ANAITASUNA

BIZKAIA

183 zenb. 1970, • Otsailak 28

Apartado 17 • GALDAKANO


ANAITASUNA

BIZKAIA, Amabosterokoa, 4

Zuzendaria: Angel Celayeta Guisasola.

Jabea: Kantauriko Frantzizkotar Irugarrendarrak, Durangon, Intxaurrondo, 3.

Idazkola ta banakola: Bengoetxe, 33-b. Galdakano. Tel. 396 eta 397.

XVIII-gn. urtea. 183 zenb. 1970, Otsailak, 28.

D. L. Bi. 1.753-1967.

Inprimatzen dau: Imprenta IDEAL-ek, Galdakanon, Bengoetxe, 70.

Irartzen dau: RALI.


Dei zoli bat

 Erri batek programa bat egiten dauanean, erri bat estrukturatu eta eratu nahi danean, bizitzearen alderdi eta adar guztiak artu behar dira kontuan. Horrexegaitik agertu dira gaurko estaduetan ministerioak: gobernazinokoa, burdin-langintzakoa, lur-langintzakoa, irakaskintzakoa, eta abar. Espainian, uste dot 18 dirala. Izan bere, gure gaurko gizarteari erantzun taxuzko bat emoteko erarik onenak dira egitura* horreek, baldin erri bakoitzaren apartekotasuna onartzen badabe, erri bakoitzak bere izakera berezia* dauka ta.

Gaur egun, eraketa honetan, irakaskintza arloak garrantzi andia artu dau, eta egunetik egunera gorantza doa garrantzi hau. Urtetik urtera gehitzen da irakaskintzarako presupuestua.

Eta ez da zuhurregia izan behar, irakaskintzeak erri bat osotzean garrantzi andi andia daukala ikusteko. Erri batek, aurrera egin gura dauanean, derrigorrezkoa dau irakaskintza arlo hau taxuz* burutzea.

Elburu* honeekaz eta gure erriari gaur dagokion kulturea eta erantzuna emon nahirik sortu dira ikastolak hor hemenka. Beste arazo bat da elburu hori betetzen daben ala ez ikustea, edo baldarka bakarrik betetzen dabela ikustea; baina horretara jo gura dabela ezin ukatu.

Ikastola honeek arazo gogorrak ekarri ditue; ekonomia alderditik, pedagogia alderditik, lokalak dirala, andereñorik ez dagoala, eta abar. Oraingoan, azkenengo honeri oratu* gura neuskio.

Orainarte, eta oraindik orain bere holan gertatzen da, ikastolarako andereño bat behar dabenak, gazteleraz esaten dan bezala, "a salto de mata" ibili behar dabe, andereño dalako hori bilatzeko. Eta halako neska bat, euskeraz dakiana eta magisterioko ikasketak amaitu dituana, ez dakit non tokitan dagoala entzuten dabeneko, berehala*, derrigorrak beharturik, neska horrengana joaten dira, neska horrekin itz egin eta kito. Jokaera honek arazo andi baino andiagoak dakaz, andereñoen egokitasunaren aldetik batez bere. Eta sarritan, larriagoa dana, ikastola batzuek ezin zabaldu edo itxi egin behar, andereñorik ez dagoalako. Beraz*, alderdi batetik egokitasun mailan arazo bizi bizi bat badago, beste alderdi batetik, eta lehengoaren gainera, jenderik ezaren arazoa ez da txikiagoa.

Arazo hau ikusirik, dei zoli bat euskal gaztetxo eta gazteei, euskal solo horretara begirada bat egin daien eta ikusi daien, beste arazo batzuen artean (irakaskintzea ez da bakarra), andereño eta maisuen premina gorria dagoala, erritik sortutako andereño eta maisuen premina larria. Eta premina hau ikusirik (ez bakarrik ikastolei begira, beste eskola eta bigarren mailako erakundeei begira be bai) arazo horreri oratu egin behar jakola; aurretiaz jakinik, lan gogorra dala, lan andia dala egiteko dagoana, eta sarritan ez dala "positiboa" izango diru aldetik. Baita dehadar bardina gurasoei bere: ahalegindu daitezala, euren seme-alabei arazo honeek ikusi eragiten (aukeramenak, personala izan behar dauala kontuan eukirik), nahiz eta beste karrera batzuek egitea "positiboagoa" izan eta, beste bide batzuek artu ezkero, diru eta fama gehiago lortu.

Uste dot, dei zoli hau erriarena dala, situazino eta arazo batzuen dehadarra. Bestalde, persona batek profesino arazoa planteatzen dauanean (eta taxuz planteatu behar dau, ezkontza arazoa planteatzen dauan besteko seriotasunaz, esate baterako), situazino bateri begira planteatu behar dau. Nire eritxiz, persona bakoitzak bokazino bat dauka, bokazinoa ez baita* abade, monja edo fraileen monopolioa. Eta bokazino hori ez da gau baten sentitzen dan aparteko dei berezi bat. Bokazinoa erriaren dei bat da, munduaren aurrean planteatu behar dana. Bakoitzak, bere munduaren aurrean eta aurrean daukan errealidade hori aztertuaz, erantzun bat emon behar dau, ahal badau (bokazinoaren bigarren elementua). Beraz*, ahalmen batzuek eta beharrizan batzuek osotzen dabe bokazinoa.

Lan andia da eta zabala, arlo honetan agertzen jakuna; eta horretarako, beharrezkoa da jendea gertatzen joatea, kultureak garrantzi andia baitauka* erri baten indartzean. Horregaitik, ba, dei zoli bat euskal gaztetxo, gazte eta gurasoei: Beharrizan larriak dagoz; eta jendea gertatzea da biderik zuzenena, beharrizan horreei erantzun patxadazko bat emoteko. Tituluak ez deutsee nortasunik emoten personei eta erakundeei, baina beharrezkoak dira.

Egia esan, izkuntzak beharrezkoak dira; eta, eurak ikasita, gehiago irabazten da eta trankilago bizi leiteke. Baina hori ote da gure erriak behar dauana? Sekretariak, pilotuak... behar ote dira? Behar, behar..., danak; baina jerarkia bat derrigorrezkoa da. Etxe baten, oheak falta dirala, labadora bat erostea aldrebeskeria bat iruditzen jat.

JUAN ANTONIO ARAMBURU


Erriz erri

Galdakano

Ejerzizio Espiritualak urtean behin egiten dira errian. Oraindik oraintsu arte, ifernu ta deabruaren gain berba egiten izan da, gutxi gora-behera. Orain gauzak zerbait aldatu dira. Baina orain be, ejerzizioak planteamentu barik edo planteamentu serioso barik egiteko arriskua dago. Eta honetara be, alienatu egin leiteke erria. Gure ustez, ejerzizioak egitera doazanak eurak aukeratu behar leukeez, zelanbait, gaiak, erea eta izlariak.

Ganguren taldeko zuzendaritzea barriztua izan da. Mendigoizale honeek, menditik ibilketak eta holakoak antolatzen ditue. Dana dala, mendigoizale talde honek beste gauza batzuek bere egin leikez, ondo gainera. Ez dogu uste, talde horren zeregin bakarra, mendira igonda, aizea artzea danik.

Koralean krisis gogorren bat sortu da, eztabaida batzuek izan ondoren. Eztabaida honeek, igazko Santagedetan eta aurtengo Gabonetan "Los Mitos"-ekin nahastean egindako jaialdian erne ta gogortu ziran. Orain, neska abeslari bi taldetik kanpora bota ditue, botazinoak egin ondoren. Hau ikusirik, Koraleko bost onenetarikoak alde egin dabe abeslari talde horretatik.

Bengoetxeko auzunean, zementu fabrika bat egitekotan ei dabiltza. Bertako bizilagunak firma bila asi dira, asmo hori galerazo guran, era horretako lantegiak jendea bizi dan ingurutik urrun egin behar litzakezala adierazoaz.

Eliza barria egiteko antolaketak aurrera ei doaz. Ez da berehala* egitekoa eliza hori!

Jabier Agirreamalloa abade jauna, esku lanean asi da "Angulo"-ren lantegian.

URBIETA

12 Arrietatik

Azkenengo urteotan sarritan entzun dogu, gure baserriak utsituten doazala, lanik asko ta dirurik gutxi emoten dabela ta. Honen kontra altzatu dira batzuren batzuek, baserria aurrera atera guran.

Gure eskualdean* Elorrio dogu ekintza horretan nagusi. Azkenengo urteotan, bost bat mila makatz landara sartu dira bertan.

"Extensión Agraria"-koak antolatuta, irakastaldi batzuek emon dira, makatz zuhaitzak zelan inausi* jakin erazoteko. Irakastaldi honeek aste bitan banatuak izan dira: lehenengo astean teorikoak eta bigarren astean praktikoak.

Garai, Berriz eta Elorrioko 40 bat nekazarik jarraitu ta amaitu ditue irakastaldiok.

Bi ta iru miloi peseta aurreratuko deutsez Bizkaiko Diputazinoak Berriz eta Elorrioko Aiuntamentuei, eskola barriak jasoteko. Baita beste miloi bat, Ermutik asi ta Mallabitik zehar Gomezeagaraino doan bidea konpontzeko.

***

Berrizko jaiak amaituaz batera asi jakuz Abadinoko San Blasak. Ospe aundiko jaiak nekazarien artean. Aurten bere, solorako tresna ta makinen azoka* egon da. Jai egun guztietan, gau ta arratsalde, idi probak eta soinulariak egon dira. Aurtengo idi probetan, Lasarteko Korta gelditu da lehenengo, Berrizko Antzuaren aurretik.

***

Durangoko Jose A. Egileor, 18 urteko mutil gazteak, otsailaren* 8-an, mendirantz urten eban, Alluizko Atxaren Labargorri tontorrera igon guran. Igoera hau gatxenetariko bat lez ezagutzen da, 6 gn. mailakoa. Tontorrera eltzerakoan, orman egoan egurrezko tako zahar bat apurtu ei jakon eta amildu egin zan. Igande arratsaldeko bostak inguru ziran. Urrengo egunean bere bila urten eben, baina ordurako ilda egoan.

