ANAITASUNA

BIZKAIA

177 zenb. 1969, azilak 30

Apartado 17 * GALDAKANO


ANAITASUNA

amabosterokoa, 6

Euskalerriko Anaia Txikarrak argitaratua, Durangon.

Zuzendaria: Angel Celayeta Guisasola.

Idazkola ta Banakola: Bengoetxe 33-B Galdakano Tel. 396 ta 397

XVII gn. urtea. 177 zenb. 1.969 Azilak 30

D. L. Bi. 1.753-1.967.

IMPRENTA IDEAL-ek Irarria, GALDAKANO, Bengoetxe 70


Arratia eskualdearen urigintza

"Bilbo Aundi" eskualde* barriaz gainera, Bizkaiko Diputazinoak beste sei eskualdetan zatitu eban, orain urte gutxi, gure errialdea, banan banan bere urigintzea* planifikatzeko. Oraingoan Arratiari edo, zatiketan deitzen jakon moduan, Arratia-Nerbioneri tokatu jako.

Artu ditu horretarako Igorre, Dima, Arantzazu, Zeberio, Gaztelu Elexabeitia, Areatza, Zeanuri ta Ubidea, kondaira ta izatez arratiarrak. Itxi ditu kanpoan, lehen be errialdea gutxi ezagutuaz, Bedia ta Lemona, eta Durango aldean sartu ditu. Orozko, Arakaldo, Arrankudiaga ta Ugao be eskualde honetan sartu dauz, gure ustez, Nerbion izena Arratiari gehituaz. Beharbada horren beharrizanik ez egoan, ta nahikoa izango zan Arratia izena bakarrik jartzea.

Ilabeteko epea emon dau Diputazionak, erriak urigintza planuak ikusi daizan eta bere eritxia agertzeko. Abenduaren erdirarte, hain zuzen bere.

Lehengo egun baten ikusi ditugu planuak, ta "Análisis" eta "Propuesta" izeneko liburuak. Begiradatxo bat emon ondoren, hona hemen gure eritxia:

Bosch-Aymerich etxeak urigintza* plan hau egikeran, ez dau aurretik molestia aundirik artu, Arratia ezagutzen, aztertzen eta bere gizarte ta arazoetan sakontzen. Baserri arazoaz ez da arduratu, ta bere estadistika saiaketak oso azaletik eginak iruditu jakuz.

Bide arazoaz arduratzen da, Ugaotik Gaztelu Elexabeitirako bidea obatzen. Beharrezkoa zan, batezbere Zeberio bere anai erriekin errazago artuemonetan jartzeko. Baita Igorreri be mesede aundia egingo deutso, erri erditik bide nagusia kendu ta eliza gainetik eginaz. Baina Orozkoren bakartasunaz, edo, obeto esateko, Laudio alderako urteera bakarra kentzeaz ez da bat bere arduratzen plan hau. Gallartuko auzotik Gaztelu Elexabeitirako asmo zahar hori, aipatu bere ez. Orozko Arratira begira jartzea arazo askogaitik hain preminazkoa da, inor ez da gogoratu.

Beste utsune bat: uribururik ez. Besteetarako Mungia, Gernika, Durango, Markina ta Balmaseda agertzen dira; baina, dirudianez, Arratiari bururik ez deutsoe jarri behar. Uriburu bat eukitea derrigorrezkoa da eskualde* problematika baten. Gure ustez, edo Igorre, bere industriagaitik, edo Gaztelu Elexabeitia, Zeberio-Orozko-Ugao alderako bidegurutzean dagoalako dira kandidatu bakarrak. Baina planak ikutu bere ez deutso egiten arazo honi.

Sustraitik eskualde ezagutze sakon baten faltaz, teknokrata saisaketa bat ez da nahikoa. Lurralde batean bizi diran gizon konkretu batzuek, kasu honetan arratiarrak, eskualde planteamentu bat egiten dabe gauzarik onuragarriena.

Legeak emoten deutsen epe laburrean arduratu beitez Arratiko erri gizonak ta erritar guztiak, eure eritxiak Diputazinoari agertzen. Kontu egin, zuon eskualdearen etorkizuna jokatzen dala, ta joku hau ez dala musa. Urigintzeak* bere ideologia dauka barruan; ta gaurkoa, neokapitalistea izaten da gehienetan gure inguruetan. Arratiaren gizarterako, bere azitze ta alkar bizitzarako izango ote da? Plana ikusi ta ondorenak norberak atera.


Erriz erri

Bilbo

Patxi Ansola

Zazpi ilabetean kartzelan egonda gero, Patxi Ansola barriro dago gtire artean.

Bizkaiko txistularien buru danez, eurei eskaintzen* deutsegu barri pozgarri hau.

Gure zorionik beroenak Patxiri, bere emazte ta semeei, barriro etxekoakaz alkartuta dagoalako.

Gabonetako jaialdia

Entzun dogunez, abenduaren 28-rako, Santiago Apostol teatroan, euskal abeslari barrien jaialdi eder bat antolatuko* da, horretarako baimenak lortzen badira.

Abeslarien artean, gure Benito Lertxundi andia.

Baina jaialdi honek, beste alde batetik be, bere interesa eukiko dau: lehen Anthony Songer abeslari famadua izandakoak, orain Andoni izenarekin, lehenengoz abestuko dau euskeraz. Entsaio baten entzun deutsat; eta, zuen gustua nirelakoa bada, arrituta geratuko zaree, bere kantuak entzunaz.

Lazaro Uriarte il da

Deustuko San Pedro elizan, Lazaro Uriarteren funeralak izan ziran, urrilaren 29-an. Itziar Uriarte, bere alaba bakarra, Ciudad Jardín-eko ikastolako zuzendaria, hantxe egon zan, kartzelatik urteteko baimena lortuta gero.

Elizkizuna, euskeraz eta erderaz egin zan. Gorpua elizatik ateratzen eben bitartean, jendeak "Agur Jaunak" abestu eban.

Orain Itziartxu, barriro joango da kartzelara; baina ikusi dau, deustuarrak zenbat maite dogun.

Xabier Gereño

Euskal kantarien saioa eliza barruan

Francisco Javier García presentadore zalarik, Bittor Egurrola, Argoitia neba-arrebak, "Itxaropen" eta "Ameslariak" abestu eben Bilboko Olabeagan, esan bezala*, eliza barruan. Elizea beterik egoan, eta kantariak jatorkiro portatu ziran.

Alfabetatze kanpainaren oharra

Alfabetatze Kanpainak jakin erazoten dau, urtarrilerako* prest egongo dala, argitaratzeko ta salgai, 6.000 berbatako iztegi* batu bat, aditz* sistema, ortografia, Baionako azken erabagiak eta guzti.

Beraz*, mundu guztiak jakin daian, haxe izango da Alfabetatze Kanpainak ofizialki onartuko dauana, ta Euskal Idazleen Alkartearen garantiaz etorriko da.

Xabier Kintana

Amabi Arrietatik

Jaiak

Urrilaren 19-an amaitu genduzan, Durangon, Fausto Deunaren izenagaz ospatzen doguzan jaiak. Goizean, "Txoritxu Alai"-koak antolatuta, omenaldi berezi bat egin jaken gure aitita-amamei, Andra Mariko elizpean.

Ordu berean "Tronperri"-ko umeak, euren dantza saioa eskaini* euskuen Fausto Deunaren auzunean. Oso txalotuak izan ei ziran.

Arratsaldeko 5-etan, Durango, Bergara ta Zaldibarko abesbatzak eta Bilboko Oskesta Sinfonikuak, D. Juan Cordero Castañosen agindupean, Mozarten Requiem Mezea abestu eben Andra Mari elizan. Elizea ez zan guztiz bete.

Arratsaldeko 7.30-tan, karrozen txapelketea, Aiuntamentuak antolatuta*. Zortzi karroza agertu ziran, danak politak eta ondo apainduak. Lehenengo saria, 5.000 pesetakoa, Gazteen Alkarteko karrozeak irabazi eban. Karroza hau, euren erreginea eroiala, paperezko mitxeletakaz jantzita egoan. Bigarren saria, "Esteban Bilbao" auzunekoak, euren auzuneko urbanizazino ta garbitasunaren kritika bategaitik. Igorretakoak eztabaida galanta sortu eben euren karrozeagaz.

Mendigoizaleak

Urrilaren 19-an, Gipuzkoako erri batzuetako gazteakaz batera, Durangoko mendizaleak Urbiako zelaira igon eben, bertako garbiketea egiteko asmoagaz. Ikaragarrizko pilo bat egin eben, hango lata, azuzkin*, paper zahar eta holako beste lohikeriakaz. Euskalerriko zenbat tokitan egin beharko geunkezan holako garbiketak!

