ANAITASUNA

BIZKAIA

172 zenb.-1969 irailak 15

4 peseta

Bengoetxe 33-b. Galdakano. Tel. 396 ta 397


ANAITASUNA

amabosterokoa

1

Euskalerriko Anaia Txikarrak argitaratua

Durango-n, Intxaurrondo 1

Zuzendaria: ANGEL CELAYETA GUISASOLA

Idazkola ta Banakola: Bengoetxe, 33-b,

GALDAKANO - Tel. 396 ta 397

Banakoa: 4 peseta

XVII urtea-172 zenb. 1969, Irailak 15

D. L.: BI 1.753-1967

Impreso en la IMPRENTA IDEAL - Bengoeche, 70

Galdácano


Euskal Idazleen Elkartea

Amaitu barria dogu batzarra. Beharbada ez da hau ordurik onena, ba dakit, batzarraren luze zabala aztertzeko; baina ez noa sakontasun bila. Bakar bakarrik, «ANAITASUNA» barritu honetan elkarte honen barri emotera.

Baiona-n egin dogu batzarra. Euskal Erri osotik batu gara han. Nok dino euskaldunok ezin dogula alkar ulertu? Gure alperkeria eta etxe zulokeria baztertuaz, bide bateratu batzuek artzen doguzanean, erraz. Ordu asko erre dogu alkarturik. Ez dira alperrikoak izan; beste edozein bilera legez? Ezetz uste dogu, ta ezetz hori probatzen ahaleginduko gara gerorantzean. Elkarte bizi bat egin dogulakoan gagoz. Ba dago Sekretaritza bat, hori mobitzeko. Emongo dogu gerora honen barri zehatzagoa.

Irailaren 6-a egun inportante bat izan daiteke. Zetarako?

Euskeraren batasuna

Euskeraren batasunerako. Batez bere batasun beharrezkoz hau lortzeko sortu dala elkartea esango neuke. Berbakera baten batasuna gizonaren obra da beti; eta batez bere gure erria, ez dogu ta bestelako estrukturarik geure alde. Elkarkideok batasuna bereiztasunak eta bizikeriak baino maiteago dogu, Euskal Erria Bizkaia baino areago. Ulertzen da?

Eta batasun horretan sinesten dogu. Batasuna lortuko da. Euskeraren batasuna da elkartearen oinarri bat.

Idazleen eskubideak

Idazlearen erraztasunerako. Idazlearen planteamentu oso bat ez badogu egin be, puntu asko ikutu da.

Euskal idazlearen profesionalismoa lortzera jo behar dogu gogotik. Diru aldetik, esate baterako, aldizkarien aurrean, eta argitaldarien aurrean. Euskal idazleak zegaitik ez dau, bada, dirurik irabazi behar?

Beste puntu bat. Ba dago borondate oneko gizon asko; euskeraz ondo izkribatu gura dabe eta ez dakie zelan. Horrentzako eta danontzako zehatz mehatz gramatika legeak, ortografi arauak, iztegi bateratua, aditz bateratua, eta abar, eratu eta publikatu egin behar dira. Gaur bertan berba emon dabe elkartide batzuek hori egingo dabela.

Erriaren onerako

Idazlea erriaren zerbitzuan dago. Gure errian, gaur, behar gorri batzuk nok ez ditu ikusten? Hor dagoz ikastolak: textoak behar dabez; Euskaltzaindiak daroan alfabetatze kanpaina hor dago. Euskaldun barriak ezin doguz ahaztu... eta abar.

Beharkisun horreen aurrean zer egin behar dau elkarteak? Besoak tolesturik egon? Elkarteak, gaurtik bere laguntza eskaintzen deutse danei. Esan deiskuela zer behar daben.

Gure elkartea lanerako sortu da. Izana, ez izena, nahi dogu; ez gagoz inoren kontra. 28-k edo asten dogu elkartea. Baldintza bi eskatzen doguz bakarrik: euskera idatziaren batasuna, eta lan minimo bat, esaterako liburu bat edota 50 bat artikulu aldizkarietan.

Juan Maria T., O. F. M.


Erriz erri

Galdakano

Tximilarreko jaiei uko

Oraingo urtean Tximilarre deitzen dan barrio edo auzunean ez dira ospatu beti ospatzen izan diran Done Iñasioren jaialdiak. Hori zergaitik dan explikatu nahi genduke: Tximilarre hemen Galdakanon dago; U. E. E. edo Dinamitea deitzen dan lantegiak bere langileentzat egindako etxaldeak dira. Orain U. E. E.-ko buruak erabagi dabe, alargunak eta jubiladuak bakarrik bizi diran etxeak utsitutea 50.000 peseta emonaz; eta langile txanda barri bategaz beteko dabez etxe uts horreek, entzun dogunez Santanderretik etorriak.

Hau dala ta, auzune guztiak erabagi dau jairik ez egitea, alargun ta jubiladuei egin jakiena txartzat emonaz.

Ostera be jaiak

Galdakanon ospatzen diran jaiak, Santakrutze jaiak, gaitz aundi bat daukie: ez dira erritar jenteak antolatutakoak* eta horregaitik geroago ta motelago doiaz. Gure ustez, gaztediak parte gehiago artu behar leuke jaiok antolatuten*, erritarrago ta euskaldunago izan daitezan.

Eta Euskal Jaia

Okerren bat ez bada sortuten aurtengo euskal jaia Urrilaren 5-an izango da. Antolakisunen barri gehiago dakigunean emongo dogu zietztasun obeago bat.

JOSE LUIS EGUIREUN

Lekeitio

Eleiza

Bilboko Eleizbarrutian diran aldakuntzak gure erria bere ikutuko ebela zabaldu zan: Abade gazte bat edo bi etorriaz. Horren garrantzia gogoan arturik bai erriak ta bai abadeak, bakoitzak* bere aldetik kandidato erreskada bana agertu geuntsan Gotzain Jaunari. Erriaren eskaria ehundazak* izenpetuta egoan. Lehenengotan eztabaida batzuek izan arren, gure parroko jaunaren jokaerea erriaren lista hori onartu ta indartuz izan zan. Zer ete dino Gotzainak?

Arrantzaleak

Beste munduko antxobaterik ez genduan izan udabarrian, eta oraingo atuneteak bere ez gaitu aberastuko karnata gutxi* eta iparaldeko anaiekin burruka larregi. Batzuek Mediterraneoko urak urratutea asmatu dabe; ba daiteke beste batzuek euren atzetik jarraitutea. Han atunik ez, baina antxoa asko ei dago beintzat eta...

Irakaskintza

SEMABECA, S. A. Madrileko empreseak artu dau Lekeitiko bigarren mailako ikastetxe egintza. 7.818.038 laurleko dirutza. Berau zabaldu arte Aiuntamentuak bigarren mailako Akademi bat jarri dau.

Erritarrak

Xabier Gereño ta euskal jaien antolatzaileei dei bat: asi dira errietatik zear, kittarra ta abots estitxuagaz, txalorik ugari irabazten Rosa Robles, Mila Zendoia eta Konsuelo Erdozia, Lekeitioko iru neskatila. Deitu edonorako: erritarrak dira!

ZORROZUA

Zornotza

Alfabetatzea

Urrian beteko da urtea, Euskalzaindiaren babesean sortu zanetik lan aldia. Ta horreri jarraituz, guk bere Zornotzan alfabetatzea asi genduan. Jente mordoa (80 inguru) etorri zan lehenengo klasera. Berehala konturatu ginan, alfabetatzea zer zanik barik etorri zirala asko. Euskera ez ekienak edo gitxi ekienak ziran gehienak be.

Egunero euskera darabilen asko ez ziran etorri, «guk ba dakigu» esanez. Beraz*, utsune aundi bat ikusten zan kontzientzi aldetik.

