ANAITASUNA

ZEMENDIA (11) 1965 — XII URTEA — N.º 129

Dep. Legal S.S. 1092-1959

Zuzendaritza: Bilbon. — Arantzazuko Irarkolan.


Zeruan kometa bi dagoz

Egun oneitan periodikuak-eta milla bider esan deuskue kometa orren barri: neurriak, 16.000.000 kilometroko buztana ebala; 1.500.000 kilometroko abiadea; eztakit beste zenbat xeetasun. Eta danok ikusi gura izan dogu: irriki miñez gau batean baiño geiagotan begiratu dogu zerura, an ete ebillen kometa ori. Baiña ez dogu ikusi: begira ta begira gau baketsuan, zeruko izarrak geldi munduari itaun luzeetan ikusi doguz, baiña kometarik ez...

 Alan da be kometa ori ba dala ba-dakigu. Bada beste batzuek ikusi dabe-ta. Eta ikaragarri apartekoa be eukala be badakigu, jakintsuek esan dabe-ta. Eguzkia jo bear ebala ta ez ebala, aren txinpartak mundutik gauerdiaren bakean nabarituko. Eta abar eta abar...

Noiz edo noiz Eleizaren zeruaren sapaiean be kometa bat dabil: kometa argia, eta beren atzetik beren buztana, atzetik ondore eta frutu milla eroan ei dabez. Geure egunetan kometa bi dabiltz zeruan: Eleizak bi daukoz, zein baiño zein andiago ta apaiñago, betikotasunezko ederrez jantzita. Ta kometa bi orreik Konzilio ta Aita Santua doguz. Kometa bi apainduri bikaiñenekaz jantzita.

Oraintsu joan jaku Aita Santua ONU-ra, geure Eleizako Kometa-Nagusia. Ta an emon ta zabaldu dau Kristoren barri. Kristoren izena aipatu dau, ta Kristoren dotriña esan. Eleizea mixiolari dala adierazi dau Aita Santuak ONU-ko jente andien aurrean.

Ta andik itzuli zanean, eta konzilioko salan sartu zanean, Lienart Kardenalak ongi etorri beroena emon eutsonean, berba oneik esan eutsazan Aita Santu Paulo VI-garrenari: "Beorrek ONU-koei esandako guztia Konzilioko dokumentuen artean sartua daitean gura dogu". Ta berba oneik txalo ikaragarriak entzun ebezen.

Baiña Aita Santuak beste au erantzun eutson: "Ni mixiolari joan natxatsue ONU-ko Batzarrera ta mundu osoaren aurrean Kristo-ren ordezkari agertu natxake, Aren dotriña erakutsiaz; joan, ba, zeuek be eta egin beste orrenbeste".

Ez dira aski txaloak, ez da aski majo berba egin dau esatea. Oneik atso zaarren parabolak dira. Ortik aurrera jo bear dogu: Majo mintzatu da, eta geuretzat mintzatu be. Guk bete daigun berba egin dau.

Ta saiatu, saiatu egin bear dogu. Guk egiten ez doguna, geure arerioek ez dabe egingo, geure alde beiñepein.

Bai, kometak zeruan dagoz; baiña kometak bidea erakusten deuskue, gu atzetik abiatu gaitezan. Alperrik izango dira osterantzean milla kometa.

Kometa andi ori: zoaz zeure bidetik, uso mandataria lez, zeure bidea geuri erakutsiaz. Mintza zakioz munduari zeure berba mintzul argiekaz. Mintza ta esan: Nik esana bete eizue. Ni naz zeruan zuentzat liburu idekia. Ikas eta irakur. Gero, zoazie eta nigan irakurria, bete.

Kometa, kometa, ez zakioz munduari igesi mintzul. Zeure berbakaz mintza eiozu alkar maitasunaren leloa: "Bakea zuekaz".


Durango kulturaren alde

Urriaren 30-tik ille onen 1-gora Durango-n Euskal Liburu ta Diskoen Azoka edo Feria izan dogu, "Guerediaga" deritxoen lagunarteak antolatuta.

Azoka onetan ogetabost argitaraldiek parte artu dabe ta bertan agertu ziran liburu ta diskoek euskal gaidunak bakarrik izan dira. Amaika gauz eder agertu ziran egun orreitan Durango-n Andra Mari-ko elizpe zabalean.

Jai au ez da izan gure errietan antolatuten direan beste Euskal Jai bat. Euskal Jaia esaten danean folkloreko gauzetan geldituten gara beti: dantza, bertso, kantu... Beti azaleko gauzak. Azoka onek sakonago jokatu izan gura dau. Folklore gauzak ezetsi gura barik, euskal kultura adierazi, indartu ta zabaldu izan gura dau. Ta, jakiña, eztago iñon benetako kultura bat gorde ta zabalduterik, liburuen bitartez izan ezik. Gure euskal kultura aunditu ta zabaldu gura badogu, ez daigun uste antxiñako erriak kontuxu liburu barik lortu ebela arelako kultura bat. Tamalgarria benetan gure euskal kulturak bide orretatik jarduten ba dau.

Benetan be, Durango-n adierazi diran milla ta berreun liburuek beste zeozer diñoskue.

Azoka eder onen antzera, beste batzuek antolatu bear litzakez, euskal kultura beartsuaren onerako.


Polipaso diru garaille

Aizkora apostuak zaletasun aundia euki dabe beti euskaldunen artean, plazetako betekadetan ikusten izan danez.

Ille ontako lenengo egunerako Polipaso ta Errekalde-k gertuta euki eben apostuak zer-esan aundia atara dau gure errietan. Ainbeste berba entzun ziran entzun be: Errekalde-k irabaziko ebala, baiña beste aldekoak be itxaropenagaz entrenatzen ebillela... au ta bestea.

Izan be diru pilloa ez zan izan makala: berreun milla peseta alde bakoitxatik. Onetariko diru pilloa ikusita sarritxo uste baiño digu geiago jokatuten ez ete dan itaunduko neuke nik. Eta, ganera, apostuak ez ete dira izaten beti euskal apostulariaren griñarik okerrenetarikoa?

Jentea be iñoiz ikusi ez zan alakoa egongo zala ebillen esaten. Orregaitik, Atotxa baloi kanpoa aukeratu eben aposturako. Dana dala ezla egonleku aundi baten beartasunik, Errekalde gaixotu bai zan.

