ANAITASUNA

Kantauriko Frantziskotarrak argitaratua

ANAITASUNA idazti lez agertuko da, aldizkari lez argitaratzeko baimenak eldu artean.

Zuzendaritza ta Banakola

Irala, 8 — Bilbao-12

D. L. BI. 1.251 - 1967

GRAFICAS BILBAO — Gordóniz, 28, 3.º — BILBAO-10

IDAZTI AU 1967-KO MAIETZAREN 27-AN AMAITU EBAN «GRAFICAS BILBAO» IRARKOLAK.


Cardijn Kardenala Gaztea da

Eleizak dauzan gizon ospetsuen bat Cardijn kardenala dogu gaur. Bere aita langillearen gorpu-aurrean langille gazteen aldezlari izatea erabagi eban. Arrezkero bere abotsa lurreko langille guztiekana zabaldu da. Aita Santu Paulo VI'garrenak kardenaltzara iaso ebanean abarrots ikaragarria sortu zan langille munduan; iñok ez eban uste aldi baten gotzain izatera be iñoz elduko zanik. Iainkoaren bideak.

Batzar Nagusian berak esandako itzaldi batetik atara doguz emen datozan esakerok. Onerako izan bekiguz.

«Gaurko munduaren egoeran, gazteak gizadiaren erdia egiten dabe. Ta gizadiaren erdi au, beste edozein bestean ezta artu bear; zatirik biziena ta geroan lanik geien egin bear dauana berau da-ta. Gazte onein bizitza, lengo gazteen bizitzaz oso ezbardiña da. Euren guraso, sendi ta aberritik geroago ta urriñago bizi dira ikasketakaitik, lanagaitik edo iolasakaitik. Iñoz baño alkartuago dagoz, ta iñoz ez lez alkarregaz bizi dira. Aparteko era batez gizadiari dautsen zorra ordaintzeko zein bide artu arabagitzeko kezkaz dagoz ontxe.

«Sartzera doazan eta lanean asten diran mundu au iñoz baño lokaago dago auzi astun eta barrietan. Mundu au bide onetik edo txarretik ioatea gazteen eskuan dago. Baztarrean bakarrik itxita, euren adiñeko eta mundu barri onetako oztopoak gazteok ezin dabez menperatu.

«Augaitik, Batzar Nagusi onek («Eleiza Munduan») agiri onen bidez, dei berezi bat bialdu bear dautse gure aldiko gazteai: euren ustea sendotzeko, eta era berean euren kontzientziaren araura aldi onetarako ta etorkizunerako, bakotxa bere tokian arduratu daiten.

«Baña Batzarrak ez dautse gazteei «gurasokeriz» itzik egin bear, gizontasunez baño, euren erantzun-bearra iakin-araziz. Gure mundua euren naimen azkeagaz aukeratzen dabena axe izango da. Baña sarri askotan, euren zeregin zoragarria egiten ez iake ixten. Batzutan euren erruz iakiña, baña baita era zantar batzuen erruz, eurak zapaltzeko egiñiko legez.

«Agintedun guztiak, erriko nai ostantzeko dirala garbi eta beti, munduko gazte guztiei lagundu bearra dauke, alaitasunez eta biotz-zabalez zeregin au beteaz, mundu osoa barriztau eta landu dagien.

«Eleizak auxe eskatzen dautse, oso maite dauzan gure aldiko gazteei: Kristok bere aldiko gazteentzat eukan maitasuna gogoratuz, gizonen batasuna eta salbaziñoa egiteko, orain eta gerokoan Iainkoa goratzeko, euren onetako zeregin donetzaillean, langille bizkorrak izan daitezala aldi barri oneitan».

Esaera ausarditsua kardenal ule-zuridun onena. Ion XXIII'garrenaren biotzkadak gogoratzen dauskuz «Bakea lurrean» eskutitzean gazteei mundu obe bat egiteko laguntzera etorteko deitzen dauzanean.

Anaitasunak, gure artean biziko bada, gazteen bultzada bearko dau. Gazteak geroaren iaube. Gazteak irabaziko dogu. Kristo, Egia. Garbitasuna, maitasuna, zuzentasuna, indarra, gazteenak dira batez be. Langille gazteak, gure da bizia. San Jose Langillearen itzalpean, gure erriaren alde iokatu daigun egunero al dogun gaiñoan, Cardijn'en deiari iaramon eginda. Uleak zurituarren gaztetasuna ez daigun galdu.

Zabale


Erriz erri

Ermua'tik

A. R. C. E. (Asociacion Recreativa Cultural ERMUA)

Elkarte onen barri emonaz idatzi nai dogu, gure irakurleak jakin daien zer dan. Zorionean azaldu da bazkuntza au, ze bere premiñan agertzen zan gure erria. A. R. C. E. antolatua izan da: Antzerki, Abesti-saio, Erakusketa, itzaldi eta abar emoteko; berba baten, jakintza gure errian zabaltzeko.

Elkarte onen jaiotza zor deutsegu: Victor Elejondo, Luis Maria Izaguirre, Pablo Guridi, Moises Gorozabal eta beste antzerki taldeko adiskideeri eta baita bere «Gazte-Leku» taldeari; bertakoak dira: Rikardo Alaba, Zorion Mugerza eta abar. Gazte ta zar alkarturik urten deusku itxaroten genduan Elkarteak. Ondo etorria izan daitela gure artera!

Gogoz ekin deutse, eta bear asko egin dabe denpora gitxian. Orra agerketa batzuk: Aurren margo-agerketa, bi bider; Osagille itzaldiak, 3 aldiz. Lege-gizon batek berba egin eban «gizarte-auziari» buruz. «El Caserío», 3 edo 4 agerketa. Eibar'ko margolarien Agerketa, eta zine forum, beste gauza askoren artean. Bizkaiko Abes-txapelketa, Agate deunaren abestiak, ta orretara beste gauza asko.

Ermutarrok! Danok alkarturik geratu gara Elkarte onetan. Jarraitu daigun aurrera gure arloan.

Aranberria

Zaldibar'etik

Koral'eko izparrak

Urteko batzar nagusian, elkarte orrek, asmo ugariak artu ditu. Orreitariko batzuk oneik izan dira:

Ajedrez txapelketa, Pelota txapelketa, Mendi ibillerak, Liburutegia geitu, Dantzariak errietara zabaldu, abar eta abar.

Antzerki taldea

Zezeillaren 19'an, erri onetako antzeslariak, Otxandio'ra joateko dira, «Aitona ta Billoba» Garitaonandia apaizaren antzerkiagaz. Orretarako gertaketak egiten dabiltz, eta esan deuskuenez, beste antzerki barri bat ikasi bear ei dabe, gero, lenago egin eben antzera, inguruko errietan ipinteko.

Gure baserritarrak

Pozgarri jaku, gure baserri gizonak aurrerapen zale dirala ikustea. Eliz gizonak antolatuta, itzaldi bikaiñak izan ditue. Gai onetan lan asko egin bearrean gagozala nok ez daki?

Asikerea emon yako, eta jarraitzeko asmo onak artu dira. «Extensión Agraria» deritxon elkarteko maixuak zuzendu ditue itzaldi orreik. Eurak esanda dakigu, Zaldibar'en lez iñon ez dala ienterik batu. Ondo amaitzeko ibiltaldi edo exkursiño bat egiteko dira. Guztiz ondo iruditzen yaku. Jarraitu olantxe.

Eriotza

Urtarrillaren 27'an il zan Solozabal baserriko, Eugenio Urizarbarrena. Bere semeei laguntzen deutsegu atsekabean.

LASUEN

Elorrio'tik

Olakueta'ra jo gura ba-dozu oñezian, bide asko laburtuko dozu kaletik killometro bat ingurura zeure eskuma aldian ikusiko dozun galtzadea artzen ba-dozu. Aitearen egin ordukoxe Liorreta'n aurkitzen zara. Miota eta Leiztarrentzat egokitasun aundikoa, barriz, bera.

Azalpen edo esplikazio au emon ba neutzuen orain iru illabete dala, esate baterako, samea jokatuko neban kokolotuta geratuko ziñiela ez zenduelako ikusiko ez eskuman otia, arantzea ta elorria baño. «Galtzadea? Ori, Sabin'en burutaziño bat izan dok» esanda, aurrera jarraituko zenduen... bide zabaletik, jakiña!

Galtzada ori apaintzea euren kontura artu eben Ugaldea'tar Esteban eta Murgoitio'tar Jose Andres'ek. Eta zelan egin be gero! Bien artean garbi ta txukun jarri dabe bide ori ta bere inguruak, onelako lanetarako erriko agintariak emoten daben ardaua eskatu ez ixtaron barik egin be: ta ez uste izan gertakizun aundirik erabilli ebenik aurretik, bai zera! Ardautegian baso bete edaten dagozala. «I, garbituko yoau galtzadea?» «Aotik kendu daustak berba ori!»

Ta an dago a!

Olakoren bat ez ete-yako gertatuko Kurutzondotik Berriozabaleta'ra doan galtzadeari be? Txarto dago a, ta une batzuetan, barriz, tanke baten laguntzaz izan ezik ez dago erarik aurrera jarraitzeko.

***

«Zeren antza artu ete-leiok Elizburu'tik doan bide zabalari?, itaundu eutsan lengo egun baten Martolo'k Roke'ri. Ta onek: «Galbara batena izan ezik ez-yakiat, ba.» «Zergaitik, ba, galbara batena?» «Biak zuloz beterik dagozalako...»

Egi biribilla. Baña Kurutzia'n dagoana, batez be...

Orra zulora dozena bat kamioikada arri itxuli ezkero naiko izango litzakela deritxat. beñepein itxuratxo bat emoteko. Zer da, ba, ori be?

