ANAITASUNA

ZEMENDIA (11) 1966 XIV Urtea Zenb. 141

Dep. L. SS. 1092-1959

Zuzendaritza: Joan Azurmendi (Bermeo-n). Arantzazuko Irarkolan


Euskal Liburu ta Diskoen Bigarren Azoka Durangon

Gerediaga-koeri eskerrak

Urrillaren 30-31 ta azillaren 1'ean, Euskal Liburu ta Diskoen Azoka ospatu gendun Durango'n.

Gerediaga alkartearekin zorretan gagoz euskaldunok, euskeraren —ta Euskalerriaren— alde darabillen bierragaitik. Aurton be, eurek izan dire Azokaren antolatzailleak, ta ez daigula aztu Azokaren oitura au eurek sortu ebela, igaz, gure artean. Mil'esker.

Durangoko Santa Maria-ren eleizpean, 700 inguru liburu ta 200 bat disko egozan maietan, jendeak ikus edo eros egiezan.

Ez dakit-eta, ezin dot esan nik orain zein izan zan libururik salduena aurton. Interesgarria litzake jakitea. Igaz, iztegi, gramatika ta euskera-ikasbide ta olakoak ziran jendeak geien eskatzen ebezenak. Aurten be, seguru, ortik joango zan eskamena. JAKIN taldeak beintzat Joseba Intxausti'ren "Euskal-Aditza" saldu eban geien. (Ostera, "Europa" ta baita "Filosofiaren Kondaira", igaz).

Pollitto saldu zala uste dot. Baiña onek ez deust niri ardura, batez be benepein. Nire ustez, Azoka bat jeneroa erakusteko da, jendeak ikus daien. Ta ortan ikusi dot batez be diferentzia Durango'ko ta beste lekuetako Azokaen artean. Beste iñun baiño ardura geiagogaz, interesago, nabaritu dot jendea Durango-n. Bardin igaz ta aurton. Ta au pozgarria da.

Bertsolari ta abeslariak

Lenengo eguna izan zan lortuena. Bertsolariak edo abeslariak zirala-ta, bete betean egoan eleizpea. Bizkai'ko bertsolarien txapelketa ospatu zan arratsaldean, ta Lopategi dogu barriro txapeldun; ta bigarren, Mugartegui.

Euskal abestiak be izan genduzan. An entzun gendun gaurko euskal kantuaren mogimendu barria ta bulartsia. Abestiera onek indarra artzen badau gure artean, eztogu inoren aurrean lotsatu bearrik. Arrituta geratu nintzan. Zorionak, Benito Lertxundi, Mari Lurdes Iriondo, Julian Lekuona, Mikel Laboa.

Egunkariak iñoienez, esitoa izan zan Durango'ko Azoka, bai jendearen aldetik, bai saltzearenetik.

Bai ete?

Dagozan liburuak erakutsi dira, jendeak ikusi dauz, askoak erosi dabez. Zer geiago eskatu leikio Azoka bateri?

Azoka bateri ezer be ez geiago.

Baiña bai euskaldunori!

Aitortu daigun garbi: ez daukogu euskal konzientziarik, erri-konzientzia sendorik, kultura-konzientziarik. Errezenena joten dogu beti: folklorea edo... "gora gutarrak" batzuk esatera... ta orrekin, pott. Kontuz: ez diñot olakorik bear eztanik. Baiña ez aztu: euskaldun lez aurrera jarraitu gura badogu, sendotu daigun izkuntza, egin daigun kultura. Nik euskeraren salbabidea, ikastoletan ta kulturan ikusten dot. "Jakintzak askatuko gaitu": jarri eben Mondragoe'ko Azokaren izenpuru.

Euskal liburuen Azoka bat ikustean, batzuk adurretan geratzen dira: "len ez eikean olakorik egin!". Ta pozik. Niri ostera, aldrebes pasetan jat: anketara etorri jat arima Azoka batzuetan. Zergaitik?

Begiak daukotazalako. Ze liburu dakarre saltzailleak? 700'dik gora liburu batuten dira Azoka bakoitxean. Ba da libururik: pentsa leiteke. Baiña liburu orreetatik 300'era ez dira allegetan euskerazkoak. Eta orixe da. Ta 300 oreetatik zenbat ete dira baliozkoak benetan!

Sentimentuarekin bizi gara

Goazen aurrera. Ta jenteak zer eros ten da geiago ta pozago: euskerazko ala erderazko liburua? Ez daukat zenbakirik, baiña zenbakiak bear ete dira ba itaun oneri erantzuteko? Ezetz esango neuke. Euskerazkoak baiño Euskalerriari buruzko liburuak naiago dauz gaur jenteak, nik uste. Sentimentuarekin bizi gara: zer izan garan jakin gura dogu. Ez jaku ardura, antza, zer garan ta zer izan gaitekezan. Gatxago da, izan be. Burgesiak jota gagoz: ezin leiteke uka.

Jakintza, kultura, minoriengandik dator beti: jakiña da ori. Ta minori pozgarri batzuk ba daukoguz Euskalerrian, Gipuzko aldetik, batez be. Ta orreek bai, poza emoten deuste orreek. Alegindu gaitezan euskal kultura zabaltzen, edatzen. Zabaltzenago ta euskaldunago.

Onekin danakin zera esan gura izan dot: Azokak ederto dagozala, ta Durango'koa ondoen. Alan da be, garaipena ta esitoa lau aizeetara aldarrikatuz ez dogula on askorik egiten, gaurko gure egoera ikusi ta aztertuz baiño. Ta orretara, gaur gure euskal egoera ez dala elburu bat, ta bai asiera bat, asiera.

joan mari torrealday


Erriz erri

Gernika-tik

Aspaldi onetan gogaituta gagoz telebiziñoak emoten izan deuskun slogan aregaz. "Españia desbardiña dala" slogan aregaz seguru. Gogaituta, bai, ainbeste biderrez entzuten izan dogulako edo. Danori norberan txokoa atsegiñen egiten ei jako-ta, nik telebisiñoan emoten izan dauan ori apur bat aldatuta emongo neuke, ori egitea neure eskuan balego beintzat: "Españia desbardiña" dala esan bearrean "Gernika dogula desbardiña" esango neuke. Izan be, amaika gauza eder daukoz Gernika onek euskaldun guztiontzat, ludiko beste erri batek be eztaukazanak. Onen barri danok dakigu jakin be.

Gernika eta inguruan dagozan erriak ia-ia berez doguz atsegingarriak. Berezko edertasun oneek apur bat ornituteko Bizkaiko Diputaziñoak eratutako "Plan general de organización de la comarka de Gernica-Bermeo" dalako orren agerketa bat ikusi eikean agostuko illean gura ebanak erri ontako "Palacio Provincial" etxean. Ordenaziño au José Sanz Gironella arkitekto jaunaren eskuetan dago eta Bermeo, Mundaka, Pedernales, Busturia, Murueta, Forua, Gernika eta Luno, Mujika, Kortezubi, Arteaga, Ibarrangelua, Elantxobe, Ereño, Nabarniz, Arrazua eta Ri-goitia errietaraiño elduten da. Itzelezko biarra egiten dabiz egin be Sanz ta gaiñerantzeko tekniko jaunak. Agerketa ortan lau liburu lodi lekuko.

