ANAITASUNA

Año II — Núm. 19

Suplemento a la Hoja "ANAITASUNA" de Guipúzcoa

Enero 1955


Urte Barri

"Gabonetako alaitasunaz, ontasunaz eta bakeaz, euren bizitza guztian gizonak biziko balira, bestelakoa izango litzake mundua eta askoz-bere zoriontsuagoa."

Auxe esan deusku Aita Santuak, Natibitate bezperako berbaldian.

Ereti orretan, urtean urtean esaten izan ditu, kristiñauen onerako eta mundu guztiaren bakerako, gauza sakonak eta eragingarriak. Ori dala-ta, katolikoak naiz protestanteak, fedebakoak naiz fededunak, danak egoten izan dira berbaldi orren egarriaz.

Aurten, berba gitxi egin dau Aita Santuak, oraindiño erdi makalik dago-ta. Alan ta guzti-bere, aurkitu geinkez bere itzaldian gure kristiñau bizitzarako eta Urte Barrirako bear doguzan gantza ta burubidea.

"Zorionekoak izan gura badozue, bizi zaiteze beti Gabonetako espirituaz" —esaten deusku Aita Santuak.

Gabonetako espirituaz bizi! Gabonetako alegrantziaz, alkarmaitasunaz, bakeaz! Ori bai zoriona! Geuk-bere orixe gura geunke. Ai Gabonak luzeago izango balitxakuz! Ai urte guztikoak, Gabon gabearen antzekoak izango balira!

Zoritxarrez, gauzak olan ez dira. Ezin geintekez beti egon Tabor mendiaren tontorrean. Pozaldia laster amaitu da. Menditik beera jatsi bear. Leunera. Kamiño lorriñera. Betiko bidera. Igazkora. Asko ibilli bear dogu oraindiño. Aurrera egin bear bizitzako bidean. Beste ibiltaldi barri bat asi bear Urte Barrian.

Asi gaitezan, ba, Gabonetako alaitasunaz, ontasunaz, bakeaz. Gatxa izanarren. Gatxa da, izan-bere. Ez bidea gogorra dalako, ez. Luzea ta beti bardiña dalako baiño. Kristiñau ona izan leiteke aste betean, ille betean. Baiña urrengo illean eta urrengoan; urte onetan eta bestean: ori, gauza gatxa da benetan. Ibiltaldiaren bardintasunak eio egiten gaitu; gure pausuen tikitaka jarraituak gogaitu. Kristiñau onak-bere, ibilliaren ibilliaz, nekatu egiten dira. Persona zintzoen asperraldia: orra or gaurko kristiñauen gaixoa.

Beti zoli ta zur biziteko, biztu daigun gure biotzetan fedea. Gabonetan egin dogun legez. Adorez beterik asi daigun Urte Barria, Jesukristo gure alboan dogula. Orretarako jaio jaku Bera, bidea erakusteko, indarra emoteko, nagitasuna kentzeko.

Eskatu deiogun benetako Gabonkaria: alaitasuna, alkarmaitasuna, bakea.


Esaidazu!

Zer da Bulda Santua?

Aita Santuaren dokumentu bat dozu buldea. Dokumentu orren bidez, mesede espiritual asko emoten deuskuz Eleizeak. Mesede orreek direala-ta, Buldea artu ezketiño, indulgentzia asko irabazi leitekez; eta baru ta bigilia egunak beste kristiñauentzako baiño askoz gitxiagoak dira.

Baiña mesede orreek irabazteko, gure aldetik sakrifizioren bat egin bear dogu. Eta sakrifizio ori, gure limosnea da. Gero diru ori, eleizgizoneri lagunduteko izango da.

Baiña Aita Santuak, limosna txiki baten sakrifizioagaitik zelan emoten deuskuz mesede ain aundiak, indulgentzia osoak eta egun gitxi batzutan bakarrik baru ta bigilia egiteko baimena? Eta beste naziñoetako kristiñauak, zegaitik ez daukez Buldako pribilegioak?

Entzun! Eleiza Ama Santuak Espaiñiako kristiñaueri bakarrik emoten deutsez Buldako mesedeak, ez orain egiten doguzan sakrifizio txikiakaitik, Espaiñiako aintxiñako kristiñauak egin zituenakaitik baiño. Ain aundiak izan zirean areek egin ebezan sakrifizioak, Aita Santuak Buldako mesede ugariak emon eutsezan, ez bakarrik ordurako, baita aurrerantzerako-bere; ez bakarrik eurentzako, baita euren ondorengoentzako-bere.

Eta zeintzuk izan zirean ba Espaiñiako aintxiñako kristiñauak egin zituen sakrifizioak?

Begitu! Aintxiña moroen mempean egoan ia Espaiñia osoa. Moroak ez euken Kristoren erlegiñoa, Mahomarena baiño. Orduko kristiñauak, Erromako Aita Santuaren deia entzunda, indulgentzia oso bat irabaztearren, dana itxiten eben, euren etxeak, euren familiak, euren ondasun guztiak; eta moroen kontra joaten zirean gerrara. Asko, ostera-bere biurtuten zirean euren errietara; beste askok, barriz, gerran galtzen eben euren bizia.

