ANAITASUNA

BIZKAIA

174 zenb. 1969, urrilak 15

Apartado 17 * GALDAKANO


ANAITASUNA

amabosterokoa 3

Euskalerriko Anaia Txikarrak argitaratua

Durango-n, Intxaurrondo 1

Zuzendaria: ANGEL CELAYETA GUISASOLA

Idazkola ta Banakola: Bengoetxe, 33-b,

GALDAKANO - Tel. 396 ta 397

Banakoa: 4 peseta - Urtekoa 100

XVII urtea-174 zenb. 1969, Urrilak 15

D. L.: BI 1.753-1967

Impreso en la IMPRENTA IDEAL - Bengoeche, 70

Galdácano


Bakartadean

Nire adiskide estudiante bat iru astean ohean egon da, ta bere gaixo bakarra lagunik ez eukitea izan da. Hau jakitean, ikaratu egin nintzan. Kanpotik etorritako estudiante bat zan, hona etortean Bilbon enterratua, bakartadean galdua. Kasu hau guztiz arrigarria da, hain latza dalako, baina egia dana ziur dakit.

Eta estudianteen artean, horren antzerako asko suertatzen* dira. Bakartadean murgiltzen dira, adiskide barik, inoren estimazino barik, mundi guztiari burla mingots bat egiterako bidean.

Guzti hau gutxitan ta gutxik ikusten dabe, baina halaxen da. Bat, gazte bat, orduan neska bategana abaitzea baleiteke, amodiotan ekiteko, jandeak "novioak" dira esan artereaino. Baina maitasun hori nik dudan jarten dot, sarritan. Esan leiteke ze, batak besteari euren bakartadea trukatzen deutsoela, batak bestearekin irauteko; ta, horretara, bakartadeak zutik jarraitzen dau, gehiagora zabaltzen ez bada, alkarregana urreratuaz doan lan bat, bizi molde bat egiten ez bada. Hau, "eskeintzea" da; hortxe apurtuko litzake bakartadearen kate astuna. "Eskeintza emotearen momentuan sentitzen dot nire indarra, nire bultzadea. Emoteak zoriontasuna sortzen dau, hortxe agertzen baidot* nire ahalmena." Frich Fromur-en itzak dira. "Maitatzeak maitasun gehiago sortzen dau, ta inpotentzia maite ezin bat da."

Baina nondik sortzen da inpotentzia hori? Dudarik ez dago, utsegite personalak badagoz. Hala ta be, ba dira uts jeneralagoak bere, gizarte osoarenak. Hemendik dator maitasun-ezaren giroa. Eta giro horrentantxe egunero arnasa artu behar izaten dogu; ta, gainera, gatx erdi bezala* onartu egiten da azkenean anbiente hori.

Oihu ta klaudikazinoak, ostera, ez dabe problemarik ebazten; soziedadea erdi erditik analizatu behar da, bildur ta prejuizio barik. Ezin dogu egin gure bizitza partikularra "politikatik" kanpo.

Gu gareana soziedade barruko legez egiten gara, erri baten seme lez. Ta euskaldunoi honexek egiten deusku falta, gaur inoiz baino gehiago.

ANDONI


Erriz erri

Bilbo

Txofertzarako karnetak, 9.000 peseta

Entzuten dan legez, laster asita, txofer izan ahal izateko karneta lortutea, 9.000 mila peseta kostatuko da. Hau dala ta, Madrileko «YA» egunkariak* kritika bat egin dau, esanez, langile askok nahi ta nahiezkoa izaten dabela automobila euren zereginetarako, ez turismoa egiteko; ta hori, dirutza aundiegia dala.

Athletic

Bilboko iru kazetak* ez dabe informazinorik gutxi baino emoten Bilboko futbol ekipo ospetsuari buruz, baina bai «Vasconia Expres»-ek, eta asko saltzen ei da.

Txikitoa, sei erreal

Jendeak hainbeste edaten dauan ardao neurri hori, sei errealera altzatu dabe Bilbon, tokirik gehienetan. Jendea asarre da, baina edaten jarraitzen dau.

Kantanteak

Bilbon euskal abeslari barriak egunetik egunera gehituten doaz. Hori ikusirik, ta gau adarraren abixua emonaz, J. A. Aranburu-k artikulu garratz bat idatzi eban azken «Anaitasuna»-n, inor despistatu ez daiten.

Moralidade bihurreko jendea

Bilboko Alkate jaun Pilar Kareaga andrea danetik, ehundaka neskamutilak atzemanak* izan dira Pagasarri aldeko kaleetan, eta giltzaperatuak, ikusirik euren moralidadeak garbitasunik gutxi eukala.

KARABIA

Arenala

Laster, obretan asiko dira Arenalean.

Automobilentzat parking andi bat egitera doaz, lurpean. Eta horretarako, zuhaitzak*, % 90-ean, bota egin beharko dabez.

Nire ustez, askozaz be egokiago izango litzake, itxi dagoan moduan Arenala; ta parking hori, errekea estaldu ta gainean egin. Arenaleko zubitik San Antonerantz, zubi guztiak fijoak dira; ta handik ez doa barkurik. Erreka zikin hori estalduaz, ez leuke inok ezer galduko, ta ehundaka automobilak parking ederra izango leukee.

Beste alde batetik, Arenaleko zuhaitzak* botatzen badabez, gerizpe barik geratuko da; ta Bilbon parke gutxiegi dagoz, dagozanak holan ondatuteko.

Unbeko pinudi ederrak, Bilbotik urrean dagoz. Deustutik, automobilean, amar minutura ez da eltzen.

Ikusbide ederrak dagoz han, aize ona ta pinudi aundiak. Toki benetan egokia, parke aundi bat egiteko. Bilboko Aiuntamentuak edo Bizkaiko Diputazinoak kontuan artu behar leuke toki hau, ta Bilbo ta inguruetako errientzat parke andi ta eder bat egin.

Baina, egiten ez dan bitartean, jakin eizue, ANAITASUNAREN irakurleok, orain be joan zeitekezala hara, batez be ume txikiak badaukazuez.

Abandoko parkea

Bilboko parke nagusi honetan, paitak bakarrik dagoz. Zegaitik ez, beste abererik* ez badira be, uso* batzuek? Umeak pozik egongo litzakez hareei begira.

Editorial barri bat

LUR izenarekin, editorial-etxe barri bat sortu da, bilbotar eta donostiar talde batek egina. Ilero, euskaldun liburu bat argitatatuko dabe. Lehehengoa. Txilardegiren ELSA SCHELEN izan da. Euren programea ikusi dogu, ta benetan interesantea izango da liburu honeek artzea. Informazino gehiago eskatzeko, idatzi hona:

LUR Editorial

Apartado 755

SAN SEBASTIAN

Liburu barri bat

Juan Angel Etxebarria idazle gazteak Ciceron-en Eskutitzak euskeratuta argitaratu ditu.

Txindor dantza taldea

Dakizuenez, urtero Txindor-ekoak Bilboko Aiala antzokian* jaialdi bat egiten eben. Aurten, boikotak eta nahazteak dira ta, ez dabeela egingo entzun dogu. Ez dira ausartuten* jaia egiten.

Benetan penagarria, holan ibili beharra.

Xabier Gereño

Baiona

Dotrina liburu barria euskeraz

Egun honeetan agertu da mugaz haraindiko liburutegietan Dotrina Liburu Barria, euskeraz. Lan hau «Fededunak» alkartearen ardurapean egon da.

