ANAITASUNA

BIZKAIA

186 zenb. 1970, • Apirilak 15

Apartado 17 • GALDAKANO


ANAITASUNA

BIZKAIA, Amabosterokoa, 7

Zuzendaria: Angel Celayeta Guisasola.

Jabea: Kantauriko Frantzizkotar Irugarrendarrak, Durangon, Intxaurrondo, 3.

Idazkola ta banakola: Bengoetxe, 33-b. Galdakano. Tel. 396 eta 397.

XVIII-gn. urtea. 186 zenb. 1970, Apirilak, 15.

D. L. Bi. 1.753-1967.

Inprimatzen dau: Imprenta IDEAL-ek, Galdakanon, Bengoetxe, 70.

Irartzen dau: RALI.


Donostian Donosti. Gorostian gorosti

Naiz ez izan joko segurua

Ta Euskalerrian atzerri. Ba dabiltz bazterretan hainbat euskaltzale zahar eta gazte, alfabetatze kanpaina dala ta, bero bero, su ta gar. Eta ez al jatzue adorea faltatuko, eragozpen guztien gainetik aurrera egiteko? Orain ereindako azia, geroago landare oparoa bihurtuko da ta.

Gatxaren iturria

Ez noakizue eritxirik emotera, gazte adoretsuak eta asmotsuak zareen ezkero. Halan be, darabilzuen arloaz kanpo, beste bat ikusi dot, orainarte ikutu bakoa. Zera... euskaldunak alfabetatzeko, euskaldunen artean azi ona ereiteko ta ereindakoak frutua ekarri daian, sustar alferreko ta bedar txarrak kendu beharra dagoala. Lurra landu ta azia zainduaz gainera, sator zuloak kendu behar doguzala, gure lana alferrik ondatu ez daiten. Ta hor ditugu satorrak, azpi-lana, azpi-jana eginaz. Non artu indarra gure landarearen sustraiak, lurra erkin eta arol bada? Guk ereindakoa satorrak jaten badabe, alferrik gure izerdi guztiak. Ta hor dozue sator bat, azpi-janean dabilena. Amorotoko maisua, alegia*. Bere (beretu egin dau, antza) errian, umeak ikastolan edo jatorduetan euskeraz egiten badabe, bostehun bider idatzi behar dabe: NO SE HABLA EN VASCO. Horixe dabe zigortzat, amaren bularretik artutako janaria eurentzako dala uste edo sinestuten badabe. Alde batetik, gogoz asiko ginake orainarteko ta gure egunetako ume-azleen eritxiak eta aholkuak* erakarten. Baina alfer da Maria makilatu, berez ez bada zentzatu. Iruzkinak edo komentarioak zeuok egizuez.

Ez arduratu h-akin maixuekin baino

Kontu azpi-lana, onda-lana egiten ari diran satorrei! Zuek, H hori dala ta, berotzen zareen bitartean, ba dagoz beste batzuek, H barik euskaldunok birrindu gura gaituenak. Negargarria litzake, guk baino arinago egitea. H erabili ala H baztertu? Hatxe, Amorotokoa, bai kendu, Sorbonako izkuntzalarien erabagia etorri baino lehen.

Juan Angel Etxebarria


Jose Manuel Ibar

"URTAIN", pixu astuneko ukabilkari ospetsuak, bere neurriko Europako Ukabilkarien Txapelketea irabazi ei dau. Halan izango da. Gu geuk, asko galdu dogu.


Erriz erri

Aulestia

Lehengo baten idatzi neban ANAITASUNA-n, ez dogula kursillorik izan aspaldiko urte batzuetan. Zorionez, aurten izan ditugu irakastaldiok gure errian bere. "Servicio de Extensión Agraria"-ko gizonak ahalegina egin dabe guri irakasteko, guk geuk ikasteko zaletasun aundirik euki ezarren bere. Guztiok nahi dogu baserri oba bat, guztiok gura dogu gure baserriak izarretaraino igonda ikusi. Zaina zer egiten dogu horretarako? Zihur egon geintekez, geuk ahalegin pixka bat egiten ez badogu, ez deuskuela dana eginda eskura emongo.

Sarritan esaten dogu: Guk zer egin geinke ba, ahal dogun guztia eginda bere? Egia da, ahalmen aundirik ez doguna. Baina esan beharra dago, tamalez ez dogula egiten ahal dogunik be; eta, honela, gure ahalmena, gure gizatasuna, gure personalidadea behera doa, atzeraka goaz, geroago ta azpirago gagoz; beraz*, gaur atzo baino gatxago, bihar gaur baino gatxago gure buruak jasotea.

Gure aldetik ba dago zerbait, garrantzi aundiko zerbait, gure burua jasoteko bide bakarra dana; ikasi, saiatu ikasten. Horretarako dira baserri ikasketak. Neguan izaten dira gehienbat, eta iluntze aldean, bakoitzak tarte pixka bat artu ahal daian. Hala ta be, nahiko pobrea izan da, gure erri honek kursilloei egin deutsen abegia: gehien gehien ogetamarren bat ikasle izan gara. Ez dot uste Aulestiarako asko danik, ehun ta ogeiren bat baserri dituala kontuan arturik.

GONTZOLAITARRA

Bilbo

San Joseetako jaiak Deustun

Deustu antzina erri bat zan, bere buruaren jabe. Gero, Bilbok iruntsi eban, bere auzo bat bihurtzen ebalarik.

Orain Deustuk kontzejal bat dauka Bilboko Aiuntamentuan. Bardin Begoñak eta beste auzoak. Baina Bilbok zentralismoz jokatzen dau, eta hau jaietan ikusten da argi: auzoetako jaiak euren nortasuna, euren kutsua galtzen doaz, osorik galdu ez badabe.

Lehen, entzute aundikoak ziran Deustuko San Joseak; azken urteotan, eta batez bere aurten, ezerezean gelditu dira.

Non dagoz bolanderak, txistulariak, barrakak, dantzak? Ez aurreskurik, ez ezelango jai kutsurik.

Baina beste itaun bat be beharrezkoa dogu: Non dagoz Deustu errepresentatzen daben kontzejalak?

ANAITASUNA-k 200 arpidedun inguru daukaz Deustun; eta, seguru asko, itaun honeexek berberok egiten ditue.

Eta Deustuko kronika labur hau amaitu baino lehen, beste hau be esan beharrean aurkitzen naiz: Deustuko gazteak, San Jose egunerako, euskal abeslari barrien jai bat antolatu nahi izan eben Canciller zinetokian; baina bertako ugazabak, arriskugarria zala ta, ezetza emon eutsen.

Abuztuko jaiak

Ze kutsu eukiko dabe aurten Bilboko abuztuko jaiak?

Joan dan urtean, atxakia bat edo bestegaitik, ez genduan euki ez bertsolaririk, ez txistulari alarderik, ez orfeoi ta dantzari jaialdirik.

Gure folklore taldeak eta Aiuntamentuko jaien antolatzaileak kontuan euki behar leukee erria. Politikaren gainetik gure erriaren nortasunari eutsi behar leuskioe.

Euskalduntasunak politikaren gainetik egon behar leuke, erri osoarena dalako.

Horregaitik, hemendik eskatzen dogu, abuztuko jaiak euskal kutsuzkoak izan daitezala, hori egitea beharrezkoa da ta.

GEREÑOTARRA

Igorreta

Oromiño auzuneko jaiak gainean daukaguz, apirilaren 25-ean San Markos bertako patroiaren eguna ospatzen da ta.

Hori dala ta, Igorretarrak il honen 19-rako antolatu dabe Kofradi Eguna, euren arteko artuemon eguna. Goizean goiz biribilketak eta bolandera otsak. Gero Mezea eta beronen ostean, Kofradi bakoitzaren izenean, dantza talde batek dantzan egingo dau: guztitara sei Kofradi dira. Ondoren, aizkolariak, korrikalariak, arrijasotzaileak, eta abar.

Arratsaldean, Kofradien arteko soka-tira txapelketa; eta antzerki bat edo be ikusiko dozue.

Durango

Tabira Mendi Alkartekoak apirilaren 19-rako dauke aukeratuta euren ileroko urteera, ta Leungane mendira izango da.

***

Bizkaiko Diputazinoak il honetan erabagitako gauzen artean, honeexek agertzen dira:

673.000 peseta emon, Durangotik Orozketara ta Igorretatik Goiuriara dagozan bideak konpontzeko.

210.000 peseta emon, Durangoko bonbero etxean egindako lanak ordaintzeko.

***

Durangoko Txirrindulari Alkartearen lehendakari dan Kosme Barrutiak bepe egunean Aiuntamentuari egindako diru laguntasun eskariari, 15.000 peseta emonaz erantzun eutsoen. Diru honeek laguntza bat izan ziran, edurragaitik egin barik itxitako "Urkiolarako Igoerea" antolatuteko.

***

Familietako buruen alkarte bat sortzeko asmoagaz, lanean asi jakuz batzuek errian. Benetan garrantzi aundiko gauzea erriarentzat; baina danon laguntasuna ta indarra behar dauana, errepresentatiboa izan daiten.

***

Behartsuei laguntzeko J.A.E.D. alkarteak 996.000 pese taren laguntza emon eban igazko urtean. Sortu zanetik hona, orain sei urte dirala, 5 miloitik gora joan dira euren eskuetatik.

Zapoerri

Durangon euskaldunak ez dabe, edo ez dogu izan Aste Santuko liturgi elizkizunik. Bost edo sei tokitan gutxienez izan dira elizkizun horreek; baina danak erdaldunentzat.

Durangon, kristinau izateko, Aste Santuan eta urteko astegun guztietan, erdaldun izan behar da, antza.

Durangoko Bat

Elgoibar

"Lurgabe" abeslari irukoteak laga egin deutso abesteari. Otsailaren* 17-an abestu eben azkenengoz, Odeon antzokian. Erriko laguntzarik ez ei dauke, bertan esan ebenez.

***

Bi ilabete eta gehiagoan euki doguz euskal ikastaldiak, ikastolaren ardurapean eratuak. Bertan izan doguz eibartar irakasle jatorrak. Baita San Martin eta Torrealdai jaunen itzaldiak bere izan doguz ikastaroan zehar. Eskerrik asko!

***

Ba dira Euskalerrian hainbat lantegi, dirua ugari irabazten dabenak, eta Euskalerrian dagozanik bere konturatzen ez diranak. Erriaren lepotik aberastu, eta erriko gauzei ez lagundu. Baina danak ez dira bardin. Hona hemen "Danobat Eguzki"-k artu dauan erabagia: langile bakoitzeko urtean behin 175 peseta emon Elgoibarko euskal irakaskintzarako. Guztitara 250 langile ditu.

