ANAITASUNA

BIZKAIA

164gn. zenb. — 1968, garagarrillak 15 — 4 peseta


ANAITASUNA

amabosterokoa

11

Euskalerriko Anai Txikarrak argitaratua

Zuzendaria: JUAN AZURMENDI AIZPURU

Zuzenbidea: Torre, 3, 1.º — Bilbao (5) — Tel. 241467

Urteko ordaiña: 75 peseta

Banakoa: 4 peseta

XVI urtea — 164 gn. zenb. — 1968'ko garagarrillak 15

D. L.: BI 1.753 — 1967

GRAFICAS BILBAO - Gordóniz, 28, 3.º - BILBAO-12


Estudianteekin

Lerro oneek idaztean, estudianteen zalapartak ez dira oraindiño sosegatu; eta gu, abadegaiak izanarren, ezin gaitekez kanpora begiradatxu bat egin barik egon. Mundu guztia arrituta dago, gaur egunean Europako Estadu guztietan jazoten danagaz. Ez dogu aztu bear, ba dagozala, bai Parisen, bai Bordelen, bai Pauen, bai emen berton gugandik urre, euskaldun estudianteak, beste estudianteakaz batean burrukan ari izan direanak eta burruka orretan gero be jarraituko dabenak.

Zalapart guztiok Nanterreko Unibersidadetik asi dira eta geldiro geldiro zoko guztietara zabaldu: lantegietara, baserrietara...

Zer eskatzen dabe ba, estudianteok?

Askotariko gauzak. Gauza baten, orregaitiño, danak dira uste berekoak: estudianteak parte artu bear dabela gero ta geiago Unibersidadearen zuzendaritzan. Estudiante askok ez dabe onartzen oraingo esamiñetako modua. Ez dakie zetarako balio deutseen euren diplomak. Gaiñera, libertade geiago nai dabe, gero ta artuemon geiago irakasleakaz.

Estudiante geienak ez dabe onartzen oraingo gizaldi au; obeto esateko, kondenatu egiten dabe gaurko kapitalismua. Gaurko Unibersidadeak, kapitalismurako preparetan ei ditu estudianteak: ori ez dabe eurak onartu gura.

Ezin daikeguz euren asmo guztiak emen agertu. Ba dakigu, euskaldun estudianteak be batzar batzuk egin dituela euren nagusiakaz Parisen, Bordelen, Pauen, Baionan berton. Batzar batzutan, aitatu be egin da euskereari zor jakon tokia.

Estudianteen eskabideak eta batzarrak ez dira beti bakean igaro. Zalapart eta istillu* asko egon da, polizgizonakaz atan*. Baiña ez daiguzan estudiante orreek ariñegi kondena. Ba dagoz euren artean naastatzaille buru-bero batzuk, naastea ta zalaparta besterik gura ez dabenak. Baiña beste gazte asko, eta geienak, zuzentasunaren alde ari dira burrukan. GIZONA eura dabe altxatu. Gizonak berea bear dau, eta lenengo askatasuna. Ebanjelioak eta Aita Santuen azken gutunak ez deuskue besterik esaten. Estudiante orreen kezkak, geure kezkak izan bear leukee. Geuk be, al daigun giñoan*, barriztu egin bear doguz gure ikastetxeak.

Lotu gaitezan, beraz*, abadegaiak, eskuz esku, munduko ikasleakaz batean mundu barri bat egiten, eta berandu izan baiño len.

(Baionako Seminarioko «TXANTXIKITIN» aldizkaritik artua)

***

Ikusi 11 gn. orrialdean, izartxu bategaz agertzen direan itzen esangurea.


Erriz erri

Nabarniz

Eriotzea

Maiatzak 28, larogei urtekin il zan Ignacio Sierra gure adiskidea, gizon apal eta euskaldun zintzoa. Goian bego! Bere emazte, seme-alaba ta senide guztieri, ANAITASUNAREN bidez bialtzen deutset neure agur samiña.

Ezkontzea

Bagillaren 22'garrenean ezkondu ziran San Antonio Urkiolakoaren eleizan, Muniategi baserriko Beranea Lekerikabeaskoa ta Argiarro baserriko Manuel Artiatx, amerikano trebea.

Euren ezkon-ibillaldia amaitutakoan, Argiarro baserrian apur baten biziteko asmotan dira, gurasoai lagun egiñaz; eta gero Gernika aldera.

Zorionak, eta luze luzea izan dakizuela artu dozuen bizitza barria; ta ugaritu zeuen maitasun frutuakaz euskal baratzea. Goiko Jaunak sarituko zaitue. Orixe opa deutsuet nik lerro oneen bidez.

Jesusen Biotzaren eguna

Bagillaren* 23'an ospatu genduan Jesusen Biotzaren eguna. Len, bere egunean egiten zan; orain, urrengo domekan. Aurten, bezperatik etorrita, Morgako parroko jauna izan dogu konfesore ta sermolari. Benetan sermolari bikaiña! Zorionak, eta barriro laster izan zaiguzala gure artean.

Ibillaldia

Goikoetxeta baserriko Nieves Etxebarria amak, iru asteko ibillaldia egin dau, Guadalajaran daukon bere seme Aita Damian Zabalgojeaskoa frantziskotarra bisitatu, ta bide batez Madrillen beste bazter asko ikusteko.

Pozik etorri da. Ez ditu lagun makalak euki, ondo ibilteko: Arantza bere alabea ta Rikardo aren senarra bere amagaz.

Gure Nievesek ondo irabazia euki dau oporraldi ori.

Ama Madrillen ikusteagaz Aita Damian ainbeste poztu bazan, albista ori jakin ebenean, ez ziran gitxiago poztuko beste seme biak, Aita Jon Bolivian eta Tomas Australian.

Ondo-etorria opa deutsu zure erritar onek.

Errirantza

Ipar Amerikatik etorrita, emen agurtu doguz Eusebio Lekerikauriarte ta Ipolito Arreskurrinaga. Launa urte inguru andik eginda, pozik etorri dira euren aberrira. Izan be, ba ete dago munduan Euskal Erria lako txokorik?

Ondo-etorria bieri, euskal aldizkari onen bidez.

Aita Felix Bilbaori

Aipagarri diran albistak bakarrik idatzi barik, noizean bein osterantzeko batzuk be idatzi eizuz, pozik irakurriko doguz eta. Tamalez, gitxi gara Nabarnizko erritxu onetan, ANAITASUNA irakurri edo artzen dogunak. Euskaldun utsak izan, eta euskerazko barririk irakurri nai ez! Gatxa da ulertzen, baiña olantxe da.

Lengo albistakaitik zorionak eta eskerrik asko.

LORETXU

Bermeo

Gure erriko arraintzaleen bizitzea, lantzean bein garratza da; beste batzuetan, alaia. Lantzean bein garratza dala esan dot, ikusirik eta jakiñik zelan igaroten dan arraintzaleen bizitzea urtearen asikeratik akaburarte.

Urtearen lenengo illak, lenengo irurak beiñik bein, oso txarrak dira irabaziaren aldetik. Ontzi guztiak lotuta gelditzen dira. Batzuk geure portuan, beste batzuk Deustuko kanalean. Lotze ori, onexegaitik da: sasoi orretan, itxasoan ez dago arrain modurik eta irabazi leitekenagaz, zorrak ordaintzera be ez giñake elduko. Olan be, negu aldian, gazte askok ikastolarako bidea artzen dabe; batzuk patroi eta makiñistarako; beste batzuk, euskal ikastolara doazanak, geure gauzak ikasteko, auxe be geure arazoa da-ta.

Udabarriagaz batera, antxobatan urtetan dogu. Urtero bildurrez ibilten gara, sasoi ori zelan igaroko dan ardureagaz. Arraintzale geienak naiago dabe antxobatan ibiltea, egaluzetan* baiño. Esango dot zegaitik: aste barruan suberte apur bat badago, etxekoakaz sarri egoten garealako. Eta txarrenean be, zapatu eguerditik astelen eguerdirarte etxean egoten gara; egaluzetan olakorik ez dago.

Antxobatako lana, guztiok dakigunez, gabazkoa da. Otzak eta euri zaparradak antxe artu bear dira. Noizean bein, naiko logure izaten gara; baiña egunsentikerea* elduarte, ez dago beste erremediorik. Gero eukiten dogu lotarako astia. Olantxe be, pozik ibilten gara, polito irabazi ezkero. Askoz txarrago izaten da egaluzetan: etxetik asago*, luzaro itxasoan, betiko aurpegiak ikusten.

Uda denporan erriko jaiak igarota gero, Canarias aldera joaten gara, urtearen azkenengo illak amaitzen. Baiña Canarias aldetik, gauza asko pasetan jaku. Arraintza ona egiteko amesagaz poz pozik urtetan dogu etxetik. Bertara eltzen gara, ta arraiña asago*, urtean baiño urtean gitxiago, igaz jazo zan lez; eta ordaindu be, beste urteetan baiño merkeago. Ainbeste difikultadegaz, oso gatxa da ondo ibiltea.

