ANAITASUNA

BIZKAIA

163gn. zenb. — 1968, bagillak 30 — 4 pta.


ANAITASUNA

amabosterokoa

9

Euskalerriko Anai Txikarrak argitaratua

Zuzendaria: JUAN AZURMENDI AIZPURU

Zuzenbidea: Torre, 3, 1.º — Bilbao (5) — Tel. 241467

Urteko ordaiña: 75 peseta

Banakoa: 4 peseta

XVI urtea — 163 gn. zenb. — 1968'ko bagillak 30

D. L.: BI 1.753 — 1967

GRAFICAS BILBAO - Gordóniz, 28, 3.º - BILBAO-12


Euskerearen batasunaz. Euskaltzaindiaren asmoa

Uste oker batzuek zuzendu nai neukez. Aspalditxo, Xabier Gereño adiskideak idatzi eban euskerearen batasunari buruz. Egia esan, Gereñok esan gura ebana, literaturako euskerearena zan. Nai barik egindako uts bat izan zan.

Euskerearen batasuna urrun dago. Eskolatik etorri bearko litzake, iñoiz etortzekoan be. Euskaldun ume guztiak euskeraz eskolatik ikasi al dabenean, ze ikastolak bakarrik be ez lirake naikoa izango. (Jakiña, ume euskaldun guztientzat aiña ikastola ez diran artean beintzat; ta ori oraindiño ezin leitekeana da, baiña noizbait izango al da.)

Euskaltzaindiak ez dau esan euskera guztien batasuna, baiña bai literatura goimaillako baten batasuna. Au bide bat litzake, beste batasun osora eltzeko. Gaiñera zer obe, literaturako esperientziaren frutuetatik egitea baiño?

Asmoetako batasun au, literario utsa izango da. Gaiñera, erri literaturak euren euskalki bereziakaz* errespetatuaz. Gaurkoz, ta geroago be bai seguru asko, bearrezkoa dogu erri izkuntzen indar bizia, euskereari indartsu iraun* eragiteko. Iñor ez doa orren kontra. Baiña emendik euskalkien ardura aundiagoa izatera, alde aundia dago.

Xabier Gereñoren artikulu aren ondorean, bi edo iru idazki artu genduzan Euskaltzaindian, bat barregarria ta besteak larriak. Lenengoa erderaz. Bere egilleak uste dau, aintzakotzat artuko dogula, gaur bizi garan une onetan, euskereari buruz erderaz eritxiak emotea; fedea egintzakaz erakutsi bear da, ta kitto.

Beste biak barriz uste dabe, euskalkiak birrindu bear doguzala. Geiago da: beste bi oneek, Kamiñazpik lengoan artikulu baten ekarren lez, euskalkien zatitzea ta zeetzea defenditzen dabe. Baiña orreek ez dauke euskalkien alde zetan urten. Batasuna zelan ez egin ba dakigu; zelan egin jakin nai genduke, ta orretarako besteen ideiak ezagutu gura gendukez. Batasuna nai ez dauanarentzat beti izango da batasunik eza, ta segi or. Guk, batasuna ezin bada be, euskalkiak al danik geien urreratzeko alegiña egin gura genduke. Onetarako ideiak daukazanak, bialdu mesedez; besteak ez doguz bear ta.

Literaturazko euskerearen batasuna, goimaillako literaturearena batez be, bear bearrezkoa dogu. Literatureak emoten deutse izkuntzeri nortasuna, indarra ta prestijioa. Ta ez ori bakarrik, baita bizitza luzeago baten laguntzea be.

Saussure jauna dogu gaurko izkuntzalaririk aundienetako bat, aundiena ez bada; ta bere ustez, izkuntza batek, literaturan lantzen ez danean, bere oiñarrien indarra galtzen dau eta aldatzera ta eriotzarako egonezin bat izaten dau; baiña idaztien bidez lantzen danean, indartsu ta gaiñera bardintsu gordetzen da (Saussure, Cours de linguistique générale, Paris, 1966, 193 gn. orrialdean). Ta euskal literaturea apur bat ezagutzera eldu garanok ba dakigu, euskal idazle zarrak alkarrengandik urrago egozala, ta gutxi lantzeak eta euskaldunak ez irakurteak ekarri deuskuela euskalkiak geroago ta urrunago joatea.

Literaturan euskera batu bat bageunka, batu orrek eutsiko leuskioe euskalkieri, alkarren inguruan egoteko, edo gutxienez geiago ez urruntzeko. Beste nunbaiten esan neban, gure izkuntzearentzat, literatura euskera batua euskerearen enborra* litzakeala eta euskalkiak enbor orren adarrak; ta adarrak ondo biziko badira, enbor osasuntsua bear gendukeala. Euskalkiok, iñoiz bardiñak izan ez badira be, noizbait bardiñagoak izan dira; ta bardintze ori barriro lortuko bada, gorputz batera begira ipiñi bear dira euskalkiak. Gorputz ori da literatura euskerea. Ta au ulertzeko gauza ez danak, jardun daiala beti bere etxe zuloko izkeraz.

Euskaltzaindiak, urre ezteguetako batzar nagusian bultzatu nai dau literatura euskera batua. Norbaitek esan dau, ori len be egiña zala (auxe entzun neutsan lengoan bati). Baiña ez. Euskaltzaindiak iñoiz ez dau ori egin. Euskaltzaindiko eta Euskaltzainditik kanporako batek edo bestek bai, euren buruz. Baiña euren ideiak ez dabe indarrik artu. Indarra artu izan balebe, orain ez genduke zetan arduratu bear. Gaiñera, orain artuko diran neurriak be ez dira izango ain estuak eta ez betirako. Denporeak, pasatuala, zuzenketak eskatuko ditu. Gaurko euskalzaleak, praktikoak eta bizitzazaleak izan bear gara. Orregaitik, gaurko mundurako izkuntza idatzi bat lortzen alegindu bear gara, ta Euskalerriaren zabalera guztian al danik geien zabaltzekora jo bear dogu.

Oraindiño ez da ezer erabagi, batasuna zelan estudiatu bear dan eta zegaitik egin bear dan izan ezik. Ta ara, orretarako izentatu zan batzordearen* eritxiak: 1) Batasuna, euskerearen bizitzeak eskatzen dauana dala; 2) Batasunetik, izkuntzearen indarra datorrela; 3) Batasuna, bakotak besteenetan billatu bear dauanetik egiñaz lortu bearrezkoa dala; 4) Batasuna, aldizkari ta liburuen zabalkunde aundiago baterako bearrezkoa dala.

Ta iñor ez dedilla larritu. Bearbada, alkarrengandik dagozan diferentziak ez dira ain aundiak be. Eta, artzen diran erabagiak artzen dirala, erriari —edo obeto esan, idazleeri— begira ipiñiko dira, erabagi zeatz bat izan baiño leen. Barriak emonaz joango gara.

J. SAN MARTIN

***

Ikusi 11 gn. orrialdean, izartxu bategaz agertzen direan itzen esangurea.


Erriz erri

Mundaka

Ez gara mundakarrok omenaldi zaleak. Emen daukaguz oraindiño iru izen gorazarre* barik: Azkueren ama zan Aberasturi, Etxeita ta Garro. Irurok, Mundakaren entzute ona Euskalerri osoan zabaldu ebenok, kale-izen barik dira errian. Errikide maiteok, noizarte jarraituko dogu era onetan, zor au bete barik? Euren lana ezin da aaztu; eta uriko gazteak areen irakatsiak maite al izateko, jai aundi bat eratu bear geunke, danon barrunbean euren gomutea berbiztuteko eta jarraibidean jarteko.

Joan dan 23'garrenean, Doniane aurregunez, J. M. Egillor jaunari omenaldi eder bat egin geuntsan erritarrok. Zegaitik omenaldi au? Laburrean esango deutsuet.

Erri bakotxean askotariko gizasemeak egonarren, beti dogu baten bat guztitarako prest dagoana. Joxe Mari, oneetarikoa dozu.

Euskal dantzariak gertatu bear dirala, nora jo? Txistularirik ez dala, nok konpondu? Euskal antzerki edo treatruak antolatuteko*, nori esan? Antzerki oialak, nok margoztu? Erriko jaietan, kale birak, aratusteko marrauak*, eleizako euskal mezak eta abar egiteko, nok adoretu? Zurezko* eder-lanak eta makillak, euskal erara landuak, zeiñek egin? Zuen semeoi edozetariko musika tresnak irakasteko, lenengo ikasketak nok berak baizen ondo? Zoaz bere lantegira, ta gaztez beterik aurkituko dozu, txistu, abesti, dantza, binbollin, kitarra ta abar ikasten. Toki zaratatsu ta alaiagorik ez dozu iñun aurkituko.

Egillorreneko guztiak, arrera* guztiz ona egingo deutsue, nor zarean begiratu barik: txiroa naiz aberatsa, onetariko edo atariko ustekoa, buru gogorra naiz zorrotza. Euren etxean, euskera utsa egiten da. Ez badakizu, adoretuko zaitue, euskeraz ikasteko. Etxe onen buru, Tomas jauna dozu: gizon apala, euskaltzale gartsua, larogetamar urterik gorakoa. Bere irakatsiak, seme-alabak ta illobak pozez eta zintzoro beteten dabez. Euskal sendiaren eredua* billatu gura badozu, zoaz bertara, eta ez zara damutuko. Ez orixe!

MUNDAKAR BAT

Arratia

Emen nator bigarren aldiz, irakurteko samurra ta ulertzeko guztiz argia agertzen jakun amabosteroko ANAITASUNA, aupada indartsuagaz batera eskari apala egitera. Aupada ta eskari au, gure erria egiz maite daben guztientzako da. Baiña batez bere, nire Arratia maiteari egiten deutsat; eta Arratian, Igorreko BETI BIZKOR dalakoari, Arantzazuko alkarte barriari eta beste errietako arpidedun banakari.