Eurak dinoenez, umeak euren fedearen sustrai ta oinarriak obeto jarriko ditue, euren jatorrizko mintzarearen bidez; eta beste aldetik, liturjia euskeraz egiten dan aldetik be, mesedegarri da.

Liburu barri hau, euskeraz ta frantsesez dator. Honetara, ez dauke zetan euki beharrik dotrina liburu bat euskeraz ta beste bat erderaz; eta gainera, erbesteetatik etorritako «funtzionarioak» be lehenago zaletuko dira euskereagaz.

Dotrina liburu barri hau, oso polito osotuta dago argazki ta holakoen aldetik; eta «Fededunak» alkartearen ideiaz umeen gurasoak be parte artu beharko dabe dotrina barri hau zabaltzerakoan, umeen ezi bidean* arduradun behinenak* baitira.

Karabia

Gernika

Erri mezak

Interesgarria da, gure errian azken urte honetan erri mezak artu daben indarra. Argi dago, gaztediak kristinautasunaren erabarritzea eskatu ta esijitzen dauala. Erri mezak, eskari horren agerketa bat baino ez dira. Halan ta guzti be, kontuz ibili behar dogu, erri mezak ez daitezan epeldu ta moteldu. Eta danok dakigu, ehun personatik gorako batzar bat ez dala benetako batzarra, alkarren ondoan egotea baino.

«Anaitasuna» ren agerkera

Gutariko batzuek, aparteko «Anaitasuna» bat nahi izan eben lehenen lehenengotik. Hau ezina da, gaur ditugun arpidedunekin. Horregaitik, ba dakizu zer egin behar dogun: 10.000 arpidedun eukitera eldu. Hau oso erraza* da, bakoitzak 5 arpidedun egiten badoguz.

Lurgorri

Leiza

Perretxiko kaltegarriak

Azken aldi honetan, Nafarroa aldean, 20 bat personari perretxikoak kalte egin deutseela jakin dogu. Inor il ez arren gaizki ei dagoz batzuek. Euskalerrian perretxiko mota* asko ta asko dira. Iru bat mila ezagutzen dira, ta 700 bakarrik ontzat emon dira. Leiza-n izan dan perretxiko txapelketan, 500 ale dezbardin ikusi dira; eurotatik, larogei bat jatekoak, ogetabost kaltegarriak, iru benenodunak eta gainetikoak gustubakoak.

Karabia

Amabi Arrietatik

Elorrio (Jaiak)

Irailaren 7-tik 14-rarte izan doguz Elorrion Feria Nagusiak deritxoen jaiak; aurten beste urte batzuetan baino errikoiagoak izan jakuz; izan be, erriko gazteen komisino batek antolatu deuskuz. Bertan ikusi doguz, aste oso baten barruan, umeen tanborradak, txistulariak, dantzariak, "Ez dok amairu", etabar. Baina ez uste, gazteentzat bakarrik izan zanik poza ta alaitasuna. Ezkonbarriak be euki eben eurentzat egun bat. Eta zelan itxi ahaztuta gure mutilzarrak? Eurentzat be, egon zan zer edo zer.

Izurtza

Beste hainbeste erritan jazoten* dan legez, hemen be erriko gaztediak ez dau nahi izan aurtengo jaiak antolatzea; eta egin zan berbenea egiteko be, beste erri batetik ekarri behar izan zan jendea. Ez dago txarto erri honetako gaztediaren batasuna.

Betsaide (Mendizaleak)

Urtero legez, Irailaren 3-garren domekan batu ziran mendizaleak mendi honetan, mendietan il diranakaitik meza emoteko. Mezearen amaitukeran, Euskalerriko mendizaleen alkarteetako lehendakariak itz batzuek esan zituan.

Yurreta (Dantzak)

Irailaren 7-an, Yurretako dantza bikote bik irugarren eta laugarren sariak ekarri deuskuez Zeberiotik. Aurrera!

Hemengo eskualdeko* dantza taldeak jo ta su ibili dira aurtengo urtean batera ta bestera. Eta Elorrioko jaietan ogei talde inguru batu ziran. Jendea oso pozik gelditu zan: baina bertan akats bat igarri igarrian ikusi zan: batez be neskak dantzatzerakoan, soinu aldetik, ezbardintasun bat ikusten zan, ta horregaitik, amaiera ezbardinak egiten ebezan.

JOAN ANTONIO ARANA

Mallabia

"Erriko pekatu guztien utsuneak gure lepo gainetan ordaindu behar doguz; baina, horregaitik aurrera".

Mallabiko ermitetako erri jaiei buruz lan egiten daben gazte taldeen artean, sarritan entzun dogu esakera hau.

Zengotita auzunean, irailaren 14-an, Euskalerriko irugarren ardi-txakurren txapelketea antolatu zan. Domeka horretan, Mallabitarrok poztasun bategaz esnatu* ginan: batzuek, txakurren txapelketa hori ikusteko asmoagaz; beste batzuek, gazteak batez be, txapelketa horrek euren ahalegin guztiak ipiniaz, ahal danik eta ondoen urten eian.

Baina, egun horretako eguraldia ikusirik, askok euren etxeetan gelditzea gurago izan eben. Ez dakit, aukeratuten asita be, egun txarrago ta euritsuagorik urte guztian aukeratu leitekenik.

Halan eta guztiz be, jende asko batu zan; eta, automobilak itxiteko pentsatuta egozan toki guztiak beteta, beste leku batzuek aukeratu beharra egon zan.

Emeretzi txakurrek parte artu eben. Txapelketa honetan, beti legez, iru zati egozan: lehenengoa, txakurrak artzainagan daukan menpetasuna agertzeko; eta bigarrena, ta irugarrena, ardiekin txakurrak eukan abilidadea erakusteko.

Txapelketa honetan, artzainen eta Gerediaga Alkartearen laguntasuna aundia izan ba zan, Mallabiko gaztediarena aundiagoa izan zala esango neuke. Txapelketa honetako organizazino guztia euren eskuetan egon zan. Nahiz eta goitik beheraino bustita ta otzez dardaraka egon, bakoitzak bere zeregina bete arte, euren lekutik ez ziran aldendu.

Zorionak eta aurrera Mallabiko gaztedia.

JUSTO A.

Lamiako

Lamiako, Lejona erriko auzune bat da. Lau bat mila bizilagun izango ditu, industriaz zeharo betetako auzune honek. Hementxe dagoz lantegi importante diran F. A. E. S., AGRA, EARLE, MINER, S. A., etabar. Toki honeetariko gehienetan izaten dan legez, kaleak asfaltatu barik dagoz, inguruak zikinsamarrak, eta edonon ageri da industriaren eragin erabat aberats eta pobretzailea.

Joan dan ilaren 20-an, zapatuz, eta iluntziko bederatzietan, euskal abesti jai bat egon zan berton, Aiuntamentuak babesturik; jende gutxi ta giro motela. Abeslariak (agertutako ordenan): Jose Angel Goienaga, Bozkari, Moises Egaña, Epertargiak, Ibaiak, eta Jatorrak.

"Jatorrak" (Julen, Mikel, Sabin eta Xabier) oso diskutiduak izan ziran; batzuen ustez, euren kantakerea ez da euskal belarrientzako. Baina beste batzuen eritziz, "Jatorren" kantakerea gaur egungo gazte askok maite daben kantakerea da.

