ANAITASUNA

9

Kantauriko Frantziskotarrak argitaratua

ANAITASUNA idazti lez agertuko da, aldizkari lez argitaratzeko baimenak eldu artean.

IDAZTI 1967-ko URRILLA'REN 28-an AMAITU EBAN «GRAFICAS BILBAO» IRARKOLAK.

Zuzendaritza ta Banakola

Irala, 8 — Bilbao-12

D. L.: BI 1.753-1967

GRAFICAS BILBAO - Gordóniz, 28, 3.º - BILBAO-12


Israel, Israel da, baiña gu...

Israel'ek, dauan nortasun andiaren bidez, bere buruaren iaube izan baiño lenago be, mundu guztian ezaguna zan.

Askatasuna lortu dauanetik, eta batez be azkenengo gudan —aurten— egin dauana dala-ta, edonon aitatzen dabe.

Palestinak egin dauaganaz, edonongo demokratak pozik dagoz; aien artean gu be bai.

Izan be ba dogu antzik naiko israeldarrakaz. Bai. Ba dogu Erri bat: izkuntza, enda, edestia, «Eliezer», «Sinai». Ba dogu antzik.

Palestinak dauana

 Palestina.—Erri txikia, aberatsa, itxas-ertz ederraz.

 Hebreoa.—Gizaldietan ilda egon da gero berbiztu dan izkuntza; gaur israeldar guztiak dakiena.

 Enda.—Naiko nastaua, baiña ondiño ba dabe berezitasun naiko ingurukoekaz. Endazalekeriak ondo begitik artu eban iudarren enda Hitler'en aldian. Milloika il ebezan Alemani'n iudar zirala ta beste barik.

 Eliezer.—Ezta Israel'go gizon ospetsu bakarra, ba dira beste asko be erriaren alde iokatu dabenak. Eliezer, izkuntzaren alde egin ebanagaitik oso maite dogu. Hebreotar izkuntzan lenengo ikastola berak sortu eban; eta zorotzat artu eben orduan.

 Sinai.—Israeldarren mendi maitea da. Mois'eri Iainkoa antxe agertu iakon, Israel bere erritzat artzen ebala esan be bai. Erriaren eta Iainkoaren bitarteko, antxe dogu Mois Israel'en len gidaria. Arrezkero, Sinai mendi gurena da Iudarrentzat.

Guk doguna

 Euskalerria.—Europan erri bakana, antzekorik eztauana. «Gizonaren Museu»-koak Paris'en olantxe ezarri gaitue, ikusle doazan guztien aurrean. Erri bat gara, Auñamendiren bi aldetatik. Erri aberatsa. Ondasun askoduna. Kantauriko itxas-ertzean.

 Euskera.—Geure izkuntza. Ez besteena baiño obea, baiña gurea. Ondiño bizi dana; geure erruz eta ardurarik-ezaz galtzen ioakuna. Euskaldunak duban artu, ta gero emoten eztakiena. Amagaz iazo oi dan lez, galduta gero, damu izango doguna.

 Enda.—Ba dogu geurea. Goti osalari iaunak naiko argi erakutsi dau gure odolaren bereiztasuna. Iudarrenaren antzera, naiko gorrialdi ikusten dauana, Hitler'en lagunengandik.

 Sabin.—Abando'ko arranoa. Egun baten Larrazabal'en gu zer giñan esan ebanean, zorotzat artua. Ondasun guztiak, euren artean osasuna, galdu ebazan Erriaren alderako. Nor zan be gaur askok eztakiena, iakin be gura eztabena. «Sasi euskaldun» askok bere lana apurtzen diardue, ezereztuten. Eliezer, «gogo» itza hebreoz zelan asmau eziñik il ei zan. Eliezer be asmatzaille beraz, baiña iudarrak maite. Gaur gurean «erdal itzak» artzen dauzanarentzat goralmenak dira, Sabin'eri barriz dana putza, itz barri batzuk euskeratik atara ebazalako. Alan be, egia esan gura dauanak, aurkako aize aldiok gora-bera, «Orixe»gaz autortu bearko dau, ordurarte iñok emon ez eutson lako bultzada, emon eutsola Sabin'ek euskerari.

 Aralar.—Antxe dogu euskaldunok gure Sinai mendia; Mikel begiralea. Euskalerriaren biotzean basoeliza zaartxoa, Naparroako zaarrenetarikoa. Mikel gurea! «Iaubetasuna galdu dulako, dago erri au damutan, iaubetasunaz, erritasuna egizu galdu ez dezan» («Orixe»).

Israel - Euskalerri. Antzeko erri bi.

***

Zetan eztogun antzik

Esandakoak, abertzaletasun baten agiriko oiñarriak dira. Oiñarriokaz, oiñarrion gaiñean, etxe bat iasotea, Erri bat aurrera eroatea, ori da erritar guztien lana. Erria maite dabenak alkartuta erri ori aldeztea. Estariko oiñarria ori dau abertzaletasunak.

Orretan Israeldarrak eta euskaldunak egiñak...

Agirikoetan ba dogu antzik naiko, estariko oietan oso gitxi barriz.

Guztiok ezin naikez aipatu baiña batzuk bai:

- Israeldarrak, Iesukristo mundura etorri aurretik euren berbetan egin ebezan liburuak, Idazteuna, Biblia.

- Guk, 16'garren gizaldirarte oso gitxi idatzi gendun euskeraz.

- Israeldar guztiak gaur hebreoa ikasten diardue, ta gazteak danak dakie.

- Guk, ontxe be, ikusi doguzanak ikusita be, ondiño, «euskeragaz nora goaz» esaten diardugu. Gu beti leloak.

- Israeldarrak euren artean, naizta aurrean edonongoak izan, euretariko bik eztabe hebreoz baiño berba egiten.

- Euskaldunok, paparrean, «Euskaldunak euskeraz» eroan ta be, erdera egiten dogu. Eta euskeraz txarto egin dauan bateri, lagundu ta irakatsi egin bearrean, barre egiten dautsogu.

- Israel'en politiku alderdi asko dagoz, era askotara pentsatzen dabenak, eritxiak bananduta dabez; baiña Israel'en alde ezer egin bear dan orduan, iñurrixek baiño be baterago iokatzen dabe, indar bat egiñaz.

- Euskaldunok, gitxi izan ta gaiñera, len ondo egindako asko bera botaten gabiltz, lendakari izateko balio dogu guztiok geure ustez. Geuk uste doguna egin ezik barriz, ez gara iñongoagaz alkartzen. Olan aurrera egiten ezta errez. Eztogu beingoan «Suez»-ko ertza artuko, ganora geiago ta arrokeri gitxiago ezpadoguz beintzat.

- Israeldarrak, munduan edozein baztarretan dagozala be, aberri-miñez bizi dira, Iudarrak besterik eztira, naiz Ameriketan naiz Alemani'n iaio. Babiloniko ibai ertzetan erbesteratuta egozanean lez, negarrez dagoz euren aberrira eltzeko, edonon euren Israeldar izatea zaintzen dabelarik. Edonun dabez ikastolak ipiñita euren berbeta ikasteko.

- Euskaldunok, Txilera bagoaz, naizta ama ta aita euskaldunak izan eta «abertzale» dirala diñoenak, andik dakarrezan umeak, «yo soy chileno, padresito» esango dautsue. Neuri be batzuk esan dauste-ta, San Iñazio egunean egiten dabez meza euskeraz, eta dantzak eta astokarrerak eta «boga boga» abestu be bai. Besterik ez eskatu arei.

- Israeldarrak eztabe euren etxeetan erderazko periodikurik ez errebistarik artzen. Eurena eztanik eztabe ordaintzen.

- Euskaldunok, bost edo sei artzen doguz etxean, dana edo geiena erderaz dakarrenak. Euskeraz ezer balekarre ipuin zarra baiño ezta izango, ta alan be artu.

- Israeldarrak, abertzale eztiranen dendetara, tabernetara eztira sartzen iñoz be. Ezer erostera ioan bear dabenean, edo iñorenik ezer bear dabenean, beti ioango iatzuz euren berbeta egiten dauanarengana edo erriaren alde dabillarengana.

- Euskaldunok, len bai, esaten gendun «euskaldun, lagundu iok euskaldunari». Gaur eztago olakorik. Zenbat ete gara, ezer erosi bear dogun lekuetan lenengo euskera egiten dogunak? Atera iatorkun edonori euskera egiten dautsogunak?

 Israeldarrak - Euskaldunak.—Olantxe ekin leiteke liburu andi bat egin arte idazten. Baiña zetako? Naiko da.

Aregaz dogun antza ta antzik-eza naiko agertu doguz. Urteetako lana dogu aren marrara elduteko. Eusko seme, ezaite orain au irakurrita lasai gelditu. Pentsau apur bat: gaur zer egin naike, Euskalerriagaitik? Gabaz lotara zoazanean, Erriagaitik ezer egin barik bazoaz, siñistu egizu euskaldun lez, eta kristau lez, ustela zarala.

ELORTZA


Erriz erri

Bermeo'tik

 Aldizkari barria.—Bermeoko euskerazaleak ITZARTU deritxon aldizkari bat argitaratzen dabe. Dana euskera utsean. Idazleak, erritarrak dira. Geienak, euskeraz idazten asi barriak eta ikasten diarduenak. Iru zenbaki agertu dira, bakotxa ogei bat idazlanekaz, eta danak izenordez izenpetuak. Auxe ez jaku atsegin, baina ba dauko bere atxakia, ezizena erabiltze onek: asi barrien lotsaria estalduteko da nonbait.

