ANAITASUNA

207 zenb.

1971. martxoaren 15 ekoa

Jardin Txikerra, 1 BILBAO-12

Tel. 43 18 37


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari: Anjel Zelaieta.

Zuzentzaile: Imanol Berriatua.

Idazkola ta banakola: Jardin Txikerra, 1. Bilbao (12).

Inprimatzaile: Juan José García, Joaquín Jáuregui, Jesús María Tafalla, Gabriel García eta José María Belmonte, AMADO inprimerian, Bilbon.

Irarle: Gil Díez eta Manuel Barrera, RALI etxean, Bilbon.

XIX urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Kultura bideetan

Gure Herria egiteko biderik garrantzitsuenetakoa kultura dela

uste dugunok, ba dugu zer esanik asko gai honetaz.

Gaur sail berri bat zabaldu nahi nuke ANAITASUNAn, euskal irakurle guztiek gure Herriko kultura lanen berri ukan* dezaten: alfabetatze eta euskera lanen berri bereziki*. Gure Herria txikia izanik ere, maiz*, bakarki eta elkarren berri jakin gabe jokatzen dugu honetan, eta hori kaltegarri zaiku.

Euskal Herriak ba du bere kultura. Baina gaur euskalduna aspalditik deskulturatuta dago, eta birkulturatzeak guztion lan batua behar du. Kultura, gizona bereaz eta inguruaz jabetzea baldin* bada, gaur geure Herria kulturatzeko, bitarteko bi jarri behar ditugu:

Lehenik, egokitu egin behar dugu kultura, dastatzeko* eta asimilatzeko prestatu. Honetan, hain aipagarri diren inbestigazio lanak eta beste euskal lanak aipatu behar ditugu. Egiteko berdinean sartuko lirateke, inguruko kulturaz aberasten gaituzten itzulpenak.

Bigarrenik, euskal kultura hartzeko gaitu egin behar dugu euskal gizona, alfabetatze lana eginez, euskera irakatsiz, hitz batez, kulturaren funts* eta lehen oinarriak ezarriz. Hala ere, kultura ez dut esandako neurrietara mugatu nahi. Kulturak ba ditu beste aurpegi batzuk* ere (JAKIN, 34). Baina hemen, aipatu dugunaren gorabeherak bakarrik arakatuko* ditugu, geure kulturaren alderdirik ahulena* eta motelena, alegia*.

Inbestigazio lanak eta beste euskal lanak alde batera utzirik, gaur alfabetatzea aipatuko dut, beronen berri lehen bai lehen ematea komeni da ta. Alfabetatzea, euskal gizona kulturatzea eta kultura hartzeko gai egitea dela esanen* nuke. Garrantzitsua, beraz*. Herri kulturaren kontzientziarik hartu gabe, ez dago Herri egiterik.

Alfabetatzearen historia labur* bat egin nahi badugu, 1966.era jo beharko dugu. Rikardo Arregi Andoaindar kementsuak (G. B.) presentatu zion Euskaltzaindiari «Jarrai» taldeak egindako projektua.

Geroztik, Euskaltzaindia bera arduratu zen alfabetatzeaz, Irigarai buru eta Rikardo sekretario zela, batzorde* bat sor eraziz.

1967.ean, Gipuzkoa guztian egin ziren saioak: Donostia, Berastegi, Tolosan... Euskaltzaindiak 200 bat txartel zabaldu zituen, txarteldunak alfabetatzea emateko gai izendatuz. Gaur alfabetatzeak hiru zati ditu: Antolamendu ofiziala, maila teknikoa (bulegoak*), eta Herria.

Hau honela ikusirik, zenbaitek* gauzak leunago aurki ditzake. Baina, hain garrantzitsu den ekintza honetan, oztopo latzak aurkitzen ditugu, batez ere azken maila bietan, aurrerantzean aztertuko ditugunez: textuak, euskera batua, ekonomia, ikasleen iraupena, eta abar.

Orain, euskal kulturaren akats batzuk gainditu nahian ari gara. Gure kultura jarraipenik gabea da, eta gehienetan anarkista. Hau zuzentzeko, bulego* bi sor erazi ditugu, bata Donostian eta Bilbon bestea.

Bizpahiru hilabete direla, irakasleak prestatzen hasi ginen. Gipuzkoan: Donostia, Goiherri eta Tolosan. Bizkaian, eskualdeka egiten ari gara: Gernikan, Derion eta Arratian hogei inguruko taldeetan, Durangon berrogeitsuko taldean. Ene eritziz, erantzuna ona da; baina arazo gogorrak gainditu behar ditugu, lan honen frutuak batu gura baldin* baditugu.

PATXI ELGEZABAL

dezaten, daien

ditzake, daikez

zaiku, jaku, zaigu

zion, eutson


Herriz herri

Arratia

Otsailaren* 4ean, Santa Ageda bezperan Euskal Herrian ohitura dan legez, kantatzen irteten da kalerik kale. Hona hemen, ba, zelan Arratiko herrietan ere, egun horretan, kantari taldeak ikusi genduzan. Lehenengoz, Arratiko taldea aipatuko dot. Zer jazo da aurten talde honegaz? Ez dakit zihur; baina aize on batzuek dinoe, igaz aurrerantza eroan ebenak, aurten baztertuta uzteko ahaleginak egiten ibili direla zenbaitzuk. Ni ere, egia ote dan nago. Hor ikusten da, euren harrokeriagatik baino ez zirela ibili, beste urte batzuetan, talde hori zuzentzen eta aurrerantza eroaten; baina ez, beharrizana dabenentzat laguntza bilatzen. Herri bateko alkate andreak ere debekatu egin eutsen kantatzen. Zergatik?

Zeanurin, hiru talde ibili ziren; bi hurikoak eta beste bat Ipiñaburukoa. Eskola Profesionalak beste talde bat atera eban, eta Arratiko herri guztietan ibili ziren kantatzen.

Areatzan* ere hiru talde ibili ziren, eta oso ederrak hirurak. Zoragarriena, ikastolako umetxoena izan zan: egundo ez da ikusi Areatzan holako talderik.

Parrokiako taldeak ere atera ziren, baina ez eben hain ondo kantatu. Kantari asko izan arren, gehiago itxaroten zan eurakandik. Mutil gazteen taldea ere aipatu behar dot oraindik. Aurreko urteetan baino askoz ere hobetoago, eta, nire ustez, armonizazio berriagaz.

Arratiko gazteek, Santa Ageda kantuetako zati honek dinoan legez jarraitzen dabe:

Santa Ageda bezpera dogu

Euskal Herriko eguna,

etxe guztiak kantuz pozteko

aukeratua doguna.

XIRI

Igorreko berriak

Igorre*, notizia bihurtu da azken hilabete honetan. Lapurrak jo ta ke ibili dira Arratiko berezko huriburuan. Hogei egunen barruan, hiru toki hoberenetarikoetan sartu dira: Bankoan, farmazian eta denda batetan. Gauza askorekin ez dira joan, baina...

Lehengoen gainera, beste dantzatoki zarratu bat inauguratu da. Eta beste bat laster zabaltzeko asmoa dago. Gazteria pozik baino pozago dago. Dibertsioa aseguratuta dauke Arratian neska-mutilek, inora ere irten barik. Orain problema bat gutxiago dagoenez, beste urte betean lotan gelditzeko moduan gagoz.

Kafetegi ta dantzatoki ederrez ondo hornituta dagoen herri honetan, «Beti Bizkor» taldeko gazteak eurentzako batzartoki bat bilatu ezinik dabiltza. Lehengotik irten beharra izan dabe, eta orain nora joan? Igorre guztian ez ote dabe lekurik aurkituko? Gazteok, ez bildurtu, eta aurrera!

Azkenez, Igorretarrok, zer jazoten da ikastolarekin? Noiz zabalduko dozue?

ZAMAKOLATARRA

Tolosa

Otsailaren* 14ean, Leidor zinema bete beterik, EZ DOK AMAIRU taldeak «Baga, Biga, Higa» sentikaria azaldu zuen, eta, hain zuzen, Anoetako Ikastolaren laguntzarako. Leidor Gipuzkoako zinetokirik haundiena delarik, 1.999 eserlekurekin, leporaino beterik zegoen. Ba genuen halako gogorik, aspaldi ez ikusitako artistok ikusi eta entzuteko. Eta, ikusi eta entzun genuenez, ez dute denborarik galdu EZ DOK AMAIRUkoek. Aski* lizateke esatea, jendea zoraturik geratu zela, halakorik berriz ikusteko zain, artistak berrizale eta aurrerazale agertu baitziren.

Biharamunean, astelehenean, pelota partiduak Tolosako Ikastolaren alde. Pelotariak: Botineau, Fourneau, Zinkunegi, Arregi, Lekunberri, Raul, Erro eta Aierbe. Jendeak, berriz ere, jatorki erantzun zuen, Beotibar frontoia bete beteaz.

Gorabehera askoren ondoren, jendeak Ihauteriak* ospatzea erabaki zuen, Tolosarrentzat ez baitira edozein festa bezalakoak. Karnabalak gure nortasunaren parte direnez, behar beharrezkoa dugu geure nortasun horri jarraitzea, gaur egun telebisioak, futbolak eta beste aurrerakuntzek denok ardiak bezala berdintzera jokatzen dute ta. Horregatik, gorde egin behar ditugu Ihauteriak diren bezala, herriak kalean egiten dituen bezala. Eta utz ditzagun organizazioak, tiobiboak eta tonbolak, gure Karnabalek ez baitute horrelakorik behar. Gainera, eta bukatzeko, problema mota guztiak konpontzeko, jokaera positiboek beti garrantzi gehiago izanen dute negatiboek baino.

J. J. IRAETA

Goizueta

Andres Narbarte bertsolaria hil da

Gaur lehenengo aldiz neure bizian bidaltzen ditut letra hauk, paperetan argitaratzeko.

Hasiera saminezkoa eman behar diot, zeren jakin erazi nahi dautzuet, Andres Narbarte (Xalto) gure bertsolaria, bere ateraldi azkarrekin hainbeste barre eragiten zeukuna, hil dela.

Aspalditxoan bertso lana utzia zedukan, osasunez ongi ez zebilen eta; maiz* burua pizka bat nahasten zitzaion. Lehengo larunbatean*, urtarrilaren bederatzian, arratsaldean, bere iralekura joan zen, ote edo inarra batzuk erretzera; eta suak uste baino indar gehiago hartu. Ezin itzaliz zebilela ikusi zuten auzokoek; eta lasterrean joan eta atera zuten suaren tartetik erre gabe; baina dena nekatu eta ebaindua*. Bere baserrirako bidean nabaritu* zuen, heriotza zetorkiola, eta esan zien: «Mutilak, lagun nazazue Aita Gurea eta Neure Jesukristo Jauna esaten, hiltzera noa ta».

Eta, esan bezala, bidean hil zitzaien. Igandean hilaren lur ematea izan genuen, eta herri guztiak lagun egin genion.

Nafarroako txapelduna izana zen; eta herri askotan, Goizueta, Leitza, Lekunberri, Lezaka, Iruina eta asko gehiagotan, lehenengo aterea zen.

Ba dakitzat haren gertakari batzuk oso xelebreak, neronekin bertso lanetan zebilela gertatuak; eta hurrengo aldian kontatuko dauzkizuet. Gaurkoan, bertsozale zareten guztioi Aita Gure bat bakarrik eskatzen dautzuet haren arimaren alde.

SEBEINO

(«Príncipe de Viana», 1971.eko otsaila)

Munitibar

Auzo eskolak

Munitibarrek hiru auzo eskola ditu: Berreiñokoa, Ganbekoa eta Gerrikakoa. Azken honetara Munitibar eta Bolibarko umeak doaz, Gerrikako auzoa herri bietakoa baita*. Gerrikako eskola Bolibarko lurretan dago, eta eskolaren ofizialtasun guztia Bolibartik datorkio.

Madrileko Irakaskintzako Ministeriotik, herriko Udalera* texto mordo bat bidaldu dabe, Berreiño eta Ganbeko eskoletarako. Besta herrietara ere bidalduko dabela uste dogu.

Inorantziaren eragina

Oraindino denbora asko ez dala, herritar batek hauxe esan eutsan alkateari: Etxeetara ura lohi heltzen zala, eta sekretarioari esateko. Inorantziak, askotan, bakoitzaren karguen zereginak aldrebestu egiten ditu. Batzuen eritziz, ez ei* da inorantziaren eragina. Ez dakigu, ba, zerena izan leiteken.

ERRAMON GERRIKAGOITIA

Elgoibar

Artikulurik onenak

ANAITASUNA, 205. zenbakia.

Lehenengo artikulua, «Ez kanta ez dantza», Xabier Gereñorena. Bigarren artikulua, «Sozialismoaren barneko gorabeherak», Amaia Lasarena. Lan honi buruz, hau azaldu nahi genuke:

Lehenengo: Poloniako Gomulka eta beraren laguntzaileak ez direla inoiz sozialistak izan. Horregatik joan da herria sistema edo klase horren aurka. Ez zegoen inon sistema sozialistarik, kontra joateko; eta, egon balitz, jendea ez zen jaikiko.

Bigarren: Sozialismoaren iraultza* ez dugu ikusten inon aldatzen ari* denik. Sozialismoa bat izan da, eta funtsean* bat jarraitzen du, eta halaxe jarraituko. Zientzia bat delako.

Euskerazko kurtsilloa

Kurtsillo honetan 80 bat lagunek parte hartu dute. Aste honetan amaitu da. Orduan, jarraipenaren arazoa planteatu zen; eta, guztiak ez badira ere, gehienak jarraitzeko asmotan dira. Benetan poz haundia ematen dauku.

TALDEKO BESTE MARISABEL

Galdakano

Hitzaldiak

Mariano Barrenetxea jaunak eraturik, hitzaldi batzuk emango dira Galdakanon, datorren apirilean, txistua eta alboka soinu tresnei buruz.

Orduko 40

Ba dira Galdakanoko herri barruan deigarri batzuk, «orduko 40» iragartzen dabenak. Hau da, toki horreetan orduko 40 kilometro baino gutxiagoko abiada eroan behar dala. Nork betetzen dau, deigarri horreek agintzen dabena? Edo nork bete erazi behar dau agindu hori?

Barrika

Apaiz berria

Otsailaren* 14ean, San Blas elizan, apaiz berri bat ordendu zan. Barrikatarra bera, Jon Koldobika Gernika Urrutia deritxona.

Kantauri Itsas bazterreko eliza txikia, jendetza haundi batek bete eban. Han egozen Barrikatar guztiak eta hainbat Berangotar. Apaiz berri hau Berangora joango baita* apaiz laguntzaile bezala, Berangotarrek hantxe egon gura izan eben.

Mezatan, apaiz talde batek eta Gotzain jaunak parte hartu izan eben. Gotzainak berak azaldu euskuzan zeremoniak, hitzaldi eder bat, euskeraz eta erderaz, eginez gainera.

Meza barruan, Barrikako neska talde batek eta Berangoko gizonek poliki abestu eben. Gainera, txistulari batzuek, eliza barruan, Euskal Herriko soinuak jo zituen. Irteeran, Berangoko ezpata dantzariek, Iñaki kementsuak zuzenduz, ondo baino hobeto dantzatu eben.

Amaitu baino lehen, ohartxo bat: Barrikan euskera gutxi entzun genduan. Nortzuk errudun?

AGARRAMENDI

Nabarniz

Aurreko urteetan legez, aurten ere, otsailaren* 14ean, txitxiburduntzi jator bat euki genduan Nabarnizen. Sekula baino jende gehiago agertu jakun herrian.

Gazteria franko etorri zan Ikazurietako auzotegira, inor bizi ez zan baserri batera. Gernika inguruko neska-mutil asko batu ziren bertara*, Nabarnizko dilijentzia zaharrean etorrita (batzuek ha autobus bat dala esan arren).

Gure irakurle batzuek, beharbada, ez dakie zer dan txitxiburduntzi dalako hori. Holakoentzat esan geinke hitz gutxitan, txorizo, urdai, solomo eta beste txerrikiak burduntzi batean sartuta, arrautza iribiatutan eraginik eta sutan erreta egiten dan janari gozo bat dala. Gainera, hobe ez, ardoa ugari egon zan, bai eta kanta eta dantza zenbatgura, eta, azkenean, txokolatada eder bat, frutazko mazedonia goxo goxo batekin batera.

Ez goaz besterik esatera. Inork gauza hobeto ezagutzeko gogorik badau, ez daiala birritan pentsa, eta datorrela hurrengoan Nabarnizera. Hau gutxi dala, hurrengoetan oraindino akelarre kutsu handiago bat emango ei jako jaialdiari.

