ANAITASUNA

MARTXOA (2), 1965 — XI URTEA — Núm. 122

Dep. Legal. S.S. 1092-1959

Zuzendaritza: Bilbon. — Arantzazuko Irarkolan.


Zenbaki onetan

* ANDRAZKOEN JASOKERA.

* BIZIYENA OSATUTEKO BIDEETAN?

* BIDE ONDOKO BASERRIA.

* EUSKALERRI, EUROPAREN OIÑARRI.

* "ERREVOLUZINOA" ASKATASUNAREN BARRUAN.

* ARDI GALDUEN ITXULERA.

* NAGUSIAK ETA LANGILLEAK.

* KONZILIOA KALEAN.


Andrazkoen jasokera

Gaurko egunotan sarri errebista, alkar-berbeta ta konferentzietan zalantzatuten dan prolema "emakumearen prolema" deitzen jakona da.

Askatasun billa jabilkun mundu ontan benetan garrantzi aundikoa da izan be prolema au, bakarrik emakume edo andrazkoena ez da izan ta. "Andrazkoen prolema" berbeak esan gura dauan guztia ezta andrazkoengan amaitzen, gizadi guztia, andrazko ta gizonezko, besarkatzen dauz-ta. Giza bakoitza bere bidezko eran zabaltzen edo desarrolletan ezpada, jatorkuzan denpora barriak zoritxarrezko denporak izango jakuz derrigorrean.

Gizakia (gizona) pareja batek osatzen dau. Bere sustraietatik andrazko ta gizonezko da. Giza bakoitzak berari jagokon eran gizontasuna osatzen dau eta ezbardintasun orexetan bere gizaki (gizon) diknidadea errespetau bear jako.

Jaungoikoak gizona egin ebanean egin be bikoitz (pareja) egin ebazan, gizonezko ta andrazko. Jaungoikoak gura izan eban gizadi au, ta Bere antzeko ta irudi nai izan be, giza bien arteko alkartasun eta errespetuan agertuten jaku. Orduan ba, giza bakoitzaren gizontasuna beste gizarekin alkar-berbeta bear dan era edo tajuan jardutean dogu. Edo beste berba batzuekaz esateko, gizonezkoaren tasunetik urten da, gizonezkoaren antzeko zeozer makets bat izango balitza lez ezin geinke andrazkoa ulertu, bere andratasunaren sustrai sakonenetan gauz barri ta beragaitza da ta.

"Andrazkoaren prolema", ba, gizadi guztiaren prolema da: andrazkoa andra ezpada, gizonezkoa be ezta gizonezkoa izango.

Orduan ba, prolema au benetan mundu guztiarena da. Andrazkoa menpeko dala entzuten dogunean, besterik barik Afrika edo Asiara joaten jaku gogamena, ta geure artean oraindiño benetako askatasuna eztauana lortu aztuta daukagu bien bitartean.

Danok gizona andrazkoa baiño geiago dala pentsetan dogu, ta izan be bizitzan zear orixe egiteetan ikusten dogu. Andrazkoak ama izateko bakarrik balira lez, lantzian bein baiño eztabe politika, ekonomi, kultura, sozial eta beste prolemetan karguzko zatirik artzen. Egimen guztiak gizonezkoarenak bakarrik balira lez.

Umetan, neskeari mutillari beste, ta sarri-geienetan ez esatearren beintzat geiago kargutzen jako ta ondo erakutsi. Eskolan diferentzi askorik ez. Batxilleratoa egiten be asten dira, baiña mutillak baiño askotaz be gitxiago. Ta urrengo eskolako malletan, neskak geroago ta gitxiago, andrazkoaren burua gizonezkoarena aiña argia ta baliotsua ezpalitz lez. Ta gero, titulodun? Mutillak asko, neskak gitxi! Jakiña! Tituloa euki arren be gaurko mundu ontan gizonezkoa bearrerako estimaduagoa izaten da-ta. Ganera, andrazkoak amatasun denporetan ta, biarra itxi egin bear izaten dau; ta biarra itxi-artzean ibiltea etxaku iñori atzegin gizarte guztia gizonezkoz eginda balego lez jasota dago-ta. Orixe ta olantxe pentsetan oituta gagoz egon be, ama izatea gauz txar bat izango balitza lez!

Aberri askok euren legeetan andrazkoen askatasuna eta deretxo bardiñak, andrazkoari jagokozanak, autortuten dautseez. Baiña teori edo letratik aragi artzera eztira eskubide orreek igaro.

Andrazkoaren lana beti da gizonezkoarena baiño askotaz be bajuago ordaindua. Ta au benetako printzipio baten eran danok sinisten dogu. Ta bien bitartean, gizonezkoen biarra beste ona izan arren, zokondoratu ta sarri beste batzuk izaten dira andrazkoaren produziño merke orregaz lodituten diranak. Olan andrazkoari aurrerabide guztiak ebakiten jakoz.

Ta ba-dira andrazkoak amatasunean eta ortik jatorkezan arazoetan daukeela bere egin bear guztia diñoenak eta baita amatasuna alde batean itxirik soziedade eta profesiñoko biarretan andrazkoak lortuko dauala bere benetako askatasun eta izate osoa diñoenak be. Orreitxik biak eztira—ez bata ez bestea—osorik egiak: andrazkoa ezta bakarrik ama izateko, gizonezkoa be aita izateko bakarrik eztan eran, gizadian beste zeozer egin bearra be ba-dauka beste edozein personarek letxe; eta bakarrik lanean eta egin bearretan bere askatasuna ta elburua ez dauz lortuko.

