ANAITASUNA

206 zenb.

1971. otsailaren 28 ekoa

Jardin Txikerra, 1 BILBAO-12

Tel. 43 18 37


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari: Anjel Zelaieta.

Zuzentzaile: Imanol Berriatua.

Idazkola ta banakola: Jardin Txikerra, 1. Bilbao (12).

Inprimatzaile: Juan José García, Joaquín Jáuregui, Jesús María Tafalla, Gabriel García eta José María Belmonte, AMADO inprimerian, Bilbon.

Irarle: Gil Díez eta Manuel Barrera, RALI etxean, Bilbon.

XIX urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Markinako eskualdearen hurigintza dala ta

Bizkaiko Diputazioak, Bilbo Handi deitutako eskualdearena* izan ezik, beste sei eskualdeen hurigintza* planak egiten dihardu. Arazo interesgarria hauxe, herrialdearen* giza bizitzarako.

Azken bigarren eskualdearen plana bururatu da oraintsu, Markina deitzen jakonarena, huriburuarena izentzat hartuta. Izan ere, plan horrek Markinako auzi alderdia hartzen dau; beraz*, Lea eta Artibai ibai arroak*. Baina, geografia ikasten asko saiatu ez direlako edo, Mendata eta Ea herriak ere bertan sartzen dira.

Hurigintzarako, eskualde honek herri honeek hartzen ditu: Artibai arroan, Markina-Xemein eta honekin batera Zenarrutza (herrixka hau oraintsu bereganatu dau Markinak), Markina-Etxebarria, Berriatua eta Ondarroa. Lea arroan, Munitibar, Murelaga, Gizaburuaga, Amoroto, Mendexa, Izpazter eta Lekeitio; eta horrez gainera, lehen aipaturiko Mendata eta Ea.

Hurigintza honi egin leitekion kritikarik zorrotzenetarikoa, hauxe da: eskualde hau bazter eskualdetzat hartzen dala. Izan ere, Bizkai bazterreko eskualde bezala tratatzen da, Kalamuaz bestaldean ezer ez balego legez*. Deba arroaren industria aberatsaren alboan dagoela ez da nabaritzen*, dirudianez.

Horregatik izan leiteke, industria sailean, Berriatuaren hazitzea bakarrik ikusten dala. Berriatua, egia esan, herri egokia da horretarako; baina Markina-Xemein eta Etxebarriren, batez ere azkenengo honen egokitasuna ez da haintzat hartzen. Gure ustez, eskualde honetan ez dauka beste herri batek Etxebarriak baino toki aproposagorik horretarako; haren zelai ederrak eta Eibar eta Elgoibarren mugan egotea kontuan hartzekoak izan behar ziren.

Murelagan, Aulestian, Munitibarren, Amorotoko Oletan, Iruzubietan lantegirik jartzerik ez da planteatu ere egiten. Ondarroari ematen jakon desarroilo urria, txarto pentsatzen jartzekoa da, zeren*. eskualdeko herririk dinamikoena izanik, errealidade hori ez ez da behar dan beste planifikatzen.

«Ciudad Jardín» deritxoenak, Mendexa, Lekeitio eta Ean bakarrik jartzen dira; beraz*, Izpazter ez dirudi iz(itsas)bazterrekoa danik. Zenarrutza eta Munitibar ere haintzat hartu behar ziren, Oiz mendia baita* alde bietara parke eder bat egiteko tokirik aproposena.

Planifikatze honek Ondarroa portu aldetik ikusten badau, nahiz eta gero portu batek berez dakarzan lantegiei jaramon lar* ez egin, Lekeitio turismorantz oso osorik zuzentzen dau, arrantzale etorkizuna moztuta. Egia esateko, arrantza bizitza, gaur ere, motel samar ikusten da Lekeition.

Beste alde batetik, Artibai arroa interesgarriagoa bada ere, Lea arroa ahaztuta ikusten dogu hurigintza honetan. Gaur Gizaburuaga dagoen antzera gelditzen dira beste herriak ere.

Eskola batzeak Markina, Lekeitio, Ondarroa eta Munitibarren egingo dira, besteak kenduta. Mendexa, Amoroto, Gizaburuaga, Izpazter eta Eakoak Lekeitiora joango dira. Eakoak egokiago joango lirateke, Ibarrangelu, Elantxobe eta Ereñokoekin egin leiteken elkarte batetara. Mendatakoek hurrago dauke Gernikara; eta Lea goitiko herri ta auzokoak, Munitibartik hasi eta Oletaraino, Gizaburuagatik zehar, Aulestian erdirago egongo lirateke. Hemen ere, Diputaziokoek Bizkaiko geografia gutxi dakiela agertzen deuskue.

Agertze bera egiten dabe bide kontuan. Trabakuko bidea zabaltzea aipatzen deuskue gehien, eta ez da hori txarra. Baina ez ditue aipatu ere egiten, Ixuatik aintzinako Villamayor de Marquina edo Elgoibarrera, eta San Migeletik aintzinako Markina-goiti edo Eibarrera doazen bideak; eta hauxe da txarra. Berriatutik Lekeitiora tunel bat egitea planteatzen da, nahiz eta gaurko garestiegia dala aitortu behar. Bestalde, Gernikarako bidea hobetzea aipatzen da, baina Bolibar eta Munitibartik zehar. Zuzenago egongo lizateke, Markina-Aulestia-Nabarniz-Gernika igarota, Aulestitik Nabarnizera egingo balitz; eskualde buru bi artezean geldituko lirateke, Markina ta Gernika alegia*.

Huriburu arazoa ondo planteatzen da, Markinari arlo hori emanez. Baina Mankomunidade biderik ez da nabaritzen*, eta, beraz, huriburutza erdizka gelditzen da.

«Metra Seis» etxeak egin dau eskualde honetarako estudioa, baina gero Diputazioko teknikoek ez deutsoe jaramonik egin. «Metra Seis»ek egin dauana, numeroen aldetik ez dago txarto, lekuaren ez ezagutze bat nabarmen agiri badau ere.

Demografia aldetik, bizilagunak perretxikoen antzera irtetzen dira, nondik sortzen diren ez dakigula. Amorotok orain 584 bizilagun baditu, hamabost urte barru 4.131 izango ditu. Baina, lantegirik eta beste ezer barik, baserria nondik haziko ote da horrenbeste? Orain aldrebes doala esan leiteke. Lekeitio 5.830 bizilagunetik 53.424-era igongo ei da; kontaketa honetan udatiarrak sartzen dira nonbait. Eta holako kalkuluak beste herrietarako ere. Iturririk ipini barik, nondik edango ote dabe hainbeste lagunek?

Finantziatze aldetik, plan jeneralak eta partzialak aurrera eroateko biderik ez da inondik ikusten. Udalek* ez dauke horrenbesterako etorririk. «Metra Seis»ek berak ere 55.115.625 milioiren defizita kalkulatzen dau.

Norbaitek esango dau: baina, ez dauka ezer onik plan honek? Bai, ba dauka. Plan baten eginbeharra ikusten dau, eta xehetasun txiki batzuk ondo ematen ditu. Bestela, ez deutsagu ikusten ez ankarik ez bururik. Eta txarrena: hain gizarte-arazo premiatsua eta garrantzitsua izan arren, oso jende gutxi arduratu da beragaz, euren eritzia emateko eskubidea izan daben hilabetean. Orain Udalek, Aiuntamentuek, dauke beste hilabete; eta Markina-Xemein, Etxebarria eta besteren bat bakarrik arduratu dira, tekniko batzuei asesoratze laguntza eskatzen. Beste herrietan, Aiuntamentukoen aldakuntza hilabete honen lehenengo igandean egon danean, bazkari eder bat egiten arduratu dira eta paitar boteilak huzten; Abadiñoko probetaz jardutea eta trabesgintza*, hurigintza baino aurreragokoak dira ta.

D. AMAITERMIN


Andres Narbarte bertsolaria hil da

Urtarrilaren* 30eko ANAITASUNA honek, «Euskaldungoa» orrialdean, berri hauxe dakar, lerro gutxitan. Egun berean, Loiolako irratiak Agirre Arandaren bertso batzuk eman zituan, berri hau zabalduz. Baina haren heriotzaren zehaztasunik ez dot inondikan jaso, eta beste nire antzeko bertsozaleek ere, ez dot uste izango dabenik.

1960.eko Euskal Herri osoko txapelketa nagusian ezagutu izan neban Donostian. Harrez gero, lagun haundi ginen. Gizontasunez betea zan «Xalto», baserritar ezikasi askoren antzera. Adimen argi eta irudimen azkarrekoa. Euskera erraz eta gozoaren jabe zan, eta etenbako bertso iturriaren zuzendari arina. Halako grazia berezi bat eta alaitasun gutiziagarri* bat zituan gure nafar eta euskaldun bertsolariak.

Bertsolari? Goimailakoa.

1960.ean, uztailaren* 26an, Lekunberri aldeko txapeldun gelditu zan.

1961.ean, irailaren* 25ean, Lezakan, Nafarroako txapeldun.

1961.eko urriaren 22an, Larraun eta Basaburu bailarako txapeldun.

1961.eko urriaren 29an, Nafarroako txapelketan bigarren.

1962.eko abuztuaren 19an, Goizuetan, txapeldun.

1964.eko maiatzaren 3an, Berruetan, txapeldun.

1964.eko abuztuaren 27an, Iruinean, Nafarroako txapeldun.

Urte honetako abenduaren 20an, Euskal Herri osoko txapelketarako aukeraturiko egunean, bertso saio bat egin izan eben Bilboko «Capitol»ean, eta han izan zan Andres, bezperan, arratsaldean, Gipuzkoatik neugaz trenean etorrita. 1962.eko abuztuaren 16an izan zan lehenengoz Bizkaian. Ondarroan abestu eban, Bautista Madariaga, Juan Mugartegi eta neugaz. Gero, Markinan urtero egiten dan bertsolari batzarrean ere izan zan, 1965.ean. Urte horretako urtarrilaren* 1ean, Euskal Herri osoko azken txapelketan parte hartu izan eban, azkenengo aldiz, oker ez banago. Txapelketetan, beti utzi izan dau bere grazia eta zelebrekerien aztarrenen* bat. Nork ez ditu gogoratzen 1960.eko bertso hareek? Enplasteroa zan bera, eta Mugartegi osalaria. Honetaraxe erantzun eutsan, hirugarren bertsoan:

 Nor sendatuko ote litzake,

enplasterorik ez balitz?

Eta Irigoien jaunak honako galdera hau egin eutsanean:

 Belgikako erregin

egin dabe Fabiola?

gero esaten eustan: «Nik ez nekian Belgika zanik eta gutxiago Fabiola hemen jaio eta han erregina izendatu ebenik. Baina, gaur eman deusten diru honegaz, radio bat erosiko dot, eta jakingo dot, bai, munduko berririk nik ere. Gehiago ez nabe horren tonto harrapatuko».

Ama zaharturik eban, berak esaten eustanez. Ez dakit bizi ote dan. Ardiren batzuk ere ba zituan. Artzain arazo horretan jarduten eban mendian. Bilbora etorri zanean ere, honetara esan eustan: «Sardui, aste honetan ia hil egin nauk. Ardiekin mendira igon, gaitzak hartu eta bost egun egin izan ditiat* txabolatik ateratzeke*, ezer jan ez edan gabe».

Geroago, burutik eginda ebilela jakin neban, eta, azkenez, ANAITASUNAko berri hau. Hernandorena, Ondarrabiko osalariak, edo Pedro Diez de Ulzurrun jaunek berri zehatzagoak emango dituela itxaroten dot. Goian bego «Xalto», nafar bertsolari euskalduna!

SARDUI


Herriz herri

Berango

Don Lorenzo Salaberria apaizaren omenez

Gaur, Getxo aldeko artzipreste eta Erandioko parroko da. Baina, orain arte, Berangon egon da. Nork ez dau maitatzen, gure herrian, Don Lorenzo? Gizon zintzo, tolesgabe, bihotz oneko, herrizale, laguntzeko beti prest eta euskaltzale egiazko, Ermutar hau.

Hogei urte inguru gure artean egonda gero, gure Don Lorenzo maitea Erandioko San Agustin elizaldera joan jaku. Berangotarrek, albiste* ilun hori jakitean, atsekabe haundi bat hartu genduan, eta herriko batzorde* bat Gotzain jaunagana joan zan, Berangotarren kezkak aurkezteko*. Baina Gotzain jaunak, Don Lorenzo Erandion beharrezko zala esan eutsen.

Orduan Berangotarrek, Don Lorenzoren alde euren eskerrona erakutsi guraz, omenaldi bat egitea erabaki eben. Omenaldi hori otsailaren* 7an egin izan da. Eguerdiko 12etan meza bat, Don Lorenzok emandakoa. Euskera hutsean otoitzak eta kantuak. Berbaldia hizkuntza bietan, Berangon danok euskaldunak ez gara ta. Hitzaldi horretan gauza ederrak esan euskuzan, adibidez: «Geure hizkuntza eta euskal nortasuna ez dogu galdu behar. Honeek Jainkoak emandakoak dira, eta geure gauzak geuk iraun- eta gehitu-erazi behar ditugu». Irteeran, elizpean, aurreskua. Handik zinetokira. Han gure herriko umeak, eurek ekiezan gauzak egiten hasi ziren: ikastolako txistulariak, ezpatadantzari eta gorulariak*, «Gure Txoko» taldekoak, «Alaitasuna» euskal abeslari taldekoak, eta abar.

Amaieran, erregalu batzuk eman izan jakozan. (Haren arrebari lore txorta bat. Merezi dau Don Lorenzoren atezainak, zintzoa. izan da ta). Erregaluok hartzean eta eskerrak emanda gero, zera esan euskun: «Ez noa urrun. Sarritan etorriko natxatzue. Ez dinotsuet agur, gero arte baino». Horixe da gure itxaropena.

Azkenez, ikastolako txistularien laguntzarekin eta herri osoa zutik, «Agur, Jaunak» kantatu zan.

Gure herrian hutsune haundi bat utzi dau gure artzain onak. Dana dala, Berangok galdu dauana, beste batek irabazi dau. Zorionak, Erandiotarrak!

