ANAITASUNA

AGUSTU-IRAILLA (8-9) 1965 — XI URTEA — N.º 127

Dep. Legal S.S. 1092-1959

Zuzendaritza: Bilbon. — Arantzazuko Irarkolan.


Gernike barri bat: industriagaz ala nekazaritzagaz?

Lengo batean, Bermiorantza noiela, ango parajeko lagun bategaz nentorren jardunean. Trena Muruetako inguruetan ioiela iñostan lagunak: Txo, beituten dok amen zenbat ektaria dauzen alperrik galdute?... Bai, gixona —erantzun neutsan laster. Ta benetan be arritutekoa da jasanko lur orreek itxas-errekapean eukitea zietz ondatute. Zer edo a egitia bearbearreskoa da izan be; baiña zeuzer egin bier ba da be, zer egin bier dan jakiten ezta oso erreza, zailla baiño.

"Brisas guerniquesas"-eko azken lumeroetan gai onetaz diardue idazten, gernikar jatorrak lez euren uri politaren goraberatzaz ondo arduratute. Nik neuk be Gernike-n dot neure bizi-lekue eta gogoko jat orregaitik onetzaz zer edo a esatia.

Gernikeko "Vega" edarrak erabakitze bat dau bear ainbet ariñen, ta, izan be, beartasun askotxok zirikatuten gaituez arlo onetan eskuek sartuten:

Gure lurraldea ugarituagotuten doa egunero.

Gaurko bizimoduak ezijentzi barriak ditu.

Danon bizimodua arindu bier dogu, Jaunak emoniko ondasunak kristiñau legez banaturik.

Arazo oneri bear dan erantzuna emon gure esketiño ekonomiako programa edo jarraibide barri bat landu bierko da ainbet ariñen. Programa ori osotu zan antza Bilbo-ko Komerzio, Industria eta Nabegaziño Kamarako Lendakariaren ardurapean. Onek erabaki eban Gernikeko "Vega" polita industrializatutia.

Edo industria jarri edo nekazaritza lendabiziko bierra, beiñipein, itxas-errekea urbideratutia (kanalizatutia) izango da. Industriarentzako ba da —ta nire ustez izango da— Bilbo-ko Nervión uneko industriaren zabalketea osotuko dau.

Nik eztakit gernikarrak ze iritxikoak ete direan arlo onetan; baiño, dana dala, ez dot uste gernikarrei jagokiela epaia artutia arlo orretan, espezializatuta dagozanei baño. "Brisas"-eko idazle batek industrializaziño ori soziedadeko aldra bateri begiratuta bakarrik erabaki dala uste dan. Bere ustez lastimagarria leiteke Jaungoikoak emoniko paraje ain jasakoa eta egokia industriaren ugarrez ondatutia. Baleiteke izan be! Baiña... ezin artu geuk erabakia arlo onetan.

Orduen zer?

Industriara ala Nekazaritzara joko?

Bigarrena egiten bada, parajeak askozaz be gitxiago sufrituko dau, ziur ziur be. Lendik len be egin dira ekiñaldiak Gernika-ko "Vega" ori nekazaritzara aldatuteko eta moldatuteko. Lendabizikoa Juan Bautista Belaunzaran-ena izan zan, 1822 urtean. Onek uste eban lez Gernike-ko lurrak, itxas-errekea urbideratu ezketiño, 300.000 zereal ugariak emon leukiezela.


Peter Etxeberria Euskalerrian egon da

Ba eukan Peter-ek bere gurasoen aberri zarra ezagututeko amesa. Ames ori aurtengo udabarri onetan bete aal izan dau.

Peter Demokrata alderdikoa da, ta Nevada-ko senadore izanikoa lau urtetan. Mailla ori garaitu arte, gazte gaztetatik, izan eban lana ugari ta azkenik lortu eban bere izardiaren frutu mardula.

Etxeberriaren gurasoak euskaldun utsak dira: aita lekeitiarra eta ama Apatakoa. Semea, barriz, Idaho-ko Shoshonne-n jaio izan arren eta beti Ameriketan bizi euskaldun jatorra dogu, eta euskaldun izateko garairik ez dau galduten, ziur. Gaztelarra ta Inglesa be ba dakiz, baiño orrek ez dautso kalterik bape egiten.

Egundo be ez eban ikusi bere aittaren jaio-kabi gozoa, ta orain ikusi dau bere Lekeittio polita benetan, bere kai ondartza eta etxe zuriak, amantal berdezko lantzarrak eta mendi gallurrak. Bai polita Lekeitio!... ta Peter jaunaren begieri negar-tanta samurrak erion eutsazan.


Anai arteko txokoa

Konturatu zarienez "ZUEK ETA GU" tituloakin idazten izan doguz bigarren orri onetan zuek guekin izaten dozuezen artuemonak. Aurrerantzerako aldatu egiten dogu txoko onen tituloa beste barri onegaz: "ANAI ARTEKO TXOKOA".

Izan be gure errebistatxoa "ANAITASUNA" da. Orrexegaitik egokiago eta txukunago iruditu jat titulo barri au jarri lengo zarraren ordez.

Bidez, bada, dei bat luzatuten dautsuegu danori txoko auxe beteten saiatu zaitezen, errebistaren onerako izango litzake ziur-ziur be-ta. Bialdu Arantzazuko fraileetara zeueri irudituten jatzuen dana, zein eta errebisteari buruz, zein eta errebistearen darabilguzen gaieri buruz. Pozik artuko dogu! Ta besterik ez. Eskerrik asko aurretik.

Eskerrik asko!!...

Ezkergarri zaizkit —nola ez?— nere aurreko idazlantxoari buruz Aldizkari onen zuzendari agurgarriak, 126'-garren zenbakian, izki-bereziz apainki zuzendu dizkidan nik merezi eztako ain usai-goxodun loratxoak...

Baiña... baiña... —ai, au lana!— asmatuko ote det, nere adiskide maiteak mereziriko adierazpenez zor dizkiodan esker oiek eskeintzen, aldizkari eder ontan egin dizkidan geiegizko goraipapen ooregarri oiengatik?

Izan ere, ainbesteraño aizatu bearrez, ez-dagokidan "titulo" bat ere geitu dit: "euskal-akademikoa"-rena, alajaña. Ez bait-nekian nik gallur ooretsu ortaraño igoa zanik gure idazle-kaskar "Zeleta"!

Antziñatiko adiskide maite izan ezpanu, Aita Imanol, ixekaz (gurlaz) jasoko nuen bere okerreko iragarpen ezdagokidan ori; baiña gaitzik gabe, nai eta gogo onez egin duala anka-sartze ori ba'dakit, eta asarre-agertze ordez, biotz-biotzetiko esker-samurrak damazkiot —ANAITASUNA'ren irakurlien aurrean lotsaz aurpegia gorri-gorri jarririk utzi ba'nau ere— bere gogo-onezko esanai oien bidez adiskide zar onentzat izan duan oroitzapen estimagarriangatik.

Bere gizatasunak, bere Jainkotiar egiñak, bere euskalzaletasun gartsuak eta bere euskeraz errez eta ugari idazteko duen gaitasun bereziak; itz batean esanda, —doai naigarri oiek dituanak— bai merezi dituala, benetan, egiazko aipapen eta goralpenak!

Bizkaitar arrantzalien biotzetan sinismen beroa naiaz, eta euskaldunen artean euskeraz irakurri ta oldozteko giroa aukeratu naiaz, urteak dira bizkai-era errikoian idatzirik aldizkaritxo au irazi zuala. Baiña, ordun, bi orriko irakurgai kaxkat bat baizik etzan "ANAITASUNA". Gaur, besterik degu ordea, Aita Imanol goraipagarriaren eten-gabeko ikiñari eskerrak.

Egia aitortu bear ba'degu, gaur, gaur bezela, zein eta nun berau añakorik gure artean? Agirian dago, eta zergatik ez degu esango: oraiñaldian ez degula, Euskalerrian, euskera utseko aldizkari eder, apain eta irakurgarriagorik, bizkaierazko ANAITASUNA baño.

Izki beltz eta gorriz, egoki ta argi orniturik, eta argazki begiragarriz txukun apaindurik, opari edo erregalo gozatsua eskuratzen digu, Aita Imanol langilleak, euskeraren zale geranoi.

Ordañez, lagun daigun guztiak, berari: gogoz, idatziz, arpidez eta diruz, EUSKERAZKO ASTEROKO EDER biurtu dezan ain atsegingarri zaigun aldizkari begiko au.

ZELETA

Seigarrena dala ta. Gorostizu-ri erantzuten

Aurten baten ZERUKO ARGIA-n irakurri genduan "SEIGARRENA" idazburua eukan artikuluak arrituta laga ninduan. Jaungoiko bakoen edo erlejiñoiaren etsai lez agertzen dan aldizkari baten bera irakurri baneu irribarretxu bat egin ta buruari apur bat eragiñaz, olantxe atzipetuten ditue oneik euron irakurleak, neure bostian esango neban, ta alantxe amaitu.