***

27 miloi t'erdikoa da Durangoko Aiuntamentuaren aurtengo urterako presupostua.

***

Durangoko "Tabira Mendi" alkarteak, martxoaren 15-erako dauka antolatuta bere ileko urteerea. Urteera hau Ayako Aitzak deritxoen mendietara izango da, Oiartzungo lurraldeetan. Honazkoan Donostian geldituko dira, egun horretan Bilboko Athletic eta Real Sociedadek jokatzen dabe ta.

***

Aurreko ANAITASUNA-n esan genduanez, Durangoko Aiuntamentuak galerazo gura izan dau, Izurtza aldean lantegi bat jasotea, inguruko jendearen osasunarentzat kaltegarri izango zala ta. Halan ta guztiz bere, lantegia eregi* egingo da; baina aldakuntza batzuek egin beharko dira, alboko bizilagunei kalterik ez egiteko.

***

Otsailaren* 14 eta 15-ean, Elorrioko "Jolas Leku" dantza tokian "Unai" bikotea egon zan abestuten. Bikote honek, igaz Eibarko Euskal Abeslarien Txapelketan, lehenengo saria atera eban.

***

Otsailaren* 14-ean, Ermuko "Arce" alkartearen babespean, jaialdi bat egin zan. Bertan agertu ziran era guztietako abeslariak, lehengoak eta oraingoak.

Euretariko batzuek honeexek izan ziran: Jose L. Orozko, Natxo de Felipe, Txomin, erriko talde batzuek, eta abar.

JUAN ANTONIO AROMA

Igorreta

Bakixako kofradiak bere jaiak ospatu ditu. San Sebastian egunean, urtarrilaren 20-an, meza errikoia itzaldi jatorragaz eta Orominoko "Danok Bat" ezpata dantzariak. Ilunkeran erromeria, "Bakixa" dantza tokian. Eguna oso ederto igaro zan. Urrengo igandean, ilaren 25-ean, goizetik, karroza ibilketa alaia, txistu ta guzti. Halako deiarekin nor gelditu etxean? Amar t'erdietan, mezea, txistulariekin batera abestua. Sermoia, garratz eta argi. Zotin batzuek somatu ziran, eta bekoki ilunak bere egon ei ziran. Aspaldiko partez poztu ginduzan itzaldi harek; eta igandero bere, holako meza bat gura geunke.

Ondoren, erriko zazpi ezpatadantzari talde. Danak batera, sei dantza eskaiñi* eutsoezan han alkartuta egoan sei kofradietako jendeari. Saioa amaitzeko, "erreglak". Ez da behingoan galduko erriko aurresku hau. Alkartasun giroari jarraituaz, neska-mutil bikoteen arineketea, umeen abestaldia eta Arroita, Imanol eta Iñakiren bertsoak. "Epertargiak" abeslari. Gaztetxo eta gazte mordo baten dantza, kantu ta santzoekin* amaitu ziran aurtengo jaiak. "Agur eta urrengoarte" irakurten zan kartel aundi baten.

JOALDI

Berriz

Zer jazoten jako gurasoen alkarteari urte batetik honantz?

Ez da ezer askorik egiten; edo egiten dan apurtxoa, gogo gutxigaz ta erdizka. Hauxe ikusi dogu, behintzat, Inazio Otaduiri egindako azken omenaldian: prestaera gutxi eta berotasun gutxiago.

Holan segitzekotan, oba litzake alkartea desegitea. Bestela bildur gara, jendea engainatu bakarrik egiten ez ote dan, alkartearen bidez zeredozer egiten dalakoan. Horren ordez, arduratu ta berotu daitezala, ta sartu jende barria lanerako gogotsua. Ta ekin, ba dago non eta. Esaterako, eskolak, urak, omenaldiak, zaharren preminak, umeenak, eta abar.

Arratia

Jendearen eritxiak jakiteko, erri guztietan inkesta* sakon bat egin ondoren, Arratiko Erri Gaztediko arduradunak aurtengo gazteen ejerzizioak gertatu dabez. Itzaldiak nok emon bere, auteskunde* bidez erabagi dabe. Aurten, iru abadek eta seglar bik izango dabe zeregin hau. Hau ta gehiago bere egin beharko da Arratiko gaztediari buruz, erromeria ta "whisky" tokietan bakarrik bihotza jarrita dauken artean.

Beste alderdi batetik, abadeak erritarrekin batera asi dira eliz arazoak arakatzen*. Ea Arratiko elizea, abadekeria usaina itxiaz, giro erritar baten abiatzen dan!

ZAMAKOLATARRA


Mundu biribila

Alemania: Nazino bat, Estadu bi

Europaren gaurko korapilorik aundienetariko bat, Alemaniaren egoera da. Egia esan, Alemaniaren batasuna ez da izan antzinakoa. 1803-an, Alemania 112 estadutan zatituta egoan. Germaniar Federazinoa Bismarck-en denboran batu zan, 1871-n.

Alemania, 1945-eko maiatzaren 8-an, bere nortasun politikoa galtzen ebalarik, aliaduen menpean jausi zan. Bigarren Gerra Aundiaren bukaeran* ginan.

Berlingo Agiriak (1945-eko ekaina*) eta Postdamgo Itunbenak* (1945-eko abuztua) okupazinoko lau zatitan banandu eban Alemania. Rusiaren eta mendebaleko* iru aliaduen (Estadu Batuak, Bretaina Aundia ta Frantzia) arteko alkar ulertu ezinak eta, batez be, gerra otzaren asierak ekarri eben Alemaniaren benetako zatiketa. 1949-an, Estadu bi jaio ziran: Alemaniar Errepublika Federala, mendebaleko iru aliaduen zatiak osotua, ta Alemaniar Errepublika Demokratikoa, sobietarren okupazinoko zatia. Berlin, antzinako uriburua, Alemaniar Errepublika Demokratikoan aurkitzen da, ta gaur be lau zatitan bananduten dauan "status" berezi bat dauka. Sobietarren zatia, 1961-ean jarri zan-arresi* ospetsua dala bide, beste irurakandik bananduta dago.

Alemaniar Errepublika Federaleko oin-legea, 1949-ko maiatzaren 23-an atera zan. Mendebaleko aliaduak, 1955-eko maiatzaren 5-ean, Alemaniar Errepublika Federalaren askatasuna ta buru-jabetasuna aitortu ta N. A. T. O.-n artuaz, okupazinoko estatutua kendu eben. Alemaniar Errepublika Federala amar Estadu, edo Lander, federatuk osotzen dabe, bakoitzak bere Konstituzinoa, Parlamentoa ta Ejekutiboa izanik. Gobernu Federalaren egonlekua, Bonn.

Alemaniar Errepublika Demokratikuko Konstituzinoa 1949-ko urrilaren 7-an atera zan, 1968-ko apirilean referendum baten bitartez Konstituzino barri bat onartuaz. Gobernua, Pankow-en (Berlinen) dago.

Alemania: Nazino bat Estadu bitan. Halan esan dau Brandt Kanziller federalak, oraindik oraintsu, Parlamentoan, "Nazinoaren egoerari" buruzko itzaldian. Baina lehenago Ulbricht-ek (Alemaniar Errepublika Demokratikuko buruzagiak) horixe berori aditzera emon eban, Estadu bien arteko Alemaniar Konfederazinoa proposatu ebanean.

Demokristinauen aginte luzean (Adenauer-Erhard-Kiesinger), Estadu biak batzea elburu* sakratua izan da. Brandt, lehenengo kanziller sozial-demokrata, jomuga* horretatik aparte dabil.

Nazino bereko Estadu biak, itunben* orokar* baterako alkarrizketak asteko asmotan dira. Brandten eritxiz, alemaniar estadu biak, nazino bereko zati bereziak izanik, ezin ditue izan eta ez ditue izan behar nazino arteko legediaren arauzko artuemon diplomatikoak, ze nazino bat bakarraren barruan ez dago nazino artetasunik. Nazino artetasunaren posibilidade bakarra nazino ezbardinen artean baitago*. Brandtek, ba, onartzen dau Alemaniar Errepublika Demokratikoa, baina bere nazinoaren zati lez.

Ulbrichtek alkarrizketak asteko gertu dagoala esan dau, baina nazino arteko legediaren arabera* errekonozimentua eskatuaz. Puntu honetaz Bonneko Gobernuak ezetz dino. Dana dala, ogei urteren buruan kanziller federal batek gauzak argi ta garbi agertu ditu. Ez da gutxi Estadu bien bat egitea noiz? Geroak esango dau.

A. MUNIATEGI


Mundu biribila

Gabon egunean espetxean egon ginan gu

Zihurtasun guztiarekin ezin geinke esan. Baina, joan dan gabon egunean, Basauriko espetxean 34 euskaldun egon ginan, Burgosen 24, Villafranca de Camposen 3 (irurak abadeak), Carabanchelen 10, Zamoran 14 (danok abadeak), Jaenen 13, Palencian 7, Puerto de Santa Marian 1, Ocañan 2, Cordoban 1. Beste toki batzuetan bere, ba ginan gehiago.


Mundu biribila

Deklarazino batzuei buruz

Madrileko Ikastetxe Nagusiko zuzendari dan Botella Lluria jaunak, honako hau jaurtigi dau: "Sendagintza ikasten diharduen bigarren eta irugarren mailako ikasleen oporra, opor politikua izan da".

Botella jaunak, holako deklarazino bat egiteko, arrazoi sakonak izango zituala uste dot; osterantzean, bereak bai izango zirala deklarazino politikuak!

Baina, aurrera jarraiturik, zalantzan* jarri gaituan beste hau be irakurri dogu. Madrileko Ikastetxe Nagusian ikasten dabilen ikasle bakoitzak, 33.000 peseta ordaindu behar ei dauz; eta 33.000 peseta horreetatik, ikasleak berak 3.000 peseta baino ez ei ditu ordaintzen. Hau, ikasle bakoitzak 30.000 pesetako beka bat artuko baleu legez da, Estaduak bakoitzagaitik 30.000 peseta ordaindu behar baditu.

