ANAITASUNA

BIZKAIA

179 zenb. 1969, * Abenduak 30

Apartado 17 * GALDAKANO


ANAITASUNA BIZKAIA- Amabosterokoa, 8

Zuzendaria: Angel Celayeta Guisasola.

Zuzendariordezkoa: Imanol Berriatua

Jabea: Kantauriko Frantzizkotar Irugarrendarrak, Durangon. Intxaurrondo 3.

Idazkola ta banakola: Bengoetxe 33-b, Galdakano. Tel. 396 eta 397.

XVII gn. urtea. 179 zenb. 1969, abenduak 30.

Eskritore laguntzaileak: Markox Amundarain, Jose Arrieta, Anton Azkona, Joxe Azurmendi, Jabier Gereño, Francisco Jabier Kintana, José Luis Lizundia, Jose Antonio Perez Bilbao, Karmele Rotaetxe, Juan San Martin, Angel Ugarteburu.

Dirua: Irabaziak 59.027; gastuetan emonak, 63.130.

D. L. Bi. 1.753 - 1967.

Inprimatzen dau: IMPRENTA IDEAL-ek, Galdakanon, Bengoetxe 70.


Ez ditut gabonak maitatzen

Zenbat itsaso igaro behar ditu uso batek, ondartzan atseden aurretik? Zenbat ilabete mututu behar dau kukuak, kantari barriz agertu arte? Zenbat aldiz entzun behar dira kainonazoak, isildu arte? Zenbat gotzain zahar il, Elizea gaztetu arte? Zenbat Gabon? Zenbat aldiz? Zenbatetan jaio behar da Mesias, guk berari entzun arte?

Aizeak, aize egingo dabe; erriak bere, itz egingo dabe txoriak abestu, eta arrainak igeri*. Eta kristinauak ez dabe Kristo ezagutuko. Ez dabelako nahi. "Gizonak bere bokazinoa betetzen dau: berekoi izatekoa, desesperaturik bizitekoa, alegia*" (Camus).

Zein politak diran Gabonak! Neskatoak, pospolinez jantziak; mutikoak, artzain-blusa, txapel andi, makilea eskuai abarkak oinetan eta pipea ezpanetan. Etxeko zoko batean Jaiotzea; alboan, miia pitxigarriz apainduriko Zuhaitzak Elizetan eta kaleetan, abesti xarmagarriak*.

Eta... espetxeetan, bakartadea, otza. Eta... erbestean, bakartadea, otza, miseria gorria. Beharbada, gainezka dagoan batek bidalduriko erregaluak; errukiz, erruki iguingarriz eskainitako* gozokiak. Bihotz iluna, ezin negar egin. Mozkortzeko ardorik ez; fulanak bere, jai egiten dabe. Elizan bere, otz egiten dau; zorionean eta ugaritasunean bi diranentzat bakarrik jaio da gizon egin dan Jainkoa. Jainkoa bere, aburgesatu egin deuskue: jauregi eta sukalde epeletan, txanpanagaz brindatzen dabe gaurko judutarrak.

Aurten bere, Jesusen Jaiotzearen Barriona entzungo dogu. Han agertuko dira Jose eta Maria, eskeko; korta zahar bateko aska otza, lasto izpi batzuez estaldua; logurarik bako artzain bizkorrak; izar diztiratsua, eta aingeru abeslarien taldea.

Baina, benetan, aurten jaio behar baleu, non eta zelan jaioko ote litzake? Ez litzake arrigarri izango, gaur be gizonik bako ama bategandik jaiotzea; edo gizona urrutian daukan ama bategandik. Gaur egun, zenbat ama eta zenbat ume senarrik edo aitarik baga*, edo espetxean sartu dabelako edo erbestera iges egin behar izan daualako! Gaur ez leuke zelangura aingeruen abesti gozorik entzungo; guda otsak eta guda egiteko fabriken otsak entzungo leukez; goi lainoen ordez, fabriketako kea eta gas iltzaileak; kristinau bihotzetan, maitasunaren truke, gorroto gorria.

Ez, mila bider ez. Ez. Bakerik ez. Eta ez gaitezan ikaratu. Horixe nahi izan eban, aragi bihurturik agertu zan Jainkoak: miseria, absurdoa, utopia. Aingeruak ez eben asmatu Jainkoaren asmorik. Ez dago arrazoirik bako arrazoirik. Eta hemen gure artean zoriona opa izatea, sinesten ez dan zerbait gura izatea da. Gabonak, Jainkoaren bideetan, garrazkeria ikaragarri bat baino ez dira. Alperrik litzake, guk, irribarrez, gozogarriz eta guzurrez inguratu eta jantzi erazotea. Mitokeriaz utsitu behar ditugu gure Gabonak. Odolez eta sufrimentuz iantzi zanak ezin onartu leike gure hainbesteko zorakeria. Gabonetako misterioa ezin leiteke osorik jaso, urte batzuek beranduago mendi bate gailurrean Kristok egin eban berbaldia aztertu barik. Bere narru gorria jazteko jantzirik ez ebanak, bere gose-egarria kentzeko jan-edaririk ez ebanak, irribarre egiteko arrazoirik ez ebanak, munduko faltsokeriak estaltzeko lege zuzenetan sinesterik ez ebanak... guk ez bezalako ZORIONA aldarrikatzen eban.

Gabonak eriotzera daroe. Zorionekoak, miserian bizi diranak; zorionekoak, bakerik ez dabenak; zorionekoak, eriotzearen atzetik dabiltzanak. Zorionekoak... jainkokeria ahaztu... eta gizatasunaz jantzi diranak.

MARKOX AMUNDARAIN, laikoa


Erriz erri

Igorreta

Aurreko kronikan, kofradiei buruz idatzitakoa bakarrik agertu zan. Oraingoan, beste egunetan egindakoa azaltzera noa.

Irailak 29. San Miguel eguna. Meza nagusia. Ezpata dantzari taldea, jardunean; ez genduzan ikusi erriko agintariak betiko lekuan. Enbeita, Lopategi ta Azpillaga, bertsotan. Neska-mutilak, dantzan. Ume jolasak eta asto lasterketea.

Irailak 30. Elizateko ilen alderako mezea.

Urrilak 4. Pelota partidua eta berbena errikoia. Berbenan, "Oinarriak" jardun eben alai eta jator.

Urrilak 5. Mezea, elizateko dantzari taldearen saioa, euskal abeslariak (Bozkari, Epertargiak, Karmel Egileor eta Txomin), aurreskulariak eta dantza askatua.

Programan agerturiko deia, oraindino buruan daukagu. Hona hemen zati bat: "Jai honeek geroago eta erantzun jatorrago bat eskatzen deuskue. Kofradien eguna eratu dogu aurten. Ez daitela gure alkartasuna egun horretan eta jai batzuetan bakarrik geratu, gure arazoetan beti bardin jokatu behar dogu ta. Antzina legez, jai hau elizate guztikoa egin daigun".

Urrilak 19. Durango kaleetatik zehar, Igorreta izenarekin, karroza apain bat atera zan, sei kofradietako gazteak atonduta. Bere esangurea: erriko aberastasunen kondaira* ta egoerea, eta aberastasun horreek erabilteko aurkitzen diran trabak. Karrozearen alboetan, kofradien izenak. Atzeko aldean, idatzita agertzen zan, gure errian gero ta gehiago itaunduten* doguna: Noizarte?

Aurrera ta zuzen, mutilak! Non eta zelan erabiliko dira aberastasun horreek? Zenbat gara? Zer egingo dogu? Gora Igorreta!

JOALDI

Ondarroa

Joan dan ilean, "Kresala" alkarteko bazkideak batzartu ziran eta, beste erabagi batzuen artean, Esteban Basterretxea gure mutil laguna lehendakaritzat aukeratzea erabagi eben. Asmo hori bete ondoren, ezin geinke besterik egin, kultura alkarte horreri danon laguntasuna eskaini* baino, errian bide egoki bat artu daian.

Egunotan, Ondarroako estadistikea atontzeko, itaun* asko egin dira. Gehien urten dauan itauna, hauxe izan da: Zuen errian zenbat dagoz espetxean? Hona hemen erantzuna: Amazazpi dagoz, euren artean neskatila gazte bat.

Ikustekoa benetan gure kaia! Itsasontziz beterik dago, batetik ekaitz* eta eguraldi txarrakaitik, eta bestetik Canariasko uretatik danak etxeratu diralako, Berrio-Otxoa izenekoa izan ezik.

IMANOL

Aulestia

Lehengo urte batzuetan, gure erri askotan ikusi ahal izan ditugu "Extensión Agraria"-ko gizonak, guri baserritarroi irakastera etorriak. Negu aldean batezbere, ikastaldi edo kursilo labur batzuek izaten genduzan.

