ANAITASUNA

Año I — Núm. 2

Suplemento a la Hoja "ANAITASUNA" de Guipúzcoa

Julio-Agosto 1953


Gure itxasoa

Ze ederrak direan gure itxaso bazterrak! Ikusi dozu iñoiz, udabarriko arratsalde eder baten, Mundakatik Pedernalesera zatozala, Laidako plaiea? Axe bai ikuskizun miragarria: urrezko area, esmeraldazko itxasoa, diamantezko eguzkia, zidarrezko ibaia, ta edertasun guzti ori jagoten Izaro islea!

Zoragarria da, izan be, gure itxasaldea! Orra or Biarritz, Donibane Lohitzun, Donostia, Zarautz, Deba, Lekeitio, Laga, Laida, Txatxarramendi, Bakio, Gorliz, Areta.

Edertasun guzti ori geuretzat, bere semeontzat egin deusku Jainkoak. Pozik biziteko. Osasuna eukiteko. Gorputzari deskantsu emoteko. Gero bizkorrago lan egiteko. Zeruko Aitari gure maitasun eta esker ona erakusteko.

Orrexegaitik, plaiak iñor barik ederrak badira, Jainkoaren semez beterik, oraindiño ederrago. «Goratu daigun Jainkoa gure anai eguzkiagaitik, ain indartsu egin ebalako. Goratu daigun Jainkoa gure anai itxasoagaitik, ain eder eta atsegingarri egin euskulako». Olantxe kantauko leuke gaur-bere Frantziskok, Asisko poeta miragarriak.

Auxe erakusten deusku erlegiñoak. Ze gozoa dan olan kristiñau bizitzea! Guztiok —baita kristiñau otzak eurak-be— sentietan dogu gure barruan olako kristiñau bizitzearen edertasuna. Orrexegaitik gura dogu gure plaiak garbiak eta lotsazkoak izan daitezan. Ez Frantziako Cannes eta Niza'koen antzekoak. Lotsea zor deutsagu gure gorputzari ta iñorenari, Jainkoaren bizitokia da-ta. Lotsea zor deutsegu gure umeeri, euren arimak Jainkoaren garbitasunaren ispilluak dira-ta. Lotsea jaioterriari, gure oitura ta ekandu onak zikinduteko ez gara jaio-ta.

Orretarako, lan egin daigun guztiok batera. Domeka goizean, eleizan euki dogun batasuna erakutsi daigun arratsaldean itxasertzean. Batasun onek emongo deusku indarra. Euki daigun gure kristiñautasunaren konzentzia. Guztiok daukogu arazo onetan erantzunbear aundia. Eta batasun au eratuteko, or dogu zuzendaria: gure Obispo Jauna, gure Artzaiña.

Alan bearrez, oraintsu eskatu deusku Berak plaietan kristiñauak-lez ibilteko, eta ekandu garbien alde Jainkoari otoitz egiteko. Orretarako, irakurri Orri onen irugarren pagiñan Errosario ostean esan zeinkean otoitza.

Gure buruakaitik, gure umeakaitik, gure jaioterriagaitik, gure Jainkoagaitik kristiñautu daiguzan gure plaia ederrak!


Esaidazu!

Gure erlegiñoko gauzak direala ta ez direala, duda asko etorten yataz burura. Ondo jakin gura neuke kristiñau fedeak irakasten deustana. Orretarako, lagunduko leuskit Berorrek, Jauna?

Oba ez! Pozik ganera! Zuk diñostazun-lez, noizean bein, txitean pitean, alako ezeteda baieteda batzuk erabilten doguz barruan, eta poztu egiten gara geure duderi erantzuteko kapaz gareala ikustean. Baiña, zoritxarrez, sarri askotan ez gara gauza izaten gure ezbaieri artez erantzuteko.

ANAITASUNA eleizorri onetantxe lagunduko deutsut arazo orretan. Neu izango nozu maixu. Eta batetik bestera ez ibiltearren, eta probetxu geiago atarateko, arlo oso bat artuko dogu ikasgei, eta antxe jardungo dogu amaitu arte, Asteko, Sakramentuen Dotriñea estudiauko dogu.

