erreakzioa, egonezina da; bestetik, berriz, II. Kontzilio (1962.etik ondoren) ondorenak berarekin ekarri duen erlijio krisiaren seme. Erlijioak, bere barne izan dituen aldakuntzekin, bi era nagusitara ebaki zituen joerak, mentalitatez prekonziliar eta poskonziliar direnak; bestetik, bere zentsura irekiago jarri zuen, honekin mila tabu erori* ziren eta hainitzek* ordurarte entzun edo irakurri ez zituen gauzak entzutera eta irakurtzera heldu zen. Egiatzat zituen kontzeptu asko jarri zituen zalantzan*, eta dudetatik sortutako kezka urduriak* sakabanatzen hasi. Hemendik, askok ezkerraldera ihes egitea. Eta ez dago dudarik, honek ere lagundu zuela mentalitate irekiagoaz girotzen eta bultzatzen 64 gizaldia deitzera etorri garena.

Eritzi hauetatik aparte, garrantzi guttiko hutsen batzuk ere izango ditu, noski*. Holako obra bat burutzeak berak dakarren gauza da. Idazle eta beren lanen artean ere ba dira hutsunetxo batzuk ere; ez handiak. Tomas Agirre «Barrensoro» ez da apaiza, 123. orrialdean dioen bezala. Eta Uztaro, bere nobela, ezin da jarri ohitura nobelatzat. Horretatik ere zerbait baldin badu, joko etxeen kritikazkoa da. Oroit,* Kursaal eta Gran Casino ba zirela Donostian. Eta, obren artean, M. Zarateren Bizkaiko euskal idazleak (1580-1968) ere bere tokia behar zuen behinik behin. Historia aldetik begiratua dagoenez, euskalki* baten kondaira urratsetan* mugaturik. Bizpahiru urte lehenago argitaratu bazen, garrantzi handia izango zuen liburu horrek, eta orain zergatik ez? Bat batean batasunaz neurriz kanpora egarritu garelako? Baina historiak beti jarraituko du historia izaten, eta batasuna indartu arterainokoak bere tokia izango du.

Egileak, ideiak eta imajinak azkar eta garbi erabiltzen daki. Atsegin handiz irakurtzeko eran. Eskuetan hartu ondorean, irakurri arte utzi ezinezko liburua da. Ez du unetxo bat ere aspergarririk.

Obra guztian zehar, gure literatura ongi ezagutzen duenaren ageriak ematen ditu egile bizkor honek. Hemen salatu ditugun hutsak eta agertu ditugun ikusmolde desberdinak oso txikiak dira, liburuak dakartzan berri eta eritzi jakingarri ugarien artean. Ibonek begi kolpe onez epaitu ditu, gure literaturaren kondairak dituen korapilorik handienak; labur eta ongi juzgatzen jakin du. Gaur, gure artean, gutti dira holako lan bat hain ongi burutzeko ahal direnak. Eta euskal literaturarekin zerbait arduratzen* diren guztiek irakurri behar duten liburua dugu hau.

JUAN SAN MARTIN

***

Aise* irakurri dut. Jarraialdi bakarrean. Ibon Sarasolaren liburuak, ohi ez den bezalako interesa erasten* dio gaiari. Agian*, pentsa daiteke, literaturaren kondaira batek astun eta irakurgaitz behar duela izan. Baina Sarasolak besterik frogatzen* du. Serioski jardun du bere lanean; eta burutu* ere, egoki eta berezko jatorraz burutu du. Beharbada, liburu honen interesa, lehena eta bere gisakoetan aintzindari* izatetik datorkio.

