ANAITASUNA

BIZKAIA

171 gn. zenb. — 1968, urrillak 30 — 4 pta.

Torre, 3, 1.º - Bilbao (5). Tel. 24 14 67


ANAITASUNA

amabosterokoa

18

Euskalerriko Anai Txikarrak argitaratua

Zuzendaria: JUAN AZURMENDI AIZPURU

Zuzenbidea: Torre, 3, 1.º — Bilbao (5) — Tel. 241467

Urteko ordaiña: 75 peseta

Banakoa: 4 peseta

XVI urtea — 171 gn. zenb. — 1968, urrillak 30

D. L.: BI 1.753 — 1967

GRAFICAS BILBAO - Gordóniz, 28, 3.º - BILBAO-12


Arantzazuko Batzarra. Alkartasun gogoa nagusi


 Leendik esanda egoan lez, Arantzazun izan zan Euskaltzaindiaren batzarra, urriaren 3, 4 ta 5-ean. Idazle, irakasle eta Euskaltzaindikoen artean, jentea naikoa bildu* zan. Leenengo egunean larogeitik gora, eta bigarrenean eta irugarrenean eundik gora zirean bilduak.

Literatura euskerearen batasunaren alde egin zituen euren itzaldiak M. Lekuona, L. Mitxelena, L. Villasante eta A. Zatarain jaunak. S. Garmendiak ezin etorria adierazo eban; eta Villasantek irakurti eban, arek bialduriko lana. Amabi euskaltzaiñek bete eben maiburua. Euretarik, Satrustegi jauna izan zan moderatzaille.

Anitz* agurrezko eskutitz eta zenbait* idazlan jaso zirean, etorri ezin zirean idazleakandik.

Alkartasun giroz* artu zirean, itzei eta morfolojiari jagokezan* erabagiak. Ortografiari buruz izan zirean eztabaidarik geienak eta alkarrizketarik bizienak, H letrea onetsi* bear zan ala ez.

Luis Mitxelena, izkuntzalari bikaiñak, gauzak agiri garbian jarri ebazan, eta letra orrek dituan korapilloak askatu zituan. Beste gauza askoren artean esan eban, H letrea aintxiñako agiri* zaarretan eta euskal literatura osoan agertzen dala; gaur egunean bere, zenbait* euskalkitan erabilli ta aoztuten dala; eta gaurko idazle gazteen jokerea, letra orren alde doala. Errazoi bidez, kontra egozanetariko asko alde ipinteraiño jardun eban gure gidari argi ta jakitunak; eta mintzatu* zirean guztiei, bear zirean argitasunak emon eutsezan. Gaiñerako gaietan bere, zentzunezko aolkuz* eroan ginduzan bide ziurretatik. Euskaltzainburuak be, aolku onez eta apalkiro eroan eban bere burutzea; eta Satrustegik, ederto bideratu zituan alkarrizketak. Beronen gidaritzapean, anaitasunez beterik joan zan batzarra.

An artutako erabagiakaz liburu bat egingo da: itzaldiekin, alkarrizketen laburpen, H letrearen iztegitxu bat eta euskeraz mintzatzeko bearrezkoen direan 1.000 berbakaz.

Jakiña, Euskaltzaindiak ezin dau iñor beartu, artu direan erabagiak nai ta naiez erabiltera, beretzat ofizialki artuarren bere. Orregaitik, batzarraren bukaeran* agiri* au irakurri zan.

Arantzazuko batzarra egin ondoren, Euskaltzaindiak eskerrak agertu gura deutsez, etorri direan naiz euren eritxiak bialdu dituen guztiei.

Danon ustez, gure izkuntzearen batasuna dogu gauzarik bear bearrezkoena. Batasuna, jakiña, ez da Euskaltzaindiak egin daiken gauzea, eta arabere* gitxiago bat batean egin daitekena. Batasun ori —euskera idatziaren batasunaz mintzatzen* garean ezkero— euskal idazle ta irakasleen eskuetan dago, Euskaltzaindia gidari ta laguntzaille dabela.

Atsegin artu dau Euskaltzaindiak, alkarrizketa onetan agertu dan giroaz* eta alkar lanerako gogoaz; eta uste dau, gero bere, guztion laguntzeagaz, bere eginkizuna beteko dauala.

EUSKALTZAINDIA


Erriz erri

Igorreta

Gure jaiak be, amaitu dira. Ona emen zelan izan diran.

 San Migel bezperan. Iraillaren* 28-an, arratsaldeko bostak inguruan, sekulako asto ariñeketak. Lau asto presentatu ziran. Gero, gaztediarentzako erromeria.

 San Migel egunean. Goizean, meza nagusia: erriko seme abade diranak, gitxi; bertoko abadeak be ez; sermoia, Don Sebastianek, Durangoko artzipresteak; au be, De Gaullen antzera, auzoa konpontzeko prest.

Meza ostean, dantzari talde ederra: bertoko txikiak, neska ta mutil. Ederto, mutillak! Jarraitu gogor! Gero bertsolariak: Enbeita, Lopategi ta Azpillaga. Ze ederto! Azkenez, esku pelotako txapelketea bertoko gazteen artean. Arratsaldean, euria ugari.

 Urriaren 5-ean. Zapatua. Arratsalde erdian, aizkolariak. Irabazi ebenak, leenengo Julen Lejardi, Bolibarkoa, ta bigarren Mañariar bat. Azkenez, «Central Forestal»-ekoak esibiziño bat egin eben euren makiñakaz. Gauean berbenea, «Naikari» ta «Baikoa» taldeak alaituta, frontoi barri ederrean. Euria egiten dauanerako, ba dakigu nora joan.

 Urriaren 6-an. Domekea. Meza ederra euskeraz. Gero dantzariak. Azkenez euskal kanta barrien abestaldia, Abel Enbeitak eta beste batek presentatuta. Bittor Egurrola, Saenz anaiak, Maite Idirin, «Beti Alai»koak eta Estitxu: danak txalotuak, eskuak apurtuarte. Jentetalde galanta, ia irurak arte egon zan entzuten. Berandutxu uste dogu. Ordu bietarako amaitu bear eban, ze askok urrun joan bear eben jatera.

Arratsaldean, dantza ta aurresku norgeiagokea. Azkenean, beti legez, erromeria. Parkatu, zeredozer itxi badogu, ipiñi barik.

Kezka batzuk daukoguz, eta mesedez artu gogoan: Igorreta joan daitela beti aurretik. Danak batu komisiñoan, igaz legez; ze arerioak banatu ta apurtu gura dabe gure erriko gazteen alkartasuna. Euskal abestiak, eguerdian ondo amaitu; edo ostean, illuntzerako itxi, ze nok daki jente geiago etorriko zan.

Buru baten faltea egon dala ikusi dogu: danak agintzen, eta ori gauza motza da. Datorren urterako, Jaungoikoak gura badau, Mikel Sopelana be gure artean izango dala uste dogu.

GOIURI-AXPE

Arantzazu

Eguneroko lan neketsua itxirik, Arantzazura jo dot, aldi baketsu ta atseden nasaiaren bila; baita bide batez, ANAITASUNA-ren irakurleentzat zerbait argitzera.

Dana neurtuta, mugarrituta dogun aldi onetan, egia argia izanarren, ertz zorrozduna da; ta tamalez*, ezin dogu erabili bear litzaken legez. Baina emendik ezten eta andik akulu, ea zerbait biribiltzen dogun.

Erri onetan, ondo gertu* ondoren, bigarren aldiz jo dau «satorrak», askorentzat galerazota dagoan lur samurrean. Leenagoko musturkadan, erdi itsu jo ebalako edo, ez eban biderik zabaldu; baina oraingoan, ondo gertuta*, oitura dauan legez, aurpegia agertu barik eta ixilean lan egin deusku, baita lur gozoa aurkitu bere.

Zer ekarriko ete deutso erriari maltzurkeria onek? Gerokoa, geroak esango deusku; baina oraingo egia biribila, auxe da: Aita J. Jose erritik ataratea lortu dabela, erritar geien geienen biotzak negarrez itxirik, eta gaztedia umezurtz.

Eta orain ona emen Aita J. Josek egin dauzan gaiztakeriak: Eleizea garbi, apain eta txukun ipini dau; gaztediari eleizarako ta lagunarterako ainbat abesti eder irakatsi; gaztedia batzartu ta erritar naiz erbesteko andrazkoak errosario osteetan kartetan jokatzeko teilatupea erosotu; telebisinoa be laster izango eban erriak, neguko domeka arratsaldeak anaitasunean emoteko. Baina ara zer egin deuskun eleiztarren artean ixil eta makur dabilen deabruaren buztan eta adarrak.

Aurpegia garbi ta biotza nasai dauanak, ez dau zetan ibili ixilka ta ilunean. Leenengo ekitaldia «azpitikoak» irabazi dau; baina bigarrena irabazteko laguntasunik ez deiola emon gure Jaungoikoak, bakotxa bere bideetatik zear ikusterik gura ez badogu. Etorriko danak zereginik naikoa izango dau, iru-lau agindugurakori jaramoten asten bada. Dana dala, ondoetorria datorrena, ta agur bero beroak Aita J. Joseri.