Bizkaitar aldizkari onek —gazte ta azurbigun oraindiño, abarrik abar egaz eginguran dabillen txorikumea, edo amak eskutik daroan umetxuaren antzera bizi dan onek— guztion arnasea bear dau. Beraz*, arpidedunok eta euskerazaleok, irakurri daigun aldizkari au; eta baztertu barik, emon deiogun gero beste ezagunen bateri, berak be irakurri daian. Ea ba, Arratia! arduratsu jokatu daigun, gaurko ume azur bigundun au biarko gizon bulartsua izan daiten.

Iñoiz konturatu ete gara, zenbat diru emoten dogun gure izkuntzarik ez darabillen izparringientzako, eta zenbat emon dogun gure bizitza luzean euskerearen alderako? Zulo sakon, illun eta lotsagarria ikusten dot bien bitarte. Azterketa onurakor baten bidez begiak ondo zabalduta, bide barriak urratuteko ordua eldu da.

Alejandro Soloetari. Egon nasai, aurtengoa ordainduta dozu-ta. Irakurri gogotsu, ta arpidedun asko egin euskerearen onerako.

A. LANDAJUELA

Bermeo

 «Bermeo jaietan» idaztian irakurri neban igaz, ainbat gauza egiteko dirala gure errian. Edozein erritarrentzako gauza pozgarria da, bere erriko gauzakaitik zerbait irakurtea.

Idazti orrek dakazan gauzetatik, bat bakarrik aitatuko dot: gure frontoi ederra. Gauza guztiz ona da, izan be, erri bakotxean frontoi on bat eukitea, batezbere gure euskal kirol* ederrean jarduteko eta baita gure osasuna zaintzeko be.

Idazti orrek diño, oraingo frontoi zarra barriztuteko erabagia artuta dagoala, eta barrizkuntza orren balioa 4.400.000 peseta izango dala.

Ni lako kirolzale batentzat, biotza zabaltzekoa da au irakurtea; baiña neure barruan esaten dot, ea noiz ikusiko dogun gauza ori eginda.

Guk ondo dakigu, Bermeoko gazte geienak arraintzaleak dirana. Eta zer egiten dabe errian, itxasotik etxera datozanean? Eguraldia pixka bat txarra danean, sartu edantokietara eta edan zenbatgura, beste zeregiñik ez dago-ta. Baiña nai dogun lako jolastoki bat bageunko, zenbat gaztek itxiko leukeen edana, jolasean* ibiltearren!

Bermeoko gauzeri jarraituta, beste gauza bat esango deutsuet, bermeotar ezagun baten agotik oraintsurengo entzun dodana. Gizon orrek esaten eban, erri guztiak daukezala seme ospetsuak, eta Bermeok be ba daukozala bereak, batezbere Juan Akurio izeneko kontramaixua, Juan Sebastian Elkanogaz munduari lenengo aldiz itzulia* emon eutsona.

Eta nik diñodana, auxe da: Getariar mariñelari ain entzute aundia emon badeutsoe, zegaitik ez gure bermeotarrari, apurtxu bat gitxiago bada be?

Bermeotarrak gara lenengoak, gizon orregaitik zerbait egin bear dogunak. Gomutagarri txiki bat gure erriko lameran*, gorputz erdiko irudi arrizko bat ez litzake txarto egongo.

JOSEBA ANDONI RENTERIA

(Euskalerria)

Galdakano

Auzoko bideak

Gure Udaletxeko agintariak, auzo bideak asfaltatzen asi ziran; eta orain eldu jake ordua Bengoetxekoei eta Bengoetxetik Firestonera dagoanari. Oso ederto geratu dira bideok. Orregaitik, auzoko guztiok eskerrak emoten deutsaguz Alkate Jaunari eta bere laguntzaillei; eta animatu egiten doguz, olantxe jarraituteko, erriko bide guztiak konpondu arte.

Ikastola ta irakasleen etxe barriak

Geldiro geldiro amaituten doaz eskola barriak Bengoetxeko auzunean. Orregaitik, datorren ikastaroan lau ikasgela eukiko dabez umeak. 320 umentzako kapazidadea eukiko dau eskoleak.

Ikastola barrietan emongo ete dabe euskeraz ikasgairik? Erbesteko ume asko dagoz biziten, ona eskolara etorriko diranak; baiña siñisten dogu, egongo dirala umeak, gure izkuntza maitea ikasi nai dabenak.

Beien esnea ala botilletakoa?

Oraiñarte baserritarrak euren astoakaz bajatuten ebezan kantiñak, esneagaz beteta. Emazte guztiak artuten eben esne pixka bat, umetxoei emoteko; baiña agintariak baimena emon deutsee dirudunei, esne guztiak atrapetako; eta gure umeak, botilletako preparaua edango dabe aurrerantzean.


Aldi barriak. Euskerearentzat eskubide barriak

Noizkoa danik ez dakit; baiña zaarra da, edozelan be, gizonok dogun oitura bat: jazoera bat idatzi, etorkizunak aren barri zeatza izan dagian.

Edonora elduten gara, eta berez jatorku geure izen-abizenak an ixteko gogoa. Onela, ara doazanak, gu be iñoiz an izan giñala jakingo dabe. Amaika orma, zugatz-enbor* eta ate ba da ortik, maitasun itzez eta gorazarrez* bete beterik.

Oitura orrek, orain beste bat sortu dau. Zoazan leku askotan —Naparroa zaarreko Leiren, esate baterako— ikertaldia* amaituten danean, idazti lodikote bat eskuratzen deutsue, zeure izen-abizenak an ezarteko. Orrela, andik nor igaro dan jakiten da, ta ormak garbi irauten* dabe.

Eleizeak be, idazti sendo batzuk dauz, aspalditik eskuz idatziak gaiñera. Euron bidez, bere lorratz* parebako bat ixten dau.

Antxe dagoz bateatu ginduezanen izenak, gure sorlekua*, guraso ta zertzelada guztiak. Gure ezkontzearen testigu-agiriak be antxe dagoz. Iñoiz ilten garanean —ilko gara-ta— an idatziko dau norbaitek, gure eriotzea noiz eta zelan izan zan.

Orrela, Eleizeak zeatz daki beretarren barri. Era berean zelako lan ederra itxi dauan eginda, ainbeste erri zaarretan. Edozein erritara zoazala, besterik ezean, antxe dozuz eleiz-idaztiak; eta eurak esango deutsue dana: noiztikoa dan eleiz-barrutia, ango kristiñauen izen-abizenak, oitura onak eta ez ain onak, sasiko umeak, sakramentu bako eriotzak, eta abar. Eleiz-liburuen bidez, jakin daiteke erri askoren lengoa, izan zan lez, utsik bage.

Asmo txar barik, bearbada, eta zurtasun onegi barik, Eleizeak ez eban erri guztietan, idaztiok egiteko legea bardin bete. Legea, erri guztientzat zan bardiña. 777 gn. arauak*, onela diño eleiz-araudian: «Parroko jaunak, zeatz eta ainbat lasterren, orretarako dauan idaztian idatzi beiz bateatu danaren izenak. Bateatzaillearen, gurasoen eta besoetan artu ebenen izenak be bai; nun eta zein egunetan gaiñera».

Lege polita da, eta gizaldietan zeatz bete da Eleizan. Alan be, ez al da arritzekoa, idaztiok Euskal Errian beti erdera utsez egin dirala autortu bearra? Ez dakit, Catalunyan zer egin dan onetan; bearbada, guk baiño jatorrago jokatuko eben. Dana dala, Euskal Errietan, guzur-mugaz andik eta emendik, erderea baiño ez da erabilli, asikeratik, idaztiotan, beti.

Noren errua izan ete da? Eleizearena? Nik ezetz uste dot. Eleizeak —Goi-eleizea, Erroma esan gura dot— idaztiok egiteko agindu eban: besterik ezer be ez. Zetara egin bear zan, ez egoan aitatu bearrik. Frantzian, frantseseraz egingo ebezan; Gaztelan, gazteleraz duda barik; Alemanian, alemaneraz ziur. Euskal Errian, zer dala-ta egin ete ziran espaiñeraz? Euskaldunon erruz izan leiteke. Ori da galtzea! Gaztelarrak euren agiriak* oraindiño latiñeraz eta erromantzean idazten ebezanean, Naparroako Errege euskaldunak izan ziran, euren agiriak egiteko gaztelerea lenengo artu ebenak. «Napartarren izkuntza» izengoitia ezarri euskereari, ta gero porrot.

Erregeak egin ebena bera Eleizeak be. Izan be, erregeak eta Eleizea beti alkarregaz ondo: idi-buztarri askatueziña.

Alako baten, abade batzuk, Euskal Errian euskeraz egin bear dala guztia ikusi dabe. Ez eleizkizunak bakarrik, erriak obeto ulertu dagian, ez. Guztia. Ta ori zegaitik? Auxe erakusteko: Eleizearen Barri Ona ez dala lur onetako loturen* menpeko. Eleizeak, doan errian iraun* gura badau, osoan bertakotu bear dau. Siñismena ta siñispideak ez dagoz lotuta lur onetako ezertxori. Erri guztiak, gizaki* guztiak, berez bardiñak egin dauz guztion Aitak. Gain-azpikoak, geuk egiñak dira.

Egiok gogoratuaz, Bizkaiko abade batzuk eleiz-idaztiok euskeraz idazten asiak dira igaztik. Ez dira asko. Ori egin gura leukeenak ez dira egoten, egiteko ori daukenen lekuan, geienetan; baiña asi dira, ta naiko.

Lentxuago, idaztiotan izen bat euskera utsez ezartea be buruaustea zan. Oraindiño ez da egun asko, eleiz-idaztioi begiratzen gengozala, onako au ikusiak gara. Bateatutako seiñaren* izena Sorne zan; ta bere ondoan an eroian Inmaculada erderaz, guda aurreko legera. Ba Sorne dalako ori, kurutze gorri baten azpian egoan, erderazkoa bizirik itxita. An aurrean auxe egoan idatzita: «Tachado por orden de Su Ilustrísima». Eta olantxe egozan euskal izen guztiak. Neuk ikusia da. Onetzaz, geroak asko esango dau.