Eta oraindik behiago: "Unibersidadeko zuzendariaren zeregina, diru hori alferrik galdu ez daiten, zuhur jokatzea da".

Nik behintzat, orainarte, ez neban uste Unibersidade bateko zuzendari baten egitekoen artean holakorik egoanik. Kontable bihurtu ote jakuz ba? Ala ez ote da euren ahalegin guztien jokabidea, gizon kontzientziatuak egiten saiatzea*?

"Zeuk be zeure eritxia emoteko eskubidea dozu". Hauxe dino "Codorniz" aldizkariak. Ba, eskubide horreri oraturik*, neure eritxia azalduko deutsuet.

Nire ustez, Botella jaunak egin dauan planteamentua ez da bape zuzena. Nik neuk, beste era honetara egingo neuke.

Lehenengo ta behin gogoan artu daigun, ikasleen ikaskintzak ordaintzeko eralgiten* diran 30.000 peseta horreek ez dirala Estaduarenak, gizartearenak baino. Eta gero ikasle horreek, euren ikasketak amaitu ostean, diru hori eta gehiago be bai, gizarteari berari bihurtuko deutsoela ordainez, "jokoak" horrela jarraitu daian. Gizarte barruko jokoak honelakoa izan behar dau edo behar leuke. Gaur zeuk emoten deustazu, eta bihar neuk emongo deutsut. Eta hau holan izanik, Unibersidadeko zuzendari baten eginkizuna ez litzake diru kontuak artzea izango, gizonari gizon egiten laguntzea baino.

JOSEBA ARRIETA


Mundu biribila

Ameriketara joan-etorria

Gure inguruko beste erri txiki askoren antzera, Aulestia bere txikituten doa, bizilagunei begira jartzen bagara behintzat. 1860-an, 1.419 bizilagun zituan. Harrezkero, gutxituten etorri gara, eta gaur 973 bakarrik gagoz errian. Honeetatik, ehuneko sei inguru Ipar Amerikan artzaintzan dabiltza, euren guraso, etxe, erri ta lagunakandik urrun. Euskalerria maite izanarren, bizibeharrak eraginda joan ziran erbestera. Baina ez danak, euretariko batzuek berton be bizibide politak eukezan eta.

Lantzean behin etorten jakuz batzuek, gugaz egotera. Sarritan, egonaldi laburrak egiten ditue eta atzera buelta. Honeen artean, ba dira ezkongaiak eta baita ezkonduak bere.

Bizilagunez gutxituarren, gure erria azten doa. Orain bere, etxe barriak egiten dihardue: erri aldean bat, eta Telleria baserriaren ondoan beste bat. Iru talde ditugu errian, etxegintza lanerako gertatuta dagozanak. Ba dauke nahiko lanik, bai etxe barriak egiten, bai zaharrak dotoratzen.

GONTZOLAI


Euskaldungoa

 «Euskerazaleak» alkartekoak batzar nagusia ta auteskundeak* egin ditue, otsailaren* 1-ean. Ez da ezer aldatu esandakoetatik.

 Kantariak ezin dabe ezer eskaini* uriburu nagusietan. Ez da erraz horretarako baimenik lortzea.

 «Ez dok amairu» talde osoak grabaturik, disko aundi bat agertuko da laster.

«Enarak» kantariak, Donostiako jailekuetan abestutekotan dira. Jaiak artzea mesedegarri jaku, baina ezin dogu...

 Mikel Laboak, Bertolt Bercht-en poesiak kantuz argitaratu ditu.

 Gailegoak Biblia ta beste eliz liburu behinenak euren izkuntzara itzuli ditue azken egun honeetan.

 Lur editorial etxeak Natxo kantariaren abestiak inprimatu ta eskainiko deuskuzala entzuten da. Natxo hau, "garian" dago.

 Baso aizkolariak (gehienbat nafarrak) asi dira Frantziako Alpes eta Ahuñemendietara joaten. Amar bat ordu egunero lanean egin ondoren, ilean 12 edo 14 mila peseta irabazten dabez, joanetorri, egote ta jatekoa dohan* dituelarik. Aurten 400 bat joango ei dira —beste urteetan baino gutxiago— iru-lau ilabetetan lan latz horreri ekitera.

 Debako errian itzaldi bat emon eban Aldabatreku jaunak "gizonaren lehen historia"-ri buruz, Deba inguruko lezetan aurkituriko lorratzei* jarraituz.

 «Jaunaren Deia» izeneko liturgiazko aldizkariaren 29 gn. alea agertu barria da. Gai interesgarriak dakaz, eta euskera batuan egina da. Eskatzekotan, Lazkanora, Aita Beneditanoei.

 Herri Gogoak antolaturik, euskal aditzari buruz sariketa bat eratu da. Saria 100.000 pesetakoa izango da, era honetan zatitua: 75.000 peseta lanik onenarentzat, eta 25.000 peseta epai mahaikoak lanen osotzea egin daien. Lanak bidaltzeko; Herri Gogoa, Apartado 747, San Sebastián.

Herri Gogoa argitaratzaileak aditzen emon deutso Euskaltzaindiari, begi onez ikusiko leukela epai mahaikoak jaun honeen artetik osotzea, eurok sariketan parte artzen ez badabe: Lafitte, Mitxelena, Villasante, Lekuona, Iraizoz, Akesolo, Irigarai eta Mendizabal. Imanol Berriatua 20 urte baino gehiagotan lan honetan dabilena, ez da proposatzen mahairako. Gero negar egiten da "indar gutxi daukagu" esanaz, daukaguzanak haintzat artzen ez ditugularik!

 «Gazte» izenburuarekin Erri Gaztediko ekintzaileak argitaratzen daben aldizkariaren 16 gn. alea agertu barria da. Multikopistaz dator, estudio ausartekin* ornidua ta euskera batuan idatzia.

 Lezoko errian, Gipuzkoan, Gaztediaren Astea antolatu dabe JOC eta "Ongarri" taldekoak, joan dan urtarrilean. Itzaldiak honetaraxe eratu dira: "Cultura popular vasca", Antonio Lekuonak, euskeraz. "Responsabilidad política y cristiana", Balenziagak, erderaz. "Relación padres e hijos", Mikel Baldak, erderaz. "Sexualidad", Angel Irigaraik, erderaz. "Euskal musikea", Mikel Laboak, euskeraz. Itzaldiok ikastolan emon ziran.

 Beasainen, euskal liburu ta diskoen erakusketa bat izan da urtarrilaren bigarren igandean*, "Usurbe" zinemako atarietan. Bertan parte artu ebenak: Artza anaiak, Bandres albokaria, Oskarbi taldea, Estitxu ta Egurrola kantariak.

 Itzaldi batzuek debekatu egin ditue Bilbon, Santiagoko gaztediak parrokiako saloian antolatu dituanak. Lehenengo itzaldia urtarrilaren 31-an izan zan, Aresti, Lizundia ta Kintana jaunak eskainia*. Gaia, euskera batua. Entzule asko, gehienak gazteak. Ondoren, poliziako batzuek parroko jaunarekin egon ziran. Holako itzaldiak egiteko baimenik lortu ez zala ta, ezin zirala egin esan eutsoen. Orain gazteak baimen bila asi dira.

 Santa Agedaren koplak Euskalerriko txoko guztietan entzun dira aurten bere, ohitura dan legez. Toki batzuetan, kartzelatuen alde. Ikastolen alde bere bai; toki batzuetan, umeak eurak abestuten eta dirua batzen. Beste alderdi batzuetan, erriko "zereginetarako": gaixoentzat, elizea barriztatzeko, eta abar. Araba aldean, talde barri askok eta askok urten ei dabe. Zorionak.

 Kantari barrien jaialdi bat antolatzen dabiltz, Deustun, San Ignacio auzoko gazteak. Euren asmoa Cine Banderas-en egitea da, martxoaren lehenengoan. Baimenak eskatzen asiak dira. Abeslarien artean, Urretxindorrak, Itxaropen, Natxo, eta abar.

 Euskera batuaren oinarri batzuekin orniduta (h-dun itzak, urteko ilen eta asteko egunen izenak, eta abar), orri batzuek egin dira, erregalu gisa* zabaltzeko. Eskatu: Xabier Gereño. Avenida del Ejército, 18, 3.º Bilbao (14).

 «Otoizlari» izeneko liturgiazko aldizkariaren 55-56 gn. alea agertu barria da. Lapurdin dagoan Beloke auzuneko beneditanoak argitaratzen dabe.

 «Cien herrajes alaveses» izenburuarekin presentatu dau erakusketa bat Gerardo López de Guereñok Gazteizen, Araba aldeko arte errikoiari buruz.

 «Oskarbi» izeneko kantari taldeak saio bat eskaini* dau, joan dan otsailean*, Donostiako Aurrezki Kutxaren kultura gelan. Taldearen zuzendari dan Luis Romerok egiten zituan oharrak eta kantuen itzulpenak.

 Iranzo jauna, Gipuzkoako gobernadore barria, otsailaren lehenengoan, Arantzazuko santuarioan izan zan. Eliz ataurrean, Ibarrangeluko seme dan Joan Zubieta Aita Nagusiak onartu eban.

 Karlistak manifestazino bat egin eben Iruñean, otsailaren 8-an. Carlos Hugo ta Irenek lehenengo semea izan dabela ta, mezatara joan ziran katedralera. Gero Castillo plazaraino abiatu ziran, oihu batzuek eginaz; ta "Mutiko Alaiak" taldearen egontokiaren aurrean, "Oriamendi" abestia kantatu eben. Polizia agerturik, alde batekoak eta bestekoak alkarreri arriak eta kolpeak botatzen asi ziran, eta oihuak bere bai. Poliziak zenbait* persona atzemon* zituan, baina laster batean askatu. Ez zan gehiagokorik izan.

