ANAITASUNA

204 zenb.

1971. urtarrilaren 30 ekoa

Jardin Txikerra, 1 BILBAO-12

Tel. 43 18 37


«ANAITASUNA BIZKAIA»

Zuzendaria: Anjel Zelaieta Gisasola

Idazkola ta banakola: Jardin Txikerra, 1 Bilbao (12)

D. L.: BI - 1.753 - 1967

Imprimatzailea: Imprenta AMADO. Bilbao.

Irarlea: RALI, Bilbao.


Nahigabeen alegia

Ez edan errekan. Ahal baduzu, iturrian. Belen da iturri bat, eta Treveris bestea. Gogoratzen al duzue Arestiren olerkitxo hura? Eta beste iturritxo batzuk ere ba dira. Baina ez pentsa, gure herrian dena iturri denik, ez. Ba dira nahiko erreka, putzu, aintzira eta ur bilduak ere ene herrian. Ez-izenen berriketa karkaila, aski entzunen xehetasun aldabera, ezagunen hitz jario lardaska eta triputsen korrok behetik gorakoak, nahasi, eten, gaia egin dira gure herriaren larru zakartuan.

Zerbait edan nahi dut. Baina ezin dut gure egoera (ez tristea, ez alaia, ez haundia, ez ttipia, ez lasaia, ez odolbizia; horixe, egoera) raka-raka edan. Ez gara, hor zakut eta zurrut ariko diren hoietakoak. Gure jakinduria osoa gaizki irakurritako bi liburuxken menpean egonen balitz bezala. Gure munduak buruko min ugari sortzen omen dauzkigu; eta dena, gure buruaren autoak azeleradorea besterik ez duelako. Eta bide ertzetako auto hondatu bat bihurtzeko arriskuan gara.

Ezin dut ezer ulertu Ez dut ezer ulertu nahi. Dena ene gaindik dago, ni gauza guztien gainetik ipintzen ahalegindu naizelako. Oraingo honetan, egoera zait garaile, eta atzerapenak prognosis harrigarri batzuen furrustada zarpailak zaizkit. Higuindu egiten nau zer-nola mingar honek. Baina iturrietara jo dudanean, denak espiralera jotzen duela aitortu behar!

Ez dauku ez Belenek ez Treverisek balio. Beste iturriek ere... Zeintzuk ote dira beste iturriak? Dena dela, eginahalean murgildu beharko gara, aintziretako urak iturrietara irixten direnean. Bidean daudela sinesten dut. Sinestu nahi nuke. Eta sinestu nahi izatea, nahiko izanen ote da, noski. Itxaropenean murgildurik, arrak eta emeak igerian. Iturrian beti.

ANGEL LERTXUNDI


San Joanen Ebanjelioaren hasiera

Hasieran ba zen Hitza, eta Hitza Jainkoarekin zen, eta Jainkoa zen Hitza. Hitz hau Jainkoarekin zen hasieran. Hitzaren bidez egina da dena, eta ez da ezer egindakoetan Bera gabe eginik.

Bizia zen Beragan. Eta bizia gizonen argia zen. Argiak ilunetan argi egiten du, baina ilunak ez zuen hartu. Hitza zen, mundura datozen gizon guztiak argitzeko benetako argia. Munduan zegoen, eta mundua Haren bidez egina da; baina munduak ez zuen ezagutu. Berera etorri zen, eta beretarrek ez zuten haintzat hartu.

Hartu zuten guztiei, berriz, Haren izenean sinesten dutenei, Jainkoaren seme izateko eskubidea eman zien. Seme hauk ez dira odoletik sortu, ez haragiaren nahieratik, ez gizonaren nahieratik ere; eta bai Jainkoarengandik.

Eta Hitza haragi egin zen, eta gure artean hartu zuen bizilekua. Eta geuk ikusi dugu Haren gloria, Aitaren Seme bakarrari dagokion gloria, grazia eta egiaz beterik.

(Zuzendaritzak hautaturiko textua)


Herriz herri

Bermeo

Arraintzale baten heriotza

Bermeoko historia, itsasotik bizi diren herri guztiena legez, honelako jazoera tristeez beteta dago. Jazoera honeek antzina sarriagoak ziren, orduko ontziak txikiagoak eta askoz makalago hornituak ziren eta. Baina oraindino ere, teknikaren aurrerakuntza harro guztiak gorabehera, itsasoak noizean behin bere saria eskatzen deutso gizonari. Sari odoltsua, izan ere, munstro mitologiko bat balitz bezala.

Abenduaren 18an, «Blanca Paloma» izeneko legazale* ontzitxoa, lau gizon barruan zituala, Izaroko haitzetan jo, eta olatuen indarrez behingo batean zatitu zan.

Goizeko zortzietan jazo zan guztia. Goiz haretan murmoia, lainoa, egoen Mundakako barratik itsasorantz. Izaroko isla ez zan ikusten.

Leontzio Barandika, 64 urtekoa, ez zan gehiago agertu.

Beste hiru gizonetarik bi, haitzen gainean aurkitu ziren, busti ere egin barik, mirakuilu antzean. Hirugarrena igerian ozta ozta lehorreratu zan.

Istripua* ez eban inork ikusi, ez eta somatu ere, murmoi lodi haretan. Hiru gizonok Izaron igaro eben eguna, surik ez beste seinalerik egiteko era barik.

Arratsaldean murmoia ezereztu egin zan, eta, herriko ontziak etxerantz etozela, «Florian» izenekoaren patroiak ikusi zituan giza irudiak isla gainean.

Leontzio Barandika zanaren gorpua Lagako hondartzan aurkitu eben, Urte Berri egunean. Goian bego!

Jazoera honek pentsa eraziko ahal deusku gutxienez, arraintzale hori 64 urtegaz itsasoko bizitza latza eroatera behartu eben erakunde* sozialen sorgortasunaz.

A. P. B.

Arratia

Apaizak

Arratian ere, beste toki askotan legez*, apaizen artean talde bi agertzen dira: gazteen jokerakoak eta lehengoen antzerakoak.

Ez honeek ez hareek, ez dogu ikusten gauza askorik egiten dabenik. Denbora ta denbora daroe, ezertarako batu ez berbarik egin barik.

Non ote dago, ba, korapiloa? Gauza bat dago behintzat argi ta garbi: Arratiko Elizetan parrokoek agintzen dabela. Guztiok Gurpide obispo jaunaren denboran izendatuak dira, eta, baten bat kenduz gero, lehenagoko patxadakoak dira.

Noiz emango ote deutsee Arratiko parrokoek aukerarik gazte jokerako apaizei?

Artaun

Artaun da Dimako auzunerik politenetarikoa. Jende gutxi bizi da bertan, baina beti euki izan dabe euren ume eskola.

Auzune horretako umeek, oraindino, euskeraz egiten dabe euren artean. Eta euskera larregi* maite ez dauan maistra batek eskolatzen ditu aurten. Zeri begira dagoz Artaungo guraso ta gazteak?

ZAMAKOLATARRA

Sondika

Orain dala urte bi hasi zan Sondikan euskerazko ikastola. Igaz, hamabi edo hamairu lagun joan ginen. Aurten zazpi lagun geratu gara. Zazpi lagun, Sondika guztitik, ikastolara! Sondika hain txikia ote da, ba? Euskaldunak ote gara? Zergatik ez da euskerarik egiten? Gurasoek zergatik ez deutsee haurrei euskeraz egiten? Hala ere, euskera da gure hizkuntza!

ROSI IBARRONDO

Nabarniz

Urtarrilaren* hasieran, Uribarri auzunean, Bizko baserrian, familia bat nahiko txarto ibili da jatekoagatik. Dirudianez, zaku bete sulfato amoniko ekarri eben etxera, jateko gatza zalakoan. Txerria hilda gero, sulfatoaz gazitu eben haragia. Luzaro ibili dira guztiak, euren tripetako minak eta larritasunak zerenak ziren jakin barik. Azkenez kontuan jausi dira, eta zakuan, gatza barik, sulfato amoniko (amoniakoa) izeneko lur ongarria egoela ikusi dabe. Dakigula, ez da horregatik inor hil, nahiko larri ibili arren. Txerria, alferrik galduta, bota izan behar izan dabe.

Jateko gatza eta lurretarako sulfato amonikoa oso antzekoak dira itxuraz, eta ez da hain harritzekoa bata bestea dalakoan hartzea. Dana dala, hobe da, badaezpadan ere, holako gauzekin arduraz ibiltzea.

Mendata

Gure herria, aintzinatik ere, oso ospetsua izan da proba ta indar kiroletan*. Azken urteotan, asto probak egin ohi izan dira bakarrik. Igaz ez zan ezer egin, nork antola agertu ez zalako. Aurten, herritar batzuek nahiko lan egin ondoren, berriro ere lehengo ahitura aurrera eroan da.

Erregeen egunean eta hurrengoan, izan genduan bai hemen astorik nahiko. Batzuk pozik. Beste asko ez hain pozik: kokotari hatz egin, sakela hutsik, eta isilik etxera. Gure herriko «Lauankak» 49 untze* baino ez zituan egin, Munitibarko batek 51 egiten zituan artean.

Gauza bat txalogarria: ez zan istilurik sortu, xaboirik eta bestelako txakurkeriarik ere ez zalako agertu, agirian behintzat.

Izan dogu indar eta gogo bizirik nahiko egun horreetan. Halako hamarretik bat jarriko bagendu, irripar gozoa sarri izango lizateke gure ezpainetan.

Herriko hiru mutil gazte soldadutzara joan jakuz: Zeletako Jose Luis, Menpeko David eta Beitiko Nicolas. Ondo joanak izan daitezela, eta soldadugoa ez dakioela urte bete galtzeko bide bat izan.

OKERKA

Bilbao

Gipuzkoako berriak

«La Gaceta del Norte» egunkariak, Burgosko auzia hasi zanetik, ez dau bere «Página Regional» dalakoan Gipuzkoako berririk aipatzen. Errioxa, Santander eta Burgoskoak ekartzen ditu, baina Gipuzkoakoak bat ere ez.

Nire komentarioak sobran dagoz.

Euskerazko mezak

Bilbon, jai eta jai bezperetan, 14 meza ditugu euskeraz. Aurten, igaz baino jende gehiago doa euretara; baina oraindik euskaldun asko doa erdal mezetara, orduak egokiagoak direlako edo.

Gehien San Antongo elizara joaten da, Don Klaudio Gallastegik daukan entzute handiagatik eta haren hitzaldiak entzutearren.

Jendez igoera haundiena euki dauana, Iralabarriko elizan ematen dan euskal meza da. Horra ere jendea polito doa, Aita Imanol Berriatuaren mintzaldi sakonak eta euskera dotorez emanak entzutera.

XABIER GEREÑO

Axuria

Gernika ta Zornotza bitartean aurkitzen da Axuria. Auzune zoragarria. Baserri zuri ta ederrez hornitua. Baserritar gehienak nekazaritzara dedikatzen dira. Ba dira batzuk, Gernika ta Zornotzako lantegietan behar* egiten dabenak.