Eratzaileen utsunea

Egia esateko, Zornotza-n euskerari buruz oraindik planteamentu estatiko edo lokartu bat dago. Beharbada eratzaileak izan eben erru bat: propagandarik ez egitea, alfabetatzearen zera aurretik azalduz.

Larogei horreetatik berrogei bat gramatika ikasten asi ziran, eta horretara jarraitu dabe, egunetik egunera gitxiagotuz.

Ogeitamar inguru asi ziran alfabetatze klaseetan eta amazazpik amaitu. Astean klase bi emonaz, iru ilabetean dana emon balitz gaur egokiago deritxogu bai probetxurako ta bai iraupenerako bere.

Ibilitako bideari begirada

Udea eldu danean, beste tokietan legez, guk bere opor aldiak artzea erabagi dogu, baina ez ibilitako bideari begirada sakon bat egin barik. Edozein enpresak egin ohi dau urtearen azkenean «balantzea»: Irabazi edo galduak ikusi, aurrera bideak gertatzeko. Izan be, alperriko lanetan ekiteko astirik ez dago. Ta gutxiago* amesetan ibilteko eskubiderik. Gure ekintzaren ispiluan ikusi gara eta ez gagoz, uste genduan legez, guri ta eder. «Itxusi nago, begi bakar eta erren, baina neu naiz».

Errealidadea ezagutzen dauana, naiz ta tristea izan, aurrera egiteko bidean lehenengo pausoan dago.

Euskalzaindiaren babesean

Aste honetan nagusitu diran ideia ardatz batzuek aipatzekotan*, hau esan beharko genduke: jokabide planifikatu bat eroan behar dogula, eta ez bakarka ekin. Euskalzaindia haintzat artu behar dogula, bere babespean eta laguntasunagaz jokatuz. Gure izkuntza gaurko mundurako gaitu behar dogula, bizi nahi badogu. Beste errien aurrerapenak geureganatuz, geure erria haintzat artu eragin behar dogula munduko beste errien artean.

Bolak eta bolariak

Errian itzelezko burrundadea etaraten dabe bolak eta batez be bolariak. Inguruetako guztiak alkartuten dira auzo bakoitzean jaietan, ze erriko txapelketa auzorik auzo antolatuten da. Bernagoiti-tik S. Antonio-ra, Boroa-tik Etxano-ra, hemendik S. Bartolome-ra et. a.

Neguan eguraldiagaz ostoporik izan ez daiten, Boroa ta Galizianoen auzuneak, danen artean, teilatua ipini deutsie euren bolalekuei eta ez teilatu utsa bakarrik dekorazio ta guztiz bere bai.

Bolatoki honeekaz ta lehendik ziranekaz (S. Antonio eta S. Bartolome), lau dira errian legorpean dagozenak.

Ig. J. ESPINOSA

Bilbo

Trafikoa

Bilbo-n gaur daukagun problemarik aundienetarikoa trafikoarena dogu. 1936-eko gerrea amaitu zanean Bilboko automobilen matrikulea 12.000 egoan eta orain 134.000-an. Ordutik hona ez da Bilbo-n egin ez zubi barririk, ez gure urian sartzeko bide aundirik, Bekoñakoa. izan ezik. Hemendik dator trafikoaren ziskoa.

Zure pazientzia zelakoa dan neurtu nahi badozu, irakurle, zatoz Bilbora ta pasatu zaitez Aiuntamentu aurretik.

Orain parking batzuek egiten asi dira eta Salve-ko zubia. Baina zein astiro, jaunak; problemen aurretik joan beharrean, atzetik doa Bilboko uria. Horrek amaitu orduko, beste 20.000 automobil egongo dira, ta problemak zutik* iraungo dau.

Begoña

Esan dauzkue Begoñako Basilikan Ama Birjinaren egunean, aurreko urteetan baino jente gutxiago egon dala.

Zelan ez eleiz horrek euskal kutsurik ez badauka? Euskaldun batek ez dau han berotasunik aurkituten. Ots dago guretzat.

Ez dago ez euskerazko mezarik ez sermoirik. Kasu onenean, abestiren bat euskeraz, itxura gordetearren edo.

Artxandako tunela

Noizko Artxandako tunela?

Bilbok behar dau zabaltasun aundiagoz-bat, umeentzat parke gehiago, etxe merkeagoak.

Hori guztia lortuko litzake Artxandako tunela egin ezkero. Bost minutoan Asuako balle aundia aurrean eukiko genduke.

Jakina, hori egitekotan Bilbo barruko solarren jaubeak galtzen urtengo leukee, baina ez da begiratu behar batzuen espekulasinoari, erriaren onari baino.

X. GEREÑO

Bakio

Igaro dan Abustuaren 20-an, «Kiroleta» alkarteak eratuta, jai polit bat izan genduan.

Parte artu ebenak: Lourdex Iriondo, Epetargiak, X. Lete eta Mikel Laboa.

Entzuleen gustukoa izan zan, baina nik akats batzuek bilatu nebazan.

Lehenengokoa: betiko abestiak abestu ebezala. Ahin famatuak diran abeslari horreek, abesti barriak egin behar leukeez, batez be, mito bat izatera eldu ez daitezan, eta nik arrisku hori ikusten dot.

Bigarrena: erritar gutxi entzuleen artean, ia danak udalditarrak edo beraneanteak. Nor errudun? Eratzaileak?... Abeslariak?... Edo giroa?...

Y. ARRIETA

Billaro-Areatza

Jaialdia

Abustuaren 31-an, eta goizeko 11,30-etan, Gipuzkoako «EZ DOK AMAIRU» taldekoak ezkeini euskuen Txirpis Zineman euskal abestien jaialdi bat.

Sarpide guztiak aurreko egunetan saldu ziran; eta jaialdia asi orduko, saloia jendez gainezka egoan.

«Ozkarbi», J. Lekuona, Mikel Laboa, X. Lete, L. Iriondo, B. Lertxundi, Txalaparta, Txirula ta Alboka soinua. Hau izan zan eskeini euskuena.

Jaialdi honeri buruz, gendearen eretxiak honeek izan ziran: ederra izan zala benetan, abeslariak momentu on baten dagozala, baina gendeak entzun nahi ebazan abesti batzuek («Egun da Santi Mamina») ez zituela kantatu. Zergaitik?

Abeslariekin itz egin genduan, eta euren erantzuna hau izan zan: ez dogu horretarako baimenik lortu ahal izan.

Holan eta guzti bere, gendeak pozik urten eban, eta beste holako jaialdi gehiagoren eske.

Pelota txapelketa

Peña Billaro II-gnak. antolatuta pelota txapelketa komarkala euki dogu gendearen gustukoa.

Areatzako gendeak eskatu deusku «ANAITASUNAREN» bidez antolatzaileei zorionak emoteko, eta datozan urteetan bere holakoak egiteko.

Jota dantzaren txapelketa

Aurtengoa frakasu bat izan da: lau bikote baino ez dira agertu.

Zer jazoten da Arratia-n? Albokari ta pandero jotzaileen ibar honetan galdu ote da jota-dantzarako zaletasuna?

Orkesta barria

Areatzako gazte talde batek euskeraz kantatzeko orkesta barri bat sortu dau. Lehenengo, izena ipintea zan beharrezkoena, hau da orkestea bataiatutea.

Gazteok, «lehen euskal iztegi bateratua», artu dabe ta euskera batuko izen baten bila ibili dira. «Elkartuak» izena da gehien atsegin izan jakena.

X. GEREÑO

Mallabia

Oiz mendiaren barrenean, urak Deba parterantz doazen sakonean aurkitzen da Mallabia erritxoa. Abustuko «Andra Marietan» izan dira bertako jaiak; oso trixteak entzun dogun legez, gaztediak ez ei dau parte artu ta.