Igaz, Tenerifeko portu gaiñean, itaun bat egin neutsan gure arrain erosleari: ea zegaitik zan, gure arraiña gero ta gitxiago ordaintzea. Erantzun eustan ze, Japonesen arraiña gurea baiño merkeago erosten ebela. Nik auxe diñot orain: zer egiten dau gobernuak, arazo orretan eskua sartu barik? Ez dot ukatuko, gobernuak Japonesen arraiñagaz dibisa asko artzen dauana. Baiña orduan zer egin bear dau emengo arraintzaleakaz? Iñoren eskuetan laga, eta atzerritarren arazoetan sartu, diru apur bat geiago irabaztearren?

Emen, auxe ikusten da: agintari orreek garrantzi gitxiagoko gauzetan sartzen dira gogor, eta ez dauke adorerik, arraintzaleen egokera oneri urtenbide on bat emoteko.

Joseba Andoni Renteria

Dima

Ameriketako baltzen gorabeerak, eta zuriak baltzai egindako kirtenkeriak bide dirala, makiña bat itz negarti entzun eta egiten dogu baltz gixajoen alde. Egi lodi ta biribilla, baltzok ezetarako eskubiderik eta nortasunik iñun ez daukela; eta orregaitik, eurakanako errukiz beteta bizi gara. Baiña ez dogu ain urrun begiratu bearrik negar egiteko, eskubiderik eza urrago be ba dogu-ta.

Ona emen Dimako gaztedia, Luistarren eguna alaitasunez beterik erriari eskeiñi gura-ta, bertsolari, abeslari, dantzari ta txistulariai dei eginda, egunari itxaroten egon zana.

Eguna eldu zan, baiña... ez alkatearen baimena, jaia egiteko; eta irurogeiren bat neska-mutil gazte, bakotxak bere barruari arnasa emoteko eta zerbait egiteko, erritik alde egin bear.

Non dira gizonaren eskubideak? Non gure kristiñautasun, katolikotasun eta Erromako Aita Santuen irakatsiak? Gure gazteen artean ez dago legenar* eta sarnarik. Anaitasuna ta alaitasuna gura dabe biotzetan, eta nortasuna toki guztietan.

Biguntasunez ta adimentsu jokatu ezkero, areriorik andiena be geuganatu geinke. Egur eta gogorkeriz, gizonik epelena be gorrotoz bete; eta gorrotoak, lenago edo geroago, oste txarra beti.

Lur onetako edertasun eta laztasunak, guztiontzat egin ebazan Goiko Jaunak. Nor gara ba gu lurtarrok, lagun urko gozozaleari janari garratza agoan sartzeko?

Gurasoak ez dauke eskubiderik, gura leukeezan lako seme-alabak lur onetara ekarteko. Eta guk, naitanaiez aldatuko ete doguz ba ondoko lagunaren soin eta izakerea, menpekoa dala uste izanik? Nire eritxiz, ez goaz bide onetik.

A. Landajuela

Mundaka

Bagillaren* 23'garrenean eskeiñi* eutsan Mundakako erriak bere omenaldia* Jose Mari Egileor txistulariari.

48 urte daroaz Jose Marik txistua joten Mundakan. Baiña Egileorrek Mundakagaitik egin dauana, ez da bakarrik txistua jotea, ori naikoa izanarren.

Goizean Mundakara eldu giñanean, amaikak ziran, eta eleizara joan giñan. Korura igoteko esan euskun Eduardo Uriartek. Euskeraz zan mezea; ta goian, koruan, eun bat lagun egozan, neskak eta gizonak, Iruarrizagaren «Euskal Mezea» abestuten. Zuzendaria, Jose Mari Egileor bera. Eta emen, len esan doguna: Jose Mari ez dala bakarrik txistularia, baita erriko koruaren zuzendaria be. Koru polita, ondo batua, ederto abestuten dauana.

Meza ostean, eleizaurreko plazan, olezko kiosko bat, eta bertan txistulari talde bat. Zuzendaria, Jose Mari Egileor bera. Eta emen, Egileorren beste lan bat: txistulariak sortu eta zuzendutea. Mundakan iñoiz baiño txistulari geiago dagoz, berak sortutakoak.

Txistulariak ederto jo eben, baita amar neska gaztek abestu be, euren kitarrakaz, Zorion Egileor, Jose Mariren semearen zuzendaritzapean. Gero, Estitxu. Zorioneko neskatilla onek dardaraz jarri eban gaztedi guztia; ta gero, abestu ondoren, dozenaka mutil eta neska ibilli ziran egun guztian bere inguruan autografo eske.

Eguerdian, Katekesiko saloian, berreun lagun inguru batu giñan bazkalduten. Presidentzian Jose Mari Egileor, bere eskuman Jose Martin Uriarte parroko jauna, eta ezkerraldean Jose Ramon Hurtado alkate jauna.

Bazkalostean, abestiak. Barriro erriko neskatillak, Poli ta Iñaki Larrinaga bermeotar txistulariak; eta Estitxu, «Congratulations» («Milla Zorion») euskeraz Jose Mari Egileorren omenez* abestuten.

Jagi zan Hurtado alkate jauna, ta euskeraz eskeiñi eutsan Egileorreri Mundakaren omenaldia. Ta Egileorrek be, euskeraz erantzun.

Gero, Jose Mariren etxera joan giñan; eta an, bere aita Tomasek, 93 urteko lekeitiarrak olaren gaiñean egiñiko grabaduak ikusi genduzan: Kaixarranka ta beste euskal oitura on asko.

Mundakan gauza bat ikasi genduan: Gizon batek, gizon zintzo ta leial batek, izugarrizko lana egin leikela erri baten. Beti esan dot, historia gizonok egiten dogula. Gure historia, gure etorkizuna, geuk gura doguna izango da. Olan ba, guk euskaldunok zintzo ta gogor lan egiten badogu, etorkizuna geurea izango da. Auxe da, Jose Mari Egileorrek Mundakan erakusten deuskuna.

Zorionak, Jose Mari. Zuk egin dozun lana ez da galduko, ez da alperrikakoa izango. Ortik dabiltza amaika, zentzunbako lelokeria asko esaten. Zuk zeure egintzakaz, ez itzakaz, erakusten deuskuzu, obrakaz gureganatuko dogula etorkizuna.

Zorionak, Jose Mari, ta aurrera. Aurrera lanean. Orretan bear zaitugu.

Xabier Gereño

Mungia

Udako eguzki argiagaz batera eldu jakuz erriko jaiak. Jai alai ta argiak, inguruetako zarrak eta gazteak, neskak eta mutillak alaitzeko berebizikoak*.

Euskal dantzari, jota ta aurresku sariketak, Portugaleteko zortzikotea, pelota partiduak, erromeria alaiak eta abar.

Jaien programea, idazki eder baten eskiñi deuskue. Idazki polita, euskal kutsuzkoa*, Mungiko argazki zoragarriakaz ta guzti. Irakurri al dozu programa ori, Mungiko euskalduna? Jai ederrak, ezta? Bai orixe! Baiña gure izkuntza zarra aurkitu al dozu? Bai zera! Aitatu bere ez. Tamalgarria benetan.

Jai oneetan, zelan ez, gure oiturak agertu nai doguz, aintxiñako eleizaurreko aurreskuak, dantza soltu alaiak, iñoiz galduko ez diran abesti gozoak, eta abar. Baiña nun ixten dogu, gauza guzti orreeri laguntzen deutsen izkuntza maitea? Zegaitik aztu gure amagandik entzuniko itz gozoak? Oiñazez* bete jatazan begiak, a dana ikusita.

Au igaro ondoren, zetan esan bere ez, onen erru guztia Udaletxe edo Aiuntamentura joango da; eta agintarien azpian ezkutatuko gara, esanez: «Eurak dabiltza-ta..., zer egingo dogu guk ba»?

Guzurra! Jakitun nago: aurten be Mungiko Udaletxeak ainbat jai zati itxi ditu gazteen eskuetan; eta negarrez esan bear dot, ezer bere ez dogula aurreratu, dana lengotan dago-ta.

Gogoan daukot oraindiño «Concordia» izeneko aldizkari txiki baten urten eban kezkea. An abadeak ziran errudun, emen agintariak. Eta nun dago gure erri nagusiko jente salataria, ori ez zuzentzeko?

Baten baiño geiagotan eskatu dogu onetzaz eritxia: dantzak ala euskerea? «Biak» erantzuten deutsue lenengo; baiña gero lenengora doaz, «dantzak, euskeraz ulerretan* ez dauana be biztu egiten dabe-ta». Jaunak, oiñarri bako etxea laster dator beera; ta gure oituren oiñarria, euskerea dogu: ori ezin leiteke ukatu.

Ba daukagu, jai oneekaz batera, beste albista bat bere. Mungian beste dantza talde barri bat sortu da. Oraintxe da urte bete, «Eusko Amets» taldeak lenengo agerpena egin ebana. Ames aren egi bat lez agertzen jaku aurton «Garaitza» dantza taldea. Aurrera, gazte jatorrak; baiña mesedez ez iñoiz aztu, gure erriaren garaitzea* euskereak eta euskal kultureak ekarriko deuskula.

Atxuriko Aitor


Euskaltasuna ta erdalkeria

Euskeraz ez dakien euskaldunak batez be, sarri esaten dabe euren alkarrizketetan, ez «vasquismo»rik ez «españolismo»rik ezin leitekela egin, «ismo» guztiak txarrak dirala-ta.

