ANAITASUNA

BIZKAIA

160gn. zenb. - 1968ko maiatzak 15 - 4 pta.


ANAITASUNA

amabosterokoa

7

Euskalerriko Anai Txikarrak argitaratua

Zuzendaria: JUAN AZURMENDI AIZPURU

Zuzenbidea: Torre, 3, 1.º — Bilbao (5)

Urteko ordaiña: 75 peseta

Banakoa: 4 peseta

XVI urtea — 160 gn. zenb. — 1968ko maiatzak 15

D. L.: BI 1.753 — 1967

GRAFICAS BILBAO - Gordóniz, 28, 3.º - BILBAO-12


Urteurren ospetsu bat. Gizonaren Eskubideen Autorkizuna. 1948 -1968

1945 garren urtean amaitu zan mundu guztiko II garren gudua, Europa ta Asiako erririk geienak astindu ebazan ikaragarrizko gudua. Zenbat negar, zenbat odol, zenbat alargun, zenbat umezurtz! Erru bako milloi askoren eriotzea ekarri eban gudu zakarra!

Demokratikoak «izenez» ziran Estaduak, Europako fazismo geienak, ez danak, zapaldu ebezan. Orduan agertu ziran nazismo eta fazismoaren azpian egindako aberekeriak. Orduan entzun genduzan lenengoz Auswitz, Treblinka ta beste laiño gorriz estalduta egozan zigor-landa bildurgarrien izenak. Orduan jakin genduzan an egindako gaiztakeri guztiak. Mundu guztia arrituta geratu zan, siñistu eziñik, zelan gizona abereen azpitik ibilli eitekean. Baiña egia zan, egi itzal ta gogorra.

Askatasun deiaren bitsetan egozan Errietako buruzagiak. Orrela lortu eben ONUko batzar nagusia; ta batzar orren agindurik eta fruturik ederrena, «Gizonaren Eskubideen Autorkizuna» izan zan.

Agindu orreek, 1948 garren urtean batzar aretan ontzat artu ziran; baiña miiñez bakarrik. Autorkizun ori izenpetu eben Estaduen artean, asko ziran, geienak bearbada, siñatutakoa betetan ez ebenak.

Azaldu daiguzan lau edo bost atal, munduaren faltsokeria ikusi daigun.

3 gna. Zor jakoz edozein gizoneri bizia, bere esku izatea ta segurantzea.

5 gna. Ezin leiteke iñor artu oiñazepean, nekepean, odolpean, ez dagokion eran gizona kaxkartuz.

20 gna. Edonok dauka eskubidea, eragozpen barik, besteakaz alkartzeko ta bakezko laguntasuna egiteko.

23 gna. Edonok dauka eskubidea, sindikatuak antolatzeko eta, bere ondasuneri begira, besteakaz alkartzeko.

Ta onela jarraitu geinke atal guztiak adierazoten, guretzat, demokratentzat, ain atsegingarri diran bizimodu oba baten oiñarriak azaltzen.

Baiña zer gertatzen da gaur, 20 urte igaro ondoren, 1948 garrenean Autorkizun ori izenpetu eben naziñoen artean? Ba... orduan lez, gitxi dirala, deklaraziño ori aintzat artu ta betetan dabenak. Ezkerrean ta eskuman ikusten doguz utsak: gizona makiñatzat edo ezerezetzat dauken gobernu totalitarioak edo antzekoak. Ogeigarren urteurrena dala-ta, or asi dira, aurpegi gogorrez, Eskubide orreek goraltzen. Oraingo egun batzuetan, telebisiñoa ikusteak eta izparringia irakurteak amorru emoten deusku. Zelan orrenbeste aurpegi gogor? Zelan ain errespetu gitxi egiari?

Ez dago dudarik: gizonaren Eskubideak errespetatzen ez dituan Estadua ez da demokratikoa, naiz organikoa izan, naiz sozialistea izan.

Autorkizun edo deklaraziño orren 20 garren urteurrenean, lengo lez gagoz: gizona nunnai zapaltzen da, gizona ez da bere buruaren jaube, abere bat lez makillapean bizi da.

Legeak, politak dira; baiña gobernu bakotxak bere erara ikusten dauz. Orrela, ez dago argia egiterik; illunpean bizi da munduko zatirik aundiena.

Baiña gobernu ta Estadu orreek, ez daiela demokratiko izena erabilli beintzat.

Arenaza'tar Josu


Erriz erri

Forua

Foruko frantziskotarren komentuan ikasten dagoan mutil batek irabazi dau COCA-COLAk-eta antolatu daben Idazleiaketa nagusia.

Leiaketa au probintzia guztietan ospatu da. Probintzia bakotxak daukoz bere txapeldunak. Baiña probintzietako txapeldun orreen artean, Euskalerri osoko txapelduna aukeratu dabe. Ta txapeldun onek, Bizkaitik urten dau. Orretara ba, Bizkaiko txapeldun eta batez be Euskalerriko txapeldun.

Mutil au JOSE ARREGI OLAIZOLA da. Ez da bizkaitarra, naizta orain Bizkaian bizi. Azpeitikoa da.

Biotz biotzetik zorionak emon guraz batera, beragaz berba apur bat egin gura dogu.

— Zenbat urte daukazuz?

— Amabost, eta zemendiaren (nobenbrearen) 7an beteten dodaz amasei.

 Frantziskotar apaiz izateko ikasten zabizala ba dakigu. Gero, zer izateko esperantza daukozu?

— Lenengo, fraille. Eta gero, bide orren barruan, ez dakit zer izango nazan.

 Zenbakarren urtea daroazu karrera orretan?

— Orain bosgarrena amaitzen. Iru egin nebazan Arantzazun, eta emen Foruan beste bat. Eta orain ari naz emengo azken urtea bukatzen. Gero, udazkenean, Zarautzera joango naz, abitua artzera.

 Zer gustetan jatzu ikastea?

— Izkuntzak batez be.

 Idazteko zaletasunik ba daukozu?

— Bai, dexente. Oraiñartean, euskera ikastean, orixe egin dot geien, idatzi, eskribidu.

 Nun ikasi dozu euskeraz eskribitzen?

— Etxetik kolejiora joan nintzanean, ez neban bape idazten. Kolejioan Aita Biktoriano Gandiagagaz asi nintzan lenengo idazlanak euskeraz egiten. Euskal idazle jator orregaz iru urte egin nebazan. Eta laugarrena, emen Foruan, Aita Dionixio Arrutigaz. Orain ostera, bosgarren urte au, Joxe Luis Zurutuzagaz.

 Nortzuk izan dira, euskera arloan on egin deutsuen maixuak?

— Batez be or goian aitatu dodazan irurok. Eta zelan ez, neure gurasoak. Danai esker bero bero bat biotz biotzetik.

— Geien irakurten dozuzan euskal idazleak, zeintzuk dira?

— Geien geien Txomin Agirre, Lizardi eta beste banaka batzuk.

 Eta erdal idazleak?

— Oneek ez dodaz askorik leiduten. Baiña batzuk aitatzekotan, Jacinto Benavente eta Gabriel y Galán. Gaiñera, idazlerik onenak ikasten nabil, euren mamin eta azalari begiratuaz.

— Asko irakurten dozu euskeraz?

— Bai, asko-edo.

— Ikusten danez, zure alegin guztiak zeozetarako balio izan dabe. Orain, txapeldun eginda ikusten zaitugu. Leiaketara presentatu ziñanean, pentsatu zenduan irabazi zeinkeanik?

— Egia esateko, ezer bez. Momentu batzutan, leiaketarako ez idaztea pentsatu neban. Eta irabazi nebala esan eustenean, ezin izan neban siñistu, eta beste nonor izango ete zan pentsatzen neban.

— Zenbat sari eta zelakoak artu dozuz?

— Bizkaiko txapeldun izateagaitik, tokadisko bat emon eusten; diskorik oraindiño ez deuste emon; ez dakit geroago bialduko deusten ala ez. Ta Euskalerriko txapeldun izateagaitik, Frantzia aldeko Euskalerrira aste beteko ibillaldi bat egiteko erea eukiko dot.

— Ba, ibillaldi on bat izan daizula opa deutsut. Eta mugaz andiko gure beste anaiak ikustean, zure euskal zaletasuna biziagotu daitela.

JOAN MARI TORREALDAY

Nabarniz

Nabarnizen gauzak, egitekotan, goitik egiten dira, txikikerietan ibilli barik.

Arri jasoketak dirala? Ea non dagoan ango lako morroskorik. Orain urte batzuk, Ormaetxe; gaur, edozein mutil bardingok urtengo deutsu txapeldun.

Indiaba (indarra), arbi, nabo, arto ta beste ortulandaretan, zein erri nagusi Bizkai osoan be? Nabarniz, ezbai barik. Orretan dira ba nabarniztarrak!

Ta zeuk nai dozun egunen baten joan zeintekez Nabarnizera. Sartu edozein baserritan. Etxerakoan esango deustazu ea non egin dozun sekula ango lako betekadarik.

Ez, ori ez. Nabarnizen gauzak ezin leitekez neurri txikian egin. EZKONTZAK eurak be ez, aor.