Durangoaldea

Eskualdeko ikastolak

Eskualdeko* zortzi ikastolak zuzentzen dituen Batzordekoek haurren gurasoentzako berbaldi batzuk antolatu ditue. Entzun dogunez, «Herria eta Hizkuntza» gaitzat izan dauan berbaldia danen gustukoa izan da, bai gaiaren eta bai hizlariaren aldetik. Sikologiaz, pedagogiaz eta abar izanen* dira beste mintzaldi batzuk.

Izurtzako Elkartasun Eguna

Martxoaren 19an, hamaseigarrenez ospatuko dabe euren Elkartasun eguna eskualdeko txistulariek, Izurtzan.

Hauxe dozue egun horretarako antolaturiko jaialdia: Goizeko hamar ta erdietan, kalejira. Hamaiketan, txistulariek eurek kantatutako meza. Ondoren, Luis Albizu Ermuko txistulariaren zuzendaritzapean, txistu kontzertua.

Bukatzeko, eta boltsikoek ahal daben neurrian, bazkari bategaz amaituko dabe eguna. Herriko Udalak* diru laguntasuna eskaini* deutse.

Lehenengoz aurton eginen da holako jaialdi bat herri honetan. Beraz*, Mañaritarrak baino ez dira falta, eurei entzuteko. Izan leiteke, Jerikon bezala, txistuaren doinura...

Martxoaren 4ean hil izan da Gerenan (Mallabian), Juliana Aranburu, «Gerediaga» erakundearen* diruzaina izan zan Julian Zelaietaren ama, eta ANAITASUNA honen zuzendari dan Anjel Zelaietaren izeko ta amabesoetakoa.

J. A. A.

Abadiñoko Sanblasak

Abadiñon, joan diren urteetan, ez da jairik egin; baina aurtengo Sanblasetan, gazte talde bat organizadore izan dalarik, aurrera eroan da jai eraketaren ekintza. Taldeko gazteenek partizipazioa eskatu eutsen beste urteetan eratzaile izan direnei, jaiek behinolako* beste indar izan eien. Hiru-lau lagunek bakarrik erantzun eutseen. Zer jazo da beste askoren artean? Guztientzat lanik ez? Ala, urte biren barruan zahartu? Abadiñoko gazte batek baino gehiagok ez ote leuskioez itaun honeek egingo, joera hau euki dabenei?

Berton entzutetsu diren idi probak antolatu zituan Udalak hiru egunetan. Baina jaien eratzaileek, jakina, ez dabe parterik hartu honetan, ehun mila pezetatik gorako sarrera egon baita* probako egun bakoitzeko. Abadiñoko herriarentzat probaderoa toki aproposa da, besterik ez dabenez gero. Baina ez idi probak bakarrik; beste gauza asko ere egin leitekez urte barruan.

Jaiei azkena emateko, otsailaren* 14ean, euskal jaialdi bat antolatu eben gazteek, Txairo, Natxo, Itziar, Txomin Bengoa, Jon Enbeita eta Markina-Etxebarriko antzerki taldearen partizipazioaz. Jakina da, aurten lehenengo saioetariko bat zanez gero, jendea hurrengo baterako gosez atera behar zala, eta ez aspertuta, atera zan legez. Nik hutsune batzuk ikusi nituan, eta neure eritzia ematera noa, ez inor mintzeko asmoarekin, egiten dan kalteaz kontura erazteko baino.

Uste dot, jaialdiaren programa gaizki eratua egoela, probaderoa ez baita* leku egokia, antzerkiak egiteko. Programa luzeegia zan, eta gehiago luzatzeko eukera eman jakon. Bertan ikusi nituen talde berezi batzuek, euskal jaialdi batera joan beharrean, hobeto egingo eben, kalean jolastu balira, horretarako giroa ebenez gero. Batez beste, asko gara euskal artistei herrikoitasuna eta Euskal Herriko gorabeheren iragarle izatea eskatzen deutsegunak. Ez ote dauke eurek eskubide eta adorerik, herriari seriotasun pixka bat euki daiala esateko? Ala, euskal festibalak zirkoaren gisan hartu behar ote ditugu? Pentsa pixka bat, bai herriak eta bai kantariek ere.

Egia esan, Abadiñoko probaderoa ez da toki aproposa holako gauzetarako, kondizio akustikoak eta abar ez baitira egokiak. Baina, aurrez esan dogun legez, toki bakarra da, eta konponketa edo berriztatze bat egin behar. Nork egin behar dau? Herriko Udala* eta gazteak izan dira jaien antolatzaile. Udalak 12.000 pezeta eman deutsez gazteei, presupostua 35.000 pezeta ingurukoa izan da, eta sarrerek 30.000 pezeta edo utzi ditue. Udalak, berriz, idi probak antolatu ditu. Jakin dodanez, sarrerek 300.000-400.000 pezeta utzi ditue. Gelditu dan diruaz, ba ote dago asmorik, probaderoa datorren urterako kondizio hobeagotan ipintzeko, utilidade zabalago bat izan daian?

R. MARI ARTZA

«Cuaresma 1971» liburuxka

Durangoaldeko apaiz batek prestaturik, argitara eman izan da liburuxka bat, «Cuaresma 1971» izenburua daroana. Izenburuak aditzera ematen dauanez, Garizuma honetarako hitzaldi batzuk dira, apaizek eginak. Guztitara 34 orrialde ditu, eta multikopiaz egina dator. Apaizen artean sarritan gertatzen ez dana, aurretiaz zerbait pentsatua eta biribildua, paperetan jarri da.

Dana dala, erdera hutsean dator eta erdal pentsakeraz. Borondate ona eta burubide nahastuak datoz batera, Xabier Leteren «Poeta hoiek» eta «Viva la gente» izeneko kantak aukera berdinean jartzerainoko. Imigrazioa, kapitalismoa, «Juventud contestataria» eta holakoak aipatzen dira; baina, Euskal Herrian bizi dogunaren abstrazioa eginez gainera, «uste oneko» eritzitxo batzuekin garbitzen dira arazo latz horreek.

Uste dogu, hala ere, hurrengo urtean zerbait hobeagorik egiteko pauso onuragarri bat dala.

Urnieta

Xabier Urrujulegi zanaren aldeko meza

Martxoaren 21ean, igandez, goizeko hamaiketan, meza santu bat eskainiko* dute, Xabier Urrujulegi zanaren betiko zorionaren alde, hareri lagun eta euskal irakasle guztiek.


Euskaltzaindiko prentsa bulegoaren agiria

Otsailaren* 26an, Euskaltzaindiak bere hilabeteroko batzarrea egin zuen Donostian, Diputazioaren Jauregian.

Hona hemen batzarrean erabilitako gai nagusien berri laburra: «Gorputz» eta «soin» hitzei buruz txosten mordoxka bat irakurri zen, Irigoien euskaltzain jaunak aurreko batzarrean erabilitako gai bera ukituz.

Ondorean, Manuel Lekuona euskaltzain jaunak beste txosten* bat irakurri zuen, «asko» hitzaren gainean eta hitz beronen erabilkeraz.

Carlos Santamaria jaunak, Donostiako Ordezkaritzak* egingo duen hiztegiaz, berri interesgarriak eman zituen. Hiztegi hau, euskeraz idaztean maizenik* gertatzen diren oztopo eta akatsena izango da. Oztopo hoik garaitzeko, Ordezkaritzak bere gain hartu du, trebe direnei galdeak egitea, idazlerik hoberenen lekukotasunak* hartzea, eta abar. Hiztegi honek sail hauk ukanen ditu: Ortografia, morfologia, esannahi antzekoa duten hitzen erabilkera zuzena, joskera, idurizko mintzaira. Batzarrean orok* begi onez hartu zuten asmo hau, beronen premia eta garrantzia aitortuz.

Salbador Garmendia jaunak beste txosten* bat irakurri zuen, Donostiako Ordezkaritzak egiten dituen lanetaz: Salgai dauden euskal liburu guztien katalogo osoa, zortzi urte arteko eskola hiztegia, euskal izenei buruz agiriak, eta abar.

Era berean, Pierre Lafitte euskaltzain jaunak Baionako Ordezkaritzaren berri eman zuen, eta nola era berriko Euskal Gramatika bat antolatzen hasi diren.

Jose Maria Satrustegi euskaltzain jaunak berri pozgarri bat eman zuen: ikastolak, alegia*, bere ardurapean hartzen dituela Nafarroako Diputazioak.

Ondorean, Antonio Arrue euskaltzain jaunak beste asmo baten berri eman zuen: Gipuzkoako Diputazioak, alegia*, kultura sail edo elkargo* bat sortu nahi duela, Probintziako kultur altxorra* zaintzeko; eta, horretan, euskerari toki berezia emango zaiola. Hain zuzen, horregatik, Euskaltzainburua elkargo horren batzarkide izanen da.

Jean Haritschelhar euskaltzainburu-ordeak jakitera eman du, nola mugaz beste aldeko elkargoek*, Euskaltzaindiaren Baionako Ordezkaritza barne delarik, dei bat egin dieten herri bozketetako* kontseilarigaiei, euskera eta euskal kultura arazoak haintzat har ditzaten.

Bertsolari txapelketan araudia egiteko izendatu dira, Aita Zabala eta Juan Mari Lekuona jaunekin batera, honako jaun hauk: Izeta, Itzaina, Irigoien, Arrue eta Bordari.

Euskaltzainburugoak elkargoko lagun batzuen hilberria jakin erazi zuen azkenik: Diez de Tuesta, Luis de Jauregi (Jautarkol) eta Antoinette Lakarra.


"Irakur Sail"

Euskaltzale askok ez daki xeheki*, «Irakur Sail» zen den eta zertan dagoen; eta hoientzat prestatu dugu ohar hau. Gaur arte bost liburu argitara ditugu:

1. Larresororen «Sustrai Bila», euskal gramatikari buruzko lan bat.

2. B. Russell-en «Iritziak», filosofo famatuaren libururik funtsezkoena*, J. Forcada andreak itzulia.

3. Zubikarairen «Bizi Garratza» eta «Mendu Zaharrak» antzerkiak.

4. Albert Camus Nobel Sariaren «Arrotza», filme ezagunaren oinarria, J. M. Agirrek euskeratua.

5. Zakharov rusiar jakintsu ezagunaren ideia bilduma bat, «Lurraren Kondaira», X. Garmendiak prestatua.

Ondoko asteetan, bi liburu hauk* agertuko dira:

6. XVII mendeko* Oihenarte zuberotarraren euskerazko denen bilduma* («Atsotitzak» eta «Neurtitzak»). Prestaketa eta euskera osatuzko itzulpenak, Larresororenak dira; eta kondaira-hitzaurrea, E. Goihenetxerena.

7. Mikel eta Amaia Lasaren «Olerki Bilduma».

8. Levi Strauss estrukturalistaren «Arraza eta Kondaira» liburua, beste bi saiakerarekin batera, J. Apalategik euskeratua.

9. Jules Verne-ren «Munduaren itzulia 80 egunetan» nobela ezaguna, zinemara eramana.

10. J. L. Davant zuberotar ekonomistaren «Euskal Nekazaritza».

11. «Hego Amerikako literatura gaur», Mikel Lasak prestatutako lana.

12. Larresororen «Hizkuntza eta Pentsakera». Estrukturalisten ideien azalpen bat.

13. «Zuberoko Pastoralak». Gure teatro zaharrari buruzko bilduma bat; eta Iruriko Etxahunen «Berterretx» pastorala erakusgarritzat.

14. Freud-en «Totem eta Tabu» liburua.

15. F. Mauriac-en «Genitrix» nobela ezaguna.

Liburu hauk bi preziotan saltzen dira. Banako* normala Irakur Saileko abonatuei* 70 pezetatan saltzen zaie; eta dendetan 115 pezetatan.

Lanari diru trabarik gabe eutsi ahal izateko, abonatuen kopurua* haunditu behar. Gure lan hau begi onez ikusten duten euskaltzale guztiei egiten diegu dei bat, beren abonamenduaz lagun gaitzaten.

IRAKUR SAIL

Ferrerías, 1

San Sebastián

Aldez aurretik mila esker.


1970.eko euskerazko liburuei buruz

Batek baino gehiagok esan daut. 1970.ean euskeraz argitaratutako liburuak ANAITASUNAren 204. zenbakian zerrendatuak argitaratzean, zenbait* aburu* eta adierazpen ere eman behar nituela, gaurko egoeraren ezagugarri. Hala behar luke, zatika besterik ezean. Baina, holako gauza bat behar duen siriotasunez egiteko, denbora asko behar da; eta denbora da, euskal gauzetan sarturik gabiltzanok itotzen gaituena. Beraz*, niri behintzat ez zait posible, liburu guztien xehetasunak* ematea, ez eta euskeraz argitaratzen diren liburu guztiak irakurtzea ere. Eta aspaldiko urteotan, gogozko ditudanak bakarrik irakurtzen ditut.

Hala ere, emango ditut zenbait* eritzi, euskal literaturak, daraman* ekintzan, 1970.ean izan duen gorakadaz, zertzelada* azaletiko batzuk bederen*.

Lehenbizikoz esan behar dut, zerrenda hura argitara ondorean, urte horrekin zabaldu dela beste liburu bat ere: Manuel Lasarteren Bertso mordoxka, Tolosako «Auspoa»k emana, eta argitarazle honek 1970.ean eman duen bertso libururik hoberenetako bat noski*, Azkoitiko eta Bidasoa aldeko bertsolarien bildumekin* batean. Baina, hala ere, orotara*, «Auspoa»ko bertso bildumak beste urteetakoak baino eskastxoagoak izan dira. Ahozko literatura zahar hau gure herriari nortasun handia ematen diona da; baina bildumok, azken aldera, garrantzirik gabeko bertso txarrez horniturik ikusten ditugu.

«Lur»ek berea ondo bete du, batez ere sozial gaietan. Sagarnaren Soziologiaren hastapenak ikasbide eder bat da. Honez gainera, Mendebaleko ekonomiaren historia.

Itzulpen interesgarririk ere egin da: Kafka, Russell, Fanon, Sánchez-Silva.

 Batasunaren kutxak ez du izan behar zuen ainako* harrera. Beharbada, gehiegi kargatu da kutxa, erraz irentsi ahal izateko. Hiztegiak berak ere orraztu bat hartuko luke. Sustrai bila, kutxa horri lagungarri datorkio bere funtsean*, inork besterik uste badu ere. Eta ez haserre!

Literaturan gauza berriak sortzean, beharbada aurretiko bi urteak interesanteagoak agertu ziren; baina, hala ere, uzi dugun urte hau ez da izan txiroa*. Hor ditugu Lertxundiren Hunik arrats artean, Miranderen Haur besoetakoa (oraingo lana ez bada ere) eta Gereñoren Argi bat iluntasunean. Eta antzerkiaren aldetik, Zubikarairen biak, bide berririk ez badakarte ere.

Autore zaharrek leku berezia izan dute urte honetan. Gazteen artean lehengo balioak ezagutzera emateko hain egoki datozen argitalpenak, hauk* izan dira: Leizarragaren Euskal protestantismoa, Ziburuko Etxeberriren Noelak, Mogelen Peru Abarka («Trauko» delakoak, hain ongi ikusi ez badu ere, jakin dezala, Etxeberri, Mogel eta Daskonagerre argitaratzea pentsatu eta bultzatu zuena neu izan nintzela; eta bata ondo badago, bestea ere hala izango dela, formazko kontzeptu batzuk* gora-behera), Daskonagerreren Atheka-gaitzeko oihartzunak (lehen euskerazko nobela hau, bere ehun urte betetzean). Azkenik, hain autore zaharra ez den baina toki berezia merezi duen Lizardiren Biotz begietan (guk dakigula, «Itxaropena»k urte barnean atera duen liburu merezigarri bakarra).

Gure literaturarentzat garrantzikoa den itzulpen bat ere ba da: Elémir Bourges-en Gonzalve edo Ostatu betea, Lafittek itzulia. Egileak berak dioenez, Euskal Herrietan herriz herri ematen ziren antzerki batean ditu bere oinarriak; eta guk orain arte ezer gutxi, edo batere ez, ez genekien geure antzerki zahar hoien berririk. Erderazko «entremés»en erakoak, noski*.

Literatura saiakera eder bat ere agertua da: Patxi Urkizuren Literatura eta kritika. Ba da bertan orotarik, erizlari* aipatuenen aburuak jasotzen baititu. Punturen batean egilearen jokabidearekin ez nagoela esateak ez dio ezer kentzen lan eder honi. Aburu* zehatz bat emateko, lana zehatz aztertu behar omen* da; baina bera ere erori* da, hori horrela ez betetzean. Hemen luze joango litzaiket xehetasun hoietan sartzea, eta beste baterako uzten dut. Gainera, ez da liburu mamitsu honetan hain garrantzitsua, diodan puntu hau.

