ANAITASUNA

205 zenb.

1971. otsailaren 15 ekoa

Jardin Txikerra, 1 BILBAO-12

Tel. 43 18 37


ANAITASUNA Bizkaia

Hamabosterokoa.

Zuzendari: Anjel Zelaieta.

Zuzentzaile: Imanol Berriatua.

Idazkola ta banakola: Jardin Txikerra, 1. Bilbao (12).

Inprimatzaile: Juan José García, Joaquín Jáuregui, Jesús María Tafalla, Gabriel García eta José María Belmonte, AMADO inprimerian, Bilbon.

Irarle: Gil Díez eta Manuel Barrera, RALI etxean, Bilbon.

XIX urtea.

D.L.: BI-1.753 - 1967.


Ez kanta ez dantza

Batzuei atsegin zaie, bizitzaren alde ilunak bakarrik erabili eta erakustea, eta honek tristura ta pesimismoa dakar berarekin.

«Ez jaia, ez dantza,

Herria lutoz dago ta.

Ez jaia, ez dantza,

triste daukat bihotza.»

«Herria lutoz dago»: Konforme. Triste daukat bihotza»: Zergatik? «Ez jaia, ez dantza»: Zergatik?

Herriaren egoera larriak ez du tristura ekarri behar, derrigorrezko ondorio bezala. Gure erantzunak, gure ekintzak, ez du zergatik hain pesimista, hain ezezkorra izan behar. Zutik nahi ditugu euskaldunak, eta ez tristuraz beterik bazter batean etzanda.

Benetan disko polita dela Michel Etxegaraik abestutakoa; baina barka iezadazue kantu horren hitzekin bat ez banator.

Aurrean dut ANAITASUNAren 203. alea, eta bat nator Algortako berri emailearekin: «Noiz hasiko gara herriko, udaleko* arazoez arduratzen? Gure zaharren esaera bat da: lan egiten dabenek zangoa sar leikee, eta ezer egiten ez dabenek... beti arrazoia».

Beraz*, Herriaren lutoaren aurrean, postura bakar bat onartzen dut; ekintzarena. Eguneroko lanak bakarrik emanen* dauku zoriona.

Lan egin, gogor lan egin. Eta egin jai eta egin dantza. Baina, kontuz, jai eta dantza lanaren sari legez*. Soldata, lan egin ondoren hartzen da, ez lehenago.

Nik ez ditut inoiz onartu, atxakia honegatik edo horregatik euskal jaiei egindako boikotak. Atxakia hoik direla ta, beste erantzun bat eman behar da, baina inoiz ere ez euskal jai bat ez egitea.

Zu, euskaldun hori: zure denboraren zati bat, zure diruaren zati bat euskal kulturak behar du. Zer ematen diozu zeure denboratik, zeure dirutik?

Eman iezozu Herriari zeure denboratik ahal duzun guztia, zeure dirutik berdin. Eta orduan egin zenezake, egin behar duzu jai eta dantza.

XABIER GERENO

dauku, deusku

diozu, deutsazu

iezadazue, eidazue

iezozu, eiozu

zaie, jake

zenezake, zeinke


Herriz herri

Durangoaldea

Eskualdeko herri ta auzuneak, urteari hasiera emateaz batera hasi dira euren jaiak ospatzen. Urtarrilaren* 17an, Berrizko San Antonak. Beti bezala, herri honetako jaiak idi probetan finkatuak izan dira. Hortik kanpo, dantzariak, soinua, eta abar. Jaietarako programak kanpotik ondo apainduak, baina barruan hutsa besterik ez. Beste kezka bat ere entzun dogu herriko gazteen artean: besteen asmo eta eritzia kontuan hartu barik, udalak* dana eratu eta antolatu, eta, beharra* egiteko orduan, laguntasuna gazteei eskatu. Jokabide lasaia; baina, jaiak biztu gura badira eta laguntasuna nahi bada, beste bide bat hartu beharko da.

Urtarrilaren 20an, Iorretako Baxika auzunean, San Sebastian eguna ospatu zan. Meza, ezpata dantzariak, asto probak eta soinua. Beste urteetan baino jende gutxiago egon ei* zan.

1971. urtearen barruan daroaguzan egunetan, berri pozgarri bi. Zaldibarren eta Abadiñoko Trañan, ikastola berriak zabaldu ditue, 27 eta 21 umegaz. Honeekaz, zortzi herri dira eskualdean, ikastola daukenak: Ermua, Berriz, Elorrio, Durango, lorreta Zornotza eta lehen esandako biak. Zornotza, nahiz eta eskualde honetakoa ez izan, arazo honetan bertokoakaz dago batuta. Ikastola honeek, 20 andereño eta 610 ume batzen ditue.

Tronperriko lehendakaria izan dan Benito Llona jauna, Durangon hil izan da, urtarrilaren 27an.

Ermuak eskolen beharrizan haundia dauka. Gutxienez, bi gehiago behar ditu, dagoen urritasuna astintzeko. Horretarako udalak* daukan eragozpenik haundiena, lur sailen jabetasunik eza ei da; baina, hala ere, arazoa 10 hilabete barru konponduko dala uste da. Herri honetako udalak, orain dala denbora gutxi, Guardia Zibilentzako kuartel berri bat jasotzeko lurrak eskaini* zituan. Gizartean gauza bi dagoz, gazteak bide zuzenetik eroateko: kultura edo makila. Honetaz konturatuta, ermuarrek jakin dabe, arazo honi behar dan erantzuna ematen. Ez?

Santa Ageda bezperan, eskualdeko ohiturari jarraituz, koplak kantatzen ibili ziren hainbat talde; euren artean, ba ziren ikastoletako ume taldeak ere. Egia esan, egun hau umeentzat baino gazteentzat izan da gehiago. Haurrek* ba dauke, euskal ohituretan, urtearen barruan kantatzen irtetzeko egun berezi bat, Eguen Zuri deritxona, ihaute* aurreko eguena edo osteguna. Hemen dozue horreetariko kanta bat, Azkue jaunak Durangoaldean jaso ebana:

1.

 Eguen Zuriko eguna,

 Jaunak berea egina,

 eskola mutilak ibilteko,

 limosna on baten bila.

2.

Hor goian goian goldia,

 haren gainian belia;

 etxe hontako nagusi jauna,

 nekazari langilia.

3.

 Poltsan ba ditut errial bi,

 bata bestiarekin dira bi;

 etxe hontako etxekoandriak

 Ama Birjina dirudi.

4.

San Kasiano Obispua,

 eskola maisu jakituna,

 Jesukristoren fediagaitik

 odola emon ebana.

5.

Santua bitarte dala,

 ez egizu izan okerrik;

orain ba goaz danok aurrera,

 agur danori eginik.

6.

Emongo bozu, emoizu;

 bestela, ezetz esaizu.

 Ate ondoan aizeak hartzen

 amak ez gaitu bialdu.

JOAN ANTONIO AROMA

Zornotza

Joseba Arrieta jaunaren mintzaldia

Joan dan urtarrilaren* 29an, Zornotzako gurasoei (ikastoletako umeen gurasoei, alegia*) berba egin izan deutse Joseba Arrieta jaunak, gai honi buruz: «Ikastolen sorrera eta gurasoen egoera». Nahiko guraso bildu* ziren. Berbaldia euskeraz eta erderaz izan zan, aurrerantzean euskera hutsez egiteko asmoz. Ona iruditu jakun hitzaldia; beharbada, elkarrizketa gutxi egon zan.

Bittor Egurrola hizlari ta abeslari

Urtarrilaren* 30ean, Zornotzako Mutilen Ikastetxean, Bittor Egurrola izan genduan hizlari eta kantari. Berbaldiaren gaia, «Atzo, gaur eta bihar euskal abesti berria». Gero, kanta bakoitzari azalpentxo bat emanez, zazpi abesti eskaini* eutsezan han elkartu ziren neska-mutilei; gaztetxoegiak ziren, elkarrizketa egin ahal izateko.

Aita Karmelo Garmendia

Santa Ageda egunerako, herriko neska-mutil talde bat gertatzen ari* izan da Aita Karmelo Garmendia, eta bertso polit batzuk irakatsi deutsez. Ea benetan geureganatzen ditugun hain bertso ederrok.

Euskal Herriko gaztedi berri,

Zornotzako udaberri,

geure Herriko bihotz gazteak

behar doguz ernai jarri.

Negu beltz honek izango ote dau,

ondoren, udaberria,

ikusi daigun geure Herria

berriro lorez jantzia.

Herritar bat

Elgoibar

Artikulurik onenak

ANAITASUNA, 203. zenbakia.

 Lehenengo artikulua: «Ikastolak eta euskera batua», Loiolako agiria.

Asko pozten gaitu irakasleen erabaki honek. Iruditzen zaiku, ikastoletarako euskera batuari ez zaiola nahiko garrantzirik ematen. Gaur, ikastoletako ume eta irakasleen eskuetan dago euskeraren arloa. Pedagogiazko era berriak sartu, materiala berritu, ikastolak jantzi: hauxe da guztion lana, beste zenbait bilera eta alferrikako jardunaldi alde batera utzita. Heldu zaiku honetaz jabetzeko garaia, beste eskolak baino beherago geure ikastolak laster ikusi nahi ez baditugu.

Zera ere iruditzen zaiku, aldizkariek kursillo eta pedagogiazko jardunen berri ematea komeni lizatekeela, gurasoek eta gainerakoek arazo guztien berri jakin dezaten. Egia esan, aurrera bultzatu baino, atzera eta kontra gehiago egin dute aldizkariek, ANAITASUNA eta besteren bat kenduz gero.

Legalizatu berri den Elgoibarko gure ikastolako arduradunei ere berdin esango genieke: irakasteko erak berritzen eta gaurkotzen joan daitezela; eta hau dena EUSKERA BATUAN, irakasleek eta beste euskal erakundeek erabaki duten bezala.

 Bigarren artikulua: «Federazio kontzeptuaren krisia», Jose Azurmendi.

Honelako azterketak beharrezkotzat eta interesgarritzat daduzkagu. Hala ere, askotan, zail egiten zaiku Azurmendiren esannahia garbi jakitea; berak ideiak oso klaro ez dituelako; edo ta, gauzak garbi eta denek ulertzeko eran esatea komeni ez delako.

Bataioak erderaz

Bataioak erderaz egiten dira gure herriko elizan. Beste herrietan ez dakigu nola egiten diren, baina Elgoibarren honela egiten dira. Gurasoek sendoki eskatu behar lukete, hainbat lasterren gure hizkuntzan egin daitezela.

TALDEKO BESTE MARISABEL

Tolosa

Kultura arazoek ez dute erantzun haundirik gure herri honetan. Alegia*, gaur egun, hemen, musikak inoiz baino garrantzi guttiago daduka. Tolosako tradizio musikalari eutsi nahi bazaio, eskerrak eman behar, Ruiz Bona jaunak zuzentzen duen herriko bandari eta «Escolanía Felipe Gorriti» deritzan taldeari. Lehenengoei, jaietan ematen dituzten kontzertuen gatik; eta bigarrengoei, hilabetean behin antolatzen dutenaren gatik. Horrela, «Escolania»koek ekarrita, abenduan entzun ahal izan genuen Donostiako Kontserbatorioko kamarako orkesta, Escudero jaunak zuzendurik; eta hilabete honetan Michel Chauveton, biolinista frantsesa.

Tolosako gazteek ez dute leku haundirik, deporterik egiteko. Beotibar pelota lekua beti, palaz eta txisteraz jokatzen dutenek okupatua dago, eta, noski*, mutikoak begira egon behar. Halaber*, lehen Kanpo Zaharra zeritzan zelaia, Eskola Sindikala bertan eraikitzeko hartu zuten, eta orain gazteek ez dadukate baloian jokatzeko leku dexenterik. Udalak* zerbait egin beharko du horren gain, mutilek deportea behar beharrezkoa dute ta.

Festa lekuak, berriz, etengabe zabaltzen ari dira. Orain dela denbora gutti arte, Tolosako gazteek, jaietan dantzan aritzeko*, plaza eta frontoia bakarrik zituzten. Azkeneko urtean, bi «boite» edo «discotèque» zabaldu dira, eta hirugarrenaren obrak aurrera doaz. Gainera, hiru festa leku hoik zein baino zein ederragoak dira.

Argi dago, bada, gure herri honetan zer doan behera eta zer gora. Diru ematen duena, boti gora.

Elizako berriak

Elizkizun ekumenikoa Iruinean

Iruineko Jesusen Bihotzaren elizan, katoliko ez diren kristauekin batean, elizkizun bat egin izan da, joan dan urtarrilean*. Eliza jendez gainezka egoelarik, batzarburu izan ziren Tabera Kardinal jauna eta «Iglesia Española Reformada»ko Ramon Taibo Gotzain jauna.

