ANAITASUNA

209 zenb.

1971. apirilaren 15 ekoa

Jardin Txikerra, 1 BILBAO-12

Tel. 43 18 37


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari: Anjel Zelaieta.

Zuzentzaile: Imanol Berriatua.

Idazkola ta banakola: Jardin Txikerra, 1. Bilbao (12).

Inprimatzaile: Juan José García, Joaquín Jáuregui, Jesús María Tafalla, Gabriel García eta José María Belmonte, AMADO inprimerian, Bilbon.

Irarle: Gil Díez eta Manuel Barrera, RALI etxean, Bilbon.

XIX urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Sexoaren askatasuna, tirania berria

Gizarteko arazoei begirada arin bat emanez gero, ba dirudi, zenbait* gauzatan, hara eta hona, alde batetik bestera, estremoetatik gabiltzala gizonok, geldiune egoki bat aurkitu ezinik, pendulo baten antzera. Politikatik hasi (ezkertiarrak eta eskuindarrak) eta modetatik pasatuz («maxi» eta «mini»), edonon ikusten ditugu «penduloaren lege» honen seinaleak. Ohiturei dagokien arloan batez ere, aldaketa nabarmenak ikusi ahal izan ditugu geure egunotan. Ohitura aldaketa hori, pentsakera aldaketarekin batera doa, eta gure eguneroko bizitza osoan agertzen da: baina, inon baino gehiago, sexo arazoetan.

Lehengo oskurantismo eta «dena da bekatu» hartatik, oraingo erotizazio izugarrira, «dena da ona» honetara pasatu gara. Hippiek eta beste honelako taldeek, amodio librea, sexoaren askatasuna predikatzen dute, munduko gaitz guztien sendagailu bezala.

Baina ez ote gara lakio* batetik irten, beste baten menpean jausteko*?

Horixe dio, behinik behin, Derek Wright profesoreak, Ingalaterran, Leicesterko Unibertsitatean irakasle ari* denak, eta laster agertuko den «The Psychology of Moral Behaviour» liburuaren egileak.

Sexoaren ideologia berriak funts* gutiko iruditzen zaizkio autoreari. Haize garbiak, gorputz ekinaldiak eta janari ugariak bezala, sexoak ere on egiten dau, muga nahiko zabal baten barruan jokatuz gero.

Baina ideologia hauen barrenean, txarto jarritako metafora bat dago, lehendik harturikoa hain zuzen, hots*, sexoa indar biologiko bat dela, nortasun gabeko energia bat, naturalezaren bultzada bat, gizonak nahi edo ez HOR dagoena.

Sexoaren kontzeptzio honek justifikatzen zituen gure espaldiko ahaleginak, indar hori astintzeko eta menperatzeko. Gure abeltasunaren zati bat izanik, ukatu beharrekoa zen, arimaren gardentasunerako*.

Gaurko sexologoek, ostera*, premisa beretik ateratzen dute, naturalezaren kontrakoa dela, harreman sexualik ez edukitzea; harreman hoik* galerazten dituen gizartea, perbertituta, bihurrituta dagoela; eta ez jarduteak dakarrela, sexoa beste bide batzuetatik lasaitzea, bide ilun eta okerretatik, alegia*.

Baina gizartearen jarduketa sexualari buruz azken hamar urteotan egin* azterketak estudiatuz gero, argi agertzen da nozio horren desegokitasuna.

Posibilitaterik zuzenenean, sexualtasuna ohiturazko zerbait dateke*, zaletasun edo atxikimendu bat.

Honela pentsatzen du behintzat Wright profesoreak.

Honek ez du esan nahi, faktore biologikoek sexualtasuna eragiten ez dutenik; baina bai, sexualtasun horri bide ematea, landua edo kultibatua dela sail handi batean. Hezierako* esperientziek zerikusi handia dute hemen. Eta gure gaurko gizarte erotizatuak ere bai.

Horretaz*, geure buruak deskondiziona genitzake, gurari sexualak gutituz. Erlijio tradizioek egin dute hori sarritan. Bai eta egiten da ere, norbait lan kreatzaile batean. saiatzen denean.

Sexologoek sexoaren askatasuna bilatzeko berotzen gaituzte; baina askatasuna, gauza bat egiteko edo EZ egiteko ahalmena da.

Bakarrik begiratuz, sexoak ez daduka esannahirik; «cul-de-sac» bat bezala da. Baina beraren benetako esannahia, geure nortasun osoaren barruan hartzen dugunean ikusten dugu, nortasun horren osagarri bat baino ez baita.

Sexoaren benetako askatasuna, sexoa nork bere izate osoagaz bateratzen dugunean datorkigu, eta sexozko ideologiak, pedanteria hutsak bezala, aldamenean uzten ditugunean.

PEREZ BILBAO


Herriz herri

Bermeo

Bokartaren kostera

Hasi dira bokartetan* gure arraintzaleak, abendutik honako geldiune derrigorrezkoari amaiera emanez. Martxoaren lehenengo egunotan, arraintza eskasa izan da. Etorri dan bokart apurra, kontsumorako, freskotan jateko saldu da dana. Kontserba fabrikak ez dira oraindino erosten hasi; bokart hau ez ei da egokia, salazoian ipintzeko.

Aspaldiko urteetan, kostera ez da benetan hasi apirilerarte. Apirilean eta maiatzean izaten dira arraintzarik ugarienak eta kontserbarako hoberenak.

Aurten ikaraz dabiltza arraintzaleak, Frantziako 6 milako «muga» dala ta.

Abrako Euskal Kanta Lehiaketa

Abenduaren 27an Algortako «Gurea» zinetokian egiteko zan «III Festival de la Canción del Abra»rako sei finalistetarik hiru, bermeotarrak dira: Josu Zabalondo, Lupe Fernández eta Anatere-Amaia bikotea. Jaialdi hori otsailaren* 28ra atzeratu zan; eta orain, berriz ere, ez dakigu noiz arte.

«Correo Antoniano» aldizkaria

Ba dogu, Bermeon, multikopiaz egiten dan hilabeteroko bikain bat. «Correo Antoniano» izena daroa, eta, fraile frantziskanoen babesean, «Juventud Antoniana»ko gazteek prestatzen dabe.

Hamalau orritan, otsaileko numeroak hainbat irakurgarri dakarsku: elkarteko zereginen berri, hiru-lau artikulu interesgarri, nobela labur bat, herriko albisteak eta, honez gainera, poesiak, kantak, barregarriak.

Jarraiko albisteak bertotik hartuak dira. Baina, aurrera joan baino lehenago, aldizkariari berari buruz gura nituke berbatxo bi esan:

Atsegin handiz irakurtzen dira haren orriak. Gure herriko neska-mutilen kezkak eta ardurak bizi bizi agertzen dira bertan, eta oso aipagarria da gazteon lana.

Akats bat bakarrik: hamalau orrien artean, orri erdi bakarrik euskeraz! Akats bakarra, baina lodiegia bermeotarrentzat. Gazteak, aurrera bildur barik, ea oker hori zuzentzen dozuen hurrengo numeroetan.

«Eleizalde» irakas kooperatiba

Basaurin, Gueñizen, Luxuan, etc. dagozenen antzera, Bermeon ere «Cooperativa de Enseñanza» dalako bat eratu da, «Eleizalde» izenekoa.

Jon Gofinondo batzordeko* lehendakariaren deklarazio batzuk agertzen dira, lehen aipatu dogun aldizkarian:

«Ikastolatik sortu zan, kooperatiba hau egiteko asmoa. Urte ta erdi daroagu bermeotar gurasoek, proiektua aurrera eroateko ahaleginetan. Bigarren mailako kolejio bat gura geunke jaso, umetxoakaz hasi eta batxileratua amaitu artekoa. Kolejio horrek 1.000 ikaslerentzako kapaz izan beharko leuke. Bermeon ez dago behar dan beste eskolarik, eta gu hutsune hori betetzera irten gara. Kolejio honen irakasleak eta finantzamentu guztia, bazkide diren gurasoek kontrolatuko dabe. Gaur arte ehun bazkide gara; eta batu dogun dirua, kolejioa jasotzeko lurrak erosteko izango da. Berrehun bazkidegaz gura dogu hasi».

«Agur» aldizkaria

Bilbon argitaratzen dan euskerazko «Agur» hilabeterokoak, «Correo Antoniano»k dinoanez, ez ei* dauka irauteko behar dan aina* harpidedunik. «Correo Antoniano»k dei bat egiten deutse herriko gazteei, aldizkari larrituari laguntzeko, abonatu berriak eginez.

«Bermeotarrak» itsasontzia

Martxoaren 12an, Bilboko «Marítima de Axpe» astileroetan, beste atunzale konjeladore berri bat botatua izan da Bermeorako. Ontziaren izena «Bermeotarrak» da, eta 800 tonelada daukaz. Motorra, 1.800 HP-koa.

Ontzi honen jabeek, orain dala urte bi, beste atunzale konjeladore berdin bat armatu eben, «Bermeotarrak» izen berorregaz. Baina Cubako gobernuak erosi eutsen. Cubanoek «Jagua» izena jarri eutsoen, eta bermeotarrei eskatu arraintzan irakasteko. Zeregin horretan dabil Afrikako uretan Patxiko Olabarria, patroi kapaza, «Jagua»ko Cubatarrei arraintzan irakasten, hiru-lau bermeotar arraintzaleren laguntzioaz.

A.P.B.

Arratia

Aurreragoko artikulu batean esaten genduanez, gaur ere beste zerbait esango dogu Arratiako alfabetatze kanpainaz.

Beste eskualde* batzuetan legez*, hemen ere lan apur bat egiten hasi gara arazo honetan.

Kanpaina hau hasita dagozen herriak, honeek dira: Zeanuri (hiru talde), Areatza* (talde bat), Lemona (umeentzako talde bat), eta Bedia (talde bi, bata nagusientzat eta bestea umetxoentzat).

Behin batean hasteko diren herriak: Igorre, San Kristobal, Dima eta Arantzazu. Arteagako berririk ez daukagu.

Hauxe da, gutxi gorabehera, Arratiako alfabetatze kanpainaren gaurko egoera.

JULEN

Igorreko* herrian, Arratia guztirako Instituto bat egitea erabaki da. Antza danez, Aiuntamentu bat baino gehiago ibili izan da, bakoitzak bere lurretan egin guran; baina, zikin edo garbi, Igorretarrek irabazi dabe.

Amaitzeko gutxi falta da, eta, dinoenez, datorren urtean egongo ei* da eskolak emateko antzean.

Txarrena (eta ez naiz ni dudan dagozanen artean bakarra, beste guraso asko ere antzera dagoz eta) zera da: ez daki inork artez, ea datorren urtean zabalduko dan ala ez, batxilerrerako zenbat urte emango diren, ea plan zaharragaz ala berriagaz izango dan... Ez dakigu ezertxo ere ez. Eta uste dot, zeredozer jakiteko sasoia ba dala, betiko legez*, azkenean, arineketan eta hestu, umeak non sartu ez dakigularik ibili gura ez badogu.

ZAMAKOLATARRA

Elizondo

Sokatira txapelketa Baztanen

Baztan eskualdeko* udalek* babesturik eta «C.D. Baztanés» dalakoak eratuta, «I Campeonato de soka-tira interpueblos del Valle de Baztán» izeneko txapelketa ospatu izan da, joan dan martxoaren 19an, Baztan haraneko* Elizondon. Epaimahaiko, Eusebio Izeta, Dionisio Unanue, Jesus Jaimerena eta Jose Maria Apezetxea izan ziren.

Jokoa ikustera, Euskal Herriko herri askotatik batu zan jendea, eta, Elizondoko alkatearekin batera, Espainiako eta Estadu Batuetako zenbait* kapitan abiadore ere etorri ziren.

Lehendabizi, Erratzutarrek eta Abiaziokoek jokatu eben. Erratzuko 8 gizonek 811 kilo zituen, eta Abiaziokoek 665. Astunenek irabazi eben.

Bigarrenik, Amaiurtarrek Elizondo B-koei irabazi eutseen. Oronoztarrek Amerikanoei. Almandoz eta Elizondo A-koena izan zan hestuena: talde bakoitzak buelta batean irabazi eban. Desenpatean, minutu bat eta 13 segundotan ekin ondoren, Elizondo A-k irabazi eban. Bigarren saioari ekin aurretik, Azpilkuetako dantzariak agertu ziren, Alicia Sanz gidari zala.

Taldeak jarraiko era honetan geratu ziren: Irabazle, Elizondo A. Talderik zaharrena, Elizondo A (285 urte). Astunena, Erratzutarrak (811 kilo). Sokatiralaririk astunena, Patxi Elizetxe (21 urte eta 114 kilo). Talderik gazteena, abiazioko soldaduak (165 urte). Makalena, Amerikanoak.

Tolosa

Bi euskaldun jator joan zaizkigu egun hauetan: Guillermo Lizaso eta Ramón Moraiz. Errenderiako txistularia izana, lehendabizikoa; eta «Escolanía Felipe Gorriti» deritzan abeslari taldeko «baju» ospetsua Ramon. Beronek zenbat aldiz jarri ote zeukun hestu hestu bihotza, San Joanetako zortzikoa abestuz.

Oraindaino bere ahaleginak ikastolaren alde zuzendu baditu ere, «Lizardi» taldea jo ta ke dabil, euskal kultura aurreratzeko asmoz. Ikusiko dugu, ekintzak asmoak bezain luzeak diren.

Partidua jokatu aurretik, egunkariak irakurtzean, gure Arruabarrenak aise* galduko zuela pentsatzen genuen. Baina zer pasatu da? Frontoian 22 tanto eginez irabazten direla partiduak, noski*.

Zumardi haundiko platano arbolei adarrak mozten ari zaizkie. Garaia denez gero, ez da hauxe berri harrigarria noski; baina, mozten ari diren modua ikusiz gero, ba dirudi, zuhaitzen forma erabat* aldatu nahi dutela, itzal gehiago eman dezaten. Hau ote da, aspaldi ahaztutako Zumardi haundiaren berritzearen hasiera?

Aurten ez omen dute «Gure Txokoa» elkartekoek, asiloaren alde dirua ateratzearren antolatzen zuten zezen festa preparatuko, Pazko egunean. Honelako festa bat eratzeak lan haundia eta arrisku asko omen du; eta nahiago dute, dirua sozioen artean biltzea, asiloko monjatxoei emateko. Datorren urtean garaiz hasi eta ikusiko omen* dute zer egin.

J. J. IRAETA

Sondika

Entzun dogunez; gure herrian, umeentzako ikastola bat zabaltzeko asmotan dabiltza. Oraindik ez dago segurtasunik; baina atsegin eta itxaropen haundia izan dogu albiste honekin. Ikastolak behar beharrezkoak direla uste dogu, herri guztietan. Horregatik, arazo honi geure laguntza guztia eman behar deutsagu. Ea noiz konturatzen garen euskeraren garrantziaz. Hizkuntza barik, non herria?

Sondikan, beste herri askotan legez*, neskak futbolean hasi dira; eta gogor dabiltza, gure eritziz. Eurontzat eta bai mutilentzat ere, premiazkoa dala uste dogu, zelai eder bat egitea. Larregi* eskatzea ote da? Izan ere, gure neskak oso txarto dabiltza, ze, jokatzen dabenean, beti beste herrietara joan behar dabe ta. Noizko, bada, landa edo zelai hori? Noiz ikusiko ditugu herriko neskak etxean jokatzen?