Gernika eta Bermeo-ko inguruak onetariko ordenaziño baten premian dagozala konturatuteko, berezko edertasunak ezeze, legor eta itxasoko aberastasunak be kontuan euki bear dira derrigorrez. Atara daiguzan, adibidez zenbaki batzuk. Bizkaiko portu guztietan 40 milloa arrain kilo sartuten ei dira gitxi-gora-bera urtean zear. Milloa orretatik, 16 milloa Bermeo-n, 300.000 Elantxobe-n eta 200.000 Mundaka-n sartuten ei dira. Bajurako ontziekaz be beste orrenbeste gertatuten da, Bermeo-k bakarrik probintzi guztian dagozanetik euneko irurogei daukoz da. Au merluzeru eta onetariko batel guztiak aparte. Beste zenbaki batzuk: Bermeo-n 2.600 gizon bizi dira itxasotik; euretatik, 15 ontzi andietako patroi dira; 325, bajuran ibilten diranenanak; gaiñerantzekoak, barriz, mekaniku, armadore eta mariñelak.

Inguru onetan dagozan piñudi eta ariztegiak be ezin daitekez aztu. Estadistikari jaramonik egin gura badeutsagu, 5.228 ektarea dagoz arbolakaz betetakoak: 3.157 piñueri jagoke; 2.127,14 mota askotako arbolari; 189 pagoari eta 52,05 eukaliptus-eri.

Gernika, Bermeo eta bitarteko erriak daukezan ondasunak zeozer egitea merezi dabela esan bearra dago. Ta ara emen Bizkai-ko Diputaziñoa aurton zelan asi jakun biarrean premin au ase guraz.

Ordenaziño au beste erri batzuetan be egiten dabizela irakurrita daukot noiz-edo-noiz. Egin leitekezan biar guztiak ondo etorriko jakoz gure Bizkaia oneri, biar-izan apur bat be badaukola emoten dau lantzien batzuetan da. Beste aldetik, nonondik agertu bear "renta nacional per capita" dalako ori ia-ia geien ordainduten dogula be. Beartsueri emon bakarrik ez, norberen etxea be ornituta euki bearra dago.

Gernikarra

Mungia-tik

Ba dira urte batzuk "anticuarios" izenagaz ezagututen doguzan gizon oneek emetiko aldetik etxerik etxe eta botez be baserritik baserri ibilli zirala antxiñako gauzak billatu guraz. Antikuario oneek —izango dira amar bat urte edo— baserritara jo eben, egon be baserrietan ziran geien onetariko gauzak eta. Iñori ez jakon bururatu antza "Torre de Villela" jauregi zarragaz zeozer egin eikeanik. Ez dakit, baten bateri bururatu arren, diruaren faltaz edo, gaur arte jauregi onegaz zeozer egiterik ezpada egon. Dana dala, aspaldi luze ontan "Torre de Villela" penagarri dago. Penagarriz, bai, euskal trabena bat egiteko edo aparteko leku bat izan arren. Gaur jauregi onen ugazaba Diputaziñoa da izan; baiña, danari ekitea be eziñezkoa dan ezkero, Diputaziñoari be ezin deutsagu besterik eskatu, ze, oraindik oraintsu egin dauz onetariko beste konponketa bi, Lekeitio-ko "Hostal de Emperatriz"-en eta Muñatorres-eko "Hostal de Muñatorres"-en. Aspaldi baten —ainbet urte izango dira ordutik— jauregi onen barrizketak egingo zirala esaten zanean, sei edo zortzi milloa errez joango zirala esaten zan. Diru pillo ederra egun batetik bestera atarateko! Bear bada lartsu!

Kondaira apur bat egin guraz, Javier de Ibarra jaunak bere "Torres de Vizcaya" liburuaren bigarren atalean dakarrena gogoratu daikegu: "En opinión de Delmas, la primitiva casa de Villela, fundada en 667, se hallaba en la anteiglesia de Gatica, próxima a Munguía, a donde se traslado, construyéndose la torre que nos ocupa o posiblemente otra anterior, ya que en la carretera de Plencia, en término de Munguía, aún se conserva el caserío de Torre Villela, lo que indica que la fortaleza estuvo emplazada allí en un principio, próxima a la ermita de San Andrés de Villela, que existe. También pudiera suceder que fuera un cadalso de los Villela". Jatorriz, bada, jauregi au Gatika-koa dogu, Mungia-koa baiño. Gaur, barriz, Mungiako aiuntamentuari jagoko. Guk ezagututen dogun jauregi au Villela-ko konde jaunak noiz jaso ete eben be ezin daikegu esan. Kondairak, Villela eta Butron kondeak alkar errietan gogor egin ondoren, jauregi au "Cancelada" kondeen eskuetan jausi zala eta oneek 1852-grn. urtean gaur ikusi geinkean lez itxi ebela diñosku. Geroago, azkenengoko eun urte oneitan, "Concha" izen andiko jenerala, Abruntes dukea eta gizon ospetsu batzuen eskuetan be egon zala ba dakigu, zeatz-meatz beste barririk ezin esan arren. Gaur, ostera, esan dogun lez, Diputaziñoaren eskuetan dago ain izen andiko jauregi eder au.

Amar eta amairugarren egindako Santa Maria eta San Pedro-ko elizakaz, "Torre de Villela" jauregiak irukote eder bat osotuten dau; baiña irukote au manku geratuten dala esan bear gaur dagon lez jarraituten dauan bitartean. Tamalgarria da izan diru kontuagaitik danori ain begiko izango litzakigun gauza bat egiztatuta ez ikustea. Baten batzuk lenago ibilli ziran esaten jauregi au. Plentzi, Bakio ta Bermeo-ko ondartzeen bidean dagon ezkero euskal trabena bat egitea edo egoki etorriko litzakela. Urli batek idei au ontzat artu arte trankil itxaron bearko dogu. Ori txarrena: itxaropen utsagaz geratu bearko dogula luzaro batean beiñepein!

Goiko-etxea

Bermeo-n ikastola barria

Bermeotarrak, atun arraintzu guztiz ona euki dabe aurten. Aurtengoa lako urririk ez ei da ezagutu aspalditxoan. Negua (gogortxua izanarren) ondo igaroteko moduan dira aurten arraintzale geienak, Afrika-ko itxasora joan barik. Bermeotar asko dabiltza Egoaldean (Algeciras, Canarias...). Irurogetamar arraiñontzi. Bakotxean 15 lagun: atara kontuak.

Euskal ikastolak adi dira. Lenengo, Aurtxoen Ikastola, barri-barria, urriaren 3-an asi zan, 30 neska-mutiltxogaz. Goizeko amarretan bedeinkatu eban A. Felipek Ikastola apaiña, Eufemia andere irakaslearen, aur ikasle ta euren amen aurrean. Beste barik asi zan Irakasle anderea Asier txikiari itaunduten, orman josita dagozan kolorezko irudi politen izenak eskatuz. Bai Asier-ek, eta Iñaki-k eta Karmele-k eta beste danak ondo dakie erantzuten: Ori, ARRAUNLARIA; ori, ZUGATZA da; ori, ETXEA da; ori...

Illuntzeko ikastolak be asi dira, 45 mutiko (8-10 urtekoak) "Xabiertxo"-ren orrialde eztitsuetan dabiltza A. Felipegaz, 50 neskatiltxo A. Pelixegaz. Abesti politak ikasten dabez, farrearen soiñu alaiak lagundurik. Oneek be "Xabiertxo" dabe ikas-lagun, euren irakurgai eta idazkizunetarako.

