ANAITASUNA

JORRAILLA (4), 1965 — XI URTEA — Núm. 123

Dep. Legal S.S. 1092-1959

Zuzendaritza: Bilbon. — Arantzazuko Irarkolan.


Zenbaki onetan

IRAKURRI

1. ASTE SANTUA.

2. EUSKERAREN UTSAK.

3. ZERTARAKO PRENSA?


Unibersitarioen ezin egona

Madrillen Zentroko Unibersidadean gertatutako zurrumillo orren garrantzia —nik uste— ezin geinke gertaketa orretan jarri, gertakizun orreek erakutsitako prolema sakonagoetan baiño. Prolema oneek sortarazi dituan atxaki kaskarra batetik, ta ondorengo zalapartada luzeak badaukee zeresana gaixotasunaren sakontasunaz. Prolema onen sustraiak, bada, barruri barrutikoak dira, orratiok.

Zalapartaren zergatia

Oker egoterik ez dot uste gertatuten ari dana —beste era orretako langileen burrukak lez— alkarberbeta baten nai-edo gurariaren ispillu dala esatean. Izan be gaurko gizonak danon arteko artuemona dau txit bearrezko. Sarritan, bada, burruka oneen iturria ideia eta onura desbardintsuko jente artean alkar-berbetarako bide austean dago.

Ta jakiña, soziedadeko grupo artean alkar-berbetarako bideak ebagitzen badira beste taju bateko bide azpikora jotea itxaron bearko. Azpi jokaketa onek, beraz, ideia oso desbardintsukoekin alkartu ta alkar indartutera daroa derrigorrean. Ezin geinke ukatu, ba, euren zati mardula politikako grupo edo atal askori zalapartada oneetatik.

Edo Unibersidade berartan edo kanpo aldean izango da iskanbilla ugari. Batzun lorera, au jakiña, alkar artuemonaren eziñezkoa azaltzea izango da; besteena, barriz, alkar arteko burrukak katiatu ta ondorengo irabazia. Arrazoi sobrantegi ta geiagokoak gaixotasunaren zergati ta suztraiak lenbailen aldendu ta ausiteko.

Aita Santuen irakatsiak

Atzenenko Aita Santuek diñoskunez, gizarte edo soziedade baten jokabidea soziedadeko zati guztiak osotu bear dabe errepresentante edo ordezkoen bidez, bai politikan, sindikatoetan... t. a. Onetzaz beste ainbat bide izan bear dira gizonen pentsakera zabalerazteko, batez de Prensa ideia ta informazioa emokeran ez iñoren menpeko. Au alajaña, ezin geinke lortu izenezko errepresentazioarekin. Au da, errepresentazio edo ordezkotasun ori izatez, baita juridiko partez, gizonen pentsakeraren agergarri izan arren, bear dan garaian aintzakotzat artuten eztanakin. Gauzak teori partetik orrela atonduteak, ta bear danean beste era batean jokatuteak, makiñabat kontratasun sortuko leukez, zein gaur edo biar.

Guztion eginbearra

Danok, bada, saiatu ta alegindu bear dogu alkar artu-emonaren mugak zabalduten, egi osoaren jabe iñor ez da izan be-ta. Geroagoko bierra joera sozial desbardintsuak argira emoteko bideak atondutea izango da. Laterri bat zuzentasunean izateak badau berebiziko garrantzia, baiño ori naiko ezta. Soziedade bateko instituzioak egizko errepresentazio bidez antolatuten ezpadira elduko da instituzio oneek alperrik izango diran garaia.

Oindiño oraintsu gertatu diran gertakizunetatik badaukagu zer ikasi andia. Ondorengo gure jokabidea, seriotasunez jokatu nai badogu, barruko mingotza osatu ta alkar konfiantza ta biotz zabalean erne bear dau. Olan bakarrik egingo dogu ezer balioko.

Danori, orratiok, dei mantso ta bigun bat bide onetan jokatuteko, erresomin ta goibeltasuna aurrez aldenduaz.

(Ecclesia'ko "Editorial"-etik artua).


Basarri

Gizon onek 52 urte daukoz ta Basarri dau izena. Bertsolari bat? Geiago, askosaz geiago. "Ogeigarren gizaldiko bertsolaria" deitua izana da ta egi zabala dala esan bear.

Errezil'en jaio zan 1913'ko azillaren 27'an. Zazpi urtetikan Zarautzen bizi da. Amaika urtekin eskolea itxi eban. Amasei urtegaz asi zan plazarik plaza bertsoak kantatzen. 1935'an Donostin izandako bertsolari egunean tenengo saria jaso eban, Txirrita, Zepai ta beste bertsolari on asko aldean itxita. Amasei aldiz izan da bertsolarien txapeldun. Ba-ditu iru liburu beiñipein argitaratuta: "Atano III", "Basarriren bertso-sorta" ta "Kantari nator". Famili eder baten aita: seme bi ta alaba bi daukoz.

Danok dakigu euskeraren alde egin dauan ta egiten dabillan lana. Plazarik plaza euskera utsean kantari dabil. Kezka baten arrak jota dagola esan geinke: euskaldun kezka. Ta nork esan ez berak abestutako bertsoakin ta idatzitako liburu bidez, euskerea ez dauala jaso?

