ANAITASUNA

BIZKAIA

192 zenb. 1970, • Uztailak 30

Apartado 17 • GALDAKANO


ANAITASUNA

BIZKAIA, Amabosterokoa, 13

Zuzendaria: Angel Celayeta Guisasola.

Jabea: Kantauriko Frantzizkotar Irugarrendarrak, Durangon, Intxaurrondo, 3.

Idazkola ta banakola: Bengoetxe, 33-b. Galdakano. Tel. 396 eta 397.

XVIII-gn. urtea. 192 zenb. 1970, Uztailak 30.

D. L. Bi. 1.753-1967.

Inprimatzen dau: Imprenta IDEAL-ek, Galdakanon, Bengoetxe, 70.

Irartzen dau: RALI.


"Papillon" literatura

 Amerikan asi zan, Jendeak droga-zaleen, ganster frakasatuen eta zelan-nahiko asozialen «aitortzak» gogotik irakurtzen zituala ohartu* ziran argitarazleak. Fenomenu honen aitzindariak, halan be, aspaldi abiatu ziran literatur gisa honekin: E. A. Poe, edo F. Villon aipatu geinkez, eta «olatu barria» deritxon taldekoak, Frantzian eta Inglaterran («gazte garratzak») batez be. Eta Amerikatik bueltan sartu jaku ostera be Europan olatu hau, indar barri ta modu arrigarri bategaz oraingoan. «Papillon» fenomenua deritxoe honeri kritikalari frantsesak, eta galeoteen literatura dala esan leiteke. Literatura hau erromantizismoaren eta naturalismoaren artean lotzen da; eta batez be prosan emon dau literatur gisa honek bere udabarria. Amerikan lirika ugari sortzen be ausartu* da: drogaren edo alkoholaren zorabioko ateraldi ta bururazinoak dokumentalki azalduaz burututako poematxoakaz. Agiri danez, «Ana Frank-en egunkaria» ta preso-zelai ta gas-ganbaretako judeguen oroitzapen-literatura be gaurko «Papillon literaturaren» bidea urratzen etorri dira.

Kriminalen eta gaizkinen literatura da gaurko hau: ezbeharren edo krimenen bategaitik gizartearen aurka joan eta gizarteak zigortu egin dituanen «oroitzapen» edo memoriak, gehienetan. Literatura guzti honen ezaugarri jakina, kartzela edo espetxearen deskribizinoa da, idazle bakoitzak bere modura egindakoa. Eta formaren aldetiko bitxitasunik nabarmenena, bertan erabiltzen dan izkuntza moldea da: «bizioaren izkuntza» bezala adierazo dau A. Boudard-ek berea. Eta beti be izkuntza gogorra, zakarra, kriminalen artekoa erabiltzen dabe liburuok. Jean Genet-en izkuntza moldea be «satanismo» legez ezagutzen da.

«Papillon», izan be, ez dator lehenengo. Beste Autore askoren arteko bat gehiago da sail honetan; eta H. Charrière da bere egiazko izena. «Papillon» (euskeraz, tximeleta, mariposa) liburuaren izena da, eta protagonistaren izenordekoa. Cayenne-ko preso baten pasadizuak kontatzen ditu liburu honek: egin bako ilketa bategaitik espetxeratu ebenetik iges egitea lortu arte amabi urte ta 500 orrialdeko bide gaitza. Seguru asko, gudu ostean Europan gehien saldutako liburua izango da «Papillon».

Western eta polizia-nobelen aldean merezimendu apartekoak dakaz molde barri honek literaturara, dudarik bage*.

Sozial-kritikazko literaturaren baitan*, batez be: batetik, ideologiarik ozta-ozta bape bakoak, eta bestetik, aitortza historiku bizituak eta ikaragarriro gordinak diralako. «Klitxe» ta topiko larregitsu aurkitzen da liburu honeetan; halan be, oraindino: gaizkinaren gizatasun ona, legezainaren (polizgizon, juez, eta beste enparaduen*) zitalkeria; «gaiztoen» berezko ontasuna, «onen» bihotz bakokeria, etc. Gaiztoak ez dira sekula gaizto, zorigaiztokoak baino.

Molde edo joera (ta jadanik* moda) honen erakuspide aipagarrienak Frantziakoak iruditzen jakuz: Alphonse Boudard, «La Cerise» («Zoritxarra») nobelagaz Saint-Beuve sariaren irabazlea. Anne Huré, bere «Les deux Moniales» («Monja biak»: Goncourt sarirako autatua*) eta «En Prison» liburuakaz. A. Huré monja beneditanea izan zan; baina fedea galdu eta komentutik alde egin eban, eta, lapurreta batzuk egin ondoren, kartzelan amaitu eban. Albertine Sarrazin aipatuko dogu azkenik, bere gaztezaroa «La Traversière» nobelan biluz biluzik erakutsi deuskuna. Beste Autore gehiago be da dago: F. Trignolet, A. Le Breton, A. Bastiani aipatu leitekez oraindino. Autore guztion obrak autobiografikuak dira, eta, idealizazinoaren ikuskeragaz idatzita egon arren, naturalismo bizi biziagaz egindakoak dira.

«Gizarte asetuaren» sistemak ondo funtzionatzen dau: ederto pagatzen dau minik egiten ez dauan autokritika.

Jose Azurmendi


Erriz erri

Barakaldo

Barakaldo da nire erria. "Baracardo" deitzen deutsoe bertoko kanpotarrak. Ez dakit, zorionez ala zoritxarrez ote dan. Barakaldo orrialde honeetan agertzeak arritu egingo zaitue beharbada. Nik uste dot, ba dala agertzeko sasoia.

Barakaldok entzute txarra dauka euskaldunen artean. Zegaitik? Nor da errudunik aundiena? Nire eritxia hauxe dozue: Holan jarraitzen badogu, Bizkaiko erririk gehienak Barakaldoren antzekoak izango dira. Nahi ta nahi ez.

Barakaldo Bizkaiko erririk aundiena da, Bilboren atzetik. 125.000 bizilagun edo eukiko ditu. Estu-zabalean be ez da txikarrena. Bere barrutian dago Ganekogorta mendiaren gailurra. Baita Zamaia, Apuko, Argalario eta Arroletza bere. Basoak ugari, pinudiak batez bere. Eta baita lau zingira* be.

Barakaldo, Enkartazinoetan egon arren, antzina Uribe Merindadekoa zan. XIV-garren mendean* urten eban Merindade haretatik. Izan be, bere bizimodua, bere izakera, Enkartazinotarra izan da beti. Hala ta guztiz bere, Enkartazinoetako errietatik azkena izan da euskerea galtzen. Joan dan mendean* be euskeraz egiten zan hemen.

Denbora hatan, Barakaldo baserri erri bat zan, Bizkaiko gehienak bezala. 3.000 bizilagun eskas zituan. Baina, orduan be, erri aberatsa zan. Barakaldoko barazkiak* eta txakolina entzute aundikoak ziran. Ez ahaztu, bere gaurko izena be antzinako "baratzalde" izenetik datorkiola, gehienen eritxiz. Beste batzuek "ibarrakaldu"-tik datorrela dinoe.

Joan Mari Mendizabal

(euskaldun barria)

Muxika

Petra Etxeandia irakaslea Muxikako Areatzara etorri zaneko zidar* ezteiak* ospatu dira uztailaren* 5-ean.

Goizeko 11-tan mezea. Meza bitartean —sarreran, eskaintzerakoan eta komunino ostean— plazan kantatzea galerazo jaken bertsolariak abestu eben. Ondo ikusia dago, elizan be bertsoa ez dala txarto jausten. Entzuten egozanak, euren arretaz eta negar malkoakaz baieztu eben nik dinodana. Bertsolari guztiak Areatzatarrak: Balentin eta Abel Enbeita, Jon Lopategi, Kepa Ortuzar ("Iturri") ta Jesus Mari Deunoro Sarduy.

Mezea ta itzaldia Ibarruriko parroko jaun Txominek egin zituan. Bai itzaldi jakingarria! Ostean, Gernika ta Areatzako ezpatadantzariak nahaste zirala, desafio, banako, binako, makila-ezpata ta zahagi dantza. Neskatillak, ostera, danak Areatzatarrak, arku, zinta ta sagar dantza. Guztiak atsegingarri.

Gero gaztetxoen antzerkia: "Aingirakumak". Ez dakit norena dan, baina Agustin Zubikarairena izan leitekela uste dot. Dotore, eroso, nortasunez jantzita urten eban ekitaldiak.

Ondoren, irakasleagaz ikastolara ibili diran guztiak, bardin ordaindutako "zu ta ni" zidarrezko bat emon jakon, auzune guztiaren aurrean, egunaren oroigarri ta egin dauan lanaren ezaugarri.

Petra irakasleak, itz bihotz-unkigarri ta samurrekin erantzun eban, guztiei eskerrak emonaz. Gero, euskaldunok beti ohi* dogun eran, ordu biak inguruan, Gernikako "Taberna Vasca"-n auzune osoa jaten. Ehun baino gehiago. Etorri ez zana, ez zan nahi ez ebalako, ezin ebalako baino. Bazkalostean, bertso, kantu, ipuin eta dantza egin ondoren, azkena emon geuntsan hain egun eder eta gomutagarriari. Zorionak, Doña Petra. Eta joan dan igandeko* jaia, aurrerantzean be orainarte legez jarraitzeko indarra ta adorea emoteko izan jatzulakoan gelditzen da zure ikasle.

Deunoro

Bilbo

Aita Arrupe

Aurreko baten esan genduan, Aita Arrupe Euskalerrira etorri zanean, ez ebala euskerarik erabili. Orain jakin dogu, gutxienez birritan erabili ebala. Baten, Bilbora etorri zanean, egunkarietara* bidaldutako agur batean. Bigarrenez, Loiolan egindako itzaldi batean.

