ANAITASUNA

7

Kantauriko Frantziskotarrak argitaratua

ANAITASUNA idazti lez agertuko da, aldizkari lez argitaratzeko baimenak eldu artean.

IDAZTI AU 1967-KO IRAILLAREN 6-an AMAITU EBAN «GRAFICAS BILBAO» IRARKOLAK.

Zuzendaritza ta Banakola

Irala, 8 — Bilbao-12

D. L.: BI 1.753 - 1967

GRAFICAS BILBAO - Gordóniz, 28, 3.º - BILBAO-12


Agur Balentin

URIONA'tar BALENTIN

1940'ko Urriaren 29'an Muxika'ko Areatza'n jaio.

1967'ko Garagarrillaren 30'ean Sabadell'en il.

Zure oroimenez zeozer eskatzen dauste. Ezin dot ezer esan, oñazeak lañoz bete dau nire burua. Zuk itxi dozun uts unean galduta nago.

Zer esango? Nor ziñan? Danak dakite. Zelakoa ziñan? Baita bere bear bada.

Ara, lengo baten, zure gauzak lo gelatik ataratzean, gabeko maian gauza bat agertu zan: euskerazko Kristau Ikasbidea.

Orra or, idaztitxo orretan, zure nortasunaren oñarri biak: euskalduna ta kristaua.

Euskaldun jaio ziñan eta euskaldun lez jokatu zendun beti. Kristau lez bizi ziñan eta Kristau lez etorri yatzun eriotzea.

Gu saminduta egon arren, zer gauza ederragorik?

Agur seme, or goitik otoi egizu gure alde.

Besarkada bero-luze bat eta gero arte

Zure

Josu


Erriz erri

Mungia'tik

Aspaldiko partez emen natortzue barriro Mungia aldeko albiste batzuk agertzera. Izan be oraingoan zer agertu ba dagoala esan leiteke, beiñepein euskal kultura eta izkuntza benetan maite dogunontzako; bere alde lan aundia egin eban gizon bat gogoratu da-ta.

Lauaxeta'ren alde meza

Bagillaren 25'an eskeindu dabe bere etxeko ta erri guztiak meza bat URKIAGA'tar ESTEBAN «LAUAXETA»-ren alde. Il ebenetik 30'garren urtea gogoratuaz batera, baita bere aitaren lenengo urteurrena be. Goizeko 10'k inguruan jendea ugari ikusten gendun, Mungiako kaleetan eta albo errietakoak be asko izan ziran. 10,10'-ean eleizea beterik egoan. Apur bat obeto begiratu gendunean, zelako jentea etorri zan, negar anpuluz bete yakuzan begiak ikusirik erriko gazteriaren utsa, bat be ez gendun ikusten-eta. Non ete egozan ba...? Non gordetzen dabe eurak diñoen euskaltasuna? Mungiko gazteak! Euskaldun izatea ez da bakarrik, kaiku eder bat jaztea, ez mendira txapelagaz joatea, ez da naiko, gora gu ta gutarrak! esatea. Ori bakarrik egitea, sasi-euskaldunak izatea izango da, beiñepein ardura apur bat geiago ez badogu artzen gure kultureaz; ze, jakin gendunean zegaitik etziran etorri Mungiko gazteak mezara, biotza be oinpera jausi yakun. Mungiko gazteak ez ekien «LAUAXETA» nor izan zanik bere!! Nor da onen errudun? Aitak eta amak bai apur bat, baiña gu gazteok askoz geiago, ze idazki ederrak daukaguz olerkari onenak. Euskera berbeteagaitik, ez daigun ezer aitatu, lotsagarria da, euskal abesti ederrak tabernetan entzun eta izketan erdera baiño ez dogu entzuten. Jauna, parkatu egiezu!

Zarreri omenaldia

Egun berean baita be izan dogu, C.A.V.'ek Mungi aldeko zarreri eskiñi dautsen omenaldi bat. Omenaldi onetan lora erramu, otzara bete gauza, ta diru mordo batzuk emon eutsezan 88'tik 99 urteko zarreri euren poztasunerako, ta onetzaz gaiñera Mungi'ko erriek jai eder bat egin eben euren alde.

Jai au amaikak eta laurenetan asi zan meza bategaz, gero andik plazara; ezpatadantzari ta gorulari artean joan ziran zarrak, an lenengo mutil koskor bik aurrezko eder bat eskiñi eutseen ta ez gogo txikerragaz gaiñera. Gero Mungi'ko Orfeoiaren erestaldea Arregi'tar Jose Maria Jaunak zuzenduta, etzan ezerezkoa izan. Baita Meñaka'ko umeen dantzari-taldea be jendeak oso pozik artu eban. Onen ostean, Mungi'ko «Eusko Amets» dantzari-talde barriaren lenengo agerkizuna egon zan. Gogor aurrera!

Azkena emoteko, Ormaetxe ta Enbeita'ren bertsoak; oneik zer esanik be ez dauke, zelakoak izan ziran. Bienbitartean CAJA DE AHORROS VIZCAINA'k zabaldu eutsezan bere erramu, otzara ta diru mordoak atso-agureri. Aitatu bear dogu, onein tartean egoala Urkiaga'tar Esteban «Lauaxeta»'ren ama.

Ondoren, bazkari eder bat euki eben Sollube'ko jan-tokian.

ZORIONAK ZAR GUZTIORI!

Atxuriko Aitor

Zaldibar'tik

Antzerki gaiak

Garillaren 16'tik 18'ra bitarte Gerediaga Elkarteak antolatuta ta antzerkiari buruz iru-urreneko ikastaroak egon dira Zaldibarren.

Gaiak asko ta sakonak; antzerki-edesti, apaingai, antzeslarien teknika eta abar.

Oraiñarteko antzerki jokabideak oiñarri dirala, teknika barriak damoskuen ona bana banatu ta gaurkotasunak eskatzen dauan giroagaz eusko antzerkia tinkotu bear zala argiro azaldu zan; eta antzertilariak bakarka jokatu barik, alkartuta, aburuak agertuaz, elburura ariñago elduko zirala be bai.

Batzarrotara, antzerki saillean ospe andiko mota guztiko lankideak aurkeztu ziran; zuzendariak, teknikoak, antzeslariak, itzulpenlariak, izparkariak eta abar.

Zaldibar'en ospatu diran lenengo batzarrok, onurakor izango dira eusko antzerkia obetu, oraingotu eta gure nortasuna geiagotzeko.

Ederto be ederto

Erri danak ao batez ondo eritxia emon dau, aurtengo Santija jaietan Gazako auzokideak euren egitarau barruan Garitagoitia'tar Bitor jatorrari eskeiñi deutsoen omena.

Ondo irabaziriko omena benetan! Igaro diran 47 urte errezkadakoetan, utsik egin barik, Gaza'ko auzo-eleizatxoan dagoan Santijari bere egunean erromes ikerra egin eta, egun osoa auzokideakaz alaitasun ederrean igaro ondoren «urrengo urterarte agurtuaz» Gazatarrak poz pozik ixten izan ditu-ta.

Iraunkor izatea da gizonari gatxen jakona. Orretan be, bere euskaltzaletasunean legez, eredu agertzen jaku gure «Garita» ospetsua.

Zure bizkar gaiñean 80 urte euki arren oraindik tinko zagoz, Bitor! Beste iru mailladi igon eta urrezko ezteguak. Bai orixe!

Venezuela'tik

Ongietorri beroa emon bearrean gagoz «Azkorgain» euskal idazle ospetsuari ta bere emazte Merzedes'eri Venezuela'ko Puerto Cabello'n urte batzuek egin ondoren, Iparragirrek iñoan legez euren Aberri maitera poz pozik biurtu dira-ta.

Ia «Azkorgain», artu idazkortza eta saiatu, ANAITASUNA'k ba dau lana; saria barriz, bateko eun jasoko dogula egun baten ez dago ezbairik.

Gexorik

Adiskide on Gizatzola'tar Karmel gexorik aurkitzen da. Lenbaitlen osatu daitela opa dautsagu.

Nor geiago?

Zaldibartar bikote bik, nor geiagoka bat jokatu dabe. Zeiñek perretxiko geiago batu.

Lenengo, bikote bata urten zan uzta batzaille. Urkiola gaiñean el ziran goizeko 6'rak baiño lenago eguzkiaren sorrerarako. Bai perretxiko uzta ugaria ekarri be. Goiz debillenari Jaungoikoa lagun! Beste bikoteak be, gitxiago izan nai ez eta, bardiñeko bideak urratu zituan. Zenbat perretxikugaz biurtu? Bat, bi... Bai ba, mendi gaillurretik ikusi bear da eguzkiaren sorrera, ta ez sakoneko «tellatu» gaiñetatik.

Dana dala, bapez be oba, pozoidunak baiño. Alangoak izan nunbait lenengo bikoteak bildu zituanak. Beintzat, iñor urdailleko miñez «Bekoetxe»'ko jatetxetik urten danik ez dogu entzun.

Aldakaitz

Markiña'tik

Aurtengo udabarrian, barri batek poztasun bizia erne erazi eban niregan. Poztasun au nere barruan laguntzat arturik nator gaur lenengoz, «Anaitasunaren» orrietara: A. Migel Angel Batiz euskaldun jator eta Markiñarra, Karmeldar guztien buru.