Bera izan da bertsolaritasuna sagardotegi ta tabernatik atara ta antzorkietaraño jaso dauana. Basarri bertsolari ikasia, eskolatua da. Edozein gai da errexa berarentzat. "Kantari nator" irakurtzea besterik ez dago. Naiz izan Aita Santu gaia, naiz asto-lapurketa, dana darabil izugarrizko errextasunean.

Gaia zuzen doian bertsolaria dogu. Ez bertsolari biur ta azpi-jokalaria. Beti doa barrura, sakonera, sustraira. Gaiaren sustraian sartu barik, azaletan dabiltzan bertsolari asko dagozala entzuten da orain. Badaukee oneitako bertsolariak zeiñegandik ikasi. Basarri bertsolari mamitsua da.

Bertso neurrian be maixu dogu. Kostako iaku bere bertsotan palta bat bakarra arkitzea. Lerroak betetzeko ez dau berbarik zatitu edo luzatzen. Beren bertsoa beti doa seguru, leun ta argi. Berak legez iñork ez dabil bertso neurria.

Gaiñera zertasun berezi bat dauela esan bear. Zertasun au irudimen argi ta sakontasunetik datorkio. Asko ikasi, asko irakurri, ta asko pentsatzen dauan gizona, Baserri bizitza ta eskola bizitza alkartzen dakiana da.

Dotorea dala be esan egin bear. Erri guztietan edozeiñen ondoan gaindu egiten dana. Gaindu beren gorputz luze ta sendoagatik, beren abots ederragatik, bere musika klaseekatik. Danok ikusi ta entzun deutsagu.

Ona emen beren balio batzuk: Irudimen bizia, neurria, errextasuna, sakontasuna, gatza, itz-aberastasuna... Ikusi 1962'ko txapelketan bixiguari botatako bertsoa.

Oliyo eta piperrarekin

zein ez du orrek gozatuko?

bazkari eder bat ez ote degu

egun ontan osatuko?

bixigu begi-gorri,

begira danok orri,

nor ez da inguratuko?

nik desapiyo egiten dizut

etzerala sobratuko.


Senarrak eskolara?

Ezkongetasunean otu izan zenduan legez ez-payatsu konpontzen zure gizona, ezetzaitez arritu: Bialdu eskolara!!!

Gitxiegi doguz gaur gizon zuzenak. Ezta onela? Askotxo naikotzat izaten dira illeroko saria andreari ekarriaz. Ikastekoa dogu beste auxe be: ez garala izan bear ain trebeak andrea samintzen. Bakoitzak ditu norberaren eskubideak; ta ara, gizonak sarri askotan uste dau badala nor bere zigarro ondakiña edonon itxiteko, edo alfonbra gaiñean, edo lustrez barritu dan kuartuan, ta antzera beste lekuetan. Ta arrigarriagoa litzake oraindik, esate baterako, bazkaria berandutxoago egiten bada, edo alkondarak tximur puzketa bat agirian badauko, amorrua jatorkio oraingoan gure gizon gordiñari. Andrea ete ba beti pekatari?

Zortzi bat illean ikasi leike jasankor ta txintxoa izaten

Bai. Uste dot bitartean oba izango litzakela bere andreari adipen apur bat emotea. Izan be, taju bakoak dira geienak gizonak. Ainbat aitzaki leporatu bear beti! Oba izango litzake (nik uste), etxeko arazoetan esku artuta. Ara ba, semetxoa, ume guriya oraindik eta, gosatia bez-ta, zeuk artu bear zeunke gogoa zertxo bat egiteko semetxoaren alde. Eta zergatik ez! Al dozunean platerak garbitu.

Au egiten ezpadozuz, ondo deritzaizu? Ezta... eta... Gaurko gizonak be zorbalda gañean dauko burua, baña sarritan zein kaikuak argitzen garan batek daki! Baiba, alperkeriak bizitza nasaiagoa be azaltzen deusku-ta. Auxe da, ba, ikaragarrizko lelokeria.

Eskontzarakoan ezta izaten neskatxarik martirio emoteko izango danik. Ezkontza bidekotzat artu zenduanean, gaiztoak izango ziñakeen usterik ez zenduen asmatzen. Baña ortarako ulertzalle izan bear, ulertzalle...

Andrazkoak be izango dabe zer ikasi

Dana dala, gaur ogeigarren mendeko bigarren tartean arkitzen gara. Ta ezagun da lenagoko gizonak etzirala makalak gure añan. Garaia dogu ainbestetu diran gizonak erantziteko bere nabarmentasunetik. Ortarako gai bat: "ikasi", ikasi bearra. Txikitako mailletara ezgara itzuliko. Bi ta bi lau dirala jakiteko naiko gara; ez jakiñean bagara be, senar on bat izateko ezta bear-bearrezkoa. Ara ba, beste bat esatera nator: senarrentzako eskola bat azaldu jakula. Zorioneko eskola batez be! Zortzi bat illean ikasi leike ikaskintza guztia. Laburra, behetan, arlo saioa.

Baña penagarriena, Españin eztaukagu eskolarik onen ideko. Zelan eukiko, umeentzakoak ain exkaxak dira-ta. Ta gizondutakoan eskolara? Tia... tia...

Alan da, munduak izugarrizko aldaketak egiten ditu egunerik egunera, eztaukagu beste eskubiderik, ikasi, ulertu, oitu, lana egin. Au egin ezean, zer? Andreak ordaindu bear ez jakitearen buruauzteak.