Igaro diran bi edo iru urte honeetan ez dogu izan horrelako ikastaldirik. Zegaitik? Gizon horreek ez dabelako etorri gura, ala baserritarrok ez dogulako joan nahi? "Extensión Agraria"-ko gizonak gertu dagoz; gehiago, gurari bizi bat dauke, erriz erri irakasten ibilteko; horretarako dagoz, eta horixe da euren gogoa. Geu gara errudun, gehienbat. Zegaitik?

Alde guztietan ikasten! Askok eta askok, garai honetan, ogetazak* urteak ikasten eroaten dituen bitartean, guk baserritarrok, amar edo amabost eguneko ikastaldi bi edo irutan nahikoa ikasi ote dogu?

GONTZOLAI

Gernika

Datorren ilean, urtarrilaren 4-an, bertsolari jai bat izango da Gernikan. Bizkaian aspaldion ez zan holako jairik egiten. Bertsolariak: Xalbador eta Mattin, Lapurdikoak, Lopategi ta Azpillaga, Bizkaikoak. Tokia: Jai-Alai frontoia. Ordua: eguerdiko 12-ak. Sarrera prezioa: 50 peseta.

Bertsolari onenak,

bertsorik sakonenak!

Jai hau ez dabe ahaztuko

hona datozanak!

ABEL

Zeanuri

Urtarrilaren 4-ean, igandea:

Euskal teatru ta kantariak, arratzaldeko 4-etan.

Nafarroa

Joakin Sagues Amorena, Iruñako Alkate Barria

Nafarroako Gobernadoreak seinalatutako gizona ontzat arturik, Gobernamenduko Ministroak Joakin Sagues jauna izentatu dau Nafarroako uriburuko alkate jaun. Iruñako semea da, abogadua, ezkondua, 10 seme-alabaren aita; 46 urte ditu, "Potasas de Navarra"-ko zuzendaria da, "Diario de Navarra" egunkariko* kontseilaria eta "cursillista de Cristiandad".

Alkate zaharra, Manuel Agreda Aginaga izan da; eta, osasunez ondo ez ebilela ta, itxi egin dau alkatetzea.

Euskeraz ikasteko kurso bat radioz Iruñan

Iruñako "Radio Popular"-ek, euskeraz ikasteko kurso bat emoten diardu, Nafarroako Diputazinoaren ardurapean. Kurso hau egunero bi aldiz emoten da, igandeetan* izan ezik; eta Oñatibia jaunaren metoduari jarraitzen deutsoe.

Gaztediaren eskari interesgarriak abadeei, Etxarri Aranazen

Etxarri Aranazen, euskerearen alde gauza interesgarriak egin ziran joan dan urtean: alfabetatzea, kolejioan euskerazko klaseak, eta abar. Baina abadeei laguntza gehiago eskatzen jake, elizan euskera gehiago eginaz eta, ahal daben toki guztietan, euskerazko klaseak-eta emonaz.

Bost abade nafar, etxeratuak

Rada ta Garde errietan egozan-bost abade, barriro etxeratu dira, Frantzia aldean mahatsa batzen euren erritarrekin batean ibili ondoren. Bostontzat kartera bat euken; eta, lana egin ondoren, eskolak bere emoten ebezan.

Tafallan, telefonu ari barriak

Mila ari barrirekin orniduta ipinia izan da Tafallan telefonu etxea. Honetara, Iruña, Alsasua, Elizondo, Estella, Tudela, Bilbo ta Zaragozakoekin zuzen zuzenean berba egin daikee Tafallako telefonudunak.

Araba

Euskera Arabako uriburuan

Arabako errialdean*, Eliz Batzorde Barria izenarekin, alkarte bat sortu da, Elizearen arloan euskerearen alde lan egingo dauana. Bere zuzenbidea: Comisión Diocesana de Pastoral de lengua vasca — San Ignacio, 2 — Vitoria.

Orritxo bat ateratzen dabe, dana euskeraz. Bertan esaten danez, Gazteizen euskerazko iru meza dagoz: Brijidetan, larunbatetan*, 8,30-etan; jaiegunetan, 12,30-etan. Jesús Obrero elizan, jaiegunetan 10-etan. Orritxo horrek ba dakaz baita euskeraz aitortzen daben abadeen izenak be.

Gazteizen, 2.000 bat euskaldun familia ei dagoz; eta Eusebio Osa abadearen ardurapean, euskal alfabetatze ikastaro bat antolatu nahi da, Arabako uriburuan. Era berean, baita ikastola bat bere.

Abadegaien alde diru batzen

Arabako uriburuan, 700.000 peseta batu dira abadegaientzat, Seminarioaren egunean. Gehien batu dan parrokia, Done Mikelena izan da.

Gipuzkoa

Elgetatik Kanpanzarrera bide barria

Elgetatik Kanpanzarrera bide barri bat egitekotan dabiltz. 6,50-eko zabalerea eukiko dau, eta luzeran 6 bat kilometro. Urtebete barruan amaitzekotan dira.

Donostiako ingeneruen eskolan, emakumeetatik lehenengoa

Donostiako ingeneruen eskolan, 32 ingeneru barrik jaso dabe euren titulua. Emakumeetatik bat baino ez da egon, Maria Belen Mangelos izenekoa.

Donostiako seminarioa numerotan

Donostiako abadegai etxean, 280 gazte dagoz. 171, istitutoan dabiltz, eta kolejioan 61. Teologoak, 72 dira; eta erriz erri sakabanatuta dagozanak, 30. Orain dala 10 urte, Donostiako abadegai etxean 500 ikasle egozan; hau da, orain baino 220 gehiago.

Bergarar bat goratzartua Venezuelan

Markos Agirreoleak Venezuelako Lehendakariagandik "Medalla de Oro" deituriko gomutagarri bat jaso dau, Caracasko Universidadean aspaldidanik egin dauan irakaskintzeagaitik eta bere abogadu lanagaitik.

Teatroa, Motrikun

"Goizeko Izarra" taldekoak eraturik, antzeztua izan da Motrikun, Pierre Loti-k egindako "Ramuntxo" nobelatik Toribio Altzagak izenburu bardinarekin eraturiko teatroa. Antzezlariak Motrikuko semeak ziran, eta zuzendaria Nerea Larrañaga andrea.

Azpeitiko Kooperativa Bateri Laguntasuna

Azpeitiko "Talleres Zubiola" kooperatibeak 2.875.000 pesetaren laguntasuna jaso dau "Fondo Nacional de Protección al Trabajo"-gandik. Hau da, 23 bazkideentzat 125.000 bana peseta.

Euskaltzaindiaren batzarra, Donostian

Donostian, Gipuzkoako Diputazinoan, joan dan urriaren 31-ean alkartu ziran Euskaltzaindiko zenbait* euskaltzain eta laguntzaile. Beste gauza interesgarri batzuen artean, ilen izenen batasuna honetaraxe erabagita gelditu zan: Urtarrila, Otsaila, Martxoa, Apirila, Maiatza, Ekaina, Uztaila, Abuztua, Iraila, Urria, Azaroa, Abendua.

Baita "Financiera Comercial del Libro"-koen kartea be irakurri zan. Bertan esaten eben, jakitun zirala Azkueren Iztegia Bilboko Editorial baten anunziatzen zala, eta Euskaltzaindiak eurakaz eginiko kontratua kontuan eukirik, erabagi zehatz bat artu behar zala, argitalpen barri hori galerazoteko. Auzitara joatea erabagi ei zan, eta behar diran indar guztiekin jokatzea, "La Gran Enciclopedia Vasca" bilbotarrak, Euskaltzaindiaren baimenik barik, Azkue zanaren lanak argitaratzea galerazoteko.

"ZERUKO ARGIA"-ren zuzendaritzeari eskatu egin jako, bere errebistan korrektore edo zuzentzaile bat jartzeko.

BEKELARRE


"Orixe". Euskerearekin ezkondu eta euskerearentzat izan zan gizona

Euskaldunak:

Emen bildu* gera gaur,

kale ta baserri,

omena egiteko

erriko zan bati:

Nikolas Ormaetxea

"Orixe" zanari;

euskaldun jator, kristau on

bizitzan izanduari.

Jainkoak dizutela

arratsalde on danori.

Orain dirala 42 urte ezagutu neban, Bilbon, Ormaetxea-tar Nikolas, "Orixe" deitzen geuntsana.

Harrezkero, eta Euskalerriak nahi baino lehen Jainkoak bere altzora eroan euskun bitartean, makina bat alkarrikuste ta alkarrizketa, han-hemen izan nituan Orexatar* euskal idazle ospetsuarekin.

Mutilzahar lerdena, luze, mardul eta bikaina zan, gorputzez; Jainkozale zuhurra ta euskaltzale porrokatua, arimaz; eta argia ta azkarra, adimenez.