Motibo berberagaitik, Madrilen bere, meza bat izan zan Jesuiten elizan, Santa Cruz kalean. Gero, ohorezko ardoa eskaini zan. Jaio barria bataiatzeko, Nafarroako erreketako ura eroan zan urrezko ontzietan, eta izena Carlos Javier Bernardo Sixto Maria ipini jakon.

 Laikoak emongo dabez garizumako gogojardunak, Oviedoko diosesiko 30 parrokiatan. Euren artean andrazko bat dago, eta elizatik kanpo itz egin gura dauala azaldu dau.

 Laikoak, Euskalerrian bere, toki askotan asi dira elizetan berba egiten. Gauza pozgarria, gizon prestuak diranean batez bere.

 Zumalakarregiren etxea izandakoa, bota egingo dabe laster, Iruñean.

 «Mendebaleko* ekonomiaren historia» (merkantilismotik 1914-erarte). Hauxe da LUR editorialetxeak argitaratu dauan azken liburua, R. Saizarbitoria, I. Sarasola eta A. Urretavizcayak egina. Hona bere aurkibidea: Introduzioa. Kapitalismo komertzialaren sortzea. Merkantilismoa, Europako teoria ekonomikoa. Industriaren erreboluzioa. Monopolismoaren hastapenak, 1870-1914. Eskatzekotan: LUR, Villa Zutik, Paseo Arbola, San Sebastián.

 JAKIN agertu da, guztion pozerako. Aldizkari bezala ateratzea debekatuta dauka; ta, horretarako baimena lortzen dan bitartean, liburu modura argitaratuko da. «Funtsean* berdin da», dino bere zuzendari Joan Mari Torrealdayk. Hona hemen aurkibidea: Atarian, Joan Mari Torrealday. Kontzientziaren eboluzinoa, Telesforo Monzon. Euskaldungoaren aldaketak Ipar Eskual Herrian (1900-1970), Piarres Larzabal. Eskual Herria Frantziarekin hartuemanetan, Janbattitt Dirassar. Euskara eta euskal literatura Iparraldean, Piarres Xarritton. Ipar aldeko euskaldun gazteek zer dioten hegoaldeko Euskal Herriaz, Daniel Landart. Eskuara eskoletan, Jean Haritschelhar. Gure ekonomiaren hiru pondu, Ramuntxo Camblong. Gure laborantzaz edo nekazaritzaz, Jean Louis Davant. Euskal Herriko frantses idazleak, Pariseko zeruan, Dominique Peillen. Eskatzekotan: JAKIN, Aránzazu, Oñate, Guipúzcoa.

 Jose Miguel Barandiaran jaunak, «Folklore en el País Vasco» gaiari buruz, itzaldi bat emon dau Gazteizen, otsail* honetan, bertako «Sociedad excursionista Manuel Iradier» deritxon mendizaleen taldeak antolatuta.

 Mario Gamo izeneko abade jauna, 1968-ko otsailean* detenidua izan ondoren «El Paular»-eko komentuan dagoana, berak honan eskaturik, Zamorako espetxera eroango dabe, iru urterako zigorra betetzera. Zamorako kartzela horretan, 12 euskaldun abade dagoz.

 Zarautzen, eta Caja Laboral Popular-ek antolatuta, kantu, deklamazino ta ipuin sariketa bat eratu da umeentzat, euskeraz.

 Araban, joan dan urtean, 510 hektareatan erein zan artoa. Hektarea bakoitzean, batez beste, 25 kintal metriko. Pontevedran, ostera, 69.000 hektareatan ereiten da.

 «Xenpelar bertsolaria» izenarekin agertu da Auspoa liburutegiaren 88-89-90 gn. alea. Antonio Zabalaren zuzendaritzapean eta Anbrosio Zatarain eta Yaben jaunen ardurapean egina da. Eskatzekotan: AUSPOA, Plaza Santa Maria, 2. Tolosa.


Eliza gaurko munduan

Holandako Kristinauen Batzarra Zelibato Legearen Aurka

Jende askok bildur ebana eta beste askok itxaroten ebana gertatu da azkenik: Holandako Pastoral Batzarrak, zelibatoa apaizentzat aukerabide bezala ta ez lege nahi dau.

Ezin dau inok oraindik neurtu, erabagi ta eskari honek biharko egunean ze garrantziko modu barriak ekarriko dituan. Gaur ez dogu hau baino ikusten: eskari hori ekintzara eroaten danean, ausita geldituko dala hainbeste gizalditan katolikoen artean egon dan lege ta ohiturea: apaizak ezkondubakoak izatea. Honek guztiz aldatuko leuke gure artean apaizei buruz egoan ustea.

Auzi hau, egia esan, ez da Holandakoa bakarrik, mundu osokoa baino, azken urte honeetan alderdi gehienetan aztertua izan da ta. Milaka itzak esan dira, milaka orrialde bete alde batzuetan aurka besteetan. Azkenik, Holandan, zurrumurru ta bakarrizketatik urten dabe eta agirian mintzatu* dira, munduaren aurrean. Horixe, munduaren aurrean, mundu osoa eurei begira euki dabe ta.

Ta esan egin behar da: ez da inor arritu eskari hori egin dala ta. Holandako Pastoral Batzarra asi zanetik, ikusten zan ez zala izango orainarte izan ohi diran batzarrak lakoa. Ez zan tramite edo burokrazikeria utsa. Ez egozan alferrik batzarrean irurogei laiko, euren eritxiak agertzen ikasiak. Horregaitik, asiera asieratik batzar hori test eta proba bat izan da. Ta ondo goitu* dabe probea. Ez da ezer atzean itxi. Gauzak aurretik artuak izan dira. Alderdi hareetako kristinauen izpiri tu ausart* eta irigiaren barri ekien guztiak, zihur egozan batzar horretan problemak zorrozki ta bildur barik aztertuko zirala.

Holandako batzarrak, lau saio edo jardunaldi izan ditu oraingo hau baino lehen. Mila kezka ta zalantza* gelditu dira honezkero atzean. Baina oraingo batzarraldi honek, gori gori itxi ditu gauzak, askoren eritxian. Ta guztia, erabili dan gaiagaitik.

Ta zegaitik ikutu da gai hau memento* honetan? Gehiago atzeraka joanez ezin egon eitekelako. Mundu osoan egoan egonezina ta aserrea, gaia argi argian agertzen ez zalako. Han eta hemen asko egozan prest, problema honeri erantzun personal bat emoteko, aginduei jaramonik egin barik. Hain zuzen bere, legea dala ta, ezin leiteke beti zain egon legea ea noiz aldatuko, hainbeste gizonek dauken problema gordinari zelan edo halan erantzun bat emon barik. Gaur egunean batez bere, bakoitzaren askatasunak eta aukeramenak hain garrantzi aundia daukenean, eta Elizan bertan gizona oinarri bezala onartu danean. Ta bestalde, gogoan izan behar da, gaur egun zirkunstantzia bereziak* bizi ditugula, zelibatoa lege egin zaneko zirkunstantzietatik guztiz ezbardinak, Zelibatoa antropologia Honeexek dira numeroak. Otzak agirian, baina mamin asko daroe barrenean. Egia da, botazino honeek ez ziran lege indarrekoak, jendearen pentsamentua ta proposamentuak jakiteko baino. Baina edozeinek daki, honaino elduta, gauzea ez dala inkesta* utsean edo botazinoetan geldituko. Gotzainak beste bilera* batzuek egin ditue euren artean, zer egin erabagiteko; baina mundu osoak espero dau, botazinoetan agertu dana aurrera eroango dala.

M. OTAMENDI


Eliza gaurko munduan

Mini-liturgiak

 Ezin ukatu modernizatzen ari* gareala. "Mini" itza, saltsa guztietan sartzen dogu: mini-gonak, mini-gizakiak, eta orain... mini-liturgiak. Hori baino besterik ez bada, gauza gutxi, alajainetan*! Halan bere, antzinako itz zatarrak baino dotoreagoa da. Lehen, makro-liturgia edo mikro-liturgia esan ohi genduan. Gerkerazko kulturatik latinezkora pasatu gara, beraz*. Pausu barri bat egin dogu, nahiz eta hori berori be erdizka egina izan. Gure umeen umeak elduko dira euskal izakera utsezko kulturara.

Gaur gertatzen jakun guztia, zorionez gertatua da, nahiz eta guk sarritan madarikatu une hori. Halan beharrez, edo bizitzea horrela dalako, edo horrela nahi dogulako, gure bizitzea giro barri batean sartu jaku. Erri batean lo, bestean jan, beste batean lan, laugarrenean adiskideak. Eta zein da nire erria? Donostia? (!) Lazkano? (!) Itxasondo? (!) Ezin erantzun. Oso erraz, errazegi litzake beste harek bezala erantzutea: mundua da nire erria. Gaurkoz, Euskalerria dala esan daigun.

Euskal Elizeaz beste hainbeste dinot. Ez dakit zein parrokiatakoa naizanik. Eta gauzak dagozan bezala, jakin beharrik bere ez. Gure Elizea pekatari legez agertzen jakun bitartean, Euskalerriko Eliza pekatarian sinestuko dot. Aitormen hori, gure Elizearen aintzarik ederrena dala esango neuke.

Erri txikirik ez daukadan bezalaxe, eta parrokiarik ez dodan ezkero, Erri osoa da nire erria, eta parrokia guztiak nire parrokia. Hor nabilkizue, beraz*, erriz erri, parrokia batetik bestera.

Ta hemen asten da nire kezkea. Liturgia bizitzeko, era eta kera asko ikusi ditut. Gehientsuenak, bapere gatzik bakoak. Horreexei deituten deutset nik "mini-liturgiak". Salazino* horretatik ez da inor libratzen. Mini-gonak, batzuetan behintzat, zerbait polita erakusten dabe; mini-liturgiak ezer bere ez. Gure liturgiak, askotan, sarriegi, ez dau itxurarik bere gorde. Abade eta kristinau-erri batzuek ez dabe pausu bat bakarrik egin.