Egia esan, Errekalderen jokereak zer esan naiko atara dau aizkora zaleen artean. Baiña zoritxarrez gaixotasunen aurrean besterik ezin daikela esan bear. Ezin daikegu pentsatu Azkoitia-ko INDARTSUA uskeri bategaitik bildurtuko zala. Izan be berrogei milla ogertekoko uskeriak eztira izaten egunerokoak. Bromako arlo eztala izan Errekalderen, Polipasoren eta "Federación Atlética de Guipúzcoa"-ko medikuek egunerokoetan adierazi eben. Antza gripe bat arrapatu eban gure Errekalde-k. Izan be gaixotasunak beti etorten dira baimenik iñori eskatu barik.

Penagarria benetan Errekalde-ri gertatu jakon gaixotasun ori, bai beretzat diru pillo eder bat galdu ebalako, ta baita aizkora zaleentzat be irurogei ta bi urte oneitan ikusi ez zan apostua ezerezean gelditu dalako.

Penagarria da benetan diru galtze ori, baiña kontuan euki bear da beti diruaren aurretik deportisteen osasuna ta entzute ona dagozala. Alde batetik Errekalden joera poztutekoa be bada, au zintzo jokatu bai dau.

Oneteriko adibidearen bearrean ba dagoz seguru gaurko deporteak, askotan irabazteko bide errez ta polit bat baiño eztira izaten da.


Beti deporteak

Euskaldunok gorputzez liraiñak eta ermoak oi gara. Baiña, alan be, gaurko bizikereak deportea eskatzen deusku. Mende ontako lanak ez ditu iñoiz moduan besoak-eta nekatuten, baiña burua bai: errezago zoratzen da. Beraz, burua bear dan lez eukitzeko, eta, bear bada, gorputz guztia be bai, deportea ona dala esaten dabe sendagille guztiak; ez periodikuetako deportea, geure gorputzez egiten doguna baiño; benetako deportea.

Zelan gabiltz?

Gure errietan deportelaria ugari izan da, eta ain txarrak be ez; beren saillean goen-aldeetara iritxitako batzuek be ba dira: danok ezagutzen doguz Bilbao'ko Atleti'ren garai batzuk; Loroño; Paulino Uzkudun; gure egunetan, oraintxe gitxi dala ikusi dogu Ondarrabi Españi'ko arraunlarien artean txapeldun dana menderatzen. Gazte-jendea be ba dogu ugari zenbait sailletan: futbol eta bizikletan, esate baterako. Pelota ta aizkorean gu lakorik ez dago. Azkenengo ori, gaiñera, urte bete ontan asko altxa da: Polipaso, Errekalde, Astibia ta Berekoetxea'ren izenak Españi guztiak atzo ikasi ditu. Eta jenteari atsegin jakola ematen dau mutil oien lana: Astibia'k Madrillen atera ebezan ezpalak segiduan jarri oi ziran Españi'ko uri nagusiko bar guztietan. Iñundik be jentea arrituta egoan.

Propaganda egiteagatik etxeen batek milloia agindu oi eutson. Errekalde ta Polipaso'ren makillatxoak ikusita ez dakigu zer esan izango daben.

Azpiko deportea

Leen esan gura genduan lez, beste deporte-klase bat be ba dala emoten dau. Bai, benetan zerbait esan gura neban.

Asko ez dira asetzen berak egiten daben deportearegaz: beste batzuen deportea be ikusi nai dabe. Ondo dago: ikusiaz ikasten da. Goazen aurrerago. Askok ez dabe ainbesteko deporterik egiten; besteena ikusi edo irakurtzearegaz naikoa dabe. Oneik beren zeregiña betetzen dabe deportearen bizitzan: norbaitez ordaindu bear ditu deportetik bizi diranak jaten dabezan okelak. Baiña goazen aurrerago: deporte-klase onek zer egiten dau irakurleagan? Gure gizaldian dexente.

Gaur ibiltzeko aurrerapenak oso azkarrak dira: areoplanoa, koeteak... Eta erri batzuetako pentsakereak be arin etortzen dira besteetara, ta asko gaiñera. Olan, ez daukogu astirik pentsakera bakoitza bere lekuan jartzeko; ontarako aurretik ondo konprenidu bear baida. Konpreniduteko, barriz, ez daukogu gogorik: ori gauza zaarrekaz asti geiegi galtzea litzake... Bide ontatik, beti barri-gose, gizona erreztasunaren atzetik dabil.

Konpreniduten errezena deportea da. Baiña gauza zaillak dira balio dabenak. Deporteak gure buru-austeak, problemak aaztuaraziko deuskuz, baiña garbitu ez. Problemak izatea ez da txarra. Zuzendu, garbitu barik uztea da txarra. Garbiketa ori egiten oitu biar dogu. Deporteak ondo dagoz burua nekatuta daukogunean, astitxo batean.

Joxe Mari Arzallus


Sujestibua be ez dan zeozer

Konformismua, ajolagabekeria, esku tartean bear gendukezan arazoeri "or konpon" esan, ia bizitza eroso bat eroan gura izatea; orra, gaurko munduan zabaldu jakun gaixo ezagun bat. Ta au, gauza ta gai guztietan.

Eleziñoak datozenean autarkietara (botoak emotera) doazeenak, bear eikezanen erdiak baiño ez dira izaten. Erdiak? Sarri ezta orixe be. Suizan, kantoi batzuetan, euneko ogei izan ziran bakarrik.

Erlejioarekiko indiferentismua, ondo zabala ta ezaguna dogu. Ainbesteri bardin deutse katolikuen elizara, zein protestanteenetara, zein ez batera ta ez bestera ez joan. Ta ez da geienetan ezelako gorrotoagaitik. Ez deutse ardure, ta kitto.

Gaur ia ez dago, edo ez da luzerorako, politika edo mogimentu bateri indar emoteko alegiñetan dabillen aldizkaria. Deporte, gertakizun, edezti zar ta alakoakaz bete bearko dauz bere orrietatik geienak, gaixotu ta il ez daian.

Au guztia, Europa osoan somatzen dan gaixo bat dogu.

Erroak

Munduak, mundu danetik, ba-daukaz bere urtetxuak be. Gizaldietan zear, amaikatxo entzun dau. Itxaropen mamitsuak sortu jakoz. Muga orreik iritxi asmoz egiñalak egin ditu, ta zoriona betirako besarkatu bearrean egoan bakoitzean, itxaropen iturria agortu egin jako, ta zorionaren altxorra esku tartean birrindu.

