ANAITASUNA

ZEZEILLA (2) 1966 — XIII URTEA — N.º 132

Dep. Legal S.S. 1092-1959

Zuzendaritza: Bilbon. — Arantzazuko Irarkolan.


Eztago ortarako deretxorik. Millaka ume eskola barik

Iñok ezin daike ukatu gizon guztiok edukatuak izateko eskubide daukogunik. Batikano Batzar Nagusiak esan be egiten dau nok daukon gizonak edukatu bearra. "Errietako agintaritzak —Batzar Nagusiko Deklaraziñoak diñoana da— ontan jarri bear ditu laguntzak: gurasoek, askatasun osoz, beren kontzientziak diñotsoenez, euren semeentzat eskolak aukeratu al daikeen eran". Izan be, onetariko laguntza barik, aukeratuteko askatasuna, amets bat baiño ez da. Gurasoak zelan eukiko dabe aukeratuteko erea, bear diran eskolarik ez badagoz. Auxe da erri aundiko barrio pobre eta txarrenetan gertatuten dana. Bilbon be orixe gertatuten da, eundaka ume eskola barik bai dagoz. Eta eztago olan egoteko deretxorik. Ez daigun jarri erru guztia errietako agintarietzan bakarrik, gizartea osatzen dogunok be ba dakagu zer-ikusia ta.

Aste batzuek ba dira au irakurri genduala. Barriak alde eben gure oroimenetik, baiña problemak ez dira aiñ erretz baretzen.

Estadistika bat egin da Bilbo-n eskolarako umeen artean: pare bat mille ume eskola gabe dagoz, eskol-etxe paltan. Ille batzuek barru, andik edo emendik, antolatuko dira tokiren batzuk, baiña mille bat inguru eskola gabe geldituko dira datorren urtera arte.

***

Orain sei urte, 1959'ko urtarrillaren 25'an, "biotz eta esku dardaritsu" batek azi txiki bat erein eban gizadiaren kondairan: Konziliu barria.

Erne zan azia; egin zan aundia; eta asi da bere frutuak emoten. Ale ortariko bat gaztedia ezitzearen gaiñ diardun Dekretua da.

***

Beti artu da arreta aundiz gai au. Batez be, azkenengo Aita Santu oneek sarri nai izan dabe guraso ta gizarteen erantzun-bearra ernai araztea. Eta azkenik, zintzo ta egoki berba egitea nai izan daben Konziliu onek. Ezin leitekean bestera izan.

Konziliuak barriz asiera-asieratik gogoratzen deuskun legez, gizonaren bizitzan ezitzearen garrantzia azkeneraiñokoa da, eta geroago ta zer-ikusi aundiagoa dauka gaurko gizartearen aurrerapenean. Izan be, gaurko gizakiak norberaren dignidade ta eginkizunen kontu bereziagoa artzen dau, eta geroago ta parte ernaitsuagoa nai dau bere ta gizadiaren bizitzan. Au dala-ta, geroago ta bearrezkoago, prisatsuagoa azaltzen jaku ezitzea gizaki guztientzat. Ezitze onetara igoteko eskubidea gizaki izatearena da, izan be, eta ez arraza, edo edade, edo mailla batekoena bakarrik.

Baiña askotan entzuten dana da: "Ezitzea baiño gauza gatxagorik eztago, gaur batez be". Bear bada, guztiok daukagulako norberaren edukaziñoa be konpondu bearra, eratu premiña. Dana dala, gure gaztedia ezi bear bada, ezingo dau izan guraso edo bat-edo-beste edukatzailleen buruaustea bakarrik. Danok daukagu emen erantzun-bear aundi bat. Edukaziño on batek giroa be alakotxea bear dau, "anbientea"; txorikumak beren kabian izaten daben epeltasuna. Eta giro ori danok egiten dogu: gizarteak, ideiak, jokaerak. Bakoitzaren pixkanarekin jasotzen dogu, jaso be, bizileku izugarri au, gizarte au. Eta bear-bearrezkoa dogu gazteok aurkituko daben "mundu" au onuragarrizkoa izatea, beren bizitzan erein dan azi ona eme, ta indartsu etorri daian.

Ala ta guzti be, gurasoak dira beren semeen edukatzaille berezkoak.

"Gurasoak emon deutsoe euren semeeri bizitza, bai, eta beraz zorrotz beartuta dagoz euren umeei eziera ona emoten. Onela ba, gurasoak dira umeen ezitzaille lenengo ta nagusienak. Familian umeak ezitzeko obligaziño au aundia baiño aundiagoa da, eta berau palta bada, oso gatx emon daiteke berorren ordez besterik. Gurasoen obligaziñoa da ba, beraz, familiko giroa maitasunez, Jaungoiko zaletasunez, ta gizonenganako biotz-beratasunez osatzea. Eta famili giro onek Lagundu bear deutso seme-alabeen ezierari euren buruarekin eta gizonekiko artu-emonetan osatua izaten. Au gaitik, familia da gizarte guztiek bear dituezan alkartasun birtuteak ikasten diraneko lenengo eskola".

Sukaldean bizitzen dabe semeak eurek lenengoz ezagutzen daben gizartea. Familiaren bidez sartuko dira gizartean eta Jaungoikoaren Errian.

Ezin leiteke, ba, aaztu gaztedi ezitzean familiak daukan inportantzia. Ez alperrik Elizak gurasoei egiten deutsoen deia, batez be guraso kristauei, euren aparteko eginkizun orretan adoretsu ta leial joka daien.

Umeak ezitzeko obligaziñoa, berez gurasoena izanik, gizarte osoaren laguntza bear dau; eurek ezin daikeena, emoteko; euren akatxak osatzeko; euren eskubideak zaintzeko, eta baita bear diran eskolak eta unibersidadeak sortzeko. Eskolak eta unibersidadeak batez be, arreta aundiz artzen ditu Konziliuak.

"Ezierako bide guztien artean, eskola da derrigorrekoena. Eta eskola, bere egitekoa ondo betetzeko, eten barik saiatzen da buruko almenak landuten, eta era berean, gauzak zintzo ikusteko zentzumena zabaltzen dau, gure aurreko gizaldiek eskuratutako aberastasunetan aurrera sartu arazten dau, benetako baloreak ikusten laguntzen dau, profesional bizitzarako eratu egiten dau, izakera eta mailla desbardiñetako ikasleen artean adiskidezko artu-emonak sortutzen ditu, alkar ondo artzen lagunduaz".

Ederra eta bear-bearrezkoa da, ba. Konziliuak diñuanez, eskoleta ezitzaille guztien eginkizuna. Eurok dira gizadiaren izenean gurasoei seme ezitze bierrean laguntzen deutsoenak. Premiñezkoa dau, beraz, gizarteak ezitzailleeri laguntzea, beren bokaziño bikain ori egoki bete daien. Orrela jokatuaz, bere buruari on baiño ez deutso egingo gizarteak.


Erriz erri

Begoña-tik

Erbestean ibilli dan edozeiñek daki zelakoak izan bear leitekezan bideak. Izan be gure arteko bideak ba dauke apur bat apaindu bearra.