Euskerazko meza, Jainkoari eskerrak, orain ederto dago. Goizeko 11 eta erdietan ematen da. Berriro dinogu, oso ederto dagoela. Baina beste zerbait ez dago hain ondo.

Meza euskeraz bada, zergatik abestiak latinez? Oso ederto egongo lizateke, abestiak ere euskeraz egingo balira.

Danon borondate onagaz eta apurka apurka, ea euskerazko meza eder bat egiten dogun.

ROSI IBARRONDO

Lujua

Larrakoetxeko proba tokian, Sabin Latorreren omenaldia euki dogu. Sabin hau, harrijasotzailea zan; baina motorragaz istripua izan eban, eta orain ezin deutso lehengo afizioari jarraitu.

Horrexegatik eta danon estimua merezi dauan mutil jatorra dalako egin jako omenaldi hau.

Lehenengo pixu altzatzaileak, gero idi buztarri bi, hurren harrijasotzaileak, eta azkenez ahari topeak ikusi genduzan.

Gazte honek benetan merezi eban, egin jakon guztia; baina, gure eritziz, merezi ez ebana, hauxe da: mikrofonoan egon zan euskaldun erderzalea. Lauzpabost berba egin zituan euskeraz, eta jendea pozarren.

Gure zorionik gartsuena, Sabin; eta ea hurrengorako beste «espiker» hobe bat topatzen dan.

ERRAMON GERRIKAGOITIA

Elgoibar

Artikulurik onena

ANAITASUNA, 207. zenbakia.

«Ekialdeko jakinduriaren garrantzia», Joanes Zuhatsukorena.

Gaia benetan interesgarria iruditu zaiku. Ba dugu zertan sakon eta zer ikas. Hala ere, gaur gure eritzia besterik da:

Anarkismoak, budismoak eta hippismoak, ez dugu entzun, inongo gizarteri bide bat, soluzio bat eman dionik. Gizartearentzako soluzio bat inoiz eratu ez dutelako noski.

Asian ba dira, gosea, heriotza eta ezjakintasuna erabat* baztertu dituzten herriak; baina urteetan zehar burruka gogorrak eginez eta odol asko isuriz lortu dute. Hoiengandik ikasi eta hasi behar dugu «asiatartzen», eta ez monje budisten salmoekin.

Esperientziak eta herrien historiak agertzen dauku, ezer lortu bada, burruka bidez izan dela. Eta hori, hain zuzen, gaur egun Asian gertatzen ari da gehienbat.

Patxi Altunaren metodua

Euskera irakasten ari* diren guztiek orain dute garaia, era berriak ikasi eta aurrera egiteko. Astelehenero etortzen da Patxi Altuna, bere era erakustera, arratsaldeko 7etan.

Baserritarrentzako irakastaldiak

Martxoaren 16an eman zitzaien hasiera irakastaldi hauei. Bergarako «Extensión Agraria»koak etortzen dira irakasle bezala. Aurtengo kurso honetan, frutaz eta frutarboletaz hitz egingo dute, «Anaitasuna»k Urbitarten duen lokalean.

TALDEKO BESTE MARISABEL

Aramaiona

Zeleta jaunari hitz bi

Alegratzen gara, Zeleta jaunak ZERUKO ARGIAren 419. zenbakian Aramaionari buruz idatzi duen artikuluagatik.

Sinets ote daitekeen galdetzen dauku. Bai, sinets daiteke.

Ez dezagun pentsa, hau gure herrian bakarrik gertatu denik. Herri guztietako gaitz jenerala dela uste dugu.

Denok dakikegu*, zergatik erdaldun bihurtu diren lehen euskaldun ziren herri asko eta asko.

Euskal kantariak

Martxoaren 6an, gure herrian, ikastolaren alde jaialdi bat egin zen. Kantariak, hauk* izan ziren: «Oskarbi», Natxo, «Zaigor» eta Txomin. Azken orduan, espontaneo bezala, Markelek abestu zuen. Txalo asko bildu zuten kantari guztiek.

Baimena berandu iritxi* zen, eta, propaganda ezagatik, ez zen egon itxaroten zen beste jende. Gainera, Aramaionako herriak ez zuen behar bezala erantzun.

Ez dakigu zer gertatzen den gure herrian. Euskaldunak garela esaten dugu, baina gero ez dugu euskaldun bezala jokatzen.

ORIXOL

Munitibar

Josebitorreneko Xabier Ameriketara joan jaku.

Sindikatoko Jose Domingok eta Trokazuloko ugazaba andreak betiko agurra egin deuskue.

Azkarretako Mari Soleri eta Olosteko Jose Luiseri zorionezko bizialdia opa deutsegu, ezkondu direnez gero.

Zamorako gartzelan urte bi preso egin ondoren, Aldaolako Paskual Intxausti itzuli jaku. Ongi etorria eta berriz hara ez itzultzea opa deutsagu.

ERRAMON GERRIKAGOITIA

Abalzisketa

Nork ez du ezagutzen, Abalzisketatik gora, Txindoki mendiaren pean kokatzen* den Larraitz alderdia? Uda eta negu mendigoizale direnentzat, paraje miresgarri bikaina huraxe!

Baserri bakan batzuek eta, bereziki*, Andre Mariaren ermitak eman diote Larraitzi nortasuna.

Ez zen handia izan inoiz elizattoa; baina, azken aldiotan, are* ttipiago gertatzen zen, han, igande eguerdiz, mendiko aire sanoa hartuz elkarreratzen den jende multzoarentzat.

Guztiz xukundu eta handiagoturik, San Jose egunez estrainatu dugu ermita berria. Andre Mariaren iduria ere berria denez, eta lehengoa arrunt* eskasa izanik, ba du oraindanik edergailu bat gehiago paraje horrek.

Hamaika xoko ba da euskal eremuan* zehar, berezko bitxiz jantzirik, Larraizko apaizak duen eskua bezalako baten zain, edertasunez apainagotzeko eta beheko herri trinkoetatik gora ordu batzuk pasatzera doazenentzat gustagarriago egin ahal izateko.

Gure goresmenak bertako jendeari ere eta laguntza eskaini duten mendigoizale guztiei.

Beasain

Aterbe bat, «guardería» deitzen den hoietako bat eraiki dutela esan daukute.

Aspaldidanik zebiltzan, nonbait, horretaz arduraturik banaka batzuk. Beraz, oraindanik beasaindar gurasoek, igande eta jai egunetan, hau dela edo hura dela ta, ukanen dute haur ttipiak leku seguruan utzi ahal izateko egokiera.

Leku segurua bai; honetaz ez dugu dudarik. Haurzainak, ordea, euskeraz ez dakitenak direla esan zaiku; eta honetan, zinez*, aski* duda-muda ba dugu. Jendearen esamesak ote? Hobe.

Aterbeak, gure ustez, herri handixkoetan bat bakarrik ez baina, auzo berri hoietako bakoitzeko bana behar lirateke, 2-3 urtetako haurrentzat taxuturik. Eta zergatik aterbea igande eta jai egunetarako soilik, eta ez asteak dituen egun guztietarako?

Behar beharrezko ditugu aterbeak, ez batipat* igande eta jai egunez gurasoak liberatzeko, haurrak ttipi denetik gizartea dasta* dezan baizik, eta horrela, nahiz eta erdaldun familiakoa izan, euskeraren oztopo-muga urra dezan.

«Loinaz» abestaldearen zuzendari zen Migel Irizar jauna joan zaiku ustekabean, San Jose egunez. Hura jendearen emana, ehortzetako* elizkizunean, hurrengo egunez! Gure doluminak familiari.

Ormaiztegi

Irizar lantegitik at* bota dituzte han zebilen apaiz langile bat eta besterik. Zenbait esamesa zorrotz herrian eta auzo herrietan sortarazi du, alafede! jokabide honek.

Alde eta kontra, edozertariko eritziak daitezke entzun. Baina nik ere ba dut neure eritzia, eta, zenbaiti gusta edo ez, eman egingo dut.

Gauetik goizera eta deus* arrazoirik emateke* plantatu dituzte kalearen erdian. Gaur egun batere harritzeko ez den gauza, esan lezake norbaitek. Neuk ere bai.

Harritzekoa, zera da: kooperatiba dela lantegi hori, eta gizarte problemetan aditua zeneko fama zuela bertako zuzendarietako zenbaitek.

Dena den, jendea kanpora jaurtikirik, ez da arazorik benetan konpontzen ahal; eta, gainera, Eguberri inguruko gertakariek, nonnahi bezala, kooperatibak ere akuilatze gogorraz eragin dituzte, batzuk herriaren gana irekitzen direlarik. Beste batzuentzat zer izan ote dira? Atzera eragiteko bidea?

Gernikaldea

Bertsolari baten ezkontza

Joan dan hilabetearen azken igandean, Jesus Mari Sardui bertsolaria ezkondu zan, Lamikizko Maria Angelesegaz. Egun hotza; baina, eztei* egunean, ez da hotzik nabaritzen*. Magunako elizatxoan, eguerdiko ordu batetan, Mendatako Gotzon jauna meza emaile zala, eta Ibarruriko Txomin jauna organu jotzaile, buztartze honek familia bi eta auzune osoa elkartu zituan. Meza, entzule guztien atsegingarri izan zan, sarrera eta eskaintzan bertsoekin, kanta egoki ta gureekin eta Gotzonek egin eban hitzaldi goxo ta mamitsuarekin.

Gero gerokoak. Jatordu, bertso, hitzaldi, dantza, hitz, kanta, eta eztei jai batean egin ohi diren guztiak. Egun alai eta gogoangarria igaro genduan. Zorionak ezkonberriei, eta urte askotarako!

Iturri bertsolaria gaixorik

Beste albistea ez da horren atsegingarri. Urtarrilaren* 30eko ANAITASUNAk, Euskaldungoan, Iturri bertsolaria gaixorik egoela inoan. Bai eta hiru seme-alaba, emazte, ama, eta inork lan egin ezin dauan baserri bat ere zituala. Ordutik hona, egoera ez da batere aldatu. Bera zorionez hobeto badago ere, baserria ez dago hobeto, nork lan egin falta da ta. Lau hilabete Bilbon egon ondoren, Barcelonara eroan dabe, han tratamentuan jarri eta osatzeko ustez. Emaztea beragaz dauka, umetxoak amamagaz etxean, aita-amak Barcelonatik noiz etorriko zain.

Bertsolari alai eta eztenduna dozue Iturri. Hamaika barre eta hamaika pentsakizun zabaldu dau Iturrik, Bizkai guztiko herri ta plazetan! Txoriherri aldean, berak esaten ebanez, Bizkaiko Obispoa baino ezagunagoa zan.

Txapelketetan ez eban suerte haundirik izan. Beti izan eban bertsolari onen bat bere aurretik: Ajuria, Lopategi, Sardui... Behin, ekinaldi gogor baten ostean*, bere anaia Felixek irabazi eutsan. Baina Iturri ez zan batere kezkatzen horregatik. Jendeak ere, hemen, Bizkaian, Iturri bako bertsoketarik ez eban nahi. Horregatik, Bilbon egin dituan lau hilabeteetan, osategiko atezain, osagile ta laguntzaile guztiak harrituta egon dira, hainbeste lagun Iturri ikustera joateagaz. Baina, nor zara zu? esaten eutsoen gaixo lagunek. Ni? Hona hemen naizena: gixon txikitxo bat.

Zorionean barre-eragile eta zoritxarrean alai ta itxaropentsu dago Iturri. Azkar osatu ta etxeratzea opa deutsu zure bertso lagun, auzo ta barreneko lagun honek.

DEUNORO

Eibar

Txirrindulariak direla ta

Martxoaren 28an, «Criterium» dalakoa zala ta, Ixua gainean ginen goiz erdian. Beharbada, ez txirrindulariak ikusteagatik, igande goiza pasatzeagatik baino. Hotz ikaragarria jasan*, salda garbia hartu (hain garbia ze, han egoen jendearentzat, lukainkarik ezean, ura ezartzen eutsoen eta) eta hiru ordu inguru zutik egon. Ha zan plana, ha!

Dana dala, iraganak iragan*, pozik asko jaitsi ginen, aspalditxoan hainbeste euskera entzuteke* gengozen eta. Ha zan gazteria, ha: barra barra euskeraz ziharduan gazteria, hain zuzen! Bizkaitar asko zan, asko eta asko, ia gehienak. Eta benetako bizkaitarrak, Markina eta Durango aldekoak. ANAITASUNA txartela ere makinatxo bat autotan erantsia ikusi ahal izan genduan. Era horretako publikoarekin bai esan daikegula, gure artean eratzen diren probak, direnak direla, gure gureak direla. Pozik jaitsi ginen, bai, Ixuatik bazkalorduan; metara nor iritxi* zan lehen jakin ez bagenduan ere, pozik jaitsi ginen.

Inkesta bat

Bizkaitar gazteen artean egin dan inkesta* batetan, ehunetik hogei ta hamarrek ondo erixten ei deutsoe igandeetan mezatara joateri. Ehunetik hogei ta sei ohituraz joaten ei* dira, % 10 zeresanagatik, % 16 zeredozer egitearren; eta % 8k denbora galtzea dala dinoe. Batez beste, gehienek ez ei dakie zertara joaten diren mezatara.

Halan eta guztiz ere, gure eritziz, inkesta baikorra dogu hau. Interesgarria lizateke, inkesta hori non egin dan jakitea, Markinan ala Sestaon esate baterako, zenbaterainoko balioa dauan jakiteko.

Bernard da Costa

«Diario Vasco» egunkarian irakurri dogunez, «Los adioses de la gran duquesa», presenteon Parisen arrakasta* daben antzerkietatik bat dozue, Poche-Montparnasse teatroan antzeztua. Bernard da Costa, beraren egileak, euskeratu behar ei dau dalako obra hori. Bere deituragatik besterik badirudi ere, euskal jatorrikoa ei da, eta euskeraz oso ondo ei daki. Guk idazle horren berririk ez daukagun arren, Juanitok eukiko dau akaso, bere «Escritores Euskéricos» katalogoan sartzeko.

ALBISTARIAK

Mungialdea

Euskerazko klaseak

Mungiko Istitutoan, euskerazko klaseak ematen ari* dira.

Beste ekintza batzuekin batera egin beharrekoa zan pauso hau. Baina oraindik gure herrian euskeraren eta herri-kulturaren zabalkuntzak indar gutxi dauala uste dot. Ea gazteak gehiago saiatzen garen; bestela, ez dau inork ezer egingo.

Antzerki interesgarria

Martxoaren 13an, Bilboko «El Grupo» taldeak «Farsas Contemporáneas» izeneko antzerkia egin eban Mungiko monjen ikastetxean. Oso kritika sakona ta latza gure gizarteari. Penagarria, hain jende gutxi bertara joatea. Propaganda eskasagatik izan zala uste dot, sarrerak borondate ordez ematen ziren eta. Hurrengoan, ea hobeto egiten dogun.

