ANAITASUNA

BIZKAIA

162gn. zenb. - 1968, bagillak 15 - 4 pta.


ANAITASUNA

amabosterokoa

9

Euskalerriko Anai Txikarrak argitaratua

Zuzendaria: JUAN AZURMENDI AIZPURU

Zuzenbidea: Torre, 3, 1.º — Bilbao (5) — Tel. 241467

Urteko ordaiña: 75 peseta

Banakoa: 4 peseta

XVI urtea — 162 gn. zenb. — 1968'ko bagillak 15

D. L.: BI 1.753 — 1967

GRAFICAS BILBAO - Gordóniz, 28, 3.º - BILBAO-12


"Gerediaga" alkarteak eratua. Euskal Idazleen Batzarra. Zegaitik, zelan eta zetarako literatura euskerearen batasuna?

Bizkaiko Ermuan, bagillaren 28'tik 30'era, Euskal Idazleen Jardunaldiak izango dira, literatura euskerearen batasuna dala gaitzat. Batasuna zegaitik, zelan, zetarako? Ona emen «Gerediaga»ren deiak diñoana:

Erri lez iraun al izateko, erri-alkartasun baten bizibidea aurrera eroateko, izakera jatorreri gogoz eusteko, erri batek bearrezkoa dau literatura batasunezko bategaz jabetzea.

Gure izkuntzeak, gaurko munduan, eskolarik bage, Unibersidaderik bage, agintarien jabetasunik bage, Estadurik bage, ez radio, ez egunkari, ez zinema, ez telebista..., ta beste izkuntza indartsuagoak azpijanean diarduela, ez dau bizitza luzerik.

Ta orrek beartzen gaitu, bere bizitzearen alde artu geinkezan jokabideak aztertzera.

Eskola ofizialik ez dogu, ezta artzen direan erabagiak euskaldun guztien artean zabaltzeko biderik be. Baiña idazleok alkartueziñik ez dogu, literatura euskerearen batasunaren alde jokatu al izateko. Euskalkiak oiñarri direala, euskalki guztien gaiñetik eta guztien lokarriz. Batasun guztia lortzen ez bada be, alkarrengana urreratzeak biderik erdi egingo deusku.

Beste izkuntzak —erri aurreratuen izkuntzak— aspaldi egin eben ori. Geienak Estaduak beartu ebazan, goitik beera aginduaz. Eta ez eben olako jokabiderik artuko, izkuntzearen kalterako izan balitz. Eta Estadurik ez daben erriak, zibilizaziñoz aurreratuak direan erriak, euren kabuz artu ebezan erabagiak. Esate baterako, katalanak. Eta literatura aberatsago bat izatera lagundu deutse; eta izkuntzeari berari be, kultura maillan, bestelako goitasun bat emoten deutse.

Literatura izkuntzearen batasuna, erri guztiak, tradiziñozko literaturatik eta errien izkuntza biziaren tartetik aurrera joaz, egin dabe. Izkelkien gaiñetik indar-barritu izkuntzea, izkelki euren muiña izan dadin.

Erri baten lokarriak gordetzeko, izkuntza literario bat bear da. Ta euskalkien indar guztia be, batasun orren bidez emon bearra daukagu. Ta batasuna izan dadilla euskalki guztien iturburu lez.

Euskerea, edozein izkuntza bere egoera naturalean lez, denporeagaz aldatuaz, euskalkiak alkarrengandik urrunduaz, zatituaz, pikortuaz doa, suntsitu arte. Lenago alkarrengandik urrago egozan-euskalkiak, izkuntza desbardiñak lez azaltzen jakuz gaur.

Euskerearen enborretikako adarrak lez dira euskalkiak; ta adarrak sano izango baditu, enbor sendoa ta osasuntsua bear dau. Euskera batuaren sendotasunak, obeto gordeko ditu euskalkiak be. Alkarri begira ipiñiaz.

Erri-izkuntzak dauken indar berezia, gorde bearrezkoa jaku. Bai orixe! Al dala, euskalki-adar bakotxak bere literatura apur bat bear dau, batasuneko literaturearen lenengo maillak irakatsiko dituana, gorago jo nai dauanarentzat bideak zabalduko dauzana. Baiña kulturadun euskaldun batek, euskeran zerbait kulturadun izango bada, bearrezkoa izango dau literarioa ezagutu bearra. Baita be, euskera literario ori izango da beste edozein euskalki obeto ezagutzera eltzen lagunduko dauan zubia; ta bide batez, erriak alkarrengandik geiago sakabanatzen lagako ez dauan lokarria.

Erri baten egintzarik nagusienetariko bat da literatura indartsu bategaz jabetzea. Izkuntzearentzako aberastasunezko bizibide barri bat da, kemena ta indarra emongo deutsazana. Ta gure txikitasunean, ain bearra doguna.

Batasunak, euskaldunok, anaiagoak egingo gaitu. Liburu, idazki, aldizkari ta abarren zabalkunde aundiagoa izango geunke.

Euskaltzaindiak, aurten, bere urre ezteguak direala-ta, literatura euskerearen batasuna artu dau elburutzat, gaurkoz premiñazkoena iruditu jakolako. Baiña Euskaltzaindiak berak bakarrik eroan eziñezkoa da, alperrik izan alkarte orretan euskal idazlerik geienak. Orretara, gure guraria da, Euskaltzainditik aparte —naizta Euskaltzaindiari bere lan onetan laguntzeko izan— euskal idazle guztien batzarrak egin, estudiozko batzarrak, batasunaren gaiñean oraiñarte egin direan lanak estudiatuaz, idazle bakotxaren eritxiak jasoteko eta —al dala— alkartasunera eroan al izateko. Bertako erabagien barri, «Gerediaga» alkarteak Euskaltzaindiari emongo deutso, bere erabagietan aintzat artua izan dadin idazleen eritxia. Gero be, idazleak izango dabelako azkenengo berbea literatura euskerearen batasunaz.

Orain da ordua bakotxak bere eritxia emoteko. Orain ordua, alkarren eritxien barri jakiteko. «Gerediaga»k emoten deutse idazle guztieri aukera au.

 Oarra: Ondorengo egunetan emongo doguz alkarrizketen zuzendari izango direanen izenak, eta beste zenbait barri, erabilliko direan gaietaz.

«GEREDIAGA» ALKARTEA


Erriz erri

Arantzazu

ZERUKO ARGIAREN txokotxuren baten iñoiz azaldu dot erri onetako gaztediaren egarri gorria. Batzoki bat gura izan dabe, ta jabetu dira beragaz. Domeka arratsaldeetan erriko andra elduak be batzartuten dira bertan eta benetan pozik jokatu be, iru-lau txakur mai gaiñean jarririk. Batzoki onetan euskal-erderazko liburutegia jarri gura dabe, eta ementxe dot eurentzat erositako Kirikiñoren ABARRAK. Beste iñok ete dauka besteren bat?

Batzartoki au zelan dagoan eta gaztedi urduri onen jokaerea ezagutugura biziagaz bertaratu nintzan maiatzaren 18'an, zapatu illunabarrean; eta a zan poz zirristadea artu nebana! Ogei bat neska-mutil egozan mai inguruan, buruak alkar ioten, arreta andiagaz izketan eta entzuten, Modesto, Beasaindar apaizgaia, euskaldun jator eta txistulari trebea maiburuko zala. Eta mai gaiñean zer? Gure Modestok eroandako ANAITASUNA pillo ederra, erritarren artean ezagutzera emoteko. Txalogarriak benetan, Modestoren lan ongarri ta burutapen argia. Eta Puri Ipiñagaitik be, ezin gitxiagorik esan.

Neskatilla kiriotsu au da ba, beronenak dauzan piper eta gatza alkarturik, sei arpidedun egin dituana, eta geiago egiteko itxaropenez bizi dana. Egon ete zara, Puri, auzotarra dozun Simonegaz, osaba Eugeniogaz (dendako ate aurrean zeregin barik egoten dan uneetan, polito irakurriko leuke onek), Olarrako andra-bildurrez urteetan aurrera doan M. Artetxe ta onen lengusuagaz, J. Zuazo, Justo Ibarra ta besteen batzukaz? Zabaldu barriro be sareak, eta ea nire izenean be arrapetan dozun arraintxuren bat, Kele'k arrapetan dauzan lako andi ederrak.

 Jontxu ta lagunak, eguna zabaldu zanean, kukua oraindik lo egoala, Mandoiarako bidea artu eben, emendik Begoñako Amarenganaiño oiñez egiteko asmoz; beste batzuk Gorbeara bidean jarri ziran; eta ogezaleak, errizain gelditu zirean.

Aurrera ba, Arantzazu; eta aurrera, Puri. Euskaldunak itzartu eta euskerea indartsutu arte, ez egon geldi.

A. LANDAJUELA

Mendexa

Mendexan ba dira oso ederto abestuten daben gazteak, batezbe Iturraspetar anaiak eta Guenagatar anaiak.

Igokunde egunean, umeen lenengo gure Jauna artzea egon zan; eta egun orretan ume oneen etxeetan aparteko bazkaria egiteko oiturea dago, etxekoak, senideak eta lagunak batuta.

Abeslari gazte oneek, bazkaldu ostean, etxerik etxe asi ziran euskal abestiak abestuten, zarrak poztu ta alaitu, eta gazteetan euskal zaletasuna zabalduaz.