Debarako be erabagi bardina artu dau, eta 175 peseta langileko eta urteko emongo ditu bertako ikastolarako. Azkoitiko ikastolari be neurri berean lagunduko deutso. Erakutsi ederra, inok jarraitu nahi badeutso.

Marisabel

Galdakano

U.E.E. lantegia, Galdakanoko erri barruan dagoan zaharrenetarikoa da.

Bertako langileengandik dakigunetik, fabrika honetan, duda barik, inguruko fabriketan baino aloger motelagoa jasotzen dabe langile jendeak. Bestaldetik, arriskua, nahiz eta arduraz ibili ezkero ez egon, ez da txantxetakoa, eriotzerakoa baino, bertan dinamitea erabilten baita*.

Hau dala ta, langileak aloger aundiagoak eskatu ditue ta, azkenean, euren eskubideei indar gehiago egiteko, lana gutxiagotu egin dabe.

Hau ikusirik, lantegiko buruak probintzia honetako "Ministerio de Trabajo"-ko ordezkariengana deitu dabe, "disminución voluntaria y continuada del rendimiento normal de trabajo" egin dala esanaz. Orduan, Ministerio de Trabajo-koak "legea ausi" dala erantzun dabe. Erantzun hau eta karta bat berorrekin batera bidaldu deutseez U.E.E.-ko nagusiak langile batzuei. Lan Kontratuko Legearen 77 gn. artikuluaren kontra jokatu daben ezkero, egun biko alogera kentzen jakela esanaz, eta zigor aundiagoak etorri eitekioezala amenazatuaz.

Langileak, ostera, alogerak jasotzeko eskatuaz, euren jokabidea ez dala dinoe, esijitzen dan eginkizunaren azpitikoa, "mínimo rendimiento"-koa baino.

Markina

Pasaiko ikastolako umeak, uda denboran, Markinara etorteko ei dira. Merzedeko ikastetxean egongo litzakez. Oraindino gauza zihurra izan ez arren, laster erabagiteko ei da.

Baita Santurtzeko ikastolako umeak be Markinan, Etxebarrin, Bolibarren eta eskualde* honetako beste erri batzuetan egon nahi dabe datorren udan. Honeek, taldean barik, bakoitza etxe baten egongo da, etxe horretakoekin euskera utsean eginaz, euskeraz ondo ikasteko.

Santurtzeko neskato nahiz mutiko honeetarikoren bat artu nahi dauanak esan beio "Zerutxu" alkarteko norbaiteri. Amoroton, esate baterako, lehendik egin dabe hori; ta gehien gehienak oso pozik dagoz.

***

 Erriko kristinau soilak jo ta ke ari* dira lanean, gaurko eliz-giro barriztatuan sartzeko. Amabostean behin izaten ditue euren batzarrak, bertoko abade, erlijioso ta monja batzuek be tarteko dirala.

Gai sakonak erabili dira, bai ahotik ahora eta bai eskutitz baten bidez. Erriko kristinau soilak garbi azaldu dabez euren kezka ta asmoak. Beste batzuen artean hauxe: Markinan, iru elizaren inguruan banaturik agertzen ei da kristinau jendea. Batasun gehiago nahi da, bakoitza bere elizarantz bakarrik begira egon barik.

Kezka eder honeri erantzuna emonaz, Aste Santuko elizkizunetan batasun bidetik abiatu dira, ta gogoz gainera. Orain arte bakarka atondu izan dira gure elizetako elizkizunak. Aurten, alkarregaz aurretiaz adituta, egitarau bakarra zabaldu da danentzat, orduei, elizei ta izkuntzari dagokioen aldetik, ahalik eta aukerarik gehien emonaz.

Irukote


Mundu biribila

Vietnam, Laos eta...

1954-ko uztailean*, Frantziaren ordezkari ta Giap generalaren artean Ginebran izenpetu zan bakeuneak, zati bitan banandu eban Vietnam, 17 gn. paraleloa erdian zalarik: Iparra ta Egoa. Batasuna 1956-an lortzeko zan, auteskunde* orokarren* ondoren. Bao Dai enperadoreak ez zituan onartu Ginebrako itunbenak*; eta, Vietminh eta Saigoneko gidarien arteko alkar ulertze batera eltzea posible ezin izanik, Iparra Errepublika Demokratiku bihurtu zan, Ipar Vietnameko 29 errialde ta Vietnam Erdiko 4 artuaz. Errepublika Demokratikuko Gobernua Rusiak eta Txina errikoiak berehala* errekonozidu eben.

Bao Dai, Ego Vietnamekin gelditu zan; baina, 1955-eko urrian, referendum baten bitartez, Gobernutik bota egin eben. Diem lehendakariak, Bao Dai-ren lehen ministru izanak, Errepublika proklamatu eban; baina, garbi agiri zana, Estadu Batuen laguntza osoarekin eraikitako benetako diktadura bat zan. Diem-en erregimena, alde guztietatik erasoa ta bere aliadu amerikarrak "in extremis" bertan behera utzia, 1963-ko azilean* jausi zan, militar jaikitze batek eraginda. Matxinada batzuen ostean, 1965-eko ekainaren* 16-an, Van Thieu ta Kao Ky generalak egin ziran Estaduaren buru. Harrezkero, biak ditugu Vietnamen manejatzaile, Estadu Batuen morroi legez.

Baina, gaur egun ba da Ego Vietnamen beste Gobernu bat: Gobernu Iraultzaile* Probisionala, Askatasunerako Nazino Frenteak eratua. Askatasunerako Nazino Frentea, 1960-an burutu zan eta zenbait* organizazino militar eta politikuk osotuten dabe: Vietcong, Alderdi Sozialista Erradikala, Alderdi Demokrata, Mendigainen Askatasunerako Mugimentua, Alderdi Iraultzaile Errikoia, eta abar. Vietcong, gerrillero iraultzaile komunisten organizazinoa da: 120 mila gudari inguru ditu eta geroago ta indartsuago doa. Askatasunerako Nazino Frenteak amerikar esku-sartzearen amaia ta Vietnameko arazoak vietnamdarrak eurak konpontzea eskatzen dau. Argi dago, Saigoneko militar gidariei Amerikak lagunduko ez baleutse, Ego Vietnameko Gobernu ustela erremedio barik jausiko litzakela. Hanoi-ko Gobernuak Askatasunerako Nazino Frenteari laguntzen deutso, amerikar inperialisten eraso genozidaren aurkako burruka latzean; baina, denbora berean eta horregaitik, Ipar Vietnamek Estadu Batuen bonbardeoak jaso behar izaten ditu.

Joan diran 20 urte baino gehiagoan, Vietnamek ez dau ezagutu gudua baino besterik (japoitar, frantses eta amerikarrekin). Bestalde, Pariseko alkarrizketetan (Ipar Vietnam eta Askatasunerako Nazino Frentea alde batetik, eta Estadu Batuak eta Ego Vietnam bestetik) ez da agertzen aurrera biderik.

Hala ta guztiz be gauzak ez dira honetan amaitzen, ta hor dago Laos. Laoseko gudua Vietnamekoa baino zaharragoa da, eta biak gudu bakar bat dirala esan daiteke, Laosetik Vietnamera pasatu baitzan*. Hau da gertatzen dana: alde batetik, indar errikoiak (komunista buruzagitzarekin) Vietnam biak ezeze Indotxina guztia be batzeko asmotan dabiltza; eta bestetik, Estadu Batuak, gobernu faltsuei eutsiaz, batasun hori galerazo nahirik.

Propaganda gutxiko gudua izan da Laosekoa; baina, Pathet Lao-ren (Laos Askatua, askatasun aurrelarirako alderdiaren esku armatua) gudariak Jarros-eko zelaia artu ezkeroztik, gudua goritu egin da. Estadu Batuak, ohi dabenez, Gobernu Zentralaren aldetik dagoz, eta euren B-52 bonbarderoak Pathet Laoren aurka gogor ari* dira. Eginak egin, laguntza hau ez dala nahikoa dirudi. Ta hona hemen Ipar Amerikaren buruauste politikua: Laosen sartu ala ez? Ze ondorio etorriko litzake, jokabide bat edo beste artzetik? Pentagonoko gizonak erabagiko dabe.

A. Muniategi


Mundu biribila

Ekonomia aurreratu baten oinarriak

Gizona mundu osoaren parte bat da, eta mundu horren lege batzuen barruan bizi da. Hala ta bere, gizonak aldatu leikez legeok apur bat. Edo, obeto esanda, berak nahi dauan bidera zuzendu leikez, baina ez edozelan. Zuzenketa hori egiteko, ondo ezagutu behar ditu legeok eta sustraietaraino sakondu. Seguru jakin behar dau, aukeraturiko elburua* posible dala eta bertara eltzeko medioak egokiak dirala.

Ekonomian bere, berberau jazoten da. Horregaitik, erri aurreratuak ardura eta arreta aundiagaz artzen ditue ekonomiako neurriak, epe laburrekoak eta behin-behinekoak izan arren. Eta ardura hau askoz aundiagoa izaten da, ekonomia osoaren oinarriak eurak jokoan dabiltzanean.

Prezioak gora igoten dabenean, langile klasea estu aurkitzen da. Orduan, beharrizan biologikuak emoten daben indar guztiagaz, langile klasea galdutako egoeraren bila abiatzen da, elburu hori lortzeko biderik zuzenena artuaz. Kapitalista sistema batean, patroiaren bihotza jo nahirik, mesedezko eskabideak egitea biderik onena dala sinestea lelokeria litzake gure denboretan. Lehenengo, esperientziak erakusten deuskulako; eta bigarren, gaurko enpresetan ez dalako kapitalistea inondik agertzen, alkarte guztiz inpersonal (Sociedad Anónima) bategaz tratatzen baitabe* langileak. S.A. honeei, malkoak ez deutsee ezer esaten; produzinoaren beherakuntzeak, barriz, min aundia egiten deutse. Guzti hau, honezkero, ondo ikasia dauka langile klaseak.

Horregaitik, galerazota egon arren, huelgak ugaritzen joan dira azken ilabete honeetan; eta, prezioen gorazko abiadea ezagugarritzat arturik, udara orduko huelga askoz gehiago ikusiko doguzala aurreratu geinke bildur barik.

