ANAITASUNA

Iraila-Urria (9-10) 1966 XIV Urtea N.º 139-140

Dep. L. SS. 1092-1959

Zuzendaritza: J. A. Elustondo (Bilbon). Arantzazuko Irarkolan.


Gernika-ren seireungarren urtea ta Bizkaia-ren eskubideak

Euskal edesti apur bat

Gernika erria sortu zanetik seireun urte dirala-ta Edesti Akademia-ko Calle Iturrino jaunak Bizkaya-ren edestiatzaz luze idatzi dau izparringian.

Bizkaya, sekula, edo erromatarrak España-tik bialdu ezkero beintzat, ez ei da azke izan.

Gai oneri ekiteko gu baiño jakitunago izan bear da. Baiña zeregin onetarako gauza diranak, bear bada, gaurko giroan nai lez aoa ezin zabalduta, ixillik jarraitzea naiago izan leiteke.

Guk zer galdurik eztaukagunok, geure jakin eza aurrean jarri ta ridikulorik egiteko bildurrik eztaukagulako, geure erara zerbait esaten aleginduko gara.

Bizkaia ezta bakarrik euskaldun erria. Ta Bizkaya-k berez beste euskal probintziak aiña eskubide dauko.

Bizkaya ta Euskal Erria eztira erromatarrak ezkero sortuak.

Euskal Erria-k edo euskera egiten daben edo egiten eban erriak iru lau milla urte gitxienez ba-daukazala danak ao batez diñoe.

Europa alderdi onetako errien orduko bizimoduaren barririk ia ezer be eztago. Eztakigu politika modura zer eralguntza euken. Ziurrena tribu antzeko bizimodua.

Gaurko moduko laterri edo Estadu andietan ez zirala eralduta edo organizatuta egongo uste dogu.

Baiña, gauza bat da ukatu eziña: Euskal Erria etniko modura erri berezia izan dala eta dala. Ta erri berezia, bere nortasun osozko erria izan bada, gitxienez, bere lenengo denboretan, azke biziko zan, ba, beti besteen menpe bizi izan balitz ez zan etniko berezitasun ori sortu ta sendotuko.

Erromatarrak eta euskaldunak

Alderdi onetako kondaira erromatarren denporetatik asten da. Aldi aretan erromatarrak menpean artu eben Europa alderdi au: España, Prantzi, Itali, ta abar.

Edestiak jasoten dau ori. Baiña jaso ez baleu be or dagoz izkuntzak lekuko. Erromatarrak euren izkuntza, latina, laga eben azpiratuta euki zituen errietan. Ta danok dakigunez izkuntza aretatik sortu dira gaurko ainbeste izkuntza. Prantzesa, gaztelera, katalana, italiarra ta abar erromatarrak erri orreitan laga eban latin izkuntzaren ondorenak dira. Izkuntza orreik danak, aldi baten lurralde errietan erromatarrak nagusi izan zirala agertzen dabe.

Europa beko alde onetan lurralde txiki bat bakarrik gelditu zan erromatarren izkuntza egiten ez ebana: Euskal Erria.

Gertakizun onek au diñosku argiro: Erromatarrak ez ebela gure lurraldea menperatu, edo beintzat, beintzat, Euskal Erria-k ez ebala besteak aiñako menpetasun latsik igaro. Ba, ala izan balitz, emen be latina nagusituko zan denpora aretan, gure euskera galduaz.

Moruak ia España osoagaz jabetu ziranian be iparraldea, Asturias eta Euskal Erria, ez zituela menperatu esaten da.

Gero, euskal probintziak batzutan alkarturik eta beste batzutan alkarri bizkarra emonaz errege onen edo jaun aren menpe naiz ardurapean bizi izateak bere buru jaubetasunerako eskubiderik ez dautso galtzen.

Euskalerriaren nortasuna

Ba-dira zer ikusi andiagoak dauken arrazoiak kontuan artzeko; ta beste arrazoiak onetxek dira:

a) Euskal Erria-k nortasun osoa dauko etniko modura; danean berezia izan da auzo ta beste erri guztiengandik.

b) Sortzez azke izan zan.

d) Eta batzutan gogoz eta beste batzutan derriorrez egin daben erri politikea kaltegarri izan yako bere nortasunarentzat, bere eskubideak galdu ta bere izkuntza be azkenetara eroan dabelako.

Beraz euskalduntasunaren izenean ontzat emon ezin leiteken erri politikea egin dau.

Gaurko Laterri edo Estadu andi guztiak, Españi, Prantzi, Itali, Ingalaterra ta abar danak antzera egin edo sortuak dira: Izkuntza ta izakera desbardiñeko ainbat errien batasunakin osatu dira. Geienetan indarrez lortutako batasuna izan da, indartzuago dan erri batek bere aal ta izkuntza gogorrean zabalduta. Españia'n Gaztela erria nagusitu zan lez bestetan be euren arteko erri bat nagusi zan besteen gain.

Danen egin dan Laterri andi orrein sortzea, bear bada, aurka egin eziñekoa da, denporagazko gauzen aldatze edo eboluziñoi berezkoa izan leitekelako, orain lango Laterri orreikin beste Laterri andiagoak (esate baterako Europa) egin nai diran lez.

Baiña eztogu uste Laterri orreik bizi aal izateko eurak osatzen zituen erri txikien nortasunaren eriotza bearreko ebenik.

Gaur Europa Laterriagaz ames egiten dogu. Baiña bera osatu edo egingo daben errien kulturak eztabe ezer galduko. Izkuntzak ta erriai nortasuna damotzen berezitasunak zainduko dira.

Olakorik ezta egin izan lenago sortu ziran Laterrietan:

Gizonak beti dauko eskubidea egia, edo bere ustez egia dana esateko.

Baiña garaian garaikoa.

Ta nik neuk, orretarako gauza izan banintz, Gernika sortu zaneko seigarren eunurtegarrena ospatzen gabiltzan aldi onetan, berari ludi osoan entzutea emon dautzan Arbola Santua-ren azpian egindako legien azkatasun eta demokrazitasuna agertzen eta aupatzen idatziko neban.

Gernika mundu osoan orixe dalako: azkatasun aren ikur edo sinboloa.

KAMIÑAZPI


Arpideduneri dei bat

Ainbet urte igaro dira ANAITASUNA aldizkari onen lenengo alea ikusi genduanetik: amalau urte luze izan be! Orduan ANAITASUNA lau orri aldiko aldizkari txiki bat baiño etzan. Oraindik gogoan daukozu segurutik be zelakoak izan ziran lenengoko ale areek. Beste munduko gauzarik izan ez arren, ekinalde aregaz azia ereita egiala esan bear. Gaur azi au erneta ikusten dogu; erneta, bai, baiña oraindik jagokon indar ta sendotasuna artu barik: Zer egin dogu, bada, bizkaitarrok bien bitartean? Lotan egon gara seguru, indar guztiak lurpean sartu eta ustelduten itxiaz.

Gaur, ainbet lo egiteko denporea euki dogu euki be ta, biarrari ekin bear geunskio, gure aldizkari au beste edozein aldizkarien parean jartzeko. Arazo au ez da, ez, erreza izango; baiña illeak eta Jaungoikoaren laguntasuna aurretik daukoguzala, gure asmo oneek egiztatuko amesa daroagu barru-barruan.

Arazo au aurrera eroateko danok alkartu bear garala argi ta garbi itxi gura neuke. Orain arte be auxe izan da, neure ustez, beintzat, gertatu jakuna: bakoitxak norberen aldetik jokatu dauala, albokoen indarrakaz bat egin barik. Izan be, batek ba daki noraiño elduko giñan aolan jokatuko bagendu!

Anaitasuna'ren arpidedunak

Arpidedun geien dabezan erriak

Bilbao 281

Ondarroa 172

Lekeitio 89

Bermeo 82

Gernika 51

Durango 40

Mundaka 34

Muxika 26

Markina 24

Arbazegi-Gerrikaiz 24

Ogei baiño geiago daukezanak

Busturia 23

Forua 23

Amorebieta 20

Ispaster 20

Amar baiño geiago daukezanak

Ibarruri 18

Astrabudua 17

Mendeja 15

Mungia 16

Laukiniz 14

Lejona 14

Rigoitia 14

Algorta 13

Arteaga 12

Ereño 12

Zaldibar 12

Kortezubi 11

Erandio 11

Arenas 10

Elorrio 10

Amar baiño gitziago daukezanak

Pedernales 9

Abadiano 8

Ea 7

Sestao 7

Ermua 6

5: Canala, Portugalete, Yurreta, Ajangiz.

4: Getxo, Natxitua, Sondika.

3: Bakio, Zeanuri, Zeberio, Fruniz, Luiu.

2: Barakaldo, Berriatua, Gatika, Ibarrangelua, Mañaria, Meñaka, Nabarniz, Otxandiano, Santurce, Mallabia, Bedia, Billaro, Galdakano.

Bat bakarra daukenak

Urkiola, Orozko, Neguri, Murueta, Murelaga, Morga, Miraballes, Mendata, Lemona, Lezama, Larrabezua, Izurza, Gamiz, Euba, Etxebarri, Zenarruza, Berango, Basauri, Barinaga, Arrieta.

Bat be ez daukenak

Akorda, Amoroto, Apata-monasterio, Aránzazu, Arrankudiaga, Arrazola, Arrazua, Arrigorriaga, Barrika, Berriz, Bolibar, Elejabeitia, Derio, Dima, Elantxobe, Garay, Gabika, Gorozika, Larrauri, Lemoniz, Gorliz, Plenzia, Sopelana, Ubidea, Urduliz, Zamudio, Zaratamo, Yurre... t. a.

***

Guztion zai geratuten gara, bada. Bakoitxari norberaren alegintxoa baiño ez jako eskatuten. Danok dakigu zelako biarra daukagun eskuen artean. Ekin deiogun alkarturik, egingo dogun aldizkaria danona izan da-ta.


Erriz erri

Natxitua-tik

Lengo mutil lagun batek esan eustan: "Txo, zergaitik ez dok bialtzen ire erriko albisten bat ANAlTASUNA-ra? Pozik artuko aue. Ta lagun onen esanak bultzatuta, pluma artuta zeozer esatera noa.

Natxitun, iñun egin badabe, pelota-leku oso polit bat egin deuskue, aukeran laburtxoa, baiña guretzat naikoa. Lenagoz ez genduan eleizapea izan ezik jolastuteko leku egoki bat; orregaitik egin deuskue frontoi eder au. Pelota-leku au Benigna Ugarriza-ri esker eginda dago. Ainbeste mesede egin deuskun andra oneri, milla esker biotz-biotzez Natxitutarren partez.

Eta pelota-leku onen inguruan pelota giro barri bat sortu dala esango neuke. Berezko ekintzaille batzuk bultzatu deutse giro barri oneri, eta jenteak ederto erantzun dau. Pelota txapelketa bat be egin dabe Natxituarrak, lenengoa kontuxu; nik beintzat emen ez dot listen egin danik iñoiz onelako txapelketarik. Zortzi bikote presentatu dira txapelketa onetan eta danok erantzun dabe ondo orain arte beiñepein, izena emon ondoren iñor be ez da atzeratu, eta partidua tokatzen izan jakenean iñok utsik ez daualako egin. Jokalariak ezeze, erriak be gustora artu dau asmo barri au eta jente asko joaten da partidu onek ikusten naiz ta jokalariak punterengoak ez izan.

Porru-zale

Gerrikaiz-tik

Garagarrillaren 24-an Gergetz-Munitibar osoak jai aparteko bat ospatu eban. Gergetzek emon daben lenengo prantziskotarraren Meza-Barria.

Gizaldiak ba-dira gure Aita Prantzisko donea an Asis-en jaio zala; gure euskalerrian bere antxiñatik ditugu prantzizkotar komentuak. Dana dala, gaur arte ez dogu izan prantzizkotar sendi ugaritsu orretan Gergetzeko semerik.

Oiz-ko mendiaren oiñpean dagoan Bartitta-ko baserrian jaio da gure Aita Sebastian. Paulo Belaustegui ta Simona Urionabarrenechea senar-emazteen amar seme-alabaetan laugarrena. Ba-daukoz beste anai bi bere erligioso, bata, bera legez prantzizkotarra, eta bestea barriz laterandarra. Biak oraindik orain estudiante.

Gergetz-ko erriak gogoan eukiko ditu garagarrillaren 24-an, bete-betean egoan bertako eleizatxoan bizi ebazan momentu zoragarri arek. Bere gurasoentzat egun ura zer izan zan ezin daikegu orri onetan jarri. Orretarako apaiz baten aita edo ama izan bearra dago.