Andrazkoak bere benetako izate osoa ez dau lortuko, iritxi biok nai dabena bear dan eran nastau ezik. Andrazkoa ama izateko ta bere kargu zatia orri, soziedade edo nazio ta mundu guztiaren gora-beratan artzeko eginda dago, gizonezkoa familiko ta beste gora-beratarako eginda dagoan lez. Jules Guesde'k esaten ebana benetan errasoidun esaera da: "Edonun dago andrazkoaren lekua".


Biziena osatuteko bideetan?

Gaur arte

Askotan egin dogu entzun be osatu al izan dabela. Eta danok, geure naimenak bultzatuta edo, iziñiskorrak izan gara.

Noiz baten, alako batek biziena edo kanzerra eukan lekuan pozoitutako okela zatia ipiñi, ta azkenik osatu egin dala. Beste nonoiz, besteren bat, eztakit zelako bedar motaren bidez osasunera etorri dala, ta beste amaika abar.

Ezaugarriena, Egoameriketa-tik etorritako fraille mixiolari bateri entzun neutsana.

An, biziena kentzen eban batekin izan zala. Ta Iparameriketatik eta be etortzen izan jakozala batzutan, osatu naiez; ta berak baita lortu be.

Iru seme ei ebazan sendagilletzarako ikasten, ta ba esan ei eutson ze, aietxeri emongo eutsela bere ixillekoaren barriak, eurek, gura ba dabe era orrek mundo osoan zabaldu daiezan. Zortzi, —edo eztakit sei— bizien mota ei dira, eta bakoitza era berean osatu bear.

Ta...? Ba gaur arte gaixo onegaz nik ezagutu dotazan danak, arintxuau edo gerotxuago il egin dirala.

Gaur bertan

An, or, emen, munduko bazterretan, alegiñetan egiñalaka dabiz munduko jakintsu ta osagilleetatik asko. Ta...? Prantzi aldean aurkitu dabela azkenik osatuteko bidea irakurri izan dot oindikarren ointsu. Asmatzallea, Antoine Priore da, Berlireau-ren laguntasunarekin.

Au dala-ta Paris-ko osagilleek eztabaida bizian dabiz. Batzuk baietz, ta besteak ezetz. Azmakizunaren lenengo zaioak pizti mordoxka batekin egin dabe, ta euretatik, luzaroan ardurapean izandako danak ondiñokarren beintzat, bizirik ei dauz.

Gizonekin oindiñokarren ez dira ausartu, badaezpadan be; ta ganera osagillerik geienak be, gero galeraso dabe, ziur. Izan be, atomika indarrak bitarteko diranez, ta alan da izan, kontuz jokatu bear dogu. On egiñ ta izan arren, baita txarra sortu leike sarri. Augatik, orren etorrera jakiñ artean...

Ta biar?...

Ba, nik ez dot bizienagaz iltzeko asmorik ezta itxaropenik.


Bide ondoko baserria

* Baserri baten egin dana

* Euskal baserria kilin kolan

Baserrien egoera gaur

Euskalerriko ekonomian, baserriek, aparteko tokia izan dabe. Izan be, mundua zear, lurra, beti ekonomiaren erro sendoa da. Gaur, barriz, gauzek asko aldatu dire, ta, lurra, indar aundi bat bada be, beste indar askoren artean lañopean dagola dirudi. Ekonomiako aldakuntza onek, bidekurtze batera beartu dau euskal baserria.

Esango deustazue, orratio, olan bear dauela izan, ekonomiak ba-dauela bere tokia izadiko legeen artean eta berak markaten dauen bidetik jo bear dogula, baiña ori danori egia izanik, ez da nik darabilten auzibidea garbitzeko gauza.

Jazoera or daukogu: baserria itzi ta itzi, ta, uri aundira doa jentia. Ango bizitza bigunagoa da izan be. Uriko lapikoa, txikia baiño goxua. Au da gure baserrien gaurko itxura gorria. Auxe da, egiz, gertatuten dana.

Jazoera onen zergatiek

Baserria itxi ta urirako bidea artzeko arrazoirik ez dire faltako, orraitio. Izan be, asko dire olan jokatuteko doguzan zergatiek. Batzutan derrigorrezkoa jaku olan egitea, bestera, gure kaltearen iturria biurtuko leiteke.

Ara emen eskukada bat arrazoi:

* Baserria uritik urrun dagonez, desegokia da solokoak saltzeko. Baserritar askok egiztatuten daben gauza: bideak kentzen deutsoenakin, irabazia guztiz dator argal.

* Seme asko, eta ezin danak etxerako. * Baserri txikia ainbestentzako. * Nasaiago ibilteko dirua urri. * Baserriko bizitza latza, zabal-une gitxikoa.

Arrazoi guzti oneek egi zatirik asko daroezela ezin ukatu. Baiña arrazoirik nagusiena —nire ustez— bizitzarako erreztasun ezean dago, edo, baserriko bizitz neketsuan, gura badozue.

