ANAITASUNA

BIZKAIA

161gn. zenb. - 1968, maiatzak 30 - 4 pta.


ANAITASUNA

amabosterokoa

8

Euskalerriko Anai Txikarrak argitaratua

Zuzendaria: JUAN AZURMENDI AIZPURU

Zuzenbidea: Torre, 3, 1.º — Bilbao (5) — Tel. 241467

Urteko ordaiña: 75 peseta

Banakoa: 4 peseta

XVI urtea — 161 gn. zenb. — 1968'ko Maiatzak 30

D. L.: BI 1.753 — 1967

GRAFICAS BILBAO - Gordóniz, 28, 3.º - BILBAO-12


Unibersidadean zer jazoten da?

Ona emen, Pedro Lain Entralgok, Madrilleko «Ya» egunkarian, aprillaren lenengoan esan dauana:

«Zer da, Espaiñiako Unibersidadean gaur gertatzen dana? Espaiñiako Unibersidadea ez dala ona. Ez Estaduak eta ez gizamailla gorengoak ez dauke benetako borondaterik, Unibersidadea gure artean al danik onena izan daiten. Euren ustez, Unibersidadean jazoten dana, ordenabide publikuaren prolema uts bat da, sakontasun bako prolema bat. Baiña egia, beste bat da. Gaurko ikasleak, gizarte ta historiaren beste kontzientzia barri bat dauke; eta euren urduritasuna, kontzientzia orren agerpen bat da.»

Ikasleak eskatzen dabena

Estudianteak organizatu egin dira, eta Unibersidadearen erreforma demokratiku bat gura dabe. Zeintzuk dira, erreforma orren puntu nagusiak? Oneexek dira:

 1.º Edegi Unibersidadea soziedadeko gizamailla guztientzat.

 2.º Irakatsi Unibersidadean gaur eguneko prolema tekniku ta sozial guztiak. Ez daitela izan Unibersidadea banaka batzuen onerako bakarrik, gizarte guztiaren zerbitzurako baiño, batezbere beargiñen promoziñorako, eurok baitira naziñoko talderik aundiena.

 3.º Dagoala Unibersidadean benetako askatasuna, irakasteko, inbestigaziñoak egiteko, norberaren eritxiak agertzeko ta alkartasunak eratuteko.

 4.º Euki daiala Unibersidadeak bere autonomia. Bertako organizaziñoa demokratikua izan daitela, ikasle ta irakasleak, danok batera, Unibersidade barruko prolemak ebatzi daiezan.

Kontzilioak diñoana

Kontzilioak esandakoa irakurri ta ausnartu dauan katolikua, ez da goiko programa orregaz arrituko. «Gaudium et Spes» deritxon dokumentua zabaldu ta beste barik, auxe irakurri leike edonok 59 gn. atalean:

«Kulturearen lenengo iturburua, gizonaren izakerea berbera da. Gizona, bere izatez, adimenduna ta soziala da. Orregaitik kultureak askatasun egoki bat bear dau, aurrera joateko; eta benetako autonomia, bere legeen erara jarduteko.

«Kultureak eskubidea dauka, errespetatua izateko. Ezin leike iñok kulturea indarrez ara edo ona bortxatu, zelanbait ikutueziña da-ta.

«Orregaitik, lege moralak gorde ezkero eta erritar geienen onerako jardun ezketiño, edozein gizonek dauko eskubidea, eragozpen barik egia billatzeko, bere eritxiak agertu ta zabaltzeko, edozein arazotan jarduteko, eta, azkenik, naziñoan jazoten danari buruz egiazko informaziñoa eukiteko.

«Naziñoko agintarien zeregiña ez da, kultureak zelakoa izan bear dauan erabagitea, errezpideak emotea baiño, kulturazko bizitzea erritarren artean —eta baita Estadu barruko minorien artean bere zabaldu daiten. Ori dala-ta, alegiña egin bear da gauza guztien gaiñetik, kulturea bere bidetik okertu ez daiten, eta politikearen naiz ekonomiaren menpeko biurtu ez dadin.»


Erriz erri

Markiña

Dakizuenez, oraintsu izan da «COCA-COLA»k eratutako idaz-sariketea.

Bizkaian, ikastetxe bakotxean aukeratutakoak, iru taldetan zatituta, nagusi, erdiko ta txiki, idazlan bat egin bear izan eben, talde bakotxetik nok obeto idazten eban agertzeko.

Jorraillaren (aprillaren) 28an, jaialdi bat egiñaz, Bilboko Santiago ikastetxeko saloian banandu eutsezan sariak, talde bakotxetik nagusi geratu ziran lenengo amarrai.

Ona emen, erdikoen artean Bizkaiko txapeldun izatea lortu dauan mutiko jatorra be jatorra:

Larruskaiñen bizi dan eta Markiñako «Escuela Laboral»ean ikasten diarduan ANJEL MARI EGIA.

Zorionak berari ta beste txapeldunai!

Forua

Aurrez aurre daukat Foruko frantziskotarron bizilekua: ezkerretara, eleiza maitagarria ta komentutxu umilla, larrosa ta berdez apaindua. Goian, teillabarritzearen zaratea; ta eskumatara... baltz, bakar, gure Seminario izandakoaren ormak. Leioetan gora, udabarriko zeruaren urdiña ikusten da. Arratsaldeko aize epelak ez daroa gure ortutik, gaur sei egun eroian soiñu alairik.

Joan dira mutillak euren etxeetara. Txistulariak be, alde egin euskun bere errirantz. Besteai lez, dana erre jakon mutillari. Soiñekoagaz geratu zan, eta olantxe treneratu: deporteko zapatillak eta «vaquero» prakak, buruan txapela, ta eskuetan... bere pozaldietako txistu maitea. Besterik ezer be ez.

Seminarioak dana galdu dau sutan. Kurso amaikeran, esamiña aurretxuan, liburuak be erre. Euskal liburuak be bai, danak. Aurten lez izan geinke gero, datorren urtean be, Euskalerri osoko idaz-konkursoaren irabazlerik?

Sua bere bearrean ebillen bitartean, bertan ikusi genduan inguruko erritarren biotz ona, Forutarrena guztien gain. Aundi ta txiki, gizon eta andra, danak emon euskuen euren laguntasuna, sua amatetan, komentuko gauzak salbetan, eta gauerako etxea eskiñiaz. Gure mutillak olantxe izan eben gau triste aretan afari gozo ta oge bigun. Aita Frantzisko Asiskoak lortu deioela danai Jaungoikoagandik guzti orren saria.

Orain zetan gagozan? Foruko komentua barriztatu ta oraiñarte baiño be geiago izatekotan. Gernika inguruetakoak ementxe dauke batez be euren frantziskotar biotza. Zelan itxi daikegu ba bere taupadea ilten?

Foruko goi urdiñetan, eguzkia dakar udabarriak diz-diz. Suak, anai suak!, eroan egin deuskuz gure Seminario zaarreko amesak. Alandabe, komentu ondoan goizero zabaltzen jakuz larrosak gorri, suaren pareko. Inguruetakoen biotzak be, loratu egin jakuz. Oraiñarte lagundu deuskue. Orain eta geroago be, geurekin izango ditugulakoan gagoz. Eskerrik asko danoi.

A. ZURUTUZA


Santutxuko euskal eguna

Urtero Santutxun egiten dogun euskal egunari usain geiago emoteko, umeen artean idazte sariketa bat egitea erabagi dogu. Oneexek izango dira sariketa orren betebearrekoak:

 1goa. Sariketa ori, 14 urterik beerako umeentzat izango da.

 2gna. Euskalerriko ume guztientzat danezkero, edozelako euskeraz idatzi leiteke.

 3gna. Ume bakotxak lan bat baiño ezin izango dau bialdu.

 4gna. Artutako lan guztien artean, lau onenak aukeratuko dira: bi neskatilla artean eta beste bi mutiko artean.

 5gna. Aukeratutako lanen idazleak, ona Santutxura etorri bearko dabe, emen berton beste lan bat egiteko. Lan au, lengo lana berea ala iñorena dan jakiteko da, eta bakar bakarrik egin bearko dabe. Santutxura joan-etorria, eratzailleen kontura izango da.

 6gna. Lan orreen luzerea, orrialde bikoa gitxienez eta eskuz naiz makiñaz idatzita.

 7gna. Lanak, toki onetara eta zuzenbide onegaz bialduko dira:

Joseba Arrieta Txertudi

Zabalbide, 60, 5.º, C

BEGOÑA-BILBAO

 8gna. Lanaren goi aldean argi argi, nor eta nungoa zarean ipiñi bear dozu.

 9gna. Lanak, datorren illaren (bagillaren) azkenengo egunerako bialdu bear deuskuzuz.

 10gna. Sariak, naizta onak izan, ez dira diruzkoak izango, bestelakoak baiño. Neskatillentzat, metro erdi baiño geiagoko andrakilla eder bat, bere abarka, galtzerdi, gona gorri eta buruko zapiagaz jantzita, eta beste gauza asko. Mutikoentzat, mekano eder bat eta beste sari asko.