Bere lobatxo Esther-ek bere esku bedeinkatuetatik lenengoz artu eban Jesus Eukaristian, eta ondoren baita erri osoak bere, Jesukristoren Gorputzagaz aletu euren animak.

Meza ostean bertso-zaio bat emon euskuen Gizaburua-ko abadeak eta Abel Muniategi gazte trebeak. Bertsolari entzunak ez ziran baiña euren bertso polit eta umore onekoak oso txalotuak izan ziran.

Bertsoak amaituta, ardao zuri apur bat edan ondoren, orduak aurrera eijoazela ta, Munitibar-era jatxi giñan ondo preparatuta egoan bazkariari asiera emotera.

Ondo jan eta txartoago ez edanda, soñu ta kantu alaitsuen artean igaro genduzan arratsalde eder aren orduak.

Gergetz-ek nekez aztuko ditu domeka aretan bizi ebazan ordu parebakoak.

ZORIONAK Aita Sebastián, eta Jesukristoren ordezko diña beti izan zaitezela!!!

J.L.B.

Ajuria-tik

Aurtengo San Juan jaiak argi ta garbi erakutsi deuskue norartekoa dan Ajuriatarren bizitasuna ta kementasuna. Iru egun igaro dabez oso ederto, baña batzuen eritxiz, iruretatik azken eguna izan zan pozgarriena. Irugarren egun au, au da: bagillaren 27 Gernika komarkako erri batzuetako gaztetxoen artean moldatu eben. An izan ziran Areatzatarrak, Nabarniztarrak, Ibarruritarrak, Oromiñotarrak, taab.

Egun alaitsu bat izan zan. Gaztetxo onekin era-berritze baten egunsentian gagozela esan geinke; beste zer edo zer dakarre, mensaje barrien bat gaurko mundueri? Ez dakit baña an nik ikusi ebana aitortzen dot: alaitasuna, adiskidetasuna ta alkar-maitasuna.

Goizean, mezea, amaiketan izan zan, Ajuriako abadeak emonda, itzaldi egoki-egoki bat egiñaz. Meza zuzentzallea Nabarniztar gazte trebe bat izan zan, ondo ikasia dagoala esan leiteke ofizio orretan. Meza ostean, ango kantu, dantza ta alaitasuna amaibakoa zan. Ta baita abesti batzuk abotsetara be; abeslariak Ibarruriko neskatotxoak ziran, eta zelan baña... Onek gertatu ebazana Ibarruriko parrokoa zan; ez eban egin lan makala... Zorionik beroenak bai abade ta neskatoeri! Onen ondoren bazkaltzera abiatu giñan danok. A, bai izan zala benetako anaitasunezko bazkaria: gazte danak landa baten baturik, bakotxak berena agertu eta gero bakotxak nai eban lekutik jaten eban. Ez ete da au be an egon zan maitasunaren beste ezaugarri bat? Baietz uste. Arratsaldeari eleizkin laburtxo baña eder-eder bategaz emon yakon asiera. Gero berriro kanta ta dantza.

Azkenez dantza-askatu txapelketa. Lau bikote aurkeztu ziran eta une gozo-gozo batzuek igaro egin euskuezan. Laurak egin eben ederto euren lana, baña jakiña, bat nagusi bear zan: eta nagusitu zan bikotea Oromiñotar gazte bi osotzen eben: Juan eta Kristinak, lenengo puestoa lortzeko gogor eginbearra izan eben, badago or nundik atara.

Onelako jai bat eratzea zalla da, beñipein ondo eratzea, baña Gernika komarkako gazte baizuk jakin dabe. Uste dot lortu zenduela elburua: ALKARTASUNA. Zergaitik, egunetik egunera geiago sakonduz asterketa sakon bidez, ugaritu ez onelako ekintzak?

Jose A. Aranburu

Mungia-tik

Aurton be joan jakuz erriko jaiak. Ainbeste denporan zain da zain egon da gero, azkenean San Pedro egun ori, igarri barik joan jakula esan bear. Niri neuri beintzat orixe gertatu jat. Baiña, zer? Egun ori igarri barik joan jakula-ta zergaitik penaz jarri? Izan be egun luzeenak nekez beterik egoten diranak izaten dira beti. Beraz, igarri barik igaro bajakun, ondo baiño obeto igaro gendualaren seiñalea da.

Urrengo domekan, garagarrillaren 3-an, San Pedro-jaien bigarren partea izan genduan. Domeka atsegingarria au be, San Pedro egunean eukitako jai aren mailara eldu ez arren. Aiutamentu, Guri-Zer eta Anaitasuna gizartekoen laguntzagaz, SUKALKI (guisado de carne) deritxoen konkursoa ospatu zan bigarren biderrez. Geroago, "Plaza de toros"-eko lekuan Donosti-ko "Goizaldi", Bilbo-ko "Dindirri", ta Iruñako beste talde batek dantzak batzuek adierazo euskuezan ta oso ederto adierazo be, euren izen onari jagoken lez. Izan be talde oneek onenetarikoak diran ezkero, ez da eukiko jai guztietan erri ontan San Pedro osteko domekan izan genduan zoria! Talde bat bukatu ta bestea asten zaneko bitartean Pello Kirten umorista famaduak naiko barre egiten eragin euskun. Ez da gero bardiña Pello Kirten-eri disko edo plaza baten entzutea. Diferentzi makala dago egon be!

San Pedro jaiak emen Mungia-n bakarrik ez dirala izaten edozeiñek dakitsu. Santu onen oroimenez zenbat eleiz ta ermintxa ez ete dira egongo euskalerrian zear, batez be itxas-ertzeko errietan. Lekeitio, Ondarroa, Mundaka, Markina, Berriz, Dima, Arbazegi, Galdames, Gueñes, Arrigorriaga, Lujua eta beste erri askotakoak be San Pedro eguna eta osteroko domekea guk ain ondo igaroko ebela deritxot. Baiña San Pedro patroitzat daukogunok, bere egunean alaitu bakarrik ez, bere zintzotasun ta jatortasuna be noiz-edo-noiz ikasi bear geunke. Ez deritxozu, irakurle?

GOIKO-ETXEA

Galdakano-tik

Euskal-errian dagonik dantza-talderik onenetarikoa Galdakano-n daukogula esaten badot, iñork guzurtzat ez deutsu artuko, azkenengo arte oneitan "Andra Mari" deritxon talde onek egin dauana kontuan eukiten badogu. Bilbo-n, Durango-n, Donosti-n eta beste erri askotan be dantzari trebeak dagozela enoa emen ukatuten; baiña erri ontako "Andra Mari" talde au orren gaiñetik ez egongo ete dan pentsaten nago. Barkatu, irakurle, neure berba oneek arroak badira; biotzak diñostena ezin euki izan dot adierazi barik eta. Baleiteke nire iritxia zeureagaz ados ez egotea. Orregaitik esan deutsut barkatuteko nire berba arro onek.

Gauzak bakoitxa beren lekuan jarrita, "Andra Mari" talde au euskal-errietako edozein tokian dozu ezaguna. Nor dago talde onek egin dauzan agerketak iñoiz ikusi edo entzun barik? "Andra Mari"-koari arrazoiz jatorkio etorri be dauken izen-on ori.

Berton, euskalerrian egin dauzan agerketak alde batera itxi, azkenengo une bi oneitan atzerrira egin dauzan ibillaldi bi gogoratu gura dotaz. Lenengokoena, diñotan lez, igaro dan urtean egin eben, Llagollen (Inglaterra) urian egon zan "International Musical Eisteddford" edo "festival internacional Musical"-en parte artuaz. Orduan irabaziko izenonagaitik festibal orren antolatzailleak aurton barriro deitu deutsee erri ortara joateko eskatuaz. Llagollen urian azeze, Middlesbough eta Arbert urietan be egon dira aurton mundu guztiko dantzalarien aurrean euskaldunonak erakutsiaz. Talde onek egun oneitan egiten dabillen biarra ez da izango, ez, lar erreza festibal ortan aberri guztietatik bildutako taldeak berreun izango dira-ta. Llagollen-en antolatu dan festibal au —aurton ogeigarren biderrez antolatuten da. Orrek esan gura festibal onen izena mundu guztian zabalduta dagoala eta— bertan bildu diran taldeak gaur egunean dagozan talderik onenetarikoak izango dirala. Baiña "Andra Mari" taldekoak orregaitik ez dirala bildurtuko ba dakigu eta igaro dan urtean lez, aurton be sari galantzak ekarriko dabezala be bai.

Gazte onen ibillaldia 18 egunekoa izan da. Bizkai-tik bagillaren 26-an urten eben, Berriz-ko jaietan naiko zarata atara-ta gero. Ille ontako —garagarrillaren 10-ean idazten dotaz lerro oneek— bigarren egunean asi ebezan agerketak Albert dantzen xeetasunak noraiñokoak diran agertuaz. Ostera be Galdakano-ra ille onen 18-an etorriko diralakoan gagoz. Egan ori igaro arte ez dogu jakingo bear bada "Andra Mari"-koak egin dabezan agerketaren gauza garbirik, BBC radioak zeozer esan dau baiña. Segurutik ekarriko dabezan sariak kontuan euki barik be, talde batentzako naiko gorespen dala deritxot galetarren aberrira joan dala esatea. Beraz, taldeko guztieri ta batez be taldearen buru dan Sabino Larrea jatorrari gure zorionik beroenak emon bearrean aurkituten gara, batetik ainbeste eragozpen goituteko naiko kemen euki dabelako, ta bestetik, mundu guztiaren aurrean danori ain atsegin jakuzan agerketa batzuk egin dabezalako. Zorionak, bada, eta jarraitu bide ortatik, zuetariko euskaldun asko balego, beste kuku batek kantatuko leuke-ta!

X. X.

Bilbo-tik

Gaurko onetan itxi eidazu, irakurle, Urioste-Ortuella izan dako euskal-jaia zelakoa izan zan konteuten. Iñoiz ez nintzan izan erri ortan, "Encartaciones"-eko beste erri geienetan lez; beraz, ba neukan erri ori ezagututeko gogo apur bat. Neska bat lagun nebala arantz jo neban, bada, jai eguna alik ondoen igaro guraz eta bide batez "Encartaciones"-eko erriak zelakoak diran jakiteko be bai.

Urioste-Ortuella lenengo nekazari ta artzaintzatik, gero minetatik ta gaur industriatik bizi dan erri bat dozu. Beste erri askoren antzera, Urioste be gero ta andiago egiten doatsu, kanpotik bertora datozenak asko diralako. Izatez erri koskor bat izanik, gaur, ostera, naiko andia egiten doala esan bear.

Urioste-koak euskal-jai bat ospatu ebela esan dot. Euskal-jai ezin daikeguz Eibar edo Mondragoekoagaz parean jarri; baiña dana dala erritarrak, geienak erdeldunak izan arren, jai eder bat egiteko kemen guztia jarri eben. Dantza, soka-tira, txirrindularia, asto-karrerak eta onetariko beste numero batzuekaz zarata apur bat atara zan beintzat. Ez zan egon aparteko gauzarik, baiña arrasti on bat igaroteko beste bai.

Urrengo domekan izan zan euskal-jaiaren azkenengo eguna. Meza Nagusiaren ostean, Retuerto-ko "Erreka-Ortu", Bilbo-ko "Oñastarri", Rekaldeberri-ko "Arraiz-peko Gazteak", Barakaldo-ko "Laguntasuna-Oar", Sestao-ko "Salle-ko" ta "Eusko-Lorak", Portugalete-ko "Elay-alai", Lutxana-ko "Amaya", Santurze-ko "Mendi-alde" ta San Iñazio-ko (Bilbo) "Urduriz" taldeak parte artu eben, an bildu ziran guztiari euskal-jaiaren berotasuna egartu guraz. Arrastian, Urioste bertako dantzariak egindako alarde baten ostean, "Caja de Ahorros Vizcaina"-k babestutako aurresku ta "jota vasca" deritxoen txapelketea izan genduan. Aurreskularien artean Ondarru-ko Etxaburu-k egin eban lenengo ta bigarren Bilbo-ko Alvarez-ek. "Jota vasca"-k abestuten be ondarrutarrak agertu ziran jatorren, erri ortako Etxaburu-Bilbao bikoteak lenengoko saria irabazi bai eban; gero, Bilbo-ko Ortega-Hermosilla, Barakaldo-ko Martintxu-Edurne, Derio-ko Bilbao-Gallastegi, ta Bilbo-ko Etxebarria-Gurutze bikoteak zetozen. Bostgarrengo sarian Javi-Maite, Txelu-Kontxi ta Zabala-Elsa bikoteak puntu bardiñak egin ebezan. Azkenean, Zabala-Elsa bikoteak eroan eban sari ori.