Egizaleak bagara, baserritar askotxok bizimodu samintsua ta gogorra daroela azaldu bear, olan da-ta. Kaleko bizitza, ostera,bigunagoa deritxagu. Gauzek eskurago dagoz beti. Ganera lagunarteko bizitza, gozoa jako gizonari: lan eginda gero, edozeiñek gura dau basoerdi tartean alkarberbeta bat bota.

Ta, egia esan, era oneetako erreztasunek ez dagoz erri ta bideetatik aparta bizi diren baserrientzako. Ta ondorea ba-dakigu, zera: baserriek ustu onek dakarzen ekartekoekaz; sendiaren zentzuna asko be sendoagoa da baserrian, iñon baiño geiago.

Baserritik alde egiteko arrazoixik badogu, urtenda zein bide artu? Norantz jo? Or jauk ba! Geientsuak taillerrera beartuak ikusi dire. Beste batzuk kooperatiba bat edo talde bat eratuko dabe baserrieri eusteko, eutsi gura badeutsoe beintzat.

Baserritar batek egindakoa

Ba-dago beste jokabide bat be. Baserritar buruargidun bat baliatu da berakin: baserria trabena biurtu. Baiño au ez da danak egitekoa, baldintza batzuk bete bear orretarako: baserria bide ertzekoa izan bear dau. Beste dana berez dator, apurtxu bat ausartiak izanda. Ara emen zer egin dauen: baserria barriztatu antziñako itxura ta erara. Goiak eta beiak, ormak eta zokondo guztiak, danak, antziñako kutsuakin jantzi. Serbitzariak be antziñako erropakin ipiñi. Jatekoa sendoa, euskalduna.

Euskal jenteari atsegingarria jako olako trabena, bere antziñako gurasoen bizimodu gogoratzen deutso-ta. Turisteri, barriz, erliari eztia lez.

Baserritar onek, konpondu dau bere problema, politxo ta burutsu ganera. Baiña, bitartean, euskal baserria ustu ta ustu doa. Dana dala, etorriko da baserriaren garaia; beste arpegi bat ekarriko dau orduan, ori bai.

Bidekurtzea igaro ondoren, baserriak jakingo dau bere nondik norakoa, baiña, bidekurtzea igarota gero.

Artean, kamiño ertzeko baserritarrarena egitea, ondo baiño obeto dagola danok dakusgu. Ikasi.


Euskalerri. Europaren oiñarri

Euskera, izkuntza izkutua

 Euskera galduko balitz, euskalerriak eta euskaldunak beretasun guztia galduko leukee. Penagarria izango leiteke benetan, antziñako izkuntza zaar au galtzea.

Izkuntza klase kontuetan jakitunak diranak, 19 motatan edo grupotan ipinten dituez mundu guztiko izkuntza guztiak. Mota orretan, euskera bakar bakarrik aurkitzen da.

Jakitun askoren buruaustea izan da izkuntza onen oñarri ta jatorria esagutzea. Orain arte ez da agertu jatorri au ulertu dabenik. Ta ez uste gutarrak izan dirala bakarrik gure izkuntzaren sorkun au esagutu gura izan dabenak; beste enderri askotako gizonak be asko idatzi dabe onen gain. Noiztik dan euskera ta ze izkuntzarekin daukon aidetasun edo antzirik, oraindik iñok be ez deusku jakin-erazi. F. Goñi'k esaten deusku zelan ikastetxe bateko liburutegian 600 liburu baño geiago ikusi ebazala gure izkuntzaren gain idatzita. Ta idazlarien izena ta euren sorterrieri begituta, an agertzen ziran enderri geienetako izenak. Gure izkuntzaren jatorria ta bakartasuna, danentzat da miragarria.

Beste izkuntza guztieri arkitu jakee, jatorria ez bada, bai beintzat nundik datozen edo ze aidetasun daukeen beste izkuntzarekin. Euskerari ez; miragarria? Bai, baña egia.

Gure euskerak noiz daukon bere sorkuna esan daikegu? Gaur-egun ez dakigu oraindik, baña gitxienez "arri arokoa" dala esango genduke. Izkuntzarik zaarrena dala esaten dabenak be askotxo dira. Azkenengo au probatu eleitekeana da, baña ez eziñekoa.

Gure euskerak ba-ditu amaika berba gure antziñeko istori aurretiko bizitza adierazten deuskuezanak. Onetariko asko, eurek erabilten ebezan tresnen izenak dira, ta euren izenak esaten deuskue euskera be garai aretan bazala. Orretariko batzuek dira: Aizkora= (Aitz; kora=zorrotza); aitzur= (aitz, ur=Zorrotza); aizto= (aitz; to=Txikia) =labana; ta abar. Izen onek diñonez, garai aretan gure euskaldunak arrizko tresnak erabilten ebezan euren bierretarako.

Euskera iltzera doa?

Egia da gure euskera maitea getuago ta gitxiago mintzatzen dala. Zergaitik? Arrain aundiak, txikia jaten dabelako; ludi onetan indarra errege dalako... Euskera, joan dan urte luzeetan oso burrukatua izan da, ta gaurko egunotan be onela dago. Zeozer euskeraren alde egin leitekeanak lotuta dagoz. Gaurko egunetan be asko dira euskadi luraldetik euskera betirako garbitu gura dabenak. Zergatik bada?...