Euskalerria inguruko errien artean, erri berezi bat dogu. Txikia, baña nortasun indartsu baten jabe. Euskalduna ezta gelditu bere sorterriko menditartean, ezkutuan, munduaren gora-beratan jakotzeko bildurrez. Munduaren martxa izugarrizko ontan, euskalduna beti aurrelari azaltzen ezpada be, atzera beñipein ezta gelditu.

Munduko arazorik geienetan euskaldunaren eskua sartu da. Erri txiki ontako semeak, munduko bazter guztietan zabaldurik dagoz.

Iñoz begirakune okerra ta susmo txarra artzen deutsagu, ainbeste euskaldun, une larri ontan, emendik kanpora izateari. Bat-batean, Lekuonaren abeztia emoten deust gogoak:

«Batzuk gerrak aldenduak

besteak bizi bearrak,

orrela banatuak dira

gure indarrak.

Zatozte berriz gure ondora

ta piztu zuen izarrak,

indar berriz pizkortutzeko

gure ezur zarrak.»

Batzuk zoritxarrez, gure menditartetik urtenda bertan, saldu dabe euren euskaltasun altzia; jenero merkia lez saldu dabe. Beste batzuei, atzerriko giroak ito deutse barruan makal eta pobre ekarren euskera. Azkenez, ba'dira euskera lagun dabela «Munduan frutua emon eta zabaldu dabenak»; ikusiak ikusi, beti euskaldun jarraitu dabenak.

Bear bada, norbaitek uste izango dau, asieran artutako aritik kanpora nabillela, baña ez. Ain zuzen be, azken aitatutako euskaldun jatorren artean egin nai izan dot gure Aita Migel Angelentzat toki. Izan be, orixe da bere tokia. Gure artean barriro agertzen danean, burutik oñetaraño euskaldun ikusiko dogu; baña erritarrak ezteutse esango orduan, bein baten Jesus'i esan eutsena; «Nazarethe'tik gauza onik etorri daiteke?».

Datorren urteko zemendiaren 28'an, lau gizaldi egingo ditu Karmengo ordenak, Jon Krutzekoa ta Teresa Deunaren ardurapian barriztau zanetik. Orain urteak barriro be, bere legea ezarri deutse ta usadio zaartuak itxita Konzilioko gaztetasun barriz jantzi naiean dabiz. Une eder eta era berean une larria, gaurko une au. Une ontan, euskaldun eta Markiñar jator batek dauko karmeldarren aulki nagusia. Maiatzaren 20'an artu ebana A. Batiz'ek Karmeldarren zuzendaritza. Markiñan Karmeldarren komentutik ur, «LANDABURU» baserrian eta sendi apal eta eleizkoi baten biotzean, sortu zan Migel Angel Batiz Bilbao. Bere aita kamiñeruetakoa zan eta Bizkaiko ainbat erri izan dira Batiz'tarren bizi-leku: Lekeitto, Gernike, Errigoiti e. a. Gaur-egunean Zornotzan bizi dira aren ama ta anai bat beintzat.

A. Migel Angel lenengo lenengotik agertu izan da langille itzela. Mundua ta Eleiza ondo ezagutzen dauzan gizona, bere jakituri andiak Karmeldarren sendi andiaren ibillerak zaindu bear izango ditu, emendik aurrera. Orain arte be, joan-etorri andiko zeregiñak izan ditu: Indian igaro ditu azkenengo urteak Eleizak daukan Seminariorik andianaren buru. 13 urtean egon da an. Asieran irakasle bat besterik etzan, baña eginkizun orretan be, laster agertzen dau bere malla ta doai arrigarriak. 1955'garren urtean Zuzendari-ordezko izendatzen dabe ta andik urtebetera, Seminario artako buru. Oso-osoan gorputz eta arimaz bere lanari emonda bizi zan eta ango ikasketak obeto antolatzen saiatzen da: Irakasle geiago, liburutegia obeto ornidu ta oingo erako etxe-alde barri bat jasoten dau diakonoentzat. Azkenez «Lateranori» erantsita «Pontificium» izena lortu dau Seminarioarentzat. Urtero meza emotera eltzen diran abadegaiak, ia seireunera eltzen dira. Berak, bai Indian, bai Españan oraiñarte esku artu dauan arazo guztietan, bere aparteko malla adierazo dau ta euskaldunaren nortasun indartsua, beti eten bako lan gogorrean.

Eldu dan tokiraño eltzeko, oñarri sendoak bear eta ba'daukaz A. Migel Angelek. Berezko argitasun eta gaztetan egin dituan ikasketa luzeetan ondo sustraituta daroa, gaurko ardura izugarrizko onek emoten deutsan pisua.

Erroman osotu ebazan bere ikas-aldiak. Antxe ekin eutsan 1948'tik 1953'raño Eleiz-legeak eta erri-legeak ikasteari, bietan «doctor» malla lortu arte. Gauza asko jakin arren, lege-gaiak dira bere aparteko arloa.

Amaitzeko iau itzetan sartzen aleginduko gara A. Migel Angel'en nortasuna: Euskalduna, lege-gizona, ele-askodun (euskera, gaztelera, ingles, prantzes eta malayalan...), mixiolari. Ona emen Ubedako egun larri aretatik, Teresa deuna ta Jon Krutzekoaren egunetatik, lau gizaldigarrenean, Karmeldarren ordena zuzentzeko aukeratua. «Euskalduna ta Markiñarra».

Luis Baraiazarra


Datorren urtean, Jerusalem'en

«Datorren urtean, Jerusalem-en». Lelo onegaz agurtuten izan oi dira orain arte atzerrian bizi izan diran judutarrak. Ta lelo au gaur egiaren maillara elduta ikusten dogu, Israel-go gobernuak Jerusalem uriburu osoa bereganatu dauanatik. Gertakizun onetik batez be sortalde erdiko gorabera illunak bein da barriz ezbaitsu ta komentaduenak dirala esan daikegu. Arabetarrak antza urduri jarraituten dabe oraindik judutarreri atzamarkada on bat noiz emongo. «Ondamendia —esan dau Cairo-ko Gumhuria egunerokoak— onartu gura dabenentzat bakarrik etorri daiteke; guk, orraitio, ondamendian jausi garanik ezin dogu siñistu.» Gorabera oneen garrantzia eguneroko eta gaiñerantzekoak esandakoakaitik ezin dogu atarazo, sortalde erdiagaz zer-ikusi dauken aberrien jokeretik baiño. Sortalde erdiak sortu dauan garrantzia gertakizun iru onetan adierazten dala esango neuke nik, beste batzuk be ba dagozala ukatu barik: Kosygin jaunak Johnson Ipar-Amerikako lendakariari egin deutson ikustaldi garratzan, Podgorny eta Errusia-ko gudari-taldearean nagusiak R. A. U.-ra egin daben ibilaldian, ta azkenik, sortalde erditik gero ta petroleo gitxiago elduten dan ezkero, Europa aldeko aberrietan sortu dan larritasunean. Gertakizun oneen zertzeladak oraindik ixiltasunean dagoz. Baiña alan da guztiz be, politiku nagusien ardurea sortalde erdian jarrita dagola argi ta garbi adierazten deuskuela deritxot.

Judu ta arabetarren gudaldi garratza igaro ondoren, benetako bake bat lortuteko oiñarri sendo ta argi batzuk billatutea izango litzakela biderik egoki ta onurakorrena eztago zertan esan bearrik be. Baiña bide au oraindik guztiz lortugaitz ikusten dala esan bear, bai judu ta arabetarren jokerak ikusita, ta bai Kosygin eta Johnsonen artu-emonen barri apur bat jakin da be.

Inglaterra-ko The Observer egunerokoak, Israel garaille urten zanean unerik onenean egoala esan dau benetako bake bat lortuteko. The Observer-en ustez, gudaldia irabazi ondoren, Israel-ek bere soldatu ta armamentuak lengo mugatara ekarriko baleuz, kidetasun baten bitartez naiko errez lortuko eban Abaka eta Suez-etik joan-etorriak egiteko baimena, Jerusalem uriburuko alderdi zarrera joateko eta Cisjordania-ko mugak zuzenduteko erreztazuna ta onetariko beste gauza batzuk. Gauzak alderdi-gabetasunez ikusita, onetariko jokera bat izango zan bear bada egokiena. Baiña Israel-ek kidetasun orretan ez eban iñoiz itxaropen askorik jarriko. Dana dala, gora-bera guztien artean gauza bat dago argi: sortalde erdian bakea lortutea oso gatxa izango dala. 1956-gr. urtean lez, Washington ta Mosku kidetasun batera elduten ez diran bitartean, oraindik arazo au gatxagoa izango dala esan daikegu bildur barik. Ta antza Kosygin ta Johnson bide orretatik urrun dabiltz igaroko astean Glassboro-n (Nueva Jersey) euki dituen artu-emonetan adierazi daben lez. Gaiñera, Ipar-Amerikak sortalde erdiko aberrien mugak defendiduteko prest dagola baten baiño geiagotan esan dau. Errusiak be, bere aldetik, bear daben laguntasuna eskinteko zain dagoala esan deutse arabetarreri. Indartsu bi oneek konplotean sartu badira, ez dakigu zer gertatuko litzaken. Seguruenetik Vietnam-en jazo dana, beste gauza garratzagoren bat sortuten ezpada.