Idi probak

Egun bitan amabost idi parek artu dabe proba jokuetan. Berriz-ko Benigno Azpitarte-k, «ANTZUAK», irebazi zituan 34 untze eginaz. Bere semea ta Luiz Txikia karreteru. Gutxien egin ebana Bolibar-ko «Anittu» famatua izan zan, 5 untze eskas eginaz, bera ta Zabala karreteru zirala.

Proben organizazinoa ondo juan zan; denbora ona izan eben, ez zan eztabaidarik izan eta gabaz be argi ederrak egozan ipinita. Altabozetatik Martzel Goikoetxek, Aiuntamentuko kontzejalak, berba egiten eban euskeraz eta erderaz. Zorionak, Martzel!

Domeka gabaz 500 persona egongo ziran ikusten, eta 15 korredore trabesak egiten. Idiak eta gizonak probatu ziran.

Zengoitte-ko jaiak

Mallabi-tik eta Berriz-tik gora Oiz-era igoten badogu, «Zengoitte» izeneko auzune batean alkartzen gara, erriz mallabitarra eta elizaz berriztarra. Joan zan ilaren 31-an, igandean, izan bertako erromeri eguna, Mallabi-ko Gerediaga Alkartekoak eratuta.

Jende asko izan zan; Enbeita aita semeak egon ziran bertsotan, Mallabi-ko «Gazte Alai» ezpatadantzari taldea, ta Zaldibar-ko «Gau Txoriak» zortzikotea (lau neska ta lau mutil) kantari. Aurrera «Gerediagatarrak»!

Fabrika barria

Entzun dogun legez, «Goittondo» deritxon inguruan fabrika barri inportante bat doa. 32.000 metro kuadradu erosi izan dabez eibartar batzuek, kooperatiba antzera gero lantegi bat egiteko. Orain behar diran baimenak Madrilera eskatu dira. Eta obrak egin ahal izateko terrenoak analizatzen dabiltz eta baita zenbaiterainoko ura dauken neurtzen bere.

Lurjabe saltzaileak «Gotondo», «Etxebarri», «Premin» eta Arana jauna izan dira. Ondo doakigula!

«TATANA»


"Barriro Lanean"

«Anaitasuna» ba dator barriro be jende* tartera. Ixilune bat izan dau, ixilune alperriko bat, munduaren betiko ezerezko utsune tristean galdu dan ixilune ustela.

Baina, zorionez, ez gara ixilduko; ba-goiaz aurrera. Ta agertuko gara indar gaztez armauta kaleetan, baserrietan, euskal errietan...

Nahi dogu jendeagaz nahaztatuta izan, gizonak esnatu*, bihotzak zabaldu ta gatzaren egonezina ezarri; buruetan ideia ernegarri batzuek sortu, ta oihu* ta zarata egin, atariko txakur atezainaren gisa. Nahi genduke erritar jende humilari entzun, errespetuz entzun, ta kontuan izan bere negarrak, ta kasu egin bere desio baztertuei, ta gure errebista hau erriagandik jasotako mila ta mila zeresanekin bete.

***

Aldizkari honegaz gura genduke batez bere alfabetatze taldeekin oso bat eginda ibili. Euskaldunik gehienok euskeraz irakurtzen ez dakien ezkero, aldizkari honek be dato hori kontuan izanaz jarraituko deutso lehenago asitako lanari. Hau da, alfabetatze taldeekin era bat batera ibili nahi genduke, eurekaz batera, artu emon etenbakoan.

Era berean ikastolekin, edota ikastoletan dabizan umeen guraso ta senideekin. Horretara, ume ta andereñoekin batera, ume horreen inguruan diranekaz soka bat egin geinke, guk eurei lagunduz, ta eurok guztion aldizkariari.

Bardin esan geinke beste mila eratarako kultura bideekin. Azkenez, euskeraren batasuna il edo bizikoa dogun ezkero, gure aldetik, guri tokatzen jakuzan pausoak emotea gura genduke, ahal dan modurik egokienean.

Ta, horretarako, lehenengo ta behin bizkaieraz batasun bat egiten saiatuko gara. Jakina danez, ez dogu egingo guztion gusturakoa, ezta mundukorik onena bere; baina, ahal dogun zientziarik argienagaz egiten ahaleginduko gara, orain arte bezala*. Gainera, bizkaierazko batasun hori euskeraren batasun osoari begira egingo da beti be.

***

Eta lana egiten asten gara, baina izugarrizko ames ta pozagaz. Jende langilea bihotzez bedeinkatuko dogu, ta jende alperra, errezpetuz, baina madarikatu egingo dogu.

Joan dan udabarrian euria ugari ta aberatsa izan da; orain zelaietan bedarra ugari dago. Segalariak behar dira asko ta prestuak... ez galdu denborarik*, hauxe bai da* garai egokia, buru onez ta animo abeagoz aprobetxatu behar doguna.

«Anaitasuna»


Soziologia ta Kulturea

Osotasun kontzientzia

Soziologiataz iru-lau artikulu erreskan aterako* ditugu, ta zehatzago esateko, kulturaren soziologiataz. Gaiaren izenburuak seinalatzen dauan bezala*, gure ustez ez dago banatzerik ez euskal kulturaren lehengoa ta ez geroaren analisisa gure gizartearen estrukturaren analisisagandik, gure gizartea osotzen daben giza-klaseen analisisagandik, giza-klase horreen arteko etsaigo* ta alkartu-ezinagandik.

Gure artean bokazinoz eta profesinoz kulturaren zabalkunde ta indartzean diarduenen artean, holako «osotasun kontzientzia» bat ernetzen doala ikusteak pozez betetzen gaitu, ta gure kulturea ta erabat eri osoa zerbait benetan berbiztuko dogulakoaren esperantzaz bete be egiten gaitu.

Kulturea definidu nahian

Kulturearen definizino bat emoten saiatuko gara, azalduko doguzan ideia guztiak alkar lotuko dauzan aria bezala* izan daiten. Guk kultureataz emongo dogun definizinoa mundu guztiarentzat baliokoa dala demostratzeko usterik ez daukagu, hori zeregin zaila baita*, benetan. Kulturearen definizino bat arrazoiz demostratzea ze arazo latza dan kontu artu daigun, esan behar dogu amerikatar soziologia egile bik ehun definizinotik gora aipatzen* dituela. Ta nahasmen* hori aunditzeko, kultura itzak beti be zibilizazino itza dakar lagun. Eta berba bi horreek bata bestearekin konparatuz azaltzen dabez.

Lehenengo ta behin esan behar dogu, kultura bat bai teoriku ta bai praktiku jakituria moltzo bat dala. Definizino hau bai antropologoentzat, bai kondaira* egileentzat ta bai soziologoentzat baliokoa da. «Kultura mota» ezbardinei mugak eta inguruak jartzeko ondo datorkigu, eta gizarte baten bizitza guztia lotutzen dau: bai etxe-egikera, janarietako gustu aproposak, teknika berezi* bat, siniskera ta mito partikular batzuek, izkuntza nahiz dialektu bat, amodiozko artu-emon berezi batzuek, t.a. Sentidu honetantxe esaten dogu Euskal Kulturea, Espainiar edo Alemandar kulturea esaten dogun bezalaxe*; ta, jakina, arrasoirik aundienarekin. (Ikus J. C. Barojaren liburuak).

Kultura izaera berezi guzti honeek, lurralde batean bizi diran gizonen artean sortutakook izaten dira soziologia ta kondaira* egileak aparteki ikasten dabezanak.