Zarragoak (gizaseme bizardunak) Intxausti-ren Euskal Aditza-gaz (Verboagaz), itz-kurutzetuak (kruzigrama) egiñaz, dabiltza OLGETAN illuntzeko ikastolan.

Zemendiaren lenengoetan asiko dira beste iru talde (16-30 urtera bitartekoak) A. Gotzon, Jon eta Sabin irakasleakaz euskera ikasten.

Karmeliten ikastetxean eta San Jose-ren kolejioan be olako zerbait egingo balitz, mesedea izango leuke gure izkuntzeak. Egingo balitz...

BARRIZALE

Galdakano-tik

Erri ontako "andra Mari" dantzari taldeak Llangollen (Inglaterra) aldetik garagarrillan egin eban ibillaldiaren barri idazien asteko, lar berandu nabillela aitortu gura dot lenengo-lenengotik. Onezkero, irakurleen artean geientsuak jakinda egongo dira "Andra Mari" taldekoak zelako sariak irabazita daukazen galetarren aberrian. Dana dala, besterik ezpada be taldekoeri apurren bat poztutearren edo, eurotzaz zeozer esan gura neuke.

Llangollen urian

uri onetan izandako leiaketan "Andra Mari"-koak bigarrengo saria eroan eben, Makil eta Inguruko dantzakaz. Eurak esan dabenetatik justu-justuan galdu ei eben lenengoko saria. Antza dantza mota bi egin bear ziran: biak neurri desbardiñekoak. Bigarren dantza motan "Andra Mari"-koak aginduta egoan baiño apur bat geiago luzatu ei ziran, eta orregaitik lenengo saria galdu. Lenengoko sari ori Irlanda-ko talde batek irabazi eban. Dana dala, mai-epaian egoan Lucile Arnstrang andra ospetsuak zorionik beroenak emon eutsoezan ain ederto dantzatu ebelako. Orduan andra onek agostuko illean Bilbo-ra etorteko erabakia artu eban, euskal folklore guztia sakonago ezagututearren.

Middlesbrough urian

Uri ontan egoneko "concurso internacional de música y danza"-n be parte artu eben. Baiña antza leiaketa ontako zuzendariak ez eben euki zentzutasun askorik, "Andra Mari"-koak diñoenetik beintzat. Dana dala, musikan bigarren eta dantzetan bostgarrengo saria atera eben.

Beste erri batzuetan be erakutsi eben zein ugaritsu ta aberatx dan euskal folklorea: Albert, Somain, Gornay urietan t. a.

Eskari bat

Llangollen-ein izandako laiaketara Españia-tik talde bi bakarrik joan ziran: Erri ontako "Andra Mari", bat; ta Palma de Mallorka-ko "De Casa Oliver" bestea. Beste talderik ezpada joan, ez da izan seguru iñork onetariko ibillalderik egiteko gogorik ez daualako euki; ezpada ze, ortarako naiko errestasun ez dabelako euki baiño. Onek esan gura dau —aolan diñoen beintzat "Andra Marri"-koak— Españian, Inglaterra eta Frantzia aldean dagozan lez, onetariko talde guztiak alkartu daikezan lagundi bat sortu bear litzakela, aolan, danak bat eginda, errestasun geiago eukiteko. Ondo egindako eta onugarri izango litzaken eskari bat dala auxe deritxot. Ia, bada, lenbaitlen egiztatuta ikusten dogun.

Bukatzeko, "Andra Mari"-koeri aldizkari onen bitartez zori ta gogo on zintzoenak bialdu gura neuskioez, irabazi dabezan garrantziko sari guztiegaitik. Zorionak, bada, zuzendari ta taldeko guztieri.

X.X.

Lekeitio-tik

Pozarren ikusi genduan gure euskalerria onetan oraindik ille asko ez dirala William Douglas Nebada-ko (USA) gizarte-etnologilaria. Danok dakigunez, Douglas jaunak Aulestia-n eta Naparroko beste erri koskor baten egin ebazan bere ikas-aldiak. Orain Paris-ko Sorbona-ko ikastetxe ospetsuko Armand Minard irakaslea erri onetara etorri jaku euskerea ikasten. Minard jauna La Sorbonne irakastoki entzutetsuan indologu dogu. Pozgarria benetan euskaldun asko gure izkuntzagaz ain itxi eta ain zabar agertuten diran ordu onetan, Europa-ko jakintsu bat euskerearen edertasunak birloratuaz, izkuntz zar au ikasten ikustea. Minard jauna indologu ain azkarra dan ezkero, jakingo dauz seguruenetik indo-europear ta gaurko izkuntz geinak; baiña alan da guztiz be, euskerearen pitxitasunak jakiñaz, ezin egon da izkuntz zar au noiztik eta nondik datorren ikasi barik. Ikasbide ederra euskaldunontzat askotan gure euskerea ixillean berba egiteko baiño ez deuskula balio pentsaten bai dogu. Minard jaunaren jokera zintzoa ikusita, lojiko jokatu gura badogu, orrelakorik ezin dogu esan. Baiña or dago untzea ba: lojiko izatean.

Udako egun geienak emen, Lekeitio-n, igaro dauz Minard jaunak bere andra ta semeekaz, Kurtutxu ganean, karraspiora egin dabezan etxe barri baten, egunero-egunero itxasotik datozen aize ta usain gozo ta osasungarriak gozatuaz.

Izan be, ikasbide ederra erbesteko gizon jakintsu onena!

Ermua-tik

El "Kaserio" Mutriku'n

Gure erriko antzarki taldekoak, agertu aldi bat egin eben "EDERRENA" Antzokian. Oso txalotuak izan dira, eta bertan entzun dogunez oso pozik gelditu dira ango jentea.

Zorionak Ermutarrari eta eskerrik asko Mutrikuarreri.

Idi probak

Agorraren 18'an idi probak egin eben ez ez-baida'koa Azabel Bizkaitarra eta Aranburu Giputza'k. Bost milla laurleko izan ziran euren artean jokatutakoa, eta Azabel'ek irabazi ebazan. Ez litzake txarto etorriko gure erriari alako gauza batzuek.

Beste euskal zale bat gitxiago

Jun dan illean —agostuan— il da gure errian urte askotan osagille izan zana: On Jose Fuldain Baquero; 88 urte ebazan. A, ze euskalzale jatorra galdu dogun. Goian Bego. Gure naigabeko agurrik samintzuena bere senideari.

Meza berria Mallari'n

Meza barria esan dau Zelaieta'tar Anjel "Hambre" izeneko ardautegikuak; aspaldiko urteetan ez ei da egon Meza berririk Mallabia'n eta jendetza asko izan zan. Egun ortan ikusi zan "Hambre"-koak zelako maitiak diran. Meza ostian Tronperri'koak dantzan ein eben Ezpata dantza, Kaxarranka eta abar; esaten ebenez mallabi'tar batzuk alako zairik sekula ez dirala egin Mallabi'n. Patxi Arregi "Azuntza" eta Apaiz dan adiskidea oso egoki bertsoetan.

Zorionak Angel Jaunari eta bere senideari.

ARANBERRIA


Cuba-ri buruz zer dakizu?

Cubatik etorri barria dan lagun bategaz egon naz berbatan. Euskalduna da bera, Antillas-eko ugarte aretan urte asko egiñikoa. Itaun batzuk egin deutsodaz berari, eta erantzun jakingarriak emon deustaz.