Lenengo, Agarre baserrian asi ziran. An bizi da Guenagatarren amama zaarra, Petra Gabiola, bere 84 urtegaz; eta egun orretan, an zan Lekeition bizi dan bere neba Joan be, 87 urtekoa, lobatxuaren lenengo Jauna artzeko eguna ospatuten etorrita: biak, euskalzale amorratuak. Abestu eutseezan, ba, makiñatxu bat abesti gozo; eta eurak ainbeste urtean entzun barik egozan euskal abestirik, eta lilluratuta negar egiten eben biak. Eta azkenean, eurak asi ziran aintxiñako kanta zarrak abestu eta kontu zarrak kontetan; gazteak be, pozik egon ziran eurai entzuten.

Gero andik Akarregi baserrira joan ziran gure abeslari gazteak; eta azkenean, Uskola baserrian naikoa abestuta, jentea pozik itxita etxeratu ziran.

ANAITASUNA aldizkari onen bidez, artu eizuez guztiok gure zorionik beroenak; baita lenengo gure Jauna artzea egin daben umeak eta euren gurasoak be; eta azkenik, Joan eta Petra nebarreba euskalzale jatorrai, euren beste lobatxuen lenengo gure Jauna artzeko egunak eltzen diranean, olakoxe egun alai ta pozgarriak igaro daiezala opa deutsegu.

TXAKARTEGITAR JOSE

Zurbaran-Bilbao

Zurbaraneko Sakramentinoetan, igande ta iaietan, goizeko amarretan dogu euskal mezea, bigarren urte onetan.

Abestiak eta otoitzak danok batera egiteko, «multikopistearekin» gertatzen deuskuez orri batzuk; eta onan, mezatara joaten dan bakotxak bere papera dauko eskuetan.

Oso ederto irakurten dauz erriak «sarrera», «koru kanta», «eskeintza» eta «jaunartzerakoa»; eta abestiak, zer esanik be ez.

Beste eleizetako euskal mezetan, ez dakit erriak zelan parte artzen dauan otoitzetan.

Gure eleiza onetan, mezak naiz erderaz naiz euskeraz izan, erri guztia dago olako orriakaz; eta gaiñera, gizonezkoak zuzentzen dabez meza geienak. Euskerazkoa arteztuteko, gizon bi doguz: bata jatorra, eta bestea euskaldun barria.

Onelan, edozeiñek zuzendu leike mezea, fraille edo abade izan bear barik; eta gaiñera, abadeak eurak asti geiago euki leikee, euren zeregiñak obeto betetako.

Zoritxarrez, gu, geienok beintzat, sasi euskaldunak gara. Au ezin leiteke ukatu. Orregaitik, nire ustez, gure ANAITASUNAK dei gartsu bat egin bear leuskioe abade euskalduneri: lenengo, gure orritxuen antzekoak egin eta zabaldu daiezala euskal mezetan: aukerea emon erriari, irakurten oituteko. Eta bigarren, meza zuzendari gizonezkoak izan daitezala. Aita Santuak, kaleko gizonaren laguntasuna eskatzen dau.

Gure eleiza onetako arduraduna, Aita Jose Antonio Labaka dogu; eta onek, nik baiño obeto, beste azalpenik bear izan ezkero, pozik erantzungo leuke. Bere urrutizkiña: 21 43 93.

Nik neuk, ozta ozta idazlea izanik, ANAITASUNAREN pentzutan ipinten dodaz azalpen oneek.

X. X.

Eibar

Eibarko parrokia guztiak eratutako sozial kursilloa, guztiz interesgarria izan da. Gaia, Gizonaren Eskubideak. Ain zuzen be, aurten ospatuten dogu Gizonaren Eskubideen Autorkizunaren ogeigarren urteurrena. Astean astean, barikuetan, gizonaren eskubide bat azaldu da. Zazpi berbaldi, guztitara. Ona emen programea:

 Giza eskubideen autorkizunaren historia ta gaurkotasuna.

 Personea ta askatasuna.

 Alkartzeko eskubidea.

 Sozio-ekonomiari buruzko eskubideak.

 Politikan parte artu ta erri-eritxia agertzeko eskubidea.

 Minorien edo enda txikien eskubideak.

 Gizonaren eskubideak lortzeko bideak.

Maiatzaren 26'an umeen euskal jaia ospatu zan.

Bezperan, zapatu gauez, Astelena pelotatokian jaialdi eder batek emon eutson asikerea. San Antongo orfeoiak, Benito Lertxundik, Estitxuk eta Idoia Garmendiak, euskal musika jardunaldi atsegingarri bat eskiñi euskuen. Gaur gaurko abestiak, eta euskeraz. Jente asko.

Ta domekan, Eibarren batu ziran bertako ta inguruetako umeak. Txistulari ta dantza taldeak be, ugari. Euskal giroa alderdi guztietatik. Baiña ainbat umeri itaundu neutsen: Euskeraz ba dakizu? Ta erantzuna: No sé.

Gure errietako euskal jaiak ez ete dauke zerbait geiago, sakonago, euskal jantzi orreek baiño?

Arrate

Urtero lez egin zan Arraten, Peli Aldazabal zanaren oroiz, Eibarko «Esparrua»k eratutako umeen euskal sariketea. Aurtengo au, seigarren aldiz, bagillaren 2'an izan zan. Mailla bitan egin zan: zazpi urterartekoak eta amalaurartekoak, euskeraz irakurri eta idatzi nok obeto egin.

Nagusien maillan (14 urterartekoak) 49 neska-mutikok artu eben parte. Iru falta baiño gutxiagogaz gelditu ziranak, zortzi izan ziran, era onetan klasifikaturik:

1. Erramon Agirre, donostiarra, 13 urte.

2. Odile Kruzeta, eibartarra, 10 urte.

3. Gorka Setien, 10 urte.

4. Jose Alberto Gorosabel, 9 urte.

5. Jon Gotzon Arrese, 14 urte.

6. Gema Jayo, 8 urte.

7. Maria Pilar Beristain, 8 urte.

8. Margarita Castrillo, 8 urte.

Gaiñerako guztiak, iru faltatik gorakoak, mailla bardiñean ipintzen dira.

Txikitxoen maillakoetan (7 urterartekoak) 61 neska-mutikotxok parte artu eben. Egitada errezago batean, ondorengo amalaurak gelditu ziran aurrerengo:

1. Lorea Iriondo, 7 urtekoa. (Nungoa zanik ez eben ipiñi, baiña elgoibartarra ei da).

2. Yone Miren Larrañaga, debarra, 7 urte.

3. Miguel Angel Ruiz, 7 urte.

4. Kauldi Arostegi, 7 urte.

5. Milagros Aristi.

6. Iñaki Odriozola, 6 urte.

7. Imanol Bergara, 7 urte.

8. Juan Ulazia, 7 urte.

9. Iñaki Arrizabalaga, 6 urte.

10. Alfredo Albizu, 6 urte.

11. Begoña Aizpurua, 6 urte.

12. Maria Lurdes Peñalba, 6 urte.

13. Eskarne Fuldain, 6 urte.

14. Miren Itziar Arrieta, 7 urte.

Gaiñerako guztiak, lau faltatik gorakoak, klasifikaziño bardiñean lagatzen dira.

Sariak banatzea bagillaren 21'ean izango da Eibarko «Teatro Amaya'n», egun orretan gabeko amar t'erdietan egingo dan jaialdi batean.

Nagusien maillakoetan lenengoari: 3.000 peseta, txapela ta kopea (Eibarko Udaletxearen kopea). Bigarrenari, 2.000 peseta. Lenengo eibartarrari, Salaberriaren kopea.

Txikitxoetan lenengoari: 2.000 peseta, txapela ta Eibarko Udaletxearen kopea. Bigarrenari, 1.000 peseta. Gaiñerako guztientzat, Arraten bertan zabaldu ziran euskal liburuak.

Sara

Lapurdiko erri zoragarri onetan, bertsolari txapelketa aparteko bat izan genduan, maiatzaren 19'an.

Goizeko amaiketan, meza nagusia. A bai erri-meza ederra, bertsolari ta guzti. Neska-mutil koskorrak aurrean, erriko alkatea, parroko jauna gidari, erritar gizon mardulak inguruan, emakumeak... eta danen aurrean gure bertsolariak. Eurak egin eben meza-eskeintzea bertsotan. Eurak, epistola edo irakurgaia. Eurak, «mementoa» eta ia dan dana. Bai entzuleak pozik egon be. Arrituta egozan, ikusi ta entzuten ebenagaz. Baiña bai eurak, saratarrak be ondo eta sendo abestu. Parroko jauna arro izango da nunbait alako eleiztarrakaz. Onezkero joango jakon barruko kezka ta bildurra, alako meza barrirako baimena emon ebalako. Geu be malkoai eutsi eziñik gengozan, gure ondoan ain erri euskalduna ikustean.

Azkena emon geuntsanean, udaletxe edo aiuntamenturakoa agindu euskuen. Eta ara jo genduan. Ain zuzen be, saratar bik museko txapelketea atara eben. Ardaotxua eta alkatearen itzaldi zoragarria. Paul jaunak, gozaro erabilten dau euskerea. Gizon argia, eta bere erria esku ezkerragaz erabilten dakiana. A itzaren jario gozoa, eta axe gizonaren gizarte mamiña!

Andik, Trinkete jantokira. Bazkaltzera. Oparo emon euskuen; eta barriketa zaratatsuak azaltzean..., oi dan lez, amaitzeko, bertso saltsea. Sarako gazte jatorrak lenengo: benetako bertsolariak, alaiak, gogotsuak. Gero, beste edonok. Egon nintzan garai baten, bertsoak bertan eurena emongo ebelakoan. Baiña ez. Gerorako be geratu jaken zertxubait.