Gero, arrastia sartu zanean, Urioste-n bildu giñan danok txistu ta tanboliñek eraginda, naiko dantza egin genduan erriko plaza ta inguruetan, euskal-jaiari azken agurra aolan emonaz.

Euskal-jai au igaro zanetik igaro dira egun batzuk. Ta orain eguneroko bakea eldu jatenean zera pentsetan nago: euskaldunok ia non jartzen dogun gure izakerea, askok euskal-jai antolatutea naikotzat daukee benetako euskalduna izateko ta. Baiña, jaunak! Non jarri gura dogu gure euskalduntasuna: dantza ta irrintzi batzuetan?? Askon jokerak ikusiaz olako bat emoten dau. Euskaldunon benetako izakerea ez dot uste ain txiro danik.

B.-tar Joseba

Atxuri-tik (Mungia)

Atxuri Jainkoak egindako eta Mungia aldean dagoan auzo eder bat dozu; bere baserri ederrak batzuk erdian alkartuta beste batzuk zabalean edo mendi-egalean jarrita dagoz, baiña danak bizi dira Jainkoaren bake santu baten.

Ille ontan agertzen jakuz lenengoz aldizkari ontako orrietan zabalduta auzo zoragarri onen barriak. Illen ontan, bada, oraindik orain, agostuaren 21 eta 22-euki genduan jaien barri esan gura neuskiozue. Beste mundu gauzarik ezpagendun egin be, egindakoa bai egin genduala gero al genduan ain ondo.

Antolatzalleari lenengo aipatu gura deutsetena auxe da: egitaraua edo programea euskeraz ataratea. Izen be erri askotan ataraten dira onetariko programak, baiña zoritxarrez geienetan erderaz euskaldunak ez balira izango lez. Zertan esan bearrik be ez dago auzo guztiak abegi oso ona egin eutsola euskeraz egindako programa oneri. Ta beste barik ara emen programa onen laburpen bat: 20 (zapatua) bolanderak; 21 (domekea) 8-etan euskerazko mezea. Gero, goizeko 11-etan Atxuri-ko gaztedi guztia —guztiz 50 bat— Mungiarantz urten genduan danak antziñako jantziakaz: mutillak, bruze ta abarkakin eta neskatillak be eureri jagokezan jantziekin.

Mungia-ra eldu giñanean —"kuadro" zoragarria— kale-jira ederrean ibilli giñan. Bide batez zagi eder bat be eroan gendun arratsaldean alaitasuna bardiñegaz jarraituteko. Illuntzian, untzi auztute edo "tiro platoa" amaitu zanean gazteok erromeri eder bat euki genduan gabararte.

Urrengo egunean, jaien bigarren eguna, mezea eta gero aurresku, jota-txapelketak, asto arin-arinketak, ume jolasak t. a. Arratsaldean berriro erromeri alai-alai bat soñu ta txistu barriekaz.

Edozelan be bertoko gazteok egun zoragarri batzuek igaro doguz jai onetan ta gure artera etorri jakuzan guztieri be beste orrenbeste opa deutsuegu.

Atxuri-ko Aitor

Ibarrangelua-tik

Oraindik gogoan daukot aurtengo maiatzako domeka baten gertatu jatana. Domeka arrasti baten Gernika-ko neska lagun batzuekaz San Pedro de Atxerre-ra joateko asmoa genduan. Esan da egin. Bazkalduta gero Atxerre-rako bidea artu gendun danok. Baiña niri —zori-txarrez onetarikoak sarri gertatuten jatez gertatu be-ta— lagun guztiak anka egin eustan berandu ibilli nintzalako. Orregaitik bildurtu barik, naiz-ta arrastia naiko illuna egon, bakarrik be ondo allegatuko nintzalakoan, lagunengana jo neban. Pedernales-en erritxoa Karonte jaunaren —aolan deututen deutsegu biar au egiten dauan gizonari— bateltxoan pasakeran asi jatezan arrastiko ez-bear guztiak. Neugaz batera errixoa ez eban pasa gura Bermio-ko neska talde batek be! Lenengo unean Atxerre-ra joateko lagunak topa nebazala-ta poztu banintzan be apurren bat, laster konturatu nintzan ezin neinkeala lar asaura joan, ze lenengo unetik asi ziran neure kontuz barre ta barre. Ta zergaitik uste dozue barre asi jatezela? Ba... mendira zapatakaz niñoalako! Izan be, nori akorda leitekio Atxerre-ko ermintxa puntera zapatakaz joatea gero! Ba eben euren arrazoia barre apur bat egiteko.

Bein errixoa paseta neskato areek atzetik itxi nebazan bada ezpadan be. Alan da guztiz be ez pentseu obeto joan nintzanik, ze bidean niñoala laño sarratu bat etorri zan eta bidea nondik iñoan be ez eustan ikusten itxi. Batetik alako laño sarratu bat, ta bestetik euri lanbroa... Arek izan ziran komediek! Bideak galdu ta koitadu bat eginda ibilli nintzala esango dot bakarrik, gaiñentzako gertakizunak neuretzako gordetea gurago dot-eta.

Bein neure lagunak billatu nebazanean, San Pedro-ri eskerrik biotzekoenak emon neutsazan bizirik eta salbo eldu nintzalako. Ainbeste zoritxar euki nebazan euki be arrasti zital aretan!

Baiña ez pentseu orregaitik beste iñoiz ez joateko erabakirik artu nebanik. Bai zera! Gaur ain zori ona ez-bajoat euki, urrengoan beste kuku batek kantako jok segurutik, esan neban neure kolkorako. Esan eta egin. Agoztuko 26-ean, Ana deunaren egunean, Atxerreko ermintxaren barrizketak bedeinkatuten zirala-ta, an batu giñan barriro be arrasti on bat igaroteko asmoz. Eta izan be orduko arrastia bai izan zala zorionez betekoa. Atxaki txiki bategaitik ezpazan izan, obeto beste iñon be ez genduala igarokoan nago. Axe atxakia, kotxo! Eroan genduan zato-ardoa lar arin utzitu genduala! Beti egoten ei da zeozer da... zer egingo da ba...!

Egun aretan Atxerreko ermintxaren barrizketak bedeinkatuten zirala esan dot. Eta aolan izan zan izan be. Goizeko amabi ta erdietan meza bat egon zan eta gero, aitatu dotan bedeinkaziño dalako ori. Beste ermintxa askoren antzera, Atxerre-ko Pedro deunaren ermintxea be penagarriz egon da oraintxu arte. Eskerrak Motriko-ko konde dan Jose Maria de Areilza jaunari ermintxe au orain oida-lez geratu da.

Egon be Kantauriko itxas-errietan onetariko ermintxeak ainbet dagoz; baiña Atxerre-koak daukon kondaira gitxik eukiko dabe bear bada. Seguru ermintxa au amabostgarren gizaldean egin zan lenengoz Pedro deunaren oroimenez. Gero pasa dan gizaldirarte tinko ta gogo egon ei zan. Baiña —kondairak diñosku lez— baten batek erre egin eban antza. Ibarrangelu-tarrak laster batu ziran, bertako kapitan ospetsu izan zan Araño jauna buru eukeela, ermintxea bear zan lez ixteko. Aolan, bada, erritar bakoitxak al ebanagaz lagundu ei eban seguru: batek arriekaz, besteak tellekaz, urrengokoak olakaz, nork diruagaz, t. a.

Baiña ez da emen bukatuten ermintxa onen istoria. Españia-ko azkenengo gudan —ba dakie seguru onen barri Akorda ta Ibarrangelu-tarrak— barriro sufridu eban beste zoritxar bat, erritarrak ainbeste arduragaz egindako ermintxeari sua emon eutsoen da. Guda ostetik gaur arte, Atxerre-n orma zar batzuk baiño ez dira egon. Gaur, barriz, Areilza jaunari eskerrak, orma zar orren ordez ermintxa alai ta polit bat daukagu Atxerre-n. Ikasbide ederra beste orrenbeste egiteko prest dagozan borondate oneko gizonentzako!

Atxerre-ko ermintxea Pedro deunaren izenean egin zala amabostgarren gizaldean esan dot gorago. Ta aolan da izan be. Baiña Nikolas de Bari ta Gregorio Magno deuneak be zer ikusi bereziko bat daukee ermintxa onetan. Izan be, ermintxaren akabuko ondamenerarte berton egin ei ziran santu bi onen balio askoko irudiak. Gaur, barriz, Gregorio Magno-ren irudia Ibarrangelu-ko eleizan eta Nikolas de Bari-rena Elantxobe-koan aurkitu geinkeguz. Antza gerra denporan baten batek erri orretako elezeitan gorde ebazan, guda baten edozer gertatu leitekela-ta. Pedro deunaren irudia, ostera, ermintxan bertan geratu zan, ze, irudi ori bertan, arri artean, agertu da. Zoritxarrez zearo ondatuta agertu arren; gaur lengo lez ikusi geinke, bear izan dauazan konponketa guztiak egin da.

Pozgarri ta txalogarria da benetan Areilza jaunak ta bere lagunak ain borondate onez egin dabe lana. Danontzako barri au pozgarria izan arren mendigoizaleentzako iñontzako baiño pozgarriago jakula deritxot.

J. Iturriza

Ibarruti'tik

"Meza-barria" dagonillaren 28'an gure eleiz nagusian: lenengo aldiz emon eban Mezea Aginaga'tar Jose Luis Aita Pasionisteak.

Inguruetako errietatik be asi zan goizean goizetik jentea etorten, autobus, kotxe ta abar.

Egun batzuk aurretik, iragarrita egoan jai ori eta errian bazan jai usaiña ta poztasuna: aurregunetik asi zan kanpai ta bolandera otza.

Alkarteko Meza izan zan, bost mezadun eta diakono baten artean; eleiza onetan iñoiz ikusi eztana.

Abezlariak, Deustutarrak izan ziran, euretatik geienak euskerarik jakin ez arren, euskeraz eta ederto abestu eben Meza eta gañetiko guztia.

Meza ondoren ba egoan errian poztasuna ta jentea ta guztiak "Saltzamendi" aretoan batu giñan Bizkaiko Txapeldun dan zortzikote deustutarrai euren abesti gozoak entzuteko. Ondo irabazia dabe euren txapela abezlari oneik.

Goizetik gaberaño Ibarruri-ko erri guztiarentzat poztasunezko egun oso bat izan zan.

Zori-onik beroenak Aita Jose Luis, bere guraso, erritar eta abezlariai!

Maguregi'tar R. M.


Ikastolak, noiz?

Apurke-apurke badoa euskaltasunaren atie idigiten umeek ikasi deiyen euren erriko jakintza. Munduko erri guztiyek daukez euren erako ikastolak ze, Konzilio Santuak diña lez, bakotxak bere nortasuna zaindu bear dau eta orretarako bearrezkoa da erri bakotxak bere izkuntza, oiturak, jakintza eta abar zaindutea. Baiña, zelan izan leike Euskalerriak ez eukiterik arlo onetan beste erri guztiyek dauken eskubidea bere kulturea jaboteko?

Euskerea erdi galazota daukagu, zoritxarrez. Gobernuan errua argi dau gai onetan; baiña ez gendun pentsatu berana bakarrik dala errua; abadeak be eleizan errua dauke, mojak eta prailleak be bai euren kolejiyoetan. Eta gurasoak? Emen dago, nere ustez, errurik aundiyena: geroko ez dabela euskerak baliyo ta... Or yaok ba! Batxillerra emon gurixen ezkero, erdeldundu egin bear noberen semie; edozein kolejiyotara bialdu gurixen ezkero erdeldundu egin bear alabie; eta, au bai miragarriye!, abadetxera semie joan ezkero, bere erriko arimie eta gogoa aaztuta, erdeldundu, euskeldun bet alperrik-galdu.

Ez da au, ez, berezko legiek, lege naturalak, diñona eta agintzeei dabena gizonari eta erriyeri. Alan ez dauke gurasoak euren semien edukaziñoan eskubiderik ez erabakirik; ze kulturako bideetatik joan ezkero, derrior erdeldundu bear bada, ez dauko Euskalerriak, beste erriyek legez, bere jakintzari nagusitasuna emoteko eskubiderik.

Alan da ze, zergaitik ez batxillerra euskeraz? Zergaitik ez abadeak, lege-gizonak, osagilleak eta beste gizon jakintsuak oso-oso euskaldunak? Euskalduna da euskal "ele" edo izkuntza dabillena.