Galdakano

Cooperativa de Viviendas "Elexalde"

Erri honetan hainbeste etxe barri egin da azken urte honeetan; hala ta bere, oraindik eskabide aundia dago; ta horregaitik, etxe barrien salneurria zerutik dabil. Hori dala ta, "Asociación de Cabezas de Familia"-k, erabagi jator bat artu dau eta hauxe da: eurak asi etxegintzan kooperativa antzera. Alkarte honek, "Cooperativa de Viviendas Elexalde" izena daroa; orain, terrenuak erostekotan dabiltza, ta baita inkesta* bat egiten, ea jendeak ze moduzko etxeak gura dauzan jakiteko. Zenbat eta sozio edo bazkide gehiago, etxeak merkeago izango ei dira. Batzarrak, jende guztiarentzakoak, takian takian* egiten dira "Centro Social" deritxon batzokian.

Euskal Jaia

Il honen 5-an, igandea, izan genduan "Euskal Jaia" jator bat. Jende asko ta asko ibili zan egun guztian, eta giro ederra egon zan.

Erriko alaba Maria Angeles-ek ebestu eban Regio Zineman —beste abeslari ospetsu batzuekaz batean—; entzuleen gustokoa izan zan.

Karrozen kalejira edo erakusketan "Karibie Taldeak" agertutakoa izan zan gehien txalotua.

KORTEDERRA

Santutxu-Begoña

Begoña elizalde zaharreko Santutxu auzoan euskal giroa zabaltzen eta indartzen doa. Joandako urteetan legez, aurten be euskera irakasteko klaseak antolatzen dabiltza.

Horrez gainera, beste asmo eder batzuek be ba dagoz, eta asmo horreek betetzeko indarra be bai. Alfabetazino kanpaina bat egingo da. Santutxun euskaldun asko bizi dira; eta kanpaina horren bidez, ahal dan euskaldun gehienekana eldu gura da.

Beste alde batetik, azken urteotan Santutxura bizitzen etorri dan jendetza ikusirik, zer edo zer egin beharrean aurkitzen gara. Aurtengoz berbaldi batzuek antolatuko* dira; eta berbaldi horreetan erabiliko diran gaiak, ondoko honeexek izango dira: Euskalerriko Kondaira eta kultura. Berbaldi batzuek erderaz izango dira, erdaldunak euskera bidean jartzeko asmoz; eta beste gehienak euskeraz.

JOSEBA ARRIETA

Zornotza

Okerrak zuzenduaz

Aurrerako ANAITASUNA-n ba dago uts bat, Zornotzako Alfabetatzea dalata. Alfabetatze hori iru ilabetean egin zan, astean klase bi geunkazala. Probetxurako ta iraupenerako obeago izango zala uste dogu, dana segian izan balitz. Hau da eguneroko klasea eukirik, iru astean amaitu. Bestela, kanpaina honen efikazia ta seriotasuna galdu egiten da.

Il honetantxe asiko dira, Jaungoiko lagun, alfabetatzea eta baita Ikastolea be euskeraz ez dakienentzat.

ESPINOSA


Soziologia ta kulturea

Zenbait uste artistikoei kritikea

Kulturea giza-klase bakoitzak sortutakoa bada, kulturea «humanitas» batekin jabetzea danik ezin geinke esan, «humanidadeak» ikasiaz, betiko ta betirako «humanitas» bat bagenduke lez. Burgesiak kultureaz daukan ustea, gizona historiatik kanpoko eta ideia betikor bat lez ikustean datza, gizonon naturalezea betikoa eta ezentzi aldetik aldatu-ezina balitza lez. Era berean, burges pentsalariak uste izaten dabe, gizonen arazorik behinenak, gizon jenioso batzuek, guztiz ez bada be, gehienbat aditu ta azaldu deuskuezala, eta honetaraxe gizon eredu bat —gizon ideala— osutu deuskuela.

Horretara, kulturea ta edukatzaile guztien zeregina gizadiaren kultura lan aundiak zabaldu ta aditzen emotea izango litzake, horretaraxe individuo bakoitzak, ahaleginez —moral zeregina— gizadiaren kultura aberastasunekin jabetu ta berbere burua «gizonduteko». Beraz*, kulturea holako erlejino baten antzekoa egiten da, bakoitzak bere baitan* daukan eternidadezko une hori lehenagoko gizon jatorrekin komunikazinoan jarriaz.

Frantses filosofolari Alain-ek uste hori honetaraxe azaltzen deusku, ontzat emonaz: «Homero irakurtzen dodanean, poetarekin bat egiten naiz, eta Ulises-ekin, eta poetaren izena entzun baino egin ez daben milata mila personekin. Guzti horreitan eta neu neronengan, holako gizontasun bat bizkortzen da: gizonaren martxa osoa sentitzen dot. Guzti hau mundu osoak «gizatasuna» deitura edarrarekin izentatzen dau: gizonen seinaleen bilakuntza eta gustatze hori. Seinale, poema, musika, margo, oroitarri eta horrein baitan* bakea egiteko, ez da bape behar, eginda baitago*. Eta ez uste gizatasun guzti horreekin jabetzen garealako gizona gizonekin artu-emonetan jartzen danik, gizona gogoratzen dalako baino. Gogoratze hori ildakoengan danik jatorrena berbiztea da, eta berbiztatze horrei forma bat emotea. Lan sakonak, poemak, oroitarriak-eta dira gogoratzen diranak, eta horrerataraxe egiten da gizona gizon». (Alain, «Propos sur L'éducation», P. U. F. Paris, 1956).

Uste guzti hori, historikotasun bakoa eta abstraktoa izanez gainera, individualista da; uste izate da, kulturea —lehendik guztiz eginda datorkiguna— individuo bakoitzaren ahalegin bakarrez irabazten dala, holako moral burrukatze baten bitartez gizon bakoitza gizadi osoarekin bat eginaz.

Honetara, gizadi osoa talentuz eta jatortasunez ornidutako banaka batekin bat egiten da: banakatxo horrexek bakarrik dira elertiaren eta edertasunaren jaun apartak.

Era berean, behin Vera Strasserr-ek esan euskun: «Kulturearen aurrerakuntza bakoitzak bere baitako* animalkeriak baztertuaz batera, espiritualtasuna indartzen datzala*. Hola balitz, alperrikoak izango litzakez gure partetik jarritako arazo ta kezka honeek, ustelkeria bat izango baitlitzake euskal kulturearen soziologiaz-eta berba egitea... edota behinpein ekonomia, politikeak ta edozein giza-kondezinok azalez baino ez leukee lagunduko edo torpetuko edozein kulturaren etorkisuna: baina sekula be ez sakonetik, eta erabat eragin, ez onerako, ez txarrerako. (Jarraitzekotan).

Teilagorri


Diruaren balioa

Sistema kapitalista baten, dirua da nagusi. Dirua daukan gizonak, indarra ta posizino soziala dauka; ta dirua ez daukanak, gizartearen beherengo mailan dago.

Adibidez: guraso pobreen semeak, eskolatik urtenda, amalau edo amasei urtegaz lanean asten dira (edo denda baten errekaduak egiteko, edo hotel bateko «botones», edo fabrika baten aprendiz nahiz pintxe moduan). Familia aberatsetakoak, kolejioetatik urtenda, universidadera doaz; eta diruaren truke, jakintza lortzen dabe.

Hau zuzentasunaren kontra doan ezkero, edota oposizinokoak indarra egiten dabelako, sistema kapitalistetako gidariak aldakuntza batzuek egiten asi dira.

Orain, sistema kapitalistetan, sozialismoaren programetatik asko artu dabe. Adibidez*, seguro sozialak eta orain, estadu askotan, guztientzako irakaskintza, estaduaren kontura.

