ANAITASUNA

MAIATZA (5), 1965 — XI URTEA — Núm. 124

Dep. Legal S.S. 1092-1959

Zuzendaritza: Bilbon. — Arantzazuko Irarkolan.


Zenbaki onetan

* ARTU-EMON BAT

* MENSE MAIO

* PAULO VI-REN ENZIKLIKA BARRIA

* GAZTEDIAREN JAIKIA

* IPUIÑA (KEREXETA)


Lurralde barri bat

Euskaldun mixiolariak, oraindik beste arlo bat artungo dabe euren babesean. Mixio-lurralde ori Korean dago kokatua; ta Arantzazuko prailleen ardurapean itxi dau Eleizak.

Baltzen eskubideen alde

Estados Unidos-ko agerpen baten, baltzen aldra luzearen aurretik monja ta eleiz-gizonak ikusi alizan dira. Billerea, baltzak beste edozeiñen beste eskubide dituela adierazi ta eskatuteko izan da. Ta ainbestek gura izan arren, ezin izan dabe batzar ori sakabanatu; bake-bidetik izan daitean bitartean "gizonen biltze ta alkartzea zillegi ta bidezkoa dalako" (Pacem in terris).

Gernikak 600 urte

Datorren urtean, Bizkaiko kondea zan Tello-tar Juan Jaunak Gernika uritzat izentatuten eban agiria zabaldu zanekoaren seireungarren urtea.

Euskaldun biotzeri sastada emoteko bestekoa izan daiteke barri au.

ALMIKE


Arratiako nekazarien kooperativa barria

Urte asko ta izardi ugarien frutu mardula "Arratia-ko "cooperativa" auxe. Badaukagu gure artean baserriaren alde ekindako beste ekiñaldi egizko ta eginkor bat.

Zortzi erri atean 200 lankide bildu dira eta ereiteko lurra 1.000 ektariatik gorantz doa.

"Cooperativa" onen elburua: lurrak mekanizatu ta bitartebako salneurriak lortu, "zona de norte"-ko beartasunak osatuaz.

Egite baten aurrean

Euskalerriko gaztediaren artean egite bat dago ukatu ezin daikeguna: erderaz "exodo rural" deritxogun ori. Urte gitxitan mobimentu onek geroago ta indar geiago artuten doa ziur. Igarotako lau edo bost urteetan batez be geien indartu dala esango neuke. Ugariak dira erri guztietan utzitu diran baserriak edo lur geienetan piñua jarriaz, tallerretara jo dabenak. Batez be gazteak dira arlo ontan gogorren agertu jakuzanak. Zergaitik baserritarren iges-egin nai ori?

Gai ontan estadistikaren bat egingo bageunke, lumeroak xamar aundiak izango litzakez. Iges-egin nai ori ezta bakarrik Andaluzia ta Extremadurakoa, euskal-errikoa bai da seguru. Estadistikerik ez dauanez, Fruniz neure errian gertatuten dagoana esango deutsuet adibidetzat, beste erri asko be gitxi gora bera ortik ibilliko bai dira-ta.

Fruniz Sollube azpiko erri txiki bat dozue: 150 baserriko erritxoa. Oraindiño baserri danak beteta dagoz. Amar urte onetan ba dira amabost bat barriak egindakoak eta beste ogetamar inguru barriztutakoak. Alan da be gaztediak kanpora jo dau. Asko dira joan diranak eta eztira gitxiago joateko asmoan dagozanak. Maiorazgo geienak ba ez dabe baserrian egon gura. Alan da ze, geienetan gurasoak dira bakarrik baserriko lanak aurrera eroaten dabezanak. Gaztediak ez dau ezer jakin gura baserriaren kontuz. Eta ezkontzarakoan al dabenak Mungi, Galdakano edo olako errietara ezkondutea obeago deritxoe.

Ezta, ez, gaurko gaztediak joera barri oneek artuaz barritasun utsa billatuten dabena, bizitza dexenteagoa baiño. Eta or arrazoi naiko daukee, oraindiño gure baserri geienak gizonari jagokozan beartasunak betetzeko xamar urrun dagoz benetan da. Gure baserriak akats asko daukoz, gazteak konporme geldituteko, danok ondo ezagututen doguzanak. Munduan gagozenez eztau iñork lortuko zerurik. Beti eta edonon bete bearko dogu eguneroko lan aren agindu zailla; baiña munduan biar egiteko ta bizitzeko era asko dira ta egokiak eztiranak, al danez zapaldu bearrekoak. Iñoiz entzundako axe eztot oraindik aztu. Ara: baserri batek amar urteroko talde guztietan gizonari jagokozan beartasunak osatzeko altasunik ezpadauko, obeto gaur berton beste era batera joten asi. Gaztediak ez ete dau orixe bera asmatu?

Baserriaren alde egin zeozer, Agraria ta Ahorroko Kaxaeren partetik. Baiña oraindik ukatu ezin leitekezan akats ugariak dagoz. Zelan konpondu baserritarren egizko egoera zail au? Gaurtik gaur "cooperativa agricola"-tan dago erabakirik onen eta ariñena.

Zortzi erri batasunean

Gai ontan Arratian egindako lana garrantzi aundienetarikoa da ziur. Zortzi erri: Yurre, Lemona, Beidia, Dima, Arantzazu, Kastillo-Elejabeitia, Billaro eta Zeanuri dira "cooperativa agricola" bat egiteko batasunean bildu diranak; danen artean 200 sozio edo lankide. Lanak ugariak eta latzak izan dira; baiña azkenean Marti-ko 7-an baimen danak lortuaz izan da lenengo batzar nagusia. Batzar ontan "cooperativa"-ko nagusi eta beste 15 ordezko aukeratu ziran. Ara nortzuk urten eben nagusi: J. Beitia jauna, Lendakari (Kastillo-Elejabeitia); I. Altaraz, ordezko (Yurre); E. Etxebarria, sekretario (Lemona); F. Elezkano, tesorero edo diru-zai (Yurre) Arratiako ibarra osatzen daben beste erri ta ausoetako 11 bokal be aukeratu ziran.

