ANAITASUNA

Año II — Núm. 13

Suplemento a la Hoja "ANAITASUNA" de Guipúzcoa

Julio 1954


Geuretzako dana

Ze ederra dan uda sasoia! Gure inguruan ikusten ditugun gauzak, beste kolore bat artzen dabe aldi onetan, argiagoa, biziagoa, gozoagoa. Guk geuk-be, txorien antzera, biotzeko egoak zabaldu gura izaten doguz eta batetik bestera egaz egin, izadi osoaren atsegiña geuganatuteko.

Benetan, gauza ederra da, izan-bere, mundua. Bertan ikusten doguzan gauza guztiak, geuretzako egin ditu Jainkoak, bere semeak gara-ta. Orrexegaitik, ezin geinkez, geiagoko barik, errekara bota gure ondasunak; ezin, errazoi barik, lurrean bizi dan zer txikienari sufridu eragin, edo aizeagaz olgetan dabillen loratxua apurtu. Orretarako ez deuskuz Jainkoak emon munduko gauzak.

Berak gura daben legez egiten badogu, erabilli geinkez gure atsegiñerako gauza guztiak. Orra or, Jainkoari otoitz egiteko eta zeruko Aita alabetako modu ederra.

Jan mailluki gozoak, kristiñauak legez; zigarro eder bat erre, kristiñauak legez; lagunakaz ardao zuria edan, kristiñauak legez; jantzi ta orraztu polito, neskatilla, kristiñauak legez; plaiara joan, kristiñauak legez; jantzan egin naiz emaztegei polita billatu, kristiñau zintzo batek egin bear daben legez.

Olanik egiten badogu, gure bizitza guztia zeruko Aitaganako alabantza otoitza izango da, ta pozarren biziko gara, Jainkoak gauza guztiak ze ondo egin dauzan ikustean, eta zenbat maite gaituan jakitean.

Baiña, Jainkoak egin dituan gauzok, gure kalterako erabilten doguzanean, gure barruko deiaren kontra goazala, naiz iñoren eskubidea zapaltzen dogula, orduantxe asten da gaiztakeria.

Ta askotan, okerkeri ori aundia izaten da, gure Aitak egiñiko gauzak naiz personak Jainkotzat artzen doguzanean, eta gure biotzean benetako Jainkoaren ordez ipinten ditugunean.

Batzuk euren sabela dauke Jainkotzat; beste batzuk euren aragia, euren jakituria, euren dirua.

"Zuek, barriz, ez dozue Jainko bat baiño. Maite eizue Bera munduan dagozan gauza guztien bitartez" (San Paulok).


Ba dakizu...?

Konfirmaziñoko Sakramentua

6.—Konfirmaziñoko Sakramentua, Eleizako Maixuak irakasten daben legez, ez da bearrekoa gure arimak salbetako.

Sakramentu au ez artzea, pekatu eta da?

7.—Nortzuk dauke Konfirmaziñoa emoteko eskubidea?

a) Kardenalak eta Obispoak?

b) Parrokoak?

c) Edozein Abadek?

8.—Urlia kristiñauak, Konfirmaziñoko Sakramentua pekatu astunean artu dau.

Esaidazu:

a) Olan arturiko Sakramentuak ez deutso balio izan?

b) Sakramentuak ez deutso frutu onik ekarri?

c) Barriro artu bearko ete dau Sakramentua?

d) Konfirmaziñoa artu aurretik, konfesau edo kontriziñozko damua euki bear ete eban?

(Erantzupenak azkenengo orrialdean)


Kantuz

"Euskalerria, Pirineo Mendi egaletan kantari bizi dan erri bat dozu". Auxe esan eban Urlia jakitunak, euskaldunak nortzuk garean adierazoteko. Erri kantaria, Euskalerria!

 Zoliak dira gure basoetako txoritxuen txiotxioak; baiña zoliagoak gure gazteen irrintzi ta santzoak. Garbiak dira gure ibarretako errekatillen ur gardenak; baiña garbiagoak gure neskatillen boz estitsuak.

Zorionekoa, kantetan dakian erria! Abestuten daben bitartean, ez da bere biotzean jarriko atsekabearen geriza kadena, eta eriotzearen arrak ez deutsaz iñoiz arimako azurrak ustelduko.

Baiña aspaldion ez da pitin bat mututu Euskalerriko txori kantaria? Bai antza.

Asi gaitezan ostera-bere indar geiagogaz kantetan, negu guztian ixillik egon dan birigarroaren antzera. Abestu daiguzan gure asabak irakatsiriko kantu zoragarriak. Kanta daigun gure ibar-mendien berdea, gure zeruaren urdiña, gure itxasoaren zabala, gure mutillen indarra, gure neskatillen ederra, gure bizitzearen poza, gure Jainkoaren maitasuna. Ikasi ta abestu daiguzan euskal kantak. Esan daigun Mendiaga Frantziako euskal bertsolariagaz batera:

Kantuz eginda gero mundura etortea,

Kantuz egin bear dot, azkenik, iltea.