Orain Eleizea, nasaitu da; edo derrigorrak nasaitu dau. Bateo, ezkontza ta eriotza agiriok euskeraz eginda dagozan lekuetara, Gotzaiñaren ordezkoak joanak dira, eurok aztertzera. Eleiza guztietara joateko agindu bat dauke, goitik emona. Idaztiok euskeraz eginda ikustean, au esan dabe Gotzaiñaren ordez: agiriok egin daitekezala euskeraz. Baldintza* au eskatzen da bakarrik: ondoan idatzi daitela erdal itzulpena*. Euskeraz egiñari, balio txikienik be ez jako kendu.

Erderaz idazte ori, oso egoki aginduta dator, ene ustez. Zurtasunez jokatu dabe eleiz-agintariak. A! baiña euskaldunok, oraintxe be, ez ete gara erderearen menpeko geratu? Zer dala-ta eskatu, euskeraz idazten daben abadeoi, ondoan beste alako bat erderaz egiteko? Eskatu ete jake beste orrenbeste, erdera utsez egiten diarduenai?

Izenakaz be, olan jokatzen dabe abade askok. Euskerazko izenai erdal itzulpena alboan; erderazkoai ezertxo be ez. Zer dala-ta, euskaldunok bietara, erdaldunak batera baiño ez? Ezin dot zuribiderik* aurkitu.

Ontzat artu dauan eskubideagaitik, Gotzain jaunari zorionak emonaz batera, auxe eskatuko neuskio: bietara egiteko agindu ori, eleiz-barruti osora zabaldu dagiala. Eleiza guztietan egin daitela bietara. Alako garrantziko agindua, beste agindu guztiak lez, agertu daitela, eleiz-barruti osorako, Gotzaiñak dauan aldizkarian.

Euskerea, edozetarako gai* gura dozuenok, umeren bat bateatzera zoazela, edo ezkontzera, ez aaztu au: Eskubide osoa dozue, Bilboko Gotzain jaunak onartua, zeuen egintza orren testigu Eleizan geratzen dan agiria, euskeraz egiteko. Bizkai barru guztian. Ta iñoiz aurkitu* bazengie ori egin gura ez leukean abadetxoren bat, alde egizue egingo deutsuenagana.

Erriaren alde jokatuteko, era txikienik be ez dogu galdu bear. Abade ta erritarrok ontzat artu ta zeatz bete dagigula, geure izkuntzearen alderako beti izan dogun eskubide au Gotzaiñak gaur onartu dau-ta.

Lizardik, Orixek, Azkuek eta beste askok, zelako biribilketaz ospatu ete dabe egun au, euskerea, euren kuttuna, ain goian ikusiaz batera!

ELORTZA


Erroma. Gizonaren eskubideak

Danok dakigunez, Gizonaren Eskubideen Deklaraziñoaren ogeigarren urteurrena ospatuten dogu aurten. Ospatze au dala-ta, Paulo VI garrenak dokumentu aparteko bat argitaratuko ei dau laster. Barri au, mundu guztian zear zabaldu da.

Ez ei da entziklika barri bat izango, osterantzeko agiri bat baiño. Bertan adierazoko ei dau Aita Santuak, zeintzuk eta zelakoak direan, Eleizearen arabera*, gizonaren eskubideak.

Vatikano aldetik datozan zurrumurruak egiazkoak badira, dokumentu au gogor joten dabenetariko bat izango ei da. Izanbe, olako abagaduneetan*, Paulo VI garrenaren itzak, diplomatiku batenak barik, profeta batenak izan* oi dira; eta profetak, berba egiten dabenean, egia aundiak eta garratzak esaten ditue. Orra or, adibidez, «Populorum Progressio», sekulako dokumentua, oraindiñokarren durundu aundia egiten ari dana.


Espaiñia. Uri inguruetako eleizak

Esamesak zabaldu dira Madrillen, Alcalá kaleko San Jose eleizea dala-ta. Berau saldu ezkero, 600 milloi peseta-edo lortuko ei litzakez. Eta «De las Calatravas» izeneko eleizea saldu ezketiño, beste 300 milloi. Diru moltzo orregaz 180 eleiza egin ei leitekez Madrilleko auzotegi barrietan; eta olan, guztiz ondo ebatziko litzake ango prolema latza, uribazterretan jente asko eleiza barik bizi da-ta.

San Jose eleizako parrokoaren ustea barriz, ez da olakoa. «Pentsatu bere ez dau iñok egin San Jose eleizea saltzea —esan dau berak, orain asko ez dala. Dagoan toki berezi* ta estratejikuan, Madrillen erdi erdian ainzuzen, eleiza ori portu bat lakoxea da bizitzako itxasoan galdu direanentzat, aterpea ta babesa zorigaiztoko askorentzat». Bardin antzera mintzatu da Monseiñor Morcillo, Madrilleko artzobispoa bere, «Arriba» egunkarian agertutako alkarrizketa baten.

Illetak Hitler'en alde

Hitler'ek ba ditu oraindiño Espaiñian, beragaz gomutetan direanak. Alemanian bertan be jazoten ez dana, oraintsu gertatu da Bartzelonan. Ango Alkartasun batek, «Amigos de Europa» deritxonak, zarata aundiagaz jakin erazo eban, Santa Tekla eleizan Hitler'en arimearen alde illetak egingo zireala. Eleiza orretan batuko zirean, gizon «andi» aren alde Jaungoikoari otoitz egiteko; eta bide batez, «Gudaroste Urdiñeko» espaiñol soldadu defuntuakaitik erregututeko.

Urrengo egunean, Santa Tekla eleizako parroko jaunak guzurtatu egin eban barri ori; eta argi ta garbi esan eban, berak ez ekiala ezer arazo orren gaiñean.

Katolikuen arteko alderdikeriak

 «Incunable» aldizkariak aurtemein* esan dauanez, amaikatxu katoliku bizi dira Espaiñian, Holandako katolikuak erlejiño kontuan esan eta egiten dabenagaz eskandalizatzen direanak. Holandan be, katoliku asko egongo dira nonbait, emengo katolikuen gelditasuna ikusita, gure kontra jarten direanak.

Alderdikeria ori ez da jazoten, holandesak eta espaiñolak naziño diferentekoak garealako, mentalidade desbardiña daukogulako baiño. Eta desbardintasun ori bardin bardin aurkitu leiteke naziño bakotxeko katolikuen artean bere. Orixe berori pasetan da Holandan bertan eta Espaiñia gurean: katolikuak alkarren kontra, bardin pentsetan ez dabelako. Orixe berori beste leku askotan: Colombian eta Argentinan, Vietnamen eta Canadan, Polonian eta Brasilen, nonnai.


Yugoslavia. Estudianteen erlejiñoa

Erlejiñoaren aldetik beiñik bein, ez dabiltza ain txarto gauzak Jugoslaviako unibersitarioen artean.

Ango «Politika» egunkariak diñoanez, Ljubljanako Unibersidadean euneko 50 ikaslek betetan ditue erlejiñoagazko obligaziñoak, euren burua komunistatzat eukiarren. Ori jakiteko, eritxi billaketa bat egin da naziñoko Ikastetxe Nagusietan, eta guztiz arrigarriak izan dira arresultaduak. Ikasle askok adierazo dabe gaiñera, erlejiñoak baiño xede* altuagorik ezin leikela emon oraingo gizarteak.

Ikasle geienak, batezbere Kroazian eta Eslovenian, pozik onartzen dabez, Eleizeak gaztedia bereganatzeko egiten dituan alegiñak.

Naziñoko erlejiño guztien artean, Eleiza Katolikua da gazteen artean estimaziño geien daukana.


Euskal literatura sariak

«Txomin Agirre» Nobela Saria. 20.000 peseta onenarentzat

Urte birik bein egiten dan literatura sariketa onetarako, Euskaltzaindiak, bere berrogetamar urte betetzea dala-ta, Bizkaiko «Caja de Ahorros»ek jartzen dituan 10.000 peseteri beste 10.000 peseta jartzen deutsoz. Beraz, aurtengo saria 20.000 pesetakoa izango da.

Nobelearen luze-labur neurria libre ixten da. Lenago iñungo sariketatan presentatu bako lana izan bearko dau.

Lanak Euskaltzaindira (Ribera, 6 — Bilbao) bialtzeko epea*, uztaillaren (julioren) 20'an bukatzen* da.

Euskaltzaindiak, sariketa onetarako, maiburu au izentatu dau: Salbador Garmendia, Gabriel Aresti ta Ibon Sarasola.

Kooperatibismoa eta Arraintzaleen eragintzea. 20.000 pesetako saria

Mondragoiko «Caja Laboral Popular»ek eta Euskaltzaindiak, Kooperatibismoa eta Arraintzaleen eragintzeari buruzko idazlan onenarentzat 20.000 pesetako saria jarri dabe: sari bakarra eta itsu itxiko ez dana.

Arraintzaleen artean kooperatibismoa zelan eratu, eta zelan obatu olan arraintzale gizartea.

Agostuaren (dagongillaren) 15'erako, lanak Euskaltzaindira bialduak izan bear dira (Academia de la Lengua Vasca, Ribera, 6 — Bilbao). Erabagia, Oñatiko biltzar nagusian emongo da.

Maiburukoak, Euskaltzaindiaren aldetik: Fernando Artola «Bordari», Eusebio Erkiaga eta Aita Imanol Berriatua; eta «Caja Laboral Popular»en partetik: Jose Luis Iñarra, Andoni Esparza eta Felix Aldabaldetreku izango dira.


Alemaniatik. Ezkertiar barrien azkeneko urtea

Urtebete igaro da, polizgizon batek Beno Ohnesorge ikaslea il ebanetik, Martiri batena lez gomutaratu dabe ikasle erreboluzionarioak urtebetetzea. Europa osoa dardaratu daben ikasleen asarre ta ekintzaldi gogorrez idatzita dago, urteburu onek eskeintzen deuskun kontu liburua.

Beno Ohnesorge'ren eriotza osteko urte onek, ikasleen erreboluziñoa sutu dau. Kontzientzia asarratu bat iratzartu dau estudianteen eta beste gitxi batzuen artean. Gobernua, alderdi politikuak eta erri geiena, ikasleen kontra. Irakasleak eta sindikatuak, batzutan, gobernuaren eta estudianteen kontra. Eta ikasle radikalenak, guztien eta guztiaren aurka.