Izaerarik konplejuen ta aberatzen horreek osotasun bat lez ulertu behar doguz, dialektiku bidez alkar eragiten diran aurretiazko totalidade horreetan oinarriturik. Jakina dan lez, alkar eragiteko horrek milaka posibilidade ditu, laguntzaileen aldetik asi ta etsaien* arteraino.

Baina guk ez dogu kulturearen definizino hain zabal hori artuko; bakar bakarrik, alemandarrak Diltheygandik asita, oker ez banago, «Weltanschauung» bizitza ta munduataz ustea «deritxoenari lotuko gara. Hau da, filosofia, elertia* edo politikea ikusten doguz gizonen problemarik behinenenganako* argi bide bezala.

Argi dagoan legez, azken definizino hau ta lehengoa ez datoz bat, naiz ta dagozan kultura konkretu bakoitzegan alderdi bi horreek alkarrengandik banandu ezinak izan. Mundu ta bizitzeataz diran usteak ez dira ugariak ta bai ostera* kultura motak*, ta milaka dira. Gure zeregina hauxe izango da: kultura mota* berezi baten barruan giza edadura* ta munduataz diran usteen arteko alkar eraginak analizatu. Itz batean esateko, kultureak (mundu ta bizitzeatzaz usteak) eta Euskal Erriko gizarteak alkarrekin daukeen zerikusi ta eragina izendatzen ahaleginduko gara.

Y. TEILAGORRI


Eleiza Gaurko Munduan

Elizearen Eriotzea

Ikusita egoan. Holantxe izan behar eban. Jaungoikoaren eriotzearen ondoren, Elizearen eriotzea. Horretan ez dago arritzekorik. Logika zuzena besterik ez.

Mingarria? Zegaitik? Esnaturik* amesetan bizi, edo eriotzearen itxurako lozorroan egon, edo benetan il..., zer izan leiteke obeagorik?

Ez da gaurko esakerea: «Eriotzearen predikatzaile». Abadeak ei ziran horrelakoak, Nietzsche-k esaten ebanez. Gaurko abadeak, aurreko «eriotzearen predikatzaileen» eriotzea predikatzen dabe. Ez da bardin.

Erlejino bako erlejinoaren ondoren, elizarik bako Elizea.

Non gagoz? Zetan gabiltza? Utopia utsean?

Zeharka behinik behin, begiratu daigun azken aldiko gertakizunen mundu aldera. Eta lehenengo, gure kaleetako liburutegietan ikusten diran liburuetara. Izenburuak irakurri daiguzan: «Tempête sur l'Eglise», «Une Eglise en état de péché mortel», «Demain, une Eglise sans prêtres?», «Pourquoi je pars», «Ce que je ne crois pas», «L'Eglise rebelle d'Amérique latine», «La rue dans l'Eglise», «Bible ou Révolution», «L'Eglise contestée». Gero, gogoratu daiguzan gertakizun batzuek: Suenens Kardenalaren agiria; berak esan dituanak beste norbaitek esan balitu, anatematizatu egingo eben noski*. Camilo Torres be abadea zan... eta gerrilero bezala* il zan; zegaitik? Helder Camara, elizako «kardenal gorria»,... beste utopiko zoroa! Hain ezagunak ez diranak, hor dagoz: Françoise van der Meersch monjea, Robert Devezies, Aita Cardonnel, eta beste hainbeste. Pariseko ikasleak sortu eben matxinada haretan, zenbateraino ez ziran sartu kristinauak? Irlandako gorabeheretan zer egin dabe katolikuak? Zer egin dabe aspaldidanik gure arteko abadeak? Bestalde, nok ez dau ezagutzen «Echanges et dialogue» deritxon taldea? Lehen, Frantziako gauzak zirala ta, goitik behera begiratu ohi ziran horrelako gertakizunak. Gaur, Frantzian ez-ezik, mundu guztian zehar entzun eta ikusten ditugu jokaera eta esijentzia bardinak.

Zer eskatzen dabe? Entzun daigun euretariko batzuek dinoena, eta Ives le Vaillant-ek «Le Nouvel Observateur» aldizkarian bildu* dauana: "Zer nahi dogun? Elizearen eriotzea nahi dogu! Lurrera datorren jauregi bat da Elizea. Antzina* Jerusalemgo Elizea bezala. Elizea jadanik* dago ilda, nahi edo ez. Miloika dira gizakien artean, euren bizitzeari dagokion* jokabide garrantzitsuenean Elizeak zer esatekorik ez daukala uste dabenak. Ordenabide bat zaindu baino besterik ez dau egiten Elizeak; diruaren indarra daukenak babestu; folklore zerbait lagundu. Gure laneko lagunak eritxi horixe dauke. Elizea, instituzino bezala, bere influentzia ta indarrekin, il egin da. Guk nahi doguna? Orearen* orantzea* izan dadila; izkutatu* dadila barruan; gizakien kontzienzia eta itxaropena izan dadila; beste pentsamentu barik, bere osotasuna eta askatasuna lortzeko burruka gogorrean ari* diranekin bat izan dadila. Jesukristo, iraultzaile* eta oztopotzaile bezala, galdua izan zan. Gaurko Elizeak kezkagarri izan behar leuke, eta zapaldurik dabiltzanen itxaropenaren aitorle* alaitsua. Horretan ez dago ezer barririk. Ebanjelio utsa da. Elizeak ostera*, gaur, irakasten dauanaren kontra jokatzen dau. Eliza horixe da il behar dauana, Jesukristoren Elizea biztu daiten». Eta bukatzeko*, galdera* bat egingo geunskio Danielou Kardenalari: «Nortzuk dira sinesmenaren iltzaileak? Elizea ilda aurkitu dabenak eta biztu nahian dabiltzanak, ala ildakoagaz jolasean jarraitu gura dabenak»?

MARKOX AMUNDARAIN


Eleiza Gaurko Munduan

Zergaitik ixildu, Zirarda Jauna?

Bilbo-ko Obispo zana, Gurpide Jauna (G. B.) il zanean, Zirarda Jauna bialdu euskuen Erromatik. On Jose Maria Zirarda Bilbora etorri zanean, udabarriko aize bolara fresku bat lez agertu jakun. Izan be Zirarda Jauna gizon argia izanaz gainera, gazte ta ausarditsua da. Bizkaiko eleizeak* indar barri baten laguntzak dakarren poza artu eban, ta orain be halan sentitzen dau.

Baina gure aldizkari honen orrialdeetatik preguntatu beharrean gagoz beste milaka gizonek egiten deutsoen pregunta bardina: «Zergaitik ixildu?»

Agindutako promesak

Bizkai ta Euskal Erri osoa ikaraz jarri eben pasatu dan apirilean gertaera trixte ta latz batzuek. Ta orduan itz egin zenduan, baina zeuk esan zenduan lez geroago gehiago eta sakonago egin behar zenduala. Hona hemen zeuk agindutakoa: «... arazo guztiok sakonetik astertzen asteko agindua emon dot. Asko lagunduko deuskue honetarako, egunokaz eldu jatazan gai ugari ta egokiak...» (Bizkaiko Obispaduko Boletina, 226-gna., 296-gn. orrialdea).

Zuk eskatzen zenduan legez, guk uste dogu gure «barruak baretu dirala». Ta honetara, esan beharrean gagoz «zergaitik ixildu». Gure ustez, ta honexegaitik esaten deutsugu, mundu guztia zuk esanari begira dago, zu gure sinesmenaren arduradun behinena zaralako.


Eleiza Gaurko Munduan

Pereira abade jaunaren erailtzearen aurkako reakzinoa munduan

Pereira abade jauna, Refice-ko katoliku gaztediaren kapeilaua izan zan, eta H. Camara obispoaren laguntzailerik behinena*. Brasil-eko jauntxo indartsuen batzuen buru gaiztoz eta arma okerragoen aiherkundez ila.