AGARREMENDI

Txori Herri

Bilboko Athletic

Bilboko «Athletic» futbol elkarteak landa batzuk erosi ditu Lezaman. Geroago, futbol zelai eder bat egingo ei* dabe bertan. San Mamesko zelaia saltzen dabenean, guk uste dogu, elkarte horren zuzendariek, borondate onagaz*, ikastola mordo bat egingo dabela, salketa horrekin jasoko daben diruagaz. Baten batek esango dau, optimista bat naizela; eta arrazoia dauka.

Kolejioak

Deriotik Bilborantza bazoaze, Santo Domingoko bidea hartuta eskuin aldean, edifizio haundi bat ikusiko dozue, ederto apaindua, igertoki* eta beste gauza askogaz. Haren aurreko aldean, kartel hau: «Colegio Cooperativa Vizcaya». Kolejio honetan sartzeko, 30.000 pezeta ordaindu behar dira. Eta hilabeteroko kuota 3.000 pezeta da, ume bakoitzeko. «Cooperativa» izen horren pozagaz, seme-alaba asko dituen langileak sartu dira; eta orain ezin leikee umeak handik atera, 30.000 pezetok galdu gura ez baditue. Eta hainbeste diru ilargia non dagoen jakiteko!

Apaiz berria

Apaiz gazte bat bidaldu deuskue Larrabetzura. Izena Iñaki dau, eta euskaldun berria da.

MIGEL A. LEKUE

Ander Manterola jaunaren mintzaldia

Ander Manterola jauna euki dogu geure herrian, Sondikan, hitzaldi bat ematen. Uste dogu, horregaz dana esanda dagoela. Oso ederto, oso ondo egon zala esaten badogu, gutxi esatea da.

Euskerazko meza

Danok dakigunez, zortzi ta erdietan meza bat dago, euskeraz, Sondikan. Eta hau ere danok dakiguna da: oso baztertuta dagoela. Zergatik ez egin zeredozer meza horren alde? Guztiontzako hobe izango lizatekela uste dogu.

ROSI IBARRONDO

Elgoibar

Artikulurik onenak

ANAITASUNA, 204. zenbakia.

Lehenengo artikulua, «Indio Navajoak», A. Ondarzabal.

Indioak eta munduko minoria guztiak babestera eta zaintzera behartuta daude eta gaude. Geure eritzia azaldu behar bagenu, hitz gutxitan hauxe izango lizateke:

Munduan minoriak defenditu eta zaintzen diren tokiak ezagutzen ditugu. Navajoen alderdi hori, ordea* ez dago toki hoien artean.

Asian jendea hiltzen ari direnek, Ipar Amerikan ez dute ezer, defenditu eta babesteko?

Horrelakoekin ez genuke era horretara jokatuko. Hain garbi eta argi azaltzen daukute haiek, zer diren eta zer nahi duten.

Bigarren artikulua, «Euskal editorialen koordinatze beharra», Xabier Kintana.

Berri emaileetan, Etxebarriko Urko.

Herriko berriak

Urtarrilaren* 29an, ikastolako batzar nagusia egin zen. Lehendakaria aukeratzea eta beste garrantzizko arazo batzuk erabaki ziren. Batzar nagusi horretan, herri xeheak ez zuen parterik hartu. Ez eta osatu den junta berrian ere. Uste dugu, denok garela arduradun, eta hau gogoan hartu behar dugula.

Aspalditik Elgoibar parrokorik gabe zegoen. Orain jakin dugu, ba datorrela. Eta guk galdetzen dugu: Nork eskatu du parrokoa?

Jakin dugunez, kurtsilloa amaitzera doa. Eta ba dago zalantza apur bat, gero nola jarrai. Gure eritzi apalak ezer balio badu, hau adierazi nahi genuke: Aurrera egin gura dutenekin, zalantzarik gabe aurrera egin behar da. Eta metodo bezala, Altunarena ona iruditzen zaiku.

TALDEKO MARISABEL

Etxebarria

Azkenengo kronikari buruz, ohartxo bat edo beste egin gura neuke. Lehenengo, kronikalaria ez zala Urko izan, han agertzen dan legez. Itxura danez, ohartu barik jarri eban izen hori zuzentzaile jaunak.

Bigarren, zuzentzaile berak hitz batzuk jatearren, kronika erdi inguruan agertzen dan lerro biko esaera bat ezin daiteke ulertu; edo, esan gura zana barik, beste gauza bat ulertu daiteke. Hitzez hitz, antzerkiari buruz esan gura genduana, hauxe zan: «Baina kaltegarria izan ezik (baserritarkeria edo arlotekeria edo beste -keria bategatik), nahiz eta aparteko «zerik» ez izan eta problema sakonik ez aztertu, ez al da mesedegarri, beste dohai horreek izanez gero?»

Azkenez, ez genduzan abeslariak inogaz konparatu nahi, orduko euren saioa beste euren saio batzuekaz baino. Horregatik* ez eban jarri behar «beste batzuen mailara», «beste (saio) batzuetako mailara» baino.

Huts guztiok, kronika azken orduan bidaltzearen ondorenak izango direlakoan gagozenez, ea hurrengoan bizkorrago ibiltzen garen.

Antzerkilariei eta abeslariei buruz, Amoroton, Markinan, Ibarrurin eta Abadiñon ere egin dabela esan behar.

GADU

Eibar

Telleria-Alberdi senar-emazteen heriotza

Oraintsu, otsailaren* 4ean, Ines bere emazte maitearekin batera, etxean eta bat batean hilak. Emakume maitagarria Ines, gizon zuzena Antonio. Orain gazteek ezagutu dituen lekuak ere (Ocaña, Puerto de Santa María, eta abar) ezagutu izan zituan harek. Antonio eta Ines, oroimen onik utzi dozue bai gure bihotzetan. Izan atseden.

Ikusi ez genduana

«Helga» filmea, hain zuzen, ikusi ez genduana, nahiz eta gure albiste* emate honetan haren aipamena egin. Hamabost edo hogei egun aurretik albisteak prestatu beharrak ba dau berezko arriskua, gauzak egun batetatik bestera aldatzen dira ta. Honelakoren bat gertatu jaku guri ere, «Información y Turismo» dalakoak beharrezko belmena bezperan debekatu eban eta.

Hala ere, ez gengozen hain oker, geure kritika txikia egin genduanean. Alde batetik, filmea aurrez ikusita gendualako; eta bestetik, aipatzen genduan jakin-nahia, ikus-mina baino urriago zalako. Horra hor, bestela, Donostiako erantzuna.

San Antolin

Autopista ba doa aurrera, «Atila» moderno bat balitz bezala, ez baita* lili apalena ere hazten, haren zementuzko oin galantek lurra zapaltzen daben lekuan. Oraintsu ikusi dogu egunkarietan Elgoibar-Alzolarako espropiazioen zerrenda luzea. Pinudiak, zelaiak, soroak*, basoak, baserriak, etxeak irentsiko ditu dalako autopista asegaitzak. Bakoitzak berea galtzea izango du minen; hala ere, guk besterik sentitzen dogu, batez ere San Antolinen ermitta zaharra galtzea, hain zuzen. San Antolin auzoa, bere ermitta ta guzti, mapatik kenduko ote deuskue behin betiko?

Ohar bat

Anjel Zelaietak, 204. zenbakian eta «Euskaldungoa» sailean aipatzen eban «Berriak» aldizkaria, gutxi zabaldu da Eibarren gazteriaren artean ere. Irakurri dogun gehienoi ez jaku batere gustatu; holakoak zakarretara*, eta kito! «Saioak», ostera*, ez gutxi ez asko, batere ez da zabaldu. A! eta beste aldizkari batzuk ere ba dabiltza.

ALBISTARIAK

Arratia

Otsailaren* hamabosta egun haundi bat izan zan Arratiko gazteriarentzat. Hirurogeitamar bat gaztek benetako elkartasunean jardun izan eben «kanporamartxo» egun guztian, Zeanuri ta Dimaren erdian dagoen San Blas ermitaren inguruan.

Guztion artean gertaturiko meza eder baten ostean*, txistu ta dantza ibili ginen bazkalordurarte. Herri bakoitzekoek elkarrekin bazkaldu ondoren, gero guztiok batu ginen, kafe ta kopa hartzeko. Eta, apurka apurka beherantza gentozela, Indusiko elizondoan atsedenaldi txiker bat egin genduan, sutan erretako txorizo gozoa jateko. Ondoren, kantaka ta dantzaka, Igorretaraino joan eta dantza tokiari euskal giro eder bat eman ondoren, hantxe amaitu genduan «kanporamartxo» deituriko egun ederra.

Zein pozik ibili ginen guztiok egun guztian! Zergatik ez egin sarriago holako irteerak? Zer dala ta etorri ote ziren hain gutxi Bedia, Lemona eta Zeanuritik? Eta Zeberiotarrak bizi ote dira, ba, bizi?

Bestalde, egun berean, umetxoek ere euren irteera izan eben, Zeanuriko San Justo izeneko basoraino. Honeek ere egun ederra bota eben. Umetxoen arloan lan polita egiten da Bedian, Zeanurin, Arteagan eta Arantzazun. Arratiko beste herritarrak zeri begira dagoz, ba?

ZAMAKOLATARRA

Santutxu

Agertuko ote da, ANAITASUNA gure hamabosterokoan, jazoera triste honen berririk?

Ardura hau kentzeko, beharrizanak bultzatzen nau, lerro honeek bidaltzera. Gure egunetako abertzale amorratuen kondaira egiteko gogorik inork badau, ez daiala ahaztu, mesedez, Miren Josune Arana Lizarraga zana. Berak bai irakatsi deuskula, isilean eta gogor egindako lanean, nola euskaldunok jokatu behar dogun.

Nork batuko ditu aurrerantzean, harek gure espetxeratuen alde etxerik etxe batzen zituan diruak? Nork bultzatuko ditu, harek euskera eta Euskal Herriaren onerako bultzatzen zituan eginkizunak? Sortuko ote da, harek utzitako hutsunea beteko dauan inor?

Santutxuko inguruetan jo eban lurra haren gorputz bizkorrak, gure herriarenganako idealismo eta maitasun sakon batek arina eta geratu ezina egindako gorputz argaltxoak. Euskal Herriko seme zintzo izaten ahalegintzen garenok, hartu daigun bera eredutzat.

Gogoz laguntzen ditugu Arregi neba-arrebak, une mingarri honetan.

MARTIN BASTERRA

Durangoaldea

Otsailaren* 9an, lorretako Santa Apolonia auzunean, bertako jaiak ospatu ziren. Egunean bertan, meza baino ez zan egon; baina, 14ean, Arriaundiko dantzariak, meza herrikoia kitarrekin, eta abar.

Uste dot, ez zala egongo eskualde* guztian ez herri ez auzunerik, nahiz eta txikiena izan, Santa Ageda koplak entzungo ez zituanik. Hainbat eta hainbat talde ibili ziren, behartsuentzako eta beste mila zereginetarako dirua batzen. Urteokaz aldatuaz joan izan da batze horren zera, eta askozaz gutxiago dira, euren sakelak betetzeko asmoagaz batzen dabenak.

Doinu zaharrak eskualde* guztian entzun zirela esan dot; baina ez, ez da egia, ezin entzun zituan herrixka bat egon zan eta. Eztarriak makal? Gogoaren falta? Bai zera! Udaletxekoen baimenik eza. Ba dira urte bi gutxienez, ezer ere egin ezin izan dabela bertan. Entzun dogunez, bikotea ere egon ei* zan. Santa Ageda koplen hitzak balak izango balira legez*!

Urtero bezala, San Jose egunean eskualdeko txistulariek euren elkartasun eguna ospatuko dabe. Aurten Izurtzan egiteko dira. Ea ba, Santagedatarrok baino suerte gehiago dauken.

Otsailaren 7an ospatu zan Abadiñon Bizkaiko «ciklo-cross» txapelketa; eta 14ean, Durangon, Espainiakoa. Basualdo arabarra atera zan txapeldun, eta laster Holandan egingo dan Europako txapelketara doa.

Ospatu berri ditugu Abadiñoko San Blasak, eta esan geinke, izugarrizko exitua euki dabela.

3an eta 4ean makinaria ta abere azoka*: jendez gainezka egozen toki guztiak. Gauean, idi probak. 6an, sukaldarien eguna ospatu zan: Euskal Herriko txorizo guztiak jateko ere nahikoak ziren eurak. 7an, Urtain etorrela ta, makina bat jende joan zan ikustera. 14ean, goizean, eskualdeko txistularien kalejira; ondoren, proba lekuan, bertako auzunetako taldeek euren trebetasuna agertu eben, bai eta bertsolariek euren zuhurtasuna. Arratsaldeko jaialdira heldu gineneko, dana beteta egoen: 1.200 pertsona inguru ei* egozen, gehienbat gazteria. Jaialdi honetan, Etxebarriko antzerki taldea eta abeslariak izan ziren. Aspaldion ez dogu ikusi euskerazko antzerki talderik eskualdean, eta ordua zan. Gaiari buruz, batzuren batzuk beharbada ez ziren guztiz konforme egongo, «zerduna» ez zala ta; baina uste dot, bizitza garratz honetan noizik behin barre algara batzuk ere ondo datozela, barrua lasaitzeko. Asko gustatu jakon jendeari; baina lau orduko jaialdi bat ez zan izan txantxetako gauza. Jendea aspertuta irten zan, eta hurrengo baterako hau kontuan hartu beharko da, jendea gogaitu nahi ez bada.

Durangoko «Tabira Mendi» elkargoaren* martxoko irteera, Arrietabaso tontorrera dago antolatuta, hilaren 7rako.

JOAN ANTONIO AROMA

Iluna Bilbon eta argia Ibarrurin

Azken aste honetan hestu ibili naiz denboraz. Mundu nahastu honetan, nik ere nahasturik ditut neure ideiak. Gauzak ondo zuzentzeko, sistema bat beharrezkoa da. Hori horrela izanik, aste honetako esperientziak tarteka banandurik azalduko dauzkizuet.

«Banco de Vizcaya»

Behin eta berriro joan naiz Banco de Vizcaya-ra, ANAITASUNArako publizidadea bilatu nahian. Ordu ederrak eroan* dauzkidate zorioneko joan-etorriok. Lehenengo hara joan, eta gero urlia* jaunaren zain egon beharra. Azkenean, erantzuna: «No lo consideramos rentable». Ikusten denez, Banco de Vizcaya-rentzat rentable da, erdal aldizkarietan anuntzioak jartzea, baina ez euskerazkoetan, nahiz eta noredonorentzat euskera burges hizkuntza izan.