Baiña gure aldizkarian bera ikusteak sutan laga ninduan. Ta merezi daben aiñako gogortasunez erantzungo dautsat.

Iñor ez bei emen asi "itz egiteko azkatasuna" "alkar izketa" ta "goi maitasun" ta olakoekin.

Artikulu asko guri aurreratuegiak irudituarren, gordiñegiak izanarren, gizadiari edo biartsuari dautsen maitasunak eraginda izan leitekez ta askotan ala dira.

Baiña artikulu orretan olako asmorik iñork ez daike susmau, or ez dago lizunkeriari ateak zabaldu naia besterik. Olakoetan ixilik gelditzea litzake obenik andiena.

Idazleari lenengo oartzen dautsaguna eliz gizonentzako lotsarik eza da. "... Lepondo oneko gizon batzuk..." esaten dau berak. Au irakurtian aldi bateko "FRAI LAZO" etorri yat burura; antxe ikusten ziran lertu biarreko prailleak.

Ta gaiñera ez da egia. Abadeak, gaiñontzeko gizonak lez, danetarikoak dira gorputzez: lodiak eta zistriñak, lepondo ederrekoak eta eskumuturra baiño lepo lodiagoa ez daukenak.

Berak diñonez gaurko sermoietan seigarrena beste agindurik ez dabe erabilten. Nik, barriz, bestera dala esango neuke; gitxien erabilten dan gaia dala. Urteroko gogo jardunetatik kanpora udan asieran plaiatzaz itz egitean bakarrik seigarren aginduatzaz berba egiten dala esango neuke. Nik, ortik kanpora entzuten dodanik ez naz gogoratzen.

Ez dot orrenbesteko lanik artu nai, baiña diñodana ez dala egia uste dabenak urte guztiko sermoien kontua artu daiala ta ikusiko dau seigarrena beste edo geiago edozein agindu ta gai erabilten dituela.

Izan leiteke berak diñon "... ordaintzen ez ditugun kontribuzioak eta..." ez aitatzea ziatz ziatz, gai guztiak bere izenez ez aitatzea, ez diralako goratzen edo danadalakoagaitik. Baiña aitatzia merezi daben zerbait ixilik daukela uste badogu biar dan lez lotsaz egin biar da eskabide ori, katolikuak bagara beintzat.

Ara emen bere esan-aldi bat:

"Badakizu emakume, ta gizon, zer egin bear genduken ez erortzeko? Etxean egon. Gure larruak ez eguzkiratu, gure gorputzak ez garbitu itxas ta ibaietako ur meta goxoakin. Nolaz? Bai, an bai ditugu obenerako bide erasoeanak. Garbiak izan bear bai degu arimaz, naiz ta izerdi usaiak aldamenekoak uxatu".

Nola idatzi daikez egiagandik ain urrun dagozan berba oneik abadiak eurak be igarira ta plaira joaten asi diran denpora oneitan?

Gizon: igari egin edo gorputz garbiakaz ibilteko erdi billotzik ta lotsa barik nai ta nai ez ibilli biar dala uste daben orretarikoa al zaitugu? Zeuretzat zeure izate modua.

Ez uste izan sakristian sartuta dagon batek aurka urten dautzunik. Ondartza atsegin yaku ta an igaroten doguz pozik udako jaietako ordu asko. Baiña abadien esanak egitzat daukaguz.

Gaurko ondartzetako lotsarik eza ikusten ez dabena ondo itsu dago. Erlejiñoiaren kezka andirik ez daukala olakoak baieztu leiteke.

Aginduak, mandamentuak, danak dira kontuan eukitekoak; irugarrena, laugarrena, bosgarrena, seigarrena, zazpigarrena ta danak. Seigarrena ez besteak baiño gitxiago. Ete da gero beste agindu bat errezago jausten garanik, beraz kontu geiago ipiñi biar dogunik?

Goazen martxan joaten bagara emendik berrogeta amar urtera gure emakumeak ez dakit zer estalduta eukiko ete daben. Orduan, biar bada, gaur intxurabakotzat daukoguzan igarirako jantziak dezentetzat eukiko doguz. Baiña onek gauza bat adierazoko dau: gizadia basati biurtu dala.

Gizona antxiña billotsik edo erdi billotsik ibilliko zan. Gero zibilizaten joan danian abereak baiño geiago garala ta jantzi egin da. Zibilizatera eldu ez diran erriak dagoz, oraindik, gorputzak estaldutera eldu barik, erdi billotsik.

Orain guk be euren oiturera biurtu nai badogu alderdi oneitatik begiratuta eurak baiño geiago ez garala garbi ikusten da.

Oitura loiari, lizunkeriari, mugak ipiñi nai izatea zentzunez jokatzea da. Moral freno barik gizona abereak eurak baiño abereago biurtuko litzakelako. Escandinavia alde orretan gizonak gizon lez ta andra lez pekatu egiten aspertu ta irugarren sexua sortu nai dabe.

Gu baiño obeto bizi dirala? Arein ondo biziteari zera... egiten dautsat nik.

Ta amaitzeko. Orretariko idazlan lizunak ez leuke tokirik izan biar aldizkari katolikoetan.

KAMIÑAZPI


Emon da zabal zazu

Gure euskera maitia, Jainkoari eskerrak, indarbarritu ta sendotuten asi jaku. Ez genun pentsauko au gertatu leitekeanik gerria amaitu zanezkerotik. Baiña bai, Jainkoari eskerrak bein da barriro be aldaketa edarra emon dausku geure izkuntza maiteak azkeneko urte oneitan.

Izan be gure euskeria oso onartua izan da beti be jakintsu guztien partetik, ta gaur be, bai estranjeri ta baita Españian, zaletasun apartekoa agertuten dautsoie eurak geure berbakera zarrari.

Indarbarritze onetan zerikusi andia daukie idazlanak, ta subertez, ugari doguz orri, aldizkari ta liburuak. Asteroko edarra be badaukogu: "Zeruko Argia", alajaña. Txalogarrizko gogoz euskerearen alde jarduten daben gizonak be ba dira nonbait, ta eurak eskertuteko beartuak arkituten gara. Eskerrik asko, bada!

Arazo barriak

Gerra ostetik onantza euskalerria industrializatuten doa abiada andian. Ta jakiña, industrializaziño onek prolema barriak sortarazi ditu. Auzaka jentia, Kastelarrak, Extremeñak, Galizi-tar ta beste asko gure artera jatorkuez lan eta etxe billa. Jainkoari eskerrak danantzako egiten da lekua ta poza dogu barruan. Baiño barriak be sortuten dire: Zelan ikasi gaztelar oneek gure berbakeria, gure izakera eta folkloria. Gauzak bide onean joan ditezen bearrezkoa da gazteliar oneek euskalerria maite izatia, ta pixkaka pixkaka —nik esango neuke— euskaldundutia.

Badira euskera erakusten daben eskolak be, ta txalogarria da eurak egiten daben lana. Baiño eskola oneek oso gitxi dira premi andiko arazo ori beteteko. Gure euskalerriko erri asko andiagotu egiten dira urte gitxitan, ta erri onetako asko —erdia baiño be geiago— gaztelarrak izaten dira. Besterik ez esateko Gernika, Markiñe, Ermu, oso andiagotu dira ta ondiño andiagotuten diardue. Gipuzkoan be Eibar-ek bakarrik gerra aurretik 10 mille biztanletik gora ez ebazan, ta orain 40 milletik gora izango ditu. Premi andiko arazoa, ba, jente oneri ikaskizuna emotea, ta orretarako euskerazko eskolea bear-bearrezko.

Kanpotarrak, barriz, gure euskerea maitau ta ikasteko zaletasuna artu bear dabe. Sarritan ikusi aal izan dogu euskerea ikasi daben erdaldunak askozaz be obetoago eroaten direala euskaldunakin bai etxean baila kalean, ta au oso konbeni jake eurari. Gaiñera, euskal oiturek ikastea ta beretutea oso desiragarri ta bearrezko jake aldebanatuta bizi ez daitezen.

Au dana lortuteko gura aiñako bierra izango dogu. Bier neketsu ta gorra, ziur! Baiño nai ta naiezko bierra danezkero eskuak luzatu biarko doguz gauzak bide onean jarri daitezen.

Nortzuen lana?

Danon arteko arazoa danezkero, danok egin bearko... Buru diranei bideak jarri ta medioak aukeratutea jagoke, ta besteeri laguntasuna luzatutea bakoitzak al dauan neurrian.

Euskalerriaren eta euskeriaren gerokoa geuk geure eskuetan daukogu eta garrantzi andikoa izango da, duda barik, guk gaur egiten doguna.

Eskerrik asko, irakurle!

Lurgorri'k


Gizonak gizonez jokatu bear

 Azkenengo urte onetan alkar-berbeta dala-ta asko idatsi dala uste dot. Dana dala, au oso bearrezkoa deritxot, ta eztot uste kalterik ekarri dauanik.

Baña, zer esanik eztago, alkar-berbeta konferentzietan ikusten dogula bakarrik. Biar bada, falta jakuna, Aitasantuak diñona izango da ziur: "Jainkoa gabe gizonak eztaki nondik norakoa". Egi aundi onen falta ikusten dogu sarri, ta au benetan da tamalgarria.