SDS taldeak (Alemaniako Ikasle Sozialisten Alkartasunak) eroan dau ikasleen erreboluziñoa. Baiña urte luze onetan asko aldatu dira ikasleen asmoak, organizaziñoak be bai, ekintza metoduak be bai; eta SDS berak be, buruzagitzea barritu bear izan dau. Mao Tse Tung'ek lez, «martxa luze bat» deituten deutsoe urte oneri.

Ikasle taldeen artean, SDS da radikalena ta gogorrena, bai ideologian eta bai ekintzan. Radikaltasun onek emoten deutso buruzagitzea, duda barik; baiña baita kasualidadeak be. Eta jazo diran gorabeerak, obligatu egin dabe SDS, radikaltasun oneri metodu bat emotera.

Ikasle sozialisten indarra

Orain urte bete, SDS taldearen indarrak ez eban bapere pintatzen. Hippy ideologizatu batzuk baiño ez ziran. Ule jario, barregarri jantzita, buruan txapel euskalduna, euren «kanpamentua» Europako lurralde libre deklaraturik, moral xelebre bategaz, uri andietako edozein «provo» taldegaz bardindu eitekezan. Alemaniako teleikusle guztiak dibertitzen ziran eurakaz. Urte onen buruan, SDS taldea indar politiku bildurgarri bat biurtu da: buruzagitzako gizonak «burges» jazten dira, txukun txukun berba egiten dabe, programatxu bat be borobildu dabe. Erreboluziñoa martxan dago, SDS'koak diñoenez. Eta kontrarioak, denpora zaarrak aztu gura ezean, politikan sarturiko Hippy batzuk baiño ez dirala leporatzen deutsee.

Tragedia baten eskenario biurtu da Alemania. Alandabe, tragedia onen asierea guztiz txatxarra izan zan. Bein baten, Sha deituten jakon gizon bat etorri zan Berlinera. Eta Sha kalean joateko sasoian, «tomatezko atentadu» bat egin gura izan eban mutil pare batek. Pantomima bat zan. Ganster andiak egiten daben lez, poliziari abisatu ta dana egin eben: Sha asesinatuko eben! Mutillok, asesinatu sinboliku bat baiño ez eben gogoan. Poliziari baiña, ez jakoz bromak gustetan nunbait. Laster azaldu eben atentadua: tomate ustelez egindako pastel bategaz Sha goitik beeraiño loitu gura eben mutillak. Lenengo auziorrazi au, beste barik amaitu zan: mutillak preso, eta Sharen edertasunak salbu urten eban.

Gizon ospetsu guztiak egiten daben lez, Persiako Shak be Operara joan bear eban gero. An egozan ikasleak protestatzen eta mutil bien askatasuna eskatzen. Asarratu zan polizia, animatu ziran ikasleak; eta zarraparra orretan burua galduta-edo, polizgizon batek tiro bat bota eban, bere ustez edo esanez aidera. Ez dakigu, tiroa itzulimurdika ibilli ete zan; ikasle baten buruan sartu zan beintzat. Beno Ohnesorge ez zan etxera joango.

Bigarren auziorrazi au amaitu zanean, Sha —Fausto'ren jenio txar au— etxera, Persiara, joan zan trankil trankil, andrea enperatriz koroatzera.

Alemanian, naziño guztia naastuta egoan. Kontuok garbituteko eskatu eban oposiziñoak. Berlingo gobernu sozialistea, poliziaren alde jarri zan, eta ez eban polizgizonaren izenik agertu gura. Alemaniako Unibersidade geienak barriz, auzi au tribunaletara eroateko eskatu eben. Berlingo gobernuak ez eban beste erremediorik euki, lengo alkatea kendu eta beste barri bat izentatzea baiño.

SDS mobimentuaren gorabeerak

Alemania osora zabaldurik egoan ordurako ikasleen mobimentua. Gau baten zabaldu zan. Eta mobimentu onen gidaritzea SDS taldeari tokatu jakon. Erria ikasleakaz egoan sasoi onetan, eta SDS'koak ekintzara pasatu ziran.

Unibersidade osoaren barriraztasuna eskatu eben ikasleak. Parlamentuan, aldaketa proiektu bat sortu zan. Vietnamgo gerrearen kontra ekin eutsoen ikasleak. Parlamentuak debate bat egin bear izan eban Vietnamgo gerreari buruz. Taktika txar bat izan zan: soldatu amerikanoak defendietan dabe Berlin, jentearen ustean beintzat; eta alemanak ez dabez aztu oraindiño Berlinen blokeoa ta amerikanoen laguntziñoa (aide zubia). Eta gerra ostean be, amerikanoak gomutapen ona itxi deutsoe aleman erriari. Erria, banandu egin zan: geienak amerikanoen alde ta ikasleen kontra. Judegu ta arabeen arteko gerran, agiriago agertu zan banaketa au: erria judeguen alde ta SDS'koak kontra. Ikasleen arteko batasuna be, arriskuan egoan onezkero: ezkertiar asko ziran judeguen aldekoak eta ikasle asko leiatu* ziran judegueri laguntzen.

SDS'ko zuzendariak akats ikaragarri bat egin eben: ikasleen benetako interesen bidetik urten. Eta aleman erriaren gerra sasoiko ta gerra osteko sentimentueri ez eutseen ezetariko begiramenik euki. Olan, erria asarratu eragin eben eta gogorkeriari bideak zabaldu. Orrexegaitik ez da aleman erria, frantsesak egin daben lez, ikasleen aldetik jarri.

Erriaren erantzuna

Gaiñera, demokrazia osoaren aldaketea gura eben ikasleak. Baiña erriak ez dau ori ondo ikusi: komunistatzat artu ditu, eta komunismua gomendio* txarra da Alemanian. Gogorkeria giro onetan, probokaziñoak gaiñeratu ziran oraindiño, txarto egoana txartoago ixteko. Erria poliziagaz egoan, eta ikasle geienak mobimentu onetatik erretiratu egin ziran. Vietnamgo gerrearen kontra manifestatzea ez da naikoa, ikasleen intereseri denpora luzean eusteko.

Aste Santurako erdi sosegaturik egoan giroa. Sua amatetan joian antza. Baiña orduan beste jenio txar bat agertu zan eskenarioan: fanatiku batek iru tiro jo eutsozan Dutschke ikasle buruari Berlingo kalean. Iru tiro oneek barriro sutu ebezan ikasleak. Maiatzaren lenengoa be, gaiñean egoan. SDS'koak barriro lortu eben, ikasleak euren aldera ekartea; eta urrengo egunak, Pazko egunak barik, Apokalipsiko egunak izan ziran: benetako gerra koxkorrak egin ziran kaleetan.

Ezbearraldiko* lege proiektuaren kontra egin diran ekintzaldiak, SDS'koak zuzendu dabez. Baiña ikasleen suak, ezin sutu izan dauz erria ta langilleria.

Zer jazoko da gero?

Frantziako gorabeeren indarrak, parentesi baten itxi dau Alemaniakoena. Ikasleen batasuna, ostera be apurtzen asi da antza. Indarrak makaltzen doaz urrean. SDS mobimentuari asmo konkretu barriak falta jakoz nunbait.

Baiña posturak gogor gogortuta dagoz. Posporo guztiak gastatu ete dira ba? Ez. SDS'koak, galdu egin dabez posporoak, besterik ez. Ostera be aurkituko dituen ala ez, orixe da ez dakiguna.

Jose Azurmendi


Irakurleen eritxiak

Itz internazionalak dirala-ta

Pozik irakurri dot, maiatzeko bigarren numeruan ANAITASUNAN agertu dan kartea, Jose Luis Altuna, Bilbotarrak idatzia, itz internazionalak dirala-ta. Irakurle onen eritxi berekoa naiz neu bere; eta uste dot, geiago be izango dirala.

Itz universal orreek, ez dira izkuntza batenak edo bestearenak, KULTUREARENAK baiño, zivilizaziñoarenak. Eta beste alderdi batetik, GAURKOAK dira. Eurak barik, izkuntza bizi bat ez da osoa, ez da gaurkoa; eta ez leuke valioko, gaurko gizonaren pentsamentua trasmititzeko. Fosil biurtuko litzake. Batez be, itz universal orreetariko geienak TEKNIKATIK etorriak baitira*. Euskereak be erabilli egin bear ditu itzok, euskaldunari kulturea ta teknikea eroan bear badeutsaz.

Itz barriak, asmatuak, gitxitan dauke sentidu bardiña; eta gaiñera, onartu ta beretu egin bear dauz lenago erriak. Gauza oso gatxa, beste itzok danontzat ezagunagoak dira-ta. Orduan, zegaitik gogaitu erria itz barriokaz?

Ez, ez da lotsagarria euskerearentzat, ezta gitxiagorik be, erdal itzak erabiltea. Izkuntza guztiak —latinoak izan naiz ez izan— beretu dabez itz internazional orreek, gauza bardiñak izentatzeko. Eta errespetatu egin dabe itzon etimologia be, ortografia ta guzti. Euskeraz au ez egiteko fundamenturik badago, ezagutu gura neuke. Zegaitik ez da erabilli bear «v»rik? Zegaitik ez «h»rik? Gaur ba dira «h» darabillen euskal idazleak, bearbada larregi darabillenak be bai. Extremoak, txarrak dira. Eta erdal itzak erabiltean be, ez doguz extremoak jo bear: edo bapez edo larregi. Erabilli daiguzan prudentziaz, benetan bearrezkoak diranean.

Baiña zegaitik ez humiltasuna, humorea ta abar, «h»gaz? Zegaitik ez «v»gaz universidadea, errevoluziñoa, votoa, televisiñoa, ta karta onetan agertzen diran beste itz batzuk? Zer esanik bez izenak: Vatikano, Vietnam, eta abar.