Zorionak eta txaloak zor jakez idazle erritar gogotsu oneiri. Aurrera gogor egin daiela opa deutsegu, eta euren ikasbidea zabaldu daitela Bizkaiko beste errietan be.

 Andra Mari jaiak.—Bermeoko jai nagusiak: Andra Marik-Santa Eufemia. Euskal kutsu andirik ez dogu aurkitu aurten jai oneitan, erritarren aldetik. Eskerrak Galdakanotik etorri zan Andra Mari taldeko dantzari eta txistularieri. Eurak emon euskuen euskal jaialdi ederra, ainbat dantza jator eskiñiaz. Illuna jausi zan arin «Artza» gaiñera, ta goiko arietatik eskegitako bonbillak ipurtargiak zirudien. Tamalgarria! Ta non geratu zan dantzariak aurretik eskatutako olezko dantza-lekua...? Eta dantza bakotxaren azalpena emoteko «megafonoa»...? Organizaziñoaren poderea!...

 Arraiñaren atzetik.—Jaiak amaitu ostean, arin urten dabe Bermeoko arraintzaleak Egorantz. Geienak Gabonak arte agur egin deuskue. Canarias, Ceuta, Algeciras, Tarifa... oneixek izango dira orain bermiotarrentzat arraiña ixteko portuak. Osasuna eta suerte on bat arraintzale kementsuoi!

***

 Aurten Bermeo erria, Jaunak bere eskutik itxita daukola esango leuke norbaitek. Ainbeste oker eta ezbear jazoten datoz izan be. Zarrak eta gazteak eta umeak, danetarik joakuz, uste barik. Aurtengo «record» illuna baino itzelagorik!... Azkenengoa, il onen 25-ean gertatu zan. Bost urteko mutiltxoa, Josu Felix, olgetan ebillela kamioi baten ertza buruagaz jota, joan jaku. Goian dago. Atsekabean lagunduten deutsegu gurasoeri.

J. A.

Larrabetzun: barre ala negar?

Erriko jaiak. Umien biotzetan alaitasuna, gaztien biotzetan bizitasuna, zarren biotzetan poza...; erriko jaiak guztion pozgarri.

Larrabetzun be izan dira jaiak. Baña eztira izan danak pozak erriarentzat. Berez erria poztu ta barre egiteko prest egon da aurten be; baña ikusi ditu gauza batzuk, entzun ditu beste batzuk... eta negar ala barre zer egin eztakiala jarri da.

Izan be ba dira jazoerak barre ala negar, zer egin jakin ez-ta jartzen gaituenak.

Eta goazen aurrera...

ONU'n, Batikanon, gizon zuurrak diñoskuez, eta serijoan esan be, edozein gizonek daukozan eskubideak bere ideak agertzeko, naiz «protestante» naiz «komunista» izan...

Larrabetzun, eztakit iñon geiago, seriotasun bardiñagaz «kaikoa» deritxon jantzi orrek ez ei dauko eskubiderik kalera urtetako.

Zer egin? Barre ala negar?

ONU'n, Batikanon... ekin dautse esaten, eta gizon zuurrak dira, edozein errik daukozan eskubideak bere buruaren jabe izateko, bere kulturaren jabe...

Larrabetzun seriotasun bardiñagaz neurriak. orduak, lekuak eta puntuak ezarriten dautsez «txistua» joteari eta euskal dantzak egiteari. Zer egin? Barre ala negar?

Larrabetzun gaztedia dago. Aintzat artzeko beste gazte dagoz.

Larrabetzuko gazteak eurak be ba daukela zer egin bat errian aitu dabe. Eta Zer egin orreri antz bat emoteko batu egin dira, soziedade baten batu dira «OAR-ORI-BAI» izenagaz.

Soziedade orren bitartez Larrabetzuko gazteak euren buruen jabe izan gura dabe, euren problemai eurak erantzunaz... eta dibersiñoa be eurak eratu gura izan dabe, eurentzako jaiak eurak organizatu gura izan dabez...

ONU'n, Batikanon gizon zuurrak agertu dautse munduari edozein soziedadek, naiz-ta txikerrenak, daukozan eskubideak. Berezko eskubideak, edozein legek edo agintarik ukatu ezin leikezanak.

Larrabetzuko gazteen soziedade orreri, ostera, lurra jo eragin gura deutse, eskuak lotu gura dautsoez. Euren programak, euren iniziatibak, euren dantzariak... agintarien aldetik laguntasuna ezeze eragozpena merezi izan dabe aurten be. Zergaitik?

Olgetan ala benetan gabiltz? Barre ala negar egingo dogu?

Baña barreak negar biurtu ete leitekezan nago: erri bateko gaztediari bere buruaren jabetasuna ukatutea ezta barregarria... eta onelan erriari indarra ta gogoa kentzen joatea ezta barregarria. Negargarria da!

Kaiku

Busturi'tik

Dagonillaren 5'ean illeta bat euki gendun Axpe'ko eleizan.

Eleizkizun ori 1936'ko gerran fusilauta il ziran zazpi busturitarren alde izan zan.

Eleizea geiagoko ezean bete zan, eta pozik etxeratu giñan an batutako guztiok. Benetan, gizon orreik merezi daben egite bat egin gendula ta areikanako zor bat ordaintzen asi gareala-ta nago.

Sasoia izan da!

Aiatx

Mungia alboko erri batetik

 Badaezpadako gogorakizunak. «Ezagutu zure erria: MUNGIA» irakurri ondoren, badaezpadako gogorakizunak sortu dira nigan. Benetan, Mungia, azalez eta mamiñez aldatzera doa. Baña ba dira inguruan beste erri batzuk —Gamiz, Fika, Fruniz, Bakio, Meñaka— krisis aldakuntza sakonean bizi diranak, alde batetik euskera dala-ta, bestetik politika, erlejiñoa... Izentauko erri oneitatik, gizon, mutil, andra eta neska asko egunero joaten dira Mungi'ra, lantegietara, merkatura edo jolastokietara. Emendik agertzen da, Mungi aldeko bizitza komarka lez egiten dala, komarka lez osotzen dala. Orregaitik, zelan ulertu leiteke erri bateko aldakuntza, inguruetako errien aldakuntza ezagutu barik?... Orretara agertzea ezta nastagarri?...

Oso gogorra da Kristau Ikasbidea, euskal errietan euskeraz ez emotea. Baña Mungi'ko komarkan —albo errietan beintzat— geienok, Kristau Ikasbidea euskeraz ikasi dogu... eta bakotxak norberetzat erlejiño bat egiñaz, ez gara arduratzen, ez erriko ez komarkako ez euskaldun lez daukaguzan eskubide ta arazoakaz. Norberetzako jokatzen ikasi dogu. Bakotxak bere «interesak» eta or konpon. Dotriña orrek ez gaitu indartzen Jaungoikoaren erreinua billatzen, norberagan età norberaren inguruan, bizitzako artu-emon guztietan zuzentasuna errealidade egiten.

Naikotzat euki geinke Kristau Ikasbidea euskeraz emotea?...

Komarka onetako bizitzak ez dausku ikusi eragiten egitura asko aldatu bearra?...

Kristau Ikasbidea euskeraz emonaz gañera, beste era batera zuzendu eta ezi personak kristau bizitzan?...

Mungia eta albo erriak aldatzera doaz. Bizi gara gu, Kristau Ikasbidea euskeraz ikasi dogunok, oitura batzuen barruan. Irreakziño eta beste gora bera batzuk lotuten gaitue, bai egitez eta pentsakeraz. Aldakuntza onetan, egille barik ikusle gara. Berez, aldakuntza, zuzendu barik, txarrera doa. Eta arriskuan gagoz ez zerbait galtzeko, geure izakera osoa galtzeko baño, komarkako aldakuntza onetan, ikusle izatetik egille biurtu ezik.

Mungi alboko erritarra

Mañu'tik

ANAITASUNA'ren iru arpidedun ezkondu iakuz azken aldi onetan. Danak bermeotarrak.

Agostuaren 16'an, Mañu'n: Goienetxea'tar Arantza ta Goldaraz'tar Dionis.

Iraillaren 9'an, Almikan: Madariaga'tar Iaione ta Korral'tar Joseba Andoni.

Iraillaren 14'an, Bermeoko «Andra Mari» eleizan: Muxika'tar Lutxi ta Arenal'tar Joseba.

Iru bikote barriok, iru sendi barri egin dauskuez Bermeo'n. Ezkon-oste luze baten ortik ibillita etorri iakuz geure artera.

Gure Erria bizi da, ta biziko be bai, zuoi eskarrak. Euskaltzaleak eta Ona ta Ederra'ren zaleak zareena ba dakigu.

Zuon etxeetan diran umetxoak, asko izan daitezala euskal sendia ugaritu daiten. Alkarri dautsazuen maitasunak ezagiezala ito. Lenengo aberri zatia, ezkontzaz lagun artua; baiña zatirik andiena, gal-zorian dagona Errian dozue. Zuon maitasun ori, anditzen ioaterik gura badozue, emon, emon Erriari.

Euskalerria zuon laguntza eske dozue.

Zorionak! biotz-biotzez.

Sopelana'tik

Euskal jaia

Euskalduna berezia da bere izakeran. Eta berezitasun ori jaialdietan agertzen dau batez be, soiñu, dantza eta abestien bidez.

Sopelanan jai alaitsuak izan dira. Iraillaren 10'ean benetako euskal jaia ospatu zan. Udalarien pentzura egon zan jai onen eratzea. Jaialdiaren barruan omen egin jakon Rikardo Arrien pelotari ospetsuari. Jaialdi onen eritxia ondoen azaldu ebenak ENBEITA aitaseme bertsolariak izan ziran. Bertso ederrik entzun zan Sopelanan egun aretan, biori esker.