Askotan gogoratu ditut, "Erleak" izenarekin Pasaiko neska bikote gazteak abestuten dituan itzak: "Mezatara joan gabe, gizona izan diteke; nortasunik gabe, ez dago gizonik". Aurrerago joango nintzake ni. Gure liturgiak, gizatasuna eta nortasuna ukatzen deuskula dirudi. Hain txiroa, hain txikia, hain otza!

Gai hau, beste batean, zehatzago erabiliko dot; halan bere, gaur, nahiz eta azaletik, zerbait esan gura dot.

Guztiaren txosten gisa*, hauxe ipiniko dot: maxi-elizea, mini-liturgia. Nire ibili-beharrak erakutsi deustanaren egiarik nabarmenena dot hori. Zenbat eta elizea andiagoa, hainbat liturgia kaxkarragoa. Ez dot gero esan nahi, gure erri eta eliza txikietan dana ondo egiten danik. Eliza andietan, jende gehiago bai; horrek ez dau girorik egiten. Batzarrak, oso otzak gertatzen dira; aspergarriak. Beti abesti bardinak; zaharrak. Abadea, urrunegi. Irakurleak, besteentzat irakurten ez dakienak. Ez dago berotasunik. Eta hori guztia, izlaria aipatu barik...! Begiratu batez, hauxe ikusten da: amaren bularrean edaniko ohitura baten azken mailea dirudi. Sokea noiz etengo zain gagozala nabari* da. Gero ta gazte gutxiago ikusten dogu. Gero zer?

Eskandalizatu geintekez Holandako abade, gotzain eta kristinau-erriaren esijentzietaz; baina eskandalu hori beste guzur bat baino ez da izango, gure liturgiak beste bide barri batzuek urratzen ez dituan bitartean. Abadeen apaizgintzeak ez dau indarrik izango, erriaren apaizgintzeari tarte gehiago emoten ez jakon artean. Gure liturgia ez da osotasunera elduko, abadeak dana egin nahi daben bitartean.

MARKOX AMUNDARAIN


Jakin eta Ekin

Aita Eskolapio Langile bat

Bilboko aita eskolapioen kolejioan egin neban nik batxileratoa. Ez jat inoiz ahaztuko kolejio ha eta han izan nituan irakasle on asko bere. Gaurko lan honetan hareetako bat aipatu nahi nueke zeuen aurrean, bere barri jakitea komeni da ta.

Aita eskolapio hau urte askotan egona da erbestean. Eta, Euskalerritik kanpoan egon dalako, euskera ez galtzeko eta erriko jatorria agortu ez ekion, asi zan batzen hortik eta hemendik, liburu zaharretatik, errebistetatik eta beste hainbat tokitatik esaera jator, euskal mamina eta zentzua nabari* eukenak. Hainbeste urteren ondoren, uzta* izugarria lortu dau: ehun mila esakune jator baino gehiago.

Zetarako esan zenbat baliotakoa diran euskaldunontzat esaera honeek, geure izkuntza obeto berba egin gura badogu? Euskaldun barriok, asko eta asko ikasiko geunke; eta beste horrenbeste, euskaldun zahar alfer batzuek bere.

Baina aita eskolapio honek ba ditu bere eguneroko lan bat: mutikoei frantses izkuntza irakastea. Honetan dihardu jo ta ke, bere Ordenako erregelak beteaz, hau da, esanekotasuna, obedientzia. Eta frantses klaseak emoten dituan artean, bere urteak joan egiten jakoz (honezkero irurogei urte baino behiago ditu) eta, antza, ez dau sekula ikusiko bere ahaleginen frutu eldua.

Nik neuk hauxe pentsatzen dot, ez ote dagoan beste aita eskolapiorik frantses irakasteko, aita hori euskerarako itxita. Izan bere, lotsagarria da pertsona jakintsu baten bizitzea bere gogoko ez dan lan batean itxitea.

Eskolapioak ez dakie zer dauken nik esandako aita euskaltzale horregan. Orain, Euskalerriak hainbeste laguntasun, eta euskal kulturak hainbeste lan behar dituan une kezkatsu honetan, halako pertsona bat horretarako ez liberatzea benetako krimena iruditzen jat. Pentsa beie, Euskalerriak noizbait juzgatuko dituala eta ez dala goxoa izango epaia.

Iztegi hori oraindixek atera behar da, egilea bera bizi dan artean, gerora itxaroten egon barik. Nik neuk laster botako neuskioe ahurpegira eskolapioei Euskalerriarenganako euki daben ardura gutxia, iztegi hori egin barik itxiko balebe.

Horrelako pertsona batek ez dau zetan bere denbora galdu behar frantses irakastaldiak emonaz, horretarako beste asko dagoz eta. Gizon horrek zinez* eta bene benetan bere bizitzako lan horreri ekin behar deutso, beste barik. Azkueren lana baizen aundia izango da iztegi hori, duda bage, are* aundiagoa eta probetsugarriagoa ez bada oraindino!

Ene gogoa litzake, aita eskolapioak, nagusiak behintzat, nire eskari hau entzungo balebe; baina beharbada ametsetan ari* naiz eta ez dira konturatuko. Halan bere, geroak, bakoitza juzgatzean, ez dau errukirik eukiko, norberaren utsak eta eginik ezak ikustean.

Baina nik uste dot, holan nahi dot gutxienez, eskari hau ahal daukanarengana elduko dala eta Euskalerri osoak eukiko dauala zegaitik eskerrak emon bai aita eskolapio horreri eta baita bere nagusi zintzoei. Halan bedi!

XABIER KINTANA


Jakin eta Ekin

Ibon Sarasolaren "Poemagintza" dala ta zenbait eritxi

Artu barria dot "Lur" editorial etxearen azkenengo alea. Oraingoan, Ibon gaztearen lana azaldu gura izan deusku. "Poemagintza", bere izena. Ez da nire asmoa haren poesia aztertzea. Halan ta guztiz bere, txalogarria poesia arloan Ibonen bide barriak irigi nahia. Bildur naiz, barriegiak izanik, askori gutxi esango ote deutseen. Esplika nadin.

"Lur" editorialaren asmoa, euskaldun guztiokana eltzea izango da nonbait. Egia esan, orainarteko liburuekin lortu dauala uste dot elburu* hori. Baina ale barri hori, euskaldunon arteko minoria batentzat egina dalakoan nago. Minoria horrek lehendik bere ezagutzen dauala uste dot Ibon. Besteak lehen bezala jarraituko dabe aurki*. Espriu ez dabe katalandar guztiak ulertuko, nire eritxian. Horregaitik Espriuk ez dau itxiko bere poesigintzea. Baina konpara daiguzan katalandarren kultura bideak eta gureak. Alde aundia aurkituko dogu, hareen mesederako. Danok dakigu euskal liburuak banaka ateratzen dirala. Gauza okerra litzake, urritasun hori ikusita, minoria batentzat egina izatea, Baina izan gaitezan praktikoak; bestela Ibonen lana, alferrikakoa izango da eta liburutegiko zokoren batean sitsak joko dau.

«Gaur eguneko herriak

ene hitzak onartzen ez

baditu,

biharkoari mintzatuko

naiz edo

etzikoari».

Poetak, ulergatxak izan dira historian zehar. Begira zer inoan* Lamartine-k:

«Gémir, pleurer, prier est également lâche.

Fais énergiquement ta longue et lourde tâche

dans la voie où le sort a voulu t'appeler,

puis, après, comme moi, soufre et meurs sans parler».

(Hiretzat, Ibon)

Euskalerrian horixe berori gertatu jako Iboneri, zoritxarrez. "Biharkoari mintzatuko naiz, edo etzikoari". Ibon, beranduegi ez al da izango? Frantzian, Rimbaud-en aurretik bere, kultura errime bat egoan. Euskalerrian ez daukagu oraindino. Gaur eta hemen bizi gara; beraz*, ekin gaurko ta hemengoari.

Eskari bat egin nahi neuskioe "Lur" editorialekoei: begira pixka bat praktikotasunari. Bestela, Ibonen "realismoa" utsean geldituko da ta. Beharrezkoa dogu poesia, Baina ez ote dogu aurreragokorik euskal kulturan?

EÑAUT ZOTALETA


Jakin eta Ekin

Euskaldunon batasuna [Bertsoak]

1

Euskerarentzat aurtengo urtea

gertatu zaigu bikaina.

Noizbait behar ta, hasia dugu

batasuna, alajaina!

Hizkuntza, berez, nahiz ta izan

munduko edozein aina,

euskalkietan guk puskaturik,

ebakita zeukan zaina.

2

Hori zala ta, jakintsuenak

bildu ziran Arantzazun,

erabaki batzuek hartzeko

lan eginaz gau ta egun.

Euskaltzaindiak horretarako

erraztasuna eman zun,

bakoitzak bere ikaskizunak

hantxen agertu baitzitun.

3

Iritzi mota asko izanik,

aukeratu beharra zen:

erdi bide bat aukeraturik,

bertan aurreruntz jo zuten.

Erabaki batzuek hartzera

ere noizbait heldu ziren:

idazkera bat erabakita

utzi ziguten hain zuzen.

4

Hori guztia egin ondoren

dator negargarriena,

Euskaltzaindiko eta kanpoko

batzuek ari direna:

Hatxe dala ta bestea dala,

aitzakiz beterik dena;

erabaki hoiek betetzeke,

nork bereari jarraipena.

5

Urte batzuek ba daramazkit

euskera irakasten nik,

beste hainbat bezala

beharrak bultzaz bide horretatik.

Ikasleeri gauza zihur bat

aurrean ezin jarririk,

atsekabez igaroa dut

neronek une larririk!

6

Orain zerbait zihur danean,

atzerakoi jokaerak:

negargarriak dirade, jaunak,

honelako gertaerak.