Inglaterran asi dira gizonak eskolara bidean txintxoagoak eta goretziagoak izan daitezan. Berton be bearra bai, baña gogorik ez, alajaña.

Eta emakumeak? Oneek be bere burua prestatu bear dabe. Gure gaurko munduan emakumea ainbatetan ezta aintzakotzat artu. Zergatik izango ete da? Kristogan gizona ta emakumea bardiñak dira. Oraindik askok emakumea gauza bat legez ikusten dabe.

Emakumeak be badaukee aukera len esandako eskolan. Auxe ikasi bear dau: lenbizi emakumeak bere bizitzako egin-bearraz jabetu bear dira. Eta orri erantzutearren bere burua prestatu, zertan erantzun. Ona ba, gizonak jasankorrak, txintxoak, goretsiak. Ikasi daiela eurek be ez daukiela bere jokabideari gizon tajuaz izan bear ba dira, emakumeak, barriz, kementsuak, gogorrak.

Askenik, ezkontzak bi bizitza egiten ditu bat, maitasuna bizitza orren lokarri dalarik. Gizon eta emazteak lagunarte bat osatzen dabe. Eta soziade orren legea auxe da: emaztea gizonaren esanara, gizona, barriz, ongiaren menpean. Kontratu ori egitea edo ez egitea ori zure eskuan dago. Baña egitekotan, ezin antolatu deikezu zure gogora. Familiako bizitzan arkitzen du gizonak bere giro egokia, bai almenak eldutasunera eroateko eta bai bere bearrak erremediatzeko be.


Aste Santua dala-ta

Pentsamentu batzuk jarri nai dotaz gaur emen Aste Santua ia ur daukogu-ta.

Ez da naikoa kalean zear erabilten diran Kristoren edo beste santu batzuen imajiñak begiratzea. Begiratu eta ikusten doguzan gauza orreik, gure-gureak egin bear doguz. Baiña zelan egin gure-gurea Aste Santuko errealidade aberats ori?

ARKITU. Lenen lenengo arkitu egin bear dira Aste Santuko gauzak, ba-dirala jakin eta siñistu. Gauza orreek, espirituzko gauzak dira ziur, ez lurrezko gauzak.

ONDO IKUSI. Ez ikusi bakarrik, kanpotik eta azaletik, barrutik eta mamiñetik baiño. Zeozer ondo ikusteko, gure begiak gauzetan ondo ezarri eta geldiro-geldiro, arretaz eta atsegiñez egon bear dabe.

KONPRENITU. Gero, gauzak orrela ondo ikustean, konprenitu egin bear doguz. Auxe bai dala gatxa!

Askotan Aste Santua ez dogu maite, konprenitzen ez dogulako. Eta au ez bakarrik Aste Santuarekin, baita gure lagunurkoarekin be pasaten jaku. Konprenitzen ez daualako, Pepek ez dau maite Jon. Iñakik gorroto deutso Pedrori, konprenitzen saiatzen ez dalako.

Maitasunaren iru maillak

Jakiña. Konprenitzen danean maitatu, maitatu egiten da. Bada maitasun bat nork bere buruarenganakoa; bere neurritik urteten ezbadeu ona eta bidezkoa da, ziur. Beste maitasun-mailla bat, lagunurkoarenganakoa da, lenengoa baiño goragokoa, Ta azkenik, lengo biak baiño goragoko mailla bat: Jaungoikoaganako maitasuna. Auxe dogu bearrezkoena kristauok. Maitatu egin bear dogu Jaungoikoa. Onetarako, Aste Santuak emoten deusku betarik egokiena. Auxe bai denpora ona gure mentalidadea aldatzeko!

JESUS UR DAGO. Batzutan entzuten dot: — Jesus jun dan aspaldian il zan, eta iltze edo eriotz orrek zerk dakar niretzat? Jesusen biztuerak zer dakar niretzat?

Gizon askotxok pentzaten dabe Jesus il eta biztu zala, baiña gukin, gaurko egunean, ez daukola zer egiñik. Kristauok, ori guzurra dala jakin egizue bein betiko! Jakin egizue Kristo bizirik dagoala, zugaz dagoala: koziñan bierrian zagozanean, fabrikan auts artean zagozanean, goizero bier tokira zoazenean Kristo antxe dago zuegaz batera, beti zuekin.

Eguneroko arazoetan zuegaz badago, zelan ez Aste Santu batean? Zelan ez zuegaz Kristo biztuten bada? Kristogaz biztuko zaree Aste ontan. Pentza pixka bat egi auxe.

KARMEL


Londres-etik "Anaitasuna"-rako. Jaiotzak urritu daitekezela?

1.—Bai, urritu

 Nik ez dakit zer esan, irakurle: Apaiza naz; baiña ondiño ez daukot esperientzirik, ta daukatan apurra be "txatxarra" benetan. Dana dala, joan dan azpaldian zeozer irakurri dot umeen jaiotz urritze orretzaz Londres-ko eguneroko ta aldizkarietan.

Jakingo dozue nonbait zelan ingles apaiz gazte bi zutundu diran Eleizak umeen jaiotza dala ta eztala erakusten dauan doktriñaren kontra.

Ona amen apaiz oneen izena, ofiziua ta edadea: Fr. Arnold Mcmahon eta Fr. Joseph Locker. Fr. Arnold Mcmahon-ek 25 urte daukoz; urte bete apaiz egin danetik. Matematikas eta geografiko maixua "Saint Edwards" ikastetxean Liverpool-en. Fr. Joseph 26 urteko abadea, parrokoa.