Kultura sailean lan handia egin da. Euskal kulturaren barnetik noiz baino lan gehiago euskeraz (asko euskera-erderaz badaude ere, lehen erdera hutsean argitaratzen ziren erakoak): Barandiaranek Estelas funerarias del País Vasco, bi hizkuntzetara; Joan Garmendia tolosarrak Euskal esku-langintzaz bi liburu; Bizkaiko dantzak, eta abar. Zibilizazioaren kultura orokarrean*, «Margo ederdun enziklopedia»k, gaztetxoentzako, bere bidea jarraitu du: botanikaz, Lakoizketarik izan ez balitz bezala; perretxikoei buruz, Telesforo Aranzadi mundura sortu ez balitz bezala, eta abar. Martxa horretan, biharko ihiztariek* ez dute jakingo ormatxoria* txantxangorriagandik* bereizten, eta perretxiko zaleek hobe dute jaramonik ez egin, beren tripetako minez larri ikusterik nahi ez badute. Baina lan seriorik ere egin da. «irakur Sail»ek, bere argitalpenak hobetzean, lan interesante eta sakon bat eman dauku: Lurraren kondaira, Zajarova-ren lanean oinarriturik, Salbador Garmendiak egina.

Gorabeherarik interesgarrienak adierazi arren, ene uste partziala agertzen dudala aitortu behar, zeren* gogozkoak bakarrik irakurri baititut.

Azken bolada* honetan, gauza bat dugu argi eta garbi: oraingo gazteek, etimologia jolasak, euskeraren edertasunak erderaz, euskaldunen jatortasuna ere besteren hizkuntzan, eta holako gaiak bazterturik, eta, batez ere, gu onenak garela esan gabe, inoiz espero ez genuen aurrerapena eman diote euskerazko literaturari, adinekoei* beste jolas hoik* utziz. Hau txalogarria ez bada, ukatzen dutenek esan dezatela, zer hoberik eskaintzen* duten.

Lehengoak, poeta bat ba genuela ta, ahoa zabalik berari begira gelditzen ziren. Nobela bikain bat euskeraren edertasunez genuela ta, inongo gizakumerik ederrenaren erditzea* eman genuenaren uste osoan lotaratzen ziren. Bapo!

Orain, lan eder batek beste bat dakar ondorean. Era batekoak beste era batekoa sortzera bultzatzen du. Eraginkor, dinamika baten barnean sartuaz doa gaurko literatura. Beronen zaparrada onurakorrak* atertu gabe irauten badu, fruturik aski* izanen* dugu, hizkuntza bat behar duen dignidadean jartzeko.

JUAN SAN MARTIN

daude, dagoz

dauku, deusku, digu

daut, deust, dit

dezala, daiala

dezatela, daiela

dio, deutso; dino

diot, dinot

diote, deutsoe

litzaiket, litzakit, litzaidake

zait, jat


Euskaldungoa

«Ez dok Amairu» Iruinean, Tolosan, Uztaritzen eta Bilbon

Otsailaren* 21ean, «Ez dok Amairu» taldekoek euren «Baga, Biga, Higa» sentikaria egin izan dabe Iruinean, Gayarre teatroan. Tokia jendez gainezka egoen.

Otsailaren 20an, Lapurdiko Uztaritzen gauza bera egin eben, Sarasola, Eñaut eta Etxamendi kantariekin batera, Ihauterietan* parte hartzen ebelarik.

Otsailaren 13an, Gipuzkoako Tolosan jardun eben, Leidor teatroan. Hemen ere, jendea gainezka egoen entzuten.

Martxoaren 6an, larunbatean, Bilboko «Santiago Apóstol» aretoan* egon ziren, «Baga, biga, higa» jokatzen.

«Gazte» 24

Herri Gazteria» kristau erakundeak* argitaratzen dauan «Gazte» aldizkariaren 24. alea agertu berria da. 91 orrialde ditu eta multikopiaz egina dator, oso osorik euskeraz. Hona hemen haren aurkibidea: Langileria ta iraultza*, Ekintzaile ta mugimendua, Mugimendua ta klandestinidadea, Askatasunaren Jainkoa, «Pizarras Sarasola»n gertatuaren berri, Herrietatik berriak, Emigranteak burrukan, Dominazio burgesa, Informazioaren garrantzia, Gaztetxo ikasleak iraultza bidean, Arduraduna ta gaztetxoa, Munduan zehar, Mugimenduko berriak, Hiztegia. Eskatzekotan: «Gazte», Guetaria 15, San Sebastián.

Irungo literatur sariketa

Gipuzkoako Irunen, literatur sariketa bat antolatu izan dau «Caja de Ahorros de Guipúzcoa» erakundeak*. Euskeraz egindako poesientzat 50.000 pezetako saria dago, eta beste 50.000 pezetakoa erderazkoentzat. Ba dira beste sari batzuk ere erderaz egindako saio ta nobelentzat. Uztailaren* 30a baino lehenago presentatu behar dira lanak. Argitasun gehiagorako: C.A.P.G., Garibay, 13, San Sebastián.

Soinu ta dantza jaialdia Iruinean

Otsailaren* 20an, dantza ta soinu jaialdi bat izan da Iruinean, «Oberena» taldeak eraturik, Labrit frontoian. «Santa Cecilia» orfeoiak, «Oberena» taldeko dantzariek eta Iruineko orfeoiak parte hartu eben. Aita Donostia, Guridi, Zubizarreta, Erzilla eta Gorosabel jaunen abestiak kantatu ziren. Dantzariek Bizkaiko Aurreskua, Ezpata Dantza eta Euskal Irudiak izeneko dantzak egin zituen.

Iñaki Linazasoro, saritua

Otsailaren* 13an jaso izan eban Iñaki Linazasoro jaunak «Confrerie des Chevaleries» izeneko saria, Biarritzen. Sari hau, errekak garbi eukiteko ahalegindu direnei ematen jake.

«El Bilbao de Alejandro de la Sota» liburu berria

Angel Ortiz de Alfau jaunaren zuzendaritzapean, «El Bilbao de Alejandro de la Sota» izeneko liburu bat prestatu izan dabe Alfonso M. Moreno, Baron de Güel, J. R. Mendiola, J. Echevarría, E. d'Ors, J. de Zugazagoitia, J. de Bengoechea eta R. Ossa Echaburu jaunek. Alejandro de la Sota jaunak ahalegin haundia egin eban Bilbo ingurua industrializatzen, eta abertzalea izan zan.

Elkarrizketan

— Euskera al da Euskal Herriko arazorik nagusiena?

— Ez.

— Behinena?

— Ez eta.

— Zer da, ba, orduan?

— Hil edo bizikoa.

Ikastolaren alde Bergaran

Gipuzkoako Bergaran, 18.000 pezeta batu izan ditue, Santa Ageda kantak etxerik etxe kantatuz. Dirutza hori «Juan de Elizalde» Ikastolari laguntzeko eman izan dabe. Ba goaz zerbait ikasiaz!

Teatro saioak

Nafarroa Behereko Lakarra herritxoan, Telesforo jaunaren «Menditarrak» teatro lana jokatu izan da, otsailaren* 20 eta 21ean.

Era berean, Larzabal jaunaren «Roxali» teatro lana jokatu izan da, Iholdi, Hazparren eta Donibane Lohitzunen. Jakina dan bezala, Telesforo Monzon eta Piarres Larzabal dira Ipar Euskal Herriko teatrogilerik indartsuenak.

Julio Caro Barojaren mintzaldiak

Otsailaren* 1ean, Julio Caro Baroja etnografo ospetsuak hitz egin izan dau Donostiako «Forum Larramendi» dalakoan, «Medievo vasco» gaiari buruz. Julio Caro Baroja euskal etnografiaz gehientsu dakian gizona da, eta haren «Los Vascos» liburua oso jakingarria da.

«Venecia-Saturraran» euskal kanta sariketa

Datorren uztailaren* 28an, «Venecia-Saturraran» izeneko kanta jaialdi ta sariketa ospetsua egingo da Saturraranen (Motrikun), Venecia izeneko jaitokian. Kantuek euskeraz eginak izan beharko dabe. Lehenengoarentzat 75.000 pezeta dira. Bigarrenarentzat 50.000, eta hirugarrenarentzat 25.000. Argitasun gehiagorako: Apartado 1.148, Bilbao.

Inkestari erantzunak

ANAITASUNA honetan agerturiko bigarren inkestari hainbat irakurlek erantzun izan deutso. Oraindik (gaur martxoak 5 ditu) hainbat erantzun jasotzen ditugu. Uste dogu, gehiago ere etorriko direla. Dana dala, martxoaren 30ean hasiko gara erantzunok aztertzen, apirilaren 15ean jendearen eritziak argitara emateko.

Bertsolariak Añorgan

Gipuzkoako Añorgan, bertsolarien jaialdi bat izan zan, martxoaren 7an, igandez*, goizeko hamaiketan. Lopategi, Azpillaga, Lazkaotxiki, Lasarte, Xalbador eta Mattinek jardun eben, eta «Orixe» zanaren iloba dan Aranalde apaizak zuzendu eban jaialdia.

Deban, euskal ikastaroa Oñatibia jaunaren gidaritzapean

Gipuzkoako Deban, hasi berria da ikastaro bat, Oñatibia jaunak zuzendurik, «Nuestra Señora de Iciar» ikastetxean, euskeraz ez dakienentzako.

«Navarra como Reino» hitzaldia Iruinean

Nafarroako Unibertsidadeak eraturik, Jose Maria Lakarra jaunak hitzaldi bat eman izan dau martxoaren 3an, «Navarra como Reino» gaiari ekinez, Iruineko «Museo de Navarra» etxean. Nafarroako Unibertsidadea (Navarrorum Studiorum Universitas) «Opus Dei»koena da: nahi badozu, zorionez; nahi ez badozu, zoritxarrez.

Ikastola eta euskerazko meza, Tafallan

Egunez haurrei eta gauez nagusiei, Nekane Zelaieta eta Gotzone Eizmendi andereñoek ematen deutseez euskerazko eskolak. Ikastola honek ez dau oraindino berebiziko gelarik. Iruineko «Diario de Navarra» egunkarian, joan dan otsailaren* 19an, eskari bat egiten eutsen Urroz jaunak bai herriari eta bai Udalari*, ikastolarentzat gela berezi bat prestatzeko.

Otsailaren 13an hasita, euskeraz eta erderaz emango da meza bat, larunbatetan*, Aita Eskolapioen elizan, iluntzeko 8etan. Sinestu ezina!

Bertsolariak Seguran

Gipuzkoako Seguran, bertsolariak izan dira, otsailaren* 27an: Lazkaotxiki, Lazkano, Agirre eta Uztapide. Jaialdi hau «Txoritegi» taldeak eratua izan da, Gregorio Elorza jaunaren gidaritzapean. Bertsolaritzaren bitartez, sendotu nahi izan da euskal giroa, eta, bide batez, bai ikastolarentzat eta bai «Txoritegi» elkartekoentzat dirua bildu*.

Linazasoro jaunaren hitzaldia

Martxoaren 1ean, hitzaldi bat eman izan dau Linazasoro jaunak Gasteizen, «Así es el País Vasco» gaiari jarraituz. Fotografia erakusketa bat ere egin eban.

Arantza Hurtado de Saracho anderearen midiku-lanak

Bizkaitarra jatorriz eta Mexicon jaioa dan Arantza Hurtado de Saracho midikuak, «Medicina Popular» izenburuarekin argitara eman berri dau lantxo bat, «Amigos del País»eko abertzale kontserbadoreen bidez. Inbestigazio honetan, etnografia, soziologia eta hizkuntzak zerikusi haundia dabe, eta Nafarroako errealidadea estudiatzen da.

Txistu eta dultzaina saioak

Otsailaren 20an, igandez*, txistu ta dultzaina saioak eman izan ditue, Bilbon, Udaleko* txistulari eta dultzaineroek.

Alfontxo Irigoien jaunaren erakusketa

«Caja de Ahorros Vizcaína» erakundeak* Bilbon dauan erakusketa gelan agertu izan ditu Alfontxo Irigoien euskaltzain jaunak 48 pintura lan, joan den otsailean.

Gorka Knörr, abeslari berria

Gorka Knörr euskal kantari berria dogu, Gasteizen sortua eta orain Donostian ikasketak egiten diharduana. Lehenbiziko saioaldia Gasteizko «Excursionista Manuel Iradier» dalakoaren batzokian arreta haundiz entzun dogu. Lehenengo honetan, gaurko zenbait* kanta ezagunak, Zuberoko amodio doinuak eta berak asmatutako kanta berri batzuk ere ager erazi zituan. Aretoa* betetzen zuten entzuleen begirunea laster irabazi eban, eta txalo beroak jaso. Hola bada, beragan jarri leiteke itxaropena, bere buruaren jabe ta oso boz atsegingarriaz hornituta azaldu jakun eta.

Alkatea I

Behinola*, orain dala mende* bat inguru, Bizkaiko Mallabiko alkate jaunak deitu ta esan eutsan aguazilari:

— Markinara joan behar dozu.

— Bai, jauna.

Joan zan aguazila Markinarantza, eta bertara heldu zanean pentsatu eban:

— Zertarako etorri nok ni hona?

Alkatea II

Beste behin, orain dala mende bat inguru, Bizkaiko Zeanuriko herrian, lehiaketa* apropozko bat egin eben Ipiñaburu auzunekoek. Lehiaketa zan, Ipiñaburuko elizpetik Zeanuriko elizpera nor bizkorrago heltzen zan, haxe egingo ebela herriko alkate.

Joan ziren gizonok, zein baino zein azkarrako, elkar zapaldu beharrean. Halako batean, astotxo bat atera jaken bide erdira, eta, hainbeste gizonen orpotsarekin izututa, aurrean jarri jaken arineketan. Astakoa, trapaladan*, besteak baino bizkorrago heldu zan Zeanuriko elizpera, eta, jokoko erregelak beteaz, herriko alkate izendatu eben.

Ez da egia, Zirarda jauna joan doanik

Bilbo aldean oso zabal entzuten izan da, Zirarda Gotzain jauna Iruineko Artzobispo edota Madrileko Obispo egingo ote daben. Bilboko Obispaduan esan deuskuenez, ez bata ez bestea, gaurkoz behintzat, ez dira egiak.

«Familia Nueva» aldizkaria, isilarazia

Iruineko Aita Kaputxinoek argitara ematen izan daben «Familia Nueva» erderazko aldizkari aurrerazalea, «Ministerio de Información y Turismo» dalakoaren aginduz, isilarazia izan da, «información religiosa» bere zeregina izan arren, beste gai batzuetan sartzen izan dalako.

«Nolabaiteko Gurasoak» antzerkia Azpeitian

Otsailaren* 27an, Gipuzkoako Azpeitian, Jean Cocteau jaunak frantsesez egin eta Txomin Amosarrain jaunak euskeratutako teatro lana jokatu izan dabe «Arnas» taldekoek, ikastolaren alde egindako jaialdi batean.

Sondikako aeroportua

Umerik badozue, eraman* eizue Sondikara, aeroportua ikustera. Ikusgarria izaten da hegazkinen heltzea eta joatea. Igande* arratsaldeetan ordurik onena, lau ta erdietatik bostetara izaten da.

Larramendy jauna

Jaun hau Donibane Lohitzuneko alkate edo auzapeza da; eta famatua egin da, Zokoko Larzabal apaizaren kontra agertu dalako. Igaz ere entzutetsua egin zan, euskaldun talde bat, desterratuta, Re uhartera* eraman* erazi ebalako.

Autoetarako letreroa

Autoetarako letrero berriak egin dira. Beti fondo beltzarekin, batzuek ANAITASUNA izena butano kolorean dabe, eta besteek berde esmeraldan. Nahi izatekotan, eskatu eikezuez ANAITASUNAra.

Euskal ortografia

Hainbat toki ta bazterretan ikusten dira euskal izenak, deiturak* eta irakurgaiak. Zenbaitetan* gaizki idatzita egoten dira. Kasurako, «Erantoki», «Taberna Sarra», eta abar. Euskal ortografiaren onerako eta batasunerako ez lizateke gaizki etorriko, Euskaltzaindiak edo agintaritza dauan norbaitek holako horreei dei bat egitea, behar diren zuzenketak egiteko eskatuz.

«La Escapada del Sol» filmea, aurrerantza

Ba doaz aurrera, «La Escapada del Sol» filmea egiteko gertakizunak. Guztitara milioi bi kostatuko da, eta, orain artean geldi antzean egon badira, behar aina dirurik ezagatik izan da. 30 bazkide batu dira, filme hau aurrera eroateko; eta datorren udan, okerren bat bitarte ez bada, ikusi ahal izango dogu.

Misioak euskeraz Bilbon

Bilboko Santiago elizan, Jose Luis Beobide apaizak eman izan ditu misioak, euskeraz, martxoaren lehen astean. Aste berean eman izan ditu, «El Carmen» parrokian, Anastasio Endeiza jesuitak.