Gure euskerak azkenengo urteetan lurraldi asko galdu dituala oso garbi ikusten da.

Enda edo arraza aldetik lau milloi euskaldun inguru izango gara; baña zenbat euskeraz dakigunok? Estadistika edo zenbatzarik ezdaukagu, baiña gitxi gora-bera, oraidik milloi erdi bat inguru izango gara..

Naparru, Araba, Gipuzkoa, Bizkaia, ta Frantzi'aldeko Lapurdi, Zubero, a abar, endaz euskaldunak dira. Probintzi auetatik Naparru ta Araba izan dira euren euskaltasuna geien galdu dabenak.

Gaurko egunean, Araban euskeraz dakienak erri gitxi dagoz. Naparruan oraindik erri asko dira euskeraz dakienak. Euskeraz berbetan daben erriak beraz eundik gora dira oraindik, baiña be-parte guztian ez da ia euskerarik entzuten.

Len esan dotanez, gure izkuntza burrukalde luzean bizi da. Burruka au ez da iñoren lekuan sartu gura dabelako, ez; Jaungoikoak berari emon dautson leku gorde gura dabelako bakar-bakarrik.

Baiña gure euskera galtze au ez da dana iñoren errua. Errurik aundiena geurea da. Zer egin dogu gure izkuntza gaitik? Sarritan lotsatu egin gara besteen aurrean euskeraz berbetan. Oraindik denbora asko ez dala gure errietako neskatxak ez eben euskeraz mintzatu nai izaten, atzerapena zala uste ebelako.

Gaur egun, Jaungoikoari eskerrak, moda ori pasa da. Gaur, barriz be, suspertu da piska bat gure erria. Orain, euskera jakitea aurrerapen señalea da. Kulturaren itzalpean bizi diran gizonak ontzat daukee euskeraz mintzatzea, ta saiatzen dira euren semetxoeri gure izkuntza zaarra erakusten. Gaur aña liburu ez da sekulo euskeraz idatzi. Ikusten dogu ba gure izkera zaarrean berbizkunde bat, zuzperaldi itxaropengarri bat.

Zuk be, irakurle, zure partetik al dozuna ipiñi egizu. Jaungoikoak ori nai dau ta zure euskaltasunak agintzen deutsu.

Belaustegitar Sebastian


"Erreboluziñoa" askatasunaren barruan

Yon Legarreta

Erri edo gizarteko ontasuna ezin leiteke lortu iñoiz, talde guztietako askatasun barik, askatasuna gizonari jagokon lenengo aberaztasuna baida. Orregaitik Chile-ko Kristau-demokratak —Eduardo Frei lendakaritzat daukela— egiten asi diran "erreboluziñoa" askatasunean oñarritu dabe.

Ezta gaurko barria. Igaro dan urteko iraillaren 4-tik Eduardo Frei Chile-ko lendakaria da. Gobernuko arazoak zemendiaren 4-an artu ebazan. Gaur —martiaren 7-an izan ziran senadore ta diputadoreen aukerak— itzelezko zalapartan dago Chile-ko erri guztia. Frei bera bildur apur bategaz ei dabil gaur arteko parlamentua ez dalako izan bere aldekoa.

Chile-n gertatu dana ez da egunerokoa. Gizon lez jokatuten dan lekuan gertatuten da ori benetan. Zer dala ta? Parlamentuko aukera onetan askatasunean jokatu dabelako danak, bai komunistak ta bai beste taldekoak be. Izan be gizonak daukon doiarik aundi ta ederrena askatasuna da ziur. Gizona ez da makiña bat lez trik-trak amorrotuan besteen naia beti egin bear dauana. Orregaitik da ain gatxa gizon leial bat izatea.

Chile-n —danok dakigu— zaspi talde politiku dagoz: komunistak, radikalak, liberalak, kristau-demokratak, sozialistak eta independienteak.

A, zelako korapilloa! izan leiteke baten batek pentsatsea. Ta ez. Ez dago korapillorik gizonak askatasun, egi, maitetasun eta zuzenbidean jokatuten badau. Gizona gizon danetik adimen bat dauko, berak uste daben lez pentsateko. Ta nor da iñor doai au gizonari ukatuteko?