Aita santuaren asarrea

«Aita Pereiraren eriotza latzgarriaren barria penaz beterik artu dogu. Aita Zerukoari eiozue otoitz, bere zeruan gorde daian. Bere senideen samintasunean parte artu nahi dogu, ta Brasil-eko erriari ain eriotza triste honekin mindurik, gure bedeinkazinoa». (laburpena da)

«La Croix»-eren agiria

Frantzia-ko egunkari* ospetsua dan «La Croix»-en eta 40 jaunek izenpeturik agertu zan agiri bat, eriotza hori dala ta.

Euren artean Riobé, Orleans-ko Gotzaina; Huyghe, Arras-eko Gotzaina, ta protestanteen arteko jaun entzutetsu batzuek et. a.

Beste gauza batzuen artean hona hemen zer dinoen: «Aita Pereira-ren eriotzak argi ta garbi aditzen emoten deutso mundu zabal osoari, ixilean eta biolentziaren indarrez edozein askatasun bide iltzen daben talde batzuen jokabidea».

«Gotzain ta abadeak, dinoe, dira bakarrak militar gobernamentu honen menpean, pobreen alde berba egin daikenak. Eta, banaka banaka, abade horrek bere ixilazo egiten dabez».

Brasil-eko gotzainen konferentziaren protestea

Brasil-eko gotzain guztiak batera aditzen emon eben, Pereira jauna il dabenak ez dabela eraildu «beroaldi» batean, grina gaiztoz, ezpabe ez politiku arrazoi ots batzuekaitik. Honantxe esaten amaitzen dabe: «Kristinauak garean aldetik, Kristoren ta done Estebanen irakatsiari jarraituz, eraileentzat parkamena eskatzen dogu, Kristoren berbak esanez: «Ez dakie zer egiten daben». Baina asarrez gainezka protestatzeko eskubidea daukagu holako ekintza gaiztoen kontra, ta barriro inon egin ez daiten».

Helder Camara-ren itzak

Ileta meza egunean H. Camara gotzainak itz egin eban eta beste gauza batzuen artean esan eban: «Eleiza honetan zin* egiten dogu gure erriaren gorputz eta arimazko askatasunaren alde».

Eta erri osoak, aho batez esan eban: «Zin* egiten dogu».

(Vida Nueva-tik)


Jakin eta Ekin

Bittor Egurrolarekin Alkar Izketan

Euskaldun abeslari berrien artean, Bittor Egurrola dogu lehenengotariko bat.

Orain 25 urte Gernikan jaioa, bere kittarea artu ta urte betean Euskal Erri osoa ibili dau: 55 ekitaldi.

Euskaldun abeslari askoz legez, seminarioan (Derion) egoan eta han asi zan solfeoarekin. Gero handik urten eta Zienzia Sosialak ikasten dauz Deustoko Universidadean. Bere ikaskisunak ordainduteko, klaseak emoten dauz (Literatura, Prantsez, eta latin, batez be).

Asi gaitezan, ba, galderak* egiten:

***

— Batzuek esaten dabe ez zaituela ulertuten. Zer zara zu, Bittor?

— Nere kanta baten argi esaten dot zer nazen:

"Ni ez naz artista

ni ez naz gittarrista,

ni naz erritarra..."

Ez etorri nigana arte eske

ez etorri nigana berba politen eske,

nire kittarra ez da nire kittarra:

nire kittarra ta nire erriaren bizia,

nire erriaren ritmoa".

— Argi dago, ba, Bittor, zuk ez dozula kittarrea artu, ez zure burua jasoteko, ez artea zabaltzeko. Zuk mensaje bat, zer esan bat daukazu, ta kittarrea bide dala, erriaren artean zabaltzen dozu. Baina, zein izango da erriaren erantzuna.

— Nik, gaztedian eta geroan sinesten dot. Hau, nire beste kanta baten esaten dot:

"Gero barri bat,

gero gazte bat,

gero guk eginda geroa gurea da.

Privilejioak baztertuaz,

euskal gizarte barri bat..."

— Orain, Bittor, beste galdera* bat: Batzuentzat bakea da lortu behar dan doharik* nauziena. Holan da?

— Bakea, gehiago barik, ez da nahikoa, juztizian finkatua* ez badago. Hau bere nire beste kanta baten esaten dot:

"Bakearen izenean

baltzak ez dira personak,

erriak ez dira erriak,

izkuntzak dialektoak dira,

personak numeroak..."

Arrasoia daukozu Bittor. Horrelako bakerik ez dogu nahi. Gu, gizonak garan aldetik, kontzientzi bat daukagu, ta kontzientzi horrek ezin dau bakean egon juztiziarik ez badago. Eta orain, filosofia alde batera utzita, jaitsi gaitezan gai praktikoagoetara. Hara:

— Guri, euskalduntasuna zabaldu nahi dogunoi, universalak izan behar ginakela esaten deuzkue. Zein da zure eretxia?

— Beste kanta baten itzekin erantzungo deutzut:

"Badakit universalak

izan behar garala

baina euskalduntasuna ta

euskera oinarriaz..."

— Euskera aipatu* dozu zure kanta horretan, Bittor; esan eidazu, orain, zelan dagon euskerea Gernikan gaur egun.

— Aurrera doa. Ikastola bat zabaldu da, umeentzat. Nauzientzat, alfabetatze kanpaina bat asi da.

— Eta praile ta monjen kolejioetan sartu da euskerea?

— Ez, eta ez dauke parakasinorik.

— Orain, beste galdera* bat: euskera batuari buruz, eztabaida aundiak sortu dira. Batzuek, euskera batuari kontra egiten deutse. Zein da zure eretxia?

— Ondo ikusten dot euskera batua. Euskera batu hori zabaltzen ahalegindu behar litzakez ikastolak, diskoak eta errebistak. Honei jarraituz jendea* gero asiko da itz egiten euskera batu horretan.

— Orain egingo deutsudan galdera, Bittor, abeslari zaran aldetik izango da. Non artu zaitue ondoen?

— Ondarrun eta Eibarren.

— Eta Parisen?

— Nik uste neban baino obetuago. Edarto!

— Zeintzuk dira zure kanta txalotuenak?

— "Nire eskaria", "Andereñoa" ta "Gernika".

— Zelan saltzen da zure lehenengo diskoa?

— Euskal diskoak ez dauke saltze aundirik. Holan eta guzti bere bi mila inguru saldu dira.

— Zenbat kobretan dozu jaialdietan kantatuteagaitik?

— Ikusi behar da zertarako dan batzen dan dirua eta zenbat balio daben sarrerak; baina ez naz garestia.

— Zure asmoak?

— Bigarren diskoa egin. Baina batez be, nire estiloa topa. Lehen esan deutsut jenteari, nire erriari zer esan bat daukadala, ta nahi neuke nire mensaje hori ahal dan egokien zabaldu, nire ondoen jatorten moduan.

— Nobiarik?

— Ez oraindik...

— Amaitzera goaz. Zuk nahi dozu erriari gauzak esan. Orain, eta zure kittarraren laguntza barik, esan eizu zer edo zer "Anaitasuna" bide dala.

— Bai, eta pozik bere. Jaialdien antolatzaileai dei berezi bat: "ANAITASUNARAKO" arpidedun barriak jaialdietan egiteko. Bizkaitar guztiak irakurri behar dabe "Anaitasuna".

Honeek izan dira Bittor Egurrolakin euki doguzan galdera-erantzunak. Euskalduntasuna zabaldu behar dogu nun nahi, baina kontuan artu daigun euskalduntasunaren neurria euskera dala. Euskera barik ez dago ez euskalduntasunik ez Euskal Erririk.