Ipiñi daigun euskerea beste izkuntza zivilizatu guztien pare, konpleju barik, ikara barik, fundamentu bako limitaziñoak alde batera itxita. Orregaitik ez doguz galduko gure izkuntzearen berezitasun* eta aberastasuna. Eta bai euskerea gaurkotu ta bizkortuko, geure erruz fosil bat biurtu ez daiten.

ANTONIO PEREZ BILBAO, Bermeo

Larrauriko apaizaren alde

ANAITASUNAREN zuzendari jauna:

Arpideduna ta Ondarrutarra naiz. Eta benetan samintasun andia emon deust, maiatzeko bigarren zenbakian ANAITASUNAN agertu dan eskutitzak.

Ala sakela ikututakoan bakarrik artzen dogu miña? Monjeri uts egiteaz, arrautzarik ez erosteaz, nire ustez, ondo egin dabe Bermeotarrak. Oneek bai dira benetako euskaldunak. Beste gauza askorekin orrela jokatuko bagendu, Euskal Errian, legez, gauza asko egingo litzake.

Ala zer nai dau, eskutitz ori egin dauanak? Geure errian, kanpotik datorrenaren esana egin? Euskalduna ete da gero, eskutitz ori egin dauana! Egarria daukanak, iturrira joan bear dau. Eta nik iturritik dakit Larrauriko apaizaren auziaren barri.

Monja geienak ba ziran apaizaren alde. Zegaitik ez jokatu gogo geiagogaz, apaiz ori auzian ez erabilteko? Zoritxarrez, egia guztiak ezin esan eta ixildu egin bear: orixe da gaur gertatzen dana. Baiña bai, esanbearrean gagoz, lotsagarria dala, gaur egunean, amabi urteko ikasketak egin Seminarioan, mezaraiño eldu, eta Larraurin lez beste toki askotan, apaiz gazteak, zapi zarrak balira lez, trabes erabiltea.

Amaitzera noa, ze ez neuke nai iñor iraintzerik*. Baiña, al balitz, nai neuke nire eskutitz au urrengo ANAITASUNAN agertzea.

G. A. ONDARRUKO EMAKUME BAT

Larrauriko monjen euskalduntasuna

Aldizkari orren 161 gn. zenbakian, Larrauriko monjen auzia dala-ta, «Irakurle baten eskutitza» irakurri dot.

Aurretik esan bear dot, ados* nagoala eskutitz orren egilleagaz, danok zabaltasuna euki bear dogula, gauzak egoki aztertu ta agertzeko. Ori dala-ta, eskutitz orretan sakondu naz, eta bereala etorri jat burura itaun au: Zetarako azterketak, zetarako alkarrizketak, gero azkenean neure eskubideak ukatzen badeustez? Ortxe dago nire kezkea. Eskutitzaren egilleak barriz, ez dau kezka orren arrastorik be agertzen.

Larrauriko monjarik geienak euskaldunak dirala diñosku. Izenez ala izatez? Izatez badira, nok ukatu deutsez euren euskal eskubideak? Eleizeak? Ez orixe! Lentxuago bearbada, ez zan ain argia Eleizearen jokabidea arazo orretan; baiña orain, Joan XXIII garrenari eskerrak, Erromaren aldetik zearo aldatu dira gauzak. Nok ukatu deutsez orduan? Euren Ordenako nagusiak ez. Gotzaiñak? Ez dot uste. Orretarako ba da iñor ala?

Bai! Bermeotarrok, boikdt itzala egin deutsegu monja orreeri. Gure errian amaikatxu urtetan egin ziran erderaz eleizkizun guztiak! Zer egiten genduan guk orduan? Eleizara joan, beti ez baiña. Eta gaur joango giñake, erderea bakarrik entzutekotan? Ez dot uste. Jente asko beintzat, joan barik geratuko litzake. Zegaitik? Erriaren eskubideak Erromak onartu ditualako, eta onespen* orregaz gure erri-kontzientzia indartu dalako. Orregaitik, eskubide orreek zaintzen ez deuskuezaneri, geure kontrarioak erixten deutsegu. Ez dira eurak gure Eleizakoak, edo ez gara gu eurenekoak.

Zetarako aitatu karidadea? Ba ete daukogu orretarako indarrik? Gu gaixorik gagoz, oso makalik gagoz. Gure osasungarria, geure euskal eskubideak dira. Monja euskaldun orreek eta egokera bardiñean gagozan guztiok, alauriak* eta garrasiak egin bear doguz, osasungarri ori ukatzen deuskuenean.

Guk, Bermeon, Larrauriko monjen garrasirik ez dogu entzun, eta oraindiño entzun barik gagoz. Euren samak garramaztuta ete dagoz? Baiña ikusi genduan, arrautzak saldu nairik, egin eben euskaldunkeria. Andereño ponpox bi bialdu zituen Bermeoko plazara, txamarrakaz apainduta, gure folklorearen zaletasuna agertu nairik. Baiña ez. Bermeotarrak ezetzean jarraitzen dogu oraindiño, eta ez dogu erosten ango arrautzarik.

Monja orreek benetako euskaldunak badira, zaindu daiela erriaren eskubidea. Orra or, karidadeak eta justiziak agintzen dabena.

Larraurin, Bermeon eta beste leku askotan benetan poztuko gintzakez, monjen artean euskalduntasuna apurtxu bat sendotuko balitz, erri banaka batzutan (esate baterako, Mondragoen) jazoten dan lez.

Zoritxarrez ez dogu poz ori eukiko, ariketa egiazko maitasuna ta justizia argiago ta zintzoago erabilli arte.

ANDONI ORMAZA

Beste irakurle batzuen eskutitza

 ANAITASUNA aldizkariaren zuzendari Jauna, agur.

161 garren zenbakian eskutitz bat agertu dozu. Bertan, Larraurin jazotako gorabeera batzuei buruz itaunka jatortzu Bermeoko A.Z. dalako bat...

Mungi aldeko abade talde bat gara. Siñistu eiguzu, arrituta geratu gareala A.Z. orrek diñoanaz...

Larraurikoari buruz, itaun askotxo egiten dauz A.Z.k. Galdera guzti orrei eta geiagori be erantzuna emonda gagoz, geure izen eta abizenez, erri osoaren aurrean agertu doguzan orrietan. Idazki bat ezeze, bost be atarata doguz abadeok: euskeraz eta espaiñeraz.

Zuzendari Jauna, prest al zagoz, idazkiok agertzeko? Pozik itxiko geunskizuz zeure eskuan, apurka apurka aldizkarian agertzen joan zaitezan. Guztiok agertu bazengiz, argi ikusiko leukee, A. Z.k eta bere egoeran aurkitu daitekezanak, auxe: bere eskutitzean A.Z.k aitatzen dauzan uts asko, bere ezjakiñaren ondorenak baiño ez dirala izan, onenean.

Alkarrizketea izan da, ez laburra. Euskal Erriak, urte askotako alkarrizketea daroa. Geiago ezin daikegu itxaron. Oraineoan, nok irabazi? Larrauriko erriak bai, duda barik; Euskal Erriak be bai, bere eskubideetan. Gernikan zer iazo zan ez dakigu. A.Z. orrek an artutako jokabidea, guk ez daukogu zetan artu; guk geurea artu dogu... Nungo idazkitan itxi ete doguz guk monja guztiak txartzat? Gitxienak dirala aurkako, guk ez al dogu idazkiotan esan?

«Zoritxarrez oraingoan danok galdu dogu», diño A.Z.k, kartetan bagenbiltza lez. Nun oiñarritzen da, ori esateko? Guk ez dogu bardin uste. Asko irabazi dogulakoan gagoz. Nortzuk? Geure Erriaren alde lanean, lan arriskugarri baten diardugun guztiok. Izan be, geure abade-lan berezia, auxe da: Jainko Erria, ardurapean doguna, egoki danez larratzea. Bere arrisku guztietan zainduaz eta kate guztietatik askatuaz.

Vatikano Batzarreko aginduen araura, askatasuna gizonak eta erriak bearrezko dau, nor izateko: askatasun osoa.

Euskal Erriak, Larraurin gitxienez, au ikustea irabazi dau: bere izkuntzan lotuta dagoala, ta, Eleizeak izkuntza guztiak onartzen dauzanez, Larraurin Eleizeak euskaldun izan bear dauala. Eleizearen izenean Jainko Errira datozan guztiak, zuzenaren alde baletoz beintzat, erriaren serbitzurako datozala lenen eta beiñen. Eleizea erriarentzat, ez erria Eleizearen menpeko ta oiñazpiko.

Ez dogu guztiok galdu, ez. Jainko Erriak irabazi dau, eta naiko dogu irabazterik.

A.Z.k azkenez, arria jaurti ta eskua gorde dau; ez dau bera nor dan jakiterik nai.

Ba gu, emen gaukoz. Nortzuk garean ba daki, argitan ibilliak gara-ta.

Gutariko bi, Bermeon bertan gaukoz. Bost idazki luze agertu doguz; antxe daukoz argi gure oiñarri guztiak...

Taldetik batu gareanon izenean,

GARITAONANDIA'TAR GOTZON

Erraondoko txistularia ta gaurko bertsolariak

Denpora bakotxak bere era ta kantak daukoz. Orixe diñosku Xabier Gereñok, Gernika ta Zornotzako kanta jaialdiak entzun eta ikusi ondoren. Oraingoak, Richard eta Massielen egunak doguz. Berak diñoanez, gaurko bertsolariak eta kantak, beste euskal giro bat ekarri deuskue. Egi egia ete da ba? Euskeraz abestuarren, gaurko «protesta kantziñoak» euskal kantak ete dira?

Erraondoko tanbolinteruagaz gomutetan naz. Egia esateko, «Anteron txamarrotia» apur bat usatuta dago. Baiña ez ete dagoz, gure «umore ta amore» kanta artean, elburu edo temak, eder eta politak, gaurko gazteen abestiak barriztuteko? Ez ete dagoz kantak, gure gaurko musikalariak areen antzera ta usaiñera oraingo abestiak egiteko? Laguntzeko kitarrea bakarrik eukiko ete dogu geienetan?