Eta gero, pelotatokira, txapelketa berezira.

Hernandorena jaunak esan euskunez —eta berak gertatu eta zuzendu dau jaialdi eder au— Bizkaia ta Lapurdiko berbetearen artuemonen asiera edo sorkundea da gaurko au, urrengoan Bizkaian egiteko asmotan.

Ara Hernandorena jaunak eratutako txapelketearen azalpen batzuk:

Lau bertsolari, bikote biñan: Bizkaia, Lopategi-Azpillaga; Lapurdi, Xalbador-Mattin.

Bikote bien puntuak zenbatu, eta nok-geiagokoa ikusi. Saria, kopa eder bat. Baiña ez otsera irabaztekoa. Bitan irabazi bear da. Gaur emen eta gero Bizkaian datorren urtean, ikusi egin bear da ze alde dagoan bertsolari bikote bien artean. Parisen be ekitaldi bat egitekoak ziran; baiña ezin aurtengoz.

Orrez gaiñera, urrezko moneda bi be ba ziran saritzat. Bata, gai bati buruz, iru bertso on eta gorenengoentzat. Eta, arratsalde osoan, neurririk gaillenenekoan esandako bertso saillari, bestea.

Xalbador eta Lopategirentzat izan ziran. Izan be, aipatzekoak izan ziran Xalbadorren iru bertsoak, erbestean bizi dan baten errimiña azaltzeko esandakoak. Alan be, gain gaiñean eban Lopategi, adi, akats txikienen batek urten ez eion.

Ez baiña. Laurak ondo eta sakon, giartsu eta burutsu azaldu jakuzan. Lopategi ziur, egun osoaren buruan. Eta maikoak? Epaille edo juezak? Axe bai, benetasun eta zintzotasunari lotsea eta lotzea! Epaiketa jatorra eta gaurrarte ikusi ez dan lakoa. Bederatzi epaille, iru maietan banandurik, Bizkaia, Gipuzkoa ta Lapurdiren ordezkari. Irukote bakotxa bere lanari esituta, era onetan: Bertso puntu ta joskerea ikusteko: Itzaina (L), Bordari (G), Arregi (B). Mintzaira edo euskerea: Larre (L), Aranalde (G), Azpiri (B). Gaia: Lafitte (L), Ayalde (G), Arantzamendi (B).

Lenengo mai bietakoak, amarna puntu emon eikioezan, gitxienez, bakotxari bertsoko. Eta irugarrenkoak, gaia zaintzen ebenak, amabost. «Xistema barria» jarri izan da oraingoan; eta, diñoenez, zuzentasuna agiriago gelditzen ei da onela. Utsak uts, pozik urten ei eben dan danak.

Ona emen azalgarri batzuk. Urrezko monedearentzako puntuak:

Xalbadorrek 280,50

Lopategik 279

Azpillagak 228,50

Mattinek 228,50

Azkeneko biok, bertso entzungarriak esanarren, gaitik kanpora urtenda ibilli ziran, apur bat.

Eguneko jardunean:

Lopategik 1.294

Xalbadorrek 1.289

Mattinek 1.235

Azpillagak 1.189

Azpillagak ez eban bere egun eguna izan, ondotxu egonarren be.

Ea ba, datorren urtean Bizkaian ikusi al izaten doguzan. Biotzez eskertuko geunke Hernandorena jauna. Agur!

ARANTZAMENDI


Garrantzi andiko liburua. "Gizadiaren historia"

Agiri barria da Frantziako liburutegietan, «L'Histoire de l'Humanité». Liburu oso interesgarria. Bere egillea, UNESCO, Edukaziño, Jakintza ta Zientziarako Organizaziñoa, Naziño Alkartuen menpean diarduana.

 «Paris-Match», Frantziako astekari ospetsuak emoten deusku liburu onen barri.

Ideia Londresen sortu zan, guda denporako bonbardamentuetan; eta 1946'garrenean UNESCO sortu zanean, organismu onek artu eban bere eskuetan asmoa. Egia esateko, olako organizaziño batek bakarrik egin eikean ondo eginkizun astun au. Munduko naziño guztiak ornidutako gaiak batu; historilariak, artistak, teologuak, arkeologuak, lurralde danetariko jakitunen informaziñoa pillotu, erkatu ta atondu: ikaragarrizko lana.

Naziño arteko komisiño bat eratu zan, gizadiaren kulturea eta zientziaren asikera ta zabalkundea gizaldietan zear estudiatzeko. Bearbearrekoa zan, historia au bere alderdi unibersaletik ikustea, oraiñarte agertu diran historia liburueri jaramon andirik egin barik, oneek beti aberrikoikeriaz egiñak izaten baitira. Orrez gaiñera, liburu barri onek erakutsi bear eban, historiako gorabeerak, gudaldiak, erregeen egitadak eta esakuntzak, eta erregiñen abaniku erabilketak baiño garrantzi guztiz aundiagoa daukela gizonaren aurrerapide ta deskubrimentu andiak eta txikiak. Alkarreganatu erri bakotxak bere aldian eta bere lur zatian historiarako ipiñi dituan arriak: orixe zan lanaren asmoa.

Historiaren unada edo atal berezi bakotxa, munduko jakitun garaienen ardurapean ipiñi zan. Inglesak euki dabe Prehistoria, Italiarrak Aintxiñatea, Frantsesak Erdi Aroa, Amerikanoak «Argi Mendea», eta abar. Egindako idazlan guztiak, UNESCOn parte diran naziño guztietara bialdu ziran. Eta ementxe dago liburuaren berezitasuna. Naziño bakotxeko espezialistak euren aburua agertzen dabe gai guztietaz eta idazleen eritxiak diskutidu. Ortik sortutako ojeziñoak eta eztabaidak, liburuko artikuluen ertzean agertzen dira. Irakurlea gelditzen da epaille. Esate baterako, «erriak euren buru izateko eskubidea» azaltzen dauan artikuluaren ertzean, sovietar historilari batek diskutietan dau amerikanoaren eritxia. Eta esan be bai, Wilson Presidenteari Lenin aurreratu jakola.

Liburu aundi au amaituteko, amabost urteko lana bear izan da. Gaur egunean, ingles, greko, esloveno ta servo-kroatan be argitaratu da. Laster izango da, beste izkuntza askotan be.

«Gizadiaren Historia» onek ba dauko anbiziño bat: irakatsi gizoneri, euren «len» aren alkartasuna daukela, eta orrexegaitik euren «gero»arena be bai.

ARTZA


Irakurleen eritxiak

Euskerea ta euskalkiak

Ez dago zetan esanik, euskaldun guztiok, euskalki edo dialektuen ordez, euskera bakar bat bagendu, gauza guztiz onurakorra izango litzakela. Ba al dago iñor, batasun au gura ez dauanik? Ez dot uste, zentzunduna izanezkero. Zelan erabagi au artu? Zeintzuk bideak erabilli? Zein euskalki oiñarritzat artu? Erriak onartuko ete dau? Bat batean edo epetan egiteko lana al da?

Ona emen bakotxak egin bear dituan itaunak. Nok marapillo au askatu? Euskaltzaindiak, idazleak ala erriak? Irurak batera? Ez da erreza, auzi au ebaztea.

Aurten, Euskaltzaindiaren berrogetamar urtebetetzea ospatuten dogu. Au dala-ta, Oñatiko Ikastetxe Nagusian, batzar aundi bat izango dogu, euskerearen batasunari buruz. Zegaitik ez zabaldu, euskaltzale guztien artean, orri batzuk, itaunka, arazo bneri zer deritxoen? Onetara, danon eritxiak izango gendukez; eta erantzun guztiak ikusirik, erabagi egikor bat artu al izango litzake.

Ni, iñok eskatu barik, ene eritxia apalkiro azaltzera noatzue, euskerearen onerako dalakoan. Irakurri, arren, gogo onez.

Bizitzara etorri giñanean, amaren eta etxeko izkerea ikasi genduan, leenengoz. Gero, kalera urtenda, kaleko izkuntzea erabilli genduan. Eta urren, ikastearen bidez, leendik ikasitako berbetea orraztu, osotu ta aberastuten saiatu giñan.

Euskerearen batasunaz be, beste orrenbeste jazoko dala uste dot.

Erriko euskerea, amagandik eta etxean ikasitakoaren antzekoa dogu. Euskalki berbetea ta txikitan kalean erabilli genduana, batera doaz. Eta azkenez, euskaldun batzuk, ikastearen bidez, orraztu, osotu ta aberastu egiten dogu dakigun euskerea, euskera batu bat lortzeko.

Auxe da, berez jatorkun bidea. Egun bateko bidea ez dala? Jakiña. Leengo biak jakin bear dirala, irugarren maillea lortuteko? Bai orixe.

Zein da Euskaltzaindiaren arloa? Euskalkien bardintasunak onartu, eta ezbardintasunak beste dialektuetan jarri.

Zein da idazleen zeregiña? Norberaren euskalkian idatzi, tindika tindika besteenak geituaz, euskera osoa lortu arte.

Zein da erriaren lana? Euskaltzaindiaren eta idazleen esanak betetu ta ontzat artu.

Urteak bear dirala orretarako? Jakiña. Menderik mende darabilguzan euskalkiak ezin dira egun baten baztertu. Gaiñera, iñoren euskalkia gitxietsi barik, euskera osoa eskuratuko genduke, iñorena zapaldu baga.

Zer deritxazue? Bide obarik bada, agertu bedi. Baiña kontuz, ez gaitezan etxea egiten teillatutik asi; bestela, guztia juasiko da-ta.