Bien bitartean, Wilson jaunak C. E. E.-ean sartuteko egiten dabillan ekiñaldiak oiartzun aundi barik geratu dira. Italia-ko gobernuaren Nagusi ta Kanpoko Arazoen ministro diran Aldo Moro ta Amintore Fanfani Londres-era joan barriak di-tugu, Harold Wilson premier-ari zeozelan lagundu guraz edo. Emoten dauan lez, C. E. E. osotuten daben aberriak interes barik artu dabe gaur be Wilson-en gogoa. Ez politikuak bakarrik, komentaristak be Wilson-en deiari erantzun egoki bat emoten ez dira askorik arduratu. Inglaterrako premier-ari jazo jakona ez da izan arritzekoa, sortalde erdiko gora-beren aurrean Vietnam-go gudaldiak be bigarren maillara etorri dirala kontuan euki ezkero. Gertakizunak olan doazala, Wilson jaunaren ametsak ardura andi barik jarraituko dabela emoten dau gaiñera.

Juan Legarreta


Eztogu ontzat artzen

Leengo batean zaratatsu ta arro ibilli ziran, batzu, Gernika'n, Arratzu, Nabarriz, Murueta ta Poru eurekanatu ebezala-ta. Albiste onek, guri geuri, euskel-izatea maite dogunoi, atsekabezko arantza zorrotzez mindu euskuzan biotzak.

Gernika'k bereganatu dauzan baserri orreitako banaka bati bat-egite ori gogoko izan ba-yako be, zigur-zigur nago geienai mingarri izan yakiena.

Guztiok dakigunez, Gernika'ko uria Lumo'ko lurretan iragia da eta, urteak joan eta urteak etorri, kaleak bere naasi egin ziran, eta leentxuago gerotxuago erri biak bat egin bear. Alkartze onek bere ba-dau bere edesti edo ixtoritxua baiña ez daukat luze idazteko gogorik.

Aiengiz izan genduan bigarren opageia. Oneri etxakon jazo Lumo'lako kale-naasketarik, naiz-ta zoritxarreko Errenteria, ibaia bitarte dabela, Gernika'ri dautsala egon. Aiengiztarrak, alderdi batekoak ez bestekoak, ez eben gura Gernika'ratzerik: Bakarrik bizi izateko gei ezeze geiago bere ba-genduan, ba, Aiengiz; baiña onein ezezkoa gora-beera indarkeriz menperatu genduezan, eta nai ta ezko buztarri orren menpean diraugu, geure atsekabe aundirako.

Urietako auzi ta poblemak ez dira izaten baserrietako lakoak; eta kaletarrak ez dabez ulertu bere egin aal izaten (beste aro edo anbiente batean jaio ta asiak diralako) baserritarren arazu ta joan-etorriak, oneik bere kaletarrenak ulertzen ez dabiezan lez.

Uarrikasiz (esperientziz) dakigu baserriak zenbat galtzen dabien uriakaz bat eginezkero. Leen, geure erria geukanean, jaiegunetan-da, batez bere jai andietan, bete-beterik izaten genduan elizea be; an izaten genduzan udaleko (aiuntamentuko) gizonak be euren batzarrak egiten eta abar, eta beste asko bere, arein gerizetara, elizaldera eltzen ziran. Eta orain: elizea utsik, zelaia utsik, pelota-lekua utsik, Elizaldea eremu (desiertu) eta guztia otz eta goibel. Elizea be laster jausi egingo yakula uste dot, barriz, gure abade zintzoaren alegiñak-arren, ardurea artu dagikean agintaririk ez iñor ez daukagulako. Geure buruaren jaube izan bagiña, gure eliza zaarrak ez eban izango, aurki, daukan beste itugin eta arrakala. Egunen batean, parrastaden bat eginda, geure abade jauna edo eliztarren batzu ondatuko dauzan bildur naz.

Izakera guztia galtzen dabie, ba, erriak, beste aundiago baten menpean jausi-ezkero. Au jazo izan da gurean, eta bardin jazoko besteetan be.

Baserriak ondo atontzeko baserritarrak izan bear alkate ta erriko joan-etorriak atondu dagikiezan beste agintariak be. Eurek baiño bestek ez ditu ulertzen, ba, euren arazuak. Abarkadunen eta oski (zapata) punta zorrozdunen artean alkar ulertu eziñeko esi sendoa dago; ta nai izanda bere, ezin alkar ulertu, aziera bardiñekoak ez diralako.

Ez dot uste orain opagei izan diran erriak bakarrik bizi izateko izan ez diranik. Olakorik izanezkero obeto egingo eben Arratsu ta Nabarriz alkarreaz batu ta Poru'k eta Murueta'k bere bardin. Aulan, guztiak baserritarrak, obeto atonduko zirean, baserriak-baserrietara. Zigur nago!

Erriak «alkarganatze» au, ganera, geure izakerearen aurkako da eta ezin onartu daikegu euskel-izatearen zentzun apurrik geure gogoetan dogunok, geure bizikera, oitura, ekandu ta kristiñautasunaren ondamendira garoazalako.

Zoriontsu, pozik eta eratsu bizi aal izateko, erriak be euren buruaren jaube izan bear dabie, naiz-ta txikiak izan; ostantzean ez dago gizonaren duintasunik ez zorioneko bizitzarik.

Aurre-Apraiz


Eleiza gaurko munduan

ESPAÑA: Madrillen ospatu dan seglarren apostoladu-batzarrean, langilleen ordezkaririk ez

BRASIL: 37 Gotzaiek langilleen alde izenpetutako telegrama bat laterri-buruari

BOGOTA: Konzilio osteko lenengo Eukaristi-Batzarra. Konzilioak eta «Errien Aurrerakuntzak» (Populorum Progressio) eskatzen daben gizarte-barritzeari garrantzi berezia emongo yako

España

Lorailla'ren 4'tik 7'rarte Madrillen seglarren apostoladu-batzarra ospatu da. Bein da barriz, España'ko Ekintza Katolikuaren krisisa ta larri-miñaren ezaugarria izan da. Elizako langille taldeak ez dabe parte artu. Onek zerbait esan gura dau.

Ekintza Katolikuaren Langilleen Anaidiak (H. O. A. C.) Guerra Campos Gotzaiari zuzendutako eskutitz batean, zabalki agertu eutsozan euren jokabidearen zegaiti ta errazoiak. Anaidi onen eritxiz batzarrari emon jakozan joera ta erakundea ezin daitekez ontzat artu. Españako Eleiz-nagusiak, batzar onen bitartez —diñoe Anaidiko zuzendariak— seglar langille taldeak gaurko erlijiño ta gizarte arazoetatik aldendu gura dabez, edo beintzat, igesbide bat lez eskeintzen dabe.

Bestalde, batzarrean gazte gitxi nabaitu da. Batzarkideen urteak: berrogei, berrogei ta bost urte inguru. Orregaitik, batzarrari gaztediaren sua ta bizitasuna falta izan yakoz.

Seglar-Batzarra izanik, lautatik bat abade ta erlijiosoak izan dira. Interesgarria... Garbi dago Eleizako seglar taldeak eleiz gizonen menpean bizi dirala, aurtzaroan..., ezetarako askatasun barik.

***

Ta, Euskalerriko Eleizeak zer? Madrilleko batzarrean ezin daitekez geure erriko prolemak erabagi. Geure izakera ta arazoak ezbardiñak dira. Noiz egin bear dogu Euskalerrian eleiztar guztiok Batzar Nagusi bat, geure erriko prolemak argi ta garbi zeatuaz? Konzilioak ez ete dau geure lur aldean ondoriorik emongo?

Brasil

Brasil'go Gotzaiak gizarte arazoetan aurrera doaz. Oraingo onetan, 37 Gotzaiek izenpetutako telegrama bat bialdu deutsoe laterri-buruari, «Perus» deritxon zementu lantegiko langilleen oporra (huelgea) aldeztuaz. Langille oneek jorrailla'ren 22'tik zor yaken lansaria eskatzen dabe.

Brasil'go Gotzaien jokabide txalogarri au askorentzat «demagogia» izango da. Gizonaren eskubideak aldeztutzea «demagogia» bada, zorionekoa...!

Bogota

Konzilio osteko lenengo Eukaristi-Batzarra Colombia'n ospatuko da. Konzilio osteko lenengo Batzarra izanik, Konzilio kutsua eroango dau. Orregaitik, katoliku ez diran anaieri be dei egin yake.

Orain arteko Eukaristi-Batzar geienak oso azalekoak izan dira: eleiz-bira (prozesiñoa), erromes talde ugariak... ondorio gitxiko batzarrak.

Colombia'ko Batzar onetan, kristiñau bakotxaren bizitza osoa barriztu gura dabe. Orretarako, alderdi guztietako jakintsuak ikasketa sakonak egingo dabez, batez be gizarte arazoari buruz, Konzilioak eta Errien Aurrerakuntzak (Populorum Progressio) eskatzen dauan erara.