A. LANDAJUELA

Mendexa

Antzezlariak

Antzezlari* taldeak, iraillaren* azkenengo egunean egin eban batzarra, negurako antzerkiak* gertuteko. Leenengo gertuko* daben antzerkia, «Etxaun» izenekoa izango da.

Oraingoan, utsune aundia daukagu taldean. Lau lagun ezkondu egin dira, eta erritik kanpora bizi izaten alde egin dabe. Euretariko bat, Xabier Txakartegi, taldeko zuzendaria ta antzezlari bikaiña; bere ardurapean egon da taldea, eta antzerki guztietan berak egiten izan dau paperik aundienetariko bat.

Espe Laka, bere emaztea be, taldekoa zan. Bardin beronen aiztea, Begoña Laka. Au, Gardata auzotegiko Zezilio Lekerikabeazkoagaz ezkondu da. Bikote biak, urriaren 5-ean artu eben ezkontzako sakramentua. Eta agostuaren 31-n, taldeko antzezlari trebea izan dan Petra Plaza, Izpazterreko Rikardo Bengoetxeagaz ezkondu zan. Iru bikoteok, Mendexako eleizan ezkondu ditu abade zintzoa dan Don Jose Sagarnak. Zorionak guztioi!

Pelota lekua

Pelota leku barria be, amaituta dago. Datorren udan frontoi barri ederrean pelotaka egiteko aukerea izango dau jenteak. Ea leen baiño zaletasun geitxuago artzen daben guztiak!

Eriotzea

Urriaren 8-an il zan Errementari baserriko Maria Uskola, 77 urte zituala. Goian bego!

JOSE TXAKARTEGI

Donostia

Gipuzkoarren gotzaiña il da

Lorentzo Bereziartua Jauna, orain 73 urte, Bidania-Gipuzkoan jaio zan. Euskalduna ta baserritarra erro errotik.

Gazteizen leenengo ikasteak egin, eta Comillas-Santanderen amaitu zituan. Urte batzuetan Gazteizko abadegai etxean irakasle izan zan, eta Espaiñia aldera Gotzain izatera joan zan. Zaragozan leenengo, Gotzain laguntzaille; eta Siguenzan gero, Gotzain nagusi. Andik Euskal Errira etorri zan, Donostiako Gotzain izatera, 1963-an. Bertan emon ditu azken urteak, eriotzeak eroan arte.

Bereziartua Jaunak bere abadegaiai esan eutsen, Gipuzkoako abade izateko, euskera jakitea bearrezko zala; eta jakin barik, Gipuzkoako abade ezin leitekela izan. Esan eban baita be, Gipuzkoarren izkuntzea euskera zala. Beronek Liturjia euskeratzeko erreztasunak emon zituan.

Bereziartua Jaunaren azkenengo Eskutitz Pastoralak, euskaldunai poz aundia emon deutse. Pastoral barriak egiteko asmotan egoan. Baiña argitaratu baiño leen, eriotzeak eroan deusku. Goian bego!

Durango

Euskal Disko ta Liburuen III Feria

Aurten be, Gerediaga Alkarteak antolatuta*, Durangon egingo da Euskal Liburu ta Diskoen III Feria, zemendiaren* 1, 2 ta 3-an.

Egun orreitan, Santa Maria eleizako aterpean ipiñiko dira standak, goizeko bederatzi t'erdietatik ordu batak arte, ta arratsaldean lauretatik bederatziak arte. Bigarren egunean, zapatuan, arratsaldean bakarrik, asteguna dala kontuan arturik.

Oraindiño ez dakigu zeintzuk editorialak joango diran; baiña seguru asko, Euskal Errian dagozan guztiak edo geienak izango dira, feria au entzute aundikoa da ta.

Durangoko feria onetan, eta jentea batzeko, aurreko urteetan egin zan lez, denpora-pasak izango dira, aurretiaz zabalduko dan programeagaz.

Gerediaga Alkarteak, lan andia egiten dau Durangon eta bere inguruetako errietan; eta feria onen bidez, sortu erazo ta asetu gura dau jentearen kultura gosea.

Eibar

Jakintza Astea

S. C. R. Arratek eratua, zemendiaren* 10-tik 16-ra Jakintza Aste bat izango dogu. Aurten leenengo astea da, ta apalki jardun bear izan dogu. Dana dala, beste saio* artean lau itzaldi interesgarri izango doguz.

 Astelenean, Joan Mari Torrealdayek Euskera Idatziaren Batasunari buruz berba egingo dau. Gaur egun, batasunari gai jardungarriena deritxogu. Batasuna premiazkoa dogu euskerearen etorkizunerako. Euskaltzaindi osoa ta euskal idazleok, guztiz murgildurik dagoz arazo onetan.

 Martitzenean, Rikardo Arregi izango da izlari. Euskal Idazleen Eragozpenak aitatuko deuskuz. Batasuna praktikan jarri bear dabenak idazleak diran ezkero, gai* au Torrealdayen itzaldiaren betegarri lez artu daikegu.

 Eguastenean, irukote au amaitzeko, Andoni Lekuonak erabilliko dauan gaia, Euskerea ta Erri Nagusiak izango da. Euskerearen gaurkotasunaz, agerbideren batzuk azalduko ditu. Gaurko bizimoduan, erri nagusietan batez be, euskal giroa* galdu ez daigun.

 Barikuan, azkenik, gure errikide Juan San Martiñek Euskal Poesiaz jardungo dau. Euskal Poesia indar barriaz berbiztu dalarik, barriro be gai erabilgarritzat dogu.

Eibartarrok abesti jaiak ta bestelako euskal jaialdiak betetzeko naikoak garala, amaika bidar ikusteko aukera izan dogu. Ez ostera itzaldi ta kultura jardunetan, ezta urrik emon be. Ez gaitezan ardurabakoak izan. Gure euskalduntasuna jakintza arloetaruntz bideratu daigun. S. C. R. Arrateko saloiak irureun inguru jarrileku daukaz. Eibarko euskaldun ugariok beteko al ditugu.

Deitua gelditzen zara.

ERATZAILLEAK


Lurdes Iriondo ezkondu egin da

Leendik ebillen zurrumurrua egiaztu egin da. Lurdes Iriondo ta Xabier Lete ezkondu egin dira, urriaren 11-n, Izazkungo ermitan, Tolosan.

Barri onek benetan poztuten gaitu. Lurdes, bere parebako abotsagaz, Euskal Errian zear ibilli da, eunka jaialdietan euskal abesti barriak zabaltzen. Eta bardin Xabier Lete. Biak izan dira, ta ba dira duda barik, euskal abesti barriaren zabalkundeko oiñarri sendoak, Benito Lertxundi ta beste abeslari batzuekaz.

Eurei eskerrak, gure gaztedia, eunka, millaka kontetan dan gaztedia, euskal kutsuz betetan asi da. Iñoiz euskal jai batera joan ez diranak, orain joan doaz euskal abeslariak entzutera; ta au guztiz inportantea da, garrantzi andiko jazoerea da.

Guk uste dogu, ezkontza onek ez dituala Lurdes eta Xabierren abotsak ixilduko. Bearrezkoak doguz biak gure ezenario ta plazetan.

Zorionak, Lurdes eta Xabier!

XABIER GEREÑO


Eguzkialdeko barriak

Gaurko Korea

Gerra denporan eta gerra ostean izango zan; baiña gaur ez da geiago egia, liburu baten irakurritako au: «Gure samiñak eta negar malkoak, jatekoaren faltatik datoz». Koreako idazle baten berbak.

Gaur egunean, gosearen mamua* ondo batezterrean aurkitzen da. Alandaguztibere, noizik bein, ikusi leitekez umeren batzuk euren sabelak larregi aundituta, beso labur eta anka txikiakaz.

Ezin ukatu, Koreak aintxiña aintxiñatik gose asko igaro dauala, bere 4.000 urteko historian zear, sarritan zapaldua, oinperatua izan dan lurra da ta.

Bai kantu ta bai ipuin askotan, koreatar idazleentzat erreza da gosea gaitzat* erabiltea, ze ondo dakie jakin be zer dan gosearen erpeetan egotea, agorako bidea aaztuta.

Oraindiño gaur berton, ikastoletako umetxuak, euren txiliñezko abots garbiagaz, irribarrez kantetan dabe:

«Txantxangorri, txantxangorri, zer dozu janari?

Gu ibilli gara auzotik ekarten;

Baiña noiz ordaintzen?

Plazan erosten eta geroago ordaintzen.»

Eta baita beste au bere:

«Erbi, erbi lotsati,

Neguan zer da zure janari?»

Azken urte bi oneetan, bere barrabaskeriak egin ditu sikateak egoaldean, arrozik geien artzen dan tokian; baiña Gobernuak lagundu dau zeredozer, eta ezbearra ez da ain txarra izan. Dana dala, gaur Seoul-era etorri ezkero, gosearen arrastorik topetea ez da gauza erreza, leku batzutan pobre asko egonarren bere.

Gaurrarte eta oraindiño gaur berton be, koreatar geienak bi bidar bakarrik jaten dabe. Goizean, gure armozo denporan; eta arratsaldean, irurak edo laurak inguruan. Esan bearrik ez dago, bietan arroza jaten dana, bedarrakaz naastuta, salda apur bategaz.