 Geigarria. Xabier Gereñok ez dau euskera garbia onartuten. Zegaitik ez, garbia, erreza ta gozoa izanezkero? Garbitasunak, bere erak ditu: ulerterreza, joskera berebizikoa ta jakingarria.

Mundakar bat


Bertsolarien Txapelketa Nagusia. Bertsolarien jokabide barria

Bearbearrekoa da, Txapelketa Nagusi baten bertsolarien larritasuna al danik geien arindutea.

Izan be, ez dogu bertsolari bakar bat aurkituko, txapelketearen aurretik larri sentietan ez danik. Eta gure ustez, Basarri bera be txapelketatik urrundu bada, larritasun orrek dauko errurik aundiena.

Ez da arritzekoa. Zenbat eta goragoko maillan egon, larritasun geiago eukiten dau bertsolariak. Eta danok dakigu, larritasun orrek gizonaren aalak auldu ta gitxitu egiten dituana.

Zelan arindu bertsolarien larritasuna

Gure eritxiz, bide bat bakarrik dago: Goizeko ekitaldia kendu, eta lagunarteko bazkari baten ostean jokatu.

Bazkal denporan bertsolariak alkarregaz jarduten dabe, euren gogo-biotzak astinduten eta txurrut egiten. Orduxean dagoz prest eta sasoian, bertsotan asteko.

Bardin bardin da: Pelotariak, eskuak berotzen dabez, partidua asi orduko. Bertsolariak, bazkal denporan emoten dituen bertsoakaz berotzen dira eta entrenatzen, gero txapelketara agertzeko.

Eguzkia maite dauan landara batek, ez dau lora politik emongo itzaltegi baten. Eta goizeko kafe utsa edo ardao zuri erdia, leku illuna da bertsolarientzat.

Txapelketea, beraz, bazkari eder baten ostean jokatu bear litzake.

Gaietako suerte onak edo txarrak ez daiala jokatu

Txapelketea ez da jokatu bear, bertsolariak euki leiken suerte onaren edo txarraren zalantzeagaz.

Bertsolari bakotxaren nortasuna, bata besteagandik guztiz desbardiña da.

Batzuk, zirtolariak dira; besteak, gai serioak, sakonak eta sentikorrak maite ditue.

Konparaziñoz: Atzelari dan pelotari bateri jokoa aurreko txokoan egin ezkero, pelotari ori txarto ibilliko da. Bardin bertsolaria. Gai irrikorrak maite dituana, ez da ondo ibilliko gai serio ta sakonakaz.

Gaiñera, biñaka ipinten doguzanean —gaia irrikor edo serioa izan— alde aundia dago bakotxari emoten jakon gai edo ofizioan.

Ejenplu bat. Gipuzkoako txapelketa baten ostean galdetu eutsoen Gorrotxategi bertsolariari: «Gaurko saioketan suerte ona ala txarra izan dezu?» Eta berak erantzun: «Oso makurra (txarra). Gaia oso zailla (gatxa) nuan. Gaiñera, gaur egun zekenak (aldarte txarrak) galdu nau. Ortan gorabeera aundiak izaten ditut».

Eta Garmendia txapeldunak barriz, zera erantzun eban: «Egun zori egundokoa (sekulakoa) eta sasoia izandu ditut».

Eta guk galdetzen dogu: Gaiak aldatuaz, ez al zan txapela buruz aldatuko?

Orregaitik, suerte onak edo txarrak ez leuke iokatu bear txapelketa baten.

Eguneko aldarteak ez dau erabagi bear txapelketea

Bertsolarieri entzuteko oiturea daukon edozeiñek daki, ez direala egun guztiak bardiñak izaten. Euren aldiak eukiten dabez bertsolariak. Pelotari batek eukiten dauan eran: egun baten ondo, urrengoan ez ain ederto.

Eta gogaldi txar ori edozein bertsolariri gerta leitekio txapelketa baten. Eta orduan jazo leiteke, goigoiko maillako bat atzean gelditzea, eta azken maillakoa aurrean geratzea.

Olakoren bat jazo ez daiten, bi edo iru saioketatan jokatu bear litzake txapelketea; eta txapeldun izango da, saioketa orreetan puntu geien irabazten dauan bertsolaria.

Txapelketea era onetan jokatzen bada, bertsolariak nasaiago etorriko dira, eta merezi dauan bat izango da txapeldun.

HERNANDORENA


Euskerazaleak. Euskera erabilte aldeko Alkartasuna. "Umeei euskera irakasteko metodu" onenari 50.000 pesetako saria Bizkai-Erasketxeak emona

1. Irakurten jakin arren, gramatika arloan makal dagozan euskera ez dakien umeei euskera irakasteko egokia izan bearko dau metodu orrek. Umeon adiña, 6-10 urte.

2. Metodu ori, mamiñez, begi-ikustez ikastekoa izango da, gramatika azalpenik bagea, dibuju errez, soillez ta kolore bakarrez egiñiko irudi ugari dauana. Egilleak dibuju orreik egiteko esku ta aukerarik ez baldin baleu, lauko bakotxari dagokion gaia iragarri begi.

Dibujuen edertasuna berenez ez da aintzat artuko sari-maillarako, ba «Euskerazaleak», bai textua ta bai irudiak zuzentzeko edo obatuteko eskubidedun dalako.

3. Irakaskera onetako iztegia ta esanaldiak, adin orreitako umeak euren artuemonetan oi dituen esakera ta esanaldiak izan bearko dabe.

4. Iztegi orretako berbak 700 baiño geiago ez bearko, ta guztiak, esan dogun lez, umeak oi dituenetarikoak. Izkeran, ez garbikeririk ez mordoillokeririk, bai bion arteko; ta bizkai-euskalki literarioz egiña.

5. Metodu orren neurria, tipografi taiu 12-koaz, laugarren tamañuan 80-tik 100 orrialdeko liburua egiteko aiñakoa.

6. Barri-barria izatea ez da premiñazko; leen direan metoduak egokitu leitekez, euskerazkoak ala beste izkuntzetakoak; baiña gorago izentau direan zerzeladak bete bearko ditue, ta premiñarik balitz, argitaltzeko baimena izan be bai.

7. Metodu-gaiok, izenordepean bialdu bearko —izena ta abar estalki itxian— zertifikaduz, ta artze-erantzupenaz, aurtengo Urriaren 1-goa baiño leen, toki onetara: «Euskerazaleak», Vda. de Epalza, 12, 2.º, Bilbao-5.

8. Batzaldiko epailleak: «Euskerazaleak»-en ordezkari bat, Euskaltzaindikoa; Bizkai-Erasketxearen ordezkari bat eta iru ume-irakasle euskaldun, adin orreitako umeei irakasten jardun izan dabenak ain zuzen be.

9. Epaimaiak beranduen, Urriaren 15-garrenerako emongo dau epaia, ta aurretiaz adierazoko dan eginkizunean agertu be, ta jarraian Bilboko egunkarietan.

10. Saria itsu itzi leiteke; ta orduan, urrengo bateko batzaldi bardin edo antzerakoan eskiñiko da.

11. Pozgarri izan dakien, meritu naikoa daben lanen egilleei 5.000 pesetako sari banaak eskiñi al izango deutsez Epaimaiak.

12. Metodu sarituaren textuaren jabe «Euskerazaleak» geratuko da, ta Bizkai-Erasketxeari argitaltzeko baimena emongo deutso, onek baderitxa ta gura dauan giñoan; «Euskerazaleak» berenez egin legizan argitalpenak eragozteke.

13. Lan sarituaren egilleak, argitalpen guztien gain izango ditu bere egille-eskubideak; duban emoteko egiñiko argitalpenen gain izan ezik.

14. Saritubako lanak egilleei biurtuko jakez, «Euskerazaleak» alkartasunaz egiune berezia lotu ezik.

Bilbon, 1968 maiatzean


Erreboluziñoa ta Camilo Torres

Argentinatik urten egin dabe Espaiñiko abade batzuk.

Batzuk esan dabenez, andik kanpora bota ei ditue. Beste batzuk diñoenez, Argentina itxi daiela eskatu ei jake. Abadeak eurak, ez ei ebela an apaiz lanean jarraitu gura: au be esan da.

Euren itzaldiak eta sermoiak nastatzailleak, erreboluzionarioak ei ziran. Zurrumurru orreetan, Camilo Torres be aitatzen da. «Camilo Torres» talde asko ei dagoz Latiñamerikako naziño batzuetan.

Oraintsuko barri oneen oiñarria ez baita ain segurua, jazokera oneen gaiñean ezin leiteke aurretik emon eritxi on bat. Auxe esan leiteke ziur: Latiñamerikako kristiñau talde batzuk, obispoak be tartean direala, erreboluziño berbea gero ta errezago onartzen dabela.

Baiña zer esan gura dau erreboluziñoak? Zelan ulertu bear da berba au? Zelan ulertzen eban Camilo Torresek, Colombiako abadeak? Bere pentsakereak eta ejenpluak bizitasun andia emon deutso kristiñauen kontzientzia barri oneri.

Bere ustez, geienen eskubideak urten bear leukee nagusi. Geien direanak, naziñoko maioria egiten dabenak egon bear leukee aginduten. «Geienak geu bagara eta demokrazian siñisten badogu, geuk euki bear geunke aginpidea, geienak osotzen dogun talde onen alde gizarteko aldaketak egiteko. Onexeri deitzen deutsat nik erreboluziñoa; eta au lagunurkoa maitatzeko bearrezkoa bada, kristiñauak erreboluziñozale izan bear dau».