12 Arrietatik

"Gerediaga" elkartearen Batzar Nagusia

Uztailaren* 5-ean egin zan Iorretan Gerediaga alkartekoen batzar nagusia.

Goizeko amar t'erdietan meza errikoia, eskualdeko* kantari taldeak abestua. Meza ostean, euskal abesti saio labur bat. Honekin amaitu zan alkartekoak ez ziranentzat goizeko egitaraua*. Ondoren, asiera emon jakon batzar nagusiari.

40 bat bazkide bakarrik bildu* ziran. Eguraldiak batzarrera baino, basora ta ondartzara gehiago bultzatzen eban. V. Lasuen lehendakariak danen izenean agurtu zituan bilduak, eta idazkariak* aurreko batzarreko agiria irakurri eban, gehienbat onartua izan zana.

Diruzainak kutxako gorabeherak azaldu euskuzan, bertako diru urritasuna erakutsiaz. Errietako ordezkariak, egindakoen eta egiteko dagozan ekintzen kontu emon eben. Egin diranak ez goaz hemen aipatzera, lehen bere lerro honeetan agertu dira ta. Egitekoen artean, Artzain Txakurren Txapelketa, Liburu ta Diskoen Azoka, Argazki Txapelketa, Irule* Eguna, eta abar ei dagoz.

Azkenez, bazkide batzuen asmoak irakurri ziran: Ikastolari buruz arduradun batzuk jartzea, J. Berriozabalgoitia Garaiko ordezkariari omenaldi bat egitea, eta abar. Danak onartuak edo gehiago sakontzeko gelditu ziran.

Bertan egon ziran bazkide guztiei igazko ekintzen "Memoria" bat emon jaken.

Bazkalorduan umorea ta janaria alkarren pare ibili ziran; eta, bertoko gazteriak eskainita*, kafea emon jaken han egozan guztiei.

Arratsaldean, erri kiroletan Mallabi, Izurtza ta Iorretako taldeak parte artu eben, Iorretakoak txapeldun geldituaz. Ha zan arria jaso ta egurra txikitu beharra! Eguna amaituteko, erromeria ederra, "Oinarriak" taldeak alaitua.

Gure eskualdean*, abuztuaren lehenengoko 15 egunen barruan dagozan jaiak honeek dira: 6-an Gerediagako San Salbador ermitan, 10-ean Berrizko San Lorentzo auzunean, 15-ean Mañariko Andra Mariak, eta 16-an Durangoko San Roke ermitan.

Mallabiko Jaiak

Bertako gaztediak antolatuta, Mallabian aurten ospatuko diran jai nagusiak honeexek dira: Abuztuaren 14-an asiera emongo jake berbena bategaz. 15-ean, ezpata dantzariak, pelota partiduak, eta Durango inguruko aurresku erregelen txapelketa. 16-an, abeslariak, bertsolariak, eta umeen dantza sariketa. 17-an, arrautzopil eta tortilla txapelketa, karroza erakusketa, eta abar.

Txistularien Jaia

Durangoko Tabira Mendi alkarteak, abuztuaren 16-tik 24-rarte, ostera* bat dauka antolatuta "Picos de Europa"-ra.

Mendizaleen Ibilera

Uztailaren 26-an, eskualdeko txistulariak alarde bat egin eben Ermuan, bertako Udalak* jaietara eroanda. Bazkariaz gainera, eskupekoa bere euki ei eben. Ikasbide ederra eskualdeko beste Udal batzuentzat. 25 txistulari bildu ziran.

Mendizale baten Eriotza

Uztailaren* 5-ean, daroagun urte aldirako, irugarren eriotzea izan dogu Abadiñoko Atxarte mendi tartean. 22 urteko mutila, Debako semea. Atxera igoten egoala, arri aundi bat jausi jakon gainera. Urrengo igandean*, meza bat izan zan bere alde Atxarten bertan.

Joan Antonio Aroma

Zornotza

Alberto Iza jauna, hainbeste denboratan, 14 urte inguru, Zornotzako alkate izandakoa, dimititzeko egoalako zurrumurrua zabaldu zan errian. Antza danez, ez da sustrai bako zurrumurrua baino izan, oraindino erriko alkatetzan jarraitzen dau ta.

Kronika hau argitara orduko, igaroak izango dira erriko jai nagusiak. "Unión Deportiva" alkartekoak, uztailaren* 17-an, gau jaialdi bat antolatu deuskue pelota tokian. Bertan parte artu eben "Enarak" eta "Oinarriak" euskal orkestak, eta Bittor Egurrola Gernikako kantari famatuak.

Zezen plaza eder bat bere jarri da, Zugazabeitiaren alondiga egon zan lekuan, Durangorako bide ondoan eta Etxanorako bide asieran. Ipini dituen prezioak ikusi ezkero, ez dot uste jende askorik joango danik.

Uztailaren* 26-an, Txomin del Regatoren saialdi bat egongo dala irakurri dot programan. Honelako memelokeriak bakarrik faltatzen jakuz, egitaraua* osotzeko.

Aspaldian isildua zala uste neban, baina oker nengoan zoritxarrez. Jakingo ote dau jaun horrek zenbat kalte dakartson euskerari bere saialdiekin?

R. Espinosa

Aulestia

Aulestiako zaindaria, San Joan Bateatzailea da. Hori dala ta, erriko jaietarako zerbait antolatu behar.

Oraingo jaiak ez dabe lehenagokoen giro ta alaitasunik. Ohitura asko galtzen goaz. Gazteak nahiago dogu erri aundiagoetara joan. Oraingo jaiak motelak dira.

Beste urte askotan legez, aurten be izan dira dantza, aurresku ta abar. Beste zerbait barri be asmatu deuskue aurten gure jai eratzaileak: Berbena eder bat. "Los Doblones" talde sonatuak parte artu eban. Talde honetako bostetik bi Aulestiakoak dira. Ez dakigu horregaitik ote zan; baina jendea eurrez batu zan, asko errikoak eta gehiago albo errietakoak.

Jaialdi hau pelota tokian izan zan; aurretiaz horretarako ondo apainduta egoala.

Pelota tokiak pelotan jokatzeko izan behar leukee, eta gero beste gauzetarako; baina, tira! gatx erdi, beragaz zerbaiterako baliatzen gareanean be. Aulestia pelotari erri izan arren, eta berton pelota zale asko eta bai pelota toki polit bat be egon arren, ez daukagu pelota jokoak eratzeko zaletasunik. Alferrik, gehienean, gure jolas toki barria.

E. Jaio


Mundu biribila

Yugoslaviako Alderdi K. (II)

Yugoslaviako Alderdi Komunista ez dabil intelektualakaz baino obeto teknokrata-edo deritxoenakaz. Autojestinoaren formula oso distiratsua zan paperean; baina, produzinoa neurtzeko orduan, ilunago agertu da. Eskasa produzinoa ta txarrak jeneroak; horixe emoten eban 1969 urteko esperientziak. Titok teknokratak aurkitu zituan errudun. Baina Alderdiak esku-lotuta dagozala erantzun dabe teknokratak: euren aurkako akusazinoa Alderdiaren kontra bihurtu dabe teknokratak. Alderdiak, barriz, dino, autojestino-sistemak ez deutsola askatasunik ixten plangintza ondo koordinatu baterako. Baina Titok ez dau autojestinoaren sistema ikus-barritu nahi. Apurka apurka Alderdiaren desmontaje bat ari* da Yugoslavian gertatzen, teknokraten eta intelektualen eskuetan.

Holan doaz, Yugoslaviako Alderdiaren barruan, tentsinoak eta kontradizinoak ugaritzen, prolemak beti konpromisoz askatzeagaitik. Alderdiaren eta Alderdi ez dan erriaren erantzukizunak* ondo mugatu ta zehaztu barik dagozalako. Eboluzino hau, halan ta guztiz be, oso onuragarri izan leiteke etorkizunean, Alderdiaren eta erriaren arteko utsunean zubi bat egiteko.

Nazino arazoak eta nazino zaletasuna dira beste mila tentsinoren urrengo iturburua. Yugoslavia, ezaguna danez, nazino askoren federazinoa da; eta hau ohargarri* egiten da Alderdiaren baitan*. Aspaldidanik ibili dira gorabehera gatx askoren aurrean nazinotasunok; eta, gaur berton be, amaika liskar* minduren txakur azurra dago hemen. Beste puntu askotan legez, hemen be konpromiso larregiko soluzino ez-benetakoa emon baita*. Eta holan, konfliktuok garaitu beharrean, euretan amildu* da Alderdia.

Titoren politikazko esannahi ta eginkizunak gauzazko izatetik gero ta sinbolozko ta errepresentazinozkoago izatera ailegatzen ari* dira. Ta euren politika moduztatu beharrean aurkitu dira nazinotasun bakoitzeko Alderdi-abarrak, erriaren aurrean. Gero ta irrealagoa baita* Titoren buruzagitza orokorra*, erri barneko politika arazoetan behintzat. Alderdi-abar bakoitza norberaren erriagaz estuago lotuaz, ostera, Alderdiaren barruko tentsinoa gogorragotzen da.

Tentsinoak ez dira berez txarrak: demokraziaren irudi patriarkal utsa da tentsino bako demokraziaren ametsa*. Esku zuriko intelektual moralistak eta paternalistak bakarrik esan leikee, nahiago dabela ordenua justizia baino. Erraz igarri leiteke, Errepublikak zegaitik ikaratzen eban Ortega. Baina tentsinoak aprobetxatzen jakitea da, hain zuzen, demokraziaren artea; eta, aprobetxatuz tentsinoak alkarren kontradizino bihurtzetik salbatzea. Yugoslavian, ostera, tentsinoak alkarren kontradizino bihurtzen ari* dira. Eta Alderdi Komunista ez da ausartzen* pluralismoaren uretara salto egiten.

