ANAITASUNA

208 zenb.

1971. martxoaren 30 ekoa

Jardin Txikerra, 1 BILBAO-12

Tel. 43 18 37


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari: Anjel Zelaieta.

Zuzentzaile: Imanol Berriatua.

Idazkola ta banakola: Jardin Txikerra, 1. Bilbao (12).

Inprimatzaile: Juan José García, Joaquín Jáuregui, Jesús María Tafalla, Gabriel García eta José María Belmonte, AMADO inprimerian, Bilbon.

Irarle: Gil Díez eta Manuel Barrera, RALI etxean, Bilbon.

XIX urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Gai batzuen inguruan

ANAITASUNAn argitaraturiko nire azken lan biek zalapart handia sortarazi dute.

«Kanta ta Dantza»

Lehenengo lanean, euskal jaiei egindako boikotak aipatzen nituen. Zuzendaritzak karta eta artikulu asko jaso ditu, argitaratzeko; baina, tamalez, ezin daitezke denak publika, arrazoi biren gatik: tokiaren falta eta zentsuraren eragozpena.

Batzuk boikoten alde, beste batzuk kontra agertu dira. Baina denetan nabaritzen* da kezka sakon eta on bat.

Idazle guzti hauen seriotasunak eta formazioak segurantza bat ematen du: toki eta memento bakoitzean erabaki berezi bat hartuko dela, euskal kulturari ahal den kalterik ttipiena eginik.

«Unibertsalismoa»

Bigarren lana, sasi unibertsalistak astinduz, eraginkorra izan da. Hau dela ta, karta asko heldu dira ANAITASUNAra.

Gauza bat argi jarri nahi dut. Nik ez dut idatzi Elizaren ez Marxismoaren kontra, erlijio edo ideologia diren aldetik. Baina, Eliza eta Marxismoaren barruan, konkretuki, pertsona eta talde batzuk euskal kulturaren kaltetan dabiltza. Beraz, ez nago Elizaren ez Marxismoaren kontra, pertsona eta talde batzuen kontra baizik.

Ondo deritzat, euskaldun batek, bere kontzientziari jarraituz, katoliko zein marxista izan gura badu. Baina txarto, katoliko zein marxista izateagatik, euskal nortasuna zapaltzen badu.

Katuaren txilina

Ipuin bat irakurri dut.

Behin batez arratoien herrian, katu bat agertu zen. Arratoiak, bildurrarren*, ez ziren ausartzen kalera irteten.

Egunak eta egunak honela iraganik*, ezinbestean, bildu egin ziren arratoiak, erabaki bat hartzeko.

Batzarra hasi zenean, bakoitzak egin zituen proposamenduak ganoregabeak* ziren. Azkenik, sagu lodikote batek hau esan zuen: «Jaunak, hau proposatzen dautzuet: katuari txilin bat jar diezogula. Honela, katua dabilenean, txilinak jo egingo du, eta nondik dabilen jakinen dugu.

Arratoi guztiek txaloka hartu zituzten saguaren hitzok. Baina orduan arratoi zahar batek itaundu* zuen: «Eta nork jarriko dio txilina katuari?»

Guztiak isildu ziren.

 Hitz guttiago eta lan gehiago, jaunak.

Beste ipuin bat

Barka iezadazue, ipuinekin banabil. Egun hauetan ipuin asko irakurri behar izan ditut, umeentzako ipuinak diskoetan grabatzen ari* gara ta.

Erbi bat soro* batean sartu zen, han zegoena jateko asmotan; baina zakur bi ikusi zituen eta ihes egin zuen. Zakurrak haren atzetik zihoazen, eta erbia arin arinka basoan sartu zen.

Basoan beste erbi batek ikusi zuen, eguzkia hartzen etzanda zegoelarik.

— Nora hoa horren arin, itaundu zion honek.

— Galgo bi diatozek hor nire atzetik.

— Hoik? Hoik ez dituk galgoak.

— Bai, galgoak dituk.

— Ez, ez dituk.

Eta, honela eztabaidan zeudela, zakurrak heldu ziren eta erbi biak garbitu zituzten.

Euskaldunak ere...

Amaitzeko

Lan honen laburpen bezala, hauxe esan gura nuke:

- geure arteko eztabaidak neurrian eta etika batekin egiteko.

- euskal nortasunaren alde, gogor lan egiteko.

- euskerak eta euskal kulturak langile gehiago behar dutela, eta langile direnek oraindik gehiago egin behar dutela.

XABIER GEREÑO

daitezke, daitekez

diatozek, datoz

diezogula, deiogula, dezaiogula

dio, deutso

dituk, dira

iezadazue, eidazue

zeuden, egozen

zihoazen, joiazen

zion, eutson


Herriz herri

Gipuzkoako berriak

Beasain

Aita Garmendia Otaola jesuita hil da. Sortzez, Beasaindarra; bizitzez, mundu zabalekoa. Ba liteke, euskal lurrean bizi garenok, munduari zor zaion ikuspegi zabalaren faltan egotea; baina nor bere herrian xertaturik* bizitzea ere behar da.

Beasainen, karrika* bat haren izenez deitua izango da. Hala erabaki da, behintzat, udaletxeko kontseiluan.

Ataun

Ataundarrak ifernuan ere aurrean dabiltzala esan ohi da. Ez dakit, hori egia ote den; baina emakume bat alkatetzat hautatu dutela, hori bai, hori egia da. Zinez* egiten zaiku harrigarri, gizonezkoek muntaturiko lege- eta gizarte molde honetan, horrelakorik gertatzea, ezta?

Horretan bederen*, aurrerapen seinalea eman dute Ataundarrek. Jadanik*, Sabina Zurutuza dute, Joan Auzmendiren ordainez, alkategoan.

Idiazabal

Ba da herri honetan altzeiru fundizio bat: AMPO, hirurogei eta bederatzi langileko kooperatiba. Edonork dakike*, zerbait mugida* ba dutela kooperatiba lantegiek. Hala ere, batzuek gehiago besteek baino. AMPOk 300 mila pezeta eman ditu «fondo social» edo gizarte kutxa deitzen zaionetik «Elkartasuna» lizeoarentzat. Lizeo hau, Goiherri eskualdeko* bigarren mailako ikastegia da; eta, beste zenbait erakunde* bezala, behar gorrian aurkitzen da. Lasaipen galanta eman diote langile zintzo hauek!

Herriarentzat burua zorrozten eta bihotza zabaltzen ikasiko bagenu, zer ote genuke egingo euskaldunok?

Elgoibar

Artikulurik onenak

ANAITASUNA, 206. zenbakia.

«Mendigoizaleak», R. Badiolarena.

Mendirako zaletasuna biztu eta indartu egin behar dugu. Horretan bat gatoz. Guk ere alde horretatik zerbait egiten dugula uste dugu.

Orain beste gauza bat jakin dugu, alegia*, gure mendietako ermitak, gure arbasoek eginak direla. Ba dakizu, ermita hoik noizkoak diren? Ala, «arbasotzat», kristauen Jainkoagan sinetsi zuten euskaldunak bakarrik dituzu? Eta hori gertatu zanetik bakarrik? Euskal kondaira* apur bat ikasteak ez dugu uste inori kalterik egingo dionik.

Albistarien* artean onenak, Andoaingo «Talde Bat» eta Gasteizko Ezkibel.

Herriko berriak

Oñatibiaren metodoarekin euskera irakasten ari* zirenak, orain Patxi Altunaren metodoarekin hasiak dira. Patxi Altuna bera etortzen zaie astelehenetan, irakastera. Ongi baino ongiago iruditzen zaiku. Jarraiki aurrera!

Ba da herrian Urbitarte izeneko egonleku bat. Herriarentzat eta herriaren diruarekin egin omen* zen. Gaur, zenbait* hitzalditarako izan ezik, «Cafetería» da.

Elizan ba omen da nahiko tokia, biltzeko eta beste gauzatarako. Baina «Elizarenak» omen dira. Eta guk galdetzen dugu: Garairen batean zerutik erori* ote ziren, ba? Eta nor da Eliza? Gu ere ez gara ala? Gure eritziz, gazteek beren indarrekin kontatzen ikasi behar dute. Eta ez utzi gauzak inoren eskuetan, inoiz ez baitira horrela ezeren jabe izango.

TALDEKO BESTE MARISABEL

Zarautz

Agur

Zarauztarroi, agur. Gaztetxo batzuen eskutitza irakurri ondoren, eta gehiegi pentsatu gabe (zeren* eta gehiegi pentsatzeak atzera bultzatzen gaitu gehienetan), Zarauzko kronikatxoa ahal dudan guztietan egiteko konpromisotxoa hartu dut. Agur, bada, eta lagun iezadazue, ANAITASUNAra berri onak bidaltzen.

Zine-forum

Eta euskera dut lehendabiziko gaia. Azkenean, bi urtetako buruhauste batzuen ondoren, lortua dugu hilabetero zine-forum saio bat euskeraz egitea. Geure asmoak, geure ametsak, saio guztiak euskeraz egiteari finkatu behar genituzke.

Maite Isasti

Batxiler garaian dabilen haur askok euskeraz ez dakiela ta, Maite Isasti neskatilla euskerazko jardunalditxoak ematen hasia dugu 10-12 urteko neska-mutilei. Bide batez, mendira eramaten ditu; eta hemendik indar berriz datorkie haur hauei euskera ikasteko zaletasuna. Zorionak, Maite!

Itxaspe, bigarren

Zalantza* askoren ondoren, Itxaspe zortzikoteak zortzikoteen txapelketan parte hartzea erabaki zuen. Arrasatekoei* laguntzeko asmoz, erakundea* txiro geldi ez zedin. Bai eta lagundu ere! Bigarren saria irabazia dute, nahiz eta Arrasatekoek lehendabizikoa eskatu.

Autopista

Alkate jauna edo dena delakoa, Zarauztar guztiok dugu holako gaiaren berri jakitearen eskubide. Eta beti isildu izan duzu horrelako arazoa. Eta gaur gertatzera doanak bihar malkoak isur eraziko ditu. Alegia*, gure zorioneko autopista hau Zarauzko herria erdibitzera doakigu. Ez ote da Zarautz turismoaren arrazoiz ere salbatuko? Gaur artean behinik behin, turismoa genuen arrazoirik santuena.

Arratia

Berriro ere, Arratiako gazteek alaitasunez beteriko egun bat igaro dabe, eta eurekin batean Dimako Oba auzune guztiak.

Orain dala urte bete inguru gaixo txar batek eroan euskun Rosarito politari omenaldi bero bat egin nahiak beharturik elkartu ginen 200 gazte baino gehiago (Arratiako herri guztietakoak, Larrabetzutarrak, Bilbotarrak...) bai mezagaz eta bai bazkalosteko euskal jaiagaz Oba guztia, batez ere gazteria, poztu nahirik. Baina non ziren, ba, Oba bertako gazteak? Dimako neska asko ere ikusi genduan; mutilak, ostera, oso gutxi. Guztiak soldadutzan ote dagoz, ba? Ala, beste zeredozer gertatzen ote jake, ba?

Holako jaiak eta irteerak egitea ondo ikusten dogu; baina, gero, bakoitzaren herrian ezer egiten ote da?

ZAMAKOLATARRA

Durangoaldea

Tronperri taldea

Urtarrilaren* 31n, 40 bazkide bertan zirelarik, euren batzar nagusia egin eben Tronperritarrek. Durangoko talde ospetsu honek, gaur egun, umeakaz dihardu lanean.

Aspaldion aldakuntza bat agiri izan da haren barruan. Gehienbat dantzari begira egon dan talde hau, beste bide batzuetarantz zabaltzen ari* da, batez ere igaz hartutako bultzada berri bategatik.

Haren dantza taldeek 70 ume batzen ditue, 4 urtetik 17 urterartekoak. Gazteen asmoz eta eurek eraginda mendi talde bat sortu zan igaz. Gabon abestien txapelketarako, kanta txorta polita ikasi eben gazteenek. Euskerazko ikastaroak nahiko makal dagoz, eta laguntasunaren beharrizan haundiagaz. Euskal kultura zabaltzeko eta ikasnahia sortzeko, txapelketa bat eratu eta aurrera daroe 28 umegaz, euskeraz eta erderaz.

Aurten arte, 10 bat gazteren eskuetan egon da talde honen bizikera. Baina orain, bertan dagozenak umeak direnez gero, gurasoakazko harreman* haundiago batera zabaldu da, eurok izan behar baitabe semeen hezitzaile*.

Bizitzak erakusten dauanez, ezin leike talde batek dantza hutsean jarraitu, batez ere gaur egun. Behar beharrezkoak ditu ekintza batzuk; eta umeen kabuz* sortutakoak badira, hobe.

Aurtengo batzar txikia osotuko daben gazteak, honeek dira: Lehendakari Jose I. Erdoiza, lehendakari ordezko J. L. Martinez, idazkari Miren Zamakona, diruzain J. A. Aroma, eta beste sei-zazpi laguntzaile.

TRONPERRITARRA

Beste berri batzuk

15 egunetan euki ditu agirian Ermuko udalak*, San Lorenzo auzunera ura eroateko egin behar diren lanen presupostua, bai eta eskola berriak egiteko lur erosketarena ere.

Durangoko udalak herriko kaleetan semaforoak jartzea erabaki dau. Seguru gagoz, guraso bat baino gehiago lasaituko dala, igaz kotxeen azpian lauzpabost haur hil baitziren.

Apatxartekoa agertu da Zaldibarren eta Berrizen. Abelgorri*, zaldi eta ardien artean zabaltzen da gaitz hau.

Madrileko Etxegintza Ministerioak ez dau onartu, Bizkaiko Diputazioak gure eskualderako* gertatutako hurigintza*.

Martxoaren lehenengoetan amaitu da Durangon, alfabetatzearen lehen mailarako maisuak prestatzeko ikastaroa. Hasi ziren 38etatik 15 batek bukatu dabe. Ikusten danez, % 39k amaitu dabe: proporzio ona, edozein hizkuntzatan % 30ek amaitzea ontzat ematen baita*.