Gaur munduak, ez dautso iñori sinistuten.

Euskal errian

Espaiñian ez daia oraindiñokarren Europako lurrun bero au sartu, esaten da. Nik, Europan daukon besteko goritasunagaz ez dala sartu esango neuke; baiña, epeltxuago bada be, geure adean dabil bai, lurrun orren arnasa epela.

Ba-dakit, komunisten batek esanda daukola, gure Euskalerrian ezin dabiela ezer askorik egin. Ezin dabe, komunismu arazoetan samara arte murgilduko dan gazte giartsurik aurkitu.

Katolikuak? Ba-dira, bai, Jaungoikoari eskerrak, Kristoren egiari buru-belarri eskeñita dagozan gazte kementsu, giarritsu batzuk. Sozial ta politika arloak Kristoren ta Eleizaren arauetara konpondu gura dabezan gizon jatorrak. Kalean ta edonon kristau-giroa sartuteko aleginduten diranak. Baiña zenbat?

Zenbat ete dira Euskalerrian ideolojiren bateri osorik eskeñita dagozan gizasemeak! Euneko bi? Euneko iru? Ze ikuskizun penagarria...

***

Nonoiz, Jaungoiko gure Jaunak ez dogula ezer be egin, esan bearko deusku. Ta Ebanjelio santuan ezer be egiñ ez eban arexeri eskeiñi eutson beste emongo deusku guri be.

Ara zelakuak diñoskitzan Ebanjelioan: "Alde nigandik madarikatuok, betiko sutara. Ba, gosetu nintzan ta ez zeunsten jatenik emon; arrotz izan, eta ez ninduzuen etzera artu; billotsik eta ez ninduzuen jantzi; ondoezik, eta kartzelan, eta ez ninduzuten bisitatu".

Oneik danak ez eben ezertxo be egin. Ta orrexegaitik —ezer be egin ez ebelako— joango dira betiko sutara.

ALMIKE


Zuri bat baltzitxu

Frank Riley "Los Angeles Magazine" aldizkariaren idazle bat da. Baltzen ixtillua asi zanean, gauzak zelan gertatuten ziran ondo jakiteko baltz itxura artu eban, arpegi ta kanpotik ikusi eitekean azal guztia pintatuz, ule-ordekoa ta anteoju illunak ipiñiaz.

Itxi deiogun periodista berari, gauzak diran lez esaten:

"Lelengo zuria lez, ondiño aldatu barik, sartu nintzan baltzen artean. Eta orduan somatu neban zuriak baltzen artean sentitu daiken bakartasuna. Nok jakin zer gertatu eitekean baltz aiek nigaz asarretuko ba-lira.

"Barriro be zurien aldera etorri nintzan, baiña oraingoan baltzez aldatuta. Danak, mamarru bildurgarri bat lez begiratuten ninduen. Aurrena zorakeri batzuk egin nebazan. Armatoki batean bala batzuk eskatutera sartu nintzan. An egozan zuri danak begirakada okerrez begiratuten ninduen. Saltzalleak be, bildurraren bildurrez ezin eban berba egiten asmatu. Azkenean, balarik ez eukala esan eustan berba motelen artean. Kanpoko aldera biurtu nintzanean ez egoan iñor be etxe artan. Danak iges egin eben neri bildurrez.

Kanpora urten nintzanean, kontuz ibilli bear izan nintzan, polizien begietan susmo txarra ikusten neban-da.

Baltzen artean sartu nintzanean neure azal baltzaren kolorez ikusten nebazan gauzak. Oso pobre ta txarto bizi ziran baltzak, zurien aberastasun eta zorionari bagagokoz. Mutil gaizkille ta lizunkeriari emondako neskak larregi ziran baltzen artean, zurien mutiko ta neskatillak eskoletara doazela kontuan artu ezkero, poliziak eurak be gogorregi jokatuten dabe baltzakaz.

Orduan ondo ulertuten neban baltzen biurritasuna. Guzur galanta da, "Los Angeles"-en ikusi zan mogimendua "gangster" edo gaizkille baltz batzuen ixtillua zala esatea. Erreboluziño bat izan zala esango neuke nik. Justizia billatuteko egiten daben erreboluziñoa, ta zurientzako dauken bildurra, gorrotoa, ikusi-eziña agertuten dauan erreboluziñoa.

Neuk entzun nebazan berba tamalgarri oneik.

"Denda au erre egin bear dogu, bere jabea lapur txarri bat dok-eta". Eta baita be: "Gizon maltzur oiek guri dirua ostutera etorri eta gero bere Kadillak-etan joaten dituk txerri orreik".

"Izan be denda askotan karuegi salduten ebazan gauzak, sarritan dendariak eundik berrogei irabaziaz.

Berrogeta amar milloi dolaren balioa galduarazi, ostu ta erre egin deutsie baltzak zurieri erreboluziño ortan. Baiña eurak ez auken lapurretan asi danaren kontzientzirik. Ara zelan berba egiten eben.

— Denda orretan 250 dolar emon nabazan 180 baiño balio ez eban otz-egille bategaitik... Erre eizu, mutiko, erre!

— Beste iñun saldu ezin dabezan gauzak salduten dabez denda orretan. Uruna mamarruz betea emoten dabe. Amak esan deust niri... Erre eizu seme, erre!

"Odola" edo "Odolez anai" ipinten eben etxeak ez ebezan erre ez arrikatu, anai baltzen etxeak ziran-da. Makiña bat denda ta eskaparate erre ta birrindu ebezan egun artan.

"Gertaera guzti orreik zeozer esan gura dabe. Egitan esan neike komunisten aztarnik ez nebala arkitu baltzen matxinada artan. Dudarik barik, komunistan batzuk be izango ziran, baiño batez be baltzak eratu daben matxinada izan da oraingo au.

Andrazko baltz batek auxe esan eustan: — Berriz olakorik gertatuten bada, bildur naz, erreboluziña baten asiera izango ez etedan.

"Izan be baltzak matxinada onetan, zuriak lekurik xamurrenean zauritu ebela ikusi dabe. Ta barriro be berau egiteko prest dagoz.

"Ixtillua bakarrik deituten badeutsagu matxinada bateri, begiak eta biotza, baltzak gura ta eskatuten dabenari itxitzen badeutzaguz, baleiteke urrengo baten gauz okerragoren bategaitik negar egin bear izatea.