Irakurleen eritxiak

Itz internazionalak

 Egun oneetan, orri bat bialdu deuste Britaniku Komertzio Kamaratik. Bertan emoten deuste Inglaterrako kolegio baten barri.

 Orri orretatik atal bat aukeratu dot, eta al dodan ondoen gazteleraz eta frantsesez ipiñi dot. Ona emen:

 «Change by political methods is uncertain and not rapid. The force of example is necessary and, to be effective in this area of strongly entrenched opinions and practice, it must be on a scale and of an academic stature, to promote conviction.»

«El cambio por métodos políticos es incierto y no rápido. La fuerza del ejemplo es necesaria y, para ser efectiva en este terreno de fuertemente atrincheradas opiniones y prácticas, deberá ser a escala y estatura académicas, para promover el convencimiento».

 «Le changement par methodes politiques n'est pas certain et pas rapide. La force de l'exemple c'est nécessaire et pour être effective dans ce terrain de fortement retrenchées opinions et pratiques, devra être à scale et stature académiques, pour promouvoir des convictions».

Aspalditik jarri ditue Inglaterran mundu guztiko gazteentzat eskola berezi batzuk, naziño askotako neska-mutillen artean alkar adiskidetasuna ta ezagutzea eragiteko, ta olan gerrearen arriskua zelanbait aldenduteko.

Baiña nik ez dodaz iru atalok emen ipiñi, eskola orreen propagandea egiteko. Nire asmoa, beste bat da.

Ikusi zeinkeenez, iru atalotan erabilten direan ia berba guztiak bardiñak dira.

Euskaldun asko, Bizkaian batezbere, asarre jarten dira, erbesteko itzakaz euskeraz zerbait idatzi edo esaten bada. Eta nik diñot, zegaitik ori? Zegaitik ezin geinkez berba internazionalak euskeraz erabilli, mundu guztian usetan badira?

Itz barriak asmatzea, gauza ederra da; baiña geienetan, itz barriok ulertzeko gatxak izaten dira. Berba barriak asmatu gura dituenak, asma daiezala. Baiña, erbestetik jatorkuzan itzak bakean itxi deiskuezala. Berba bi eukitea, bat bakarrik eukitea baiño oba da.

Itz internazionalakaz, gure euskerea, beste izkuntzak lez, aberastu egiten da, bere idiosinkrasia ezetan be galdu barik.

Erdaldun askok —geienak— olako itzak euskeraz entzuten dituenean, euskera mordoilloan berba egiten dogula diñoskue, orrako itzok eurenak bakarrik direala uste dabe-ta. Erdaldun orreek kultura eitxi dauke, eta etimologia kontuan oso urri dabiltza.

Itaundu eioezue, ea gazteleratik ete datozan urrengo berbak:

Automobilla, barra, botanikea, demokrazia, diputadua, justizia, kafea, kilometrua, laranjea, neumatikua, patatea, pianoa, presidentea, radioa, tabakua, tabernea, teia, telebisiñoa, tomatea, txokolatea, eta abar.

Itz oneek ez datoz gazteleratik, latin eta griegotik, ingles, italiano, arabe, txino, persa ta mexikanotik baiño; eta mundu guztiko gizonak erabilten ditue, pozik gaiñera, internazionalak biurtu dira-ta.

Zegaitik ezin geinke bardin egin euskaldunok? Mundu onetakoak ez gara ala? Europa Ozidentalean ez gara bizi ala?

Nire ustez, sasoia da, euskaldun mito au desegiteko.

Gure euskaldun sustraia bizirik euki ezkero, euskaldunok beti iraungo dogu euskaldun, naizta berba internazionalak erabilli, txapelagaz zein bizarragaz ibilli, zortzikoak abestu naiz musika modernua jo.

JOSE LUIS ALTUNA, Bilbao


Bertsolariak eta abeslariak

Bai ANAITASUNAN eta bai beste euskal aldizkarietan, bertsolarien prolemak erabilliak izan dira. Usurbilko Jose Antonio Arzak —txalapartaria bera, «Ez dok 13» taldekoa— oraingo bertsolarien kontra idatzi eban DANTZARI aldizkarian.

Arzak esaten eban, gure denporako bertsolariak ez dabezala euren bertsoetan gaurko prolemak erabilten.

Arzaren lan au irakurri nebanean, joan dan urteko Durangoko txapelketan entzundako bertsoak gogoratu nebazan.

Arratsaldea zan, eta Santa Maria eleizako atarian batu giñan, estu estu, eunka lagun. Alpontso Irigoyenek ipiñi eban gaia: ugazaba ta langilleen problemak. Bertsolariak, uts.

Egia esateko, euskaldun bertsolariak, edo itxasaldekoak edo baserrikoak dira. Tamalez, ez daukaguz bertsolari langilleak. Zelan erabilli leikez iñok, bizi ez dituan prolemak, naiz eta orretarako borondate ona izan?

Bertsolarien utsune ori, euskaldun abeslariak asi dira betetan. Euskaldun abeslari gazteak, euren kitarrakaz, gaztedia eurakanatu dabe ta dardaraz jarri. Gizarte gaiak erabilliaz eta oker dagoanaren kontra abestuaz, mundu obeago baten itxaropena sortu erazo dabe gazteen biotzetan.

Ez daiala iñok pentsa, ni bertsolarien kontra nagoana. Ez. Bertsolari zale purrukatua naz, bai eta euskaldun abeslari barrien zalea. Biak bear doguz. Baiña bertsolaritzeak gaztedia batu gura badau, Abel Muniategiren bideari jarraitu bearko deutso; au da, gure inguruari begiratuaz, gure gaurko prolemak erabilli bearko ditu.

Ondo dago, udabarriaren edertasuna abestutea; ondo, gazte pare baten alkarrekiko maitasuna kantatzea; ondo, bromazko bertso batzuk botatea. Baiña ez aaztu inguratuten gaituen okerrak. Abestu alai, itxaropentsu, Egin bertsoak tristura barik. Baiña biztu biotzak, jarri lanean jentea. Ipiñi martxan Euskal Erria.

XABIER GEREÑO


Aita Arrupek Nortamerikako jesuiteri zuzendutako idazkia

Idazki onen mamiña ezagutuko dozue, bearbada. Alandabe, bertan agertzen diran errazoiak gogoratzea ondo egongo dala uste dot. «Problema racial» edo gizon baltzari buruz diardu idazkiak.

«Tamalgarria da gogoratzea, jesuita etxe askotan, joan dan gizaldiko gudu zibillaren aurrean, gizon baltzak erosten zirala, lan eragiteko. Lotsagarria da gogoratzea, oraindiño aintxiña ez dala, ez zirala gizon baltzak jesuiten ikastetxeetan artzen, naiz-ta baltzok katolikuak izan. Eta ori, naziñoko legeak bardintasuna aginduarren. Oraindiño gaurko egunetan, ba dagoz jesuita etxe batzuk, azalezko artuera bat baiño ez deutsoenak egiten gizon baltzari. Osasungarria da guretzako, gauza oneek gogoratzea.»

Ango jazoereri ikusketa bat eginda gero, Aita Arrupek diño: «Gizajoak eskubide guztiagaz eskatzen dagoz, leku egin dakioela erriaren aurrerapenean. Zuzendari billa dabiltz, benetako bearrizanagaz, lurreko aberastasunetan eskubide apur bat lortuteko; euren ezereztasunetik, euren betiko menpekotasunetik urteteko».

Gizon baltzen alde benetan lan egin daben taldeak bere, ba dagozala diño; baiña ez litzakela txarto egongo bakotxak bere gogoari itaundutea, ea zegaitik egin dan ain lan gitxi gizon oneen alde. Aita Arrupek azaltzen dau, erabagi garbi bat artu bear dala prolema onen gaiñean. Benetan konprometidu bear dala bakotxa azkeneraiño, naizta orregaz diru laguntasunak galdu, naizta altsuen babesa galdu.

Ez da gure Erri au, gizon baltzen Erria; baiña bear geunke, Aita Arrupek orrelako idazki bat gure jesuita ta abadeeri bialtzea. Bear geunke norbaitek itaundutea, ea gure eleizgizonak aurkitzen ete diran errian sartuta. Ea euren lanak benetan artzen ete dituan gure erri onek daukozan gorabeera ta bearrizan guztiak. Ea euren lanagaitik azkeneraiño lotuta ete dagozan eleizgizonok gure erriagaz. Ez da naikoa ikastola batzuk ipintea, euskerearen alde zerbait egitea. Ori, erriko agintariak be egiten dabe orain. Ezin leiteke uste izan naikoa danik, meza bat euskeraz ipintea, sermoia ta dotriñea euskeraz emotea. Beste eskubide asko be, zapalduta daukaz erriak. Gauza guztion alde jokatu bear da.

