ANAITASUNA
BIZKAIA
175 zenb. 1969, urrilak 30
Apartado 17 * GALDAKANO
ANAITASUNA
amabosterokoa, 4
Euskalerriko Anaia Txikarrak argitaratua, Durangon.
Zuzendaria: Angel Celayeta Guisasola.
Idazkola ta Banakola: Bengoetxe, 33-B Galdakano Tel. 396 ta 397
Banakakoa, 4 peseta, Urtekoa 100 XVII gn. urtea. 174 zenb.
1.969 urrilak 30
D. L. Bi 1.753-1.967.
IMPRENTA IDEAL-ek Irarria, GALDAKANON, Bengoetxe 70
Ta ekin batasunaz! Berbeta batua. Izketa bateratua
Guztiok dakigu ze problema dan euskaldunentzat, Euskera bat ez egotea leku guztietan. Bizkaitar ta giputzak alkar ulertu ezinik ibilten gara sarritan; ta irakurteko bere, hainbeste oztopo aurkitzen dogu. Euskerea batu egin beharko litzake, ta honela guztiok obeto adituko geunke alkar.
Pentsa daigun bestetik, zein gauza tristea dan Bilboko mutil batek edo neska batek (honelakorik bere, asko ba dago ta, Jainkoari esker!), Euskera ikasteko hainbeste neke ta buruko min eginda gero, Donostiara joan eta hango mutil edo neska euskaldun barri batekin ezin aditutea! Eta bitzuk hainbeste ahalegin eginda, izkuntza bera ikasteko!
Abenduan, idazle batzuek Baionan batuko dira, zein Euskera artu erabagiteko. Aurrerantzean, liburuak egitean, preferentzia emongo jako han erabagitakoari.
Ta zelangoa izango da Euskera hori? Nongoa? Hauxe da edozeinek itaundu* leikena, ta arrazoi osoaz. Erantzun baino lehen, nik neuk hauxe azaldu edo argitu nahi neuke: batasun hori, idatzia, eskriturarako bakarrik egingo dala, ez jendeari horrela berba eragiteko, ezta antzekorik bere! Bakoitzak egin daiala gura dauan moduan edo bere erriko usadioan, ze demontre! Baina —ta hauxe bai dala inportantea— Euskera batu hau ulertzen ikasi beharko geunke guztiok, honela beste alde urrunetako euskaldunekin ondo aditzeko eta liburuak irakurteko.
Esan geinke, Euskerea basoko zuhaitz edo arbola bat dala, inoiz zaindu ta jagon ez doguna, ta denboreaz abar ta kima antzu larregi sortu jakozala, arboleari indarra kentzen deutsoenak. Baserritarrak ba daki, arbola batek frutu ona emon daian, larregizko kimak moztu behar jakozala, inausi* egin behar dala zuhaitz hori, geratzen diranak indartsuago eta frutukorrago izan daitezan.
Holako ebaketa egiteko sasoia eldu jako Euskereari bere, mingarria baina preminazkoa. Biziena* daukan bateri, min egiten jako operazinoa egitean; baina bizia salbatzeko egin behar jako, duda bage*.
Euskera batu honetan, gauza larregiak kenduko dira, preminazkoenak itxita. Bizkaiko itzak edo berbak bere, ugari ta oparo sartuko dira Euskera horretan, Bizkaiko Euskerea jatorrenetarikoa eta ederrenetarikoa dalako, askok honela pentsatu ez arren. Esateko moduari begiratuta, Bizkaian askoz bere obeto berba egiten dogu Gipuzkoan baino, nahiz ta gure berbak, batzuetan, latzago edo motzagoak izan.
Gauzarik printzipalenak, orainarte legez segiduko dabe; beraz*, ez ikaratu, hain gatxa ez da izango ta. Hala ta bere, dirudianez, aditza edo berboa aldatu egingo da goi mailako liburuetarako, Bizkaikoa ta Gipuzkoakoa barik, Nafarroakoa artuaz, hangoa, jakitunak dinoenetik, danetarik aberatsena ta jatorrena dalako; ta Bizkaikoarekin antz andia dauka, gainera.
Esate baterako: Bizkaiko "esan deutsut", honelaxe izango litzake: "esan derautzut"; edo "zuk ekarri deustazu", modu honetaraxe: "zuk ekarri derautazu".
Ikusten dozuenez, ez da beste munduko kanbioa, ta erraz* aditu leiteke halako bat, are Gipuzkoako Euskera bera baino errazago, beharbada.
Beraz*, euki abegi ona Euskera barri honengana; ta inok kontra esan arren, ez uste Euskera batu hau gehiagoko barik artuten danik ta gutxi pentsatuta, operazino honetan ahalik eta kontu gehien artuta baino.
Xabier Kintana
Gernika
Umeen jaia
Igaz, gazte talde batek eratuta, umeen jai berezi bat egin zan Gernikan. Jaiaren ederra ikusirik, gurasoak euren kontura artu eben urrengo urteko umeen ardurea. Holan gurasoak babestuta, gazteak organizatu ahal izan dabe, urrileko lehenengo domekan, umeen eguna. Eta izan be, umeen benetako okupazinoa izan zan: erri guztia izan zan umeena, eta erri guztia egon zan egun guztian umeei begira.
Lehenengo, kale guztietan zehar, txistulari ta dantzari jantzitako ume guztien kale-jirea. Ondoren, danen artean ikusgarrizko alardea, dantzari ta txistulariena. Eguerdian, binan eta irunan, etxeetan banandu ziran bazkaltzeko, Euskalerri guztitik Gernikara egun horretan milatik gora etorritako umeak, euskaldun guztien batasuna ta anaitasuna egiteko bide eder baten. Arratsaldean, erria lau aldetan bananduta, barriro ekin eutsoen gure gimnasta gazteak, jendearen adurrak egiten.
Azkenik, danak batera agur egin eutsen Gernikari eta bertan batu zan jendeari. Hainbat kostatuta egin dala esan behar, jai hau. Baina umeak urrengo urterarte agur egin eben. Zegaitik ez biharrarte, eta betiko biharrarte? Eskoletan gimnasia ta gorputzaren ejerzizioak erakusten dira edo behar dira; zegaitik ez folklorea? Holan egunero ikusiko geunkez etxe guztietako ume guztiak dantzan eta folklore mugimentu* ritmiko horreek egiten, euren gorputzak azten diran bitartean. Gure geroa umeak egingo badabe, zegaitik ez guk gurasook eta erriko agintariak eurakan enpeinu gehiago ipini?
Gernikan askok txalotzen ebezan umeak, ez eskuakaz, bihotzagaz eta begiakaz baino, hainbat painelu ikusten baitziran* begietan. Horrek norberari zer edo zer falta jakola esan gura dau, bestela ez da negarrik egiten. Falta jakun zerbait sekulakoetatik sekulakoetara ikusten dogula. Ikasi egin behar dogu zer falta jakun, eta utsuneak bete. Gure folklorea benetakoa izateko, danok bizi behar dogu, baina oso osorik. Erri analfabeto bat gara. Ez dakigu euskeraz, geure berbetan, ez leiduten ez idazten; eta hauxe da, berbetea, folklorerik biziena, erriaren arimearen erakuslea, beronek egiten ditualako beste guztiak; hau barik, beste guztiak edozein pintura batek daukan bizitasuna dauke: paperekoa. Zegaitik ez, ba, bideak daukaguz eta, ikasten asi? Edadeak ez dauka inportantziarik; zenbat zaharrago, obligazino aundiago eta exenplo ederrago. Eta gero gure ume guztiak euskeraz azi ta ezi*, dantza ta folklore ritmo guztiak eurei erakutsi.
Hauxe da Gernikako umeen jaiaren erakutsia. Ikasiko ote* dogu? Eta ikusi ahal izango ote doguz holako jaiak ugariago eta nonnahi, ez negarrez, pozez baino!
Nabarniz
Ba dago lokal bat. Erriaren laguntasunagaz barriztatua. Erriarena dan ezkero, erriari tokatu be barriztatze hori. Errian ez dago konferentzia bat non emon. Baserriari dagokiozan ardura ta gorabeherak non sustertu. Umetxuei euskeraz non irakatsi. Ta erriak atondutako lokaltxua, abadearen garaje bihurtuta dago. Uste dogu, erritarrok ba daukagula eskubide bat, zerbait eskatzeko ta esijitzeko. Lokal honetan ez dago argirik be, baina ez da hain gatxa hori ipintea. Garaje izatekotan ez zan berriztatu behinik behin.
Nabarniztarra
Axuria
Baserri arazoetan alkartuteak dakazan onurakaz* konturatuta, eta progresuaren aurrerapen guztiakaz jabetu nahirik, Axuriko bost baserritar lotu dira, baserri edo lur kooperatiba bat aurrera eroateko. Udan urte bete pasatu da, obrak asi zira-la, eta martxan jarrita dagoz. Gure eskualdean* lehena dogu. Ilusino itzalagaz lan egiten dabe; eta nahizta eragozpen aundiak izan sarritan gehien lagundu behar leukeenakandik, aurrera doaz optimismo agiri bategaz. Korteari begiratutea baino ez dago: zelako ganaduak eta zelako tokia! Eta aurrera zuzen joteko, hara oztopoa: Argia daukagu eskax-eskaxa Axurian; eta justuan daukagun horixe be, kendu nahi deuskue. Ez dago eskubiderik!