"Erabaki on bat emon deioegun baltzak eskatuten dabenari, gure artean pakea sendotu gura badogu".

ASTARLUPE-K


Erligiño-askatasuna Konzilioan

Joan Mari Torrealday

Gai interesgarria da Erlegiño-askatasun au, dudarik ez. Ain zuzen, berari buruz artikulu asko azurmamitu dira, alde ta kontra. Ta mundu osoan eragipen andia egitera deitua dagola esateari ez deritxat guzurra. Emendik urte batzuetara ikusiko dogu, ostantzean. Kondaira lekuko.

Askok bildur itzela deutse erlegiño-askatasunari. Bueno, jeneralean, edozein libertade be ez dabe begi onez ikusten. Orregaitik askatasun berbea entzuterakoan, susmo txarra artuten dabe askotan, ta "kontuz"! bildurti ta anker bat bota pentseu baiño len.

Ba, arrabia baiño pena ematen deuste geiago niri olakoak. Zer dala-ta ikusi bear dabez, ba, beti libertadearen arriskuak, alde txarrak? Oneentzat, bardin da libertadea ta libertinajea, batabestearen parean jartzen dabezen ezkero pratikan. Kargutu barik bearbada. Mania bat da ia, kontixu, eurena. Zergatik, ba, berdetu euren kentza alperrik bada?

Ez noa ni emen askatasuna sedazkoa ta arriskubakoa danik esatera. Esan gura dodana, —ta diñotana— da, beste edozein tasunak lez daukozala askatasunak be arpegi bi, ez geiago ta ez gitxiago. Ago biko ezpata dala, ta onerako ala txarrerako erabilli leikena. Besterik barik.

Baiña dana dala, jente oneen bildurra ta sumo txarra nundik datorren ulertutea erreza da. Formaziño kontua da ezer baiño geiago ta printzipalki, nik uste.

Ikusi daigun apur bat:

Formaziño ta Kontzientziko arloa

Gaurrarte —ta gaur be oraindiño— bizitza, kristiñau bizitza, dana eginda, errez egitearren, emoten eutsen abadeak kristiñaueri. Guzurra ete da moral lana eiotuta lez emoten eutsela sarriegi, (beti ez esatearren?) "Au ta au egin bear dozu kristiñau ona izateko; beste ori ezin daikezu egin. Ainbeste seme euki bear dozuz". Jo ta ke. Beti mugak, fronterak.

Ori egiteko ez dago deretxorik, gizon bakoitxak bere konzientziaren aurrean egin bear dau neurtze ori-ta. Abadeak egin bear dauana zera da, orreen konzientzi ori ondo ta zuzen formatu Ebanjelio giroan. Ta eurek, kristiñauak, ikusi daiela gero beren bizitzan zer ta zelan egin. Ori da gizona bear dan moduan errespetatzea.

Formaziño orreri erruak, gero kristiñauen eskuetan eginkizunen bat euren ardurapean izten jakenean, orduan kontuak, begi-belarri geratuten ziran orduan, arrittuta, ez jekielako zer egin beragaz. Instrumentu ez-ezagun ta barri bat, —ustebarikoan—, eskuetan iminten deutsuenean letxe. Ez dakizu nundik oratu be. Ta zeozer ikusterakoan, —badaezpadan be!—, arriskurik ba ete daukon jatortzu lenen burura. Ba, kristiñau oneeri, beste orrenbeste. Askatasunari billura. Ori bateko.

Esperientziari jaramon egiñik 70 gotzairen partetik Joan Heenan gongotzaiak esan eban Kontzilioan, len:

"Erlegiño askatasunak dakarzan bentajak, alde onak, okerraren propagandak ekar eikezan arriskuak ontzat euki leikezala egiten dabe. Gizonaren esperientziak erakusten deusku, erlegiño terrenoan Estaduaren esku-sartzea beti amaituten dala negargarri".

Azkatasunari bildur

Eta besteko, edozein libertadeari ikara ori badeutsoe, zer esanik ez Erlegiño-libertadeari deutsenaz. Neurriz gaindikoa da ori!

Erlegiño katolikoa da benetako bakarra, ta beste danak okerrak ta guzurti petral batzuk baiño ez dira! Kanpora orduan katolikoa ez-baiño beste guztiak, guzurrak ez dauko eskubiderik-eta!!!

Aulan pentsetan dabe oneek. Pentsetan eta esaten.

Garbi: Egiari bagagokoz ondo pentseta dago. Ez ostera, gizonari beatuten badeutsagu.

Kontzilioan be berba egin da Erlegiño-askatasuna dala ta ez dala. Ba dakizue ondotxo be onezkero. Eztabaida itzelak izan dira an be. Kontzilioak, egin esan, ez dau berbarik egin oraindiño. Baiño Kontzilioan, bai, berba eginda.

Ikus daigun orain, begiratu arin batekin baiño ez bada be, zelan planteatuten dan gaur problema ori. Dakienen artean, esan gura dot.

Aurrera jarraitu bear orduko esan bear dana da, Erlegiño-askatasunak ez dauala esan gura libre gareanik Jainkoa maite izateko eta gurtzeko, ala ez. Jainkoagan siñisteko ala ez egiteko ez gara libre. Kontuan euki ba oartxo au artikulo guztirako, ta betirako.

Eztaukee arrazoirik

Joan XXIII arte "tolerantzia" berbea usetan zan asko katoliko etziranentzako. Alan pentsetan eben —ta dabe— orduko katolikoak, katoliko etzixaneri buruz: "Oneek gizajoak okerpean dagoz koitxaduok... Eztauke bape arrazoirik. Baiña, tire, lastimie emoten deuste ta sufrittu egingo dotaz, ba..."

Paternalismoa be etxako falta berbakera oneri. Ta, gaiñera, katolikoetariko onenak ziran gero olan pentzetan ebenak... ze, "besteak" (eskoi aldekoak-edo), orreek persegidu be egiten ebezen-ta, kurtzea esku batean ta bestean ezpata ebelarik... (ezpata ala kurtzea ete eroien eskoian?)

Ta zergatik olan?

Orreek egiaren eskubideetan, deretxoetan, ta okerraren eskubiderik-ezean iminten ebezelako euren begiak.

Ta egia da. Guzurrak ta okerrak ez dauke eskubiderik. Egia bai, ta berak bakarrik, gaiñera.

