ANAITASUNA

BIZKAIA

168 gn. zenb. — 1968, iraillak 15 — 4 pta.


ANAITASUNA

amabosterokoa

15

Euskalerriko Anai Txikarrak argitaratua

Zuzendaria: JUAN AZURMENDI AIZPURU

Zuzenbidea: Torre, 3, 1.º — Bilbao (5) — Tel. 241467

Urteko ordaiña: 75 peseta

Banakoa: 4 peseta

XVI urtea — 168 gn. zenb. — 1968, iraillak 15

D. L.: BI 1.753 — 1967

GRAFICAS BILBAO - Gordóniz, 28, 3.º - BILBAO-12


Batasuna

Danok dakigunez, aurten ospatuten ditu Euskal Akademiak bere urrezko ezteguak. Ainzuzenbe, berrogetamar urte dira, euskerearen aldeko Alkarte ori Oñatin fundatu zala.

Ori dala ta, urrillaren 3'tik 5'erarte, gora aundiko batzar bat izango da Oñatiko Arantzazun. Batzar onen estudio arloa, euskerearen batasuna izango da.

Izanbe, euskereak iraun daiala gura badogu, euskalkien* gaiñetik euskal izkera* bakar bat euki bear dogu. Orretan ez dago dudarik.

Orretarako, gure izkuntzearen batasuna lortu bear dogu, munduko erri aurreratu guztiak egin daben lez. Baiña zelan lortu batasun ori? Ze bide artu, guztiok gura dogun elburu* orretara eltzeko?

Sustraian danok eritxi batekoak izanarren, beste zer askotan ez dogu guztiok bardin pentsetan. Eritxien desbardintasun ori, aldizkari onetan be ikusi dogu, eta oraingo zenbaki onetan be ikusi geinke Jose Azurmendiren idazlan mamintsuan.

Ez, ez da erreza izango euskerearen batasuna. Baiña zelan edo alan lortuko da, bearbearrekoa dogu ta. Orrexetarako bilduko* dira Arantzazun euskal idazleak eta Euskal Akademiako gizonak: eritxiak entzuteko, oztopoak* baztertzeko, batasunerako bidean pausu seguruak emoteko. Bidea, luzea izango da; baiña gero ta gero be, danok ainbeste maite dogun elburura* eroango gaitu.

Bidaldi luze bat egin gura izaten dogunean, al danik karga gitxien nai izaten dogu aldean eroan. Bardin egin bearko dogu euskerearen batasunerako bidean. Gure izkuntzea, aberatsegia da. Ezin doguz bere ondasun guztiak lepoan eroan. Gauza asko, bide ertzean itxi bearko dogu, azkenera eldu gura badogu. Oestaldeko euskaldunok batezbere egin bearko dogu ori, euskera batuaren oiñarria gure euskalkian ez da jarriko ta.

Oestaldeko euskalkian berba egiten dogunok —Bizkaikoak izan naiz ez izan— konforme gagoz orretan. Datorrela, ba, ainbat ariñen batasuna; eta artu daitela oiñarritzat eguzkialdeko euskalkia, oraiñarte egiten izan dan lez; baiña ez deiskuela esan, euskalki ori gipuzkerea dala, eguzkialdeko izkelki* guztiak funtsean* bat dira ta.

ANAITASUNA, bete betean dago batasunaren alde. Ermuko batzarrean esan genduan lez, prest gagoz, alik lasterren euskera batuari orrialde bat eskinteko.

Alandaguztibe, aldizkari onetan geienbat erabilliko dogun euskerea, oraiñarte lez, oestaldekoa izango da: bizkaiera deituten jakona.

Sendotu Bizkaiko euskalkia: orixe da gure asmoa. Oitu daitezala bizkaitarrak, euskeraz irakurten. Bizkaieraz leiduten, euskera ori eurentzako errezena da ta.

Zeregin aundia daukogu gure aurrean. Oraindiño gitxi dira, guztiz gitxi, ANAITASUNA irakurten dabenak. Bederatzigarren orrialdean ikusi zeinkee arpidedunen* zerrendea.

Batu gaitezan danok arazo onetan. Auxe dogu, oraingo une onetan beintzat, guk geien bear dogun batasuna.


Erriz erri

Mungia

Atxuriko jaiak

Zorionak, Atxuriko gazteok. Zorion beroenak, euskaldun jatorrok. Jarrai bideari, ederra da ta.

Bai orixe! Garbi ta ederto agertu dozue aurten zuen naia. Ejenplu ederra, zuek lez jaiak atonduteko asmoa dauken gazteentzat.

Agostuaren 18, 19 ta 20'an ospatu doguz San Bernardoren goramenez, urtero ospatzen direan jaiak. Euretan, eginkizun naiko zabala ta atsegingarria egon zan: Eskota, oiñezko ta txirrindulari arinketak, baita asto ta zaldienak bere, aurresku ta jota sariketak, euskal dantza taldeak, erromeria alaiak eta abar.

Egia esan, ez da egon ezer apartekorik; baiña gauza bat bai geratu da argi. Jai euskaldunak izan dira: euskeraz itz egin, euskal oiturak eta abar. Ba dakit, arritzekoa ez dana; baiña non egiten da beste ainbeste.

Geienontzat ezaguna izango da (entzutez baiño ez bada bere) Mungi aldeko auzoen oitura dan «eskota»: ardao billa, burdi ederto apainduagaz kalera egiten daben etorkerea. Aurten burditxu onek zerbait goragotxu igon dau, zerbait jatorrago ta euskaldunago agertu jaku. Izan bere, Gernikako Arbolearen irudia agertzen zan Atxuriko eskotean; enparantzan* zazpi gaztek aurresku jator bat egin eben eta askori negar anpuluak atara eutseezan; eta «Gernikako Arbola» abesturik, Mungiko kaletarrak agurtu genduzan.

Jaiari azkena emoteko, alkartasun bazkari bat. Ez da makala izan, egun orretan Atxurikoak erakutsi daben alkartasuna. An egozan Atxuriko danak, gazte ta zaar, neska ta mutil. Auzo makar bat izanik, 83 lagun egon zirean bazkaltzen eta 200 inguru afaltzen. Egun zoragarria ta aaztueziña benetan, irugarrengo au. Atxurikoentzat gomuta ederra urte guztirako.

Jaiez beterik daukagu ingurua oraingo egunetan. Or dagoz Gatika, Jatabe, Billela, Laukariz eta abar. Alaitasun utsa uda sasoi argi onetan. Une ederra, gure oiturak agertzeko eta biotza pozez beteteko.

Jarrai, Atxuri, bide orreri. Erakutsi munduari zuen naia. Agertu daneri biotzeko kezka ori. Ez kendu burutik, gau ta egun euskaldunak izan bear dogula, eta lerro eder bat daukagula beteteko. Agur.

ATXURIKO AITOR

Mallabia

Oiz mendiaren sorbaldan dago Gerena auzunea, mendi tontortxuaren gaiñean eta ibar sakonen barrenean iru-lau baserri dituana.

Baserriak, utsituaz doaz. Lurraren kontra burruka latza egin daben familiak, konturatu egin dira, oba dala bakea, oba dala kalera bajatzea, oba dala, mendiak mendi itxiaz, piñuak zerura begira kolore baltzarekin altzatu daitezala, eta landa berdeetan abereak larra ugari euki daiela.

Eta Gerena orretan, jaia egin izan da, erriko festa ederra, bertako ta Mallabi guztiko gazteak organizatuta. Aspaldi onetan, gure ermita ta auzoetan festa epel xamarrak izan dira; baiña aurtengo urte onetan, beste aide pozgarriago bat artu dabe, gazteai eskerrak.

Momentu onetan, ez noa landen berdetasuna, ta piñudien aberastasuna ta mendien edertasun poetikua kantatzera. Oraingo onetan, gazteen alegiña aitatzera nator, Gerenako erromeria egunean biotzaren punta baten sentidu neban pozak eta esperantzeak eraginda.