Goizean meza. Meza ostean, aurreskua, pelota partiduak, «Gaztedi»-ren dantzak. Euskal giro berezia somatzen zan, txistu, alboka ta trikitixa soiñuak lagunduz.

Arratsaldean, bertsolariak, dantzarien saioaldia, erri osoa erromerin. Zar eta gazte zabaletako dantzan alkarregaz, lengo ta oraingo abestiak euskeraz.

Mikrofonuan Joseba Arrieta —euskeraz eta gazteleraz— «Gaztedi»-koa izan zan, jaialdiaren ekitaldi bakotxaren barri zeatz emon ebana.

Jaialdi ederra, eta euskalduna batez be. ANAITASUNA-k zorionak damotse eratzaille izan ziran guztieri, baiña batez be Txomin Altube'ri.

Eta datorren urtean obeto ta geiago. Orretzaz ziur gagoz, jakin doguz-eta zuen burubide ta asmo jatorrak.

Bengoa eta Zubizarreta'tar J. K.


Euskaldunok, ez gara buru-gogorrak

 Amaikatxu aldiz entzun izan dot ba, endaz iatorkula buru-gogorrak, setatsuak izatea. Entzun eta gorrarena egin. Esate orrek iñoz enau mindu. Alan dala, nai eztala, zer?

Baña gaur ikusi dodana ikusi ta gero, buru-gogorrak barik, borondate mengeldunak garalakoan nago.

Nun dira buru-gogorrak? Or urrean, beeratxuago, edo berton, baña euskaldunik ez; neuk ikusi dot eta.

San Pedro eguna da. Mañun gagoz, Sollube'n. Amabiterdietan, ezkontza bi batera. Lau ezkongaien artean bat erdalduna, españarra; Avila'n iaioa. Eleizkizunera etorriak: berreun lagun, gitxi gora-bera. Erdaldunak, geienean be 15. Ezkongai bat, eta bere lagun batzu erdaldunak ziralako, eusko ezkongaien baimenaz, eleizkizuna izkuntza bitara egitea erabagi gendun aurretiaz. Olakoetan, neurri estuegirik iñoz erabilli dogunik iñok eztau esango.

Eldu da eguna, etxat aztuko iñoz. Ezkongai bikote bat sartu da eleizan (euskaldunak), dana lore ta usain. Erdi negarrez diñauste: «Abadea, eleizkizun guztia erderaz ezpada, ez ei da «ori» eleizan sartuko. Bakeagaitik baño ezpada be, egin bei zeozer».

Gogorra izan zan niretzat a. «Zeozer egin», ta gauza onik etxatortan burutara. Une baten, kanpoan bertan ixteko egon nintzala autortu bear. Baña ezin, barruan egoan bikoteko mutillaren arreba zan kanpoan egoana ta, bestela...

Azkenez erabagi neban eleizkizun guztia latiñez egitea; ezkontzak, euskeraz batzuena, ezpañeraz bestiena. Zer deritxozue? Gogorra ezta? Beste ertzera ioan ete nintzan? Buru-gogorrak euskaldunak, e?

San Pedro egunez, meza osoa erriko izkuntzan egiteko baimena genduanean orduantxe egin neban, ordurarte iñoz egin bakoa, dana latiñez. Ni atsekabez.

Nire eleiztarrak euskeraz gura eben, eskubide osoa eben-ta, baña erdera be onartuta. Euskaldunak bi izkuntzetara zabalik dagoz. Latiñeraz egingo gendula esanta be pozik; piperrik be ulertu ezarren. Geure eskubide ederrenetan amor emon «bakeagaitik», bai neuk eta bai eurak.

Eta gu, euskaldunok, buru-gogorrak, eta tema-zaliek? Noiztik ori? Beste gauza batzuetan izan leiteke egia ori, baña geure eskubideak zaindu bear doguzanean ez. Nik beintzat, ez dot iñoz olakorik sinistuko. Buru-gogorrak ortik beetik iatorkuz gurera. Dozenaterdi erbestekok, berreun euskaldunoi geiago egin dauskue.

Gu baño biotz-zabalagorik non?

Baña onegiak izatea itxi ta onak izaten asi bear dogulakoan nago.

Noz izango ete gara Avila'tar orren pareko ez inoren eskubideak zapaltzen, arek gurean egin ebanez, geureak geurean zaintzen baño?

Noz ikasiko ete dogu, Eleizak kristiñau guztioi emondako eskubideak erabilten, naiz ta abadeak sarritan ez lagundu?

Noz ikasiko ete dogu, euskal mezetara ioan eta danok batera erantzuten, erderazko mezak erdaldunentzat itxita?

Noz ikasiko ete dogu ikurton, sakramentu, guztiak euskeraz eskatu ta erabilten?

Noz, sendo oñarritutako alegiñez eta itzez, geure nortasuna guztietan agertzen?

Eleizan eta kanpoan, ezagutu neban erbestetar onen neurriko buru-gogor asko ezagutu gura neukez Euskalerrian.

Garitaonandia'tar Gotzon


Ume lapurretan

Egiak ez dira beti atsegiñak izaten, badakigu, baña erri baten bizitza alderdi guztietatik arriskoan badago, bera salbatzeko, nai ta ez, egiak agertu bear doguz.

Ara, aspaldiko urte oneitan ainbat Gotzai edo Obispo euskaldun izendatu dira, baña... ez Euskal Errirako, ego-Amerikarako baño. Misiolari moduan egunero urtetzen dabe gazte asko ta askok, euskaldun uts utsak diran gazteak. Eta bitartean gure euskal errietara euskeraz ez dakiten abadeak bialtzen dabez; askotan ori baño txarrago, euskaldun diran apurrak erdal errietara, zigortzat.

Olan jarraitzen badogu gure etorkizuna zelakoa izango da? Gure seminarioetan «crisis» bat dagona danok dakigu; zergaitik? Problema gogorrak dagoz bitartean eta ez goaz gaurkoz erabiltzen. Baña gaur, gauza bat agertzen yaku: ez dago euskal abaderik eta gitxiago seminaristarik.

Eta gure erriak olan dagozan artean, or dabiltz batera ta bestera «ume lapurrak».

Bai, or dabiltz praille batzuk, etxerik etxe, baserririk baserri, «sarea» umez bete eziñik. Ezer ez dakiten zortzi, bederatzi edo amar urteko ume lapurretan.

Gurasoeri ago bat etxetik kenduz «bachillerra» ikasiko dabela esaten dautsee. Umeari barriz, Ikastetxeko pelota lekuak, jolasak eta abar erakusten dautsez. Orrela «miiñez» jatorrak diran gure praille batzuk, errez errez betetzen dabe «sarea». Eta gero zer?

Adibidez, nik ezagutzen dodana. Larrauriko erritxoan seminarista bat dago; pasionistak bederatzi ume daukez. Mungiko sendi bat ezagutzen dot lau seme alaba daukazana.

Bi mutikoak eta bi neskak. Mutiko zarrena «sarean» sartu eben egun batez amabi urte eukazala. Beste mutikoa aurtengo udan atrapau dabe. Orain senar-emazteak neskato biekaz geratu dira, baña euskal Erriak mutil bi galdu ditu eta olan millaka ta millaka doaz.

Galdu ditu, esan dot, eta barriro be esango. Zergaitik? Euren ikas-aldiak amaitu ondoren Ego-Amerikara edo erbestera beintzat, bialduko dabezalako.

Euren agintarien erantzuna ba dakit zein izango dan: Lelengo Kristo dala ta berari jarraitzea erabaki dabela; bigarrena, euren borondatez joan dirala... Ez bata ez bestea!

Kristau ona izateko, seme ona izan bear da lelengo; eta bigarrenez erritar ona. Gure sendiaren edo erriaren bizitza arriskoan badago, gure gogoa gaixorik badago, bera osatzea ta bera gaizkatzea da lelengo egin bearra. Gañera, Ego-Amerika erdelduna bada, zergaitik ez doaz gure prailleak erdal errietara ume billa? Andaluzian, Extremaduran eta abar zenbat gura aurkituko leukeez, batez be, «esaten daben lez» erdeldunak ikasteko erreztasun geiago badau. Gañera erri orreitan etxetik ago bat kentzea karidadea egitea izango litzake. Gero, Ego-Amerikan abenda edo erraza bardiñekoekaz obeto konponduko litzakez.

Bigarrena, euren borondateagaitik doazala... ez da egia.

Ordena batzuetan, bero bero dagozanean, teolojikoeri erabakia artzeko eskubidea emoten dautsee. Olan izan ezkero Ego Amerika eskatzen dabenak euren borondatez doaz. Erriarentzat tamala izan arren, bakoitzak daki norberaren buruagaz zer egin. Baña ezagutzen doguzan beste «ordena» batzuetan, lelengo obedientziko botoa eskatu ta gero boto ori aitxakitzat artu ondoren agintariak bialtzen dabez Ego Amerikaruntz. Emen asten da gure arriaren odol ustea, gure gazteak erbestera, gure arriaren eta gure izkuntzaren problemak txikiak dirala esanik, kanpaitorrepekoak dirala esanik...

Ez, da, ez, milla bider ez! Batikano Konzilio osteko Eleizeak ez dau olako ume lapurretarik bear. Eta ume lapurretan dabiltzanen euskera aldeko «sasi lanak» umeen gurasoak lañopetutzeko dira, bakar bakarrik. Ortik gorako lanak eta gure erriaren nortasuna gordetzea «problema txikia» ei da sasieuskaldun orreintzat. Borondate onagaz badabiltz doazala aurpegiz, umeak Ego Amerikarako dirala esanik.

