ANAITASUNA

BIZKAIA

173 zenb. 1969, irailak 30

Apartado 17 * GALDAKANO


ANAITASUNA

amabosterokoa

1

Euskalerriko Anaia Txikarrak argitaratua

Durango-n, Intxaurrondo 1

Zuzendaria: ANGEL CELAYETA GUISASOLA

Idazkola ta Banakola: Bengoetxe, 33-b,

GALDAKANO - Tel. 396 ta 397

Banakoa: 4 peseta - Urtekoa 100

XVII urtea-173 zenb. 1969, Irailak 30

D. L.: BI 1.753-1967

Impreso en la IMPRENTA IDEAL - Bengoeche, 70

Galdácano


Abeslariak opio bihurtzen diranean

Euskal folklorea aberatsa, oso aberatsa ei da. «Kantatzen eta dantzan bizi dan Erri bat», esan eban gizon harek, Euskalerriari buruz.

Musika arloan oso aberatsa ei da euskal folklorea. Baina gaixotasun bat eukan: geldituta egoan, lozorroan bezala*. Folklorea, barriz, erriarena da, eta erriak ezin dau gelditu. Erria dinamikua da. Erriak, bere barrenean daroan dinamikeak eraginda, aurrera egin behar dau, ez baita* errealidade estatiku bat, «cromlech» bat bezala.*

Honeek honela diralarik, beharrezkotzat joten zan musika barri bat, gaurko gure arazoak azaltzeko gai* zan musika barri bat. Profeta barri batzuek behar genduzan, gure erriari gaurko egoerearen barri emoteko, eta profetismu horren bidez jendea esnatzeko*.

Hori zala ta, abeslari barriak sortzen joan ziran Euskalerri guztian zehar; eta perretxikoak bezala* joan dira ugaritzen profetok, gaurko erriaren gaurko arazoak agertu nahian. Baina hona hemen koskea: honetariko profeta batzuek esnatu egin beharrean, lo jarriko eben jendea. Eldu gara une batera eta edonor dago prest kitarrea besapean artu eta kantatzeko. Uste dot, taberna baten kuadrila artean kantuan ari* izateko, ez dala beharrezkoa musikearen sekretu guztiak zehatz-mehatz ezagutzea, ezta abesti sozialaren bideak urratuta eukitea. Baina jende pilo baten aurrean abestuteko, uste dot, beste gauza batzuen artean euki behar dala, dudarik barik, lotsa apur bat eta gero zer kantatu eta zelan kantatu jakin; bestela, uste dot, hori batetik entzuleei adarra jotea dala eta bestetik musikeari errespetua galtzea.

Kantuak ekintzarako indarrik ez badauka, ekintzara bultzatzen ez badau —lehenengo abeslaria bera (oso erraza da esatea: «Ni erriaren abeslaria naiz eta erriaren arazoak abestuten ditut» eta gero tximeletak arrapatzera dedikatzea) eta gero entzulea— kantu horrek ez dau ezetarako balio. Abeslari asko ezagutzen doguz, inor esnatzeko* ez bultzatzeko gai* ez diranak. Eta baten batek esaten badeust exitua daukela, orduan erantzungo deutsat, beste erdal abeslari askogaitik be (nahiz eta izugarrizko exitua euki) ez dabela piper pote baten baliorik esaten dogula. Nire ustean, abeslari asko ta askoren eginkizuna joan da.

Nik erregu bat egingo neuskioe abeslariei: plazara urten baino lehen pentsatzeko ea ba ote dauken ezer inori esateko, ea aurrera egiteko ahalmenik ba ote dauken, ea aurreratzeko biderik ikusten ote daben profetismuan.

Joxe Antonio Aranburu


Erriz erri

Abrako Bigarren Sariketea

Euskal Abestiaren Laugarren Sariketea debekatuta*, Abrako hau geratu da euskal abestien sariketen artean naguziena legez. Aurtengoa Santurtzeko CONSA zinen salan egin da, irailaren* 14-an. Jendeak ez dau behar zan moduan erantzun, saloia nahiz eta andia izan, betetu ez zalako. Eta kontuan artu daigun, joan dan urtekoa, Las Arenas (Ondarretan) egina, jendez gainezka egon zala.

Ezenarioa, ederto: apainkeri gehiegi barik, dotore ipinita. Franzisko Javier Garcia-ren agerketak, beti legez, ederto, tarteka euskeraz eginak. Abes arien presentazinoak, eurak eginak, jendea agurtuteko, guztiak euskeraz. Entzuleak, % 95 gaztedia. Non dago sartuta beste jendea, nagusiagoa?

Sariketan parte artzeko, sei abeslari bakar eta bikoteak agertu ziran. Seirak izan ziran onak (hau ez dago ukatzerik); eta euren saioa amaituta gero (bakoitzak abesti bi abestu ebazan), entzuleak euren botoak emon ebezan, gero notario baten aurrean kontatuak izan ziranak. Guk ez dogu hemen orain sei horreen kritika bat egingo; baina bai esango, bilbotar Natxo de Feliperi emondako lehenengo saria ondo emonda egoala. Holan, barriro ikusten dogu, jendearen botoa juradu askorena baino zuzenagoa dala. Natxo izugarrizko momentu on batean dago; Bilbon meriku ikasten diardu. Gustu andiarekin abestuten dau, Euskalerriko gaurko problematikeari eutsirik.

Zorionak Abrako II Sariketearen Antolatzaileei*. Gauza triste bat bakarrik egon zan: bete ez ziran jarleku utsak. Baina hori ez zan antolatzaileen* errua izan (zabalkunde aundia egin eben), jendearena baino.

Xabier Gereño

Ondarroa

Ehun ta amar umekin asiko dabe gure ikastolak aurtengo ikastaroa. Pozgarri benetan; baina hori baizen pozgarri litzake, gurasoak umeen eziketan eta ikastolen behartasunean ardura aundiago bat eukitea.

Andra Mari jaiak igaro dira. Jai honeek beti izan dira gure erriaren alaitasun ta gatzaren ezaugarri, bere abesti ta zaparrada ugariekin. Baina, aurten jai giro hori otzituta egon da. Zelan leiteke hori, ba? Nik uste dot, etxe batean maite bat il danean edo txarto dagonean, jairako gogorik izaten ez dan lez, halantxe gure errian be gaixo zabal bat dagoala eta ezin, ba, jaitera joan.

Ondarroatik urten dabe itxasontziak Kanariasko itxasoetara, hemengo arraintzak baino ugaritxoagoak izateko ustez; asmoa bat, eta egia beste bat. Zoritxarrez, oraingoz beintzat, ez da andia gure barkotxoak porturatzen daben arrainaren zenbakia.

Imanol

Otxandio

Bigarren Txapel Txapelketa Mundiala

Otxandion, 1969-eko abustuaren 31-an. Ordua, eguerdiko amabiak. Jende asko. Telebistako gizonak. Bilbo, Gazteiz eta Madrileko egunkarietako* barriartzaileak.

Epai Maihan: Lasuen jauna. "Gerediagako" lehendakaria; Basaguren Luisa, anderea, Otxandioko Gerediagatar bazkidea; Elosegi jauna, tolosar txapelgilea. Llabori jauna, jai honen igazko asmatzailea.

Txapelketara azaldu ziranak, asko. Euren artean Ejo, afrikar baltza, ta Taniguchi, japondar neskatilea.

Txapelari buruzko olerki txapelketa

Azaldutako olerkiak, amaika. Lehenengo saria: "Arrantzaleak", Roberto Lertxundi bilbotar gaztearena. Bigarren saria: "Txapelari", erritar batena. Aipamena*: "Euskal Txapela", Jesus Aldai erritar gaztearena. Kultura aldetik Olerti Sariketa hauxe izan zan, gure ustez, dalako "txapel" horrek ekarritako fruturik onena.