"Txillardegik" esaten dau bere liburu baten, eta arrasoi aundiarekin "euskotarrak" itz hori madarikatu behar dogula. Itz hori asmatu da euskera ikasi nahi ez daben gizon alperrak justifikatzeko. Ez doguz behar "euskotarrak", euskaldunak baino.

Eta hemen bizi garan guztiok euskaldunak izan ez arte, jarraitu daiela batzuek kittarrakin, besteak bertsoetan, ikastoletan, alfabetasinoan, euskera zabaltzen.

turik, aurrera!

X. GEREÑO


Jakin eta Ekin

D. Fermin Irigaray "Larreko"

Aurtengo urte honetan gizon ospetsu baten ehun-urteurrena aipatu behar dogu: D. Fermin Irigaray, Nafarroako sendagile aparta izandakoa. Oraintsu, ilbeltzaren 25-ari beteko ebazan ehun urte, Jainkoak bereganatu ez baleu. G. B.

Gizona joan arren bere, bere nortasunaren itzala ez da joana: iraupen osoko zorian sartu dala esango genduke.

Sendagilea

Madrileko Ikastetxe Nagusian egin ebazan ikasketak. Gero Bidasoan eta Iruriten egon ondorik, Iruñara joan zan ospitaleko zuzendari. Gain gaineko mailara eldu eta bera izaten zan gaixo jendearen operazino aundietako sendagile nagusia.

Idazlea

Eta bere lan guztien artetik idazle gainera. Nafarroa aldeko ta bera ezagutu ebenei D. Fermin Iragaray entzuten jake esaten, baina eskritorren artean "Larreko" izenagaz ezagutzen da, berak izen hori erabilten baiteban*. Bere napar euskera garbi eta errikoian idatzirik idazlan asko ta urte askotan euskal aldizkari ta egunkaririk gehienetan argitaldu ebazan: Euskaldunan, Gure Herrian, Argian, Herrian, et. a. Ez litzake lan txarra izango, idazlan guztiok alkartu ta batera argitaratuko balira.

Bizkaia-Nafarroaren senidetasuna

Probintzi bi honeen artean hainbat kilometro egon arren, badauke alkar senidetasun bat baino gehiago. Ta beinena* euskera izango da, dudarik ez.

"Larreko"ren ehun urteurrenean senidetasun hori sendotu nahiez, bizi ziranean Enbeita ta "Larreko"k izandako artu-emonen barri emoten dogu: Irigaraytar Pirmin jaunari Iruñan.

Ene biotzeko adiskide maite ori, agur:

Zure idazki maitekorra bere garai onez niganatu zan; berakin baita aur tipiarentzat ixentauriko Gutuna bere: nere sendiko guztion ixenian anai eskar Jaun maite orri. Itziartxo gure aur tipienak 23 urte ditu; beste seme-alabak zarragoak dira: bai ditut illobatxoak bere, guztiak osasuntsuak Goiko Jaunari eskerrak.

Ona emen gure Itziartxuk zutzaz diaraustana (onek itz lauz diraustana, nik neurtitzera itzulita):

Irigaraytar Pirmin jaun ori

nik ez dot iñoiz ikusi,

nire begiok ez dabe ezautzen,

biotzak baña, bai noski.

Berakin bere sendian diz-diz

dalarik zorun eguzki,

Urtzik zeruan sartuko al dau

bere soñeko ta guzti...

Iru ogeitan laurat nijua,

urbil emaztea ere,

geureak zazpi seme-alaba,

ilobatxoak sei lore;

geure zerutar izkuntza leunez

goxoki mintzatzen dire.

Euron otoitxo xamurren adi

Iosu zerutik begire;

au ikustean, zorun ustea

sartzen zait biotz erdire.

Nere sendiko guztion gorantziekin batian artu eizu egiz maite zaituan adiskide onen biotza.

Enbeitatar Kepa

Muxika, 1929 gn. XII-28-an

Irigaraytar Permin Jaunari

Iruñan.

Ene adiskide ta ongille on zintzo ori, agur:

Illa onen 24-an egindako zure idazki maitekorra, Bakaldun-sari politakin batean, nereganatu da:

Imanol alai dago,

Itziar, atsegin;

Edurnek pozan-pozez

ez daki zer egin;

irurok ere otoi

gogoz... erdi berdin,

orain, gero ta beti

zoruntsu izan dedin

sendi maite orrekin

Irigaray Permin.

Biotz biotzetiko eskerrak iru oneen eta nere emazte ta nere izenean. Imanol Durangoko Iosulagunen ikastetxetik gabon jaietarako etorrita emen arkitzen da. Iosulagun izateko asmotan dabil; Jainkoak naiko al du elbururaiño irixtea? Zeu poliki asko bizi zerala? Poztutzen naiz zu ongi arkitziaz; ni ere poliki nabil, zainduta, baiña naikua ondo 51 urtez aurrera dijuanarentzat, batez ere gogo gauzetan geruago ta kementsuago nabaitzen det nere biotza.

Euzkozaletasunian iñoiz otzikararik (ez da antzik ere) gabe jarraitzen dut, zu bezela. Guztia Urtziren aintzarik aundienerako izan bedi.

Nere sendi guztiaren gorantziak eta biotz agurrik xamurrena, eta:

Jaun zintzo maitagarri

ona zeralako,

urtezar amai-ezti,

urteberri gozo,

sendi maite orrekin

zoriontsu oso

izango al dituzu

aizkide Larreko.

Olantxe opa deutsu

Enbeitatar Kepak

Kopiatzailea: A. Apat Etxebarne


Jakin eta Ekin

"Betiko Arriskuak"

Ba dira urte batzuek, folklorekeriak erazoaldi gogorra artu ebala euskal gaztediagandik. Euskal aldizkarietan hainbat artikulu agertu ziran, beste arazo sakonagoetatik aldenduten gaituan plaga hori behin betiko bere lekuan jarteko. Izan be, onartu ezinekoa da bizi nahian dabilen erri baten lepotik barre egitea. Hauxe da jauntxo batzuen erria aditzeko era: "Erri bat daukagu, dantza, bertso ta abesti zoragarriz orniduta". Gure erria paradisu bat da, nonbait. Beste mundukoa, beraz*.

Gaztediak, dirudianez, ez dino: "erri bat daukagu" (Oinen azpian?), "erri bat gara, baino". Erri bat gaur "bizi beharrean". Abesti ta dantzak lehenago bizitzaren aparrak dira. Guk geure arazotzat artzen dogu erria, erria eginkizuna dalako beti be. Aurrera eta gora joten dogun neurrian biziko gara.

Gure erriko gazterik jatorrenak ondo ulertu dabe folklorekeria zer litzaken. Baina jator honeek oraindikan gutxi* dira. Honeek euskal kultura eginkizunaz eta gainetiko beste arazoekaz euren aragi egin dabe. Gure erri jokabidean "bitasun" edo dualismo batetik alde egiten erakusten deuskue. Dualismo horretan asko eta sarritan jausi gara. Alde batetik neu neure profesino eginkizunakaz edo famili gora beherakaz, eta beste aldetik euskal arlo ta errikide arazoak, noizean behingo aize bolaretan galtzen diranak.

Honek iraungo dau eta ba dau bere esplikazinoa. Urte askotan ezinak sentimentuaren babesera eroan gaitu; ta gure ekintza, progresobidetik galduta dago, lehenagoko oroimenetan* (mito bihurtzen diran gomutapenetan loak artuta).

Hortik jatorku dualismo hori. Geure profesino arloetan hain praktiku gareanok, erri ekintzan galduta eta lotura barik gabiz, sarritan aizeari golpeka. Horretara gure nortasuna batasun baten preminan dago.