Auxe da, apapuan* bizi dan jentearen janaria. Baiña onetan bere, gauzak asko aldatu dira; eta gero ta geiago iru bidar jaten da, ta ez arroza bakarrik, beste jateko asko baiño.

Koreatar izkuntzan ba dagoz alako berba barragarri asko jatekoaren kontuan. Ona emen bat: «Sikku». «Sik» arroza da, eta «ku» agoa. Zenbat ago arrozez bete bear, ainbat gizon etxe aretan, erri aretan. Emendik, «arroz agoa» edo habitantea.

Baiña, bai zera! Gaur koreatar agoetan ez da arroza bakarrik sartzen, partikarak bero euki ezkero.

Orain urte bete izango da. Emengo lau euskaldunok restaurante baten sartu giñean. Oraindiño ate aurrean gengozala, an agertu zirean zerbitzariak, nor ariñago egiñaletan, irribarrez; eta an asi zirean ongietorriak eta buru makurtzeak. Ez da makala, egin bear dan gimnasia. Antxe bertan kendu genduzan gure zapatak; eta etxe barruan ibilteko, alako beste batzuk jantzita barruratu gintzazan. Ordu onean. Maiera urreratu giñeaneko, nasai jezarteko esan euskuen. Nire begiak bazter guztietara begiratu eben aulkien billa, baiña alperrik. Aulki barik nasai jezartea, ez da makala. Maipetik luzatu nituan neure iztarrak, etorrenaren begira. Ez neban itxaron luzaroan. Momentu baten ipiñi eben maia platerez gaiñezka. Nik orduan ez neban kontuan artu zenbat plater izango zirean; baiña metro kuadradu biko mai aretan platerakaitik ezetarako tokirik ez egoana, ori bai da dakit.

Egun aretan, «pulkogi» eskatu genduan. («Pul» = sua; «kogi» = okelea.)

Orretarako, maiaren erdi erdian ikatz gori bat ipinten dabe, ta gaiñean burdiñezko tresna bat zuloz beterikoa. Beronen gaiñean ipinten da okelea, zati zati eginda. Bakotxak berak gura dauan beste erretan dau; eta palotxuakaz lagunduta jaten ditu zatitxuak. Okeleagaz batera artzen dira geldiro geldiro beste milla gauza: salda, bedar, sopa, arrain siku, arrain egosi, itxasbedar, sustrai, orri prijidu, eta abar eta abar. Ezin dira danak izentatu, ainbeste baitira*; danak, gozamen eta gustu desbardiñekoak. Ikusita bere, guztiz da gatxa siñistutea. Eta dana batera ekarten deutsue maiera.

Guretzat orioa dana, koreatarrentzat pikantea da. Jatekoak pikanterik ez badauko, ez dau ezer balio. Eta bai ba, pikanteak ardaoa eskatzen dau. Ba dira iru lau ardao klase, geienak arrozagaz egiñak; maatsagaz be egiten dira batzuk; baiña euri larregi egiten dau uda denporan, eta maatsa ez da ona. Ba dago «makkoli» deitzen dan bat. Gure txakoliñagaz ez dauko zerikusirik, izenean ez bada. Ba dauko alako sagardoaren gustutxua; eta naiko ona da, besterik ez dagoanean.

Koreatarreri asko gustetan jake edaria; eta polito edateko, oitura eder bat asmatu dabe. Esate baterako, zuk artzen dozu baso bete ardao eta ba zoaz poliki poliki edaten. Alako baten, zuk baiño leenago basoa erdi utsitu dauan bat or jatortzu, bere basoa eskinten; ta zurea oraindiño beterik egonda be, berak eskinten deutsuna dzangada baten edan bear dozu, segiduan berari barriro beteta biurtzeko. Gero, zeurea libretan dozunean, zeuk eskiñi bear deutsazu zurea.

Eskiñitako basoa artzea, laguntasuna agertzea ei da; baiña baita ardaoa polito edateko oitura ederra be.

JOSE MANUEL URIAGEREKA


Euskaltzaindia. Arantzazuko erabagi eta lanen aurrerapena

Arantzazun izan direan eta ez direan euskaltzaleak argibide bat euki daien, Euskaltzaindiak geroago eta astiroago argitaratuko dituan erabagi eta lanen aurrerapena agertu gura dogu orain.

1. Ortografiaz, Euskaltzaindiko batzorde* teknikuak adierazo dituan puntu geienak onartuak izan dira.

2. H-ren auzian, izan direan eritxiak entzun ondoren, erdibide bat aukeratu da, asteko: alegia*, begi onez ikusiko leukela Euskaltzaindiak, letra ori bi bokal bardin naiz ez bardiñen artean erabiltea.

Onek ez dau esan gura, gorago jo nai dabenen saioak* ez direala ondo ikusiak izango.

3. Morfolojiaz, batzorde* teknikuak adierazo dituan puntu nagusiak oiñarri lez artu dira. Aditzaren* auzia barriz, beste aldi baterako itxi da.

Euskal itz zaar eta barrien formak aztertu dira, gero be gai* ori bide bardintsutik obeto lantzeko asmuaz.

«Txomin Agirre» Nobela Saria

Euskaltzaindiak urte birik baten eratzen dauan «Txomin Agirre» izeneko nobela saria, aurten Jose Luis Alvarez Enparantza «Txillardegi» idazle famaduari emon jako, bere Elsa Sheelen izeneko nobeleagaitik.

Juraduko, Gabriel Aresti, Salbador Garmendia eta Ibon Sarasola izan dira.

Sari au, urtero Bizkaiko «Caja de Ahorros»ak emoten dauan diruagaz egiten da: urte batean «Txomin Agirre» izeneko nobela saria, eta bestean «Toribio Alzaga» izeneko teatro saria.

Aurten, Euskaltzaindiaren urre ezteguak direala ta, beste 10.000 peseta jarri ditu Euskaltzaindiak bere kutxatik, eta 20.000 pesetako saria da.

Zazpi nobela presentatu dira. Euretariko lau oso onak juraduaren eritxiz, eta Beste izakia eta Igesa izenekoen aurretik gelditu da Elsa Sheelen «Txillardegi»rena.

Beioaz gure zorionak idazle bizkorrari.


Eleizearen gaurkotasuna

Geroaren bildur

Eleizearen gaurkotasuna, gure kontzientzietan dago. Ez dago euskaldun bat, asko edo gitxi arazo onetaz kezkatzen ez danik. Jazoerak or dagoz adierazoteko.

Gure ustez, gaurkotasun onek etorkizun illuna dakar.

Ez dogu guk esaten. Gil Roblesek «No fue posible la Paz» bere liburuan autortzen dau: «Si la sinceridad de las nuevas generaciones y la vitalidad del magisterio conciliar no logran rectificar la dirección de esa corriente, el catolicismo español conocerá en el futuro días amargos» (III gn. kap., 54 gn. orriald.).

Zegaitik Gil Roblesen pronostiku garratz ori?

Gil Roblesek berak emoten deusku erantzuna: Gaurko katolikutasuna, eskoitarren eskuetan dagoalako.

Justizia soziala egin nai eban-Giménez Fernández ministruari, «marxista disfrazado» esaten eutsoenen eskuetan (IX gn. kap., 175 gn. orriald.).

Orduko gizon berberak dira gaurkoak, orduko asmu eta sentimentu berberakaz: «La actuación política de las derechas sigue teniendo, por desgracia, una acuciante actualidad» (IX gn. kap., 172 gn. orriald.).

Itxura asko meza eta prozesiñoetan eta... miiñetan.

Kristiñau ekintza gitxi norberaren bizitzan. «El desajuste o contradicción entre la verdad que se profesa y la conducta práctica en la proyección individual, familiar y social de nuestro quehacer diario, es quizá el mayor atentado contra la fe en Dios y Cristo, su enviado», esaten dau «Ecclesia» aldizkariak.

Zegaitik eta nogaitik esaten ditu «Ecclesia»k itz gogor orreek?

Kristiñautasuna orrelako eskuetan irauten eta azaltzen dan bitartean, Gil Roblesek eskatzen dauan «rectificación del magisterio» etorten ez dan bitartean, euki bildurra geroari, gero illunari!

Etorkizun illuna

Era bitara etorri leitekio kristiñautasunari gero illun ori. Edo kristiñau artaldea*, makaltzen, gitxitzen eta galtzen joango dalako. Edo kristiñau artalde ori, zigortua izango dalako.

Askok uste ez izanarren, bigarren arrazoi onek, zigorrak, ez gaitu ikaratzen. Zigorrak, ain zuzen bere, ez dauka indarrik ez Eleizearen eta ez beste edozein idea sendo baten kontra. Euskaldunak zerbait esan geinke arazo onetaz.

Otsoak eurak be, zigorraren kontra jaigiten dira, illarteraiñoko indar guztiekin.

Ez, zigorketa utsak ez dauka indarrik kristiñautasuna lako sentimentu baten kontra. Zigorrak ez dau sekula erlejiñoa galdu erazo. Katakunbak ez eben kristiñautasuna galdu. Ezta komunismuak bere, ez dau egin.

Okerragoa da leenengo arrazoia, zera, kristiñautasuna, agaitik edo orregaitik, pixkanaka pixkanaka makaltzen eta desegiten joatea, gizon baten gorputzik lerdenena gaixoaren menpean desegiten joaten dan bezela*.