Okela, esne ortuko frutu...

Zelakoak dira "cooperativa" onen aaltasunak? Iru milla ektariatik, milla labrantzarako dira; besteak, barriz, piñudi ta piztientzako. Piñudiak garrantzikoak badira be, gaurkotik "cooperativa" onek okela, esne, pensu ta batez be ortu ta labrantzako gauzetarantz jo dau. Lan au bearrezko bidetik joaten bada, ondore bereziak ekarriko dauzala jakiña da, batez be salneurrien merkatasunean: Bitartebako saltzailleak dakarrena. Onek baserriaren "diktadoreak" dirala esango neuke, baserritarren eta konsumidoreren bitartean eurak ain gura daben beste atarateko eran bai dagoz. Zera gertatuten oi da batzuetan okela eta esneagaz, esate baterako.

Arratia, itxaropen barria

Ille asko barru Arratia-ko "cooperativa agricola" onek artuko dau jagokon indar eta eginkortasuna, lenengo pausoak emonda egon arren. Eztira paltako korapillo ta larritasunak, garaille izateko ez-baitasunezko bide iztutik beti pasa bear bai da. Baiña erabakia batasunean dago ziur. "Batasunetik dator indarra" esate ori ezta bakarrik telebiziñoko programa edo agerkai bakarrik, sozial-ekonomikako lenengo ta garrantzienako legea be ba da.

Erri askotan egin dira baserriaren aldeko lanak: Markiña-n, Gernika-n, Mungia-n t. a. Arratia-ko ekiñaldi au garrantzienekoa izango dala uste dogu; beintzat orain arte egindako biarrak orixe eragin diñoskue. Zortzi erriren batasun atsegingarri orrek besterik susmatu al leiteke? Ondoreak izan daitezala egindako lanari jogokezenak!

Lerro onek ez dotaz amaitu gura, edei ori egiztu daben guztiei zorion bero bat bialdu eta gure ANAITASUNA-ren edozetarako laguntasuna eskeindu barik.

Lan onek argi bat biztu dau baserriaren alde. Argi baten lelengoko txingar mea bear bada, su aundi ta gogor baten oñarria izan naian. Bete daiela lenbailen gurari eder eta ain bearrezko ori.


Zuek eta gu

Artu-emon bat

Egun batzuk dirala Iñaki Arregi-rekin artu-emon bat izan neban. Iñaki mutil jatorra, Markiñarra bera izan be. Urte askotan gure errebista "Anaitasuna"-ren arpidedun. Beraz, emen jarriko dotaz artu-emonaren ondoreak.

— Iñaki, ainbat urtetan gure errebista au irakurten dozunez, zer deritxazu gure errebistea.

— Gure Bizkai maiteko euzkeraz eztot arkitzen obiagorik. Eztiñotsut ez dagoanik ee... nik eztotela arkitzen baiño. Nik neuk goitik beeraño leitzen dot. Eztot esango beste erderazko errebista ederren parekoa danik, baiña... tire... babepaza baiño asko obiagua beintzat. Errebista onetan euskeraren alde bier egiteko borondate ona ikusten dot. Ikasi asko ikasten dot errebista onetan: batian baserri kontua dala, bestian ezkontz kontua, gaur mariñal kontuak, bixer sozioloji piskat eta beste gai asko.

— Badakizu zuk seguru asko gure errebistaren neurri edo formatoa aldatu egin dogula. Aldaketa orrekin ba-dau irabazirik errebista onek?

— Bai, mutil, bai! asko gaiñera. Len txatxarra zan eta ebagi barik ekarten zan eta kostaten zan jakitia nun segitzen eban urrengo orriak.

Orain barriz erretza da. Nik gusto-gustora artzen dot eskuetan eta periodikua izango balitz lez leitzen dot. Orrela segitzen badau laster elduko da euskalerriko errebistarik onenera, seguru egon. Ni errebista onen arpidedun naz eta arpidedun ilko naz.

— Errebistan darabilgun euskerea dala-ta, lantzin bein kezka batzuk izaten doguz. Gai onetaz ze uste dozu?

— Bai, bai; euskera garbia bear litzakela eta errikoa bear litzakelaz ezta berba gitxi egiten gure akademikuen artien. "Anaitasuna" errebista ortan iru klaseko artikuluak topaten dotaz. Batzuk izaten dira euskera garbikoak, baiña gatxak dira entenitzeko. Beste batzuk ez garbiegi ez zikiñegi topaten dotaz. Beste batzuk, ostera, erderazko berba askogaz. Nik neuk bigarrena nai nuke. Baiña ori ezin bada, irugarrenera joko neuke errezago lenengora baiño, ze irugarrena beintzat entenitzen da, baiña lenengoa... gatxa izaten da eta fabrikan bierra eginda gero eztot izaten berba gatx orren zeresanaia dikzionarioan topetan ibilteko gogorik. Jenteari ez jako bierrik eragin bear errebista baten, lendik dauko naikoa-ta. Euskerak garaitzea nai badogu, erderazko berbakerea baiño errezago egin bear jaku. Bestela, erderea errezago egiten bajaku, arentxengana joten dogu. Origaitik, ba, errikoa, errikoa egin!

— Errebistaren ikuskizuna gustatzen jatsu, ala txukunago nai zenduke?