Pelota partiduak

Martxoaren 19an, «Danok Bat» elkarteak antolaturiko txapelketako azken partiduak jokatu ziren. Jendea ugari. Hona hemen txapeldunak: Gazteen artean Legorburu eta Uriarte (Zeanurikoak). Honeek jarraitzaile «jator» talde bat ekarri eben, erderazko pankarta bat ere euken eta.

Bigarren mailako afizionaduetan, Rekalde bilbotarra eta San Vicente sestaotarra. Eta lehenengo mailakoen artean, Jadraque eta De Miguel sestaotarrak.

Otsailaren* 28an, beste pelota saio bat izan dogu. Biarrizko sei pelotarik eta Mungialdeko beste seik parte hartu eben bertan. Saio honen izena, «Festival Internacional de Pelota Vasca», frantsesek eta espainolek jokatu baiteben.

Alkatea, diputadu

Azken orduan jakin izan dogunez, Mungiko alkatea diputadu aukeratua izan da. Ez dakigu zein «alderditik». Edozelan ere, zorionak! Eta ez ahaztu zeure herritarrekin.

I. J.

Bilbo

Berriro ezetza

Abando auzokoak berriro etorri jakuz, euren problema ANAITASUNAn azaltzeko eskatuz.

Abando auzo haundian (bost milatik gora euskaldun bizi dira bertan), ez dago jaiegunetan euskerazko mezarik.

Eliztar batzuk, berriro, Espartero kaleko San Frantzisko Xabier elizara joan dira, Manuel Ramila parroko jaunagana. Jaun hau Santander-ekoa da, eta ez dau atsegin euskera. Ezetz biribila eman deutse.

«Herria» astekaria

Aste honetan heldu jakun HERRIA Baionako euskal astekarian irakurri dogu, orain arte Donibane Lohitzuneko alkate izan dana (Larramendy jauna), azken elezioetan agintaritzatik kendua izan dala. Donibandarren botoak beste alde batera joan ei* dira.

Larramendy jauna aspaldion famatua egin zan, Zokoko Aita Larzabalen kontra deklarazio batzuk egin zitualako. Orduan, alkatea zan. Gaur ez.

«Anaitasuna» aldizkaria

Hamabostero, Jardin Txikerra kaleko bulegoan*, talde bat batzen da, aldizkaria plegatzeko, korreora bidaldu orduko.

Zuk, irakurle, laguntzera etorri nahi badozu, zeure izena emanez, deitu telefono honetara: 431837. Aldizkaria hilabetearen 1ean eta 15ean zabaltzen da, eta plegatzeko lana bi edo hiru egun lehenago egiten da.

Horrez gainera, era bitara lagundu zeinke, ANAITASUNA ezagunago egiten: jarri zeure autoan ANAITASUNA txartela; eta zabaldu propaganda orriak, euskal izendegi polit batekin eta euskera batuaren oinarri batzuekin oraintsu argitaratu direnak. Eskatu txartela eta orriak Jardin Txikerrara; dohan* bidalduko jatzuz.

XABIER GEREÑO


Oraindik gehiago

R. G. durangarrak egin daukun eskutitzak, lehenagotik nerabiltzan ideia batzuk paperetan jartzera bultzatu nau. Egia da. Uste dut, beste euskal agerkarietan ere gauza bera edo antzerakoa gertatzen dela. Hemen, behintzat, holaxe da: geure aldizkariko artikuluen ideologia, prestutasun eta gaurkotasunari batez ere bagagozkie, hitz batean izenda genezake haien nota: eskasak. Eta gure aldizkariko artikulu askoren pobrezia ez uste gero zentsuraren errua denik, ez eta hamabosterokoa izatearena. Ez. Gure artikulu askoren eskasia, merketasun eta ganoregabetasuna*, batipat*, gure errua da. Esplika gaitezen.

Helburu ta jokabiderik eza

Ene ustez, Euskal Herriko pentsalariak —eta idazleak ere pentsalariak dira— akats edo koska latz batek menperatzen ditu, eta gaitu. Ez helbururik ez jokabide argi ta taxuturik ez edukitzean datza* menperaturik egote hori. Idazle batek burubide argiak ukan* behar ditu. Argi jakin behar du, bere idazlanekin zer bilatzen duen, eta lortu nahi duen hori nola ardiets* lezakeen. Aipatutako ideia biok idazleagan ondo argi ez badaude, orduan haren idazlanetan nahasketa ta desegokitasun haundi bat sortzen da. Idazlan hoiek, jakina, ezin dute ezer frutu iraunkorrik eman irakurleengan.

Bestalde, bekatu edo hutsune berdina somatzen da, euskal politikaren landan jokatzen dutenen artean; eta horrek ere ba du bere eragina idazleen zelaian. Euskal jendartean*, bereziki zenbait* idazle ta politikalarirengan, arazo guztien erabaki osoak argi ta garbi daudela uste da. Zenbait prediku ta programatan, ideia ederrak, bedeinkatuak eta zuzenak iragartzen dira; baina da dirudi, pulpituetatik apaizek egindako predikuak direla: ederregiak direlako, ez ditu inork sinesten; beren zuzentasunagatik ez dute posibletasunik; eta, bedeinkatuegiak direlako, ba dirudi, ez direla hain bedeinkatua ez den mundu honetarako.

Ba dakit, gure arteko santu asko nik esandakoengatik haserre jarriko direla. Baina, bilatzen dena argi jartzen ez bada, egiten diren gauza asko aidezko bueltak dira. Bilatzen den hori lortzeko era posible batzuk seinalatzen ez badira, ametsetan jardutea da; eta, era berean, biderik badago, bide hori benetan eta egunero egiten ez saiatzeak antzu* bihurtzen ditu helburuak.

Habilidaderik eza

Aurreko puntu horrekin batera, ba da beste gaixo mota bat ere gure artean. Hainbat idazle ezagutzen ditut geure Euskal Herri honetan. Baina, dozena erdi bat kenduta, idazle guztion jakinduria zigarro paper baten zuriunea betetzako aina* ez da.

Bizi dugun egoera garratz honetan murgildurik, jendeak bere kexak, nahiak eta usteak azaldu nahi ditu, bidezko den bezala. Orduan, kexatzeko motiboak dituela oharturik, ba doa fusila disparatzera, edonoiz, edonon eta edonoren kontra, hala egiteko eskubide osoa dituela ta. Eta kexak dituen edonor hasten da bereak eta bi esaten, bere burua hain nekaturik ikusita, edozertarako eskubidea balu bezala.

Baina gauza bat da, nork bere burua modu txarrean ikustea; eta beste bat, buru horren alde jokatzeko bide egokiak zabaltzea. Gu gehienon jakituria zigarro paper baten barruan sartzen delarik, oso indar makalak ditugu, geure eskubideak defenditzeko, nahiz eta munduko sakratuenak izan. Hau honela izanik, geure buruetan ba ditugu geuretzako arrazoiak, baina ez besteentzat. Besteek ez dute, besterik gabe, gure arrazoien indarra ikusten: frogatu* egin behar zaizkie, eta hori ez da hain erraz egiten.

Jainkoaren Lana-koek, «honek honela izan behar du» esan gabe, nahi duten hori lan setatsu* baten ondoren lortuta gero «hau honela da» diote, jendea aho bete hagin eta amorru makurrez utziz.

Moralidaderik eza

Gauza bat egin ahal izateko, moral bat behar da. Egin behar dena egiteko arrazoi eta, batez ere, nahi bizi bat. Norberaren erruz zerbait egiteke* gelditzen denean, negar egitea eta erruak inori botatzea alferrikakoa da, haurtzaroko negarrak gogoratzeko izan

ANAITASUNAren kasuan, ba ditugu eragozpen batzuk. Zenbait*, gainditu ezinak; beste zenbait, asko, gaindi litezkeenak.

 Euskal hiztunak guti direlarik, eta hiztun hoien artean ikasiak edo alfabetatuak gutiago direlarik, gaitz da harpidedun edo irakurle asko izatea. Harpidedunak edo irakurleak guti direlarik, zail da errentabilidade aberatsa izatea. Dirurik ez badago —inongo eta inolako erakundek*, ez dirujabek, ez alderdik, ez elizak, ez gobernuk babesten ez gaituela— ezin dugu profesionalismorik lortu (eta profesional bihurtu behar genukeela konturatzeko aina* listoak ba gara). Profesionalik ez dugula, eta idazleak (?), nahi ta nahi ez (?), beren lan partikularrek ANAITASUNArekiko ardurak baino gehiago lotzen dituztelarik, ezin da eskritore indartsurik lortu. Ez eta programazio biribil, koordinatu eta iraunkorrik egin. Dirurik ez dagoelarik, ezin da ANAITASUNA asteroko eta, gutiago, eguneroko bihurtu.

Idazleok, berriz, hasi Euskaltzaindiaren Prentsa Bulegotik eta idazlerik gazte eta berrienetaraino, ez dakigu patxadaz idazten; eta, ortografiazko eta osterantzeko* huts asko egiten ditugunez gero, gure zuzentzailearen lana astundu eta, gaiztoago dena, luzatu egiten da, lanak, albisteak, kronikak... zahartzerainoko.

Gauzak honela izanik, moralidade bat behar da, errespontsabilidade bat. Xinpleago esanik, lana egin behar da serioski. Benetan buruen barreneraino sartu behar dugu —eta barka hala uste ez duzuenok— nik goian jarritako arazorik gehienak ez direla, batipat*, gurekin bat ez datozenek jarritako eragozpenen gatik, gure kontrako hoik guk uste baino geureagoak direla uste ez bada. Gurekin bat ez datozenak bistan dago gure arazoez ez direla arduratuko, eta gutiago, guk ere geure ideia eta nahiei azken sakonerainoko ondorenak ateratzen ez badizkiegu.

Lan asko egiten ari* gara, dudarik ez; baina oraindik gehiago eskatzen da.

A. ZELAIETA

daude, dagoz

dauku, deusku, digu

diote, dinoe

dizkiegu, deutseguz

genezake, geinke

lezake, leike

litezke, leitekez

zaizkie, jakez


Euskaldungoa

«Euskaldungoa»

Aldizkari honetako «Euskaldungoa» sailean agertzen diren berriak, ez dira gizon bakar batek prestatuak. Zenbait* idazlek bidaldutako berriak ere agertzen dira.

«Ez dira gureak»

Aldizkari honetan edozein artikuluren agertzeak ez dau esan nahi, ANAITASUNAren zuzendaritzak dana hitzez hitz beretzat hartzen dauanik.

«Petronor»

Danok dakikegunez*, «Petroleos del Norte, S. A.», Petronor izenarekin ezagutua, Somorrostroko errefineria egiten ari da, eta uda honetan Bilboko Portu Handia egiten hasiko da. Haren kapitala 3.000 milioi pezeta da, eta jarraiko modu honetara osotzen da: Gulf Oil Corporation-ek % 38, CAMPSAk % 30, Banco de Bilbaok % 9, Banco de Vizcayak % 9, Río Gulf de Petróleos-ek % 5, Caja de Ahorros de Bilbaok % 4,5 eta Caja de Ahorros Vizcaínak % 4,5. Haren zuzendaritza jarraiko hauxe da: Lehendakari Alvaro Delclaux, lehendakari ordezko Enrique Guzmán, bokalak Pedro de Aristegi, Pilar Careaga, Miguel Romero, José Cristóbal, Francisco Cardenal, Fernando Rodríguez, Leonardo Amiano, Fernando Azketa, Ignacio Zumarraga, Enrique Sendagorta, Juan Miguel Villar, Manuel Ruiz de Velasco, Eduardo González eta Juan Anchia.

Kantarien jaialdia Bergaran

Apirilaren 3an, Pantxoa ta Pello, «Itxaropen», «Zaigor», Antxon Valverde eta Iñaki Arriaran kantariek jaialdi bat eskaini izan dabe, Itziar Sagarzazu eta Jose Maria Iriondo, Loiola Herri Irratiko hizlarien gidaritzapean, Bergarako Irala zinetokian.

Gela berriak Errenderiako Ikastolan

Gipuzkoako Errenderian, «Construcciones Oyarbide» dalakoaren laguntzarekin egindako gela berriak, inauguratuak izan ziren herriko ikastolan, joan dan martxoaren 27an. 380 ikasle dabiltza ikastola honetan.

«Anexa» ballet taldea Eibarren

Aspaldi honetan hainbeste zeresanik ematen dauan «Anexa» ballet taldeak ekinaldi batzuk izan ditu Eibarren, apirilaren 7 eta 8an.

«Orquesta de Cámara de San Sebastián» Mondragoen

«Orquesta de Cámara de San Sebastián» izeneko abesbatzak jardunaldi bat izan dau Mondragoen, «Gurea» zinetokian, martxoaren 28an. Jaialdi honek ez dau beste helbururik izan, «kantatu kantatzearren» baino, eta ondo kantatu ere.

Esnearen auzia

Esnearen salneurria igon izan da. Baserritarrek zerbait (?) gehiago irabaziko dabe. Alegratzen gara baserritarrakatik; baina esnearen salneurria igotea ez da, hain zuzen ere, gizartearentzako pozgarria.

«40 poemas»

«Helios» editorialak argitara eman izan dau liburu bat, «40 poemas» izenburuarekin. 40 poema horreetarik, bat dator euskeraz. Besteak, katalan, galego eta erderaz eginak dira.

«Lur» editorialaren liburuak

«Lur» editorialak liburu berri bi argitara eman berri ditu. «Lau gartzelak» deitzen da bata. Liburu honetan, Nazim Hikmet turkiar poetaren poemak datoz, Gabriel Arestik euskeraz jarriak, eta Arantza Urretavizcayaren hitzaurrearekin. Bestea «Linguistika orain arte» da, eta Xabier Kintana jaunak egina da.

«Auñamendi» etxearen liburu berriak

Jose Acosta Montoro jaunak egin eta Erramun Muruak euskeraturik, argitara eman izan dau «Auñamendi» etxeak «Asarre bideetan» izeneko liburua. 94 orrialde ditu teatro lan honek, eta 50 pezetatan saltzen da. Bai eta Luis Madariagaren «Pintores Vascos» izeneko liburuen lehen atala are argitara eman berri dau. Liburu honek 144 orrialde ditu eta 41 pintura. Jon Abad pintoreagandik hasi eta Julio Franco jaunaganarte diren artista guztiak aipatzen dira bertan.

Euskal jaia Baigorrin

Baxenabarreko Baigorrin ospatu izan da euskal kantarien jaialdi bat, apirilaren 18an. Kantu zahar eta berri abestuz, han izan dira Xabier Lete, Lurdes Iriondo, Mikel Laboa, Zabala, Eñaut, Larralde, Beñat, Borda eta Artza txalapartaria.

Euskaltzaleak gero eta gutxiago?

Behin batez, ene adiskide bat Madrilera joan zan, eta, abiatzerakoan, zera esan eustan: «Madrilera najoak, eta hango buruzagiei esan behar jeutseat, euskalzaletasunagatik ez ikaratzeko, apaizgai berririk ez dagoenez gero, berez galduko dala ta». Ene adiskidea ez da euskaltzalea.

Alfabetatzea Intxaurrondon

Donostiako Intxaurrondo deitu* auzunean, alfabetatze ekintza bat hasi da, Donostiako Alfabetatze Batzordearen gidaritzapean, martxoaren 29an. Textutzat, ANAITASUNA hartu dabe.