Orixe da, kristiñautasunari etorri leitekion gero illunik garratzena: Eleizako ateak zabalik, barrua... utsik baiña. Bazter guztiak aramu* sarez estalduta! Orixe da bildurgarri!

Artaldea makaltzen

Gerra aurretik langille geienak, Eleizeagandik urrunduta egozan. Gil Roblesek argi eta garbi esan deusku. Eta jakiteko motibuak eukazan.

Gerra ostean ez bakarrik langilleak, eskertiar guztiak urrundu dira. Eta eskoitiar asko.

Arrazoia Gil Roblesek berak emongo deusku: «Con la guerra civil el catolicismo español se hizo plenamente militante» (III gn. kap., 54 gn. orriald.).

Jokabide onek, kristiñautasunari eta batezbere euskaldun kristiñautasunari kalte ikaragarria egin deutso.

Ondo konturatuten gara, arlo au labana dala, eta gura geunken legez ezin aztertu leitekela. Batek ez daki zer esan eta zer ez.

Baiña egia or dago, iñok ukatu ezin leiken egia: Gil Roblesek aitatu deuskun «Iglesia militante» orrek, kristiñautasunari kalte aundia egin deutsola.

Bai, bildur izan geroari, gero illunari!

HARIZPE


Mexikotarrak ez ete ditue nai izan Olinpi-jolasak?

Mexiko izena guztion agoan ibilli da egunotan. Baiña ez bakarrik, Olinpi-jolasak bertan izan diralako; baita bere, erri zati batek, iskanbilla* andiak sorturik, Olinpi-jolasak eurak ez egiteko arriskuan ipiñi ditualako.

Zer jazoten da Mexikon? Batzuk beintzat, zeredozegaitik ezkonforme dagoz; asko edo gitxi diran ez dakigu, indar apur bat ba daukela jakiñarren bere. Baiña iskanbilla* orreik ez ditue egin, Olinpi-jolasak gura izan ez dituelako, seguru asko. Deporteak berak orrenbeste ardurarik emon ezarren bere, Mexikora jente asko joan da orren atxakiaz; eta ori eurentzako ongarri da, erria zelan dagoan ezagutzeko eta diru aldetik.

Ezkonformetasun ori beste alde batetik dator. Mexikon bere, ba dagoz batzuk, ezkonforme egonarren, euren ezkonformetasuna munduaren aurrean azaldu ezin dabenak, seguru asko. Mundura zabaltzeko bideak galerazo egiten deutseen ezkero, burua atarateko erarik ez dauke; eta, ondoren lez, euren eritxi ta asmoak munduan ezezagunak dira.

Dirudianez*, onexegaitik atara ditue iskanbilla* orreik: Jentea zuur jarri daiten, Mexikon zeredozer illunpean ba dagoala ta; eta illunpeko ori argitzen alegindu ei dira batzuk beintzat. Orrexegaitik nabarmendu dabe auzia.

Gauzak ondo balegoz, ez litzake bide ori bear izango, munduari euren ezkonformetasuna agertzeko; baiña bide guztiak itxita dagozanean, mexikotar orreik egin dabena bearrezkoa izaten da, batzuk illunpean euki nai daben auzia agertu daiten.

Iskanbilla* orreik atara dituenak, gaizkilleak* ete dira? Zentzun bako iskanbillak sortu baditue, edo —auzia munduari azaltzeko beste bide batzuk eukirik— ori egin badabe, ba leiteke izatea. Baiña geiago uste dot, gaizkilleak* Mexikoko arduradunak izango dirala, batzuei euren eritxiak azaltzeko bide guztiak itxiten deutseezalako eta euren asmoak errealidade biurtzen galerazo egiten deutseelako.

Emen dago, nik uste, iskanbilla orrein sorrerea.

JULEN KALZADA


Galdakanoko euskal jaia

Gaztediaren indarrari eta buru prestuari* eskerrak, egin izan da Galdakanon, jenteak egundo ezagutu ez dauan bezelakoxe euskal jaia. Milla ta milla lagun alkartu giñan, joan zan Mikel Deunaren egunean, Galdakanoko kaleetan. Erritar guztiak parte artu eben zelanbait* jaia gertatzen*; ta orregaitik, erri osoa buru-belarri sartu zan jaiaren barrena. Orrezaz gaiñera, alboko errietatik be, jentea ugari urreratu jakun: gazte taldeak, familia osoak, jai bereizi* onen espirituan euren arima gosetiak bazkatzera*.

Abeslarien saioa «Regio» zineman

Goizeko amaiketan euskal kantanteen saioa* izan zan Regio zineman. Dan dana, toperaiño beteta egoan. Ez dot uste, sekula santa sartu izango zanik alako jentetzarik zine aretan.

Ta mikrofonoaren aurrean, gure artistak, kitarrea eskuan eta abesti baten poesiarekin jantzita, erriari egiak eta eginbearrak kantatzen. Abeslariak medio dirala, egunero egunero ainbeste kaskarinkeria entzuten dogunok, ba genduzan gure aurrean, erriari —ta erriaren— gauza serioak naiz alaiak gozotasun eta zintzotasun parebako batekin kantatuko ebezan artistak.

Erriaren bizitza latzean momentu onetan egoki ta premiñazkoa dan lez, gure artistak jentea kontzientziatzera etozan, euren poesiaren indarragaz jente zeia* defendiduaz gaiñera, bere gurarien amesak kantuz azaltzera.

Gure poeta abeslari oneik gogotik salatu* eben jentearen saldukeria, gizakume ardurabakoak zelan saltzen daben giza-duintasuna*, diruaren ordez buru-arimak deabruari emonaz, «diru mordo bategaitik euren lur maitea katez lotu dabenok».

Eta zelan itxasoan arrain nagusiak arrain txikia iruntsiten dauan; baiña ez dagoala zetan egin olakorik gizonen artean. Ez dagoala arrazoirik, gizon bat bere anai-gizona baiño gorago egoteko. Itxusia dala, anaieak anaiea zapaltzea, ta aizteak bere aizteari erropak osturik kalean billoizik desondratzea. Kantante baten abots luzeak esan eutsan dana-belarri zan publikuari: «debruaren gizon batzuek, langilleen odolaz aberastu dirade*». Ta orduan publikuak —ixillean, baiña espirituen izketan mintzatuz*— erantzun eutsan: «egia da; baiña ori «kantante» batek olan esatea, siñestu eziña da, ez baitogu* sekula olakorik entzun kantuz. Ta, mesedez, jarraitu egizu orrelaxe Jainkoaren izenean, zure abesti orrek gure jatortasuna asko defenditzen dau ta».

Aretoaren* barruan egozan-eundaka lagunak, konturatu egin ziran artistak eurenak zirala, eurekin pare parean joiazala, kaleetan zear pausu sendoak kontuz egiñaz. Entzuleak eta artistak —oi ez dana— erritar anaiak ziran, eta samintasun triste baten biak batera kantatzen eben «Erria dago negarrez»: golda ta atxur abandonatuen tristurea, buzoen ta praka urdiñezkoen koipe zikin astuna, buru ta arimaz billoiztutako birjiña euskaldunen lotsea.

«Erria dago negarrez», sufrimentuaren kargea aundia da ta; baiña, era berean, erriaren negarrak ez dauka itxaropen faltarik, artistearen laguntzea sentitzen dau ta. Ikusten daualako, ba dagoala bai oraindiño kontzientzia jatorra, ta ez dagoala indarrik mundu onen gaiñean, ori galdu eragingo dauanik.

Erria ta artistak alkarregaz alkar entenditzen dira, izkuntza berbera egiten dabe ta: izkera zaarra, Aitorrena, gizon kontzientzia bakoakaitik errukarri dagoana; baiña orain, salbatu ta indartu nai dana. Poeta kantariak esan deutsoe jenteari, euskeraz egiteko, eta eurak eta euren semeak liburu aundietako letrak ikasteko, orretara jakin daigun ea zetarako egin bear dogun euskeraz eta ea zer irabazten dogun orretara.

Eta erria, aintxiñako erri nekaldua, arrituta egoan ikusiaz, bere bereak dituan sentimentuak mikrofonoetatik kantuz azaltzen zirala.

Puntu onetara eltzean, aipamendu* bereizi* bat egin bearrean gagoz «Andra Mari» dantza taldeari. Ederto, mutillak! Zuen dantzea, ikusgarria izan zan: mobimentuen indarra, jantzien egokitasuna, argi jokoa, ol* otsa edo ezenarioko ol zarateari atara zeuntsoen probetxua, txistularien ritmo gudutarra. Dantza ori ikusi ondoren, ez giñan bapere arritu, zuek Langollen-en ataratako sariagaz.

Era berean aipatu* bear doguz «Deustutarrak» zortzikotea eta Galdakanoko Korala. Biok ondo bai ondo lortu eben euren elburua*. Jenteari atsegin aundiko izan jakozan, eta gogotik txalotuak izan ziran biok. Neure aldetik esango neuskioe bai batari ta bai besteari, euren errepertorioan gaurko kanta barri batzuek sartu bear dituela; esaterako, «Nora», «Mendietan», eta abar. Zorionak, Maximo ta Andonegi jaunak!