Sututa atera nintzen handik. Ez ote da ba Banko hori hemen sortua? Ez diote ba euskaldunek Banko horri beren lana ta dirua eskaini*? Hori da, orain hartu behar dugun ordaina?

Sasi unibertsalistak

Horrelako batzuekin berba egiteko aukera ukan* dut.

Lehendik ezagunak nituen holako katoliko unibertsalista batzuk. Euskera liturgian sartu nahi izatea? Euskera komentuetako bizitzan? Euskera fraile ta monjen kolejioetan? Haien ustez, hori txokokeria zen. Eliza unibertsalista da. Euskaldun fraile ta monjak urrutiko misioetara bidali behar dira, eta hona erdaldunak ekarri. Eliza munduari begira dago, ez geure txokokeriari.

Eta sasi unibertsalismo hori nik ukatu egiten dut. Nik kontra eginen diot. Ez dut nik horrelako Marxismorik gura.

Beste sasi unibertsalista batzuk

Orain goazen ezkerretara.

Marxista batzuk daude, proletalgoaren unibertsaltasunean sinesten dutenak. Euskal Herriaren eskubideak? Euskal nortasuna gorde beharra? Hori, txokokeria da. Proletalgoa unibertsalista da. Munduko proletalgoaren arazoez arduratu behar gara. Munduari begira egon behar dugu, ez geure txokokeriari.

Eta sasi unibertsalismo hori nik ukatu egiten dut. Nik kontra eginen diot. Ez dut nik horrelako Marxismorik gura.

Ibarruriko goizea

Igande* goizez Ibarrurira joan naiz, Zornotzatik Gernikarako bidean dagoen herrixka horretara.

Han, mendi hegalean, frontoi ttipi bat eta lau bost etxe zahar. Denda bakarra. Han ogia ta ardoa saltzen da, janariak eta kandelak (kandelak batez ere). Denda barruan, goitik dindilizka, bonbila baten ordez kriseilu bat (Ibarrurin ez dago argi elektrikorik).

Saltsamendi aretoan* sartu naiz, euskal antzerkia ikustera. Sarreran, ez zuen inork txartelik erosi behar. Rosa Mari Maguregi zegoen atean, txapela eskuan, eta han uzten zuen bakoitzak nahi zuena.

Barruan, hamar bat banko humil, errespaldo gabeak. Han jarri ziren amona zahar batzuk, eta andreak beren seme ttipiekin altzoan. Eskuin-ezker, zutik ormaren kontra, mutil eta neska koskorrak. Atzean, zutik, gizonak. Goian, gazteria. Eta Etxebarriko gazteek eskaini zeukuten Mayi Elissagaray-ren «Ameriketako Osaba», Lapurdiko euskeratik Bizkaikora aldatua. Joseba Andoni Enbeita ta Florentzio Amuriza bertsolariek, Markinako txistulari gazte talde batek eta Etxebarriko abeslariek osotu zuten jaialdia.

Bilbo ta Ibarruri

Zein desberdinak diren Bilbo ta Ibarruri. Bilboko neon argiak eta Ibarruriko kriseiluak. Bilboko Banco de Vizcaya eta Ibarruriko errespaldo gabeko bankoak. Bilboko erdera ta Ibarruriko euskera. Bilboko iluntasuna eta Ibarruriko argia. Bilboko harrotasuna eta Ibarruriko humiltasuna.

Nik maite ditut, bai, reaktore ta ordinadoreak, telebisio ta autoa. Baina maite dut Ibarruriko bakea ta argia. Zer preziotan lortu ditugu geure aurrerakuntzak? Zer preziotan ordaindu beharko dugu Elizaren eta Marxismoaren unibertsaltasuna?

Maite ditut aurrerakuntzak. Maite ditut ideia unibertsalistak. Baina neurrian, prezio justuan ordainduta.

Ez dezagun begira gauzen errentabilidadeari bakarrik. Ez dezagun kanpora bakarrik begira. Guk, lehenik, etxe bat dugu zaindu beharra. Jakin bezate sasi unibertsalista guztiek, alde batekoek eta bestekoek, guk ez dadukagula Euskal Herria salgai, eta haren hizkuntza ta nortasunaren alde burrukan egingo dugula.

Eskuak munduari zabalik, oinak eta burua geure lurrean ondo finkaturik baina.

XABIER GEREÑO

bezate, beie

dadukagu, daukagu

dauzkidate, deustez, dizkidate

dauzkizuet, deutsuedaz, dizkizuet

dezagun, daigun

diot, deutsat

diote, deutsoe

zeukuten, euskuen, ziguten

Aramaiona

Ikastola berria

Berriki*, ikastola bat sortu da Aramaionan, 15 haurrekin. Auzoetakoak gehiago etor zitezkeen; baina, joan-etorriak eratu arte, ezinezkoa da oraingoz.

Baserrietako haurrek, gero ta gehiago, erderaz egiten dute; baina jende nagusiaren artean euskeraz asko egiten da. Kalean, berriz, oso gutxi erabiltzen da.

Gure herriak 1.800 bizilagun ditu. Azken urteotan, euskera asko galdu da; baina orain kezkatzen hasiak gara.

Alfabetatze taldea

Abenduan hasita, talde bat astean birritan euskeraz ikasten ari gara. Gaueko bederatzi ta erdietan izaten dira ikastaldiak.

ORIXOL

Munitibar

Gizon proba

Otsailaren* 28an, igandez*, gizon proba dogu. Alde batetik, Totorikako Anittu, lehengo batean harrijasotzaile famatua. Eta bestetik, Izpazterreko Gabika, txirrindulariaren anaia. 500 kiloko harriagaz ekin beharko deutsoe norgehiagoka. Anittuk 30 minututan, eta Gabikak 28tan. Beraz*, ba dago abantaila* txiki bat.

Toki izenak

Euskal Herriko agintari askok eta askok ardura gutxi euki daroe*, toki izenak ondo zein txarto idatzita egoteaz. Askotan, jatorrizko izena kendu eta arrotz bat ipini arren ere, ez deutse batere ardura.

Horrelakoak geure herrian bertan ere ba ditugu. Esaterako, Gerrikaizko sarreran «Arbácegui» dinoan anuntzio eder bat. Hori faltsukeria bat da, egia ez dalako. Agintariek horren gainean ere ardura behar leukee.

«Balcón de Vizcaya» deritxon tokiari, gure herriko pertsonek «Galarraigane» dinotsoe. Zergatik ez dau haren izen jatorrak letreroan agertu behar, arrotzaren ondoan baino ez bada ere?

ERRAMON GERRIKAGOITIA

Bermeo

Eliza berriztatzen

Oraingo honetan ez da eliz ormarik ikutu, eliztarren arimak baino. Hain zuzen, «Cursillo de Renovación Eclesial» dalako bat eratu dabe gure herriko parrokiek, urtarrilean*. Aste bete iraun dau kutsillo honek, eta hainbat lagun joan da batzarretara. Oso onuragarria izan ei* da kurtsilloa. Orain, euskeraz egingo ei dabe beste bat. Hobe da berandu, inoiz ere ez baino.

Erresaka

Urtarrilaren 21ean, haserre agertu jakun Kantauri Itsasoa. Gaueko hamabietan, Kofradiako sirena hestu ta larri jotzen hasi zan. Erresaka handia egoen, eta ontziak, portu barruan gora ta behera, txikot guztiak apurtu beharrean ebiltzan. Behingo batean gizonez bete zan portua, guztiek euren ontziak jagotera, txikot gehiago ipini, eta abar. Gau guztia igaro behar izan eben ontzietan, erresakaren bildur, badaezpadan.

Ez zan ezer txarrik jazo. Eta eskerrak, Bermeon hirurogei ontzi bakarrik egozela, beste guztiak (50) Erandion zirelako, honelako hestualdien ikaraz. Ontzidi osoa (110) hemen izan balitz, nork daki zer jazoko zan. Noiz eukiko dogu, behar dogun portua!

Santa Ageda

Aurten, Santa Ageda bezperan, ohiturazko kanta zaharrak entzun ahal izan ditugu geure kaleetan. Eta nortzuk izan diren umoredunak? Ba... sanatorio psikiatrikoko gaixoak, euren midiku eta neska zaintzaileen laguntzioaz, bakoitza bere makila ta guzti. Entzun deutseenen eritziz, ederto kantatu ei eben.

«Beti Alai»

Otsailaren* 11n irten da Bermeoko portutik Afrikako itsasoetarantz «Beti Alai» atunzale konjeladorea. Haren jabeak Bermeotarrak dira. Europako atunzalerik handiena da: 1.200 toneladakoa, eta 2.400 HP-ko motorragaz mugitzen da, 14 nudo ta erdi eginez. Beste hiru motor laguntzaile daukaz, bi 600 HP-koak eta bat 400 HP-koa, eta 950 tonelada atun konjelatu igaro* leikez bere bodegetan. Tripulazioa, 20 gizon. Helikoptero bat daroa gainean. Helikoptero honen zeregina arraina topatzea da, eta gero radioz ontziari bidea eman. Jakingarri bat: Errioxako 1.300 litro ardo daroaz, Afrikako itsaso beroetan dagozenean, barruko gizonei jatorduetan ez dakioen ardorik falta.

«Juan Sebastian Elkano»

Legazale ontzitxo honek, otsailaren* 12an, gaueko zortzi ta erdietan, merkante bat jo eban. Kalte haundia egin jakon aurreko aldean; baina, beste hiru legazale ontziren laguntzioaz, Bermeoraino heldu zan. Ixtripua* Donostia aurrean izan zan, Eskoteko kaletatik porturantz etorrela, 115 kilo legatzegaz. Merkantea ez zan gelditu, kolpea sentitu ere ez baiteban hurrean*. Zorionez, ontzitxoan ere ez zan ezer txarrik jazo, eta barruko lau gizonak osasun onean etorri ziren etxera.

A. P. B.

Larrabetzu

«Hori Bai» elkartea

Joan dan urtarrilean* egin dira urteko elezioak «Hori Bai» elkartean. Azken urtean bazkideei esijentzia bat eskatzen hasi ginen. Erdiek elkartetik alde egingo ebela uste genduan. Baina gauzak ez dira horrela joan. Gaur 86 bazkide gagoz, danok ezkongeak* eta hamasei urterik gorakoak. Gero, ba ditugu harremanak* berrogei ta hamarren bat gaztetxorekin.

«Hori Bai» elkartearen barruan talde bi sortu dira. Pentsaera desberdinak, talde bien artean. Nork egiazko bidea, eta nork gezurrezkoa? Gauza bat dago garbi: talde batek gazteen eta gaztetxoen artean lan egiten dau. Hemen, haurrei* txistua jotzen irakastea. Hemen, «Euskal ikastola» antzerkia entsaiatzea (hilabete barru ikasiko dabe dana). Hemen, euskera taldeak: bat erdaldunentzat, beste bat euskaldunentzat. Azkenez, mendirako irteerak eta alfabetatze kanpainetan parte hartzea.

Beste taldean, berba asko egiten dakienak ikusten dira. «Kazikismo» eta beste hitz batzuk nahasten dituenak. Egunen batean lan egiteko prest dagozenak, baina eguneroko behar isilaz ezer jakin nahi ez dabenak.

Lehenengo taldean, heldutasun beharrizana ikusten da. Hiru dira 22 urtekoak (apirilean, adin* horretako bat bakarrik geldituko da). Baina ba dagoz hamar bat gazte, etorkizun haundikoak. Zintzotasunez, nortasun bila dabiltzanak. Euren bitartez eta Kili-Kili dala medio, zazpi eta hamalau urte bitarteko 80 gaztetxo dabiltza euskeraz ikasten. Jota ikasten ere ba dabiltza; eta alde batetik gauza ederra da, erdaldunek euskaldunek baino indar gehiago jartzen dabela ikustea. Gauza ederra alde batetik dinot, ze bestetik ez dogu ikusten, euskaldunen artean, ikasteko hainbeste pozik.

Sei urte egingo ditu «Hori Bai» elkarteak. Zer lortu da? Gauza batzuk lortu dira, baina eginbeharra haundiagoa da oraindik. Herri bat hezitzeko*, hiru mailatan jokatu behar dala ikusten dogu, Larrabetzuan behintzat: gurasoak, gazteak, gaztetxoak.

Gurasoei galde* batzuk: Zer egingo dogu aurten? Non dagoz joan dan urteko batzarrak? Lehenengo oztopoek bildurtu egin zindueezan? Aurten berriro lortu behar da elkartasuna, baina ez, lehen bezala, gazteen erremolkan. Zeuen barrutik irten behar dau.

Gurasoei (ez danei) beste galde bat: Zergatik zaree bildur, zeuen seme-alabak gazteekin batera basora bidaltzeko? Mendia ez da ifernua. Kontura zaiteze, hobe dala umeentzat mendiko elurra edo bustia telebistako zozokeriak baino.

Zuen arteko askok bidaltzen ditue guregana, dakigun euskera irakatsi deioegun. Baina zeuok etxean zelan egiten dozue? Euskeraz ala erderaz? Gehienoi ez deutsue ardura, umeek erderaz egin arren. Zergatik bidaldu orduan guregana? Zuen laguntzarik gabe ezin geintekez oso urrun joan.

Bukatzeko. Ezkonduek behar bat dabe egiteko herrian. Ez itxaron miraririk. Zeuon arazoak zeuok konpondu behar dituzue.

Gazte batzuei: Daroazuen programak estrukturazio beharra dauka, linea eta helburuak* argi ikusi daitezen. Ez utzi alde batera umeak.

Beste gazteei: Inginadore* eta arkitektu ugari ditugu. Euskal kultura langile barik dago, eta horra bota behar dira ahotik doazen indarrak.

Danok bat eginda joan behar dogu helburu baten atzetik. Danok, haurrak* eta gazteak, nahiz hogei zein berrogeitamar urte izan.

JOSE LUIS BARRENETXEA

Andoain

Etxe gehiago?

«Algodonera Guipuzcoana» izenarekin denok ezagutzen genuen lantegia, orain dela urte batzuk itxi zen; eta orain, lantegi horren jabe diren «jaunek», behera bota eta etxe-bizitzak egiteko asmoa dute.