Mallabitar gazteak eginkizun baten agindua nabaritu* dabe euren biotzetan; eta Oiztik beera datozan urai berberai be kontra egiñaz, tokatzen jaken zeregiña aurrera eroatera doaz.

Gazteak, erritasunaren gero ta kontzientzia sakonagoa dauke; eta gauzak tokatzen dan bidetik eroateko prestatzen dira, Jaunaren legeak egintzen dauan lez.

Mallabia, erri bat da; eta bere erritasun orrekin jabeturik, historian zear erri bizi baten zeregiñak egitera abiatu dala esan geinke. Ba dirudi, Mallabitar asko momentu onetan asi dirala euren historiari golpe egiten: norbait izanik euren norbaitasun ori defendidu ta indartzen, eta beste erriai eskintzeko gertutzen.

Momentu desiatu onetan Mallabitarrak, dirana diralako, egin bear dana egiten diardue, jentearen biotzetan poza erne erazoaz, euren buruen baliotasunaz kargutuaz, eta, guztiok diñidade bat dogun ezkero, aundikien arrokeriari ta zapalkuntzeari ziria sartuaz.

Ez noa orain sermoirik egitera: baiña esango neuskizue, egin bear dozuena bururik argienarekin egiteko, eta arrazoirik ez dauken oztopo* ta traba asko garaitu bearko dituzuela aurretiaz kontuan eukiteko.

Bukatzeko*, Aresti poeta aundiaren bertso batzuk dakartaz paperera, jentearen kontsolagarri ta jarraibidetzat:

«Ez dugu zaldirik,

ez gara zaldunak.

Ez dugu abererik,

ez gara aberatsak.

Euskera dugu guk,

gu gara euskaldunak».

Paperean dagozan bertso oneek, Mallabiko lurraren azalean eta etxeen teillatupean egia izan daitezala, Mallabitar gazteok.

X. Z.

Artaun-Dima

Mendian, atxaren oiñetan, lur gorridun solo zelai ederretan, Bakion lako artotza lerdenak. Ogeiren bat etxe nasai ta itxura ederreko, atx musturrez beterik dan landan eta intxaurrondo askoren gerizpe baketsuan. San Bizenteren baseleizea ta iturri ugaria erdian. Auxe dozu Artaungo auzune zoragarria.

Bilbaotar familia batek eginbarri dauan udaetxe polita ikusirik, bildur izan nintzan, txominbedarrak euskerea jango ete eban; baiña zorionean, ez dogu ezeren bildur izan. Bilbaotar oneik, soiñez eta gogoz euskaldunak dira. Artaundarrak «txaleta» deitzen asi zirean, gorago aitatu dodan etxe apaiñari; baiña jabeak, legezko euskotarra izanik eta aundiki ez egiteagaitik, Goikoetxe deitzeko eskatu deutse auzotarrai. Gauza txikarra bada be, gogoan artzekoa dogu.

Joandako aldi baten, lurburrukatik, basabei, ardi ta auntzakandik etozan irabazietatik bizi zirean Artaundarrak; gaur egun, irabazi urriagoak bide orretatik. Iru edo lau artaldegaz, bederatzireun bat ardi. Beiak, oso gitxi. Ta atxarteetako auntzak ugarituten badoaz be, makiña bat buruauste ta asarre sortu erazoten deutsee baserritarrai.

Arriatitik Mugarrara, naiz Mugarratik Arratira datorren mendizaleak, larogetamaika urteko dan Eusebio Sagarnaren biotza erosi gura badau, egun on edo arratsalde on esan bearko dau, buenos días eta buenas tardes sasi baztarrera jaurtirik.

Jildo be agurtu neban beronen etxean. Bertako jaia zan. Jan-edanagaz ondo orniduta eukan etxea. Katu bi, lapurrak zirealako, zorro andi baten sartuta eukazan. Baiña ateak eta biotza zabal zabalik, eta maia beterik etxondora urreratzen zirean guztientzat.

Au da gure Artaun euskalduna, izkuntza arrotzaren aginkadarik ezagutu ez dauna.

A. LANDAJUELA

Bilbao

Oraintxe urte bi, geure geureak doguzan Lapurdiko anai-arreben aurrean dantzaldi bat egiteko gertuta egoala il jakun, gaixo maltzurrak jota, Akesolo mutil gaztea; eta oraindiño egun gitxi dala, Mertxe Urdanpilleta, Gernikako bideetan beribillagaz bazterra jota, amazazpi urte eder bereak zituala. Goian begoz!

Akesolo, «Karmeloko Gaztedi»ko dantzaria zan; Mertxe ostera, «Beti Jai Alai»koa.

Bizkaiko errietan egin izan direan dantzari bikoteen leiaketetan, nok ez dau ezagutu ta txalotu gure neskatilla ilbarria, txistuaren soiñu otsera besoak goraturik, bere oin ariñak jolasean asten zireanean? Beronen illetan izan gintzazanok, ondo argi ikusi genduan —len Akesolorenean ikusi genduan lez— zelako zirristada naibagetsuagaz ukutuak izan zirean gazteen biotzak.

Agur, Mertxe, Jaunak nai dauan arte. Eta Akesoloren ondoan izango zarean ezkero, bialdu zuen laguntzea goi baketsu orretatik, emen laga dozuen euskal gaztediari. Lur latz onen azalean gelditu gareanok be jarraituko dogu, zuen bideari aurrera ekiñik, euskal oiturai bultz eragiten, nekearen bildur barik.

A. LANDAJUELA


Bilbaoko diosesiko barriak

Prolema sozial-pastoraletarako Batzordea

Agostuaren 23'an eta Obispo jaunaren aginduz, Abade Batzorde* bat eratua izan da Bilbaon, diosesiko prolema sozial-pastoraletan Obispoaren Ordezkariari* laguntzeko.

Obispo jaunaren Ordezkariak eta bere Batzordeak bear dan informaziñoa emongo deutse abadeai eta erri osoari, Komisiñoak zer egin dauan eta zer egingo dauan danak jakin daien, eta olan danok batera lan egiteko aro* egoki bat Bilbaoko diosesian sortu daiten.

Lau abade euren parrokietara Zamorako kartzelatik

Agostuaren 29'an, Zamorako kartzelatik lau abadek urten eben. Euren izenak: Jose Mari Madariaga, Txomin Artetxe, Iñaki Aurtenetxe ta Imanol Oruemazaga.

Batzordeko abade bi, Obispo jaunaren aginduz, Zamorara joan zirean, kartzelatik urtendakoai Bizkaiko eleiztarren agur bero beroa emotera. Beste abade batzukin joan zirean.

Batzordearen izenean joan izan arren, ezin izan zituen agurtu, oraindiño kartzelan gelditu direan beste lau abadeak, espetxeko zaindariak ateak itxi eutsezalako.

Ordenabide publikuaren aldeko tribunalari erantzuna

Ordenabide publikuaren aldeko Tribunalak, beste irurogeta sei abade auzitan sartzeko baimena eskatu deutso Obispo jaunari. Zer dala ta?

Ara! Abade bi multatuak izan zirean, bata itzaldi bategaitik, eta bestea bere eleiztarrai idatzitako eskutitz* agiri bategaitik. Abade bion jokabidea ez zan izan agintarien gustokoa.

Len aitatu doguzan irurogeta sei abadeok, ontzat artu eben bai eskutitza eta bai itzaldia.

Obispoaren Ordezkariak eta bere Batzordeak, ezezkoa emon deutso Tribunalari. Euren ustez, ez egoan arrazoirik, abadeok auzitan sartzeko.

Justiziako ministruari bialdutako eskutitza

Zamorako kartzelan asieratik egozan-zazpi abadeak, Justiziako Ministruari auxe idatzi eutsoen: Abade izateak emoten eutsezan pribilejioak itxi egiten zituela. Eta orregaitik baimena eskatzen eutsoela, Basauriko espetxera joateko eta beste espetxeratu guztiak lez an biziteko.