Demokrata batentzat, minoria baten aginpidea erriaren eskubideen kontra doa, maioriaren gurari ta bearrizanen aurka doa.

Lagunurkoa maitatu bear bada, zelan onartu leitekez ainbeste injustizia sozial sortu eragiten daben egiturak, estrukturak?

Kasu onetan, estruktura barrien alde egon bear da. Erreboluziñoa, olan ulertu ezkero, ona dala uste dogu, kristiñau kontzientzia barri bat formatzeko.

Izan be, gaurko gizarteko injustiziak kondenatu egin bear dira. Ezin geintekez erreforma txikiakaz konformatu. Zentzun onetan, Camilo Torresen jokabidea ona da. Kristiñauak, lagunurkoa maitatzeko agindua dauko; baiña agindu ori, politikan be bete bear da. Camilo Torres onetan, profeta bat izan da.

Baiña ba dago beste puntu bat, aaztu ezin geinkena. Camilo Torresek nai eban erreboluziñoa egiteko, edozein bide ona ete da? Camilo Torres, bere politika bizitza laburrean, ez zan agertu biolentziaren aldeko. Ona emen zer esaten eban puntu onetan: «Biolentziari buruz geure eritxia agertu bear badogu, argi ta garbi auxe esan bear dogu: Ez dogu nai biolentziarik, ez dogu nai indarrezko biderik; aginpidea gura dogu maioriarentzat».

Illabete batzuk geroago, Colombiako Erriaren Frente Alkartuan indar geienak organizatzeko bere alegin guztiak alperrekoak zirala ikusirik, Camilo Torresek, iñok uste barik, gerrilleroen artean sartzea erabagi eban. Denpora gitxi barru il zan, ejerzituko soldaduen balak jota. Camilo Torres jakiñaren gaiñean joan zan mendira, gerrilleroen artera; prest egoan bera, kristiñuatzat eukan erreboluziñoagaitik ilteko. Bere bizia emoteko prest egoan, baiña iñor ilteko gerturik ete egoan?

Bere bizitzan zear begitu, ta bere idazkiak aztertu ostean, ori beste gauza bat dala esan leiteke. Camilo Torres, benetako kristiñaua zan. Barru barruan sartuta eukan «ez dagoala maitasun andiagorik, lagunakaitik bizia emoten daunarena baiño».

Arerioa, kontrarioa il bear dala konbentziduta egoala esatea beste gauza bat da. Orregaitik, Camilo Torres il ez balebe, izango ete zan gudari on bat, itz onen zentzun osoan? Iñor ilteko kapaz izango ete zan?

Agertuko ete dira bere antzeko kristiñauak?

Camilo Torresen jokabideak argi asko egin leiskio kristiñau biotz zabal askori, justiziaren aldeko erreboluziñoan gaur ze medio erabilli leitekezan ikusten.

Kasu konkretu baten erreboluziñoa bearrezkoa dala konbentziduta dagozan kristiñau askorentzat, Camifo Torres ikasbide argia izango da.

(EL CIERVO aldizkaritik artua)


Frantzian. Ikasle progresistak

Frantziako ikasle progresistak, langille ta ikasleeri Unibersidade barri baten oiñarriak eskeintzen deutseez. Unibersidadea, erriak zuzendu daiala ta erriaren serbitzurako izan daitela.

Ona emen programea:

• Irakaskintzeak adimen lana ta esku lana alkar lotu bear dauz. Ikasleak, urtean zear, illabete batzuk lantegi ta baserrietan bearrean igaroko ditue. Olan, euren bizitzea aberastuko dabe ta, beste gizonakaz alkartuta, gizartearen alde jokatuko.

• Unibersidadeak ateak zabalik eukiko dauz, euren ikastaldiak jarraitzeko asmoa daben langilleentzat. Erri osoak euki bear dau sarrera Unibersidadean.

• Goi maillako irakaskintzan, langilleen semeak eunetik berrogetamar baiño geiago izango dira.

• Goi maillako irakasle ta euren laguntzailleak, denpora zati baten, langilleeri euren ikastaldiak aurrera eroaten lagunduko deutsee, ta batezbere nekazarien alfabetatze lanean parte artuko dabe.

• Irakaskintzako gai asko arindu, ta bearrezkoak ez diranak kendu egingo dira. Esamiñak be, beste era batera izango dira.

Programa au aurrera eroateko, ikasle progresisten, langilleen eta baserritar pobreen alkartasuna bear bearrezkoa da.


Helder Cámara. Irugarren munduko profetea

• «Txaboletako obispoa» ta «obispo gorria» deituten deutsoe

• Errespetu aundia deutse Che Guevara, Camilo Torres eta Martin Luther King'eri

• Gaurko munduak erreboluziño baten bearrizana ei dauko

• Indarrezko bideak ez ditu gura ezelan be

Zorionez, Eleizako agintariak gero ta ardura geiago artzen asi dira munduko prolemetan. Olako gizonen artean, Helder Cámara dogu ospetsuenetarikoa. Brasileko artzobispoa da, eta ango errialde pobre baten bizi da. Entzute aundia dauko mundu guztian; eta Erromako periodisten artean zurrumurrua zabaldu da, laster Kardinal izan leitekela. Brasilen bertan, «txaboletako obispoa» eta «obispo gorria» deituten deutsoe batzuek.

Oraintsu, Europatik zear ostera bat egin dau. Parisen, Berlinen, Estrasburgon, Liejan egon da. Erroman be bai, eta Aita Santuagaz izketaldi bat euki dau. Geienetan, biolentzia ta burruka sozialari buruz mintzatu da.

«Ez nago biolentziaren alde —esan dau. Errespetu aundia deutset Che Guevara, Camilo Torres eta Martin Luther King'eri. Baiña ez naiz biolentziaren aldeko, sarri askotan indarrezko bideetarako tentaziñoa neure barruan sentiduarren.»

Berrogetaemeretzi urte ditu. Aspalditik diardu gizarteko justiziaren alde jokatzen, eta jokabide orrek arerio asko ekarri deutsoz Brasilen. Orregaitik esan dau, orain asko ez dala, ez litzakela bapere arrituko, edozein kale bazterretan garbituko balebe.

«Beti egon da biolentzia munduan — esan dau artzobispoak. Baiña gaurko beste zabalduta ez da sekula egon. Edonon aurkitzen dogu biolentzia gaur egunean: kaleetan, lantegietan, ikastetxeetan, basoan, mendian, agirian, ixillean, goikoen aldetik, bekoen aldetik, nonnai.

»Gauza erreza da, beste barik biolentzia kondenatzea. Gauza erreza da, edozein gogortasun klase txartzat emotea, gogortasun ori zelakoa dan eta zegaitik sortu dan jakin barik. Gauza erreza da, biolentziaren kontra naiz alde berba egitea, norbera burruka tokitik urrun dagoanean. Baiña ez da ain erreza, burrukaldi ori geure aurrean ikusten dogunean. Ez da ain erreza, gure arteko gizonik zintzoenak eta kapazenak biolentzia bidea artzeko tentaziñoa sentietan dabela edo bide orretatik joan direala ikusten dogunean.

»Nik esan gura dodana, auxe da: Gaur eguneko estrukturak erreboluziño baten premiñea dauke. Naziño pobreetako gizonak, premiña au guztiz argi ikusten dabe. Munduko abitanteen artean euneko 85 kale gorrian bizi dira, beste enparaduak (euneko 15) esne mamiñetan bizi direan bitartean. Eta txarrena dana: gizon menperatu orreek, euren eskubideak zaintzeko, sindikatu ta kooperatibetan alkartzen badira, laster jatorke euren zuzendarieri zigorra ta kartzelea, komunistak eta gizarteko soseguaren arerioak direala-ta.

»Gaur eguneko lege askok ez dabe aintzat artzen gizonaren —batezbere pobrearen— diñidadea; eta era ederra emoten deutsee goikoeri, bekoen kontra biolentzia egiteko. Beste lege batzuk barriz, guztiz onak izanarren —esate baterako, ONUko lege fundamentalak— letra utsa bakarrik dira, naziño geienetan betetan ez dira-ta.

»Ba dago biolentzia, baita naziño aurreratuetan bere. Naziño kapitalistak zein komunistak, bardin antzekoak dira puntu onetan. Milloikada gizonak bildurra deutsoe bakeari, guduaren eta eriotzearen lepotik bizi dira-ta. «Trust» asko dagoz munduan, Estaduak eurak baiño indartsuagoak direanak; eta «trust» orreek euren arerioren bat garbituten badabe, ez dago modurik, iltzaillea nor izan dan jakiteko.

»Itxi eidazue orain, Eleizako obispo naizan aldetik berba egiten, neure jokabidea burruka onetan bildur barik agertu deizuedan. Errespetu aundia deutset, euren kontzientziari jarraiturik, biolentzia aldera jo daben guztieri. Salatu egiten dodaz ostera, biolentzia orren benetako eragilleak, euren egoismuagaitik justizia zapaldu eta bakea galerazoten dabenak. Baiña nik neuk, Paulo VI garrenaren antzera, naiago dot bakea, biolentzia baiño. Bete betean autatzen dot biolentziarik eza; etsi etsian aukeratzen dot, Ebanjelioak irakasten deuskun alkar maitasuna. Eta bide au artu dot, gizonagan fedea daukodalako eta progresua bakearen bidez etorri leitekela siñisten dodalako.»

Aolan berba egin dau, biolentziarik ezaren apostolu aundi onek, «irugarren munduko profeta» onek, pobreen aldeko burrukan guztiz engaiatuta dagoan Eleiza katolikuko obispo aundi onek.