Bere bidea aurkitu ezinik dabilen "satelite" hori, barriro bere orbitara ekarri behar dogu. Izan be, persona batek ezin dau luzaro iraun batasun barik. Erri arazoa, profesino arloan eta geure nortasun bide barruan mamindu behar dogu.

Hona hemen zetara datorren artikulu hau: era askotara jausi leiteke folklorekerian. Behin honezkero ez gara jausiko folklorekeria gorrietan; baina alkartu barik jokatzeak, gaurko efikaziak eskatzen deuskun teknika barik jokatzeak be folklorekeriaren frutu berak dakaz: ezer ez aurreratzea, betiko zuloetan jaustea.

Aurrera egin nahi badogu, geure burua errespetatzen badogu, jo daigun batasunera. Euskalzaindiaren babesean eta gaztediaren indarrean.

ANGEL UGARTEBURU


Abereak eta Burdinak

Arrantza kontuak

Aurtengo atunetea larri dabil

Garagarrilagaz* asten da atunetako kosterea. Bagilean* amaituten da bokart* sasoia; eta amar edo amabost egun igaroten ditue arrantzaleak itsasora* barik, ontziak garbitu eta atunetarako antolatuten*: tresna batzuek kendu eta loian* gorde, beste batzuek hareen lekuan ipini, motorrak, radioak eta abar garbitu eta konpondu.

Kosterearen lehenengo erdia joanda dago. Gaurrarte ez da behar dan beste irabazirik lortu, eta arrantzaleak ez dagoz bapere kontentu.

Galiziako uretara joan behar da atunetan. Eta kosta urrun haretatik, oraindino urrunago joaten dira gure ontziak itsaso barrura: 200, 300 eta 400 itsasmila Atlantiku erdira, egaluze* bila.

Aurten leku horreetan arraina oso ugari ikusi dabe; baina halan ta guzti bere, gutxi* arrapatu. Zegaitik?

Erantzun egokia emotea gatxa izanarren, karnadearen eskastasuna izan leiteke arrazoirik aundiena.

Arrantza modu bi

Egaluzetarako sistema bi darabilez arrantzaleak: kazakoa eta pikekoa.

Antzina*, «kazako» sistemea bakarrik ezagutzen zan. «A la cacea» esaten jako erderaz. Eta sistema honen bidez, ontzia abant doala arrapatzen dira egaluzeak, aparexuak botaberetatik* ipinita.

Modernuagoa da «pikea» edo biberoetako karnada biziagaz egiten dan sistemea. Honetarako, ontzi barruan lau-bost ur tanke aundi euki behar dira, eta itsasoko ur hori eten barik barriztu bonba indartsuen bidez. Gero, atunetan ibilteko, arrain txikiz bete behar dira bibero horreek. Arrain txikia arrapatu behar lehenago: antxoba, sardina, txitxarro kume eta holakoak; baina antxobea ei da egokiena. Arrain txiki hori saretik biberoetara aldatzeko eta biberoetan bizirik iraunazoteko*, ikaragarrizko arazoak artzen ditue arrantzaleak egunetan eta egunetan, gero arrain txiki horrek amuzki* bizitzat balioko deutse ta. Hona eldu ezkero, kanabera* laburren bidez egiten da atun arrantzea, ontzi gainetik, moila gainetik bezala*.

Karnadearen beharrizana

Ez dago zetan esan behar, sistema hau nahiko nahastua eta konplikadua dala. Baina egaluzeak barruratzeko ordua eldu ezkero, kanaberak* gora ta behera asten dira, eta ordu batzuetan kitotu edo ordetu leitekez lau-bost eguneko arazoa eta nekea. Eta oparo egin bere!

Baina ez da amaituten hemen historia arrantzaleentzat.

Karnadea edo arrain txikia ez da edozein lekutan arrapatzen. Itsasoko une berezietan* aurkituten da. Frantziako kostea da holako bat. Onena izan bere. Galiziako itsasadarrak* bere, onak dira.

Horrelan, ezer baino lehenago leku horreetara jo behar dabe arrantza ontziak, karnadea egin gura badabe. Eta karnadea eginda gero, atun lekuetara, egaluzea bilatzera.

Baina, zoritxarrez, karnada hori lortzea gauza gatxa da, urrengo artikuluan ikusiko dogun legez.

ARTZA


Abereak eta Burdinak

"Baserria nundik nora"

"Batak bestea ez genduala ezagututen egin genduan amesetan, behin guk biok. Eta alkar maite genduana egia ete zatekeanentz, itzarri egin gintzazan".

Ez zaitut ezagututen eta amesetan egin dot, zuk lez, ezagututen gareala. Biok maite dogu gauza bat: lurra, baserriko lurra. Azpaldi baten lur hau erriarena izan zan. Gaur? Gure inguruan gauza asko gertatu dira. Industriaren, produksinoaren garaian bizi gara. Lehenago ez zan industri hori gaur lez erreboluzino aundi bat gertatu da; herreri (herrementari) txiki haretatik, familiko okupazino haretatik, gaurko fabrika ezpezializatu horretara aldatu edo irauli da.

Lehen, baserria, herrementari edo fameli-produkzinoaren pareko zan. Orain industri horren pareko? Erreboluzino hori albotik pasatu jaku, zirkinik eragin barik. Eta lehenengo eran jarraitzen dogu. Orduan erriaren-erantzun eta zerbidu eitekion. Baina gaur...! Esta okerrago: uste dogu kaleak erabagiko dituela gure problemak. Holan, baserria pinu sartu, edo industriari saldu, eta kalera goaz, fabrikara lanean, konturatu barik adituten ez dogun mundu batek iruntzten gaituala. Gure egin beharra ahaztu eta gure izakera galtzen, gure ez dan izakera baten kanbioan.

Gure eginbeharra baserria erreboluzionatzea izango da; gaur be erriaren zerbitzuan, erriari erantzuten, ipintea. Baina hau gogorra da eta iges egiten dogu. Hauxe da egia, ostera. Ez dozu halan uste, adiskide ezezagun? Azaldu eizuz, eta azaldu daigusan gure uts egite, gure erru, gure eginbehar, gure ibilbideak... Ez daigun bakarrik berba errez egin. "Egia guztiak esan behar ez diranean, erreza da argi berba egitea".

Gure eginkizuna geure artean erabagi daigun. Gure lurraren geroa gure eskuetan dago. Gu gara gaur, gaurko baserriari erantzun behar deutsagunak. Maitasuna entrega, emotea ohi da. Lurra, baserria, egiaz maite badogu, emon gaitezan baserriari.

NEKAZARIA


Aberastu zure euskerea

Hona hemen, zenbaki honetan izartxo bategaz agertzen diran berba jakingarri batzuek.

Bizkaierazkoak

AMUZKI, amuan ipinten dan janaria.

BAGIL, junio.

BAITEBAN, bait eban, eban eta.

BEHINEN, printzipalena.

BOKART, antxoba.

BOTABERA, arrantzarako aga luzea, eskuz erabilten ez dana.

EGALUZE, atun klasea, bonito.

ELERTI, literatura (berba barria).

ESNATU, iratzarri.

EHUNDAZAK, ehun eta gehiago.

EUSKALKI, euskerazko dialektua.

GARAGARRIL, julio.

GIZARTE, sociedad (berba barria).

IRAUNAZO, iraun erazo, hacer durar.

ITSASADAR, erderazko, ría.

KONDAIRA, historia.

LOIA, arrantzaleen tresnak gordeteko tokia, lonja.

OSTERA, barriz.

URI, erri. Bermeoko uria.

URIBURU, uri nagusia, capital.

Euskera bateratukoak

AIPATU, aitatu.

AITORLE, autorle.

ANTOLATU, eratu, atondu, organizatu.

ARI IZAN, jardun.

ATERA, atara.

HAUR, ume.

BAITA, bait da, da ta.