Ezin geinke aaztu, ondo jokatu daben abade zintzoak be egon dirala, erriaren eskubideak zaindu dituen eleizgizon jatorrak. Ederto egin dabe; baiña ez da naikoa, ori bein baten bakarrik egitea. Ori, bizitza guztian zear, egunero egin bear dogun lana da.

Ba dagoz gure Errian beste abade talde batzuk, begiak zabaldu bear litukeenak. Obrerista aundiak dirala uste dabe. Euren ustez, lan aundia egiten dabe beargiñen artean. Ez litzake txarto egongo, bearbearrezko gauza batzuk ikasten asiko balitzaz. Lenengo ta bein jakin daiela, gizon unibersalistea guzurrezko gizona dala, ezin izan leiteken gauzea dala. Abadea ba gizon bat da, eta erri bateko gizona. Emengoa bada ta emen bizi bada, Erri onen alde jokatu bearko dau. Txinan badago, Txinako erriaren alde. Langilleak be, erri bateko langilleak dira.

Abadea ezin leiteke jarri erriko gorabeeren gaiñetik. Ezin leikez albo batera itxi bere erriko gizonen bearrizanak eta burrukak. Abade batzuk, erriaren promoziño ekonomikuaren alde lan egin bearko dabe; eta beste batzuk, zapaldutako eskubideak lortzeko.

Aita Arrupek eskatzen dauan lez, eleizgizonen konpromisuak garbia izan bear dau, euren jardunak osoa izan bear dau, eskubideak geien zapalduta daukezanen alde Ian egiteko. Ez dira jagon bear erriaren diruzko ondasunak bakarrik, baita bere izkuntzea ta beste eskubide guztiak be. Au da, eusko langilleen aldekoa izan bearko dau eleizgizonaren jokaereak. Ze langilleak dira, esatea lez, Euskal Erriko gizon baltzak.

ARIZPE


Bertsolarien txapelketa nagusia

Jokatzeko erea aldatu bear litzake

Aspaldi da —urte bi inguru— esan genduala, bertsolariak epaitzeko erea aldatu egin bear litzakela.

Arrezkeroko jazoerak, sendotu egin dabe gure orduko eritxia. Ainzuzenbe, bertsolari asko, eta ez txarrenak, ez dira txapelketara azaltzen: esaterako, Azpillaga, Lizaso, Lasarte..., Basarri bera. Entzuleak asarre dira: gogoratu daigun, Donostian Xalbadorregaz jazo zana.

Jazoera oneek ikusirik, Euskaltzaindiko eta bertsolarien epailari dan J. M. Lekuonak, Zeruko Argian esan dau: «Txapelketea egiteko era au amaitu ete da? Ez ete litzakez beste bide barri batzuk artu bear?».

Lekuona jaunak errazoia dauko. Bide barriak artu bear dira. Ona emen, al daidan laburren, nire eritxia.

Lenengo Kategoria eratu

Asteko, bertsolariak ez dira aukeratu bear Txapelketa Nagusirako probintzia bakotxetik bi, orain egiten dan eran.

Azken txapelketea edo Txapelketa Nagusia, Euskalerriko amar bertsolari onenakaz jokatuko da, izan daitezan lapurtar, napar edo bizkaitar.

Amar bertsolari orreek osotuko dabe Lenengo Kategoria.

Amar bertsolariok Txapelketa Nagusia jokatu ostean, puntuaziño onena dauken sei onenak geldituko dira Lenengo Kategorian.

Eta beste laurak, Txapelketa Nagusian azkenengo geratu direanak, Promoziñozko Txapelketa bat jokatuko dabe urte guztietan, Euskalerriko txapelketa baten lenen gelditu direan lau bertsolariakaz.

Promoziñozko Txapelketa onetako lau onenak, Lenengo Kategoriara igongo dabe.

Nai izanezkero, eratu leiteke Bigarren Kategoria bat; baiña gauzak larregi naastutea izango litzakela deritxagu, oraingoz beintzat.

Txapelketa Nagusia zelan jokatu

Txapelketea zelan jokatu bear dan aztertu orduko, oar batzuk egin gura geunkez. Txapelketa batek, egokia izateko, bear dau:

1.º Bertsolarien larritasuna arindu.

2.º Gaietako suerte onak edo txarrak ez daiala jokatu.

3.º Bertsolariak eukiten dauan eguneko aldarteak ez daiala txapelketea erabagi.

4.º Juradu edo epaimaiekoen lana erreztu, artzen dituen erabagiak alik zuzenenak izan daitezan. Batezbere entzuleak ulertu daiela, epailarien erabagia zuzena dala, eta ontzat artu bear dala.

Urrengo baten, lau puntu oneek banan banan aztertuta gero, esplikatu egingo dogu, gure eritxiz txapelketea zelan jokatu bear litzaken.

HERNANDORENA


Kaleko Gizonak Diñoana

Esekuo

Txirrindularietan ospatsua izan zan aldi baten Esekuo gurea.

Ziklisten artean, esan gura dogu.

Etapa geienetan, bigarren edo irugarren eltzen zan. Irakurle askok goratuten eben Esekuo. Alako mutillik! Beti edo ia beti lenengoari txirriña miazketan, igurtziten.

Baiña, kontxo! Guztien mailla osokoan, «generalean» iñoiz be ez eben ikusi al izaten Esekuo azkarra. Zelan egiten ete zituen, ba, epaimaikoak, txirrindulari bakotxaren neurtzeak?

Oraingo ibiltaldietan, ez dogu iñun ikusi Esekuo (Ex aequo). Aren ordez, emengo egunerokoak m. t. letrak ipinten ditue... eta kittu!

Agur, ba, Esekuo! Latiña beerantza doana ezagun da.

Vascongado Itza

Askok eta askok, gu euskaldunok izentatuten gaituenean, vascongado berbea erabilli oi dabe. Irakurle batek itaundu deusku: zer ete da —gado ori?

Ezin neizu gauza ziurrik erantzun orain beiñeon, irakurle maite.

Egitekotan, jakitunak erantzun al izango leuskizue. Baiña «Kaleko gizona» zeure antz-antzekoa dozu.

 Izan, ba dira emen Bazkune batzuk, izenondo ori daukenak. Ez ete litzakizu onurakorrago eurei itaundutea?

Godo itza Estorian ikasi genduan. Ain zuzen be, godo errege guztiak jardun izan eben euskaldunakaz burruka etenbakoetan. Eta «kronikak» diñoenez, euskaldunak galdu, eta godoak irabazten zituen burruka guztiak. Alata be, godoak amaitutzat dagoz; euskaldunok ez, barriz.

 Euskeraz ba dogu itz bat, bearbada, aengandik jasoa: gudu, guda. Godoak euskaldunengana agertu eta gudu egitea, zer bardiña zalako, arenbaten. Gudari itza, ortik sortua da. Frantses euskaldunak gerlari esan daroe.

 Baiña —gado ta —gada atzizki orreek, ez dirudie gureak. Gaztelaniak berak be, txit bakanak ditu.

Gauza bat esango deutsut ziurra, orraitio. Vascongado ta vasco bardiñak direala, ikusi dogun iztegi batean. Ostera, batzuk ez dabe iñoiz be, vasco esango; geien be, «Bascongado». Eta orra! arean bere, ez dogu oraiñarte «vascongaduence» iñun irakurri.

Tira, zeozer da ori be!

Alargunak

Gure egunetan, ezkontzen zireanei erretratuak ataretan eutsezan, senar-emazteai, ain zuzen bere. Eztegura joaten zireanak be, iñoiz, guztiak urteten eben argazkietan, «fotoetan».

Oraingo aldian, barriz, andra-barri egin direnei, bakarrean egiten deutseez erretratuok.

Ez al dozuz ikusi, irakurle, Bilboko Gran Vian bertan, eskaparate aundian, emakumeak zurizko jantzita... baiña bakarrik?

Leengoan, umetxu batek bai esan be, bere amatxuri, zurizko foto ederrok ikustean:

— Ene, ama! Begittu zenbat lenengo jaunartzeko erretratu!

Gure senide batek, emakumea bera, auxe esaten daki:

— Amaika alargun barri oraingo aldian...!

Karguak laga?

Leengo baten, «El Alcázar» paperean zala uste dogu, idazle batek zera eskatzen eban: eleizgizonak, politika kargu guzti guztiak laga bear zituela.

Idazle bakan eta ume-arimaduna!

Kardenal izateko egarriaz dabizan gizonak, zelan orrelako kargu deigarriak itxi? Izan be, Cisneros ta Richelieu, esaterako, izen aundikoak izan zirean, eta antzemon gureak kilikili egin oi deusku gizonoi.

Santutasunean be, aundiak izan ete zirean, orraitiño?

Eleizgizonak, arimako gauzetan itaurreko bear litzatekez, batez be. Ez errietako agintari izateko.