Liburua lau partetan partitua eta bereizia emana zaiku:

1. Lehen partean (1545-1901) Erdi Harotik* Euzko Alderdi Abertzalearen sorreraraino doan aldia aztertzen du. Hasieran, Sarasolak Erdi Haroko giroan murgiltzen gaitu. Ahaide* nagusien eta klase merkatari berriaren arteko burrukak hautatuaz. Mendebaldeko* Europan sasoi hartako aldakuntzaren, literaturarekiko, ondorioak aztertzen ditu. Eta, hasiera hasieratik, Sarasolak honetaz jabearazten gaitu: Euskal Literatura hildo berezian eta apartekoan abiatzen dela. Bernat Etxepare, Erdi Haroko poemagintzaren jarraitzaile berant bat bezala dakusagu. Tenore* hartan euskaldunek bizi zuten dualismo eta tentsioaren agerpide da Etxepare; eta berak hasi eta hertsi* zuen literatur haro bat. Gero erlijioa dute, batik* bat, gure idazle zaharrek beren lanetarako gaia eta ardura*. Axularren maisugoaz ezin daiteke dudarik izan. Sarako taldeak, Axularren lehendakaritzaren pean, «Leizarragak hasi zuen lanari segida emanik, egituraz* lapurtar den literatur hizkuntza bat eraikitzen du, lapurtar klasiko izenez ezagutzen dena».

2. Bigarren partean (1904-1964) ez dio Sarasolak gorespen handirik egiten zenbait korronte eta pentsakera atzerakoiri. Orixeren mitoa nolabait ere kolokan jartzen du Ibonek. Lizardi, literatur haro baten burutzaile* bezala agertzen zaiku. Arana Goiriren zenbait* pentsamoldek, nekez jasaten* dute Sarasolaren kritika. Urte hauetan, literatura gaixo da. Eta tesiskeria* eta idiologia orokor* baten hesiak* galbide zeraman gure literatura. Jenerazio honek huts egin zuen gure literatura zaharra eta emankorra. Gerraz gero nolabaiteko konponketari ekin gintzaizkion, eta, Sarasolak dioenez, 1964. urterarte euskal literaturak ez zuen hats* berririk izan.

Gehien batean ados nator Ibonekin, aldi honetaz esaten dituen gauzekin. Baina zenbaitek* ez dute harrera onez hartuko haren azterketa. Guztitara ere, liburuaren zati honi deritzat interesgarriena, zeren, besteak beste, aldi honen azterketan ikusten baita, ene ustez, autorearen azterketa zorrotz eta neurtuena.

3. Hirugarren parteak (1964-1971) egungo Euskal Literaturaren egoera aztertzen du. Nire aburuz, hirugarren parte honen hasierak 1960. urte mugan du bere hasiera. Zeren, Sarasola beraren azterketa-bide eta gisa beraz jarraituaz, 1960. urtean ausnar* daiteke euskal literaturaren jatorri berria. Arestiren «Harri eta Herri» ez baita liburu soil* bat; aitzitik*. giro baten agerpide ere ba dugu. Eta denok dakigu giro hori zer nolatan, noiz eta non jaio zen.

Zuzena deritzat Sarasolaren eritziari, Leizarraga betirako hertsia izan zen ate zabal bat dela esaten duenean. Zeren*, Leizarragaren esperientzia baztertua izatean, euskarak mendebaldeko zibilizazioaren korrontean sartzeko posibilitatea galdu baitzuen luzaroko. Euskal literatura Axularren bidetik abiatu zen, humilago eta herrikoiago.

Axularren literatura oparoaz* jardutean, sinonimoen arrazoia gogo bateratzaile batean dakusa Sarasolak. Hori horrela izanik, ene aburuz, sinonimo hoien izatea ahozko literaturaren eredu bezala ikuspegitu behar litzateke.

XVII. mendean* sortzen da «Euskaldun fededun» perpausa. Eta esaera hau izanen da aurrerantzean eta ia egundaino euskal literaturaren gai eta muina. Klerikalismoa dugu gehienbatean geure literaturaren bereizkundea*. Eta honi ekiten zaio ausart* eta fierki* Sarasola. Klerikalismo hori bera, oraindio ere finkatu eta tinkoago babestua agertzen zaiku Euzko Alderdi Abertzalearen sorketaren boladan*. Euskara eta euskal literatura, indar berrien hesi* eta topo* bezala erabili omen* zuen aldi hartako Elizak.