BAITZUEN, bait zuen, eban eta.

BAKOITZ, bakotx.

BERAZ, hori dala ta, horregaitik, por consiguiente.

BEREZI, aparteko, espezial.

BEZALA, bezela, legez, lez.

BEZALAXE, bezelaxe, legetxe, letxe.

BILDU, batu.

DAGOKION, jagokon.

DEITURA, abizen, apellido.

DENBORA, denpora.

DOHAI, dohe, grazia.

ELIZA, eleiza.

ETSAI, arerio, kontrario.

ETSAIGO, areriotasun.

FINKATU, sustraitu, afirmar, fijar.

GUTXI, gitxi.

ITSASO, itxaso.

IZKUTATU, ezkutatu.

JENDE, jente.

KANABERA, kainabera.

MOTA, mueta, klase.

OIHU, aldarri, garrasi.

ORE, ogia egiteko urun masea.

XEHETASUN, zehetasun, detalle.

ZAIL, gatx.

ZEDUKAN, zeukan, eukan.

ZIN EGIN, erderazko, jurar.

ZUTIK, zutunik.

Beste euskalkietakoak

ANTZINA, antxina.

BUKATU, amaitu, akabatu.

EDADURA, zabaltasun, zabalera.

EDOSKI, titia artu, mamar.

EGUNKARI, eguneroko aldizkaria.

GALDERA, itaun, pregunta.

IRAULTZAILE, erreboluzionario

JADANIK, erderazko, ya.

LARRI, aundi.

NAHASMEN, nahaste.

NOSKI, aurki, urrean, nonbait, seguramente.

ORANTZA, txantxadura, lebadura.

OROIMEN, oroitzapen, gomutapea.

HOSTRO, hosto, orri.

ZETZAZEN, etzaten ziran, etzanda egozan.


Ezagutu gure erria

J.L.L.-k

Orri honen zera, gure erriaren dibulgazino ezagutze bat emotea izango da. Erriz erri ezin dogu emon, Euskal Erri guztian zazpireun inguru diralako; zazpi ataletan azalegi gelditzen jaku. Erdi bide bat artzen dogu, eskualdeka, komarkaka emotea. Irurogeira ez dira eltzen. Urte bitan danak emoteko moduan.

Eskualde berbea

Eskualdea bestaldean, Bidasoaz handik, orain bere erabilten dan berbea da. «Garazi eskualdekoa naiz» esaten dabe. Beraz*, ez da neologismu bat, ez eta arkaismu bat, berba bizi bat baino. Gehiago oraindik, euskal idazkaritzak eratutako Baiona-ko batzarrean «komarka» berbea, euskera batuan eskualdea erabiltzea erabagi zan. Behar genduan holako prezizinodun erabagi bat artzea.

«Herrialde» beste gauza baterako itxi zan, eta gauzak ganoraz egiteko itxi behar dogu, Bizkai, Araba edo holakoak adierazoteko. «Ballera», besterik ez egoalakoan edo «Erri Gaztedik» zori txarrez hemen zabaldutako berba bat da. Erderatik etorritako, ta gipuzkoarkeria batetik kanpo, beraz*, euskera batuaren kontrakoa, geografia zientzia zer dan ez jakitea da. Batzuetan «ballera», «valle» edo obeto esanda «aran» eta eskualdea gauza bera izango dira, geografu batentzat. «Enkartazinoak» eskualde bat dira, baina lau edo bost bailera. Leintze, ostera*, (Leniz) bailera bat eta eskualde bat da. «Erridi» berbea, faltarik egiten ez eban neologismu bat da, abizenaren antzera, zertan sortu ez egoana, bestaldean jatorragoa eta errikoiagoa egozalako ta dagozalako: eskualdea eta deitura*.

Puntu hau amaitzeko, hemendik aurrera «komarka» adierazoteko, ESKUALDEA bakarrik erabiliko dogu, batasunaren eta geografia jakintzaren izenean.

Eskualdea zer dan

Jordi Dalmau-k esaten deusku eskualdea sintesis aundi dala. Sintesizatzeko elementu honeek behar dituala: kondaira*, ekonomia, lur konkretu bateko gizadia, artu-emonak... Dino: «La comarca es una visió sintética d'unitats». Ondo esanda hauxe, unidade horreek erriak dira batik bat.

Guk eskualde bat osotzean, sei gauza kontuan daukaguz:

1) Historia, ez beti berari itsuan jarraitzeko, gure erria zelan eratuta egoan jakiteko baino, ta bertatik gaurkorako planteamentu bat egiteko.

2) Lurra, batez bere mendi lurraldeetan «aranak» zerikusi aundia daukee.

3) Giza izakera, folklorea, euskalkia*, jantzikera, giza tipuak...

4) Giza ekonomia, bidekotasuna.

5) Bide estruktura: tren bide, auto bide, galtzada et. a., baina ez absolotutzat artuta, ze erriarentzako eginda ez dagoz asko ta.

6) Urigintza (urbanismo), gaur gehien begiratu behar jakona, bera ez dalako kaleak nundik joan behar daben esaten dauana bakarrik, gizarte*, ekonomia, bide, ur ta beste arazo askoren uri* planifikatze bat dalako, ta munduko toki askotan, ta Bizkaian bere bai, eskualde osoaren planifikatzea. Urigintza politikoaren arloa da, ta baita soziologu, ekonomista, ingeneru, geografu ta arkitektoena bere.

Osotazean puntu horreek kontuan euki baditugu, izenak aukeratzean besteok:

1) Gure eskualdeak izen historikoak daukezala, edo eukezala.

2) Eskualdeak, gauza kolektibu bat danetik, baten izena ezin dauala eroan uriburua* bada bere.

3) Mundu guztiko jokera bat bere ba dagoala: ibaien izenak artzea, kolektibu izenentzako.

4) Gure erria besteratuta dagoanez, izenetan be desalienazino bat behar dau: Busturia esan eta ez «gernikesado»; Iruña ta ez Panplona.

Gure asmoa

Sartaldetik asi ta Sortaldera azalduko doguz eskualdeak, «Enkartazinoetatik» asi eta Pettarrand (Basse Soule) amaitu. Ezkerretik eskumara, ta goitik behera. Saiatuko gara historia labur bat emoten, ekonomia arazo batzuek, izkuntzarena, demografia, arte aberastasuna, ta, batez bere bertako gizarte arazorik larrienak*.

Gure lana saiakera bat danetik, kritika baten baharizenean dago. Betoz ba ordu onean xehetasunik* ugarienakin, ze usteak alde batera itxita, datu ziurrekin orniduta egin behar dogu gure kultura.

Bizkaiko lur galduak

Bizkaiko bere Sartaldeak lurralde batzuek lehen bereak ziranak, era batera edo bestera, orain inoren eskuetan daukoz. Ez goaz azaltzen Moneo-ko Aforado-ak eta Ason ibaitik Trasmiera-ko Merindade aldeko erri batzuen Bizkaitasuna, oso urria agertzen bait jaku bai kondaira aldetik, bai toponimia aldetik ta baita etnologia aldetik bere. Baina bai, Mena Aran-eko ta Ason-en eskumaldeko erriak, horreetan ziurtasun gehiago daukagulako.

***

Urrengoan, ba, BIZKAIKO LUR GALDUAK aipatuaz jarraituko dogu.


Ohar bat

Aldizkari honek idazkera aldetik arau batzuek ipinita daukaz, ta beti beteazoko ditu. Beraz*, arau honein jabe egin nahi badozu, ez daukazu idazkola honetara eskatu baino besterik, behingoan izango dozuz zure eskuetan eta.

Noizean behin «euskera batuan» bere zerbait agertuko dogu, Euskaltzaindiaren gurariari jarraituz.