Zoritxarra

Estualdia eta ondoeza nahikoa ekarri dau urte honek edonora. Matxinadak, gerrak eta ikusiezinak ugaritzen doaz mundu guztian zehar. Gure erriak bere, bere aragian sentidu ditu latzak eta baltzak. Durangoko lantegi batzuek, uko egin deutsoe lanari ordu batean.

Dantzak

Urrilaren 26-an, Igorretako dantzariak, Bilbon, Santiago teatroan dantzan egin eben. Hainbat dantzari batu ziran; danak umore onekoak eta gazteak, zaharrenak irurogetamairu urte baino ez zituan eta. Gure dantzariak zenbatgura txalo batu eben; eta bihotz nasaitasun ikaragarrizkoagaz bihurtu jakuzan errira, Bilbon ondo bazkalduta gero.

Futbola

Benetan arrigarria, urrilaren 26-an, Durangoko ostikoketa tokian jazorikoa. Zer? esango deustazue. Eskandalu bat, matxinada bat, arrikada batzuek? Bai zera! Hori baino askoz gehiago. Zaharrak dinoenez, ez da egundo be holakorik hemen ezagutu. Gure erriko neskak, praka txikiakaz, ostikoka baloiari. Ha zan izatekoa! Azken urte honeetan, ez da ezagutu ostikoketa tokian halako jendetzarik; erderaz esaten dan legez, ikurrineraino". Bai baina, ez dakit ba, ostikoketea ala beste zeredozer ikustearren joan ote ziran.

Taldeak, Durangoko "Kemen" eta Elorrioko "Betsaide". Biak ondo jokatu eben. Durangokoen kemena ez zan izan nahikoa irabazteko. Batera gelditu ziran biak.

Juan Antonio Aroma

Markina

Okertxo bat zuzentzen

Hauxe ekarren aurreko "ANAITASUNA" batek, Markinako barrietan: "Elizearen irakas-erakundeak, eskola ta kolejio, gure errian, tamalez, giza-eskubideen eta Elizearen erakutsien kontra jokatu dabe..."

Letratxo baten okerra nahikoa izaten da batzuetan, esangura guztia aldatzeko. "Erria" hori, "e" asierako txikiagaz idaztean, gehienak Markinari buruz ginarduela uste: izango eben. Ez zan hori, ostera, gure asmoa, "Erria" letra andiagaz ipintea baino; hau da, Euskalerria.

Emakumeak ikasten

Ogetamaika emakumek diardue aurten "Centro de Formación Familiar"en euren ikasketak egiten, astearte ta eguenetan: gizarte, arazoak zeintzuek diran, seme-alabak zelan azi ta ezi behar diran, etxekoandre jatorra izateko behar diranak... eta gehiago ikasten dabez.

«Zerutxu»

Il honen 16-an, gure umetxoak Ikastola barrira aldatu dira. Horretarako egin zan jaialdia ikustekoa izan zan! Lehenengo, Euskal Mezea, txistulariak eta Ikastolako bertsolari txikiak bere parte artzen ebela.

Ondoren, Ikastolako jolas-toki barrian hain bat dantza, abesti, olerki ta abar. Dan dana ikastolako umeak eginda.

"Kili-Kili"-ren osabea bere hemendik izan zan, pelikulatxo bat ateratzeko asmoz, ilunagaitik egin ezin izan ebana.

Alfabetatzea

Umeak hain polito, ta nagusiak zer? Euskal jakintzaren egarriz dagoz, zorionez, gure erriko gazte ta nagusi asko. Eta lehen emondako pausoetan atzera egiteko ez gagoz bat. Aurten be asmo barriakaz laster asiera emotekotan gabiz. Ateak zabalik dagoz danontzat!

Arpidedun barriak egiten

Mertzedeko Ikastetxeko neskatil nausitxoak eta Laboraleko mutil koskonduak jo ta ke diardue ia nok "ANAITASUNA"rako arpidedun gehiago egin. Hori dok hori!

Irukote

Gernika

Urriko astelehenak

Euren betiko itxura zaratatsuaz igaro dira Gernikako urriko astelehenak, batezbe azkenengoa. Aspaldi batean, zaharrak dinoenez, alkar ezagutzeko, lagunakaz egoteko, adiskide zaharrak barriro ikusteko joaten zan jendea Gernikara. Orain ez da inor ezagutzen, ezin da inor aurkitu. Izan be, lehengo egun baketsuetan, ezetaz arduratu barik ibili eiteken jendea paseatzen; baina oraingo une honetan, ezeren preokupazino barik kaleetan zehar ibilteak, bihotz ikarea emoten dau.

"Urtero hementxe aurkitzen izan dot nire betiko Arratiako lagun bat —esaten eban aguretxu batek— eta gaur uste dot ikusi barik joan beharko dodala; eta, il ez bada, ba dakit hementxe dana. Hau jendez beteriko kale utsa!" Eta ez jakon arrazoirik falta.

Idi probak

Gernikako Errenderiko proba lekuan, 28 buztarrik jardun dabe bost egunean, 2.000 kiloko arria 30 minutuan nok gehiago eroan. Ilarraga Azkoitikoak, 41 untze egin ebazan, eta lehenengo gelditu. Urrengo, Elustondo Zarauzkoa, Pedernales, Bermeokoa, eta abar.

Tarteka, mikrofonoz, hainbat gauza eder esan euskuen baserriari buruz, nahiz eta jendeak kasu gutxi egin, jokatzeko amorruan baserriaz ahaztu balira lez. Esandako gauzen artean, batzuek gogoan artzekoak ziran, gure ustez. Entzun genduanez, probak antzina lanari erantzuten eutsoen. Argin edo kanteruak, arriak mugidu* eta jaso; segalariak, bedarra ebagi; soloa laiakaz lantzen ebenak, laiaketan ibili; idiakaz lantzen ebenak, idi proban jardun; bizikletaz beharrera joaten ziranak, ea nor arinago ibili; itsasoan motor barik esku indarrez ibilten ziranak, nor arinago portura eldu. Zenbat ofizio, hainbat joko. Gaur beste deporte batzuek pratikatu behar lirakela esan euskuen; esate baterako, nok obeto ipini baserria, produzino on bat eukiteko. Norgehiagoka hori ez litzake txarto etorriko.

Hau ote* da Gernikako idi proben erakutsia? Aizeak eroango, udazkeneko orbelak legez?

Kortezubi

Gure errikoak, hagaitik edo horregaitik, aspalditik euki dabe Ameriketara iges egiteko amorrua, hango diruak honantza ekarteko, amerikano titulua artu, lagunen artean ingles berba egin, mutilzahar profesional bihurtu eta, diruak kontuz gastatuta, polito biziteko.

Holako ametsen* bategaz, Kortezubiko gizontxo batek ardi bi ekarri deuskuz etxera, ofizioa ikasteko eta artzain joaten diranei egiten jakezan esaminak pasatu ahal izateko.

Ardi biak eukiten izan dauz egunero bide egalean, bata lotuta eta bestea libre. Izenak be, berebizikoak*: tentela ta memela. Jende guztiak egunero esaten eutson, ardiak iges egingo eutsoela eta iges egingo eutsoela. Baina jaramonik be ez. Zelan iges egingo eutsoen ba tentelak eta memelak?

Baina errekea zarataka doanean, uiola seguru. Ta egun baten, ez deutsoe ba ardiak iges egin? Ta benetan iges egin be. Zortzi egun luzeak ibili jaku zoratuta ardi bila; ta azkenengo egunean, esperantza guztiak galduta, Oma, Nabarniz azpiko auzunean, bide egaleko zuhaitz* orpo baten katigatuta aurkitu zituan tentela ta memela, inguruko landare puntak jaten.

Ardiak be ez ote* dabe gura erriko jendea Ameriketara joaterik, berton falta egiten dabela ta?

Axuria

Axuria, benetan, zeresan aundiko auzunea dogu. Oso txikia da, 138 bizilagun, baina ezin politagoa. Gainera, ondo daki aurrera eroaten, gizarteak gaurko gizonari eskatzen deutsazan arazoak: kulturearen bidez personea osotu, aurrerakuntzak onartu eta eskuratu.

Ogetazortzi gaztetatik amairu dira bigarren mailako ikaskizunak amaitu edo amaitzeko bidean dabiltzanak. Eta horreetariko ikasle batek, orain asko ez dala, 1.000 pesetako saria eskuratu dau, Gernikako Ikastetxe Profesionalean danetatik trebetasun gehien agertu daualako. Bardin gure "Cooperativa Landoste"-k be, 1.500 pesetakoa lortu dau, Bizkaian onenetarikoa dalako. Bietan sari emoile, Caja de Ahorros Vizcaína izan da.