Egia esan, gizona ez da beti bide zuzenean egoten. Danok —gura edo uste ez arren— utsegiten dogu: batzuk gaur, besteak biar. Zeozergaitik daukogu gizonok beste doai bat be: "miña" deritxoguna. Orren bidez alkar-ulertu bear dogu danon artean EGIA sortu daigun. Gizon bakoitxaren egia, egi txiki bat dala esan daikegu, danena, barriz EGI andi ta osoa. EGI andi au da Chile-ko erriak gaur askatasunaren bidez lortu gura dauana. Eztago dudarik Frei jaunaren ide-gai au benetako "erreboluziño" bat dala. Gaur "erreboluziño" berba au entzukeran asko bildurtu ta nabarmendu egiten dira, odola, eriotza, edo guda aiñ esatea bai-da. Ikusi be ainbeste ikasbide edo ejenplu ikaragarrizko ikusten dira gaur berton: China, Cuba, Congo, Vietnam... t. a. Ori baiño len lez bizitzea gurago dogu, —diñoe askok—. Arlo ontan idei asko naastuten dirala esango neuke. Lenengoa "erreboluziño"-aren ideia da ziur —esan dotan lez— indaraurka, jarraiketa, askatasun eta eskubide eza, paradoia, eriotza beste esatea dalako. Olan izan ezkero, ez da arritzekoa jente askoren joera ori. Izan be, gaurko "erreboluziñoak" geienetan "golpe de Estado" deritxoguna baiño besterik ez dira izaten. Badator —esate-baterako— gidari bat eta gobernuko arazoak indar eta suaren bitartez artuten dauz. Onen atzetik beste bat etorriko da bear bada. Ta zer? Leku guztietan odola ta mixeria. Besterik ez. Txakur bardiña —esan geinke— jantzi desbardiñaz. "Erreboluziñoa" —esaten gagozan sentiduan— ortik urrun dabil ziur. Ondo oartu ondoren txarto dagozen estrukturetako aldaketa bat da. Baiña ezta naikoa estrukturak aldatutea. Nai izatea ta zer egingo dan jakitea be bearrezkoak dira. Orregaitik, estruktura zar guztiak zapalduz (naiz politika aldekoak naiz besterakoak, baita sozial eta ekonomikoak be) ideoloji bateri erantzun bear deutso. Alan da ze, "erreboluziñoan" une besbardin bi bereistu bear doguz: 1) Orain arteko estrukturaren etenketa, eta 2) beste era edo joera barri bat asten daneko unea. Erri bateko kondaira zati bitan erdibitutea bat dala esango geunke, joandakoa alde batera itxi ta estrukturak beste era batera oiñarrituaz.

Auxe da Frei Jaunak egin gura dauana. Seguruenetik, ez jako izango ain erreza, komunistak eta beste taldekoak ainbeste indar daukelarik. Burrukak bearrezkoak izango, gizonak eta taldeak desbardin pentsaten daben ezkero.

Baiña zelan alkarren burrukan beti bizi? Ortarako, bearrezko egiten da berba egiteko ta taldeetan bilduteko askatasuna. Ortik, danen artetik etorriko da ziur egia. Gizonaren kondairan beti gertatu da bardin: iñork beti arrazoia eukiten dauala pentsetan ba dau, axe izaten da geienetan bide okerretatik ibilten dana.

Benetako kristiñauak ezin leikee egin besterik: egiteari arpegia emon iñoren bildur barik, egite orreek epaitu eta epaimen ori bizitzako arautzat artu. Ezin leiteke erdian gelditu, koldartasuna neurekoitasuna baiño besterik ez bai da. Izan be bide orretatik zer etorriko litzake gizartearen onerako?

Aundi ta txalogarria da benetan Eduardo Frei jaunak asi dauan benetako "erreboluziño"-au. Badaki berak erein dauzan asmo oneek biar eta neke ugari ekarteko bide ederra izango duala. Ara zer iñoan aukeratu eben egunean: "Une ospetsu onetan erriaren aurrean bete-bear bat bakarrik daukotela esan bearrean nago; eskeñi deutsuetan ide-gai ori egiztatu ta aberri onek eskatuten dauzan aldaketa danak askatasunean aurrera eroan, ekonomi, teknika, zuzenbide ta beste taldeen azkera lortuteko. Biar gogor ta gatx au egiteko sarritan erri guztiaren lankidetasuna eskatu dot, ekintz aundi oneren garaille izateko ondo antolatutako laguntasuna bearrezkoa dalako".

Adibide makala Europa-ko kristau-demokrazi ta gobernu katoliku deritxoenari. Jarraitu daiela bildur eta neke barik gizarteko estrukturetan gizonari jagokon askatasuna lortu arte!


Ardi galduen itzulera

Katoliko garanok min bat daukogu biotzean. Min ori osatu naiean gagoz gaurko egunetan, batez be konzilioko egun eder oneitan. Bai min emoten deusku kristauak banatuta gagozala ikusteak. Baiña askotan origaitik trankil gelditzen gara. Ez dogu ezer egiten, Kristoren Gorputz Mistikoaren zauriak eta atal ausiak sendatzeko. Batzutan entzuten dot: "Ba!, zer dakarst niretzat kristau banatuen batutzeak? Origaitik nire semeak gosez bardin-bardin biziko dituk, bai oixe!" Mesedez, olako grazi bako txisterik ez egizu esan, kristaua! Esnatu zaitez: Zure laguntzaren bearra dau Kristok!

Ez da naiko esatia: "Min" artzen dot kristauak banatuta dagozalako! Ekin, ekin egin bear da gogor bier onetan be, batez be, otoitzagaz.

Ona emen neskatil protestante batek zer erantzun eutsan bere lagun katoliko bati. Onek erakutsiko deusku Elizatik kanpora dagozanak batasunera ekarten.

Egun aretan Elizen batasunerako zortziurrena egiten ari ziran.

"Lagun maitea:

Eskerrak ain karta atsegiña idatzi deustazulako. Pozez nago artu dotalako.

Caistor-en bizi naiz, Lincol-en ondoan. Etxean errezaten ari gara Kristau Elizan danak batu daitezan. Ni Caistor-eko eskolara noa; eta gure maixuak eskolan ortaz berba egiten deusku. Zein ederra kristauok batuko bagiña! Zein atsegingarria danok doktriña berbera edukiko bagendu! Nire aita anglikanoetan artzai da eta gure elizan be egin dogu Elizen batasunaren aldeko zortziurrena. Beste protestanteak eta baita katoliko erromatarrak be beste orrenbeste egiten dabe.