Alfabetatzea Lujuan

Bizkaiko Lujuan ere alfabetatze lanak aurrera doaz, Josu Torre gaztearen gidaritzapean. Gehienetan gertatzen dan bezala, hemen ere, jarraipena da punturik zailena, bai ikasleen aldetik eta bai irakaslearen aldetik ere. Eta alfabetatze talde bat aurrera eroaten danean, «mila legoa» ta gehiago egiten ari gara.

«Easo» ta «Oskarbi» Bilbon

Gipuzkoako «Easo» eta «Oskarbi» kantari taldeek jaialdi bat eman izan dabe Bilboko Coliseo Albia aretoan*, «subnormales» delakoen alde, apirilaren 4ean. Egun berean, Donostiako «Real Sociedad» futbol taldeak jokatu izan eban Bilboko Athletic taldearen kontra San Mames zelaian.

Entzun dogunez, «Oskarbi»koek ez dabe orain «Ez dok Amairu»koekin batera kantatzen. Izan ere, «Oskarbi» taldearen joera arinagoa da, eta esannahiaz baino gehiago moduaz arduratzen da.

Muga berriak ote?

«Vida Nueva» aldizkariak aipatzen duen eliz probintzien mugaberritzea, ez dakit beste lekuetan baina, hemen, aintzinako ametsa denez, arras* begi onez ikusiko genuke. Esaten du, alegia*, ondo eta bidez Gasteiz eta Bilboko elizbarrutiek Iruinera bildu beharko luketela, etnia bereko eta gizagiro berdintsuko direnez.

Eta guk, isilean edo ozenki* (har dezala bakoitzak, doakion gisan*) diogu herriaren izenean: Baionako elizbarrutia aipatzen ez badu ere, ez duzue, noski, Elizako jaun prestuok, hura bazterrera botako ala?

«Lepanto» izeneko kaleak?

Aurten laurehungarren urtebetetzea dela ta, «Lepanto» izenez kale berriren bat bataiatzea dela bere gogoa adieraziz, gutun* bat bidali du Gipuzkoako Diputazioko lehendakariak udaletxeetara*.

Horra, historia eta toponimia, biak batera, pertsonala famatuak bakarrik ezezik, gure kulturaren aberasgarri, alajaina*!

Alfabetatze ikastaroa Beasainen

Dela hilabete batzuk agindu zen bezala, Beasaingo Alfabetatze Batzordeak ikastaro bat antolatu du. Hasiera, apirilaren 12an, ilunabarreko 8etan. Lekua, Ikastola. Egunak, astelehen, astearte* eta ostirale*. Iraupena, hilabete eta erdi bat.

Oraingoz, lehenengo maila emanen da. Hala ere, jenderik izanez gero, bigarrengoa ere emanen lizateke. Lerro hauen bidez dei bat dagiegu herriko guraso eta gazte guztiei: bereziki* Ikastolako haurren gurasoei eta gazte kezkatuei.

Jabier de Aranburu kazetariaren mintzaldia

«Terranova y los marineros» gaiari jarraituz, mintzaldi jakingarri bat eman izan dau Jabier de Aranburu erdal kazetariak* Donostian, joan dan martxoaren 24ean. Aranburu jaunak, makailauzale batean, bidaia bat egin izan dau Terranovara, joan dan udan. Beraz*, bere begiekin ikusi eta ezagutu izan dau arrantzaleen egoera: bizimodu latza, kulturarik ezin lortzea, atsedenik eza, lan-kontratuaren gorabeherak, etxetik urrun luzaro bizi izatea, eta abar.

Euskal antzerkia Urnietan

Labayen jaunak egindako «Agar-en seme Ismael» izeneko antzerkia jokatu eben Gipuzkoako Urnietan, «Eliz Ondo» aretoan, martxoaren 28an.

«Euskal Meza» Bilbon

Martxoaren 28an, igandez, lehendabizikoz kantatu izan da «Euskal Meza» izeneko meza, Bilbon, Coliseo Albia aretoan*. 19 gizonen artean jarri deutsoe doinua meza berri honi, azken gurpilada biribiltzailea aita Barturen pasiotarrak emanez. Beronekin batean, zeregin haundia izan dau arazo honetan Andoni Arregi, «Orfeón San Antón» izeneko abesbatzaren zuzendariak. Solista bezala, Jose Anjel Goienaga mutikoak jardun eban. Eta musika jotzen ari izan ziren: Bilboko txistulariak, Zuaznabar txalapartariak, Galdakanoko albokariak, Eleizeaga dultzainariak, Urtizberako txirularia, Zumarragako trikitilariak eta Benigno Iturriaga organista.

«Euskal Meza» honen hitzak ez datoz euskera batuan, berriro ere eliztar batzuk behintzat gizartearen aurrerakuntzaren atzetik geldituz. «Euskal Meza» honen ondoren, beste kantaldi bat emateko zen; baina ez zan horretarako baimenik lortu ahal izan. Hala ere, jende asko batu zan, nahiz eta gehienak sasoikoak izan.

Euskal teatroa Bergaran

«Danok itxulara» deituriko euskal antzerkia errepresentatu izan dabe Bergaran Idiazabaleko «Aitor» taldekoek, martxoaren 27an.

Zirarda gotzain jaunaren misioak

Martxoaren 2tik apirilaren 3rarte, Zirarda Bilboko gotzain jaunak misioak eman ditu Begoñako basilikan. Gotzainaren jokaera aipagarri hau oso pozgarria izan da eliztarrentzat.

Aita Martzel irratiz misioak ematen

Martxoaren 29tik apirilaren 3rarte misioak eman izan ditu Aita Martzel Andrinua pasiotarrak, Bilboko Herri Irratitik, ohi dauan euskera jatorrean. Ideiei bagagokioez, ikusmolde ilunak eta goibelak erabili ditu: Elizaren egoera larria dala inoan*, eliztarrak, bereziki* erlijiosoak, asko urritu direla ta.

Apaiz berriak Bizkaian

Bizkaiko Derion, apaizgal etxean, Iñaki Eguzkiza eta Pedro Hernández gazteek jaso izan dabe apaizgoa Zirarda gotzainagandik, joan dan martxoaren 28an. Iñaki, Larrabetzuko Goikoelexako parroko gelditzen da; eta Pedro Derion, apaiz laguntzaile.

Nafarroako apaiz eta apaizgaiak

1940-50 urte bitartean, 167 apaiz berri egin ziren Nafarroan.

1951. urtean, 42.

1950-60 urte bitartean, 289.

1960-70, 215.

1971. urtean, 5 apaiz berri egin dira.

Seminario txikian edo «Colegio San Miguel de Aralar» dalakoan, 450 ikasle dagoz.

Kultur ekintza bi Larrabetzuan

Martxoaren 28an, «Ori bai» taldeak eraturik, kultur ekintza bi izan dira Bizkaiko Larrabetzuan. Gotzon Garate, Deustuko Unibertsidadeko irakasleak, «euskera biziko ote da?» gaiari buruz berba egin eban, «biziko da» esanez. Gero, «Oskorri» kantari taldeak ekin eutson.

«Eskualdun Xoriak» muntaturiko kolonia bi

Bai mutiko eta bai neskatoentzat, kolonia bi eratu ditue Iparraldeko «Eskualdun Xoriak» elkartekoek: uztailaren* 8tik 31ra Ternose-n, eta abuztuaren 5etik 26ra Milafrangan. Argitasun gehiagorako: «Eskualdun Xoriak», 9, rue des Prébendés. 64, Bayonne, France.

«II Semana de Antropología Vasca» Bilbon

Apirilaren 19tik 24erarte ospatzen da Bilbon, Deustuko Unibertsidadean, «II Semana de Antropología Vasca» dalakoa.

19an, 7,40etan, «Symbolica Amatoria», Jean Haritschelhar-ek. 8,30etan, «Arteta, Pintor Vasco y Europeo», Luis Lazarok.

20an, 7,30etan, «Euskeraren irakaspidea eta euskera irakaspide», mahai biribila, euskeraz nahiz erderaz: Luis Villasante mahaiburu, Luis Mitxelena eratzaile, mahaikideak Patxi Altuna, Josu Arenaza, Eusebio Erkiaga, Xabier Gereño, Alfonso Irigoien, Jesus Oleaga, Xabier Kintana, Martin Ugalde eta Justo Mokoroa.

21ean, 7,30etan, «Escultores del siglo XVI en el País Vasco», Maria Arrazolak. 8,30etan, «El txistu y el silbote», Francisco Escuderok.

22an, 7,30etan, mahai biribila, «El derecho privado vasco-navarro ante la codificación», mahaiburu González del Valle eta eratzaile Adrian Celaya direlarik.

23an, 7,30etan, «Condicionantes del futuro socio-económico de Vizcaya», Jesús Doraok. 8,30etan, «La cultura vasca en el mundo contemporáneo», Jose Migel Azaolak.

24ean, 7,30etan, mahai biribila, «La romanización del País Vasco», Jose Migel Barandiaran mahaiburu eta Ignacio Barandiaran eratzaile direlarik. 10etan, jendeak bidaldu idazlanak irakurriko dira. 12etan, «In memoriam», Julio de Urkixori buruz, Juan Ramon de Urkixok eta Manuel Lekuonak.

Joango gara, eta ikusiko dogu!

Euskal kantak Hazparnen

Lapurdiko Hazparnen ospatu izan da euskal kantarien beste jaialdi bat, joan dan martxoaren 27an, jarraiko kantari honeek ari* zirela: Ospital, Carrère, Sarasola, Borda, Eñaut, Etxemendi, Larralde, Julen Lekuona (aspaldi beste aldera ihesia) eta «Oskarbi» taldea. Jaialdi honetan batutako sosak ikastolei laguntzeko izan dira.

«Ama Lur» Madrilen

Baimena lortzeko eragozpen haundiak izan ondoren, «Ama Lur» euskaldun filmea ikusia izan da, «Colegio Mayor León XIII» dalakoan, Madrilen, martxoaren 28an.

Kolejio honetan igandero meza bat izaten da euskeraz, eta bertara biltzen dira Madrileko euskaldun asko. Euskaldunokatik batez ere emana izan da filme hau. Sarrerak dohan*. Madrileko euskaldun gazteek lan haundia egiten dihardue, kultura aldetik bereziki.

Jose Luis Merino jaunaren mintzaldia

Jose Luis Merino jaunak mintzaldi bat eman izan dau Eibarren, joan dan martxoaren 27an, euskal kultura eta eskulturari buruz.


Ikastolak

Artea haurren heziketan (2)

Teknikari buruz

Pentsa dezagun, arteak ez duela haurretan* sartu behar, baizik eta haien barnetik behar duela irten. Ainitzetan* uste izaten dugu, haurrek, arte eta estetika bideetan jartzeko, asko behar dutela ikasi (pintura, teknika...) eta, noski*, delako artearen sena* irakaskintzaren bidez ardiesten* dela. Alegia*, kontsakratuak dauden kuadroak bere begien aurrean ezarri behar dizkiogula haurrari artea (!) zer den, memento* batetan uler dezan. Baina haurrak zer dezake ikus, bere munduarekin erlazio fitsik* ere ez duen kuadro, eskultura edota teatroan? Bide hau, ez genezake esan, didaktikaren urratsetan* dagoenik, inolaz ere; baina argi ikus genezake, inposamendu bat besterik ez dela.

Klarki dago, bada, haurretan, inposamendua bidegabekeria dela. Halaber*, espresiobide horren jabe ez den bitartean, bere mundutik at* ikusiko duela artea, bai eta espresiorik laudagarriena ere.

Errazonamendu berdinetik joaz, gizonak ere, bere espresioaren jabe ez deino*, edota espresioa haren barnetik irtetzen ez den bitartean, artea beti, besterena, beste anbienteetakoa, gizartearen beste mailetakoa bezala ikusiko du.

Espresioaren behartzea (inposamendua), gehienetan behintzat, teknika hutsak dakar berekin. Gure didaktikan, teknikaren irakaskintzak leku berezia badu, lehen aipaturikako inposamenduaren bideetara erraz jo genezake. Teknikak (jeneralki erabiliaz) objetibitatea, zientifismoa eta mekanizismoa («monotonia» sentiduan ere) ditu berekin. Haiekin erabateko* diktadura ezarriaz. Konkretuki, esan ohi dugu: «Ez, gu ez gara teknikoak eta ez genezake gaurko artea uler». Espresioa, sinple eta bakana (hots*, kuadro edo lanari trazendentziarik emanik gabe, bere mugetatik irten gabe) dastatzeko*, teknikoak behar dugu izan; hitza, hots, gizonaren ahozko espresio ere ulertzeko, teknikoak behar dugu izan.

Gure kontzeptu edo ideietan, artearen benetako teknikoa artista bera da. Alegia*, lanaren esannahia, trazendentzia eta sinbolismoa kapta dezakeen pertsona «dohatsua». Gu berriz inurriak gara, pertsonaia hoiekin konparaturik. Ez omen* gara, gure ustez, mundu berdinetakoak. Hizkuntzarekin ere, logika honekin, hitzaren esannahi osoa, sinbolismoa eta pertsona berak hitz horrekin (bere izateari jarraituaz) adierazi duena ikus dezakeen teknikoa, psikologoa da. Beraz*, teknikoak ez garenez, ez dezakegu uler ahozko espresioa. Puntu honetaraino ez gara oraino heldu; ez dut uste, helduko garenik ere. Baina tamalgarria da, nola plastika, oraindik, «dohatsuaren» eskuetan dagoen. Anbiente berezi batzuetan. Eta herrikoitasuna (arte herrikoia nahi dut aipatu) zein urrun dagoen oraindik.

Praktikan

Azter ditzagun pintur eskolak edo akademiak. Bodegoiak, bai paisajeak bai eta erretratuak ere, % 99 teknika hutsa da. Beraz, % 1eko margina dukete*, molde eta sistemetatik irtetzeko. Hutsa.

Teknikaren beharra aztertzeko, bi motatariko teknikak ikusiko ditugu:

- Neurriak, proporzioak, estetika moldeak, ekilibrioa... Hitz batetan, akademismoak duen teknika «aberats» eta ugaria.

- Materiala erabili eta maneiatzeko teknika sinple eta basikoa. Alegia, elementalismoa (zainketa, nahasketa basikoak...).

Lehenengoa uka genezake. Bigarrena, berriz, beharrezkoa zaiku. Soilki eta puntu honetan ere gehiegi sakondu gabe. Modu honetan haurrak berak eratzen ditu modeloak, bereak, bere izaerak ondo deritzen modeloak eta ez besterikakoak. Estetika aldetik ere, teknika ugariak daude. Baina zergatik ezar berez etorri behar duena, etortzerik eta lekurik badu herri barruan? Zergatik estetikara bultza, estetikaren beharra (behar kontzientea, noski*) ez dagoenean? Herbert Spencer-ek hauxe zioen: «Haurrak marrazki* onak egiten dituela, ez da garrantzi haundikoa, berez eta benetan bere fakultateak desarroilatzen baditu».

Gai honek erabateko* planteamendua behar luke izan, eta inolaz ere bi artikulutan agereraz daitekeena. Beraz, gaia urri xamar legoke, sakontasun haundiagoarekin eratua baledi.