Durangoko kultur gelan «Ur» taldekoen agerketa ikusi leiteke egunotan. «Ur» taldea giputz pintore talde bat da, eta Jabier Arozena, Alejandro Tapia, Carlos Bizkarrondo eta Jabier Grazeneak osotzen dabe.

JOAN ANTONIO AROMA

Bilbo

Santutxuko berriak

Solokoetxeko elebadorea hartu ezean, aldatz neketsuak igon beharko dituzue, Bilboko auzo honetara etorri nahi badozue. Eta behin hemen goian, udaberri eta udan batez ere, Bilbon behean sentitzen ez dan eta itsasotik zuzen datorren halako aize bigun eta lantantzaile batek bihotz zabalez mosukatuko zaitue.

Berrogei mila bizilagun inguru ei* ditu Santutxuk. Nahiz eta erdaldunak numeroz nagusi izan, hona hemen gure herrietatlk etorritako euskaldunek ahaleginaren ahaleginez eman dituen frutu ederrak: Txiki geratuaz doazen ikastola haundi bi; euskerazko meza bi, Karmeloko elizan bata eta Begoñazpikoan bestea; euskerazko katekesia bigarren eliza honetan. Horrez gainera, umeentzako eta hain ume ez direnentzako euskerazko irakastaldiak, euskal abestien ikasketak, Santa Ageda bezperako kalejira, eta orain gogoratzen ez ditudan beste ekintza asko.

Lortu diren gauzak oinarritu, osotu eta plataforma bezala harturik, jarraitu aurrera Santutxuko lagunok, elkarri lagunduz, danok geure Euskal Herriaren benetako maitasunean.

MARTIN BASTERRA

Sermoiak euskera batuan

Hilabete guztietako lehenengo larunbatetan*, Aita Imanol Berriatuak euskera batuan egiten ditu bere sermoiak.

Larunbat guztietan, arratsaldeko sei ta erdietan, euskerazko meza bat esaten da Iralabarriko Frantziskanoetan. Eta, esan dogunez, hilabetearen lehenengo larunbatekoa euskera batuan izaten da.

Euskera batuko berbaldi honeek jende asko erakartzen dabe. Nik dakidala, entzuleek ontzat hartzen ditue: ederto ulertzen ditue, eta dotoreak iruditzen jakez.

Proba bat egin nahi badozue, zoaze Iralabarrira datorren larunbatean, apirilaren 3an, sei ta erdietan.

II Euskal Antropologi Astea

Aste hau apirilaren 19an hasi, eta 25ean amaituko da.

Gai asko erabiliko dira, taldeka. Linguistika taldearen buru A. Mañarikua jarri dabe, eta buru ordezko Luis Mitxelena jauna. Talde honek euskeraren batasuna aztertuko dau, eta bereziki euskera batua irakaskintzan.

Aste hau Deustuko Unibertsidadean egingo da.

XABIER GEREÑO

Gasteiz

Diaz de Tuesta jauna hil berri da. Arabarra genuen burutik orporaino. Hogei eta gehiago abizen* doble eta Arabako zituen gainean.

Bere haurtzaroa Gobia Haraneko Gurendiz herrixkan eman zuen. (Lacarre jaunaren eritziz, Gobia hau izan zen, Euskal Herrian lehenen kristau erlijioa sartu zen tokia).

Kontsul karguarekin ibili zen Amerika, Eskandinavia eta Ingalaterran zehar. Bigarren gerratean, Duque de Albaren «Ministro Plenipotenciario» delakoaren kargua ere eraman zuen.

Baina gorabehera hauek ez dute axola* haundirik guretzat, kargu eta zerbitzu hoik ez baitziren Euskal Herriarentzat izan.

Haren euskal alderdia aipatu nahi dut hemen. Busgosko mugan bertan bizi arren, ederki ikasi zuen euskera. Egunotan anekdota bat kontatu dautate berari buruz. Haren amona Burgosko Mena herrian bizi omen* zen. Mutiko zelarik, Gurendiztik Menara oinez bere amona ikustera zihoala, bidean euskerazko gramatika ikasten joaten omen zen beti.

Bere idazlan denak «Gobiatar» izengoitiz* firmatzen zituen. Euskaltzaindiko izan da urte askoz. Azken aldian Iruinean bizi zen, eta han hil da.

Ba ditu Arabak horrelako gizonak, eta Arabako gaurko gazteriari gizon hoik ezagutaraztea oso gauza premiazkoa dela uste dut, hitzaldi bidez, idazlan bidez, eta abar.

Hor dugu Aita Olabide ere. Hemengo ikastolak haren izena darama*. Zenbatek daki, eta Gasteizen bertan, Olabide jaunaren berri?

EUSEBIO OSA


Jose Maria P. jaunari erantzuna

Jose Maria Pascual jaunak, Iruineko El Pensamiento Navarro egunkari karlistaren zuzendari izandakoak, «El vascuence, hoy» izenaz, artikulu interesgarri batzuk eskaini* dauzkigu Bilboko La Gaceta del Norte egunerokoan, gure hizkuntza gaitzat hartuta.

Ez da hau, euskal alorrean* sartzen den lehenbiziko aldia. Ba dakigu, nola, hari esker, El Pensamiento Navarro-n astean behin euskerazko orri bat ateratzen hasi zen, eta nola, konpetentziaz antza, Iruineko beste egunkari batean ere beste horrenbeste egin zen. Ba da zerbait.

Hitz laburrez esateko, txalogarri deritzot Pascual jaunaren lanari, honen bitartez jendearen eritzia euskeraren alde jar daitekeelako; eta hori, probetxagarria da. Dirudienez, «regionalización» delako hori indarra hartzen hasia da batzuen artean. Agian*, gauza haundiagoak ikusteko gaude.

Prentsa ona edukitzen hasi da euskera. Behar zuen horrelako zerbait euskera gaixoak, eta are* gehiago, Euskal Herriko izan arren, orain arte deus* guti lagundu dion kazeta baten orrietatik. Gauza kuriosoa: gerra aurretik, bai Bilboko Gaceta-k eta bai Correo Español-ek, orduan El Pueblo Vasco izen soila* zuenak, orrialde bat ekartzen zuten euskeraz egunero. Ohitura onak galdu ziren, dirudienez. Zergatik? Batek jakin! Baina, beharbada, laster berriz ere hasiko dira lehengo bidetik. Batek sinets!

Baina goazen lehengo harira. Ongi deritzodala nafar jator honen lanari esan dut; baina, hala ere, zenbait* xehetasunetan sartu nahi nuke.

Martxoaren 3an argitara zen artikuluan, batasunaren auzia aipatzen zuen (sasoi ederrean!), eta oso modu desegoki batez, nik uste. Gauza sintomatikoa da: orain arte euskeragatik ezer ere egin ez dutenen egunkari batean (eta oraino ezer egiteko gogo handiegirik dadukaten ez dakigu) euskera aipatzen den baterako, beronen batasunaren kontra jotzeko besterik ez da. Imanak, karga berdineko burdinak batera erakartzen ditu. Baina ez dezagun hain arinki errua Pascual jaunaren lepora bota. Euskera Batuari ematen dion izena kontuan hartuta, ez dut pentsatzen, hitz hori bere ahokoa duenik, Euskera Batuaren etsai* amorratu hoietako batzuengandik jasoa baizik. Gure gizona, ia segur, norabait joan dateke* informazio bila, eta... ona jaso ere! Hobe zukeen, aita Villasantek bere moduko erdaldunen informaziorako erderaz «argi eta garbi» publikatu berri duen liburuxkara jotzea, berri aseptikoagoak topatzeko behintzat.

Gai horretan oso usatu ez den baten okerra iruditzen zaiku hau; baina, zorionean, hurrengo artikuluetan, zuhurki, askoz ere hobeki erabili du bere luma.

Ba daude, hala ere, beste zenbait puntu, inola ere objetibo ez deritzegunak. Bat: zergatik aipatzen du, bakar bakarrik, Frantzia aldeko maisuen «makilatxoa» eta «komun garbiketak», eta ez bertokoen «eraztuna» eta «makiladak»? Bi: benetan uste al du, Euskaltzaindia hiru gobernu espainolen artetik zehar bizirik egotea, errespetu proba bat denik? Ez legoke gaizki, erakunde* ofizialetatik zenbat diru- eta erraztasun-laguntza hartu duen ikustea. Hiru: UNESCOren erabakiak eten gabe aipatzen dira orain; baina zergatik orain arte (erabakiok oso zaharrak baitira) isildu dira?

Donostiako eta Iruineko egunkari gehienetan, astean behin gutienez, euskal orri bat ateratzen den artean, Bilbokoak mutu egon dira euskerarekiko. Orain, problemaz euskeraz mintzatzen hasi zaizkigu bederen*. Ba da zerbait. Agian*, hasiera ona da.

Baina hobe lukete halakoek (euskera, dioten bezala, benetan maite badute), egunero orri batzuk euskeraz jarriko balituzte beren kazetetan.

XABIER

daude, dagoz

dauzkigu, deuskuz, dizkigu

dezagun, daigun

dio, deutso

gaude, gagoz

zaizkigu, jakuz


Kulturak ere behar ditu bere liberatuak

Emakume eta gizon guztiok ez gara, nahi, gogo eta inklinazio berdinekin jaio. Bakoitzak, mundu berri honen sortaraztean, bere lana bere modura eman eta egiten du; eta gizon-emakumeek bizitza sortze horretan egiten duten guztia, dena dago garrantziz betea. Beharbada, sistema kapitalistak aldatzeko agertzen duten biguntasuna, serioski haien erro guztiak atakatzen ez dituztelako da; zeren* eta, jeneralki, iraultza* egile batek bere gogo nahiak nahiko limitatuak izaten ditu, hainbat dotrina ezkertiarren gatik. Hori dela ta, iraultza egile batek gauza gehiegi uzten ditu iraultza osterako*.

Kultura hitza, haren zentzu jeneralean eta abstraktuan, denok agurtzen eta geureganatzen dugu.

Baina, gizon-emakume batzuk* poesia eta musika egiten ari direnean; edo, tailer txiki batean, harri, kolore edo arraia batzuei forma ematen ari direnean, nahiz eta formarik gabeko formak izan; edo, gela batean, hitzaren historia, hizkuntzaren formak ulertzen eta aztertzen ari direnean; edo euskera zientzi mailan ipintzen dabiltzanean —gizon-emakume hoiek kulpabilidade sentimendua izaten dute, edo, indiferentzia batean borobilduta, gizartetik urruntzen dira, gizarterako giza kultura bat bakartadean ezin lorturik.

Batzuek diotenez, gauza hoik* iraultza ondoren sortuko dira; eta orain egin behar dena, IRAULTZA da.

Kulturari buruzko mesprezu hori, denok dakikegunez*, historian beti gertatu den zerbait da.

Baina, denok iragan* genuen urte haren bukaeran eta honen hasieran, ur txarrenak joan eta gero, geure herri burrukako hainbat paper irakurri ondoren, kinkik* ere ez organizazio kultural bati buruz, nahiz eta kultur frente bat izan.

Gure ikastolak, gure hizkuntzaren batasuna, gure literatoak, maila zientifikoa lortzeko gure saioak hor dabiltza, bakoitza bere aldetik, sozialismoaren edo nazionalismoaren problematika erabakitzen ari garen bitartean. Eta historia hori, orain dela bost edo zazpi urte hasia da.

Nork eskatu ditu, ikastolak antolatzeko liberatuak, hizkuntzaren batasuna lortzeko liberatuak? Nork, euskera maila zientifikora jasotzeko behar diren liberatuak?

«Nondik gatoz, nora goaz» esaka ari gara, euskal kultura hil edo bizikoa dela kontuan izan gabe.

Eta hemen ematen diot neure sermoiari bukaera, besteek entzuteko desirarekin.

AMAIA LASA


Euskaldungoa

Beste euskal aldizkari bat

«Eutsi» izenarekin agertu berri da beste euskal aldizkari bat. Oraingoan benetan esan geinke, «euskal» aldizkari bat dala, osorik euskeraz idatzia da ta. Lehendabiziko alean, gure Herriaren bilinguismoa zelan jarri azaltzen da gehienbat.

«La Vasconia» bankoetxea Irunen

Martxoaren 12an inauguratu izan zan Gipuzkoako Irunen «La Vasconia» izeneko bankoetxearen gela berri bat. Irungo etxe berri horretako zuzendari dan José Ramón González jaunak jarraiko berba honeek esan zituan: «Nuestra presencia en Irún se debe a una vocación y a un imperativo. Vocación, porque Guipúzcoa y Navarra son complemento una de otra; e imperativo, porque la presencia del Banco en la cuenca del Bidasoa, desde hace decenios, no podía ni debía terminar en Endarlaza. Esa era una limitación que hacían los hombres; pero Dios quería que a uno y otro lado del puente se hablase el mismo idioma». Eta geroago: «Por todo ello, en nombre propio y, en general, de todos los que componemos este Banco Vasco-Navarro, les ofrecemos esta obra como casa propia». «La Vasconia» bankoetxea «Opus Dei»ko gizonek zuzentzen ei* dabe.

Jone Onaindia hil da

Martxoaren 17an hil zan Donibane Lohitzunen, Lapurdin, Jone Onaindia Zuluaga, Txomin eta Alberto (Alta Olaso) apaizen arreba.

«Ez dok Amairu» taldearen lanak

«Ez dok Amairu» kantari taldeak, martxoaren azken hamabostaldian, zenbait* tokitan jokatu izan dau bere «Baga, Biga, Higa» sentikaria: 16an Donostian Astoria teatroan, 20an Gasteizen, eta 29 ta 30ean Barcelonan Romea teatroan.

«Paso del Ecuador '71», Bilboko inginadoreen* eskolan

Aurten ere, Bilboko inginadoreen eskolan, «Paso del Ecuador» dalakoak euskal kutsua izan dau, nahiz eta igaz baino motelagoa eta kaxkarragoa. Merino jauna euskal arteaz mintzatu zan, eta Antton Valverde euskal musikaz. «Ez dok Amairu» taldearen ekinaldia ere iragarrita* egoen; baina ez ziren agertu. Talde honetako batzuek esan deuskuenez, Bilboko «Santiago Apóstol» ikastetxean jardun ebenean, inginadoreen eskolako batzuek zerbait adierazi eutseen; baina ez ziren inola ere ezertara berbatu*, martxoaren azken hamabostaldian ekinaldi asko ta larregi izan dabe ta.