Bitarteetan, Antzorena anaiak, txistua jo eben eta eurak egindako "Otxandio" izeneko biribilketa barria jo eben. "Txomin eta Garbiñe" bikoteak euren kantak abestu ebezan. Eta "Amairu J-k" (amairu mutil gazte) euren kanta barriak kantatu ebezan. Bat, Ilargiari egina. Bikotea ta talde hau erritarrak dira.

Bittor

Galdakano

Irail honetan asi dira umeak ikastoletara joaten; erdal ikastoletara esan nahi dogu. Penagarria, benetan, gure umeak ez euskal izkuntza ez jakintza ikasi-ezina.

Urrilaren 5-an, Galdakanon EUSKAL JAIA izango dogu, gaztediak eraturik. Jai honen programea, gutxi gora behera, hauxe izango da: 8-etan, txistulari, soinulari ta panderu jotzaileen kalejirak; 9-etan, parrokian euskerazko erri-mezea. 11-etan, Regio Zineman euskal abeslariak izango dira, abeslaririk onenak tarteko dirala. Arratzaldeko lauretan, umeentzat jaialdia; eta sasoi honetatik iluntzirarte inon daneko talde edo kuadrilen tanborrada ta kalejirak. 8-etan, Karrozen erakusketa.

Euskal Jaiaren erakuntzan giro on bat ikusi da Galdakanon, ta gaztedia alkartasun bidean. Baita entzun be egin dogu, Gabon ingururako teatro talde bat ekarriko dala.

José Luis Eguireun

Gernika

"Anaitasunaren" asibarritzeagaz, asko poztu gara Gernikako euskaldunak; uste dot danok saiatuko garala gure amabosteroko hau geroago ta gehiago zabaltzen Gernikan bertan eta inguruetan.

Erriko jaiak

Betiko lez, aurtengo jaiak ez dira izan Gernikako jaiak. Zegaitik? Erriagaz ez dalako kontatzen Jaien egitarau edo programea erdera utsean: boxealariak, piraguismo etabar. Hori bai, "El Alcoyano" eta aizkolariak gure erriko ordezkari edo errepresentante egokienak aurten be izan doguz.

Diruaren banaketa

Edozein erakunde baten jokabidea ezagutzeko, dirua zelan erabilten dan jakitea ez da izaten ezaugarri okerrena. Hona hemen gure Udaletxearen arazo aundienak: Uraren zabaltzea, 13 miloi. Ikastola, 25 miloi. Saneamentu arloa, 10. Igeri* tokiak, 6. Presupuesto horretan euskera ta euskal kulturarentzako ez dago ezer. Noiz ipiniko ote* deuskue miloi bat ez bada be, miloi erdi bat?

Lur Gorri

Bilbo

Amaitu dira aurtengo jai nagusiak.

Gaztediak kritikatu egiten dauz Bilboko jai nagusi honeek. Ez dira alaiak, errikoiak, Urte guztian lanean ibilita gero, jai alai ta zaratasuak nahi ditue gazteak, Iruña edo Gazteizen egiten diranen antzekoak.

Hainbesterainoko ez bada be, ondo egongo litzakez ikutu batzuek.

Jaiak, ume ta gazteentzako dira batez bere; ta programazinoa egiteko orduan, kontuan artu behar litzakez gazteen eritxiak. Horretarako, enkuesta bat egitea ez litzake gauza gatxa izango.

Eta beste askok Euskal Egun bat gura izango geunke (edo Euskal Aste oso bat obe, Donostian egiten dan antzera). Egun nahiz Aste horretan, bertsolariak sartu leitekez, euskal antzerkia, euskal lore jokoak, dantzari ta txistulari konzentrazino aundi bat, etab. Ba dagoz horretarako hemen lehenengo mailako elkarteak*, ondo baino obeto egingo leukeenak.

Oraingo jaiak (zezenak, opera, barrakak eta su artifizialak) ez dira ez gatz ez piper. Beti bardin. Jai honeen antolatzaileak* imajinazino txikikoak dira, itxurea.

Ikusi daigun ea datorren urtean obeak, zabalagoak eta ugariagoak diran. Gazteak kontuan artuta, eta euskerearentzat leku bat ahaztu barik.

Xabier Gereño

Ingeneruen eskolatik

Ikasleak, iru milatik gora gara. Aulak, pasiloak, autsa, bedelak; baita tabernea bere, "Aula Magna", irakasleak, ta, azkenez, alumnoak: horixe da eskolea. Sartuten zara eskola honetara ta urtebetegarrenean aspertuta zagoz, amaitzeko gogoak eginda. Insatisfazino giroa, desengainoa, asper aldia... Izan be, hango asignaturen martxea, explikazino ta ikasketak munduko gauzarik gogaikarrienak dira.

Gizonen patxadeari begiratuta, barriz, oba da ixildu. Ikasle talde batzuek eurak euretara alkarte batzuek egiten dabez, eurak euren buruei janari aberatsagoa emoteko: kultura ekintzak, konferentziak, euskera ikasketak... Euskaldun ikasle asko dagoz, baita erbestetik etorriak bere (andaluzitarrak, gaztelerrikoak, etabar).

Gure artean mila ta mila problemak gorputz artzen dabe. Hala ta bere, ixilean, inor konturatu barik, bizitzearen joan etorri astunean galtzen dira. Esaterako, inkomunikazinoaren problemea.

Urteetan ta urteetan alkarrekin bizi izan arren, oso gutxi ezagutzen dogu alkar. Zegaitik? Ezer egin ahal da?

"Ibiltaria, ez dago biderik ibiliaz egindakoa izan ezik", esan eban Machado poeta jaunak.

A. Borja

NATXO de FELIPE ABAITUA, euskal abeslari barria. Mutil gazte bat da, meriku ikasketak egiten diardu Bilbon, eta Bidebarrieta kalean 14-gn. numeroan bizi da. Buru bide osoko abeslaria.

Urduliz

Inun daneko denborarik gaiztoenak kontra eginik, ospatu izan da il honen 14-an Euskal Abesti Jai bat, bertoko frontoi zaharrean. Abeslariak, "Oinarriak", Jose Maria Odriozola, Leire Saitua, Jose Angel Goienaga (azken iru honeek umeak dirala), "Itxaropen", "Urretxindorrak", Argoitia Neba-arrebak, Juan Carlos Garitano, eta "Bozkari". Dantzariak, Getxoko "Itxasargiak" eta Urdulizko "Txori Alai".

Gure ustez, aipamen berezi bat merezi dau Bilboko Jose Angel Goienagak, 13 urtekoak. Ba daukagu gure artean Jean Jaques bat. Bilbon, Uhagon kalean 3-garrenean, 5-an bizi da.

Ondarroako Argoitia neba-arrebak "Guria da ta" abesti barri bat estreinatu eben; oso txalotua izan zan.

Txikito

Kanbo

("Eskualtzaleen Biltzarra") 400 bat lagun alkartu izan dira oraindik oraintsu Kanbon. Egun ederra ta baliosoa izan zan. Ongi etorria eginaz, Labeguerie jaunak berba egin eban. Beste gauza batzuen artean esan eutsen batzarrekoei, "Eskualtzaleen Biltzarra" euskerearen alde diarduen alkarte guztien laguntzaile izan behar dauala. Gero, Narbatis mintzatu* zan erriaren arimaz. Ta arima hori salbatzeko modu bakarra euskerea salbatzea dala. Malharin andereñoak eskoletan euskerea ze moduz dabilen esan eban, eta Haritchelar-ek irugarren eta bigarren mailako eskoletan ze moduz doan. Seguin andereñoak ostera umeen dotrinatzeari buruz jardun eban.

Batzar hau meza batekin amaitu zan. Mezaemoile ta sermolari Larre abade jauna izan zan.

Lekeitio

Kirol etxea

Bilboko egunkariak*, gure frontoia dala ta ez dala, tinta asko gastatu dabe. Bai, benetan pelota leku ederra daukagu. Pelotatik kanpo, beste joko batzuek erabiliko dira, eta jaialdiak-eta antolatzeko gertu dago. Eregitzaileak* kontu aundia euki dabe, erriko dan Kirol etxea erriarentzat izan daiten; horregaitik, erbesteko inogaz konpromisorik ez eta erritarrak ardura guztia artzea nahi izan dabe.