Geiago oraindiño: Erlegiño katolikoa da bakarrik egiazkoa, egia bakarra. Ondo dago. Aipaturiko katoliko orreek arrazoia orduan, e?

Ez, ez diñot nik olakorik, Jainkoarren. (Baietza damotsenak ba dira).

Bein Joan XXIII azketiño esan dogun moduan ez-baiño beste era batera iminten da problemaren planteamentua.

Pertsonak beti errespetatu bear

Pertsonak, edozein gizonak, besterendu ta kendu eziñezko eskubide batzuen jabe da. Orretariko bat, ain zuzen, zera da: Erlegiño-askatasuna. Ta orretara, okerrak eskubiderik ez daukolarik iñoiz, ostera, okerduna, guzurrean dagoana, ori beti da deretxoen jabe berez.

Bestalde, gizona ezin leiteke indarrez iñoiz be beartu. Gizonaren barrua (pekataria ala zuzena, bardin) errespetatu egin bear da, Jainkoak berak errespetatu egiten dauan lez. Ain ze, gizon guztiak salbatu daitezala Jainkoak gogotik gura arren, gizonak, berak nai badau, inpernuko sutara bota leike bere burua.

Giza-pertsonaren diñatadunari jaramon egitea da, gaiñera, olan obratzea. Bere antzeko egitean, Jainkoak gizonaren gizatasunean ezarri ebelako askatasun ori, diño Kushing kardenalak.

Orduan ze inportantzi dauko, ba, erlegiño katolikoak? Ez ete deutso bardin katoliko, edo protestante izan, edo budista?

Ez, ez deutso bardin. Egiazko erlegiñoa, katolikoa da, ori bai. Ta danak dauke egia billateko obligaziñoa. Pontu ontan Kontzilioak garbi imiñi dau obligaziño orren "obligaziñoa". Ta egia billatze ortan ekin bear dabe, goiz ta berandu. Baiña bakoitxa alleatu bear da egia ori ikustera. Bitartean, gu ez gara iñor egia ori onartutera obligatzeko.

Egia ta okerra ez dira buztartzen

Bestetik, Kontzilioan garbi agertu da —Jaeger kardenalak esan eban atan be— erlegiño-askatasun au emotean, ez dirala, orraitiño, egia ta okerra buztartzen, ez parean jartzen. Gizarte-libertadea da or eskatzen dana. Orretara, okerrean dagon bategaz ondo konpontzen nazanean ta nazalako, onek ez dau esan gura orren okerrak ta utsak nik onartuten dodazanik. Baiña egian ez dagoala-ta, pertsonaren eskubide danak ukatu orregaitxik orreri?

Ez dago ortarako arrazoirik or.

Ez gara indiferentismora biurtuten, ba, ori defenditutean.

Giza-pertsonaren eskubideen alde gagoz bakarrik.

"Askatasunerako eskubide au bearrezkoa da, derrigorra, ez gara bein da barriz esaten aspertuko", iñoan Kontzilioan Spellman kardenalak ikusmira oneri loturik.

Ta Kushing kardenalarena da beste esakizun au:

"Kargutu gaitezen erlegiño askatasuna negetan dan lekuan, ia beti ukatuten dirala beste libertade guztiak be an. Eta Eleizak giza-eskubide guztiak defenditzeko bestebearra dauka".

Arrazoia onena, ze, libertade bat ukatzetik berez dator beste libertadeak ukatzea be, gizonaren aunditasuna —Jainkoak emondakoa— ez dalako onartuten.

Garbi ikusten dogu kondairari bagagokoz.

Estaduak ezin beartu gaikez

Orain, beste problema bateri be lotu gaikioz, gai au aittatu dogun ezkero:

"Estaduak beartu ete gaikez erlegiño bat onartutera?

Ikusi daigun "Mit brennender Sorge" enziklika ez-ezagunak —apropos— zer beiezten dauan:

"Fededunak bere fedeari berari jagokozan moldekin bizi ta beteteko kendu-eziñezko eskubidearen jabe da. Fede orren obligaziño ta betetea kendu edo enbarazua iminten deutsuen legeak, lege naturalaren kontra doaz".

Ez. Estaduari ez jagoko profesiño erlegioso bat egiazkoa dan ala ez dan epaitzea. Ortan ez da maixu ta orregaitik ez dauka ortarako eskubiderik gizarteko alkar-bizitzarako oiñarri sakonen kontra joan ez daitekean arteño. Ez dau Estaduaren terrenoa-ta...

Orregaitik, Estaduak ezin leike erlegiño oker bat, besterik barik, gizarteko kaltetzat artu, galeratzat jo, bere iritziaren arabera, ta gero oker ori persegidu. Osbera baiño, Estaduari tokatzen jako pertsonaren eskubideak ta komunidadearenak "konziliatzea".

Estaduari ez jagoko bere menpekoek Estaduaren beraren iritzira Jainkoa gurtutera beartutea obligaziñoz.

Estaduari bere menpekoek Jainkoa gurtu aal daitela, ondoen, jagoko.


Erriz erri

Sollube aldetik

Mendietako piñudiak geitu diran bitartean, Sollube aldean ezezagunak ziran basa-piztak agertzen asi dira. 1962-garrengo maiatzan lenengoko azeria ikusi zan. Arrezkero, pizti oneik geitu ziran lez, eta baserritarreri aparteko jan-aldiak egiten eutseezan lez, Amorebieta, Bermeo, Durango, Elorrio, Gernika, Lekeitio, ta Mungia-ko "Sociedades de Caza"-koek ilketak antolatu ebezan, batez be jateko benenoakaz. Alan da be, oraindik basa-pizti oneek ez dira ayendu, ollo, koneju, t.a. gitxituten bai doaz. Meñakabarrena-ko baserritarrak esango leikigue ia ayendu diran ala ez. Ain zuzen, auzo oneko ollotegietan pizti oneik jan-aldi bikaiñak egin ei dabez.

Baiña azeriak bakarrik ez dira izan; basakatu, basurde, lepozuri ta onelakoak be ikusten izan dira lantzien bein. Batez be, garrantzikoak izan ei dira basurdiak arto soloetan egin dabezan trastakeriak. Ez eban iñork pentsako orrelako piztiak Sollube inguruko errietan: Arrieta, Fruniz, Meñaka... ibilliko leitekezanik. Baiña soloetako jan-aldi ta trastakeriak erakutsi eragin dabe; euren pausoak Meñaka-ko Arkegarreta-n billatu ziran lenengoz. Lomerike eldean ikusitako basurdi batek irurogei kilotik gora eukazala ibilli dira esaten. Eta ezdot uste guzurre izan daikanik.