***

Auxe idazten nagoala etorri yat bostgarren elorriotarra itaun au egitera: «Egia da Iguria aldian pantanu bat iarri bear dauskuela?» «Ezertxo be ez dakit orretzaz». «Zabal dabil, ba, albiste ori erri guztian. Da larritasun apurren bat be sartzen asi dala esan leiteke elorriotarren artean, erria bendean artuko leuke-ta. Zer jasoko litzake —beste leku batzuetan izan dan lez— iñoizko denporan ormak apurtuko ba-litzaz?» «Ez dakit, ba...: nik uste dot gauzarik onena izango litzakela itxasontzi edo barku bana ainbat ariñen erosi ta bakotxak bere etxaurrean bada-ezpadan iartea-edo...» «Ez da au ulia artzeko gauzea, sero!» «Ezta oraindik asita larritzekoa be!»

***

Emengo goiko ta beko kaleko Funkor'eko eskolak oso goian darabille euskerearen ikurriña. Umeak —berarizko irakasleen bitartez— oso polito ikasten asi dirala edonok egiztau edo ikusi leike kalean bertan be. Euren orduak dabez euskerearentzat; eta ez uste izan begiratu bat egin onetzazko liburu bateri ta or-konpon esaten dabela, ez! Zentzun guztiak arlo onetan ipiñita, irakasleak ganean dabezala ikasi be. Ia egin ez...!

Osterantzeko joan-etorri guztietan be puntarengoak dira, ta azterketa denporan, barriz, gorengo mailletan dabiltzanak, beste eskolak beeratu barik, jakiña! Baña oneetan ez dabe euskeraz piperrik be irakasten, eta nik —euskeraz idazten dot-eta— zetan goratuko dodaz, ba, aitu be ez daustie egingo-ta?

***

Irribarretxo bat, irakurle...!

— Kurutzia'ko bide zabaleko zulo batetik kotxia ataraten lagunduko daustak?

— Bai pozik be! Baña emendik bide guztia araño ikusi arren, nik ez joat, ba, ikusten ez kotxerik ez eta goitik-berarik be.

— Zelan demontre ikusiko dok, ba, zuloan sartuta dak-eta?

SABIN

Gernika'tik

Gernika, iñoren lepotik azten.

Joan dan illean, Kortazubi, Arratzu, Foru, Murueta ta Nabarniz'ko erriak, Gernika, Lumo ta Ajangiz'egaz alkartu zirean. Zortzi erri oneitatik txikiena Gernika zan eta... esakera zarrak diñoana, atzekoz aurrera egiñaz, «txikiak iruntzi ditu zazpi nagusiak». Kilometro kuadro lauren inguru zana, irurogeta bat eta erdiraño aunditu da, iñoren lepotik.

Batze onek zer esan ugari ipiñi dau jentearen artean: Nok nai izan dau erriok alkartzea? Non dago erriaren oneritxia ta baimena? Gaur egunean olantxe egiten dira gauzak, emen beintzat.

Deunoro

Bermeo'tik

Zezeillaren lenengo egunak jazokera illun bat ekarri deusku. Arratsaldeko iru-terdietan oker andia gertau da Txibitxaga ganeko bidezabalean: auto bik alkar jo. Kotxean betik gora ioiana guztiz txarto gelditu da. Bermeoko semea bera: Servodeo Atela, etxegille ta kontratista ospetsua. Ordu bete barru emon eban azken arnasa bere anaiaren besoetan. Siñistu eziñik gagoz, baiña gertauta dago.

Bera lako gizon sasoitsu ta kementsua gure artetik ain arin joateak inpresiño sakona egin deusku.

Goian bego. Bere familikoeri, ta batez-bere alargunari eta seme-alaberi atsekabean lagunduten deutsegu.

***

Nik eztakit beste errietan zer jazoten dan zapatu eta jaien gabetan, baiña Bermeon gertatzen dana «eskandalua» da. Ba-dagoz batzuk, goizeko gabeko lauretan be ondiño kantuan eta zarataka kalez kale dabiltzanak. Ez aurretik ondo edan barik urre. Orreik ez dira konturatzen ordu orreitan geienok lotan edo lo egin guraz beintzat, oian gagozala, ta batezbere umetxuak, lo-premiñ andiena daukenak, arin itxartu leitekezala kanpoko aldarri-kantu ta bulleagaz?

Noiz arte jarraitu bear dogu olan? Zibilizaziño apurtxo bat ez ete jaku elduko Bermeora be? Eta zer egiten dabe agintariak edo euren ordezkoak, gabeko ordu orreitan olako abusoak galerazo barik?

Barrizale


Mundua mundu

Gorriak Baticano-an

Izan barri dogu Europa alde onetan Podgorny, Errusi-ko Soviet Nagusiaren lendakaria. Errusitarrak Asia alde ori laiñatua ikusten dabe nunbait eta, euren azal-kolorekoen artean barriztu gura dabez adiskidetasunak, politika ta sal-erosi artu-emonetarako geientsuen bat jakiña. Itali-n be ibilli yaku Podgorny jauna, bere egonak zirti-zarta bonba zarata itzelak atara-arazten dauzala; ez ba jakin musika zantar ori nortzuk joten dautsoen, fazista barriak edo Txinagorri-zale diran komunistak.

Mundu guztiak jakin dau Errusi-ko lendakariak Aita Santua bixitatu dauana. Joan dan illeko (urtarrillaren) 30-an izan zan. Ordu beteko egonaldi luzea egin eben alkarregaz. Lendik be, orain ia urte bete dala, Batikano-an izana zan beste jaun errusitar bat, Gromyko, Atzerri Arazoen ministroa; baiña lendakaririk oraiñarte ez, etzan Errusi-n matxinada gorria sortu zanetik emen agertu, Podgorny lelengoa. Aparteko itzalez artu ei dau Aita Santuak: alkar-berbetakoan —sekula jazo ez dana— zigarroa be erre ei eban jaun orrek eta... Aita Santuak berak emonda, pentsa! Estutu egin ete yakon barrua Errusi-tarrari Kristo-ren Ordezkoaren begi illun triste areek ikustean?

Berbeta-geiak onexek izan ziran, ondoren jakin arazi ebenez: bakea zelan irabazi daiteken, errien arteko artu-emonak zabaldu sendotuaz; Errusi-ko erlejiño bizitza ta ango Eleiza katolikoaren egoerea. Naiko ta geiegi, ordu betetxo baterako. Ondorenak? Ixillean gorde dabez. Ofizial erara izan ezta be, bata ta bestearen ordezko mandatariak izentatuko dabezala-edo zabaldu da esana, alkarren arteko arazoak garbitu al izateko. Erlejiño askatasun geiago emonaz, Kostituziño barri bat asmatuten ei dabiltz Errusi-n da... Geroak esan bei.

Batzuen batzuk urratu dabez onezkero soiñekoak, Aita Santua gorriakaz asi yakula esaten-da. Eskubi-musturrean dabiltzan betiko arrisku-igerle oilloak! Zer, ez al dauz ba Kontzilioak artu-emon oneen mugak garbi jarri? Katoliko fedeari ikuturik be ez sekulan, baiña alkar-berbeteari —zuur eroanda ori bai— egi-egitan ekin bear dautsola Eleizak. Orretxen erakusbide emon dausku ba Aita Santuak.

Jainko-bakoak gizonak dira gu lantxe, ta euren arrazoiñak daukez olan jokatuteko, naiz-ta guk, benetako arrazoiñik ezin euki daikeela jakin. Maitasunak eraginda, euren uste orreek ezagutu bear dauz Eleizak alik eta ondoen, bear dan lez aztertu. Ortarakoxe da alkar-berbetea. Ta ez uste izan, kristauok be ba-dogu ontan erru; alan diño azkenengo Eleiz-Batzar Nagusiak: guk geure erlejiñoa itxura jatorrean agertu eztogulako. Zabarkeriz ibilli gara edukaziño kontuan, edo Eleiz-dotrina ezta egoki erakutsia izan, edota gure erlejiño, oitura ta gizarte-jokaera utsunez josita ikusi izan dabe. Arrigarria al da ba, olan sinisgabekeri-zuza gaizto au ugaritutea?

Erremedio bakarra: mundu illun ontan Kristo-ren argia biztu. Eleiz Amaren betartea tximurrik gabe, eder eta argitsu, Jesus beraren maitagarritasunez agertu. Ortarakoxe emon dau Aita Santuak esanai aundiko pauso ori. Berak bakarrik daki zelako biotz-zirradaz! Ikusten nago oraindik orduan telebisiñoz ikusi genduan azken agurra: Aita Santuak emon eutson erregalo Podgorny lendakariari liburu baliotsu bat, eta jaun aren eskua gogor estututen eban bitartean, bestalderatu egin bear izan eban Aita onak mosuagaz begiratua... Errusi! Eleiz Amari amaika malko ixuri arazo dautson naziñoa!

A. ZURUTUZA


Kristiñau erriko barriak

Liturgia barria

• Brasilen eta Colombian, emakumeak emoten dabe komuniñoko sakramentua

• Afrikako diosesi batzutan, amazazpi izkuntza erabilten dira liturjian

• Inglaterrako katolikuak liturjiako inglesaren kontra jarri dira

• Jazz musikea eleizetan?

• Len baiño obeto ulertzen ete dau erriak liturjia?

Kontzilioaren bigarren dokumentuak —Liturjiaren Errenobaziñoa arlotzat daukonak— biztu ta indartu gura dau kristiñauen fedea Jaungoikoari zor deutsagun kultuan. Duda barik, puntu onetan egin da alegiñik geien, mundu guztian zear, Kontzilio osteko amabi illabeteotan. Ona emen zer diñoskun orren gaiñean, urtarrilleko lenengo numeruan, Informations Catholiques Internationales deritxon Frantziako aldizkari famaduak.