Gaztedi klub

Gure gazteak kezkatsu dabiltzala ezin ukatu. Hemen ari dira urduri elkarte hau osotzen daben neska mutilak. Ideia barriak eta beste aide bat sortu da eurekin errian. Esaterako, jaiak, sariketak, kanta taldeak, etabar. Eurak antolatu euskuen Euskal Abestien egun zoragarri bat bere. Pelota lekua gainezka, giro izugarria.

Ikastolak

Hainbeste urtean Lekeitioko umeen eziketagaitik* burruka gogorra daroen andereñoak, gurasoen laguntasun eske derrigorrez etorri beharra euki dabe. Orain arte, zelan edo halan konpondu badira, gaur egun ehun eta ogetamar umek dakarrezan problemak astunegiak dira euren lepo gainerako. Andereñoak auxe eskatzen datoz: umetxoen gurasoak batzorde bat jarri daiela, diru arazoak eroateko, etabar. Lehenago egin beharrezko gauzak izan dira; baina betor zorionean lekeitiar gurasoen laguntzea andereño ta umeentzat.

Zorion

Billaro-Areatza

Euskaldun talde barri bat sortu da, kitarra, bateria ta guzti. Taldearen izena: "Elkartuak". Mutilen izenak honeek dira: Patxo Iturrate, Jose Antonio Atxa, Enrike Etxebarria ta Xabier Arbe. Gertu dagoz kontzertu ta berbenetan jo ta abestuteko. Zuzenbidea: Xabier Arbe. La Piedad, 16-3.º VILLARO.

Itxasondo

Joan dan abuztuko jaietan, Bertsolari Barrien Txapelketa egin zan Gipuzkoako erritxo honetan. Saio luze baten ondoren —uste izan zan baino gehiago egon baitziran*— txapeldun, Mendaroko Joan Loiola atera* zan. Ondoren honexek: Xabier Zeberio, Itxasondotarra, Joan Maria Etxaluze, Zeraindarra, José Ramón Ormazabal, Jesús Azurmendi, José María Iraola etabar.

Txalogarriak, egiaz, amarrak; eta txalogarriak, honako saioa antolatu daben erritarrak.

Basauri

Urrilaren 19-an, eta Aiuntamentuak babesturik, egingo da Euskal Jaia bat; eguerdiko 12-etan izango da Euskal Abesti Saioa bat. Abesti saio hau egiterakoan, antolatzaileak gauza bi izan nahi dabez kontuan: bat, abesti saioari beste ritmo bat ezarri. Beti ta toki guztietan bardinak izan ez daitezan; bi, erbesteetatik etorritako jendeari begira gauzak egin, gure kultura erakusketa honeek, ahal dala, eurak be ulertuteko eran eginaz.

Plentzia

Plentziako urian igazko urtean ikastola bat egon zan. Baina ez ei zan ondo ibili, itxura danez, jendearen epeltasunagaitik. Plentziako errian ez dau inok artzen "Anaitasuna", baina Jainkoak egun argiago bat bidalduko deusku!


Euskaltzaindiaren Oharra

Azken orduan artu dogu Euskaltzaindiaren ohar bat, esanez, AZKUE-ren Iztegiaren jabe Euskaltzaindia bera dala, ta inok ezin argitaratu leikeala bere baimen gabe.


Etorriko dan Konkordatu barri bateri begira

Pasatu dan uda honetan agertu da «Iglesia Viva» aldizkariaren numero bat Konkordatuari buruz egina. «Iglesia Viva» aldizkari barri-samarra da oraindik. 22 numero atara dabez bakarrik. Bere zuzendaritza gizon ospetsu honeexek osotzen dabe: Fernando Sebastián, José Angel Ubieta, José Maria Setien, Rafael Belda ta Gregorio del Olmo-k. Ikusten danez guztiok dira oso jende langile ta prestuak.

Dinogun lez, ba, numero oso bat dedikatu izan dabe hain garrantzi aundia daukon gai honeri: «Espainiako Estaduaren eta Erromatar Eleizearen arteko Konkordatua». Izan bere, 1953-an egindako Konkordatua laster asko erabarritua izango da; hala uste da, handik eta hemendik batzen diran albistei kasu egin ezkero. Askoren ustez, ba dago horretarako nahiko arrazoi. Izan be, Konkordatua egin zaneko bizi moldea ta gaurkoa ez dira bardinak, ez eta orduko ideia teologikoak eta gaurkoak be. Espainiako erritarren artean, non nahi, somatzen da holako desio bat, Konkordatua erabarritua izan daiten. «Tratu» horretan interesa daukeen alderdi biak, gauzak patxadaz eta erarik onenean egin beharko dabez, jakina; baina ez litzake ondo egongo, erritarren opininoari kasurik ez egitea; izan be, Konkordatu horrek ezer sentidurik badauka, erritarrei on ta laguntza emotea baino ez da.

Jende xehearen artean somatzen dogu, bai, holako «gauzak ez dagoz honan ondo» esate bat legez. Eta frase honetantxe laburtu leiteke pentsakera ta barriztatze nahi hori: «Eleiza libre bat soziedade demokratiar batean». Desio honek, gure ustez, barren mamin aberats bat daroa.

Eliztarren artean sarri askotan uste izan da, Estadurik onena dala «Elizaren deretxoak» gehien defenditzen dauana. Gehienetan horretariko Estadu moduak Elizaren deretxoak defenditzen dauz, ikusirik, elizaren babes morala artzen dauala, bere edozelako jokabideak jendeak ontzat emon daizan. Eta elizaren babes moral horrek bai erritarren ta bai atzerritarren aurrean indar aundi bat emoten deutso.

Gaur egun, mentalidade hori erabat ukatu egiten da. Jendeak eskatzen dau Eliza modu bat, erriaren onerako lan egin daiana. Gizon osoaren ta gizon guztien duintasuna gogotik defendidu daiala, eta ez daitela pribilejio bila ibili.

Elizak libertade osoz jokatzea nahi bada, lehenengo ta behin bere Jerarkia edo Buruak bere eliztarrak aukeratutakoak izatea nahi ta nahiezkoa da. Izan be, Estadu batek horretan esku sartzen badau, seguru asko izango da, eliza bere gogoz kontrolatzeko. Elizak libertade osoz ekin behar deutsola bere zereginari dinogunean, ez dogu esan gura elizkizunak egiteko libertadea, edo bere ikastetxeak eregiteko* bakarrik, ezpabe ze Jainkoaren Itza bape traba barik esateko eta juztiziaren nahiz egiaren, edo maitasunaren edo libertadearen kontra personei nahiz erakundei* zerbait kaltegarri jakenean, argi ta garbi salatzeko.

Ta gaur egun Konkordatu bat egiterakoan, beharbada, punturik zaileena* izango da, «ea erlejiosoa eta erlejioso ez diran gauzak non ta zelan diferentziatzen diran» (Setienek). Era berean, gauzak asko erraztuten dira, bai Estaduak ta bai Elizak euren jokabidea personaren duintasuna elburutzat artzen dabenean.

Konkordatua barriztatzerakoan, ideia honexek joan behar ei leukee aurretik eta oinarri legez, dinoe «Iglesia Vivako» artikulu-egileak.

Bost artikulo dira, Jose Maria Setien, Fernando Sebastian, Antonio Arza, Jose Puente, eta Gregorio de Yurre-k, eginak. Gai honetaz zerbait gauza onik jakiteko, aldizkari honen 22-garren numero hori merezi dau. Eskatzekotan Desclée de Brouwer, Henao 6. Bilbao.

