ANAITASUNA

157gn. zenb. — 1968ko martiak 30 — 4 pta.


ANAITASUNA

amabosterokoa

4

Euskalerriko Anai Txikarrak argitaratua

Zuzendaria: JUAN AZURMENDI AIZPURU

Zuzenbidea: Torre, 3, 1.º — Bilbao (5)

Urteko ordaiña: 75 peseta

Banakoa: 4 peseta

XVI urtea — 157gn. zenb. — 1968ko Martiak 30

D. L.: BI 1.753 — 1967

GRAFICAS BILBAO - Gordóniz, 28, 3.º - BILBAO-12


Euskera batu baten alde

Aurten ospatuten dauz Euskaltzaindi edo Euskal Akademiak bere Urrezko Ezteguak.

Euskaltzaindia orain 50 urte sortu zan, Oñatiko Kongresu edo Batzar Nagusiaren erabagi bat aurrera eroanaz.

Nik ez dot orain, 50 urte oneetan egin dan lana aztertuko; baiña bai zabaldu gura dot, aurtengo udazkenean Oñatin batuko dala Euskaltzaindia, eta bertan euskera batu baten oiñarriak zabalduko dituala.

Momentu onetan, Euskaltzaindiaren enkarguz, euskera gaietan jakitun diran gizon batzuk dabiltza lan ori antolatuten, euren artean Luis Mitxelena jauna. Ordurako, udazkenerako, lan au eginda egon bearko da, eta Oñatin egingo dan Batzarrean zabalduko da artutako erabagia.

Bearrezkoa dogu euskera batu bat. Orain, bakotxa bere aldetik gabiltza.

Nik ondo dakit, euskera batu bat egitea ta batezbe euskera batu ori gero zabaltzea, lan gatx eta gogorra dana. Ez dukagu euskal ikastola naikorik. Ez daukagu euskerearen zerbitzuan ez irratirik, ez egunkaririk, ez telebisiñorik. Diputaziño ta Aiuntamentuak ez deutsoe euskereari kasu andirik egiten. Au kontuan artuta, gatx eta gogor jokatu bearko dogu, partikularki euskera batu ori egin eta zabaltzeko. Baiña egin bear dogu, ta ara zegaitik:

1. Euskal liburuak zabalkunde on bat euki bear badabe, guztiok ondo ulertuteko moduan idatzi bearko dira, au da, Euskal Erri osorako, euskera batu baten.

2. Itz zar asko modu askotara esaten dira. Itz barri asko bardin: telebisiñoa, telebista (televisión), radioa, irratia (radio), automobilla, tarranta, berebilla, gurdibilla (automóvil).

3. Euskal ikastolak, asi dira zabaltzen. Tekstu liburuak gertetan asi dira gure jakintsuak. Baiña ze euskeratan idatzi? Euskalki guztietan egin bearko doguz Aritmetikak, bizkaieraz, gipuzkeraz, lapurdieraz, eta abar? Zelango tiradak egin bearko dira dialektu bakotxerako? Derrigorrez tirada txikiak; eta olan, jakiña, liburuak garesti urtengo dabe.

4. Antzerki taldeak, abeslariak, bertsolariak (Xalbadorrek ondo daki au zer dan) ze euskeratan egin bear dabe? Ikasi bearko dabe antzerki, teatro lan bakotxa bizkaieraz, gipuzkeraz, lapurdieraz? Ori, izugarrizko lana ta naastea izango litzake. Eta abeslariak, ze euskeratan emon bearko dabez euren kontzertuak, grabatuko euren diskuak?

Ikusten dogunez, prolema aundia ta sakona euskerearena, batasun on batera ez bagoaz.

Itxaron daigun, ba, itxaropenaz udazkeneko Euskaltzaindiaren batzarra. Baiña, kontuz. An artutako erabagiak ez daitezala kajoi baten sartu ta an gordeta geratu. Naizta ikastola naikorik ez euki, naizta zabalkunderako medio askorik ez izan, al dogun guztia egin bearko dogu, euskera batu ori zabaltzeko. Ara zelan:

1. Ikastola guztietan, Euskal Erri osoan, euskera batu au txikitatik umeai irakatsi.

2. Akademia guztietan, gazte ta zarrai, euskera batu au irakatsi, euskerea ikasteko asmoz doazanean.

3. Euskal gramatika guztiak euskera batu onetan idatzi.

4. Irratietatik emoten diran euskerazko kursuak, euskera batu onetan egin.

5. Bertsolariak euskera batuan bertsoak bota.

6. Euskal abesti edo kanta barriak, guztiak euskera batu onetan egin eta abestu. Diskuak be, euskera batuan grabatu.

7. Eleiz-liburutxuak, mezeari jarraitzeko, euskera batuan egin Euskal Erri osorako, Baionatik Tudelaraiño. emen euskerazko mezarik emoten bada.

8. Euskal aldizkari guztietan, euskera batu onetan idatzi.

9. Guk guztiok, euskaldunak gareanok, euskera batu ori ikasi. Orretarako ikasi bearko geunkez:

a) Aditzak edo berboak.

b) Euskera batu onetako 1.000 berba gitxi gorabeera. Itz oneek naikoak dira, kultora erdidun persona batek bere alkarrizketa guztiak ondo eroateko.

Udazkenerarte itxaron, eta gero gogor lan egin. Lenengotan, arazo neketsua izango jaku; baiña euki daigun kontuan, betirako lana egingo dogula, ta euskereari ta gure erriari izugarrizko mesedea egingo deutsegula.

Lengo baten, itz polit oneek irakurri nebazan: «Kultureak askatuko zaitu». Orren parean, nik beste au ipiñiko neuke: «Batasunak indartuko gaitu».

Xabier Gereño


Erriz erri

Gerrikaiz

Bearbada Bizkaitar askok, eta euskaldunak ze esanik bez, Gerrikaiz nun dagoan be ez dabe jakingo.

Gerrikaiz, edo emen berton Gergetze esaten deutsagun lez, len aintxiña orain baiño millatan milla bidar aundiagoa ta inportanteagoa izan zan.

Len Gerrikaiz, orain emen Bizkaian, Durango, Markiña, Gernika ta orrelakoen beste izan zan. Ospitala ta notarioa ta guzti genduan-da!

Gerrikaiz, labetatik bizi izan zan. Fabrikak be, ba genduzan; emen, burdiñea lantzen eben gure aurrekoak. Baiña ainbeste laba ta auspo, Gerrikaizen zoritxarra izan zan. Gerrikaiz osoa, eta ez iru lau etxe bakarrik, bi bidar beintzat erre zan. Gerrikaizen ondamena, sua. Bai ba: orduan etxeetan urik ez, eta oraingoko baldosa konturik bez.

Azken eun urteotan, gitxitzen eta txikitzen joan da, zoritxarrez. Orain ba dirudi, Gergetzerik egon be ez dagoala. Gergetze gixajoa!

Orain kotxean bazatoz be, Gerrikaizen sartueran «Arbacegui» irakurriko dozu letra aunditan. Au bai lotsagarria! Okerrak zuzentzea ondo dago. Eta Diputaziñoak, edo egin bear leukenak konponduko baleu, kalterik iñori egingo leuskionik ez dot uste ba.

Munitibartarrak eta Gerrikaiztarrak beti izan gara auzo erri onak, eta alkar maite dogunak. Baiña, ala ta guzti be, guk Gerrikaiztarrok ez geunke Munitibartar egin gura, ez gara-ta; eta ez geiago edo gitxiago erixten deutsagulako, geure izatea galdu nai ez dogulako baiño.

Ona «ANAITASUNA»ra be, gaur Gerrikaizko barri bialtzen dot. Beste edonor munitibartarrek bialdu gura badau, bialdu daiala bere aldetik.

Ara emen Gerrikaiz, «ANAITASUNA»n agertua. Ea zuok, munitibartarrok, noiz agertzen zarien.