Baina egin beharrean dago, nahi ta nahi ez. Eta arrazoia da, Yugoslavia pluralismorik sakoneneko ta bizieneko lurraldea dala berez (nazinotasunetan, ekonomiazko interesetan, izkuntzetan, kulturetan, pentsakeran, erlejinoan, kondairan, edozetan). Prolemon soluzinoa, ostera, egiazko pluralismorik bakoa da. Kontradizinoz josita geratzen da, horrela, Alderdi Komunista.

Nazino arteko sozialismoaren pluralismoa asieratik bertatik hain gogorki defendidu dauan Yugoslaviak ezin dau nazino barnean pluralismoa konpondu. Hau ikusita, konprenigarriago egiten da Rumaniako esperimentua, bardin Ungariako Kadar-ena be, ta zelanbait*, Txekoslovakian Husak-ek probatu gura dauana. Halan be, kondaira beti aurrera doala egia bada, ezin esan leiteke Yugoslavia besteok baino atzerago doanik. Izaera pluralistako erri guztiak dagoz, goiz edo berandu, ekintza-molde pluralistak sortu beharrean. Alderdi Komunistak berak pluralismo hori onartu ta aurrera atera ezin dauanean, utsune ikaragarri bat sortzen da Alderdiaren eta erriaren artean. Eta utsune horrek derrigor dakar diktadura edo krisia. Edo biak. Biokaz dago, horregaitik, komunismoa konfrontaturik. Baina ez komunismoa bakarrik.

Jose Azurmendi


Mundu biribila

Garrantzizko bi gertaera

(Euskera batuan)

Bi gertaera harrigarri izan dira aspalditxo honetan, Europako demokrazia sailean. Alde batetik, Jean Jacques Servan-Schreiber-en garaipena*; eta bestetik, Harold Wilsonen erorpena*.

Bi gertaera hoiek oso desberdinak izan arren, zerbait elkar ikusirik ba dute, ustegabekoak izatea, alegia*.

Ofiziozko politiko eta teknokratikoei gehienetan ez zaie atsegin ustegabekoa. Berria, bai, asko maitatzen dute, baina baldintza batekin: berri hori antzinakoaren arras* antzekoa izan dadila.

"Le Soulier de Satin" antzerkiaren personaje batek horixe esaten du: "Berria, bai, berria eman diezadatela. Asko maitatzen dut..., baina lehengoaren berdin antzekoa izatekotan".

Jean Jacques Servan-Schreiber-en Nancy uriko garaipena sorpresa bat izan da Frantzian, bai gobernuaren aldekoentzat, bai ezkerreko oposizio delakoarentzat.

Nor da izar berri hau, sortaldetik agertzen zaiguna? Batzuek eta besteek berehala ikusi dituzte mehatxaturik* beren buruak. Eta arrazoiz.

Ba liteke, Jean Jacques Servan-Schreiber-en garaipenak ondoreak izatea Europako politikan. Baina ondore onak izango direnik ez nuke nik esango.

Nere ustez, Jean Jacques Servan-Schreiber hau amerikanismoaren iduria bera da; eta bere jokabidea neo-kapitalismo porrokatua izanen* dela iduritzen zait.

Berria, berria..., baina antzinakoa lakoxea izatekotan!

Federik gabeko zibilizazio honetatik ez gaitu aterako Jean Jacques Servan-Schreiber-en politikak, bera ere* helburu* materialetan leporaino sartuta dagoelako.

Gaurko egunean justiziaren aldeko politika behar dugu mundu guzian, eta ez diru-atsegin politika edo ugaritasun politika.

Harold Wilson gizaixoaren hutsa, beste gauza bat da. Nere ustez, Merton fraile famatuak "self-defeating" deitutakoaren exenplo berezi bat da huts hau, besterik ez.

Mertonek sortutako hitzok —"self-defeating prophecy" eta "self-fulfilling prophecy"— oso egokiak iduritzen zaizkit, gaurko gertaera batzuk erakusteko.

"Self-fulfilling prophecy" betetzen den profezia bat da. "Self-defeating prophecy", berriz, betetzen ez dena; eta ez da betetzen, hain zuzen ere* lehen aurretik iragarria izan delako.

Hurbil* dugun exenplo bat emango dugu. Ba liteke, Unamunok egindako profezia ez betetzea, hau da, euskera ez hiltzea, hain zuzen ere Unamunok berak, nahi ta nahi ez, euskerak laster hil behar zuela iragarri zuelako. Beraz, Unamunoren iragarpena "self-defeating" profezia bat izango lizateke. Ala Jainkoa!

Inkesta* neutralik ez dago. Inkestak, gehien gehienetan, alde batera edo bestera makurrarazten dute errealitatea.

Hala izan da kasu honetan. Wilsonen aldeko profeziek bera hil dute.

Guretzako ondore handirik ez du izango hiltze honek.

Laboristak nahiz kontserbadoreak, guretzat berdinak.

Karlos Santamaria


Euskaldungoa

 «Irakur Sail» argitarazleak Agustin Zubikarai ondarroatar idazlearen «Bizi Garratz» eta «Mendu Zaharrak» argitara emon barri ditu. Antzerki bien artean, 120 orrialde betetzen dira. Xabier Leteren itzaurrea dakar liburuak, eta 100 peseta balio ditu. Eskatzekotan: I. Beobide, Ferrerías, 1 - San Sebastián; Agustín Zubicaray, Ondárroa; edo ANAITASUNA, Bengoeche, 33-B, Galdácano.

«EI Calendario Alavés» izenburua daroa Gerardo López de Guereñu-k egindako azken liburuak. Bertan agertzen dira Araban urte barruan ospatzen diran gauzarik jakingarrienak.

«Estibaliz» aldizkaria, izen bereko Santuarioan Arabako beneditanoak ateratzen ebena, bertan behera galdu da. Zegaitik?

«Jaunaren Deia», Lazkanoko beneditanoak argitaratzen daben liturgiazko aldizkariaren 31-gn. alea atera barria da. Urtean lau aldiz agertzen da. 200 peseta, prezioa.

«Los orígenes del Reino de Navarra» izenburuarekin argitaratu dau liburu barri bat Joaquin Arbeloa erdal eskritoreak, «Auñamendi» liburu sortan.

Errenderian, «Argi izpi bat», Aldo Benedettik egin eta Txomin Amonsarainek euskerara itzulitako antzerkia emon izan da, Bergarako «Ernai» taldeak antzezturik.

Derion (Bizkaian) euskal alfabetatze kanpaina bat emon izan da uztailaren* lehenengo astean, Resurrección María de Azkue kolejioan (Abadegai Etxean), euskeraz jakin arren, izkuntza hau gutxi ikasi daben elizgizonentzat. Ogetabost ikasle ari* izan dira, bizkaierazko ortografia, fonetika, deklinabidea, aditza, joskera eta literatura ikasten, beti ere* euskera baturantza joaz. Euretariko 20 abadeak izan dira, iru monja, jesuita bat eta sakramentino bat. Irakasleak Mikel Zarate ta Karmelo Etxenagusia izan dira. Urrengo urtean, zerbait aundiagorik egitekotan dira.

Irunen, Euskerazko Poesi Txapelketa bat eratu da. Rima, neurri ta gai aldetik, askatasun osoa emoten da. Lan bakoitzak 400 bertso gutxienez izan beharko ditu. Saria, 40.000 peseta. Nahi daben guztiak parte artu leikee. Lanaren iru kopia bidaldu behar dira, eta sobre txiki batean egilearen izena eta bizitokia. Bidaltzeko zuzenbidea: «Caja de Ahorros Provincial de Guipúzcoa», Garibay 13, San Sebastián.

Gazteizen, Santiago jaietan, aizkolariak, arrijasotzaileak, ahari topekak eta Euskalerriko sokatira sariketa izan dira.

 Aramaion, euskeraz egiten dan Arabako erritxoan, arditxakurren azkartasun sariketa bat izan da uztailaren* 5-ean. Txapelduna, «Turko», Aramaioko Pedro Zubizarretarena. Zazpi txakurrek parte artu eben, jendea polito egon zan, eta jantzi sariketa Astondoa anaiak irabazi eben.

 A. Goenaga, Hemingway-ren «El viejo y el mar» euskerara itzuli ebana, Estadu Batuetako Siracusatik etorri barria da, eta itzaldi bat emon dau, «uts» itza oinarritzat arturik. «Uts» itzak ba ei dauka zerikusirik Oteizaren zenbait ideiekin.

Arrangoitzen (Laburdin), bertako ikastolaren alderako jaialdi batean izan ziran «Oldarra» dantzari taldea, Mattin, Xanpun eta Esponde bertsolariak, eta Laboa, Irigarai, Patxika, Etxamendi ta Larralde kantariak.

Gazteizko Udaleko* kontzejalak diran Estarrona, Ruiz de Mendoza eta Aspe, Leningradora, Rusiako uri nagusira joan dira, bertan ospatuko dan Erri Anaituen VII-gn. Bilerara*.

Ignacio Busca Sagastizabal musikalari ospetsu zanari oroitarri* bat jaso deutsoe Zumarragan.

Peraltan (Nafarroan) mimen sail aundiak erre dira.

Elizondon (Nafarroan), datorren ikastarorako, ikastola bat zabalduko da.

José Eguia de Sabando, arabar abadeak, Vaticanoko «Escuela de Paleografía y Diplomática del Archivo Secreto»-ko diploma irabazi dau.

Gazteizko «Araba» izeneko koralak disko bat aterako dau laster. Jakina danez, euskal koral hau Arabako Diputazinoaren ardurapean dago ta bere zuzendaria Sabin Salaberri da.

«La Batalla de Vitoria», Beethoven-en kanta ospetsua diskotan jarria izango da laster batean.