4. Laugarren partea eskematikoki taxutua du Sarasolak. Eta idazle eta liburuen zerrenda bat dakar. Oso klaroa da parte hau, eta motaz, eskolaz eta haroaz bereizia datza.

Hona hemen liburuaren aurkezpena. Baina goazen orain, zenbait xehetasun kritiko ematera.

Ibon Sarasolaren liburua, ohi ez den bezalako literaturaren kondaira dugu. Lehenik esan behar dut, liburu honek jarraipen bat eskatzen duela. Liburu honek azterketa-bide berri bat irakasten dauku euskaldunoi. Sarasola aintzindari* dugu bere azterketan. Bere azterketa, literatur dato soilak* gainduaz, areago* doa. Bere aburuz, literaturaren kondaira ez da dato sorta soil bat; aitzitik*, fenomeno orokor* bat da.

Hitza keinua* da eta gizonaren agerpide. Halaber* literatura, gizarte baten keinu eta agerpide dugu. Ezin daiteke literaturaren historia bat idatz, aldi bakoitzeko kondizio ekonomiko, politiko eta soziologikoak aztertu barik*. Behin eta berriro, Euskal Kondairaren xehetasunak ematen dauzkigu Sarasolak; eta, ikuspegi berri batez, xehetasun hoietan zehar dakusa gure literaturaren kondaira.

Bere hitzetan, «fenomeno literarioa bere osotasunean endelegatzeko* (instrumento) bidezkoenetatik bat, literaturaren soziologia deritzan zientzia berria da». Baina literatura bat ez da ekonomi edo sozial giro konkreto baten ondorio soila. Ezin uka daitekeena zera da: baldintza* ekonomiko eta sozialek klarki eta funtsean* kondizionatzen dutela literaturgintza. Marxista arrunt* eta dogmatikoek diotenez, literatura infra-estrukturatikan bat batean eta berehala sortzen da. Jatorragoa deritzat Althusser edo Poulanzaz-ek, adibidez, diotenari, zeren, hauek diotenez, infra-estrukturari azken finean bere garrantzia eta indarra ukatu barik, erakusten daukute nolatan izan daitezkeen beste zenbait kondizionamendu, aldi konkreto batean (lehen) finean literatura (ideologia) kondizionatzen dutenak. Nire aburuz, Sarasola ere hortikan doake. Sarasolak kapitalismo edo nekazari egitura* ekonomikoari garrantzi haundia, literaturarekiko, ematean, ez ditu ahazten beste zenbait kondizionamendu. Hain zuzen ere, klarki frogatzen* du, besteak beste, klerikalismoak Euskal Literaturaren kondairan izan duen garrantzia. Kondizionamendu hori litzateke, agian*, gure literaturaren indar eragile dominant eta berezia.

Delako klerikalismo honetaz, eta nire aburuz, zenbaitetan tesiskeria* nabari* da Sarasolaren azterketan. Adibidez, ez nator ados, berak Larramendiri buruz ematen duen zenbait xehetasunez.

Filologia eta idaztien kritika semantikoa izan dira orain arteko gure literaturaren kondairaz osatu diren lanen sostengu. Urrutienik jota ere, idazlearen nortasuna aztertuaz kritikatzen ziren liburuak. Metodo eta bide hauk denak beharrezkoak dira literaturaren historia bat egitean; L. Mitxelena eta Villasanteren lanak bide horretatik zuzenduak izan dira. Baina orain Sarasolak areago* jo du, literaturaren soziologia baten atzetik.

Ez-osatua bada ere, inportant deritzat Sarasolaren azterketari, literatur gaiari ekitean. L. Goldman-ek irakasten dauku honetaz bide jatorrik, gaien soziologia bat burutzean.