— Errebista onen kalidaderako onak dirala uste dot. Batez be tituloen eta fotografien kolokaziñoa arte askokin eginda dagola uste dot. Baiña emen be batzutan orratiño izaten dotaz bierrak titulu osoa topetan. Nik naigo dot gauza xinple eta polit bat alako gauza enrebesatua baiño. Fotografiak gaurkoak eta geitxuago etorriko balitz asko be obeto.

— Eskerrik asko, Iñaki zure mesedeagaitik.

 Irakurleak, oar bat: Zuek ba-daukazue ezer esatekorik Iñakiren kontra edo errebista onen kontra? Gustora artuko gendukez zure kritikak. Idatzi nai dozuzanean. Orrela errebista onek irabazi egingo dabela uste dot. Ementxe, errebista onetan argitaratuko doguz. Eskerrik asko!

***

Oar bat

Iñaki lako jende presto asko bear doguz gure aldizkari onetara bere lantxoak bialdu aal deuskuezenak. Orixe bera nai dau esan be zailla onen buru jarri dogun tituloak: Zuek eta gu. Danonarteko artuemona, orraitiok.

Norbaitek edozer bialduteko gogorik badeu, lenbailen biali daiala. Bereala argitaratuko dogu aurrerako lumeroan, ta pozik argitaratu be. Baleiteke iñor ANAITASUNAN darabilgun gai edo beste edozerrekin konporme ez izatea... Ortarakoxe, bada, jarri dogu toki auxe ANAITASUNA-ko orrietan. Ea ba saiatuten bazara irakurle zure iritxiak emoten errebista edo beste edozeri buruz, gure Iñakik egin deuskuan lez. Ezer idatzitakoan Arantzazuko prailleetara bialdu:

ANAITASUNA VIZCAINO

PP. Franciscanos. Aránzazu.


Gaztediaren jaikia

Beti izan dira munduan gazte ta zarrak. Gizaldi bakoitzak, beragaz batzuentzat Udabarri, ta beste batzuentzat Udazken dakar.

Dana dala danori joten deuskue urteak; ta len gazte ziranak, gaur ule zuria erakusten dabe. Orrela beti jatorku kezka bardiña, ez eskatu gure zarrai gaurko barrikeriak maitatuteko. Alperriko jarduna litzake. Zarrak gazte aldiko kontuak maite ditu: orduko jolasak poz ematen deutse; orduko eratan beti nai dabe bizi ta ez gaurkoetan. Alan izan da beti; ta alan gertatzen jaku gizaldikuori be.

Gaurko gazteak, alabaña, zarren konturik ez ditue entzun nai. Joan diran urteak ondo joantzat emoten ditue; ta lenbailen lurperatuko baditez, ez leukee negarrik egingo. Gazteari zarren kontuak aspertu egiten deutsela esan bear. Ala len, onela gaur.

Euskalerrian, gure gazte aldian, oitura garbiak uste genduzan. Mundu zabalean Eleizak gure artean añako kristautasunik ez eban ikusten. Guk, beintzat, ala uste gendun. Al izan dan maillan ta neurrian lan egin arren, gure artean baño neurri zabalagoak erabilli dabe zenbait errietan.

Ta emen dogu gaurko burruka. Zarrak lengo neurri zintzoetan gure erria euki nai; ta gaurko gazteak neurri zabalagoak eskatzen. Zaartutera doazen oiturak eten nai dituez. Ta onela erbesteko oiturak indartzen ikusten doguz; Gure erriaren gañean erori dira, ainbeste. Baña kaltegarriena auxe bera dogu: gazteen biotzak menderatu egiten dituela. Alperriko gauza izango dogu beti baita erriko gauzetan ta baita erbestekoetan nastutea. Ez doguz izango iñoiz aitzakerik Jainkoa alde batela ixteko.

Orain egin leike galdera bat. Gazteen biotzak Eliz-alde lotzeko, ez ete dogu bide barrietatik jo bearko? Ez al-geunke obe gaztedia bigunago artzea?

Arlo onen bidez badakiguz gertaerak. Iñoiz, gure errietan langilleen alde itz egiñaz, praille edo apaizen bat azten bada bereala barrikeri onen kontra gogor jaikiko dira ainbat diru-zale ta bildurti. Auxe bera da euren betiko arrazoi leloa: "ori Belgikan-edo esatea ondo litzake, baña gure artean, iñolan be ez. Langilleak arrotu be egiteko orrela! Lengo pakeari eustea obe".

Ta zer gertatu dala? Erresa erantzuna. Apaizak esan ez deutsezan kontu arek, Eleizaren etsaiak erakusten deutsee; ta gero langillea Elizatik poliki-poliki urrutiratzen.

Arriskoak beti ditu gazteak. Alabaña, lurralde askotan ontzat emoten ditu Eleizak oitura, dantza ta beste jolas batzuek; baña gure artean, kontuz, orrelakorik! Neurri estuegiak emotea be ez deusku ekarriko itxaropen onik.

Zenbat zarata ikaragarriak leporatu bear dituela gazteak ainbat etxeetan, batek daki. Ta oneri buruz, guk gazte orrei arnas-biderik txikiena emon nai ez dogulako, Elizatik ta familitik iges dabiltz.

Baña estu-larririk aundiena nonbait auxe izango dogu, gazteeri eskua emon bear badogu, noraiño itxi bear doguz gazteak gaurko oitura nasaiagoetan? Ezta errexa erantzuna. Baño iñork eztauko beimenik gauzak bere buruaren alde azalduteko, ezta gazteeri ziria sartzeko be amendik eta eztakit nondik. Egia da, aundia izan be, alperkeria dala gauza guztien kimu. Auxe bai izango jatsula aitzaki galanta zustraitik aterateko. Azkatasuna, ondo adieraziko bagendu obeagoak izango giñakez gizonen aurrean ta Jainkoarenean.