Iru-lau gogoeta

Nire eritxi apalean, artisteak erri kontzientzia izan bear dau. Nai ta naiezkoa da, artista batek erria bere muiñetaraiño ezagutzea. Orretarako ez da naikoa, jakiña, erriaren geografia ezagutzea, naizta ori be premiñazkoa izan. Ezagutze ori, sakonagoa da. Erriak gaurko egoeran dituan arazo ta gorabeeren barri eukitea da. Artisteak jakin egin bear dau, erri-gizonen benetako negarrak nundik daben euren jatorria; ta erri-gizonen benetako pozak eta elburuak* zeintzuk diran jakinda gero, ze bide artu bear dan eurok lortzeko.

Eta komeni da gaiñera, errealidade osoaren barri eukitea. Au da, erriaren barru barruan diran prolema guztiak ezagutzea, edo euren «totalidadearekin» kargututea. (Arazo au oso luzea da ta, egunen baten onetzaz zerbait idatziko dogula promes egiten dogu.)

Nire eritxi apalez, gure artistak kontuan euki bear leukee baserrietatik kalerako emigraziñoa; ta bardin, Euskal Erriaren egoera ta etorkizunari begira oraindiño garrantzitsuago dan erbestetik etorritako emigranteen arazoa. Mesedegarri litzakela uste dot, abeslariak onetzaz zerbait egitea.

Eta, nire gogoetak bukatzeko, zer esan zutzaz, Estitxu, dana barretsu zarean orretzaz? Zer esan zuri, teknikarik eta kantatzeko manerarik oberena* dozun orri? Beiñik bein, zure erregintasun orreri deutsadan errespeturik aundienarekin esaten deutsut, ez dala egia «euskera danik munduko mintzairarik* onena» eta «ez dozula atxiki* nai beste mintzairarik». Orrelako gauzak esatea, ona da bizi garean momentu onetan; baiña erriari egia esatea, askoz obea da. Eta ezelan be ezin geinke permitidu, gaztedia dantzara eroatea. Ori be, egin bearrezkoa da; baiña ez da ori, gure elbururik* beiñena*. Gure il edo biziko elburua, jentea arragoan* eta karabian euren buruak arrazoiz eta zuzentasunez moldatzea da. Ta onetan zure laguntasuna, neurribakoa izango litzake errementari ta karegilleentzat.

Umeen jaia

Munduan pazientzia ta meritua iñok badauka, gizaseme orreik Ikastoletako Andereñoak dira. Joan dan iraillaren 29-an, Galdakanon alkartu ziran dozena erdi bat edo, euren ikasle txikiak ondoren ebezala. Txalogarria da zuek daroazuen lana, neskak!

Iñun daneko pozgarri da, ainbeste umek euskeraz leitzen ta eskribitzen ikasten dabela jakitea. Ortixek etorriko da Euskal Erriaren salbaziñoa, euskal literaturearen indarra, euskerearen batasuna, eta abar.

Guzti onek, euskal jentea barreneraiño poztuten dau. Baiña ez da ori bakarrik pozgarria. Guzti ori —euskeraz buruak ezitea*, kantak eta ipuiñak ikastea— oiñarri dala, egiazko giza-edukaziño bat emotea da pozgarriena.

Ez dogu guk gizonok, olako ardura larregi izaten erropa ta trajeen gorabeeran. Orregaitik, ez dakit azertatuko ete dodan orain jarraian esango dodanagaz: Derrigorrezkoa al da, olako jantziekin umeak euskal jaietara presentatzea? Fantasia pixka bat, gauza polita da; baiña orrenbestekoa? Folklorea ta panplinkeria ez ete dagoz alkarregandik urregi?

Karrozen kalejirea

Umeen jaian jente asko izan zan; goizeko abeslarien saioan* askoz geiago; ta karrozen kalejiran, ostera, marka guztiak onduarte.

Goizean, erri-meza eder baten ondoren, urreratu jakon abade bat gizon zaar bateri, zigarro bat alkarrekin erreteko asmoz. (Pentsatu egizu, gizon zaar orrek gizon nekaldu baten historia bete dauala.) Eta abade gazteari esan eutsan saludu gisan*. «Jauna, gaur barre-pozak urteten deusku guztioi».

Alaxen zan, izan be. Ainbeste jente ta ain euskaldun giro* jatorrean ikusiaz, errian mundu guztia pozez gaiñezka egoan.

Karroza guztiak ziran «zelanbait* euskaldunak». Baiña guztiz: ezbardiñak bata besteagandik. Bakotxak, berak eritxon bat egin eban, bere imajinaziño libreari bakar bakarrik kasu egiñaz.

Uste dot, organizaziñoak aurrez muga edo oiñarri batzuek ipiñi bear ebazala. Au da, base zabal batzuek ipiñi ea ze moduzkoak izan bear daben karrozok. Eta beste alde batetik, esplikatu jenteari —karrozen kalejiran parte artuko dabenei, alegia*— Jainkoaren izenean ez dala derrigorrezkoa «aintxiñako» gauzak presentatzea, gaurko euskaldunak ez dabela ez abarkarik ez blusarik jazten.

Ta, era berean, gaur be ba gagozala euskaldunak, ta karroza batek gaur gaurko irudiak be atara daikezala. Esaterako, ze jatorra izango litzaken pioi bat obra bat altzatzen, edo beargin bat lantegi baten lan egiten, eta abar. Erriari bere gurari romantiku ta xinpleak ezi* egin bear jakoz gitxienez, ta kontuartu erazo begien bistan dituan bizitzako gorabeerakaz.

Bukatzeko, ez daukat besterik esateko, euskal jai ori mundu guztiarentzat guztiz pozgarri izan zala baiño. Segi, gazteak, bide orretatik!

Zaar eta gazteak

asko poztu dira

Galdakanon ikusirik

azkar gaztedia.

Zuekin danak dauke

esperantza aundia,

salbatuko dozuela

Euskaldun Erria.

ANGEL ZELAYETA


Arraintza kontuak

Arraintzaleen Kofradiak eta Eleizearen dotriña soziala

Oraindiño denpora asko ez da, Espaiñiako Obispo guztiak Konferentzia bat egin dabena, eta batzar orretatik dokumentu garrantzitsu bat argitara emon dabena. Atara dau zaratea dokumentu onek, Espaiñiako periodiku eta aldizkari guztietan.

Obispoen dokumentua

Dokumentu orretan, sindikatuaz eta langilleen alkartuteko eskubideetaz diardue* Obispoak, gai oneetaz Eleizearen dotriña soziala gogoratuaz.

Dokumentu onek, Tarragonan izan dan Kongresu Sindikalari urten deutso bidera, kongresu orretan Espaiñiako Lege Sindikal barriari buruz artu direan erabagiak ez baitagoz* ados* Eleizearen irakatsi sozialakaz.

Eleizearen dotriña soziala, ez da gauza barria. Leendik dago landuta eta azalduta dotriña ori katoliku guztientzat. Bearbada, luzaro egon dira gure Obispoak ixilik. Baiña orain agoa zabaltzeko adoretu badira, ez da belu. Betor ordu onean, langille guztientzat eta katoliku guztientzat, dokumentu argitsu eta baliotsu ori.

Ez da politikea

 «Mundo Cristiano» aldizkariak, artikulu interesgarri baten, auxe diño gai* onetaz:

«Obispoak, alkartuta, agirian ipiñi dabe Eleizearen dotriñea. Ez da, ba, aren edo onen eritxi bat. Eleizearen barruan irakasteko misiñoa eta erantzunbearra daukenak izan dira, prolema sindikalari jagokozan* irakatsiak gogoratu deuskuezanak. Eta prolema onek, duda barik, justizia eta gizonaren diñidadea ikututen ditu. Beraz*, dokumentu au, morala eta pastorala besterik ez da. Obispoak ez dabe, ba, politikarik egin, kristiñau arau* unibersal batzuk aitatu baiño, soluziñoak emoteko orduan, arauok kontuan euki daiguzan».

Nor beartuten dau dokumentu onek?

Askatasun andiagaz iruzkindu* dabe periodikuak eta aldizkariak dokumentu onen gaia*, batezbere Organizaziño Sindikalagaz daukon zerikusia.

Katolikuak garean ezkero, eta Estadua be katoliku agertzen dan ezkero, garrantzi andikoa da dokumentu ori, moralki danok beartuten gaitu ta. Espaiñiako Sindikalismua, Mobimentu Nazionalaren oiñarrien gaiñean altzetan da. Eta Mobimentu Nazionalaren bigarren oiñarriak diño: «Eleiza Santu Katolikuaren dotriñeak... argituko dau gure legedia».

Olan izango ete da oraingoan? Denporeak esango dau. Tarragonako erabagiak eta Lege Sindikal barria, Madrilleko Korteetan estudiatuak eta diskutiduak izan bear dira, benetako Lege izan baiño leenago. Emen, prokuradoreak euren eritxiak emongo ditue, eta Lege proiektuari bear direan aldakuntzak proposatuko.

Arraintzaleen egoerea

Arraintzaleentzako be, zerikusi andikoa da arlo au. Kofradiak, sortu zireanetik ona, orain seireun urte inguru, gobernu eta politika era askoren menpean ari izan dira; eta aldi bakotxean, legeak eta zirkunstantziak agintzen ebezan formetara egokitu bear izan dira.