Gai* au ondo aztertuta gero, Obispoaren Ordezkariak eskatu egin deutso Justiziako Ministruari, abade oneen eskabidea ontzat artzeko.

Batzordearen urrengo lanak

Ordezkariak eta bere Batzordeak, beti jokatu dau Obispo jaunaren izenean. Batzordearen asmoa, abadeak eta erria alkartzea da. Batzordeak bide onetatik jarraituko dau. Orretarako, borondate oneko gizon guztiai laguntasuna eskatzen deutse. Baiña laguntasun ori, zintzoa izan daitela.

Ori lortuteko:

1. Don Jose Anjel Ubieta, Obispoaren Ordezkaria, Artzipreste jaunakaz batu da, eta zona bakotxerako izendatu direan Delegaduakaz be bai.

Batzar oneek, gauzak zelan doazan jakiteko eta bakotxaren eritxiak artzeko dira.

2. Ainbat ariñen, Ordezkariak diosesiko abade guztiakaz, zonaka, batzarrak egingo dauz.

3. Beste abade batzuekin batera, estudio sakon bat egingo da, diosesiko Abade Kontsejuari izate osasuntsu eta ongarri bat emoteko, Aita Santuak Bogotan oraintsu eskatzen eban lez.

4. Batzordeak, barriak emoten jarraituko dau; baita erriaren barri ta eritxiak be artzeko prest dago.

Bizkaiko Gobernadorearen agiria

Egunkari* guztietan agertu zan lez, Bizkaiko Gobernadoreak galerazo egin eban, Xabier Etxebarrieta Ortiz zanaren alde emoten direan mezetara iñor joatea.

Orain Gobernadoreak aldatu egin dau zerbait galerazpen au, agostuaren 28'an, diosesiko Bikarioari bialdutako agirian* ikusten dogunez. Agiri onek diño:

1. Defuntu onen alde mezak entzutera eleiztarrak joan leitekez, domeka ta jaiegunetan izan ezkero.

2. Eta au, egun orreetan eleiztarrak meza barik gelditu ez daitezan.

3. Baiña, meza oneek direala ta, ordenabide publikua apurtzen bada, Gobernadoreak emonda daukon legeak diñoan lez, eragintzailleak kastigatuak izango dira.

Agiri* onek, arlo au ez dau bere sakontasunean argitzen. Izan be, eleizkizunak atondutea Eleizeari bakarrik jagoko, eta euretan zintzo eta askatasunez parte artzea erritar guztien eskubide bakarra da.

Batzordeak, alik lasterren, ondo aztertu ta sakonduta gero, gai* onen gaiñean bere eritxia emongo dau.


Noizko, txistulari alardeak Bilbaon?

Zuazagoitia Bilbaoko alkate zala asi ziran gerra osteko lenengo txistulari alardeak.

Gaur balitz lez gomutatzen naz lenengo alardeagaz. Orduan, Manolo Landaluze zana ta biok, fabrika berean egiten genduan lan. Bearra amaituta gero, berak erakusten eustan txistua joten; eta urte orretan Bilbaoko Aiuntamentuak (txistulari munizipala zan bera) agostuko jaietara 150 txisulari ekarteko agindu eutson.

Orduan Bizkaian, txistulari gitxi egoan; eta gitxiago oraindiño, kalidadeko kontzertu bat eskeintzeko. Olan ba, Gipuzkoatik ekarri ziran ia guztiak, 150 txistulari artean bizkaitarrak dozena bat eskas izanik.

Gero, gauzak aldatu egin ziran. Txistularien bearrizana ikusirik, txistua joten erakusten asi giñan kolejioetan; eta orain 900 inguru daukaguz Bizkaian.

Baiña ez da dana poztutekoa. Txistularien ugaritze, geitze onek poztuten bagaitu, ezin geinke bardin esan, Bilbaoko jaietan iazoten danagaz.

Zuazagoitiaren denporan asitako alarde areik, gero ta exitu andiagoa artu eben. Azken urteetan, 250 txistulari ekarten genduzan, geienak bizkaitarrak; eta 15.000 personatik gora batzen ziran Arenaleko kioskoaren inguruan.

Batbatean, kendu egin zituen jaietatik txistulari alardeak. Zegaitik?

Atxakia ofiziala da, artearen aldetik ez daukela kategoria naikorik, Bilbao lango uri andi baterako. Auxe da, esan dodan lez, esplikaziño «ofiziala». Baiña egia ete da? Au ete da benetako arrazoia?

Aurten, Bilbaoko jaietan, gauez, amasei txistulari bakarrik ikusi nebazan Arenaleko kioskoan eta 500 lagun inguru eurai entzuten. Eta orduan, tristeturik pentsatu neban, zelan egon zan Arenal berberori, orain lau urte, jentez gaiñezka, eta txistulariz beterik bertako kioskoa.

Aurten jazo dana ikusita, argi dagoala uste dot, alarde orreik barriro ekarri bear dirala Bilbaoko jaietara. Aiuntamentua erriaren zerbitzari benetakoa bada, argi dago ori egin bear dauala.

Aurten guztiz triste egoan Arenala, eta jaiak ez dira triste egoteko. Orregaitik eskatzen dogu, barriro 250 txistulari Bilbaora ekarteko; goizean, len egiten zan moduan, taldeka gure kaleetatik zear joateko; eta gero, eguerdian naiz arratsaldean, danen artean kontzertua eskeintzeko.

XABIER GEREÑO


Uste izan

Askotarikoa

Rikardo Arregi

Laurent Schwartz, Sorbonne'ko Unibersidadean irakasten dauan matematikalari famadu bat da. Sozialistea da. Ateoa da. Kristiñauekin alkarrizketa baten, auxe esan dau: «Gizarteko aintzindariak* dauken pentsamentu konformagatx guztia debekatzeko* asmoa, ideologia konforteagaz trukatzeko xedea*, bai Estadu Batuetan (Jaungoikoaren izenean), bai Sobieten Batasunean (marxismuaren izenean) aurkitzen da. Ideien joera* aundiak, mistika aundiak errezago jaio ta sendotzen dira miseriadun ta gosetietan, gizon zoriontsuetan baiño. Aintxiñako mistika aundiak, kristiñautasuna bere bai, miserian eta opresiñoan sendotu dira. Sozialismua XIX gn. mendean* jaio da, proletalgoa* miseria bizian egoanean. Gaurko munduak ez ditu ainbeste ideologia jaioten ikusten. Alde batetik, gizadia* osasungarriagoa da, gizonak fanatismutik urruntzen direan neurrian, igarotako ideologia batzuk ilusiñoak zabaldu besterik egiten ez daben neurrian. Baiña ori, penagarria da. Teknikearen aurrerapena, gizonaren nekea kenduaz, alkartasunera, justiziara, ezaguerara, kulturara zuzendutako gizadi* batera elduko ez balitz, negargarria izango litzake. Orrexegaitik nago ni puntu onetan fededunetik urre. Ze ez neuke gura, idealismuak gure gizartetik iges egitea».

Unibersalista jatorra izateko, ez dauala iñok bere Erriaren nortasunetik* iges egin bear, esaten da. Unibersalismuaren izenean bere Erria ukatzen dauana, ez da ezer, ez unibersalista, ez iñongo. Askotarikoa izateko, pluralistea alegia*, ez da ekletikua izan bear, usterik bagekoa, uste guztiak naastuten dituana. Zenbat eta euskaldunago izan, unibersalisteago naizan modura, zenbat eta uste ta eritxi sakonagoak izan, ainbat eta pluralisteago izateko posibilidadea dot. Kondiziño bakar bategaz: zarratua ez izatekotan. Neure barruan ixten baldin banaiz, neurea baiño besterik ikusten ez baldin ba dot, neurekoia baiño besterik ez naiz izango.