«Euskal Meza»-ren diskoa laster ateratzekotan dira. Meza hau Liturgiako euskal batzordeak Euskalerri osorako onartu dau, eta orain disko eder batean agertuko da.

«La foralidad guipuzcoana» izenburua dakar Antonio Cillán Apalategui jaunak argitaratu dauan azken liburuak. Ignacio M. de Lojendio jaunaren itzaurrea dakar, eta Gipuzkoako Aurrezki Kutxaren babesean argitaratua izan da.

Abetxukon (Araban) 800 ikaslerentzat erdimailako ikastetxe bat jaso dabe «Inmaculada Concepción»-eko monjak.

Arriaundi auzunean (Bizkaiko Durangon) bertsolariak izan dira Santa Marina egunean: Lopategi, Enbeita, Azpillaga eta Gorrotxategi. Goiz eta arratsalde, itxura onean jardun eben, eta entzuleak ere* ugari ziran.

EGAN izeneko aldizkariaren aurtengo lehen alea argitaratu barria da. Oso jakingarri dan aldizkari honetako ale honetan agertzen diran idazleak eta artikuluak honeexek dira: E. Erkiaga, Larreko. Luis Mitxelena, Pro domo. A. Irigarai, Baztan dantzak. Lino Akesolo, Unamuno euskeraz. Iñaki de Lete, Ixilik. Jon Etxaide, Etxahunen "ofizialenak". Pelay Orozco, Aitona ta billoba (Bozas Urrutiak euskeratua). X. Kintana, Denboretatik zehar. J. Azpeitia, Krabelin gorriak. J. Goikoetxea, Kapañen gaiztakerie. Bitaño, Kontu kontari. A.A., Jan-edanak. Juan San Martin, Adabakiak. Markue, Oar Laburrak. A. Zubikarai, Larrunpean. Juan San Martin, Bibliografia. Eskatzekotan: EGAN, Seminario Urkijo de Filología Vasca, Palacio de la Diputación, San Sebastián.

"Batasunaren Kutxa" liburua egunokaz zabalduko da irakurleen artean. Liburu honetan agertzen dira euskeraren batasuna egin ahal izateko bideak.

"Tour de France" izeneko Txirrindulari Txapelketa ospetsua bukatu barrian, euskaldun txirrindulariak honetaraxe gelditu dira klasifikazino jeneralean: Galdos (arabarra), 10-gn.; Zubero (bizkaitarra); 15-gn.; Gandarias (bizkaitarra), 20-gn., ta mendikoan 2-gn.; Gabika (bizkaitarra), 23-gn.; Aurelio González (bizkaitarra), 25-gn.; Perurena (giputza), 90-gn.

Anjel Zelaieta


Eliza Gaurko Munduan

Beloke ta Euskal-Herria

(Euskera batuan)

Orain direla urte batzuk Baionako Ximun Haran-ek Belokeko Beneditanoei euskal meza bat grabatu zien eta gero disko handi batean argitaratu.

Azal gorridun disko hau Euskal Herri osoan zabaldu zen, edo hobeto esanda, milaka. Eta Vaticano Bigarrena amaitu ondoren, mezak euskeraz hasi zirenean, disko honetako doinu ederrena, "Saindu, Saindu, Saindua", Euskal Herri osoan abestu zen. Eta ene gusturako, oraingo "Santu, Santu, Santua" hitzekin egindako doinurik ez da haren parera heldu.

Nik ez nekien Beloke zer zen, ezta ba zenik ere. Eta, seguru asko, zuetariko gehienek ere ez. Beraz, disko horrek ez dauku bakarrik meza eder bat zabaldu, baita Beloke ta hango Beneditanoak ezagutarazi ere.

Baina, disko hori aparte, Beloke beste zeredozergatik ere ezaguna da. Nork ez du entzun Aita Iratzeder-en izena? Haren salmoek haren olerki unkigarriek Aita Iratzeder-en izena Euskal Herri osora zabaldu dute.

1875-garren urtean sortu zen Belokeko Abadetxea. Beloke, etxe zahar baten izena zen eta bost herriren artean dago —Hazparne, Bastida, Bardoze, Bezkoitze ta Ahurti— Ipar Euskal Herriko mugan.

Karlisten gerra bitartean, gipuzkoar gazte askok ihes egin behar izan zuten, eta Beloken aurkitu zuten aterpe.

1899 urtean, Belokeko fraileek Ameriketan zabaldu zituzten etxe batzuk, hara joandako euskaldunak zerbitzeko.

1903 urtean, Frantziako lege berriek zarratu egin zuten Belokeko Abadetxea, eta fraileek handik irten egin behar. Batzuk Gipuzkoako Idiazabalera etorri ziren, eta handik Lazkanora.

1926 urtean, berriro ireki zen Beloke; eta 1963 urtean, bertako fraile talde bat Afrikara joan zen, Dahomey-ra, etxe berri bat zabaltzeko asmotan.

Oraintsu, Beloken bertan eliza berri bat egin dute.

Euren bizitza, otoitzean eta lanean igarotzen dute. Otoitz gehienak, guztien artean eginak eta kantatuak.

Euskeraren alde asko egiten dute, eta gaurko euskal liturgian dadukaten itzala Euskal Herri osora zabaltzen da.

Gure gaurko egoera larrian, Beloke paradisu bat da. Hara Aita Iratzeder-en hitzak: "Iduritzen zaiku, Eskual Herrirat eta mundu guzirat Kristoren Erreinua zabaltzeko modu hoberena hau dela: Kristoren Erreinutxo bat elgarrekin moldatzea, otoitzean, lanean, elgarren maitasunean biziz, Jainkoaren goresgarri eta lurreko bihotzen altxagarri".

Gure iluntasunean, Beloke argi bat da. Argi honek noraino argituko gaituen, etorkizunak esanen dauku. Baina sutaldi ikaragarrienak txinpart humil batetik hasten dira.

Beloke, sutu ezazu izpiritualtasunez Euskal Herria!

Xabier


Eliza Gaurko Munduan

Bizkaiko Elizatik

Inkesta jakingarri bat

Jakina danez, 1969-ko martxoan inkesta* bat zabaldu zan Bizkaiko abadeen artean, misinoetan diharduenak ere barruko zirala, Uncilla ta Olaguena abade jaunen ardurapean. Urte bereko abenduan batu ziran erantzunak. 700 inkesta liburuxka banatu ziran, eta ehuneko 95, 4 abadek erantzun eben. Elizgizonen aldetik —eta erritarren aldetik— gogo aundia dago inkesta horren barri jakiteko. Entzun danez, erresultadua uda ostean argitaratuko ei da.

Idazki ezagungarria

Joan dan ekainaren* 1-an Bizkaiko zenbait* abade giltzapera eroateagatik Zirarda jaunak egindako idazkia, Bilboko elizbarrutiko boletinean agertu da, euskeraz eta erderaz, uztail-abuztuko zenbakian.

Kargu barriak

Angel Maria Etxebarria, misinoetatik etorria, Bilboko Tívoli-ra. Luis Aburto, misinoetatik etorria, Bengoetxe-Galdakanora. Jose Iriondo, Zorrotzara. Francisco Javier Armendariz, Zorrotzara. Antonio Aranburu, Galdamizera.

Ikastaldiak

"Liberación humana y salvación cristiana" gaiari buruz itzaldi batzuk emon izan dira Derion, jarraiko honeek izlari zirala: Alfonso A. Bolado, José María Rovira, Enrique Freijo, José María Setién, Rafael Belda, Casiano Floristán ta Pedro Ugarte. Itzaldi guztiak erderaz izan ziran eta 23 entzulek parte artu eben, guztiak abade edo erlijiosoak.


Eliza Gaurko Munduan

"Jainkoa gaur" edo liburu baten galduazotzea

"Jainkoa Gaur" izenarekin liburu bat idatzia genduan lau egilek. Lau zati zituan, alkar ondo josiak, nahiz eta egile bakoitzak zati bana idatzi. Idazleak: Markox Amundarain, Esteban Onandia, Dionisio Amundarain eta Eusebio Igarza. Laurak, Lazkanoko beneditanoak. Lau horreetatik, bi gara atzera edo aurrera jo dogunok, eta apaiz eta fraile izateari utzi deutsagunok.

Liburuaren gaia: egiazko Jainko baten ikuspegi bat emon nahia. Zati bakoitzaren banaketa horrela zan. Lehenik, "Jainkoaren eriotzaren" teologilarien laburpen bat agertu. Gero, Jainko isilaren arrastoan bizitzeko burruka etorren. Irugarren, giza-emakumeen osotasunak ezin daike Jainkoa ukatu. Eta azkenik, BAI aundi bat Jainkoari: Jainkoa ez da il, bizirik dago, eta gugan eta gurekin bizi da.

Liburu hau inprentan egoan; lehenengo probak ikusiak eta zuzenduak geunkazan. Ez genduan inoren baimenik eskatu, eta ez genduan eskatu gura ere.* Gai honetan, eta gaur, ezin dogu ezelango zentsurarik onartu; batez ere Elizaren barruan. Elizaren buru eta agintariak ez dabe horrela pentsatzen; eta liburuaren agerketa ukatu egin euskuen, zentsuratik pasatzen ez bazan.

Gure liburu hori Donostiako Obispadura eroan eben, zuzen ala oker ote egoan esan eien. Zortzi ilabete barru erantzun eben. Eta eroan baino lehen jakindako erantzuna jaso genduan. Iru zati, oso osorik zuzen egozan; baina beste bat, lehenengoa hain zuzen ere,* oker egoan eta zuzendu egin behar zan. Zati hau, neuk idatzia zan. Eta nik ez dot onartzen Elizaren zentsurarik, eta ez dot zuzendu nahi izan. Beraz,* liburua abortatu egin da.