Ba dakizu Sakramentuak zer direan? Meza santua zer dan? Onelako preguntatxu batzuk egingo deutsudaz pagiña onetan, zeuk al dozun-lez erantzuteko. Gero, azkeneko pagiñan irakurri an dagozan erantzunak, eta ikusi zeureakaz ondo datozan ala ez. Amarretik zortzi artez erantzuten badozuz, orduan Bikaiña izango zara (erderaz Sobresaliente). Sei edo zazpi erantzun ezkero, Aurreratua (erderaz Notable). Lau baiño erantzuten ez badozuz, Egokia (erderaz Aprobado). Lautik bera erantzun ezketiño, Atzeratua (erderaz Suspenso).

Gure artean amaika bidar sortzen dira diskusiñoak erlegiñoaren ganean, eta makiña bat bidar izaten dabe katolikuak ixillik egon bearra, ez errazoirik falta yakelako, errazoia zelan agertu ez dakielako baiño.

Iñogaz eztabaidan sartu bear dozunerako, irakurri erantzunak bein ta barriro; iru ta lau bidar ondo irakurri, arik-eta buruz ikasi arte. Bein ondo ikasi ezkero, errez izango yatzu laguneri irakastea. Diskusiñoa Círculo de Estudios baten balitz, ondo litzateke Abade Jaun bat antxe egotea (edo arazo onetan ondo ikasia dan bat), eztabaidak zuzendu ta erabagi artezak atara daizan.

Ona emen lenengo iru itauneak:


Ba dakizu...?

Sakramentuak

1.—Sakramentuak zer dira?

2.—Ba ete dauko Eleizeak, Jesukristoren izenean Sakramentu barriak egiteko eskubiderik?

3.—Ni katoliku ona naz; baña ez dakit zegaitik siñestu bear dodan Sakramentuak zazpi direana, ez geiago ez gitxiago. Egia esateko, nik ez dot ori siñestuten. Ez diño iñun Eskritura Santuak zazpi direanik.

Zuzen nago? Oker nago?

Erdi zuzen? Erdi oker?

(Beste zazpi preguntak, urrengorako)


Olgetan-benetan

— Txo, Patxi Alper! Zenbat egunetan emongo zeunskio munduari bueltea?

— Egun baten.

— Egun baten? Ez da oraindiño olakorik ikusi.

— Bai gizona! Lurraren ganean asto baten-lez jezarriko nintzateke, ta arre! Munduak egunero buelta bat emoten badau, ezin neike neuk-be beragaz emon ala?

***

Mendi tontor baten, sasi orriak jaten egoan auntz bat. Inguruan ebillen-leoi batek ikusi ebanean, «Gaurba yaukaat betekada galanta» esaten eban pozarren bere artean. Joan zan ba leoia auntza egoan-lekura; baiña bertaraiño ezin eldu.

— Ator ona bera —diñotso leoiak. Bedar obea dona emen. Erdu, lagun maitea; erdu ainbat ariñen. Ez az damutuko.

Baiña auntzak, leoiaren guzurra ta gosea igarrita,

— Eskerrik asko, leoi arduratsua —erantzun eutsan. Benetan gero! Egon-be, bedar ona yagok or bean. Laster joango nok, baiña ez i or agoan bitartean.

Ikasi leziñoa: ez siñestu beti adiskide antza daukenen berbeari, askotan euren ederragaitik baiño ez dabe egiten-eta.

***

Nunbaiteko erri baten, amar-amabost mutil gazte joaten ei zirean gau eskolara. Maixu gizajoak, bere irurogetamar urtegaz,, ez eban gauza aundirik ikusten.

Gau baten, maixuaren kontura barre egin bear ebela-ta, eskolan asto bat sartzea otu yaken mutileri.

Maixuak bere aurrean astoa ikusi ebanean, zer zan igarri barik,

— I, jezarri adi mesedez—esan eutsan astoari— eure lagunen ondoan.