Leku askotan —Italian, Frantzian, Alemanian, Inglaterran, Perun, Bolivian, Espaiñian— Eskritura Santuko irakurgai barriak sartu dira liturjian, astegunetako mezetan irakurteko eta olan Bibliaren ezagutzea kristiñauen artean zabaltzeko. Goiko Volta deritxon Afrikako lurraldean, arrezkero emakumeak leidu leikeez mezako irakurgaiak, arazo orretarako gertuenak erri askotan eurak dira-ta. Brasilen eta Colombian barriz, monjak eta hermanoak emon leikee komuniñoa, abadea lantzean bein bakarrik etorten dan parrokietan.

Baiña lanik aundiena latiñezko liturjian egin da, oraiñarteko tekstuak erriko izkuntzetara biurtu ta akomodetako. Goiko Voltan, esate baterako, irurogei izkuntza erabilten ditu erriak, eta euretariko amazazpi artu ditue obispoak liturjiarako. Bardin antzekoa jazo da Mali deritxon Afrikako lurraldean; emen zazpi dira liturjiako izkuntzak. Atara kontuak zelako lana egin bear izan daben alderdi orreetako abadeak, preparaziño aundi barik, latiñezko liburuak Afrikako kultura bako izkuntzetara biurtuteko. Akats bako lana ez dabe egin, seguru asko; baiña pausurik gatxena emon dabe beiñik bein, eta ez jake gogorik falta, asitako bearra geldi geldika obatuteko.

Izkuntza bera —esate baterako, inglesa, frantsesa naiz espaiñola— erabilten daben naziñoetan, alegiña egin da, liturjiako liburuen traduziñoa leku guztietarako bardiña izan daiten. Baiña batasun onek, alde batetik bentaja aundiak eukiarren, ba daukaz beste aldetik bere akatsak; eta akatsik aundiena auxe da: naziño bakotxaren berba egiteko apartekotasunari kasu gitxi egitea. Orregaitik, Argentinan ez dabe ontzat artu Espaiñiako itzulpena, eta eurak euretara erderaratu dabez mezako liburuak.

Liturjiaren akomodaziñoa

Gauza gatxa da, izan be, itzulpen on bat egitea. Italian eta batezbere Inglaterran, eztabaida gogorrak sortu izan dira bertako traduziñoen gaiñean. Inglaterrako jente askoren ustez, liturjian sartu dan inglesa larregi urrundu da erriak gaur egunean erabilten dauan berbeta bizitik, eta latiñezko tekstuen itzulpena gaurko gizonarentzat guztiz da ulergatxa, akomodaziño ta adaptaziño gitxigaz egiña baita. Inglesen eritxi gogor au beste naziño askotan be agertu da.

Liturjiaren akomodaziñoa, izkuntzan baiño geiago, musika kontuan egin da. Orranemen, meza asko agertu dira, erriko soiñu ta istrumentuakaz abestuten direanak, esate baterako, Sudafrikan, Rhodesian, Congo-Kinshasan, Perun, Bolivian, Chilen, Mexicon, Paraguayen eta Puerto Ricon. Norteamerikan eta Italian aprobadak egin dira jazz musikea eleizan sartzeko, frutu barik baiña. Belgikan, asko dira liturjiako lanetan bear egiten daben musikalariak. Eskandinaviako katolikuak, eleiz-musika batzar baten ondoren, euren obispoeri eskatu deutsee, bertako luteranoen eleizkantuak ontzat artzeko, liturjiaren eta ekumenismuaren onerako.

Utsuneak eta akatsak

Baiña oraindiño asko falta jako liturjiaren errenobaziñoari, bear dan modukoa izateko. Onetan katoliku guztiak dagoz konforme, mundu osoan zear. Entzun, esate baterako, zer diñoen Peru, Ceylan eta Inglaterrakoak: «Gure artean, legearen bidez sartu da liturjiaren errenobaziñoa. Begira gagoz, ea noiz asiko direan obispoak, erriari ta eleizgizoneri benetako formaziño liturjikua emoten. Ez da naikoa legea emotea eta legearen azaleko aplikaziño utsa bakarrik pratikan ipintea. Legeak mentalidade barri bat sortu eragin bear dau» (Peru).

«Emen asko diskutietan da, non ipiñi kandeleroak, nora eroan sagrarioa, zer egin eleizako irudi orregaz edo aregaz; baiña formaziño kontuan ez dogu gauza aundirik egiten, abade askok, jakin be ez dakie zetan datzan errenobaziño liturjikua» (Ceylan).

«Gauzak ondo dabiltza emen legearen aldetik: erreglamentu asko argitaratu dira. Baiña eleizagintari nagusiak gitxi egiten dabe, Kontzilioaren liturjiazko dotriñea abadeen eta erriko jentearen artean zabaltzeko. Diosesi geienetan, gure ustez, erriak ez dau len baiño obeto ulertzen liturjia» (Inglaterra).

Urretxuko batzarra

Eta euskaldunok zer diñogu, zer egin dogu liturjia kontuan, Kontzilio osteko lenengo urte onetan. Informations Catholiques Internationales amabosterokoak sarritan ekarten ditu Euskalerriko notiziak; urtarrilleko lenengo numeruan barriz, ez dakar ezer. Nik, neure aldetik esango deutsuet zeredozer.

Joan dan garagarrillaren (julioren) 6tik 8rarte, Bizkai, Gipuzkoa, Lapurdi ta Naparroatik etorritako berreun bat abade ta fraille batu zirean Urretxuko Pasionisten etxean, eta erabagi inportanteak artu zituen, Euskalerriko mobimentu liturjikuari batasuna ta indar barria emoteko. Eleiz-gizonak lanean ari dira, Eskritura Santuko irakurgai barriak euskeraztuten, gero ainbat ariñen liturjian sartzeko eta astegunetako mezetan irakurteko. Lan gatxa benetan, gure erriak ainbeste dialektutan berba egiten daualako eta euskerazko kultura aundirik ez daukalako.

Oraiñarte, ia lan guztia eleizgizonena izan da. Erria geldirik dago, ixilik dago, ez da sartu benetan mobimentu liturjikuan. Sartuta balego, eta bere barruko benetako eritxia agertzeko adorea baleuko, liturjia barrian egiten direan gauza guztiakaz ez litzake konforme egongo. Seguru segurutik, Inglaterran jazo dan antzera, gure artean be eztabaida gogorrak sortuko litzakez, esate baterako, liturjiako liburuetan erabilten dan euskerea dala-ta. Askok eta askok —batezbere linguistika apurtxu bat dakienak eta ezelango prejuiziorik ez daukenak— esango leukee, liturjiako euskerea ulergatxa dala, erriaren berbeta bizitik urrun dagoala eta laboratorio naiz museo usaiña daukola.

Imanol Berriatua


Erri eritxia Eleiz barruan

• «Eleizea bizitza daukon gorputz bat da, ta erri eritxirik ezpadauko, zerbait falta yako» (Pio XII'gnak)

• «Erri eritxia askatasun osoagaz erabilten ez dan tokian, bakea be arriskuan dago» (Pio XII'gnak)

• «Eleiz barruan zuzentasuna gura dogu» (New York'eko ikasleak)

Askatasuna erri eritxiaren oiñarria

Kontzilioak Eleiz barruan izan bear dauan erri eritxiari buruz ez dau berbarik egin. Zegaitik? Ez dakit; baiña Eleizeari buruz egindako eskema lenengo aldiz agertu zanean, Obispo batek aldakuntza eskatu eban, erri eritxia argi ta garbi agertu eiteala eskatuaz. Ez da agertu; baiña Eleizearen kostituziñoak argi azalduten dan katoliku ta eleiztar baten nortasun bete-betea.

Eleizeak pertsonearen askatasuna beti yagon dau. Pertsoneari bere gizatasunetik yatorkion doaia, Eleizeak ezin dau zapaldu ta ukatu. Ta, konzilioak Eleizako erri eritxiari buruz berba ez egin arren, askatasunatzaz egin dau, ta askatasuna da erri eritxiaren oiñarria. Konzilioak garbi agertu dau gizonaren askatasuna: askatasuna bere kontzientziak eskatuten deutson erlijiñoari jarraituteko, t. a. Askatasuna ez da siñestedunen eskubide berezia, gizon guztiena baiño. Gizon guztiok egi egarri gara ta egiaren atzetik goaz, baiña orretarako gizonak askatasuna bear dau. Orregaitik, Eleizeak ez dau ondo ikusten erri agintari batzuek siñestedun eta siñis bakoen artean egiten daben banaketa, giza-pertsonearen eskubideak ukatuten dabez-ta.

Katolikoak eta katoliko ez diranak alkarren eskubideak errespetatu egin bear dabez, pertsonearen eskubideak direalako, ta ez katolikoenak bakarrik.

Beraz, Konzilioak Eleizako erri eritxiari buruz berba ez egin arren, bere oiñarria emon dau: askatasuna.

Erri eritxia Eleiz barruan

Or daukagu Konzilioa Eleizako erri eritxiaren benetako testigantzea lez. Konzilioa ez da izan goitik zuzendutako jazokera bat. Obispo guztiak izan dabe euren eritxiak agertuteko eskubidea ta erreztasuna. Gauzak ez dira goizetik gauera egin; artu diran erabagiak eztabaida askoren frutuak izan dira. Eskema asko osoan barrituak izan ziran; beste asko aldatuak. Ta, Konzilioan parte artu dabenak ez dira Obispoak bakarrik izan; seglarrak be izan dira, ta eskubide ta askatasun bardiñak euki dabez euren eritxia agertuteko.