Nik ez dot esan nahi, sistema sozialista baten barruan, guztia ona izango danik. Alde batetik, ez naiz bizi holako sistema baten barruan; eta bestetik, ba dakit gizonak egindako gauza guztiak ez dirala osorik onak. Beti dauke utsunen bat.

Baina bai esan neike, sistema kapitalistetan gauza asko dagozala oraindino aldatu beharrekoak, zuzentasunak, justiziak, holan eskatzen daualako.

Gero ta gehiago, diruari bere balioa, bere nagusikeria kendu behar jako. Gizarte zuzen baten, gizonak izan behar dau nagusi, ta bere zerbitzuan ipini behar da beste guztia.

Exenplo bat ipiniko deutsuet. Ilten da gizon korriente bat, ilero zortzi edo bederatzi mila peseta irabazten dituana, ta itxiten dauz emaztea ta iru seme, zaharrena amar urtekoa. Bankuan, ehun mila peseta bakarrik daukez.

Zein da familia honen etorkizuna?

Derrigorrez, karidadera jo behar. Ta karidadea eskatzea, gauza mingarria da. Andra gaixo horrek bere senideekana joan beharko dau laguntza eske. Lanean asi beharko dau. Umeak, problema bat. Dirurik ez eukitea...

Gizarte baten, diruaren nagusitasuna kendu arte, ez da zuzentasunik egongo.

Holan, ba, seguro sozialak asko zabaldu ta indartu beharko dira, andira, alargunak, umezurtzak, zaharrak... ondo babestuta egon arte. Era berean, aberatsei inpuesto aundiagoak ipiniaz, bide zuzenago batera joan geintekez.

Orduan, hori lortutakoan, bigarren problema bat ikutu beharko litzake: seguro sozialen zuzendaritza esku onetan egotea. Holan ez balitz, oker batetik urten ta beste batean sartu besterik ez geunke egingo.

Xabier Gereño


Eliza gaurko munduan

Elizea eta Gaurko Mundua

Nok arrazoia? Zeintzueri jarraitu? Zelan egoera bataz eritxi hain ezbardinak, zegaitik batzuek isilik* eta besteak dehadarka? Zer egin, zelan jokatu, ze bide artu? Zein da elizearen eginbehar berezia? Zelan salbatu gizona, gaurko mundua; zelan osotu gaur Kristoren Salbazino Ekintza? Munduaren ezaugarriak kontuan artu beharko, eta garai bakoitza ezaugarri ezbardinekaz jazten dala jakin, nahizta gauza zaila izan, ezaugarri horrek sakonetik adierazotea eta interpretazino hori zelan egin halan jokatzea.

Gaurko geraian, inoiz baino gehiago, elizan eritxi agertze zabal bat sortu da, ta zorionean sortu be. Zelan onartu ez Suenens Kardinalaren jokabidea, orain arte ia ikutu ezin eitekeazan gai batzuetaz bere eritxia emon dauala ta?

Zegaitik larritu Garagarrilean* Europako Obispoak Coire-n (Suiza-n) alkartu ziranean, egun harreetan eta erri beratan, beste abade talde ugaritsu bat alkartu zala ta? Gainera, orduan erabili izan dan gaia zan: «abade izatea munduan eta gaurko elizea».

Zer dala ta kondenatu edo alboratu hain erraz* errien zapalkuntzaren aurka doazan abade ta ekintzaileak edozer aitzaki bitartean ipiniaz? Dehadar gogorrak benetan, berba egin behar eta isilik* dagoanarenzat. Bai eritxiak agertubeharra, zabal, ez bildurrak eraginda, errezpetuz, baina jator.

Gaurko gizonari ta gaurko munduari osasuna emotea: guztion eginbeharra da hau. Baina horretarako, gizona eta erria ezagutu eginbehar, maitatu, barruan sartu; ta barrutik burruka eginaz, daukazan geixo guztietatik osatu. Hauxe izan zan Kristoren jokabidea, hauxe izan behar elizearen ardurea; baita geurea bere: ezagutu, maitatu, barruan sartu, burrukea egiten dogun neurrian izango baikara* gizon eta eliztar.

Egia, Elizea gauza batzuetan aldatzen doala, urte gutxian aldaketa asko izan dira. Izkuntzan eta ohituretan orain arteko bardintasuna (esate baterako, liturgia arloan) apurtzen ari* da, errien bereiztasunak* artuaz eta errespetatuaz. Baina, beste askotan ez ote doa astiroegi, gizonei eta erriei erantzun argi bat emon barik gelditzen danean.

Ohituta bai, berba politak esan, entzun eta idazten: bakea, maitasuna... gehienetan berba utsak, mami bakoak, otsak eta abstraktoak.

Ohituta gaurko Eukaristi-Batzarrakaz, hain jokabide ezbardineko gizonak alkartu, eta maitasun ez batasun giro barik, guzurresko anaitasun bat adierazo gura danean.

Ohituta gure Eliz-zuzendariak bildurrez ikusiagaz, eliztarren problemei erantzun bat ukatu edo luzetuagaz.

Elizea barriztatu egin beharko, geu barriztatuaz. Geu gara elizea, ta Kristoren Salbazino Ekintzan egiazko parte bat artu nahi dogu.

Xabier A.


Eliza gaurko munduan

Ibargutxi, Jon Gurutz Abadea il da

(Goian bego)

Joan dan ilaren 15-etan izan ziran, Ubidean, bere jaioterrian, Jon Gurutz Abadearen lur-emote ta obitea*. Zoritxarrez, ni ezin izan nintzan joan, nekez eldu zalako nire belarrietara bere il-barria. Bizitza, eritxi baten, luze samarra izan dau. Larogei urte. Baina oso-oso eragina. Lan ikaragarria egin dau. Ez da langile bakarra izan. Bere esku-idaztiak makinara pasatzen asko be asko lagundu izan dautsona, beragaz urte luzeetan bizi izan dan bere arreba maistrea izan da.

Ibargutxik utsune andia ixten dau gure artean. Bere beharrizan andia geunkan une honetan, batez be Liturgi-barritze aldi honetan. Bere bizitzako elbururik* andienak, ezbairik bage*, honeexek biok izan zirala dirudi: Kristinau ikasbidea ta Liturgia. Kristinau ikasbidearen azalpen osoa egin eban, sakonki, argi ta bihotzez. «Orixe» ren (Nikolas Ormaetxearen) eritxiz, Eguskitza Euskalzaindikoaren ondoren, ez da inoiz izan honen bestekorik Bizkaian azken aldi honetan.

Liturgia, Euskalerrian ez da gaurkoa bakarrik. Antzinakoa da. Ikusi, esaterako, Aita Pedro Antonio Añibarrok, San Frantziskoren Ordenakoak, 1852 garrenean, idatzi ebana: «Mezemoilearen jantziak... adierazoten dabena». Honek hemen argi adierazoten dau, Mezemoilearen soinekoak (ornamentuak) zer esan nahi daben.

Orain artean ez dala Liturgiarik irakatsi Euskalerrian? Nok esan dau? Jaigi* zaitez, Aita Pedro, ilobitik eta zapuztu eizuz ezjakin guztiok. Jaigi zaitez, baita zu be, Ibargutxi, zeure ilobitik eta erakutsi eioezu zazpiki guzti honeei zuk zeure «Ikurtonak» liburuan, 1932 garren urtean, 347 garren orrian idazten zenduana. Liturgiarik ez dala irakatsi hemen?