Ta auxe da ba, gaur esan gura deutsudan gertakizuna.

Ezkondu, edozein ezkontzen da, nogaz euki ezkero beintzat. Au edonon gertatzen da. Baiña Nabarnizen atzo izan zan lako ezkontzarik, ez dogu sarri askotan ikusten. Neu, idazlari au nengoan koruan organuaren aurrean, Mendelssonhn'en «Ezkontza Martxea» joteko gertu. Onetan, gorringoa lako matrail gorridun mutiltxu bat ba jatort arnasoska, ta ba diñost: Jaune, asi beite joten; oraintxe datoz eleizara-ta.

Etorri be, ba etozan ba, alfonbra ta larrosazko bidetik, tronpeta soiñu artean: bat, bi, iru pareja, jendetza aundi batek lagunduten eutsela. Altara aurreraiño eldu ziran, eta euren lekuak artu. Onetan, sakristiatik altararantz, beste prozeziño bat: bat, iru, bost fraille. Ixildu zan organua. Asi zan mezea.

Ta, ANAITASUNArako iakingarri izango zala-ta, boligrafoa ta papertxu bat artu nebazan eskuan, ikusten nengoanaren barri emoteko. Asi nintzan altara aurrekoen izen-abizenak artzen, eta bateko Zabalgojeaskoa, besteko Zabalgojeaskoa eta urrengo be Zabalgojeaskoa... papera txiki egin jatan guztien ezaugarri jartzeko. Sei neba-arreba era batera altaran! Sei Zabalgojeaskoa! Iru Kristoren ordezko, Arantzazuko fraille frantziskotar (Adrian, Damian, Bitorio), ta iru ezkontzako sakramentua artzera etorriak: Elias, Dominga ta Arantza.

Euki eban atzo zer ikusi naiko Nabarnizko erriak, batezbe ikusmira etorri zan ume ta andra talde arek! Mikelak-eta, Paulak-eta, Eustakiak-eta ba dauke, ziur, zati baterako autu-mautu gozoa.

Baiña izan eban zer sentidu ta zegaitik poztu geiago, sei neba-arreba oneen ama zoriontsu Maria Nievesek. Amaika seme-alabetatik, lau frantziskotar (bat Bolivian, mixiolari: Aita Juan), bost ezkonduta, ta beste bi oraindiño ames gozoak egiteko aroan (bat etxean, bestea Australian). Zorionekoa benetan, alako familia eder, kristiñau ta alkartua sortu dauan andrea.

Amaitu zan mezea. Ta meza ostean, oi danez, bolanderak uste dozue? Beste erri baten alan izango zan. Nabarnizen ez. Nabarnizen, gauza apartekoak jazo bear: bo landera ordez, oiñaztuak ta trumoiak io eben; gogor jo be gero, Mendelssohn'eri irabazi guran. Euri zaparrada ederra jausi zan, Gernikara jatsiten giñan artean. Baiña pozik gentozan Gernikarantza. Euri zaparradea, erretratistak ezezik, guztiok artu genduan ezkonbarrientzako bedeinkaziñorik ederrena lez.

Gero jaiak «ARRIEN»enean jarraitu eban: bazkari apartekoa, apetitu apartekoa (140 bat ba giñan maikideak), musikalari apartekoak (Gernikan oraintsu sortutako orkestina barria), dana apartekoa: abestiak be bai, irrintzi ta goraak be bai, dantzaldi ta txaloak be baita. Guztia —zelan ez!— ezkonbarrien izenean eta norberaren gizenean.

Amaitzen noa, onenbestez, nire kronika arin-ziztril au. Ez, ostera, neuk be zeozer apartekoren bat egin barik, atzoko egunaren gomutagarri. Bertso bat abestuko dot.

Milla zorion opa deutsuet,

Nabarnizko ezkonbarriak;

atzoko egunak egiztu ditu

zuen maitasun berbiak.

Udabarrian eguzkiagaz

sortuten dira loriak,

gero udean maminduteko

frutu gozo ugariak.

Anjel-Dominga, Elias-Sabiñe,

Rikardo-Arantza maitiak:

emon frutuak! Artuko ditu

pozez gure Euskalerriak.

BILBAO'TAR FELIX

Mendexa

Gure antzezlari taldeak itxi deutso antzerki lanari udazkenerarte. Aurtengo ekitaldian, antzerki bat bakarrik antzeztu dabe, «Josan» izenekoa. Beste urteetan bi edo iru beti egiten izan ditue, baiña aurten atzeratuak egon dira. Alanbe, datorren negurako erabagi sendoak artuta dagoz, eta izango dogu bat baiño geiago ikusteko erea.

Jorraillaren 21ean, Aulestiko antzezlari taldea izan genduan, eta «Izeko aberatsa» izeneko antzerkia antzeztu eben, eta oso ederto antzeztu be. Aulestiarrak ez dira antzezlariak bakarrik, abeslariak be bai. Abesti ederrak entzun geuntsezan eurai. Izanbe, zuzendaria be ez eben gero makala, Amurizatar Xabier. Berak be kitarreagaz abesti politak abestu euskuzan, eta jenteari barrea naikoa eragin be. Mendexatarrak pozik gelditu giñan Aulestiarrakin, eta ANAITASUNA aldizkari onen bidez artu daiezala gure eskerrik beroenak.

TXAKARTEGITAR JOSE


Irakurleen eritxiak

«Dan dana ulertu neban»

Adiskideak:

Atzo zortzi, joan dan domekan, Ondarruruntz giñoiazala nire bost ume, emaztea ta neu, Markiñako Karmeldarren eleizan sartu giñan, mezea entzutera. Eta, sarreran, zuen ANAITASUNA ikusi neban. Bizkaieraz! Pozik bota neban nire ogerlekoa itsulapikoko zuloan, eta gorde egin neban amabosteroko ori.

Ez dot euki denpora askorik irakurteko; baiña, orrelako baten, ointxe iru edo lau egun, artu neban eskuetan. Asi ta amaitu, dana zaparrada baten egin neban. Eta ori, niretzako siñistu eziñezko gauzea da. Dan dana ulertu neban. Idazlanak, samur samurrak eta mamintsuak. Ekin olantxe, Gereño, Kintana ta lagunok!

Nik antxiñatik artzen dot ZERUKO ARGIA asterokoa. Baiña erdi konplejuak artuta nengoan, ze ez neban erdirik be ulertzen. Pentsetan neban, nire euskerea ez zala benetako euskerea, baserri tartean ikasia neukan eta. Ba dakizu, gizon: baserriko berbetea oso merkea da. A! Tolosan ta orreetan...! An egiten dana ei da benetakoa ta ospetsua. Eta gero, gaurko ikastoletan bere, zelako itzak ikasten dabezan gure umeak! Batzuetan, euskeraz asten dirazanean etxean, ni ixillik egon bear ete naz?

Ebagi ta amaitu egin biot. Iñoiz ez dot ainbeste idatzi euskeraz, ain segiro.

Zuen ANAITASUNA artu nai dot etxean emendik aurrera. Gaiñera, neure kontura bialduko'zue beste ANAITASUNA bat nire aita-amarengana. Ekin gogor! Besarkada bategaz,

PAULO LAKA GABIOLA, Algorta

Eskari bat

Agur jaunak:

Azken aldi onetan, ain gogoko dodan aldizkari orretan egiten ari zarien erreformak, ainbat poz emoten deuste. Betez be alegratzen naz, euskera ulerkor, errikoi ta prejuiziobakoa erabilten dozuelako eta erabilten atrebidu zarielako.

Ori guztiagaitik eta eskeintzen deustazuen txoko onegaitik eskerrak emonaz, pregunta bat gura neuke emen egin. Alegia, ea zegaitik euskal aldizkari au ez dan salduten Bilboko kiosko ta librerietan. Errebitxa onetaz galdetzen dodana, bardin galdetu neike beste euskerazko errebixtetaz.

Izan be, kioskoetan sarri ikusten ditugu aldizkari frantsesak, alemanak, italiarrak... Eta ez dot uste asko saltzen direanik, ez baitira noski Bilbon ugari, izkuntza orreek dakiezanak. Alandabe, ale gitxi saldu arren, or agertzen jakuz danon ikusgarri.

Zegaitik ezin daitekez euskerazko aldizkariak, beste orreek lez, salgai egon? Nik beiñik bein, ez dot funtsezko motiburik aurkitzen, salgai ez egoteko; eta orregaitik kartatxu au eskribidu deutsuet.

Agur.

ANTONIO GANDARA, Bilbao

 Ondo erixten deutsagu zuk eskatzen dozunari. Izanbe, gauza on asko egin leitekez, gure aldizkari au geiago zabaltzeko. Baiña, une onetan, ANAITASUNAN lan egiten dogunok gitxi gara, eta, zoritxarrez, ezin gaitekez danera eldu. Laguntzailleak bear izango geunkez orretarako. Bearbada ez dozua jakingo baiña, estu ta larri gahiltza, gure euskerazko lan au aurrera eroateko. Oso gitxi dira, gure aldizkaria artzen dabenak; eta anuntzioak bialtzen deuskuezanak, milla tidar gitxiago. Eta jakiña, irakurle barik, diru barik, nekez egin leiteke gauza onik. Geuk be, geure aldetik, eskari bat egin gura geunskioe gure irakurleeri: zabaldu ANAITASUNA adiskideen artean, bialdu anuntzioak ANAITASUNARAKO. Ea danon artean Euskal Aldizkari on bat egiten dogun.