Hau jakinda gero, galdera bat baino gehiago datorkit burura. Etxe gehiago? Eta lantegiak zer? Erraztasunak ematen al dira, lantegiak egiteko? Ez ote da herri-ostatu bihurtuko gure herri hau?

Kontzejal baten proposamendua

Herriko kontzejal batek hauxe proposatu omen du, Leizaran deritzan inguruan, igertoki* eta kirola leku berezi bat egitea; halaber*, Goiburu bailarara joan-etortzeko bide berri bat egitea, eta horrela ez ginateke trenbidetik igaro beharrean izanen*, gaur egun bezala.

Zertan geratuko ote da proposamendu hau? Herriak, pinudiak ezezik, beste zenbait* gauza ere behar du.

Beste berri bat

Poligono 25 delakoa, guretzat Galardi ingurua, hau ere, berriro notizia dugu, eta hauxe duzue berria. Lehentxoago aipatu dugun poligono horretan etxegintzan ari diren bost kontratistek, beren plano paperetan zeduzkaten arau* eta baldintzak* alde batera utzirik, bertan azaltzen ziren baino etxe haundiagoak edo altuagoak egin omen* dituzte.

Bestalde, Aiuntamentuak bereganatu nahi omen ditu, etxe hoietan sobera aurkitzen diren lokal edo behe-aldeak.

Zer gertatuko ote da? Jakingo ote dugu negozio honen amaiera?

Eta beste bat gehiago

Dela urtebete, behin eta berriro aipatu dugun Aiuntamentuak, Bertxin baino lehentxoago dagoen Zentrala erosi omen* zuen, bertako ura herriaren zerbitzurako izan zedin. Orain ur hori ekartzeko asmoarekin omen dabiltza. Ura, nolanahi ere, terreno batzuetan barena ekarri behar da; eta terreno hoietako zati batzuk dituen gizon batek, truke ttipi bat eskaintzen* dio Aiuntamentuari: berak dituen lur hoien ordez, Aiuntamentuak eman dietzola, beronek etxe-bizitzetarako daduzkan terreno batzuk.

Behin baino gehiagotan irakurri izan dugu, Aiuntamentu hitzaren ordez, Herriko Etxea. Esan nahi hori non betetzen ote da?

Alfabetatzea

Gizonak, gizon izaten, bere buruaren jabe izaten saiatzea, horixe du bere bizitzako egitekoa. Gizona, berez, inguru batean aurkitzen da. Giro honetan, zenbait zirkunstantzia gizonaren helburuaren* aurka doaz. Hauetaz askatzearekiko burrukak bakarrik du sentidua.

Euskaldun gizonak, beste gizakiek bezalaxe, burruka honetan dihardu. Euskal burrukaren era askotako bat, alfabetatze lana da. Euskeraz hitz egitea bakarrik ez baita* nahikoa, gure euskal nortasuna behar bezala desarroilatzeko. Gure artean, idatzizko harremanetan*, gaztelaniaz jarduten dugunean, geure burua saltzen dugu, nahiz eta onartzen ez ditugun mila zirkunstantziak horretara behartzen gaituztelako izan. Baina egiteak du indarra, eta ez ahozko lamentazioek.

Esna* gaitezen geure lozorrotik, eta ikus dezagun zer den geure herriarentzako garrantzizkoena: gure bizitza betetzen duten zenbait okupazio ala behingoaz* euskeraz idazteko eta irakurtzeko gai izatea. Noiz arte jarraitu behar dugu, euskaldun agertu nahi eta, lotsagarri agertzeko beldur garenean, borondate oneko gizonak esplotatzen, hauei euskeratze lana emanez? Ondo konprenitzen ez, ditugula ta, euskal idaztiak boikotatzen? Ba dakigu, egun batetik bestera ez dugula guztia lortuko; baina gutxiago, hasiera ematen ez badiogu.

Igazko urtean bezala, aurten ere, behar honetan aurkitzen garenontzat, saio bat gertatzen ari* da gure herriko talde bat. Alfabetatze kanpaina hori datorren martxoaren lehen egunean hasiko da. Bi hilabeteko ikastaldia izanen* da, eta klaseak igaz bezala Lasalle ikastetxean izanen dira. Zuen zain gara.

Batzuen zitalkeria

Orain dela egun batzuk, euskal arloan Jautarkol izenordearekin ezagutzen genuen Luis Jauregi jauna hil da. Gizon honek zenbait* lan euskeraz ditu eginak.

Heriotza hau dela ta, «Basarrik» hala zioen* bere «La Voz de España» egunkarian: «Beste euskal jakintsu bat il zaigu». Hau egia da, eta jarraitzen du: «Egunetik egunera gutxiago gera». Zer deritzazue?

TALDE BAT

daduzka, daukaz, dauzka

dezagun, daigun

dietzola, deiozala, ditzaiola

dio, deutso

diogu, deutsagu

zedin, eiten

zeduzkaten, eukazan, zeuzkaten


Euskaldungoa

Pete Seeger Donostian

«Ez dok Amairu» kantari taldeak eraturik, jaialdi interesgarri bat ospatu zan otsailaren 9an, iluntzeko 8etan, Donostiako Victoria Eugenia teatroan. Jaialdi hau gizon batek bete eban: Pete Seeger, amerikar abeslari herrikoiak. Teatroa gainezka egoen, eta, presentadore bezala, Antton Arza eta Jabier Letek egin eben, euskeraz eta erderaz. Pete Seeger-ek, kitarra eta banjoz bere bozari eta ritmoei lagundurik, kantari on bat dala erakutsi eban, gizarte arazoak itxura batean ezagutzen dituala, zuzentasunaren alde burrukatzen dauala eta, batez ere, publikoa irabazten eta parte harrerazten ezin hobeto dakiala. Entzulerik gehienak gaztetxoak ziren. Amaitutakoan, jaialdia ahotan harturik etxeratu zan jendea.

Beste aldizkari bat

Oraindik oraintsu agertu berri da beste aldizkari bat, «Gatazka» izenburua daroana. Eibarko «Albistariek» zenbaki honetan dinoenez, beste asko ere ba dira, baina beste «agertu berririk» ez dogu ezagutzen. Otzarera bota edo ez botatzearena, beste arazo bat da. Gazte ginenean, ba zan Erromako Eliza Katolikoak egindako «Index librorum prohibitorum» dalako bat. Uste dogu, orain galdua dala.

Telleria-Alberdi senar-emazteen heriotza

Otsailaren* 4ean hil ziren Eibarren Antonio Telleria Igarza eta Ines Alberdi Alberdi, haren emaztea, 70 eta 66 urte zituelarik. Hilda aurkitu zituen semeek etxean, lehena bihotzeko gaitzez, eta bigarrena hilotzaren ikusteak egin eutson inpresioz. Eibarren asko sentitu dabe hareen heriotza, biak batera hil dira ta. Herrian oso maitatuak ziren. Antonio, errepublika garaian, 1937.erarte, «Federación Vasca de Alpinismo» elkartearen buru zalarik, oso ezaguna zan Euskal Herri guztian mendizaleen artean. Gero, gerra ostean, Eibarko Armerian irakatsi eban zenbait* urtetan. Herriko «Club Deportivo» elkargoaren* presidente ere izan zan, lehen aldiz 1924.ean, eta gero 1949.ean. Goian begoz.

Jehovaren testiguak Madrilera

Bilboko 200 bat Jehovaren testigu Madrilera joan izan dira, joan dan urtarrilaren* azkenetan. Madrilen ikastaldi batzuk izan ditue, Ipar Amerikatik etorritako maisu batzuen gidaritzapean.

«50 años al servicio de Vizcaya» liburua

Ondarroako Rafael Ossa Etxaburu erdal eskritoreak prestaturik, Bizkaiko Aurrezki Kutxak argitara eman izan dau liburu berri bat, «50 años al servicio de Vizcaya» izenburuarekin. Jakina dan bezala, Rafael Ossa jauna oso aditua da ekonomiazko gaietan.

«Selecciones de Teología» aldizkaria

Teologiazko ikasleen ardurapean argitara ematen da Bilbon «Selecciones de Teología» izeneko hiruhilabetekari bat. Haren 37. alean, jarraiko gai honeetaz jarduten da: «Origen y esencia de la fe cristiana», «La Iglesia como realidad teológica», «La debilidad del Mesías», «La crisis de la trascendencia», «Estructuralismo y teología», «Qué significa: creo en Dios». Salgai: Ediciones Mensajero. Apartado 73. Bilbao.

Ricardo Zierbide jaunaren mintzaldia

Otsailaren* 6an, Euskal Kultur Mintegiak* antolaturik, Ricardo Zierbide jaunak mintzaldi bat eman izan eban, Bilbon, «Paisaje y toponimia de la Navarra medieval» gaiari buruz.

Egunkari eta aldizkari nafar bi elkarrekin burrukan

Joan dan urtarrilaren* 7an, «El Pensamiento Navarro» egunkariak jarraiko salakuntza hau egin eban «Familia Nueva aldizkariaren kontra: «Destruye en los corazones y en el ambiente cuanto pueda aun quedar de fe, de patriotismo, de conciencia moral y de hombría de bien». Bai «El Pensamiento Navarro» eta bai «Familia Nueva» Iruinean argitaratzen dira. «Familia Nueva» Aita Kaputxinoena da, eta erlijio molde aurrerazale bat agertzen dau.

«Kas» txirrindulari taldea

Gasteizko «Kas» txirrindulari taldeak jarraiko gizon honeekin defendituko ditu bere edariak eta txirrindularitza: Basualdo, Etxeberria, Elortza (Sebastian), Fuente, Gabika, Galdeano, Galdos, Gandarias, Jose González, Nemesio Jiménez, Carlos Pedro Jovellar, López del Carril, Jesús Manzaneque, Mascaró, Txomin Perurena, Pesarrodona, San Miguel, Jose Luis Uribezubia eta Luiz Zubero.

«Goierriko lorak» liburua

Inocencio Olea jaunak eginik, «Auspoa» liburutegiak argitara eman dau aurtemein* liburu berri bat, «Goierriko lorak» izenburuarekin.

«Biotz Alai» eta Estitxu Bilbon

Otsailaren 14ean, igandez*, Bilboko Coliseo izeneko areotan*, kanta saio bat eman izan dabe Algortako «Biotz Alai» koralak, Juan Jose Gainzak zuzendurik, eta Estitxu Bezkoiztar kantariak. Presentadore bezala, Francisco Javier García jaunak jardun eban. Entzuten, jendetza haundia egon zan.

Idiazabalen euskal teatroa

Gipuzkoako Idiazabalen, «Itzulera» izenburuarekin «Uxola» dalakoak idatzitako teatro lana jokatu izan da, otsailaren 14ean.

Pelotariak, «Laskurain» ikastolaren alde

«Laskurain» izeneko ikastolaren omenez eta haren alde dirua biltzeko, pelota jaialdi bat egin izan da Tolosako Beotibar frontoian, otsailaren 14ean.

Loiolako herri irratia berriztatzen

Gipuzkoako Loiolan Jesuitek dauken herri irratia berriztatzen ari* dira. Jesuiten herri irrati hau COPE-koa da (Cadena de Ondas Populares Española), eta FM (frecuencia modulada-n) ari izaten da. 266.330 entzulegana heltzen da haren boza. Antena Itxaundi tontorrean (700 m.) dago, eta 20 km.ren ingurua hartzen dau. Lau urtetan ari da lanean, eta 5.000 bazkide ditu; bakoitzak 25 pezeta ordaintzen ditu hilabetero. Irrati horretatik jasotzen dan giroa euskotarra da, baserri kutsuduna eta neokapitalismoaren barrutikoa. Euskera, euskal kultura eta folklorea zabaltzeko komunikabide guztien artean, lanik emankor eta eraginkorrena egin izan dauana da, gure ustez.

Arrautzak

Otsailaren* hasieran, 180 tonelada arrautza sartu izan dira Irunetik barrura, kamioi haundietan Holandatik erakarrita.

Luis M. Armendariz teologoaren mintzaldiak

Donostiako «Forum Larramendi» izeneko gelan, Luis M. Armendariz teologoak mintzaldi batzuk eman izan ditu «Jatorrizko Bekatua» gaiari buruz. Legezko dan bezala, Adam eta Ebaren egiazko errealidadea azaltzen saiatu da.

Dei bat

Hainbat tokitan ikusten da, kaleetan, Banco de Bilbao-k jarritako letrero hau: «Europa sin fronteras con el grupo Banco de Bilbao». Izan ere, diruak ez dau aberririk. Edota, beste era batera: Dirutza da dirujabeen Aberria.

Jose Migel Barandiaran jaunaren mintzaldia

Otsailaren* 16an, asteartez*, mintzaldi bat eman izan dau, Bilboko «Palacio Provincial» dalakoan, Jose Migel Barandiaran jaunak, «Vestigios del hombre y de sus actividades en el País Vasco durante el pleistoceno» gaiari buruz.

Euskaldunak Aita Santuarekin

Joan dan Gabon aurretxoan, giltzapeturik diren euskal politikalari gazte batzuen gurasoak Erromara joan ziren, Aita Santuagaz mintzatzeko asmoz. Baina guraso honeek, sorrak* gorputzez eta buruhaustez beterik, ezin izan zituen gainditu, Aita Santuagana hurbiltzeko saltatu behar diren erromarak*.

Joan dan urtarrilaren* 20an, ostera*, «Urtain» izeneko ukabilkari ospetsua joan izan jaku Aita Santuagana, Jose Manuelek berak Abadiñoko Sanblasetan aditzera eman izan eban legez*. «Urtain», buruhauste astunik gabe eta gorputzez azkar, erromarok gainditu ondoren, Aita Santuagaz mintzatu izan jaku. Aita Santuak, berriz, hain ukabilkari ospetsua aurrean eukala kargutu zanean, esan eutson:

«Ba... ez dozu, itxuraz, hain indartsua zaren agiririk; baina ba zara nonbait».

Eta Jose Manuelek erantzun:

«Berorrek ere, itxuraz, ez dau Aita Santuaren indarra daukan agiririk, baina ba dauka nonbait».