Gaur egunean, beharrizanezko gauza baten hutsean aurkitzen gara: argirik ez dogu auzunean. Ez eta inguruko auzunetan ere: Maguna, Urrutxu, Albiz eta Ibarrurin. Gure herriko arduradunei lotsaz jausi behar litzakioe aurpegia; baina egia hau da: hogeigarren mendean*, eta gu argi elektriko barik.

Baina gehien minduten gaituana ez da hori. Hemendik hurre aurrerapen guztiak, eta hemen...? Honek, hainbesteko desberdintasun honek, benetan minduten gaitu. Gizon batzuek, eurek nahi daben guztia; eta beste batzuek, herri barruan, oraindino argirik gabe. Bide ertz guztiak, propagandaz josita; baina, handik hurbil*, itzalezko atzerakuntza. Batzuentzat aurrerapen osoa: telebista, irrati, eta abar; beste batzuek, ostera*, beharrizan behinenak* lortu ezinik, jo ta ke. Noiz arte hainbeste ezberdintasun?

Axuriko auzunean kooperatiba bat dogu, «Landoste» deritxona. Elkarte hau abelgorri* kooperatiba da. Bertan, auzuneko bost baserritarrek dabe parte. Hirurogeitamar bat abelgorri egongo dira: hogeitamar bat behi eta berrogei bat txahal.

Abeltegia haitz bizi baten gainean jasota dago. Bertan, atzenengo arau berri guztiak oso ondo beteta aurkitzen ditugu. Bost baserritarrok guztiz ondo konpontzen dira. Hona hemen inguruko baserritarrentzat irakatsi sakon bat. Baserritar honeek hutsune haundi bat dabe: Argirik ez. Noiz arte iraungo dogu era honetan? Non dago herriko agintari ta arduradunen ekintza?

Auzunean ardandegi bakarra dogu, «Kili-Kolo» deritxona. Bertan, zahar eta gazte biltzen* gara, herriko ta atzerriko gorabeherak azaldu eta txikito batzuk edateko. Ardandegi hau herri osoarena da; eta bertan, ordaintze aldetik, askatasun handia dagoenez gero, noizik behinean hutsune batzuk egoten dira diru konponketan. Eta, gaua heltzen danean, «butanoa» biztu beharrean aurkitzen gara. Zer dala ta? Argirik ez.

Auzuneko apaiza, urte batzuetarako zigorragaz, Zamorako espetxean dogu. Bera datorrenerako, Axuria argituko ote dogu? Gure gizontasuna eta herri-maitasuna, noizko? Zertarako gure batzar eta hitzaldiak? Non dira gure erabaki sakonak? Zertan gure asmo «onak»?

RIKARDO

Elgoibar

Artikulurik onenak

ANAITASUNA, 202. zenbakia.

Lehenengo artikulua, «Ipar Vietnamgo Eliza». Asko gustatu zaigu artikulu hau. Gogorra da, baina egia.

Bigarren artikulua, «Falemos galego», Gadu dalakoak izenpetua. Berri emaileetan, Zornotzako Barreski eta Gernikako Deunoro.

Euskerazko kursilloa aurrera

Esan genuen bezala, jende mordo bat ari* da, euskera ikasteko ahaleginetan. Orain, berriro jarraitzeko behar ziren baimenak etorri dira.

TALDEKO BESTE MARISABEL

Elizako Berriak

Bikario berria Iruinean

Iruinean, apaizei kontsultatu ondoren, Tabera Kardinal jaunak Jose Maria Imizkoz Barriola izendatu dau diosesiko Pastoral Arazoetarako Bikario. Imizkoz jaunak 496 boto izan zituan, Díaz de Ceriok 389, Carmelo Velascok 358, eta Jesus Armendarizek 291. Nafarroan diren 907 apaizetarik 802-k parte hartu eben botazioan. Beraz, % 88,4-ek.

Nafarroako eskualdekatzea

Nafarroako Eliza jarraiko eskualdeetan* banaturik gelditu da: Iruina (huriburua, eta Cuenca, Esteribar eta Olzako artziprestalgoak). Behe aldea (Erribera, Korella, Solana Beheko eta Tudelako artziprestalgoak). Goi aldea (Anue, Aralar, Baztan, Bost Herriak, Larraun eta Doneztebeko artziprestalgoak). Estella (Berrueza, Estella, Lizarbe, Solana Goiko, Biana eta Yerriko artziprestalgoak). Auñamendikoa (Longida, Erronkari-Salazar eta Orreagako artziprestalgoak). Erdi aldea (Aibar, Olite eta Orbako artziprestalgoak).

Bizkaiko elizak

1970. urtean, Bizkaiko Obispaduak 42 milloi pezeta eman izan ditu, elizak jasotzeko. 8.680.000 pezeta lurrak erosteko, eta 21 milloi hargintzarako; 2 milloi abade etxeak erosteko, eta 13 milloi parrokia berri bi egiteko.

1971.erako presupostua 17.697.000 pezetakoa da. Eta beste 20 milloi beharko direla uste da.

Esperantzarik ez dogu galdu, behin edo behin, ANAITASUNA honentzako ere laguntzatxoren bat izan leitekela.

***

Bizkaiko «Caritas» erakundearen* dirutza

1970. urtean, Bizkaiko «Caritas» dalakoak 16 bat milioi pezeta eman izan ditu behartsuentzat. Zenbait* diru, Biafra, Perú eta Pakistan aldera ere bidaldu izan da.

Eibar

«Euskeralagunak»

Askotxok itaundu* deuskue «Euskeralagunak» izeneko elkartearen berri, zela eta nola egin behar daben harpidetza jakin nahirik. Gehienok ba dakie, 25 pezeta dala elkarte horren hilabeteko kuota txikiena; hala ere, ez dakie nori eman behar deutsoen izena, edota nork diharduan kuota horreek kobratzen. Horrelako horreek, hemen ezartzen dogun txartel erakoa bete daikee, eta besterik gabe ikastolara bidaldu.

Izen eta bi apellidu

Bizilekua

Telefonoa

Zer kuota ordainduko dozu? (Kuota txikiena, hilabeteko, 25 pezeta da; hortik gora nahi dozuna)

Zein modutan ordaindu nahi dozu? Banko, Aurrezki Kutxa ala kobradore bidez?

Eta noiz? Hilabetero? Hiru-hilabetero, sei-hilabetero ala urtero?

Jakin eizue, elkartearentzat hobe lizatekela, kuotaren ordainketa urtean behin edo ahal danik aldirik luzeenean egitea, eta Banko edo Aurrezki Kutxaren baten bitartez, ahal bada.

Etxe aldaketa

Harpidedun batek etxe bizitza aldatzen dauanean, zuzenbide berria jakin eragin behar leuskioe ANAITASUNAko zuzendariei. Osterantzean*, korreo lagunek «joantzat» edo «ezezaguntzat» jo izaten dabe hasiera batetako zuzenbidea; eta guk geuk, Albistariok, ibili behar izaten dogu harpidedunen aztarrenaren* atzetik, «Interpola» bera bagina legetxe*. Ez ahaztu ba, etxe aldaketa egin behar dozuenean. Aurrez eskerrik asko.

«Egurentarra»

Urtearen azkeneko ANAITASUNAren zenbakian, Zuloagari buruzko eta «Egurentarra»k izenpeturiko albisteak* irakurri ahal izan genduzan. Ongi etorri, «Egurentarra» ezezagun hori. Zatoz, gura dozunean, albiste emate honetara.

C. D. Eibar

Urtarrilaren* 30ean, berrogeitasei urte dira, Club Deportivo Eibar sortu zala. Ez dira artaleak* gero horrenbeste urte. Urte horreetan Club Deportivo dalakoa erabat* mamitu* da, gure herri honetako kultura nahiz deporte arazoetan. Ez da alferrik iragan* ia mende* erdi.

46. urteurrena dala ta, Mendi Argazki Sariketa bat antolatu dabe. Bazkideen artean horrenbeste mendigoizale dituan elkarteak begira daiala beti aurrera, gora, nekatzeke* eta etsitzeke*, goi mailetara iritxi* arte. Danok espero dogu, eta herriak behar dau. Zorionak.

ALBISTARIAK

Aste amaiera bat Gorbean

Aurtengo udazkena, giro epelez, mendira igotaldiak egiteko gonbitaroa izan da. Nork ezetz esan holako okasioei?

Zortzi lagun ginen, larunbatean* Gorbeara igon eta igandean* jaisteko. Lo non egin? Bai, hori zihur geunkan, Gorozikako hogei ta sei gaztek Aginaldean egin berri dauken txabolan. Txabola esan dot; baina ez dakit izen hori eman leitekion, hogei ta zortzi ohe, dispentsa, bodega, komuna, dutxa eta garbitasunerako behar diren tresna guztiekin eta berrogei ta hamar lagunek lasai jateko sutegi egokia daukan zerbaiti.

Jatekoa, bai: beste zortzi lagunentzako aina*. Bertan, afaldu ondorean, Bilbo ta Lemonako batzuk gehitu jakuzen, eta, kafea hartzeko garaian, hamasei lagun batu ginen.

Txurrutarekin eta baraurik bertsoa egiten dakienak gengozen. Bigarrenetarikoak, lehengoetarikoak baino gehiago. Honeen artean, Pujana, Irazabal anaiak, Sagardui anaiak, Aldana eta Jon Azpillaga. Gainerakoak, txurrutaren laguntza beharrekoak.

Hainbat bertso eder eta xelebre esan ziren, gaien agintzetara eratuak. Ondoren, besteei heldu jaken ordua, eta... ederrak entzun beharra izan zan.

Biharamunean, eguna zabaldu baino lehen jaiki ginen, eguzkiaren irteera ikusi beharrez. Zein ederra dan irteera hau. Haundia da Jainkoa, eguzkiaren txinpartak, bizitzako argi hariak, egunero gure mundu ilun honetara bidaltzen ditualako. Txabola honetatik gurutzera, gailurrera, «Gurutze Bidea» dago. Ordu betean, gora eta gora joan ginen. Goian, oso une laburra. Nor egon, han egoen hotzarekin?

Txabolaratu, bazkaldu, eta azkar jaitsi ginen gauaren bildurrez. Etxerakoan, hainbat gauzaz berba egin ondorean, gaurko ekonomia gaiei ekin geuntsen. Eritziak biribilduaz joiazen apurka apurka, eta, gutxi gorabehera, era honetara izan zah azken epaia: Nik ez dakit ministerio ez hazienda ez gainerakoen berririk. Bizkaia bere burua elikatzeko* kapaz ez dala ere maiz* askotan entzun dogu. Baina... Bizkaiko lan egitearen eta kapazidadearen ezagugarririk argi eta garbienaren testigantzarik ederrena, hementxe, geure oinpean, kaminoan daukagu:

Bilbotik Gasteizerantzako alderdia, Barazar guztian (Arratian ere toki askotan) hamar zentimetro beheratua, sakondua dago, kargak eroan beharrez; eta beste aldea, zirkinik egin gabe.