Mense maio (Paulo VI-garrenaren enziklika barria)

Enziklika labur, baiño mamitsu bat egin dausku A. Santuak. Bertan otoitza eskatuten deusku danori ta batezbe gaixo ta umieri.

Otoitz au, Ama Birjiña-gandik gauza bi iritxi daiguzan eskatuten dausku. Gauza bi auek: Konzilioak emon daizala itxaroten gagozan arnari ta frutuak; ta munduarentzat pakea.

Konzilioa

Eliza gaur-eguneratu nai da. Gaurko mundu ta bizi-eraren parean ikusi gura dau bere izate osoa. Ortarako dogu batezbe Konzilio au. Ta Paulo VI-garrenak diñoskunez "bere ondoren egokitasunetik zintzilik dago Kristoren Emazte dan Eleizaren, ta anima askoren etorkizuna".

Liturgia ta iragarpen edo rebelaziori buruz erabakitakoakaz, ta batez be "De Ecclesia"-ri eskerrak, esan daikegu Konzilioak egin dauala biarrik premiazkoena. Baiña munduari begira bagagoz, irririk aundienagaz itxaroten dagon idazkaia oraindikarren ez da agiri. Eleiza ta munduaren arteko artu-emonetaz ari danari itxaroten dago mundu osoa, batez be.

Beste gauza bateri be begira dago A. Santua. Konzilio ostean, erri-gizon eta apaizak bat artuta, Konzilioak erabakitako bizitzara eroan bear izango dan egunean indartsu egin daigun de otoitz egiteko esaten dausku.

Bakea

A. Santuak darabillan beste gai bat, —ta luze ibilli be— bakearena da. "Iñoiz baño illun eta arrisku andiagokoa da munduaren egotera"; berak diñoanez. Ta bitartean ikusten dau "barriro be aurkakoen arloak aurrera eroateko artu-emonetara barik, indar eta izkillu edo armetara joten dala".

Gai onetaz, "Pacem in terris" sakonago ta luzeago mintzatu dalakoan nago ni neu. Izan be, aberriaren alkar artu-emonak juztiziaren bidez atondu bear dira, bestela pake ori ez da iñundik be agertuko. Ta jakiña, juztizirik ezpada, pakearen oiñarriak ustelduak izanik, bertanbera ikusiko dogu bereala bake ori. Juztiziatik —bere lokarriak onartu nai badoguz— deretxoak edo eskubideak luzatuten dauskuz batetik, ta bere ezijentziak eska bestetik. Beraz, juztiziaren bidez egindako bakea bai nazioen artu-emonetan ta bai nazio barruan izan bear da. Ta ontaz naiko argi emon dausku "Pacem in terris" enziklikak. "Minorías étnicas" deritxakon prolema dogu, ta euskaldunok be ba dabe ontaz zer ikusi aundia.

Juan XXIII-garrenak diñoskuanez "minori" oneek nazioetan sartuta izaten dira, euren izakera, esakera, kultura ta gaiñontzeko folklore bizitzakin. Egokiena, erri oneentzako nazio izatea litzake baiño askotan nazio ori osotutea oso zailla danez, Nazio andian ia galdurik izaten dira. A. Santuak erri oneek errespeto egin bear dirala diño, beren izakerea galdu ez daien. Errespeto bada, beren kultura ta elea, folklore ta izatasuna dana.

Minori orreek be ontan ez dabe beren ezijentziak beste gizadiaren balio ganetik jarri bear. Euren tokia ba dabe, ta toki ortatik urtetea elitzake iñolaz be egoki izango. PAKEA, BADA, JUSTIZIAREN BIDEZ.


Zensurak arrasoirik bai?

Berezkoa jaku alperriko edo kaltegarrizko gauzak gugandik urrundutea. Gizartean, beraz, orrelako gauz ezbearrekoak ugari dira izan be. Gauza orreik aldendu erazteko sortuak dira iritzipen edo "censura"-k. Mota askotakoak izan be. Zelako joka-bearra jagoko izatasun oneri? Norberen iritzi ta guraria, ala bear dana jarrai daike?

"Garcia Berlanga" pelikula zale-ren artean ezaguna da ziur, gure arteko zine-egillerik onenetarikoa danetik. Luzaro dabil gure errietan orain urte asko ez dirala egin ebaneko pelikula bat: "El jueves, milagro", alegia. Zuetariko askok ekisuta eukiko dozue seguruenetik. Sakon eta atsegingarriak benetan pelikula ortan Berlanga-k darabiltzan ideiak. Izan be, iritzi geienak ainbeste gauz on artean akats bat billatu deutsoe: lar zar izan barik larregi ebagia dagoala. Zer gertatu ete da ba? Danok dakigu akatsa nondik datorren: iritzipen edo "censura"-tik, orratiok.

Pelikulatako arlo ori, idazkai edo errebistetan be bardin-bardin eta sarriago gertatuten da bear bada. Egunerokoa da ia-ia lantxo bat kendu erazo egin dabela... t. a.

Ezta suminkorra benetan gizonak umeen lez menperatutea egon bearra, edo besten iritzipean jokatutea? Zergaitik idatzi edo lan egin bear da beti besteeri atsegin jaken lez.

Eztabaida onetan argibide batzuk dira bearrezkoak. Ara: oso desbardiña da iritzipen-bearra eta iritzipen txarrak lurperatutea. Iñork ezin aztu leitekeanak azin be benetan.