Fabian Ormaetxe Abeslaria

Mungi inguruan, ba da erri onen auzo polit bat. Ospetsu egin jaku, berton gertatu diranakaitik. Igarri dozue onezkero, Larrauri esan gura dodala.

Erri onetan daukogu euskaldunok, ezagutzea merezi dauan gizon bat. Abeslaria.

Euskal Erriak beti emon izan dauz abeslari onak, taldeka naiz bakarka abestuteko.

Agertu gura dodan gizona Italian, Milanen aurkitzen da gaur, eta buruaustea naikoa izango dau.

Asko ez dala, Larraurin aurkitzen zan, amaren ondoan, bere etxean. Alkar izketa luze baten, antxe emonak dira emen dakartsuedazan barri oneik. Zuentzat dira.

— Non jaio ziñan, Fabian?

— Nire gurasoak, Meñakan bizi ziran len; an jaio nintzan. An bota neban umezaroa.

— Abestuten noiz asi?

— Amabi urte inguru nebazan, Meñakako eleizan abestuten asi nintzanean. Pozik andienaz abestuten neban antxe.

Geroago?

— Amarortzi urte inguru nebazan, Bilboratu nintzanean «Danubio» tabernan izan neban bearlekua, ainbat urtean. Orduntxe, edari etxe atan kantetan nengoala, gizon batek entzun, eta Bilboko Koralera eroan ninduan. Emeretzi urte nebazan. Ori, orain amar urte.

 — An zelan?

— Asikeratan ondo ez. Gure eztarria ez da egoten ondo ezita; indarra-ta ba neukazan, baiña ezi egin bear. Abeslari talde orretan sartuta urte bete t'erdi geroago, bakarreko zatiak-eta neuk egiten asi nintzan.

Non asi ziñan?

— Bilbon abestu nebazan neure lenengo zerak. Arenalean, Arriaga ta Coliseo Albian, ainbat kontzertu.

— Zer abestuten zenduan?

— Geienetan euskal abestiak: zortzikoak eta olan. Gogoan dodaz «Aretx adarrean», Mendi mendian operako zatia «Ala ere», ta olakoak. Andik laster, Bartzelonara joan giñan, Sagrada Familia, ango eleiza andia barriztatu-edo egin zalako. Gabon ingurua zan. Koralekoak —bakarrekoa neuk egiñaz— «Belengo portalian» abestu genduan. Asko atsegin izan jaken gure gabon abesti ori. Gero, Bilboko Korala nora ta ni be ara. Compostelan be izan giñan, ango Urte Santuan.

Orain iru urte-edo, Bilboko erri irratiak, abots zolientzat sariketa bat-edo eratu eban. Ara agertuta, lenengo saria emon eusten. Alan izan zan, Diputaziñoak nire ardurea artzea, Italiara bialtzeko. Cordero zuzendariak eta Barozzi italiar maixuak entzun, eta batera egozan ni Milanera ikastera bialtzeko. ABAO'ko batzordeak eta Koralekoak bideak zabaldu eustezan.

— Diruz nok lagundu deutsu?

— Bizkai ta Bilboko Aurrezki Kaixa biak.

— Diru asko bearko da arako, ezta?

— Ba, begitu: illean 20.000 peseta inguru izango da, nire ango ostatu ta ikastetxeko ordain saria.

— Zer ikasten dozu?

— Lenengo eginbearra, abotsa ezitzea zan. Bide batez italiar berbetea ikasi, ta solfeu apur bat be bai. Lenengo urteko lana, orixe izan zan. Bigarren urte onetan, bearrik gogorrena, operak buruz ikastea, liburu andiak osorik.

— Italiar izkuntzea, gatxa ikasteko?

— Ez. Erreza izan jat. Gaur, bertakoak lez dakit. Esan ezik, iñok igarri be ez, emengoa nazanik.

— Zer dozu ikasita?

— Bost opera-edo osorik: Rigoletto, Madame Butterfly, La Bohème, La Traviata, ta abar. Asteko naiko.

— Bilbon noiz abestuteko ustez?

— Izan leiteke datorren urtean. Zaratea dagoanez, izan leiteke baietz.

— ZIGOR euskal opera dala-ta, zer diñozu?

— Emen baiño lenago, Milanen entzun nebazan zati batzuk, laguna neban abestu ebana ta. Eder ederra dala uste dot; baiña obeto egongo litzake, beste operak egiten diran lez, antzeztuta egingo balitz. Euskeraz eginda gaiñera, asko arrituko litzakez. Nik uste dot, ABAO'k egingo dauala ori. Euskeraz, opera onak doguz lendik be. Usandizagaren «Mendi mendian» batez be. Gure entzutea zabaltzeko, oso egokiak izango litzakez; era berean, Euskal Erriaren nortasuna ortik erakusteko.

— Euskal abeslari onak, nortzuk dira gaur?

— Goi maillako askorik ez dogu. Karlos Fagoaga on ona dala uste dot; gustu andia dau abestuten. Lagun andi dot.

— Gerorako, ze asmo dozu?

— Lenengo ta beti, asko ikasi. Aurten izan leiteke, Italian nunbaiten agertzea. Datorren urtean Bilbon, Jaungoikoak gura badau. Emen ez dot ezer egin gura, ondo gertuta egon arte.

— Diskorik egiteko asmorik?

— Asmoak bai; esan be, egin deuste. Baiña gertuago egon barik, ez dot gura. Urrengo natorrenean-edo, egingo dogu zeozer geiago.

— Besterik ezer, amaitzeko?

— Euskaldun guztiei agur bat.

 Agur bat emendik zeuri be, Fabian. Izan daigula laster Bilbon, zu entzuteko zoria. Ea ZIGOR abestuten deuskuzun. Ondo izan.

ZABALE


Ezkontzea, maitasuna, gaztedia

Autopistetako neskak

Ona emen Alemaniako aldizkari baten irakurri doguna.

Udabarria asi da, eta barriro ikusiko doguz neskatillak autopistetan. Bideak zaintzen dituen poliziak gerturik dagoz, autopistetako bidekurutzetan eta ostatuetan dabiltzan neskatillen kontrola eroateko. Badaezpadako neskatillok ugari ikusten dira olako lekuetan, eta aurten iñoiz baiño geiago izango ei dira.

Iru bidar bide ertzean

Ez bakarrik Alemania Federalean, baita alboko lurraldeetan bere, asko geitu dira, ara ta ona joateko baiño, beste asmo bategaz autostop egiten daben emakumeak.

Igaz, izugarrizko barri bat eldu jakun Milanetik. Ango poliziak, uda denporako egun baten bakarrik, konprobatu egin eban, olako 8.000 emakume gitxienez ebiltzala Ipar Italiako autopistetan zear.

Euretariko kasik erdiak, neska peligrosuak zirean; eta pillo andi bat, Alemanian jaioak.

Ori dala-ta, Italiako poliziak neurri gogorrak artu ditu, moraltasun publikua zaintzeko. Aurrerantzean, emagalduak eta neskatilla menturazaleak euren asmoetan uts egin daien, uniforme barik ibilliko dira polizia batzuk, bazterrak jagoten.

Autostop egitea galerazota dago. Eta neskatilla batek lege ori iru bidar austen badau, polizia-etxera joan bearko dau. An, bere izena artuko deutsoe; eta urte erdian, bere ibilkera guztiak poliziak kontrolatuko ditu.

Unada orretan bere kontra ezer ez badago, orduxean kenduko dabe bere izena polizia liburutik.

Iparraldeko bideetan

Iparraldean, Dinamarkak eta Sueziak erakarten ditue, iman bategaz lez, autopistetako neskak. Egoaldean Italiak egiten dauan lez.

Izanbe, millakada atzerritarrak joaten dira urtean urtean Iparraldeko uri nagusietara, Dinamarka ta Suezia «Amodioaren Lurra» ei dira-ta. Era ederra Alemaniako neska alaientzat, bertara joateko eta ardurabako turistakaz subertea probatzeko.

Zorionez, an be ba dagoz lege egokiak, ekandu publikuak zaintzen dituenak. Poliziak eskatu ezkero, edozein turistak probatu egin bear dau egiazko dokumentaziñoagaz, zein dan bere ogibidea eta bere gain biziteko medioak daukozala. Proba ori emoteko, ez da naikoa, sakelean momentu atan eroaten dan dirua erakustea.

Orrez gaiñera, neska bat autostop egiten atrapetan badabe, eta Maria bideetako bat dala konprobatzen bada, eskubidea dauko poliziak, olako neskak beste barik ainbat ariñen naziñotik kanpora bialtzeko.

17.000 pesetako multea

Neska alaientzat, oso gatxak dira Alemaniako autopistak. Legearen arabera, autopistetako sartu-urten tokietan ezin daitekez oiñezkoak ibilli.

Olako lekuetan autostop egiten daben andrazkoak, zein onak zein badaezpadakoak, multea dauke kasu bakotxean. Orretan ez dauke zerikusirik poliziaren informeak.

Peligrosua da, gaiñera, autostop egiten dauan neska bat kotxean artzea, batezbere neska ori edade bakoa bada edo bere gurasoen baimen barik autopistetan zear badabil.

Txofer askok, sasi-errukiz edo bape pentsatu barik artzen ditue olako neskak. Kasu orreetan bere, legea guztiz gogorra da, eta multak 1.000 markuraiño eldu leitekioez kotxe jabeeri.