Norbaitek esan dau, "euskerearekin ezkondu eta euskerearentzat bizi izan zan gizakia" zala Orixe aundia. Ez da gaizki esana, euskerea baitzan* haren eguneroko arnasa ta jakia.

Bere bizitza latzean, horrexegaitik, bere izkuntzeari eutson maitasun aundiagaitik saiatu zan hainbesteraino, euskerea garbitu, aberastu eta apain jartzen. Arrigarrizkoak dira, izan bere, bai itz-lauz* eta bai itz-neurtuz*, jakituriazko argibidez orniturik itxi deuskuzan liburu ta osterantzeko irakurgai jakingarriak.

Bere idazlan irakurgarri horreetan argi ikusten da, sakonki ezagutzen ebala euskal izaera jatorra. Horrexegaitik zituan hain gogozko: euskal ohiturak, jolas garbiak, dantzak, kantak, aizkolariak, korrikalariak, artzainak eta bertsolariak. Agerpen hau argiro ikusten dogu bere "Euskaldunak" poema zoragarrian.

Horrezaz gainera, euskal jakintza ta euskal literatura gaiean, nor bera ainakorik, gure artean?

Bere gomutapenez argitaratu dan euskal liburu mardul eta irakurgarrian, gure oraingo euskal idazle ta izkuntzalaririk onenak aho* batez aitortzen* dabe, Euskalerriak ez dauala izan euskal jakintzan Orixeren parekorik.

Bere idazlan guztiak aztertu behar bagenduz, orduak ezezik, egunak beharko geunkez. Oraingoz, aipaturiko* liburu horretan gure gaurko izkuntzalaririk jakitunena dan Mitxelena jaunak dinoan zerbait irakurriko deutsuet:

"Orixeren euskal lanak, inoiz bezala*, "Euskaldunak" poemearen urte hareetan, zamaldan etorten jakuzan multzoka, bata bestearen gain, itz-lauz eta itz-neurtuz, eta orduan eldu zan gorengo mailara Orixeren izena ta omena. Irakasle ta urrutiko gailurretatik bidea erakusten deuskun gidaria zan Orixe zana.

Gizon bezala, eta hauxe da noski behinena*, ezin obea Orixek itxi deuskun eredua*. Egiazko gizon, bere buruarekin burrukan eta Jainkoaren bila, egiazko euskaldun eta euskaltzale. Euskalerriaren seme jator, ez itzez eta oihuz, eguneroko lanaren lanez baino, Goian bego! Eta bildu* euskun frutua, onerako izan bekigu, bizi jakunean bezalaxe".

Horra, gure Mitxelena jakintsuak zelan azaltzen deuskun, Orexako Iriarten 1888 gn. urtean jaio, eta 1961 gn. urtean Añorgako Zabalegin santutasunik aundienean il zan Orexatar euskaldun aundiaren eredua.

Euskaldunak:

Saia gaitean bere ereduko izaten,

maite izanaz euskera eta

Jaungoikoaren legiak,

uri-baserri, etxetxu txuri,

zelai-muru ta mendiak.

Maite baratzak, itsaso zabal,

ibai eta iturriak;

maite leengo oitura onak,

dantza ta jolas garbiak;

maite euskera, guria da ta,

maite euskaldun guztiak!

Orexan, 1969 gko. abuztuaren 12-an.

ZELETA


Bertsolari bi

Begiak barrez barrez, bihotza zotinez. Erri menperatu baten ahurpegia.

Euskalerriak aspaldidanik dauka bere bizkarrean zigorra. Bai.

Azaletik itxura polita, itz samurrak eta...

Gizonak ba ditu eskubideak, ba dau bere nortasuna, eta ezin dau inoiz bere kontzienzia azaleko itxurearekin ase. Ez.

Egia nahi dogu, egia. Danok jokatu behar dogu egiaren alde, mota guztietako gizonok: langileak, idazleak, abeslariak, bertsolariak, elizgizonak; danok Erria garealarik.

Eta orain, gaurko bertsolari biren egoerea azaldu gura dot. Biak dira bizkaitarrak, biak egiaren burrukalari, biak Erriaren albistari. Orain, kastigatuta dagoz: Gipuzkoan kantatzea debekatua dauke. Eta gure itauna* hauxe da: Zigor hau zegaitik? Ezin gaitekez isilik egon, bertsolari honeen egoerea ikusirik, orain arteraino euren lagun bertsolariak egon diran bezala*.

Ba, postura hau ez ote da guzurrarekin ados* egotea?

Ba ditugu bertsolari jator gehiago; ez dagoz danak guzurrarekin ados. Izenak ez ditugu azalduko; baina ba dogu itxaropena datorren ilean Xenpelarren omenaldian euren mina azalduko dabela.

Eta azkenik, danok Erria garealarik, danok egin behar dogu burrukan, bakoitzak bere on guztia emonaz. Eta ez daigun ahaztu, bertsolari bion dinamismo barriari erantzuna emon behar deutsagula. Euron egia gogorrak ez dira protesta pertsonalak, Erri baten ispilua baino; eta horregaitik, ezin gaitekez inoiz konformatu bertso gogorrak atsegin izatearekin eta txaloz eskertzearekin.

Eta zuoi, bertsolarioi, itz bi: Neu be, zuon azkenengo bertso saioan, lehen aipatutako pekatu horretan jausi nintzan; baina gero, konturatu egin naiz neure erruaz. Barkatu*, bada.

ARANTZA L. LASA


Eliza Gaurko Munduan

Euskera bateratua liturjian

Jesus Gaztañagak, ZERUKO ARGIA-n, 349 gn. zenbakian, 3 gn. orrialdean argitaratu dauan artikulutxoari zerbait erantsi gura deutsat. Aspalditxoan nenbilen gai hau ikutu nahian; eta hona hemen eretia*, idazki hau irakurtean. Ahoz aho, batetik bestera dabiltzan arrazoiak dakarskuz.

Arrazoi osoa dauka nire lagunak, asken bost urteotan, liturji-itzulpen* barrutian, lan izugarria egin dabela esatean. Ez da txantxetako gauzea, egin dabena.

Arrazoi andia be, batasun bidean, pausurik asko emon dabela aitortzean. Ezin ukatu. Lau begik, batek baino gehiago eta zabalago ikusten dabe; eta halan gertatu dala uste dot, liturji-euskeratzaileen arazoan.

Baina horrexegaitik (alkarren arteko lana egin dabelako alegia*; eta horrelako lana artu ezkero, zerbait gehiago itxaroten zalako nonbait), eta batasunari gagokiozala, lan horreri buruzko ustea erdi-ustel atera jakonik asko ezagutzen dot. "Zer egiten dau Elizeak Arantzazuko erabagiakaz?" dino jende askok eta askok. "Elizea, beti bezala*, atzetik". Askoren ustea, izan bere, hauxe da: honelako alkarren arteko lana arturik —5 urtetan astean behin alkartu dira, alajaina*— euskera bateratuaren kutsu* gehiago nabaritu* behar zala, alegia*, itzulpen* horreetan. Bakar baten lana izatean, uts hori errezago pasatuko zan, bakoitzak bere erara lan egin ohi dau ta; baina alkarren arteko lan batean...

Auzi honetan, ostera, eta aipaturiko artikuluan eta beste zenbait* barriketatan nabaritzen dodanez, aurre-eritxi* batzuek dabiltz jokoan. Bakoitzak bere burua, zelan edo halan, zuritu nahia.

Gaztañagaren artikuluan agiri dan erixpidea* zerbaitxo bat aztertu gura neuke.

Euskerea bateratzea ez dala dino nire lagunak, elizkizunen xede* eta elburu*; eta ondo esana, nire ustez. Gainera, bigarren oinarri bat ezartzen dau euren (euskeratzaileen) lanbideari buruz: "Kristinau erriari itz egitea da gure jomugea*, Jainkoaren itza eta Elizearen otoitzak euskaldunei agertzea, alegia". Ahal dan gehienei ulertarazotea.

Uste dot, planteamentu honetan zer garbiturik ba dagoala. Kristinau erriari ulertarazo, alegia*. Nire galderak*: Zein da erri hori? Zer da ulertarazo? Elizkizunen xedea euskerearen batasuna ez dala esatean, zer adierazo nahi da? Ez al da elizkizunen xede eta elburu, liturji-textuak sintaxi jator batean emotea?

1. Estadistika andirik ez daukat; baina bai datu oso argi-emoile batzuek. Goierri honetan, euskal alfabetatze mogimentu andi bat agiri da; orain urte biko ikastaroan, zazpirehun bat ibili zan. Mogimentu guzti hori, Arantzazuko erabagien arabera* ari da lanean. Erri-joera hori adierazoteko, mogimentu hau alderdi bat baino ez da. Goierria, beste eskualdetatik* etenda ari* ote da lehiaketa* horretan? Ez dot uste. Zein erri dogu, beraz*, begipean gure liturji-itzulpenetan?