Premiñ au geroago ia andiagoa egiten da, trafikoa be egunetik egunera anditzen doa-ta. Amaikatxu txoke ikusten doguz egunero gure bideetan. Gabonetan egoten diranetan pentsetea baiño eztago. Baiña ezin daiteke bide txarretan jarri ezbear danen errua, askotan norberak eukiten bait dau erru geiena lastertasunak larregikoak izaten diralako.

Aurtengo urtetik aurrerantzerako laguntasun bereziko bat sortu da bideetarako. Egunerokoetan agertu dan lez, Asociación de ayuda en la carretera Bilbo-n oraintsu sortu dana. Gizarte barri au Españia guztian lelengokoa da eta igaro dan urtarrilletik dator biarrean. Asmatzaille eta lelengo lendakaria Usparitxa mediku jauna dogu; ordezkaria, barriz, Gabriel Gondra, Bilboko abogadua. Kide onetan borondate oneko gizon guztiak artzen dira; borondate on ori —jakiña— agertu egin bear da ortarako aukerea datorrenean. Gaur berton berreun gizon inguru izenak emonda dagoz, geienak Bizkai-ko errietakoak; baiña —au be esan bearrekoa da— gizarte barri onen asmatzalleak konpromisozko gizonak gura dabez bakar-bakarrik, au da, ez bearrean dagon lagun urkoari lagunduteko zain egongo diran gizonak.

Gizon batzuk ainbeste kilometroetan ezin leikeela egin aparteko gauzarik pentsatuko dau baten batek. Ba dakigu —kide ori osatzen dabenak be ba dakie— gauz asko dagozala konpondu bearrean eta gauza orreek era batera konpondutea ez dala izango eginkizun erreza. Baiña, nik itaunduten dot, gaurtik gaur ez da izango naiko gizarte onen bitartez bideetan, ta batez be zoritxarretan, anaitasun apur bat lortuten bada? Gizarte barri onen beste xeaztasun batzuk jakin gura dauzanak, seiñe onetara idaztea baiño ez dauko:

C. Erzilla, Departamento 34,

Num. 22. BILBAO.

Bermeo-tik

Bermiotarrak benetan saiatu garala aurten erri guztian Gabonetan gura izaten dan alaitasuna zabaltzen. Ara detalle txiki bat: Joxe Deuna-ren kolejioan gaztediak antolatu eben belen bizia. Geure Eleiz eta etxeetan itxurazko jaiotzak baiño ez doguz ikusten. Ardiak, artzaiñak, bideak, errekak, danak itxurazkoak. Bermio-n, barriz, aurten bene-benetako bat antolatu zan, azur ta aragizkoa. Gaztedia —neska-mutillak— izan ziran idei txalogarri ori egiztu ebenak. Eta politto baiño polittoago egiztu be gero. Diñotena egia dala ba daki seguru belen ori ikusi eban edozeiñek. Eske izan be bermiotarrak itxurazko gauzak egiteko aparteko grazi bat euki dau beti.

Durango-tik

"Arbol de Navidad" dala-ta, amaikatxu zorakeri egiten dira artero mendietan eta. Penagarria da izan egiten dan ori. Batez be goroztiek artu bear izaten dabezan ebaiketak penagarriagoak dirala esan bearra dago. Aurten be amaikatxu goti ebai dira orma bat ornidutearren bakar-bakarrik. Mendiak derrigorrez artu bear leiteken ondamena galeraztearren aspalditik sortuak dira bereziko bibero batzuk. Orretariko bibero bat Durango-n daukagu. Bibero-solo onetatik aurten 10.000 izai edo abeto urten dira. Aurten lelengoz Portugal-era bialduten asi dira.

Abetoak lau edo bost urte bear dauz iru metro ingurukoa egiteko. Orregaitik Areitio soloan —izen ori dauko biberoak— larogei milla abeto daukoz guztiz, urtero-urtero, Gabonetan jatorkezan deiari erantzuna emoteko. Onetariko biberoak oraindik ugariagoak egon bear leitekez, mendietan egiten diran ondamen orreek geroago eta eskasagoak izan daitezan.

Elantxobe-tik

Oitura zarra benetan mus jokoa euskal-erri osoan. Oraindik gaur be ainbeste lekutan pozez jokatzen dan jokoa izan be. Ni txikia nintzala —ordutik onantz ba dira urte batzuk— gogoan daukot zelan bilduten ziran auzoko andra guztiak musean olgetako, gizonak trabenarantz egiten eben bitartean. Ordutik onantz urte asko igaro dirala esan dot. Baiña alan da be oitura onek lengoko indarra daukola eztago zertan esan bearrik be.

Zaletasun oneri begiratuaz, Bizkai-ko bigarren kanpeonatoa antolatu da. Kanpeonato au urtarrillaren ogeita lauan asi zan ta aprillaren bigarren egunean izango da garailleen azkenengo jokoa. Sariak apartekoak izango dira. Ara: lelengo egiten dabenentzako ogei milla peseta, edo bakoitxak beste lagun bigaz Palma de Mallorka-n aste bateko bakaziñoak. Bigarrenentzako; amar milla peseta edo Barzelona-n bakaziñoak eskubide bardiñakaz. Beste sari batzuk be egongo dira errietan garaile diranentzako eta: trofeoak... Orain daukee muslariak zeozer egiteko era ederra. Domeka arrastietan ikasitako tasun guztiak ezerezean itxiko ete dabez Bizkaiko andrak?

Galdakano-tik

Azkenengo ille oneitan razako txakurrak gatx gordin bategaz geroago eta geiago iltten doaz. Antza Frantzi aldetik datorren epidemia bat da gatx ori. Epidemi orren lenengoko ezaugarriak igaro dan uda azkenean agertu ziran. Arrezkero, or-emen pilloka il dira txakurrik ederrenak gatx orren atzamarretan. Santander eta Araba aldetik agertu arren Gipuzkoa-n eta Bizkaia-n agiri da aurki geien. Gure uriburuan be, entzun dotanez, "Sociedad de Caza y Pesca" taldekoak arrituta dagoz euki dabezan txakurrik onenak il egin jakezalako: guztiz berrogetamar bat il jakez seguru.

Oraindik betrenarioak ezin izan dabe billatu gatx ori zer dan eta nondik datorren. Lenengoko agerkaria begietan agertuten da, begiak gorrituten asten diranean. Gero txakurrak estul gogor bat arrapatuten dau, benetako txakur estul bat; eta azkenean ibilli eziñik geldituten da. Gero geienetan eriotza etorten jako, edo osterantzean, zori orretan geldituko da betirako.

Errietako kazadoreak be apur bat arrituta egongo dira ziur. Beintzat nik ezagututen dotazenak olan dagoz, eta arrazoiz. Askok euren txakurrak —au batez be bilbotarrak egin dabe— baserrietan gorde dabez. Zeozer derrigorrez egin bear gatx onek txakur guztiak eroan ez daiazan.


Aita Salbatore Mitxelena, G. B.

Euskalerriak izar dizdiratsu bat galdu eban igaro dan urteko azkenengo egunetan: Aita Salbatore Mitxelena izan dan gizon ospetsua.