Felipe Izagirre


Biozkadak

Nik esan dagikedazan biozkadak uskeriak baiño ez daitekez. Baiña bizi-bearraren arrapalada gaikoiak geure biotzetan isten dauskuzan utsuneak betetako bere biziko doguz, uskeriok, aldi ontako bizikera zaratatsuan.

Sekula eskuratuko ez daben zeozeren billa doala, itsumustuan, dirudi egungo gaztediak: Kizi-indar-aroak zabaldu dauzan laiño arrotzak aurrea lauzoturik, gitxi batzu baiño ez dira, ba, Izadiak daben benetako eder eta ona onesten dakienak.

Orraitiño ba-dira, banakatxurik, geure izatearen sustrai eta guna maite dabienak bere; ta maitetasun onek eragiñik beste geienakandik bakantzen diranak.

Arritu eta poztu egin nintzan.

Iñoz bere ez dot ikusi izan, ba, ordurarte, iñor, euskerazko albiztaririk irakurten, gure orgadietan.

Gaztedia oratzen asi ba-dadio, indarbarritu ta sendatuko da gure izkuntzea, esan neban neurekautan. Eta biozkada onek ezarri eustan pozak luzaro iraun eustan neure biotz atsekabetuan.

Leengo batez, Gernika'ti Zornotza'ra bitartean, ondo jantzitako mutil gazte bat yoian, neure alboan, orgadian.

Mutil arek ANAITASUNA eroian esku-artean, eta zeatz irakurri bere egin ebala uste dot.

Nik neuk ez dakit nungoa ez zelakoa zatekean a, gazte euskeltzale a: Euskerea ebillan atzamarrartean ezeze gogoan bere; eta, gogailaria (idealistea) zan, urrean.

Mundu barriko arrapalada iskanbiltsu ta gaikoi (materialista) onetan ez da edonun aurkitzen, gero, nozik-bein bederen gogo-barrura begiratzeko astirik izan daroan gizasemerik. Ez orixe!

Aurraitz


Triunfalismoa Españiko Eleizan?

- Egia ez ikusi naia?

- Gotzain, abade ta laikoen Konzilioko dotriñeaganako obedientzirik-eza.

- Gure jokabidea?

Estadistikak diñoena

Urte oneitan estadistika asko egin dira Españiko Eleiz barrutietan. Geientxoenak oso ondore pozgarriakaz gaiñera: 98 % katolikotasuna gorestuz, alegia. Egia ete? Ez naz eritxi orretakoa. Eta ezta be Rogelio Ducastella, «Instituto de Sociología y Pastoral Aplicadas» zentroko zuzendaria. Oraindik denpora gitxi dala, Konzilioaren 600 lankidegaz, Españiko mailla guztietako 30.000 gazteri enkuesta bat egin deutse. Eta zer?

Oneixek dira galderak eta erantzunak:

1.—Ze gurari edo asmo daukozuz?

—25,5 %: «ondo bizitzekoa».

—22 %: «famili bat formatzekoa».

—«Nire profesionalismuan igotea», «munduaren alde lan egitea»... Garbi ikusten dogu erantzun oneek esan gura dabena.

2.—Zure erlejiñotasuna

a) Otoitza.

—13,2 % egunero otoitz egiten dabe. Oneetatik 19,3 % gauean, oerakoan; eta 6,6 % goizean, jagiterakoan. Geienak arriskuan aurkitzen diranean.

b) Konzilioaren gaiñ.

—52 % telebisiñoak esan dauanagaz bakarrik geratu dira, geienak. Ba dira batzuk zerbait irakurri dabenak be.

—31 % zerbaiten gaiñ enteratu dira, baiña ez dabe ezer irakurri.

—15 % ezer ez dakienak.

d) Konforme zagoze emoten jatzuen erlejiñotasunagaz? Gurasoak emonikoagaz?

—11 % baietz erantzun dabe.

—74 % ezetz: tradizionala izan dalako, oso legalista, moralista...

Kolejiotakoagaz?

—61,8 % ez dagoz konforme. Geientxoenak errazoi au jartzen dabe: «nai ez bada be, eragiten dabelako», «erlejiñoaren parte illuna bakarrik erakusten dabelako», «gauza asko modatik pasa diralako»...

e) Erlejiñoaren gaiñ formaziñorik euki dozue, txikitan dotriñea ikasi zenduenetik?

—60,8 % ez dabe ezer ikutu gai onen gaiñ.

—31,4 % zerbait ikasi dabenak.

3.—Abadearen gaiñ eritxia

—53 % ona dauke.

—39%, txarra. Eta errazoi oneek jartzen dabez: «besteen kontura bizi dan jauntxo bat da», «Eleizearen funzionario bat da»...

4.—Eleizearen gaiñ eritxia

—39 % txarra dauke: «Eleizea Gobernuagaz bat eginda dagoalako», «gaurko problemeri erabagirik emoten ez deutselako»...

—28 % ez dabe erantzunik emon.

—30 % erdiko posturea dauke: ez bat eta ez beste.

Ducastellak au ikusi ostean, gaurko gaztedia krisis aundi bat igarotzen ari dala diño. Esan bearrik be ez dago, begiak euki ezkero. Eta krisis au igarotzean norako jokabidea artuko dau gure gaztediak?

Geurea da erantzuna.

Egi zaletasuna eta eleiz obedientzia

Gauzak garbi ikusi doguzalarik, egia gureganatu daigun. Egia osoa eta ez erdia, Españiko Eleiz barruti batzutan lez. Ori ez litzake geure burua engañatzea besterik. Eta egia, dan lez artzeko, umiltasuna bear, askotan latza izaten baita. Eta umiltasun onek eroango gaitu, orain arte jauntxo batzuk lez bizi izan bagara, emendik aurrera beste guztieri serbitzera. Eta gaurko jenteari serbidu ta lagundu nai badeutsagu, bearrezkoa dogu alkar-berbetea, dialogua. Laikoak zer pentsaten daben jakitea. Norberaren eritxiak beti dauko garbitasun guztia ez eukiteko arriskua, iñor ez baita mundu onetan gauza guztien gaiñ dakiana. Orain arte euki dogun zentralismoa ba, jausi bearrean dago. Eta nik uste dot gaurko gaztedia kristiñau bidetan olantxe sartuko dogula. Eta olantxe batak besteari konprendidu ta lagunduaz gaurko munduari jirabira emongo deutsagula. Baita ekumenismo jatorra egin be. Gu erdi ipurdi gabiltzala, ez daukagu ekumenismoa egiterik. Aurrena entendidu gaitezan geure artean eta gero besteekaz berba egin. Gauza oneek danak gure artean, kristiñau guztion artean, betetzen badira, gure artean batasun eta alkar entenitzea egiten dogunean, orduan Eleizatik kanpoan dagoan jentea be gureganatuko jaku.

Gaurko gizonari gaurko dotriñea

Gizonak, gizona danetik, beti izan dau bere izakeran alpertasunerako griña. Gitxi edo geiago, danok daroagu geugan txar au. Eta onek esan gura dau, alegin apur bat egin baiño naiago dogula jezarrita egotea.

Auxe pasaten jaku baita bere erlejiño gaietan. Orain arte egindako bearragaz emendik aurrera be jarraitu nai. Teoloji gaiak sakonduteko denporarik ez, baiña bai periodikua irakurteko. Eta gero zer? Ikusten doguna. Gaurko jentea nazkatuta dagoala erakusten dan erlejiñotasunagaz. Gaurko gazteak egi zaleak dira. Eskatzen deuskue, mito guztiak alde batera itxi sakonki Kristoren esana erakusteko. Gaurko gizonari ez dago, orain dala berrogetamar urte emoten zan lez, dotriñea emoterik.

Gaurko Pastoral, Katekesis eta Teolojia beste modu batera emon bearrean gagoz. Egiak beti bardiñak izan dira, baiña ez erakusteko bideak. Au gaurko teologoak erakutsiko deuskue. Orretarako lan egin bear.

Itxartu gaitezan lozorrotik, Konzilioak diñoskun lez. Konturatu gaitezan urte gitxitan munduak jirabira osoa emon dauala. Eta onek esan gura dau gu be zerbait aldatu bearrean aurkituten garala.

Zer? Zetan? Bakotxak ederto daki bere barri.

J. R. Etxeberria


Euskera yenka-dantzan, Urduliz'en

Arrigarria da, ezta? Baiña egia, neuk ikusia da-ta.

Batzuk uste izango dabe «aurrera, aurrera, atzera, atzera» egite ori, oraingoa dala. Baiña bai zera! Aspaldi dala asi eban dantza ori euskerak, eta eztakit noz amaituko dauan.

Zer dakardan? Ara, dantza orretan diardu euskerak Urduliz'en, 30 urte onetan beintzat. «Aitaren» egin gura badozu, egin, baiña ondiño andiena esateko daukot. Dantzari, euskera «zarra», ta soñu-iotzalle, abadeak. «Aurrera, aurrera, atzera, atzera». Ogetamar urte dantzan. Neuk ikusikoa da.