Donostiako Obispaduak honela erantzun dau gutxi-asko, nire zatiari dagokionez: "Ikusten danez, egileak ondo ezagutzen ditu atzerrian gai hontaz idatzi dutenak, baina bere lan hontan ez da aski* garbi bereizten bere iritzia eta besteena... Zein irakurleentzat idatzia dan begiratuaz, zati batzuk zuzendu eta argitu egin behar lirake".

Galdera* asko egingo neukez, baina nahiago dot dana horretan utzi.

Markox Amundarain


Eliza Gaurko Munduan

Elizgizon barriak

Nafarroan

Uztailaren* 5-ean, bederatzi gaztek artu dabe apaizgoa Tabera Kardinalaren eskuetatik, Iruñeko Jesuiten elizan: Luis Lacabe (Congora joateko), Alberto Pérez, José Manuel Valverde, Alejandro Goñi, Miguel Azagra ta Guillermo Beaumont (guztiok Jesusen Lagundikoak, azken irurok Venezuelara joatekoak). Eurokin batera Kamilotar bat eta Salesiano bat ere* apaiztu ziran.

Araban

Uztailaren 5-ean, amabi elizgizon barri ordenatu dira Araban, Gazteizko Abadegai Etxean: Jabier Arregi, Jesus I. Gómez, Carmelo Martínez, Alfonso Carlos Ocio, Gerardo Salazar, Luis Miguel San Juan, Gazteiztarrak; Cruz Briones, Biaizteritarra*; Juan Cruz Iñiguez, Murgiatarra; Jesus Marauri, Moredatarra; Jose Ramon Urbina, Miranda de Ebrotarra; Javier Viteri, Elosutarra; Alfredo Zabala, Oiondarra.


Jakin eta ekin

Mitxelenaren itzaldiak Donostian

 Mitxelenaren izenak erakarrita, jende asko bildu* zan Donostiako EUTG-en, uztailaren* 8-tik 14-rarte. Eta batez ere jende gaztea: ikasleak eta erri ekintzaileak gehienbat. Goizero bi itzaldi eta ondoren alkarrizketa.

Asieratik, izlariak egitekoaren zailtasuna agertu euskun: linguistikaz itz egitea ez da fisikaz edo kimikaz itz egitea. Horregaitik, munduko izkuntzalarien artean eritxi asko dago.

Lehenik, izkuntza, errealitatea eta pentsamentuaren artean izan daiteken zerikusia aipatu eban Mitxelenak. Gai sakona baizen korapilotsua hauxe; lehenengo begiraldi batean uste geinken baino ilunagoa behintzat. Gainera, izkuntza, pertsona bakoitzaren gertaera dalarik, gizartekoa ere* ba da; eta gizarteko izate hau da batez ere eztabaidaren arragoan* garbitu eta astindu ohi* dana.

Gizartekoa danez, berau dogu gizatalde baten ezaugarririk eta bereizgarririk indartsuenetakoa. Izkuntza bat erabiltzen dabenak alkartuta sentitzen dira, besteak bereiziak gelditzen diralarik. Izkuntza, beraz,* lehenik alkar aditzeko da, baina bigarrenik bereizgarri ere* bai, eta hau zenbait momentutan bizi bizi sumatzen ei da. Ikurrin bat ezaugarria da, baina izkuntza askoz ere biziago eta nabarmenagoa da,

Sarrera egin ondoren, gaurko linguistika teorien barri emoteko, historia laburpen bat egitea egokiena zalakoan, antzinako Linguistika tradizionala azaltzen asi jakun. Linguistika era hau Antzinatean* asi, eta Erdi Aroan* zehar XIX menderarte* nagusitu zan Mendebalean.* Bere gramatika legeak izkuntza idatzian oinarrituak egozan. Ahozko mintzaira ez eben haintzat artzen jakin. Gramatika zaharraren giro hau aldi batez gutxietsia* izan bada ere, Chomsky-ren teoriak barriz ere* modan jarri dabe.

Lehengo gramatika zale honeek, ostera, ez eben konprenitzen zergaitik aldatzen zan izkuntza. Eta 1800-gn. urtean gutxi gorabehera Rask eta Bopp-ek gaurko linguistikari ekin eutsoen Konparatismoarekin. Honeek, fonetika legeak dakarrezan aldaketak deskubridu zituen; honela esplikatu nahi izan ebezan izkuntzen artean dagozan antza eta diferentziak. Mitxelenak esaten euskunez, gaurko euskera eta orain bi mila urtekoaren artean dagoan aldea gaurko gaztelera eta orduko latinarenaren artekoa bezalakoa izango zan. Eta euskeraren euskalkietan zatitzea eta ugaritzea ere bide bardintsuetan gertatuko zan. Izkuntza bati eutsi egiten ez bajako, mila zatitan ugaritzen baita,* denborak joan ala.* Eta izkuntzaren inertzia oni politika, ekonomia eta gizarte arrazoiak gehitu behar jakoz.

Linguistikaren historia laburpen honetan Estrukturalismoa aipatu eban Mitxelenak, beraren kritika jakingarri bat eginaz; eta azkenik Gramática generativa dalakoa eta Transformazionalismoa azaldu euskuzan.

Teoriari egokion lehenengo zati hau, lehor samarra zan berez; baina Mitxelena abila izan zan arintasuna emoten, mila exenplorekin eta dana umore fin batez koloretuaz.

Bigarren zatia biziagoa eta praktikoagoa izan zan: Kultura eta izkuntza. Hona hemen emondako puntu batzuek: mentalidad prelógica dalakoaren auzia; izkuntza, lenguaje bezala, beharrezkoa eta nahikoa da giza-kulturarako; printzipioz, izkuntza bat beste edozein izkuntza baizen egokia da; izkuntzaren egokitu beharra; izkuntza historiaren aztarna; zenbait* eritxi kultura eta izkuntzari buruz.

Bukatzeko, izkuntzen klasifikazino bat eskaini* euskun. Oso ederki azaldu eban zer zan izkuntza standard, classical, artificial, creole, pidgin eta abar. Eta hortik euskeraren batasunera jo genduan: Denbora nahiko izan ez, puntu hau behar zan sakontasunez aztertzeko; eta horregaitik beste ikastaldi bat antolatzea erabagi zan; gaia: Euskeraren batasuna. Garbi dago, euskeraren batasuna lortu nahi baldin badogu, aurretik euskaldunen batasuna behar dogula. Eta pertsonen batasuna, gaur egunean, gizon batek bakarrik lortu daike. Mitxelena jaunak. Inok ez ditu ezagutzen, berak bezala, izkuntzaren legeak; inok ez, berak aina, euskeraren izatea; gutxik, berak beste, Euskalerria maite izan.

Irailaren* azkenetan emongo diran itzaldi honeek garrantzi aundikoak izango dira euskeraren bizitzarako.

F. Aldasoro


Jakin eta ekin

Antzerkia ipar Euskal Herrian

(Euskera batuan)

Antzerkia bizi eta azkar da Ipar Euskal Herrian. Hamar bat talde on ba ditugu, eta hola segituz uste dugu aurrera ba goazela.

Bainan antzerkia ondo baldin badugu, eskerrak zor dizkiegu bereziki bi idazle famaturi: LARZABAL Jaun Apeza (100 obraz goiti egin baititu*) eta de MONZON Jaunari, honek ere asko idatzi baitu* bere olerki arradoa sartuz antzerkian.

Duela lau urte muntatu edo moldatu dugu Batasun bat: ANTZERKILARIEN BILTZARRA. Antzerkilari guziak bilduz,* nahi ukan* dugu indar berezi bat eman gure teatroari.

Herri bakoitzeko taulari onenak hartuz, Baionan eman ahal izan ditugu, azken urte hauetan, hiru Antzerki. "MATALAZ" eta "IBAÑETA" LARZABAL Jaun Apezarenak, eta azkena: "BAI ALA EZ", Daniel LANDART gaztearena.

Azken obra hau emana izan da bestalde*: Donibane Lohitzunen, Uztaritzen, Donibane Garazin, Donapaleun eta Hazparnen.

Herri tipietan ere* ez dagoz lo. Heletan eta Alduden eman dute: "HIRUGARREN ITZA"; Bezkoitzen: "SUEDAKO NEXKATXA"; Irisarrin eta Donaixtin: "IHAUTERIAK"; Baigorrin: "URRIKI LATZA"; Amorotz-Behauzen: "OILATEGIAN",

Itxaropen dugu datorren urterako hobeto organizatzea eta gehiago herritan sartzea.

Teatroari esker, asko gaztek hartzen baitute* kontzientzia Euskaldunak direla. Euskeraz mintzatuz; kultura zer den ulertuz, Euskal gizona baita,* bere onarentzat, askatuko.

Daniel Landart


Jakin eta ekin

"El desierto rojo" (Antonioni-rena)

Antonioni-ren filme hau orain sei urte egina da. Oraintxe daukagu guk pelikula hori ikusteko erea, eta "Arte y Ensayo" deritxoen aparteko zinetokietan bakarrik. Filme honek gauza barri bat dakar: kolorea. Venezian, 1964-eko zine festibalean, "Urrezko Lehoia" irabazi eban.

Antonioniren pelikula guztietan ideologia bat nabaritzen* da: gizonen artean ezin alkar ondo artzea, batak bestea ezin aditzea. Horixe agertzen zan, gure artean lehenago emondako "La Noche" eta "El Eclipse" pelikuletan. Eta oraingo honetan, horixe berori azaltzen da.

Antonionik bere pelikuletan analizatzen dituan personaje guztiak, batez be emakumeak, zorion bakoak, utsak, bakartiak dira: euren barruan, euren inguruan ez dabe bizi izateko motibu sakonik aurkitzen. Uste dot, Antonionik bera bizi dan mundua erakutsi gura deuskula: burges soziedadea. Eta burgesia hori aspertuta, bizitzeagaz gogait eginda, ohituretan usteldua, artuemonetan guzurtia agertzen jaku. Beraz,* Antonioni mundu horren testigu jatorra dogu; eta bere filmeak ausnartu egin beharko doguz, Italia ta Europako gizarte klase baten alderdia ezagutzeko.