Baiña, gai onetzaz garbi berba egin ebana Pio XII'gna izan zan. «Erri eritxia, gizonak egindako soziedade normal bateko aberastasun edo propiedadea da, erriagaz daukezan eginbearrak kontzientzian daroezan gizonena. Erriaren eritxia agertuten ez dan tokian, erri orren sozial bizitzan geixotasun edo txarto jokatze bat ikusi bear litzake.»

Jakiña, Pio XII'gnak berba oneekaz gizartean izan bear dauan erri eritxia agertuten deusku. Baiña, Eleizea gizarte bat da, gizarte osotu bat (sociedad perfecta) beraz, katolikoak ez dogu gizon lez daukagun eskubide ori galduten «Jaungoikoaren graziak ez dau gizatasuna desegiten, osotuten baiño», esakera zaar batek diñoanez.

Baiña, Pio XII'gnak berak diño: «Eleizea bizitza daukon gorputz bat da, ta erri eritxirik ezpadauko, zerbait falta yako».

Seglarra, Konzilioari eskerrak, Eleiz barruan berari yagokon maillara igo da. Laikoak Eleiz barruan ez dira entzule utsak.

Jaungoikoaren erritar lez euren eritxia agertuteko eskubidea dauke; eskubidea esan dot, beraz, eginbear bat. Orain arte Eleiz barruan Obispo ta abadeak izan dira nagusi; ta Eleiz barruan ez ezik, beste leku askotan be bai. Obispoak eta abadeak diñoenari: AMEN. Seglarrak —idazle ospetsu batek iñoena— Eleizara joan, entzun eta limosna emon, besterik ez.

Seglarrak bere nortasunaren kontzientzia artu bear dau, eta agertu Eleiz barruan bere eritxiak. Sortu daitela geure Eleiz barruan Konzilioak eta Aita Santuak eskatuten daben alkar izketa edo dialogua. Geure Eleiz barruko bakea ez daitela izan bake ixilla; kanposantuetako bake mutua; entzun daitela Eleiza egiten dogunon abotsa.

Erri eritxia Euskalerriko Eleiz barrutietan

Oraindik orain, Katoliku ekintzako talde batzuetako buru ziranak baztertuak izan dira. Zegaitik? Izparrangiak ekarrenez, euren eginkizuna ondo bete ez dabelako. Geroago jakin danez ez dabe alkar izketarako erreztasun eta aukerarik emon. Goikoak agindu dabe, ta bekoak ez dabe euren eritxia ta errazoia agertuteko erreztasunik izan; euren eritxia agertuteko eskubidea ukatu egin yake. Jazokera negargarria Konzilio osteko sasoi onetan...!

Geure Eleiz barruan aspalditik agiri diran naasketa ta krisisa, nire ustez, ondo konpondu leitekez erri eritxiaren bitartez. Gauza asko dagoz oker, zuzendu leitekezanak alkar izketa baten bitartez. Gaurko gazteak, eta euskaldunak be bai, euren eskubideen kontzientzia artu dabe. Gaurko geure eleiztarrak ez dira gure aitita ta amama lakoak. Gaurko gazteak euren eskubideak Eleiz barruan aintzakotzat artu daitezala eskatuten dabe, ta Euskalerriko Eleizeak ez badeutso eskaera oneri erantzuten, Eleizatik urrun joango dira. Bear bada, gero berandu izango da; gaur Eleiz barruan alkar izketa bearrezkoa yaku.

Felipe Izagirre


Euskal kirolariekaz Mungian

Goiko argazkian ikusten dan lako kirolari «txorta» batzea ez da gauza erreza, baña geienok jakingo dozuen lez, Bilbon kirolzaleen artean, «Peña Iribar» deritxon lagunarte barria sortu da. Bizkaitar eta gipuzkoar gazteak, mutil jatorrak, dira geienak; ikasleak dira ia danak, baña euren tartean ostikolari bi ta txirrindulari bat dagoz: Labin, Isuskiza ta Uriona.

Uriona iru edo lau illabeterako erbesteratutzen zan eta bera agurtzeko bazkari bat egitea asmatu eben bere lagunak. Mungiako «Guri Zer» soziedadean izan zan anai arteko jai ori. Bazkal ostean makiñabat euskal abesti gozo entzun genduzan, biotzetik urtetan eben abesti gozoak. Bitartetan, danakaz alkar izketa batzuk egin genduzan; ona emen labur labur erantzunik garrantzitsuenak.

Isuskiza

— Bilbon bizi zara baña nongoa zara?

— Ni, azkoitiarra.

— Pozik orainarte Athletigaz?

— Bai, zergaitik ez!; ostikada batzuk emoten doguzan artean Perito karrerea aurrera doa.

— Euskalduna bai, baña zintzoa zara?

— Bai, lagun, zintzotzat daukat beintzat neure burua (ta irripar zabal bat agertzen da bere aurpegian).

Benetan aurpegia bada gogoaren ispillua, mutil onen gogoa garbia izango da.

Urrutia

— Zeu zara emen gazteena —diñotsagu Andrakako txirrindulari azkarrari—. Ta aurten zer?

— Aurtengo tenporadea ezta erreza izango, amateur asko gagoz eta geienak txakur zarrak dira.

— Baña oraingoan eztago atxakirik; txapeldun izango zara?

— Alegiñak egingo doguz baña... ta gora begira lotu da.

Ereñozaga

Gabino, laukiniztar morrosko sendo onegaitik, aurrekoagaitik esan dogun guztia esan geinke; euskalduna burutik beatzetara.

— «Fagor» en pozik, Gabino?

— Bai orain arte ta oraindik aurrera geiago, nire ustez.

— Zergaitik ori?

— Ba, neure lagunik onena, Balentin, alboan eukiko dodalako.

Lavin

Ondarrutar gazte au oso alaia ta apala da; gure galdera apur bat mingotsa da.

— Pedro, zer pasaten yatzu azkeneko partiduetan

— Eztakit baña, gauzak ez deuste urteten neure gustora.

— Zergaitik ete da?

— Morala pixka bat galdu dot bear bada...

Atxakirik eztau adierazten euskaldun gazte onek. Laster izango da guztiok nai dogun ostikalari aundi ta azkarra.

Otaola

Javier, Vallekoa da, ez daki euskerarik, baña euskalzalea da.

— Kaixo, Javi! Zelan zabiltz?

— Zoritxarrez ez deutsut ulertzen (erantzun deusku erderaz, irribarrez), baña San Salvadoren orain asten ei dira euskerazko klaseak eta orduan ikusiko dozu.

— Zelan doa txirrindularitza?

— Txirrindulak baño buruko miñ geiago emoten deust Termodinamikak (perito ikasten dago ta danak batera egitea gatxa da).

Otaola «Kas» en dago ta besteak «Fagor» en; orregaitik makiñabat zirikada botatzen deutsoe Urionak eta Ereñozagak. Baña dana lagun artean.

Iribar

Porterurik onena izango da gure zarauztar morroskoa, baña ona bezin apala esango genduke. Danontzako dauka zeozer ta arrokeririk bapez.

— Jose Anjel, egia da Europako porterurik onena zarala?

— Ez eidazu olakorik esan, Europan porteru onak zenbat gura dagoz eta ni beste bat baño enaz.

— Bilbon «Peña Iribar» sortu dalako pozik?

— Olakorik merezi dodanik ez dot uste baña, gaurko moduan, lagunekin alkartzeko bada... atsegin aurkitzen dot adiskide oneen asmoa.

Uriona

— Gauza asko irakurri doguz aurtengo neguan; egia da Gabikagaz asarratu zarala?

— Ez orixe, Gabika ta ni lengo beste lagun gara; nik «Kas» etik kanpora obeto ibilliko nazala uste izan dot eta orregaitik askatasuna eskatu neban. Ta nok diño, datorren urtean barriro alkarregaz egongo ez garala? (Eta irripar dizdiratsu bat agertzen yako begietara.)

Egia esan. Balentiñek txirrindularien artean areriorik daukonik eztogu pentsatzen.

Ormaza

Algortakoa da Javier. Itaundu edozein erritarreri beragaitik eta erantzun bardiña artuko dozue: Mutillik apalena, zintzoena ta kementsuena.

Egun aretan kendu eutsoen igeltsoa eta pozez beterik egoan.

— Noiz asiko zara olgetan, jokatuten?

— Nire ustez, laster. Len be lau illabeterako esan eusten eta bi illabetegarrenean tinko nengoan, orain be bardin.

— Egiten dozu euskeraz?

— Ez, dana ulertzen dot baña egiteko erreztasunik ez daukot; baña ez larritu, laster ikasiko dot —diñosku oso osoan.

Eta Ormazaren erantzunakaz amaitzen dogu gure idazlantxoa. Kirolarien akatsa edo utsa danok ezagutzen doguna da... baña danak ez dira utsak. Guk gaur emen erakutsi dogun taldeak euskal kirolaren eta euskal abendaren izena goreneko malletan jarriko dabe.

Zorionak eta urte on bat danori.

Munegain


Txirrindularien giroa

Magne'k diñoanez, 1967'gko. «Tour» ortara, euskal-talde batek joan bear leuke.

«Sollube»k ostera, «La Gaceta»n, talde sendo bat bialdu bear dala diño.

«Sputnik» barriz, talde bi osotzeko aña lasterkari ba dirala españarren artean, esan dau.

Ta orain entzun daiogun, Euskal-Erria oso maite dauan Antonin Magne'ri, bi aldiz «Tour» ori irabazi ebanari. Onek bere emaztea euskalduna dau, ta bere laguntxuaren omenez, euskal-txapela jantzi oi dau.