Baserritar eta langileei, euren lanagaitik, gatx egiten jake, sarritan, jakintzearen jabe izatea. Danok, ahal dogun neurrian, ahalegina egin behar dogu, eurak be jakintsu egin eta gizon lez obetu daitezan.

Gipuzkoa

Xenpelar urtea, Errenderian

Xenpelar bertsolari ospetsuaren ohorez*, jai aundiak egingo dira Errenderian, il honen azkenean ta etorriko danaren asieran. Azilaren* 25-ean, Antonio Arrue jaunaren itzaldia. 30-ean, antzerkia, goizeko 11-etan. Abenduaren 7-an, igandean*, bertsolaririk onenen saioa eta euskal kantari barrien jaialdia.

Euskal alfabetatzea, Azkoitian

Persona jakintsu batzuek bitarte dirala, euskal alfabetatzea honetaraxe emona izan da Azkoitian: Kondaira, Aita Iñaki Goikoetxeak. Literatura, Itziar Bikandik. Gramatika, Karmen Zubiaurrek. Eta beste itzaldi batzuek, Anastasio Albizu eta Joan Mari Torrealdairen ardurapean egon ziran.

Euskera Estaduaren eskoletan, Elgetan

Astean egun bitan eta bakoitzean ordu bete osoan, euskerea irakasten asi dira Elgetan, Estaduaren eskoletan. Euskal eskolako andereñoak urduri dagoz, gurasoen artean dudak sartu dirala ikusirik. Izan be, gurasoak dinoenez, behin Estaduaren eskoletan euskerea irakasten bada, zetarako bidaldu umeak euskal eskolara?

Bekelarre

Itzaldiak Elgoibarren

Gure errian bere, ba ditugu itzaldiak: hain zuzen, Uribitarte biltokian Ongarri bazkunak antolatuta*.

Azilaren* 21-an, "Euskal Herria Kondairan", Juan San Martin izlari.

Azilaren 28-an, "Gaurko Abestiak", Xabier Lete izlari.

Abenduaren 5-ean, gaueko 9 t'erdietan, "Euskal Dantzak".

Itzaldi hau erderaz izango da, J. Antonio Urbeltz izlari dogula.

Abenduaren 12-an, "Euskera Bateratuaren Beharra", Joan Mari Torrealdai izlari dogula.

Itzaldiok zahar eta gazteentzat antolatu ditu Ongarri bazkunak, erantzun ona izango dauan itxaropenarekin; eta uste dot, ezin geinkela gure egerpena ukatu.

Isabel Arakistain

Laburdi

Uztaritzen, euskal kantariak

Oraindik oraintsu izan da euskal kantarien jai bat Uztaritzen. Lantziri jauna zuzendari zala, honeexek izan ziran parte artu ebenak: Beñat Sarasola, Benito Lertxundi, Etxamendi, Larralde, Josepe Irigarai, Julen Lekuona, Manex Pagola eta azken honen emaztea. Tarteka, Larre bertsolaria.

Angelun, euskerazko mezea

Datorren abenduan asita, Angelun euskerazko meza bat izango da; larunbat* guztietan, arratsaldeko 7-retan.


Mundu Biribila

Yugoslaviako Errealidadea

Sozialistak igesi doaz edonora, errealidadetik ametsetara. Sozialista asko dago gaur Rusiagaz deskontentu; eta, holakoetan lehenago be gertatu* izan dan legez, sozialistok banandu egin dira, bakoitza bere aldetik. Batzuek Chinako ereduaren* alde abiatu jakuz, Cubagaz dabiltz beste batzuek, Txekoslovakiaren aldekoak ez dakie nora jo, eta sozialista demokrazia-zaleetako ez gutxik Yugoslavian ikusi uste dau "irugarren bidea". Hau da, demokrazia ta sozialismoa batera.

Holako askok Yugoslavia esaten dauanean, errealidade bat esan, baina amets* bat irudikatzen edo imajinatzen dau. China-ta esanda be, bardin egiten da.

Ikus daigun apur bat Yugoslavia.

Erresuma* edo Estadu federala da Yugoslavia. Holako Erresumetan, federazinoaren banakuntzea edo mugaketea begiratu behar da lehen lehenik, Estaduaren lurkarta* politikazkoa hortxe agiri jakun ezkero. Batezbere, nazinotasun asko dagoan Estaduetan, Yugoslavian bezala*.

Yugoslaviako federazinoan, serbiarrak, kroaziarrak, esloveniarrak, mazedoniarrak, ungariarrak, turkiarrak, montenegrotarrak, etc. bizi dira: nazinotasun ezbardin asko.

Eta behin baino gehiagotan ibili dira nazinotasunok asaldaturik*. Joan dan udan bertan, esaterako, montenegrotarrak eta albaniarrak ziran Belgradogaz auzitan*. Udazkenean, esloveniarrak ebiltzan aserre*. Ta apur bat geroxeago, musulmanak.

Bai, nazinotasunen prolema asko dago Yugoslavian. Buruausteak nonnahi dagoz; eta ez legoke horren aurka zer esanik, prolema horreen iturburua federazinoaren estruktura edo egituran bertan ez balego. Ze nazinotasunak eta minoriak Yugoslavian zelan federatuta dagozan artez neurtu ezkero, berehalaxe igarri leiteke, etorkizunean Estadu hau ikaragarrizko prolemekin konfrontatu beharrean dagoala. Alboko Estaduakaz lehenengo: Yugoslaviako ungariarrak, albaniarrak, eslovakiarrak ondo erakusten deuskue hori. Eta bere barruan gero: noizarte iraun daike gaurko nazinotasunen banakuntza artifizialak?

Kroaziarrak (4 miloe t'erdi) esaterako, iru Errepublika federaletan dagoz bananduta: Kroazian bertan, Bosnia-Herzegovinan eta Vojvodina-ko Eskualde* autonomoan. Beraz*, Serbiagaz lotuta. Holan ba, kroaziarren politikazko indarra, motela ta ahula* da, batasunik bakoa da ta. Holan, erraz* nagusitzen jake Belgrado serbiarra ta zentralistea beste nazinotasunei, demokrazia itxurea galdu barik.

Jose Azurmendi


Mundu Biribila

Ehun urte Gandhi jaio zala

Mohandas Gandhi eukan izena. Mahatma Gandhi deitzen eutsoen.

Gizontxo, argal, ezgauza, belarri andi ta begi txiki, izara antzeko soinekoagaz jazten zan beti Gandhi. Munduko agintari eta nagusiekin ikusten eban jendeak fotografietan. Indiako agintaria zan.

"Gandhismoa eta honek dakarrena, hori dana aurretik kendu eta zanpatu egin behar dogu", esan eban Churchill-ek.

Eta haren jaiotzearen ehungarren urtea ospatzean, Paulo VI garrenak esan dau: "Indiak arro egon behar dau, eta arrazoiez, zuzendari hau euki daualako".

Gandhi jaio zala, ehun urte pasatu dira urrilaren 2-an. Ehun urteko gizona dogu, ba, Gandhi, nahiz-eta buru bero batek, traizinoz, haren gorputzari eriotzea emon.

Gandhi, bizi da. Berak dinosku: "Biolentziarik-eza, gizonen legea da. Biolentzia, barriz, animalien legea".

Pentsa geinke beharbada, biolentzia barik ezin goakezala inora, lotara ez bada.

Baina kontu! Biolentziarik-eza eta bildurra, bi dira, ez bat. Oilokeria, nagikeria eta biolentziarik-eza ez ditu Gandhik ezkondu. Biolentziarik-eza, indar egile eta eragile bat da, benetako gudu* bat da, maitasunetik jaioa. Gaitzaren kontra doa, ez gaiztoaren kontra.

Pausu nagusi bi emon zituan Gandhik arazo honetan, mugimentu bi martxan jarriaz: "Sarvodaya" mugimentua, alkartasun, batasun, anaitasun eta alkar laguntzearen kontzienzia sortzeko. Eta bigarrena: "Satyagrha", lege okerrei jaramonik ez egitea, gobernu zanpatzaile bategaz bapere ez kolaboratzea, hortik eriotzea etorriaren.

Gandhiren prestutasun honek ez dauko zerikusirik oilokeriarekin. Obeto dino berak: "Biolentziarik-ezak ez dau esan nahi, txarraren kontra joateko modu guztiak ukatzen dirala. Ezta pentsatu bere. Biolentziarik eza, nik ulertzen dodan moduan behintzat, "talion" legea bera baino gudu* bizi eta benetakoagoa da, baina moral mailan".