Beste pelikuletan holan izan bada, oraingo onetan zeredozer gehitxoago adierazoten deusku. Personajeen bakartade horrek, neurosi horrek, esplikazino bat dauka: makinekin egindako soziedadea da errudun; soziedade horrek zapaldu egiten dau gizona, tresna bat balitza legez. Eta ahaleginak egin arren, personea ezin leiteke osatu, ingurua gatxez beterik dago ta (industrializazinoa).

Pelikularen amaieran amak eta umeak dauken alkarrizketa, mamintsua da. Tximinitik ateratzen dan ke orian begira, ea ha zer dan itaunduten deutso umeak; eta amak gasezko benenua dala erantzun. "Eta txoritxo bat hortik zehar egaz joan ezkero, il egingo litzake?" "Orain txoritxoak ez dira egundo bere hortik zehar joaten, ene semetxo".

Personaje honeek dituen problemen erantzuna oso erraza dala esan leiteke: nahikoa da maitatzea, besteakaitik arduratzea. Baina erantzun hori ez da Antonioniren pelikuletan agertzen; personaje guztiak norberekeriak janda dagoz. Kristinau usainik be ez da inondik somatzen.

Kolorea erabilten, benetan habila da Antonioni; planoak ikusgarriak dira. Honen urrengo egin dauan pelikulan be, kolorea erabili dau, baina oraindik ikusi daukagu. Planoak luzeak, geldiak; euren bidez, ekina baino sentimentuak, barrua, obeto ezagutzeko. Horregaitik, ikustaile asko pelikula honeekin aspertu egiten dira. Ikusten dagoanak berea egin behar dau sentimentuetan sartzeko eta problema horreek ulertzeko.

Benito Ansola


Jakin eta ekin

Euskal Literaturan behar duguna

(Euskera batuan)

Euskaldunen artean aurrelari edo progresista direnek, ANAITASUNA hartzen dute. Beraz,* gai hau erabiltzeko, aldizkari hau iruditu izan zait egokien.

Orain arterainoko euskal literaturari begirada arin bat ematen badiogu, hauxe ikusiko dugu: olerki, bertso ta erlijiozko liburu asko; ta beste gai guztietan, ipuin, nobela, saiakera, texto ta zientzia liburu gutxi.

Honekin ez dut esan nahi, bertso ta erlijiozko liburu gehiegi dagoenik. Dagozenak ondo dagoz, eta betoz gehiago ta hobeago. Bestetariko gaiak ere* erabili behar ditugula esan gura dut.

1969 urtean hasi zen euskal nobelagintzaren gorakada, ta 1970 urtea bide beretik doa. Hau, euskerarentzat, mesedegarri izanen* da, nobelak erraz eta atseginez irakurtzen dira ta. Euskerak idazleak behar ditu; baina irakurle masa haundi bat beharrago, idazten dena irakurria izan dadin, euskal liburuak Euskal Herriko zokondo guztietara hel daitezen, hitz batez, euskera kultura arloan landua izan dadin.

Baina, nobelak idatziaz, irakurle klase bat irabaziko dugu: nagusiak.

Eta gure mutil eta neska gazteak? 10-16 urtekoak?

Umeentzat, 1969 urtean, ipuin polit eta ondo presentatuak argitaratu baziren ere, mutil eta neska gazteak ez ditugu kontuan eduki.*

Non ditugu euskeraz TARZAN, GUILLERMITO, HEIDI ta maila horretako liburuak?

Ikastoletatik atera edo oraindik ikastoletan ari* diren neska ta mutilok kontuan eduki behar ditugu.

ANAITASUNA-ren irakurleen artean euskal literaturaren hutsune hau bete nahi dutenei dei hau egin nahi diet: 10-16 urteko euskaldun neska-mutilek beren mentalitaterako egokiak diren liburuak behar dituzte. Zeuok batez ere, ikastoletako andereño ta maisuok, zeuok zarete horretarako gai.

Baina, lan hau amaitu baino lehen, horrelako liburuen idazle izan zaitezketenoi kontseilu batzuk eman nahi dauzkizuet:

- gai interesgarri bat hautatu* eta arin erabili.

- euskera batuan eta ahal denik errazen ulertzeko moduan idatzi.

- lana ez dadila luzeegia izan.

Kontuan hartu behar dugu, jendeak ez duela euskeraz irakurtzeko erraztasunik, eta gure aldetik jende horri lagundu egin behar diogula.

Xabier Gereño


Jakin eta ekin

Ez nator bat

Joan dan maiatzaren 24-eko ZERUKO ARGIA eskutan artu, eta hauxe irakurten da bere editorialaren atal berezian: «ZERUKO ARGIA auzitan».

Ez dago barriro guztia aztertu beharrik; baina bai, ez dakit zelako norbere buru garbitzea agertzen dala.

Hona hemen halako bere zati batzuk: «Ez diktadore eta ez anarkista, demokrata baizik izan nai luken aldizkariak bere burua talde jakin bati saldu omen dio». «Ez omen da batzuen lanik argitaratzen. Euskera batuaren aurka omen dago. Galbai estuan aztertuak omen dira zenbaitzuen idaztiak». «ZERUKO ARGIA-k ez du oraindik talde jakiñeko idazlerik baztertu». «Idazle batzuk utzi diote ZERUKO ARGIA-n idazteari. Zergatik? Beroiei galdetu. Baina guk ezin argitaratu, irixten ez dan idaztirik».

Azken lerroa neuk arraiatu dot. Beste hauxe bere ba dino: «ZERUKO ARGIA-k zeiñena dan jakin nai izaten du, atera aurretik, ezizenez izenpeturik datorren lana. Arria bota eta eskua gordetzen duan iñor ez du nai».

Nahikoa da. Lehenengo zatiari hauxe erantzungo neuskio: Ez dakit, ZERUKO ARGIA-k bere burua talde jakin bati saldu deutsan ala ez; baina ez dot oso demokrata ikusten, eta norbaitzuen interesei jarraitzen deutsela uste izan dot sarri baino sarriago azken denbora honeetan.

Bigarren zatiari beste hau dinotsat: Batzuen lanik ez dala argitaratzen? Egia andi andia da hori, nire lan batzuk bere ez baititu* argitaratu, ezta beste batzuenik bere. Ez dakit, euskera batuaren aurka ala alde dagoan; baina zein batuaren jakin nahi neuke, ez baiteutsat* ikusten Arantzazun artu ziran erabagien zaletasunik. Horrexegaitik dirudi, hain zuzen bere, erabagi hareen aurka dagozanen influentziapean dagoala ZERUKO ARGIA, edo bere zuzendaritza.

Ez dakit ZERUKO ARGIA-k jakineko talderik baztertu dauan ala ez, baina bai zenbait idazle edo euren lan.

Idazle batzuek bertan idazteari laga baldin badeutsoe, eurak dakiela, bai egia galanta. Penagarria benetan, baina zabaltasun gehiago behar geunke.

Hona hemen barriz lehengo lerro honeek: «Baina guk ezin argitaratu, irixten ez dan idaztirik». EZ NAGO KONFORME! Ez da hori egia. Gaur ezin gaitekez horrelakoak esaten ibili. Behin baino gehiagotan ez dira ZERUKO ARGIA-n neuk bidalitako idaztiak azaldu. Zeintzuk diran motibuak?

Batean, bidali neban lan bategaitik, «polemika» aterako ebala erantzun eustan itzez itz ZERUKO ARGIA-ren buruak. Erderaz argitaratutako euskal usain nahiezko liburu bati buruz egina zan kritika ha. Polemikaren bildur ote gara? Aspaldidanik daukaguzan lege aldetiko arrazoiak be mailu berberaz joten gaitue, polemika kaltegarria dala ta, edo euren jomuga nahien aurka doazalako gure ustezko arrazoiak. Jaio ginan ezkeroztik, ez dogu beste gauzarik ezagutu. Polemika eta eztabaida behar dogu, eta ez lozorroa eta konformismoa edo egiaren bildur dan isiltasunik. Eztabaida zintzoan benetako argia eta arrazoia bila daigun. Ez gaitezan besteen arrazoien bildur izan.

Beste batean, idazkia luze zala; beste batean, erantzunik bere ez; eta horrelaxe, gauza bategaitik edo besteagaitik, idazlanak baztertuak. Norbere ogibide estuari lapurtzen jakon denboratxoa emonik, zeredozer lan egin nahi baldin bada, edo gure euskaldun bihotz kezkatuak zerbaitetara bultzatzen gaitualako, alferriko lanetan jausten gara. Kasu honetan behintzat, nire lan merkeok egiaren izenez bidaliak izan dira.

Benetako demokraziazko zentzu gutxi ikusten dot gu guztion artean. Aldizkarietan, ostera, euskal aldizkarietan, nire ustez, PRINCIPE DE VIANA-ko euskal atalean nabaritzen* dot halako demokrazia edo bardintasun nahiezko giroa. Osterantzean, intereskeria gehiegi daukagu gure artean.

Egia esan, benetan libre izango litzaken aldizkari baten preminan gara Euskalerrian.

Eztabaida garaian bizi gareala? H bai eta H ez? Euskal batasuna baietz eta ezetz? Zorioneko H hori eta zorioneko eztabaida! Aspaldian idatzi barik lozorroan egozan asko be, idaztera jarri ditu ta! Zuzperraldi giroan aurrera joan gaitezan; eten bariko zirikatze batean jardun beharra dogu euskaldun madarikatuok.

Imanol Laspiur


Ezkerretik eskoira

Bizkaiko Bertsolari Gazteen Bigarren Txapelketa

Era honetako lehenengo txapelketa, Busturiko Altamiran jokatu zan 1968-an. Aurten Ajurian eta Ibarrurin egin da.