— Egia da Cuban jenteak gosea daukola?

— Gosea esaten dana, Indian-eta dagoan gose gorririk ez. Baiña jatekoa eskas dabillela, egia da.

— Castrok orain be egiten dauz berbaldi luzeak telebisiñotik?

— Len beste ez. Ezta gitxiagorik be. Jenteari, estomagoa utsik daukan bitartean, janari ta bizimodu ugaria agindutea, alperrik da.

— Ezin leiteke erreboluziñorik egin, Castroren gudari artean ezin leiteke sortu matxinada bat?

— Ez, iñola be ez.. Dana menperatuta dago. Ezin leiteke iñor jaiki. Orain arte, orretarako ausardia euki daben guztiak, euren biziagaz ordaindu dabe.

— Cuban ba-da presondegi ospetsu bat, Isla de Pinos izeneko ugartean. Zenbat preso dagoz espetxe orretan?

— Amar milla. Ia danak, ikaste aundiko jentea: osagilleak, abogaduak, unibersidadetik igarotako ikasle asko. Euren arteau abade bat bakarra dago, frantziskotarra, Cubako semea; gaztea, 28 urtekoa. Amabost urteko presondegia emon deutsoe kastigutzat. Preso geienak gazteak dira. Ogetamar urte ingurukoak.

— Zelan bizi dira?

— Bizi, guztiak txarto. Batzuk beti barruan dagoz. Lanera joan gura ez dabenak dira oneek. Ez dabe eguzkirik artzen. Besteak, barriz egunero urteten dabe lanera: batzuek arrobietara (kanterara), oneek solora, areek bide barriak egitera. Lanean dabiltzanak itxura ona dauke, eguzkiari eskerrak. Barrukoak zuri-zuri dagoz.

— Etxekoak ba-dauke joaterik presoak ikusten?

— Ikustaldi bat egin deikioe ille bitan bein. Orduan eroan deikioe bakotxari jatekoa. Baiña zortzi kilo geienez. Janaria illean bein artu daikee presoak. zortzi kilotik gora izan barik.

— Norteamerikako Estadu Alkartuak ez dabe Castro bota teko asmorik?

— Ez. Gurago dabe Castrok jarrai daiala. Olan Errusiak gastu aundiak egiten jarraitu bearra dauko. Gaiñera, Cuba olan dagoan bitartean, propagandarako eredu da Ego Amerikako laterri atzeratuentzat. Komunismuak Cubari ekarri dauana ikusirik, olakorik ez dabe gura inguruko naziñoak.

— Cubak zein estadugaz dauko artu-emonik aundiena Errusiaren ostean?

— Zalantza barik, Españakoagaz. Españak gura dauana sartzen dau Cuban.

— Eleizeak ba-dauko askatasunik bere eginkizunerako?

— Askatasuna esateko, oso gitxi. Abadeak mezea emon daikee; sermoiak egin be bai, baiña berba danak ondo neurtuta, gobernuari ezetan ikutu barik.

— Gura dabenak Cubatik urten daikee?

— Oztopoak aurkitzen dabez, baiña gobernuaren kontrakorik ezer egin ez dauanak urten daike.

— Eta zer uste dozu, Che Guevara Cuban dagoala edo andik kanpora dabillela?

— Nire ustez, Che Guevara lurpean dago. Au da Cuban zabalduta dagoan eritxia.

— Ta Castro bera gogor dago oraindiño?

— Castrok gero ta gitxiago aginduten dau. Bera konturatu barik, komunista partidukoak inguratu dabe ta euren menpean jausi da. Orregaitik, gaur Castro il arren, ez litzake ezer jazoko, dana partiduaren eskuetan dago-ta. Castro partidukoen esanetara dago. Partiduak gura dauana egiten dau.

— Ta noz arte iraungo dau Cubak gaurko moduan?

— Errusiak gura badau, luzaro. Baiña asko kostata. Petrolero batek, Odesako portutik Habanara, 32 egun egiten dauz biean lotu barik. Eroate utsean, gastu aundia dauko Errusiak, Cubari lagunduten jarraitu gura badau. Baiña noz arte iraungo dauan ezin leiteke esan.

Nire lagunak azaldu deuskun lez, Cubaren gaurko egokera ez da olgetako gauzea. Castro bide istu ta gatx batetik sartu zan, eta gero ta larriago aurkitzen dau bere burua.

A. Aizpuru


Zergaitik?

Pozez eta atsegiñez irakurri dut zuk egin eta "Brisas Guernikesas"-ek argitaratu zuen artikulua. Benetan, denok ikusten dugun gauza bat da hots: gure lehengoko ohiturak zaharrak hiltzera doazela.

Gaur egunean mundu-zabal guztian aldakuntzak ikusten ditugu, baita Euskal-Herrian ere, Ekonomia aldetik, politika aldetik, sozial gaietan eta abar. Errealitate bat da, eta hala aitortu behar.

Baiña, ene ustez, eurrerago joan behar dugu, eta galdera honeri erantzuna emon: zergaitik? Zuk ikusi eta agerarazten duzu aldakuntza ori erromeri eta dantzatan. Gauzak hazalez begiratzea da. Hori sintoma bat baiño ez da. Gatxa barrenagoan sartuta dugu.

Zergaitik? Gure ahitura zaharrak erakusten dauskue, gure asabak zelan konprenitu eta beraganatzen zuen manda hau. Behar bada, ahitara hoiek jatorriz ez ziren euskaldunak izango, beste herritatik hartutarikoak baizik. Baiña Euskal Herriak euskaldundu zituzten. Eta gaur egunean ez ditu egin.

Zergaitik? Hor da gauza guztiaren zera. Euskal gogo edo espiritua galdu dugulako. Lehen euskaldunago gintzan. Indarra ba genuen, eta gaur ez. Kanpoko gauzak euskaldundu beharrean, geure burua erdalduntzen dugu. Eta zoritxarrez, gero eta gehiago.

Zergatik? Oker diran gauzak zuzentzeko, zer egin dugu? Euskal gogoa sendotzeko? Denok ikusten dugu gure Herri gaixoa eririk, makalik, geizorik. Eta osatzeko, zer egiten dugu? negar eta beti negar. Ez dakit zergaitik, baiña hainbeste negar egitea ez da gure ahulkeriaren ezahugarri bat?

Gaurko gure egin beharra hau da: utzi alde batera negarrok, bihotzez eta jatorki jokatzeko. Naiko eta larregi negar egin dugu. Negar-anpuloekin itsutu egiten gera eta begi-aurrean duguna ere ez dugu ikusten. Beraz, begiak ondo zabaldu eta goazen denok aurrerantz. Kopla gitxiago eta egite gehiago. "Euskaldunak, ez begiratu gau baltzari, baiña bai izarreri". Lagunki,

OTSOLARRE


Zutunik

Gaztedia salatzen dabe

Salaketa maltzurrik badago, bai auxe da. Garai batean fariseuak izaten ziran azaluts eta maltzur. Gaur, barriz, beste milla dira maltzur.

Bai, gaurko zarrak gaztedia txarto ikusten dabe. Ainbeste biderrez entzun dogu au. Baiña esan daigun: atzoko zarrak atzoko gazteak txarto ikusten ebezala. Txarto, gaur eurak gaztedia txarto ikusten daben lez. Bardin.