Olako neskatilla gazte bat kotxean artu dauanak, zer egin leike? Auxe, onena: Aren situaziñoa normala ez dala konturatuten dan baizen laster, eroan neskatillea urrengo polizia tokira eta bertan itxi. Orixe da, neskeari berari eta gizarteari egin leiskion mesederik aundiena.


Kaleko Gizonak Diñoana

Santos Arana jauna

Abade birtutetsu ta on au il jaku, Bilbon il bere.

Baiña Bilboko egunkariak gizon aren neurririk aitatu ez daben ezkero, geuk egingo dogu euskaldunon aldizkari onetan. Euskaldunen paper bakarra gaur dan egunean Bizkaian, ANAITASUNA dalako.

Bilbon jaioa izan ez arren, don Santos bilbotarra izan da euneko eun, arenbaten. Ona etorri zan gazte zala, ta San Juango eleizan izan zan abade laguntzaille, urte batzuetan.

Euskaldun jaio izan ez arren, don Santosek euskera ikasi eban; eta azken urte oneitan, euskaldunen illetetan errosario santua euskeraz errezau oi eban.

Orain ogetamabi urte sortu zan-anaiarteko gerratearen ondorenak, emendik urrun eroan euskuen don Santos, arik-eta Andaluciako lurretan esipe geratu zan arte, beste abade ta fraille askogaz batean.

Geroago, egon zan Sevillan elizgizon mailla aundiko bat, don Santos bere zeregiñetan laguntzat aukeratu ebana. Ain zuzen, Segura kardenal agurgarria. Aren alboan emon zituan don Santosek urterik naikoa; ta gerogarrenean, zaartzarorantz, barriren barri bere Bizkai ta Bilbo maite onetara biurtu zan, Enkartaziñoetan sorturiko eleizgizon apal eta ona.

Barriro Bilbora agertu zanean, leenago ezagutzen ebenak, leengo kristiñau berbera aurkitu eben don Santosengan. Arimaz ta biotzez, leengoa bera; gorputzez zaartxuago.

Orraitio, Andalucia aldeko nekaldiaren ostean, bere erri onetan be, nekeak barritu ta berratu egin jakazan, batekotik bestekora ibilli bearra sortuerazo eutselako. Eleiza bat laga eta bestean egon eta abar jarraitu eban, arik-eta Indautxuko Karmengo eleizan abade laguntzaille ezarri eben arte.

Arrezkero, Indautxun emon ditu bere azken urteak. Arimen maitetasunean bizi izan da; ta oraingo gazteen eretxiz gaurkotasun osoa izan ez arren, aren itz argi ta sarkorrak entzungarri zirean berbaldi bero ta kezkatzailleetan.

Emengo aberri iraunkor onetan lan, neke ta samiña sarri askotan jasan ostean, betiko Aberri ederrean sarrera merezia izan daualakoan gagoz.

Karmengo eleizako abade jaunak opari ximen ta berezia egin deutse. Aren gomutagarrian berba oneik irakurri giñeiz: «Orain bakean bertan bizi da, Kristogaz». Goian bedi, Jaunaren atsegin betean.

Nortzuk dabiz oiñez

Geroago ta gitxiago dabiz oiñez. Jesarrita ibiltea erosoago da, izan be. Eta erri aundietan —txikietan be bai orain— gora ta beera ibilteko be, zurezko ta burdiñazko kutxak daukez, zera jasogarriak, azensorak. Eta baita eskillara ibiltaunak be, belaunak eta bularrak nekerik bapere izan ez daien.

Bideetan eta kaleetan arriskuak geitu egin dira, beribilletan doazanentzat eta oiñezkoentzat be bai, arranotan! Estadistikak argiro diñoe arrisku orrein barri. Ikusi daigun munduan dabizan automobillak zenbat zirean 1966 gn. urtean, arrezkeroko zerzeladarik ez dogun ezkero.

USA aldean, milla laguneko 398 kotxe ebizan; Canadan 282; Australian 265; Suezian 195; Frantzian 195; Alemanian 179; Bretaiñia aundian 177; Italian 122; Espaiñian 33, Japonen 29. Arrezkero geitu direanak zenbat ete dira? Eta gaiñeko urteetan egingo diranakaz, nor ibilli oiñez bide-kaleetan?

Zine gorrotagarriak

Zineetako mintzen izenak irakurtea baiño ez dago, odola, gorrotoa, aragi-jokoa ta eriotzea besterik ez susmetako. Amurrua ta gorrotoa agiri da itzetan, irudietan. Bake-bide egokiak ete dira orreik?

Ta gaiñera, umeen jostailluak, jugeteak, zelakoak dira, batez be mutikoentzat saltzen dituenak? Gerra-usaiña besterik ez daben tresnak, pistolak, gudal-jantzi eta abarrak. Gurasoak ez ete dira errudun zerik askotan, gaurko mundu onetan be?

Traketsaldian bizi gara, ta milla gauzatan bizi be. Negar egitea ez naikoa, ostera. Oker dagoana zuzendu egin bear da; eta leenago egin ez dana, egin be bai, onerako baldin bada. Bide ona aukeratzea ez da beti errez.

KALEKOA


«Itxaroten zaitugu»

Esaera polita, bearbada politegia. Dana dala, esaera utsa, erabiltzen oi danez beintzat.

Irratiak eta telebisiñoak, izparringiak eta aldizkariak, agintariak, euren ordezkoak eta urrengoak, goikoak eta bekoak, au da, mailla guztietakoak amaika aldiz diñoskue: ITXAROTEN ZAITUGU. Azkenik, erriak, beronek bere, jaso ta beretzat artu dau.

Begiz eta belarriz, bein eta barriz irakurri ta entzun eragiten deuskue: ITXAROTEN ZAITUGU. Ginasia dala, alako ta onelako kirolak dirala, geure gorputzaren onerako ainbat bide egoki ta eroso erakusten deuskuez: indartasuna, liraintasuna, edertasuna, bizkortasuna ta abar. Dana ondo dago. Guztia, izatez, ez jat txarto iruditzen. Baiña ez al dauka gizonak ezer geiago, bere soiña ezik? Beti zeingeiagokerietan jardun bear al dogu? Ez, ez dago gizartea aukerako unean, gai oneitan alegintzeko. Geure erria bere ez. Ezta urrik emon bere!

Erria, geure erria, lo zorroan ikusiaz, barnea erdi ustela daukagula, ia illetak jo bearrean aurkitzen garala, gai orreitan saiatzea ardun sagarrari dirdira eragitea beste da.

Edozeiñek daki, etxagintzea oiñarritik asi bear dala; ta era berean, gizonaren oiñarria ta berezitasuna bere ariman dagoala, esate baterako, bere gogo, adimen eta pentsakeran.

Olan bada, ta olan baderitxogu, ze bide jarraitu bear dogun jakiñean gagoz. Esan daikegu ba nasai, ITXAROTEN ZAITUGU, danok entzun deiguen. Baiña ez gorputzari jagokon zaletasunean jarduteko, kultura ta jakintza sailletan baiño.

Lertu gaitezan, bada, al dogun neurrian eta azkarren. Berandutxo xamar gabiz, ta ez da mundua geure obe-bearrez geldituko. Emon deiogun gizonari premiñazko dauan jakintza zaletasuna, gorputza zaintzeko gero be astia naikoa izango dogu-ta.

AMATIÑO


Aberastu zure euskerea

 Ona emen, ANAITASUNAREN zenbaki onetan agertzen direan berba ta esakera batzuk.

ABURU (LN), ustea, eritxia. Nire aburuz: en mi opinión.

ALDARTE (BGLN), gogaldia, umorea.

ARABERA (L), según, conforme erderaz. Legearen arabera: según la ley.

ARRETA (BG), ardurea, atentziñoa, interesa.

AULDU (GLN), makaldu.

AUTATU (GLN), aukeratu, elejidu.

BERAZ (GLN), ori dala-ta, orregaitik. Erderazko por consiguiente.

BIRIKIAK (B), pulmoiak.

DOITZAILLE (BGLN), doituten dauana, ajustadorea.

ENGAIATU (L), zerbait egiteko obligaziño edo konpromisua artu. Frantsesezko s'engager.

ENPARADU (B), geratzen dan beste guztia. Beste enparaduak: los demás.

EPETAN (BG), erderazko a plazos.

ERDI ARO, erderazko Edad Media.

ESIPE GERATU (B), erderaz quedar confinado, recluido.

ESITU (BGLN), erderazko limitar, limitarse.

ESNE MAMIÑETAN BIZI (G), oparo bizi, aukeran bizi.

ESTOKALARI (LN), tornerua, estokeagaz lan egiten dauana.

ETSI (BGL), convencerse erderaz. Etsi det ez dala etorriko: me he convencido de que no vendrá. Etsi etsian: decididamente, convencidamente.

GARDEN (B), garbia. Likiduakaitik bakarrik esaten da. Odol garden gardena bota dot: he arrojado sangre muy pura.

IÑOREN LEPOTIK BIZI (BG), iñoren kontura bizi.

ITZALTEGI (B), toki illuna.

JASAN (L), erderazko soportar, sufrir.

KALE GORRIAN BIZI (B), miserian bizi.

KIRIOTSU (B), nervioso erderaz. Kirioetaraiño sartu jat miña: el dolor se me ha metido hasta los nervios.

LERRONDO (N), piñua, lerra.

LOTU ZERBAITERI (LN), dedicarse, entregarse a algo erderaz. Otoitzari lotu: entregarse a la oración. Bizitza barri bati lotu: emprender una nueva vida. Ba dakit, hainitzek miretsiko duela eta edirenen arrotz, ni lan huni lotzea: yo bien sé que muchos se admirarán y encontrarán extraño que yo emprenda este trabajo (Axular).