2. Erriari ulertu eragitea, jomugea. Ulertu eragite hori, sortalde kulturearen kutsukoa iruditzen jat erabat*. Adimen edo intelektu utsezko fenomenu itxurakoa, alegia. Gisa* horretan, artikuluzaleak dinoan kristinau erriak ez ezik, edozein euskaldunek bere ulertu leike textu hori; eta egia, ba bakigu besterik dala. Oraindino gehiago: ulertu eragitea eta adierazotea eta abar, esangura horretan artu nahi ezkero, esango neuke, gure artean gehientxoenak textu horreek erderaz obeto ulertu leikeezala.

Nire aldetik, ostera ulertarazote hori maila sakonagoan artuko neuke. Ulertarazotea, aditzera emotea eta honelakoak ez ote ditugu biziera mailan artu behar? Jainkoaren itza euskeratzeari gagokiozan ezkero, ez al da egokiago, ulertu eragite hori edo jakin erazote hori edo egia batetaz jabe eragite hori. Liburu Santuetan datorren esanguran artzea? Egia bat jasotzea, ez da adimen utsez jasotzea; jakitea, persona osoa zirrarazoten* dauan fenomenu bat da. Ulertu eragiteak, alegia*, persona osoa, gorputz-arima, buru-bihotz eragiteko eran behar dau izan: persona osoa konprometitzeko eran. Itzak, dei bat dan ezkero, erantzuna eskatzen dau. Baina erantzuna gura dauanak, deia entzuteko eran egin behar.

Beraz*, hauxe galdetuko neuke: Izkuntza batean, zein liturji-izkuntzan zein beste zelanbaitekoan, erriak bere egunetako problematikea haintzat arturik ikusten ez badau, aditzera emon ote leitekio ezer biziera maila sakon horretan? Ez dot uste.

3. Liturjiaren jomuga eta xedea ez dala euskerea bateratzea. Inok ez deusku hori ukatuko; eta askoz gutxiago —esango neuke nik— era honetako edo bestelako batasuna egitea.

Baina ez al gatoz guztiok bat, liturji-textuak sintaxi jator batean egin behar ditugula, ahalik izkera txukunenean egin behar doguzala esatean? Eta hori guztia, elizkizunen xedea al da? Gainera, izkera txukuna, errikoia, ederra zer da? Balore horreek ez al dira, gizaldirik gizaldira zeredozer aldatzen? Eta ez ote dator hori, gizaldi bakoitzak bere izkeran problematika berezi bat zelanbait azur-mamintzen daualako? Beraz, ulertu eragiteak, adierazoteak ez ote dau haintzat artu behar problematika hori, egiazko eta benetako adierazote izan gura badau?

Horra hor nire galderak* gure liturji-euskeratzaileei. Izkuntza ulerterreza egitea beharrezkoa da, eta asmo zuzena. Baina ba dago arriskurik asko bide horretan bere: erreztasuna, sinplekeria batean ipintea, alegia. Erriak halako edo bestelako itza ez dauala "ulertzen", eta horren soluzinoa aurkitu behar.

Itz batean, elizkizunen xede eta elburua euskerearen batasuna ez dala eta horrelakoak ez ote dira igeskeria* bat?

Gainera eta bestalde, artikuluan bertan eta alkarrizketetan, batasuna egiten ari* dirala esaten deuskue. Zetan gagoz? Ez deuskue, ba, esan, hori ez dala elizkizunen xede eta elburu? Ez ote da hau guztia, berba joko bat? Eta guztia, halan dirudi, Arantzazun bidean ipinitakoa ez, baina azpitik asmatutako batasun eraren bat-edo aurrera eroan nahia dala. Hain arlotea ote zan, ba, Arantzazukoa? Ez naiz ni oso yayoa* gai horreetan; baina ez dot uste, gaueko ahuntzaren eztula danik Luis Mitxelena bat. Zientifiku bideak ez ote dau merezi arreta gehiago gure artean?

Arantzazuko erabagien arabera*, euskera bateratuaren alde ari* diran gazte askori ahurpegian emon geinskioe, euskerea sintaxi aldetik ulergatx egiten dabela, euskera xelebre batean ari diralako; baina ez, zorioneko H hori erabilten dabelako; ezta, "baina", "mordoilo" idazten dabelako; ezta, "dut, duk, duzu, duen" eta abar idazten dabelako.

Eta barriro be, euskera errezaren izenean, Arantzazuko erabagiak txakurraren ipurdira jaurtigi gura dabezanen euskerea sintaxi mordoilodunena baino ulerterrezago ote jako erriari?

Bukatzeko. Esku artean dogun hau, Elizearen eta munduaren arteko artuemonen arazoa dogulakoan nago. Artuemon horreetan ba dago nonbait beste arazorik bere; baina bat, esku arteko hauxe da, nire eritxiz.

Ez dot uste jolasean ibili gaitekezanik, erriak Arantzazun azaldutako joereari buruz. Esate baterako, H-aren arazoa ez al zan garbi ikusi txanda haretan? Luis Mitxelenak, H-aren arazoa guztien eretxira garbiturik ikustean, begirunez-edo —ez neutsan antzemon ze begirune mota— Don Manuelegana itzuliaz, honelatsu esan eutsan: "Liturji-textuetan, oraindino, sartu beharrik ez dozue H, beharbada". Eta Don Manuelek, irribarrez baina zirt-zart, erantzun: "Zegaitik ez"? Entzun dodanez, bilera* hatakoen erixpidea* ankapetuaz, orain bestera jokatzeko, honako sasi-arrazoi ataka* hau aurkitu deuskue: Euskaltzaindiak, alegia*, ez ei eban H-a botazinoz onartu. Betiko leloa! Ez zan ikusi ala, argi eta garbi, han bilduriko* eta han itz egin ebenen erixpidea? Zetan datorkiguz orain formalismo horreekaz? "Zuhurtasunez" beteriko jendea, gazteen extremismo-erara ari* izango jaku! Ez dago txarto! Horixe bai erdi-bide jatorra!

Ba dakit, Arantzazutik ez zala euskera bateratua egina atera (lekutan jagok!); baina bide bat urratu zan; joera bat mahai-gaineratu zan. Joera ha ez zan norbaitzuena; gehienak onartu eben. Ez dau balio, Liturjiaren jomugea* euskerearen batasuna ez dala esateak; Liturjia erri batena da, edo ez da ezer. Eta erria bere problematika ta guzti da, zerbait baldin bada.

Inok ez deusku eskatuko Liturji-textuetan "puntan" ibilteko, euskera batuari buruz; baina, urrutitik bederen*, erriaren joereari jarraitzeko, bai. Elizeak zorrik asko dauka munduari buruz; munduak bizi dituan giza-baloreak haintzat artzea, bat.

DIONISIO AMUNDARAIN


Jakin eta Ekin

Alfabetatze kanpainea aurrera eroateko bidea

Zorionean, aurten bere, biziro sortu da, gazte talde askoren artean, euskeraz idazten eta irakurten ikasteko gogoa. Esan geinke lehenengo pausua dogula hauxe, gure kontzienzia galdua eta kultura eskastua barriz biztuten eta indartzen ikusteko.

Halan ta guztiz bere, borondate andiko asko hortik dabiltz, alfabetatze kanpainea aurrera zelan eroan jakin ezinik.

Batzuek igazko gramatika pusketaz ari* dira eta multikopia atera ziran paperekin, aurtengo programa barria ezagutu barik. Guztien onerako uste dot beharrezkoa dala hemendik zertxobait esatea.

Aurten alfabetatze kanpaineak ba dauka textu bat aukeraturik, ikasle guztiak erabili daien, hauxe: "Euskal Idazleen Lorategia", Karmelo Etxenagusia jaunak argitaratua. Berau antologia bat da, ta Bizkaiko, Gipuzkoako ta Nafarroako idazleen lanik ederrenen zatiakaz osotuta dago.

Igaz argiro ikusi zan, inoiz bere izkuntzan irakurri ez dauan euskaldunarentzat, irakasteko biderik onena ta bidezkoena, irakurri eragitea dala; ta aurten honela egitea erabagi da. Honetarako ikasle guztiak liburu bana (textu bana) eukiaz, irakaslearen ardurapean ikastaldietan txandaz irakurri beharko dabe, irakurriaz irakurten ohituteko.

Irakasleak euren akatsak eta okerrak zuzenduko deutsez eta noizik behinka, ahalik eta gutxienetan, gramatikazko azalpen edo argipen batzuek emon.