Enpresario askoren aldetik, langileen eskabideei baietza emoteko tendentzia ikusten da, huelgea gogortasunez planteatzen danean. Esandakoari arrazoia emotera dator Langintzako Ministroa deklarazino honeekaz:

"No esperen los empresarios españoles que el Gobierno les va a sacar las castañas del fuego en la negociación de los convenios colectivos en que exista coacción. El empresario no puede negociar cuando haya coacción y por tal puede entenderse cuando unos obreros se sientan en la mesa de negociaciones y los restantes lo hacen en la explanada de la fábrica. Sé que en algunos medios empresariales se piensa que es preferible dar un 4 % a los obreros (por encima del tope aconsejado por el Gobierno) y ahorrarse 15 días de huelga, pero esto es equivocado".

Geroago eta gehiago Gobernuak zain egon behar dau, enpresarioa kikildu ez daiten. Huelgak, galerazota dagozan lekuetan, baimen osoa daukenetan baino bildurgarriagoak dira. Izan be, leku hareetan enpresarioak ez dira euren uretan aurkitzen: ur epelak ur otzetako arrainari balio ez deutson legez, halantxe burruka ezak be ez deutso kapitalismoari balio, burruka hori behar dau ta, produzino bideak obatzeko.

Bestalde, huelgak kontrol bakoak dira, planifikazino bakoak esan geinke. Orduan, planifikatua izan gura dauan ekonomia batean, huelgak elementu nahastaile batek legez jokatzen dabe. Kapitalismo barruan jokatuaz, aurreratuen aurkitzen diran Estaduak, kasualidadez ote dauke sindikalismo libre bat? Ez horixe! Posibilidadeen zientzian, jazoera baten alde kasurik gehienak jartzen diranean, jazoera edo jokabide horrek legearen indarra dauka. Horregaitik, produzinoan garrantzitsuen dan taldea (langileeria) ekonomiaren kontroletik baztertzen bada, bere eritxia (ez bakarrik alogeren arloan) entzuten ez bada, utsune aundia agertuko da sistema barruan.

Orain, bizitza honetan, ekonomian be bide asko artu leitekez, beste arlo askotan bezala. Bat Portugalek artu eban: berrogei urteko geldiunea, sindikato barik, huelga barik, inflazino barik eta desarroilo barik. Gaur, orain dala berrogei urte legez, euria danean, Portugalen ortozik* ikusiko dozuz ume, gizon eta emakumeak bideetatik zehar.

Beste bidea: askatu desarroilo bidean aurrerantza bultzatzen daben indarrak. Lehenengo bideagaz, langile klasea desegin egiten da; bigarrenagaz, barriz, bere integrazinoa bilatzen da. Bigarren bide honek bere arriskuak ditu; baina, kondairaren aurrean, lehenengo bidea baino apur bat garbiago geratzen da behinik behin.

"Correo Español"-ek argi ta garbi esan euskun, bide biotarik bat artu behar dogula: Greziako Koronelen bidea edo Europako bidea. Hauxe da Espainiako agintariak erabagi behar dabena; eta, antza, eztabaida gorrian dago auzia, danak eritxi batekoak ez dira ta. Europaren kontrako amorru aundia erakutsi ondoren, hor agertu dira batzuek, europeismoa alde batera ixtea obe dala esaka, eta Ameriketako desarroilo bako nazinoei emongo jaken laguntasuna lortzea komenigarriago litzakela, laguntza horrek ez baititu* Merkatu Batuaren kondizino politikuak eskatzen.


Euskaldungoa

Liburu barriak

"Ipar Euskal Erria"

Euskal aldizkarien artean, bat egoan kulturan goi mailakoa zana: JAKIN. Baina debekatua izan zan.

Orain, eta barriro baimena lortzen dauan bitartean, bere arpidedunekin artuemonetan jarraitzeko, liburuak argitaratuko ditu, JAKIN sorta edo kolezinoa osotuaz.

Lehenengo tomoa, lan honen buruan ipini dogun tituloarekin zabaldu barria da. Bere balioa aztertu daigun astiro.

Idazleen aldetik, mugaz bestaldeko idazle ezagun asko aurkituko dozuez lan honetan: Piarres Larzabal, Jean Haritschelhar, Ramuntxo Camblong, Jean Louis Davant, Dominique Peillen, Daniel Landart, Piarres Xarritton, Jan-battitt Dirassar. Baionako HERRIA euskaldun asterokoa artzen dozuenok, izen honeek ezagun dituzue.

Euskeraren aldetik, euskera batuan idatzia dago eta euskeraz irakurten apur bat ohitua danak, erraz ulertuko ditu beste aldeko gure anaia euskaldun honeen lanak.

Eta azkenerako, gaia, mamina itxi dogu.

"Ipar Euskal Herria". Zein titulo ederra!

Zer dakizu zuk, irakurle, Ipar Euskalerriari buruz? Eskolan, kolejioan, Ebroaren afluenteak irakatsi eutsuezan, eta Andaluziako mendiak, eta Extremadurako errien izenak. Baina hemendik ez urrun, Bidasoa nahiz Pireneoak pasatuta, mendi ta itsasertz zoragarri batzuen inguruetan, euren izenak inoiz irakatsi ez deutsuezan erri ta uri eder batzuek dagoz, gureak legez euskaldunak diranak.

Liburu honek, utsune negargarri hau bete nahiez, mugaz bestaldeko euskaldunen barri emoten deusku: ekonomian, soziologian, literaturan, euskeraren irakaskintzan.

Zatika dator, idazle bakoitzak gai bat erabiltzen dauala. Honek, alde batetik, irakurteko erraztasuna dakar, eta bestetik, ezbardintasunaren atsegina ta idazle bakoitzaren idaztankera ezagutzeko aukera.

Liburu osoa interesgarria izanik, lan bi batez bere aipatuko ditugu: Olasoren "Kontzientziaren eboluzinoa" eta Camblong-en "Gure ekonomiaren hiru pondu".

ANAITASUNA-ren irakurleak, liburu honek irakurtea merezi dau. Gehiago oraindino, euskaldun bakoitzak irakurri egin behar leuke liburu hau.

JAKIN-erako suskrizinoa urtero 100 peseta kostatzen da; eta, "Ipar Euskal Herria" liburua bakarrik erosi nahi badozue, bere prezioa 50 peseta da. Eskariak zuzenbide honetara: JAKIN, Santuario de Aránzazu, Oñate (Guipúzcoa).

Gure zorionik beroenak Joan Mari Torrealdai-ri, JAKIN hain ondo zuzentzen dakialako, eta liburu honeri egin deutson itzaurre ederragaitik.

Xabier Gereño

"Bizkaiko dantzak"

Argia ikusi dau liburu barri batek, Etxebarria jaunaren liburuak: Bizkaiko Dantzak.

Liburu hau agiri bikain bat da gaurko eta baita etorkizunerako be. Bizkaiko dantzak zelan dantzatu behar diran esaten dau liburu barri honek; eta hori, garbi, txukun eta zintzotasun guztiagaz. Horretarako, egilea 15 urtean ibili da, alde batetik bestera, dantzen puntu guztiak aztertzen, Dantzen sorlekura joan da, eta bertan ikusi eta ikasi ditu!

Orain ehun urte, Berrizko dantzak gaur bezala dantzatzen ziran. Dantzari zaharren oroimenean, bizi bizirik dagoz oraindino gaurko dantza guztiak: dantzari horreen oroimenetik artu eta liburu honetara aldatuak izan dira zehaztasun guztiagaz.

Liburuan, dantzen agerkerak obeto aditzeko, geometriazko irudiak ezarri dira, eta leku-aldaketak seinale batzuekaz azaltzen dira. Gainera, beste irudi txorta bat be ba dauka liburuak. Irudi guztiok Unzalu jaunak egin ditu.

Egileak, Tabira inguruetako dantzak eta Berrizkoak batez bere aztertu ditu.

Liburu hau, gogo setatsu* baten egintza da. Beraz, euskaldun jator batena.

Larrea


Arratiarrak!, ez da nahikoa

Arratiako aizeak bizkortzen asi dirala uste dot. Baina apur bat oker ote dabiltzan bere sumatzen da.

Zeanurin eta Gaztelu Elexabeitian euskal jai eder batzuek antolatu dabez gazteak; eta, eurok ikusi ondoren, dei bat egitera noa: euskerea ez dala jaietan erakusteko bakarrik, eta gero kaleko bizitzan gordeta eukiteko. Izkuntza, gizarteko beharrizan bat da; ta ez dogu ontzi baten gordeta euki behar, noizean behin zabaltzeko.

Jai honeetan parte artu eben gazteak sarri askotan euren artean erderaz egiten ikusten doguz; eta jai horreetan be erderaz egiten eben askotan, jai barruan parte artu orduan izan ezik. Kontuz zer egiten dogunagaz.

Areatzan* alfabetatze irakastaldiak asi ziran eta ederto doaz, ikasle asko joaten dira ta; baina kalean ia sekula be ez dogu entzuten gazte horreen artean euskeraz berba egiten. Noiz arte gordeko dozue euskerea?

Soinulari


Abeslari eta abestaldiak (1)

Mito aldia igarotzen doa

Mitoa indar aundi bat da gure gizartean, politika-gizon, eliz nahiz arte-gizon batzuengan jartzen dogunean. Indar hori erabili leiteke gizartearen onerako, mito bihurtu diran gizon horreek nahi izan ezkero eta kualidadeak euki ezkero. Gure erriak, berebiziko egoera baten dagoalako, behingoan mitifikatzen ditu persona batzuek. Mitifikatze hori, gehienetan, norberak egin eta esan ezinari erantzun bat izaten da. Abeslarien "exitoa" ez datza* ez txalo, ez gorespen eta ez disko salketan; benetako exitoa beste honetan datza: entzule ta abeslarien arteko alkar ulertze batean. Entzuleak, egin eta esan ezin dabena, neurri baten behintzat, abeslarien ahotan aurkitzen dabe. Hortik sortzen da alkar ulertze bat eta mitoaren asiera; geroago eta gehiago erantzun, abestien bidez, entzuleak daukezan arazoei, alkar ulertze hori aundiagoa izango da.

Oraintsu asi da musikaren balorea gehiago onartzen eta zabaltzen; baina, orain urte bi edo iru (entzulerik gehienentzat, ez "elite musikal" batentzat), nahikoa zan kitarra bat artu eta erri-arazo bat sentimentuagaz agertu; abeskera nahiz kitarra jokera, balio utsak legez, ez ziran gogoan artzen.