MIKEL MENDIZABAL

daude, dagoz

deritzen, deritxoen

dezagun, daigun

dezake, daike

dezan, daian

ditzagun, daiguzan

dizkiogu, deutsaguz

genezake, geinke

zaiku, jaku, zaigu

zioen, inoan


Mundu biribila

Chileko iraultza (3). «Egiazko demokrazia». Allende Lehendakariaren eta Scherer periodistaren elkarrizketa

— Zenbaitek* esan dau, Castrok, bere ta beretarren ahaleginak trabatuta ikusirik, bere politika radikalizatu egin ebala. Zuk ere, zeure burua horretara ikusiko bazendu, gauza bera egingo zeunke?

— Nik neuk Chiletarren kontzientziari dei egingo neuskio, eta ez nintzateke geldituko, harik eta nire herritarrak euren zereginarekin kargutu leitezen arte. Baina galdera bat egingo deutsut: Herri bati irtenbide guztiak hixten* bajakoz, herri horrek zer egin leike? Ez dauka beste aukerarik, hauxe baino: harmak eskuan hartu. Eta gu ere edozertarako gagoz prest.

— Zer eragozpen dozu, Cubarekin berehalaxe* harremanetan jartzeko?

— Ez uste, harreman horreek atzeratzen baditugu, kasketaldi bategatik danik. Erabaki hori Chileri ondo datorkion une batean hartu beharko da, eta Cubari ere noiz ondo letorkion kontuan izanik.

— Orduan, zergatik atzeratzen dituzu harremanok?

— Hori, ene erabaki bat da.

— Jakina. Baina horrekin ez deuskuzu ezer argitzen.

— Hara! Guk edozein gobernurekin izanen* ditugu harremanak, Chileri eta beste aldeari premiagabeko kalterik ez letorkioenean. Adibidez, kasu posible bat izan leiteke garrantziko operazio baten tramitazioa, eta exenplo honekin ez dot inor seinalatu gura. Diplomaziaren jestio batek operazioa gaizkoatuko* baleu, arrisku gehiago barik saiatuko ginateke, eta, hori bai, politika arloan ditugun helburuei* minik egin gabe.

— Uste dozu, Chilen anaiarteko gerrarik gerta leitekenik?

— Ez. Herriak ba dauka nahi aina* indarrik, hori ez permititzeko. Chileko Indar Harmatuek, profesionalak direnez gero, errespetu haundia deutsee Konstituzio eta Legeari. Ez dira, pretoriar guardien antzera, gizon bakar baten zaindariak. Azken urteotan Chileko herriak erakutsi izan dauan abertzaletasun eta gizatasunak, indartu izan dau ene pentsaera eta etorkizunean dodan uste ona. Baina, dana dala, biolentziaren seinaleak espantagarriak izan direnez gero, edozer gerta leiteke. Eta Schneider jeneralaren heriotzea, hau ere esan beharra dago, ez da alferrikakoa izango.

— Zer deritxazu Amerikako nazioen arteko OEA organizazioari?

— Organizazio horrek ez dau Latin Amerika defenditu izan. Ene ustez, gure artean holako erakunde* jator bat sortu behar lizateke, baina anaia nagusiaren hain gerizpe haundirik gabe.

— Zein da, zure ustez, anaia nagusi horren bekaturik haundiena?

— Bere dolarrak eta «marine»ak.

— Eta zer izan da horren ondorena?

— Ez dauala Latin Amerika beronen sufrimendu eta esperantzan ezagutzen.

— Zer gerta leitekio ONUri, Maoren China ez onartzean?

— Ez dakit. Bakar bakarrik esango deutsut, izugarrizko errakuntza bat lizatekela, 900 milioi bizilagun dituan herri bat ez onartzea. Eta, zer esanik ez, erakunde* internazional horrek lotsagabeko alderdikeria bat erakutsiko leukela.

— Castrok aditzera eman izan dau, bere posizioa eta Ipar Amerikarena elkar konpondu ezinak direla.

— Hori Cubatarren arazo bat da. Galde egikiozu* Castrori berari.

— Zure ustea, sistema bien arteko «zubi» bezala jokatzea ote da?

— Ez. Nire posibilidadea argi dago. Neure herriaren zerbitzari leiala izan gura neuke eta, neure ideiei beti zintzo izanik, euren alde burrukatu.

— Demokraziaren bidez?

— Bai, baina ez demokrazia formalaren bidez, egiazkoaren bidez baino. Egiazko demokraziak herri osoaren interesak zaintzen ditu, ez oligarkia batenak. Ez dirudunen eta indartsuen interesak, saminduen eta esperantza galdu dabenen interesak baino, edonork oportunidade berdinak izan daizan.

— Zer jazoko lizateke, zure Gobernuak bere asmoak lortuko balitu? Eta zer, huts emango baleu?

— Argi dago. Frakasatuko bagendu, Amerikako jauntxoek irri ta barre egingo leukee. Baina, frakasatzen ez badogu, Herriak izango dira poztuko direnak. Horrexegatik da hain haundia gure gain daukagun errespontsabilidadea.

DONAGARAI

(euskeratzailea)

daizan, ditzan

deutsee, diete

leitekio, lekikeo, lekioke

neuskio, nioke


Mundu biribila

Italiako gorabeherak direla ta

Aspaldian nuen honetaz idazteko asmo eta amorrua. Baina, Brecht-en urrutiratzea lagun, gaur arte egon naiz neure barrengo hestutasunak lasaitzen.

Lasaitu beharko, baina ezin isildu.

Denok dakitzazue Italiako berriak. Reggio Calabria eta Catanzaro hiriek* herrialde bateko hiruburu izan nahian sortu diren iskanbilak gogorregiak izan dira, nola-hala ahaztuak izateko.

Komunistek eragindakoa izan zen joan zaikun urteko hauteskundea*; eta hauteskunde horretan herrialdeen autonomi era bat proposatzen zen. Eta komunistek proposatu zutena lortu zuen Italiako herriak, denok dakizuenez.

Ezagunak dira azken asteetako burrukak ere. Komunisten erru omen* da guztia. Pozik onartzen dut, eta beti ahaleginduko naiz honako hau onartzen, nor bere ideien eta bere ideologiaren jabe izatea. Baina gizon batek ezin lezake onar, ideologia batean finkatu eta gezurretan jardutea. Egia edozeren gainetik dago, interes guztien gainetik. Baina, gure herriak irakurtzen dituen zenbait* egunkaritan, interesak dirudi jainko eta egiak morroi. Azpira litekeen morroi.

Alegia, komunistak omen dira burruka hauen probokatzaileak. Baina —eta barka biezadate, noren zerbitzuan dauden ez dakidan ajentzia batzuek— gezurra da holakorik. Faxistak izan dira, burruka sor erazi dutenak; eta faxistak, hainbat odol isur erazi dutenak ere. Eta italiarren haserrea zeragatik da, poliziak faxisten alde jardun duelako.

Berriak emateko ajentziak, esaten duten bezain demokrazi zaleak balira, azaldu behar leukegute demokraziaren mamia. Joan den urteko hauteskundeetan, Italiako herriak herrialdeen autonomia aukeratu zuen eta erabaki. Baina, eta argi dago, zenbait ajentzia herrialdeen autonomiaren kontra dago.

Interesgarria lizateke, gure artean Italiaz esaten dena jakitea. Noizko dugu benetako prentsa askatu bat? Eta hau esaten dudanean, berdina zabaltzen diot geure prentsari ere, ageriko eta izkutuko prentsari ere.

Interesak nagusi direnean, dena, egia eta zuzentasuna, bakea eta fedea, maitasuna eta legea, dena morroi bihurtzen da.

Baina ez gaitezen itsu izan. Ajentziek esandakoek ere ba dute zerikusia gure herrian. Zer da guk maite duguna? Egia? Gure fabriketako makinek aspaldian miazkatua da. Zuzentasuna? Gure herrian, dirudienez, argiaren alanbretxoak bakarrik dira zuzenak. Bakea, berriz, nork ote daki, euskaldunoi noiz izkutatu zitzaikun? Diruarekiko edo politikarekiko fedea da, nik Euskal Herrian ikusten dudan sinesmen bakarra. Maitasuna, sexoarekin nahastua. Legea... Zertarako jarraiki? Interesak, interesak dira guk maite ditugunak. Eta interesa arropa askoz jazten zaiku. Politikalarien interesak, apaizenak, langileenak (non ote dira hauen interesak?), nagusienak (non ez ote dira hauen interesak?). Baina egia interes guztien gain bada, egiarik ez dela aitortu beharko.

Horregatik izanen* dute komunistek, gure munduan gertatzen diren astakeria guztien erru.

ANJEL LERTXUNDI

biezadate, beiste, bezaidate

dakitzazue, dakizuez, dakizkizue

daude, dagoz

diot, deutsat

leukegute, leuskigue, ligukete

zaiku, jaku

zitzaikun, jakun


Kritika

«Mocedades» eta halako batzuez

Bidebarrietakoak «Mocedades» taldeko kantari Jose Ipiñari egin dion entrebista horretan dioenarekin, batera nator neu ere oso osorik, batez ere harekin gauza askotan ez dagoela konforme dioenean. Baina ez dut uste, inondik ere arrazoia duenik, beste hau dioenean: «Baina oraingo kestioa ez da diskutitzea, erakustea baizik».

Ene ustez, Jose Ipiña jaunaren erantzunetan gauza negatibo asko dago, beste gabe ixilik uzteko; eta honexetaz nahi nuke mintzatu, hain zuzen.

Artistak, beste edozein profesionalek bezalaxe, gizartean lan bat egiten du; haren lanak gizarteari eragin bat ematen dio, bai eta gizarteak berak ere lan indibidualari ere.

Zeregin guztiek (eta modu berezi batez zeregin sortzaile edo artistikoek, jende masa handi batekin harreman bat dutelako) pertsona batzuen, gizarte baten edo herri baten bizitza konkretuari emandako erantzun bat izan behar dute; inor ezin daiteke irten erregela honetatik.

Lana, norbera bizi den gizartea kontuan hartuta, planteatzen bada, berau jarrera sozial bat izanen dateke*, gehienetan positibo eta ondratua. Norbera bizi den gizartea kontuan hartzen ez bada, ordea*, jarrera hori antisozial izanen* dateke, eta gehienetan negatiboa gainera.

Gehienetan esan dut, zeren* batzuetan (eta gure Euskal Herri honetan sarri askotan), herri kulturaren bideak eta herriaren gogoak probetxatuaz eta hoietaz baliaturik, burjeseriak masei ideiologia faltsu eta aintzinakotu bat sartzen baitie; eta beste batzuetan, ordea, herriaren bizitzatik urrunduta bizi diren zenbait* lagun, gizartea aurrera eramateko oso inportanteak izan daitezkeelako, zenbait intelektualen kasuan bezala.

Bilboko (eta beraz euskal) musika talde batek artea arte delako egin nahi duela esateak, ondoko gauzok esan nahi dituzke, gutienez:

1. Horren oinarria antisoziala dela, egiten duen lana ez baitu planteatzen, bizi den gizarteari erantzun bat emateko asmoz.

2. Antisozial izateaz gain, haren kanten mamia edo edukia hutsaren pare dela; eta mamirik gabeko edo mami neutrodun lan guztiak, lan berberori egiten den gizartea iraungarri, bidezko eta hobe ezintzat hartzen duela.

3. Gure Herriak («Mocedades»ena berbera denak) ez du hartzen ez iraungarri ez bidezko ez hobe ezintzat gure gizarte hau, eta, beraz*, artistari erantzun bat esijitzen dio. «Mocedades»en lana, ezeri ez inori erantzuten ez dionez gero, guztiz antiherrikoia dela esan dezakegu.

4. Injustizia goitik behera botatzeko ezer egiten ez duena, hura* iraunerazten ari da; eta hemendik argi atera daiteke, «Mocedades»en kantak guztiz politikoak direla, injustizia, herriaren kontra, irauneraztera laguntzen baitute.

5. Gainera, ideialistak direla esan daiteke, artea arte delako hori utopia huts bat baita*, hori permitituko dukeen* gizarte perfekto hori sekula etorriko ez delako; eta gizonaren zereginik printzipalena, horregatixek, beti izanen da bizitza eta mundua hobetuz eta luzeagotuz joatea.

Jakina, «Mocedades» hemendik aurrera ere euskerazko kantak egiten segituko da, euskal publikoa haik* erosteko bezain lerdoa bada, batez ere. Baina, beraiek* dioten bezala, «greziar edo amerikar kanta batzuk kantatzen genituen bezalaxe», amerikar kantak, edo berdin grekoak, «O Pello Pello» baino ugariago sal* balitez, segur aski kanta gehiago aterako lituzketela grekoz euskeraz baino.

Hemen jarri ditudan gauzetatik asko, berdintsu aplika dakizkieke beste euskal kantari batzuei ere, lehen nahiko herrikoi baziren ere* orain estetikazale huts batzuk bihurtzen ari direnei, herriak uler ditzakeen moduetatik gero eta urrunago ibiliaz.

ANTON ORBEA

dakizkieke, daitekioez, dakizkee

dezakegu, daikegu

die, deutse

dio, deutso; dino

diote, dinoe

ditzake, daikez

genituen, genduzan


Kritika

Euskeraren egoera Nafarroan

Otsailean*, euskera eta erderazko meza bat ematen hasi da larunbatero* Tafallako talde euskaltzalea. Tafallako Eskolapioen elizan ematen dute meza hau; tafallar euskaltzaleek gero ta arrakasta* handiagoz ospatzen dute kristau biltzarra. Tafallako meza eredutzat har lezake, elizetan euskeraz tutik egiten ez duen horrenbeste nafar euskaldun hirik*.

Dela denbora guti, nafar euskaltzain* batek, Nafarroan euskeraz ezer egiten ez duten euskaldun parrokiak berrogei inguru zirela esan zeutan. Euskaltzain honen eritziz, Nafarroan euskera isilerazi dutenak apaizak izan dira. Ez denak. Apaiz euskaltzale zintzo ere gero eta gehiago ba direla, gogotik aitortuko dugu. Baina orain txarrena hoztasuna da, eta apaiz agintariren baten borondate onak herritarrengandik laguntzarik ez izatea.

Ez zait erraz ahaztuko, orain urte bete Ultzaman ikusi nuena. Apaiz ainitz* zegoen biltzar bat zen, eta, igandea ospatzeko, elkar meza bat ematea erabaki zuten. Entzuleen artean euskaldun batzuk geunden, baina meza osoa erdera hutsez eman zen. Ultzaman eta euskaldunen artean geundela ez zirudien. Berdin egon gintezkeen edozein erdal hiritan.

Lehengo egunean, «Javierada» delako horrekin topo egin nuen neure bidean. Beste planetako jendea nekusala* iruditu zitzaitan. Ez dakit, zenbat apaiz egon omen* zen Xabierren, komunioa banatzen. Ederki.

Baina, indar mistiko hori dabilen bitartean, euskera hiltzen ari* da horrenbeste nafar parrokiatan. Alde batetik, euskeraren ospea hedatu* da, hirietako gazteen artean, bai eta agintarien beren artean ere; baina, erdi euskaldun dauden hainbeste herrixkatan, arrunt* galtzen.

Hau da egia garratza.