Apaiz gazte oneek diñoenez edozein ezkonduta dagon katolikuak artu daike mediziña umea sortu baño ariñago. Gizona ez da makiña bat-eta.

Bere artikulua Birmingam-go egunerokoan argitaratu eban; bigarrenak, ostera, "tablet" deritxakon aldizkarian.

Artikulu oneek zarata andia atara dabe mundu guztian, batez be Inglaterran. Artikuluak gertu ziran egunetan "Birth-control" (jaiotza urritzeko) zan alkar berbeta guztietako mamiña: Telebiziño, irrati, t. a.

Lenengoak, bere artikulua argitaratu ondoren, probintziko Nagusiaren aginduz, Erromara joan bear izan eban bere Ordenako Nagusiaren aurrera. Bigarrenak "abade-parrokua" zanetik bere gotzai jauna ikustera joan bear izan eban Gotzaiak, barriz, auxe esan eutson: "Zure artikuluaren kontra barriro idatzi, edo bestela "In suspensis" au da, abadegintzako bierretatik aldenduta egon bear dozu, agindu barria artu arte". Bigarren au aukeratu eban Fr. Joseph Locker-ek.

2.—Eleiza Amaren deadarra

Inglaterran katoliku asko, batez be oraindik orain Eleizara biurtutakoak, erdi-bildurtuta —obeto esateko, ago zabalik— gelditu dira apaiz gazteen artikuluak irakurri ondoren. Ez da arritzekoa, batez be Elizara biurtutakoen artean.

Katoliku auek, Eliza katolikuaren egiagaitik, au da, Erromako autoridadeak egia esateko daukan baimenagaitik sartzen dira Eleiza Katolikuan. Ta eleiz-gizonak umeen jaiotza dala ta ez daia olan jarduten ikustean nabarmendu egin dira.

Sustrai bako bildur ori kentzeko ta katolikoak patxada onian ipintzeko, Heenan Kardenalak, Westminster katedraleko kardenala (Londres-en), berbaldi batzuek euki dauz telebiziñuan, periodikuetan, t. a. Bere berbaldiak Eleizara biurtutako katolikuentzat izan dira batez be. "Anaitasuna" irakurten dozuenok ez zarie Eleizara biurtutakoak, badakit; baiña, dana dala, zuentzako be ez da txarto etorriko Heenan kardenalak bere katolikueri diñotzena; edo... bai? Dana dala, ona emen Londres'ko kardenalak dirauskuna "The Observer" periodikuan: "Ez daukagu egiaren mamiña tapaten zetan ibilli bearrik, ez; aldatu bear dana aldatuteko bildurrik ez daukagu. Egiaren ezagutza aldatu arren, egia berbera iñoiz be ez da aldatuko. Egiaren ezagutza beri bat izango balitz, Eleizaren doktriñak beti eukiko leuke irudi bardiña. Vatikano'ko bigarren Kontzilio Nagusiak gauza asko aldatu dauz. Au dala ta, katoliku asko arritu egin dira; ez daukee motiburik..."

Sasoia da, irakurle, ausnartzeko! Sasoia da, "kakamutikoen" praka-txikiak itxi ta gizonen praka luzeak jazteko!

3.—Nork errozoia?

Irakurle, ez gaitezan arritu umeak "sakamantekas"en aurrean arritzen diran legez. Egia esan, nik ez daukat baimenik apaiz gazte orreek epaitzeko. "Doctores tiene la Iglesia", diño erdaldun esakerak; ta, egi aundia: doktorak santu ta jakintsuak, —ta ez edozein "antipardun" sasi-maxuak— dabiltz Teoloji'ko ta Eskritura'ko liburuetan jo ta ke, burua kopeteraño sartuta problema ori ikasten. Oraindiño guk ez dakigu zer izango dan problema orretzaz: Espiritu Santuak daki bakarrik. Problema orren inportantzia edozeñek baño obeto daki Eleizak. Ondo dago, ondo baiño obeto, norberaren iritxia nagusiari emotea, norberaren parrokian, norberaren berbealdietan gertatuten dana nagusiari esatea; baiño periodikuetan idaztea... Kontxo...!

Ikusiko dogu zer dirauskun Vatikano'ko II'garren Kontziliuak; ikusiko dogu zer dirauskun Espiritu Santuak. Bitartean, ganorabako eta sustraibako berbaketa baztertu ta otoitz bero bat zuzendu dagiogun Jaungoikoari guztiok prolema ori bear dan legez argitaratu daian.

Ezkondu ta ezkontzara zoazen gazteak, oraindik ez dago ezer: lengoa badakizue...


Euskeraren akatsak

Euskalki ugari ta euskaldun gitxi

Euskeraren arerio batzuk aztertuteko asmoarekin asi naz. Ez dot iñor salatu nai. Gure ele au bere puntu egokian noiz aurkituko litzaken adieraztea gura neuke bakarrik.