Langille txarrak, politiku eskasak edo persona petralak edonon dagoz. Eta lan ori zazkil egiten dalata, esan leike iñork gizartean eztaukoala zer egiñik?

Iritzipenak (zensurak) barriz, ez dodaz aipatu nai; lurperatu be ez. Izan be zein erreza da gauzak lurperatutea! Lan ori beti izan da bestea baiño errezagoa!

Iritzipenak badauko gizarten bere egin-bear berezia. Eztago zer esan bearrik be! Norberak norbere gurari danak beteko baleuz, noraiño ez gintzakez joango azkenean?

Dana dala, arrazoi bi doguz —nire ustez— kontuan artu bearrezkoak, eta iritzipena egiterakoan ezin ukatu deikeguzanak: askatasun eta arte edo edertidea.

 Askatasuna. Gizona —ba-dakigu— askatua da. 1785-grn. urtean Prantzian izan zaneko erreboluziñoak erakutzi gura euskuzan gizonari jagokozan eskubide ta lenengo askatasunak. Izan be, askatasun au zokondoratutea ez ete da —gura izan barik— norberaren buruan aurka joatea?, ze geienetan eskubide ori ukatuten da, besteak eukiteko zoririk ez daukeenean. Esate baterako, zergaitik Ipar-Amerika eta ainbeste aberrietako zuri eta baltzeren ikusi-eziña? Zergaitik zuriak ukatuten deutsoez baltzeri gizarteko estrukuturetan parte artzeko eskubidea? Bear bada, razista oneik beste era batera joko leukee, indar gitxiago eukiko balebe.

Gizona askatua dala diñogu; baiña ezta —eztago esan bearrik be— txori bat lez egaz egiteko edo zangurruaren antzera ur-azpian bizitzeko. Ezta pizti bat lez edozer egiteko be, Askatuak gara; baiña ez gizonak izan edo ez izateko. Norberak eztauko iñolaz be ortako eskubiderik; eta zer esanik be ez urkoa eztala iñor buztarrien dabiltzan idiaren zorian norberari jartzeko.

Bizitzan zear, bide bat dago egian doana; eta benetako gizonak jagokon lez jokatu gura badau, bide ori aukeratu bear, derrigorrez. Ori da izan be benetako askatasuna, zuzentasunean beti jokatutea. Emetik begiratuta ikusten da iritzipenaren beartasuna. Gizonak ez dau beti zuzenbidean jokatuten. Orduan —eta orduan bakarrik, ez beste iñoiz— gizonki aurka doan ori ebai bear da. Iritzipenak ez dauko beste esan-gura eta oñarririk. Gizartearen aurka doan ori kimutu, ta ez norberen idei, politika edo gustoeren aurka doana.

Iritzipenak bearrezkoak dira, bai; baiña ez-iñolaz be ez-nortasun barik egindako iritzipen orreik. Ezta naikoa gizartearen kalterako doian ori kimututea. Beste gauz asko dagoz gizonaren onerako diranak eta alan da bardin-bardin kimututen diranak. Ortarako, iritzipenak on eta eginkorragoak izan daitezan, ez ete izango bearrezko, danen alkar-berbeta zintzoa?

Gaiñera, iritzipena talde guztietakoa izan bear litzake. Beraz, politikakoerena be bardin. Berezkoa jaku Vietnam edo Laos-ko ilketak kritikatu, edo Chile-ko demokrateen garaillea txalotu edo URSS-ko injustiziak lurperatutea. Ez bear litzake izango berezkoagoa gure bertako jokerak garbian jartzea, gizartearen onerako doiazen bitartean? Zergatik beste ideikoek diralata urkoak ez dabe iñoiz euki bear arrazoirik? Zergatik ixildu —trukatu ez danean— ainbeste berri, gaurko politikaren aurka doala ta? Ori ete da benetako iritzipen naia?

 Edertidea. Nik neuk edertide kontuan ez dot askorik ulertuten. Ain zail ta illunak dira edertiaren barruak. Bakar-bakarrik itaun bat: Edertidea ta ontasuna —au da, gizonari jagokon bide ori— egon laitekez errietan, bata bestearen aurka? Erantzunen bat aurreratutakoan, ezetza emango neuke nik. Ara zergaitik: mundu ontako edertasun dana. Guztiz ederra da izpillu bat da, Beran antzera gauz danak bai egin ebazan. Orregaitik, gauz zazkil bat geienetan eta geienentzako guzurra, gorrotoa, ikusi-eziña, materialismoa edo bide txar bat badakar, benetako edertidean sartu al leiteke? Zelan konpondu orduan edertide ori guztiz ederra danegaz? Alan da be, olako gauz estetakorik balego iritzipenaren lana bearrezko litzake, bikainkeria ta lujoa baiño, gizarte bizitza ta ontasuna ariñago bai dira.

Bukatuteko. Iritzipenak lurperatutean eztago erabakirik, "zensore" zazkil orreik kentzean baiño. Gai danetan lez, ontan be ondo gertutako gizonak bear.


Euskal Erriko ipuiñak

Abadea ta deabrua

Buztintza'tar Errose'k eginda, ta Kerexetar'tar Jaime'ren ardurapean argitaratuta.

Garillaren egun argi baten, erri txiki bateko abadea, goizean-goiz, mezea emonda, udako goiz-iruntz gozoa artzera, basora joan zan.

Eta gure abadea, mendi-gaillurrera eldurikoan, txuntxur aretatik bere errira begira jarri zan. An bean, bere errian, elizatxo polita, basetxe zuri-txukunak, eta solo-zelai eder-ederrak ikusten ebazan. Aren poza ta aren atsegiña!