Ara emen gure eupadea: Munitibartarrok, ea «ANAITASUNA»n zein sarriago agertu, Gerrikaiz ala Munitibar. Guri egitekorik bada, datorrela. Gora Gerrikaiz!

GERGEZTARRA

Bermeo

Bermeok erri aundien itxurea artu nai dau. Orregaitik erri onetako Aiuntamentuak, kaleen izenak txapazko kuadru garbi, aundi ta ikusgarrietan ipiñi dauz, eta baita kale-kurtze guztietan trafikuarentzako seiñale barri barriak ipiñi bere. Bermeo txukuntzen doa. Datorren udan, kaleen seiñale ta izen argi oneekaz, turistak ez dira galduko Bermeon, eta mozkorrak artez artez joango dira etxera.

Onezaz gaiñera, garizimaldian izaten diran konferentziak euki doguz.

Aita Gotzonek, Mañuko abadeak, gazteentzat euskeraz; Aita Martzelek, ezkonduentzat euskeraz; Aita Urbistondok, gazteentzat erderaz; eta Aita Uberuagak, ezkonduentzat erderaz.

Berbaldi interesgarriak izan diralakoan nago, euren gaiakaitik. Gaurko jentearen agoan erabilten diranak astindu dira: askatasuna ta personea, gazteen promoziñoa Eleizako gauzetan, pildorea, zenbat seme, kristiñau kontzientzia artzea eta abar.

Lekeitio

Ba da Lekeition etxe bat, lekeitiarren gogo beroenagaz eta poltsiko guztietako txoriandiakin egindakoa: Gizarte Etxea edo Casa Social. Erriko biotza lez artu dogu, gure gizonen asmo ta kezkak bertan irakiten dabelako.

Bere geletan, ainbeste gauza artean: ikastolea (80 ume, andereño biren ardurapean), lenengo maillako beste ikastetxe bat, eta bigarren maillako ikastetxea Gernikako Istitutoaren babesean. Au, igaro dan urrian asi zan, erriko Aiuntamentuak eratuta. Ta emen arloa.

Erriko batzarrean kontsejal guztiak bat batera, bigarren maillako ikastetxe orreri diruz lagundu bear jakola erabagiten dabe. Baiña kontsejalak nortzuk ete dira ba? An dago sekretarioa laguntza ori ukatzeko, ta erri-batzarra ezerezean ixten dau.

Eibar

Martiaren 11tik 16ra, Eujenio Agirretxe frantziskotarrak, berbaldi sakon eta gaurkotasun andikoak egin deutsez Eibarko neska-mutil euskalduneri. Jentea, zoritxarrez, askorik ez. Berbaldi ostean alkar izketa interesgarriak, batzuk beintzat.

Gaiak:

- Gizon askoren askatasuna ilda dago. Iltzailleak non?

- Gure askatasunaren berpiztea lortu bear dogu. Zelan?

- Erri guztien artean erri bat egin daigun. (Aberri guztiak errespetatuz, Eleizea egin daigun).

- Batasuna lortzeko, alkar izketa bearrezkoa da.

- Bakearen oiñarriak.

- Mai baten inguruan, danok anai. Kristiñau sozialismurik bai?

Zorionak Aita Agirretxeri, ain gai sakon eta gaurkoak erabilten jakin daualako.

***

Martiaren 15ean Amaya antzokian, Urnietako «Egi billa» antzerki taldeak KALIFORNIA... KUKU antzerkia emon euskuen. Egillea: Labaien, 1967an «Agora» saria lortu ebana. Antzerki gaia gaur gaurkoa: sozial problema gordin agertuten dau. Dirua elburutzat artzen danean, gizona noraiño joan daiteken ikusten da bertan. Kapitalismuaren jokabidea ta pentsakerea garbi agertuten dau ta baita bere ondorio gogorrak bere. Dirua lortu ezkero, bardin jako kapitalisteari gizonaren eskubideak zapaldutea.

Antzerki egokia gaurko Euskalerriaren egokerearentzat.

Zorionak Labaieneri ta Urnietako «Egi billa» taldeari, ain gai sakona ta ain ondo emon euskuelako.

BATEK

Zaldibar

Azken omena

D. Felix il da. Erriak maite eban D. Felix. Berak be bai erria.

Amar urte egon da gaixorik. Amar urte, erritarren begiakandik erabat estalduta. Ez orregaitik aaztuta. Bere eleiztarrak izanikoen laguntasuna euki dau, eta au pozgarri izan jako gaixo aldian eta zartzaroan.

Artzain ona genduan. Maitasuna eban oiñarri. Urtez zarra, gogoz gaztea! Eleiz Batzar Nagusiaren barritze erabagiak eta aldaketa guztiak oso osoan onartzen zituan. Ez ori bakarrik. Esan geinke, Batzar orren erabagien aurre igarle be izan genduala, eta eginkor be bai.

Urteak goitu jakozanean, berak alan naita, parrokiko gidaritza ta arazo danak Gotzaiñaren eskuetan itxi zituan. Askorentzat eredu bikaiña!

Bere gogo aldezko illetetan, lagun asko agertu zan or emendik. Illeta meza ederra euskera utsean. Gaur liturgi aldaketak eskatzen dauan araura, erriak oso osoan parte arturik.

Jaiotza

Kristiñau egitean, Andima izen polita jarri deutsoe, Berasaluze'tar Fernando eta Arrien'tar Asun gurasoen semetxoari.

Sendi orren magal beroan bai ikasiko dauala Andimak euskotar eta euskaltzale gartsua izaten. Zorionak gurasoeri.

Kili Kili

Zer dan ori? Euskal umetxoai egin al geinkioen saririk onena. Euskeraz irakurten eta idazten lagunduko deutsoen euskal noizik beiñeko idaztiñoa.

Urte urrena

Il onen (martiaren) 24an ospatuko ditu bere bizitzako 87 urte Artiako amandriak. Benetan da askoren kutuna bera. Bere giza doe ederren bidez irabaziriko maitasun gardena. Zorionak gure amandre agurgarriari!

ALDAKAITZ


Irakurleen eritxiak

Euskal itzak direala-ta

«Euskaldunok geure kontra edo aurka ete gabiltzan nago. Gure izkuntzea bearrizanean dagoala edo bakarrik indarrik ez daukala uste ete dogun. Orrelako zeredozer izan bear, bestela ez dakit orrenbeste erdalkeri zelan sartu leiteken aldizkari baten.

»Zezeillaren amabosteko alean idazlan batzuk minduta itxi nabe. Bat lenengo orrialdean agertzen dan «Izkuntzeagaitik burrukak Lovainako Unibersidadean». Bere gaiak ez deust ikutu, baiña bai bere erdal itzak.

»Ez naiz garbi uts zalea, baiña bai garbi zalea. Itz batzuk beste izkuntza batzuetatik artu bearra ba daukagu, baiña ez edozein eta edozelan. Lan onetan agertzen diran itz askok oiñarri jatorra dauke gure euskeran, eta ez dago beste izkuntza batera joan bearrik. Bildurra dauka egilleak, bere errazoiak erriak adituko ete deutsozan?

»Ba dago bide obarik, erriari itz jatorrakaz aditu eragiteko: Jarri lenengo bere oiñarrizko itza eta atzetik barrikeri ori; urrengoan ez dau erriak barrikeri bearrizanik izango. Baiña idazleok neurribakokeri edo disparate aundiagoak badarabilguz erriak berak baiño be, beste izkuntzaren bat sortu bearko da.

»Ez ete dauke euskeran oiñarri jatorrik: Partidu, protestatu, zafratu, arrestatu, dibisiñoa, territorioa, obispoa, dokumentua, medio, estremista, asaltatu, profesore, auditorioa ta eztakit zenbat geiagok? Zegaitik jarri lerro batean «alderdia» ta beste batean «partidua»? Ez ete da orrela naste geiago sortzen? Edo nik dakidan ezbardintasunen bat ete dauke?»