ZUZENDARITZEA


Euskerearen batasuna

• Euskerearen oraingo egokera larria ez da bere desbardintasunaren ondorena

• Euskal dialektuen eriotzea lekarken euskerearen batasuna eskatzeko, errazoi andi andiak euki bear dira

• Euskereak bizirik irauteko, bearrekoa da ikastoletan irakastea

Euskerearen batasunari buruz, sekula baiño gogotsuago asteko dirala oraintxe dirudi.

Garrantzi andiko auzia dana, ezin ukatu. Lenago be, kontu au dala-ta, makiña bat berba esan eta batez be idatzi izan da, ta eztabaida garratzik ibilli be.

Gaur egunean, danok eritxi batekoak garala dirudi. Gai onetzaz aoa zabaldu daben guztiak, nik dakidanez beintzat, batasuna eskatzeko egin dabe. Alan be, eztabaidarik ez dala paltako esango neuke.

Izan be, gogorra da euskerearen kontu au. Mendi andi baten tontorretik begiratuaz, ia dana begien aurrean artzen dan lurralde kaxkar onetan, milla modutako berbetea darabilgu. Lau katu baiño ez gara; ta ala ta guztiz be, izan daiteken berbeta modurik desbardiñena daukagu.

Auzia azaletik bakarrik begiratzen badogu, euskerea bat izatera eldu daiten danok alegindu bear giñakela esango dogu, edozein berbeta be modu batera berba egitea itxurazkoago eta obea dalako. Baiña geure azterketea sakontzen badogu, eritxi ori itsu-itsuan aurrera eroatekoa danik ez dogu esango: beste alderako errazoiak be, ba dagozala konturatuko gara.

Niri beintzat, auxe gertatu jat. Len euskera batuaren aldeko itsua nintzan; ta orain gauzeari buru geiagorekin begiratzen ikasi dodanean, lengo eritxien berotasuna asko galdu jat.

Egia, obe genduan euskera bat bakarra gure egunetara eldu balitxaku. Beste errazoirik ez balego be, euskaltzaleok bananduteko zio bat gitxiago eukiko genduke. Baiña geienetan, guk nai doguzan lez gauzak ez dira etorten, eta datozan modura artu bear. Ta kontu onetan be bai. Euskera bat, euskera bardin bat nai gendukean; baiña guztiz desbardiña eldu jaku: alderdi bakotxak bere erara berba egiten dau.

Euskerearen desbardintasun onetan, guk gaurko euskaldunok beintzat, errurik ez daukagu. Bearbada lengoak be ez, bere aintxiñatasunaren kontua bakarrik izan leiteke-ta.

Euskereari jazo jakona, berbeta guztieri jazoten jake.

Aintxiñako berbeta guztiak, denpora askoren buruan, aldakuntza andiak izan ditue, ta desbardintasun nabarmenak sortu izan jakez. Orra or latiña. Erromatarrak, nagusi ziran denporetan, euren berbetea sartu eben menderatuta eukezan erri askotan. Orain bi milla urte, erri guzti orreitako latiña, modu batekoa izango zan kontixu. Ta danok dakigu, latiñetik zenbat berbeta sortu diran.

Bere desbardintasun guztiakaz be, euskerea berbeta bat dala esaten dogu. Eta ez diñot ez danik. Baiña, esate baterako, Bizkaiko euskalkiak eta Zuberokoak ia gaztelar eta katalan berbeteak aiña desbardintasun dauke. Euskeraz irakurteko oiturarik ez daukan bermeotar arraintzale batek eta zuberotar baserritar batek, gitxi ulertuko deutsoe alkarreri: ulertu eziñik ibilliko dira.

Bizkaitarrok eta zuberotarrak modu batera berba egitera etorteko, bien euskalkitik gauza asko baztertu bearko dira.

Batasun au literaturarako bakarrik eskatzen dala esango deuskue bearbada. Baiña ori ezin daiteke. Euskerea il egingo da; edo bizirik irauten badau, denporeagaz literaturan erabilten dan berbeta modua egingo dau erriak.

Euskereak bizirik irauteko, bearrekoa da ikastoletan irakastea. Ta literaturarako bada be, euskerea batuaren billa jo bear badogu, ikastoletan modu batera irakatsi bear izango da, danean gramatika bat erabilliaz. Ta jakiña, jokabide orretatik danok euskera bat egitera etorriko giñake denporeagaz.

Euskal dialektuen eriotzea lekarken euskerearen batasuna eskatzeko, orretara bultzatzen gaituen errazoiak andi-andiak izan bearko litzakez. Batasun barik euskereak derrigorrez il bear badau, eta batasuna barriz bere sendotze ta bizia ziur-ziur bada, ez dago eztabaidarik; batu daigun euskerea.

Baiña olan ete da?

Nire ustez, euskerearen egoera larri au ez da bere desbardintasunaren ondorena. Euskaldun guztiok modu batera berba eginda be, ikastoletan irakatsi ez, eta legeak ezetarako aintzat artu ezik, euskerea oraiñarte lez elduko zan gure egunetara.

Ta aurrerantzean be, literaturan euskera bat erabilli arren, legeak ezetarako aintzat artzen ez badau, eta ikastoletan danak ikastera beartzen ez badira (euskaldunak eta erdaldunak), gure berbeteak ez dau bururik jasoko.

Amaitu baiño len, itaun au egin gura dot: Oraiñarte lez iru-lau dialektutan egin arren, euskerea ikastoletan sartu eta ofizialtzat artuaz sendotu al balitz, obe ete litzake euskerearen batasuna, dialektuen berezitasun guztien amaia izan arren?

Ez dakit. Alan bada, eta danen gaiñetik batasunaren errazoiak aundiagoak badira, neuk be onartuko dot. Gure berbetearen onerako litzakena, edozeiñek baizen gartsuki nai dot.

Baiña orixe nai dot: euskerearen batasunaren errazoiak jakin. Bakotxari apetak alan emoten deuskulako, ez daigun au edo bestea eskatu, garrantzi andiko auzi onetan; eta ezta be, modea dalako ta beste barik ez deiogun modeari jarraitu.

Idazlan au eginda bialtzeko nengoala, ANAITASUNA artu dot. Bertan «Euskera batu baten alde» idazpuruagaz, Xabier Gereñoren idazlana dator. Uste dot, gure berbetearen batasunak an agertzen diran baiño errazoi obeagoak eukiko dituala. Bestela, lenean jarraitzea obe dogu.

KAMIÑAZPI


Serrat dala ta eztala

 «Serrat auzia» atzo goizekoa ez bada bere, pozik jaso dogu eta argitaratzen dogu emen, Bartzelonako gazte batzuk bialdu deuskuen eskutitz interesante bat. Erri txikien eskubideak dejendidu egin bear direala diñosku Kontzilioak. Guk, Eleizeak erakutsi deuskun bidetik ibilli gura dogu; eta orregaitik, gogoaren gogora eskinten deutsaguz karta orreri gure aldizkariaren orrialdeak.

Bartzelonako gazte talde bat, betiko lez batu gara joandako Pazko astelenean, dantzan egiteko, izketan jarduteko, eta abar. Oraingoan, bigarrena bakarrik egin dogu: berba ta berba. Eta gure jardungaia, «Serrat auzia» edo «Serrat eskandalua» izan da.

Izketaldi ostean, Madrilleko aldizkarietara eskutitz bat bialtzea erabagi dogu. Orretarako, lau aldizkari aukeratu doguz: Vida Nueva, Triunfo, Actualidad Española ta Cuadernos para el diálogo; gure ustez, orreexek baitira Espaiñiako aldizkaririk zabalenak eta zintzoenak.

Gure eritxiz, gauzak oker etozan asikera asikeratik, Serraten «aupaldi nazionala» asi zan momentu bertatik. Dana egoan aurretiaz itunduta. Telebisiñoak aupatu egingo eban Serrat, goratu, laudatu, eregatu; baiña kondiziño bategaz: Eurobisiñoan gazteleraz abestutekotan. Eta ementxe konturatu gara bein ta barriro, pena aundiagaz, Kataluñiako kulturea ta izkuntzea opresiño ta diskriminaziñopean bizi dala.

Guk, katalanok, gaztelerearen edertasuna ta bearbada nagusitasuna autortuarren, gure barrua obeto agertzen dogu gure izkuntza oinperatuan, Cervantesen izkuntzan baiño, alper azkenengo au ofiziala izan, eta berau bakarrik eskoletan irakatsia izanarren. Orrez gaiñera, edozein gizonek dauko eskubidea. barruko sentimentuak bere izkuntzan adierazoteko, naizta izkuntza ori Estaduko minoria batena izan. Egia au ez ete dabe gaztelarrak iñoiz ulertuko?