A. Zelayeta


Soziologia ta kulturea

Kulturea ta giza-klaseak

Kulturea, munduari buruz daukagun uste bat lez ulertzen badogu, ez bai barik esan behar dogu, Euskal Errian kultura bat barik asko dirala, era askotara entenditzen baitira* gure artean mundua, gizona, egia, ontasuna eta justizia. Uste mota* guzti honeek —elertian, politikan, etabar agertzen diranak— giza-klase diferenteei dagokiezanak dira. Golfman filosofo famatuak dinoanez, Antzina Aroaren azkenetik eta gaur egunerarte, giza klaseetan oinarritzen dira munduaz ditugun uste diferenteak. (Ikusi, «Ciencias Humanas y Filosofía», 98-garren o.)

Honek esan nahi dau, filosofia edo literatura-era baten barne-estrukturea bilatzen asten gareanean, han barrenean, ez dogula inoiz be topatuko ez eleiza bat, ez nazino bat, giza-klase bat eta beronek gizartearekin dituan artu-emonak baino. Erabat, honek guzti honek esan nahi deusku, munduazko ustearen egilea ez dala gizon bakoitza bera, giza klasea baino. Honetara, ba, jakituria giza-klase baten kontzientzia da, izan daiteken kontzientzia bat esango deusku Golman-ek. Munduazko uste berezi hori, ostera, zatikakoa, biribildubakoa, eta bere kautakoa da giza-klase bakoitzeko individuo bakoitzaren baitan*, harik eta gizon prestu batek argitu, eratu ta biribildu arte.

Teilagorri


Eleiza gaurko munduan

Elizearen kezkak

Aspalditik ikusten gagoz burruka edo eztabaida bat elizan: alde batetik, aurretik dabiltzazanak, elizea barriztu nahirik, elizea gaurkotu eta ahurpegi* gazte ta irribarretan jarri nahirik, Elizea benetan erriratu nahirik dabiltzazanak. Ta bestetik, aldakuntza honen bildur diranak, Jainkoa edo elizea ezereztu edo zikindu egingo dalakotan.

Asko idatzi ta itz egin da honetzaz. Gehien baten danak arrazoidun —idazten jarten danak beti dau zer edo zer esateko edo bere ustez egia dana zaintzeko gogoa— baina beharbada sarri askotan norberaren arrazoi bakarraz edo egia erdiagaz itzututa. Nondik datoz, bestela, zintzo jokatzen dabiltzanen aurkako kritika hain zorrotz eta mingarriak? Jokabide ezbardina edo eritxi diferente bat daukelako bakarrik.

Sakonetik eta prejuizio barik begira jarri ezkero, nire ustez, elizeari buruz eritxi oker bat dagoalako. Jainkoa betikoa da, ta aldatuezina. Dogma batzuek be bardin (uste izaten dan baino gutxiago). Baina gure Jainkoa, Jainko bizia da eta bizien Jainkoa. Elizea, barriz, gizonak osotzen dogu, gizonentzat sortua da, asieratik Gizonak Jainkoagana eroateko. Hau jakinik, gizonak elizeari estruktura bat jarri deutso; bere eginbeharra zintzo bete ahal izateko lege ta ohitura batzuk jarri.

Baina danok dakigunez, gizonak —elizea osotzen daben gizon eta erriak— aldatu egiten dira; aurrera doaz euren jokabide, pentsakera, problema ta bizikera guztian. Elizeak, orduan, gaurko gizon ta erriakaz sintonia bat euki nahi badau, bere estruktura hori jantzi zahar hori aldatu egin beharko eta erriak bizi daben problematika guztiari erantzuten ahalegindu beharko dau. Estruktura ta giro hori sortu zanean, ondo egoan; baina hor geratu dira, errien martxea jarraitu baga. Elizea Jainkoarena da; baina erriarentzat bada, erriagaz bizi beharko, erritarra izan beharko dau. Bestela, ganbaran autsez beterik dagoan tresna zahar baten antzera baztertua izango da, gaur egun eseterako ez dauala balio ta. Egia, tresna zaharrak balio aundia dabe. Barriak baino gehiago sarri askotan, baina horretarako, ganbaratik atera*, autsa kendu ta txukun ipini behar gela eder baten, ganbaran egonda bapez aina dira ta.

Hauxe ez da besterik, Vaticanoko II-garrenak sortu euskun mobimentua: elizea barriztu ta gaurkotu. Dotrinea hor dago jarria. Orain, printzipio horreek bizitzara eroan beharko dira jazoera ta momentu bakoitzera jaitsi behar.

Era honetako hainbat jokabide oso azkar ta txalogarri izan izan doguz mundu guztian zear; exemplo benetan ederrak izan ditugu era askotariko kristinau batzuen bidez.

Gorabehera ta oztopo aundiak izan arren be, ba doa elizea aurrera, apurka apurka bere ahurpegia* garbitzen. Bizkorregi? Lar astiro? Dana dala, bultzatu daigun geure aldetik indar hori, sortua da ta.

LUIS-ek


Eleiza gaurko munduan

Gaztedia ta Elizea. Gazteen Arantzazurako gau-ibilaldia dala ta

Euskaldun gazteak eliz zentzu sakon bat dauke gaur egunean. Hori dala ta, Ondarroako 53 gaztek karta bat bidaldu eutseen Arantzazurako gau-ibilaldiaren zuzendariei. Gauza egokia izango dala uste izan dot, karta horren laburpena hemen argitaratzea.

Gazte horreek aurten Arantzazura ez joatea erabagi dabe. Zegaitik? Hona hemen arrazoiak:

Ibilaldi horretara joanda, Eliza triunfalista bat sostenitzen dogu, Elizearen indar ta pribilejioak agertuz.

Beste erlejinoak propagandarik egiteko ahalmenik ez dauken artean, Elizeak ezin leike jokatu, Vaticanoko Bigarrenak Erlejino Askatasunaren dokumentua argitaratu ez baleu bezala*.

Arantzazuko bilereak* elburutzat* euki behar dau, «gure kristinau gizarteak bizi dituan problemak erabili, argitu ta zuzentzea», eta ez «lehenagoko ohiturei jarraitzea».

Gauzak salatu nahi doguz. Elizeak holako azalezko askatasunak baino beste askatasun serioago bat lortu behar leuke; eta Jerarkiak, holako agerpenetan denbora larregi emoten ibili barik, beste gauza sakonago batzuek haintzat artu behar leukez.

Eta antzerako puntu garrantzitsu* batzuek ikututen dabez Ondarroako gazteak arazo honeri buruz. Amaieran Jerarkiari eskari batzuek egiten deutsoez, esanaz, txiroago* ta erritarrago eginda ikusi nahi dabela, gizonen salbabide benetakoa izan daiten.

Imanol


Jakin eta Ekin

Patxi Uribarren, Euskal Olerkaria

«Anaitasuna» aldizkariaren aldi barri honetan zer edo zer idatzi gura dot, eta ez dakit nondik asi. Bildur naiz.

Idazten asten gareanean, zer edo zer esateko edo zerbait jakin eragiteko idatzi behar dogula uste dot. Bestela, oba isilik egotea. Sarri askotan pentsatu dodana azalduko deutsuet. Ohituta gagoz erderazko aldizkarietan kirol-gizonakaz egindako alkarrizketak irakurten edo obeto esateko ikusten —askok ez doguz irakurten—, eta guk zegaitik ez bestera jo? Hau da, zegaitik ez egin alkarrizketa horreek Euskal Kulturaren arloa jorratzen dabiltzan gizonakaz? Ba leiteke irakurleen gustokoa ez izatea. Baina ume txikiei be ez jakie emoten urak gura dabena, on egingo deutseena baino. Barkatu* oker banabil, baina nik holan jokatu behar dogula uste dot. Hori dala ta, nire uste hau betetzeko, Patxi Uribarren, fraile kalmeldar gazteagaz alkarrizketa bat egingo dogu.

— Patxi, non jaioa zara?

Arabarra naiz. Aramaionatarra. Bertako «Etxan» deritxon auzotxoan orain ogeta sei urte terdi dirala jaiosa.