Markinako kantari jaialdia

Martxoaren 19an, Xabier Lete, Lurdes Iriondo, Zabala, «Unai» bikotea, Estitxu eta Amilibiak jardun eben, herriko asiloaren alderako. Jendea ugari egoen. Presentadoreak ondo bete eban bere zeregina; hala ere, erderaz berba egiteko arrazoirik ez genduan ikusi. Eta, frontoietan beti gertatzen dan bezala, ez zan guztiz ondo entzuten.

Argoitia neba-arrebak Aretxabaletan

Ikastolaren alde atonduriko kantaldi batean jardun izan dabe, Gipuzkoako Aretxabaletan, Ondarroako Argoitia neba-arrebek.

«Oskorri» kantari talde berria

Kantari gazte batzuk talde berri bat osotzeko itundu* dira, eta haren izena «Oskorri» (zeru gorri) da. Talde honek martxoaren 25ean eman deutso hasiera bere zereginari, Deustuko Unibertsidadean, iluntzeko zazpi ta erdietan.

Ikastola batzuetako irakaspenak

Ikaratuta gelditu gara, Bilbon umeei, rr gabe, r pikordun edo azentuduna erakusten deutsen kolejio-ikastola bat oraindik ba dagoela jakin dogunean. Gauza jakina da, oraindino beste ikastola batzuetan, borondate onenarekin gainera, lapitza, luma (edo hegatsa), komuna, telefono, telebista hitz jatorren ordez, arkatz, idazkortz, irol, urrutizkin, urrutikuskin eta gisa honetako bitxikeriak irakasten deutseezala; baina, zorionez, gero eta gutxiago dira. Dana dala, ez dogu uste, honez gero, inon egiten danik, orain ez dala asko Laudioko* ikastola hiperaranista batean egiten zana, alegia*, umeei Aranak asmatutako zenbakiak euskera bezala irakatsi. Gauza harrigarria benetan: Euskal Herri osoan hamar eta hamar hogei izan arren, ikastola haretan ez, «berramar» baino.

«Hibaia» euskal aldizkari berria

Deustuko Unibertsidadeko «Euskal Kultur Mintegia»ren ardurapean, beste euskal aldizkari berri bat agertu jaku, «Hibaia» izenarekin. Euskera hutsean egindako aldizkari honetan, gazteriaren lanak agertzen dira, freskura ta itxaropen haundiarekin batera, eurak bezalako zekorrik Euskal Herrian ez ote dan aditzera emanez.

Gauzak I

ANAITASUNA honetan agertzen dan hizkuntza moldeari, euskera «berritua» deitzen hasia da jendea.

Gauzak II

Nire adiskide batek jarraiko hau esan eustan: «Begira! Euskal aldizkarietan agertzen diren artikulu ulergaitz pila bat, eta asko dira horrelakorik, argitaratu beharrean, kartaz bidaldu behar litzakioez Euskal Herri honetan diren dozena erdi listori».

«Quincena de Etnografía», Gasteizen

«Manuel Iradier» elkargoak* eraturik, eta Gasteizko Aurrezki Kutxak babesturik, «Quincena de Etnografía» dalako bat ospatu izan da Gasteizen, martxoaren 2tik 14erarte, «Casa del Cordón» gelan. Hizlariak jarraiko jaun honeek izan dira: Juan San Martin, Juan Garmendia, Luis Pedro Peña, Juan Antonio Urbeltz, Jose Maria Satrustegi eta Fermin Leizaola. Gasteizen, ahal dana egiten da, euskal giroa berbizten.

«Los Ríos», gure misioen aldizkaria

«Los Ríos», gure misioen aldizkaria, apala da, nola funtsez hala formaz; baina pozik irakurtzen diren orrialdeak ekarri ohi ditu, eta... tira! itxuratuaz doa.

Euskeraz ere zertxobait, ez batzuek nahi bezainbat baina, beti dakar. Hoik horrela, guztiz harritu gaitu, Machalako lur ikararen berri ematean, esaten duen gauza batekin: «Astegun soilek* igande eta jaiegun dirudite». Ba dirudi, idazlea haindiki pozten dela, lur ikara dela medio, jendea elizan ugaritu delako. Jainko- eta erlijio mota hori, ez ote «fedearen haurtzaroko*» gorabeherak?

Disko berria

«Nuevas jotas navarras» izenburuarekin agertu berri da disko bat, Iruinean, «Duo de Caparroso» izeneko kantariek abestua.

«Ertizka» zortzikotea Euskal Herriko txapeldun

Martxoaren 7an ospatu zan Gipuzkoako Mondragoen (Arrasaten), «Gurea» zinetokian, Euskal Herriko Zortzikoteen Txapelketa. Honela geratu ziren: Lehenen Añorgako «Ertizka», bigarren Zarauzko «Itxaspe», hirugarren Errenteriko «Karnaba», laugarren Oliteko «Erri Berri», bostgarren Regata del Bidasoako «Erreka», seigarren Hogar Navarro de Zaragozako «Zortzi Lagunak». Jaialdia oso ondo eratua egon zan, nahiz eta luzeegia izan. «Ertizka» taldearen zuzendaria Fernando Vergara da.

Euskal kantaldiak Aramaionan eta Portugaleten

Martxoaren 6an, euskal kantarien jaialdi bat izan zan Arabako Aramaionan. «Oskarbi», Natxo, Itziar, Juanma, Txomin, «Zaigor» eta Markel izan ziren. Ikastolaren alde egindako jaialdi honetan, ez zan jendetza haundirik izan, eta egozenetarik asko Mondragoetarrak ziren.

Martxoaren 7an, beste euskal kantaldi bat ospatu izan zan Bizkaiko Portugaleten. Natxo, Itziar, Juanme, «Bihotz Alai» eta Danok Bat» aritu* ziren kantuz, herriko asiloaren alde egindako jaialdi honetan.

«Instituto de pensamiento cristiano y diálogo», Bilbon

Martxoaren 8tik 24erarte, hitzaldi batzuk eman izan ditue, Bilboko «Colegio Santiago Apóstol» aretoan*, Martín Vigil apaiz nobelegileak, Miret Magdalena «Triunfo» aldizkariko erlijiorekiko idazleak, eta Aita Llanos jesuita soziologoak. Hirurok erdaldunak, nahiz eta oso adituak eta entzunak.

Euskal antzerkia Iparraldean

Otsailaren* 6an eta 7an Gamarteko «Hiruak bat» izeneko baxenabartar antzerki taldeak, Telesforo Monzonen «Menditarrak» eman zuten. Nahiz eta ez izan antzerki berri bat, garbi nabari* da, antzerki honek ba duela oraindik ere gaurkotasuna, behin eta berriz aukeratzen baitute Bidasoaz handiko gazte taldeek. Beste zenbait* tokiz gainera, Donapaleu eta Donibane Garazin ere antzeztuak ditugu.

Bere lanari lotua beti, Zokoko erretore den Piarres Larzabalek «Roxali» izeneko antzerki berri bat idatzia du; eta antzerki hau da martxoaren 15ean Ibarrolako baxenabartar gazteek antzeztuko dutena. «Matalaz» eta «Ibañeta» haundikiro egindako bi antzerkien ondoren, irri pixka bat ere eman nahirik, «Roxali» du idatzia Piarres adiskideak; eta, beti bezala, antzerki honek entzuleei barre franko eragin ahal izango die, bai eta zenbait pentsakizun sortarazi ere.

Daniel Landart, Iparraldeko gaztea, antzerkiari lotua dugu azken urte hauetan; eta joan den urtean, «Bai ala ez» antzerkiarekin, zeresan asko sortu ondoren, hor dugu gaur beste bat prestatzen. Idatzi berri duen «Noiz» izeneko antzerkia Baionako antzoki* nagusian ematekotan dira martxoaren 29an, arratseko bederatzietan. Iparraldeko gazteen arazoa du antzerki honetan aztertzen, alegia*. lan eskasiagatik Paris aldera joan behar izaten duten euskal gazteen egoera.

Liburu ta disko berriak

«Herri Gogoa» izeneko euskal disketxeak, Benito Lertxundiren disko berri bat zabaltzeari ekin dio egun hauetan. Disko hau, Benito berak zuen disko haunditik aterea da, eta lau kantu hauk ditu jasotzen: Ezin uka, Umeek ere jakin dute, Triste jartzen nauzu eta Illunpetako gizona.

«Irakur Sail» aurrera doa bere eginkizunetan; eta, horrela, egun hauetan liburu berri bat prestatu du, bera abonatuei zabaltzeko asmotan. Oraingoa ez da liburu berri bat, baizik eta behin eta berriz gazteek eskuratu nahi eta ezin izan dutena: Oihenarte Zuberotarraren «Atsotitzak eta neurtitzak». Gaurregun-araztea eta zenbait argitasun emateko lana, «Larresoro»k egina du; eta hitzaurrea, Eugenio Goihenetxek.

«Irakur Sail»ekoek hurren aterako duten liburua ere aski* aurreratua dute, eta esan dezakegu zein izango den: Mikel Lasa eta bere arreba den Amaiaren poema bilduma* bat jasoko duena. Mikel Lasa da gaur egun euskaldun gazteen arteko poeta sonatuena; eta itxaron izatekoa da, liburu interesgarri bat eskuratu ahal izango dugula.


Mundu biribila

Chileko iraultza (II). Molde berriak eta demokrazia. Allende lehendakariaren eta Scherer periodistaren elkarrizketa

Txekoslovakiako arazoa dator mahai gainera.

— Ez eidazu Txekoslovakiarik aipatu. Gu Chilen bizi gara.

— Beste era batera mintza nadin permiti eidazu. Ez ote da Chileko esperientzia hau, «Pragako Udaberriaren» ondoren, beste ahalegin bat, gizatasunez benetan jantzitako sozialismo bat egiteko?

— Hemen ez dago «Pragako Udaberririk». Hau, jauna, Chileko udaberria da. Beti neguan bizi izan gara, interes arrotz batzuen menpean.

— Zeinek dauka abantailarik* gehiago: botoen bidez agintaritza eskuratu dauan errejimen sozialistak ala iraultzaren* bidez heldu danak?

— Dudarik gabe, demokrazia bidez heldu danak abantaila gutxiago dauka. Izan ere, oraindik bizirik diren moldeak errespetatu egin behar ditugu, eta, euren barruan, molde berriak sorterazi eta aurrera eroan. «Unidad Popular»eko Gobernuak proposatzen dituan bide ta molde berriak Kongresuak onartuko ez balitu, plebiszito batera deituko neuskio nik Herriari.

— Baina plebiszitoa ez da, ba, manikeismo modu bat, ganorazko* arrazonamendu gabeko «bai» ala «ez» soil* bat? Ondo deritxazu horretara jokatzeari?

— Egia da, zuk dinozun hori. Baina ez dago beste biderik. Nik ez dot beste erarik ikusten. Ala, zer nahi dozu, ba? Memeloki amore ematea? Urte asko daroagu burruka honetan, eta beti demokrazia bidez. Eta ez gara hortik aldenduko. Plebiszitoa Konstituzioan seinalatzen da. Beraz*, bidezkoa eta legezkoa dot horretaz baliatzea. Eta bertara joko dot. Zuk dinostazun «bai» ala «ez» horrek ba dauka bere akatsa. Horregatik, plebiszitoa baino lehen, gartsuki saiatuko gara, Herriak gauza honeek ahal danik eta sakonen ulertu daizan eta nazioko problemez kontzientziatu dadin.

— Behin eta berriro «plebiszitora» jotzeak ez leuke Kongresuaren zeregina anulatuko?

— Ez geunke egundo Kongresua pikotara jaurtikiko. Honetan ez dot batere dudarik. Kongresua Chileko demokraziaren oinarria da. Beste zenbait* gauzez ere guztiz seguru nago. Kasurako, berriro hautatu naien ez dot egundo intentatuko.

— Alderdi Komunistak kuadrorik prestuenak ei ditu. Zenbateraino permitituko zeunke Alderdi Komunistaren eskusartze eta eragina Gobernuaren arazoetan?

— Chileko egoeraren hari guztiak barren barrenetik ezagutzen ditut. Konturatzen naiz neure karguaren errespontsabilidadeaz, eta ba dakit zer dan giza duintasuna. «Unidad Popular»eko Alderdiak luzaro ari* dira lanean, eta ezagutzen dau bakoitzak bere zeregin berezia. Inork ere ez, eta nik ere ez, ez geunke Alderdi baten nagusigorik* onartuko.

— Zer egingo zeunke, Lehendakariaren pentsamoldea Alderdi Komunistarena dala esango balebe?

— Ez neuke onartuko identifikatze hori. Eta are* gutxiago «Unidad Popular» dalakoak, lau Alderdik eta Mugimendu bik osotzen baitabe. Alderdi askok moldaturiko Gobernu bat eratzen dogu; eta, historian barrena lehenengo aldiz, Gobernu honen barruan elkar ulertze on bat dago kristauen, laikoen, marxisten eta ezkertiar libreen artean.

— Posible ote da hori?

 Zergatik ez, ba? Kristau bat, laiko bat, marxista bat, ezkertiar libre bat erabat* gizon dira, gose direnean. Eta ez jake izenik eskatu behar, ez eta zein Alderditakoak diren itaundu*, karidadez ogia emateko; lana emateko baino, gizarte arazoa sakonkiro ezagututa gero.

— Zer da lehendabiziko, libertadea ala ekonomia?

— Gizona libertade eta ekonomiaren gainetik dago. Jakina, lehendabiziko libertadea da; baina hori, ekonomia gizonaren zerbitzurako danean izango da. Baina ekonomia gizonaren zerbitzurako ez badago, orduan ez dago libertaderik.