Sarasolaren lana ez da osoki konplet eta osatua, zeren berak urratu duen bidea zabalegia eta bortitzegia* baita, gizon bakarra hortikan abiatzeko. Eskasia nabarmena dugu euskaldunok geure kondairaren ezagupideaz, eta ez bakarrik literaturaz. Sarasolak hasi berri duen eitea* talde batena litzateke, eta nolanahi ere talde horrek zientzi alor desberdinetan jantzia behar luke.

Lehen esan dut (eta Sarasolak berak ere hala dio: «neurriz gaineko garrantzi bat eman zaie faktore linguistikoei») linguistikaren ardurak* bultzatu dituela gure literaturaz egindako historiak. Ene baitan, eta Barthes, Teodorov eta besteei jarraituaz, gure literaturaren analisi estruktural bat falta zaiku. Analisi horrek, linguistikaren arauz, baina berau gainduaz, egitura* zabalagoetara jo beharko luke. Honetaz ere, Sarasolak emanik ditu zenbait* aztarna*, formalismo soiletikan (zenbait formalista rusoen gisakoa) at* eta gain, literatur muinari eutsiaz, literaturaren funtzioari so* eginaz hain zuzen. Eta funtzioak linguistika euskarri* badu ere, soziologi mailan aritzen* da.

Euskal literaturari buruz egin den saiaerarik jatorrena deritzat Ibon Sarasolaren liburuari. Ez bakarrik jatorra; aitzitik*, zuzena da bere ardura, eta gehienbatean objetiboak bere ondorioak. Euskal literatura begirada batez jaso nahi duenak, irakurri beharrezko izanen du Sarasolaren liburua. Bere gisako lanetan aintzindari, eta jarraipen bat eskatzen duen liburu kritikoa.

LUIS HARANBURU-ALTUNA

***

Hona hemen, nire ustez, orain arte aurten agertu den euskal libururik inportanteena.

Haren garrantzia ez dago, euskal literaturari buruz euskaraz idatzi den lehen liburua izatean, baizik eta bere gogortasunean.

Ibon Sarasolak, liburu honekin, astinaldi bat eman nahi izan du, inpaktoa egin. Liburu hau oihu bat da.

Euskara dotore eta ulerrerraz batez, Sarasolak soziologiaren aldetik aztertzen du euskal literatura. Idazle eta obren kritika egiten du, ez hizkuntzari begiratuz, baizik eta haien ideologia eta balio literario hutsari.

Idazleak giroarekin loturik daudela kontuan harturik, Sarasolak epetan zatitzen du euskal literaturaren historia.

Lehen epea, 1545.etik 1901.era doa. Azken urte honetan, Arana Goiriren ideologiak influentziatzen du geroa, 1964. urterarte. Hortik gaur arte, geure artean bizi giro berriak eraginda, hainbat euskal idazlek beste bide batzuk hartu dituzte, gure literatura aurreko loturetatik askatu nahian.

Kritikatzaileek, sarri* askotan, beren ideologia ezartzen diote egiten duten lanari. Are* gehiago, lan hori Ibon Sarasolak idatzitakoaren tankerakoa bada.

Honekin esan nahi dut, Sarasolak bere ikusmolde sozial eta politikotik egin duela euskal literaturaren aztertze hau, eta, seguru asko, konklusioak ez liratekeela berberak izanen, liburua beste ikusmolde desberdineko idazle batek egin balu.

Baina, hain zuzen, horretan datza liburu honen garrantzia, Sarasolaren ikusmoldea gure gaurko gazteriaren parte dinamikoaren ikusmolde berbera delako. Ez dugu ahaztu behar, artalde bat artzainek gidatzen dutela. Beraz, gazte masa indiferentea talde dinamikoak gidatuko du.

Liburu honek polemika eta eztabaida asko sorteraziko du. Pentsaerazi eginen du. Asko irakurriko da. Eta, dudarik gabe, etorkizuneko euskal literatura sakonkiro influentziatuko du.

Lan honekin, Ibon Sarasola euskal idazleen artean goi mailara igo da; eta LUR-ek, bere lineari jarraituz, beste liburu inportante bat eskaini dauku.

XABIER GEREÑO