Jon Zabaletaren marrazkiak

ANAITASUNA aldizkari honen azken zenbakietan agertu diren marrazkiak* Jon Zabaleta gazteak eginak dira. Hogei urteko gazte hau Debako «Escuela de Arte» ikastetxean irakasten ari* da. Semez, Hernaniarra da.



Mundu biribila

Nor da Allende Chilen?

1970. urteko hazilaren* 4ean, Salvador Allendek garai berri bati hasiera eman zion bere herrian eta, beharbada, mundu guztian.

Urte horretan, urriaren 24ean, Salvador Allende Chileko lehendakari bezala hautatu zuten, lehenengo herriak eta gero kongresuak. Eta hautamen honen berezitasuna zen, botoen bidez lehenengo aldiz ideologia marxistadun buruzagi batek gobernuaren zuzendaritza lortzen zuela.

Nortzuk ziren kandidatuak

Jorge Alessandri, kandidatu independientea eta alderdi nazionalak babestua, 1958-1964 urte bitartean lehendakari izana. Erabat* eskuindarra eta negozio gizon aberatsa. Berak irabazi balu, lehengo sistema zaharraren jarraitzaile izango zen; eta, haren gobernuarekin, kobrearen nazionalizazio hasiberria ez zen aurrera eramanen*.

Rodomiro Tomic, kristau demokraten kandidatua. Bere programan, Frei baino radikalagoa; baina, hala eta guztiz, honen jarraitzailea.

Dena dela, Tomic eta hainbat kristau demokrata prest zeuden, Allenderi laguntzeko, honek behar ziren botoak lortzen ez bazituen. Eta egia da, kristau demokratek kongresuaren erabakietan zerikusia izan dutela, haiek, maioria izanik, Allenderi eskaini* baitzizkioten botoak, baldintza* batzuen ondoren.

Kristau demokratek Allenderi ipinitako baldintzak, hauk* ziren: Prentsa librea, sindikatuen autonomia, askatasun idiologiko ta politikoa, irakaskintzaren askatasuna, eta abar. Eskatzen zioten ere, buruzagi militarrak hautatzeko eskubidea utz zezala. Hau Allendek ez zuen onartu, eta, zalantza* batzuen ondoren, Allendek kristau demokraten botoak izan zituen kongresuan.

Salvador Allende «Unidad Popular» delakoaren kandidatua zen. Ideologia aldetik, marxista da, baina ez dago ezertariko alderditan sartuta. «Unidad Popular» bera ere, bost alderdi ezkertiarrek osatzen dute. Hauk* dira alderdiok: «Acción Popular Independiente» (A. P. I.), «Movimiento de Acción Popular Unitaria» (M. A. P. U.), Alderdi Radikala, Alderdi Komunista, Alderdi Sozialista.

Bost hauen artean, radikalak, sozialistak eta batez ere komunistak dira indartsuenak.

Allende da hiru kandidatuen artean ideologiaz desberdinena. Beretzat, Chileko arazo bakarra, estruktura berrien sortzean dago.

Erabat* baztertu nahi du, bere pertsona alderdi bereziren batean sartu nahi duen eritzia. Ni ez naiz komunista, dio, herriak hautatu duen norbait baizik; beraz*, herri guztiaren errepresentante. Nire lana, zirkunstantziek dakartzaten baldintza* guztiak kontuan izanik, herria jatortasun guztiarekin zerbitzea da. Mexicoko periodista bati esan zion: «Gobernua demokrazia bidez lortzen duen sozialismoak, iraultza* bidez ardiesten* duenak baino zailtasun gehiago ditu; forma zaharrak kontuan izanda, berriak sor erazi behar baititu».

Gobernu berriaren zenbait asmo

Ekonomia aldetik, «Unidad Popular»eko gobernua estruktura zaharraren aldaketara doa. Monopolio nazionalari eta atzerriko kapital inperialistari bukaera eman nahi dio. Inperialismoa menperatuz eta estruktura ekonomiko berriak sor eraziz, sozialismoari bidea ireki gura dio.

Chileko herriak nahiko aberastasun ditu, bere lurrean orain bizi den jendearen gosea asetzeko; baina haurrak gosez hiltzen ari* dira.

Ekonomia aldetik, lehenengo neurri bezala, industria beharrezkoenak eta garrantzitsuenak nazionalizatu nahi ditu gobernuak, adibidez, kobre, ikatz eta burdinazko meatokiak*. Nazioko finantza sistema, banka pribatua, seguruak, atzerriko komertzioa eta bereziki* nazioko ekonomiaren oinarria diren industriak nazionalizatu gura ditu, lehen pauso bezala.

Ford, Citröen eta Renault kanpora bota dituzte Chiletik, eta autoak egiteko behar diren piezetarik % 58 Chilen bertan eginak izan daitezela esijitu du gobernuak. Hala ere, hainbat enpresa ez dira nazionalizatuak izan, eta beren ugazaben eskuetan jarraitzen dute.

Arte eta kultura etxeak eraikiko dira herriarentzat. Irakaskintza debalde izanen* da, eta Chileko haur guztiei litro erdi esne emango zaie egunero.

Ura, etxea eta argia denontzat: hauxe da, gobernu berri honek herriari egin dion eskaintza.

Gobernu berria eta eskuindarrak

Allende gobernuaren jabe egin eta berehala, eskuindarrek komunismoaren fantasma zabaldu zuten herri guztian. Dirudunak, erabat* beldurtuta, anka egiten hasi ziren atzerrira. Allenderen lehenengo lana bakea sortzea izan da, egia esanez; eta ba dirudi, oraingoz lortu egin duela.

Kapitalista handiek, atzerriko indar batzuekin elkartuta, Allende hil egin nahi izan zuten; eta honek suerte ona izan badu ere, ez da berdin gertatu, Chileko armadaren* buru zen Schneider jaunarekin. Eskuindarrek hil zuten, gero ezkertiarrek hil zutela ager erazteko.

Lehenengo mementoak* txarrak izenen dira. Orain, Allenderen gobernuari, herriaren egiazko konfiantza lortzea tokatzen zaio.

AMAIA LASA

dakartzate, dakarrez, dakarzkite

dio, dino; deutso

zaie, jake

zaio, jako

zeuden, egozen

zezala, eiala

zion, eutson

zioten, eutsoen

zizkioten, eutsoezan


Mundu biribila

1871-1971: "Commune"ren 100 urteak

Orain dela ehun urte, martxoaren 17an, jarri zen Parisen Komuna famatua, Engelsek geroago esanen zukeen bezala, proletargoaren* munduko lehenbiziko diktadura zena.

Paristarrek, Gobernuaren batere laguntzarik gabe, herri arazo guztiak zuzendu zituzten; baina Versailles-ko Errepublika burgesak, harmen bitartez, maiatzaren 28an birrindu zuen langileen gobernu iraultzaile* honen agintea.

Langileriak Paristar herri guztia harmatu zuen, hiriaren* defentsa eratzeko; eta bertan ohi ez bezalako heroismoa azaldu zen denen aldetik, emakumeak eta haurrak azkenekoak ez zirelarik.

Matxinada hura animatzen zuten ideiak, gehienbat, anarkistenak izan ziren, Proudhon eta Blanc buru zituztenenak. Komuna haren asmo eta helburua* Frantzia osoan komunen federazio bat egitea zen. Zoritxarrez, proletargoaren* nahia utopia huts bat zatekeen* sasoi hartarako. Kondizioak ez zeuden prest oraino. Marxismoaren teknika falta zuten batetik; eta, bestetik, baserritarrekin ez elkartzeak eta Pariseko Komunaren barnean zeuden eztabaida latzek ahuldu* egin zuten botere* komunista haren indarra.

Frantzian gogora etorri dira garai nahasi hartako oroimenak. Ba dakigu, folklorekeriaz bada ere, modan jarri direla berriro epoka hartako kantak. Parisek ba du oraino espiritu iraultzaile* bizi bat; orain dela hiru urte gertatu zen matxinada lekuko*. Ez da, beraz*, hain harrigarri, joan den mendeko* iraultza* famatu hartaz oroitzea.

Baina irakurle askorentzat, jakingarria delakoan, zerbait gehiago esan nahi genuke orduko Komuna famatuaz. Oliver Lissagaray (deituraz* euskal jatorrizkoa, antza) izan zen 1871.eko Pariseko Komuna horren historia ondoen idatzi zuena. Kazetari* adoretsu hau, komunista izanik, Parisera abiatu zen, herri boterea* jarri bezain agudo*; eta haren defentsan, luma utzirik, fusila hartu eta batailarako prestatu zen azkarki. Dena galdu zenean, Londresera ihes egin zuen Lissagarayk, eta bertan Karl Marxen lagun handia bihurtu ere.

Ba dago esaten duenik, Pariseko Iraultza* hartan hain ugari erabili zen bandera gorri hura* euskal jatorrizkoa zela, hots*, urte batzuk lehenago, Bordeleko* matxinadan erabili zena bera izanik, berau, Euskal Herriaren hurbiltasunaz, Nafarroako erresuma* zaharraren bandera bera zatekeela*. Egia ote?

XABIER


Mundu biribila

Chileko iraultza (1). "Gizarte berri bat egin nahi dogu". Allende Lehendakariaren eta Scherer periodistaren elkarrizketa

Salvador Allende, botoen bidez, Chileko lehendakari hautatzearekin* batera, eta oraindik kargua hartu baino lehen, Mexicoko «Excelsior» egunkariaren zuzendari dan Julio Scherer jaunak elkarrizketa jakingarri bat izan eban harekin.

Gure ustez, Chilen jazo* dana garrantzi haundiko gertaera bat da. Egundo jazo ez dan gertakari indartsu baten aurrean gagoz. Botoen bidez, ezkertiar bat, marxista bat, Estadu baten kargurik gorengora altzatu izan dau Herriak: Lehendakaritzara.

Bestalde, Julio Scherer, politikaz gizon taxutu bat izan ez arren, ba da, nahiz eta ideologia garbi ta zehatz bat ez euki, gizon jakintsu ta serioso bat, Mexicoko egunkaririk indartsuenaren zuzendari izateaz gainera.

Beste barik, bada, elkarrizketa hau jartzen dogu hemen, uste izanik, euskal burrukaren aurrean zerbait jakingarririk izango dauala. Elkarrizketa hau «Indice» aldizkariaren 280-281. alean dator.

— ...Cubako iraultza* azukre ta ronezkoa izan zan. Gurea, ostera*, ardo beltz eta enpanadazkoa da.

— Ezin zeinke beste hitz batzuekin azaldu, metaforaz baino zerago, esan nahi dozuna?

— Chileko iraultza gurea da, jatorra. Cubak bere arazoak zituan, bere historia, bere izaera; eta guk geureak ditugu; geure historia, geure izaera, geure jatorria. Ezin leitekez Chile ta Cuba konpara. Ezina da. Cubak, 1938. urterarte Platt legearen menpean egoenez gero, «legetasun» baten barruko ikusten eban, herbestetarrek bere gain eskua sartzea. Behin batez askatasuna lortu eban, kateak apurtuz; baina Estadu Batuen menpean berriro erortzeko baino ez zan izan. Han, Cuban, egundo ere ez zan demokraziarik izan, ez eta burgesiarena ere. Han, beti gainera, ez zan diktadura besterik ezagutu. Chile, ostera*, Latin Amerikako herririk aurreratuena izan da demokrazian. «Congreso Nacional» dalakoak 120 urte baino gehiago daroaz jardunean, behin ere eten barik. «Partido Radical» dalakoa, beste alderdi batzuekin «Unidad Popular» osotzen dauana, 107 urtetan ari* da politikazko lanean. Era honetako demokraziazko erakundeetan* sinestu ezik, ezin zeinkez ulertu, Chilen orain ikusten dituzun bezalako gertaerak.

Nik uste dot, Latin Amerika egonezin ikaragarrizko batean, irakinaldi batean, bizi dala. Iraultza* giro bat egosten ari da gure arteko herri guztietan. Iraultza honek, herri bakoitzean, bere pauso ta agerpen bereziak izanen* ditu. Edo harmak eskuetan harturik, edo armada* herrikoi baten bidez, edo botoen bidez egingo da. Ez dago beste aukerarik. Ez dago «laugarren biderik».

— Gizarte berri bat, esan dozu, sortuko dala Chilen. Zertan datza* hori?

— Gizarte berri bat egingo dogu, bai. Herritar bakoitzari bere eskubide osoen kontzientzia biztu eragiten deutsagunean izango da hori. Ez dadila egon lehen mailako herritarrik, ez bigarrenekorik, ez hirugarrenekorik. Sozialista diren herrietan, honako* zerbait lortu izan da. Honako zerbait dinot, ze ezin leike inork, ez orain ez sekula, gizon guztiak berdindu. Biologiaz ez gara berdinak. Eta, gero, gure desberdintasunok, arrazoi askorengatik, ugaritu egiten dira. Baina arazorik behinena, funtsezkoena*, bakoitzari oportunidade berdinak eskaintzea* da. Beharrezkoa da hasiera berdin bat izatea, nahiz eta helburua*, geroa, bakoitzaren balioen eta ahaleginen arauera* izan.

— Sozialista herrietan diren «jatortasun» batzuk* aipatu dituzu. Ez dozu uste, herri horreetan kritikarako libertaderik ez izatea huts astun bat dala?

— Esaten da, bai, sozialista herrietan ez dagoela libertaderik. Egia. Baina, kapitalista herrietan, informazio bideak indartsuen eskuetan dagoz, ekonomiaz indartsuak direnen eskuetan esan gura dot. Notiziak zabaltzeko industria, aberasgarrienetariko bat da. Eta, jakina, jendearekin harremanean jartzeko bideak indartsu banaka batzuen menean* dagozenean, bide horreek ez dira, ez, informazio molde batzuk*, herriaren interes jatorren «deformazio» molde batzuk baino.

Periodistek eurek euren profesioa jatortu daiela nahi dogu: eritziak eman daiezala, pertsona errespetagarriak eta errespetatzaileak izan daitezela, eta ez soldataren eta enpleguaren morrontzara makurtuak. Kooperatibak egin leitekez. Sindikatuen ordezkariek eskubidea euki leikee, euren lankideek pentsatzen dabena libertade guztiz idazteko. Kazetariek* eurek euretara hautatuko* dabe euren bide berezia, Gobernuaren presiorik gabe. Gobernuak zer gertatzen dan esango deutse, eta gertakari guztien berri zehatz bat emango.

— Nork erabakiko dau, informazioak benetakoak eta objetiboak direla? Gobernuak berak?

— Sekula ere ez. Gobernuak esku-sartzerik egiten badau, bukatu zan prentsaren libertadea.

— Baina ez al dabe inoiz eskurik sartzen izan sozialista gobernuek, informazio modurik gehienak desegiteko?

— Herri bakoitzak bere libertadea dauka. Begira, herri bat hesiturik* dagoenean, indarrez hartuta, blokeatuta, espiaz beteta aurkitzen danean, eta fusilak eskutan harturik bizi behar dauanean, orduan, herri horrek ezin leike alferrikako lujorik erakutsi: ezin leike ontzat hartu ez permititu kritika hondatzaile eta mertzenariorik.

— Beraz*, gizarteko ordenabidea libertadearen gainetik eta aurretik?

— Ez. Baina, adibidez, bihar Chile, botoen bidez bere bidea aurkitu ondoren, etsaiz* inguraturik eta barruko ta kanpoko interesen kate-sarean amildurik* balego, eta kazetariek* gertaera horren aurrean joko trebe bat egiteko ez jatortasunik ez adorerik ez balebe, eta, euren aberriaren alde atera beharrean, etsaien joko berbera egingo balebe, orduan, guk kazetarien Sindikatuari salatu beharko geunskioz. Bihar Chileren mugetan barruna inor etortzen bajaku, ez uste, zerura begira geldituko naizenik. Salatu egingo nituke, eta, Gobernuari etika bat eskatzen deutsadan bezalaxe, halaxe eskatuko neuskioe kazetariei ere.

— Lehendakari jauna, Gobernuaren eta periodisten etikaz mintzatu zatxataz*. Zer gerta leiteke, periodisten Sindikatuak, salaturiko kazetariek arrazoia daukela uste izango baleu, eta etikaren kontrako bekatua Gobernuak egin izan dauala aitortuko baleu?

— Orduan, periodista horreek, eurek gura daben guztia esaten jarraitu leikee.

(Bigarren zatia hurrengo zenbakian)

bajaku, bazaiku

balebe, balute

dagoz, daude

daiela, dezatela

daiezala, ditzatela

daroaz, daramatza

deutsagu, diogu

deutsat, diot

deutse, die

dinot, diot

egoen, zegoen

geunskioz, geniozke, genizkioke

neuskioe, niezke, nizkieke

zeinke, zenezake

zeinkez, zenitzake


Irakurleak hizlari

Ez kanta ez dantza

Arazo honek beste lekuetan ere nahiko eztabaida sor erazi duela iruditzen zaiku. Guk hemen geure eritzia azaldu gura genuke.