Nire aitak katolikoen apaiza esagutzen dau eta baita metodista protestanteena be. Noizean bein gure etxera etorten dira.

Bederatzi urteko anaitxoa dot. Ta nik barriz, amaika urte ta erdi dotaz, zeuk lez. Nire amatxok etxean eta elizan egiten dau bierra, eta nik lagundu egiten deutsat.

Mapan begiratu bear izan dogu nun bizi zaran jakiteko.

Eta emen amaitzen dot nire ezkutitza. Zure barriak poz aundia emon dauste".

Agertu daigun maitasun bero bat gure otoitzagaz argiaren atzetik dabiltzan gizon onein alde.

Joan dan denpora asko ez dala, notizi pozgarri bat artu neban, Inglaterrako anglikanoak gaurtik 1980-erako Elizara biurtuko zirela pentzaten ebelako jakiteak. Ba-dauka Elizak itxaropena Inglaterran! Jende asko datorkoz bere magalera. Inglaterrako ardi galduak ba-datoz barriro amaren altzora. Ta jende aundikia eta jakintsua gaiñera. Ez dakigu 1980-erako zer pasako dan, baña itxoin dagigun. Baliteke barriro batutea.

Egia da: Erromatik eten diran eliz guztien artean, Anglikanoak dira, Eliza Katolikoaren antz geiena dabenak.

Gauza batzutan ia bardiñak dira. Esate baterako: anglikanoak liturjia eginda dauke erlijioaren anima, katolikoak lez. Beste protestanteak tradiziñoa ametitzen ezpadabe be, oneik bai, ontzat artzen dabe.

Zein indar aundia daukan erlijio-arazoak Inglaterran! Batez be borondatea, borondate ona inglaterratar artean! Otoitz egin anglikanoen alde.

Karmel


Erriz erri

Bermioko portuaren bizi nai

Bermioko erriari begirada emon eskero, bizirik iraun gura dauan erria dana, beingoan konturatuko gara.

Beste edozein errieri baiño bereztsuago dario Bermiori bizitza, bizitza osasuntsua. Bizitz onen iturri ta arnasa itsasoa da, ta itsasoagaz kresalaren lurruna. Antziñatik itsasoaren kontra daukon gudua, bizi naia damotso Bermiori.

Portu txikia jaio zan Bermio. Urteekin asi egin da, ta gorputza artu. Baiña oraindiño ez da gizondu, ez da bere osotasunera etorri. Fraka luzeak jasteko ameseta irikitan dago, ori bai.

Portuaren utsek

Ondo txikia

Aurtengo galerna denporalak, gizon egiñaren erantzuna emoteko prest ez dagola —Bermioko portua— garbi erakutsi deusku. An ibilli ei ziren ontziek jo batera ta jo bestera, ariek lez bata-bestien buruek austen. Eskerrak ontzi talde bat Freetown-en zala, ostantzian, zoritxarren bat be izango zan or-emen. Olan da guztiz be, ontzien "gorpu" asko minberatuta geratu ziren.

Ondo gitxi eukiteak frutu auxe dakar. Sagar mingotza arrantzaleentzako, orraitio, garratza benetan.

Toki estua

Gaurtik gaur, 227 ontziek egiten dabe Bermioko ontzitaldea. Euretatik 90 lebatz-zaliek dire. Beste 137-rek bokarta ta atunetarako.

Guztiek etxeratuten direnean, estu ta larri.

Bizkarrazurra olezkoa daukeenak 132, eta 5 burdiñezkoak.

500 H.P.-raiñoko motorrakin zortzi. Bokarta ta atunzaleak 200-tik 230 H.P.-raiñoko motorrakin dabiltz. Ba-dago beste talde bat 320 ta 280 H.P. daukeezanak.

Dakusgunez, leku gitxi izten dabe oneek trankil eta nasai ibiltzeko.

Amar urte barru, barriz, gitxi gora-bera, portu aundiagoa ikusiko dogu. Iru mailletan egingo dire bierrak:

1-gokoan:

Portuko iparraldean dagozan atxak kenduko dire, ta Kai bat jasoko. Sei milloi inguru peseta.

2-gokoan:

Porrua gordeteko bierrak: berrogei ta amaika milloi. Kaia luzetuteko zortzi milloi.

3-gokoan:

Portua indartuteko bierrak ogei ta bederatzi milloi, Kaia luzatuteko milloi bi ta beste berrogei milloi olatuek austeko bierratan.

Amar urtetan gastateko diru larregi da baiña auxe da Bermiok bear dauana portuan.

Orduan agertuko da Bermio bere gizontasun guztian.

Mungia

Martiaren zortzian Mungieko frontoian Andueza —azkoitiarra— ta "Txo" de Bermeo-ren pelota jokua. Atsegingarria benetan gure "Txo"-ren jokera gogor eta etengabekoak. Alan da be, egun txar bat auki ebala ezin ukatu, joko guztian, lenengo unetik galtzen joan bai zan.

Ara: 3-0; 13-1; 13-7; 20-16; 22-16. Baiña ez eban galdu une batean be garaille izateko itxaropena. Azkenean, Andueza-ri bildur apur bat emon be bai, batez be 20-16 joan ziranean.