Aita Mitxelena 1919-ko urtarrillaren 18-an jaio zan Zarauz-ko Etxebeltz izeneko baserrian. Berba oneek idatzikeran, konturatuten naz, bizi bazan gaur beteko ebazala berrogeta zazpi urte. Berrogeta zazpi urte: izan be edaderik onenean eroan deusku Jaungoikoak gure artetik. 1935-ko agostuaren 4-an praille sartu zan Zarauz bertako prantzizkotar konbentuan. 1951-an aprillako 20-an Profesa Nagusia egin eban eta urte bi geroago, abenduko 28-an, apaiz egin.

Gero, urterik geienetan erbestean bizi zala esan daikegu, euskal-erritik urten bearra euki eban da. Kuba, Peru, Kolonbia, Paraguay eta Uruguay aldeetatik mixio saioak emoten ibilli izan da urte luzaroetan. Azkenengoak, barriz, Suiza-n egin ebazan, gure arteko andagozan erbestetueri lagunduten.

Aita Salbatore-k bere bizitz laburrean ainbeste opari eder eskeiñi deutsoz euskal-erri osoari. Beraz, bere izena euskaldunen artean oso ezagutua izan da, ziur, batez be olerkari, idazlari eta izlari lez. Ainbeste idazlan, olerki t. a. alde batera utzita, bere libru bikaiñak onexek dozuz: ARANTZAZU poema, bertsoetan egiña, AMA-SEMEAK ARANTZAZU-ko KONDAIRAN itz-lauzean, GURUZBIDEA, ta UNAMUNO TA ABENDATS.

Une oneetan, ain gaztetik bein Jaungoikoak eroan deuskunean, orain dirala urte batzuk ARANTZAZU poeman abestu ebazan bertsoak bere oroimenez gogoratu gura dotaz, ia danentzat ezagunak izango diralako:

Zuk zer dezu —Arantzazu!—

amets kabi, erti-leku?

Euskal-erria oso-osorik

kantari dijoakizu.

Izena bera —Arantzazu!—

kanta ederrena dezu.

Itz bakar ori mintza orduko

kantari jartzen gaituzu.


Bilbon eskola geiago bear dira

- Rekaldeberri, Uretamendi eta Peñaskal: iru auzotegi kontuxu eskola barik.

- Dauzan eskolak lonja batzuk baiño ez dira, estu, txiki, eta illunak.

- Beraz, eundaka ume ta mutil-neskato gizonari derrigorrez jagokon eskola barik.

Uretamendi eta Recaldeko auzotegiak

Uretamendiko barrioan eskola-parrokialak dagoz bakarrik. Umetxoai emen emoten jaken atenziñoakgaitik, beste barrio batzuetako umeak be onera etorten dira. Ara: Recalde-Betolazako eta Circunvalacion-ko umeak ei dira kontisu. Lau milla biztanle ei daukeez auzotegi edo barrio oneik. Baiña ume-azitza, arin baiño ariñago gora doa barrio oneitan, ezkonduak gazteak diralako. 285 ume-ikasleak, sexo bitakoak, lau maistra eta maixu bategaz bakarrik zainduak dira.

Zelako eskolak?

Eskola-parrokial oneik lonja batzuk besterik ez dira. Lonja oneik umetxoai zeozer irakasteko enpleaten dira. Jakiña; leku oneik ez daukee hijiene-serbiziorik ez argi natural bearrezkorik; eta gaiñera, leku oneik umedadez beteak dagoz. Umetxoak estu-estuan dagoz klasean leku txiki onek ondo aprobetxatuteko. Berrogeitamar ume gitxienez igesko urtean ametitu barik gelditu ziran. Edukaziño-Nazional Ministerioko laguntza, maixuentzako ei da bakarrik. Aiuntamentuak emoten daben laguntza barregarrizkoa ei da.

Eskolak, umeak eurek garbitzen ei dabez. Butanoaren eta liburuen gastoak gurasoen kontura dagoz. Egia esateko, guraso oneik ez dira bape aberatzak, pobreak dira geienak —gorengokoak erdiko klasekoak— eta argiago esateko, geienak erri-garbitze serbizioa egiten dabienak.

Konsekuentziak

Ikusten danez, ume onei emoten jaken eskola-laguntza ez da naikoa. Ez da pentza be!

Problema onei beste gauzatxo bat jarri bear jako gaiñean. Denpora asko ez dala, oneitako eskola batzuek ustuak izan bear ziran, eskolapean zear joian ur zikiñak eroateko tuberia apurtu egin zalako; ez dago zertan esanik eskolako klaseak ur zikiñez eta basatzez beteak gelditu zirala.

Au ikusita, Uretamendi-barrioko eskolak krisis aundi baten dagoz. Uste dogu eskola-kargua dauken gizonak krisis oni azkena laster emongo dautsiela. Bestela ez dakit nora joango garan. Zirkulo batean sartzen gara: erri-jendeak ezin igo gora goikoak ez dabelako laguntzen eta goikoak ez dabe laguntzen... ez dakigu zergaitik.

Nukleo zentrala

Gitxi gora bera 22.728 biztanle izango dira Rekaldeberriko parrokiko nukleo zentralean. Ezkonduak gazteak dira emen be eta ume-azitza goraka doa barra-barra. Esate baterako, 1964 urtean 675 bataiatu ziran. Baiña guzti oneintzako eskola-parrokial txiki bat besterik ez dago sexo bietarako. Au dala-ta, barrio onetako umeak, beste urriñin dagozan zentro ofizialetara joan bear dabe zeozer ikasi nai badabe. Jakiña, ume onen familiak ez dira aberatzak eta ba-dakigu zelako molestiak ekarten dabezan urriñara joateak. Au dala-ta, ba, Rekaldeberriko eskola-problema ikaragarria da. Aiuntamentua eta Enseñanza Primaria-ko Inspekziñoak ba-dakiez zelan dagozan problema oneik, eskola barriak egiteko proiektoa eginda daukee-ta.

Ia, ba, noz asten diran goikoak proiektoa errealidade biurtzen. Premiña ba-dago... eta ikaragarria!

Peñascal auzotegian

Duda barik esan geinke Peñaskaleko eskolak dirala barrio oneitako zabalenak eta onenak. Baiña emen be ez dira kabitzen lenengo enseñantzako mutiko guztiak. Pasa dan urtean eun umetxo gitxienez atenditu barik gelditu ziran.

Barrio onetako biztanleak 6.000 inguruan ibilliko dira. Eta beste barrioetan lez emen be ezkontzak gazteak dira eta ume azitzak goraka arin doazanak.

Amaika maixuk zaintzen dabez ume guzti oneik. Maixu oneik Edukaziño-Nazional Ministerioaren soldataz eta baita Aiuntamentuarenaz be bizi dira.

Emen be, oraindik, besteak lain txarto ez dira bizi, baiña urte gitxi barru beste barrioetako problema sortuko da: eskola faltea. Origaitik goikoak espabillatu beitez.

Karmel


Euskerea zelan erabilli bear dogu gaur?

Euskeraz euskeratzaz zergatik?

Euskeraz euskeratzaz geiegi idazten ei da gaur.

Beste izkuntzetan ez ei da olan gertatzen. Esate baterako, gasteleraz asko idazten ei da, baiña ia bapez gastela izkuntza gaitzat artuta. Ta guk be beste onen jokerari jarraitu biar ei geuntsake. Euskeraz euskera ez beste gai guztietan idatzi.