Errealidadeak erakusten deuskunez, mundu pluralista baten, mundu askotariko baten bizi gara. Gizonak progresatzen goazala esan gura dau orrek, besterik ez. Gizonak edegia izaten ikasten dauanean bakarrik, besteakana eltzen ikasten dauanean bakarrik da posible gizarte askotariko bat. Baiña emen bere, beste gauza batzuetan lez, errealidade barri onek ez dau esan gura osterantzeko errealidadeen eriotzea. Batasunak uniformidadea esan nai ez dauan lez, gizarte* askotarikoak be, ez dau esan gura eritxien uniformidadea. Ori, gizatasunaren* eriotzea litzake, guzurrezko pluralismua.


Pariseko erreboluziñoa eta gure unibersidadea

Fraga Iribarne jaunak, Información y Turismo'ko Ministruak, orain asko ez dala esan dau: «Nuestra nación no es una isla, los problemas del mundo son también nuestros problemas».

Egoki esana. Eta bardin esan eiken: «Nuestros problemas son también los problemas del mundo». Gauza bera da.

Munduko prolema danak, buztartu* egiten dira gaur. Prolema guztiak, zein sozial-ekonomikuak, zein kultural-politikuak, danak dira gizonaren prolemak. Orregaitik, erri bakotxeko prolemak, gizadi* osoarenak dira.

Vietnam, Biafra, Txekoslobakia, Latinamerikako krisi soziala, mundu guztiari interesatzen jakozan prolemak dira.

Eta Fraga Iribarne jaunak lez, mundu guztiko agintariak esan leikee: «Los problemas del mundo son también nuestros problemas».

***

Orregaitik eta arrazoi guztiagaz esan geinke, Pariseko ikasleen erreboluziñoa «geure prolemea» dala.

Gaiñera, ikasleen auzi onek, Nanterre'ko profesore dan Guy Michaud'ek esan dauan lez, «karakter internazional bat dauka».

Alan izanik, Espaiñiako Unibersidadeak zerbait ikustekorik ba ete dauka mobimentu orregaz? Gure ustez bai, eta aundia gaiñera. Ikus daiguzan jazoerak.

***

Joan dan neguan, Madrilleko, Bartzelona, Bilbao eta beste uri batzuetako ikasleak, burruka gogorrean ibilli zirean huelgak eta «reuniones no autorizadas» egiten, Unibersidadearen erreforma batzuk eskatzeko.

Poliziak, bere zaldi, txakur eta malko gasekin, gogor zigortzen zituan, erreforma orreen eske kalera urtetan ebenak. Alkarregaz batzea be, debekatuta* euken estudianteak.

Egunkari* danak, ago batez, ikasleen mobimentuok «komunista erreboluzionario» batzuenak zireala esaten euskuen.

Bakarrik Don Pedro Lain Entralgo jaunak, «YA» egunkarian esan eban, ikasleen auzia ez zala «problema de orden público», eta gaurko estudianteak «gizarte* eta historiaren kontzientzia barri bat eukela».

Gitxi gorabeera, gauza bera esan eban Malraux, Frantziako Ministruak, «zibilizaziñoaren krisi bat» zala esan ebanean.

***

Ori gertatzen zan joan dan neguan. Eta gaur, zetan gagoz?

Asteko, Ministru barri bat daukagu. Orrek, zeredozer esan gura dau.

Eta Ministru barri onek, «Comisión promotora de la Universidad Autónoma» deitzen dan batzorde* bat izentatu dau. Eta batzorde orren buruzagi, Don Luis Sánchez Agesta jarri dau, leenago Granadako Unibersidadean Erretore izandakoa, eta gaur Madrillen Derecho Político'ko profesore dana.

Sánchez Agesta jaunak, orain egun batzuk esan dau: «El objetivo de la Comisión será dar vida no sólo material a la nueva Universidad, sino dotarla de un nuevo espíritu. El estudiante tendrá participación en los problemas universitarios».

Bestalde, Madrilleko Unibersidadeko Erretore dan Botella Llusía jaunak, Segoviako El Robledo izeneko kanpamentuan batuta egozan estudianteeri esan deutse: «Se os va a dar libertad para asociaros. Esto es algo que no ha existido nunca en España».

***

Barri oneek guztiok ikusirik, guk diñogu: Zegaitik aldakuntza orreek? Leenago, poliziagaz eta txakurrakaz ikasleen kontra; eta gaur, eskatzen zituen erreformak —batzuk beintzat— onartu?

Pariseko jazoerak, ez dauke zerbait ikustekorik aldakuntza orreetan?

Ona emen, R. Castellar'ek, «Gaceta Ilustrada» astekarian* (uno de los más prestigiosos semanarios de nuestro País erixten* deutso Donostiko «La Voz de España»k) emoten dauan erantzuna: «Esta actual revolución francesa, que tendrá quizá por referencia cronológica el 13 de mayo de 1968, ha ganado, de entrada, la batalla de la reforma de la Universidad».

Azken itza. Zer esan leikee orain, Pariseko mobimentua «el caos... el vandalismo... la anarquía... agentes de la revolución nihilista» besterik ez zala esaten ebenak?

HERNANDORENA


Euskal Akademiaren urrezko ezteguetan

Urrillaren 3'tik 5'erarte, garrantzi aundiko batzar bat bat izango da Oñatiko Arantzazun, Euskaltzaindiaren (Euskal Akademiaren) urrezko ezteguak ospatuteko. Eta batzar batzar orren gai* nagusia, auxe izango da: Euskerearen Batasuna.

Olakoetan beti jazoten dan lez, batzuk preguntaka dabiltza, beste batzuk bildurrez, eta amesetan be bai batzuk.

Zaartzen asiak direanak, pixka bat eskeptiku dagoz bearbada; baiña gazteak bultzaka datoz: baietz eta baietz, oraintxe dala garaia, aro* ona dagoala, eta pausu ori emon bearrekoa dala

Aldizkari onetan, naikoa agertu da Euskerearen Batasunaz. Alandaguztibe, Münster'eko Unibersidadean ikasten ari* dan Jose Azurmendiren idazlan luze samar au argitaratzen dogu gaur, irakurleentzat eta batezbere Arantzazun batuko direan euskaltzaleentzat onuragarri izango dalakoan.

Euskerearen batasunaz

Euskerearen batasuna egin ezkero, euskalkiak* zelan geratuko direan jakin gura geunke. Guztion kezkea dogu ori. Eta larregi ataraten doguzan adibideren* batzuk eta arrazoi askok, ba dirudi, kezka ori gaiztotu ta indartu baiño ezin dabela egin. Errezeluak erre gaitu beti euskaldunok, eta gaur barriro. Gipuzkerea beste guztieri nagusituko ez ete jaken da gaur batez be bildurra.

Eta bildur au, ez da oiñarri bakoa. Oiñarri okerretan oiñarritua, alan be, deritxodanez.

Leenengo, euskera idatziaren batasuna egin gura da. Eta au gipuzkerea izango danik, ezin leiteke ariñegi esan.

Bearbada, euskera batuan beste euskalkiak* baiño nabarmenago agertuko da gipuzkera deritxogun ori. Baiña ori, geure ikusmoldearen engaiñu bat izan leiteke, geure «ilusión óptica» bat.

Bizkaiko lagunakaz sarri gertatu jaku, ezagutzen ez eben esakera bat esan deutsegun orduko osteratu deuskuela: ori, gipuzkera da. Bizkaiko esakerarik edo joskerarik jatorrena izanda be, ezagutzen ez dabenari, gipuzkera deritxoe* Bizkaian, beste barik.

Olan, eurena dabena be, giputzeri erregaletan deutsee bizkaitar askok.

Gipuzkoan euskerea ikasten ezagutu dodazanak —leendik etxeko euskerea jakin ba ekienak esan gura dot— esakera barriren bat entzutean, ez eben pentsetan beste nonbaitekoa zanik: Tolosako euskerea da ori, esaten eben eta konforme geratzen zirean. Edo jente ikasiaren eta abadeen euskerea izango zala, eta kitto.