IRRINTZI

 Erdal itzak direala-ta, guk jokera bietako idazlanak argitaratzen doguz aldizkari onetan, idazkera biak onartu bear doguzalakoan. Ori bai: itzeri baiño inportantzia geiago emoten deutsegu joskereari, morfolojiari ta argitasunari.

***

«Zegaitik kendu da ain gogoz irakurten genduan «Ezagutu zure erria» lantxua? Ez ete dau iñok idazten?»

IRRINTZI

 «Ezagutu zure erria» ez da agertu azkenengo numeru biotan. Baiña onek ez dau esan gura, aurrerantzean be agertuko ez danik, egilleak nai badau beintzat.

***

«Azkenez, zer esan gura dau, eritxiak euskeraz zein erderaz bialtze orrek? Erderaz idazteko asmotan ete dagoz aldizkari orretan? Oraintxerik aurka nago, olan balitz, oraiñarte be naikoa egin dogulakoan nago-ta.»

IRRINTZI

 Ez daukogu, aldizkari onetan erderaz idazteko asmorik. Ez orixe! Eritxiak euskeraz naiz erderaz bialtzeko eskatu badogu, onexegaitik izan da: Irakurleak bialtzen deuskuezan ia karta guztiak, erderaz egiten deuskuez. Gure ustez, irakurlerik geienak, gure aldizkaria leiduteko ta euren eritxia emoteko gai izanarren, gaur egunean beintzat, ez dakie euskeraz idazten. Orrexegaitik egin dogu olako eskabidea; kasu onetan berbeteari baiño eritxiari berari inportantzia geiago emon deutsagulako. Alandaguztibe, aintzat artzen dogu zure eritxia, eta ez dogu geiago erderarik aitatuko.


San Iñaziok egin ez ebana

Egun oneetan, euskerazko idazti barri bat agertu jaku. Aita Goiria (edo Txanton) karmeldarrak, bizkaieraz egiña. Liburu onen izena Goi-bidez, eta gaia gogo-jardunak.

Laureun eta ogetairu orrialdetan, ezelako zaborreri barik, argi, garbi ta sakon, gure gogoentzako jardukizunik egokiena eskeintzen deusku Aita Txantonek. Bere idazkerea, benetan atsegingarria da. Bizkorra, zorrotza, argia ta goxoa. Ona emen lau gauza, lau tasun, lengo bizkaitar idazleak oso gitxi erabilliak.

Ba dirudi, gauza onetan «San Migelen Zubia» igaroten goazala. Gaur, zorionez, latin kutsuzko sermoi antzeko askorik ez da idazten. Bizkaiereak daroan aurreratzea ta txukuntzea, arrigarria da. Erria, geroago ta erdaldunago; baiña idazleak, geroago ta benetan euskaldunago. Erkiaga, Onaindia, Etxebarria eta beste batzuk doguz gaur bizkaierea eder-bidetik daroenak.

Aita Goiria, gaur idaztaiuz onenetarikoa dogu. Txukuna, zorrotza ta bizkorra. Laiñoa dala-ta idatziko baleu bere, irakurri egingo geunke. Olakoxea da bere taiua. Bizkaitarren burutik, irakurtea gatxa dalako ori atara gura badogu, olakoxe idazleak bear doguz. Baiña, ez eleiz-gaietan idazten dabenak bakarrik; beste gaietara joten dabenak bere bai. Orrelaxe lortuko dogu, bizkaiereak len lortu ez ebana: beste euskalkien parean edo gorago jartea.

Aita Goiriak, euskaldun arimentzat, gogo-jardun sakon bat euskeraz egiteko aukerea eskeintzen deusku. Beragaitik, gerokoak ez dabe esango, Muniategi gure bertsolari jatorrak bertso eder onetan esan ebana:

San Iñazio militarra zan

Eta arretaz aditu.

Gugaitik eta erriagaitik

Etzuan asko sufritu.

Bera zala ta bera etzala,

Erdera gaillen gelditu;

Ark obe zuan ejerziziuak

Euskeraz egin balitu.

B. K.


San Martin Jaunaren Itzaldia. Euskal erriaren arerio nagusienak ez dagoz politikan

Bllbaoko Euskal Kultura Asteko irugarren itzaldia Jon San Martinek emon eban, Santiago Apostol teatroan.

Jon San Martin, Euskal Akademiako sekretarioa, gizon jakintsua da. Liburu asko, aldizkarietan idazlan asko idatzi dauz, euskeraz. Orrez gaiñera, euskal kulturako zenbat gai estudiatu dituan, batezbe literaturearen aldetik!

Bere itzaldia, benetan izan zan interesgarria. Erri batek andia izan bear badau —esan eban San Martinek—, naizeta jente gitxikoa izan, kultura aldetik lortuko dau anditasun ori. Arrain andiak txikia jatea, ori itxasoan arraiñen artean bakarrik jazoten da. Gizonak naiz erriak, tamañoan txikiak izanarren, kulturea badauke, andiak izango dira; eta ainbat andiagoak, zenbat eta kultura geiago euki.

Euskal Erriaren arerioak —jarraitu eban San Martinek— ez dagoz bakarrik politika kanpoan. Gure arerio andienak, ARDAOA ta FUTBOLA dira. Ona emen zegaitik.

Politikako arerioak gure kontra zeredozer esan naiz egiten dabenean, zirikatu egiten gaitue, iratzarri egiten dabez gure biotzak, zutunik ipinten gaitue. Besteak ez: ardaoak eta futbolak ez gaitue zutunik ipinten. Ori barik, aulak eta indarbakoak biurtzen gaitue, opioaren antzera, osagilleak lo eragiteko emoten dituen medikamentuen antzera.

Futbolean, Atleti dala-ta, or doaz millakada lagun, bein Madrillera, urrengoan Donostira, Atleti animetan. Eurak uste dabe, Bilbao izena goratuten doazala; ta orixe da negargarria, orixe da opioa. Ez doaz, ez, Bilbao, Bizkaia, Euskal Erria goratuten, eurak olan uste izanarren. Ainzuzenbe, tabernetan abesturiko lau kantak, lau bilbainadak ez dabe sekula gure Erria goratuko. Gure Erriaren etorkizuna, beste bide batzutatik billatu bear dogu.

San Martinek ez eban orrenbestekorik esan; bearbada, bera bilbaotarra ez danezkero, gu geiegi ez mindutearren. Baiña nik neuk diñot, San Mames lurperatu ta bere lekuan Euskal Unibersidade bat jasoten ez dogun bitartean, ez gareala erri andi bat izango.

Au, utopia bat dala? Ez da izango, geuk gura ez badogu. San Martinek zera esan eban, eta egia da, Historia ez dala berez egiten, historia geuk, gizonok, egiten dogula. Ta gizonak, zeu ta neu gara. Orregaitik, zuk eta nik gura badogu, utopia ori egia biurtuko da.

Eta futbol gaiari jarraituz, San Martinek esan eban, Atleti Madrillera doanean, Atletik irabazi ta Madrillek galdu daiala gura izaten dogula. Ta ori, ez da olan izan bear. Guk ez dogu gura izan bear Madrillek galtzea. Ta gitxiago Donostiak galtzea, Atleti ara doanean. Guk ez dogu lan egin bear, iñok galdu daian. Gure lana, Euskal Erria jasotea izan bear da. Besteak, egingo dabe eurena. Guk, lana naikoa daukagu geurea egiten.

San Martinen itzaldia, benetan izan zan interesantea. Eta nik, gaurko lantxu onetan, berak ikutu ebazan gai askoren artean, oneexek, ardaoa ta futbola erabilli gura izan dodaz emen, gure artean eurok biok izugarrizko plaga txarra diralako.

Jaunak, ordu gitxiago tabernetan, ordu gitxiago futbola ikusten eta periodikuetan futbolari buruz irakurten. Ordu geiago ikasten, euskal kulturea landuten.

Itz egiteagaz aspertuta gagoz. «Euskaldunak bear doguz, euskotarrak baiño geiago», esan eban San Martinek.