Arratia
A. Landajuelari dei egitera gatoz. Txori pozgarria izan zara zu Arratiarrentzat. Polito astinduten zenduzan ANAITASUNA-n gure erriko txokoak, eta aldizkari hau zabaltzen be ahalegina egiten zenduan. Orain, zer? Guk pentsatzen dogu, H letreak eta beste lege batzuek otzitu egin zaituela. Baina euskereak ez dauka errurik, eta zure behar aundia daukagu zure erritarrok. Penagarria izango litzake, H ziztrinagaitik zu mutututea. Guk esan beharrik ez daukazu, eta barkatu*; baina zer edo zer egin ahal dauan gizonak, isil ta geldi egoteagaz, pekatu egin leike.
Apurtu, mesedez, isiltasun hori euskerearen onagaitik. Agertu gure erria. Indartu ANAITASUNA. Ez gaizuz itxi zure laguntza barik; eta, azkenez, mila ta mila esker, A. Landajuela jauna.
Lau Gaztek
Markina
Bai, monjei txalo!
Aurrerakada ederra, Mertzedeko monjen ikastetxeak emon dauana: Batxilerreko lehenengo iru urteetan neskato guztiak astean euskerazko ikastaldi bi izango ditue, dakienak eta ez dakienak maila bitan bananduta. Beste ikasgaien mailea, ofizialki.
Orainarte, Elizearen irakas-erakundeak, eskola ta kolejio, gure errian, tamalez, giza-eskubideen eta Elizearen erakutsien kontra jokatu dabe, ta horretan jarraitzen dabe oraindino gehienak. Jakina, asmo txarrik barik eta borondaterik onenagaz gehienetan.
Zuzentze baten asierea ote da hau?
Gauza bi jarri gura geunkez argi: Beste ikastetxeentzako eredu ta jarraibide ederra dogula Markinako Mertzedetarren jokaera hau. Oraindino, hori lehenengo pausua baino ez dala. Horretan geratzea erdi uts litzake.
«Zerutxu» ikastolea
Orainarte, ikastolako umeak toki egokirik ez dabe izan. Halan bere, arduradunak eta "ZERUTXU" alkartekoak aurrera egin dabe, kikildu barik, bitarte larri hau ahal izan daben mbduan igaroaz. Orain, aldi obeak etorriko ote diran gagoz.
Laster toki zoragarria izango dabe umetxoak. Karmeldarren komentuan, amaitu antz dira obrak. Azkenengo apaingarri ta ikututxoak emoten dabiltz. Markinak zelako ilusino ta ametsak* jarri dituan ikastola honetan!
Lan hau aurrera eroateko, paper zaharren kanpaina bat eratu da errian, eta erritarrak inok uste baino obeto erantzun dabe. Ikastoleak ondo ordainduko deutso Markinari, egin dauan ahalegin hau.
Irukote
Durango
Euskal Liburu ta Diskoen Azoka
GUEREDIAGA elkarteak antolatuta, datorren Zemendiaren lehenengo eta bigarren egunean, Durango Andra Mariko elizpean, Euskal Liburu ta Diskoen laugarren azoka izango da.
Baiona
Herria-ren milagarren alea
Urrilaren lehenengo astean argitaratu zan "HERRIA"-ren 1000-garren alea. "HERRIA", Baionan ateratzen daben astekari bat da. Zortzi orrialde daukaz. Zuzendaria, P. Lafitte Jauna da. Idazlaritzearen buru, barriz, Larre Jauna. Eta diruzaintzailea Andre Ospital Jauna. Ikusten danez, iru gizonok oso ezagunak dira euskal eskritoreen artean.
Larzabale
Kantarien eguna
Oraindik oraintsu izan da Larzabale* erritxoan euskal kantarien saio edo sariketa bat. Jende talde nahiko aundia batu zan bertan, kanta zahar ta barriak entzuteko gosez.
Mattin ta Xalbador egon ziran bertsolari bezala,* Garaztarrak* dantzari ta Hazpandarrak* soinulari. Banakako kantu zaharretan, Loiato agertu zan nagusi. Banakako kantu barrietan, Maite Idirin. Bikoteetan, Etxemendi ta Larralde. Irukoteetan, Sarasola-Borda-Etxegoien.
Angelu
Parroko barri ta euskalduna
Laburdiko Angelu* erri dotorera parroko barria eldu danean, euskaldunentzat nahiko pozgarri izan da. Aspaldi batean egin ez dana, kantariak euskeraz abestu eben. Gero, barriz, trinketean parroko edo erretore barria euskeraz mintzatu zan. Azkenez, angelutar batzuek eskatu dabe astean gutxienez meza bat euskeraz izan daitela.
Lekubaso
Eibar
Kale izenak
"Zeruko Argia" Eibarko barri emoile dan Amatiño-ren idazkiak beti irakurten dodaz gogo onez, ze honek beti be agertzen dau Plaentxiako uren ikutua, bere esanguretan ziria agertuaz.
345-garren zenbakian ekarren kale izenezko zertzelada luze bat, eta ez arrazoi barik. Izan be, kale izenak ipinten arduratu diranak ez dira asko arduratu zelan eta zegaitik jakiten; eta lehendik euskal izena eukenak hala-hola ipini dira, euskerazko grafia eta erderazkoa nahastaturik. Hori bai, handik edo hemendik, gu beti kaltean.
Nok asmatu ote eban: Txirixo Kalea, Calle de Chirio? Chirio ospetsua nor ote* zan? Amatiñok jakingo dau bere nondikoa. Txoritxo mota* bat ei zan Txirixoa, Eibarko eskopetak erriaren lur azaletik aspaldi uxatu ebena, gaur kanpo-larrosa etxe-kardo horreetarikoak euskerea eta bere itxurea uxatu nahi daben legez, nonbait "Chirio eleison" kanta gurarik. Baina ilustrazino-zale horreek jakin behar leukee, Real Academia Española-k berak esaten dauala, izen propioak eta toki izenak, toki bereko izkuntzaz nahiz dialektuz gorde behar dirala, euren grafia ta guzti.
Baina, Amatiño erkidea,* asko dira gure errian, legetik komeni jaken partea bakarrik artzen dabenak. Eta barriz be, gure ziri puntok ondo zorroztu beharko doguz, gogoa daukanak jakin daian zer zelan dan. Eta ba daukagu esatekorik asko.
Portale
Bilbo
Irugarren semea
Euskal abesti barrien arloan hain ezaguna dan Juan Manuel Ares-ek irugarren semea euki dau. Unai izena ipini deutsoe.
Radio Popular
Bilboko Erri Irratiak programa barri bat asi dau ostiral arratsaldeetako 8-retan, "Gure Erria" izenarekin.
Irratialdi horretan, gure erriko kultura ta folklorea erabiliko da, baita abesti barria bere, baina erderaz.
Hau ondo dago. Baina, noiz euskeraz? Bilboko emisora honek eta beste biak be, ez dauke urte osoan euskerazko programa bat bere.
Noizarte holan? Kontuan artu daiela, Bizkaian 300.000 euskaldun gagozala, ta atentzino gehiago merezi dogula.
Ereagako ondartzea
Ereagako ondartzea, Negurin, lohikeriaz beteta dago: untze ugerdun ola zatiak, botila kristalak, petroliozko ondakin piloak, eta holakoak.
Lehengo egunean, kanpotar batekin joan nintzan hara. Berak ez eustan ezer esan, baina ni lotsatuta egon nintzan. Gure edertasunak erakutsi nahi izan neutsazan, eta hara zelango pitxiak ikusi zituan.
Xabier Gereño
Ermua
Erriko gaiak
Aspalditxo honetan, gure erria apurtxo bat txukuntzen ari* dira. Horren premina aundia egon da benetan, ze ikustea baino ez egoan zelan aurkitzen ziran gure kale ta enparantzak:* zuloak alde batetik, eta ura bestetik. Ganbetiko bidea be, itxuraz ipini deuskue. Ikusiko dogu, ea Mallabiko bidea horretara itxuratzen daben.
Kirolak
Gure errian, kirol aldetik, pelota jokoa izan da erriaren gogokoa. Baina orain, zorionerako edo txarrerako, futbolak betetzen ditu gure kirol guztiak. Baina guk hauxe itaundu* gura dogu: Ermua D.D.koak lehendik gareanok, eta ez futbolagaitik bakarrik, baita beste kirol eta erri kultureagaitik be arduratzen gareanok, berrehundaz peseta ordaindu behar doguz, bazkide izateko? Pelotazale, futbolzale baino gehiago gareanok, zer egin behar dogu? Sail honetan, argitasun apur bat eskatu gura geunskio goiko Batzarrari.
Eriotzea
Oraintxe gutxi dala, larogei urtegaz il da Bilbo aldean Agustina Salaberria. Goian bego! Bere familiari gure nahigabeko agurra.
Aranberria
Yurreta
Jaiak
Aurtengo jaiak dirala ta, Yurretako gazteak ez dira jai utsetan gelditu. Benetan be pausu jatorra aurrerantz emon dabe. Irailaren 28-an jaiei asiera emon eutseen Kofradia Egunagaz. Yurretako elizatea osotuten daben Kofradiak, honeexek dira: Orozketa, Santa Marina, San Fausto, Oromino, Goiuria eta Yurreta.