RUIZ URRESTARAZU

(«Diario de Navarra»tik hartua)

daude, dagoz

geunden, gengozen

gintezkeen, geintekezen

lezake, leike

zait, jat

zeutan, eustan, zidan

zitzaitan, jatan


Kritika

Misioen aldeko orritxo bat

San Jose eguna Misioen aldeko eguna da gure artean. Ez noa Misioen kritikarik egitera, nik neuk ondo ikusten ditut eta.

Euskal Herria misiolariak bidaltzen ugaria dala ta, harro gabiltza aspaldian. Eta gaur ikusi dodan legez, gure Lur maitea misio lurra da, ezikasien lurra baita*. Halan agertzen jaku argi ta garbi, San Jose egunean zabalduriko orrixka batzuetan. Papeltxo honen egileak, behintzat, erderazko asmakizunak daukaz. Adibidez: «laguntasuna itxaroten» euskerazko berbakaz erderaz esanda dago («esperando colaboración»); ez ote da euskeraz «laguntasunari begira» esaten? Beste leku batean eta letra haundiakaz «euskal iru probintziak» dino, hau da, erderazko «las tres provincias vascas» edo okerrago «las tres provincias vascongadas». Euskal probintziak hiru baino ez dira ala? Arazo honetan Arabak, Bizkaiak eta Gipuzkoak bat eginda jokatzen badabe, «euskal probintzietatik hiru» esan behar izan eban.

Baina ez da hau hemen amaitzen. H dala ta ez dala, eztabaida gorriak izan dira eta dira eta izango dira. Euskaltzaindiak onartu egin dau letra hori bere ortografian; eta, erabaki hau ofizialki hartuta dagoenez gero, guztiok apalik onartu behar dogu. Zergatik ez dau Elizak Euskaltzaindiaren arau hau onartzen? Orrixka horretan ez dago H-aren usainik ere. Dana dala, arau hau berria danez gero, barkatu egin beharko jako huts hau elizgizon jakitun horri. Baina jaun horrek ondo jakin behar leuke, S letra behinik behin ba dagoela gure hizkuntzan, eta hurrengo berbak, Z-gaz barik, S-gaz idazten direla: euskal, eskerrak, deutsue, laguntasuna, euskaldun, maitasuna. Berba horreek guztiok Z-gaz datoz horrako orritxo horretan. Lotsagarria! Eta Chile ez da «Txile», Ecuador ez da «Ekuador», eta Venezuela ez da «Benezuela». Berba gutxiagotan oker gehiagorik aurkitzea ez da erraza izango.

JOSE ANTONIO ARANA MARTIJA


Euskal poesiaren erakusketa

Jose Manuel Lujanbio Retegi, "Txirrita"

Bai, ba dakit, euskaldun jakintsu jaun, neure antolojia edo erakusketa honetako portalean.hain «kategoria» gutiko bertsolari (poetaren gradoa ere ukatzen diezue) hau jartzen dudalako, kopeta ilunduko zaitzula, begitarteak beltzurituko* zaizkizula; baina zu eta ene artean amiltegi* bat zabaltzen da: zu karrikaren* beste galtzadan zaude, eta ni, berriz, hemengo aldean, herriak okupatzen duen galtzadan nago, Txirritarekin, bertsolariekin, bizimodua nekez eta dolorez aurrera ateratzen duen jende xehearekin. Horregatik, herriak menderik* mende bere aukera egin duelako, eta zuek, jakintsuok, Azkueren eta Agirreren ahoz Azkoitiko premio famatu hartan zeuena egin duzuelako, neure erakusketa hau herriaren aukerarekin irekitzen dut, bertsolari batekin, agian* ez bertsolaririk hoberenarekin, baina bai bertsolaririk bertsolarienarekin, Jose Manuel Lujanbio Retegi, «Txirrita»rekin.

Txirrita, 1860.eko abuztuaren 14ean, Errenteriatik Astigarragako bentara kaminotik kilometro eta erdira Txirrita baserrian poetatzaren seinale edo estigmarekin jaio baitzen. Eta berak ba zekien: etxeko primantza bera ere abandonatu zuen. Hala kantatu zuen berak behin:

Etxe-maiorazkoa

nintzen tokamentuz,

baldin zerbitu banu

aita fundamentuz.

Ene bizimodua

beti dabil kantuz.

Despatxatuko naute

ez banabil kontuz.

Eta guztiz gazterik hasi zen lanean:

Mila zortzi e'un hiru hogei ta

hamalau urte hurrean,

lehenen plazan kantatu nuen

nik Hernaniko lurrean,

San Antonio deitzen diogun

ermita baten aurrean,

lagunak elkar estimatuaz

ohitura zaharrean.

13 edo 14 urterekin beraz.

Baina bertsoek jatekorik guti eta baraurik asko eman zioten bere egunetan:

Penagarriak izaten dira

arlotearen pausoak;

adiskideak gara gu biok,

eta gainera hauzoak.

Gaur gosaririk ez daut bidali

Fagollagako atsoak;

laster bekarkit, bestela ahatz*

ez dakizkidan bertsoak.

Eta horregatik lurra landu nahi ukan* ez zuenak, harria landu behar ukan zuen:

Xipi-xipitik hartua nuen

hargintzan afizioa,

inoiz aprendiz ibili gabe

ikasi ofizioa;

emanez gero materiala,

gainera despazioa,

denborarekin eginen nuke

markesen palazioa.

Txirritak humorea erein zuen Euskal Herriko lurrean, humore argi, zorrotz baina mingots bat. Platonek bere errepublikatik jaurtikitako poetei bezala, bizitze burjesaren abantail* guztiak ukatu zitzaizkion: etorkizunaren aurreko segurantza bat, familia bat fundatzeko eskubidea... Eta Txirritak honela erantzun zion Platoni:

Hogei eta bi urtetarako

nintzen ezkondu na'iean,

hiru hogei ta bederatzitan

oraindik nago gaiean.

Lehenbiziko ene pregoia

botatzen duten jaiean,

suzku zezenak izanen* dira

Donostiako kaiean.

Gainera, berriz, esposatzean

debalde nafar zezenak;

kostako zaizkit galantki, baina

handiak eta gizenak.

Haek hiltzeko bi kastillano,

indar handiko gizonak:

Machaquito ta Bombita ditut

toreatzeko esanak.

Dozenerdi bat urdai-azpiko

zintzilik daude jarriak,

saltxitxoi eta lukainka asko,

Aragoitik ekarriak;

lau kapoi pare eta sei oilo

agindu dauzkit herriak.

Ni ezkontzean izanen dira

bankete izugarriak.

Herririk herri kantatzearekin batean kentzen zituen Txirritak jornaletik hartutako goseak. Eta modu honetan petraldu, arlotetu eta alfertu zen. Ba zekien berak:

Gazte denboran sartu bagina

frailetako nobizio,

gure gorputzak ez luke orain

duen hainbeste bizio.

Elizatikan ihes gabiltza,

tunanteekin sozio.

Tripatzar honek asko behar du,

baldin ematen bazaio.

Txirritari, seguru asko, Espainiako Quevedori gertatu zitzaiona gertatuko zaio hari ere, bere alderdi irrigarriak eta barregarriaren sonak kontserbatuko zaizkiola. Baina hau gure herriaren aldetik banalitate bat lizateke. Txirritak, Quevedok bezala, poesia dramatikoan hartzen duelako bere egiazko tamainia. Zenbait ezenplu ikus ditzagun:

Bat. Negu gogorregi bategatik:

Mila zortzi e'unean

izan zen kortea,

hemen ikusi zena

negu bat, fuertea;

horma* beltzak eginez

luzaro nortea,

berrogei egunean

gero elurtea:

Ijitoek amona

jan zuten urtea.

Biga. Haur jaio-berria arranoak ebatsi* eta eraman zion ama urrikari bategatik:

Ezkon-berri bat, miserablea,

a'untz-kontura etorria,

haur xipitxo bat xexto batean

zarpa-tartean jarria;

Urdaburutik sartu zitzaion

tranpan arrano gorria;

ohartu gabe eraman dio...

Ai! Hura haren larria!

Orain hargatik deitzen diogu:

«Haurra galdu zen harria».

Hiru. Izorra utzitako neskatxarekin ezkondu zen mutil bilogorri bati:

Enkargatu gaituzte

dogera* jotzera;

portatu na'i genuke

prestuen antzera.

A'ari mutur-gorria

bildu da etxera,

egin zuen okerra

erremedi'tzera.

Lau. Eskeko fraile bategatik:

Gaztea dela agindu eta

ez da izaten gauz'hutsik,

enganaturik komentuetan

sartzen dituzte hain pozik.

Gero eskera bidali, berriz,

goseak eta ankutsik.

Santa sekula ez zazu egin

fraile joateko ametsik.

Bost. Bizkaiko Junta xarki portatu zelako, Gernikako Arbolari:

Gernikako Arbola

ihartu da horra;

ez da'ukate jarririk

halako enborra.

Hari zainak* ebaki

zizkion satorra,

berrogei kana luze

babuen muturra,

hura ez zen izanen*

euskaldun jatorra!

Sei. Artzain bat asasinatu zuen ijitoari:

Lau hogei urte pasatu ditu,

dirudiela etsaia*,

orain bi ankak arrastan eta

burua soiltzen hasia,

gizagaixoak ba du beregan

makina bat desgrazia;

ez dago garai batean bezain

harroa eta lasaia:

Beste munduan ikusiko du

hemen hil zuen artzaia.

Kulparik gabe bota zenion

fusileko kargazoia;

gizon gaixoak hasarratzean

ez al zuen arrazoia?

Debru zaharrek aditzen dute

zure arima'n usaia.

Heriotzaren etor-beldurrak

hestutzen dautzu lasaia:

Zu baino gizon formalago zen

zuk hil zenuen artzaia.

Zazpi. Euskal Herriko bertsolarien xapela Txirritari bere euskera klaroagatik kendu eta bertsolari eskas bati bere euskera puristagatik eman zion apaiz bati, eta euskera purista horri berorri:

Hiru hogei ta hamabost urte

munduan bizi ezinez,

anka reumak hartuta da'ukat,

nago anketako minez;

bi makil' zahar esku banatan,

pausorik ezin eginez.

Euskeraz ia a'aztu zait eta

erderaz berriz jakin ez:

Vaticanoko maisu batekin

hasi behar dut latinez.

Eta hau zen Txirrita, euskaldun eta proletario, artista eta langile, bertsolari komiko eta poeta sozial; herriaren erraietatik sortua, bera zen herria. Haurra bere amak bezala, Euskal Herriak ez du inoiz Txirrita ahaztuko. Ba zekien berak:

Gazterik hasi nintzela eta

oraindaino bitartean,

zenbait* humore eder jarri dut

Kantabriako partean.

Pizka batean ez naiz a'aztuko

sartuagatik lurpean:

Ene aipamenak izanen* dira

beste lau hogei urtean.

Gabriel Arestik

dakizkidan, dakidazen

daut, deust, dit

dauzkit, deustaz, dizkit

diezue, deutsezue

dio, deutso

diogu, deutsagu

ditzagun, daiguzan

zaio, jako

zaitzu, jatzu

zaizkio, jakoz

zaizkit, jataz

zaizkizu, jatzuz

zaude, zagoz

zenion, zeuntsan

zion, eutson

zioten, eutsoen

zitzaion, jakon

zitzaizkion, jakozen

zizkion, eutsozan


Saioak

Marxismoa eta kritika (sozialismo, komunismo, leninismo, stalinismo, maoismo)

Marxismoa, gizartearen kritika egiten zuen pentsakera bat bezala sortu zen. Indartu, bere burruka egin, nagusitu eta ikaragarrizko krisian dago. Marxismoaren mila submarxismo ta sekta sortu direla ez dago ez ikusterik. Marxismoa bizi ta gordin dagoen seinalea ote da krisi hau, kondairan sarri jazoriko gertakari hau Hegelek orokarki judikatu zuenez? Hilda ez dagoen seinale garbia, behinik behin, bai, ba da.

Jazoera hori edonork ikus dezake; eta guti dira jadanik*, diferentzia haien azpian benetako kezka ta problemak daudela ikusten ez dutenak ere. Problemak kondenatuz, ukatu edo garaitu egiten ziren garaia, hala ere, joan zen, eta joanak joan. Oraindik doktrinarista eskolastiko ugari badabil ere, sortzaile kritikoek bakarrik, berek bekar bakarrik bai, har dezakete beren menean* marxismoaren etorkizuna, eta ez zehaztasun gabeko lau tesirekin konformatzen diren fraseologista ezkertiar ilargitarrek.

Sortzaile kritikoak, egoera ta problema konkretuak azterkatuz dihardutenean, metodo bitara gutienez ibil daitezke: Mendebaldeko* sozial-demokratak oro* errebisionistak dira, Jugoslaviatik begiratuta; gauza berbera da Jugoslavia, URSSetik ikusita; eta URSS bera ere errebisionista da, Chinak epaituta. Sistemak (hots, problemak oro* batera hartuz) gonbaratuz* ari dena, eskailera horrek jartzen dion azterkabideari lotu beharko zaio. Beste jokabide bat, problemak banan banan eta bakanka hartuz azterkatzea izan daiteke. Honek ba du guretzat eta oraingoz, nire eritzian gutienez, abantaila bat: interes apologetikoari kontzesiorik egiteko premia gutiago dago bertan; beraz*, gaiari ta problemari zintzokiago jarrai dakikeo.

Izan ere, aurrerantzean, ez tradizionalismoan eta ez sektarismoan jarraitzerik ez dago. Eta, adibidez, marxismoaren kondairan lehenago kondenaturiko zenbait* joera (esaterako, utopistak, sozialdemokrazia, luxenburgismoa, etc.) behin betiko galduta daudela eta haien berbizterik inolaz ere ez dagoela pentsatzea, haiek (oker formulatuta izanda ere) errepresentatzen zituzten bildur eta interesei jaramonik egiteko premiarik batere gehiago ez dagoela uste izatea bezala da, eta marxismoaren tradizionalismo edo sektarismoa baino askoz hobea ez. Gerta baitaiteke, behinola kondenatutako zenbait tesi zahar egoera berrian baliotsu izatea. «Konbizitze baketsuaren» tesia II Internazionalarena dela eta kondenatuta dagoela gogorazten du, adibidez, Pekinek. Ohartzapen ona, baina arrazoi askirik* ba ote da? Segun eta noraino onartuak izan autoridade kontsekratuak.

Eta horixe da beste problema bat. Bakuninek Marxi, Rosa Luxemburgek Lenini, Rakovski eta abarrek Stalini (Rizzi: «La bureaucratisation du monde», 1939) salatutako erreboluzioaren degenerazioak gertatu egin dira gero. Beraz, kausak bilatu beharra dago. Stalin eta Marx bera, eta liburu santuak ere, kontenplaziorik eta kupidarik* batere gabe «desmitologizatu» beharra dago. Ez da aski*, erru guztiak Stalini leporatzea: stalinismoa zerk posibilitatzen zuen (hau da, URSSeko egoeraren, Alderdiaren, eta marxismoaren tradizioaren aldetik) argitu beharra dago. Orain arteko marxista kritikoenak ere alto egin izan dute gehienetan Lenin eta Marxen autoridadearen aurrean, tabu haik* ikutzen ausartu gabe. Garaudyk, esaterako. Errealidadeko problemek, ostera* (gizartearen nahiz sozialismoaren errealidadeko problemek, alegia*), autoridade haixek berrikustea ta jorratzea eskatzen dute, hain zuzen.