Atera, atera, atera... Ekarri, ezer ere ez.

DEUNORO

Zornotza

Oso aurreratuak doaz Bilbao-Behobia autobideko lanak. Erdal egunkarietan irakurri dogu, uztailerako* amaituta egongo dala Zornotzatik Basaurira doan zatia. Egia esan, gure herrian ez dira hain ondo portatu. Danok dakikezue*, zelako konponketa egin deuskuen Larrarako bide ederrean. Tunel itsusi bat egin dabe, hage* batzuekin arazoa konpondu beharrean.

Dinamitazko esplosioak ere ez dira edozelakoak izan; herria handik hurre dagoela kontuan hartu barik. Dana dala, laster utziko gaitue baketan, eta erdal langileen uhina* ere gutxiagotuaz joango da.

Giro epelean iragan* dira Gabonetako jaiak. Ez dira memento alaiak izan Euskal Herriarentzat. Jai honeetako ezagugarri gutxi agertu izan da. Udalak*, ohiturari jarraituz, arbola eder bat jarri dau betiko lekuan; baina aurtengoa, argi ori eta gorriekin hornituta.

Orain direla egun batzuk, zenbait* herritarren automobil neumatikoak zulatu egin ditue tresna zorrotz bategaz. Gauez eta izkutuan egin dabe «lana». Lehendik ere ezagutzen ditugu honelako edo antzeko jendeen frutuak: esaterako, igazko pintaketa, Don Pedro apaiza iraintzen* eben paperen zabalketa, eta abar. Arbola txarrek beti ematen ditue frutu ustelak.

LEUNGANE

Etxebarria

Gure gazteak, isilaldi baten ondoren, berriro hasi jakuz antzerkirako euren trebetasuna erakusten. Lehengo igandean*, «Ameriketako Osaba» antzeztu euskuen. Lehengoak dotore egin bazituen, oraingo hau dotoreago. Abestietan —hiru ta lau bozetara— ez ziren beste batzuen mailara heldu harenbaten*; baina aste beteko orraztaldia nahiko izango dabela uste dogu, goi maila batetara heltzeko. Antzerkia bera, polita, jostagarria, euskera gozoduna. Baten batek, izan leiteke atsegin ez izatea, «zerik» ez daukala ta. Baina, baserritarkeria edo arlotekeria edo beste -keria bategatik, nahiz eta aparteko «zerik» ez izan eta problema sakonik ere ez aztertu, ez al da mesedegarri, beste dohai horreek izanez gero?

Aldizkari honetan kronika hau agertu orduko, Amoroton eta Markinan ere egingo dabe, eta gertu dagoz beste toki batzuetara ere joateko.

Beste antzerki bat ere erdi gertaturik-edo ei dauke, oraingo honen ostean egiteko. Eten barik, aurrera gazteok.

URKO

Munitibar

Elortzako Josebe Artiatx, udaleko* kontzejal izendatua izan da. Notizia honek poztu egin gaitu, herriko agintarietan emakumezkoak ere sartzen hasi jakuzela ikusten dogulako. Suerte on bat opa deutsugu kargu gaitz horretan, emakume.

Azken unada* honetan ba dirudi gure herriak ez dauala suerte haundirik. Bilboko klinika batean hiru herritar ditugu: Zelesti Anduetzako, Maria Txoriñeneko eta Juan Irusta. Bakoitzari herrira itzultzea opa deutsagu. Kanterako Urrupiña ere joan jaku bizien artetik. Familiakoen doluminetan parte hartzaile gaituzu.

Erregeenetako, teatro bat egitekotan egon da herriko gazteria; baina mutilen lotsakortasunez ez da posible izan egitea. Batek ezetz esan ei* eban, eta gero guztiek erreskadan. Zer da hau, mutilak?

Hala eta guztiz ere, neskatillek ez dabe etsi*, eta, San Jose ingururako, neska hutsezko ekitaldiren bat egiteko prest dagoz, edo bestela Mendexa aldetik edo nonbaitetik teatro talderen bat ekartzeko. Ekin animoso, neskak. Hori da hori! Honelako martxan, ez jaku batere harrigarri izango, udaletxea* emakumez hornituaz doala ikustea.

ERRAMON GERRIKAGOITIA

Gizaburuaga

Gizaburuaga tristerik

Bizkaiko Gizaburuaga herritxoa goibeldurik gelditu izan da, Leniztarren taberna hitxi dabenez geroztik. Leniz jaunak, bere emazte Josefak eta euron alaba Marisabel eta Terek ez dabe ondo ulertzen zigor hori.


Erregeak, heriotzarantz?

Igaz, edo orain direla bi urte, Xabier Gereño euskal idazleak halako ohartxo bat idatzi zuen ZERUKO ARGIAn: Erregeak, heriotzarantz?

Bere eskribu hartan zera esaten zuen, ea zergatik ez genuen euskaldunok, jostailuak* haurrei emateko eguna aurreratzen; hau da, lehen Erregeen egunean ematen bazitzaizkien, orain Gabon egunean eman, Olentzero motibotzat harturik.

Aldi hartan eskribu hau aski* erabilia izan zen, batez ere ikastolen inguruan dabilan jende artean; baina erabiltze hutsean gelditu zen. Aurten, ostera*, ohar hura kontuan hartuta edo hartzeke*, horixe ez dakit, ikastolek pauso bat aurreratu dute, ideia hura praktikan jarriaz. Hala, kanpaina bat egin da, gurasoek Eguberrietan eman dietzeten haurrei jostailuak.

Baina kanpaina hau ez da fetxa bat aldatzearekin lasaitu, eta, horra, delako kanpaina horren bigarren alderdia: jostailuak, nolanahikoa gabe, pedagogikoa behar du izan. Haien eritziz, hara, kanpaina hau aurrera eramateko diren arrazoiak:

Gure ustez, etxeak edo familiak eta ikastolak elkarrekin harreman hestua behar dute ukan*. Alegia*, ikastola familiaren jarraipena izaten saiatu behar da. Honegatik, haurrak gabonaldi guztian erabili behar ditu jostailuak, eta ez Erregeen egunez, ikastolara berriro hasi behar duen bezperan.

Bestalde, egiaren bidetik haurrari ibiltzen lagundu nahi badiogu, berari adierazten ere jakin behar dugu, Erregeen emaitza, hoik ipuin eta gezur direla. Ez ote da askoz jatorrago haurrei esatea, opari hoik Jesus Haurraren edo Erregeen izenean gurasoek ipintzen dituztela, haurtzarotik egia ikas dezaten?

Guraso eta irakasleok haurraren heziketa* benetan maite badugu, garaia da pentsatzen hasteko, edozer jostailuk ez lezakeela helburu* hori bete. Esan nahi baita, jostailu pedagogikoak bilatzen jakin behar dugula geure haurrentzat.

Jostailu pedagogikoak, eta ez bestelakorik, opa behar dizkiogu haurrari, jostailuok haren ahalmenak lantzeko gai izan behar dutelako. Honela, Gabon gauean-edo haurrei jostailuak ipini ahal izanez gero, Eguberri aldi guztian haurra bere burua lantzen eta, jostailuak erabiliaz, zenbait* gauzaren berri ikasten jarraituko lizateke. Orduan, jakina, egun hoietan haurrek zerbaitetan sakondu baldin* badute, ikastolara esperientzia berriekin agertuko dira, eta ez, egun batzuk hala hola edo ongi pasatu dituzteneko eritziarekin bakarrik. Eta bakoitzaren esperientzia aberasgarri izanen* da taldekoentzat, beti ere gogoan ukan* behar baitugu hezitzaileok, gaur egunean heziketako* birtuterik nagusiena gizarte giroa sortzea dela, edo haurra giro horretan sar dadin laguntzea.

Nik, horrez gainera, beste arrazoi bat ipiniko nuke: batasunezkoa. Hau da, Irungo mugaz handiko haurrek Natibitate bezperan hartzen dituzte jostailuok; mugaz hemendikoek, berriz, Erregeen egunean. Ez da ordua, xehetasun* hauetan ere batera joatekoa?

Oso ondo iruditzen zaiku kanpaina hori, eta hala agertu dute ikastolan haurrak dituzten hainbat gurasok.

Betoz ugariago holako kanpainak.

Datorren urtean, zergatik egin ez kanpaina hau Euskal Herri osoari begira, ikastolako mugak gainditurik? Lana gogorra izanen lizateke, gogorra baita* Bilboko «El Corte Inglés» ere.

NATXI

dezaten, daien

dietzeten, deioeezan

diogu, deutsagu

dizkiogu, deutsaguz

lezake, leike

zaiku, jaku

zitzaizkien, jakezen


Euskaldungoa

Bai ala ez

Begira Baionako HERRIA astekariaren 1066. zenbakian irakurtzen doguna: «Jamais les Basques ne se sont sentis aussi flers d'être Basques, qu'à l'instant oú M. Beihl a embrassé sa femme et sa fille sur l'aérodrome de Biarritz». Euskeraz esanda: «Egundo sekula santa ez garela pozago izan euskaldunok, Beihl jaunak Biarritzeko aeroportuan bere emaztea eta alaba besarkatu zituanean baino».

Zuzendari berriak

Iruineko «El Pensamiento Navarro» egunkariaren zuzendari berria, Joakin Belestena jauna da; eta Jose Luis Gilberte jauna, «La Voz de España» Donostiakoarena. Azken honen zuzendari zaharra, Donostian bertan arratsaldez agertzen dan «Unidad» egunkarira joan izan da. Zuzendari berria «La Voz de España»n ari* izan da lanean, azken 13 urteotan.

«Histoire du Pays Basque» liburu berria

Hazparnen irakasle dan Jean Louis Davant jaunak argitara eman berri dau bere «Histoire du Pays Basque» liburua, frantsesez. Argitasun gehiagorako: Jean Louis Davant, École Secondaire d'Agriculture. Hasparren (64). Francia.

Euskal kantariak Zuberoan

Joan diren Gabon jaietan, kantarien jaialdi bat izan da Zuberoko Atarratzen. Bertan parte hartu ebenak: Manex Pagola, Sarasola eta Borda, Larralde eta Etxamendi, Eñaut biak, Graxiana Hastoy eta Josepe Irigaray.

Katamixarraren arinketa galdua

Kaiola barruan sarturik, katamixarra* arineketan dabil. Jendea arineketa bizkor horri begira dago, pozarren*. Baina, katamixarra azkar ibil arren, kaiola beti toki berean dago. Katamixarra, nekatuta, gelditu egiten da, eta jendea, «zer pena» esan ondoren, joan egiten da.

Euskal aldizkari berri bi

Gazteriaren esku artean agertu berri da «Berriak» izeneko aldizkari bat.