Hasieran, «Un solo Señor» eta «Veni, Greator Spiritus» kantatu ziren. Ondoren, «Apostoluen Eginak» liburu santutik zati bat irakurri eban Edwin Lee, «Iglesia Bautista»ko Gotzainak. Isilaldi baten ostean*, «Alleluia» kantatu zan. Gero, Larrauri, Gotzain laguntzaileak, «Kristoren Bataioa» Mateoren Ebanjeliotik irakurri eban. Irakurgai hau amaitu ondoren, Tabera Kardinalak eta Ramon Taibo Gotzainak hitzalditxo bana egin eben.

Egoki zan bezala, elizkizun honetan, Kristogan sinesten dogun guztiok bat izateko eskatu zan, eta batasun horretarantz abiatu gaitezen otoitz egin zan.

Kargu berriak Bizkaian

Bilboko Obispaduan, kargu berri honeek eman izan dira: Jose Martínez, Bilboko San Gabriel elizako parroko. Juan Miguel Zúñiga, Deustuko Arangoitin dagoen parrokiako apaiz taldearen buruzagi. Juan Angel Axpe, Arangoitiko parrokiako apaiz taldeko. Jose Luis Urrutia, Arangoitiko parrokiako apaiz taldeko.

Angel Unanue, Sopuertako kargudun. Lucio Beraza, Montellanoko kargudun. Claudio García, «Adoratrices» izeneko monjen kapellau eta San Martin parrokiako laguntzaile, Getxoko Negurin. Eduardo Arriaga, Mañuko kargudun, Bermeon. Alberto Ruiz, «La Encarnación» monja komentuko kapellau, Bilboko Atxurin. Pedro Hernández, Derioko San Isidro elizako diakono.

Andrés Cañibano, Bilboko Agustinoen elizako parroko; beronen laguntzaile: José A. Quintana, José Ibán eta José A. Merino. Francisco Javier Gaztelu, Alonsotegiko San Bartolome elizako parroko. Ignacio Eguskiza, Larrabetzuko Done Martirien elizako diakono. Dionisio Urteaga, Santurtzeko San Pedro elizako apaiz laguntzaile.

Victor Morla eta Jesus López, Ermuko Santiago elizako apaiz laguntzaile. Gorka Aulestia. Errenteriako kristauen kargudun, Gernikan. Felix Bilbao eta Angel Aranberri frantziskanoak, Lumo eta Lurgorriko kristauen kargudun, Gernikan. Jose A. Basterra, Galdakanoko apaiz laguntzaile, Realeza de María izeneko elizan. Jose A. Basterra, «Cursillos de Cristiandad» ekintzako apaiz laguntzaile.

Mungialdea

Idazketa Txapelgoa

«Fundación Ventades» eskoletako arduradunek, gure eskualdeko* haur eta gaztetxoentzat Idazketa Txapelgo* bat antolatu izan dabe, euskeraz eta erderaz.

Zorionak eta eskerrik asko antolatzaileei. Ea honelako ekintzekin gure eskualdea kultura maila hobeago batera heltzen dan. Eta ez dadila ekintza hau azkenengoa izan.

Dantza taldeak non?

Mungian, orain arte, dantza talde batzuk izan ditugu. Baina, orain, ez dakit zer jazo izan dan. Azken unada* honetan, entsaioetarako ere ez direla batzen uste dot. Gaitz erdi, balore berriei lekua uztearren, hori egiten badabe. Baina, txarrena, honeek sortzen ere ez dira dedikatzen.

Albo herri gehienetan ere, beste horrenbeste jazotzen dala uste dot. Ea bultzada berri bat ematen deutsegun geure dantza taldeei. Posibilidaderik ez da falta.

Klub baten beharrizana

Ba dira zenbait* hilabete, Mungiko gazte talde bat dirua batzen eta proiektoka dabilela, Klub bat egin ahal izateko. Euren helburua* gazteria guztia batzea da, jolas eta kulturaren bidez. Nik dakidala, Bizkaiko herri batzuetan, Durangon esate baterako, ba dira horrelako Klub batzuk. Nire ustez, Mungiarrok eskerronez hartuko geunkez hareen kontseilu batzuk.

Futbol zelai berria dala ta

Hainbeste denbora dalarik, Mungiko herrian «complejo deportivo» dalako bat egiten hasi ziren. Ez dakit zenbat milioi diren bitarte. Amaitzen danean, liluragarrizkoa* izan beharko dau.

Palazko pelotariak

Mungiarrok gauza gutxitan nabarmentzen* ei gara. Baina, palarien artean behintzat, nahiko talde ona dogu Bilboko «Deportivo»an. Euskera diruz ondo ordainduta balego, euskalzale mordo bat ere izango geunke.

Soldadutzara joan orduko

Urtarrilaren* hasieran Espainiako armadan* zerbitzera joan izan direnek edo urtean zehar joango direnek, hiru eguneko hezialdi* bat izan dabe. Hezitzaileen artean, midiku bat, militar bat eta zenbait* apaiz izan dira.

Sanantontxuak

Urtarrilaren 18an, Mungiko jaiak ospatu ditugu. Jai baketsu eta alaiak izan dira.

Baina argi argi ikusi izan dogu, jendearen mentalidadea, gero ta gehiago kontsumozko bidean sartzen hasi dala. Jaialdien aldetik ere, danak izan dira goitik emandakoak: pelota partidu, ziklo-kros, txerriki txapelketa, eta abar. Nire ustez, herriko jaiek herritar guztien partizipazioa izan behar dabe, herrikoak izateaz gainera, saltsa apur bat izan daien.

I. J.

Azcoitia

Alfabetatze arazoa

Bizpahiru azken urte hauetan, alfabetatze saioak izan ditugu geure eskualdeko* herrietan. Eta esperientzia bat izan da. Etapa bat erre behar zen, eta erre izan da. Orain nabarmen gelditzen da, beste etapa bat behar dugula.

Egun hauetan, eskualdeko gazte batzuek eraginda, alfabetatze lanerako asmoaren berpizte bat ikusten ari gara. Zihur gaude, gazte hauen kontzientzian garbi dagoela etapa berri bat egitearen beharra. Helburu* berriak, gure ustez, hauk* dira:

- zabaltasuna: ehun edo berrehun ikasle. Uste dugu, irakaslerik nahiko dugula.

- irakasleen preparazioa, irakaskintzaren kalitate maila igo erazteko.

Nahitanahiezkoak iruditzen zaizkigu bi helburuok. Bestela, ez duela ekiterik merezi.

Arrisku bat: Hemen ere, Euskal Herri osoan bezala, taldeetan zatiturik gaude. Eta askotan nahi izaten dugu, gauza guztiak geure «eskutxoetan» edukitzea.

Bide bat: Alfabetatzearen teknifikatzea. Euskeraz hitz egiten, irakurtzen eta idazten irakastea, alfabetatzea da; eta problema sozialak beste gauza batzuk dira. Gauza bat ondo egin dezagun, eta ez bost hala hola.

Helburu bat: Pentsa dezagun, hizkuntzaren oxigenoa dela eskola formazioa. Eta honen bitartez, luzaro iraun ahal izango duela herri hizkuntzak eta, berarekin batera, herriak.

Toki alienatzaile bat herrian

Lehen ere, herri kulturaren zapaltzailetzat salatu genituen Merzedarioak. Orduan eskaintzen genien, edo euskeraz lana egin, edo pikoetara joan.

Dakigunez, proposatu egin zaie ikastetxe honetako zuzendariei, beren ikasleen guraso elkarte bat sor eraztea. Baina jaun hauek errefusatu egin dute proposamendua. Lerro hauk* aipaturiko gurasoren baten eskuetara iritxiko balira, kontzientziaren esnatzaile izan lekizkiola nahi genuke.

Ikastolako batzarra

Urtarrilaren 24ean izan da ikastolako batzarra. Asmoa? Zuzendari batzordearen eraberritzea. Era honetara: sei guraso, sei gazte, eta sei bazkide diru-aportatzaile. Poztutzen gara pauso honegatik, zeren* eta ikastola barruko problemek eskatzen baitzuten. Kemen haundi bat opa diegu berriei.

Mendizaleak

Mendizaleen elkarteak egin berri duen batzar nagusian, A. Vallejo gaztea izan da lehendakari aukeratua. Dinamika ekintzaile eta kemen haundia opa dizkiogu.

Gogora dezagun, oraingoz mendiko kirola besterik ez dagoela gure herrian. Zeren* eta, bai futbola, bai pelota jokoa eta bai beste kirola asko, espektakulo alienatzaile bihurtu baitira, edo minoria batzuenak dira. Askorentzat, noski*, musean egitea edo kinielak betetzea kirola izanen da.

LAUROK

Eibar

Amaña

Amañako parrokia, sortu zanetik bertatik, aurrelaria izan da diru kontu arazoetan. Parrokia honetan, ez dira elizkizunak eta elizako beste premiak ordaintzen. Orain arte, bakoitzak ahal ebana eta gura ebana ematen eban hilabetero. Hala ere, oraindik laurehun mila pezetako zorra dagoela ta, horrez gainera urtero bostehun mila pezetako interesak ordaindu beharra dagoela ta, ezin bestean, ordain sistema apurtxo bat aldatu behar izan dabe diruzainek. Hain zuzen, hemendik aurrera kuota zehatzak jarriko dira, 25, 50 eta 100 pezeta hilabeteko, familia bakoitzaren ahalmenaren arauera*.

Aginaga

Aginagarrak eibartarrak ei* dira. Izango dira bai, baina ez Ixuako hegoaldetik begiratuta, iparraldetik baino. Esan gura dogu, aginagarrek euren burua eibartartzat daben artean, hegoaldeko eibartarrak gutxi baino ez garela eurekin gogoratzen. Hain zuzen, esku lotu eta begi itsu Aginagara eroanez gero, zenbat eibartarrek ezagutuko leukee Aginaga auzoa?

Dana dala, urte barruan aginagarrak eibartarragoak bihurtuko jakuz, edota eibartarrak aginagarragoak. Barinaga zehar, Markinatik Eibarrera datorren bide berritik, eskuin aldera eta gorantz kilometro eskas batez, Aginaga bertaraino izango baitogu* karretera.

«Helga»

Urtarrilaren* 12an, S. C. R. Arrateko areto* txikian, «Helga» izeneko filme ospetsua ikusteko aukera izan dogu. Jende asko zan, gainezka aretoa: ez dau S. C. R. Arratek alferrik egundainoko propaganda egin. Beharbada, ez zan beharrezko; hala ere...

Filmea interesgarria iruditu jaku, interesgarria ezezik harrigarria. Haurraren* sortzea, hastapenak* eta ondorengo eboluzioa, mirari bat balira legetxe* ikusi ahal izan ditugu aurrez aur. Izan ere, nahiko miraria bizitza bera.

Gazte asko zan ikusleen artean, gazteek berezko baitabe* jakin-mina. Hala ere, beldur gara, askoren jakin-nahia ez ote dan ikus-mina baino besterik. Penagarria, baina egia: ez al da gizakumea abererik handiena?

Txirrindulariak

Baietz eta ezetz, ezetz eta baietz: eztabaida makurrak erabili ditue agintariek eta Eibarko Txirrindulari Klubekoek. Epelgez lehendakari jauna zigortua zala ta, beste izkutukorik ere ba zala ta, nork daki zer azpijan dabilen hor zehar. Irakurri ere irakurri genduan, Eibarko Klubeak ez ebala aurten txirrindulari probarik eratuko.

Geroztik, giroa aldatu bide* da. Beste «maila» batetako jendea ere sartu ei* da nahastean. Azkenean, «formalismo», «konbentzionalismo», eta irakurleak gura dituan «ismo» guztiek irabazi bide* dabe, eta zorioneko Euskal Herriko Txirrindulari Jira eratuko dala dirudi, Gipuzkoa, Bizkaia, Araba, Errioxa eta Nafarroa baino ez bada behintzat Euskal Herria.

ALBISTARIAK

Arratia

1.

Berriro hemen natorkizue,

denok barkatu mesedez.

Nonbait erratzen banaiz ere, gaur

mintzatu nahi dut zentzunez.

Arratiarrok, alda gaitezen,

joan aurrera ta artez;

bestela zihur mendi gainera

egundo ere heldu ez.

2.

Hitzak samurrak bai darabilguz,

ahoak ederki dio.

Zenbat berbaldi gozo lirainak!

Danari eztia dario.

Baina hitz horreek egiteakin,

agertzen dira arerio

maitasun ona urrun lagata,

zenbat sasi amodio.

3.

Ez dut eginen* bertso politik,

zerbait argi esan baino.

Argi esanda, sarritan dago

bete barik oraindino.

Arratiako euskal jendea,

egiak zer ote dino?

Harek dinona, haran* honetan

bizi ta bete noraino?

4.

Gezur zitalez hiltzen bazabiltz

nonbait hala zure hitza,

gezur horri ez eman mesedez

inoiz indar ta garaitza.

Azaluskeriz, sasi lanakin

ez ilundu inon bizitza.