Talion legeak, "begia begiaren truke" dino. Eta Gandhik, "maitasuna gaitzaren truke".

Joan Mari Torrealdai


Eliza Gaurko Munduan

Emakumeak Liturgian

Zerikusirik ba ote* dauke emakumezkoak liturgian? Zelan jokatu dau Elizeak, eta zelan jokatzen dau gaur berton emakumezkoekin? Liturgia barriztuten doan aldi honetan, benetan egoki jaku azterketa bat, nahiz arin arin, gai honi buruz.

San Paulo aintzindari bezala* arturik, Elizeak ez dau ezer jakin nahi izan emakumezkoekin. Honetan bat dator kristinau ez diran beste batzuekin bere. Adibidez, ezaguna jaku Proudhon-en gorrotoa, etxetik kanpo, politikan eta abar lan egin gura eben emakumezkoentzat. "Andrea, etxean; gizona, enparantzan", esaten eban Proudhon-ek. Eta Jeanne Deroin andreak, ostera: "Enparantzako ta uriko gizonak familia bat euki daiken bezala, etxetiar dan emazteak be enparantza ta uria nahi ditu". Proudhon-ek bezalaxe, Napoleonek bere: "Politika lanetan nahasten diran emazteak ez jataz atsegin". Eta Condorcet andreak, barriz: "Emakumeei kokota kentzen jaken errian, bidezko da zegaitik egiten jaken jakin gura izatea". Gillotinara igoteko eskubidea daukan andreak, tribunara igoteko bere ba dauka.

Emakumezkoak bazterturik euki baditu Elizeak, gizarte osoaren errua dala esan geinke beraz*. Ez deutsagu Elizeari kenduko bere-berea dauan errua; baina giro osoari begiratuaz, zerbait behinik behin arindu bai. Eta dana esateko, errurik andiena, emakumezkoak eurak daukela esango dogu. Begira zer esaten eban Sofia Kovalevsky-k: "Zientziaren lanak ez dakarre pozik, eta ez dabe gizadia aurreratuten. Zorakeria da horretan gaztetasuna galtzea. Benetako zoritxarra da zientzi-gaietarako dohai* bat eukitea, batezbere emakume batentzat; ez dau zorionik aurkituko".

Zelan edo halan, tradizinoak ekarri deuskun emakumea izkutatzen ari da. Lehen, iru K-rekin ezagutzen zan: Kinder, Kirche, Küche = umezaina, elizbarrukoa eta sukaldezaina. Zorionez, gaurko gizarteak beste erregla batzuek ezagutzen ditu: "Emakumezkoak askatasunera joten daben neurrian, aldiak eta denborak aurreratzen eta aldatzen dira; askatasuna mesprezatzen daben neurrian, ostera, gizartea be atzeratzen da" (Fourier).

Zer da beraz,* emakumeak liturgian egin daikena? Nire erantzuna, oso erraza* litzake: gizonak egin daiken guztia. Preguntea bera be ez geunke onartu behar. Liturgian ez dago ez gizonik eta ez emakumerik. Baina hori, nahiz eta XX gn. mendean* bizi, askotxo eskatzea litzake, emakumeetaz eritxi okerrak dituen batzuentzat. Oraindino gaur, emakumea, gizonen apaingarri edo tentagarri edo horrelatsuko zerbait besterik ez dan bitartean... Legetik bizi diranakaz, legea eskuan dogula jardun beharko dogu.

Eta, zorionez, Elizea be ba dabil begiak irigiten, eta ateak zabaltzen bere bai. Izan be, gizartean erdiak baino gehiago emakumezkoak diranean, eta elizara joaten diranetan, erdiak baino askoz bere gehiago emakumezkoak diranean, zelanik behartuko doguz isilik eta besoak baturik egoten? Kontuz gero; gure arrazoi andiena ez dago ugaritasunean, gizonezkoak besteko persona diralakoan baino.

Lege barruan izan ezik pausu barri bat emoteko gauza ez diranen jokaerea ikusi gura neuke, liturgia barriak eskatzen dauan bidean. Mezeari buruz, Erromak agertu dauan idaztian, 66 gn. eta 70 gn. zenbakiak oso aberatsak dira. Lehenengoan, irakurgaietaz ari* da; eta garbi garbi esaten dau, obetoen egin daikenak, irakurri daiala; laikua behar dau izan, eta ezelan bere ez abadea. Tarte batean esaten dau, emakumezkoa danean, presbiteriotik kanpo irakurri daiala. Ez daigun ahaztu, presbiterioa abade-buru egiten dauanaren tokia dala; irakurteko tokia ez da presbiterioa, nahiz eta aldare ondoan egon; beraz*, beste guztiak irakurri daikeen tokian irakurri behar dau emakumezkoak bere. Eta hori, arrazoi bigaitik: elizan ezin daitekelako sexoari dagokion ezelango bereizkuntzarik egon; eta gehiago dana, Jaungoikoaren Berbea ez dalako gutxiago, emakumezko batek irakurrita.

Hori guztia, adibide bat besterik ez da. Horretan bere, gure eritxi, pentsakera ta jokabideak aldatu egin behar ditugu. Gogor burrukatu daigun, hainbeste abaderen misoginia iguingarriaren kontra; eta zuzen ezi daiguzan gure eliztarrak.

Eta zuek, emakumezkoak, baliotu eizue pixka bat zeuen burua. Ez eizue pentsa, nahikoa dozuenik Ama Birjinea puntillaz jaztea eta elizea lorez apaintzea. Eta bestetarako egokerarik emoten ez deutsueenean, ikasi eizue zeuen indarrak ukatzen.

Markox Amundarain


Eliza Gaurko Munduan

Gizontasunik bako Elizkizuna

Gizon bat gutxiago munduan. Aita Fidel, betiko joan jaku. Hau idazten asi naizanean, holako idazlanak egiterakoan erabilten diran itzak etorri jataz burura: jatorra, prestua, kristinau ona, zintzoa, eta abar. Baina ez dot horrelakorik ipini gura izan. Aita Fidel, holako itz guzti horreek adierazo leikeena baino gehiago izan da: BENETAKO GIZONA. Mugak jartzen ez ekian gizona: beretzat ez egoan alde batekorik ez bestekorik.

Eta BENETAKO GIZONA, holan letra aundiakaz ipini dodanean, beste itz "goxoak" sobra dagoz. Zuek, irakurleok be, ulertuko deustazuelakoan nago.

Gizona eta Euskalerriko semea izanez gainera, benetako euskalduna zala esan beharrik ez dagoala uste dot.

Gaur izango balitza legez gogoratzen naiz. Santutxuko ikastolea asi zanean, bere laguntza guztia izan genduan. Sarri sarritan joaten zan ikastolara, eta ez esku utsik; beti eukan zeredozer umeentzat: gozoki bat ez zanean, itz leun eta bigun batzuek; eta sarri askotan, holako itz leunak beste edozer gauzak baino gehiago izaten dabe.

Bere iletea, azilaren* 3-an Begoñako Karmeloan izan zan. Elizea gainezka, bete beterik; eta neu be bertan nintzan.

Aita Fidel, barkatuko* deustazulakoan nago; baina une latz eta gogor bat igaro behar izan neban. Azken agurra zuri emotera, borondate aundienagaz joan nintzan; eta oso samindurik urten neban, barruko esteak irakiten meza guztian. Tamala da, baina holantxe izan zan. Zulako bateri, erdera utsean egin azkenengo elizkizuna! Bai lotsagarria, holako jokaerea! Euren anaia bateri holako ordaina emoten deutsoen elizgizonakandik zer itxaron geinke?

"Baina elizan egon ziran gehienak, erdaldunak ziran", esango dau baten batek. Atxakia horrek ez dau ezer balio: arrazoi kaxkarra da, kontra egiterik be merezi ez dauana. Nik ez dinot, elizkizun hori euskera utsean egin behar zanik, baina bai izkuntza bietan. Lan dana erderaz egin zan; euskerazko abesti bat be ez.

Karmeldarrak, zuen artean ez, baina zuen inguruan azitakoa nozue. Ezagutzen nozue. Eta hemen azaldu dodan guztia, amorru apur bategaz, baina onbiderako dalakoan, azaldu dot. Nire eritxikoak, piloka ziran.

Joseba Arrieta


Jakin eta ekin

Euskal kantariak, opio ote dira?

Raphaelek dino: "Mezu* edo testigutzak ez ditut sinesten. Jendeak atsegin artu daian, ez bestetarako, da artista bat".