Hona hemen jaien egitaraua.* Goizeko amar t'erdietan Barandiaran-en Mezea, erriak eta koruak lau abotsetara abestua. Ondoren, sei dantza talderen saioa, bakoitza bere Kofradiaren izenean. Bertsolari ta abeslari saioa Kofradiako seme diranakaz. Gero sokatira txapelketea, eta txorokil ta arrautzopil txapelketea.
Egitarau* osoan, Kofradia bakoitzeko errepresentazinoa egon zan. Egun honeri amaiera emoteko, han euki genduzan Bilboko "Oinarriak". Mutil jator honeek, erromeria alai bat bidetu eben. Egun guztian benetako euskal giroa egon zan. Yurretak eta Durangok imigrante asko daukez (erdiak inguru). Jaiak bitarteko bat izan dira, honeei gure berezitasunak adierazoteko.
Baita esanbeharrekoa da, jai eratzaileen artean, kanpotik etorritako batzuek egon dirala, eta benetako ardureaz jaiak eratzen lan egin dabela.
Yurretako jaiak dirala ta, ez dogu oraindino dana azaldu, eta urrengo baten ekingo deutsagu.
Zorionak lan egin daben guztiei eta aurrera!
R. M. Artza
Gure uste-izatea
Ikusi dogu gizonari buruzko uste-izate geldikorra, historitasun bakoa eta indibidualistea. Baina orain gizona historitasun baten barruan ikusten badogu, bere bizitza ta historiaren egile ta jabe, eta bere ekintza guztien ondoren bezala* begiratzen badogu, orduan kulturea be gizona berbera lez agertuko da, historitasunez gainezka, gizadiaren* ibilera osoaren parte bezala, eta gizonak naturalezea ta gizartea* bera menperatu ta erabarritzen darabilen jokoari lotuta. Kulturea, orduan, ez da holako absoluto bat: izpirituaren* agerpena (idealismoarentzat), edo kontzienziatik kanpoko errealidadearen errefleju uts bat (materialista zaharrentzat). Kulturea, orduan, gizonak naturaleza ta historiarekin dituan artuemon eta eraginaren jokabide osoaren zati edo alderdi bat da.
Hemendixek asita egiten deutsagu kritika bat espontaneismoari eta zentzu* komunaren filosofiari.
Orduan kulturea, zerbait "azaldutakoa" edo, gehienez be, kondairan zehar agerturikoa izan beharrean, gizonak sortutako zerbait da, eta kondairan zehar aberastutakoa. Horretara, kulturea egiten dabenak, kondairea bera egiten daben berberak dira: hau da, giza-klaseak.
Kulturearen eta giza-klaseen jerarkia
Esan dogunetik igarten da, ta ahalegin aundi barik, dana dalako une bateko kulturarik indartsuena, giza-klaserik indartsuenarena dala. Kultura ezbardinak egoteak, munduaz eta gizonetaz uste-izate ezbardinak egoteak, begien bistan ipinten deuskuz giza-klase diferenteak, eta euretariko batek ez dauala bestea, klase bezala*, isiltzerik lortu; baina kulturarik indartsuena, klaserik indartsuenari dagokiona izango da.
Entzun daigun Karlos Marx-ek dinoskuna: "Sasoi bakoitzean klaserik indartsuenaren ideiak izaten dira entzunenak; hau da, tresna-indarrez klaserik aberatsena izango da era berean buru-indarrez be indartsuena. Tresnagintza guztiak kontrolatzen dituan klaseak, era berean kontrolatuko ditu ideia-sortzeak bere". Holan ba, burubideen jabe ez diranak, gehienbat, klaserik indartsuenaren buru-ideiekin jantzita ibiliko dira. Burubiderik indartsuenak, tresnagintzako artuemonen jabeen ideien agerpen bat baino ez dira; eta beraz*, klase bat bestearen gainetikoa egiten daben artuemonen agerkundea dira; bere nagusitasunaren ideiak dira. Klaserik nagusienaren barruko diran gizonak, beste gauza batzuen artean, kontzienzia bat dauke, ta horrexegaitik pentsatu egiten dabe. Klase bezala nagusitasun bat dauken ezkero, eta sasoi beteri euren burpiladea* alderdi guztietatik emoten deutsoen ezkero, dudarik ez dago, ezer itxi barik, dan dana dominatzen dabela; beraz*, pentsalari lez be, nagusitasun bat dauke, ideien sortzaile bezala, eta euren sasoi honetako ideien sorkunde ta banatzea taxutu* ta eratzen dabe. Honan ba, euren ideiak dira sasoi bateko ideiarik nagusienak" (Ideologia Alemana, 25 gn. orri.).
Marx-ek berak dinoanez, sasoi baten nagusi diran ideiak euren sortzaileakandik banatzen badoguz, hau da, klaserik nagusienagandik bereizten* badoguz, guzurruez eta errakuntzaz pentsatuko ddgu, ideiak, gizonakandik aparte, zerbait dirala; eta, gainera, gizonen etorkizuna gidatu ta zuzendu egiten dabela. Marx-ek errakuntza hori filosofilariei ahurpegira* botatzen deutse. Filosofilari horreek luzaroan sinestu izan dabe, nahikoa dala errakuntza edota injustizia bat ideia aldetik kritikatzea, errakuntza edo injustizia hori bat batera eta beste barik baztertzeko.
Filosofilariak, mundua esplikatu, esplikatzen deuskue; baina horrez gainera, mundua erabarritu egin behar da.
Ideologiaren aldetiko kritikea edota arrazoiaren ahalegin utsak ez dira nahiko, gure erri barruan kultura demokratiar bat ezarri ta indartzeko. Guk indartu ta erabarritu gura dogun kultura honek, tresnabideen indarretan sustraitu beharko dau; giza-klase baten benetako kontzienzia egin beharko da, eta gero honek, giza-klase honek, politikearen plazan nagusigoaz* jabetzeko burrukatu.
Giza-klase baten nagusigoaren oinarriak
Orain ardura deuskuna, hauxe da: non datza* giza-klase batek besteari gehiago egitea? Erantzuna, gizadiaren kondaireari begira egindako azterketeari jarraituaz, hauxe da: Nagusigo* hori, zenbat eta produzino-bide gehiago bere kontuan eukitean datza.* Beharbada, preminazkoa izango da orain esandako hau obetoago azaltzea. Hori zehatz-mehatz egitea, oso lan zaila* izango litzake; dana dala, zertxobait esango dogu. Ohar* gisa* esan behar dogu, gizona lana egin beharrean aurkitu dala beti, bai pentsatu ahal izateko eta baita otoitz egiteko bere. Hau da, gizonaren eginbeharrik berarizkoena* bere kautan jarri eta pentsatzea edota otoitz egitea dala uste badogu be, gizonak bizi egin beharko dau lehenengo; hau da, jan egin behar dau, bizileku bat moldatu eta abar. Ta horretarako lan egin behar da; naturalezatik bizi ahal izateko preminazkoak diran gauza guztiak jaritxi* behar dira. Eta holaxe, gizonak produzinorako erabilten dituan tresna guztiei (gizonaren indarra barruko dala), guzti horreri produzino-bideak deitzen deutsagu.
Gizon batek edota giza-klase oso batek produzinorako bideak bere eskutik eta bere kontura dituanean, bere esku-izate horrek beste gizon klaseenganako nagusigo* bat emoten deutso. Honetantxe datza* gizon klase batek beste bat menderatzea. Esta mendeko klase guztiak ahal diran modu guztietara burrukatu beharko dabe, produzinorako bide horreetan benetako parte izaten, horixe baita* bide bakarra, giza-klaseak indarra izateko, euren eurena dan kulturearen nagusigoak jabetasun bat euki daian.
Hemendik, ondoren legez dator, oso laguntasun merkea dakarrela, norbere klasearen debiltasun ekonomiku ta politikua pozik antzean ikusten dabenak.
Teilagorri
"Bluesville", "Flash", "Dnystore", eta abar. Horra hor Bilboko kale baten —Bandera de Vizcaya kalean— diran etxe batzuen izenburuak. Bilboko kalerik modernuena izatekotan dago, "in" kale bat egitekotan. Oraintsuen egindako etxea, "Dnystore" tabernea da. Berton liburuak, errebistak, disko batzuek, modak... dagoz. Eta ormetan ikaragarrizko kartelak. Dana oso "pop".
"Ye-ye" antzeko ta ondo bizi dan gaztedi giroa somatzen da; baina dana bilbotarren estilora eginda. Neska "ikaragarriak" ikusten dira; batzuek asmatu ezineko jantziekin.
Bilbo gogaikarri honentzat eta diruz ondo dabilen jende horrentzat, paraje honeek oso pozgarriak dira, kuriosidadea asetzeko behinik behin. Hantxe ikusi nituan jaun profesore aundi bat, periodista gazte bat eta abar. Eta azken honekin, ez dot inor salatu nahi, egoera bat azaldu ez besterik.