Hortik dator abeslari batzuen gorestea eta beste batzuen baztertzea; baina, nire ustez, elduko gara eldu behar dogun neurrira, bakoitzari berea emonaz.

Abeslarien mitoa uste dot apurtzen joango dala, eta abeslarien balioa tente geratuko dala. Baina erri batek, mito edo itxaropenaren ezaugarri batzuek behar ditu. Orduan egin behar doguna da, gure erriaren mito egarri hori beste ekintza-gizon batzuengan jarri, abeslarien lana baino sakonagoa aurrera daroen gizonengan.

Eta gaurkoz nahikoa da. Baina ez ahaztu, benetako abeslari batzuek musikarik ez dakiela.

Kitarra, euren bizitza;

notak, erri-arazoak;

akordeak, buru-bihozkadak;

ritmoa, ekintza.

Eurak asitako bidea,

izerdiz sortutako baratza...

Erriaren gaua laburtzearren,

egunsentiko argia

ikusi ez dabenak.

Eurak ziran,

eurak dira

benetako abeslariak.

Bittor Egurrola


Eliza Gaurko Munduan

Kristinautasunaren monopolioa?

Igande goiz baten, autostop eginguran gengozala, gizon bat gelditu jakun Simca bategaz. Barruan sartuta, euskal abestiak kantatzen asi ginan. Gizonak, izketan jakin ezarren euskeraz ulertzen ebala esan euskun. Euskal abestiak asko gustatzen jakozala; baina abesti bat, Xabier Leteren "Maitez galdezka", ez ebala bapere atsegin. (Gizon hareri, abade antza artzen asi ginan).

Leteren abestietatik gehien gustatzen jakuna haxe zala esan geuntsanean, gizonak erdi-aserre erantzun euskun, abesti hori Jaungoikoaren kontrakoa dala. Bere eritxiz, Xabier Lete "anticristiano" dala. Eta berari ez ukatzeko, teologia ikasitakoa zala ta.

Nahiz eta guk teologia ez ikasi —esan geuntsan gizonari— geure eritxi personala daukagu abesti horretaz; eta jakin gura geunke, Xabier Lete zegaitik dan "anticristiano", ikusten eta sentitzen dauana kantatzen daualako.

Eta berak erantzun: Aberats batek pobre bateri 3.000 peseta emoten badeutsoz, ondo egina dala esango dot; baina gizon batek bestea ilten badau, txarto dagoala esango dot.

Abesti hori ontzat artzen dogunok, ea "anticristiano" ote garean galdetu geuntsan.

Orduan, gizona zarataka asi zan, bere senetik urtenda legez. Laga bolantea, eskuak jaso eta aldarrika esan euskun, berari holakorik ez esateko, soporta ezin eikela ta.

Gure erantzuna: Argi ikusten doguna azaltzen jarraituko dogu.

Hau esan ondoren, automobiletik jaisteko esan euskun eta bide gogorrean itxi ginduzan. Bakar bakarrik geratu ginan. Han ez egoan ez etxerik ez trafikorik.

Jazoera honen aurrean, itaun bat egiten deutsegu hau irakurten dabenei: Jokaera hau, "kristinau testigantza" ote da?

Ondarroatar Gazte Bi


Eliza Gaurko Munduan

Eliza eta Ikastolak

Jakin dan legez, Bizkaian Arzipreste mota berezi bat sortua izan da: artzaintza arazoetarako Arziprestea; eta kargu barri hori bete behar daben abadeak elezino bidez aukeratuak izan dira. Honako honeek lantzean behin Gotzainarekin alkartzen dira. Joan dan martxoan izandako batzar baten ondoren, agiri bat argitaratu dabe; ta, beste zenbait* gauza interesgarriren artean, hauxe dinoe irakaskintzari buruz:

"Un capítulo especial —no por ponerlo el último es el menos importante— de nuestra pastoral escolar es el planteamiento serio de los centros escolares bilingües. Creemos que, a causa de suspicacias políticas, dificultades legales, etc., hemos abandonado un terreno importante de acción eclesial, que está siendo ocupado por otros. Aunque sea función subsidiaria, el fomento de la lengua y cultura del pueblo vasco corresponde a la Iglesia con toda urgencia. Consideramos pastoralmente necesario el apoyo a todas las iniciativas culturales en este punto y la promoción de centros donde se vea conveniente; se trataría principalmente de amparar el derecho de los padres de familia que acuden a la Iglesia en llamada de auxilio. Podría pensarse en algo semejante a la Federación de Ikastolas de Guipúzcoa, aunque respetando la peculiaridad de nuestra diócesis. Este apoyo debe basarse en cuatro condiciones indispensables: confesionalidad de los centros, legalización, apoliticidad absoluta y autonomía económica y administrativa de los mismos.

Este empeño exige un esfuerzo de preparación de maestros o de recuperación de otros vocacionados para esta tarea. La escuela de Magisterio de la Iglesia debe contribuir a la preparación de personal idóneo. Hay que pensar en alguna residencia para chicas de la Zona Vasca que estudian magisterio en Bilbao, residencia que podría ser centro de irradiación de tales esfuerzos. Conviene también conectar rápidamente con religiosos y religiosas que puedan colaborar en sus propios centros, sitos en zona de expresión vasca o en otros."

(1970-eko Martxoaren 3-eko batzarraren agiritik)


Eliza Gaurko Munduan

Bide estuak

JAINKOA GAUR. Lazkanoko beneditano batzuek egindako liburu baten izena dogu hau. Joan dan udan agindu euskuen liburua. Berandu argitaratzen zala ta, gure itaunari erdi-erantzun bat emon eutsoen: "Nagusiak... zensura... fraseren bat zuzentzeko... erriarentzako liburua izateko atrebidu xamarra..."

Harrezkero, liburuaren idazleetako batzuek gora-behera zerbait izan dabela ta, etsi* egin genduan liburua eskuratzeaz. Baina hona hemen azken "Jaunaren Deia"-n, liburuaren barri emoten deuskue eta, argitaratua balitz bezala.

Bila joatean, barriz: Oraindino ez dala atera. Zegaitik? Barriro be, erdizka erantzun: "Nagusiak... inprentan asia... gero atzera gelditu erazoa..."

Zer dogu guzti hau? Vaticano Irugarrena behar ote dogu? Ramon Saizarbitoriak dinoana bizirik oraindik? Praileak..., esan dizudan bezala, ez zuen konprenitu nahi izan. Beste gusto batzuek behar nituen izan. Maleablea behar nuen izan..." (R. Saizarbitoria, Egunero hasten delako, 23 gn. orrialdean).


Eliza Gaurko Munduan

Ekintza baten eskaria

Urtero legez, aurten bere izan ditugu Garizumako Gogo Jardunak. Gazteok, neska ta mutil, alkarregaz euki doguz.

Barinagako parroko dan Benito Jauna euki dogu izlari. Benetan gai egoki ta sakonak erabili ditu. Gure eginbeharra zein dan guztiz ondo azaldu deusku, guztiok erraz ulertzeko moduan azaldu bere.

Alkarrenganako maitasuna, lagun urkoari begira bizi izatea: horixe izan da gehien aipatu dauan gaia.

Aulestiako gazteak ez gara atzean geldituko, gauza honeek ez jakiteagaitik. Egiten ez badoguz, geuk gura ez dogulako izango da.

Ez litzake txarto etorriko, noizean behin, gauza honeek barriztatzeko, gazteok alkartutea, ilean behin edo, esate baterako. Beharbada, horixe izango litzake bide on bat, gazteok batasuna lortzeko.

Ba dago, ba, gazteok, zeredozeren beharrizana. Lehenago, ilero ospatzen genduan gure eguna, ilaren bigarren igandean*: gure Jauna artu, eta gero meza ostean batzarra. Eta orain zer? Ez ote dogu inoiz baino premina gehiago, alkartuta jokatzeko? Horren gatxa ote da, ba, erri bateko gazteen batasuna? Orain egiten dogun baino ahalegin gehiago egiten ez dogun bitartean, ez da erraza izango.

Gontzolai


Jakin eta Ekin

Txalaparta otsa itz egina

Arze-ren ISTURITZE-tik TOLOSAN BARRU poesi liburuari, ohiko liburuetatik zeharo desbardina deritxat. Alde guztietatik desbardina. Horregaitik eskuartean erabili ohi ditugun eskema arruntak ez jakuz gai behar bezala onartzeko, nola liburuaren tankera, nola poesiaren funtsa. Eskema horreek larriegiak ziran, poema liburu edozeinen konplejutasuna atxeman ahal izateko: poesi lirikua, ala epikua, poesi barria, ala zaharra. Eta nekez dikotomia klasiku horreetatik at aurreratzen gara. Are gehiago, ezagutu ditugu gerra ondorengo espainiar intelektual batzuek poesi lirikua, ez besterik, onartzen ez ebenak poesi jator bakartzat, ia larriegia zan dikotomia areago larriagotuz. Hareen aburuz ez zan poesi mota bat, edo bardina dana, epika poesi guztia derrigorrez txarra behar eukean.

Espainian bederen* gizarte-erako poesiari zor deutsagu epika barri baten sortzea (ikusi, esate baterako, Celayaren "Las resistencias del diamante" poema epiku luzea). Zorioneko berbiztea poesiaren erabarritzearen onerako.

Nire eritxiz ordea, eta arestian esan dodanez, bereizketa honek ez deusku gauza aundirik argitzen. Asiera beretik epika barriak aundi-itxurak baztertu zituan ezkeroz, urte gutxi barru, berezkoa eban zerbait bezala, kaleko gizon arruntaren neurrira moldatu jakun, bide batez lirikari nagusitasuna ukatuz.

Euskal poesi barrian, neurri aundian espainiar poesi horren ondorio dogun ezkero, gauzak bardintsu joan ezik, joera hori radikalizatu egin dogu eta beharbada gehiegi luzatu bere bai. Ni neu, egia esateko, gure poesiaren radikalizazino horretaz etsita nengoan, hainbeste urtetan iraunez, ez baineutsan ikusten urteerarik ezta aldaketa biderik bere; Eta ene baitan soluzino teorikuen bila nenbilela, ez neban beste biderik ikusten, gaurko joeraren kontrako mugimentu baten sortzea baino. Esate baterako, erromantizismu barri baten bidea urratzea.