Berbakera honek, barru joera bi erakutsi daikez: edo Raphaelek sinesmen gutxi dauka, edo bere kantakera ganorabako hori defendidu gura dau. Bietatik bat, edo biak.

Horretarako bakarrik dala artista bat? Hor dauka Raphaelek euskal kantu barri osoa, ezetza emoten. Euskal kantua, atseginetan murgiltzeko barik, kontzienzia iratzarteko da askotan. Euskal kantua, onena eta gehiena, gogorra da.

Baina hara, ez dot pentsatzen, gu geu bere ondoegi goazanik. Joera estuegiak daukaguz arlo askotan, eta abesti arloan bere bai.

Kantante izan gura dozun hori, zoaz euskal arazoan sarturik dagoan mutil batengana. Eta esango deutsu, profeta izateko dohairik* edo adorerik ez badozu, ez zaitezala euskeraz kantatzen asi, lobedarra* besterik ez dozulako eskainiko* ta.

Nok dino, hori horrela danik? Ez dakigu, gero, nor dan, gaur, opio saltzaile!

Begira, egin nahi dodan galdea*, hauxe da: euskal kantu bat egiterakoan, beharrezko itzak ote* dira: erria, eskubideak, egia, justizia, bakea? Errotarri baten moduan, beti berba honeek eihotzen ibili behar ote dau euskal kantanteak? Joera honetatik urteten dauan kantua ez ote da "euskal kantua"? Joera honetakoa ez dan kantuak, ez ote dauka gaurko gure EUSKALERRIAN zer eginik, zer eginbeharrik?

Baten batek urtengo deust, esanaz, erriarekin egon behar dabela kantanteak. Hori da arrazoia. Bat nator honekin; eta hain zuzen, hauxe da nire arrazoi iturria.

Erria da oinarria, erriagandik gatoz, errian gagoz, erriarentzako gara.

Kantari guztiak (eta besteok) uste dabe (eta esaten dogu) erriagaitik eta erriarentzako gabiltzala lanean. Txalotzekoa da hainbeste maitasun eta borondate on! Baina bestalde: zenbatean erosi ote dogu, munduko plazan, ustez poltsiloan daroagun erri hori!

Ondo dago, ezin obe, danok erriaren alde lan egitea erri horren zerbitzuan. Baina, mesedez, monopoliorik ipini barik. Eta hainbeste "stop" eta disko gorri bere, ez ditugu behar bazter guztietan! Lehendik bere, ba ditugu nahi baino gehiago ta.

Horregaitik, erria, dan bezala* eta izan behar dauan bezala artu daigun. Eta euskal kantua erri horren zerbitzuan jarri. Erri honek, erri bizitzarik badauka, behar eta nezesidade asko ditu. Bat, Damoklesen ezpatea gainean dauala jakitea: horra hor kantantearen lan bat. Erri honek, atseden uneak bere behar ditu: dagoala hor bere euskal kantaria. Eta erriak dantzatzen bere ba daki. Eta abar, eta abar.

Hauxe da, nire ustez, benetako erria. Eta erri honeri erantzun behar deutso euskal kantariak.

***

Zegaitik ez dogu alkarrizketa bat ANAITASUNA-n sortzen, euskal kantuari buruz?

Asia ikusten dot alkarberbeta hori; batetik, Joxe Antonio Aranbururen "Abeslariak opio bihurtzen diranean" artikuluarekin; eta bestetik, Gereñoren "Estitxugaz alkarrizketan" idazlanagaz.

Ari horrexeri oratu deutsat neuk bere. Eta jarraitzea komeniko litzake, argi apur bat egiteko. Euskal kantuaren erri oihartzuna*, itzaren eta doinuaren balioa, kantu horren akatsak, eta beste xehetasun* guztiak neurtu eta aztertu behar geunkez, zintzotasunik eta leialtasunik andienarekin.

Joan Mari Torrealdai


Jakin eta ekin

Ezin berizean, Xalbadoren omenean

Orain urte batzuek dirala, Fernando Aire "Xalbador", Euskalerriko bertsolarien artean txapeldun geratu zan Donostian.

Xalbador, bere saria artzeko, urreratu zanean, jendeak txistuka erakutsi eban bere aserrea.* Xalbadorek bere bertsoak lapurdieraz bota ebazan, eta entzuleak ez zituen ondo ulertu. Euren eritxiz, saria txarto emonda egoan, eta gipuzkoar batek merezi eban. Eta bere begietatik negar malkoak jausten zirala artu eban Xalbadorek saria.

"Ezin bertzean" izeneko liburu hau, Tolosako Auspoa liburutegiaren 85 gn. numerua da, eta Antonio Zabalak argitaratu dau.

Bere itzaurrean dinosku Zabalak, nor dan Xalbador eta zelan ezaguna dan Euskalerri osoan. Hemen Bizkaian be egona da. Nik neuk, Bilboko Capitol zinetokian entzun neutsan, Euskaltzaindiak antolaturiko* txapelketa baten.

Liburu honetan, Xalbadoren bertsoak iru zatitan batuta dagoz. Lehenengoan, paperetan agertutakoak; bigarrenean, saioetan magnetofonoz arturikoak; eta irugarrenean, saioetako ofizio-bertsoak, honeek be magnetofonoz artuak, eta, gehienetan Mattin lagun dauala, egindakoak.

Bere bertso askotan, Xalbadorek bere kezka bat agertzen deusku: beragaz batera, ez ote* dan amaituko bertsolaritzea mugaz beste aldeko Euskalerrian. Eta dei egiten deutse hango gazteei, bertso zaletasuna euren artean biztu daiten. Hona hemen bertso batzuek:

Ikus dezagun Gipuzkoan nola

lauzkatua* den Basarri,

Bizkaian ere pertsularia

trunbilka* ba da nunnahi;

Naparra ere hor etzaukuia*

erne-ernea atzarri*?

Eta lo daude Baxenabarre,

Xubero eta Lapurdi!

Liburu barriak

Barkatu*! Baina, hona eldutakoan, ohar* bat egin behar dot.

Xalbadorek bertso honeetan dinosku, "Bizkaian ere pertsularia trunbilka ba da nunnahi"; eta hau, tamalez, aurten ez da egia izan. Alfonso Irigoienek bertsolarien aldeko lana itxi dauanetik, Bizkaian behintzat, bertsolaritzeak atzera egin dau; eta jazoera honek barriro frogatzen* deusku, kritikatzea errazago* dala lan egitea baino.

Nire gusturako, liburu honetako bertsorik samur eta sentikorrenak, "Amaizuna" titulupean aurkitzen dira: umezurtz batek amaordeari itz egiten deutso, eta garrasi antzeko batekin amaitzen dau: "maitatzen ahal ez banauzu ere, erruki izan nezazu!"

Zabala jaunak dinoanez, Xalbadoren bertso guztiak publikatzeko, mila liburu beharko litzakez, ta egida da. Xalbador eta Mattin batetik bestera ibili dira, eta gaur bere ba dabiltz, euren dohai* berezia* nonnahi zabaltzen. "Nik ez nuke inola ere esango —dino Zabalak— Xalbadoren bertsorik onenak liburu hontan daudenik, bainan ezta txarrenak ere".

Eta holantxe da. Irakurgarria da benetan liburu hau, Bertan aurkituko baitozue* ziria tan sentipena, barrea ta negarra: bertsolari aundi baten bihotza.

Ikastoletarako liburu barriak

Sendo editorialak, ikastoletarako lau liburu barri argitaratu dauz.

Ortografia, euskera batuarena; editza, bizkaieraz eta gipuzkeraz; irudi asko, kolorezkoak; paper ona ta presentazino dotorea. Prezioa: 30 eta 75 peseta.

Eskariak egiteko zuzenbidea: Editorial Sendo. Ercilla, 24, 3.º Bilbao-11.

Xabier Gereño


Jakin eta ekin

Umeen eziketea dala ta

ZERUKO ARGIA-n agerturiko «Eliza eta ttipien eziketa» artikulu ederrari erantzunez

Jose Lasak idatzitako artikulua irakurrita gero, beraren inguruan zeredozer esateari ondo deritxat, ze, gai hain garrantzi aundikoa izanik, gure erriaren etorkizuna problema horren soluzinoan egon dagoalako.

Uda honetan, inkesta* txiki bat Mundakan eginik eta parrokiako liburutegian bataio liburuak begiratuta gero, urtean ia ogetabost ume jaiotzen dirala konturatu nintzan.

"Ze gauza ederra alde batetik eta egingarria bestetik, Mundaka bezalako erritxu txiki bat, osorik, errotik euskaldundutea", esan neban neure kolkorako.