Eta besterik ez, esan dodan guztia biotzak eskatzen daustana da ta neu bakarrik egillea.

Baña nire moduan pentsatzen asko asi dira Euskal Errian, ta Erri gaixo onek bere seme guztien odola bear dau, biziko bada beintzat.

Arenaza'tar Josu


Alkartzea: Gaur eguneko lege bat

Belarriak adi ta gogoa zur ibilli ezkero, baten baiño geiagotan entzun, ikusi ta irakurriko dogu zertxobait «denporen ezaugarrietzaz» (gazteleraz: signo de los tiempos).

Gaurko egunez naiko sakabanatua dago esakara au. Ara ta ona zaratatsu darabilgu expresio au. Ezaugarri oneek dira aldi ta gizaldieri euren bereiztasuna emoten deutsezanak. Baiña kontuz, ezaugarri oneek ez dira moda batzuek lez. Moda bat, gaur zaratatsu ta gogor datorrena biar beste batek menperatzen dau geiagoko barik eta kito. Modak, gizonak sortu, berak atondu ta berak geroago ausi ta apurtzen dauz bere erara, jostaillu lez. Ol zati txiki bat jaurtzen badogu itxasora, ol orrek itxasoaren menpe, berak ezartzen deutson airean dantzatu bear dau, ez dauko beste erremediorik; modak be bardin.

Beste ezaugarri oneek? Zer esanik eztago, gizonari esker sortu dirala, baiña baita bere egia da ez dirala moda bat baizen aldakor ta erabilkor; gizonari ezarri egiten jakoz, batzuetan gizona bera baiño gogorragoak eta sendoagoak biurtzen dira.

Gaurko egunez onetariko ezaugarri bat, alkartzea dala esango neuke. Gaurko egunez alkartzea bearrezkoa dogu. Gizonak bere barru barrutik sentitzen dauan gurari bat da: bizinai bat da. Gaurko egunez Robinson bat isla edo ugarte baten gizarteagandik aparte, eziñezkoa dogu. Bide bazterretan eta kaletan sarritan ikusia dogu: «Baserritarrok, alkartu!» «Alkartu edo il».

Gaur egiten dan beste batzar ez dot uste egin al izan danik Edesti guztian. Alkartzea premiñezkoa, derrigorrezko biurtu jaku. Gizartearen lege bat, gure gizaldiaren ezaugarri bat. Auxe berau zan Cardijn-ek berak be munduan zear zabaldu eban otsa: «Mundu guztiko langilleak, batu zaiteze!»

Ez eban zabaldu irmo au moda bat zalako, ez; derrigorrezkoa zalako baiño.

Arlo guztietan zear emon daigun jira-bira txiki bat, eta laster ortaratuko gara: Politikan, ekonomian, jakintza arlotan, alkartu bear bat, bizinai bat sortzen da ta bizinai orrek alkartasunera bultzatzen gaitu. Pausu erdirik ezin emon bakarrean.

Alkartzea gure denporen ezaugarri bat dogu eta bizitzaren lege bat lez biurtu jaku.

Aranburu'tar Joseba Andoni


Ur oxiñaren ipuiña

Ipuin eder bat dakartzuegu zenbaki onetan. Ipuin bat, egia ikusteko ta ulertzeko. Asmatzaillea Edyar Bellamy, kanadatarra dogu, 1880'garren urtean il zan.

Zeaztasun eta argitasunez laburrean, domukeri baltzaren iokabidea ta bere ondoren baltzak agertzen dauskuz.

Ipuin onen balioak ikusteko bearrezko da nozkoa dan ez aztutea; eun urte ioan dira, ba, egin zanetik.

Orrez gaiñera ikusi daigula, erri baten ondagarria eztala bakarrik ondasunik-eza; gogorragoak dirala eskolarik eta askatasunik ez izatea.

Azkenez, eztaigula aztu naste-zaleen lanaz baiño geiago lortzen dala erri bat erri egiteko, alkartasunaz. Indarrak era batera zuzenduko balitzaz erri baten, erri ori nok menperatu?

Ipuin au irakurri ta gero, Euskalerriaren gaurko egoera ikusi, ta bere alde zerbait egitera iarri gaitezala.

Aldi baten, lurralde legor bat zan, eta bertan egoan erriak ur-premin larria eban. Goizean asi ta gaberarte uraren billa ebiltzan ta asko ziran billa ebiltzala, egarriaz itoak.

Gizon aien artean ba ziran batzuk urtentxuagoak, pillokoak baiño burutsuagoak. Oneik, geienak ura topa eziñik egozan bitartean ainbat ur batu ta beraz iaubetu ziran.

Gizon oneik «kapitalista» izena artu eben. Besterik ezean, erria eurekana ioian ur eske. Egarriak itotzen egozan ezkero, mesedez eskatzen eutsen batutako uraren apur bat. Erantzuna auxe izan zan: «Zoaze emendik, erri galdu! Zelan uste izan zeinkie, gure uretik zuei emotea, zeuek lez geu be gero gal-zorian egon gaitezan? Baiña ara; gauza bat egin daikegu: geure morroi egin zaiteze ta emongo iatzue ura». Erriak orduan: «Guk ura baiño eztogu eskatzen, emoiguzue ura ta gu ta gure seme-alabak morroi izango gaiatzuez». Ta alantxe egin zan.

Erria

Kapitalistak adimentsu ta iakintsuak ziran an; «itsuen errian, begi batduna alkate». Menperatu-iaken erria, euren esanera iarri zan. Batzuk iturburuetan lanean, beste batzuk ura leku batera ekarteko erretenak egiten, beste batzuk iturri barrien billa. Lurralde aretako ur guztia toki batera ekarri eben, eta oxin andi bat egin bera gordetako. Oxin oneri «azoka» deitu eutsen.

Orduan uraren iaubeak —kapitaldunak— erriari esan eutsen: «Azoka dan oxiñerako ekarri dakarzuen ur baldakada bakotxagaitik, entzun gero ondo, amarreko bat emongo dautsuegu; ta edateko bearko dozuena, guk geure oxiñetik atarata emongo dautsuegun baldakada bakotxagaitik, amarreko bi emon bearko dauskuzuez. Batetik besterakoa geure irabaztea izango da. Ez aztu, irabazte ori ezpalitz, ez geunke zuekaitik ezertxo be egingo, ta guztiok ilko ziñeeke».

Erriak, ondo artu eban eskeintza au, buru-gogorrak be ba ziran ta, beingo baten asi ziran ur karrioan, kapitaldunen oxiñera. Egun askotan olantxe. Ekarren baldakada bakotxeko amarreko bat artu, eta eurentzat bear eben bakotxeko, bi ordainduaz. Egun asko igaro ta gero, depositua bete zan eta gaiñezka iarri zan. Iakiña ba, erriak, ekarran baldakada bakotxagaitik, baldakada erdi bat erosteko beste diru baiño ez eban artzen. Ataratzen zana baiño geiago sartuaz, gaiñez egin bear.

Errian asko ziran, baiña kapitalistak gitxi, ta besteak beste baiño ezin edan oneik be. Onexegaitik, oxiñak gaiñez.

Kapitaldunak ura dariola, galtzen ikusi ebenean, deadarka asi ziran: «Eztozue ikusten ura galtzen? Ez ekarri ba geiago, oxiña utsitu arte. Iezarri orain eta itxaron, pazientzia artu».

Lanik-eza

Kapitaldunak uraren ordez emoten eutsezan diruak artzea, erriak itxi ebanean, ezin erosi izan eban urik geiago, ez euken zegaz erosirik-eta. Iñok urik erosten ez eutselako, irabazterik ez etorrela kapitaldunak ikusi ebenean, artegatuten asi ziran. Ta gizon batzuk bialdu ebezan, bide-zabal eta bide-zior guztietara aldarrika esanaz: «Iñor egarri bada, betor gure oxiñera, ura erostera, lar daukagu-ta».

Olan iokatu eben, euren artean au esan ta gero: «Aldi txarrak iatorkuz, salgai dogunaren barri emon bearra dago».

Baiña erriak, erantzun au: «Zelan erosi daikegu ura, gure lanik artzen ezpadozue? Artu eizue gure lana, len lez, ta eztozue ura saldu eziñik ibilterik izango».

Orduan kapitaldunak: «Zetarako dogu zuek ura ekartea, lengoa be galtzen dogunean? Erosi eiguzue ura lenago ta oxiña utsitu daitenean, emongo dautsuegu lana barriz».

Ta olantxe gertau zan. Kapitaldunak ez eutsen geiago lanik emon, ta erriak berak ekarritako ura ezin erosi izan eban. Ta erriak urik ezin ebalako erosi, kapitaldunak ez eutsen ur-karrioan lanik geiago emon. Orduan auxe esan zan: «Krisis gogorrean gagoz».

Erriaren egarria lenago iñoz ezagutu ez zan lakoa zan. Antxiñatean, inguru guztiko iturriak guztienak ziran ta billa ioan eitekezan ara nai ona, baiña orain kapitaldunenak ziran iturri guztiak, oxiñak eta ontziak bardin. Ez egoan iñon —azoka zan— oxiñeko ura baiño besterik. Erria kapitalisten aurka mormor asi zan: «Begira, depositua gaiñezka ta gu egarriz itotzen. Emoiguzue ur apur bat galdu ez gaitezan».