Auetariko gaixotasun bat, —ta ez da iñoren errua— batasunik eza da, dudarik gabe. Euskalki edo dialektu asko daukaguz, ta euskalki bakoitzako euskaldun gitxi. Euskal idazleak antziñatxo konturatu ziran prolema onetaz, ta augatik, euskalki bakar batean idatzi arren, beti ebezan kontuan beste guztiak. Oraiñ iru gizaldi Axular apaiz jaunaren "Gero", jokabide beroneri jarraituaz agiri zan. Oraindik ez da prolema au erabaki, askotan gura izan dan arren. Oraindik orain, xede oneri jarraituz. Oskillaso-ren "Kurloiak" agiri izan da; ta oraindikarren ointsuago Baionako erabakiak irakurri al izan doguz.

Baiño, jokabide orrek jarraitzalle gitxi aurkitu izan dabe geienetan, edo beti. Ta ulerterreza da gertatzen dan au. Iñor ausartuten ez! Bai ba, idazle guztiak gauza beraren bildu dira. Bere egilleak iñoan legez, "Kurloiak" liburu apaiñarekin gertatu zanaren bildurra da bazterretan: Euskalerri osoarentzako idatzi, ta iñun be ez irakurtea gerta daiteke.

Garbikeritasuna

Beste akats bat, euskera kontuan, elburutzat euskera bera, bere edertasun ta liraintasuna artutea daiteke. Ondo, oso ondo dago polit eta txukun idaztea, baiña ez da naiko. Zertxobat esan naiez idatzi bear dogu, bestela eziñezkoa da, gure idazti orrek luzaroan irakurlerik izan daien.

Oni buruz, ba da aparteko begirapen bat merezi dauan zerbait: garbitasunkeria. Beste edozein izkuntzatik berba bat artzea pekatu balitz lez! Egia, gaur izkuntza guztiak naiko garbi zaleak ditugu, baiño alan ta guztiz be euskaldun askoren beste ez. Ele guzti oiek, iñoren soloan bearrezko litzaieken bedarrik aurkituten badabe ez dira artuteko lotsaz ibilten, ta ori, lendik be oso aberats diralarik. Guk barriz, gure zaarrak letxe, gurago dogu gure txirotasunean iraun, eskeintzen jakazan tresna egokiak jaso baño. Egia izango da bearbada sarri auzo-zaleegiak izan garala, baiño oba da, nire ustez, ontan jarraitu, beste ertzera jo baiño.

Elburutzat euskera beraren lantzea izatea

Euskera bera elburutzat jarri nai ontan ba daiteke errurik andiena geuk fraille ta abadekiak eukitea. Gure apaizgoan euskera bear-bearrezkoa izango jakula ikusi izan dogu sarri, ta berau sakontzea izan da gure elburik larriena. Beti ez Jainkoari eskerrak, baiña bai sarri.

Bi akats auek osatuteko "Zeruko Argia" astekariak daroan bidea deritxat onena. Astekari danez, beste edozein aldizkarik egingo lukean legez notizi ta barriz beterik, ta gaiñera ondo idatzi ageri jaku. Euskera kontuan be erdibidetik doiala esango neuke.

Ezer irakurteko, irakurgarri agiritzea baiño obarik ez da ezer. Ta au be oso ondo betetzen dau diotan astekari onek. Askok idazten dabe zenbaki bakoitzean, ta askoren artean beti da zer esana.

Batez be, EZ IRAKURTZEA

Batasunaren kontuan be biderik onena berak artu daualakoan naz. Euskalki guztiak dabe bertan jesarlekua. Aginduz ta mandamentuz ezin izango da iñoiz —euskaldunak euskaldun garan ezkero batasun au iritxi. Euskaldunak, euskalki guztiak aitu dagiezenean, iritxi garala batasunera esan al izango dogu.

Eziñezkoa dala? Ez nago ortan. Jakitunak diñoskuenari adi bagagoz, euskalkitik euskalkira diran ezberdintasunak, beste edozeiñ eletakoak baiño mirriagoak dira. Esate baterako, Españin berton, Andaluzia ta Bilboko gaztelarraren ezberdintasunari bagagokioz.

Baiño, azkenik, gaixotasun danetatik okerrena: Irakurtzen ez dala.

ALMIKE


Zertarako prensa? Mons. Ancel'en "El problema obrero"-tik

Ba-dira batzuk, enpresaren gora-beretan kargurik eztaukenak, langilleen arazoetan zer ikusirik eztaukela ta ezin daikeela arazo orreri onbiderako ezertxurik egin pentsetan dabenak. Ta. ori, jakiña, iritxi okerra da zegaitik ze, sozial injustizi bat erri edo nazio baten jazotzen bada, orduan erri edo nazio osoa obendua geratzen da, ta orrexegaitik danak prolema ori onbideratzen al dabena egiteko obligaziñoa daukee.

Ta bestela ezin daikenean, beintzat "opinión pública" deritxakon erri-pentsakeran, beti egiaren bearrarekin konforme, eragin bearra dago.

Pio XII'gnak sarri esaten eban zelako garrantzi aundia daukan gaurko egunotan erriaren pentsakerak. Ta sarri salatu be erriaren pentsakera ori okertzen erabilten ziran medio txar areek.

Baiña, alan da be, Aita Santuaren esanak, geienetan beintzat, merezitako ondorerik ez eban euki. Geienak naikoa egin ebela-ta pozik geratzen ziran eta geratzen dira olako gauzaren bat esanaz: "Benetan arrasoia dauka Aita Santuak!" Ta arrazoia zeozertarako dana aaztu edo ta besterik eztabe egiten, ze gauzak txarto dagozala esatea, zuzentzeko al dana egin ezik, ezer ez egitea beste da-ta.