«Urtain» berriro

Behin batez, «Urtain» aberats eta ospetsu egin ondoren, esan eutson haren herritar neskalagun batek:

«Zer jaramon gutxi egiten deuskuzun, aberastu zarenez geroztik!» Eta «Urtain»ek:

«Zer kasu gutxi egiten zeunsten, pobrea nintzenean!»

Santa Agedak Begoñan

Euskal ohiturari jarraituz, Begoñako ikastola Santa Agedak kantatzera irten da lehenengo aldiz. Ia ehuneko talde batek erantzun deutso gogoz eta kemenez ikastola jaioberriaren deiari. Pozgarri benetan, hainbeste lagun gure Bilboko umeen euskal heziketaren alde izatea. Eskerrik asko, eta jarrai horrela, Begoñatarrok, batasuna indarra da ta.

Delfine Dunat andereñoa Bilbon

Delfine Dunat andereñoa otsailaren* lehen astean etorri jaku Bilbora, ikastoletako teknika eta giroa ezagutzeko asmoz. Neska begiko hau Heletakoa da, Nafarroa Behereko herri batekoa. Ongi etorria Bilbora, Delfine! Eta ea laster beste aldean ere ikastola ugari sortzen diren!

Euskal kultur astea Ondarroan

«Kresala» elkarteak eraturik, otsailaren* 22tik 28rarte, euskal kultur aste bat egiteko dago Ondarroan. Behinbehineko* programaren arabera*, hitzaldiak honeexek izango dira:

22an, «Arrantzaren ekonomia Elkarrekiko Merkatuari buruz», Sabino Larreak.

23an, «Oraingo euskal literatura», Xabier Kintanak.

24ean, Gaurko teatroa —«Nolabaiteko Gurasoak»— 18 urtetik gorako nagusientzat, Azpeitiko Antxieta kultur taldeko «Arnas» elkargoak* emana.

25ean, «Seme-alaben hezieran* gurasoek daben problematika», Karlos Santamariak.

26an, «Mariñelak», Ondarroa osoak berriz ikusteko gogoa dauan obra, «Kresala» taldeko kantari eta teatrolariek prestaturik.

28an, Aita Aulestiaren kanten presentazioa, «Egi Bidean» izeneko diskoan jarrita. Jose Mari Solabarrietari omenaldia. «Kresala» taldeko koru, dantzari, txistulari eta enparaduekin*, eta Azpillaga eta Mugartegi bertsolariekin.

Orduak eta tokiak:

22, 23 eta 25ean, Kofradiako aretoan*, arratseko 8 ta erdietan.

24 eta 26an, Alameda zinetokian, gaueko 10etan.

28an, Alameda zinetokian, eguerdiko 12 ta erdietan.

Lizarrako ikastola

Otsailaren 4ean, Santa Ageda jaiaren bezperan, 60 lagun goizean eta 40 arratsaldean kalerik kale ibili ziren kantari Nafarroako Lizarran (Estellan). Kantari guztiok euskera ikasten dihardue, Bizkaiko Garaiko Ana Berriozabalgoitia andereñoaren gidaritzapean.


Mundu biribila

Pantera beltzak, besoa jasota

Ipar Amerikan, beltzak erruz* ugaltzen ari dira. Haien artean geroago eta gehiago dira, zurien menpean zapaldurik daudela pentsatzen dutenak. Burdinazkoak ez diren kateekin loturik jarraitzen dutela uste dute.

Alderdietan* elkartzen dira, kateak hautsi nahian; eta alderdi hoietako bat da «Pantera Beltzak» deitua. Eskumuturra itxi eta besoa jasota agurtzen dute alderdi honetako beltzek, Mexikoko Olinpiadetan bi korrikalari beltzek bezala.

Baina alderdi honen pentsakera eta eskabideak, 1966. urtean argitaratu zuten agiri nagusian ezarri zituzten.

Hona hemen agiri hau euskeratuta:

 GUK NAHI ETA PENTSATZEN DUGUNA

 Free Huey, Pantera Beltzak (Black Panthers) alderdiko defentsako ministroak.

1. Askatasuna nahi dugu. Indarra eta agintaritza nahi ditugu, beltz gizartearen etorkizuna geuk hautatzeko*.

Pentsatzen dugu, beltzek, beren Herriaren jabe ez diren bitartean, ez dutela askatasunik ezagutuko.

2. Gure herritar guztientzat lana nahi dugu.

Pentsatzen dugu, Gobernua behartua dagoela, gizon bakoitzari lana edo sari zihur bat ematera. Baldin* Amerikako negozio gizon zuriek guztioi lana eskaintzen* ez badaukute, produzio tresnak kendu egin behar zaizkie, gure ustez, eta beltz gizarteari eman, berak antola ditzan, guztioi lana emanez eta biziera maila igo* eraziz.

3. Kapitalistak gure Beltz Herriari egiten ari* diren zapalketaren bukatzea nahi dugu.

Pentsatzen dugu, Gobernu arrazista honek ostu egiten daukula; eta oraindik zorretan daduzkan hamasei hektarea eta bi mando eskatzen dizkiogu. Hamasei hektarea eta bi mando, beltz bakoitzari, duela ehun urte, aginduak izan zitzaizkigun, esklaboen lanengatik eta garbitu zituzten beltz multzoengatik. Guk zor hori dirutan jasoko genuke, beltz familietan zabaltzeko. Alemanak Israeldarrei laguntzen ari* dira, bigarren gerratean juduak hil zituztelako. Alemanek sei milioi judu garbitu zituzten. Amerikar arrazistek, berriz, berrogeitamar milioi inguru beltzen sarrasketan* parte hartu dute. Beraz*, gure eskabidea oso txikia dela somatzen dugu.

4. Taxuzko etxe-bizitzak nahi ditugu. Gizon bezala bizitzeko modukoak.

Etxe-jabe zuriek beltzei itxurazko etxe-bizitzarik ematen ez badiete, lurrak eta etxeak geure gizarte beltzarentzat izan behar dutela pentsatzen dugu. Kooperatibak eraturik eta Gobernuaren laguntzarekin, geure Herriarentzat etxe taxuzkoak eraikiko genituzke.

5. Heziera* nahi dugu geure herritarrentzat. Amerikako gizarte honen benetako gainbehera* azalduko diena. Beltzen egiazko kondaira eta gaur egun gizartean zer parte dadukaten erakutsiko diena.

Geure Herriari bere burua ezagutzeko jakinduria emango dion hezieran sinesten dugu. Zeren*, gizon batek bere burua eta mundu honetako gizartean zer toki betetzen duen ezagutzen ez baldin* baditu, oso irtenbide gutxi ditu beste batzuekin elkartzeko.

6. Gizonezko beltzak gerrara joatera behartuak ez egotea nahi dugu.

Beltzok nahitanahiez gerrara joaterik ez genukeela ukan* behar pentsatzen dugu. Gu babesten ez gaituen Gobernu arrazista honi ez diogu lagundu gura, beste herrietako beltzak eta beltzen adiskideak hiltzen.

Polizia eta militar arrazistengandik geure buruak zainduko ditugu, behar diren neurriak hartuz.

7. Poliziek gure herritarrak zigortu eta hil egiten dituzte, eta zigor eta bilketa hauk* buka daitezela gura dugu.

Gure eritziz, beltzok, taldeetan banandurik, polizia arrazistaren bortizkeria* buka genezake. USAko Konstituzioak harmak erabiltzeko eskubidea ematen du. Beraz*, beltzok, geure buruak zaintzeko, harmak eduki behar genituzkeela pentsatzen dugu.

8. Hiri*, konderri*, estadu eta nazioko espetxeetan dauden beltzentzat askatasuna nahi dugu.

Beltz guztiak gartzela askotatik atera egin behar direla pentsatzen dugu. Ez baitira* zuzentasun giroan epaituak izan.

9. Edozein beltz epaitzeko, bere mailako gizonak edo beltzak izendatzea gogo* dugu, USAko Konstituzioak dioen bezala.

Epailariak, USAko Konstituzioak agintzen duenari jarraituz aukeratu behar direla pentsatzen dugu. Konstituzioak eskubidea ematen die auzipetu guztiei, epailariak haien mailako gizonak izan daitezen. Eta haien mailako gizona da, ekonomia, bizibide, erlijio, geografia, pentsakera, kondaira eta arrazaz, funtsean haien berdina dena. Beraz, epailariek beltzak izan behar lukete. Baina zuriek, beltzen pentsakera ezagutzen ez dutenek, epaitzen gaituzte.

10. Lurra, ogia, etxeak, heziera, arropak, zuzentasuna eta bakea gura ditugu. Eta politikazko helburu* nagusi bezala, ONUren babesean beltzek eratutako hauteskunde bat eskatzen dugu, beltzek bakarrik parte hartzen dutela, beren aberriaren etorkizuna aukeratzeko.

Munduko gertaera batzuengatik, Herri bateko politikazko alderdiak desegiten badira, eta Herri horrek, Jaungoikoak eta Izadiak* beste Herriei aina* eskubide eman diotelako, besteengandik apartatzea erabakitzen badu, munduko gizonei ager erazi egin behar dizkie bereizte horren arrazoiak:

- Gizon guztiak berdinak sortuak izan gara.

- Egileak, saldu ezin diren eskubideekin hornitu gaitu.

- Eskubide hauetakoak dira: bizitza, askatasuna, eta zoriontsu izateko nahia.

Hain zuzen, eskubide hauk* zaintzeko, gizonek eratzen dituzte gobernuak, eta haiengandik dute gobernuek beren indarra. Baina gobernu batek eskubideen aurka jokatzen baldin* badu, Herriak bota egin behar du gobernua eta beste berri bat jarri. Horretarako, Herriak, bere zoriontasuna gordetzeko, indarrak biderik egokienetatik zuzendu behar ditu.

Pentsa liteke, luzaroan dauden gobernuak, harmekin eta ekintza soil* batzuekin ez dagoela aldatzerik. Bai eta, ikusien gainera, esan liteke, gizonak nahiago duela sufritzea, zuzen zuzenean erakunde* gaiztoak lurperatzea baino. Baina gobernu batek, helburu* oker bat lortzeko, gaiztakeria pilo bat egiten badu, Herria menperatua edukitzea nahi duela adierazten du; eta Herriak eskubide osoa du, erakunde hori goitik behera desegiteko eta etorkizuna gobernari jatorren eskuetan jartzeko.

IÑAKI AZKUNE

dadukate, dauke, daukate

daduzka, daukaz, dauzka

daude, dagoz

dauku, deusku, digu

daukute, deuskue, digute

dis, deutse

diete, deutsee

dio, deutso

diogu, deutsagu

diote, deutsoe

ditzan, daizan

dizkie, deutsez

dizkiogu, deutsaguz

genezake, geinke

genituzke, geunkez

zaizkie, jakez

zitzaizkigun, jakuzen


Mundu biribila

Herri kulturaren beharrizana

Zein jokabide behar dute ukan* ikasle- eta intelektualgoak*, sistemaren aurka burrukatzeko? Galdera honi erantzuteko, zenbait* gauza behar dugu kontuan eduki.

Lehenik, sistema eta ikaslegoaren* harremanak. Ikaslegoa, sistemaren kulturak (sistemak berak, beharbada) hori inposatzen duenez, burgesez osatzen da; baina, nonbait kondizio berezi batzuetan sarturik dagoenez, ikaslegoak ez du hain erraz onartzen, aberatsek inposatzen duten bizimoldea. Puntu honetan esan beharra dago, ikaslegoa (utz dezagun oraingoz intelektualgoa) ez dela mementoko* egoera bat baizik. Beraz*, ezin liteke inondik ere produzio moldeetatik bazter. Horregatik gorde eta zaindu egiten dute Unibertsidadeetan, gero sistemaren zerbitzari izan dadin. Nozbait etorriko zaio, bere lana saltzeko ordua; baina, ikasle den bitartean, ez du zapalketa ekonomikorik jasotzen, langile batek jasotzen duen bezala behintzat.

Hemen agertzen zaiku, beraz, langile ta ikasleen arteko lehen ezberdintasuna. Nolanahi ere, ezberdintasun honek ez gaitu ikasle ta langileen arteko diferentziak haunditzera eraman behar. Izan ere, zapalketa ekonomikoa ez dator, noski*, bakarrik. Langileak haien jabeek inposatzen dieten kultura jasotzera beharturik daude. Mintza gintezke kultura erabiltzeaz, baina zer punturaino? Erabiltzen al du herriak lanaren erosleen kultura? Beharbada bai, baina egokiago deritzat jaso hitzari erabili hitzari baino.

Argi dago, herriak ez duela kultura sor erazten. Sorrerazte hau, beharbada, sistema honen berezitasun espeziala da. Erraza da, beraz, jaso hitza aukeratzea.

Kultura, herriak gero jasotzen duen kultura sor erazten dutenak, ez dira langile klasekoak, ez eta herri mailakoak ere. Bizkaiko Unibertsidadeetan, % 0,50 dira nekazarien semeak; eta Euskal Herriko hospitale, aiuntamendu eta osterantzeko* zentroetan ez da beharrezko euskeraz hitz egitea. Exenplo gehiago eta hobeago ba dira; denek ikus erazten daukute, herriak sistemari dagokion kultura nekez jasotzen duela.

Ikasle- eta intelektualgoa prest daude, herriak gaizki iresten* duen kultura sor erazteko. Beren posizioa zaintzeko prest daude. Baina ez ikasle guztiak, ez eta intelektual guztiak ere, zenbaitzuk* herri kultura baten alde baitaude.

Esan ohi da, ez dagoela herri kulturarik herri ekonomiarik gabe: «'Lehenik iraultza', gero eginen duzue teatroa».

Ikasle eta intelektualen arazoa herri kultura baten bideak sor eraztea da. Honela, iraultzaren alde burruka dezakete, sistemaren kulturari erasoz* eta, ahal den punturaino, beste kultura berri baten oinarri teorikoak jarriz. Ene eritziz, hauxe da behintzat joka dezaketen paper bereziena. Eta hau, herriarekin kontaktu haundia dutelarik.

ANTON SANTAMARIA

daude, dagoz

daukute, deuskue, digute

dezagun, daigun

dezakete, daikee

diete, deutsee

gintezke, geintekez

zaiku, jaku, zaigu

zaio, jako


Mundu biribila

Jaungoikoaren giza eliza. Poloniako literatura apur bat

Behin batetan, Aita Santuaren antekamaran poloniar bi egozen: Piotr Stachiewicz eta Maryan Gawalewicz, eta besapean «Ama Zerukoaren» irudi bat ekarren.