Ba dauke bere errazoia au diñoskuen aldizkarietako zuzendariak. Euskeratzaz idatzita eurengana eltzen dan guztia argitaratu biar balebe beste ezerentzat tokirik ez leuke izango.

Bai, ba dauke errazoia, baiña ez oso osua ta gitxiagorik be ez.

Gaztelarrak eta gu ez gagoz bardin izkuntza kontuan. Gastelar izkuntzak ez dauko galtzeko arriskurik.

Beraz, il agiñian balego lez ta indartu naian au ta bestea egin biar dala-ta ez da iñor asiko.

Ostera gu euskera beragaitik asi gara lanian euskera saillean. Gure aldizkariak euskeragaitik bakarrik sortu dira, euskerea indartu daitean. Guretzat euskerea da lenengo gaia.

Ala ez balitz obe genduke milla bidar erderaz idazi. Eusko idazlerik geienak (neu ez noa emen sartzen) euren esan naiak erderaz obeto azalduko leukezalako ta danok erderaz idatzitakoa obeto ulertzen dogulako.

Barriro diñot erdal izkuntzetako kontuak ez dira oso osorik baliokoak guretzat. Tarteka euskeratzaz itz egitea biarrekoa da. Jakiña, beti gauza bat eta modu bardiñean esatekotan ez.

Origaitik euskeratzazko idazlanari geienetan abegi kaxkarra egiten deutselako aldizkarietakoak, loterian jokatzen lez asten gara gai oneri ekin nai deutsagunian, bai baiño ez ziurrago izango dan ustean; argitaratzeko baiño otarrarako ziurrago izango dan ustean.

Zelako euskerea: garbia ala loia?

Dana dala, ok eginda gaukazan gai bateri ekitera noa: euskera loia ta euskera garbia.

Euskerea maite dogu, geuria da ta maite izan biar; baiña bestela euskerak goragarri gitxi dauka. Antxiñakoa dala ta gaur beintzat senide ezagunik bakoa. Onetxek dira batez be gure berbetaren gauzarik baliotsuenak, izkuntza jakintsuak arreta andiz beroni begira ipinten dituana.

Bai, auxe da gure euskeraren zerik goragarriena: beste guztiengandiko berezitasuna. Inoren antzik ez eukitea.

Euskal idazle batzuk euskeraren alderdi eder au bere berezitasuna agertu naian lez idazten dogu. Ta jokera zuzena auxe. Maite dogun edozeri bere goraltzak agirian jartzen deutsaguz.

Gurasoak euren umeen alderdi onak agertzeko egoten dira maite dituelako. Seme argia badauke ez dabe aukerarik galduko ori esateko. Begi ederreko alabari premiña barik beriala ez deutsaz betaurreko baltzak amak jantziko.

Ostera beste idazle batzuk, gaurko idazle gazte askorek, euskeraren goragarri dan alderdi au ondatu naian lez idazten dabe.

Ara azkenean diñodanaren agergarri ain entzute andia artu daben idazburua: "Historia triste bat".

Nobela, antzerti, nai olako edozeri milla izen ipiñi daitekez, bere gaiari jagokozan milla izen. Antzezlan orreri be bai euskera garbi egiteko ardura apur bat euki ezkero.

Ta zergatik ez dogu euki biar ba garbi egiteko ardura apur bat?

Idazle askoren errua

Erriagandik ez gara urrun ibilli biar idazliok, baiña ez da bere bide okerrari orpoz orpo jarraitu be.

Erria premiña barik euskal itz jatorrak bastartzen doa gelditu barik. Ta idazle batzuk erria bera baiño be aurrerago doaz euskerea alperrik galdu daben bide loi orretan. Jakintza aldizkarietan "kontra" "deretxoa" ta alakoak irakurten dodazanian amorrotuta gelditzen naz. Orretarako bai ez dagola deretxorik. Zein da, esate baterako, JAKIN aldizkariaren irakurleen artean "aurka" eta "eskubide" itzak zer esan nai daben ez dakiena?

Euskerea ulerterreza egitea beste asmorik ez daukela idazle batzuk dirudi. Ulerterreza egitea danori jaku atsegin ori lortzeko euskerea ondatu ezik. Baiña emen beste ezegaz arduratu barik izkera erreza egin nai dabenen idazkerea kaltegarri dala euskerarentzat esango neuke. Izkera erreza egitea ez da dana gure artean; izkera erreza egitea balitz gure ardura bakarra ba dakit gaurko euskaldun guztiak ulertzen daben izkerea zein dan: erderea, gaztelerea.

Ez naiz ni gai oneri luze ekiteko ustean. Ori lenago eginda daukat. Bakarrik auxe esan nai izan dot, zera... euskeraren doai bakarra edo ia bakarra ez daigula ondatu.

Euskerea beste izkuntza guztiakandik berezia da ta itxura orregaz erakutsi biar dogu geure idazlanetan.

Ez deritxazue, gazteak?

Kamiñazpi


Euskaltzaindiaren agiria euskal berbeeri buruz

Euskaltzaindiak, idazlari ta izlarieri zuzenbide batzuek eskeiñi naien, eta asko zuzenbide orreen zain-antzean dagozala jakiñik, onako agiri au azalduten dau:

Oñarri-legea

Iztegi-saillean ezta bidezko berba asmatuetara jotzea ezin bestez baizik, eta orduan be berben erabidean izkuntzaren joereak gordeaz. Ori iztegiari gagokozala. Gramatikaren barrutian, ordea, ezta sekula zillegi asmatuten ibiltzea edo izkuntza aldatu nai izatea.

Euskal-berbak zein diran jakiteko bidea

Eta iztegiaren auzian xeetasun geiagoregaz garbitu naiez, euskal-berbak zein diran, au da, euskal-literaturan erabiltzeko berba jatorrak zein diran jakiteko bidea ta neurria finkatu dau aurrenik Euskaltzaindiak. Euskal berbak dira euskerea bizian sustraituak dagozanak. Sustrai ori zenbat eta sakonagi izan, ainbat eta eskubide geiago dauko berba batek erabillia izateko. Berba baten zaluneak, antziñatasunak eta idazle zarrak berba ori erabilli ete daben jakiteak, asko esan gura dau berbaren sustraia zenbaterañokoa dan neurtzeko. Sustrai aundiko itzak, bada, euskal-itzak dira, naiz eta erderatik etorri. Bada gure iztegian olako berben pilloa: jatorriz kanpotik sartuak, baiña euskeran gogotik errotuak dagozanak. alegia. Beraz, etxeko biurtuak daukaguz, gure gureak dira berba orreek. Euskal-berbak dira, bada, erderatikakoak izanarren. Berba orreek eskubide osoz erabilli daitekez, eta orreen lekuan erabiltzeko asmatu diran berba barriak eztira geieneran euskal-berbak eta ez dabe areek ainbat eskubide erabilliak izateko.

Ona-emen olako euskal-berba jatorren zerrenda bat. Erderatikakoak izanarren, etxeko biurtua daukoguz eta emandako neurriaren arana, euskal-berba jatorrak dira: ...alkate, amodio... arraza... birtute... desegin... gramatika... gloria... kafe... karidade... kontra... obeditu... partitu... pentsatu... seiñale, testamentu...