Lehenengo: orain arte, guk dakigunez behintzat, euskal jaiak egiteko aukerarik ez dugu izan; eta ez dugu uste, pixka batean izango dugunik, bereziki* herriaren alde dirua ta denbora eman dutenek.

Bigarren: ekintza ekintzagatik ezin liteke onar; anarkismoa delako. Horrela, Udaleko* arazoetan sartzea edo ez sartzea, euskal jaiak egitea edo ez egitea, une bakoitzean eta zirkunstantzia bakoitzean analizatu behar da. Beti, zer nahi dugun ikusi ondoren.

Hirugarren: guk, langile bezala, kulturarik ez dugu. Eta geuri dagokigun kulturarentzat bakarrik emango dugu geure denbora ta dirua. Eta apurka apurka ari* gara, kultura hori zer den ikasten.

T. B. M. (Elgoibar)

Zure artikulua «Ez kanta ez dantza» irakurri ondoren, ez dot ontzat hartzen, zuk ematen dozun soluzioa. Ez nago ekintzaren aurka, ez eta gutxiagorik ere. Baina, noiz, zelako ekintza, hor dago koska. Zure ustez, nahigabeen aurrean, bide bakarra ekintza da. Ez ote da, ba, ekintza ona jaiari eta dantzari huts egitea, herria negarrez eta hil zorian aurkitzen danean? Ekintza behar dogu, bai, ekintza positiboa, gure herriaren zerbitzuan dagoena. Positiboa ote lizateke, sentitzen ez dogun poza agertzea? Nire ustez, hemen ikusi behar dana da, ea zer zentzu dauken jaiok eta dantzok, ze* ba dagoz herri batzuk, euren nahigabea azaltzeko, jaiak eta dantzak egiten dituenak; baina nik ez dot uste, gure herrian hau gertatzen danik.

Zergatik ez azaldu sentitzen dana, batez ere herria kontzientziatzeko egiten dala jakinez gero? Eta honen kontra dagozen askok, herriaz aprobetxatzeko baino egiten ez daben bitartean? Herriak sentimendu garbiak euki behar ditu, eta garbitasunean formatu behar dogu.

Galdetxo bat, Gereño jauna: Zeure etxean, emaztea nahiz seme-alabaren bat nahigabe gogorrean aurkitzen bada, zer egingo zeunke zuk? Kanta? Dantza? Ez dot uste, hareen nahigabeei erantzuna eman nahiz, poztasunik agertuko zeunkenik. Zuk, une larri horreetan, poza agertuko bazendu, zorotzat edo txartzat kontsideratua izango zinateke.

Ez dogu behar herria engainatzekorik; bai, ostera*, ekintza zintzo ta garbiak. Zoritxarrez, folklorea egiten ari* diren gehienak, folklorekerian jausita ikusten dira; eta gure etsaiek guzti hori ondo baino hobeto aprobetxatzen dabe.

ONDARROAKO BAT

Ez dakit zer esan Gereño jaunaren artikuluaz. Euskal jaiei egin jakezen boikotak, ondo eginak eta txarto eginak izan dira. Boikot asko egin izan dira, aurrez Donostiako tanborradari egin jakolako. Hala ere, ezin geinke begiratu holako ispilu batean herri txiki eta edozein bazterretako antolatzaileek. Donostian boikotak ba eban efektibidade bat, herritarrak kontzientziaturik egozelako eta huri hori mundu guztian entzute haundi bat daualako.

Larrabetzuan ba dogu apaiz bat gartzelan. Hala ere, joan dan udan, gazte batzuek jaiak antolatu genduzan. Aurretiaz kondizio batzuk jarri genduzan. Euretariko nahitanahiezko bat hauxe zan: jaiak antolatzekotan, euskal jai bat egin nahi genduala. Gainera, diru mordo bat eman behar euskuen, jai hori antolatu ahal izateko. Beraz*. agintarien aurrean garbi gelditzen zan, jaiak antolatzen bagenduzan, euskal jai bat egiteko zala.

Ene ustez, euskal giro gutxi dauan herri batean, oportunidade honeek galtzea, nork bere teilatuari harriak botatzea da. Ene eritziz, gure herrian «kritikalariak» pasibismo batetan erori* dira.

Herriak desberdinak dira, eta egoera bakoitzak berebiziko* erantzunak eskatzen ditu.

Zer gertatzen da herri batzuetan? Boikotak egin. Eta ez dago gauza errazagorik.

Ez dinot, Gereñoren esanak beti ta edonon indar berdina dauanik, askotan boikotak ere beharrezkoak baitira. Beste bide batzuk ere bilatu behar ditugu, erantzun eraginkorragoak emateko. Boikotak ez daitezela ebasioak izan.

J. L. B. (Larrabetzua)

Ez gaude konforme Gereñoren eritziarekin Euskal Herriko familia, gizon eta gazte asko.

Berak esaten duen bezala, danok gaude ados*, Etxegaraik «Herria lutoz dago» kantatzen duenean. Baina ez dugu ahaztu behar, orain datorren galderari egiazko erantzuna ematea. Zergatik dago lutoz Herria?

Euskal Herriaren aurrean erakutsi egin behar dugu, espetxeetan, atzerrian... bost mila euskaldun anaia direla. Gaur egunean, anaia asko ditugu era berean daudenak. Bai eta esan behar dugu ere, zergatik dauden horrela gure anaiok. Denon buruan uste dut dagoela erantzun argia: Lan eta ekintza asko egin dutelako.

Esandako bost mila anaiok eta beste askok, Euskal Herriaren alde lan egin dutenek, hestualdietan gure laguntzarik ukan* ez dutenek, beren familia ta bizitza hondatuta ikusten dituztenek, ez dut uste, beren bihotzetan gogorik eta, guttiago, astirik ukanen* dutenik, kantatzeko, festetara joateko eta dantzatzen ibiltzeko.

Gereño jaunak dei bat egiten du euskal kulturaren alde, euskal jaiei egindako boikotak onartzen ez dituela esanez. Arazo honi buruz ere esan behar dugu, jaialdi hoiek Euskal Herria zerbitzeko izan behar dutela, eta ez, Euskal Herria atxakiatzat jarrita, bizimodu on baten bila ibiltzeko, batek baino gehiagok erakusten daukun bezala. Lehenago ere, arazo honek nahiko saltsa erabili duala diot.

Eta, bukatzeko, gauza bat bakarra esan nahi nuke:

Oraindik, Euskal Herrian ba direla gazte jator asko, egunero beren denbora, indarra eta bizitza Euskal Herriarentzako eskaintzen* dituztenak, eta, Michel Etxegaraik bezala, beren buru, bihotz eta bozarekin esaten dutenak:

«Ez jaia, ez dantza,

Herria lutoz dago ta.

Ez jaia, ez dantza,

triste daukat bihotza.»

XEDE (Donostia)

«Triste daukat bihotza: Zergatik?»

Ez, noski*, herria zapalduta ikusten dudalako bakarrik; baizik eta, gaur egun, haren alde lan egiteko, jende gutti prest ikusten dudalako. Beti denok a... gara; baina, benetako orduan, gaztainak sutatik atera behar ditugunean, «gaur ezin diat, barka nazak..., nire etxean jende asko ibiltzen duk..., ba dakik, ezkondu nauk eta, bizitza pagatu behar..., andreak ez mugitzeko esan diautak eta..., hi, nik noizean behin dirua ematen diat, zer gehiago behar duzue, ba...? Eta abar».

Horrexegatik dadukagu bihotza triste, eta ez «bizitzaren alde ilunak bakarrik erabiltzea eta erakustea» atsegin dugulako, baizik eta gaurko kantak bizi garen soziedade problematiko honen errefleju bat izan behar duelako. Errefleju eta tresna, soziedade zikin hau apurtzeko balio duen tresna bat. Eta biharko egunerako oinarri kulturalak jarriko dituen tresna bat. Hitz batez hobeto esateko, kultura iraultzaile* bat.

Kultura honek, iraultzaile izan nahi badu, herriaren zerbitzura jarria izan behar du noski, eta ez sasi intelektual burges batzuen zerbitzura, beti gertatzen den legez*. Gaur, herriak ulertzen ez bagaitu, zerbait ez doa ondo; baina, geure planteamenduetan noski*, herria ba dakigu zer situaziotan dagoen eta noraino joan behar dugun berarekin. Ez dauku balio, «gaurko herriak ulertzen ez bagaitu, biharkoak edo etzikoak ulertuko gaitu» esateak. Kultura herriarentzat egiten ez badugu, norentzako egiten ari* gara, ba? Kultura hartzeko posibilitatea ukan* duen unibertsitario horrentzako? Ez, ez, eta ez. Kulturak, nire ustez, beste betebehar berezi batzuk ditu, egungo* errefleju bat izan nahi badu. Biharko kulturaren oinarriak jarri behar ditugu, eta hori dena, kultura tresna bezala hartzen dugula. Herria bere situazioaren jabe izan dadin, eta soluziona dezagun.

Festak, noren interesak defenditzeko eginak dira? Egun*, guk, herri bezala, zer festa mota behar dugu? Gure interesen zerbitzura jarritakoak.

Euskeraz idatz, euskeraz hitz egin, euskeraz kanta; baina, arren, gaur eguneko problematikaren muinarekin. Horrek ez du esan gura, betiko topikoak erabili behar ditugunik; baizik eta gaurko egoera zapaltzaile horren zenbait* adar ezagutu behar ditugula, eta ez dira gutti, alajaina*! Gaur egun, boz polita eta ederra izatea, bertso edo letra «polit eta eder» batzuk egitea (formaz), diskoak grabatzeko tresnak izugarri onak eta modernoak izatea, eta abar, ez zaiku aski*.

Egungo* kulturak, benetakoa izan nahi badu, egiaz funtsezkoa* izan behar du; eta, egiazko funts* hori nolakoa den jakiteko, ezin gaitezke aidean bizi. Gu herri bezala zer izan garen, zer garen eta zer izan gura dugun garbi eduki beharko dugu.

Funtsari horrenbeste garrantzi emanez, forma ez dut baztertzen. Gaurko kondizioetan, barnea eta azala oso batuak joan behar direla uste dut; eta ez, batzuek egiten duten legez*. forma modernistak eta banguardistak erabili, baina zoritxarrez batere sakontasunik gabeak. Beste harek esaten zuen bezala, beharbada gure kantuari panfletario deritzate, baina ez zaiku axolarik*. Ba dakigu, gaur zer eta zergatik egin behar dugun.

Nik behintzat, eta nik bezalaxe zenbait* jendek, Xabier, hik kritikatutako kanta hori egungo problematikaren barne horretan sartua ikusten diagu; baina kanta osoa, eta ez hik jarritako estrofa ttipi hori bakarrik. Ez ziaiguk batere pesimista iruditzen; aitzitik* (eta azkeneko estrofan, konklusio bezala esaten duena: «Ez ikaratu, indarrak batu») egungo* gertaera bat bezala ikusten diagu, denok konpondu behar dugun situazio nazkagarri eta lotsagarri bat. Izan ere, kanta hau situazio konkretu batetan sortua izan duk.

Bukatzeko, ez giaudek batere akort hirekin, Michel Etxegaraik kantatu* diskoa «benetan polita dela» esaten duanean. Positiboa esanen genikek guk, eta ez, loreei bezala, mendiei bezala, jostailuei* bezala, polita deituko. A! eta beste gauza bat: gure benetako problema konpontzen ari* direnek, festa ta dantzarako, astirik eta gogorik ez diat uste ukanen dutenik. Eguneroko bizitza ta beste zenbait* gauza eginez diabiltzak, nahiz eta egunero lanean egon beharrik ez duten ikusten. Bestalde, iraultzaile* ba gara edo ez gara, ez baikintezke* erdi bideetan ibil.

KARLOS ETXENA (Barcelona)

dauku, deusku, digu

deritzate, deritxoe

dezagun, daigun

diabiltzak, dabiltza

diagu, dugu

diat, dut

diautak, deust, dit

duk, da

gaitezke, gaitekez

genikek, genuke

giaudek, gagoz, gaude

nazak, naik

nauk, naiz

zaiku, jaku

ziaiguk, jaku, zaigu

Gereño jaunaren «Ez kanta ez dantza» artikuluaren ondoren bidali izan zaizkigun erantzunen eta ale honetan argitara eman ditugunen eraginez, jarraiko argitasun hauk ematen ditugu:

1. Euskal ekintza bat egin nahiz ez egin nahiz nola egin, une eta toki bakoitzak adierazten du.

2. Euskal ekintza jator bat guk geuk zuzenduta egiteko era dugunean, edo zuzendaritza horretan esku ona sar dezakegunean, beti egin behar da, ez egiteak abantaila* haundiagoak dituela garbi ez badago.

3. Euskal ekintzarik ez egiteko giroa, edo boikotatzeko grina, gehienetan, gutxiagotasunaren, alferkeriaren eta masokismoaren ondoren kaltegarriak izan ohi dira.

4. Aipatutako artikuluak sor erazi duen arazo honi buruz ez dugu beste kartarik argitaratuko, berebiziko* garrantzirik ez badu, eta Gereño jaunak, ondo baderitza, emango dukeen* erantzuna izan ezik.

5. Kartak bidali dauzkigutenei, mila esker.

ZUZENDARITZA

***

Zarauzko mutiko batzuk gara. Gure urteak hamar eta hamabi tartean daude. Oso pozik irakurtzen dugu, zuek zuzentzen duzuen euskal aldizkaria. Bakar bakarrik, geure herriko albisteak ez ditugu irakurtzen. Ez ote da Zarautzen albisterik? Zuen lagunak:

Mikel Arregi, Jose Luis Kastro, J. C. Santamaria, Angel Illarramendi, Iñigo Intxauspe, Mikel Barreiros, Joseba Erramon Garate, Mikel, Joseba Eizagirre, Jose Antonio Peña, Iñigo Arruti, Iñaki Etxabe, J. M. Iruretagoiena, Jose Antonio Zulaika, Kepa Izkeaga, Jose Luis, Jose Maria Larrañaga, Emilio Etxabe, Xabier Aizpurua, Ander Arregi, Jon Azpillaga, Felix Olaizola, Juan Mari Juaristi, Juan Migel Sarasua, Eizagirre, Luis Mari Manterola, Migel Angel Agote, Eneko Txabarri, Jose Manuel Iruretagoiena, Jesus eta Jose.

ZARAUZKO MUTIKOAK

Ene eritziz, ANAITASUNAk bide zehatz eta mehatz bat markatu badu, literaturan markatu du, beste aldizkariek egin ez dutena, eta lan baliosa eta premiazkoa gainera. Azken urte honetan, euskerari buruz ainitz* eta gehiegi mintzatu dira gutti batzuk. Bitartean, Herria erderari jartzen aritu* da. Gaitz hau ANAITASUNAk superatu du. Biba zuek!

Baina egun* Euskal Herrian bizi bizirik diren gaietaz bat ere ez edo oso gutti agertzen da; edo agertzen direnak, oso arinak. Adibidez, gizarte, politika edo ekonomia gaietaz, zer dakar? Azkenengoa dut begien aintzinean* eta, Amaia Lasa kenduta, oso eskasa alde horretatik. Berri emaile bezala, onartzen dut. Baina, hortik at berritsukeria gehiegi darabil. Literaturari buruzko orri bat ez letorke gaizki: ipuin, poesia... Garai bateko ZERUKO ARGIAko «Gazte Naiz» ez dugu inoiz ahantziko.

M. A. (Azpeitia)

Katamixar* kaiolatuaren arineketa galdua irakurri izan dogu joan dan 204. alean. Begia bezalako egia da, jende guztia ez dagoela piztuta», katamixarra nekaturik ikusi ondoren, «zer pena» esan eta egiteraino. Bestalde, haren arineketa zirikatuz eta zelanbait lagunduz, beretarren taldekook gehituaz goaz. Zenbait burutsu eta alferrek nahiago leuke, katamixar hori pentsa ta pentsa balego, kaiolako tokirik erosoenean* jezarrita. Artean, jendea, ugaritasunean igeri; eta katamixarra, kaiola barruan, bai nekatu eta bai, geroago, hil.

B. (Amorebieta)

Zuek ANAITASUNA zabaltzea nahi duzue. Baina hori, enetzat, zaila* da. Nire lagunik gehienek ez dakite euskeraz, eta pixka bat dakitenek ez dute hobeagotzeko ardurarik. Beste batzuek ZERUKO ARGIA hartzen dute, eta nahiko dutela esaten dute. Nik aldizkari biak irakurtzen ditut. Baina erdia ez dut ulertzen: nire euskera «etxean ibiltzeko» da oraindik.