Liburu hau erabilteko baina, hauxe euki behar da kontuan, ez dala asi behar liburuak dakarren ordena berean, atzekoz aurrera baino.

Gauza segurua da ta dudarik bapere emoten ez dauana, oraingo euskalkiak* (bizkaiera, gipuzkera, nafarrera eta abar) lehen baino urrunduago ta aldenduagorik dagozala, ta antzinako euskerea batuagoa zala oraingo hau baino. Hau erraz* ulertu leiteke, eskolarik ezaz izkuntzea pixkana pixkana aldatuaz doalako toki bakoitzean. Hau kontuan arturik, hona hemen zelan segidu behar dan kursoa, liburu eder ta egoki honegaz.

Bizkaian, oraintsuko idazle bizkaitarrekin asi behar da, liburuaren azken aldetik asita, ta apurka apurka Bizkaiko idazle zaharrenetara joan, gipuzkoarrak eta nafarrak irakurri barik itxita. Bizkaiko guztiak ikusi ondoren, Gipuzkoako idazle zaharrenekin asiko da, ta, atzekoz aurrera itzulita, pausuka oraingo gipuzkoar idazle modernoetaraino bihurtu. Azkenez, Nafarroako idazleak ikusi, liburua bukatzeko.

Hona hemen zelan: asi hemendik, Jauregi, Zamarripa, Eguzkitza, Basabe, Bustintza (Kirikiño), Azkue, Agirre, Etxeita, Uriarte, Mogel, Frai Bartolome, Astarloa, Añibarro, Antonio Mogel, Olaetxea, Kardaberaz, Mikoleta, Martin Otsoa Kapanaga, ta 1596 gneko. esaera zaharrekin amaitu bizkaitarrekin. Gero giputz zaharrenetatik asi: Arin, Larramendi, Kardaberaz, Mendiburu, Ubillos, Gerriko, Agirre, Mogel, Iztueta, Iturriaga, B. Mogel, Lardizabal, Arrue, Uriarte, Iraola, Urrunzuno, Apaolaza, Zabala, Beobide, Soroa, Domingo Agirre (Garoa), Azkue, Etxegarai, Olabide, Muxika, Irazusta, Ormaetxea (Orixe), Lizardi, Manzisidor, Ibiñagabeitia, S. Mitxelena, Larreko, Manezaundi, J. Lizarraga, Axular eta Beriain.

Idazle batzuek (Azkue, Agirre, Mogel, Kardaberaz...) bizkaieraz ta gipuzkeraz idatzi dabe, ta bitan aipatu ditut, birritan irakurtekoak diralako. Beste batzuek, garbizaleegiak diralako edo euren idazkerea gatxa dalako, ez dira bapere egokiak ikasle asi barrientzat, eta baztertu behar dira (Arriandiaga, Olabide, Otxolua), nahiz ta Otxolua oso jatorra izan bere esaera ta joskeretan.

Irakasleak gramatika on bat euki beharko leuke, azalpen batzuek emoteko; nik neuk, Fernando Mendizabalen Euskal Gramatika aipatuko neuke egokiena bezala*, nahiz ta ikasleentzat gogor samarra izan. Obe da, nik uste, irakasleak bakarrik baliatzea gramatika honegaz, ikasle diranei buruko minik ez emoteko.

Ta azkenez ohartxo bat*. Karmelo Etxenagusiaren "Euskal Idazleen Lorategia" non aurkitu jakin daizuen, hona hemen zuzenbidea: Euskal Alfabetatze Kanpaina, Prim 49, entlo., Donostia. Hona eskatuta, askoz bere merkeago jasoko dozue, liburu dendetan baino, alfabetatze talde batentzat eskatu ezkero.

Ta besterik ez. Ea bizkortzen garean ta talde asko sortzen ditugun Bizkai osoan. Jendearen gogoa astintzeko itzaldiak eta antzekoak egiteko, Euskal Akademiara etorri zaitekez argitasun bila.

XABIER KINTANA

Alfabetatze kanpainearen Bizkaiko arduraduna


Jakin eta Ekin

Liburu Barriak. Ramon Saizarbitoriaren "Egunero hasten delako"

Nik ondo dakit, gauzak ezin dirala inoiz danen gustura egin. Ondo dakit, lan bat atsegin izateko, kondizionamentu andiak dirala, egilea ezagutzea (adiskidetzat edo areriotzat eukitea), bere lanean emoten deuskuzan eritxiak gureak lakoak edo osterantzekoak izatea. Eta guzti hau beti inportante bada, gehiago, estudiatzen dogun lana ausartia* bada.

Hauxe da Saizarbitoriaren kasua. Lan ausartia, orainarte euskeraz egin ez dan lakoa.

Seguru nago, "Egunero hasten delako" irakurten dauana ez dala ezelan be indiferente geratuko. Edo alde, edo kontra. Eta honek, lanaren garrantzia adierazoten deusku, egilearen kategoria.

Esan ditudanak ez dodaz ganora barik esan. Aurrean daukat nobelea, ta froga* daigun.

Lehenengo berezitasuna: idazteko metodua. Orainarte, nobela baten, lehenengo deskrizinoak egiten ziran, azinoa non dan adierazoteko. Gero, alkarrizketak etozan. Saizarbitoriaren nobelan ez dago holakorik: nahastean datoz gogoetak (pentsamentuak), alkarrizketak eta deskrizinoak.

Niri honek, pentsatu eragin deust; eta konklusino honetara eldu naiz: ez ote da gure bizitzan holan jazoten. Guk, inorekin itz egiten asten gareanean, nahastean daukaguz alkarrizketea, gogoetak eta gure begiekin ikusten dogun inguruaren inpresinoak.

Bigarren berezitasuna: gaia. Memento* askotan, ez dakizu zihur zer zagozan irakurten, ala nobela bat ala filosofiazko tratadu bat. Baina, nahiz bata nahiz bestea izan, liburuak sortzen dauan interesa ta kezkea gehituten doa, andiagotuten doa, aurrera irakurten zoazala.

Irugarrena: tema. Sinplea. Eta hementxe ikusten da idazle baten kategoria. Tema txiki batekin, aparteko dohaia* daukan idazle batek bakarrik egin leike lan andi oai.

Tema, garratza izan arren, ez da ezelan be pesimista. Gisele-k hauxe esango dau 160 gn. orrialdean: "Biharko bizitzari itxoinaz, aurrera, bizitzera, bizitza egunero hasten delako" Eta "Egunero hasten delako" hauxe da, hain zuzen bere, liburuaren titulua.

Euskera erraza erabilten dau egileak, zuetariko edozeinek ulertzeko modukoa. Ta nire uste apalean, hauxe da idazle batek gorde behar dauan lehenengo puntua. Alperrik da, euskera garbi ta ulertu ezinezkoa erabiltea. Alperrik ibiliko da idazlea holako euskera baten idazten, irakurleak lan hori aspertuta baztertuko dau ta. Saizarbitoriaren euskereak ez dauka holako prolemarik.

Liburu hau ez da arin irakurri behar. Ez da behin bakarrik irakurri behar. Arestik birritan irakurri dauala esan deust, eta neuk be horixe egiteko asmoa daukat. Sakona da, eta pentsa eragiten daben esate asko daukaz.

Batzuek sinpleak: "Emakume bat puntua egiten ikusteak, nerbioso jartzen nau".

Beste batzuek ez hain sinpleak:” Eta ezkondutakoen anbizinoak non geratzen dira? Neuk esango deutsut: semeen etorkizunean. Akabo politikea, akabo literaturea, akabo... Dana!".

Neska baten ulea zelakoa dan esateko: "Zelako ulea, Kristo!".

Edo beste hau, ondo sakona: "Jende arteko bakartadeak otzikarea sartzen deutso".

Ohar* bat irakurleei: Aditzean*, futururako, Lapurdikoa artzen dau. Holan, "esango deutsut" esan beharrean, "esanen deutsut" dino. Hau da, gure goren ordez, Lapurdiko en erabilten dau.

Eta ez noa lan hau gehiago luzatzera.

Nire zorionik beroenak Ramon Saizarbitoriari, benetan merezi daualako. Euskal literatureak, nobela arloan hain txikia ta pobrea izanik, holako amar libururekin gorakada izugarrizkoa emongo dau.

Editoriala, LUR da (zuzenbidea: LUR - Villa Zutik - Paseo Arbola - Donostia). Prezioa, suskritoreentzat 50 peseta. Besteentzat 100.

Eta azkenik, eskari bat: Saizarbitoria, idatzi eizu beste nobela bat. Eta bat baino gehiago badira, obe.