Orain 30 urte edo, anai bi etorri ziran abade Urduliz'era. Aldi aretan Urduliz'en ez egoan erdaldunik; eskola maixu-maistrak be euskera ekien. Alan ta guzti be etorri iakuzan abadeak, Abadiño'ko semeak, erdera baño obeto euskera jakin ta be, ez euskuen eguno euskerarik egin. Abade onak ziran, baiña gure nortasuna ez eben onartzen. Egun txarrak be ba ziran ordukoak. Eleizak be ondiño gaurko irakatsirik emon barik eukan eta. Pio XII-garrenaren egunak. Aldi aretan, 10 urte, euskera «atzera atzera» ioian. Erdera eleizan, erderaz dotriñea; erderaz autortu, erderaz otoitz, erdera utsa eskoletan. Eskarrak Iainkoari, guraso onak emon euskuzalako. Ondo ezi ginduezan. Gurasoei eskarrak, errian euskera gendun nagosi.

Abadiñotarrak joan ziran eta guk negar, maite genduzalako. Asturias'ko atzerritik ara non iatorkun Ataundar seme zintzo bat. Gerra aspaldi galdu gendun, baiña guretzat orduntxe eldu ziran «gorriak». Gure euskal gogo makalak sendatzen, lan ederra, baiña neketsua egin eban D. Juan Ayerbe'k. «Aita Gure»-rik be ez genkiala aurkitu ginduzan. Eleizkizun guztiak erderaz egiten zirala. Landara okertuak zuzentzea lan nekeza; txarto ezitako umeak oneratzea nekezago. Asiera baten ez gendun maite izan Ataundarra. Umeoi etxakun sartzen euskaldun dotriña, erderara gengozan ezibidez. Goserik luzaro egonda, goseaz erkindu ta gero ez-iatera jarri danari, jan-arazotea lorra da gero! Emollearentzat beste, artzaillearentzat. Neke ori izerditan, baiña ederto goitu eban D. Juan'ek. Apurka, tantaka-tantaka, eroan ginduzan geure lengo senera. Eleizako aginduak, ataundarrarentzat be aurrekoentzat egon ziranak egozan, baiña biotza ez eben bardiña. Ba ekian D. Juan'ek, guk ezetz esan arren, gure eskubidea zein zan. Itotzera doan umeari iñok eztautso esaten: «Gura dozu ataratzea uretatik?» Ez orixe. Eskubidea dau bizitzeko ta naiko da. Atara egingo dogu. Zer dala-ta ainbesteko bigunkeriak, beti, umeeri euskeraz ezer ernon bear dautsegunean! «Gurozu» geixoari esaten jako. Eskubide bat daukonari, eztago a ukatzerik berak bestera gura badau be. Ederto D. Juan, zugaz be amar urteko yenka izan gendun Urduliz'en, baiña «aurrera aurrera» zan zure jokabidea.

Alako baten joan zintzakuzan ba, zeure gogoz, Ezkioga aldera. Agur, gureak egin eban. Aldatu zan dantza, arrezkero «atzera atzera». Ezendun egirik esan, D. Juan, joatean onako au esatean: «Datorrenak nire marra onduko dau».

Kanpotarrentzat be abade garala. Maixuek ain ederto dotriña erderaz erakutsi ezkero, eztagola bear barririk zetan artu. Euskera zaintzeko ez gara abade egin (erdera edonun egiteko bai antza). Gotzaiñak be bedeinkaziñoa ta zorionak, ume guztiak erderazko dotriñan ikusita. Len be tiroak artuta gagozala-ta, «atzera atzera» yenkan.

Gure erria ia ilda dago. Neuk ikusi dot.

Bagillak 25; «euskal-jaia» dalako bat eleiz-ondo landan. Brusadun eta buruko pañoludun asko. Larregi. Umetxuak, Urduliz'ko ume politak, guztiak edo geienak, erderaz, erderaz, erderaz. Nik ez dot jakin zer egin. «Euskal jaia» barik, «euskeraren kanposantua» ikusi dot Urduliz'en. Euskera barik nora goaz erritar maiteok!!! Abertzale diralakoen umeak; «gora»ka tabernetan ibilten diranenak ikusi dodaz erderaz egiten.

Brusak, kaikuak, buruko pañoluak aldean iñok be eleukez jantzi bear. Ez egizuez ipiñi be egin, ezpanetan erdera dabiltzuen artean.

Gure aurretikoak duban emon dauskuen berbeta ederra, euskaldun egiten gaituzana, zer dala-ta, ze eskubidez ukatu geure umetxueri?

Abadeak errua ba dabelakoan nago, baiña abadeeri errua bota, ta etxeetan danok erderaz, txarto dago. Abadeak erdera, gurasoak erdera, telebisiñoak erdera, radioak erdera, ziñeak erdera, euskaldun maistrak erdera, jitanuek be erdera.

Urduliz'tarrak, alperrik dira euskal jaiak, lotsagarri «gisaduek», euskaldunak ezpagara. Ta laster-laster Urduliz'en eztot euskerarik entzungo; ezta egingo. Negar egingo neuke pozik, nire negarrak min apur bat emongo baleuskizue.

Batek poztuten nau, «Txibirri»-ren antzera zintzo jokatuten daben apurrek. Laugarren ekitaldia asiko ete dau yenkak laster? «Aurrera ta aurrera» egiteko izango al da! Ostantzean, Urduliz neure jaioterria dala esateak lotsa emoten daust.

(Esandakoetan guzurrik dagola uste leukenak, erantzun begi egia dana esanaz. Euskeraz izan daitela.)

Garitaonandia'tar Gotzon


Euskaltzaindiaren deia. Euskal aldizkarien zuzentzaileei eskaria, idazle batzuen zabarkeriz

Euskaltzaindiaren bilkuran, maietzaren 26-an, ontzat artua izan zen Eusebio Erkiaga euskaltzaiñak aurkeztu zuen txosten au zabaldua izan zedin gure aldizkarietara, euskeraren sustraikako jatortasunaren alde.

Euskaltzaleen arteko eztabaida batzuek, ezagunean ematu ta atzendu dirala, dirudi. Alegia, euskal-itzei buruzko eztabaidak. Euskal-itz zaharrak, gure iturburukoak; euskaldundutako itz aspaldikoak; itz sorberriak, zera, neologismu bildurgarri hoiek; eta azkenez, beste izkuntzetarik, maiz eta sarri, batere premia gabe, bolara hontan, nabarmen eta erruz artzen ditugun itzak.

Zeintzuk erabilli behar ote ditugu? Jakiña, esangura egokia duten itzak, gureak baldin baditugu, besteren alorretikakoak gusto zabarrez erabiltea, ez dirudi bidezkoa. Halaere, gazteek geienbat, erdal-iturri zale amorratu agertzen zaizkigu. Dakizutenez, ugoldean dakarzkite erdal-itzok idazlanetara. Maiz, gureak bazterturik eta iñoiz, zentzu ez egokia ta ez ohitua ezarririk, eta gure izkeran, euskaldun jatorrentzat, halako arrozkera ta euskal-gaiztoa sortuarazirik.

Beti entzun izan duguna da hauxe: zera, euskerak iguin duala itza r soillez asteko. Eta lehendik, aldakuntza geigarriak egin izan ditu: Erroma, Erremon, erretolika, erremu, errebida, errespetu, errota, erloju, erligiño, errifa. Eta orain, ordea: rebeldia, relativu, redentore, relazio, eta abar hor dabiltz lasai eta arro. Beste zenbait itz, gaztelaniaz o dutenak bukaeran, batzuetan, u izan ohi dute azkentzat: mediku, erloju, erregu, errespetu, erreiñu, artikulu, azentu. Itz hoiek eta antzekoak, nola genituke jatorrago?

Halaere, lexiku arlo hori baiño ere arrisku andiagokotzat dugu, aspaldion gazteek itzurrenean darabilten aldrebeskeria. Ta hortaz gaiñera, eta batez ere, euskal-aditz formak aldatzean eta atzizkiei buruz, errespeturik gabe jokatzean. Ez ahal zenduten irakurri Urliaren artikulu doakabea, euskal-atzizkien kaltez? Duana ere, galdu egin behar ote du euskerak?

Ergatiku atzizkiaren beharrizanik eta -n atzizkiarenik ere ezpaidute erdal-izkeraz bizi diranek, letra hoiek ere, arriskuan bizi dira. Eta zer esan vokativu gizarajoari buruz? Laster garbituko du, noski, dativu zoroak: «buruan jo dio» entzun ezezik, idatzi ere, askok egiten baitute gaur.

Baiña, hontaz oiu egin nahi dugu oraingoan. Zera, euskal-aldizkarien zuzentzailleak berarizko arreta izan dezatela, euskal-aditzaren formak zaintzeko eta batasun bidera apurka apurka erakartzeko. Artzen dituzten artikuluetan eta albistetan, zergatik ez egin, argitara baiño lehen, txit premiazko diran aldakuntza tipiak?