Poloniar artearen gorazarrea* eskaini* nahi geunskio Bere Santutasun guztiz beneragarriari», atrebitu zan Piotr esaten. «Eta Poloniako, hau da, Varsoviako literaturarena ere bai, hau da, batez ere geure kazetatxoarena*, bai, batez ere geure kazetatxoarena», jarraitu eban Maryanek.

Eta joan zan kamarazaina, eta denboraldi baten buruan atzera* etorri zan:

Bere Santutasun Aita Santua hamarretakoa jaten ari* da oraintxe, eta ez dauka astirik. Baina propio neu enkargatu nau, zuei bedeinkazio berezia emateko eta berriro ere zuei arren eta arren erregutzeko, ez egiteko erreboluziorik eta insurreziorik gehiago, holako gauzak ez dagozela ondo eta bekatu direla ta. Eta zuen «Ama Zerukoa» mahai gainean utzi zeinkee*.

Eta erromes biak bedeinkatu, hartu arte-obra ta kanpora joan zan kamarazaina; eta, atea herstekoan*, kolpe bategaz, hertsi ere egin barik joan zan.

Ez, ez: ez dot nik asmatu ipuin hori, maleziatiak beharbada pentsatuko eban legez*. Ipuinik ez dan ipuin horren autorea, izan ere, Nowaczynski poloniar satirikoa ta aforista izan zan, bere liburu batean: eta aspaldi hilda dago. Berrogei ta hamar urte ta gehiago da, hori idatzi zala; oraindino ere balio badau, ez da Nowaczynskiren errua.

Gutxi gorabehera denbora haretantxe, beste poeta poloniar batek, Benedykt Hertz-ek, honako hau idatzi eban:

 «Zergatik da gugaz Erroma

 mutu ta gor?

 Ai, Ama santa...

 Ez Husik eta ez Luterorik

 eduki genuen guk.

 Ezer ez, laborari

 guztiz fededunak izan ezik.

 Bai, bai: geuk ere

 $ asko bagenu...»

JOSE AZURMENDI

egozen, zeuden

ekarren, zekarten

geunskio, genioke

zeinkee, zenezakete


Herri bat, hizkuntza bat

Gasteiz

Gasteizko langilegoa

Lehengo artikulu batetan, Gasteizen aurrerapenari buruz, hemengo burges txiki klasearen jaiotza eta zabaltzea ager erazi nuen. Klase honek garrantzi haundia ukan* du Euskal Herriaren kondairan*, eta hemen ere bere papera jokatzen hasia da, baina kontradizio haundien artean ibiliz. Lan honetan, Gasteizko langile klasea bera aztertu nahi izan dut.

Lehen, gasteiztar gizartea militarren, funtzionarioen eta apaizen gizartea zen, ikusi genuenez. Gasteizen industria gutxi zegoen, eta, beraz* langileak ez ziren talde garrantzitsuena. Familiako lantegi txiki batzuk genituen, baina ez lantegi haundirik. Gizarte industrialaren ezagugarririk ez zen hemen agertzen.

Mende* honen hasieratik Euskal Herrian pixkana pixkana klaseen burruka zabaltzen da. Europako beste herrietan baino indar gutxiagorekin ematen da burruka hau, egiaz; baina, itsuegi izan behar da, errealidade hori ukatzeko.

Araban, klaseen burruka ahulki* azaldu zen. Alde batetik langile klasearen organizazioen ahuleriagatik, eta batez ere, erakunde* hoik* Elizaren menean* zeudelako. Horregatik, burruka horretan gutxi eta gaizki hartzen zuten parte langileek. Hori dela ta, Gasteizko langile klaseak, gerra aurrean, garrantzi gutxi ukan* du; eta hori, klase kontzientzia hartu ez zuelako. Egoera honetan ibiliko gara, Gasteizen industrializatzerarte.

Industrializatze hau, errealidade bat da. Baina, bere estrukturapeko tolesetan arakatzen* badugu, berehalaxe agertzen zaiku egiazko egoera: gizarte industrial guztiaren akatsak gorputzeratu dituela, eta berez beste akats batzuk gaineratu.

Ikuspide honetatik, langile klasearen egoera azter* dezakegu. Lehenik, bere zabalgo* osoan ikertu* behar dugu, handik ondorio garrantzitsuak aterako baititugu. Lehen, Gasteiztar eta Arabar gizarte osoak nekazaritzan ziharduen, ikusi genuenez. Horregatik, Gasteizko proletalgoa probintziako emigrazioaz osatuta* dago zati batez, edo, hobeto hitz egiteko, nekazaritzatik etorritako jabe txikien emigrazioaz. Horrela, Arabako nekazari gehienak langiletu egin dira. Hauk* eta Gipuzkoako emigranteak hemengo euskalduntasunaren oinarria osatuaz* doaz.

Beste aldetik, Espainiako probintzia batzuetako emigranteek egiten dute langile klasearen beste zatia. Hauk kultura maila beherengoan datoz, eta hori ez da beren erruz.

Lehenengoek beren lurretatik ateratzen duten zerbaitekin hobeago* dezakete beren biziera. Langile guzti hauek, hasieran, ez dute klase kontzienzia nork eman diezakeenik aurkitzen. Batzuk nekazaritzan baino hobeto bizi dira, materialean behintzat, eta besteek ez dute burrukaren beharra sentitzen.

Baina, beste tokietan bezala, burrukaren bldez aloger* haundiagoak eta lanerako aukera hobeak lortzeko, langileak klase kontzientzia aurkituaz doaz. Beraz*, errealidade hau ere Gasteizko aurrerapenen artean sartzen da.

EZKIBEL

dezakete, daikee

diezakee, deiskioe, dezaieke

genituen, genduzan

zaiku, jaku, zaigu

zeuden, egozen

Talde berriek euskera ikasten

Atzo hemengo batek esaten zeutan: «Los alaveses tenemos complejo de maquetos». Hori gero eta gehiago gertatzen ari da. Eta hori, aurrerako pauso luzea dela ezin uka. Horregatik, egunetik egunera gehiago dira, euskera ikasi beharra ikusten dutenak. Euskera gabe zerbait falta zaiela ikusten dute, Euskal Herriko izateko.

Gaztetxoen artean oso giro ona sortzen ari da, dudarik ez. Burgoseko gertakari* haik* zirela ta, kale nagusian gora ta behera ibili zirenetarik bat baino gehiago euskera ikasten hasi da. Kalean manifestatzea baino gehiago kostatuko zaie, noski.

Baina axola* haundikoa dena, hau da: kontzientziatze baten barnean urrats* zuzenak eta jatorrak ematen ari* direla.

Oraindik ere erdi lo dagoen jende asko esnatzen* ez bada, gure errua izango da, ez beste inorena. Gazte askok eta askok oso bultzada ttipia behar dute, lotatik esnatzeko. Gaurko egoera eta giroa ez dira, orain urtebetekoak. Gaur, posibilitateak asko ugaritu eta haunditu dira.

Gasteizko euskaldunok, saia zaitezte, lo dagoena iratzartzen* eta goserik dagoenari jaten ematen. Eta goserik ez duenari gosea sor erazten. Eta ez esan, ezer ez dezakezuela.

«Anaitasuna»

Azken bolada honetan, jende mordoxka ederra hasi da ANAITASUNA hartzen. Euskera batuaren aurrean ez dago beste zenbait* tokitako prejuiziorik, eta ondo hartzen dute gehienek ANAITASUNAren linea.

Lehenbizian*, zail* samar gertatzen zaie irakurketa; baina hasiera guztietako zailtasuna besterik ez da hori. Indar eta sakrifizio pixka bat egiten ez bada, inoiz ez gara jende.a alfabetatzera iritxiko*. Mirariak egiteko kutxa izkuturik ez dugu euskaldunok.

Alfabetatze klasean, ANAITASUNAko zenbait idazlan aztertzen eta analizatzen dugu. Horretara, esan ezineko zerbitzua eskaintzen* dauku.

Bi neurri

Gasteizen ba da Ikastola bat. Egun batez, han doa inspektore jauna (?), bere lana betetzera edo. Bisita egiterakoan, ohartzen da, han euskeraz irakasten direla gauzak. Horrek ez dio batere graziarik egiten, jakina. Ondorenez, azken agindua:

«Jakin ezazue, euskera eman daitekeela klase partikular bezala; baina ezin dezakezuela eskola euskeraz eman.»

Gasteizen ba da, frantsesez eskolak ematen dituen kolejio bat ere. Egun batez, han doa inspektore jauna (?), bere eginbeharra betetzera edo. Bisita egiterakoan, haurrei galderak zuzentzen dizkie, frantsesez jakina ba. Eta haurrek bai ederki erantzun ere. Eta inspektoreak pozik:

«Bai gauza polita. Hauek bai ederki ikasten dutela frantses. Segi, segi horrela».

Ez da komentario beharrik. Ba dakit, ez dudala gauza berririk kontatu. Ba dakit, beste tokitan ere berdin gertatzen dela. Baina, gauzak honela gertatu direnez gero, honela kontatzen dut, inuzenteak esna* daitezen. Baina —hau tamala!— inuzenteek ez dute ANAITASUNA irakurriko.

Ikastola

Ez dut esan beharrik, Gasteizko Ikastolan dabiltzan haurren gurasoen artean, oso gutxi direla euskeraren jabe, % 10 edo bakarrik.

Hori dela ta, hemengo Ikastolak oso iniziatiba on bat hartu du oraintsu. Hiru eta lau urtetako haurren gurasoei hilabetero orri bat bidaltzen hasi zaie. Orri horretan, haurrak ikasiaz doazen hitz eta esaldien zerrenda bat azaltzen da, gurasoek beren etxeetan ikas eta haurrei lagun diezeten. Oso harrera ona izan omen du gurasoen artean.

Presentazio gisa, euskeraz eta erderaz bidali duten orria, nire eskuetara iritxi* da. Honela dio:

«Lagun eta lankide maiteok: Euskeraz dakizuenok, euskerazko hau irakur ezazue eta ez ondorengo erderazkoa. Egin sakrifizio ttipi bat, tentazioan ez erortzeko*.

Hemendik aurrera, noizean behiri, orri batzuk hartuko dituzue, zuen seme-alabek zer ikasi duten esanez. Lagun iezezue zuek ere, etxean hitz eta frase hoik* esaten. Honela, mila aldiz gehiago ikasiko dute. Ikastolak eta familiak, bat eginda joan behar dute.

Hemengo hitz batzuengatik ez zaitezte harri. Euskera batuan daude. H batzuk eta beste aldaketa ttipi batzuk ikusiko dituzue. Baina horri eskerrak zuen semeek Euskal Herriko euskera jakingo dute, eta ez herritxo eta probintzia batekoa. Eta orduan, euskerak eta Euskal Herriak mila aldiz indar gehiago ukanen dute. Batasunak salbatuko gaitu».

daude, dagoz

dauku, deusku, digu

dezakezue, daikezue

diezeten, deioeen, dezaieten

dio, deutso

dizkie, deutsez

ezazue, eizue

iezezue, eioezue, ezaiezue

zaie, jake

zeutan, eustan, zidan

EUSEBIO OSA


Herri bat, hizkuntza bat

Mendigoizaleak

Hona hemen, gaur egunean, Euskal Herrian, nola igarotzen dituen igandeak* hainbat eta hainbat gaztek. Herritik goiz goizetik irten, eta inguruetako mendietara igo.

Zer dala ta? Aste barruan, goiz ta arratsalde, hara ta hona, lantegietako eta automobilen kea iruntsitzen, burua hainbeste zaratagaz lelotuta, aize garbi pixka bat hartzeko igandea* noiz helduko dan itxaroten, adiskideekin batu eta aste barruko gorabeherak azaltzeko.

Gurari hau lortzeko, zer egin? Mendi gailurretara jo. Igandean, goizeko lehen orduetan, kale bazter guztietan agertzen dira gure mendizaleak. Gehienak, euren motxila, kaiku, txapel eta beste enparaduekin* atonduta.

Euretariko batzuk, herri ondoko mendietara: Pagasarri, Ganekogorta... Beste batzuk, Gorbea, Oiz, Mugarra, Aizkorri... Hainbat eta hainbat aldra*, han eta hemen, alaiki mendirantz. Ba dira, larunbat* arratsaldean joan eta mendian lo egiten dabenak ere.

Mendira igotzerakoan, askotan entzuten da mendigoizaleen artean, Ondarroako Argoitia neba-arrebek kantatzen daben abestia:

 Ikusi, mendizaleak,

 baso eta zelaiak.

 Mendi tontor gainera

 igon behar dogu.

 Ez nekeak, ezta bide txarrak.

 Gora, gora, neska-mutilak, a a a.

 Gu euskaldunak gara,

 Euskal Herrikoak.

Euskal Herriko lurraldeak, benetan zoragarriak. Udazkenean, zuhaitzak orri gabe, belarrak zimel, landak garbi. Udaberrian, ostera*, inguruetako bazter guztiak lorez josita, txoriak kantari, bitartean mendizaleak irrintzika.

Tontorrera heldutakoan, arnasa lasai hartu, inguruetako ibarretan* zehar begirada on bat jaurtiki, eta gero berriro kantatu:

 Hemen mendi tontorrean;

 euskal lurren artean,

 begiak zabaldurik,

 bihotza erretan.

 Hain ederra, hain polita da ta,

 gora, gora, Euskal Herria, a a a.

 Gu euskaldunak gara,

 Euskal Herrikoak.

Euskal Herriko mendi tontorretan, ermita asko ditugu. Gure arbasoek leku guztietan ikusten eben Jaungoikoa; baina batez ere mendietan, Moisesen antzera. Ermitatxook atondu ta berriztatzeko premia ba dago, bai.

Gero, bazkaltzeko orduan:

 Eliz-dorreko ezkil-ertzera

 heldu dalarik itzala,

 begi ta sabel jabetzen dira

 mahairako ordua dala.

 Listu* ugarigo, zorrotzago ortza*

 mihiari* eragin-ala.

 Etxetik kanpo bazkaldu dunak

 nolabait suma daiala.

 Handik hemendik bide ta bazter

 bazkari-eramaileak,

 zeruetatik berri on daben

 inguma* zurt maiteak.