Auxe da berak esanikoa:

«Euskal-Erriak lau txirrindulari dauz, lenengo mallan mundu-zear ibili daitekezanak: Etxebarria, Gabika, Momeñe ta Otaño. Malla orretan sartu daitekez bai ta be: Perurena, Uriona, Elorza, Velez, Mendizabal, Errandonea, Lasa, Uribezubia ta beste bat edo beste».

Kirolari dagokionez bidezkoa da, munduko erri zarren oni berea emotea, 67'gn. urte onetan gure mutilleri leku egiñaz.

Guk gure aldetik auxe diñogu:

Monsieur Levitan'ek aintzat artu dagiala arazo au.

SALARI

***

Txirrindularien arteko bazkal-ondo bat dozu au. Bertan ikusi daitekez Loroño (3), Bernardez (2), Barrutia (1). Baita be ortxe dozue «Salari», Arrese-Beitia'ren olerki ori esaten:

Nire anayak

bat izan beti

euskaldunen siniskeretan.

Bat izan zure

uste eretxi gogoz

eta asmuetan.

Fede bizi bat

baldin badogu

biotz eta arimetan

oraindik bakez

biziko gara

mendi aitz eta ibarretan.


"Amorebieta IV" pelotaria saritua

Orain aldi andirik eztala jakin genduan, ta bai atsegin andia artu be, zelan Larruzea'tar Andoni «Amorebieta IV», guretzat beti Andoni, Kirol Ordaritza Errikoak edo Delegación Nacional de Deportes'ek sarigarri domiña, medalla, emoteko baieztua izan dala Madrillen, ta ori jakiñik, alegindu naz, Andoni adiskide zintzo ta euskaltzale jatorragaz aurkituten, aldizkari onetarako itaun batzuk egiteko asmoz. Egia esateko, etzan ain gatx bera aurkituten, sarritan dabillelako Galdakano'n, bere saleroste arazoetan. Ikusi nebanaz batera zorionak emon da esan neutsan:

— Benetan poztu naz, Andoni, egin dautsuen bereizkun edo distintiñuagaitik; jakitun zengozan zelan emongo dautsuen sarigarri domiña ori?

— Jakitun nengoan zelan Bizkai'tik Madrillera bialduta egoan nire pelotaritzako edestia, baña enekian emongo eusten ala ez; orregaitik, poztasun andia artu dot izpar ori jakin dodanean.

— Andoni, lenago esan bear neutsun. Zutzaz zerbait idatzi gura neuke ANAITASUNA euskerazko aldizkarian, bere irakurleak jakin daien nor eta zetariko pelotaria izan zaran, eta orretarako itaun batzuk egingo neuskizuz erantzun nai badozuz.

— Bai, ta pozik, batez-bere euskerazko izparringitarako izan ezketiño —erantzun eustan Zornotza aldeko euskera jator goxuan.

— Ba-dakit gaur Zornotza'z (Amorebieta) bat eginda dagon Etxano'koa zarana, ze, ia jaioten ikusi zaitut-eta, baña nai badozu erantzun, esango dogu zenbat urte daukazuzan, gure irakurleak ikusi daien ze aro onean egin bear izan dozun alde pelotaritzatik.

— Ba, orain ogeta amairu urte jaio ei nintzan zeuk ezagutzen dozun Etxano'n, baña ba-dakizu erri au ta Zornotza alkarren ondoan dagozanez, «Amorebieta IV» izen ordeaz ezagutu nabe, nire aita ta osabak legez, orrein urrengo.

— Noiz eta non asi ziñan pelotan jokatuten?

— Ia jaio nintzanean, ja, ja, ja, ze umetxutatik Bilbao'ko «Euskalduna»n egon nintzan neure aitagaz-da... Baña benetan jokolari lez, Donostia'n jokatu neban lenengoz Inza II lagun nebala, «Begoñes VII eta VI» anaien aurka, amar urtedun nintzala; eta bizibide lez edo profesionaltzan, Euskalduna'n amazortzi urte neukazanean.

— Urren zein pelota tokitan jokatu dozu?

— Pelotatoki askotan, geien Euskalduna'n izan bada be; Donosti, Iruña, Bartzelona, Mexiko ta Madrillen, jokatuteari itxi arte.

— Ba-dakit gazte zengozala jokatutea itxi bear izan zenduana, —orain be gazte zagoz-da— noz arte jokatu zendun?

— Orain lau urterarte; Madrillen sasoitsu jokatuten nengoala gaxo zatar batek oratu eustan eta itxi egin bear izan neban pelota.

— Bai, benetan izan zan tamalgarria pelota-zalientzat eta pelotarentzat be, zuk ain gazterik joko kementsu ori itxi bearra. Zeintzuk izan dira euki dozuzan aurkalari edo kontrario gogorrenak pelotan?

— Oroz I ta Begoñes VII.

— Eta zeure aldiko onenak?

— Esan dodazan biok.

— Eta zegaitik ez zeu, Ludian agertu dan pala-pelotari onena zarala esaten baeben pelotazaleak?

— Ori, orreik pelotazaleak esan bearko dabe.

— Ogibidetzat legez jokatutea itxi zenduanetik, jokatu dozu iñoz?

— Bai orixe! Astia daukodan guztietan, osasungarria dalako.

— Orregaitik zagoz sendo ta lerden. Zelan ikusten dozu, aldi onetan, palazko pelota?

— Guztiz illun, txarto. Toki gitxitan baño ezta jokatuten.

— Orain be Madrid, Bartzelona ta Mexiko'n jokatuten dabe.

— Bai baña, uriburu orreitako pelota-tokietan jokatuten dabenak be, emengoak, euskotarrak dira; angoen artean pelotari gitxik urtetan dau, eta orregaitik dago galtzeko arriskuan emen, Euskalerrian eztalako jokatuten aldi onetan. Palazko pelota jolasa, beste pelota jokera guztiak legez, emen euskotarren artean jokatu bear da, geurea dalako, biotz barruan daroagulako guztiok; pelotari urtetako benetan zalea izan bear dalako. Euskalerriko pelota tokietan orain baño geiago jokatuten ezpada, laster galduko da gure palazko pelota-joko garbi ta kementsua.

— Alantxe da. Andoni. Eztakigu gure abendakoak, gure aurreko euskaldunak sortua dan ala ez pelota-jokoa, baña dakiguna da, geureak sortua ezpada be, geuretzako egiña lakoa dala, ta geurea legez jagon bear dogula. Amaitzeko azken itun bat, Andoni. Kaltegarri dala uste dozu, ikaskintza ta beste eginkizun sakonak ondo betetako?

— Nik eztakit orretara iñok pentsa leiken, ze, edozeiñek daki kirola neurriz egin ezketiño osasungarria dala, batez bere gaztearentzat, gorputz sendoagoa ta lerdenagoa lortuten daualako. Eta ba-dakizu zelan dan esakera: «Gorputz zindoan, arima garbia». Niretzako beintzat, ezta izan eragozpena kirola beste edozein eginkizun betetako.

— Ni be orretan nago, Andoni, ta orretara esango deutset nire irakurleai.

Altuna'tar Josu (Basa-Jaun)


Neguko bokarta

Danok dakigu —arraintzaleak batezbe, eta Euskalerriko portuetan bizi diran guztiak— bokarta edo antxobea bere kosteran arrapatzen dana. Kostera ori udabarrian izaten da: San Jose egunetik asita maiatza amaitu arte. Orduan agertuten dira gure Kantauri itxasoan, neguko uiolak oraindiño ondo garbitu barik, bokart gorriak. («Gorria» deituten deutsoe arraintzaleak arrain pilloari, arrain maseari).

Baiña beste bokart kostera txiki bat be ba dago. Inportantzia gitxiagokoa: neguko bokarta. Onen goraberak aztertuko doguz gaur.

Noiz asten dan

Udabarriko bokartak bere joan-etorriak sasoi konkretu batean egiten deutsuz, len esan dogun lez. Artez esateko, ondo ez dakigu joan-etorririk egiten dauanentz. Neguko edozein sasoitan agertu leiteke. Edo... agertu ez.

Udan kosta ertzean arrapatzen dan bokart txikia —egaluzetako karnada bizia izan daiten— eta neguko bokart txikia, bat ete dira? Ondo ez dakigu. Udabarriko bokart ederraren kumeak ete dira? Arraintzaleak eta iktiologoak ez dakie.

Orregaitik, ezin da bokart onen joan-etorriaren barririk emon. Arraintzaleak ez dabe jakiten, negua datorrenean, bokartik agertuko dan ala ez.

Bizkaitarrak eta Giputzak

Neguko bokartak ez dau balio fabrikarako, kontserbarako. Freskotako bakarrik balio dau. Eta orretarako, ez da bear bokart asko. Asko arrapatzen bada, prezioa bera doa, eta arraiñurun fabrikarako baiño beste biderik ez dauko.

Beste aldetik —bizkaitar arraintzaleak diñoe— udabarriko bokartari eta udako atunetako karnadeari kalte egiten jako, espezie batekoak dira-ta. Obeago da, neguko bokart au arrapatzea debekatu, galerazo, beda ipiñiaz.

Giputz arraintzaleak barriz, ez dauke eritxi bardiña. Espezie diferenteak dirala diñoe, negukoa eta udabarriko bokarta. Eta kupoa ipiñiaz, saltzeko beste arrapaturik, mariya politak egin leitekezala, neguko utsunea betetzeko.

Akorduak

Urte guztietan daukez bizkaitar eta giputz arraintzaleak eztabaida gogorrak bokart onegaitik. Baiña azkenean, akordu batera irixten dira. Sanandereko arraintzaleak be, akordu oneekaz batuten dira. Aurten, oneek dira akorduak:

Kupoa: 6.000 kilo eguneko.