XABIER GEREÑO


Jakin eta Ekin

Euskera idatziaren batasuna. Ez! sasi-letraduei

Gaur egun, euskal idazleok, gehien gehienok gara sasi-letraduak. Sasi-letraduak izan dira munduko idazlerik andienak bere, literatura lantze kontuan. Baina idazleok, toki guztietan jarraitzen dabe izkuntzalarien kontseilua* eta eurak autaturiko* normak. Gurean, ezin geinke bestera jokatu.

Gaurko bizitzeak, joan-etorrietarako dituan aukera errazekin*, erriak alkarrengana lehen baino gehiago urbiltzen* ditu. Gaur, edonor eta edonoiz gagoz Donostian nahiz Bilbon, zein Baionan zein Iruñan. Eta honek, euskalkien forma estuetatik urten-beharra eskatzen deusku.

Honetaz gazteak errazago ulertzen dabe, zaharrak beti lehengo mutu ereari lotuago dagozalako. Ta ba da beste fenomenu bat bere: Espainiako nahiz Frantziako edozein Unibersidadetan nahasturik aurkitzen dirala probintzia guztietako estudianteak, gaur inoiz baino gehiago euskerearekin arduratzen diranak eta anitz* euskeraz ikasten edo euskerea obeto orniduten edo sakontzen ari* diranak. Honeek be batasun eske ari jakuz, euren arteko artuemonetarako eta ikastaroetarako hain beharrezkoa iruditzen jakelako. Beraz*, nok ukatu leike, inoiz baino batasunaren premina andiagoan aurkitzen gareana?

Beharrizan horreek ikusirik, 1964-tik iru aldiz egin dira deiak, batasunari buruz bilera* nagusiak egiteko. Baionan, 1964-an, "Euskal Idazkaritza"-ren deira; eta Ermuan (Bizkaia), 1968-an, "Gerediaga" alkartearen deira. Geroago, ezin bestean, derrigorturik bezala*, Euskaltzaindiak deitu zituan Arantzazura, 1968-ko urrilean, idazle, irakasle eta euskaltzaleak, erarik, orokorrenean*. Iru bilera nagusiotan joera bardineko eritxiak nagusitu ziran; eta jarraitu beharra dabe, bene-benetan batasuna nahi dabenak. Bestela, guzurrezkoa da batasun horren nahia.

Euren eritxiak agertzeko eta defenditzeko aukerea izan dabe. Egiak ondo biribildu eta eusteko gauza ez baziran, joanak joan. Begoz isilik.

Arantzazura arte, idazle asko ginan noraezean. Baina han argi ikusi zan, gure izkuntzalari andia dan Mitxelenak ze bide proposatzen euskun.

Gaur egun, zientzia gailen* dan garai honetan, gaixorik gagozanean midikuagana joaten garean garaian, eta ez sasi-midikuagana (enplasterugana), normalena da letraduari jaramon egitea, eta ez sasi-letraduari. Uts egiteko arrisku gutxiago baitogu*.

Gainera, Mitxelenak hainbeste izkuntza eta izkuntzaz dakianez eta euskerearen euskalkiak beste inok ez bestean ezagutzen dituanez, nor gara gu, bere esanei ez jarraitzeko? Euskaltzaindiak ez eban alferrik izentatu, batasunaren proposizinoa egin behar eban-batzordearen buru. Eta batasuna hain beharrezkoa ikusten dogunok, Mitxelena bere proposamentuetan beste bide batetik abiatu balitz bere, guk handixek jarraituko geuntsan.

Jakina —eta hau Mitxelenak berak aldez aurretik esan eban— batasunak dakarskun guztia danoi gogoko izatea ez zala posible. Batzuentzat ondo zana, besteentzat ez; eta eritxi batzuetan bat etozanak, besteetan ez. Baina, era orokorrean* donontzat egokiena izango zan-bidetik jo behar zala.

Zenbait* gauzaren artean, neuri bere ez jat gogoko H letrea (eta hau izan zan Arantzazun oztoporik andiena, guzurra badirudi bere; ze letra bat gora-behera, ez da hainbeste ardura euskerearen batasunerako). Baina, gaur, batasuna behar-beharrezkoa dogula, ez daukat zalantzarik*. Eta batasunaren alde artu beharra dot euskera idatziak lehengo mendeetatik* erabili dauan letra hori. Hainbat gehiago, gaur batasunaren sinbolu bat bezala* altzatu dalarik.

H nahi ez dabenak, gaixtasuna joten dabe arrazoitzat; eta erabilten asi gareanok argi ikusten dogu, geroago eta argiago noski*, H ondo erabiltea ez dala hain gauza gatxa, gehien gehienetan erregela jakinak ditualako eta maiz* berbak zehatzago bereizten* laguntzen deuskulako,

Beraz*, kontu honeetan, ez! sasi-letraduei.

Eta gehienok sasi-letraduak gareanez, amore* emon daigun letraduen aurrean. Gomuta gaitezan Bruegel-en kuadru haretaz: Itsuen parabola. Eta libra gaitezan, itsuak itsua gidari artuta, amiltegian* jaustetik. Horregaitik dinot: Ezetza sasi-letraduei!

JUAN SAN MARTIN


Abereak eta burdinak

Serbiarren hegemonismoa politikan Yugoslavian

Oleg Mandic, Zagreb-eko Unibersidadeko irakasleak, orain iru urte, liburu interesgarri bat argitaratu eban, "Nazinoaren amaia ta ondamendia" izenburuarekin. Mandic-ek ba ekian zelako nekeak sortzen dituen nazinotasun ezbardinak, Erresuma edo Estadu baten alkartuta bizi behar dabenean. Baina, sozialismoaren etorrereagaz, nazino-berezitasunak urtu ta desegin egiten dirala irakasten eban. Liburu honen irakurlea arrituta ixten dauana, Mandic-en metodua da, zientifiku bategandik itxaron ezin leiteken metodua, alegia*. Autore honek, izan be, estadistika bat bere begiratu barik, Yugoslaviako Erri-konstituzinoan aurkitzen dau nazinoen bardintasuna! Holan, belak* eurak be larrosa kolorekoak dira.

Baina larrosa kolore gutxi tokatu jako Yugoslaviari bere kondairan*. 1945-ean aitortzen eban Titok, ordurarte serbiarrak beste nazinotasunak oinperatuta euki zituela; eta, aurrerantzean, nazinotasun guztientzako bardina izango zala Yugoslavia barria. Baina, 1969-an, kroaziar jeneralak protestatu egin dabe, Yugoslaviako armadan* serbiarren hegemonismoa ostera be adarrak erakusten asi dala ta.

Baina kezka hori armadatik kanpora be agiri da. Intelektual askok ikusi dabe honezkero, Yugoslaviako bardintasuna ez dala guztientzat bardina. "Ekonomskoj politici" aldizkarian, estadistika hau argitaratu dabe, 1969-an, komunista kroaziarrak (atal bat emoten dogu, iru nazino andienak bakarrik kontuan eukirik):

Yugoslavian dagoz

Serbiarrak: 7.806.000

Kroaziarrak: 4.294.000

Esloveniarrak: 1.589.000

Yugoslaviako organizazino ta organismoetako funtzionarioak, barriz, ehunekotasun honetan banatzen dira:

 Autatuak Aministrasinoan Justizian Lur-erakunde federaletan

Serbiarrak 496 3.043 196 599

Kroaziarrak 32 414 17 41

Esloveniarrak 15 154 12 6

Ba dagoz beste agerpen sozial batzuek bere, sintomatikuak diranak. Agerpen honeek ez dabe berez nazino baten hegemonia oinarrituten, baina bai izan daitekez hegemonia horren seinalea. Diktadurarik ezagutu dauanari, zerbait esango deutso urrengo honek: Yugoslaviako polizgizon gehien gehienak, danak ez esateko, serbiarrak dira.

Azkeneko urteotan eta batezbere aurten, irakurle askorentzat ulertu ezinezkoak geratu ziran, komunista kroaziarrak eta serbiarrak euren artean, izkuntzea kausa zala, sortu zituen burrukaldi ta zaratak. Hainbat gehiago, izkuntza kontuok, ortografiazko gorabehera txiki batzuek baino ez zirala iruditzen jakezan eta. (Serbiarrak idazkera zirilikua darabile, eta kroaziarrak latinoa). Baina orain edozeinek ikusi daike, kroaziarrak izkuntzearen alde dabiltzanean, euren nazinoaren eta beronen politikearen alde jokatzen dabela.

Ez dago profeta izan beharrik, serbiarren politikazko hegemonia honek etorkizunean (nazinotasun ezbardinetako komunisten artean) sortuko dituan indar-burrukak somatzeko. Gehiago: burrukaldiotan serbiarrak Rusia alderantz, kroaziar-esloveniarrak sartalderantz* joko dabela dirudi, kondairea* bene-benetan atzekoz aurrera abiatu ez bada behintzat. Baina, gerokoak gerorako itxita, ondo ulertu leiteke zelan politikazko desbardintasun honek ekonomiazkoa dakarren. Eta, urrengoan ikusiko dogunez, kultura arloan be ez dau obeto joten orkesteak.