Olan, giputzak askotan, katua erbi dalakoan jaten dabe. Bizkaitarrak ostera, erbia be katu dalakoan jaten deuskue.

Gipuzkerea dala ta

Euskereari laguntziño andia emon deutsoe irratiak, «Zeruko Argia»k eta errian zabaldu direan abesti ta euskal jaialdiak, bertsolariak aaztu barik. Oneek darabillen euskerea, erriarena baiño landuagoa da geienetan.

Gaurkoz, beste euskalkiak* baiño zabalbide geiago dauko gipuzkereak. Idatzi be, geiago egiten da euskalki onetan, besteetan baiño; eta Loiolako irratia geiago entzuten da beste guztiak baiño. Beste euskalkietako abesti askok be, gipuzkerarantza jo dabe. Olan, errian zabaldu direan gauza asko, gipuzkereak zabaldu dituala esan bearra dago.

Bidezkoa da au, eta burubide onekoa dogu olan jardutea. Izan be, gipuzkereak egokera ta bentaja onak daukoz orretarako.

Bere zabalbideari eskerrak, aalbide edo posibilidade indartsuagoak erakutsi ditu gaur gipuzkereak, euskera batuaren oiñarri izateko. Izan be, etorkizun sendorik gura badogu, ondo etorriko jaku sendoenari lotzea. Beste euskalkiak baztertu barik egin bearko dala batasun au, agiri autortu deuskue.

Zerbait geiago be gura geunke. Euskalkiok baztertu barik, oneen gauza eder ta on asko be jaso ta zabaldu egin bearko lirake. Bizkaian idazten dan gaurko euskereak —«Anaitasuna»n azaldu direan eskutitzetako euskereak berak be— gipuzkerearen kutsu* eder bat salatzen* dau. Gipuzkerako idazkietan be, nabari* da olako truke apur bat. Truke au indartu bearko litzake, nire ustean. Idazle giputzak, polito arduratu dira Lapurdikoa eurakanatuten; baiña bizkaiereari be apur bat adiago egon bear litzakez, euskerearen batasuna egin gura bada. Itxaropen au daukot. Izan be, euskerearen batasuna, Euskaltzaindiaren agindu eta erabagi batek barik, idazle guztion alegiñak egingo deusku.

Gero, gipuzkerea zer dan be argitu bearko litzake, euskera batua giputzegi izango dala bildur direanen kezkak apur bat moteltzeko.

Euskera osotuaz

Euskerearen batasuna gipuzkerearen gaiñean egiteko gurariak, ez dauko tradiziño txarra. Arrazoi onak be, ba daukoz. Oneetariko bat, gipuzkerearen ospe edo prestijioa ei da. Azterketa labur bat zor deutsagu puntu oneri.

Ni ez naiz izkuntzalaria. Eta bigarrenik, giputza naiz, edo bearbada naparra (nire sorterri inguruan ez dago alde andirik napar eta giputzen arteko euskeran). Baiña giputz izanda be, gaurko euskal idazleak gipuzkeraz idazten dabelako esanari, muga asko ikusi deutsadaz beti.

Bai, gaur Bidasoaz beitiko idazleak darabillen euskerea, gipuzkerago izango da bizkaiera baiño. (Bizkaiera baiño naparrerago be ba dala deritxot, alan be.) Orregaitik, ez dago, nire eritxian, idazleen euskera ori gipuzkera dala esaterik, oraindiño.

Euskaltzaleen batzarretan-eta erabilten dan euskerea polito batuta dagoala esan geinke. Bardin literaturakoa be. Arestiren euskerea gipuzkera baldin bada, nongoa ete da Villasanterena? Eta Torrealdayrena, Kintanarena, San Martinena? Oneek, bizkaitarrak doguz. Eta gipuzkeraz idazten ete deuskue, giputzak direan Txillardegik, Sarasolak eta abarrek? Ze, nik deritxodanez, idazleok guztiok, gipuzkeraz baiño oba, gipuzkerearen gaiñetik dabiltza. Eta aal eta ekien modura, euskera batu eta osotu bat sortu deuskue bakotxak. Bardintsu beste idazlerik geienak be.

Ni konforme nago, euskerearen batasuna euskalki danak saltsa baten naastatuz egiterik ez dagoala esaten deuskuenean. Euskal aditzak*, esate baterako, naaste gitxitarako moduak eskiñiko leuskiguz. Onetan Euskaltzaindiak erabagi bearko deusku, nora jo. Egia esan, dagoneko egin xamarturik dauke idazleak eurak be batasuna.

Euskerearen batasunak ba daukoz, ba, idazteak berak ekarri deutsozan oiñarri on batzuk.

Idazleak, eta ez Euskaltzaindiak, egin bearko dabe batasuna beste gauza askotan. Au da, idazleak osotu bearko dabe batasuna. Eta ain zuzen, euskalki batetik eta bestetik batutako materialaz. Ikasi egin bear da orretarako; baiña ikasi, eta ikasia zabaldu. On, gaur be egiten da apur bat. Alan be, napar-lapurtarren «ikusiren dut» edota frantses kutsuko berba pare bat baino askoz geiago artu bearko deutsegu. Idazleen euskera onetarako, Bizkaiko euskalkiari Lapurdikoari baiño be gitxiago artu jakola esan geinke. Bearbada, aditza itxi ezkero beintzat, bizkaiera ta gipuzkerearen artean alde andiegirik ikusi be ikusten ez dogulako.

Euskal idazle bat baiño geiago enpeiñatu izan jaku, orainñarte ez dakigu nongo lokalismuren bat, edo ba dakigu nori irakurritako arkaismuren batzuk berbiztu ta zabaldu gurarik. Askotan, ondo egongo da ori; baiña onuragarriago izango geunkelakoan nago, orren ordez, euskalkien doai berezi ta galdueziñak direan edertasunak batzen, zabaltzen eta indartzen saiatuko* bagiña. Orretarako arrazoiak ez lirake izango, uste dodanez, euskerearen aldekoak bakarrik, baita politikazkoak bere. Euskal Erriaren aldekoak.

Nik ikusi eta uste dodanez, olantxe eta ez bestera jokatu deuskue alemanak eta italianoak bere, euren izkuntzen batasuna egin ebenean.

Euskera batua ta euskalkiak

Bere burua aurkeztu* deuskun baten, olantxe agertu jaku Dante: Dante naiz, jaiotzaz florentziarra, ekanduz* ez. Eta nik itaunduko neuke: berbeta moduaz bai ete?

Euskerearen batasuna euskalki baten oiñarriturik egitea komeni jakula finkatu gura dabenak, arrazoitzat askotan ekarri deuskue, alemaneraz eta italieraz be olantxe egin zala.

Gure egokerea italiarrena ta alemanena izan ezarren, arrazoi ori ona da guretzat be. Baiña ez dogu aaztu bear, bai Alemanian eta bai Italian, batasunaren oiñarria izkelki* bat-edo izan bazan bere, batasun ori beste izkelkiak osotu ebela.

Izan be, aintxiñatik egin deusku batasunerantza, euskerea idatziak edo literatura euskereak. Leenagoko saio* batzuk alde batera itxita, gaurko batasunik andiena gipuzkerearen gaiñean altzetan da. Baiña batasun ori gipuzkereagaz larregi bardintzea, kaltegarri izango litzakigu. Ez, ez dot esan gura, «alde guztietako gaiekin* nahaste ikaragarri bat» egin bearko litzakenik. Baiña bai, batasun oin sendo bat autatu* ezkero, oin ori osotuten euskalki danak parte artu bearko leukeela.