Krisisa

Baiña kapitaldunak orduan: «Emon? Ez. Geurea da ura. Eztozue urik edango, diruaz lenago erosten ezpadozue». Ta olgetan ez ebiltzala guztiak ikusi egien, onako au bota eutseen: «Negozioa negozioa dok».

Baiña kapitaldunak, ez egozan lasai; erriak ez eban urik geiago erosi, ta olan ez euken eurak be irabazterik. Auxe bururatu iaken: «Gure irabazteak, irabazte geiago egiteko oztopo doguz; egin doguzan irabazteen erruz ezin geinke geiagorik irabazi. Nondik dator, lengo irabazteok gure kaltegarri ta gure aurkako izatea? Goazen aztuekana, iragarri dagiela au zergaitik dan. Ta arein billa ioan ziran.

Aztuek, erretolikadunak ziran, esakera nastau eta illuna eben, ta kapitaldunekaz buztartu ziran, ura bide zala. Onetara izan eben eurentzako ura, euren umetxuentzat be bai. Ta erriari kapitalisten alde egin eutsen berba, kapitalisten aldezlari biurtu ziran, erria ez-iakiña ta itzetan laburra zala iakiñik.

Kapitalistak aztueri eskatua, auxe azaltzea izan zan: Oxiña gaiñezka egoala, zergaitik ez eben urik erosten erritarrak?

Igarletariko batzuk au iñoen: «Ur larregi batu dozuelako da». Beste batzuk: «Lana ondo eratu eztalako». Besteak ze: «Eguzkiaren errua da». Ba ziran ondiño baton batzuk au erantzun ebenak: «Ez da larregia, eguzkia be ez, orren errua, alkarren arteko usterik-eza da».

Alkar artu gurean

Aztuek, euren oitura zanez, eztabaidetan ziarduen bitartean, kapitaldunak loak artu ebazan. Itxartu ziraneko igarleei esan eutseen: «Gaurko naiko da. Atsegingarri izan iaku zuen iardunaldia. Ia ba, orain zoaze ta esan orrexeik erritarrei be, atseden artu dagiela, ta itxi gagiezala gu baketan».

Baiña aztuek, «iakintza ilgarriaren iaubeak» izan ta be —olan eritxoen erritarrak— erritarrengana ez eben ioan gura. Erriak ez ebazan maite, ta arrika egingo ete eutseen bildur ziran. Orduan, kapitaldunei au erantzun eutsen: «Irakasleok!, gure lanaren aitu-eziñeko bat dogu au: gizonak asetuta egarri barik atsedenean badagoz, orduan zuek lez atsegin artzen dabe gure barriketaldietan. Baiña egarri badira, ta sabela gur-gur badabe, eztabe onik gure esanetan, burlezar artzen gaitue. Itxura danez, gizona patxadan bizi ezpada, gure iakintza osoa, tentelkeri utsa da beretzat».

Kapitaldunak ori gora-bera: «Aurrera egin bear dozue» esan eutseen, «ez al zaree ba geureak, geure ordezkaritzan lan egiteko?»

Oparoak gosea ekarri

Aztuak orduan ioan ziran erritarrekana ta «larregi egotearen ondorena lez, guztientzat naikorik-eza etorrela» esan eutseen. Bearrezko zala batzuk egarriz iltea, ur larregi egoalako, ta guztientzat urik ez egoala onexegaitik: «Larregi egoalako».

Ta bardin ekin eutsen, eguzkia zala, alkar artean usterik ez egoala, ta olakoak esaten. Iakiña, aztuek aurretik esana gertau zan: iakintza guztia tentelkeri utsa iruditu iakon erriari. Aiñenka asi zan erria aztuen aurka: «Zoaze emendik kirtenok! Urritasuna, asko egotetik, noiztik dator ba?» Ta arriak artu ebezan iaurtitzeko.

Jauntxoak, erria aurrera be mor-morka ikusirik, aztueri iaramonik egin barik, oxiñera etorrita, indarrez ura artuko eben bildurrez, gizon «santu» —abade aizun batzuk— bialdu eutseezan. Oneik, au esan bear eben: Bakea baiño oberik ezer eztagola, egarria gora-bera baketan ixteko kapitaldunei. Gizon «santu» oneik —abade txarrak ziran izan be ta— erriari au esan eutsen: Zigor a, euren arimen onerako Iainkoak bialdua zala. Eroapenaz txarto-etorri au onartzen ba-eben, egarriaren indarrez jauntxoen aurka iagiten ezpaziran, azken arnasa atara ta gero, kapitalistarik ez egoan errialde batera ioango zirala, ta an izango ebela ura, uger egiteko beste.

Egia esateko, ba ziran egizko abade batzuk be, Iainkoaren igarle iatorrak. Oneik erriaz errukitu ta erriaz bat egin ziran; kapitaldunen alde barik, aurka itzegiñaz.

Aberatsentzat goimaitasuna zer dan

Alan ba: jauntxoak, aurrera be erria mor-mor ikusirik, aztuen eta abade aizunen esanekaz baretuten etzala ikusi ebe-nean, apur bat pentsetan iarri ziran. Atzamar-puntak oxiñean, gaiñezka egoan uretan sartu ta busti ebezan. Gero atzamar-puntetako ur tantak erriaren gaiñera iaurti ebezan —erria oxiñaren inguruan batuta egoan-ta—. Ur tanta orrein izena «karidadea» izan zan; ikutzen eutsenentzat guztiz mingotzak ziran.

Indarra

Guzti oneikaz, erria baretu bearrean gora goraka iarten zalarik, oxiñaren inguruan pillatzen zala ikusiaz, indarrez ura artuko eben bildurrez, batzarra egin eben kapitaldunak. Erriko aundiki guztiekaz alkartu ziran, an egozan gudan nagusi urten ziranak. Ixillean onei deitu, ta zurtasunez itzegin eutsen: «Erduze!, alkartu zaiteze geugaz. Geure esanak egiteko alkartzen bazaree, erriak ura indarrez artu eztagian laguntzen ba-dauskuzue, naiko ur izango dozue, ta ezarie galduko, ez zuok ez zuon umeak».

Indartsuak, eta gerra irabazi ebenak oneik entzun ta ez eben ontzat artu; baiña egarri ziran ta kapitalistei laguntzen asi ziran. Makillak eta ezpatak eskuetan artuta kapitaldunen aldezlari biurtu ziran, oxiñaren inguruan batuta egozan erritarrak gogor zaurituaz.

Batzuk, larregiaz ederto

Egun asko olan emon ta gero, urak beera egin eban oxiñean. Jauntxoak etxeak, abereak, txarritokiak, garbitzeko iturriak egin ebezan ugari; eurentzat uger-lekuak be bai; naiko ur alperrik galdu eben euren iolasetarako.

Kapitalistak oxiña ustu zala ikusi eben orduan, esan eben: «Krisisa ioan da».

Ta barriro asi ziran erriari, oxiñera ura karriatzeko deika. Ekarten eben baldakada bakotxeko penike bat artzen eben erritarrak. Ta erritarrak oxiñetik ataratzen eben baldakadako penike bi ordaindu bear ebezan; irabazi egin bear eben-ta. Andik laster barriro be oxiña gaiñezka egoan.

Naste ta matxinada-zaleak

Erriak, ainbeste bider oxiña goraiño bete ta kapitalistek ura alperrik galtzen eben bitartean, naiko egarri larri pasau ta gero, gizon batzuk agertu ziran erri aretan, erria zirikatzen; «naste-zale» izena ipiñi eutseen. Alkartuteko esaten eutseen, orduan ez zirala izango kapitalisten azpiko. Gizon oneik egian egozan ta kapitalistek kurutzean pozik iosiko leukeezan, baiña erriaren bildurrez ez eutseen eskurik bota.

Eurak esana

Zirikatzailleok erriari esana auxe da: «Noiz arte egongo zarie lo, guzurrean, erritar tentelok; egitzat daukozue zeuen kalterako dana? Kapitalistek eta aztuek esandako guztiak ondo asmauko ipuiñak baiño eztira. Bardin gizon «santuok» esan dautsuena: Iainkoaren borondatea dala, beti txiro ta bearrizan larrian egarriz zuok egotea; ulertu gero ondo. Ori birau egitea da; guzurti utsak dira orreik, ta Iainkoak gogor artuko dauz egunen baten; naiz ta beste askori parkatu. Zer dala-ta ezin zeinkee oxiñeko ura lortu? Ez al da dirurik ez dozuelako? Ta dirurik zergaitik eztozue? Ez al da, daroazuen baldakadako penike bat artzen dozuelako, ta zeuentzat atara bear dozuen baldakada penike bi ordaindu bearra dozuelako. Orretara irabazi guztia eurei emoten dautsazuelarik? Ez al dozue ikusten zenbat eta ur-karrioan bizkorrago ibilli, zenbat eta geiago ekarri, zeuen kalterako dana?»

Zirikatzailleok onetan ekin eben egun askotan, baiña iñok ez eutsen iaramonik egin. Azkenez erriak entzun eutsen ta erantzun be bai:

«Egia diñozue. Kapitalisten eta euren irabaziaren erruz, eztogu artzen geure lanaren irabazirik. Gure alegiña alperrikoa da. Gu zenbat eta bizkorrago, oxiñean urak gorago. Onelan eztogu ezer artzen, larregi dagolako, igarleak esana. Baiña kontuz ibilli, kapitalistak gizon biotz-bakoak dira-ta; euren errukiak eztau maitasunik. Buztarri onen azpitik urteteko biderik ezagutzen badozue, zoaze bakean, itxi gu lasai. Onela beintzat geure mixeri gorria aztu al izango dogu».

Zirikatzailleak erantzunaz esan eben: «Ba dakigu bidea».