Orregaitik, bada, katolikoak ekin bearra, ta kemen sutsuagaz ekin bearra daukee albisteak zabalerazteko medio aundienakin beintzat, irrati, zine, aldizkari ta abarrak partidu bakar baten edo Gobernuaren alde dagozan beste medio batzuk ez daitezen izan egiaren alde dagozan ainbat, indar aundiagoak baiño.

Influentzi au barriz, ezin daike egin benetako bizitza eztaukan prensa baten bitartez. Orduan ba, katoliko guztiok, ideal batean baturik, kristiñau joerako prensa au derrigorrez iraun bear dogu, ta au prensa ori geure pentsakeratik apurren bat aldendurik badabil be.

Baiña, prensa ori irauteko obligaziñoagaz batera katolikoari jagoko prensa orreri informaziño oso ta egiagaz konformeak, naiz biergiñen egokerarenak, naiz ta beste amaika prolema aztunenak be, eskatzeko obligaziñoa.

Batez be erriaren iritxia biergiñaren bizimoduko kondiziñoetzaz emon bear dau. Ba ainbat arazo gogor iñoren ganera jausi ba-dira be eztogu sarri jakiten, batez be beste klase batekoeri bajake.

Ainbat eta ainbat persona gu baiño pobreagoak eroan bear dabezen ezbearrak jakin bearra danok daukagu ta baita, batzuetan, persona orreek erriaren autoridade edo buruetan aurkitu izan bearko eben laguntzarik eztabela aurkitzen.

Azkenez, biergiñen diknidadearen kontrako txarkeri, zapalketa orreek be ezagutu bearko litzakez. Ta alako gauzak zoritxarrez sarri gertatzen dira. Baiña geienetan illunpean geratzen dira, iñortxok jakin barik.

Informaziño ori, barriz, eztago zertan ekarri komunisten eran edo: orreek gorrotoaren sua biztuteko eran ekarten dabez ta euren politikaren alde pentsearen miseri ta pobretasuna ekarten dabez. Informaziñoa benetakoa izan bear dau, zentsu eta karidadez betea.

Orixegaitik bada, gertakizun batzuk eztago zertan ekarterik, ezta zertan persona batzuen izenak esanik be. Izan be, gauza asko errespetatu bear dira; ta kristiñau batek beste persona epaitu ta kondenetea galazota dauka.

Orduan ba, informaziño orreri eskatu bear jakon elburua olakoen bat izango litzake: Langilleak eztiranak langille artean gertatzen dana jakin daien moduan ekartea.

Ta apurka-apurka danon artean "conciencia colectiva" deitzen jakon ori osotu daiala, bear diran aldaketak jarri, ezbear guztiak kondenatu ta langilleen diknidadearen kontra doazen gauz guztiak alde bateratzen erakutsi daian.

Bear-bearrezkoa dogu munduak bere konzienzi ori barriro artzea. Baiña ixillik egonagaz edo gorrotoagaz ez geunke ezer lortuko, gauz oneek konzientzi bat osotuteko añakoak eztira-ta. Egia bakarrik, ta karidadez beteriko egiak, olako gauz aundi bat lortu leike.

Ta iñork zuzentzat eztaiala bere burua artu zuzentasuna danean nai ezpadau. Zuzena, bada gauz guztietan zuzentasuna nai danean izan daike bakarrik.


Txarri bodak atzo ta gaur

Beiñola, Impol nire lagunak, Busturi inguruko bere baserrira eroan neban, txarri boda batera. Baserri au menditxu baten gibelean dago, soloz inguratua, arezti zar bat ondoan. Arezti onek bere denpora onenak euki ebazan, ba-ze gaur erdi igartuta agiri da.

Baserria bera, zabala ta aundia, Olakoa izan zan ango txarri bodia be ederra ta largurua. Ez gengozan ezeren bearrean: whisky, jinebra, beste edari batzuk iru-lau eratara, letxuga biguna, Alicante'ko ezkiñaren batetik ekarritako eztakit nik zelako ardaua, errusitar ensalada (gatzozpiña), txori prijiduak, besegua. Uste dot eze kabiarra be ikusi nebala.

Txarrikia barriz, gitxi: buskentzak, lukainka apur bat eta solomo zati batzuk.

Ango "umore-giroa" onduteko, "Beatles"-en diskuek aldarrika egon ziran gau guztian euren txilio zoro ta neurribakuekin.

Ganera, etxeko jaunaren alabiak, —ume ulegorri galanta bera— twist bat be dantzatu euskun. Gero jakin neban lez —arazo onetan jakin barriak direnak esan euskuen— ez ei ebala egin ain txarto be.

Dana dala, konturatutekoa da denpora barrietako txarri boda bat izan zala.

Gaur egun zertzuk ez dire asmatzen ba!

Ori bai, zulo bat euki eban txarri boda arek: txakoliñik bapez eta txarrikia urri.

Txakoliñaren ordez, whisky'a nai aiña ta onenetarikoa ganera. Bai, ba, gazte denporatik ibilli zan nire laguna itxasoak austen eta ez alperrik, ba Eskoziako edari "zerutarrakin" arin zaletu ta maitemindu zan.

"Zerutarra" diñot, nire lagun maiteari olan-alan eskerrak emon guraz, ba-ze, esan bear dot, mai artako solomo zatirik ederrenak neuretzako izan ziran. Ba-ekian solomuarenganako nire zaletasuna, naiz barri, naiz osotua.