Barkaziño aundi bat merezi dabe gaurko edadekoak. Emon deioegun.

Ni be gazte naz. Eta au jartzean arako kanta bat datorkit burura: Gaztetxo naz, gaztetxo zu maitatzeko... Eta abar. Kanta polita segun eta zeiñek kantatzen dauan. Osterantzean itxusiagorik ez dago mundu zabalaren bazterretan. Gauza ederrenak be aolantxe botatzen dira eta alperrik galtzen.

Gaurko gazteak

Gaurko gaztedia-k au ta beste egiten dau. Dantzara eta zelan aalko dantzatara. Twist, Yenka... al dakit? Lenagokoak... Lenagokoak aurreskua, dantza sueltoa egiten eben, eta gaiñera edadekoen aurrean. Oreek gauza bi esan gura dauz beste milla esan gura ba dauz be. Bi beintzat eta dira: Garai aretan ez zala oraindik orrelako dantzarik asmatu; beraz, ezin eikeen orrelako dantzarik egin. Eta bigarren: ordungo zarrak ez ebela konfiantza arienik be gazteen oituretan. Leku guztietan eta beti egon ei da paternalismo zantar au! Ordungo gazteak ez ziran fidatzekoak, gaurkoak fidatzekoak ez diran modu berean, edo parean beintzat; antzekoan izaten bai dira gazteak gari guztietan, eta urteak ez bai dabe mundua aldatzen.

Munduaren etorkizuna, nun?

Gazteak egiten dabe mundua. Ordu onean beraz. Egin beie milla bider. Mundu barri bat, gaurkoa baiño obea, erosoagoa bizitzeko eta iltzeko. Bai.

Zer dira dantza, zer dira jolas? Gaurkoak, esan gura dot. Ba, dira eta izango dira gaurko bizitzaren agerkai. Zarrak eurrez eta arrazoi osoagaz euren gaietan gogoratzen dira, eta euren giro ta aldiekaz maite mindurik bizi dira, maitaleak alkarregaz bizi diran era berean. Gizajoa milla bider euren aldiak joan dirala pentsaten ez daben gizonak. Milla bider diñot, eta oraindik laburregi nabillala uste dot. Amai bako biderrez errukarriak, ez bai dabe euren bizitzan segurantzarik aurkituko, ez bai dabe ez pozik ez alaitasunik eukiko. Zer eukiko dabe?

Miña, eta miña, barriz be. Gaur eta biar, euren seme-alaben oitura barriak ikusiaz. Miña, bai, gaurko dantzak ikusita, Twist batek daukon mogimentuak ikusiaz, irakiña emoten daben dantza eta oiturak ikusiaz, zelan gaurko gazteek dirua parra-parra erabilten daben ikusiaz.

Ezin geinkio gazteari orreek guztiak barik itxi. Beraz, zer guztien obligaziñoa da gazteeri konprenditzea.

Gaurko gaztediak gauza aundi eta egi mardulak dakaz, era txarretan eta zakarretan ekartzen badauz be. Baiña alan da guztiz be egi aundiak dira, eta egiak beti. Zabarkeri guztiak alde batera itxi eta begira deiogun errespetu guztiagaz gaurko gaztediari, izan be biarko aita ta ama izango da eta biarko zar gaurko gaztea. Erakutsi eta ikasi daiala zar on izaten gaurko gaztedi gaiztoak!

Pello Martin


Zer dogu Euskal Herria?

Euskaldunok, beti lan ta lan herriaren alde, sarritan pentsatuten dogu zerk bultzatzen gaituen horretarako. Euskal Herriak, aurki, erantzun leike norbaitek ta arrazoia eukiko leuke, horixe dalako gure kezka bakarra.

Ta zer dogu Euskal Herria, zer dauko berak gu hain zoraturik eroateko?

Besteak pentsatzen dabena eztakit nik baiña niretzat hauxe da Euskal Herria:

Euskal Herria, gazte askoren amets gozoak batuten eta osatzen dakien Herria.

Euskal Herria, agure baten begi-negarretan susmatzen dan gozo-samiña.

Euskal Herria, lehena geroko bideetan.

Euskal Herria, oraingo umeak ezagun merezi daben lurra.

Euskal Herria, gau luze baten atzetik datorkigun egunsenti gorrixka-epela.

Euskal Herria, lehengo egunean ikusi neban euskaltzale baten mozkortasunaren zergaitia.

Euskal Herria, gurasoak eginda itzi ezeuskuen bizitokia.

Euskal Herria, langille txiro askoren izerdiek eskatuten daben gizarte bardintzea.

Euskal Herria, Europak eta Munduak eskatuten dauskuen sorterria.

Euskal Herria, euskaldun izateko daukogun bide bakarra.

Euskal Herria, bertoko guztion lan komuna.

Euskal Herria, abade batzuen ezin ikusia.

Euskal Herria, toki guztietan ikusi gura genduken ta egunero falta yakun ogia.

Euskal Herria, danon eginkizuna.

Euskal Herria, mendietatik laiñoz beteta ikusten dan herri lotia.

Euskal Herria, gehiegitan, zergaitik eztaiela, dantzan jarri dogun ama gaixoa.

Euskal Herria, mendi-ibarretatik zabaldu behar dan irrintzi zoli ta eragikorra.

Euskal Herria, beragaitik hil ziranen eskari gogorra.

Euskal Herria, zeruan ñir-ñir itxadopengarriak bialduten dauskuzan izar txikia.

Honeik ikusita, ez ete da egia beragaitik ahalik eta lan gehien egin behar dogula? Orduan, ez, etzaitez hor lo geratu, zuk ere egin behar dozulako.

Kintana'tar Frantzisko Xabier


Eleizatik urrun... Zegaitik

Gaur egun, Españian, Italian, ainbat naziñoetan eta Euskalerrian be bai, krisis antzeko zerbait nabaitzen da erlijiño-kontuan. Geure Eleiz barruan nasketa andia sortu da azkenengo urte oneetan. Askotxorentzat Eleizeak ez dau Kristoren testigantzarik emoten. Beste batzuek ez dabez Konzilioaren erakuskizunak egi biurtuta ikusten, edo ez dabe zintzotasunik ikusten Konzilioko gaiak erabiltean. Izan bere —diñoe askok— zegaitik bildu dira 2.500 Gotzain eta zetarako euren buruauste ta eztabaidak, oraindiño erriak ainbat denpora itxaron bear badau erakuskizun orrek jakin ta bizitzeko?

 Esan bere, askok esango dabe, Konzilioa, "Pacem in Terris" lez, gure katoliko askok baiño, katoliko ez diranak obeto ulertuko dabela.

Baiña, nire eritxia, gure erriko krisis onek beste sustrai batzuek daukoz. Aztertu daiguzan apur bat bada bere.

Eleizea ta Jesukristo bat dira, ta bear bada, geure erriak ori ez dau garbi ikusi. "Ez naz serbidua izatera etorri, serbitzera baiño" esan eban Kristok. Eleizeak bere bide orreri jarraitu bear deutso. Ta, ain zuzen, Aita Santu Paulo VI'gnak esan eban, Konzilioa MUNDUAREN SERBITZAILLE lez agertu dala. Jakiña, Eleizeak gizarte edo soziedade bat danez, lege batzuek, estrutura bat euki bear dau; agintari bat be bear dau; baiña ori dana maitasunean oiñarritzen ez bada, ez da Kristoren Eleizea izango, diktadura bat biurtuko da.