Aurrez aur honela badinozu,

gero bestela ez mintza.

5.

Oso lantsua bazara ere,

ez uste goren zarela.

Beste asko be jazo leiteke,

larri ezkero horrela.

Apaltasuna behar dugu guk,

zuzen ez goaz bestela;

horretarako bazter dagigun harrokeria ustela.

6.

Askok herri hau maite dugula

sarri dinogu bihotzez;

baina herriak ez du sinesten,

ez baitugu maite zinez.

Maitakeria daramagu* ta

ez gabiltz, ez, maitasunez.

Arratiarrak, horrela balitz,

maitatu leiteke errez.

7.

Askatasuna nahi baduzu,

munduan baita ongarri,

mesedez, jauna, beste inor zeuk

zeure azpian ez larri.

«Nik zuri eskatu hori egiteko»

jazotzen zaiku lar sarri.

Holan bagabiltz, Euskal Herriak

jarrai beharko dau larri.

8.

Arratiarra, maite egizu

gure euskera kutuna.

Hizkuntzaren garaitza osoak

hur dakar askatasuna.

Zintzo bazabiltz, lortuko duzu

noizbait gaur gura duzuna.

Horregatikan, trebe izan zaitez

justiziaren laguna.

9.

Dantza tokitik dantza tokira

beti bagabiltz guztiak,

ezin izanen* ditugu lortu

Herriaren gurariak.

Geure eskuetan dagoz biharko

giltz gogor eta katiak,

zarratu edo irekitzeko

Euskal Herriko atiak.

SEBAS

Gernika

Urtero, Erregeen egunean, jai polit bat egiten da Gernikako zaharren egotetxean, bertako zaharren eta beste guztien pozgarri.

Aurten ere, holan ospatu izan da, eta haundikiro ospatu ere «Uso Zuria» taldeari esker. Talde honek dantzari, abeslari, kitarra jotzaile, txistulari eta antzerkilariak ditu. Neska-mutilez osoturik dago. Hamabi urtekoak dira gehienak, eta seikoak gutxienak. Zer esanik ere ez, dana egiten dabe euskeraz. Baita presentazioa ere. Jaiaren programa honetaraxe izan zan:

Neskatillek: zozo dantza eta uztai dantza. Unberto eta Maitenak: arin-arin eta porrusalda dantza. Miren, Gotzone eta Luisa*: Anttoni eta Antton, eta Haurtxo Maitea abestiak.

Mutilek: zortzikoa eta banakoa. Maite, Anabel eta Isabelek: Parisetik Nator abestia, eta antzerkitxo bat. Arantzatxu eta Amaiak: arin-arin eta porrusalda dantza. Josu eta Marisabelek: Erromeriara Joan, eta Haurtxo Haurtxoa abestiak.

Antzerkilariek: Belengo Jaiotza, berbaz eta kantuz. Martin txistulariak: Maritxu. Mutilek: launakoa eta binakoa. Neskatillek: zinta dantza.

Eta amaitzeko, guztiek batera, sei txistulari tarteko zirelarik, «Ikusi Mendizaleak».

Jai honek —hirugarrenez egin izan da aurten— gero eta hots* haundiagoa dauka Gernikan eta bere inguruetan. Aurten, ia ez egoen jendearentzako tokirik. Monjak arduraz ibili ziren, guztiak onartu nahiez, jarleku bila etxe guztian. Eta zaharrak, umeak jostailuekin baino askozaz pozago. Ba irudian, urte osoan egun harexen begira egon zirela. Hain adi, hain arretaz* egozen, egiten zan guztiari begira! Amaitu zanean, eskuak jasoaz eta agur eginaz, «datorren urterarte» eta «eskerrik asko» esaten eban batek baino gehiagok. Eskerronak eraginda, negar malkoak begietan nabarmen agiri ziren.

Neu ere eskerrak eman beharrean nago, era honetan gure gaixo ta zaharrekin gomutatzen diren «Uso Zuria» taldeko zuzendariei eta talde guztiari. Bai eta gaztetxo honeen guraso guztiei ere, jai hau eurakatik hain ederra izan dalako.

DEUNORO

Bilbo

Euskal Hit Parade

Juan Manuel Ares jaunak zuzentzen dauan «Hit Parade» honek indar haundia hartu dau, eta Bilbotik Euskal Herri osora zabaldu da.

Oraintxe berton hartu dogu 1970. urteko erresultaduen zerrenda. Hara zer agertzen dan:

Euskal kantari bakarra eskatuena: Xabier Lete.

Talderik eskatuena: Argoitia neba-arrebak.

Abesti eskatuena: «Ikusi Mendizaleak».

Kantari bakarren artean musikalena: Fernando Unsain.

Taldeen artean musikalena: Mocedades.

Abesti musikalena: «Ni ez naiz ni».

Kantari bakarren artean herrikoiena: Benito Lertxundi.

Talde herrikoiena: Urretxindorrak.

Abestirik zabalduena: «Aitorreri hizkuntza zaharra».

Udako abestia: Andoniren «Maite zaitut neska».

Baserriaren alde

Inginadore* agronomo dan Bernardo Mesanza jaun bilbotarrak hainbeste lan argitaratu dau gure baserritarren alde, Bilboko Komertzio Kamarako aldizkarian, bai eta «Economía Vascongada» aldizkarian ere.

Bizkaian 18.000 familia ditugu 15.000 baserri etxetan bananduta, eta euskaldunak guztiak. Gure anaion bizi maila jasotzeko, gaurko teknikaren jakintza eman behar jake, eta horixe egiten dau Mesanza jaunak.

Bilboko egunkariak

Nik ez dakit zergatik, baina Bilboko egunkariek ez ditue gauzak argi esaten. Barcelona eta Madrilekoek, ostera, beste itxura bat dabe. Hemengoek isiltzen dituen gauzak, hareek esaten ditue. Zergatik?

XABIER GEREÑO


Sozialismoaren barneko gorabeherak

Azken unada* honetan, Polonia ere bake gabe ikusi dugu. Huelga gogorretan ibili dira, eta ondorioak, sei heriotza, bostehun zauritu eta hainbat preso izan dira.

Frantses telebistan nahiko berri ikusi dugu gai honi buruz. Sueziako periodista bat bota egin zuten Poloniatik; eta periodista honek zioen*, polizia- eta gobernuaren errepresioa oso gogorra izan zela.

Telebista honetan zera ere azaldu zen, Poloniako alderdi komunistaren buruzagi batek ihes egin behar izan zuela, eta honek zioena* hau zen: «Herria ez doa sistema sozialistaren aurka. Sistema onartzen du. Baina gobernuak bere indarra herria bortxatzeko erabili du, eta herria gobernu horren kontra altxatu da».

Orain arte iraun duen gobernuaren buru, Gomulka jauna izan da. Eta gobernuaren indarrak hamalau urtetan gorde ditu bere eskuetan.

1948. urte aldean, Poloniako stalinismo garaian, Gomulka espetxeratua izan zen lau urtetarako, bere ideia eta ekintza anti-stalinisten gatik.

1956. urtean gobernu stalinista desegindu zenean, gobernu berri bat sortu zen; eta buruzagi bezala Gomulka izendatu zuten.

Esperantza haundiarekin onartua izan zen gobernu berri hau. Lehenengo urteetan liberalizazio aide bat somatu zen. Agerkariek* askatasun osoa zuten, intelektualen kritika zabaldua eta entzuna izaten zen, Eliza katolikoaren boza denek errespetuz aditzen zuten..., eta abar.

Baina gobernuaren esku zabalak ez zuen gehiegi iraun, eta, esku gogortzearekin, errepresioa etorri zen. Eritziak eta kritikak isil eraziak izen ziren berriro; intelektualak begi txarrez ikusiak ostera* ere.

Kolakowski filosofoa alderdi komunistatik bota zuten, Unibertsidadean marxismo humanistari buruz hitz egin zuelako.

1967. urtean beste herri sozialista guztiak isilik egon zirenean, Gomulkaren gobernua Chinako iraultza* kulturalaren kontra azaldu zen.

Askatasuna ematera etorri zen Gomulka. Baina zer egin du?

Oraingo gobernuaz gauza gehiegi ezin ezan. Haren buruzagi Gierek jauna da, teknokrata liberal bat. Silesia aldean, ikatz mina askodun eskualde* horretan, asko altxatu du ekonomia, eta politiko trebea da gainera.

Sozialismoaren iraultza aldatu behar dela ikusten ari* gara. Baina ba dirudi, jendea ez doala sistemaren aurka.

AMAIA LASA


Dunbalotsen ahidura

Arrotzak azaldu zitzaizkion atera. Eta nire lagunak —etena zegoen nire laguna, hotza; hildako bat zirudien— ohe bat eskaini zien.

Berehala hasi ziren hitz arruntak esaten. Oraindik agendatxo batean idatziak ditut. Nik ez ditut batzuk besterik aukeratu. Baina aproposak, egokiak deritzet. Sexual askatasuna. Nire lagunak ez zuen «sexual» hitzaren azken garia ulertzen; baina xilborreratu zitzaikun, eta ez genuen esnerik eskaintzeko betarik izan. Iluna, oso iluna du gaurko etxea; baina pozik jarraitzen du berean. Eginahalen azkenean ere, ez zait lehen baino lotuagoa dagoelakoz arduratu. Xilbor-esteaz lotua, alegia. Oso lasai jotzen dugu ertz batetik bestera. Osoa zena tabutu, tabu zena sendatu. Norlehenka azkarrean abiatu zaizkit nire indar dinamikoak. Ez ote dira xilborreratuko...

Ba ziren beste hitz batzuk ere. Euskeraren batasuna. Eta bi ta bietan galdu ginen. Hainbestek halako hitza erabiltzen zutela, hainbestek halako berba erabiltzen. Nire laguna harriturik gelditu zitzaitan bere xilborraren zulo ilunetan. Eta handikantxe aztertzen zituen bere xilbor-biztanle esperientziak. Zizkidan. Zizkizuen. Baina ez genion inork kasurik egin, eta literatura pikotara bidali genion. Odolez bidali, korreoz ez baitira horrelako gauzarik irixten. Dulunia, duranzan eta dunguluak jaten zituen. Epotzen ari zitzaikun; baina gure akatsek sortutako munstro hark ez zuen erremediorik. Mundu guztiko azoketan saltzen dira era honetako sumin ziztrinak. Honela hitz egin zeutan herenegun:

— Besoak zabaldu, begiak ireki, ahoa sudurretaraino igo eta burua erne. Bitartean, itsasoko olatuek lehengoetan jarraitzen diate eta bere gorabeheragorakoak ez dituk gure heriotzarekin ere amaituko. Barneratzeak, lasaitzeak, zauri bihotzekoek ematen duten barealdi baketsuan niagok.

— Baina linguistikak eta soziologiak ere...

— Konturatu konturatzen nauk, ene fraseen zenbait joskera ez doazela oso apostoliko; baina euskera pikotara, nire barne-egoera aztertzen laguntzen ez dautan bitartean. Eta egun bai, egun nire hizkuntza euskera duk. Dena hautsi ziaiguk barnean; baina, «rompecabezas» baten itxurakoak bagara ere, barne-batasun baten bila jo beharko diagu, gure kontradizioen haustea gerta dadin. Mundu berri bat irekitzen ziaidak hitz bakoitzean, eta hemen ziagok filosofia eta hemen hermeneutika eta hemen logika ere. Goazen goruntz, hitza gizon egin baitziaiguk, eta «et Verbum caro factum est» hitzak ez dituk erlijiosoak bakarrik, literarioak eta oso literarioak baizik, filosofikoak eta oso filosofikoak baizik.

— ...

— Ilogikeriak? Ez mutil, ez. Bentan oheratutako Quixotek ez zien oraindik Sancho zaldunik alboan, eta huraxe izan omen zuan Quixoteren gaurik itogarriena.

Ez dut beste hitz askoren esannahirik burutu. Zaila zait oso, halako iluntasunetan sartzea. Baina ba ditut sakondu batzuk.

Lana. Zerbait lortu behar dugu lanetik. Marcuse-k esana. Eta nik aharrausiz: Lana.

Etika. Ba dator askatasunaren Erreinua; baina beharraren Erreinuan bakarrik loratuko zaiku. Marx-ek esana.

Eta hona hemen zelan nik azken bi izenekin neure hiru orduko lan nekagarria legetu. Baina xilborreratu zaitan lagunaren agendatxoa erretzeko erabakia hartu dut.

ANJEL LERTXUNDI


Euskaldungoa

Protestanteen euskal Bibliak laurehun urte

Aurten beteko dira 400 urte, 1571.ean Joanes Leizarraga apaiz protestanteak, Nafarroako erreginaren enkarguz, Biblia euskeratu ebala. Dakigunez, euskeratze horrek aparteko balioak ditu, gure hizkuntzaren funtsa ta mamia ezagutzeko. Hori dala ta, Xabier Kintana aspalditxoan ari* da, liburu klasiko hori oraingo ortografiara moldatzen, aurten, lau ebanjelioak behintzat, publikatzeko asmoz. Honez gero, hiru ebanjelio baino gehiago dauka makinaz pasaturik, guk jakin dogunez.