Horretarako, Mundakako ume guztiak, iru urtetik seiraino, kinder-garten batean bildu*, iru klase edo aldratan bananduta, urteen arabera*.

Lehenengo klasean: iru urtekoak, ogetabost bat ume, euren andereñoagaz. Bigarren klasean: lau urtekoak, beste ogetabost bat ume, euren andereñoagaz. Irugarren klasean: bost urtekoak, beste ogetabost bat ume, euren andereñoagaz. Hara zelan haintzat artu leitekezan erriko ume guztiak eta, era horretara bilduak* egonik, euren eziketearren* problemak ebatzi.*

Zeregin honetan, lehenik, gurasoak kezkatu ta errenkuratu behar dira, ze, gurasoak diran aldetik, eurena da buruauste hori: umeen eziketea.

Bigarrenez, umeen eziketeari buruz arduratu behar diranak, elizgizonak dira; batezbere, kristinau dotrinea irakatsirik.

Laugarrenez, erriko Aiuntamentuak artu behar dau ardurea, gure erriaren karakteristika nabarmenena, hau da, izkuntzea, umeen ezpanetan barriro jaio daiten.

Dinoguna egingarri edo posible dala ikusi daigun. Mundakak, Tribizarrospek emonik, etxe eder bat dauka kolejiorako, umeei dotrinea irakastekotan, laster prestatuta egongo litzakena. Hara nondik nora, gure asmoen korapiloa, punturik garrantzitsuenean, askatuta gelditzen ari* jakun.

Eta ekonomiaren aldetik, nondik dirua atera, batezbere iru andereñoei behar dan neurrian ordaintzeko?

Lehenik gurasoakandik. Bigarrenez, mundakar guztien emoitzak lau bider urtean baturik. Eta erriko Aiuntamentuaren bidez.

Baikorrak, optimistak izan behar dogu, gure erriaren etorkizuna euskaldun erri bateri dagokion moduan aseguratzeko.

Mundakako Aiuntamentuak, kondairearen* eta antzinako euskaldun zintzoen gerizpean ipini behar ditu erriko umeak; ez daitezala inoiz ahaztu, Aberasturi (Azkueren ama), Etxeita ("Josetxo" nobelearen egilea) eta Bernardo Garro ("Otxolua") mundakarrak izan zirala.

Martín Arrizubieta


Jakin eta ekin

Ezpan bi, esku bi

Eskuan neukan ontzia, dar-dar ebilen. Kristal gardenaren* barruko ur gorrilunaren dantzea ez neban atsegin izan; eta azkenean, mostradorearen gainean itxi neban neure ontzi hori.

Alboan egoan jendearen zaparradeak, kurubio abiearen irrintzia eukan; aurreko ontzi zaratea, uraren jaustea, gizonaren berbetea ta mozkorraren aharrausiak*, dana zan bat.

Aurreko ardoaren* usaina, sudurretik* bularreraino etorten jatan arnasa bakoitzean, lekuko ke lodi zantarragaz nahastean.

Barriro altzatu neban ahoraino* neure sendakia*. Baina ez. Sendatu* beharrean, ur ilun harek burua danbortu ta barruak goritu baino ez eban gura.

Askorik gehiago ez nebala behar bertan jausteko, konturatu nintzan gorabehera batean. Ez nekian zenbat ontzi garbitu nebazan aurrerago, baina haren antzeko leku askoren itxurea neukan neure buru mintsuan.

Aurreko botilearen beste aldean, bere ahurpegi* polita ikusi neban, bere irribarre kutunagaz. Baina kutuntasuna arin amatatu zan.

Burua ta urdaila errementatu beharrean neukazan, eta odolaren arrapaladea geroago ta gehiago igartzen neban bihotzaren takadetan. Ez. Han aurrean irudikatzen* nebana ez zan egia: ezpan bi alkartuak, esku bi alkar josiak. Egia ote* zan? Edo ispilu bat baino ez?

Mosu gogor bat emon neutsan ontziari, atzerakada bat egin orduko. Esku samur batek neure eskua aurkitu eban, eta untze bat legez josi jatan. Neure atzean, berba argi bat entzun neban:

— Goazan, bihotza! Larregi edaten zagoz.

Orkile


Jakin eta ekin

Durangoko Liburu Azoka Ondoren, hauxe dinot: Noizarte holan?

Azoka* guztia arakatu* ostean, hauxe nabaritu* neban: "Gure" erakunde* nagusiak, "gure" lau Diputazinoak eta Bilbo ta Gazteizko Aurrezki* Kutxak eta baita Sociedad de Amigos del País-koak bere, euren standak ipini zituela. Holan begiraturik, eredu* ederra. Baina..., betiko bainak. Guztien artean, erakunde horreen artean esan gura dot, 275 liburu presentatu zituen; eta euren artetik bat bakarra zan euskerazkoa. Nafarroako Diputazionak argitaratutako "Prosistas Navarros Contemporáneos en Lengua Vasca."

Noizarte holan?

Joseba Arrieta


Abereak eta Burdinak

Baserria nondik nora?

Edozein lan asi aurretik, pentsatu egin behar izaten da, gutxienez, lan hori zelan eta zetarako egin. Gu, baserrian bizi gara bizi guztian; eta ez dakit oraindino, pentsatu bere egin ote* dogun zegaitik eta zetarako. Ez dira gutxi gainean daukaguzan problemak, ez pentsatzeko. Gaur hainbat problema datorkidaz burura, pentsatu eragiten deustenak.

Noizarte jarraituko dau, gaurko gure produktuak saltzeko daukagun merkatu honek? Noizarte ez gaitu kanpoko merkatu batek iruntsiko? Gauzak, kondizino bi daukez: kalidadea eta prezioa. Gaurko egoeran, erantzun geinskio kanpoko produzinoari kondizino bi horreetan? Duda aundikoa deritxot.

Europan esnea sobra dagoala dinoe. Guk, atera egiten dogu esnea. Baina diferentzia bategaz: Europan eta Amerikan produktore bakoitzak 70 edo 100 behi* daukaz, eta guk 2 edo 10. Zelan atera geinke holan errentabilidade bat? Behietara dedikatzen gara; baina pentsatu dogu inoiz, behi batek bere burua pagatzeko 8 urte behar dituala, benetako ekonomia baten?

Ortuarietara be jokatzen dogu, baina danetik apur bat. Ez dogu alde batera ixten errentabilidaderik ez daukana. Ez dogu pentsatu be egiten, zeinek daukan errentabilidadea eta zeinek ez. Ba ote dagiku, esate baterako, porruak, landare bakoitzeko, garestien* salduta, erreal bat bakarrik emoten dabela? eta ez dabela, emoten daben beharra pagatzen? Eta tomateak dirua emoten dabela, baina gaixoak ondatzen dituala? Eta gaixoak ondatu ez daizan, inbernaderoak (berotegi edo negutegiak), metro kuadraduko, 800-dik 1.500 pesetara kostatzen dirala; baina halan ta guzti be, errentableak dirala?

Ba ote dakigu, kontribuzinoa pagatu dogunean, orain "seguridad social" dalako inpuestua ipinten deuskuela, baina gero gehienak ez dogula diru hori kobratzen? "Líquido imponible" deritxona 5.000 pesetatik behera bada, ez dala pagatzen eta kobratu egiten dala? 5.000-tik 15.000-ra izan ezkero, pagatu eta kobratu egiten dala? Eta 15.000-tik gora bada, pagatu egiten dala eta kobratu ez? Eta 15.000 peseta horreek edozein baserriri ipinten jakozala, behin 5 hektarea lur izan ezkero? Eta 5 hektarea lur, gaurko forman ez dirala errentable? Holan, edozein langile baino askoz bere txarrago aurkitzen gareala? Guipuzkoako sindikatuak protestatu egin dau honegaitik, eta "líquido imponible" hori, 15.000 pesetan barik, 30.000 pesetan ipinteko eskatu dau. Oraindino ez dau erantzunik artu. Guk ez dogu protestatu bere egin; pagatu eta kitto; zer egiten deuskuen bere ez dakigu, edo ez deusku ardura.

Estaduaren aldetik, baserriarentzat laguntza batzuek dagoz. Munduko bankuak bere, diru mordo bat emon dabe baserriaren progresurako. Ba ote dakigu, zeintzuk diran laguntza horreek? Interesatzen ote gara eurakaitik? Ipini gura ote doguz baserriak, laguntza horreek artzeko moduan? Behar doguzanean, aginduriko laguntza horreek emoten ez badeuskuez, alkartzen gara, protesta bat egiteko?