Ez da bapere betegarri, lurreko arduretan gar aundiago izatea, betikoetan baiño zerago. Ori, edonogan baldin bada, eleizgizonetan, zeresan bakoa.

On igeskorrak ez dagiezala gure begiak lausotu. Ori esan gura ete eban «El Alcázar»eko idazleak?

KALEKOA


Alemaniatik. Demokrazia: requiescat in pace

Emen bere, uda bero bat aginduten deuskue estudianteak. Eta udabarri beroegi bat egin deusku. Amerikan Luther King pazifistea tirokatu daben artean, Rudi Dutschke erreboluziñogillea tirokatu dabe Berlinen. Eguen Santuan zan. Eta arrezkero uri guztietan izandako zalapartak, eundaka zauritu, ildako bi, milloika marku aleman kosta jakoz demokraziari. Fanatiko batek Dutschke'ri buruan, matraillan eta bizkarrean jotako iru tirok altxatu eben protestea. Axel Springer, periodiko askoren jabearen kontra izan zan batezbe protesta ori; baiña Axel Springer'en atzetik demokrazia dagoala, ez dago ez ikusterik: askatasunaren kontzeptua, politikea, oposiziño sistemea, establishment berbeagaz kondenatuten dan guztia.

Politikea

Estudianteen gorabeerak mundu guztian dagoz modan, zelanbait esateko. Baiña ez da moda utsa. Emen bearbada iñun baiño obeto ikusi daikegunez, gure munduaren komedia da: industria bat altxatu daben gure aurreko generaziñoak ez dabela gizonaren moralik altxatu. Eta galtzairuzko kortiñearen alde batetik naiz bestetik, orrexek sortu dau deskontentua. Montatuta daukogun gizartearen erakundea ez da siñisgarri, ez da morala.

Politikea falta da, berba au griegoak ulertuko leukeen zentzunean. Erria zainduteko ardura ta posibilidade benetakoak falta dira. Eta Alemaniak, gerra ostean, ez dau sekula politikarako posibilidaderik ezagutu. Eta orain be, orixe gertatu da. Baiña oraingoa Aste Santuan asi zan, eta kalbario bat biurtu da. Politikearen ordez, alde batetik ideologia, fanatismoa, protestea ta desordenua; eta beste aldetik histeria, egurkadak, poliziaren indarra ta porrak. «Tranquilidad viene de tranca» esaten eben bromistak leenago. Eta oraingoan, orixe egin dabe aleman serioak.

Nazismotik urtendako Alemanian, krimen politiko batek asko esan gura dau. Baiña askoz geiago esan gura dau, krimen orren ostean gobernuak burua galtzen badau. Askoz geiago esan gura dau, bakean protestetan daben estudianteeri poliziak porrazoka erasoten badeutse. Eta etxeetako zibillak manifestanteen kontra txakurrak jaregiten badabez. Eta poliziak informaziñoa galerazoten badau. Arrazoi guztiagaz lamentatu da Londreseko Times: «Demokratikoa esaten dan Estadu baten, kaleko manifestaziñoak poliziaren indarkeria barik ordenamentuan egin leitekezala itxaron bear litzake».

Axel Springer

Periodiko askotan, gure artean —Espaiñiakoetan esan gura dot—, Axel Springer gizon aberats bat baiño besterik ez balitz lez itz egiten deuskue. Baiña ez dabe esaten, Berlingo periodikoen merkatuan euneko irurogetamarra (70 %) Springer'en eskuetan dagoala. Ez dabe esaten, Alemaniako amasei milloi periodiko-irakurle Axel Springer'en jabetza pribadua biurturik dagozala. Domeketako periodikoetatik euneko larogetazortzia (88 %) arena dala. Kalean saltzen diran periodikoetatik euneko larogetabata (81 %) be bai. Ez dabe esaten, azkenengo amar urteotan Alemaniako periodisten Alkartasunak alperrik protestatu dauala orren kontra. Eta ori guztia ez dala demokrazia, erri eritxiaren manipulaziño mixerable utsa baiño.

Erri eritxia manipulatua edo faltsifikatua dagoan errian, ez dago askatasunaz mintzatzerik. Eta ori libertadearen izenean egiten danean, libertadearen limitaziñoa da egiazko libertadearen garantia bakarra. Alperrik eskatuten dau periodisten Alkartasunak, enpresario bakotxaren poderioa periodiko guztien euneko amarrera (10 %) laburtuteko. Axel Springer'en periodiko batek bakarrik, Bild periodikoak, eguneroko guztien euneko ogeia (20 %) egiten dau. Eta emeretzi periodiko ta astekari daukoz Springer'ek!

SDS debekatuta?

Protesta au guztia, SDS estudiante sozialisten Alkartasunak moldatu dau, metodo zantarragaz baiña asmo zuzenagaz be bai. Danak dakie, gauza asko ez dabizala ondo SDS Alkartasunean. Baiña orain zurrumurrua zabaldu da, dabekatu egin gura dabela Alkartasun ori be. Orixe da errezena. «Legalidadearen» izenean jokatuten dabenak naikoa dala uste dabe, oposiziñoko talde bat «legalidade» orretatik kanpoan ixtea. Olantxe egiten da, izan be, eskuak ezetarako loitu barik: «egiak eta beti egiak esanaz», guzurra zabaldu.

Demokraziak bere burua defenditzeko totalitarismoaren metodoak erabilli bear badauz, oba da gauzak klaru esan eta ez iñor engaiñatu. Eta ba dirudi, demokraziak bere buruaren suizidioa dekretatu gura dauala Alemanian. Azkenean egia izango da Nietzsche'k esaten ebana: «Alemanak atzoa ba dauke, biarra be bai ba dauke, baiña gaurrik ez dabe bapere».

Nor nor dan

RUDI DUTSCHKE: erreboluziñoaren sinboloa.

anarkiaren sinboloa.

askatasun totala gura dabenen buruzagia ta demagogoa.

Mao ta Che Guevara profetak estudiatzen dituana, ta semeari Che izena emon deutsona.

eta alemanak jasan ezin dabena. Alemania komunistatik federalera iges egindakoa.

Eguen Santuan iru tirok jota, hospitalean dago.

JOSEF BACHMANN: estudianteari tiroak jo deutsozana.

sinbolo bat.

komunismo izena bera entzun orduko, umorea galtzen dauana.

guztiaren gaiñetik ordenea, garbitasuna ta demokrazia gura dituana.

baiña «bere» demokrazia.

bere kuartuan Hitler eta Napoleonen irudiak eskegita daukozana, eta Espaiñiako ezpata bi ta Valenciako korrida irudi bat.

eta Alemania komunistatik federalera iges egindakoa.

Poliziagaz tiroka jardun ostean, tiro bik jota, hospitalean dago au be.

 Rudi Dutschke ta Josef Bachmann, aren asesinoa, biak hospital baten dagoz. Biak doguz gurasoen etxetik aldegiñak. Eta azkenekoa, Bachmann, sasikume esaten danetakoa. Biak doguz gizarte demokratiko esaten danaren frutu tipiko. Espartanoak biak: ez edan, ez erre. Ta gurasoen mundua gorrotatzen dabenak. Diru falta barik, eta ijituen moduan bizitzea atsegiñago dabenak.

JOSE AZURMENDI


Larrauriko monjen auzia. Euskerazko mezea dala ta eztala

«Vida nueva»k dakarrena

Orain esango doguna, Larraurin jazo da, orain asko ez dala. Larrauri, Mungi aldeko erri txiki bat da. 600 bizilagun gitxi gorabeera. Danak euskaldunak, geienak baserritarrak, gau ta egun euskeraz egiten dabenak. Mezea entzuteko, leku bitara joaten dira: batzuk parrokia eleizara, eta beste batzuk monja komentu batera. Jente askori obeto jatorko monjen kapillea, parrokia asagotxu egiten jake-ta. Orregaitik, monjenean jentea naikoa batzen izan da: batzutan 200 persona.

Baiña, emen dator gorabeerea. Monjen kapillan erderaz egiten zan mezea, Bizkaiko monja komentu ta kolejio guztietan aginduta dagoan lez. Agindu au obispo jaunak emon dau, «monja askok euskeraz ulertzen ez dabe-ta».

Joan dan udazkenean kapellau barri bat etorri zan komentura. Eta beronek adierazo egin eutsen monjeri, gauza ona izango litzakela, domeketan beintzat meza ori euskeraz esatea, «Euskalerrian gagozalako, komentuko monja batzuk euskeraz ba ekielako, eta beste enparaduak erriko izkuntzea ta oiturak ikasi bear zituelako».

Lenengotan, komentuko monjak ondo artu eben kapellauaren esana. Baiña laster etorri zan komunidadeko batzuen protestaziñoa. Orduan Ordenako nagusiagana jo eben kontseju billa, eta beronek erantzun eutsen «erria etorten bada, erriaren izkuntzan mezea esateko, Kontzilioak aginduten dauan lez; eta konforme ez dagozan monjak, erriagaitik sakrifizio ori egiteko».