Gaur eguenan, Arraintzaleen Kofradiak, Organizaziño Sindikalaren burpil* bat dira. «Entidad Menor Sindikal» deituten jake. Eta Sindikatu txiki baten antzera antolatuta* dagoz.

Lege Sindikal barriak aldakuntza batzuk ekarriko ditu, duda barik, gure Arraintzaleen Kofradietara.

Puntu bi dira, batezbere, sustraizkoenak erreforma sindikalean: askatasuna eta errepresentaziñoa.

Obispoen dokumentuak be, puntu bi orreetan ipinten dau bere indarra. Askatasun sindikala batezbe, «gizonaren eskubide fundamental bat» dala diño.

«Beraz*, Organizaziño Sindikal barria benetan errepresentatibua izango bada, demokratikua izango bada eta langilleen eskubideak errespetatuko baditu, kristiñau dotriña sozialaren oiñarriak onartu bearko ditu», diño leen aitatu dogun «Mundo Cristiano» aldizkariak.

Arraintzaleen Kofradiak, langilleen benetako alkarteak dira, arraintzaleak eurak askatasunean eratuak eta arraintzaleen benetako errepresentaziñoa daroenak. Orrez gaiñera, autonomuak dira; eta arraintzaleen partizipaziñoa Kofradiaren arduretan, osoa da, bai ontzi jabeen aldetik eta bai tostartekoen* aldetik.

Kofradiak olako birtute onak badaukez, arraintzaleen meritua da. Organizaziño Sindikalak ez dau besterik egin, Kofradiak egokitu eta bere estrukturetan sartu baiño. Ori, eskala lokalean jazoten da. Eta eskala probintzialean eta nazionalean, zein da Kofradien egoerea? Askatasunean izentatuak ete dira euren ordezkariak? Ordezkari orreek, errepresentatibuak ete dira? Zein da Kofradien partizipaziñoa Sindikatuetan?

Limitaziñoak

Sindikatu probintzialetan bokalak dagoz, bai ekonomikuak eta bai sozialak, arrain-industrietako ordezkarien eta Kofradietako kargudunen artean izentatuak. Bokal probintzial orreek parte artzen dabe, bokal nazionalak izentatzean. Esan leiteke ba, errepresentaziñoa ba dagoala puntu orretaraiño beinik bein.

Baiña beste txori batek kantatzen dau, karguak ejekutibuak direanean.

Organizaziño Sindikaleko lendakaria, Estaduko Buruak izentatzen dau.

Kargu onetarako kandidatuak presentatzeko be, limitaziño aundiak dagoz.

Beste aldetik, lendakari nazionalak berak izentatzen ditu sekretario nagusia, bigarren sekretarioa, obra sindikaletako lendakariak, probintzietako delegaduak eta beste kargu andi batzuk.

Onelan, organizaziño guztiko aparatu burokratikuaren kontrola esku baten menpean dago.

Kofradiak, au da, arraintzaleak, ezin dabe kargu orreek izentatzeko parterik artu.

Gatxa da programa onetan askatasuna eta errepresentaziñoa ikustea.

Eleizeak esan dau berea, gai* inportante oneri buruz. Arduraduneri toketan jake orain, Eleizearen esana onartzea edo ez. Arraintzaleen eta langille guztien esperantzea baiezkoan dago.

Madrilleko Korteak asi dira lanean. Lan polita, prokuradoreak euren aurrean daukena.

ARTZA


Euskerazko leenengo liburua iru izkuntzatan

Euskeraz leenengo argitaratu zan liburua, Euskerearen Asikiñak*, barriro atara deuskue. Eiheralarreko abade batek, Etxepare zanak, 1545 gn. urtean egiña da. Ia ez egoan gogoratu bearrik. Orduko euskera zaarrean agertu zan, eta orduko jazkera zaarrean. Orain, jantzi barria ipiñi deutse: oraingo ortografian dator. Eta geiagorentzat ulerterrezago egin daiten, gure auzoko erdera bietara —Gaztelakora ta Frantziakora— biurtuta agertzen da. Eta gaiñeko apaingarri ta guzti jatorku.

Neke guztiok artu dira, gure izkuntzearen leenengo frutu au aalik eta geienen aukeran ipintearren.

Esan danez, euskerazko zatia oraingo ortografian dator, eta puntu ta gaiñerakoz ornidua. Lenengoz agertu zanean, ez eukan ez punturik ez beste olango etengarririk, eta antxiñako letra zaarrean egoan. Olantxe dago, oraintsu Bilbaon egin dan argitaldia bere. Ortik zan askorentzat ain irakurteko gatxa liburu zaar eta irakurgarri ori.

Konponketa au Lino Akesolok egin deutso, baita gaztelerazko itzulpena* bere. Frantziako erderera biurtzea, René Lafon jaunak egiña dau. Akesolo berak ezarri deutsoz, gaiñera, euskeraz argitasun gitxi batzuk, berbarik illunenetan. Mitxelena, euskalari jakintsuak egin deutso, berari jagokonez*, itzaurre* apain, dotore, sakon eta argigarria.

Agiri danez, Euskal Erri osoak artu dau lan onetan parte. Bizkaiak egin dau arlorik andiena Akesoloren bitartez. Gipuzkoatik eta mugaz andiko aldetik, or ditugu Mitxelena ta Lafon jaunak. Etxeparek, merezi eban olango omenaldirik* euskaldun guztien aldetik. Bizkaitarren aldetik bere bai.

Zegaitik ez Bizkaiak lan onetan parte artu? Bere bertso batzuk, Etxepare orren bertso batzuk, Jaungoikoak daki nongo ta zelango bideetatik, Bizkairaiño eldu zirean. Azkue andiak aurkitu ta jaso zituan olako batzuk Bizkaiko menditarte estu baten, non eta Murelagan, ango andra baten agotik:

 «Kristiñau onak bear leuke jaian jaian pentsadu

 aste guztian zeinbat bidar ein ete daben pekatu...

 Kristiñau on bat ilten danean, egiten dabe bi parte:

 gorputza eroan eleizara ta lurraz estalduten dabe.

 Arima ona ba doia eta nora doan iñok ez daki...

Urteen joan-etorrian zerbait aldatuta, eta Bizkaiko jasa* artuta dagoz bertso orreik; baiña ezin ukatu, eurok aspaldiko Etxepare zaarraren soiñua dakarrenik. Eta olako bertso batzuk aurkitu dira Euskal Erriko bazter askotxotan, mugaz emendiko Euskal Errian, Olazagutian asi ta Aezkoa ta Saraitsuraiño.

Egia da, norbaitek esan dauala: Bertso orreik ez ete dira Etxepare baiño leenagokoak? Abade onek ez ete zituan erriaren agotik entzun eta ikasi? Nik ezetz erantzungo neuke. Errian jasotako bertsorik emon gura izan baleusku, Etxeparek ez ete euskun bere itzaurrean* esango? Eta ez diño olakorik. Berak egin dituala diño. Eta euskerearen asikintzat* eskintzen deutsez euskaldunei, eurak irakurri ta kantatzera egin daitezan, gogoaren asegarri ta asti-emongarri izan eiezan.

Merezi eban, bai, Etxepare onek gaurko euskaldunen artean ezagunagoa izatea; eta ona non eskintzen jaken guztiei barriro bere lana, bere liburua, guztien aukeran jarrita, naiko merke. Gipuzkoako gazte talde batek artu dau arazo ta ardura au, Edili-ren izenpean. Euskerearen alderako asmo zintzo batek bultz eginda ekin deutse lan oni. Euskerearen onerako. Euskaldun zaar eta barriak alkar obeto ezagutu daien. Guztiok, gure izkuntzeak emon dituan frutu edo frututxoen barri obeto ikasi daigun. Gure euskereak, urteak joan eta urteak etorri, egin dituan aldakuntzak ikasteko aukerea euki daigun.

Emen ez dago orain, Etxepare izanaren merituak goratu bearrik. Jakitun askok egin dabe lan ori. Eta ez daigun bere liburu au baztertu, erderakada batzuk ba dituala ta. Entzun onetan, kanpoko jakitun baten eritxia: Euskerearen aldetik, Etxepare benetan idazle garbia da, itzalean* garbia, beste izkuntza. askoren leenengo frutuen aldean.

Gogoan izan daigun, batez be, bere asmoa: euskerea biztu ta aurrera atara gurea. Nok ez dakiz bere bertsoak?

 Euskara, jalgi* adi plazara,

 Euskara, jalgi adi dantzara,

 abil mundu guzira!

Asmo bardiñak erabilli dabez liburu onen ataratzailleak bere, eta esker onik merezi dabe euskaldun onen aldetik.

AMUXALDE


Euskal musika ariñaren gatxa ta etorkizuna

Aurten Eibarko Sanjoanetan, barri pozgarri bat eskiñi euskuen antolatzailleak*: Euskal Kantuaren Interpreteen Jaialdia. Bakarka, Estitxu izan zan garaille; eta taldeka, Pasaiko Oskarbi taldea.

Gaur egunean, Estitxu dogu, duda barik, gure doiñua interpretatzeko doirik geien daukan artistea. Internazionalki geien nabarmentzen direan kantakera batzuen menpean aurkitzen da oraindiño. Larregi bearbada. Baiña seguru egon geintekez, bere goiko neurriari jagokon euskal musikagille bat aurkitzen dauanean, gure euskal soiñu ariñak ba daukala bere interpreterik gorena.