Arze-ren liburuko zenbait poema nire teorien aurka datoz, eta ez dot damurik aitortzea. Bilduma honetan agiri diran iruzpalau poema konkretuak, bat-batekoak, zein baino zein beteak eta borobilak, ez dabe zerikusirik nik begiztatzen neban poesi liriku barriarekin. Alderantziz, iragan urteetako anti-lirismu egoerak gerta eikean poesi konkreturako behar dan sensibilidade berezia. Sensibilidade aldetik ez dot somatzen halako alde aundirik bien artean. Uste honetan finkatzen nabe bildumako beste poema gehientsuenak.

Azalpen guzti hok, bestalde, liburuaren inguru-muruak besterik ez dabe ikututen.

Arze-ren poesi konkretua

Aukera bat egitera behartuko banindue, zalantzarik gabe poesi konkretuetara joko neuke itsu-itsuan. Estrenengo aldia da, euskeran horrelako zerbait ikusten dodala; eta, halan ta guztiz be, poema hok sasoi osokoak dirala uste dot. Z-taren MAITASUN KANTUA-ri bereziki antologiazkoa deritxat. Hemen ez dogu badaezpadako poetaren soberazko esaldi totelik atxematen ahal. Egitazko poemetan bezala, dana da beharrezko, edo obetoago esan, poema berak behar dauan egitura lortzen dau bete-betean. Antolaketa grafikua bera be poemaren barne orekari moldatzen jako, doi-doi mugimentua jarraituaz flexibilidade aundiarekin.

Beste batean (GIZONA TA LANA...) alderantziz gertatzen jaku: "lana" itzarekin eraikitako gazteluaren ormatzarretan GIZONA atxiloturik datza, itorik. Beheraxeago "lana" ta "makina" nahasiaz lerro eta ritmo desbardinetan, alienazinoaren sinbolu dan martilu aundi baten itxura bildurgarria artzen dau poemak. Poema honek "efekto" soil bortitz bat sarrerazo nahi leuke irakurlearen buru-muinetan, "a" bokalaren errepikaz baliaturik, makinaren etenbako ritmo monotonoaren otsa eragiteko. Hemen elemento formalak (bizpairu sustantivotan oinarriturik) dira poemaren zirkuitu sentimentala sortarazoten dauana.

Poema konkretu bi honeen arteko diferentzi nabarmenak zerbait adierazoten deusku poesi mota barri honen aberastasunaz. OTX! ATX! UTX! itz-ikasketak eta NO ta TO zoragarriak uste horretan finkatzen nabe barriro.

Bachelard-en metodo kritiku berezia eta zorrotza beharko neuke, Z-taren MAITASUN KANTUA eta NO ta TO-ren interpretazino sakon bat egin ahal izateko. Harzabal-ek bigarren poema honetan, ohargabean ala oharturik, suaren psykoanalysis sakon bat emoten deusku. Nekez aurkituko neuke Bachelard-en "le feu sexualisé" tesisa baieztuko leukean beste exenplo beteagorik literatura barrian. NO ta TO-ek mundua baizen zaharra dan sexualidadeak lortutako suaren mito elementala berkreatzen dau. Eta ez ote da benetako poesiaren berezko zereginetakoren bat, nagusiena beharbada, mito bihurturikako ideiekin zuzenki, errege bidez, komunikatzea? Harzabal-en poema konkretuok poesiaren iturburuetara jotzen dabe eta eldu bere bai askotan.

Bachelard aipatu dogun ezkero, ez ote eban honek Txillidaren burdin lanei buruz saiakera bat idatzi? Ba dago hemen, orain nekez bederen, somatzen dodan artuemon izkuturen bat...

Arze-ren poesi konkretua hain konkretua izanik, ez nintzake arrituko, luzaro gabe Z-taren MAITASUN KANTUA irudi bihurturik ikusiko bagendu; edo Orson Welles-en filma batean ikusten badogu Zeta zaharra zirrikitu aurrean zalantzan, Falstaff edo Ziripot edo Olentzaro edo Rabelais-en edozein gizatzar, jakinduri zaharrez ornidutako irri ironikua begi nini eta ezpan muturrean daualarik, maitasun likitsetarako prest. Personaje guztiak ez badira behintzat LADY CHATTERLEY-ko John Thomas berbera, Lady Jane-n atea joka!!!

Mikel Lasa


Jakin eta Ekin

Jaialdi baten joan-etorria

Joan dan martxoaren 22-an, igandean*, euskal kantari barrien saio bat entzun ahal izan zan Markinan. «Artibai», mendizale taldeak eratu eban, jendeari jaialdi bat eskainiaz*, bide batez diru apur bat ateratzeko, Oiz mendian mendizaleentzat egin nahi daben etxea jaso ahal izateko.

Jakina danez, kantariak abestuko dituen itzak, aurretiaz Udaletxean*, Información y Turismo-n eta Polizian aurkeztu* behar dira, behar diran baimenak lortzeko. Holan egin eben markinarrak. Ikusi zelan joan zan arazo hau.

Argoitia neba-arrebak, Ondarroatarrak, presentatu zituen sei abestietatik bost izan ziran onartuak: Olerkarien abestia, Lili, Euskal aurrak, Arribedertzi Mirentxu, Zeinena da Euskera. Eta ezeztatua: Espetxean dagon gizona.

Txomin, Otxandiotarrak, presentatutakoetatik onartuak: Lorentzo ta Katalin, Itxastar aurrak, Handik hona, Txantxetau, Zugaz maite. Ezeztatuak: Gosetea, Etzaiakoz garaituko, Makila zaharra, Zuri gazte, Amets bat, Esaidazu pintore.

«Itxaropen», Legazpiarrak, presentaturikoetatik baietza lortu ebenak: Maitasun bat, Mundu berri. Eta ezetza: Ez galde, Dudari.

Luis Amilibia, Zarauztarrak, presentatutakoetatik onartuak izan ziran: Daliah, Entzun aizetan, Iturria, Usoa, Lore gorri, Sole mio. Ezeztatua: Inch Allah.

«Urretxindorrak», Bergaratarrak, baietza lortu eben, Ai amatxo, Mendi puntatik, Iguriako boluan, Pake ta maitasunaren abestientzat. Ezetza, Euskaldunak euskeraz kantuarentzat.

«Unai» Azpeitiar bikotearen abestietatik baietza lortu ebenak: Mirentxu, Ezkilaren kantua, Zugairik, Lore polit bat.

Natxo Bilbotarrari onartu eutsoezan: Keja ta promesa, Nere maiteari II, Larrosea, Jakin gura dot. Ezeztatu: Maldizio betikoa, Zergaitik zara zu mitozale, Laugarrenez, Nerea etorkizunaren aurrean, Nere maiteari I, Gazte baten ametsak, Inoren menpean, Ba dakizu non nagoen, eta Kristo, ni ta gizonak.

Euskal jai honen barri emon zanean, zenbait* jendek boikot egin behar zala aditzera emon ei eban. Jokaera hau arrazoi bitan oinarritzen ei zan: bat, bizi garean une larri honetan mendian mendizaleentzat etxe bat jasotzea txantxetan ibiltea dala. Eta bi, abeslari saio honetan parte artzen ebenak era guztiz ezbardineko kantariak ziranez, entzuleak ez ebela ezelango ideia konkreturik irabaziko. Hau da, batzuek folklore zale utsak zirala, beste batzuek zirikatzaileak, beste batzuek instrumentistak eta beste norbait Carusoren bidekoa.

Dana dala, kantariak ez euken boikot honen barririk; eutzuleak bere, ez dogu uste ezer ekienik; eta frontoia, hori bai, puntaraino beterik egoan. Eta, duda barik. «Artibai»-koei zorionak emon beharra dago.

Gauzak honetara diralarik, ez ote dira kantariak mahai baten inguruan jarri behar, arazo honeetaz mintzatzeko?

TXIKITO


Jakin eta Ekin

Ikastolak, prolema latza

Aspaldi honetan artikulu ugari irakurri dogu ikastolei buruz. Ahopeko mintzaldietan ez dator antzuago gai hori. Problema latza eta adar askokoa benetan, bere mamina lerro batzuetan emon nahi izateko, nahiz bat uste andikoena izan. Halan ta bere, ezin txarto ikusi entsegu horreetara joten dauanik. Hain korapilotsu dan ezkero, sintesis bat egin leikeana (inoiz egin ahal izango ote da erabateko sintesis bat?) datorren bitartean eta hori gertuteko, askok eta askok alderdika jokatu beharko dabe.

Nahikoa dogu artikuluren batzuek irakurtea edo ikastolen bideak "zuzentzen" asi diranen jokabideari begiratzea. Eta zer agertzen da? Hauxe:

a) Andereño nahiz maisu batzuei, lepazintzailu, Mao-ren irudia ezarri eta kitto: horreek ez dira euskal irakasle izateko gauza. Eta: Kanpora hortik! Gurasoak dabe itza eskoletan.

b) Orain arteko ikastolen bideak, gure errietako alkartasunaren etena sortu ei dabe: segregazino bide ei dira. Eta hori ezinezkoa da: eskola nazionaletako irakasleekin artuemon gehiago behar da izan. Horretara ezkero utikan* orain arteko andereño eta ikastola-zuzendariak.

a) Hain zeharo eta erabat —zirt zart— garbitu al daiteke prolema bat? Gurasoen eskubidea hau, irakasleena hau: hain mugatuak ote dira alderdi horreek? "Zelan" erakutsi, irakasleen egitekoa ei da; "zer" erakutsi, barriz, gurasoena. "Zelan erakusteak ez al daroa berarekin "zer" erakutsi? Eta "zer" erakusteak ez al daroa beragaz "zelan" erakutsi?

b) Ikastolak segregazino bide dirala eta eskola nazionaletako irakasleekin artuemon gehiago behar dala dinoenak, non daukez begiak? Gure arteko errealidadearen susmo txikienik ba al dabe? Zetarako eta zelan eta noiz sortu dira ikastolak? Eta zein egoeratan irauten dabe?

Eta hau bederen:* hori dinoenak, ze artuemon dauke irakasle horreekin, kristinau ikasbidea dala edo beste hainbat gauzatan dala edo bigarren mailako ikasketarako dala? Ze artuemon?

Amets uts izateko, ez al da tamaino aundi samarreko hori guztia?

c) Eta andereño nahiz maisu, tituludun nahiz laguntzaile, saihestu al leitekez, beste barik, ikastola lanbidetik?

d) Ikastolak prolema badira, ez al da prolema hori garbitzen saiatu behar, ez zirt-zart, ez "ego dixi" batekin, alkarrizketa bategaz baino?

e) Prolema honen jira-biran, prolemaren askatugura horretan ez al da agiri, zabal zabal, gure mundua morroitu nahian dabilen diruaren indarra? Nagusi, jaun eta jabe nor? Ahal dauana. Joko horixe berori gure arazo honetan.

f) Eta arazo guzti honetan, okerrena ez al da, ikastolak Elizaren babesean jarri dirala-ta, erlejino ta moralaren eta ez dakit beste zein gauzaren izenean, okerbide ta nagusikeri-bide ta azpijoko horreetara jotea?