Basapizti oneen trastakeriak ikusita inguruetako kazadore ta baserritarrak beste il-aldi bat emoteko batu dira. Errietako aiumentuak be biar ontan sartuta dagoz pizti bakoitzagaitik bi milla errieleko saria jarriaz.

Durango-tik

"Amigos de la Merindad de Durango" osatuten daben lagunkidekoak jo ta ke dabilz garrantziko zeozer egin naian, kultura, sozial, edertide ta onetariko gauzen alde. Ta gazte oneen asmoak ez dira gelditzen Durango-ko errian bakarrik; "Merindad" ori osatuten daben erriak be euren asmoetan bai dagoz.

Euki dabezan batzarretan, jaso ebezan lenengoko pausoak, Durango-n berton eta gerotxuago Elorrio-n pintura agerpen bat antolatuaz. Agerpen orren asieran Diputaziñoko ordezkari dan Markes Arriluce de Ybarra eta Durango eta Garay-ko alkateak be egon ziran.

Baten batek "Amigos de la Merindad de Durango"-ko oneik ze elburu dauken itaun leikit. Euren "Boletin"-eko lenengo zenbakian agertzen dan lez, alkar-laguntasuna da, alegia. Batek bakarrik edozelan be ezin lortu leikena, danon artean, danen indarra bat egiñaz, errezago lortuteko jaio zan lagunkide au. Izan be, gaurko gizartean amaika beartasun dagoz bakoitzak lortu ezin daikezanak, batez be industriagaitik aunditzen doazen errietan. Eta Durango dogu onetariko erri bat, ziur. Benetan be, industriak ukatu ezin daikeguzan aurrerapen asko dakarz; baiña akatsak be ez uste ez dauzala ekarten. Durango ta inguruan dauzan errietako beartasun eta akats oneik erabakia lortuteko deitua da lagunkide au.

Gaur berton, lerro oneik idazten dotazen bitartean, ikusi daikegu egin daben beste ekiñaldi bat: Santa Maria-ko eleizpean antolatu daben euskal liburu ta diskoen azoka edo feria. Bai dala pozgarria ain ederto gertu ta egiztatutako programa bat ikustea.

Biotza pozez beterik jarri jat ainbeste liburu ta disku eder ikusi dotazenean, neuretzako geienak ezagunak ziran da.

"Kirikiño" —Bustinza— idazlari ospetsuari eunurtebeterako ta Zubiaurre pintore anaieri omenaldi apartekoak be gertuten dabizela ba dakit. Oneik ta onetariko beste asmo asko jakin ondorean "Amigos de la Merindad de Durango"-ko lagunkidea osatuten daben gazteak goraldu eta al dan lekuetan beste orrenbeste egitea baiño eztago. Ta benetan, bai egin bear geunkela!

Gernike-tik

Urriaren lenengoko egunean eun urte bete dira Aita Remijio Villariño jaio zala. Lenengo urte biak berton igaro ebazan; irugarrena, Miranda-n gurasoak bertan bizitzeko joan ziran da. Lau urte eukazala Bilbo-ra etorri zan eta berton igaro ebazan bere bizitzako unerik garrantzikoenak. Mutil koskor zala, Bilbo-ko Institutoan urte bi ikasi ondoren, Valladolid-ko seminarioan egin eban beste ikasaldi bat. Amabost urtegaz Jesus-en konpañian sartu zan. Berrogetamar urte geroago, urrezko ezteguak ospatu ebazanean, Bilbotarrak Bilbo bertako gizon ospetsu bateri jagoken omenaldi zintzo ta bero bat egin eutsoen. Osterantzeko urteak, eriotzak arrapatu eban arte, Bilbon bertan egin ebazan. Jainkoak 1939-garrengo aprillaren 6-an, 74 urte eukazala, eroan euskun. Bizkai-ko Diputaziñoak 1940-garrengo urtean oroigarri bat jarri eutson jaio zaneko etxe aurrean.

Ez litzake izango erreza Aita Villariño-k egin eban dana lerro oneitan jarri gura bagenduke. Gure errietan dabilzan aldizkari asko berak sortuak dirala baiño besterik ez dogu esango: "De broma y de veras", "Sal terrae", "Hosanna", "El Mensajero del Corazón de Jesús"... t. a.

Onetariko asko bear gendukez errietako kristiñautasun aiñ epela biztuteko.

Auñamendi: iztegi barria

Oraintsu urten dau Zarauzko Icharopena irarkolan iztegi barri bat: Auñamendi, Español-Vasco deritxona. Oraingokoa, lenengo tomo edo atal bat baiño ez da izan eta A izkitik APAR izkirañoko lana da. Ara or iru iztegi barri zelan urteten dira ia-ia era batera. Besteak Isaak Lopez-Mendizabal eta Aita Mujikarenak dira. Izan be egon gara iztegi on baten bearrean. Auñamendi iztegi onek aparteko interesa dakar, Azkue, Pierre Lhande, Tournier Laffite ta beste asko iztegien laguntasunagaz gertuta dagoanez.

Euskaltzainditik

Euskaltzain laguntzalle berriak izentatu dira. Onexek dozuz: Aita Joxe Azurmendi (Arantzazuko praillea), Iñaki Barriola, Jean Curutchet, Jean Lois Davant, Aita Emeliano karmeldarra, Jacques Etcheverry, Salvador Garmendia, Anjel Goenaga, S.J., Iñaki Goikoetxea, S.J., ("Gaztelu"), Mikel Lasa, Juan Goikoetxea (Arbizu-ko abadea), Aita Luis M.ª Mujika, Xavier Gereño, Juan Garmendia ("Zeleta"), Karmelo Etxenagusia (Derio-ko irakaslea), Jesus Elosegi, Pierre Duhour, Aita Felix Bilbao (Arantzazuko praillea), Jean Baptiste Dirassar, Antonio Bilbao, Iñaki Beobide, Juan J. Beloki, J. Antonio Arkotxa, Francisco Altuna, S.J., Toribio Etxebarria, Rudof de Rijk, Jesus Maria Oleaga, Gabriel Zapiain, Manuel Ziarsolo, Joxe Olaizola, Josu Oregi.