Lehen baietza emandakoak,

orain ezetzean eurak:

holakoekin ez du lortuko

behar dun mailik euskerak.

7

Astekari eta hileroko,

dei dagizuet hemendik,

batasun idazkera hartzeko

ahal duzuten lehenenik.

Ikastekoak ikasi eta

behin betiko baturik,

hizkuntza hau gora jasotzeko

garaian gagoz oraindik.

8

Beste zenbait gaietan bezala,

gazteak du azken hitza.

Gaztedia behar du gerora

egingo diona bultza.

Gaurkoz euskera batuan alde

gaztedi osoa datza;

horrela bakarrik batu leizke

herria eta hizkuntza.

ANDONI SARRIEGI


Jakin eta Ekin

"Euzkal Elerti - 69"

Liburuaren asieran, Juan San Martinen saiaera edo entsaio bat dator, gaia euskerea dala. "Euskaldun zertarako?" itaunarekin asten da; eta Unamuno ta beste euskerearen kontrakoei erantzuna emon nahian, San Martinek sakon eta garbi jokatzen dau euskerearen alde.

Arrazoia dauka San Martinek, 30 gn. orrialdean zera esaten dauanean: "Oraindik zenbat lan egin beharra dogun ardi larruz jantzitako otsoen* kontra".

Orain ilabete batzuek dirala, eztabaida bat sortu zan ZERUKO ARGIA-n euskereari buruz. Batzuek esaten eben, euskerea galduta bere, gure erriak Euskalerri izaten jarraituko ebala. Beste batzuek, ezetz. Eta San Martin, azken honeen alde agertzen jaku. Horretarako, arrazoi on bat emoten dau, nire ustez: "Hizkuntza ez da elkar adierazle bat bakarrik, baizik pentsatzeko tresna ere bai" (57 gn. orrialdean). Eta, jakina, euskerea galtzen badogu, eta euskerea pentsatzeko tresna ba bada, ezin pentsatu izango geunke euskaldun legez, eta euskal pentsakerea galdu egingo geunke.

Euskera batuaren alde, ta euskerea eskoletan sartzearen alde dator San Martin. "Lastima gure estudianteeri beren asignaturetan ez erakustea. Ezagutu gabe, zelan maitatu? Ikasi gabe, zelan jakin?" (70 gn. orrialdean).

Saiaera eder hau, Arestiren itz batzuekin amaitzen da: "Bakeak euskerari kalte egiten bait dio", eta Azurmendiren poematik artutako itz honeekin:

"Ba zijoan egun batez nire herria

bizitzaren bidetik... Eta gizonak,

elkar begiratuaz, esan zuten:

Ba dugu bake: jarri.

Inork ez zuen erantzun:

hilda zegoen herria."

Saiaera honen jarraian, Xabier Kintanaren nobela bat dator, "Beste Izakia" tituluarekin.

Orain, zuentzat lan hau idazten nagoanean, gaueko amaikak dira. Telefonoa artuta, Kintanarekin itz egin dot, eta hara zegaitik.

"Beste Izakia" nobela honek, irudimenezko zientzia eta misterioa erabilten ditu, biak batean. Nire ustez, nobela ona da; baina Kintanak humilki esan deust, ez dagoala beragaz osorik konforme, eta beste lau obeagoak daukazala.

Nobelearen asieran, gizon bat ilten da, eriotzerik bildurgarrienarekin. Nobelearen amaieran, beste eriotze bat. Iltzailea nor?

Ni ez noa hemen, nobeleari buruz gehiago esatera. Irakurriko dozuenei kalte egingo neuskizue, misterioa aurretiaz argituaz.

Baina, nobelea amaituta, itaun bat geratzen jaku erantzunik barik: Urlia* (ez dot izena aipatu nahi) ilda gero, zer jazo zan super-erlauntzarekin*?

Orain, gaueko amaiketan, horixe galdetu deutsat telefonoz Kintanari.

Kintanak, barreka:

Liburuan, hori ilun geratzen da. Ez da horreri buruz ezer esaten.

— Bai, ba dakit, erantzun deutsat. Baina, nik legez, askok egingo dabe itaun berbera; eta zuk, nobela horren idazlea zarean ezkero, berorren planteamentu osoa eukiko dozu urrean*. Erantzun eidazu, ba.

Bere erantzuna, hauxe izan da:

Nobela honetan erleekin jazoten dana, gure artean jazo leiteken gauzea da. Eta nobela honetan, Urlia ilda gero, erleak munduaren jabe izatera eldu ziran, edo izateko bidera behintzat.

Kintanaren nobelearekin liburuaren 254 gn. orrialdera eltzen gara, eta oraindino beste horrenbeste daukagu aurrean.

Salbador Garmendiaren "Historia Triste Bat" antzerki famadua dator urrengo. Drama hau zer dan ez noa esatera, zuetariko askok antzerkian ikusita daukazue ta. Baina esan daigun, euskal teatroko Lehenengo Sari bat irabazi ebala, eta orain, astiro, zeuen etxeetan, irakurteko aukerea izango dozuela.

Gero, "Makina" tituludun iru egile gazteren teatro lantxu bat, atseginez irakurten dana; ta jarraian, Gabriel Arestiren "Beste mundukoak eta zoro bat". Arestiren lan honetan, San Nereo, deabruak eta neba-arreba batzuek agertzen dira. Euren artean zelango nahasteak sortzen diran jakiteko, irakurri egin behar dozue lan hau, eta zeuok erabagi benetako zoroa nor dan: ala zorotzat eukitakoa ala besteak.

Aurrerago, Bilboko Ekonomiazko Fakultadean joan dan urtean egindako sariketan lehenengo geratu zan-Kintanaren ipuina, ta beste idazlan on batzuek.

Sariketa honeri buruz esan daigun, sari bi eskaini* zirala: bat euskerazko lanentzat, ta beste bat gazteleraz egindakoentzat. Mahaiburukoak, Gabriel Aresti, Angel Zelaieta (ANAITASUNA-ren zuzendari orain dana) eta neu ginan. Ogetalau lan geunkazan esku artean; eta euretariko dozena bat inguru, bata bestea baino obeagoak ziran. Azkenean, erabagi bat artu behar; eta Kintanarena iruditu jakun onena, izkuntzearen aldetik eta gaiaren originaltasunagaitik balio andikoa zalako.

"Euskal Elerti 69" liburu andi ta eder hau artu nahi badozue, eskatu zuzenbide honetara: Editorial Lur-Villa Zutik-Paseo Arbola-San Sebastián. Bere prezioa, suskritoreentzat 100 peseta, ta besteentzat 200.

XABIER GEREÑO


Jakin eta Ekin

Euskaltzaindiaren araudi zaharrak dinoana batasunari buruz

Lehen partearen 6-gn. kapituloko aurren zatiak dino:

"Ekingo du euskalki oroen odolez azitako euskal-eredu bat gertutzen, itzez, itz-yoskeraz ta idazkeraz albait erabatetsuena, euskaldun guztiak idatz-irakurketan erabiltzekoa."

Eta bere itzulpena:

"Trabajará preferentemente en la formación de un lenguaje literario unificado en léxico, sintaxis y grafía, que nutriéndose de la savia de todos los dialectos, nos permita disfrutar de una literatura común."

Araudi barrian

Lehen partearen 5-gn. kapituloa-ren aurren zatian:

"Prestará preferentemente ayuda a la fijación de la lengua literaria; uno de cuyos medios habrá de ser la fijación (por parte de la Academia) y orientación de los escritores actuales respecto a los mejores textos del euskera escrito".

H letreari buruzko lehen erabakia

Euskera, I-ko urtea (1920), I zenbakia, 64-gn. orrialdean (1920-urtarrilaren 8-ko batzar agiria):

H letrea, konsonante artean, besteekin batean onartzen dau. Eta, dino:

"Beraz, Euskaltzaindiak beretzakotu duan euskal abeze auxe da (eta bokalen ondotik jartzen dau konsonante zerrenda, honeen artean H ere bai. Eta bukatzeko, jarraitzen dau, esanaz): "Euskaltzaindiak gure izkerazko idazle guztiei eskatzen die arren, ahal dalarik beintzat, idazkera auxe, ta besterik ez, erabili dagiela".

Urteetan zehar, argitasun ahaleginean ta borondate obeagoan urratukako pausoak, batasunaren bidean, honexeek dira, beste batzuen artean. Euskalerriaren historia mingotsean jaritxi diran aurrerakuntza horreek ez onartzea, gure uste apalez, arrazoiaren indarrari kontra egitea da.

Manuel Lekuona, Euskaltzaindiaren Lehendakariak, itzaldi bat egin dau, bere zereginaren irugarren urtea kunplitzean, Euskaltzaindikoak entzule zituala. Arantzazuko batzarra bukatu* baizen laster —Arantzazuko batzarrean euskerearen batasunerako bideak asko urratu ziran— batzuren batzuek izugarrizko pozez asi ziran, hango erakutsien "konklusioak" mundu guztiari ezarri beharrez. Lekuona jaunak, ostera, epea* eskatzen dau bere itzaldian, Pompeu Fabrak Katalunian bezala, gauzak patxadaz egiteko. Euskaltzaindiari neutraltasun bat eskatzen deutso, eta Arantzazun artutako erabagiak "normativoak" dirala ta ez "prezeptivoak".

Aspaldi batean batasun bidean serioski lortutako pausuak ez ditu betetzen Lekuona jaunak itzaldian, nahiz eta ezina dan neutralidade bat eskatu.

TALDE BATEK


Abereak eta burdinak

Ipar Euskalerritik. Gure ekonomiaren iru puntu (Lehenengo zatia)

Hemen presentatzen dogun lan hau egitean, gehien kostatu jakuna zifrak batzea izan da. Gauza guztiz gatxa da, izan bere, Ipar Euskalerriaz estudio sakon bat egitea, estadistika ofizialak egiten dituan INSEE etxearentzat Euskalerririk ez dago ta.