Kale hori ikusteak, niri holako tristura bat emoten deust. Hantxe gazte adiskide batzuekin berbetan egon nintzan: giro ustela, nobedade gose arina, sustrairik bako jendea, ebasinorako bidea. Nire adiskide batek, jende klase hori argi bonbilekin konparatzen dau: argi egiten dabe, nahizta barrutik utsik egon.
Baten batek guzti horreri "burges ibilkerea" deituko leuskio. Nire ustez, guzti hori aparra* da, ikusten dana; baina problema sakonago baten agerpena beti be: gaztedi konformatua, bizi baino lehen "krak" egina. Gaztedi honek nahi aina gauza lortu daikez —gauzak eta plazerrak— bere satisfazinorako; baina, satisfazino hori lortu beharrean, barrizaletasuna aunditu baino ez dabe egiten. Gizarte mota* honeri, askok "janerako gizartea" edo "sociedad de consumo" deitu deutsoe.
Gizona pasivo bihurtzen da; edota, ezetan parte artzen badau, ahalegin gutxirekin egiten dau, bapere pentsatu barik eta inok kanpotik agindutako erara.
Honako aldrebeskeriak gustatzen jakezanentzako, kalearen izena "Bandera de Vizcaya" da. Seinale bat? Bizkaia bide horretatik doa? Kale hori ote* da gure ikurrina? Ez geunke gura, euskal kultureak bide hori artzea.
Andoni
Eliza Gaurko Munduan
Itxaropena! Elizea! Elizearen itxaropena! Elizan itxaropena?
Arrisku andiagorik! "Ez dago gehiago zeren bildur izanik, izan daiteken okerrenarekin bakean gagoz eta. Itxaron eta burruka egin baino besterik ez daukagu", esan geinke Camus-ekin batera.
"Zetara zatoz gu nahastera?... Anditzat, jainkotzat eukiko gaitue, ze guk euren (gizakien) gain ipiniak izan gaituenok, euren (gizakien) askatasunaren erresponsable egiteko prest gagoz,... otzikaraz dardar eragiten dauan askatasun hori; azkenean ezinezkoa litzakioe aske izatea. Zuri (Kristori) entzuten deutsugula eta zure izenean agintzen deutsegula esango deutsegu. Gainera, guzurra esango deutsegu; izan be, ez deutsugu gehiago sartzen itxiko" (Elizako Inkisidore andiak, Karamazov Anaiak, Dostoievski). "Kristinautasunaren etorrereagaz munduan zabaldu dan intolerantzia, bere ezaugarririk nabarmenetariko bat dogu" (Bernard Russell).
Aurreko itz horreek ez dira noski*, gure itxaropena biztuko dabenak. Hala ta be, bai, ba dogu Elizan itxaropen, Eliza barri batean, ildako Elizearen gain sortuko dan Elizan. Bitartean, ezin geinke amets* andirik egin.
Zer egin? Lehenengo hauxe, entzun Bonhoeffer-ek dinoana: Elizea ez da munduaren makurkeriaren aurkako babesa, Jainkoa eta munduan oso-osorik konprometiduta dagoan gizakia alkartzeko tokia baino.
Zelan eldu horretara? Entzun barriro be Camus-eri: "Euren buru diranak, beste guztien izkuntzea erabili eta beste guztien bizitza zaila biziko dabenean, orduan sinestuko* dot Elizan".
Gaur ez gagoz noski* txantxetan ibilteko. Gure burua zuritu guraz, mila klasifikazino egin geinkez, kontenplazinoa dala ta eztala, enkarnazinoa dala ta eztala. Bata bestearen aurka gabiltzan bitartean, erabat* oker gabiltz. San Agustinen "erri biak" eta San Inazio Loiolakoaren "ikurrin biak" ez dabe zentzurik*, alkartzen ez diran artean. Jainko-Erria eta sekular-erria ez dira erri bi, bat baino. Askorentzat, sekular-erriak ez ei dauka eskatologia edo azken-aldi kutsurik*. Horrelakoen arrazoiak ez gaitue betetzen. Esaten dabe: Jainko-Erria, Jainkoaren lana da; sekular-erria, barriz, azur-aragizko gizakiena. Jainko-Erriak, ukamena* eta damua eskatzen ei dau; sekular-erriak, ostera*, habilidadea besterik ez. Jainko-Erria, historiaren gain ei dago; sekular-erria, barriz, mundu honetakoa bakarrik ei da.
Zer da, orduan, Jainko-Erria? Kristok, askotan agertu euskun bera zala Jainko-Erria. Harrezkero, ezin ezelan be zati bi egin Kristogaz; bat bakarra besterik ez, Jainkoaren iniziatibea eta gizakien erantzuna. Kristo egiazko Jainko eta egiazko gizon aitortzeak*, Erreinu bien batasuna adierazoten deusku. Eta hori guztia ez bihar, gaur berton baino. Izan be, zer da eskatologia? Bihar jazoko* dana? Jadanik* gertatua*? Ez bata ez bestea. Gaur egiten edo gertatzen ari* dana da. Jainkoaren Erreinua, Jainkoarena izango da; baina, nahi ta nahi ez, geugan, gizakiongan agertuko da; geu izango gara Erreinu horren "sakramentuak".
Elizea, hori horrela dala jabetzen danean, orduan esan geinke, gugan itxaropen bat biztu dala. Eta hori horrela dala jabetu ez teoria utsean, munduaren bizikerea egingo dauanean baino. Familietako konpromisuak dirala, edo lantegietakoak, edo politikearen soloan mulgiltzen dala, eta beste hainbeste bide barri aukeratzen* dituanean, orduan izango dogu Elizan itxaropen. Gure abadeak ezezik, gure gotzainak kartzeletan ikusten doguzanean, orduan izango dogu Eliza barri batean itxaropen. Bitartean...
Markox Amundarain
Eliza Gaurko Munduan
Txekoslobakian 15 abade barriro ekintzan. Estalin-en denboran gaiztetsiak izan ziran
Erroma-ko eleizak eta Txekoslobakia-ko gobernamenduaren arteko artu-emonak egunetik egunera aldatuz doiaz.
Joan diran 50 urteotan aurrean erabiliak, zigortuak, ta giltzaperatuak izan ziran katolikuei, orain beste arrera bat emoten jake. Garai batean neurri bako traidore legez, diru ondatzaile, erbesteko agintaritzen espia legez ta ezarritako ordenaren nahaztutzaile legez kondenatuak izan ziran.
Eta orain demostratu izan da, juizio horreetarako presentatu ziran dokumentuak edo guzurrezkoa edo manipulatuak zirala.
Ta, konkretuki, sei abade kondenatuak libertadean itxi diranean esan izan da: «Ez dabe subersibo-delitorik egin izan estaduaren kontra».
(Vida Nueva-tik)
Eliza Gaurko Munduan
Uda honetan asita, Belgika-ko abadeak euren erritarrei gure jauna eskutik eskura emon ahal izango deutsee, Erroma-tik horretarako baimena artu ondoren; izan be, IX-garren gizaldira arte horretaraxe ohituten zan.
Ohitura hori Frantzitarrak bere eskatu dabe, eurak be gauza bera egin ahal izateko.
Eliza Gaurko Munduan
Mundu guztiko jakitunak eta jakintza arlo guztietan lan agiten dabenak, kristinau eliza guztietako teologoak, jokera politiku askotako gizonak, idazleak, kazetariak*, ikasleak: gizon guztiok bilduten* dituan Alkarte batek karta bat bidaldu eutsen, joan dan udan Coire-n (Suizan) batu ziran Europako Gotzainei. Karta honek Europako Eliza batek bere kristinautasun arloan daukazan guzurrei buruz diardu. Gutxi gorabehera hauxe dino (gauza batzuek jan, beste batzuek bigundu egin dodaz):
"Orain urte bi inguru, komunista erri baten protesta gogor bat egin eban gure gizarteak, erri horretan askatasunik ez egoalako, eta estadu sozialistetan gizonak daukazan eskubideak onartu eta errespetatzen ez ziralako. Geuk be gaur protesta gogor bat egiten dogu, isilkeriazko Eliza baten aurka; hainbat gizon politika ta gizarte arloan askatasun barik ikusiaz, jaramonik egiten ez dauan Eliza baten aurka.
Protesta gogor bat egiten dogu Elizako goimailakoen, kardenalen eta gotzainen aurka, gizarteari egiten jakon kaltea onartzen ez daben abade batzuek alboratu eta euren aginduekin lotuten dituelako.
Dei gogor bat egiten deutsegu Europako gotzainei ta Aita Santuari, Eliza horretako egoera hau hainbat arinen amaitu daitela ta benetako kristinautasuna sortu dadila bertan, ez guzurrezkoa ta azpikeriaz betea. Eskatuten dogu batez be, gizarte barri bat egiteko asmoagaz euren bizia ta askatasuna emoten daben gotzain ta abadeak, onartuak izan daitezala.
Katolikuen protesta honegaz, bat egiten dabe gure anaiak diran kristinau protestanteak.
Munduko kristinau guztiei be dei bat egiten deutsegu, kristinau erlejinoa gizon guztien erlejino egin daien, eta eurak bizi diran errietan ez daien inor baztertu, beste pentsakera bat daualako, odol nahiz azal ezbardina daualako, beste erlejino bat daualako edo beste politika jokera bat daualako.