Gaurko gazteak euren euskal izate edo personalidadea euskal usaiñean agertzen badeuskue, zelan egon euren aurka? Benetan bide onean dabiz. Danentzat ez dira, gure Donosti, Madina, Olaizola ta Escuderoren kantak. Alandaguztiz, Gernikako frontoian bertan, eta betetuarte, amaikatxu milla entzule batu ziran, Olaizola ta Castro poz pozik txalotuteko.

Modan eta telebisiñoan ikusten doguzan gauzakaz zoraturik, laga bear ete doguz gure euskal kantak? Baztertu gure Easo ta San Anton taldeak, Bergara, Iruña, Donostia, Bilbo ta beste errietako orfeoi ospetsuak? Ez orixe!

Modako kantak pasatu egiten dira. Euren egilleak ez dira gure Donosti, Usandizaga, Guridi, Almandoz ta Goikoetxea zelebratuak. Gure asaben kantak eta sustraiak, Jaungoikoari eskerrak, gaurkoak eta biarkoak, betikoak doguz.

ARGIZALE


Xabier Leteren lenengo liburua

Eskutartean daukat Xabier Leteren lenengo liburua.

Nor da Xabier Lete? Ogetalau urteko mutilla, gaur Euskal Erriak daukan poetarik andienetarikoa. Bere kitarreagaz, «Ez dok 13» taldeau, gure erri ta urietatik ibilli da kantari; ta orain, olerkari jatorku gure etxeetara. Birritan, 1966 ta 1967 urteetan, bere olerkiakaz, «Agora» saria irabazi dau.

Eta orain, geiagoko barik, goazan Oiartzundar gazte onen liburuaren barri emoten.

 «Egunetik egunera orduen gurpillean*». Auxe da liburuaren izenburua, titulua. Eta idaztiaren azalean, orain modazko dan marrazki bat, dibuju raru bat. Zer esan gura dauan marrazki orrek? Ori ez galdetu niri, ordu erdian berari begira egon ondoren, ez deutsat erantzunik aurkitu-ta.

Orain egun gitxi dirala, marxista bategaz itz egiten nengoan. Txina zalea zan bera; eta naizta emengoa izan, ez eban onartuten Euskal Erriaren nortasuna. «Kontzeptu orreek pasata dagoz», esan eustan.

Adiskide orren itzak gogoratu nebazan, Leteren liburuan olerki eder au irakurten nengoanean:

Zuek,

bidea okertu dezutenok,

etzaiozute gizonari orren gutxi eskeiñi.

Gizona ez baita*

eskema batzuen serbitzaria.

Zuek,

diot,

zer ulertu duzute bizitzataz?

nola nabaitu* duzute

herriaren abotsa?

lurrak hitz egin ote dizue* iñoiz?

entzun ote duzute

itxasoaren negarra?

nabaitu al duzute hizkuntzaren karraxia?

Beste sei bertso daukaz olerki eder eta sakon onek, gaurkotasunez beteak. Olakoak, gaurkoak, dira Leteren olerkiak; eta orregaitik, astiro ta gogoz irakurriak eta aztertuak izango dira.

Ba dago beste jente klase bat, bere burua ontzat daukana, Ebanjelioetako fariseuen antzera. Orrei esaten deutse Letek:

Zu,

Malta'ko kaballeroa,

prozesioetako zingurria,

oitura onen defentsaillea,

dantza zikiñen etsai* amorratua.

Olerki au olan amaitzen da:

zure heriotzako egunean

kanposantuko arrak

bazkatuko dute

simaur gozoa.

Nere

hitza

ez

dezala*

haizeak eraman*.

Amen.

Liburu onetan datoz Leteren olerki ezagun bi: «Poeta hoiek» eta Lurdes Iriondok abestuten dauan au: «Lengo batean, kalearen erdian».

Lete, olerkari lez, Arestiren eskolakoa da; baiña ba dauka bere nortasuna. Nire ustez, euskaldun olerkaririk onenetarikoa lez agertzen jaku liburu onetan, ez bakarrik gaurko olerkarien artean, baita gure historia guztikoen artean bere.

Leteren olerkiak, astiro irakurtekoak dira, esate andikoak diralako. Bere olerki bakotxak, prolema bateri erantzuna emoten deutsa, egillearen erantzuna.

Lengo baten, Joxanton Artza, Aresti ta beste lagun batzuk itz egiten gengozala, euskeraz idatzitako liburuak gitxi saltzen dirala esaten genduan; baiña euretariko batek erantzun eban, gauza interesantea izango litzakela, ori olan zegaitik dan jakitea. Bere ustez, liburu onak egingo balira, salduko litzakez.

Orain, emen daukagu goi maillako liburu bat, aparteko idazti bat. Leteren olerkiak, gaurkotasunez beteak, bero bero darabilguzan prolemak erabilliaz, interes andi bat dauke. Emen ez dagoz aintxiñako kontuak. Emen gaurkoak dagoz, «egunetik egunera, orduen gurpillean» bizi doguzan momentuak eta ideiak, onak eta txarrak, itunak* eta atsegiñezkoak.

Nire zorionik beroenak Xabier Leteri. Euskal literaturea, goi maillako liburu bategaz aberastu dau.

Xabier Gereño


Bertsolarien txapelketa nagusia. Epaiketarako bide barria

Gaur aztertuko dogu, txapelketa egoki batek eskatzen dauan laugarren puntua: Juradu edo epaimaikoen lana erreztu, artzen dituen erabagiak alik zuzenenak izan daitezan.

Garrantzi aundiko puntua, ortik sortu baitira oraiñarteko eztabaida guztiak.

Entzuleak asarre izaten dira epaimaikoakaz, eta epailariak asarre entzuleakaz. Eta, gure eritxiz okerrago dana, epailariak ez dira uste berekoak izaten, bertsolariak epaitzerakoan.

Euskaltzaindiko idazkari*, eta epaimaieko izaten dan San Martin idazle ezagunak, «Eibar» deitzen dan aldizkarian esaten deusku: «Ez dago dudarik, juraduak bere larritasunak izan zituala erabakia artzen». 1963 garreneko urtarrilla.

Jaun berak diño: «Juraduko lau, ez zeuden* ez baten ez bestearen alde». Baita au be esaten dau: «Juradua mugaz beste aldeko izan balitz, ez dakigu (Xalbador) ez ete zan aurrerago geldituko».

Irigoyen, bertso-gai emoilleak, 1962 garreneko txapelketan, juradukoakaitik esaten eban: «Bildu* da juradua, eta or istilluak*, nolako erabakia eman».

Ez dago, beraz, dudarik, bide barri bat aurkitu bear dala, al danik egokiena, aurrerantzean istillurik sortu ez daiten.

Bide ori aurkitu leiteke? Ona emen gure eritxia.

Txapelketa Nagusira agertzen diran bertsolarien probintzia bakotxetik, iru epailari aukeratuko dira.

Epailari bakotxari, 1'etik 100'era numeratuta dagoan orri bat emongo jako, orri orretan eta bertsoz bertso entzuten dituan bertso guztien balioa ezarri daian. 80 bertso bata badira, 80'ok epaituko dira banan banan.

Probintzia bakotxeko iru epailarietatik batek, bertsolariak erabilten dauan euskerea epaituko dau, eta ez besterik. Jakiña: epailariak, euskalki edo dialektu guztiak ondo ulertu bear ditu.

Besteak, neurria edo rimea epaituko dau. Ba dakigu, bertsolariak sarritan «filarmonikea» maite dabela: batzutan, silaba asko nota baten sartzen ditue; eta beste batzutan, nota asko betetan dabez silaba bategaz.

Irugarrenak, zera epaituko dau —eta auxe da, gure eritxiz, garrantzirik aundienekoa— bertsoaren borobiltasuna, bertsolariaren zorroztasuna, irudimena. Eta bide batez, ea ondo erabilli dauanentz emon jakon gaia.

Lenengo epailari biak —euskerea ta neurria epaituko dabezanak— bertsorik onenari 8 puntu emongo deutsoez.

Eta irugarrenak —borobiltasuna, zorroztasuna, irudimena epaituko dituanak— bertsorik onenari 10 punto emongo deutsoz.

Era orretan, bertso bakotxaren balioa ondo neurtuta gelditzen da.

Saioketea amaitutakoan, epailari bakotxak saioketako zuzendariari biurtuko deutso, bere eritxiakaz eta bertsoz bertso bete dauan orria.

Zuzendariak, epailari guztien orriak batuko ditu; eta orriotako suma guztiak egingo dauz.

Egin* daigun, Gipuzkoarrak —euskerea, neurria ta gaia kontuan eukita— bertsolari bateri 150 puntu emon deutsoezala. Lapurtarrak, bertsolari berari 160 puntu. Bizkaitarrak, 155 puntu. Bertsolari orren balioa, 465 puntu izango da.

Orrela neurtuko da bertsolari bakotxa. Eta punturik geien lortzen dauan bertsolaria izango da benetako txapeldun.

Era orretara epaitu ezkero, a) ez dago epailarien larritasunik, b) ezta euren arteko eztabaidarik, c) epailari guztiak beartuta dagoz, euren eritxia baten edo bestearen alde emotera, d) probintzia bateko epailariak ezin leitekez nagusitu, e) epailariak bertso bateri emon deutsoen puntuaziñoan desbardintasun aundia agertzen bada, guztiz erreza izango da, magnetofonoan bertso ori billatu ta aztertzea, arrazoia nok daukon ikusteko.

Bertsolari bat epaitzea, gauza guztiz gatxa da. Naiz bertso gai asko irakurri izan, naiz bertso asko entzun izan, alandabe ez da gauza ziurra, erabagia zuzena izango dala.

Ori ba dakie bertsolariak, eta ori jakin bear dabe entzule guztiak.

Gaiztasun ori kontuan eukita, guk markatzen dogun bidea da, gure ustez, izan leiteken zuzenetariko bat.

Bai bertsolariak eta bai entzuleak, garantiarik aundiena dauke, era orretara epailariak emoten daben erabagia, izan leiteken zuzenena dala.