Eleizea, Kristoren antzera, gizadiaren serbitzaillea bada, gizadi osoa artu bear dau Kristoren salbazio-kutsua emoteko; gizadia bere osotasun guztian salbatu bear dau. Gizadia Kristoren odol salbatzaillearen egarri da.

Gizadian, gizon bakotxean lez, danetarikoa aurkituten dogu. Baiña, gizadia ez daigun oso-osoan txartzat artu. Gauza asko dagoz ondo, ta beste asko txarto. Orregaitik, Eleizea egiten dogun guztiok (eta Eleizea danok egiten dogu; ez Gotzain eta abadeak bakarrik, danok bateatuak) gizadiaren barru-barruan sartu bear dogu; erriaren estructura guztien munean, estrutura orrek kristiñaututeko. Kontuan euki daigun Kristo etzala AINGERU EGIN, GIZON BAIÑO. Beraz, gizatasun guztia bereganatu eban; gizatasun orrek eukon pekatu-kutsua garbitutera etorri zan.

Ta, emen dagoala uste dot geure erriko krisis orren erroa. Euskalerriko zenbaitek ez dabe Eleiza ori ikusi, edo garbiago esateko, geuk, Eleiz-gizonok, ez deutsegu benetako Eleiza bat agertu. Ez dabe Eleizea gizartean sartuta ikusi, gizonengandik aldentuta baiño. Ta, sarritan, gizarteko prolemetan barruraiño sartu izan diranak, ez yakuz begiko izan.

Eleizatik urrun doiazanak ez dabe Eleizea, Kristoren Eleizea, erriagaz bat egiñik ikusi. Erri guztiak izaten dabez euren momentu gatxak, gogorrak, eta Eleizeak momentu orreetan jokabide garbi bat artu bear dau, eta erriari erantzun, erriari argi egin eta bide zuzenak erakutsi.

Nire eritxiz, Euskalerriak ez dau ikusi Kristoren Eleizean geure lan-tokietan, geure erriko eskoletan, edo Monja edo Prailleen kolejioetan; sarritan, eleizkizunetan bere ez, liturjia bera beste izkuntza batean emon yakolako. Ta, geure Ekintza Katolikoak edo Eleizako Mobimenduak Euskalerriaren izakerari yagokonez eratuak ete dagoz?

Eleizatik urrun... Zegaitik? Edo obeto: Eleizea erriagandik urrun... Zegaitik?

Izagirre'tar Felipe


Abortoa: Gaurko familien gatxa

Zenbaki ikaragarriak

Igazko urtearen azken aldian, Naziño-arteko Batzar bat ospatu zan Ginebra'n, familia planifikatzeko.

Irakasle marxista batek berba egin eban laterri komunistetan jazoten dan jaiotza-neurtzeaz. Zenbakiak itzelak dira, ta eureri eskerrak ezagutu geinke, lenengo biderrez, egia bere garraztasunean. Ta mingotza da.

Mehlan irakasleak esan eban abortoa —jarraiari bagagokoz— ezkea dagoela Komunismuaren menpeko lurraldetan. Eta, ez gitxitan, Estaduko legeak eurak be lagundu egiten deutsela aur-egoizte orreri.

Ba dakizue nora garoekezan gertaera oneek? Orregaitik, Rumania'n, esate baterako, ez da abortoa total libre ta azke. Alan, garalazo egiten jake osagilleeri egunean 10 abortotik gora egitea. Ona beste zenbaki batzuk: 100 jaiotzako, 140 aborto gertatzen dira Hungria'n. Eta Bukarest'en, jaiotza bat dagoanerako 13 aborto egin dira.

Polonia-n ikasbide eder bat

Mehlan maixuaren informeak iñoan, abortoetarako enbarazurik gatxena erlegiñoa dala. Ta au batez be Polonia'n gertatzen ei da, ze, ango andra katolikoak gogor pareta ei dagoz ume-iltze onen kontra.

Onegaz zer ikusi ba dauko, bai seguru, 250.000 andrazkoak Czeslokowa'ko eleizara egin eben erromesaldiak. An irakurri eban Wyszinski kardenalak, andre danen izenean, Ama Birjiñari konsagraziñoa:

"Edozein giza-bizitza erne dan unetik gorde egin bear dala adierazten dogu guk, fameliaren, aberriaren ta Eleizaren ondasunik andiena dalako".

Ba dakigu zergatik lagunduten jakon emen abortoari: Familia desegin gura dabela komunistak, esatea ez da iñorentzat barri. Ta abortoa bide bat da ortarako.

Baiña, edonun dagoz abortoak. Arrazoi askogaitik.

Ez dakizue zer gura eban Ernest Guening'ek, Estadu Batuen Senadoan, abortoari legeak lagundu egin bear deutsela iñoianean?

William Ball abogaduak erantzun eban ba ze lege barri orregaz gura zana —aitortu be ezin leiteken— baltzen jaiotzaen gitxitzea, urritzea, zala, ta ez besterik. Zelan? Errez: Pobre-mixerableenak baltzak diranez ezin dabe askotan abortoaren gastua ordaindu. Ta ori lortuta legoke, lege baten laguntziñoz. Beraz, baltz gitxiago.

William Ball'ek Gotzaien izenean berba egia eban orduan.

Gure artean zenbat aborto

Gatozen gure artera orain. Jazoten ete da, gure artean, olakorik ezer?

Datorik ez daukot. Baiña, jazoten danaren zalantzik be ez. Ostera, ba dakit baietz. Asko dirana be bai, gaiñera. Ta zer gauza! Emen gure artean komunisten arrazoiekaitik ez da, Washington-ekoakaitik be ezta. Zergaitik orduan? "Konfort"-en erruz, "bizitza on" madarikatu ta aburgesatu onegaitik, esango neuke.


Ogeigarren euntean gertatutako sinest-eziñekoa

Gizon batzuen ikasbidea

Ona emen egunkari batzuek ekarri deuskuen siñestu-eziñeko barri bat. Brasil-en gertatu ei da. Ango famili batzuek, gizon, andra eta umeak, danen artean eundik gora, gaurko gizarte ta gizabideaz nazkaturik, eguiñ eginda, euren etxe, lur eta solobazterrak salduta, Brasilia-tik 750 kilometro asao dagoan Vera Cruz-era joan eta ango basamortuan 180 hektarea erosi dabez. Lur orreik landu, basetxe batzuk eregi eta lurgintz edo labrantzari ekiteko usteetan dabiltza.

Lenago, orain amabost eunte, gizon batzuek, santututeko asmoaz, bakartegi billa eremuetara alde egiten ebela ba-genkian. Baiña orain, ogeigarren gizaldian, famili osoak, zintzoak, deduzkoak, labrantzan lan egin eta irabaziak, anaidi edo kooperatibako eginda, danen artean bananduaz, zintzotasunean eta bakean, nebarrebak lez, alkar maitasunean, orretarako aurretik egindako araudi edo legeen menpean bizitzeko asmoakaz dabiltzala entzutea, arrigarria da benetan.

Noiz eta ogeigarren euntean! Ezta siñeskarria!

Ez dira burubakoak

Gaztetxoak bakarrik izan balira, burubako erdi-zoroak dirala esango geunke. Baiña ez, ara joan diranak, danetakoak izan ei dira: arrastari edo langille aspergabeak, arotzak, argiñak, etxegilleak, nekazariak eta abar.