Euskaltzaindiak, bada, berba oneek eta antzekoak diran beste asko, eskubide osoz erabilli daitekezala erabagitzen dau, euskaldunak, jatorrak eta garbiak diralako. Eta idazle ta izlarieri erabilli daitekezala eskatzen deutsoe, berba asmatuetara jo barik.

Berebat, izkuntza berezien gaiñetik zabaldurik dagozan kultura eta zibilizaziñozko berba ontzat artzea eta erabiltzea Euskaltzaindiak begi onez ikusten dau. Adibidez: politika, teknika, literatura, liturjia, metro, kilometro, ta abar.

1959, aprillaren 2-an.


Dei bat

Aspalditik danok barne-barnean daroagun itauna da auxe: euskerea zelan erabilli bear dogu gaur? Ainbeste idatzi dalez, emen ez da esango aparteko gauzarik. Naikotzat eukiko doguz alegin oneek gure arpidedunen kezkak asetzen badoguz.

Euskera garbia gura dabe batzuk, erdera usaiñeko berbarik ez daukon izkuntzea. Eta onetariko berbaren batzuk erabilli ezkero, euskerearen miragarritasuna galdu egingo dala pentsaten dabe. Ez orixe. Benetako jakitunen eritxiz, ez dago or gure izkuntza maitearen balio andiena, berboa eta itzen joskeran baiño: berbak ondo tokiratutean, itzak alkarren urrengo imintean. Onegaz ez dogu esan gura gure aldizkariak ibilli dauazan bideak beti izan dirala onenak. Euskerearen benetako balioa adierazi gura izan dogu, beste asmo barik.

Baten batek itaundu leikit: Orduan zer egin errian dabilzan erderazko berba pillo orregaz? Erantzuna naiko erreza da benetan. Ara: Ontzat artu daiguzan danok Euskaltzaindiak emondako arauak eta idatzi daigun parra-parra beste eztabaida barik. Eske zer irabazten dogu eztabaida orrekaz erriak oraindik euskeraz irakurten ez ba daki, edo, beintzat, erreztasun askorik ez badauko?

Eta bukatuteko beste au be bai: zeozer idazten dogunak, eztabaida lar euki doguzala, zelako euskerea erabilli bear dogun jakin naian. Oba leitekigu eztabaida orreek alde batera itxita, erriak errez-errez ulertutako berbetan idatziko bagendu aurrerantzean. Geroago, euskerea irakurteko erreztasuna lortuta gero, eukiko geunke segurutik gure izkuntza orraztuteko, txukunduteko, apainduteko ta garbituteko denporea.

Ordurarte itxi daiguzan, bada, alde batean eztabaida danak.


Jakintsuak diñoe

Iruña'n batu ziran jakintsuak Sarasa Juanto, Mitxelena, Maluquer de Motes eta beste askok geure euskerak asko batio dauala esan eben, zaindu egin bear dala, berak merezi bai dau gure neke eta laguntasun apur bat. Antxiña-antxiñako izkuntza dogu euskerea. Ez da mundu osoan bere antza apur bat dauan berbetarik. Euskera gordetea Velazquez edo Greko'ren kuadro bat gordetea baiño milla bider geiago litzake. Eta begira zenbat milloi emoten diran orreitariko kuadro bategaitik. Eta guk ez ete dogu ezer be egingo geure ama lez maite dogun euskeragaitik. Geure eskuetan iltzen itxiko deutsagu, indar pixka bat egin gura ez dogulako.

Ta zuk esango deustazu: Zer balio dau ba euskerak, zenbat diru dakarst niri euskerari lagunduteak? Bapez, dirurik ez deutsu ekarriko. Baiño, gizonak gauz bereziak izaten ditu: erria, fedea, baserria, apellidua, eta gauz orreek biotz-biotzetik maitatuten dauz. Guk ori dena ta batez be euskera maitea daukaguz gauz bereziak, apartekoak, eta ori geuk maitatu eta zaindu bear. Ara gure jakintsu euskalzaleak ze erakusten ederra emoten deuskuen. Euskera alde batera itxita beste gauzekaz askoz be diru geiago irabaziko leukee, baiño ikusi dabe euskeraren balioa, ta gogor ari dira euskera ezagutua eta zabaldua izan daitean.

Zenbat maite dozu euskerea?

Ezagututen dodaz euskeraren alde lan bildurgarria egiten ari diran gizonak. Eta guk zer egiten dogu, edo zer egin geinke. Lenen-lenengo euskal errebisteai lagundu. Ez uste dirurik ataraten danik eusko aldizkariekaz. Zure errian "ikastola" edo euskeraz dana erakusten dan eskola ipiñi gura ba dabe, eskeiñi zure laguntza, zure izardi apur bat orretarako. Etxean, errian, semeen artean euskeraz berba egin. Ez daiela euskerea iñolaz be aaztu. Euskeraz idazten edo eskribiduten saiatu. Besterik ez bada bi errenkada egunean. Zeuk ikusiko dozu, euskerea maite badozu, zer geiago egin zeinkean.

Atletiko de Bilbao, Aurrera, edo Bermeo'ko ekipoagaitik orrenbeste diru emoten ba-dogu, zelan geure euskeraren alde apurtxo bat ez emon?


Euskerea ala erderea

Euskeraz leiduten eztakigu!

"Baiña euskeraz leiduten eztakigu guk" ta "zuek euskera garbiegia egiten dozue zeuon errebista orretan" eta olako asko entzun bear izan nebazan "ANAITASUNA" zabaltzen ibilli nintzan egunetan. Beste askoren agoetatik olako zerbait be entzuten zan: "Gaur euskeriagaz ezin daiteke inora urten, euskerak zer balio dau ba? Plazara joan da be beti erdera egin bearra eukiten dogu".

"Euskaldunak gara ta euskeraz berba egiten dogu, baiña leiduten eztakigu" Ta zer egin geinke gaur leiduten jakin barik? Aztu egin bearko ete dogu ba guk geure euskerea? Orduan zertarako euskaldunak gareala arro-arro esan? Ori baiño geiago euskerea maite eztabena, ezta euskalduna be ia!

Ze ardura artzen dogu guk, euskaldunok, gure euskeraren alde? Pozik entzuten doguz sarri aintxiñako esakera zarrak: "Euskaldun fededun" eta antzekoak, eta barru-barrutik esan be esaten dogu bein edo bein: "maketoak izan arren albokoak edo eztira izan persona txarrak" ona izateko derrigorrez euskaldun izan bearra eukiko ba-lebe lez.

Euskera garbiegia egiten dogula? Ba ez pentsa gero! Keja asko eta asko etorten jakuz erderatik artutako berba asko, edo geiegi, erabilten doguzalako. Euskeraren alde egiten doguna baiño geiago egiten ezpadogu, onek esan gura dau bape eztogula maite guk geure euskerea. Eztaukagula euskereagan federik, ez gareala euskaldun benetakoak.

Euskeratzaz askok interesik ez!

Israel naziñoa etzan formatu arduraz gauzak artu barik. Ebreo eraz ia 2.000 urtetan etzan iñun be egiten. Baiña gaurko naziño ori formatu ebenak gogoz eta arduraz artu eben euren berbeta ori. Ta ara, gaur Israel-go naziño orretan danak ebreo eraz berba egiten dabe.