Ba ote dauka libertaderik analfabetuak, gosetiak, langabeak? Begira: ba dira libertade «abstraktua» eta libertade «konkretua». Abstraktuarekin, amets egiten dogu; baina bizi, konkretuarekin bizi gara. Gu gartsuki bermatuko* gara, Chileko gizon guztiek lan egin, ikasi, osasuna izan, atseden hartu eta botoan emateko askatasun konkretua izan daien.

— Ho Chin Minh, Mao, Che Guevara eta Castro miresten* ei dituzu bereziki*. Mirestasun horrek ez ote dau berez iragartzen zure politikazko pentsakera?

— Baina aipatu eizuz beste zenbait* ere: Kristo, Lázaro Cárdenas, Bolívar, O'Higgins, Morelos, Miranda, Lenin eta beste ainitz*.

— Zure etxean, aipatuetarik lehenengo lauren kuadroak ikusten dira, ez besterenik.

— Kuadro horreek, Castrok, Ho Chi Minh, Mao eta Che Guevarak dedikatuak dira. Benetan amiratzen ditudan lau gizonok eskainiak. Zer nahi dozu, ba? Kristok dedikaturiko bat izatea?

— Ezina zirudian zerbait lortu eben gizonak edo lortzeko salatu zirenak amiratzen dituzu? Horrela bada, zer dateke* ezina Chilen, zure ustez?

— Nik ez dot neure burua ezinezko gauzekin neurtzen. Ez eta neure burua inorekin konparatzen. Nire neurria Chile da. Eta beronen barruan pieza bat naiz, kate maila bat. Eta kate maila bat naizenez, ba dakit agindu bat bete behar dodana: ez eman huts neure Herriari. Eta Herriari huts ez emateko, Chiletar bakoitza gizon oso bihurtu behar dogu: gizon «berri», moral berri batekin, etorkizun berri batekin, baloreen neurribide berri batekin. Gizarte guztiz berria sorterazi behar dogu, gizonak gizona ez daian sekula gehiago esplotatu.

— Jabetasun pribatua, zure eritziz, esplotazio horren era bat ote da?

— Besteren kalterako dan bakoitzean, jabetasun hori ere «garbitzen» saiatuko naiz. Baina ez daukat motiborik, inori bere etxea, bere zelaitxoa, bere lantegitxoa, bere automobila kentzeko. Produzio biderik behinenak* jarriko ditugu, bakarrik, Estaduaren menpean. Ez ditugu neurri berdinak jarriko jabetasun guztientzat.

— Bankoak ere Estaduaren eskuetan jarriko dituzu?

— Dudarik gabe. Brecht teatroegile ospetsuaren eritziko naiz ni ere (holgetan dinotsut hau, geure artean): Zer da bekatu astunagoa? Aukera eizu: banko bat sortzea ala banko bati lapurtzea?

— Zer inportantzia dauka, Chilen nabaritzen* dan inbertsio egileen arteko ikarak?

— Egia esan, izualdi bat sortu da. Schneider jeneralaren heriotzarekin, aurrera eroan nahi izan eben deabrukeria gaizto bat.

— Giro horrek ez ote zaitu behartuko, bakoitzaren libertadeak moztutzeko?

— Giroa haunditzen bada, bai. Neurri horreek premiazkoak badira, jakina. Bestela, inuzentearena egitea lizateke. Inondik inora ere ez dot permitituko, bonbak jaurtikitzeko giro polit bat biribiltzea. Erreazioaren biolentzia agertuko balitz, erreboluzioaren biolentziarekin erantzungo geunskio. Jakina, gu ez ginateke lehenengoak izango biolentzia erabiltzen. Gure Gobernu hau demokrazia garbian eta ukaezinezkoan jarrita dago.

«DONAGARAI»

(azken zatia hurrengo zenbakian)

balebe, balute

daian, dezan

daien, dezaten

daizan, ditzan

geunskio, genioke

jeke, zaie

naien, nazaten

neuskio, nioke


Arraintza

Bokartaren «gerra» hasi da

Bokarta heldu zaiku eta harekin batera nahastea eta giputz-bizkaitar arraintzaleen elkar ikusi ezina. Arrain txikia, zehea, da bokarta edo antxoba, baina buruhauste eta problema handien iturria.

Kosteraren hasiera martxoaren lerako zegoen seinalaturik, egun horretan amaitzen baitzen, 1969.eko hazilaren* 25ean Madrileko ministerioak agindu zuen debekaldia*. Debekaldi hori hazilaren 1etik otsailaren* azkenerarte egiten zen, urtean urtean.

Baina, alajaina! giputzak ez zeuden konforme debekaldi horrekin, eta otsailaren lehenengo egunetan atera ziren bokarta harrapatzera, eta bai ekarri ere sarekada ederrak portura.

Arraintzale giputzen exenploari jarraitu zioten bizkaitarrek, itsas agintariek debekaldia urratu zutenei ez zietela zigorrik ematen ikusirik.

Harrapaturiko bokarta ez zen beti «garbia» izaten, hots* sardinarekin nahasturik agertzen zen. Kako horretaz baliatu ziren giputzak. Sardina saltzen zuten, bokart «apur» batekin nahasturik. Atxakia horrekin, hainbat bokart saltzen zuten itsas agintarien atzetik.

Bizkaitarrak, arraintza honek ekarriko zuen kaltea ikusirik, kexatu egin ziren Madrileko agintarien aurrean, bokartaren salketa galerazteko eta lege-hausleak zigortzeko eskatuz.

Bordeleko batzarra

Nahaste guzti honen bitartean eta giputzen jokabideak sorrerazitako egonezinaren menpean, Kantauri itsasertzeko herrialdeetako Komisio Interprofesional bat (arraintzaleek eta kontserba-egileek osatua) Bordelen* batu zen, Donibane Lohitzuneko errepresentanteekin.

Batzarraren helburua*, frantsesekin batera Egiunearen* luzamendua estudiatzea zen. Egiunea Parisen firmatu zen 1967.ean, eta, haren arauera*, erresuma bakoitzeko ontziek beste erresumako* itsasoetan egin zezaketen arraintza hiru milako mugaraino. 1970.eko abenduan, hiru milako muga sei milara pasatu zen automatikalki. Horretaz*, joan den urtarrilaren* 1etik aurrerantzean, ezin daitezke gure ontziak Frantziako itsasoetan sei milatik barrura bokartetan ibil.

Delegazio espainolak hiru milarainoko baimena eskatu zuen frantsesengandik. Erresuma bien arteko kolaborazioa proposatu zuen, bokarta zaintzeko, hots*, arrain hau gal ez dadin. «Borondate onaren» seinale bezala, gure artean egindako debekaldia aipatu zitzaien frantsesei, eta atunetako kosteran abuztuaren 15erarte karnadarik ez egiteko agindua ere bai. Frantsesen erantzuna azkarra eta zorrotza izan zen: «Nola hitz egin debekaldiaz, batzarraren bezperan bertan Espainiako ehun ontzi baino gehiago Frantziako uretan ibili baitira bokartetan, eta mugatik barrura gainera?» Hori dela ta, batzarrera ez joatekotan egon ziren.

Defentsa hain sendoaz harmaturik, frantsesek sei milako mugari eutsi zioten.

Hala ere, konformatu egin ziren, hurrengoan beste batzar bat Donostian egiteko, gure aurrerantzeko jokabidea nolakoa zen ikusita gero.

Lerro hauk idazterakoan, otsailak 28, ez da gehiago bokartik harrapatu, debekaldia errespetatuz.

Artegatasuna

Nolakoa izanen da aurtengo kostera hau? Zer ekarriko dauku? Gaur arte, giputz-bizkaitar arraintzaleen arteko haserre tamalgarria.

Bihar, bokartaren gerraren gogortzea, seguru. Gerra hori inoiz baino «beroagoa» izanen da, ene ustez. Frantsesek eskueran* daduzkaten medio guztiak ipiniko dituzte, sei milako muga ez dadin urratua izan. Ontzi espainolen bahiturak* eta multak eguneroko ogia izango dira, dudarik gabe. Zeren*, gure arraintzaleek bokartik harrapatu gura badute, eta bokart hori Frantziako kostatik bost, lau edo hiru milatan aurkitzen bada, eta han bertan bakarrik badago, orduan hara sartuko dira, begiak hitxita. Bestela, irabazirik ez, gosez hil behar. Ez dute beste aukerarik.

Giputzen eta bizkaitarren eritziak

Giputzak ez dira eguno ere debekaldiaren aldekoak izan. Beti agertu dira haren kontra.

Bokarta Frantziako kostatik, hots*, Ekialdetik* etortzen da, eta emeki* emeki Mendebalderantz* doa (edo joaten zen aspaldidanik).

Geldirik egon behar ote dute giputzek, arraina beren aurretik pasatzen utzita, bizkaitarrek arrain hori harrapatzeko aukera eduki dezaten?

Atuna, hegaluzea*, berriz, Galiziako kostatik dator Ekialderantz, eta Bizkaiko izpazterrean sartzen da.

Menturaz giputzek debekaldia eskatzen dute, hegaluzea Gipuzkoako uretara ondo sar dadin?

Errazonamendu honetan finkatzen dute sarritan giputzek beren posizioa. Baina gaurko arraintza-ontziak ezagutzen dituenarentzat, arrazonamendu horrek ez du indarrik. Gaurko ontzientzako ez dago distantziarik Kantauri itsasoan. Arraina Frantzia nahiz Gipuzkoako uretan baldin badago, hara joango dira arraintzan giputzak, bizkaitarrak eta nahi duten beste guztiak. Eta, alderantziz*, arraina Galizia aldean baldin bada, hara joanen dira giputzak, bizkaitarrak eta beste enparaduak*.

Beste askotan, giputzen arrazonamenduak ekonomikoak dira. Negu osoan ezer egin gabe daudela; beraz, deusik* irabazi gabe. Bokarta ugari dela itsasoan, eta, guk harrapatzen ez badugu, frantsesentzat izango dela. Arrain beharra dagoela merkatuan, eta abar.

Errazonamendu guzti hauek berdin balio dute, ezertxo ere kendu gabe, bizkaitarrentzat.

Egia da, Kantauri itsasoa txikiegi bihurtu dela, eta bertako arrain aberaskuntza gero ta gehiago urrituaz doala. Bokarta eta hegaluzea* izan ezik, beste arrainak eskasegiak dira, gure ontzi handiak mantentzeko. Neguan, abendutik apirilerarte, gure arraintzaleek ez dute zer eginik. Bokart kumea (txintxina) eta ez hain kumea ere harrapa? Bai, zera!

Neguan bokart kumea harrapatzen badute, zer harrapa gero udaberrian, benetako kostera datorrenean? Gure arraintzaleek ez ote dute bokarta larregi persegitzen, hazten ere uzten ez diotela? Ez ote dute arraina Frantziako kostetara abiarazten*, hainbeste saretatik ihesi?

Giputzen eritziz, ostera*, neguko bokartak ez daduka zer ikusirik udaberrikoagaz. Arrain mota diferenteak dirateke.

Arrain honen biologiaren estudio zehatz baten faltan ezkutatzen dira giputzak, afirmazio hau egiteko; eta Donostiarren txintxinaganako zaletasunean ere bai, noski*.

Meditaziorako zenbait* puntu

Bokart kosteraren etorkizuna, hodei beltzez estalia. Arraintzaleen arteko batasunik eza.

Frantziako sei milatako muga bildurgarria.

Kontserba industriaren krisi ekonomikoa.

Bordeleko batzarrari begiratuta, itaun* bat datorkit burura. Zer izango ote zen, giputzek debekaldia urratu ez balute? Beharbada, ez zen frantsesengandik gehiagorik lortuko; baina, gutxienez, haien postura ez zen hain sendoa ta gogorra izango.

Ikasiko ahal dugu lezioa!

A. PEREZ BILBAO

daduzkate, daukez, dauzkate

daude, dagoz

dezaten, daien

diote, deutsoe

zaiku, jaku, zaigu

zeuden, egozen

zezaketen, eikeen

zieten, eutseen

zioten, eutsoen

zitzaien, iaken


Elertia

Artea haurren heziketan

Arteak gizartean eta erreboluzioan duen papera, ainitzetan* ausnartu, xehetu eta aztertu dugu. Gaia berez ez da nolanahikoa, eta oso zail da ikusten (ikusterik badago). Lasai gaitezen, bada, apur batean; eta ahaleginak egin ditzagun, beste aldetik eta utilidadetik ikusten. Beste aldea (besterik bada) espresioak berez obratzen duenaren lortzea da: konkretuki, pertsonaren errealizazioa, promozioa eta jabetza. Hau da, beraz*, espresioak haurretan* batikbat* duen papera. Eta gizonarentzat didaktikarik onena kultura bada, eta pedagogia ere didaktikaren barnean sartzen badugu, artearen oinarriak ere (didaktikaren aldetik, noski*) didaktikaren lehenengo mailan xurgatu* beharrean aurkituko gara. Pedagogian, alegia.

Pedagogia bat

Jar gaitezen, bada, haurren ikusmiran; eta azter dezagun, haurrak berak dakusan mundua. Alde batetik, bere etxea ikusten du, gurasoek eratua. Bestetik, ikastola, irakasleek eratua. Hitz batetan, erraldoizko* mundua. Pulgarcitorena. Eta berez, bere indarrez, tantorik ere alda ez dezakeena. Etxeko legeak gurasoarenak dira, ikastolakoak andereñoarenak: jeneralki, lege guztiak Zaharragoarenak dira. Bestalde, gure herrian, haur euskaldunak arazo zail bat du bere aurrean: Bilinguismoa. Hots*, bi hizkuntzatan nahasturikako espresiorik garrantzitsuena: hitza. Haur euskalduna, erdal mundua eta euskal mundua memento* guztietan diferentziatu beharrez aurkitzen da. Eta, gainera, mundu hauetariko bat bakarrik nahiko ez duela (informazioa, kultura, TV...). Haurrak, bere espresioaren jabe ez bada ere, izatez espresio hori berekin du. Baina, espresio hau atalka lortzen duelarik, bere tokia ikus dezake gizartean eta, nola ez, hasieran aipaturikako munduetan. Lehengo kasua hau zen: Haurrak ikastolan zuen espresioa, etxean lortutakoa zen; eta etxekoa, berriz, ikastolan ikasitakoa. Erabatean, bien elkartasuna. Eta oraingoa, berriz, haurraren espresioaren jabetze-bidea da, bai ikastolan eta bai etxean ere.