Ba dakigu, zuek au ta geiago ulertzen dozuena. Irakurri be egin dogu iñoiz, prolema au zuen aldizkariok bakarrik bear dan moduan ikutu dabela. Oker ez bagagoz, Cuadernos para el diálogo aldizkariak zera esan eban bein, gaztelar asko erdi lotsatuta dagozala, euren izkuntzeak Espaiñiako beste guztiak ain gogorkiro menperatzen ditualako.

Geuk be zeueri diñotsuegu, katalanak benetan minduta gagozala, prolema onegaitik beti separatistatzat artzen gaituelako, batasuna —emengoa ta Europakoa— biotzez maite dogun arren. Ba ete dago oraindiño iñor, «Visca Catalunya lliure» deadarka esateko kapazak gareala siñistu leikenik? Libertade au ez dogu nai. Alkarregandik urruntzen gaituan askatasuna ez dogu gura, beste askatasuna baiño: libre izan, norberaren izkuntzan berba egiteko, bakotxaren kulturea landuteko, Estadu barruan eskubide ta abagadune bardiñak eukiteko. Askatasuna gura dogu, Serrategaz jazo dana sekula geiago gerta ez daiten. Tamalgarria izan da benetan. Naziño osoa, keixu ta artekadu, aldarrika jarri da, mutil gazte batek Eurobisiñoan gazteleraz abestu gura izan ez daualako. Arrezkero galerazo egin ditue bere abestiak naziñoko emisora guztietan. Zelan edo alan, Kataluñiako abeslaria eriotzara kondenatu dabe, eriotza artistikura noski.

Zuok, aldizkari orreetan ain leialki lan egiten dozuenok, berba egizue, arren, argi ta garbi, gauzak aurrerantzean ez daitezan lorrindu, espaiñolak alkar ulertzen ez dogulako.

Guztiz atsekabetuta egonarren, konfiantzaz beterik jo dogu zuekana, gure prolemea iñok baiño obeto ulertuko dozuelakoan.

María-Ture Abello Durán

Jordi Abello Esteve

ta 14 izen geiago.


Gaurko jakintza bideetan

Izarren igesa

Gure lur au eguzkitik sortua dala uste dogu. Eguzkia bera nundik ete? Nundik beste izarrak eta izar taldeak edo galaksiak?

Jakitunak diñoskuenez, gaur zeruan zear ain zabal ikusten dogun guzti ori, len aintxiñako aintxiñatan, moltzo biribil baten batuta egon zan, barruruzko erakarpen batek eraginda. Gero bat batean, moltzo ori lertu egin zan eta suzko zatietan sakabanatu. Eta arrezkero, milloi urte askotan, or dabiltza zatiok bata besteagandik igesi; or doaz izar taldeok, bakotxa bere aldetik, argiaren aiñako abiadan, ezer bako bide utsetan zear.

Orain jakitunak zera jakin gura dabe, ta amar urte buruan jakingo ei da, ea abiada ori aunditzen ete doan, ala, barruruzko erakarpenak barriro eraginda, makaltzen asi ete dan.

Lenengo kasuan, izarrak beti igesi ibilliko ei litzakez, eta azkenean aizea baiño zeeagoak biurtuko. Bigarrenean barriz, atzera moltzotuko ei lirake; ta beste lertze batek eraginda, barriro sakabanatuko, gaurko izakerearen antzeko batera elduarte. Azkenengo au egia balitz, Jaungoikoak bakarrik daki zenbakarrena izango litzaken izarren batze ta lertze ori.

AIXOLA


Kaleko Gizonak Diñoana

Erantzuna

Irakurle bat azalpen eske eldu izan jaku, Bilboko egunkariak direala-ta, aurtemein idatzi genduanaz.

«Emen egunerokorik eta asterokorik ez dogu-ta» idatzi genduala.

Bai, jauna. Euskerazkorik ez dagoala esan gura genduan. Gure irakurle orrek apurtxu bat jarraitu izan baleu, laster igarriko eukean guk agertu nai genduana.

Dana dala, azalpena egiteko aukerea emon deusku.

Bilbon ez Bizkaian ez dogu euskerazko egunerokorik ez asterokorik. Ezta euskal atala dabenik be. Orrezaz, ez dakigu euskal errietan bizi garean ala Gaztelako eremuetan, ala egoaldeko Andra Mariaren lurretan.

Oraintsu auxe, ANAITASUNA asi jaku amabostero agertzen.

Baiña amabost egunean, euskaldunok Bizkaian, baru egin bear dogu, baru luzea, emengo albistariak ez barri onik ez barri txarrik euskeraz eskiñiko ez deuskuelako. Ez dogu euskeraz irakurterik.

Ta ezta entzuterik bere, sermoiren bat izan ezik.

 Arakatu dagigun, ostantzean. Ogetamaika urtean, zer argitaratu dabe euskeraz Bilboko «periodikuek»? Zeinbat artikulu? Zeinbat albista? Urtean bein, lantxuren bat bai gero?

Ai, Bilboko ta Bizkaiko irakurle euskaldunen barualdiak!

Euskal leziñoak agertu ditue eguneroko batzuk... diruaren pozean.

Ta, zetarako gura dozu pelotaka jakitea, frontoirik egiten ez baldin badeutsue?

Bilbon, iru «radio» bere, ba ditugu. Baiña ez albistak euskeraz emoteko. Samako miña izaten dabe orretarako. Gure abesti zaar ta barriak bai, noizean bein emoten ditue. Euskal leziñoak be bai, tarteka.

«Erri-irratiak» orraitiño, otoiak, abestiak, Barriona ta gaixoentzako gogo-jardunak be esaten ditu. Leenago, ba zan «Euskal Ordua» be.

Baiña esanak esan, batzun eretxiz, euskereak ez dau balio «informaziñue» egiteko. Cervantes'en berbetea da bakarra orretarako, emen beintzat. Or gorago dozuz agerpenak eta argibideak.

Zinerik noiz izango ete dogu euskeraz? Eta TV? Errazionamentuko egunetan 100 gramoko zatitxuak lez jasoten dogu euskerea TV bakarrean.

Orreek ete dira gure berbetea indartuteko modu egokiak?

Euskerazaleak asko bazterretan; «lengua vernácula» dogula ta ez dogula, barriketa ugari. «Alcaloide de lo español» eta orrelako pitxikeriak bai, «reliquia prerromana» ta abar; baiña...

Belarriak dituanak entzun begi; begiak dituanak, ikusi.

Txekoslobakiara begira

Aldakuntza aundiak izan ei dira Estadu orretan. Askatasun gizajoari arnasa apurra artzen laga ei deutse Txekoak eta Slobakoak eurak. Burutapen sekulakoa, kontxo!

Ez ete dabe jakin oraiñarte, askatasuna Jaungoikoak gizonentzat egin ebala, batez bere? Asmo ta teori politak buztarri eta buztarri ariñen inguru, leen eta orain. «Baiñe, pratike aluu falta» ondarrutarrak esan oi daben lez.

Txekoslobakiara begira dagoz europear gizon batzuk. Gomutagarri da gure Getxoko armarriak daukan esakune au: «Kalte dagianak, bizarra lepoan».

Arbola tantaietan urkatu dabe batzuk euren burua Praga aldean.

Itxasoko ura

— Aita, itxasoko ura zegaitik da gazia?

— Uretan barruan makaillauak bizi direalako.

— Eta, ur geldiak zegaitik izaten dabe ustel-atsa?

— Ur egondu orreek kirastu egiten direalako. Orrelako tokietan arraiñak bere, il egiten dituk. Bakeak ilten jozak.

— Bakea il?

— Bake lar dan lekuan, eriotzea jabik, seme.

— Bai, ur egonduetan lez.

KALEKOA


Uste izan

Gu traketsok

Rikardo Arregi

Neure idazlanak barriro irakurten egon naiz. Orain dala bost urte ezkeroztik, euskal aldizkarietan argitaratutakoak. Eta zenbateraiño diran traketsak ikusi dot. Asko ta asko, gaizki idatziak. Korrika egiñak. Gutxi landuak. Eritxien enparantzara eten barik eritxiak argitaratuaz.

Zorionez edo zoritxarrez, euskalgintzeak lan zaratatsuak eta brillanteak baiño geiago, lan iraunkorrak bear ditu. Lan iraunkorrak eta zeiak, ixillak baiña eten barik egindakoak. Zenbat asmo eder eta probetxugarriak ez dira azaldu gure artean azkeneko urte oneetan! Baiña euretariko zenbatek iraun dabe? Egia esateko, oso gutxik.

Dudarik baga, saiaketa guzti orreek derrigorrezkoak ziran. Asmo guzti orreek be planteatu bear ziran, azia ereitea bearrezkoa baitzan. Baiña gure eginkizunaren maillea zein dan kontuan artu bear dogu. Euskaldungoak irauten badau, gure belaunaldiak ez dau ondoren aundirik itxiko. Izanbe, etxe bat egiterakoan, lenengo oiñarriak jarri bear dira sendoak. Etxea jasotakoan, oneekaz ez da iñor gogoratzen, ez dauke nortasunik. Errealidade onegaz konturatzen ez bagara, aundiguran asiko gara, eta ez dogu ezer asko egingo.