Gure artean barriz, ze interes eta ze ardura! Joan diran azkenengo urte oneetan euskerea geroago ta gitxiagorantz doa. Gatxa dala-ta ixten ba-dogu euskaldun izatea be itxi egin bear geinke.

Egia da euskeragaz artu emon aundirik ezin doguna euki, baiña origaitik balio bakoa ete da millaka urteetan zear bizirik eta sendo iraun daben gure euskerea?

Egia da eztogula exklusibistak izan bear. Guk bakarrik eztaukaguz munduan diran gauzarik onenak. Daukaguzan gauz onak, besteenekin obetu egin bear doguz, baiña geuretasun ori galdu barik. Gure alperkeriagaitik gure euskereak eztauka beste berbetak dauken errestasuna. Antza, guk "besteak ekin eta gu trankill" pentsaten dogu, edo beintzat egin. Ekin bearrean danok gagoz, danona bai da euskerea; galtzen ba-da danok galduko dogu, zabaltzen ba-da, edonun euskerea pozik entzungo dogu.

Euskalduntasuna gorde nai ba-dogu, euskerea sendotzen alegindu bearko dogu. Ta ez gaur arte besteeri itxi erazo guzti ori.

Jesus Mari


Txomin Kirruren barriak

Txomiñik asko egongo da, ziur, Bizkai aldean. Baña niri zer ardura deuste ba guzti orreik! Lengo baten Txomiñ Kirru ezagutu nebanetik, niretzako eztago Txomiñik, Kirru izan ezik.

Ta, ez deustazue siñistuko baña, ANAITASUNA errebistatxu au irakurten topa neban Bermiotik Mundakarako bidean.

— Egun on, Txomiñ!

— Egun on Jainkoak!

— ANAITASUNA irakurten orduan.

— Bai ba. Denporia zeozelan emon bear da-ta.

— Denporia emon? Eztaukazu biarrik ala?

— Biarra..., biarra beti dago, baña gustokorik ez.

— Gustokorik! Egon badago ba munduan biarrik gustokoa litzakenik?

— Niretzat bai ba.

— Ze biar edo?

— Esate baterako, oraintxe berton begi-gorri bat, bixigutxu bat oriotan prijitu ta jatea.

— Ja, ja! Ezara makala! Biar guztiak olakoak balira, alperrik egongo litzake gero munduan?

— Bueno, zeozer esan bear da-ta. Baña, kontuak kontu, badago ba atsegin-atsegiñez egingo neuen lan edo biar bat.

— Beste bixiguren bat jan, Txomiñ?

— Tira. Kirru edo Mirru deituko deuste baña, enatxatzu orrenbesterako. Zera: ANAITASUNA errebista onen arpide edo suskritore izan naz joan diran urtietan. Pozik irakurri dot illero-illero. Ta badakizu zer pentsa dodan? Neuk be zeozer egin neikeala ANAITASUNA-ren alde.

— Ezta izango! Euskalzale zaitut orduan zu be?

— Orixe bai. Amaren sabeletik. Morokilla jaten asi baño len.

— Poztuten naiatzu, Txomiñ. Bete-betean topa zaitut gaur bidean. Neu be asmo orregaz nebillen ba aspalditxuon, ANAITASUNA-rako zeozer idaztekotan.

— Orduan biok egingo dogu lan alkar artuta. Baderitxazu?

— Ezin obeto.

— Nik, barri edo zar, albisteak ekarriko deutsudaz or-emendik batuta, ta zuk papelean jarri. Eginda?

— Bota bostekoa, Txomiñ. Berbarik be ez geiago. Datorren illetik aurrera, praka zarrakaz bada be, agertu bear dogu ANAITASUNA errebistan. Ia abegi onik egiten deuskuen irakurleak. Baiezkoan nago. Ta ezpalitz be, ez ikaratu. Guk geuk beintzat ondo esango deutsagu alkarreri, ta ezta gitxi. Guazen Takoneneko trabenara. Bixigua ta ardao-txurrutea, gaurkoz, neure kontura.

FELIX BILBAO


Mundua mundu

"Geminis"-en egoetan

Alan esaten neban nik dakitan euskal erri koxkor bateko gizon arek: "Ba nik egia esan, illetargian beste gizon batzuk aurkituten bazituek, ez deuat geiago Jaungoikoagan siñistuko". Kirten alakoak esan ori, beste gauza askoren artean —esan bearrik ez— iru oneek be jakin ezta: bat, illetargira allegatuko ete diran; urrengo, an gizonik egon daiteken, eta gero, ango ustezko giza-bizitzak Jaungoikoa ukatzearegaz zer-ikusirik daukon. Apostu, azkenengo bietan galdu baietz: jakintsuak diñoenez, an iñor bizi ezin daitekelako bata; bestea, barriz,... Pernando Amezketarrarena eztan astoari urrea eskatutea litzakelako.

Lenengoko egalariak: Gagarin, Titof...

Orain lau urte egin euskun lenengo egakadea Yurin Gagarin Errusikoak: jira-bira osoa gure mundu onen inguruan. Gogoratu egizuz arrezkero beste izar-gizon oneek: Titof, Glenn, Carpenter, Nicolayef, Popovich, Schirra, Cooper, Bicovsky, Tereshkova emakumea, ta ondoren binaka irube bai beiñ beste bost ega-aldi. Ta izar-arte goi areetatik ekarri deuskuezan albisteak? Goi-tarte areetan ei dago ixiltasun sekula ezentzuna, andik izardi zabalean ikusten ei diran eztakit nik zenbat kolore ederreko argi ikusgarriak. Leonof Errusitarrak, bere ega-kaiolatik urtenda, ugeraldi antzeko bat be asmatu ei eban egaldi oreetako betean-da! Gerotxoago White amerikanoak egin eban bera. Bietan bardin: zabaldegia goian beian, mutu, illun eta otz; erdian gizontxoa txori-izugarri, ibillera baldarrean lenengo pausoak emon ezinda. Eta an be-bean, urrutian, giza-gaixoon bizitoki biribil epel au laiño-ixeretan bilduta. Errusitarrak zazpi minutuko paseotxoa emon eban; iparamerikarrak amazazpi minutukoa.

Lau urteotan amalau aldiz emon deutso arpegia gizonak izarrari: amalau ega-aldi; luzeena zortzi egunekoa oraintsuarte, Charles Conrad eta Gordon Cooper-ena. Amerikanoek zelan astindu ebezala gero orduan poz-kanpaiak?

Eta aziño orregaz gitxi ba-geunka lez, orain "Geminis VII" barriz! Borman eta Lovel —amerikanoak biak— aste bian jira ta bira gure ludi zar oneri zimur danak ikusten. Orrek egin deuskue markea, orrek! Abenduaren 4-an bota ebezan "Titan" koetearen mustur-punttan, eta or ibilli dira, batean Laser-errañuaregaz dizdizka, bestean ega-jantzia erantzi, bizarra luze ta egiñari garbi-aldi bat emoteko asti barik.