Ango garitzak, ango artotzak eta ango ortuari ederrak batez be, abadearen biotza atsegiñez beterik jarten eben. Alako edertasunaz gelduta egoan. — Au dok edertasuna! —iñoan—. Nire erriarentzat, jaungoikoaren esku-zabala! Goratu ta bedeinkatua izan bedi Bera ordu ta une guztietan...

Eta bere barruko pozaz adoretuta, gorantz begira, "Gloria in excelsis Deo" kantu ederra abestu eban. Abestiaren amaieran, barriz, abadearen abots durunditsuari zeruko aingeru zuriak, abots gozo-gozoz, "Amen, amen" erantzun eutsoen.

Barriro be, abadea bere erritxoari begira jarri zan; aren ugaritasunak, pozaren pozez, zoratu egin bear eban.

Abadea alan zala, mendi goienean, kedarra lako gizon baltz bat agertu zan. Eta agerturiko gizon baltz bildurgarri arek, abadeari, bere ondora urreratuta, barre-destaiñez esan eutsan:

— Mutil! zer dala-ta orrenbeste poz eta orrenbeste atsegin?

— Onenbeste poz zegaitik dodan diñok ik? —erantzun eutsan abadeak begi-zearka—. Begiratu egiok nire erriari: orko solo ederrak eta orko solo-ari ikusgarriak! Benetan poztuteko zerik ez ete-yagok bertan ba?

— Tirok, tirok... orrenbeste poztuteko gauzea be ez dok ori-ta... Ire erriko solo ta ortuak apurtzeko zaldiak eskuan daukadazala, ez ete dakik? Abil arduraz eta marduraz.

Azkenengo berbok entzutean, abadeak gizon a deabrua zala igarri eban. Eta, arpegia aregana adoretsu zuzenduez, ben-ben esan eutsan:

— Eta, eta... ire zaldi indartsuai eusteko indarra lortu daikedala, ez al dakik euk be? Txerren madarikatu ori!, i baiño guztiz geiago danaren bat ba-yagok an goian...

Orduan, txerrena asarratu egin zan; eta agin-kirrizka-otsa bildurgarriro egiñaz, asarre biziz deadar egin eban:

— Ikusiko dok, ikusiko dok... Illuntzera orduko, ire erriko solo ta ortu guztiak triskatuta ta birrinduta geldituko dozak. Ez garirik. ez artorik, ez fruturik ez dok bertan geldituko.

Ori entzunda, abadea, deabruari "ikusiko yoagu nor nor dan" esanda, mendia beera abiatu zan.

Bidean etorrela, lantzean bein zeru-aldera begiratzen eban. Zeruan eguzkia argi-argi ikusten eban; laiñoaren apurrik ez zan bertan agiri; urdin-urdin egoan dana.

Ori ikusita, abadea poztu egin zan; egun aretan ezetariko ekaitzik ez zala izango, uste izan eban.

Ibili ta ibili eginda, eguerdirako etxera jo eban. Eta bazkaritan ziarduala, nekatuta egoala-ta, eguerdi-ostean ogera joan bear ebala esan eutsan bere arrebari; eta, bera lotan ziarduan bitartean, zerua laiñotu ba'ledi laiñotu, dei egin egiola.

Arrebeak, ardura ori leporatzen ebala, baietz erantzun eutsan.

Neskea baiña, arratsalde aretan, auzoko andrazko batzukaz briskan asi zan; eta joko orretan ziarduala, bere nebearen esanaz arean be ez zan gomutatu. Nebarik munduan ba'zan be ezan orduan gomutetan.

Alako baten, trumoiak jo eban. Eta uste bagako trumoi ots aundi arek, oge-ganean bazkalostekoa egiten ziarduan abadea dar-dar jarri eban.

Ogetik jagi ta leioratu zanean, barriz, zeru osoa laiñoz beterik egoala ikusi eban. Eta bere erritxoko solo ta ortuak apurtu bear ebazan ekaitz bildurgarria ba-etorrela konturatu zanean, ¡aren tamala ta ikarea!

Gurutze deuna, ur bedeinkatua ta liburua artuta, etxeko ortura arrapala baten jatsi zan. Eta bertatik, arrebeari, otzara bat buruan artuta, ortura, bere ondora joan zeitela agindu eutsan. Eta arrebeak, otzarea buruan arturik, abadearen agindua berealaxe bete eban.

Orduan, abadea, "konjurua" egiten asi zan; eta otoitzakaz batean, bidean etorren ekaitz kaltegarria atzeratu egiala eskatu eutsan Jaungoikoari. Edo bestela, jausi bear zan arri-abarra, erriko solo-baratzetan kalterik izan ez zeiten, bere arrebearen buruko otzaran sartu egiala. Atzeratzea egoki ez ba'zan be, errian beintzat kalterik ez egiala egin, eskatu ta eskatu egin eutsan.

Onetan, oiñaztiak eta trumoi-ots itzelakaz, goitik-beera euria ta arria asi ziran jausten. Alan zala be, Jaungoikoak, abadearen otoitzak gogo onez entzun ebazalako, goitik-beera jausi ziran arri guztiak, ezeri be kalterik egiten ez eutsoela, neskatillearen buruko otzaran pillatu ziran.

Alan, euren erriko solo-baratzak, len aiña eder edo ederrago gelditu ziran.

Gauza miragarri ori izan zan unean, deabrua, barrien-barri agertu zan; eta bere esan kaltegarriak bete ez ziralako, amorruz beterik agertu be.

Abadeak baiña, deabruari ezkerraz gurutzea erakutsirik, aldean eroiazan oñetakoak jaurti eutsazan. Eta orrenbestez, txerren madarikatua, su ta gar aldendu zan, abadea ta erriko lagun guztiak pozez beterik gelditzen zirala.