Eta beste zer batzuetan, nabarmen, baldintzazko ustekizun formak, zera, potenzial supositivu diralakoak, ez ditugu behar bezela zaintzen. Eta hor dabiltz, zabarkeriaz jantzita: «banintzake, balitzake, banuke, bagenduke, bagiñako...» eta abar. Zergaitik ez «banintz, balitz, banu, bagendu, bagiña»?

Are geiago; beste forma hoiek ere: «bagenezakegu», «bazenezakezu» eta abar. Jaunok, ez ote da aski eta zuen «bageneza», «bazeneza» eta hola? Izkerari, berez duan muin eta indarra kendu nahi ote diogu?

Atzizkiei buruzko ixtudioa egitea ere komeni izango litzake, gaurko aldrebeskeriak ikusirik. Esaterako, «zure etxetik joango naiz» —zuenera joango naiz, edota etxera joango natzaizu esan ohi genduan guk, gure gurasoak bezela. «Goizetik, arratsaldetik» —goizean, arratsaldean, esan beharrean.

Euskal pentsabidetik atera bagaite eta erdal-pentsabidean zear abiatu, euskerak ez du izango, gure ustez, duan indar eta esangurarik.

Labur: itzurrena zaitu behar dugu, joskera arauak eta atzizkiak orobat, eta aditzaren formak. Osterontzean izkeraren indarra, izakera, moteldu, illundu, ta nahasmendu biurtuko dugu. Eta jakiña, konpreni eziña ditekean izkera ez du iñortxok ere ezertarako nahi izanen.

Eusebio Erkiaga

Euskaltzaiñak


Txori polita kaiolan

A. Felipe'ri

Laguna ta biok, menditik ibillaldi bat egitera ioan giñan egun baten, txori-arrapatzalle bat ezagutu gendun. Txori-zale porrokatua zan. Emon bear iaken ianaria ta ezikera bide dirala, itzaldi luzea izan gendun.

Esan eustazan batzuk, iñoz eztodaz aztuko. Zuk be iakin daizuzan, esan eustazanez diñotsudaz.

«Ikusten dozu emen daukodan kardantxori au? Goiz guztietan lez, gaur be ianari barria ta ur garbia ipinteko artu dodanean, egun oneitan susmatzen neban zerbait igarri dautsot. Ara, oraintxe be begira daukagu.

Ene txori au aspaldi artua da, kaiolan urteak daroaz. Landan, polito iarritako zugaitz adarretan zan bere endako baten deiari iaramonaz, lokarri galgarriak lotu eban, bere erpatxuak abarrean iarriaz batera. Egoak mesklatan lotu ta neure kaiolarako iausi zan.

Ezara arrituko ba, bere mokoaz espetxeko burdin-aria apurtu zorian iarri zala, ba diñotsut. Kaiolaren goian batzuetan, albo ta beian bestietan, baiña beti ekintza berean askatasun zaletasunak eraginda.

Lenengo egunean ian be ez eban egin; edan oztaz-oztaz. Uste neban il egingo zala. Une baten askatasuna emoteko be egon nintzan baiña. Txoritxua aldatzen asi zan, gaur guztiz aldatu da; lengoa ezta au, itxura baten beintzat.

Kaiolako ur-asa orritxu gurenak oso begiko iakoz. Areik egunero iarri ezkero len goibel eta urduri zana, gaur guztiz etxeko ta alai egiña daukozue. Begira bestela ontxe, entzun orren txistu soñua.

Nire txoritxua esango neuke oitu ta bakezale biurtu dala. Lagun egin ete da?

Egaz egiterik eztauka, txori izatetik jatorkon eskubide berezia orixe izan arren. Iñora ioaterik be eztauka, umetxorik be ezin dau azi ta abar.

Guzti orrein ordez, orain ianaria ta «bakea» dauz ugari, orrexek bai. Zenbat-gure ianari iarriko dautsot il ez daiten eta bere abesti ta iauziekaz neure begi-belarrien iostallu izan dakidan. Neguaren bildurrik ez dauka. Ianari billa ioan bearrik be ez. Umerik eztau, ta azi bearrik bez. Azi ta ikusteaz be ezta poztuko gero.

Kaiola ingurutik, batez be eguzki galdatara atara oi dodanean, ainbat txoritxo igarotzen iakoz ondotik, bere endako ta naste.

Alan be ez uste izan gero nire txoriak arein atzetik ioateko ametsik dauanik; bai zera! Ianariak guztiz bertaratu dausku. Ianaria dau bere elburu, «sabela bere iainko».

Arantz eta onantz doazenai orixe diñotse: datozala, iatekorik naiko ba dagola-ta. Baiña areik, ezetz. Euren askatasuna ez dauke edo-zergaitik galtzeko. Oso «idealistak» dira.

Gabonillaren 14'an, nire txoriari atea apur bat zabaltzea otu iatan. Etxe barruan, iakiña ba, zetara egoan ikusteko. Eztakit ba, egaz egiterik ez eukola igarri baeban; dana dala, alegin txikienik be ez eban egin nigandik aldentzeko. Maite ete nau? Lelotu egin ete da?

Nire txoriak nortasuna galdu daualakoan nago. Ianariaz maitemindu danetik, txoria be ezta. Egaz egiten, ta bere erara abesten aztu egin ete iakon be ba nago. Beste bat da au.

Txori izatea guztiz galduko baleu be, miñik ez neuke artuko, ez dot sekula maite izan-ta. Bere gorpua igartuta gero erakustoki baten iarriko dot, etorkizunekoak bere barri izan dagien. «Txori bat izan zan» diñoaken idazki bat iarriko dautsot oiñean, katuen batek lenago iaten ezpadau.

Egaz aurrera egin daben txoriak arduratzen nabe, zer dala-ta ez ete dira nigaz gelditu? Onek maite ez, ta areik iges, beti narabille trabes.

Aurrera egin daben txorien erruz, enda ezta galduko, ta iostallurik gura dodanean, beti ibilli bearko dot euren atzetik, atrapa eziñik eta eurak menperatu eziñik.

Zer ete dau askatasunak txoriak be onenbeste maitatzeko?».

***

Iazokun au irakurrita gero, zerbait antzeko iazo iakon gizon edo erriren bat bururatzen baiatzu, ara gero, uts andirik be eztozu egin.

Txori polita kaiolan

begiratzen dodanian,

Orduan zaukaz ene «Felipe»

neure gogoan.

Txorizale


Gazte bat Askatasuna eskatzen [Bertsoak]

(«Ezkongaietan zerbait banintzan» lez abestutzeko)

Askatasuna bear dogula

Gaiñera errazoi bidez,

Neu bere, gazte, orretan nago

Askatasunaren aldez,

Jakin bear da onerako dan

Ala Erriaren kaltez

Artu baiño len zer eiten dozun

Ondo konturatu zaitez.

Zure gurari orrek poztuta

Emen naukazu begira,

Ikusten danez Askatasunak

Emoten dautsu ardura.

Baiña Erriak zer bear dauan

Kontuan jausi al zara?

Lortu baiño len ez al dau oba

Erri jakintzen kultura?

Askatasuna bearreko da

Neu bere orretan nago

Baiña erria gertau bear da

Au lortu baiño lenago.

Gizatasunez eta kulturan

Erria lotan badago,

Lokarripetik askatu arren

Ez gara urrun joango.

Gure Aberriak gaztediaren

Laguntza dausku eskatzen.

Baiña dirausku ikasteko ondo

Bere problemak ezautzen

Zarata egiñez ez dala erreza

Erri lotu bat askatzen

Eta gaitzago kultura barik

Bere eskubideak zaintzen.

Orra or, gazte, nere eretxia,

Parkatu oker banago.

Beti izan naz gazte zalia

Gaur bere zuekin nago.

Gizonak izan eta ikasi

Geroago ta geiago

Euskal Errien etorkizuna

Zeuen eskuetan dago.

1967 — Enbeita'tar Balendin


Gure lotsagarria

Aurtengo Euskalerri'ko Bertsolarien Txapelketan enaiz izan. Aurreko txandan gertatu zirenak gertatuta, ez neukan gogorik, eta ez iat damutu... Bildur nintzan eskandalua, arima mingosturik eta oiñazetan odoldurik itxi eustan gertakizun laidogarria (iraingarria) barrizturik izan baita oraingoan. Barrizturik eta anditurik, esango neuke gaiñera.

Lapurdi'ko, Benaparroa'ko eta Zuberoa'ko anai-arreba maiteak, zueri natorkizue, begi-apalik eta biotz mindurik parka eske, Gipuzkoa pekatari onen izenean, pekatu egin baidogu, bein eta barriz, andi-ustez, hutsalkeriz (buruarinkeriz), urguilluz... Eta arrotzeko motiburik izan ba'gendu, gaitz-erdi! Baiñan gure arropuzkeria ez-jakiñaren seme doillorra besterik ezta izan.