Begiratu bakarrik eztago gure lantegietako ezin konpontzeak. Zuzendariak euren akatsa onartu ta gizonki erabaki arren, andik urten besterik, lengo bidea jarraitzen dabe. Ain gara aspertzen erresak! Zoziedadeak ta personak noizbatean egokitasuna iritxiko dauala uste dogu; baña zertxo bat egiteko garaia danean, dana uts aizeak eroaten deusku gogamena.

Gaur egun demokratizi ta pakearen alde asko mintzatu da; ortik gorakoa eztakit nork leporatuko dauan. Gero gerokoak esaten da; ta orrela kaleetan lanik gabeko jenterik asko ikusten doguz. Ta jakiña, askok euren familia itxita Alemaniara-ta joan bearra izaten dabe.

Txalogarriak dira gure gazteak, askotxo beintzat. Izan be, bizitza xamurrari uko egiñaz ta ordu luzeetan jardun ondoren gizon leialak legez garaitzeko alegiñak egiten dituez. Baña au ta guztiz be, gazteen samiñak sakonak dira. Ikusi besterik ezta. Politika-ta ekonomi arazoetan euren naigabea agertzeko unea iristen dituenean, manifestazio paketsuetan kalera urtetan diranean edo lana egiten daben lekuetan euren naigabea agertzen baditue, komunisten txarteltxua zorbalda gañean ezartzen deutzie, ala jaña.

Au eztago iñoren gogora nik uste. Beste gaberik galdetu geinke, posible al bada alkar-berbeta? Ala bere, norbaitzuk uste dabe danok iritxi batekoak izan bear garala. Onela, batzuek gauzak euren añan ikusten ezpadabez, guztiak "garbitzea" gura izaten dabe.

Bein norbait saiatzen danean gizadiaren alkartasuna ta anaitasuna bizkortzen, bai dala auxe ekintzaren ederra! Ori ba, gaurko gazteak biarko zoziedadearen-buru izango badira, euren pentsamentuak azaltzen zergatik galeraziko deutsie? Eztot uste au ezin leitekeana danik.

Azkenik, oraingo egoeragaz pozik eztiran guztientzat alkar-berbeta bear-bearrezkoa dala gogoan euki daigun. Lanarazo guztiak lenengo gizonki egin bear doguz, ta onen gañean erain bear dogu kristautasun egiazkoa.


Gure erriek

Arbazegi-Gerrikaiz

Oiz, Atxagana, Motrollu, Gaztiburu ta Gautiribel mendien barruan ondo izkutatuta aurkitzen dira gure erri ttipi Gerrikaiz ta Arbazegi.

Erriko berbakeran sekula be ez da esaten ez Arbazegi, ez Gerrikaiz. Lenengoaren ordez Munitibar esaten da, ta besteari Gergetze deitzen jako.

Gure Oiz aundiaren oñetan, ta Gernika ta Markiñaren erdiz erdi daukee euren kabia erritxo oneek. Nukleoz erri txikiak izan arren, terreno aundien jabe dira, ta gaiñera oso aberatzak, naiz arboletan, naiz landatan, naiz solotan.

Milla seireun da berrogei ta amalau arte bat izan ziran Gergetze, Munitibar ta Bolibar, ta oneitaik buru Gergetze zan.

Gure Gergetzek, Bilbok lez uri tituloa dauko, ta au oso antxiñetik. Bizi lagunetan 1202 izan zituan 1860-an, baña au be esan egin bear, Gergetzek len zanetik ez dau ongi-alderik izan, ta bai atzeratasunak. Orain istori piska bat egingo dot Gerrikaiz'en (Gergetze'n) buruz. Enaiz asiko beraren asieratik, ba oso izkutuak dira ta antxiñeko illuntasunean galduta dagoz. Bera goren egon zanetik asiko naiz. 1618'ko gaba su-garrez argitu zan, ta Gergetze guztia egin batetik bestera auts biurturik gelditu zan. Garai aretan ogei ta amar erreria edo sutegi eukasan ia ango bizi lagun geienak errementari lanean bier egiten eben. Baño sutegi onek izan ziran bere ondamendi; ba, garai aretan etxe guztiak egurrezkoak ziran lez, egun batean erri guztia sietz auts biurtu zan.

Baña Gergetzetarrak ez eben atzera jo. Barriro be urte gutxi barru laister etxe barriz jantzi zan ta len baño sutzuago asi ziran lanean. Denbora onetan oso estimatuak ziran Gergetze'ko errementariak, ta ez bakarrik Euskal errietan, baita be Gaztel errian; ta aruntz juaten zan amen egiten zan errementari lan geitxuena.

Baña 1754'an barriro be zietz erre zan ta au izan zan bere betirako ondamendia; ordutik ezin izan dau sekula bururik altzatu, ta an, Oiz barrenean, izkutatuta ta aaztuta gelditu da gaur egun arterik, nik uzte bururik altzetako esperantzarik gabe. Erretze au zala ta Munitibarrek, orain arte Gergetzeren mende egon zana, askatasuna lortu eban; ta ez bakarrik Munitibarrek, baita be Bolibarrek. Gergetzetarrak au ikusirik uko egin eben eta barriro erria altzetako adorerik gabe gelditu ziren.

Une aretatik Munitibar asi zen ugaritzen eta indartuten; bereganatu zituan Ayuntamentu, eskola ta abar, ta laister izan zan Gergetze baño geiago. Ta Gergetzek uri tituloa euki arren, Munitibarren ondora jo bear izan eban.

Kanpaien alkar-berbeta

Kanpaiaren otsak beti esan gura dau zeozer. Batian alaitasuna sabaldu gureko dau, bestian tristurea; batian otoitzera deituko dausku, bestian erriko jaietara. Bere otsak beti esan gure dausku zeozer.

Gergetz-Munitibarko kanpaiak be au danau esaten badakie ta baita zeozer geiago be. Gañera erri onek ia alkarren ondoan dagozan lez, ondo entzuten da euren alkar-izketa.

Munitibar'ko kanpaiek, naiz goiz, naiz arratzalde, an asten dira eguneroko illetean ia beti illeta bardiña esaten: Jango neuke baneuke, jango neuke baneuke, jango neuke baneuke. Ta Gergetz'ko kanpaiek au entzutean, eurak be laister asten dira Munitibar'koeri erantzuten ta auxe aren erantzuna: Baukek eta jaik, baukek eta jaik, baukek eta jaik.

Alkar-berbeta au oso ezaguna da Bizkaiko erri askotan.

Munitibar

Askenengo urteetan jaiki aldi aundia izan dau Munitibar'ek. Oraindik nukleoz ez da ain aundia baña asko ugaritu da, ta lengo erro zaarra, etxe barri politakin ornitu da. Bizkaiko frontoi ederrenetariko baten jabe da. Lau eskola oraindik ointzu altzatuak; plaza barria, probaleku itxia, ayuntamentuko etxe barri ederra, ta medikuarentzat txalet polita. Onezaz gaiñera panaderi eder bat be egin dau.

Beren frontoi ta probaleku itxiarekin Bizkaiko erri guztien buru jarri da "deporte rural" kontuan. Onek emoten dautso Munitibar'eri bizitasun berezi bat.


Egia. Gizonaren galdu eziñezko lokarria

Pello - Legazpikoak

Zergatik eta argatik gizonak bere pausoak emateko eskubide osoa du. Edozeiñera, zuzenbidezko kamiñoak egia bidera urratzen dituan pausoak ibiltzeko eskubide zuzena du edozein gizonak. Zuk eta nik egia jakiteko, egia billatzeko eskubide baztertu eziñekoa dugu. Eskubide eta eginbearra, "Pacem in terris" enziklikan Aita Santu Joanes Ogeitairugarrenak zigun bezala. (Ez al dugu azkartxo enziklika ura baztertu?) Bata eta bestea neurri berean.

Gizonaren izate sakonean dute oiñarri egi billaren ibiltzean ematen diren oinkadak. Luze edo labur, gizon guztiak ematen dituzte pauso oiek.

Ta egia esan, eskubide ori, betebear latz gertatzen zaigu. Gure gizatasuna bere gaillurreraiño eramateko obligazioa ezarri digu Jainkoak. Eta obligazio ori gizonaren izate berean ezarri du eta josi. Eta ortxe daukagu antsi eta kezke biurturik. Ez, ez da joango arik eta gu il arte, eta orduan ere gurekin eramango dugu betikotasunera.

Alare, millaka gizonek aldatu eta eratu oi dute egia beren iritzietara. Gobernu batek, adibidez, lege batzuen bidez, edo amaika propaganda moldez bere iritzia lege eta egitzat eredu jartzen du gizarte osoaren aurrean. Eta sarritan ez du gobernu orrek bere ideien kontrakorik onartzen, ez du alkarrizketarik ametitzen. Duen egi puska egi oso bezala aurkezten du.