Orduan monja batzuk, soluziño orregaz pozik ez egozanak, obispoagana jo eben; eta beronek, lege kanonikuak eskinten deutson eskubide guztiakaz, erantzun kontrarioa emon eban:

 «Orrako meza ori, monjentzat eta kolejioko ikasleentzat bakarrik da. Ez Larrauriko jentearentzat. Kapillea, kolejioan bizi direanakaitik bakarrik jaso zan. Larraurikoak ez dauke eskubiderik, otoizleku ori euren zerbitzurako zabalik eukiteko. Bertara joan al izatea, monjak egiten deutseen mesede bat da.

 «Kapellaua, kolejioaren zerbitzura dago. Ango bearrizanak eta interesak euki bear ditu beti kontuan, orrexetarako izentatuta baitago; eta ez egin ezer, kolejioari zelan edo alan txarto etorri leitekionik».

Obispo jaunaren erantzuna gorabeera, kapellauak euskeraz mezea emoten jarraitu eban. Albo errietako abadeak kapellauaren alde jarri zirean; eta danon artean egiñiko idazki baten, euren jokabidearen errazoiak azaltzen zituen: «erriaren espirituzko baloreak zaindu» eta «Kontzilioak irakasten dauan erara lan egin».

Orduan obispoak, bien erdiko soluziño bat eskiñi eban: betiko orduan, erderaz esan mezea monja ta ikasleentzat; eta gero, beste ordu baten, bigarren mezea euskeraz erriarentzat. «monjak Larrauriko erriari laguntzeko prest dagoz-eta».

Abadeak erdizka onartu eben obispoaren soluziño au. Lengo orduan esango eben euskerazko mezea, ordu ori erriarentzat onena baitzan; eta erderazko mezea goizago esango eben monja ta ikasleentzat.

Azkenez, zezeillaren (febreruaren) 21ean, obispoak kendu egin eban kapellaua bere kargutik, «bakeari eta kolejiokoen eskubideeri kasu egiñik».

Abadeak guztiz txarto artu dabe obispoaren azkenengo neurri au. Euren ustez, «neurri ori antipastorala ta gogorregia da, kapellauari ez jako egin justizia, eta zapaldu egin da erriaren arimea».

Auxe izan da Larrauriko monjen kasua, euskerazko mezea dala ta eztala. Jazoera onek beste prolema aundiago bat ipinten deusku begien aurrean: zer egin bear daben monjak, erriagaz bat eginda biziteko.

Ikusi daigun orain kasu onen iruntzia. Espaiñiako monja karmelita batzuk Libanora joan dira, orain asko ez dala, komentu bat bertan fundatzera. Eta erriagaz alkartuta biziteko, ango berbetea ta osterantzeko oiturak artu ditue eurentzat, naiz-ta komentu barruan beti egon bear eta euren bizimoduaren testigu Jaungoikoa bakarrik izan.

Irakurle baten eskutitza

ANAITASUNAREN zuzendari jauna:

Lengoan artu neban Mungi aldeko abadeen idazkia. Aurretiaz be, zeozer entzunda nengoan. Zeozer ez, gauza asko baiño. «Vida Nueva» errebistan be irakurri neban.

Gauzak obeto pentsatuta gero, auzi oneri zer deritxozun jakin gura neuke.

Ni neu ez nago konforme esan dan guztiagaz, egin danagaz, eta egiteko modu orregaz batez be.

Orain urte bi, Gernikako Mertzedeko komentuan beste orrenbeste izan genduan; baiña denporeagaz eta geldiro, ederto konpondu ziran gauzak. Zegaitik ez Larraurin? Eta gertatutako orregaz, nok irabazi dau? Monjak? Obispoak? Erriak? Abadeak? Nok? Jakin leiteke? Beste biderik ez da egon? Ainbeste zarata, berba ta burrundada... eta azkenean, danok txarto. Ez da egon bide obarik? Benetan? Ez! Bakotxak geurea nai badogu, eta bakarrik geurea, ez dago bide bat baiño: geurea, neurea. Eta bestea ortik ez badator, arrika egin. Or dagoz adibidetzat ONU ta, gaurko egunez, Paris. Ain urrun joan barik be, eguneroko autuetan eta artuemonetan garbi ikusten dogu.

Egia ez dago, askotan, alde baten bakarrik, edo persona bategan. Eta badago be, besteari adierazo egin bear jako, dialogo edo alkar berbeta baten bidez. Baiña olako dialogo bat aurrera eroan al izateko, kapaz izan bear da; pazientzia luzea, egi-maitasuna ta karidadea bear dira. Karidadea beti da bearrezkoa, eta egi-maitasuna be bai, egi ori geure kontra badator be. Au barik, ez dago dialogorik, dialogokeria ta berba utsa baiño.

Au dana egin da Larraurin? Maitasunik izan da? Justiziarik bai? Gaur modaz dagoz berba oneek. Oneek izan badira, zegaitik itxi dira ain toki txarrean Larrauriko monjak?

Nik jakin dodanez, ia monja guztiak, nagusia, onen urrengoa, jenerala, konforme ei egozan erriaren gogoa egiteko. Gitxi ei ziran, konforme ez egozanak. Oneexek jo ei eben obispoagana, eta gero gerokoak...

Ori olan bada, zegaitik egin jake ain boikot itzala komentuko guztieri? Bermeon, komentu aretako arrautzarik be ez eben erosi gura, monja erdaldunenak zirala-ta.

Zegaitik ipiñi da erri guztia monja danen kontra? Ori, zuzentasuna da? Karidadea ez dana, ba dakit. Baiña, nun dago justizia ori? Eta abadeak, abadeak izanda, zegaitik ez dabe tautik be esan karta orretan? Txistik bez. Kapellauari erruki aundia izan deutsoe, ta ondo dago; baiña ez da izan or beste injustizia bat be, eta bearbada aundiagoa?

Eta ori, eurak ixildu badabe, nok azalduko dau ba? Zelan ez dabe berba bat be esan, ori dala-ta? Iru edo lau monjagaitik, beste guztiak agertu bear dabe pekatari? Zer diño Legeko Agindu batek, famea dala-ta?

Zuzendari jauna, ni ez nago konforme. Monja orreen alde nago. Eta zuzentasunaren izenean, euren alde zeozer esateko obligaziñoan aurkitu naz. Obispoak txarto egin badau, beste batzuek ez dabe obeto jokatu. Onegaz ez noa abadeen kontra, ez. Maite dodaz; baiña arritzekoa izan da ixiltasun ori, ze jakingo eben errian zer esaten eta entzuten dan. Nik diñodana da, abadeagaz injustizia bat egin bada, monjakaz beste ainbat egin dala, eta au esan egin bear dala.

Zoritxarrez, oraingoan danok galdu dogu.

A. Z.

Bermeo, 1968, maiatzak 5


Jabier Ormaza ostikolaria

Algorta, Bizkaiko erri polit bat da. Antxe, kale ertz baten aurkitu dogu Jabi Ormaza. Mutil gazte, zintzo ta ona.

Pozarren artu gaitu, euskal aldizkari baterako gentozala jakin dauanean.

Jabik, gaur ez daki alkarrizketa bat egiteko beste euskera; ulertu bai apur bat. Erderaz egindako au, euskeraz jarrita dakartsuet.

 Zenbat urte dozuz, Jabi?

— 1944 garrenean, azillaren 29an jaio nintzan; beraz, 23 urte.

 Nun jaio ziñan?

 —Galdakanon.

 Zenbat anai-arreba zaree?

 —Lau anai gara; arrebarik ez dogu. Algortan bizi gara.

— Kiroletan noiz asi ziñan, eta nun?

— 13 urte neukazala asi. Algortako «Katipunanti» taldean jokatzen neban. Atletikuko jokalari gazteak txapelketa bat eratu eben; azkenean, bigarren gelditu giñan.

— Geroago jokatu dozun taldeak?

— Getxoko gazteakaz iru urte. Gero 3gn. maillako Getxo zaarragaz urte bi. Andik Atletikura.

— Zegaitik ez dozu orain jokatzen?

— Ara ba! Alicanten Hérculesen aurka jokatzen nenbillela, oiña apurtu neban. 1966'ko azillaren 20'a zan. Arrezkero, Madrillen aurka jokatu neban arte geldi.

Uriarteri buruz zer esango zeunke?

— Uriarte, jokolari oso ona da. Goimaillea ondo jatorko.

Ta Iribar, zer?

— Iribar niretzat, beste askorentzat lez, munduko atezaiñik onena da.

— Atletikuan, zenbatek dakie euskeraz?

— Geienak. Ziur ez dakit. Alan be, nik gura neukean bestek ez.

— Zu zeu, euskeraz ikasten ei zabiltz.