Alemanian, ez zan bestera egin. Sajoniako Kantzillerietan erabilten zan izkerea* artu eban Luterok, eta gaurko alemana andik sortu da. (Ez legoke okerregi, aleman izkuntzea Pragan erne zala esatea. Orra zelan, errien kondairan*, gurasoak il dituan Edipo askoz geiago agertzen jakun, semeak iruntsi dituan Saturno baiño!) Berbeta au, erdiko alemana da bere oiñean; baiña goiko ta beeko alemanaren beste zer asko be ba daroaz jasota, beste errialdeetako Kantzillerieri eta batez be Kaiserrenari eskerrak.

Antzera Italian be. Errezegi esan oi da, Toskanako izkelkia* dala, gero italiera batu biurtu jakuna. Bildur naiz, Dantek olakorik entzungo baleusku, bere inpernuko zulorik zuloenera jaurtigiko gindukezala. Amalau izkelki* gitxienez ba egozan Italian Danteren sasoian, idazle beronek «De vulgari eloquentia» liburuan diñoskunez. Eta Danteren ustean, oneetariko bat be ez zan literatura izkuntza izateko egoki. Toskanakoa be ez! Baiña ba egoan, orreen alboan, jente ikasien eta kortesanoen berbeta modu bat, Dantek vulgare illustre deritxona*, edo baita vulgare cardinale edo aulicum be. Berbeta auxe gura eban Dantek batasunaren ardatza ta garria izateko. Eta gero, jarraitzen dau Dantek, izkelki guztietako edertasunagaz osotu ta biribildu oiñarrizko batasun ori.

Olantxe (baiña olantxe bakarrik) egia da, gaurko italianoak toskanoan daukozala oiñarriak. Eta Sajoniako Kantzillerietan gaurko elamanak. Baiña izkuntza batek eta literatura batek ez dabe oiñarri utsetan geratu bear.

JOSE AZURMENDI


Euskal Akademiaren batzar nagusia Arantzazun. Urrillaren 3-5

Batzarraren asmoa

Euskaltzaindiak, bere sortzearen 50 urte betetzea dala ta, batzar nagusi bat egingo dau Oñatiko Arantzazun, urrillaren 3'tik 5'erarte. Eta batzar orren gaitzat*, literatura euskerearen batasuna autatu* dau. Ain zuzen, euskerearen batasuna izan zan asikera asikeratik bere lenengo asmoa.

1920'an, Euskaltzaindiko Campion eta Broussain jaunak estudio bat egiten asi zirean egiten gai* orretaz, eta urte bi geroago argitaratu zan euren lana «Euskera» aldizkarian. Arrezkero, beste euskaltzale asko ari* izan dira arlo orretaz: len, Azkue, Altube, Orixe, Eguzkitza eta abar; eta oraingoan, Krutwig, Villasante, Lafitte, Irigaray eta abar.

Ainbeste azterketaren ostean, materialik eta eritxirik asko jaso da. Material ori ordenatuta gero, puntu askotan batasunerako normak emon leitekezala pentsatu da; eta orretarako, alkarrizketetara dei egin bear zala.

Batasuna lortzeko ordua eldu da. Euskerearen etorkizunak ain bearrezko dauan batasuna. Literaturako batasuna.

Iru eguneko batzarra izango da Arantzazun. Gai* au zeatz aztertzeko izentatuta dagoan batzordekoak*, puntuz puntu adierazoko ditue Euskaltzaindiaren asmoak euskal idazle ta euskal irakasleen aurrean. Guztiak eukiko dabe alkarrizketarako eskubidea. Eta alkarrizketa orreek kontuan eukiko dira, erabagiak artzeko orduan.

Batzarrerako deia

Dei egiten jake, Euskaltzaindiko direanetatik aparte, euskal idazle eta euskal irakasleeri.

Batzarrera joan ezin direanak, idazlanak bialdu leikeez, euren eritxiak agertuaz. Idazlanok, euskeraz izan bearko dira.

Joaten direan guztiak izango dabe itza, Euskaltzaindikoak izan ezarren.

Bai Euskaltzaindikoak eta bai bertatik kanporakoak, guztiak errespetatu bearko dabe batzarrerako egin dan araudia edo programea.

Batzarraren araudia

Gai* bakarra, Literatura euskerearen batasuna izango da. Gai au puntuz puntu eroango da, Euskaltzaindiaren batzorde* teknikuak aurretiaz egindako estudioa oiñarritzat artuta. Eta puntuok, aoneexek dira: Batasunaren bearrizan au zegaitik eta zetarako, ortograjia, itzen formak, itz barriak, deklinaziñoa.

Puntu bakotxak izlari bat eukiko dau, batzordeak* autatutako idazlana irakurriko dauana.

Itzaldi bakotxaren ostean, alkarrizketea libre izango da. Itza eskatzen dauan bakotxak, amar minutuko epea eukiko dau. Itz-eskaleak, maiburukoeri begira berba egin bearko dau; eta ezin leike urten, izlariak eroan dauan gaietik.

Alkarrizketak magnetofonoz jasoko dira, gero zeatzago aztertzeko.

Maiburukoen eta batzorde* teknikukoen artean artuko dira azken erabagiak.

Guztiak bat ez datozanean, botuetara joko da. Botua, euskaltzaiñak eta batzorde* teknikukoak eukiko dabe. Erabagirako, gitxienez, irutik biren diferentzia izan bearko da.

 Izlari autatuak

Manuel Lekuona euskaltzain buruak, sarrerako itzaldia: Batasunaren bearrizana zegaitik eta zetarako.

Luis Mitxelena, batzorde teknikuaren buruak: Ortografia.

 Luis Villasantek: Itzen formak.

 Anbrosio Zatarainek: Itz barriak.

 Salbador Garmendiak: Deklinaziñoa.

 Maiburukoak

Haritchelar, Irigaray, Erkiaga, Lafitte, Larzabal, Irigoyen, Labayen eta Satrustegi euskaltzain jaunak. Euretariko norbaitek uts egiten badau, bertara joaten direan euskaltzaiñak beteko dabe utsunea.

 Azken erabagiak

Azken erabagiak, ofizialki, zemendian Oñatiko Unibersidadean Euskaltzaindiaren urre ezteguak ospatzeko izango direan jaialdietan emongo dira. Eta gero, batasunerako norma guztiak liburu baten argitaratuak izango dira.