— Fraile ikasten ibili zinaneen, euskera asko egiten zenduen?

Bai ta ez. Gehiago be egin geinkeen. Askok bertan behera itxi eben euskeraz egitea. Ikastaroan ez dogu behar dan beste erraztasun euki.

Ni lehenengo urteetan kili-kolo ibili nintzan, erdera be ikasi behar, eta atzerakada aundia egin eban nere euskereak. Halan be, euskaldun asko gengozan, eta beti egoan nogaz berba egin. Idazten eta irakurten be, urte horreetan ikasi neban. Irugarren urtetik honantz senitartekoei egindako eskutitz gehienak euskeraz idatzi dodaz. Horrek erraztasun aundia emon deust. Behin, Larran, zaletasuna artzen asi nintzan. Markinan aurrerakada aundia egin neban. Astean iru ikastaldi eukiten genduzan. Gazteizen iraun bakarrik. Eta behin hemen Gegoñan, ateak zabal zabalik bide horretatik egiteko. Akesoloren gerizpean eta bertako euskaldunen artean asko ikasi dot. Eskerrak danei.

— Noiztik asi zinan euskeraz idazten?

Asi gazte gaztetatik. Nire lehenengo lana Gotzon Jauregui, nire osabari, egindako bertso batzuek izan dira. Gero aldi baten, Gazteizen, ezer egin barik. Azkenez, hemen ekin geuntzan gazteon artean, «Gogoz» aldizkaria argitaratzen. Bertan hainbat idatzi dot. Uste dan baino zerikusi aundiagoa euki dau aldizkaritxo horrek nire idazle arloan. Bertan erendako ahaleginen aleak batzen ari naiz*.

— Zure erri horretan euskera asko egiten da?

Auzoetan oraindino asko. Kalean ia bapez. Atzenengo urte honeetan atzerakada aundia egin dau bertan euskereak. Errudun? Guraso buru arin asko eta batez bere andrazkoak.

— Aramaionak auzune asko ditu. Zeintzuetan egiten da euskera gehiago?

Esan dodan legez, kale ta kale inguruetan gutxi. Geroago ta ume gehiago auzoan, euskera gutxiago. Geroago ta ume gutxiago, euskera gehiago. Ze auzotan? Ez dot izenik emon gura.

— Arabako lurralde horreetan euskeraren etorkizuna zelan ikusten dozu?

Oso ilun. Erantzun gogor bat emoten ez bajako, galdu egingo da. Lehen be, egin neban dei sakon bat gure aldizkari «Gogozen». Dei hori «Zeruko Argia» an egertu zan. Baina, antza, inok ez dau sinestu. Eta behin galdu ezkero, nekez biztu leiteke.

— Zer egingo zeunke euskerea indartzeko?

Zer egin? Andrazko gehienei gonetatik sua emon. Eurak galdu dabe bertako euskerea. Gero, gazteen artean zaletasuna sortu. Horretarako euskal jaiak eta honelakoak gertatu. Baina nekez egin leiteke hori, gure arteko abeslari, bertsolari ta honetarikoak diru bila dabiltzan artean.

— Ikastolarik jarriko zeunke?

Bai pozik bere, lehenbaitlehen jarri, gainera. Baina uste dot, oraindino arloa ondo landu barik dagoala. Ikastolak aurrera ateratzeko, errian zaletasun bat behar da, eta ez dot holangorik Aramayonan ikusi. Ba dagoz bai, jator asko, baina ez behar diran beste. Ikusiko dogu ea ezer lortzen dogun.

— Ikastolen arazoa zelan ikusten dozu?

Ondo baino obeto. Atera daiguzan aurrera. Etxea oinarrietatik asi behar da. Euskerea biztuten ez badogu, alperrik gabiltza lanean. Ez dogu egundo Euskalerria jasoko. Eta jasota be, beste zerbait izango da, ez Euskalerria.

— Euskereari buruz ze asmoak dozuz?

Nire asmoak? Arlo larregui dagoz jorratzeko. Lehenengo, Filologia ikasi. Bitartean euskeraz irakasten jarraitu. Hona ta horra idatzi. Ahal dala egin. Alfabetazino arloan bere, asko dago egiteko. Oraindino ez naiz aldizkarietan idazten asi. Zer dala ta? Bertako eritxi batzuekaz ez nagolako bat batean. Jarraitu zuek zuen bidetik, nik neretik egingo dot.

— Orain goazen beste arlo batera. Zuk euskeraz asko idatzi dozu, baita sari batzuek irabazi bere. Esaizu: sari horreek non eta noiz irabazi dozuz?

Sari bi Larran eskuratu nebazan, igazko udabarrian izan ziran Bizkaiko Lore-jaietan. Bategaz, lehenengo saria artu neban. Izena: «Kukuak udabarrian» eta gaia «Larrako Konbentuak isuri dauan zeru arnasa».

Beste sari bat, aurtengo udabarrian eskuratu dot. Oraingoa, olerki arloan. Iruñako udabarriko lehenengo Lore-jaietako «Estchaun» lorea. Izena: «Zorion bila» eta gaia «Maitasuna». Neuk be ez dakit zelan egin neban olerki hori. Nire ustez, ez naiz olerkaria.

— Gaurko olerkia zelangoa izan behar leuke?

Ez da hain erraza horreri erantzutea. Zenbat buru beste hainbeste eritxi. Nire ustez, erriaren kezkei erantzun bat emoteko dira olerkiak. Sakonak, ba, eta gaurkoak. Ahal bada, ondo neurtuak. Urteokaz olerti asko argitaratu dira gure artean be, ez neurri ez honelango barik. Nahizta sakonak izan olerki horreek eta egileak olerkari onak, uste dot ez dala euskaldunon bidea, hortik zear ekitea. Beste izkuntzetako olerkariak hori egitea ontzat artu dabela, eta guri zer? Ez dauka zerikusirik. Euskaldunok erri bertsolari bat gara, eta negargarria litzake hori galtzea. Olerkiak erriarentzat eta erri erara egina izan behar dau, eta gaurkoz gure erriak olerti neurtua maite dau.

Euskal poeta gazteen lanak zelan ikusten dozuz?

Oso ondo. Poeta horrek sakonak dira. Bide ona artu dabe. Baina arrotu barik, mutilak! Lehenagokoak be onak doguz eta! Erru edo akats bat aurkitzen dot eurakan, bizitzearen alderdi bat bakarrik jorratzea, bizitzearen alderdi iluna. Hori ondo dago. Gaurko gazteentzat atsegingarri. Olerki horreek ondo salduko dira, eta zer? Aurrera begiratu behar dogula uste dot. Bestela, gazte horreek, motelduta eta lur jota galdituko jakuz. Bizitzearen alderdi onak be, argi jarri behar doguz. Ez da nahikoa zer txarto dagoan esatea. Bideak irigi behar deutseguz gazteei. Etxe zaharra botatekotan, barria egiten asi behar da, bape barik ez geratzekotan.

— Eskerrikasko, Patxi. Eta gogor jarraitu bide horretatik, zu lako askoren priminan gagoz eta.

Joseba Arrieta


Jakin eta Ekin

El Corte Ingles, Marx eta neskak

Ez dakit Bilbo aldean inor gelditzen danik, «El Corte Ingles» ikusi ez dauanik. Ni ez noa berari indarra emotera, bertan ikusitako pasadizu bat aipatzera* baino.

Nire adiskide batekin batera hango planta guztiak ikusi nituan. Eta, urteeran, liburuak ikustera urbildu* ginan. Bertan gengozala, neska batek, Marx-en liburu bat eskuan bere neska lagunari hauxe esan eutsan: «Itxi ein hori, kartzelara eroan ez haien».

Gauza kuriosoa. Batez bere amazazpi urteko neska batentzat. Hau da, horrek ez dau gerrarik ezagutu; baina mentalidade hori jende askori ikusten jako, baita dinogun neska horren sasoikoen artean bere.