 Itzalpeetan jarriten dira,

 hara deituaz lagunak.

 Ba datoz, motxilak bizkarrean,

 eskuan haitzur-makilak.

 Bazkaltzekoan aipa ditue

 hau, hori, ta abar gogara*;

 eguraldiak lagun baleza,

 ordurarteko gisara.

 Mendi gailurretik gogo haundiz

 Euskal Herrira begira,

 edonon leku zoragarriak

 benetan aurkitzen dira.

Mendi giroa, memento ederra, adiskide jatorrak aurkitzeko. Danak lagun, danak arduratsu, albokoari edozer esan eta eskua luzatzeko. Jendeak barrua zabalduta, bakoitzak norberaren gaitzak eta egoera azaltzeko une zoragarria. Bertan danak anaiak legez. Zenbat gai aipatu ta azaldu leitekez egoera honetan! Gizona ama Izadiaren* aurrean barruko lokarriak apurtuta, askatuta bezala sentitzen da. Bertako arnasa hartze eta egotaldiak beste mundu batekoa dirudi.

Begira, gazte! Neska-mutil jatorrak ezagutu eta eurekin egon nahi badozu, jaiegunetan igo Euskal Herriko mendietara.

R. BADIOLA


Liburu-kritika

Etxeberri Ziburukoa: Noelak

Atsegin handiz hartu dut esku-artean Joane Etxeberri Ziburukoaren NOELAK izeneko kopla-bilduma* famatuaren edizio berri hau, Lino Akesolo karmelit-frailearen ardura-pean gertatua, eta Espainiako Aurrezki-Kutxa batek dakien eta dadukan aberastasunarekin inprimatu eta moldatua. Eta aurrera joan baino lehen, gogora dezadan nola, Deustuko Unibertsitatean gure aita Villasantek esan zuen hitz-aldi baten ondoan, entzule batek galdetu zion, eta zergatik gure idazle klasikoak ez diren maizago* argitaratzen, eta egiteko hori zergatik ez duen Euskal Akademiak burura eramaten*: Lino Akesolok berak bere liburu honen hitz-aurrean egiten duen galdera eta eskaera ber-bera. Dena dela, ihardetsi* zuen Villasantek, azken urteotan gure klasiko gehienak argitaratu dira, Lardizabal, Axular, Leizarraga, Etxepare, Barrutia, Munibe, Daskonagerre, Mogel, et sic de coeteris, orain Etxeberri Ziburukoa eta Oihenarte zaharra; guti barren, bigarren Etxeberrik eta bigarren Oihenartek (Jakes) egunaren argia ikusiko dute... Villasanteri galdera hura egin zionak irakurri balitu argitaraturikako klasiko guztiak, hura* galdetzeko eskubidea ukanen* zuen. Puntarik ez hondorik ez duena, Akesolok eskatzen duena da, zeren* karmelitarrek, hainbeste olerki gaizto eta bertso potodun argitaratzeko gastatu duten tinta eta papera, falta diren klasikoak argitaratzeko gastatu balute, dudarik gabe ikusten dut, gure literatura zahar guztia irakurleen eskuetan legokeela... Baina errazago ikusten da besteren begian fitsa* ezen ez gurean kapirioa*.

Atsegin hau, liburu hau esku-artera neureganatzeko atsegin hau, doblea izan da, bitarikoa, lehenik adiskide zahar batekin egin dudalako berriz topo, adiskidantza zahar bat berritzeko parada* eman dautalako, neure gaztezaro urrunetik ez baitut hartzara* ere irakurri gure ziburutar famatuaren lan miragarria; eta, azkenik, euskal literaturaz zenbait* hitz aspertu esateko okasioa gertatzen zaitalako.

Liburu honen edizio berri hau, lehen esan dugun bezala, arratiar karmelita sutsu eta pizkorrak preparatu du (kasu honetan arrazoi bakar bategatik Arratiako zekorra, tipia baina gogorra errefain zaharra ezin esan dezakegu, aita Lino Akesolok guztiz urruti duelako burua oinetatik). Aita Lino Akesolok jakintsuaren sona* handi baten jabetza du (egia esan, mugimendua ibiltzearekin probatzen da, eta orain artean berak egin duen lanek ez dio egiaztatzen bere fama). Fama on horrez baliaturik, gainerakoen lanak kritikatzen oso habila izan da, baina haren kritika-lana ez da inoiz karidadetsu izan, eta inoiz ez ditu kritikatuaren alderdi onak markatu, aitzitik* kontrara bere luma eta hegatsa* ongi zorrozturik, alderdirik arinena aprobetxatu du beti, bertan krudeltasun partikular batekin zauritu eta gaizkoatzeko*; euskal gaietan bere burua sarturik dadukan pertsona argirik ez da haren ziztada mortaletik libratu (ez gara libratu hain argiak ez garenak ere...); azken proba, Bozas-Urrutiak Daskonagerreren liburuari egin dion edizio berriazko kritika da.

Gaurko neure kritika hau egiterakoan, bildur handi bat sortzen zait barrenean, ez nadin izan Akesolo bezain gupida*-gabea, ez dezadan beraren lana injustiziaz julga, ez diezodan ateratako begiaren truke begi bat edeki. Baina guztiarekin ere, ezin utz dezaket isilean hau, epailari zorrotzak tatxa-gabeak izateko direla, eta gainerakoen hutsak eta bekatuxkak ezin kondena daitezkeela eta bide batez huts hoietan beroietan geure buruak amildurik* ez ditugu zergatik ikus. Pikutan jarri baikaitu zenbait* eskritore gazte eta desabil, euskeraren gainean jabetza oso batera heldu ez garelako, eta dirudienez, eta kontuan harturik bakarrik Akesolok Etxeberri zaharraren liburuari jarritako hitz-aurrea, gramatikaren aldetik haren euskera ez da eredu* zehatz bat, akats nabarmenak agertzen baititu, esaterako, zazpitan idazten du bere, haren-en ordez; hirutan beren, haien-en ordez; batetan beren, bere-ren ordez; ezin zutela behin erabiltzen du ezin zezaketela-ren ordez; birritan atsegin zaigu, atsegin dugu-ren ordez; behin berekeri bat, berekeria bat-en ordez. Baina utz ditzadan ergelkeriok, eta noan funtsera.

Lino Akesolok ukan* duen gaiztasunik handiena, batere dudarik gabe, orijinalaren interpretazioa izan da, bereziki* ortografia zaharretik ortografia berrira textoaren aldatzean. Joane Etxeberri hau, bestea bezala, hizkuntza fixo bat erabiltzeagatik ez da luzitzen, eta hitz bakar batek zenbait forma diferente har ahal ditzake; honetan aldatzaileak izugarrizko buru-hausteak eduki* behar ukan ditu, Axularrek eta Leizarragak inola eman ez dituztenak. Suaren proba izan da hori Akesolorentzat, eta atsegin handiz aitortu behar dugu, miragarriki atera dela garaile. Hala ere, zenbait huts eskapatu zaizkio, batzuk oharkabean eta besteak jakinaren gainean. Exenpluak: dedikationea (latinezko T hori Z da euskeraz), debotionea, vicario generala (baina beste batzutan jenerala), sibilla eta allegera* (hemen L doble horrek ez dakar L-aren bustidurarik). Eta arkangelu; hau txit* gauza jakingarria da, hala erabili baita* beti euskeraz, ametsezko goi-aingeru eta goi-gotzon zorioneko hoik norbaitek sortu dituen arte; baina, latinezko pronuntziazioa gorde gabe erromaniko hizkuntzetakoa onarturik, arkanjelu izan da euskeraz. Mitxelenaren eta Villasanteren opinioz, nahiz eta soinu suabea eduki, latin hitz hauk etimolojiazko ortografiarekin eskribitzeko dira, G-arekin, eta ez J-arekin; orduan aukera hauxe da, tinterdietan ibili gabe, delibera* daitezela: ala aingeru/arkanjelu alde batetik, ala bestela aingueru/arkangelu.

Beste alde batetik, Akesolok ez du osorik Etxeberriren euskera errespetatzen (honela ez du berak kunplitzen Bozasi esijitzen diona), eta zenbait puntutan aldatu egiten dio, hala nola kontsonante baten aurreko beste kontsonante bati bustidura jaten dionean (baina, hala gerta dadin, kontsonantea Akesoloren gustokoa izateko da, gizonak bere maniak baititu; eta, atzeko kontsonantea H-a baldin bada, orduan ez dio kentzen bustidura aurrekoari, nolabait* erakutsi behar baitu letra horri dion gorrotoa. Gauza polita, Akesoloren editoreek, Akesoloz mintzatzen direnean, H-arekin idazten dute. Seguru asko, letra hori mezprezatuko duen azken euskalduna Akesolo izanen* da, bera bakarrik, erre eta erre bere arta-bizarra, bere XIII-tan dirauen* Aita Santu Ohia* bezalako astokilorik ez baitago munduan).

Beste gauza bat dago liburu honetan Akesolori esplikatu nahi niokeena, bertsoa zer den (berak puntuari baitiotsa*), eta zer den poto. Hauk edozein baserritarrek dakitzan gauzak dira. Baina, dirudienez, gauza batzuk enoratzeko*, jakintsu izan behar da.

ARESTIAR

daut, deust, dit

dakitza, dakiz, dakizki

dezadan, daidan

dezakegu, daikegu

dezaket, daiket

diezodan, deiodan, dezaiodan

dio, deutso

ditzadan, daidazan

nioke, neuskio

zait, jat

zaizkio, jakoz

zion, eutson


Ikasi zeure hizkuntza

I. Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartxo bategaz agertzen diren berbak

ABANTAILA, ventaja.

ABELGORRI, ganado vacuno.

ADIN, edade.

ADITZ, verbo.

AHULKI, makalki, débilmente.

AINA, beste, bezainbat.

AITZITIK, antes bien, por el contrario.

ALBISTE, berri, noticia.

ALDERDI, partido político.

ALDRA, talde.

ALEGIA, a saber, es decir, esto es.

ALOGER, jornal.

AMILDU, precipitarse.

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARAKATU, aztertu, ikertu.

ARAU, norma.

ARETO, sala, salón.

ARI IZAN, jardun.

ARRO, cuenca.

ASTEARTE, martitzen.

ATERATZEKE, atera gabe.

ATZERA, berriro.

AURKEZTU, presentar.

AURTEMEIN, oraintsu, hace poco.

AXOLA, ardura.

AZOKA, merkatu, feria.

AZTER, aztertu.

AZTARREN, rastro, vestigio.

BAITA, bait da, da ta.

BAITIOTSA, bait diotsa, dinotso ta, esaten dio ta.

BAITIRA, bait dira, dira ta.

BALDIN, kondizioa indartzeko berba.

BALDINTZA, condición.

BATZORDE, comisión.

BEGIKO, simpático.

BEHINBEHINEKO, provisional.

BEHINGOAZ, al mismo tiempo.

BERAZ, hori dala ta, por consiguiente.

BEREZIKI, batez ere, sobre todo.

BERRIKI, aurtemein, arestian, recientemente.

BILDUMA, colección.

BORTIZKERIA, violencia.

DAROE, ohi dabe.

DATZA, yace, consiste (etzan aditzaren forma).

DELIBERATU, decidir, resolver.

DIRAU, irauten dau, persiste.

DITIAT, joataz.

EDUKI, euki.

EGINEN, egingo.

EI, omen.

ELKARGO, elkarte, elkartasun.

ENORATU, ignorar.

ENPARADU, restante.

ERAKUNDE, organización, institución.

ERAMAN, eroan.

ERASO, atacar.

EREDU, modelo.

EROAN, eraman.

ERORI, jausi.

EROSOTASUN, comodidad.

ERROMARA, cancilla, puerta de seto.

ERRUZ, eurrez, abundantemente.

ESKAINI, eskini, eskeini, ofrecer.

ESKUALDE, comarca.

ESNATU, itzarri, itzartu, despertarse.

EZKONGE, ezkondu gabe, soltero.

FITS, mota del ojo.

FUNTS, hondo, barru, barne.

GAINBEHERA, fracaso, ruina.

GAIZKOATU, agravar.

GALDE, itaun, galdera, pregunta.

GERTAKARI, gertaera, jazoera, suceso,

GOGARA, agradablemente.

GOGO IZAN, nahi izan, gura izan.

GORAZARRE, homenaje.

GORULARI, hilandera.

GUPIDA, compasión.

GUTIZIAGARRI, envidiable.

HAIK, hareek (haiek aktibo, haik pasibo).

HALABER, igualmente.

HARREMAN, hartuemon.

HARTZARA, berriro.

HAUK, honeek (hauek aktibo, hauk pasibo).

HAUR, ume.

HAUTATU, aukeratu, elegir.

HEGATS, pluma de escribir.

HELBURU, fin, objetivo.

HERRIALDE, provincia.

HERTSi, itxi, cerrar.

HERTSIKI, estrechamente.

HEZI, educar.

HEZIERA, educación.

HIRI, huri.

HOBEAGO, hobeagotu.

HOIK, horreek (hoiek aktibo, hoik pasibo).

HONAN, honelan, honela.

HORTZ, hagin.

HURA, ha.

HURBIL, hur.

HURIGINTZA, planificación urbana.

HURREAN, nonbait, agian, aurki.

IBAR, vega.

IGANDE, domeka.

IGARO, transportar.

IGERTOKI, piscina.

IGO, igon, igan.

IHARDETSI, erantzun.

IHIZTARI, cazador.

IKASLEGO, estudiantado.

IKERTU, aztertu, arakatu.

INGINADORE, ingeniero.

INGUMA, mitxeleta, mariposa.

INTELEKTUALGO, intelectualidad.

IRAIL, septiembre.

IRATZARRI, despertar.

IRAULTZA, revolución.

IRENTSI, iruntsi, tragar.

IRITXI, heldu.

IXTRIPU, accidente.

IZADI, creación, universo.

IZANEN, izango.

KAPIRIO, cabrio, cierto madero en el armazón del tejado.

KAZETA, periodiko.

KONDAIRA, historia.

KONDERRI, condado.

LAR, gehiegi, sobera.

LARUNBAT, zapatu.

LAUTADA, llanada, planicie.

LEGEZ, lez, bezala.

LEHENDABIZIAN, lehenengotan.