JOSE AZURMENDI


Abereak eta burdinak

Arraintza kontuak

Itsasgizonen Seguru Sozial Legea

Iturri onetik dakigunez, aurreko ANAITASUNA-n azaldutako Itsasgizonen Segurantza Sozialaren Legea atzeratu egingo da.

Atzerakuntza honen oinarria, Estaduaren dirurik-eza ei da.

Amaitu da atunetea

Aurtengo atunetea* urrilaren erdirako amaitu zan, Kantauriko uretan gelditu diran ontzientzat.

Ego* alderantz egin ebenak, ostera, zeredozer luzatu dabe, beti bezala, kostera hau. Halan eta guzti be, azaroaren* barruan gehienak etxeratu dira, kostereari azkena emonaz, erbestetasunaz aspertuta urrean*. Oraindino nahiko ontzi gelditu dira handik; baina honeek bere, "gorantz" egingo dabe egun baterik bestera.

Aurten, inoiz baino goizago etorri dira etxera "behetarrak". Aholan deituten deutsee arraintzaleak, egora, Algeciras eta Canariasera doazan ontziei.

Irabaziak oso ezbardinak izan dira ontzirik ontzira. Gutxi batzuentzat, inoiz baino obeagoak. Beste batzuentzat, guzti makalak, eskasak.

Baina, batez beste, pozik dagoz arraintzaleak.

Portugaleko kostea, arraintza leku barria

Atuneta honetan, gauza bat nabarmendu* behar dogu: Portugaleko uretan egin dirala arraintza ikaragarriak.

Ur honeetatik, nahitanahiez pasatu behar egorantz doazan ontziak. Urtean urtean egin dabe holan, beherantz eta gorantz. Inoiz, Alboran eta Azores ugarteen inguruetan arrantzatu izan dabez atunak. Ez ugari baina.

Aurten, ostera, atun sarda* aundiak jo dabez kosta horretan, batez-bere Cabo San Vicente alderantz. Hori ikusirik, ontzi asko izan dira, ur horretara abiatu diranak eta sanja* ederrak egin dituenak.

Orain, negu aldian, arrainik ez dagoan ezkero, atseden merezidua artuko dabe arraintzaleak.

ARTZA


Ikasi Zure Izkuntzea

I. Berbak

(Ale honetan izartxu bategaz agertzen diranak)

Bizkaierazkoak

AMARREN, diezmo.

AMOBE EMON, ceder.

ARMADA, ejército. (Berba barria).

ARRO, cuenca.

ATAKA, urtenbide, portillo.

ATUNETA, atun kostera, bonitera.

AURRE-ERITXI, prejuicio.

AUZITEGI, juzgado.

BAGA, bage, barik.

BAITOGU, bait dogu, dogu ta. (Forma barria).

BELA, cuervo.

BERROGETAZAK, cuarenta y tantos.

EGO, sur.

ENPARADU, restante.

ERETI, era, abagadune, oportunidad.

ERIXPIDE, opinión, criterio.

ERRIALDE, probintzia. (Berba barria).

EUSKALKI, euskal dialektu. (Berba barria).

IGESKERIA, evasión de mal signo.

ITAUN, galdera, galde, pregunta.

ITAUNDU, galdetu, preguntatu.

JOMUGA, asmo, xede, objetivo. (Berba barria).

KONDAIRA, historia.

LEHIAKETA, empeño, afán.

NABARMENDU, destacar.

OGETAZAK, veinte y pico.

 OLA, fabrika.

SANJA, turno remunerativo.

SARDA, arrain pilo.

SARTALDE, eguzkia sartzen dan alde, este.

UDAL, ayuntamiento.

URIAUZO, enclaves de villa.

URIGINTZA, planificación urbana. (Berba barria).

URREAN, itxurea, nonbait.

Euskera bateratukoak

ADITZ, verbo. (Berba barria).

AIPATU, aitatu.

ALEGIA, hau da, a saber, es decir.

AMILTEGI, precipicio.

ANITZ, asko.

ARI IZAN, jardun.

AZARO, zemendia, noviembre.

BARKATU, parkatu.

BEDEREN, gutxienez, siquiera.

BERAZ, hori dala ta, por consiguiente.

BEZALA, legez, lez.

BILDU, batu.

DOHAI, dohe, don.

EKAITZ, ekatx, itsasoko eguraldi txar.

ERRAZ, errez.

ESKAINI, eskini, eskeini, ofrecer.

FROGATU, probatu, demostrar, probar.

GISA, era, modu.

HAUTATU, aukeratu, elejidu.

HELBURU, xede, objetivo.

HURBILDU, urreratu.

IGANDE, domeka.

IGERI, uger.

IRAIL, septiembre.

KUTSU, rastro, dejo, resabio.

LARUNBAT, zapatu.

MAIZ, sarri, sarritan.

MEMENTO, momentu.

MENDE, gizaldi, sekulu.

NABARITU, advertir, percibir.

OHAR, aviso, advertencia.

ZENBAIT, batzuek.

ZUHAITZ, zugatz, arbola.

Beste euskalkietakoak

ADOS, konforme.

ALAJAINA, ¡pardiez!

ARABERA, arauera, según.

AUSARTI, atrevido.

BEREIZI, separar, distinguir.

ILERA, reunión, concentración.

EGUNKARI, eguneroko periodiku.

ERABAT, zeharo, completamente.

ESKUALDE, comarca.

GAILEN, sobresaliente.

GALDERA, galde, itaun, pregunta.

KONTSEILU, kontseju.

NOSKI, ciertamente.

OROKOR, común, universal.

TANKERA, estilo.

XARMAGARRI, zoragarri.

XEDE, asmo, objetivo.

YAYO, jaseko, diestro.

ZALANTZA, ezbai, duda.

ZIRRARAZO, afectar.

ITZULPEN, traducción.

II. Idazteko modua

Txarto:

Jesusek aurten jaio behar baleuke, non eta zelan jaioko ote litzake?

Ez dakizu seguru zer zagozan irakurten, edo nobela bat edo filosofiazko tratadu bat.

Arestik birritan irakurri dauala esan deust, eta nik be hori egiteko asmoa daukat.

Ezkonduen anbizinoak non geratzen dira? Nik esango deutsuet: semeen etorkizunean.

Ezin gara isilik egon, ikusirik bertsolari honeen egoerea.

Orritxo horrek ba dakaz baita be euskeraz predikatzen daben abadeen izenak.

Urdulizek baserri asko ditu, ta baita bere industriak.

Ondo:

Jesusek aurten jaio behar baleu, non eta zelan jaioko ote litzake.

Ez dakizu seguru zer zagozan irakurten, nobela bat ala filosofiazko tratadu bat.

Arestik birritan irakurri dauala esan deust, eta neuk be horixe egiteko asmoa daukat.

Ezkonduen anbizinoak non geratzen dira? Neuk esango deutsuet: semeen etorkizunean.

Ezin gaitekez isilik egon, bertsolari honeen egoerea ikusirik.

Orritxo horrek ba dakaz baita euskeraz predikatzen daben abadeen izenak be.

Urdulizek baserri asko ditu, ta baita industriak bere.


Ezagutu gure erria (7)

Bilbo Aundia. V. Uribe Butroe

Ibai arrorik* zabalena, ta mendi gutxikoa. Mendi bakarrak nonbait, Sollube 673 metrokoa ta Jata 582-koa.

Trenbide bi, Bilbotik urten ta Mungia ta Gaminizen amaitzen diranak, ta Bermeora doan bidezabala dira arteria nagusiak. Agiri agirian dago, Butroe ibai arroari zeharreko komunikazinoak falta jakozana. Gerekiz gainetik itsasoraino, komunikazino onakaz bide eder bat balego, Mungiagaz obeto lotuta egongo litzakez itsasondoko erriak, Gaminiz eta abar.

Itsasondokoak, asi Sopelanan eta Bakioraino, turismo ekonomiari lotuak dira. Kontuan euki, Euskalerri guztiko kostarik gehien dauan eskualdea* dala. Ba dago, arraintzeari lotuta, portutxo bat: Armintza. Beste erriak, gehienbat, baserriari lotuak dira; baina euren ekonomia, estruktura zaharretakoa da. Egoera horretatik urteteko erdibide bat izango litzakela dinoe batzuek, eskualde guztirako kooperatiba bat jartzea. Olak* ba dira Mungian, banaka bat Gatika, Urduliz eta Laukinizen, et besteren bat Gaminiz aldean.