«Miss» eta euskal folklorea

Bereziki* emakumeek asko maitatzen daben «Miss» izeneko aldizkariak, bere Gabonetako numeroan, artikulu luze bat dakar euskal folkloreari buruz, kolorezko fotografiakaz ta guzti.

«Txistulari» aldizkaria

Ikusi berria dogu «Txistulari» aldizkariaren 64. numeroa. Beti bezala, erderaz eta euskeraz dator, eta hainbat musikazko orrialde ditu. Oraingoz, Iruinean ateratzen da, Jose Maria Matiñena jaunaren zuzendaritzapean.

Dantza sariketak

Txiki ta gazteentzako Euskal Dantza Sariketa ospatua izan da Bizkaiko Berrizen. Txikientzako saria, hamar bikoteren artean, Andoni Ugartetxea eta Estitxu Artetxe ondarroatarrek irabazi eben. Nagusientzakoa, ostera, urtarrilaren* 31n ospatua, Etxaburu eta Bilbao senar-emazteek, ondarroatarrak honeek ere, irabazi eben.

Estitxu Artetxe neskatoak, abertzaletasun haundia agertuz, irabazitako saritik zerbait diru bidaldu deusku, Norbert Tauer txekoslovakiar jaunaren suskrizio ordainketa egiteko.

Mikel Laboa eta Marisol senar-emazteen bigarren haurra

Mikel Laboa kantariak eta Marisol senar-emazteek bigarren haurra izan dabe, joan dan urtarrilaren 29an. Lerro honeek idazterakoan behintzat, Izaro izena jartzekotan dira, mutiltxoari. Lehendik, alabatxo bat dabe.

Kazetari* bat epaitua

Gipuzkoako Oiartzunen ari* dan Jose Remigio apaiz jaunak, Madrileko «Pueblo» egunkariko idazle dan Jesus Maria Amilibia epai-auzitegira eraman izan dau, periodikoan gezurrez idatzi ebala salatuz, bere sermoi batean esandako gauza batzuk biolentziarako dei bat zirela esaten baiteban*. Amilibia jaunaren abogadu defentsaileak, beste gauza batzuen artean, hauxe esan eban: «Amilibia jaunak, berak idatzitakoa egiatzat ematen du, sermoian esandakoaren berri Guardia Zibilen kuartelean izan eban eta».

Alfabetatze kanpaina Usurbilen

Gipuzkoako Usurbilen, euskal alfabetatze kanpaina bat hasi da, joan dan urtarrilaren* 26an. Alfabetatze lan teknikoetatik kanpo, berbaldi honeek ere emango dira: «Ahozko literatura eta bertsolarismoa», Joan Mari Lekuonak. «Hizkuntzaren muina eta garrantzia», Maria Karmen Garmendiak. «Kanta herrikoia, problema bezala», Xabier Letek. «Literatura zahar profanoa», Aingeru Irigaraik. «Mende* honetako literatura», Joan Etxaidekok.

Alfabetatze kanpaina honetan, 60 bat ikasle salatuko dira, eta ANAITASUNA aldizkari hau hartuko dabe textutzat.

Teologiazko ikasketak

Donostiako Inginadoreen* Eskolan, teologiazko irakastaldiak ematen hasi da José María Doral, Nafarroako Unibertsidadeko irakaslea.

100.000 pezeta. «Basauri» sariketa, euskal estudioentzat

Basauriko udalak*, Bilboko Ateneoaren laguntzarekin, 100.000 pezetako sari bat eskaini dau, euskal gaien inbestigatzeko. Aurtengoz, sariketa horretarako gaia «Euskal Historia» izanen da (politikazko historia, ekonomiazkoa, eta abar). Lanok, zein euskeraz zein erderaz izan daitekez. Ez dago luzerazko neurririk gorde beharrik; baina datorren ekaina* baino lehen bidaldu behar dira zuzenbide honetara: Ateneo de Bilbao. Colón de Larreategui, 4. (Para el premio «Basauri»). Bilbao.

Jaun Maria Apellaniz jaunaren hitzaldiak

Juan Maria Apellaniz apaiz gazte bat da, historia ta prehistoria ondo ezagutzen dituana. Bilboko teologiazko fakultadean eskolak emateaz kanpo, arkeologiazko lanak egiten ditu. Orain, Bilboko liburutegi probintzialean mintzaldi bat eman izan dau: «El País Vasco desde el neolítico hasta la romanización, y mis excavaciones durante los últimos diez años». Bilbon jaioriko jaun honek ez daki euskerarik, eta, euskeraz kultura haundirik sortu ez danez gero, ez dauala ikasterik merezi, esan eban.

Iruineko Kardinala, langileen alde diru batzen

Joan dan urtarrilaren* 25ean, igandez, gelditurik aurkitzen diren langileen alde diru batzeak egin izan dira Iruinean, Tabera Kardinal jaunak agindurik, langileen beharrizana ikusi ondoren.

Antonio Vega Seoane, «Aranzadi» elkartearen lehendakari

«Sociedad de Ciencias Naturales Aranzadi» dalakoaren zuzendaritza jarraiko hauxe da, joan dan urtarrilaren* 14ean egindako hauteskundeen ondoren: Lehendakari, Antonio Vega Seoane. Lehendakari ordezko, Jesus Altuna. Idazkari, Jesus Elosegi. Bokalak, Jose Maria Larrañaga, Fermin Leizaola, Jesus Elosegi, Jabier Laskibar, Jose Maria Merino, Jaime Rodríguez, Ignacio Barandiaran eta Jose Manuel Sustaeta.

Jose Maria Gonzalez Bastida, jubilatua

Jose Maria González Bastida jaunak, Irungo «Academia Municipal y Banda de Música» dalakoaren zuzendaritza bere gogoz utzi dau. Hala ere, «Easo» koralaren zuzendari bezala jarraituko ei* dau.

«Kanta Berri» sariketa

Kanpanzar aldeko «Etxabe-enea» tabernan elkarturik, Juan Cordero, Juan Azurmendi eta Manuel Urbieta jaunek jarraiko kanta honeek hautatu zituen, «Kanta Berri» izeneko sariketarako presentatu izan diren 50 abestiren artean: «Nere maiteari», Gasteizko Luis Aranburu eta Pedro Anitua jaunena. «Dantzatu daigun», Azkoitiko Jose Maria Juaristi jaunarena. «Bai eta ez», Ondarroako Victor Ureña eta Agustin Zubikarai jaunena. «Maitatzen», Bilboko Juan Orue eta Eusebio Erkiaga jaunena. «Zergaitik», Bilboko Juan Orue eta Eusebio Erkiaga jaunena. «Euskal Mendietan», Iruineko Migel Anjel Arbea jaunarena. «Jolas leku baten», Azpeitiko Jose Maria Altuna jaunarena. «Kezkati», Azpeitiko Jose Maria Altuna jaunarena. «Guria», Bilboko Francisco Javier Carboyo eta Eusebio Erkiaga jaunena. «Nere Udazkena», Gasteizko Luis Aranburu eta Pedro Anitua jaunena.

«Elsa Scheelen» nobela «Triunfo» astekarian

«Txillardegi» jaunak egin, eta Bilboko «Kriselu» argitarazleak atera eban «Elsa Schelen» nobelari buruz, zenbait* eritzi eman izan ditu Bernardo Arrizabalagak, urtarrilaren* 30eko «Triunfo» astekarian. Beste zenbait gauzaren artean, hauxe dino: «Más que una novedad novelística supone, por encima de la indudable poesía que nos transmite, una decisiva aportación de orden lingüístico».

Xabier Lete eta Antonio Obeso, sarituak

«Soldaduras y Productos Auxiliares» dalakoaren laguntzaz, Hernaniko udalak* eraturiko Literatur Sariketaren erabakiak eman izan dira. Euskerazko poesi sailekoa Xabier Letek irabazi dau, bere «Udazkena» izeneko lanarekin (15.000 pezeta). Erderazko nobela labur sailean, Antonio Obeso jaunak irabazi dau, bere «Me llaman Adolf» lanagatik (30.000 pezeta).

Alfabetatzea Hernanin

«Arri Burni» taldeak eraturik, otsailaren* 1ean hasi izan da euskal alfabetatze talde bat Gipuzkoako Hernanin.

«Langilegoa» etxea

Iruinean, Aurrezki Kutxa Munizipalak eta Artzobispaduak, biek batera, etxe bat eraiki dabe, «Langilegoa» deritxona, langile ezkongeentzat*. Etxeak 52 langilerentzako tokia dauka, eta otsailean hasiko dira langileak bertan bizitzen.

Andoni Sagarna idazlearen hitzaldia

Andoni Sagarna idazle gazteak hitzaldi bat eman izan dau, Gipuzkoako Usurbilen, «alfabetatzea eta euskera batua» gaiari buruz. Hitzaldi honekin hasten da Usurbilen alfabetatze ikastaroa.

Victoriano Flamarique zanaren ehunurteurrena

Victoriano Flamarique, orain dala ehun urte jaio zan Nafarroako Oliten. Apaiz egin ondoren, Oliteko parroko izendatu eben. 1904. ean, «Caja Rural» dalakoa sortu eban, herritxoetako dirutzak huri nagusira joan ez eitezen. Diru etxe horren magalpean, «Cooperativa de Abonos» dalakoa sortu ahal izan eban. 1910.ean, berak asko lagundurik, «Federación Católico-Social» izeneko elkartea sortu zanean, «Caja Rural» hori desegin egin zan. 1908.ean, «Harinera Navarra» dalakoa sortu eban, eta, urte berean, «Electro-Caja Rural» eta «Círculo Católico» elkartea martxan jarri zituan. Zenbait lurjabe haundiren kontrajokoa izan arren, hainbat gauza on egin eban, kooperatiba gisara. Bere lan, dotrina eta izkribuek eragin haundia izan eben garai haretako Elizaren pentsakera eta burubideetan, bereziki* gizarte arazoetan.

«Karmel» aldizkaria

Jaso berria dogu «Karmel» izeneko Karmeldarren aldizkaria. Hiru hilabeterik behin agertzen da, eta bere alderako gizonik prestuena, dudarik gabe, Aita Santi Onaindia da. Urtarril* honetan agertu dan zenbakiaren hitzaurrean hauxe esaten da:

 «Lenago illun, tabu artean bizi zirala? Ta gaurkoak, zer? Lena bota, orma zarrak ondatu. Baiña, au tamala! lengo onez gabetuak eta orduko txarrez beteak geratu: ez al dogu auxe egin? Aulak zapaldu, gauzarik sakratuenak, eder ez yakuzalako, esetsi*; iñoren odolez bizi, usan* gisako. Or zer dagigun. Bildurra erein, neure eretxiko ez danari jipoia* berotu.»

«Zaigor» hirukotea, irratitik kantari

Legazpiko «Zaigor» hirukoteko abeslariek zenbait* grabaketa egin izan ditue, Donostiako Irratian kantatzeko.

«Orixe» zanaren «Jainkoaren Billa», berriro argitaratua

Bilboko «Ediciones Mensajero» etxearen «Etor» sailak argitara ertian berri dau, «Orixe» zenaren «Jainkoaren Billa» liburua. Aranalde, Orixeren ilobak egiten dau hitzaurrea. Liburu berri hau, joan dan mendeko* mistikaren kutsuduna, euskera landuan egina, nahiko lodia da orriz eta salneurriz: 150 pezeta.

«ETOR» sail berri honek gainera, laster batean argitara emango dau beste liburu bat, Gotzon Garatek egina, eta «Marxen Marxismoa» izenburutzat daroana. Dudarik ez dogu jartzen, Gotzon Garatek lan on bat prestatu dauala.

«Ez dok Amairu» Tafallan

Joan diren Gabonetan, «Ez dok Amairu» kantari taldeak Tafallan eman izan eban kanta saio bat, jendetza haundi baten aurrean. Aspaldi honetan, ez dogu kantarien jaialdi askorik entzuten. Eragozpenak, asperraldia, boikotak, kantarien progresurik eza...?

Iñaki Linazasororen hitzaldia

Joan dan urtarrilaren* 19an, hitzaldi bat eman izan dau, erderaz eta euskeraz, Iñaki Linazasoro jaunak, Markinan. «Artibai» taldeak eraturiko hitzaldi hau, «Euskal Herria ezagutu dezagun» gaiari buruzkoa izan zan, eta hizlaria diapositibez baliaturik mintzatu zan. Berbaldiaren ondoren, hizlariak bere liburuak saldu zituan.

«La Historia del Atlético de Madrid» liburua

«La Gran Enciclopedia Vasca» dalakoak laster batean argitaratuko dau «La Historia del Atlético de Madrid» izeneko liburua. Liburuaren hasieran, Vicente Calderón futbol talde horren lehendakariaren agur bat dator, eta hitzaurrea Juan José Mencia jaunak egina da.