Euskereak, alderdi onetan be, erdereak ez daukon aberastasun bat dauko. Erdaldunak barriz, guk euskeraz argi ikusten doguzan gauza asko naastu egiten deuskuez, nik uste.

Erderaz gaur, «ismo» guztiak entzute txarra dauke, «ismo» orrein inguruan «fascismo» asko egin dalako. Eta erdaldunak, konturatu barik, euren kultureak barru barruan daroan «imperialismo» ta «dogmatismo»ak itsututa, euskaldun askori entzute txarreko «vasquista» izenordea lepora jaurtitzen deuskue, eta ondatuta itxiten gaitue, gauza on asko egiten egonarren.

Guk euskaldunok, «vasquismo» onari («vasquismo» ona egin geinke eta egin bear dogu-ta), euskaltasuna deitzen deutsagu; eta «españolismo» onari (erdaldunak, Erdalerrian egin leikee ta egin bear dabe-ta), erdaltasuna.

«Vasquismo» txarrari, jatorra ez danari, dogmakeriz betea edo zapaltzaille dan «vasquismo»ari, euskalkeria deitzen deutsagu; eta «españolismo» txarrari, Euskalerrian gagozan ezkero, emen erdal kutsua* zabaldu nai izateari, edo euskal kulturea erdal kultureagaz zapaldu nai izateari, erdalkeria.

Euskalerriaren gaurko egoerea, zapaldu guztien egoerearen antzera, penagarria da. Euskereak ez dauko iñun sarrerarik; Liturjian geien be. Eta erdereak, ate guztiak zabalik. Euskereagaz ezin kulturarik artu, ezin emon, orretarako erakunderik* ez daukagulako; umeentzako ikastola batzuk geien be, eta eurak legearen aurka. Erdereagaz bakarrik artu geinke kulturea: eskola, kolejio, batxiller, lan eskola, Unibersidade, praille ta abadegai etxe..., danak erderazkoak diralako.

Izkuntza ta kultura arloa baiño ez dogu ikutu; baiña bardin jazoten da beste arlo guztietan be. Euskalerria erdalkeri gogor baten menpean dago. Eta erdalkeri au egiten dagoz, erdal erakunde orrein buruak eta orrei indarra emoten dabiltzanak. Gaur Euskalerriak, kultura erakunde geiago bear ditu; baiña ez erderazkoak, euskerazkoak baiño. Erderazkoak gitxitu, eta euskerazkoak ugaritu bear dira.

 Kultura erakundeen buruak egoera onen aurrean aldakuntzarik egiten ez daben bitartean, erdalkeria egiten diardue. Eta aurrenen aldatu bear litzakez eleiztarren eskuetan dagozan erakundeak, monja, praille ta abadeen babesean dagozanak, erri kontzientzi geiago euki bear leukeelako. Eta eurak dira erdalkeriaren errudunik nagusienak, askatasun geien daukelako.

Baita zera be esan dogu, erdal erakunde orrei indarra emoten dabiltzanak, gure artean dagoan erdalkeriaren errudunak dirala. Erakunde orrei indarra emoten dagoz, euren umeak ikastetxe orreitara bialtzen dituen gurasoak. Guztia beingoan aldatzea, gatxa da. Baiña, toki askotan egin dan lez, alkartasun eta ardura pixka bategaz, sortu leitekez euskal ikastola geiago; eta dagozan tokietan, gurasoak euskal ikastolak indartu leikeez geiago, eurei lagunduaz eta umeak euretara bialduaz. Euskal ikastolak sortzen alegintzen ez diranak, edo, euskal ikastolak egonda, umeak erdal ikastoletara bialtzen dituen gurasoak, erdalkeriari indarra emoten dagoz. Gure artean, ba, geien bat erdalkeria egiten da. Eta erdalkeria, «keri» guztiak lez, gauza txarra da.

Baiña, au olan izanarren, itsu iñuxente askok, erdalkeria egiten dabiltzanak, ondo egiten dabiltzala uste dabe. Eta euskaltasuna egiten diarduenak, euskerea irakasten edo ikasten dabelako, euskal ikastolak sortzen edo umeak euskal ikastoletara bialtzen dabezalako, ikastaldiak euskeraz egin nai dituelako, goi maillako euskal ikastolak eskatzen dituelako eta olango gauzakaitik, euskalkerian jausita ei dagoz, kultura arlo onetan egin leiteken gauzarik bearrezkoena egiten egonarren.

Pentsakera oker eta makur au daukagun artean, gizon izatea lortu ete geinke? Gatx, nik uste.

JULEN KALZADA


Ermuko Euskal Idazleen Jardunaldietako erabagiak

Ermuan Euskal Idazleen Jardunaldietan bildutako idazleak, erabagi oneek artu ditue:

lg. Letamendia, Garmendia ta Laspiur'en ponentziak ontzat artu. Xalbador Garmendiarenak obeto azalduko dira beste agerpen baten.

2g. Euskal idazleen alkarte bat sortu, San Martiñek bere ponentzian azaltzen dauan lez. Orretarako, batzorde bat autatzen da, sei lagunekoa: Joan San Martin, Jose Luis Lizundia, Iñaki Beobide, Joan Mari Torrealdai, Xabier Gereño ta Manex Pagola. Batzar onek bideak gertuten dituanean, dei bat egin bearko jake euskal idazle guztieri batzar aundi batera.

3g. JAKIN aldizkaria, oraindixek lotzen da Oñatin iraillean Euskaltzaindiak artuko dituan erabagietara. ANAITASUNAK, Bizkaiko aldizkaria danez, bizkaieraz idazten jarraituko dau; baiña orrialde bat atarako dau euskera literario batuan, Bizkaiko errialdea gertuten joateko. ANAITASUNAREN jokabidea ontzat artzen da, ta eskabide bardiña egiten jako «Príncipe de Viana»ri.

4g. Aditzaren batasuna bearrezkoa dala ikusten da. Orretarako batzorde bat sortzea eskatzen jako Euskaltzaindiari, bertarako oneek proposatuaz: Mitxelena, Lafitte, Intxausti, Berriatua, Mendizabal eta Iraizoz.

5g. Euskal Erriko periodikueri, euskerazko sail bat sortu edo lengoa geituteko eskatuko jake. Zelan eta noiz egin, sortuko dan alkartearen eskuetan itxiten da.

6g. H'ri buruz, Baionako erabagiak ontzat artzen dira. Monzon jaunari h'ren aldeko arrazoiak adierazotea eskatzen jako. Lafitte, Haritxelar eta Larzabal jauneri, h'a non eta noiz erabilli bear dan azaltzea eskatzen jake.

7g. Euskaltzaindiari eskatzen jako, Oñatiko batzarrean artzen direan erabagiak, alik lasterren «Euskera» bere aldizkarian separata baten atarateko, erriaren eta idazleen jakinbiderako.

8g. «Hegosa» etxeari proposatu, Karmelo Etxenagusiaren antolojia biak, Bizkaikoa ta Gipuzkoakoa, argitaratzea.

9g. Ikastoletako andereño ta zuzendarieri laguntzea eskeiñi, euskera literario batuari buruz: itzaldiak, ikasketak, arrazoiak eta abar.

Ermuan, 1968'garreneko bagillaren 30'ean.

Lasuen, Aranberria ta Basauri, maiburukoak.

Lizundia, idazkaria.


Berasaluze IV, pelotari bikaiña

Mikel Berasaluze, pelotari ona baizen euskaldun jatorra, Txikito de Mallabia zanaren laugarren semea. Mutil ule gorrizkea, ez sendoa, baiña bai bulartsua eta bere zirkin guztietan bizkortasuna erakusten dauana.

Ez geunkan beragaz ezaupiderik, ez genduan iñoiz aurrez aurre alkar aurkitu ta; baiña adiskidetasun andiagaz artu ginduzan Olakuetako bere ardantegian, ANAITASUNAN beragaitik zerbait idazteko asmoagaz gentozala esan geuntsanean.

— Aspaldion fama aundia lortu dozu ta, zeure barri jakin gura leukee gure irakurle pelotazaleak. Zeredozer esan zeinskit eurentzat?

— Zeuk nai dozuna, euskerazko zerak neuk be pozik irakurten dodaz eta.

— Nungoa zara, Mikel? Zure aita lez, Mallabikoa?

— Ez, Berrizkoa naz jaiotzez, eta egotez be bai.

— Ederto! Beste pelotari batzuri, pelotaka noiztik asi ziran itaunduten deutset; zuri barriz, zetan itaundurik ez dago, ia pelota tartean jaioa zara ta. Baiña jakin gura neuke, noiztik ona asi zarean profesional lez jokatuten.

— Sei urterik ona; baiña urte bian gaixorik egon naz, eta denpora orretan gitxi jokatu dot.

— Zenbat bidar jokatu dozu profesional lez?

— Ez dakit ziur; baiña berreun bidar inguru bai.

— Zein da geien gustetan jatzun jugadea?

— Kortadea barrura, txokora.

— Denpora laburrean gorantzaldi aundia egin dozu, eta asko poztuten gara pelotazaleok. Eragozpenik izan al dozu, zagozan maillara eltzeko?

— Bai, ta asko gaiñera. Lenengo, neure gaixoagaitik; eta gero, enpresak, goi maillako pelotari mordo bat daukenean, gazteai erreztasunik emoten ez deutseelako.