Eurentzako etxeak be eurak eregiko dabez. Asmo guzti orreen buru izan dana, futbolista izaniko bat da, Alberto Pavezzi. Eztira izan burubako aldakorrak, iñon be iraun ezin eta beti erri batetik bestera dabiltzanak. Ez, ondo gogartuta, ondo pentsatuta erabagia artu dabenak izan dira.

Gure gizarteak, gaur eguneko gizarteak, iguiñ-arazoten deutsea zertxo bat euki bear dau. Geroago geiago ikusten dira gazteen artean, gure gizarteaz konforme ez dagozanak. Orain agertu jakuzan "ye-ye" orreik be zer dira? Zeren atzetik dabiltza? Gaurko gizarte-lege edo ekanduakaz batera ez datozanak dira. Gaurko gizarteko lege, oitura edo ekandu batzuek aldatu edo barriztatu gura dabez. Gizarte-batzarretara aonela edo orrela joan bear dala; uleak ondo ebagi eta orraztuta, aonelako modako jantziakaz eta abar.

Oneixek, eta ez besterik, dira gaurko modako abesti, eresi eta dantzaketak. "Alde emendik lotura eta ekanduekaz!" da gazte oneen aldarria. Eta zegaitik geuk gura doguzan erako ekanduak ezin geinkez asmatu? Bestela, ekanduak zapuztuta, geuk gura dogun erara jokatuten badogu, gizarteak txarretsiko gaitu, ta txarto begiratuko deusku. Orren bildurra dogu. "Ye-ye" orreik ekanduen batzuk apurtu eta barriak sor-arazoteko asmoetan dabiltzan gazteak-edo ete diran susmoa dauko jendeak... Bide onetik doaz? Arrazoia dauke? Ori, gerotxoago, emendik urte batzuetara, ikusiko da.

Anaiak, anaikiro

Izan leiteke, Brasil-en bizimodu barri ori artu dabenak, atzeko ormea jo edo uts eginda, barriro errietara biurtu bear izatea. Baiña asmo onakaz asi dirala esan bearko dogu beti.

Gaurko gizartean, anaiak, anaikiro, alkar-besarkatutea, alkar-bizitza ta orrelako berba larregi be entzuten dira. Eta zer? Esakera zaarrak diñoena: Esanak eder, egiñak lander. Au da, esatea errez dala, egitea barriz, gatx.

Esan leiteke, gaur egun, danok edo geienok alkar menperatu eta nagusi antzera, al dan moduan, aonela edo orrela aberastuta, nasai bizitzea gura dogula. Alkartuta, alkarreri lagunduaz, irabaziak alkarren artean eta beartsuen artean bananduaz, bizitzea gura dogu egitan? Orrelako zertxoren bat bai. Eta egiten dan apurra be gizarteak biotz onekotzat artu gaizan.

Gaztetxo: ezta egia, zerorrek be, barri ori irakurtean, zeure barruan, zeure biotzean, kili-kili apur bat susmatu dozula? Zeu be guzurrezko gizarte onetzaz eta bere ekandu askogaz iguinduta zagozala? Jokaera ori ez dozula ontzat artzen?

Ez daukozu eremura joan bearrik. Gizarte barruan be ba-dago eginbearrik. Gizarte barruan be bear da orantza, lebadurea, gizarte obeago bat egiteko. Brasil-eko gizon zintzo eta leialtsuen ustego edo ideiak zerorrentzat artu eta gure gizarte barruan ekin gogor eta anaikiro alkar-maitasunezko ikasbideak emoten.

Legami barik eztozu ondo oratuko, arrotutako ogi goxorik egingo. Ba gaurko gizarteari be orantza edo legami dana kentzen badeutsagu, obeagotu bearrean, gaiztoagotu egingo dogu.

Aita IBABE


Eleizeak bere pentsamentua barriztuten dau

azurmendi'tar joan

1. Eleizea gaurko munduari begira

2. Katoliko ta protestanteak alkar berbetan

Erromako batzarra

Joan dan iraillaren 26-tik urriaren lenengorarte ospatu zan Erroman mundu guztiko teologoen batzar nagusia. Batzar onetan teologo katoliko printzipalenak parte artu dabe, ta bertan agertu dira pentsalari protestante batzuk be, Kontzilioan jazo zan lez.

Teologoen batzar onek, Konzilioak eztabaidarako, erabagi barik, itxi ebazan amaika gei —konta eziñak— erabilli ditu.

Eskritura Santuaren eta Tradiziñoaren arteko artu-emonak; Aita Santuaren eta obispoen artekoak; Andra Mariazko dotriñea, oraindiño ondo mugatu ta erabagi bakoa; ekumenismua; katoliko ez diranakaz alkar izketak; e.a beste ainbeste gei, Eleizearen gerorako garrantzi aundikoak.

Berba baten esateko. Eleizeak gizonen eztabaidarako bere esku itxi dauzan ainbeste problema, oraindiño zeatz eta osorik mugatu bakoak, izan dira batzar orretan erabilli dituenak.

Kontzilioak esan dau: "Jakintzako idorokuntzak, historiak eta filosofiak, auzi barriak sortzen dabez, bizitzarako ondore barriak ekarriaz, eta teolojiari billaketa barriak eskatuz.

Eta oraindiño geiago diñosku Kontzilioak: "Eleiztarreri —klerikoak naiz laikoak— aurkitzak egiteko bear daben askatasuna emon bear jake; eureri jagoken alorrean egiten dabezan idorokuntzak ondo ikusi ta artu bear doguz".

Gaurko teologorik onenak berbetan

Batzar orretan egon dira oraingo teologorik onenak. Aita Santuak ez deutse oztopo txikienik be ipiñi; euren alde egon da eta berba egin arazo deutse, euren eritxiak bildur barik agertu eiezan, jokera barri aurreratuenak izan naiz neurritasunekoak izan. Joan XXIII-nak Eleizeari irigi eutsozan leioak, Paulo VI-nak zabalduta euki dauz batzar onetan. Aita Santuaren sarrerako berbaldia goratu aundikoa da: Ebanjelioaren berezko muna sendo jagoteko eskatu dau, eztabaidara eroan leitekezan ainbeste gauzeri lotu barik.

Aita Lyonnet, S. J., eskriturista katolikoak (sasoi baten ain txarto begiratua, ta orain Paulo VI-nak emonda, barriro Idazteunaren irakastegia daukona) diño: "Kristiñautasuna ez da, batez be filosofia bat, pentsamentuzko sistema bat edo gizarte sistema bat, ez. Kristiñautasuna: bizitzea da. Eta ez da agertzen lege-liburu batean —oso-osoa izanarren—, persona batean baiño. Jesus da persona ori".

Kristiñauok arnasea artu bear dogu, eta orretarako bizitzako oxijenoa bear dogu, eta ez, geldiarazoten, kadenduten daben laiñoetako gogoetak.

Baiña, nok egin dau batzar au?

Onoko teologo oneek: Karl Rahner, S.J.; Hans Küng; Y. Congar, O.P.; Danielou, S.J.; Benoit, O.P.; De Lubac, S.J.

Eurak izan ziran Kontzilioan geien egin ebenak, eta orain be eurak atondu dabe Batzar aundi au, bertara joanda agerturik, naiz idaztiak bialdurik.