Erriak orduan: «Ez gero gu engañetan etorri. Gauza oneik beti olantxe gertau dira, ta orain arte iñok eztau aurkitu gu salbetako bide bat, billa amaikatxo lan ta negar egin ta be. Baiña bide ori ezagutzen dozuela egia bada, esan ainbat lasterren».

«Bidea» euren ustez

 Orduan zirikalariak bidea erakusteko egin eutsen berba erriari: «Zer dautsezue zor kapitalista oiei zeuen irabaziak eurei emoteko? Zer egin dautsuee zuoi, zuok olan ordaindu bearra izateko? Eurak antolatuta, nora ioan eta etorri, agintzen dautsuee, lana neurtuaz, ta gero zeuek ekarri dozuen uren apur bat emoten dautsuee! Emen dozue morroitza orretatik urten al izateko bidea! Urtetako bear dozuen bidea!

Zeuek zeutara egizue orain kapitalistek eurak egiten diarduena: zeuen lana eratu, ta zeuen artean lana banandu. Olan eztozue euren premiñarik izango. Ez dautsezue irabazi geiagorik emongo. Zeuen lanaren frutu guztia anaiak lez bananduko dozue zeuen artean, guztiak bardin artuaz. Olan oxiñak eztau gaiñez egingo guztiak asetuta egon arte, ta iñok geiago eztau eskatuko. Onen ostean, lar dagonaz, iturri barriak eta uger-lekuak egin al izango dozuez, zeuen iolaserako, len kapitalistak egiten ebenez, baiña oraingoan guztientzat izango da».

Erriak erantzun eban: «Zelan egin daikegu ori? Egia izateko politegia ez ete da ori gero?».

Zirikalariek erantzun eben: «Zeuen gidari izateko aukeratu egizuez gizon baliokoak. Oneik egingo dabe len kapitaldunak egiten eben lana, baiña oneik ez dira izango zuen iaube, kapitalistak iatzuezan lez. Anai eta laguntzaille izango dozuez, zeuen borondatea egiteko. Eurak eztira irabaziekaz geldituko. Oneik besteak lez eurei dagokien zatia baiño besterik eztabe artuko. Onetara zuen artean ezta egongo jauntxorik ez menpekorik; danok anai baiño ez. Noizean beinka bearrizanak dagozanez, beste batzuk aukeratuko dozuez zuen lana eratuten ordezkoak izateko».

Erriak, erantzuna siñistu egin eban, eta ontzat artu. Beste alde batetik egin bearrekoak ez zirudian egiteko gatxegi be. Auxe erantzun eben indartsu: «Esan dozuenez izan daitela, egitera goaz».

Gauza guztien azkena

Kapitalistak onetan, entzun ebezan erriaren abarrotsa ta erriak iñoana. Auxe bera entzun eben aztuek eta abade aizunak be ta kapitalisten alde ziarduen gizon gudariek be bardin. Ta a entzunaz dardaretan iarri ziran, belaunak belauna ioten eutsela. Orduntxe esan eben: «Oraintxe gureak egin dau».

Baiña ba ziran Iainko biziaren benetako abade batzuk; oneik ez eben ezer esan kapitalisten alde, erriagaz errukituta egozan. Ta erriaren abarrotsa ta erriak iñoana entzun ebenean, barru-barrutik poztu ziran, ta Iainkoari askatasun aregaitik eskerrak emoten eutsezan.

Ta erria ioan ta zirikalariek esandako guztiak egiten asi zan. Guztia gertatu zan zirikalariek aurretiaz iragarri eben lez, guztia euren itzen araura. Ta lur aretan etzan geiago egarririk izan, iñok ez eban goserik izan. Iñor ez egoan billosik, ez otzik, ez beste bearrizanik.

Gizon bakotxak bere lagunari «neure anai» iñotsan. Ta emakume bakotxak bere lagunari «ene aizta».

Bata bestientzat batasunean bizi diran anai-arrebak lakoak ziran.

Ta Iainkoaren onespena lurralde areitara iatsi zan bein betiko.

ZABALE'k euskeratua


Vietnam'go gerra [Bertsoak]

Ikusten dogu Vietnam'go lurra

Menperatu nai dabela,

Eta gaiñera mundu guztiak

Ori ondo dakiala,

Au ta guzti be bere errukirik

Iñundikan ez dagola,

Esan legike demokrazia

Basati biurtu dala.

Ego aldetik laiño illunak

Ipar aldea asarrez.

Sorkalde eta sorkalderantza

Begiratuta ezer ez.

Danen erdin laguntza eske

Aita goikoai deadarrez,

Andik be ezdau erantzupenik

Eta Vietnam negarrez.

Anai batzuek lurpean eta

Aur eta guraso zelan?

Demokrazia ikusten dogu

Ontzi galduen batelan.

Jazoten dana ikusita be

Ezin sinistu ezelan,

Erri txiki bat ezin burutu

Jauntxo diranen eskolan.

Orra Vietnam galdu zorian

Etsaiak armen indarrez,

Eta mundua ixilik dago

Egia esaten bildurrez.

Bere eskubide eta oiturak

Lurrean dabiltz tatarrez.

Noiz arte, Jauna, egon bear dau

Erri bat olan negarrez?

ENBEITIA'tar BALENDIN


Yon Lopategui, Bertsolari Aundia

Nok eztau Lopategi bertsolariaren entzuterik izan? Nok eztaki aurtengo Euskalerri osoko azken txapelketa nagusian irugarren geratu zana, Xalbador eta Uztapideren atzetik? Bein baño sarriagotan Donostiko Anoetako bertsozaleak euren jarle kuetatik zutitu ebazan, bere bertsoen bat entzun ondoren. Bertsolari onek ba dauka zer aparteko bat: gaurkotasuna, ta Euskalerriaren aurrez planteamentu bizia. Orrez ganera teknika aundiko bertsolaria dozu. Esaera dan lez, Azkarate pelotan baño seguruagoa dala. Publikuaren unea ederto arrapatzen dakiana. Bere bertsoak oportunoak dira beti entzuleak bizkortzeko. Dudarik barik, gaur egun Euskalerriak dituan bertsolaririk onenetakoa dala uste dot len esandako doai oneikaitik: segurua, teknika aundikoa, oportunoa, eskoladuna, egada zabalekoa ta batez be GAURKOA dalako.

Geiago barik, berari itaun batzuk egingo deutsaguz eta berak emongo deutsu nik baño obeto bere buruaren barri.

— Kaxo Lopategi! Noiz eta zelan asi ziñan bertsotan?

— Ogetabost urterarte enintzan plazara agertu. Orain zortzi bat urte, txapelketak asi-barriak ziralarik, Mungia alderdikoen artean parte artzea erabaki neban. Beraz, Mungia jotzen dot lenengo plaza bezela.

— Umetan ba al zendun bertsotarako zaletasunik?

— Neure akorduko denpora guztian bai beintzat. Bertso-zaletasun ori sortzeko erarik etxatan palta. Ba dakizu Enbeita Balendin nire auzorik urrena dala. Ba, gogoratzen naz ondiño, ni ume nintzala, Balendinen etxean jaien bat ospatzen ebenean, euren eskatzeko leiopean orma kontrara jarrita, barrutik etozan bertsoak zelako egarriz eta pozez jasoten nituan. Gero amabi urtekin pralleak eroan ninduen, Tolosako Sakramentinoetara. An eneban ezer galdu, estudioen aparte, bertako euskera ederraren jabe egin nintzan eta Gipuzkoako bertsolarien barri jakin be bai. Nire irakasle danak euskalzale jatorrak izan ziran.

— Plazan bertsotan asi ziñanetik Bizkaiko txapela lenengo atara zenduanerañoko barri azaldu eiguzu apur bat.

— 1960-an Mungiako txapelketan lenengoz agertzean, eneban ezer egin. Guztiz bildurti nengoan, plaza-gizon moduan eneban ezer balio. 1961-ean iru txapelketa irabazi nituan: Mungiakoa, Gernikakoa ta Bilbokoa, Bizkaiko txapeldun egin nintzanekoa.

— Gaurko Euskalerriak ze bertso-tankera eskatzen dauala uste dozu, bertso-gaieri begiratuz batez be?

— Gaurko Euskalerriak gaurko gaiak eta gaurko bertsolariak gura ditu. Bertsolaria barre eragiteko bakarrik ezta, batez be erriaren itxartzalle baño. Eta erririk ezin leiteke itxartu gai sakonak eta gaur-gaurkoak sarriago erabilli ezik.

— Bertsolariak gaurko erriari gaurkotasunez erantzuteko zer bear dabela uste dozu?

— Gaurko mundua ezagutzea ta mundu onen barruan Euskalerriari, euskerari ta euskaldunai zein toki dagokien jakitea.

— Bizkaitarra izanik, Gipuzkoatik geien ibilten zarienetarikoa zara zu. Zegaitik dala uste dozu ori?

— Gipuzkoako erria, gazteak aurretik dirala, euskaldunen etorkizunari begira oso arduratsu dagolako eta nik ikusten dodazan prolemak euren begietan ipinten alegintzen nazelako.

— Bertsolaritza barriztatzeko ta gaurkotzeko ze bide ikusten dozu ta nundik jo bear dala uste dozu?

— Bide bakar bat baño eztago: Kulturadunen artean bertso-zaletasuna sortuarazotea, edo obeto esanda, bertsolari sentitzen diran gazteai al danik jakintza aundiena emotea. Muniategi lako dozenerdik Euskalerria euren donura dantzatuko leukie.