Baiña orretarako lenengo-lenengotik asi eta ekin bear deutsagu euskereari: umeen ikastolak eta maixuak bear doguz. Ez guk diñoguleko, Jainkoak diñolako baiño.

Noiz, ba, ikastolak?

IBAR


Paris'en euskaldunak

Amaika are-garaun Laidako ondartzan. Zenbat piñu Burgoa eta Aizerrota barreneko piñudietan. Paris-en aregaraunak eta piñuak, baiña gizon itxuraz.

Eta ainbeste gizon artean euskaldun mordo bat. Zazpi probintzietako euskaldun, danok bat eta anai. An entzuten da Zuberoko "üskara", beti goxo eta unkigarri; an Baxenafarroako eta Laburdiko "eskuara" ugari eta indartsu; an Gipuzkoako "euskera" landua eta pixka bat arroa; an Nafarroako bigun eta ariña; an Bizkaiko gogor eta bizia. (Zoritxarrez Arabako euskaldunik ez dogu ezagutu Paris-en, geienak erdaldunduta baitagoz).

An edo emen igandero biltzen gara. Eta apurtxubat Parise-az aztuta, ba doaz gure pentsamentuak Euskalerrira Ametsetan-edo?

¿Zer egiten dogu guk emen? Gure lekua ez dago emen, gura be ez! gure lekua or dago, gure Errian. Baiña... ori ikusita be, emen jarraitzen dogu. Bakotxak ba daki zergaitik.

"Atzerri, otserri" diño esaera zarrak. Eta egia da. Uste dot Leibnitz-ek esaten zuela: "Homo homini lupus" (gizona otsoa gizonarentzako). Eta arek be egia. Beintzat Parise bezelako errietan ala da. Teknika nagusi, gizona makiña bat baiño besterik ez da. Bakoitxak beran burua baiño ez dau begiratzen.

Gizontasuna galdu eta esklabo biurtzen gara. Kapitalismoaren esklabo, diruaren esklabo, ohorearen esklabo, eta abar. Eta askenean esklabotasun au sentidu be ez dogu egiten. Nun dago askatasuna, nun demokrazia, nun gizona? Berba politak bai, baiña ainbeste biderrez erabillita sentidu bakoak. Itzak berez utsak baidira!

Ostera gauza onek alde batera itxita, igandero gure Erriari biriz mintzatzen geranean, orduan bai gure poza. Itunak alde batera! Gernikar batzuk be ba dabiltz emendik. Danak euskaldun jatorrak. Bata Txorroburukoa, bestea Lunokoa, bestea ostera Gernikeko uri txikikoa, eta ni erdi gernikarra. Gure artean españolez egiten dogula pentsatzen dozue? Ezta antzekorik be: euskeraz! Orduan biotzez, ez gorputzez; Euskalerrian egiten gara. Egia esan gure biotza bizkortzen da, euskera gure bizia baita. Euskera barik euskaldunik ez, ezta Euskalerririk.

Ea ba, gernikarrok; eutsi euskerari eta erakutsi zuen semeeri.

OTSOLARRE


Gernikarrok diñogu

Neure arazoak eraginda, aspaldi ontan Gernika-tik urrun bizi izan bear dot; gorputzez urrun, baiña animaz ta gogoz neure etxeko ta errikoekaz egon naz beti. Orregaitik, kanpoan egon bearra euki dotelako, zur egoten izan naz beti egunero edo beste aldizkariren batetik Gernika-ko barriak jakiteko zain.

Gogoak ez jatez falta baiña, egia esan, oraindik azkenengo ille onetan Gernika-n gertatu diran gauzak zeatz-meatz entereu barik naukozue. Ta dakitezanak be ez deustee konfiantza larregirik emoten, askotan a olan jakiñeko barriak aitu eziñeko naste-borraste batetik etorrikoak izaten diralako. Ondo entereubarik egon arren, Gernika sortu zanetik seigarren eunurtegarreneko jai batzuen gain zeozer esan gura neuke, sustrai asko barik berba egiten nabillen bildur naz baiña. Aolan bada, barkatu, irakurle eta konpondu txarto esandakoak.

Neuregaz eroan izan dot gure erriko jai oneek zabalduteko argiratu zan programea. Programa onetan agertzen dan lez, bagilleko 18 eta 19-an iru gauza oneek egongo ziran Gernika-n: Euskal liburuaren azoka, Gabriel Aresti Segurola jaunaren itzaldia "Gernika-ko Arbolari juntetxearen espirituan eskeiñitako poesi erramua" gain eta, azkenez, Euskal Antzerki bat, juntatxean egingo zana.

Lengo egu baten "BRISAS GUERNIQUESAS"-en irakurrita, (81-grn. zenbakia, 2-grn. orrialdean) jakin neban eratuta egozen gauza orreek ezebezean geratu zirala.

Lenengoko unean apur bat arritu banintzan be, laster jarri nintzan kontuan. Egia esan, ni ez naz iñor ezbear oneri gogoko erantzun bat emoteko; baiña orain arte igarokoak kontuan eukita, zera esango neuke: jai onen antolatzalleak ez dagozala ados Gernikarrokaz eta erri au Euskalerriaren sinbolutzat daukogunakaz. Aprillen eta maiatzan egin ziran jaietan be orixe gertatu zan; orain be orixe bera gertatu ez ete dan bildur naz; bildur naz, bai, erbi baten ordez katar bat sartu ez ete deuskuen.

Edozelan be gertaeren egia datorren illean agertu jaku naiko argi. Ordurako aginduta dagoen euskal liburuaren azokea egiztuta ezpadogu ikusten, orduan esan bearko dogu Gernika-n gertatu dauanak ez daukola ez gatzik eta ezta berakatzik be.

RENTERI-koa


Zarautz-ko Euskal Jaian Aita Salbatore zanari omenaldia atsegingarri bat egin jakon

Euskaldun guztiok daukogu oraindik gogoan —zelan euki ez!— Aita Salbatore Mitxelena zanaren oroimena. Entzute aundikoa zan izan euskalerri osoan, naiz-ta azkenengo urteak atzerrian egin bear ebazan. Itz lauz, olerki ta sermolaritzan bai zala bera gaur egunetan euki doguzanik punturenengokoa. Bere liburu eder, sakon ta ugariak lekuko.

 Baiña edaderik onenean —berrogetasei urte eukazan bakarrik— Jainkoak eroan euskun Berangana. Oraindik-orain, iraillaren 10-ean, Zarautz-ko erriak prantzizkotarren eta euskalerriaren ordez omenaldi eder bat eskeiñi deutso. Omenaldi orretan Zarautz-ko "Cinema" frontoia gonburu egoan. Gonburu ta alaitasunez beterik. Eskoiko orma batean, lorez ornitutako Aita Salbatore-n erretratu eder bat. Ta an ziran bere sendikoak, bere lagun ta segitzalleak be.

Omenaldi bero orretan Arantzazu-ko abesbatzak eta bere lagun kutunenak izan diran A. Eujenio Agirretxe prantziskotar eta Nemesio Etxaniz jaun abadeak parte artu eben. Abesbatzak kantu eder batzuk kantatuaz eta Agirretxe ta Etxaniz jaunak A. Salbatoren nortasuna azalduaz. Baiña ni, egia esan, bildur naz A. Salbatoren nortasuna ikututen, gizon, apaiz, olerkari, eta estilista lez ain tankera aundikoa bai zan bera! Orregaitik, A. Karmelo Iturria-k JAKIN aldizkarian (21-grna. 1966) lanaren tarteka artutako zati batzuk emoten doguz.

"Eguberritan eta bat-batean eldu zitzaigun berria: Aita Salbatore il da. Orrelaxe: bat-batean eta besterik gabe. Otz, illun eta ustegabeko. Zeaztasunik batere gabe. Gaixo zegonik ere ez genezkin. Gerotik jakin ditugu zeaztasunik asko. Baita Donostian, Zarautzen eta Arantzazun egin zaizkion illetaen berri ere...

Gazterik erna zitzaion Aita Salbatore-ri euskerearenganako maitasuna. Ta olerkietarako gogoa. Arantzazuko kolejioan ikasle zala piztu ere. Amairu amalau urte zitualarik. Arrezkeroztik ekingo zion etengabe euskera lantzeari eta bertsoak eta olerkiak asmatzeari. Euskal idazlarik gorenengo eta euskal olerkaririk onenetako izatea allatzeraiño. Etxetik zetorkion azia. Bere aitonak oso poliki ateratzen omen zitun bertso-berriak, naiz-ta erriz-erri ta plazaz-plaza ibillia ez izan. Bere aita zana ere oso bertso-zalea zan. Etxebeltz Zarautz-ko baserrian doñuak eta itzak. Xalbatore-k txikitatik ikasi zitun, eta bai ondo gorde ere. Gazte zala, oso atsegin zitzaion bertsoak barra-barra kantatzea. Abotz eder eta zolia zun, eta musikarako belarri oso ona, gutxik bezelakoa...

Prantziskotar abitua jantzi baiño len il zitzaion bere ama zana. Oso maitea zun bera. Utsune ederra senti izan zun bere bizitza osoan. Bereala atera zun olerki bat bere ama zanaren oroiz. Orain bere il-oroigarriz ateratako estapan azaltzen diran itzekin asten zan. "Lurrean lore ziñan, alegia"... Sutsua zan, biotz berokoa, maitasun sendokoa, biotzondo aundikoa. Ta lagunekikoa iñolaz ere. Ba zekin, ondotxo jakin ere, lagunak egiten eta besteen barrua sartzen. Jendartekoa eta gizartekoa zan oso...

Danetan eta beti benetakoa izatea zun gogokoen. Bere praille eta apaiz bizitzan, pulpitoan edo eguneroko bizimodu lau eta arruntean benetakoa izatea. Etzan iñolaz ere ezal-eder eta barne-uts oietakoa. Etzitun maite Kristok beiñola aitatuak, obi-zuri oietakoak. Ta benetako izate orrek kezkatzen zun geiena. Batez ere pulpitoan iragartzen eta erakusten zuana bere bizitzak betetzeak. Kezkati zala esan det lenago. Danetan zan ala. Baiña batez ere barruko gauzetan, barne-bizitzan, sinismeneko kontuetan, apaiz lanetan... Asko ikasia ta irakurria zan, bai literatura gaietan, bai oraingo eliz-gaietan. Edozein izkuntzetako gaurko olerkariak eta idazleak gogoko zitun. Ba zekin nundik nora zebillen gaurko literatura, itz lauz eta olerkiz. Eta eliz-gaietan orain modan dauden teologoak ezagutzen zitun... Buru argia, irudimen bizia, ta biotzondo sakona zitun. Ta odol berokoa zan. Eztabaidetan biurria zan oso...

Gizon aundia galdu du Euskalerriak. Olerkari gorenengoa. Bere "Arantzazu" poema zoragarria, bere olerki sarituak, bere "BIZI NAI", "Ogei kanta" ta "Arraun ta Amets" liburuak, eta bere "Gurutzbidea" lekuko. Etzan orain modan dauden eta ainbat aupatzen dituzten olerkari illun eta ulerkaitz oietakoa (barka, gazteok!) Naiz-ta bide berrietatik abiatu, ba zekin erriarengana jotzen eta errikoia izaten. Itz lauzko idazle sakon eta fina. Erderaz "estilista" esango genuken oietakoa... Ondo esan du Amillaiz-ek prosistarik ederrena Mitxelena genuala aitortuz. Sermolari bikaiña. Euskalerriko pulpitoak lekuko. Ta euskalerrikoak ez ezik, Ameriketako lurralde askotakoak ere bai. Kuban, Montebideon, Bolibian, San Salvador-en, Kolonbian eta beste lekutako pulpitoetan ibillia zan. Eta beti ta nunai erriaren erraietan barrura sartzen ba zekien, erriaren biotzondoa ikutzen maixua zan...

Gizon aundia galdu du benetan Euskalerriak. Eta nik nere lagunik maiteen eta kutunena. Nor beteko ete digu berak utzi digun utsunea?... Aita Salbatore maite: Agur betiko! Zaude Jaunagan. Ta or goitik emen beian gelditzen geran zure lagunaz, zure ta gure Euskalerriaz, oroi eta otoi...".

***

Salbatore Mitxelena

1919: Urtarrillak 18, jaio. Zarautz-en. Iñurritza auzoko Etxebeltz-ean.

1943: Abenduak 28, apaiz Arantzazu-n.

1945-tik 1954-ra: Donostian, sermolaritzan.

1954: Montevideo-ra. Urrengo: Asunción-era eta Cuba-ra. Azkenik, sermoilari lez Ameriketa zear.

1963: Suiza-ra, emigranteen kapellau.

1965: Abenduak 20, Suiza-ko Chauz-de-Finds-en il.