Plastika

Espresio hau ardiesteko*, plastikak dituen posibilidade eta mediok kontuan hartzekoak dira. Pintura librea, eskultura, eta abar. Delako espresio libre honetan, haurrari ez zaio estetika, teknika... arazorik ezarri behar. Espresioaren errefleju bat lortu behar da, eta ez helburu* aislatu edo bakarti bat. Akademismoak eta teknikak dituzten normek motz* eta traba ditzakete, neurri batean, espresio bideak. (Gai hau beste baterako utz genezake).

Askatasun osoan dagoelarik; bere etxean, tailerrean aurkitzen delarik; laguntzaileak sekula «irakasle» papera egiten ez duelarik; bere espresioa lotzen zuten molde, sistema, prejuizioak menperatzen dituelarik; haurrak bere izaera eta errealizazioa plastikaren bidez lortuko ditu (neurri batean, noski*):

- Erreflesioa. Paper zuriak, haurrari, gauzaren erabateko* planteamendua eskatzen dio. Gabetasunaren aurrean, haurra, ezagun dituen gaiak pentsatzera beharturik aurkitzen da. Imajinak aukeratu, koordinatu eta, azkenik, itxura eman.

- Norberaren izatearen segurantza. Haurrak berak egin dituen lanak bereganaturik. Lan orijinalak direla oharturik, mundu berri batez jabetzen ari da; bere munduaz. Irakasleek eta gurasoek indarrik ez duten mundua topatu du.

- Kreatibidadea. Buruan darabiltzan imajinak eta ideiak baturik, paperera eramateko gaia deliberatzen du. Situazio hauk* berriak dira, haurrak sortutakoak; haurraren konklusioak dira. Bide batez, ideologia, bere ideologia planteatzen hasia da.

Gai honek, berez, jarraipen luzea darama* Hala ere, atal hau amaitzeko, ekar dezagun gogora, Arno Stern-ek dioena («Aspects et technique de la peinture d'enfants»): «Sikologoek, haien ikasketarako materiala bezala darabilate haur-pintura. Haurraren mundura hurbilduz, bai eta terapeutika bezala ere erabiliz. Arte aldetik begiraturik, haur-pintura, arte herrikoiak asimila dezakeen espresioa da. Estetikaren planteamenduak erabiltzen ez dituena eta sentimenduek eragindakoa. Irakaslearentzat, bere irakaskintzan lagun diezakeon gaia izan liteke haur-pintura. Baina ez dezakegu espresioa alde edo perspektiba batetik bakarrik ikus; hiru aldeek elkarrekin, erlazioan, behar dute joan.

MIKEL MENDIZABAL

dakusa, dakus, ikusten dau

dezagun, daigun

dezake, daike

diezakeo, deiskio, dezaioke

zaio, jako

dio, deutso

ditzagun, daiguzan

ditzakete, daikeez

genezake, geinke


Ikastolak

Udalekuak, ume heziketaren jarraipen

Uda laster datorkigunez, aurten ere, aurreko urteetan bezala, ikastoletako umeentzat udalekuak antolatzen ari gara. Hori dela ta, gurasoentzat interesgarri diren argitasun batzuk ANAITASUNAren bitartez eman nahi izan ditugu.

Umearen bizitzan, une konkretu batzuk bereiz* litezke: ikastola, oporrak*, senide arteko bizitza, kaleko taldea, eta abar. Elkar osatzen duten une hauk* ondo zuzenduak izanez gero, umeen heziketa* oso bat lortzeko bide izan litezke.

Une hauetariko bat oporraldia da. Oporrak. Hitz hau entzundakoan, batek baino gehiagok uste izango du, ikastolara ez joatea dela. Ez. Hori baino zerbait sakonagoa da, ekintzen aldakuntza da, eskola aroan erabiltzen diren legetik kanpoko araudiekin antolaturiko ekintza da.

Oporraldietako ekintzen exenplo asko ditugu. Guri gehien interesatzen zaizkigunak, udalekuak dira. Ez da erraza, udalekua edo kolonia zer den azaltzea. Horregatik, berau osatzen duten alderdien azalpen zehatza ematen saiatuko gara.

Udalekua

Koloniari buruz hitz egiteak ez luke zentzurik edukiko, umeaz bereziki* pentsatuko ez bagenu, umea bera baita* elementurik behinena*. Horregatik, kolonia antolatzerakoan, beharrezkoa da, umearen bereiztasun sikologikoak, adinetakoak eta girokoak teknikalki ezagutzea.

Umea ez dugu bakarrean uzten. Haren bereiztasunak kontuan izanda, talde batean sartzen dugu.

Jolasak dituen alderdi on eta hezitzaileak ondo erabiliz, elkarren arteko maitasuna, laguntasuna, zintzotasuna, oztopoak gainditzeko adorea... erein eta bizkortzen saiatzen gara.

Abestiak, umearen benetako nortasuna agertzeko bide bat bezala hartzen ditugu, haiek duten alaitasun eta zabaltasunaz baliaturik.

Umeak berak jokatzen nahiz kontatzen dituen antzerkiño eta ipuinen bidez, sakondu egiten dugu haren errespontsabilitatea.

Eta izadiaz* zer esan? Umea inguratzeko giro hoberik ba ote dago? Izadia eta umea aurrez aurre ipini; izadia maitatzen irakatsi, izadiak jartzen dizkion oztopoak gainditzen ikasi: horra hor, umearen heziketa osoa lortzeko era egokia, eta bizitzaren zenbait* alderditan zehar ibiltzeko bide polita.

Honez gainera, izadiarekiko lehen harremanek ematen dioten «shock» horrek bultza dezake umea izpirituzko bizitzara. Hala ere, ez dugu umeagan bikoiztasunik sortu behar: alegia*, umea batzuetan erlijio giro batean bizitzea, eta besteetan guztiz aldendurik egotea.

Ume heziketarako zer aportatzen duen udalekuak

Kolonia osatzen duten elementuen zerrenda aipatu dugu. Esan dugun bezala, koloniak umearen aro bateko beharrizanei* erantzuten die: hots*, oporretako beharrizanei.

Koloniak, onuragarri izan gura badu, umearen hezi girotik hurbil* egon behar du. Kolonia umearen bizitzako ekintza bakarra ez dela kontuan harturik, ikus dezagun, zer beharrizanei erantzuten dien eta nola betetzen duen bere eginkizuna.

Umeak, udaleku batean, bere bizitzako aro berezi honek eskatzen duen neurria aurkitu behar du. Udalekuak, ekintza eta oporraren arteko elkarbidea izan behar du. Elkarbide hau, oinarriko baldintza legez* hartu beharra dago.

Lehenik, beharrizan fisiologikoak ditugu: jatea, lo egitea, atsedena, aize osasuntsua. Ez da beharrezkoa ohartaraztea*, «hiritik* ateratzeak» eta izadiarekin harremanetan jartzeak duen garrantziaz. Umeak, hazi garaian, mugitzea, ibiltzea, kantatzea eta aize garbia behar baitu.

Hauekin lotuak, beharrizan sikologikoak ditugu. Hiriko aizea hartzeak beti arduraz ibiltzeak, etxebizitza txiki batean bizi izateak..., kondizio hoiek bultzatu egiten dute umea, bere burua lotuta legez* ikustera eta ez den bezala agertzera. Udalekuak, hutsune sikologiko hori betetzen bermatzen* dira. Kolonietan, neurrizko askatasun batean, jolaserako leku egoki batean, umeak bere asmoak agertzeko erraztasuna du, bere ahalmenak eta bere benetako nortasuna agertzeko posibilitatea du.

Horrez gainera, beste balio bat ere aurkitzen dugu kolonietan: umearen bizitza giza harremanen sistema baten barruan jartzea. Umeak, kolonian, harreman hertsiak* ditu, nahiz eta oso xinpleak izan, bere adineko umeekin eta bertan dauden jende helduekin (begiraleekin, sukaldariekin...). Eta, udalekua aurkitzen den herriko jendearekin ere, harreman onuragarriak izaten ditu: herriko jolasetan parte hartzen du, jendearen artean inkestak* egiten ditu, geografia aldetik lekua aztertzen du, eta abar. Gizarte barruan integratzeko bide egokienetariko bat hauxe.

Udalekuan umea, bai bakarkako eta bai taldeko eginkizunetan, egiarekin eta errespontsabilitatearekin ohitzen da. Egiten den guztia, xede* batekin egin behar da, atsedena bera ere bai.

Orain arte esandakoa nahiko ez balitz, kontuan hartu beharko dugu, umea euskal giro oso batean bizi dela, eta gure hizkuntza sakontzeko era* ederra izaten duela.

Hemen aipatutako guztia, neurriz eginda, umeak oporretan* behar duen guztiari erantzuteko erarik konkretuena da.

ARANTZA

daude, dagoz

dezagun, daigun

dezake, daike

die, deutse

diote, deutsoe

dizkio, deutsoz

litezke, leitekez


Nekazaritza

Baserri arazoari erantzun bat

Orain dela egun batzuk, Iruinean lurgintza ikasketak egiten ari* garen bizkaitar ikasle batzuk, egun bat jai genuela ta, Oskozera joan ginen.

Non dagoen Oskoz

Iruinetik Donostiara bidean, Irurzundik 10 kilometrora, Gipuzkoagazko mugan. Hain aldenduta egon ez arren (32 km.), astean hiru egunetan komunikatzen da Iruinagaz. Herri zaharra da. Eliza, XI mendekoa*. 230 bizilagun. Euskera bizi bizirik dago. Lurgintza eta abere hazkuntzatik bizi dira. Gehien produzitzen dutena: behiak eta ardiak, zerealak eta pentsurako belarra. 1.200 Ha. dituzte herri-basotan. Herri guztia bateratuta dago.

Baserrian aurrera egiteko, herri honetako familiarik gehienak kooperatiba batean elkartu ziren. San Migel, haren izena. Eta, beharbada, Euskal Herriko baserri-kooperatiba guztien artean, beronek eman du erantzun bereziena.

Kooperatiba sortu aurreko pausoak

Orain dela 20-15 urte, herriko gehienak maisterrak* ziren. Ez ziren, berek lantzen zituzten lurren jabe. Eta gero berendu zituzten lurrak ez ziren berdin bananduta lotu: lur batzuek 30 Ha. zituzten, beste askok gutxiago (3 Ha. txikerrenek). Baserritar handiek, kanpokoen laguntasun gabe, ezin zituzten lur guztiak landu; eta txikiak ezin bizi beren lurrekin bakarrik. Baserritar txikiek, ogia irabazteko, nagusiagoei laguntzen zieten, beren lurrak landu ondoren. Baina, jornalak asko igan* zirenean, baserritar nagusiei ez zitzaien interesatzen jornal handirik ordaintzerik; eta horrela (txikiak jornal gabe, handiak beren lurrak landu ezinik, txikerrak herritik lantokietara irten beharrez) Ozkoz hustuaz zihoan.

Zezen honi adarretatik heldu behar zitzaion, eta denen elkartasunean ikusi zuten aurrerabidea herrian. Bide ezberdinak zeuden, hau lortzeko; eta kooperatiba bat egitea erabaki zuten. 24 familia ziren, eta 18 elkartu ziren, 1964.ean. Bakoitzaren abere eta lur-tresnak klasifikatu ziren (lurrak ez zituzten klasifikatu). Hauxe izan zen, baserritar bakoitzak kooperatibara aportatu zuen kapitala. Lehenengotan, 150 Ha. elkartu zituzten, geroxeago beste 50; eta oraintsu beste 77,5 Ha. hartu dituzte herri-basoetatik, lantzeko.

Bazkideen arteko ekonomi harremanak

Bazkide bakoitza 10 urterako berbatu* zen kooperatibarekin. Urte hauetan, bere lurrak sal* nahiz alda ditzake, bereak ditu ta, baina kooperatibatik irten gabe. 10 urte hauen ostean*, luza dezake, kooperatibarekin duen konpromisoa. Urte bakoitzaren amaieran, irabazien banaketa egiten da: % 50 lurrari, % 50 lanari. Baina egun bakoitzean, aurrerapen bat legez*, bazkide bakoitzak 130 pezeta har ditzake; eta, beste edozein gauzatarako diru mordo bat behar badu ere, kooperatibak aurreratzen dio.

Lau taldetan banantzen dira langileak: artzainak, unaiak*, nekazariak eta traktoristak. Eguneroko lanak 18 gizonek daramatzate.

Kooperatibako zorrak

Hasieran, 3 milioiko zorrak egin zituzten: Bankoek aurreratutako dirua eta baserritarrek berek aportaturiko kapitala (behiak, ardiak, lur-tresnak...). Kanpoko zorrak (Bankoei dagozkienak), ordaindu dituzte. Baina bazkide asko dira, urtearen azkenean irabazirik hartzen ez dutenak; eta, horrela, orain 5 milioiko zorrak ditu kooperatibak bazkideekin.

Kooperatiba hau hain ondo joatea, lehenengotan inbertsio eta kompromiso ekonomiko haundirik ez egitean dago. Hasieran ba zirudien, Oskozen ez zela ezer aldatu: lehen zeuden kortak konpondu, silo batzuk egin, eta traktor eta osterantzeko* makinak ekarri. Bakoitzak zituen behiekin hasi ziren, eta apurka apurka selezionatzen joan dira. Urtero errekonozimendu bi egiten dizkiete. Nafarroako Diputazioko teknikoen aldetik laguntasun osoa dute. Hamabi behi eta zekor semental bi erosi dituzte. Kooperatibak beterinario bat daduka.

Orain, 150 behi eta txahal, guztiz selezionatuak, eta 1.200 ardi dituzte. Esnetara dedikatzen dira. Irun eta Iruineko mataderoekin lotuta daude okelaren komertzializaziorako.