Artxanda-tik

Artxanda-ko funikularra egin zanetik berrogetamar urte igaro dira. Donosti-ko Evaristo San Martin y Larraz jaunak 1913-garrengo agostuko 16-an Bilbo-ko aiuntamentuari karta bat idazti eutson Artxanda-ko puntan olgeta-leku bat egiteko eta bilbotarreri bertaraiño eroateko funikularren baimena eskatuaz. Lenengo biarrak laster asi arren, ez ziran izan antza ain errezak, ainbeste denpora igaro zan bukatu baiño len da. Dana dala, 1915-garrengo urriaren 17-an egin ebazan Artxanda-ko funikularrak lenengoko joan-etorriak. Ordutik onantza, amaika bider egiten dator biar bardiña!


Euskal-erriko ipuiñak

"Lorrin" lamiñea ta mutilla

Antxiña, "Eperlabarreta" eritxon basetxe ederrean, emakume bat seme bategaz bizi zan. Semea, mutil morrosko-errimea zan; laietan, bedar-ebaten eta enparau lanak bizkor eta ondo egiten bera lakorik inguruetan ez zan. Eta indarketa guztietan be txapeldun izaten zan ezkero, erriko ta erbestekoak "Indartsu" izenaz ezagutzen eben. Eta guztiak, ago batez, alako mutil adoretsurik egundo ez ebela ezagutu esaten eben.

Illuntze baten, semeak amari esan eutsan:

— Ama, biar goizean Saibi-mendira iratan joan bear dot. Eguraldiak antz ona dakar; eta, uste dodanez, mendi aretan irea aspaldiko arorik onenean aurkituko dot. Eta gaiñera, Urkioleta'ko neska-mutillak be, biar goizean ei'doaz mendi orretara, ira-ebaten; eta neuk be, ira-ebate ta ekarteak eurakaz batera egin gura dodaz: niretzat beti adiskide onak izan dira-ta.

— Asmo ori —erantzun eutsan amak— urrengo asterako atzeratu obe dozu: entzun dodanez, "Lorrin" lamiñea, ainbeste gurasori eragin dautsen lamiña ankerra, Sailluente'ko artzulo-aurreko landatxoan urrezko aulki baten jesarrita egoten da egunotan-eta. Aren gurari ta asmo guztiak, barriz, beti lez, nundik gazteak atzipetu ei'dira. Orregaitik, ba, ene seme, ez zaitez biar basorantz abiatu: bestela, galdua zara...

Mutillak, amaren berbok entzutean, barre-algara aundi bat jaurti eban; eta irribarrez esan eutsan:

— Galdua neu? "Lorrin" lamiñearen bildurrez nazala uste dozu, ala? Nun litzakit "Indartsu" izena? Oraindiño olakorik!

— Ene seme: indartsua ta adoretsua zaranarren, ez dakizu oraindiño munduko barri. Mundu onetan maltzurrik asko dago; eta or-emenka sareak ugari zabalduaz, gaurko gazteak atzipetzen era bitara diardue: indar-bidez eta atsegin-bidez. Indarbidezko soka latzaz ezin arrapau diran gizon sendoak, leunkerizko ari me ta bigunez, sarritan beingoan lotzen dabez. Begira, ba, ene maite!, askoren maltzurkeriak luzez azken-bageak dira-ta...

— Esan, esan nai dagizun guztia! Lamiña dala-ta, nire asmoetan atzera-mardorik ez dot egingo-ta. Ni bildurtzekorik oraindiño ez da jaio, ezta jaioko be. Biar goizean, lamiña ta sorgin guztien ganetik mendira joango naz, ta kitu.

 Eperlabarreta'ko mutil arro ta eretxia, bere ama onaren burubide on guztiak alde batera itxita, biaramon goizean Saibi'rantz abiau zan. Eta Sailluente'ra eldu zanean, artzuloaren aurreko landatxoan, "Lorrin" lamiñea, urrezko aulki eder baten jesarrita, ulea orrazten aurkitu eban. "Indartsuk", ikusi ebanekoxe, urrengo aupadea jaurti eutsan:

"Lorrin" lamiñatzarrak

Ez dau adorerik;

"Indartsu-ri eltzeko

Ez dauko indarrik.

Berbok entzutean, lamiñearen arpegia asarre bizitan jarri zan; eta eskuetan eukan orrazi gorria mutillari amorruz jaurtiez, abots itzelaz esan eutsan:

— Mutil arro ta zital ori! Indartsua ta adoretsua azan ala ez, illuntzeko ipar-aizea izango dok ikusle!

Indartsu'k, orraziari polita eretxita, kolkoan sartu eban. Eta kolkoan sartzeaz batera paparra erre yakon. Ulu aundi bat egiñez, "Inpernuko bitxi madarikatua" esanda, orrazi bakana errekara jaurti eban; eta berealaxe, errekako ur guztia irakiten asi zan.

Jazokun orreaz, mutillak ikara aundirik ez eban artu; eta "lamiñen gauzak" esanda, bideari aurrera jarraitu eutsan, Saibi mendiraiño. An, egun guztian, Urkioleta'ko gazteakaz batera ira-ebateari ekin eutsan. Eta illuntzean, Eskumendi'ko labar aundi baten jesarrita, abestuten asi zan.

Kantetan ziarduan artean, "Lorrin" lamiñea neska gazte baten itxura ederrez agertu yakon; eta abots eztitsuaz esan eutsan:

— Oi, "Indartsu"! Ederto zagoz, gero! Illuntzeko ozkiro gozarotan zure abesti politak atsegingarri yataz. Zure indar eta adore aundiaren izenak, zeu ezagutzera ekarri nau. Zuri irabaztekorik emen inguruetan be ez dagoala diardue esaten-eta...

Berbok entzutean, "Indartsuk", senetik urtenda lez, poz-pozik esan eutsan:

— Nor zara zu? Eguzkitik illargira ta illargitik eguzkira izan nazanarren, zu lakorik ez dot ikusi...

— Goiko mendietako zelai ederretan dantzan eta olgetan bizi nazana naz ni —erantzun eutsan neskeak—. Mendi-gaillur orren ostean dago nire bizitokia. Benetan ederra bera! Bertako aizeak, eguzki-egaletik, illargiaren erditik eta izarraren artetik leunkiro igaroaz, ametsik zoragarrienakaz atsegintzen gaitu; eta gure biotzak, mitxeletak lez, lorarik-lora egiñez, bizitza atsegin eutsa egiten yaku. An bai edertasuna! Bertako gauzak azaltzeko nire miiña ez litzake gai, urrezko idaztortza bear izango litzake-ta...