Orain aurreko bertsolari txapelketan gure Mattin maitagarriari jo eutsoezan txistu-otsik mingarrienak... Plaza-jende a, basatien gixa, erotu bearrez txistuka eta oiuka ikusirik, neure onetik atara nintzan eta asmo sendo bat artu neban, Gipuzkoa'n eratutako bertsolari saiotara ez geiago joateko, gure jendea —Gipuzkoa'koa, alegia—, edukatu bagea, ezi bagea baitago eta eztaki iñori errespeturik eta begirunerik gordetzen. Egun aretan, egia esan, giputz izateaz lotsatu nintzan, ez bai-neban uste gure jendea era orretan loitu eitekeanik eta arrotu nintzan nire Napar jatorri oparoaz eta Zuberotar jatorri apurraz eta areago arrotu, emaztearen bitartez, nire ondorengoetan Xalbador'en ibarreko odola txertatu ahal izan dodalako.

Zoritxarrez, orain bi urte Mattin'ekin gertatu zana, jazo da orain Xalbador'ekin. Geuron etxera arrotz ekarri dogun gizona, berak —joan dan igandeko (Bagillaren 11'an) bertso batean autortu lez—, ainbeste maite gaituana, arrikatu egin dogu, kurutzean josi eben Kristo'ren antzera, eta bere bizi guztiko arantza bat sartuta etxera bialdu. Zer pentsatuko dabe Lapurtar eta Benaparrek gure gizalegeaz? Zer eritxiko deutsoe gure gizontasunari, gure euskalduntasunari? Noiz emon deutsee orrelako traturik Lapurdi'n edo Benaparroa'n Bidaso'z emengo bertsolarieri? Eguno bez. Lenagotik, arrerarik beroenak egiten deutseezala entzun izan deutsegu beti.

Baiñan, lerro mindu oneek egiterakoan, eztodaz Mattin eta Xalbador bakarrik defenditu nai, baita Euskaltzaindiak izendatu eban epaimaia bere. Izan be, plaza-jendea —eztiñot danakaitik, baibaitakit asko ta asko, geienak esango neuke, Epaimaiaren eta Xalbador'en alde egozala—, ez-jakiñak eta inkulturak emon oi dauan ausardiz jardun baitzan protestaka, txistuz eta oiuz bai Xalbador'en kontra eta bai Epaimaiaren kontra. Eta emen pekatu bi dagoz. Bat karidadearen kontrakoa, Xalbador'ek ez eukan errurik-eta, Epaimaiak bere leikidea baztertuz bera aurrera pasa ba'eban, eta bestea arrokerizkoa, Xalbador'en mintzaira (izkuntzea) ulertu eta edoski (bereganatu) barik, Epaimaiaren gaiñetik jarri nai izan ebelako. Eta jakiña, pekatu biok irugarren bat dakarre erantxiririk, justiziaren kontrakoa Xalbador'ekiko eta Epaimaiarekiko.

Eta enaiz arinki mintzo (berba egin) gure plaza-jende orren aurka egindako salaketetan, askori entzun baideutset esaten Xalbador'i ez deutsoela tutik ulertzen. Onetaz enaiz bapere arritzen, nik neuk entzunean asko galtzen baidot, Lapurdi'ko, Benaparroa'ko eta Zuberoa'ko euskalkiak liburuz ikasia naizelarik eta Xalbador'ek alegin guztiak egiten ditularik gipuzkoarrak ulertzeko eran kantatzeko. Eta errealitate onen sendogarri, Basarri'k bertso saio onen ostean —eta zenbat bider ez!— esandakoa aldatuko dot: «Mugaz bestaldeko bertsolarieri etzaie (ez iake) emen bear bezela (legez) konprenditzen... Erdi baraurik gelditzen da jendea».

Beraz, zelan ausartzen da jende ez-jakin ori, ulertzen eztauana juzgatzen? Zelan ederretsiko (apreziatuko) dabez Xalbador'en bertsoak Lazkao-txiki'renak lez, aren euskeraren barri ezpadakite? Onek gogora ekarten deust español baten —batena eta askorena bidebatez— izpidea, euskeraganako gorroto-irakiñean, gure mintzaira sasi-izkuntza bat —«un chapurreado»— zala esaten baieban. Eta nik ari: Zelan esan daikezu ori gure izkuntza ezagutzen ez badozu? Au da, zelan juzga daike gizonak, ezagutzen eztauan gauzaren eder-itxusirik? Postura onetantxe jarria dogu, bada, Epaimaiaren eta Xalbador'en kontra jardun zan basati-talde a.

Gipuzkoa zorretan dago Mattin'ekin eta Xalbador'ekin, egindako kaltearen ordaingarri, eta gauzak luzatzen eta ahazten itxi barik, omenaldi bat egin bear litzakioe asmo onexegaz. Bere arerioeri ahapaldi unkigarri au eskiñi eutsenak ori ta geiago merezi baidau:

Anai-arrebak, ez otoi, pentsa,

neure gustura nagonik;

poz gehiago izango nuen

albotik beha egonik.

Zuek ezpa'zerate kontentu

errua ez daukat ez nik;

txistuak jo dituzute bainan

maite zaituztet oraindik.

Xalbador, Gipuzkoa'ko seme zintzuak zurekin dagoz eta oker egin ebenak, nire ustez, damutuak.

Yon Etxaide-Itharte


"Bilbo egaleko kontuak"

«Mundu andian kontu andiak ta gurean andienak.»

Esakera au milla bidar entzun dogu.

Ainbat jende errukarri bizi dan Bilbo andi orretan be makinatxobat kontu samingarri izango dira. Ta eurak damotsen naigabeak eraginda lez Zelayeta euskal idazleak kontu orrein zauri gordina agirian jarten dausku. Bilbo egaleko gertaeren mingotztasuna edan eragiten dausku.

Azkenengo kontua niri gaur berba oneik idaztera bultzau naben «Emakume Amorostua» izenekoa da.

Kontu au egia dan ala ez ezin izan dot igarri. Egia bada be ipuiñaren itxura naikua ba-dau.

Dana dala Zelayeta'k agertzen dituan kontuetan abade ta eliztar jendea lurra baiño berago gelditzen da.

«Igalietatik ezagutuko dozue zugatza» —Jesukristo'k esan eban.

Kristiñauon edo katolikuon egintzak txarrak bakarrik badira gure erlegiñoia ezin daiteke egizkua eta zuzena izan.

Beraz katolikotasunari ezetz emotea litzake jokabiderik zuzenena.

Baiña ez; egia, katoliko dirala diñoen askok okerkeri ugari egiten dabe ta jokabide orregaz Eleizeari kalte naikua egin be bai.

Baiña, baita be egia da Eleiza katolikuak ta eleizaren izenean lanean diarduen askok on ugari egiten dabela mundu zabalean. Nik Bilbo'ko konturik ez dakit, baiña Bilbo bertan be makiñabat errukarrirek izango dabe eliz bazkunen laguntza.

Nik ez dakit zer asmogaz Zelayeta'k kontu orrek modu orretan idazten dituan. Bear bada katolikoa izango da ta Elizeari on egin naian akatsak agirian jartea jokabiderik onena dalakoan dago.

Baiña, nik ez dot ikusi komunistarik edo erregetarrik edo beste iñongo alderdikorik euren agintariak modu orretan lurperatzen erriaren aurrean.

Norbere erlegiñoiaren edo alderdi politikearen ona billatzen dabenak bertako akatsak beste modu batera zuzendu nai izaten ditu.

Ta oneri lagata eldu deiogun berak kontatzen dauan jazoerari.

Emakume beartsu bat gaztetan emagaldu biurtu zan. Gero zartzen joala konturaturik gizon bategaz lotu ta senar-emazteen bizitza egiten joan ziran.

Iru ume izan zituen ta zarrena alaba ezkontzeko jarri zan.

Ezkontzan, alabaren ama bera izan zan amaponteko edo madrina. Ta abadeak ezkonbarri bieri eta padrinuari Gure Jauna emonda gero amari ukatu eutsan danen aurrean berea ez zan gizon bategaz alkartuta egoalako.

Ta andre arek artu eban lotsariagaz iñun diranak esan eutsazan abadeari.

Nik emakume a zein dan ez dakit. Gaiñera ziur ANAITASUNA ez dau irakurriko.

Beraz, Zelayeta jaunari erantzutea bardin izango da naita berak edestuten dauan jazoeraren komentariorik egin ez.

Zelayeta'k ba-daki, katolikoa bada beintzat, pekatuan ezin daitekela Gure Jaunarik artu. Ori egiten dabenak sakrilejioa egiten dabela. Ta abadeak, ziur badaki norbait pekatu aztunean doala Gure Jauna artzera ezin deiola emon, bestela berak be oben aztuna egiten dauala.

Ta elizaz ezkondu barik bizi dana pekatuan bizi da.

Beraz zuzen jokatu eban abadeak.

Gitxiagogaitik Gure Jauna ukatzen ikusi izan dogu.

Ta goazen aurrera.

Ama a ziur itxura egitearren joan zan Gure Jauna artzera, ezkontzako oiturak betetera. Bestela, lenago be joan izan balitz lenago ukatuko eutsan ta orduan ez zan joango.

Baiña, laga daigun kontu au eliztar modura aztertzea.

Andra gizon arein artean beste andra edo gizonik egoanik ez dau aitatzen.

Beraz tartean beste iñor ez baegoan zergaitik ezkondu ez alkarregaz?

Ezkondu barik maiteago izaten ete da alkar? Alkarren eskubideak obeto zaintzen ete dira, ijituen moduko alkartze orreitan?