Itxasotea: Astelen eguerditik bariku arratsalderarte.

Zapatua eta domekea, jai.

Prezioak: 3 pta. kontserbarako, eta 1,75 pta. urun fabrikarako.

Akordu oneek, ikusiaren gaiñera aldatu leitekez. Bestela San Jose egunerarte balio dabe. Udabarriko kosterea asi arte.

Bermeo, Zezeilla.

Artza


Erantzuna

ANAITASUNAren 144 zenbakian, M. Karmen Ibarra'ren idazlan onurakorra argitaratu zan eta berari erantzuten noa. Gaztearen gazte sasoiak banatuko doguz lenengo. Joan zan igandean Yurre'n egon nintzan bertso entzuten eta gai askoren artean bat auxe izan zan: Euskalerrian beste aberri askotan baiño beranduago ezkontzen dala jendea. Zar; ogeta amar urtetik gora geienak. Beraz sasoi onetako mutilla zarra bada, ogeitik ogeta zortzirakoak sasoi onekotzat artuko doguz eta ogeitik berakoak gaztetzat. Ta ona emen nire ekiñaren sustraia: Sasoi edo talde bakotxa ete da berari jagokozan problemak atontzeko? Ezetz esan bear. Irugarren grupokoak, izan ieiteke baietz; bigarrenakaz dudan nago ta lenengoak ezetz esan bear.

Zegaitik?

Gure nortasuna osotzeko iñoren esperientzia bear dalako. Gazteak ikasi egin bear dau, bai liburu, alkar autu, bizitzan eta etxean, eta bera baiño zarragoak emon bear deutsoe ikasbide au. Gizona gero ta jakitunagoa da; lengo ogeta amar urteko jakintza (orain amabost edo ogei urte) oraingo amazortzikoagaz paretu leiteke, baiña alan be, jakintza gaiak zarragoenak dira beti. Beraz, gazteen problemak, bigarren sasoikoak atondu bear ditue ta irugarrenekoak, bigarrenenak.

Sasoi edo mailla onek, gero ta estuagoak izango dira ta baleiteke urte batzuk barru, ogei urtekoen irakasle, ogeta bi urtekoak izatea, baiña beti zarragoak. Paternalismoaren arerio amorratua naz. Gaztea, geiago entzun bear da; arduradun jarri ta konfiantza emon bearrean dago, baiña formaziñoa, kultura, gizatasuna ta nortasuna, iñok (zarragoak) ezarri bear deutsoz ondiño.

Etorriko al da sasoi edo aldi bakotxa euren maillakoak zuzentzeko garaia.

Deunoro Sarduy


Noiz arte olan

Itaun auxe egiten dau ANAITASUNA'n, 144'garren zenbakian, 6'garren orrialdean, F. X. Kintanak, euskeraren galtze osoa edo nagosia Eleizaren bizkar gañean iaurtiaz.

Eztot esan nai emen, eleizgizonok be oso erru bageak gareanik, ez. Gai onetan gogoratu neinkezala dirudit Jesukristoren itzak: «Oso garbi legokenak, iaurti bei lenengo arria». Baña ez erru osoa, ez aundiena daukonik be eztot uste. Eleizak elizgizon aupagarriak euki ditu euskera lantzean: Axular, Salbatore Mitxelena, Mogel, Etxepare ta abar ta abar aitatuten dozuz. Abar ta abar baño zerbait geiago direala uste dot nik Uriarte, Domingo Agirre, Azkue, Eguskitza, Ibargutxi eta beste asko ta asko.

«Orixe» zanaren agotik sarri be sarri entzun neban auxe: «Nai dana esango da eleizgizonakatik, baña onixei eskerrak ta oneixek idatzitako liburuetan ikasi bearra daukogu ikasi nai badogu».

Eta zuek, errigizonok, zer egin dozue errian? Zer, erriko-etxe edo Udal-etxeetan? Emen artutako erabagiak euskeraz idatzi ete dozuez? Zer egin dozue Irakastoletan? Eleizgizonak eleiz-gaiak landu dituen neurrian eta alaberan, landu ete dozuez Zenbatizki (Matematika) eta beste onen antzeko gaiak?

Oso bidezkoa deritxozu gaztediari onu inpernutar au emotea: «Gauzak zuzendu ta arteztu arte eleizak utsik geratuko balira...» Entzun egidazu odol otzez. Eleizan baño euskera gitxiago egiten da milla bider erromerian, dantza nastu lekuetan, antzerki ta zinemetan. Zegaitik ez deutsezue esaten gazteai ikuskizun onetara be ez ioateko?

Ez, mutil, ez. Zuk aurkeztu dozun gaia ezta zuk uste dozun baizen ain erreza ta argia, illun eta auzi-orraziz betea baño. Eleizgizonen artean asko gagoz euskera eta euskera utsa bakarrik erabilli nai geunkenak. Baña orretarako gaztediak bere buru-belarrietan eztarabil jolas, ikuskizun ta kirola baño. Erri osoak be gitxi gora-bera beste onen beste. Onen elburua dirua da. Piñuak emoten dau; ba, piñua sartu, nai ta beste landara batzuk alaiago, apañago ta begietarako ederrago izan.

Ni ona etorri nintzanean etxe bat be utsik ez egoan niretzat. Ordutik ona asko ta asko ioan dira baserriak itxi ta batzuk uri andietara, beste batzuk erbestera. Etxe uts oneik zelan baitean bete dira beste erbestetar batzukin. Kontixu eurok dira nagosi. Abadearena da errua emen erdera erabilten bada? Abadearena errua, euskaldunak diruz bete badira? Arrokeriz bete badira?

Mesedez, ez egizuz, ba, gauzak begi bakar bategaz ikusi, eta gitxiago oraindik gazteai olako kontseju txarrik emon. «Gure siñesmenaren erro ta sutrai eztira iñoiz izan abadeak eta euren egiñak eta bizitza, Ebanjelioko siñiskaiak baño». Onegaitik, erlejiñoko gaietan barrura sartu baño len nai ta naiezkoa da oneik sakon sakon ikastea. Gure gaztedia ezta zoritxarrez ondo egongo, baña ezta izkuntzaren errua bakarrik. Izkuntza bat bakarrik darabillen erriak be eztagoz obeto, txarrago baño. Izkuntzaz gañera beste sostropo asko daukoz gaztediak: griñak, kirolak, ezkongaietako artu-emonak, erromeriak, ikuskizunak, ordikeria, eta abar eta abar. Ezta ba zuk uste dozun baizen gauza tolesbagea.

Euskera «moda» balitza, neskatilla guztiak euskeraz asiko litzakez. Euskeratik dirua baletor, euskaldunak, mendietan piñuak sartu dituezan lez (naita abadeak ezetz esan), euren etxeetan euskera sartuko leukee.

Norbait nabaitzen danean bere burua urkatu bear dauala-ta, azkenez beragaz urtetan dau. Euskalerria irudituten jat, bere euskera erabilli naiezagaz, euskera il nairik dabillela. Olan dabillen erria, abadearen alegiñak gora-bera, ziur ilko da. Nai bei goiko Jaun onak ni oker egotea.

Lemoniz, 1967 zezeilla.

JOSE ANTONIO OAR-ARTETA


104 urte

Euskaldunik zarrena Bermeo'n bizi da. Bertako auzo baten. Bermeo'k inguruak auzoz beterik daukoz: Agerre, Almike, Arene, Artike, Arronategi, Mañu, Matxitxako, Ondartza, San Andres eta San Mikel. Geiago balitz, parkatu deistela.

Auzo oneitan parroki bi dagoz: Almike ta Mañu. Zaarrena Almike ta Mañu barriena. Parroki onetakoa dozue agertzera noatzuen andratxo au.

Eleizaren ondotxoan, Sollube mendiaren bizkartxo baten, «Irezabaleta» etxean bizi da, iaio zanetik arrezkero. Eskolastika dau izena, Zezeillaren 10'ekoa dalako. Abizenak: Mendizabal eta Imatz. Il onen 10'ean bete dira 104 urte amonatxo au iaio zanetik. Orregaitik bera euskaldunik zaarrena dakigunetik. Bilbo'n ba-da zarragorik, baña euskaldunik ez. Almika'ko eleizan bateatu eben 1863'an; antxe dago bateo-agiria.

Osasunez ondo daukagu Eskola (olan deitzen deutsoe erritarrak). Egunero iagiten da, bera garbitu ta apaindu, beste iñor barik. Zentzunak ondo, gazte askok baño argiago. Buruaren iaube da; ikusmen argiduna; belarriak apur bat lo, bestela... ondiño oraintsu iosten ebillen.

Ogeta bost urteko zala ezkondu zan. Zortzi seme-alaba izan ebazan, 7 bizi iakoz. Begoña'ko Refugio'an dauko alaba bat monja. Amabost loba, ta 6 birloba bizi iakoz.

Amama Eskola'ren bizitzan mundu au asko aldatu da. Iazoera gogorrak ikusi bear izan dauz; alan be gaurko bizitza atsegingarriago dala diño lengoaren ondoan. Aurrerakuntzetan maitagarriena beretzat tximist-argia da. Argi-indarrik eztan egunetan lengo kursuluak gogoratuta negarrari emoten dautso.

Amaika aldiz ibillia da Amama Eskola oiñez, Bilbo'ra eta edonora. Bilbo'tik Mañu'ra 27 km. dagoz eta zenbat bidar ioan-etorria oiñez egin dauan Iainkoak daki. Gau erdian urtenda, surteko autsa saltzen Bilbo'ra ioana da. Orduan surteko autsa «detergente» onena zan.