Ez tabernetako sasi-abertzalerik. Ez Atletiren ikurriñik.

Atletiren gol bat baiño askozaz inportanteagoa da euskaldun barri bat lortzea.

XABIER GEREÑO


Kaleko Gizonak Diñoana

Gazteak eta urtetsuak

Gazteak ez ei dagoz konforme.

Ezta zaarrik asko be, ainbat gauzari buruz, geitu giñeioe artega orrei. Eta ori dala-ta, zaarrak, zartakoak artuak dira, moduren baten alan bestean: gorputzean, sakelean, ogibidean, atzerrietan.

Anai-arteko gudu guztien ondorena da izan, besterik ez.

Gu bere, ez genbiltzan konforme.

Zerbait egin bear zala-ta, egin genduan eta egiten jardun genduan.

Asmoak egi oso biurtu genduzanik, ezin autortu giñei.

Gaztetako gure asmo nagusiak, eldutzeke igartu zirean. Gure Erriarentzat eskeiñi genduzan amesak, ames geratu zirean. Indarraren larregikeriak biguntzeko alegiñak, gurari utsean gelditu, orrenbat.

Gu bere, ez gagoz konforme, gazteak izan ezarren.

Txorien lumak

Aldakorrak ei dira txorien lumak. Ez gara bein bere txorizaleak izan. Gorroto ditugu kaiolak. Txorientzat izan, ala gizonentzako egin.

Txorien antzera, gizonak bere, luma-aldatzen dakienak beti izan dira gure artean. Aspaldion luma-aldatzeak urri samar izan dira, geienbat; baiña aldaketok ugaritzeko arriskuan gagozala deritxagu.

Txori aldakorrak gizonak direanean, erdal-itzez txaketeruak erizten deutse. Txori zaarrak luma barriekaz... Olakorik!

Komeni jaku Estoria-ri noizean bein begirakune zorrotzak egitea.

Gazteak ez dira orrelakoak izango, nunbait be. Zintzoak ei dira guztiak. Baiña, arriskurik bere, ez dabe izan txaketeru biurtzeko.

Ori, geroak esango dau. Bien bitartean, esakune jator auxe ausnartu egizue, gazteok: «Eguzkia nora, zapiak ara».

Gizon bikaiñak

Errien agintariak ba dabe koxka ta sostorrik naikoa euren jardunean. Ideiak eta asmoak direala, gazteen jokerak eta zaarren zorroztasunak direala; ta ekonomi gorabeerakaz, ez urriago.

Ekonomi unada onek, gure artean be, erpa zorrotzak agertu ditu, ta ainbaten ondasunak meetu ta argaldu egin bere bai.

Urrengo baten egingo deutsagu ukutua ekonomi-egoera negargarriari.

Lantxu onen amaieran, gogora dagigun gizon bikain bat.

Gergorio VII Aita Santu aundia izan zan. Gorputzez erkiña ta indargea izan zan arren, kementsua ta adoretsua, ostera. Eleizearen askatasunaren alde jokatu eban, erne ta bildur barik jokatu be. Errege ta jauntxuen azpitik jaregin guran.

Eredu itzela leengoentzat, oraingoentzat eta gerokoentzat.

Gerrartean bizi izatea gerta izan jakon, eta Erromatik urrun, erbestean, eldu jakon azken-ordua. Bai arek egoki esan be, salmuetan agiri direan itzok: «Zuzena maite izan dot, eta okerra gorrotau. Orregaitik, desterruan ilgo naiz».

KALEKOA


Uste izan

Debaldeko gauzak

Rikardo Arregi

Nire adiskide batek, ea zegaitik euskerearen alde —onek ezetarako balio ez ta— alegintzen dan galdetzen deutsoenean, zera erantzuten dau: «Orrexegaitik, ezetarako balio ez daualako». Eta egia aundi bat autortzen dau, au erantzuterakoan.

Zenbat aldiz, itzez gitxienean, ez ete da kondenatu gure artean kapitalismoa? Ezin esan. Baiña zer ikusi bear dau kapitalismoak euskerearekin? Ez al da ori, gauzak euren onetik ataratea?

Bizi garean gizarte era onetan, zer da balioduna? Zer da zerbaitek balioa izatea? Utilidadea daukona, errentabilidadea daukona, sal-erosketarako balio dauana. Orixe da gizartean dagoan neurria. Ezin daiteke esan, besterik baga, gauzak beti orrelan neurtzen dirala; baiña bai beti onelan neurtzeko joera indartsua daroala bere baitan sistema onek. Maitasuna, adiskidetasuna, jakitea, pentsatzea, danak diruak neurtzen ditu, diruak emoten deutsez neurria ta balioa gure gizartean. Orixe da sistemeak bere baitan daroan joerea.

«Konsumidu ta ixildu zaitez», diño gizarte onek. Zure eginkizuna zera da, alik eta gauza geiago eukitea: kotxea, neberea etab. Gero ta gauza geiago. Orretarako egin bear dira alegiñak. Pentsatzeak, eritxia izateak etab. ez dauke lekurik or. Gizona gauza biurtzen baita.

Eta ori, ez da kasualidade utsa. Sistemeak ba dauko bere lojikea, eta ba ditu bere neurriak. Sistema aldatu bearra dago, beste lojika bat eta beste neurri batzuk gura baldin baditugu. Balioen eritxi ta neurri barri nai badogu beintzat.

Euskerea bizirik nai dogunok, euskerearekin olgetan eta denpora-pasan ez gabiltzanok, euskerea geure bizitzetan erantsita daukogunok, ez dogu ori egiten, euskereak prezio bat daukolako, gauza komerziala dalako. Gure burrukea, euskerea balioduna egiteko baldin bada —komerziala esan gura dot—, alperrikakoa litzake. Ez da ori euskerearen aldeko burrukearen sentidua.

Ez dau euskereak ezer balio, ez da merkatuan saldu ta erosi daiteken zerbait. Euskereak ez dauko preziorik. Euskerea ez da merkantzia bat.

Gizongintzan, gure gizartearen gizonagotzean burrukan gabiltzanontzat bakarrik euki leike benetako sentidu bat euskereak. Ez da izkuntza zaarra dalako, obea edo okerragoa dalako, izkuntzalarientzat interes aundia daukolako, beste gauza bategaitik baiño: gizon konkretuak gareanez, gareana aaztu ezin daikegulako, gure gizatasuna aaztu ezin daikegulako.

Euskerea, debaldeko gauzea da. Orrexegaitik gagoz beraren alde. Beste mailla baten aztertzen dogulako, eta ez diruaren eta merkatuaren maillan.


Joan Manuel Serrateri idazki idigia

Lagun ori:

Ez dakizu ondo, zelako miñez idazten deutsudan; baiña ala ta bere, idatzi bear deutsut. Kritikatu bear zaitut, ta damu dot, benetan diñotsut.

Zugan, Kataluiñako Nova Canço bizkorki agertu zan. Zure abots onari esker, zure poetatasuna modan jarri zan; ta gazteok pozez entzun genduzan zure diskoak zeure jaioterriko izkuntza ederrean. Zeu izan ziñan erri txikietako zorigaiztokoen liderra, beste Raimon bat.

Kataluiñak, Euskalerriarekin eta Galiziaz, poz pozik artzen zinduzan, munduari sorterriko balioak erakusten zeuntsazalako.

Ofizialkeriari uko egiten zeuntsan gizonki, lagun Serrat. Zure Erriaren nortasuna argiro agertzen zan zugan, ezelako lotsa barik. Imitabidetzat izan zinduguzan aulkerian eta alperkeritan gabiltzanok.

Egia esan, Joan Manuel, ez zeunkan bide askorik ofizialtasunaren aldetik. Kataluiñarra ziñan, benetako gizon bat. Ez zenduan agertu nai zeurea ez zan izkuntza eta arima bat; orrexegaitik ez zenduan erderaz abesten. Ta orrexegaitik ez zenduan laguntasunik euki.