Lehenengo saioa Ajurian jokatu zan ekainaren* 28-an, eta bigarrena ta azkena Ibarrurin urrengo egunean.

Lehiaketa honetara, sei bertsolari azaldu ziran: Joseba Andoni Enbeita Muxikakoa, Silbestre Monasterio Muxikakoa, Javier Bidaburu Ereñokoa, Amiaz Izpazterrekoa, Amuritza Etxanokoa, Usaola Berrizkoa.

Eguerdiko ordubatak puntuan asi ziran egun bietako ekitaldiak. Bakoitzari puntu bina, gai bat eta tema bat emon jakozan. Bai puntu, tema eta gaiak, inoiz inon erabili bakoak eta gaurkotasun osokoak izan ziran. Epaiketa, azken bertso-sariketako era berean egin zan. Entzuleak, aho zabal eta arreta osoz. Ha lako ikuskizunik ez zan Ajurian ez Ibarrurin inoiz egin. Epaitzeko era honek jendea adi, isilik eta arduraz eukiten dau. Gainera, eta hauxe da behinena*, juezak emoten zituen puntuei begiratuaz, bakoitza kontsekuentziak ateratzen asten zan: bertso honek zegaitik puntu gehiago edo gutxiago behar ote zituan beste harek baino...

Egun bietako ekitaldiak amaitu ondoren, Ajuria ta Ibarruriko puntuak gehituta, Bizkaiko bertsolari gazteen txapeldun Berrizko Usaola gelditu zan.

Txalo zartada ederrak entzun ondoren, Usaolak azken agur bikain bat bota eban, bere poza barrendik azaleratuaz.

Enbeita bigarren, Amuritza irugarren, Monasterio laugarren, Amiaz bosgarren, Bidaburu seigarren.

Entzuleak, komisinoko gazteei, Ibarruriko kontzejalei, juezei, puntu jartzaileei eta laguntzaileei zorion eta esker emonka ebiltzan. Famili arteko jai bat zala esan eiteken. Aipatu ditudan guztiak artu beiez nire zorion eta eskerrik beroenak. Ea, datorren urtean, aurten egin dan ekitaldia obatzea lortzen dozuen.

Deunoro Sarduy


Ezkerretik eskoira

"Aguirre" Literatur Sariak

(Euskera batuan)

Aurten hirugarrenez eman da "Jose Antonio Agirre" saria. Lehenbizian Gandiaga frantziskotarrak irabazi zuen, bere "ELORRI" poema-liburuaz. Bigarrena Aita Onaindiak hartu zuen, "GURE BERTSOLARIAK" zeritzon liburuarekin. Aurten, berriz, Euskeraz egindako liturgia berriari eman izan zaio, Manuel Lekuona jaunaren ardurapean egina. Aipamen berezia beste biok merezi ukan* dute: Aita Villasante frantziskotarrak egindako "Jesukristo" liburu bikainak eta "Margo ederdun enziklopedia" sortak, berau ere Manuel Lekuonaren ardurapekoa.

Saria mila dolarretakoa izan da, aurrekoetan bezala; eta, kasualitatea, honetan ere* apaizen eskuetara joan da. Uste dugu, honelako laguntasunaz Euskal Elizak esker haundiak emateko dizkiola Baionako "Euskal Kulturaren alde" taldeari.

Pertsonalki uste dut, literatura bezala ez direla sariztatzekoak liturgiazko lanak, itzulpenak baitira* eta gainera literaturarekin zer ikusi guttikoak, dadukaten meriturik ukatu gabe.

Gabriel Arestik, profeta ez bada ere, orain urtebete esan zeutan norengana joateko zen sari hori, eta bete betean igarri ere.* Hurrengoan ere berdin gertatzen bada, literatur saria gabe, hobe jarriko balute klausula bat hau esanik: "Elizgizonentzat bakarrik".

Xabier Kintana


Ezkerretik eskoira

Integratu ezak

Mundu obeago bat nahi daben asko, langileriaren alde itz egiten ikusten doguz. Eta, egia esan, errazoia dauke, langile askok gutxi irabazten dabe ta. Baina, kontuz! Nire ustez, langileriaren alde itz egitea, kasu askotan, mito bat bihurtu da. Hau jazoten da, zeredozer egin nani ta gehiagoko barik, kapitalismoaren kontra joatearren, langileria idealizatzen danean. Edo ta, modari jarraitzeko, langileriaren penak kantatzen diranean, ezer gehiago sakondu barik.

Gaurko gizarte kapitalistan, gizatalde aundi bi ikusten doguz:

- sistema kapitalistan integratuak diranak (Estaduko funtzionarioak, enpresa partikularretako ugazaba ta menpekoak).

- integratu barik dagozanak (beste guztiak: jubilatuak, gaixoak, komerziante txikiak, lanik ez daukenak, eta abar).

Lehenengo taldean, batzuk ezin obeto bizi dira (Estaduko funtzionario nagusiak, enpresetako ugazaba asko eta euren menpeko nagusiak). Besteak, ondo edo ez hain txarto behintzat, kasu gehienetan biziteko minimum batetik gora irabazten dabe ta.

Baina bigarren taldean, integratu bakoen artean alegia*, hortxe dagoz sistema kapitalistaren benetako bitimak.

Jubilatuen pentsinoak txikiegiak dira. Langile gaixoak kobratzen dabena gutxi da. Komerziante txikiak, nekez ateratzen dabe biziteko lain*. Eta lan barik dagozanak (andra zaharrak, alargunak, errenak, ezinduak, itsuak, umezurtzak), honeek karidadetik bizi dira, hori bizitea bada.

"Cáritas", "Conferencias de San Vicente de Paul", eta egunkari* ta irratietako* "Rincón de la Caridad" eta horrelakoak, XX-garren mendean* lotsagarri dira. Gure gizarte zibilizatuan, kultura ta teknika hain gora igon diranean, justizia eskatzen dagoan oihu garratz bat da integratu bako gure anaien egoera triste hori. Egoera horrek justizia eskatzen dau eta ez karidadea!

Mitorik ez, jaunak. Langileriak justizia gehiago behar dau, hori bai. Baina langileria indartsua da, ta ba daki bere alde burrukan egiten.

Beste horreek, integratu ezak, ahulak* dira. Ez dauke burrukan egiteko indarrik eta ezer lortzeko esperantzarik. Eta itxaropena galdu dabenok (esperantza galtzea baino gauza garratzagorik ez dago munduan) geure laguntza behar dabe.

Xabier Gereño


Ezkerretik eskoira

Agur Xabier!

Begien aurrean daukat: bere motxila eta soka luzea zintzilik, eta beti betiko irria ezpanetan.

Erritar bat genduan, Debatarra jaiotzez; baina hemen eban lan tokia, hemen eskalada lagunak. Xabier danen laguna zan.

Larunbat* arratsean ikusi neban. Ba joian, hainbat aldiz bezala, bizi erdi eban kirola praktikatzera. Ez eban bildurra zer zan jakin. Indartsua eta bizkorra zan. Zortzi egun dira, bere lagun J. Alberto Juaristirekin Naranjo de Bulnes arkaitz ikaragarrira sartaldetik igon ebala. Ze ordu mingots eta alaiak, ilun eta argiak igaroko zituen biak han, paretan gora joiazala. Ha bai poza, gailurrera eldu ziranean, biak bakarrik. Ez eben inoren beharrik. Munduko kaxkarkeria, miseria eta alkar ikusiezina menderatua baiteuken*. Zeruko ate ondoan egozan.

Eta gaur, Xabier ila da. Hain maite eban mendiak bereganatu egin dau, eta gugandik alde egin behar. Xabier, ez noakizu negarrik egitera. Egun bi honeetan triste egon naiz. Baina gero pentsatzen jarririk, zergaitik? zergaitik negar egin?

Zuk azken igoera egin dozu, eldu zara gailurrera, eta gu hemen gagoz sokatik zintzilik. Zu seguru zagozanez, zaindu gaizuz, klabijaren batek urten eta balantzada txarrik egin ez daigun. Zu zeruan zagoz. Zelakoa ote dozu zeru hori? Mendi loratsu, aitz zorrotz eta edurrez josia izango da, bai, seguru nago. Hor alkartuko zinan beste mendizale askorekin, eta kordadak egingo dituzue; hor ez jatzue ekatxik sortuko. Behin esan zeunstan, eskalatzen erakutsiko zeunstala. Ez ahaztu. Horra joango natxatzu halakoren batean ikastera. Urten eidazu bidera, eta jaurtigi sokea, zu seguru zagozanez, nik ez baitot* bildurrik izango sokan gora.

Marisabel Arakistain


Ikasi zure izkuntzea

I. Berbak

(Ale honetan izartxu bategaz agertzen diranak)

Bizkaierazkoak

ALA, arau, según, a medida.

ARRAGO, crisol.

ARO, época. Erdi Aro, Edad Media.

ARRO, cuenca de río.

BAGE, barik, gabe.

BEHINEN, printzipalen.

BAITEUKEN, bait euken, euken eta.

BAITEUTSAT, bait deutsat, deutsat eta.

BAITOT, bait dot, dot eta.

EGITARAU, programa.

ENPARADU, restante.

 IDAZKARI, secretario.

INOAN, esaten eban.

IRRATI, radio.

IRULE, hilandera.

LAIN, beste, aina.

OSTERA, viaje, excursión.

SALMENTA, venta.

UDAL, Ayuntamiento.

ZIDAR, urre zuri.

ZINGIRA, pantano.

Euskera batukoak

AHUL, makal.

ALEGIA, a saber.

AMETS, ames.

AMILDU, precipitarse.

ARI IZAN, jardun.

ARITU, ari izan, jardun.

ARRAS, guztiz.

ASKI, nahiko.

AUSARTU, atreverse.