Izkuntzeak galtzai aundia egin dau Gaminizen, ta beherakadea bere alboko erritxoetan. Uriburuan, Mungian, kaletarrak euskera gutxi egiten dabe. Zegaitik hori? Ez ote da, izkuntzeari pintoreskismu aldetik begiratzen deutsoelako eta, Erri batu baten izpiritua espresatzeko era bateratu bati eutsi beharrean, Iratzeder Belokekoak aipatzen* zituan txokoko bitxikerietan gelditzen diralako? Lauaxeta eskualde honetakoa zan, eta bere ereduari jarraitu behar leuskioe uribetar guztiak. Noizbait eukiko ahal dau idazle ospetsu honek, merezi dauan omenaldia!

Morga

15,23 km.2 ta 574 bizilagun. Auzoak: Eskerika, Flores, Meaka, Meakaur (erriburua), Morgakoena, Morgaondo ta Oñarte. Bizkaiko kondairan* erririk garrantzitsuena, Aretxabalagana ta Gerekiz dagoz bere bazterretan. Gerekiz gainean eta ez "Alto de Morga"-n asten da eskualde hau. Baserriari lotua, bizilagunez urritzen doa joandako urteotan.

Arrieta

14,46 km.2 ta 902 bizilagun. Auzoak: Agirre, Jainko, Libano (erriburua). Madariaga-Gereka ta Olabarri. Lehen Busturiko merindadekoa izana, nahiz eta mendiz bestaldera egon. Sollube mendi tontorra, bere barrutian dago. Ikusgarria da Gainkoko, orain Jainkoko Andra Mariaren elizatxoa. Baserri ekonomiakoa, erri hau bere.

Fruniz

5,86 km.2 ta 441 bizilagun. Aldai, Botiola, Legarreta, Lotina, Mandaluniz eta erriburua dira bere auzoak. Toki politean, Gernikatik Mungiarako bide egalean, erri txukuna da; ta baserritik kanpo, arrobi batek emoten deutse bizibidea bertakoei.

Gamiz-Fika

15,84 km.2 ta 1.100 bizilagun. Auzoak: Azillona, Ergoien (erriburua), Garai-Oltze, Fika, Ibarra, Mendotza ta Olagorta. Orain berrogetazak* urteak, Gamiz eta Fikak bat egin eben. Baserri ekonomiakoa, erri hau bere.

Gaminiz

11,17 km.2 ta 2.700 bizilagun, Bere auzoak: Txipio, Isuskiza, Saratxaga ta uriburua. 1299 gn. urtean uri hau sortukeran, Bizkaiko Jauna honantxe asten da: "Yo, Don Diego López de Haro, Señor de Vizcaya, en uno con mi hijo Don Lope, y con placer de todos los vizcaínos, hago en Gaminiz nuevamente población y villa...". Ta uri horreri bere lehengo Gaminiz izena jarri beharrean, Placencia izen arrotza jartzen deutso. Gero, Placencia de Butrón deitzen jako; ta askenean, laburtuta, Plencia. Itsasgizonen erria, bere portutxo ta guzti, udea igaroteko aundikien egonlekua. Izkuntzea, lotsarik gutxienagaz, galdu dauana. Gaminizek izena ta izana, biak, aldatu ditu, señoritokeriz.

Gorliz

10,29 km.2 ta 1.839 bizilagun. Bere auzoak: Andramari, Kukullu, Fano, Urezarantsu, Gandia, Mando-Oñez ta Elexalde (erriburua). Bere osategi famaduagaitik da gehienbat entzuna, ondartzeagaz batera. Itsasgizonak, baserritarrak baino ugariago izango dira erri honetan.

Lemoniz

8,29 km.2 ta 699 bizilagun. Bere auzoak: Urizar (erriburua), Andraka ta Armintza. Lehenengo biak, baserri auzoak dira; ta irugarrena, arraintzaleena, bere portutxoagaz. Orain bere, arraintzale auzoa da Armintza; baina bertatik Bakiorako bidea amaitzen dabenean, turismo toki politenetarikoa bihurtuko da.

Meñaka

12,84 km.2 ta 554 bizilagun. Bere auzoak: Ametzaga, Meñakabarrena, Emerando ta Mesterika (erriburua). Sollube barrenean, baserritik bizi da. Lehen, Meñakabarrenan Meñakako torre etxe aundia egoan, kondairan entzutetsua!

Bakio

16,12 km.2 ta 1.111 bizilagun. Bere auzoak: Artzalde Basigo (erriburua), Elexalde, Goitisolo, San Pelaio, Urkitzaur ta Zubiaur. Ondartza turismotik bizi da gehienbat erri hau, nahiz eta baserri ortu ederdunak euki. Bilbotarren txalet "typical" ugari jaso dira urteotan. Lehen Bermeo ateetaramo sartzen jakon; baina gero, beste erri askok eskatu behar leukeena, San Pelaioraino lur zati bat bere barrutian sartzea lortu eban, ta horretara bere barruan dauka hango romaniku tankerako* elizatxoa.

Mungia

52,12 km.2 ta 7.196 bizilagun. Bere auzoak; Atxuri, Atela, Basozabal ta Elgezabal (Laukarizkoak), Billela, Emerando, Iturribaitzaga, Larrauri, Llona, Markaida, Marutxaga, Maurola, Trobika ta uriburua. Horrezaz gainera, Fruniz, Gamiz, Meñaka, Morga, Gatika, Maruri, Arrieta ta Lemonizen uriauzoak* ditu, kondairakeri arrazoiz. Uribeko merindadeko merinoa ta Calahorrako eliz barrutiko Uribeko bikarioa erri honetan egozan. Lehen udal* bi ziran, bata elexaldea ta bestea uria; biak bat egin eben 1900-ko irailaren* 6-an. Uria, 1376 gn. urtean sortua. Mungiak, torre etxe bat baino gehiago ditu bere barrutian; baina entzutetsuena, Billela deritxona da. Amabigarren mendean*, Billelatarrak inguruko jauntxoak ziran. Bizkaiko erririk oparoenetarikoa ta baseri askoduna dogu Uriberen uriburu hau, gaur olaz* ugaritzen asia dana. Eskualde Auzitegia*, 1957-ko azaroaren* 23-an kendu eutsoen, arrazoi aundi barik.

Gatika

17,77 km.2 ta 1.084 bizilagun. Bere auzoak: Butroe, Garai (erriburua), Gorordo, Igartua, Libarona, Sertutxa, Ugarte, Urresti ta Zurbano. Erri baserritarra izanik, Sertutxa auzoan ola* batzuek jaso dira. Idi proba entzutetsuak egiten dira San Markoetan. Butroe gaztelua bertan dago, euskal itxurarik txikienik bere ez dauala. Ganzurritz deritxon tokian dago gaztelu hau, Oñaz eta Ganboarren Erdi Aroko burruketan hainbeste nahaste sortu eben Bizkaiko jauntxoen gomutagarri.

Maruri

15,82 km.2 ta 563 bizilagun. Erriburua ta Erbera ditu bere auzoak. Ofizialki Maruri deitu arreri, Jatabe dau bere izen errikoia. Hain zuzen bere, Jata mendiaren barrenean dago. Baserri erria, Gatika ta Mungia alderantz solo ederrekin.

Laukiniz

8,15 km.2 ta 527 bizilagun. Bere auzoak: Agirre, Aurrekoetxe, Mentxaketa, Mendiondo ta San Martin (erriburua). Ba dauka industria bat, jaso barria; enparadua*, baserria da. Erriburutik Unbe mendira, Mendiondo auzotik zehar, bidezabala egiten dabenean, txalet mordo bat egitekoak dira.

Urduliz

7,51 km.2 ta 1.693 bizilagun. Bere auzoak: Dobaran, Mendiondo ta erriburua. Santa Marinako atxen ifarraldetik dago erri hau, Butroe alderantz begira. Idi ta behi askodun baserriak ditu, ta baita industriak bere. Bilbotik Gaminizerako trenbidea bertatik igaroten da.

Sopelana

8,42 km.2 ta 2.118 bizilagun. Bere auzoak: Bareño, Larrabazterra, Moreaga, Ugeraga ta erriburua. Ondartzako turismo ekonomiari zeharo lotua, udan amar bider jende gehiago izaten dau. Antzina Meñakoz deitzen jakon-tokian, portutxo bat egoan.

Barrika

7,36 km.2 ta 986 bizilagun. Elexalde (erriburua) ta Goierri dira bere auzo biak. Itsasgizonak dira barrikatarrak. Eskualde honen itsasondoko erririk apalena hauxe. Bere Elizearen amarrenak*, 1052 gn. urtean, Errioxako Naxerako monasterioan emon eutsozan Gartzea Nafarroako erregeak. Beraz*, hemendik ikusi leiteke nondik nora zan Iruñako Erreinu euskalduna.

J. L. LIZUNDIA