Zeure errian errespetatua izan ziñan, ori bai. Ta baita beste toki askotan bere. Zapaltzaille kontzientzirik ez daukenak maite izan zaitue, Serrat.

Baiña guzti ori udabarriko aize epela biurtu deuskuzu, Joan Manuel: erderaz kantatzen asia zara.

Zergaitik? Ezin dot ulertu. Ez dot ulertu gura, obeto. Zergaitik? Ez ete da kataluiñera, (Eurobisiñora) eroateko gai? Lotsatu egin ete zara, zareana erakusten? Diru geiago irabazi nai dozu erderearen bidez? Zer pasatu jatzu, Serrat?

Zugan ezin dot diru goserik ikusi. Poetatzat euki zaitut. Diruak eta famak iruntsi ete zaitu? Ez neuke pentsatu gura beintzat.

«Erderaz obeto adituko deustelako beste espaiñolak» —esan dozu, ta ez dakit zer erantzun. Raimonek, zure aberrikideak, zerbait esan eban orreri buruz aspaldian. «Aalik eta geienak ulertzeko, txiñeraz kantatuko neuke ta ez erderaz, txiñarrak 700 milloi dirala-ta».

Abesti sariketak galdu ete zaitue? Ez ete da naikoa kataluiñera, abeslari unibertsalista izateko? Raimonek naikotzat euki eban.

Ezin zaitut onartu. Trankart egin deuskuzu zugan itxadopena genduanoi. Traidore esan bear deutsut, ta damu dot, damu larria.

Ba leiteke erdaldun itsuentzako famatzea, baiña zeuretarrentzako eskastuko zarealakoan nago ta baita mundutar argientzako bere. Izan be, erderaz abestean, faltsotu egiten dozu zeure burua, ta kanta mistifikatuak eskeintzen deuskuzuz, Joan Manuel. Benetan sentitzen dot.

Kanpokoen irribarrea lortzearren, saldu egiten dozu zure kantua, ta anaien begitartea illundu. Euskaldunok ba dogu olako bat: Unamuno zana.

Euskaldunok ezin dogu biotzez esan, a gure anaia zala. Emen jaioa zan, ta ori ez da asko. Lagun Serrat, zergaitik zapuztu deuskuzu guk zeugan euki dogun esperantzea? Erderaz abesten jarraituezkero, ezingo dot siñetsi zure deia. Faltsotzat artuko zaitut eta traidore deituko.

Agur, lagun urrun ori. Itzuliko ete zara? Ala nai neuke.

XABIER KINTANA


Jakingarriak

Atomo-indarra

Gizonaren asmakizunak, suaren —edo obeto esanda— beroaren bitartez lortu dira. Beroaren indarrari eskerrak, piztien antzeko bizitzatik, gaur dogun izakerara eldu gara. Berotasunaren bitartez lurpeko gaiak aldatu, biurtu ta onduta, zenbat asmagarri eder eskuratu doguzan!

Asieran, egurra zan errekin bakarra, gero egurrikatza; olan, nekez etozan aurrerapenak. Azken gizaldian, bultzakada aundia egin eben arrikatzak, arrorioak eta ibai-boliñetatik jatorkun indarrak. Gaur, atomo-indarra eten eta askatu al izan dogu, ta beroaldi neurri aundikoak lortu. Danok ondatzen ez bagara, eun urte azken oneetan aurreratu gareana, urtebetean edo ariñago betetzera gatozke.

Lurpeko errekiñak, aintxiñako zugatz eta mamarroen usteltze aldaketak dira; baiña, daroagun errebearra geitzen doala, gizaldi onen azkenerako ez da olako errekin askorik izango.

Atomo barruko indarra dogu, ba, urrengo berogaia; ta indar ori askatzeko eta ortik beroa lortzeko, era bitara jokatzen dogu: edo zatitu neurri aundiko atomo-gunak (uranio, torio ta plutonioarenak), edo alkartu neurri txikikoak (batezbere deuterioak daukazanak).

Oraiñarteko atomo-indar olak, lenengo bidea darabille. Ez da baiña egokiena. Orretarako darabilguzan gaiok, laster amaituko dira; ta okerragoa, lantegiak betiko kutsatuta geldituko jakuz, eta ezin izango dira iñoiz bere eratsi. Kutsu orregaitik, lantegietako ondakiñak eurak be, kaltegarriak dira; eta ez da erreza izaten, ondakiñok ezkutatzea.

Orregaitik ba, jakitun asko bigarren bidea aukeratzeko asmoan dabil. Alde batetik, erreza da deuterio ori lortzea —itxasoko uretan ogei bat milloi urtetan «erreteko» aiña ei daukagu—, ta ondakiñak eta lantegi inguruak kutsu barik gelditzen dira. Baiña beste aldetik, ez da erreza, alkarri bultzaka dabizan era bateko gun txiki orreek alkartzea.

Izarretatik deika

Onezkero, irakurri dozue. Or goian nunbaitetik irrati taupadak ei datoz, eta izaki jakitunen batek bialtzen ete deuskuzan siñisteraiño jarri gara.

Ez da baiña orrenbestekorik. Ille onetako Nature aldizkarian, Cambridge'ko jakitun batek azaldu dau nundik eta zetatik datozan taupadok. Ona emen, labur labur esanda, jakitun orrek diñoana: Taupada orreek izar baten eriotzea adierazoten dabe, izar urdin baten azkena.

Ba dakizue. Izar beroenak, zuriak dira. Otzituten diranean, ori ta gorri agertzen jakuz. Berotasun aundiagaz, opil bat lez puztuta egoten dira; otzak eraginda barriz, igartu ta zimeldu, batu, gogortu ta txiki egiten dira, ta azkenez —eriotza aldian— urdindu. Burdin oletan ikusi izan dogu orrenbeste: Suaren erdian dagoan ageak, begiratu ezin aiñako zuri dirdiratsua artzen dau; su ertzeruntz dagoanak, oria ta gorria; eta esku aldera daukagun zatiak, urdiña.

Urdintzen danean, izarrak, barruko molekulen aldaketeagaitik, taupada orrek sortzen ditu, irrati maillako taupada labur eta neurri batekoak, gure asmakizunen bitartez lortu doguzanen antzekoak. Alatabere, burudun norbaitek bialdu leikezala-ta, azterketa sakonak egin dira. Gauzak ondo arakatuta gero, jakitunak diñoe, taupada orreek izar urdin batek bialtzen dituala.

Izar urdin ori, otzagaitik, gure lur au baiño txikiago izatera etorten bada bere, bero aundikoa da oraindiño, eta bere inguruan izarbel edo planetak euki leikez. Ori dala-ta, bururatu egin jake jakitunoi, ea planeta batetik bialduak ete diran taupadok. Baiña ori ezin izan leitekela ikusi dabe, planetak izar baten biran —lurra lez— dabiltzalako eta taupadok ibilkera orren aruntz-onuzkorik ez dakarrelako.

Izar baten eriotzea dogu, ba, gizasemeok lenengoz aztertu al izango dogun izar eriotzea.

AIXOLA


...baiña egia beste au da

Au esan da:

Bizkairako egin dan euskerazko Mezako Kanona, batek bakarrik egin dau, praille batek, beste iñor lagun artu barik, bear eban lez.

Baiña egia beste au da:

Kanon ori euskeratzen askok egin dabe lan, lau probintzietakoak egin bere: Bizkaiko, Giputz, Napar eta Baionaldekoak.

Maiatzean asi ziran atarako batzarrak. Lenengo, lau probintzi orreitakoak, era batera; gero, probintzi bakotx orretakoak, eurak euretara. Garagarrillean eldu jakon, danen artean, azkenengo eskua ezarteko lanari: astean batzar bat, garillaren 20rarte.

Urretxun asi ziran batzarrok, eta Donostian amaitu. Batzar orreitan, Bizkaitik zortzik artu eben parte gitxienez, bein geiago, bein gitxiago.