Zenbat ez dira ari gaur egunean lan ixillean, euskalgintzearen itxaropenari zutunik iraun erazoten deutsoenak! Jakiña, oneek jakitunentzat, jaun aundientzat, ikasientzat etab. langille traketsak dira. Idazle zatarrak, gramatikea ezagutzen ez dabenak. Euren saiaketa geienetan, oker jokatzen dabenak. Baiña ba dauke zerbait, besteai falta jakena: egiten dabenak dira. Eta oneek, gaurko inportanteagoak dira euskerearentzat, besteak baiño. Oneek barik, beste guztiak ez dira posible.

Jakiña, ez da naikoa borondate ona bakarrik izatea. Zerbait geiago bear da. Borondate onak ez ditu danak parkatzen, ez ditu erruak aaztu erazoten, trakeskeriak ezerezten.

Snobismoa da gure areriorik aundienetakoa. Euskerea snobismoagaitik defenditzea. Afiziñoz, denporea pasa naiean. Olan erreza da, euskereatzaz asko jakitea, gramatikea oso ondo ezagutzea. Noizean bein, primeran idatzitako artikulu bat argitaratzea. Eta kitto. Beste guztia jente zeiak, traketsak egin daiela. Gaiñera, oneek olan, euren idazkera txarragaitik, marmarrerako, kritikarako gaia emongo dabe.


"Populorum progressio" entziklikearen lenengo urteurrenean. Indarrezko bideak ala bakezkoak?

 Urte bete da, Populorum progressio entziklikea argitaratu zana. Ixildu zirean lenengo txaloak eta alabantzak, dokumentu inportante orrek mundu guztian zear artu zituanak. Amabi illabetegarrenean, mundua betiko lez aurkitzen da: aberatsak len baiño okituago, eta pobreak lengo lez txiro edo bearbada landerrago. Alegiñak egin dira, bai, justizia sozial geiago munduan sartzeko. Or daukogu adibidetzat UNOko batzarra, komertzio internazionala erreformatzeko New Delhin oraintsurengo batu dana. Baiña alegiñok, alperrekoak izan dira itxurea. Gatxa da, antza, asmo onatatik egintzetara igarotea.

Au ikusita, gero ta kristiñau geiago asi dira aurten, bakezko edo eboluziñozko bideetan esperantzea galtzen; eta naiago dabe erreboluziñoa, indarrezkoa izanarren bere.

«Indarra indarraren kontra»

Arestian, konferentziak izan dira Erroman, Populorum progressio entziklikearen urteurrena ospatuteko. Olako konferentzia baten, Aita Jarlot jesuiteak, Gregoriana Unibersidadeko profesoreak esan dau, aberatsak ez dabezala eguno euren pribilejioak gogoz eta onean itxiko; eta oraingo egokera onetan, zuzentasun bako gogortasun bat, justiziazko beste gogortasun bategaz bakarrik galerazo leitekela.

«Erreboluziñoa, bide bakarra»

Parisen, batzar interesanteak egon dira, martiaren 23an ta 24an, erreboluziñoak kristiñau erlejiñoan sortu eragiten dituan prolemak estudiatzeko. An batu direanak esan dabe, oraingo egokera onetan erreboluziñoa dala, euren ustez, justizia lortzeko bide bakarra. «Edozein kristiñauek eta edozein gizonek eskubidea dauko, erreboluziñozko aurrerabide onetan parte artzeko, armak artu bear baditu bere. Eta deretxoa dauko, fededun erreboluzionarioeri bere oneritxia agertzeko, iñoizko baten euren engaiamentuagaitik Eleizatik kanpoan geratuko balira».

«Gogortasuna, bide zuzena»

Oestafrikan, Abidjan'en, Marfil Kostako uriburuan, beste batzar inportante bat egon da martiaren azkenetan. Afrika guztiko kristiñau Eleizetako delegaduak parte arte dabe bertan: iru katoliku euren artean. Eta arrigarrizko autormen edo deklaraziñoak egin ditue batzarraren bukaeran. «Indarra erabiltea ezin leiteke geiagoko barik kondena. Gu geu aintzakotzat gagoz, biolentzia edo gogortasuna gauza zuzena dala batzutan, zirtedozarteko neurriak artu eragiten baititu, beste erremediorik ez dauken gauzak konpontzeko».

 Asko dira, olan pentsetan daben kristiñauak. Gero ta geiago. Orrek esan gura dau, aspaldion kristiñauen artean tendentzia edo jokera barri bat sortu dala. Baiña jokera orregaz ez dagoz konforme Eleiza katolikuko pentsalari geienak eta ospetsuenak.

«Zentzunbakokeria bat»

Martiaren 26an, Populorum progressio entziklikearen urteurren egunean bertan, abagadune guztiz erazkoa euki dau Paulo VI garrenak berbaldi baten, dokumentu orren esangurea okertu dabeneri erantzuteko. «Batzuen ustez —esan dau Aita Santuak— entziklika onek ateak zabaldu deutsoz erreboluziño ta gogortasunaren teolojiari. Ori esatea, zentzunbakokeria bat da, eta gure pentsamentu ta egintzen kontra doa. Gauza bat da erreboluziñoa ta biolentzia; eta beste gauza bat, gizonaren benetako alegiña, alegin adoretsu ta sendoa, progresu soziala ta ekonomikua mundura ekarteko danok egin bear geunkena».

Abadeak eta erreboluziñoa

Deklaraziño guztiz inportanteak egin ditu oraintsu Erroman Monseiñor Vilelak, Brasilgo Teresinako artzobispoak, Latiñamerikako erreboluziño ta gerrilleri buruz. Ona emen, labur esanda, berak diñoana.

Egoamerikako egokera sozial, ekonomiku ta politikua guztiz txarra da. Situaziño onetan, Eleizearen aldetik ez da naikoa Ebanjelio espiritualegi bat predikatzea, munduan bizi gareanok aingeruak baigintzazan. Ori egingo bagendu, urrundu egingo gintzakez karidade ta justiziatik, eta beraz bakezko bideetatik.

Jente askok —batezbere estudianteak eta intelektualak— uste dabe, erreboluziñoaren bidez izan ezik, ezin leitekela oraingo egokera triste au aldatu. Orrexegaitik aitatuten da ainbeste bidar gure artean gogortasuna edo biolentzia, beiñola maitasuna edo karidadea aitatuten zan legez. Desarrolluaren teolojia, erreboluziñoaren teolojia biurtu da; eta jente askoren artean, erreboluziñoaren teolojia, biolentzia ta gerrillen teolojia billakatu da. Baiña ez ete da altuegia, gogortasunak eta biolentziak eskatzen daben prezioa? Seguru gagoz, altuegia dala.

Eta abedeak eta frailleak zer? Zer egin bear dabe erreboluziño denpora onetan? Gure eritxiz, apaizak azaldu egin bear dabe gerrillen eta gizarteko eztabaiden esangurea. Apaizak ulertu egin bear dabe eta ulertarazo, gerrillak geiagoko barik ez datozala eta gure artean konpondu barik dagozan prolemen ondorioa direala. Apaizak aztertu egin bear dabez gizarteko fenomenuok eta Ebanjelioaren argitan epaitu. Baiña ezin leitekez indarrezko mobimentuetan engaiatu; ezin leikeez mobimentuok adoretu, eta arabere gitxiago, buruzagi bezela gidatu.

Apaizak alegiña egin bear dabe euren aldetik, gauzak argituteko. Argi orreri eskerrak, gure gizarteko radikalak eta kontserbadoreak ez dabe beste barik esango, gerrillak komunismuaren manifestaziño bat direala eta kristiñau baloreen kontra doazala; eta bearbada konturatu egingo dira, gerrillak derrigorrezko fenomenu bat direala, gaurko gizarteko prolema askok soluziño zuzen eta alik lasterrena eskatzen dabe-ta.


Ezkontzea, maitasuna, gaztedia

Amodiozko kartak

Aldizkari katoliku baten idaztokira, telefonoz deitu dabe. Ama atsekabetu batek itz egiten dau: «Mesedez, lagundu eidazue! Emoistazue, arren, kontseilluren bat! Nire alabearen eskola liburu zorroan, eskutitz bat aurkitu dot gaur. Irakurri neiskizue?

 Nire Edurne maitea!

 Milla esker zeure karta biakaitik eta zeure erretratuagaitik. Zeure erretratua! Beti daroat aldean. Barikuan ez neutsun telefonoz deitu. Parkatu eidazu. Zeregin aundia geunkan, eta oso beranduarte lan egin genduan. Beti zaitut gogoan, Edurne. Kontuz ibilli, zure ama ez daiten ezegaz konturatu. Ezin leike iñok gure maitasun aundia ulertu. Zeugan bakarrik pentsetan dot. Laster joango naiz orra. Orduxean ikusiko dogu alkar. Izan zaitez beti zintzoa nigaz.

 Milla mosu, bero beroak.

 Zure Iñaki

Nire alabeak, 13 urte daukoz baiña! Entzun dozue? 13 urte bakarrik! Zer egin neike nik orain? Poliziari deitu? Ala mutillari eskribidu? 17 urte bakarrik daukoz lotsabako orrek be! Ala etxean gorde alabea, edo internadu batera bialdu?».