Abade gazteak ez dabe ondo ezagutu Ibargutxi. Euskera gatxa eukala esaten izan dabe. Ez da euron errua izan. Eurok ez dabe beste euskerarik jakin, amak irakatsitakoa ta eurok euronez ikasitakoa baino. Baina hori gutxi izan, Ibargutxik erabili izan dituan gai guztiak ulertuteko. Bera ez zan urrundik jira-biraka ibilten, erroz, sustraiz eta zuzenean baino; eta, jakina, inor inoiz ibili ez dan bidea beti sasiz betea. Beste gauza askoren artean, «Orixe» ren Misala bizkaieraz ipini eban, eta argitaratu gura izan eban.

Ibargutxi, Liturgiaren aurrelari bat izan da. Nok egin dau isilean Liturgiaren alde, berak egin izan dauan beste...?

Jose Antonio OAR-ARTETA

Apaiza


Jakin eta Ekin

Katalandar abestiaren arriskuak

Gaur berton artu dot karta bat, Barcelonako adiskide katalandar batek bidaldua. Berarekin, hango egunkarietako* orri bi bidaltzen deustaz.

Euretariko lehenengoak esaten dau, zelan Guillermina Motta joan zan Sopot-era, Conchita Bautista ta beste espaniar abeslari batzuekin.

Guilermina Motta, Katalunian handik hona abeslari ebilenean, katalaneraz abestuten, sinbolo bat legez artua izan zan. Izkuntzaren eta erriaren aldeztaile porrukatutzat eukan jendeak. Baina joan zan Sopot-era, eta han frakaso ikeragarria euki eban. Beste alde batetik, bere jokaera tristea ikusirik, katalandar sutsuak alde egin dabe beragandik.

Goian aipatu* dodan bigarren errekortean, Joan Fuster-ek lan luze bat dakar. Funtsean dino «nova canço catalana» il zorian dagoala. Eta bere ustez arrazoiak honeexek dira:

Katalandarren demografia ez da andia, eta televisinoa ez da katalaneraz abestutako kantuen laguntzailea. «Nova Canço» asi zan «Setxe jutges»-ekin; eta euren exitoa ikusirik, gazte askok kitarrea artu ta katalaneraz abestuten asi ziran.

Ikusi eben dirua irabaztekoa zala abestian jardun egitea; ta alde batetik entzuleen txaloak eta bestetik lehenengo momentuetako jaialdi ugariak, berotu egin zituen abeslari askoren buruak.

Joan Fuster-ek esaten dau, katalandar abeslari asko gazteleraz abestuten asi dirala. «Desbandada general» bat dagoala (bere itzak dira). Baina oraindino gauza okerrago bat jazoten dala: protestalari ziran abeslari gehienak, euren arimak, deabruari saldu deutsoezala (honeek be, Fuster-en itzak dira), ta euren abestien itzak bigunduz, burgesiaren aurrean makurtu dirala.

«Nova Canço», ba, krisi baten dago.

***

Estitxugaz Alkarrizketan

Estitxu, euskaldun abeslari gazte ta barri bat da. Ez dira urte bi, jendearen aurrean abestuten asi dala. Bera da, gure abeslari barrien artean, oberenetarikoa. Far West eta Mexicoko abestiak kantatzeko, aparteko abots ta grazia dauka. Hau, nire ustez, guztiak baieztuten dabe.

Baina Estitxuren jokabidean ez dira guztiak ados.* Egiten jakozan kritikak, alde batetik dira, euskeratik aparte, beste izkuntzetan be abestuten daualako. Bestetik, bere abestien itzak gure erriaren gaurko problematikatik alde eginda dagozala.

Estitxu, Ameriketatik etorri barria dogu. Venezuela ta Mexicon abestu dau euskeraz, gazteleraz, prantsesez eta inglesez.

Entzun daiguzan gure galderei egin deuskuzan erantzunak.

Zenbat denpora ibili zara Ameriketan?

Zazpi ila bete.

Zeintzuk lurraldeetan?

 Venezuela ta Mexicon.

Televisinoan abestu dozu?

 Bai. Caracasen ta Mexicon; hemen, kolorezko televisinoan.

Non exitorik andiena?

Duda barik, Mexicon. Hango televisinoan, 15 agertaldi egin nebazan.

Eta rezitalak?

Venezuelan ta Mexicon egin nebazan. Exitorik andiena, Mexicon.

Zergaitik?

Mexicon zaletasun aundia dago abestientzat eta, jeneralean, musikarentzat. Kitarra jotzaile on asko ezagutu dodaz.

Eta abestu dozu «sala de fiestas» etan?

Bai, asko.

Diskorik?

Long Play bat Caracasen. «Nigarrez» abestiarekin, Venezuelako Hit Paraden lehenengo egon nintzan aste batzuetan.

Pozik orduan?

Bai. Eta hemen daukazu proba bat: Masielek Mexicon birritan bakarrik abestu eban Televisinoan. Nik, 15 bider.

Joango zara hara barriro?

 Bai, ateak zabalik daukadaz.

Eta atsegingarriak izan dira euskeraz abestutako kantak?

Bai. Euskereak, abestietarako aparteko grazia ta sakontasun bat dauka.

Estitxu, orain, hemen Bilbon gertu dago barriro abestuten jarraitzeko. Bere abesti barrien itzak irakurri doguz. Lehenago Iparagirre legez, erri minez agertzen jaku.

***

Abeslarien gerokoa

Lan honen asieran ikusi dogu «Nova Canço» katalanak gaur daukan egoera larria. Zein izango da gure Euskal Abesti Barriarena?

Galdera* honeri erantzuteko, beste batzuek egin behar doguz: Nok emon eutsan arnasea katalandar eta euskaldun abesti barriei? Nok txalotu ta bultzatu ebazan bere abeslariak?

Erantzuna argi dago: erriak.

Eta gure abestiaren etorkizuna hor dago, errian. Abeslariak erriarekin bat eginda dagozan bitartean, biak bat izango dira. Abeslariak erriarengandik urrunduten badira, orduan behera jausiko dira.

Eta abeslariak urrundu leitekez, edo dirua dala ta (dirua neurrian irabaztea ondo baino obeto dago, beharrezkoa dalako), edo andinahiak eta arrotasunak obeto bultzatuta (Guilermina Mottaren kasua). Euskaldun abeslari guztiei: adiskide legez eta euskaldun legez eskatzen deutsuegu, katalandarren esperientzia kontuan artzeko. Eutsi erriari, ta berak eutsiko deutsue.

Xabier Gereño


Jakin eta Ekin

Euskaldungoaren alde

Gaur egunean, zorionez, Euskal Erri guztira zabaltzen doguz, sarritan, begiak.

Beste dinamika baten ardatzean goaz. Dinamika honegaz bakarrik ezagutu geinke, osorik, gure Erri hau, mugaz haraindikoa eta hemengoa. Ezagutu daigun Bilbao, urtero 10.000 bizilekutik gora egiten diran Erdalerri hori. Ezagutu daiguzan Zuberoa, Lapurdi... ta hango lantegirik-eza, ta gaztedi faltea. Bat gara, ez ahaztu. Baina, gaur beste zer edo zer ikustea be nahi neuke: Nafarroaren* goi-aldea. Auritze (Burguete), Aurizpari (Espinal), Garralda, Aribe, Abaurre, Otxagabia... Euskaldunak dira ala ez? Itaun larria hauxe. Erantzuna, bakoitzaren pentzura. Nik hauxe bakarrik dakit. Hemengo zaharrekin berba egin dot. Nire itauna, bat bera zan beti: eta, zoritxarrez, euren erantzuna bere bai.

— Eskuaraz mintzatzen* zizte?