Izkuntza bakotxekoak, guztiak alkarregaz egin bear dabe lan liturjiarako itzulpenetan. Oso bardiñak izan arren bere, alik eta berbarik bardiñenak erabiltera egin bear dabe, egunero esatekoetan batezbere. Orixe da Eleizeak jarrita daukan legea, eta orixe zentzunak eskatzen deuskuna bere.

Orixe esan eban, udan Iruñara etorri zanean, Bugnini jaunak. Besterik bere esan eban: Euskerazko itzulpena, guztion artean egiña zan ezkero, naiko izango zala probintzi batetik Erromara bialtzea, baimena atarateko. Baionaldekoak bialdu eben, eta zemendiaren 6an artu ebezan ango oneretxi ta baimena.

Bien bitartean Bizkaiko Liturji-batzordeak, Obispo jaunak atarako eukan baimenaz, emon eban argitaratu ta erabilteko baimena; eta alantxe argitaratu zan.

Besterik zabaldu dauanak, onezkero ba daki guzurra zabaldu dauana; eta oker ori zuzendu ez dauan ezkero, emen dauko nai dauanak egia esanda.


Munduko erriak askatasun bidean

Aspaldiko urte oneetan naziño askok lortu dabe euren askatasuna, bai Asian eta, batez be, bai Afrikan. Ainbat Aberri barri eder sortu dira. Oraiñarte Europako estadu kolonialisten azpian egon dira erri orreek; iru edo lau osategi edo hospital eta beste orrenbeste ikastolen ordez, lurralde areetako aberastasunik geienak Europaruntz ekaten izan dabez emengo kapitalistak. Hospitalak eta ikastolak ziñeko dokumentaletan makiña bat bider ikusi doguz, orretarako egiñak izan dira-ta. Baiña andik ona ekarri dana, zarata larregi barik, estalduta ekarri da administraziñoko batzorde batzuen eskuetara.

Dana dala, gaur, banan banan eldu da erri areentzat askatasunerako sasoia, baiña ez beti bakerako, ez beti oztopo barik, ez odol asko ixuri barik.

Zegaitik ori? Alde batetik, erritar geienak eskola bakoak diralako, kulturadun gizonak gitxi diralako. Ta kulturarik ez dagon errian ba dakigu zer gertatzen dan. Beste alde batetik, estadu barri orreek, lengo kolonial denporako mugaren gaiñean oiñarrituta dagoz eta muga orreek izadien aurka jarrita egozan. Bakotxak ainbat abenda edo arraza, beste orrenbeste izkuntza, alkarregaz gudan beti egon diranak ta gaur, jakiña, estadu askatu baten egonarren, ezin alkarregaz batuta bizi. Or dagoz Katangako guda, Biafrakoa ta abar. Aurrera doaz apurka apurka, baiña zenbat odol ixurita doan be iñok ez daki.

Baiña guk ez doguz Afrikako goraberak emen azaldu gura izan. Guk, Europa ta Amerikako estaduen barruan egon diran naziñoen barria emon nai izan dogu, zelan askatasuna lortuten asi diran adierazo gura izan dogu. Ikusi daigun, esate baterako, Kanadan Quebec'egaz zer gertatzen dan. Jatorriz frantses dan erri onek agiñak erakutsi dauz eta autonomia eskatzen asi da.

Europan, Suiza ta Alemaniako erriak lendik dagoz batasunean bananduta (au esan al bada); lendik dira konfederaziñoa bata ta federaziñoa bestea.

Belgikan burruka gogorra sortu da (aspaldikoa), flamenkoen eta valoien artean, eta burruka orren sustraiak sakonak dira. Azkenean estadu federal bat egin bearko dabe, bakea nai bada.

Londresko «Times» egunkariak, orain ille pare bat, Galestarrak euren askatasuna eskatu dabela esaten eban, eta Inglaterrako Gobernuari dei bat egiten eutson, ez zala aurka jarri bear, alkar izketaren bitartez al zanik ondoen gauzak zuzendu baiño, esanez. Galestarrak Irlandesen moduko parlamentua eskatzen dabe ta Europara sartzen badira Irlanda, Eskozia ta Inglaterra, bakotxa bere nortasun guztiagaz sartzeko eskatzen dabe.

Orain egun batzuk dirala, Italiako parlamentuak be erabaki jator bat artu dau, betiko lez, eskoitarrak eta fazistak aurka jarriarren: erri bakotxa bere buruaren jaube izango da, estadu baten barruan egonarren; erri bakotxa bere parlamentu, izakera, izkuntza, oitura ta administraziñoaren zuzentzaille izango da.

Ikusten dogunez, ez bakarrik sub-desarrollatuak deritxoen erriak, baita erri kulturadunak be, etxea obeto gordetzen dabela agintzakera orren bidez, ikusi dabe.

Irakaskintza ederrak euskaldun batzuentzat, beti kanpora begira dagozanentzat eta batez be, guri, burdiña janda bizi bearko geunkela esaten deuskuenentzat.

ARENAZA'tar JOSU


Erroman baimena emon deutsoe Holandako Katezismuari

Gero ta gero be, «argi berdea» emon deutsoe Erroman Holandako Katezismu Barriari. Aita Santuaren aginduz, komisiño espezial bat enkargatu da katezismu ori esamiñetako; eta gauzak ondo aztertuta gero, komisiñokoak deklaratu dabe, liburu orrek ez daukola erejiarik eta zabaldu leitekela mundu guztian ikara barik.

Alandaguztibe, komisiñokoak —Bowne, Florit, Journet, Frings, Jaeger eta Lefèbvre Kardinalak— eskatu egin dabe, katezismuko pasaje batzuk beste modu batera idatzi daitezala. Nimegako Unibersidadeko Katekesi Istututua enkargatu da, tekstuaren errebisiño ori egiteko. Katezismua lengo lez geratuko da; baiña gauza batzuk, obeto formulatuak izango dira.

Aita Schillebeeckx famaduak, katezismuaren zentsorea izan zanak, pozarren entzun dau Erromako komisiñoaren erabagia. «Orain —esan dau berak— naziño askotan argitaratuko da laster Holandako Katezismu Barria, traduziñoak eginda dagoz-ta».

Alemanian artega dago jentea, ea noiz agertuko dan katezismua euren izkuntzan. «Noizarte —diño Hamburgoko Die Welt periodikuak— noizarte ukatuko deutsee liburu ori Alemaniako obispoak euren fideleri, Holandako obispoak euren eleiztarreri ain gogotik errekomendetan deutseen bitartean?»

Nortamerikan, obispoen erdi baimen barik argitaratu dabe inglesez katezismua; eta Tomas Moro medaillea irabazi dabe publikaziño orregaitik, 1967gnean agerturiko katoliku libururik onena izan dalako.


Euskal pelikula (II). Ama Lur

Aurreko artikuluan, dirua aitatu neban. Ziñea egiteko bear dan dirua, alegia. Eta duda barik esan neutsuen, diruaren asuntua izan dala oraiñarte difikultaderik aundiena, benetako euskal zinematografia egiteko.

Ikusi daigun orain, zelan ibilli dan AMA LUR ekonomiaren bide latz orretatik.

Gai oneri buruz al dan informaziñorik osoena eukiteko, Jose Luis Echegaray Pagolagana joan nintzan. Guztiz ondo artu ninduan beronek bere despatxuan; eta alkar izketa bizi baten, bear nituan datuak eta argitasunak emon eustazan. Ona emen, geure alkar izketako punturik interesgarrienak.

***

— Esaidazu, Jose Luis. Zelan sortu zan AMA LUR egiteko asmua?