Morga

Morga-ko

Sarritan izan dot gogoa Bizkaiko erritxoen istori zaarrak aztertu ta argitarateko, gauza baliosoak be erritxo orretan ba diralako ta baita erri orrexen barriak jakinerazteko. Beraz, onetariko erri kuriosoa Morga-ko erritxoa dogu, ta baditu bere istorian gauza jakingarriak... Orrexegaitik, bada, ta neure jaioterri maitiaren gloria zaarrak aipatu nairik —alegin apur batekin— antziñeko gauza kurioso oneek bildu izan dotaz.

Erritxo au Gernika ta Lumoko "Parte Judizial"-ean ezarria dago, ta beste ainbeste barrioen buru da: Lekerika, Flores, Meaka, Morgakoena, Morgaondo ta Oñarte.

Karmelo Etxegaray-ek bere Euskal Naparroko geografi-liburuan diñozkuanez 1860 urtean 610 biztanleak ebazan, 1910 urterako 822 biztanleraiño igaroaz. Arrezkero 1910-ko biztanle lumero ori irabazi danik ez dot uste, gaur batzuk ta biar besteak Gernika edo beste edonora abiatuten bai gara-ta. Ni neu be, Morgakoa izanik, Gernikan bizi naz.

Parroki eleizea —entzun oi dodanez— X'ngo mende unean jasoa baida, ta ondorengo barrizte ta zabalketa batzuek izan ditu. Bere torre nagusia erri buruko etxe artean azalduten jaku oso doktore, ta erdiz-erdi jezarrita.

Badira Morgako istori luzean ainbat gauza interesgarriak, baiña luze ez izateko, zertxo bat mizkatuaz konformatuko naz.

S. Esteban-en ermitatxoa

Gerekixe partetik, Morgako inguruetan, jasoten da. Ermita orrek berezitasun apartekoa dau, batez be erromatarrak emen egon ziran uneko "arri idatzitakoak" erakusten deuskuzalako. Beiñ iñoiz eleiza-parrokia izana dala be esaten dabe, ta onen ezaugarritzarako 1770-an (ermitatxo barriztu zanean) billatutako panteoi arri bi erakusten ditu, bata ermita sarrerako atean ta egalean bestea. Atekoak olan diño:

 "Ter Sempronie coningi sue posuet memoria cons CCCC" (au da: Terenziok bere emazte Samproniari oroigarri auxe jarri eutson 400-ngo Konsulatuan). Ze urte izango ete da 400-ngo Konsulato ori? Jakintsuek diñoenez Jesukristo jaio osteko 194 ta 204 arteko urteen bat emoten ei dau.

Beste ermitatxo bat badago S. Juan Bautistaren oroigarriz jasoa, ta, esaten danez, antziñatik —Mikurre aurretik— eleiza-parrokia izana da. Meakan be S. Bixente izeneko ermitatxoa dogu, ta arek be arrizko illobi bat erakusten deusku. Interesgarria ei da jakintsuentzat, baiño ondorengorik ezdakitanez, ezin neike gai onetaz jardun, ezer baliokorik eneuke esango-ta.

Istori apur bat

Sarritan erri askoren interesa ta garrantzia joandako urteetan oiñarrituten da, ta dakusgunez, Morgako erritxoena be ia aspalditik joandako urte orretan dago. Beiñipein olan dala esango neuke nik, ta ez zeuzer esan bearra daukatelako...

Jakintsuen ustean Morga da lendabiziko Bizkaiako JAUNTXOEN bizi-lekua. Beintzat ori erakutsi gura deuskue Mikurreko (Meakaurreko) eleiza aurrean arkitutako etxe ondarrak. Arek diñuenez ondar orrexek Jauntxo orren Jauregi ondarrak baidira. Usmo auxe argitaratu aal deuskuezan gertaketa batzuk be topa dodaz, ta inderes aundikoak diranetik, amentxe jarriko dotaz:

Iñigo Lopez Ezkerra Bizkaiko zortzigarrengo JAUNTXOA izan ei zan. Bere aita, Manso Lopez, semearen aurka jaso zan armakin, bere emazteak Iñigoren kontra kalunia bat atara bai eban, ta arek bengatza emotea gura ebalako.

Ortarako Mikurrera bastartu eban semea. Baiño une aretan, errierta asi aurretik olan iñotsan Iñigo-k:

"Señor, pues la maldad vale más con vos que la verdad conmigo, yo le pongo en el juicio de Dios e me mataré con vos; vos armado e yo desarmado, e con la lanza sin fierro, e otorgando e fecho assí, pasándole el cuento de la lanza sobre las armas de parte en parte, dio muerto con él en el campo, e fue saterrado allí en la iglesia de Meazaur". (Auxe idatzi euskun L. P. García Salazar-ek XV mendean, gaztelarra esakera zarrakin).

Morga-ko agure zaarreri entzunik edo, ondiño gaur esaten dira erritxo orretan gauza oneen barri asko, ta gerra aren ondorengo gauza asko billatuko geunkezalakoan nago ardurea apur bat artuko bagendu. Ni ume nintzala Morgan bertan bizi izan nintzan ta gogoan dotaz ango toki askoren izenak. Toki bat, ain zuzen be, "aiñerka" esaten jakona antxe Morga-ko troka baten sartuta dago, erreka txiki bat gañez pasaten jakolarik. Izen ori Iñigo Ezkerrak ta bere aitak izaneko gerra aretatik ei jatorko, zergatik aita-semeak eroien abiadean toki aretara jo eben arin-aringa (aiñerka ariñ erreka gura dau esan).