Baiña egia, Jainkoak beste iñork ez du egi osoa beragan. Gizon bakoitzak egiaren zatitxo mutur bat besterik ez daukagu. Ta egi puska batek ez du egi osoa egiten, ogi pusketa batek ogi osoa egiten ez duan bezelaxe.

Nai ta nai ez, guk neurri batzuek dauzkagu, eta neurri oietan katiatuak gaude. Bai, gizon guztiak dute mugagabetasunaren antsia, mikatza eta sendoa, erraietan kokatua. Baiña, mugagabetasun ori urrun dago, gure pertsonetako ebaideaz bestalde, Jainkozko egietan. Egi osoa nai genuke, baiña zati bat deukagu.

Onekin ez dugu esan nai, besoak tolostatu eta lotan geratu bear degunik. Ez, ez, eta ez. Jainkoak egi puska orretxekin jokatzeko agintzen digu, egi zati orretaz baliatuz iritxiko dugu betitasuneko egia.

Alare, ezin gindezke, ez dakigu-ta esatearekin konformatu. Gure egiaren jakiteko eskubideak beste egin bear bat dakar bere urrengo: Egia jakin bear badugu, sakonkien jakin bear dugu. Beraz, Jakin bai, eta sakonki jakin, baiña beti sakonerago jo bear dugu. Eta egiak ez du neurririk gizonarentzat.

Egi guztiak bat dira, baiña eurpegi asko ditu egiak. Milla aurpegi. Buru ainbat aburu: Orixe. Gizon bakoitzak egiaren parte bat bakarrik daki. Oso gutxi, ezerezaren urbilleko egiaren zatitxoa. Orregatik egiaren azterketa onek beste gauza bat eskatzen du: Elkarrizketa.

Gobernuak eta pertsona partikular guztiek elkarrizketa erabilli bear dute.

Eta elkarrizketaren bidez beste lagunaren egiaren zatia jakingo dugu eta guk gure emango diogu: Biok egiaren osotasuna geiago ezagutuko dugu eta egi ori guretzat argi biurtuko da.

Urteak aurrera, gure egunetan jakin nai geiago dabil. Bai. Ondo dago. Egia bearrezkoa zaigu. Baiña, jakitearekin batera sarritan elkarizketarako gogoa joan egiten zaigu. Eta gure zaarrak ez dute gazteekin itzik egiten, eta gazteak ere ez zaarrekin. Batzuek besteen palten bizkarretik farre egiten dute. Ez dute elkar konprenitzen.

Alare egia bat da. Eta ba dakigu: egiak bat egingo zaitue. Bat, baiña baita ere, egia dala-ta guduak izango dira, sendiak apurtuko, etxeko maitasun asko eroriko. Egia bere izatean billatu bear da, ez guri gustatuko litzaigukean bezala: Gure egiak egi osoarekin konforme egon bear du, bestela ez da egia-ta.

Mundu onetako instituzio guztiak dituzte beren akatsak: Egurra ere pipiak jotzen du, burnia erdoiak jan. Mundu au oso mugatua da. Eta berean ere gizonak aulak eta pasioz beteak gaude: Ta, ain zuzen, egi ori gure griñen pipiak jotzen du, eta gure modura eratzen dakigu egia. Egia librea da, eta bere bideak ditu denen aurrean agertzeko: irikiko du bere bidea, mendietan bideak ebakitzen diran bezala. Gure griñaz gaindi dabil egia. Ez, gure griñak ez dute galduko egia, baiña bai gure begietatik ezkutatuko.

Egi billa gabiltzanok, egiaren aurrean ez dezagun gure griñen laiño estalkirik bota: Argi dezala gugandik mundu zabalera Jainkoaren egiak. Ezin genezaioke egiari neurririk ezarri, neurrigabea baita: Beraz utzi dezaiogun mundu zabalera egatan irten dedin. Ez dezaiogun bildurrik egiari: Egiak libre egingo gaitu. Eta orduan mundu guztia libre izango da egiarekin, maitasunarekin, elkar errespetoarekin. Eta gu ere bai. Askotan min emango digu egiak, baiño askatasunaren bidea izango da, gure gezurretatik askatzen goazela ikustea da min ori. Baiña, azkenean libre izango gera, egiazko libertate zolian. Libre... libre...


Vietnango katolisismua zer? Saigon-etik Anaitasunarako

Joan dan azpaldian Viet-nan dala ta eztala gauza asko entzun dozue bai radiuan, bai telebisiñuan, bai aldiskarietan, periodikuetan... Bear bada "ANAITASUNAK" berak be onezkeroz zeozer esan dau. Nik, egia esan, eztakit; joan dan urte bete luzean Bizkaitik kanpora nabil. Dana dala, zeozer esatera beartua nagoala esango neuke "ANAITASUNA"-ren bidez Saigon'en berton nagonezkero. Zer esan neike nik Viet-nan buruz?

Gaur goizean urten dogu Saigon'etik —Saigon, Viet-nan'go kapitala— Hong-Kong'-erantz. Egun bi egin dotaz Saigon'en eta zueri, ANAITASUNA irakurten dozuenori esateko barri batzuen jabe egin gura izan dot. Egia esan, Saigon'ko egun bi oneek ondo aprobetxatu dodazala-ta nago, bai ango frantzizkotarrari ta Dominikueri ango barriak itaunduteko ta bai neuk al izan dotan guztia ikusteko. Barri larregi batu dotazala-ta nago. Augaitik, Viet-nan'go erlejiñuatzaz bakarrik egin dot berba; geiago jakin gura dabenak Viet-nan gora-bera, irakurri bedi "Aránzazu" aldiskaria.

1.—Budismua Viet-nan'en

Askok eta askok Viet-nan Budismuaren lurra dala pentsaten dabe. Budismua ez da lelengo maillan dagon erlijiñua Viet-nan'en, esate baterako, Pakistan'en legez. Viet-nan'en geienak ez dira budistak, "animistak" baiño, au da, euren aurrekoeri kultua emoten dautsenak baiño. Ze kultu klase da au? Ona emen berba bitan esanda: "Animismua erlijiñu klase bat da. Erlijiñu onen mamiña auxe da: Aurreko edo ildako printzipalaren fotografia gorde ta goizero goizero herederu printzipalak beraren aurrera joan, erreberentzia egin eta kopatxu bat aurrean ipintea. Ildako orren gorputza norberaren lurrean enterratuten dabe; baiña erria aundia bada, danentzat kanposantu bakar bat dauke".

Budismuak ez dauko ainbeste indarrik Viet-nan'en, ez; bestela irakurri estadistika oneek:

1) Sasoiko gizonen artean 2% dira budistak; erri aundietatik kanpora bear bada zeozer geitxuago.

2) Sasoiko emakumeen artean 20% doaz euren pagodatara ta euren jaiak ospatutera.

3) Mutil gazteen artean, iñor be ez doa pagodara; bardin neskeen artean.

4) Umeak ez dakie zer dan Budismua...

"Konfuzionismuak" influentzi aundia dauko Viet-nan'en; baiña Konfuzionismua ez da erlijiñua, zelan bizi bear dan esateko "moral" bat baiño.

2.—Katolizismua Viet-nan'en

Viet-nan'en katolikuak 1630'tik onantz dagoz.

Gaurko Viet-nan'go katolizismuak etorri aundia dauko, beko Viet-nan'en beintzat; bear bada aundienetarikoa mundu guztian... Gaurko Viet-nan'ek 15 milloi inguru biztanle daukoz. 15 milloi, katolikuak milloi bi dira. Saigon'en 500.000 katoliku dagoz.

Protestanteak indar eskaza dauke Viet-nan'en; gitxi dira, guztiz gitxi.

Erri aundietan konberziñuak ez dira erabatekoak, apurka apurka baiño; kanpuan bai, kanpuan konberziñuek asko dira.

Goiko Viet-nan'go katolizizmua "giltzapian" dago. Gerra dala ta ezdala, Goiko Viet-nan'tik Bekora 600.000 katoliku jetxi bear izan eben; baiña, gerra ta guztiz be Goiko Viet-nan'en 700.000 katoliku baiño geiago gelditu ziran. Jakiña, ez dauke bear dan beste apaizik. Seminariorik ezin dabe jaso, ezin dabe sostenidu-ta; ganera komunistak euren doktriña erakusteko aginduten deutse. Obispu batzuek, Bui-Chu'koak esate baterako, "aparteko baimenagaz" zelan edo alan edukatutako gazteak ordenatu bear izan dabez.

Beko Viet-nan'en katolizismua beste gauza bat da!

Bokaziñu gaia, esate baterako, etorkizun aundikoa da; bokaziñuak asko ta onak dira. Saigon'en bakarrik 500 apaiz dagoz, eta Viet-nan guztian, 1.400.

Frantzizkotarrak 200 seminarista daukez; 50 lelengo urtekoak bakarrik. Seminario barria ta aundia eukinagaitik, ez dauke geiagorentzat tokirik. Seminario aundi orretan egon nintzan. Seminarista mutikoak garbi ta argi egozen; pozik eta alaitsu jokatuten eben gerra denporan egonagaitik! Kantatxu bat be kanta eben eta ze polito kanta be!...