Aita Benoit da dominikoak gaur dauken eskrituristarik onena. Jakituri sakonez jantzitako gizona. Berak, kristiñau anai aldenduen artean, batasunerako bideak, bera kritiketan daben ekumenista batzuk baiño geiago irigi dauz. Berak, Idaztuen ikaste sakonakaz, protestante ta katolikoen arteko desbardintasunak asko bigundu ditu.

Gaur Aita Chenu dominikoa Kontzilioko jakitun bat izan da. Orain 25 urte, bere teolojiazko libururik printzipalena "Indice" izena eukan epaitegian sartu eutsoen.

Rahner —Innsbruck-en ainbeste urtetan irakasle izan dan josulaguna—, teologo katolikoen artean dagoan pentsalaririk sakonena da. Eztabaida aundian euki daben gizona —euki leitekena— bera, baiña dotriña zuzenekoa oso-osorik, alegin guztiak egin ziranarren Vatikanoko II Kontzilioan parterik artu ez eian. Gaur, danon aurrean emon deutso Paulo VI-nak bere ederrespena, eta bera izan da Eleiza katolikoaren barruan eta at geien eragin dabenetariko bat. Zalantza barik, bera da Eleizearen aro bat amaitzen dauan azkeneko teologo aundi bat, beste aldi bat jaiotzen dalarik; teologoen amataldia (itzalaldia).

Berritze bat lortu da

Erromako La Civiltá Cattolica aldizkariak diñon lez: "Kontzilio osteko aro onek neurtuten dau Eleizaren bizitasuna".

Aita Santuak gura izan dauan askatasunezko alkar-aurkezte (konfrontaziño) onetatik egiazko barritze bat sortu da, katoliko obeagoak izateko. Ori da barruko eraspena, lotura, alkar eroapenez betea, Aita Santuak eskatzen dauan lez.

Bearrezkoetan, batasuna; eztabaidan, askatasuna; eta danetan, maitasuna, San Agustiñek orain amasei gizaldi eskatzen eban antzera.


Iru urte igaro dira John Kennedy il ebenetik

Kennedy ta beste amalau

Amalau gizon emakume, John Kennedy-ren eriotzeagaz zerikusia daukenak, iru urte oneetan il dira misteriozko eriotzaz. Geienak odol-eriotzaz.

Bill Hunter eta Jim Koethe, periodistak, illak izan ziran, Bill-ek Dallas-eko erailtzearen barri emon eban. 1964-ko jorraillaren 23-an joan zan beste mundura, polizia batek, "ustebage" tiroz jota. Tom Howard, lege-gizona, biotzeko erasoaldi batez il zan, baiña ez jakon illotz-azterketarik egin. Nancy Jane Mooney, "strip-tease" dantzaria, gela baten urkatuta agertu zan. Henry Thomas Killam, kalean, samea ebagita aurkilu eben... Thomas Buchanan, Ipar Amerikako periodista ta matematiku aundiak, "Dallas, iru urte geroago" izenburuko idazlan batean batu dauz jazokera guzti oneek.

Texas-en ezin da berbarik egin

J. Kennedy-ren eriotza argitzeko testigu onenak ilda dagoz gaur. Misteriozko eriotza oneek "ustebakoak" lez agertu dira.

Dallas-en jenteak bildur itzela dauko berba egiteko. Kennedy-ren auziari buruz itaundu ezkero, danak erantzuten dabe: "Nik ezin deutsut esan. Bizia maite dot... eta ez dot galdu nai ariñ esandako berba batzuekaitik".

Giro auxe dago Kennedy il eben Texas-ko urian iru urte geroago, poliziagaz nasterik ez daukon jente artean. Ba-dakigu zegaitik. Misteriozko eriotz geiegi gertatu dira ta ikara gorria jaubetu da jenteaz, lendakaria il zan zemendiko eguerdi aretzaz eta osteko gertakizunetzaz argibidea emoten iñor ausartzeko.

Ipar Amerikako "Rampart" aldizkariak prensa-batzar bat ospatu dau, irugarren urteurrenean, Kennedy-ren eriotzazko idazlanekaz, azilleko zenbakia apartekoa argitaratzeko asmotan.

Aldizkari onek diñonez, azpi-joko edo konspiraziño bi egon dira: bat, lendakaria ilteko, ta bestea, erailtzea lortu eben estadu batzuetako eriotz-gintzakoen utsegiñak eta okerrak estaltzeko.

"Rampart" aldizkariaren zuzentzaillearen ondoan, batzarkide lez, "Midlothian Mirror" astekariaren zuzendaria egoan. Au, bere aldetik dabil, Kennedy-ren eriotzaz zerikusia eukenak, au da, lendakariaren azkena argituteko testigu onak izan eitekezanak. Baiña ez dau zeaztasunik aurreratu gura izan.

"Rampart" aldizkaria berean dago, Kennedy-ren eriotzeagaz alkartu bearreko illak, amar dirala. Amar oneen artean, ezagunenetako bat Dorothy Kilgallen, emakume periodista ospetsua da. Bere idazlanak laterriko egunkari onenetan azalduten ziran, eta telebisiñoan be aparteko tarteak emoten eutsoezan.

Ruby-k Oswald ilda gero, aregaz berba egin eban periodista bakarra Dorothy Kilgallen izan zan. Dorothy-k bere lagun bateri esan eutson: "Bost egun barru historia arrigarri bat agertuko dot".

Gau aretan bertan il zan Dorothy; esan ebenez, lo-emoille larregi artu ebazalako.

Ruby-ren abogadua biotzeko erasoaldi bategaz il zan. Baiña autosiarik ez jakon egin, egia zan ala ez ikusteko. Ta bere lagunak diñoenez, il baiño iru egun lenago beti iges egin guraz ebillen.

Biotzeko atakeaz il zan beste persona bat, Marlene Roberts, Oswald bizi zan ostatuko zuzentzaillea dogu.

Kennedy ilda gero, Oswald eroan eban taxista, William Whaley be ilda dago. Bere kotxeagaz miñ artuta, ustegabean il ei zan. Midlothian Mirror aldizkariaren zuzendariak Taxisten Sindikatuko buruzagiagaz gai onetzaz berba egin gura izan ebananean, bere langelatik kalera bialdu eban, azkeneko bost urteotan taxista bat bakarrik be ez dala il esanaz.

"Rampart" aldizkariaren zuzendaritzak diñonez, Oswald-ek ez eban iñor il. Bera, ilgai bat, estalki bat baiño ez da izan; eta orregaitik, azpiko-joko osoaren atalik inportantzi gitxienekoa.

Egia noiz jakingo dogu?

Egun oneetan agertu da Kennedy-ri buruz beste barri bat. Bere familiak estaduaren artxibuetan sartzeko emon dauzala, lendakariari autosia, gorpu-azterketa, egin eutsienean ataratako radiografiak. Eta gogorrena da, 70 urte igaro arte ezin izango dauzala atara iñork-bere artxibuko idazki-kutxatik.

Jakin eizu zeintzuk ete diran, arazo loi siñes-eziñeko orretan sartuta dagozanak...

Warren informea egiteko erabilli dabezan agiri inportanteenak be, argitaratu barik, artxibuko idazki-ontzian gorde ei ditue irurogetamar urterako.

Emendik 70 urtera biziko diran geienak oraindiño jaioteko dagoz. Bitartean, urte guzti orreek igaro baiño len, ez ete da Kennedy-ren eriotzaz egi osoa jakingo?

Armendi