Non dago Vaticano II-ren irigitasuna? Non dago Paulo VI-ren eta Batzar Nagusiaren alkarrizketarako deia? Museo askotxo sortu ote dogun nago. Gure gazteriaren gogorkeria eta bakarkeria, elduak —ofizialki bakarrik, ez gizatasunez— gareanon gogorkeria, bakarkeria, ustekeria, nagusikeriatik ez ote datozan nago. Gogorkeriak gogorkeria dakarrela ez al dogu esaten ba?

Alkarrizketaren dialektika-bide baten aukerarik emoten ez badeutsagu gazteriari, zetan arritu, giza-mailen burrukaren dialektika-bidea dalako teoriara joten badau? Horrela, geuk erakutsia artzea besterik ez dabe egiten; eta esan bere esan behar da: bide bakarra dauke aukeran horrelako bizi-giroan.

Amaitzeko, hauxe bederen:* ez daigun gure jokabide hori kristinau erlejinoan tinkatu. Historian zehar izan dituan kruzadak eta erlejino guduak eta nagusikeriak nahiko ditu Elizak bere bizkar gain. Azken aldi honetan, Jainkoari esker, erlejino askatasunari buruzko agiri bat ezagutu dogu; "Gaudium et Spes" bat bere bai; alkarrizketari buruzko enziklika bat bere bai. Horreei esker, ba dakigu, ezin daikegula jokatu lehen bezala, kristinau ez diranei buruz; ba dakigu, kristinau ez diranekin artuemonak euki daikeguzala eta euki behar ditugula; ba dakigu, biziera osoak alkarrizketa bat izan behar dauala.

Mintza gaitezan gutxiago erlejinoaz eta maite daigun gehiago egia. Irigi daiguzan zertxobait gure museoak.

Dionisio Amundarain


Jakin eta Ekin

Hippiak, gizarte aberatsetako problema larri bat

Gazteen artean kritikaturik badago, hippiak dira, gehien bat, aipatu eta kondenatuak. Roman Polanskiren andrea il ebenetik, hainbeste astakeria egin eta esan dira, hippiak gai artuta.

Hippiak, lehenengo ta behin, gazte bihurriak dira, konformagatxak eta, gainera, gehienetan bizitza eroso* eta nasai batean aziak. Baina gazte honeek argiro ikusi dabe diru bizitza hori ustela zala, zoriona ezin erosi daitekeala, ezta saldu bere. Kapitalistak baietz esan arren, ez dabe sinesten diruak dana ekarri daikeala; eta, horregaitik, uko egin deutsoe diruz erosten dan erosotasunari, eta pobreki bizitera abiatu dira.

Konturatu egin dira, ondo konturatu bere, estadu aurreratuak izugarrizko negozioak egiten dituela inoren gerretan, horretarako armak salduaz. (USA-k Vietnamen, Inglaterrak Nigerian...). Eta ingeles eta amerikar jende prestuak eta langileak ondo bizi diran artean, hainbeste ilten dirala berorrei irabazpidea emoteko.

Ezetz osoa emon deutsoe ba gerrari, eta bakezale agertzen jakuz. Amodioa nahi dabe eta ez gerrarik.

Hippiak maitasun askatua onartzen dabe, eta euren akusatzaileei hauxe dinotsee: Bai, gu pekatariak gara, alkar maite eta ezkondu bage, neska mutilak oheratzen garealako; baina zer ote dira diruagaitik ezkontzen diranak? Eta ze moralpean bizi dira, pisu bat erosteko dirurik ez daukelako, ezin ezkondu daitekezanak? Zein da obe zuen dirupeko morala ala gure moral askatu hau?

Ez dabe esperantzarik bapere kapitalpeko gizarte honetan; eta, horregaitik, kapitalisten alde egin baino lehenago, nahiago dabe lanik ez egitea, lurra landu, arte-lanak eta antzekoak izan ezik, biziteko preminarik bizienak betetzeko.

 Alferrak ote dira hippiak? Askok baietz dinoe, baina ez legoke txarto euren arrazoiak entzutea. Zer da obe —esaten dabe hippiak— arma fabrika batean, detergente fabrika batean edo kafetegiko morroia izatea, ala lanik bapere ez egitea? Armak egiten dituan langile "zintzoak" inoren odolez ateratzen dau bere irabazia; eta detergenteakaitik gure erriko urak eta ibaiak alferrik zikindu eta galdu egiten dira; kafetegietan be ba dakigu zelako bizi ustela dagoan... Ez ote dira guztiok, egia galantak?

Hippiak benetan maite dituen gauzak, Izadiak berak emoten dituanak izaten dira: leku eder baten ikustea, erreka baten murmurioa, lore baten usaina eta kolorea..., diruz ezin erosi daitekezanak. Honegaz kontra egiten deutsoe hippiak kapitalari. Ez, jaunak, ez, diruak ezin erosi daike dana, dinoe.

Baina kapitalak ba dauka bere indarra eta ahalmena. Aserre dao, bai, oso aserre gainera, gazte bihurri honeekin; eta jo ta ke, errebistetan eta telebisinoaren bidez, entzute txarra emoten saiatzen da gorrotoz kapitala. Horregaitik, danetariko okerkeriak esaten ditu: drogazaleak dirala, maritxuak dirala, alferrak dirala, emakumeen antza daukela..., eta beste hainbeste txarrikeria.

Ez dago ukatzerik, egon daitekezala holako hippi drogazale eta gaizto batzuek; baina gehienak ez dira horrelakoak.

Ibizan be argi ikusi zan, gehien protestatzen ebenak merkatariak, dendariak eta negoziodunak zirala, hippiak oso diru gutxi gastatzen ebelako. Horixe zan euren pekatu larriena, morala barik.

Azkenez, nik hauxe esan gura neuke. Hippien bide hori ez da egokiena, gizartea aldatzeko eta ontzeko, beharbada; baina gutxienez hippiak uko egiten deutsoe gizarte honi, eta horretan arrazoia ez dabe falta. Al Fatah izeneko gerrilletan dagoan burrukalariak gogor kritikatu daikez euren gelditasunagaitik; baina ez dot pentsatzen, dirupeko bizitzan sartuta dagozan "arma-saltzaile" eta bizio-saltzaile askok zer esanik daukenik.

Hippien bidea ona ez bada, beste askorena bere ez da obea.

Xabier Kintana


Abereak eta Burdinak

Ipar Euskalerritik. Gure ekonomiaren iru puntu (Azken zatia)

Geroari buruz zer egin

Esan daigun, lehenengo ta behin, behar beharrezkoa dala guretzat industria baten sortzea gure aldean. Traba eta neke aundiak ditugula, seguru. Baina ez da ezinezko gauza. Lantegi barriak jartzeko, gogo barri bat, izpiritu barri bat gure erriaren alde sortu behar dogu. Lan hau asia da. Gero politika industrial bat sortu behar; eta honeri buruz, zenbait* ideia aipatu baino ez dogu egingo:

- psikologiaren aldetik, euskaldunei konpreni erazo behar deutsegu, industriak ez deutsola turismoari kalterik egiten, eta ez dabela "gorrien" bildurrean bizi behar, industria aipatzean.

- industrialei erakutsi, jende seriosak gareala, lan egiteko; eta industriaren aldeko giro bat sortu (batasun ekonomikoak, eskola teknikoak, esposizinoak, eta abar).

- diru aldetik, asieran, diru laguntzak sortu; eta industria eremuak ("zone industrielle" edo "polígono industrial"-ak) jarri.

- demografiaren aldetik, zenbat enpleguren beharrizana dogun atera urtero.

- kanpoan diran euskaldun industrialak edo industrietako buruzagiak konturatu eragin Euskalerriaren beharrizanetaz.

- batasun bat sortu, egiteko horreek zuzendu eta organizatzeko.

- gure ekipamentua obatu, bideen aldetik, telefono aldetik, eta abar.

Beharrezkoa da Euskalerri barrukoarentzat Iruñetik Baionara autobidea absolutuki egitea. Hemen agertzen dogu orain Baionako portuaren mugimentua, portu honen inguruan, eta honeri esker, gure ustez, beste inon baino errazago sortu baikeinke* industria.

Baionako portuaren mugimentua:

1958 714.000 tonelada.

1959 975.000 t.

1960 1.335.000 t.

1961 1.775.000 t.

1962 1.520.000 t.

1963 2.100.000 t.

1964 2.266.893 t.

1965 1.988.183 t.

1967 2.367.608 t.

1961 eta 1962 artean aldakuntza aundia izan da, Bokale-ko Laba Aundiak zarratutean. Baina artoari esker, portuko mugimentua gehitu egin da. Harrezkero, Lacq-eko azufreari esker, gorantz doa beti. Baionako portua ez da aundia; baina, itsasgizonak dinoenez, oso ederto antolatua, guztiz praktikoa. Denbora gutxian, gauza asko karga eta deskargatu ondoren, barriro joan leiteke itsasora.

Idazlan hau ez geunke amaitu gura, bide batez, gure Ego Aldeko anaiei dei bat egin barik. Hainbeste industria eta industriako buruzagi dituan Erriak ez leuke indar bat egin ahal izango Ipar Alderantz? Hemen gazte asko dago lanaren zain, lanbide baten atzetik. Erri askok laguntza aundiak egiten deutseez lantegi barriei... eta, gero, Ipar Aldea ez da ala Europarantzako lehenengo pausua?

Zuen begira gagoz.

III. Ego aldearekin artuemonak (komertzioan)

Hemen presentatzen ditugun zifrak, Domintxaine-ko euskaldun jakintsu batek, Lafaurie jaunak, egindako estudio batetatik atera doguz. Jaun honek, G.E.T.I.S. batasunaren laguntzarekin egin dau azterketa baliotsu hau. Hemen jartzen diran zifrak, "Basses-Pyrénées" (B.P.) departamentu osoarentzako eginak izan dira. Hona, laburki, zer irakurten dogun estudio horretan.