Arpidedunen listea

Ona emen, erririk erri, zenbatek artzen daben euren etxeetan Anaitasuna

Abadiano 11

Akorda 0

Albiz 1

Algorta 20

Alzola 0

Amorebieta 33

Amoroto 2

Angiozar 0

Apatamonasterio 3

Arakaldo 0

Aramaiona 2

Arantzazu 10

Arbazegi-Gerrikaitz 21

Aretxabaleta 3

Armintza 0

Arrankudiaga 7

Arrazola 1

Arratzua 1

Arrieta 2

Arrigorriaga 3

Arteaga 8

Bakio 9

Barakaldo 7

Barrika 0

Basauri 3

Bedarona 1

Bedia 2

Berango 4

Bergara 0

Bermeo 216

Berriatua 6

Berriz 14

Bilbao 395

Billaro 7

Bolibar 14

Busturia 14

Derio 10

Dima 31

Durango 51

Ea 8

Eibar 21

Elantxobe 0

Elejabeitia 5

Elgeta 0

Elgoibar 5

Elorrio 19

Ereño 5

Ermua 10

Errigoitia 12

Eskoriatza 0

Etxebarria 9

Fika 0

Forua 12

Fruniz 6

Gabika 0

Galdakano 21

Gamiz 1

Garai 0

Gatika 4

Gatzaga (Salinas) 0

Gernika 73

Getxo 3

Gizaburuaga 0

Gorozika 0

Gorliz 1

Ibarrangelua 1

Ibarruri 19

Igorre 20

Igorreta 12

Izpazter 18

Kanala 0

Kortezubi 4

Las Arenas 9

Larrabetzua 2

Larrauri 1

Laudio (Llodio) 1

Laukariz 1

Laukiniz 2

Legutiano (Villarreal de Alava) 1

Lexona 9

Lekeitio 81

Lemona 2

Lemoniz 1

Lezama 12

Luxua 6

Mallabia 3

Mañaria 3

Markiña 40

Maruri 2

Mendata 1

Mendexa 12

Miraballes 5

Mondragoe 22

Morga 2

Muxika 24

Mundaka 34

Mungia 66

Murueta 2

Nabarniz 4

Natxitua 3

Oñati 10

Ondarroa 174

Orozko 4

Otxandiano 13

Plazentzia 1

Plentzia 0

Santurtze 1

Sestao 5

Sondika 7

Sopelana 8

Ubidea 0

Urduliz 7

Usansolo 1

Zaldibar 20

Zamudio 5

Zaratamo 1

Zeanuri 15

Zeberio 8

Zenarrutza 1

Zollo 1

Zugaztieta 1

Gaiñera

Araban 13

Baxenabarran 1

Gipuzkoan 120

Lapurdin 1

Naparroan 2

Zuberoan 1

Espaiñian 24

Estranjerian 17

Bizkaiko euskalkikoak 1.840

Guztitara 2.019

Bilbao, 1968, iraillak 15


Kaleko gizonak diñoana

Txekoslobakia

Orain aste batzuk izentau genduan erri zintzo au.

Orduan, albista eta barri onak jaso genduzan. Zera, askatasuna barriro ezagutu gura ebela; naita komunistak euki aginpide ugelak, euren sistema barruan be, leenagoko modu ta joera* gizontsuagoak* artu barri izan zituela.

Asteak joan, asteak etorri, ostera be, gauzak aldatu egin dira; baiña ez oberantz, ez aurrerantz, atzerantz baiño.

Egunetik egunera albista eta esames ikaragarriak entzun ta irakurri izan ditugu. Ez dakigu zeintzuk direan egiak, eta zeintzuk guzurrak.

Eguneroko paperak alde aundia dauke, une bakotxean albistarik barrienak agertzeko. Orregaitik, au idazte orduan, laiño arteko illunpean gabiz; eta txeko ta eslobakoen ta enparauen* egoerea baketsuagoa ta egokiagoa izan daiteala opa* deutsegu.

Munduko erri askok asarre antza ta bildur miña agertu izan dabe, jazoera garratz orregaz. Orraitio*, gizonen asmoak eta joerak* iñok ez dakiz aurretiaz. Komunismua zer ete dan argi jakiterik, ez da errez. Indarkeria baiño ez baldin bada, indarkeriaren kolore guztiak ez dira maitagarri.

Unibersidadea

Maiatz aldean, usterik urrien genduanean, albista argi batek gozatu euskuzan begiak eta belarriak:

Arako Gernikako Eusko Ikaskuntzako batzarrean eskatu gura izan zana, moduren baten, lortu izango ebala Bizkaiak. Amaika bidar ames egiñiko Ikasgu* Nagusia, zera, Unibersidadea. Leenengoz, 1870 gn. urtean aitaturiko arloa.

Zein eratan osotu ta zelako bizikerea izango dauan Unibersidade jaiobarri orrek, laster jakingo dogu, ausaz*.

Bizkaiko eta ingurukoak, arduratan jarri gaitu irakasteak, gaur dan egunean, leenetan eban baiño gora aundiagoa daualako mundualde aurreratu guztietan. Orain beiñeon*, lau zati izango ditu Bilboko Unibersidade orrek bere kolkoan.

Oraiñarte izan ditugunak, bi dira: Industriko asmatzailleen eskolea eta Ekonomi-gizonena bestea. Bata, irakurleak dakianez, Basurto aldean dago; beste au, barriz, Deustun. Biok etxe barriak izan arren, diñoenez, laster beste toki baten jarriko ditue, barriren barri.

Orrezaz gaiñera, Osagille ikasgua* ta Kimi ikasgua jarriko dabez udazkenean. Emen koxka* bat jarriko dabe, barriz. Lekurik geienetan egiten daben modura barik, bestera egingo dituela asierako estudioak, ikasle barriak. Untze ta eragozpena, ain zuzen, iñok uste ez ebana. Emengo umeak, beste tokietako umeak baiño geiago jakin bearko dabe, osagille ta kimiku izan nai badabe.

Asierako eragozpen oneik, denporaz arindu ta mesedegille biurtuko direala uste izan bear dogu. Bereizgarri edo selektibu orrek, zeregiñak emongo deutsez askori. Lubana* igaro baiño leen, amaika jausi baietz!

Bakea, nun?

Errez lortzeko zera zalakoan bizi izan dira asko ta asko.

Ez da bakea egunero lortzen. Kanpoko bakea, sarritan austen da. Barruko bakea, sarriagotan.

Norbere asmoari ta gurariari uko* egiñaz, besteenai amor* emon ezkero, bakebiderik geienak eginda ei legokez. Baiña ez beti. Amor* emon arren be, sarri askotan, beste aldekoak ez dau bakea gura izaten.

Eta amor emotea be, ez da eguneroko janaria. Batzuetan, zuzena ez dalako; ta beste batzuetan, gura be, ez dogulako. Bakea, nun dago bakea?

Opor

Eguneroko lanak nekatu egiten gaitu, eta oraingo bizimoduak ba ditu lazkeri* ta gauzakeri* lar. Gizonari berea izentau arren, gauzak zapaldu egiten dabe gizona, azpian artu, ito, orrenbaten*. Orregaitik, atseden opor* billa goaz gu bere.

Oporrak* ez dira bardiñak.

Indar oporra ta indarrezko oporra ez dira guragarri.

Eta ainbat ezago, asarre oporra.

Guk naien, atseden oporra dogu. Lana ta nekea lagata, eguneroko bizitzako leku ta zeregiñak apur baterako utzita*, erri aunditik igesi, baztertxuren batera joatea jaku atsegingarrien.

Mendialdera, itxasegira* edo baserri zoragarriren batera joan gura genduke.

Gure erriak dituan edertasunak ikusten, Jaungoikoak eskiñi deuskuzan gauza ikusgarriak gureganatzen, emon deuskun osasuna zaintzen.

Bakebideak billatzen, gizarteko* lokarriak iñoiz be ausi barik. Gizonari, angoari ta emengoari ta orkoari dagokion lotsa ta begirapena ausi ta lorrindu* barik.

Billatu bai, baiña aurkitu? Or dago untzea.

Eleizearen dotriñan, bakea, zuzenaren ta askatasunaren ta maitetasunaren umea da. Orreik barik, ez dago bake jatorrik.

KALEKOA


Aberastu zure euskerea

 Ona emen, ANAITASUNAREN zenbaki onetan izartxu balegaz agertzen direan itzen esangurea.

B = Bizkaia, G = Gipuzkoa, L = Lapurdi, N = Naparroa, D = danak

ADIBIDE (B), ejemplo, ilustración.

ADITZ (D), verbo.

AGIRI (BG), comunicado, despacho, documento.

AIDE (D), senidea, pariente.

AINTZINDARI (LN), burua, buruzagia, jefe, corifeo, líder.

ALE (D), garaua, banakoa, ejemplar de publicacion.

ALEGIA (GN), ala egia, ciertamente, a saber.

AMOR EMON (B), ceder.

ARI IZAN (GLN), jardun, zerbait egiten egon.

ARO (B), giroa, ambiente, clima.

ARPIDEDUN, suscriptor.

ASTEKARI (L), asteroko periodikua.

AURKEZTU (BG), presentatu.

AUSAZ (B), urrean, aurki, nonbait, seguramente.

AUTATU (GLN), aukeratu, elejidu.

BAGIL (B), junio.

BATZORDE (D), komisiñoa.

BERAZ (GLN), por consiguiente.

BEREZI (GLN), apartekoa, espeziala.

BIL (GLN), bildu, batu.

BUKATU (GN), amaitu, akabatu.

BUZTARTU (BLN), unir, uncir.