— Eta ori zegaitik, Mikel?

— Ara! Enpresak gazteai jokoaldi onak goi maillako pelotariakaz emoten badeutseez, jakiña, geiago ordaindu bear deutsee, eta ori ez dabe nai.

— Ikusten dogunez, ondo zabiltz jokatuten, eta laster elduko zara gorengo maillara.

— Egia esateko, ez dot urrun ikusten egun ori, Jaungoikoak osasuna emoten badeust.

— Zegaitik ez ziñan bana-banako txapelketara agertu?

— Nik neuk naiago dot biña-biñaka jokatu, irabaziak txikarragoak izanarren; baiña urrengo urtean-edo goi maillako txapelketan ipiñiko banindue, alegin guztiak egingo neukez goren gelditzeko.

— Jakin dogunez, 25 urte bete-barri zara. Zelan ikusten dozu gaurko pelotaritzea?

— Ondo dagoala uste dot. Nik beintzat zaletasun bizi bizia daukat, eta itxaropen aundiagaz jokatzen dot.

— Azkenez, euskaldunontzat garrantzia daukon itaun bat. Ba dakigu, zeure gurasoen antzera, zeu be euskaltzale jatorra zareana. Zelango euskalduntasuna ikusten dozu pelotari tartean?

— Talde guztietan lez, pelotari tartean be, ba dira bi edo iru «ardi baltz»; baiña bildur barik esan geinke, pelotarien artean euskal zaletasun aundia dagoala.

— Beste zerbait, Mikel?

— Neure agur maitekor bat euskal irakurle guztiai, eta batezbere nitzaz arduratzen diranai.

— Pozik beteko dogu zure agindua.

ALTUNA'TAR JOSU


Deustuko Unibersidadean. Euskerea, ikasi bearrekoa filosofia gaietan

Aita Carlos Saenz Santamaria, Filosofia ta Letretako katedran irakaslerik zaarrena da. Beronek, barri guztiz pozgarri bat emon deusku. Lenengo aldiz munduan, ikasi bearrekoa izango da euskerea Deustuko Unibersidadean, Filosofia ta Letretako karreran. Nobedade au, aurtengo ikastaroan asiko da.

Lenago be egon da toki askotan, euskerea ikasteko erea; baiña gure izkuntzea ikasi gura ebanak, borondatez eta iñok beartu barik egiten eban. Emendik aurrera Deustun, karrera orretan lizentziaturea lortu nai dauanak, euskerea ikasi bear izango dau.

Katedra orretan, ez dabe beste lekuetan lez euskerea irakatsiko. Sustraitik eta sakon sakonetik irakatsiko da; eta bide batez, euskerea alik ondoen erakusteko bideak aztertuko dira.

Ez dakigu oraindiño, nor izango dan irakasle. Baiña aurretiaz esan daiteke, ez dala badaezpadako irakasleren bat aukeratua izango. Aurrerapen modura, uda onetan, Aita Frantzisko Maria Altunak irakastaldi batzuk emongo ditu nai dabenentzat. Jesuita au, euskerea irakasteko metodu modernu baten asmatzaillea dogu.

Olan, asiera ederra emongo jako euskerearen irakaskintza barri oneri.

(ZERUKO ARGIA aldizkaritik artua)


Pariseko erreboluziñoa

Pariseko jazoeren durundia* ez da oraindiño ixildu, eta ez da denpora luzean ixilduko.

Jazoera orreek garrantzi aundiegia dauke, ez bakarrik Frantziarentzat, baita gizadi* guztiarentzat.

Orregaitik, ANAITASUNAK zertxu bat esan bear leukela uste dogu jazoera orreetaz.

Maiatzeko periodiku guztietan, eten barik irakurten genduan: «Francia al borde del abismo...» «En París reina el caos...» «La anarquía, dueña de la Sorbona...», eta abar, eta abar.

Jente guztia dardaraz aidean egoan, zer jazoko ete zaneko kezkeagaz.

Batek baiño geiagok —gu uri orretan bizi izan giñeala ekienak batezbere— aurpegi ikaratu batekin preguntetan euskuen: «Zer jazoko ete da Frantzian? zer ikusiko ete dogu»

Ez okerrik, eta bai gauza onuragarriak sortuko zireala erantzuten geuntsenean, dan danak ago zabalik eta siñistu eziñik gelditzen zirean.

Pariseko jazoerak ez dira orain ikustekoak, erantzuten genduan; geroak erakutsiko dau zelakoak direan erreboluziño onen ondorenak: zuzenak ala okerrak. Eta Frantzia erri zibilizatuegia da, gauzak ondo ez erabagiteko.

Parisen jazoten zana, erreboluziño bat zan, duda barik: gaurko Unibersidadearen, langille bizitzearen eta gizartearen beraren oiñarriak ankaz gora botatzen zituan erreboluziño bat.

Unibersidadea, langilleak, gizartea: erri bakotxak ditu bereak. Orregaitik, Pariseko jazoerak durundi ikaragarria euki dabe, eta eukiko dabe luzaro, mundu guztian.

Jente askok, «anarkia ta Sorbonako bandera baltza ta gorria» baiño besterik ez dabe ikusi Pariseko gertaera orreetan. Esate baterako, Inglaterrako diputadu batek auxe esan eban Parlamentuan: «Ikasi daigun Pariseko gertaeretatik, gure etxean gauza bera jazo ez dakigu».

Jente orreek adierazo gura deuskue, Pariseko jazoerak gazte zoro anarkista batzuen lana izan dala.

Ez da ori gure eritxia. Tartean orrelakoak ba egozala autortu bear da, batezbere barrikadetan, gogor, aurpegia emonda jokatu ebenen tartean.

Baiña kontuan euki bear dogu, gazte zoro anarkista batzuekaz bakarrik ez dala sortzen, Frantzia osoak onartu dauan erreboluziñoa. De Gaullek berak onartu dauan erreboluziñoa. «Je suis un revolutionnaire», esan euskun jeneralak eleziño bezperan telebisiñoan agertu zanean. Eta partidu guztiak, ezker-ezkerretatik eskuma-eskumataraiño, erreformistak agertu dira.

Goiko lerro oneekaz, oiala* zabaldu dogu; prolemea planteatu besterik ez dogu egin. Beste urrengo baten azterruko dogu.

HERNANDORENA


Fedea

Frantziako kartak eta errebistak naaste aundian artzen ari naiz azken unada onetan. San Joan bezperan, domeka arratsaldez, oituraz egiten dodan lez, idazten dot artikulu au. Beste aldeko HERRIAREN numeru bat daukat aurrean. Maiatzaren 16'koa.

Bertan, Etienne Salaberryren asteroko artikulua. Gustora benetan irakurten ditut Salaberryren idazkiak. Aolan diño, orain irakurten dodan onek.

«Fededun eta fedebakoen artean eraturiko alkarrizketa batetik urten dauan gizon bategaz topo egin dot. Fedebakoen artean ez egoan marxistarik. Gizon onek auxe esan deust: Asarre gorritan nago. Nik federik euki ezarren, gurako neuke fededun izan. Baiña zelan izan daiteke, zurelako gizonak fedearen gaiñean ain arin, ain ganora barik jardutea? Nik, fededun lagun asko ditut. Fedea ez da, eurak esaten dabena. Fedea, beste zer bat da. Sinpleagoa, indartsuagoa, garbiagoa».

Aste onetako gaia, Salaberry jaunari zor deutsat. Gai au, or ebillen argi-illun nire buruan. Berak, Salaberryk emon deutsa bizkortasuna ta irxurea.

«Ez gaitezala gu, fededunok, iñortxorentzat gaizbide izan» —diño bere artikuluaren azkenean Salaberryk. «Ez gaitezala izan Fedearen zerbitzari gaizto. Jaungoikoa agertu bearrean, ezkutatu egiten dogunak».

Emoten ete deutsagu Fedeari, berak daukan garrantzia? —diñot nik orain. Ez ete gabiltz lotsarren, gai au baztertzen? Beste prolema batzuri lenengotasuna emon, eta gure prolemarik aurrerena zokondoan itxiten?

Niretzat beintzat, Fedea da gaur eguneko prolema guztien oiñarri. Ez esan, sermoi bat egiten nabillenik. Sermoiak, ez jataz larregi gustetan. Txikitan eta gaztetan, denpora atako sermoigille aspergarriak asetu ninduen ondo. Orain bere, ba dagoz banaka batzuk.

Baiña urteak erakutsi deuste, Fede bizia dala gizonaren oiñarria, bere itxaropenaren sustrai bereziena.

Julian Elortza jaun ospetsuak kontetan eustan bein, Don Indalezio Prieto sozialista buruzagiak, inbidiaz esaten eutsazala berba tristeok: «Zuek, gizon fededunok zoriona makala daukazue, fedea eukiteagaz!»

Zelan gero Fedeak laguntzen dauan, munduko jazoerak argi ta garbi, lauso barik ikusten!

Gaurko munduari, materialismu iguingarri baten bidez, arimea kendu deutsagu. Aaztu egin jaku, Jaungoikoa egiñalean ari dala gizonaren eta jazoeren bitartez.