1. Ego Alde guztia, erosle aundia da B.P. departamentuarentzako

Hona hemen Aduanak emondako estadistikak, B.P.-tik Ego Alderako esportazinoentzako:

 1965 1966 1967 67/65

Balioa (mila frankotan) 68.600 108.900 115.000 68 %

Zenbat (toneladatan) 191.871 335.600 420.000 120 %

B.P. eskualdeak* saltzen dau Ego Aldera, erosten dauan baino doblea gehiago. B.P. eskualdearentzat, Ego Aldea bigarren eroslea da, Alemaniaren atzetik. B.P. eskualdearen esportazino guztietatik 15 % Ego Aldera eginak dira.

2. B.P. euskaldeak, Ego Aldeari buruz, erri atzeratu bat bezala jokatzen dau, alkarren arteko artuemonetan

Gauza edo ekei naturalak saltzen ditu eta gauza landuak edo makinak erosten. Izan be, gehienik saltzen dituan gauzak dira: artoa (250.000 tonelada, 76 miloe franko, 1967-an), egurra (55.000 tonelada), kimikako ekeiak (25.000 tonelada, 13 miloe franko), azufrea (36.000 tonelada, 7 miloe franko), aluminioa (18.000 tonelada, 7 miloe franko), eta gauza landu gutxi.

Erosten ditu, barriz, mekanikak, zapatak, oihalak, mubleak eta frutak.

Hona hemen saleroste horren agiri labur bat:

 Saltzeak Ego Aldera Ekartzeak Ego Aldetik

Laborantzako gauzak  

Alimentazinoko gauzak 42 % 58 %

Azufrea, mineralak 16 % 3 %

Kimikako ekeiak 20 % 2 %

Gauza landuak 22 % 37 %

Salerosteen estruktura hori ikusten da oraindik erosi edo saldutako tonelada bakoitzaren prezioan.

Ego Aldera joaten dan toneladaren prezioa: 332 franko.

Ego Aldetik etorten dan toneladaren prezioa: 910 franko.

Iru arrazoi ba dirala hau esplikatzeko, iruditzen jako Lafaurie jaunari, bere inkesta* egin ondoren:

- B.P. eskualdeko* industrialak ez dabe nahiko aztertzen Ego Aldeko merkatuta.

- B.P. eskualdea ez da nahiko industrializatua (irutatik batek lan egiten dau industrian: 130.000 langiletatik, 68.000 bakarrik).

- B.P. eskualdeko industriako buruzagien informazinoa oso txarra da, eta euren "ustekeriak" aundiak Ego Aldeari buruz.

3. Geroari buruz: Ego Aldearen Merkatu Batuan sartzea

Antza danez, oraingo alkarrizketen arabera* (eta Lafaurie jaunak, bai Parisen bai Bruselasen oso urretik segitzen ditu alkarrizketa horreek), Merkatu Batuaren eta Ego Aldearen arteko akordioaren lehenengo pausuak edo mailak 6 urte iraun leikee; holan alde biak obeto prepara leitekez integrazino oso baterako.

Zer esan daiteke lehenengo akordio horretaz?

- Ekonomiako muga asko ezereztuak izan leitekez industriako gauzentzat, 6 urte horreetan.

- Azkenean Lafaurie jaunaren ustez, B.P. eskualdearentzako partida gatxa izango da muga irigitze hori; baina mesede egingo deutso eskualde honen ekonomiari. Berak dinoanez, oso urretik aztertu beharko dira, lagundu edo zaindu beharko diran sektoreak eta lantegiak.

B.P. eskualdearen industriarentzako merkatua aunditu egingo da; eta, preminatsuena dana, eskualde hau ez da gehiago Europaren punta bat izango; eta bai, hainbeste aldiz bere kondairan izan dan bezala, Iparretik Ego Alderako pasatoki bat, eta aldrebes.

RAMUNTXO CAMBLONG


Ikasi ta irakatsi zure izkuntza

I. Berbak

(Ale honetan izartxu bategaz agertzen diranak)

Bizkaierazkoak

ARRO, cuenca de río.

ARROBI, cantera.

AURKEZTU, presentatu.

AUTESKUNDE, elezino.

BAIKEINKE, bait geinke, geinke ta.

BAITABE, bait dabe, dabe ta.

BAITZAN, bait zan, zan eta.

BOKART, antxoba.

EGALUZE, atun klase bat, bonito.

EROSO, cómodo.

GORRI, arrain pilo, kolore gorrizkea.

IRAULTZA, revolución.

IRAULTZAILE, revolucionario.

ITUNBEN, acuerdo.

JABITXI, lortu.

OLA, lantegi, fabrika.

ORTOZIK, oinutsik.

UDAL, ayuntamiento.

UDALETXE, casa ayuntamiento.

UGARTE, isla.

URDURI, artega, inquieto.

UTIKAN, a paseo, al traste.

Euskera batukoak

ALEGIA, hau da, a saber.

ARE, oraindino.

AREATZA, Villaro.

ARI IZAN, jardun.

BAITA, bait da, da ta.

BAITITU, bait ditu, ditu ta.

BEDEREN, gutxienez.

BERAZ, hori dala ta, por consiguiente.

BEREHALA, behingoan.

DATZA, dago, yace. (Etzan aditzaren forma.)

EKAIN, bagil, junio.

ESKAINI, eskini, eskeini, ofrecer.

ETSI, perder la esperanza.

HAZIL, zemendi, noviembre.

HELBURU, fin, objetivo.

IGANDE, domeka.

MEMENTO, momentu.

MENDE, siglo.

OTSAIL, zezeil, febrero.

SETATSU, tenaz.

UZTAIL, julio.

XEHETASUN, detalle.

ZENBAIT, batzuek.

Beste euskalkietakoak

ADOS, conforme.

AHOLKU, consejo.

AZARO, hazil, noviembre.

ARABERA, arauera, según.

ESKUALDE, comarca.

INKESTA, encuesta.

JADANIK, ya.

JAZARKATU, perseguir, acosar.

OROKAR, general.

TRONPATU, equivocarse.

II. Idazteko modua

Txarto:

"Correo Español"-ek argi ta garbi esan euskun, bide biotarik bat artu behar dogula: Greziako Koronelen bidea ala Europako bidea.

Baita be ikastaroan zehar izan doguz San Martin eta Torrealdai jaunen itzaldiak.

Frontoia puntararte beteta egoan.

Ondo:

"Correo Español"-ek argi ta garbi esan euskun, bide biotarik bat artu behar dogula: Greziako Koronelen bidea edo Europako bidea.

Baita San Martin eta Torrealdai jaunen itzaldiak be izan doguz ikastaroan zehar.

Frontoia puntaraino beteta egoan.


Bokart arraintzearen eraketea

Udabarrian izaten da bokart kosterea. Iru ilabete urte guztian. Eta iru ilabete horreetan arrapatu behar da ahal dan bokart guztia. Konserba fabrikak erosten dabe bokart hori, salazoia eta filetea egiteko. Gehiena exportazinorako, batez bere Italiara.

Azkenengo amar urteotan, goraka joan da bokartaren inportantzia arraintzalearen ekonomian. 1960-an iru peseta balio eban kiloak, 1965-ean 9 peseta, eta igaz 36 peseta.

Beste alderdi batetik, egaluzetarako* bibero sistemea sartu zan ezkeroztik, urte osoan dauke gure arraintzaleak bokartaren beharrizana, arrain hori karnada bizitzat erabilteko. Bajurako ontziak, nahi ta nahi ez, bokartaren dependentziapean dagoz gaur egunean.

Arraintzaleen bildurra

Baina gorakada arrigarri honen ondoan, bildur eragiteko beherakada bat be ba dauka bokartak: produzinoarena.

Hain zuzen bere, 1965-erarte, gero ta gehiago arrapatu zan; baina harrezkeroko lau urte honeetan, beherantz joan da produzino hau. 1969-an, beherakada hori ehuneko 35-ekoa izango zalakoan nago. Ez da arritzekoa, ba, arraintzaleen bildurra, arrain hau izutu, aldendu edo bapeztuko ez ote dan. Hori dala ta, kosta guztian eztabaida gogorra sortu da: ea zegaitik izan leiteken bokartaren urritzea.

Eritxiak

Honetan, eritxiak ezbardinak dira.

Bizkaitarrok eta Montañesak (Sananderekoak), arrain honeri larregi jazarkatzen* deutsagula dinogu, udabarrian, udan eta neguan. Eta horregaitik atsedenaldi bat emon behar deutsagula, neguan debekaldi bat jarriaz.

Giputzak, ostera, neguko bokarta eta udabarrikoa diferenteak dirala dinoe, eta ez dogula ezer egingo neguko debekaldi horregaz.

1968-an, Kantauri itsasoko arraintzaleak Madrilen batu aran, gai honeri buruz erabagiak artzeko, baina ez zan ezer lortu.

Orain, Dirección General de Pesca-k artu dau aria problema honetan, aipatu dogun debekaldia ipiniaz, eta egaluzetan* biberoakaz joatea abuztuaren 15-erarte debekatuaz.

Legearen mamina

Hona hemen legeak dinoana:

Kantauri itsasoko bokart kostereak beherakada aundia egin dau azken urte honeetan, eta jazoera horrek bidezko artegatasuna sortarazo dau arraintzalen artean. Bokartaren beherakada hau; atunetako kosteran karnada bizia erabilteagaz batera gertatu da.

Arrain mota honeri urte guztian zehar egiten jakon explotazinoak, lagundu egin deutso, dudarik bage, itsaso honetako bokart gorrien* urritzeari.

Bestalde, bokart gorrien urritze honek zerikusia euki leike, egaluzea gure kostara ez urreratuteaz be.

Urritze horren arrazoi bakarrak honeek dirala ezin leiteke esan; baina oso bidezkoa dirudi, experimentu modura, neurri batzuek artzea, arrain hau jagoteko eta, aldi berean, atunetako kosteran bokarta karnada bizitzat erabilteak egin leiken efektua ezagutzeko.

Honegaitik aginduten dogu:

Lehenengo: Experimentu modura, bokartaren arraintzarako debekaldi bat jartzen da, Ipar eta Noroeste kostaldeetan, azaroaren* lehenengotik otsailaren* azkenerarte, urte bakoitzean.

Bigarren: Experimentu modura hauxe be, debekatu egiten da karnada bizia egaluzetarako erabiltea, atun kosterearen asieratik abuztuaren 15-erarte, urte bakoitzean.

Halan bere, zimarroia (egalaburra) arrapatu leiteke karnada biziagaz, kosterearen asieratik abuztuaren 15-erarte, bokarta barik, beste edozein arrain mota karnadatzat erabili ezkero.