Alderdi onak

Giza alderdian aurreratu dira gehien. Andrek, umeek eta zaharrek ez dute lanik egiten.

Gizonak ez dira herritik kanpora ateratzen lan bila.

Mutil gazteak herrian bertan lotzen dira lanean, eta pozarren gainera.

Lehen baino gehiago irabazten dute: hobeto bizi dira.

Bakoitza bere lanagaz pozik dago.

Gaixoaldirako segurua dute.

30 Ha. dituena pozik da, bere lur guztiak asko produzitzen dute ta. Lur gutxi duenak, lantoki batean beste edo gehiago irabazten du.

Hala ere, neskek ez dute lanik herrian.

Aldenduta dagoen edozein herritan bezala, irakaskintza, dibertsio eta komunikazioen aldetik ez daude gauzak hain ondo.

Aurreramenduaren oinarria

Oskozek erantzun bat eman dio, garai hartan planteatu zitzaion problema garratz bati. Baina erantzun hori posible izan da, kooperatiba hau sortu baino lehen, giza heziketa bat egon zelako. Euskal Herrian, kooperatiba asko frakasatu dira, eta frakaso hori giza mailatik etorri da gehienbat. (Aipa dezagun hemen, 32 urtetan Oskozeko apaizak arlo honetan egin duen lana).

Ezin liteke esan, betirako edo luzarorako erantzuna eman dionik Oskozek, herri bezala, bere arazoari. Herri aldendu batek dituen problemak ditu: komunikazioak, irakaskintza, dibertsioak, eta abar.

Euskal Herrian, Oskoz bezalako herri eta auzune asko daude, baina beren problemek soluziorik dutenik ere ez dakite. Gaur, geroaren zain egon gabe, euskal baserriari erantzun bat eman behar diogu, baina denok elkartuta.

IKASLE TALDE BAT

daramatzate, daroez

daude, dagoz

dezake, daike

dio, deutso

ditzake, daikez

diogu, deutsagu

dizkiete, deutseez

zeuden, egozen

zieten, eutseen

zihoan, joian

zitzaien, jaken

zitzaion, jakon


Liburuak

«Eusko Bibliographia». Jon Bilbao irakaslearen obra erraldoia

Oso sentikorrak* bihurtu gara aspaldi honetan. Horregatik, erraldoi*, haundi, paregabe, bakarra... eta gisa honetako kalifikatzaileak entzutean, ba dirudi, gure sentikortasunak defentsako oihu bat egiten duela. Propagandak belaxkeria asko ateratzen du aurrera, eta batzuetan kosta egiten zaiku editoreen mezu* eztitsuetatik ihes egitea. Hala ere, beste batzuetan, ba dira zenbait* obra, ohi ez bezalako garrantzia eduki arren, beraien egiazko balioari legokeon propaganda-bultzadarik hartzen ez dutenak. Hauxe nuen neronek buruan, Eusko Bibliographia (Enciclopedia General Ilustrada del País Vasco, Cuerpo C, Vol. I, A-Biblia, Editorial Auñamendi, San Sebastián) deritzon obraren lehen liburua aztertzean. Benetan uste dut, liburu honek ba duela merezita «ohi ez bezalako» kalifikatzaile hori. Dakusagun zergatik.

Geure Euskal Herri honetan, Unibertsitate baten aspaldidaniko faltak harri haundi baten pisuaz zapaldu gaitu orain arte. Ez gaitezen, ordea, ohart*, beronek egin daukun kalte politikoaz; geure kultur panorama ikustea aski* dukegu*. Euskal aldizkari eta errebistei begirada bat ematen dien edozeinek berehalaxe ikusten du, nola bertako kolaborazioek oso tonu baxu duten; eta beronek kulturazko prestatze eskas bat nabarerazten* dauku. Patxada eta zentzugabekeria alai batez, edozein gaitan agertzen zaizkigu batzuk maisu: linguistikan, zein antropologian, zein beste edozertan! Jakina, egoera larri honen errua geure buruari botatzeko bezain inozoak* ez gara. Ez gara gu orain arteko Unibertsitate falta horren errudunak, ez eta, ikasteko gauza den jendea Unibertsitatera joan ahal izateko kondizioak sortu ez zituen politikaren errudun. Baina hauxe da gure errealitatea; eta geure mugatasun hauk* kontzienteki hartu behar genituzke kontuan. Eta berau aldatzen ez den artean, gure kultura, beronek dituen agerpen eskas eta mugatuetan, baserritarkeriazko eta pobreziazko giro izugarri batetan ikusiko dukegu aitzineratzen*.

Egia da, bestalde, noizik behinean, neguko loreak bezala, zenbait* pertsona eta obra agertzen direla, etorkizun hobe baten esperantza ematen daukutenak: Mitxelena moduko linguista bat, Barandiaran gisako antropologo bat, eta gaur aipatzen dugun bezalako obra bat.

Jon Bilbao iraskalea, Renoko Unibertsitateko «Basque Studies Program»ekoa (Nevada, USA), Euskal Bibliografiazko Hiztegi izeneko obra bat argitaratzen hasi zaiku; eta beronek, gure eritziz, euskal kulturaren aurreramenduan mugarri* berri bat jarriko du. Errebista, liburuxka eta orrietan argitaraturiko guztia batuz, 1960.erarte euskal gaietaz bibliografia baten oinarriak ahalik eta osoenik biltzen* saiatua da. Honez gainera, osorik publikaturiko dokumentu historiko guztiak ere klasifikatu ditu.

Egilea, Cayey-en, Puerto Ricon jaioa, 1940.ean hasi zen lan honekin, eta beronetan hainbat urte luzetan ahalegindu zaiku, euskaltzale artean (sakabanaturik egonez, axalkeriak jota baikaude) ezezagun den jarraipen eta iraupen miresgarri batez ekinik. Zer esan nezake obraren balioaz?

Ba dakit, agertu berri diren obrez emandako eritziak ez direla guztiz fidagarri. Hala ere, okerrean erortzeko batere beldurrik gabe, gure kultur aurreramenduaren posibletasunak handioski* zabaldu direla esan dezaket. Hemendik aurrerantzean, azterlariek eta irakasleek, estudianteek, idazleek, eta bai gure kulturaren edozein alderdiren zaleek ere, ba dukete* lan tresna fin fin bat, euskal zibilizazioari buruzko iturri guztiak sistematikoki bilduta* daduzkana. Pertsonaia* bat, lurralde bat, erakunde* bat edo sozial estruktura konkretu baten berri topatu nahirik, hainbat ordu, eta batzuetan alferrik, eman direnean, erraxki ikus daiteke, gisa honetako lan patek noraino alda dezakeen kultura baten oinestruktura*. Irakurleak «Eusko Bibliographia»ren garrantziaz ideia bat bederen* eduki dezan, hiru kontzepturen berri ematera noa: hots, Bastán, Acento eta Aguirre Badiola, Domingo de-ri dagozkienak

 Baztán: Arte eta Arkeologia (4 aipamen bibliografiko), Zuzenbidea* (31), Deskripzioa (7), Etnografia (3), Euskera (2), Genealogia eta Heraldika (4), Geologia (3), Historia (11), Literatura (4), Denetarik (12). Acento: 21 lanen berri dakar, Altubek, Azkuek, Garatek, Gavel-ek, Lafon-ek, Lewy-k, Mitxelenak, Navarro Tomas-ek, Ormaetxeak eta abarrek eginak. Aguirre Badiola, Domingo de: Haren obretako, biografiazko eta haren obren kritikazko 72 aipamen.

Honek esan nahi du, argi eta garbi, ez dagoela hemendik aurrera batere justifikagarri moralik, gure gauzetaz tontokeria edo axalkeriarik esateko. Bilbao irakaslearen lanak, aurrerantzean, edozertaz (giza jakintzaren arlo guztietan, hala nola Historia, Zuzenbidea, Erlijioa, Ekonomia, Soziologia, Politika, eta abar) eginen diratekeen* aztertze eta xerkatze* lan guztiak erraztuko dituzke*. Baina obra hau ez da maila honetan soilki* lagungarri. Gure eritziz, edozein lan egiten hasi baino lehenago, kontsultatu beharrezkoa dateke* obra hau. Premiazkoa da, beraz*, edozein euzkaldun kultorentzat obra honen kontsultatzea.

Hala ere, gure hizkuntzaren dignifikatzea nahi duenarentzat, eta dignifikatze hori bizitzako maila guztietara ailegatzea gura duenarentzat, obra honi akats bat aurkitzen zaio. Alde batetik, egia da, beronen titulua, eskaintza, hitzaurrea, obra bera erabiltzeko oharrak, laburpenak eta gaien aurkibideak ere, euskeraz agertzen dira, erderaz, frantsesez, ingelesez eta alemanez batera. Baina egileak erdera erabili du gaiak klasifikatzeko, aukeratze honen alde «erderazko bibliografia ugariagoa» dela aipatuz. Ene ustez, obra hau erderaz egiteko erabaki honek, hemendik aurrera ere, erderazko bibliografia are* ugariagoa izan dadin lagundu du. Honela, geure hizkuntza praktiko bihurtzeko beste okasio eta parada* bat galdu dugu; eta hau erraz egin zitekeen, obra hori erabili behar duen edozeini kalterik egin gabe, zeren* eta, hainak* euskera ez baleki ere, hizkuntza bakoitzaren hasieran dagoen aurkibideak posible egiten baitu, liburua edozeinek erabil dezan.

Argiro dago, oraino ba dela askorengan euskeraren egiazko posibletasun praktikoenganako mesfidantza bat. Ez dago gaizki, oraingoz, dugun pluraltasun linguistikoa kontuan hartzea; baina azken helburua* ez genuke ahantzi* behar. Euskerari indartze eta prestijiozko dinamika bat emateko, ba ote dago bide hoberik, gisa honetako obretara jasotzea baino? Eta, batez ere, obrak praktikotasunik batere galtzen ez duelarik!

Ez nuke notatxo hau amaitu nahi, ohar harrigarri bat guztion aurrera erakutsi gabe. Herbesteratzeak, herrigintzako lanetik urrundu edo deuseztu* gabe, hartara hurbilagotu egiten ditu pertsona batzuk. Ba dirudi, hain zuzen ere, herbesteratze honek bidea ematen daukula, non den garaua eta non lastoa jakiteko. Benetan miresgarria da ikustea, nola pertsona batzuek, egoera material eta moral zail batzuetan, utzi behar ukan zuten eta bihotzez kidetu egin ziren taldearen alde, jo eta ke lanean eta idazten dirauten*, abandonatu zuten Herriaren oroimenari, lapak harrokei bezala, lotu lotu eginik.

Egiaz, Jon Bilbao irakasleak gure Euskal Herriaren onespena merezi du, zerbitzu galanta egin baitio. Bitartean, hurrengo liburuen argitaratzearen zain gaude, obra honek are* aipamen luzeagoak merezi dituelakoan.

GERGORIO ETAIOKO

daduzka, daukaz, dauzka

dakusagun, ikus dezagun

dauku, deusku, digu

daukute, deuskue, digute

dezake, daike

dezaket, daiket

dezan, daian

die, deutse

dio, deutso

gaude, gagoz

genituzke, geunkez

nezake, neike

zaiku, jaku, zaigu

zaio, jako

zaizkigu, jakuz


Liburu berria

Marxen marxismoa

 Etor-ek, jesuiten euskal sail berriak, bere bigarren liburua eman dauku argitara, izen honekin, otsailaren* azken egunetan. Egilea Gotzon Garate («Go miga») euskal idazle ezaguna dugu, Deustuko Unibertsitatean sozial zientzietako irakaslea bera. Dakigunetik, Gotzon Garatek bere marxismo ikasketak Alemanian bertan egin zituen, Innsbruck-en eta Friburg-en. Aleman eta erruso hizkuntzak ongi ezagutzen ditu eta, beroni esker, ia lan guztiak jatorrizko mintzairatik hartu eta irakurri ditu.

Orain eskaini* daukun liburu eder eta interesgarri honetan, Marxen bizitza eta beronen inguruan bizi zirenena (Engels, Bakunin, Lassalle...) agertzen ditu, biografia llabur* baina interesante batzuetan. XIX mendeko* aleman filosofiak nolako eragina ukan* zuen materialismoaren aurrerabidean zehazki ematen du aditzera.

Geroxeago sozialismo zientifikoari bidea markatu ziotenak aipatzen dauzkigu, bai utopistak eta bai lehen sozialistak (Saint Simon, Fourier, Owen, Proudhon...). Ondoren, gaiaren funtsean murgildu baino lehen, Ingalaterran hasi ziren estudio ekonomikoen panorama dakarkigu.

Marxismoari zuzenki ikuturik, dialektikaren zenbait* ikuspegitan* gelditzen zaiku Garate jesuita gaztea, honen bitartez materialismo dialektiko eta historikora ailegatuz. Honen ondoren soziologia aztertzen du, eta beronetan langileriaren alienazioak. Historiatik zehar egon diren gizarte motak banan banan erakusten eta estudiatzen ditu ederki, gainetik bada ere.

Liburua bukatzeko, Estatuaren, langile klasearen eta iraultzaren* inguruko zenbait puntu aztertuta gero, kontsiderazio eta baloramendu bat egiten du, Marxek ekonomiari eta gizadiari* eman zionaz.

Ez nuke utzi nahi aipatu gabe, liburu honek dakarren bibliografia ugaria (alemanez gehiena).

Hauxe duzu, irakurle, guti gora behera, liburu honen mamia. Dakusazunez, alferrik dateke*, neronek berau irakurgarri eta erostea merezi duen bat esatea, gaia eta egilea bera aski* gora mintzo* baitira berez.

Gotzon Garatek trebeki darabilkigu gaia eta ohi ez bezalako argitasunez. Puntuak klarki eta ondo mugaturik ematen ditu, irakurlearen erraztasunerako.