Frantzizkotarrak 4 konbentu daukez; oraindiño ez dabe formatuten Probintzirik, baiña nire ustez, laster formatuko dabe; Paris'ko Probintziaren menpean dagoz. 25 apaiz dira; 7 frantzesak. 25 anai; 18 teologu Frantzia'n ta 4 Alemania'n.

Irugarrendarren kofradiak be etorkizun aundia dauke. Saigon bertako konbentuan 5 apaiz ta 6 anai dira. Frantzizkotar seminariuan 12 apaiz dira, iru frantzezak ta 4 profesor seglar.

Beste kofradiak be, esate baterako "Legión de María" deritsayona, indartsuak dira. Legión de María'k 51 "Presidia" daukoz Viet-nan'en.

One1ako etorkizunarekin Viet-nan'go eleizak laster ez dau bear izango misiolaririk. Gora Viet-nan'go eleiza!

Liturji kontuan Viet-nan'go katolikuak ondo dagoz, oso ondo, ta antsiñatik! Eskolak ta kolejiuak egiten doaz; unibersidadeak be bai; esate baterako, Dalat'koa.

3.—Budisten ta katolikuen artu-emonak

Zer esan neike artu-emon oneen buruz? Gauza asko! Nik, ostera, gauza batzuek bakarrik esango dotaz.

Budisteen ta katolikuen tarteko artu-emonak onak izan dira beti! Beste modu batera "propaganda" egin gura izan bada, amerikanuen guzurrezko propaganda gaitik izan da! Ta, irakurle, badakit zer diñotan! Maltzurkeria apur bat ona da; baiña larregi ez!

Viet-nan'en egundo ez da sortu budisten kontrako persekuziñorik, zeozer sortu bada be! Viet-nan'en katolikuek budistak persegidu dabela entzun badozu, au amerikanuen maltzurkeritsu bat baiño ez da izan besterik! Ta, zergaitik maltzurkeri au? Dg dinh-Diem —gobernuko burua— bera botateko. Persekuziñu ori dala ta eztala amerikanuak komunistakin batera jokatu dabe, bear bada eurek jakin gabe. Dg-dinh-Diem budista bonzuen kontra gogortsu jokatu ba eban be, budistan artean komunistak sartu ziralako izan zan! Bonzu bat erre zala bai katolikuen kontra ta bai protestanteen kontra "surru-murru" aterateko? Zergaitik erre zan? Nor erre zan? Pregunta oneeri komunistak erantzungo leutsoe ederto! Erre egin ete zan gero? Saigon'en erre zan bonzua sutara joan zanean "drogatsuen"-bat artunda egon ei zan. Onezaz ganera, zartsua izan bear izan eban; geiago oraindiño: joan baiño ariñago ilda egoala ba-diñoe! Zergaitik esan leike au? Bonzuaren erropak bakarrik erre ziralako; erreta gero gorputzak sirkiñik egin ezabalako ta atzik ez egoalako! Badakigu erretako gorputzak zelako mobimentuak egiten dabezan eta zelako atza botaten daben; ta au, medikuak izan bage! Au guztia ikusitakoak esanda dago!...

Periodikuetan idatzitako maltzurkerizko persekuziñua "komunistak eta amerikanuak" iruntsi dagiela! Egizko katolikuak egundo ez dau iruntziko! Politika sikiñaren kontuak, irakurle!

Bonzuen artean nagusien bi komunistak dira danen aurrean ta ganera amerikanuen "eskupekoa" artun dabenak!

Dg-dinh-Diem gobernuak 1.000 pagoda jasoteko dirua emon eban; katolikuekaz egin ez eban gauza, bera katolikua izan da! Ta, oraindiño, budistan kontra persekuziñua egin ebala esango dabe!... Dana, dana, dana maltsurkeri bat, mundua itsututa eukiteko! Ez gara ain tontoak, amerikanuak eta komunistak alan gura izanagaitik!

Ta, esandakoa gitxi bada, ona amen Ipar Amerikako obispuak esan ebena: "Trastornu orreen errua geuk daukagu!"

Dg-dinh-Diem il zanean paganuak ez-ikusintsuen bat euki eben presidentearen kontra; baiña orain paganuak Dg-dinh-Diem'en eriotza sentiduten doaz... Dana dala, danak diñoe: "Dg-dinh-Diem'k eriotzik ez eban merezi!"

Beste gauza asko esan geinke gai onetzaz; baiña ez daukagu tokirik.

Irakurle, konsejutxo bat emongo neuskizu: "Ortik irakurten dozun guztia era-batera ez ziñiztuteko!"

Saigon'etik zuen anai txiki,

Xabier Idoyaga


Naziño arteko goraberak. Zer pasaten da Santo Domingon?

Trujillo diktadorea il zanetik onera, ez da egon bake askorik Santo Domingo-n. Ez dot esan nai Trujillo bera buruzagi egon zanean bake on bat egon zanik, ez, zigorrezko bakea ez da bake ona-ta. Baliteke gaiñera Trujillo ugarte oneko erreboluziñoaren sustrai izatea. Au ez dakit ziur, baiña probabilidade aundiak daukataz esateko.

Dana dala an daukaguz orain kontau ezin alako amerikanuen "marinek", baita O.E.A.-ko soldaduak be eta beste mille organizaziñoak. Guzti oneik Santo Domingo-ko problema sakonegia erabaki nai dabe. Baiña, lastimea!, eurek nai daben modura erabaki gura dabe problema ori. Emendik datoz ugarte oneko egon-eziñak.

Norteamerikaren erruak

Norteamerikako presidenteak, Johnson jaunak, O.E.A.-ren baimenik barik sartu zitun bere soldaduak Santo Domingo-sen. Nun dago eurek amaika bider esaten daben "interbenziño-eza" ori? Noizko da urre zati eder ori? Berbaldietan erabilteko bakarrik? Gai onetzaz Kennedy-k egin eban biarra ia erdi autstuta gelditu da.

Norteamerikanuen interbenziño orren errazoia da —eurek diñoen lez— komunistak egotea erreboluziñoaren erdian. Baiña au demostratu egin bear da lenengo. Amerikanuak esaten ebenez 58 komunista aundi eiauezan Caamaño-ren ejerzitoa zaintzen. Errebista baten ikusi dot zelan grupo ortatik komunista asko beste nazioetara alde ebela, edo beste batzuk preso dauezala eta il be egin direala beste asko. Nun ete dago gai onen egia? Ez dakit ziur. Baiña dana dala, Norteamerikanuek arerio asko sortzen dabez ugarte onetan eta egoamerika guztian. Mosku-k beren indar guztiekin egiten dabezan baiño geiago.

Iñork be ez dau dudan izango komunistak emen be tajada polita atarako dabeela.

Ziur gagoz Caamaño Cuba-ko kastristakin dagoala? Ez dakigu.

Dana dala, gaur danok ikusten dogu argi gauza bat: diktadoreak jausten diranean, atzetik erreboluziñoak datozala. Erreboluziñoak badatoz, an datoz komunistak be. Obeto preparatuta egoten dira orreek erreboluziño orreitan joku zikiña jokatzeko, demokrazizko bierra egiteko baiño.

Orain arte Santo Domingo kapitalismopean eta kolonialismopean egon bada, eta erriak kontu artzen badau gai onetzaz, ez dau joko erriak beste lekuetan lez —nire ustez, ez dakit ziur au— demokrazira kapitalismo ori kentzeko, komunismora baiño. Baliteke orain bakea etortea, au da, armazko gerrea amaitutea, baiña danok dakigu bake ori azalezkoa dala. Santo Domingo-ko problemiaren soluziñoa ez da ori orain. Santo Domingo-n problema auxe dago: justizisko demokrazi problema. ¿Ze mentalidade klasek aldatuko ete dauz ariñago Santo Domingo-ko jenteak: demokraziskoak edo komunismokoak? Ara or ugarte orreko problema.

Santo Domingo-ko jentea kapitalismoz geiegi zaurituta dago eta ez da erreza orain zauri ori sendatutea. Santo Domingo-ko gizonak konturatu dira —komunisten bitartez— kapitalismoak eta kapitalistak egin deutsezen joko zikiñengan. Joku onetatik atarateko, ¿nora joko ete dabe: demokrazira edo komunismora? Istoriak edo gerokoak esango deusku. Beste Cuba txiki bat ameriketan? Ez litzake izango arritzekoa.


Euskalerriko ipuiñak

Mugarra ta Arranaitz

Buztintza'tar Errose'k eginda, ta Kerexeta'tar Jaime'ren ardurapean argitaratuta.

Antxiña, gure asabak praka laburrakaz eta ule luzeakaz ebizan aldietan, Mugarra ta Arranaitz, aitz jagiak, asarraldi aundiak izan ebezan, aundi-guraz eta ikusi-eziñez sorturiko asarraldi garratzak.

Illuntze baten, Mugarra aitzak Arranaitz aitzari abots itzalez esan eutsan:

— Eup!, Arranaitz! I baño ederragoa nok!, i baiño ederragoa...!