LISTU, txistu, saliva.

MAIZAGO, sarriago.

MEMENTO, momentu.

MENDE, siglo.

MENEAN, menpean.

MIHI, mihin, lengua.

MINTEGI, seminario.

NABARITU, advertir, notar.

NOLABAIT, zelanbait, de alguna manera.

NORAEZEAN, forzosamente, inevitablemente.

NOSKI, naski, ciertamente.

OHI, izandako, ex-.

OHOREZKO, honorario.

OMEN, ei.

ORDEA, ostera, berriz.

OSATU, osotu.

OSTEAN, ondoren.

OSTERA, berriz.

OSTERANTZEKO, distinto, diferente.

OTSAIL, zezeil, febrero.

PARADA, ocasión, oportunidad.

SARRASKETA, matanza.

SOIL, simple, mero.

SONA, fama.

SOR, azkar ez dana, torpe.

SORO, solo.

TRABESGINTZA, juego de apuestas.

TXARA, jaral, manigua.

TXIT, guztiz, muy.

UDAL, ayuntamiento.

UKAN, euki, izan (trantsitibo).

UKANEN, izango, eukiko.

URLIA, fulano.

URRATS, pauso.

URTARRIL, enero.

UZTAIL, julio.

ZABALGO, amplitud.

ZAIL, gaitz, gatx.

ZAKAR, basura.

ZALANTZA, ezbai, duda.

ZENBAIT, batzuk.

ZEREN, ze, pues.

ZIOEN, inoan, esaten eban.

ZUHAITZ, arbola.

II. Sententzia konposatuetan koma jartzeko, aldizkari honetan gordetzen diren zenbait erregela

Aitzin oharrak

1. Sententzia konposatua deitzen zaio, klausula printzipal bat eta beste klausula subordinatu bat edo gehiago dituen hitz lerrokadari.

 Alkate jaunak, bere asmoak aurrera eroateko*, ahal den laguntzarik haundiena behar duela ikusirik, dei bat egin die herritar guztiei, herriaren alde zerbait egiten lagun diezoten.

2. Klausula deitzen zaio, sententzia konposatu baten barruan, aditz* finitiboa (jokatua) duen hitz multzoari.

 Ahal den. Laguntzarik haundiena behar duela. Alkate jaunak dei bat egin die herritar guztiei (klausula printzipala). Lagun diezoten.

3. Frase deitzen zaio, sententzia konposatu baten barruan, aditz infinitiboa duen hitz multzoari.

 Bere asmoak aurrera eroateko. Herriaren alde zerbait egiten.

4. Klausula ta frase subordinatuek beste klausula nahiz frase subordinatu bat edo beste ukan* ditzakete beren meneko.

 Ahal den / laguntzarik haundiena behar duela / ikusirik. Herriaren alde zerbait egiten / lagun diezoten.

Erregelak

Sententzia konposatuetan, komenigarri da koma bat jartzea:

1. Edozein klausula nahiz fraseren atzean, hurrengo klausula nahiz frasearen konplementu nagusia ez direnean, edo hurrengo hitzarekin oso hertsiki* lotuta ez daudenean.

2. Klausula printzipalaren atzean, komaren ordez EZEN (ZE) partikula erabil litekeenean.

3. Edozein klausula, hitz nahiz hitz multzoren atzean, hurrengo klausula nahiz fraseko hitzekin nahasmendua sor ez dadin, eta irakurleak, idazlearen esangura zehatza ulerturik, sententzia osoa korrektuki irakur ahal dezan.

 Horregatik, alkatea hona datorrenean, esan egin behar zaio zalantzarik gabe, hemen bildu direnak, berak nahi duen guztia egiteko prest daudela, denek jakin dezaten, herri honetan oraindik gizon zintzoak bizi direla, oso pobreak izan arren.


Ezagutu geure Herria (28)

Hego-Mendebaldeko Araba (3)

Uda

Eskualde* hau, X mendean* Ribo de Ibita izenagaz ezagutua, Uda ibaiaren arroan* aurkitzen da gehienbat, nahiz eta zatitxo bat Inglarez errekatxoarenean ere egon. Arabako sei udal* hartzen ditu: Armigona, Berandihuria, Zenbrana, Hurizaharra, Pipaona eta Arluzea-Markiniz; eta Busgosko probintzian noraezean* sartutako bi: Trebiño eta Arganzongo herria. Guztitara, 454,19 km2. eta 6.101 bizilagun.

Trebiñoko konderriak* erdi erditik apurtzen dau Arabako Hego-Mendebaldeko eskualde hau, eta ez gutxiago herrialdearen* eskualdekatze eta desarroiloa.

Eskualde honek ez dau ez huribururik ez eskualde mailako zerbitzurik, arrazoi berberakatik eta Arabako Diputazioaren ardurabakotasunagatik.

Osorik aztertzeko era gehiagorik ez dogunez, goazen herriak banan banan azaltzera.

Armigona

13,13 km2. eta 236 bizilagun. Huriburuak eta Estabelu eta Lakortzana herrixkek osotzen dabe udal hau. Gaur Armiñón izenagaz ezaguna, lehen Aramingon eta Armigona izenekin ezagutzen zan; guk bigarren izena aukeratu dogu. Beherantz doa udal hau, nahiz eta toki egokian eta bide nagusien ertzean egon. Nekazaritzatik bizi da bertako jendea; eta lurrak era honetara dagoz banatuta: 951 Ha. lur landu lehorrak, 68 Ha. lur landu erregadiozkoak, 189 Ha. landa, 19 Ha. txara*, 12 Ha. baso, eta 74 Ha. ezertarako gauza ez direnak. Hiru herritxo honeek apal apal bizi dira, apalegi beharbada, erdi heriotzako apaltasunean hurrean*.

Berandihuria

36,05 km2. eta 640 bizilagun. Gaur Berantevilla izenagaz ezagutzen dogun udal hau, dokumentu zaharretan Berandi Villa zan; beraz*, Berandi-Huria euskeraz. Herriburuaz gainera, Eskantzana, Lizerihuria (Lacervilla), Mixanka, Burdin Santi Kurutz (Santa Cruz del Fierro), Santurde eta Tobera herrixkak ditu bere barrutian. Uda ibaiaren behe aldean, lur ederrekin, udal honetan lehen askoz jende gehiago bizi zan; eta, historiadoreek dinoenez, huriburuak bakarrik 2.000 bizilagunetik gora ei* zituan. Industria eukiteko toki egokiak izan arren, ez dau batere. Baserritik bizi da bertako jendea, eta lurren banaketa honela egoen orain bost urte: 2.367 Ha. lur landu lehorrak, 85 Ha. erregadiozkoak, 596 Ha. landa, 281 Ha. txara*, 14 Ha. baso, 265 Ha. ezertarako ez diren lurrak. Ikusten dogunez, Uda ibala ez dau asko aprobetxatzen eta bere lur ederrekin ez dau frutu gehiago ateratzen. Soloen elkartze edo «concentración parcelaria», orain dihardue egiten, eta ba zan ordua.

Zenbrana

39,60 km2. eta 545 bizilagun. Bere barrutian huriburua, Bergantzu, Ozio eta Portilla hartzen ditu. Lau herrixketatik azkenengo biek ba dabe zerikusia Arabako kondairan*, biek gaztelu zahar galant bana baitauke, Nafarroa eta Gaztelaren arteko burruken ezagugarri. Huriburua lautada* zoragarri baten erdian dago, Errioxarako bide nagusian. Diputazioko Desarroilo Planak hazteko bidea ematen deutso, eta ba dauka horretarako erosotasuna*. Baserritik bizi dira hemen ere, lurrak era honetara banatuta: 930 Ha. lur landu lehorrak, 779 Ha. erregadiozkoak, 1.606 Ha. landa, 500 Ha. txara*, 6 Ha. baso, eta 139 Ha. ezertarako ez direnak.

Hurizaharra

57,04 km2 eta 579 bizilagun. Sei herrixkek osotzen dabe udal* hau: Barolha (Baroja), Paldu (Faldo), Loza, Montoria, Pagoeta (Payueta) eta Hurizaharra (Peñacerrada) huriburua. Nekazaritza herria, bere lurrak era honetara dagoz banatuta: 1.591 Ha. lur landuak, 2.114 Ha. zuhaitz* bako larre eta landa, 147 Ha. arboladunak, 1.743 Ha. baso, eta 108 Ha. ezertarako ez direnak. Hazitarako patata hartzen da ugari herri honetan. Bere etorkizuna turismorantz ere jo leiteke pixka bat, Errioxako Begirategia hurbil* daukalako, Herrera gainean. Industriarik ez dago, ogitegi bat, bertako eta inguruko herritxoetara ogiak banatzen dituana, kenduz gero. Hurizaharra bere izen jatorrak dinoan legez, Iruineko errege Gartzea Enekoizek fundatu eban 765. urte inguruan; oraindik ere ba ditu muru orma handi batzuk zutik, hiru ate eta guzti.

Pipaona

14,80 km2. eta 158 bizilagun. Ihiztariren* batzuk eta hazitarako patata bila dabiltzanen batzuk izan ezik, herri hau gutxik ezagutzen dabe. Bizilagunez urrituaz doa. Orain 50 urte, 271 zituan. Baserritik bakarrik bizi da. Bere lurrak honan* dagoz banatuta: 289 Ha. lur landuak, 110 Ha. landa eta larre, 900 Ha. baso, eta 181 Ha. ezertarako ez direnak. Udalekutzat toki aparta hauxe, bakartade zaleentzat batez ere. Esan dogun bezala, ihiztariek ezagutzen dabe, eta bereziki* Eibartar eta Legazpiarrek. Horregatik, hareekin sortutako harremanen bitartez, Pipaondar asko Eibar eta Legazpira joaten dira lan bila eta bizitzera.

Arluzea-Markiniz

72,00 km2. eta 449 bizilagun. Herrixka honeek ditu: Arluzea (huriburua), Berrozi, Izartza, Okina eta Markiniz. 1963. urterarte udal bi ziren, gero bien izenak elkartuz. Oso baztertua da udal hau, bide txarrak ditu, eta gutxik ezagutzen dabe. Ez dago bertara joateko autobusik ere. Gaur, Trebiñoko konderria bitartean dagoelako, Kanpezuko Santi Kurutz huriburu dauan eskualdearekin sartu dabe Diputazioko zatiketan; baina, berez, geografiaz eta kondairaz ez da horrela, Uda eskualdean agertzen baitzan, Udako Trebiño Gaztelan santu zan arte. Lurren banaketa honetara dauka: 923 Ha. lur landuak, 1.643 Ha. larre eta landa, 2.913 Ha. baso larreduna, 44 Ha. baso hutsa, eta 1.277 Ha. haitz eta ezertarako ez diren lurrak. Oso menditsua da, eta Uda ibaiaren ibarrean* dagoz herrixka gehienak. Patata asko hartzen da udal honetan, eta toki batzuetan 30.000 kilo hektareako jaso da. Abelgorriak* ba dira; baina ugaritu behar lirateke, etorkizunik egokiena bertatik izango lekue ta. Ez dago ezelako industriarik.

Trebiñoko konderria

22,57 km2. eta 3.494 bizilagun. Udal bitan banatuta dago: Trebiño bera, eta Puebla de Arganzon deritxona. Azkenengoak huriburua eta Uribarri-Oka hartzen ditu, 18,71 km2. eta 568 bizilagunekin. Trebiñok berak, 202,86 km2. eta 2.928 bizilagunekin, herrixka honeek ditu: Agelu (Aguillo), Axarte, Albaina, Añastro, Araiko, Arana, Argote, Armentia, Arrieta, Askartza, Basauri, Burgueta, Bustia (Busto), Kutxu, Dordoniz, Doroño, Prango (Franco), Fuidio, Golernio, Grandibal, Imiruri, Laño, Marauri, Meana, Mesantza, Moratza, Moskadore, Morga, Obekuri, Ozilla-Ladrera, Ogeta, Ozana, Pangoa, Paritza, Pedrutzo, Samiano, Doneztebe (San Esteban), San Martin-Galbarin, San Martin Zar, San Bizenti, Saratsu, Saseta, Tarabero, Torre, Uzkiano, Uribarri-Tobera, Zurbitu eta Udako Trebiño (Treviño de Uda) huriburua.

Konderri* hau gaur Busgosko probintziaren barrutian dago, elizaz ostera* Gasteizkoa da; eta, 1949. urtean hemengo hiru apezpikutegiak sortu zirenean, zibilez ere Arabara pasatzekoa zan. Ayuda edo Ibai-Uda arroan aurkitzen dan konderri hau, lehen Araba zan; eta, hain zuzen ere, horrela aurkitzen da San Millango Kartulario famatu haretan. Gero Trebiñoko huria Gaztelarekin bat egin zanean, beragaz eroan zituan alboko herrixkak ere. Gasteizek beste horrenbeste egin eban garai batean. Feudo arrazoiakatik konde baten azpian egon zan mendeak* zehar euskal lur hau; eta kondearentzat interesgarriagoa zan Gaztelaren legeen pean egotea, Arabakoenean baino. Konderri honetako herrixkek euskal izenik ez daroenik ezin ukatu, zerrendatik ikusi dozuenez. Orain dala hamar bat urte, bertako auzo alkateek Arabara itzultzea nahi izan eben, eta bekatu horregatik Burgosko gobernadoreak alkatetzatik bota zituan.

Ekonomiaz baserri hutsezkoa, bizilagunez hutsituaz doa urte batetik bestera, eta Gaztelarekin behintzat itxaropen haundirik ez dauka. Hala ere, Arganzongo herriak, bere tokiaren egokitasunari esker, bide nagusiaren ertzean aurkitzen baita*, ba dau mugimendu pixka bat. Bainu etxe txukun bat dago, Ibai-Udako ibarrean, monja komentu bihurtuta, gure ustez euskal ikastoletako umeentzat udaleku aparta izan leitekena. Euskera aspalditik galdua da, baina ez mende* asko dala. Odon Apraiz euskaltzain ohorezko* eta Arabako euskerari buruz gehien dakienak esan euskun, XVII mendean ba zala euskal idazle bat, Arganzongoa hain zuzen ere. Beraz*, Gaztela barrutikoa izan arren, denbora haretan euskaldun irauten eban lurralde honek.

J. L. LIZUNDIA