Euskera aldetik ere liburu erraza da, duda gabe; baina gai hau orain arte gure hizkuntzaz guti landua delakoa igartzen zaio. Liburu osoa, hizkuntzarekiko burruka bat da. Ez, noski, joskeran, baizik terminologian, zeren* aleman hizkuntza aberatsaren kontzeptuak eta hitz ugariak, batzuetan, euskerara bihurtzeko errax ez batira. Euskalgintzan ari* zaiku hemen ere Garate. Bera ez da linguista bat, eta zenbait* lekutan ez bide* ditu hitz aproposenak aukeratu. Baina hau lehenbiziko urratsa* da, eta, Axularrek esan bezala, horrexegatik barkagarriago. Hitzekin halako esperimentalismo bat darabilagu guztiok zientzia gaietan, guti ezagutzen dugun alor* batean baikabiltza. Dena dela, alor honexetatik ibiltzea bera da txalogarri, ez ondo ibiltzea. Noski*, errazago zukeen Garatek, liburu hau alemanez edo erderaz publikatzea euskeraz baino, izen handiko zenbait euskaltzalek egiten duten bezala. Bai, errazago horixe; baina bai halaber* izan hori, erdal kultura are* aberatsago egiteko bide bat, euskal kulturaren kaltetan.

Entseiu bat dugu berau; ez, beraz*, hoba ezinezko obra bat, baina egileak prometatzen daukun hurrengorako askoz ere esperantza hobeak sorterazten dauzkiguna.

Azkenez, esan dezadan, liburuaren itxura eta presentazioak onak direla, Oteizaren irudiak tankera tristea ematen badio ere.

XABIER KINTANA

dakusazu, ikusten dozu

darabilagu, darabilgu

dauku, deusku, digu

dauzkigu, deuskuz, dizkigu

dezadan, daidan

dio, deutso

zaiku, jaku, zaigu

zaio, jako

zion, eutson

zioten, eutsoen


Jainkoaren giza eliza

Eliza ta Estadua Polonian

1945.ean Estaduak Poloniako Elizari kendutako hondasunak berriro eman izan jakoz, orain asko ez dala. Stefan Wyszynski Poloniako Elizaren buruak, Gobernuaren lehendakari dan Jaroszewicz jaunari egindako ikustaldia dala medio, uste izan da, Poloniako Estadua ta Eliza harreman baketsu batzuk egiten hasiko direla. Are* gehiago: zera ere uste izan da, Vatikanoak eta Varsoviak harreman* diplomatikoak berriro eratuko dituela, eta Paulo Aita Santuak Polonia aldera ostera* bat egingo dauala. Stanislaw kazetariak*, Alderdi Komunistaren idazkari* dan Gierek jaunaren adiskide kutunak, egun gutxi dala esan eutson, hitzez hitz, italiar kazetari dan Giorgio Fattori jaunari: «Dudatan jartzen ez dodana, hauxe da: Alderdi Komunistaren idazkariak ba dauka arrazoirik nahiko, Estaduaren eta Elizaren artean sortu diren arazoak garbitzeko. Erromarekin harremanak izateko eta elkar aditu ahal izateko oztopo bakarra Wyszynski kardinala bera da, Elizari buruz dauan ustea zeharo erreazionarioa baita*». Bestalde, kardinal jaunak, bere usteei buruz egiten diren kexa eta atxakien berri ba dauka, eta, Jaroszewicz jaunarekin elkarrizketan egon baino lehen, aditzera eman izan eban: «Poloniako katolikoen eskubide moralak defenditzea, ez da politikan jardutea».

Poloniako Elizaren indarra

Poloniako Elizaren indarra neurtu ezina da. Poloniarrak eliztar zintzoak dira: kasurako, naziotasuna eta eliztasuna gauza bera da eurentzat. Elizak bete egiten dira, bai eta apaiztegi eta frailetegiak ere. Diruz, ostera*, Elizak ez dau kezka haundirik, herriko kristauek eurek jeten ematen baiteutsoe apaizgoari. 14.000 mila parrokia, dotrina irakasteko milaka biltoki, 37.000 apaiz, 40 bat agerkari*, Lublin-eko Unibertsidadea —guzti horrek nahiko argi aditzera ematen dau Poloniako Elizaren indarra. Ez Rokossovski sobietar mariskalaren gobernuak, ez Cyrankiewicz jaunaren errejimenak, ez eta Gomulkarenak ere, ezin lortu izan eben, Wyszynski kardinalaren gidaritzapean gorpuztu dan kristau haunditze izugarri horren gelditzerik eta, gutxiago, galtzerik.

Orain, Gomulka erori* dalarik, Poloniako kazeta* ezkertiarrek «Gomulka beltza» deitzen deutsoe kardinal jaunari. Eta «beltz» hau ere eliminatu behar lizateke, bestea, Gomulka, eliminatu izan zan legetxe*. Are gehiago: «Tribuna Ludu» izeneko egunkariak inoan kardinalagatik: «Kardinal jauna kaskagogorra da, agintezalea eta antiguala, Gomulka zan bezalaxe». Baina Poloniar politikalariak gehien kezkarazten dauana, zera da: Wyszynski kardinalak herritar xeheen baitan dauan entzute on, zabal eta sakona. Herri xehearentzat, kardinala da antikomunismoaren ikurrin jarraigarria. Hau honan* izanik, itxura danez, Wyszynski trabatik kentzea da Varsoviak jartzen dauan kondizioa, Erromarekin harremanetan* hasteko.

Diplomaziaren dantza

Lublin-eko Unibertsidadeko irakasle batek aditzera eman izan dau, Giorgio Fattori kazetariaren bidez: «Orain, errejimenaren buruak aldatuak izan direnean, ez dago dudarik, kardinalaren paternalismoak ere puntu asko galduko dituala. Bera ere Herri modernoago batera jarri beharrean aurkituko da». Itxura danez, pentsamolde honek gero ta indar biziagoa hartzen dau bai Poloniako kristau intelektualen artean eta bai Erroma inguruko jaunen artean ere.

Arazo hau garbitzen hasteko, Wieszyslaw Moczar jauna izendatu dau Varsoviako gobernuak. Itxuraz, Moczar jaunak ez dau kardinala albo batera baztertzeko eskabiderik egiten, haren usteen «gaurkotzea» baino. Moczar jaunaren zeregina, beraz*, alde batetik Vatikanoa bera harremanok berriztatzen kezkaraztea da, eta, bestetik, Wyszynski jaunaren usteak kritikatzen dituen apaizen eta obispoen eritziak zabaltzea eta ugaritzea. Bai politikalariek eta bai zenbait elizgizonek uste dabe, Polonian Estaduak eta Elizak dituen eztabaidak eta begirune zorrotzak anakronikoak eta artifizialak direla. Uste honeek, jakina, Erroman ere ezagutzen dira, eta, zenbaitzuen artean behintzat, Poloniako Elizaren «gaurkotzea» ondo baino hobeto dabe ikusten eta hala izan dadila desiratzen*.

A. ZELAIETA

deutsoe, diote

eutson, zion

inoan, zioen

jakoz, zaizkio


Kritika

Hiru idazle

Aspaldi honetan zenbait* gertaera miragarri jazo* izan dira Euskal Herriko erdal agerkarietan.

Lehendabizikoz, Jose Maria Pascual jaunak, oraintsu artean Nafarroako «El Pensamiento Navarro» egunkariaren zuzendari izanak, zenbait artikulu idatzi izan ditu Bilboko «La Gaceta del Norte» egunkarian. Hasteko, oso interesgarria izan da hori, egunkari horrek, zabal irakurria izan arren, kasikan sekula ere ez dau holako gairik aipatzen eta. Jose Maria Pascualek, horregatio*, heldu izan deutson gaiari buruz, «nonbait kanpanotsa ba dala» baino ez dakiala dirudi.

Bestalde, bere estudio horreek egin ahal izateko euki dauan informatzaileak ere ez deutso laguntza haundirik eskaini*, informatzaile hau aspaldiko 40 urteotan euskeraz ikasten ari dan gizon bat baita*. Beronen frutuetatik ikusten da, euskeraganako dauan maitasuna ta jakinduria, edota zenbaterainoko ez dan gauza, hizkuntza hau ikasteko.

Jose Maria Pascualek, ostera*, ez dau inor bereganatu, nik uste; eta, hori bai, jende asko, motibo ezberdinakatik, kontra jarri jako. Zorte eta zorion hobea izango eban nonbait, Euskaltzaindira jo izan baleu.

Bigarrena, «La Voz de España» egunkarian idazten dauan Jaime de Altube jauna da. Aspaldi honetan, «El momento político en el País Vasco» gaiari buruz idazten ari* da. Jaun hau ere aurretikoaren senidea dateke*. Baina aurretikoak baino, nik uste, Euskal Herria hobeto ezagutzen dau; eta argitaratzen dituan informazio, eritzi eta eskabideak bereak dira, berak ikasiak, biribilduak eta nahiak. Dana dala, ez dot uste, honek ere inor berririk bereganatu dauanik, nahiz eta, hori bai, bere erdal idazlanak errespetu guztiarekin irakur erazi.

Hirugarrena, martxoaren 3an, Donostiako «La Voz de España» egunkarian artikulu bat idatzi dauan Cecilia G. de Guillarte andrea da. Artikulu horretan, Satrustegi jaunak Sánchez-Silvaren «Marcelino Pan y Vino» liburuari egindako itzulera aipatzen dau. Hasieran dino, bera Tolosarra izan arren, «mis conocimientos del euskera son limitados, y aún así limitadamente, al que hablaban en mis tiempos los casheros». Eta, bere artikulu luze bezain nazkagarrian, H-aren kontra predikuak eta itzulinguruak egin baino ez dau egiten.

Batez ere Pascual eta Cecilia jaun-andreok: Euskeraz ikasi daizuen arte, eta euskeraz idatzi deiskuzuen arte (sekula egingo ez dozuena), otoi, Jainkoarren, egon isilik, ez mintza euskerari buruz (sekula egingo ez dozuena).

TATANA


Ikasi zeure hizkuntza

I. Hiztegia

Ale honetan izartxo bategaz agertzen diren berbak

ABANTAILA, ventaja.

ABELGORRI, ganado vacuno.

ABIARAZI, abiatu eragin, poner en marcha.

ABIZEN, deitura, apellido.

AGERKARI, publicación periódica.

AGIAN, nonbait, seguramente, probablemente.

AGURAIN, Salvatierra.

AHANTZI, ahaztu.

AINITZ, asko.

AINTZIRA, pantano.

AITZINERATU, desarrollarse.

ALAJAINA, pardiez!

ALBISTARI, cronista, reportero.

ALDERANTZIZ, al revés.

ALEGIA, esto es, es decir, a saber.

ALOR, arlo.

ANTZOKI, teatro.

ARAUERA, según, conforme.

ARDIETSI, lortu.

ARE, oraindik.

ARETO, sala, salón.

ARI IZAN, jardun.

ARITU, ari izan, jardun.

ARRASATE, Mondragoe.

ARRO, cuenca.

ASKI, nahiko.

AXOLA, ardura.

BAHITURA, secuestro, retención en depósito.

BAITA, bait da, da ta.

BATIKBAT, bereziki, batez ere.

BATZUK, batzu (batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEDEREN, behinik behin, gutxienez.

BEHARRIZAN, necesidad.

BEHINEN, primario, primordial.

BELAXKERIA, bigunkeria, ñoñez.

BERAZ, hori dala ta, por consiguiente.

BERBATU, comprometerse de palabra.

BEREIZ, bereiztu, distinguir.

BEREZIKI, batez ere, especialmente.

BERMATU, saiatu, esforzarse.

BIDE, nonbait, agian, antza.

BILDU, batu.

BILDUMA, colección.

BILDURRARREN, bildurrez.

BORDELE, Burdeos.

DAKIKE, daki nonbait.

DAKIKEGU, dakigu nonbait.

DARAMA, daroa.

DATEKE, da nonbait.

DEBEKALDI, veda.

DESIRATU, nahi izan.

DEUS, ezer.

DEUSEZTU, ezereztu.

DIRATEKE, dira nonbait.

DIRAUTE, diraue, irauten dabe.

DITUZKE, ditu nonbait.

DUKEGU, dugu nonbait.

DUKETE, dute nonbait.

EGIUNE, convenio, tratado.

EI, omen.

EKIALDE, eguzki alde, oriente.

ELKARGO, elkartasun, elkarte.

EMEKI, geldika.

ENPARADU, restante.

ERA, ocasión, oportunidad.

ERABAT, guztiz. zeharo.

ERABATEKO, oso, completo, total.

ERAKUNDE, institución.

ERORI, jausi.

ERRALDOI, gigante.

ERRESUMA, erreinu, estadu.

ESKAINI, eskini, eskeini, ofrecer.

ESKUALDE, comarca.

ESKUERA, alcance de la mano.

ETSAI, arerio, enemigo.

GANORA, kanore, fundamento.

GANOREGABE, kanore gabe, sin fuste.

GIZADI, humanidad.

GURPIL, sesgo, giro, efecto.

HAINA, tal persona.

HALABER, igualmente.

HANDIOSKI, handikiro, enormemente.

HARAN, valle.

HARREMAN, hartuemon.

HAUK, honeek (hauek aktibo, hauk pasibo).

HAUR, ume.

HAURTZARO, umezaro.

HAZIL, zemendi, noviembre.

HEGALUZE, bonito, germon.

HELBURU, fin, objetivo, meta.

HERTSI, hestu.

HEZIKETA, educación.

HEZITZAILE, educador.

HIRI, huri, ciudad.

HOIK, horreek (hoiek aktibo, hoik pasibo).

HONAN, honelan, honela.

HORREGATIO, hala ere.

HORRETAZ, hori dala ta, por consiguiente.

HOTS, a saber, es decir.

HURBIL, hur.

HURIGINTZA, planificación urbana.

IBAR, vega.

IDAZKARI, secretario.

IGAN, igon, igo.

IGERTOKI, piscina.

IGORRI, bidaldu.

IKUSPEGI, punto de vista.

INGINADORE, ingeniero.

INKESTA, encuesta.

INOZO, inocente, tonto.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAGARRI, anunciar.