Amamarentzat egunik baltzenak azkenengo Españagaz izan gendun gudakoak dira. Negar egin barik ezin dauz eguno gogoratu. Eleuke barriro olakorik ikusi nai. Sollube'n iazo be andiak iazo ziran-ta. Zenbat gazte eder galdu zan mendi onetan.

Urriñen ioan danean be, Amamak ez dau Aberritik iñoz urten. Maiteen dauzan tokiak Urkiola ta Arantzazu. Ondiño sarri dauz gogoan Amamak Arantzazuko meza ta eleizkizun ederrak.

Artiaga'ra be urteoro ioaten zan. San Polikarpo'ri osasun eske, garriko miñik ez izateko. Irurok izan dauz Amamak bere santu laguntzailleak. Sinismenez eskatu be ta...

Gaur be amaika otoitz egiten dau emakume onek. Zenbat amarreko garautzen ete dauz, eskuan beti bere errosarioa dauala.

Guztiekatik eskatzen dau, batez be bake on bat izan daigun.

Oneik dozuez euskaldun zaarrenaren barri batzu. Eguno erderarik eztau egin gure Amamak. Asko bizi gura badozue ez aztu au; gu ez gara 104'ra elduko, baña euskera egiten badogu beti, Amama onen antzera, Euskalerria ezta ilko.

Garitaonandia'tar Gotzon


Militarrak, Prailleak, Abadeak, Neskak Euskeraz. Nun... Pumanieska'n

Irakurleok, ez dakit zer uste izango dozuen idazburu ori irakurrita, baña, egia da, aitatutako «Sala de Fiestas» orretan, lengo eguneko arratsalde batean, jarri lasai aulki batean eta ordu pare bat sekulako poztasunean igaro nebazala.

Orkestina taldea goi-samarrean: piano, bateria, saxofoi eta gañetikoak, jo ta ke ziarduen.

Mikrofono aurrean abestuten, buruko uleak bekokitik bera aizetzen ebazan mutil bat; gerotxoago, atze-aurrez geldik egon eziñeko neska bat...

Ondoan, praille matralla gorritxo bat, neska gona-motx bateri konpasa markatzen, eta beste apaiz dotore bat klarinete jotzaillearen aldamenean; pianoan, urrezko botoi ta guzti, zuzendari, militar bat.

Eta guztiok euskeraz, euskeraz abesten, berezkotasun andienagaz, beti olantxe izango balitza lez...

Or, emen, erdi illunetan, gure moduko entzule batzuek bananduta.

III EUSKAL ABESTI BARRIEN SARIKETA'ko saio bat besterik etzan.

Eritxiak?

Euskaldunok ez dogula izango zegaitik lotsatu «Festival del Mediterráneo» eta «San Remo'ko sariketa» orrein alboan.

Era askotako abestiak: zarretaruntz joten dabenak, neurkada barriakaz, garri, anka eta eskuak ziri-zara erabilli eragiten dabezanak; melodikoak, gitxiagokoak...

Baztertuta geratu diranak ezagutu ez arren, aukeratutakoak mailla batean entzungarriak eta naikoa izeneko diralakoan nago.

Beste alde batetik, banakako abesti oneikaz, III SARIKETA antolatzea, Euskalerriaren aldeko pauso onuragarri bat izan dalakoan nago. Zalantza barik, abesti oneik beingoan erriaren agotan ibilliko dira ta benetako aberastasun bat izango dogu.

Baita be, izango dira, gure artean, ain errez sortzen diran bizantinismoak, eta ganora bako eztabaidak: «Adan'-ek txilborrik euki ete eban edo ez» en modukoak; zarrak ala barriak, onetarikoak edo bestetarikoak...

Lenzo zarrak orduko barriak ziran, eta gaurko barriak biarko zarrak izango dira... (Begiratu nire belarri ostera...!) Izakeran bertan eztago apurtzerik, apurtza ori geure irudimenetan sortzen dana besterik ezta.

Ibai baten antzera da: Ibai orrek, leku baten ZORTZIKOA izango dau izena, bestean HABANERA, onuzago FOX eta arutzago ROLL...

Bear ez doguna da, urgeldia eta ustela: urgeldiak, egonean egonean, azkenean, ugaraixoen «kra, kra, kra» abesti zarra besterik ez dau sortzen. Mendietan jaiotako ur biziak barriz, goi aldetan gozo, meloditsu abestuko dau, errietako zubipetik igarotzerakoan indartsuago, eta itxasoruntz bestelako bakezko eresi bat izango dau... eta bata bestearen osotasunean dago jarraipena, iraupena ta bizia.

Arratsaldeko laurak izan barik, gabeko amabiak izan... eta argi illuntxoagoaz, eta ba-ezpada be, prailleak eta militarrak urrintxoago eta... zenbat pozago egongo nitzake abesti orreik entzuten neuk dakidan laguntxo bategaz...

San Anton'go euskal meza ondo dago, baña Pumanieska, Kapri edo Seis Estrellas edo Arantzazu'ko euskal dantzak be ez litzakiguz bape txarto etorriko... Eta ori, askontzako, ezin egin izan dana: EUSKERAZ ETA PEKATU MORTALA!

Artu daiguzan beintzat alegin barri oneik, gitxienez, aurrerakuntza, bizi-nai bat lez eta euskaldun jarraipenaren ezaugarri bat legez. Ez dogu beingoan lortuko, telebistaz eta munduan zear izen andiko abesti edo dantzaren bat sortzea, baña gaurkotasunezko jokabideetan, Euskal-erriak agertu bearra dauko. Alakoren batean, nok daki...

Beste gauza bat oso pozik ikusiko neukena da: Antxe ordu pare batean, saio txiki batean, militar, praille, orkestina eta neska gazteak, euskeraren alde arduratuta ain zintzo ikusi nebazan legez, orretaraxe, ez minutu batzuetan bakarrik, egunero baiño, alkartuta alegiñak egiten, beste arlo guztietan ikustea:

Prailleak konpasa eroaten? Ba, prailleak konpasa eroaten. Neskak abesten? Ba, neskak dantzan eta abesten. Militarrak pianoa joten? Ederto! Ba, militarrak pianoa joten. Gobernadorea eusko ikastolak zabaltzen? Baita, Gobernadorea eusko ikastolak zabaltzen. Gotzaiña bedeinkatzen? Obeto ezin. Gotzaiña bedeinkatzen. Monjak euskeraz irakasten? Itzelean! Gu soñu joten? Ba...

Pumanieska'koa, zoritxarrez, saio txiki bat besterik etzan izan... eta beste azkenengo orkestaziño ori... amets bat eta «milagroa» gañera.

Pakomio


Aurten, bizkaitar asko sarituen artean

Euskal espiritu sortzallea lotan egon da urte azken oneitan. Olan, sariketak antolatuten ziranean, bai nobela zala, bai teatroa, bai abesti edo dantzak, lan gitxi bialduten ziran.

Orain, Euskal Abestiaren III Sariketan gagoz. Lengo bietara, lan gitxi, ta ia guztiak gipuzkoarrak egiñak. Non ziran bizkaitarrak? Lotan, aingeruakaz amesetan? Ez, ameslari jaunak. Euskera zabaldu gura badogu, euskal espiritua piztu, guk egin bear dogu lan. Guk, eta emen. Kanpotik, itz politak baño ez dira etorriko. Lana, guk egin bear dogu emen.

Augaitik, asko poztu nintzan yakin nebanean Euskal Abestiaren III Sariketara 132 abesti barri bialdu zirala. Asko dira, benetan. Asko, eta onak. Eta gañera, gure pozarako, bizkaitar egille asko.

132 abesti barrien artetik, 6 izan dira aukeratuak, lau konziertoetan abestuteko. Ara zeintzuk diran euren izenak, eta egilleenak:

«Ames egin dot», Angel Aulestia ta Agustin Zubikarai'renak, biak Ondarrutarrak.

«Bilbo'ko Illargia», Marilu Ornilla'rena, Bilbotarra.

«Elgorria izango da?», Regina Arrola'rena, Bilbotarra.

«Garbiñe». Tomas Garbizu'rena, Donostiarra.

«Lekeitio», Eusebio Erkiaga'rena, Lekeitiarra.

«Txoria Kaiola'n», Felix Ibarrondo'rena, Oñatiarra.

Sei abesti oneik, esan dogunez, lau konziertoetan abestuko dira. Ikusi emen non izango diran, eta noiz:

Donostia'n, Victoria Eugenia teatroan, otsallako 19'an, goizeko amabietan.

Iruña'n, Gayarre teatroan, otsallako 26'an, eguerdiko amabietan.

Gazteiz'en, Guridi teatroan, martiko 5'ean, eguerdiko amabietan.

Bilbo'n, martiko 12'an, Coliseo Albia'n, goizeko amaika t'erdietan.

Sariketa au Coca-Cola ta Fanta'ren konzesionarioak ordaintzen dan, eta Diputaziño ta Aiuntamentu batzuk eskeintzen dabez sariak.

Abeslariak, oneik izango dira:

Lurdes Iriondo

Begoña Idoyaga

Benito Lertxundi

Juan Libarona

Nino Remuñan.

Aurtengoa ez da orfeoitarako. Aitatu doguzan sei abeslariak, banaka, abestuko dabe kanta bakotxa, ta eurai laguntzeko, orkesta bat egongo da, Juan Cordero'ren zuzendaritzapean.

Zelakoak dira sei abesti oneik? Iru, ritmo ariñak, gaur mundu zabalean dabiltzanen antzekoak. Bi, protestako abestiak, eta bat, «Lekeitio», himno baten antzekoa. Seirak, ederrak benetan, bakotxa bere klasean.