MAISTER (BGLN), erderazko inquilino.

MENDE (LN), gizaldia, sekulua. Mendez mende, menderik mende: de siglo en siglo.

MINTZ (BGN), arrautzak, gaztaiñak, azurrak-eta barruan dauken azaltxu meea. Membrana, película erderaz. Ziñemintz: película cinematográfica.

MINTZATU (LN), berba egin, itz egin. Gizon ori ondo mintzatu da: ese hombre ha hablado bien.

ORNIDU (B), erderazko proveer.

OSTERA (B), ibiltaldia, biajea.

OTS (B), golpe, momento erderaz. Ots baten edan: beber de un golpe. Ots otsean: a cada momento.

PIKORTU (L), birrindu, zatitu.

SAIATU (BGN), alegiña egin.

SALATU (BGLN), akusatu, denuntziatu.

SUNTSITU (L), ondatu, bapeztu.

TINDIKA (B), apurka, geldiro geldiro.

XIMEN (L), erderazko curioso, pulcro.

ZALANTZA (G), dudea.

ZIRTOLARI (LN), arin eta sonatsu erantzuten dauana.


Ezagutu zure erria

Zeanuri

Bizkai ta Araba euskal errien mugarri lez, Gorbeia mendi ederra daukogu. Mendi onen muiño tartean erdi ezkutauta nagon erria nozu Zeanuri.

Amaikatxo mendigoizale igaro da emendik, Gorbeiko aize ozkirri garbiaz birikiak garbitzeko asmoz. Neska-mutil talde ederrak be bai, biotz alai, abeslari, euskeraz.

Arrati alde guztia, mendizaleen begiko da. Antxe naz ni, Zeanuri, mendi ederrez apaindua. Nire urak barriz, Gorbeiko kurutzepean sortuta datoz. Emengo uren gardena!

Mendi, atx eta errekaz betea, ederra nazala esaten ez naz lotsa.

Zabalik iñon bada, erri zabala nozu ni. Bizkaiko andienetakoa naz. Lekanda ta Barazar'pean, zabalak dira nire auzoak. Sakabanatuta auzoak, basetxeak areago. Erritar naiz erbesteko izan, naiko leku da guztiontzat.

Auzoon izenak: Ibarguen, Otzerin Mendi, Uribe, Asterri, Arzuaga, Altzuzte, Ipiñaburu ta Undurraga. Baten bat aaztu bajat, ez asarratu; erri zaarra naz, ta zaarrei asko parkatu bear deuskuzue.

Ni, neu, Zeanuri, zaarra naz; baiña zuok, nire auzook, ez ete zaree ni baiño zaarrago? Baiezkoan nago. Iñoiz, erri berezi be izan ziñeen, idazti zaarretan agiri danez. Dana dala, iñoiz asko izan bagiñan be, gaur iñon ezer lortzekotan, batera ta al danik alkartuen jokatu bear dogulakoan gagoz, ezta?

Ai, ni len ezagutu baninduzue! Gaur nire mendiak, len eukezan edertasun asko galdu dabez. Lerrondoen aurka ez nago, au be onurakorra izan daiteke-ta; baiña, neure gaixoaz batera etorririkoa dan lez, ez dot ainbestean maite. Nire aretxak eta pagoak, tetuenera joanak dira.

Bizkaiko Aldundiak ez dau Naparroakoak beste alegin egin, mendietako zugatz ederrak zaintzen eta barritzen. Nire aresti ta gaztaiñadiak ba ziran angoak besteko ba! Niri, berezkoa nebana erantzi deuste; ordez, lerrondoz josi.

Erribaso len ziranak, erriko barik, orain erritar batzuenak egin dira asko. Jaubeak uri andietara joan ziran, maisterrak emen itxita.

Lan egiten diarduen baserritar maisterrok, iñorenak diran lurrotan, biotzik ezin bota daikee.

Mendiak lerrondoz jantziaz batera, nire artaldeak gitxitzen doaz. Oraindiño, ba dira banaka batzuk; oneik, len baiño buru geiago dabe; baiña asko gitxitu dira,

Gitxitzen

Guztietan larriena, erritarrak joatazala gitxituten. Gaur, 2.038 dodaz, 544 senditan. Oneitatik, 500 sendi, berbertokoak dodaz; 44-edo, erbestetik etorriak.

Orain 100 urte, 2.600 erritar nebazan, guztiak bertokoak. A! baiña ordutik ona, Lege Zaarrak galduta, lege barriak auzokoen menpeko jarri ginduezan Sei Erriok. Zenbat bidar dodan gogoan Gernikako Aretxpean neure 68'garren jarlekua! Orduan, neure buruaren jaube nintzan.

A galdu nebanetik, makaltxo nabil. Nire gazteak, geienak, ez dira ona ezkontzen. Umeak gitxitzen doan erria, zaartzarora doa. Etxe barririk egiten, ez dot iñor ikusten. Arduratan nago.

Euskerea

Ba dakizu: euskerea emen, nagusi da oraindiño. Orretan makaltasunik ez neuke gura.

Erri au nazanetik, nik ez dot euskeraz baiño egin. Gaurko umeak izango ete dodaz ba, neure izkuntzea galduko dabenak? Ez dot uste.

Bazter guztietan, euskerearen alde diardue. Urietako gazteak ikasi guraz diranean, nire neska-mutillak be, arrokerialdi batzuk gorabeera, ez nabe galduko.

Oraintxe urte batzuk, gorriak ikusita nago onetan. Zadorrako urrindar lanetarako, 2.500 lagun erbesteko etorri jatazan. Ordutik dodaz 44 sendi erdaldunok; baiña, zorionean, ez ninduen zapaldu.

Erritar geienakaz pozik nago. Emen be, ba dakizu, beste lekuetan lez, ba dira oiñutsik dabiltzan txakur batzuk. Euskaldun gaiztoak dodaz; orreik gorabeera, ba noa aurrera, neure seme onenakaz.

Ikastolak

Nire umeak, non-ikasi onak dabez. Amar ikastola doguz errian. Beste ainbeste irakasle. Zoritxarrez, bi ez ta beste guztiak erdaldunak dira. Onela, umeak eta irakasleak ezin ondo alkar artu.

Onein gaiñera, Bizibide Ikastolea oraintsu egiña dot. Oso ederra da benetan. Eusko jasera egiña. Berton, 300 gaztentzako lekua da. Estokalari, doitzaille ta industri marrazkilariak egiten dira ango ikasketakaz.

Egokia da benetan niretzat ikastola au. Nire seme askok, lugintza ta artzaintzea itxi bearra dabe. Baserritarroi, ez deusku lagundu gaurko agintaritzeak oraintsurarte. Askorentzat berandu da orain. Gaur ez dot sendi bakar bat be, nekazaritza utsetik bizi danik. Beste lanetan, azkenengo ta guztien azpiko ez izateko, ondo etorri jake, bai, ikastola au gazteai. Zorionak eta eskerrak, lagundu daben guztiai.

Eleizan

Aipatu deutsudaz ba len, ainbat auzotegi. Guztiotan baselizatxoak dira; Andra Mari eleiza nagusia, ta beste sei. Eleizgizon jatorrak dodaz berton, errizaleak. Ez dot merezi be gitxiago, ainbeste seme abadetzarako emonda gero. Gaur, abadegeiak gitxitzen doaz. Zelan joango dira ba... mutil onak, euskaldunak dirala-ta, jaurtika darabillezanean?

Kristau ikasbidea, auzo guztiotan emoten da.

Ementxe bizi dot, asko maite nauan abade jakintsu ta euskaltzale goimaillako bat: Manterola'tar Gabirel jauna. Euskereari zenbat lagundu deutsan ezin esan daiteke. Jainkoak emon deizula zaartzaro luze ta ona.

Esandakoetatik, onezkero ikusi dozu, adiskide, nor nazan. Arerioak gura leukeen baizen txarto ez nago; nik nai neukean baizen ondo be ez. Erritar on onak dodaz; baiña aspaldiko guztiok onil bakar batetik irazi-bear onek, nortasuna makaldu deunse: lotan dagoz. Euskaldunak dira; baiña euskotartxuago izateak ez leuskioe kalte txikienik egingo. Au barik, ez dabe jakingo euskaldun zetarako izan.

Salatu zer egingo dozun?

Neure lotsarako, auxe esan bear deutsut: gagozan sasoietan, oraindiño nire lau auzotegi, tximistargi barik edo ganorazko argi barik daukodazala.

Nire gazteak, jolastoki bat barik, txarto dagoz. Ume dirala, erbestera doaz.

Ez uste izan gero, oneik egin eziñak diranik. Zeanuriko aiuntamentua, Bizkaiko aberatsena izango da. Milloi bi daukoz, oraintxe be, kaixan. Zadorra ta Mendizabal, urrindar tokiak, amazortzi milla ogerleko emoten deutsoez illero. Ori dok ori!

Ondasun pillo ori oskidun sitsak-edo jango ete dauan, bildur izatekoa da. Erriarena da diru ori, ta erriarentzat bear leuke. Olan geldi eukiteko, ernari ete dira diruok? Kumak egindakoan eralgiteko ete dagoz?

Agurra

 Oneixek izan dira, Zeanurik azaldu deustazan poztasun eta ezbearrak. Erri onen deiak iratzartuko al gaitu!

 Gorbei tontorreko Kurutzeak, «eusko lizarra» da-ta, zaindu dagiala erri au, iruntsi gura leukeen pizti galgarrien erpetatik.

SALATARI