Geroago, «Historia del Club Barcelona» argitaratuko dau.

Jose Luis Izunza jaunaren hitzaldia

Joan dan urtarrilaren* 26an, Jose Luis Izunza jaunak hitzaldi bat eman izan eban Bilboko Gran Vía kaleko ikastolan, «Guraso ta irakasleen arteko heziera* bateratua» gaiari buruz, ikastoletako haurren* gurasoak entzule zirelarik. Jarraian, elkarrizketa egin zan.

«Ur» taldea Bilbon

Bilboko «Mikeldi» arte erakusketarako gelan, «Ur» taldeko pintore honeek agertu ditue euren lanak: Jabier Arozena, Carlos Bizkarrondo, José García ta Alejandro Tapiak.

Ikastoletarako egutegia

Ikastolen arduradunek gertaturik, agertu berri da gure artean egutegi* berezi bat, «Herriak gu, guk herria» izenburuarekin. Egutegi hau ikastoletarako da. Igazko irailean* hasten da, eta aurtengo abuztuan bukatu.

Erlijiozko aldizkari berria

Teodoro Ignacio Jiménez Urresti eta Gregorio Rodriguez, teologiazko eritzi zaharrak mantentzen dituen jaun apaizek zuzendurik, erlijiozko aldizkari bat agertuko da Madrilen, «Sodalicio Iglesia Mundo» (Revista de información y documentación) izenburuarekin. 25 mila ale zabalduko ditue hasieratik.

Uzkudun, ukabilkari izana, gaixorik

Uzkudun, ukabilkari ohia*, garnuko* gaixoaz makalik egon ostean, Madrileko «San Camilo» klinikan sendatua izan da.

«Covafor» elkartea

«Covafor» (Cooperativa Vasca Forestal) elkargoa* lanean ari da Bilbon, mendiak eta mendietan diren arbolak zaindu eta hobatzeko. Elkarteko arduradunik behinena, Bernardo Mesanza inginadorea* da. Xehetasun* gehiagorako: «Covafor», Navarra, 5. Bilbao.

«Club» Martiartu», 140 miloi pezeta

Joan dan urtarrilaren* 30ean inauguratua izan da Bilbon «Club Martiartu» dalakoa. Etxe eder bat, umezaintzarako egonlekua, jantzi tokiak, apartamenduak, jardinak, edozenbat deportetarako lekuak ditu. Ehun mila metro kuadratu dira guztitara. Mila ta leurehun bazkide dira, eta, sarrerako, 90 mila pezeta eman behar izan ditu bakoitzak. Elizarik ez dabe jaso, ez eta kapellaurik ere izendatu.

Amenazuak

ANAITASUNA aldizkari honen propaganda txartela daroen auto jabeei, amenazuak egin izan jakez zenbait* tokitan, kotxeko leihotik kendu ta apurtzeko aginduz. Eta hori, anaitasuna hitzak h-rik ez daukala.

«Las Intuiciones de Sotero Bidarte» liburu berria

«Itxaropena» etxeak argitara emanik, «Las Intuiciones de Sotero Bidarte» izeneko erdal nobela bat atera dau Pelay Orozco erdal eskritoreak.

Aldizkari bat, isilerazia

Ekonomiazko gaiak ikutzen izan dituan «España Económica» izeneko hamabosterokoa, multa pilo bat, bata bestearen atzetik izanda gero, galerazia izan da, «Ministerio de Información y Turismo» dalakoaren aginduz. Politika eta ekonomia elkarrekin hain loturik izateak ekarri deutso zigor hau, bere artikulu mordo bat, agintarien eritziz, ekonomia hutsetik irtetzen zalako. Aldizkariaren zuzendaritzaren ustez, ez da horrelakorik inoiz ere gertatu izan. Baina hori epaitegian erabaki beharko da.

Euskal kantuaren eguna Heletan

Joan dan urtarrilaren* 24ean, Baxe Nabarreko Heletan, euskal kantari honeek jardun eben «Gauden Bat» aretoan*: Etxamendi, Larralde, Sarasola, Irigarai, Carrere, Ospital eta Heletako Etxeberri anaiek.

Galdakano

Santa Aguedaren jaia dala ta, Eliza berria egiteko diru batzen ibili izan dira Bengoetxetarrak, Mariano Barrenetxea jaunak zuzendurik; kantari honeek 16 neskato-mutiko eta neska mutil gazte batzuek izan dira 11.000 pezeta batu ziran.


Mundu biribila

Hippi izan gaitezke?

ANAITASUNA eta Joanes Zuhatsuko direla medio, Fred Davis-en iragarpena* ezagutu dugu: «egunen batean hippi izan gaitezke».

Gehiegi gara, bai, hippiei burlazko irribarrez begiratzen diegunok. Trebetasun guti agertzen dugu, haien arrazoi eta irakaspenak aditzeko.

Hippiek, berriz, arrazoi sakonak eduki* behar, hain liluragarri* zaikun ugaritasun-gizarte honetan gozamenen gozamenez ez lokartzeko. Eta eduki ere ba dituzte noski*.

Hippien ustez, Mendebaldeko* kultura honek, gizonaren ahalmenen osotzea gauzen jabe izatearekin berdintzen du; bizitza hau atsegingarria da, mundua teknikaren bidez menperatuz gero. Hau da: Mendebaldeko kulturak, gizon izatea «edukitzearekin» parean jartzen du.

Hippien ustez, teknikak ez gaitu osotzen, zatitzen baizik, eta, aurrerapen materialei korapilaturik, masifikaziora garamatza. Teknologiaren razionaltasunak —edo razionalkeriak— eragotzi* egiten du gizonok kosmosarekin behar dugun komulgatzea. Horregatik, gizonok elkarrekin ditugun harremanak ere nahastuak dira.

Teknologia hau eta, gehien bat, haren aita den kapitalismoa zorrotz kritikatzen dituzte hippiek.

Egia esan, guztiok ausnartu* beharreko egia biribilak!

Zapaltzaile ta higuingarri den materialismo honen aurrez-aurreko hippien jokabideari, ostera, ahula* ta eskasa ote dan deritzagu.

Hippiak Ekialdeko filosofoen adiskide agertzen zaizkigu: kietismo zaie diren jakitunen lagun. Bizi nahi dute elkartean, tolestura gabe, berezkotasun garbian, izadiarekin* anaituta.

Aski* ote da moralismo hau, Mendebaldeko zibilizazioaren erraietan* iraultza* mamitzeko?

Zaila da benetan, iheskeria eta alferkeria salakuntzatik onez ateratzea. Haiek diotenez, zapaltzaile den politikari bideak libre uzten dizkiote. Baina hori ote da aurka egitea?

Guztien aurretik irakatsi behar liratekeen bost gauzok, «oinarrizkoak» ote dira gaurko mundu honetan? Hirutarik bi gizonek ez dute lurrik, lantzeko; ez jantzirik, josteko; ez janik, kuzinatzeko... eta abar. 2000. urtean, 6.000 milio izanen* gara munduko bizilagunak; hoietarik 5.000 milioi, lurgabeak, jantzigabeak... Guztien aurretikoa, ez ote da ekonomi ta sozial lana?

Gizonaren ahalmenei teknikak ez diezela mugarik jar, horretan hippiekin gaude. Ostera*, teknika gabeko izadi soilak* gizona askatuko duela, horretan hippiekin ez gara bat. Gisa horretako izadi bera zapaltzaile izango baitzaio* hainbeste miloi gizoni.

Azken galdea: Sozialki planifikatu herrietan sortu al da hippi mugimendurik? Sortu ez bada, zergatik? Sortu bada, zelako* gurpila dute?

BARRESKI

diegu, detitsegu

diezela, deioela

diote, dinoe

dizkiote, deutsoez

gaitezke, gaitekez

garamatza, garoaz (eroaten gaitu)

gaude, gagoz

zaiku, jaku

zaizkigu, jakuz


Mundu biribila

Erneste Oundie, martiri berria

Cameroun aldean ba dut adiskide jator bat. Bera gogoan dudala idazten ditut lerro hauk*. Ba dakit, negar eginen* zuela, Herri hartako gertakari negargarriak direla ta.

Gure Herriko zoritxarra aski* ote dugu, besteetaz ez axolatzeko? Itxuraz bai.

Cameroun, Afrikako eskualde* ttipi bat besterik ez da. Lehenengoetako bat, bere buruaren jabe izaten. Baina zer da, bere buruaren jabe izatea?

Erneste Ouandie eta bi lagun hil dituzte. Ndogmo gotzaina eta beste bi lagun bizitza osorako espetxeratuak izan dira.

Aurtengo urtarrilaren* hamabostez gero, sei martiri berri agurtuko ditugu; hiru hildakoak, eta hilik bezalatsu egon beharko duten beste hiru. Sei martiri berri. Herriaren askatasunaren alde burruka egitearren galdu dute beren bizitza. Guk, horretako gai ez garenok, guttienez burua makurturik agur ditzagun.

Horrelako gertakari batek galdera asko erakarri ohi ditu burura. Baina, gaurko, hauxe bakarra: Zergatik egiten zuten hauek burruka? Oso erraza da nik entzun dudan erantzuna, egia izateko. Nire eskuartean erori* diren paperek beti berdintsu erantzun dute: beltzen arteko arazoa; arrazakeria nonbait. Baina esan dezagun behingoz behin eta oso goraki: hori gezurra da.

Camerounez dakidan gutti hori, neure adiskideak esana dakit. Eta oraintxetik esango dut: hangoek arrazoi haundi eta beharrezkoak dituzte, burruka horretarako. Nire adiskide hau apaiza da. Eta, apaiz bezala bere herria maite zuelako, ihes egin beharrean gertatu zen.

Luzeegia lizateke, burruka honetaz historia osoa egitea. Hitz guttitan laburtuko dut, beraz*.

Cameroun Frantziaren menpeko zen, askatasunera heldu zenean. Itxurazko askatasuna! Agirizko buruak, beltzak ziren; azpian, azpi-lana eta azpi-agintea zutenak, frantsesak ziren. Herriko talde batek beste era bateko askatasuna nahi zuen, eta jende asko azpi-gudua egiten hasi zen. Dirudunek Ahidjo diktadoreari laguntzen diote. Eta diktadore honek hil ditu Ouandie eta haren lagunak.

Odola ona da, ordea*, hazi berria ugaritzeko. Oraingoan erru haundian erori* da diktadore makur hori. Oraingoan galdua da.

Bai, Thomas Fondjo, nire adiskide jator hori. Alegra hadi. Laster dukezue* hain maite duzuen askatasuna. Eta gu, beti zuekin.

MARKOX AMUNDARAIN

dezagun, daigun

diote, deutsoe

ditzagun, daiguzan


Irakurleak hizlari

Ba dira bi edo hiru hilabete, zuen errebista erosi eta irakurtzen detala. Hortaz gainera, atzo, nire lagun batek, hor bidaltzen dizuetan txartel hori eman zidan. Honela, bada, astero astero ANAITASUNA erosi beharrean, zuekin suskrizioa egitea erabaki dut.

Atsegin zait zuen informazio txorta, eta, nola ez, bertan sartzen diraden artikulu gehienak. Ikusten dezuen bezala, nire euskera ez da batua, «logiko» edo betikoa baizik.

Hala ere, nahi dut ANAITASUNA irakurri eta bertan noizean behin zeredozer idatzi.

X. O. (Donostia)

Euskera batuaren beharrizana ez dogu uste, eztabaidan ere jarri leitekenik, agirian dagoen gauza bat dalako. Eta, era berean, ANAITASUNA aldizkariak arlo honetan egiten dauan lana oso txalogarria dala ikusten dogu. Euskera bakar hau egiteko orduan, zertan esanik ere ez dago, zuek jarritako oinarriok ez direla aldatuezinak izango. Baina, edozelan ere, beste sistema hobeago bat aurkitzen ez dan bitartean, zeharo onartzen dogu zuen lana, eta ahalegintzen gara, ingurukoei ere erakusten.

Baina ez gagoz larregi konforme, aldizkari horretan erabiltzen diren gaiakaz, eta eurok erabiltzeko erarekin. Eta, gu arratiarrak garenez, batez ere arratiar gizonak arduratzen gaitu. Eta aldizkari horretan agertzen diren artikulu askok zer dinotsoe, ba, rural edo baserritar izakera batean bizi dan gizonari? Eta guztioi interesatzen jakuzen gaiak erabiltzen dituzuenean ere, nork ulertzeko euskeran egiten dituzue, ba, sarritan?

Zamakolatarra (Arratia)

Holandan bizi naiz eta ANAITASUNA hartzen dut. Autorik ere ba dut. «Anaitasuna» jartzen duen txartela bidaltzen badautazue, pozarren ipiniko dut neure autoan.