Argitaratu ebazan

1949: "Arantzazu, Euskal Sinismenaren Poema".

1951: "Ama-semeak Arantzazuko Kondairan".

1952-aldera: "Ogei kanta Arantzazuko".

1956: "Arraun eta Amets" (Kuliska-sorta).

1956: "Unamuno ta Abendats".

Urgazle zan.

Sari asko irabazi ebezan bere olerkiekaz.


Españia 1966, Italia 1960. Geroari bildur, zergaitik?

Gizona gizon danetik gero etorriko diran gertakizunen aurrean beti sentiduten ei dau bildur gogor bat. Ta batez be bakoitxaren bizi-moduko prolemak eta eragozpenak agertzen asten diranean bildur ori aundi ta sakonagoa egiten dala esan bear.

Gizonen artean ezeze, bildur au aberrietan be sentiduten dala esango neuke nik. Izan be, beste era batera ezin leiteke izan, aberria adimenezko gizonekaz osotuten dan ezkero. Or dagoz ezpabe egunero-egunero egunerokoetan agertuten diran aberriaren mota guztietako kezka eta eragozpenak. Oraindik geiago: bildur au zintzoa danean, benetako bideak billatuteko biderik aproposenetarikoa dala be esatearren nago. Baiña ori bai, leialtasun bako bildurra punta biko ezpata tamalgarri bat dogula edozeiñek aittuko dau.

Nik, ixiltasun bitarteetan, amaikatxu bider egon naz bildur onek sustraiak billatu guraz; ta beti ikusi izan dot etorriko diran urte luze orreek zelakoak izango ete diran ez jakitean billatu dear dirala bildur orren sustraiak.

Aberrietan be, gizonen artean lez, orretariko bildur bat egoten dala esan dot. Espaiñian berton, esate baterako, bildur au ikusteko eztago begiak larregi idi bearrik. TV, radio eta egunerokoetan agertuten diran propaganda egitzat artuten badogu, igaro diran ogeitamar urten oneitan, Espaiñia-n dana izan dogu aurrerapena: politikan, ekonomian eta gizarteko beste gaiñerantzeko gai guztietan. Baiña alan da guztiz be, oraindik ez da itto gerok dakarren bildur ori. Urte oneitan egin diran aurrerapenak iñok be ez dauz ukatzen egon be dagon aurrean dagoz-eta: bizi modua errezagoa egin da; 1940-grn. urtean euneko 23'1 analfabeto ziran; gaur, barriz euneko 4'3 baiño ez dagoz... t. a... Baiña, —emen dago untzea— bildur gara.

Ta bildur au gizarteko edozein arazoetan azalduten bajaku be, gaur gure politikako arazoak dirala geien bildurtuten deuskuezanak esango neuke nik. Izan be, azkenengo urte oneitan politikan bide batetik jarrai izan bear dogu danok, naiz-ta beste pentsakera batekoak izan. Baiña —ta au da askok itaunduten dabena— noiz arte jarraitu bear dogu bide ortik eta aurrerantzean, aldaketarik etorri badator nondik jarraitu bearko dogu?

Oraindik geiago. Orain arte, idei, jokera, bizimodu t. a. berezi bat euki dogu, Europa guztiak daroan desbardiña. Ta orain Europa-ko aberri guztien atzetik goazela konturatu egin garanean, gure bildurra sakonagoa egin dala emoten dau. Kirikolotzak arerioaren aurrean egiten dauana ez ete dogu egin gero!

Lorenzo Gomis jaunak "Ciervo" aldizkarian (Agostuan, 1966) itaun auxe egin dau: Nundik bizi gara urrunago, atzoko Españia-tik ala gaurko Europatik? Gomis jaunak Luis Arizmendi Empuñes jaunak "Revista de Educación" aldizkarian agertutako ondore bat beretzat artuten dau: gaur Españia-k daukon egokerea Italia-k 1959-60-an euki eban lakoxea dala. Arizmendi jaunak politika, sozial-ekonomiko eta onetariko arazoak kontuan eukiaz atara dau ondore au. Niri neuri, barriz, Españia-n bizi diranak Europa-ko beste aberriak baiño atzerago dagozala konturatzeko, politika eta ekonomiazko bideak bakarrik ezin daitekezala urratu deritxot. Gizonari jagokozan askatasun, errespeto ta beste eskubide guztiak be kontuan euki bear gendukez derrigorrez. Izan be, arrazoi oneek kontuan euki-ta len egindako itauna barriro egiten badogu, erantzun desbardin bat emon bear genduke: orduan ez bost edo sei urte bakarrik, ogetamar bat urte atzerago bizi garala esan bearra daukagu.

Españia-k Europa-n sartzeko oraindik bide luze bat korridu bear duala nik baiño askoz ariñago esan-da dago. "Europa gizonen eta errien oñarritako nai dugu. Europarron aberri garbi nai dugu Europa. Kapitalak ez dezala geiago zapaldu gizonaren askatasuna: erri armatuek ez dezala geiago erri txiki ta pobrezaleen askatasuna birrindu. Goseak zer jan izateko, pobreak eskolatzeko, erruga beai justizia egiteko. Orra zertarako nai dugun Europa gure aberri biurtu" (Europa, Jakin argitaraldia, Arantzazu). Bai dala benetan be luzea egin bear dogun bide ori!

Bildur gara, bai, danok gaur egunean egiten deuskuen propagandeak onelakorik entzun gura ez arren; bildur gara euskotarrok, bildur dira katalandar eta gallegoak eta erdeldunak be bildur dirala esan bear. Danok gara, bai, bildur Españia-ren etorkizuna ez dogulako ain garbi ikusten eta etorkizun ori, beste aldetik, ez dogulako oraingo lakoa gura izaterik.

j. oleaga


Eta gaiñera...

Astelena

 Programak latiñez.—Erriko jaien programak beti argitaratu izan dira gasteleraz. Aurten zer edo zer itxaroten neban euskeraz, ainbeste gauz ederrak entzunda euskaldunen alde. Euskaldunok kolko aundikoak gara eta orregaitik pres gauz beste urte bete itxaroteko. Datorren urtean izango da, datorren urtean Gernikako jaien programak latiñez argitaratuko dira, au da, erriko izkuntzan. Eta gañera...

Martitzvna

Dantza-lekuan erderaz.—Baten baño geiagotan entzun dot "euskerea ez da loitu bear gaurko ritmo saratadun ta ab..."; nire ustez, ezdabiltz ari-arian. Enoa esaten, euskaldunok lenen-lenengo bete bear dogun eginkizuna, musika lijera euskeratzea dala, baña ori be bai. Eta orregaitik ez dot onartzen Gernikako dantza-lekuan jasoten dana. Euskeldunentzat, musika lijera euskeraz! Eta gañera...

Eguaztena

 Jaberianoen jokabidea.—Persona baten jokabidea berezko eskubideekin batera ez doanean, beartuak gagoz ori konpontzeko albait ariñen. Eta ori jasoten da Kortezubiko praleekin. Ez gagoz Alikanten, Euskalerrian baño. Badakitz diru irabazteko gaztelerak geiago balio dauala eta agintarien irriparrea lorizeko be bai; baña izango ete da ba, ori, kristau baten jokabidea...? Eta askenez esan dotena jaberianontzat bakarrik ez da. Eta gañera...

Eguena

 Nire aitita euskalduna zan.—Bai, betikoa: euskaldun lez gure agertu (une batzuetan batez be) eta ezer be ez egin euskalduna izateko. Onelako fraseak sarritan entzungo dozuz: "Nire aitita euskalduna zan..." "Nire aita euskal musikalari zan", "Nire amuna x'en laguna izan zan", "Nire ama Bergarakoa da"... Atxaki uts-utsa. Niri piper bat ardura yat zeuen aita ta amak egin ebena, zuek ez badozue jarraitzen euren lana. Zeuen aita edo besteak gauz ederrak egin arren euskera-ren alde, zuek berdin ez badozue jokatzen, ezarie euskaldunak. Eta gañera...

Barikua

 Euskerazko egunerokoa.—Noz eukiko dogu euskerazko egunerokoa? Noz batuko dira euskal idazlariak? Dirua bear dala? Bai, badakitz. Eta zenbat diru alperrigaltzen da gure erri txikietan? Zenbat frontoi, kostipau itzelak arrapatzen dabez? Zenbat milloi arri bat beste baten ondoan ipinteko! eta... zenbat milloi emon dira euskal jakintzaren alde?...

Zapatua

 Gernikan egon bear leukena.—Lenen-lenengo zintzotasuna eta gero:

A) Batxilleratoa euskeraz eta erderaz

B) Euskerazko mezak astegunetan

C) Domeketan, beste meza bi euskeraz eta erderaz

D) Euskerazko klasek gazteentzat

E) Euskerazko itzaldiak Gizarte-Etxean

F) Gorrotorik ez euki erdeldunei eta euskera geiago ikasi

G) Euskerea irakurri ta idatzi

H) Konturatu gure amak bizizena daukola.

GAZTE


Zutunik

Benetako referendun baten zain

Naziño batean referendun bat egitea, au da, oiñarrizko problema baten gain itaunketa elektoral bat egitea, garrantzi aundiko gertakizun bat da egitan. Eta gertakizun onek inportantzi geiago artzen dau gañera naziño baten noizik bein bakarrik egiten bada.

Referendun batek erri baten estrukturak sustraitik astindu leikez. Baiña ortarako egizko referendun bat egin bear da, ez jenteari soseatuteko erretorika polit bat.

Nik esango neuke —ez dakit egia izango dan, ojala ezpalitz— gure Españi onetan egizko referendun bat egiteko "entrenamenturik" ez dogula izan oraiñarte. Eta au dala-ta gure naziñoa problema garratz batekin arkitzen dala uste dot. Gaurko Españiko jentia norbereko aktibidadetan eta norbereko politikan bakarrik oituta dagoala ia esango neuke. Lagunurkoaren politika konprenitzen eta estudiatzen saiatu diranak gitxi dirala esan bearrean nago; eta ba-dakizu zergaitik? Partidu bateko politika bakarrik egin daikegulako, ez besterik. Eta oitura txar onek referendun egizko bat egiteko oztopo aundiak ekarri leikez. Baiña, augaitik ezin geinke atzera jo. Aurrera joan bear gara beste naziño demokratikoak legez.

Erreferendun dexente bat egin nai bada, itaunketa elektoralak egin bear dira; eta itaunketa onetan naziño guztiak "egizko errepresentanteak" bear dira: naiz politika adar guztien errepresentanteak, naiz ekonomikakoak, naiz ku-tura eta naiz beste sozial taldeetako guztiak. Errepresentante oneik erriak aukeratuak izan bear dira.

Eta erreferendun orren itaunak errepresentante oneik euren artean erabakitakoak izan bear dira, partidu bateko pregunta bat bakarrik izan ez daian naziño guztiarentzako.

Aolan naziño baten estrukturak ondo oiñarrituak geldituko litzakez.

Itaunketa onen gaia erriari jarrita gero, neurrizko denpora bat bear da, erriak berak pentsatu eta bakoitzak bere erresponsabilidadeagaz alderdi batera edo bestera trankil eta seguru jo daian. Onetarako bakoitzak beren pentzamentuak eta ideak erriari emoteko eta bata besteari esateko libertade eta seguridade guztia emon bear da: batzar libreak, prensa libre bat eta abar.

Propaganda au egiteko erreglamentaziño bat bear da. Baiña erreglamentu au ez dau egin bear partidu batek bakarrik.

Gaurko gizonai gauza konkretoak guztetan jakuz eta ara emen referendun ori egiteko legezko medio batzuk:

1) Erradioak eta telebisiñoak eleziño-aurreko informaziñoa egiteko denpora eta leku zabalak itxi bear dabez. Aolan alderdi bakoitzeko "errepresentanteak" euren pentzamentuak eta ideak argitaratuteko toki egokia izango leuke.

2) Prensea alderdi guztietako pentzamentuei irikita egon bear da.

3) Administraziñoko autoridadeak, eleziñorako batzarrak egiten itxi bear dauz, naiz saloi itxietan naiz zabalduetan referendungo problema ondo estudiatu daiten.

4) Propagandazko kartelak, folletoak eta abar, referendun orri begira dagozanak, neurrizko seguridade bat izan bear dabe.

5) Erreferendungo erresultadoak alderdi bakoitzeko edo Juztiziko Tribunalak ikusi eta esamiñatu ondoren atara bearko dira errira.

Ara emen bide txiki batzuk Españiko referendun aundi ori egiteko. Onantxe egiten dira —gitxi gora bera— beste demokrazizko naziñoetan be. Guk uste dogu era au egoki eta justoa dala. Ganora barik egiten bada erreferendun au, ganorabako gauza bat urtengo dau: partidu baten adarjotea izango da.