— Ara! Danok dakizuen lez, Nestor Basterrechea ta Fernando Larruquert artista baliotsu bi dira; eta bakotxa bere arloan, asko nabarmendu dira eskulturan, pinturan eta musikan. Gaiñera, or daukagu Jorje Oteiza aundia, beti aurrelari gure egunotako euskal edergintzan. Urte asko ez dala, bakotxak bere aldetik lan egiten eben irurak. Baiña alako baten, Basterrechea ta Larruquert alkartu egiten dira, bat egiten dira, eta pelikula laburrak egiten asten dira. Alan agertu zirean PELOTARI ta ALKEZAR, filme labur bi, miragarriak, ziñe jaialdietan sarituak izan direanak. Ba daukaguz, ba, euskal ziñegille bikain bi. Ez dago orrezaz dudarik. Eta erakutsi egin dabe biak, gauza aundiagoak egiteko kapaz direana. Orduantxe otu jaken bieri, ainzuzenbe, AMA LUR egitea, pelikula luze bat, Euskalerria gaitzat artzen dauana. Eta beste barik, Oteizari azaldu eutsoen asmua. Eta Oteizak baietz erantzun, eta irurak asi zirean arrezkero su ta ke AMA LUR egiteko lanean.

— Baiña leenago, prolema ekonomikua argitu bear izango eben. Zelan izan zan ori, Jose Luis?

— Esango deutsut. Lista luze bat egin eben, laguntzaille izan eitekezanen izenakaz. 4.000 izen or or. Gero, zirkular bana bialdu eutsoen bakotxari; eta adierazo egiten eutsoen bertan, zein zan euren asmua, eta asmu ori aurrera eroateko diruzko kolaboraziñoa bear ebela. Berrogetabostek bakarrik erantzun eben baiezkoagaz, eta 125.000 peseta gitxi gorabeera ipinten zituen kapitaltzat. Ikusten dozunez, plan onek uts egin eban zoritxarrez. Jaso neban neuk be zirkularra. Barru barruan ikutu ninduen artisten berbak. Eurakana joan nintzan beingoan. Berba egin genduan alkarregaz. Eta prolema ekonomikua beste modu batera ebatzi bear zala erabagi genduan.

— Zelan eroan zenduen aurrera planteamentu barria?

— Zeredozer egin bear zan. Ezin geintekezan eskuak batuta egon. Alde batetik, ba geunkozan artistak, artista primerakoak, izugarrizko euskal pelikula bat egiteko prest egozanak. Beste aldetik ostera, ba genkian ze aundia zan zinematografiaren influentzia soziala. Zer egin orduan? Andoni Esparzak eta biok auxe proposatu genduan: eratu ainbat ariñen diruemoille talde bat, batzen zan kapitalagaz pelikulea egiteko.

— Zer egin zenduen gero?

— Elorrion batu gintzazan Andoni Esparza, Kastor Uriarte, Iñaki Hendaya ta neu. Eta urrengo iru erabagiok artu genduzan:

1. Sortu dirumoille soziedade bat, AMA LUR pelikulea egiteko eta ziñetokietan erakusteko. Alkartasun orrek izen au eroango leuke: Distribuidora Cinematográfica Ama Lur, S. A.

2. Soziedade ori guztiz erritarra izango litzake; eta orretarako, aziño bakotxak 100 peseta bakarrik balioko leuke.

3. Pelikulearen izenondokoa auxe izango litzake: «Erriaren pelikulea, erriak egindakoa».

Batzar orretan, gaiñera, soziedadeko leenengo domua batu zan: 302.000 peseta. Eldu zan eretia, gauzak abiadan ipinteko.

— Jakin leiteke, zelan ibilli dan arrezkero Ama Lur Soziedadea?

— Sozioak, ondo ezaguketan ditue Alkartasuneko gorabeera guztiak. Asikera asikeratik, illero bialtzen deutsegu bazkide guztieri Soziedadearen gaiñeko informaziño osoa. Puntu onetan beintzat, pozik egon geintekez.

— Eta sozioak ez gareanori, emon zeinskigu informaziñotxurik?

— Sentietan dot baiña, datu guztiak ez daukadaz emen. Dana dala, azkenengo batzuk oneexek dira: Bazkideak, 2.200. Kapitala, 4.900.000 pta. Pelikulearen gastuak, 5 milloitik gora. Asikeran uste izan zan baiño milloi bi geiago. Promoziño gastuak, 500.000 pta.

Zentsurako gorabeerak amaitzen direanean, eta betekizun ofizial guztiak kunplietan doguzanean, profesionalizatu egingo dogu pelikulea. Orixe da gure asmua. Orretarako, soziedade banatzaille bateri eskiñiko deutsagu; eta gero bera enkargatuko da, al dan ziñetokirik geienetan pelikulea agertarazoteko. Gura daben guztiak ikusi daiela, bardin Bizkaian, Espaiñian naiz Japonen badagoz bere. Orixe da gure guraria.

***

Agur, urrengorarte.

Jose Luis Bengoa Zubizarreta


Aberastu zure euskerea

Ona emen, ANAITASUNAREN numeru onetan agertzen direan berba batzuk

ARRORIO, petrolioa. Berba barria.

ARTEGA (B), urduria, sosegu bakoa. Estu ta artega zaukaz buruko min batek: te tiene apurado e inquieto un dolor de cabeza (Uriarte).

BAITA (GL), da-ta, Ona baita: pues es bueno.

BAITXAKO, jako-ta. Etorri baitxako: pues le ha venido.

BALDIN (BGN). Berba au ezin leiteke erderaratu. Ba aurrizkiari indar geiago emoteko erabilten da. Baldin badator: si viene, si es que viene.

BERE BAITAN (LN), beragan, bere barruan.

DOMU (B), capital erderaz. Ez korridurik, ez domurik ez dabe ikusiko, molokot egingo deutsee-ta: no verán ni interés ni capital, pues les harán bancarrota.

EBATZI (B), erderazko resolver. EBATSI (LN), ostu, lapurretan egin.

ELDUTZEKE (B), eldu barik.

ERANTSI (BGN), erderazko pegar, adherir. ERANTZI (BG), erropak kendu.

ERATSI (B), ordeñar / beera bota. Onek eratsi eban Luzifer zerutik inpernura: ésta (la soberbia) derribó a Lucifer del cielo al infierno (Bartolomé).

ERATZI (B), narrua kendu.

EREDU (B), modelua.

ERETI (B), aldi egokia. Ocasión, momento oportuno erderaz. Itxaski andia dagoenetan, txalupak talapean eretia artu bear izaten dabe: los días que hay gran marejada, las lanchas se ven obligadas a esperar el momento oportuno debajo de la atalaya.

EZAGUKETAN (B), ezagutzen, ezagututen. Ez dot ori ezaguketan: no le conozco a ése. Mondragoen, Oñatin eta alboko errietan erabilten da.

GAILLEN (GN), gorena, guztien gaiñekoa.

IZAKI, izatea daukan gauzea. Erderazko ser, creatura. Berba barria.

JAREGIN (B), askatu, libratu.

LARRI (GLN), aundia. Gizon larri bat: un hombre corpulento. Bekatu larriren bat: algún pecado mortal (Agirre).

NABARMENDU (BG), distinguirse, sobresalir erderaz. Onelako gauzetan Pedro beti nabarmentzen zan: en cosas como ésta Pedro siempre sobresalía (Lardizabal).

OLA (BGN), fabrikea, lantegia.

OTU (B), burura etorri. Erdedazko ocurrir, venir a las mientes.

PROPOSATU (L), erderazko proponer. Proposatzen derautzut irabazia erdizka egitea: te propongo que nos repartamos la ganancia a medias.

SANANDERE (B), Santander. Bermeon esaten da.

SOSTOR (B), eragozpena, enbarazua.

TRANKART EGIN (B), engañatu. Aintxiñako berbea. Lukiari trankart egiteko, goiztu bearko: para engañar al raposo, es menester madrugar (Refranes).


Erbestean ikusia

Atzerrian nengoala, domeka arratsalde baten rugby jokoa ikusten joan nintzan.