Amerikanoak errusitarrak baiño geiago

Norteamericanoak zeozer geiagoren asmotan ebiltzen antza. Lengo batean "Agena" koeteak errebenta egin eutsenetik, au eukaten orren billa urten bear eban beste "Geminis VI" ega-kaiola, ezertarako barik. Etziran orduantxe gustora galditu yankitxoak! Bertan bera utzi? Olakorik! Ez, goian ebiltzan izar-gizon bieri dei luze ta bero bat bialduko eutsoen "Geminis VI" enbudu egalariaren bitartez. Alan, etorri zan illaren amabosta, ta orduan bai politto urten ebala gora-bidean koeteak. Arrastiko laurak baiño leentxuago egaka egin eban Schirra ta Stafford izar-gizon barri biak. Ba joazan beste bien billa. Ez eban Martin Txilibitu-k bere aizeagaz olako zori onik euki! Jira-bide naiko luzetik biribillera igoaz, sartu ziran bide zuzenean, eta zortzirak inguruan begiztatu eben "Geminis VII"-garrena, aurrean joala. Emon-da emon, bai laster arrapatu be. Ta zelan gaiñera; axe bai zala alkarregaz egaka egitea; ega-kaiola batetik bestera ezta metro bi be, Borman-en da bizartzarra ikusteko eran.

Jaungoikoaren billa

Guzurra dirudi, gizona aiñ kaxkarra izan-da, ainbesteraiño irixtea: kaiñaberea, auleriaren auleriz; baiña "kaiñabera pentsalaria". Onexek eusten deutso bere aurrera-bearrean. Biotzak sakatu, adimenak argi, naimenak eutsi: ortan dabil gizona, arimaren txoko gordeak miatu gura dauz. Izadiari bere goibe-barru arrigarriak ikusi gura deutsaz. Ezer probetxokorik urtengo ete dau? Euki daigun fede! Ez al gaitu Jaungoikoak aingeruen urrengo egin? Alde ortatik ba dauko gizonak almena. Zeruak, barriz, Jaungoikoaren aintza ixpillatu ta abestuten dabe. Azkenean, "kaiñaberatxo" au, adimen bidez egaka, illetargira baiño gorago, izarrik izar Goikoaren inguruetara iritxiko da, ta Ibai eder garbi zabal onetan ur-etz gozoetan josita, bere biziaren zoriona xurrupatuko dau.

A. ZURUTUZA


Euskalerriko ipuiñak

Eiztaria ta deabrua

Buztintza'tar Errose'k eginda, ta Kerexeta'tar Jaime'ren ardurapean argitaratuta.

Igande goiz baten, Atxurkulu basetxeko gizona, goizean-goiz mezea entzunda, iskillo edo eskopeta bat sorbaldan dingilizka ebala, basora txoritan joan zan.

Egun guztian basorik-baso ta mendirik-mendi txori billa ibillita gero, arri-mokil baten ganean atsedena artzen jarri zan.

Arrausika ta lo-zorian egoala, inguruko landatxoan asto aundi bat bedar guria jaten ziarduala ikusi eban. Eta eiztaria, begi ta belarri, asto baltzari adi-adi jarri yakon. "Onako zoririk orraitiño!... —iñoan—. Orra, etxera geiago nekatu bagarik joateko aukera ederra nun daukadan bertan!"

Eta ori esanda, beste bagarik, astoari bizkarrera saltu egin eutsan; eta aren ganean patxaraz-patxaraz jesarrita, astoari deadar aundiz esan eutsan:

— Arre, arre, astoa; orain lan eta gero lastoa...

Ori entzunikoan, asto baltzak be berba egin eban:

Basoa-gora, mendia-beera, sasitza-zear labar-ertzera... Arre, demoniñua!

Eta geiago bagarik, asto baltzak gure gizona, ikotika ta abiada baten, baso ta mendirik-mendi bildurgarriro erabilli eban.

Alako baten, labar aundi baten txuntxurrera eldu ziran; eta, orduan, astoak, bizkar-ganean eukan gizona, labar-erpiñetik beera jaurti nai izan eban.

Baiña, bere asmo okerra ezetara be ezin bete izan eban, indar imiragarri batek bere lau ankai eutsiten eutselako.

Barriro be, astoak, bere atzeko ankak labar-erpiñeko zuloan sartuta ebazala, aurreko anka biak burua labarra-beera ipiñita, eiztaria bere bizkarretik jaurtiteko alegiñak egin ebazan. Neke ta alegin guztiak alper-alperrik, baiña... Gizona ezetara be ezin kendu izan eban.

Orretan, elizatxoko txiliñak ots berezia egin eban, esanez:

— Txarri demoniño! Gaur mezea entzun daualako, gatxik ezin egin oraindiño! Ire txarrerako ta gizonaren onerako egiten yoat nik "din-dan"!

Eta elizatxoko txiliñak "din-dan, din-dan" eten bagarik joteari ekin leutsan.

Orduan, astoak, gatxik ezin egin eutsala igarri ebanean, anka-urtika ta ikotika asita, bizkar-ganeko gizona bide-ertzeko tanda bedartsura amorra aundiz jaurti eban; eta ori eginda, astoa bera, arrantzaka ta apatxoska, labarra-beera su ta gar joan zan.

Bitartean, eiztariak, landako bedartzan, txori-abesti ederren artean, lo gozo-gozoa egin eban.

Aitaturiko asto baliza, deabrua izan ei'zan.

***

Beste domeka baten be, arratsaldez, Atxurkulu'ko gizona berbera, Agurtza edo Errosario deuna otoitz eginda gero, basora txori-billa ta erbitara joan zan. Eta gure gizonak, basoan sartu zanekoxe, bere inguruan erbi pilloak saltoka ta ikotika ikusi ebazan. Eiztariaren poza! "Au dot au... onakorik ikusteko be! —iñoan pozez beterik—. Daunbada bataz amar bat ardura bagarik il daitekezak-eta!..."

Eta ori esanda, daunbada bat jaurti ondoren, amar erbi beingoan eskuratu ebazan. Orduan, eiztaria ezti-bitsetan jarri zan. Alako eizarik bere bizian ez eban egin. Eta erbi-txorta ederra eskuetan ebala, illuntzean, etxerako bidean, pozez beterik jarri zan. Eta ibilli ta ibilli eginda, bide-erdian gaba egin yakon.

Alako baten, Oxin-baltza-ingurura eldu zan. Eta Oxin-baltza'ko ur-ertzean, illargiaren argitan, oillar gorri-gorri bat ikusi eban. Eiztaria, oillar gorria ikustean, poztu egin zan, begiz ikusten eban lako oillarra izango zalakoan. "Au dok izatekoa! —esan eban—; erbiak bakarrik ez, baita oillarra be sekulakoa bear yoat nik gaur..."

Eta berbokaz batera, iskillo-erpiña oillar gorriari begira ipiñi eban.

Onetan, baiña, Oxin-baltza-barrutik ots ikaragarri bat, deadar aundi bat urten zan:

— Ori or dagoan ori be, ekarri egiztak ona! —esan eban ur barruko otsak.

Deadar ori entzun ordukoxe, ur-ertzeko oillarrak kukurruku zolia egiñaz, esan eban:

— Ez, gaur ez: Errosarioa ondo esan dabelako, orren ondora eltzeko be eskubiderik ez yaukat-eta...