Kantuz egiten badeust Jaunak mesedea,

Kantuz idigiko deust San Pedrok atea,

Kantuz egin dagidan zeruan sartzea.


Ikusten dozu goizean. Elizanburu [Abestia]

1

Ikusten dozu goizean,

Argia asten danean,

Menditxu baten gaiñean,

Etxe zuritxu, txiki, polit bat,

Areizti baten erdian,

Txakur zuri bat atean,

Iturriño bat aldean:

Antxe bizi naiz bakean.

2

Ez bada-be gaztelua,

Maite dot nik sorlekua,

Aiten aitak autatua.

Etxetik kanpo jat iruditen

Nunbait naizala galdua;

An naizalako sortua,

Antxe itxiko dot mundua,

Galtzen ez badot zentzua.

3

Etxean ditut neureak,

Atxur, akulu, goldeak,

Buztarri eta edeak.

Igazko garauz, ditut oraindik

Zoko guztiak beteak;

Lengo urtearen frutuak

Emoten badauz besteak,

Ez gaitu ilko goseak.

4

Lantzarreko iru beiak,

Esnez beterik titiak,

Txal eta zekor lodiak,

Idi bi aundi, kopeta zuri,

Lepo baltz, adar aundiak,

Auntz eta bildots guriak,

Arito eta ardiak,

Neureak dira guztiak.

5

Ez da munduan gizonik

Erregerik ez zaldunik,

Ni baizen dontsua danik.

Ba-dot andrea, ba-dot semea,

Baita alabea-bere nik;

Osasun ona batetik,

Ondasun naiko bestetik.

Zer bear dot geiago nik?

6

Goizean asi lanean,

Arratsa eldu danean

Nagusia naiz maiean.

Kristiñau on bat neban aurkitu

Nik emaztea artzean;

Ez dau bigili egunean

Jarriko uste bagean

Okelarik platerean.

7

Periko nire semea,

Naiz izan oso gaztea,

Ba-da mutiko ernea.

Goizean goizik landen erdira

Ba-daroa artaldea;

Ba-dauka nire egitea;

Jarraituz nire bidea,

Ez dau galduko etxea.

8

Nire alaba Katalin,

Bere amaika urtekin

Ondo doa amarekin.

Begiak ditu amak bezela,

Zeru goia baizen urdin.

Uste dot denporearequin,

Oraingo itxurearequin

Andra on bat izan dadin.

9

Ondo bizirik etxean,

Ez dogu bear lurrean

Itxi laguna gosean.

Ez dau pobreak sekula joten

Gure etxeko atean,

Euki bagarik maiean,

Bazkalordua danean,

Leku bat gure aldean.

10

Nire andrea Maria

Ez da emakume aundia,

Baiña emazte garbia.

Berari eskerrak, ba-dot etxean

Nik bear dodan guztia.

Eskatuten dot grazia,

Daukadan legez asia,

Amaituteko bizia.


Jakin ba...

6.—Bai, pekatu da. Konfirmaziñoko Sakramentua gure arimak salbetako bearrekoa ez izanarren, gure nagikeriz artu barik ixten badogu, pekatu egiten dogu, pekatu ariña beintzat.

 7.—Konfirmaziño emoteko eskubidea, oneexek bakarrik dauke:

a) Kardenalak eta Obispoak.

b) Parrokoak, noredonor eriotzako arriskuan dagoanean, eta Obispoa bera etorri ezin leitekenean.

c) Osterantzeko Sazerdoteak, naiz Abadeak, naiz Prailleak, Aita Santuaren berarizko baimena euki ezik, ezin leikee Konfirmaziñoko Sakramentua iñori emon, ezta ilteko zorian dagoanari-bere.

8.—Pekatu astunean artutako Konfirmaziñoa, egiazko Sakramentua izanarren, frutu bakoa izan da. Baiña alan ta guzti-bere, kontriziñozko damu edo konfesiño on baten bitartez, Urlia kristiñauak pekatuzko estadutik urteten dabenean, Konfirmaziñoko grazia berbiztu egiten da. Zetan esan-bere ez, Konfirmaziñoko Sakramentua barriro ezin artu leitekela.


Izkirimiriak

Gaixoak:

— Orduan, paitarragaz igurtzi bear deuste lepoa?

Osagilleak:

— Bai, gizon. Igurtzialdi eder bat lepoan, ta beingoan joango jatzu gatxa.

Gaixoak:

— Ta esan beist, Jauna. Ez litzake bardin izango, paitarra lepoa ta bularraren artetik pasetea?


Kurutzegrama N.º 10