Aurtengoa, gure "Txo" de Bermiori joan jako benetan. Baiña ba-dakigu nortzuk eta zelakoak diran bermiotarrak. Orregaitik, "Txo" de Bermeo datorren urtean, gaur baiño goragoko mailletan ikusteko ametsa daukogu.

Fruniz

Erritxo onetan "Mendiza" baserriak gaurko aurrerapenek begi onez artu ditu. Plastiko siloetan amabost burdikada bedar inguru gordetzen dauz. Izan be, edozein garaian, beste baserriak baiño urtekera errezagoa izango dau ziur.

Baserritarra zerbait suzmo txarrekoa da izan be aurrerapenari jagokenez. Beste Españi-ko erri kaxkar edozeiñek ba-ditu silo ainbat, eta mardulak. Baserritarra, barriz, atzenekoa da sarri arazo onetan.

Metano

Metano gasak euskal baserrietan etorrera ona dauko. Ainbat obe baserria mendi gaillurrekoa bada.

Metanok indarra, berotasuna ta argia nai aiña emoten dau.

Probetxu ona irizteko gai onetaz aitu diranekin konpontzea obe. Ganera, satza obe ei jatorko soloari, indarra, beroa ta argia sortuten erabillita gero.

Bizkaian Beyena Kooperatibak nai dauanari bearrezko jakin barriak emon leuskioz.


Loiola'ko Erri-Irratia. Bertsolari gazteen laugarren sariketa

Zozketa baten bidez, 1.965'ko. Zezeilla'ren 13 arratsaldez, sei bertsolariak olan banatu dira:

Lenengo taldea:

Azpillaga'tar Yon, Berriatu'koa

Intxausti'tar Joxe, Segura'koa

Etxeberria'tar Frantzisko, Orio'koa

Bigarren taldea:

Garmendia'tar Txomin, Berrobi'koa

Mugartegi'tar Yon, Berriatu'koa

Basakarte'tar Jesus, Zumai'koa

Noiz, nork norekin eta zelan jokatuko daben:

Martia'k

7.-Garmendia - Mugartegi

14.-Azpillaga - Etxeberria

19.-Mugartegi - Basakarte

29.-Azpillaga - Intxausti

Apirilla'k

4.-Basakarte - Garmendia

11.-Intxausti - Etxeberria

18.-talde bakoitzetik lenen gelditzen diran biak.

25.-Azpeiti'ko Zelaitxo'n, bertsolari guztiekin jai-aldi berexi bat; BIGARRENA, an erabakiko da.

OARRA: Domekeroko ordua: 12,05'tik 12,50'ra.


Nagusiak eta biergiñak

Lengo batean languille batekin berbetan egon nintzan. Esan be esan egin eustazan arek gauzak. Ordu erdi bat igaro eta gero auxe iñostan: "Gure obra-maixuek ez daukee personaren ikusmen andirik. Gu bierrian gabilzala an etorten dira zuzentzalle, tekniko eta beste olako mille gizon. Baita arkiteto eta kontratistak be. Or ibilten dira batera eta bestera lana zelan doian ikusten euren musturrak makiña guztietan sartuta. Baña guri, personei, iñork begiratu? Bai zera! ezta pentsau be! Ezeuskun guri iñok itaundu ia zelan gabiltzan. Orrei ez deutsee ezer esaten gizon batek euki bear daben garbitasun-bidea guk ez eukitea".

Biergin orrek, ori dana ikusita min artuten ebala esan eustan. Eta orduan itaundu neutsan:  — Baña danak olakoak ez dira izango, ezta?

— Ez, Jaungoikoari eskerrak. Ba-dira zuzen jokatzen dabenak be. Baiña nik gaur daukogunakaz ari naz. Eta bat baiño geiago dira olako gizonak.

Nortzuk ete dabe errazoia, goikoak edo bekoak? Kontatu dotan gertaketa ortan bekoak seguruasko. Baña, goazen goikoarengana ia zelan berba egiten daben entzutera. Iñoiz ikusi dozue, irakurleok, zakurrik bere buztan moztuari aginka egin naian? Jira eta bira alegiñak egiten dauz; baña alperrik. Auxe bera pasaten da arazo onekin be. Ba-zoaz nagusiarengana berba egitera eta esan egiozu lan-sari obeak emoteko kontua: "Ez dot geiago saritzen... ba-dakizu zergaitik? Biergiñek bierrik egiten ez dauztielako, orrexegaitik". Joten dozu orduan biergiñarengana; sutarazten deutsazu bier geiago egiteko... "Bai zera! bierra egin? Zelan bier geiago egin, jornal dexenterik ez dogu artzen-ta". Orduan, zer? Zeiñek dauka errazoia? Nire ustez biok daukazue errazoi piska bana. Garbiago esan: nagusiek gogoan izan bear dabez bere langilleen egokerak.

Esate baterako: biergiña pulmoni aundi batekin badago, alperrik izango bier geiago eragin nai izatea. Dagozan lez egonda ez ete dabe naiko bier egiten?

Ori bai! Or daukagu, esate baterako, biergin bat: naiko ondo irabazi eta nagusiek begi onez ikusten daben bat. Zuzentzailleak alde egin dauala-ta, eztaiala bierrik egin, aizepuztu dedilla alperkerian egoteaz... Olako batentzat alper-nagi izena gitxi izango litzake. Bere bier-lagunen (traidore) besterik ez litzake izango.