Era ta sasoi berdin samarrean agertu berri da «Saioak» izeneko beste aldizkari bat.

Euskotarrei oharra

SEAT, SIMCA eta beste zenbait* industri lan Madrilen, Valladoliden eta abar egiten dira. Futbolariek Madrilen jokatzen dabe. Eta Bilbo ta Gasteizko obispaduen burua Burgosen dago.

Hiru langile, lurperatuak

Joan dan urtarrilaren* 12an, Bilbotik Behobirako autobidea eg ten ari* zirela, lurpean enterraturik behin betiko galdu ziren bizion mundutik Alvaro Ballesteros Aceves, Adelardo Tena Rubio eta José Tena Pérez langileak. Bakea zuoi, hiloi, baina ez guri, bizioi!

«Euskerazaleak» lanean eta diru bila

Bilboko «Euskerazaleak» elkartekoek karta bat bidaldu berri deutsee euren bazkideei, erderaz eta euskeraz idatzia, diru laguntza eskatuz. Horrez gainera, «Kili-Kili» haurren aldizkariaren eta elkarteak berak argitaratu dituan liburuen berri ematen da: «Iniciación al estudio del euskera», «Aurtxoa I», «Aurtxoa II», «Irakurgai errez politak I, II, III» eta «Ikasteko». Argitasun gehiagorako: Colón de Larreategui 14-2.º, Bilbao-1. Tel. 245059.

Apaiz berria

Joan dan abenduaren 20an jaso izan eban apaizgoa Izpurako Michel Etxezahar gazteak, Baionan, St. Etienne parrokian.

40 milioi pezeta Debako kultur arazoetarako

Paco Ostolaza Zabala, Deban jaio zan 1888. urtean. Ipar Amerikara joan ondoren, «Mexican American Hat Company» izeneko sonbrero industria jaso eta zuzendu eban. Ostolaza jaunak dirurik asko eman izan dau, Debako Instituto, Biblioteka eta beste zenbait* gauzatarako. Orain, hil ondoren, 40 milioi pezeta inguruko dirutza utzi dau Debako «kultur arazoetarako». Idiakez jauna, euskal kulturarako ere bai?

«Iturri» bertsolaria zauriturik

Pedro Ortuzar «Iturri» bertsolaria zauriturik aurkitzen da. Basolanean ari zalarik, lepazurra hausi eban. «Iturri» Muxikako Areatzan bizi da; ezkonduta dago, eta hiru seme-alabaren aita da.

Ezkonlagun bila

Baserri lanean ari dan gizon ezkonge batek, ezkonge nahiz alargun batekin esposatu nahi leuke, baserrian bizitzeko. Idatzi leiteke zuzenbide honetara: UNI INTER, 38, rue Jules Labat. Bayonne (Francia).

Zestonako jaiak

Gipuzkoako Zestonan, Iraeta auzunean, Lazkao Txiki ta Uztapide bertsolariak, eta harrijasotzaileak izan dira hango jaietan. Meza nagusiko predikua Joakin Arostegi, Arronako parrokoak, egin eban.

«Semeno de Lazkano» liburu berria

Anastasio Arrinda (Anes Lazkauko) jaunak eginik eta «Itxaropena» argitarazleak publikaturik, «Semeno de Lazkano» (Anai arteko gorroto, XIV mendean*) izenburuko liburu bat agertu berri da. 130 orrialde ditu. Idazle honek beste liburu honeek ere eginak ditu: «La Religión Prehistórica de los Vascos», «Jauntxo Txiki», «Oto ta Pototo», «Euskal Erri zaarra». Eta laster aterako ditu: «Bederatzi ipuin xarmant eta garratz», «Euskal Erria ta eriotza». Eskabideak egileari nahiz Debako Euskal Ikastolari.

«Hacia la lengua literaria común», Euskaltzainburuaren liburu berria

Luis Villasante Euskaltzainburuak liburu bat argitara eman berri dau, «Hacia la lengua literaria común» izenburuarekin, «Editorial Franciscana Aránzazu» dalakoaren bidez. 127 orrialde ditu. Hitzaurrean hauxe dino Luis Villasante jaunak: «La única finalidad que persigue este capítulo es vulgarizar el conocimiento del plan básico sobre la unificación del euskera escrito que fue aprobado por la Academia de la Lengua Vasca».

Bizkaiko automobilak

1969. urtearen azkenean, BI-138.028 kotxea matrikulatu izan zan. 1970.aren azkenean, BI-155.634 kotxea matrikulatu izan da. Beraz*, 17.606 kotxe berri matrikulatu dira igaz.

Bestalde, 1969.ean 15.760 kotxe berri matrikulatu ziren, igaz baino 1.846 kotxe gutxiago.

Bizkaian, 100 pertsonako, 10 kotxe dagoz. Frantzian, ostera, 20, Suezian 37, Estadu Batuetan 45.

Abeslarientzat

Dakizuenez, abestuteko beharrezkoa da Karnet Sindikala eukitea.

Datorren urrian, Bilbon, Bizkaikoentzat, esaminak izango dira, Karnet hori lortu nahi dabenentzat. Orain hasi eta irailaren* azkenerarte presenta leitekez instantziak, esamina horreetan parte hartzeko.

Informaziorako joan Sindikatora (Sindicato del Espectáculo - Ercilla, 27, 4.º), edo idatzi ANAITASUNA-ra, eta geuk bidalduko deutsueguz bete behar diren paper guztiak eta gainerako informazio osoa.

Elorrioko oiloak

Bizkaiko Elorrion oilo asko kalean dabilela ta, hainbat arto ale bota izan jake, janaria izan daien.

Getaria «herri historiko-artistikoa»

Urtarrilaren* 8an Madrilen eman izan dan dekretu baten bidez, Gipuzkoako Getaria «Conjunto histórico-artístico» izendatua izan da. Getariko herritarrek, nahiz eta euren herria oso ederra dala jakin, izendatze horrek loturak eta trabak besterik ez dituala uste dabe.

Emakume alargunen elkartea

Urte ta erdi inguru ari* dira lanean, Bilbon, Kristau Emakume Alargunen elkartekoak. Bazkideak 750 bat dira Bilbon; baina Bizkai osoan ba dira alargundurik, bazkide izan ez arren, 50.000 bat. Euren helbururik behinena*, alargunei laguntza ematea da, halako emakume bati sortzen jakozen premia guztietan. Hala ere, erakunde* hau eta bere helburuak* erdaldunak dira.

«Eaton Ibérica»

Iruineko «Eaton Ibérica» lantokian, 620 beharginek* lan egiten dabe. Urtarrilaren* hasieran, geldiune batzuk egin ditue, hilabetero 3.000 pezeta gehiago, astean lau ordu gutxiago eta gauez lanik ez egitea eskatuz.

«Goiztiri» etxea Baionan

Donibane Lohitzuneko «Anai Artea» elkarteak beste bulego* bat zabaldu dau Baionan, «Goiztiri» etxean. Baionako bulego hau «Txilardegi» jaunaren zuzendaritzapean gelditzen da. Bulego honek, orritxo batean aditzera eman dauan bezala, jarraiko zeregin honeek betetzeko asmoa dauka:

- albisteak eman; lehenengo batu, eta gero Euskal Herriari eta munduari ahalik azkarren eman.

- «Goiztiri» etxearekin eta «Antzerkilarien Biltzarrea»gaz batean, euskal kultura arloan eginkizun batzuk bete: liburuak, aldizkariak, diskoak argitaratu, zabaldu, eta abar.

- hizkuntza landu: 1963-64. urtean hasitako, «euskera batua» izenarekin ezagutzen diren lanak aurrera eroan, euskal eskoletarako textoak eta alfabetatzerako liburuak eta abar argitaratu eta zabaldu.

- dirua batu, premian dagozen euskal abertzaleei laguntzeko.

Javier de Aranburu, saritua

Pasai Donibanek Villa edo Huri titulua hartu ebaneko 200. urtebetetzea ospatzeko antolatu izan dan saria, Javier de Aranburu, «La Voz de España» egunkariko idazleak, irabazi izan dau, «Pasaiko erritik dator notizia» izenburuko lanarekin.

Beizaman bertsolariak

Joan dan urtarrilaren* 17an, Gipuzkoako Beizaman, bertsotan jardun izan dabe Lasarte eta Lizaso bertsolariek, Sabina Ezeiza seroraren* omenez.

Andres Narbarte hil da

Joan dan urtarrilean hil izan da Nafarroako Goizuetan, suak erreta, Andres Narbarte, Nafarroako bertsolarien txapeldun izana. Goian bego!

Langileak, lanik gabe utziak

Bizkaiko Gallartan, «La Orconera» meatokian*, 51 langile bota izan ditue, langileei dagozkien arazo batzuetan euren buruak defenditu nahiez, hiru eguneko geldiunea egin dabelako.

400 langile geldirik

Joan dan urtarrilean*, Bizkaiko Aranguren herrian, «La Papelera Española» lantegian, 400 langile euren borondatez gelditurik egon izan dira, etenbako lanaldia (goizean, arratsaldean eta gauean) txandaka egitera beharturik egongo direla adierazi izan jakenean. Lantegi honetan, 500 beharginek* lan egiten dabe.

Bertsolariak Getarian

Joan dan urtarrilean, Gipuzkoako Getarian, Uztapide eta Lasarte aritu* izan dira bertsotan.

Baztan haraneko II Kultur Astea

Gabon Jaietan ospatu izan da, Baztan haraneko* Elizondon, II Kultur Astea, «Baztandarren Biltzarra» erakundeak* antolaturik. «Maitena» zineman, jarraiko mintzaldi honeek eman izan ziren: «Cine como elemento cultural», Jose Maria Torradellak, «Llueve sobre mi corazón» filmea eman ondoren. «Relaciones de padres e hijos», Bayona eta Betelu jaunek. «Problemática religiosa del hombre actual», Manuel Odriozolak. «Sicología masculina y femenina», Pablo de Lucasek. «Historia del Valle de Baztán», talde batek.

Kultur Aste honen barruan, Gabon Kanten Sariketa bat ere egin izan zan. Eta, bukaera emanez, afaria eta dantza, Elizondoko Langile Eskolan.

Gazte asko joan ziren mintzaldietara, eta inkesten* bidez hitz ere egin eben; baina gehientsuena «betikoek» egin behar izan eben.

Euskera Frantzian

Frantziako gobernuak hartutako erabaki baten arauera*, batxileratua egiten ari* diren ikasleek, eurek maiteen edo nahien daben hizkuntza honeetarik bat hautatu* leikee: euskera, katalana, bretoina edo probentzala. Frantziako Flandrian mintzatzen dan «flamenkoa», ostera, ezin leikee aukeratu, Belgika ta Holandako hizkuntza ofiziala dalako.