 Luze samar izan zan telefonozko alkarrizketea. Ama, azkenean, trankildu egin zan eta milla eskerka eskegi eban aparatua. Zer esan eutsoen ba, bere biotza sosegetako?

Ez eizuz desegin zure alabearen maitasun amesak! Ori, kaltegarri izango litzake. Emakume asko zoribakoak izaten dira neskazaroan eta gero ezkontzan bertan bere, maitasuna euren biotzetan ernetan asi zanean, gurasoak itsumustuan jokatu ebelako.

Neska gazte batek, bere biotzeko lenengo maitasun pilpillak iñoren erruz itota ikusten dituanean, goitik beerako zarrastada bat sentietan dau bere barruan.

Arrezkero dilema baten aurrean aurkitzen da: edo beste seksuagaz zerikusia dauken gauzak itxusiak eta loiak dira, edo gurasoak ez dauke errazoirik. Lenengo kasuan, neskatilleak ez dau orregaitik amor emongo, eta aurrera joango da maitasun bideetan, pekatuzkoak direala uste izanarren.

Bigarren kasuan, ez deutse gurasoeri bere biotza iñoiz zabalduko eta ixillean gordeko ditu aurrerantzean bere amodio kontuak; edo txarrago dana, gurasoakaz asarratu egingo da eta bearbada etxetik iges egingo dau.

Gurasoak alegin guztiak egin bear ditue, euren umeen arimea sendotuteko, gerorako ondo preparatuta egon daitezan.

Kartazko artuemon erromantikuak, lenengo pausuak izaten dira, berez eta barru txar barik gaztetxu batek maitasunaren misteriozko bidean emoten dituanak.

Itxi deiogun, misterio ori euki daian. Pubertzaroan dagoan neskatilla batek, sekretuak euki bear ditu. Bere biotzak bor-bor egin bear dau eta ames.

Poliziari deituezkero, mutilla asarre gorrian jarriko litzake eta alabearen sekretua auzoan bala bala ibilliko.

Itxi baketan alabea, eta bere misteriozko amesari emon deiola trankil. Ikusi ta itsu, entzun eta gor: orixe da biderik onena.

Baiña au ez da naikoa. Beste gauza bat da benetan inportantea. Alabeari jazoten jakona, seiñaletzat artu bear dogu, beragaz alkarrizketa bat eukiteko. Esate baterako:

«Edurne, ba daukozuz 13 urte. Neskatilla polita egin zara, eta mutillak zeuri begira asi jatzuz. Gauzatxu bi esan gura deutsudaz, kontuan euki daizuzan. Oraindiño gazte zara, eta ezin zeinkez gauza guztiak jakin. Orrexegaitik lagundu gura deutsut, ez daizun gero desengañurik euki. Entzun! Mutillak, aolakoak eta aolakoak dira...»

Onek ez dau esan gura, mutillen kontra berba egin bear dogunik, ez. Naikoa da alabeari adierazotea, seksu biak euren erreaziñoetan desbardiñak direala.

Sendotu daigun bere biotzean seksuaren kontzientzia. «Zu neskatillea zara, emakumea zara; eta orregaitik, olan eta olan ibilli bear zeunke».

Berba egin deiogun naturalki, barruan daroan sekretu erromantikua aitatu barik eta beste seksua txarto ipiñi barik. Olan, animatu egingo da bera be, aurrerantzean olako gauzen gaiñean konfiantzaz baterik geugaz berba egiteko.

 Alkarren arteko konfiantzea da biderik onena, gure alaben kontrola eukiteko, gauza askotan libertade apurtxu bat eureri emonarren.


Santo Domingon. Pobre izatea, gatxa da

Santo Domingon bertan, erri ertzeko auzotegi pobre baten bizi da monja komunidade txiki bat. Monjak, Ipar Amerikakoak dira; eta alegiña egiten dabe, euren bizimodu guztian (etxe barruan, jantzian, jatekoan) auzokideen antzekoak izateko. Goizetik gaberarte, pobreen alde lan egiten dabe, bai irakaskintzan, bai egintza sozialetan.

Alandaguztibe, auzotegiko jentearen ustez, aberatsak ei dira.

 — Baiña zelan izan leiteke ori? —itaundu eutsoen monjak etxekoandra bateri. Zeuok lez ez gara bizi ba?

 — Bai, baiña zuek jan egiten dozue, eta guk ez: auxe izan zan aren erantzuna.

Oraintsuko anekdota itzal onek, berbaldi luze batek baiño geiago diñosku. Santo Domingoko pobreen egokerea, ez siñistutekoa da. Eta Santo Domingon jazoten dana, Latiñamerikako beste leku askotan be gertatzen da.


USAn. Monja ta obispoen arteko gorabeerak

Nortamerikako monja komentu asko, aldatuten asi dira euren bizimodua. Kontzilioak emon deutse orretarako eskubidea ta adorea. Baiña Erroman, Antoniutti kardinalak, mundu guztiko fraille ta monjen zuzendari nagusiak, ez ditu USAko monjen barrikuntza guztiak onartu.

Californiako MacIntyre kardinalak be, galerazo egin deutse bere diosesiko monja batzuri, errenobaziñozko asmoak aurrera eroaten.

Ona emen, USAko monjen barrikuntza batzuk:

Bateoko izena barriro artu dabe, eta nobiziaduko izen barria zokoratu. Jantzi luzearen ordez, erriko emakumeena aukeratu dabe; monja ezaugarritzat, bularrean kurutze bat daroe, ez dira pintatzen eta bitxirik ez darabille. Ez dabe danak batera otoitz egiten; arazo ori norberaren ardurapean itxi dabe. Monja bakotxak erabagiko dau, zenbat atseden egun artu bear dituan, bere osasunak eskatzen dauan neurrian. Danak dauke baimena, kartak idazteko eta itxita bialtzeko, eta telefonoa norberak nai dauanean erabilteko. Agintaritza auzia banaka batzuen eskuetan egon bearrean, aurrerantzean danak dauke eskubidea, eleziñoetan parte artzeko. Komentuko diru kontuak erri gizonen pentzura itxi ditue, askatasun geiagogaz pobretasunezko botua gorde al izateko. Aurrerantzean erriko ostatuetan jan al izango dabe. Orrezaz gaiñera, monja bakotxak illean 1.400 peseta jasoko ditu, lansaritzat, norberaren bearrizanetarako.

Barrikuntza oneek zarata aundia sortu eragin dabe, eta eureri buruz sarritan mintzatu dira naziñoko egunkariak bere.

Dana dala, emakume oneek bide zuzenetik doazalakoan diardue, eleizagintariak gauza askotan euren kontra egonarren. «Gauza gatxa da —esan dau aurtemein monja nagusi batek— eleizagintariakaz alkartasunean lan egitea, gure obispo jaunak edade bakotzat artzen gaitue-ta».

Geroak esango dau, zetan geratuko direan gauzak.


Perun. Gizarteko justiziaren alde

Denpora asko ez dala, Peruko 50 abadek agiri bat argitaratu dabe ango prolema sozialeri buruz. Dokumentu orretan, erriko jentearen egokera negargarria adierazota gero, kondenatu egiten dabe abadeak aberatsen jokabidea, zuzentasun bako situaziño orren errua eurok daukela-ta.

Egun batzukarrenean, beste 28 abade batu dira lengo taldekoakaz, eta, beste agiri baten bidez, onartu ta sendotu egin dabe areek esan dabena.

Limako artzobispoak, Monseiñor Joan Landazuri Kardinalak, begi onez ikusi ditu abadeen agiri biok.

Beste gauza askoren artean, auxe esan dabe abadeak: «Duda barik, lagun urkoaganako maitasuna ezin leiteke gure artean egiazkoa izan, Perutar geienak ezbearrean eta injustizian bizi direala konturatzen ez bagara, eta benetako alegiña egiten ez badogu, egokera orretatik ainbat ariñen urten daien».

Limako artzobispoak, bere aldetik esan dau: «Guk, Ebanjelioa zabaltzeko obligaziñoa daukogunok, etentzaka esan bear dogu, justizia barik ez dagoala benetako kristiñautasunik».


Maiatzaren 19'an bertsolariak Sara'n. Lapurdi-Baxenabarra, Bizkairen aurka

Lapurtarrak eta Baxenabartarrak Sarako erri polit maitagarrian batuko dira, bertsolari txapelketa bat Bizkaitarren kontra jokatzeko.

 Mattin eta Xalbador, Azpillaga ta Lopategiren aurka, biñaka.

Bikote bakotxaren puntuak jokatuko dabe, beste bikoteak irabazi leikezan puntuen kontra.

Bertsolarien artuemonetan ez da oraindiño orrelakorik ezagutu. Bertsolari bakotxak bere nortasuna galtzen dau, eta Erriaren izena ta onorea goratzen aleginduko da.

 Lapurdi-Baxenabarra edo Bizkaia izango dira txapeldun, ez bertsolari bat.

Gudaketa gogorra, duda barik, Saran ikusiko doguna; baiña adiskide ta anai arteko gudaketa zintzoa ta leiala.