Mundu baztarrean toki askotan komunista berbea esan eta munduko gauzarik kontzerbadoreenak bezela ikusten diranean, hemen euren sortzailearen liburuak irakurteko baino bildur gehiago dago. Ta nondik nora mentalidade hori?

Neskeak liburua han itxi eban, barre ziztrin bat eginaz; ta han alboan, Arestiren liburu bat falta zan, zera esaten dauana:

«Martxoko oilar gorria,

inundik ez etorria,

gozeak arintzearren

judu batek igorria»*.

Andoni B.


Jakin eta Ekin

Urkiola, Beneditanoen eskuetan?

Joan dan asteko ostegunean* (irailaren* 4-an), emaztea ta semetxuak artuta, Bilbotik urten genduan, Urkiolan eguna pasatzeko asmotan.

Urten genduan, bai, baina Yurretan asi jakun euria gogor jausten, eta Durangon erabagi bat artu behar izan genduan: edo aurrera jo, edo barriro etxeratu.

Euria ez zan gelditzen, baina umeak ez eben etxera joan gura, ta Durangon geratu ginan bazkaltzen. Taberna Zaharran Akarregi txistulariarekin itz egiten gengozala, euria geratu zan; eta arratsalde obeago bat aurrean geunkala ikusirik, Urkiolarako bidea artu genduan.

Zenbat bider egin dogun bide hau! Orain, urte bi Urkiolara igon barik gengozala, adimenaren begiekin ikusten genduzan aurreko urteetako gure igoerak, udan, Mañaritik gora, zuhaitzak* kerizaz beterik, bideko iturrietan, berotasunak eskatuta, egarria kentzen genduala.

Baina oraingo igoera hau egun ilun baten zan. Ez dakit horregaitik ote* zan; baina Urkiolara eldutakoan, dana triste aurkitu genduan.

Eliza osteko landa andian, bildotsak ebiltzan, euren txilinak joten. Bakartade haretan, bildotsen txilin soinuak poztasun andi bat emon euskun.

Elizea bera, triste egoan. San Antonio, neska ezkongaien santua, ilunpean eta bakarrik.

Han, bihotzak estutu egin jakuzan. Ez dago lehengo danentzako pentsuak, bakoitzari dagokiozanak. Baita txal txikientzako ALIVO esne autsa be...

alaitasunik, lehengo argitasunik. Inor bere ez inguruetan, bildotsak izan ezik.

Bilbon barriro, gure adiskide ona dan andra batekin (ezkondua, gaztea ta galanta) itz egin genduan.

— Zelan Urkiolatik?

— Triste dago ha.

— Bai —erantzun euskun. Ha, fraile batzuek artu behar leukee.

— Fraile batzuek?

— Bai, eta, ahal dala, beneditanoak.

— Eta zegaitik beneditanoak?

— Beneditanoen monasterioak, bata besteagandik aparte eroaten dabez kantuak; ta Urkiola dagoan egoeran, diru asko behar da, elizea barriztuteko. Urkiolan diru asko batuko litzake, ta urte gutxiren buruan, ez ezagututeko moduan ipiniko leukee fraileak. Eta oraindino ba dago beste arrazoi bat: fraile guztiak hemengoak izango litzakez, euskaldunak.

— Eta zer egin behar da, beneditanoak Urkiolara eroateko?

— Obispadura eskatu. Eskatu daiala jendeak, erriak.

Nire aldetik, pozik egongo nintzake, Urkiola barriztuko balitz. Euskaldunentzat ba dauka Urkiolak aparteko kutsu* sentimental bat. Eta Urkiola, apain eta alai, trafiku zaratatik urrun, paradisu bat bihurtuko litzake.

XABIER GEREÑO


Abereak eta Burdinak

Gure Arrantzaleen estualdiak

Aurreko artikuluan aipatu* genduzan estualdiak, berezkoak, ziran, naturalak.

Baina estualdi horreek gutxi* bailitzazan, gizonak eurak sortu ditue beste batzuek. Eta gizonak alkarreri ipinitako behatzarriak*, Jaungoikoak jarriak baino andiagoak izaten dira.

Orain urte gutxi dirala, Egiune* bat firmatu zan Parisen, Espainia ta Frantziaren artean, eta alkarren kostetan zelan egingo zan arrantzea eratu zan. Egiune horren arabera*, kosta ondoko iru milak, nazino bakoitzeko arrantzaleentzako bakarrik izango ziran. Irutik sei milarako unean, alderdi bietako arrantzaleak ibili eitekezan 1968-ko gabonilerarte. Baina 1969-tik aurrera, une hori be nazino bakoitzeko arrantzaleentzako* bakarrik geldituko zan.

Egiune horren kontra jarri ziran gure arrantzaleen Kofradiak, bokartetako* udabarrian eta egaluzetako* udan, egun baltzak etorriko zirala ta. Espainiako agintariak trankil egoteko esan eutseen, egun horreek etorri ezkero, beste egiune batzuen bitartez bidea irigiko zala ta.

Egunak bai etorri baina ez emondako itza.

Frantziako arrantzaleak, gure anaia euskaldunak batez bere (hauxe da negargarriena), eurak dira gure areriorik gogorrenak. «Euren» itsasoa erretera goazala dinoskue. Eta sindikatuen bidez. Egiunea zehatz zehatz zaintzeko eskatu dabe.

Frantziako gobernuak Marina ta Aduanako ontzi zaintzaileak bidaldu ditu, eta ondo zaindu be irutik sei milarako itsasunea.

Aurten Espainiako ontzi asko izan dira atzemanak*. Gipuzkoa, Bizkaia ta Sananderekoak. Zortzi-amar egunean lotuta egon behar portuan, epaia* emon arte, eta zigorra: 2.500 franko lehenengotan, gero 4000 franko ta gehiago.

Batzarra lortu guran dabiltz Giputzak eta Bizkaitarrak, euren anaia aserreakaz. Baina honelako batzar nagusi baten be, ez dago arreglu on bat egiteko esperantza andirik.

Proposamentu interesgarria izango litzake, gure arrantzaleak beste aldekoei diruzko ordaina emotea.

Bokarta udabarrian arrapatzeko, eta karnadea udan egiteko, behar-beharrezkoak ditue gure arrantzaleak Frantzia aldeko itsaso meheak*.

Baina —esango dau irakurleak— zegaitik ez doaz gure arrantzaleak Galiziako itsasadarretara*? Egaluzeak be ez dagoz handik urreago ba?

Bai, baina han be beste horrenbeste jazoten* da, gutxi gora-behera.

Itsasadarrak, arrantza egiteko, lege berezien* menpean dagoz, toki bereziak dira ta. Eta sareak neurri batzuek euki behar ditue, baita sare zuloak be. Eta gure arrantzaleak erabilten dituen sareak ez dira neurri horreekaz josten. Askoz andiagoak dira eta zulo txikiagokoak.

Hau dala ta, kontuz ibili behar dabe gure arrantzaleak Galiziako uretan be, Marinako jagoleak ikusi ez daiezan.

Agintariak soluzino bat ipini dabe: galiziar arrantzaleak, euren sareakaz arrapa daiela karnadea, eta sare barrutik, bizirik, saldu gure ontziei biberoetarako.

Soluzino makala, baina azkenean soluzinoa.

Arrantzeak berez dauzkan arazoak eta nekeak gutxi bailitzazan, Frantzia alde batetik eta Galizia beste aldetik dirala, ba dauke gure arrantzaleak buruko minik nahikoa.

Patroi asko, buruauste guzti honeekaz asperturik, ego alderantz joan dira euren ontziakaz, Canarias ugarteetan eta Oestafrikako itsasoetan* zeredozer egiteko asmotan.

Jaungoikoak lagundu deioela danei.

ARTZA


Abereak eta Burdinak

Baserria nundik nora?