Olako beste zeinbat gauza izango ditu Morga-ko erritxoak barna-barna ta ixilpean gordeta... Gauza onexek jakitunek obeto ezagutuko balitue oso interesgarria izango laitekelakoan nago, ta auxe bera irakurri izan dot beste liburu askotan be.

Beraz, gure erriko folklore zaarrak galdu gura ezpadoguz, bearrezkoa jaku noizik beiñ gure kultura zaarreko kaixak idegi ta ikustea, autsak eta txatxarrak alparrikaldu ez dagiezan. Morga-ko erritxoak ba ditu ainbat gauza balio apartekoak, galduten itxi bear ez doguzanak. Beno, ta auxe jakiña, oso gustora argitaratuko neukez orko istoria zaarrak Morga-ko norbaitek Arantzazura (frailleetara) bialduko baleutaz. Arazo au beteten Morga-ko iñor prestatuko ete jaku?...


Idi probak

Belaustegi

Gure Euskal-erria bere juku ta deporteetan be oso apartekoa da. Joku ta deporte oneek, gure erri zaarraren señalea ta nortasuna daukee.

Baiña prolema bategaz topaten gara gure Euskal deporteen barriak argitaratu gure doguzanean: ¿Noizkoak dira deporte ta joku oneik eta ze oñarri ta aldakera daukee?

Eztakigu beraz gure antziñako euskalduna zelan alaitu ta jostatuten zan. Antziñako idazleak ez dauskue gai onen gain ezertxo be esaten, ta lastimea da.

Idi-probak oso ezagunak dira gure errietan ta erri batzuetan auxe dogu naiena ta interesgarriena. Au adierazteko, gure errietako probalekuak, ikusi baiño eztago. Naiz erri txikia izan, izango dau bere proba-tokia. Bizkaiko ia erri guztiak daukee ta badira bi ta iru daukezenak be. (Erandio)

Euskaldunari beti gustau jako bere indarrak neurtutea, ta idi-probatan be auxe gura dau: idien ta gizonen indarra ikusi ta neurtu. Gure baserriak, oraindik ontzu arte, bearrezkoak izan ditu idi pare bat beintzat, bere biarretarako, ta euskalduna apostu zalea izanik apostu onetan beteten eban bere joku egarria. Gaiñera euskalduna oso aditua dago abere kontuan ta danak dakie ganadua manejatzen ta amendik dator euskaldunaren saletasuna, joku onetarako.

Badakigu zelan, pasa dan gizaldian, oso famatuak zirala euskal erriko idi-probak. Orduan, geienetan beintzat, 5 ta 6 toneladako arriekin izaten ziran; orduko idiek, antza, gaurkoak baiño indartzuagoak ziran. Gaur-egun arri oneik, plaza eskiñetan aaztuta ta ia lurpean izkutatuta aurkituten dira. Orain idi-probak, arri txikiagoakin egiten dira, 2 edo geienean 3 toneladakoakin.

Buztarria

Buztarria oso antziñekoa da ta munduko erri geienak ezagutzen dabe, baiña geienetan ez da gurea lakoa. Ez dira gurearen aña aiñ ondo ganaduaren burura moldatzen ta orregaitik ganaduaren indarra ez da aiñ ondo aprobetxatzen.

Aranzadi jaunak badauko lantxo bat mundu guztiko buztarrien gain, ta berak esaten dau euskalerriko buztarria dala onena ta egikorrana. Ta au, neuri oso normala jat, ba euskalduna, bera danetik, beti izan da buztarri baten ondoan ta beti izan dau beraren beartasuna.

Proba-lekuak

Proba-toki geienak gure errietako Elizeen ondoan aurkituten dira. Amen bai esan daikegula gure deporte au Eleizaren kerizpean sortu dala. Proba-toki danak, edo errekako arri biribillakin edo arri landuakin egiñak dagoz. Geienak agiriak dira. Bizkaian lau dagoz bakarrik itxita: Markiña'n, Munitibar'en ta Mallabia'n. Orain arte Markiña izan dogu deporte onen buru, baiña, gaur egun, Berriz ta Munitibar geiago dirala esango neuke. Deporte au euskalerrikoa da bakarrik. Norteameriketan be izaten dira noizik bein, baiña ezdaukee emengoen antzik be.

Probalariak

Gaurko probalariak iru mallatan ipiñiko neukez. Lenengo mallakoa gure baserritarra da. Au, artu bere idi parea ta badoie, bere erriko jaietan, bere idi parearen indarra erakustera ta bide batez diru apur bat etxeratzera.

Geienetan, baserritarra bera izaten da akullari.

Bigarren mallan idi pare on baten jabea ipiñiko neuke. Onek ikusi dau bere idi parea oso indartsua dala ta or doa erririk erri proba guztietara, dirua ta fama piska bat artutera.

Azkenik, badira probalari jaio diranak ta oneik dira probatik bizi diranak. Erosten dituen idiak probarako erosten dituez ta sarritan bi edo iru idi parejaren jabe izaten dira. Probatara diru billa joaten dira, baña oraindik dirua baiño be fama geiago gure dabe.

Idi-probak diranean

Geienetan idi-probak erriko Santuen izenean izaten dira. Egun orretan gure baserritar guztiak Meza Naguzia entzuten dabe, ta gaiñera patxada osoan bere sermoi ta kantuekin. Meza Naguzia amaitu ondoren, zuzen zuzen doiaz proba-tokira. Geienetan, Meza ostean bi edo iru tanda izaten dira, baiña goiz partean gure baserritarra berotu barik egoten da trabesera apustu egiteko. Bere txendea arratzaldean izaten da. Txilborra bazkari eder baten jabe daukala ta ezpañetan puru itzela, bere andrearen gandik piska bat urrintxu jarrita an asten da oiuka: "Berrogei ogerleko ondu ezetz".