— Ni baño ederragoa? Nungo ederragoa, gero...? —erantzun eutsan Arranaitz'ek—. Alde batetik azana, bestetik ba'intzok be...!

— I baiño aundiagoa ba-nok, beintzat...

— Ezta aundiagoa be ez az i! Mañari'n, zeruaren urren, Leungane neure txuntxur jagia yagok-eta. Goren, Leungane yagok!

— Dana dala, bata naiz bestea dala, or konpon. Igaz, arroketu orregaz, ezin daitekek ezer jokatu. beti goren ibilten oituta ago-ta. Arboletara joko ba'neuk, orraitiño, nire bizkarrean zutik dagozan arbolak ikusi ta zenbatuko ba'eukez, ikaratu egingo intzake.

— Ajajaja! Ire arbolak dirala-ta, ni ikaratu? Ez yagok alakorik! Atze ta aurre, albo ta inguru, arbolez beterik ez nagok, ba?

— Tirok, ba, tirok ba... Nire bizkarrean larratzen diran ardi zuri-ederrak ikusiko ba'eukez, orraitiño... Amaika ardi ba-yabik emen bedar gozoz janaritzen! Eta txoritan, barriz, sai-arranotan eta osterantzeko egaztitan...

— Arditan, txoritan, abelgorritan eta danetan danera, i baiño geiago nok beti. I baiño geiago ta gorago beti-beti. Nire ondorako, zer az ba i...?

Ori entzunik, Mugarra asarratu egin zan; eta asarre-bitsetan orru ikaragarri bat egin eban; eta Arranaitz'ek be, orru bardiña egiñaz, asarre bizia agertu eutsan. Eta abots sendoz esan eban: "Goazan burrukara!"

Zer jaso ete-zan, adi ta zur egozan inguruetako artzaiñak; eta alkarri esan eutsoen: "Orreik, orretan asten ba'dozak, gure galdua! Ene, ene! Orrelakorik arean be jazo ez daiten, goazan guztiok gora, ta bakoitzari zati aundi bana kenduta, alkarregandik urrindu daiguzan: gauza onerako, bata bestearen urregi yagok-eta. Orixe egin bear yoagu gaur; bestela, artzain eta ardi, ementxe galduko gozak guztiok".

Artzaiñok, erabagia ederto egin eben: Arranaitz'i zati bat eta Mugarra'ri beste zati bat kenduta, arri-mokil aundi bi Aldebaraieta'raiño jaurti ebezan.

Ori eginda, gero, gura besteko bake gozoa ekarri ebela-ta, poz-pozik jarri ziran. Baiña, arein poza ta atsegiña, beste gau bateko jazokun batek otoz-otoan goibelduta itzi ebazan.

Gaba zan; illargi ta izar bagako gau illuna; enparau gabak baiño askozaz illunagoa ta itzelagoa. Gau bildurgarri aretan, Mugarra aitza barriro jagi zan, eta orru garratz bat egiñaz, esan eban:

Zerua illun dago, lurra illunago;

Arranaitz nagi ori, orain be lotan ago?

Eta beste bagarik, santzo aundi bat egiñaz, Arranaitz'i deadar aundiz esan eutsan:

— Eup!, Arranaitz! Iratzartu adi!

— Ez naiagok lotan! —erantzun eutsan Arranaitz'ek.

— Arranaitz: ire ganean baiño nire ganean artzain geiago yabik...

— Irean baiño nirean geiago —erantzun eutsan Arranaitz'ek—. Zenbat daukazak, ba?

— Santzoka zenbatuko dauadaz oraintxe!

Eta "ujujuka" asita, ogei santzoraiño egin ebazan. Arranaitz be santzoka asi zan; eta ogetabat egin arte ez zan geratu.

Orduan be, artzaiñak, estutu ta ikaratu egin ziran; eta gau-utsez batzarra eginda, zozketa egitea erabagi eben: zozketan zoria izan egiana, Gorbeia-mendira bialtzeko. Ori eginda, zoriak, alan bearrez be, artzaiñik gazteena jo eban. Eta artzain gaztea, biderako janaririk asko aldean ebala, bere artalde ederraren atzetik, Gorbeia'ra joan zan: alan, aitz bakoitza ogeiña artzaiñegaz geratu zan.

Aurrerantzean, guztiak beti bakea izan eben; eta urrengo gabak, illargiak eta izarrak argi-argi egiñez, gau gozo-zoragarriak izan ziran...


Euskalerriko altara nagusian. Gazteri barria sutan

Goizeko ordu bietarako eldu ziran gazteak Arantzazuko eleizara. kantari. Gorputzak nekatuta, zama baiño biotza kantariago.

Nik, lentxoago, kamiñoan zear igoten ikusi nebazan gaiñe batetik. Bat, gazteri sutsu ori ikustean, Euskalerriaren etorkizunean pentsetan asten zan, ia kargutu barik. Gazte bat ikusten dogunekoxe, zergaitik pentsetan dogu beti geroan? Gaztea etorkizunari lotuta dagoalako, buruz baiño biotzez lotuago, askotan. Joanari baiño datorrenari lotugoa dagoala gaztea esan geinke. Orregaitik pentseko neban nik, segurutik, etorkizunean.

Bitartean, altabozak garraxika ziran: "Gazte maiteok, kristiñau izan bear dozue. Apostolu izan bear dozue zeuon bizitzan. Orren eske daukozue Kristo". (Etzarie akordetan, gazteok?)

Eta batek pentsetan eban, bere kolkorako:

"Oneek danak erantzungo balebe, zer, zer gertatuko ete litzake emen!"

Kristautasunak eta Euskalerriak beste arpegi bat artuko leukie.

Garbiagoa, gazteagoa. Indartsuagoa.

Geroko gizartea egingo daben gazteak Arantzazun ikusi nebazan, Amaren aurrean, otoitzean, kantari.

Amaika urte dirala, urtero urtero, agoztuko azkeneko domeka goizaldean millezka gazteak ikusten ditu Arantzazuk, gau ibillaldian etorritakoak danak. Gipuzkoako gaztediaren ibillaldia da izan, baiña, onezkero, Euskalerri osokoa dala esan daikegu, Euskalerri danetik datoz etorri be-ta. Bizkaitik, esate baterako, neiko etorten dira, naiz-ta ez bear beste. Nik dakitanez, aurton Gernika aldetik, Bilbotik eta Bermiotik etorri dira. Frantzi aldetik be banaka batzuk etorri ziran, askotaz gitxiago.

Bat... bi... eun... milla... zortzi milla... amar milla...

Ez dakit zenbat. Beste urteetan lez, ortxe-ortxe, gitxi-gora-bera. Arantzazuk artu eban betekadea beintzat. Eleiza topetaraiño beteta egoan, koru, altara ta guzti; sarrerako eskeillarak be beterik, ta apurtxo bat geiago plazoletan. Igazko antzean. Amar milla inguru.

Organizaziñoa, dana joan zan ondo, beste urteetan baiño obeto.

Egualdia be gazteen alde egon zan aurton. Parrandan egiteko gau ona bazan, etzan txarragoa, taka taka, Arantzazura igoteko. Oñatitik Arantzazurako ibillaldia (9 kilometro) errez egin jakenla —esan eustan gazte batek—, altabozetatik esaten eutsena entzunaz batean.

Altabozetatik berba egiten jake gazteeri, eureri ardura detsen gaieri buruz. Beti be gai biziak eta sakonak eta interesgarriak emoten jakez, ulertzeko moduan birrinduta, gero eurek bizitzara eroan daiezan. Al dan neurrian, Kristautasuna bear dan moduan bizitzera erakusten jake, ta ez da gitxi.

Berbaldi oneek dirala-ta, beste gazte orretariko bategaz jardun neban gero, ta esaten eustan onek:

— Bai, gizona, bai, geure birtuteak be agirian jarri dittuez, ta batez be oneek, egia esateko. Gure justizi gura, gure deskonformismua gauza askorekin, politika ta gizarte egilleak izan bear dogula konturatutea-ta, ez dira birtuteak, ba?

— Zer eskertuko zeunskio geien ibillaldi oneri?

— Batez be nik eskerten dotana da Kristianismuak gaurko munduaren problementzako erantzun egoki bat ba daukola argi ta garbi erakutsi deuskuela izlariak, beste edozein ideolojiak baiño askotaz geiago, Marx'enak baiño geiago. Garbi ikusi dot nik ori. Niretzat, benetako Kristau izatea zer dan ortxe erakutsi deuskue. Ta onek poza ta kemena emoten deusku gazteori, lengo izakera ta egitura askokaz konforme ez gagozalako.

Gazte au pozik egoan beintzat. Ta nigaz berbetan egon ziran beste danak be, bardin iñoen.

Atxarteondo


B. I. B. V.-tik artutako albistak. Jainko-Arrietako barriak

Berrogeta amar urtean, Jainko-Arrietan kamiñu bat euki dogu egin ezinda. Beti gura, baiña au dala-ta bestea dala, beti bapere ez. Milla ta bederatzireun ta amalaugarren urtean lenengoz subastau zan egiteko asmoz; lau urte geroago, bigarrenez. Baiña, goikoak edo bekoak edo albokoak, beti zerbait; egin barik gelditu zan.