Baiña nik diñot neure kolkorako: gaurko estrukturakaz egin ete lei egizko erreferendun bat? Ez ete da referendun kontu au jenteari aize piska bat emoteko, politika ez-egite onetan ito ez daiten? Gerokoak esango deusku. Ikusiko dogu zer izango dan referendun au. Datorrela lenbaitlen!

J. Aldekoa


Adiskidetuko al gara!

 Gizon bakoitxak ba dauka bere burua txapela eroateko ezpada be. Bakoitxaren buruan era askotako pentsakerak dagoz. Bizitzako gora beretan zorroztuten dau gizonak bere intelijentzia eta "mentalidade" baten jabe egiten da. Era askotako mentalidade dagoz. Asko ta asko landu bakoak. Oneik, geienak pentsaten daben modura edo agintariak pentsaten daben modura pentsaten dabe. Oneik konforme bizi dira. Iñork egindako etxe-barruan pozik dagoz. Gauza guztien gaiñetik bakea maite dabe. Euren sustraiak lurrean sartu ordez besteen zugatzean bizi dira bizi bako kimu baten antzera. Izan be ori da errezena: "errekan ura doian erara norbera be", kontra egitea gatxagoa dan ezkero. Ausardia bear da eta golpeak artzeko prest egon.

Erreka onexek garoaz geienak. Ona emen gure mentalidadea. Gurea gero? Iñorena duda barik. Iñoren etxean bizi eta gurean bizi gareala esatea edo guzurra edo engaña bat da.

Ba dagoz gure artean engañu orretan jausi nai ez dabenak. Ba dagoz "mentalidade" jator baten jabe egin nai diranak. Zelan? Personan erantzun bat emonaz, errian sustraituaz. Sarritan gizon baten "mentalidadea" besteak azpiratzeko konpenitu da. Gizon batek ikasteko eria baeban erritik alde egiten eban edo errira etorri ta erria menperatu. Norbere buruan konfiantza bakarrik.

Mentalidade au oso ugaria da gure artean. Gizon oneik personaren zerbitzari barik "idea" baten zerbitzari edo euren buruaren zerbitzari begiratuko deutse. "Ismo" bateri beste "ismo" bategaz. Eta ez dabe uste iñork beste era batera jokatu leikenik. Euskal-errebista baten idazten badozu, or daukozuz lepoa igurtzen "geutarra zara" esanaz. Edo bestelakoa bada ez deutsu geiago berbarik be egingo edo bildurtu egingo da "apasionadu" baten aurrean dagoala ta.

"Mentalidade moda" bi dagoz beiñipein: bata gizonari baiño "ideari" errespetu geiago deutsona; bestea, personagan konfiantza ipinten dabena.

Hegel filosofo aundiak aitatutako ejenplu bat gogoratu jai bereala: "Asikeran munduan gizon bi ei ziran. Biak lanean jardun ei eben, baiña egun baten zeozergaitik aserratu egin ziran. Aserratu bakarrik ez, burruka be egin ei eben eta azkenean batek bestea azpiratu.

Orduan azpiratua garaillearen morroi biurtu zan. Aolan bizi izan ziran luzaro. Baiña egun baten morroia bere lanari eskerrak indartuta egoala konturatu zan eta nagusia nagikerian makalduta. Orduan barriro burruka egin ei eben eta morroiak irabazi. Aolan nagusia soñez aldatu eta tengo antzera iraun eben gauzak. Eta barriro be burruka eta barriro be morroia geratu zan nagusi. Baiña egun baten, jokabide ori asto-jokotzat jo eben eta adiskidetzea erabagi eben. Andik aurrera biak lan egin eta biak ziran nagusi".

Gure gizartea be oraindik asto-jokoan dabillela argi dago. Mentalidade baten jabe barik, mentalidade baten menpean bizi gareala autortu bear.

Angel Ugarteburu


Giltzapean sartu nabe

Ille batzuk izango dira "Los Quáqueros" izeneko pelikulea ikusi nebala. Ordurarte enekian erri onen barri askorik. Orduan ikasi ta ikusi neban lenengoz zelan ideal bateri jarraitu guraz ainbeste neke ta menpetasun sufridu daben erri bat osatzen dabela "los quáqueros" izeneko oneek. Izan be Drayton lurraldean ta Juan Fox buru eukela eurek izan ziran mundu guztiaren aurrean, gaur "Objeción de conciencia"-gaz ezagututen dogun ori erakutsi ebenak. "Los quáqueros" amazazpigarren gizaldian sortutako sekta bat dira, beste doktriña askoren artean auxe erakutsi eben, lenengo berbaz eta gero ainbesteren odolaz be bai: Ez ziran, ez, konprenituak izan; baiña euren barruan euken idealari eskerrak menpetasun guztiak eroateko naiko bigote euki eben.

Baiña goazen arira. Batikano II Batzar Nagusiak, Eleizak gaurko mundu onetan zelako zeregiñak daukozan azalduten dauanean "Objeción de conciencia"-gaz auxe diño: "Tratadu oneek (gerrate ta bere gora-beretzaz egin bear diran tratadu internazionalak) bete egin bear dira; eta oraindik geiago; danok batez be errietako agintari eta gauza onetan ikasiak, egiñalean lege oneek osatzen saiatu bear dabe aolan obeto eta seguruago gerrateen gogortasunak bigunduteko. Baita be armak artzeari, kontzientzia dala-ta, uko egiten deutsenak, gizonen jokabide danez, errespetatu egin bear jake, ia-keta bidezkoa dala emoten dauan, gizarteari beste era batera serbiduteko prest ba-dagoz". (Eleizea gaurko munduan Konstituziñotik, 5-grn. kap.). Askok dotriña au, oraindik orain bukatu dan Batzar Nagusiak erakutsitakoa izan da be, gaurkotasun bakotzak artuko dabela irudi tuten jat. Onentzako prolema au beste munduren bateko prolema bat da, euren bizimoduari tiretuko ez dakartse irabazterik-eta. Nik oneri danari oraintsu gertatu diran testimonio batzuk ekarri gura neuskioez, danok bardin ez dogula pentsatzen ikusi daien.

Denpora aldi bat izango da munduan zear dabil lagun batek idatzi eustala. Karta aretan auxe iñostan: "Etxoak iñoiz ikusi atzo ikusi nebalakorik. Gazte bat, Testigos de Jehová sekta orretariko bat giltzapean sartu eben. Ta ba dakik zergatik? Fusillik artu gura ez ebalako. Ezegoan iñor bere idei aretik ataratekorik. Ezetz eta ezetz, berak ezergaitik be fusillik ez ebala artuko, bere kontzientziak galerazoten eutsola-ta... Niri neuri geien arritu eustana gazte aren bake ta poztasuna izan zoan. Jakin nora eta zergaitik joazan eta oraindik bere ezpeñetatik ez zoan kentzen irriparre zabal bat. Nire barruan aparteko gauza bat sentidu neban, orain lerro onen bidez azaldu eziñekoa; eta neuretzako, gaurko gizarteen bear-izaneri erantzuteko onetariko gazteen premiñan gagogala pentsatu neban. Eztok deritxo?"

Igaro dan urteko abenduko illean atzerriko eta batez be Italia-ko eguneroko ta aldizkari garrantzikoen danak emon eben gertakizun onen barri: Don Lorenzo Milani, Barbaiana (Italia-n) erri kaskarrean bizi zan abade trebeak "Objeción de conciencia" baten alde zelan urten eban, karta idiki bat idatziaz. Karta au Italia-ko periodiku geienetan agertu zan, itzelezko eztabaida bat sortuaz. Nik neuk eztakit arrezkero Milani abadeari zer gertatuko ete jakon; baiña edozeiñeri irudituten jako ausartasun onek naiko buruko-miñ ekarriko eutsola. Dana dala, abade trebe onek orduan esanekoa gaur ukatu ezin dogun deretxo bat dogu, kasu batean arrazoia non egon leiteken ezin esan arren.

Interesgarria da Ipar-amerikan gertatuten dana be. Amerikanuak Vietnam-go gudan sartuta dagozanetik libururik irakurrienak gai au erabilten dabenak ei dira. Edozeiñek esango leike Ipar-Amerika-n gai au aztuta egon bear litzakela, iake-ta amerikanueri Vietnam-go arazo au ain garrantzi aundikoa izango jaken. Zelan azaldu Ipar-Amerika-ko erriaren reakziño au, bien bitartean gizonaren eskubide bat zapalduta dagola ikusi gura ezpadogu?

Frantzi aldean be gai onek ainbet burruka ekarri dauz batez be frantzesak Indotxinagaz gudan asi ziranetik. Orduan "objetores de conciencia"-tariko guztiak kartzelera joan bear izaten eben, orduko militarren iritxiz gizon onek aberriaren aurka joazanelako. Geroago, Argelia-ko gudea etorri jakenean gizon onen egokerea bigundu zan apur bat eta gaur, De Gaulle-k estaduko arazoak artu ebazenetik arlo au konponduta dago.

Istoriari begirakada bat emoten badeutsagu. auxe ikusiko dogu: gizonak bere deretxoak lortuteko ainbeste biderrez legearen aurka jokatu bear izan dauala. Au ikusteko eztago igaro diran gizaldietara begiratu bearrik. Gure ondoan zer gertatuten dan aztertzea dogu naiko. Onetzaz oso ondo idatzi eban Barbiana-ko Don Milani abade trebeak: "Nik, legea zelan bete bear dan bakarrik ez, gizonaren eskubideak zeintzuk diran eta injustizi baten aurka zelan jokatu bear dan be erakutsi bear dot".

Lerro onen bidez gizonari jagokon eskubide bat agirian jarri gura izan dot bakar-bakarrik, inoren jokoretan sartu gura izan barik. Egia esan, gertakizun bakoitxean zelan jokatu bear dan esatea ez da gauza erreza, ze, Gandhi aundiak esandakoak be arrazoi apur bat ba daukola deritxot: "Filatara deitutakoan soldadutzara ez joatea, garaia pasa danean gaitz bat kentzea lez da. Soldadutzea gaitz sakonago baten seiñale da. Soldadutzan ez dagozan guztiak be krimen bardiña daukee; beste era batera eusten deutseelako estaduari. Militarki eratutako estaduari eusten deutsen personak, pekatutan parte artzen dau. Ejerzituak zaindutako garia jaten dotan bitartean, Estaduaren beste zergiñak, soldadutza ezik, betetzen ditudan bitartean, kontradiziñoan nago. Obe litzake ejerzitoan sartu ta neure burua illaraziko banu".

J. Legarreta


Ye-yismoari buruz

Gauza batzuk entzun ta irakurri dotaz or-emen gai onetzaz, geienak despresiatzen edo gutxietzitzen. Ni enoa definiziño bat emoten enazelako nor, ezta gauza be orretarako; bakar-bakarrik iritxi bat azaldu gura dot.

Pasadan egun baten, oraintxu ondiño, trabenan urten eban "ye-ye" zorionekoaren gaia; ez dakit zeren ganerako ta ardura be ez deust, baiña urten eban. Geientsuak gazte orreen aurkakoak ziran: ez dakit zer zirala ta badakit nor zirala, an ekin eutsen ixildu barik. Nik, ixiltzea obeto neritxoen da, eneban neure iritxirik azaldu. Gero, etxera natorrela, pentsatzen jarri nintzan eta ondore au atara neban: sinplismo ikaragarri bat dala mogimendu barri au kondenatu ta gitxietzitzea. "Ye-yismo" edo dalako orrek euki dauz edozein gazak daukozan antzera bere akatsak, baiña ezin leiteke guztiz despreziatu. Daukon guztia ona dala beste barik onartu be ez. Nire iritziz, bide erdian dago egia: "Ye-yismo" orrek ba daukoz probetxu aundiko gauza batzuk; orduan daukozan gauza on orrek zergaitik ete doguz onartu bear? Akats batzuk daukozala-ta, mogimendu barri au ez dot uste baztertu bear daikegunik.

Nire ume denporan gomutatzen naz gure aitak berez urtendako sasi-okaran eta onetarikoakaz zer egiten eban: sega bat artu, inguruan eukana garbitu eta gero mendu barri batzuk jarri, okaran on baten mendu batzuk. Eta gazteen mogimendu oneri zergaitik ez egin auxe berau? Zergaitik aprobetxatu ez ye-yismoaren ausatasun, dinamismo, rimo ta gaiñerantzeko gauz on guztiak? Mogimendu au okertuta dagola diñoe askok. Eta zer? Izan daiala okerbidetuta dagoan mogimendu bat. Eta orrek jo ta bera jaurti bear dala esan gura ete dau ba? Nire iritziz, baztertu baiño zuzenbidetu egin bear da, okerreko bidetik badoa. Besterik ezpadauko be, ye-yismoak oraindik itzelezko indar bat dauko gazteen artean; indar onek baztertu guraz ez dogu askorik egiten, iake-ta, bestetik, indar au baztertzea eziñezko biarra izango litzakigun.