Uste dogu, Europako Gotzainen Batzar honek zer edo zer egingo dauala, guzurrezko kristinautasun hau aldatu daiten, eta Eliza Katolikuak egiazko kristinautasun bat agertu daian, erlejinoa gizon guztientzako baita*, eta ez, orainarte leku askotan agertuten dan legez, gizon batzuen morroi."
Karta hau, 170 irakasle ta jakitunek izenpetu dabe.
Urgoiti
Jakin eta Ekin
Iru aste igaro ditu Bizkaian, Belgikatik etorrita, Jean Doneux, izkuntzalari ta etnologo ospetsuak. Jean Doneux Lovainako Unibersidadeko irakaslea da, linguistikako irakaslea, Orain urte bi, Grenoble-ko Unibersidadean egon zan; eta lan itzala egin dau, Afrikako izkuntzak azaltzen batezbere. Hori dala ta, "Afrique et Langage"ko zuzendarien artean dago. Linguista bezala*, Bloomfield-en osteko estrukturalismoari jarraitzen deutso. Lan bat baino gehiago egin dau, izkuntza batzuei buruz.
Guregana etorri zan joan dan irailaren* 19-an, eta lehenengo batzarrean (han gengozan X. Peña, J. A. Etxebarria, L. Gandiaga, K. Rotaetxe irakasleok eta beste lagun batzuek), ea euskerearen estrukturalismoari buruz ezer ote* geunkan itaundu* euskun. Eta ezer eukitekotan, prest egoala guri laguntzeko; bestela opor egingo ebala, Euskalerria ezagutzen.
Pozarren onartu genduan batzuek haren asmoa; eta handik egun bira edo, Ondarroara joan zan bera, hango berbetea ikasteko. Ikasteko baino obeto esango neuke, hango berbetea aztertzeko, ze —berak esan euskunez— sarritan "izkuntzalariak ez dira poliglotak", eta ikasi baino gehiago ikusi gura izaten dabe zelakoa dan toki bateko izkuntzea.
Beragaz egon naiz Ondarroan egun batzuetan, eta lanean ikusi dot; obeto esateko, alkarrekin behar egin genduan askotan. Benetan esan daiteke, haren formazinoaz erraz* ikusi leitekela izkuntza baten estrukturea. Alde honetatik, miragarria da gizon honen preparazinoa; eta beste eskola baten formatuta gagozan irakasleei, haren lan erraza eta batezbere zuzena ikusita gero, jakingura andia etorri jaku.
Ondarroan, nire ustez, inpakto pixka bat egin dau jakintsu honek, nahizta erritar gehienak ulertu ez zelakoa zan bere lana. Gehienak pentsatzen eben, euskeraz ikasteko etorri zala; eta noizean behin, horixe itaunduten* eutsoen. Joxe Mari gure informadoreak behinik behin, ulertu eban zetarako zan eta ze balio eukan honelako lanak. Oso gauza pozgarria hauxe: azken egunean —gu oraindino bertara bihurtuko ginala ta— Ondarroako gramatika bat eskaini* eutson Doneux Jaunari. Eta askotan, linguistikako problema bat ulertuta gero, biharamunean* azaltzen euskun zelan esaten zan errian. Nik uste, Joxe Mari gure lagunak hemendik aurrera jakingura pixka bat sentiduko dau, orainarte baino gehiago ziur.
Bilbaon, itzaldi edo alkarrizketa bat euki eban Doneux Jaunak Oñati ikastetxean, batezbere ikastoletako zuzendari ta andereñoentzat. Euskera-irakasle batzuek be etorri ziran, eta —nahizta euskerea ez irakatsi— euskaldun lizenziadu batzuek bere bai.
Argi esan euskun Doneux Jaunak, berbeta modu baten bidez zelan eldu leiteken izkuntzearen sakoneko estrukturaraino. Eta hori, gainera, erakutsi egin euskun. Esan daiteke, Ondarroako berbetea beste batzuek baino urrunago joan dala aldaketa edo trasformazinoan; eta hori, orainarte egin dogun itaunketan* ikusten da. Hala ta guzti bere, hango izkuntzea Euskera bera da.
"Medio de comunicación común a los miembros de una misma comunidad lingüística": horixe da izkuntza bat; eta jakina, azalez —dialektuakaitik— desbardina irudi arren, bat bakarra dogu pentsamentuaren barrenean.
Zetan esan be ez, H zorionekoak bere urten eban alkarrizketan. Ondo ikusi genduan, euskeraz H "fonema bat dala, baita Bizkaian bere". Guk bizkaitarrok ez deutsagu letra honeri doinurik emoten, osterantzeko letrei emoten deutsegun legez; baina lehen H bat egon dan itzetan, vokalak ia beti dira luzeagoak. Gaur egunean H, zero graduko fonema bat dogu Bizkaian. Fonema honeek ez dira entzuten; baina, errealidade bat diran ezkero, idatzi egin behar dira. Zelan? Edo, latinez bezala*, arraia bat vokalaren gainean jarriaz; edo vokal bi ipiniaz; edo, beste leku batzuetan egiten dan legez, vokal bien artean H bat sartuaz.
Batzarraren bigarren zatian, Karmele Rotaetxek "lingüística aplicada" zer dan azaldu euskun, eta arlo hori zein interesgarria dan, euskerea ezagutzeko, euskerea ikasteko eta euskerea irakasteko. "Ejercicios estructurales" zer diran be azaldu euskun.
Aldizkari honetatik eskerrak emoten deutsaguz Jean Doneux Jaunari, euskaldunoi hain mesede aundia egin deuskulako.
MENDIÑO ANDEREÑOA
Jakin eta Ekin
Literatura euskerearen batasunari buruz. Euskaltzaindiaren agiria
Arantzazuko bileren* ostean, han ziran euskaltzainak alkarturik, argibide honeek emon zituen.
Arantzazuko batzarra egin ondoren, Euskaltzaindiak eskerrak agertu nahi deutsez, etorri diran nahiz euren eritxiak bidaldu dituen guztiei.
Lehenik ikusi doguna da, guztion ustez gure izkuntzearen batasuna behar-beharrezkoa dogula. Batasuna, noski*, ez da Euskaltzaindiak egin daiken gauzea, eta oraindino gutxiago bat-batean egin daikena. Batasun hori, euskera idatziaren batasunaz mintzatu garean ezkero, euskal idazle ta irakasleen eskuetan dago, Euskaltzaindia gidari eta laguntzaile dabelarik.
Arantzazun izan diran eta ez diran euskaltzaleak argibide bat euki daien, Euskaltzaindiak geroago eta astiroago argitaratuko dituan erabagi eta lanen aurrerapena agertu nahi dau orain.
1. Ortografiaz, horretarako autatu* zan batzordeak* adierazo dituan puntu gehienak onartuak izan dira, ikusi dogunez.
2. H-ren auzia, izan diran eritxiak entzun ondoan, erdibide bat aukeratu* da, asteko: alegia*, Euskaltzaindiak begi onez ikusiko leukela, letra hori bi vokal bardin nahiz ezbardinen artean erabilten astea.
Honek ez dau esan nahi, gorago jo gura dabenen saioak ez dirala ondo ikusiak izango.
3. Morfologiaz, izenen erabilereaz batzordeak prestatu dauan aitzin-lana puntu nagusietan oinarri bezala artuaz jokatu dau Euskaltzaindiak, aditzaren auzia beste aldi baterako itxiaz.
4. Aztertu dira, orobat*, batzordeak euskal itz zahar eta barrien formeari buruz gertatu dituan lanak, gero be hori bide beretsutik obeto lantzeko asmoz.
Atsegin artu dau Euskaltzaindiak, alkarrizketa honetan agertu dan giroaz, gendetasunaz eta alkar lanerako gogoaz; eta uste dau, gero bere, guztien laguntzearekin, bere eginkizuna beteko dauala. Horretan saiatuko dala.
Euskaltzaindia
Jakin eta Ekin
Apirilaren lehenengo astean, etxetik kanpora jende askok urteten dau lur barriak ikustera paraje diferenteak ezagutzera. Batzuek Pirineoetara, besteak beste lekuren batera bizitzearen eguneroko bardintasunari horrelakoxe auste bat sortu nahian. Zeru zabalagoen bila, edo kontrastearen sortzea aztertu ta mirestera*. Begiak dira, ene ustez, sensibilidadearen lehenengo leihoak*. Ikusteak, ezagutzeak eta kontrastatzeak ditu austen adimenaren arresi* estuak, zabaltzen ulermena eta argitzen izpirituaren* bide ilunak. Norberaren txokoak bere, gehiago eta era obeagoan maitatzen dira, beste lurralde batzuek ezagutu ondoren. Sekula ezagutzera elduko ez garean gauza asko dagoz mundu honetan; baina gure mugetatik harantzago dagozan izaki umil horreek ezagutzeagaz bere, zerbait irabazten dogulakoan nago.