Mattin eta Xalbador onak dira, danok dakigu. Baiña Azpillaga ta Lopategi, gaur egunean Euskalerrian biñakatu leiteken bikoterik onenetarikoa da; eta gaiñera, ba dakigu gogo-biotzik aundienagaz datozana, Bizkairen izena zaindu eta goi goian ixteko.

Ez dago dudarik, maiatzaren 19an, oraiñarte ikusi dogun saioketarik ederrenetakoa ikusiko dogula Saran.

Meza nagusia bertsolariekin eta txistuagaz

Euskalerrian lenengo aldiz ikusiko dogu Meza Nagusi bat bertsolariakaz. Parroko jaunak erreztasun aundienak emon dauz orretarako. Bertsolariak abestuko dabe meza asieran, meza erdian eta bukaeran.

Egun orretan, mezea ez da asiko 9,30 eta bai 11 orenetan, Bizkaitarrak etorteko denporea euki daien.

Errikoetxean alkatearen ongi-etorria

Meza ostean, Sarako Aiuntamentuak, bertsolariak eta adiskideak Errikoetxean bilduko ditu; eta Alkateak, ardao txurrut batekin eskiñiko deutse Sarako erriaren izenean ongi-etorria.

Gero, ordu batetan banketea Trinketean.

Sariak

Kopa eder bi ta urrezko moneda bat.

Kopa biok irabaziko ditu, Saran eta Parisen punturik geien ataraten dituan bikoteak. Baiña bereganatzeko, urte bitan bearko dabez irabazi errezkadan.

Mexicoko bertsolarien adiskide batek urrezko moneda bat eskinten dau, berak ezarten dauan gai baten, bertsorik onena emoten dauanarentzat.

Sarako erriak bertsolari bakotxari txamarran eroateko insiñia bat eskiñiko deutso, egun orren gomutagarritzat.

Arrossagaray, Iriberry ta Mixel

Bertsolari gazteak doguz irurok. Orain asten direanak. Xalbadorren semea dogu Mixel. Egun orretan agertuko dira, pitinka pitinka jentearen aurrean kantetan ausartu daitezan.

Orranemen, lotu egingo da bertsolari nagusien saioketea, gazte orreek euren talentuak erakutsi daiezan.

Ikusiko dogu, beraz, ea bertsolariak ondorengorik daukenentz.

Epaitzeko bide barria

Egun orretan, bertsolariak epaitzeko bide barri bat entsaiatuko da. Lau epailari egongo dira probintzia bakotxetik: Gipuzkoa, Bizkaia ta Lapurditik.

Ona emen izenak: Gipuzkoatik, Bordari, Ayalde eta Aranalde. Bizkaitik, Muniategi, Arregi eta Antzemendi. Lapurditik, Lafitte, Itzaina eta Larre.

Epailari bakotxak bere egiteko berezia eukiko dau.

Azken oarra

Bertsolariakaz bazkaldu gura dabenak, telefonatu daiela Sarako Trinketera, 40. Edo beste onetara: Fuenterrabía, Guipúzcoa, Tel. 641303.

Tokia aurretiaz artzea komeni da.

SARATARRA


Aberastu zure euskerea

 Ona emen, ANAITASUNAREN zenbaki onetan agertzen direan berba ta esakera batzuk.

ABAGADUNE (B), aldia, garaia, eretia. Pozik zagoze, umeak, nok ziri ez daukazuen abagadunean: estáis contentos, niños, al no tener quién os incite.

AINTZAKOTZAT EGON (B), alan dalakoan egon. Aintzakotzat nago: creo que es verdad.

ALBISTA (B), barria, notizia.

ALDARTE (BGLN), gogaldia, umorea.

AMOR EMON (B), erderazko ceder.

AOLAKO (B), olakoxea. A aurrizkiak indar geiago emoten deutso berbeari. Adibideak: aonek, aolan, aemen.

APETA (BG), capricho erderaz. Apetak emon deust garangorriak jan bear ditudala, ta nik ekin: me ha dado el capricho de que he comer madroños, y yo los he comido.

ARI IZAN (GLN), jardun, zerbait egiten egon. Irakurten ari naiz.

AURTEMEIN (B), oraintsu, arestian.

BAITIRA (LN), dira-ta. Kontuz txakur orreekaz, gaiztoak baitira: cuidado con esos perros, que son malos. Berboaren olako formak ikasi egin bear doguz bizkaitarrok, idazteko ta itz egiteko guztiz egokiak baitira.

BAITITU (LN), ditu-ta. Eskupeko bat emoiozu, errekadu guztiak ondo egin baititu: dale una propina, ya que ha hecho bien todos los recados.

BALA BALA IBILLI (B), edonoren agotan ibilli. Bala bala dabil barri ori: esa noticia se comenta muchísimo.

BELAUNALDI (GN), gizaldia. Generación erderaz.

BILLAKATU (L), biurtu. Errauts zare, eta errauts billakatuko zare: polvo eres, y en polvo te convertirás.

BORBOR EGIN (B), ondo ondotik irakin.

BORTXATU (L), erderazko forzar, violentar.

BUKAERA (GN), azkena, amaierea.

EMON (B), erderazko darse, entregarse, urrengo esakeretan: igesari, negarrari, ariñari emon deutso.

ENGAIAMENTU (L), a edo bestea egiteko, norberak artzen dauan obligaziño edo konpromisua. Frantsesez engagement, italianoz ingaggiamento, inglesez engagement, alemanez Engagement.

ENPARANTZA (G), plazea.

EREGATU (B), mimar erderaz. Ondo esanagaz, alperrik eregatuko dozu: en vano le mimarás, diciéndole bien (Peru Abarka).

ETAB., eta abar, etc.

ETENTZAKA (B), eten barik. Erderazko incesantemente, ininterrumpidamente.

EUSKALDUNGO (L), euskalduntasuna.

GEIAGOKO BARIK (B), erderazko sin más ni más.

GIZAMAILLA, erderazko clase social.

GOGOAREN GOGORA (B), gogo onez, gustora.

ILLABETEGARRENEAN (B), illabete geroago. Ordu erdigarrenean: a la media hora. Urte askogarrenean: al cabo de muchos años.

ITSUMUSTUAN (B), itsu itsuan. Obcecadamente erderaz.

ITUNDU (BG), konpondu, batera etorri. Alkarrekin itundu ziran, diru zati bat ezkutatzeko: se convinieron entre sí para ocultar una porción de dinero (Mogel).

ITXUREA (B), antza, antza danez. Onezkero ez dator, itxurea: ya no viene, según parece.

KIRASTU (BGLN), atsitu.

KONTSEILLU (L), burubidea, kontsejua.

LANDER (B), txiroa, pobrea. Aintxiñako berbea da.

LERTU (BGLN), iztanda egin. Biak egozan gizenez lertzeko zorian: los dos de puro gordos estaban a punto de reventar.

NESKAZARO, neska denporea. Pubertzaro: época de la pubertad.

OKITU (BLZ), guztiz betea. Aberats okitua: millonario, riquísimo. Jakitun okitua: gran sabio. Zahar okitua: viejo decrépito.

OREN (LN), ordua. Oren oso bat: una hora entera.

PENTZU (B), ardurea. Iñoren pentzutan egon: estar al cuidado de otro. Iñoren pentzura itxi: dejar a cuenta de otro.

PILPIL EGIN (BG), bigun bigun irakin.

SIÑATU (L), firmatu, izenpetu. Eskutitz bat siñatu: firmar una carta.

TXIRO (B), pobrea, landerra. Aintxiñako berbea da. Txiroak dirudi intxausti, guztiok arrika beti: el pobre se asemeja a un nocedal, todos le apedreamos siempre (Refranes).


Ezagutu zure erria

Ondarru

«Errekarte ta mendi egal zoko batean dindilizka dagoan erri koskor bat da gure Arranondo. Uretan daukaz oiñak; aldatz andiak iri edo kalietan. Kale batetik bestera, zearretako arri mailla pendiz, urteakaz leunduak. Etxeak bata bestien gaiñien, atzeko aldea lurpean sarturik eta aurrekoen teillatutik arpegia erakusten. Iñok usteko ez leuken aiña gizadi etxe bakotxean, berrogeta amarretik gora beti, umeak geienak. Eta leio zulo danetan atorrak eta gonak, alkondarak eta prakak, itxas-gizonen jake urdiñak eta oeko zapi zuriak esegita...»

Olakoxea ikusi eban Ondarru, bertoko semea dan Agirre'tar Txomin, euskal idazle bizkain-bikaiñak. Ortxe dago esanda, Ondarru zer zan, orain gizaldi bat edo.

Gaur, beste guztiok lez «euri ta eguzki asko izan da ta», Ondarruk be aldaketan diardu. Lengorik, on asko dago ondiño. Gaurkoetatik be, onenak artzen doa. Orra or zietz jokatzea. Ortxe agiri da nortasuna. Bai, Ondarruk, nortasun andi ta sendoa dau.

Ondarruko antxiñateko zerbait

Delmas erdal idazleak diñoanez, Maria Diaz de Haro andreak, 1327an, uri izatea emon eutsan. Geroago be Bizkaiko Jaunak emonda, izan ebazan laguntza batzuk, zoritxar asko ikusia zalako, erreketak eta...