Zor zaio hainbeste radikaltasun, hain ondorio tragikoak ekarri dituen hamaika problemari. Esaterako, horra «klasiko» hoien zehaztasun gabezia beren sistema osokoien makina bat unetan: Marxen «gizon» kontzeptuak ez du gizonaren baitan berezko alde txarrik ez ajerik* ezagutzen, eta halakorik gabeko gizarte bat zientifikoki imajinatu nahi du. Proletalgoaren* diktadura demokraziazkoa dela esan ohi da, baina demokrazia horren politikazko instrumentu edo jardungailu demokratikorik ez da konkretuki aipatzen; eta esperientziari kasu eginik, ongi esan daiteke, demokrazia berbalki postulatu baino gehiagorik egiten ez dela. Izan daiteke kondaira osoa klase burruka, baina bestelako faktoreen (osotasunean ikusita) printzipiozko sekundariotasuna de fakto sarritan lehen-lehenengo kondaira-egile itzul ez ote daitekeen ikusi beharko lizateke: nazio-arazo askotan, adibidez. Determinismoaren zentzua ez dago argiago, etc. Guzti hoietan eta beste problema asko ta askotan dago Autore santuen irakaspenak errebisatu beharra: zeren* eta beren gaurko moduan ez baitira gauza agertu, beren buruen mila degenerazio galerazteko.

Kritikak, benetan radikala izan gura baldin badu, ez daduka autoridaderen baten fetitxe aurrean belauniko erori* ta kredoka abiatzerik. Hori ostrukaren* burua nonbait ezkutatzeko hondar mordo bat asmatzea baita*. Antimarxismo al da hori? Aitzitik*, Marx erlatibatuz, irabazi egingo luke Marxek, haren haunditasun guztia ere ez baita* hain haundi, absolutu deklaratu ahal izateko. Hori eginez gero, ostera*, Marx haundiena ere ez dago, asto bat flauta jotzen baino, hobeto.

JOSE AZURMENDI

daitezke, daitekez

dakikeo, daitekio, dakioke

dezake, daike

dezakete, daikee

dio, deutso

zaio, jako


Irakurleak hizlari

Jose Azurmendiren artikulua

Azkenengo ANAITASUNAn Jose Azurmendiren artikulua irakurri dot. Konkortuta geratu naiz. Ez dozue uste, gure herri zehearentzat gogorregi dala hori? Klase batean edo kursillo batean, gizon eta gazte apur bat helduentzat esan leitekena, beste giro batean ezin leiteke esan. Baina ANAITASUNA hemen gehienbat herri zeheak irakurtzen dau. Ez eizue egin zeuen errebista ofizina batetik bakarrik; herriagaz ere kontatu behar dozue. Hemen gure herritarrak titulu hutsagaz geratuko dira asko: «Jesus Nazaretekoa, ezkondua ala mutilzaharra?» Hau ez da larregi*?

EMILIO KORTABITARTE (Aulestia)

Ez naiz geratu konforme, gai hau ANAITASUNAren 207. zenbakian irakurri dodanean. Uste dot, honelako gaiak ez direla herrian zabaldu behar, han egin dan legez*. ANAITASUNA irakurtzen daben gehienak, teologi gaietan ezjakinak dira; eta, irakurri orduan, honeleko gaiek buruko min haundiak ekarri leikeez. Gai honeek baino lehenago, gauza asko ikasi behar ditu teologiari buruz herriak oraindino.

XIRI (Arratia)

«Jesus Nazaretekoa, ezkondua ala mutilzaharra?» idazpuruarekin martxoaren 15eko ANAITASUNAk eman duen artikulua ez zait inola ere, Jose Azurmendik «errespetu guztiagaz» idatzi arren, errespetuzko iduritu.

Dokumentaturik eman du, eta, hala ere, guztiz arina da, ene ustez. Ez ote dago zer jorraturik, Jainkoaren giza elizan gaur egun, hori baino premiatsuagorik?

Eta ene eritzi hau ez da soilki nirea, talde batena baizik, taldean baitugu eztabaidatu.

Nahi genuke benetan, aintzindari eta aurrerakoi izan ledin ANAITASUNA; baina ez, izen hori probetxatuz, sakontasuna zer den ahazturik ibil ledin.

Esan gabe doa, zuzendaritzak ere ba duela errua horretan. Ez ote zen xoko bazter bat aski*, Phipps-en eritziaren berri emateko? Ala, sekulako mamidun gaia bailuen eman behar zen sail horretan?

F. S. J. (Lazcano)

Zuzendaritzaren oharra: Egia esan, eta jaso ditugun erantzunak ikusita gero batez ere, argi ikusten dugu, Jose Azurmendik egindako artikulua ez dela aldizkari honetan erabiltzeko gaia.

Anaitasuna-ren gaurkotasuna

ANAITASUNA zabaltzeko esaten dozue. Baina zer esango deutsat, harpidedun egin behar danari? Artikulu interesgarriak aurkituko dituala, gizarte, politika edo ekonomiari buruz? Ez, ezin deutsat gezurrik esan eta. Ala, harpidedun egite hori euskera batua irakurri ta ikasteko bide bat legez* planteatu behar deutsat?

Azkenengo ANAITASUNA (martxoaren 15ekoa) eredutzat harturik, Chileri buruz dakarren guztia, gizarte konkretu bati buruz da, herri baten iraultzari buruz; eta, uste dot, gaia interesgarria dala. Baina —hau nire kexa— joan dan urteko abenduan irakurri neban «Indice» aldizkarian. Horregatik, aktualidade bako eta aktualidadetik joandako artikuluak dira, nahiz eta gai interesgarriak erabili. Euskaldunok beti erdal aldizkarietan aurkitu behar izaten ditugu aktualidadezko gaiak. Baina ez bota errurik hamabosterokoa izateari. Hor «Cuadernos para el Diálogo» hilabeterokoa, «Triunfo» asterokoa...

ANAITASUNA, euskera ikasteko eta euskal kultura bizi ahal izateko irakurtzen dot. Baina, ene ustez, ez lizateke txarto etorriko, gai interesgarriak ateratzea, tiro bategaz txori bi hil ahal izateko: euskera sakondu eta formazio bat hartzeko. Bestela, ez gara egundo euskal kultura eta euskal formazio batera helduko. Erderaz hezitzen bagara, ostera*, erdal formazio bat hartuko dogu.

Egia esan, hamabosteroko aldizkari batean ezin daiteke formazio bat edo kultura bat hartu; baina ditugun indar guztiak eta medio guztiak lehertzen ahalegindu behar gara.

R. G. (Durango)


Kronikak

Euskaldunen misioak

Orain arte, «Los Ríos-ko Misioa», izen hori eman diegu euskaldunen misioei. Ondo zegoen hori hasieran, lurralde horretan hasi baitziren lanean Gasteizko elizbarrutiko euskaldun misiolariak.

Baina, handik hona, 22 urteren buruan, gauza asko gertatu dira. Batetik, Gasteizko elizbarrutiak umeak egin zituen, eta Bilbo ta Donostiako elizbarruti berriak agertu ziren. Hurrengo, Los Ríosek ere umeak egin, eta beste lurralde berrietara joaten hasi ginen euskaldun misiolariak.

Los Ríosen hasieratik sei urtetara, El Oro-ko Misio berria hasi genuen. Ecuador-en, hura* bezala; eta, hura bezala, tropikoko baso beltzetan. Nekazaritzan diharduten gizaki behartsu haiei, bataioaz hartu duten sinesmen-orratz* hori hazi, sendotu eta lore ta frutu emanerazten ari* dira han misiolariak.

Handik bost urtetara, Venezuelara jauzi*, eta han beste hiru lurralde hartu genituen, Tuy eta Guayanako lurraldeak, Ecuador-en bezalako baso beltzeko nekazari artean. Eta hirugarrena, Caracas hiri* haundi inguruko, Coche deritzan auzo haundi ta pobrea. Venezuelako lanbidea, Ecuador-ekoaren antzekoa, gutxi gorabehera. Ez ziren oraindik bi urte iragan*, eta Afrikan ere ginen gu. Afrikako Angolan, lehenengo. Angola alderdi honek sekulako lurralde haundiak izanik, bi zati edo misio hartu genituen bertan: Malange eta Sa da Bandeira.

Handik, Congoko Catangara eman genuen hurrengo pausoa, bertako istilu gorri haien ondoren. Eta bertako gure misio honen izena: Panda-Mufunga.

Eta Panda-Mufunga honetatik, Ruandako Kamonyi-ra, gero. Afrikako giroa Ameriketakoa baino hobe eta zindoagoa duzu. Gizakiak ere, sendo- eta saiatuagoak. Askoz ere atzeratuagoak bizi zaizkizu baina, beren aspaldiko nekazari- eta artzaingoan. Hizkuntza bereziak ere dituzte, eta gehienak sorginkerietara emandako jentilak dituzu.

Bereziagoa duzu, beraz, hango lanbidea: bereziagoa, latzagoa eta luzakorragoa. Eskola eta sendagaien behar gorrian daude, batez ere.

Afrikako jauzi* haundi hori egin arren, ez ditugu, horregatik, Ameriketako lurraldeak bertanbehera utzi. Aitzitik* ere, lehengoak sendotuta, beste herri batzuetara sartu ere gara. Ecuador-en bertan, Manabiko misioa eta Ambatoko apaizgaitegi bi hartu ditugu. Eta Ecuador-etik at*, Chile ta Brasilen ere hasi gara, orain zazpi bat urte.

Chileko Chiloe hori, Venezuela ta Ecuador baino aurreratuxeago. Eta hango lanbideak hemengoen antzekoak dira, gutxi gorabehera. Giroa ere hobea.

Ez horrela Brasileko Sao Paulon. Ia zazpi milioiko hiritzar hau era guztietako lantegiz beterik dago. Eta gure misiolariak, hiriaren inguruko 350.000 bizilaguneko auzotzar batean ari zaizkizu lanean. Bertan bizi direnik gehienak, Brasileko baserrietatik etorritako nekazariak dituzu. Jaunaren gauzetan eta lantegiko gauzetan hazi eta ikasi gabeak, gehienak. Bi gauza hoietan saiatzen dira, bada, gure hango misiolariak.

Berrehun bat apaiz euskaldun ibili gara, 22 urte hauetan, hemen izendaturiko lurraldeetan, beste hainbeste monja eta neska-mutilekin batera. Apaiz gehiago behar dira, lurralde hoietako bakoitzean. Eta lurralde gehiago daude, apaiz euskaldunei begira eta deika.

MANUEL ESTONBA

(«Los Ríos» aldizkaritik hartua)


Kronikak

Galdakano

Joan dan martxoaren 28an igandez amaitu genduan Galdakanoko «II Torneo de Futbol Aficionado» dalakoa.

Igaz, gazte ausart* batzuek ekin eutsoen lehiaketa* horren antolatzeari. Alde batetik futbol-zaletasunak eta bestetik elkartasun pixka bat sortu-nahiak bultzatu zituen gazteok ekintza honetara.

Jendea inork uste baino gehiago arduratu zan. 16 taldek parte hartu eben. Hasierako poztasun honen eraginez, aurretikoak aina* bizkorrak diren beste gazte batzuek heldu eutsoen aurten arazoari, eta II Lehiaketa antolatu dabe.

Oraingoan ez dira hainbeste izan parte-hartzaileak: 10 talde. Baina inork aina* ondo bete dabe euren zeregina.

Aipatu ditugu Lehiaketaren helburuak. Deporteari bagagokioz, ezin hobeto joan dira gauzak. Parte-hartzaile guztiek inon diren ahaleginak egin ditue, II Lehiaketa hau itxurazkoa izan dadin. Honetara, futbolari azkarrak ikusi izan ditugu. Giza baloreei bagagokioez, ostera*, asmoek ez dabe nahi zan ainako* fruturik eman izan. Dana dala, pauso bat aurrera eman izan da.

Ondorenak ateratzen hasiz, Lehiaketa hau onuragarria izan dala uste dogu. Gaur eguneko gizarteak ez dau behar aina jardunaldi fisikorik egiten, eta hori gorputzaren kalterako da. Beharbada, Lehiaketa hau zerbait lagungarri izan da honetan, eta, geroago, gauza hobe ta osoagoak egiteko bide bat dateke*.

Giza baloreei, batez ere elkarrekiko harremanei bagagokioez, ostera, asko ta asko irabazi geinke. Lehendabizikoz, kontuan hartu behar da, Lehiaketa honen helburua* ez dala gorputzaren osasunari bakarrik begiratzea.

Teknikazko beste puntu batzuk ikutuz, «Atxurtu» taldea benetako txapeldun izatera heldu zan. Dana dala, talde guztientzat banatu ziren ohiturazko gomutagarriak. Partidu guztiak Elexaldeko zelaian jokatu ziren. Zelai honen ordez, beste Polideportibo bat jasoko ei* da. Horixe da, behintzat, Galdakanoko Udalaren* asmorik kutunenetariko bat. Ez dogu uste, landa berri horretan ere beste Lehiaketa bat egiteko eragozpenik izango dogunik.

Azkenez, beste herri batzuetan ere antzerako Lehiaketak egiten ari* direla esan behar dogu. Kasurako, Larrabetzuan jokatzen ari diren Lehiaketan, zenbait herritako taldeek parte hartzen dabe. Galdakano honetan ere, Lehiaketa bat antolatzen dabiltza federatu gabeko haurrentzat.

Guztiontzat mesedegarri izan dadila.


Kronikak

Ipar Aldetik bi berri

Komerzant ttikiak hasarre

Joan den aldian genioen, Ipar Euskal Herriko langileak arras* kexu* genituela, lan eskasiaren gatik, hiru mila langilez goiti* lanik gabe daudelakotz. Hauen auzi latza ez da oraino zuzendua, zorigaitzez. Eta orain diogu, komerzantak hasarre ditugula. Komerzantak diogularik, komerzant ttikiak aipatu nahi ditugu. Azken urte hauetan arrangura* frango ba dute hauek ere adierazteko, komerzant haundiei buruz gisa* berezi batez.

Baiona inguru hauetan ere, komerzio haundiak erroak egin ditu eta zorigaitzez komerzio ttikiaren kaltetan. Ba ditugu bereziki* bi saltegi haundi Angelu hirian; eta, hauek lanean hasiz geroztik, komerzio ttiki ainitzek* ateak hetsi* behar ukan* dituzte.

Baina orain, joan den aldian aipatzen genuen CIDUNATI deitu* oldearekin*, komerzant ttikiak ez daude lo egotekoak! Asko gauza nahi dituzte zuzendu eta arrazoiekin. Hona gertakari bat, beren buruen zaintzeari deliberatuak direla erakusten daukuna.

Angeluko saltegi haundienak lau egun berezi muntatu ditu, bete dituen lau urteen ospatzeko, zernahi gauza eta janari mota prezio apalenetan salduz. Komerzant ttikiak hasarre bizian sartu dira, eta saltegi haundi horretan nahaskuntza eta kalapita* zenbait muntatu dituzte.

Ez dute, bistan da, deus* kanbiatu; baina ba direla erakutsi dute eta, dudarik gabe, larderia* pixka bat sendiarazi, dena den, ez baita* guti.