Euskalerritik aterata* laster, Nafarroako erribehera zabal eta aberatsak gure lurrari amaiera emoten deutsonetik berehala*, Gaztelaren goialdeko zabaldegietan Soriako uria dago eta bere probintzia otz eta gogorra. Paraje hareetan bizitzea aspalditik geldirik dagoala esan daiteke, gaurko bizikerearen itxurarik galbar eta motelenak bertan nabarituko* ez balira. Joan daneko hainbeste denboran han ez da ezer gertatu*, okerrena ez bada. Ez aberasterik, ez aurreratzerik, ez erabarritzerik. Kanpotik datozan modei loturik, jatorrizko izakerearen eragingarririk bage*, itxurak bakarrik artu dabe halakoxe gaurkotasunaren traza zabar bat; eta ez askorik, gainera.
Jazoera hori ez da inguru hareetakoa bakarrik; baina inguru hareetan artzen ditu bere sentidurik samingarrienak, ez baitagoz* akort erak eta giza-errealidadea, jende hareen funtsa* eta jazten dituen prestatuzko soinekoen kolore bidebakoak.
Mundu latz honetako iraupenaren legea, aurretik ibiltea da. Bizitzeari norberaren ideia, izate eta erak markatzea. Errealidadea ezagutzea, menperatzea, aldatzea eta alkarbizitza aberatsago batera moldatzea. Bestelako ondoren bakarra, morrontza* da, era guztietara. Norberaren bide ta aurrerapenetaz jabetzeak bakarrik askatu leike, ekonomian, kulturan eta kontzienziaren maminean, berez pobrea eta behartsua dan lurralde bat.
Baina Sorian prozesinoak ikusi genduzan. Han ez egoan federik, ez erlejino sentidurik; ohiturea bakarrik. Ule luzeak ikusi genduzan, jazkera trebeak; protesta alperrikakoa edo besteen imitazinoa. Kafetegiak; burdinazko zibilizazinoaren eliza barriak. Eta kaleetan, etxe zahar erdi jausiak; sitsak jandako jauregi lizunduak; zikinkeriaz inguratutako etxola eskasak; oraindino sotanarik erantzi ez daben abade mordoa, eta abar. Ez ostera fabrikarik, ez sortzetasunaren arrastorik, ezta itxurazko erosotasunik* bere.
Soriako gauetan ilargia oraindino han goian dagoan laranja urdin bat da, poetena edo, antza, amerikanoena. Baina bizitzea, besteen eskuetatik prestatuz arturiko zerbait.
Han, ezin bestean, Machado poeteaz gomutatu nintzan. Machadok berak sekula desiratuko* ez ebana gertatu* jatan: dan dana berak itxi eban legetxe aurkitu neban. Urrutian, Moncayo mendiaren lepoa, apirileko edurrez jantzia. Zabaldegi otzak, mendi konkor erpin eta lehorrak, eremu latzak, nekazari ilun eta bizartsuak, narruz estalduriko artzain kizkurtuak. Malkorrak non nahi; eta azkenik, Duero isilaren ur geldi geldiak, zumardien ispilu, urrutiko itsasoaren bila.
Guzurra dirudi, baina uriak eta lurralde batzuek gehiago bizi dira poetearen eskutik euren kabuz baino. Sorian, Machado toki guztietan aurkitu neban. Aizearen garbitasun otzean, ilunabarren gorritasunean, jendeen bakartade etsiperatuan* eta, batez bere, gorputzeko eta izpirituko* pobrezia aundi haretan.
Han nonbait, Machado "ofizialki" ezarri daben tokiren batean, honako berba honeek irakurri nituan: "Oker bat izango litzake, Antonio Machadoren izena dibisinoaren ikurrin bezala* artzea; gure ustez, bere sufrimentua eta kantua sortu zituen ezinezko itxaropen hareek errealidade bihurtu baitira* gaurko egunetan".
Baina nik, etxeratzekoan, ezetz pentsatu neban: Machadoren itzak oraindino oihu garratz izaten jarraitzen dabela han, berak hainbeste maite izan eban Soria haretan.
Xabier Lete
Jakin eta Ekin
Euskaltzaindiaren agiria dala ta
Horra hor Euskaltzaindiak Arantzazuko batzarrean jaso eban agiria. Han, batzarkide guztiak txalo beroakaz pozik artu ebena. Barriro irakurri eta goitik behera aztertu ondoren, mila pentsamentu datoz gure burura. Zein doa, agiriak esaten dituan gauzak beteaz? Zein da, oraindino H-aren kontra jarduten dauan lotsabagea? Agiria bera be, era horretan idatzia agertu zan. Baina euskaltzainak eurak be, betetzen ote* dabe? Eta eurak bete ezik, zeini emon kontsejuak?
Batasuneko bidea hori bada, eta Arantzazun holan esan zan, hori betetzen ez daben guztiak dira batasunaren kontrakoak. Euskal idazle bakoitzak bere kontzienzia garbi ipini daiala; eta Euskaltzaindiko askok zuzen betetzen ez badabe be, berak bete daiala, Arantzazuko batzarraren ostean gutxi batzuek egin daben azpijana gora-behera. Benetako euskaltzalea ez dadila izan traidore.
ANAITASUNA-k behintzat, Bizkaiko aldizkaria izanarren, Bizkai aldeko batasuna egin gura dau, Euskalerriko batasunari begira, astiro astiro, euskereak iraungo badau, guztiok beteko dogun euskera batua lortu daigun. Behin emondako berbea jaterik nahi ez dogulako, eta Euskalerriaren geroak arduratzen gaitualako. Horrexegaitik ipini doguz, "ANAITASUNA aldizkarirako bizkaierazko batasuna" egiteko oinarriak.
Azkenez, esan behar dogu, guk be, Arantzazun Euskaltzaindiak ontzat artutako normak geure egin nahi doguzala, bertako askoren exenplo txarra gora-behera.
Zuzendaritzea
Abereak eta Burdinak
Irailaren* azkenean, Estaduko Boletin Ofizialean eta periodikuetan, dei bat agertu da, Amerikako petrolio alkarte batek Gipuzkoa ta Bizkaiko uretan, 12 milako une barruan, petrolio bilaketak egiteko baimena eskatu dauala.
Berehalaxe* mugidu* dira arrantzaleen Kofradiak, protesta eginaz, bilaketa horreek arrantzeari kalte egingo ote* deutsoen bildurrarren. Eta ba dauke arrantzaleak bildur izateko arrazoia, euren bizimodua jokoan dago ta. Gainera, ez da hau gure kostako arrantzaleen lehenengo kezkea, sentidu honetan. Igaz, Iberduero konpainiak bere proiektua agertu eban, Armintza aldean zentral atomiku bat jasoteko.
Arrantzaleak euren interesak zainduten dabez; baina gero ta gehiago, interes horreek ez dira arrantzaleenak bakarrik, gizadi* osoarenak baino.
Ikusi zegaitik.
Gizona, itsasoen zikintzaile
Beti uste izan da, itsasoa zikinkeria guztiak artzeko leku egokia dala. Itsasora doaz, ibai eta erreka bidez, lehorreko lohikeria guztiak: naturalak eta gizonak eginak. Zenbat eta zenbat lohi artu ote* dituan itsasoak bere barruan, mundua mundu danetik! Eta itsasoa beti garbi. Benetan miragarria da itsasoak daukan indarra, lohikeria guzti horreek urtu ta ezereztuteko. Itsasoaren indar horreri eskerrak, ekilibrio edo hainbatasun bat dago izadian*.
Baina gaur, jakintsuak dinoenez, ekilibrio hori austeko zorian dago, eta gizona izango da errudun.
Industria ugaritzeagaz, hainbat eta ugariagoak dira itsasoak bere barruan artzen dituan gauza apartekoak, gizonak eginak.
Ezin doguz hemen gauza guzti horreek aipatu*, hain dira asko gaur egunean itsasora doazan sustantzia kimikuak eta industri ondakinak. Nagusienak bakarrik aipatuko doguz.
Esate baterako, zelulosa, petrolio, mamarro-iltzaileak (pestizidak) eta garbikaiak (detergenteak): honelako ondakinak dira itsasoetako zikintzailerik txarrenetarikoak.
Hemendik aparte, radiaktivu industrien jaurtikinak be ez dira makalak.
Ba dagoz baita beste era askotako sustantziak bere; eta honeen artean, gasolinazko motorrak botatzen daben ikatz bioxidoa eta beruna aipatu* behar doguz. (Honeek aidean euriagaz urtuten dira, eta erreketatik itsasora doaz).
Zikintzearen arriskuak
Gauza guzti honeek salatuten dabiltzan jakintsuak, izen barria artu dabe: ekologuak. Ekologuak ez dabiltz sentimentuzko konsiderazinoakaitik, gizonaren bildurbako interventzino honek ekarri leikezan ondorio* garratzak galerazoteko baino.
Goraka ta goraka doa itsasoetan, garbikai sintetikuen konzentrazinoa. Bardin esan geinke mamarro-iltzaile edo pestizidakaitik. Sustantzia honeek aldatugatxak dira: ez dira ezereztuten erraz*, eta itsasoko animalien aragira pasatzen dira geldika geldika. Antartikuko pinguinoen koipean bere, DDT-ren azterrenak* aurkitu dira.
Honek esan gura dau, martxa honetan segitzen badogu, urte batzuen barruan, itsasoetako janari guztiak kontaminatuak izango dirala, eta azkenean... geu bere bai.