Ondarru zarra Berriatuko lurrean egin zan. Orain be Berriatuk inguratzen dau iru aldetik, iparretik itxasoak.

Gernikako batzokian, 11'garren jarlekua Ondarrutarrena da. Orain eun urte gitxi gora-bera, ondarrutarrak, 2.123 ei ziran.

Birritan gitxienez Ondarru guztiz erre zalako, ikusgarri zaarrak asko galdu ziran. Aurrera urtendako apurretan aipagarriena beko eleiza, Andra Mari da. Eleiza oneri buruz, «Kresala» idaztian, auxe diño Agirrek: «Ederra da Arranondoko eleizea. Kanpotik begiratu ezkero, edozeiñek daki godotarren egikerarik onenetakoa dala; barrutik zer egikeratakoa dan ezin ondo igarri leikeo. Txurrigera'ren egunetako bost edo sei elizmai edo altara daukaz, zabalak eta galantak, nagusiaren eskumaldetik Done Pedrorena, ezkerretik kurutzean josirik dagoan Jesusena». Onez gaiñera, ikusgarria da Antiguako Amari erri-gaiñean egiña. Antxe da Ondarruko zaindari ta begiralearen baselizatxoa.

Markiñaruntz goazala, Likona Jauregia. Euskal Erriko dorrerik zaarrenetako bat. Ospetsua, antxiña egin ebazan gudaldiakaitik. Ementxe jaio zan, itxura danez, Loiolako Santuaren ama. Gaur egoera larrian da etxe au.

Era berean ezaguna da, entzutetsua, Arantzibia Jauregia be.

Zoritxarrez, labur ibilli bearrak, antxiñatea itxi ta gaurkora naroa.

Gaurko Ondarru

Aldatu da, bai. Bizi-leku barri asko egin da. Guztitarikoak: onak eta ederrak batzuk; ta oso itsusiak be bai banaka. Olangoak gaur larregi egiten dira, nunbaiten sartu bearrak eraginda.

Ondarru asko anditu da. Nora-egin andirik ez eukan berton; eta an Markiña aldera goazala, Kamiñazpi sortu da, auzo andia. Barria geiena, eleiza ta guzti.

Ondarrutarrak, zenbat? 11.000 bai.

Ber-bertokoak: 9.000; etorriak eta ekarriak: 2.000.

Bertoko guztiak euskaldunak dira; besteak, batzuk ikasi dabe, beste batzuk ikasten diardue.

Txominen aldian ezeze orain be ba da umea baiño ez dana, Ondarrun: 2.509 ziran, orain ille bi edo. Gaur geiago ziur; orretan ez dogu opor-aldirik.

Eleizan

Andra Marin: lau meza dira euskeraz, erderaz bi. Amarretakoa iru izkuntzatan. Euskera utsean: 7etan, 9etan 11 1/2etan, ta arratsaldeko 7etan. Erderaz: 8etan ta 12etan. Kamiñazpikoan, bi euskeraz ta bat erderaz. Ordurik ez dakit.

Oso atsegin izan jaku meza orduen banaketa au. Zorionak, olako egokitasunez mezak antolatu dozuezan abadeoi. Iñoz izan naz ba Ondarrun mezatara. Antxe lez iñoz ez dodaz ikusi gizonak, eleizan abeslari. Zelako abotsak! A zan biotzez abestu bearra. Zorionak guztioi! Kanpaien Millagrue dalakoa aitatu deuste; zeaztasunik ez dot izan. Dana dala, siñismena dan errian, barriro be entzungo da kanpai-otsa, mamuek jo barik.

Barri txar bat: ainbeste ume euskaldun izan eta geienentzat erderaz da kristau ikasbidea. Mordotxo batzuentzat euskeraz, eta gogo andi barik. Kamiñazpin euskeraz emoten da, gaurko emokeraz.

Barre-gurea emon deusku, ementxe be, «monja» erdelzaleak dagozala jakiteak. «Zorri, zorri, zorri...»

Ikastoletan?

Ikastola «nazionaletan»: 265 mutil eta 353 neska.

Erriko ikastolak ziranetan: 99 neska-mutil.

Monjakaz: 300 neska.

Institutoan: lau urteko batxillerra egiten, 99 mutil eta 56 neska.

Erbestean ikasten: 90 mutil.

Kolejioetan: 70 gazte. Prailleetan: 60 ume.

Euskal ikastolan: eunetik gora dira.

Ikastetik dator guztia gaur. Ikasteak dakar askatasuna. Onexegaitik da pozgarria ondarrutarren ikas-zaletasun au.

Ikastolotan, ez dakigu ba zertara irakasten dan. Gaurko eratara, asmo ta biotzez irakasleak balebiltzaz, poza emotekoa da; negar egitekoa bestela. Ezagutzen doguzan erri batzuetan irakaskintza oso atzeratua dago. Praille ta monjenak bildurra damoste. Nagusion aurka, umeen eta gazteen biotzetan sortzen dan gorrotoak, dardaretan jarri bear gindukez.

Ondarruko monjetan dabiltzan nesken amai, auxe: Ez lotan egon, itzartu umearen biotz euskalduna, an endekatu ez daiten. Gurasoei laguntzeko dira ikastolak; ez, euren asmoen aurka joateko. Ikastolok, zuen aurka balegoz, zoritxarrez askotan diran lez, ez amor emon.

Erri langillea

Kosta erriena da langilletasuna. Lan ori itxasoaz batera doa emen. Ondarruko itxasgizonak, artu-emon andiak izan ebezan antxiña be, Kantauri itxas-ertxeko beste erri guztiakaz. Eurak euretara, euskotar lez, ingelesakaz be ituna egiñak dira. Gaur be Ondarru goimaillako itxas-erria dogu.

Zenbat arrantzale?: 2.700 guztitara.

Arrastekoak: 1.500. Bajurakoak: 1.200.

Arrasteko itxas-ontziak: 81 biko dira.

Bajurakoak: 61.

Legorreko lanetan 500 inguruk diardue; ontzi barriak egiten eta zaartuak barritzen.

Arraiñ-lantegiak 17 dira. Bi, 60 langille bakotxak dabezala. Besteak txikiak dira.

Orain udabarrian, arraiñ lanetan 600 lagun izango dira gitxienez.

Ikusi daikezunez, erri langillea Ondarru, arrantzale erria. Biotz andiko gizona arrantzalea. Sendoa itxasoan, apur bat lotsatia legorrean. Euskalduna. Garbia azalez eta barruz. Erri-zalerik amorratuenak edonun; beti euskeraz. Ekaitza datorranean Jainkoaren lagun. Esana da, eguno otoitzik egin bakoa be, itxasoa irakiten asi daitenean, aita-gureka jarten dala. Ori be siñismena da. Ondarru siñismentsua. Misiolari asko ta onak emondakoa; abade euskalzaleenak. Gogoan zaituet batez be, Santiso'tar Gotzon an Venezuelan, eta Burgoa'tar Luis Mari, aita-zuri or nunbaiten. Agur bat emendixek, ondarrutarren izenean.

Ondarru Andra Mari zalea. «Itxasotik Antigua'ra, sarri doa eskaria».

Arrantzalea, ames eta abesti. Iñoizkotan, Aitorren bertsuak Ondarrun entzun badagizuz... Zoaz arrantzalearen egunean, eta pozaren pozez negarrak itxiko deutsu.

Ondarruk ba dauko gaur, Euskalerrian bear bada, mailla bardiñeko beste erri batek ez daukona: euskal idazlea, abeslari ta antzezlari talde on bat.

Idazlaritzan aipatu barik ezin itxi, ain errikoi idazten deuskun Zubikarai. Gaur euskaldunok daukagun antzerki idazlerik onentxuena dogu. Gora zu, eta zureak.

Abeslari ta antzezlariak, mordoka ta biñaka ibilli arren, eusko amets bat dozuen lez, guztioi auxe: negar eta barre gozatsuago iñoz ez dot egin, zuen Kresaletan antzeztu zenduen baten baiño. Onak zaree; ez egin atzera. Mailla orri eustea neketsua da baten; baiña ondorenak zidarra besteko.

Amaitzeko, bultzadatxo bat guztioi. Sarri gertatzen jaku auxe: abertzaletasun azalekoa dogu; sakontasun andirik bakoa. Onelan aitzen da, aurrendari ziran asko, lenengo nekean baztertzea. Ondarrun be, beste onenbeste jazo daiteke. Onako au, erri ta eleizako nagusietatik, etorri daitekezan okerrakaz batu ezkero... Kezkak sortu ta oker diranak zuzendu bearrean agintekeri baten menpeko biurtzen gaituenean...

Onela ikusi daiteke, apurtxo bat, zeregin astun bat dogula: lo dagozan guztiak itxartu, ta indarrak alkartu.

Onegaz agur! Barriro be etorriko natxatzue. Emen ez da aspertzerik.

«Antiguako Ama maitea Ondarruako zaindari, maitetasunez, arren, begira, Zeurea dan erri oni...»

SALATARI