Oskarbi, bere aldetik, gero ta gorago ikusten dogu, bai soiñugintzan, bai letrearen grazian eta bai ezenarioan moldatzeko erreztasunean bere. Pasaitar gazteok, bearbada, ritmuaren zerbitzuan gogortu ta legortu egiten dabe esakunearen eta euskal bertsoaren berezko soiñu jatorra.

Eibarko Jaialdiaren lerro nagusiak honeski* aztertuaz, uts bat ikusten dogu guztiz garbi, euskal musika ariñak bere baitan* daukon okerra, ain zuzen bere. Eibarko Jaialdiak uts au argitara emon ebala uste dogu. Gure artean, larregi landu gura dogu artistearen personatasuna. Ta olan kantore larregi agertzen jakuz, bakotxa bere abestiaren kreatzaille; bakotxa, letrearen egille be bai; eta bakotxak, bere kreaziñozko armonia ta ritmuaz lagundurik abestuten dau. Norberekoikeria onek, euskal doiñua murritzera, kateatzera, desegitera ta galtzera eroaten gaitu.

Baldin* gure entzuleak goratu ta sagaratutako* artista oneek, nai geunken apaltasuna baleukoe, mesede aundia egingo leuskioe euskal kantuaren izen onari. Balioko zerbait egin gura dauanari, arrigarri iruditu bear litzakio, persona bategan olerkaritzea*, interpretalaritzea ta musikalaritzea batera egotea. (Onetariko «bateratze» oneek, egintza baten asieran konprenierrezak dira; baiña euskal musikea, asieran barik azieran ikusi gura geunke.) Aitatu dogun umiltasun ori eskatzeko arrazoi larregi daukaguz. Artista orreek autortu daiela, ba direala gure Errian goimaillako olerkariak*; eta aintzat artu daiezala daukaguzan musikagilleak bere. Olan, olerkariak* gauzatu egingo dabe euren goi-arnasea, doiñuaren arauak* eta neurriak ezagutzen dituen musikagilleen laguntasunagaz; ta gero, Estitxu ta Oskarbi ta olako kantore batzuen bidez, lau aizeetara zabaldu leiteke euskal abestia. Baiña ez, batasun ori egiten ez dan bitartean.

Bide erdi egin daiela, beraz*, bai olerkariak, bai musikagilleak eta bai interpreteak bere. Taldean lan egin bearra daukagu, gure onerako. Bateratu ezkero bakarrik asi geintekez, geure geurea izan bear dauan kantakerea serioski* aztertzen. Au be, egiteko dago. Gure ustez, billatuaz billatuaz aurkitu geinkez, orkestatzeko ta istrumentatzeko bear ditugun geure jatorrizko erak eta moldeak. Benetako euskal kantua naziño artean ezagutarazo gura badogu, auxe dogu bide bakarra.

MANOLO URBIETA

(JAKIN aldizkaritik bizkaieraztua)


Dirua eta kulturea

Arrituta nago, eskritore batzuk ze erresponsabilidade eskasa dauken ikusirik.

Bizkaiko eskritore famadua da bera. Oraintsu argitaratu dau liburu guztiz dotorea. Euskalerriko gaiak* erabilten ditu bertan. Ez dot esan gura eskritore onen izena. Ezta, liburua atara dauan argitaldariarena* be.

Bizkaiko eskritore famadu onek ez daki euskeraz, eta alan autortzen dau. Ez dakiala euskeraz. Bere kasuan beste idazle asko izan ei dira, eta gaur bere ba ei dagoz Bizkaian. Euren izenak jarten ditu.

Baiña leidu ondo, irakurle. Bardin gertatzen* ei da Euskalerriko beste idazle askogaz. Mourlane Michelenak ez ei ekian euskeraz. Jose Maria Salaverriak bere ez. Zubiri filosofu ospetsuak ez ei daki euskeraz. Samaniego, arabar ipuinlari famadu eta Tolosan amazortzigarren mendean* alkate izan zanak ez ei ekian euskeraz. Neuk be ez ei dakit euskeraz!

Au idatzita gero, trankil gelditu da bizkaitar eskritore famadua!

Arrituta nago. Eskritore orrek ez dauka intentziño txarrik. Niri onore aundia egiten deustalakoan idatzi dau zorakeria ori Bizkaiko eskritore orrek.

Barriro be esango dot. Zurtuta* nagoala, zenbait* eskritorek ze erantzupide* eskasa daben ikusirik. Euren buruak deskalifikatu besterik ez dabe egiten. Nitaz ori esateak, auxe baiño ez dau esan gura: Idazle orrek nire liburuak ez dituala ezagutzen, ezta azaletik bere.

Mourlane Michelena, irundar idazle famadua, Lizardiren goreslea* genduan. Bere azken egunetan, euskal poema bat idazten ari* zan. Jose Maria Salaverriak, euskeraz ba ekian. Zubiri filosofu ospetsuak, ba daki euskeraz. Manezaundi idazle jatorraren lobea dogu Zubiri. Eta erderaz idazteko tankeran* igarten jako euskeraz dakiala. Samaniego ipuinlariak, ba ekian euskeraz: Ez dakit, Garagorri filosofuak dakianentz. Baiña, dana dala, ez nintzake atrebiduko euskeraz ez dakianik esaten, Bizkaiko eskritorea ausartu* dan legez*.

Pio Barojak ba ekian euskeraz. Berak aiña* euskerazko bertso zaar, oso gitxik jaso ditue. Sail onetan, lan arrigarria berea.

Nik barriz, danok dakizuen legez*, ez dakit euskeraz.

Euskaldun erderazko eskritoreak, guztiz nabarmen* agertzen dau estiloan bere euskaltzaletasuna. Bere idazteko tankerea* ez da bardiña. Ezta urrik emon bere. Joskeran* igarten jako.

Gai* onek beste bide batetik eroango ninduke. Ez da ori nire gaurko asmoa. Beste zeredozer esan gura dot.

Esan nai neukena, auxe baiño ez da. Bizkaitarrentzat doa, edo obeto esateko, bilbaotarrentzat. Bizkaitarrek gure kultura gaietara* oso gogoz datoz azkenengo denpora onetan. Guztiz kementsu. Itxurea danez, diru asko dakarre, gaiñera. Diru aparretan* diarduela* ikusten da.

Dirua, oso laguntzaille printzipala dogu. Baiña ez nagusiena. Burua bear dogu argi leenen leenengo. Kultura gaietan* diru asko erabilteak gitxi balio dau, adimen argia neurri berean ez badogu.

JOSE DE ARTECHE

(ZERUKO ARGIA aldizkaritik bizkaieraztua)


Aberastu zure euskerea

 Ona emen, ANAITASUNA-ren zenbaki onetan izartxu bategaz agertzen direan itzen esangurea.

B = Bizkaia, G = Gipuzkoa, L = Lapurdi, N = Naparroa, D = danak.

ADITZ (D), verbo.

ADOS (L), conforme, de acuerdo.

AGIRI (BG), documento, comunicado.

AIÑA (BG), beste, tanto como.

AIPAMENDU (GLN), aitamena, mención.

AIPATU (GLN), aitatu.

ALEGIA (GN), ala egia, ciertamente, a saber.

ANITZ (LN), asko.

ANTOLATU (GLN), eratu, organizatu.

ANTOLATZAILLE (GLN), eratzaille, organizador.

ANTZEZLARI (D), actor teatral.

ANTZERKI (D), pieza teatral.

AOLKU (L), consejo.

AOZTU (L), pronunciar.

APAPUAN (B), estrechamente.

APAR (BGN)), bitsa, espuma.

ARABERE (B), oraindiño.

ARAMU (B), masmea, masmaua, araña.

ARAU (L), norma, regla, ley.

ARETO, sala, salón.

ARGITALDARI, editor.

ARI IZAN (GLN), jardun, zerbait egiten egon.

ARKI DEZANEAN (GLN), aurkituten dauanean.

ARRAGO (BGN), crisol.

ARTALDE (D), ardi talde, grey, rebaño.

ASIKIN (B), primicias.

ATXIKI (L), tener, retener.

AUSARTU (GLN), atrebidu.

BAITAGOZ (GLN), dagoz eta.

BAITAN, (LN), barruan.

BAITIRA (GLN), dira ta.

BAITOGU (GLN), dogu ta.

BALDIN (D), Ba aurrizkiari indar geiago emoteko erabilten da.

BATZORDE (D), komisiñoa.

BAZKATU (GLN), alimentar, nutrir.

BERAZ (GLN), por consiguiente.

BEIÑEN (B), printzipalena.

JAGOKEZ (B), dagokioez.

JAGOKO (B), dagokio.

JALGI (N), urten.

JAS (B), garbo, desenvolvimiento, aire.

LEGEZ (B), lez, bezela.

MENDE (L), gizaldia, sekulua.

MINTZAIRA (LN), izkuntzea, berbetea.

MINTZATU (LN), berba egin, itz egin.

NABARMEN (D), sobresaliente, destacado.

BEREIZI (GLN), apartekoa, espeziala.

BEZELA (G), legez, lez.

BILDU (GLN), batu.

BUKAERA (GN), amaikerea.

BURPIL (B), errobedea, rueda.

DARIO (D), le mana, le sale.