Hemen bidaltzen dizkizuet neure lagun baten izena eta zuzenbidea. ANAITASUNA nahi du.

PAKI (Donostia)

Euskera pizteko, idatzi ta idatzi egin behar da. Baina ez da aski* hori bakarrik. Batzuek uste dute, edozein txorakeria euskeraz jarri, eta kitto. Gure hizkuntzak, beste hizkuntzek bezala, kultura bidea izan behar du, eta, maila hori hartzeko, asko falta du oraindik.

Zuek lan zail* hori hartu duzue. Horrengatik herriak eskertuko dizue; eta guk ere, euskera ikasten ari garenok, eskertzen dizuegu, gure ikasketa errazago egiten duzuelako.

E. B. U. (Donostia)

Orain dela aste bete, «La Gran Enciclopedia Vasca»ren saltzaile batzuk iritxi* ziren nire etxera. Jakina, liburu saltzen. Liburu guztiek «vasco» edo «vascongado» edo antzerako hitzen bat titulu bezala zeramaten. Liburu garestiegiak eta euskeraz orri gutxi zutenak, nahiz eta gaiak oso euskaldun erakoak izan.

Orain, zuen 205. alean irakurtzen dudanez, «La Historia del Atlético de Madrid» eta beste kondaira interesgarri batzuk argitaratuko omen* dituzte.

Ba nengoen, ba, ni; ba nengoen, ba...

X. Z. (Aretxabaleta)


Herri bat hizkuntza bat

Jose Ipiña, "Mocedades" Taldekoarekin Elkarrizketa

«Mocedades» izan da, azken hilabeteotan jendartean* ohi ez bezalako harrera on bat lortu duten taldeetarik bat. Beronen kantak oso atseginak izan zaizkigu belarrirako, baina batere funtsik* gabekoak. Azken unada* honetan, «O Pello Pello» grabatuta zedukaten; eta oraintsu gertatu berri den zatiketa honek (taldeko bi mutil joan direlako) pentsa erazten zeukun, ba zatekeela* bertan ideologiazko planteamendu berri bat, bai joaten zirenen aldetik, edo, bestela, gelditzen zirenen gandik. Zoritxarrez, guk uste, ez da honelakorik batere gertatu; baina, dena dela, probetxa dezakegu okasioa, haien buruetarik batekin, hots*, Jose Ipiñarekin, zenbait* gauza argitzeko.

— Jose, konta iezaguk nola sortu zen taldea.

— Begira, ba dakik «Mocedades»ko guztiok familiarrak garela. Paco eta ni gintuan, taldean anaia-arrebarik ez genuen bakarrak. Horregatik, nahiko erraza izan zuan taldea eratzea, hasiera batean denbora emateko bakar bakarrik. Lau urtetan elkarrekin egonak gaituk, baina «Mocedades» bezala bi urteotan bakarrik.

— Grabatzen hasi zinetenetik hona zarete «Mocedades», ez da horrela?

— Bai, horrelaxe duk. Gure kanta bilduma* ingelesez zuan gehienbat; eta, grabatzera joaterakoan, gaztelaniazko musikaren aldeko legeagatik, disketxeak gaztelaniaz grabatzeko kondizioa jarri zieukuan, eta Juan Carlos Calderónen kantak prestatzen hastean izan zuan izen horren sortzea.

— Disketxeak ezertara obligatu zaitue?

— Askatasun nahikoa utzi diaukuk, baina erderaz kantatzeko presioak egon dituk, bai eta Eurobisioko aurre-festibalera joateko ere; baina, berau oso txarra izanik, bertan gaizki gelditu gintuan. Baina bestetik ez duk egon gure kantak komertzial izateko ahalegin berezirik, eta musika kontu guztiak gerauek konpondu ditiagu Calderónen laguntzarekin.

— Zuen letrak funts gabeak omen* dituk; halaxe ote dira egiaz?

— Begira, gure kantek giza egoera batzuk agertu nahi ditiate, eta ez besterik. Eta, talde bezala, sekula ez gaituk arduratu Espainiako Herri ezberdinen sozial- ez kultural-problemez. Bakoitzak bere eritzi pertsonala dikek*, baina talde-eritzi bat ez genian. Hau duk: artea, arte delako egiten genian, beste helbururik* gabe.

— Orduan, zergatik kantatzen zenuten euskeraz?

— «O Pello Pello» bakarrik kantatu diagu, eta berau gustatu egiten zitzaikulako, greziar edo amerikar kanta batzuk* kantatzen genituen bezalaxe. Begira, «Mocedades»en inork ez diakik euskerarik, ez eta ikasteko saiorik egin ere; eta, «O Pello Pello» kantatzerakoan, ez genian inondikan nahi euskal kanta egiterik. Bestela, euskal kantategi herrikoietan estudiatzen saiatuko gintuzkean. Gainera, gure tankera, amerikar kutsu nabarikoa zuan.

— Hau entzunik, «Mocedades» ez dela egiaz kultur talde bat esan genezake?

— Arrazoia: taldeak musika egiten dik, berau atsegin duelako. Ene eritziz, ondo interpretatzen dik, baina nortasun zehatz bat falta dik. Batzuetan eztiegia duk eta ez dik interpretatzeko indarrik. Dena dela, beharbada, ba dik zenbait* kultur helburu, joera zehatz gabekoa bada ere.

— Kanta, gaur egun, negozio bat ote da?

— Bai, elektrodomestikoen edo beste tresnen salmenta* bezala planteatzen duk. Disketxeek propaganda-kanpaina handiak sorterazten ditiate, eta kantari bat mito bihurtzen diate; eta mitifikatze hau, jeneralki, ez diagokiok inondik ere egiazko, kantari horri. Oso penagarri duk ikustea, jeneralean, kantarien kultur maila oso exkaxa dela. Gainera, saltzea merezi ez duten disko asko saltzen dituk, Espainian konposatzaileen eta interpretatzaileen maila barregarri izan arren. Baina, hala ere, atzerrietako giroaren eraginez, eboluzio bat ikusten duk horretan ere.

— Espainiako kantak zer du gehiago, kultura ala inkultura?

— Espainian kanta, denbora emateko zerbait bezala hartzen duk, eta, beraz*, inkultura duk gehiago kultura baino. Entzuten den kanta honez gainera, ba dituk beste batzuk, hala nola galegoa, katalana, euskalduna eta zenbait gaztelau. Kanta hauk* sakonagoak dituk mezuz*, baina ez dituk hain estetikoak, eta ez dituk sartzen kontsumoko kanta dei* genezakeen honetan ere, zeren kanta hauei ez baitiete promoziorik ematen, eta besteei bai. Hau estrukturazko akats bat dela esan genizakek.

— Eta orain esan iezaguk: zer gertatu da «Mocedades»en?

— Egia esateko, ez duk beste munduko gauzarik izan. Paco eta biok, unibertsitari izanik, ezin ibil gintezkean aspaldi honetan generaman ritmo honetan, eta horrexegatik utzi diagu. Ba litekek, gainera, forma musikal definituago baten topa-nahiak ere enegan eragitea, alegia*, musikal irteera berrien bilatzeak, gehiago esperimentatzeak... «Mocedades» talde «profesional» bat duk, zeren* kantaldietatik bizitzen baita*; baina ez duk Profesional letra nagusiekin, lan hau oso serioski hartzen ez duelako. Dirua irabazten duk taldearekin, bai; baina nerau, azken bolada* honetan, ez niengoan pozik; ez zuan lanik egiten seriotasunez eta betiko tokian gieundean.

— Orduan, zer eginen duk hemendik aurrera?

— Lehenengo eta behin, musika ikasi nahi diat eta konposatu, berau baita* neronek maiteen dudana. Ez diat uste, interpretatzeko ahalmen handiegirik dudanik; eta taldean egoteak lan asko eskatzen dik. Bestalde ere,... karrera amaitu behar diat.

— Hire kantak serioak izanen* dira?

— Nik neuk, egia esateko, musika besterik ez diat konposatzen eta ez nauk ausartzen* letrarik egitera, zeregin hori nahiko txarto ateratzen baitzait*. Ene musikak arinak dituk, eta estetika besterik ez diat bilatzen. Argi eta garbi esan behar dauat*, ez dudala nik kanta arrazonalizatzen, eta berau kantatuko deneko hizkuntzak berak ere ez dautala batere buruko minik ematen; soinu ona edukitzea aski ziaitak, hau edo bestea esaten badu ere.

Gauza askotan (askotan gero!) ez gaude konforme geure konposatzaile berri honekin; baina oraingoan kestioa ez da diskutitzea, erakustea baizik. Ongi egiten baditu, agian* kanta asko euskerara itzuliko diote. Zorte ona, ba!

BIDEBARRIETAKOA

dauat, deuat, diat

daut, deust, dit

dezakegu, daikegu

diagokiok, dagokio

diagu, dogu

diakik, daki

diat, dot

diate, dabe, dute

diaukuk, deusku, digu

diete, deutsee

dik, dau, du

diote, deutsoe

ditiagu, ditugu

ditiate, ditue, dituzte

dituk, dira

duk, da

gaituk, gara

generaman, eramaten* genduan

genezake, geinke

genian, genduan

genituen, genduzan

genizakek, geinke, genezake

gieundean, gengozen, geunden

gintezkean, geintekezen, gintezkeen

gintuan, ginen

gintuzkean, ginateken

iezaguk, eiguk, ezaiguk

litekek, leiteke

nauk, naiz

niengoan, nengoen

zedukaten, euken, zeukaten

zeukun, euskun, zigun

ziaitak, jat, zait

zieukuan, euskun, zigun

zitzaikun, jakun, zitzaigun

zuan, zan


Herri bat hizkuntza bat

"Anexa" taldeari ihardespena

Otsailak* 6 zituela, Donostiako Kursaal teatroan (txikian), «Anexa» deritzan Donostiako tendentzia esperimentaleko dantza taldeak bere joera eta helburuaren* presentazioa egin zuen. Jendearen eritziaren berri jakitearren, elkarrizketa sortzen ahalegindu ziren. Láinez jaunak berak (taldearen buru) hartu zuen taldearen hitza, eta, hiru ordu laurdenetan, taldearen bidea aditzera eman zeukun, jendearen galderak nola hala erantzunez. Problematika guztia, dantza klasiko eta modernoaren artean itsatsi zen: modernoa, klasikoa baino errazagoa ote zen, kategoria gutxiagokoa, eta abar. Gai hauk* azalduko zirelakoan, Láinezek ederki prestatuak ekarri zituen erantzunak. Balletaren historia egin zuen lehenik, eta, bukatzeko, berak ere klasikoa ainitzetan* dantzatu zuela («Lago de los Cisnes», «Quijote»...; bestaldetik, «Katiuska» ere bai). Hitz batetan, bere ballet kultura sendoa zela argi ikus erazi zeukun, eta, azkenik, artearen internazionalismoa lortu behar dela esan zuen.

Galdera guztietarik interesgarriena hau izan zen: «Ez al zaudete estetika hutsean?» Erantzuna ez genuen inork ere entzun. Benetan funtsezko elkarrizketa sortzen hasi baino lehen, dantzaren erakuspena egitera pasa zen. Harriturik utzi gintuen. Taldearen ideia oso konbentzionala iruditu zitzaikun, eta zenbait* gaitan sartzeko beldurra patent zegoen.

Hasteko, dantza klasiko saio batzuk* erakutsi zeuzkiguten, klasikoaren zenbait* tekniko lasaitzeko. Gero, Bourman-en hots elektronikoarekin, dantza modernoa, gaurkotasuna agertzearren. Eta azkenik, jokoa borobiltzearren, Guridiren «Melodías Vascas», Láinezek eratutako koreografia berriarekin. Hitz batez, mota guztietariko jendea kontentatzeko programa.

Baina ez dezagun utz, kritika zehatz bat egin gabe. Zehaztasuna ez da kasu honetan kaltegarri izanen*.

Dantzari onak ba direla esan genzake, eta zazpi hilabetetan lortutakoa (teknika aldetik) laudagarria da. Taldea ugaria da, eta folklore taldeetan dantzatutakoa gehienetarik. (Goizaldi). Láinez, kategoriako tipoa da. Europan ikasia, eta ballet aldetik dantzari famatua.

Bestalde, kulturaren problematika apurrik planteatu gabe dutela somatu dugu. Are* gutxiago euskal kulturarena. Tendentzia esperimentala, interesgarriena da; baina ez soilki*, eta Europako esperientziaz baliaturik. Modu honetan, informazio bat besterik ez dute ematen. Aportazio fitsik* ere ez. Ausart* xamarra izan zen, folklore konozimentuak ukatzea. Euskal Herrian, Donostian, lan egin nahi badute, hemengo kultura bideak jorratzen ari* badira, Guridiren «Melodías Vascas» prestatzen badute; hitz batetan, euskal kulturaren sortzean sartu nahi badute, nola, folklorearen lastrea ezagutu gabe eta landu gabe, lan egin? Honek ez du logikarik. Kontuan eduki behar dugu ere, hirugarren mundukoak garela, eta gure espresio bideak oso pobreak direla oraindik, Europako zenbait* espresio eta tendentzia ez dagoela gure herrian sartzerik, ez gaudela espresio hoik* kaptatzeko gertuak. Jendearen erantzuna ikusi behar da. Jendeak erantzuten ez badu, edota tutik ere ulertzen ez badu, bideak aldatu egin behar dira. Herriaren bideetara jo behar dugu, gure zirkunstantziek behartzen gaituen bideetara, egoera kultural eta historikoetara.

Estetika hutsak ez du inola ere kultura sortzen, engainatu baizik.

Euskal mugimendutik urrun dabiltzala uste dugu. Euskal kultura problematika ez dute berekin, oraindik behintzat. Eta hau esijitu beharrezkoa da, Donostian eta herri kulturaren alde lan egiten duen taldearentzat.

MIKEL MENDIZABAL

gaude, gagoz

genezake, geinke

zaudete, zagoze

zeukun, euskun, zigun

zeuzkiguten, euskuezan, zizkiguten

zitzaikun, jakun


Saioak

Etxeko giltzak

Behin eta berriro zatiketak gure artean. Mingarriak, dudatu gabe, baina beharrezkoak. Aurrera goazelako seinalea, baina bai, beharbada, arinegi gabiltzalako ere. Denek ezin ritmo berean segitu. Aurrekoek, gazteenek, arinegi nahi, erdikoek astiroago, atzekoek, zaharrenek agian*, pausorik eman ezinik edo emateko gogo gabe. Gaitz da benetan, batasun kontu honetan, denak batera eraman* ahal izatea; baina horretarako ahaleginak egin behar dira. Ez da nahiko bi bakarrik xedera* ailegatzea, herri osoa ere horretaraxe heltzen ez bada. Denok heldu behar dugu. Batzuek bidea markatuz, besteek bidera eramanez, beste batzuek atzetik bultz eginez... Herria maila berrietara jaso behar dugu; eta, bide batez, herriak gu beste maila berrietara jaso behar gaitu batera. Elkarrekin beti, harreman hertsi* hertsi batzuekin lotuta. Horixe.

Aurrera egiteko laguntasuna behar dugu. Noski*, zenbat eta gehiagok lan egin, etxea lasterrago egiten da. Eta horixe da guztiok nahi duguna: geure gustuko etxe berri bat. Asmo ederra benetan. Ba dakigu, ordea, etxea eginda gero, guztiok hartan parte edukiko dugula. Horixe esaten da. Bakoitzak bere etxebizitzako giltza edukiko duela. Elkarrekin bakean bizitzeko, elkarren adiskidetasunean luzaro irauteko, onena, nor bere etxearen jabe izatea. Noski, ona da ateak (eta leihoak!) zabalik edukitzea, etxeko beste lagunei, eta beste etxekoei (eta kanpoko aire berriei) ongi etorria emateko. Horregatik uste dut, neure etxeko ateak, neure bihotzekoak, zabalik utziko ditudala egun horretan, mundu guztia barnera sar dadin; orduan.

Etxea da, beraz*, gure helburua*. Guztion etxea. Horretara goaz. Etxea egiten ari* da, baina oraino ez da egin. Hala ere, eginen da. Ba dakigu, eta esperantza dugu, oraingo etxe zahar hau baino hobea izanen dela. Biharko etxea, gure seme alaben etxe zabal eta erosoa.

Baina... oraino ez da egin, eta ez dugu etxe hori. Egin behar dugu, bai, egin behar. Baina giltza nahi nuke neure poltsikoan, bai, neurean. Edozeini atea zabaltzeko, baina neronek zabaltzeko, ez inork beste inori ene giltzarekin zabal diezon.