Sustantzia radiaktivuakaz dabiltzan industriak beste arazo bat dakarre. Industria honeen ondakinak arrisku andikoak dira, eta derrigorrez lehenbailehen kendu behar dira bistatik. Itsasoa euki da orainarte, honetarako be, tokirik egokientzat. Baliobako ondakin guztiak itsasoetako zulo andietara jaurtigi* ezkero, dana eginda egoala uste izan da. Baina egin diran estudio barriak ez dabe horrenbeste baieztuten.
Beste aldetik, ez dago oraindino argi, itsasoko janariak kontaminatzeko mekanismua zein dan, eta zelan eltzen dan, katez kate, kutsapen* hori gizonaganaino.
"Gaurko gizon teknologikuak —dino Washingtoneko Universidadeko Barry Commoner jakintsuak— estronzio 90 daroa bere azurretan, iodine 131 bere tiroidean, DDT bere koipean eta asbestoak bere birikietan. Gaur ez daukagu munduan aize, ur eta lur nahikorik, gizonak eginiko edenak* efektu barik artzeko. Errukibako bide honetan jarraituten badogu, denbora gutxi barru planeta hau ez da gizonaren bizitzarako leku egokia izango.
Itsasoa gizadiaren janaritegia dala esan ohi badogu, ezin geinkez bertara jaurtigi* lehen aipatu doguzan zikinkeria guztiok. Eta gaur zemai* bi datorkiguz gure itsasora: petrolioa eta radioaktivutasuna. Arrantzaleak ezezik, danok bere zer edo zer galduko dogu.
Artza
"Le réveil de la France". Jean Jacques Servan Scheiber
Urte erdi dator, Frantzian ikasle ta langileen oporketea izan zanetik. Guretzat, asko igarri barik igaro zan une larri ta interesgarri hori. Gure egunerokoetan irakurri genduzan lau gauzagaz gelditu ginan, jazoera horren. zera ta norakoa neurtu barik.
"El Desafío Americano" idatzi eban Servan Scheiber-ek, goian izendatzen dogun liburu horretan dakar jazoera horren interpretazinoa. Nire ustez, interpretazino sakona eta egoki egina. Labur labur esateko, Servan-en eritxiz, Europak historiaren timoia galdu egin dau. Amerika ta Rusiaren kulturak nagusitu dira; eta europatarrok, ekonomian morroi bihurtzen garean neurrian goaz geure kultura askatasuna galtzen be.
Erri bakoitzak ba ditu bere izkuntzea, bere kulturea, bere gogo ta dinamika berezia. Baina gertatu leiteke —eta horixe jazo da Europako nazinoetan, estadu izatera eldu ez diranetan be bai— kultura berezi horrek bere indarra galtzea, lehenean finkatu dalako. Horixe jazoten ei da Frantzian bere: agintariak erria lehenean lokartzen ahalegintzen dira; eta bien bitartean, erria gaurko estadu ahaltsuen morroi bihurtu da.
Igazko maiatzean Frantzian jazo zana, gaztediaren erantzuna da. Servan-ek, "renacimiento" garaiagaz konparatzen dau gaurko egoerea. Europa guztian nabaritzen* dan zalaparta da.
Gizonak ez dabe nahi, ametsetan* bizi izanik, morroi itzartu. Gaurko "teknika zibilizazino" honetan, itxaropen bizigarria da gaztediaren nahia. Historia, aurrera doa; baina, aldi bakoitzari erantzunez, gaztediak eginda.
Ideia baliotsu asko dira liburutxo honetan, esandakoetatik aparte be. Erderaz: "El despertar de Francia", Plaza Janes. Barcelona.
Angel Ugarteburu
I. Berbak
(Ale honetan izartxu bategaz agertzen diranak)
Bizkaierazkoak
ARAN, ibar, valle.
ARRESI, límite, barrera (arri esi).
AUKERATU, elejidu, hautatu.
AZTERREN, arrasto.
BAGE, baga, barik.
BATZORDE, komisino. (Berba barria).
BERARIZKO, berezi, aparteko, especial, característico.
BIZIEN, cáncer.
BURPILADA, proyección.
EDEN, veneno.
ERKIDE, errikide, conciudadano. (Berba barria).
EROSOTASUN, bereratasun, comodidad.
GIZADI humanidade. (Berba barria).
GIZARTE, soziedade. (Berba barria).
INAUSI, podar.
IRAIL, septiembre.
ITAUNDU, galdetu, preguntatu.
ITAUNKETA, inkesta, encuesta.
IZADI, kreazino. (Berba barria).
JARITXI, lortu, eskuratu.
JAUREGI, palazio.
JAURTIGI, jaurti, jaurtiki.
JAZO, gertatu, pasatu, suceder.
KONDAIRA, historia.
MEATOKI, mineral toki.
MORRONTZA, morroi izate, esklabu izate, servidumbre.
MUGIDU, mobidu.
OLA, fabrika.
ONURA, probetxu.
OSTERA, barriz.
SINESTU, sinistu.
UDALETXE, aiuntamentu etxe.
UKAMEN, renuncia.
ZEMAI, amenazu.
Euskera Bateratukoak
AHURPEGI, arpegi.
AIPATU, aitatu.
AITORTU, autortu.
ALEGIA, hau da, a saber.
AMETS, ames.
ANGELU, frantsesez Anglet.
ARI IZAN, jardun.
ATERA, urten, atara.
BAITA, bait da, da ta.
BAITAGOZ, bait dagoz, dagoz eta.
BAITIRA, bait dira, dira ta.
BAITZIRAN, bait ziran; ziran eta.
BARKATU, parkatu.
BERAZ, hori dala ta, horregaitik, por consiguiente.
BEREHALA, behingoan, en seguida.
BEZALA, legez, lez.
BIHARAMUN, biharamon.
BILDU, batu.
DATZA, (etzanda) dago.
DESIRATU, desiatu.
ERRAZ, errez.
ESKAINI, eskeini, eskini.
EZPAIN, ezpan.
FUNTS, barru.
GARAZTAR, Donibane Garazikoa. (Donibane Garazi, frantsesez: Saint-Jean-Pied-de-Port).
GISA, legez, lez, a modo de.
HAUTATU, aukeratu, elejidu.
HAZPANDAR, Hazparnekoa. (Hazparne, frantsesez: Hasparren).
HEZI, edukatu.
IZPIRITU, espiritu.
JAITSI, jatsi, bajatu.
KUTSU, tensión.
LANDARE, landara.
LARZABALE, Baxenabarreko erria. Frantsesez: Larceveau.
LEIHO, leio, bentana.
MENDE, gizaldi, sekulu.
MOTA, mueta, klase.
MUGIMENTU, mobimentu.
NABARITU, sentidu, percibir.
OHAR, advertencia.
OTE, ete.
TAXUTU, taiutu, moldatu.
ZAIL, gatx.
ZENTZU, zentzun.
Beste Euskalkietakoak
APAR, espuma.
BEREIZI, banatu, separatu.
BILDUMA, kolezino, recopilación.
BILERA, batzar, reunión.
EGITARAU, programa.
ENPARANTZA, plaza.
ERABAT, zeharo, del todo, completamente.
ESKUALDE, comarca.
ETSIPERATU, resignado.
GERTATU, jazo, pasatu, suceder.
JADANIK, erderazko ya.
KAZETARI, periodista.
KUTSAPEN, contagio.
MEATZE, meatoki, mineral toki.
MIRETSI, admirar.
NAGUSIGO, mando, poder.
NOSKI, ciertamente.
ONDORIO, ondore, oste.
OROBAT, bardin.
II. Idazteko modua
TXARTO:
Protesta gogor bat egin zan, erri horretan askatasunik ez egoalako, eta gizonaren eskubideak ez ziralako onartzen eta errespetatzen.
Euskalerri osoa pinuz bete dogu, ikusirik arbola aberatsa dala.
«Ameslariak» euskal abeslari taldea sortu zan Bergaran.
Umeak egingo badabe gure geroa, zegaitik ez guk gurasook eurakan enpeinu gehiago ipini?
Igaz Iberduero konpainiak agertu eban bere proiektua Armintza aldean atomiku zentral bat jasoteko.
Itsasoko zulo aundietara jaurtigi ezkero baliobako ondakin guztiak, eginda egoala dana uste izan da.
Badagoz, baita be, beste era askotako sustantziak.
Sustantzia radiaktivuakaz dabiltzan industriak dakarre beste arazo bat.
Baina gure alperkeriak euskeraz idazten eta irakurten ikasteko ez dauka izenik.
Geldi geldiro, baina uste dot aurrera goazala arlo honetan.
Baita be dei egiten deutsagu Euskaltzaindiari.
ONDO:
Protesta gogor bat egin zan, erri horretan askatasunik ez egoalako, eta gizonaren eskubideak onartu eta errespetatzen ez ziralako.
Euskalerri osoa pinuz bete dogu, arbola aberatsa dala ikusirik.
«Ameslariak» euskal abeslari taldea, Bergaran sortu zan.
Gure geroa umeak egingo badabe, zegaitik ez guk gurasook eurakan enpeinu gehiago ipini?
Igaz, lberduero konpainiak bere proiektua agertu eban, Armlntza aldean zentral atomiku bat jasoteko.
Baliobako ondakin guztiak itsasoko zulo aundietara jaurtigi ezkero, dana eginda egoala uste izan da.