Eta bien bitartean, guk gizon izaten be ez dakigu. Fededunok, Salaberry Baionako kanonigu agurgarriak nai dauan lez, jakingo ete dogu gure siñismenaren jarraigarri bizi izaten?

Ez gaitezala gero Fedez antzutu. Atara ta zabaldu-ala sortuko dogula, ez iñoiz aaztu...

JOSE DE ARTECHE

(ZERUKO ARGIA aldizkaritik bizkaieraztua)


Zer diñoe frantsesak eurak ikasleen mobimentuagaitik?

Ona emen eritxi batzuk.

«Bat gagoz estudianteakaz, euron eskabide lejitimuetan. Gure ustez, joko onetan ez da Unibersidadea bakarrik sartzen, baita gizarteko bizitza osoa bere. Alandaguztibe, autortu egin bear dogu, ez dala ezer onik eta iraunkorrik lortzen zentzun eta neurri bako zalapartaren bidez».

Katoliku Ekintzako gizonak

«Autortu egiten dogu, ikasleen mobimentu erreboluzionarioa gauza positibua dala, eta ezin geintekezala lengo egoerara atzera biurtu. Estudianteak erakutsi egin deuskue zeintzuk izan bear daben Unibersidadearen asmoak eta zeregin sozialak, eta zelakoak izan bear daben gaurko gizarteko estrukturak».

«Christianisme Social» deritxon protestante mobimentukoak

«Zer gura dabe estudianteak? Askatasuna, Unibersidadeko zuzendaritzan parte artzea, oraingo situaziñoa aldatzea, goiko ta bekoen alkarrizketea, danak errespontsableak izatea. Ez dago zetan esan bearrik, asmo oneek Ebanjelioagaz konforme dagozala. Ez deutsa ardura, ikasleen mobimentu ori sortarazo ta aurrera eroan dabenetariko geienak, Ebanjelioa ezagutu edo onartzen ez badabe. Nik auxe esan gura dot: zeruan siñisten dogunok, ezin geintekez abagadune* onetan eskuak batuta eeon, naizta burruka onen buruzagiak fedebakoak izan».

Finet protestante artzaiñak, «Reforme» aldizkarian

«Ikusi ta entzun doguzan gauzak, pozez eta esperantzaz betetan deuskue biotza. Kalera urtenda, aldarrika* esan deuskue gazteak —estudianteak eta langilleak— bizitzea bera baiño inportanteagoa dala zegaitik eta zetarako bizi garean jakitea. Eurakaz batera nator; eta ondo deritxat, opresiñozko estrukturak edonon ta edonoiz aldatu egin bear direala. Alde guztietatik bultzatzen gaitu Ebanjelioak, etorkizunari begira jarri gaitezan. Atzean itxi bear doguz, beraz, oraingo estruktura sozial asko, ordenabidean barik, desordenabide finkatu* baten bizi eragiten deuskue-ta. Itun* Zaarraren guna*, Exodu berbeak adierazoten deusku. Exodua edo urteerea. Urten Egiptoko esklabutasun bakezkotik eta joan askatasunezko Lurrera, naizta orretarako bide luze ta arriskutsuetatik ibilli bear».

Georges Casalis protestante artzaiñak, sermoi baten

«Ikasleen asmo erreformatzailleak ez dira badaezpadakoak, zentzun aundikoak baiño. Ezin geinkez asmook azaletik bakarrik epaitu. Ezin geinke geiagoko barik esan, ikasleen mobimentu guzti au demagojia politikua edo ezinbesteko nihilismu utsa dala. Politika arloan, kontzientzia indartsu bat dauke aspalditik gure estudianteak. Kontzientzia ori zalapartari batzuen bitartez azken orduan sortu dala esatea, guzurrezko makurkeria bat izango litzake. Gazteak mundu oba bat eratu nai dabe. Orretarako askatasuna gura dabe. Asmo onetan, zelan ez ikusi Jaungoikoaren probidentzia? Poztu gaitezan beraz*».

Katoliku Ekintzako estudianteak

«Kontzientzia ondo formatu bat dauke frantsesik geienak, batezbere gazteak. Kontzientzia osasuntsu orren ezaugarria izan da gaurko mobimentu au. Gazteen protestaziño onen gunean* balore aundiak aurkitzen dira. Ainzuzen, oraingo gazteak egiazko gizarte demokratiku barri bat sortarazo gura dabe, eta naziñoko ondasunak —ekonomian, politikan, agintaritzan, kulturan eta beste arlo danetan— erritar guztien artean justiziaz banandu daitezala».

«La Vie Catholique» aldizkariko idazleak


Arraintza kontuak

Aurtengo bokart kosterea

Bokartaren* kosterea, amaitu da. Kostera au, bajura arraintzako tipikua da. Udabarrian agertzen dira gure kostetan arrain txiki onen gorriak* ur azalean. Martian arrapatzen dira lenengoak, sortaldean*, Frantziako kostetan. Eta bagillerarte* jarraitzen dau kostereak, arraiña Oesterantz doala.

Urtean urtean egiten dau bokartak gure kostan agerraldi au, bere migraziñoa Lestetik* Oesterantz egiñik. Eta arraintzaleak bere bidean billatu eta jarraitu bear. Gabaz arrapatzen da batez be, azaleko sareakaz, erderaz «artes de cerco» deritxoenakaz. Gabaz bokartak, bere burua agertzen dau; eta itxasoaren illuntasunean, fosforesentzia egiten dau. Arraintzaleak, «ardora» deituten deutsoe argitasun oneri. Beste batzuetan, argi bonbilla indartsuakaz azaldu erazoten deutsoe gorriari. Eta urte batzuetatik ona, radarra be ba darabille gure arraintzaleak.

Kostera onetzaz ba dago zeresanik geiago be.

Kostera onek prolema oso konplikatuak daukoz; baiña labur ipinteko, era bitakoak batez be dirala esan daikegu: prolema biologikua eta prolema ekonomiku-soziala.

Prolema biologikua

Arraintza ontziak, urterik urtera geiago eta andiago egiten dira. Sareak be, bardin. Bokarta Frantziako kostan agertzen danean, zazpireun ontzitik gora batzen dira leku berean, bokart ori arrapatu guran: Gipuzkoa, Bizkaia, Sanandere ta Asturiastik, baita Galiziatik bere. Sondakaz eta radarrakaz, itxas zulo ta bazter guztiak aztertzen dira. Bokartak ez dauko ezkutatzerik. Eta olandaguztibe, iru urterik ona gero ta gitxiago arrapatzen da. Aintxiña bokarta, Asturiasko kostaraiño joaten zan. Aurten, Sananderera be ez da eldu; Bizkaiko kostatik arantz ez dau egin. Zegaitik? Arraintzaleak ez deutsoelako itxiten. Bere migraziñoan, bokart masea ebagi, banandu, birrindu egiten da sareakaz. Eta arraintzaleak eurak egiten daben itaun illuna, auxe da: Noizarte? Agertuko ete jaku bokartik datorren udabarrian?

Prolema ekonomiku-soziala

Bokarta, kostera barruan, ez da arrapatzen egun guztietan. Batzuetan, eguraldi txarra, itxaso asarrea edo tenperatura otza dagoalako, ezin da arrapatu. Eta beste egun batzuetan, eguraldi onak eraginda-edo bokarta azaltzen danean, arrapatu-ala* dabiltz arraintza ontziak.

Gorabeera oneek, saltzeko prezioan sustraizko efektua dauke Kofradietako subastetan: arraiñik ez, prezioa gora; arraiña ugari, prezioa beera. Orain urte asko ez dala, bokarta ugari zan egunetan, eroslerik ez, eta arraiña barriro itxasora biurtu bearrean aurkitzen zirean arraintzaleak. Baiña 1960'an, arraintzaleak batzar nagusi bat egin eben Santoñan, eta erabagi larriak* artu: astean bost egunean bakarrik itxasora urten, eta egunean 8.000 kg. baiño geiago ez arrapatu ontzi bakotxak.

Experientziaren irakatsia

Ordurik ona, zortzi urte igaro dira; baiña arraintzaleak oraindiño, 8.000 kiloko kupoa errespetatzen leiatzen* dira. Kupo au dala ta eztala, ez-konprenituak izan dira arraintzaleak; baiña gaur, kupo ori ondo ipiñia zala argi erakusten deusku experientziak. Aoneek* dira arrazoiak:

1. Kosterea neurrian jarri, erregularizatu, egunean-eguneango arrain-lurreratzeak bardinduz.

2. Prezioak be, bere unera datoz olan. Arraiñik uretara biurtu bearrik ez dago, larregi ez baita* arrapatzen.

3. Kontserba fabriketako lana be, era berean normaldu ta erreztu.

5. Ontzien artean arraiña obeto banakatu. Ontzi batek bere kupoa arrapatuta, beste batentzat itxiten dau arraiña.

6. Itxasoko bokart erreserbak zaindu, lenago aitatu dogun prolema biologikua gitxituz. 1960'tik, kupoaren lenengo urtetik, 1965'erarte produziño estadistikea gorantz joan da; baiña azkenengo iru urte oneetan, berazkadea egin dau.