— Ez da egia. Len, umetan jakin neban, Galdakanon jaio nintzan-eta, an umezaroan... Baiña gero, Algortara etorri. Gurasoakaz izan ezik, nogaz egiñik ez. Oraindiño umetxua nintzan-eta, galdu egin neban zoritxarrez lengo erreztasuna. Gaurko beste jakin izan baneu...

Gerorako dozuzan asmoak?

— Lenengoa, betikoa: Atletikuan jokatu.

— Zauritze orren gaiñera, izan ete da beste eragozpen bat, ez jokatzeko?

— Ezetz esan bear. Nire lekukoak, aurrelariak, ondo ibilli dira. Nire bearrizanik ez dot uste izan danik.

— Atletikuan jokatu aurretik, zetan ziñarduzun?

— Unquinesa'n ibilli nintzan lanean, 5 urtean, mekanikutzan. Gero, Atletikura joateko itxi neban a.

— Atletikuaren urrengo, zein da maiteen dozun ostikolari taldea?

— Donostiko Erreala, duda barik. Gero Bartzelona, Española ta...

— Gure ustez ta gurariz, Atletikuak Kopa Txapelketan nagusi bear leuke urten. Olan balitza, azken jokoaldia nortzukaz jokatuko zeunke atsegiñen?

— Irabazteko, Córdoba, Elche, edo olako bat da onena. Giro ona izateko, Donostiarrak neukez guren.

— Nun?

— Jokoaldi bitan izan ezkero, Donostian eta Bilbon. Jokoaldi baten izan bear baleu, Gazteiz da egokiena.

— Askok uste dau, Jabi, lengo ostiko pelota jokoa ta oraingoa ez dirala bardiñak. Zuk, lengo erara jokatzen dozula diñoe. Zer deritxazu?

— Nik neuk, baloia oiñera area barruan baletor, beste barik, beti jaurtiko neuke golera. Joko zelai erdian etorri bajatort, izan leiteke olakoan apur bat tropea izatea.

— Ba dira diñoenak, Zarra ostikolaria apaintasunik bakoa zala; alan be, Athletiren onerako parebakoa. Zuk aukeratzerik bazendu, noren antza izango zeunke gurago, Zarrarena ala Mendoza lako batena?

— Jokoan apaiña izatea, ona da; gol asko sartzea, obea. Olan, Zarra lakoa izan gura neuke. Zarraren antzera jokatuko leukean aurrelari bat, bildurgarria izango litzake gaur.

— Irabazi al geinke goi-izen bat?

— Bai orixe. Aurten, kopea irabazi bear dogu.

— Ostiko pelotaz gaiñera, zure zaletasunak?

— Kirol guztiak dodaz maite: txirrindularitzea, esku pelotea, oiñezko lasterketak. Mendigoizale ta ibilttuna be ba naz. Onez gaiñera, zinema ta musikea dodaz maiteen, teatroa ta kontzertuak.

— Ezkonduten zoazala-edo zabaldu da. Noizko ori?

— Biarkoa pasau eta edonoiz.

Onegaz amaitzen dogu, Jabi Ormazagaz izan dogun alkarrizketa atsegiña. Mutil ona dogu Jabi; Athletiren margoen alde biotz osoaz doana. Apala ta leuna edonoren aurrean. Kementsua ta garbia. Lagunentzat maitagarria. Guztiz maite dau Euskal Erria; ta beragaitik jokatzen dau.

Oraiñarte zoritxar asko izan dau jokoan. Aurrerantzean izan daizula, Jabi, zeure amesak —eta geureak be bai— betetako indar ta kemena. Ikusiko al dogu egun ori! Aurrera beti, beti aurrera!

ZABALE


Arraintza kontuak

Umeen lana arraintza ontzietan

Gabon aurreko egunak ziran. Bermeoko portuan, ontziak itxasora barik, txikot lodiakaz lotuta. Baketan egoan dana. Alako baten, ontzi baten barrutik, zarata ikaragarria. Gizonak, ara abiatu ziran andanan. Mutiko bi, il zorian aurkitu zituen. Barrukoa zan bata. Amabi urtekoa. Bestea, aren kaleko laguna.

Historia triste bat

Benetan zoritxarra, mutiltxu bi orreena. Bengala argia ur azalean idoro eben, eta ontzi barrukoak lagunagaz bengala ori edegi nai eban; baiña eskuetan lertu egin jaken kohete indartsua.

Zoritxarra, bai, besterik ez. Eta zoritxarra benetan, Bermeoko arraintza ontzietan itxasora dabiltzan mutil guztiena. Berreunetik gora dira, amalau urte ta gitxiagoko mutillak, Bermeon bakarrik itxasontzietan enbarkatuta dabiltzanak. Besoak makal. Bizarrik ez. Abotsa mee. Baiña begiak illun, berbetea loi, arimea zimel, burua uts. Bizitzarako ikusbide guztiak itxita daukez. Idazten eta irakurten, bapez edo ozta ozta dakie. Gurasoen ardurapetik urrun, egunez eta gauez gizon elduen artean, euren parean lanean, euren erdian lotan.

Zegaitik?

Legea, argia ta garbia da gauza onetan. Arean bere, ezin leiteke amabost urterik beerako mutillik itxasontzietan enbarkatu. Amalaukoak bai, baiña gabazko bearrik ez egitekotan eta Delegación de Trabajo dalakoaren baimenagaz. Kastiguak ipiñita dagoz, lege au errespetatzen ez daben ontzi jabeentzat.

Zegaitik dabiltz, orduan, mutil koskor oneek lanean? Umeen esplotaziñoa egiten ete dogu Euskalerriko arraintzaleen artean?

Pekatu gogorra litzake au, baiña ez emengoa bakarrik.

«Mundo Cristiano» aldizkariak oraintsu azaldu dauanez, umeen esplotaziñoko zifrak Espaiñian, dardar eragitekoak dira. Berreun milla ume, amalau urterik beerakoak dabiltz lanean. Madrillen, berrogetamar milla; eta beste orrenbeste Bartzelonan. Eta gaiñera, uri nagusi bi oneek dira, lanik bako beargin geien daukenak.

Baiña arraintza ontzietan, Bermeon bientzat, mutil oneeri, gizoneri beste ordaintzen jake. Ezin leiteke esan beiñik bein, gure ontzi jabeak umeen esplotaziñorik egiten dabenik. Eurak ez dauke zerikusirik mutilleri egiten jaken ordainketan, aintxiña aintxiñatik ontziko irabazi guztiak barruko danen artean ainbana partitzen dira-ta.

Alandaguztibe, gure portuetan zegaitik asten dira mutillak ain gaztetarik itxasora?

Birtute kaltegarria

Erantzuna, sustraian, bat eta bakarra da: Bearrizana. Gurasoen bearrizana. Familia osoaren bearrizana. Irabaziak, urriak dira. Etxean, ago asko. Bizia, karu. Ume baten edukaziñoa, luzea ta neketsua da. Esku guztiak batu bear, etxea aurrera eroateko.

Bai. Danok ezagutzen doguzan egia garratzak dira. Baiña, ba dago zeresanik geiago be.

Bermeon, len esan dogun lez, mutillari gizonari aiña ordaintzen jako. Maria bardiña dauke biak, gizonak eta amairu-amalau urteko mutil txikiak, berau sartu barria izanarren bere.

Orduan, zegaitik euki mutilla etxean, eskolea naikoa daki-ta? Morroskoa da-ta? Zegaitik itxaron, legeak eskatzen dauan edaderarte, oraintxe berton bardin bardin irabaziko dau-ta? Zetarako sakrifikatuko dira gurasoak, semeari eskola geiago emoteko? Itxasorako ez da ezer bear. Joan daitela ba ainbat ariñen itxasora, eta kitto. Gurasoentzako soluziño ederra; prolema ekonomiku guztiak konpontzeko bide erreza. Mutillak subertea badauko, aitak baiño diru geiago ekarriko dau etxera.

Ez dot esan gura, olan dala beti, ez. Baiña bai, gurasoen bearrizana pixu andiko errazoia dala, pixu larregikoa bearbada, mutillak itxasora edadea baiño lenago bialtzeko.

Alde batetik ondo dago —birtute bat da— mutillari gizonari beste ordaintzea, biok alegin bardiña egiten dabe-ta. Baiña beste aldetik, Samaniegoren Artzain Txirulariaren fabulan lez, kaltegarria izan leiteke birtutea.

Soluziñoak

Umeak edade barik, formaziño barik, lanean daukazan erria, kondenatuta dago. Ez dau eguno be aurrerapiderik egingo. Bearbada, eukiko dau progresu ekonomikua edo industriala, baiña sekula bez progresu espirituala. Kultura arazoetan beti atzetik ibilliko da. Eta materialismu itsua izango da bere jabea.