Euskaldunen txaletak

Bilboko euskaldun aberats batzuek txalet ederrak egingo ditue Bizkaiko Laukiniz herritxoan, Unbe mendiaren sorbaldan. Txaletak egingo diren tokitik, hamar kilometro dagoz Bilbora, zortzi itsasertzera, bi ta erdi Unibertsidadera, hiru Martiartura, eta lau Landatxuetara. Txaletok kooperatiba antzera egingo dira, eta elkarte horren burukideak honeexek dira: Lehendakaria Antonio de Madariaga, idazkaria José Francisco Murga, diruzaina Javier Garaizar, bokalak Gaspar Codoñer, Andoni Ariño, Unai Arteche, Alfredo Echave eta Pedro Aurteneche.

Nik ba dakit, holakoxe etxeetan bizi behar geunkela guztiok. Baina «odium plebis» dalakoak zeintzuk arrazoi dituan ere ba dakit.

Anjel Zelaieta


Mundu biribila

Indio navajoa

«Indio navajoek beren hizkuntza berezian hartuko dute kultura heziera*. Estadu Batuek baimena eman diete, beren indiar kondaira eta kultura estudiatzeko» (New York, UNESCOren kronika berezia).

Estadu Batuetan, beste estadu zibilizatu askotan bezala, herri ttipien bereizkuntzak zaintzen hasi dira. Bereizkuntza hoien artean, hizkuntza eta herri bakoitzaren tradizio edo ohitura bereziak nabarmentzen* dira.

Antzinako heziera planteamenduak, indarraren bidez monolitismo hertsi* batean eratuak, aldatuaz joan dira apurka apurka. Estaduek konprenitu egin dute, herri baten hizkuntza eta gainerako kultura bideak guztiz egokiak direla pertsonaren nortasunerako, eta garrantzi haundia dutela herri bakoitzarentzat. Bestalde, errespetatuak eta gordeak behar lukete izan, eliza gotikoak, arte lan bezala eta herriaren haro bateko erlijioaren adierazpide bezala gordeak eta zainduak diren legez*.

Washingtoneko gobernuaren baimenarekin, Estadu Batuetako indio navajoen tribuak heziera programa bat jarri berria du. Navajoen tribua, batez ere basamortu diren lurraldeetan, «reservation» deitu tokietan bizi da, bai eta Utah, Arizona eta New Mexicoko artzaintzarako landetan ere. Beren ingresorik garrantzitsuenak, petrolio terrenuen alokatzetik*, royaltietatik eta ganaduen hazkuntzatik* eskuratzen dituzte.

Erreserbazio hoietako 118.500 bizilagunetatik, 44.000 haur* daude eskolatzeko adinean*, populazio guztiaren % 38, gutti gorabehera. Uste denez, ikasle hoietatik % 36 heziera nagusiraino segituko dira. Orain arte ez da izan erreserbazio hoietan era honetako instituziorik; baina 1971.eko urtarriletik* aurrera, navajoek beren «junior college» deritzen eskolak ukanen* dituzte, bakoitzak 300 ikasle guttienez hartuko dituena.

Baina hona hemen guk nabarmen utzi nahi duguna. Ingelesez mintzatzen ez direnek navajo hizkuntzan hartuko dute irakaskintza, eta, gainera, indiar historia eta kulturazko kurso bereziak emanen zaizkie. Esan liteke, agian*, % 55 irakasle baino gehiago navajo erreserbazioetakoak izango direla.

Estadu Batuetan, beste leku askotan bezala, giza legea berandu xamar egin da. Herria zanpatu ondoren eta eta berau galtzeko zorian dagoenean, baimena eman da. Hala ere, baimen hori gauza pozgarria da.

Inoiz jabetuko ote dira adibide honetaz, munduko politika daramaten* gizon eta elkarteak?

Hala izan dadila.

A. ONDARZABAL

daude, dagoz

diete, deutsee

zaizkie, jakez


Mundu biribila

Ipar Ameriketan ez da ardorik edaten

Gaur Boni ikusi dot Bilboko Plaza Berrian. Dakikezuenez*, Boni Fernandez Bilboko Aiuntamentuko txistulari taldearen zuzendaria da.

Boni, Olaeta jaunaren Euskal Balletarekin, hiru aldiz ibilia izan da Ipar Amerikan zehar. Hirugarren honetan, hiru hilabete egin ditu handik, 68 jaialditan parte harturik.

— Garesti dago han bizitza? galdetu neutsan.

— Hiru-lau dolarregaz nahikoa genduan egun guztirako. Txilibrin albokariak eta biok egiten genduan geure jatekoa. Supermerkatuetan janariak erosi, eta gero geuk atondu. Horrela, merkeago egiten jakun.

— Zer edaten zenduen?

— Ardorik ez. Han ez dago ardoa edateko ohiturarik; eta gehiago: txartzat dauke ardoa edatea.

— Zer edaten dabe ba bazkaritan?

— Kafe hutsa, edo krematua. Mahaira, jatekoa ekarri orduko, kafea ekartzen dabe. Kafe gogorra ez baina.

Behin batean, Nevadako Elkon, gure ohiturazko bazkari batetara eroan ginduezan hango euskaldunek, eta gure ibilaldia zuzentzen eban Rahn jauna ere gurekin etorri zan. Makailoaz batera, guk euskaldunok zarra-zarra edaten genduan ardoa. Rahn jauna, berriz, 130 kiloko gizona izan arren, baso batekin bakarrik txolindu* egin zan. Ba dinotso orduan Txilibrinek Rahn jaunari: «Baso bategaz horrela ipinten zara? Bilbon guk 25 eta gehiago edaten ditugu». Eta amerikanoak erantzun: «No possible, no possible».

Han ez dago tabernarik. Edateko, kafetxeetara joan behar da. Kafetxe apainak, argi gorriskekin. Klubak dira. Zerbitzariek txandaka lan egiten dabe, edozein langilek legez, eta ez, Euskal Herrian egiten daben modura, egun guztian. Jeneralean, zortzi ordu, eta gero beste batek hartzen dau erreleboa.

— Orain esaidazuz beste gauza batzuk. Euskal Herrian 1970. urtearen azkenean jazoriko gertakariei buruz, esan dabe ezer hango egunkariek?

 Bai, eta asko esan ere. Berdin telebisioak.

— Eta zer dinostazu lurgangintzaz?

— Bidean zoazala, ez dozu han Euskal Herriko lako solo txikirik ikusiko. Minnesotan adibidez, ezker-eskuin, inoiz amaitzen ez diren artotzak ikusiko dituzu. Hango soloek itsasoa dirudie. Lan guztia makinaz egiten da.

— Jende asko joaten jatzuen ikustera?

— Bai. Asko ere asko. Gehienetan, tokia bete beteta. Eta gustura egoten ziren, gainera.

— Zer txalotzen eben gehien?

— Zuberoko dantzak, txistua, Larrain Dantza, Makila Dantza, eta abar.

— Aurtengo zuen exitorik haundiena non?

— New York, Boise eta Oklahoman.

— Eta datorren urterako asmorik?

— Hori Olaeta Balleteko zuzendariek erabakiko dabe. Leku askotatik deitzen deuskue.

Hotz egiten dau, eta geure elkarrizketa amaitu egin behar dogu. Ondo etorriak, Olaetarrak, eta zorionak.

XABIER GEREÑO


Mundu biribila

Chinako ipuin bat

Lehengo egun batetan ipuin bat kontatu dautate, eta, azken bolada* honetako gertakariekin* zerikusia duelarik, polita iruditu zait hemen azaltzeko, ondorio interesgarriak atera dietzakeogu ta.

Ba omen* zen, Chinako herrixka batetan, bederatzi seme-alaba, emaztea eta amaginarreba zituen gizon bat, eta denak etxe ttipi batetan bizi omen ziren.

Beti ere istilu gorriak eta premia ikaragarria izaten omen zituzten. Etxeko egoera hura* konpontzeko asmotan, herriko jakintsuarengana jo omen zuen gizonak, erremedio bila. Zer gertatzen zitzaion azaldu zionean, honela erantzun omen zion jakintsuak: Sar ezazu katu bat etxean, eta hemendik hiru, egunetara etor zaitez niregana berriro. Hiru egun pasa zirenean, han dator gizona lehen baino larriago, istiluak haunditu egin zitzaizkiola ta. Jakintsuak honela esan omen zion:

Utz ezazu katua bertan, eta zakur bat sar ezazu. Hemendik hiru egunetara berriro etor zaitez. Hirugarren eguna pasa bezain laster, lehen baino askoz ere larriago joaten zaio gizona jakintsuari, bizimodua gero eta jasanezinago gertatzen zaiola esanez. Jakintsuaren erantzuna: utz itzazu zakurra eta katua etxean, eta sar ezazu gainera behi bat. Hemendik hiru egunetara etor berriro niregana.

Epea* pasa zeneko, han zegoen gizona lehen baino larriago eta hestuago. Jakintsuak oraingoan: atera itzazu etxetik katua, zakurra eta behia, eta hiru egun barru etor berriro.

Berriz itzultzen denean, pozez beterik joaten da gizon hura* jakintsuarengana, hiru animaliak ateraz geroztik etxera bakea etorri dela ta, eskerrak emanez.

Gure artean izan diren azken boladako gertakariek horrelako zerbait sentierazi daukute. Zazpi gizonen bizitza arriskuan ipini da; egundainoko istiluak izan dira... Hori pasa denean, danok lasaitu egin gara. Heriotzeak ez du erremediorik, eta alderdi horretatik poza sentitzea bidezkoa da. Baina, arren, ohar* gaitezen, gertakari hoien erroak*, Euskal Herriaren egoera larria, herri eta gizon bezala dugun hestuasuna hortxe gelditzen direla, eta gure eginbeharrak ere zutik irauten duela.

A. SAGARNA

dautate, deuste

dietzakeogu, deiskioguz

ezazu, eizu

itzazu, eizuz

zaio, jako

zait, jat

zion, eutson

zitzaion, jakon

zitzaizkion, jakozen


Mundu biribila

Barakaldo

Herriko auzoak

Barakaldo 45,42 Ha. ditu hestu-zabalean. Huria, Nerbion ibaiak Galindo eta Kadaguarekin osotzen dauan ibar zabal batean hedatzen* da.

Ibar horren erdian, muna* batzuk egozen XIX mendean. Euretan zehar baserri batzuk, ortu artean: Landaburu, Zaballa, Arrandi, Arana, Karrantzaidu, Arteagabeitia, Zuazo, Beurko, Bagatza, Lurkizaga, eta abar. Gaur egunean, hortxe berton aurkitzen da herriko kaskoa.

Baina herriak ibarraren beste toki batzuk ere hartzen ditu: Gurutzeta, Ugarte, Landabeko, Erretortu, Lutxana, Bitoritza, Llano, Burtzeña, Irauregi, Zubilleta, Beteluri, Gorostitza, Mendierreka (El Regato), eta abar. Toki horreek, gaur egunean, auzoak izatera etorri jakuz.