Orretan, oillar gorria, beste kukurruku zoli batzuk aizetan itzita, ego-ots aundiak egiñaz, Oxin-baltza'ren barman sartu zan.

Berba ta ots arekaz, Atxurkulu'ko gizona estutu ta larritu egin zan. Eta erbi-txorta eskuetan eta iskillo edo eskopetea sorbaldatik ebala, etxerako bidean "Aitarenka" baten jarri zan.

Ur-ertzeko oillar gorria be, deabrua izan ei'zan. Eta deabru arek, eiztaria basora Errosario dauna otoitz eginda joan zalako, ezin eroan izan ei-eban beragaz...


Abadea naz [Bertsoak]

Abadea naz, abade legez

Itz egin bearra dogu;

Orretarako filosofi ta

Teolojia badogu.

Egia beti danen gañetik,

Ori da gure alburu,

Kriston ordezko egizko artzai

Zuzenak izan naibogu.

Egi aldezko jokabideak

Erria dau zuzenduten

Abade onak alderdi ori

Ondo dabie ikusten.

Arazu ortan gabiltzazanak

"Pacem in terris" azaltzen

Emen gabillez erririk-erri

Aize freskua artuten.

Abade onak gazte artian

Dauka lanik ederrena

Egi-bidea ondo erakutsi

Sendotu euren barrena.

Gizon-legea indartuteko

Ori dogu bearrena

Baiña orretan gabiltzazanak

Dogu izenik txarrena.

Gaztedi ona daukagu, baiña

Ondo bear dogu azi,

Nundik ta nora zelan jokatu

Egizko bidean ezi.

Erria zelan zaindu bear dan

Egin bear dau ikasi,

Au egiteko eskubiderik

Guk ez al dogu merezi?

Gure erria gura badogu

Siñismenean sendotu

Gazteak gizon ataratea

Egin bear dogu lortu.

Gero bear dan jokabidea

Eurak egingo dabe artu

Gaur onen kontra gabizen danok

Egiten dogu pekatu.

Errazoi gabe baldin badatoz

Indarrez agintariak

Gu orren kontra jarri bearra

Bidezko da Abadiak.

Danok daukagu zaindu bearra

Errian eskubidiak,

Orretarako gertau bear dau

Bear dan lez gaztediak.

Abadea naz, abade legez

Itz egin bearra dogu,

Orretarako filosofi ta

Teolojia badogu.

Egia beti danen gaiñetik

Ori da gure elburu,

Kristo'n ordezko egizko artzai

Zuzenak izan naibogu.


Judutarrak ez dabe euki errurik

• Batzar Nagusiak judutarretaz erabaki barri bat artu dau

• Ori dala-ta, kristiñau batzuk larrituta dagoz

• Judutarrak zergatik izango dira, ba, madarikatuak?

Errieren ezin egona

Gaur-egin —danok ikusten dogunez— toki asko dira lurbira zear, gora-bera aunditan sartuak. Nork ez dau ezagututen Ego-Amerikaren egoera ezin egona? Asia aldeko laterrien arteko burrukak?

Erri-alde orien egoera ezikaitza, neke ta atsekabe ugariren iturburu da, bai an bizi diranentzat, bai benetako gizon ta kristiñau diranentzat. Esan daikegu munduaren etorkizuna, alderdi orreetantxe daukogula.

Ez da neure asmoa buru-auste orreek guztiak aztertutea; ori alde batetik luzegia, ta bestetik eziñezkoa izango litzakit. Begira neure asmoa.

Eleiz Batzar Nagusia asi zalarik, ba zirudin gizadiak bide barri bateri eldu bear eutsola. Leen antzera ordea dagoz oraindik, bai guda, bai gizarteko zalaparta ta orrelakoak. Ta bear bada, errua ez dago Eleizaren gain; baizik gugan. Bear bada ez gagoz gerturatuta, artzen diran erabakiak biotz zabaltasunez artu ta betetzeko.

Esaterako, gizonak erligio gauzetan bear dauan askatasunetaz artu dan erabakia; ez al da izan ta izango, istillu askoren iturburu? Utzi daigun alde batera au ta goazen arira.

Judutarrak kondairan

Askorentzat —geienentzat— pozgarri izan da, judutarretaz artu dan erabakia. Berez bear bada iñor ez dago aurka; baiña ikusi daigun bizi bidean zer nolako buru-austeak sortzen ditun. Au izango dot, beraz, azterkai.

Ezin naiteke asi orain, Erri onen kondaira guzia azalduten; ain ezagun ta zoragarri baida kristiñauontzat. Alan be ondo deritxot, Eleizak artu dauan erabaki onen arrazoia emotea.

Bidegabekeri asko ta asko jasan ditu Erri onek. Ta zoritxarrez kristiñauok ez gara makalenak agertu lan ipuingarri ontan; bai erri soillaren aldetik; bai "eleizgizonen" aldetik. Eleizak artu dauan erabakiaregaz, bere errua ezagutu dau; ta aurrerantzean orrelakorik gertatu ez daian, erabakiak artu ditu.

Esan dotalez —bear bada— Batzar Nagusiari, lurrin asko eskeiñi deutzagu; baiña gero an artzen diran erabakiak betetzeko ez gagoz prest. Judutarretaz artu danarekaz orixe gertatu da. Asko ta asko bere aurka urten dira; ta erabakia argitaratu ez eitean, asma alako bide guziak erabilli dabez; bai agintariak, bai eleiz gizonak. Au batez be judutarrak, lurraldeko tokirik paketsuenean ez dagozalako an dagoz inguruan, arabeak deituten ditugunak, leio amorratuak lez. Jokalari bi agertzen jakuz enparantzan; politika ta erligioa. Askok ta askok al balebe, gaur bertan ezetsiko leukee judutar erria; ta alegiñetan dabiltz ori lortze arren. Au politikaren aldetik.

Nok dauko errua?

Kristiñauen aldetik, ez dago oztoporik. Baiña zer gertatzen da? Esan dotalez jokalariak biak dira. Bakoitza ez daiteke joan bere aldetik; (esan gura dot, gauzak errialde areetan gertatzen diran lez ikusiz). Izan be zer gertatzen da an?

Erri areetan musulmanak, oso beartsu ta ez jakiñak dira. Ontan agintariak gura daben erara zuzendu daikee erria. Bestalde erri orreek judutarrekaz gudan dagoz; ta olan areen alde urteten dan bakoitzaren aurka. Kristiñauak asko dira judutarren aurka urteten badira, ziurki eztsiak izango dira. Olan garbi ikusten da ze nolako buruausteak sortu ditun erabaki onek. Kristiñauak berebiziko trebetasun zuurtasuna bear dabe, benetako gizon ta kristau lez jokatuteko. Eleizaren erakutsiak onartu bearrean bai dagoz.

Sortaldean gertatzen da gaur au; zorakeria izango litzake bururatutea, sartaldean dana eztia izango dala. Nik uste gogorragoak ikusi bear ditugula.

Zorionez sartaldeak ez dauko judutarrekaz, sortaldeak bezelako oztoporik. Baiña ikasi daigun gure garaia be etorriko bait da; ta opa daigun beti judutar erriaren Jaun-Goikoaganatzea.

Lasa'tar Joseba Iñaki

Erroma-n, abenduak 30