DAGONEKO (G), erderazko ya.

DEBEKATU (D), galerazo, prohibir.

EGUNKARI (L), eguneroko periodikua.

EKANDU (B), oiturea, costumbre.

ELBARRI (D), paralitikua.

ELBURU (L), fin, término.

ENPARANTZA (G), plazea.

ENPARAUAK (B), enparaduak, beste guztiak.

ERAILLE (BL), iltzaillea, asesino. Aintxiñako berbea.

ERANTSI (D), ezarri, pegar, adherir.

ERITXI (B), deitu.

ERRIPA (B), terreno en declive.

ESKUTITZ (D), kartea.

EUSKALKI (D), euskerazko dialektua.

FUNTSEAN (L), en el fondo, sustancialmente.

GAI (GLN), geia, asunto, material.

GALERIANO (L), galeote.

GARAGARDAO (B), cerveza.

GAUZAKERIA, materialismua.

GIZADI (D), humanidad, conjunto humano.

GIZARTE (D), sociedad humana.

GIZATASUN (D), cualidad de hombre.

GIZONTSU, humano.

IDAZBURU, título que encabeza un escrito.

IRAGAN (LN), igaro.

IRAIL (B), setiembre.

ITXASEGI (L), itxasertza, kostaldea.

ITXASORBEL, alga marina.

IZKELKI (D), dialektua.

IZKERA (GN), izkuntzea.

JOERA (BG), tendencia, movimiento.

KANTONAMENTU (L), partido judicial.

KONDAIRA (D), historia.

KOXKA (D), eragozpena, sostorra, dificultad.

KUTSU (GLN), ikutua, aire, contagio, dejo, sabor.

LAUDIO, Llodio erderaz.

LAZKERIA, aspereza.

LOBEDAR (B), adormidera, opio.

LORRINDU (B), desegin, malograr.

LUBAN (B), lur ebagia, sakonunea, foso, trinchera.

MENDE (LN), gizaldia, sekulua.

MURGILKARI, buceador.

NABARI (N), evidente, notorio.

NABARITU (LN), sentir, percibir.

NORTASUN (D), personalidad.

OPA IZAN (B), desear algo a alguien.

OPOR (D), vacación.

ORAIN BEIÑEON (B), por el momento.

ORRAITTO (B), orregaitiño, orraitiño, sin embargo.

ORRENBATEN (B), algo así, algo por el estilo.

ORDEZKARI (D), delegado, representante.

OZTOPO, eragozpena, sostorra, koskea, obstáculo.

PROLETALGO, proletariado.

SAIATU (BGN), alegiña egin.

SAIO (BGN), alegiña, jardunaldia.

SALATU (D), acusar, revelar.

UKO EGIN (D), ukatu, uxatu, negar, rechazar.

UTZI (GLN), itxi, laga.

XEDE (LN), asmoa, elburua.


Euskal abeslari barriak

Maite Idirin

Euskal abeslari barriak, ugarituten doaz; eta onek poztu egin bear gaitu, batez be euren kalidade andia ikusirik.

Gaur egunean, Benito Lertxundi munduko onenen artean ipiñi geinke, duda barik. Abestuteko daukan artea, abestutean ipinten dauan biotza, itzen sakontasuna ta poesia, parebakoak dira, zoratutekoak.

Goiko laguntzea eukiko bagendu, telebisiñoak guretzat lekua eukiko baleu, Benito Lertxundiren izena mundu osoan ezaguna izango litzake.

Goikoak alde batetik eta erria bestetik ibilteak, beste ondoren txar askoren artean, auxe dakar: gure artistak illuntzean egotea, baztertuta egotea.

Azken illabete oneetan, gauzak gogortu egin dira; ta ordua da, gorroto barik, alkar aditzearen billa joateko.

Gure izkuntzeak —euskereak— eta bera landuten daben artistak, errespetua ta laguntzea bear dabe.

Urte onetan, gagozan 1968 garrenean, euskal abeslari barri batzuk sortu dira, goi maillakoak. Emen Bizkaian, Estitxu bilbaotarra, «Beti Alai» Ondarroako taldea, eta gaur aitatu gura dogun Maite Idirin.

Maite Idirin, Miraballesen jaio zan; eta gero, berton eta Zeberion bizi izan da. Erri biak maite ditu benetan, berak esan deuskunez.

Ez dogu esango zenbat urte daukazan, baiña bai gaztea ta galanta dala.

Ez dira sei illabete, jentearen aurrean abestuten asi dala; eta ordurik ona dozenaka lekutan abestu dau, beti exitu andiagaz. Oraintsu, Eibarren abeslari barrientzat egindako sariketan, bigarren geratu zan.

Bere kitarreagaz lagundirik, Atahualpa Yupanquiren abestiak kantetan ditu euskeraz. Orain, beste estilotakoak ikasiko dauz; eta laster «Delilah» abestuko deusku, orain modan dagoan kantu famadua.

Maite Idirinen lenengo diskoa, kalean dago. Oraintsu argitaratu da, eta exitu andia eukiko dau seguru asko. Disko orretan, lau abesti kantetan ditu Maitek, Txabi Villaverde kitarra elektrikuagaz laguntzaille daualarik.

Maiteren zuzenbidea: Bakiola, 22. Miravalles. Telefonoaren numerua: 33 05 00. Iñok bere errira abestuten eroan gura badau, edo autograforik eskatu nai badeutso, ba daki nora jo.

Eta lan au amaituteko, ona emen bere abesti batzuen itzak.

Aize, aize

Aize, aize,

ekar neri euria;

aize, aize,

kanta neri kanta.

Lantzen dodan lurra

lar triste dago,

su bizitan dago

nere biotza.

Nekazariak pentsetan dau

bere lur pobreetan,

ez daukala zer jana

bere semeentzat. (bis)

Nere lau beitxuek,

nere zazpi arkumek, ai!

noruntz goaz, ene!

Nere lur maitea,

nere pauso illa, ai!

noruntz goaz, ene!

Fedeak saldu,

il gura gaitu.

Aize, aize,

bil* egizuz laiñoak;

aizie, aize,

egin negar; zeruak,

entzun artzaiñaren

otoitza, arren!

Ibarreko aize,

freskotu naizu.

Aize, aize,

aize...

Arri ta bide

Erria dago negarrez,

beti penetan;

ez dago zergaitik jarrai, ama,

trantze onetan.

Euskera galduko bada

gure erruagaitik,

galdu naitean betiko, ama,

ni berarekin.

Bizi gaitean

beti bakean,

alkar maite ta aditze

eder batean.

Negarrez jarraitutzeko

ez dago lotsa;

erriari eman bear,

ama, diot biotza.

Estitxu ta Argoitia anai-arrebak Erandion

Eunka automobillak Erandion, agostuko 27'an, gauez; eta lau milla gazte plazan, gaueko ordubietararte.

Kioskoan, Daikiris orkestakoak; eta eurokaz Estitxu, ta Argoitia anai-arrebak.

Ikustekoa zan a. Bertakoak eta kanpotarrak, dantzan, euskeraz abestutako doiñuakaz. Protesta bat be ez, eta txaloak ugari.

A bai izan zan exitua euskal abesti barrientzat. Eta bide barri bat zabaldu jako euskereari: berbenetakoa.

Amabost egun lenago, olako saio* txiki bat egin zan Laudion*; baiña Erandiokoa, sekulakoa izan zan.

Aurrera, euskal orkesta ta abeslariak. Gaztedi ori, emengoa ta kanpokoa, geureganatu egin bear dogu, danak euskerea maite daien; eta ori ezin lortu obeto, euskal abesti polit batzuen bidez baiño.

Erandiokoa, barriro diñot, garrantzi andiko gauzea izan zan, euskereari bide barri bat zabaldu jakolako. Exitu ori ikusita, seguru nago, beste leku askotara be eroango ditue berbenetarako euskal orkesta ta abeslariak.

XABIER GEREÑO