1854. urtean, «Fábrica de Hierros y Aceros de Nuestra Señora del Carmen» jaso zan. Ibarratarrek, Bizkaian Labe Nagusiak ipini guraz, Barakaldoko «Desertua» deritxon tokia aukeratu eben. Desertua Nerbion ondoko faduretan* egoen; Karmeldar fraileen etxea eta beste etxe bi bakarrik egozen han.

Fraileen etxea eta beste guztia desegin eben, fadurak sikatu eta Labe Nagusiak jaso. Obra haundiak egin ziren: Ontzientzako mollak, antzina portutxo xume* bat egoen tokian: «Portu». Alboko mendietatik mea* ekartzeko trenbideak: «Orconera» eta «Franco-Belga». Handik laster, Trianotik Somorrostrorainoko trenbidea. Olen* alboan etxeak jaso ziren arineketan, eta beheko munen artean herri berezi bat sortzen hasi zan. Gaur egunean, 120.000 bizilagun inguru ditu.

Ikusten danez, ordutik honantz Barakaldo osorik aldatu da. Baina gauza honeekin esan gura dodana hauxe da: Barakaldori jazo jakona Euskal Herri guztiari jazo leitekiola.

Prentsa elkarrizketa alkategian

Abenduaren 23an, Luis Alfonso Caño alkateak —inginadore* gaztea bera— kazetari* eta berri emaileak bildu* zituan alkategian. Bertan, Udaleko* asmoak eta Rezkak azaldu eutsezan: hurigintza*, kale berriak, argia, estoldak*, eta abar.

Eskolak, kirola* zelaiak eta Argalario mendi gailurreko parkea ere aipatu eutsezan optimismo handirekin. Gure herriak aspaldidanik behar zituan gauza honeek, eta Udala ausartu da azkenez arlo horretarantz abiatzera.

Burtzeñako autobide-gurutzea, Bizkai eta alboko herrialdeetako* jendeen kezka ikaragarria da. Hemendik gurutzatzen dira Santander eta Santurtzerako joan-etorri guztiak. Bilbao-Santurtzerako bidean, ia milioi erdi lagun dabiltza, haren hegaletan aurkitzen baitira Portu Handia eta Bizkaiko ola nagusiak.

Arazo guzti horreek atontzeko, 420 milioi pezeta beharrezkoak zirela esan eban alkateak, eta herriaren eta industrialarien laguntasuna eskatu eban.

JOAN MARI MENDIZABAL


Literatura

1970. urtean euzkeraz argitaratuko liburuak

Rikardo Arregi (1942-1969)

Igazko bezala aurten ere. urte barnean argitaratu diren euskerazko liburuen berri eman nahi genuke, orduan bezala huts bat baino gehiago eginen* dugula jakin arren. Huts egite hau, joandako urtez liburu batzuk berandu argitaratzetik, eta denen berri zehaztasun guztiarekin ezin jakinez.

Igazko hutsak bete nahirik, zerrenda berri bat eman genuen Egan-en (Ikus Egan, 1-3, 1970.ekoa, 133-136. orrialdeetan); baina, hala ere, bizpahiru huts egin genituen. Orduango 47 libururen tituluei ere, beste hauk gehitu beharrean aurkitzen gara: Timun Mas, S.A.k argitaratutako Errialde guztien historia, S. Werner Watson-ena, J. Goikoetxeak euskeratua; eta Baionako Imprimerie des Cordeliers-ek argitaratutako Obrak mintzo, J. B. Etcheberryrena.

Hemen, lehenago esan bezala, euskerazko liburuen izenak bakarrik jasotzen ditugu, edozer gai duelarik eta nahiz erdera-euskeran egon.

Ba dakigu, ba direla beste zenbait* liburu, beren barnean euskerazko zatiak dituztenak, edo euskerari buruz ari direnak; baina haien aipamena egiten hasiko bagina, ez zaigu ahal mugatzerik. Beraz*, honegatik, euskerazko literaturatik at* dagoen guztia uzten dugu. Hau da, euskaldun irakurleentzat egina bakarrik hartzen dugu. Bestetariko zenbaitzuk ere, euskal literaturaren aldetik, goresmenak merezi badituzte ere. Hauen arteko lirateke «Auñamendi»ren Enciclopedia General ilustrada (Cuerpo B) Vol. I - Literatura, J. Haritschelhar-en L'oeuvre poétique de Pierre Topet-Etchahun, eta abar.

Lerro hauetatik konturatuko zara, irakurle, argitalpenak goraka datozela, eta hobekuntza agertzen dela zer esanik ere ez. Gaietan ere gaurkotasun gehiago agiri da. Argitalpenak, batez beste, 800 aletik 1.500-era izaten dira, inoiz askoz gehiago, baina azkoz gutxiago ere bai.

Falta direnen berri ematea bihotzez eskertuko genuke. Baina hurrengoan hutsik ez egiteko, igazko eskari bera eginen diegu argitaratzaile eta egileei: beren liburuetarik ale bana Euskaltzaindiaren (Ribera, 6. Bilbao-5) liburutegirako bidaltzeko. Liburua ezagutarazten lagunduko dugu, gure liburutegia, guztion euskal liburutegia (Euskaltzaindiarena) aberasten lagunduaz.

JUAN SAN MARTIN

Euskaltzaindiko idazkaria

 Afrikar Iraultzaren alde, Frantz Fanon (Arantza Urretavizcaya eta Ibon Sarasolak euskeratua). Lur Argitaldaria. Donostia.

 Alkain aita-semeak, Iñaki Alkain - Antonio Zavala. Auspoa Liburutegia. Tolosa.

 Ardo ta ogi Martxelin, José María Sanchez-Silva (J. M. Satrustegik euskeratua). Gómez Argitaldaria. Iruina.

 Argi bat iluntasunean, Xabier Gereño. Lur Editoriala. Donostia.

 Atano ta Estrada bertsolariak, Antonio Zavala. Auspoa. Tolosa.

 Atheka gaitzeko oihartzunak (erderazko itzulpenarekin), J. B. Daskonagerre. Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones. Donostia.

 Azkoitia'ko zenbait bertsolari, Antonio Zavala. Auspoa. Tolosa.

 Baserriko irabazbideak, Zabalegi Nekazari-eskola. Donostiako Aurrezki Kutxak argitaratua. Donostia.

 Batasunaren kutxa, Euskal Idazleen Elkarteak L. Mitxelenaren agintaritzapean hartutako erabakien gainean G. Arestik eta X. Kintanak moldatutako liburua. Lur Editoriala. Donostia.

 Bertrand Russellen azken iritziak, Eiharalarrek euskeraz emana. Irakur sail. Donostia.

 Biblia-ikasketa. Catequesis bíblica (Euskera - erdera), Anastasio Albisu eta Donato Arrinda. Gasteiz.

 Bidasoa aldeko bost bertsolari, Antonio Zavala. Auspoa. Tolosa.

 Bidean gora (olerkiak), Muniategi'tar Sabin. Bilbao.

 Biotz begietan, X. Lizardi. Itxaropena Argitaldaria. Zarautz.

 Bizi garratza - Mendu zaharrak (bi antzerki), Agustin Zubikarai. Irakur sail. Donostia.

 Bizkaiko dantzak (Euskera - erdera), Jose Luis Etxebarriak Sabin Larrearen laguntzarekin. La Editorial Vizcaína. Bilbao.

 Bizkaiko euskal idazleak, Mikel Zarate. Bilbao.

 Egaztien mundua, J. Dorst (J. M. Aranaldek euskeratua). «Margo-ederdun Enziklopedia», Timun Mas, S. A. Barcelona.

 Eguberri abestiak (bilduma). Edili. Donostia.

 Eguberri kantak (bilduma). «Jaunaren deia». Lazkano.

 Eskual alorretik (bilduma). «Ikas». Baiona.

 Españi'ko olerkariak euskeraz (II eta III aleak), Etxebarria'tar Juan Anjel-ek euskeratuak. Bilbao.

 Estelas funerarias del País Vasco (Erdera - euskera), José Miguel de Barandiaran. Txertoa. Donostia.

 Euskal esku-langintza (I eta II tomoak, euskeraz eta erderaz), Garmendia ta Larrañaga'tar Jon. Editorial Auñamendi. Donostia.

 Euskal kantak (bilduma), argitaratzailearen izenik gabe. 1970-eko maiatza.

 Euskal protestantismoa zer zen, Joanes Leizarraga. Lur. Donostia.

 Giza soiña, Goikoetxea'tar Iñaki. Euskerazaleak. Bilbao.

 Goierriko lorak, Inozentzio Olea. Auspoa. Tolosa.

 Gonzalve edo Ostatu betea, Elémir Bourges - P. Lafitte. Collection «Gure Herria». Baiona.

 Haur besoetakoa, Jon Mirande. Lur. Donostia.

 H gabeko umoria, Iñaki Linazasoro. «Kuliska Sorta». Itxaropena. Zarautz.

 Hunik arrats artean, Anjel Lertxundi. Lur. Donostia.

 Ibar ixillean, Antonio Valverde «Ayalde». S.G.E.P., S. A. Donostia.

 Ibiltze azkarraren mundua, C. Dollfus (Jose Luis Ansorenak euskeratua). «Margo Ederdun Enziklopedia». Timun Mas, S. A. Barcelona.

 Itxura-aldaketa, Franz Kafka (Xabier Kintanak euskeratua, Arantxa Urretavizcayaren hitzaurreaz). Lur. Donostia.

 Izartegia, R. Guillot (L. Dorronsorok euskeratua). «Margo Ederdun Enziklopedia», Timun Mas, S. A. Barcelona.

 Literatura eta kritika, Patri Urkizu. Lur. Donostia.

 Liturji goratzarreak, II, Etxebarria'tar Juan Anjelek lateratik euskeratua. Bilbao.

 Loiolako Iñigo (antzerkia), Arrizabalaga'tar K. M.. Zarautz.

 Mendebaleko ekonomiaren historia (Merkantilismotik 1914-era arte), R. Saizarbitoria, I. Sarasola eta A. Urretavizcaya. Lur. Donostia.

 Meza barria, Jose Domingo Ugartetxea. Markiñako Karmeldarrak.

 Noelak eta berze kanta espiritual berriak, Joannes Etcheberri. S. G. E. P., S. A.. Donostia.

 Peru Abarka, (Euskeraz eta erderazko itzulpenaz). Editorial «La Gran Enciclopedia Vasca». Bilbao.

 Pierre Topet-Etxahun (Barkoxe koblariaren bizitzea laburki), P. Lafitte. Editions «Herria». Baiona.

 Salbatore Mitxelena (bilduma), San Martin, Azurmendi, Txillardegi, Villasante, Torrealday, Etxaniz, Agirretxe, Lekuona, Schwob. «Jakin sorta». Arantzazu - Oñati.

 Soziologiaren hastapenak, Andoni Sagarna. Lur. Donostia.