DIARDUE (B), jarduten dabe.

DIRADE (GLN), dira.

DIRUDIANEZ (D), antza danez.

EGITURA (BG), egitamua, estructura.

EGON GINDEZKE (G), egon geintekez.

ELBURU (L), fin, objetivo.

EMEKI EMEKI (GLN), geldiro geldiro.

ERANTZUPIDE, responsabilidad.

ERASON (B), impresión.

GAIZKILLE, malhechor.

GERTATU (GN), jazo, suceder; (B), atondu, preparar.

GIRO (GLN), aroa, ambiente.

GERTU (B), atondu, preparar.

GISA (D), modua.

GIZA-DUINTASUN, dignidad humana.

GORESLE (LN), goretsi edo goratu egiten dauana, el que alaba.

HONESKI (L), honradamente, honestamente.

IRAIL (B), setiembre.

IRUZKINDU (B), comentar.

ISKANBILLA (B), zalapartea, disturbio.

ITZALEAN (B), guztiz, oso, en gran manera.

ERESI (B), kantua, abestia.

EUSKALKI (D), euskal dialektua.

EZI (D), educar.

GAI (GLN), geia, asunto, materia.

ITZAURRE (G), prólogo.

ITZULPEN (D), traducción.

OBEREN (LN), onena.

OLERKARI (D), poeta.

OMENALDI, homenaje.

ONETSI (LN), onartu.

OTS (D), zaratea.

PRESTU (D), noble, honrado, recto.

SAGARATU (D), consagrar.

SAIO (BGN), actuación, ensayo.

SALATU (D), acusar, denunciar.

SERIOSKI (L), seriamente.

TAMAL (B), lastimea.

TANKERA (G), erea, modua.

TOSTARTEKO (B), alogereko arraintzalea.

ZALANTZA (G), dudea, ezbaia.

ZEE, ZEI (D), menudo, sencillo.

ZELANBAIT (B), zeredozelan, zelan edo alan.

ZEMENDI (B), noviembre.

ZENBAIT (GLN), batzuk.

ZURTU (B), zur biurtu, arritu.


Euskal erriko kantari barriak

Estitxu

Estitxu modan dago. Estitxuri kantetan leenengo bidarrez entzun neutsanerako, euskal kantuari aize barri bat ekarri leikiola pentsatu neban. Zegaitik?

Nire ustez, doiñuari baiño inportantzia geiago emon deutsagu berbeari, mensajeari, askotan, euskal kantuan. Gure arteko kantore askok exitua badauke, zegaitik dan jakin gura neuke, musikeagaitik ala letreagaitik. Erbesteko batek (euskeraz ez dakian batek) gure artista batzueri entzungo baleutse, baliorik aurkituko ete leuskioe? Sarri egin bear geunkezan itaunak dira. Ta gura neuke prueba egin.

Alde onetatik Estitxugaz nasai egon geintekez. Manolo Urbietari —musikalaria bera— entzunda daukotsat, atzerriko edozein artistaren pare jarteko modukoa dogula Estitxu. Ta Manolo Urbieta berak eskribidu dau «Jakin» aldizkarian: «Gaur egunean, Estitxu dogu, zalantzarikan* gabe, gure doiñua interpretatzeko doaiez aberatsena dan euskal artixta. Seguru egon gindezke*, bere goiko neurriari dagokion musikagille bat arki dezanean*, gure euskal soiñu ariñak ba duela bere interpreterik gorena».

— Estitxu, noiz asi ziñan kantetan?

— Txikitandik. Beti abestu dot, edozein kantu.

— Ta euskeraz kantetan noiz asi ziñan?

— 1967-ko abenduaren 24-an, Bilbaon.

— Ta ondo?

— Erason* aundia egin neban. Abesti zaarrak, baiña ezezagunak, interpretatu nituan.

— Aurrera jarraitzeko asmorik badozu?

— Bai, emeki emeki* gora egiteko esperantzea daukot.

— Ze kantu mueta* gustetan jatzu?

— Eresi* klasikua. Abesti modernua be bai. Beti, melodia.

— Eta protestakoak?

— Protesta asko entzun da, larregi.

— Zuk zer emon gura deutsazu euskaldunari zure kantakereagaz?

— Nasaitasuna ta gozotasuna emon gura neuskioz.

— Bide egokia dala pentsetan dot; ze sobra be ba dakigu danok, ezpata bat daukogula gaiñean eskegita.

Baliorik ikusten dozu zuk gaurko euskal musikan?

— Bai, ba dago, baiña itzaren aldetik goaz lartxu.

— Zuk orduan, berbeari ez deutsazu inportantziarik emoten, edo zer?

— Inportantzia bai, baiña gitxiago. Poesiaren aldetik defenditzen da itza. Mexicoko kantakerea da egokiena, alde onetatik.

— Zer eskatuko zeunke, ba, zuk?

— Euskal musikea, euskal eresia* bear da. Asieran dago gure musikea. Ikusten da. «Oskarbi» asi da bide onetatik.

— Ta zuk zer egin gura dozu?

— Gauza on bat egin gura dot, erriari begira ta kanpokoari begira. Benetako baliotasunaren aldetik jo bear dogu; internazionalizatu egin bear dogu gure doiñua. Ta ori gura ezkero, doiñuaren partetik ondo ondo abestu bearra dago.

— Asko ibilli zara erriz erri?

— Asko, asko; esateko moduan, erri txiki guztietan. Bilbaon ta Donostian be bai. Eibarren be bai, konkursutik aparte.

— Ta giro* ona aurkitu dozu Euskalerrian?

— Giroa, oso ona dago; ondo artu nabe toki guztietan.

— Ez deutsue egundo tomaterik jaurtigi?

— Ez, ez; bueno, bai, Laredon, bein. Kantatzera deitu eusten. Pentsatu neban: «Ezagutzen banabe, euskerazko diskoetatik izango da». Asi nintzan euskeraz kantetan, ta ezin jarraitu. Zer izan zan a! Inglesez kantetan segidu neban orduan.

— Zer kantetan dozu?

— Euskerazkoak eta neuk euskeraztuak, beti melodiari begiratuaz.

— Jakin gura neuke. Nun bizi zara, Bizkaian ala mugaz bestaldean?

— Erantzuna, alik errezena da: bietan, Bilbaoan eta Bezkoitzen.

— Ekin eta jarrai, Estitxu, ea gure doiñua munduan zear ezagutarazoten dogun.

Oskarbi

Oskarbi. Izena egin dau talde onek. Pasaiakoak dira, Pasaia Zabalekoak. Zazpi neska-mutillek egiten dabe talde au: 4 mutil eta 3 neska, zazpirak gazte gazteak. Zazpi dirala esan dot; baiña guzurra da, naizta alan agertu jentearen aurrean. Luis Romero be or dago, musikalari famadua, leendik be izen andikoa, gizon jatorra ta adoretsua.

Oskarbi taldea, ikusgarria da, graziduna; gaztetasuna dario*, eziñegona.

— Zenbat kitarra daukozue?

 Bi.

— Zenbat denpora da, asi ziñeela?

— Urte t'erdi. Gabon batzuetan asi giñan.

— Bearbada, Luis Romerok bateratuta?

— Ez. Zaletasunaren eskabidez batu giñan, ta apurka apurka asi. Geure kontura asi giñan. Gero etorri jakun Romero.

— Erri askotan egon zaree?

— Ainbestetan. Tolosan, Ataunen, Azkoitian, Irunen, ta «Ez dok amairu» koakaz.

— Ta Bizkaian be bai?

— Etxebarrin, Bilbaon, Bermeon.

— Artu dozuen saririk onena, zein da?

— Eibarren, Euskal Erriko taldeen leenengo saria.

— Nik uste, saririk onena zeuon sasoia da. Zaarrenak, 19 urte daukoz; ta gazteenak, 17. Sasoia makala! Diskorik bai?

— Laster argitaratuko dogu, «Hegosa»n edo «Belter»en.

— Abesti asko darabilzue?

— 15-etik 20-ra dakiguz, ta orreekaz gabiltz.

— Zuen musikea, zeiñena da?

— Danona —erantzuten deust Romerok, ta gero diño: Musikagillea, neu naiz. Taldeko mutil batek be egiten dau. Olan konpontzen gara: obra baten egiturea*, eginda eroaten dot; gero, entsaioan, danok batzen gara ta zelan kanta geinken ta zer geiagotu bear jakon ta ori dana, danon artean egiten dogu antxe. Egitura* ori, oiñarria da; orren gaiñean altzetan dan etxea, danona da.

Konforme. Ze letra modu darabilzue?

— Batzuetan, bertso zaarrak era barri batera kantatuaz. Jentea, arrituta geratzen da. Beste batzuetan, gaurko egoereari jagokon* letrea. Beti ta beti, darabilgun prolemea geurea izaten da, geure erriarena. Ta ori, geure doiñuagaz emon gura dogu.

— Poztuten naiz, ze beste musika batzuk eraginda gabiltz.

Izan be, zegaitik gure prolemak geure musikeagaz agertu ez? Maixu bakarra, Liverpool ete da ba? Puntu onetan bidea Manolo Urbieta ta Zarauzko «Oleskariak» taldeagandik ikasi dabela pozik autortuten dau Romerok.

JOAN MARI TORREALDAY