Eskerrak azkenean, amaitukeran, danok "Maite" abestu genduenari, ta baita be "Boga-boga" une oneetan oiturek eskatuten daben lez.

Politxo urten eban, ondo-ondoraiño allegatu barik.

Gau artako guztien artean guretar usaiña ta kutsua abesti oneek bakarrik euki eben. Barre egitekoa izan zan baita be, amalau edo amabost bidar Impol'en aitak konta euskun karlisten gerrateko ipuiña.

Ulegorridun eta jantzi bigunezko "izarren" artean etxerantza etorkeran, antziñako txarri-bodetan pentsaten nentorren.

Orduan gauzek beste era batera ziran: seriostsu, artez, oitura zarreri dagokienez. "Ordua" zanean, danen artean oratuten jakon txarriari ta zintzo batu odola buskentz goxuek ortik etorriko ziren gero-ta. Geroago, idiekin erre-erre txarria, urdia obeagoa lortuteko.

Eta au dana Done Anton'en babespean. Otoitz bat Berari, buskentzak, lukainkak, solomoak, urdia, ankak, belarriak eta musturrak, enplastuek egiteko koipea, txarri-boda guztia ona ta goxua izan eitean.

Baiña kontu-kontuan euki bear doguna auxe da: txarri-iltean dana egiten zan anaitasun beroan, ixillean, eskatzeko inguruan, ia-ia Meza baten antzera. Dana zan edertasuna oituretan, kanpotarrari eskumiñak, gure lurraldeko kanta zarrak, salgai ziren txekorrak, kamarako sagarrak, kanpoan gau ta aize otza zan bitartean, edo igetargiaren argi illa.

Orain txarri bodak andiagoak dira, ikusgarriagoak, baiña lengo eskatzen berorik ta anaitasunaren uzaiñik ez da asmatzen.

Whisky ta jinebra edango dira, estranjeriako jakiak jango, neurri bako dantzak dantzatuko, baiña aintziñako uzaiña, uzain aparta, galduten doa.

Amen be, beste gauza askotan lez "era barria" asi jaku bere okerrak egiten. Olan pentsaten dogu guk beste denpora bateko gizonok. Baleiteke gaurko gazteek arrazoirik izatea euren ideia barri ta ausarditsuetan.

Ez diñot geiago. Bakarrik, miñez eta samiñez begiratuko dotaz beti maitatutakoak.

J. URIAGEREKA


Argentina'n aukerak. Peron-tarrak garaille

Argentina, Ego-Amerikako beste aberriaren antzera, zalaparta ta estutasunean dago, gobernuko aukerak diralata. Asko eztala, Chile, egon da egokera bardiñean, Kristau-demokratak Eduardo Frei lendakaritzat izan arte. Zer gertatuko ete da Argentina-ko aukeretan?

Lumeroak diñoenetik, peronismoa da talderik gogorrena, euneko ogetamasei boto irabazi bai dabez. Besteak: demokratak, sozialistak, radikalak t. a. or dabilz euren artean aparteko gauzik ezin egiñik. Peron, barriz, —1955-grngo urterarte lendakari izaneko gizon au— gogor agertu da benetan. Zarata lar atara barik bearbada, azkenean lumeroak arrazoia emon arte. Izan be botoak, amar urte erbestean egondako gizon au garai bidean dagoala esan erazi deuskue. Zeatzago litzake Peron-tarren irabaste ori Illiaren gobernuko utskeri ta ondorengo erri-deskontentuaren ezau bide dala esatea. Orixe da izan peronistak propaganda egindako adierazi dabena: amar urte ontan gobernuak Argentina-ko erriari ez deutsola ez esan eta ez emon barririk. Orregaitik, Perontar asko, lenen-lenengo, gaurko politiku taldeeren aurka dagozala esan daikegu.

Eztago esan bearrik; garaille onek ondore bereziak euki bear dauz seguru, zelakoak izango diran esatea ain erreza ezpada be. Igarle izan gura barik; ikusten da Peron-ek aurrerantzean Argentinako errian zer-egin aundia daukola. Derrigorrez, gaurko jokerak aldatuten ezpadira.

Izan be, aukera orreik larri egindakoak dira; eta —jakiña!— larritasunean egindako gauzetan frutu onik ez. Beste aldetik, taldeak ogeitairu izan arren, danak agertu dira bardiñ-antzekoak, naiko zazkillak, lar ondo antolatu bakoak.

Ikuste onen aurrean, botoak derrigorrez mota bikoak izan bear: batzuk, Peron-tarrenak; besteak, beren aurkakoak. Kilikolotasun onen bitartez, azkenean orain amar urte izandako diktadorea, ez ete da izango, denpora asko barru, Argentinako nagusi? Orren bildur naz onelako egokeran diktadoreak bai badakie erriaren naian bitartez norberen guraria betetuten.

Illia ta beste politikoek Argentinako erria talde bitan banatu dabe: peronistak, batetik; amar urte onetan erriari egarria kendu ez deutsoenak, bestetik. Azkenengoan, nor izango garaille? Oraindik ezin esan daike. Dana dala, garailleak jakin bear leuke Argentinako erriaren egarri ori betetzen.


Aizkolaritza

Gure erriak baditu bere deporte, joku ta jolasketak, ta gaiñera bere bereak.