Ba dagoz baita beste era askotako sustantziak bere.
Sustantzia radiaktivuakaz dabiltzan industriak beste arazo bat dakarre.
Baina euskeraz idazten eta irakurten ikasteko dogun alperkeriak, ez dauka izenik.
Geldi geldiro baina, aurrera goazala uste dot, arlo honetan.
Dei egiten deutsagu baita Euskaltzaindiari bere.
Ezagutu gure erria (3)
Bilbo Aundia. I. Somorrostroko Zazpi Kontzejuak
Bilbo Aundia, 1947-ko maiatzaren 23-ko dekretu baten bidez sortu zan. Mundu guztian diran "Eskualde* metropolitano" askoren antzekoa da: Londres Aundia, Paris Aundia, Berlin Aundia, Mosku Aundia, Barcelona Aundia, Madrile Aundia, Valencia Aundia, ta abar. Uribe ta Enkartazinoei kendutako erriekin sortua.
Lau eskualde* txiki ikusten ditugu bertan: Somorrostro, Urbi ingurukoa, Txorierri ta Bilbo bera. Orain, Somorrostro azalduko dogu.
***
Somorrostroko arana*, zazpi kontzejutan banatuta egoan: Muskiz, Abanto-goikoa, Abanto-behekoa, Zierbana, Santurtze, Trapaga eta Sestao. Bere barrutian uri bat: Portugalete. Amabosgarren menderarte* Barakaldo bere bai; ta erri hau, joan dan mendean barriro lotu zan lehengoekin. Lehenengo laurak, "Cuatro Concejos de Somorrostro" izeneko batasuna osotzen eben; beste irurak, "Tres Concejos de Somorrostro". Danak, Barakaldo ta Portugalete kontatuta, Bilbo Aundia sortu zanean, Balmaseda buru zan eskualdetik* (Enkartazinoetatik), eskualde barri haretara pasatu ziran, orain 22 urte.
Orain bere, zazpi kontzeju doguz, ze Abanto biak eta Zierbanak kontzeju bat osotzen badabe, bestetik kontzeju bi gehitu edo sortu dira: Barakaldo ta Ortuella. Barriro bere, Somorrostroko zazpi kontzejuekin gagoz, uriagaz gainera.
Euskalerriko eskualderik inportanteena hauxe, bai ekonomiaz ta bai bizilagunez. 127,17 km2. ta 238.755 bizilagun, orain lau urteko kontaketan.
Ptolomeo, Dion Casio, Pomponio Mela, Pliniok eta beste antzinako geografuak izendatzen dabe eskualde hau, bere burdinazko mendia aipatuaz. 807 gn. urtean, Wamba-ren erregetzan agertzen da Somorrostro izena. Mundu guztian entzutetsuak izan dira Bizkaiko burdin-meatokiak*; ta hain zuzen bere, Somorrostroko zazpi kontzejuetan dagoz. Lehen, erriarenak ziran danak. Euskalerriko industrializatzea hementxe asi zan, eta eskualde honeri zor jako gehienbat. Orain bere, bertan dagoz Bizkaiko olarik* gehienak. Burdinaz aberatsa izan bada, laster petrolio refineriagaz aberastasun ikaragarria artuko dau. Erriz erri ezagutzea merezi dauan eskualdea da.
Muskiz
21,50 km2. ta 4.914 bizilagun. Orain Musques izenagaz ezagutzen dana. Bere auzoak: Somorrostroko San Juan (erriburua), Muskizko San Julian, Larrigada ta Pobeña; laurak, parrokiak. Bere barrutian dagoz Muñatonizko gaztelu zaharra, Salazarko Lope Gartzearena ta jauregi* barria, orain hostal bihurtua. Muskizko San Julian auzoan joango da lehen aipatu dogun petrolio refineria, gaurko ekonomiarentzako hain balio aundikoa. Arriskua egon da, Euskalerritik kanpora joango ote* zan refineria hau, baina azkenean erri honetan gelditu da.
Abanto ta Zierbana
26,10 km2. ta 9.863 bizilagun. Bere auzoak: Abanto-goikoa (Santa Juliana), Abanto-behekoa (San Pedro), Gallarta (orainarte erriburua), Putxeta, Kotorrio, Las Carreras eta Sanfuentes. Burdin-meatzetan* aberatsena —1.913-an, 45 meatoki zituan—, Gallarta, hain ezaguna mea-langile burruketan, orain beste toki batera aldatuko dabe, auzoaren azpian burdina asko dagoalako. Elizea ta Udaletxea* beste leku baten barriak eginda dagoz. 5.000 bizilagun ditu Gallartak, eta danak alde egin beharko dabe. Orain daukazan baino etxe obeak egingo al dabez! Zierbanako portutxoan, arrantzaleak bizi dira; ta estropadetan lehen entzunak baziran, orain indar barriekin asi dira arraunlari. Kearen baltza deritxon zera egiteko, Europako olarik* aundienetarikoa irigi barria da bertan.
Santurtze
6,77 km2. ta 37.375 bizilagun. Bilboko portuaren alderik nagusiena. Bizilagunez gorakada aundienetarikoa egin dau. Orain ehun urte, 1.622 bizilagun zituan. Iberdueroren zentral termikua ta CAMPSA-ren gasolina ta gasoil askak bertan dagoz. Auzo bi ditu, erriburuaz gainera: Balparda ta El Villar.
Ortuella
7,65 km2. ta 7.431 bizilagun. Burdin-meatze* erria hau bere. Orain berrogetamar urterarte, Santurtzeren auzo bat izana. Askatasuna lortu eban, baina ofizialki Santurtze-Ortuella izena eroatekotan. Bere auzoak, erriburuaz gainera: Orkonera, Triano, Urioste, Intxausti (Nocedal), Granada, Kadegala ta Gollibar (orain Golifar). Zortzi meatoki* dagoz, eta erriaren ekonomia osorik dago eurei lotuta.
Sestao
3,10 km2. ta 29.590 bizilagun. 1877-an, 341 bizi ziran. Beraz*, gehien asi dan erria. Ez dago baserririk ez auzorik, dana da bizilekua edo lantegia. Bertako gehienak Bizkaiko Laba Aundietan lan egiten dabe, ta baita bere barrutian dagozan Babcock Wilcox, Constructora Naval eta beste ola aundietan bere. Fabrika honeek gutxiren eskuetan, langile arazo ta burruka aundiak izan dituan erria da Sestao.
Trapaga
13,06 km2. ta 10.246 bizilagun. Bere auzoak: Arboleda, Durañona, Elgero, Galindo, Parkotxa, Larraineta (La Reineta), Matamoros, Saltzedillo ta Ugarte. Amazortzigarren mendean*, erri hau "San Salvador del Valle de Trápaga" izenagaz agertzen da. Gero batzuetan "San Salvador del Valle", beste batzuetan "Valle de Trápaga" deituten jako; ofizialki lehenengo izenagaz gelditu da zoritxarrez, nahiz eta bertako erritarrak "Valle" bakarrik esan. Udaletxetik* 800 metrora etxe modoxkatxo bat dago, Trapaga izenekoa gaur berton. Beharrezkoa litzake, bertakoak izen hori barriro aurrera ateratzea. Erri hau bere, burdin-meatokia da, batezbere Orkonera, Larraineta ta Arboleda auzoetan.
Barakaldo
45,29 km2. ta 103.850 bizilagun. Euskalerriko erririk aundienetarikoa bizilagunez, eta aundiena industriaz. Bere auzoak: Alonsotegi, lehen Aiuntamentua izana, Irauregi, Mendierreka (El Regato), Beurko, Burtzeña, Kurutzeta, Erretortu, Landaburu ta Lutxana. "Altos Hornos" da bere olarik* aundiena, ta beronen inguru ta menpean dagoz besteak. Diru galtzai aundiak egin ondoren, Amerikanoen eskuetara jausi dira Laba Aundi honeek. Kanpotik etorritako jendetza ikaragarria dago erri honetan. Bai gizarte aldetik, ta bai ekonomia aldetik, estudio sakon baten beharrean aurkitzen da Barakaldo, bere arazo izugarriak aztertzeko.
Portugalete
3,10 km2. ta 35.386 bizilagun. Bere auzoak, erriburuaz gainera: Kanpazar ta Repelega. Somorrostroko uri bakarra da; ta Morcillok bere zatiketea egin arte, zazpi kontzejuekin batera osotzen zan arziprestazgoaren burua. Industri erri baino, bizitza erri da gehiago. Itsasgizonen erria: bertan dago Itsas Eskolea edo "Escuela de Náutica", Euskalerrian bakarra.
***
Amaitzeko, gure izkuntzea, aspaldian galdua, Somorrostroko kontzejuetan berbizten asi dala esan geinke. Ia laurehun umek euskeraz ikasten diardue; baita nagusi talde batzuek be, gau eskoletan. Pozgarria, abiada hau. Orainarte, eskualde hau euskal ekintzaile askoren sorlekua izan da, eta bere kontzejuetan dantza taldeak ugari zabaldu dira. Orain, gure izkuntzeagaz jabetzen bada, Euskalerriko eskualde nagusien honek bere aberastasunik oberena lortuko dau.
J. L. Lizundia