 Sustrai bila, Larresoro. Irakur sail. Donostia.

 Xomorroen mundua, F. Lacroix (M. Iturbek euskeratua). «Margo Ederdun Enziklopedia», Timun Mas, S. A.. Barcelona.

 Zubeltzu ta Saikola bertsolariak, Antonio Zavala. Auspoa. Tolosa.

 Lurraren kondaira, Salbador Garmendia. Irakur sail. Donostia.


Kultur saiakerak

Euskal erdal liburuak

Mito zaharrei berriak darraizkie*. Orain urte batzuk, oso modan zegoen euskal gaietaz erdal liburuak argitaratzea, eta horri «Euskal» kultura deitzen zitzaion. Askok, ordea*. ba genekusan, hura* «Erdal» kultura eta bibliografia aberastea besterik ez zela, eta, Euskal Herriko gaietarako ere erdera erabiltzean, euskera bere gaztelu propioenetik ere zokoratzen zela, euskaldunon kaltetan eta erderen onetan.

Gazte talde bat, printzipalki «Jakin» aldizkariaren inguruan bildua*, euskal eta mundutar gai guztiak euskeraz idazten eta erabiltzen saiatu zen; eta, haren fruitu bezala, oraingo editorial berri guztiok sortu dira: Lur, Irakur Sail, Etor, Jakin... Gazteriak aurrerako pausoa eman zuen. Berauen oldarrez* iharrosirik* eta eraginda, ohizko* editorialek, batzuek behintzat, ordurarte erderaz soilki* publikatzen zutenek, aurpegira jaurtiki zitzaien gantea* altxatu dute, eta oraingoan, bizpahiru Pio Baroja gelditu arren, erderaz batera euskeraz ere jartzen dituzte textuak. Ongi adi bedi berau, hots*, lehenik erdal textua egin ohi da, eta gero euskal itzulpen narras* eta apal bat ondoan jarri, erderaren parean askoz ere pobre, urri, eskas eta teknikagabeagoa dena. Giro bera susma daiteke zenbait politika aldizkaritan ere.

Zergatik berau? Editorial etxe hoiek behin baino gehiagotan esan dute, ezin daitekeela euskeraz bakarrik publika, ekonomiaren kontrakoa baita*, irakurle eta erosle guti bailegoke*. Beraz, erderaz edo bitara argitaratu beharra dagoke*. Justifikazio horrek ez gaitu osorik betetzen. beste editorial batzuk euskeraz bizi baitaitezke*; baina utz dezagun kontu hau, eta sinets dezagun haien arrazoia, xehetasun handiagotan sartu gabe.

Dena dela, erdal liburu soilak* publikatzen diren artean, superluxozko itxuraz, gainera (uholdeek eta euriteek ustel* ez honda* ez ditzaten, editore jaun batek dioenez), ez ditugu hain gaizki ikusi behar, oraintsudanik erderaz eta euskeraz argitaratzen hasi diren editorialak.

Gainera, kasu batzuetan, euskal liburuen erdal itzulpena aldean jartzea justifikatuta egon daiteke. Liburu zahar batzuk (Etxepare, Axular...) oraingo mintzairatik nahiko urrun edo ezezagun zaizkigunak, irakurlearen probetxurako, argitu beharrezkoak dirateke*; eta, ohar batzuk aski* badira ere, ez dago hain gaizki erdal itzulpena. Poesiak ere, gai laburrak direlarik, bi hizkuntzatan jartzea barkakizun dateke*. Hemendik aurrera, ordea*, nobelak, teatro lanak edo saioak direnean, gauza ez dela hain barkagarri uste dut. Baina problema hau hain gaizkoatua* denez gero, ohar batzuk egin nahi ditut honetaz.

Gaizki deritzedala euskeraz eta erderaz datozen liburuei esan dut, eta beronen zergatia esplikatu behar dautzuet, gaizki aditurik gerta ez dadin.

Ez naiz ni «euskera jainko» beti birjina eta beti ederraren adoratzaile hoietako bat, euskera euskaldunen arteko komunikabide soil* bat besterik ez baita enetzat; baina, hori bai, euskera euskaldunon komunikabide jatorrena eta naturalena da, geure geurea duguna. Beraz*, euskaldunon kultura goratzeko, komunikabide honen trebetze eta goratzea lortu behar dugu, honetara euskal nortasunaren aurreramendua lortuaz. Haugatik bakarrik, eta ez besteak baino politago edo zoragarriago delako, ari* naiz beronen alde, Euskal Herriaren hizkuntza jator bakarra delakoan.

Ba dakigu, euskera gaitu, trebetu eta bizkortu behar dugula edozein kultur materiatarako, eta, gainera, berau posible dela. Filipinetako tagalog hizkuntzaz eta Afrikako beltzen hizkuntzez goi mailako kultura bat ematea posible bada, zergatik ez euskeraz?

Dena usadio- eta ofizialtasun-kontua da. Ofizialtasuna ez dago oraindik gure eskuetan. Usadio- eta trebetzeko saioak egitea, ordea*, bai; eta berau da, hain zuzen, editorial berri guztiek egiten dutena euskal eta Unibertsal kultura euskeraz ematean: kultura irakatsi eta bide batez hizkuntza moldatu eta egokitu.

Baina guztiok dakigu, neronek ez dut ukatzen behintzat, inguruko mundu ofizial guztia erderaz egotean, euskaldun guztiok erraztasun handiago dugula kultur gaiak erderaz irakurtzeko euskeraz baino, erderaz hizkuntza batua eginda baita* eta hitzak ongi ezagutzen ditugulako. Euskeraz, berriz, oraino ari* gara hizkuntza batzen eta kultur hitzak egokitzen. Hau dela ta, askotan, ohiturarik eta eskolarik ezaz, nekatu egiten gara kultur liburu bat euskeraz irakurtzean, buruz ahalegin haundiak egin behar baitugu haria ez galtzeko, eta zenbait* hitz oraino, zentzu horretan, sekula entzun edo ikusi ez dugulako.

Berau logikoa da. Kultur iraultza* bat da gurea ere arazo honetan. Erditzeko* puntu honetan nekeak eta minak sufritu behar ditugu; ba dakigu. Min hoik guztiok beharrezkoak zaizkigu, beroien ondoren gaindituko baitugu geure oraingo egoera larri hau.

Baina zer pasatzen da Erdal-Euskal liburu hoiekin? Ondoko orrialdean dagoen erdal textua (beti errazago, apainago eta zehatzagoa) eten gabeko tentazio bat da, eta maiz* askotan euskeraz irakurtzen hasten garen liburua erderaz bukatzen dugu, hirugarren edo laugarren orrialdetik hasita. Neroni bederen* sarritan gertatu zait.

Hala ere, ba daude beste modu batzuk, liburuak bi hizkuntzatan atera ahal izateko, honela editoreen ekonomia sakratua begiratuaz, eta euskal irakurleari hainbeste tentazio ez sartzeko; beti zerbait gelditu arren. Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones-ek argitaratu berri du Daskonagerreren «Atheka gaitzeko oihartzunak», hasieran osorik euskeraz eta bigarren partean osorik erderaz, bi liburu balira bezala. Muñoyerro jaunak ere (Munitibar ezizenaz firmatzen ohi duenak) are* modu orijinalago batez publikatu zuen «En la luna también se habla vascuence» eta lagun batek egin zion euskal itzulpena «Ilargian ere euskeraz». Liburuaren alde bakoitzetik ipuina hizkuntza batez hasten zen, itzulpena ikusteko liburu osoa bueltatu beharra egonaz, honela euskal irakurleari tentazio gutiago sartuaz. Baina zoritxarrez ez dira honela gehienak publikatzen, elkarren ondoko itzulpenaz baizik, honetara, «euskera jainkoari» teoriaz berea eman arren, inork kasurik ez egiteko paradan* jarriaz.

Are* lan txarragoak ikusi ditugu arlo honetan, hala nola, aspaldi ez dela, Bizkaiko editorial batek argitaratu duen «Peru Abarka», orri berean bi lerrotan euskera eta erdera jarriaz. Dudatu gabe, irakurleari, kontura etorri gabe, begiak erderazko textura joanen zaizkio.

Zertarako, bada, honelako «Euskal» liburuak? «Euskera jainkoaren» aurrean justifikatuak izateko? Abertzale dei* gaitzaten ote? Gazteen kritika maliziatiak ez biltzeko agian*?

Praktikan, dena dela, horrelako liburuak (erdera euskeragandik urrun ez dutenak behintzat) erderaz bakarrik publikatuak balira bezala ditugu. Noiz arte? Eta noiz hasiko dira, horrelako liburu askotan, lehenik euskal textua egin eta horretatik erdal itzulpena egiten? Zeren* orain arteko askotan argiro agertzen baita*, euskal textua halako itzulpen txar eta eskas bat besterik ez dela, konplitzeagatik jarrita.

TRAUKO

daude, dagoz

deritzet, deritxoet (erixten deutset)

dezagun, daigun

ditzaten, daiezan

gaitzaten, gaiezan

genekusan, genkusan (ikusten genduan)

zait, jat

zaizkigu, jakuz

zaizkio, jakoz

zion, eutson

zitzaien, jaken

zitzaion, jakon


Ikasi zeure hizkuntza

Hiztegia

Imanol Berriatuak

Ale honetan izartxo bategaz agertzen diren berbak

ABELGORRI, ganado vacuno.

ADIN, edade.

AGIAN, acaso, probablemente.

AHULDU, makaldu.

AINA, beste, bezainbat.

ALBISTE, berri, noticia.

ALEGIA, es decir, esto es.

ALOKATU, arrendar.

ALOR, arlo.

ARAUERA, según, conforme.

ARE, oraindino.

ARI IZAN, jardun.

ARITU, ari izan, jardun.

ARTALE, arto ale, grano de maíz.

ASKI, nahiko.

AT, kanpoan, fuera.

AZTARREN, rastro.

BAILEGOKE, bait legoke, legoke ta.

BAITA, bait da, da ta.

BAITAITEZKE, bait daitezke, daitekez eta.

BALDIN, kondizioa indartzeko berba.

BEDEREN, behintzat, behinik behin.

BEHAR, lan.

BEHARGIN, langile.

BEHINEN, primario.

BERAIEK, eurek.

BERAZ, hori dala ta, por consiguiente.

BILDU, batu.

BOLADA, unada, período de tiempo.

BULEGO, oficina.

DAGOKE, dago nonbait, debe de haber.

DAKIKEZUE, dakizue nonbait, jakingo dozue.

DARAMATE, daroe.

DARRAIZKIE, jarraitzen zaizkie (jakez).

DATEKE, da nonbait, dala uste dot.

DEI, deitu.

DEZAGUT, ezagutzen dot.

DIRATEKE, dira nonbait, parece que son.

EGINEN, egingo.

EI, omen.

ELIKATU, alimentar.

EPE, plazo.

ERABAT, guztiz, completamente.