Artza


Ezagutu gure erria (14)

Lea-Artibai (2)

Munditibar (Arbatzegi-Gerrikaitz)

24,50 km.2 ta 1.045 bizilagun. Bere auzoak: Arbatzegi, Berreño-Aldaka, Gerrika, Gerrikaitz, Munditibar eta Totorika. 1882 urterarte, erri bi ziran: bata Gerrikaitz, 1366 urtean Don Tello Bizkaiko jaunak sortutako uria; ta bestea, Arbatzegi izeneko elexaldea. 1545 urterarte, Arbatzegi tokian, Urrutxu alderantz aurkitzen zan parrokia; gero, erdirago behar zala ta, Munditibarrera jaitsi eben. Amaika aldiz aipatzen da Munditibar izena, Gerrikaizko uria sortu zanean; beraz*, uriaren izena Munditibar baldin bazan, eta elexaldea Arbatzegitik Munditibarrera aldatu bazan, erri biak alkartu ziranean, izen hau artzea izango zan egokia; gainera, bertako ta inguruko euskaldunak halan deitzen deutsoe. Baserri ekonomiakoa da Lea arroa* asten dan herri hau, bizilagunez beherantz doana. Oizko mendi gaina bere barrutian dago, eta baita hain entzute aundiko dan San Kristobal ermitea bere. Bertan dago Bizkaiko frontoirik ederrenetarikoa.

Murelaga

25,22 km.2 ta 996 bizilagun. Bere auzoak: Aulestia (erriburua), Ibarrola, Urriola, Narea, San Anton, Goierri, Malax eta Zubero. Hemen bere, goian aurkitzen zan parrokia, Murelagan; eta egokiago zalako, ibarrera jaitsi eben, Aulestiako torre etxearen ondora. Horregaitik, nahiz eta lehenengo tokiko izena eroan, erri honeri gaur Aulestia deitzen jako. Orain ehun urte, 1.419 bizilagun eukazan; beraz*, beherakada anditxoa egin dau. Gehiena, baserri ekonomiari lotua. Ba dagoz, horregaitino, arrobi* eder batzuek, bere barrutian dagoan Santa Eufemia ermita entzutetsuaren inguruan. Erri honetako semea zan Martin Basabe, XVII mendearen* asierako irudigilea; Getariako parrokian eta Bilboko San Antonen dagozan irudi batzuek, bereak dira. Bertakoa zan baita Diego Goitia jesuitea bere, XVIII mendeko euskal idazlea, nahiz eta zoritxarrez bere lanak non diran jakin ez.

Gizaburuaga

6,33 km.2 ta 249 bizilagun. Bere auzoak: erriburua, Lasier eta Okamika. Orain mende* bat, 338 bizilagun eukazan. Gaur Bizkaiko erririk txikienetarikoa da, eta urteko diru presupostorik urriena daukana. Oibar izeneko Andra Mari bat dago erri honetan. Antzinako oletatik* ospetsuenetariko bat be ba dauka, Bengolea izenekoa. Bertako semea zan XV mendeko teologu aundia, Okamikako Lope, Alemaniako Kolonian il zana. Baserri ekonomiari lotua, beste Lea ibaiarroko errien antzera, honek be seme ugari ditu Amerika ta Australian.

Amoroto

13,36 km.2 ta 610 bizilagun. Bere auzoak: erriburua, Odiaga, Urrutia ta Ugaran-Oleta. Baserri ekonomiari lotua, nahiz eta Ugaran-Oleta inguruan industriarako toki ederrak euki, bizilagunez urritzen doa. Bertako semea zan Jose Andres Atxurra, 1796 urtean Mexicoko Trujillon apezpiku izan zana. 1882 urtean, erri honen barrutian Atxurra izeneko koba aurkitu zan, 80 metro luzeran eta 7 zabaleran dituana.

Izpazter

22,68 km.2 ta 965 bizilagun. Bere auzoak: Arropain, Artika, Kortazar, Barainka, Kurtziaga, Gallete, Gardata, Larrinaga, Mendatzona, Solarte, Soluane ta erriburua. Bere lurraren 84 % pinudiak betetzen dabe. Baserriari ta itsasgizon izateari dago lotua bere ekonomia. Bertako semea da Gabika txirrindulari entzutetsua.

Mendexa

6,89 km.2 ta 421 bizilagun. Bere auzoak: Zelaia (erriburua), Iturrate, Leagi ta Likona. Azkenengo auzo hau izan ezik, beste irurak baserritarrak dira. Likonan aurkitzen da Karraspio izeneko ondartza, udatiarren txaletez inguratua. Erri honek bere turismo aberastasuna ez dau beretzat ondo planteatu, ezta erritik Ondarroara bide bat egiteak ze mesede ekarriko leuskion.

Lekeitio

1,77 km.2 ta 5.834 bizilagun. Zabaleraz Bizkaian azkenbigarrena, ez dauka auzorik eukiteko lekurik. Lea ibaia uri honen eta Mendexa bitartean itsasoratzen da, San Nikolas ugartearen* aurrera. Arraintza ekonomian Bizkaian irugarrena da, Ondarroa ta Bermeoren ondoren. Errialde guztiko arrain produzinoan ehuneko 10,12 emon izan dau; baina azkenengo amar urteotan ehuneko 22-ko beherakadea egin dau. Bien bitartean turismoa gehitu jako; eta Bilbotik kanpo lujozko hotel bakarra bertan dago, Uribarren jauregian "Hostal de la Emperatriz" izenagaz. Bizkaiko elizarik ederrena dauka, gotiko tankerakoa; eta batezbere bere erretabloa, 1508-an egindakoa, oberenetarikotzat jotzen da. Bertako semea zan Azkue abade jauna, Euskaltzaindiaren sortzaileetakoa ta lehenengo lehendakaria, euskal kultura arloan ikaragarrizko lana egindakoa. Uri hau 1325 urtean sortua da.

Zenarrutza

19,22 km.2 ta 807 bizilagun. Bere auzoak: Arta, Bolibar (erriburua), Goierria, Zenarrutza, Zeniga ta Ziarregi. Orain mende* bat, 1051 bizilagun zituan. Zenarrutzako kolejiatak, Bizkaian bakarrak, emoten deutso erri honi bere izena. Orain urte bi, 1.000 urte bete ziran, kolejiata sortu zala; eta jazoera honi ez jakon aipamenik bere egin, beste munduko edozein tokitan holako gomutapenak egiten badira bere. Arte ta kondaira aldetik balio askokoa, hor dago, barriztatze lan motelegi batzuek egundo ez dirala amaitzen! Erriburukoa, Bolibarkoa, zan jatorriz Simon Bolibar, Ameriketako askatzaile parebakoa. Orain urte bete, erriko arazoentzako ardurabakotasun andi bategaz, erri honek bere nortasuna galdu dau, Markina-Xemeinek bereganatuaz. Baserri ekonomiaduna, ba dau arraintza deribaduetako ola* bat.

Etxebarria

17,74 km.2 ta 976 bizilagun. Bere auzoak: Altzaga, Aulestia, Gakartza, Unamuntzaga ta San Andres-Etxebarria edo erriburua. Orain mende* bat, 1.131 bizilagun zituan. Baserri ekonomiaduna izan arren, bere zelai ederrak ba dau industria aukera be, Eibarrerako bidea zabaldu ondoren. Ba dira, etorkizun honi begira, eztabaida ugari. Euskal kirolari askoko erria, pelotari, probalari, arrijasotzaile ta beste.

Markina-Xemein

44,65 km.2 ta 4.302 bizilagun. Bere auzoak: Amalloa, Barinaga, Ilunzar, Iturreta, Meabe, Murua, Urberuaga ta uria. Lehen udal* bi ziran; baina hain nahastuak, inok ez eukan igartzerik, noiz Markinan eta noiz Xemeinen egoan; eta azkenean alkartzea erabagi eben, ia orain 20 urte. Markina, eskualde* guzti honen uriburua, 1355 urtean sortu zan. Ba dauka buru izate honek, aundiki familiak emoten deutsoen señoritotasuntxoa. Xemeingo parrokia, Bizkaiko aundienetarikoa da. Bere auzoetatik bat, Barinaga, "anteiglesia" mailakoa da; baina, maila hau euki arren, nortasunik ez dauka. Ola* batzuek euki arren, lantegiak kontatuta (ogeitik gora), baserri asko ditu; ikustea baino ez dago, bere lehen aipatu diran bizilagunetatik 2.878 dira uritarrak eta 1.424 baserritarrak. Aurreragoko idazlanean aipatu genduzan uriburu izatearen bere xehetasun* batzuek; eta ez goaz orain barriro esatera. Bakarrik esan gura dogu, gure ustez, buru izateaz, zelai eder eukiteaz, eta Eibar, Elgoibar, Durango ta Ondarroa bitartean egoteaz baliatuko dala, eta desarroilo egoki ta nortasundun bat jaritxiko* dauala.

Berriatua

19,85 km.2 ta 1.580 bizilagun. Bere auzoak: Asterrika, Madalena, Mereludi ta erriburua. Baserriz aberatsa, sagardoarekin entzutetsua, alboko Ondarroa uriagaz tirabiran dabil, bere nortasuna galtzea ez gurarik. Ondarroa, Madalena auzoari begira egon da beti, bere zabaltzerako beharrezko dauala uste izanik; baina gauza bat da auzo bat kentzea eta beste bat erri guztia irunstea. Artibai ibaiaren girabiretan, torre-etxe zahar eta ortu eder ba ditu Berriatua honek.

Ondarroa

3,61 km.2 ta 8.365 bizilagun. Uriaren sarreran Errenteria auzoa dau, ta Arno mendi alderantz Gorozikako enklabea. 1327 urtean sortu zan uri legez. Arrantzale erririk bada, Ondarroa dogu bat; azkenengo estadistikak dinoskuenez, Bizkaiko lehenengoa, Bermeogaz eztabaidan. Uda denboran turismo erria be ba da, baina bere arraintza ekonomia ahaztu barik. Erri urduria*, gaur gure munduak eta batezbere gure Erriak daroan iraultza* preminari gogorren eusten deutsona. Eukiko ditu bere errakuntzak; baina lanean diharduanarenak izango dira, eta teoriakeriaren baretasunean egon gura ez dauanarenak. Izkuntzari beste Euskalerriko edozein urik baino sendoago eusten deutso Domingo Agirreren erri honek. Arraintza estadistikak aurreragoko lanean aipatu diran ezkero, han ikusi leike irakurleak ondarroatarren langiletasuna.

J. L. Lizundia