¡Ordua izan da, gero! Amaitu da bide au. Gure guraso zaarren ames zaarra, be-te da.

Gaurko gazteak lenagokoak baiño askozaz txarragoak gariela diñoe. Baleiteke orretara izatea; baiña guk, lenagokoak ikusten ez ebezan gauzak, ikusi, deskubridu doguz.

Alkartasunaren indarra ta bear-izana ikusi dogu. Alkartu gara ta bidea egin dogu.

Gizon eta kristau legez bidea egitera oso bearturik gengozala ikusi dogu. Origaitik, gizon eta kristau izateko egin dogu bidea.

Dirua ez dala beti Bankuan sartu ta eukiteko, ezpadabere, gizonari laguntzeko ikusi dogu. Ori dala-ta, bein beintzat, joan gara Bankura; ez dirua sartzen, ataraten baiño. Danon artean milloi erdi pasau emon dogu.

Apur bat baztartutako baserriak ezin genduzala biderik barik itxi, ikusi dogu.

Ta danok alkarturik, eurei bere, euren etxietara kamiñu nagusitik bide ederrak egiten lagundu deutsegu.

Laster bide oneik, bere ardurapian, artuko ditu Diputaziñoak. Txapel gorrien bat, bere atxur, karretilla ta abar jarriko deusku bide au jagoteko.

Emon diran diruak eta egin diran bearrak, danei burutik joan yakiez. Danak pozez beterik, Ipar-amerikanu zaarrak bere bai, euren automobil eta motorrakaz, gora ta beera.

Ete dago alkartasunagaz lortu ezin leitekean gauzaren bat?


Erriz erri

Markiña

Figuraldia

Aprilla eta Mayetza, euritzuak izan ditugu. Bedarra ugari egon da baztarretan; ezin izan da, baña, bedarrik igartu bagillaren erdira arte. Euria sarri, edo lañopian beti egon gara. Au dala-ta, artoak txiki eta erkiñ agiri dira alde guztietan.

Eskola autuak

Escuela Laboral Parroquial'eko azkenengo urteko mutillak, reválida'ko azterketa edo esamiñak izan ditue Elgoibar'ko Eskolan, bagillaren 23, 24, eta 25'ean. Ogetabat gaztek amaitu ditue euren ikasketak, eta "oficial" mallako eginda urteten dabe Eskolatik; batzuek "ajustadore", beste batzuek "tornero" edo "fresadore" izango dira.

Mertzedeko monjen ikastetxe edo Kolegioan, bagillak 24, Doniane egunian, jai polita egin zan, urteko ikasteai amaia emoteko. Saribanaketa bitartean, abesti ederrak entzun eta dantza politak ikusteko aukerea izan zan. Markiñako ume eta neska-mutil gazteak, ba dabe erreztasuna gauza asko ikasi, eta bizimodurako gertetako!

Kristiñau-ikasbideko azterketa edo esamiñak bere izan ditugu parroquian. Neskato-mutikotxuek alegiñik asko egin dabe kristiñau ikasbidea ondo ikasten.

Elizkizunak

Liturgi barriko gauzak, apurka, indarra artuaz doaz gure artean. Euskeraz edo erderaz, meza santuan, geruago eta egokiago parte artzen dau erri osoak. —Azkenengo aldi onetan, elizkizun bi ederrenetarikoak izan doguz: Gorpusti egunekoa eta Jesusen Biotzarena. Bai eleizan eta bai ondorengo eleiz-bira edo prosesiñoan ederto abestuten ebela gure gizonak!— Beti, baña onelango jai ospetsuetan batez bere, ez gara aztuten erbestean, etxetik urriñ dabizen markiñarrakaz. Eurok, emen beste aukera ez dabe izango elizkizunetara elduteko; alan da guzti be, euren kristiñau eginbearrak edonun eta ainbat onduen betetako danak gogoratuko dirala uste dogu.

Erriko barriak

Mundu zabalian entzute aundikoa da Markiñako "frontoia" edo pelota lekua. Ba eukan barriztau bearra... eta ederto barriztau eta atondu dabe. Ikustekoa da! Pelota jokua ikusteko, izan leiteken egokiena gelditu dala diñoe.

Iturreta auzo-unerako bide barria ederto geldituko dala uste dogu. Lanian gogor diardue. Aurtengo uda-aldian amaituko al dabe!


Memelo artzaiñe il da

 Bizkaiak, bere mendietako artzaiñik zarrenetarikoa galdu dau. Zazpi urtegaz azi zan ardiakaz Sollube mendian gora ta beera. Beste mundura irurogeta amar urtegaz joan yaku.

Eulogio Maiz, bere izena. Semez Busturikoa. Sollube aldian "Memelo" gaitz-izenez ezagutzen eben. Bere aitagaz (artzaiña) ardi-zaiñ ikasi eban. Memeloren aparteko begia ardietarako ikusirik, bere aitak, ardi errebañua itxi eutson, ta beste semeari baserri-etxea.

Bere etxetik, gaztetxuterik urtenda, Sollube mendian izan da. Geien euki eban sasoian, bosteun bat ardiren eta eun bat auntzen jabe ta jagole izan ei zan. Bere ardiakaz guztiz arduretuta bizi izan da. Menditik bai oso gitxitan jatsi. Leza-zuloetan ainbeste bidar, ardi-narru baten ganean, eta onenean, bere txabolan lo-egin.

Gaztetan ezer ikasi ez, eta gero bakarrik bizi; legezko ondorengoa, bere bizitzan gizonaren berezko alderdi onak, eta eskola ta edukaziñoak osotu biar zituan utsunak agertutea. Orrelan ikusten dogu "Memelo" artzaiña. Gizon beargiña ta biotz zabala. Besteak bere, orrelakoak zireala uste eban. Eukazanak eta ez-eukazanak, menditik urtetan ebanean, kendu-egiten eutsiezan. Ardi, bildots, lana... iñok baiño geiago agindu ta erosten eutsiezan, urrengoan ordaintzekotan. Ta ori, urrengoan ordaintze ori, ezan iñoiz be eltzen. Ezekian zer egiñ eukiten eban diruagaz. Mundua ezeban ezagutzen, eta ezekian zelan jokatu.

Oso beartsu eta abandonaurik il da ainbeste almen berezko izan eta ainbeste bear egin eban "Memelo" artzaiña.

Bakarrik bizi ta bakarrik il. Ezeban bizitzan lo egiteko ta ez eriotzan ilteko ogerik izan. Etxean jaio, etxetik urrin bizi ta etxetik urrin il.

Munduari "Memelo"-k ez deutso ezer zor, baiña bai munduak "Memelo"-ri. "Memelo"-k ainbeste emon deutso munduari, ta ezerbere ez munduak berari.

Artistea, deportistea izan balitz; alan bere, beargiña izan ez balitz, ainbaten munduak aintzakotzat euki eta, radio, periodiku ta rebista ta abarrek, azken-agur beroa egingo eutsen. Baiña, irurogeta iru urtean artzaiñ apala besterik izan eztalako, orrek ez dauko gaurko munduarentzako meriturik.

Ez zaitu ezagutu, "Memelo", ez aintzakotzat artu, ta azken-agurrik egin munduak, Bizkaiak. Baiña, bai ezagutu, aintzakotzat artu, agur beroa egin Jainkoak, orra eldu zarenean; ezta egia ori, "Memelo"?


Euskalduna naiz

Euskaldun berri bat izan nahi dut. Aspaldi ezkeroz euskera ikasten nator. Arantzazu'n Gandiaga aitarekin; Forua'n Intxausti'kin asko ikasi nuan, eta Nobiziaduan ezer ez. Baiña hemen, eta batez ere Arantzazu'n euskera goitu behar dut.

Euskera ikasi nahi dut, nik, Euskalerria'n jaio nintzalako, eta nere aitaren aldetik euskaldun naizelako. Sermoiak ere euskeraz egiteko nik euskera ikasi nahi dut: nere ametsik ederrena hau da.

Besteek euskera ikasi dute, eta nik zergaitik ez? Gero gerokoak, euskeraz egunen batean hitzegingo dut.

Gernika'koa naiz ni, eta Gernika'koak gero ta gutxiago euskeraz hitzegiten dute. Ta nik oraindik gaur hitzegiten duten haien artean izan nahi dut.

Hitzaldiak ondo aditzen ditut, baiña hitzegiten ez dakit. Zaillena niri zait aditza, eta errezena hiztia.

Nere atzegiña da nere lagunekin hitzegin; honela asko ikasten da. Baiña gutxi hitzegiten da hemen eta horregaitik ez dezaket nahi haiña ikasi.

Baiña, dana dala, euskera goitu behar dut. Ta orduan egiaz esan ahal izango dut:

"Euskalduna naiz!"

Meaza'tar Gillermo


Gipuzkoako segalarien apostua dala-ta

Jauregi baserriko barrutian egingo ei da aurten Españi'ko segalari jokua, Hernani'n il onen 26'an.