Kontuan artu, entzuleak, euren botoakaz, sarituko dabezala sei abesti oneik. Lan gatxa, benetan, baña bearrezkoa. Jakin bear dogu zein dan erriaren gustoa. Erriaren gustoa...

Gaur goizean, Euskaltzaindia'ren batzarretik urtetan, adiskide bateri auxe esan dautsat: Erriaren gustoa zein dan jakin bear dogu. Eta berak erantzun: «Erriaren gustoa?». «Ez, Erria edukau egin bear da gusto on bat euki dagian.»

Alde batetik arrazoia dauko. Ainbeste edozelango musikak entzuten dira irrati ta telebisiñotik, ez dakigula erria noraño egongo dan gustoa galduta. Baña derrigorrezkoa da jakitea erriak zelan pentsetan dauan gaur. Ezer egitekotan, ezer lortu leitekena, oñak lurrean sendo imiñirik asi bear dogu. Gauza bat da guk gura gendukeana, ta beste bat da egiz zelan dan, errealidadea zelakoa dan.

Euskal Abestiaren III Sariketa martxan dago. Laster asiko dira konziertoak. Aurtengoak, guztiz interesanteak izango dira. Melodia utsa, errez abestuteko modukoak. Asko zabaltzen badira, euskerari mesede andia egingo dautsoe.

A!, eta esan daigun konzierto guztitan, presentadore bi egongo dirala: bat, euskerazkoa, Mari Karmen Ibarra. Bestea, erderazkoa, Franzisko Xabier Garcia.

Iru neska konziertoetan: bi abestuten eta bat itz egiten. Irurak, gaurkoak eta benetan galantak. Eta irurak euskeraz egiten. Ia ori ikusita, ainbeste fustebako neska euskaldunak euskeraz egiten daben. Ba da ortarako ordua.

Xabier Gereño


Zegaitik ez ule luzeak

Titulo au irakurtean, bat baño geiago arrituko zan. Zelan eta euskeraz ule luzedunen alde?

Gure artean, askorentzat ule luzedun bat ikustea, edo bizardun gazte bat, edo prakadun neska bat, edo minifaldadun bat, deabru berbera ikustea da. Dantza-etxe edo kabaret batera sartzea, pekatu.

Aurretik argitu bear dot nik ez daukadala ule luzea ez bizarra, baña eroateak ez leuskit burukomiñik emongo.

Kristiñau askorentzat erlejiñoa kanpoko itxurak dira. Seigarren agindua bete, ta beste batzuk ez ainbeste. Gure izakeran norma batzuk jarrita dagoz, eta euren artetik goaz bizitasun barik, gatz barik.

Zegaitik ez ule luzeak? Zegaitik dira baztertutekoak bizar luzedunak? Ba-dago arrazoirik?

Guk ule laburrak eta bizarra ebagita daroaguz. Zegaitik? Guztiak olan doazalako. Ez dago beste arrazoirik. Guztiak ule luze ta bizar luzeagaz ibilliko balira, geu be olan ibilliko giñake. Onek esan gura dau, norbaitek norma orreitatik urtetan badau, besteak baño personalidade aundiagoa daukala, nortasun berezi bat. Ez da gizon-masa. Ondo ikusita, norma orreitatik urtetan dabenak, gu baño ausartiagoak dira. Gu gara masako gizonak. Gauzak geiago estutu ezkero, gu gara kobardeak.

Baña ez neban ainbeste esan gura. Naikoa da adieraztea, normatik urtetan daben gizon orreik, orregaitik bakarrik, errespetagarriak dirala, niretzat beintzat. Eurak, indar naikoa euki dabe, kemen naikoa, norma orreitatik urtetako, masatik urten eta euren nortasuna adierazteko.

Neskakaz, andren modakaz, bardin pasetan da. Askok uste dabe moda barrira doazan neskak eta andrak, ez dirala euskotar onak. Nire ustez, oker dagoz. Eta au olan esateagaitik, idatzi neban antzerki baten —orain «Txinpartakoak» euren repertorioan dauken teatro lan baten—, prakadun neska bat ipiñi neban, euskaltzale fiña zana.

Nire ustez, Euskal Erriaren aurrean, euskalzaletasuna dala-ta, moda bat edo beste bat jarraitzeak ez dau ezer esan gura. Bardin izan leitekez, eta dira, euskalzale, bizar luze edo bizar laburdun gizonak. Bardin prakadun edo gonadun andrak. Bardin gona luze edo gona laburdunak.

Kalte andia egingo deusku, euskalzaletasuna moda bategaz batuten badogu. Euskalzaletasuna moden ganetik dago. Bai jantziak dirala, dibersiñoak, pentsakerak eta abar. Euskalzaletasuna da gure Erria maitatutea, euskeraz egitea, euskal kultura zaintzea. Eta orretan, ulea olan edo alan eukiteak, ez dauko inportantzirik.

Ba-dakit au irakurriko daben guztiak ez dirala nigaz bat egongo. Nik, ipiñi dodaz nire eritxiak. Orain, emon zuek zuenak.

Xabier Gereño


Ezagutu zure erria

Sopelana

Zer diñostazu, adiskide? Eztakizula Sopelana danik be? Ba ara, beingoan igarri dot ortik, aberatsa ez zarana. Aberatsa baziña iakingo zeunke. Leku onak non dagozan areik ondo dakie. Sopelana orretariko leku on bat dozu, aberatsak ondo ezagutzen daben orreitarikoa.

Erri andia ezta, baserri bat. Baña itxasoa dauko, ondartza ederra be bai, ta itxasoa ta mendia dagozan tokian amaika lagun ba-da udan. Auxe dala-ta, orain esango dautsudana iazoten da Sopelanan.

***

Udaldian 7.500 bizilagun dira, urteko beste 9 illabetetan 2.110 baño ez. Udagoienetik aurrera artzen dabe arnasa bildur barik Sopelatarrak, arnasa ta erriko antza be bai.

Iakiña ba, udan ainbeste erbesteko etorteak asko nastatzen dau erria. Txarrena dana erriko diranak aztu egiten dira euren nortasunaz, ta kanpotarrak lez asten dira iazten, iaten, ibilten, barre egiten, eta berba egiten be bai. Itxas-ertzeko erri geienetako gatx zoritxarrekoa auxe da.

Kanpotik datozanak dakarren ona geuregandutea egoki da, baña areik egin dabelako bakarrik edozer egiten asi, ta bakotxak geure izakera guztia aldatutea «tximiñokerian» iaustea dala esango neuke.

***

Len esandako 2.110 sopelostarretik, 650, betiko edo, bertara etorri diran erdaldunak dozuz. Oneik kenduta, bestiek, Sopelan iaioak, 100'tik 80, euskaldun dira ondiño, zorionean.

Guda osteko urteetan asko galdu zan euskera Sopelana'n. Ikusi bestela au:

25 urtetik gorakoak guztiak dakie euskera.

25 urtetik berakoak, ulertu egin arren, ondo iakin ez ta lotsaz erdaldundu egin iakuz. Bildurrak eta itxitasunak kalte andia egin eben sasoi aretan.

Gaur euskera arlo au obeto dagola esan geinke. Sopelostarrak eztire tentelak eta ba-dakie euskaldun ezin izan leitekela euskera iakin barik.

Onegaitik 14 urtetik onantzekoak, 100'tik 25 inguru euskaldun dire. Gaur gurasoak ardura geiago dauke geure berbeta irekasteko.

***

Zazpi eskola dagoz erri onetan, 230 umentzat. Amar urtetik gorakoak ezer ikasiko badabe, Bilbora edo Algorta'ra ioan bear dabe. Oker andia.

***

Eleiza dala-ta, Zorionak! bertako abadeei. Oso ederto barriztau dabe, errikoen laguntasunagaz. Gaurko lege barrietara barriztauta dago: altara erriari dautsola, ormak arri utsez, atsegingarri benetan.

Sopelanak auzo andi bat dauko Larrabasterra deritxona. Auzo onetan beste elizatxo polit bat dago, oso barria. (Eleiz onen ondoan igaroten dau uda, etxe apain baten, Eujenio Beitia, Sanander' eko Gotzaiña izan zanak). Sopelanako iaiak S. Pedroak dira. Larrabasterra'koak Karmenak.

Domeketan lau meza daukez errian, bi euskeraz eta bi erderaz. Guztientzat aukera.

Bertako abade jaunak zuzenduta, aurten euskal ikastolatxo bat asi da, kristiñau irakatsiak eta euskera ikasteko. 25 umetxo doaz aurten, datorren urtean euskera dakien danak, zegaitik ez?

Ogibidez: 100'eko 75, langilleak dire.

 » 7, nekazariak.

  » 12, itxasgizonak.

Egoteko, iokorako ta edateko 11 taberna dagoz. Sopelostarrak ezingo dabe esan egarri diranik. Pelota-toki bat be ederra dago ta txapelketa ederrak iokatzen dira.

Azken urteotan euskal-iai ederrak be egin izan dira. Olan, zirikaldi guzti orreikaz «Alkartasuna» taldekoen kerizpean aurrera doa eusko-gogoa Sopelan. Baña kontuz gero, euskal-iai egunean brusea ipiñita, ez uste izan orregaz guztiak zintzoak direanik.

Aberatsak, gura balebe, Sopelana ederra, Bizkai'ko politenatariko bat izango litzake, baña... Alan be gura dauanak, al dauanak baño geiago sarri egiten dauan lez, Sopelostar zintzoak atzean eztira geldituko.

Ondiño otza da, baña udabarrian, kanpotarrak sartu baño lenago zoaze Sopelana'ra, egun ona bota gura badozue.

Ordu guztietan doa tren bat Bilbotik urtenda berbertaraño.

Salatari