— Zaharrak mintzatzen gire, bai; baina, gazte jendeak ez du ezagutzen. Batzuek konprenitzen dute, baina gutti.

Lanak ditu euskera irauteak* hemen. Gazteak ez dakie. Euskeraren katea ausi egingo da gutxi barru. Ausi egingo da, guk erremedio bide bat esartzen ez badeutsagu. Zein? Danon artean pentsatu daigun. Eta gutxienez, asi gaitezan alderdi hori begiratuaz. Ez ote* da egia, Nafarroa ahazturik daukagula, gure planteamentu asko egiteko orduan?

Batasun kontzientzia iratzarri behar dogu gure barruan. Kontzientzi hau, apur bat, Euskal Erria ezagutzearekin biztuten da. Har aukera bat: gure ibilaldiak eta eskursionak hor ez-dakit-nora egin beharrean, hona egin. Alkar ikusiagaz, ezagutzeagaz, antzinakoak ondo esaten ebenez, maitasuna sortzen da.

Alderdi zoragarria da hau benetan.

Joan Maria Torrealdai

Auritzen, 69-IX-19


Abereak eta Burdinak

Baserria Galbidean?

Betiko lau gauza esan eta trankil gelditu geintekez bai ni eta bai irakurlea be. Zer esan geinke baserriataz? Zer dago esan ez danik? Gainera baserrian ez da esan egin behar, biher egin baino! Dana dala, gertatu daitekena dan lez, bagoaz esatera, esanen esanez eta entzunen entzunez, egunen batean gazte jator ta baliotsuak lanbidean astea edo lehendik ari diranari (badira batzuek) laguntzen etorriko diran usteagaz. Itxaropena eta lurraren maitasuna dogun artean, jarraituko dogu gauza bardinak edo antzerakoak esaten, guretzat inportanteak diralako.

ZER GERTATZEN DA NEKAZARITZAN, EKONOMIA HAIN TXARTO JOATEKO?

Baserritarrak

Baserri txikiak ditugu. Batez beste 4 edo 5 hektarea lurrez. Hektarea honek ez dabe behar aina rentabilidaderik emoten, ta horregatik dago alde aundia beste langile bat ta nekazari baten artean. Beharrezko da nekazaritzan lan egingo dabenak gitxitzea.

Teknika gitxi

Teknika aurrerapenik ez dago edo gitxi ta eratu barik dago. Teknika barik ez dago aurrerapenik munduan. Horregaitik, esku-lana gitxitzea ez da mesedegarri teknika batek eragiña ez bada gitxitze hori.

Bakarrean

Gaurko teknikak espezializazinoa eskatzen dau. Eta ez dago espezializazinorik alkarte barik. Bakoitzak arlo berezi bat artu eta han jokatu gogor, guztion lanak batuta baserria emonkor bihurtu daigun.

Inoren menpe

Organizazinorik ez daukagu; geurerik behinipein. Ez dogu aurretik pentsatzen zer erein edo nondik jokatu, artzen doguna geuk komerzializatzeko. Naiz eta esnearen komerzializazinoa zerbait lortu, ez dago oraindik geure eskuetan; bardin jasoten da pentsuakin be erosteko orduan. Baserriko semeak izan behar leukee berez baserri-industrien langile ta gidari (esne kooperatiba, aragitegi, pentsu fabrika, ta abar) eta ez baserritaren ardurarik ez daukeen kaletar batzuek.

Laguntasun gitxi

Esperientziak eta ikasketak behar dira, beti aurrera begira lurrari fruturik onenak atara daioguzan. Hontarako dirua behar da. Estaduak, diputazinoak eta aurrezti-kutxak emon behar dabe diru hori. Baina "Plan de Desarrollo" barri honetan be baserria bertan behera itxiko dalakoan gagoz. Kanpotik laguntasun gitxi eta jan-txakur asko egote honek, alkarte bidean jarri behar gaitu. Baserria geuk salbatzen ez badogu ez dau inok salbatuko.

Gazte argi ta langileak behar doguz

Bidezko da baserrian mutil argienak eta langileenak gelditzea, eta ez (orain arte lez) "atxurren" egiteko baino ez dana gelditu. Horrela, ikasiak kanpora doaz baserriak itxirik. Inon es badago ttonttoentzat lekurik, baserrian askotaz gitxiago hemendik aurrera. Argienak eta jatorrenak behar doguz. Gazte honeek jakitunak izan daitezela eta gaurko teknikaren jabe. Euren baserritxoan itto barik, baserri guztien aurrerapena maite ta egingo dabenak. Izan be, beste biderik ez dago alkartearena baino.

Urtengo dogu

Geure buruaz konfiantza artu daigun. Ez dago dana egiteko. Badagoz gazte batzuek (oraindik gitxi, egia) bide barritik datozenak. Gitxi horreen ondora, duda barik, beste asko etorriko dira laster.

Beharrezko data

Gauza bat behinipein argi euki daigun danok: baserritar bat edo baserri-etxe bat aurrera ataratzea ta diruz betetea, ez da baserria salbatea. Danok gagoz sokan. Balei, eta da, batzuek sokatik urten eta beste maila batean jartea. Baina, baserria hor dago, indar alkartu baten preminan, gazteen preminan, beharrizanean.

Maite daigun geure lurra. Gaurko egunean behar dan lez jokatuten ez badogu, ez dogu maite.

IKAN

(Gazte, herri-gaztediaren aldizkaritik artutako laburpen bat da hau, apur bat eratuta.)


Abereak eta Burdinak

Aizea Zikinduta

Azken egun honeetan notizia izan dira Erandioko gorabeherak, bere inguruko lantegiak botatzen daben kea dala ta eztala. Penagarria da benetan, Erandion eta Euskalerriko leku askotan jazoten* dana: arnasa artzeko behar dogun aizea nahiz edateko behar dogun ura zikinduta egotea.

Eta penagarri zegaitik ote* dan galdetuko bagendu, erantzunak berehalaxe* urtengo leuke edozeinen ahotik: Ume txikiak etxean sartu behar dira gelarik izkutuenean*, keagaz ito ez daitezan edo bronkio ta pulmoietako gaixorik artu ez daien; zuhaitzak*, bedar, lore ta lurretik datorkigun edozer erre egiten da. Atmosfera guztiz itogarri baten bizi da gizona inguru horreetan.

Batzuentzat erantzun hori nahikoa izan arren, gauzea gehitxuago sakondu behar dala uste dogu. Gorabehera honeek aurten barriztu ziranean, "zarratu egingo dira, zarratu bear diran lantegiak" esan eban Bilboko alkateak. Ez dakigu, afirmazino honek Erandioko gogo amorratuak baretu dituan ala ez; baina periodikuetako titularra irakurri genduaneko, behingoan bururatu jakun pensamentu hau: Eta lantegiak zarratuten baditue, nok urtengo dau galtzen? Nora joango dira Erandioko langileak, eguneroko ogia irabaztera? Lantegiak gehiagoko barik zarratutea, ez da soluzinoa. Soluzino bakarra, lantegiak eta bizilekuak bata bestetik neurri nahikoan urrudutean dantza*.

Lantegiak egin aurretik, planifikazino bat behar da; ezin daitekez gauza honeek anarkia baten egin. Antzina, erriak subdesarroilotik urten baino lehen, lantegiak eta bizilekuak alkarren ondoan egoten ziran; baina, erriak subdesarroilotik urtetan daben neurrian, lantegiak eta bizitokiak be bata bestetik apartatzen asi dira. Madrilen, Burgosen eta Espainiako hainbat uritan, industriaren egonlekua planifikatuta dago. Agintariak ba dakie, industria norantz zabalduko dan, eta bizilagunakaz nahasteko arriskurik ez dago.