Maiatzaren 19'an Saran jokatu dan txapelketan (Lapurdi-Baxenabarra Bizkaiaren kontra), bertsolariak modu orretara epaitu dira. Ikusiko dogu, etorkizunak zer esaten deuskun.

Hernandorena


Arraintza kontuak

Arrain saltxitxak

Proteina merkeen eskastasun andia dago munduan. Eta ideia barri bai; sortu da, falta ori betetuteko. Ideia ori, arrain saltxitxak egitea da. Inglaterrako Inbestigaziño Zentro baten ari* dira lanean. Ementxe egin zan lenengoz, gustu bako arrain uruna be. Arrain urun onek, proteina balioa geitu leiskio ogiari.

Gustu bakoa dan ezkero, arrain urun onegaz egiñiko ogiak, benetako ogia dirudi. Gauza bardiña jazoten da arrain saltxitxakaz be; eta gaiñera, okeleagaz egiñiko saltxitxen besteko indar nutritibu dauke.

Gitxi estimatzen diran arraiñakaz egiten dira saltxitxok. Arrain merkeakaz, eta baita tripakiakaz be: gibelak, arbiak, eta abar.

Aitatu doguzan produktu oneek, makiñakaz zapaldu, oratu*, amasatu egiten dira. Gero, txarri koipetan euneko 20 eta zitu edo zerealetan beste euneko 20 geitzen jakez, eta azkenez gustu-on emoille bat.

Onartuko ete dau jenteak arrain saltxitxea? Merkatu azterketa aundia egiten diardue orain inglesak.

Arrain saltxitxea, 6 peseta killoko merkeago da okelazkoa baiño. Benetako okela saltxitxearen usain mardul gozoa dauko; eta arrain kutsurik*, iñondik be ez da agertzen.

ARTZA


Kaleko Gizonak Diñoana

Batasuna ala bitasuna?

Autsak emon gura izan deutsez, euren bizitza osoan euskeraz baiño idatzi ez dabenei. Orraitio!

Amaika entzuteko jaio giñean! —esango leuke edozein euskaldunek. Euskeraz jakin barik be, euskaldun jaio ezta be, eusko izakeran jatorrago izan leitekeala... erdal idazlea.

Olakorik! Astoak prakakin Markiñan!

Ai, baiña, intelektualen zolitasun bakan eta parebagea: euskera umetatik ez dakiana, jatorrena!

Tira! tira! Txiritxu'ri sakatuko deutse ori.

Cantarranas'eko Txiritxuri.

Liburu barria

Dendetan ageri dan liburu orrek «Presente y futuro del Pueblo vasco» dau izena. Gizaldra baten erakutsia dan arren, bakar baten izena besterik ez dabe azaldu. Besteak isillean laga ditue.

Asmoa: gazteen adimenak argituerazo; lurralde onetako gizasemeen pentsabidea zuzendu eta araupean jarri.

Asmoak asmo, geroak esango dau liburu orren emoia, aitorra ala antzua.

Auzi zaarra

Oraingoak, auzi itzaren ordez, prolema esaten dakie.

Zaarra da izan bere, Euskalerriaren auzia. Aspaldietakoa. Nafarroa be, guretzat, Euskalerriaren zati bat besterik ez da, barriz.

ASDV aldrakoak diñoenez, joan dan mendeko dotriñea, zimeldu egin ei da. Naziño dotriñak, erraza, odol, berbeta ta abar, amaitu-urren ei dira. Orregaitik eurak, pueblo deritxoe gure Erriari.

Espaiñia legerrian direan erri guztiak —gai direanak beintzat— autonomiadun jarri ezkero, guztiak baketsu ta laztantsu biziko ei litzatekez.

Eta bake-ardatz lez, Madrilleko aginpidean, errege. Orra or, liburu orrek diñoanez, separatismuak tutarrez baztartzeko bide bakar ta egokia.

Pueblo...

Enda ta izkera kontua baztertu ezkero, pueblo orren izenondoa zein izango ete litzateke? Norteñuak? Kantabresak, Axularrek nunbait agertu ebanez?

Demokrata barrioi, Pays Basque aaztu egin jake.

Alan bere, liburu orren pasarte batean, S. de Madariaga'ri erantzutean, beste euskaldun batzuk be, ba direala argituten dau.

Madrilleko errege egokia zein adarretakoa izango litzatekean be, ez dau zertzen.

Euskerea, or konpon

Bost! ardura deutsa euskereak aldra orri! Sarri askotan illun samarra ta astuna baldin bada, euskera-kontu onetan egosgogorra da, nunbait, liburu ori.

Batasunera bidean diardugun unada onetan, ez dau liburu orrek ezer onuragarririk eskintzen izkereari buruz. Lerro artean erdi agertzen dauana, bitasuna izan leiteke; zera, emen gazteleraz egin; ta Bidasoaz andik, frantses.

Emen bere, ba dira euskaltzaleak, gure iztegiaganako ardura bakoak; gramatika arloan, zabarrak; sintaxis saillean erderaz diarduenak. Euskaldunen esaera jator ta berezitasun pitxiak aintzat artzen ez dituenak.

Orretara, bearbada, peninsularrago dira, ta baita kontinentalago be. Euskeraz soillik idazten aspertuten direanak.

Ez begiskue erbitzat, katu aragirik eskiñi.

Universal txutxuaz ez begiskue euskal bakotasuna opa.

Alkateak

Albistari batek itaune auxe eginbarri dau: errietako alkateak, noiz izango ete dira erriak berak izentauak?

Ori ba! Bide ori artzea, ostera, demokrazi joeraz ibilten astea da. Bai. Komeni litzateke ori ta geiago be, egitea. Gaur dan egunean, erri askotan alkateak euren buruz ta kabuz artzen ditue erabagi guztiak.

Udaleko beste gizonak, papau utsak ditue.

Leenago, kargudunak, maisuak, medikuak eta, ez zirean alkate izaten. Orain bai. Jauntxukeri aundiagorik ezin lei jasan erriak.

Alkateak eta epaillak, juezak, ez dira erriko nagusi izateko, errien zerbitzari izateko baiño.

Etxaniz olerkaria

Lenengo saria irabazi dau Zornotzako Larrako lore-jokoetan, Azkoitiko seme dan Nemexio Etxaniz apaiz jaunak.

Or agiri da, urteak gorabeera, neurtitzak egiteko daukan doai berezia. Jakiña, gobernadoreei gutunak egiteko daukan abildadeaz gainera.

Zorion, karlista kumeari.

KALEKOA


Bilbaoko «Gran Vía»n zear

Nire biotzaren barrenean, eskribitzeko agindu sendo bat sentitzen dodalarik; joan dan aspaldian ZERUKO ARGIARA bialdutako artikulu bat, irakurleen plazara urten barik, nunbait ezkutuan erdi-eziñik gaizki dalarik; azkenez, ANAITASUNAN nire ideiak jentearentzat publikatzea erabagi dodalarik; joan zan egun baten, Bilboko potzu baltzean miñaren miñez ikusitakoaren barri emotera prestatzen naz.

Aundikien liburu aundiak

Gure uri nagusian «feria del libro» egin izan da, liburu saltzaille etxeak antolatuta, itxuraz. Feria guztietan bezela, jentea ugari urbiltzen izan da, ez bakarrik feria beragaitik, ezpabe ze Gran Vian zear beti be jentea eurrez ibiltzen dalako.

Ikusi genduzan liburu aundiak, liburu aundiak!, koleziño ikaragarriak, paper lodi ta brillanteekin osotuak, amaika fotografia brillantekin apainduak.

Ikusi genduan jaun kaballeroa kapeleagaz dotoreki jantzirik, liburu aundiok eskuetan artuaz, euren prezioak preguntatzen. Ikusi genduan jentea kaballeroari begira, gizonak zelako obra miresgarriak egiten dabezan begira begira.

Ikusi genduan, liburuak aundiak zirala ta seguru asko karuak izango zirala, deabrua! Ta estanteria aundien gaiñean kokatu bearko dirala. Ta, batezbe etxe aberatsetan, oso polito emongo dabela. Ta domeka arratsaldeetan, kafe baltza artuaz, konbitautako jenteari erakusteko ikusgarriak zirala.

Euskaldun jente extraiñua

Bi giñan, liburuen feria ikusten gengozan gizonak. Bi giñan; eta gizon bi oneik, bildurrarekin egiten genduan euskeraz, gizon extraiñu bi giñala konturaturik.

Jente erdaldun artean gizon extraiñu bi sarru giñan, erbestetik etorritako extranjeru bi bagiña lez, edota baserri punta batetik jatsitako ezjakin bi.

Begien asarrerako ta biotzaren oiñazerako zan Bilboren erdaltasuna, Bilboko jabeen kaballerotasuna, neskatilla liraiñak arrokeri gustogarri batekin «agur» egiteko kapritxua, eta Bilboko jente burges askorentzat euskerea entretenigarri biurtzea.

Ta gizon extraiñu bi areik geure etxera biurtu giñan, arima barruan mingotsaren zirarra genkarrelarik, eta an nunbait ertz batean itxaropen nekagarri baten agindu astuna.

ANGEL ZELAYETA


Aberastu zure euskerea

 Ona emen, ANAITASUNAREN zenbaki onetan izartxu bategaz agertzen direan itzen esangurea.

ABAGADUNE (B), garaia, eretia.

ADOS EGON (L), konforme egon.

AGIRI (BG), dokumentua.

ALAURI (B), dolorezko garrasia.

ANTOLATU (GLN), eratu, organizatu.

ARABERA (L), erderazko según.

ARAKATU (B), erderazko registrar, hurgar.

ARAU (LN), erderazko regla, norma, artículo.

ARI IZAN (GLN), jardun, zerbait egiten egon.

ARRERA (BG), abegia. Erderazko acogida.

AURKITU BAZENGIE (B), aurkituko bazendue.

AURTEMEIN (B), oraintsu, asko ez dala.

BAITA (LN), da-ta.

BAITIRA (LN), dira-ta.

BALDINTZA, kondiziñoa.

BATZORDE, komisiñoa.

BERAZ (GLN), orregaitik. Erderazko por consiguiente.

BEREZI (GLN), apartekoa, espeziala.