C. K. Vught (Holanda)

Laster ezkontzekotan naizen neska bat nauzu. Nire senargaiak ez du sinesten, ez du sinesmenik, ez kristauenik ez bestelakorik. Beraz, ba ditut dudak, ea zer egin geure semeekin... Ez dut bataiatzera eramateko asmorik, zeren beren aitak ez baitie erlijiozko irakatsirik behin ere emango. Bestalde, haurrek berek ere, behin edo behin, galde eginen daukute, ea zergatik eraman ditugun bataiatzera, zentzu gabe zirelarik».

J. G. (Bilbo)

Harpidedun naiz, eta ene gogoko dan ANAITASUNA horri eskari bat egin gura neuskio: hauxe argitaratzea.

Zoritxarrez, gorputz eta arimazko gaixorik asko ditugu geure artean. Oraingo dei hau, ahaztuta dagozen gure gaixoen alde doa.

Sarritan, honelako elkarrizketak izaten dira, bai zaharren eta bai osasun gabekoen etxeetan:

— Kaixo lagun! Zelan zagoz?

— Ni, beti negar egin guraz. Ez dator inor ni ikustera, ez etxekorik ez herritarrik.

Erantzun hori ez da gaixoen burutazio hutsa, ez. Bakartadearen egia garratza da hori. Honelako gaixo ta zahar asko ditugu inguruan. Irribarre baten egarri.

Inor mindu barik, ezin ote geintekez erantzunkidetu*, eta geure bihotza agertu geure gizartearen zati honi?

Goazen alaitzera, isilean, paternalismo barik. Gaur eurak dira, bihar nork jakin...

Herritarra (Gernika)

Hamar urte ditut, eta Ondarroako «Kresala» taldekoa naiz. Irakurri dot 203. zenbakian Pragako 72 urteko aititarentzako eskaria. Euskalduna izan, eta itxi ote leitekez begiak eta belarriak, eskari horri erantzun barik? Nik uste dot ezetz. Poz haundiagaz neuk ordainduko dot N. Tauer aititaren suskrizioa. Azkenengo Berrizko Dantzari Txapelketan irabazitako dirua itsulapikoan daukat, eta handik egingo dot ordainketa. Argazki bat ere bidaltzen deutsut, Pragara bidaltzeko, zeuk nahi badozu.

Estitxu (Ondarroa)

Zuen azken zenbakian eskari hau egiten dezue, alegia*, nork hartuko ote duen N. Tauer jaunaren suskrizioa. Atsegin haundiz hartuko nuke.

Bide batez, N. Tauer jaunaren zuzenbidea emango bazenidate, nire eskerrona izango zenukete, posible baita* egunen batean hara joatea; eta, okasio hau agertuko balitz, sentituko nuke, gizon prestu hau ez ikusi ahal izatea.

J. E. (Donostia)

 ZUZENDARITZAREN OHARRA: Hainbat irakurle arduratu dira, N. Tauer jaunaren ordainketa egiteko. Estranjeria aldean ditugun zenbait harpideduni kobraketa egitea zail egiten jakunez gero, azken honeen alderako jartzen ditugu jasotako diruok.

Aspaldion apostrofo (') bat ipintzen dozuela ikusten dot, esaldi batzuetan. Esate baterako: Harek egin eban' lana ez zan ona. Oso ondo deritxat honi, esaldiaren argitasunerako.

202. zenbakian agertzen dan azalak harrituta utzi nau: Gabon, egin jai, Mammon. Horregaz zer esan gura dozuen ulertu guran nabil. Eta, gero, beste hau: Ez eizu Gabonik egin. Uste dot, pentsa-molde negatibo bi honeen ondoan, irakaspen positibo batzuk eman behar zeunkeezala, batez ere ANAITASUNAren zeregina «información y divulgación religiosa» bada.

A. P. B. (Bermeo)

Goiherri Nafarroa ez baldin bada, behintzat Gipuzkoan a organikoa ere (gauza bat, etc.) entzun daiteke oraindik (Elexpuru). Eta, esaterako, dateke aditz forma ere, Gipuzkoan, ez dago oraindik zeharo galduta.

Jose Azurmendi (Alemania)

Gu giputzak gera, eta, izparringi batean Cooper-ek Urtain muturrean jotzen ikustean, samindu egiten gera. Horregatik, ez bidaldu guri ANAITASUNA hori. Ez degu nahi.

Giputz bat (Gasteiz)

Azken aldiko ANAITASUNAk, gaiaren aldetik, nahiko eskasak iruditu zaizkigu. «Euskaldungoa» eta «Ezagutu zeure Herria» kenduta, gaiak nahiko inkoerenteak eta linea baten faltan bilatu ditugu.

J. M. E. (Andoain)

ANAITASUNAren zeregina legearen aurrean «información y divulgación religiosa» bada, eta hau ez bada aldatzen, uste dut, ANAITASUNAk ez duela beteko herriarekin duen konpromisoa. Herria ez da kontentatzen orain, Ama Birjinaren irudi batekin eta egiten diren otoitz berriekin. Problematika herrikoien azalpenak eta azterketa sakonak behar ditu.

Horregatik, ANAITASUNAk lege horren menpetik irten egin behar duela uste dut. Orain oztopo izan baldin bada, aurrerantzean ere oztopo izan liteke.

Niretzat eta nirekin hitz egin dutenentzat, ANAITASUNAren postura legala aldatzea izango lizateke onena. Horrela, askatasun gehiago eukiko luke, herriko gaiak erabiltzeko; eta, batek dioenez, euskal abertzaleok kazeta sendo eta profesional bat izango genuke.

J. L. E. (Donostia)


Herri bat, hizkuntza bat

Sorginen hizketa. Baga, Biga, Higa...

Batek baino gehiagok, aho zabalik agian*, «Ez dok Amairu»koen azken xartela ikustean, hauxe galdetu bide* dio bere buruari: Eta zer demontre da baga, biga, higa hori?

Askorentzat jakingarri delakoan, berau ere kontatzera noakizue. Herri guztientzat, erlijiozko, sorginkeriazko eta misteriozko zeremonietarako hizketa, hizkuntza ezezagun eta ilun bat izan ohi* da. Hasiera batean, erlijio hori sortu edo fundatu zenean, otoitzak orduko hizkuntzan egin ziren; baina, denboraz, jendeen hizketa eboluzionatuaz eta aldatuaz joan zen, eta, azkenez, jatorrizko hizkuntza hartan egindako otoitz eta errezu haik* ez ulertzeko puntura heldu ziren. Hori gertatu zen Erroman, bertako jainko jatorrei eginikako otoitzetan latin zahar eta arkaiko bat erabiltzen baitzen*, Jesukristoren denboretako erromatarrek aditzen ez zutena. Juduen artean ere, hebraikoa aristokraten hizketa zen, baina ez herri xeheak erabiltzen zuena. Kristoren hizketa ez zen, beraz*, hebraikoa, haren dialekto bat baizik.

Indian ere, sanskritoa, orain hiru mila urte mintzatu zen hizkuntza bat, liturgia hizkuntzatzat kontserbatzen dute bertako erlijioetan; eta oraintsu arte, Luterok orain laurehun urte dela ganbiatu* arren, latina kristau katolikoen erlijio hizkuntza ofiziala izan da.

Hizkuntza sakratu eta hil hauen jatorria nahiko logikoa da historiaz; baina haien irautearen zergatia* beste hau izan da, hots*, herriko jende xehearentzat gorde duten misterio eta adiezintasuna. Apaizen eta sazerdoteen hitz misteriosoen pean, askorentzat, erlijio hartako izpiritua zegokeen*; eta, herriak ulertzen ez zuenarenganako errespetua kontuan hartuta, hizkuntza sakratuok hain luzaro iraun dute. Afrikako beltzen artean ere, kasu, aztiek* eta hetxizeroek beste herrien eta tribuen hizketak darabiltzate gaur ere, jendearentzat hitz misteriosoagoak izan daitezen. Beraz* pelikuletan afrikarren zeremonietako hitz adiezinak entzutean, pentsa dezagun, tribu haietako beltzei bezain adiezinak zeizkigula.

Eta aipa dezagun orain geure sorginen kontua. Euskal Herrian sorginek ere horrelako misteriozko hizkuntza bat egin zuten akelarretarako. Beren esaldietan euskal hitz aldatu eta ezagutu-ezinak esaten zituzten, entzule guzti haien harrigarrirako. Zenbakiak (bat, bi, hiru, lau...) honela aldatu zituzten sorginek beren zeremonietarako: baga, biga, higa, laga, boga, sega, zaga. Sistema oso erraza da. Irakurleak ikusi duenez, nahikoa da zenbaki bakoitzaren lehen silabari -ga jartzea. Zazpi zenbakiotarik, baina, biga ez da asmatua, Ipar aldeko euskeran bizi da ta. Beharbada, honetatik irten ziren beste guztiak, hain zuzen.

Ba dago euskeraz beste honelako hitz kurioso asko, esate baterako, balearen* bila zihoazen euskaldunen hizketakoak, orain ere ingeles baleazaleen mintzarian kontserbatuak. Baina honi buruz beste egunen baten idatziko dut.

XABIER

dio, deutso

zaizkigu, jakuz

zihoazen, joiazen

darabiltzate, darabilez

dezagun, daigun


Gerediagako batzar nagusia

Urtarrilaren* 17an, goizeko 10etan, Astolako Auzitegian, Gerediagatarren Batzar Nagusia egin zan, euren lehendakaria aurrez zaia.

Batzarrari hasiera eman orduko, etxeari eta bertako museoari begirada bat eman geuntsan. Biak ere, nahiko makal eta danon laguntzaren beharrizanean.

Batzar ordurako bildu* zirenak, ba ziren 80-100 inguru. Lehendakariaren agurraz eta aurten egindako laburpen bategaz zabaldu zan biltzarra. Ondoren, idazkari ordezko batek aurreko batzarreko agiria irakurri eban; onartua izan zan.

Diruzainak argi eta garbi erakutsi zituan diru gorabeherak: guztitara, 14.000 pezetako zuloa. Esaten dan legez*, zorra dagoenean, gauzak ondo dabilkez* (batzuek gura leukeen beste izan ez arren). Diru ugaritasuna urtearen azkenean, elkargo* baten bizitza makalaren ispilua izan leiteke.

Herrietako ordezkariek euren delegazioetan hartutako erabakiak azaldu zituen. Aurtengo urterako agertu diren ekintzen argibide bat hauxe dozue: Maiatzean, umeen jai bat Goiurin. Ekainean*, Ikastola Umeen II Bilera*, Elorrion. Uztailean*, Dantzari Eguna Zaldibarren. Irailean*, Artzain Txakurren Txapelgoa Otxandion. Urri-Hazilean* Euskal Liburu ta Diskoen Azoka* Durangon. Eta beste holako hainbat ekintza urtearen barruan joango gara argitaratzen.

Tabira-Durangoko hiru ordezkarik joan dan hazilean* bidaldutako dimisioak ere azaldu ziren. Gerediagak daroan bizitza laburrean, bost izan dira, dimititu daben ordezkariak, danak Durangarrak. Azkenengo hiru honeek azaldu ebenez, eurak ez egozen ados*, batzordekoek hartutako bideaz. Euren ustez, Gerediaga sortu zaneko asmoetatik urruntzen ari* dira.

Ondoren, Anboto alderako ordezkari berriak ateratzeko hauteskundea* egin zan, eta jarraiko honeek izan ziren aukeratuak: Elorriorako, Estibaliz Isasi eta Juan Maria Zubia. Abadiñorako, Angel Arkarazo (lehengoa). Otxandiorako, Eugenio Urrejola (lehengoa). Mañarirako, Carmelo Arteaga. Izurtzarako, Maria Nieves Gorrotxategi. Tabira-Durangorako, Pedro Alberdi, J. J. Mendiola, Juan L. Ercilla eta Roberto Andueza.

Azkenez, eta amaitzeko, bazkide batzuen eskabideak irakurri ziren. Batek eskatzen eban, elkargoko idazkaria euskeraz idazten dakiana izan dadila; onartua izan zan. Beste bate eskatu eban, Gerediagak ikusi daizala eskualdeko posibilidadeak, haurren problematikari behar dan erantzuna emateko. Eta beste barik amaitu zan batzarra.

Aurtengo urterako batzordea holan eratua gelditu da, hauteskunde* baten ondoren: Lehendakari, Balentin Lasuen, Zaldibartarra. Lehendakari ordezko, Luis Gorroño, Berriztarra. Idazkari, J. L. Lizundia, Abadiñokoa. Diruzain, Jesus Ormaetxea, Iorretakoa.

Dimisioek eta euren ondorenek ekarritako gudu hotzaren arrastoak nabaritu* ziren batzarrean. Baina katea ez zan eten, eta Gerediaga elkargoa, eritzi ezberdinen gainetik, aurrera doa.