Euskalerrian barriz, Bizkaian eta Gipuzkoan batez bere, bai planifikazinorik egon ez dalako eta bai batek planifikatuari besteak jaramonik egin ez deutsolako, gauza biok alkarren gainean daukaguz. Eta nahaste honen ondorio kaltegarriak geure osasunaren lepora datoz zuzen. Txarrena, gure ustez, erri subdesarroilatuen mailara bihurtzea da, gure aurrerapenari muga gogor bat jarriaz.

ANTON


Ikasi Zure Izkuntzea

I. Berbak

(Ale honetan izartxu bategaz egertzen diranak)

ADIBIDE, exenplo.

AGIRI, dokumentu.

AMILTEGI, troka, precipicio.

ANTZOKI, teatro (Berba barria).

AUKERATU, elejidu, hautatu.

AZOKA, feria, merkatu.

BAGE, baga, barik.

BEHINEN, printzipalen.

BURDINOLA, burdin fabrika.

DOHAN, doharik, gratis.

EBATZI, resolver.

ERAGINTZA, promozino.

ESNATU, itzartu, itzarri.

EZIBIDE, edukazino.

ILBURUKO, testamentu.

JAIGI, jagi, jaiki.

JAZO, gertatu, pasatu, suceder.

MENDEKO, eskupeko, menpeko.

OLA, fabrika.

SARTALDE, eguzkia sartzen dan aldea, Oeste.

SINESTU, sinistu.

TAKIAN TAKIAN, txitean pitean, a cada rato.

UDALETXE, aiuntamentu etxe.

USO, paloma.

ZOZKETA, zotz egite, sorteo.

Euskera bateratukoak

ABERE, animalia.

AHAIDE, aide, senide.

AHURPEGI, arpegi.

ALEGIA, hau da, es decir.

ANTOLATU, eratu, organizatu.

ARI IZAN, jardun.

BAITA, bait da, da ta.

BAITAGO, bait dago, dago ta.

BERAZ, hori dala ta, horregaitik, por consiguiente.

BEREHALA, behingoan, en seguida.

 BEREZI, aparteko, espezial.

DATZA (etzanda) dago.

ERRAZ, errez.

GISA, legez, lez, a modo de.

HAUZI, pleito, litigio.

HELBURU, asmo, finalidade.

IRAUN, durar.

IZKUTU, ezkutu.

KUTSU, resabio, dejo.

LARUNBAT, zapatu.

MENDE, gizaldi, sekulu.

MINTZATU, berba egin. Mintzatzen naiz: berba egiten dot.

MOTA, mueta, klase.

NABARITU, percibir, sentir.

 NAPARROA, Naparroa.

OHAR, advertencia, aviso.

OTE, ete.

TXARTEL, txantel.

ZUHAITZ, zugatz, arbola.

Beste euskalkietakoak

ATZEMAN, harrapatu.

AUSARTU, atrebidu.

BEREIZI, banandu, separatu.

EGUNKARI, eguneroko periodiku.

ERABAT, zeharo, del todo, completamente.

ESKUALDE, comarca.

GALDETU, itaundu, preguntatu.

GERTATU, jazo, pasatu, suceder.

INKESTA, encuesta.

KAZETA, periodiku.

MINTZAIRA, berbeta, hizkuntza.

OBITA, ileta, funeralak.

II. Idazteko modua

TXARTO:

Ba dakizu zer egin behar dogu: 10.000 arpidedunera eltzea.

Unbe, Bilbaotik urre dago. Han dagoz ikusbide ederrak, aize ona ta pinudi andiak.

Gorabehera honeek barriztu ziranean, Bilbaoko alkateak esan eban: "Zarratu egingo dira, zarratu behar diran lantegiak".

Hara emen.

Lehen joaten baziran Amerika ta Bilbao aldera, gaur bertan gelditzen dira.

Uste dogu obeago izango zala probetxurako ta iraupenerako dana segian izan balitz.

Interesgarria da erri mezak artu daben indarra gure errian azken urte honetan.

Ez dakigu afirmazino horrek baretu ba dituan Erandioko gogo amorratuak edo ez.

ONDO:

Ba dakizu zer egin behar dogun: 10.000 arpidedun eukitera eldu.

Unbe, Bilbaotik urre dago. Han ikusbide ederrak dagoz, aize ona ta pinudi andiak.

Gorabehera honeek barriztu ziranean, "zarratu egingo dira, zarratu behar diran lantegiak" esan eban Bilbaoko alkateak.

Hona hemen.

Lehen Amerika ta Bilbao aldera joaten baziran, gaur bertan gelditzen dira.

Probetxurako ta iraunpenerako obeago izango zala uste dogu, dana segian izan balitz.

Interesgarria da, gure errian azken urte honetan erri mezak artu daben indarra.

Ez dakigu, afirmazino horrek Erandioko gogo amorratuak baretu dituan ala ez (edo: baretu dituanentz).


Ezagutu gure erria (2)

Enkartazinoak

Izen honegaz deitzen jako Bizkaiko Sartaldean* dagoan eskualdeari*, Bizkaiko Enkartazinoak hain zuzen bere. Garai batean, orain galduta daukaguzan lurraldeak bere, Enkartazinoetakoak ziran.

Bilbo Aundi eskualdea* sortu ebenean, Somorrostroko Zazpi Kontzejuak, Barakaldo ta Portugalete kendu jakezan Enkartazinoei. Egia esateko, eskualde* hau sortu baino lehen, erri horreek Bilbo aldeari lotuta egozan, ekonomia, bide ta ar-emonez.

Enkartazinoetako eskualdeak 427,78 km.2 ditu luze-zabaleran, eta 30.600 bizilagun azkenengo zensuak dinoskunez (1965).

Historia labur

Bere historia labur nahiz luze emon, lehenengotik jo behar dogu Avellanedara. Bera dalako Enkartazinoen bihotza. Bertan egiten ziran Batzar Nagusiak, ebazten* auziak*, onartzen legeak.

Gernikara, berandurarte ez diran joan enkartaduak, 1798-rarte. Aurretik, Avellanedak ebazten* zituan arazoak. 1401-ean Korrejidorearen Tenientea jarri zan hantxe bertan.

Enkartazinoetan bere, "Ahaide* Nagusien" jauntxokeriak nabarmen agertu ziran Erdi Aroan. Oñaz eta Ganboarren nahasteetan sartuta egozan Salazar, Marrokin, Belasko-Saltzedo ta beste audiki asko. Urrutia, Oxirando, Ametzaga, Ibarguen, Pando ta Lakabex torreak hor agertzen jakuz oraindino, lehengo burruka ta indarkerien ezaugarri.

Euren Forua euken Enkartazinoak; 1394-an idatzita agertzen da, Bizkaikoa Idoibaltzagan agertu baino 56 urte lehenago.

Bizkaiaren zati berezi* bat zala ikusi geinke eskualde hau: bere Forua, bere Batzarrak, bere auzitegia, nortasun aundikoa erri arazoetan.

Erriak

Oraingo erriak, amar dira. Hona hemen:

1,12 km.2 ta 405 bizilagun. Uria, 1287-an Diego Lopez de Harok sortua. Bilbotik 65 kilometrora. Santanderko probintziak eta Karrantzak inguratuta. Bizkaiko txikiena lurrez. Bizilagunez bere, gutxitzen doa: 1877-an, 693 eukazan; ta orain, ikusi dogu. Baserritik bizi da gehienbat.