BEREZITASUN (GLN), apartekotasuna.

BILDU (GLN), batu.

BUKATU (GN), amaitu, akabatu.

DEZALA (GLN), daiala.

DIZUE (GN), deutsue.

EDE, erderazko correa.

EGIN (B), kontu egin. Erderazko suponer.

ENBOR (BG), erderazko tronco.

EPE, erderazko plazo.

ERAMAN (GLN), eroan.

EREDU (B), modelua.

ETSAI (GLN), arerioa, kontrarioa.

EZBEARRALDI, erderazko tiempo anormal, de emergencia.

GAI (GN), egokia. Erderazko apto.

GIZAKI, erderazko individuo

GOMENDIO (L), errekomendaziñoa.

GORAZARRE (L), alabantzea, alabaziñoa.

GURPIL (G), burpilla, errobedea.

IDAZKARI, sekretarioa.

IKERTALDI (L), ikustaldia, bisitaldia.

IRAUN, erderazko durar, perseverar.

IRAINDU (G), ofendidu.

ISTILLU (BG), zaratazko eztabaidea.

ITUN, tristea.

ITZULI, erderazko vuelta.

ITZULPEN, traduziñoa.

JOLAS (BG), olgetea, errekreaziñoa.

KIROL, deportea.

KUTSU, sundea. Erderazko dejo.

LAMERA (B), erderazko alameda.

LANBRO, euri ziria.

LEIATU, erderazko empeñarse.

LORRATZ (BG), arrastoa. Erderazko rastro, huella.

LOTURA (GLN), lokarria. Erderazko atadura.

MARRAU (B), erderazko máscara.

MUIÑO (GN), menditxua.

NABAITU (GLN), nabaritu. Erderazko advertir, notar.

OI IZAN, erderazko soler.

ONESPEN (LN), onartzea, aprobaziñoa.

ORATU, orea egin, amasatu.

OTS, zaratea. SEIN (B), umea.

SORLEKU, jaiotza lekua.

XEDE (LN), elburua. Erderazko fin, objetivo.

ZEUDEN (GLN), egozan.

ZUGATZ, arbolea.

ZUREZKO, zurez egiña, egurrezkoa.

ZURIBIDE, erderazko excusa, justificación.


Ezagutu zure erria

Munitibar

Oraingoan, Gernikatik Markiñaruntz doan bide zabaletik noa. Bizkaiak, bazter ikusgarriak dauz. Oraintxe aldatz gora, urrengoan beera: zenbat zokondo eder!

Kerizak gorri gorri, mailluki soloak or-emenka, sagardi loratsuak be bai, lantzarretan beiak ugari.

Bei jagola, neska gona-gorridun bat: matraillak, gonea baiño gorriago. «Itz erditxo bat ari esan gabe» aurrerarik ezin.

Neska au itaurreko dogula, Munitibarren sartu gara. Antxe, gerizpe baten jezarrita, zeaztasun batzuk artu dodaz zuretzat.

Oiz mendi nagusiaren barreneko muiño* tartean, errekarte eder baten sakabanatuta dagoan erria dozu Munitibar.

Murelaga, Arratzu ta Bolibar dauz auzoko erri. Inguru guzti onen antzera, erri jatorra da auxe: euskal erri bat oso osoan.

Aintxiñakoa

Erri onen lengoari buruz zeozer jakin guran, aintxiñako idazti zaarrak arakatzen* asi naz; itaunen batzuk egin be bai. Ainbat irakurri ta asko entzun; baiña gauza garbi gitxi atara. Siñistu eidazu, illunune orretzaz asko poztu naz.

Lanbro* tarte orretan, argien dagoana esango deutsut. Munitibar aintxiña, iñoiz erri bi izana dala: Arbazegi ta Gerrikaitz. Obeto esanda, Arbazegi da errialde zaarra; Gerrikaitz barriz, oraintsuago andikiak uri egiña. Erri ta uri.

Erbesteko Don Tello, Bizkaiko Jaunak, uri izengoitia ainbat erriri emon eutson, bere aldian. Atzerriko oiturak. Gerrikaitz be, olantxe uri egin eben, 1.366 gn. urtean. Labairu edesti egilleak orixe diño.

Arrezkero, iñoizkotan alkartuak izan dira; baiña biotzez, ez antza. Eleiza bi dira berton, 500 metro barruan. Gernikako batzarretan be, jezarleku bi: 16 garrena Gerrikaitzek, Arbazegik 26 garrena. Eleizak: Bizenti deuna, amargarren gizaldikoa oiñarrietan; ta Andra Mari, amaseigarrenekoa.

Gerrikaitz, oso ospetsua zan aintxiña. Ogetamar burdiñola baiño geiago ei ebazan aldi baten. Untze ta olakoak egiten ebezan, ta Gaztelakoai saldu gero. Baiña, erri-egintzan oraindiño be agiri dauan banan-ibiltze orrek, ondamendiratu egin eban. Bai.

Amazazpi ta amazortzigarren gizaldietan, eun urte barruan, erreketa ikaragarri bi izan ziran berton. Delmas idazleak diñoanez, auzoetako eztabaidak ekarri eben sua. Etxerik geienak, age ta olez egiñak izanik, kale osoak iruntsi ebazan garrak. Gaurrarte erriak, lengo nagusitasunik ez dau erakutsi.

Beste zer asko be entzun izan dot; baiña aaztu jatazanean, pozik. Munitibartarrok, euskaldun guztiok lez, lengo txar asko oba dogu aaztu. Sustraiz egindako alkartasun bat bear dogu, etorkizunari aurrea emotekotan beintzat.

Oraingoa

Erri au, menditarte baten aurkitzen da; baiña iñok ez bei uste izan, inguruko bizitzatik aldendua dagoanik, ez. Bere taiuko erriak dabezan alde on eta utsak dauz Munitibarrek be.

Zenbat erritar? 1.100 bat. Oneitatik, lau sendi erdaldun, beste guztiak euskaldunak.

Euskera ederra ementxe, nasterik bakoa. Garbia ta argia. Erri guztian, ikastoletan izan ezik, euskerea da izkuntzea. Eleizan, egoki danez, guztia euskeraz. Kristiñau ikasbidea, bardin. Zorionak, Don Jesus, ta aurrera beti.

Bizibidea? Emengo urteera bat, Ameriketara izan da. Australia ta Californian, ba da emengo lagunik asko. Etxe geienetakoren bat. Urte batzuk andik emonda gero, diru pillotxuaz oneratzen dira.

Erbesteratze onek, ona besteko kaltea dakar. Luzaroko mendi bakartade arek, asko aldatzen dau edonor. Onela ikusi daiteke, andik etorriak izakera osoa aldatuta dakarrela. Gero, askorentzat, onakotutzea eziña da. Au gorabeera, ezin galerazo ara joatea, beste urtenbiderik argi ez dogun bitartean.

***

Gaztedia? Erri onetako gazteak, «DANON ETXEA» deritxon batzoki bat egin eben, orain urte batzuk. Izenak diñoan lez, tokia guztiena da, naizta guztiak an alkartu ez. Edozelan be, mordo eder bat antxe alkartzen da. Euren elburu bat: erriko jaiak antolatzea*. Lan ederra, egin dabena. Orain ez aaztu, ori asikerea baiño ez dala izan. Jaiak antolatzea ta erriko beste gorabeera guztietan sartzea lortu bear dau gure gaztediak.

Jaialdiok eratzean, ene ustez, larregitxu ipinten dozue gorputz indarrari begira. Munitibarko indartsuak, ospetsuak dira. Ba dakigu. Orko indiabak burdin asko dabe. Baiña ez ete da igaro, gizona bere gorputz indarrez neurtzeko aldia? Oraindiño be, gizonik aundienak indartsuenak izan bear ete dabe? Nik ezetz uste.

Gaur, gizonik indartsuena atzean ixteko lako tresnak egin dauz gizonak. Gorputz indarra eukitea, ederra da; baiña ori, piztiak be ba dabe. Indar norgeiagokak itxi barik, buruz jokatzen eta geure buruen jaube izaten ikasi bearra dogu. Orretarako ikastolak, irakurtea, begiak zabaltzea, eskola on baten jaube izatea.

Anitu indartsuak ez daiala txartzat artu diñodana. Iñoiz ikusi dot bere lanean, eta txalo beroak jo be bai. Euskaldunok, gorputz-indarra ona dogu; buru argien indarra bearrago, gaur eta beti.

***

Auzotegiak? Munitibarrek 9 auzune dauz: Munitibar, Aldaka, Totorika, Berreño, Gerrika, Kaltzada, San Migel, Uriona ta Ganbe. Eurotan, 162 basetxe dira, geienbat lurretik bizi diranak. Baserriok gazteen begira dagoz, gazteon baietza edo ezetza artzeko. Gazte askok, batzutan euron erruz, beste askotan euren gurasoak eskurik emon ez deutseelako, baietza emoteko adore barik, erbestera joateari begi argi egiten deutsoe.

 «DANON ETXEA» deritxon alkarteak ba dauka zeregin aundi bat, gazteok itzaldi ta alakoen bidez, erriari elduteko prestetan.

Alkarte oni ta geroago sortu diran beste batzuei, eskari bakartxo bat egitea bururatu jat. Erriko alkartze guztiak erriari laguntzeko diran ezkero, bata bestea baiño geiago izatera barik, bere buruaren jaube dan erri bat egiten alegindu bear gara. Edeak* apurtu bear doguz banan banan, buztarria lurreratu daiten.

***

Erriko enparantza ederrean dan arlanduzko iturrian, agoz gora zurrut eginda gero, agurtu dot neska lagun, gona gorriduna.

Enparantzan berton, umetaldetxo batek euskeraz abestuten diardu.

Pelota lekuan, ez dakit ba Ibaibarriaga gaztea izango dan; nire belarriak pelota otsa* asmatu dabe-ta.

Agur, Munitibar! Baiña ez betiko. Eskerrak, ain ondo artu nozulako. Zeure alegiñez, zeru laguntzaz, bizirik iraun daizula: euskaldun Euskal Errirako.

SALATARI