Eta lau bakarrik izango ei dira oraingoz urtengo diranak: Garagarrillaren 20'an jokatutako biak: bata Astigarraga'koa ta bestea oiartzuarra, ta beste bi; auen izenik oraindik ez dakigu. Launak gipuzkoarrak dituzu.

Bizkai-Santanderretakoak be deitu ei zituzen. Baiña ez ei dira ausartzen. Izan be, Gipuzkoa'n darabilten sega bestelakoa da. Eta oraindik beste biok sega-klase ortara oitu gabe egon nonbait.

Sariak. Lenengoak, 20.000 pta. ta Butano trofeua; bigarrenak, 15.000 pta; irugarrenak, 10.000, ta laugarrenak, 5.000 pta.

Onelaxe gauzak. Segalari gitxi dagola, alajaña. Oraindik gure baserritarrak ez daukee segan egin gabe bizitzerik; ta nola ez da, ba, bizikletarako-ta erako zaletasunik sortzen? Alde batetik, jokalariak alkarrekin jokatzen eben dirua ezik, sari gitxi izan dala uste dot. Bestaldetik, barriz, orain, sega batetik bestera alde batzuk ba dagoz. Agian, Giputxekaz ezin ditugu neurtu besteak. Arek denpora laburrean lan aundia egin daikee. Orduan guk zergatik ez dogu artzen sega aixe?

Une laburrean lan aundia egin beti be aurrerapena da. Baiña berba onekin be kontuz ibilli bear dogu. Ori, berez, lanerako bakarrik da aurrerapena. Ta askotan lanerako aurrerapen oiek gizona eta gizonaren burua galtzen dabe. Esate baterako, Gipuzkoa'ko sega oiek, naiz denpora laburragoan lan geiago egin, gizona geiago beartu eta nekatzen dabe: makurtuagoa ibilli bear dau lanean, indar geiagorekin jardun; beti larrituagoa gelditzen da. Ba, edozein lanerako aurrerapenak be gizonari kaltea ekarri daioke. Askotan, indarrak ez galduarazi arren, burua edo nerbioak ondatzen dautsoz.

Orregaitik, Gipuzkoa'ko segak gureganatzeko bakarrik ezik, makiña barriak guregana letozkenerako be prantatzen saia bear dogu. Gitxi esan dot: Gipuzkoa'ko segak baiño kalte geiago dakarkigue makiña barri oiek, ondo prantatuta ez bagagoz.

Makiña barriak artzeko ondo prantatuta egon: ona emen azkenengo prolemea. Ez da ain erreza ondo prantatuta egotea. Ontarako gauza asko euki bear dira kontuan: lenen lenen, lagunurkoaganako karidadea; ta, gero, bakotxak bere soiña ez daiela ondatu tresna barri orrekin.

Joxe Arzallus


Ego-Ameriketak. Ze bidetik jarraituko?

Ego-Ameriketako barri askoren jabe izango zarie onuzkero, ta aiñ zuzen be, ez da gaur ez aldizkari, Egunero-ko edo garrantziko papelik gai onetaz mintzatu eztiranak. Gaur bertan ango gerrilleroen goraberak asko zeresana emoten dautsie mundu guztiko periodikueri:

"Kolombia-n gobernuek konplot komunista bat arkitu dau", "Ekuador-en Ipar-Amerikako embajada-n bi bonba apurtu dira". "Barri bildurgarriak Venezuela, Brasil ta Mexiko-tik".

Periodikuen baten leidu aal izan dodaz Kolonbia-ko gerrilleroen —"bandidoak" be ba dirautse— egiten dabezen txarkeri ainbat. Oraiñ, bada, egoera negargarri onen suztraietaraiño sartu bierra daukogu azalezko ikuskizun bategaz arki ez gaitezen. Zelan ta zegaitik arkituten da jentia gerrillerotzan? Auxe argitaratu nai neuke oraiñ.

Ego-Ameriketan sarri gazte asko guraso gabe arkituten dira txiki txikitatik, narru-gorrian, ez zer jan ta zer jantzi. Gosea asetzeko lapurretara jo bear. Lapurreta gaitik, barriz, polizien makillea ta kartzela. Ondoren, gazte auen reaziñoa: makilkadatuak ta kartzelaratuak izan diralako gorroto itzela polizieri; ta askenez, beren burua soziedadetik sakabanatuta ikusirik, gorroto itzelaz josita gerrillara jo.

Orretarako baso ta mendietara abiatuten dire. An baidituez gorde-kabiak eskutauteko. Baserritarrak lenengotan kontrea agertuten dautsee, baiño gobernu jentearen aurka jokatuten dabiela ikusita al daben guztiegaz lagunduten dautsee. Basoan edo errian gerrilleroen bat poliziekin izandako gerrean ilten ba da, erri guztiak negar egiten dautso. Gorrotoa ta txar-ilten ba da erri guztiak negar egiten dautso. Gorrotoa ta txarkeria besterik ez daben gerrilleroak. Eleizaren ta gobernuaren aurka jokatuten daben gerrilleroak. Erri osoaren maitasuna ta oroimena izaten dabe. Zer dala ta?

Orra argitaratu bearrezko itaune bat!

Eleizeak eta gobernu jenteak —maixu diranezkero— sufrimentu ta fedea erakutsi dautso erriari. Baiño sufrimentu ta fede bizitzako leziño ori iñundik ez jako ageri ez eleizeari ezta gobernuari. Ta jakiña, erriak ez dau sinistu gure ez eleizean ezta gobernua, onen ganako fede ori galdu bai dau-ta.

Erriak ikusi dau langilleak, pobreak maitatu ta sinistu bear dabeela. Aberatz ta al dabienak maitasun, sufrimentu ta fede konturik ez dabela ikasi gure. Ta jakiña, erriak eleiz ta gobernu ganako siniste ori galdu egin da.

Zer egiñ?

Ego-Amerikak bere prolemak onbideratu nai ba ditu bide bakarra dauala esango neuke. Ta bide bakar ori jarraitu ez ezkero ez ditu bear dan legez bere prolema korapillatuak aztertuko. Erriak jokabide ori artu ba dau ez jako gogoko izan, derrigorrezko bidea baiño.

Eleizeak eta gobernuak gauzak kondenatu baiño aurretik, erriaen jokabideen suztraiak aztertu bearra dabe. Erriak beste era batean jokatuteko aukera bide ori omen bear jakola ikasi dagiela, bestela erriak era berean jarraiko dau. Ta au ez bakarrik teoriz, egintzaz baiño. Aurreneko, eleiza eta gobernu partetik asi bear dau jokabide barri onek. Bestela gauzak lengo bide gaiztotik aldatuko bai ete dira? Oraiñarte ez dira aldatu beiñipeiñ.


Musika ta dantza euskal folklorean

Ogei ta amar euskal dantzari Inglaterra'n Llangollen'go jostaketan Galdakano'ko "Andra Mari" taldea garaille

Pasa dan Iraillean izan da Inglaterra'n, musika ta dantzaren gain billera ikusgarri bat. Bertan artu dabe parte ogei ta bi enderrik. An izan dira Alemania, Italia, Yugoeslabia, Rusia, Inglaterra, Noruega, Bulgaria, Portugal, Txekoeslobakia, ta beste asko.

Gure Bizkaiko artistak oso ondo portatu ziren. Musika kontuen bigarren saria etara eben eta dantzan irugarrena. Juraduko askok "Andra Mari" taldeari emon eutseen lenengo saria, baiña beste batzuk eziran konporme ta askenean bigarren ta irugarrenakaz gelditu biar izan eben. Baiba, gure "Andra Mari" taldeak oraindik entzute aundirik be ez naziño artean da, nola emon lenengo saria?

Gure gaztien dantzaketa, ikusgarria izan ei zan benetan; juraduentzat be uztegabea.

"Espatadantza" ta "aurresku" bat antzeztu eben. Dantza politagorik, indartsuagorik ta ariñagorik ez ei da sortu. Dantza onetan erakusten da zabal zabalik euskal anima. Ementxe erakusten dau euskal animak zabal zabalik bere trebetasuna ta garbi usaia.

Ango entzun-ikuslei atsegin izan jaken gure euskal taldea. Ta jostaketa amaitu ondoren nunnaitik deituak izan ziren, euren enderrira joateko. Ta laister asi eben euren jira-bira. Ta or ibilli dira Europa'ko erri sonatuenetan. Telebista ta irratia, geienetan euren ondoan izan zituen. Berba batian esateko ez eben somatu orrenbesteraiño izango zanik. Onek erakusten dausku ze, gure jolasak garbiak eta santuak izanik badaukiela bizia ta indarra beste edozeñen aña edo geiago.

Beste guztiek lez, Douai'ko alkateak, danari armosu ederra amonaz, oso berba goxo ta alaitsuakin agurtu ebazan. Ba berak esan legez, dantza ta kantu aretan ikusi eban euskal erri ta euskal anima oso osua ain sutsu ta indartsu.

TXOMIN