Kulturea da soluziño bakarra. Lenengo, gurasoen kulturea. Euki daiela euren umeen etorkizunaren ardura bizia. Ez daitela ume orreen eskuetan erramurik ipiñi, ariketa idazten eta irakurten ikasi daien artean. Eta gero, gizarteak, gobernuak, bear dan moduan atondu bear ditu gauzak, gurasoak ez daitezan umeak lanera bialtzeko bearrizanean egon. Alogerak, irabaziak, naikoak izan daitezala, familiako bearrizan guztiak betetako, gizonaren diñidadeak eskatzen dauan lez.

Il onen 5ean ospatu da mundu guztian Itxasgizonen Eguna. Gomuta zaitez gaur, irakurle, gure Itxasmutillakaz.

Artza


Ezkontzea, maitasuna, gaztedia

Lotsorra naiz neskakaz berba egiteko

Oraingo idazlan onetan agertzen dan naiz urrengoetan agertuko dan Urlia idazlaria, ango edo emengo sikologuren bat izan leiteke. Bere eritxiak irakurleen gogokoak izango direalakoan, sail onetan argitaratuko doguz txitean pitean.

Urlia agurgarria:

Kartatxu bat bialtzen deutsut, kontsejuren bat emongo deustazulakoan. 31 urte daukodaz, eta langintza on baten bear egiten dot. Baiña zoritxarrez soltero bizi naiz, ezkontzeko gurari aundia eukiarren.

Oraiñarte ezin izan dot ezkongairik aurkitu, neskakaz berba egiteko guztiz lotsorra naiz-eta.

Ezagutzen dodaz neskatilla onak neure inguruan. Gustetan jataz, eta neu be bai eureri bearbada. Pozik egiten dot dantzan eurakaz; baiña berba, ori beste gauza bat da: eguraldiaren gorabeerak eta olako tontokeria batzuk izan ezik, ez natxake besterik esaten atrebietan.

Aspaldion ziñera ta barrera joaten naiz sarritan, neure bakartasuna zelanbait aztuteko. Etxean gurasoak eta arreba bat dodaz. Baiña ez naiz eurakaz ondo ondo konpontzen, edozek irrikitzen nau-ta: ain minbera biurtu naiz.

Orrek ez dau esan gura, «bakartia» naizanik, sindikatuko ta politika organizaziñoetako batzarretan parte artzen dot-eta. Baiña konturatu egin naiz, ez nabela iñoiz aintzat artzen; eta orrek gitxitu egiten deust, oraindiño geiago, neugango konfiantzea.

Erantzuten badeustazu, mesedez bialdu eidazu kartea menbrete bako sobre baten, zure izena agertu ez dadin».

X. X.

Urliaren erantzuna

Neskakaz lotsorra izatea, jatorrizko jokera bat izan leiteke; eta orduan guztiz gatxa izaten da, lotsortasun ori kentzea. Baiña geienetan, jokera txar ori familiako bizitzan bertan sortzen da, etxekoakazko artuemonak normalak ez direanean.

Orregaitik, aztertu egin bear zeunke lenengo ta bein, zegaitik ez joatzun ain ondo etxekoakaz. Nik ezagutzen dodazan kasuak —eta asko dira— motibu berbera eukiten dabe ia beti.

Ezkontzeko sasoia aurrera doanean, gauzak ez jakez ondo joaten seme-alaberi, gurasoen etxean bizi badira, eurokaz ondo konponduarren bere.

Bearbada, gauza guztiz gatxa izango da zuretzako, oraingo bizimodu au aldatzea. Baiña, duda barik, bizimodu orretan dago zure gatxaren sustraia. Gurasoen etxean bizi zarean bitartean, zu ez zara guztiz libre, ez zara benetan zure eskuko; zelan edo alan gurasoen menpean bizi zara; eta menpetasun orretatik jatortzu, gero neskakaz lotsor izatea.

Irabazten dozun diru zati bat etxera daroazu; baiña alandaguztibere, etxeko errespontsabilidade osoa ez dago zure eskuan. Orregaitik, ez da arritzekoa, erriko batzarretan «aintzat artzen ez bazaitue» eta erantzunbearreko arazorik emoten ez badeutsue.

Ogetamar urterik gorako seme-alaba asko, gurasoen «umeak» dira oraindiño. Au ta bestea egin al izango dabe; baiña euren pausu guztien atzetik beti doa gurasoen etxearen gerizea —geriza gozoa, baiña beti gerizea. Olako seme-alabak, gaztelu baten antzeko dira: gaztelu sendoa, zarratua, arrapatu eziña. Nor ausartuko da barrura sartzen? Nor animatuko da, olako neska-mutillakaz ezkontzen?

Ogetamaika urte dozuz, garrantzi andiko eskutitz bat bialdu deustazu, eskutitz guztiz personala; ta alandaguztibere, seiñale bako sobre baten erantzuteko eskatzen deustazu. Orra or, zure situaziñoaren ezaugarri bat.

Bearbada, ez dozu adorerik eukiko, gurasoen etxea itxi ta beste leku batera biziten joateko, naizta erabagi ori zure etorkizunerako guztiz egokia izan. Orra or beste seiñale bat, zure egokerea ezagutzeko.

Berba baten esateko: Zeure eskuan dago kasu onen soluziñoa; zeuk bakarrik ebatzi zeinke prolemea.

Dana dala, ondo letorkizu beste leku batera biziten joatea. Aurpegi barriak ikusi, neska-mutil barriakaz ibilli; alegiña egin, zeure burua eta bizitza osoa begi barriakaz ikusteko: aldakuntza orrek, erresultadu ona emongo deutsu nonbaitebe.

Ea pausu ori emoten animetan zarean! Suerte on bat opa deutsut!


Aberastu zure euskerea

 Ona emen, ANAITASUNAREN zenbaki onetan agertzen direan berba ta esakera batzuk.

AINBANA (BG), erderaz a partes iguales.

ANDANAN (B), ariñeketan, ariñak arin.

ANTZEMON GURA (B), imitatzeko guraria.

ARENBATEN (B), gitxi gorabeera.

ASAGO (B), urrun, urruti.

ASTEKARI (LN), asteroko periodikua.

ATZIZKI, erderaz sufijo.

AUSARTU (GLN), ausardia euki, atrebidu.

AUTU (B), alkarrizketea, konbertsaziñoa.

AZIL (LN), zemendia, erderazko noviembre.

BARRU (B), a bordo erderaz. Barruko gizonak: los hombres de a bordo. Etorri da barrura patroia: ya ha venido el patrón a bordo.

DEIGARRI, erderaz llamativo.

ENPARADU (B), geratzen dan beste guztia. Bere ontasunak guri ta enparaduai egiñiko mesedeen ordez: en vez de los favores hechos por su bondad a nosotros y a los demás (Añibarro). Dandarrez daroe enparadua euren abia edo leza zuloetara: llevan el resto arrastrando a sus nidos o cuevas (Peru Abarka).

ERASO (BG), esetsi, atakatu. Ernai bazaude, ezkutatu egingo da; eta zabartua bazaude, alde guzietatik erasoko dizu: si estás presto, se esconderá; y si estás descuidado, te acometerá por todas partes (J. B. Agirre).

ERDIARO, erderaz Edad Media.

EROAN (B), oi izan, soler erderaz. Jardun daroat mai, aulki ta ezgauza batzuk egiten: suelo ocuparme en hacer mesas, sillas y otras menudencias (Peru Abarka).

ETSAI (GLN), arerioa, kontrarioa.

GARRANTZI, inportantzia.

GAZTELANIA (G), gaztelerea, Gaztelerriko berbetea.

GORPU (B), gorputz illa. Kontu egizu, gorpu dakutsula zeure burua: haz cuenta que te ves convertido en cadáver (Añibarro).

IDORO (B), aurkitu. Eriotzea artu baga, ezin idoro eban Jaungoikoak beste modu bat: sin someterse a la muerte, no pudo Dios hallar otro modo (Kapanaga).

INDARGE (B), indar bakoa.

IRRIKITU (B), asarratu eragin.

IRUNTSI (B), erderaz tragar, devorar.

IRUNTZI (B), reverso erderaz. Eratara ala iruntzitara ipiñiko dot?: ¿voy a poner al derecho o al revés?

ITAURREKO (B), idi aurreko, idien aurretik doana. Ba dakie idiak buztartuten, itzaintzea egiten, itaurreko egiten, itaurreko dabiltzala noiznai: saben (las mujeres) uncir los bueyes, guiar el ganado, andando como quiera delante de él (Peru Abarka).

IZTEGI, dizionarioa, bokabularioa.

JAREGIN (B), askatu, libre itxi.

JASAN (LN), erderaz soportar, aguantar.

LAUSOTU (BGN), begiak laiñotu.

MARIA (B), arraintzale bakotxaren izabazia. Erderaz mareaje.

MIAZKATU (BG), lamer, chupar erderaz. Ezkotasuna miazketan dabe musturrean dauken tronpa bategaz: chupan el jugo con una trompa que tienen en el hocico (Dialogues basques, Londres, 1857).