Eta gerra santu orretara euskaldunak-bere joaten gintzazan. Las Navas de Tolosa'ko gudaldian, esate baterako, 1212'an, orain zazpi gizaldi direala, moroak guztiz ondatuta geratu zireanean, 2.500 bizkaitar egon ei zirean.

Eta ogetamabost urte geroago, San Fernando erregeak moroeri Sevilla kendu eutsenean, amairu enbarkaziñotik sei euskaldunak zirean.

Pozik joiazan gerrara, euren pekatuen parkamen osoa irabaztearren eta kristiñau erlegiñoa arerioen kontra zaindutearren.

Ai oraingo kristiñauak aintxiñakoen fedea bagendu!


Ba dakizu...?

Sakramentuak. Mezako Sakrifizio Santua

l.—Zein da Mezako Sakrifizioaren parterik printzipalena?

2.—Meza Santuaren bitartez gora aundiko lau gauza egiten doguz. Gauza orreek, zeintzuk dira?

3.—Mezako Sakrifizioa, askoren artean ofreziduten jako Jainkoari. Eskintza ori egiten dabenen artean, zein da personarik printzipalena?

4.—Edozein Mezagaitik grazia asko bialtzen ditu Jainkoak mundura. Grazia orreek irabazteko, bearrekoa ete da Meza ori entzuten egotea?

5.— Defuntuen Mezak —sazerdoteak baltzez jantzita esaten dituanak—, Purgatorioko arimentzako geiago balio ete dabe, osterantzeko Mezak baiño?

(Erantzupenak azkenengo orrialdean)


Danok anaiak

 Beiñola, Kornelius izeneko aleman gazte bat —gero artista ospetsua izango zana— Erromara joan zan beste gazte bategaz.

Bideara joiazala, etxe batera sartu zirean ostatuz. Gaua eldu zanean, familia guztia batu zan eskaratzean, eta danak belauniko errezau zituen gabeko oraziñoak. Bitartean, gazte biak trankil trankil geratu zirean jezarrita, eta ez eben ezetarako idigi agoa.

Errezuak amaituta gero, danak joan zirean lo egitera: arrotzak gora, eta etxekoak beeko geletara. Sartu zan Kornelius bere gelan, eta jakinguraz beterik beeko kuartutik etorren boza entzuten adi adi geratu zan.

Guztiz ondo entzun eban dana. Etxeko ugazabaren boza zan: Aitagure bat errezau ostean, auxe esan eban: "Jauna, errukitu zaitez gazte oneen arimakaz. Antza danez, ez zaitue ezagun, ez zaitue maite. Ikutu eizuz euren biotzak eta ekazuz bide onera."

Berba oneek, Korneliuseri sarrast egin eutsoen ariman. "Ezagututen ete nau gizon onek? —esaten eban Korneliusek bere barruan—. Zegaitik artu ete dau nire arimearen ardurea? Beraren adiskidea edo senidea naiz ala?"

Ordurarte ez eban Korneliusek ain ondo ulertu Santuen Alkartasuna zer dan. Ez eban ain ederto aditu kristiñau guztiak batak besteagaitik dauken zerikusia ta erantzunbearra. Eta bere bizitza guztian ez eban iñoiz aztu gau atako biotz sarrastadea.


Jakin ba...

 1.—Mezako Sakrifizioaren parterik beiñena, konsagraziñoa da.

2.—Aoneexek dira Meza Santuaren bitartez egiten ditugun inportantzia aundiko lau gauzak: Jainkoa adoratu, arturiko mesedeakaitik eskerrak emon, zerura joateko laguntasuna eskatu, gure pekatuen zorrak ordaindu.

3.—Jesukristo da mezaemoille printzipala. Berak, batez-bere, egiten deutso Jainkoari Mezako Opari Santua. Sazerdoteak, Jesukristoren laguntzailleak eta ordezkoak dira.

4.—Edozein Mezaren probetxua, kristiñau guztiakanaiño eltzen da. Baiña —zetan esan-bere ez—, probetsu askoz geiago ataraten dabe Meza ori entzuten dagozanak.

5.—Defuntuen Mezak, Purgatorioko arimentzako ez dabe geiago balio, osterantzeko Mezak baiño. Meza guztiak, meza direan aldetik, bardiñak dira Jainkoaren aurrean. Alan ta guzti-bere, Requiem'eko mezetan aparteko oraziño batzuk esaten dira defuntuen alde; eta alde orretatik, esan leiteke Purgatorioko arimentzako probetxu geiago daukela.

***

"Aparteko modu baten opa deutseguz bakea ta pozkaria kurutzepean bizi direaneri: alanbearrez edo gizonen erruz, gorputza naiz arimea gaixorik daukeneri, eta penaz ta zoritxarrez beterik bakartade gogorrean negar egiten daben guztieri.

Biotzari odola dariola eskatuten deutsaguz Jainkoari guztizko laguntasuna ta indargarria, kartzeletan eta konzentraziño kanpoetan, fedea, justizia ta egiagaitik sufrietan daben gure seme laztanentzat."

Pio Amabigarrenak

Natibitate bezperako berbaldian


Kurutzegrama N.º 15