Kupoak ez dau, ba, bokart produziñoa gitxitu, prolema biologikua agertu arte. Orain, nire ustez, beste motibu guztiak itxita, auxe da kupoa mantenietako arrazoirik aundiena: zaindu itxasoko bokart erreserbak, kupo ori betetako beste bokartik ez dakioen falta itxasoan gure arraintzaleeri.

Artza


Arraintza kontuak

Plastikuzko arraintza ontziak

Teknikuak egiñiko kalkuluetatik, 17.000 arraintza ontzi* egin bearko dira mundu guztian, amar urte barruan. Eta orain barku oneek, bidriozko fibreagaz urtutako plastikuagaz egin leitekez.

Olantxe diñoe, gai* au estudiatu daben tekniku alemanak; eta euren eritxiz, produktibutasuna geituko litzake onelan.

Ontziotan, kaskoa bera aislatzaille termikuagaz orniduta* dago; eta onura* aundikoa da au, arraiñaren trasporterako. Orrez gaiñera, barku oneek garbitasun andikoak dira, guztiz hijienikuak. Beste bentaja batzuk be, ba daukez: mantenietako gastu txikia ta irauntasuna*.

Kaskoa, sistema konbinatu baten bidez, ia ia armazoi barik egin leiteke.

Lenengo plastikuzko ontzia denpora gitxi barru uretaratuko da, aprobada modura, ekintza nabaleko sistema erreboltatzaille onen itxas-kondiziñoak egiaztuteko*.

ARTZA


Mugaz andiko ikasleak Euskal Unibersidade barri bat nai dabe

Ba dirudi, Euskal Erria lozorro* gogor baten dagoala. Baiña ez da olan. Euskal ikasleak bientzat ez dagoz lo, ez orixe.

Pauetik etorri da ikasle talde bat, Baionako langilleeri euren laguntasuna eskeintzera.

Ikasleak aldizkari bat argitaratzen dabe, «IKASLE» deritxona; eta azkenengo alea, espresuki* egiña da gaurko jazoereri buruz. Bildur barik esan geinke, gaurko jazoeren oiñarriak, gitxi edo gei, euskal ikasleak jarri dituela, ze, danok dakigunez, gure bearrizan premiñatsuenak ikasle buruzagien* agotik entzun doguz, esate baterako, autonomia.

Guztiz miragarria da Pariseko euskal ikasleen jokabidea. Batzorde* geienetan dagoz sartuta euskaldunak; eta batzutan, ordezkari* lez aukeratuak izan dira.

Aitatu egin bear dogu, Paueko Unibersidadean eratu dan Euskal Batzordea. Ona emen, ikasleak eskatzen dabena:

- euskal irakasle titulua lortzeko katedra bat;

- euskal sail onek autonomia euki daiala Unibersidadean;

- irakatsi daitela euskerea Euskal Erriko ikastetxe guztietan.

Gure ustez, Batzorde ori bearbearrezkoa da euskal irakaskintzarako.

Euskal ikasleen batasuna

Jakin egin bear da, Euskal Erriko 30.000 ikasleak bat egiten dogula eta batasun ori eginda dagoala, ze mugearen alde bietan prolema bardintsuak ditugu. Gure ordezkariak, Bilbaon bildu dira maiatzaren amaikan; eta an artutako erabagiak, Frantziako ikasle buruzagieri bialduak izan dira. Ona emen puntu batzuk:

Euskal Erriko ordezkariak diñoe:

- Frantziako ikasleen alde jarten direala;

- euskal ikasle guztieri euren laguntza osoa eskatzen deutseela;

- kondenatuen amnistia osoa eskatzen dabela;

- euskal populuaren* bizi ta barriraztasunerako, Euskal Unibersidade bat bear-bearrezkoa dala.

Gizaldi onetako egun naastuetan, or dagoz euskal ikasleak bere.

Mundu guztiko ikasleak bat gara

Varsovian, Moskun, Bogotan, Parisen lez, emengo ikasleak be altzatu egin gara, gizaldi barri onetan lege zaarrakaz agintzen deuskuelako eta gure gogoa estututen daben lokarri* guztiakaz gogaituta gagozalako.

Danak dakie, zer gura dogun ikasleak; eta danak dira bildur, ikasleak zutunik jarri garealako. Ikaratuta dagoz agintariak, ondo dakie-ta, euren guzurrak ez deuskuezala geiago siñistu eragingo, jakituriak Askatasun eta Zuzentasunaren giltzak geure eskuetan itxi ditu-ta.

Izanbe, Zuzentasuna ta Askatasuna dira gure bearbearrezko pausuen bidea; eta ori siñistuten ez dabenak, ezin leikeez gaurko jazoerak zuzen ikusi.

Askatasun eta Zuzentasunaren alde, jakintzea ipinten dogu. Areen jagole jarri gara munduko lau egaletan*. Preso dan gizonaren edo erriaren alboan gagoz, aberriaren mandatari* ta atezain.

Euskal ikasleak ezetz diñotsee, Euskal Erriaren illobia egiten diardueneri. Munduko ikasleak ezetz diñotsee kartzela egilleeri. Eta orregaitik, ikasle guztiok anaiak gara.

Danok gara anaiak; eta munduko ikasle guztiok bat gara, Zuzentasun eta Askatasunaren alde daroagun guduan.

Lucien Etxezaharreta

(Baionako «HERRIA» aldizkaritik artua)


Irakurleen eritxiak

Bermeotik

Irakurri dodaz. nire idazkiaren kontrako iru erantzunak. Ni neu, ez naz arritu beintzat. Itxaroten nengoan, eta poztu egin naz.

Baiña gauza batzuek argitu bear dodaz. Iñori miñik ez egitekotan gero! Eritxi kontuetan, askatasuna.

Lenengo Gotzoneri:

1. Larraurikoari buruz idazkiak zabaldu dirana, nik ondo dakit. Neuri be, bi eldu jatazan; eta eskerrak bialdu eustazanari. Nik eta idazki orreek irakurri ebezanak, ondo dakie Larraurin jazotekoaren barri. Beste askok, ez ostera. Nire asmoa, idazki a bialdu nebanean, auxe izan zan: danak, al danik geienak, jakin eiela an zer gertatu zan. Orregaitik egin neban ain idazki gogorra: zeuen erantzuna lortutearren batez be. Erantzuna agertu da, eta konforme nago. Askok ikusten eben iazoera orretan injustizia bat. ANAITASUNA irakurten dabenak, ba dakie zer jazo zan.

Zegaitik egin neban olan? Gauza asko aurkitu dodalako atzekoz aurrera adituta. Ori izan dan modurik onena? Egia esan, len be dudatan nengoan, eta gaur be bai oraindiño.

2. Gernikan artutako jokabidea zetan arturik ez zeunkeela? Or, Gotzon, errazoi aundia dozu. Bakotxak daukoz bere bideak.

3. Larraurin Eleizeak euskalduna izan bear dauala? Ni be orretan nago. Baiña nik, ez dot kontrakorik esan gero!

4. Jainko erriak irabazi egin dauala? Jainko erriak atan be? Nik neuk, ez neuke orrenbeste esango; baiña olan bada, milla bidar obe.

5. A. Z. k arria jaurti ta eskua gorde dauala? A. Z., nire izen eta abizenaren lenengo letrak dira. Len be ANAITASUNAN agertu dira bein baiño geiagotan. Ez da legezkoa, olan egitea? Nik askotan irakurri dot, izena ez ipintekotan, izen eta abizenaren lenengo letrak ipinteko. Danetara be, A. Z. edo «Salatari» ipiñi, bardin xamar izango da.

Anton Ormazari, itaun bat bakarrik egingo deutsat: familia baten, bat lapurra bada, danak lapurrak dirala esan eta boikot egitea, legezkoa da? Nire idazkia ondo irakurri ez dauaneko susmoa daukot.

Ondarruko emakumeari, ezer bez.

Ba dakit, egin dan guztia euskerearen maitasunagaitik egin dana. Eritxi bardiñak ez badaukaguz be, lan orretan lagun gara. «Est modus ta rebus», esaten eben zaarrak, eta egia da. Kalterik egin badeutsuet, parkatu guztiok. Bide bardiñak ez badaroaguz, aurrera euskerearen alde.

Agur guztiori!

A. Z.


Zaartzaroaren bildur

Erretirupean bizi direanak

Ekonomi-arloan aituak direan gizonak, argiro agertu dabe gure urteetako ondasun-malkarra.

Zera, diruak geroago ta gitxiago balio izateak dakarren okerra. Oker ori, batez bere, ezeukientzat, txiroentzat da.

Aspaldi luzeetan diruak geroago ta gitxiago balio izaten dau beti. Baiña ain zuzen, azkenengo gerrate nagusitik arrezkerokoan urtero egin oi dauan beerakadea, ez da bapere atsegiña, egin egiñean be, eskuarte* urridunentzat. Gizartearen aberastasun aundiak ez dira guztientzat, antza.

Alogeraz bakarrik bizi direan gizonak eta emakumeak izan dabe naiko lan, aldatz-gora pike* ta latzean, euren premiñak zurituteko.

Aldapa orrek ez dau agiri, orain bere, lautadarik*. Beti aldatz, beti gorantz. Urterik urte ezezik, illerik illera be, bizimodua karuago; ta orregaitik, diruaren neurria aulago* ta makalago.