MUTIL (B), arraintza ontzietako mutikoa. Cho erderaz. Mutil ori geure barrukoa da: ese cho es tripulante de nuestro barco.

ORAIN BEIÑEON (B), oraingoan.

TXIRRIN (B), errobedea, burpilla.

ZALAPART (GLN), zaraparrea, desordenua. Alako zalapartik! Nok an berbea entzun eragin?: ¡qué tumulto aquél! ¿Quién podía allí hacerse oir?


Ezagutu zure erria

Balmaseda

 Edonok daukoz bere barruan, iñori agertu gura ez leuskiozan zerak. Onelaxe, etxean be guztiok doguz, erakusten ez diran bazter batzuk. Gizakiak eta etxeak dabena, erriak be bai.

 Edozein errik daukoz agertu gura ez leukezan aldeak, erakusteak nabarmendu egiten daualakoan. Bizkaia be, onetan ez da besterik ezkoa.

 Apur bat lotsaz gorrituta, izango al dogu ausardia, geure burua ezagutu ta onartzeko. «Ezagutu zure erria» egia izateko, Bizkaia dan lakoa agertu bear dogu-ta, gura nai gura ez, Bizkai erdalduna be azaldu bear.

Bizkai erdalduna? Bai. Zati on bat, Bizkaiak erdaldun utsa-edo dau. Gizaldiak dira, gure mugetatik erderea sartu ta Euskalerriaz jabetzen asi zala. Alan gertatu zan orduan. Eta zauri gordin ori, gitxi asko, aberri guztian agiri bada be, iñon ez da azalago Bizkaiko sartaldean baiño.

Izadiak emonda, guk baiño lurralde zorionekoa artu daben euskaldunak askotan diñoskue, Bizkaiak euskotar erdaldun asko dauzala, agur esaten baiño ez dakienak; eta euskeraz ez dakiana, euskalduna ez dala. Olakoak ez beie aztu, eurak lau aldetatik euskal erriz inguratuta bizi diran bitartean, bizkaitarrok, erdal mugan, erdereagaz burrukan diardugula gizaldietan.

Zapaltzaille ta ondatzaille doguz Sanandere ta Burgos aldeak. Gaztelerri berbera dogu aintxiñate zaarrenetik auzo ta bideko etsai. Alkar ikusi-guraez ori, Aita Mariana erdalzalea besteko zaarra ba da beintzat.

Arrezkero gu, gero ta indargeago. «Errien Aurrerakuntzak» diñoanez, «aberatsak gero ta aberatsago diran bitartean, ezeukiak txiroago». Gu be, erritasunean ezago. Euskotartasunean geiago? Ez dakit.

Erria iñoizkorik itzartuen dagoala? Bai, ta zer? Itzartze berorrek ez al gaitu zoritxarrekoago egiten geure zorionean?

Biotz illun diardudala? Ez da arritzeko: gorpu bat oraintxe ikusi besterik ez dot egin.

Lengo zenbakian, Ondarrutik nenbillen. Gaurkoan, Balmasedara, Bizkai erdalduneko uri nagusira joan naz. Onek ez dau eusko antzik iñondik, ezta izenik be. Ba jagok aldea, lengotik ona. Ondarru ta Balmaseda: biok erri andi, biok Bizkaiko, ta iñondik be ez antzik. Onenak egin dau.

 «Zetarako euskerea» galdezka letorkidanari, gaur ezin itxi auxe erantzun barik: «Biar edo etzi, Bizkai guztia Balmaseda lakoa izan ez daiten. Ori bardin balitxatzu, zugaz ez nabil».

Erri andikia

Balmaseda, erri andikia dogu. Aintxiñatik da Enkartaziñoetako erriburu. Iñoizkotan, lantokietan be izan zan Bilbo bera baiño be nagusiago. Gero Bilbok, geiago egin eutson. Erdalerriak, sarri erabilli eban iruntsi bearrean. Erri au izan zan, aldi baten, Gaztelerrirako geunkan ate nagusia. Saltzeko geunkazanak, emendik joiazan; erosgaiak emendik euskalerriratu. Ate guztiak arriskutsuak diranez, emendixek sartu jakun izkuntza lapurra, igarri be egin barik beranduarte.

Edonongo edestilariak onartu dabe Balmasedaren zaartasuna. Erromatarrak asita arrezkero, atzerritarrak erabilli dabe, txakurrak azur galdua darabillen antzera. Beti jauntxokeriaren menpeko. Erbesteko jauntxoak menperatu; bertokoak odolostu ta ondatu. Erdiaroko anai arteko burruketan guztiz makaldu, ta gero ezer be ez.

Itxura baten, ederra da Balmaseda. Eleiza ederra, ibai zabala; zubi ikusgarriak eta jauregi zaarrak. Edonondik agiri dau bere aitortasuna.

Gaur zer dan

Balmasedatarrak, 7.853 inguru dira gaur. Orreen artean euskeraz dakienak, berton jaioak gitxi dira, beste euskal lurralde batetik etorriak geienak. Olantxe dagoz 60 euskaldun. Umerik esan leiteke, bat be ez dagoala euskaldunik. Onexegaitik esan deutsut, gorpu bat ikusi dodala.

Euskaldunik ezean, ba ete da euskal odolik? Tamalez asko ez: eunetik 50 be ez.

Erdaldundute au onaiño elduteko, aintxin-aintxiñako gatxa izan bear. Noiz asi zan, ziur jakiterik ez da; iru-lau gizaldi bai, gitxienez.

Zetatik bizi ziran, eta diran

Erdiaroan, ospetsuak ziran emengo burdiñolak. 1.656 gn. urtean, 50 baiño geiago ziran bertoko olak. Emen izango zan «tiriki tauki-tauki mailluaren otsa» aldi baten. Ezpatagintzan, trebeak ziran. Izan be, auxe zan orduko iskillurik gogorrena; eta asko bear, auzokoei aurrea emoteko. Gaur ez da ezpatarik, nok erabillirik be ez. Beste iskilluak artuta be, geure aurka jatorkuz. Ez gara iñor ilteko, antza.

Ezpatagintzea itxi, ta aren lekuan zurgiñak eta arotzak dira gaur ugari. Ezpatetarako adorerik edonok ez dau; ogerako bai ostera. Larogetamar aroztegi inguru dira lanean, jantoki ta logelatako tresnagintzan. Bakotxean, langille mordotxo bat baiño ez. Erbestera doaz asko, Bilbo aldera. Lantokiok naiko estu dabiltz. Entzun dogunez, egindako lan asko, saldu eziñik, pillatuta dauke.

Balmaseda au eusko gogo batez aztertzera baziñoiaz, urri be urri da an, zuk eta nik billatzen doguna. Balmasedako arlanduetan, «erri bat izan zan» irarri daiteke gaur.

Ez al da bizi ezer? Bai. Zeozer. Gazte bat edo beste, giltzapean dira: euskotarren odola, abertzaleen azia. Dantzari taldetxo bat be ba da. Euskotartasuna, oraindiño bizi ete dan edo. Euskalduntasunik ezean, nik neuk onartzen dot euskotartasuna.

Norbaitek esan dau: «Euskaldunak bear doguz, euskotarrak baiño geiago». Esaera ori, izan leiteke nik ondo ez ulertzea. Nik ulertu dodanez, ez dot guztiz onartzen.

Egia da, ba dirala euskotar ustel asko. Esatetik izatera... Baiña au be ez da guzurra: ez dala ustel gitxiago euskaldunen artean: ikasiak eta ikasi bakoak, eleiz eta erri agintari.

Euskotar guztiak euskaldun, eta euskaldun guztiak euskotar bear geunkez. Geiago: ez batekorik eta ez bestekorik. Euskaldun eta euskotar, itzez eta egitez, guztiok.

Balmaseda ta aregaz Enkartaziño alde osoa, iñoiz euskaldunduteko badira, leenago euskotartu egin bearko doguz. Euskaldun geiago bear doguz, bai; baiña euskotarrak bat be gitxitu barik. Euskotarrak egin bearko dira leenago, gero euskaldunak egiteko; beste biderik ez dot ikusten Balmasedarako. Batzuk, euskaldun izatetik eldu giñan euskotar izatera. Baiña kumatik euskaldun ez diranak, euskotar izan bearko dabe leenago. Euskotarra ez bada, nekerik gura ez dauan euskalduna izango da.

 Balmasedakoei, gaur ez diñotset ezertxo be; ulertu be, gitxik egingo deuste-ta.

 Euskal indarrei bai, auxe: Bizkaiko bazter au, ez bertan bera itxi. Erein eta zabaldu eusko azia. Laster da zabaltzeko berton ikastola andi bat; 600 mutil an eziko dira. Geureak doguz, eta ezin daikeguz itxi. Geuk irakatsi bear deutsegu, amaorderik onenak ama txarrenak beste ez dauala balio.

Balmaseda zaarra,

itzartu!

ta biziko zara.

SALATARI