Gurentzat, katolikuontzat, protestanteak, komunistak eta beste asko okerreko bideetatik dagoz; baiña bai batzuk eta bai besteak ez ete deuskue lagundu itzartzen eta gauza asko zuzentzen? Ez ete dogu komunismoan gauza onik aurkituko? Igaron dan urtean Saltzburgo-n eta aurten Herremiset-en (Baviera) komunistak eta klase guztietako kristiñauak euki daben alkarberbetak argi ta garbi erakutsi deuskue egia non dagoen.

Eta, akabetako, itaun bat: gazte onek ez ete dakarre ezer barririk, ezer onik? Onartu daiguzan orduan daukozan gauzak onak, bide batez bide okerretik dagozanak garbituaz.

LAPATZA-K


Zenbat partidu politiku?

España errege bako erreiñu bat dogu. Bardin izan eitekean Presidente bako errepublika bat, ta Estaduko benetako lendakaririk barik be ain pozik jarraituko genduan.

Egia esan politikan ez daukagu edukaziño larregirik. Ta norberen burua argitzat dauken askon be aolan diñoe arazo onetan edukaziño gitxi dabelako segura: "Itxi eidazu politikarekin bakean", politikea erriak gobernatzeko jakintza bat dala kontuan euki barik.

Partidu politikoetatik urteten dabe gobernatzeko balio daben gizonak. Bertan sartuten dira erriak aututako kargu-gizon guztiak ta partiduetan formatzen dira.

Baiña esan bear doguna da ez daukagula naiko partidu politikorik eta noski ezta be Monarkia edo Errepublika bat gobernatzeko gizon zuzenik. Partidu bi bear gendukez: ezker ta eskoikoak, anaiak egiten daben lez, euren pentsaerak, desbardiñak izan da be, azalduteko.

Ta partida bi orreek batuta, ekarriko leukee gure egoera normala izateko bearrezko dogun Monarkia edo Errepublika demokratikua.

Idei oneek eraginda, Monarkiari edo Errepublicari deitu baiño leen partidu orrek formatu egin bear ditugula eskatuko neuke. (Ciervo-tik).

Xavier Tusell

(Barcelona)


Katalanez lenengo asterokoa

Oraintxe argiratu da katalanez gerraondotik lenengo asterokoa, salketa galantagaz gaiñera. Gerraondokoa esan dot. Ta ain zuzen, ogeita zazpi urte dira gero! gerra igaro genduala.

Bide ontatik jarraituaz, bai katalanez, bai euskeraz ta bai gallegoz egindako onetariko beste aldizkari batzuk argiratu bear litzakez. Eskoletan be, berba egiten dan tokietan beintzat, katalan, euskera edo gallegoa erakutsi egin bear dala esan bear dogu. Izan be, justizi arrazoiak alde batera, gizonaren jakituri ta kultura-aberastasunak be ba dauko bere balioa. Txiroa ta gizajoa izango da izan be liburu bakarra daukan gizona. Baiña gizajoa ta erdi litzake —ta da— izkuntz bakar bategaz geratu gura dauana. Ain apaindutako kiosko-ormetan errebista klase asko ikusten ditugu: gazteleraz, frantzesez, ingelesez, italianoz, alemanez t. a. idatzitakoak. Aurrerantzean katalanez idatzitakoa be ikusiko dogu zorionez. Pozik egon bear leike egon be izkuntz oneek nasai irakurri daikezanak. Bai segura be! Ta zer esango geunke arrotasunez beteriko tontolapiko baten batek aitatu doguzan izkuntz bat ez jakiteak ez deutsola arien be ardurarik emoten badiño?

Jainkoak nai bei, lenbaitariñen egun normaletara iritxi gaitezan. Ez daigula pentsa aldizkari bat txarra edo ona danik izkuntz bereiz batean idatzita dagoalako.

(Ciervo-tik)

Juan Gomis


Ego-Afrika-ko Hendrik Verwoerd diktadorea il da

Gizonak bat garala danok argi dago. Teorian beintzat. Bai zera pratikan!

Eriotzak beintzat ori lortzen dau, danok bardintzea. Baiña guk orretxeri be sentidua kendu gura deutsagu sarritan: aberatsak aberatsen modura, andiak andikiro, ta danok al dogunera. Bai ta geiagorik ezin datekenean, eriotza-ikusleen artean be bereizkuntza jarriaz. Orraxeraiño eldu gara gure tentelkerian! Lotsagarritzat, orixe da Verwoerd-en entierroan gertau dana, zuri eztiranak aparteko leku batean imiñiaz anfiteatroan. Auxe da "apartheid" politika.

Dakizuenez, Demetri Tsafendas-ek erio-tza emonda, Ego-Afrika'ko leen-ministroa, Hendrik Verwoerd, il da.

Hendrik Verwoerd, au izan da "apartheid" politikaren zirikatzaillerik biziena, ta amorratuena.

"Apartheid" politika zer dan?

Ego-Afrika'n zuriak, baltzak eta koloredunak bizi dira. Obeto: zuri batzuk, eta baltzak. Baltzak 11 milloi dira. Ta zuriak: 3. Zuriok daukez ango gobernua, eta indarra ta dana, kanpotik etorritakoak eta zatia gitxiago izan arren. Ta "apartheid" politika onegaz lortu gura dabe zera, baltzak terreno txiki batzuetan sartu danak, eta eurak geienagaz geratu. Ori lortuaz, baltzeri eunetik 13 geratzen jakez terrenoetan, ta eureri, zurieri %-tik 87.

Baltzen terrenoari "baltzen lurraldea" deituko jako (parka!: deitzen jako). Ta zurienari, trukez, "zurien lurraldea". "Zurien lurralde" orreetan, baltzek eztaukie sartzerik. Alan da be "baltzen lurralde" ortan, baltzeri autonomi osoa emoten ei jake. Baiña entzun daigun, probatzat, Transkei-ko buruzagietako batek, Sabata Dalindyebo jaunak, diñona:

"Transkei-n emon deuskuen askatasuna, olloak ollotegian daukenaren parekoa da. Ganadu-korta bat, ori baiño obeto".

Auxe da "apartheid" politika

Ego-Afrika'ko Errepublikaren Gobernuko politika, lurralde geienetan —danean ezpada— zurien nagusitza mantentzea da. Ortarako, 1948-an agintera igo eban "National Party"-k lege asko argitaratu ebazan. Bai arraza diferenteen arteko alkarren artuemonak apartuaz, bai "baltzen lurralde" orreetatik kanpora arkitzen diran afrikatarreri atzerritarrak lez kontsideratuaz. Ara beingoan aberria atzerri biurtu orreek! Terreno ortatik urteteko, gañera, baimena bear dabe baltzak, ta ez jake baimen ori emongo ezpada zurien serbitziora jartzekotan. "Zurien urietara" ezin dira sartu ezetarako be, txartel baten jabe izan ezik. Olako txartel barik atrapetan dabezanak, bakoitza bere errira botaten dabe poliziak. Bardin deutso senar-emazteak izan. Olan atrape ezkero ba, senarra ta emaztea erri diferenteetakoak izan ezkero, bakoitza bere sorterrira joan bear dabenez, suertau leike biak ez geiago alkar ikustea. Sarri pasetan da au.

"Esklabotasun-seiñale" onen kontra sarri pare dira baltzak azkeneko urte oneetan. Batez be, gogoan artzeko modukoa izan zan 1960-koa, Sharpville-n.

Juztiziko Ministroa, gaur, eskubidez beterik dago Ego-Afrikan: Organizaziño politikoak eta batzar agiriak galaso daikez. Pertsonaren ibillaldi ta mogimenduak zietz lotu daikez. Aldizkariak debekatu be bai. Ori dana egiteko, eztauko arrazoirik emon bearrik: asko da komunismuaren alde jokatu dabela akusatzea, komunismuari esankizun zabala emon deutse-ta, orretara, "apartheid"-en politikari oposiziñoa egiten deutsen era guztiak komunismua berbaren barruan sartzen dabezalarik.

Espetxeetako komisarioak deklaratu eban 5.293 pertsona izan zirala 1963-an espetxetuak, Estaduaren segurtasunaren aurka jokatzearren. Tabar...

Oposiziñoko buruzagi guztiak edo kartzelan edo atzerrian dagoz.

Kondenatuak ugari dira beti Ego-Afrika'n. Endazalekerizko politika onen karakteristika lez agertzen da au. 1962-an kondenatuak 384.497'tik gora ziran.

Zertan esan bearrik ez: sindikatu-eskubiderik eztauke beltzak, afrikatar-sindikatuak ez ditu Estaduak ontzat emoten. Uelgak galasota dagoz. Parlamentuan eukezan botoak be kendu eutsezan baltzeri. Ezkontza naastuak debekatuta. Alkarkizun-eskubiderik eztago. Zietz kontrolatuta dago edukaziño guztia, goitik beeraño.

Auxe da "apartheid" politika. Verwoerd-en jokabidea.

Ta ikasi, zertako ikasi bear dabe baltzak, iñoiz ezin badabe alturako ofiziorik bereganatu? Zer diñot "alturakorik"? Baltzak ezin dira ez kamionero, ez barman, izan. Arritzeko?

Politika onen ondorioak

Enda-banaketa orregatik, zurien ta afrikatarren lansariaren proporziñoa, meatze-industrietan 15-tik 1-rakoa da, gitxi-gora-bera; trasformazino-industrietan, 5-tik 1-rakoa.

1960-an, biztanletza osoaren eunetik 19.3 egiten eben zuriak, ta errenta nazionalaren %-tik 67 artzen eben. Afrikatarrak, ostera, eunetik 68.4 egiten ebelarik 26.5 artzen eben. Eta "koloredunak" eta asiatarrak eunetik 12.4 egiten eben, eta %-tik 6'5 artu. Alde ederra.

Auxe da "apartheid" politika.

Bistan da. Olako astakeriak egitea txarto dago. Baiño..., pekatariak be ba gara-ta, tire... parkatu lei. Ostera, —benetan!— konsentidu ezin leikena da ori dana lege lez ezarrita eukitea. Ogeigarren gizaldian "esklabutza" lege bilakatu? Olakorik! Egia esan eban gero, gauza arrigarriak ikusteko jaioak garala esan ebanak! Hendrik Verwoerd-eri pekatu larri au ezteutso iñoiz munduak parkatuko.

Hendrik Verwoerd joan da. Baiña gizon bakoitxak ixten deu bere atzetik ondorioa, onerako edo txarrerako. Joan XXIII-garrenak bakea ta askatasuna itxi euskuzan. Verwoerd-ek?

Verwoerd-en pentsaera ta jokaera bein betirako auts biurtuko ete dira, bere gorpua "heroen illerrian" antzera? Nai bai. Uste ez.

joan mari torrealday

***

"Apartheid" politikari buruz iritxi batzuk

"Apartheid" politika ori moralari bagagozko iguingarria da, intelektualki penagarria, ta espiritualki defendidu-eziña.

(1962-ko azularen 12-an Patrick Wall jaunak, Batzar Nagusiko 4-garren komisiñoan Erri Batuen delegaziñoaren izenean Parlamentuan berba egin ebanean).

"Muga jarri ta azkenik deuseztu ez badogu egiten, agirian dago enda-gudu monstruo ondatzaille bat biurtuko dala. Ta bere aldean, lenengo ta gaurko ideaia ta erligiño burrukak familiko sesioak emongo dabezala".

(U Thant Naziño Batuen Idazkari Nagusiak, igaro dan urtean munduan arraza bereizteak —discriminación racial— ekarritako ondorio negargarriak azaltzean).

"Politiku komunidadeen arteko alkarren artuemanak egiagan eraiki bear dabe. Eta egiak, ezer baiño leen, artuemon orretan edozein endakari kutsu baztertu daiala eskatuten dau; beraz, politika komunidadeak duda barik, jatorriz alkarte dirala aitortu bear da. Geroiztik, bakoitzak ba dauko eskubide berbera bizi izateko, ugaltzeko, ortarako bear daben irixpide izateko; aolan bakoitxak izan bear dau lenengo eginkizun ori bere gain artzen; eta azkenik, ba dauko izen ona ta zor jakon begiramena izateko eskubidea be".