ERAKUNDE, institución, estructura.

ERDITU, parir (ikus «Sustrai Bila», 101. orrialdea).

ERORI, jausi.

ERRO, sustrai.

ESKUALDE, comarca.

ESTOLDA, alcantarilla, égout.

ETSI, desistir, perder la esperanza.

ETSITZEKE, etsi gabe, sin desistir, sin cejar.

FADURA, marisma.

FROGATU, probar, demostrar.

GAIZKOATU, agravarse, empeorar.

GANTE, guante.

GERTAKARI, gertaera, jazoera, suceso.

HAGE, viga.

HALABER, berdin, igualmente.

HARAN, valle.

HARENBATEN, nonbait, agian, aurki, hurrean.

HARTZEKE, hartu gabe.

HASTAPEN, hasiera.

HAUR, ume.

HAUTATU, aukeratu, elegir.

HAZKUNTZA, acción de criar.

HEDATU, extenderse.

HELBURU, fin, objetivo.

HERRIALDE, provincia.

HERTSI, hestu.

HEZIERA, educación.

HEZIKETA, educación.

HONDA, hondatu.

HOTS, a saber.

HURA, ha.

HURBIL, hurre.

HURIGINTZA, planificación urbana.

IGANDE, domeka.

IHARROSI, sacudir.

INGINADORE, ingeniero.

INKESTA, encuesta.

IRAGAN, igaro, pasatu.

IRAINDU, injuriar.

IRAULTZA, revolución.

IRITXI, heldu.

ISTRIPU, accidente.

ITAUNDU, galdetu.

IZANEN, izango.

JOSTAILU, juguete.

KATAMIXAR, ardilla, écureuil.

KAZETARI, periodista.

KIROLA, deporte.

LARREGI, gehiegi.

LARUNBAT, zapatu.

LEGAZALE, merlucero.

LEGETXE, letxe, bezalaxe.

LEGEZ, lez, bezala.

LOT, lotu, dedicarse, limitarse.

MAIZ, sarri.

MAMITU, mamindu.

MEA, mineral.

MEATOKI, mina.

MENDE, siglo.

METALENGOAIA, metalenguaje.

MUNA, terreno elevado.

NABARI, notorio.

NABARMENDU, distinguirse, destacarse.

NARRAS, desaliñado, negligé.

NEKATZEKE, nekatu gabe.

NOLABAIT, zelanbait, zelan edo halan.

OHAR, konturatu.

OHIZKO, orainarteko, habitual.

OLA, fábrica.

OLDAR, ímpetu, empuje.

OMEN, ei.

ORDEA, baina, berriz.

OSTERA, ordea, berriz.

OSTERANTZEAN, bestela.

PARADA, ocasión.

POZARREN, pozik.

SERORA, hermana religiosa, sor.

SOIL, puro, simple, mero.

SOILKI, pura y simplemente.

TXOLINDU, ponerse alegrillo.

UDAL, ayuntamiento.

UDALETXE, casa consistorial.

UHIN, olatu.

UKAN, euki.

UKANEN, ukango, eukiko.

UNADA, bolada, período de tiempo.

UNTZE, iltze.

URTARRIL, enero.

USTEL, usteldu.

UZTA, cosecha.

UZTAIL, julio.

XEHETASUN, detalle.

XUME, txiki.

ZAIL, gatx.

ZENBAIT, batzuk.

ZEREN, ze, pues.

ZUZI, tea, antorcha.


Euskal editorialen koordinatze beharra

Zorionean, azken bolada* honetan, udaberriko perretxikoen antzera, euskal editorial gazte eta dinamiko batzuk sortu zaizkigu. Itxaropenak eta Auspoak, egia da, lan balioso bat egin dute nolabait* orain arte; baina haien lanak hutsunearen zati bat besterik ez zuen tapatzen. Euskal literaturaren zuzia* ez zen itzali, haiei esker; baina, bestela ezinean, sua nahiko ahulduta* zegoen.

Alde batetik bertsolariak, poesiak, ipuinak eta nobela kostunbristak oso ederki egon zitezkeen sasoi baterako; baina oraingoan haize berriak behar genituen.

Orain, zorionean, bost editorial ditugu gutienez, izenez behintzat, halako periodikotasun batez publikatzen hasi edo hasteko direnak: Lur, Irakur Sail, Sociedad Guipuzcoana de Ediciones y Publicaciones, Etor eta Jakin. Neronek, berrien artean, ez dezagut* besterik. Barka biezadate, beraz*, baten bat aipatu gabe utzi badut. Guztiotatik uzta* ederra espero daiteke, dudarik ez.

Zer publikatuko, baina? Euskal kulturaren alorra* ia birjina eta urratu gabea da oraino; dena, edo ia dena, egiteko baitago. Gure aurreko jaun mitifikatu askori esker, beraiek* euskal kulturaz erderaz idatzi zutelako, ez unibertsal kultura bakarrik, baizik eta euskal kultura ere euskeratu beharrez gaude. Hau lana!

Hastapenetan gaude, hasieran. Zer egin, ordea*? Neronek uste dudanez, bi zeregin dira une honetan printzipalenak. Bata euskal gaiak, hortik sakabanatuta daudenak (Historia, Linguistika, Etnologia, Geografia, Literatura, Ekonomia, Musika, Erlijioa, Estetika...), euskeraz itzuli eta laburpen sakonetan argitara eman, honela euskeraz Euskal Herriko bibliografia bat egon dadin, modu honetara, euskal gaietarako, erderapeko morrontza galduaz. Liburu hauetan kulturazko hiztegia (metalengoaia*) ongi finkaturik letorke, eta, liburu hauk oinarritzat hartuta, berehalaxe atera litezke ikastoletarako laburpen erraxagoak.

Bigarren zeregina munduko kultur gai inportanteenak, hastapenak* gisa, publikatzea lizateke (Munduko zibilizazioen Historia, Geografia, Etnologia, Literatura, Psikologia, Ekonomia, Astronomia, Eboluzionismoa, Filosofia, Politika, Biologia, Matematika, Munduko erlijioen Historia, Kimika, Fisika...). Liburu guztiotan teknikarako hitzak ongi finkatuko lirateke, ordutik aurrera denok metalengoaia* tekniko hori modu berean erabil dezagun.

Aipaturiko zeregin biok hasiera hasierakoak lirateke, oinarrizko gai hauen ondoren, bestelako liburu guztiak ateraz. Materia guztiotako autore klasikoen lan printzipalak (Darwin, Marx, Engels, Freud, Teilhard, Russell, Malinowski, Saussure, eta abar) osorik edo zatika itzuli beharra dago. Honez gain, munduko literatura aberatsenetako klasikorik hoberenak edo nabarienak* apurka apurka euskeratzen ari* beharko genuke, hala nola: Shakespeare, Dante, Cervantes, Molière, Goethe, Dostoievski, Tolstoi, Zola..., eta bai gaztetxoentzako klasikoak ere (Verne...), honetarako itzultzaile profesional eta konpetente talde bat sorteraziaz.

Kultura jeneralezko obrak egiterakoan, ez da amateurismo batean erori* behar, Mediterraneoa berriro topatu nahiz. Beste hizkuntzetan dauden lanik hoberenetatik (ingeles, frantses, aleman edo errusotik) mamia hartu behar dugu, batere lotsarik gabe. Kultur gaietan ez dugu horrelako piratakerien beldur izan behar, gose denak lapurtzean lotsarik ez duen bezalaxe.

Azkenez, oinarrizko kultura hau lortuta gero, lan orijinalak, estudioak, saioak, literatura eta abar argitaratuko lirateke, euskeraz eginak, editorial bakoitzaren gustuen arauera*.

Baina, gauden memento honetan ere, lan banaketa bat egin behar da, editorial bakoitza atal konkretu batzuei lot* dakien, elkarri alferreko konpetentziarik egin gabe. Guztiontzako lana dagoenez gero, editorial arteko burruka honetatik Herria aterako lizateke galtzaile bakarra, eta ez inor besterik.

Konkurrentzia beharrezkoa da, bai. Baina horretarako daude prezioak, presentazio modua, itzulpen balioak eta abar. Oraingoz aski* dateke* berau, konkurrentzia zintzo baterako.

Beraz*, ene eritziz, editorial guztiek elkartu beharra dadukate eta programatze koordinatu bat egin, bi editorial batera lan bera egiten edo itzultzen aritzea* gerta ez dadin inoiz. Eta koordinazio hau egitea oso erraza eta posiblea dateke*.

Bestalde, antza denez, editorial hauetarik batzuek honez gero atal determinatu bati jo diote begia. Sociedad Guipuzcoana de Publicaciones-ek, kasu, euskal literatura klasikoaren atala hautatu* duela dirudi. Lur-ek sozial gaiak hartuko omen* ditu, eta bai halaber* Etor-ek. Irakur Sail-en programa interesgarria ikusita gero, ba dirudi, beronek, besteen espezializazio gehiegiaren kausaz, denetariko lanak argitaratu behar dituzkeela. Jakin-en programa ez da oraino ezagutzen. Dakusagunez, orain ere ez da batere konpetentziarik liburuen gaiaz; baina ba dira, ordea, atal oso ezberdinki banatu batzuk. Zergatik ez dira editorial guztiak biltzen*, oinarrizko programa bat egin, eta, hori bete arte, denek batera jokatu? Oso erraza lizateke, bat literatura klasikoan espezializatzea, bat Euskal Herriko kulturan, beste bi unibertsal kulturan eta bostgarrena klasikoen itzulpenetan, literatur saila hartuta. Edo, bestela, editorial bakoitzari halako proportzio bat eman gai bakoitzetik, programak ugariagoak daitezen.

Koordinatze hau eginez gero, agian* urte batez besteko lizateke gure oinarrizko kultur hutsunea, eta gauzak hobeki lihoazke ordutik aurrerantzean. Eta berau ez da hain lan zaila*, zeren*, honez gero, munduko klasiko askoren itzulpenak (ikus San Martinen «Escritores euskéricos») eginda baitaude, eta bai Politika, Soziologia, Ekonomia, Filosofia, Linguistika, Geologia, Eboluzionismo eta beste honelako materiazko lan batzuk, zenbait* argitaratuta eta beste batzuk argitaratzeko prest.

Bestelakorik frogatzen* ez dautaten artean, guztien borondate onean sinesten dut; eta borondate ona da, hain zuzen, honetarako behar den bakarra. Elkar gaitezen bai Ez ote dakusagu, ikastolak eta alfabetatze eta kulturatze taldeak gure premian daudela? Ea ba!

XABIER KINTANA

biezadate, beiste

dadukate, dauke

dakien, dakioen

dakusagu, dakusgu (ikusten dogu)

daude, dagoz

dautate, deuste

dezagun, daigun

diote, deutsoe

gaude, gagoz

lihoazke, leioakez (joango lirateke)

litezke, leitekez

zaizkigu, jakuz

zitezkeen, eitekezen