Baserriaren oraingoa eta biharkoa gure eskuetan dago. Gure eskuetan badago gu gara hori moldatu behar doguna. Orduan kompromiso batzuek artu beharrean aurkitzen gara. Baina konpromiso bat artzeko lehenengo giroa edo situazinoa ezagutu eta kontuan artu behar da.

Gure konpromisioak, nekazari aldetik izan behar ba-dau, nekazaritzaren egoerea ezagutzea beharrezkoa dogu.

Munduak egin daben aurrera aundi horrek gure nekazaritzari aldrebes aundiak ekarri deutsoz. Eta okerrik edo aldrebezik aundiena, kalte horrekaz geu ez konturatutea. Aldrebeztasun horrek munduak egin daben aurrera hori txarra izan dalako ote dira? Ezin geinke holakorik esan. Errua geugan dago, ez dogulako aurrera hori geuganatu, nekazaritza ez dogulako aurreratu, ez dogulako egunean ipini.

Inoiz ez dala berandu esaten dabe zer edo zer egin gura danean. Halan izango ahal jaku. Une eztu ta larrian aurkituten begara be, egoera honek ez deusku atzerantza eragin behar. Munduko beste erri txiki askok be euren nortasuna lortu ahal izateko errieta gogorra egin behar izan dabe historiak agertzen deuskuan lez, eta batez be azkeneko urte honeetako historiak.

Nekazari ta erri nortasun bat lortu ahal izateko, egoera larri honen kontzientzia artu ainean ekin. Baina nondik eta zelan ekin?

Nekazaritzari buruz zer edo zer egin guran gabiltz, eta zer edo zer egin gura honek gertatze bat, preparazino bat eskatzen dau; inguruak begiratzea, aztertzea. Baina inguruak begiratzea beharrezkoa izan arren ez da nahikoa, egin behar doguna nora zuzendu behar dogun ez badakigu. Honek esan gura deusku jakintzaren inportantzi aundia. Gauzak eskatzen daben neurrian zuzentzeko gertatu behar gara.

Gertatze eta ekite honek, egoera honetan nekazaritza bere lotati ataratea, bere arriskuak ditu, baina beste biderik ez daukagu eta arriskua onartu beharrean aurkitzen gara. Horregaitik ezin gara ibili sentimentuak bakarrik eraginda; gure planteamentuak ondo gertatuak izan behar dabe eta gertatze honek ikasibeharra eta preparau preparatu beharra garbi agertzen deusku.

Gaur egunean nekazaritza gure errian behar bada inongo defentsa barik aurkitzen da. Horregaitik baserritarrok geure lana eta ekintza indartu beharrean aurkitzen gara. Baina ekintza honek erritarra izan behar dau, ostantzean ez litzake euskaldun baserritarren ekintza izango. Erri bat gareala kontuan euki behar dogu, aurrekoak erri bat emon deuskuela, hau da, Euskal Erria.

Baserriak erri baten etorkisunean inportantzi aundia deuko, baina bere lana erriaren serbitzuan zuzentzen badau, ostantzean, ona baino kalte gehiago ekarri daike. Bakoitzak bere aldetik ibiliaz ezer gitxi egingo dau. Hainbat arazo eta hainbat problema soluzionatzeak alkarte bat eskatzen dau, eta honetarako nekazarien mobimentua, nekazarien alkartasuna egin eta sendotu beharrean aurkitzen gara.

Baserriaren oraingoa eta biharkoa gure eskuetan dago, baina hau lan egiten badogu eta alkartuta lan. Goazen.

Nekazaria


Ikasi Zure Izkuntzea

I. Berbak

(Ale honetan izartxu bategaz agertzen diranak)

Bizkaierazkoak

AGIRI, dokumentu.

ARAN, ibar, valle.

ARO, denpora, unada. Erdi Aro: Edad Media.

BAIKARA, bait gara, gara ta.

BAITOT, bait dot, dot eta.

BAITXAKU, bait jaku, jaku ta.

BAITZIRAN, bait ziran, ziran eta.

BEHATZARRI, eragozpen.

BEHINEN, printzipalen.

BIDALDU, bialdu.

BOKART, antxoba.

DEBEKATU, eragotzi, galerazo, prohibir.

EGALUZE, atun klase bat, bonito.

EGIUNE, kontratu, convenio.

ELERTI, literatura.

EPAI, sententzia.

ERAKUNDE, egitura, egidamu, egieramon, estructura.

EREGI, eraiki, construir.

ESNATU, iratzarri.

EZIKETA, edukazino.

GARAGARRIL, julio.

GARRANTZITSU, importante.

HELBURU, asmo, finalidade.

IRAIL, septiembre.

ITSASADAR, erderazko ría.

JAURERRI, señorío.

JAZO, gertatu, suertatu, suceder.

KONDAIRA, historia.

MEHE, argal, sakonera gutxiko.

SARTALDE, eguzkia sartzen dan aldea, oeste.

TXIRO, pobre. Antzinako itza.

Euskera bateratukoak

AHURPEGI, arpegi.

AIPAMEN, mención.

AIPATU, aitatu.

ANITZ, asko.

ANTOLATZAILE, atontzaile, eratzaile, organizador.

ARI IZAN, jardun.

ATERA, atara, urten.

BAITA, bait da, da ta.

BAITAGO, bait dago, dago ta.

BAITAN, barruan. Gizonaren baitan: gizonagan.

BARKATU, parkatu.

BERAZ, hori dala ta, horregaitik, por consiguiente.

BEREZI, aparteko, espezial.

BEZALA, bezela, legez, lez.

DATZA (etzanda), dago.

ELIZA, eleiza.

ERRAZ, errez.

ESANEN, esango.

FUNTSEAN, en sustancia, en el fondo.

GAI IZAN, egoki izan, kapaz izan.

GERTATU, jazo, pasatu, suceder.

GUTXI, gitxi.

HURBILDU, urreratu.

IGERI, uger.

ISIL, ixil.

ITSASO, itxaso.

JAITSI, jatsi, bajatu.

KUTSU, erderazko dejo, resabio.

MENDE, gizaldi, sekulu.

MINTZATU, berpa egin, itz egin.

MOTA, mueta, klase.

OSTEGUN, eguen.

OTE, ete.

ZAIL, gatx.

ZIN, juramentu.

ZUHAITZ, zugatz, arbola.

ZUTIK, zutunik.

Beste Euskalkietakoak

ADOS IZAN, uste bateko izan.

ARABERA, según.

ATZEMAN, harrapatu.

BEREIZTASUN, apartekotasun, particularidad.

BILERA, concentración.

EGUNKARI, eguneroko periodiku.

ELKARTE, alkarte, alkartasun, talde.

GALDERA, galde, itaun, pregunta.

IGORRI, bidaldu, bialdu.

UDATIAR, veraneante.

II. Idazteko modua

Txarto:

Urkiolako elizea fraile batzuek artu behar eben. Eliza horretan diru asko batuko zan; eta urte gutxiren buruan, fraileak barriztuko eben. Gainera, fraile guztiak hemengoak izango ziran.

Ondo:

Urkiolako elizea fraile batzuek artu behar leukee. Eliza horretan diru asko batuko litzake; eta urte gutxiren buruan, fraileak barriztu egingo leukee. Gainera, fraile guztiak hemengoak izango litzakez.

Txarto:

Amaitu dira Bilbaoko jai nagusiak. Gaztediak kritikatu dauz gure uriburuko jai nagusiok. Beste askok nahiko geunke Euskal Egun bat.

Ondo:

Amaitu dira Bilbaoko jai nagusiak. Gaztediak kritikatu egin dauz gure uriburuko jai nagusiok. Beste askok Euskal Egun bat nahiko geunke.

Txarto:

Taberna baten gengozala Akarregui txistulariarekin itz egiten, eguraldia obatu zan.

Ondo:

Taberna baten Akarregi txistulariarekin itz egiten gengozala, eguraldia obatu egin zan.