IRAULTZA, revolución.

ITAUN, galde, galdera.

ITAUNDU, galdetu, galde egin.

ITUNDU, convenirse, arreglarse.

IZADI, creación, universo, naturaleza.

IZENGOITI, ezizen, gatxizen, seudónimo.

JADANIK, ya.

JAITSI, bajatu.

JAZO, gertatu.

KABU, iniciativa.

KARRIKA, kale.

KAZETA, periodiko.

KAZETARI, periodista.

KINK, tut, ezer.

KONDAIRA, historia.

LARUNBAT, zapatu.

LAUDIO, Llodio.

LEGETXE, bezalaxe.

LEGEZ, bezala.

LIZARRA, Estella.

LLABUR, laburtxo.

MAISTER, inquilino, arrendatario.

MEA, mina.

MEMENTO, momentu.

MENDE, siglo.

MENDEBALDE, mendebal alde, occidente.

MERINALDE, merindad.

MEZU, mensaje.

MINTZO IZAN, mintzatu, berba egin.

MIRETSI, amiratu, admirar.

MOTZ, moztu.

MUGARRI, mojón, hito.

MUGIDA, mugimendu.

NABARERAZI, patentizar.

NABARI, evidente, patente.

NABARITU, notar, percibir.

NAGUSIGO, nagusitasun.

NOSKI, naski, ciertamente, claro está.

OHART, ohartu, observar, prestar atención.

OHARTARAZI, advertir, hacer notar.

OINESTRUKTURA, azpidura, infraestructura.

OLA, fabrika.

OMEN, ei.

OPOR, bakantza, vacación.

OSTEAN, ondoren, ondoan, atzean.

OSTERA, ordea, berriz; viaje.

OSTERAKO, para después de.

OSTERANTZEKO, diverso, distinto.

OTSAIL, zezeil, febrero.

PARADA, ereti, abagadune, ocasión.

PARTZUERGO, participación, sociedad.

PERTSONAIA, personaje.

SAL, saldu.

SENTIKOR, sensible.

SOIL, mero, simple, escueto.

SOILKI, meramente, simplemente, solamente.

SORO, solo.

TANKERA, taxu.

TXARA, jaral, manigua.

UDAL, ayuntamiento, municipio.

UKAN, izan (trantsitibo).

UNAI, behi-jagole, vaquero.

URRATS, pauso.

URTARRIL, enero.

URUN, irin.

XEDE, propósito, fin, objetivo.

XEHETASUN, detalle.

XERKATU, investigar.

XERTATU, eztitu, ingertar.

XURGATU, zurgatu, edoski, mamar.

ZALANTZA, ezbai, duda.

ZENBAIT, batzuk.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZINEZ, benetan.

ZUZENBIDE, ciencia del derecho.

II. Idazleei ohar bi

1. Idazle guztiei eskatzen diegu, aldizkari honetan argitaratzeko igortzen* dauzkiguten idazlanak, otoi, makinaz eta lerro bitara eginak bidal dietzagutela.

2. Ez da egoki eta itxurazko, beste aldizkari batean argitaraturiko artikulu bera gurean ere agertzea.


Ezagutu geure Herria (29)

Ega-goiti

Ba da ibai bat Euskal Herrian, Ega (aintzina Aiega) izena dauana. Arabari jaiotzen da, eta bere arrorik* gehiena Nafarroako zati berezi batean hartzen dau, Lizarrako merinaldean*. alegia*.

Ega hau, batzuen ustez, Lagran aldean jaiotzen dan adarra da; beste batzuentzat, Arraia haranean* jaio eta Aranatik datorrena ei* da. Baina, leku batean zein bestean jaio, azken batean Arabako eskualde* bat osotzen dau ibai honen goialdeak. Diputazioak bere zatiketan «Montaña Alavesa» deitzen deutso eskualde honi; baina Hurizaharra, Pipaona eta Arluzea-Markiniz ere sartzen ditu bertan, Trebiñoko Konderriak gauzak aldrebesten ditualako.

«Montaña Alavesa» izen hau gaurko Diputazioko teknikoek ere ez dabe atsegin, gauza garbirik adierazten ez daualako, mendiak Arabako beste toki batzuetan ere hain ugari direlarik. Guk, teknikoei aditzera emanda gero, «Alto Ega», euskeraz «Ega-goiti», deituko deutsagu; hain zuzen ere, lehen aipatu bezala, ibai horren goialdea hartzen daualako, bost udaletan* banaturik: Maeztu (Arraia harana), Kanpezu harana, Arana (Valle de Arana), Bernedo eta Lagran. Guztitara, 339,43 m.2 eta 5.128 bizilagun. Ega-goiti ibai arroan, Nafarroakoak diren beste lau udal ere ba dira: Uxanbilla (Genevilla), Cabredo, Marañón eta Lapoblación; laurok Kodes mendikatetik Araba aldera aurkitzen dira, Lagran eta Bernedotik igarotzen dan Egaren ibarretan*.

Iparraldetik, Entzia mendikateak, Urbasaren hasierak, mugatzen dau eskualde hau. Hegoaldetik, Kantabriako mendikateak mugatzen dau Errioxagaz. Ekialdetik*, Kodesko mendikateak eta Arana eta Lana haranen arteko mendiek mugatzen dabe. Mendebaldetik*, Izkizko mendikateak.

Eskualde honek huribururik behinena* Kanpezuko Santi Kurutz dau. Berau da herririk handiena, bai eta bide kurutzea ere; eta Egaren hiru adar nagusiek bat egiten dabe bertan.

Eskualde honek bide onak ditu. Esate baterako, Gasteiztik Lizarrara* doana, Egileta-Azatzeta gainean eskualde honetan sartzen dana, zabala eta egokia da. Nafarroako lehen aipaturiko herrietatik zehar nahiz San Romandik zehar, Bernedotik Santi Kurutzera doazenak ere ondo dagoz. Berdin, Agurainen (Salvatierran) hasi eta Aranatik zehar Santi Kurutzera jaisten* dana ere. Erregebideen arazoa Arabak ondo zaintzen dau. Baina Eibarko Maltzagatik Lizarrara, Gasteiztik zehar, doan trenbidea kendu egin dabe oraintsu, eskualde hau komunikazio hori gabe utzita. Inoiz entzuna dogu, Bilbotik Gasteizera eta Lizarratik Azkoienera (Peraltara) trenbiderik egin balitz, Bizkaiko huriburutik Barcelonarakoa eskualde honetatik igaroko zala, eta ez Mirandatik. Bestelako aurreramendua emongo eutson Araba eta Nafarroako hainbeste zati galanteri, eta euskaldungoari ere gurpil* indartsua.

Ekonomi aldetik baserria da gehienbat. Santi Kurutzen, Antoñanan eta Maeztun ola edo lantegiren bat aurkitzen dogu: urun*, oihal eta edari olak Santi Kurutzen, eta asfaltu ola Antoñanan. Diputazioaren plan berrietan, Santi Kurutz, Maeztu eta Bernedo dira desarroilatzekoak. Gure ustez, Antoñana ere toki egokian dago.

Baina, beharbada, Arabako eskualdeak desarroilatzeko, beranduegi izan leiteke. Jendeak herrietatik alde egin dau, gehienek Gasteizera; eta, jende barik, zaila da herrien desarroilatzea. Teknikoak lehentxoago konturatu behar ziren, Gasteizen aurreramendua bakarrik haintzat hartu barik. Herrietan jende zaharrak bakarrik ikusi ditugu aste egunetan. Jai egunetan mugimendu gehiago ikusten da: aste barruan beste toki batzuetan lanean ibili eta larunbatetan* etxera etorri direnek aldatzen dabe apur bat herriko baretasun tristea.

Lehen, eskualde honen bost udaletarik lau Nafarroakoak izan ziren, Lizarrako merinaldekoak. Arraia harana bakarrik izan da beti Araba.

Euskera aspalditik galdua da. Baina eskualde honetako Sabando herrixkakoa zan Aita Gamiz Jesuita, XVIII mendeko* euskal idazlea. Laster argitaratu beitez arabar euskaltzale argi honen lanak. Jesuitek dabe hitza. Uste dogu, Aita Goikoetxea-Maiza ba diharduala arlo horretan.

Arraia

Arraia haraneko herrixkek osotzen dabe udal* hau, Maeztu huriburu dala. Udalak ere Maeztu izena daroa; gure ustez, gaizki, haranaren izena hartu behar eban eta. 122,50 km.2 eta 1.447 bizilagun. Herrixka honeek hartzen ditu: Aletxa, Apellaniz, Arenatza, Atauri, Azatzeta, Zikuxano, Korrez, Ibisate, Leortza, Maeztu, Musitu, Onraeta, Erroitegi, Sabando, Birgara-goiti (Vírgala Mayor), Birgara-beiti (Vírgala Menor). Lehen Aletxa, Leortza, Zikuxano, Musitu, Ibisate eta Arenatzak Laminoria haraneko udala osotzen eben. Laminoriako herrixka honeek oso lur eskaseko eta pobreak dira. Bertan asfaltu meak* dagoz. Beste herrixka batzuetan ere ba dagoz, eta, esate baterako, Korrezen egon zan lehenengo asfaltu ola*.

Udal hau baserri ekonomiduna danez gero, interesgarria da, beti bezala, lurren banaketa: lur landuak 1.175 Ha., landu gabeak 1.914 Ha., baso 5.216 Ha., larre eta txara* 1.400 Ha., larre eta landa 2.333 Ha., ezertarako ez diren lurrak 108 Ha.. Baserriak ez dau hemen berriztatze gehiegi egin; eta lurrak mila zatitan bananduta aurkitzen dira, produzioaren kaltetan. Hain baso ta larre ugari izan arren, abelgorri* gutxi dauka. Herritxoetako auzo-alkatetzak, euren «Junta Administrativa» delakoekin, herri-basoez baliatuko balira, abelgorritzak aurreramendu egoki bat izango leuke. Industri aldetik, Maeztuk kondizio egokiak ditu: bide, ur, argi indar, zelai eta abar.

Arana

39,225 km.2 eta 700 bizilagun. Alda (huriburua), Kontrasta, San Bizenti eta Uribarri-Arana dira haran honetako lau herriak. Haran hau oso goian dago (819 metro). Horregatik patata lur ederrak daukaz: 13.000 kilo hektareako hartzen dira. Lurren banaketa honan* dago: lur landuak 680 Ha., landa 742 Ha., larre eta baso 2.610 Ha., zuhaizti 147 Ha., ezertarako ez diren lurrak 423 Ha.. Horrez galnera, 4.000 Ha. ditu patzuergoan* haran honek, Arraiako Erroitegi eta Onraetakin, eta Agurain* eta Azparrenarekin batera, Entziako Partzoneria deritxona. Larre eta basoek ematen daben aukerarekin, ez dago behar zan beste abelgorri ez ardirik. Basoek ematen daben egur aberastasuna ere ez da aprobetxatzen haranaren aurreramendu egoki baterako, ganorazko* ordenatze baten faltaz. Haran hau, XIV mendeko Nafarroako zatiketan, Lizarrako merinaldearen parte bezala agertzen jaku.

Lagran

31,206 km.2 eta 346 bizilagun. Lagran berak eta Villaverdek osotzen dabe udal* hau. Kantabria mendikatearen ostean*, zelai eta baso politekin, haran eder batean dago. (Ez ote zan herri honen izen zaharra, Lagaran?). Lurren banaketa: lur landuak 650 Ha., larre 1.364 Ha., zuhaizti 957 Ha., bide eta ezertarako ez diren lurrak 2.471 Ha.. Lur landuetarik erdia baino gehiago (350 Ha.) patatara ereiten da. Hektareako 30.000 kilo hartu diren urtea ere egon da. Hazitarako patatarik famatuenetarikoa herri honetan hartzen da. Abelgorriak gehitzeko asmoetan hasi da jendea, eta ba dagoz horretarako toki egokiak. «Concentración parcelaria» egin danez geroztiz, baserri aberastasuna gehituaz doa. Herrixka polita benetan Lagran, kale garbi eta argiekin, gure artean, bereziki* Araban, ikusten ez dan txukuntasunagaz.

Bernedo

46,26 km.2 eta 733 bizilagun. Herrixka honeek hartzen ditu: Angustiana, Bernedo, Nafarrete, Villafría (Huriotza?) eta Kintana. Baserri udal hau ere Kantabria mendikateak mugatzen dau Errioxagaz. Ega ibarrean solo aberatsak ditu, «concentración parcelaria» dalakoagaz aprobetxatze hobeagora joango direnak. Lurren banaketa: lur landuak 1.310 Ha., larreak 602 Ha., zuhaiztidun larreak 2.505 Ha., ezertarako ez diren lurrak 109 Ha.. 1476. urterarte, Nafarroakoa izan zan herri hau. Bertako semea da, eta horregatik ezagutzen da gehienbat* Ogeta pelotari famatua. Aintzira* bat egitekotan dira, Lagrandik herri honetara bitartean. Aintzira horrek, Bernedoko lur aberatsak erregatuz, etorkizun izugarria ekarriko leuskio udal honi.

Kanpezu

99,75 km.2 eta 1.872 bizilagun. Santi Kurutz, San Roman, Urbisu (Orbiso), Buxanda eta Oteio dira haran eta udal honetako herriak. Eskualde guztian, udal honek ditu bizilagunik gehien, eta hazteko aukerarik hoberena ere bai. Beronen huriburua, Santi Kurutz, Arabako planifikazioan, industria ezartzeko tokia da. Horrez geinera, turismo aldetik ere ba dauka etorkizuna. Udan hainbat jende joaten da bertara, eta udatiarrentzat ba ditu jolas leku, igertoki* eta abar: Kondairan zehar, askotan agertzen da herri hau, Nafarroa eta Gaztelaren burruketan batez ere; eta Iruinaren barrutian egon zan XIV mendearen ia azkenerarte. Udal honek euki leike etorkizuna beste arrazoi bategatik ere, Lizarra ta Gasteizen bide erdian baitago, eta eskualdeburu izateko posibilidadeak ditu ta.

J. L. LIZUNDIA