Pacem in terris-ek.


Begoña-ko Ama Bizkai-ko zaindari

Jenteak ori diño ta baleiteke; baiña ez dau iñundik be antzik emoten. Au zergaitik idazten doten? Ez dakizue? Ba, orduan entzun eidazue mesedez.

Begoña-ko Amaren egunean Mezak goizeko lauretan asten dira. Eta goizeko Meza ortara jente asko joaten da. Mungia, Zamudio, Lezama, Galdakano, Arrigorriaga eta beste erri askotako gaztedia gaua oñez egin ondoren, Begoña-ko Amaren aurrean batuten da.

Ba, jaun andreak! An batu giñan jenteetatik erdiak inguru euskaldunak giñan. Baiña alan da be ez eban emoten antz askorik, eleizkizun guztia, Jaunartzeko abesti bat izan ezik, erdera utsean izan bai zan. Ta abesti au be gazte talde baten ausartasunagaitik abestu genduan, iñor agindu barik eurak asi eben kantu ori ta. Eleizako kantuekaz, txarto oituratuta dagozela askotan pentsa izan dot, pulpituko apaiz jaunak abestuten ez dauanean, Eleizetan beste iñork ez daualako kantatuten. Beraz, txalogarri deritxot benetan gazte areen jokerea.

Begoña-n Bizkai-ko Amaren tokia dalako gitxienez egun guztietan Meza bat eta jaietan beste Meza bi euskerazkoak izan bear litzakez. Euskalerrian bizi ta asko ete da Eleizako arazoak bertoko izkuntzan egiteko eskatutea? Seguru nago, oraindik euskaltasun apur bat daukon edozeiñek ikusiko dau nik emen egiten doten eskaria eskubide osoz egin daiketen eskari bat dala. Ia-ke-ta euskalerrian bizi garan zergaitik bazter batean utzi gure izkuntza? Orain arte euskerearen alde egin diran ekinaldiak —igaro diran gizaldeetakoari begiratuten nago— Eleizeko gizonetatik etorriko dirala esan geinke. Zoritxarrez edo zorionez, gaur be gizon oneen eskuetan dago euskereak daukon geiena. Baiña —au bai dala zoritxarrez— gizon onen artean be ba dagoz euskerearen alde biar larregirik egin gura ez dabenik. Beintzat onelako bat pentsa bearra daukogu Begoña-n ta beste erri batzuetan gertatuten dana ikusita.

Gerrikagoitia


Euskerea, nortasunerako bide

Aldi galdua ez ei da arrapatzen, eta joana biurtzen gatx ei da, irakurle. Izango dozuz, noski, amasei-amazortzi-ogei urte. Zoragarri! Bizitzako udabarri lorategian..., ameslari..., nortasun billa edo nortasuna indar barriratzerakoan, mundua eta problemari arpegia emonaz, garai billa edo garaille... naian, beintzat. Jarrai! "Ez baida amets ta barreneko bizitasuna egi biurtzerik, ezpada lenengo arriskueri aurre egiterik".

Eta zuk, urteak, urteak zerbait zapal eta makurtzera zaroiazan euskaldun zintzo orrek, izango dozuz, ezta zertan esanik, zure senide tarteko problema bereziak: ogia, seme-aleberi karrera bat emonaz geroko bideak leundu, goxotu, erreztu, gertu gurari edo bete bearrak. Berba batean, norberaren azken urtiak zorion egin eta semeenak zoriontsu egiteko etorkizun bideak lortze ametsak. Egia: Ez gazte ez zarrentzat neke barik ezta bizitzarik; eta neke ondoren... POZA, ZORIONA.

Dana dala, zar edo gazte, danok daukagu problemak gure nortasunaren indarrez erabakitzeko lei bizia. Baña sarri-askotan euskaldunak geurekoiak edo egoistak ei gara. Bakoitza beretzat, bakotxak bere opillari bakarrik ikatza, ni neu olan eta besteak or konpon, nondik era andik nire jokera... eta abar eta abar.

Bakotxak bere nortasunez jokatu dagiala, diñue askok, nortasuna zer dan edo zer esan nai dauan ulertu barik. Nortasunak, egiz, zati bi ditu: Izkuntza eta Gogoa. "Jaungoikoak, txori-enda bakotzari bere abestia emon dautso; giza-enda bakotzari bere izkera. Euskalduneri Euskera". (B. Amezaga ta Aresti) Eta izkuntzak gizonaren gogoa gordetzen dau barrenean: "Izkera aldatzea gogoa aldatzea da". (B.A. ta A.) Olan ba, Euskera dogu gogoa eta nortasunaren zaintzalle.

Zoritxarrez, gure izkuntz maiteak ba ditu utsune asko Bizkai'ko erri euskaldunetan. Erderak zakondu, barrendu ditu kalterako izan yakuzan bere sustraiak; baña ezin dagikegu orregaitik esan nortasun barik aurkitzen garala gure onetan. Askok daroian bidetik jarraitzea ezta nortasunaren jabe izatea: Ardi bat doian lekutik beste guztiak.

Jauna'ri eskerrak, aurkakorako bideak ugari ditugu. Onetariko bat "ANAITASUNA" aldizkari zoragarri au dogu, alegia. Anaitasunian dago batasuna; ta batasunian, indarra. Goikoak eta bekoak, zuzendariak eta suskritore gareanak, danok parte artu bearrean gagoz, aldizkari au prantziskotarrena ez baida, euskaldun guztiona baño. Parte artu bearrean, laguntasuna eskeñi bearrean, artikulu batzuk idatziz edo gaurarte falta yakona osotu, obeagotu eta ornidutzeko diru laguntasuna eskuratuaz. Eskeñi zure laguntasuna. Oraindik ordura gabiz. Euskera ez dago il zorian, anaitasunak gugan iraun dagian artian. Eta orain arte orrelakorik izan ezpadogu, asteko "Gaur beti dozu", irakurle. (Machado).

Lei


Aita Luc Antigue: Marsella-ko portuko praille biargiña

"Pobreekaz alkar biar egiteko neure asmoak —diño Aita Luc-ek— Emaus-ko traperoen alkarte batera eroan ninduen, animatzaille lez; eurak eskatuten eusteen eurakaz trapero lez lan egiteko. Eta aolan eurekaz alde batetik bestera ibilliz, trapu ta mueble zaarrak bilduten nebazan, aukeratu, konpondu, eltze zaarrak puskatu eta bear ez zana pillatu eglten neban".

Lau urte daroaz aolan A. Luc-ek, trapu ta ontzi zaarren artean galduta dagoan fedearen billa, gero fede ori munduaren aurrean argi ta eder azaldu daian. Eguneran erdian bakarrik egiten dabe Aita Luk eta beste abadeak lan, orain arte besterik ezin eben da. Barkatu orain abadeen lanaren istori apur bat agertu gura badeutsuet.

Frantzia-n jokatu da gogor

Oraingoz abadeek joandako urriaren 23-tik lanera joan daitekez. Sindikatoetan sartzea be libre daukee, eta onek izaten ditu bere ondorioak. Esperientzi ontarako baimena iru urterakoa da bakarrik.

Leen be 20 urteko saioa egiña eben: 1939-tik 1959-ra. Ortik ona sei urte igaro dira; baiña gauzak ederto joan dira elduten. 1939-1940-ra Paris-ko enpresa batean prantziskotar iru ibilli ziran eta Marsella-ko portuan Aita Loew dominikoa eroan ebezan 800.000 prisioneroekaz, ixillean, 25 boluntario joan ziran, kapellau lez. 1942-ean, barriz, seminario bat iditzen da: "Mision de France" deritxona. Onen ondoren gauza on ta txarrak gertatuten dira. Laster dira Erroma-ko tribunaletan gertakizunak. Eta abade onetzaz ikaragarri idazten da. Orduan gauza onen buru zan Suhard Kardenalak, 1949-ean, il baiño apur bat arintxoago, zera diño: "Nik ez dot egiten daben guztia onartuten, baiña astia uztea konbenidu da. Landarekaz lez, gertatuten da: lenengo bedar txarra bardin-bardin asten dala, ona zein dan jakin barik".

Abade asko sindikatuetako zuzendaritzan be sartzen ziran. Lan onek ez eutsen euren betebearretarako astirik uzten, eta aolan geiegikeri batzuk be gertatu zirala ezin ukatu. 1953-tik 1954-ra Erroma-ko Ofizio Santuak, zerbait esan eban, eta 1959-an Frantzi jerarkiak, barriz, abadeak lanean arteko erabakia artzen dauanean, Erroma-tik Kardenal Pizardo-k zera diño: "Fabrikako biarra abadeen bizikera eta betebearrakaz moldatu ezin deitekena dala". Alan da guztiz be, egun erdi batean lana egiteko geratu ziran abade eta praille biargin batzuk. Onetarikoa dogu Aita Luc Artigue be.

Danen artean

Aita Luc Marsella-ko portuko denda batean, beste biargin askoren antzera, biarrari ekinten deutson praille bat dogu. A. Luc-ek praille jantzietatik sandaliak besterik ez dabiltzaz eta ankautsik. Gero krutze bat samatik dindilizka. Bere leku-samatik dindilizka. Bere leturetako, lo egiteko t. a. kuarto txiker ta illun bat baiño ez dauko. Kapillatxo bat be ba dauko domeketan andra ta neska batzuk besterik ez jakoz joaten baiña. Beragaz bizi diran gizonezko batek ba daki zenbat izango diran, eta bakarrik bi joaten jakoz mezatara.

Baiña A. Luc beti dago antxe; kristiñau lez, erligio eta orrelako gauzen izan bearrik ez daukeela diñoen jenteen aurrean, iñoiz arritu barik, biargiñen jokera guztiak ondo baiño obeto ezagututen dauzalako.

Abade biargiñak, zertarako?

Mogimendu onen aurrean auxe da izan be ainbeste biderrez egin dan itaun bat; ta oraindik gaurko egunean be abade onen jokerea askontzako lelokeri bat baiño ez da. Baiña gizon oneek sentiduten dabena euren agiriko bizitzan ikustea zailla dala derrigorrez esan bear dogu: euren anima ikusi bear ortarako. Au da ikusten dana: biarra besteek lez egiten dabela; baiña seguruenetik ez doaz lan ortara beste gizonak euki daikezan motibu bardiñagaitik. Egon be or dago prolemaren untzea.

Esperientzi onek —esan dau A. Luc-ek— nik ezagututen ez neban mundu bat azaldu deust, Eleizatik eta bear bada, gizartetik be aldenduta egoan mundu bat. Denpora asko bear izan neban areri konprendiduteko, danakaz berba egiteko, neure izkerea eurentzat konprenigaitz zala sentiduten bai neban. Orduan ikasi neban ixilduten, entzuten, berba egiteko momentu egokiari itxaroten, aukera au alperrik ez galtzeko eskatuz. Gizon onekaz benetakoa izaten ikasi dot"

"Mixiñoetako jokerea beti esperientzi bidean dago; eta batzutan gertakizunek, lanerako bideak eta bakoitxaren zeregiñak ondo tinkatzera eragiten deuskue. Marsella-ko biargiñen barrio batean, lau urte onetan, lanean eta jentearen artean sartzeko gizon onen jokerak zelakoak diran ondo probatu bear dala ikusi dot, gaiñera". Ara or A. Luc berberak zelan ikusten dauan abade biargin onen egokerea.

Arrerantzeko legeak

Gizaldi batzuetan zear, eta euren karreran be bai, abadeak beste mundu bat bizi dabela ezin daikegu ukatu. Biargin eta apaizaren pentsakerak izan be zeozergaitik dira ain desbardiñak. Orretarako —alkar ezagututeko— bide bat baiño ez dagoala deritxot: alkar bizitzea. Egia esan, biargiñen mundua orain arte aztuta egon da. Espaiñia-n noiz izango ete doguz gaurko biargiñeri erantzun egoki bat emoteko beste abade?

Gure artean gai onetzaz daneri jagoken erabakirik ez da artu. Frantzi-ko gotzaiñak, barriz abade-biargiñeri bete-bear oneek jarri deutsoez:

1.—Abade gai oneen artean aukeratuak izan daitezala.

2.—Biarra besterena lakoa, baiña apaiz dirala kontuan artuaz. Biarrian ari diran abadeak dira eta ez apaiz diran langilleak, Aurore-k esan eban lez.

3.—Sindikatuetan sartu daitekezala, baiña buruzagitzarik euren gain artu barik. Ortarako dagoz seglar katolikuak eta.

4.—Esperientzi onek, oraingoz, iru urte iraungo dauala.

J. M. Arzallus