Ezagutu gure erria (1)

Bizkaiko lur galduak

Mena Arana

Orain Burgosko probintzi barrutian daukagu aran* hau. 258,10 km.2 ta 5.417 bizilagun ditu. Aran honegaz, beste inon jazoten* ez dana gertatzen* da: Burgoskoa danetik, hango Villarcayo-ko partidu judizialekoa izan beharrez, Balmasedakoa dogu. Zerbait aditzen emoten dau aldrebeskeria honek.

Erdi Aroko* agirietan* ikusten da, aran hau XV menderarte* Bizkaiagaz lotura batzuekin egoala. Beste aldetik, Arabako Legeetan, atzerritartzat botatzen ez dituen lurraldeen artean, Bizkaia, Nafarroa ta Gipuzkoaz gainera, Mena Arana agertzen da.

Etnologu batentzat erraza* bada Menatarrak gure odolezkotzat botatzea, toponimiak bere euskalduntasuna agertzen deusku. 103 euskal izen agertzen. ditu Sasiak, eta 20 dudakoak. Bere erritxoetakoen artean bakarrik ikusten doguz Artieta, Ayega, Anzo, Arza, Lezana, Turanco, Ungo; eta 103 izen horreen artean, Arana, Arrate, Achuri, Ayabarrena, Bustaranzar, Galagorri, Goiri, Gorbeya, Ibarras, Larrea, Ubilla, Urquia, Zandoya, ta abar eta abar.

Azkenik aipatu* behar dogu, Menatarrak behin baino gehiagotan azaldu dabela guganatzeko gogoa.

Castro Urdiales

95,10 km.2 ditu Castro Urdialesek bere barrutiko erritxoekin, Samano-ko Juntakoak kontatuta.

Galdu doguzan lurraldeen artean, kondaira* aldetik bizkaitasun gehieneko erria, duda barik. 1.476 urterarte Bizkaikoa izana, Batzar Nagusietako agiriak* erakusten daben legez, ta beste datu batzuek bere, 1.394-ko zedulak euren artean. 1476-gn. urtean azkenengoz agertzen da Gernikako Batzar Nagusietan, ta hain zuzen bere, Fernando Katolikua Arbolapera zin* egitera etorri zanean.

1.667 urtean Castro Urdialesek eskatzen dau hemengo Foruak gozatzea, eta 1.738-an lortu eban bere asmoa; baina 1.741-ean galdu, ta 1.745-ean barriro lortu. XVIII mendean*, tira-bira honek, ezelako motibu barik, umezurtzetasun batera eroaten dau erri hau: Castro Urdialesek ez daki nongoa dan; Bizkaiak artu ta bota egiten dau, ume baten antzera. Gure Batzar Nagusiak amaorde baten papera gehiago egiten dau, ama batena baino.

1.800-garrenean, barriro tratatzen dau Bizkaiak Castro Urdiales artu edo ez, Samano-ko Juntako erritxoekin batera. Baietza emoten dabe Busturi, Uribe, Arratia-Bedia, Zornotza ta Durangoko Merindadeak eta uri honeek: Durangoko Tabira, Lekeitio, Balmaseda, Gaminiz, Portugalete, Markina, Elorrio, Areatza, Larrabetzu, Ugao, Otxandiano, Errigoiti, Ondarroa, Ermua, Lanestosa ta Orduñak. Ezetza Markinako Merindadeak eta Bermeok. Baietza ez ezetza, Bilbo, Mungia, Gernika ta Gerrikaizko uriak. Baina frantsesak sartu ziran, eta bertan behera gelditu zan dana.

Harrezkero, 1.833-an, Javier de Burgos-en probintzi zatiketan, Santanderen sartu euskuen; eta halan jarraitzen dau, nahiz eta bi aldiz barriro Bizkaian sartzeko eskatu. Oraintsu futbol ekipoak eskatu dau hona pasatzea, baina ez deutsoe onartu.

Castro Urdiales, ekonomia ta artu-emonetan, oso gehiago lotuta dago gugaz, bere oraingo barrutiagaz baino. Minetatik asi, ta udatiarrakaz* amaitu. Minak zoritxarrez behera doaz; 1.500 langiletik 415-era jaitsi* dira, amabost urte barruan, bertan lanean diarduenak. Turismo aldera joten dau gehienbat gauko Castro Urdialesen ekonomiak.

Ta txistulariak bere ba ditu. Ohitura bati jarraituaz, uriko Aiuntamentuari laguntzen deutsoe porturaino, Santa Ana egunean, bertan dagoan ermitatxoraino. Igaz, Samano-ko jaietan, probak egon ziran; ta bertako idi buztarri bik, Gotarela ta Ormazabalenak, parte artu dabe beste toki batzuetako probetan.

Amaitzeko, bere ezkudutik be ba da gurea uri hau, bere erdian Gernikako Arbola argi argi ikusten baita*.

Villaverde

Erri hau, beste Bizkaiko erriz inguratuta dago: Karrantza, Iturriotz eta Artzentales. XV-garren menderarte* Bizkaikoa. 1.623-an, bere gerrate arazoetan Bizkaikotzat bota eben; eta 1.695-erarte, noizean behin, Enkartazinoko Batzar Nagusietan agertzen da. Baina Frias-ko Kondearen jabetasunean egoanez, geroago ta gaztelatuagoz joian; eta azkenean, joan dan mendean*, orain 140 urte, Santanderko probintzian sartu eben. Atzokoa da oraindik bere santandertasuna.

Erri honek 21,68 km.2 ditu ta 786 bizilagun. Gainera, elizaz Bilboko elizbarrutikoa da.

Kontixu industriarik ez dago erri honetan, ta ganadutzatik bizi da bertako jendea. Artu-emon gehienak Balmasedagaz egiten ditu.

Limpias eta Colindres

Erri honeek, 10,10 eta 6,60 km.2 eta 3.000 bizilagun ditue; eta euren bizkaitasuna inok ez legez probaturikoa da.

1394-an, Bizkaiko Hermandade barruan agertzen dira. Handik gero, Gaztelako amasei erregek, Limpias eta Colindres Bizkaikoak zirala zin* egin eben. Gerotxoago, agiri* baten itzez-itz agertzen danez, erregeak dino «Bizkaiko Jaurerrikoak* zirala eta ezingo dirala ez saldu ez trukatu, ez nik neure ondorengo batek, orainarte izan diran legez».

Joan dan mendean oraindik, Fernando VII errege zala, Bizkaikotzat agertzen dira; baina, 1.833-an, lehen bere aipatu dogun zatiketan, Santanderkotzat botatzen dira. Amairu urte lehenago, konstituzionalista garaian, asi leiteke dudan jartzen, Bizkaikoak ote* ziran ala ez, orduko agiri batzuetatik. Ordurarte ez egoan dudarik txikienik.

1.837-an, Limpiasko Aiuntamentuak Korteetara bidaldu* eban karta bat, esanaz, ordurarteko lokarriagaz jarraitzea nahi ebela, eta ez ebela onartzen Santanderen sartzea. Gehiago oraindik: Santanderko Diputazinoaren larregikeriak azalduaz, eurak emon behar ebezan 10.000 errealak Bizkaiarentzat izatekoak zirala, eta ez bestearentzat. Iru urte geroago, 1.840-an, lehengo alkatea kendu eben, erriaren eritxiaren aurka, eta beste barri bat jarri, Sartaldera* begira egoana; orduan lehengo alkateak 100 dukateko multea jarri eutson barriari, «alkatetzea ostu eutsolako».

Baten batek esango dau, ea zelan beste erri bi, Guriezo ta Liendo, bitartean egon eitekezan. Ba, bitartekoak XIV menderarte Bizkaikoak izan ziran, Garcia de Salazar-ek aditzen emoten dauan legez; baina Belaskotarren feudal eskuetan jausi ziranetik, euren bizkaitasuna galdu eben. Horra hor «tierra de nadie» horren arrazoia.

Sartaldean* dagoan eskualde bategaz asi gara, galdu genduana gainera.

J. L. LIZUNDIA