Berba leunok esan ondoren, lamiñeak mutillari eskua luzatu ta beragaz joateko esan eutsan. Eta mutil lilluratua, lamiñeari eskua emonda, an joan zan sasi ta arantza guztien ganetik Sailluente'ko landatxoraiño.

Orduan, landatxoa ezti biurtu zan; errekako ura, esne; arrizko zubi trauzkilla, barriz, lorazkoa biurtu zan. "Indartsu", lorazko zubia pozik igarotera joiala, "Lorrin" lamiña ankerrak, mutillari errime bultza egiñez, artzulo edo koba baltz bildurgarrira buruz aurrera jaurti eban.

Eta lamiña guztiak, orduan, an barruan mutillari makillakaz eta burduntziakaz zartada ederrak emonez, bizkar guztia birrindu eutsoen. Eta guztiak, ago batez, ari iñun diran iraiñak egiñez, esan eutsoen:

— Nun dozak indarrok eta adoreok? Goizean arro-arro jaurti doan aupadearen lorratzik be ez yoagu entzuten... Mutu egin az, ala? Orain, ire nagusiak geu gozak, artzuloaren barruan ondo lotuta ago-ta. Eta aurrerantzean, ire eguneroko janari onena, makillea ta atsekabea baiño ez dok izango...

Ganeko egunetan, Sailluente'ko artzulo ingurutik igaroten ziran gazteak, Eperlabarreta'ko mutillaren ulu ta negarrakaz naastean, urrengo berbok entzuten ebezan:

— "Nitzaz lar uste nebalako ta nire ama onaren burubide onak aintzat ez artzearren galdu naz. Eztiak mingotsa, Loreak arantzea, ta une labur bateko atsegin zoroak atsekabe aundi ta luzeak leporatu daustez..."

Eta gazte askok, berba onekaz bildurrez dardar eginda, euren gurasoen esanak zintzo egiñaz, on-onak izateko asmoa artzen eben.

Buztintza'tar Errose'k eginda, ta Kerexeta'tar Jaime'ren ardurapean argitaratuta.


Famili-jornala dala-ta

"Zure bekokiko izerdiaz irabaziko dozu zure ogia". Onela esan autson paradisuan Jaungoikoak gure aita Adani. Orixe izan zan munduko bier-legerik aurren aurrenekoa. Izerdia atera bear genduala esaten jakun guztioi, baiña neke orren bidez, biziteko bear genduana lortuko genduala agintzen jakun.

Izerdia atera bai, baiña bear ainbateko ogirik ez ataratea da okerrena, esango deustazu, irakurle. Ba, onetaraxe natorren, zuzen-zuzen. Milloika jente dagoz munduan beren buruari eta beren familiari jaten emoteko lain irabazten ez dabenak. Gizon oneitako askok eta askok, "izerdirik" be ezin dau atera, au da, biziteko prexixokoena emongo leuskioen bierrik be ez daukee. Gizarte-problema zorrotza da benetan auxe: bierrik-eza. Eta zergaitik bierrik-eza ori? Askotan gure munduko estrukturak ankaz-gora dagozalako. Ankaz-gora bakarrik egongo balitzakez sikera... tire!, baiña txarrena da gizon askok txarto-egote ortatik negozioa ataratea. Baiña itxi dagigun estrukturea alde batera —bestela ementxe gelditu bearko neuke, eta orain az dot gai onetzaz ezer geiago esan nai— eta goazen zeozer esatera bier-sariaren gain.

Biergin baten egun bateko bierraren prezioari esaten jako "lan-sari" edo jornala. Nagusiak eta biergiñak alkarrekin tratua egin eta bien artean erabakiten ebenari, lan-sari justua esaten eutsen liberalak. Baiña ori ez da beti egia. Etxeko guraso bat bierrik barik, eta bere semeak goseak badaukoz, eskeiñitako guztia onartuko dau olakoak bierra lortze arren. Bere buruaren jabe eta libre dala irudituarren, ori ez da libre, premiak larritu eta bearturik dago-ta. Orrela beartua ezpalego, bidezkoa danagatik baiño gitxiagogaitik ez leuke ezelan be bierrik egingo.

Biergiñari, indarrak barritzeko lain emon ezkero, lan-sari justua emotea dala uste dabe askok; bierrian gaztatu dana barriztu, eta barriz bierrera joateko ondo badago, majo! Baiña, biergiña, ez da gero animali bat. Jaungoikoaren semea da; eta bere bekokiko izerdiz ogia irabazteaz gaiñera, ba-dauko eskubide, eta obligaziñoa be bai, itxuraz familia mantenitzeko. Origaitik diñoe Aita Santuek: "Famili-jornala" emon bear deutseela enpresak biergiñei. Famili batek itxuraz bizi al izateko bear dabenari esaten jako "famili-jornala". Famili guztiak ez dira bardiñak ziur, euren premiñak be ez; askotan gorriegiak izaten dira premi orreek, eta famili-jornal absolutua emon da gero, beti ez da enpresa izango orreek erremediatu bear dituana. Ortarakoxe dagoz Estadua eta gizartea be.

Artikulu onetatik jaso auxe, irakurle: bier egiten dabenak, famili-jornala jasoteko eskubidea daukala. Baiña ez aztu beste au be: lan-sari ori pagaten dabenak be ba-daukala eskubide biergiñaren bierra jasoteko. Zuzentasunaren kontra egiten dau txarto pagaten dabenak. Baiña kobraten dauana baiño bier gitxiago egiten dabenak be, zuzentasunaren kontra egiten dau pekatu: dala biergin, edo maixu edo jostun.

Juztizi kontuan Jesukristok edo Eleizak emon dabezan erakutsiak, ez doaz ez aberatzen, ez pobreen kontra. Bardin-bardin dira batzuentzako eta besteentzako. Guztiak dira Jaungoikoaren seme. Bakoitzak dauz bere eskubideak, eta guztiak errespetatu bear dabez alkar, eta anaiak lez alkar maite.

Pentzamentu oneek paperean ipintea gauza erreza dala uste dot. Auxe berau esango dustazula uste dot, irakurle. Baiña errealidade biurtu bear diranean izaten dira kontuak. Onentantxe nago ni. Errealidadea garratza da, baiña baliotsua.