Baionako Ferietan egun bat osoa euskerarentzat

Lehenengo aldian izanen* da, Baionako Ferietan gure euskera beldurgabea jalgiko* dela plazara! Euskal kulturaren indartze baten seinalea dugula hor, ez da dudarik; eta segur hobe gure Herriarentzat.

Egun bat oso osoa euskerari emana izanen da, beraz*, aurten Baionako Ferietan. Egun guztia egina izanen da euskal liburu eta diskoen feria. Egun guztian, Feriaren ikusliar guztiek entzunen dituzte euskal soinu airosak. Arratsalde erditan, berriz, euskera dakiten eta ez dakiten ainitzek*, Kantaldi baten entzuteko parada* izanen dute. Kantaldi baten orde bi izanen dira, egia esan. Zeingehiagoka gisan* muntatua baita*, eta beraz, lehen zati batean agertuko diren hamabi kantarietarik sei baztertuak izanen baitira, gero bigarren zatian gelditzen diren seirak bakarrik aritzeko* gisan. Lau sari ba dira hor irabazteko: lehena 800 libera* berri, bigarrena 500, hirugarrena 400, eta laugarrena 300.

Egun eder baten esperantza ba dugu, beraz, aurten Baionako Ferietan. Egun hori oraindanik hautatua da: uztailaren* hirua. Beraz, bizkaitar zenbait* ere Baionarako direla ez dugu dudatzen.

900 jendek ikusi dute «Noiz» antzerkia Baionako teatroan

Martxoaren 29an. astelehenez, emana izan da, Baionako teatroan, Daniel Landart-en azken antzerkia, «Noiz» izenekoa. Aspaldi honetan jendeak igurikatzen* zuen, eta azkenean ukan du ikusteko atsegina. Ba ziren Mauletik, Donapaleutik Donibane Garazitik, Baigorritik, Senperetik, Hendaiatik, Donostiatik eta beharbada urrunagotik ere, «Noiz»en ikustera etorriak zirenak. Baionako antzokia* gaindika bete zen. Orotarat, ba zitezkeen bederatzi ehun ikusliar nonbait.

Antzerkilariek aintzineko* urteetan bezain harrera ona ukan dute jendearen aldetik, eta segur hartze* zuten. Antzerkilariek ere esan dute, haien iduriko* jendeak arras ongi segitu duela antzerkia. Iparraldean ere, antzerkiak publiko on bat moldatzen diharduela ez da dudarik.

Nola antzerki honek aipatzen baititu Euskal Herritik Pariserat lanketa* joan diren neska eta mutiko gazteen buruhausteak, ez da dudarik, gazteei baino gehiago efetu egin diezakeela, beren umeak Parisen edo beste nonbaiten dituzten gurasoei. Ez du «Noiz»ek, «Bai ala ez»ek bezain bizitasun ezarri ikusliarren artean, alde batetik ez baita* gai berekoa, eta bestetik ez baita arras oraingoa. Duela hamar edo bost urte, ainitzez* efetu gehiago ukanen zuela ez da dudarik.

«Bai ala ez»entzat bezainbat goresmen hartze* du gure adiskide Daniel Landart-ek, alde batetik antzerki berri eta on bat egin duelakotz; eta bestetik, beti aurrera joanez, beharbada antzerki egile berri batzuk* sortaraziko dituelakotz, euskal kulturaren onetan.

GEXAN LANTZIRI

daude, dagoz

dauku, deusku, digu

diezakee, deiskioe, dezaieke

diogu, dinogu

genioen, esaten genduan

zitezkeen, eitekezen


Ikasi zeure hizkuntza

Hiztegia

Ale honetan izartxo bategaz agertzen diren berbak

ABANTAIL, ventaja.

ABELTASUN, aberetasun, animalidad.

AGIAN, nonbait, seguramente.

AHATZ, ahaztu (inperatibo, subjuntibo eta potentzialetan).

AINA, beste, bezainbat.

AINAKO, besteko, bezainbateko.

AINITZ, asko.

AINTZINEKO, aurreko.

AISE, aisa, erraz.

AITZITIK, al contrario.

AJE, vicio.

ALAJAINA, pardiez!

ALEGIA, a saber, esto es, es decir.

AMILTEGI, precipicio, barranco.

ANTZOKI, teatro.

ANTZU, estéril.

ARDIETSI, lortu.

ARE, oraindik.

AREATZA, Villaro.

ARETO, sala, salón.

ARI IZAN, jardun.

ARITU, ari izan, jardun.

ARRAKASTA, éxito.

ARRANGURA, queja, descontento.

ARRAS, guztiz, oso.

ARRUNT, guztiz.

ASKI, nahiko.

ASTEARTE, martitzen.

AT, kanpo.

AUSART, valiente, intrépido.

AUSARTU, atreverse.

BAITA, bait da, da ta.

BATIPAT, batez ere, bereziki.

BATZORDE, comisión.

BATZUK, zenbait (batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BELTZURITU, ponerse ceñudo.

BERAIEK, eurek.

BERAZ, hori dala ta, por consiguiente.

BEREHALAXE, behingoxean, guztiz arin.

BEREZIKI, batez ere.

BOKART, antxoba.

BULEGO, oficina.

DAKIKEGU, dakigu nonbait.

DASTATU, gustar, apreciar.

DATEKE, da nonbait.

DATZA, está, yace, consiste (etzan aditzaren forma).

DEINO, dan bitartean.

DEITU, deitutako.

DEUS, ezer.

DITUZKE, ditu nonbait.

DOGERA, dobera, serenata rústica.

DOHAN, debalde, gratis.

DUKE, du nonbait.

DUKETE, dute nonbait.

EBATSI, ostu.

EGIKIOZU, egikeozu (ikus «Sustrai Bila», 138; Lafitte, «Grammaire Basque», 369).

EGIN, egindako.

EGITEKE, egin gabe.

EHORTZETA, ehorzketa, hileta.

EI, omen.

EMATEKE, eman gabe.

ENTZUTEKE, entzun gabe.

ERABAT, guztiz, zeharo.

ERABATEKO, guztizko, completo.

ERAKUNDE, institución, organización.

EREMU, territorio.

ERORI, jausi.

ESKUALDE, comarca.

ETSAI, arerio, enemigo.

EUSKALTZAIN, académico.

EZTEI, eztegu, boda.

FITS, tut, pixka.

FUNTS, barru, barne, solidez.

FROGATU, probar, demostrar.

GANORE, ganora, kanore, fuste.

GARDENTASUN, garbitasun, transparencia.

GAIZKOATU, agravar, empeorar.

GISA, modu.

GOITI, gora.

GONBARATU, konparatu.

GUTUN, carta, misiva.

HAIK, hareek (haiek aktibo, haik pasibo).

HALABER, igualmente.

HARAN, valle.

HARTZE, hartzeko, harturen. (Hamar pezeta hartze ditut, hamar pezeta zor jataz).

HAUK, honeek (hauek aktibo, hauk pasibo)

HAUR, ume.

HAUTESKUNDE, bozketa, votación.

HEDATU, zabaldu.

HELBURU, xede, fin, objetivo.

HETSI, hitxi, cerrar.

HEZIERA, educación.

HIRI, huri, villa, ciudad.

HITXI, hetsi, cerrar.

HOIK, horreek (hoiek aktibo, hoik pasibo).

HORMA, lei, helada.

HORRETAZ, beraz, hori dala ta.

HOTS, a saber, esto es, es decir.

HURA, ha.

IDURIKO, ustez.

IGORRE, Yurre.

IGURIKATU, itxaron.

INKESTA, encuesta.

INOAN, zioen, esaten eban.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRITXI, heldu.

IZANEN, izango.

JADANIK, ya.

JALGI, irten, atera.

JASAN, soportar.

JAUSI, erori.

JAUZI, salto; saltar.

JENDARTE, público.

KALAPITA, alboroto.

KARRIKA, kale.

KAZETARI, periodista.

KEXU, artega, urduri.

KOKATU, situarse.

KUPIDA, erruki.

LAKIO, lazo, trampa.

LANKETA, lan bila.

LARDERIA, temor, respeto.

LARREGI, gehiegi.

LARUNBAT, zapatu.

LEGEZ, lez, bezala.

LEHIAKETA, competición, concurso.

LIBERA, franco.

MARRAZKI, dibujo.

MEMENTO, momentu.

MENDE, siglo.

MENDEBALDE, mendebal alde, occidente.

MENEAN, menpean, mendean. (Hobe dateke* menean nahiz menpean erabiltzea, mendean hitzak beste gauza bat ere [en el siglo] esan nahi baitu).

NABARITU, percibir, notar.

NEKUSALA, ikusten nuela.

NOSKI, naski, ciertamente, claro está.

OLDE, impulso, inspiración.

OMEN, ei.

ORDEA, ostera, berriz, baina.

ORO, guztiak.

OROTARAT, orotara, guztitara.

ORRATZ, germen.

OSTEAN, ondoren, ondoan.

OSTERA, berriz, ordea, en cambio.

OSTERANTZEKO, bestelako, distinto.

OSTRUKA, avestruz.

OTSAIL, zezeil, febrero.

OZENKI, sonoramente, vibrantemente.

PARADA, ereti, abagadune, ocasión.

PROLETALGO, proletariado.

SAL, saldu (inperatibo, subjuntibo eta potentzialetan).

SEN, instinto.

SETATSU, tenaz, perseverante.

UDAL, ayuntamiento, municipio.

UDALETXE, casa consistorial.

UKAN, izan (aktibo).

UKIGARRI, conmovedor.

ULER, ulertu (inperatibo, subjuntibo eta potentzialetan).

URRATS, pauso.

URTARRIL, enero.

UZTAIL, julio.

ZAIN, zan, vena, raíz.

ZENBAIT, batzuk.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZINEZ, benetan.

ZIO, motivo.

Imanol Berriatua


Bertsolariak

Omenaldi baten ondoren. Ez gatoz bat

Oraintsu Lasarte bertsolariari Donostian egin jakon omenaldiaren berri dakidanetik, kezka daukat barrenean, Erdal Herriko medaila-ezartzeak kutsatu ez ote gaituan.

Orain urte batzuk —zortzi uste dot— beste omenaldi bat egin jakon bertsolari honi Eibarren. Omenaldi ha —luzea lizateke zioa* azaltzea— beharrizanez egoen gizonari laguntzeko zala guztiok dakigu. Oraingoan, baina, bertsolari bezala ospatzeko izan da.

Bertsolari ona dala ere guztiek dakie; baina zergatik egin izan jako omenaldi hau? Zer egin dau Lasartek, bertsolari bezala, omenaldi bat merezi izateko? Egin izan diren bertsolari txapelketetan, ez dot behin ere ikusi, aurrez deitua izan arren. Markinako urteroko batzarrak, zortzi urte luzetan, ez deutso itzalik egin. Erreguka ekin eta azaltzen ez danak omenaldi merezi badau, zer egin behar ote jako, nahinon eta nahinoiz azaltzeko gertu dagozen ehun bertsolariri?

Donostiako Anoetan egin zan sariketa nagusian ikusi neban bigarrenez. Eibarren, lehen aldiz, lehiaketa* edo zeingehiagoko bertsoetan. Lehiaketa honetako sariak haundiak izan ziren, gehiago inork beste sariketa ez txapelketarik jartzen ausartu* ere ez egiteko ainakoak*, eta gehienbat Lasartegatik.

Nola edo hala, antolatzaileek Lasarte eroan nahi eben, eta, nonbait, Lasarteri diru asko eman behar jakon.

Ene ustez, sariketa honek ez eutsan mesederik egin bertsolaritzari, ez eta bertsolariei ere. Norbaitek omenaldi hori zergatik antolatu izan dan aditzera eman arte, kezkaz jarraituko dot.

DEUNORO


Bertsolariak

Omenaldi baten ondoren. Lasarteri omenaldia Donostian

Martxoaren 19an, San Jose egunarekin, Donostiako Astoria antzokian*, omenaldi eder gogoangarri bat eskaini dio Euskal Herriak, Leitzan (Nafarroan) sortua den Lasarte bertsolariari.

Urtero Astorian biltzen diren entzuleek, beren ustez egokiena den bertsolari bat hautatzen dute, omenaldi bat eskaintzeko. (Aurten Mattin hautatu dute). Eta, aurretik Uztapide eta Xalbador ospatu ondoren, joan den urtean Lasarte aukeratu zuten aurtengo omenaldirako. Ezin aukera egokiagorik izan, benetan!

Lasarte ez da, bakarrik, Euskal Herriko bertsolarietan ezagunetakorik bat. Lasarte da, gainera, aita Zabalak dioen bezala, «Euskal Herriak maite duen gizona».

Antzokia gainezka

Ez da, beraz*, harritzeko, San Jose egunarekin, Astoria gainezka ikustea Euskal Herriko bazter guztietatik etorri zen jendearekin, Lasarteren omenaldi horretan parte hartu nahian.

Zoritxarrez, hain urrutitik etorri ziren asko ta asko, kalean gelditu ziren, ezin sarturik, sarrerak hiru edo lau egun aurretik agortu zirelako. Tamala benetan!

Aurten, segur gara, edozein pelota leku leporaino beteko zen; eta Lasartek ez zuen kalterik izango, biltzen ziren sosak beretzat baitziren. Baina nork pentsa, horrelako jende bolada izango zenik!

Lasarte, bertsolari

Lasarte, bertsolari eta gizon, goigoiko neurri berekoa dugu.

Lasarteren bertsoak ez dira ez luzatzen ez mozten: kantuak eskatzen duen neurri zorrotza, zuzen gordetzen dutenak dira. Lasarteri, anka okerreko bertsorik ez diogu entzungo; eta bere pentsaketa eta esannahiak, behar diren hitzekin, ez bat gehiago ez gutiago, garbi agertuko ditu. Ez da meritu makala!

Horretaz gainera, Lasarteren bertsoak, denak edo gehienak, zerbait erakusten daukutenak dira. Bakoitza bere garaiko bertsoa izango da. Tokia eta jendea ondo neurtzen dakielako.

Lasartek, hala beharrez, bere ateraldi irrigarriekin algara batean jarriko gaitu, edo sendimendu ukigarri* batzuekin bihozberatuko.

Ikusten denez, horixe gertatu zen Astorian, berak eskerrak emateko bota zituen lau bertsoekin. Zoritxarrez, guk garai horretako etxeratu behar izan genuen; baina, Basarrik dioenez, «txalo zaparrekin, lur jo behar zuela zirudien Astoriak».

Lasartek esana du:

«baina mi'ingainez ezin det esan

bihotzak na'i duenikan».

Astorian, nonbait, mihingainak ondo erantzun zion, entzuleen gozagarrirako.

Lasarte, gizon

Maitagarria benetan: apala, ixila, gaitzarekin burrukan ibili behar izan duen, trixte antzeko, gizona.

Berak kantatua du:

«inori gaizki hitz egiteko,

Lasartek ez du barrenik».

Hori da Lasarte, gizon eta bertsolari.

Urte askotako bizitza osasuntsu bat opa diogu, Nafarroa eta Euskal Herriarekin batera gure euskera zaintzeko. Berak esan baitzuen:

«euskera ez da galduko,

gu bizi bagera».

HERNANDORENA