Karrantza

136,72 km2 ta 4.266 bizilagun. Bizkaian aundiena lurrez. Bilbotik 53 kilometrora. 16 kontzeju ditu bere auzo-alkate ta guzti: San Esteban, Soskaño, Sierra, Treto, Aldeakueba, Presa, Sangrizes, Kalera, Ahedo, Bernales, Biañez, Lanzas Agudas, Pando, Ranero, Santezilla, Matienzo. Erriburua, Kontxa da.

Bizkaiko erria, ganadurik gehien daukana: 3.949 behi, 2.377 txahal, 81 idi, 61 idisko. Egunero 30.000 litro esne. 393 zaldi, 502 asto, 2.485 ardi, 1.274 txarri.

Ez da egongo beste erri bat, hainbeste lur komunal daukanik. Guztira, 4.167 hektarea dira partikularrenak; eta 9.508, erri lurrak. Honeetatik, 2.400, baso; 3.300, landa; 2.564, kanon bategaz, erritarrak darabilez; 1.344, larra.

Iturriotz

31,02 km.2, ta 779 bizilagun. Gaur Trucios izenagaz ezagutzen dogun erri hau, lehenago Turcios, Iturcios ta Iturrioz izenakaz ezagutzen zan, Truebak dinoskunez. Hain zuzen bere, iturri otz famatu bat dago bertan. Bere auzoak lau dira: Pando, Kueto, Puente ta Iglesia. Baserritik bizi dira. Bilbotik 43 kilometrora. Erri basoetan, Bizkaian, aberatsenetarikoa.

Arzentaliz

36,89 km.2 ta 1.053 bizilagun. Parrokia bi ditu: San Migel eta Traslabiña. Auzoak: Santelizes, Orkasitas, Arko, Rebollar, Santa Cruz eta Toba. Bilbotik 37 kilometro. Hau bere, ganadu erria da.

Balmaseda

22,31 km2 ta 6.418 bizilagun. 1190 urtean sortu ei zan. Enkartazinoetako uriburua. Bilbotik 30 km. Bere auzoak, Pandozales, Peñueko ta Galtzada-Penilla dira. Oso eliza eder bat dauka, San Seberinorena, gotiko erakoa, XIV-XV mendekoa*. Udaletxea* bere, ederra, koluna ugarizko atarteagaz. Entzutetsua da bere Aste Santua bizia. Industri-ekonomiakoa da: mueble, txapel ta burdinolak* ba ditu. Eguasten eta larunbatetan* egiten da azoka*, ta Enkartazino ta Menako baserritar guztiak batzen dira bertan. Hori dala ta, bertan jarri barria da "Extensión Agraria"ko agentzia.

Zalla

31,04 km2 ta 5.501 bizilagun. Bilbotik 24 km. Bere auzoak: Aranguren, Otxaran, Herrera, Zollano, Landada ta San Migel. Torre etxe askoko erria da: Saltzedo, Murga, Marrokin, Mendieta, Arzabe t'abar. Gaur paper oletatik* bizi da, batez be Aranguren auzoa, bertan baitago* "La Papelera Española" izeneko lantegia.

Sopuerta

42,29 km.2 ta 2.723 bizilagun. Bilbotik 30 km. Tokirik ez da agertzen izen honegaz. Sei parrokia ditu, auzotan beste: Boluaga, Olabarrieta, Bezi, Landada (orain Mercadillo de Llantada, erriburua), Karral eta Avellaneda. Zelairik ederrenetarikoa dauka erri honek Boluagan (La Baluga). Ganadu erria, industria pixka batekin. Bere barruti mugan dago Avellaneda, Urreztieta izenagaz euskeratuta dagoana. Izen honegaz dantzari talde bat sortu barria da, Sopuertako auzo guztietarako.

Galdamiz

44,06 km.2 ta 1.536 bizilagun. Bilbotik 27 km. Galdamiz-behekoa (Galdames de Yuyo edo San Pedro de Galdames), Galdamiz-goikoa (Galdames de Suso edo San Esteban de Galdames), Loizaga ta Montellano dira bere parrokia ta auzoak. Ganadu ta mina erria; orain burdin-minak erdi agortuta daukaz, eta jendea gutxitu egin jako. Hemengo Montellano auzokoa zan Antonio Trueba, joan dan mendeko* idazle ona, Enkartazinoak eta Bizkaiak hainbeste zor deutsoena.

Gueñiz

40,88km.2 ta 5.974 bizilagun. Bilbotik 20 km. Bere auzoak: Gueñiz, Goikuria, Sodupe, Lakabex, Olaskoaga (La Quadra) ta Zaramillo. Baserria ta industria agiri da erri honetan; bigarrena batez be Sodupe Olaskoaga ta Zaramillon. Eliza nagusiak, atarte ikusgarri bat dauka.

Gordexola

41,45 km.2 ta 1944 bizilagun. Bilbotik 20 km. Bere 14 auzoak lau taldetan batuta dagoz: Irazagorria, Sandamendi, Zaldu ta Zubiate. Enkartazinoetako erririk atseginetarikoa; baserria da gehienbat, nahiz eta industria txiki batzuek euki. Aundiena, aragitegi famatua da. Bertako semea zan Eduardo Eskartzaga abadea, Enkartazinoetako historigilea ta euskaltzale zintzoa.

Enkartazinoetako amar erri honeen urigintza edo urbanizazinoa egiten diardue orain Diputazinoan; ta bertatik, iru eratako eskualdeak urtengo dau. Lanestosatik Otxaran bitartea, ganadu ekonomiakoa; Galdamiz eta Sopuerta, baserri, etxegintza ta Muskizeko refineriaren industria laguntzaileak; Kadagua ibarraldeko erriak, industri-ekonomiakoak.

Lurraren jabetza bakartiak eta erabarritze urriak batetik, eta planifikatzerik ezak bestetik, baserri eragintzea* ondadu egiten dau. Karrantzako kontzeju batzuetan, "concentración parcelaria" egiten diardue.

Eskualde hau oso bardina da gizakera aldetik, eta sartu-urten gutxikoa. Lehen Ameriketara edo Bilbo aldera joaten baziran, gaur bertan gelditzen dira, eskualde barruan alegia*, nahiz eta norberaren auzotik alboko errietara biziten edo lanean joan.

Enkartazinoetan, antzina galdu zan euskerea. Batez bere Otxarandik Sartalderantz*. toponimia bera be urritzen asten da; beste alderantz, toponimia aldatuta edo ustelduta ez badago dana da euskalduna. Gordexolan bakarrik gorde zan, joan dan mendearen* asierararte, gure izkuntzea; ta hain zuzen bere bera zan bakarrik. Kalahorrako obispadukoa, beste danak Santanderkoak; eta hango elizagintariak izan ziran euskera ondatzailerik zitalenak. Kalahorrakoak obetotxoago jokatu ebelako, segurutik Gordexolan galdu zan azkenengo gure mintzairea*.

Eskualde honetan, gure arazoen zaletasuna geroago ta ugariago nabaritzen* da: dantza taldeak, euskera ikasteak Balmaseda ta Boluagan, gazteen erriaren aldeko kezka ta lanak, et'abar. Askoren gogoa dala konprobatu dogu, bertan Urreztieta edo Avellaneda, historiako etxe batetik kanpo, gaurko Enkartazinoetako arazoei erantzuteko Batzar Etxe bihurtzea, ta batez be eskualdearen euskalduntze barriari indarra emoteko.

J. L. L.