***

Erbesteetako diruak, batzuk sendoago, beste batzuk erkiñago, zelan edo alan mailla bardiñean zaindu ta sendotu eziñik dabiz.

Ortik beste egoera batzuk sortuten dira. Esaterako, beste naziñoakaz edo legerriakaz dituen artu-emonetan be, diruak leen baiño gitxiago balio izatea, sarri askotan.

Guztiok dakigu, zemendian zelako beeraldia izan eban ingelesen diruak, eta espaiñarrak be bai, beste askoren artean.

***

Alogeraz bizi direanak, orraitio, ba dabe sarritan —ez beti— euren bizimoduan zerbait diru geiago irabazteko aukerea.

Baiña lan egiteko edade lar dabenak, zera, zaartu direalako erretirau direanak, zelan euren premiñak bete al izan? Diru-sari bardiña artu eta diru orren balioa geroago ta makalagoa baldin bada?

Alogerak jaso-ala, erretiruak be gorago jarri ezkero, ainbat eta ainbat gizajoren bizimodua obatu al izango litzateke.

Izan bere, oraindiño zaarrak ez direan guztiak bere, atzerago aurrerago izango dabe egunen baten erretiruaz bakarrik bizi izateko ordu naita-naiezkoa. Pinay ekonomistearen ardurak orretan ezagunak izan dira.

Etxe zaarren jabeak eta

Erretiruaz bizi direanen kide ta bidelagun premiñatsuak, beste oneik dira, Keynes'en eretxiz: euren kontura lan eginda bizi izan direanak, eta zaartzaroan, euren etxe-errentakaz edota baloreen etorriaz biziteko ustea gaztetan izan dabenak.

Etxe zaarren jabe badira, errentak euren gurariaren neurriz jasoterik ez dabe izango. Orren ikusian, askozaz be obeto dagoz ondasun kontuan, etxe barrien jabe direanak; jakiña, errenta barriakaz diru galantak artu leiezalako.

***

Ondasunak baloreetan sartuta dituenak, apur batzuk zori ta suberte ona ta onuratsua izan leie. Baiña azken lau-bost urteotan, emengo ekintza-etxe, enpresa askok, euren urteko emoiak, dibidenduak, ezagunean zimeldu ta erkindu ditue eta askok, zearo kendu be bai.

Orretara, balore-jabe gizajo askok be, gorriak ikusteko aukera ona dabe ezuneko* urte mee oneitan. Arako ez daukanaren eriotza gozoa...!

***

Paperetan eraturiko kozkontzea (desarrollua), ez da gero benetan ain erreza, egikorra ta arteza izaten. Batzuentzat onurakorra ta koipatsua izan arren, beste askorentzat mamiñak arinduteko ereti kaxkarra izan oi da. Or bazterretan ba dira arako kozkontze-polo orreik, eperdiz gora jausi direanak bere. Lantegi asko geitu ta geitu jardun izan dabenak, euren ateak ixten be ikusi izan ditugu.

Labur esan, etorkizuna gazteak argi ikusi oi daben arren, bai leen ta bai orain, lanegiñaz bizi gareanok, zartzaroaren bildur izan oi gara, urteak mordo aundi biurtzen jakuzanean. Eta bide batez, indarrak auldu* ta geure menak* makaltzen asten direanetik.

E. ERKIAGA


Ama Lur

Azkenean agertu da AMA LUR, euskal pelikulea. Donostiko zine bitan ainzuzenbere: Victoria Eugenian eta Astorian. Il onen 10 ta 11'n.

Esan bearrik ez dago, arrakasta aundia euki dauala. Nestor Basterretxea ta Fernando Larruquert, pelikulearen egilleak, txalo luzeak entzun zituen Astoria zinetokian, jentearen aurrean agertu zireanean. Ikustera joandako guztiak, zutunik jarrita, amar minutu ta geiago jardun eben eskuzartaka, bion omenez.

Donostian ikusi al izan dabe batzuk. Orain Bilbaon gagoz itxaroten, ea noiz emongo deuskuen. Laster izango al da!

Ondo etorria, AMA LUR!


Aberastu zure euskerea

 Ona emen, ANAITASUNAREN zenbaki onetan izartxu bategaz agertzen direan itzen esangurea.

ABAGADUNE (B), eretia. Erderazko coyuntura, ocasión.

ADI EGON (B), atentziñoz egon.

AITORTASUN, erderazko hidalguía, abolengo.

ALDARRI (B), garrasia.

AMOR EMON, erderazko ceder, darse por vencido.

AONEEK (B), oneexek.

ARRAPATU-ALA, arrapatu-ahala. Erderazko cogiendo todo lo posible.

ASAGO (B), urrun.

ASTEGUN BURUZURI (B), simple día de labor erderaz.

ATAN (B), batezbere.

AUL (GLN), indarbakoa, debilla.

AUME (B), auntzaren kumea.

BAGIL (B), urteko seigarren illa.

BAITA (GLN), bait-da, da-ta.

BATZORDE, komisiñoa.

BERAZ (GLN), erderazko por consiguiente.

BEREBIZIKO (BGL), guztiz egokia.

BOGADA (B), lesibea. Bucato italianoz, bugada katalanez.

BOKART (BG), antxobea. Bocarte erderaz.

BURUZAGI (GLN), burua, jefea.

DURUNDI (B), erderazko resonancia.

EGAL (BL), bazterra, alderdia.

EGALUZE (BG), atuna. Erderazko bonito.

EGIAZTU (BGL), konprobatu.

EGUNSENTIKERA (B), egunsentia, albea.

EKITALDI, jardunaldia. Round inglesez.

ERAKUNDE, erderazko organismo? estructura?

ESKEIÑI, eskiñi, ofrezidu.

ESKUARTE, erderaz medios, recursos para emprender algo.

ESPRESUKI (L), erderazko expresamente.

EZUNE (B), urritasunezko aldia.

FINKATU (LN), fijatu. Erderazko afianzar, establecer.

GAI, erderazko asunto, materia.

GARAITZA (G), garaipena. Erderazko victoria.

GIÑO (B), proporción erderaz.

GIZADI, humanidadea.

GORRI (B), arrain txiki pilloa.

GUN (B), una, barruko mamiña. Erderazko médula.

IRAUNTASUN, duraziñoa.

ISTILLU (BG), zaratazko eztabaidea.

ITUN (B), erderazko convenio, alianza.

JORRAN, jorratzen, jorraketan. Erderaz escarbando.

KUTSU, erderazko sabor, dejo, aire.

LARRI (GLN), aundia, inportantea.

LAUTADA (B), leku laua. Erderazko llanada.

LEGENAR (BG), leprea.

LEIATU, erderazko empeñarse.

LESTE (B), sortaldea. Erderazko Este.

LOKARRI, lotugarria, lotuten dauana.

LOZORRO (G), lo gogorra.

MANDATARI, mezularia. Erderazko mensajero.

MEN (LN), almena. Erderazko facultades.

OIAL, teatroko teloia.

OIÑAZE, dolorea, miña.

OMEN (LN), ospea, ondrea.

OMENALDI, erderazko homenaje.

ONTZI, barkua.

ONURA (B), probetxua.

ORDEZKARI, errepresentantea.

ORNIDU (B), erderazko proveer. Fournir frantsesez.

PIKE (B), erderazko empinado, pendiente.

POPULU (L), erriko jentea, populaziñoa.

SENERA ETORRI (B), konortera etorri.

SORTALDE, eguzki aldea, lestea.

SUPITUAN (B), bat batean. Erderazko súbitamente.

ULERRETAN (B), ulertzen.


Ezagutu zure erria

Markiña

Markiña, Kantauriko itxasotik 14 km. legorrerantz, Zapola mendi azpian, zelaiune eder baten aurkitzen da. Zapola gaiñetik erri oni begiratzen badeutsazu, bere aitortasuna* edonondik erakutsiko deutsu.

Erreka zabal gardenaren alboetara, kale egokiak. Jauregiak ugari, andikien abia. Lantoki banaka batzuk, askoren ogibide; apurtxu batzuen «Amerika». Eleiza ta komentutan, dozenerditik gora bai; euren artean, Bizkaiko eleizarik andiena. Pelotaleku, enparantza, iturri apain eta ardanetxeak.

Ikastetxetan, mordoa. Ikasleak be asko, neska ta mutil: erriko ta erbesteko.

Eleiztorreko kanpaiak eta lantokietako adarrak, amabiak joten diardue bat batera. Bazkalordua da; ta bakotxak, maierako bidea artu dau. Inguru guztietarantz, txirrindulari mordoak doaz, zeiñek baiño zeiñek ariñago. Etxeetan emakumeak urduri, maia gertatzen: amak semeari, andreak sanarrari; keezulo guztietatik, barruko arazoa agiri. Markiña guztian, oraintxe ez da iñor nagi.

Lana itxi ez dauan bakarra, soloan jorran* diarduan nekazaria. Oni ez dirautsoe ezer kanpaiak, ez adarrak, Agur Maria esateko ez bada. Gurean orduak menperatu ez dauan bakarra, nekazaria da. Baserriak ez dau ordurik.

Orra or Markiña, azalez astegun buruzuri* baten ikusita: lana, abarrotsa; jentea ara ta ona, ziri-zara.