Gure deporterik ezagunena, munduaren zear beintzat, pelota jokua dogu. Ondoren gure aizkora jokua, dator; deporte au geure geurea dogu. Oso da interesgarria. Amentxe ikusten dira gizonaren trebetasuna, indarra, abilidadea, iraupena, abiadura ta beste gizonaren irteki izkutuak.

Auxe da gizonaren burruka nekearen aurka; buruaren argitasuna egur etsaiaren aurka.

Aizkolarien burruka ikusgarria ta erakarkorra da benetan. Joku onek ikusleen adimena bereganatzeko izugarrizko indarra dauko. Jakiña da, deporte interesgarrienak ez dira ez marka bat garaitu gure dabenak, aurreri bat garaitu gure dabenak baño.

Joku onetan tresna bakarra aizkora da. Badakizue nondik datorren berba au: aitz (arria); kora (zorrotza). Seguru asko tresna au "arri arokoa" dogu. Gure gurasoak auxe izan eben tresnarik egokiena millaka ta millaka urtietan. Gerla denboran, euskaldunen aizkora ta aren irrintzia bildurgarriak izaten ziran; aren aizkorakada neurtuak laister lurperatzen ebazan areriorik kementsuenak.

Gure euskaldunak beti izan dau aizkora bere onduan. "Arri aroan" arrizkoak eukazan, "burdiñ aroan" burdiñezkoak egin ebazan, ta au izan da bere garai guztietako lagunik onena, naiz gerla denboran izan, naiz pake denboran bere lanak egiteko. Ta jakitunen iritziaz mundu guztiko aizkorarik onenak euskalerrikoak ei dira. Aizkolarien aizkorak, gaur egun beintzat, bakar-bakarrik Gipuzkoan eta Naparruan egiten dira. Len, gure gerla aurretik, Otxandianon (Bizkaian) ta Aramaionan (Araban) egiten ziran, baño orain, gerla ostean, ez dabe egiten.

Gure aizkolariak erabilten daben aizkora, ago biribilla izaten da. Beste aizkora klase asko be badira, baña aizkolari famatuak aizkora ago biribilduna erabilten dau beti.

Aizkolaria

Nondik edo zelan sortzen da gure aizkolaria? Gure aizkolari famatuenak, fama aurretik, egurgiñak izan dira danak. Aizkolari ospetsuenak giputxek eta naparrak izan ditugu. Lengo denboran Bizkaiak be oso famatuak izan ditu, baña gaur egun naparrak eta giputxek dira nausi, ta onek azalpen erreza dau, ba baso pagadi aundienak Gipuzkoa ta Napar muga ertzetan arkitzen dira, ta gure aizkolariak euren jatorri ta oñarria mendi pagodi orretan daukie.

Gure euskal egurgiñaren eta ikasgiñaren bizitza siñistu ezin alako gogorra ta apala da, ta gure aizkolari ospetsuak, fama aurretik, bizitza gogor auxe eroan dau.

Jendea gure aizkolariaren iraupena ikusi ta arrituta gelditzen da, baña bere basoko bizitza jakingo baleu, nik uste, oraindik askozaz geiago arrituko litzake. Bizimodu gogorra benetan. Gaur egunean bizimodu au legundu da piska bat, baña oraindik antziña eztala oso zan neketsua.

Eguzkitik eguzkira lanean gogor irauten eben; gabeko atsedena ta loa kanpoko aize preskuan egin bearra izaten eben sarri, edo eurek egindako egurrezko txabola batean. Janaria, naiz goizean, naiz eguerdian, naiz gabean, beti izaten zan bardiña: babak edo indaba gorriak, urdai zati bat, ardaua eta ogia. Au bai, iñoren kontura zan lez, nai aña jaten eben, baña beti bardiña. Jaurbide edo bizimodu enekin ondatzen ezana, arria baño be gogorragoa urteten eban. Gaur egun Jaurbide obeagoaz bizi dira, baña orain be aizkolari baten lenengo pausoak oso garratz eta neketsuak dira.

Aizkolari baten asierak

Len esan dogun lez, aizkolari geienak egurgille edo ikasgin izandakoak dira. Oneek euren lana kuadrillan egiten dabe, ta noizik bein egurgille trebe batek urteten dau. Bere lagunen artean gure egurgillaren indarra, abillidadea, iraupena, abiadura, ta abar laister ezagutuak izaten dira. Garai onetan apustu batzuk be egiten dira gure aizkolari barriagaz, ta joku oneetan garaille urteten badau, beste aizkolari batzuekin neurtzen da. Joku oneetan garaille urten ondoren apustu izugarriak egiten dituez beste aizkolari ospetsuekin.

Gizadietako aposturik aundiena orain dala sei bat urte izan zan. Aizkolariak Luxia ta Latasa ziran. Apostua milloi bat lau erleko zan. Gende pilla izugarria bildu zan Donostiko plazan. Takillako dirutan bakarrik bi milloitik gora atara zan. Aizkolari bakoitzak bere gertakizunetan 400.000 lau erleku igatu edo gastatu ebazan. Garai aretan Latasak urten eban garaille, ta ordutik ona nik esango neuke, bera dogula aizkoren errege.

Gaur egun iñoiz baño zaletasun aundiagoa dauko gure artean aizkora joku onek. Ez genduke galtzen itxi bear geure geurea dan deporte maitagarri au.

BELAUSTEGI'K