— Euskalerrian izan diran eta gaur dagozan bertsolari guztietatik bateri monumentu bat egitekotan, zein aukeratuko zeunke? Zegaitik?

— Kepa Enbeita. Bere momentuari beste iñok baño obeto erantzun eutsolako, gaurko ta aurrerantzeko bertsolarien eredu edo ejenplutzat jarritea merezi daualako.

Milla esker, Lopategi. ANAITASUNA-ko irakurleak len be ba ekien zure barri. Baiña gaurtik aurrera obeto jakingo dabe. Gaur Euskalerriko bertsolaririk onenetariko zarean lez, iya egunen baten onena izateraño eltzen zarean.

XABIER AMURIZA, Gizaburuko Apaiza


Ereño Zarreko Lagunak. Ereño Zarreko Ermita'ren alde'ko bakundea

Ikuste alaia daukan tontor baten egiña dagoan ermitatxo au, amar'garren gizaldian egiña da, ta Ereño ta inguruetako eleiz nagosia izan zan 1.600'an dagoana egiñ arte.

Bizkaiko Jauntasun Kondairak 1.404'-an idatziriko agiri baten diñoanez, D. Pedro epaikaria (justiciero) Bizkaian eukan bere anai D. Tello'ren aurka etorri ta artu eziñik itxi eban garaiko ezaugarriak ditu bere inguruan, urte askoan bertan bera itxita egon dan arren.

Ermita onen maitaleak, guriketa ta garbitasun bat emon dautse ta bide egoki bat egiñ, baña turismo-toki atsegingarri bat egiteko, lan aundiagoak egiñ bear dira ta onetarako, diru arazuak atondu bear. Beraz; borondate oneko ta toki deun zale diran guztieri, dei egiten dautsegu, gai onetan lagundu dagien.

Diru sundea (materialismo) danak daukan aldi onetan, ez dagigun aztu, gurasoak itxi euskuen erentzi au, ta gure sorbalda ta sakela inguratu dagiguzan ermita onek luzaro iraun dagian.

Augaitik egin zan batzar au ta oneixek dira gai bereziak:

Ermitea gaztetu (barritu).

Inguruak apaindu.

Bideak barriztau ta bidea bide-zabal egiñ.

Urtean eun lauerleko izango da, kuota txikiena, bazkideen batzordeak erabagiko leukezan lan oneik egiteko.

Kuota onetik aparte (ta au nai daben guztieri eskatzen yake ta... zenbat eta geyago obeto) emolleak onartuko dira, biar etziko lanari asiera ta jarraia emoteko.

San Migel Ereño Zarrekoa ez da bakarrik Ereñoko Zaindari, Euskalerriko Zaindaria be ba dogu. Beraz, ardura aundiz bere inguruak ainbat ondoen atondu bear geunkez, aurreko asaba zarren gomutapenez, guretzako itxi ebezan siñismen ezaugarritzat basotxonu edo ermitatxo orreik, eta guk, aurrekoen odola zanetan badogu beintzat, lengo gauzak ez doguz baztertu bear. Ereño inguruetan eta abar, Mikel izena daben bat baiño geiago izango dira; oneik ondiño begikoago izango dabela uste dogu euren izeneko Ereño Zarreko San Migel. Aurrera!, eta erakutsi maite doguzala gure mendietako basotxonu eta kurutzak.

***

Mendi goietan kurutza deuna

Ermitatxoak ugari,

Egun sentiko argia Jaunak

Lenen damotse eurari.

Asaba zarrak jarriak dira

Sinismenen ezaugarri,

Zer ikasia damoskularik

Beian bizi garanori.

***

Mendi gaiñeko bake bizitzaz

Ondo ausnartzen badogu,

Beian ez dogun arako zerbait

Mendian izango dogu.

Euskera zarrak mendian dauka

Lenengo bere jarleku,

Ezaugarririk eta ederrena

Ereño Zarren daukagu.

ALDEKO


Zabaletako euskal dantzazko I txapelketa

- Etxaburu-Bilbao bikote ondarrutarra txapeldun.

- Erakuntza ona eta jaigiro apartekoa.

- Elizondon ospatu zan, Baztan alderdiko jende asko agertu zalarik.

«Irrintzi»

Garagarrillak 30

Erri txikietako jaiak ba dauke zeozer aparteko, uri nagusietan aurkitzen eztana. Bai ezbardiñak, esate baterako, Iruñako San Fermiñak eta Elizondoko jaiak. Areek atzerriko airez nastuak, oneek ostera, jatorrak eta ederrak.

Elizondon

Txapelketa Elizondon, Baztango uriburuan ospatu zan, «Iriarte» frontoi ederrean.

An egoan Bitor Kapanaga, otxandiotarra, euskal idazle iaio. Berak aurkeztu eustazan Mariano Izeta idazlea, Mendiorotz sendia; eratzailleak, Sobrino jauna aurrean ebela; Epaimaikoak eta Alkate jauna.

Alkate jauna, Joxe Ugalde, jaialdiaren buru lez, goiz eta arratsalde berton.

Frontoia goraiño beterik (zutunik be bai jendea). Bikoteak agertu ziranean, danok txaloka. Danak euskeraz. A zan benetako euskal giroa.

Megafonoak ederto erantzun eban. «Basarri» jauna bertsolari ospetsua izlari. Berak aurkeztu ta zuzendu eban dantza Txapelketa, euskeraz eta erderaz itzegiñez, ia danak euskaldunak ziranez, geiena euskeraz.

Soiñulariak

Txistua oso ezaguna da Baztan aldean. Eta txistularien artean ezagunenetarikoa Maurizio Elizalde. Berak jo ebazan, Felix Iriarte danborrariak (biak Arizkun-ekoak) lagunduta, orripeko ta ariñ-ariñ, bikoteak dantzatu bearrekoak.

Bikoteak

15 bikote agertu ziran Txapelketara. Bizkaitik 2, Arabatik 1, Naparrutik 3, ta Gipuzkoatik 9.

Goizeko jardunaldian 6 bikote kanpoan gelditu ziran, eta gaiñontzekoak arratsaldean barriro jardun bear eben. Bazterrean gelditu ziran bikoteak, Arabakoa, Naparruko 2 eta Gipuzkoako 3 izan ziran.

Epaimaia

Epaimaikoak Folklore gaietan jakitunak ziran. Probintzi bakotxetik ordezkari bat egoan. Arabatik, Teodoro Bastida; Bizkaitik, Jose Luis Bengoa Zubizarreta; Gipuzkoatik, Juan Antonio Urbeltz; Naparrutik, Federiko Azkona; eta eratzaille ordezko lez, azken epaia emoteko, Mariano Izeta, eta Patxi Hoyaregi «Tellegorri» aolkulari lez.

Txapelketa asi baiño len, epaimaikoak, erabagi batzuk artu ebezan. Iñok ez eban emongo «voto» edo eritxi-baietzik bere probintziko bikotearen alde.

Arteza izan zan erabagi au? Ez eban iñorentzat kalterik sortu?

Nire ustez, bidezko izan zan. Dana dala, Bengoa Zubizarreta Bizkaiko ordezkari jaunagaz alkar izketa bat euki neban, eta berak azaldu eustazan argitasun eta errazoibide zuzenak DANTZARI eta TXISTULARI aldizkarietan zabalago agertzekotan geratu zan, arazo onetzaz.

Arratsaldean

Goizean aurrerako gelditu ziran 9 bikoteak, arratsaldean agertu bear eben nortzuk eroango eben lenengo saria ta ondorengoak. «Iriarte» frontoian egin zan saioaldi au bere.

Goizean baiño jende geiago arratsaldean. Epaimaian Arabako ordezkaria —eztakigu zegaitik— etzan agertu.

Nortzuk lenen. Sariak banandutea

Norgeiagoka amaitu zanean, «Basarri» jaunak esan eban zelan gelditu ziran bikoteak sariketarako. Jende geienak atsegiñez artu eban erabagia.

Txapeldun: Etxaburu-Bilbao bikotea, Ondarrutarra (Bizkaia). Saria, 2.500 laurleko ta Elizondo erriaren zidarrezko garaikurrak (trofeoak).

2.—Xabier-Mariñe bikotea, Bilbotarra (Bizkaia). Saria, 2.000 laurleko, ta «El Pensamiento Navarro» ta «La Voz de España»-ren kopak.

3.—Arrastua-Arregi bikotea, Donostiarra (Gipuzkoa). Saria, 1.750 laurleko.

4.—Gastesi-Fadon bikotea, Errenderitarra (Gipuzkoa). Saria, 1.500 lauleko.

5.—Urreaga-Olazabal bikotea, Urnietatarra (Gipuzkoa). Saria, 1.350 laurleko.

6.—Izagirre anai-arrebak bikotea, Urnietatarrak (Gipuzkoa). Saria, 1.250 laurleko.

7.—Sarriegi anai-arrebak bikotea, Ernanitarra (Gipuzkoa). Saria, 1.150 laurleko.

8.—Sarriegi lengusuak bikotea, Ernanitarrak (Gipuzkoa). Saria, 1.000 laurleko.

9.—Hoyaregi anai-arrebak bikotea, Elizondotarrak (Naparru). Saria, 1.000 laurleko.

Sariak, Elizondoko Alkate jaunak banandu ebazan.

500 laurleko euskal usarioz obetoen jantzitako bikoteari. Hoyaregi anai-arrebak izan ziran. 1.000 laurleko jaso ebezan gaiñera, Baztango bikote artean lenengo geratu ziralako.