BAITA, bait da, da ta.

BAITAN, barruan.

BAITIRA, bait dira, dira ta.

BAITU, bait du, dau ta.

BAITUTE, bait dute, dabe ta.

BERAZ, hori dala ta, por consiguiente.

BESTALDE, gainera, además.

BIAIZTERI, Laguardia.

BILDU, batu.

EDUKI, euki.

EKAIN, bagil, junio.

ERANTZUKIZUN, responsabilidad.

ERE, bere, be.

ERORPEN, caída, derrota.

ESKAINI, eskini, eskeini, ofrecer.

EZTEIAK, ezteguak, bodas.

FUNTSEZKO, fundamental.

GALDERA, galde, itaun, pregunta.

GARAIPEN, triunfo, victoria.

GUTXIETSI, subestimar.

HAUTATU, aukeratu, elegir.

HELBURU, asmo, fin, objetivo.

HERRIALDE, provincia.

HURBIL, urre.

IGANDE, domeka.

IRAIL, septiembre.

IZANEN, izango.

LARUNBAT, zapatu.

MEHATXATU, zemaitu, amenazar.

MENDE, siglo.

NABARITU, percibir, advertir.

OHARGARRI, perceptible.

OHARTU, konturatu.

OHI IZAN, soler, acostumbrar,

OROKAR, absoluto.

UKAN, izan.

UZTAIL, garagarril, julio.

ZENBAIT, batzuek.

Beste euskalkietakoak

ANTZINATE, Edad Antigua.

BARAZKI, ortuari, hortaliza.

BILERA, batzar, concentración.

EGUNKARI, eguneroko periodiku.

ESKUALDE, comarca.

JADANIK, ya.

MENDEBAL, occidente.

OROITARRI, lápida conmemorativa.

II. Idazteko modua

Txarto:

Ez dakit, aldizkari horrek bere burua inori saldu deutson edo ez.

Laboristak edo kontserbadoreak, guretzako bardin.

Gure liburua jakintsu batzuei eroan geuntsen, zuzen edo oker ote egoan ikusi eien.

Gizarteak zapaldu egiten gaitu, tresna bat baginake legez.

Problema honen soluzinoa oso erraza dala esan leike.

Ahaleginak egin arren, ezin leike inor osatu.

Ondo:

Ez dakit, aldizkari horrek bere burua inori saldu deutson ala ez.

Laboristak nahiz (zein) kontserbadoreak, guretzako bardin.

Gure liburua jakintsu batzuei eroan geuntsen, zuzen ala oker ote egoan ikusi eien.

Gizarteak zapaldu egiten gaitu, tresna bat bagina legez.

Problema honen soluzinoa oso erraza dala esan leiteke.

Ahaleginak egin arren, ezin leiteke inor osatu.

Imanol B.


Ezagutu gure erria (20)

Araba

 Bizkaiko eskualdeekin* amaitu dogu. Mendebaleko* erri galduak, Enkartazinoak, Bilbo Aundia, Uribe-Butroe, Arratia, Busturia, Lea-Artibai eta Durangoaldea igaro dira zatika zatika.

Orain euskaldun askok gutxi ezagutzen daben errialde* bategaz asi behar dogu: ARABA-rekin. Gero Gipuzkoatik jarraitzeko.

 Arabako Diputazinoak oraindik amaitu barik dauka eskualde-zatiketa; baina sortu barri dau «Comisión de Planificación y Desarrollo Comarcal» dalakoa, lan interesgarri bat egiten asi dana, Gazteizen larregitasuna eta errien txikiegitasuna konpontzeko, beranduegi beharbada.

Horregaitik, batzorde horrek egiten diharduan lanari jarraituko deutsagu, osorik ez bada bere, bertako tekniku zuzendariak esaten eustanez, oraindik zatikatze zihur finkatu bat egiteko dabelako, eta gauza batzuk aldatu bere egingo diralako seguru asko.

Beti bezala, historiari be azterketa bat egingo deutsagu, gaurko balio dauanean batez bere. Aipatu be egingo dogu, ba dirala erri batzuk Bizkaiari edo Errioxari begira dagozanak, Aiala Lurreko eta Biaizteri* aldekoak esate baterako, eta bestaldera Otxandio, Ubidea eta Miranda inguruak. Batzorde horrek kontuan ditu puntu horreek; eta poztutekoa da, gaurko muga aldrebesak austeko bidean jartzeko pausurik txikiena emoten badau, errialdekeriak alde batera utzita.

Arabak behetik gorako eratze interesgarri bat eukan: 438 kontzeju, 53 anaiarte edo hermandadetan alkartzen ziran; honeek 7 taldetan, eta 7 taldeok Araba egiten eben. Taldeak, erderaz «cuadrilla» deituak, honeek ziran: Gazteiz, Mendotza, Agurain, Zuia, Añara, Biaizteri eta Aiala.

Gaur, orainarte lanak doazan eran, honetara banatuko dira eskualdeak: Comarca Cantábrica, Valles Alaveses, Rioja Alavesa, Montaña Alavesa, Estribaciones del Gorbea, Llanada Oriental eta Llanada Occidental. Beraz, bertako euskal izen jatorrak jartzen ez dira gehiegi ahalegindu batzordekoak.

Honeek beste arazo bategaz bere aurkitzen dira: erdi erdian Trebiño aurkitzen da, eta honek ez deutse ixten beste eskualde argi bat osotzen. Eskualde hau, X-garren mendean,* «Ribo de Ibita», «Río de Ibaiuda» izenagaz agertzen da eta orain, Gaztelakoak diran Trebiñoko erriak eta Arabako batzuk artzen zituan, Uda eta Inglares ibai arroan* dagozanak. Guk Trebiñoren lapurreta onartzen ez dogunez, eskualde bat legez azalduko dogu, beste arabar erriekin, xehetasun gehiago emonaz.

Beraz,* gure lan hau behin-behinekoa da. Ez da ezer finkatzeko, Arabaren barri emoteko baino. Hori dala ta, historiaren eta gaurko teknokrata bihotz bakoen artean geure kautako aukeramen batzuk bere egin beharko ditugu. Tamalgarria, lehengoari osorik erromantizismuz eutsi nahi izatea; baina tamalgarriago, teknokrata batzuek Arabaren izatearen barri ezer ez jakitea.

Urrengo zenbakian, Kantauri itsasora begira dagoan Aiala eskualde nortasun aundikoagaz asiko gara. Gaur bakarrik dakarguz hona, 934 urtean San Millango Katalogoan agertzen diran Arabako zenbait* erriren izenak.

Zorioneko H beste aldekoa bakarrik dala uste dabenak argi ikusi leikee, letra hori Araban be erabilten zala. Gaur be gelditzen dira holako izen batzuk, nahiz eta gehienak aldatuak izan, aspirazinoa galdu zanean. Baina H hori lehen pronuntziatzen zala argi dago, gaurko gure Iparraldeko itz berberetan agertzen baita.* Hona hemen:

Zuhatzu, Hurizahar, Huribarri Ubarrundikoa, Huribarri Harhatzukoa, Ehari, Haritzabaleta, Igelhegieta, Hiruzaheza, Harrizabalaga, Hegiraz, Hegirazko Huribarri, Harriolha, Zuhatzolha, Hurigurena, Mendihil, Haizkoeta, Bardahuri, Barolha (gaur Baroja), Basahuri, Okerhuri, Haizpilleta, Ihurre, eta beste mordo bat. Zuhaitz, hiri (bizkaieraz huri), harri, hegi, bil, haritz, hiru, haitz, ez al dira gaur be H-kin? Gure euskaltzale askoren izkuntza-analfabetasuna eta alderdikeria utsa argitzeko ezaugarri bikainak.

J. L. Lizundia


Oizko San Kristobal barriztatzeko asmotan

Jakina danez, Oiz mendiaren gainean, Munitibarrera begira, San Kristobal izenarekin ezagutzen dan ermita bat dago. Aspaldian, beste ermita askorekin jazo izan dan legez, kasu aundirik egin barik dago. Bestalde, mendizaleak barrura bertara sartzen dira, batez bere neguan; eta, ateak itxita egon ezkero, teilatutik bere bai, ituginak eginaz. Gehienetan zabalik egoten dan ezkero, mendi ganaduak bere barruratzen dira, euren lorratzak barruan utziaz, eta ez apainenak.

Oiz gainera, bere ondoan eta urrunago diran errietatik, hainbeste jendek igoten dau, batez bere Garaitik gorako bidea zabaldu dan ezkeroztik. Bertan, ermitearen ondoan, TV-ko tresna bat jartzekotan dira, eta aterpe barri bat egiteko asmoa dago.

Orduan —galdetzen dau jendeak eta batez bere Munitibarko erretore dan Jesus Atela abade jaunak— zegaitik ez barriztatu ta eratu aipaturiko ermita hau?

Horretarako, suskrizino errikoi bat egin beharko litzake, batez bere mendizaleen artean. Horrelan, ermitearen barriztatzea ez litzake Munitibartarren arazoa bakarrik izango, Oiz ondoko jende guztiarena baino. Bestalde, Garaitik gorako bidetik igoten dabenak, Durango aldekoak dira gehientsuenak. Beraz, "Gerediaga" alkarteak bere honetan parte artu behar leukela uste dogu. Entzun dogunez, Garaiko alkate jaunak gogotsu ekingo leuskio arazo honeri, bere errian egin dauan apainketaren jarraipen bat balitz bezala.

Jesus Atela abade gazteak esan deuskunez, ermitea barriztatzerakoan, euskal kutsua emon beharko litzatekio eta, noizean behin, meza bat emon bertan, batez bere uda denboran, mendizaleak Jaungoikoaren Itza entzun ahal izanez gainera, mendia paseo lekua ta beste gauza asko ba dala danak jakin leien.

Nok ekin behar deutso lanari?