Rugby au futbol berbera da, baiña oiñakin barik eskuakin jokatzen dana; atezaiñak barriz, eskuen ordez oiñak erabilli bear ditu eta ostikadaka bere atea zaindu. Joko oso gogorra da, beste futbola baiño askoz astoagoa; eta alkarreri bultzaka eta edonondik oratuaz dabiltz leiatsu jokolariak.

Arratsalde atako jokoa, Bordeleko ta Baionako taldearen artean zan; ez dakit zetariko kanpeonatuan.

Gogorren eta sendoen ebiltzan unean, jokalari bat urreratu jakon epaikariari, arbitruari, eta nik ez dakit zer esan eutsan; baiña bat batean arbitruak bere txistua jo eta jokoa gelditu eban.

Gero, aldra bateko eta besteko mutillak joko landea zeatz zeatz arakatuten asi zirean lurrera ondo begiratuaz, zerbait billatzen iñarduen eran.

Zer jazo ete zan? Auxe baiño ez: Arbitruari zerbait esan eutsan gazte arek, samatik beera eroian Lourdeseko Amaren domiñatxu bat galdu ebala.

Idoro zan medaillatxu ori, eta bai laster jokoa barriro jarraitu be, len baizen gogor eta kementsu.

Neuk ikusia dala, bene benetan siñistu zeinkee.

BELU


Ezagutu zure erria

Larrabetzu

Aste egun bat

Eguerdiko amabi t'erdiak. Larrabetzuko eskolatik eleizarantza, pilloan doaz umeak katekesia artzera. Bide ertzetik batzuk; besteak, bidezabal erdiraiño urten dabe, arriskurik eztabe ikusten.

Turrun-otsean dator Bilbotik ona dabillan autobusa: umeak ikaratu dira.

Amabost urtetik berakoak 375 neska-mutil dauz Larrabetzuk. Euren artean geienak erderaz beti. Erbestetik etorriak, 100 bat izango dira.

Guztiak ez dabiltz ikastola batera. Euskaldunak, amar urtetik gorakoak, erbestera doaz ikasten: Deriora, Bilbora... Guztiz 50 bat.

Kristau ikasbidea ederto erakusten da berton. Euskaldunei euskera, astean iru bider; erdaldunei beste egun batzutan.

Eskola itxi dabenai be, eleizan eta emoten jake. Zorionak abadeoi, Euskalerriaren izenean. Olako asko ezta ikusten...

***

Uriko plaza ondora eldu da autobusa. Ia geienak, an jatsi dira. Goizeko ekitaldia egin daben langilleak dira: Firestone, Baskonia, Edesa... itxita datoz. Erbesteko lantokiotan dabiltzanak 250 inguru dira. Errian berton lantegi banaka bat ba da: Serrea, Conauta, tapizeri ta arotzeriak. Bertoko 25 langille inguru dabiltz oneitan.

Langilleak, ondo irabazi daben zuritxua artzeko, tabernara doaz. Ba da egarria non ase: 14 edari etxe. Jatsi ez diranak, Eleizalderaiño doaz. Eleizaldean 600 bizilagun izango dauz erri onek. Guztiz 2.100 inguru; 400 bat atzerritarrak.

Domeka bat

Erdiko Mezeak urten dau. Barriketa... aste barruko goraberak... arratsalderako asmoak eta; ba da laguna ugari plaza inguruan. Goizeko autobusa eldu da ta berton geratu. Lagun batzuk berton itxi ta aurrera egin dau. Lagun asko doa berton, Bizkargin eguna bota gurean. Bilbo ingurukoak, mendi-sakutoak sorbaldan, aurrez datoz onantz. Zamudioko autobusa ta Lezamako trena onaiño baletoz... «Orduan be, emen ezebez, diño mutil batek, geuk bertotik iges egin ezkero. Eta neskak txarrenak orretan...»

«Eta emen zer dago ba —diño beste batek— pelota-lekurik be ez dago-ta». Ori, Larrabetzu baten.

Futbolerako be zaletasuna bai, baiña non egiñik ez.

«Baiña ez eik esan, dagon orkesteagaz eta ziñeagaz... Geuk anbientea egingo bagendu, beste errietakoak be etorriko litzakez. Len lez, Lezamatik eta...»

«Ixilik egon adi: txistua jotea be galarazota dagoan erri batera, nor etorriko dok ba?»

Olantxe, Larrabetzuko gaztedia erritik sakabanatzen asi da, gero ta geiago. Bilbo ingurukoak be etorten aspertu. Errua nok?

Bizkargi gaiñetik begira

Bizkargi gaiñetik Euskalerria Larrabetzuri begira dago.

Bizkargitik euskaldun batek, mendi asko ezagutzen dauz: Sollube, Oiz, Anboto, Gorbeia... Onein magalpetan, zenbat euskal erri. Mendion kolkoetan, zenbat kezka ta euskal erri-min.

Ezkerrerantza, Txorierri. Larrabetzu, mendiak estututa. Gero: Lezama, Zamudio, Derio, Sondika... andik aurrera kea.

Zenbat aldakuntza urte gitxitan. Euskalerriak ementxe dauko gaur burrukarik gogorrena. «Frentea» da. «S.O.S» bialdu eban Txorierrik, baiña erantzunik ez da. «Burdiñezko Garrikoa» utsik dago. Euskeraren alde ekintzaille barik. Euskaldunok, «estratejia bakoak», molda bakoak ete gara ba, burrukarako? Euskal ikastolak nun? Dagozan lekuetan, txarto ez dagoz. Baiña eusko indarrak noiz batuko ete dira, Txorierriri begira? «Gran Bilbao» barik, «Geure Bilbo» izan daiten? Burruka gogorrena nun, indarrik onenak an izan bear leuke. Guztia galdu arte itxaron? Gero ikastolak jarri? «Ilda gero, salda bero?»

Bizkargitik beera

«Gane»tik Larrabetzura barriro. Gaztelu mendi be ur dago. «Gane», istori aundikoa da. Morga ta Gernika alde batetik, Larrabetzu bestetik.

Bertotik guztitarikoak igaro dira. Baserritarrak beiak-eta saltzen, lapurren bildur... Gudari tristeak Bilborantza. Leenago, Kaltzadak deritxon auzotik, españar erregien mandatariak Gernikarantza. Aretxabalaganeko aretxpean «foruak» zaintzeko erabagia artu ta Goiko-eleizan, gure Jaunaren aurrean Lege Zaarren alde, zin egiñaz, Astrokatik gora, Gernikako Aretx Santuaren azpiraiño.

***

Eleizalde goialdean, eta Uria bealdean. Uria, Bizkaiko Jaun zan D. Juanek sortu eban 1.376garren urtean. Aintxiñako «Eleizaldea» zan lur lauren buru. 1.376an «Eleizalde» ta «Uria» burrukan asi ziran alkarregaz. Zergaitik? Oba esan ez; aztuteko politagoa. Gaurko Euskalerria egiteko, lengoak aztu ta Larrabetzutar guztiok batu.

Zenbat pasadizu zaar esango leuskiguez Larrabetzuko auzoak! Astrokak, Gazteluak, Loroñok, Barrenetxek, Erkinkok, Belarrenek, Goi-olak...

Zenbat ipuin eder, Barresonagak, Sarriko-olak, Basaraz, Zubitalde ta Uriak...

Aintxiñako istori-oiñarrion gaiñean, gaurkoa egitera goazan. Bizi-gurea dogu; geure buruen jaube izatea be nai. Ez dogu gura «Museurik». Bizi nai. Bizitzeko, burruka egin bear; Basaurira joan bear.

***

Larrabetzuri itaun bi:

— Larrabetzu, zergaitik ez dozu ikusi gura, Txorierritik zura ondartzara datorran olatu baltza?

— Larrabetzu, zergaitik ez zara prestetan burrukarako? Betiko euskal erri edo betiko erdal erri izateko zori estuan zagoz.

***

Sendotu egizu gogoa, ez itxi zure umeen euskera, artu euskal arnasa.

SALATARI