Goazen biergin batengana. Illabete batzuk besterik ez dira, alako toki batean eskola koskor bat jaso ebela, peoiai argintza erakusteko asmotan jaso be. (Auzo artan, ogibide orixe euken geientxuenak). Argin-maixu, oficial izan nai ebenak, an sartu besterik ezeuken: antxe ikasiko ebezen ikasi bearrezkoak. Lenengo egunetan polito joaten zan jendea. Baiña pixkaka pixkaka gitxiten gitxiten asi zan jentea. Alako batean: ikaslerik ez!

Zer gertau zan? Zera... zer gertauko zan ba? Jendeak naiago eban trabenara joan illunabarrean eskolara baño. "Eskolara ni oin? Egun guztian ormigoiari emon-da-emon ibillita gero, eskolara? Kendu ai ortik! Tia, tia!" Zeiñi "kendu ai ortik!" Berez etorriko jatsula uste dozu bizi-bide obea ala? A gizajoa! Egon ortxe etorriko jak-eta. Ezer nai badozu egin, bearko dozu bierra. Ondotxo kostata irabazi berko dozu bidea. Ezinkonta-ala dira Españi-n estadistikak emoten deuskuen "pikatxoi-pala teknikoak". Olakoak, barriz, geroago eta geiago gelditzen dira bastarretan. Gaurko egunean edozein lekutan eskatzen da biergin berezitasunekoa.

Biergiñak, jeiki eta ikusi zuen geroko bidea.


Konzilioa kalean

Ze itxaropen dozu Konzilioan?

* "Langilleenganako ardura" (biergin batek).

* "Pobre ta beartsuak gogoan artutea" (aita batek).

* "Gizonen bardintasuna" (mediku batek).

Konzilioa ez da eztabaida politikoak erabilteko. Ezta, munduko begirakunde guztiak bertara biurtuteko. Izan be, beste egi sakonak dakarskuz gure jokabearra nolakoa izan bear dauan erakusteko. Gu, katolikuok, bizi doguzan prolemak erabakituko deuskue Erromako Batzar orretan. Eta kaleko gizona be, ia konturatuten asi dala esan leike Erromako Batzar orren zergaitiaz.

Galdera bat egingo neuskizu zuri be. Ona emen: Konzilioaren barririk entzun ete dozu? Beste askok emon dabe erantzuna. Emen dakartsut, ba, legedun gizonen ustea gai onetaz:

— "Konzilioak erabilli dituan prolema geienak jarraitu dotaz" —diñoe eunetik berrogei ta amabostek.

— "Noizko batean edo... jarraitu nebazan" —erantzun dabe eunetik berrogei ta amarrek.

Ganerazkoak ez dabe erantzunik emon, ezta ardurarik be.

Orain, bada, persona bateri galdetuko deutsagu ia zelako erantzuna emoten deuskun.  Lendabizikoa langillea dogu:

— "Aizu, ze uste dau langilleak konziliotzaz?

— "Lenbizi, Gotzaiek, bizitza ona eroateko, ta abadeen ezkontza zelan lortu edo..., erabakitzeko batu zirala.

— Ta arrezkero?

— Gero uste barriak agertu ziran; Konzilioa begikoa egin jaku egin be. Gaur diñogu ordua dala, ta borondate ona ikusten da beintzat.

— Ze itxaropen dozu Konzilioan?

— Langillean ardura, gitxienez...

***

Goazen orain beste batengana. Sei semeen aita, amultsua da, baikorra. Alkar berbeta sortarazi ostean itaunten deutsot:

— Ta entzun al dozu Konzilioaren barririk?

— Entzunik nago badabiltzela jardunean.

— Zuk zer eskatuko zeunskioe?

— Beartsuak gogoan artuteko. Bizitza garratza da izan be.

***

Mediku edo sendagilleek be badaukee zeresana:

— Konzilioa dala ta pozik?

— Zelan ez, ain arduraz ikusteak oso poztuten gaitu. Gure onerako darabillen lan ori oso txalogarria jaku. Izan be gaixo baten kalteak daroaguz sorbalda ganean, ta pozgarri da benetan jakitea erri-gizonen kemena eztala oinpetutekoa.

— Sendagille zaranez ze prolema egokien?

— Jaiotza-neurtze ori. Uste dot beste era batera ulertuko degula, edo ulertze sakonagoa izango dogula problema onetzaz. Izan be, erantzun atsegin baten zai gagoz.

— Ze on etorriko jakula uste dozu?

— Gizonen bardintasuna. Gizona askatasun andiago baten bearrean dogu, ta besteen balioa aipatuteko ez gara zorrotz izan bear, orraitiok be. Baiña geien postuten nabena, ebangeliora biurtze ori da.

Eleiza landa guztietara zabaltzen jaku: jakintzara, lantegietara, justiziara ta abar... Baiña, ez jaku lotuko gauza bakoitzetan. Bakoitzak bere lan berezian jarraitu bear dau. Orra ba, danok batean eroan bear dogu Kristoren argia, bakoitzak berean.

Ortara ikusi gura gaitu Eleizak eta Konzilioak. Artu bere esanak, bete eta zabaldu gauza guztien gaiñetik.