Laguntzailleak

Elizondoko erriak eratutako euskal bikote dantza Txapelketa onetarako lagundu eben, Erri-Etxe edo Ayuntamentuak, «El Pensamiento Navarro» ta «La Voz de España» egunkariak, Aguas Belascoain, Piensos Mina «Protector», eta Helados «Camy».

Zorionak

Zorionak guztieri biotzez, eta Elizondotarreri, barriro be nai geunkela dantza mota onen II Txapelketa ikusi. Alan eskatzen dau lenengo bider ain ederto urten dauan sariketa onek.


Ezagutu zure erria

Elantxobe

Lurrean, bost alderdietatik Iainkoak oparo ta andian zabaldutako edertasun guztiak gure aberrian txikian dira,

Itxaso zabala, itz-pazter zoragarria, mendi orlegiak, atx-tontorrak, amiltegi bildurgarriak, baso ta zelaiak, zugatz eta loraz beteak. Zuria, orlegia ta gorria alkartuta alde geienetan.

Euskalerrian edertasunok, edonun; baiña iñun baiño obetoago Bizkaiko txoko apain baten: ELANTXOBE'n.

Elantxobe ederren ikusi neban eguna, Madalen egun bat zan. Bermeotik urten da ioan giñan beste itxas-ontzi askogaz batera, arratsalde aztu-ezin baten.

Itxasoa betiko irakiñean bizi-bizi. «Zabalbide» lebatz-ontzian ioan giñan, Izaro'tik aurrera, ur sakonetarantz, Ogoño azpira.

An da ikuspegia! Ogoño zer dan iakiteko gero, legorrez ioatea ezta naiko. Urez ioan bear da, ta ur biziak badira, askoz obe. Izadia danetik, Ogoño'ren anditasuna, itxasoaren laztan apartsuak unerik une iaten dabela.

Ogoño igaro ta dana atxa, bizien lorratzik ezta, itxas-txoriena izan ezik.

Andik laster bai, biziak agiri dira. Txaloak eta gora erri au egiteko asmoa artu ebenai. Itxasoa ta Elantxobe, erri au danetik batera. Itxas-gaiñetxuan etxeak, pilloan, danak alkarren gaiñean. Atxari lotuak, legorretik itxastarren begirale. Ametsezko erria. Garbia ta langillea. Lege zar zalea ta abertzalea. Txikian, Bizkaiak dauanik politena ta euskaldunena ez ete da?

***

Erri oneri asikera ibarrangelutarrak emon ei eutsen. Ibarrangelu'ko arraintzale batzuk, etxetik itxasorakoa luzeegia ebela ta itxas-ertzean gelditzea erabagitzen dabe 1.500'gn. urte inguruan. 1.854'gn. urterako ori dalako indarra ta bizia berton izanik, auzo izatetik erri izatera ioan ziran.

***

Azkenengo gudaterik ona, erritarrak gitxiagotzen doaz, apurka baiña beerantz.

Gaur 875 inguru bertokoak. Udaldian asko etorten dira leenago berton biziak eta abar. Baiña onei ezteritxoegu bertokoak, «udazaleak» baiño.

Elantxobetarrak 875, eta orreitatik 30 edo erdaldunak. Erbestetik etorriak, geienok: karabiñeroak eta olakoak.

15 urtetik beerako umeak 250 inguru dira; euskaldunak.

Erri onetakoak itxasotik bizi dira, al dabentxua ataraz. Bederatzi itxas-ontzi andi dagoz, 18 ta 20 lagun bakotxak eroateko lakoak. Lebatz-ontziak eta asko geiago.

Erri onek gaur dauan oztopo andienetarikoa, bigarren maillako ikastolarik-eza da. Erdera utsez irakasten dan «erri-eskola» baiño ezta berton. Ori dala-ta, neska ta mutillak ezer ikasiko badabe, erria itxi ta urira ioan bear.

Onexegaitik sendi asko dira erritik ioanak, umeak, urira ta errira ibiltea larregiko kozka da izan be.

Olan ioanak, ikastaroa Bilbo'n edo eginda gero udan etorten dira udaldi osorako; 50 sendi inguru dira olan datozan Elantxobetarrak; 15 edonungoak.

Udazaleok erri oni kalte andia egiten dautse, ta ikasbide txarra emon be bai sarritan, euskera arloan.

Or izan nintzan egunean, miñez ikusi neban ume mordotxuak erderaz ebiltzala. Nongoak ziran itandu ta... «veraneantes». Arein ondoan bertokoak be erdera egin bear. Mingarria auxe: Elantxobetarren umeak, Bilbo'ra edo ioan dirala-ta bakarrik, sorterrira datozanean erderaz egin bearra. Baiña au zergaitik dan guztiok dakigu: dirua izan ezkero ta ondo bizi ezkero, euskaldun izateak gitxi dautselako olakoei.

Euskaldun gurasoen pekatu baltza: umeai euskal golgoa ukatzea.

Orain artean be izan dira ba Elantxobe'n gizon iatorrak, entzutetsuak, itxasorako nai legorrerako. Euskera ez eben galtzeko.

«Ikasketak egiteko euskera kaltegarri da» esan dauskue gure Erriari gorrotorik biziena dautsenak, eta guk melo-melo sinistu.

Erri onetako seme ospetsua dan Arriandiaga'tar Imanol lekaideari iazoa gogoratzen iat ontxe. Ikasten ioan eta amaren izkuntza aztu, gero amari itzegin ta amagaz ezin ulertu. Ak aiztu egin eban beintzat, gaurko elantxobetar batzuen semeak ezingo dabe aiztu, eztabe ikasi-ta.

Arriandiaga gero konturatu zan, ta okerra ondo zuzendu eban euskeraren alde lan ederra egiñaz. Aren idaztiei muxin egiten dautse gaurko askok; baiña, larregikeri batzuk ba dauzala autortu bear bada be, «Orixe»-gaz nago onetan: Errikoi dirala-ta gaur agertzen diran idazti ta aldizkari askoren ondoan, iturriko ur garbi iakuzala areik.

Esan dauskuenez, eleizgizon iatorrak Elantxobe'koak. Egoki danez, euskeraz egiten da meza igandetan, itzaldia bietara, 30'txuok be geureak dira-ta.

Ederra izango da gero laster meza osoa euskeraz egitea. Azken Afarian Iaunak bein betiko egiña: «Au neure gorputza da, neure gomutaz oneik egin». Datorren urritik, gure izkuntza bera izango da bide Iainkoa gizonen artera eltzeko. Au poza!, gure Erriarena! Askatu doguz latiñaren kateak; indarrez erromatarrak menperatu ezpaginduezan be, Iainkoaren izenean, ondo menperatu gaitu latiñak. Ordua zan ta eldu iaku askatasuna. Iñok eztau esango geiagotan kristau eztanik euskera. Eleizan geu gara orain. Poza gure Erriak.

Latiña, izkuntz landua, literatura eta indar parebako duna, il da; ioan da. Ta gure izkuntza indar barik, lagun barik, danak zapaldua ta menperatua, ondiño bizi. Kurutz-bidea amaitu ta Pazko eguna ete iatorku? Iauna!

Kristau Ikasbidea egunero emoten dabe erri onetan abadeak, lagun batzukaz. Olako asko eztogu aurkitzen, mutillak. Beste erri batzuetan zer egiten ete dabe ba abadeak, Kristau Ikasbidea euskeraz irakasteko astirik ez izateko?

Elantxobe'tzaz egindako lantxo au ezin burutu naike, bertoko seme iator bi goratu barik.

Ortuza'tar Imanol Iaupari ona, ta Ibinagabeitia'tar Andima euskaldun atzerriratua. Euskalerriaren alde oneik egiña ezta aztutekoa.

D. Imanol, Begoñako abade zarren etxean bizi iaku gaur, Iraragorri osagillearen ardurapean.

Egi-zale porrokatua, euskera itzegiten bikain dakiana. Gogo alaikoa. Iainko-zalea ta biotzez gaztea. Bere gelan an daukoz lauki bi, bere biotza ezagutzeko onenak, bata bere amarena, bestea Elantxobe bere iaioterriarena.

Ibinagabeitia'tar Andima'ri buruz itz ondo egitea berezkoa dau euskalzale batek.

Urte asko dira «Irrintzi» artzen gendula. A zan gatza, a abertzaletasuna. Atzerritik irakatsi euskuen Euskalerria zer dan.

Bizkaiko euskal kulturan «subdesarrolloa» ezaguna dala esan dau norbaitek; erri zale ta erri aldeko amorratua izan gura dauan JAKIN'en irakurri dogu, samintasun andiz. Guda aurretiko euskal lana utsaren urrengotzat bota da. Arrika egitea ezta ba, erkiña ta landu bakoa, eldu daiten erarik onena. Tamalgarria! Iñor mindu barik, itzegitearen zailla! Atzerri-sundeaz batera arrokeria, ta ago-berokeria etxeratu iakuz. «Gaurkoak», NOR GU LAKORIK? diñoe. Lengoa «zero» utsa baiño ez.

Andima! Zu lakoak beste ikusi, ikasi, egin eta bizi orduko, ez ete iaku makurtuko burua, praketan sartu eziñik gabiltzan gaurko aurrendaritxuoi? Nik baietz uste dot.

Ta urte batzuk barru, erriak nor izango dauan maiteen ikusteko dago.

ANAITASUNA'ren izenean eskarrik beroenak zuri, gure alorra lantzen egin dozunagaitik.

Bizkaitar semea, eldu eldua. Maite zaitugu.

***

Elantxobetarroi, agur bat. Zaindu etxea. «San Pedro, zeruetako giltzaren iaubea»: iagon etsai guztietatik Elantxobe maitea.

SALATARI