Gauza bat da produktuak edo frutuak lurrari ateratea; eta bestea, frutu horreek saltzea. Biak egin behar ditu baserritarrak; osterantzean, baserriko ez diran erdiko asko aberastuten dira, baserriaren kontra eta jan behar dauanaren ardura barik. Preparatuta gagoz horretarako?

Gure etxe barruan sartuta, gure leiho* txikietatik ikusten doguna bakarrik sinestuten dogu. Ezin ote doguz leiho aundiagoak irigi, eta munduan beste erriak egiten dabena be ikusi eta ikasi, bardin edo antzera egin ahal izateko? Adelantu ta inbentu guztiak, egin dituanarentzat bakarrik izan balira, mundua oraindino atzeratuta egongo litzake.

Zer dakigu benetan gure problema honeetaz? Ba ote dakigu, gauzak zelan obeto egiten diran, zelan aldatu behar diran, zer jakin behar dauan, honetara dedikatzen dan edozein personak? Intenturik egin ote dogu, horretarako dagozan ikaslekuak ezagutzeko?

Benetako baserritarrak bagara, zenbat seme itxi doguz etxean, gure ondorena aurrera eroateko? Ezagutzen dot nik, 300 baserri inguru dituan erri bat; eta baserri lanerako ez dira bost gazte egongo etxean. Hau, noren errua da? Ez dot uste, gure baserri zaletasunarena izango danik.

Nekazaria


Abereak eta Burdinak

Arraintza kontuak

Itsasgizonentzako Segurantza sozial berezia

Agertzeko bidean daukagu Arraintzaleentzako Segurantza Sozialaren lege berezi* bat, sarritan eskatua eta hainbestetan prometidua izan dana.

Gobernuak eratua eta Korteetara bidaldu-barria dogu legearen proiektua, hemen diskutidua izan daiten.

Garrantzi aundikoa izango da lege hau arraintzaleentzat, eta utsune aundi bat betetzera etorriko da, oraingo "régimen transitorio"-ri amaiera emongo baiteutso*.

Legearen mamina

Oraingo proiektua lege bihurtuta gero, erreglamentazino bat egin beharko da, lege horreri bizia ta indar praktikua emoteko. Orduantxe bakarrik jakingo dogu legeko puntu askoren indarra. Hala ta bere, irakurlearen argitasunerako, proiektuko alderdi batzuek azalduko doguz hemen labur labur.

Nortzuentzako izango dan

Hauxe da lehenengo ikusten doguna, eta guztiz inportantea gainera: Lege hau ez da izango arraintzaleentzako bakarrik; bertan sartuko dira merkanteetako itsasgizonak, portu-ontzietakoak, estibadoreak, itsasenpresetako administrativuak, teknikuak eta bestetariko langile guztiak, arraintzaleen kofradiak, eta abar.

Honelan, Gobernuaren asmoa, duda barik, seguru honen oinarria indartzea da.

Hala ta bere, arraintzeari dagokionez, bildur naiz, gure arraintzaleak euren nortasun eta berezitasuna galduko ez ote daben.

Instituto Social de la Marina-ren Eginkizuna

Arraintzaleak, osterantzeko langileak ez dituen arriskuak igaro behar ditue: bizitzearen laztasuna, familiatik urrun egotea, irabazien ziurtasunik eza, eta abar. Horrexegaitik eratu dau Gobernuak, arraintzaleentzat eta itsagizonentzat, Segurantza Sozial Berezi bat.

Regimen berezi honen betebeharra, Instituto Social de la Marina deritxon organismuaren eskuetan itxi dau Gobernuak, hauxe izan baita*, orainarte be, organismu honen eginkizuna.

Kuotak ordaintzeko sistemak, desbardinak izango dira: edo gizon bakoitzeko eta ontzi bakoitzeko kuota bat, edo arrainaren produktutik nahiz ontzien fletetik ehunekoa, eta abar.

Irabaziak, bestaldetik, Regimen Generaleko irabazien bestekoak izango dira gutxienez.

Horrez gainera, atzerrietako portuetan egiten diran osakintzak be ordainduak izango dira.

Estaduaren laguntzinoa

Proiektuak dinoanez, lege honen asmoak lortzeko, Estaduak be lagundu egingo dau, finantzamentuko utsuneak beteaz, kuotak nahiko ez diranean.

Era berean, Regimen Generalak be, Langintzako Ministerioak urtero seinalatuko dauan dirutzeagaz lagunduko dau.

Uste dogu, garantia guzti honeekaz, arraintzaleak eta itsasgizon guztiak, merezi daben Segurantza Sozial egokia ta osoa eukiko dabela.

Artza


Ikasi Zure Izkuntzea

I. Berbak

(Ale honetan izartxu bategaz agertzen diranak)

Bizkaierazkoak

ARAKATU, aztertu, examinar, registrar.

ARAUDI, reglamento.

ARTULE, ardi ule, lana.

AURREZKI, ahorro.

AZOKA, feria, merkatu.

AZUZKIN, resto de comida.

BAGIL, junio.

BAITEUTSO, bait deutso, deutso ta.

BAITOZUE, bait dozue, dozue ta.

BEHINEN, printzipalen.

BEREBIZIKO, apropozko, guztiz egoki.

EBATZI, resolver.

ERAKUNDE, estructura, organismo.

EREDU, modelo.

EZIKETA, edukazino.

GARDEN, transparente, claro.

GUDU, gerra.

IRAULTZA, erreboluzino.

ITAUNDU, galdetu, preguntatu.

JAURERRI, señorío.

KONDAIRA, historia.

LURKARTA, mapa.

MUGIDU, mobidu.

OLA, fabrika.

OSTERA, barriz.

URIGINTZA, urbanizazino.

URTARRIL, enero.

Euskera bateratukoak

ADITZ, verbo.

AHARRAUSI, bostezo.

AHO, ago, ao.

AHUL, makal, débil.

AHURPEGI, arpegi.

AIPATU, aitatu.

AITORTU, autortu.

AMETS, ames.

ANTOLATU, atondu, eratu, organizatu.

ARDO, ardao.

ARI IZAN, jardun.

ASALDATU, amotinarse, rebelarse.

BAITA, bait da, da ta.

BAITZAN, bait zan, zan eta.

BARKATU, parkatu.

BEHI, bei.

BERAZ, hori dala ta, horregaitik, por consiguiente.

BEREZI, aparteko, espezial.

BEZALA, legez, lez.

BILDU, batu.

DOHAI, dohe, don, gracia, facultad.

ERRAZ, errez.

ESKAINI, eskini, eskeini, ofrecer.

PROGATU, probatu, demostrar.

GARESTI, karu.

HASERRE, aserre.

HAUZI, pleito, litigio.

HELBURU, fin, objetivo.

HIZTEGI, diccionario.

IPERNU, infernu, inpernu.

IGANDE, domeka.

KOLPE, golpe.

LARUNBAT, zapatu.

LEIHO, leio, bentana.

MENDE, gizaldi, sekulu.

MINTZATU, berba egin.

OHAR, aviso, advertencia.

OHORE, onore, ondra.

OTE, ete.

OTSO, lobo.

SUDUR, suur, sur.

ZUHAITZ, zugatz, arbola.

Beste euskalkietakoak

ARABERA, arauera, según.

ASTEKARI, asteroko periodiku.

ATZARRI, itzartu, esnatu.

AZIL, noviembre.

BELAUNALDI, gizaldi, generación.

BULEGO, oficina.

ERRESUMA, erreinu.

ESKUALDE, comarca.

ETZAUKUIA, ez al jaku.

GERTATU, jazo, pasatu, suceder.

INKESTA, encuesta.

IRITXI, eldu.

IRUDIKATU, imajinatu.

ITZ-LAU, prosa.

ITZ-NEURTU, verso.

LAUZKATU, lagundu inori lanean.

NABARITU, advertir, observar.

OREXATAR, Gipuzkoako Orexa errikoa.

SENDAKI, medicina.

SENDATU, osatu.

TRUNBILKA, aldraka, eurrez, asko.

II. Idazteko modua

Txarto:

Zer ekarriko dot lehenago, ardoa edo olioa?

Bai baina, ez dakit ba, futbola edo beste zeredozer ikustearren joango ziran.

Xalbadoren bertso guztiak publikatzeko, mila liburu beharko ziran.

Adelantu ta inbentu guztiak, egin dituanarentzat bakarrik izan balira, mundua oraindino atzeratu egongo zan.

Hemen Bizkaian be egona da Xalbador. Nik entzun neutsan Bilboko Capitol zinetokian.

Gure lau Diputazinoak eta Bilbo ta Gazteizko Aurrezki Kutxak eta baita be Sociedad de Amigos del País-koak euren standak ipini zituen.