Orduan ez da lapurrik. Orduan ez dateke* lapurrik...; orduan ez. Oraingoz behintzat ba dira. Gero, ezezkoan gaude...; baina noiz izanen da gero hori? Onena, norberak eskuan bere etxeko giltza edukitzea. Nik neurea, haiek berena. Segur aski, haiek ez dautate emanen beren etxeko giltza niri, ez eta nik haiei eskatuko. Gainera, ez dautate zertan eman behar! Konforme honetan ere. Eta nik haiei zergatik bai?

Etxea egin gabe oraino, eta etxebizitzak norenak izanen direnagatik, honez gero ezdabaidaka? Barregarri lizateke, baina ez da. Nagusi zaharraren etxe zaharretik irteteko kooperatiba bat egiten dihardugu, etxe berri eta hobe bat lortzeko; baina... eta jabe berri batentzat lan egiten ari bagina!? Bai lerdoak ginatekela, osorik tontoak.

Mesfidantza gehiegia, noski*. Herri-mesfidantza, urteak, esperientzia, orain arte ikusiak ere bai, motibo asko dirateke* horretarako. Ahul* gara, ahuldu egin gaitu etxe zaharretik irteteko pagutu behar ukan* dugun errenta gehiegiak. Azken indarrak, beharbada, asken ahalegintxoak eta izerdiak, etxe berri horren egintzan joanen zaizkigu. Berau eginda gero, ez dukegu* beste paradarik* ez okasiorik edukiko; horixe susmatzen dugu behintzat. Horregatik, mesfidatu behar dugu, gu baino ugariago (aberatsago) direnak hainbeste beldur ez badira ere. Agian*, etxegintza honetako kontuak eta pianoak beren eskuetan daduzkatelako. Guk ez ditugu, orain artean, nain garbi ikusi. Haietariko administradore asko daude; eta gu, hain gara guti!

Gure laguntasuna, baina, beharrezkoa da, etxea eginen bada. Hala ere, kontuak garbiro jarri beharra dago. Etxe honetako jabetasuna guztiona bada, etxebizitza bakoitzak norberaren izenean egon behar du aurretik argi eta garbi. Atea zabalik edukitzeko, konforme) baina atea norberak zabal dezan.

Nork daki, (teoria praktikan bakarrik egiaztatzen egiaztatzen baita*) etxegintza honetan ere (ez lizateke lehen kasua etxegintzatan!) lapur batzuk egon daitezkeen. Litekeena da. Etxea elkarrekin eginez gero, administrazioan garantiak egon behar. Denok, diogun besteko ondratuak eta zintzoak bagara, aurretiko kontu garbiek ez gaituzte mindu behar, geure zintzotasunean konfirmatu baizik. Notari baten aurrean paperak egitea dateke* onena, beraz*. Eta etxegintzako langile guztiei, lehen lehenbizitik helburua klarki adierazi, norberak zergatik eta zertarako egiten duen lana jakin dezan. Etxea bukatzerakoan, gainera, ez da honela batere haserre ez auzirik izanen. Edo, guttienez, honela zailago eta gaitzago dateke* berauk sortzea. Horixe uste dut nik behintzat.

XABIER KINTANA

daduzkate, daukez, dauzkate

daitezke, daitekez

daude, dagoz

dautate, deuste, didate

dezan, daian

diezon, deion, dezaion

zaizkigu, jakuz


Saioak

Ekialdeko jakinduriaren garrantzia

Anarkismoa modan dago. Nola uka hau? Proudhon eta Bakunin berpiztu egin dira. Dogmakeriaren eta burokraziaren arriskuak, salatuz, zehatz iragarri zuten haiek etorkizuna, duela ehun urte. Sozialismoa askatasunean, autojestioa, pluralismoa, federalismoa... Ez da dudarik, ba dago anarkista pentsamoldearen berpizte zabal bat. Pariseko Maiatzak, Pragako Udaberriak, azken bolada* honetako gertakariek orok* argi eta garbi frogatzen* daukute anarkismoaren bizitasuna. Beraz*, gaur egun anarkismoarekiko dagoen joera eta jaioera arras* nabarmena denez gero, alferrikakoa da, hemen luza gaitezen.

Marxismotik urrunduaz ote goaz, horretaz*? Bistan da baietz. Munduko ezker berria anarkismotik hurbilago* dago marxismo-leninismotik baino, Cohn Bendit eta Rudi Dutschke lekuko*. Marxismoa funtsean* hotz eta arrotz bazaiku ere, horren aitortzeak, hala ere, lotsa ematen bide* dauku. Ez al daukute, bada, esan, anarkistak menturazale* eta burges batzuk* besterik ez direla?

Hippismoa da, bestalde, gaur eguneko fenomeno nagusia, nik uste. Anarkismoak eta hippismoak ba al dute elkarrekiko loturarik batere, ordea? Bai, segur, guk uste baino gehiago. Ainitzi* bitxikeria iruditu arren ere, nik haurridetasun* harrigarria aurkitu uste dut bien artean. Errebeldia radikala, zapaldutakoen aldeko kupida*, politikarekiko axolagabetasun* sakona, izpiritutasun baten beharra —kidetasun* baten seinale dira. Gonbarazio batetarako, jakingarri da, Crowford hippi intelektualak dioena, alegia*, anarkismoa datekeela* etorkizuneko kultura berriaren ezagugarrietarik bat.

Anarkismoak Indiara garamatza. Anarkismoaren adar bat guztiz dago bortxaren* aurka. Tolstoi eta Gandhi dira adar honen eragile. Nik ez dakit, irakurleak inoiz entzun duenentz; baina, besterik pentsatu arren ere, Mahatma Gandhi errotik da anarkista. Esanen dut? Nola ez elkar* Gandhiren eta hippien zenbait* eritzi? Gure zibilizaziorekiko erdeinua*, hippien bakezaletasuna eta Satiagraha-ren bortizkeria* guztien ukoa ez al dira hein* batetan gauza bera?

India, zer esanik ez, guztien ahotan dago. Ekialdeko* jakinduriak gero eta jendarte* zabalagoa erakartzen dihardu. Gure arteko mendebalde-zale asko, ordea*, hor ari da jo eta ke, nahi eta ez, Europar bilakatu* behar garela garrasika. Eta, larriago* dena, aurrerazaletasunaren puntan bide* daude. Nik, ordea, egia hau aurkitu uste dut, alegia*, gure baitan arras* Asiatartzen ez bagara, gureak egin duela dagoenetik. Eta, baldin* izpiritutasun berri bat eraiki nahi badugu, budismoaren bidez eta ez mendebaldeko* filosofiaren bidez obratuko dela ikuspegi* guztien iraultza* hori. Horra hor, ausartkiro* aitortuta, biharko Euskal Herriarentzako bide bat.

Bukatzeko, hau esan nahi dut: guztiz beharrezkoa dela, lehen bai lehen gure artean budismoaren ezagutza hedatzen* jardutea («Nostra aetate», 2.).

JOANES ZUHATSUKO

daude, dagoz

dauku, deusku, digu

daukute, deuskue, digute

garamatza, garoaz, garamazki

zaiku, jaku, zaigu


Jainkoaren giza eliza

Jesus Nazaretekoa ezkondua ala mutilzaharra

Azkenaldian berriro ugaritzen ari* dira, Jesus Nazaretekoari buruz agertzen diren liburuak. Carmichael-ek, politiko frakasatuaren antzeko azaltzen euskun Jesus. Hippiek, opera edo oratorio bat egin dabe Jesusen kuasi-bizitzaz, euren tankeran*. Alemaniako irakasle batek, Oumran-go esenio deslaiaren* moduko deskribatu deusku, eta abar. Baina horreek guztiok ez dabe zaharra berritu besterik egin: XIX mendean* eztabaidatutako hipotesiak berbiztu. Baina hipotesi horreek aspaldi gezurtaturik eta abandonaturik dagoz, aditu edo espezialisten artean; eta gai horreetan jakintsuek ez deutsee argitalpen horreei jaramon haundirik egin.

Jesusen inbestigazioan marka guztiak jo ta pasatu, eta barruti honetan espezialistek ere sekula amestu bako kapituluak sortu dituan liburua, hala ere, USAn agertu da oraintsu: «Was Jesus married?» (Ezkondua al zan Jesus?). William E. Phipps West-Virginiako erlijio irakasleak idatzitako liburu guztiz amerikanoa dozue hori.

Harreman seksualen premia gizonaren naturalezari itsatsitakoa dala ta, Jaungoikoak gizonaren naturaleza hartuz gero, premia hori ere hartu egin behar izan ebala, arrazonatzen dau «seksegeta» presbiterianoak.

Ebanjelioek ez dabe Jesusen ezkontzaz ezer esaten; baina hori normala iruditzen jako gure autoreari. Non esaten dabe, barre egin ebanik edo gaixotu egin zanik edo arbola bati piz egin eutsonik ere? Ebanjelioek ez dabe Jesusen bizitzako gauza korrienterik esaten, apartekoak bakarrik baino. Eta, ezkontza arras* normala zanez gero, zergatik esan beharko eben holakorik? Gainera, Jesusen garaian, ezkondu bakoei Jaungoikoaren eskutik galduak legez* begiratzen jaken judeguen artean; eta, ezkondu barik egotea apartekoa zanez gero, ezin utziko eben ebanjelistek holako gauza harrigarria aipatu barik.

Zertan egon zan, bestela, 30 urte bete arte, ebanjelizatzen hasi barik?

Argumentu indartsu honeen ondoren, Jesusen emaztearen bila doakigu Phipps, erabakimendu osoz. Eta, ebanjelioetako datu txikiak irudimen haundiz arakatuz* eta bueltatuz eta goitik eta behetik neurtuz, konputer batek baino hobeto aurkitu dau Jesusen emaztea: Maria Madalena, seguruen seguruenik. Madalena Jesusen jarraitzaile leialena izan zan, gurutzeraino ta hilobiraino ere atzeratu barik jarraitu eutsona. Eta emakume jarraitzaileen zerrendan (jakina da, Jesusen predikazio bideetan emakume talde batek jarraitzen eutsola) beti Madalena aipatzen da lehenengo tokian, apostoluen buruan Pedro legez*. Phippsek susmatzen dauanez, Madalenak hautsi egin eban beste norbaitegaz, Jesusekin eukan ezkontza; baina Jesusek barkatu egin eutson (bestela, harrika hiltzen ziren emakume ezkontzausleak), eta horrexegatik dino ebanjelioak, Jesusek zazpi deabru atera eutsozala Madalenari. Eta horrexegatik egoen Jesus, beste emakume ezkontzausle bat harrikatu gura ebenen kontra ere, ebanjelioetan ikus daitekenez.

Baina ba leiteke, Jesusen emaztea beste noredonor izatea ere; eta, Jesus predikatzen ebilen artean, emaztea etxea zaintzen geratzea ez jako hipotesi txarra iruditzen Phippseri.

Eta, azkenik, beste hipotesi bat ere egiten dau: ebanjelizatzen hasi zan garaian, alargun izan eiteken Jesus.

Jesusi errespetua galdu deutsola ta, oihu ta garrasi egin dabe Amerikako irakurleek milaka ta milaka. Eta zuk, irakurle, zer deritxazu?

JOSE AZURMENDl

(errespetu guztiagaz)

deusku, dauku, digu

deutsee, diete

deutso, dio

eiteken, zitekeen

euskun, zeukun, zigun

eutson, zion

eutsozan, zizkion

jaken, zitzaien

jako, zaio


Jainkoaren giza eliza

"Hitz Hutsak"?

Ene herrian, Santurtzen —non dagoen kontuan harturik, Nerbion ibaiaren ezker aldean, alegia*— Euskal Herriko kontradizioak argi eta garbi ikus ditzakegu. Guztiok dakigunez, hemengo giroa arras* erdalduna da. Eta egoera hau ezin dezakegu jasan*, benetan euskaldun iraun nahi dugunok eta geure buruak pertsonatzat eduki gura ditugunok, alajaina*!

Orain bi hilabete, Santurtzeko eliza baten erretoreagana joan nintzen, meza bat euskeraz jartzeko eskatzera. Nik ba nekien, hura euskalduna zela. Elizan sartuta gero, ordu lauren bat eman behar ukan* nuen haren begira, zeren* eta konfesatzen ari* baitzen. Elkarrizketa hasi baino lehen, pozez beterik nengoen: gero ta gero ere, Santurtzeko euskaldunok, zeredozertan bederen*, euskaldun ahal izango genuen.

Gure apaiza etorri zitzaitan, eta:

— Egunon, jauna, Santurtzeko euskaldun bat naiz.

(Berak erderaz). Zer da hori? Zer diozu? Ez dautzut ezer ulertzen.

(Nik ere erderaz). Euskeraz ez dakizu ala?

— Ez ba! Zer gura duzu?

— Barka nazazu, baina zure euskalduntasunaz zertxobait entzuna dut. (Apaiza irribarrez). Nahi dudana hauxe da: meza bat euskeraz Santurtzen jartzea.

— Zergatik ba? Horrelakorik ez dut batere atsegin.

— Bi mila euskaldun omen dira Santurtzen.

— Hala ere, nor zara zu, honelakoekin niregana etortzeko? Inor ere ez.

— Jauna, ez dut uste, ni nor naizen jakiteak garrantzirik duenik. Beste gauza bat da, ni euskaldun izanik, euskaldunen eskubideen bila etorri natzaitzula.

— Zer? Eskubideak? (Barre algaraka). Zer diozu, mutil?

— Euskaldunok ere, kristau eta Jaungoikoaren seme garela uste dut. (Memento hartan, ni ezagutzen ninduen beste apaiz bat etorri zen, eta hitz egiten hasi zitzaitan).

— Non bizi zara, mutil? (Nire etxean, neuk izan ezik, ez daki inork euskeraz).

— Gipuzkoa kalean.

— Horrek (erretoreak) zuk baino euskera gehiago daki gero.

— Ba liteke. Baina oraino harek ez daut euskeraz ezer esan, eta nik bai, apurtxo bat baino ez bada ere.

(Erretoreak). Horixe nahi dut, euskeraz egin dezazula.

— Baina...

— Tentatzen ari natzaitzu, mutil.

(Beste apaizak). Gainera, pentsa ezazu, zer egin beharko genukeen, Peñotan bizi diren arrotz guztiek, beren hizkuntzan mezak esateko eskatuko baleukute.

— Baina beste askoren hizkuntza ez da italianoa edo ingelesa, ez eta gaztelania ere, euskera baizik.

(Erretoreak). Ene, nola jarri zaren! Hala ta guztiz ere, ez dut uste, euskeraz meza bat jartzeko arrazoirik dagoenik. Eta, horrez gain, hemen horrelako meza bat emateko, mila bat euskaldun guttienez etorri beharko lirateke.

— Jauna, Santurtzeko euskaldun gehienak nola dauden kontuan hartzen ez baduzu, horrela pentsa zenezake. Baina pentsa ezazu, hemengo giroa ez dela haientzat batere onargarria, zeren* eta giroa erdalduna baita* eta haik* ez baitira Santurtzen berton mundura* jaioak, euskaldun alderdietan baizik.

— Berriro diotsut, ez dagoela arrazoirik.

— Mesedez...

— Agur.

— Agur orduan.

Oraindik ere, honela mintzo gintezkeela uste dut:

Gure asmoak, esperantzak,

Herria, askatasuna,

justizia, bakea,

egia, maitasuna:

mitoak, HITZ HUTSAK?

Nork bere buruari nahi duen erantzuna eman diezakeo.

ANDOLIN EGUZKITZA

baleukute, baleuskue, baligute

daude, dagoz

daut, deust, dit

dezakegu, daikegu

dezazula, daizula

diezakeo, deiskio, dezaioke

ditzakegu, daikeguz

gintezke, geintekez

natzaitzu, natxatzu

nazazu, naizu

zenezake, zeinke

zitzaitan, jatan


Ikasi zeure hizkuntza

Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartxo bategaz agertzen diren berbak

ABANTAILA, ventaja.

ABONATU, arpidedun, suscritor.

ABURU, eritzi, opinión.

ADIN, edade.

ADITZ, verbo.

ADOS, konforme.

AFERA, arazo, asunto.

AGIAN, nonbait, hurrean, seguramente.

AGUDO, arin, laster.

AHANTZI, ahaztu.

AHATIK, baina, sin embargo.

AHUL, makal.

AHULDU, makaldu.

AINAKO, besteko, bezainbateko.

AINITZ, asko.

AINTZINEAN, aurrean.

AITZITIK, al contrario.

ALAJAINA, pardiez!

ALEGIA, a saber, esto es, es decir.

ALTXOR, tesoro.

AMILDU, precipitarse.

ANDANA, talde.

ARABERA, según.

ARABERAN, proporcionalmente.

ARAKATU, aztertu, ikertu.

ARAUERA, arabera, según, conforme.

ARDIETSI, lortu.

ARE, oraindik.

AREATZA, Villaro.

ARE IZAN, jardun.

ARETO, sala, salón.

ARITU, are izan, jardun.