Lan hau asiera bat baino ez da, beraz*. Iru puntu aztertu nahi izan ditugu, gure ustez geroari buruz preminatsuenak: demografia, industria eta Ego Aldearekin ditugun artuemonak.

Gure iturburuak honeexek izan dira: INSEE-ko kolezinoak, G.E.T.I.S.-ko lan bat (Ego Aldeari buruz) eta batezbere Enbatak egindako azterketak (Davant, Aita Larzabal, Etxemendy, Goyenetche...). Esan bere egin daigun Baionako "Chambre de Commerce et d'Industrie"-k asko lagundu deuskula industriako gauzetarako.

Iru estudio honek irakurri orduko, gogoan artu behar dira zifra honeek (1962-koak).

Probintziak Eremua* JENDETZEA

  Danetara Km.2 Bakoitzeko

Lapurdi 800 km.2 152.000 190

Basa Nafarra 1.284 » 35.000 27

Xuberoa 785 » 20.000 25

Danetara 2.869 » 207.000 72

Iru probintzia horreetaz gainera, beste zati bi aipatzen ditugu hemen:

- Kosta edo itsas aldea (Baiona, Biarritze eta Donibane Lohitzuneko kantonamentuak).

- Barrua edo mendi aldea (gelditzen dan eremu* guztia).

I. Demografia

Ipar Euskalerriko jendetzearen gora-beherak azken 150 urteotan.

Urteak Jendetzea

1801 126.493

1851 162.365

1881 167.317

1901 173.351

1911 182.002

1921 175.955

1936 190.833

1946 192.989

1954 193.542

1962 204.425

1968 218.099

Estadistika honeek, geuk eginak dira, INSEE Frantzia-ko etxe ofizialak agerturiko liburuetako zifrekin. Oso gatxa izan da lan hau egitea, etxe honentzako ez baitago* Ipar Euskalerririk, departamentuak (guretzako Basses-Pyrénées-koa) eta kantonamentuak bakarrik haintzat artzen ditu ta. Danok dakigu gure demografiaren karakteristika bat emigrazinoa dala. Hona hemen zifra batzuek.

Emigrazinoa XIX gn. mendean

Louis Etcheverry, Garaztar kementsuak, estudio bat oso baliotsua egin eban, Euskalerri barruko diputadu izan zan denboran. Hona hemen estudio sakon horrek ekarten dituan zifrak. Bertan ikusten dogu, 60 urtetan kasik 80.000 emigrante atera zirala Euskalerritik! Denbora berean, 1832-tik 1891-erarte, 4.729 arimaz baino ez zan gutxitu hemengo jendetzea. Umeak ugari ziran eta gure Erriaren indarra arrigarria.

Urteak Emigranteak Urtero

1832-1835 (4 urte) 828 208

1836-1845 (10 urte) 10.162 1.016

1846-1855 (9 urte) 16.111 1.614

1856-1864 (9 urte) 12.833 1.425

1865-1874 (10 urte) 17.750 1.775

1875-1883 (8 urte) 5.157 273

1884-1831 (8 urte) 16.421 2.052

Danetara 60 urtetan 79.262 1.321

Beste gauza bat ikusi geinke: 1836-tik gora, emigrazinoa andiago izan zala. Ba dakigu, lehenengo karlistadearen ostean, ekonomiaren mugea Ebrotik orain dagoan tokira ekarri ebela, eta Ipar Aldeko ekonomiak kolpe gogor bat artu ebala, aldakuntza hori zala kausa. Gazteak bizibide gutxiago euken hemen, eta Ameriketara joaten ziran.

Bistan da, Ipar Euskalerrian, Europa guztian bezala, industria leku ta urietarantz abiatu zirala denbora horretan baserritar gazteak. Baina uririk ez genduan eta industria gutxi.

Emigrazinoa XX gn. mendean

1. Garazi-Baigorrin eta Amikuze-Ostibarren

Aita Grandin ekonomisteak, toki horreetako gizon azkar batzuen laguntzearekin egin ditu eskualde* bi horreetaz, barru edo mendi aldeari buruz ezagutzen ditugun estudiorik onenak. Hor ikusten da eskualde bi horreek, 1954-tik 1962-rarte, bakoitzak 1.100 bat bizilagun galdu dituela.

Denbora berean, 1.000 bat inmigrante sartu dira eskualde horreetan, edo beste euskal errietatik, edo kanpotik.

Esan leiteke beraz*, Aita Grandinek berak dinoan legez, 8 urtetan 1.500 bat emigrante izan dituala eskualde bakoitzak. Kanpora joan dan jende gehiena, gaztea zan.

Beraz emigrazinoaren ritmoa, XIX gn. mendekoaren* bardin antzekoa da.

2. Kosta aldean

Arrigarri dana, Baionako Ingurua, jubiladuakaz, barruko Euskalerritik etorritako jendeagaz eta 1962 inguruan Algeriatik eldutako "Pied Noir" edo "Zango Baltz"-ekin asko gehitu baldin bada bere, bertako jendea, bertako gazteak igesi doaz Frantziako uri andietara. Hona hemen zifra arrigarri batzuek.

1954 eta 1962 artean, 9.500 bizilagunek itxi dabe Baiona-ko eskualdea. (Danetara, 95.183 bizilagun ditu).

Hona hemen emigrante horreen adinak:

20-tik 45 urterartekoak 55 %

44 urtetik beherakoak 85 %

Donibane Lohitzuneko kantonamentuan bardin.

1954-etik 1962-ra, jendetzea 600 bizilagunez gehitu da urtero, baina debora berean urtero 100 gaztek iges egin dabe Euskalerritik kanpora.

Beraz*, Ipar Euskalerri guztia joten dau min berak. Ikaragarrizko min biziak! Jende gaztearen emigrazinoak. Lerro honeek idazterakoan, aurrean izan dogu, barruko Euskalerrian Euskaldun Gazteriak aurten egin dauan inkesta baliotsua. Hor irakurten dogu, 1968-an, 15-tik 20 urterarteko gazte guztietarik 9,3 % joan dirala erritik kanpora.

Hona hemen, 20 urtetik behera eta 20 urtetik gora gelditzen diran gazteak zelan banatzen diran barruko Ipar Euskalerrian.

20 urtetik behera

20 urtetik gora

mutilak 34 %

mutilak 21 %

neskak 33 %

neskak 12 %

Beraz, guztitara, ba dira 67 % 20 urtetik beherakoak, eta 33 % bakarrik 20 urtetik gorakoak. Diferentzia andi horretan ikusten da zenbatek iges egin daben lan bila.

Noizarte iraungo ote dau, horrenbeste gazte galtzen dituan Erri ahulduak*?

RAMUNTXO CAMBLONG

("Jakin" sortatik bizkaieraztua)


Ikasi zure izkuntzea

Berbak

(Ale honetan izartxu bategaz agertzen diranak)

Bizkaierazkoak

ARAKATU, aztertu.

ARRESI, arrizko esi, muro.

ARROBI, arria ateraten dan obi, cantera.

ATZEMON, detener.

AURKI, nonbait, urrean, seguramente.

AUTESKUNDE, elección. (Berba barria).

AZOKA, feria, mercado.

BAITAU, bait dau, dau ta.

DOHAN, gratis.

EGITURA, erakunde, estructura.

ERALGI, gastatu.

EREGI, eraiki, jaso.

EURREZ, oparo, ugari.

GOITU, superar, vencer.

INAUSI, podar.

INOAN, esaten eban.

ITUNBEN, tratado, acuerdo.

JOMUGA, asmo, fin, objetivo.

LORRATZ, huella, vestigio.

ORATU, eutsi, eldu.

SALAZINO, acusación.

SANTZO, irrintzi.

UDALETXE, Aiuntamentu etxe.

Euskera bateratukoak

AHULDU, makaldu.

ARE, oraindino.

ARI IZAN, jardun.

ARROTZ, extraño, forastero.

AUSART, atrevido, valiente.

BAITA, bait da, da ta.

BAITAGO, bait dago, dago ta.

BAITAUKA, bait dauka, dauka ta.

BERAZ, hori dala ta, por consiguiente.

BEREHALA, behingoan, en seguida.

BEREZI, aparteko, especial.

EKAIN, bagil, junio.

EPE, plazo.

EREMU, extensión.

ESKAINI, eskini, eskeini, ofrecer.

FUNTS, fondo, sustancia.

GISA, modu.

HELBURU, asmo, objetivo.

IGANDE, domeka.

MEMENTO, momentu.

MENDE, gizaldi, siglo.

MINTZATU, berba egin.

NABARI, evidente, notorio.

NABARITU, advertir, percibir.

OTSAIL, zezeil, febrero.

SAIATU, arduratu, esforzarse.

SUDUR, suur, sur.

TAXUZKO, egoki, conveniente.

UZTA, cosecha.

ZENBAIT, batzuek.

ZINEZ, benetan.

Beste euskalkietakoak

AISE, erraz, errez.

ALAJAINETAN, alajaina, pardiez, por cierto.

ARABERA, según, conforme.

BILERA, batzar, reunión.

BUKAERA, amaiera, fin, término.

BUKATU, amaitu.

ESKUALDE, comarca.

INKESTA, encuesta.

MENDEBAL, sartalde, occidente.

OROKAR, general.

ZALANTZA, duda, ezbai.


Mezenas bila

Grezian, lehengo denbora zahar ta zoriontsu hareetan, ba zan gizon bat, izenez Mezenas deitzen zana.

Oso aberatsa zan, ta Greziako artistei diruz eta ezagupidez laguntzen eutsen, obra eta frutu ederrak emon eiezan. Grekoen kulturea asko landu, findu eta goratu zan honela, Mezenasen borondate onari esker.

Harrezkero, artistei laguntasuna emoten deutseenei "Mezenas" esaten jake. Italian, bere Erdi Aro osteko Bizkunde eder ta oparo haretan, ba ziran Mezenas batzuek. Honelakoen artean, Aita Santu batzuek aipa daitekez eta italiar familia andiki batzuek bere. Guztion "mezenastasun" hareri esker, orduko kulturea zeruetaraino jaso zan. Medicitarrei zor jake, Michel Angelo artista paregabeak egindako hainbat eskultura ta fresko imitagatx.