Kristiñau ekanduak, garbi gordetako otoitza

Jesukristo, gure Jauna, zeuk imiñi zenduan gure eskuetan oraziñoaren indarra, eta zeuk gura izan zenduan, arimak salbetako, beste edozegaz baiño lenago, oraziñoagaz baliatu geintezala; gu salbetearren ixuri zenduan-odolagaitik, humiltasunez beterik eskatuten deutsugu gure erria, arren, jagon daizula kristiñau erlegiñoaren arerioak gure kalterako zabaldu daben nasaikeri ta lizunkeri uioletik.

Gure artean ez daiteala iñor jausi zure maldeziño ikaragarri aren azpian: "Zorigaiztokoa, eskandalua dakarrena!". Emon gure andra-gizoneri gaztediaren modelu ta jarraibide izateko adorea; emon kristiñau gurasoeri euren umeak ontasunean azteko argia; sendotu gure gazteak pekatuaren zirikaldien kontra; gorde zuri ta garbi gure umeen arimak. Amen.

Andra Maria, guztiz garbia, librau eizu, arren, loikeri ta nabarmenkeritik Espaiñiko Erria.

(Bilboko Obispo Jaunaren erreguz, uda denporan Errosario ostean esateko)


Jakin ba...

1.—Sakramentuak auxe dira: Jesukristo gure Jaunak, bere grazia ta birtuteak guri emoteko imiñi zituan ezaugarri agiriak. Jesukristo da Sakramentuen Egillea. Sakramentuak, seiñale sentigarriak dira: Ikusi, entzun, gustau nai ikutu leitekezanak. Grazia adierazo ta emoteko dira.

2.—Ez. Eleizeak ez dauko Sakramentuak geitu nai gitxituteko eskubiderik. Jainkoak bakarrik emon leikio gauza sentigarri bateri —esate baterako, ikusi, gustau eta ikutu leitekean bateoko urari— grazia emoteko doia. Orregaitik, Jesukristok jarri zituan Sakramentuak zazpi izan dira Eleizearen asieratik, eta zazpi izango azkeneraiño, Trento'ko Batzar Santuak erabagi eban-legez.

3.—Erdi oker, erdi zuzen. Onelako gauza bat diñoana, ez da katoliku ona. Obeto esateko, hereje bat da. Orraitiño, ez dago oker, Sakramentuak zazpi direala Eskritura Santuan erakusten ez dala diñoanean. Baiña, ez uste Eleizearen irakaspenak Eskritura Santuan bakarrik dagozana. Protestanteak orixe diñoe. Jesukristok Apostolueri, Apostoluak Eleizeari, Eleizeak guri irakatsita dakiguz fedeko beste egi asko.


Or, an, emen

Colombia.—Manizales deritxon urian izan da aurtemein Ameriketako Lugiñen Lenengo Kongresu Katolikua. Labrantzan lan egiten dabenen bizimodua obetutea, orixe izan da Kongresuaren asmoa. Olako batzarren bat bear leukee gure nekezaleak-be, baserriko erlegiñozko ta kulturazko problema barriak estudietako.

Frantzia.—Frantziako labrantza erriak, berrogetamar urtetik ona ia danak kristiñau fedea erdi galdu egin dabe. Labrantza erriok egokera errukarri orretatik atarateko, Baserri Misiñolarien Institutoa sortu da. Instituto orretako Frailleak labrantza errietan bakarrik jarduten dabe. Aurten da euren amar urtebetegarrena. Ori dala-ta, gure oraziñoak eskatuten deuskuez. Otoitz egin daigun euren alde ta Frantziako baserritarren alde. Eta guri ez dakigula jazo eureri pasau yakena.

Naparroa.—Pasau dan garizimako gau baten, bi milla napar mutil gazte joan zirean pelegriñaziñoan Jabierko Gaztelura. Bederatzi kilometro azkenak oiñez, otoitzean eta Kalbarioak errezetan, egin zituen. Ara eldurikoan, danak meza entzun eta jaunartu eben.