ARMADA, ejército.

ARRAS, guztiz.

ASKI, nahiko.

AT, kanpora.

AUSART, atrevido.

AUSARTKIRO, osadamente.

AUSARTU, atreverse.

AUZAPEZ, alkate.

AXOLA, ardura.

AXOLAGABETASUN, despreocupación.

BAIKINTEZKE, bait gintezke, geintekez eta.

BAITA, bait da, da ta.

BAITAN, barruan.

BAITZAIT, zait eta, jat eta.

BALDIN, kondizioa indartzeko berba.

BALDINTZA, kondizio.

BANAKO, ale, ejemplar.

BATZORDE, comisión.

BATZUK, zenbait (batzuek aktibo, batzuk pasibo).

BEDEREN, gutxienez, behinik behin.

BEHINOLA, en tiempo pasado.

BERAZ, hori dala ta, por consiguiente.

BEREBIZIKO, egoki, apropiado.

BEREZIKI, batez ere, sobre todo.

BERRIRA, ikus «Sustrai Bila», 149.

BERTARA, ikus «Sustrai Bila», 149.

BIDE, nonbait, agian, aurki, hurrean.

BILAKATU, bihurtu.

BILDU, batu.

BILDUMA, colección.

BILKURA, bilera, concentración.

BOLADA, unada, periodo de tiempo.

BORDELE, Burdeos.

BORTIZKERIA, indarkeria.

BORTXA, violencia.

BOZKETA, elección.

BULEGO, oficina.

DARAMA, daroa.

DASTATU, gustar, degustar.

DATEKE, da nonbait, bide da, parece ser, hay probablemente.

DATZA, yace, consiste (etzan aditzaren forma).

DAUAT, ikus «Sustrai Bila», 118.

DEI, deitu.

DEITURA, abizen, apellido.

DESLAI, despreocupado, desaliñado.

DIKEK, duke, du nonbait, tendrá.

DIRATEKE, dira nonbait.

DUKE, du nonbait. (Emango duke, dará tal vez).

DUKEGU, dugu nonbait, bide dogu.

EBAINDU, makal, ahul.

EBATSI, ostu.

EGIN, egindako.

EGUN, gaur.

EI, omen.

EKIALDE, eguzkialde, oriente.

ELKAR, elkartu.

ELKARGO, elkarte, sociedad.

EMEKI, astiro, geldiro.

ERABAT, guztiz, zeharo.

ERAKUNDE, institución.

ERAMAN, eroan.

ERDEINU, desdén, desprecio.

ERDITZE, parto.

ERIZLARI, crítico.

ERORI, jausi.

EROSO, cómodo.

ERRESUMA, erreinu, estadu.

ESANEN, esango.

ESKAINI, eskini, eskeini, ofrecer.

ESKUALDE, comarca.

ETSAI, arerio, enemigo.

FITS, apur.

FROGATU, probar, demostrar.

FUNTS, hondo, barru, barne.

FUNTSEZKO, importante, sólido, serio.

HAIK, hareek (haiek aktibo, haik pasibo).

HAUK, honeek (hauek aktibo, hauk pasibo).

HAURRIDETASUN, anaitasun, parentesco, afinidad.

HAUTATU, aukeratu, elegir.

HAZIL, zemendi, noviembre.

HEDATU, zabaldu.

HEIN, grado, proporción.

HELBURU, fin, objetivo, meta.

HELDU, helduko, próximo.

HERI, gaixo.

HERRABIDE, gorrotabide.

HERTSI, hestu.

HESITU, cercar.

HETSI, hitxi, cerrar.

HIRI, huri.

HITZEMAN, agindu, prometer.

HOIK, horreek (hoiek aktibo, hoik pasibo).

HORRETAZ, beraz, por consiguiente.

HOTS, a saber.

HURA, ha.

HURBIL, hur.

IGANDE, domeka.

IGORRE, Yurre.

IHARDESPEN, erantzun, respuesta.

IHIZTARI, cazador.

IKERTZE, azterketa, investigación.

IKUSPEGI, punto de vista.

ILE, ule.

IRAULTZA, revolución.

IRAULTZAILE, revolucionario.

IRITXI, heldu.

ITSATSI, adherirse.

IZANEN, izango.

JASAN, jaso, aguantar, tolerar.

JAZO, gertatu, suceder.

JENDARTE, público.

JOSTAILU, juguete.

KALAPITA, zalapart, tumulto.

KANTATU, kantatutako.

KARRIKA, kale.

KATAMIXAR, ardilla, écurell.

KAUSITU, aurkitu.

KAZETARI, periodista.

KIDETASUN, afinidad.

KOPURU, suma total.

KUPIDA, erruki.

LARRI, grave.

LARUNBAT, zapatu.

LEGEZ, lez, bezala.

LEHIAKETA, competición.

LEKUKO, testigu.

LEKUKOTASUN, testificación.

LIBERA, franco.

LLABUR, laburtxo.

MAIZ, sarri.

MARRAZKI, dibujo.

MEATOKI, mina.

MEMENTO, momentu.

MENDE, siglo.

MENDEBALDE, mendebal alde, occidente.

MENEAN, menpean.

MENTURAZALE, aventurero.

MESFIDATU, desconfiar.

MEZU, mensaje.

MUNDURA, ikus «Sustrai Bila», 149.

NABARITU, advertir, notar.

NOSKI, naski, ciertamente.

OMEN, ei.

ONURAKOR, provechoso.

ORDEA, ostera, berriz, baina.

ORDEZKARITZA, delegación.

OREN, ordu.

ORMATXORI, gorrión, moineau.

ORO, guzti.

OROKAR, jeneral.

OROTARA, guztitara, en conjunto.

OROTARIK, guztitarik, de todo.

OSTERA, berriz.

OTSAIL, zezeil, febrero.

PARADA, ereti, abagadune, oportunidad.

PROLETARGO, proletariado.

SALMENTA, salketa, venta.

SOILKI, simplemente, sin más.

TANKERA, taxu, estilo.

TRAPALADAN, al galope.

TXANTXANGORRI, petirrojo, rouge-gorge.

TXIRO, pobre.

TXOSTEN, comunicación, trabajo escrito.

UDAL, ayuntamiento.

UHARTE, isla.

UKAN, euki, izan (trantsitibo).

UNADA, bolada, período de tiempo.

URTARRIL, enero.

UZTAIL, julio.

XEDE, helburu, fin, objetivo.

XEHEKI, detalladamente.

XEHETASUN, zertzelada, detalle.

ZAIL, gaitz, gatx.

ZALANTZA, ezbai, duda.

ZATEKEEN, zan nonbait, izango zan, debía de haber, habría.

ZATXATAZ, zara niri, zatzaizkit.

ZE, zeren, pues.

ZENBAIT, batzuk.

ZEREN (ETA), ze, pues.

ZERTZELADA, xehetasun, detalle.

ZULO, zor.


Huriburuak

Ipar Aldetik bi berri

Ipar Euskal Herriko lehen problema: lan eskasia

Ez dugu segur geure burua ainitz* berotu behar, Ipar Euskal Herriko problema lehena lan eskasia dela ikusteko. Industria ttikia dugu, zorigaitzez; eta den ttikia ere, ez hain azkarra. Lantegiak hesten* ari zaizkigu uste gabean.

Sail honetan, lehenik aipatu behar duguna da «Biarritz-Shoes» lantegi berria. 859 langile zituen lantegiak, eta hauetarik 625 emazteki. Urtarrilaren 27an, lantegi honen nagusiak konduak agertu zituen, diotenez, miliar baten zuloarekin*. Ordutik beretik, langileek lantegia hartu zuten eta lanean jarraiki egun batzuez oraino. Baina, oinetakoen egiteko gaia eskastu zitzaienean, erosteko dirurik ez izanki eta, lanetik gelditu behar ukan* zuten otsailaren* 7an. Eskualde* guztia harrotu eta iratzarri dute, karrika* kurridak eginez Baionan, Biarritzen eta Pauen. Auzapezak*, kontseilu jeneralak, deputatuak, suprefeta, prefeta eta lehen ministroa bera mugiarazi dituzte. Han eta hemen bilkura* frango ere egin dute. Eta, oraingo ustez, elkarte berri bat moldatu dute Parisen, heldu* den martxotik harat lantegia berriz abiaraziko duena eta langileak emeki* hartuko, ez denak ahatik*, zorigaitzez. Horra zertan den afera*.

Zapata lantegi horretaz bestalde, beste lantegi zenbait* ere hetsi* dira Baionako inguruan. Hala nola, SCIBA, Latimier, Bokalen, eta Sarrade et Lanne, Biarritzen.

Beste lantegi multzo bat aldi txarrean kausitzen* da: hala nola, SCIMA itsasontzi lantegia (100 langile), Kent Rubber, plastika etxea (150 langile), biak Baionako Adur ibaiaren ertzean, eta Duty lantegia (50 langile) Arrangoitzen, duela sei hilabete zutik ezarria. Hoik guztiok neke haunditan dabiltza aldi honetan. Noiz artio iraunen dute?

Sail berean ez bada ere, arras* hurbil* ezar ditzakegu, Biarritzeko zapata lantegiari josiak ziren beste hiru lantegi ere: Angelukoa (92 langile), Hazparnekoa (140 langile) eta Donapaleukoa (35 langile).

Ikusten denez, Ipar Euskal Herrian lanaren problema izugarria da. 1969.ean, Ipar Euskal Herriko industriak 18.000 langile enplegatzen zituen. Joan den urtarrilean*, sindikatoen arabera*, hiru mila bat pertsona lanik gabe zeuden Lapurdin eta Baxenabarren. Orain, beste mila gehiago! Noiz artio?

Auzapezen hautatzea

Heldu* den martxoaren 14ean behar ditugu geure auzapezak* hautatu. Asko lekutan, bi lista eta hiru ere ikusten ditugu. (Lista da herriko edo hiriko* kontseiluan sartu nahi dutenen andana). Herri ainitzetan* sistema horrek herrabide* frango sortu ditu, zenbait* aldiz bizi guztian irauten duena. Hala ere, aipatzekoa da, nola, Baxenabarreko herri batean, aldi honetan bederen*, ez den herrabiderik izanen*. Nolaz hori? Herri honetan sistema sanoena hautatu* baitute: herriko kontseiluan sartu nahi duenak bere izena agertzen du. Gisa horretan, izan daitezke hamabost nola hogei. Eta Herriak andana* horretarik hautatzen ditu gustuko dituen kontseilariak. Zer zuzenagorik?

Zortzi kultura taldek auzapezei egindako karta idekia

Ipar Euskal Herriko zortzi talde kulturalek karta ideki bat helarazi diete herri-hirietako auzapezei*. Hona talde hoien izenak: Euskaltzaindia, Eskualtzaleen biltzarra, Ikas, Gure Herria, Haize Garbian, Donibaneko ikasleak, Kanboko ikasleak eta Fededunak.

Zer diote karta horretan? Herri-hirietako auzapez eta kontseilariei eskatua zaie, indar berezi bat egin dezaten euskal pizkundearen alde, kultura taldeak lagunduz, herri-hirietan euskal gauzentzako tokia emanez eta beste.

Gero ikusiko, zenbatek duten zerbaiten egitea hitzemanen*, eta zenbatek duten eman hitza obratuko.

Gerard Nicoud Baionako hiru mila komerzanteri mintzatu zaie

Mugaz bestaldean, ez dakit, ainitzek* ezagutzen dutenentz, Gerard Nicoud deitua den gizon gaztea, hogeitalau urtekoa, ofizioz ile* moztailea, duela bi urte komerzant eta artisanten zaintzeari lotu zaiona. Eta lotu, ez bakarrik hitzez, baina egitez ere!

«La tour dupin» izeneko mugimendu bat sortu zuen bere sorterrian, Lyonen. Karrika* kurridak eta kalapitak* ere muntatu zituen. Poliziako aintzindari zenbait* ere preso altxatu! Ondorioz, hilabete zenbait presondegian egin ditu. Emeki emeki* mugimendu hori Frantzia guztira hedatu* zen, eta Erresuma* guztiko komerzant eta artisanten interesen zaindari jarri, CIDUNATI izena hartuz.

Mugimendu berri honek bere erroak egin ditu Pauen eta Baionan ere. Orotarat*, laurogei departamendutarat hedatua da. Zer du bere helburutzat*? Herien* eta jubilatuen diru kutxak nahi ditu diru emaileen eskuetan ezarri. Eta arrazoiekin konduak argitu. Zuzendu!

CIDUNATI taldeek egin* ikertzeetan* agertu baita*, kutxa hoietako dirua beste zerbaitetan baliatua zela eta zenbait* aldiz ebatsia*! Beraz, lehen bai lehen egin nahi dituen bi gauza, hona zein diren: Komerzant eta artisantek dituzten 154 kutxak 29tara apaldu. Gastuak, araberan* apalduko baitira, klase horren onetan. Eta zahar paga edo erretiro ttikiena 500 libera* berritara eraman*.

CIDUNATI mugimendu horren segretario jenerala, Gerard Nicoud, Baionan izan da, joan den hilabetearen 19an. «Lauga» kirol jauregi berrira* bilduak* ziren hiru mila komerzant eta artisantei mintzatu zale oren* bat eta erdiz, garbiki esanez, zer eskandalu izugarriak, diruaren aldetik, eginak izan diren haien bizkar; eta mugimenduaren bi helburu* hoik ere denbora berean xeheki* agertu ditu, han ziren guztiei dei bat eginez, elkarrekin behar dituztela beren interesak zaindu.

GEXAN LANTZIRI

daitezke, daitekez

dezaten, daien

diote, dinoe

ditzakegu, daikeguz

zaie, jake

zaio, jako

zaizkigu, jakuz

zeuden, egozen

zitzaien, jaken


Huriburuak

Bilbo

Quebectarrak

Lehengo batean, Quebec huriko jaun bat presentatu euskuen. Nire adiskide batek ba dinotso: «Zuek, Quebectarrok, ondo bizi zaree. Ez dot konprenitzen, zergatik egin gura dozuen erreboluzioa».

Quebectarrak honela erantzun eutson: «Guk ez dogu sufritzen subdesarroilorik, anglofonoen aldetikako humilazioa baizik. Gure iraultzaren oinarria ez da ekonomikoa, kulturala baino».

Joko makurra

Bilboko Abando auzo handian, eta San Francisco Javier parrokiaren inguruan batez ere, ehundaka euskaldun bizi dira. Bertako apaizei behin eta berriro eskatu jake, meza bat euskeraz emateko. Dana alferrik.

 Zer egin? galdetzen deuskue han bizi diren euskaldun batzuek. Edozer, adiskideak, egin edozer. Baina ez geratu isilik ezelan ere. Jo hona ta hara, meza hori lortu arte.

Agustinoak

Auzo berean, eliza bat dauke Agustinoek. Fraile horreek, guztiak dira erdaldunak. Euskaldunak misioetara edo bidalduko zituen, unibertsalismoaren atxakiarekin.

Fraileok kolejio bat dauke, eta irakaskintza guztia erderaz ematen dabe.

Mesedez, ez dakidala inor etorri esaten, euskerazaletasunik ez dagoela: Agustinoen erdal kolejio horretarik hamar metrora, «Azkue» euskal ikastola dago, 300 ikaslerekin, toperaino beteta, eta lekuaren faltaz, jende gehiago hartu ezinik.

Eritzi harrigarri bat

 «La Gaceta del Norte» egunkarian, euskerari buruzko erdaldun baten eritziak agertu dira. Erdaldun horrek dino, euskera hil zorian dagoela. (Hau esatea ez da bekatua). Eta, euskerak laguntza ofiziala lortuko baleu ere, berdin izango zala. (Hau bai astakeria).

Informazio hau osotzeko esan behar da, «La Gaceta del Norte»k ez dauala urte osoan gure hizkuntzan tutik ere argitaratzen, nahiz eta egunkari hori Bilbon egina izan.

Zer jazo da liburu horrekin?

Euskeraz liburuak argitaratzea modan jarri da, zorionez.

Deustuko Unibertsidadeak liburu sail bat zabaltzeko asmoa dau; eta lehenengo liburua, Orixeren «Jainkoaren Billa», oraintsu agertu da. Bigarrenak titulu interesgarri bat eban: «Marxen marxismoa»; eta haren egilea Gotzon Garate da.

Baina, lehenengoa zabaldu bada, bigarrena ez. Zer jazo da liburu horrekin?

«Plan Vizcaya»

Edukazio edo heziketako «Plan Vizcaya» antolatzen dabiltza, eta bertan baztertu gura ei dabe euskera. Argi dago, hau «Ley General de Educación» dalakoaren kontra doala.

Plan horretan euskera baztertuta agertzen bada, nire ustez, kanpaina haundi bat egin behar geunke euskeraren alde Bizkai guztian, 500.000 firma batzeko.

XABIER GEREÑO