Baiña Markiñan, beti ez da astegun. Erriko jai nagusiak gaiñean doguz: Karmenak. Amabosta dogu aurretik oraindiño; ta edonon igarri leiteke zer datorren. Ume, gazte naiz zaar, jaiari begiak zabal. Etxe askotan, kare zuriketea gizonak; jai aurreko bogadea*, andrazkoak. Etxe bakotxeko, aume* bat ilgo dabe, etxeko ta senide guztien agoen atsegingarri.

Errian, dantzarientzat, txistulari ta soiñulari talde ona. Pelota jokoak, zaleentzat. Eleizkizun eta naiko jolasgarri, guztientzat. Kaleetan dindilizka, ikurriñak ugari; euren artean, nik tokitxu bat neure maiteari.

Jai arratsaldez, edonongoak datoz bertora: itxastar eta baserritarrak. Euskera mota asko entzuten da, erderea be ez gitxi. Gona laburdun neskak, eta niki ori ta praka estudun mutillak, biñaka kantari; euskeraz be bai, bat edo bi.

Jaiak amaitzen diranean, barriro lotzen gatxakoz betikoari.

Erria barrutik

Onartekoak, azalez agertu deutsue erri au; orain, barruari begira jardun daigun.

Zenbat lagun dauz Markiñak? Orain eun bat urte, 1.800 bizilagun ziralako barria emoten deusku Iturritza idazleak. Baiña barri au emokeran, oraindiño Xemein eta Barinaga, Markiñagaz alkartu barik egozan. Markiña uriak berak ebazanak, beraz, 1.800'ok.

Inguruko erriok beregandu ebazalako eta beste zer asko bide dala, gaur 4.302 bizilagun dira an. Uritarrak, 2.878; ta baserritarrak, 1.424: 229 etxetan.

Zenbat euskaldun? Ez da errez erantzutea. Ziur dakit, erbestetik etorriak 393 dirana. Gaurkoz, oneik erderaz ekitea, ez da ba arritzeko. Baiña Markiñan, erdalzale ta erdaldun asko da errian, atzerritik etorri barik. Mogelen Peru Abarkako barberuaren antzeko asko dago gurean. Mogelen aldian baziran, ainbat geiago gaur.

Euskal Erriko euskerarik ederrena, Markiñakoa ei da. Nik neuk ez neuke ainbeste esango, ez da egiten eta. Euskera ederra, egiten dan tokietakoa da.

Markiñan, ogetamar urtetik gorakoak, erderaz baiño sarriago entzungo dozuz euskeraz. Gazteak, euren artean erderaz diardue geienetan. Umeak, etxean egingo dabe egiten dabenak. Jakin, geienak dakiela uste izan daiteke; baiña ez dabe erabilten. Zegaitik ete da? Euren barruetan zerbait ez dagoala argi, esan leiteke.

Markiña, andikiak erabilli dabe, menperatu be bai. Buruz eta aburuz, menpean.

1.355'garren urtean Don Tellok, Bermeon emondako agiri baten bidez, Markiña uri egin ebanean, ingurukoen buru jarri eban. Erriburu izate ori erbestekoak emona zan lezi, andikiak erbestekoen esanetara makurtuaz joan dira, izkuntzan eta erri-gogo osoan.

Erriko ta Eleizako jauntxuak erbestekoen eskutik artuta eukezan-sariak, erria erbestekotuaz ordaindu bear ebezan.

Beste onenbeste jazo izan da Euskal Erri osoan. Zenbat eta erri andiago, ainbat eta txarrago, lotuago.

Alan be, erri bat osoan iñoiz ez da izan andiki. Bost andikiren menpean, beti «500» erritar. «Bosteun» orrein artean, askok eta askok, burua iñoiz jaso barik, zintzo bete dabe euren esklabu lana. Menpean jaio ta menpeko il.

Beste askok ostera, Aitorren seme jatorrak, andikien goi-izen entsutetsua baiño maiteago izan dabe askatasuna. Oneitarikoak be ainbat dira Markiñan, eta izango be bai. Euskeraz batera, bizirik atara dabe erri-gogoa. Begi-biotzak garbi dabez, erri iltzailleak non diran ikusi ta aurrea emoteko.

Ikastolak

Markiñar eta ingurukoen barruak argitzeko, ikastea ta begiak zabaltzea da beiñena. Ori, ikastolan egiten da egokien. Orain amar urte, 1.957'an, «Langille Ikastola» zabaldu zan, parrokiaren babespean. Bere zuzendaritzeak naiko txalo merezi dau, erriko gazteen alde egin dauan lanagaitik. Lenengo urtean, 48 mutil sartu ziran; aurten, 288 ibilli dira. Inguru guztiko gazteak: markiñarrak asko, gero lekeitiarrak, ondarrutarrak, Berriz, Zeberio, Bermeotik eta abar.

Mutillok, geien geienak, euskaldunak dira, baserritik urtenak. Baserrietan noraezean aurkitzen ziran-asko, bideratu ta zuzendu egin dauz ikastola onek. Don Julian Olazabalaga abadeak daroa zuzendaritzea, sortu zanetik ona. Lan ona egin dau, ta bere marrea onduten doa. Asikera baten, euskeraz ezertxo be ez egoan; gaur polito doa arazo au. Ikasketa batzuk euskera utsez egiten dira, erlejiñoa ta gramatikea esate baterako. Onez gaiñera, euskeraz idazten ta irakurten be irakasten deutsee. Oraindiño naiko ez da, baiña ederra da.

Neskatillentzat be ba da ikastola bat, Monja Mertzedetarrena. Lengo urtean ospatu eben ikastetxe onen 50'garren urtea. Ikastetxe onetatik igaro izan dira Markiña aldeko neska geienak. Aurtengo ikastaroan be, 450 izan dira barruan.

50 urteotan, oraindiñokarren ez dabe atzamar txikarrik be mobidu euskerearen eta erri onen alde. Eurok izan doguz ziur, Markiñan, euskerearen areriorik andienak. Jaungoikoak parkatuko al deutse! Baiña Euskal Erriak iñoiz ez dau ori aaztuko.

Eleizeak erri txikien balio ta nortasuna zaintzeko agintzen dauanean, norako diñoala uste ete dabe monjok, onako ez bada?

Lantegiak

Markiñan dan lantegirik andiena, «Esperanza» lagundia da. 400 langille dauz. Ba dira geiago be: Kruzelegi, Barinaga-Alberdi, ta beste 20 lantegi txiki. 600 langille izango dira guztiotan. Beste 100 inguru, arrobietan dira.

Guztiok ez dira naiko, erriko langilleak artzeko. Erbestera doaz ainbat egunero, Eibarrera ta abar.

Bizibide lez izentatu daiteke pelotea be Markiñan. Ementxe dago pelota ikastola nagusia. Emengo pelotariak, 200 baiño geiago, munduko bost alderdietatik zear dabiltz, gure kirol au agertzen.

Lanari buruz diardudala, naiko leku ez dodanarren, ezin neike goratu barik itxi emengo baserritar alkartasuna. Markiñak onetan, Bizkaiko gidaritasuna daroa. Emengo baserriak gaurkotuta dagoz asko. Orrez gaiñera, batzuk alkartuta jokatzen asiak dira. Euskaldun buruetan sartu eziña dirudi onek; baiña emen egiten asi da ta, zabaldu beite asmo au danera.

Eleizearen aldetik

Abadeak eta praille karmeldarrak dagoz erri onetan. Eleizkizunak, euskeraz dira geienak. Barinagan eta Larruskaiñen, dana euskeraz. Larruskaiñen, kurutze barik dago oraindiño Don Joseren illobia. Goian bego! Sagarrondoa, lurrean ikusi genduan.

Xemeingo eleiza andiaren aurrean, Sortzez Garbiaren irudi bat dago. Fedeko egi orren alde Euskal Errian baietza emoten lelena, Markiña izan zalako. Eleiza onetan izan zan abade, Juan Antonio Mogel, Peru Abarkaren idazlea.

Praille etxe lez, ospetsua da Markiñako karmeldarrena.

1.691'garren urtetik bizi dira Markiñan karmeldarrak. Karmeldargaiak, ementxe egiten dabe nobiziaduaren urrengo urtea. Etxe onetan, euskal idazle ospetsuak izan dira: Aita Bartolome len, ta Aita Emiliano Barandiaran oraintsu. Lan ederrik asko itxi euskuen. Goian begoz!

Euskerearen aldetik, uts aundi bat dala uste dogu, Markiñan: kristiñau ikasbidea oso osoan erderaz emotea. Norena ete da errua? Ez dakit. Ez dago kristiñau ikasbiderik, orixe bakarrik, eta lotsagarria da.

***

Markiñarako osteratxua amaitzeko, Arretxinagara jo dot. Antxe «Mikel Gurea»ren aurrean, azaleratu egin jat biotza. Goiaingeruari, «geure alde ator» esan deutsat, «bestela gureak egin jok».

Antxe eskatu deutsat, «Zerutxo» taldeak aurrera egin daiala. Lortu daiguzala izkuntza bitako ikastolak, ainbat lasterren. Andikiak ez daiela zorakeririk egin. Markiñarrak ez daiela aaztu, ez galdu, Aitorren semetzakoa.

Aingeruak ez deust erantzun; baiña otoitz onek, barriro be lanean asteko sendotu nau.

SALATARI