GEREDIAGATARRA


Herri bat, hizkuntza bat

Euskaltzaindiaren batzarrea

1971.eko urtarrilaren 29an, bere hilabeteroko batzarrea egin du Euskaltzaindiak, Donostian, goizeko hamar ta erdietan, Diputazioko jauregian*. Erabilitako gaiak hauk* izan dira:

1. Aita Antonio Zabala euskaltzainak txosten bat irakurri du bertsolarien txapelketei buruz. Duela zenbait* urte, txapelketa hoik* ez dira gehiago egin, eta, gaur egitekotan, zernolako eragozpenak gaindu behar liratekeen eta abar aztertu du. Batzarreak erabaki du, Aita Zabalak berak eta Joan Mari Lekuonak, biok elkarrekin, estudia dezatela txapelketa hoik berritzeko modua, horretarako behar lizatekeen era berria eta abar proposatuz. Hurrengo batzarrerako ekarriko dute jaun hoiek plan zehatz bat, txapelgo* hoik eratzeko moduaz.

2. Jean Haritschelhar euskaltzain ordeak aditzera eman du, zernolako urratsak* eman diren, Euskaltzaindiaren ordezkaritza bat Baionan jartzeko, eta nola Departamenduko Kontseilu Jeneralak diru laguntza eman duen horretarako. Batzarreak erabaki du, Pierres Lafitte euskaltzain iauna ordezkaritza horretarako buru izan dadin.

3. Gero, Alfontso Irigoien euskaltzain eta liburuzain jaunak beste txosten bat irakurri du, Bilbon, Euskaltzaindiaren etxean dagoen liburutegiaren egoeraz. Bertan azaltzen du, liburutegi hori nola ordenatu, aberastu eta itxura batean jarri behar lizatekeen eta abar, ikertzaileek* eta hizkuntza estudioetan dabiltzanek kontsulta ahal dezaten. Ontzat eman da txostena, eta Euskaltzaindiak ahal dezakeen neurrian asmo horri laguntzea erabaki da.

4. Giza soina hiztegia, andereñoek prestatua, presentatu da. Donostiako bulego* buru diren euskaltzainek hiztegi hau azter dezatela erabaki da. Hoiek beren azterketa lana egin dezatenean, batzarrera aurkeztuko* dute, honek azken epaia eman dezan.

5. Jarraian, Carlos Santamaria euskaltzain laguntzaile jaunaren txostena irakurri da, Iruinean egingo den Symposium delakoari buruz. Symposium hau, jakina den bezala, katalan, galego eta euskera hizkuntzen ordezkariekin batean egin nahi da. Symposium ttipia edo aurrerapena, martxoaren 5, 6 eta 7an, Iruinean bertan izanen da, gero udazkenerako Symposium bera prestatzeko.

6. Azkenik, Bizkaiko Aurrezki Kutxak, bere urrezko ezteiak* direla ta, 25.000 pezetako emaitza, sariketa bat jartzeko eskaini* duela aditzera eman da. Euskaltzaindiak diru horrekin sariketa bat jartzea erabaki du, literatura gaia duen entseiu bat euskeraz egiteko. Sariketa horren zehaztasun eta oinarriak, apropos egindako sariketa deian jarriko dira.

(Euskaltzaindiko Prentsa Bulegoaren Agiria)


Herri bat, hizkuntza bat

Hikaren alde

Guztiok dakigu, euskeraz ZU izenordeaz* gainera ba dagoela beste bat: Hi. Baina zoritxarrez azken hau gero eta guttiago entzuten da Bizkaian, kostaldean batez ere. Eta hau oso penagarria da.

Euskerak maskulinorik eta femeninorik ia guztiz ez duela kontuan hartuta, literaturarako ezin premiazkoagoa dateke* hikako hizketa hau kontserbatzea, honetan bai maskulinoa eta bai femeninoa agertzen baita*. Honela, neska-mutil bi elkarrekin hizketan ari direla ta, ba zekiat irakurtzean, berehalaxe dakigu, neska dela mintzatzen dena, esan ez arren ere; eta ikusi dinat moduko formak berehalaxe adierazten dauku, mutila dela neskari mintzatzen zaiona. Zuka eginez gero, honela jarri beharko genuke: «Ba dakit, esan zion neskak mutilari», edo ta «Ikusi dut, erantzun zion mutilak neskari».

Hikako hizketa hau falta du guztiz espainolak; baina ba dira beste hizkuntza batzuk, euskeraren antzera, hika moduko formak dituztenak. Arabea eta hebraikoa, esate baterako, euskeraren antzekoak dira puntu honetan.

Dakigunez, hika emakumezkoen erruz galtzen ari* da toki askotan, neskek eta amek dotoreagotzat dadukatelako zuka egitea. Hau oso penagarria da, eta are* gehiago, zu delako hori frantsesezko vous (ingelesez you) moduan sartu zela euskeran, pentsatzen badugu.

Jatorriz ume ttikiei, bost urteak arte, zuka irakatsi izan zaie Euskal Herrian; baina, sei urtetatik aurrerantzean, beti hika. Gurasoek beti erabili dute hika seme-alabei mintzatzeko, eta bai neba-arrebek berek elkarrekin. Baina, errespetuz, seme-alabek zuka erabili dute gurasoenganako.

Ikastoletan ez da somatzen batere giro onik hikarako, eta hau tamalgarria denik ezin uka. Agian* andereño batzuek, munduko arrazoirik handienarekin, nahiko lan dadukatela haur erdaldunei zuka irakasteaz erantzunen* dautate; baina ume euskaldunekin ari direnak, guttienez, saiatu beharko lirateke hikaren alde ahaleginetan. Ipar aldeko euskaldunek guk baino maizago* darabilate.

Elizak, nolabait*, hikaren kontrako giro bat sortu ukan* du, hika deabruari, gorrotoz eta mesprezioz, egiteko erabiltzean. Zergatik ez dakigula, Sabindarren eskolak berak ere, dotore ez delakoan edo, hikaren kontra jokatu du. Oraino ez da beranduegi, saia gaitezen guztiok euskera jatorreko hizketa aberats hau berriro berbizten. Jakineraz dezagun, ez dela hikakoa hizketa zatar bat, egiazko euskeraren ispilua baizik.

XABIER KINTANA

dadukate, dauke

darabilate, darabile

dauku, deusku

dautate, deuste

dezagun, daigun

zaie, jake

zaio, jako

zion, eutson


Deia

"Anaitasuna" aldizkariaren bigarren inkesta

Gauza zaila* benetan, euskeraz ezer argitaratzea! Hori ondo daki euskerazko aldizkari nahiz libururik argitaratu duenak.

Arrazoia? Argi dago: euskaldunok gutti gara, eta gainera, euskalkietan* sakabanatuak. Bestalde, euskaldun askok ez dakite euskeraz irakurtzen ez idazten. Azkenik, gehienen nagitasuna eta indiferentzia.

Gure inkesta* honek bi asmo ditu:

- zuen eritziak jakin.

- zuek geure lanari lotu.

Zuen eritziak jakitea beharrezko iruditzen zaiku, gaurko euskaldunen egoera ta pentsakera zeintzuk diren aztertzeko. Eta zuek geure lanari lotzea ere beharrezko, guztiok bat eginik, geure aldizkaria eta euskal kultura osoa gora jasotzeko.

Gure Lehenengo Inkestari, zuetariko askok erantzun zenioten. Geure eskerrik beroenak guztioi.

Milaka zarete gure harpidedun. Mesedez, erantzun guztiok Bigarren Inkesta honi. Har ezazue boligrafoa, eta erantzun hementxe berton. Gero, ebaki bildur gabe paper hau (atzean anuntzio bat jarri dugu, zuen kolezioa osorik gera dadin), eta bidal ezazue gure zuzenbidera:

ANAITASUNA

Jardin Txikerra, 1-1.º

BILBAO-12

Eta gehiago gabe, hona hemen gaurko galderak:

1. Non eta norekin ikasi duzu, euskeraz idazten eta irakurtzen?

2. Zure eritziz, beharrezkoa da euskeraren batasuna? Eman arrazoiak.

3. Zer deritzazu ANAITASUNAko euskerari?

4. Zer proposatzen duzu, ANAITASUNAren harpidedunak gehiagotzeko?

5. Atsegin duzu ANAITASUNAren linea ideologikoa? Egin kritika zehatza.

6. Zure eritziz, zeintzuk liburu edo liburu klase falta dira euskal literaturan?

7. Egiezu kritika bat, gaur egunean argitaratzen diren euskal liburu, aldizkari eta diskoei.

8. Zure urteak:

Sexua:

Ezkondua?

Ikasketak:

Ogibidea:

Mila esker, adiskide. Eta zeure laguntza eskaintzen badaukuzu, hara zer egin zenezakeen:

- eskatu geuri harpidedun txartelak, eta zeure adiskideen artean zabaldu.

- eskatu autoetan ipintzeko letreroak, eta zeure kotxean eta zeure lagunenean jarri.


Ikasi zeure hizkuntza

I. Hiztegia

IMANOL BERRIATUAK

Ale honetan izartxo bategaz agertzen diren berbak

ADIN, edade.

ADITZ, verbo.

ADIZKERA, forma verbal.

ADIZTEGI, cuadro de formas verbales.

ADOS, konforme.

AGERKARI, publicación periódica.

AGIAN, nonbait, hurrean, probablemente.

AHUL, makal.

AHULEZIA, makaltasun.

AINITZ, asko.

ALEGIA, es decir, esto es, a saber.

ANDANA, talde.

ARABERA, arauera, según, conforme.

ARAUERA, arabera, según, conforme.

ARE, oraindino.

AREAGO, oraindino gehiago.

ARETO, sala, salón.

ARI IZAN, jardun.

ARITU, ari izan, jardun.

ARMADA, ejército.

ARRAS, guztiz, zeharo.

ARRETA, atención.

ASKI, nahiko.

AURKEZTU, presentatu.

AUSNARTU, rumiar.

AZOKA, feria.

AZTI, adivino.

BAITA, bait da, da ta.

BAITABE, bait dabe, dabe ta.

BAITEBAN, bait eban, eban eta.

BAITEZPADA, derrigorrez.

BAITOGU, bait dogu, dogu ta.

BAITZAIO, bait zaio, jako ta.

BAITZEN, bait zen, zan eta.

BALEA, ballena.

BEDEREN, behintzat, behinik behin.

BEHAR, lan.

BERAZ, hori dala ta, por consiguiente.

BEREZIKI, batez ere.

BILAKATU, bihurtu.

BIDE, antza, nonbait, agian.

BILDU, batu.

BILERA, batzar, concentración.

BOZ, votación electiva.

BULEGO, oficina.

DABILKEZ, dabiltza nonbait.

DAGITE, dagie, egiten dabe.

DAGOKE, dago nonbait.

DARAMAGU, daroagu.

DATEKE, da nonbait, parece ser.

DIRENO, diren bitartean.

DUKEZUE, duzue nonbait.

EBATZ, ebatzi, resolver.

EDUKI, euki.

EGINEN, egingo.

EGUTEGI, calendario.

EI, omen.

EKAIN, bagil, junio.

ELE, esamesa, habladuría.

ELKARGO, elkarte, elkartasun.

EMANEN, emango.

EMEKI, geldiro.

ENGOITIK, honez gero.

ERAGOTZI, impedir.

ERAKUNDE, institución.

ERANTZUNEN, erantzungo.

ERANTZUNKIDETU, corresponsabilizarse.

ERORI, jausi.

ERRAI, entraña.

ESETSI, atacar.

ESKAINI, eskini, eskeini, ofrecer.

ESKUALDE, comarca.

EUSKALKI, dialecto vasco.

EZKONGE, soltero.

EZTEI, estegu, boda.

GANBIATU, kanbiatu.

GARNU, orina.

GOGO IZAN, nahi izan, gura izan.

GOITI, gora.

HAIK, hareek (haiek aktibo, haik pasibo).

HALABER, igualmente.

HARAN, valle.

HASTAPEN, comienzo.

HAUK, honeek (hauek aktibo, hauk pasibo).

HAUR, ume.

HAUTATU, aukeratu, elegir.

HAUTESKUNDE, votación electiva.

HAZIL, zemendi, noviembre.

HELBURU, fin, objetivo.

HELDU, próximo.

HEZIALDI, training.

HEZIERA, educación.

HOIK, horreek (hoiek aktibo, hoik pasibo).

HOTS, a saber; fama, renombre.

HURBIL, hur.

IHAUTE, carnaval.

IKERTZAILE, investigador.

IKERTU, aztertu.

INGINADORE, ingeniero.

INKESTA, encuesta.

IRAGARPEN, anuncio, profecía.

IRAIL, septiembre.

IRAULTZA, revolución.

IZADI, creación, universo.

IZANEN, izango.

IZENORDE, pronombre.

JAUREGI, palazio.

JIPOI, chaqueta.

KALAPITA, eztabaida.

KAZETARI, periodista.

LABORARI, nekazari.

LEGETXE, letxe, bezalaxe.

LEGEZ, lez, bezala.