Orixeren idazlan guztiak aztertu behar bageunkez, orduak ezezik, egunak beharko geunkez.

Futbol zelaia, "ikurrinerarte" bete zan.

Ondo:

Zer ekarriko dot lehenago, ardoa ala olioa?

Bai baina, ez dakit ba, futbola ala beste zeredozer ikustearren joan ote ziran.

Xalbadoren bertso guztiak publikatzeko, mila liburu beharko litzakez.

Adelantu ta inbentu guztiak, egin dituanarentzat bakarrik izan balira, mundua oraindino atzeratuta egongo litzake.

Hemen Bizkaian be egona da Xalbador. Nik, Bilboko Capitol zinetokian entzun neutsan.

Gure lau Diputazinoak eta Bilbo ta Gazteizko Aurrezki Kutxak eta baita Sociedad de Amigos del País-koak be, euren standak ipini zituen.

Orixeren idazlan guztiak aztertu behar bagenduz, orduak ezezik, egunak beharko geunkez.

Futbol zelaia, "ikurrineraino" bete zan.


Ezagutu gure erria (5)

Bilbo Aundia. III. Bilbo

Azkuek, Euskaltzainburu hainbeste urtean izan zanak, hauxe esan eban behin: "No incluyo entre ellos Bilbo, porque este vocablo no sólo es usado en sus siete calles y las barriadas de Larraskitu y Buya, sino en todos los pueblos en que se habla el dialecto bizkaíno, tanto en Bizkaya como en Alaba y Gipuzkoa, siendo por lo mismo merecedor de toda consideración y respeto".

Julio de Urquijok, Shakespeare-ren beste lerro honeek dakaz: "Sir John and master mine, I combat challenge of this latten bilbo".

Aipamen honeek egin ditut, nire eritxiz, Bizkaiko uriburuaren izena, gaur eta lehentxuago bere, Bilbo dalako, eta ez Bilbao. Beharbada, inoizko baten, Bilbao izango zan; baina gaur "carta de naturaleza" artu dau Bilbo itz honek, eta ez dau inok euskeraz Bilbao esaten, urruneko euskaldunen bat ez bada, uri honegaz artuemon bakoa. Gainera, gaurko Bilbao erdalduna atsegin ez jakunontzat, Bilbo izena da ezaugarririk onena, gure uriburua euskalduna izan dala ta izan behar dauala adierazoteko.

Ta goazan arira.

Bilbo gaur osotzen dabe, uriaz gainera, Abando, Begoña, Deustu, Erandio, Loju, Sondika, Derio ta Zamudiok. Gaur bere, benetan azkenengo Txorierriko bost erriak Bilbo diranik ezin geinke esan, ez borondatez, ez giza-kidekotasunez, ez geografiaz. Horregaitik, gerrate aurretiko Bilbo bakarrik aipatuko* dogu hemen, uriagaz, Abando, Begoña ta Deustugaz osotzen dana.

Xehetasun batzuek

36,58 km.2 ta 393.425 bizilagun ditu Bilbo honek. 1.870-erarte, 0,36 km.2 bakarrik zituan. Orduan, Abando ta Begoñari zati bat kendu eutseen. 1.890-ean Abando guztia artuaz, 24,88 km.2-raino eldu zan. 1.924-an Begoña, Deustu ta Erandiogaz, 36,58 km.2 horreetara iritxi* zan.

Bizilagunetan, aldakuntza honeek egin ditu:

1.860-an 17.969

1.877-an 35.227

1.910-ean 93.536

1.920-an 112.819

1.930-ean 161.987

1.940-an 195.186

1.950-ean 229.334

1.960-an 297.876

1.965-ean 356.407

1.966-an 371.851

1.967-an 393.425

Bilboren distrituak, honeek dira: Deustu, Santiago, Atxuri, Begoña, Bilbo Zaharra, Estazinoa, Abando, Diputazinoa, San Bizente, Hospitala ta Zorrotza.

Historia

Bilbo 1300-go bagilaren* 15-ean sortu eban Diego Lopez de Haro, Bizkaiko Jaunak, uri legez, ze erritxo bat, Bilbo izenekoa, lehendik egoan.

Uri legez sortuta laster, parte artu eban Erdi Aroko aundikien burruketan; Abendaño, Legizamon, Arbolantxa, Basurto ta Zamudiotarrak izan ziran jauntxo hareek.

1435-ean, bakeak egin ziran, batetik jauntxoen artean, eta bestetik jauntxo ta Kontzejuaren artean.

Orduan asi zan Bilbo bere portuagaz baliatzen. Europa guztitik etorten ziran itsasontziak, eta Gaztelako artuleak* eta beste gauza askok bertatik urteten eben. Gure orduko ola* zaharretako burdinak bere, bertatik ateratzen ziran.

XIX gn. mendean*, industri iraultza* deitzen jakon fenomenoagaz asten da Bilboren gorakada ikaragarria; bizi-lagunen ugaritzeak halan erakusten deusku argi argi.

Bilboko portuaz jardutekotan, ez da ahaztu behar bere "Consulado, Casa de Contratación, Juzgado de los hombres de negocios de mar y tierra y Universidad de Bilbao". XVI gn. mendearen* asieran egina da bere araudia*, eta beste Europako Hansa ta antzekoen araudien parekoa da.

Bilbok, gudu* ta burruka asko izan ditu bere kondairan*. Alboko errien aurka, Jaurerriaren* aurka. Gero Zamakoladea, ondoren frantsesak, karlistadak, eta azkenengoa ta txarrena, orain 32 urteko gudua. Danetatik aurrera atera da beti.

Ekonomia

Euskalerriko ekonomiaren uriburu, bertan dago Bolsa bakarra, bertan bankurik nagusienak; inoiz irakurri dogunez, "burdinearen eta diruaren uria" ei da Bilbo. Kapitalista aundienak bertan dira; ta "S. A." askoren gizarte etxea bere, uri hau dogu.

Kapital txikia bere, ba dago Bilbon. Egunean bizi diran industria ta denda asko bere, ba ditu. 3.879 lantegi ta denda dagoz.

Bilboren ekonomi arazoa, bere estrukturea, bere irradiazinoa Euskalerri guztira ta kanpora, bere loturak eta abar, honako artikulu baterako baino gehiago dira. Lan hori, talde batek eginda azaldu behar geunke egunen baten.

Uriburua

Bizkaiko uriburua danetik, bertan daukaguz Diputazino ta beste administrazino etxe gehienak. Beti halan izan ez bada bere, gaur behintzat Bilbo oso zentralista agertzen jaku bizkaitarrontzat. Eskualde* buruak, auzitegietatik kanpo, ez dauke ezer. Behinola idatzi genduan, Markina, Gernika, Durango, Igorre, Mungia ta Balmasedak urigintza* bulegoak* behar leukeezala; ta gaur dinogu, beste bulego batzuek bere bai, eskualdearen zerbitzurako. Jokabide hau konformeago egongo litzake Bizkai kontzeptu tradizionalagaz eta batezbere gaurko egoera sozio-politikuagaz.

Izkuntza arazoa

Gure euskera arloan Bilbo erdalduna dogu, erdaldunegia behintzat, nahiz eta euskaldun asko sakabanatuta egon. Euskereari buruzko eritxiak oso folklorikuak dira askotan, bilbotarren artean. Baina halan ta guztiz bere, ez daigun ahaztu, bertan sortu zala gure izkuntzearen berbizkunde indarra; ta indar hori Abandoko Albia Plazan jaio zanari zor deutsagula, ezin leike inok ukatu. Urkixoko Julio, Eusko Ikaskuntza ta Euskaltzaindiaren sortzaileetako bat izan zana be, bilbotarra dogu, hain zuzen. Unamuno, kalte edo mesede edo biak egindakoa bere, Ronda kalekoa zan.

Gaurko belaunaldiko* puntarengoenak, Gabriel Aresti ta Xabier Kintana, hor daukaguz, bilbotar danak folklorekerian jausita ez dagozala adierazoteko.

Han dago, Ribera kaleko 6-an, Euskaltzaindiaren etxea. Eta hau esakeran, Mitxelenak Arantzazun igaz esandako berbakaz gogoratzen gara: "Bilbo euskalduna balitz, euskerearen batasuna bizkaieraz edo Bilboko euskereaz eginda egongo litzake". Beraz*, Euskalerriaren etorkizunaren zati inportante bat, arazo askotan, Bilboren eskuetan badago, euskerearena bere bertan dago, euskaldun barrien eskuetan, euskera batuaren alde lan eginaz.

J. L. Lizundia