Denbora guztietan, laguntza ofizialak urri izan diranean, Mezenas laguntzaileen auspokadak oso onuragarriak izan dira kultura guztietan.

Azkenetako Mezenas bat, Alfred Nobel izan zan, dinamitearen asmatzailea, bere eriotze ondoan hain ezaguna dan Saria ipini ebana.

Noizik behinka, Ameriketatik etorritako indiano aberatsen batek, Asturiasen-edo, bere errian hospitale edo eskolaren bat eginazoten dau, erriarenganako maitasunak bultz eginda. Egite txalogarriak euronak!

Euskalerrian bere, noizik behin, beste horrelakoren bat ezagutu izan da, urri izan arren; baina, zoritxarrez, ia beti erdal kulturearen alde edo gure kulturearekin zerikusirik ez daben gauzetarako (pelotaleku baterako-edo).

Aurten, baina, Amerikatik, Caracasetik hain zuzen, Andima Ibiñagabeitia idazle famatuaren izenean mila dolarreko sari bat eskaini* da literaturarako, Ikastoletarako textoak egiteko, urteroko saria izateko gogoz, antza.

Gure txalorik beroenak hain asmo ederra euki daben Euskera Lagunen Elkartekoei (E.L.E.).

Baina sari hori ez da nahiko. Hori badakigu ta berorrek penatzen gaitu, gure kultura ta izkuntzea ohi ez lako diru laguntzen preminan dagoz eta.

Zenbat eta zenbat pertsona euskaldun dagoz gurean, dirua eurrez* eta atzak betean dabenak, zetarako gura daben bere ez dakiela (ilgo diranean, euron lehengusu, ahaide ta loba diru-goseztoentzako ez bada!) euskal kulturearen alde hainbat egin leikeenak! Hor, gainera, euron izenen gomutagarri ta betikotasuna dauke, sari bat euron izenaz jarri ezkero.

Penagarria da, gure literaturearen egoera honetan, ez bankuk, ez erakundek, ez inongo aberatsek txakur txikirik ez emotea. Katalunian, barriz, gauza jakina da goikoen laguntza mesedegarria norainokoa dan.

Ameslari utsa nintzateke antza, hau idatzi dodalako pentsatuko baneu, euskaldun irakurleen artean mezenasik sortuko dala, gure kultureari laguntza emoteko; baina, basamortuan dehadarka alferrik banengo bere, nok daki zer jazo daitekean.

Ea gure Erriko Mezenas-gai batzuek biztuten jakuzan. Batzuetan, gutxien uste zan lekutik egiten dau salto erbiak.

XABIER KINTANA


Ezagutu gure erria (11)

Busturia (2)

Gernika ta Lumo

Axangiz eta guzti, 15,62 km.2 ditu, ta 8.940 bizilagun. Bere auzoak: Arana, Zallo, Lumoko San Pedro, Foruko uriauzoak* eta uria bera. 1882-ko urtarrilaren 8-an, bat egin ziran Gernika ta Lumo. Lehen ez egoan igartzerik non zan bat edo bestea, Arbolea bera be Lumoko lurretan egoan eta. Bizkaiko Batzar Nagusiak dirala, batzarlekuko Arbolea dala, azkenengo gerratea ta Picasso dirala, mundu guztian ezaguna da erri hau. Euskaldunontzat gure lege ta askatasunen abia ta sinbolu, guk bedeinkatua, ta beste edo besteratuak madarikatua ta kiskaildua. Gernikaren unibersaltasuna alde batera itxita, lan honen zera ez baita*, uria bera ikusi daigun.

Urigintza* polit eta apainekoa; kafetegiz eta jatetxez ondo ornidua; pelotariz, probagizonez eta drogagizonez bere bai; burgeskumez baita. Baina hori bakarrik ez da Gernika; langile erri bat bere ba da, baita eskualde guztiko baserritarren astelehenetako azoka ta artuemonen erria bere bai. Bertako dendak, Busturi eskualde guztiari saltzen deutsoe. Industria aldetik, orfebreria ta mahaiko tresna lantegiak, 1.010 behargin dabez; iskilo fabrikak, 465; ta beste ola* ta lantegiak, 600 inguru. Urteko produzinoa 650 miloi peseta ingurukoa da, ehuneko 20 bat esportazinokoa. Erri zerbitzuetarako ba ditu: auzitegi, notaria, jabetasun errejistro, baserri zabalkunde (extensión agraria), banku etxeak eta abar; baina urigintza kontuan eta beste arazo askotan eskubide gehiago eukiko leuke, eskualdeko errien mankomunidade on bategaz. Esate baterako: trenbidea bere kontu artu ta erriaren zerbitzuan jarri; autobusak, bigarren mailako ikastetxea, umeak eskolara autoz igarotea ta turismo arazo guztia eskualdearen eskuan ipini, eta abar.

Kosnoaga mendiaren bizkar baten dago Lumo, erri apal, baketsu, baina ikusmira* zoragarriekin.

Muxika

19,98 km.2 ta 1.488 bizilagun. Bere auzoak: Astelarra, Basangiz, Ordorika-Areatza, ta Ugarte edo Elexaldea. Andramendi, Oka ta beste torretxe batzuek, bere barrutian egon ziran edo dagoz, eta batez bere Muxikatarrena, erriari izena emon eutsona ta Oñaz-Ganboarren arteko burruketako jauntxoen bizilekua. Bere ondoan San Roman ermitea aurkitizen da, arte aldetik interesgarria. Baserri erria, baina Astelarra inguruan industria sartzen asi da. Uriburua Kurtzerua deitzen jakon tokira aldatzen dabiltza, frontoe, Udaletxe* ta abar. Kepa Enbeita "Urretxindor" bertsolari maisuaren erria, bere iturria ez da agortu oraindik, seme ta loba ugarien artean jarraitzen baitau* bertso emoia eten barik emoten.

Erri honek, Zornotzako merindadearen erri bi beraganatu ditu, orain dala lau urte: Gorozika ta Ibarruri. Gernikak egin dauan antzera.

Gorozika

9,09 km.2 ta 331 bizilagun. Bere auzoak: Agirre, Ziritza, Esturo, Zugaztieta eta erriburua. Bizkargi bizkarrean dagoan baserri ta arrobi* erria, Zugaztieta auzoan zelai polita dauka, tren geltoki ta guzti. Axuritik zehar Markinara doan bideak eta Ibarruritik igarota Durangorakoak, bertan bat egiten dabe Zornotzatik Bermeora doan bideagaz.

Ibarruri

20,82 km.2 ta 670 bizilagun. Bere auzoak: Ibarruriko Elexaldea (erriburua), Axuria, Maguna ta Zugaztieta. Bizilagunez urritu dan erria, baserriak utsituta, basoz bete da. Gorozikak eta Ibarrurik bien artean euken Zugaztieta auzoa, etorkizun oneko tokia, lurrez eta komunikazinoz. Horregaitik edo alkar ikusi ezinagaitik, ez dabe jarraitu Bedarona ta Natxituk behinola egin ebenari, eta Muxikak iruntsi ditu.

Mendata

22,81 km.2 ta 736 bizilagun. 1860-an, 1.153 bizilagun eukazan. Bere auzoak: Albiz, Marmiz, Olabe ta erriburua. Lehen baserri erria, orain geroago ta gehiago baso erria. Lehen Gernikako uriak irunsterik ez eban gura izan, ta ondo dago; baina Gernika buru dan eskualdean ez alkartzea, ta horren ordez Markina buru danekoan egitea bere, ez da astakeria makala! Erri honek parrokia bi ditu, bata erriburuan eta Albizen bestea.

Errigoitia

15,96 km.2 ta 879 bizilagun. Erri honek bere, atzerakada ederra: 1860-an, 1.267 bizilagun eukazan. Bere auzoak: Atxika-Errekalde, Metxika, Olabarri, Elexaldea ta uria. Joan I, Gaztelako errege ta Bizkaiko jaunak sortu eban erri hau, hain zuzen bere, Mungia ta Larrabetzu sortu ebazan egun berean, 1376-ko abuztuaren 1-ean. Mendi gainean dagoan erria, bertan dago Bizkaigane deritxon tontorra, ikusbide ederrekoa. Baserri erria, probalari ta Gernikako taberneru gehienen sorterria.

Arteagako Gautegiz

13,88 km.2 ta. 1.053 bizilagun. Bere auzoak: Agirreta, Arteaga-Uria, Basetxeta, Kanala, Islak, Mendialdua, Orueta, Errekalde ta Zelaieta (erriburua). Ortuarietan erri famatua, bere alboko erri Kortezubiren antzera. Arteaga torretxea egoan lekuan, Frantziako Napoleon III garrenaren emazte zan Eugenia Montijokoak gaztelu barri bat jaso eban, jatorriz bertakoa zalako. Gaur, azkenengo lapurreten ondoren, oso ganora barik aurkitzen da gaztelu hau. Aurrera joanda, itsasalderantz, Kanala erritxoa dago, etxe batzuek Arteagaren mende ta besteak Sukarrietaren mende. Erdibituta egon barik eta bere toki edertasunaz baliaturik, etorkizunak batasun bat emongo ahal deutsa!

Ereño

10,72 km.2 ta 499 bizilagun. Bere auzoak: Akorta, Atxoste, Basetxeta, Bollar, Zea, Gabika ta Elexaldea (erriburua). Lurrez ez hain aberatsa, ordainez arrobiz* ba da. Arrobiak dira, hain zuzen bere, erri honen bigarren aberaspiderik aundiena, lehenengoa baita* Amerika ta Australiatik erriko semeak bidaltzen daben dirua. Gabika bere bigarren parrokiatik Nabarnizera bidea egiteak, erri bien antzinako amets bat beteko dau.

J. L. LIZUNDIA