LILURAGARRI, encantador.

MAIZ, sarri.

MEMENTO, momento.

MENDE, siglo.

MENDEBALDE, mendebal alde, occidente.

NABARITU, advertir, notar, estar patente.

NABARMENDU, distinguirse, destacarse.

NOLABAIT, zelanbait, en cierto modo.

NOSKI, naski, seguramente, claro, no hay duda.

OHI, ex-.

OHI IZAN, soler.

ORDEA, ostera, berriz.

OSTEAN, ondoan, ondoren.

OSTERA, berriz.

OTSAIL, zezeil, febrero.

PARADA, ocasión, oportunidad.

PAUE, Pau.

SOIL, puro, simple, mero.

SOR, sortu.

TALAIA, atalaya.

TAULARI, actor teatral.

TXAPELGO, txapelketa.

UDAL, ayuntamiento.

UKAN, euki, izan (trantsitibo).

UKANEN, ukango, eukiko.

UNADA, bolada, período de tiempo.

URRATS, pauso.

URTARRIL, enero.

USAN, sanguijuela, sangsue.

UZTAIL, julio.

XAPELGO, txapelketa.

XEHETASUN, detalle.

ZAIL, gaitz, gatx.

ZEGOKEEN, estaría, debía de estar, estaba al parecer.

ZELAKO, nolako.

ZENBAIT, batzuk.

ZEREN, (ETA), ze, pues.

ZERGATIA, razón, motivo.

ZIOEN, inoan, esaten eban.


Ikasi zeure hizkuntza

II. Puntu bati erantzuna

ZUZENDARITZAK

Behin baino gehiagotan galde egin daukute, ea zergatik erabiltzen diren aldizkari honetan, euskera batuan idatzitako artikulu guztietan, Hegoaldekoak ez diren adizkera* batzuk, hala nola, dauku, zeutan, diezon, zaiku, zitzaikun, eta abar.

Gure ustez, ez da bidezkoa, euskera batua egiterakoan, orain arte erabili diren zenbait* arrazoi bakarrik kontuan edukitzea. Hoietako arrazoi bat da, gipuzkerazko aditza*, hizketaz eta izkribuz, oraingo memento* honetan erabiliena dela.

Gure eritziz, ba dira beste arrazoi batzuk ere —beharbada handiagoak— haintzat hartu behar direnak; areago*, orain moldatzen ari garen euskera batua, hurbil* dagokeen* beste memento hobe batetarako ere izanen* baita*.

Azken arrazoi hoiengatik, hain zuzen ere, onartuak izan dira gure artean H letra eta beste zenbait gauza, hemen Hegoaldean erabiliak izan ez arren. Halaber*, Euskal Idazleen Elkarteak adiztegi bat proposatu zuen, Lapurdi, Nafarroa eta Gipuzkoako aditza —bereziki Lapurdikoa— oinarritzat zuena.

Adiztegi horretan, kasu batzuetan, bi aditz sistema agertzen dira, eta aukerabidea uzten da, sistema bateko zein besteko aditz formak hautatzeko*. Guk, kasu hoietan, Lapurdi-Nafarroako sistema aukeratu ondoren, beti era horretara idaztea erabaki genuen, irakurle ezikasien kaltetan sistema bien arteko nahasmendua sor* ez zedin eta aldizkariak ere batasuna ukan* zezan. Horregatik, bestela idazten duten idazleek barkatuko daukute, beren artikuluetan aditz sistema hori erabiltzen badugu.

Gure ustez, oso komenigarri da pluralismo koordinatu bat euskal aldizkarien artean, bakoitzak bere sail berezian lan eginez eta elkarri lagunduz, euskeraren problematika osoa ahalik ondoen denon artean ebatz* dezagun.

Ondo daude, beraz, euskalkiak zaindu eta landu nahi dituzten aldizkariak. Ondo, Euskaltzaindiak azken hitza eman arte, era batera zein bestera euskera batua moldatzen ari direnak ere. Guztiok dugu helburu* bera: euskera bizi dadila. Lan egin dezagun, bada, bakean eta elkarren oneritzian, geure euskera benetan maite dugun anaiak bezala.


Hiriburuak

Ipar Aldetik bi berri

Deretxo eta ekonomiako lehen goi-ikasetxea Baionan

Joan den urteko irailean* irekia izan da Baionan deretxo eta ekonomiako lehen goi-ikasetxea. Baionarentzako garrantzi haundia ukanen* du ikasetxe berri honek, bai eta Ipar Euskal Herriarentzako ere. Eskola haundi hau Paueko* Unibertsidade edo Ikasetxe Nagusiari loturik dago, orain; baina errexki pentsa daiteke, egun batez azkartuko dela eta Ipar Euskal Herriko Ikasetxe Nagusi bilakatuko*.

Oraindanik, ehun ta zortzi ikasle ba dira, eskola horretan sartuak direnak. Ikasgaiak arratsaldeko seirak eta zortziak arte emanak dira. Izena emana duten ikasle hoietan, ba dira 39 Baionako, 23 Angeluko, 18 Biarritzeko. Gaineratekoak, mendi aldetik eta Landes-etarik heldu direnak dira. Adina*, 18 eta 66 urte artean mugatua da.

1.982 talde museko xapelgoan

Urte guztiez bezala, aurten ere «Union Basque» deitu batasunak muslarien arteko xapelgo bat muntatu dauku. Aurten, orainarte ez bezalako muslari andana* bildu da museko xapelgo horren inguruan. Azken kondatzeek, 1.982 talde ba zirela salatzen zeukuten. Zer andana ederra! Ez bakarrik Ipar Euskal Herrian, bai eta Frantziako hiri haundietan diren euskaldunek ere (euskera ez dakitenek berdin) parte hartzen dute xapelgo horretan.

Euskal Herriko karta joko zaharrak holako indarra baldin badu euskaldunen biltzeko, zenbatez gehiago ez luke ukan behar, egundaino bezain gazte agertzen zaikun euskera zaharrak? Ez da dudarik, museko xapelgoaz okupatzen diren gizonak euskalzale suharrak balira, engoitik* zerbait jokabide aurkituko zutela, musarekin batean euskeraren zabaltzeko. Ez bailukete segur parada* txarra, alfabetatze bati lotzeko.

Euskal kulturazko batasunek hartu duten diru laguntza

Ipar Euskal Herrian ez da, segur, euskal kulturaren aldeko batasun eskasiarik. Eta funtsean hainbat hobe! Zenbait*, aspaldikoak dira; eta beste batzuk, arras* berriak.

Kultura aldeko talde ainitzen* edukitzea, izan daiteke dudarik gabe bizitasun baten ageria; baina izan daiteke ere ahuleziazko* seinale bat, guztiak elkarrekin batean ariko* ez direno*. Itxura guztien arabera*, ba dirudi, elkartasun edo federaziorako bidea egunero gehiago agertzen ari dela, kultura sailean ere.

Kultura talde hoiek guztiek —aurten ba dira zazpi— guti edo aski* diru jasotzen dute Pauen biltzen den Kontseilu Jeneraletik. Hona, aurten talde bakoitzak zenbat diru hartu duen:

IKAS: 30.000 franko berri.

Haize Garbian: 3.500 Fb.

SEASKA: 4.000 Fb.

Donibaneko Ikasleak: 2.500 Fb.

Kanboko Ikasleak: 2.000 Fb.

Amaya: 3.000 Fb.

Senperen aro berri

Senpere dugu Lapurdiko herri eder bat, bi mila jendez goiti* duena. Jende gehiena laboraria* da. Herri honetan laku bat edo urgeldi bat eginez geroztik, izan da ele* eta kalapita*. Baina eleak eta kalapitak orotako ekarpenak dira, eta ez dira baitezpada* beti ondorio txarrekoak gertatzen. Dirudienez bederen*, Senperen gazteria sano bat sortarazi dutela ez da ezin ikusizko gertakizuna.

Gazteria horrek adinetako* batzuen laguntzarekin muntatu berria du «Aro Berri» izeneko batasuna. Zer dagite*, batasun honetan barne direnek? Herriko harat-honatak ikertu* eta Herriko interesak zaindu gogo* dituzte. Ez da, segur, helburu* apala. Eta helburu horretarat lasterrago heltzeko, alkate bozetarako* lista edo herriko kontseilu berri bat muntatu daukute. Heldu* den martxoan ikusiko, senpertarrek kontseilu berria zaharra baino nahiago dutenentz.

«Noiz» antzerkia emeki* muntatzen

Sail honetan berean aipatu genuen, orain duela denbora zenbait*, nola Daniel Landart adiskide gureak antzerki berri bat argitaratu zeukun, «Noiz» izendatu zuena. Orain ari* da lan eta lan bere taldearekin, antzerki horren muntatzen. Ez dugu beldurrik, zerbait ederrik aterako daukula, zeren* eta oroitzen baikara, joan den urtean «Bai ala ez» antzerkia nola eman zeukuten. Joan den urtean bezala, aurten ere taularien* moldatzaile hor ditugu Telesforo Monzon eta Pettan Elizalde jaunak.

GEXAN LANTZIRI

dauku, deusku

daukute, deuskue

zalku, jaku

zeukun, euskun

zeukuten, euskuen


Hiriburuak

Arabako Diputazioa eta euskera

Urtarrilaren 16an, Jaime de Altubek oso idazlan polita azaldu zuen, Donostiako «La Voz de España» egunkariak Arabari eskaintzen* dion orrian.

Uste izan dut, ANAITASUNAren irakurleentzat on izango dela, idazlan horretako zenbait* puntu ematea.

Diputazioaren hitzak

1968.eko otsailaren* 20an, «Olabide» taldearen sortzea erabaki zuen Diputazioak, bere kultura sailaren barnean.

Bi helburu* izango zituen talde honek: euskera zaindu eta zabaldu; Olabideri, Gasteizko seme denez gero, merezi duen omena eman.

Helburu hauk* eskuratzeko, «Olabide» taldearen lehenbiziko eginbeharra, euskera irakasteko Akademia bat sortzea izango zen.

Gero, euskera non eman, noiz, nola, zein metodorekin eta abar, dena argi gelditzen zen zenbait artikulutan.

Gasteizen bakarrik ez zen izango, gainera. Probintzia osora zabalduko zuen «Olabide» taldeak bere lana, herri bakoitzeko alkateei laguntza eskatuz.

Jende nagusientzat ikastaroa prestatu ondoren, haurrak ere kontuan izango zituen, beste probintzietan egiten dutenaren antzera.

Azkenik, behar ziren gramatika, liburu eta abar ikasleen eskutan jarriko ziren, hauek erraz ordaintzeko modutan.

Honaino hitzak, hitz ederrak.

Ekintza gabeko hitz hutsak

Altubek jarraitzen du, esanez, ezertxo ere ez dela bete hitz hoietatik. Eta, oraindik txarrena dena, Gasteizen sortu diren iniziatiba partikularrei ezertan ere ez diela Diputazioak lagundu nahi izan. Eta Ikastolen exenploa ipintzen du.

Bere hitzetan: «Partikularrek sortu dituzten eta bikainki eusten dieten Ikastolei ez die Diputazioak ezertan lagundu, nahiz eta hor ehunka haur serioski gure asaba zaharren hizkuntza ikasten ibili. Gure eritziz, Diputazioak esku zabalez lagundu behar lioke iniziatiba pribatu honi».

Eta honela bukatzen du: «Diputazioak mesede haundia egingo lieke Ikastolara doazen haurrei, hauek behar dituzten eskola liburuak emango balizkie».

Eta orain zer?

Idazlan honek inor asko mugituko duen esperantza haundirik ez dugu. Diputazioaren burua lehengo lepotik den bitartean, interesak eta ekintzak ere lehengo bidetik joango dira. Eta bide hoik* ez dira gureak izango.

Dena dela, ezagutzen ez dudan Jaime de Altube horrek txalo bero bat merezi du, beste inork aipatzen ez dituen —edo aipatu ezin dituen— gaiak, berak, bere talaiatik* eta bere erara, aipatzen dituelako.

Aurrera geure aldetik

Goitik laguntza etorriko den esperantzarik ez den bitartean, azpikoak bere aldetik ahal duena egin beharko du. Haurrentzako ikastolak eta jende helduentzako gau eskolak ari* dira lanean, ahaleginean. Gero eta sendoago jarraitzeko asmotan eta esperantzaz, gainera.

Gasteizko gazteriaren artean ez dugu inoiz, horrelako euskal girorik eta euskera ikasteko gogorik ikusi.

Baina problema latza gainean dugu: irakasle falta. Aurten berton ere. Eta datorren urtean, zer esanik ez.

Dei bat zuzentzen dautzuet Gasteizko euskaldunoi: gerta zaitezte ahalik lasterren eta ongien, datorren urtean euskera irakasle izateko.

EUSEBIO OSA

balizkie, baleutsez

die, deutse

diete, deutsee

dio, deutso

lieke, leuskioe

lioke, leuskio