Aotan darabilgun kontu au ez dakit gertaua ala upiña dan. Baiña nik ondoren diñodana egi-egia da.

Guda zala ta al zan tokian al zan moduan bizi izan giñan aldi aretan, nere erritik urrun alkartuta bizi ziran andra gizon bi ezagutu nituan.

Gizona gaztelarra zan ta andrea bizkaitarra. Ez euken umerik.

Igali denda euken. Biak lana egiten eben, andreak geiago esango neuke.

Andik urte batzutara euren itauna egin neban; ea areik zelan bizi ziran.

Auxe izan neban erantzuna:

«Andrea gaixotu egin zala ta banandu egin zirala, dendagaz gizona geldituaz.»

Andrea lanerako gauza zan artean ederto, gero gaixotu zanean txakur zar bat izan balitz lez etxetik kanpora jaurti.

Modu orretariko alkartzea katoliko ezkontzea baiño obea ete da?

Ta amaitzeko: modu orretara idatzitako kontuak zelan ekarri daikeez katoliko deitzen diran aldizkariak?

Ori da ainbat aitatzen dan dialogoa? Ori bada alkarrizketa ni orren aurka nago.

Baiña ori ez da alkarrizketa ez da okerrak zuzendu nai izatea be. Ori beste zerbait da.

Ta naikua da onenbestegaz.

OARRA:

«Amorostua» itza euskeraz entzun izan dabenak beatza jaso daiela.

Kamiñazpi


Urkiaga'tar Estepan "Lauaxeta"

Ioan dan Bagillaren 25'ean, Mungia'n mezatxo bat egin zan, bere gogaren alde. Ikusiko genduzala uste izan gendun asko, eziran agertu.

Ogetamar urte naiko izan ete dira ba, alako gizon bat aztutzeko? Ezin dot sinistu. Mungia'k emon dauzan semeetan, bikaiñik bada, Lauaxeta dogu bat. Itzetan eta egiteetan eder.

Laukiniz'en iaio zan ilteko, 1905'ean. Iosulagunetan ikasketak egin. Erriaren alde il bizitzeko, Gazteiz'en, 1937'ko Bagillaren 25'eko goiz otzean. 32 urteko zan.

Liburu eder bi itxi euskuzan euskaldunoi, euskerarik ederrenean. Gazteentzat ezin obeak dira. Erosi nai leukezan arentzat, ba dira ale batzu Bilbo'n Verdes'-enean.

Emen datorran olerki-zatia ilko eben aurretxuan idatzi eban.

«Iauna! eriotz au, arren emostazu,

koldarrentzat itxi, larrosen usaña.

Azkatasun Deuna, bial egistazu

atzindu nai dot ba, arrotzen iraiña.

Gorputz onek bakez atseden dagian

erri askatuen Egun-andi'rarte,

gudan jaus nadilla zuzentzaren alde,

ez ormari atzez, goiz eder argian.

Eta bake donea sortuko danean

neure azur otzak besteenakin batu:

eresi gurenaz lagundu bidean

obi bakar arte, baiña arren bukatu

oroigailuaren maitasun itzala,

Kristoren gurutzaz. Beragan ditxarot.

Iosu'ren fedea besterik eztaukot.

Erri zintzo, onenak, zaindu dagiala

il gintzanen atsa il gintzanen aala.»

Zabale


Ezagutu zure erria

Mungia

 Bariku goiza da. Eldu barri naz Mungi'ra barri batzuen billa. Mungia, Bizkai'ko erri andietako bat da. Ospetsua antxiñatean; bizitasun andikoa gaur. Barikua danez, azoka eguna da. Inguru guztietatik, bideak betean datoz andrak astoak lagun bendeja saltzen. Egazti, lur-sagar, frutea asko, arrautzak, ortuari; ezertxo be ezta falta. Arrautzen amabikoa 45 pesetan saltzen ikusi dot. Gure amamaren aldian, 3 errealean saltzen zan dozena arrautza. Au dok aldakuntza, au, amama!!!

Alan be, aldakuntza, orretan bakarrik izan balitz. Baña Mungia danean aldatu da: azalez eta mamiñez. Obeto esan, aldakuntza ondiño ezta amaitu. Egiten ari da oraintxe; ta aldakuntza guztiak daukena dau emengo onek be. On batzuekaitik, onenak galtzeko arriskua. Zur iokatu bearra dogu onetan.

***

Mungia'k, 7.300 bizilagun dauz gaur. Oneitatik 900 inguru, atzerritik etorriak dira.

Euskaldun zenbat?

Kale-kalean bizi diranetatik, 3'tik 1 erdalduna da. Erdaldunotatik 100'tik 3 izan ezik besteak «ekarriak» dira. Enparaduak, euskaldunak. Mungi inguruetan (Laukariz eta Larrauri barruan dirala) euskera iakin ba dakie. Euskera egin, gitxitxok, lotsa diralako edo. Lotsa txarra auxe.

Erdera egitean, albo-errietatik etorriak eztira atzera gelditzen. Iakiña ba, bertoko jauntxoak be, erdera darabille ia beti ta, danok «jauntxo» izan gura.

Euskaldunok jaun izan berez eta jaun izatea galdu, «jauntxo» izatearen truke. Or dozue aldakuntzaren arrisku bildurgarri bat.

Euskera, mungi'ko eleizetan

Mungia'n iru parroki dagoz. Urian bat, Laukariz eta Larrauri'n beste bana.

 Urian: 7 meza dagoz; 3 euskeraz eta lau erderaz parrokian, eta beste bi erderaz, kapilletan. Jai-aurre arratsaldetako meza, inguru guztirako domekarako balio dauana izanta be, beti izaten da erderaz.

 Laukariz'en: meza bi dira, euskeraz.

 Larrauri'n: parrokian bi euskeraz, eta S. Jose'ren «alabetan» bat, beti erderaz. Iai ta astegun, naiz ta berton euskaldun neska asko izan, naiz ta erritar euskaldun asko ioan, dana erderaz.

Ioaten diranak, dirudianez, pozik dagoz alan be, bestela elitzakez ioango. Ni neu, nazanez artzen enaben lekuetara, bein baño enaz ioaten.

 Kristau-ikasbidea: gogorra da esan bearra, baña Mungia'n kristau-ikasbidea euskeraz ezta emoten. Ainbeste ume euskaldun izanta, ete dago ori ukatzeko eskubiderik? Noren edo zeren izenean? Alperkeriaren edo «errez-alde» izatearen ondorena, ez ete da guzti ori? Abade ta erritarren aldetik. Onetan be aldakuntza galgarri baten arriskuan goaz. Laster Iainkoari Aita oso gitxik deituko dautso; oraingoxe be ori agiri da-ta. Ez esan niri gero, mesedez, umeak edo gurasoak gura eztabeiako danik, e...? Ume ta gurasoei beste gauza asko be etxakuz atsegin eleizan, baña iasan bearra daukogu. Alan da ze, beste ori be euskaldunon eskubidetariko bat ba da, ukatzerik eztago.

Siñestea galtzen ei doa Euskalerrian; itxura danez, min andirik eztautse orrek emoten, a zaintzeko daukaguzanoi. Siñestea erein, sendatu ta barritzeko, kristau-bidea ondo irakastea baño obarik zer dago ba? Betor bai laster gure errietara Bizkai'ko Gotzaiñak baiñola aitaturiko «Pazko saria». Emon, emon, geurea da-ta.

Ogi bideak

Au adierazoteko, auxe esatea onena: amabost urtean, 1951'an asita 16 lantoki barri egin dirala Mungia'n. Beste asko, etorteko dira ondiño. Erri au, industrilarientzat oso begiko da. Ta ardura emon leio; guzti orrek dakarzan ondorenak bururatzeak. Arduradunei, olako bururakizunik iatorken, nik iakin ez. Mungitarrok, zer diñozue? Beti ixilik dagona be, gero... Industri asko ipintea ezta gero naiko erri bat aurrera eroateko. Aldakuntza onen irugarren arriskua, orra or.

Ikastolak

Ugari dira errian. Ikasleak be, ugaritu egin dira. Inguru guztietatik datoz Mungiruntz mutillak iakin-egarriak bultzauta. Au txalogarria da benetan. «Zer edo a ikasi bear da», edozeiñek diño gaur. Arrisku bat: gari galdua, oloa, gari garbitzat artzea. Batxiller asko errian, eta «Lauaxeta» nor zan iñok iakin ez. Aur ezin daiteke txalotu. Zer esango zeunkee Mungitarrok, Madrilleko kaleak buruz iakin eta Mungi'ko kaletan galtzen dan bategaitik? Ni enoa esaten, gogorra da-ta. Olako zerbait egin daike benetako Ama itxi, ta ama ordeaz doanak.

Badaezpadako gogorakizunok kendu eziñik urten dot, «Jon Billela», «Matxin Kapitana», «Lauaxeta», «Telmo Zarra» ta beste gizon ospetsu asko emon dauskuzan erri onetatik.

Mungia'ko ibai ederra

len gerdena, oin ugerra,

Mungia'ko ibai urdiña,

len gardena, oin zikiña.

«Lauaxeta»

SALATARI